ANAITASUNA
1977.EKO EKAINAREN 15EKOA
342. ZENBAKIA
35 PTA.
ANAITASUNA
Bizkaia
hamabosterokoa
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealday
Urteko abonamendua:
Bertorako 700 pezeta
Latin Amerikarako 800 pezeta
Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta
Ale bakoitza: 35 pezeta
[AZALA]
MADRILEK ERABAKI DU: HERBESTERA
AURKIBIDEA
3. Editoriala
4. Indar Errepresibo berriak
5. Donostiako berriak
6-7. Dorao Lanzagortak salhatzen du: norbaitek herria hondatzen du
8-9. Zientzia Euskaraz? Zergatik ez?
10-12. Lege berrien aurrean
13. Terrorismoaz
14-15. Frankismoaren kumeak
16-21. Gure Psykhriatikoen egoera erogarria
22-24. Gizonaren jatorriaren bila
25-28. Komikia
29. Oinharrizko euskara
30. Doña Prudentzia eta Idealista
31. Legorburu baserria
32-35. Deituren inguruan (3)
35-39. Elkar-ikuska
40-42. Euskal Idazleak gaur
43. Lau Haizetara
44-45. Artea eta Gizartea
45-48. Emakumeak
50. Kalekoa
Makinistak: Itziar eta Idoye
Maketapena: Erramon Zumalabe
Muntaiak: Txomin
Argazkiak: Arkoila
Moldiztegia:
Gráficas San Pedro
Part. Alzola, 2
BILBO
Dep. Legal: BI-1753-1967.
Editoriala
BAT. Madrilen izandako paktuak ez ziren oso baliotsuak izan, presoak kaleratzeko behintzat; zeren, agian PNVri beste gauza batzutarako baliotsu izan baitzaizkio; agian...
Gabonetarako izanen zela, Aberri Egunerako izanen zela, beti izanen zela. Bitartean, euskal populuak demostratu egin du berriro ere, berak duela mugimendu historikoaren erroa. Jnork ez dezala dudatan ipin hemen gertatu izan den hau, herriaren garaipen historiko bat izan ez denik. Halaber, gure herriak, alderdi batzuren errepresentatibitate faltsu eta beraien harrokerien gainetik, bera dela jaun eta jabe demostratu du. Zorionak!
Eman duten apurra ez dute, noski, dohainik eman, zazpi euskaldun hil baitituzte, gure herriskak goibelduz. Hilkanpaiek dei egin dute berriro.
Euskaldunek ikaratu egin dute gobernua, eta berehala behartua egon da zenbait euskal gudari ateratzeko. Oraingo honetan herbestera. Pauso bat da, eta ez ttikia; baina, jakin beza gobernuak —oraingoak edo gerokoak— herbesteratuen zerrendak ugarituz, ez garela batere konforme, ez dugula ez presorik ez herbesteraturik nahi. Eta, orain preso eta herbesteratu diren guztiak, Euskal Herriko kaleetan, baserrietan, lantegietan eta eskoletan nahi ditugula; inola ere ez ditugu Oslo, Vienna eta beste herrialdeetan nahi. Gainera, ba dira oraindik, espetxean diren beste batzu, eta horik ere ez ditugu ahanzten. Horregatik, amnistia lortu arte hauxe oihukatuko dugu:
PRESOAK ETXERA, HERBESTERATUAK ETXERA!
BI. Gobernuaren hauteskundeak.
Gobernuak hilaren 15erako prestatu duen maskarada ez du batere txarra, eta dudarik ez Iparraldeko anaiek egiten dituztenak —haik serioago dira— baina handiago, ederrago eta zaratalariago dira. Gobernu honek planteiatzen dizkigun hauteskundeak, bere neurrian egindako hauteskunde batzu dira, eta inola ere herriei —Espainiako herri guztiei— nortasuna eta burjabetza bihurtzeko. Betidanik agindu dutenek, agintean nahi dute jarraitu, honako honetan ulertzen da beraien jokabidea.
Gobernuan egon diren bitartean, zer eman diote herriari? Apurrak, besterik ez. Zergatik ezin dira izan printzipio batzu eztabaidagarriak? Zergatik gorte bikameralak? Zergatik maneiatu dituzte hauteskundeak? Bistan dago, arestian esan dugu bezala: haien neurrian eta beraien birproduziorako egindako hauteskundeak dira.
Besterik ez badago ere, ohorezko irtenbide bat egonen da.
HIRU. Geure zenbakia egiten ari garen bitartean, hiru gertaera garrantzitsu egon dira prentsa mailan Euskal Herrian.
1.- Zeruko Argiak —euskal prentsan maisua— zentsurarekin arazo larri bat ukan du. Gure ustetan, Zeruko Argiak asko zirikatzen ditu diktadura eta honen semeak; horregatik, funtzionariek oztopoak ipini dituzte 741. zenbakia kaleratzeko orduan, esaldi batetaz baliatuz. Zeruko Argiakoek zenbakia erretiratzea erabaki dute zigor baten beldurrez, judizio militar baten posibilitateak baitziren.
Bistan dago, herriaren alde jokatzen duen guztiak, ordaindu egiten du bere joera; eta, Zeruko Argiak beti jokatzen du herriaren alde.
Gure agur beroenak lerro hauetatik.
2.- DEIA kaleratu da, gure agurra bertan lan egiten duten guztientzat.
Frankismoaren pean eta bere zerbitzuan egon diren egunkariak ez dira batere poztu, horrexegatik pozten gara bereziki. Ba da garaia oligarkiaren zerbitzuan diren egunkari guztiak pikutara bidaltzeko.
3.- Azkenik, eskuindar basatiek egin dutena Loiola Herri Irratian, ez du komentariorik behar. Bortxa erabiltzen abilak dira madarikatu horik. Hauentzat gure madarikapen guztiak.
Euskal Herrian
Euskal indar errepresiboekin topatu gaituk! Hauxe da atera genuen ondorioa, barikuan 3an, Ezkurdi Jai-Alaiko atarian geundenok.
Frontoi hartan PNVko meeting bat zegoen. Jendea franko, beste meeting batetik gentozen eta, berandu pixkat joan ginen hara sartzeko asmoz. Gure artean ba zegoen Durangoko Amnistiaren aldeko Batzordeko batzu eta banandu nahi zuten Bizkaiko Batzordeak ateratako panfletoa amnistia eta hauteskundeei buruz.
Aurretik joan ziren bertako PNVkoengana panfleto hori meetingean irakurtzeko baimena eskatzeko. Hauen erantzuna benetan harrigarria zen: Guk ezin dugu hori baimendu, meetinga "Bizkaiko Buru Batzar"rek antolatuta dago eta; hala ere utz iezaguzue papera eta behar bada haiek irakurriko dute.
Atarian, jendea barrura zihoala, behar bada panfletoak ikustean, "Servicio de Orden" eraginkorra hasi zen jendea kontrolatzen: poltsak aztertzen, jendea arakatzen ere... eta azkenean jendea sartzen ez uztea erabaki zuten.
Jendeak azalpenak eskatu zituen, ez baitzen logikoa alderdi batek amnistia "eskatzea" bere programan eta gero jendea kalean uztea gauza berbera eskatzeagatik. Ez ote da, hauteskundeei begira, gai hori ezeroso zaiolako?
Jendearen oihuak lasaitzeko edo, PNVko "morroskoek" elkarrizketari ekin zioten:
— Pero qué amnistía; si la amnistía ya está dada.
— Tú que hablas de democracia, cállate que voy a hablar yo.
— Lo que pasa es que sois unos alborotadores.
— No hay sitio (irteten ari ziren pertsonek nahiko lekua zegoela esaten ziguten). (sic)
Hola egon ginen ordu bat baino gehiago. Esan beharra dago, gurekin PNV aldeko pertsona askok eta bereziki "Alderdi"ko militanteen seme-alaba batzuk kanpoan gelditu behar zuten.
Mementu batetan eta batek kartel bat atean erantsi zuelako, Kantzerberoak jendea jotzeko moduan irten ziren, eta hau da lotsagarriena, jendea arineketan alde egiteko beharrean aurkitu zen.
Hau ez da honelako gauzak jazotzen diren lehen aldia. Orain dela guti Gernikan gauza berbera pasatu zen, bai eta Loiolan Aberri Egunez, Etxarri-Aranazeko egunez, e.a.
Jokaera hau politika berezi baten barruan ikusi behar dugu, zera da: "Partidos de Orden" deritzetenen politika.
Ba da garaia, sentimentalismoak alde batetara utzirik, gauzak bere izenaz deitzeko eta holako joerak salhatzeko. Hauteskundeek ematen digute horretarako itzelezko oportunitatea. Gutienez, bakoitza den bezala elkar ezagutzeko balio ukan dezaten.
Errexil
Euskal Herrian
Hauteskundeen maliobra eta ezker abertzaleen ezezko joera
Harrigarria da Espainiako oligarkiak Suarezen bidez agertu duen abiltasuna eta maliobra gaitasuna. Lehen futbola bazen, orain europar demokrazia eragitekotan hauteskunde lehiaketa bizi baten erasopean jarri gaituzte jendeen opio gisa. Euskadin bertan azken denboraldiko herri mobilizapen iraultzaile eta zabalduak bazterturik, zenbait alderdi zaldi lasterka bailitzen ekin dute kanpaina itsu batean.
Bestalde, alderdi guztiek, beren alderdikeria eta protagonismokeriagatik eta Gorteetako ganbaran ordezkariren bat edukitzea Euskadirentzat guztiz garrantzizkoa delakoan Suarezen zepoan erori dira, nahiz eta ganbara horietako diputatuei baserriko ganbaran zaunka ari den txakurrari baino arreta gutxiago egin.
Baina, arazo zalapartatsu honetan eritzi sendo bat egiteko beharrezkoa zaigu zehatz batzu aztertzea.
Adibidez, Monzonen eraginez alderdi abertzaleen Batzarre Nagusian P.N.V.-E.A.J.en jarrera halegia, deus kondiziorik gabe, eta nahiz eta beste alderdi guztiak baterako ekintza bat onhartu, hauteskundeetara jo behar zuen, mitin-hitzaldietan jendea berotzeko bestelako demagogiaz baliatu badira ere. Gainerako mahaikoek, jakina, batzarrea abandonatzera behartu behar izan zuten P.N.V.ko ordezkaria.
Bestalde, beste alderdi abertzaleak ere dekantatu dira eta Euskadiko herri burruka iraultzaileari zaputz eginez, erreforma bidea aukeratu dute eta Suarezen sasi-demokrazian, besterik gabe, parte hartu. Horrela, garbi geratu da Euskadiko zenbait alderdi abertzaleren erreformismoa. KAS bera ere ez da garaiak eskatzen zuen alturan gertatu, nahiz eta hauteskundeetarako hautesgaiak Maiatzaren 18an erretiratuak izan, KAS barruan koordinaketa sendorik ezean noski, edo EIAren (bere Demokraziazko Zentralismoaren) protagonismokeriaz.
Zer esanik ez, ezkertiar estatalistak Euskadiko herri burruka berezitik at agertu direla, ikuspegi zentralista eta espainolistapean hartu baitute herri burruka.
Hala ere, ezker abertzale iraultzaileok ez dugu etsi eta ez dugu hainbeste urtetako langile burruka eta herri mobilizapena eta autoorganizazioa sasi-demokrazia burjes baten esku utziko. Ez baitago sinesgarritasun minimorik, ez eta presoak etxean, ez Euskal Herriaren subiranotasunaren eta langilegoaren autoorganizatzearen aitorpenik.
Euskal Herrian
Goian aipaturiko politik bide erreboluzionaria, ba dakit, zenbaitentzat utopia, besterentzat anarkokeria, edo politikerhaiketa, e.a. izanen dela. Baina ero talde batzu ez garela frogatzeko begira Donostian bertan zer dioten hauzo asanbladetako gehiengo handi batek. Herriko jendea, ezker abertzale dira batipat, eta herri heldu eta autoorganizatu bezala zenbait alderdiren kanpaina erasoen gaindik abstentzio ekintzaile batera jo dute.
Antiguako hauzategian, KASen aurkezpena egiterakoan, bertan aurkitzen ziren ia hirurehunek hauteskundeei boikot egitearen alde agertu ziren, eta EIAren esplikazioak era koherentzia gabekoak bezala jotzen zituzten.
Amaraberriko asanblada ere boikotaren aldeko kanpaina baten ekitea erabakia da. Amara Zaharrena, Ulian, Intxaurrondon eta beste hauzo batzarreetan ere ekintzailerik gehienak boikotaren alde daude. Hernanin 500 baino gehiago herri batzarrea ere boikotaren alde agertu ziren, eta Legorreta eta Gipuzkoako beste zenbait herritan ere postura berean diraute.
Amnistiaren aldeko Gipuzkoako ia gestora denak abstentzioaren alde agertu dira, baina, oraingoz idazkari ekintzaileenetako batzu alderdi hauteskundezaleetan konprometaturik daudenez, ez zaizkio boikotaren aldeko kanpainari ekin.
Asanblada hauk oso zabalak ez badira ere, oso talde kontzientziatu eta burrukalariak dira eta beren iraultza bidean ez da alderdi erreformistarik kabitzen. Hala ere, ez genuke hauteskundekeria edo elektoralismoa honetan erori nahi, eta boikot jarrera hartzen badugu salaketa bezala hartzen dugu, herri asanblada hauk zabaltzea eta sendotzea baita herrigintzarako politikarik jatorrena. Nik behintzat boikotaren aldeko jarrera hau horrela ikusten dut eta ez % portzentaia bat lortzeko asmoetan. Eta ez gara alderdien hauteskundekerian edo hauteskundekeria kontrakoan ere ez erori ez erre.
Ekainak bi, biharko ministrari batzarrearen zain daude 65 alkate jaun eta beste zenbait, baina presoak gartzelatik atzerrira eramatearekin ez dut uste gauzak funtsean aldatuko direnik. Presoak, gure gudariak dira eta etxean behar ditugu eta Euskadiren askatasun osoa lortu arte iraultza bidean jarraitzeko askatasun guztiekin.
Alex
Euskal Herrian
Ekonomia. Dorao Lanzagortak salhatzen du: norbaitek herria hondatzen du
Dorao Lanzagorta jaunak ohiturik gaitu, igandero LA GACETA DEL NORTE egunkariak "Especial Economía" sailean argitaratzen dituen artikuluak jasatera.
Batzutan batek pentsatzen du ea noraino den interesgarria berarekin hitz egitea. Ba, artikulu hau ez da berarekin elkarrizketa bat izango, baizik eta beren azkeneko artikulu iradokorrak inspiratzen dituen funtsetako bati buruzko azterketa bat (Artikulua 77/5/23an argitaratua).
Antza denez, laster Espainiar Estatuko deserdirapen ekonomikoaren garaian sartuko gara. Euskal Herriak bere ekintza ekonomikoaren kontrolatzeko duen beharrizana aurreko artikuluetan ukitu dugu. Honetaz Dorao Lanzagorta jauna kontzientea dela dirudi, ondoko hau esanez: "Euskal Herriko problema haundi hauentzako nolako soluzio ekonomiko eta fiskalak behar ditugun aztertu behar dugu" "Soluzio ekonomiko eta fiskal" hauetatik aparte, Dorao Lanzagorta jaunak probintzietako mugak gaindituko dituen "lurralde-plangintza"ren urgentzia gogoratzen digu. Eta, azkenez, aspektu hauk kontutan hartu behar ditugun guztiak ez direla esaten digu, gaiaren "aspektu sozio-kultural eta politikoak" erdian daudelako.
Gero, Dorao jaunak Euskal Herriko lorpen eta porrot ekonomikoen banaketa bat egiten digu:
1.- "Europakoarekin gonbara daiteken bizimodu bat gozatzen badugu, kapitalizapen prozesu sakon bati zor diogu"...
2.- "Bake publikoaren narriaduraren fenomeno arriskugarria eta entrepresen haustura ihazko erritmuan irauten badute, bizimaila, errentaren hazkundea eta enplegu osoaren lorpena ezina izango dela aurretik esan dezakegu"...
Beste moduz esanda, Dorao jaunak eskatzen diguna da frankismoaren azken 40 urte hauetan lanpostuak sortu dituen oligarkhia saiatsuari omenaldia egin diezaiogun eta proletalgoak duen soldata haundiagoen aspirapena balazta dezagun.
Dorao jaunak sobera daki Euskal Herrian frankismoaren etorrera baino lehen eta batez ere etorriz gero aberastu zen euskal deiturak dituen burjeseria oligarka horren portaera zein izan den (jarraikoan horren aipamena egingo dut burjeseria hitzarekin): Euskal Herritik kanpoan muntatu zituen. Zergatik ez du probetxatzen berak duda gabe ezagutuko dituen input-output taulen datuak eta beste batzu ere bai eta hauekin kalkulu bat, Euskal Herrirako zer suposatuko lukeen hemen bere "burjeseria saiatsua"k lortu zuen plusbalioa kapitalizatzeak jakiteko. Beldur naiz burjeseria hori proba honetatik galdarraztaturik irtengo litzatekeela. "Burjeseria saiatsua" deitu beharrean, burjeseria koldarra deituko nuke, etekin errezen zalea, eta neurri haundi batez, esplotatu duen herriarekiko traidorea eta orain herri honi atera zaizkion etekinekin lanpostuak ematea uko egiten dizkio,
Dorao jaunak "soluzio ekonomiko eta fiskalei" "lurralde-plangintzari" eta "itxura sozio-kultural eta politikoan buruz hitz egiten digu. Zergatik ez ditugu gai hauei buruzko bere bi klase sozialen ekintzak epaitzen? Ondoko galderak egingo nituzke:
1.- Azken 40 urte hauetan zer egin du burjeseriak Bizkaia eta Gipuzkoak gerra arte zuten Kontzertu Ekonomiko bezalako bat guttienez lor dezaten?
2.- Burjeseria honek non burrukatu du Euskal Herriko ekonomi eta bizi hazkundea planifikatzeko gai diren euskal erakunde minimun bat Estatuari ateratzeko?
3.- Burjeseria honek zeintzu kultur erakunde sortu ditu Euskal Herriak jasan duen kultur genozidioa gerta ez dadin?
4.- Burjeseria honek zeintzu aldakuntza politiko induzitu ditu eta zeintzu nazional eskabide exigitu ditu? Noiz eta noizdanik erabaki du langile klasearekin paktu egitea?
Ba liteke Dorao Lanzagorta jaunak galdera hauei beste artikuluetan erantzutea; bitartean Olarra industrigizonaren azken liburua aztertzearekin konformatuko gara ea horrela zenbait erantzun aurkitzen dugun.
Dorao jaunak defendatzen duen burjeseriak odol eta izerditan ito gaitu eta orain, bere erostekin, nigarretan ito nahi gaitu. Nigarra hainbeste urtetan burrukatu zuen euskal erakunde minimun bat lortzeko. Uholde honen truke euskal proletalgoak bere menekotasun eta deitzen den "paktu soziala" eskaini beharko dio.
Geure eritziz, engania gaitzaten ezin dugu permititu. Euskal Herriak (klase herritarra, ez burjeseria) bere euskal kultura, bere errenta eta enpleguaren maila mantena eta jaso ditzan euskal erakunde minimum horrek behar du. Alderantziz, goi-burjeseriak Estatuan nahiko banaketa du bere entrepresetan gai honetaz interesaturik ez egoteko.
Euskal Herri honek Autonomi Estatutuko bandera eraman duena da (Amnistiakoa eta edozein eskabide nazionalekoa eraman dituen bezala) eta ez du inongo talde sozialaren eskutan utzi behar.
"Bake publikoaren narriadura eta entrepresen haustura" bakarrik ekidinen da Dorao jaunak Euskal Herriarentzat eskatzen duen "ekonomi-fiskal-lurralde-sozial-kultur-politik" konponketa, 40 urte hauetako burrukarekin konponketa hori posible egin duten klase herritarrengana errebertituko denean.
Dorao jaunak "formula egonkor eta salbatzaile"-az hitz egiten digu. Aurkituko balu poztuko ginateke (behar bada, Bizkaiko Merkatal Ganbarako Ikasketa Departamentutik aurkituko duke); baina horrialde hauetatik kontseilatuko genioke, oker ez ibiltzeko, "nahi eta nahiez 1974. arte jarraitu den kapitalkuntza prozesu sakon" horretatik, berak hainbeste etsipenez oroitzen duenetik, urruntzen saia dadin.
