ANAITASUNA

1977.EKO APIRILAREN 15EKOA

338. ZENBAKIA

35 PTA.


[AZALA]

GERNIKA


AURKIBIDEA

3. Editoriala.

4-8. TELETIPOA.

9-13. ABERRI EGUNA.

14-15. EIAren Aurkezpena.

16-17. Hauteskundeen aurrean.

18. Serrano Izko libre.

19. Euskal Ordezkariak nahi ditugu.

20. Gau ilun baten ondoren.

21-24. Komikia.

25-27. Laukizeko ehundegiko gazteekin.

28-29. Iparraldean ikastolak laguntza bila.

30-31. PNVk agindu dio: Zatoz Irujo.

32. Langeldiketa Nafarroan.

33-34. Euskal Herriko Esneketarien asarrea.

35-37. Elkar-ikuska.

38-39. I. Bergman.

40. Postak.

42. Kaleko.

Makinistak: Itziar eta Idoie.

Maketapena: Erramon Zumalabek.

Montaiak: Josebak.

Argazkiak: Arkoila eta X. Arzellus.

Moldiztegia:

Gráficas San Pedro.

Part. Alzola, 2.

BILBAO.

Dep. Legal: BI-1753-1967.


Editoriala

Hala eta guztiz, gu garaile

Gernikan, euskal libertateen sinboloa eta bihotza, orain direla berrogei urte zapaldu nahi izan zuten. 26 arratsalde batetan alemanek Gernika arrasatu egin zuten. Arrazoiak, ez ziren, ez taktikoak, ez estrategikoak; arrazoi nagusia zera zen: mehatxatu, euskal gudariak mehatxatu, eta nola ez, euskal jendea bildurtu. Mementu hartan egia esan, Molak bonbardeoari ezarritako helburua lortu egin zuen. Baina...

Orain, berrogei urte iragan ondoren, euskal gudarien kantua birpizturik dugu; autogoberno baten errebindikazioa inoiz baino gogorrago oihukatzen da Euskal Herriko bazter guztietan. Orduko bortxakeriak ez du euskal jendea beldurtu, gerokoek ere ez, nahiz eta, dakigun bezala, mementu larriak pasa.

Gobernari guztiek pentsatu ohi dute Euskal Herriaren arazoa "orden publiko" arazo bat dela. Hala uste zuen Molak eta horrexegatik gure herri maitagarriena bortxakeriaz deuseztu nahi izan zuen. Gerokoek ere antzeko politika bat eraman izan dute eta honela ulertzen da jaso dugun zigorra. Oraindik ere ez dira konturatzen —ez baidute ikusi nahi—, zein den Euskal Herriaren arazoa. Guk oso ondo dakigu.

Aberri Egunaz gobernuak hartutako jarrera ez du bakea bilatzen, zeren gobernuak gure herrian inoiz bezalako polizi zabalera egin baitu eta zigorrari gogor ekin diote.

Kakoa ez datza euskaldunok beldurtzean, ez baikara beldurtuko. Kakoa euskaldunoi geure libertateak bihurtzean datza.

Gernikan hartutako beldurra gainditu dugu eta orain euskaldunen burruka inoiz baino gogorragoa da; beti bere libertateak lortu nahian. Horrexegatik diogu: GU GARAILE.

Gernikak eman du, eta ematen, bere fruitua.


Teletipoa

Martxoa

 22.— Zardoya-Otis entrepresa multinazionaleko syndikal enlaze bat botatzearren, 80 langilek greba hasten dute Bilbon, 40k Donostian, eta 20k Iruinean.

 23.— Bilbo eta Bordeleko Unibertsitateek, Bizkaiko Golfoak dituen natur errekurtsuak elkarrekin estudiatzeko akordio bat sinatzen dute.

Xabier Villanueva, Rosa Olivares eta beste 7 MC-eko gelerazten dituzte Rosaren etxean zeudela.

Altsasuako ikastolan sartu dira "inkontrolatuak", eta bertako mahaietan etab. apurketa ikaragarriak egin dituzte. Hil honetatik aitzina, Bizkaiko Diputazioaren izena, "Diputación Foral del Señorío de Vizcaya" izango dela dio Boletin Ofizialak.

 24.— Diego Elorrieta Deriora heldu da. Berrehun herritarrez gora bildu dira bere zain ongietorria emateko.

Xabier landa ere Gernikako herriak hartu du. Iñaki Cuevas Martinez, Sestaotarra, Jaen-eko gartzelatik kaleratu dute. Jon Mendiola Uriarte eta Jon Mendizabal Garzia, Santurtzikoak ere askatu dituzte. Jose Maria Larrea Mujika kaleratu dute Zamoratik.

Lemoizeko zentral nuklearrean Gregorio Merchan Puente hil da lan iztripu batetan, 47 urtetako langilea.

Donostian, ORTeren Hauteskunde Komitearen lokaletan, erakunde honen 10 militante gelerazten ditu goardia zibilak. Hauetako bat, Anparo Arangoa (ORTeren Diputatugai, datorren hauteskundeetan) argazki baten bidez horren famatu egin zena ihaz, Tolosako koartelean goardia zibilek hainbeste egur eman baitzioten.

 25.— PNVearen Lehen Biltzar Nagusia hasten da Iruinean.

Jose Luis Artetxe Orejon Basauritarra, kalera. Beasaineko Bizente Apalategi Mintegi, kalera. Juan Luis Coiso Ureta eta Juan Bizente Jauregizubia Uria, kaleratuak izan dira Basaurin. Biak dira Lejoatarrak.

Santurtzin 4.000 pertsonatatik gora biltzen dira Mendiola, Mendizabal eta Cuevas besarkatzeko. Ondoren, Sestaora joan ziren hirurak, hantxe 7.000 pertsona baitzituzten zain. Lemoizeko zentral nuklearreko 5.000 langileak geraldi bat egiten dute, atzoko lan istripua bide dela —Gregorio hil zen bertan—, lanerako segurtasun gehiago eskatuz. Athletic de Bilbao-ren zuzendaritzara gutun bat bidali da milaka abonatuk (San Mameseko football zelaian ikurrina ezartzeko) egindako eskariarekin.

Medikuntzako lehen kurtsoko ikasleak hertsi egin dira Bilboko unibertsitatean, PNN-en burruka apuiatuz eta selektibitatearen aurka. Mungiako alkate Mariano Larrauri Maurolagoitiak dimisioa eskatu du, baina gobernadoreak ez omen dio onhartu.

 26.— ETA-komunista eta PCU elkartzen dira, Bilbon egindako bilera baten ondoren. Errekalde eta Betolazako hauzoek manifestaldi bat egin dute, asto eta guzti garraio publikoa eskatuz. Bilboko Udaletxeraino joan ziren 400 pertsona, bost asto eta zakur bat. Milaka eta mila arrain hil ditu Nerbioi ondoko fabrikek isuritako azidoak astebukaera honetan. Amurriotik Laudioara bitarteko 5 kilometrotan zehar.

 27.— PNVaren Biltzar Nagusia bukatzen da. Basaurik txalotu eta txeratu zituen bertako burrukalari kaleratu berri bi: "Txato" Artetxe eta Txema Larrea. Ondoren manifestaldi bat egin zen. Ordu erdi bat geroago, goardia zibilek, ke potez eta gomazko pilotez eraso zituzten manifestariak. Hauetariko pilota batek, Maite Etxebarria, 11 urtetako neskatxu bat zaurtu zuen, 4. pisu batetako balkoian beste haur batzurekin jolasten ari zela. Goardiak —18 Land-Rover—, tabernak hustera ere saiatu ziren.

Amnistiaren aldeko eguna Durangon, kasik hiru mila pertsona.

Reyes Arenas, 22 urtetako neska, Martutenetik Ospitale Probintzialera eraman dute, gartzelan sartzerakoan zituen barruko zaurietatik osatzeko: "Hematuria, infekzio urinaria, gutzurdinetako mina eta metorragiak" izan zen sartzerakoan parte medikoak zioena.

 28.— Jose Ramon Martinez de la Fuente Intxaurraga, Gasteiztarra eta Donostiako Iñigo Alkain Domingo kaleratu dira gartzelatik. Algortako "Txiskiñe" kafetegiko jaubeak mehatxuzko dei bat hartu du telefonoz; eskuin punttakoek beste askori bezala egina, antza.

Ondarroako arrantzale gehienak berriro itsasoan. Kasik bukaturik dago Urtarrilaren 2an hasi zen istilua.

 29.— Maite Arevalo Larrea, Sestaotarra, indultatu dute.

Julian Arregi Etxabe, Legorretarra eta Karmelo Garitaonaindia, Bilbotarra kaleratuak izan dira.

Licinio de la Fuente, Francoren exministroa, amnistia osoaren kontra agertzen da Bilbon egindako kazetalaurreko batetan. Nola ez? Santurtzin, Navalinter entrepresako 23 langile bota egin ditu entrepresak, enpleguz erregulatzeko espedientea onhartzean lan erakunde ofizialek.

Muskizeko "Petronor"en 300 langilek greba hasten dute (425 dira guztitara) negoziazioetan akordiorik ez dagoelako eta seguritate neurri aski ez dagoelako.

Goardia Zibilek Ernesto Varona (kontzientzi objektorea) gelerazi dute gaur eguerdian Bilbon eta Garellanora eraman, soldaduzkara ez joatearren.

 30.— Basauriko amnistiaren aldeko komite abertzaleak protestatzeko izkribu bat eraman du bertako udaletxera, iragan igandeko goardia zibilen jokaeragatik. Beste 27 erakundek ere sinatu zuten papera, benetako amnistia eskatuz.

Presoak kalera: Mikel Amilibia, Jose Luis Zuhaitz, Joseba Berasategi, Jose Mari Kerexeta, Eneko Montalvo, Jose Mari Bujanda. Isidro Susperregi, 67 urtetako ANV-eko militantea hil egin da, iragan 15ean, Jose Luis Arestizabalen elizkizunetatik irtetean poliziek pilotakada bat eman zioten ondorioz. Donostiako geltokian 2.500 pertsonak ongietorria egin zioten Iñigo Alkaini.

 31.— Sestaoko plazan, Maite Arevaloren omenez 8.000 pertsona bildu ziren arratsaldez, ikurrinekin eta beste banderekin, herriko neska honen etxeratzea hospatzeko.

Greba legala. Petronor-eko greba, legala dela uste dute esan behar zutenek.

EKOR entrepresal "sindikatoak" 350 entrepresa bildu ditu, eta beste entrepresa ttiki eta erdikoren bila ari da.

Antxone Telleria, Lekeitioko elizako hertsaldian goardia zibilek zauri larriz utzi zutena, 5 orduz egon da kirofanoan, hezur transplante bat egiteko buruan. Oraindik, beste operazio baten beharrean dago, ikusmena erdi galdurik utzi baitzioten goardia zibilek.

Sabino Arana irten da Caravancheletik. Iruineako 5.000 langilek geraldiak egin ditu Venancio Villanueva okela entrepresako 32 langile bota dituelako entrepresak, 65 greba egun ondoren.

Araban gobernadore zibil dagoen F.J. Ansuategik ez zuen hartu nahi Gregorio Lopez Irasuegi, Euskal Erakunde Herritarraren izenean Aberri Eguneko hospakizunak gobernariari jakinerazteko zihoana, PNVeko Pujana eta Azkarraga eta PSOEko Benegas eta Maturanarekin batera. Horregatik, komisioa, ez zen gobernadorearekin mintzatu.

Apirila

 1.— Euskal Erakunde Herritarra Bilbon biltzen da eta Aberri Eguna hospatzeko Gasteizera eginiko deia mantentzea erabakitzen du. Bilboko 145 elkartek (hauzo, kirol, kultur etabarrekoak) dei egiten die Bizkaitar guztiei datorren igandean joan daitzen ikurrina, euskara ofizialkidetasuna eta amnistia osoaren eskakizuna Bilboko udaletxeak berea egin dezan.

Zarautzen 5.000 pertsonatatik gora biltzen dira Eneko Montalvoren herriratzea hospatzeko.

Presoak kalera: Andoni Arrizabalaga Basterra, Ondarroatarra / Iñaki Orbeta, Bilbotarra / Ignazio Garmendia, Donostiarra / Joan Mari Zubimendi, Usurbildarra / Andoni Bedialauneta, Ondarroatarra / Iñaki Garzia, Ondarroatarra / Patxi Jaka, Berastegitarra / Jose Luis Egireun, Galdakaotarra / Jose Ibargutxi, Eibartarra / Iñaki Viar, Bilbotarra.

Basaurin 2.000 pertsona bildu dira Luis Armando Zabalo eta Jon Iturbe Totoricak expresoak ofizialki hartzeko. Hasteko, Jon Idigoras euskal syndikalistak hartu zuten hitza.

Euskadiko PCearen 12 militante gelerazten ditu poliziak Aberri Egunerako deiak jartzen ari zirela.

Mendizorrotzako polykiroldegian KASaren aurkezpen mitina debekatua izan da Arabako Gobernari Zibilaren erabakiz.

 2.— PSOE-k atera ditu kandidatoen listak Euskadirako: Nikolas Redondo eta Enrike Mujica dira zerrendaren buru.

Bilbon, Echevarria-ko 377 langile daude espedientepeturik, xantilioiaren berriztatzeko entrepresak eskatu duen arauera. Langile hauk 56tik 59ra arteko adinetakoak dira, Entrepresak nahi du, 18 hilez enplegugabeturik jartzea eta ondoren jubilazioa ezartzea. Entrepresak esan duenez 781 langile sobratzen dira: beste espediente batzu ere egongo dira, beraz.

Bilboko J.C. Arriaga kontserbatorioan 18 ikasle hertsi dira, hezkuntzarako musika arau bat dela eta (eskola orduetan titulu gabeko batek musika irakats dezakeela dioen arau bategatik).

Gallartako frontoian EIAaren aurkezpen publikoa egin da: Gregorio Lopes Irasuegi, Pako Letamendia, Iñaki Martinez, Joseba Knorr, Arantxa Arruti eta beste izan dira hizlari.

 3.— PSOE historikoak ez du egin gaurko zuen Kongresoa dirurik ez duelako, esan duenez, Balleko ikastolan —Bilbotik 12 kilometrotara— eskuindarrak sartu dira atea deszarrailatu ondoren, eta bandera espainolak jarri dituzte ikasgela guztietan.

Lau alderdik egin ditu mitinak Euskal Herrian: ANV, PSOE, PNV eta PCE-k.

Bilbon 30.000 pertsona inguru bildu dira udaletxe aurrean, "alcalde dimisión por facista y por cabrón, presoak kalera, amnistia denontzat eta Gora Euskadi Askatuta" izan ziren oihuak. Eusko Gudariak eta Batasuna izan ziren kantatuenak. Ondoren, Arenalean eta Diputazio aurrean ere egin ziren biltaldiak, euskara amnistia eta ikurrinaren eskakizunaren aldeko egun honetan.

