ANAITASUNA
1977.EKO UZTAILAREN 1EKOA
343. ZENBAKIA
35 PTA.
AURKIBIDEA
3. Editoriala
4-5. Euskal parlamentarien biltzarrea Gernikan
6. Hauteskundeen ondotik
7. Euskal preso baten bakartate urruna
8-9. Hauteskundeak E.H.
10. Askatasunaren ibilaldia
11. Zain dezagun Busturialdea
12-13. Zientzia euskaraz
14-15. Opusekoen istiluak
16-17. Final galduaz gogoeta
18-19. Baserria
20-21. Inflazioa
22-23. Chartre de Brest
24. IN MEDIO STAT VIRTUS
25-28. Komikia
29. Sukaldeko saltsak
30-31. Elkar Ikuska
32-33. Robert Austerlitz-ekin hizketan
34-35. E.H.ren symboloez
36. Oinharrizko Euskara
37. Doña Prudentzia
38. Parabolak
39-41. Literatura
42-43. Artea
44-45. Musika
46. Postak
47-49. Sexual harremanak (I)
50. Kaleko
Lege Gor: BI - 1753-1967
Editoriala
Hauteskundeak etorri eta joan egin dira. Ez da sorpresa handirik egon. Guztiok aldez aurretik genizkien ondorioak irten dira. Inkestatzaileek begi ona zeukaten. Gurean Herriak, Herri kontzientziatuak, frankismoaren garairik okerrenetan gogorrenik burrukatuak, abstentzioaren alde; besteak, jarri dioten demokrazi giro mugatuan, txarrik onena delakoan, legezko ziren alderdi abertzaleen alde eman du bere botua. Gaitzerdi. Espainian, oro har, Alianza Popular, Demokrazia Kristaua eta PCE pikutara joan dira. Centro democrático eta PSOE garaile, alde aurrez pentsatzen zenez. Suarez nagusi berriz ere, baina oraingoan Herriaren botuez indartua, beraren ordezkari gisa.
Euskal Herrian orain —amnistiaren arazoa oraindik konpontzeke— autonomiaren kontua datorkiguke. Berau ere txarrik onena dateke. Centrokoak Araba eta Bizkaiaren partez, besteekin, Gernikan bildu ziren, beraietako batzuk Gernikako Arbola kantatzen ez zekitela erakusteko besterik ez bada ere. Nafarroakoak, ordea, horrexetarako ere ez. Betiko kontuak. Hor ditugu guk geure separatistak. Kataluniako Assemblea de Parlamentaris delakoaren antzera, hemengoak ere biltzen hasi zaizkigu, baina erdaraz, nolabaiteko Autonomi Estatutu bat burutzeko. Jadanik euskararen ofizialkidetasuna aldarrikatu dute, beren burua Asamblea de Parlamentarios Vascos deitzen dutenok, guk geuk, beraiek esaten ez digutelako, nola izenda jakin ez arren. Gure ustez elebitasunaren arazoa konpontzeko, autonomiarena bezala, teorikoki ulertu ez, baizik eta eguneroko bizitza praktikoan sentitu ere egin behar da. Askok egiten ez dutena, hain zuzen. Ondorioak halakoxeak izanen.
Pertsona bat hil beharra beti da tamala, dudarik ez. Baina horrek ez ditu garbitzen berrogei urte luzeotako zapalkuntza, aginkeria, gartzelamendu, antiherritasun eta diktaduraidetasunak. Lehenago frankisten aldizkari-irratietan ikusi eta entzuten genituen titulare berberak irakurri ditugu, baina oraingoan orduko egoeraz orain arte kexatu izan direnengandik. Gaurkoak atzokoa ahantz erazi. Beltza zuri eta erdaltzaletasuna euzkalerriaganako maitasun gisa azaldu zaigu. Humanismoa berria, agian. Gure ustez, kondena egiteko dena kondenatu beharra dago: ondorioa eta zergatia. Bata ixiltzen den artean bestea salhatzea betikoei joku egitea besterik ez da. Baina batzuk holako demokrazi itxurakerietara ongi ohiturik gauzkate aspaldidanik. Harturiko mesedeengatik ba dakite, guttienez, esker (eta ezker) oneko izaten.
Eta berrogei urte ilunetako oroipenak ez gaitu hain erraz abandonatu nahi. Burgosen, guretzat hain gomuta tristeak dauzkan Burgosen, euskaldunen kontrako atake probokatzaile eta lotsagarria gertatu da bortxa publikoaren begi ezikusleen aurrean. Demokrazia berriaren seinale, berau ere. Batzuk, inolako erantzunkizunik gabe, gogokoak ematen diena egiten segitzeko eskubide eta bulda daukaten artean, tabu publiko izaten dirauten artean, guk sinesgogor izaten segituko dugu, egiazko demokrazia, Herriak nahi eta beragatik hainbeste sufritu duen demokrazia besterik delakoan.