Haran
Euskal Herrian
Zientzia euskaraz? Zergatik ez?
Bilboko Unibertsitateko Zientzi Fakultatean, han, Lejoan, mendian erdi galdurik, ba da gazte kementsurik. Ez nahi bezainbeste, baina bai zenbaitek nahiko luketena baino aski gehiago. Horrelako gazte ekintzaile batzu, Z.E.K.T. izen korapilatsuaren inguruan jo eta ke ari dira lanean, euskararentzako bide berriak urratzen. Aurten, adibidez, euskarazko ikastaldiak Unibertsitateak berak finantziatzea lortu ukan dute. Eta katedratiko numerarien antzerako nominarik kobratu ez dute arren —PNNen mailara ere ez baitira heltzen— eta kobratzeko mila kakalamurte eta itzulipurdi egin behar ukan badute ere, ez dute prezedente makalik finkatu; ez horixe!
Dena den, bizi nahi badugu, euskaldunok aurrerantz egin beharko dugu, eta Lejoako Z.E.K.T.-koek ere horixe pentsatu zuten. "Datorren urtean Fisika, Kimika eta abar euskaraz ikastea lortu behar dugu" zioten batzuk. "Hori utopia da" zioten bestek; eta, beharbada, duela zenbait urte, askok utopiatzat jotzen zuten projektu hau. Baina eguneroko lanak, praktikak eta nekeak, helburu hori erdiesteko modukoa dela frogatu dute, Adolfo bigarrenaren eritzi paristarrak —azken batez, Paris zein Madril hemendik urrun (oso urrun) dabil— gorabehera.
Helburuak lortzeko, ordea, bideak urratu behar, eta hoberik ezean, inkesta bat atontzea otu zitzaien gure unibertsitariei, irakasle eta ikasleen eritzia biltzeko asmoz. Irakasle ez numerarien greba dela eta, inkesta hori atzeratu egin da, baina azkenean, berandu baino seguru, egin egin da. Besterik gabe, beraz, kalamatika aspergarri hau alde batetara utzirik, inkesta honen emaitzak erakustera eta iruzkintzera saiatuko naiz.
Nortzuk eta nola erantzun duten
Inkesta hau ahal zen jende gehienari banatu zitzaion. Hala ere, irakasleen greba dela eta, ez da erraza izan toki guztietara heltzea, nahiz eta ikastalde guztietan arduradun bat jarri den. Honelatan, bada, denetara 907 erantzun bildu dira, 839 ikasle eta 68 irakaslerenak prezeski. Hauetariko 743 (81,91%) Euskal Herrian jaioak eta enparadua, hots, 164 (18,08%) Euskal Herritik kanpo jaioak dira.
Alboan jarri ditugun koadroetan, euskararen ezagutze maila eta euskal irakaskuntzari buruzko eritziak agertu nahi ukan ditugu. Numeroak ezin argiago mintzatzen zaizkigu euskal irakaskuntzen alde.
Euskararen ezagutze mailari dagokionez, interesgarria da, datu hauk ihaz eginiko inkestarenekin konparatzea. Ihazko inkestan, euskaraz ezer ez zekitenak 66,89% ziren; aurtengoan aldiz 44,32% agertzen dira soilik egoera horretan. Inkestaren fidagarritasunaren mugak ahantzi gabe, bistakoa da euskararen aldeko giroa hobatzen ari dela, eta jendea euskara ikasten ari dela. Asko edo gutti, baina zerbait ba da. Euskaraz erraztasunez hitz egiten dakitenen ehunekobestea ere gorantz doa: ihaz 10,54%, aurten 13,1 l%. Dena den, hauen artean dauden analfabetuan kopurua handiegia da: 7,27/13,11, hots, 55,45% Noiz arte iraunen duzue analfabetu?
***
Euskararen ezagutze maila
Ezer ere ez dakite 44,32%
Euskara zerbait dakite 42,55%
Hitz egiten dute baina alfabetatu gabe daude 7,27%
Hitz egiten dute eta alfabetaturik daude 5,84%
Irakaskuntza bilinguearen aurreko jarrera
Irakaskuntza bilinguea nahi dute 79,16%
Berdin zaie 9,04%
Ez dute nahi euskarazko irakaskuntzarik 11,35%
Ez dute erantzun 0,44%
Asignatura batzutan datorren urtean ikastaldiak euskaraz emateko projektuaren aurreko jarrera
Projektua onhartzen dute 83,35%
Berdin zaie 3,30%
Ez dute projektua onhartzen 9,26%
Ez dute erantzun 3,85%
***
Euskal irakaskuntzaren aurreko jarrera
Bi galdera egin ziren euskal irakaskuntzari buruz. Lehena, hauxe: "Interesgarria ikusten duzu irakaskuntza euskaraz egitea?" Eta bigarrena, hauxe: "Zer eritzen diozu, lehen ikasmailan eta ahal den gaietan, ikasle euskaldunei ikastaldiak euskaraz emateko projektuari?" Erantzunak bigarren eta hirugarren koadroetan ageri dira. Aldeko erantzunak guttiago izan dira lehen galderaren kasuan. Zergatik? Batzurentzat arraro gertatzen bada ere, emaniko erantzunetan ikusten denez, galdera hori inkonkretua izatean (guretzat guztiz konkretua izan arren), gaizki-ulertuak egon direla esan behar da. Kontra egitearen zergatikoetan ikusten denez, batzuk ulertu dute, bapatean euskara hutsera pasatzea eskatzen zela eta erdarazko ikastaldiak kendu nahi genituela; eta horregatik aurka jarri dira. Ordea, bigarren galderan arazoa gehiago zehaztean, jende gehiago agertu da alde.
Galderen erantzunarekin batera, alde edo aurka egoteko arrazoiak ere eskatzen ziren inkestan. Kolore eta gustu askotakoak izan dira zergatikoak. Aipa ditzagun gehien eman direnak.
Irakasleen artean, aldeko arrazoi ugarienak ondokoak izan dira: "Herri bakoitzak bere kultura eta hizkuntza lantzeko eskubidea duelako". "Diglosiatik bilinguismora joateko". "Euskal Unibertsitaterantz abiatzeko bidea delako". "Euskal irakasleak prestatzeko". "Euskararen normalizatzea lortzeko". "Aberastasun bide delako". "Euskal Herrian gaudelako eta bide honek inor izorratzen ez duelako". "Euskal Herriaren identitatea gordetzen laguntzen duelako". "Euskararen aitzinamenduak honelako projektuak behar dituelako". Eta abar. Erantzun oso sinple baina gogor bat ere egon da: "Zergatik ez?".
Ikasleen artean ere antzerako arrazonamenduak bildu dira: "Ikastolen jarraipena prestatzeko". "Euskal Unibertsitatea eraikitzen hasi behar delako". "Kultur independentzia lortzeko". "Euskararik gabe Euskal Unibertsitaterik ez dagoelako". "Hemendik bospasei urtetara maila guztietan berdin egiteko". "Nork bere hizkuntzaz ikas behar duelako". "Unibertsitateak kultur fokoa izan behar duelako". Eta abar.
Eta aurkako arrazoiak? Hara irakasle batzuk aurka egoteko zertzu arrazonamendu egiten dituzten: "Euskaldun gutti daudelako". "Egun posible ez delako". "Bibliografiarik eta irakaslerik ez dagoelako". "Ingelesez ikasi behar delako". Ez dut uste kaskoa asko berotu behar denik, hauek beren botoa Zentru Demokratiko hospatsuari edo emanen diotenik, beronen leaderren antzerako eritziak agertzen baitituzte. Izan ere, beren aitabitxiaren molde berberaz eginak dirudite. Eta ikasleek, zer arrazoi dute projektuaren aurka egoteko? Hara: "Desberdintasun gehiago egitea litzatekeelako". "Euskara interesgarria ez delako". "Hizkuntza bigarren mailako gauza delako". "Tanto en cuanto lo sepan en español, pues somos españoles". "Que se den las clases en castellano, que todo el mundo lo sabe y es el idioma oficial de la Universidad".
Euskal ikasle eta irakaslerik ba ote dago?
Inkesta horretan, eta prezeski lehen urteko ikasleei zuzendurik, galdera hau zetorren: "1976-77 ikasturtearen hasieran, asignaturaren bat euskaraz ikasteko posibilitaterik izan bazenu, horrelako talde batetan sartzeko zeure izena emanen zenukeen?" 63 ikaslek baietz erantzun dute. Jendeak ba du interesik, noski. Dena den, ba dirudi ezen datu honek faltseatu egiten duela errealitatea, zeren erantzun dutenen artean, euskaraz ongi hitz egiten dakiten 35 euskaldun baino ez baitago lehen ikasmailan. Ikusten denez, beste askok projektua laguntzeagatik eman dukete baietza...
Edozein modutan, pentsatzekoa da, datorren ikasturtean berrogeiren bat euskaldun (hitzaren zentzurik osoenean) egonen dela guttienez lehen ikasmailan. Hauekin guztiokin poliki presta daiteke talde bat, asignaturak euskaraz lantzeko.
Irakasleen artean, gaur egunean plantilan daudenen artean ez da problemarik, Geologia kenduta lehen mailako beste gaiak euskaraz emateko gai diren eta prest dauden irakasleak baitaude. Eta aurrerago joanez, ez balego ere, zergatik ez kontrata?
Azken oharrak
Inkesta honek gauza argigarriak erakutsi dizkigu. Adibidez, Bilbo erdaldun honetako Unibertsitatean (Zientzi Fakultatean hobeki esateko) euskaraz tutik ere ez dakitenak minoria direla (44,32%). Harrigarria, ez da? Eta pozgarria, halaber. Besterik ez bada ere —eta ba da—, euskararen aldeko kanpainek euskara katakunbetatik ateratzea lortu dute. Euskara bizirik dagoela ikasten ari da jendea. Astiro bada ere, gure trena aurrerantz doa. Ai. Concordea balitz!
Bestalde, jenderik gehiena (83,35%) asignaturaren bat euskaraz emateko projektuaren alde dago. Hala ere, orain arte minoria baten nahia egin da (9,26%-rena); eta egiten ari da. Noiz arte? Hori nolabait geure eskuetan dugu. Eskatu eta exigitu egin behar ditugu euskal ikastaldiak. Arrazoiak franko ditugu geure eskuetan.
Eta beste Fakultateetan zer? Ea, guztiok parte hartuz, oraingoz projektua baino ez den asmo hau Unibertsitate osoan errealitate bihurtzen dugun!
Ramon Garai
Lana
I. Gobernamendu berria, Lan Zuzenbide berria
Zuzenbideak bere funtsetan aldatzen ez diren adar batzu ditu, gobernamendu ezberdin eta kordokadura politikoen gainetik. "Zuzenbide Pribatu" deitzen ditugun adarrek, pertsona pribatuen arteko harremanak zuzentzen dituztenek, aldaketa politikoetatik bizirik iraun dezakete. Baina hau, erregulatzen duten giza harremanetako alde konkretua gizartearen antolakuntzan modu berezi batez ukitzen ez badute, "Zuzenbide Publiko" deitzen duguna, ordea, hau da. Boterea eta honen harremanak hiritarrekin antolatzeko arauak, eta estudiatzen dituzten harreman bereziengatik interes publikoa nagusitzen diren Zuzenbide Pribatuen adarrak, gobernamendu aldaketa batengatik sakonki ukituak aurki daitezke.
Azalpena bistan dago. Sistima politiko bat klase burrukari buruzko ideia determinatu batez oinharritzen den Gizartearen kontzepzio bat da Aldaketa politiko bat funtsean entseiu bat da Gizartea beste oreka puntu baten finkatzeko, edo Gizarte hori lehengo oreka puntu horretan beste modu ezberdin batez antolatzeko. Gobernamendua aldatzen da A sozial klasea B sozial klase baten gainetik jarraitzeko edo kentzeko, edo bestela bere lehengo egoeran irauteko beste moduz eratzeko.
Zuzenbidea kontzepzio berri horren giltza da. Botereak —berria edo berrestrukturatua— lege gorputz bat diktatu behar du Gizartea antolatzeko ideia hori eratzeko edo jartzeko. Erizpide eratzaileekin zerikusia edukiko dituzten Zuzenbideko adarrak nahi eta nahiez ukituak izango dira. Lan Zuzenbideak ere, Sistima Kapitalistaren oinharria dena, kontzepzio berri hau sentituko du.
Gaur Gobernamenduko aldaketa bat ikusten ari gara. Honen agenteek klase burrukan dagoen indar koerlazioa ez dute aldatu nahi, iraunerazi baizik. Diktadura Kapitalismoaren defentsa harmatua izan zen; "Erreformapenaren" Demokrazia bere defentsa "zibilizatua" izango da. Aldatzen dena Gizarte kapitalista eratzeko metodoa da. Estatuko Herri guztietako klase langileak 40 urtetan setiatuak edukiz gero, sistimaren ekonomi, sozial eta politik hondamena nabaria da. Sistima honek irudi berri bat behar du; kapitalismoaren iraunkortasuna ezin daiteke pentsa, orain eta hemen, mendebaldeko demokrazietako (textu)inguruan sartu gabe, demokrazia hauek —nahiz eta modu egongaitz batez— hazkunde ekonomikoarekin eta honen ondorio den bizimailaren gorapenarekin bere kontraesanak ekilibratzen ditu.
Beste moduz esanda: Frankismoa ipini zuten —beren autodefentsarako— Kapitale Haundiaren interesek, Europako estatu neokapitalisten antzeko "Ongitasunaren Estatua" behar dute. Eta "Ongitasunaren Estatua" muntatzeko —beste gauza batzuren artean— azaletik libre den eta politik eta polizi zapalkuntza jasaten ez duen Gizarte bat behar da, bai eta entrepresa mundu egoki bat ere, honen protagonista benetako ordezkariekin uler eta negozia daitezen eta ez Estatu eskusartzailearen zapaltzaile den lan eta syndikal politika. Neokapitalismora iragaitzak, kalean eta entrepresan askatasun formalak exigitzen ditu. Lan Zuzenbidea ere, entrepresako Zuzenbidea den neurrian, aldatu behar du.
II. Adolfo Suarezen Lan Zuzenbidea
Lan Zuzenbidea jadanik aldatu al da? Zer aldatuko da? Azken lan arauetako irispidea zein izango da? Irazkin batzuren bidez lan arautegia aztertuko dugu eta honetan politikak ukitzen dituen puntu garrantzitsu batzu: syndikal askatasuna, tratu kolektiboa, greba eskubidea, botatze librea, etab. Eta hau baino lehenago, arautegi horri eta azterketa honi zentzua emateko, zer ez duen aldatuko adieraziko dugu, hau baitakigu. Kapitaleak gobernatzen iraungo duen bitartean, behintzat. Lehengo kontsiderapenek analysis elementu bezala balioko dute. Suarezen "Politik Aldaketa" interes kapitalisten defentsa hobe baterako methodo aldaketa bat bada —jesuitek bezala "Ad Maiorem Capitalis Gloriam" eginda dagoela esango genuke—, Lan Zuzenbidea, edozein sistimatan klase burrukan nahi den orekaren arautegi adierazpena da. Mendebaldeko herrietako Lan Zuzenbidea, kapitalismoaren eskutan dagoen entrepresaren jabetza pribatuaren irautea errazteko egina da. Lehengoz, langileei plusbalioak juridikoki kentzen kapitalearen pilaketa segurtatzen du. Beste aldetik sistima honen "iheste hodia" da, honela leherpen iraultzailea egin ahalko luketen tentsioak kentzen dizkio. Kapitalearentzat plusbalioak gordetzea juridikoki egiten lortzen da, gure sistiman 1944.eko Lan Kontratu Legearen 1. 2. eta 6. artikuluek eta 1976.eko Lan Harreman Legearen 1. artikuluak irakasten diguten bezala.
III. Inorentasuna eta plusbalioak
Betebehar hauek plusbalioen defentsarekin eta langilearen alienapenarekin zerikusia duten agerian ipintzen saiatuko gara. Inorentasunaren bitartez, "entrepresariak" edo entrepresaren jabeak —hitz honekin kapitalearen jabea ezkutatzen da, elkarte bat edo pertsona bat izan arren— bere langileen lanaren fruitua sortzen den mementu beretik bereganatzen du, eta honen truke soldata finko bat eskaintzen dio, soldata honek ez du entrepresariak duen irabazteko edo galtzeko arriskua... Betebehar honen "aingerutasun" hau kontutan hartu gabe argi ikusten da nola entrepresariak bere langileen soldata berak eskaintzen dituen artikulu edo zerbitzuen barruko kostu handiago bat bezala kalkulatzen duen, eta honela kondizio normaletan kostu guztien adizioa baino gehiago irabazten du berarentzat, eta kopuru honi margin bat gehitzen zaio eta hau bere irabaziak dira. Irabazi hauk —plusbalioa— entrepresaria deitzen den izaki abstraktu horrek lortzen ditu, hau legitimatzeko lanik egin gabe, kostu hauetan gerentearen soldata sartzen baita, nahiz eta gerente hori batzutan entrepresaren jabea izan gizaki bat eta entrepresan bertan lan egiten badu. Irabaziak entrepresa sortzeko kapitale batzu arriskutan jartzeagatik trukea da.
Eta arrisku horrek ez du legitimatzen? esaten dute sistimaren defendatzaileek. Kapitale inbertitua entrepresak krak egiten badu galtzen da, gehitzen dute. Egia da, baina entrepresa batek krak egitea, behar den moduan muntatzen bada, harrigarria da. Entrepresa baten benetako arriskua krisisaldi ekonomikoa da. Zer gertatzen zaio? Entrepresak porrot egiten badu eta elkarte anonimoa edo limitatua bada —eta gehienak holakoxeak dira— elkarkideek haiek ekarritako kapitalea bakarrik galtzen dute eta kapitale hau formatzen zuten ondasunekin ezin bada entrepresako zorrak ordaintzea, haik ez dira erantzuleak; hau da erakunde modu honek duen entrepresal arriskuen mugaketa, eta mendebaldeko herrietan dauden ia entrepresa guztiak honen modukoak dira. Eta entrepresa gizaki bakar baten jabetza bazen? Kasu honetan, Arautegi (kodex) Zibilaren 1.911. artikuluan jabeak bere "oraingo eta geroko" ondasun guztiekin erantzungo dituela agertzen da. Baina berak dituen ondasun guztiak ezin dira enkante publiko batetara eraman eta beren prezioa hartzekodun guztien artean banatu: Juzkapen Zibil Legearen 1.449.ean artikuluak, zordunaren etxeko erabilerako ondasun konkretu batzu eta lan egiten badu soldata minimoa bahitzea debekatzen du. Entrepresari indibidual batek, bere entrepresak krak egiten badu, entrepresaren zorrengatik ez du larritasuna eduki behar bere ondasun ekonomikoak familia edo beste pertsonen izenean ipini baditu, gehien-gehienek egiten duten bezala... "testaferro" erakunde gorrotagarria erdeinari baina erabilia.
Hala eta guztiz ere, ikus dezagun langileei zer gertatzen zaien. Entrepresak krak egiten badu, Ezinbesteko Langeldiketaren Segurantzako babesa dute, eta aldi batean beren kotizapenaren oinharrizko %75 garantitzen zaie. Baina epe hau bukatuko denerako beste enplegu bat aurkitu ez badute bizitzeko lanik gabe geratuko dira; eta hau ez litzateke harritzeko gauza entrepresak porrot egiten duten garaia, normalki, krisisaldi ekonomikoaren garaia baita, eta orduan entrepresariek ez dituzte lanpostuak eskaintzen.
Gainera, entrepresariak krisisagatik hersteko mementuan ordaindu ez dizkien soldatak, galtzeko arriskutan daude; garantitzen zaizkien kopuru bakarrak, nahiz eta entrepresa ordaintezin izan, krisisagatik edo botatze desegokiagatik indemnizapenak dira; kasu honetan, entrepresariak ordaindu beharrean "Instituto Nacional de Previsión"ek egiten du. Baina soldatekin ez da berdin gertatzen; entrepresan bahitzeko gai diren ondasunak geratzen ez badira, langileek galtzen dute hori. Ondorioz, ez dituzte beren azken soldatak kobratuko, ez eta mementu horretan zor zaizkien aparteko (extra) soldatak eta oporketaren portzentaia, eta beste arrazoiengatik entrepresak zor dizkien soldata diferentziak. Egoera hau konpontzeko 1976.eko beranduko Lau Harremanetako Legea etorri da —Frankismoaren eta entrepresal ordaintezinak 40 urtetan pasatuz gero— honekin "Fondo de Garantía Salarial" ipini nahi da entrepresariak ordaindu beharrean Fondo honek ordain dezan, baina urte bat iraganez gero Fondo hori ez da funtzionatzen, horretarako behar diren arauak egin ez baitira. Nahiz eta krisis ekonomikoak herste eta ordaintezin asko ekarri.
