ANAITASUNA
1977.EKO MAIATZAREN 15EKOA
340. ZENBAKIA
35 PTA.
ANAITASUNA
Bizkaia
hamabosterokoa
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealday
Urteko abonamendua:
Bertorako 700 pezeta
Latin Amerikarako 800 pezeta
Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta
Ale bakoitza: 35 pezeta
[AZALA]
hauteskundeak
presoak kalera
amnistia
libertatea
demokrazia
hitz jokuak?
AURKIBIDEA
3. Editoriala
4-6. Teletipoa
7. Maiatzaren lehena
8-9. KAS-en legalizazio bila
10. Oso burruka adierazgarria.
11. Ondarroako arrantzaleen burruka
12. Langile Mugimendua Nafarroan
13-15. A.C.N.P.
16-17. Zaire
18-26. Santutxuko Ikastola
27-29. Elkar-Ikuska
30-31. Kantaldiak beti erromeriak?
32-34. Literatura
35. Lauaxetaren oroitzapenez
36-37. Gabriel Aresti II edo Zelaietaren biografia
39. Postaz
40-41. Musika
42. Kaleko
Makinistak: Itziar eta Idoye
Maketapena: Erramon Zumalabek.
Muntaiak: Josebak.
Argazkiak: Arkoila eta X. Arzellus
Moldiztegia:
Gráficas San Pedro
Part. Alzola, 2.
BILBAO
Dep. Legal: BI-1753-1967
Editoriala
Agintariek —inork emandako agintea duten agintariek— hitz jokutan abilak dira; sasikerietan trebeak.
Suarez jauna erraz mintzatu da demokrazia, libertatea eta hainbat gauzei buruz, baina hemen ez ditugu gauzak honen garbi ikusten. Areago, goibel ikusten ditugu. Diskurtsu apologiko batetan zenbait berri aipatu du, hots, bere neutralitate politikoa, demokraziari zerbitzatu nahia, komunisten "konportamendu ona"; baina, guretzat betiko afaria: presoak gartzeletan, libertaterik eza. Bon Dieu! Ba dirudi, orain beraik direla demokratak eta, betidanik libertateagatik burrukatu dugunok aldiz, zoroak, estremistak.
Libertatea eta amnistia ez ditugu tantaka nahi, zeren guk, geure herria mintzo den bezala, amnistia osoa eta orain nahi baitugu; halaber, libertatea.
Hainbat sufrimendu jasan dituen herri batek ez du epelkeriarik nahi, ez baikara epelkerietan ohituak. Odol gehiegi isuri da Euskal Herrian, gehiegitan negartu ditugu anaiak, maizegi ikaratu gara etxe bazterretan; orain, gurekin jolasean ibiltzeko, libertatea pittinka har dezagun.
Horrelakorik ez dugu nahi, hitz jokuekin aspertuak gara.
Arnasa berria hartu nahi honetan inoiz ez gara agintarien "baimen sainduaren" zain egon. Ito nahi bagaituzte ere, libertatea eginen dugu. Frogagarri hor dira euskaldungoaren burrukak garaitzapenez beterik.
Maiatzaren lehenak, Jurramendik, etab... geure ametsetatik atera eta itzultzen gaituzte betiko lekura: agintarien aurpegi zikina ikustera, beraien hortz zorrotzak.
Hala eta guztiz ere, Suarezek hauteskundeak planteiatu dizkigu, baina bitartean betiko metodologiaz baliatzen dira: joku antidemokratikoak, hitz nahasiak, erronka franko. Honela ez da akordiorik eginen, eta gu Etxapare euskal poetaren hitzei jarraituko gatzaizkie: "HITZAK ARI BIRA, DUGUN EGINA". Berarekin bat gatoz.
Sasikerien kontra, hitz nahasien kontra: BIBA LIBERTATEA!
Apirila
24.— Erandioko II. Hamabostaldi kulturala aurrera doa, Haurren egunarekin. Hitzaldiek kantaldiak, zineak, dantzak, kalejirek, alardeek jokuek eta herri kirolak dira programa osotu dutenak, iragan igandetik hasi eta datorren igandera arte.
27.— Carreroren hilketari buruzko sumarioa buruturik geratu da. Beronetan, "Ezkerra", "Wilson" eta "Goiherri" daude barru.
Euskal presoek boikota eskatzen diete datozen hauteskundeetan alderdi demokratiko guztiei.
Bizkaiko "Justicia y Paz" delakoak ere preso guztien kaleratzea eta herbesteratu guztien itzultzearen premia gorria azaldu du.
Herenegun, 5.000 pertsonatatik gora bildu ziren Arrasaten Daniel Ansuategiri ongietorria egiteko.
Barakaldon, arratsaldeko 7etan 250 pertsona bildu ziren UGT-eren izenean syndikal etxea erreklamatzeko berentzat.
"Elhuyar" zientzi aldizkariaren 10. zenbakia kaleratu berri da. Lanok azaltzen dira: Elhuyar Matematika taldea, Berdintza eta ekuazioa, Fisikaren bideetatik abiatzen, Fisikaren irakaskuntza, Altzairuen Karakteristika mekanikoak. Informatikaren egungo egoeraz, Laser, oinharri teorikoa eta praktikoa, Helkarhizketa: Carlos Santamaria meteorologia Salneurria: urtean 500 pezeta. Helbidea: Circulo San Ignacio, San Marcial, 26 bajo. Donostia. Bilboko Museoak Picassoren "Gernika" eskatzen du beretzat.
Iruineko Villanueva entrepresako despidituen apuiutan, 13 entrepresatan geraldiak eta hitxialdiak egin dira: Super Ser, Imansa, Sabino Redin, Mina, Koxka, Paperola, Virgen del Camin Hospitalea, Tornifasa, Mapsa, Porcelanas del Norte, San Juan de Dios, Magnesita eta Banco de la Vasconia-n bai guttienez, syndikatuen deiari erantzunez.
Sestaoko "Babcock Wilcox" entrepresan asanblada egin dute langile gehienek (3.500) entrepresak, 450 langile kendu nahi ditu xantiliotik, eta horren kontra protesta egiteko.
28.— Iruineako Diputazioaren etxean hertsitako 150 karlistak irteten dira, zenbait orduz barruan iraun ondoren.
Gernikaren bonbeztapenaren 40 urtebetetzea antolatu dutenek, PNV-eren protagonismo zaletasuna salhatzen dute.
Bilboko Jesuiten ikastetxeko 200 bat ikasle, Gobernu Zibilaren aurrean protesta eginez azaldu dira, igandean "Fuerza Nueva"koek egin zuten basatikeriagatik, ikastetxeko lagun bat (Jose Luis Camaron) zaurtu baitzuten. Iruineako Castillo plazan ORTeko gazte batzu gelerazi zituzten poliziek, kartel batzu ipintzen ari zirela. Haien artean, F. Xabier Adot eta Pedro Perez zeuden.
Carlos Hugok, Biarritzen egindako kazetalaurreko batetan, Mendijurrera joateko asmo sendoa azaltzen du.
Zazpi hil dira Basahurin, Muñuzuri-Ripolin pintur entrepresan eztanda ikaragarri bat gertatzean, ugazaba beren artean. Beste hamar zaurtu ere ba daude.
29.— Gipuzkoako Diputazioak, udal hauteskundetara berehala dei egitearen premia manifestatu du.
Amnistia osoa ez badago Euskal Herriak ez du boturik emango, antza, inkesten erantzunek adierazten dutenez.
Kanditatuen zerrendak aurkezteko epea gaur hasten da.
Gobernuak finkatu dituen erabakien arauera, hamar preso geldituko dira kartzeletan. Ona dago horrela hauteskundetara joango garela pentsatzen duena!
Tolosan, Banko Hispano-Amerikano-an atrako bat gertatzen da. Ondoren, beste talde bat sartzen da atrakatzeko asmoz, baina goardia zibil bat hiltzen du, ez du besterik egiten.
Karmelo Garitaonaindiak "Informaciones" aldizkarian agerturiko berri bat gezurrezkoa zela eta, erreplika eskubidea egitea lortu du, behin-behineko askatasunez egon arren, "Derioko Banko Gipuzkoanoan harmazko atrako bat egin zuela azaldu zuelako egunkari horrek.
Geraldia "Petronor"en (300 langile), elkar konbenioa ez duelako seinatu entrepresak.
30.— Lejoako hamabostaldi kulturala bukatu da gaur.
Huarteko udalak, berea egiten du alderdi politiko guztien legeztapenaren eskaria.
Bizkaian, 8 hauzo elkarte legeztatu dira, Ortuellako "Herriko Etxea" Galdakaoko "Santamañe", Sanfuenteseko "Santa Lucía", Basurtukoa, Sopuertakoa, Arizekoa, Santurtziko "Itsako Ama", eta Barakaldoko "Batasuna".
Maiatza
1.— Maiatzaren l.a, gerlozteko gogorrena. Poliziek ez zuten utzi manifestaldirik egiten eta gogor zigortu zuten porrez eta pilotez.
Durangotar bat, 10.000 pezetatako multa batez zigortu du Logroñoko Gobernariak, Haroko plazan ikurrin bat ipini zuelako.
Iruinean egin da langile mitin baimendu bat, baina ondoren manifestazioa berehala sakabanatu zuten poliziek.
Mitin bakarra, Bizkaian. Galdamizen PNV-erena.
Euskadi Irratia "euskal erresistentziaren deia" hamairu urtez iraun duen emisora hertzi egin da, "demokrazia" heldu delako, antza.
2.— Sestaoko udalaren pilotalekuan ez direla mitin politikoak egingo erabaki du ajuntamenduak.
Petronorreko konbenioa seinatzen da.
Bizkaiko EGB-ko irakasle interinoak (1000 inguru) gelditu dira.
3.— Gipuzkoako EGB-ko irakasle interino guztiek kasik, greba hasten dute, lan segurtasuna lortzeko.
Sixto Bourbon-ena ikusi berria izan da Lizarratik hur.
Obrascon entrepresan 22 langile bota dituzte, errendimendu baxua"ren txutxuan. Gehiago ere gertatuko diren beldur dira.
Bilbon alderdi politiko guztien legeztapenari buruzko mitin bat galerazten du Gobernari Zibilak. PC, PS, PSP, ANV, MCE, OIC, LC, LCR, EKA, ORT, PTE, EK, eta EOA-k hitz egitekoa zuten. "Arrazoi oinharrituak" dituela esan du Gobernadoreak, berau galerazteko.
6.— PSOE-ren mitina Ortuellan.
Preso "amnistiatuek" ez dute segurtasun judizialik. Poliziek egiten dituzte nonahi: Mikel Amilibia Urzelai, bere neska laguna Lourdes Zubeldia eta Arantza Urzelai lengusina bat. Geroxeago beste lengusu bat Jon Urzelai. Bestalde Antton Jauregizar, herriratu berri batek goardi zibilak bila ditu. Zer da hau?
7.— Gaur hasita, datorren 15era arte Amnistiaren eskakizuna gogortzen da, "AMNISTIA OSOA ETA ORAIN" lemaren eraginpean.
MITINAK: PNVek Karrantzan, Legutianon eta Aoizen.
- PCek Barakaldon, Santurtzin, Otxandion, Elorrion, Algortan, Muskizen, Basahurin eta Zornotzan. Gipuzkoan Lasarten, Elgoibarren, Azpeitian, Trintxerpen, eta Zumarragan. Gasteizen ere egin dute beste mitin bat.
- PSOEk Bilbon (Santutxu zinean) eta Ballen.
AMNISTIA: Hertsaldiak, Bilboko San Antoneko elizan, Ugaokoan, Alonsotegikoan eta Ballekoan.
- Footballariak ere amnistiaren aldeko pankartekin irten ziren jokatu aurrean.
Gallartako frontoian ere jaialdia bat egin zen (1.500 pertsona) amnistiaren alde, eta "Rosana, Juanjo, Karmelo askatu", "Amnistia osoa", "Presoak kalera", "Emakumearentzat amnistia" azaltzen zituzten pankartak zabaldu ziren bertan.
Bermeora aste honetan, bi miloi kilo eta erdi antxoa sartu da. Inoizkorik gehien.
8.— Mitina: PNVek Barakaldon.
Otxarkoagan, Bilbon, Udalak egindako etxeak ez daude kondizioetan, eta bertako biztanleek alokairuak ez ordaintzea erabaki dute.
150.000.000 pezeta behar dituzte konponketa egiteko, baina udalak —burruka egin arren— 69 baino ez diote eskaini. Asanbladak egiten dira eta erabakiak bertan hartzen.
Poliziek ez dute utzi Mendijurrera igatea. Karlisten bilera, Xabierren eginda; eguerdiko ordubaterako 3000 karlista inguru zeuden Xabierren.
9.— Lizarran 2.000 pertsona bildu ziren, Rikardo Pellejero eta Aniano Jimenez, ihaz Mendijurren faxistek tiropetan hildakoen elizkizunak hospatzeko.
Eibarren kazetalaurreko bat egin da, Euskal Herriko Komisio Gestorek antolaturik, "amnistiaren aldeko astea"ren inguruan. Beronen barruan, Josu Ibargutxi, Aitor Argarate, Iñigo Montalbo, Jose Manuel Bujanda, Fernando Eizagirre, Iñaki Garzia, Sabino Arana, Iñaki Biar, Patxi Jaka, Enrike Gezalaga eta Jon Etxabe-k seinaturiko agiri bat irakurri zen, eskubide demokratikoak eta nazionalak eskatuz, eta alderdi politiko guztien legaleztapenaren premia gorria salhatuz. Bilbo gaineko Santa Maine "osasundegiko" zuzendariak esan duenez, kutsadura da 45 % biriketako gaisotasunen kausa.
Euskal Herrian
Maiatzaren 1ean. Zapalkuntza gogorra Bilbon
Joan zen Maiatzaren 1ean izugarrizko zapalkuntza ezagutu zuten Bilboko kaleetatik zehar, ibili ziren lau mila langileek. Poliziek inoiz baino grina gehiago erabili zuten beren lan zapaltzailean.
Nahiz eta manifestaldiko langileak indarkeria hauetara ohituta egon, beren kontra erabilitako gogorkeria salhatu dute oraingoan.
Manifestaldia eguerdian, Hareatzan (Arenal) hasi zen. Ordurako Bilboko toki garrantzizkoak poliziaz beterik zeuden igandeko lehen orduetatik. Langileak, syndikal indarren deiari jarraituz, Hareatzan hasi ziren biltzen pizkanaka. Eguerdiko hamabietan Hareatzako zubi pasatu ondoren, Espainiako plazarantz mugitu ziren eta, han bildutako polizi indarrak ikustean, langileen ordezkari batzuk poliziaren buruekin elkar hizketa bat izan zuten, manifestaldia Gran Viatik egiteko baimena eskatuz. Ez zuten baimenik lortu. Poliziek beren kontra ekin zuten, bai porra eta bai gomazko balak erabiliz. Lau mila manifestariek atzerantz ezin zuten erraz korritu eta askok Bilbo-Santurtzi trenbidetik ihes egin zuten arrisku handiz, asko baitira ordu horretan bide honetatik ibiltzen diren trenak. Beste langile batzuk, ihes egitean, hibaira salto egin zuten, zubitik poliziek gomazko balak botatzen zituzten artean.
Langile talde batek San Francisco eta Cortes aldera ihes egin zuen. Haraino poliziak heldu ziren eta bai langileak harriak botatzen hasi ere. Han zegoen gris bat —ez zen "antidisturbios" taldekoa, gris zahar samar bat baizik— ankaz gora bota zuten manifestaldikoek eta bai bere kapela trenbideetara bota ere.
Beste langile talde bat Errekaldeberrira bideratu zen. Hango zubia kotxeak eta tresnak zeharkatu zituzten, baina poliziak pasatu eta izugarrizko makilakadekin segitu, bar bateko jendeak kalera irten erazten zituzten. Manifestaldian parte hartu zuen batek esan digunez, portal batetara sartu zen, bi goardia atzetik zihoazkiola eta, bostgarren etxebizitzan harrapatua izan ondoren, sekulako kolpeak hartu ondoren, bi goardiek patioko lehiotik zintzilikatu zuten, handik behera botako luketela garrasi egiten zioten artean. Langilearen lagun batek, bere adiskidearen beldurrezko oihuak entzutean, bigarren bizitzatik laguntza eske hasi eta bai goardiek kolpekatua izan ere.
Bilbon Maiatzaren 1ean jazotako indarkeriak ikusi dituztenak ados daude inoiz baino gogorragoak izan zirela esateko. Batzuk diotenez, goardiak erotuak bezala ibili ziren egun horretan. Lehioetara ere askok bota zuten, ikuslari askok, gogorkeria nau ikustean, garrasika eta biraoka hasten baitziren.
Pre-demokratik une batetan gaudela diote espainiar gobernari eta euskal politikari batzuk. Bai ikusten dela garbi, kalean egiten diren burruketara ez doazela!
Euskal Herrian
Legalizazio eske baten arrazoiak
Maiatzaren 6an K.A.S.ek prentsa aurreko bat egin zuen Bilbon. Kazetari multzo handi bat bildu zen prentsa aurreko honetan, K.A.S.i buruz informatzaileen artean dagoen interes handia garbiki agertuz.
Bilera honen muina zera izan zen: E.I.A., E.H.A.S. eta L.A.I.A. alderdiek beren estatutuak legalizaziora presentapenaren berri ematea. Estatutuen aurkezpena Iruineako Gobernu Zibilean egin zen, Maiatzaren 6ko eguerdian.
Prentsa aurreko giroan galdera bat zebilen airean: nola honelako alderdi iraultzaile batzu legalizazio baten bidean jarri? Galdera hau erantzutea izan zen mahaiburuaren lehen lana. Mahaiburuan zeudenek —E.I.A.ko Vicente Serrano Izco, Jose Mari Azkue eta Lopez Irasuegi, L.A.I.A.ko Andoni Argoitia eta Iñaki Urrestarazu eta E.H.A.S.eko Gurutz Jauregi, Natxo Arregi eta Esteban Martínez ordezkariek— legalizazio eske hau desafio moduan egin dela esan zuten eta egintza honen helburua Suarezen Gobernuaren demokrazia faltsuaren mugatasun handiak salhatzea dela esan zuten. "Gure legalizazioa ukatzean —Natxo Arregik zioen— Suarez-en "demokraziak" Euskal Herriaren asmo sakonenei ez diela biderik ematen argi ikusiko dute denok".