Euskal Herrian
Euskal Parlamentarien biltzarrea Gernikan
Ekainaren 19an Euskal Herrian eta azken hauteskundeetan aukeraturiko 28 parlamentari bildu ziren Gernikan. Hamahiru bakarrik falta ziren, Letamendia eta Bandres beren artean, azken hau Euskal Herritik kanpoan egoteagatik. Gernikan PNV, PSOE eta UCDeko hainbat aukeratu ikusi genituen independente edo aske batzurekin batean. Han, Gernikako Haritzaren itzalpean, elkar esku emateak, irribarreak eta besarkada beroak ikusi genituen. Hauteskunde egun gogorrak atzean ziren eta Euskal Herriko ordezkari multzoak lasaitasun eta arrakasta epea izan zuen Arbola Sainduaren babesean.
Egun eder bat izan zen Gernikakoa, benetan. Hauteskundeetako irabazleen elkartea jeltzale multzo handi baten aurrean egin zen, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritako hainbat zahar eta adin erdiko milaka pertsona lekuko. Autobusak, hamar t'erdietan hasiak ziren Gernikara heltzen. Jantzi beltzez jantzitako emakume talde bat autobus batetatik jaitsi eta, txistulari biren atzetik, Arbolara daramaten eskilarak igaten ikusi genituen, "Gora Sabino Arana", "Gora Jose Antonio Agirre" eta "Gora Euzkadi" garrasi zorrotzak botatzen zituzten artean. Norbaitek Arbolaren inguruetan ipinitako bandera kendu eta ikurrina jarri zuen, lekukoen txaloen artean. Iganderoko hamaiketako meza egin behar zela eta zin-elizan, hara heldutakoek ordu erdi bat itxaron behar izan zuten. Iganderoko meza hau erdaraz eta latinez egiten omen da, esan zigutenez. Meza amaitzean, diputatu eta senadoreak Haritzera heltzen hasi ziren. Han izan ziren txalo eta oihuak. Ajuriagerrak eta Irujok irabazi zituzten txalo gehienak, Múgica Herzog abertzale berria irribarrez horniturik agertzen zen artean. Gaztetxo batek "Gora EGI" garrasi egin zuen, orma baten gainetik gizon batek "Elkartasuna, elkartasuna" oihukatzen zuen artean. Emakume multzo batek "Euzko Abendaren Ereserkia"ri ekin zion sutsuki. Pizkanaka, hauteskundeetan aukeratutakoak, Arbolaren aurrean jarri ziren, argazkilariek beren lana egin zezaten. Ajuriagerra, Irujo eta Herzog jaunak erdian ipini ziren. Gero, astiro astiro, zin-eliza barrura sartu ziren, jende multzoaren artetik zailtasun handiz pasatu ondoren. Herria ere sartzen hasi zen eta bertako esertokietan jarri zen, diputatu eta senadore berriak beheko esertoki zerrendan gelditzen ziren artean. Kazetari eta argazkilariok ez genuen erraztasun handirik aurkitu geure lana egiteko eta, hurrengorako, komenigarri izango litzateke berri-emaileen lana errazago bihurtzea.
Eguerdi ingurutan hasi zen serioski biltzarrea. Irujo jaunak guztioi ongi etorria eman zigun, herriak aukeratutakoei batez ere. Ongi etorria erdara hutsean izan zen, inork ez baitzuen gure hizkuntzari omenalditxo bat egin nahi histori une honetan. Baten batek gero, erdaraz, euskararen koofizialitatea eskatu zuen, noski, gure politikari guztiek egiten duten bezala. Betiko kontua... Eskerrak Xabier Arzallus jaunak bere euskara argian hitz batzu esan zituela, "barkatu" esan ondoren. Barkatuta zaude, Xabier, nahiz eta une historiko hartan erdal giroa apurtu eta euskara egiten ausartu.
Gernikan Ekainaren 19an entzundako hitzak ederrak izan ziren. Amnistia osoa eta atzerriratuen etxeratzea Madrilen eskatuko dutela egin zuten promes diputatu eta senadoreek. Norbaitek helburu horik Madrilera joan baino lehen heldu behar zirela esan zuen, baina gero arazo hau ez zen oso argi gelditu, beste batek helburu hauk Cortes barruan egingo den lehen biltzarrean eskatu beharko direla esan baitzuen. Ajuriagerrak eta Múgika Herzog-ek gidatu zuten Euskal Parlamentarien osatze-biltzarre hau. Asanbladaren lehen helburuak amnistia, etxeratzea, euskararen koofizialtasuna, arrantzaleen problema latzak eta azken uraldeak egin dituen kalteak ikertzea izan ziren. Herriak oso serioski hartu zituen han esandakoak eta batzutan, Ajuriagerrak diputatu eta senadoreei zerbait galdetzean, herriko bozak erantzuten zion. Herriko batek "Hau da benetazko demokrazia!" garrasi egin zien Asanbladakoei.