Hondarribiko alkatesa Merzedes Iridoi-ren dimisio onhartua izan da Gobernazioaren partetik. Iragan urteko irailaren 8an gertaturikoengatik eskatu zuen dimisioa.

Ezeizako bortuan bi goardia zibil hil dira, beste goardia zibil bati harma disparatu zitzaionean.

 4.— OIC-ek presentatu ditu bere kandidatoak Gipuzkoarako: Andoni Hernandez, Tomas txabe eta Jesus Lasa Arin.

 5.— Sestaoko plazan, pankarta eta banderekin bildu ziren 5.000 pertsona Sabino Aranan ongietorria egiteko.

Sei preso kalera: Jose Mari Iarza Etxenike, Manuel Isasa Iturrioz, Jose Manuel Olano Zubiri, Lorentzo Lizaso Egia, Bizente Serrano Izko eta Fernando Izagirre Izagirre. Denei kendu zaie Huarteren sekuestroaren espedientea.

CMT, CIOSL eta CES zentral syndikal internazionalek notarialki salhatu du Lejoako ELA, haien izena erabiltzearren beren argitalpenetan.

Debekaturik Euskal Erakunde Herritarrak, Donostiako Anoeta frontoian, egiteko zuen mitin bat.

Jose Arrue Valle, euskal margolaria, Laudion hil da 92 urte zituelarik.

 6.— Errioxak, Euskal Herriarengandiko kolonialismoa salhatzen du.

Berrehun pertsona baino gehiago gose greban jarri dira Donostiako elizetan, amnistia osoaren eske, eta Aberri Egunera arte iraungo dutela diote: Amnistiaz gain, exiliatuen herriratzea, autonomiazko estatutua, euskararen ofizialkidetasuna, giza eskubideen segurtasuna eta korpu zapaltzaileen deuseztea eskatzen dute.

Manuel Isasa, Segoviatik ihes egin zutenetarikoa eta polizien balazo baten ondorioz besoa galdu zuena, Lasarten besarkatua eta txalotua izan da. Eskuin punttako bandak makilaka hasi ziren eta 4 gestorako zaurturik geratu ziren omenaldi honetan.

Jone Dorronsoro (Ataundarra eta Xabier Izkoren emaztea), Xabier Larena (Sestaotarra), Jon Etxabe (apez Elgoibartarra) eta Eibartar Enrike Gezalaga Larretak askatasun telegramak hartu dituzte. Laurak dira Burgoseko Prozesuan epaituak.

Bizente Serrano Izkori, Iruinean, ongietorri bero bat egin diote, gartzelatik geltokira ailegatzean.

Bilbon kutsadura handia. Begiak eta birikak ere nabaritzen zuten.

12 preso Donostian eta 4 Basaurin gose greban, preso guztien kaleratzeko tramitazioak lastertzeko, eta Aberri Eguneko burruka eguna apuiatzeko.

Jose Apalategi Bahillo, Burgoseko gartzelatik kalera.

 7.— "Txertaka" euskal gazte erakundearen biltzar sortzailea egin da. "Txertaka", autonomo, abertzale eta sozialista definitzen da. Movimiento Nacional-a desagertu da, zer zen ere oraindik ongi ez genekien arren.

 9.— Basauriko "La Basconia" okindegiko langileek, krisis espedienteari erantzunez, entrepresa autogestionatzea erabaki dute. Ogia egiten hasi dira beren kontura eta etxekoandrei saltzen.

Euskal Herriaren izenean 1937tik lehen aldiz jokatu du euskal kirol selekzio batek, Espainiako federaziotik at. Holandan izan da eta hockey-era belar gainean.

 10.— ABERRI EGUNA. Debekatua beti bezala. Egun elurtsu hau, hobeki esanda "polizi eguna" izan zen Euskal Herriarentzako. Gasteizetik landa, Durangon, Bergaran, Loiolan, Etxarrin, Gernikan eta beste herri askotan bildu zen jendea eguna hospatu nahia manifestatzera. Datorren urtekoaren zain geratzen gara.

 13.— Larrabetzuan, Hori Bai elkartearen lekuetan, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna-ren (EHNE) aurkezpena egin zen.

 17.— Basauriko Sozial zinetokian "Euskal Rock" musikasaioa. Indar Trabes, Errobi, Koska eta Jeiki taldeek osotuko dute.

 22.— Antza denez, estatu espainolaren mailan hil honen 15erako deituriko greba orokorra, Euskal Herrian atzeratu eginen da. David Morin-ek, CCOO, USO, eta UGT-eren izenean eta beste indar syndikalekin batera erabaki bateratu bat lortu baino lehen 22an egingo zela esan zuen. Azken erabakiaren zain geratzen gara, beraz.

 23-24.

ELA-STV-eren Kontseilu Nazionalaren biltzarra.

 26.— Gernika bonbez deuseztu zuteneko 40. urtebetetze eguna.


Euskal Herrian

Aberri Eguna Durangon

Gasteizera joateko bideak kontrolez hertsirik egotean, E.E.H. barruan edo ingurutan dabiltzen taldeen jarraitzaileak Durangon bildu ziren joan zen Aberri Egunean.

Goizeko lehen ordutatik Durangoko kaleetatik zehar ikurriñak eta alderdien bandera gorriak elkar ibili ziren. Hiru mila lagun bildu ziren, gutxienez, eguneko lehen manifestaldian. "Presoak kalera", "Batasuna", "Indar zapaltzaileen deuseztea", "Txakurrak barrura", "Txakurrak hormara", "Disolución...", "Independentzia", "Estatutua" e.a. oihuak entzun ziren. Hamaikak ingurutan goardiak azaldu ziren eta gomazko balez sakabanatu zuten manifestaldia. Une honetatik aurrera talde manifestal taldeak eta goardiak elkar segika eta iheska ibili ziren egun guztian. Goardiek Durangoko erdiko hauzotegia kontrolpean jartzean manifestaldiak beste hauzune guztietan egin behar izan ziren. Hamaika t'erdietan, hala ere, Durangoko parrokiaren inguruetan manifestaldari multzo handi bat bildu zen eta goardiek berriro gogorki gomazko balez zabaldu zuen taldea. Ordu bi t'erdiak arte iraundu zuten "harreman" hauek. Arratsaldean, berriro, manifestaldi handiak egin ziren Durangon eta berton bost milaren bat lagun izan ziren partaide. Hainbat zauritu anbulatorian hartuak izan ziren eta zauritu serioena, Xabier Lejonaza 23 urteko gaztea, Basurtora eramana izan zen, burezurra hautsita baitzuen.

P.C.ren joera

E.E.Herritarraren barruan dauden taldeak Durangon Aberri Eguna elkar ospatu eta elkar burrukatu baldin bazuten, ezin dezakegu berdin esan P.C.koei buruz. Hauek, Durangora autobusetan heldu ondoren, beren bilera berezia egin zuten merkatuan eta, amaitu ondoren, alde egin zuten Zornotzara, beste ezkertiar talde guztiekin harremanik egin gabe. "Legalizazioaren" lehen ondorio bat ote? Durangon jasotakoak ez gaitu harritu, Gasteizen Aberri Egunean hirurehunen P.C.ko jarraitzaileek bazkari eder bat egin zutela jakitean eta Bilbo berton hainbat jai egin zutela ezagutzean. Burruka burrukalarientzat denez gero, ez gaitu harritu behar. Durangon zenbait kritika entzun ziren P.C.koen joera lasaiari buruz.

Ikurriñak eta symboloak

Elkar errespetua piskanaka lortzen ari garela esan dezakegu, Durangon ez baitzen inor besteen aurka jarri eta symbolo guztiak elkar onhartuak izatean. Han ikusi genitun zenbait EHAS, EIA, OIC, PT, E.M.K. eta abarren banderak. A.S.K.ek izenpetutako hainbat pankarta handi ere ikusi genuen egun osoan. P.N.V.ko segitzaile batzuek ere gure artean ikusi genitun. "Ardi beltzak" ote ziren?

Oztopoak

Bazkalorduan Durango utzi genuen, Eibarren bazkaltzeko asmoz baina, autobidetik irtetean, goardiek Gipuzkoara pasatzerik ez zegoela esan ondoren Ermuara bideratu gintuzten. Gure baitan Gipuzkoara —Bergara, zehatzez— joateko asmoak segitzean, bide arruntatik Eibarrera jo genuen. Bizkaia-Gipuzkoako mugan kilometro batetako automobil zerrenda aurkitu genuen eta, kontrolera heltzean, gure berebilak Donostiako matrikula zeukala eta Donostira gindoazela adierazi genion goardiari eta Gipuzkoara pasatzen utzi zigun. Eibar utzi ondoren, Bergarako gurutzebidera heltzean, Azpeitia eta Oiñatitik bira egin beharko genuela esan ziguten kontrolean. Orduan hautsi ziren gure asmoak eta, zintzo-zintzo, Bilbora jo behar izan genuen, espainiar demokraziaz birao batzu botatzen genuen artean.

Lurpoteak

Durangon jasotako indarkeria handienak arratsaldeko zortziretan izan ziren, herri honetako jendeak esan digunez. Kaleetan burrukalari taldeek goardien aurka jotzen zuten artean, hainbat leihotatik lurpoteak goardien gainean botatzen hasiak ziren. Erantzun bezala, goardiek beren harmaz leihotakoei mehatxatzen hasi ziren. Leihoetan beti egoten diren "ikustatzaileak" burrukalariak bihurtzen ote al ditugu? Ba dira, ordea, burrukalari ez diren "leihozale" batzu: automobil bat barrikada moduan jartzen ari zirenei sekulako garrasiak bota zizkien Durangoko emakume batek "todos os mereceis una buena paliza" erdaraz oihu egiten zuen artean. Izugarrizko txistuak entzun behar izan zituen atsoak. Egon ziren, noski, beste hauzune jatorrak. Hauen artean lagun bati bere etxeko ateak ireki ziona, goardia batek eskaileretatik gora metrailetaz segitzen zionean. Lerro hauetatik bai durangoar honi eta bai bere joerakoei bihotzez ezkertzen diegu Durangon Aberri Egunean ibili ginenok.

X. A.


Euskal Herrian

Aberri Eguna eta sektarioak

Lerro hauk idazteko orduan Aberri Eguna iragan gabe dugu eta ba dirudi berriro ere ABERRI EGUN beltza ukanen dugula; hori susmatzen dugu. Eta, ez Euskal Herriak honelako egunik behar edo nahi duelako, hauk ezagunegiak baitira beraren historian. Berriro ere gobernarien jokabideak egun beltz bat ekar lezake. Tristea, agian odoleztatua.

Susmo txarra ateratzen hasi ginen PNVak bere aldetik, eta beste indar politikoak kontutan hartu gabe Aberri Eguna Gasteizera konbokatzean; beraz deia unilaterala eta sektarioa izan baitzen. Gero, Bergarako Udaletxean egindako bilera batetan (Martxoaren 10ean) Euskal Herriko indar politikoek akordio batetara heldu, eta bertan agiri bat atera zuten. Agiri hartan Gasteizera konbokatzen zen, fundamentalki hirur errebindikazio ezarriz: libertatea, amnistia eta autonomia. Esandako bileran, sinatura alderdi guztiek eman zuten PNVek izan ezik, eta honek jarrera hau hartzeko zera adierazi zuen,hots: bere posizioa garbi zegoela, konbokatoria egina ere bai eta ez zuela birritan gauza bera esan behar; beraz ados zetorrela agiriarekin. Zergatik ez zuen izenpetu beste guztiek bezala? Hona hemen sektarismoa.

Gasteizen, indar politikoen ordezkari batzu (1 PNV, 1 PSOE eta 1 E.E.H.) gobernu zibilera hurbildu ziren gobernadorearekin hitz egiteko asmotan, Aberri Egunari buruz. Baina, gobernadoreak hau esan zien: Euskal Erakunde Herritarratik zetorren Lopez Irasuegi jauna ez zela legala eta ez zuela errezibituko. Hau jakin zutenean guztiek kaleratu behar gobernadorearekin hitz egin gabe. Gobernuaren makina estrategikoa hasita zegoen, hau da: batasun ahul bat, zatikatu, apurtu.

Ordurako PNV bere kontu, hau da, bere aldetik —beti bere aldetik— Madrilen omen zegoen negoziatzen gobernuarekin Aberri Egunaren hospakizuna. Gerokoak gero.

Hilaren 31, Marques del Puerto kalean, PNVren bulegoan sortu zen zatiketa. Hain ahul ikusten genuen batasuna pikutara joan zen. Alde batetik PNV, ESB, PCE, PSOE, ANV, EKA eta ESEI; bestaldetik Euskal Erakunde Herritarra. Lehenengoek ziotenez Aberri Eguna egun baketsu bat izan behar zen; bigarrenekoek burruka eguna. Lehenengoek ikurrina bakarrik sinbologia gisa, bigarrengoek bai ikurrina, noski, eta bai beste hainbat sinbolo ere. Gure ustez lehenengoek lortu nahi zutena zera zen: oportunitaterik ez eman jendeari beraren errebindikazio guztiak adierazteko eta bereziki indar errepresiboen deuseztea. Beraz betikoa, eskuinak eta erreformistek dena kapitalizatu nahi, zuzendaritza eraman nahi.

Bestaldetik bigarrenekoek Aberri Eguna burruka eguna izan behar zela zioten. Baina, beste alternatibarik egon ahal da Euskal Herrian? Burruka latz eta etengabe batetan bizi baikara eta burrukak lortu baititu Euskal Herrian ditugun libertate motzak.

Burrukara behartzen eta girotzen gaituzte, egunero exenplu gehiegi ditugu honetaz. Zer egingo dugu ba? Errezatu eta erromeriak egin? Mezedez! Eta bene benetan diogu: Euskal Herriak (guk bertan) bakea behar du, nahi du, ez du gerrarik nahi.

Dena den, formalismoek eta hitzek atzeko joko bat adierazten digute. Nolabait hemen norbaitek herriaren (edo beraren ordezkari batzuren) baimenik gabe, eta bere izkutan azpijoko bat egin du, negozioren bat. Horrelakorik ezin ontzat eman.

Beste istilu batzu ere izan ditugu. ANV, ESEI eta EKA PNV ESB, PCE eta PSOEren kontra jarri dira berauek "servicio de orden" bat prestatuko zutela esan dutenean, jendeak ez zezan enblema edo sinbologia "estrainiorik" atera Gasteizen. Zer da "estrainioa"? Noren baimena dute alderdi horiek horrelako gauzarik egiteko? Nork izendatu ditu artzaingoan? Herriak ez, noski. Zer nahi zuten? Herriaren bizkarra berotu? SEKTARIOAK!