Alderantziz, entrepresa ondo dabilenean, eta hau oso normala da aurrikuspen txar bat edo krisis ekonomikorik ez bada, langileek beren soldatekin konformatu behar dute, entrepresariak dituen etekinetan partehartu gabe. Hitz batez, ezezko arriskutan bakarrik partehartzen dute: lana galdu edo zor zaizkien soldatak galdu, entrepresak krak egiten badu; ez baiezko arriskutan: beren lanak sortu dituen plusbalioetan esku hartzea, entrepresa ondo dagoenean. Hau da "Inorentasuna" betebehar hau lege soiletatik aztertzea edo honen ondorio praktikoak ikustearen artean dagoen ezberdintasuna.
IV. Menpetasuna alienapenaren forma bat
Plusbalioak gordetzen dituen lan tratuaren bigarren betebeharrak menpetasuna da. Honen bitartez langilea bere lan energia entrepresariaren aginduarenpean jartzera engaiatzen da, honek, eta bien arteko paktatuen arauera, nahi duen bezala erabil dezan. Bere eskuak entrepresariaren agindupean jartzea bezala da, eta honek entrepresak nahi duen bezala eratzeko eskubidea gordetzen du. Honela, entrepresan boterea dutenak entrepresaria eta honen apoderatuak dira. Entrepresariak errentagarriak irudituko zaizkion produkzio metodoak hautatuko ditu eta etekin gehiago emango dizkioten lan sistimak eta orduak ipiniko ditu, nahiz eta bere langileei kalte gehiago egiten dietenak izan. Eta azken hau ez da kasualitatea, konpetentzia librearen hastapenak entrepresariari, konkurrente eta kostu gehien gutituko dituen entrepresal erakunde bat exigitzen baitio. Beste aldetik "menpetasuna"k ere Gizarteari zer eta nola eskain, zein artikulu edo zerbitzu salduko ditu, zer kondiziotan eta zein karakteristikarekin hautatzeko eskubidea entrepresariarentzat gordetzen du. Guzti hau klase herritarrek dituzten beharrizan edo erosteko ahalmenentzat aproposena izan ala ez ez du garrantzirik: etekin haundienaren legea da ardura duena, eta ez entrepresaren sozial baliagarritasunarena.
Hitz batez, "menpetasuna"k plusbalioen lorpena segurtatzen du, eta entrepresariaren eskutan boterea irautea garantitzen du, eta hau langilearen alienapenaren bizkarretik, bere lan ahalmena saldua ikusten baitu, bere lan energia nola erabiltzeko edo non aplikatzeko erabakietan parterik hartzen ez duenez gero; langilearen esplotakuntzaren bizkarretik, entrepresariari errentagarritasun gehien eskaintzen dion lan arautegi bati loturik; langilearen dominapenaren bizkarretik. Gizarte baten partaide bezala erlatiboki hauta ditzakeen artikuluen kontsumatzaile pasiboa, kontsumu gehienaren alde bere premia naturalak aldaratzeko propagandak maneiatzen baititu. Honela, "menpetasuna"k entrepresa gainditzen du eta Gizarte guztiaren gainera erortzen da, eta langileek, entrepresariak bere sakela haunditzeko entrepresa nola maneiatzea estudiatzen duenean, ezin dute honen merkatal erabakiak kontrolatu.
V. Aldaezina
Hau guztiau da segurtasunez aldatuko ez dena, Lan Zuzenbideak babesten duen kapitalismoaren funtsa delako. "Inorentasun" eta "menpetasun"aren gordintasuna leun daiteke, Europako sozialdemokrata diren herrietan egiten den bezala, baina hau funtsa iraun erazteko, nahiz eta etekinetan partzuergoa eskaini eta "kogestio" deitzen den politikan erabakiak hartzen permititu. Edozein kasutan lan tratuaren hastapen esplotatzaile, dominatzaile eta alienatzaileak osorik iraun eraziko du; eta edozein modutan alternatiba kogestionatzaileak guk orain hasiko dugun baino Demokraziako fase aurretuagoetan bakarrik eman daitezke.
Aldatuko dena —duela bi hilabete lehen pausoak eman dira— lan gaietan Estatuko esku sartze itotzailea da, eta bai sistima kapitalista salbatzeko Lan Zuzenbidea "iheste hodia" bihurtzen duten orain arteko erabilitako teknikak ere. Baina hau hurrengo kapitulu baten gaia izango da.
J. Alonso
Lana
Banka eta Aurrezkiko langile abertzale sozialisten koordinatzailea
Euskadin, Banka eta Aurrezki mailan dauden talde eta mugimendu ezberdinekook, Euskadi beste nazioekiko (ekonomikoki eta soziopolitikoki) berezia dela, kontsideratuz, berezitasun hauei, erakunde eta desarroilo bat dagozkiela uste izan dugu.
Horregatik, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko lankide batzuk batzarre batzuren ondoren, herri eta klase bezala ditugun arazoak konpontzeko, Banka eta Aurrezki mailan, langile abertzale sozialisten koordinatzailea sorterazi ezin dugu.
1.- Koordinatzaile hau zergatik sortzen den?
- Hego Euskadin banka eta aurrezki sektorearen langile abertzaleengan erakuntz hutsune bat dagoelako.
- Behar hau, azken komenioetan, argi ikusia izan da, joera oso estatalista izan baita. Jadanik antolaturik dauden taldeen joera honek, batzutan, beraien partiduzko interesagatik gure sozial eta nazional arazoak menperatu egin dituzte.
Ezker abertzaleko langileak, klase eta herri askapenaren alde, burruka egiten duten langileak; eta horretarako, asanbladar prozesu bati jarraituz eta indartuz lantoki guztietako elkar laguntza ahalbidetzen duten langileak, koordinatzeko Banka eta Aurrezki mailan.
- Nazional eta klase arazoak, loturik egonez, batek ez du bestea baino garrantzi gehiagorik, biak Euskadiko langileoi baitatozkigu. Soziologi eta geopolitik marko ezberdin bateko langileak garela ez dago zalantzarik. Marko honek berezko gauza hauk ditu: historia bat, hizkuntza bat, kultura bat, egiteko etorkizun bat, etab.
Gauza hauek nazio bat bezala itxuratzen dute. Nazio hau sistima kapitalistaren menpean dago eta klaseez zatiturik dago espainiar eta frantziar estatuen menperapenean. Honegatik gure nazioa klase burrukarako marko espezifikoa da.
- Koordinatzaile hau, politik erakunde eta alderdietatik independentea da.
2.- Koordinatzailearen funtzioa
- Langileen gogoaren organorik errepresentagarriena asanblada denez gero, hauxe indartzea. Entrepresan eta Estatu mailako asanbladetan aukeratutako ordezkariak, eta entrepresen eta sektoreen arteko koordinatzaileak ezagutzeko, urte askotan zehar, "bertikal" delakoaren aurka egin ondoren, oraingo zentrale sindikalen protagonismoa ezin dezakegu onhar (berauek orain, protagonismoa kendu nahi digute eta geure errepresentagarritasuna atribudituz, negoziatzerakoan ordezkatu nahi gaituzte totalki edo partzialki).
- Asanbladar prozesua dagoen legalitatea apurtzeko, etengabe burruka egin behar da, eta Euskadiko langileon interesei dagozkien legalitatea egin behar da.
- Entrepresariekin hitz egiteko edo langileek erabakitzen duten beste gauzaren baterako, asanbladako ordezkariak bultzatzea.
- Banka eta Aurrezkiko langileen artean, gauza hauk desarroilatzea.
- Klase eta nazional kontzientzia.
- Euskal eta nazional kulturaren berreraikuntza.
- Elebitasun batetik euskararen normalpen batera joatea.
- Burjeseriak esplotatzen duen eta gaizki ulertua den nazional zentzu batez, langileen batasuna ez apurtzen
- Euskadiko langileen, beste sektoreen eratzaile edo asanbladar mugimenduarekin harremanak finkatzea.
- Espainiar Estatuko beste herrietako langileekin koordinatzea, hauxe elkar berdintasunezko eta independentziazko arauz eginez.
- Espainiar Estatuko eta mundu guztiko langileen interesekin identifikapenak benetakoa izan behar du.
- Batasun honek, ondo definituriko eta komunitate ezberdin baten langile esplotatuen bereizkuntzak ez ditu ito behar. Euskal langileen mugimenduaren barnean, nazional arazoa xixkatzea politika oso definitua da eta nazionalitate zapaldu baten interesen aurkakoa. Batasuna, elkar ezagutzen eta errespetuan datza.
Munduan barrena
Terrorismo hitza modan jarri da aspaldion. Terroristak noski, terrorismo egiten dutenak izaten dira, terrore bidez bere helburuak lortu nahi dituztenak. Hala ere euskaldunok, hiztegizale izanik, Larousse hiztegian terrorismo hitzaren esan gura begiratu dugu, badaezpada ere. Eta hauxe dakarkigu: Bortxakeriazko gobernamendua. Bigarren hitza guztiok dakigu zer den, eta lehenak, ez badakigu ere, noiz edo noiz min egin digu, baina minaren zergatia aztertu behar dugu. Hona zer dakarren hiztegiak: bortxaren abusua, neurrigabeko bortxa. Terrorismoa beraz neurrigabeko bortxaren gobernamendua da. Hori eta ez besterik da terrorismoa.
Neurrigabeko bortxaren gobernamendua egon da eta, egon, dago herri honetan azken 40 urte hauetan. Neurrigabeko bortxaren abusuak herri honetako kargu publiko guztietan, patxada handiaz kokatuta eta kokaturik egon dira.
Bortxakeria praktikatzeko eta bortxakerizaleen lagunen patrikak eta sakutak betetzeko beti ibili dira, batzutan ixilka, bestetan agerika, delako ordenu publikoa zaintzen eta kontrolatzeko asmoz. Bortxakeriak denetarikoak izaten oi dira. Boltsako baloreen bortxakeria, kapitalen ihesteen bortxakeria, lurraren espekulazioaren bortxakeria, prezioen bortxakeria, herri baten nortasunaren bortxakeria, atmospherako satsaduraren bortxakeria, eta abiada honetan datorren urterarte segituko genuke, baina ez, ez dugu egingo, debekaturik egon ez arren, zeren debekaturik dagoena, zera baita, terrorismoaren aldeko apologia egitea, eta guk aldiz terrorismoa salhatzen ari gara.
Italiako kasua eta gurea ez direla berdinak esaten da. Ni ez nago konforme, erdi gezurra delako, eta nik uste Martin Villa eta Italiako ministroa, mirakuluzki, nirekin daudela. Italiarrek ez dute Euskal Herririk, hori behintzat egia da, Italiarrak, aldiz, demokrazia batetan bizi omen dira, eta hemen, dakigunez, andre hori lurpean egon eta gero airean dabilkigu oraingoan. Baina Italian zoritxarrez, autoestradak eta autobideak hirugarren etxebizitzetako leihoetatik zehar ere, iragaten dira. Iragate hau aski agergarria da nahiz eta sinple eta sakona izan. Halaber moeta guztietako eskandalu bitxiak egon dira Italian, gustu eta eritzi guztietarakoak. Italiako mafia, baina benetakoa, filmetakoa, kristau demokrazizale beroena izan da beti. Hau zela eta, Napolin tratu ederrak eginik zeuzkaten aspalditik. Zu eman eta nik eman, zuk gorde, eta nik gordeko zaitut. "Orube horik udalarenak direla?... Bai zera, klasifikapena aldatuko dizut, ez kezkarik izan, baina eliza bat egin beharko didazu, honela herriarentzat, "Utilita pubblica signore", nolabait dela esan dezakegu".
Italian ere orduan, Bilbo asko dago. Demokrazia batek eraikitako Bilbo eta Euskal Herri guztiak terrorismoaren kontrako burrukan altxatu dira.
Hau oso larria da, oso. Horretarako Europako "bederatziak" terrorismoaren kontran elkarrekin ari dira. Ministroak, Londresen batu dira: Gai theorikoari buruz, terrorismoa, edozein ideologian oinharritako terrorismoa, bidegabekeria dela esateko ados jarri dira. Biltzarrea bukatu ondoko ageri ofizialaren arauera, "kriminaltasun berezi honek ez digu arazo berezirik sortzen"??? "horregatik mugaz gainetik ere, elkarrekiko ekintzak gero eta gehiago indartu behar ditugu". "Terrorismoa aurretik gelerazteko, berari dagozkion tratamendua egingo diogu eta horretarako errepresiobide guztiak erabiliko ditugu". "Hemendik aurrera harmak eramateko baimena askoz kontrolatuago egonen da, eta poliziak soilik eraman ahalko dituzte".
Mesedez irakurle, irakurtzen ari zatzaizkidan hori, ez barrerik egin, nik asmatu ez dudan gauza serio bat aztertzen ari dira ministroak, eta ez dira Arrankudiagan edo Larrazabaleko txakolindegian bildu gero, baizik eta Britainia Haundiko hiri nagusian. Tamalez bat falta da, Martin gurea. Txutxu-mutxu eta txitxi kakaren beldurrez ez dute orain sartu. Datorrenean sartuko dute, eta Martinik ez badago Pello Joxepe sar dezakete.
Ageri ofizialek dioskutenez, gai honeri buruzko harremanak sakonagoak izanen dira. Ministroak prestaturiko lankidetasun berri hau ez da informazio trukaketan soilik geratuko. Frantses poliziek, Alemanian, azterketak eta estudioak egingo dituzte, Italiakoek Irlandan eta abar. Honela ikusiko dute frantsesek zergatik Belgikan, bertako I.B.M.k Brusselako udalari, urteroko alokairu gisa, 150 F.B. pagatzen dion. Alemanek, Hachette-k, Frantzian publikatzen den % 70, zergatik kontrolatzen duen argi ikusiko dute. Italiarrak Ipar Irlandan dagoen egoera latza nondik datorren konturatuko dira eta Espainolek, Alemaniara joatean, herri horretako aberastasun guztiak nola eta zer medioz nazi faxista guztien eskuetan kontserbatzen direneko formula aurkituko dute.
Neurri oso egokia deritzot. Berriro ere Ministroekin eta poliziekin batera nator ni. Eta polizien laguntasun eta herkidetasun honetan nagoenez, beste poliziaren hitzak, Bilbon izan zen komisari nagusiaren hitzak aipatzeko aprobetxatuko dut.
"Terrorismoaren arazoa, arazo politiko bat da, ezin daiteke terrorismoa garaitu, politiko eta guztiz politiko diren kausak deuseztatzen ez badira". Eta hori Larrazabalen egia ba da, Londresen ere egia izango da.
T. Trifol
Iberian zer
Boterea lortu zutenean, edo eta boterearen azalezko errepresentanteak izatea lortu zutenean, ezin zezakeen inork pentsa, ez Suarez-ek eta ez "PNN-en gobernua" deiturikoak estatuaren agintean —bai, agintean, zeren ez baitute inoiz gobernatu, agindu baizik— denbora gehiegi iraunen zutenik. Baina ez da honela izan, eta, orain, urtebete iragan ondoren, guztiek harriturik utzi gaituzte; hona hemen, non Suarez jaunak demostratu duen erreinu honetako maniobrero trebeena bera dugula. Halaber demostratu du —eta dute, ingurukoek ere partaide baitira—, hainbeste finkatu dela boterean, non ez duen berau inolaz ere utziko. Honen haztarrena dakusagu behintzat. Hemen datza frankismoaren kumeek egindako tranpa, jokoa eta sasikeria.
Egun, hauteskundeei buruzko inkesta guztiek, garaile gisa Suarez eta beronek komandatzen duen "Unión de Centro Democrático" ematen dute. Garaipen lasaia, erraxa, boterearen hari guztiak menperatzen eta maneiatzen baitituzte; honek, noski, posibilitate guztiak ematen dizkie. Beraz, antidemokratikoki jokatzen dute, hori baita beraien legea eta helburua; kakoa, beti boterean mantentzea. Oraingo honetan demokraziaren ateak ireki behar omen dituzte! Ez ote dugu elkar ezagutzen, ba?
Ikus dezagun —gainetik guttienez— zein den Suarez, eta halaber zer den berak gidatzen duen untzia —UCD—. Suarez-en karrera politiko guztia Mugimenduan egina izan da, Herrero Tejedor-ren baitan hasitakoa, haren begikoa baitzen. Betidanik ministerioetako bazterretan aritua, beharrez ezagutuko ditu klase politikoaren gorabeherak eta, noski, berauetan aski esperimentatua izanen dugu. Mugimenduaren idazkaria izan da eta, jakina denez, Mugimendua diktaduraren ardatz inportanteenetariko bat izan da. Hemen du Adolfok ikasia bere katixima, hemen izan du bere eskola eta heziketa. Zer da, ba, Suarez? Funtzionari bat, frankismoaren funtzionari irmo bat; diktadurak eta diktaduran hezitakoa eta elikatua.
Untzia —Unión de Centro Democrático— aztertzeko, atzera begiratu beharra dago. Haseran, PPa —Partido Popular— izan zen sortzailea, Pio Cabanillas eta Areilza burutzat harturik zutela. Inguruan barreiaturik ziren zenbait talde ttiki-biltzea eta bideratzea zen haien asmoa, bertako taldeak hauk izanik: kristau-demokratak —batzu—, liberalak, sozial-demokratak eta, nola ez, hainbat frankista independiente (?).
Aliantza guzti honen asmo nagusia "Equipo Demócrata Cristiano"-a barnean sartzea zen. Ezin izan dute hau lortu Gil-Robles-ek ipini dituen oztopoengatik batipat. Eta azkenik, guztia gobernuaren alternatiba batetan bihurtu zaie. Dena den, lotsagarriena zera da: frankismoaren artaldetik irtendako (?) hainbat pertsonek orain zentristen papera egin nahia. Edonork daki, Espainiako Estatuan zentrua kristau-demokratak direla eta inoiz ere frankista funtzionariak. Oroit gaitezen Fraga-k esaten zuenaz, hots, "ni naiz zentrua" Bai zera! Fraga zentrua eta Suarez komunista! Dirudienez, basati guztiek azken aldi honetan zentruarekiko amoraturik ditugu.
Kontextu guzti honetan ulergarriago egiten zaigu Areilza jaunaren joera, zeren gobernuak CD-a uztartu badu, probetxagarria izan dadin izanen da bederen. Garbi zegoenez, Areilzarentzat muntaia guzti honek bigarren maila batetara pasatzea suposatuko luke. Han dela eta, kondeari ez zitzaion "komeria" gustatu eta hanka egin zuen. Eta ez, noski, kondea oso demokrata delako, bere aurpegi "apur bat demokratikoa" gehiago lohituko litzaiokeelako baizik.
Arestian esan dugunez, gobernuak prestatu duen muntaiak helburu garbi bat dauka: boterearen hariak inolaz ere ez galtzea. Horrexegatik permititu du oligarkiak, ematen ari den aldarketa ttikia eta ez, noski, demokraziazaleak direlako, urtetako politika diktatorialarekin oso ondo frogatua baitute zeintzu diren.
Esan beharra dugu, modu berean, hemen jokabidea ez dela originala, bestela eman dezagun begirada bat munduan zehar, eta hainbat kasu berdin edo berdin xamarrak ikusiko ditugu. Adibidez, Frantzian UDR, Mexicon PRI etab... bakoitza, noski, bere konnotazioekin.