Legalizaziora presentatzeko, hiru alderdiek beren estatutuak ez dituzte ezertarako aldatu, ez eta gutxitu ere. Hiru alderdiek dituzten helburu nagusiak —independentzia eta iraultza sozialista bat lortzea— Estatutuetan argi eta garbi ageri dira. Hiru alderdiek ez dute legalizazioa lortzeko esperantzarik, ez eta asmorik, esan dugun bezala desafio eran eskatu baitute legalizazioa.
Legalizazio eske honetaz —eta legalizazio ukatze honen bidez— Suarezen Gobernupean eta hauteskundeetan espresio askatasuna eta biltze askatasunik ez daudela agertu nahi da. Nahiz eta Euskal Herrian independentziak, Euskal Herriko birbatasunak eta sozialismoak partaide asko izan, Suarez-ek ez die agerbiderik emango, nahiz eta benetazko demokrazia batetan alderdi politikoen askatasun osoa oinharrizkoa izan.
Prentsa aurrekoan amnistia eta alderdi guztien legalizazioa Suarezen demokraziaren —edo demokrazia faltaren— neurria ezagutzeko bi proba izango direla esan zen. Frankismotik urrun Suarez dabilela egia baldin bada, zergatik Frankoren presoak oraindik gartzeletan? Espresio askatasuna baldin badago, zergatik ez alderdi guztiak lege barruan hartu? "Gauza bat da O.N.U.n giza eskubideak onhartzea eta izenpetzea eta beste bat eskubide horik politik bizitzan onhartzea eta defendatzea" esan zuen mahaiburuko batek.
Hauteskundeei buruz, hiru alderdiek beren joera nolakoa izango den agertu zuten. Hona hemen joera honen puntu nagusiak:
a) Maiatzaren 24an amnistia osoa, hots, gartzelatu guztien eta atzerriratuen etxeratze garantiazko bat errealitatea ez baldin bada, guztiek dituzten espresio eta hauteskundeetan mitinak eta hitzaldiak emateko eskubideak une berean onhartuz:
- EHAS, EIA eta LAIAk abstentzioaren alde kanpaina bat egiten hasiak izango dira.
- Hiru alderdiek beren kandidatuak hauteskundeetatik aterako dituzte.
b) E.H.A.S., E.I.A. eta L.A.I.A.k, beren kandidatuak juridikoki aurkeztu baino lehen, hauteskundeetan abstentzio baten alde kanpaina egingo dutela izenpe eraziko dituzte, amnistia eta askatasunak Maiatzaren 24ean errealitate bat ez izanez gero.
c) E.H.A.S., L.A.I.A. eta E.I.A.k beren kandidatuak kenduko dituzte, lege eta ofizial moduz, lehen esandako baldintzak ez baldin badira betetzen.
Kazetariek galderak egitean, prentsa aurrean esandako gauza batzu zehatzago agertu ziren. Nahiz eta legalizaziorik ez lortu, hiru alderdiek burrukari ekingo diotela zin egin zuten, Euskal Herri aske eta sozialista bat lortu arte. "Politikan legeetatik at parte hartuko dugu" esan zuen alderdietako batek. Legalizaziorik ez baldin bada lortzen, Suarezek berberak talde politiko batzu ukatzea ikusiko dela zioten denok: "Honela politik arlotik kanpora geu atera garela ez dute esango...". Estatutuetan helburuak lortzeko behar diren pausoak onhartzen eta sendotzen direla une hauetan esan zen. Indar zapaltzaileen deuseztatzea, frankismoak antolatutako zutabe bat denez gero, urrats hauen artean behar-beharrezkotzat ikusten da.
Kazetari batek zioenez, alderdi batzuk ez dute agertzen batasuna lortzeko asmo handirik. Batasuna lortzeko ezin direla herrien asmoak alde batetara utz erantzun zioten, K.A.S.eko hiru alderdiek herriaren asmo horiekin konpromezu osoa dutela esanez. "Guztiok batasunaren bidean ahaleginak egin ditugu", baieztatu zuen mahaiko batek. "PCk eta PSOEk, bakoitzak hauteskundeetarako beren bide bereziari jarraitzeko erabakia hartzean, batasuna ukatu zuten. Euskal Erakunde Herritarrak, bestalde, ezkertiar indar guztiei dei egin zien, batasun baten bila. Batzu etziren etorri, beraiek jakingo dute zergatik, baina geure aldetik batasuna bilatu dugu".
Beste kazetari batek K.A.S. zein indar duen herri artean galdetzean Euskal Herriko bigarren indarra dela erantzun zioten eta, sistemaren kontra jotzeko orduan, lehenengoa. Legalizaziorik ez baldin badute lortzen, K.A.S.eko indarrek ez dute beste talderik indartuko, kontsigna abstentzioa izango da.
X.A.
Euskal Herrian
Hauzategiak. Oso burruka adierazgarria
Azken boladan eta informazio-bide batzuren bidez hiri-erreibindikapen batez hitzegiten da, hots, "Etxebarria arazoa" delakoaz. Arazo honek funts handia du bere ondorioak gehien bizi dituen populuarentzat; hau da, Zurbaran, Uribarri, Santutxu, Begoña eta Bilbo Zaharreko hauzategientzat, baina Bilboko populazio osoari ere dagokio. Baina ondorio zuzenekin batera oso arazo adierazgarri bat planteiatzen da, alde batetik "basa-hirigintza" epoka baten adierazletzat eta bestetik kasu honetatik eta emango zaion soluziotik aterako diren irakaspenengatik; Euskadiko hiri-mugimenduak haien beharra du zenbait mobilizapen inportante burura eraman arren (hala nola Alkatesaren aurkakoa, Dow-Unquinesakoa, Sefanitrokoa, zentrale nuklearren kontrakoa, etab...), lehenengo pausuak ematen ari da eta.
Etxebarria S.A.k Errekalde-Zurbarango fabrika Basaurira aldatu du eta garbi gelditzen den bere jabetzako orubea urbanizatzea erabaki du, orduan sortu da iskanbila. Ia 15 Hektareatako barrutia da, Begoñako plan partzialean egoitz lurra bezala kalifikatua, 7 m3/m2 eraiki daitekeela. Orubea paraje ezin ederragoan dago, Aiuntamenduko plazatik 300 metrotara eta hiriko bihotzean.
Noski, Etxebarria, S.A.k zerutik etorri zaion mahuka horretatik ahal den gehiena atera nahi du, eta 1.000 etxebizitza inguru (luxuzkoak uste) eraikitzeko asmoa omen du, lur-lege berriak permititzen duen gehiena. Tratua beraz, legala da, ez gaude bada legetik kanpo eta administrakuntza lokalaren laguntzaz egin diren negozio biribil horietariko baten aurrean.
Hala ere, kasu konkretu honetan argi dago legearen betetzea ez doala hiritarren interesen kontra bakarrik, baizik eta lege berberaren izpirituaren kontra. Eraiki nahi den orubea 120.000 bizilagun baino gehiagoko inguruan dagoen funtsezko hutsune bakarra da, eta inguru horrek duen ekipamendu kolektiboen deficit nabaria Santutxuko Famili Elkarteak orain gutxi egindako estudio batetan frogatzen da.
Ari garen deficita hiriaren eraikintz prozesu baten ondorio akumulatua da, biztanleei egindako iruzur nabariaz, botere publikoetatik etxagileen interesak zaintzen bakarrik, ekipamenduetarako eta zerbitzu kolektiboetarako behar ziren aurreikuspenak egin ez direla. Hain da ezaguna aurreko hau ezen beste azalpen berezirik ez duela behar.
Inguruko andre-gizonek deficit horren zati bat estaltzeko parada dakusate eremu horretan. Aspalditik, Etxebarria S.A. joango zela jakin zenetik, hauzategi horietako jende asko dabila planak egiten, lurra hain eskasa den inguru horretan beharrezkoa zela orube hori denon onerako erabiltzea. Zonako elkarteak eta erakundeak mugitzen hasiak dira, hiri-arazoaren erregela fundamentalak ulertzen hasi den jendea bere indar guztiekin burrukatzera bultzaturik. Gainera, Etxebarriaren projektua legala bada, legala da halaber Aiuntamenduak interes publikoko arrazoiengatik expropiatzea. Horrela onhartuko litzateke zutik dirauen planaren bistako aplikaezintasuna, Etxebarria S.A.ri gaur dituen ilusioak sortu dizkionaren aplikaezintasuna.
Hauzakideen jokaera-haria oso garbia da; hots, hain nabari den kuestio horren aldeko herriaren mobilizapena, hutsune horren interes publikoa eta bere herri-erabilpena lortzeko. Mobilizapen eta erakunde eta hiri-elkarte gehienek parte hartuko duten kanpaina masibo baten bidez, herriak nahi duena Administrakuntzari adieraztea, kontsekuenteki joka dezan.
Lehen, hau oso burruka adierazgarria dela bagenioen, jeneralean hirialdeetan lapurtu zaien ekipamenduetarako lekurik ez dagoenez (berdeguneak dira nabarienak), honelako hamaika kasu ikusiko dugulako da. Ez dagoke bada beste soluzio-biderik plan guztien berrikustea eta herriarekin kontatu gabe egin diren lukuru-planteiamendu guztiak baztertzea baino.
Gaur egun "ETXEBARRIA HERRIARENTZAT" eskatzen dutenekin bat egitea hiriaren errekuperatze prozesuan parte hartzea da, prozesu horrek denok ukitzen gaitu eta, egia esan, guztioi interesatzen zaigu.
Aketxe
Euskal Herrian
Lana. Ondarroako arrantzaleak esklabutzatik askatzen
Ondarroako arrantzale taldeek Donostiako prentsaurrekoan agertu zizkigutenak entzunik, nik ez dakit erromatarren esklabuekin gonbara edo arabiarren poligamia eta lanegituraren pare jar. Abere kondiziopean, eguneko 15-17 ordu lan eginez, hilean sei ordutako pare bat uzten zaizkie deskantsurako, lanpide eta bizitza latzak, zertarako? eta armadore kapitalistak gizenduz gero, guztira 20.000 pezeta gorabehera hilean jasotzeko. "A la parte" deritzonaren arauera irabazten dute arrantzaleek. Arrantzuko produkzioa, berriz, era honetan banatzen da: Ehuneko 75 armadoreentzat eta gainerakoa langileentzat proportzio honetan: % 8 arrantzuko patroiarentzat, % 2'5 kostakoarentzat, eta gelditzen dena, 12-13 marinelek partitzeko, bakoitzari % bat dagokiolarik.
Grebaren historia laburra
Urte honetako Urtarrilean eten zen azkenik Ondarroako arrantzaleen etsipena eta pazientzia santu eta kristaua. Hala ere, 89 itsasuntzietako arrantzaleek eguneroko ogia jan ahal izateko "Ordenanza Laboral" delakoaren 178 artikuluetatik LAU funtsezko besterik ez zituzten erreibindikatu. Halegia, hilean sei egun lurrean deskantsurako, Gabonetako eta 18 de Julio-ko extra osoak, urteroko oporketak eta seguritate sozialari zegokion soldata guztia kotizatzea.
Armadoreek eskari hauk ez zituzten kontuan hartu eta ez bete. Baina, greba hasi zenean armadoreek berehala maliobra bat muntatu zuten, greba legez kanpo gera zedin. Eta halaxe, lanuztea ezlegezkoa zelako hiru hilabeteetako greban ez zuten armadoreengandik txanponik jaso.
Madrilera alferrik
Armadoreek ez zituzten eta ez dituzte legezko erreibindikapen minimoak ere errespetatzen, baina, arrantzaleak geratu ziren legetik kanpora. Arrantzaleen batzorde batek Madrilera jo zuen eta Arrantzuko Zuzendariarekin eta "Relaciones Sindicales"-eko Ministruarekin, etab. egon eta gero ez zuten deus lortu, armadoreekin hitz egin behar baitzuten ezer erabakitzeko. Halako batetan agertu ziren armadoreetako batzu eta hauk, bai, hartu zituen Ministru jaunak; ordu pare batez arrantzaleen batzordea zoko batetan lagatu zuelarik, eta besterik gabe, arrantzaleak aho-zabalka utzirik berehala lanean hasteko agindua eman zen, baina deus lortzeke, ez lanuzte luzearen bitarteko laguntzarik eta armadoreek aipaturiko lau erreibindikapenak betetzera obligatu gabe. Kapitala nagusi beti estatu kapitalista batetan, txanponaren bi haurpegiak baitira.
Armadoreen mafia PNV JELTZALEA ote?
Hiru hilabeteren buruan, promes faltsu askorekin, baina kondizio txarragoekin ekin behar izan zioten, ezinbestean, arrantzu lanari, itsasorantz abiatuz.
Arrantzale taldeak agertu zigunez, Ondarroa Chicago txiki bat da. Dena, tranpa, dena erosita, legea langileak lotzeko, eta ongi lotuak edukitzeko bakarrik; zeren, armadoreek nahi dutena egiten badute ere, legearen zigorrak sekula harrapatzen ez baititu, nahiz eta legearen kontra zenbait antxoila kaxa harrapatu, etab. Hala ere, hori gutienekoa litzateke arrantzaleei zor zaien errespetu minimoa gordeko baliotzaie.
Ondarroako arrantzaleetako batek Al Capone motz gelditzen zela zioen, eta armadoreetako gremioa neurri handi batean, Presidentetik hasita PNV JELtzale omen. Neronek ere ezagutzen dut Ondarroako armadore bat, hori bai, oso katoliko eta elizkoia, eta ikastolan nahitaez erlijio katolikoa erakutsi behar dela dioena. Geure euskaldun fededunen artean ere ba ditugu piñarista kutsukoak, edo euskal eskuin muturrekoak.
Pertsonak eta alderdiak, ez hitzetan, eginetan baizik ezagutzen badira, horra hor JELtzale talde baten jarrera, demagogia enganiagarri guztiak apurtuz.
Burrukan aurrera
30 bat arrantzale geratu ziren lurrean hiru hilabeteetako greba ito ondoren, burrukari utzi gabe, ordea. Esperientzia gogorrak izan dira eta asko ikasi dute. Bestalde, batik bat, Gipuzkoa aldetik jasotako diru laguntzarekin erresistentziazko kaxa bat ere martxan dago. Legegizon batzu bitarteko direlarik arrantzaleentzat "ofizina laboralista" bat irekitzera doaz, horrela beste ikuspegi eta joera batez jokatuko baitute. Hurrengo saio ta ekitaldiak zuhurragoak eta burrukalariagoak izanen dira poliki-poliki; arrantzaleria dagoeneko esklabutzatik askaturik, arrantzaleria organizatu eta indartsu bat gerta dadin.
ALEX
Euskal Herrian
Botatzeak. Krisizko espedienteak
Nafarroako langile klasea, egoera delikatu batetik iragaten ari gara, dudarik gabe. Lehenik, V. Villanuevako botatzeak gertatu ziren, eta geroztik, Telma, Redin, Sedinsa, Comercio, Potasas de Navarra, Ibaigar-eko krisizko espedienteen mehatxuak iristen zaizkigu.
Entrepresa hauetarik bakoitza iragaten ari deneko egoera konkretua, jarraikoa da:
VILLANUEVA: 30 langile jaurtiki, arrazoia Urtarrilaren 17an harakintz industrien sektorearekin batera hasitako lanuztea izan zen; lanuztearen hilabeteaz gero, V. Villanuevako langileak burrukan bakarka geratu ziren eta anitz batzarre eta negoziaketaren ondoan, zuzendaritzak langileek eskatzen zuten bezainbat gehipena eskaintzen zuen, eztabaidagunea banaketa zelarik, langileek guztientzat berdina izan zedila galdatzen baitzuten eta ugazaberia ehunekotan mantenatzen zelarik.
Jaurtikiekiko elkartasunez, Iruinean burututako burrukek ez dute ukan nahi adina egiazko efektibotasuna, Martxoaren 29ko lehenengoan, entrepresa batzutan bi ordutako langeldiketak egon ziren, eta Apirilaren 29ko bigarrenean lanuzte dei berri batetan; berau langile kopuru handiena multzatzen duten entrepresarik genienek segitua, 10.000 langile inguru baino gehiago kalkulatzen da, egun horretan mobilizapenak ere egin ziren, beronen kolorapena kaleango poliziaren mukurua izan zen, manifestaldiak masiboak izan zitezen eragotzi zuena.
Egun, Villanuevako langileek eskatzen dutena beren lanposturako birsartzapena da, kondiziorik gabe.
TELMA: 1975.ean zeuden 128 langileetarik 92 daude egun; entrepresa hau karakterizatu duen egongaiztasuna dela kausa. Duela sei hilabete entrepresak lan ordezkaritzaren aurrean arazoaren soluzioa hitzeman zuen eta erantzuna oraintsuko krisizko espedientearengatik 32ren jaurtikipena izan da.
SEDINSA: 240 langilek nomina osatzen dute. Duela 6 hilabetetatik zalantza eta nahasmenezko egoera pairatzen ari dira, lanpostuaren segurantzak arriskutan daudelako zuzmurrean finkatua. Nominaren % 40ko gutipenaren proposapena egon da, langileek osoa izanen dela uste dute baina.
COMERCIO: Orvina bigarren elkartearen 44. dendan bi jaurtikipen berri egon dira; dendaren jabeak azaldu zituen arrazoiek, lan harremanen azken dekretu-legeak babestua, diziplinazko zergatikoetan oinharri dute.
POTASAS DE NAVARRA: Karnalitazko fabrikaren herstea dela eta, 129 langile jaurtikipenaz mehatxatzen ditu; gehiago direlako zuzmurrak harat-hunat dabiltza. Gau txanda bortxazkoa ezarri nahi zaie eta bai 600 langileren talde bati igandekari lan egitea ere.
Maiatzaren Lehenaren egunbetea
Berau baino egun batzu lehenago, hirian barna ari zen polizia kopuru ohigabea ikustatzen zen. Maiatzaren lehena, UGT, USO, CC OO, SUN, CSUT eta LAB sindikal erakundeek antolaturikako kontzentrapenak urratu zuen; kontzentrapena ez zen izan kopurutsua, bost milatsu etorle, apika baimena lehengo egunaren arratsalderaino segur ez baitzen eta lantoki guztietara dei seriosik egin ez zelako.