Eta dynamika horretan sarturik, esandako alderdien ordezkari laukote bat Madrilera hurbildu da. Dirudienez gobernuak bere gobernazio ministroa den Martin Villaren bitartez zera adierazi diete: baimenaren kontua gauean jakinen zutela (Apirilaren 6an) eta ez zela segur baimenik egongo zenik, zeren "orden publikoa" nahasteko posibilitateak haundiak baitziren. Beraz jokoa garbi dago: kulpa eta errua "burruka eguna" planteatzen dutenei bota. Gobernuak zatitu nahi.

Laukoteak prentsaurreko bat eman du Ercilla hotelean baimenaren eza jakin baino lehen, goian esaten diren gauzak adierazteko.

Hilaren 7an jakin da Gobernuak ez duela baimenik ematen Aberri Eguna hospatzeko. Hala eta guztiz, hilaren 8an egindako bilera batetan indar politiko guztiak akordioz ipini dira Aberri Egunaren konbokatoria mantentzeko.

Urte askotan bezala Aberri Eguna burruka eguna izan behar. Bakearen logika ez dute nahi eta beraiek inprimatzen dute burrukaren erritmoa. Orduan, nor da bakearen kontrakoa?

maria goiburuko


Euskal Herrian

1977eko Aberri Eguna

 Aberri Egunerako, preso guztiak kaleen egongo dira, agindu zigun Julio Jauregik. Aurtengo Aberri Eguna Gasteizen egin behar da, agindu zuen gero PNVek. Aberri Eguna ez da burruka eguna izango, erabaki zuten geroago PNVerekin batera PCEk, PSOEk eta ESBek. Ihaz Iruinera aurpegia azaltzera joan nahi ez zutenek, aurten gidari gisa agertu nahi.

Solaskide Egokitzat hartu duenetik, Madrileko gobernu legezko eta demokratikoak emandako indarraz baliatzen ari da aspaldion PNVa, berrogei urte hauetako onda gabeko EAJ mutua. Euskal ezkerreko gazte batek alderdi horretako probestu bati zera galdetu zionean, hots, Aberri Egunerako dei unilaterala ez ote zen probokaziotzat hartzekoa, hark honela erantzun zion: "Oui, mais aujourd'hui nous sommes les plus forts, et nous pouvons faire ça", frantsesez bai, beronek euskararik ez jakinki. Haurren lotsagabekeriak motzak dira, benetan, guraso zaharren zuhurtziekin gonbaratzen direnean.

Baina Madrilen —oi Madril betierekoa!— behialako Calvo Sotelo haren izpiritua, nonbait, ez zegoen hilik. Lehenago gorria zatitua baino hark bizi bizirik dirau oraino, eta P.C. de España (de Euzkadi-koa bera) delakoari onespena eman zaion aste berean euskaldun separatista gaiztoon Aberri Eguna ezetz biribila egin zaio.

Eskerrak eman behar dizkiogu espainol gobernuari berriro euskaldunok. Eskerrak oraingo probokazio berriagatik, eskerrak bere egiazko aurpegia —betikoa— erakusteagatik, arrosen azpiko arantze luze eta latzak agertu dizkigulako, bai eta, bide batez, etxeko "abertzale" batzuren jokua —inork oraindik dudarik bazeukan— argi eta garbi utzi duelako.

Martín Villak goardia zibilei eta polizia harmatuei —polizia desarmaturik ba ote dago, baina?— Euskal Herriaren kontrola utzi die berriz ere. Gabriel Arestik hil aurretxoan deitoratu zuen manu militari hartu hura orain ere berrikusia dugu. Baina... Euskal Herri osoa tropek hartua izan ote da gero? Den-dena? Ez, dena ez; ba zen, hala ere, txoko txiki txukun bat, poliziek, mirakuiluz edo, errespetatua. Eta txoko horretan, zeinetan Espainiako Armadako kapitain famatu bat jaio baitzen, arrosarioa errezatzeko... ez, barkatu, mitin bat egiteko bildu ziren betikoak.

Gasteizen pilotaka, Durangon zaurtuak, Bergaran kolpeak, edonon burruka, baina Loiolan bake saindua. Eta bakearen oraingo predikariak, Euzko gudariak kantatu arren, gure Herriaren borreroekin bat eginik ikusi ditugu. Aberri Eguna, hala beharrez, Herriaren Eguna bilakatu da oraingoan ere, bere askatasun osoaren alde urte osoan zehar burrukatzen duen Herriarena. Etxekoekin baino kanpokoekin tratutan aritzea nahiago dutenek beren ordaina jasoa dute oraingoan. Erabili nahi gintuztenak erabiliak suertatu dira.

Josepe Ezpeleta


Euskal Herrian

"De seguir luchando"

Honela dio PNVak, ESBk, PCEk eta PSOEk gaur Apirilaren 11n ateratako komunikatu batek. Hau kontu berria dugu. Atzo, "lucha" —euskaraz den burruka— ezkermuturrekoen hitz bat omen. Gaur, Aberri Eguna iragan (?) ondoren burruka hitza bereganatzen dute. Miresgarria, benetan miresgarria; areago oraindik: edozein tontatzeko gauza. Benetan ez dut oso ondo konprenitzen.

— Ni naizela ulertzen ez dudana? Tira, hori ere izan liteke, batzutan tonto xamarra naizelako. Baina, nola arraio esplikatuko diezue beste euskaldun guztiei?

Historiaren kalamitateak. Eta historian garenez, historia txiki bat:

Iragan larunbatan andregaiaren etxean izan nintzen bazkaltzen, zeren han oso ondo bazkaltzen baita. Tira, hori txorakeria bat besterik ez da; egia esan oso jende jatorra dira eta.

Hortik aparte, andregaiaren ama —aita ere— PNVkoa da, nahiz eta berak dioen bezala bihotza gazteekin ukan. Kontua da gehienetan bezalaxe politikaz mintzatzen hasi ginela.

Nik egia esan —eta egiak aurrez hobe— ez dut pretenditzen ama ezkertiarra bihurtzea, hau nire lelokeria bat izanen litzatekeelakoan nago eta; baina bai kritikak egiten dizkiodala EAJ famatuari buruz. Berak bere aldetik ere izan izaten ditu kexa batzu, eta, noski, batzutan arrazoia ematen diot, ba duelako. Dena den, konpondu konpontzen gara. Solas hauetan benetan harriturik usten nauen gauza zera izaten da, hots: ezaguerarik eza, EAJn diren jende xeheak duen ezaguera falta. Bai EAJ-k egiten dituen paktuei buruz, bai beraren politikaz eta bai jokoaz. Azken finean EAJn dauden hainbat euskal jendek ez daki babak nola egosten diren beraien barnean, eta hau ez da jende arruntaren erruagatik, agintarien jokoagatik baizik. Beraz hemen kontraesan nabaria dago, eta hau ez da elukubrazio bat, edozeinek konstata dezakeen zerbait baizik.

Astelehenan berriro etxera joan nintzen, batez ere amarekin Aberri Egunari buruz hitz egitera. Andrea oso pozik aurkitu nuen, Loiolan egon baitzen eta bertako parajeak eta giroak erabat guztuz utzi zuten. Gutxienez ni etxetik azaldu arte. Hemen izan genituen desabenentziak.

— Ezetz, ezetz ba —esan zidan amak—. Ez duzuela zergatik atera behar ikurrina ez den, ez bandera, ez pankartarik.

— Baina ama! Zergatik ez ditugu aterako nahi eta sentitzen ditugun pankartak? Norbait molestatzen dugu ba? Gobernariak? Hori nahi dugu ba, jakin dezaten gure errebindikazioak zeintzu diren.

— Lehen ere esan dizut ikurrina dela euskaldunen bandera.

— Bai ama. Hori esan beharrik ere ez dago. Baina ez dizut esan, guk ere ikurrinak ateratzen ditugula? Areago esanen nizuke, orain arte guk atera ditugula mendietan, besteek bazkaltzen ari ziren bitartean, ikurrina mantel moduan zutelarik.

— Ez duzu hori nigatik esango, zeren zuek ateratako ikurrinak behin baino gehiagotan neuk jositakoak baitira.

— Ez, ez dut zugatik esaten, baina bai zuk orain alderdian dituzun jauntxoengatik —zalduntxoengatik—.

— Tira, tira, isildu zaitez, bestela hasarratu eginen gara eta.

...

Nahiz eta eztabaida hauk ukan, ondo konpontzen gara, eta benetan diot emakume jator bat dela. Gogorra.

Amari gauza batzu ez nizkion esan, eta gehienak, noski, PNVri buruzkoak ziren. Halaber ez nion komentariorik egin ESBri buruz —berau ez du oso ondo ezagutzen eta—. Baina nola ahaztu ESB, PNVaren ume polit hori, ume zintzoa, fina. Ez ala? Orduan azkenengo posizionamenduak zer dira? Agian "sozialismoaren" taktika berriren bat.

Asko hitz egin dut orain arte ama eta neronen buruaz, baina ez dezagun pentsa arazoa belaunaldien arteko arazo bat denik —honen frogak lortzea ez dira zailak— politika diferenteena baizik. Guk ezkerrean, haik eskuinean. Baina tira, dena den hau beste kontu bat da eta nik eman niezaioken tratumendua baino tratamendu zehatzago beharko luke. Beraz horretan ez naiz sartuko. Sartuko naizen arazoa hauxe da:

Durangon egon ginenok makina bat pelota, makila eta poto ikusi genituen gira-biran geure gainetik, batek baino gehiagok geure ausartzia pagatu ere. Loiolako herrian, aldiz —leku santua bera— dena pakea eta lasaitasuna; hala ta guztiz euskal gudariren kantauri ekin eta pozik.

Arzallusek, gobernuak gezurra besterik ez duela esaten esan omen zuen. Tira koño! Orain arte ez ahal da konturatu ba? Ba frogak nahi ahala izan ditugu, eta ba dirudi berandu xamar konturatu dela gobernariek ematen diguten tratamenduaz. Norbaitek zioen bezala erreforma ere Ebro hibaian ito egin omen zen, eta hau orain dela denbora asko.

Batzuentzat egurra franko, besteentzat lasaitasuna. Gobernuak zatitu nahi eta norbaitzuk jokoan lagundu.

Hainbeste urtean ixilik egon direnek —ez badira egon, guk ez ditugu entzun—. Hainbat urtean Anbotoko sorginekin musean egon direnek: orain agintari. Egia esan prozesua gutxi gora behera ikusten genuen, baina orain berarekin topo egin dugu, eta txarrena zera da: haiek orain abanderatu egiten dituztela Euskal Herriari hainbeste egun larri kostatu zaizkion libertate mugatuak. Lotsagabekeria bat besterik ez da.

Burruka hitza baztertu nahi zuten. Aberri Eguna burruka eguna bilakatu da, zeren Euskal jendeak ba daki bere "legalizazioa" —beste batzuk Euskal Herriak baino errezago lortu dutena— gogorra dela, latza; eta Madrilekoaekin musukeriek ez dutela gehiegi balio. Historiak honela dio, eta guk historia ondo ikasia dugu, bereziki gure bizkarretan.

Aberri Eguneko lezioa ere ikasia dugu, eta lehen aipatutakoek ondorengo egunean burruka hitza aipatu zuten: aipatu behar, zeren hemen burruka egon baita.

joanes goibela


Euskal Herrian

E.I.A.ren aurkezpena Gallartan

Joan zen Apirilaren 2an, "Euskal Iraultzerako Alderdia"k (E.I.A.) Gallartako pilotatokian egin zuen bere aurkezpena. Lau mila lagun inguru bildu ziren aurkezpenaren lekuko izateko. "Pertur"en irudi handi batzuz zegoen hornituta tokia. Sartzerakoan, pankarta batzutan, E.I.A.ren helburuak seinalatzen ziren, alderdi berri honen helburua nagusia Estatu sozialista, askatua, eta langileriak gidatu bat lortzea dela agertuz. Aurkezpena hasi baino lehen, bildutakoek gure kanta ezagunenei ekin zieten, txistulari batek "Internazionala" jo ondoren.

Aurkezpena sei t'erditan hasi zen. Iñaki Martinezek euskaraz eta erdaraz egin zuen presentazioa aurkezpenak iraun zituen hiru orduetan. Kanpilloren amak euskaraz eta espainolez, sutsuki ekin zion hizlarien zerrendari. Emakume honen trebetasun eta hizkerak entzuleak harritu zituen. Bere semeak aukeratutako bideari segitzen ziola agertu zuen andre honek, orain arte euskal langileriak sufritu duen zapalkuntza behin eta betiko ukatzeko iraultza bidea dela egokiena esanaz. Kanpilloren amak ondoren, Kanpillo bezala hila izan zen Roke Mendez-enak hitz egin zuen.

Bi emakume hauen ondoren, katalan batek hitz egin zuen. "P.S.A.N. provisional" alderdiko militante honek (Partit Socialista de Alliberament Nacional) E.I.A.ri beren ongi etorria eman zion. Pilotatokian bildutakoek "Visca Catalunya" oihu eginaz onhartu zituzten katalan honen hitzak eta oihu eta garraisiak sendoagoak egin ziren P.S.A.N.ekoak bere alderdiaren ikurrina agertu zuenean.

Goyo Lopez Irasuegik espainolea eta 39 graduko sukarraz, E.I.A.-E.T.A. artean dauden loturak eta desberdintasunak adierazi zituen. E.I.A.k E.T.A.ren heredentzia hartu duenez gero, zentzu berean segituko duela burrukatzen esan zuen, nahiz eta gaur egun alderdi bakoitzaren estruktura eta ideologia desberdinak eta autonomoak izan. E.I.A. E.T.A.ren burrukaren ondorioak politikoki aurrera eroatean, ez da historia gabeko alderdi bat: E.T.A.ren burrukaren historia gure historia da, geure oinharritzat dugu", esan zuen Goyok. "Gure atzean hilak izan diren militante asko, gartzelatu asko, burruka asko dugu". E.I.A.ren helburu bezala hau agertu zuen, zera: langileriak gidatuko duen Estatu sozialista, birbatu eta askatu bat lortzea. Langileria abertzaleak alderdirik ez zuela ikustean, E.I.A.k hutsune hau bete nahi duela, esan zuen Goyok, Euskal Herriaren asmoak K.A.S.ek landutako puntuetan jasotzen direla esaten segituz. Alderdi estatalistentzat ere hitz gogorrak izan zituen.

Ortzik "Euskadiren Independentzia"-z hitz egin zuen espainolez. Sozial edo nazional askatasuna lortzeko burrukatu dutenekin E.I.A.ren solidaritatea agertu zuen. "Ortzi"ren eritziz, Euskal Herrian burrukatu duten alderdiek ez dituzte batu orain arte bi helburu nagusiak: nazio askatasuna eta sozial askatasuna. "Langileriaren alderdi batek bat litzake bi helburuok, independentziaren alde burrukatzea kapitalismoaren kontra burrukatzea baita" Kapitalismoaren kontra burrukatzen ez duten alderdiak salatu zituen Ortzik, estatalisten kontra aurrerago joz. Alderdi estatalistei nazio zapalduen arazoei buruz langileria "hezitzeko" eskatu zien. Europa askatu bat lortzeko kapitalismoaren kontra burrukatzea beharrezkoa dela esan zuen Letamendiak, kapitalismoa baita "Herrien Europa" baten kontra jotzen duena.