Gauza harrigarri batzu ere gertatu ziren lehen Asanblada honen barruan. Hauen artean Bizkaiko UCDeko ordezkari batek esandakoak ditugu. Dakizuenez, Nafarroako UCDekoak Gernikara ez ziren etorri, Nafarroak bere "nortasun berezia" eta "zin-eliza" berezia omen duela esanez, hots, Santa María la Real eliza. Argi dago Nafarroako UCDekoek beste euskal lurraldeekin harremanik ez dutela nahi. Baina, Bizkaiko UCDekoa den Juan Echevarria diputatuak esan zuenez, "Euskadik politik indar berezi bat behar du eta indar honen egontoki berezia Euskal Herriko edozein lekutan egon liteke, hots, Iruinean". Nafarroako UCDek Nafarroa Euskaditik aparte ikusten duten artean, Bizkaikoek Nafarroa Euskadi barruan onhartzen dute... Zer izan zen Gernikan Echevarria jaunak esandakoa? Oportunismoa? UCDen barruan laster ikusiko den zatitasun puntu bat?
Nafarroa, hala ere, Gernikan egon zen, Irujo, Uralburu eta García jaunen bidez. PSOEko Uralburu eta García diputatuek esan zigutenez, beraik ez daude Nafarroako UCDekoekin ados: "Nafarroak, egia da, berezitasunak ditu eta honengatik antolakunde bereziak behar ditu, baina une berean Nafarroa Euskal Herria da eta Euskal Herriarekin batean aukeratutako antolakundeak osatu behar ditu. Nafarroako UCDek, berriz, zentralismoak beti Nafarroan indartu duen zatikeria besterik bultzatu nahi du".
Gernikako Asanblada amaitzerakoan, Haritzaren babesean, han bildutakoek egindako agiri bat irakurria izan zen. Gutun hau Gobernura eta Erregeari bidaltzeko egina izan zen eta berton lehen aipatu ditugun helburu edo puntuak bilduak izan ziren.
Gernikan goizean egon ondoren, Parlamentariak Iparraldera joan ziren eta han Leizaola lehendakariarekin bilera bat izan zuten.
X. A.
Euskal Herrian
Ekainaren 15ean alderdiekin Donostiako Ibermatikan
Lehenik aipatu behar dut Ibermatikakoek alderdientzat eta bai prentsakoentzat prestatu zuten antolaketa egokia, konputagailu azkarrak, margodun telebistak eta zerbitzakuntza guztia, urrutizkin eta taberna antolatzaileen kontu. Euskal prentsarentzat ohiezkoa, gidariak ere euskaraz mintzatzen baitzitzaizkigun.
Ibermatikako konputagailuek zehatz-mehatz agertzen zizkiguten Gipuzkoako herrietatik iritsi bezain laster bozen berriak eta neurketak.
Goizeko ordubataz gero, berehala hasi zen hauteskundeetako bozen neurrian finkatzen. E.A.J.ek hartzen du aurrea, eta poliki poliki PSOE ondo ondotik jarraitzen zaio. (% 30,6; % 27,8) geratzen da azkenik.
Euskadiko Ezkerra, berriz, hirugarrenik agertzen da bozketen lehiaketa honetan. Hain berandu eta hain deseginik jota ere, indartsu atera da, eta dudarik ez aurrerakoan P.N.V.k eta PSOEk ezingo dutela funtsezko politikarik egin indar iraultzaile honekin kontatzeke.
Halere, hauteskundeei garrantzia eman dieten aldetik zenbait alderdi eta elkargorentzat egur eta garbiketa gisa gertatu da. Adibidez, ezker estatalistak (FUTek % 1,1 eta AETGk % 0,7) eta abertzale sozialistek (ESB eta A.N.V) ere ez dute zizeilurik atera. ESEIk fronte autonomikoari esker atera du senatore Monreal jauna. P.C. guztiz makurtuta geratu bada, PSOE izan da Euskadin garaile. Enrique Mugica, gau osoan harantz-honantz ibili zen PSOEren garaipenak kontabilizatzen. Baten batek alkateen "retoa" gogoratu zionean, hau da, "diputatuek gorteetan parterik ez hartzea, exilatuak etxeratu arte. e.a.", hatz bidez ezarritako alkateek ez dutela kontatzen zioen, herriaren bozketak baizik. Bestalde, autonomi estatutua gauza segurutzat jo zuen eta PSOEk mintzaira berbera erabiltzen omen du Espainia osoan barrena, bai Euskadin, bai Madrilen eta bai Galizian... Herriaren autodeterminazioa garbiki planteaituz.