Oro har, hizlariek sozialismoa, nazional arazoa, hauteskunde fronte demokratikoaren sorrera eta langile guztien partaidegoarekin bezalako gaiak ukitu besterik ez zuten egin; langile arazoa sakonki ukitu gabe. Meetingaren azkenean jendea normaltasunez barreiatu zen eta besterik ez zen egin, hiria hartuta zegoenez gero. Nabaritu behar da ezen goizean UGTen osokide batzu porrez atakatuak izan zirela, meetingaren hospakuntza automobil batzutatik iragartzen ari zirelarik.
Arratsaldean, gazte taldetto baten manifestaldi batez landa, zeinetan indar publikoa tartean sartu ez baitzen, normaltasuna oso-osoa izan zen.
Iberian zer
Frankismo haroaren azken urteotan non ezberdin baina funtsean ezberdintasun gutitako gobernu batzu pasatu baitziren, aldaketa bakoitzean, guk, herriak, oso-osoan edo ezinbestean eta aldaketaren arauera, gure sistima autokratikoarentzat demokratizapen bat lortzeko posibilitatea ikusten genuen. Laster iturri batzutatik abisatzen zitzaigun: "Iduneko ezberdinak dituzten txakur berberak dira".
Hala eta guztiz ere, eta "sistimari" atxikituetako zirkunstantziengatik, adibidez zentsura eta abar, iturri horiek beren analisiak egiteko erabiltzen zituzten elementuak ez zitzaizkigun, herriari, ailegatzen, eta "premiagatik" ez genuen horiengan sinesten.
Sistima demokratiko, burjes, batetan gobernu baten gaitasuna epaitzeko erabiltzen den analisi elementua herri consensus-a bada, botuen portzentaia, gurea bezalako sistima autokratikoetan, erabiltzen diren elementuak errepresentatzen dituzten gizarte sektoreekiko harremanetan daude. Hau da, presio taldeak, kapitalaren sektoreak, elkarteak, eta abar. Honek, sektore hauek historian zehar hartu dituzten jarrerekin, beren gaitasuna epaitzeko benetako ezaupide bat emango digu.
Suarezen aurreko Gobernuak, eta horren barruan zeuden pertsonaien arauera, Areilza, Fraga, Garrigues, eta abar, sistimaren liberalizazio arin bat lortzeko zentzazioa ematen bazuen, honen erorpenaren ondoren, batez ere Ariasen intrantsigentziagatik kausatua, Suarez eta berarekin agintera ailegatu zirenek eskeptizismoa sortu zuten, "ongi informatuetako" sektoreetan ere, eta Suarezen nortasun politikoa aztertzen arduratu ziren beronekin ailegatutako jendea ahantzirik.
Gure informatzeko iturriak oso gutti direnez gero, artikulu honetan Suarezen taldean daudenen arteko inportanteenak aztertuko ditugu.
Pertsonekin hasiko gara eta gero hauen presio taldeei buruz hitz egingo dugu.
Alfonso Osorio.— 2. presidentordea eta Suarezen konfidantzako gizona. Madrileko Acenepista, ACNP delako Kontseilari Nazionala, Estatuko abokatua eta Aire Ministeritzaren Gorputz juridikoaren partaidea.
García Moncóren denboran Merkatalgo Idazkariordea izendatua izan zen. RENFEko presidentea, Silva Muñoz Lan Publikoetarako ministru izendatu zutenetik, honek Erregetzaren Kontseilaritza utzi zuenean berak bere kargua utzi zuen. ABC egunkarian lankidea, egunkari honetatik Ariasen gobernuaren alde agertu zen, 1.974.eko Otsailean Felipe de Borbónen jarraipenaren eskubidearen alde azalduz.
Marcelino Oreja.— Kanpotar Arazoetarako ministroa, ACNPko Kontseilari Nazionala, "cruzada"ren martiri baten seme posthumua. Diplomatikoa. Kanpotar Arazoetako Ministeritzan Castiellaren Talde Teknikoaren zuzendaria izan zen (1.962-1.969). Gero Londreseko Enbaxadara bidalia. Diplomazi Eskolako irakaslea eta beronen zuzendaritzako Batzordearen partaidea. Espainiako Bankuaren Nazioarteko Harremanetarako zuzendaria izan zen. 1.974.eko Urtarrilaren Kanpotar Arazoetarako Ministeritzako Idazkariordea izendatua izan zen eta INI delakoan horren ordezkaria. YA aldizkarian editorialeak argitaratu zituen "Tácito" taldekoa. Oligarkia espainola konposatzen dituen 100 familietako partaidea, Arburua familiarekin ahaidetua.
Landelino Lavilla.— Justiziaren Ministrua, Madrileko Acenepista. ACNPko Kontseilari Nazionala. LECko Administralgo Kolegioaren Patronatuko Presidentea. Leon XIII Unibertsitate Sozialean diplomatua. Estatuko Kontseiluko letratua eta Kontuen Tribunaleko Zentsuratzaile. 1.974.eko Urtarrilean Industriaren Idazkariordea izendatua izan zen. Banco Español de Créditoko Zuzendari laguntzailea. Trenbide eta lehorbide garraioaren Goi Kontseiluko Asesore Teknikoa. CAMPSA UNINSA, eta ACERINOSetako kontseilaria.
Eduardo Carriles.— Haziendaren Ministrua. ACNPko Kontseilu Nazionaleko Presidentordea. LECeko Kontseilaria. CEUko Goi Ikasketen Profesional Institutuko Errektore Kontseiluko Presidentea. Estatuko Abokatua. Gobernu presidentziaren Asesore Juridikoa izan da. 1.974.eko Abenduan Aurreramendurako Plangintza Ministeritzaren Kontsumu Komisioaren Presidentea. RENFEko kontseilaria eta LAUNION Y EL FENIX, S.A. entrepresako Zuzendari Jenerala.
Andrés Reguera.— Informaketa eta Turismoko Ministrua. Madrileko Acenepista. CAMPSAko Idazkari jenerala. 1.970.ean Lan Publikoetarako Ministeritzaren Idazkari Jeneral Teknikoa.
Oraingo gobernuan dauden Acenepistak ikusiz gero,goazen aztertzera Francoren haro 'gloriosean' erakunde honetako ministru izan diren partaideak: Antonio Barrera de Irimo, Pío Cabanillas Gallas, Fernando María Castiella, Pedro Cortina Mauri, Tomás Garicano Goñi, Alberto Marín-Artajo, Cruz Martínez Esteruelas, Alfredo Sánchez Bella, Federico Silva Muñoz.
Hauez gainera, eta 655 partaide konposatu arte, kargu politiko eta finantzari asko dago. Beren partaideen % 40 Madrilekoak dira, baina Andalusia eta Katalunian ia-ia % 10 bakarrik. Asturias, Canarias edo Euskal Herrian, % 1 edo 2. Agerian dago erakunde honek duen madriltasun edo erdirakoitasuna. Gaur arte, eta 40 urte pasatuz gero, elkartzeko eskubidea aitortua ez izateak ez du esan nahi ideiologia eta interes berezi batzu dituzten taldeak ez egotea. Beren dimentsio sozio-politikoagatik, talde hauetako batzuk azken 50 urte hauetan estatu espainolak eduki duen aurreramendu historikoan parte haundia hartu dute. Kasu honetan dago Asociación Católica Nacional de Propagandistas delako erakundea, ACNP.
ACNP erakundea mendearen haseran jaio zen, Vatikanoaren, Jesusen Konpainiaren eta Euskal Herriko burjeseria haundiaren laguntzarekin, erakunde konfesional iraunkor gisan. Primo de Riveraren diktadurak propagandistei lehenengo agintetik talde bezala aritzeko okasioa eman zien. Diktadurak ideiologia bat behar zuen, eta Acenepistek gorporatibismoaren teoria bat ematen zioten. 1.924.ean, Gorteen ordez antolatu zen Asanblada Gorporatiboan, 34 Acenepista ziren. Aldi hartan ACNP erakundeak 500 kide zituen.
Bigarren Errepublikaren garaian, ACNP erakundeak demokraziaren arauak onhartu eta Acenepista izango zen lehenengo alderdi berezia sortu zen, Acción Popular, 1.933.ean CEDAren gunea eratuko zuena.
Garai honetan ACNPren jokaera, eta ondorioz CEDArena, bere barruko egoerak permititzen zion bezain koherentea izan zen. Beraren kideen artean desakordioak izan ziren gobernu forma, Errepublikarekin kolaborazio, autonomien problema eta sozial aldakuntzen gehiago edo guttiago "aurrerazaletasuna"-ri buruz. 1.933.ean Gorteetan 33 diputatu zituen. 1.935.ean 3 Ministru, hauetariko bat Gil Robles y Quiñones. Hitz batez, Errepublikako garaian indar katoliko kontserbatzaileen gehientasunezko taldea izatea lortu zuen.
Militar matxinada hasi zenean, 1.936.eko Uztailaren 18 eta 19an, ACNP erakunde bezala, matxinatuen alde jarri zen. Gerra bitartean, ACNPko barruko bizitzak iraun zuen. 1.937.ean beren XXIII. Asanblada hospatu zuen, eta bere eginbehartzat zera hartzen du gobernu nazionalaren zerbitzutan egotea, beronen aginpean... "Garaitzeko orduan gaude; gero konbentzitzekoa etorriko da. Bentzutuei konbentzitzea eta garaileei neurtezinezko Jaungoikoarentzat Espainia haundi bat lortzera laguntzea".
1.940.ean, Propagandistak 580 dira. Francoren gobernamenduaren lehen urte hauetan, ACNP elkarteak ideiologia faxista garbia eta gorporatibismo kristaua elkartzen saiatzen da. Garai honetan Elizaren bitarteko politikorik inportanteena bezala finkatuko zen. Nazional katolikotasunaren sortzaile haundia izango zen; ideiologi mailan Elizaren doktrina interpretatzen eta zabaltzen du, berau gobernamenduaren beharrizanei moldatuz.
1.945.ean Acenepistek barrutik aritzea nahiago zuten, gobernamendua beren elizako ideiei gehiago moldatzeko eta sistima desfalangistatzeko. Katolikoei dei bat egin zieten nazioarteko blokeiuaren kontra.
1.953.ean konkordatua sinatu zen Sede Sainduarekin, zeinen egile printzipalenak Martín Artajo eta Ruiz Jiménez baitziren, azken hau erakundearengandik gero urrundu bazen ere. 1.959.ean barruko errebisio bat hasten da eta Martín Artajo Presidentea izendatu zuten. Propagandisten kopurua 700raino ailegatu zen, entzykliken kontserbatzeko eboluziona erazten saiatu ziren. 1.957.etik 1.965.era, agintetik urruntze epetzat kontsideraturik, ondoko Propagandista hauk Kanpotar Arazoetarako Ministeritzan aurkitzen ditugu: Castiella (Ministrua), Peña Royo (Kanpotar Politikako Zuzendari Jenerala), Marcelino Oreja (Talde Teknikoaren Zuzendaria) eta Pedro Rodríguez Ponga (Diplomazi Eskolako Zuzendariordea).
OPUS DEI elkartearen presentzia ahalguztidunak, eta Elizaren eboluzio azeleratuak, gobernamendu bizitza politikoan ACNPko krisia sorterazi zuten, berau 1.970.ean krisis honetatik berrindarturik atera zen.
Juan Karlosen izendatzea Acenepistek gogotik onhartu zuten, hauetako batzu Erregearen irakasle izanak baitziren, hala nola Aguilar dominikoa eta ondoren Vegas Latapie eta Ignacio Zulueta, Idazkari Jacobo Cano, eta Harreman Publikoen Zuzendaria Joaquín Puig.
Matesa "affaire"-a eta beronek, esklusiboki OPUSekoez osaturik omen zen gobernu bati, ekarri zion krisis ministralaren ondorioz, Acenepista batzu ministru izendatu ziren, Sanchez Bella eta Garicano Goñi adibidez.
Posfrankismoaren oinharria zen Carrero Blanco hilez gero, eta beronen lekua betetzeko Arias Navarro izendatu ondoren, Acenepistak masiboki sartu ziren ministru: Fernández Sordo, Martínez Esteruelas eta Pío Cabanillas Gallas egon ziren, eta gainera Idazkariorde, Zuzendari jeneral, eta abarren talde haundi bat. Erakundearen barruan, Oreja Aguirrek gobernamenduarekin, eta Ariasek Otsailaren 12 famatuan anuntziatu zuen prozesu liberalitzailearekin, bere politika kontziliagarria inposatu zuen.
Hau guztiau baino lehenago eta "YA" egunkariaren inguruan eritzi talde bat sortu zen eta beronek Tácito ezizenez artikulu politikoak sinatzen zituen. Talde hau Osorio, Lavilla eta Oreja oraingo ministru eta Acenepistek osatzen zuten. Tácito Espainiako kristau demokraziaren biltzeko entseiu gisa hartua izan zen.
ACNPren historian zehar ibilaldi hau eginez gero eta eduki duen joko politikoa ikusirik, etorkizunean edukiko duen joko politikoa aztertzeko gogoa etortzen zaigu, baina alde batetik lekurik ezak eta bestetik futurologia politikoak dakarkeen arriskuak, hori alde batera uztera bultzatzen gaitu. Hala eta guztiz ere, erakunde "printzipal" honetan agertzen diren izenak berrikus ditzazuen eta alderdietan eta hauteskundei begira egin diren koalizioetan ipin ditzazuen gomendatzen dizuegu, gero ondorioak ateratzeko.
Bukatzeko. ACNPko Presidentearen hitz batzu aipatuko ditugu: "Erakundeak ez du inoiz aukerabide politikorik hartzen; hau errealitate bat da. Zeren jakina denez, talde politikoak boterea lortzea nahi dutenak dira. Erakundeak egiten duena bizitza publikarako apostolutza da" Hamaika ikusteko...
Jon Andoni
Munduan barrena
Beste bat. Beste bat gehiago, problemaz beterik dagoen aintzinako Kongo Ex-Belga, gaurko Zaire. Afrika beltza eta basatiaren herri aberats bat. Munduko handikiei lotuta, lausenguz, politik eta ekonomi ustelkeriaz, mozkineriaz, eta hurrupaketaz beterik dagoen herria. Honetan, bertako kastak eta jauntxoak, Mendebaldeko oligarkhiari atxikituta, edozein modutara boterea gordetzeko prest daudenak, edonola eta edonoiz atzerritar oligarkhiari herria saltzeko prest daudenak eta lotsagabeko saltze honek, ondorio gisa, Mendebaldeko erri aurreratuen ekonomia eta beren langileriaren bizimaila nolabait altxatzen dituena ere. Zairen kobre eta kobalto neurrigabeko meatzeak daude; uranio, cadmio, zilar, urre, zink, radio, manganeso, industriarako diamanteak eta abar eta abarrezko tokiak erraz aurkitzen dira. Abarrezko toki horien artean, nahitaez bertako herria ere aurkituko dugu, baina hau beste aparteko historia batetan sartu digute, analphabetismoaren, kulturgabetasunaren, gabeziaren, tribu basatien historia gorrian sartu digute.
Alde batetik, Mobutu Sese Seko (= "oilo guztiak izorratzen dituen oilarra"), bertako lehendakaria, dugu. Honek "abertzaletasunez" bultzaturik edo, lehenik, bere buruaren izena trukatu zuen, eta geroztik beren jopuen izenak eta izen deiturak, hibai, lur, eta Kongon zeuden atzerritar izen guztiak ere trukatu egin zituen. Hainbeste truke egin zuen non azkenean dena trukaturik baitzegoen, Mendebaldeko jauntxoen eskuetan batez ere. Truke hau, berez guztiz folklorikoa eta nolabait absurdua izan da, zeren bestaldetik gobernamenduak Mendebaldeko kultura indartu egin nahi izan du, frantses hizkuntzari eta mendebaldeko kultura burjesari indar gehiago emanez. Frantses hizkuntza eta beronek Zairen dakarkion kultura burjesa nagusitu egin dira zenbait tokitan, bertako herri hizkuntzak eta kultura baztertuz eta ahulduz, gobernamenduaren atseginerako. Hori izan da Mobutu Sese Sekoren abertzaletasun maltzurra. Betikoei, defentsagabeko herri bat entregatzea, baina guzti hau kolorezko jantzi eta bertako musika eta dantzekin batera.
Txanponaren beste aldetik Mobuturen gobernamendu kontrakoak ditugu, mugimendu protestatariak edo, baina izen hau ere ez da zehatza, mugimendu horik benetako minoriak izaten baitira, hots: Mobutuk zapalduriko zenbait tribuetako jauntxo eta erregetxo deskontsolatuak, haien tribuetako herriak eta horretarikoak. Aldameneko Angola Sozialista berriak zertxobait irakatsi diete, zenbat eta zer ez dakigu, zertarako ere ez, baina behintzat herria harmatzen badute garaipena lor dezaketeela irakatsi diete. Baina noren garaipena? Herriarena ala beste kasta berezien garaipena? Gogora dezagun, esaterako, Ugandakoa edo eta Ginearen kasua. Hauek biok ere nolabait sozialist blokeko nazioekin harreman handi eta faborezkoak dituzte baina azken batez zertzu dira? Diktadura basati, zoro, eta esplotatzaile besterik ez dira. Sovietar Batasunaren jokoa garbi ikusten da, ba. Gobernamendu horrek, dudarik gabe Zaireko bizimaila altxatuko luke, eta gaurko boterea baino askoz herritarragoa izango litzateke, baina sozialist blokeko nazioek oinharrizko irabazi gehienak aterako lituzketeela dudarik ez dago. Eta hau guztiau Zaireko herriaren gainetik eta teoria guztien gainetik. Honetaz ez dirudi dudarik dagoenik, edo paperezko tigreak jango zaitu, hori bai, eskuez eta hankaz lotuta eta deihadarka gainera, edo eta pozik eta kontent, Erromako kristauak bezala, lehoien bazka izango zara.
Aukera ederra hirugarren munduarena. Ala urrikigabeko prozesu baten atala ote?
Leninismoaren zenbait dogmatikok, munduan zehar "kapitalismoa" egoten den bitartean, egoera hauei munduko normalenak deritze, eta bata edo bestea onhartu behar dela diote ere. Munduan kapitalismoa egoten den bitartean, Sovietar Batasunean askatasunik (Sozialismorik) ez da egongo. Gobernamendu gogor, "proletal" diktadurak, Txekoslovakiako, Txinako, edo Sovietarren antzekoak izan behar direla han, diote dogmatikoek. Diktadurak bai, baina proletalgoarenak inondikan ere ez, Estatuen diktadurak bai, aparatu ahalguztidunen diktadurak, zentralismo demokratikoan oinharrituak, estatar planifikapen superhumanoetan finkatuak eta sozialismoa zer den eta zer izan zitekeen ahaztu egin zaie dogmatikoei. Azken batez, Eliza Saindua bezala, mami guztia galdu dute eta izena eta dogma batzu besterik ez dituzte gordetzen. Gizonaren askatasuna lortzeko, gizona bera deuseztatu, ukatu eta hil egin behar bada, nolako askatasuna emango digu gero sistema horrek?: Txotxongiloen eta leloen sozialismoa, masa analphabeto eta materialisten sozialismoa, zentzugabeko marxismo mekanikoak!