Atsedenaldia egin baino lehen, E.T.A. militarrak E.I.A.ri bidalitako telegrama bat irakurri zen. Telegrama honen bidez militarrek E.I.A. ontzat hartzen zutela jakin erazi zuten.

Atsedenaldian Urkok beretariko lau kanta abestu zituen, pantaila batetan E.T.A.ren militante hildakoen argazkiak ikusten ziren artean. Bildutakoek txaloka eta oihuka hartzen zuten argazki bakoitza. Gero, bozgorailuetatik, Burgoseko gartzelatuak grabatutako zinta bat entzun genuen, "Wilson", Muxika Arregi, Mariano Ibarguren eta Emilio Goitiak beren kontseiluak eman zituzten berton E.I.A.ren sortzea goratzen zuten une berean.

Donostiako langile batek euskaraz hitz egin zuen gero. "Sozialistak" diren alderdi batzuren joera ulergaitza salatu zuen. "Bakea eta ordena eskatzen diguten alderdi horiek, ez al dakite langileriak kaleetan zehar irabazten dituela bere eskubideak?" zioen langile honek. Iraultzaren alde izan zituen ere hitz batzu, "indar iraultzailea baita gidaritza produkzio bideak eskuetan hartzeko".

Arantza Arrutik, euskara hutsean, Suarezen Gobernuaren "irekitasun" ahula salatu zuen, "demokraziaren" faltsukeria agertuz. Jauregi eta bere lagunen "ordezkaritza" ere salatu zuen eta, gero, 1936. urteko gerrako gudari batek —Hibai Rekondoren aitak— euskaraz gudari zahar guztiei dei bat egin zien: "zeuen semeen aurka egon beharrean, zergatik ez zarete semeekin batean burrukan jartzen? Gudari zaharren toki egokiena beren semeen ondoan dago".

Amaitzean, Joseba Knörrek Aberri Egunera joateko dei bat egin zuen euskaraz. Aberri Eguna, Amnistia Eguna eta burruka egun bat bezala aurkezpetu zuen. Aberri Egunaren lau helburuak puntu hauetan jarri zituen: amnistia osoa, alderdientzako askatasun osoa, indar zapaltzaileen deuseztapen eta autogobernu bat lortzea.

E.I.A.ren aurkezpena "Eusko Gudariak" kantatuz amaitu zen. Poliziarik ez zen agertu, lege aldetik baimena baitzuen.


Euskal Herrian

Hauteskundeen aurrean

Laster senatu eta diputatuen Ganbararako hauteskunde orokorretarako deia publikoki eginen da. Ordutik aurrera, eta lehenagotik ere, alderdi eta politik joera guztietakoek publizitate aparatu haundi bat agertuko dute, nork bere programma eta kandidatuen bikaintasunak kantatuz, bat eta bere aliantza eta alderdikerien arrazoi sakonak azalduz ere. Hego Euskal Herrian ehundaka milioi pezeta erabiliko dira botuak "erosteko", euskal populazioaren gehiengoak, sufragio unibertsalez, aukeraturiko zenbait ordezkarirengan funtzio politiko batzuren errepresentazioa uzteko: legeak egitekoa, halegia.

Guzti honen hasiera espainol Estatuan hain beroki onharturiko Erreforma politikorako Legea izan zen, Suarezek bultzaturiko monarkhiaren erreformaren garaipen haundia izan zena. Orain pairatu behar dugun hauteskunde kanpaina hau Suarezentzat garaipen eta oposizioarentzat porrot izan zen beste haren ondorio garbia da. Ez goaz gu orain hemen lehenagoko argudioak berriz esatera, horrialdeotan lehenik ere aipatuak baitira; haietan euskal ezkerra abstentzioaren alde agertzen zen, eta Erreformak martxan ipini behar zuen hauteskunde-legea erabakitzeko tratutan sartzean, oposizioak Suarezi bere baiezkoa nola eman zioan agertu ere bai. Hauk, baina, jadanik istorio zaharrak ditugu. Ez dagoke gaizki, ordea, zera gogoratzea: orain aurrean ditugun hauteskundeon barruti politikoa, neurri haundiz, Erreforma politikorako Lege hark mugatua besterik ez dela.

Hasteko, lege hark izaera iraunkor bat dauka, Herri agintetik kanpoan —eta beraz Francoren ondoko monarkhiaren eskuetan— bai Estatuaren Burutasuna, bai Gorteetako Presidentzia, bai Gobernuko Presidentzia, Gobernua bera, Erresumaren Kontseiluko, Justiziarako Tribunal Nagusiko, Estatuaren Kontseiluko, Kontuen Tribunaleko, Nazional Ekonomiarako Kontseiluko Presidentziak, eta, noski monarkhia bera, uzten baititu. Hitz batez, lege hark erakunde frankista gehientsuak berdin uzten ditu, parlamental ordezkaritzaren sistema, nola edo hala aldatuz, eta hori europar tankerako demokrazia burjesen antzera bere burua itxuratzeko. Ideia iraunkor hori, gainera, beste honetan ere nabari da, hots, Erreforma horren kontra egon litezkeen oinharrizko lege frankistak kentzeko ez dela inolako erabaki derogatzailerik eman behar izan. Horretara, Lege hori diktaduraren gobernamoduaren eboluzioaren berezko ondorio gisa agertu nahi digute, Eta Botereak errotarri erraldoi hori, oposizio erreformistaren ongi ikusi memeloarekin, Herriari irentserazi dio.

Parlamentuaren izaera demokratikoari doakionez, halaber, legeak oso kontserbadoreki mozten ditu gauzak, era iraunkorrez. Alde batetik, Beterazlearen gainetik edozein Parlamentuk eduki behar dituen fiskaltze funtzioak guztiz motzak gelditzen dira, erregeak nahi dituen gauza guztiak, Parlamentuaren kontra bada ere, referendumera eramateko duen ahalmenagatik. Bestetik, senadoreen % 20ak erregeak berak zuzenik aukeratuak izateak parlamental autonomiaren oinharria apurtzen du. Modu berean, Francoren garaian bezalaxe, Beterazle eta Legegileen arteko botere banaketaren oinharria apurturik gelditzen da, faxismoaren gogoko botere batasun eta funtzio koordinaketaren alde, horren kariaz, Ganbarako presidentziak hatzez hautatuak izanki. Guzti honen ondorio logikotzat, Goiko Ganbara (senatua), Behekoaren nahi demokratizatzaileen balazta eta galga bilakatzen da halabeharrez.

Oposizioak behin eta berriro predikatu ukan du prozesu konstituziogile baten beharra, horrela Francoren diktadurapeko 40 urteon ondoren demokraziarako bidea zabaltzeko. Basamortuan ari da, baina, predikatzen, berak hauteskundeetan parte hartu ondoren, hortik sortuko diren Gorte Berriak konstituziogile ezin izan daitezkeelako inola ere. Konstituzio bat ganbara bakarrak egiten du beti, eta hor Herriak horretarako izendaturiko ordezkariek konstituzio berria sortu, berroren bidez erakunde berriak eraiki ahal izateko, eta ez, orain bezala, aurreko erakunde guztiak, praktikan guztiek baitiraute, pairatzeko. Horrela ba, Gorte Berriek, konstituziogile gabe, demokraziaz den bezainbatean, Monarkhiaren Erreforma politikoa berresteko balioko dute. Suarezen Gobernuaren pauso eta iraunkortasunaren berrespena izango dira, eta ez Asanblada Konstituziogile —legegile— baten berrespena.

Are gehiago esan beharko genuke frankismoaren aparatu zapaltzaile osoa gordetzen duen Erreforma Politikoaz. Antza denez, zera sinesterazi nahi zaigu: Estatuaren aparatu osoan beronen zati bakoitza, aseptikoki, isola daitekeela —aparatu politikoa, zapaltzailea, ideologikoa, etab.— batak besteekiko "neutraltasunik" balu bezala. Euskal Ezkerrarentzat, behinik behin, argi eta garbi dago ezin dagokeela normaleztapen demokratikorik frankismoaren gorputz zapaltzaileak —BPS, GC, PA—, elementu faxista ezin nabariagoez osatuak, desagertu arte.

Eta gehiago esan beharko litzateke, oraindik, espainol Estatupeko Herrien subiranotasuna, gure Herriarena bereziki, oraindik onhartu nahi ez duen Erreforma Politikoaz. Euskal Ezkerrak puntu horretan ere gauzak argiro ezarriak ditu, bai KASen alternatiban eta bai Euskal Erakunde Herritarraren programman ikus daitekeenez, eta ez dio ezein prozesu politikori bere izaera demokratiko eta konstituziogilea onhartuko, hura espainol Estatupeko nazioen autonomia konstituziogile batetik egiten ez den artean.

Beste alde batetik, hauteskundeok Amnistia oraindik erabat lortua ez denean azaltzen zaigu, hots, hauteskunde burrukan ari daitezkeen zenbaitzuk bere gizonak eta buruak oraino gartzelaturik dauzkatenean, eta giltzapetu horiei esker, hain zuzen, faxismoaren diktadurak ezin izan du, nahi zuen bezala, gure Herria zapaldu. Askatasunerako guttienezko kondiziorik, halaber, ez dago: Herria, bakarka zein taldeka manifestatzera doanean, behin eta berriz zapaldu eta hertsatua da; beronen froga nabariena oraintsuko Aberri Egunean dugu. Zenbait alderdi eta hautakizun iraultzaile ez dira oraindik toleratuak. Horrek argi eta garbi erakusten du batzuri ahoa tapa —askatasunik ezaz— eta oinak zapaltzen —presoak oraindik barruan— dizkieten sasihauteskunde batzuk besterik ez direla.

Honen ondoren, hauteskunde horietan parte har al daiteke? Hurrengoan segituko dugu arazoaz.

H. Aske


Euskal Herrian

Serrano Izko libre

Apirila 6 gaueko bederatzietan. Iruineko RENFEren geltokian 5.000ren bat pertsona, zahar eta gazte, gehienak nork bere ikurrin edo ikurrarekin BIXENTE SERRANO IZKOri kartzeletik irten ondoreko lehenbiziko agurra, lehena aire librean, lehena bere Euskadiko Nafarroan, eskaintzeko. Aski "secreta" ere nahasten zen jendartean. Mundu guztia trenaren zain, IZKOren zain, zazpi urtez zain egon ondoren, zazpi urtez egun honen heldu-desioz burrukatu ondoren, halere minutu batzu ere itxoin egin behar; kantuak eta "Eusko gudariak" eztigarri gisa ohartuaz. Izko, Izko! Oihuak, trenbidea hutsik oraino, Izkoren oroigarrizko eranskailuak bularretan jendeak. Izkoren deliktua Huarteren bahimenduan partartzea omen, auskalo nola egin gizon aberats baten bahimendua. Bahitu izan zenak hobeki bota izan ditu azken zazpi urteok Izkok baino. Izko gudari! Izko, Izko... Eta trena ez zetorrela oraino. Etabar, etabar eta gehiago ziren jendearen, bildutako jendearen hizketak eta aipuak.

Gaueko bederatzi t'erdiak. Trenaren muturreko argi fokua agertzen da trenbideko ilunean. Hau da trena, hemen da Izko! Jendea orroe batetan kantu eta oihu, oihu eta kantu... Izko jaitsi da trenetik, eta pozik eta jendearen itxian ezin ibiliz, azkenean batzuren bizkarretara igoten da. Izko, Izko! Ikurrin artean, megafono baten bidez dio:

"Eskerrik asko, baina guzti hau errezibimendu bat izan beharrean, manifestaldi bat izan dadila nahiago nuke, oraino barrenean dirautenen aldeko manifestaldi bat". "Ez dugu etsiko burrukan denok askatu arte, Amnistia orokorra lortu arte". "Gauza bat gainera esan nahi dizuet: igandean denok Gasteizera, burrukara, Aberri egunera, burrukara".

Jendoldeak aurrera darama bere bizkarrean Izko. Geltokiko enparantzan, zerbait gehiago esaten du Izkok, eta Euskadi askatua eta sozialista oihukatuaz, poliki poliki barreiatzen doa jendea. Kamioa autoz beterik, Goardia munizipalak ez dira ia gai geltokiko auto nahaspila zuzentzeko. Gaueko hamarretan hirira igan da jendea, Izko ere bai. Iruineko kaleetan zehar auto batzuk Ikurrina, eta kantuak bedenabar, pasiatzen dute. Garaipena. Izko etxean da. Hator, hator mutil etxera... burrukara.

Iñaki Zabaleta


Euskal Herrian

Euskaldun ordezkariak nahi ditugu!

Euskara gure hizkuntza nazionala da. Hori guztiok dakigu. Hori guztiok esaten dugu. Euskarari, faxismoak kendu dion indar eta kemena bihurtu beharra dago. Horretan ere guztiok bat gatoz. Theorian behintzat.

Baina theoria politek ez dute, besterik gabe, gure hizkuntza salbatuko. Praxisa behar dugu, praktika. Horregatik, euskara bizi dadin, esaten diren hitz politei begira egon gabe, bakoitzak egiten dituen gauza errealei egin behar diegu kasu.

Euskara maite duela esaten duenak, guk hori sinesteko, maitasun hori bere eguneroko praktikan frogatu eta erakutsi behar du, bestela, esaten duenarekin ez dela kontsekuente aitortu beharko dugu, hots, gezurra besterik ez dioela.

Euskal Herriari elebitasun edo bilinguismo xelebre hori predikatzen diote politikari batzuk, eta beraiek euskararik ez dakite, eta ez dira ikasten ari. Nola uler hori? Politikari izateko, noski, politikan aditua izan behar da, politikazko liburu printzipalenak irakurri eta ongi ezagutu. Guztiok konforme gaude horretan. Baina euskal politikaria izateko, hori bakarrik ez da nahikoa. Euskara eta euskal kultura ere ezagutu behar dira; berauek dituzten problemak konpontzeko, hain zuzen ere, iturriak barrutik ezagutu behar direlako. Ulertzen ez den gauza ezin konpon daiteke zientifikoki. Eta euskal politikari batzu ba dirudi ez direla oraindik beren ez-zientifikotasun horretaz konturatu.

Euskaldunok, euskara dakigulako, gure ideietako herritar euskaldunak errepresentatzen ditugu. Baina erdara ere jakiten dugulako —eta maiz, zoritxarrez, euskara baino hobeki!— Euskal Herriko baskoak ere bai. Erdara besterik ez dakiten baskoek, aldiz, beren moduko baskoak errepresenta ditzaketen arren, euskaldunok ez gaituzte errepresentatzen, gure problematika berezia, hain zuzen ere, ulertzen ez dutelako. Eta hau ezin garbiagoa da.