Bestalde, garrantzizkoa eta kontuan hartu beharrezkoa da % 28,2 Suarez-en kontradizioz jositako demokrazia promesen salaketa iraultzailea, batik bat, ezker abertzaleon arrakasta delarik.
Alderdiak eta herri autoorganizazioa
Ibermatikako pasiloan ESEIko eta beste alderdietako adiskide batzurekin mintzatzean hauteskunde bozketa honi erabateko garrantzia ematen zioten. Noski, hemendik aurrera bozketako zehatz hauk kontuan hartu beharko ditugu eta ezker abertzaleon politik jokoan birplanteiatu beharko da, baina ezin ahantzizkoa da azken urte hauetan Euskal Herrian, alderdien kontrolpetik aski ibilia den herriaren autoorganizazioa, hori baita herrigintzarako oinharria, eta hauzo, herri eta ola asanbladetan lortu dugun mugimendua eta autoorganizazioa ez dugu erreformist edo parlamentarist alderdien eskuetan utziko, alderantziz baizik, alderdiek benetako zentzurik badute, herriaren autoorganizazioa hartu behar lukete oinharri bezala eta autoorganizazio hori osatu Euskal Herriak agertu duen herri mugimendu eta burrukari (gauza badira) politik zuzenbidea eman. Hau izanen baita herri demokraziaren garantia bakarra, eta herriaren bozak kontuan hartu behar badira ere, alderdiak ez dira inor (PNV eta PSOE ere ez) gure Herriak daraman herri mugimendu eta dinamika berezia frenatu eta beren gisara kontrolatzeko.
KAS bera azken bolada honetan nahiko hautsia geratu da, eta beraz, dagoeneko, ez da (Ez eta ezker abertzaleoi ere) politik zuzenbide bat emateko gauza. Bestalde, ezker abertzaleok bateratzeko Konbergentziak eragin handia emango duelakoan gaude, eta abertzale sozialista guztiak koordinatzeko ere tresna baliagarria izan daiteke.
PSOE eta PNVk udalen dimisioa eskatu dute, bai, baina udal hauteskundeak eratu arte alderdiek (soilki) osatuko lituzketen jestora munizipalak proposatzen dituzte bitartean. Planteiamendu hori herrigintza jator batetik at planteiatu da, jestora horik, batik bat, herrigintzan ari diren hauzo elkarte, kultur talde, eta abarren ordezkariek eratu behar bailituzkete, bestela, betikoan geundeke, halegia, alderdi boteretsu batzu herriaren autoorganizazioa eta mugimendua frenatzen edo kontrolatu nahirik behintzat. Herriaren autoorganizazioa, behetik gora eta herri asanbladak dira eta izanen dira benetako demokraziaren oinharri eta garantia bakarra. Hortik kanpokoa gehienean ere demokrazia burjesa izanen da, hau da, alderdi boteretsu eta dirudunen kontrolpeko sasidemokrazia.
ALEX
Euskal Herrian
Euskal preso baten bakartate urruna
"Burgosen egon ondoren, Martuteneko gartzelara etortzea etxera bihurtzea bezala izan zen niretzat". Horrela zioen nire lehengusu batek, hiru urtez gartzelatuta egon ondoren, orain direla egun batzu etxera itzultzean. Gartzela bakoitzak bere giro berezia du. Giro hau presoek, beren familiek; janariz betetako paketeek eta herri burrukaren hurbiltasunak egiten dute.
Orain direla egun batzu, Ekainaren 7an, Euskal Herritik urrun, euskaldun bat epaitua izan zen. Zazpi hilabete atzerantz, Oskar Gonzalez donostiar ikaslea Valenciennes-en atxilotua izan zen bi flamandar lagunekin batean kotxez harma batzu Belgikatik Frantziara pasatzeagatik. Hiru lagunak Valenciennes-eko gartzelara eramanak izan ziren eta, hilabete luze hauetan frantziar, "demokratek" egindako gartzeletako erregimena ondo eta sakonki ezagutu dute.