Eta hau egia bada, eta hola bada, aurrera ed atzera egiteak ez du ezertarako balio izango. Baina merezi du saiatzea, horregatik jeneralpen guztiak faltsuak edo erdi faltsuak izaten dira, zeren egia ere bada zenbait tokitan, Kuban, Viet-Namen, Angolan, esaterako, bertako herriak lehen baino askoz zoriontsuagoak direla eta bertako bizilagunek nolabait gabezia eta ustelkeria gainditu baitute.
Baba hirugarren munduko arazo lazgarri honetan, guk, herri aberatsok, azken hitza dugu, bertako hurrupaketaren fruituak gozatzen ditugu eta.
T. Trifol
Euskal Herrian. Dossier Anaitasuna
Azken hileotan Santutxuko Karmelo Ikastolak bere zatiketara eraman duen prozesu gogorra pairatu du. Antzerako prozesuak gertatuak dira jadanik Euskal Herriko beste zenbait Ikastolan eta ez litzateke harritzekoa beste nonbait ere gertatzea. Arazoa gure Herriaren historiaren une baten erreflexua delarik, dossier antzerako azterketatxo bat egitea pentsatu genuen. Eta hona hemen J.R. Etxebarriak bertako guraso batzuren laguntzaz prestatu ukan duen txostena. Txostena hiru pausotan banaturik dago: arazoaren historia, analisia eta ondorioak, eta ez dugu dudarik egiten Herri osoarentzat, eta, batez ere, euskaldun sozialistentzat interesgarri izanen dela.
I.— Historia pixka bat
I.-1. Problemaren aurrehistoria eta sorrera
Ihazko ikasturtean, Barne Eraketarako Arautegia berriztatzeko, hobetzeko eta eguneratzeko premia sumatu zen Santutxuko Ikastolan. Horretarako, bertako Zuzendaritz Batzordeak dei bat zabaldu zuen ikastolako gurasoen artean, egokitze horretan interesaturik zeudenek, parte har zezaten eskatuz. Honela, deiari erantzunez, berrogei bat guraso bildu ziren.
Guraso horien artean, oiharrizko hamahiru lan prestatu ziren. Modu honetan lehen oinharria ipini ondoren, lan guztiok bildu eta bateratu egin behar zirela ikusi zen. Honela bada, guztion artean, puntuz puntu eztabaidatuz eta botatuz, forma eman zitzaion Asanbladara eraman behar zen aurreprojektuari. Asanbladan, lehenik aurreprojektu hori aurkeztu, horretaz informatu, gero enmiendak egin eta azkenik, botatu eginen zen Arautegia.
Baina prozesu hau, edo prezeskiago esateko, aurreprojektuaren prestapena bukatzera zihoala, lanean zebiltzan gurasoetariko batzu irten egin ziren lantaldetik, eta, denbora laburrean, beste aurreprojektu bat prestatu zuten, lehenarikiko alternatiboa. Erabaki hori hartzeko arrazoi nagusia, desberdintasun ideologikoa izan zen, bigarren aurreprojektuaren aldekoek esan zutenez, eta gurasoen eta irakasleen pisu espezifikotan desakordio.
Ordudanik, problema handiagotuz joan zen, bi aurreprojektuen arteko eztabaidak piztuz. Lehen aurreprojektua A deitu zen eta bigarrena, B.
I.-2. Eztabaidarako arauak
Gauzak garrazten hasi ziren. Animoak baretzeko, Zuzendaritz Batzordeak arau batzu ematea pentsatu zuen, modu horretan eztabaidak elkar hizketa erarik zentzuzkoenean bideratzeko asmoz. Eta eritzi okerrak eta aurreritziak baztertzeko, guraso guztiei bi Arautegien aurreprojektuak etxera bidali arte ez zitekeela batzarre informatiborik egin pentsatu zen.
Informazioari eta informatze moduari buruz, eritziak oso desberdinak ziren. A aurreprojektuaren aldekoek informazioa gauza positibo bezala egitea eskatu zuten, hau da, bakoitzak bere aurreprojektuaren alde onak agertuz, eta gero kritikatzeko eta hobeketak egiteko posibilitatea guraso guztiei emanez. B taldekoek, ordea, beren defentsarik onena A aurreprojektuaren aurkako kritika zela uste zuten.
Giro honetan, otsailaren 15ean Asanblada informatibo bat antolatu zen. Eguneko egitaraua hauxe zen: Lehenik A taldeak bere aurreprojektuaren azalpena eginen zuen ordu laurden batez; gero ordubetea osotu arte gurasoek galderak egiteko eta argipenak eskatzeko aukera ukanen zuten. Ondoren, baldintza berekin B taldearen aurreprojektuaren aurkezpena eginen zen.
Asanblada hau normalki hasi zen. Baina B taldekoen txanda hastean, beroriek jakin erazi zuten beren informazioa ez, baizik eta besteen Arautegiaren kritika eginen zutela. Jendearen parte bat zarataka hasi zen eta ezin ahal ukan zuten egin beren kritika. Asanbladan aurrerantz egiteko, beren aurreprojektuaren defentsa egitea eskatu zitzaien, eta tentsio handiaren erdian nola edo hala hori egin zuten. Gauzak garraztuagotu egin ziren.
I.-3. Bi aurreprojektuen erretirapena
Laster sentitu ziren Asanbladaren ondorioak. B taldekoek erretiratu egin zuten beren aurreprojektua. Hau ikusirik, A taldekoek ez zuten egoki ikusi berena botaketara eramatea, eta hurrengo Asanbladarako puntu minimo batzu proposatu zituzten.
Momentu honetan, B taldearen ordezkariek, A taldearen proposamena onhartzen bazen 120 guraso ikastolatik irtenen zirela mehatxatu zuten. Modu berean, negoziaketarako 10 irakasle kanpora bidaliak izan behar zutela esan zuten, baina inolako frogarik eman gabe eta inolako izenik aipatu gabe.
Egoeraren larritasunaz konturatzeko, esan beharra dago, ia haseratik Zuzendaritz Batzordea zatikaturik zegoela: Hiru A taldearen alde eta beste hiru B taldearen alde. Horrela berorien gestioa blokeaturik zegoen, eta ezin zitekeen zuzentzaile ez fruituemale izan.
I.-4. I. Azaolak partehartzen du
Lehenik eta behin, egin dezagun pertsona honen aurkezpena. Iñaki Azaola Bilboko etxegile bat da, eta Ikastolaren jaiotzetik bertatik bere laguntza eman dio Santutxuko Ikastolari ikasgelen lortzerako eta prestaketarako. Bere hitzez, Ikastolaren promotorea dela esanen dugu.
Duela bizpahiru urte, jaun honek Karmelo Ikastolarentzako lokale berriak egiteko hitza eman zuen Asanbladaren aurrean. Kontua da ezen etxe berria bukaturik zegoela, bertara joateko baimenak lortuak zirela,... eta hor sortu zen arazoaren leherketa.
Asanbladaren ondoren, Azaola jaunak arazo honetan epaile gisa partehartzea erabakitzen du. Lehen saio batetan, Zuzendaritz Batzordekoekin akordio batetara heldu nahi du, baina bere gestioan fruiturik lortzen ez duela ikusirik, gutun bat idazten du 1977-II-4ean.
Gutun horretan baldintza batzu jartzen ditu, Karmelo Ikastolako ordezkariekin lokale berrien librapena gestionatzeko. Baldintzak ez ziren diskutitu izan, baina problema ordezkarien aukerapenarekin zegoen, ordurako bi talde diferentziatu baitzeuden. Horrela, bada, bi taldeen batzorde negoziatzaileak izendatzea pentsatu zen eta horrela egin.
Bai A taldeak eta bai B taldeak launa ordezkari hautatu zituzten, eta hauk guztiok Azaola jaunarekin bildu ziren negoziaketarako, 1977-III-29an eginiko batzarre batetan.
Batzarrean, negoziaketan hasi orduko, B taldekoek Ikastolatik irteteko erabakia hartua zutela jakin erazi zuten, eta, beraz, ez zutela negoziatzen. Hala ere, esan zutenez, I. Azaolaren konfidantza berenganatu nahi zuten, lokale berriak lortzeko asmoz, eta horretarako Zuzendaritz Batzorde konkretu bat proposatu zuten, Asanbladak horren berri ukan gabe.
A taldekoak, harriturik geratu ziren, bertara negoziatzera joan baitziren. Besterik ezean Asanbladak Ikastola berria erosteko posibilitatea proposatu zioten Azaolari, baina ez zuten erantzunik ukan. Ez zen negoziaketa posiblerik, B taldeak ez baitzuen negoziatu nahi.
Arazoaren larritasunaz jabeturik, A taldekoek Asanblada konbokatu nahi dute urgenteki hilaren 5erako —Barne Eraketarako Arautegiaren arauera posiblea baita—, eta horretarako 250 familiaren sinadura biltzen dituzte (denetara 400 dira) Asanblada eskatuz. Baina argudio legalistetan finkatuz eta Ikastolaren ohitura alde batera utziz, B taldekoek ez dute onhartzen eskaria eta atzeratu egin nahi dute 19rako. Eta lortu egiten dute.
Eztabaida gogorra sortzen da 10 irakasleren expultsioari buruz. B taldekoek ukatu egiten dute negoziaketarako baldintza hori jarri dutenik, beren taldeko baten asmoa soilik izan zela esanez. A-koek esaten dietenez, momentu hartan pertsona horren ehun eta piku gurasoren izenean hitz egin zukeen, hitz horik erabili baitzituen espreski. Puntuak honela, eta gauzak argitzeko, galdetu egiten zaie B taldekoi, ea zenbaten izenean agertu duten Ikastolatik irteteko erabakia. Erantzuna laburra da: dozena baten izenean. Baina galdetu ez badiete ere, atzetik beste guraso asko dituztela diote.
I.-5. I. Azaolak ikastola berria egitea erabakitzen du
1977.eko Apirilaren 4ean I. Azaolaren gutun bat heltzen du ikastolara. Bertan esaten duenez, Karmelo Ikastolaz aparteko ikastola berri bat —Kirikiño izenekoa— egitea erabaki du (Ohar gisa, diogun, lokale berrietara joatean Karmelo Ikastolak izena aldatu eta Kirikiño izena hartuko zuela). Hala ere, dei bat zabaltzen du Karmelo Ikastolako gurasoen artean, ikastola berrirako izena eman dezaten. Modu honetan, apurtu egiten du Karmelo Ikastolako Asanbladari emaniko hitza, eta arazo honen epaile goren gisa jartzen du bere burua.
Egoeraren larritasunaren aurrean, egun horretan bertan, 250 gurasoren izenean, berorien partehartzearekin eta guraso guztiei gonbitea eginez antolaturiko batzarre batetan, hilaren 6an Asanblada egitea erabakitzen da botaketa bidez.
Hurrengo egunean, 5ean, B taldekoek batzarre ireki bat dute, aurretiaz guraso guztiak gonbidatuz. Batzarre horretan, publikoki, ontzat hartzen dute Azaolak harturiko erabakia, eta gurasoei ikastola berrirako izena eman dezaten eskatzen diete. Modu berean, hurrengo eguneko Asanbladara (beren hitzez batzarrera) ez joatea gomendatzen dute. 5eko batzarre hori pittin bategatik ez zen burruka fisikoa bihurtu, hain kitzikatu baitziren animoak.
I.-6. Irakasleen jarrera
Prozesu honetan irakasleek baturik jokatu dute. Hasteko, Otsailaren 15ean, guraso batek Asanbladan eginiko galderari erantzunez, beren artean pertsonalki eginiko botaketaren arauera A aurreprojektuaren alderago zeudela ahobatez. Aurrerago, espultsioak zirela eta, frogarik gabe, 10 irakasle espultsatzea guztiak (23 irakasle eta idazkaria) espulsatzea litzatekeela jakin erazi zuten 1977-IV-ean eta horrekin batera, edozein modutan Asanbladaren erabakia onhartuko zutela. Beraz irakasleek ere, A taldeak bezala, Asanbladaren autoritatea onhartzen zuten eta dute.
Apirilaren 6an, goizean, I. Azaolak elkar hizketa bat ukan zuen irakasleen ordezkariarekin, eta bertan irakasleak ikastola berrira joateko proposamena egin zion. Irakasleen erantzuna zera izan zen, Karmelo Ikastolakoak zirela eta, beraz, beronen Asanbladaren agindupean zeudela.
1.-7. Apirilaren 6an eginiko Asanblada
Hilaren 6an Karmelo Ikastolako Asanblada hospatzen da. Bi erabaki hartzen dira. Lehena, Azaolak jarririko baldintza minimoak espreski onnartzea da. Bigarrenean, sei ordezkari hautatzen dira, Azaolarekin lokale berrien librapena gestionatzeko. Asanblada Ikastolaren organo goren gisa berronhartzen da, eta Asanbladaren izenean eta beraren ordezkaritzaz negoziatu behar dute. Hilaren 19rako Asanblada konbokaturik dagoelarik, ordurako gestioak bukatzeko gomendatzen zaie.
Aste Santuko parentesia iragan ondoren, hilaren 14ean ordezkariek batzarre bat hospatzen dute Azaolarekin, Honek ez ditu lokaleak entregatzen, eta bere ebazpidea bakartzat hartzen du, Asanbladaren erabakiak onhartu gabe.
1.-8. Bizkaiko Ikastolen Elkarteak partehartzen du
Santutxu Ikastolaren batasuna salbatu nahiz, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak, gestio batzu egitea pentsatzen du.
Horretarako, ondoko planteiamendua egiten du: Parte interesatuekin hitz eginez, guztien planteiamenduak ikusiz, puntu berdinak ager eraziz, puntu desberdinei buruz hitz eginez eta negoziaketa bidez tentsioak gainditzea eta ebazpideak aurkitzea. Horretaz, eskaini egiten du bere erakundea moderatzaile gisa, eta lehen une batetan bi taldeek (A-k eta B-k) onhartua da. Elkar hizketara abiaburu eta oinharritzat, prestaturik dauka Barne Eraketarako organigrama bat.
Elkarteak bi batzarre ditu B taldekoen ordezkariekin (hilaren 12 eta 16an) eta bat A taldekoekin (hilaren 13an). Talde biek onhartzen dute Elkartearen organigrama eta Ikastolaren batasunari buruzko desirkundea agertzen dute; eta, bestalde biek onhartzen dute Elkartea moderatzaile gisa. Ba dirudi, beraz, arazoa konponbidean dagoela.
1.-9. Restituto Zorrilla jaunaren azterketa soziologikoa
Hilaren 16an B taldekoek batzarre bat dute Elkartearekin eta egun berean gutun bat heltzen da guraso guztien etxeetara. A aurreprojektuari buruzko azterketa soziologiko luzea da, edo, hobeki esateko, B taldekoek A arautegia baztertzeko eta burrukatzeko ukan zituzten arrazoiak, a posteriori eta beste pertsona batek —Restituto Zorrilla jaunak, Lovainako Unibertsitatean Doktore, bertan dioenez—, azalduak. Azterketarekin doan oharrean B-koek diotenez, berek ez dute apurketa bilatu inolako momentutan.
Gero aztertuko dugu zertxobait gutun hori, baina, aurreratuz, diogun ezen ateratzen dituen ondorioak nahastea sor dezaketela gurasoen artean eta, txarrago dena, neurri batetan sortu egin dituztela. Textua, nolabait ikusiko dugunez antisozialista eta antieuskaldun bezala kontsideratu behar dugu. Gainera gutunean, esaten diren gauzak, existitzen ez den mamorro baten aurkakoak dira, aspaldi erretiratua den A aurreprojektuaren aurkakoak baitira.
1.-10. Apirilaren 19ko Asanblada
Asanblada honetara ez ziren joan B taldekoak (aurreko Asanbladara joan ez ziren bezala), ez guraso arruntak eta ez Zuzendaritz Batzordekoak ere. Jendeak Batzordeko B taldeko hiruren dimisioa eskatzen du. Eta botaketaz, horrela onhartzen da eskaria, hurrengo Asanbladan defentsarako posibilitatea emanez. Dimisioa eskatzeko ematen den arrazoia hauxe da: Batzordea Asanbladaren ordezkaria delarik, pertsona horik Asanblada onhartzen ez dutenez eta beste ikastola berri batetara joateko izena eskatu dutenez, pertsona horik ez dute jadanik Asanblada ordezkatzen, eta, beraz, dimititu egin behar dute.
1.-11. Bizkaiko Ikastolen Elkartearen azken saioa
Apirilaren 22an Elkarteak batzarre batetara deitu gintuzten A eta B taldeen eta irakasleen ordezkariak eta I. Azaola. Puntu berdinetan batuz, besteak eztabaidatzea izan zen Elkartearen asmoa. Baina batasun nahiari buruzko galdera egitean, erantzunak desberdinak izan ziren: A taldekoek eta irakasleek ikastola bat nahi zuten, B taldekoek bi ikastola nahi zituzten, eta I. Azaolak bere ebazpidea baino ez zuen onhartzen.
Gauzak horrela, eta era guztietako ahaleginak egin arren, ez zen konpondu ahal izan Santutxuko Ikastolaren batasuna. I. Azaola ez zen bere jarrera pertsonalista eta autoritariotik higitu. B taldekoek Azaolaren jarrera onhartu zuten, lokale berriak erabiliko zituztelako esperantzan. A taldekoek eta irakasleek ez zuten zer eginik.
Batzarre horretan, bi ordutan edo hitz egiten egon ondoren, I. Azaolak gurasoei bidalia zien gutun bat irakurri zuen, non bere burua epailetzat jartzen baitzuen, eta bere aldetik gurasoak. Asanblada batetara berarekin hitz egitera deitzen baitzituen. Gutunarekin batera, Kirikiño Ikastolarako izena emateko fitxa bat ere bidali zuen.