Kale guztietan ikusi ditugu UCD delakoaren zenbait iragarki, hauen artean bi aukeratu ditugu:
Lehena: "El Centro es la Democracia". Zentrua baldin demokrazia, eta gobernu guztia zentrukoa baldin badugu, galdera bat datorkigu burura: non demokrazia? Urtebete egin duen gobernu batek —oraindik, ez dakigu iraunen ote duen—, ez die Espainiako herriei eta bertako populazioentzat kasik soluziorik eman. Gure Euskal Herria lekuko. Guztia izan da adabakiak ipintzea, bitartean boterea mantenduz. Ekonomi krisia gogortu egin da, nazio errebindikazioak ez dira entzuten, amnistia tantaka datorkigu, etab... Guk dakigunetik, gobernuak erabili dituen metodoak, frankismoari ikasiak dira, eta hau garbi nabari diezaiokegu. Ia bi urte dira "prozesu demokratiko" batetan sarturik gaudela, prozesu luze eta negargarri batetan; areago oraindik: faltsua dena. Zer du herriak irabazi prozesu honetan? Gutti, ia ezer ez. Zeren dakusagunagatik boterearen zentru guztiak jende berberak baititu harturik, eta boterearen zaindariek berdin tratatzen baitituzte populazioen errebindikazioak. Orduan, non demokrazia? Oligarkiaren babesean dagoen klase politikoak, bi urte ukan ditu demokrazia ezartzeko eta beti prozesu batetan ukan gaitu. Noiz, ba, demokrazia?
Bigarrena: "La Vía segura a la Democracia". Norentzat segurua? Inoiz baino burruka gogorragoak ezagutu ditugu; inoiz baino gehiago lurperatu dute jendea; eta hala eta guztiz ere, bide seguruena omen. "Seguruena baldin badu ere, berau hilerrietatik pasatzen da sarri: maizegi.
Duela bi urte hil zen Franco; geroztik boterea beraren kumeek hartu zuten. Berauek orain, hauteskundeetara deitzen gaituzte, beraiek ezarritako lege batzurekin, beraiek inposatutako metodoaz; beraz, neurria eta araua beraiena da, eta hortik ateratzen den edonori, burua makur erazi eginen diote: beti egin duten moduan.
AP eta UCDren arteko diferentziak, ez dira handiegiak, egia esan. Ba dirudi, batak gaiztoaren papera hartu duela, bestea moderatu gisan gera dadin. Bata "gaiztoa", bestea "ona". Bata frankismoa, besten neofrankismoa; antzekoak behintzat. Haien artean ematen diren tira-birei, esaera zahar hau aplika diezaiekegu: zozoak beleari burubeltz.
joanes goibela
Gure psykhiatrikoen egoera erogarria
Maiatzaren 17an, Bizkaiko hiru erotegietan lan egiten zuten hamasei M.I.R. —"Médico Interno de Residencia"— hertsaldi batetan sartu ziren, Bilboko Mediku Kolegioen bulegoetan. Lerro hauk idazten ditugun uneetan, mediku hauek hamabost egun daramatzate egoera honetan. Zergatik hartu dute protesta joera hau? Non ditu bere sustraiak?
Sustraiak aipatu ditugu. Luze, sakon eta sendoak dira eta Euskal Herriko lurpean urte luzetan hazi dira, ixil-ixilik, arazo honen sustraiak. Pertsona normalen problemak ezkutatuak izan baldin badira gure herrian, zer pentsa "normalak" ez diren pertsonenak? "Pertsona" aipatu dugu oraingoan, baina Zamudion, Zaldibarren eta batez ere Bermeo-ko erotegian bizi diren gaixoen gaurko egoera larria ezagutu ondoren, pertsonak bezala hartuak direla zalantzan jartzen dugu.
Hemen dago arazo honen sustrai garrantzizkoena: mediku hauek protesta bidea aukeratu baldin badute, eroak diren pertsonak defendatzeko izan da. Bizkaiko Diputazioaren aurrean maiz egin dituzten salaketek mediku hauei beren lanpostuak galerazi dizkiete. Mediku hauen kaleratze aitzakia Apirilaren 5ean egindako gutun bat izan zen. Lehen egindako protesta agiriek oinharri handiak zituztelakoan, Diputazioak gutun hau aurkitu zuen kaleratzeko aitzaki bezala. Gutun honek, ordea, Zaldibarreko langileen arazo bat besterik ez zuen agertzen. Gutun honen bidez, Zaldibarren lan egiten zuten 49 erizain, mediku eta beste langilek "Madre Superiora"ren dimisioa eskatzen zuten bere "jefe de personal" arloan. Diputazioak, gutun hau hartzean, langile hauen kontra zigorbidea aukeratu zuen: mediku bat kaleratu zuen, beste hiru medikuri beste mailetara igateko posibilitateak hiru urtez galerazi dizkie, bi sozial laguntzaileri soldata eta lana bi hilabetez kendu dizkie, bi syndikal ordezkari kaleratu ditu, beste bati 21 egunez lana eta soldata kendu dizkio eta beste izenpetzaile guztiei soldaten zazpiko bat kendu die.
Zigor hauk ezagutzean, beste erotegietan lan egiten duten langileek solidaritate mugimendu bat sortu dute. Zaldibarren jazotakoa arazo handi eta sakon baten agergarri bat besterik ez da. Zigorbideez, Diputazioak langile "gorri" eta errebindikatzaileak kaleratu nahi izan ditu. Urte luzetan bere zerbitzuan ixilki eta apalki egon diren medikuak, berriz, funtzionari bihurtuz saritu nahi ditu. Orain arte, langile hauen lan kontratuak urtero berritu behar izan dira, honek dakarren seguritate ezarekin.
Auschwitz Bizkaian dago
1976. urteko Abendua: Diputazioaren Idazkaria Bermeoko erotegira heldu zen, zalantzan jartzen baitzituen hango langile eta gaixoek egindako protesta idatziak. Minutu batzu erotegiko geletatik ibili ondoren, idazkariak handik arin irteteko beharra izan zuen, hango kondizio lotsagarri eta tamalgarriak ikusi bezain laster. Handik kanpoan, hala dio Ordezkari jaunak: "Horrelakorik ez nuen espero. Hau Auschwitz da..."
Eta baieztapen hau ez zen gehiegizkoa. Bermeon egon diren guztiek gauza berbera diote. Han lan egiten dutenek agiri bat egin dute eta hona hemen lan honetako hainbat zehaztasun harrigarri:
Bermeoko erotegia 1890. urtean egindako etxe hotz, handi eta zahar bat da. Gartzela baten itxura du. Bi metrotako orma batez inguratuta dago eta erdian, patio handi batetan, gaixoak etzanda edo eserita egoten dira ordu luzetan. Erotegi edo "ospitale" honek 350 ero ditu gaur, bost mailetan banatuak: Zaharren edo Geriatri saila; Ume saila; Irtenbiderik ez dutenen saila; Oso gaizki daudenen —"Agudo"en— saila eta khronikoen saila. Alkoholikoak tratatzeko orain arte zegoen saila desegina izan da, "mediku bereziturik ez baitago".
Geriatri edo zaharren saila. Hogeiren bat dira sail honetan dauden gaixoak. "Khronikoen" sailetik helduak ditugu batzu. Kotxe zaharrak bazter batetan utziak izaten diren bezala, Bermeoko zaharrak geriatri saila osatzen duen 50 m2tako gela bakarrean baztertuak izaten dira. Kalefakziorik gabe, hotz handiz, gela honetan egoten dira orduak, egunak, urteak, bakar-bakarrik gehienetan —nork kontu egin ez baitago—, beren aulkietara lotuta batzutan, minik har ez ditzaten esertokietatik erortzean. Zaharrak eta gaixoak direnez gero, beren "beharrak" komunetara heldu baino lehen egitea ez da gauza arraroa. Gela bakar honetan egiten dituzte beren bazkari eta afariak. Patio txikira jaisteko, zahar gizaixo hauek eskuheltze gabeko eskilara batetatik jaitsi behar dute eta noski, bi aldiz gutxienez hezur hausteak izan dira, oztopo egin eta eskilaretatik buruz behera erortzean. Hotza handia dela eta logelan —lo egiteko hogei ohek osaturiko gela bakarrean— zahar hauek jantzirik lo egiten dute askotan. Hala ere, pulmoniaz hil omen dira batzu. Gela honen garbiketak, bestalde, laurogei urtetako zahar batek egiten ditu.
Nahiz eta lan gogor bat eginez Bermeoko erotegian lan egiten dutenek hutsune guztiak konpontzeko aleginak egin, ez medikuek ez laguntzaileek ezin dituzte 350 gaixoren beharrak begiratu. Geriatri saila zaintzen duten mediku eta sozial laguntzaileek "agudo" mailakoak ere beren babesean hartu behar dituzte askotan. Goizeko 9etatik arratsaldeko 6ak arte erizain bat ere han egoten da. Goizean eta arratsaldean laguntzaile bat ere izaten da.
Sendabideak: gaixo zahar hauen nekeak "sendatzeko" erabiltzen den bide bakarra, sendagaiena da. Sail honetan, gainera, ez dago gaixo gehiagorik hartzea, ez lekurik ez erizainik ez baitago. Psykhogeriatriarik ez dago Bermeon.
Ume saila
Umeen egoera, zaharrek dutena baino hobeagoa ez da erotegi honetan. Hogeitahamarren bat neskamutil 50 m2tako gela batetan bildurik egoten dira. Umeen adina urte batetatik hamalau urtetara doa. Umeak subnormal sakonak dira gehienak edo eta epilepsia, psykhosis eta beste hainbat kalte dute. Ezer egiterik ez dutelakoan, hazkuntza eman eta garbiketak egin behar zaizkie. Beren artean kolpeka has edo beren buruak zauri ez ditzaten, eskuak atzean edo zutabe batetara loturik jartzen zaizkie. Berez ager daitekeen agresibitatea, egoera honetaz handitua eta sakondua izaten da. Umeen saila bi bizitza osatzen dute eta, igantresnarik ez dagoenez gero, batetatik bestetara igan edo jaisteko, besotan hartuak eta eskilaratik pasatuak izan behar dira umeak. Egoera larri hau gehiago sakontzearren, udan maiz urik ez da egoten umeen sailean. Umeen logelan ez dago berogailurik.
Mediku laguntzaile batek, sozial laguntzaile batek eta, theorikoki, hamazortzi andereño laguntzailek lan egiten dute sail honetan. Gero, errealitatean, andereño hauek lau pertsonatako hiru txandatan zatitzen dira...
Sendabidea, sail honetan ere, sendagaiak ematea da. Bide honetatik kanpo, ez dago ez psykhikoki ez physikoki hobetzeko ekintzarik. Ume hauen helburu bakarra toki honetan "egotea" da eta, hamalau urte betetzean "khroniko" edo "finalen" artera pasatzea. Oso gutxitan beste toki hobe batetara joaten dira. Bermeoko ospitale hau inork nahi ez dituen ume eta nagusiak "onhartzeko" eginda dagoela garbi ikusten da.
"Final"en saila
Irtenbiderik ez duten gaixoak "Final"en sailean sartuak izaten dira. Bertan ikus dezakeguna sinesgaitza da, Gure Euskal Herrian eta 1977. urtean Bermeoko "finalak" bizi diren egoera errealitate izatea lotsagarria da. 50 m2tako gela batetan 50 pertsona biltzen dira, ia gainezka, Auschwitz-en egindako argazki beldurgarriak gogora eraziz. Eguraldi ona baldin bada, 50 gaixoak 50 m2tako patio batetara irteten dira, erdilo etzanda egoteko, bilutsik batzutan. Logelak bi dira, oso txikiak, oheak bata bestearen ondoan. Gabaz, berrogeitahamar pertsonak giltzapean gelditzen dira bi logela hauetan, inor zaintzeko barruan gelditzen ez delarik.
Mediku batek, erizain laguntzaile batek eta moja batek gaixo hauk zaintzen dituzte. Sendabidea... pharmakoak dira, beti bezala. Klinik historietan, hamar urtetako hutsuneak aurkitzea ez da arraroa, gaixo hauk ez baititu bereziki inork ikertzen.
Hiru sail hauk —zahar, ume eta "final"en sailak— ospitaleko beste alderdi guztietatik irlaturik gelditzen dira.
Alkoholismo sailik ez...
Alkoholismoa Euskal Herriaren gaixotasun handiena dela ba dakigu. Ofizialki askotan Euskal Herriaren kontra erabilia eta bultzatua izan dela esatea ez litzateke gehiegi esatea izango. Hala ere... Bermeon orain dela denbora gutxi arte zegoen alkoholismo saila deuseztatua izan da, mediku berezituak falta direla eta... Alkoholikoak, orain, tratamendu berezi bat hartu beharrean, beste "agudo"en artean sakabanaturik daude. Zenbait senidek eta alkoholismoaren kontrako elkartek egindako eskeek eta oharrek ez dute ezertarako balio izan.
Agudoen egoera bereziki aztertuz, hauek bi "erigeletan" sendatuak izaten dira, nahiz eta erizaindegi hauk beren lana betetzeko tresna egokirik ez izan. Behin batetan bi "labortherapi gela" zeuden, baina han egindako lanak "irabazkizunik" ez ematean, kenduak izan ziren. Orain, beste gela batetan, gaixoek kartoizko kaxak egiten dituzte, "tratamendu" eran...
Hiru mediku laguntzailek zaintzen dute agudoen saila. beste hiru sailak une berean zaintzen dituzten artean. Beste bi mediku, bi moja eta therapiako bi laguntzaile ere egoten dira.
Sendabidea: beste sailetan bezala, hemen ere pharmakoen bide bakarra erabiltzen da.
Khronikoen saila
Berrehunen bat gaixo bizi dira sail honen barruan. Gehienek ospitalean lo egiten dute, beste gutxi batzuk Bermeoko pentsio eta etxeetan lo egiten duten artean. Erotegiko logelak handiak, hotzak eta berogailu gabekoak dira. Gabaz, logela batzu hertsiak egoten dira barruan gerta daitezkeen istripuak —sua, elkar jotzeak, edozein eratako psykik edo physik atakeak— isolaturik eta laguntzarik gabe geldituz. Orain dela denbora gutxi, gaixo bat leiho batetatik gabaz erori zen eta ordu t'erdiz inoren laguntzarik gabe zaurituta egon zen. Garbitasun aldetik, astean behin dutxa bat egiten da. Dutxa hau 45 gaixok osaturiko taldetan egiten da, hiru iturriren azpian. Dutxa hauetan, jakina, ez dago berogailurik.
Arropa kontuan, gaixo gehienek ez dira beren jantzien jabe. Gehienek arropa erabiliak daramatzate. Garbigailu arruntenak ere falta zaizkie. Gaixoak, Bermeon, "berea" den gauzarik ez du eta gauzarik ez honek, noski psykhologi aldetik ondorioak dakartza. "Berdintasuna", "uniformismoa" da nagusi. "Subjektu"rik ez dago.
Sendabideak, hemen, "aberatsagoak" dira: lantherapia barruan inprimategi bat, aroztegi bat, saskitegi bat e. a. ditugu. Pastilak dira, hala ere, erabilienak. Gaixo batzu urteak eta urteak egoten dira pastila berberak hartzen.
Zaldibarren ere, egoera larria
1923. urtean, Bizkaiko Diputazioak Zaldibarreko mainuetxea erosi zuen, emakumeentzat erotegi bat bertan antolatuz. Gaur 330 gaixo biltzen dira etxe zahar hauetan. Askok 20 urte pasatuko dituzte etxe hauen ormen artean. Bermeon ikusitako zenbait zehaztasun tamalgarri Zaldibarren aurkituko dugu berriro, nahiz eta beste zenbait arlotan egoera hobeagoa izan. Ez da zaila, benetan, Bermeoko larritasun izugarrizkoekin gonbaratzean.
Bermeon bezala, Zaldibarren oso toki gutxi dute gaixoek, beren biziera gela txikiegitan egiten baitute. Zaldibarren sartzerakoan, gaixoek lehen hestutasunak ezagutzen dituzte, berrogeitahamazazpik 14 m2tako gela batetan bizi behar baitute. Hauetariko 20k ez dira gela honetatik kanpora gehiago aterako, bere bizitza bertan egingo baitute Psykhogeriatria sailean leku eza arazo bat da, berriro: Laurogei urtetako adina duten hogeitahamaika andrek 4'71 x 5'85 m2tako gela batetan bizi behar dute. Erigela ere, txikia eta aire eza da. Bermeoko pharmako bide bakarra tratamenduetan Zaldibarren berraurkitzen dugu. Therapia arloan, lan mekanizatu tamalgarri bat egin erazten zaie gaixoei, egunean sei ordu, hilero 25 pezetatatik 200 pezetatako alokairuak gaixoei ordainduz. Bai, ondo irakurri duzue: hilean 25-200 pezeta irabazten dute gaixoek. Eta, kontuz, ez hadi gaixo jar Zaldibarren, ofizialki ez baitago gaixorik Zaldibarren! Gaixo jartzen bahaiz, isolatu eta ezkutatu batera eramana izango baihaiz!
Zaldibarren egondako M.I.R. batek zerbitzu berezi bat antolatu zuen gaixoentzat. Zerbitzu honen bidez, gaixoak normalizapenera bihurtzea bilatzen da. Gaixoek etxelanak ikasi ondoren, Zaldibarreko etxe normaletan lanean hasten dira. Baina erotegiko Zuzendaritzak orduan ez ditu gaixo hauk gaixo "normalak" bezala ikusten, "bereziak" bezala baizik. Zergatik? Ez al da hau erotegi batek izan beharko zuen helburu nagusia?
Zaldibarren psykhiatrarik ez
Erotegi batetan psykhiatra batek ez duela ezer egiterik pentsatu ondoren, Diputazioak psykhiatra batek egiten zuen goardi txanda kendu egin zuen, orain dela gutxi. Orain Zaldibarreko mediku batek egin behar du lan hau, ahal duen eran, edozein eratako psykhik eta physik gaitzak bere kontuan harturik.
Zamudioko "hotela"
Beste bi eroetxeetan dauden akats. hutsune eta ustelkeriak ezkutatzeko egin zen Zamudioko "hotela". Itxuraz behintzat, Zamudioko psykhiatrikoa apaina eta atsegina da. Beste biak pizka bat txukuntzeko behar ziren diruak, Zamudion bota ziren barra-barra. Diputazioak, noski, Zamudiora joan erazten ditu bere bisitak, hauek Bizkaiko erotegien egoera jakin nahi baldin badute. Zamudio, gainera, Bilbotik hurbil dago eta Bermeo eta Zaldibar, berriz —eta Diputazioarentzat zorionez— urrunago.
Baina ez pentsa Zamudioko erotegian dena iji aja eta paradisua denik. 1969. urtean egindako psykhiatriko honetan besteetan ikusi ditugun funtsezko akatsak aurkitzen ditugu. Sendabideak, hemen ere, pharmako eta biologi bideetan ditu bere irtenbideak. Beste bi tokietan bezala, Zamudion gaixoa da bere gaixotasunaren errespontsablea, bere kaltearen erruduna. Bermeon eta Zaldibarren bezala, gaixoak munduarekin behar dituen loturak berrosatu beharrean, gelditzen zaizkion azken loturak hautsi egiten dira, gaixoa gehiago isolaturik. "Errudun" gaixo honek mundura itzultzeko bere azken bideak eta ahaltasunak galtzen ditu, maiz betirako.
Ofizialki Zamudioko neuropsykhiatri etxea ikerketarako eginda baldin badago, errealitatean ez dago horrelako ikerketarik. Zuzendaritzak ez ditu onhartzen psykhiatri munduko bide berrienak, gaixoa bere mundu barruan sakonean estudiatzen duten bideak. Konduktismo edo "behaviorismoa", dynamik teknikak —hots, psykhiotherapia, psykhodrama, famili therapia e. a.— gauza arraroak eta ezezagunak dira Zamudion. Noizbait medikuren batek horrelako bideak erabiltzen baditu, zigortua izaten da. Zamudio barruan dagoen sistima organizistaren barruan ez dago eritzirik emateko biderik. Eta gutxiago kritikak egiterik. Eta hau gaixoentzat ere balio du. Gaixoei egiten zaien mehatxua zera da: Bermeora edo Zaldibarrera bidalia izango dela esaten zaio, ondo portatzen ez baldin bada. Hau izango al da Zamudioko "behaviorismo" bidea?
Azken hitzak
Gure psykhiatrikoetan dagoen egoera larri eta lotsagarri hau ezagutzean, guztiz ulerkorrak egiten zaizkigu bertan lan egiten dutenen kritikak eta protestak. Lerro hauetan agertu ditugu arazoak ez dira, gainera, arazo bakarrak. Gaixoak gaizki baldin badaude eta askok etxe hauen barruan deuseztatuak izaten dira profesional mailan. Zamudion, Bermeon eta Zaldibarren kritika bat egitea "gorria" izatea da eta, noski, hau edozein kaleratzeko "arrazoi" on bat. Bizkaitar psykhiatra bati Bermeoko, Zaldibarreko eta Zamudioko ateak hersten bazaizkio, ez du espezializatzeko edo berezitzeko posibilitaterik. Diputazio guztiz ahaltsuaren kontra burrukatzeko ez du mediorik, batasuna ez baldin bada. Zorionez, batasun hau gero eta handiagoa da psykhiatrikoetan lan egiten dutenen artean. Baina sakonezko helburua, zera, psykhiatrikoetan askatasuna sartzea, gure herri osoa askatua izatean lortuko da. Bermeo, Zaldibar eta Zamudioko gaixoek kanpoan —oraindik— gaudenokin batera lortuko dute beren askatasuna eta behar duten mundu "normalarekin" lotura.