Epaitze eguna zela eta, Oskarrek erregimen honi buruz zenbait zehaztasun eman zizkion euskal abokatu bati. Valenciennes-eko gartzela berria, txukuna eta dotorea da. Han ez dago, Burgos edo espainiar gartzeletan bezala, orma handi, ilun eta burdinazko ate handirik. Itxuraz, Valenciennes-eko gartzela frantses harategi bat bezain txukuna da. "Trés propre, trés poli". Baina itxuretan gelditzen da atsegintasun guztia. Berez, han presoek egiten duten biziera oso gogorra da. Egunean ordu bakar bat irteten dira barru-patio batetara. Beste hogeitahiruretan beren geletan sartuta egoten dira. Han ez dago taldeak egiterik, ez eta, ia ia, besteekin hitz egiterik ere. Zentsura, gainera, oso gogorra da. Oskarrek ez ditu gutun gehienak hartzen, eta aldizkariak bidetik "galtzen" dira. Pakete kontuan, berdin: euskal preso honi ez dizkiote eman kanpotik, Euskal Herritik edo Belgikatik bidalitako paketeak. Gartzelan ematen dioten janari kaxkarra bakarrik jaten du. Frantzian, gainera, preso guztiak "arruntak" dira eta ez dago politikoengan berezitasunik. Han egoten da Oskar, bakar bakarrik, hogeitahiru ordu luzeetan, asperturik, nazkaturik, europar demokraziarengan birao gogorrak barrutik botatzen. "Euskal Herrian, nitaz gogoratzen diren pertsona eskasak, hemen ondo bizitzen ari naizela usteko dute...". Horrela dio Oskarrek, Lovainan bere Filosofiaren ikasketak amaitu dituen ikasle honek. Bere abokatu ezagun batek esan digunez, Oskar nerbioetatik gero eta okerrago dago.
Geografikoki Valenciennes Euskal Herritik urrun baldin badago —Belgikako muga ondoan baitago— Oskarrek urruntasun hau handiagoa ikusi du zazpi hilabete hauetan. Berak esaten duenez, hemengo amnisti taldeek zeharo ahaztuta izan dute bere izena eta bere egoera. Orain bai. Orain, epaitze egunetan, Euskal Herriko eta atzerriko zenbait jaun eta taldek telegramaz beren bultzakadak eta gorak bidali dizkiote, baina azken orduan eginak izan dira.
Telegrama hauk hartzean, frantziar epaileak hala esan omen zuen: "Telegrama mordoska honek ez du nire erabakiaren zuzentasuna okertuko". Epaileak "harma trafiko" honen gertaera hutsak bakarrik ikusi nahi izan ditu, nahiz eta Oskarren abokatuek gertatutakoan politik kontextu baten barruan azaldu nahi. Oskarren abokatu frantziarrak bere herriaren sistima legala "liberté" kontzeptu barruan eginda dagoela zioen eta Oskar bere herriaren "liberté", askatasunagatik burrukalari trebe bat zela agertu zuen epaitze unean. Fiskaleak, bere aldetik, Oskarren kontra bi urtetako gartzela zigorra eskatu zuen, "avec surcis", dirudienez. Honek esan nahi du, bi urte horietatik, egindako zazpi hilabeteak kenduko direla. Atzerritarrei, gainera, zigor erdia betetzean, askotan Frantziatik alde egiteko baimena ematen zaie.
Lerro hauk idazten ari garen uneotan ez dakigu oraindik zenbat urte edo hilabetetako kondena emango dioten Oskarri. Espainiar eta frantziar gobernuen artean dagoen adiskidetasuna ikusirik, zigorra ez dela makala izango uste dugu. Orain europar guztiak "terroristen" kontra daudenez gero, ezkongai samurren elkar maitasuna sentitzen dute eta elkar laguntzeko prest daude, noski. Oskarren abokatu lagunak zera esaten zidan: "Hara nolakoak diren "demokraziaren" gartzelak eta gartzel erregimenak. Eta, dirudienez, egoera hori helburutzat hartu dugu hemengo zenbait abokatu burrukalariok! Egoera honen akats handiak alde batetara uzten saiatu behar dugu".
X. A.
Euskal Herrian
Hauteskundeak joan dira. Orain, botuak kontatzeko garaia, azterketak egiteko sasoia eta jarrerak argitzeko unea heldu zaigu. Honelaxe egingo ez duena, hauteskundeak soilik burjesentzat direla uste izango duena, haitzulo sakon eta hondogabeko atea irekitzen ari da, bere burua eta berarekin batera herri baten esperantza eta askoren nahia deuseztatzen eta bilakatzen ari da. Herriaren esperantza, sistema zapaltzaile honen kontra ari den langileriaren esperantza, desesperatzen ari da.