Azaolaren jarrerarekin beren gestioak zentzurik ez zuela ikusiz, Elkarteak bukatutzat eman zuen batzarrea, eta hor bukatu ziren negoziaketak.
1.-12. Apirilaren 26ko Asanblada
Asanblada honen egitarauko lehen puntu gisa, Zuzendaritz Batzordeko B taldeko kideek, beren dimisioaren eskariaren aurkako defentsa egiteko aukera zuten. Baina bertara inola ere agertu ez zirenez, beraien dimisioan botaketan jarri zen, eta baiezkoa irten zen. Ondoren, Zuzendaritz Batzorderako kide berriak hautatu ziren.
Azaola jauna eta Bizkaiko Ikastolen Elkartekoak gonbidaturik zeuden Asanblada honetara, eta etorri ere egin ziren. Azaolak gutun bat entregatu zuen. Beron irakurri ondoren, eta bertan zegoela probetxatuz, jendeak zenbait galdera egin zizkion Azaolari. Galderarik funtsezkoen eta zuzenena zera izan zen, halegia, ea lokale berriak Karmelo Ikastolako guraso guztiei eta irakasle guztiei emanen zizkien. Hamar bat minutuz hitz egiten egon ondoren, ez zuen ez baietzik ez ezetzik argiro eman, eta gero joan egin zen. Praktikan ezetz garbia eman zigun.
Hortik aurrera, Ikastola apurturik zegoen praktikan. Orduan lokale berriak lortzeko gestioez informatu zen eta Azaolaren lokalez aparte aurrera egiteko erabakia hartu zen.
Asanblada horren bukaeran Bizkaiko Ikastolen Elkartekoek hitz egin zuten, A taldeko negoziatzaileek emaniko informazioa egiazkoa zela esanez eta Karmeloko Ikastolari beren laguntza eskainiz.
II.— Analisia
Gertakarien kontaketa hutsarekin, arazoa bizi ez duen jendea ez da beharbada konturatu ere eginen, zein izan den problema. Horregatik, gaingiroki bada ere, analizatu eginen dut zatika, eztabaidaturiko puntu nagusiak zeintzu diren azalduz.
II.-1. A aurreprojektuaren linea nagusiak
Gauza batzutan berdintsu direnez, hemen puntu bereizgarririk nagusienak aipatuko ditugu soilik.
A aurreprojektuan, irakasleak Asanbladaren partaide dira eskubide osoz, eta zuzendariaren hautapenean partehartzen dute.
Ikastolaren helburuetariko bat euskararen eta euskal irakaskuntzaren erreibindikapena da. Ikastolan gauzatu egiten da euskaraz ikasteko eskubidea, eta, modu berean, eskubide hori agerian jartzen da jendearen aurrean.
Erlijioari buruz, zera dio aurreprojektu horrek: "Heziketa erlijiosoaren erantzukizuna familiari eta bizi deneko komunitate kristauari dagokie. Ikastolari dagokion arloan, haurrak balore kristauetan heziko dira. Heziketa erlijiosoa irakasle sinesdunen ardurapean emana izanen da".
A organigrama
Ezagugarriak
- Asanblada subiranoa da.
- Asanblada gurasoek, irakasleek, administrariak, kooperatibistek eta laguntzaileek osotzen dute.
- Asanbladak 3 guraso hautatzen ditu zuzenki. Zuzendaritz Batzorderako eta beste 5, Batzordeetan hautatuak birbaieztatzen ditu.
- Zuzendaritz Batzordean 4 irakasle egonen dira.
Bizkaiko Ikastolen Elkartearen organigrama
Ezagugarriak
- Asanblada subiranoa da.
- Asanblada guraso eta irakasle guztiek osotzen dute.
- Asanbladak 8 guraso hautatzen ditu zuzenki, Zuzendaritz Batzorderako.
- Zuzendaritz Batzordean 4 irakasle.
Gestioari buruz, haur, guraso eta irakasleen partehartze aktiboa helburu gisa jartzen da. Eta bukatzeko, ikastola hauzategiko iniziatiba kulturalei irekia egon behar dela eta hauzategian euskal kulturaren hedatzailea izan behar dela kontsideratzen da.
II.-2. B aurreprojektuaren linea nagusiak
Irakasleak ez dira berez Asanbladaren partaide, nahiz eta kooperatibista eginik aukera hori duten. Era berean, irakasleak irakasle izateagatik ez dute Zuzendaritz Batzordean partehartzerik.
Zuzendari Pedagogikoa Zuzendaritz Batzordeak hautatua da, irakasleek partehartzen ez dutelarik.
B aurreprojektuan, ikastola eskola bilingue arrunta da, helburutzat euskara eta gaztelania ikastea jartzen baita.
Erlijioari buruz zera dio B aurreprojektuak: "Haurrak balore kristauetan formatuko dira eta horretarako erlijio katolikoan heziko dira.
Familiaren batek beren seme-alabek formazio hori har dezaten nahi ez badu, Ikastolak errespetatu eginen du haren pentsamendua eta haurra gai horretaz liberatua izanen da, Ikastolak esfortzua eginez haurrari jarrera hori problematiko gerta ez dakion, zeren eta haurraren eta bizinguru familiarraren arteko konfliktua sor dezakeen edozein okasio ebitatu behar baitu.
Irakasle ez katolikoek ez dute erlijiorik irakatsiko".
II.-3. Bizkaiko Ikastolen Elkartearen eskema zein den
Elkarteak bere burua moderatzaile gisa aurkeztu zuenean, organigrama bat proposatu zuen oinharri modura. Organigrama hau A aurreprojektuaren antzerakoa da, zenbait xehetasun aldatuz eta hobekuntza batzu eginez. A aurreprojektuko organigramarekin dituen desberdintasun eta xehetasunak hauxek dira:
- Batetik, Zuzendaritz Batzordearen guraso parte osoa (8 guraso) Asanbladan hautatzen da. Eta gero batzorde honetatik irteten dira beste Batzordeen arduradunak. A aurreprojektuan hiru guraso hautatzen ziren zuzenki eta bost, Batzordeetan hautatu ondoren onetsiak ziren Asanbladan.
- Bestetik, zuzendari pedagogikoaren hautapena modu zehatzez adierazia da. Bai Zuzendaritz Batzordeak eta bai irakasleek hartzen dute parte hautapen horretan. Ikus dezagun nola:
"Lehenik eta behin kandidatuak aurkeztuko dira, Zuzendaritz Batzordeak (irakaslerik gabe) eta irakasleen klaustruak aukeratuak. Estudiatu eginen dira eta bi estamentuok ados jartzen badira, horixe da Zuzendaria. Bestela, bi estamentuok, zein bere aldetik, botaketaz eta 2/3-eko gehiengoz Zuzendariaren hautapena eginen du. Bi estamentuok hautaturiko pertsona berbera bada, ebatzirik dago arazoa; bestela, Asanbladak hautatzen eta erabakitzen du bi pertsonen artean".
Esan beharra dago ezen bi taldeen ordezkariek onhartu dutela organigrama hau, ohartxoren bat gorabehera.
II.-4. Sozialismoaren aurreko jarrera
R. Zorrilla jaunak eginiko txostenean afirmatzen denez, A taldekoek eginiko aurreprojektua, ideologia sozialista duten pertsona batzuk egina dateke. Gainera, gutunaren eta txostenaren textuinguruan, sozialismoa gauza peioratibotzat jotzen da, gauza txartzat. Eta horixe da, B taldekoek kalean harma gisa erabili dutena: "A taldekoak sozialistak (edo komunistak) dira —esan dute—, beraz kontuz ibil horiekin". Harrigarria gertatzen zait, gaur eguneko Euskal Herrian hitz horrek herritar den inor ikaratzea. Izan ere, zentru eta zentru-eskuin aldeko Alderdietako ordezkari batzu, ipurdia galduz sozialista direla esaten eta berresaten ari diren momentuon, oso eskuin aldekoa izan beharko, hitz horren eraginaz beldurtua eta ikaratua gertatzeko; bestela ezin uler daiteke horrelakorik.
II.-5. Asanbladaren onharpena
Nahiz eta lehen momentuan bi taldeen eritzian Asanblada organo nagusi eta subirano izan, gauzak aurreratuz joatean, nolabait aldatuz joan zen eritzi hau. Azkenean, ez B taldeak eta ez Azaola jaunak ez dituzte onhartu izan Asanbladaren erabakiak, ez teorian eta ez praktikan. Aitzakia modura, maneiaturik zegoela eta antzerako gauzez justifikatzen eta arrazionaltzen zuten beren jarrera. Prezeski, bai B taldeak eta bai I. Azaolak erabili duten argumentua, minoriak errespetatu egin behar direla —berak minoria izanki— izan da... maioria ere errespetatu behar dela kontutan hartu gabe.
II.-6. Euskararen aurreko jarrera
Zorrilla jaunaren lanean, kritika harrigarri hau egiten zio A aurreprojektuari: "Según el proyecto de estatutos, la Ikastola es un instrumento de vasconización de la Sociedad. Se enuncia aquí claramente un principio de partido, que sobrepasa las funciones admitidas como específicas de las escuela". Harrigarria benetan.
Ene ustez, hori partidu baten printzipioa dela esatea, Euskal Herriari barre egitea da. Jaun honek Ikastolaren oinharrietariko bat ukatzen du. Ez ote da Ikastola, gure gizartea euskalduntzeko bide bat? Nik neuk hori uste dut behintzat. Eta euskaldunok horixe uste dugu. Baina jaun hori, nahiz eta bere ikasteak egiteko bidea Lovainaraino luzatu, ez dirudi Euskal Herrian bizi denik edo, zehazkiago esateko, Euskal Herriarekin bizi denik. Kontura dadin, hauxe esanen diot: Euskal Herriaren euskalduntzea (edo nahiago baduzue, berreuskalduntzea) Herriaren eskari eta helburu bat da; eta ez alderdi bakar batena, espainol ez diren alderdi gehienena baizik. Eta, sinestu ezin dudalako, galdetu eginen nieke B taldekoei ea beren eritziz Ikastola gure gizartearen euskalduntzerako tresna eta bide bat ez den. Ala beren seme-alabei gero gizartean euskararik ez erabiltzeko irakasten ote diete euskara? Modu berean, B aurreprojektuan egiten den planteiamendu linguistikoa erabat diglosikoa da. Horrelako ikastetxeak ikastetxe bilingueak izanen dira, baina ez ikastolak.
II.-7. Azaola jauna Asanblada gainetik
Bai B taldeak eta bai Azaola jaunak berak ere, irtenbidea erabakitzerakoan ezentzunarena egin diote Asanbladari. Gehiago oraindik, Azaola jaunak Asanbladaren gainean jarri du bere pertsona, irtenbide bakartzat berea exigituz. Ikastolari eman dizkion zerbitzuengatik ez diogu jaun horri bat ere meriturik kentzen, baina oraingo honetan pasatu egin dela esan behar da, zeren eta bere lanek ez baitiote inolako abantailik ematen joko honetan. Azken batez, suposatzekoa da, arazoan sarturik egon diren A eta B taldeko guztiok —askok behintzat— Herriari hainbat lan eta neke eskaini diotela, eta lan horik neurgaitzak dira, objetiboki eta subjetiboki neurtu beharko bailirateke. Beraz, Ikastolaren arazoan Azaola jauna beste pertsona bat baino ez da. Ordea, bere lanbidez Ikastola berriaren etxegilea da, eta horri dagokionez hitza eman zion Karmelo Ikastolako Asanbladari. Hitz hori unilateralki apurtu du, bere burua azken epailetzat joz eta Asanblada gainetik jarriz.
Bide beretik, eta bi taldeok moderatzaile gisa Bizkaiko Ikastola Elkartea hartu arren, 1977-IV-22an eginiko batzarrean bere burua Elkarte horren gainetik jartzen zuen, irtenbide bakarra bere ikastola berria zela jakin eraztean.
II.-8. Irakasleen eskubideak
Prozesu osoan zehar, konstante modura, zenbait irakasleren aurka B taldekoek ukan duten jarrera ikusi izan da. Lehenik 10 irakasle espulsatu behar zirela esan zuten, ez izenik eta ez frogarik espezifikatu gabe. Gero, hori pertsona bakar baten kontua zela esan zuten. Ordea, Bizkaiko Ikastolen Elkartearekin edukirik elkar hizketan, berriro ere 3 irakasleren inkonpabilitatea negoziatzeko posibilitatea eskatzen zuten, hemen ere ez izenik ez frogarik aipatu gabe.
Dirudienez, irakasleen aurkako jarrera hau ihazko honanzkoa dateke batez ere. Aurretik, gehienen eritziz, gure irakasleak Bizkaiko onenak ziren guttienez. Baina Irailaren 27an eta Hazilaren 12an eginiko greben ondoren, beraien "ideologiak" zer pentsa ematen zien B taldekoei.
Hori dela eta, B taldekoek irakasleen kontrole ideologikoa nahi zuten. Eta ez soilik etorkizunean kontratatuko direnena, baizik eta jadanik urteetan lan egiten dihardutenena ere. Konkretuki, negoziaketan galdera hau egin zitzaien B taldekoen ordezkariei: "Demagun irakasle marxista (gehiago espezifikatu gabe) bat. Profesional ona da, Ikastolaren Arautegia zuzenki eta ongi betetzen du eta ez du inolako propagandarik egiten. Onhartzen al duzue horrelako irakaslerik? Ordezkari baten erantzuna, ezetza izan zen. Beste biek ez zuten ezer erantzun. Bistakoa denez, talde hori antimarxista argia da, zer esanik ez; eta ez du onhartzen ez pluralismoa eta ez ideologi aukerarako eskubidea. Edozein modutan, jakin dezatela ezen irakasleek —beste pertsona guztiek bezala— eritzi askatasunerako eta aukera ideologikorako eskubide osoa dutela, eta eskubide hori ezin diela inork ukatu. Irakasle den aldetik, Ikastolaren Arautegiaren arauera objektiboki juzkatua izanen da soilik.
II.-9. Ikastola eta hauzoa
Ikastolako eta hauzoaren arteko lotura gauza negatibotzat hartua da bai B taldekoen kritiketan eta bai Zorrilla jaunaren azterketa soziologikoan. Nire ikuspuntutik guztiz alderantziz gertatu beharko litzateke ordea. Nola ikusten dute, bada, ikastola? Guztiz aseptikoa den eta gizartetik urrundutaz dagoen gauza bat bezala? Ez al da ikastola gizartearekin loturik egon behar? Nola lotzen dute Ikastolaren egintza Euskal Herriaren dinamikarekin? Ala gure hauzategia Euskal Herriaren dinamikarik aparte dago?
III.— Burruka honen ondorioak
Burruka latza izan da eta, nolabait esateko, bertan "zaurituak" eta "hilak" egon dira. Santutxuko Ikastola apurturik geratu da eta ez dakigu, epe luzetara arazo honen ondorioa zein izanen den.
Planteiamendu aldetik, sinpleki eta laburki, alde batetik eskuineko eta bestetik zentru eta ezkerreko (ezker abertzaleko nagusiki) bi indar talderen burruka izan dela esan dezakegu. Eskuin taldekoek dudatan jarri ukan dute Asanbladaren balioa, sasilegalismotan finkatuz eta maneiaturik dagoela aitzakiatzat hartuz. Honela, minoriak domeinatu egin du maioria. Hori lortzeko indar ekonomikoaz baliatu da, kasu honetan, indar hori lokaletan egonik, Izan ere, lokale berririk izan ez balitz, burruka hau bestelako termino oso desberdinetan planteiatuko zatekeen. Baina etxegilea erabat identifikaturik egon da B taldekoekin, bai ideologikoki eta bai familiarki. Eta hor ukan dute indarra.
Zer gertatuko den? Segur asko, B taldekoak lokale berrietan sartuko dira hurrengo ikasturtean, Azaolaren bidea onhartzen baitute, eta han "Kirikiño" izeneko ikastola berria eginen dute. A taldekoek lokale berriak lortu beharko dituzte, biziko badira behintzat.
Bitartean, galtzaileen artean haurrak kontatu beharko dira. Aurtengo ikasturtea bukatu arte lokale desegoki eta penagarrietan iraun beharko dute, nahiz eta lokale berriak eta jolaslekuak bukaturik egon. Bestetik, eta txarrago dena, haurren artean zatiketa mingarria gertatuko da, orain arte elkarrekin egon diren adiskideak ikastola desberdinetan joanen baitira datorren urtean. Horietariko batzuk, gainera, irakasle berriak edukitzean, zenbait aldakuntza pedagogiko jasan eta pairatu beharko dituzte.
Eta irakasleak zer? Beren gutun batetan esan dutenez, Karmelo Ikastolaren irakasleak dira eta berroren Asanbladaren agindupean daude. Batera, jokatzeko erabakia hartu dute eta ez dira Kirikiño Ikastolara joanen.
Arazorik eta dudarik larriena gurasoen erabakian egonen da. Zer eginen dute laurehun familiak? Alde Batetik, lokale berriak bukaturik; bestetik, irakasleak, irakaskuntz eskubideak eta lokale berriak lortzeko esperantza. Zer eginen ote dute? Zeren eta azkenean, ongi informatu ondoren, guztiok erabakiren bat hartu beharko baitute.
Azken oharra
Beharbada, bukatu aurretik igarri eginen zenuten neke handirik gabe, dossier hau prestatu duten pertsonak —eta neu pertsonalki— A taldearen aldekoak direla. Izan ere, ni neu talde horren izenean hautatu zen batzorde negoziatzaileko bat naiz. Informatzaileak nolabait objektiboa izan behar du. Eta egia esan, horretara saiatu naiz (gara), dossier honen lehen zatian (Historian) batez ere. Analisiak eta ondorioek subjetibotasun kutsu gehiago dukete. Dena den, arrisku hori hartu nahi ukan dut (dugu).
Edozein modutan, beharrezkoa ikusi dut (dugu) dossier hau Euskal Herri osoaren aurrean jartzea, horrelakorik beste inon gertatzen bada —antzerakoak gertatuak baitira—, bertakoek garaiz neurriak hartzen jakin dezaten.
Elkar ikuska
Santutxuko Hamabostaldi Kulturalaren antolatzaileekin
Bilboko Santutxu hauzategian —hobeki esan, Bilbo barruko "herri" honetan— ihaz bezala, irakurleak gogoratuko duenez agian, aurten ere hamabostaldi kultural bat antolatu da, Maiatzaren erdi tertziorako. Beronetan, hauzoko elkarte GUZTIEK hartu dute parte, eta ihazkoari loturik hartu ere. Bigarren hamabostaldi hau antolatzeko gai badira, argi geratzen da, elkarte hauen koordinatzailea sendotuz doala errepresio guztien azpitik eta demokrazia guztien gainetik, eta estabilitate orekatsu bat lortua duela.