Euskararen alde eginez, pamphleto guztiak, erdaraz gainera, euskaraz ere agertzea lortu dugu (nork pentsa zezakeen orain urte batzu holakorik?!), baina gure politikariak ez ditugu oraindik bultzatu euskaraz ikastera. Eta hori gure bigunkeria praktikoaren seinalea besterik ez da.

Ihazko Udako Euskal Unibertsitateak eskari bat egin zien euskal alderdi politikoei, beren buruzagi eta ordezkariak euskaldun ditzaten. E.S.B.koek, beren azken batzarrean, beren ordezkari guztiei, sei hilabeteko epean, euskaraz ikastea eskatzea erabaki dute. Nik neuk, biltzarre-partido horretakoa ez naizen arren, neure txalorik beroenak eman nahi dizkiet hemendik E.S.B.koei hain erabaki jator eta egokiagatik. Izan, hori da bidea.

Orain arteko bigunkeriekin bukatzeko garaia ba da. Aski da komediarik. Euskaltzaletasuna eta hertzaletasuna eginetan, eta ez hitzetan. Eska diezaiegun euskal politikari guztiei euskara jakitea. Ez diezaiegun boturik eman euskara ikasi nahi ez duten politikari baskoei!

Xabier KINTANA


Euskal Herrian

Gau ilun baten ondoren

40 urtetako gau luze eta ilun baten azken aztarrenetan gaudela dirudi, eta gauzak okertzen ez badira, udaberrian hauteskundeak egongo dira. Ba dirudi, oraingoan, Euskal Herriak zerbait lortuko duela. Lehen ez bezala, orain alderdi politiko guztiak, eskuinetik eskerrera, hola edo hala, eskualdeen eskubideen alde daude. Beraz, eta abertzaleontzat kasurik txarrenean ere, hau da, hauteskunde horietan gure eskualdearen alde motelen azaltzen direnak nagusi irtengo balira, orain baino hobe geundeke. Beraz, segurtzat eman genezake udaberriak Euskal Herriaren nortasuna indartuko duela.

Baina gauzak ez dira ezerezetik sortzen. Ur guztiak iturri bat dute. Nola heldu gara egoera honetara?

Aspaldi esana dugu ANAITASUNA honetan, politikan errealitatea dela nagusi. Politikari on batek errealitatea aztertu eta gogoan hartu behar du. Horregatik, betidanik, Espainiako politikarientzat Katalunia eta Euskal Herria desberdinak izan dira eta, beraz, desberdinki tratatu dituzte. Kataluniak hizkuntzari eman dio garrantzia, eta hizkuntzaren bitartez nortasun handi baten jabe izaten iraun du. Euskal Herrian hizkuntzari ez genion behar bezalako arretarik eskaini, eta ondoren bezala, "el Norte" edo "Euskadi" deseuskaldun bat etorri zitzaigun.

Euskal historiak azken hamar urteotan lehen ez bezalako portaera bat ezagutu du. Alde batetatik burruka harmatua, eta bestetik hizkuntzaren aldeko lan izugarri bat. Biak giro berri bat sortu dute, eta ondorenak begi bistan ditugu:

1. Hizkuntzaren hedatzea eta sakontzea.

2. Horren ondorioz, euskal nortasunaren indartzea.

3. Eta azken honen ondorioz, kolore guztietako politikariei Katalunian bezalako edo haren antzeko errealitate bat aurkeztea.

Eta orain, zer? Zeren euskararekin eta bitara joka baitezakegu:

1. Hizkuntza politikaren zerbitzuan ezarriz.

2. Politika hizkuntzaren alde ipiniz. Lehen kasuan egongo dira kolore guztietako alderdi estatalistak, eta bigarren kasuan ihardun BEHAR LUKETE alderdi abertzale guztiek. BEHARKO LUKETE esan dugu, zeren gauza bat da egin behar luketena eta beste bat egiten ari eta egingo dutena. Zer egingo du, adibidez, PNV-ek? Alderdi honen historian ikus dezakegunez, euskarari ez diote eman, behar zuen maila. Orain berton, alderdi horren hainbat gidari ez dira gauza izan euskara ikasi eta erabiltzeko.

Ezkerrerago dauden alderdi abertzaleak (ESB eta KAS-ekoek) euskaltzaleagoak dira, euskara gehiago erabiltzen dute.

Beraz, eta talde politiko bakoitzaren programetako beste puntuak lan honetan aztertu gabe utzirik, eta hizkuntzarenari lotuz, zera esan behar dugu, halegia, politika euskararen alde eramango duten alderdiak euskal ezkerrekoak izango direla bereziki. Besteek, euskara erabiliko dute beren politiken zerbitzuan. Euskararen aldeko ikurrina euskal ezkerrak darama gaur, lehen euskararen batasunarena eraman zuen bezala.

Xabier Gereño


Anaitasunaren komikia (5)

Airko [Komikia]

Irudiak: Antton Olariagak

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (5)

SIDER bi mila 2000 [Komikia]

Irudiak: Erramon Zumalabek

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (5)

Euskal hit parade. 1. "Maite ditut, maite" 438 puntu [Komikia]

OLARIAGAKO


Kultura

Laukizeko ehundegiko gazteekin

Laukiz (erdaraz Lauquiniz) Bizkaiko herritxo bat da, Mungiatik urrun ez dagoena. Bertan, Uralde baserrian, aintzinan herriko errementariarena, artista gazte talde bat bizi da, artea artisautza eta eskulanetan berraurkitu nahirik, gaurko industri munduari uko egin eta herriko jendeen artera joandakoa. Horretarako, Uralde baserri zaharra hartu eta berriztatu egin dute, eta lehen ganaduarentzako gorta edo ikuilua zena, ehundegi bihurtu dute.

Nortzu dira, baina, gazteok? Guztira sei neska-mutil dira, eta bakoitzari buruz zerbait esatea argigarria izanen da.

Euskal irakurleentzat ezagunena Juan Migel Gómez de Humaran dateke, 25 urtetakoa, Bilbotarra, bertako Arte Eskolan lizentziatua eta behialako Aimar komikaren irudigilea.

 Natxo Silvan bera ere Bilbokoa dugu, 26 urte ditu eta Artean lizentziatua.

 Belén Sans Gironella bilbotarrak 20 urte besterik ez du eta tapiz estudioak egiten dihardu Laukizen.

 Marta Etxebarri ere Bilbokoa da, 20 urte ditu eta tapizgintzan ari da.

 Jane Ballad Williams Virginian (Estatu Batuetan) jaioa da, 28 urte ditu eta Virginia Polytechnic Institute of State University-n Artean lizentziatua.

 Juan Valdemar Luna, Hidalgo-koa (Mexiko), bertako hiriburuko Escuela Superior de Artes Plásticas-en lizentziatua, arte irakaslea izanik.

— Zerk bildu ditu etorki ezberdineko gazteok Laukizen?

— Hara —diosku Valdemarrek— dakusaanez, oinharriz, guztiok antzeko estudioak ditugu, eta ba dago hor elkartzeko arrazoi bat. Bestetik, mundu hypertekniko honetatik ihes egin nahi genuen, "iturrietara bihurtu", nolabait esan.

— Nola ezagutu duzue elkar?

— Adiskide komunen bidez. Guztiok antzeko ideiak geneuzkan eta erraza izan da harremanetan hastea.

— Eta zergatik etorri zarete Laukizera?

— Hasieran Mexikora joateko asmoa genuen —azaldu digu Natxok— baina Francoren azken fusilamenduak zirela eta, Estatu biren arteko harremanak gaizki jarri ziren. Horregatik, Valdemar eta Jane hona etortzea hobe zela pentsatu genuen.

— Baina zer dela eta aukeratu duzue herri hau?

— Toki baketsu eta egokia iruditu zitzaigulako —dio Belenek. Baserri asko hustuz doa eta penagarria da denboraz gure aurrekoen etxe ederrak horrela alferrik galtzen uztea. Horregatik, bizileku berri bat eraikitzea baino, baserri hustu bat konpontzea hobe zela uste izan genuen. Beronek daukan herri kutsua, gainera, ezin aurki genezake etxe berri batetan.

— Nor da taldearen burua?

— Hemen ez dago bururik. Bakoitzak dakiena besteei irakasten die —erantzuten du Juan Gomezek—, eta horrela guztiok aberasten. Jane, kasu, tindagaisten oso aditua da eta bere ezagutzak agertu dizkigu. Valdemar, berriz, tapizgintzan espezialista on ona dugu eta gobelinoen tekhnika irakatsi digu.

— Eta orain, prezeski, zertan ari zarete?

— Tapizgintzan ari gara. Gobelinoak deitzen diren tapiz moetak egiten, hain zuzen. Lan hauk, goitik behera, geuk egiten ditugu —diosku Martak—. Artilea tindatu, ehundegietan eho, josi etab, Irudiaren aukera eta prestapena ere gurea da.

— Zaila al da tapizgintza?

— Ez, ez da zaila —Jane mintzo— baina lan on bat egiteko denbora eta pazientzia behar da. Artisautzaren funtsa horretan datza. Makineriaz, noski, arinago egin daiteke, baina ez da inoiz eskuz bezain lan onik lortzen.

— Zeintzu gai darabiltzazue inspirazio gisa?

— Denetarikoak. Kanpoko artisten irudiak eta Euskal Herriko gaiak. Santa Agedako koruak ere irudiz jarriak ditugu. Euskal motiboekin aurrera segitzeko asmoz gaude.

— Erakusketarik egingo al duzue?

— Bai, Bilboko Arte Museoan, Apirilaren erdirako edo, geure lanak agertuko ditugu.

— Lanik agintzen al dizuete?

— Lana, zorionez, eskubeteka dugu, bai Euskal Herrirako eta bai kanporako ere. Oraintsu, esaterako, Madrileko Pertsiar Enbasadoretxerako tapiz bat eskatu digute.

— Zuen taldea irekia al da? Esan nahi dut, beste artista batzu hona etor daitezke zuekin bizi eta lan egitera?

— Seguru ba! Gure asmoekin bat datozen artista guztiek ateak zabal zabalik dauzkate Laukizeko gure lantegian. Elkarrekin bizitzeak, noski, egokitze problemak izaten ditu batzutan, baina borondate on pixka batez, elkarrengana moldatzea ez da hain zaila izaten.

Artista gazte talde internazional bat dugu, beraz, Euskal Herrian, herri langintza eta hauzalanaren bide zaharrak oraingotu nahirik. Izpiritua ba dute eta lan egiteko gogoa ere bai. Segur gaude aurrera eginen dutela.

X. Kintanak


Euskal Herrian

Iparraldeko ikastolak laguntza bila

Iparraldeko "Seaska" ikastolak diru eta laguntza bila dabiltza azken epe honetan. Bankuek egindako diru aurrerapenak ordaindu beharrean ditugu ikastolek Apirila amaitu baino lehenago. Diru biltzeko kanpaina zabal bat antolatu dute egun hauetan "ikastola bizi dadin" kanpainak 80.000 libera —hots, milioi ta berrehun mila pezeta— bildu nahi ditu euskaldunen artean. Helburu hau lortzeko euskaldun bakoitzak libera bat —hamalaupabost pezeta— ematea nahiko izango litzateke, euskaldunak 80.000 baikara, gutti gora behera. Hona hemen kanpaina honen zenbait zehaztasun. Lerro hauek irakur ondoren, lehen bait lehen, opa iezaiozu irakurle, zure laguntza beroena!

Ipar Aldeko ikastolen salbatzeko ikastola bizi dadin subskribapen zabal baterako agiria

Seaska batasunaren 1976-77 ikastaroko aurrekontu edo budgeta honekin doan izkribuan agertzen da eta aurten 170.000 liberako defizita azaltzen du; gaurregun bankuan zor dugu 85.000 libera eta Apirilean ordaindu behar ditugu 110.000 libera (Sozial zergak eta Soldatak).

Zergatik defizit hori: Ikastolek zalantzako egoera ukan dute beti, eta hori nahi ez dugularik guraso aberatsentzat zitekeen eskola bat egin, ikastola ordaindu dezaketenak ahal dutelako zirkulu hertsi batean geratuaz.

Gurasoek ez dute ezer ematen ezin badute; bainan gehienek beren irabazien % 2 edo 3 ematen diote hilero ikastolari (batzuek % 5-raino iristen direlarik).

Ikastolak ugaltzea nahi izan dugu beti, gure haurrak ez dezaten jarraiki gu bezala analfabeta izaten gure hizkuntzaz. Orain arte beroni eutsi diogu, aurtengo urtea zailagoa izanen da, 23 irakasle ekintzan ihardutelarik, 11 irakasle-berri formatzen ari gara; lehen urteotan 3 edo 4 formatzen (genituelarik) 1977-78 ikastaroan 7 ikasgela berri ireki behar bait-ditugu.

Horrelako talde astuna animatzeko 340 buraso, 500 laguntzaile, 25 langile, 11 irakasle-gai; beharrezkoa izan zaigu idazkaritza osatzea kudeatzaile lanak betetzeko.

Gastu berri guzti hauk, aurten ezin dira baliabide berriez ordaindu, ikastola bakoitzak ahalegin guztia egiten bait du bere gurasoen, laguntzaileen emaitzez, jaialdien bidez e. a.

Ikastolako ikas gela bakoitzak 30.000 libera urtean bildu behar ditu, soldatak, zergak. Materiala eta bertze gastuak ordaintzeko.

Ikastolan hezia den haurra 2.700 libera urtean kostatzen da.

Zertarako kanpaina hau

Guk uste dugu euskara euskaldunen arazoa dela eta laburpen honen bidez adierazi daitekeela. EUSKALDUNAK. EUSKARAZ. IKASTOLAN.

Gure batasuna euskal zerbitzu publiko bat da, agintari arduradunek bere gain hartzen ez duten eginbehar bati erdiespena ematen diona.

Halere, zenbait laguntza publiko baditugu.

- Estatuaren laguntzarik ez; nahiz bertzek bezala zergak ordaindu eta "Education National" delakoaren budgeta % 20 izan; gure gisaz, gure euskaldun hezikera egin behar dugu horrelako laguntzarik gabe.

- Conseil Géneral-en subentzioa: 1976-an 80.000 libera, 1977-an: 90.000. Ez da gutiestekoa, bainan departamenduaren budgetan milatik 0'3 baino guttiago jotzen du laguntza honek.

- Herriko-etxean Subentzioak: laguntza materialez gainera (lokalak, e.a.) ikastola gehienentzat; subentzio hauk 15.000 liberara iristen dira urtean osoera ez berdinean; komuna ttipiak sarritan proportziaz handiak baino gehiago ematen dutelarik.

1975. Abenduaz gero, ondorengo herriek lagundu gaituzte:

 lib.  lib.