X. A.
Duela zenbait hilabete, Euskal Herritik oso hurbil —Burgos-eko Atapuerca herriko lurretan hain zuzen ere— Europako giza haztarnarik zaharrenetarikoa aurkitu da. Egia esan, oso gauza gutti aurkitu da: baraila edo matel hezur oso bat, hiru baraila-zati eta zenbait hortz eta hagin. Aintzinatasunari dagokionez, duela 200.000 urte bizi izan zen "gizon" batenak dirateke. Horregatik, haztarna horik garrantzi handitakoak dira, zeren eta maila berri bat agertzen baitute gizonaren jatorrira garamatzan eskaileran, eta primate, pitekantropo eta lehen "gizonen" artean dagoen lotura argitzera lagun baitezakete.
Aurkituriko materialea nolakoa den
Aurkitu den baraila oso sendo eta konpaktua da. Pena bat da, hala ere, atzeko partea galdurik daukala ikustea honek informazio asko emanen bailiguke. Dena den, fosildurik heldu zaigun partea oso interesgarria da. Hasteko, esan dezagun, baraila horrek ez duela kokotsik. Dakigunez, giza animaliaren eboluzioan, kokotsa poliki-poliki handituz joan den ezaugarri bat da, eta gaur eguneko gizonarengan argiroki aitzinaturik dago. Giza eboluzioaren prozesuan kokotsak ukan duen aitzinamendua alboko irudi konparatiboan ikus daiteke. Bertan ageri denez, Javako pitekantropotik hasi, Atapuercako gizon fosiletik segituz, Neandenthal eta Cromagnon-eko gizonetara pasatuz eta gaur eguneko gizonera helduz, kokotsa aitzinatuz joan da.
Paraleloki —alboko irudietan ageri denez— bekokiaren eta garezurraren biribiltasunaren aitzinamendua ere gertatu izan da. Hori dela eta, Atapuercan garezurrik aurkitu ez den arren, oker handirik gabe garezur hori nolakoa zatekeen pentsa dezakegu.
Barailaz gainera, zenbait hortz eta hagin ere aurkitu izan dira. Hortz-hagin hauk oso ongi kontserbaturik daude eta ez dute txantxar arrastorik. Estrukturalki, gaur eguneko gizonarenen antzerakoak dira, eta azken haginetan (zuhurraginetan halegia) tamainaren gutitzera daraman prozesuaren hastapenak abiaturik daudela susmatzen da. Faktore hau —jakintsuen eritziz— modernotasunaren seinale bat da.
Kalkulatzen denez, "gizon" honek hogei ta bost bat urte ukan zituzkeen hiltzean. Orohar, ditugun fosilen informaziotik pentsa dezakegunez, hiltzean, garai hartako giza animalien batezbesteko adina horrelakoren bat zatekeen. Bestalde, Atapuercako baraila ar ala eme batena zen, frogatu ezin izan den gauza bat da.
Fosil horren aintzinatasuna
Zientzilarien eritziz, hezur horik Neardenthal-eko gizonaren aurrekoak dira eta, dirudienez pitekantropoekin lotu behar dira, edo, hobeki esateko, Pleistozeno Erdiko hominidoekin. Hala ere, zenbait faktoretan dudagarri gertatzen da, "Homo erectus" ala "Homo sapiens" den erabakitzea. Dena den, denetara "Homo erectus" bezala sailkatu behar dela dirudi.
Urtetan, uste denez, baraila horrek 200.000 urtetako aintzinatasuna duke. Hortik datorkio, batez ere, duen garrantzia, zeren eta garai horretako giza haztarren gutti baitago Europan: Bañolas-eko baraila, Mauer-eko baraila, Heidelberg-eko gizona eta ezer gutti gehiago.
Nortzuk ikertu duten
Aurkikuntza eta ikerkuntza hau aurrera eraman dutenen izenak aipatzea, interesgarria gerta daiteke. Aurkikuntza Trinidad Torres izeneko injinadoreak egin zuen, eta ikerketa teknikoa Emiliano Agirre eta Jose Maria Basabe jaunen ardurapean burutu da. Zorionak, beraz, hiruroi, eginiko lanagatik.
Basabe jauna Bilboko Unibertsitateko irakaslea delarik —Antropologiako katedratikoa prezeski— berarengana jo dugu zenbait galdera egitera, beraren eritzia entzutea interesgarri delakoan. Basabe jauna oso interesaturik dago Euskal Herriaren eta Euskal Herriko gizonaren jatorriaz, eta arlo horretan zuzentzen ari da bere ikerketak. Harrera ezin hobea egin digu. Atapuercako hezurrei buruz zuzendu dugun elkar hizketaren puntu batzu agertuko dizkizuet.
Baraila bat nahiko ote da, orduko gizonari eta beraren bizimoduari buruzko informazioa edukitzeko?
Ezer baino gehiago ba da behintzat, eta egia esan, baraila hezurrik interesgarrienetarikoa da, informazio gehien ematen duenetarikoa baita. Beraz, horretan zortea ukan dugu. Dena den, fosilak inguruko materialekin batera aztertu behar dira; honela eginik, orduko flora eta fauna azter dezakegu. Tamalgarria bada ere, Atapuercako barailaren kasuan ez dugu kontextu edo bizinguru arkeologikorik, eta horrek mugatu egiten ditu extrapolazioak.
Eta haginek zer garrantzi eduki dezakete?
Hainbeste gauza adieraz diezagukete haginen gastapenak eta beraien egiturak. Batetatik, fosilaren elikapen modua eta dieta ezagutzeko bidea eskaintzen dute. Animalia erabat landarejalea denean, estria bereziak ikusten dira haginetan, mikroskopoz aztertuz. Haragijalea denean, beste egitura bat dute hortz-haginek. Atapuercako haginen kasuan, gastapen gutti dute, eta ba dirudi "gizon" haien dietan haragia ere sartzen zela. Bestalde, haginek ematen diguten informaziotik, "gizon" hark 22-28 urte ukan zitzakeela pentsa dezakegu.
Nola klasifika daiteke Atapuercako "gizona"?
Ahoaren egiturak agertzen digunez, musturra kanporantz irtena zuen, eta, dudarik gabe, pitekantropo gisa sailkatu behar dugu. Honela, beste pitekantropoen garezurra nolakoa den kontutan hartuz, Atapuercakoak ere antzerako bat zukeela pentsa dezakegu.
Une honetan, nola lagun dezake honelako aurkikuntza batek antropologiaren aurrerapenerako?
Asko, noski. Materiale gutti dagoelarik, edozein gehiketa baliagarri gerta daiteke. Bestalde, oso posible ikusten da, Atapuercan bertan bestelako fosilen bat ere aurkitzea. Edozein kasutan, ikerkuntz iturri berri bat ekarri digu, eta hori oso garrantzizkoa da.
Bukatzeko, eta Atapuerca hain hurbil dugularik, ba ote du horrek zerikusirik euskal gizonaren jatorriarekin?
Zientifikoki ez dugu inolako lotura berezirik aurkitzen. Gehien jota ere, gaur eguneko euskal gizona Cromagnon-eko gizonarekin lot daiteke. Hortik gora ez dakigu ezer.
Eskerrik asko, beraz, zure eritzi baliosengatik.
Aurkikuntza honen garrantzia eta ondorioak
Ikusi dugunez, giza animaliaren jatorriari buruz hain elementu eta datu gutti dugularik, aurkikuntza hau oso garrantzizkoa da, elementu berriak baitakartza. Bestalde, ez da ezina, Atapuercako haztarnategi berean gizon fosil gehiago aurkitzea. Horretarako, zer esanik ez, azterketa arduratsu eta serioak egin beharko dira. Dena den, be dirudi, azterketak aurrera eramanen direla, Burgos-eko Diputazioak 10.000.000 pezeta eman baititu asmo horrekin. Zorterik balego, zer ez ote luke lagunduko, garai bereko garezur batek?
Antropologikoki, Atapuercako fosilak Afrikako giza fosilekin duen antza kontutan harturik, giza animalia horren jatorria Afrika inguruan jarri behar dela pentsatzera garamatza. Gibraltarreko itsasartearen praktikagarritasuna posible kontsideratuz, Afrikatik Europa alderantz hedatu zatekeen giza animalia. Edozein kasutan, hala ere, Afrikatiko jatorriarekin batera Asiatikoa ere hartu behar dateke kontutan, giza animaliaren jatorriari buruzko teoria polizentrikoan finkatuz. Horrela, Europako giza animalia, Asiatik eta Afrikatik etorritakoen nahaste baten fruitua zatekeen.
Dena den, oraindik ez dago batere argi, zein eta nolakoa izan zen gizonaren sorrera. Baina, nolanahi ere, zientzilarik ez dute galtzen, sorrera hori gero eta gehiago eta hobeto ezagutzeko esperantza. Azken batez, horixe baita zientziaren aitzinamendu bultzatzen duen indarra.
J.R. Etxebarria
Anaitasunaren komikia (7)
Airko [Komikia]
Irudiak: Antton Olariagak
Gidoiak: Xabier Kintanak
Anaitasunaren komikia (7)
SIDER bi mila 2000 [Komikia]
Irudiak: Erramon Zumalabek
Gidoiak: Xabier Kintanak
Anaitasunaren komikia (7)
Krisket eta Popolo [Komikia]
Irudiak: Juan Karlos Egillorrek
Gidoiak: Borja Barandiaranek
Oinharrizko euskara
Martxoaren 15eko ANAITASUNAn, Israeleko irakaskuntzari buruz idatzi nuen. Artikulu hartan, hebraiera pertsona nagusiei nola irakasten zaien azaldu nizuen.
Denok dakizuenez, Israelen ikastetxe berezi batzu daude pertsona nagusientzat. Holako ikastetxe batetara joan nintzen ni ere, eta sei aste pasatu nituen bertan. Nire asmo nagusia, hango metodologia ikastea zen.
Egia esan, hango irakasleek guztiz harriturik utzi ninduten. Nik ez nuen ordurarte halako irakaspiderik inon ikusi. Lotsaz beterik nengoen neure barruan, ni ere inoiz euskarazko irakaslea izan naiz eta. Irakasle haiek medio guztiak erabiltzen zituzten, ikasleei hebraiera laster laster irakasteko. Laster laster eta inor neka erazi gabe. Elkar hizketa, errepikamena, mimika, musika, irudimena, antzerkia, irratia, telebista, dantza: denaz baliatzen ziren, hebraiera poliki poliki ikas erazteko.
Artikulu hartan, gure maistrak lehen mailako ikasleoi nola irakasten zigun azaldu nuen. Eta promesa bat egin nizuen: beharbada, hurrengo artikuluan, hirugarren mailan nola irakasten zen esango nizuela. Baina promesa hori ez dut beteko. Eta esango dizuet zergatik.
Bitarte hortan, ingeles irakasteko metodo moderno bat ekarri zidan adiskide batek. Adiskide hori Ingalaterran egona zen, eta ondo ezagutzen zituen hango teknikak. Liburuak bi parte zeuzkan: bata irakaslearentzat eta bestea ikaslearentzat. Gogoz irakurri nuen metodo hura. Behin eta berriro irakurri nuen. Eta gauza batez konturatu nintzen berehalaxe: juduek teknika berbera erabiltzen dutela. Teknika ona, beharbada teknikarik onena. Eta atzerriko teknika hortaz baliatu dira, hebraiera Israel osoan urte batzuren buruan zabaltzeko, eta jende guztiari hizkuntza nazionalean mintza erazteko.
Hortxe dago, nire ustez, juduen meritua: hebraieraren irakaskuntzan herbesteko gauza onak berenganaturik, Estatu osoan zehar irakasle trebe eta bikainak prestatu dituztela. Dakizuenez, Herriaren kontzientzia hebraieraren alde zegoen. Eta kontzientziatze hori oso kondizionamendu inportantea izan da, dudarik gabe, hizkuntza nazionala birpizteko. Baina hura zabaldu duena, hura zokondo guztietara eraman duena, Israel osoa hain epe laburretan hebraieratu duena, irakaslegoa izan da. Irakaslego trebea, bikaina, ondo preparatua. Nire ustez, bigarren kondizionamendu hau gabe, ez zen hain laster gertatuko Israeleko mirari linguistikoa.
Pertsona nagusientzako ikastetxeak nonnahi aurkitzen dira: hirietan, herrietan, herrixketan, qibbutzetan, edonon. Eta edozer adinetako pertsona helduak joaten dira beraietara. Ikastetxe batzutan, egun osoan egoten dira ikas eta ikas, bost hilabetetan. Beste ikastetxe batzutan, berriz, bi urtetako epean, ordu pare bat ematen dute egunero, iluntzean nahiz gauean, lanetik irten eta gero. Israelera etorriberriei Gobernuak ordaintzen dizkie ikastaldiak; eta lana utzi behar dutenek, ez dute galtzen lantegiko soldata.
Nik neuk oso pertsona gutxi aurkitu nuen, hebraieraz ez zekienik. Eta kontutan eduki, Israeleko gehienak atzerrian jaioak direla. Argentinako juduen qibbutz batetan aurkitu nituen banaka batzu, gaztelaniaz bakarrik mintzatzen zirenak. Pertsona zaharrak, qibbutzeko gizarte bizitzan integratu gabeak, etxe barruko bizimoduaz kontentatzen zirenak, ikastetxera joateko gogorik ez zutenak. Beste guztiei igarri ere ez zitzaien egiten, Argentinan jaioak zirenik: hain ongi menperatzen zuten hizkuntza berria.
Euskal Herrian ere, hasi gara aspaldion euskal irakaslegoaren inportantziaz konturatzen. Sarritan ikusi izan dugunez, ikasle askok eta askok, borondaterik onenaz euskara ikasten hasi arren eta euskaltegira —pertsona nagusientzako euskal eskolara— hainbeste urtetan ibili arren, oso gutxi ikasten dute eta azkenean euskara ikasteari utzi egiten diote, asperturik, gogaiturik, etsiturik. Zergatik hori? Irakasle onak ez garelako. Euskalduntze eta Alfabetatze Batzordekoak guztiz komentziturik daude hortaz, eta hutsune hori betetzen gogo handiz ari dira.
Imanol Berriatua
Eguraldi oso txarra dago. Gauean euri zaparradak jausi dira eta orain ere zerua hodeiez estalita dago. Kafetegiko atea zabaldu eta Doña Prudentzia salmahaira hurreratzen da. Idealista hurbiltzen zaio.
IDEALISTA.— Egun on, Doña Prudentzia.
Doña Prudentzia gabardinan duen ura astintzen ari da eta begiratu gabe erantzuten dio.
DOÑA PRUDENTZIA.— Ona diozu? Semeak sartu dira Agustinoen autobusean, baina ez dakit buelta eman beharko ez ote duten. Irratiak esan du Asua bailaran bideak urez estalita daudela.
I.— Zer, betikoa?
D. P.— Ez, gaur ekar iezadazu zerbait berezi: txokolate eta txurroak.
I.— Zer ba! Zerbait hospatu behar al duzu?
Doña Prudentzia gehiago hurbiltzen zaio eta erdi ixilean bere segeretua kondatzen dio.
D. P.— Gaur nire urtebetetzea da. Ez dizut esango zenbat egiten ditudan...
Eta aire misterios batekin bukatzen du, zigarro bat ematen diola.
D. P.— Eta hau zuretzat, Maiz eztabaidatzen dugu, baina adiskide onak gara. Idealistak purua hartu eta emozioz erantzuten dio.
I.— Milesker. Gure arteko eztabaidak, burruka baino jokoa dira.
D. P.— Niri ere atsegin zaizkit...
Eta begirada malizios batekin galdera bat egiten dio.
D. P.— Eta gaur zertaz ihardungo dugu?
Esne saltzailea handik dabil eta ba dirudi zerbait entzun duela.
ESNE S.— Adibidez, Santiago Carrilloz.
Doña Prudentziak ahora zeraman txurroa berriz ere edalontzian sartuz biziki hitz egin du.
D. P.— Egia! Ikusi al duzue Carrillo nolako patriota bilakatu zaigun?
ESNE S.— Komunista baino Blas Piñarren koadrilako bat ematen du.
D. P.— Exagerada! Blasek ez luke horrelako tiporik hartuko. Gainera, nor fida daiteke marxistez? Ardi larruz jantziriko otsoak dituzu. Horiek nonnahi sartu nahi dute. Ikastoletan ere sartu omen dira. Santutxuko batek esan dit. Eskerrak nire semeak Agustinoetan daudela.
I.— Eta uste al duzu fraideen kolegio batera bidaltzeagatik marxismotik libre geratuko direla? Doña Prudentziak harriturik begiratzen dio.
D. P.— Bai. Horretan ez dut inolako zalantzarik. Fraideen eta monjen kolegioetan arrisku hori minimum bat da. Idealistak ironiaz erantzuten dio.
I.— Bai, e?. Gaurko gazteria marxista dela maiz entzun dizut esaten.
D. P.— Eta horrela da.
I.— Ba, gazte horiek lehen ikasketak egi zituztenean ez zegoen ikastolarik. Horiek fraide eta monjen kolegioetan ikasi zuten, eta orain marxistak dira. Zergatik?
D. P.— Unibertsitatean okertu dituzte.
I.— Arrazoi horrek ez dit balio. Unibertsitatera doan gazteria, gehiengo izugarrian, fraide eta monjen kolegioetan ibilitakoa da. Eta gehiengo izugarria izanik, nola ez dute inposatu beren ideologia? Zergatik hartu dute minoriarena?
D. P.— Ez dakit.
I.— Nik ere ez dakit, baina harritzekoa eta aztertzekoa da. Eta gauza bat seguru da: ikastolek fenomeno horretan ez dutela parterik izan. Beraz, semeak marxistak irtengo diren ala ez, horren zergatia beste nonbaiten bilatu beharko da. Adibidez, antimarxista bezala agertzen direnen portaeran.
Dagoeneko Doña Prudentziak bukatu du bere txokolatea eta kalera irten da. Euria oraindik jausten ari da, eta eguerdirarte telebistak ez du esango Javier Ybarra Berge bahitu egin dutela.
Xabier Gereño
Requiem Legorbururen alde, requiem gure alde
Legorburu zen baserri baten izena zen. Zen. Orain ez delako. Errea baita. Baitute. Legorburu Orozko aldean zen, Ibarra ondoan. Hor, 1964.ean neronek egindako argazkian agertzen da, denbora eta izate galduaren iratxo gisa.
Baserri baten galtzea —hainbat baserri hondatu baitago pinadi artean!— ez da gaur egun albiste bat, baina Legorburu ez zen edonolako baserri bat, Bizkaiko baserri zaharrena baizik. Eta erre da, erre digute. Mundu guztiak zekien Legorburu non zegoen, eta zer zen. Bizkaiko Diputazioak, Orozkoko Udalak ere bai, eta erremedioa zenean, baserri eder hori oso osorik eta ederki zegoenean, ez dute ezer egin gertatu dena gerta ez zedin. Orain, galdua, erabat eta betiko galdua denean, nigar hypokritak, faltsukeriazko plantak egiten dituzte.
Katalunian faxista espainolek bertako baso eta oihanak erretzen dituzte udan. Hemen pinadiak erretzeak kalte baino mesede handiagoa lekarkigute eta, horregatik, geure herri artegintzaren azken monumentuak hondatzen dizkigute. Gure Herria, diotena diotela, no es importante, ez daukate berena.
Baserri bat galtzea tristagarria da, bai, euskal gizarte osoari egindako lapurreta nazkagarri bat Egunero, ordea, handiagoak egiten dizkigute, eta ez gara horregatik batere kezkatzen. Eskolak, administrazioak, komunikabideek egunean egunean hiltzen ari digute. Eta gu, agintarien antzera, ixilik. Orain ere, hura zerraldo, hilhotzik egin arte, guztiok ixilik. Gero, erremediorik ez dagokeenean, aieneak, krokodiloen malkoak ixuriko omen. Zer nolako arrazoia Gandiagak: ez gara konturatzen, ez, nola ari garen urritzen, nola ari gaituzten, pittinka deserrotzen.