Koordinatzaile honetako ordezkari batzurengana jo dugu, berri zehatzagoren bila.
1.—Zeren inguruan antolatu duzue, halegia, zertan datza zuen eritziz, hamabostaldi honen muina?
— Santutxuko elkarteak, hauzategiko problemen espresiobide dituk. Guk, beraz, hauzategiak jasaten dituen problemak asumitu eta azaldu nahian plantatu ziagu egun hauk.
2.—Zeintzu dira, hauzategiak une honetan bizikien sentitzen dituen problemak?
— Liburu asko idatz zitekek Santutxuri buruz... Guk, Santutxu eta Euskal Herriaren problemarik bizienak hartu zitiagu. Aspalditik erakutsi zik Santutxuk euskararen nahia, euskal gau eskolak eta "Euskal Jaiak" antolatuz, eta eskola eta ikastetxeetan euskara sartuz (7 zentrutatik, batean izan ezean, guztietan lortu ziagu euskara irakasten hastea).
Honez gain, Santutxun ere nabaria da Euskal Herri osoak duen amnisti egarria. Beste hauzategietan bezala, Santutxuk ere, zigortuak eta espetxeratuak ugari izan zitik, eta amnistiaren aldeko burruka onhartu eta asumitu zik. Horregatik, kulturari dedikaturiko egun hauetan, beharrezko zeritzoagu amnistia aipatu, eskatu eta exigitzeari.
Beste alde batetik, jakin ere ondo diakiagu Santutxuko problemek ez dutela erantzunik edukiko, alternatiba politiko baten barruan ez bada: Autonomia eta autogobernuaren eskaria diatork plazara, gure problematikaren erantzungailu izatera. Horregatik, Autonomia izango duk hamabostaldi honen hirugarren muina.
3.—Beraz, aurtengo ihardunaldia, euskara, amnistia eta autonomiaren inguruan antolatuak dituzue. Baina, antolaketari dagokionean, zertan egin duzue aurrerantz ihaztik?
— Antolaketak hainbat lan eskatzen zik, eta lanak higuina ematen ziok mundu guztiari, baina garbi diagok ihaztik hona Santutxun pausu inportante bat eman dela. Ihaz espontaneo gisa mugitu gintuan, eta aurten, berriz, urte batetako koordinaketaren ondorioz egin diagu. Kultur egun hauen antolaketan, hauzoko elkarte guztiek hartu zitek parte, baina, elkarte batzurengan jausten duk lanaren pisu gehiena.
4.—Zer lortu nahi zenukete edo zer nahi duzue kultur ekintza hauekin?
— Lehen esan bezala, egun hauetan, herriak bizi dituen ardura eta giroa azaldu eta espresatu nahi genitiake, baina ba diakiagu herria mugaturik edo "kontrolaturik" dagoela, telebista, irrati eta periodikuen bidez. Horrela ba, espresabide bat izatez gain, herriaren esnatzaile eta zirikatzaile izan daitezen nahi ziagu. Hau da, herria batu. Herriari hitz egiteko —eritzia emateko— posibilitateak eskaini eta herria kontzientziatzeko bide batzu jarri. Hori izan daitezke lortu nahi ditugunak.
5.—Kultur hamabostaldiok urtea behin baino maizago egiteko asmorik ba al duzue?
— Beno, urtean zehar, hamabost egunetako ekitaldi bat egitea ez duk gehiegi, ez. Baina, bestalde, ez gintiake euskarak kezkatuko, 800 pertsona ez balebiltza euskara ikasten. Ez geniake haurren egun bat antolatuko, gurasoak arduratuko ez balira urtean zehar. Ez gintuzkek amnistiaren inguruan bilduko orain, urtean zehar egin ez balira amnistiaren aldeko hainbat ekintza (berdeguneak, polykiroldegia, euskara, kaleen gora-beherak, etab.) eta berauetaz lan egin ez balitz, ez geniake autonomiaren premia kaleratuko orain.
6.—Nola pentsatu duzue, kultur problematikatik kanpo dagoen jendearen partehartzea?
— Guk pentsatzen ziagu, jendea, gure kasuan, hauzo problematikaren inguruan biltzen dela. Herri Kultura, bestalde, hauzo bizitzan finkaturiko espresioa dela. Honela biltzen zaiola jendea herri kulturari. Gainera, gaurko gizartea, 40 urtetako faxismoaren ondorengo jendea gaituk, eta jendea biltzeko, egun bat baino gehiago beharko ziagu.
Oso ongi, mila esker, ekintza imitagarri hau daramazuen langile guztioi.
J. Etxebarri
Donostian egindako "Herri-kantarien Topaketa"-z berri aski izango duzue "Anaitasuna" kaleratu orduko. Honengatik, hemen laburki jaialdi zertan izan zen esan ondoren, jaialdiako giroari buruz ikuspuntu jeneralak eman nahiago dugu. Dakizuenez, "Topaketa" honetan Flandes, Alsazia, Gales, Galizia, Katalunia, Valentzia, Bretainia, Okzitania eta Ipar eta Hego Euskal Herritik etorritako kantariak egon ziren. Antolatzaileak IPES, EGB mailako umeen gurasoen elkartea eta Donostiako C.A.T. izan ziren.
Kantariak, oso ongi
Nahiz eta kantarien kalitatea oso desberdina izan, kantariak ondo egon ziren bere paperean, topaketa honetan. Kalitateak goi-behera handiak izan zituen, hala ere. Kantari batzuk profesionaltasun baten indarra izan zuten, hots, Lluis Miquel valentziarrak edo Maite Idirin birbiztu batek. Ez dugu esan nahi profesionalak direnik, beren abestiak oso landuak direla baizik. Beste kantari batzuk, berriz, ez zuten inpresio on bat eman eta "etxetik ibiltzekoak" dira oraindik. Hauen borondateak eta asmoak beren kantaera baino gehiago balio dute, Flandesetik etorritako kantarien kasuan bezala.
Entzuleak
Kiroldegian zeuden bost mila lagunen artean, era guztietako entzuleak egon ziren. Ba ziren beren artean kantaldia serioski hartu zutenak. Herri zapalduen kanta topaketa bat, gure ustez, seriotasun batez girotua egon behar du. Honelako jaialdi batetan kantari bakoitzak bere herriaren arazoak agertu nahi ditu eta entzuleak, gure ustez, kantariak zer esan nahi dion jakitera saiatu behar du. Herri zapalduetako kantariak ekartzea, ez da "Rolling Stones" edo beste talde famatuak ekartzea bezala. Herri zapalkuntzei buruz egindako hitzak ez dira dantzan eta farrez, jan eta edanez entzuteko eginak.
Entzule talde batek, ikusten denez, beste eritzi bat zuen gai honetaz eta, jaialdi honetako atseden uneetan txaranga bat agertzen zelako, jaialdi guztia "txaranga" zela uste zuen, ikusi genuenez. Horrelako jendeek edozein jaialdiko antolatzaileen asmo onak pikutara bidaltzen dituzte bere iji-aja desegoki. Gauza bat da bakoitzak bere oihu, bandera eta konsignak atsedenetan edo kantaldiak hasi baino lehenago edo amaieran zabaltzea. Beste gauza bat da oihuz eta banderaz kantarien lana hondatzen dutenean. Bandera beltzekin ibili ziren "pailazoei" buruz idazten ari gara, bereziki. Ez dugu esan nahi bandera beltza zeramaten guztiak pailazoak zirela, baina pailazoen papera kantaldian egin zutenek bandera hori zeramaten. Gauza bat, gure ustez, anarkista izatea da eta beste bat "anarkista" kantaldi-zapuztailea.
Orain "hijos de papá" direnek bandera beltzekin eta aurpegia kolorez pintatuz ibiltzea moda berritzat hartu dute, "hippie" ahul eta faltsu batzu bezala. Whigt irlan dute bere leku egokiena, eta ez euskal edo herri kantaldi baten barruan.
Gogorregiak garela esango du norbaitek, baina gure ustez era honetako bufoiak gure jaialdietatik kanpo bota behar ditugu, Anoetan egindako jaialdia zeharo hondatu baitzuten eta Donostian bezala, beste zenbaitetan honenbeste egiteko kapaz direlako. Eta berdin diogu, noski, pailazo hauekin batu zirenei buruz. Horien lekua erromerietan dago, menditan eta zelaietan edo, bestela, beste era batetako kantaldietan.
Antolatzaileak
Ondo lan egin zuten antolatzaileek. Bost mila lagunentzat jaialdi on bat antolatzea ez da txantxetako gauza. Herri bakoitzaren egokienak bilatu eta ekarri zituzten. Atsedenaldietan egon ziren txaranga eta trikitilariek ere, beren papera ondo bete zuten. Antolatzaileek, hauek bai, alaitasun eta seriostasun epeak ondo berezitu nahi izan zuten. Kanta bakoitzaren aurretik aurkeztaileak kantaren esanahia agertzen zuen euskara hutsean. Jaialdi osoan ez zuten hitz bat ere erdaraz esan antolatzaileek, honelako jaialdi batek eskatzen duen joera logikoena baita. Une batetan Donostiako Hauzo Zaharrean jasotakoen berri eman zuten hauzo elkartekoek, manifestaldi batetara dei eginez. Antolatzaileen akats bakarra zera izan zen, pailazoei ohar serios bat ez egitea. Gure ustez, antolatzaileek oraindik falta den edukazioa sorterazten hasi behar dute. Bestela, hemendik aurrera, gure kantaldiak erromeria hutsak bihurtuko zaizkigu. Anoetan egon ziren entzule gehienak, gure ustez, gure eritzikoak izango dira.
X.A.
Eguzkia puskatzea litzateke, bizi garen haran grisean, eginbeharrik premiatsuenetako bat. Bizi garen belardi beltzean, zein hesitzen duten zuk (nik) eta zure (nire) señorak, eta zure (nire) panfloak, eta gure telebisioak eta gure eguneroko bizitza xinple eta mekanikoak jasotako zuntoiak. Haren energiaren zipriztinak jasoz, farra etorriko litzaiguke, noski, geure ezpain nikotinatuetara, eta gizendu eginen ginateke, eta kolore gorri osasungarriz hornituko genuke geure aurpegi zuriska, eta geure amen zorionik berotsuenak jasoko genituzke ondorioz, seme ezinhobe batzuk bezala. Txim, Pum.
Bien bitartean, ordea, kronika ilunak idaztera kondenaturik gaude, nago. Bi theatro saio ikusi ditut Bilbon asteamai honetan: Akelarre-ren "Irrintzi" delakoa (txartelek ziotenez, Gabriel Celaya, Blas de Otero eta Gabriel Arestiren poemetan oinharritutako errituala, Euskal Herriko Errituala omen dena) eta Colectivo El Buho-koak, Alfonso Sastre-ren "Odola eta Hausterrea" edo "M.S.V." deitu lanari buruz egindakoa. Bi arrazoi tristatzeko. Baina komenentzia dateke kontaerari lehenagotik heltzea. Kontaera hau, hain zuzen, larunbataren bazkalondoan hasten da.
Bilbo, hiri iluna da, zubiduna, makina bat kalatxori, eskale eta giputzen patria. Denetara zazpi zubi ditu, eta erabiliena, seguru asko Arenalekoa izanen da. Eta handik pasatu ginen laguna —bixkaitar traidorea— eta biok Boulevard kafetegi zahar bezain baketsuan hogei pezeta patrikeratik xahutu eta gero. Zubi horrek, erantsirik dauzka oraindik victoriaren seinaleak, hitleriar zapelaitza, eta erramuzko koroa; horiei begira, zapelaitzak birhegaldatzeari emanen ote dion, eta erramua birloratuko ote den galdetu genion geure buruari. Baina buruak ere mututu egiten dira zenbaitetan.
Neure lagunak, Bilbo Pragaren berdina dela esan zidan, hau bezala espresionista dela, eta Kafka eta Kafkaren aintzindariak, Kubink eta beste, berdin sor daitezkeela Bizkaiko zulo honetan, han bezala hemen ere. Neu ez nator bat, arazo honetaz, neure lagunarekin; baina Asicurazioni Generali delakoak, non lan egin baitzuen Pragako eskritoreak, ba zuela hemen ere bere delegaketa esan nion.
Honela, kontu-kontari jostatzen, plazara heldu ginen. Banku Zentralaren paretarantz abiatu ginen laster, berau baita politik txartelen erakustegirik oparoena. Uste bezala, beteta zegoen: Maiatzaren lehenean geunden ia. Han, zabaldu berri den zuzmurraren berria adierazi zidan traidoreak, zera, banku horretako zuzendaria ezkertiar bihurtu omen dela hainbeste irakurketa gaiztoz. Objetiboki ezinezkoa duk, esan nion nik, baina horik eta haundiagoak ikusteko jaioak gaituk.
Plaza hori, Aita Vizcayaren babespean, bankukumez bete da, Bankunion Beltza azkenekoa izan delarik. Bere horma beltz distiratsuak ezin hobeKi zerbitzatzen diete sprayzuri zaleei, eta eskertzekoa da. Eskertzekoa ez dena, plaza inguratuz dauden zazpi erlojuen existentzia da: ba dakigu zenbat maite duen kapitalak denboraren neurketa, baina guk ere, alferrok eta bestek, ba dugu geure bihozñoa, bizitzeko eskubidea, eta ez dugu zer ordu den jakitera kondenatuak izan behar, aski dugu geure ezbehar partikularrekin. Joder.
Gran Vian eseri ginen, denbora pasa, jendeari begira. Ez genuen sarrerarik ordaindu. Eta patxada hura profeituz, Anaitasunan, hainbeste urte gero, berridaztea erabakia nuela aitortu nion. Ezer esatekorik ba duk, galdetu zidan bixkaitarrak. Jakina ezetz. Orduan? Beha egiok señora horren moñoari, erantzun nion nik, bostak eta laurden, edo erbi hura bai zegoela ederra, erantzun niezaiokeen moduan, berdin-berdin.
Orduan theatrora joan beharko diagu, esan zuen traidoreak etsipenez. Bada, bai, moztu nion. Eta horrenbesterekin, Albiako itzalpean zehar, San Vicente theatro saloi humilerantz abiatu ginen.
Alfonso Sastreren "Miguel Servet" lana, Colectivo El Buhoren eskutik
Sastre, theatrogile eta narradorea, teorikoa ere, erdaraz idatzi den texturik hoberena eta koherenteena egin duen 51 urtetako madrildarra da. Baina ez hori bakarrik, euskaldunen betidaniko laguna ere ba da, eta esate baterako, "Askatasuna" trajeria ezezaguna egina du guregan pentsatuz. Baina ez hori bakarrik.
Miguel Servet-en bizitzan oinharritutako lan hori, hamaika urtetan egon da zentsurapean, eta joan zen urtearen bukaeran izan zen erreskatatua, eta Pipirijaina deitu aldizkarian, eta bere lehen zenbakian gainera, argitaratua. Buho-koak enkargatu dira, berriz, plazaratzeaz, eta hauk izan dira Bilbon, larunbat eta igandez, eta ez jende gehiegiren aurrean, bi saio eman dituztenak.
Pipirijainakoa irakurriz, Sastre bere teoriari, obrak idazteko duen methodoari fidelki jarraitzen zaiola ikusten da, theatro totala deitzen duena bilatuz. Kasu honetan, trajeria baino, trajikomeria egin nahi izan duela dio berak, baina hau ez da benetako, idealki planteiatzen den trajeriaren bilaketa bat baizik. Obra honetan, trajeria hura litzateke, eta komeria, esperpentua, karikatura maila guztietan, bertan urtu den kolorantea. Eta barka biezadate sinbologiaren merkea.
Hain zuzen, Sastrerentzat, obra baten egitura Fabula, Pertsonak, Pentsamendua, Lengoaia, Espektakulua eta Musika elementuen harremanetatik dator.
Pertsonak, obra honetan, Miguel Servet eta berau inguratu zuten lagun, etsai, eta indiferenteak dira eta fabula, haren bizitzan oinharritzen da. Miguel Servet, osagile eta teologo laikoa, Inkisizioak erre zuen XVI.garren mendean. Trinitatea, Mariaren birjinitatea, Kristoren Jainkotasuna ukatzen zuen. Eta panteista deklaratu zen bere liburuetan. Ondasunen komunismoa, eta gizondutakoen bataioa defenditzen zuen. Calvinok salatu zuen, eta bat zetorren Erromarekin, (eta horretan bakarrik zetorren bat, antzo), Servet, Seductor Orbis Terrarum kalifikatzean. Historiara pasatu da, odolaren zirkulazioari buruz egin zituen ikerketei esker. Hau da, bera da fabula sortzen duen pertsona. Iraultzaile totala, theatro totala egiteko ezin egokiagoa.
Hura zen, eta gaur ere ba dira; horregatik gaurkotasunaren oharrak barreiatzen dira obra guztian: Servet, B.I.C. ezagunak pertsekutatuko du, eta naziak izanen dira, hymno eta guzti, bere estatua botako dutenek. Eta beldurra ere, azaltzen da. Eta beldurra, euskaldunen bigarren bihotza bihurtu da zenbaitetan.
Lana didaktikoa izan arren, ez da subnormal mailan planteiatzen, ohi den bezala. Pentsamendua, lengoaia aberats batez, desharitzen doa lerroz-lerro, eskemarik gabe, presarik gabe. Politikeroen diskurtsuak ez du ezagutzen aberastasunik, eta tamalgarria litzateke Sastre politikotzat jotzea. Ez da, beraz, didaktismo aberranteetan erortzen. Lengoaiari buruz, makurren bat bilatzekotan, literarioegia dela esan liteke; ez daude hitza ez diren beste lengoaiak, aktorearen ahots, eta gorputzarenak, askorik desarroilatuta.
Musika ere, aipatutako elementuekin banatzen da: eta konkretua, gregoriarra eta beste asko kontseilatzen ditu egileak. Eskenografia, espektakulua lortzearren, Nievak pentsatutakoa zen, jiratzailea, birgeroa seguru asko.