HAZPARNE 660 ANGELU 1.250

MIARRITZE 1.000 ARRANGOITZE 700

OIZURA 250 UZTARITZE 1.500

BAIONA 5.000 ATHARRATZE 1.500

PAUE 2.500 SENPERE 2.000

BASUSARRI 300 UZTARITZE 2.500

AIHERRE 75 ATHARRATZE 30

BIRIATU 200 HAZPARNE 735

UZTARITZE 2.500 ISPURA 200

DONAPALEU 1.000 MIARRITZE 2.000

GOTHAINE 200 BASUSARRI 300

BILDOZE 100 DONIBANE

AZKAINE 700 LOHITZUNE 500

PAUE 2.500 BILDOZE 100

HENDAIA 1.700 DONAPALEU 1.500

SARRIKOTA 50 IZURA 300

Hemen ere, budgetaren arauera milatik 0'4 baino guttiago gehienean, eta zerbait ematen dutenen aldean, zenbat ezer ematen ez dutenak...

Baina munizipal arduradun zonbaitzu ulertzen hasiak dira euskararen irakaskintzaren beharra ikastolen bidez.

Euskarak, exzepzio batzu salbu, asmozko adierazpenak eginagatik, baztertua segitzen du eta ez da egiazki bere gain hartua politiko arduradun edo plazagizon hautatuaz, ikastolak laguntzea, beraz euskara, bertze buruhauste guztien atzetik doalarik.

Ezinbestean, euskaldunei bereziki zuzendu beharrean aurkitzen gara, bere ikastolak salba ditzaten 25 langile eta 400 haurrekin.

Subskribapenaren modalitateak

Apirilaren 1-ez gero eta hilabeterako 500 trunko jarriko ditugu lantegi, taberna, denda batzoki, medikuan etxe, dentista, herriko-etxe, eliza, ahal den toki guztietan.

2500 gutun igorriko diegu plazagizon hautatuei, apez, adiskide, ahaide eta euskalzale ezagun diran pertsonei.

Kultur talde guztiak bilduko ditugu (kantari, dantzari, antzerlari, elkarte ezberdinak pelotarietatik hasi eta mendigoizaleetaraino) gure egoera esplika diezaegun eta bere laguntza galdetu.

Eskeak eginen ditugu kultur agerpideetan eta ahal izanen den toki guztietan.

Euskal aldizkariak nahiz prentsa lokala gonbidatuko ditugu kanpaina informazioa emanez; espero dugun eragina eman diezaieten beroni.

Kanpoko euskal etxeei deia eginen diogu (Bordele, Parise, Ameriketa, e.a.).

HELBURUA: Euskaldun bakoitzak libera bat. Guztira: 250000 libera.

Honelako ondorioak 400 haurren arazoa konponduko luke eta etorkizunean beste ainitzen itxadopena badugu; ateak hertsi beharrean ez gaitezen aurki; berauk ez bait lirake hain aise irekiak izanen.


Euskal Herrian

P.N.V.-k agindu dio: zatoz Irujo!

Herbestean 40 urte iragan ondoren, Errepublikako ministrari izan zena eta P.N.V.ren leader den Manuel Irujo nafarra, Euskadira itzuli zaigu. Itzul dadin agindu dio alderdiak. Herbestaldia buka dezan agindu. Merezi ere ba zuen. Baina, zergatik etorri den orain eta ez lehen galderari, "Porque ahora me lo ha pedido el partido y antes no me lo pidió" erantzun du. Horrela, burura datorkidan galdea hau da: Nondik zuen P.N.V.ek herbestaldi bati amaiera emateko ahalmena? Ala, azken garaiotan Irujoren atzerriratzea ez zen benetazko edo beharrezko herbestaldia? Dena den, hemen dugu aintzin politikari hau, eta osasun demaiola Jainkoak eta Lege Zarrak.

Irujoren lehenbiziko eguna Euskadin

Noaingo airoportuan 3.000-ren bat pertsona bildu zen, harrera bero bat eskaini nahiez. Adineko jende asko eta elegant, dotore jantzitako gizonezko eta emakumezko anitz. Ez ziruditen lohihartzekodunen semeek. Arratsaldeko bost t'erdiak inguru ziren. Lorek eta kantuek, "askatasuna" oihukatua. Abionetatik jaitsi ondoren eta bertan betebeharrak betez gero, alderkideek babestua, "Hotel Tres Reyes"era joan zen, hemen baitu oraingoz bere bizilekua.

Arratsaldeko zazpi t'erdietan, bertako areto batetan bildu ginen kazetariok Irujok eskaini behar zigun prentsaurrekoa jasotzera. Txistulari eta txaloen artean agertu zitzaigun Irujo jauna. Bere lehen hitzak hauk izan ziren:

"Lur hau berroinperatzean, hau da nire lehenbiziko kezka: preso guztiak kalera, denak. Eta bigarren, nola Gobernu honek demokraziara doan itxura bademan, alderdi politiko ororen legalizapena. Eta euskaldun bezala, Autonomiazko erregimen bat Euskadirentzat. Azken hau, P.N.V.ren nazional hastapen bat da". Hizketan segituz, Gobernuarekin negoziatzen ari den bere alderdiak, ondoko eskari hauk egiten dizkiola Suarezen Gobernuari, esan zuen: "Generiko mailan, demokrazia. Espezifiko mailan, euskal liberazioa. Eta gaur gaurko eskaria, Amnistia osoa".

Ondoren, alderkide batek Irujoren apologia bat egin zuen, bere humanismoa azpimarratuz. Segidan, galderetan hasi gintzaizkion kazetariok.

— Zergatik etorri zara?

— I.- Alderdiak aginduta etorri naiz hona. Lana egin behar delako, etor nadin agindu dit alderdiak.

— Amnistian odolezko deliktugatik diren presoak ere sartuko al lirateke?

— I.- Bai, nahiz eta bortxaren aldeko ez izan ni. Instituzionalizatu bortxa 40 urteotan ukan ondoren, ez zait harrigarri suertatzen beste moetako bortxa, herri bortxa. Ez da bakerik, ordenik, izanen herriaren nahi hori, Amnistia, ez bada lortzen. Gerrate galtzaile-garaile zein izan ziren ahaztu behar da. Amnistia osoa ez badute ematen, guk edozein gauza eginen dugu. Ez dugu pistolen hitza nahi.

Gobernuarekin negoziatzen ari den Jauregik, eta esan didatenez oso ongi ari da betetzen bere lana, Francoren heriotza arteko deliktuen eta presoen Amnistia orokorraz dihardu.

— Francoren heriotza arteko deliktuentzat bakarrik? Eta ondorekoentzat?

— I.- Beno, fetxa ez dakit oso segur, baina Francoren heriotza gertatu artekoentzat ari gara negoziatzen. Logikoki, ondorekoak ere kontuan hartuak izanen dira, baina ba dakizuenez beti fetxa bat ipintzen da horrelakoetan, eta, nahiz eta gero aldatu, negoziaketa honetan hasierako eskaria Gobernuari hau zaio: Francoren heriotza artekoak. Noski, fetxak aldagarriak dira...

Mementu honetan, prentsaurrean ordu laurden bat generamenean, Iñaki Anasagastik elkarrizketa moztu zuen, Irujo jaunak beste eginbeharrak zituen-eta.

Omenezko afaria

700 pertsona bildu ziren Amaia kiroldegian, Irujoren omenezko afarian. Han zegoen P.N.V.ko burutza osoa, eta batez besteko urte pila sumatzen zuten denen artean. Han ere eman zion Iruineko alkate akzidentalak eskua Irujori.

Afalondoan, Karlos Garaikoetxeak hitz egin zuen eta agurra eman Irujori. "Irujo, den gizonarengatik, partidu baten ondra da". Beste hainbat aipu laudagarri ere barreiatu zuen. Segidan, Irujok hartu zuen hitza:

"Abertzaleok, euskaldunok, lagun guztiok. Mintzatzeko eta sentitzeko mementuak dira. 40 urteko herbestaldiek agurtzen zaituzte. EGITEKO asmoekin nator, ez mendekutako asmoekin. Konstituiente gunetan gaude eta irabazi ona atera behar dugu. Deituak eta behartuak daude denak Euskadiri entidade bat ematera, bai liberalek eta sozialistek, hala sinesdunek nola agnostikoek. Partiduen gainetik, eta hauen diferentziak gaindituz, euskaldun guztiok batu behar dugu hauteskundeetarako, edo hobeki, euskal entidade autonomorako. Jauregi eta Ajuriagerra dira euskaldun ordezkariak Madrilen, eta oso lan eraginkorra dagite". Eta segitu zuen: "P.N.V.ren xedeak hauk dira: Euskal nazional askatasuna, Europarekiko integrakuntza eta demokrazia soziala. Demokrazia sozialak suposatzen du, lan libertatea, entrepresa libertatea eta jabego pribatuaren sozial funtzioa. Hau guztia, Euskadi libre, soberano eta bere buruaren jabe lortzeko bidea da."

Geroxeago, bi bertsolarik, Lizaso semeak eta Matxiandiarenak, bertso batzu bota zituzten, nahiz eta jende gutik arreta hartu hauei eta beren bertsoei, nola eta hizketan eta txantxetan bait zegoen han bildu jende gehiena. Agian ez zuen ulertzen euskara askok. Halaz ere, Lizaso semeak bertso batetan "sozialista" hitza kantatu zuenean, euskaraz ez zekien batek, mespretxua egin zion.

Amaieran, alderkideek zeramaten ikurrinpean irten zen Irujo jauna, "garai batetan Franco paliopean bezala" aipatu zuen bertako batek. Gune bat lehentxoago, xagu tiki tiki bat pasiatu zen jendartean, uxaturik, zoko batetan ezkutatu arte.

Iñaki Zabaleta

Berri laburrak

1.- Jose Maria Satrustegi jauna mahaipuruan zegoen Ajuriagerra ondoan. Elizak ere ba du bere eserlekua, garai batetan bezala gaur egun, lehendakarien mahaietan.

2.- Erdi txantxetan, oso txantxetan, baina jeltzale batek "Egin" egunkariaren eranskailua kendu zion bularretik bati. Jeltzaleak "Deia"rena zeraman.

3.- Bertso hau bota zuen afalondoan Lizaso semeak:

Orain arte ibili gera

hemen oker edo zuzen

Hauteskundeak badatoz eta

abertzaleok alkar gaitezen

dei egin nahi det, ezkertiarrak

lanean hasi daitezen

Euskadi askatu, independiente

eta sozialista bat osatzen.

I. Zabaleta


Euskal Herrian

Langeldiketa Nafarroan

Nafarroan urte batzutatik hona nabaritzen den industri inbertipen eskasak, lan harremanetako legearen botatze libreari buruzko 36. artikulu derogapenak, eta daramagun inflazioaren indize kuantitatiboak, modu batez edo bestez ezinbesteko langeldiketan dauden langile kopuruaren estabilizazioa kausatu dute (langile hauetatik gehiengoa kalifikatu gabekoa, eta estratu zapalduenetarikoa da), honela P.P.O.ren barruan dagoen bulegoan kasu honetan aurkitzen diren langile kopurua 5.000 eta 6.000 artekoa dela kalkulatzen da. Hauetatik erdia baino gutiagok kobratzen du bere ezinbesteko langeldiketagatik L.N.P.k akordatuak dituen kantitateak.

Egoera zail konkretu batetan eraikintza eta metalea dira langile hauk xurgatzen dituzten industri sailak. Eraikintzan bakarrik langabeko lagunak ia 2.000 dira.

Beharbada kezkagarriena den sail honetan, intzidentzia batzu nabaritzen dira. Alde batetik, batez ere Nafarroako hegoaldeko nekazal arlotik datorren eraikintzarako langilego haundi bat; langile hauk egunero joaten dira beren herrietatik 20,30 edo 50 kmetara aurkitzen den lanera, lan hau normalki Iruinean izanik. Jai egunak probetxatzen dituzte beren baserriko lanak egiteko. Lana behin betiko bukatzen denean, gehienak langeldiketako egoera pasatzen dira, eta automatikoki egoera honi dagokion segurantza kobratzen dute, honela erraztasun guztia daukate egun osoa beren baserriko lana egiteko.

Egoera honetan segitzen dira langabekoen bulegoa honetaz konturatu arte edo dagoen epea bukatu arte eta orduan berriro beste lan bat bilatzen hasten dira.

Nafarroako autoestratako langile kaleratuen arazoa (HUARTE Y CIA, y DRAGADOS Y CONSTRUCCIONES —HUDANA—), kezkagarria da bere prozesu bereziagatik. Ihazko Irailetik aurtengo Otsailaren 24 arte, aipatutako eraikintzako entrepresa horrek mailaz maila 700 langile kaleratu ditu, hauetatik asko kanpoko beste eskualde batzutakoak ziren, eta ondorio bezala horren moduko beste entrepresetara joan dira edo ezinbesteko langeldiketan aurkitzen dira beren probintzietan.

Istilu hau duela urte bat hasi zen, Lan Magistraturak HUDANAko 230 langileen botatzea desegokitzat eman zuenean, Iruine-Tafalla arteko autoestrata amaitzerakoan.

Entrepresak, Tafalla-Tutera eta Irune-Irurtzun arteko zatiak oraindik hasiak ez zirenez gero, berriro admititu behar zituen. Langileen ordezkariak, Nafarroako lan delegatuarekin bildurik egon ondoren eta judizioaren epaitza ezagutu baino lehen, kaleratzeko kasuan lanik gabe gelditutako langileek % 100, kobratuko zuketela lortu zuten, eta akordio hori askok onhartu zuten.

Irailean gertatutako kaleratzeetan, eta lan delegatuari presioak eginez gero hilabete horretako botatuentzat % 100, lortu zen, eta honela elkarren segidan geroko kaleratuentzat. Orain gertatzen dena da, langeldiketan dauden pertsona hauen soldatak oso haundiak direla, hilabetean 25.000 eta 45.000 pta, artekoak, soldatak haundiagoak zirelako eta ordu extra asko sartzen zelako, eta kontsekuentki kotizazio globala askoz haundiagoa zen.

Problema da horrelako soldatak entrepresa gutik ordaindu nahi dituela, eta beste aldetik, langileek soldata gutiagorekin eta etorkizun hoberik gabe ez dutela lan topatu nahi.

Langeldiketaren problema honen soluzioa zaila da. Inbertipena ia hutsa da. Nekazari eta abeltzain gehienentzat beren lana ez da errentagarri eta industrializatutako eskualdeetara joan behar dute, egoera honek duen ondorio haundiekin. Kendu behar diren bi puntu garrantzitsuak ordu extrak eta destaiuak dira. Horretarako langeldiketan dauden langile guztien batasuna eta estrukturapena bide bat izan ahalko litzateke, guztiok dugun lan egiteko eskubidea lortzeko.

Koldo.


Euskal Herriko esneketarien hasarrea

Joan zen udazkenaz geroztik, ba da Euskal Herrian nekazari talde bat, geroz zabalagoa, nekazarien elkartasun bat sortze bidean urrats ugari ematen ari dena.