Xabier ARMENDARITZ
Euskal deituren prestigioa
Espainian, proportzionalki bederen, deitura ezberdin guti daude. Telephon liburuak ikustea aski da zenbait deitura (Pérez, Fernández, Gómez...) milaka lagunenak direla konturatzeko. Eskasia horregatik, jakina, deiturek pertsonak bereizteko funtzioa ez dute izenek berek baino hobeki betetzen; horrexegatik deitura asko arruntu egin dira; nortasun bereizgarririk ez dute. Euskal Herrian, eta orobat Katalunian, deiturak ugariagoak dira, nortasun handiagokoak, gaztelauen begietan, behintzat.
Ez dakit nork esan zuen cualquier español que se precie debe tener por lo menos un segundo apellido vasco. Ez naiz ni sartuko hori hola izan behar den ala ez eztabaidatzera. Hori beren kontua dute. Baina hor, inplizituki, beraiek kritikatzen duten euskal arrazismo eta harrotasunaren onespen garbi bat datza. Euskal deiturak, beren arrarotasunagatik, pitxiak, distiratsuak, gertatzen dira, prestigios, espainolen artean.
Euskal Herriko vascoak (bekusa irakurleak euskal hitz honen azalpena Euskal hiztegi modernoan), separatiston gehiegikeria arrazistak jo eta ke kondenatzen saiatzen direnak, beren "euskal deiturez" harrotzen dira (un español con 8 apellidos vascos delakoa oraintsu irakurriak gara), baskotasunaren oinharria, beste punttako euzkotarren antzera, paradoxaz, deituretan jarriz.
Etorkinekiko problema
Bitartean hemen hainbat lagun ditugu etxean, kanpotik etorriak izan arren Euskal Herriko partaide izateko gogoz beteak. Eta, honetaz, parenthesis bat.
PNVren kritika, zorrozki, zorrotzegi agian, maiz egina dut horrialdeotatik. Gaur berarekin erabat bat natorreneko puntu enetzat garrantzitsu bat aipatuko dut. Aurtengo bere batzarrean, euskalduntzat (baskotzat hobe) "Euskal Herrian, berau onharturik eta beronen alde lan egiteko gogoz bizi dena" hartua du. Eta hori behin eta berriro azpimarkatzekoa da, bai ETAk eta bai beste askok, PNV ixilik zegoenean, boz goraz aipatua dugun izan arren.
Ez da aski hemen lan egitea, ez eta hemen bizitzea, horrexegatik, beste gabe, euskaldun edo basko, izateko. Nahia ere behar da, bertakotzeko gogo aktiboa ere nahiz eta ezkoa da. Zenbaitzuk —eta ez soilki estatalisten artean!— oraindik, ezkertiartasunaren izenean, eta erdaraz, dioten "Baskoa bere lanerako indarra Euskadin uzten duen guztia da" memelokeria hutsa da, politik kretinismoaren seinale gertua. Erregela berbera bestaldera aplikatuz, noski, Parisen lan egiten duten euskaldunak frantsesak lirateke; Alemanian ari diren espainol langileak, alemanak; Venezuelako euskaldun herbesteratuak, venezuelar, etab. Inongo toki normaletan onhartuko ez luketen formula, hain zuzen, euskaldun memelook, ez dakit nik nongo orthodoxiaren izenean, erabili behar!! Euskal Herrian bere lana uzten duenak gure Herriarekin bat egiteko gogoa baldin badu, eskubide osoa dauka, hobe ez! horretarako, baina hori bere aukerapeko zerbait da, naziotasuna ez baita, gure gaurko egoeran behintzat, automatikoa.
Etorkinen arazoan, esandako deiturazalekeria jatorriz espainolaren kausaz, maiz irainak, mesprezioak eta burlak jaso behar izaten dituzte kanpoan jaiotakoek. Neronek, harriduraz behin baino gehiagotan entzun dut, gehienetan erdaraz, honelakorik: "Fernández izena du eta euskaraz ikasi nahi!", "Rodríguez deituraz, eta alabari Ainhoa jarri dio!", burlaz esanik. Deitura erdalduna zeukala eta, haurra ikastolara bidali nahi ez zuen familia jator konplexatu bat ere ezagutu dut!
Noski, kultura pixka bat dutenen artean (kultura, ez dirua!) horrelako absurdukeriarik ez da jadanik gertatzen, baina "Homo erdaldurus hypervasconicus" delako espezimen aberrante hori, zoritxarrez, ugariegi dabil oraino bazterretan, eta halakoek ez diete etorkinei bertakotzea askorik erraxten, hain zuzen.
Normaltasunerantz
Edozein nazio, bere ohituretan normaltze eta homogenotasun baten bila joaten da, neurrizko oreka egoki bat lortzeko. Rikardo Arregik, humorez, euskal jakobinismoa ere behar genuela esaten zuen.
Kolonialismoaren ondoren, zapaltzaileen kontrako xenophobi giro gogorra agertzen da beti. Zapalkuntzaren markak kendu eta arrotzen portaera lazki kritikatu egiten dira. Tokien, hirien, kaleen izenak aldatu, jai zaharren lekuan berriak ipini, Historiaren interpretapen nazionala egin... Hor, noski, hypernazionalismoaren gehiegikeriak sort daitezke, eta sortzen, baina horik guztiok behar beharrezkoak dira, hain zuzen, beste punttakoenak, kolonialistenak, ezabatzeko. Penduluaren legea izaten da, berau pittinka, erditan geldi geratu arren.
Herri normal batek, halaber, deitura normalak izaten ditu, bere hizkuntz, kultur eta administral usario propioen arauera moldatuak. Deiturak, aurrekoan ikusi genuenez, ez dira absolutu bat, administral seinale arbitrario huts batzu baizik. Eta arbitrario diren aldetik, aldagarri.
Euskal Herrian, noski, kanpaina zabal eta gogor bat egin behar da, kontzeptuak zabalduz, kultura emanez, deituren egiazko funtzioa azaltzeko, ondorioz inork besteak, deituren kausaz, onets edo gaitzets ez ditzan. Baskoen deiturazalekeriatik euskaldunen hizkuntzaidetasunera iragan beharra dago behin betiko.
Hala ere, gerora begira, politik eta administral autonomia handixeago bat dukegunerako, formula batzu pentsatu behar lirateke deituren arazo honetan.
Munduan gertatzen dena
Munduan zehar, oro har, deiturak oso modernoak dira —Turkian mende honetan hasi ziren lehengoz erabiltzen— eta ez dago, eskuharki, haienganako atxikimendu haundiegirik. Horrexegatik, aldatzeko problemarik ez da ia inon egoten. Amerikako Estatu Batuetara, bertan geratzeko asmoz, doazen arrotz gehienek beren deitura ingelesaren phonetikaren arauera aldatzen dute. Poloniako mendebaldean, azken gerra ondotik, gelditu ziren aleman jatorrizko gehienek beren deitura germanikoak utzi eta polonierazkoak hartu dituzte. Israeleko bizilagun gehientsuek, aleman, errusiar, espainol, ingeles, arabiar edo eta beste hizkuntzetako deiturak zituztenek, horien lekuen s hebraierazkoak hartu dituzte.
Arieh Xovalek Imanol Berriatuari eta bioi, Israelen geundela, bere kasua kondatu zigun: "Gure aitak Slutzky deitura ukrainiarra du. Slutz Ukrainiako herri bat da, eta Slutzky "Slutztarra" esan nahi du. Ni neu Israelen jaio nintzen eta ez neukan bat ere zer ikusirik sekulan ezagutu ez nuen hiri arrotz horrekin. Horrela izanik, zertarako eraman behar nuen, "neurea balitz bezala" erabat arrotz egiten zitzaidan deitura bat? Zergatik izen berberori neure semeei utzi? Orduan Bibliako pasarte batzutan israeldar familia batzuren izen zerrendak aztertu nituen; haien arteko bat, Xoval, phonetikaz, laket zitzaidan eta neronentzat hartu. Anaiei proposa eta berek berdin egin zuten. Orain guztiok Xoval gara, gure seme-alaben antzera. Gure aitak, egin genuena begi onez ikusi arren, hau esan zigun: "Ongi egin duzue, baina ni neu jadanik zaharregia naiz bizitza osoan eraman dudan Slutzky deitura hori aldatzeko. Neurea bego or, dagoen dagoenean".
Deitura aldatzeak, Israelen 15 pezeta inguru balio du. Nortasun karneteko zenbakia, ordea, ezin alda daiteke, nahasbiderik ez izateko. Deitura, gainera, behin aldatuz gero, hamar urtetarako, gutienez, gorde behar da, berriro aldatu gabe. Espainian eta Frantzian, aldiz, hori posible denean, 100.000 pezeta baino garestiago gerta daiteke aldatzea.
Zenbait proposamendu
Euskal deiturak normaltzeko, proposamendu batzu agertu nahi nituzke.
Lehengo eta behin, orain arteko kultur kolonialismo nabariaz desintoxikatzeko, geure izen-deitura jatorrak —toki eta herri izenen antzera— euskal idazkeraz idatzi beharko genituzke: Muxika, Antsorena, Errekondo, Elizalde, Latsa, Lexartza, Hiriarte, Baltzola, Agirre, Zearra, Etxeberria, Gartzea... eta ez, orain arte bezala, Múgica, Ansorena, Recondo, Elissalt, Lasa, Lejarza, Hiriart, Balzola, Aguirre, Cearra, Etcheverria, García..., hots, erdal notarien apeta eta nahikerien formak baztertuz. Orain arteko erdal tradizioari, hemendik aurrerako euskal tradizio jator eta iraultzailea kontrajartzea beharrezkoa zaigu.
Ba daude, gainera, eta ez guti, baskoen begietarako euskal deiturarik eraman arren, horren lekuan beste bat, herritarragoa (baserriaren izena, etxekoen goitizena...) jarri nahi luketen euskaldunak, eta berauei beren deitura ofizial ez-jatorra aldatzeko bidea ere eskaini behar zaie.
Gerta daiteke, bestalde, Euskal Herrian erabat sustraiturik dauden lagun batzuk —Arieh Xovalek aipatzen zituen arrazoi berberengatik— beren erdal administrazioko deiturak aldatu nahi izatea. Horretarako eskubidea ez litzaieke ukatu behar, eta bai euskal administrazioan erraztasunak eman.
Deitura berria, batzutan, erdarazkoaren itzulpena izan liteke (makina bat euskal deitura erdaratu izan dira Euskal Herrian mendeetan zehar!!): Sánchez: Antsorena; Hernández-Fernández: Ernandorena; Pérez: Perurena; Martínez: Martinena; López: Loperena, Lopategi; Pradera: Zelaia; Montes: Mendieta(ko); Fresnedo: Lizardi, Lizartza, Leizarraga; Delgado: Argala,...
Beste askotan, itzulpen egokirik ez dagoenean, edo eta interesatuaren gustukoak ez direnean —kasurik ugarienak berauk, agian— beste edozein izen aukera liteke, deitura jatorren zerrendetatik. Goitizenak, herri usarioan deiturak baino ezagunagoak diren aldetik, kasu askotan, eskubide osoaz jar litezke deituratzat: Txillardegi, Ezkerra, Txikia, Txapela, Lantziri, Argala...
Honetan, noski, hizkuntzaren eta giza duintasunaren aldeko gutienezko erregelak errespetatuz gero, erabateko askatasuna utzi beharko litzateke, izenetan bezalaxe.
Deitura egokiak hautatzeko, beharbada, ez legoke gaizki liburu bat egitea. Horretan deiturak, alphabetikoki eta era kanonikoan idatzita, ahal denean, beren esanguraz horniturik letozke, bai eta zein herritan ukan duten sorrera azaldu ere. Bigarren partean euskal herri eta hirien zerrenda lihoake, toki bakoitzetik irtendako deiturak agertuz. Hirurgarrenean, erdal deituren euskal ordain jator eta historikoak leudeke. Liburu horrek, gure geographian zehar bizi direnei tokian tokiko deitura jatorren berri emanen lieke, nahi izanez gero, bizitokiko izenez baliatzeko. Beste bide bat, asma daitezkeen beste askoren artean, gure herrietako baserri eta toponymiaz baliatzea dateke. Horrela deitura gehiago irtenen lirateke, deitura bakoitza, ondorioz, nortasun eta bereizgarritasun handiagokoa izanez.
Azken apartatu bat zera litzateke, euskal deitura ukanik, Madrilenganako amorio bero eta sutsuagatik, hain hizkuntza mespreziagarriaren seinalerik eraman nahi ez luketenena: berauek ere eskubidea dute, hobe ez!, euskarazkoaren lekuan erdarazko deitura garbia jartzekoa. Señorío de Vizcayako Alianza Popularreko batek baino gehiagok, noski, hori egin beharko luke, bere buruaz kontsekuente izateko behintzat: izan ere Gipuzkoako beren kideek politik propaganda euskaraz egin duten bitartean, gure vizcaínoek espainol soilez agertu digute beren burua.
Azken ondorioak
Francoren gerra ondoan faxistek euskaldunak beren deiturak indarrez erdaratzeaz, itzultzeaz, mehatxatzen zituzten. Oraingo hau ez doa, eta ez du joan nahi, hortik. Deiturak aldatzeko erraztasunak emateak ez du esan nahi horretara nahiz eta nahi ez behartzea, bortxatzea. Bakoitzaren nahiak izan behar du beti erabakitzaile, ez legeak. Dibortzio kontuan bezalaxe: dibortziatzeko lege batek ez du inor dibortziatzera obligatzen, horretarako gogo, nahia edo eta premia duenari bide bat dio, soilki, eskaintzen.
Eta amaitzeko, mediku jatorraren bidetik, derradan, neronek neurea, hogeitahamar urteotan onerako eta txarrerako aldean eraman dudana, ez dudala aldatuko. Arabako herri horrek berea egiten ez duen artean behintzat.
Xabier Kintana
Beste zenbait bezala, Patxi Arana ere, Bermeoko gudarietarik bat, atera da espetxetik. Pozez eta ametsez beterik atera ere, Euskaditik kanpo iragan dituen hiru urteotako helburu nagusi bat beterik.
Urteotako helburu nagusia dio, zeren bere obsesioa izan baita ihes egitea, sarturik zegoen hilhobitik irtetea, "Garbiñe Talde"ko lagun batzurekin egin zituen ihes-saialdi guztiek frogatzen duten bezala.
Bilbon detenitua izan zen, 1974.eko Apirilaren 4.ean. Urte bete Basahurin iragan ondoren, Carabanchelera 8 hilabetez egon zen (5 ihes-saialdi), berriro Basahurira itzultzeko eta 4 ihes-saialdi egin zituen. Hauetarik ezagunena iragan Abenduaren 6.an hasi zena izan da. Honen ondoren Cordoban egon da Euskadira etorri arte.
Kaixo Patxi!
— Gogoan dugu detenitua izan zinenean "delinkuente" izatez akusatzen zintuztela entzun zela. Zergatik?
— Erorketa nagusi batzuren ondoren zenbait komando lotura gabe gelditu ginen, ekintzarik egiteko posibilitaterik gabe. Une berean, bestalde, ekintza batzu egin ziren eta guri bota errua, pertsonal ekintza bezala. Niri, prezeski Basahurin egin zen atraku baten errua bota zidaten, inongo frogarik gabe, atrakatzaileetariko batekin nuen antz fisikoa base bakarra zenez. Haik ez ziren seguru, baina ni errudun aitortzea nahi zuten. Honela esaten zidaten: "Eroriko zain beste guztiaz gain, hau ez duk asko izango". Geroago jakin nuen egunkarien bidez, kasu hau erabakita zegoela.
— Zergatik ikus erazi nahi izan zen, zure ustez, atraku hau pertsonalki egin zenutela loturarik gabe?
— Nire ustez ETA desprestigiatu nahi zuten, bere militanteak desprestigiatuz, gure herria ETAz mesfida zedin eta, azken batetan, nahasketa eta zatiketa sortzeko.
GARBIÑE TALDEA... "ESPETXEKO KANTZERRA DEITZEN GINTUZTEN, BAINA GERO JARRAITUAK GINEN"
— Espetxean egon ginen uneoro gure obsesioa ihes egitea zen. Honegatik ez genuen parte hartzen gure lagunen artean zeuden burruka askotan. Espetxea hilherri bat da. Lana Euskadin egin behar da, burruka herrian baitago.
— Ez zenuten, beraz, uste espetxean egiten ziren burrukak positiboak zirenik?
— Uste dut espetxe barruko burrukak positiboak direla laster ateratzea espero denean, gero herrian jarraitzeko. Hau ongi dago kondena motza dutenentzat. Gainerakoentzat irtenbide bakarra ihes egitea zegoen. Irten beste erremediorik ez dago. Hala ere, guztia da oso positiboa.
— Hitz egiguzu ihesaldietaz.
— Carabanchelen nengoela funtzionariek kaleraino heltzen zen 200 metrotako zulo bat aurkitu zuten. Operazio honetan bi hilabete t'erdi iragan genituen. Gure ustez, operazio hau burutzeko ahalmenik ikusten ez zuen komun baten salhapenez jakin zuten.
Beste lau ihes-saialdi ere izan ziren, baina azkar aurkitu zituzten.
Basahuriko lehen saialdia soka bat aurkitu zutenean zapuztu zen, zihurtzat baitzeukaten ihes-saialdia. Honegatik gure lagun bat gaztigu-gelan egon zen.
Bigarren saialdia, Segoviako ihes-saialdiaren ondoren egin ziguten araketa xehe batetan barrote zerratu batzu aurkitzean zapuztu zen. Inor erori ez bazen ere, lagun bat Zamorara eraman zuten,
Hirugarren saialdia. Estolda batetan hasten zen zulo bat agertu zen politikoen patioan. Hiru metro eginda zeuden eta beste hiru falta ziren atera ahal izateko. Gela batetan buztinez estalitako harriak aurkitzean jakin zuten zulo honen berri. Zulo hau porlanez blaitutako olana batez estalita zegoen.
Honez gero hain zen handia funtzionarien ihes-psikosia, politikook beste gartzelatara bidaltzeko gestioak egiten hasi baitziren.
Azken saialdia (52 egun teilatondo batetan ezkutaturik).
Aldatu egingo gintuztela ikusirik, behin gehiagoz ihes egitea erabaki genuen. Honetan asko zihur egon behar genuen. Zulotik atera behar genuen lurraren arazoa estudiatu genuen, nonbait gorde beharra baitzegoen. Orduan teilatuek ematen zizkiguten posibilitateak ikusi ziren. Bi egunetan estudiatu zen plan osoa. Lanera joateko ihes egin genuela iruditu behar zuen. Eroturik nengoela esaten zidaten, baina aurrera jarraitu zen. Ihesaldi itxura baino lehen, hatsia genuen teilatua, barrutik guztia despitatzea, ihes egin genuela uste izan baitzen. 7,30.tan hasi ginen bilakera ahotsak entzuten. Gu ganbaran ezkutatuta geunden, geuk egin genuen orma baten bidez 20 metro separatuz eta isolaturik gelditu ginen. Igotzeko erabili genuen sapaizuloa aurkitu izan balute ere, inoiz ere ez gintuzten gu aurkituko, gela orma hartan amaitzen zela baitzirudien.
Hamar egunetarako janaria eta ura eta bakoitzarentzat burusi bana igon genituen lehen egunetan hotz haundia jasan genuen. Tunela eta sapaizulo bat egiten hasi ginen, eta honela segitu. genuen aurkitua izan zen Urtarrillaren 14.a arte. Uste baino denbora gehiago pasa bagenuen, zuloko uholde eta lur klakadagatik izan zen.
— Janaria eta ura 10 egunetarako bakarrik igon bazenuten, nola jasan ahal izan zenuten hainbat egun?
— Janaria ez zitzaigun falta. Eraman genuena amaitzean, patiora ateratzen ginen, geure lagunek prestatzen zizkiguten janari poltsak hartzera. Gauez jaisten ginen, eta lasaitasun osoz gainera, gauez gartzela gurea baitzen; besteekiko harremanetarako, lan zegoen goardiaren aurrean ohar batzu boteaz baliatzen ginen. Lan egiten genuenetik gertu zegoen komun batetatik hartzen genuen ura.
— Argia?