Seguru asko diot, San Vicenteko Plazaraketan, ikusi ez genuelako. Eta musika ere ez zen egileak kontseilatutakoa, edo ez beti behintzat. Lan orijinalaren koadro edo eskena guztiak daude moztuta, exkaxtuta, eta koadro osoak ere falta dira (VI. eta VII. garrenak esate baterako). Sastrek bost ordutako iraupena kalkulatzen zion lanari, baina guk ikusitakoak ez zuen ordu t'erdia bete. Ikusi genuena, beraz, Sastreren karikatura, edizio laburtua baizik ez zen izan, "Readers Digest"-eko nobela laburtu haien moduko zerbait.
Horregatik, enteratu nahi duen hark, irakurketara jo beharko du, ez dauka beste erremediorik. Ikusiko duena ez da Sastreren obra izanen.
Eta tristeena zera da: Buhok ez duela erru handirik izanen, desbordatzen zuten lan batzutan sartzea errua ezpada behintzat. Korrektuki egin zuten lana, aktore lana, eta ongi ikusten zen, ez zen aspergarri bihurtzen ekitaldia. Baina zer, non gelditzen dira Sastreren anbizioak? Antzo, ez dago dirurik, ez eskenategi aproposik, ez bost ordutako ekitaldi posiblerik telefilmez bazkatzen den gizarte batetan. Betikoa. Kaka Zaharra.
Gertaera honek, aspaldiko eritzi batetan irmotzen nau: ez da theatro lanen arazoa, baizik eta bideratze problema, hau da eta ez hura konpondu behar duguna. Ene ustez, taldearen gaurko kontzepzio klasikoa, aldatu egin behar da, munizipio osoak bihurtu behar dira talde, theatrogile. Baina neure teoria xelebreak hurrengo batetarako utziko ditut.
Baina ene tristeziak ez ziren hor bukatu. Ayala theatroan kimutu zitzaidan berriro, Akelarreri esker.
Akelarreren irrintzia
Lepo betea Ayala theatro dotore eta eraberritua. Larmes, emoción, euskaldunen ahotsa entzutera gindoazen, Iturriren montaketaren bitartez, lehen aipatutako poeten mezua zela medio. Obra beltza —baina ez anarkist zentzuan, bestean— beltzaren beltzez belztua, nigartia, sentsibleroa, estetikismo markuan epika desfasatu batez mintzatuz etorri zitzaiguna.
Iturrik, erritual horretan, zenbait aldiz ikusi dugun erlijios trantzendentziarako asmatutako bitartekoak erabili zituen: eskenategi iluna, hutsa, argizariz inguratua, erdi-itzala hasieratik bukaeraraino, tunikak, begi zuritasuna, zuzpirioak, monotonia eta zenbait errepika gorputza ia biluziak, eta beste. Vale, très bien, zein inpresionatuta gelditu ginen, ez dakizu ondo. Joder. Lo que hay que ver.
Mugimendu, interrupziorik gabe jokatu zuten; berdin aurreskua dantzatzen zenean eta heriotzea azaltzen zigutenean. Todo vale.
Eta gauza bat esanen dut argi eta garbi: eskerrak Teresa Avilakoa handik agertu ez zenik, bestela theatro saioa ezezik, lebitaziokoa ere ikus baikenezakeen.
Obra baten estrukturan, dialektikoki harremandu behar dira, ene ustez jakina, sinifikatzailea, eta sinifikatua. Erritualak, eskenategia aldare bihurtzeak, —asko eskatzen du, ez da txorrada bat: univertsal karakterra hartu beharko du, mitoarekin topatuko da, dialektikaren izerdiak ikusi beharko dira. Eta aukeratu diren poetak, eta horiengandik jaso diren poemak, leku ederrean daude. Exenplu batetarako, anekdota moduan, zera esan nahi nieke: askoz gehiago aurkitu naizela Dylan Thomas-en diskurtsuan horienean baino, bertakoago dudala Trakl, Blas de Otero baino. Eta mila aldiz bertakoago Ihauterietako "Isabelita" kanta. Eta abar.
Egileek, nonbait, hiru poeta horik Euskal Herriaren errepresentatiboak direla diote. Kontuz, tio, paternalkeria ez da burkide ona izaten. Euskal Herria errepresentatu nahi duenak, kultura Herritarrera jo beharko du derrigorrez, kultura hitza zentzu antropologikoan hartuz. Inork ez du hitzeginen herriaz, herriak bezain ondo. Eta kanta botxeroak, eta Hernioko zintak, eta Arantzazuko errezuak, eta beste mila adierazpen hartu beharko dira gogoan. Kultura Herritarra, J. Frontinek dionez, bibentziala da, ez hausnartua, ez da poetarena, kulturalistena. Asturiaseko meatzarien kantak, edozein gauza espresatzerakoan, meatzal kutsua izanen du, ikuspegi berezi bat amodio edo heriotzean. Baina ez du "meatzari" hitza harat-hunat erabiliko. Hori dio, eta ni konforme nago. Antonio Molinak, aldiz, "no tengo miedo a la muerte, porque minero nací" kantatzen du, jakina, turista bat besterik ez da. Eta poeta errepresentatibo horiek beste horrenbeste egiten dute, beren mailan. Epika hori, hain dogmatikoa, egia, gezurra, herria, laborari, eta horrelako hitzez osatua, hutsa da, irreala, eta arina da. Gezurra da, konplexitatea ezkutatzen du, erabilketa politikoa edo permititzen du bakarrik. Arestiren aitagureak, adibidez, ondo etorriko lirateke gerra zibileko trintxeretan, baina ikusi da zein azkar erabilia eta kontsumatua izan den, zertarako baliatu diren, edo garen, berartaz. Oteroren odolak altisonanteak dira, enpatxatu egiten du.
Hiru poeta horik elkarrekin errepresentatzea, bestalde, oportunista da, utilitate politiko garbi bat dauka. Eta ezetz esanen didate: esplika dezatela orduan zergatik presentatu den diputatu Celaya jauna. Vamos, hombre.
Otero, eta Celaya, ez dira izan ez objektiboki eta ez subjektiboki, poeta euskaldunak. Izanen dira, egunen batetan, behar bada, baina nik ez dakit, ez naiz profeta. Arestiren bizkarretik egiten ari den txerri-boda salatu nuen Otsaileko Ozonoan, eta ez noa errepikatzera hemen, eta aiderazi nuen Haranburu Altunak kuzinaritzarako dituen arteak, baina ez noa hemen errepikatzera.
Hala ere, barregarriena, ezer gehiago ez esatearren, amodioaren tratamendua izan zen, Celaya-ren eskutik. Matxista (emakume bati semea fusilatu egiten diote, eta berak ez daki zergatik, vale), eta dezimononikoa (que te quito la "flor"! que si no debo, que si te quito); jauna, jauna, oraindik ikusi behar ditugunak.
Teknikoki —aspertu egiten naiz, eta bukatzera noa, bada— poemaesate traketsa euskarazkoetan (normala, ez baitakite euskaraz) eta tenebrosa, espasmodikoa, erdarazkoa. Bertsolaria, Intxaurraga, deskonektatua, bere gisa, atzetik etortzen zitzaigun noiz-behinka, boza solemnetan kantatzeko. Sofrimendua, amodio sofrimenduan, amomendua sofridioan. Ondo, ederki diagok.
Okerrena zera da: Euskal Herriaren enbaxadoreak ari zaizkigula sortzen. Gu ere kontsumatu egin nahi gaituzte, noski.
Jendeak beroki txalotu zuen ekitaldia. Baina ba dirudi txalo kontua gaurko gizartearen neurosiaren agerpena baino zerbait gehiago denik. Azensore batek baino obedientzia gehiago behar da txaloak honela erregalatzeko.
Eta bukatzeko bi ohar: zenbaitentzat kritika onak edo txarrak, eta zeharo txarrak ene gaurkoaren modukoak, asumiturik daude beti. Eta niri, zerbait esaten bazait, hobe dela nik egindakoa ixiltasuna baino esanen didate. Izan bezate segurantza: hau egia dela jakinen banu, ixilik gelditu izanen nintzela.
Bigarrena: Herri Irratiko bere programan esan zigunez, Zorion Egilleorrek nigar eta guzti egin omen zuen Irrintzi ikusi zuenean. Arren, medikutara jotzeko eskatzen diot hemendixek, segurua baita nolabaiteko gaitz nerbios batek harrapatua duela bere izpiritua.
bernardo atxaga
Nire adiskide laztana den Labayen'dar Andoni jaunari eskerrak, nire liburutegian liburu bat txit jakingarria dadukat. Haren idazburua "Olerkiak-Lauaxeta" da. Bere burua Euskal Herriaren alde eskaini zuen euskal idazle eta abertzale hospetsu honen olerki samurren gainera bere bizitza eta lanari buruzko artikulu batzu dakarzki. Artikulu hauen idazleak nire adiskide maite-maiteak: Zaitegi, Itziar eta Onaindia dira. Beste idazlan bat, niretzat txit interesgarria, "Lauaxeta'ren Poesigunetarantz" izenekoa, Luis Arostegi'k izenpetuta dago.
Espainiako gerratearen aurreko urteetan Lauaxeta maitearekin harremanetan nengoen Euskerazko eskutitzen bidez. Hemengo "Prehled" izeneko aldizkari katolikoak euskal zenbaki berezi bat prestatzeko asmoa hartu zuenean, Lauaxeta gogotik eta atseginez beterik, bere laguntzarekin etorri zen. Bizkai-Buru-Batzarraren abertzaleen izenean Diosale sutsu bat bidali zigun Prehled izeneko aldizkariaren euskal zenbakia hasteko. Hona hemen diosale honen esana:
"Euzkadi"ko semiak Kristo'ren bidez-bide ibili ixan dira. Erri onen edesti-ziar Gurutza deunaren argi-izpijak baño eztira agiri. Bere lagijak, ekandubak, elia eta bixitza oso-osua Doibatza'ren babespian azi ta garatubak dira.
Kristo'ren matez aberririk bixi-ixan bada, Euzkadi lenengo malan dago. Bere zelai-mendijetatik urten ziran Jabier tar Pantzeska, Loyola'tar Iñaki. Orregatik poztutzen dira bere errain garbijak Kristo'ren irakaspiak edatuz doyazala jakiten daunian.
"Prehled" aldizkingijaren deya, auxe dala-ta, pozkarrija ixan yako. Kristo'gan anai diran gustijai agur-egiten dautse Europa'n daguan elerik zarrenaz. Eta agur onen bidez eskatuten dautse Kristo'ren jarrale garan gustijak alkartu ta batu gadixala Gurutza'ren babespian. Geure artetik alde-egin dagijala gorroto dongiak: gotiko Bake ederra jatsi dedila gustijon kolkora.
Euzkadi aberri zar eta eder onek anei txadon daukoz bere mendi-magaletan; gustijetan, beraz, otoi-egingo dau "Prehled" aldizkingijaren irakurliak donetsijak ixan dadixantzat. Ordez euren arrenak be, goiruntz igon bediz, zeruko laguntzea biar daunik ba-dago erri auxe dalako. Gustijokin Kristo'ren bakia ixan dedila!"
Norberto Tauer
Gabriel Aresti II edo Zelaietaren biographia
Angel Zelaietak Gabriel Arestiren bizitzari buruz bere bigarren liburua eskaini digu (Gabriel Aresti II, Kriselu, Bilbo, 1976), ihaz argitaratu zuen lehengoaren segida.
Liburua irakurri egin dugu. Ordu askotako lana, ezpairik gabe, datu biltze harrigarria, eta Arestiren zenbait gorabehera interesgarri jakiteko oso egokia. Hala ere, liburu honek gauza pitxi batzu dauzka, ni neu behintzat —eta ez naiz bakarra— erabat harriturik utzi nautenak.
Lehengo eta behin idazkera. Gauzak esateko, mamia adierazteko, zer esanaz batera, nola esan ere jakin behar izaten da, eskuharki behinik behin. Idazten ere jakin behar, halegia. Eta idazten hasi aurretik, noski, eskribatzen ere bai. Ez baitirudi —eta sasoia ba du— Zelaietak ez bata ez bestea oraindik ikasi duenik. Arestik behin baino gehiagotan esaten zuen —beraren antonomasiazko dizipuluek hori ez badakite ere— inor ez dela mamiaren jabe aurretik formaren jabe ez baldin bada. Eta idazten, eta eskribatzen, jakitea inori eskatzekotan bere burua "idazle"tzat daukanari egin dakiokeelakoan nago. Eta aski da liburuaren edozein horrialde irakurtzea bai idazkeran eta bai joskeran zenbat lapsus dagoen ikusteko. Obra hori, bestalde, dohaineko barik erosi beharrekoa izanik, egileak ardura gehixeago eduki beharko zuen, erdaraz ez baitu inork horrela liburu bat argitaratzen. Hori bat.
Biographia batetan, bestalde, ba dira gauza batzu funtsezkoak direnak, eta beste batzu —zapaten zenbakia, erretzen zuen tabakoaren marka edo eta automobilaren matrikula, kasu— biographiatuaren giza ezaguerarako hain beharrezkoak ez direnak. Bitzuon artean oreka egoki bat lortzean datza, hain zuzen ere, biographoaren meritua. Eta Zelaietaren liburuko pasarte batzu —gehiegi— irakurtzean, norberak ez daki biographia bai ala gezurretxape batetako ezinikusi pertsonal, marmara eta txismorreoak irakurtzen ari den.
Izan ere, obra horrek datu batzu objektiboki eman beharrean Zelaietaren interpretazio sui generis batez agertzen ditu. Eta interpretazio pitxi eta manipulatuok, agian Arestiren bizitza "hobatzeko" eginak, bestelako ondorioak ekar ditzakete. Lehenik ere Josu Oregik, arrazoi osoaz gainera, Zelaietaren puntu manipulatu bat argitu behar ukan zuen, hor andre baten duintasuna zalantzan jartzen baitzen, eta argitzeko egia osoa kondatu behar, hartan Aresti hain ondo geratu ez arren. Eta dena Zelaietaren kausaz.
Arestiren biographiaz batera beste lagun askorenak ere azaltzen dira hor nahasirik, Zelaietarena berarena beraien artean. Eta zenbait pertsona biziren arazo pribatuak "holaxe interpretaturik" azaltzea ez dakit zein puntutaraino zilegi den. Esate baterako, liburu horretan Mitxelenak Arestiri bidalitako gutun batzu agertzen dira erdaraz. Lehengo eta behin, Zelaietak ez diosku zergatik. Bigarrenik, noren baimenaz argitaratu ditu Zelaietak gutun pribatu horik? Mitxelenari eskatu al dio? Hola ez bada, zera jakin behar luke egileak, piratakeria horrek, edozein naziotan, legezko gaztigua dukeela.
Beste askoren artean, nire pertsonaz ere sartzen da, HITZen Harriagak egindako artikulu baten erantzuna dela eta (231-232. horr.). Luze joko liguke hori hemen argitzeak, baina Zelaietak —bera ongi ixilik egon zen orduan, hain maite omen zuen Arestiren alde deus esateke— egin duen interpretazioa zitala bezain faltsua dela argiro esan behar dut. Nik neuk, Arestiren alde orduan egiteagatik neronen ohorea arriskatu nuen eta HITZekoek, Muxika Arregik ere bai, horren froga erraz eman dezakete.
Aresti eta bion arteko istilua, Hiztegiarena halegia, berdin manipulaturik azaltzen du Zelaietak (232. hor.). Gure arteko urruntze eta haserrearen "egiazko" arrazoiak esan behar banitu, Oregiren kasuan bezala, ez nioke segur aski defuntuari mesede handiegirik eginen, eta horrexegatik, Zelaietaren esan tendentzios horik gora behera, duintasun eta gizontasunaz ixiltzea nahiago dut.
Ba dirudi, beraz, Zelaietak streap-tease egitea atsegin duela, baina hori bai, inoren larruaz. Zaletasun horrek zera dakarkioke baina, larrugorritan utziok berarekin beste horrenbeste egitea, horretarako materialeak ez baititugu falta. Aski genuke, esaterako, eta lekukoak daude, bere maisu haundiak beragatik zer esaten zuen agertzea. Eta berau jakitea, agian, ez litzaioke askorik gustatuko.
Ba da guztiotan, dena den, oinharrizko zerbait, Zelaietak, ematen duenez, ahantzia: gizabidea, gutienezko duintasunaren zentzu komuna, maiz, dakuskegunez, hain komuna ez dena.
ANAITASUNAri buruzkoak
Puntu batzu argitu beharra dago, ordea: Zelaietak gure aldizkariaz diozenak.
Zelaietak ANAITASUNA aldizkariaren zuzendaritza 1972/X/5ean utzi zuen, bai, baina egileak ez digu argi ematen horretarako izan zituen berrehun mila arrazoi inportanteen egiazko berria, guri, Idazkuntz kontseilukooi argiro azaldu zigunez.
Beraren Euskaldungoa eta neronen Gure Munduko Albisteak gauza bera ote zen irakurleek berek juzka dezakete.
Ba da besterik, eta hau, oraintsukoa denez gero, larriagoa dugu. Bere liburuaren 277. horrialdean Zelaietak Mila eta piku egun "ANAITASUNAren zentsuratik pasatu ezinik ineditoa" dioen bere artikuluaz zerbait esan beharra dago.
ANAITASUNAren 300. zenbakirako geure aldizkariaren historia egitea pentsatu genuen. Horretarako, A. Zelaietari bera zuzendari izan zen garaikoa egiteko eskatu genion kortesiaz. Zelaietak eskatua baino askoz ere artikulu luzeago bat bidali zigun, euskaraz —derradan bide batez— oso gaizki idatzia. Hartan zera zioen, bera zuzendaria izan zen bitartean ANAITASUNA aldizkari on, aurrerazale eta txalogarria zela (horregatik egin ziren, noski, horrenbeste zor), baina berak utzi ondoren, aldiz, errebistaxka txatxar, eskuindar eta deitoragarria bihurtu zela.
Ez zuen ongi ematen, gure ustez, eskaintzen genion tokia gu iraintzeko erabiltzeak, baina hala ere, artikulua zegoen zegoenean argitaratzea pentsatu genuen. Ba zen, ordea, artikuluaren bukaeran kontu pitxi bat, eskatutakoarekin inondikan bat ez zetorrena. Zelaietak, ez dakigu zer frogatzeko, hauxe zioen, Aresti hil zenean beronen "recordatorio"a egiteko, Anaitasunara etorri zela Arestiren argazki baten klixetaren bila. Bera segur zegoen klixet hori egina zela, nahiz eta, kontseilukoen erabakiz, irakurleak Arestiren irudi ifernutarraz ikara ez zitezen, sekulan argitaratua ez izan. Delako klitxet hori —Jose Torrek eta Inurritegik ez zutela inoiz ikusi ziotsoten Angeli— ez zen Anaitasunako artxiboan agertu, Zelaietak, bere artikuluan, horretan ere Arestiri genion gorrotoa azaltzen zela zioen, haren klitxeta desagerterazia genuenez gero.