Elkartasun honen berri ematea ez da gaurko gure helburua, baina, esne arazoaren gora beherak ulertzeko, behar beharrezko zitzaigun hasiera gisa asmo eta errealitate nagusi hori agertzea.

Iniziatiba hori, nahiz era eta bide ezberdinetatik, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan sortu da eta elkartasun bakar bat sortu nahiaz, ordezkari probisional batzu, elkarrekin zenbait bilera eginak dira.

Ordezkari horik bilera batetan elkarturik zirela, nahiz eta ekintza plan bat oraindik burutu gabe izan, guztien gogoetan argi agertu zen, projektu hau sendotua ez egon arren, nekazari prezioen aurrean ezartzeko zeuden, eskakizun eta jarrera batzu behar zirela eta horregatik sortu zen berehala, lau herrialdeetako esneketari batzorde bat 40-50 lagunek osatua.

Hau guztiau Otsailaren aurreko egunetan martxan jarri zen eta handik hona gertatu den guztiak ba du talde honekin zer ikusia.

Otsailaren 5ean onhartua izan zen: Agriculturako Ministro Jaunari zuzenduko zitzaion eskutitza (geroztik egunkari eta aldizkarietan agertua) eta idatzia Euskal Herriko nekazari kooperatibetako lehendakari guztiek nahia eta asmoa.

Horrela ezin zitzaion firma batzeari eta kooperatiba nagusi gehienak batu ziren (66 guztitara).

Guztiok dakigu, prezio kontura mugatuta, esneketarien eskariak 19,50 pezeta udaberri-udarako eta 21 pezeta udazken-negurako zirela, Euskal Herriko abelzain guztientzat berdinak. Idatzian bertan ere honela esaten zen: Sindikatu Ofizial edo Hermandadearen errepresentazio eta aitormen eza, baserri egitura hobetu eta egokitu beharra, kostu batzutan oinharritutako eskakizunak zirela, kontsumatzaileenganako neurriak hartzeko komenientzia, Euskal Herriarentzako autonomia ekonomiko-politiko baten beharra eta nekazariok neurri gogorrak hartzeko posibilitatea.

Otsailaren 14-rako sinadurak batuak ziren eta hortik Martxoaren 1 arte, ministroarekin elkar hizketa lortzeko behar izan zen denbora da.

Tarte horretan indartu zen traktore greba eta esnearen prezioa inguruan egon zen zenbait berri:

- Otsailaren 22an El Correo Español-ek argitaratutako Llona Jaunari egindako elkar hizketa batetan honek zioen, esnearen kostua, momentuan, Bizkaian, 15,22 pezeta zela.

- Handik egun batzutara, Llona bera, bertan zen batzarre batetan, esnerako 20 pezeta lehenen aldian eta 21,25 pezeta bigarrenean eskatzea erabaki zen. Nota berorrek zioen, behar bazen eskariei kasurik ez eginez gero, esnerik ez ateratzea erabaki zitekeela aurrerago.

Harez gero gertatu zen Madrilgo Ministroarekiko esneketarien ordezkarien elkar hizketa, eta hauk berriro deitu zain zaudela, Martxoaren 11an Gobernuaren erabakia etorri zen prezioak 15 pezeta eta 16,25 pezetan jarriaz eta gainontzeko eskariei inongo jaramon konkreturik egiten ez zitzaielarik.

Esneketariengan haserre biziarekin batera, ezinaren pisua sortu zuen erabaki horrek, neurri gogorrak hartzeko egoera kaxkar batetan aurkitzen ginela guztiz esplotatua izan bai zen: esnea sobrante zegoela.

Gauzak horrela, eta inguruko esne produzitzaile probintzietan: Santander, Asturias, Galizia, e.a.-retan protesta girorik ez zenez gero, ahalik eta baserritarrik gehienok batzarreak egin ondoren, bi egunetan esne greba orokorra egitea erabaki zen Martxoaren 21 eta 22an inork esne tantorik ez entregatzea helburua zelarik.

Beste protesta era batzu ere aipatu ziren eta Arabarrak greba ez, baizik manifestaldi bat egitea erabaki zuten Gasteizko kaleetan barrena 500 bat nekazari batu zirelarik.

Beste hiru herrialdeetan esne greba berriz, zentraletan nahiko generala izan zen, elkartasuna iritsi ez den eskualdeek gehienbat huts egin zutelarik. Beste probintzietatik hemengo esne zentraletara zetozen esne putzuak mozteko berriz, ez zen ezer egin.

Kalean erosleari zuzenean saltzen diotenek ere batasunez egun bi horietan eskualde zenbaitetan emateari utzi zioten beren artean batzarre zenbait egin ondoren.

Prezio urritasunarekin guztiok gentozen bat. Baserritar gehienok prest geunden behar zena egiteko geure aserrea azaltzeko eta geure eskakizunak aintzakotzat hartuak gerta daitezen. Zenbait organismorekin, COSA lekuko, gertatu da berriz, hitz asko eta azkenean baserritarrak zatitzeko ahaleginak egiten.

Beste alde batetik, horiei gogora erazi nahi diegu orduan egindako agindu eta promesa guztiak oso gogoan ditugula. Eskaintzen ziren beste hobakuntza askoren artean behi bakoitzarengatik emango zitzaizkigun 2.500 pezetak, eman zuten hilabeteko epea pasatuta, zain gaudelarik (bazterrak engainiatzeko erabili ez bazuten behintzat).

Ba ditugu zenbait galdera ere: Zer diote koltxoirik ez pagatzeko hartu diren erabakietaz? Hain seguru ez zioten, bada, pagatuko zela? Nor defendatzen dabiltza? Nor zuritu nahi dute, Gobernua?

Harrigarri gertatu zaiguna honetan guztion zera izan da: Inork ez duela hitz erdirik ere esan, zentraleek eta erdibitartekoek igon dituzten neurrian beren margenak igon dituztelako:

Baserritarrari orain gehitu zaio "koltxoia" kenduta: 0,25 pzta/litroko.

Edaleari berriz:

Esne pasteurizatuan: 1,50 pzta/litroko.

Esne esterilizatuan: 2,50 pzta/litroko.

Fin ari ote dira gero?

Gainera, lehengo oitura zaharrari jarraituz erabili dira zenbait baserritarren aurka betiko topikoak nahastu eta fama kentzearren. Zenbait zentraleek hartutako neurriak ezin ahaztu eta Zibilen interbentzioa ere kasu batzutan esnea ateratzeko bortxa gertatu da.

Personaia berri bat ere agertu zaigu oraingoan plazara. Nor dugu hain zorrotz "chantaje"az hitz egiten digun Ascensión de Gregorio Sedeño anderea?

Zenbat etxekoandrek aukeratu dute dagoen tokia egoteko (Secretaria General de la Federación de Amas de Casa) eta zenbatekin konsultatu du esaten duenarekin ados dauden jakiteko? Edo eta, honek ere orain arteko guztiek bezala ahulenokin sartuaz justifikatu nahi du bere postua? Baserritarrok ere ez al gara kontsumatzaileak? Hain aberats ikusten al gaitu baserritarrok?

Nolanahi ere gora behera guzti horik barne, ikasgai bikaina izan da greba hau baserritarrontzat. Geure batasuna posible dela jabetu gara eta batasun hori sendotzeko, gure interesak aurrera ateratzearren, lehenbailehen elkartasun bat gorpuztu behar dugula: hauzo, herri, bailara, probintzia eta Euskal Herri osoan indarra izango duena, benetako geure Elkartasuna. Horretan gara.

BASERRITAR TALDE BAT


Elkar ikuska

Erramon Zumalabe eta bere pintura

 Erramon Zumalabe, bilbotarra bera, plazaratzen dugu; artista artega, arteak eta artearen maila guztiek kezkatu batengana hurbiltzeko helburuz.

 Madrilen 11 urtetako bere egoitza, berarentzat esperientzia interesgarri bat izan da. Inpresioaren munduarekin ukitu batzu (kanpotik ez) ditu, marrazkilari bezala, keramikarekin (ez mazapanezko iruditxoekin), eraikintzarekin (langile bezala), zurgintzarekin (ebanista-esku askatuak). Arte Ederren Zirkuluan egindako lanak, batez ere irudia (ez irudikatzea) menderatzea permititzen dio eta apainkuntz esperientzia iragaten du.

 1.975.ean Bilbora itzultzen da. Zenbait aldizkaritan maketapena, diseinatzea, marrazki aplikatua, beren lan plastikoarekin aldizkatzen dituen egitekoak dira.

 Gaztedanik jendartean agertzen da (jendartera doa) zenbaitzu azalketa kolektibotan (Bilbo, Santurtzi, Hareeta). Bere artelanak Bakion (lan guztiak), Arthogaren (Bilbo) eta Orzan (Algorta) birritan isekitzen ditu.

 Oraindik orain bere bakarrizketa (elkarrizketa izanen da, baldin bazoazte) gertatzen ari da, Maiatzaren 16tik Bilboko Etxearte aretoan azaltzeko.

1.— Adierazpide plastikoekiko hire ukitzeak; nola hasi ziren?

— Pinturaganako zaletasuna goizik-goiz sortu zitzaidaan. Agian hitzezko (eta are gutiago literaturazko) adierazpiderako abileziarik ezak, mekanismo hau (sentsibilitate mailan) sorterazi zian eta haseran gehigarri zirudiena, ezinbesteko bizi-komunikabide bihurtu zuan. Gauza interesgarriak aurkitu nitian, giroak hatzeman nindian eta hortik bideratu ninduan. Teknika menderatzeko harra sartu zitzaidaan eta neure lehen ikasketak San Sebastián-ekin egin nitian; geroago Lorenzo Solís-ekin. Gero eta adierazpide hobea (haseran apika, neuri baliozko zitzaidana) lortzen ari nintzela konturatu ninduan eta plastika (ene esperientzia guztien integrapena eta bozeramalea), definitibotzat hautatu nian.

2.— Hire burutzapen propialaren mailan, zer suposatu du hiretzat estetikazko esperientziak?

— Asko (gutiegi zenbat denboratan?) suposatu —eta suposatzen ere— duela klarki geratzen duk, nik uste. Ez. Ez nauk astitako pintatzailea. Ohostu egiten diat. Denbora ohosten diat eta beronek satisfapen propialaren mailan laguntzen dik. Izatea, hire giroan egotea, hile helburua —ez beti— erdiestea, dudarik gabe, norbera pertsonalki satisfatzeko (burutzeko) gai dituk. Pertsonalki? Indibidualki? Ba diakiat ezen, oraingo honetatik, hau guztiona bihurtzen dela (edo bihurtu behar lukeela), nahiz eta askori gai izan ez dakion, gusta ez dakion edo bete ez dezan eta besteri, zorigaitzez, hel ez dakion. Betetzen niauk, ene esperientziak eta kezkak —oraindik orain Herriarenak direnak— agertzen laguntzen niauk. Herri konkretu batean bizi nauk. Gure Herria bizi duk eta bere esperientziak, beraz, neureak zitiat.

3.— Pintura eta komunikabidea. Laburki mintza hakigu.

— Guztiok komunikamolde bat edo beste diadukaagu, noski. Nik uste ziat ezen zozketan plastika neuri jaurri zaidala (zotz guztiak ba nituena?). Koadroak ene mintzo dituk (baldin egiazki mintzo badira). Hauxe duk ene jorana. Zer gehiago esanen diat!

4.— Egiguk hitz heure obraz, teknikazko ikuspegiari begira.

— "Abezea" prestakuntza dela uste ziat. Estali eta gainalde leun bat utzi egiten ziat. Hasia nauk. Gero beladurak. Lapitza, koadroa hasteko ikatza, hor geratzen dituk. Abarras, abarras asko —aldiz—. Zapiz ekiten niatzaiok (askotan behar zitiat). Olioa, ikertzea eta oliora barneratzea. Orain ene pintzelak, eskuan dudana oro dituk. Eta bai zapi busti-busti batzu ere. Eta ene erhia. Eta ene espatula, batzutan makila bihurtzen dena. Une batean harraspatu behar duk... Eta segitu egiten ziat.

5.— Eta hire obraren formazko planteiamenduak?

— Irudizkoan niagok (eta segitzen ziat) nahi dudalako. Alabaina, gauza berrien bila ari nauk. Marrazkia maneiakortzat hartzen ziat.

Ahantzi behar ez dudan zerbait seriosa dela uste ziat. Zanpatzea, menderatzea. Beti ba diagok desmarrazteko denbora. Paisaiak, bodegoiek perspektibaren eremuan sartzen niauate. Bertara barneratzen nauk sentitzen dudalako eta gustatzen zaidalako. Egunen batean forma horik abstraktura heldu ahal izanen dituk (hauxe ez dea jadanik?). Enkaiak, argiak, koloreak, sakontasunak beti iraunen dutela uste ziat.

6.— Adierazi nahi duka? Erreflexionatu? Nori hoa kio?

— Basisari niagokiok eta beraz, ezagutu uste ziat. Herriari gauzak agitz argi —ez era txarrez edo haltoki— eman behar zaizkiola uste ziat. Adieraztea, noski. Ene asmo argia duk. Ez ziat jarraitzen zaidana (noakiona?) ahantzi behar. Neure estudioetan ez nauk baratzen. Ez ziat nahi, bestalde, ene maisuak jainkoen mundura itzur daitezen. Lurrean oinak edukitzea. Herriarekin, ez Herriaren gainean.

7.— Politika - Artea - Gizartea: Laxa ezak korapilo hau.

— Artea korapiloaren erdigunea duk. Gainerakoek alde batera zein bestera tiratzen ziate. Politikak hertsatzen edo bere altzoan hartzen zik. Hura eraso ziezakek edo haren zerbitzu pean egon diaitekek. Eta jukutriak ba dituk. Gizarteak xurgatzen zik, pintatzailea lauskitzen zik; batzutan goratzen zik, eta ez duk politika txarra. Beste batzutan, gutienetan, laguntzen zik. Baina artea baitezpadakoa duk, bai politikan, bai gizartean.

Korapiloaren muturrak aldatu beharra diagok, noski. Bide onetik abiatuta gaudela uste ziat.

8.— Eta oraingo euskal arteaz, zer?

— Dakusadanari buruz ba zioat. Ez nauk arras hedatuko.

Euskal Herrian, artea Herriarekin doala uste ziat. Herriarekin eta burrukarekin. Eta asko burrukatzen da. Honez gero, pintatzaile hautak ba diaudek, fronte eta maila guztietan eskola egiten dutenak. Abangoardian, noski.

9.— Emak hitz bakoitzeko beste hitz bat.