— Ganbarako instalapena geuk egin genuen, behean zegoenaz baliatuz. Atera genituen kableak zulora argia eramateko ere erabiltzen genituen. Egun argiz lan egin genuela zirudien.
Zein ordutan hasten zineten lanean?
— Goizeko 7etan joaten ginen ohera, gainontzekoak jaikitzeko diana jotzen zutenean. Eguerdiko ordu batetan bazkaltzen genuen eta arratsaldeko 7etan, hasten ginen lanean tailerrak herstean. Ateratzen genuen lurra ganbarara igotzen genuen poltsatan; 14 toneladatatik gora ateratzera iritsi ginen.
— Zer gertatu zen zuloa aurkitu zutenean?
— Ez ginen adoregetu; zeren nahiz eta araketa xehe bat egin, ez gintuzten aurkitu. Beste egokiera batzuren bila hasi ginen.
— Nola aurkitu zintuzteten zuek?
— Ez dakigu zihurki. Tailerretan zerbait arraroa nabaritzea daitekeena da. Ikuzlekutik barrutiaren beste alderaino zihoan zuloa aurkitzean ere gerta zitekeen. Hortik iragan eta zuzendariaren autoa hartuz ate nagusitik ateratzeko asmoa genuen.
— Nola erreakzionatu zuten Basahuriko zuzendariak eta beste funtzionariek?
— Oso urduri zeuden guztiak, erabat konprometaturik eta beren seguritate sistima osoa zalantzan gelditzen baitziren.
— Zein eratako errepresaliak jasan zenituzten?
— Ihes-saialdia gaztigu gelan berrogei egunez zigorturik dagoen falta nagusia dela kontuan harturik, ez genuen errepresalia gogorrik izan. Esan egin dut guztiz urduri zeudela eta ez zekiten zer egin. Nahiz eta mundu guztiak jakin guk ihes egin nahi izan genuela, jujearen aurrean amnistiaren aldeko hertsaldi bat egin genuela sinatu genuen. Handik Cordobara joan nintzen.
— Ihesaldi honetan preso komunek ere parte hartu zuten. Normalki kontuan hartzen al zenituzten komunak ihesaldietarako?
— Bai, komunen laguntza beharrezkoa baitzitzaigun beti.
— Kalearekin harremanik ba al zeneukaten ezkutuan egon zineten bitartean?
— Bai, beti eta uneoro. Kalearen laguntza posiblea egunero hartzen genuen kontutan.
— Orain Euskadin zaude. Zer da zuretzat amnistia?
— Ez du beste esannahirik. Amnistiaz mintzatzean gartzelan dauden guztiek irten behar dutela esan nahi da. Herriaren exigentzia da. Gu gartzelatik herriak atera gaitu. Ez negoziapenerako zerrenda batzuk.
— Preso komunentzat ere Amnistia?
— Une batetan zergatik ez? Zergatik guretzat Amnistia eta haientzat indultua soilik? Preso komunak bazterturik daude. Horienganako funtzionarien trataera gogorragoa da. Carabanchelen, adibidez, zerbitzu nagusi bat komun bat kolpeka hil zuela akusatu zuten.
Gerora jakin ahal izan dugu zerbitzu nagusi hau Administratzailetzara goratua izan zela beste gartzela batetan.
— Zein bide ikusten diozu ezker abertzaleari?
— Abertzale bloke batu baten beharra ikusten dut. Une honetan KAS izan daiteke, askapen armada den ETAk sostengatzen duela.
Alderdi abertzale guztiak aglutinatzea beharrezkoa da, baina guztiok ongi etsita Euskadirentzako konponbide bakarra batasunean dagoela.
— Zein eritzi duzu eskuin abertzaleaz?
— Ez dago aipatu ere egin beharrik.
Itziar
Egiten jakitea eta egin ahal izatea ez dira Euskal Herrian, orain arte, ezkongai amorosegiak izan. Gazteak baleki eta zaharrak ahal balu hura bera da, baina kondua buru eta diru ahalmenetara pasatuz. Orain, ordea, lehenagoko sozial aurreritzi ustelak gainbehera datozeneon, ezkontza edo, nahiago baduzue, arrimu hori gertatua da azkenean. Eta elkarte horren zorioneko umea aurrean dugu, euskaldunok botere, autogobernu eta ekonomi baliabideak eskuan dituzkegunerako zer nolako ondorioak lor ditzakegun erakusteko.
Liburua
Euskal idazleak gaur. Historia Social de la Lengua y Literatura Vascas, 675 horrialdetako obra mardula (hiru kilo inguru pisutan, hamaika ordutan irakurtzeko datu luzeak interesetan). Ez genuke gezurrik esanen berau, ez aurten, baizik Euskal Liburugintzaren Historia osoan orain arte euskaraz agertu den libururik nabarmenena dela esanez gero. Hirur irakurbidetarako egina izan da. Lehenak, euskaraz, 1960-1975 arteko euskal literaturaren azterketa soziologiko bat eskaintzen digu, inkesta eta estatistikaz taiutua. Bigarrena, erdaraz, aurrekoaren osagarri, euskal hizkuntza eta literaturari buruzko dibulgaziozko panorama batekin dator. Hirurgarrenean, azkenik, histori, linguistik eta idazleen irudi komentatuen bidezko informazio grafikoa (500 irudi inguru) agertzen da. 1937.etik 1975.erarteko euskal liburu guztien zerrenda dakar gehigarriz, asko, liburuzale eta saltzaileak bereziki, eskertzen hasiak direna. Bibliografia luze eta aberatsez biribiltzen da lana. Papera, argazkiak eta presentapena oso onak benetan.
Egilea
Joan Mari Torrealday. Barka. Bera egile bat izan da, printzipalena, noski, baina bat. Bistan dago ez dela gaur egun holako obra bat bakarka egiterik. Horrekin batera Joseba Intxausti ere ba dago, historiazko gorabehera ugariz liburua hornitu duena, eta Joxe Azurmendi —hitzaurre zoragarriagorik ez zioagu inori sekulan irakurri, halafedea!— Ramon eta Anton Egiguren argazkilariak eta Luis Iriondo, Lankide Aurrezkiko publizitate eta harremanetarako zuzendaria, ekoizpenaren arduradun izandakoa. Beste izen asko ere, seguraski, nonbait gordeta geratu izan dira, baina horiei ere eskerrak eman beharko litzaizkieke: originalak makinaz pasatu, moldiztegiko probak zuzendu eta gisa honetako lan aspergarri bezain premiazkoak egin dituztenei, halegia. JAKINeko ekipo osoa dagoke hor sarturik.
Aitabitxia
Lankide Aurrezkia, Euskadiko bankuak —bazterretan oraintsu irakurri dugunez— bere (gure) diruaz inbertipen on on bat egiten jakin du, eta horretarako begi zorrotza, noski, Luis Iriondok eduki duelakoan gaude. Berauen laguntzarik gabe, derragun berriz ere, ez zen posible nolako obra harrigarri bat Platonen gogoko mundutik hankabikoonera ekartzea. Eskertzekoa da (?). Zeren horregatik ere kritika bat entzun izan baita. Hainbeste milioi liburu horretan eman dituen Lankide Aurrezkiak ezin al zitzakeen alfabetatze kanpaina, Euskaltzaindi edo ikastolen alde gasta? Ez al zituzten horiek guztiok diru premia handiagorik.
Lehengo eta behin, dirudienez, ez, ez zen posible hori egitea. Alde batetik, obra horretan inbertituriko dirua, kooperatibetarako dauden legeen arauera, holako lanetan sartu beharra zegoelako. Bestalde, eta kritika horri egin dakiokeen kritikarik gogorrena hauxe da, euskal kulturaren alde zerbait —eta zerbait handi— egin duenari kritika egiten zaio, deus ez edo erdal kulturaren aldeko lanak egiten dituzten Euskal Herriko beste banku, aurrezki kutxa eta entrepresa guztiei inolako kritikarik egiten ez zaien artean. Dagiena bekatari, ez dagiena saindu, horixe dateke zenbait euskaldunen erizpide xelebrea.
Horrez gainera, zertarako uka, gogoz zein gogoz kontra bizi garen merkatal mundu honetan, inork ez du —erabat behinik behin— ezer mosu truk ematen. Mesedeei eta emariei ahalik eta probetxu gehien ateratzen ahalegintzen dira guztiak. Bankuen inbertipenak, propaganda zuzenekoak ez direnean, prestigiozkoak izaten dira, finagoak, kultura lantzekoak edo, bai, baina horik ere, azken buruan, egile edo eragileen izen onerako izaten dira. Katalunian aspaldian dihardute holako lanetan bertako bankuek, eta hemengoak ere bide berean hasi zaizkigun baterako, hobe genuke horregatik poztea tristatzea baino. Herriko banku guztiak euskal kulturaren alde elkarren lehian balebiltza, hain zuzen, beste txori batek kantatuko liguke. Eta jadanik batek desafioa egin die.
Mamia
Nor da euskal idazlea? Nolakoa da? Zer da? Zenbat urte ditu? Non jaio da? Zertzu estudio, gustu eta heziera dauzka? Zenbat liburu idatzi ditu? Zeri buruzkoak? Nolako iturriak dauzka? Zeintzu arlo jorratu ditu?
Galdera guztiok erantzuten saiatu zaigu Torrealday. Horretarako, bere eritzia barik, besteen eritziak bildu eta analizatzea nahiago ukan du. Inkesta 143 idazleri bidalirik, horietako 83k erantzun zioten (inkestatuen % 62ek, hain zuzen) eta hortik 61 hautatu izan ditu ongi erantzuntzat. Zifrok, osotoro asko ez diren arren, portzentaiaz oso gorakoak dira, eta pertsona baten lekuan 61en usteak azaltzea bera aski esanguratsua da.
Idazlearen geografi, soziologi eta kultur jatorriek datu argigarri asko ematen dizkigute. Ba dirudi, zorionean, inguruko nazioekiko, gure Euskal Herri hain different hau ere pixkanaka normaltzen hasia zaigula, Peru Abarkagandik maisu Juanenganatzen ari dela, kaletartzen, mundutar kulturaz janzten, profanatzen, profesionaltzen, Gipuzkoa-Bizkaiko hiri industriadunek nagusigoa agertuz.
Liburuan euskal idazleen eritziko idazlerik onenak, edo, hobeki esan, nahienak azaltzen dira hor, zenbait izen holako tokietan —onerako eta txarrerako— agertzea inoiz harritzekoa gerta daitekeen arren. Irakurleen arteko inkestak ere argigarri lirateke hauzi horretan, guk uste.
Idazlearekin batera, jakina, argitaratzaileen arazoa dago. Nola moldatu da orain arte euskalduna bere lana inprimatzeko? Nola banatzen dira euskal liburuak? Idazle eta editore arteko plangintzarik ba al dago? Beharrezkoa al da? Honelako galderei ere bere(n) erantzuna ematen dio(te) liburuan.
Idazlea, bestalde, ez da gurean liburugile soila, ba da kazetari eta artikulugile ere, eta hauxe, batez ere. Euskal aldizkarien ezaugarriak, helburuak eta joera bereziak agertzen ditu ba Torrealdayk.
Eta idazteaz arituz, noski, literaturgintzaren hartzaileagana ere heltzen gara: irakurleagana. Ba al dago irakurlerik euskaraz baina? Beronen gustuak onhartu ala aldatu egin behar ditu idazleak? Elkarren eragina norainokoa da? Nork zein moldatzen du gehienik? Ez dira hauk galdera bakarrak.
Metodologiaz
Torrealdayk lan handia izan du; hori argiro dago. Bibliografia, esaterako, ez da zerrendetan bakarrik aipatzen, textuan zehar baizik, eta etengabeki. Ba da, gainera, beste puntu bat; literaturaren azterketa soziologikoa egiteko prozedurak, orain arte, bizilagun ugaritako kultura eta literaturak arakatzeko erabili izan dira, baina gurean, daukagun nazional zapalkuntzagatik, ia erabat analfabeto den gure Herrian zer balio du abangoardismoak eta klasikismoak? Herri normaletan —edo normalagoetan bederen— erabiltzen diren parametroak ba al dago gure herri eznormal honetan gaur erabiltzerik? Oztopo hau ondo kontutan eduki du Joan Marik eta, gure ustez, ongisko gainditu ere bai. Izan ere, interpretapen guztietan beti, eta derrigor, egon daitezkeen subjektibismo guztien gainetik, lan aseptiko eta objektibo xamar bat eskaini digu.
Bigarren irakurbideaz
Erdarazko parte hau ere osorik da interesgarri. Lehengo eta behin, derragun, txalotzekoa dela erdarazko textua letra ttikiago eta irakurtzeko nekezago batez inprimatzea: eragozpen horrek ba du bere abantaila erdararen beraren irakurterraztasunean. Euskarazko textu haundiek, optikoki errazago irakurtzekoek, euskararen zailtasuna biguntzeko mesede ona egiten dute, irakurle euskalduna, konturatu gabe, erdal textuetara abia ez dadin soil soilki.
Parte hau, dibulgazio mailan egina izan arren, gustura, oso gustura irakurtzen da. Ez dakigu meritua norena edo nortzurena den, baina sintesis eder bat, datu biltze, sailkatze eta azaltze on eta ederki josi bat da, batzutan zenbait fusilamendu agertzen badira ere. Egileek, ordea, ez dute hori ezkutatzen; helburutzat informazioa biltzea, berri ematea eduki dute, eta ez berek asmatzea.
Euskal literaturaren —eta, neurri batez, kulturaren beraren ere— ispilua da liburua. Gutaz zerbait jakin nahi duten erdaldunek —eta euskaraz, ez dezagun ahantz, erdaldun izateko aski da euskara ez jakitea— ba dute egokiro non ikas. Euskal kultura, orain arte maiz itxura pobreaz jantzita zetorrelako, herabe zutenek ez dukete honez gero atxakiarik. Ez eta, beren ezjakinkeria lotsagarria estaltzeko justifikaziorik bat ere ez duten etxekoek ere (Eta bentzute berau euskal, euzko, basko eta vasco politikari (asta) belarridunek!).
Azken oharrak
Argazkiren kalitate apartaz zorionak Egigurendarrei, bai eta maketapenaren arduragatik L. Iriondori, batzuek eta besteak ohi ez bezalako lan bikaina lortu dute eta.
Azurmendiz ez genuke ezer esan behar. Euskal izateaz gainera erdal idazle ere agertu zaigu, eta ez edonolakoa, halajaina! Ez genuen Joxe hori ezagutzen eta harritu egin gaitu; bistan dago, gainera, agertua agertu ondoren bere aukerari, euskaraz soilki idaztekoari, meritagarriago eritzi behar diogula. Guztioi, zin zinez, euskal hitzaurre sakonaz batera —eta zenbait esteta hermetikok ba du hor zei pentsa— erdarazkoa ere irakurtzea gomendatzen dizuegu. Ez duzue damutuko.
Zenbait errakuntza —moldiztegietako iratxoak ez baitaude inoiz geldi— azaldu izan dira hor han hemenka liburuan zehar, gehienek, aski nabariak direlako, garrantzirik ez duten arren. Horretariko bat, humoretsua delako, baina, aipatuko genuke 617. horrialdean azaltzen den liburu bat, Euskadiko Komunista Alderdiaren bigarren biltzar nagusia, Mikel Zaraterena dela dio, Leopoldo Zugaza Durangokoak argitaratua. Ez dugu uste.
Liburu honetatik atera diren 45.000 aleak bi modutara banatuko omen dira. Lehengo eta behin erregaluz, Lankide Aurrezkiaren bezeroen artean, literatur eta kultur elkarte, talde eta kideengana ere helduz. Bigarrenik JAKINeko abonatuen artean, 500 pezetako sari sinboliko bat jarriz (egiazko prezioa askoz ere goragoa baita). Tirada eta kondizio horiekin liburu mesedegarri hau parra-parra zabalduko delako zalantzarik ez dago. Eta hori beharrezkoa zen.
ANAITASUNA
Musika
Imanolek grabatutako azken diskoa kaleratu da. Bera, Madrileko CBS etxeak egina. Disko hau, euskal musika munduan oso itxarona izan da, atzerrian hainbat urte pasatu eta gero, kantari honen eboluzioa ikus-entzuteko.
"Lau haizetara" bere hirugarren L.P.a da. Lehenengoa "Orain Borrokarenean", 1972. urtean grabatua; "Herriak ez du barkatuko", 1976.eko udan dira orain arte egindako diskografi lanak.
Disko honek erakusten duena, Imanolen eta beste bretoi adiskideek hainbat jaialditan egindako lana da. Hola, Roger Schaub, Bruno Barre, Xabier Iriondo, Jouenn Leberre eta Arnaud Rogers laguntzaile agertzen dira.
Gai konkretuetara pasatzen bagara, hiru zati desberdinak ikus daitezke. Alde batetik doinu instrumentalak; beste batetik erdarazko kantuak eta azkenez euskal kantak.
Tematika aldetik lan berri gutxi dauka disko honek. Lehenengo garai batetan Mikel Azurmendiren hitzak musikatuz, orain, Mikel Arregik egindako hitzak, kantu berri bakarra bezala agertzen dira. Hauk, "Lau Haizetara" eta "Maitasunaren sutegia". Beste berria Gabriel Arestiri Lantzale taldeak egindako hitza da. Beste kantu guztiak, "Irakaslerik onena: bizitza", "Caminito de Erandio", "Euskadin Castillan bezala", "VietNam 1970"eta "Martillo Pilón", lehen egindako diskoetan agertzen dira. Hemen hau ikusiz, galdera bat sortzen zaigu: Bere aintzinako gaiak jende zabal bati erakutsi nahi izan dizkio, ala Imanolentzat gizarte egoera gutti aldatu al da?
Baina Imanolek eboluzio luze bat nabaritzen du. Eta hau musika formari begiratuz. Euskal kantetan eta instrumentaletan, laguntza eta tresna aldetik desberdintasun bat agertzen da doinu guztien tratamenduan. Eta bereiztasun hau, Imanolen laguntzaileek begiratuz konprenigarria da. Doinu guztiak keltar-bretoi kutsu handi bat daukate, nahiz eta batzuk euskal sustrai txiki batzutatik irten. Gwendal taldearen interpretazioak oso onak iruditzen zaizkigu eta beren teknika izugarria dela hainbat tokitan agertzen da. Berrizko zortzikoko inprobisaketa batzuren antzera, baten bat esateko. Eta kutsu honek tankera desberdin bat ematen dio diskoari, beste euskal diskoekin gonbaratuz. Baina giro hau euskal musika baterako, formari begira, norarteko aurrerakuntza edo eboluzio bat dela esan al genezake? Uste dugu, eta instrumentaletan argiago agertzen da, euskal sustraiak keltar infludentziagatik azpiratuak izan direla.
Erdarazko kantuek, euskara hutsez kantatzeko beharraren problematikan sartu gabe, gaztelaniako doinu-formak dituzte. Martillo Pilón deritzonak, Elisa Sernaren "Este tiempo de acabar" deritzon diskoaren infludentziak agertzen ditu, eta gogoratzen gara nola disko bietan bibolinista gizon berbera den: Bruno Barre.
Azala, R. Vigilek izenpetua, egokia eta oso landuta dago. Diskoaren barneko irudi prestatu eta estetiko bat da.
Eta azkenez, laburpen bat egiteko, Imanolen azkeneko lan hau, bere lehenengo diskoak ezagutzeko oztopoak ikusirik, orain arteko lan egin baten bilketa on bat iruditzen zaigu, eta horregatik, hemendik aurrerako lana oso interesgarria agertuko litzateke, zeren posibilitate asko baitu.
Erletxe
Artea
Artean azaltzen den lehen problemetariko bat, agertaldi artistiko eta egunerokoak diren aspirapen eta esperientzia amankomunen artean dagoen edo egon behar duen harremana da.
Magnitude honetako problema bati soluzio bat ematea edo burutzea asmo bat da. Artikulu batek duen mugatasunarekin saiatzea sinplezia bat izango litzateke behintzat. Horregatik problemaren terminoak ipintzen saiatuko naiz. Eta artearen definizio baten barruan jartzen.
— Nola uler dezakegu artea?
— Gizona naturatik, inguratzen duten materialeek eskaintzen dioten posibilitatetik egiten du kreatze artistikoa.
— Baina, nola jokatzen du errealitate hauetatik hasita?
— Gizarteak nahiz sormenak artikulatua egiten du, hau da: esperientzia bizi eta sozializatuek eratzen dituzten elementuekin espekulatzen du.