Egon, guztiok gaude ados, burrukarako motore nagusia hauteskundeetatik kanpoan dagoela esateko, herriak askatasuna lortzen ari dela esateko. Bai, iraultzaile garen guztiok batera gatoz. Esperientziak aldiz, ba diosku burjes demokraziaz probetxurik ateratzen jakin ez duena, ematen ala ukatzen dizkigun beste bide berriez, fruitua biltzen jakin ez duena, bere burua eta, zoritxarrez, batera, herri oso batena, suntzitzera joaten dela. Politik alderdi handi guztien jokoa eta politika maltzurra objektiboki praktikatuz. Horrelaxe gertatu da Europan, honelaxe gertatzen ari da oraintxe ere bertan. Burjes demokraziak nagusitu duen sistemak daukan egituraren arauera, oposizioko sozial-demokrata taldeak ere, ixilpeko egoera apal batetan aurkitzen dira, are guttiago egiazko ezkertiarrak, demokraziaren erakus gaiak eta txotxongiloak besterik ez direnak. "Gure hauteskundeetan" nahiz eta beste koaligazioen abantaila handia eta benetan erabateko nekagarria izanik, egun batzutako oportunitate berdinak egon dira guztientzat, bai irratiz eta bai telebistaz. Europako demokrazietan horrelako berdintasunik ez dela jakitean harrituko gara. Europan alderdi nagusiak, "los partidos de orden" agertzen dira soil-soilik. Holaxe dago Europa. Hemen lehengo hauteskundeak izan direlako beste gauza bat eduki dugu. Ikusiko dugu bigarrenetan. Ikusiko Herriarentzat arrotza zen botere diktadore baten berrogei urteen ondoren, Euskal Herriaren egoera eta Europakoa ez zen berdina. Hemen egin dugun burrukagatik guztiok erradikalizaturik irten gara. Oraintxe zegoen, nortasunaren pisua ateratzeko garaia, burruka guztiak, sisteman onhartzen dizkigun burrukak eta sufritzen ez dizkigunak ere, batzeko sasoia, Euskal Herri batu, autogestionatu, langileek kontrolatua ez zela inolako minorien arazoa, frogatzeko sasoia, baizik eta bertako egiazko arazo bat, herri honetako jendea mobilizatzeko gai dena. Hala ere helburu hau oso garbi —nahiz eta ez osoki— frogaturik geratu da. Ezker abertzale sakabanatu batek diputatu bat eta senadore bat ateratzeko gai izan da, beste aukeren artean desabantail haundi izanik, kandidatura erretiratzea ukanik, leader batzu aurrez ezin presentatuz eta ezker berekoak abstenzioaren alde egonik, hau guztiau kontuan harturik, Gipuzkoan bi atera dira, eta Nafarroan eta Bizkaian beste bi ateratzek egon da.
Bai parte hartzea eta bai abstentzioa defenda daitezkeen bi jarrera iruditzen zaizkit, baldin eta, moralkeriak talde batera utzita, arazoaren mamian sartzen bagara. Jende askok uste du faktorerik inportanteena amnistiaren kontua izan dela eta horrela parte hartzeak sistema onhartzea adierazten zuela batera. Azkenengo hau nolabait egia izan da baina abstentzioaren oinharrizko arrazoia kanpoan egon da: Ezker alderdi abertzale handi bien akordio ezina izan da arrazoi nagusia. Ezkerreko abertzale baten gorputza osatzeko eta indartzeko betiko ikarak eta beldurrak sakabanatu dituzte ezkerreko alderdi abertzaleak.
Sakabanatze honetatik PNVri mesede handi bat egin diogu lehenik, eta bigarrenik PSOEri. Bizkaian esaterako, E.E.ko kandidaturaren estatalist usaina eta nahaskeriak P.N.V.ri botuak eman dizkio, Eta azken hau egia baino egiagoa da.
Guzti honi % 10 abstenzio kontzientziatu gehitu egin behar zaio Bizkaian. Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait herritan abstentzioa ikusgarria izan da. Bizkaian abstentzio honek objektiboki A.P. bat atera du. Askok honetaz serioski pentsatu beharko lukete. Nafarroan ere nahasketa itzela izan da. Abstentzioren kontra zeudenak alde agertu dira gero. Gipuzkoako abstenzioa % 28 inguruan egon da. Abstenzio hauk eskuarki ez dira KASekoak noski, baina pilo haundi bat behintzat bai.
Abstentzio porzentaiak eta Euskadiko Ezkerrak lortu zituen porzentaiak batuz, Ezker Abertzale sendo bat topatzen dugu, eta askok eta askok batez ere Bizkaian, Euskadiko eskerrari botua eman beharrean PNVri botua eman ziotenak, kandidatura hori garbi ez zegoela eta, kontuan harturik, ezker abertzaleen indarra, ikaragarria dela esan daiteke. Honetaz ere askok serioski pentsatu beharko lukete.