Hizkuntza - langilea

koloretasuna - mehea

diseinua - enea

argia - garrantzizkoa

paisaia - interesgarria

esperientzia - ugariak

artista - nahia

euskaltzalea - osorik

politika - ezkertia

Rembrandt - teknikaria

Goya - guztia

Picasso - Kristorenmarrazkipintatzailea

Arteta - lurra

irudia - funtsezkoa

burruka- orain

kolorea - okrea

Olariagak


I. Bergman: zinea adierazpide bezala

Arte moeta guztietan bi elementu daude guttienez: kreatzailea edo artista batetik, eta espektatorea edo ikuslea bestetik. Bien artean komunikabide bat lortzen da, eta arte bakoitzak bere bide propioa du, bere "hizkuntza" propioa du. Baina zinearekin, zer gertatzen da? Espektatorearen, arte-hartzailearen papera oso pasiboa dela, zailtasunaren aitzakiaz zine-hizkuntzaren dominiora heltzen ez garela, pelikulak espezialistentzat eta kritikoentzat uzten ditugula, mitifikatu egiten ditugula, eta, azkenez, inoiz ikusi ez ditugun filmeak ontzat ditugula, edo beste era batetara esanda, sekulako munstro sakratuak kreatu ditugula. Hau da, hain zuzen ere, direktore famatuekin gertatu dena: kritikoek diotelako direla onak, eta ez gu direktoreen hizkuntzaz jabetu garelako. Artikulu honetan, honelako munstro bati hurbiltze bat egitera saiatuko naiz, Ingmar Bergman-i halegia.

Biografia

Uppsalan jaioa, 1918. urtean, pastore protestante baten semea. Stockholm-en estudiatzen du, eta Letratan eta Artearen Historian lizentziatzen da. Fakultatean teatro egiten hasten da, eta, ikasketak egin ondoren, Opera Teatro Errealean zuzendariaren laguntzaile bezala lan egiten du. 1944.ean Alf Sjöberg-en pelikula baten gidoia idazten du. Hurrengo urtean, 1945.ean, bere lehen pelikula: "Kris" ("Krisia"). Ordutik aurrera teatro eta zine lanak simultaneoki egiten ditu. Hogei ta hamabost bat filme egin ditu, gehienen gidoiak ere berarenak izanik. Azken urteotan, Suediako telebistarako zenbait serie egin ditu.

Bergman-en irudia

Ba dirudi, gure psikologia barnean pertsonen klasifikatzea egitea dagoela. Eta lege hau zine direktoreekin ere betetzen da. Bergman-i buruzko eritziak eskatzen hasiko bagina, era askotakoak bilduko genituzke. Batzurentzat, fede eta heriotze problemez angustiaturik dagoen pertsona bat da; beste batzurentzat, aitzitik, bizitzaren ikuspegi existentzialista bat ematen duen pertsona bat da; hirugarren batzuk, emakumearen obsesioa dela gai bakarra esanen lukete; eta abar. Azken batez, bakoitzak beren pertsonalitatean gehien jo duen pelikulen partea, Bergman-en karakteristiketarik nagusiena dela aterako du.

Esan denetaz aparte, guk daukagun Bergman-en irudia, zeharo deformatuta dago. Orain dugu Bergman-en lehen pelikulak ikusteko parada, eta hau azkenengo filmeekin batera; erreposizioak egiten dira, eta doblaiak egiten zituen mirarietaz konturatzen gara... Eta honi eskandinabiar direktore popular (edo ezaguna, behintzat) bakarra dela, eta sinbolo balorea ematen diogula lotzen badiogu, honelako ulertezinaren kontzientzia bat sortzen zaigu; komunikazio falta bat dago. Ondorio bezala, Bergman-en obra gure buruetarako klasifika ezintzat jotzen dugu eta alde batetara uzten.

Bergman-en zinegintza

Orduan, zer da Bergman-en zinea? Orotan hartuz, Bergman-ek desberdintasun askoren aurrean jartzen gaitu, baina filmeak banan banan aztertuz, eta, batez ere, bakoitza bere denbora eta inguruan jarriz —hots, pelikula egin zen denboran eta Suedian egina gainera—, zera ikusiko genuke, pelikula guztiek hari bat segitzen dutela, eboluzio bat segitzen dutela, egilearen eboluzioaren ispilua direla. Eta eboluzio hori zinean isladatzen da. Bergman-ek berak esan zuen bezala: "Zine egitea da, niretzat, ase beharrezko den zerbait, gosea edo eta egarria bezala. Batzuren adierazpideak liburuak idaztea, mendietara igotea, umeak laztantzea edo sanba dantzatzea dira. Ni filmegintzan espresatzen naiz".

Bergman-en lehendabiziko filmeek karakteristika berdintsuak dituzte: gazte bikote bat, aurka duen sozietate baten kontra ari da, biolentzia (ez fisikoa, sozietatearena baizik) jadanik ageri da, imagina eta textua ondo loturik doaz gertakariak azaltzerakoan... Gaiak helduz doaz, eta 1948.etik aurrera zuzentzen dituen filmeetan, beste gai hauk agertzen dira: maitasuna eta bikotea, sozietate hertsien gogorgoa, heriotzea, soluzio faltsu bezala ihes egitea... Haro honetan "udako pelikulak" sartuko lirateke, edo udan gertatzen direnak ("Monikarekin uda bat", "Udako jokoak"...). Hemen hasten da, pertsonaia femeninoen estudioa ere, azken pelikuletan hain ondo deskribatua.

Erdi haroa

Gure artean fama gehien duten Bergman-en pelikulak, Erdi Haroan daude ingurutuak: "Det Sjunde Inseglet" ("Zazpigarren Zigilua") eta "Jungfrukallan" ("Dontzeilaren iturburua"), Pelikula hauetan barrokotasunaren mugetara heltzen da. Japoniar zine berriaren eragina nabari da —Kurosawarena batez ere—, baina era bergmandar batetan beti. Pelikula biak desberdinak dira beren esannahietan: bata, lehena, heriotzearen beldurrak eragina izan da, bestea, estilo joko bat da; baina biak zinegilearen maisugoaren erakusleak dira. Bi pelikulen artean (1956-1960) hiru pelikula oso garrantzitsu agertzen dira: "Basa Marrubiak", "Bizitzearen aintzinean" eta "Aurpegia".

Baina Bergman ez da geldirik egoten. Hurrengo urteetan trilogia bat ematen digu: "Ispilu batetan bezala", "Komulganteak" eta "Isiltasuna". Orain barrokismoaren aurka erreakzio bat nabari da: Sobrietatea, joko bisualen gabezia, garbitasuna; eta, hain sobrioak direnez, azkena batez ere, filmearen ondorioa ez da argi geratzen, sinbologia abstraktuegia baita... Isiltasunean geratzen da dena, ez da existentziaren motibaziorik eskaintzen.

Bergman-en azken pelikulak

Trilogia hori bukatuta, Bergman-en pelikulak askoz ere definitu gabeak dira. Hala eta guztiz ere, orain erabiltzen dituen gaiak, bakartatea, maitasun kapazitate eza eta biolentzia dira. Orain pertsonaietan sartzen da —eta batez ere emakumeenetan—. "Pertsona" izenekoa izango da, honetaz hoberen lorturiko pelikula. Biolentziak sor erazten dizkion imaginak paregabeak dira "Lotsa" pelikulan. "Pasioa" delako pelikulan frakaso pertsonalak agertzen dira, era biolento baten bidez. Baina, beti bezala, Bergman-ek zerbait berri eskaintzen digu, eta orain, pelikula honetan, aktoreen eritziak interpretatzen dituzten pertsonaiei buruz jartzen dizkigu; horrela pelikula askoz ere hurrago geratzen zaigu.

Azkenengo pelikulek —"Oihuak eta xurxuluak" eta "Senar-emazte batzuren sekretuak"— Bergman-en kalitatea eta zineegitearen jakitea demostratzen digute. Pertsonaien analisia —ia-ia disekzioa—, kolorea, muntaia, dena, Bergman-en maisugoaren lekukoak dira eta gehiago ikustearen nahian geratzen gara. Zein bide hartuko ote du zine psikologikoaren maisu den honek?

I. Zuazo

Zinezaleentzako oharra: Inoiz baino gehiago Garizuma Santuan kartelerari adi egon zaitezte, pelikula ez-komertzial gehien botatzen den epoka baita. Adibidez, Bilbon hiru-lau egun iraun duen Bergman-en pelikula bat ikusteko parada ukan dugu: "Diävulens öga" (Deabruaren begia), zine joko entretenigarri bat nola egin daitekeenaren eredua berau. Galdu ezina. Baina nola egun gutti iraun duen, askok galdu dutena.


Postak

Amara-Buru-Batzarrari ihardespenez

ANAITASUNA-ren zuzendari jauna:

Badakigu euskaldunen artean ere badirela gezurrez baliatzen diren aldizkariak, baina zuena hoietarikotzat ez dudanezkero, 336. zenbakiaren 41. orrialdean argitaratu zenutenaren ihardespenez nator. Zuen oharra bihotzez eskertzen dut zeuen aldetik eman duzuten argitasuna AMARA-BURU-BATZARRAREN gutunari.

Erdaraz ere antzerako salakuntza agertu zuten martxoaren zortziko "El Diario Vasco" egunkarian. Eta aski luze ihardetsia izan zen Donostiako "Hoja del Lunes" astekariaren bi artikulutan nere iritzi partikularrak azalduz, martxoaren 14 eta 28ko aleetan. (Bi artikuluon kopiak hemen igortzen dizkitzuet zuen jakingarri).

Zuen ohar eskergarria ongi egonarren ere, oraindik bizpahiru pundu argitu beharrean natzaizute eta noan gaiaren harira:

1) Euskaltzaindia zatiturik aurkitzen omen eta banaka batzuk Euskaltzaindia berena balute bezala harturik jokatzen omen. AMARA-BURU-BATZARRAK jakin beza, aurtengo otsaileko batzarrean euskaltzain guziak hartu zutela parte, batek ere hutsik egin gabe; garrantzizko erabakiak hartu behar diren guzian ohi den bezala.

2) Euskaltzaindiari itzulpenen bat eskatzen zaion bakoitzean euskaltzain guziak parte hartu behar baluteke, egunoroz, jai ta aste, euskaltzain guziak batzarturik egon beharko zuten, langintza hau hain handia denez. Hain zuzen, langintza honetarako badu Euskaltzaindiak itzulpen sail bat, hontarako bereziki izendatua eta datozen eskari guziak bete ezinik dabilena. Sail hontakoak, euskaltzainak honartutako arauak erabiltzen dituzte, eta honegatik dugu "Zortzi urte arteko Ikastola Hiztegia" (1975) eta beste, ANAITASUNAk bere oharrean agertzen duen bezala. Eta, arau horien araberaz, euskaltzain batek soilik egin duen lana zen Donostiako kale izen zerrenda.

Onartu baino lehen donostiar eta Donostian bizi diren euskaltzain oso eta bertako historiaz ikerketak egin dituzten laguntzaileen artean zabaldua. Beraz, gezurra da bost Euskaltzaindikoren artean egina dela.

3) Lehen zerrenda aintzindari hori jatorra ez bada, AMARA-BURU-BATZARRAK esan dezala zertan ez den jatorra eta Donostian bertako eta euskara orokorrera begira zer den jatorragorik. Emen ahal dezazken probetxuzko iritzi guziak onartuak ez ezik eskertuak izanen dira.

4) Herriaren bizkarretik eta dohaintasunik gabe ari garela? Izen zerrenda hortan ez zen jarri ezertxo ere herriak berak erabiltzen ez duenik. Donostiako herriak historian zehar erabili dituen erak errespetatu ziren eta donostiarrak erabiltzen ez zituzten era euskaltzain osoak onartuko "Zortzi urte arteko Ikastola Hiztegi" tik eta inguruko herrietan erabiltzen direnetatik hornitu zen.

Inork era hoberik eskaintzen baldin badu onartua izanen da.

Otoi, kontu izan itzultzea soilik dagokiola Euskaltzaindiari. Izenak aldatzea Udaletxeari dagokio. Badakigu, historian zehar, Donostiako kale askok izen jatorragoak izan dituztela, orain dituzten horiek baino, baina lehenagoko jatorragoetara bihurtzea ez da Euskaltzaindiaren egitekoa. Bertako Parte Zaharreko izenen ikerketa ikus J. San Martinek martxoaren 28ko "Hoja del Lunes"ean argitaratutako lana. Izen jatorrago hoiek onartzea Donostiako Udaletxeari eta bertako herriari dagokion gauza da.

Gezurrari buztana labur, eta gauzak beudez diren bezala.

Euskaltzaindiko idazkariak

***

Agur zuzendari jauna:

Zuen aldizkarian 336 zenbakian 7. horrialdean, horrialde guztian Idoyek sinatutako "artikuluxka" bat dator; honi buruz, hitz batzu esango nituzke.

Urte asko dira ANAITASUNAren irakurle zintzoa naizela, eta benetan diotsuet gutxitan, haserratzen nau artikulu batek, honek nire barne guztiak nahastatu ditu, lelokeria bat besterik ez baizen.

Nola arraio betetzen duzue aldizkariaren horrialde bat panfleto txar horrekin? Hau ezin ulergarri egiten zait.

Nire ustez gauzek demostrazio bat behar dute, eta ez nago oso segur emakumeak ateratzen ari diren erronka guzti hau ez ote den izango horixe, erronka eta zarata.

Egia esan ez dut feminismoari buruz gehiegi irakurri, ez eta ere emakume hauekin gehiegi hitz egin, bainan oraindik ez dut gure aldizkarietan —ez euskarazkoetan, ez besteetan— lan erreflexibo eta zehatz bat irakurri. Zer kristo, dena zarata?

Hala eta guztiz, benetan diot emakumeek ematen ari diren prozesu askatzaileari errespetua diodala, nahiz eta ikusi duzuen modura nire duda-mudak ukan.

Benetan konprenitzen dut zuen lana zaila dela, hau da, euskal prentsa sendotzea. Hala ere neure ustez hobe da Euskal Herriarentzat gauza txikiak eta kalitatezkoak egitea, ezen ez haundiak eta txarrak, horrialde panfletario horren gisan.

Besarkada bero bat

Jon Akosta

BARACALDO


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Itzulpen xelebreak ikusten hasiak gara aspalditxuon: biltzarre-partidoak, independiente-askeak, pueblo-lur eta gisa honetakoak. Euskara ez da, dakusagunez, hizkuntza zehatza izateko jaio, guti gora beherako zerbait izateko baizik. Hona hemen, diogunaren lekuko, paper hau, GaZteizerako deia eginez (Gu geu Gasteizera joan ginen). Autonomi Estatutua zer den jakin arren, ez dugu hain garbi ikusten zertsu datekeen horkoa, erdaraz dakarrenak ez baikaitu askorik argitzen. Txillardegik azaldu beharko digu.

ABERRI EGUNA 1977

TODOS A VITORIA

PARTIDO SOCIALISTA VASCO E.S.B.

Libertad - Amnistía

Estatuto Autonomía

ABERRI EGUNA 1977

DENOK GAZTEIZ-A

E. S. B.

ASKATASUNA - AMNISTIA

AUTONOMIAREN ESTATUTOA