Honela eta subjektu honi esker ematen da kristalizazioa, materialea, bizitza kolektiboa konposatzen duten forma kontraesanetatik.
Kristalizazio honek (materialea eta horregatik beste subjektuek kapta dezakeena) zeinu polemiko bat sortzen du.
— Zer esan nahi dugu "zeinu polemiko"rekin?
— Bereziki bi esannahi sinifikatu nahi ditugu. Lehena gainditzeko objektu bat aurrez onhartzen dela. Eta bigarrena objektu hori gainditzeko saiaketa bera da. Azter ditzagun bi esannahi hauk.
Arteak gainditzeko objektu bat suposatzen du, artistik prozesuaren prestakuntza eta burutze: ez baita hutsartean egiten, ez eta ideien edo aspirapen hutsen erreinuan. Ez, artea berezitasun batzu ematen dizkion textuinguru konkretu batetan egiten da.
— Zein da textuinguru hau, eta zein eratara erreperkutitzen du artistik ekintzaren prozesuan?
— Textuingurua bi elementuek definitzen dut; bereziki: ekonomikoak eta ideologikoak.
Komunitate batek bere baitan sortzen diren kultur manifestapenaren aurrean, mementu konkretu batetan, hartzen dituen jarrerek osatzen dute ideologi elementua. Bestalde, ideologi elementu hau bera ere, nolabait bederen, ekonomikoak mediatizatuta dago.
Zalantzarik gabe, eta eztabaida guztien gainetik, erizpide garbi bat ba dago: merkatal ekonomiak artean duen eragipena. Sozial estetika "onespena", neurri handi batetan, merkatu honen agerpide diren arte galeriek erregulatzen dute. "Ona/txarra"ren arteko bereiztea, artezko produktuen merkataltasun-/-ik ez -etik finkatzen dute. Zentzu honetan, ganbio baloreak. erregulatzen du arte merkatua, merkatal ekonomian orokorki gertatzen den bezala.
Hala eta guztiz ere, garbi dago erizpide honek ez duela artea sostengatzen duen ekonomi bilbapen osoa zuzenki erregulatzen. Alde batetara gelditzen dira eskala handian merkatalduriko zenbait "artezko" objektu.
— Aditzera eman dugu ekonomi arloak ba duela parterik ideologikoan, baina zein zentzutan?
— Garbi dago artearen merkatua erosleak egiten duela posible. Beraz, artistak hasieratik artearen merkatuarekin hausten ez badu, mekanismo honen barruan kokatuta geldituko da. Eta honela kokatuz gero, komunitate batetan ekoitziko du, baina produktua ez doakio komunitate horri: erosle posibleei doakie, azken batetan.
Ez dugu upategiaren edo paisaia errazaren historiarekin loturarik gabeko "errealistetaz" bakarrik hitz egiten. "Errealista" klitxeta ez da salerraz bakarra. Geure komunitatean bertan ere ikusten dugu; "errealista" ez diren artezko produktuak oso salerrazak dira.
Artea gainditu behar den objektutik eta gainditzeko saiakeratik definitu dugu. Ikus dezagun orain bigarren parte hau.
Gizonak, artearen bidez, ukatzen zaion harmonia eta betetasunaren exigentzia agertzen du. Eta gainditu nahi duen objektuak berak ukatzen diona. Adierazpen hauk kontzienteak edo ez, izan daitezke, eginkorrak edo ez, baikorrak edo ezkorrak. Saialdia, arte mendekidearen hiru era klasikoetatik formulatuta dago: mekanikismoa, formalismoa eta funtzionalismoa. Nahikoa ez bada ere, sailketa hau erabiltzen dugu, egungo artearen agerketak, funtsean, biltzen dituelako.
Mekanikismoak, edo errealismo lanak, bere inguruan gertatzen diren fenomenoen agerpena izan nahi du, zentzurik literalenean.
Formalismoak, iraganaldiko formak hautsiz, artearen definizio berriak sortu nahi ditu. Eta funtzionalismoak, aldaketa sozialerako arte egoki bat posible egin nahi du.
Azken biok, zutik dirauen "estetik onespena"ren bortxatzea, aldatzea suposatzen dute. Baina hasierako "erreberia", eta historia da lekuko, onespen bilakatzen da, artearen merkatuak haustura hori bereganatzen baitu.
— Nola izan daiteke, honez gero, artearen bidez komunikatzea?
— Funtzionalismoan bertan ere, artezko produkzioaren eta komunitatearen arteko komunikapena urrunekoa da. Eta urruneko komunikapena da, zeren eta artista, nahitaez, merkatu ekonomiari loturik baitago. Esan egin dugu bere produkzioa, beste edozein produkzio bezala, kondizionamendu batzurekin sortzen da: artearen merkatua. Artistak, komunikapena nahi badu, alde batetik kondizionamendu honekin egingo du topo, eta bestalde, bere aspirapenekin, egoera konplexu batetan aurkitzen dela. Kultura arloko langile ororen arazoa da hau: bizimodua atera behar eta pentsakera bat formulatzea. Bilbapen konplexu honetan egin behar du artistak bere obra.
Bestalde komunitatea, gure objektuaren posesio gizarte honetan, obraren gozamenetik ez ezik, obra horietara hurbiltzeko kultur ibilgailuetatik ere, gutienez, baztertuta dago.
Honela artista eta komunitatea, paradoxa gertatzen bada ere, "komunikapena" urrunetik egiten den egoera batetan aurkitzen dira.
Azkenik, egiaztatu artearen subjektua eta honek gure komunitatean dituen egoera "tipikoak" deskribatzen saiatu garela. Hala ere, eta beste egun batetan ikusiko dugu, beharrezkoa da une honetan sortzen ari den zenbait planteiamendu berrikustea.
Aitor
Emakumeok, gure erreibindikapenak defendatzeko, ez dugu laguntza handirik izaten normalki... orain berriz, hauteskundeak aurrez aurre ditugularik, alderdi guztiak emakumeen gain duten interes sakona agertu nahian dabiltza. Honek, alderdi gehienei dagokienean behintzat, gauza bat adierazten digu, emakumeok botua eman dezakegula.
Baina botu emate hori, ez da beti izan dugun eskubide bat. Egin dezagun histori laburpen bat honen gain.
Emakumearen askatasunerako mugimenduak, bere hasiera, mugimendu eratu baten modura, USAn izan zuen. Baina lehen ere izan ziren emakumearen berdintasunaren alde lan egin zutenak. 1789garrenean, Frantziar Iraultza zela eta, Olimpia de Gouguesek "Emakumearen eta hiritarraren eskubide deklarazioa" agertu zuen. Londresen, 1790garrenean, Mary Wolstonecraftek, beti Frantziar Iraultzari begira, "Emakumeen eskubide defentsa" egin zuen. Lehen Ipar Amerikan emakumeen arazoa planteiatzen hasi ziren, batez ere, hezieran sofritzen zuten desberdintasunari buruz. Horrela, 1780garrenean, Judith Sargent Murrayk "Emakume historiaren haro berria" idatzi zuen. Heziera maila honetan, 1820garrenerako lortu zituzten aurrerapen batzu.
USAn, emakumearen askatasunerako burrukak, 1830garrenean antiesklabist mugimendua hasi zenean, jauzi handi bat eman zuen aurrerantz. Mugimendu honetan partaide ziren emakumeek, honen barruan sofritzen zuten bereizkeria zela medio, beren zapalkuntzaren kontzientzia hartu zuten. Antiesklabist mugimenduko ordezkari bezala emakume batzu azaldu zirenean, Londresen izan zen nazioarteko batzarre batetan, ordezkari gehienek ez zuten onhartu emakume hauk legatu bezala han egotea.
Hau ikusi ondoren, Lucretia Mottek eta Elisabeth Stantonek 1848garrenean, "Eskubide Berdintasunaren Aldeko Konbentzio" bat egitera dei egin zuten. Ekainean, Seneca Fallsen egin zen konbentzio honetan, 68 emakumeek eta 32 gizonek "Hastapen deklarazio" bat izenpetu zuten. Deklarazio honetan zera eskatzen zen: ezkontzan berdintasun osoa; jabetasun, alokairu eta semealaba zaingo eskubide berdinak; kontratuak egiteko, prozesatzeko eta prozesatua izateko, gortean lekukotasuna eta botua emateko eskubidea. Konbentzio honetan, emakumeak beren burruka eratzen hasi ziren. Lehenengo denboretan, botua eskuratzeak ez zuen garrantzi handirik emakume hauentzat, beste erreibindikapen batzu garbiago defendatzen zituzten.
1861garrenean, gudu zibila etorri zenean, lehen antiesklabist mugimenduan bezala, emakumeek ekinez parte hartu zuten. Gudua bukatu ondoren, emakumeek berriz ere, sorpresa handia jaso zuten. Ustegabekoa izan zen, guduan hainbeste lan egin ondoren, emakumeei botu eskubide ukatzea. Beltzek berriz, hau eskuratu zuten eta lehen emakumeen erreibindikapenekin zuten lagunkidetasuna hemen bukatu zen.
Hau ikusiz, emakumeek, beren indar guztiez, sufragioaren alde burrukan hasi ziren. Honen ondorio bezala, mugimenduan zatiketa bat sortu zen; batzuk, botua, beste eskubide batzu lortzeko bide bezala eskatzen zuten; besteek, botua eskuratzea, funtsezko helburu bat kontsideratzen zuten. Ekintzan, batera jotzen zuten bi talde hauek, eta 1890garrenean birbatu egin ziren.
Emakume hauen burruka, gogorra izan zen benetan, interes asko baitzituzten aurka. 1900garrenean, sufragist mugimendua indartsua; zen baina aurka zituen interesak ere bai, adibidez, alkohol industrienak, zeren sufragistek antialkohol mugimenduan parte eginkor bat izan baitzuten.
Azkenez, 1920garrenean, emakumeek bere botua eman ahal izan zuten, presidentzi hauteskundeetan, Ipar Amerikan.
Ingalaterran ere, sufragisten burruka gogorra izan zen. 1867garrenean "National Society for Women's Sufragge" eratu zen. Udal hauteskundeetan, berdintasuna lortu zuten 1869garrenerako.
1903garrenean, femenist elkarte berri bat agertu zen, "Emakumeen politik eta sozial batasuna" izena zuela. Erakunde berri honek, lehen erabiliak baino burruka bide gogorragoak eramatea beharrezkoa zela esaten zuen. Gobernu ingelesak, emakume hauk errepresio basati batez zapaltzeko eginahalak egin zituen, baina ez zuen helburu hau lortu.
Sufragista hauek, Emmeline Pankhustek zioen bezela, hau garbi ikusi zuten: eskaketa hutsez ez zutela ezer lortzen. 1911garrenean, poliziek sufragist ordezkari komisio bati, egurra eman zioten izugarriko basatikeriaz." Honen ondorio bezala, feministek bere gogortasun iraultzailea hasi zuten, Gobernuaren edifizioei su emanez eta abar. Gartzeletan, emakume hauek gose greba luzeak egiten zituzten, nahiz eta hiltzeko zorian jarri beren burua.
Burruka honek lortu zuen bere helburua: 1928garrenean, emakumeek botua emateko eta hartzeko eskubidea eskuratu zuten Ingalaterran.
1789garreneko Frantziar Iraultzak ere, nahiz eta bertan emakumea partaide garrantzitsuenetako bat izan, bere "Liberté, Egalité et Fraternité" ez zuten emakumeentzat irabazi.
1869garrenean hasi zen Frantzian emakumeen mugimenduaren eratzea. Legeetan aurrerapen asko lortu ondoren, 1946garrenean sufragio eskubidea eskuratu zuten.
Italian, emakumeek, bere erakundeen bidez burruka luzea eraman ondoren ere, 1945garrenean eskuratu zuten botua eman ahal izatea.
Aztertu ditugun feminist mugimendu hauetan, emakume gehienak, dirudun klaseetakoak ziren. Hau normala iruditzen zaigu, kontuan edukiz, emakume langileek ez zutela politika egiteko denborarik, zeren lantegian lan egin ondoren, etxeko lan guztiak egin behar zituzten eta.
Baina honek ez du esan nahi, sufragista hauen eginkizuna, iraultzailea ez zenik. Beste aldetik, langile mugimenduak feministen aurrean hartzen zuen jarrera atzerakoia izan zen sarritan. Adibidez, Italian sufragistek botu eskubidea eskatzen zutelarik, sozialistei laguntza eskatu zieten erreibindikapen hau emakumeekin batera defenda zezaten.
Sozialist Alderdiak eske honi erantzun hau eman zion, AVANTI! bere aldizkarian 1910garrenaren Martxoan: "Sozialistek, sufragio unibertsala eskatzen zutela, baina ez emakumeentzat, zeren hauek botua eskuinari emango baitzioten... beraz, sufragistek, Sozialist Alderdiari ez, baizik eta alderdi kontserbatzaileei eta klerikalei eskatu beharko zieketela lagunkidetasun hori".
Hau irakurri ondoren, hau galde dezakegu: Nork izan zuen sufragist mugimendua langileriaren interesetik at egotearen errua? Sufragistek ala emakumearen eskubideak defendatzen ez zituzten alderdi "langileek"? Eta defendatu ez bakarrik, baizik eta bere bereizkerian parte hartu ere bai. Sufragista haik irrigarri utzi dituzte historian zehar moeta guztiko jendeak eta erakundeek. Gure ustez, berriz, emakume hauek garrantzi handiko garaipen bat lortu zuten, lehenengo aldiz emakume bezala sofritzen zuten zapalkuntzaren aurka burrukatzean, horretarako erakunde bat sortzean eta botua emateko eskubidea lortzean.
Baina huts handi bat izan zuten eta hau izan zen: Botua eskuratzea, helburu bezala hartzea. Pentsatu egiten zuten ezen, botua eman ahal izatean, beste gauza guztiak lortzea erraza izango zela, hots, hauteskundekeria batetan erori ziren. Botua eskuratu zutenean, feminist erakundeak hil egin ziren eta 1960garren ingururarte ez dira birbiztu. Urte hauetan hasi ziren berriro talde feministak sortzen, gehien industri herrietan (USA, Ingalaterra, Frantzia, Italia, etab.).
Talde hauek berdintasun osoa eskatzen dute eta esan dezakegu, gaur egun, Emakumearen Askatasunerako Mugimendua herri guztietan zabaltzen ari dela, bere barruan joera politiko desberdinak jasotzen dituelarik, denek helburu baten atzetik: Emakume bezala, askatasun osoa lortzea bizitzaren maila guztietan.
Gaur, Hego Euskadin ba ditugu bertan, espainiar estatu osoan izango diren hauteskundeak. Hauteskunde hauek berekin dakartzaten baldintzak garbi daude: Amnistiarik ez, Askatasunik ez, Alderdi asko legalizatu gabe, polizia kaleetan egurra ematen... hauteskunde hauk demokratikoak direla dioenak, bitarik bat, edo ez dakike demokrazia izenak zer esan nahi duen, edo gezurti bat dateke.
Guk, emakumeok, zer jarrera hartu behar dugu egoera honetan? Gure herrian, ehunetik berrogei eta hamabi, emakume gara eta botua emateko eskubidea dugunez, eskuindar eta erreformist alderdiak gure botuen atzetik dabiltza beren kanpainan zehar.
Nik ez dizuet esango hemen, hauteskunde hauetan botua eman behar dugun ala boikot egitea hobe den. Baina gauza bat garbi ikusi behar dugu: Alderdi bati edo besteri botua emanez, askatasuna lortuko dugula diotenek GEZURRA DIOTE! Ikas dezagun sufragisten esperientziatik: burrukaren bidez botua eskuratu zuten, baina burruka gelditu zutenean, beren erakundeak desegin zituztenean, botatzeko ahalmenak ez zien lorpen berririk eraman emakumeei, berriz burruka hasi arte ez zuten eskubide gehiagorik eskuratu.
Beren kanpainan, zer defendatzen dute emakumearentzat alderdi eskuindar eta erreformista hauek? Zergatik ez dute exigitzen antikontzeptiboen eta abortuaren legalizatzea? Arrazoia garbi dago. Espainiar estatuan, botuak irabazteko, hau defendatzea ez baita taktika ona... zeren, oraindik jendeak moral aldetik problema asko baititu... Nola planteiatuko dute, ba, emakumeak bere gorputzaren jabe izan behar duela, hau Elizaren aurka baldin badoa eta jende gehiena, Euskadin eta estatu mailan katolikoa baldin bada? Alderdi hauen jarrerak hau adierazten digu: GURE BOTUAK NAHI DITUZTELA BAINA GURE ASKATASUNA BOST AXOLA ZAIELA.
Ezagutu ere behar dugu, hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi guztiek ez dutela jarrera berdina hartzen honi buruz. Ba daude, gure erreibindikapenak beren programan garbi azaltzen dituzten alderdiak, nahiz eta garbitasun honen bidez botu asko galduko dituztela jakin. Honek hau adierazten digu: alderdi hauk ez direla hauteskundekeria baten barruan sartu. Alderdi hauek ez digute esaten geure botua batzuei edo besteei emanez geure erreibindikapenak lortuko ditugunik; hauek horrela dioskute: geure erakundeak sortuz eta geure burrukaren bidez lortuko ditugula. Eta honetan, arrazoi osoa dute.
Baina alderdi iraultzaile hauei, nik zera esango nien: orain esaten digutena oso ondo dagoela, baina ez dela aski, noizean behin emakumearen eskubideak hitzez defendatzea. Hau eguneroko lana dela eta iraultzaile denoi dagokiguna, emakumearen askatasunerako burruka aurrera eramatea dela. Ba dakigu ezen, beste alderdi iraultzaile batzu ez direla hauteskundeetara aurkezten, gaur egun hau jarrera onena dela pentsatzen dutelako. Hauei ere, gauza bera esango nien: ez dezatela emakumearen arazoa beren burrukan ahantz. Benetako iraultzaileak izan nahi badugu, edozein moetatako zapalkuntzaren aurka jo behar dugula.
Botua eman edo ez eman, ez da gauza asko aldatuko guretzat. Geure problemak ez dizkigute beste batzuk konponduko. Konfidantza bakarra, geure indarrean, geure burrukan izan behar dugu, gure erreibindikapenak lortzeko, emakume, Euskal Herri eta langileria bezala; hori baita bide bakarra, historiak beti erakutsi digun bezala. Ez gaitezen ba, berriro tranpan eror! Ez dezagun inoiz, hauteskundeetan eta burjes parlamentuetan geure konfidantza utz!
ITZIAR
Zapaburu birbiztua
Kaleko [Komikia]
OLARIAGAKO
Fragak la calle es mía esan zuenetik jabego pribatu eta exklusiborako joera bizitxo bat sortu da bazterretan. Lehenik ere l'Aberri-Eguna est à nous esana duen PNVek berak oraintsu Euzkadi es nuestra jakin erazi digu, horrekin Herria andrea edo amorantea bezain femeninoa dela agertuz. Baina gauzak ez dira hor gelditzen, modu berean, abertzaletasuna, hauteskundeak, indarra, ardatza, erria, eragiña, sozialismoa eta euzkera ere Alderdi-Nazio horrenak baitira. Eta horregatik, PNV, serioski, bere kide batzu (Mitxelena ez, noski!!) Euskaltzaindiarekin mintzatzera, denen artean euskara batuaren arazoa konpontzera, bidaltzeko asmotan omen dago. Arrazoi berberagatik, euskara —milioiak eta faxismoa bezala— berea duelako ustez fraga IRIBARNEk Alianza Popularreko beste ordezkaritza bat igorriko omen dio gure Akademiari, eta ESBeren izenean Txillardegi joango omen; Argalak, metraileta eta guzti, ETA militarrengandik azaltzeko gogoa ere ba omen du, eta ETA-pm-ren ordez Ezkerra ere bai, hiru eskubonbaz horniturik; PC de España en Vascongadasekoen partez, noski, Nekane; eta PSOEspañol, Toribio Etxebarriaren momiaz ere berton presente egonen da. EHASek, jakina, Davant agertuko omen du, etab. etab.
Bistan dagoenez, Euskararen batasuna ez da idazle, hizkuntzalari eta euskaltzain memelo soilen arazo bakarra, zer demontres, politikariena eta mediku-osagileena baizik, eta horrela, hauteskundez demokratikoki, erabaki beharra dago. Arana bera ere, Hondarribiko behialako batzarrean, gauzak hola erabakitzen saiatu zen, eta maisua maisu da beti.