Beharrezkoa iruditzen zait Euskal-Herriko lau herrialdeetan ezker abertzaleen arteko akordio sakon eta serios bat egitea. Eta hemendik aurrera guzti hau ikusita, Bizkaiko kandidatura eta Gipuzkoakoa ere, ondo eta garbi abertzale izan behar dela uste dut, bestela PNVren jokoa egiten ari gara eta egiazko talde minoritarioak puztu eta handitzen ari gara. Hau garbi dago. Udal hauteskundetarako kontuan hartu behar den gauza bat da.
Oraingo honetan autonomi estatuaren barneko burrukan parte hartzea derrigorrezkoa iruditzen zait. Edonolako estatutoa ez lortzeko behintzat.
"Centro"ren jokaera ikusten ari da, hark ere parte hartzea nahi du, zeren ongi baitaki parte hartze horrekin benetako gauza txar, anti-euskaldun eta atzerakoia ateratzeko gai dela. Bestaldetik, Nafarroan chantage bat egiten ari da, abertzale indarrak sakabanatzeko.
PNVren joera garbi ere ikusten da. Botuak bakarrik konserbatzeko, ezker aldera jo behar du, eta beste indar sozial-demokrata abertzaleekin batu behar du, baina azkenengo hau ez du egingo, eta egiten badu, barruan dauzkan atzerakoienak kontra jarriko zaizkio. Beraz, sozial demokratekin koaligazioak egingo ditu, batasunik egin beharrean.
P.C.ren joko eskuindar, espainolista, sozial-demokrata eta chauvinistak beren fruitu guztiak batu ditu. Zer esanik ez dago bere oportunismoa eta batzutan arrazismoa salhatu egin behar dugula.
Gure politika, bestaldez, garbi ikusten da edo behintzat garbi ikusiko beharko zen: Ezker abertzalearen batasuna, seriotasuna eta gogortasuna, Euskal Herriaren alde zerbait egin nahi badugu behintzat.
Gipuzkoako abstentzio datuak
Abaltzisketa % 52,4
Aduna % 15,1
Aizarnazabal % 21,1
Albistur % 46,00
Alegia % 26,4
Alkitza % 42,00
Altso % 39,5
Amezketa % 60,00
Andoain % 34,41
Anoeta % 21,8
Antzuola % 21,7
Arama % 52,4
Aretxabaleta % 24,6
Arrasate % 33,2
Asteasu % 37,1
Ataun % 54,2
Aia % 33,3
Azkoitia % 20,7
Azpeitia % 27,3
Beasain % 27,50
Beizama % 28,00
Belauntza % 32,8
Berastegi % 30,6
Bergara % 31,8
Berrobi % 28,8
Bidegoian % 36,8
Billabona % 25,7
Deba % 30,2
Donostia % 29,6
Eibar % 25,4
Elgoibar % 26,7
Eskoriaza % 23,9
Elduaien % 29,2
Errexil % 42,8
Errenteria % 30,4
Ezkioga % 38,00
Gaintza % 51,7
Gabiria % 21,00
Getaria % 15,00
Hernani % 28,8
Hernialde % 16,7
Hiruherrieta % 46,2
Ibarra % 28,7
Idiazabal % 23,2
Irun % 32,7
Irura % 36,5
Itsasondo % 54,1
Larraul % 53,7
Lazkano % 30,6
Leaburu G. % 41,8
Legazpia % 18,4
Legorreta % 29,2
Leintz-Gatzaga % 53,9
Lezo % 43,2
Lizarra % 29,6
Motriku % 28,7
Mutiloa % 28,2
Oinati % 26,9
Olaberria % 25,2
Orexa % 47,1
Orio % 23,9
Ormaiztegi % 21,2
Ordizia % 30,00
Oiartzun % 32,8
Pasaia % 30,2
Segura % 25,2
Tolosa % 32,7
Urnieta % 27,1
Usurbil % 29,1
Urretxua % 23,00
Zaldibia % 57,4
Zarautz % 20,4
Zegama % 32,8
Zerain % 34,7
Zestona % 24,2
Zizurkil % 24,7
Zumarraga % 23,4
Gipuzkoa osoa: 29,2
Euskadiko Ezkerra: 9,5
Gipuzkoako abstentzio osoa E.E.ren botuak baino hiru aldiz handiagoa izan da. Herria euskaldunago eta bertako abstentzioa handiago.
E.T.A.ri militante gehien eman dizkioten eta herri burruketan gogorrenik parte hartutako herriak, abstentzionistenak izan dira.
Bestealdetik honelako abstentzio bat ez da abstentzio normala izan. Hemen egon den abstentzio kontzientziatuaren datuak jakiteko Gipuzkoan eta Bartzelonan egon direnak konparatu behar dira, biak, nolabait, antzekoak izanki.