Akusazio horren aurrean, ANAITASUNAko kontseilukook elkarri galdetu genion ea klitxet xelebre horren berri inork ba al zuen. Gutariko inork ez zekien deus horren existentziaz eta inoiz debekatua izan ote zenekoaz ere. Ondorioz, Zelaietari gutun bat bidali zion Torrealdaik (orduko zuzendaria zenak) hauxe proposatuz: bere artikuluaren azken parte iraingarri eta gure ustez faltsua mesedez kentzeko, edo eta, artikulu osoa argitaratzekotan, ANAITASUNAk, bere ohorea eta izen ona zaintzeko, ohar bat ipini beharko zuela ondoan, harekin bat ez zetorrela argituz. Beraz, zentsuratu ez, baizik eta leialki gauzak garbi jarri genizkion.
Guk, noski, berak gu iraintzeko zeukan eskubide berbera genuen geure burua defendatzeko, eta ahal genezakeena zen, gainera, berari deus esan gabe bere artikulu osoa, gure oharraz horniturik, agertzea. Gizonki portatuz baina, berari aukera ematea erabaki genuen.
Zelaietak, erdaraz (sic), gutun bat bidali zion ANAITASUNAko zuzendaritzari bere artikulua eskatuz eta hura osorik edo eta zatika ez publikatzeko aginduz, "ni siquiera hacer mención de su existencia" delako eskari estrainioa gehiturik. Hauxe da benetako egia eta ez Zelaietak bere liburuan, martiri gisa gelditzeko edo, kondatzen duena.
Bukatzeko, zera esanen nuke, Oihenartek bere atsotitz batetan zioen hura ahantzi bide duela Mallabikoak: bere etxea beiraz daukanak estalirik, ez duela besterenera jaurtiki behar harririk.
Xabier ARMENDARITZ
Herri honetako elkarte eta talde guztiek, zu buru zaren Udal Batzarreari hau adierazten diote:
Hil honen 10ean Aberri Eguna zela eta, herri ordenako indarrek basati eta astoki ihardun zuten alboko Durangoko hirian, egun horretako kontzentratze eta manifestaldiak galeraziz. Bere astakeria hainbesteraino eldu zen kolpatu eta zauritu ugari egiteraino, haietariko bat oso GRABE, Abadinon jaio eta bizi den Xabier Lejarazu Uriarte, Gurutzetara eraman behar izan zuten eta hau segitzen du oraindik.
Beraz, Udal batzarre horri hau exigitzen zaio:
1) Udala agirian eta ofizialki solidariza dadila, Xabier Lejarazu Uriarte hauzakideak izan duen atentatuarekin.
2) Era berdinean, Goardia Zibilaren errepresiozko portaera kondena dezala, Probintziako Gobernadore Zibilari aditzera emanez eta adieraziz, Abadinoko herri eta bere Udal batzarrearen ustez, herri ordenak horrela joka dezan erakundeen eskuetan ezin litekeela utz, Udal agintarien agindupean ez badaude.
3) Udalak gertatu direnen argitze osoa eska dezala, dauden erantzunkizunekin batera.
4) Udala berriro Amnistia osoaren eta herbesteratuen etxeratzearen alde ager dadila, eta bai eritzien espresabide askatuen eta alderdi politiko eta erakunde sindikal guztien legeztapenaren alde ere.
Abadinon 1977.eko Apirilaren 20an.
Sinatzen dute:
Asociación de VECINOS de Abadiano.
Asociación GUEREDIAGA (Delegación de Abadiano)
Asociación PRO-AMNISTIA de Vizcaya
DANTZARI taldea
"12 HARRI" taldea
J.A.E.A.
S.R. Gastronómica LAU-BIDETA
Sdad. Pelotazale ATXARTE
CLUB JUVENIL
ALFABETATZE taldea
***
Tolosa, 1.977.eko Apirilak 26
Herkideok, agur:
Azkenengo Anaitasuna alean, halegia 337.a, beste zenbait gairen artean, "Euskal pertsona izendegi berrirako proposamendua" agertzen duzue, Xabier Kintanak ohitura duen sakontasunez aztertuz.
Emandako arrazoiak zuzenak direlakotan banago ere, puntu pare bat ukitu nahi nituzke. Honela, maskulino-femeninoak bereizteko "a" organikoa eranstea ez zait funtsezkoa iruditzen. Berez ba dira izenak egokiak mutiko ala neskentzat. Lore, Izar, etab., neskei jarriko nizkieke nik eta berriz Lizar, Haritz etab. mutilei.
Horrek ez du esan nahi derrigorrez honela behar duela eta izen berdinak ezin daitezkeela izan gizon eta emakumeentzat. Lehen ba dugu zenbait eredu eta adibidez, Rosario neskei gehienetan jarri izan bada ere, ezaguna da sagardo egile Rosario Zapiain gizasemea. Eta tolosar idazle ezaguna den Federiko Ma. Zabala, Federiko Ma. del Pilar da, eta hainbat Joxe Ma., Luis Ma. Une honetan Aita Mari bururatzen zait.
Are gehiago, giza-emakumeen eskubide berdintze garaian.
Beste puntua, zera da, ba dela zenbait izen, bere oinharri zuzentasuna aztertu gabe, azken 50 urteetan herriak erabilitakoak eta eginkizun honek aurrerako balioa ematen die, nire ustez. Honela Kepa, Josu, Jon, Koldo, etab.
Besterik gabe
J. J. Iraeta
***
San Mamesera ez!
Gaur idazten badizuet, ni datorren igandean ez naizela San Mamesen izango esateko da.
Ba dakit zuen aldizkarian ez duzuela deporteaz gehiegirik hitzegiten, baina nire sami edo "mala lecheak" botatzeko bide egokiagorik ez dut aurkitu eta ea ANAITASUNAn argitaratzen duzuen.
Lehenik eta gauzak diren bezala jartzeko, esango dut ni futbolista naizela (Bizkaiko erregionalekoa), beraz futbola atsegin zaidala argi dago.
Ba dakizue herenegun hemen Athlétic-ek Racing White (edo horrelako zerbait) ekipoaren kontra UEFAko partidu bat fokatu zuela. Eta hemen hasten da nire haserrea.
Mundu guztiak joan nahi zuen partidu hori ikustera eta sarrerak falta. Nik ez nuen izan tentaziorik, baina han eta hemen begira egon nintzen zernolako "rebentak" egiten ziren. Lotsagarria benetan. Eta ez dakienari esango diot 9.000 eta 15.000 (bai, hamabost mila) pezetata bere sarrera saldu zuena ezagutzen dudala. Batek esaten zidan: "Ez, ez zen aberatsa erosi zidana. Nik ezagutzen dut, eta langilea da".
Barka dezatela forofo guztiek, baina Athlétic-ek galtzea nahi nuen. Bestela, zer izango da Juventus-en kontra finalean? Baina klasifikatu egin da Athlétic, eta lotsatan nago ia egun hartan zer gertatuko den pentsatuz.
Gainera, partidua amaitu ondoren eta atzo konturatu nintzen beste era bateko razismo bat sortzen ari dela (ez nuen sekulan hain argi ikusi behintzat). "Euskaldunok irabazi dugu", "Euskadi bezalakorik ez dago", "Gu gara onenak, eta Europa osoari irabaziko diogu" eta honelako beste zenbait entzun nituen. Norbaiti nik galtzea nahi nuela esan nionean, ez nintzela euskaldun, ez nintzela abertzale, ez nintzela... Ez nintzen ezer.
Lagun batek eman zidan datorren iganderako sarrera bat. Hau ikusi ondoren ez nekien zer egin. Gustora joango nintzateke, San Mames-eko giroa ederra izango baita. Baina egoera guzti honen aurrean neure burruka txikia egin behar nuen eta ez joatea erabaki dut. Ez naiz joango datorren igandean San Mames-era.
Pentsatzen nago zer egin neure sarrerarekin: su eman ala beste bati eman. Ikusiko dut. Baina nire samina agertu behar nuen nonbait eta horregatik eskatzen dizuet argitaratzea (ezer balio badu behintzat) nahiz eta inork kasurik egin ez.
Gauza honela dagoen bitartean, nik futbolean jokatzen jarraituko dut, hori deportea baita, baina ez dut partidu handi bat ikusteko pezetarik ordainduko.
Besterik gabe, barka eta agur!
A. Urkiola
Bilbon, 77-IV-22
Musika
Bilboko musika ofizialaren krisisa
Ezagunak dira orain dela urte batzutatik hona, nolako gertaerak ageri diren Bilboko Musikako Kontserbategiaren barnean (orain dela urte asko Euskal Kontserbategia deitua). Bere agerpenak beste batzuren artean hauk izan dira:
- Irakasle bat eta bost ikasle orain dela lau urte egotziak, bata zuzendariari kontra egitearren eta besteak, idazki batzuetan, Junta de Gobiernori errespetua galtzearren!!!
- Ikasleen elkartea debekatua.
- Kontserbategian eraikuntza guztiz apurtuta dago.
- Ikasketa plangintzak oso zaharrak, eta abar.
Apirilaren 4.an Ministrari Kontseiluko 1977. 1. 21.eko Dekretuaren kontra, greba bat hasi zen, Estatu mailako Kontserbategi guztietan bezala, zeren Dekretu honen bidez, E.G.B.en musikako klaseak emateko ez baitzen inolako musika titulurik behar izan, eta ulertzen den legez, neurri hau, musika ikasleentzat oztopo handi bat ipintzea da, geroko lantokiak aurkitzeko. Hau dela eta, ikasle eta irakasle guztiak greba orokor bat hasi zuten.
Estatu guztiko egoerak ikusirik, Apirilaren 5.ean Ministrari Kontseiluak Dekretuko 17. eta 22. artikuluak derogatu zituen, baina ikasleek (ez irakasleek) greban eta burrukatzen segitu zuten, bertako problemak sakonagoak direla ikusirik.
Baina Kontserbategiaren barneko problemak ikusteko, bere egitura formala aztertu behar da pittin bat.
Erakunde hau Diputazioaren menpean dago eta Junta de Gobierno batek administratuta. Junta de Gobierno hau pertsona hauek konpontzen dute: 2 kontzejale, 3 diputatu, eta 5 hauzokide, eta beren izenak hauk dira: Jose Domingo Osma; Francisco Aldamiz-Gogeascoa; Juan Ma. Gomez y Alonso; Antonio Martinez eta Ceferino Urien. Ikusten denez, ez dago musikari bat ere.
Junta honek, pertsonaltasun juridikorik gabe, kontratuak, zigorrak eta guzti egin ditu, bere funtzio bakarra, administrazioa, egin gabe. Hola, irakasle batzu oposiziorik gabe sartu; P. Pirfano zuzendaria, metodo dedokratiko baten bidez izendatua, eta abar.
Eta beren gestioari esker, 1926.eko Reglamento de Regimen Interiori jarraituz, gaurko egoerara heldu da: 7.000 ikasle, etxe zahar batetan bilduak, 35 irakaslerentzat; irakasle gehienak oposiziorik gabe jarriak; pianoa ikasten dutenek astero 15 minututako klasea dute, ez dago liburutegirik, ez diskarik,...
Ikasleek hau ikusirik, eskabide taula bat eginez, hitxialdi bat hasi zuten Aste Santuaren aurretik, alternatiba hau proposatuz:
- Junta de Gobierno deuseztatzea, eta bere ordez, irakasle, ikasle eta ikasleen gurasoen Komisio Gestore bat sortzea.
- Batzarre, espresio eta manifestazio askatasunak Kontserbategiaren barnean ikasle guztientzat:
a) Gela bat ikasleentzat.
b) Zigortu guztien bihurketa.
- Kontserbategiaren legeztapena, 1966. urteko Dekretua aplikatuz; horrela, egoera normaleztatzeko oposizioak konbokatuz; zuzendari berri bat irakasleen artetik izendatzea; ikasketa guztien legeztapena, eta abar.
- Kontserbategia Nagusi bihurtzea, lehenengo kurtsuentzat filiale batzu eginez, biharko Euskal Unibertsitate bati begira.
- Eta azkenez, Estatu guztiko Musikal Kongresu bat egitea, ikasle, irakasle, profesionari eta musika arloan bizi diren lagun guztiak biltzeko eta musikazko mundua kontrolatzeko.
Eskabide hauk bultzatzeko, ikasleek greban segitu zuten eta 18.ean Kontserbategian bilera orokor bat egin zen. Bertan ikasleek, irakasleek eta ikasleen gurasoek (ikasleetarik % 80k 14 urte baino guttiago dute) parte hartu zituzten eta grebari buruz, hurrengo egunerako botazio bat egitea erabaki zen, bai eta ikasleen gurasoen elkarte bat sortzea. Botazio hartan, berriz, klaseetara joatea erabaki zen.
Mementu honetatik aurrera burruka guztia banandu egin da; eta ikasle talde batek baino ez du segitzen. Berriz ere, zuzendariarekin elkar hizketa bat eskainiz eta debekaturik, ikasleek hitxialdi bat saiatu zuten, baina zuzendariak polizia deitu eta kanporatuak izan ziren.
Baina Kontserbategiko egoera ez da bakarra. Bilbon, bere modura gutti gora-behera, arte erakunde ofizial guztiak egoera berdin bat daukate. Denak Junta de Gobierno batzuren menpean, eta hauk kontrolatzen dituzten pertsonak ez dira ogei ingurutara heltzen, denak Neguri aldekoak. Hola, ABAO, Orkestra Sinfonikoa (gogora bitez bere azkeneko egoerak, Luis Olarraren diruak atonduak!!!), Museoa, S. Filarmonica eta abar.
Guk uste dugu, ezen, burrukan jarraitzen bada, eta Diputazio eta Udaletxe mailan egoera politikoa apur bat aldatzen bada, erakunde hauek goiti behera zerbait aldatu behar dutela, edo behintzat posibilitateak ez direla egongo biharko Euskadiko musikariari begira.
Musika
"Haizea" musika-taldea presentatu da Lejoako eta Deustuko unibertsitateetan. Egia esan, hemen talde baten lehen saioetara joaten denean ez da entzun ganuena espero izaten. Zenbaitek ba zekien Txomin Artola bitartekoa zela, baina, dena dela, errezitaldiaren koherentziak gehienok harritu egin gintuela uste dut. Bai, taldea osotasun bat da eta T. Artolak abizena galdu du taldeko partaide bat bilakatzeko.
Repertorioan lehendik ere T. Artolak ematen zituen kanta batzu agertzen badira ere, guztiz aldatua da lehengo musika-ingurua eta izugarri ondo apainduak agertzen dira zenbait kanta zaharren emaitzak (ezin aurrera jo "Ura ixuri dik" izenekoari egindako moldaketa aipatu barik). Pieza musikal hutsak ere jotzen dituzte. Xabierrek eginak dira, eta beren nortasun bereziagatik, sortzaile eta ikertzaile trebe batek eginak dirudite.
Taldearen lana Txominen gitarran babesturik dagoela esango nuke, eta nahiko ona da beronek Xabierrekin (gitarra, xirula) lortzen duen mihiztadura. Azpikaldea Gabrielek eta Hondarrek oso ondo betetzen dute kontrabaxuaz eta perkusioaz (bateria, xilofonoa, tinbalak, ezkilak...). Interesgarria da kontrabaxuaren lana, batez ere arkoarekin ari denean honek dituen posibilitate espresiboengatik. Perkusioari dagokion partetik, arras gustatu zaigu, zeren eta, erritmu mekanikoak bazterturik, jotzen dituzten doinuei behar duten laguntza librea ematen baitie. Kantatu, Txominek eta Amaiak egiten dute. Kantari bi izateak, noski, posibilitate asko ematen du, eta are gehiago emakumezko eta gizonezko direnean. Ongi ezaguna da Txominen boza, baina ez Amaiarena. Azken honen lana oso inportantea da, ez bakarrik bere nortasunagatik —beste euskal emakume kantariengandik asko urruntzen dena— baizik eta agertokian duen jarreragatik ere. Naturalitatea da, hain zuzen, taldeak berez duen faktore garrantzitsuenetarikoa.
"Haizea" ez da publikoaren nahietara makurtzen, ez dio entzuleari amorematen. Nondik nora ibili behar duen ondo daki, eta hau, jakina, musika arloan ere ondo bereizten da.
Infludentziak aipatzekotan, Ingalaterrako folk-rock-a hartuko nuke kontuan. Pentaglerenak agian?
Ez dio axolarik. Haizea laket zaigu.
TxanTxiku
Zapaburu birbiztua
Kaleko [Komikia]
OLARIAGAKO
Euskal Herri osoan, baina Gipuzkoan bereziki, kanpaina polit bat muntatu izan da herri-, kale- eta denda izenak euskaraz jartzeko. Zorionak emateko eta horretan guztiok buru-belarri sartzeko moduko ekintza txalogarria benetan. Euskaltasuna, amnistia eta askatasuna bezala, ez zaigu goitik behera etorriko, guk beharko ditugu behetik gora lortu. Jo dezagun guztiok gogor hor!
Kanpaina horri laguntzeko, diru pixka bat egiteko edo agian gauza bietarako, norbaitek paperezko kartel batzu atera ditu, dendetan parra-parra banatuak: harategia, okindegia, arrandegia... Ba dago bat, ordea, Euskaltzaindiak argitaratutako merkatal izendegiaren KONTRA eta euskaraz, gainera, GAIZKI dagoena: EDARITEGIA.
Horren lekuan euskaraz ba dira TABERNA, ARDANDEGIA, ARDANGELA eta BAR, laurak jator jatorrak. Taberna hitza kentzen badugu, gainera, tabernariari nola arraio esanen diogu, edaritegilari ote? Eta izatekotan, edaritegia ez litzateke "taberna", "licorería" baizik, eta ez dira gauza bera.
Kontuz garbizalekeriaz. Horrelako memelokeriokin hasten dira gurean beti istiluak. Garbizale ez jakin batek izen bat gaizki asma, gero herriaren kulturarik ezaz baliatuz hura zabaldu, eta ondoren, zabalduta dagoela eta, huraxe egokia dela eta ezin ken daitekeela aipa. Kretinokeria guztiak kontsakratzeko betiko bidea.