Beraz Gipuzkoa osoaren abstentzioa (29,2) minus Bartzelonako abstentzio osoa (14,00) eta gutti gora behera Gipuzkoako abstentzio kontzientziatua edukiko dugu: 15,2.
Kontuan hartu behar da, dena dela, Gipuzkoa Bartzelonarekin konparatzea ez dela oso bidezko, gipuzkoarrek aspaldidanik egindako kale burruka eta manifestaldiek aski garbi agertzen baitute hor Katalunian baino politik kontzientziapen handiagoa dagoela. Horregatik, noski, abstentzioak, arduragabetasunezkoak barik, neurri handiago batez borondatezkoaz izan dira, berau frogatzeko modu zehatzik ez badago ere.
Herri batzutako abstentzio porzentaiak ikaragarriak dira. Eta hori ez da normala eta ezin daiteke edonola hartu. Hor dugu esaterako Abaltzisketa, Ataun, Amezketa, Gaintza, Larraul, Itsasondo, Gatzaga, eta Zaldibia % 50 baino gehiagoko abstentzioaz.
E. HIRUSTA
Euskal Herrian
Uztailaren 2.ean "Askatasunaren Ibilaldia" hasiko da, Euskal Herriko lau puntutatik. Bizkaikoak Gernikatik hasiko dira ibiltzen, Lodosan Nafarrak, Agurainen (Salvatierran) Arabarrak eta Zarautzen giputzak. Puntu hauetan hasitako bideak oso luzeak izango dira. Bide bakoitzak 450 kilometro izango ditu, gutti gora behera, eta bide epea ere oso luzea izango da: lau ibilaldiak Agorrilaren 28an amaituko dira, Iruinean, zailtasun guztiak menperatzen baldin badira, noski. Ez dira oztopotzaile trebeak faltako. "Euskadiko Askatasun Ibilaldia" tripakominak sortuko die hainbat pertsonari. Maok bere denbora onenetan "Ibilaldi Luzea" egin baldin bazuen, txinatarren nortasuna trebetuz; Luther King-ek "Washingtoneranzko Ibilaldia" egitean Estatu Batuetako zapalduen izpirituak indartu baldin bazituen eta Gandhik "Gatzaren Ibilaldia" egiterakoan herri menperatu baten indarrak bultzatu baldin bazituen, Euskal Herri zapaldu batetan egitera goazen ibilaldia ez da nolanahikoa. Ihaz Kataluniako askatasun ibilaldia kolpeka desegina izan zen. Zer gertatuko zaigu Euskal Herri "demokratiko" honetan?
Nola egingo den bidea
Ibilaldiak bere aldizkari berezia du: "Euskadi Askatua". Aldizkari honek ibilaldian jazotariko gertakizunen berri emango digu. Bide bakoitzetik aurrera egingo duen ibiltari talde bakoitzak zerbitzu hauk izango ditu: jan-edari zerbitzua, barru-gordetze zerbitzua, berriemate eta turismokoa, mediku-erizainena, su kontrakoa eta garraio zerbitzua.
Lau bideek herrialde asko ukitzen dituzte. Herrialde bakoitzean ibilaldiak idazkaritza bat izango du. Idazkaritza bakoitzak bere herrialde berezian ibilaldiak aurkituko dituen beharrak betetzen saiatu beharko du. Herrialde bakoitzeko ordezkaritza, noski, beste guztiekin koordinaketa bat bilatu beharko du.
Ordezkari Orokorrak antolatu beharko dituen zerbitzuak ez dira makalak izango: ostatu zerbitzuan, 1000 lagunentzat izan beharko duen kanpamendu bat herri batetatik bestera eraman eta birjarri beharko du, garraio zerbitzuekin koordinaketa on bat izanez. Eguneroko bidea hamar-hamabost kilometrotakoa izango denez gero, hamar-hamabost kilometro guztietan dendak non jarri eta jendea non sartu erabaki beharko du ibilaldiak. Eta, gainera, zer jaten eta zer edaten eman bilatu eta aurkitu beharko du. Zer esanik ez, Ibilaldiak guztion laguntza eskatzen du, lana ez baita txantxetakoa. Erne, ba, irakurle, ibilaldia zure lurraldetara noiz joko duen arretaz!
"Zapuztailerik" faltako ez denez gero, ibilaldikoek beren "zaintzaile" indarrak izango dituzte, "inkontrolatuen" aurrean ibilaldikoak defendatzeko.
Nola partaide izan
Ibilaldiko lagun bakoitzak ahal eta nahi duen bide epea egin dezake. Batzuk egun batez edo biz egongo dira, asteak edo ibilaldi osoan besteak. Batzuk oinez egingo dute bidea, besteek bizikletaz, motorrez edo autoaz. Ibiltari batzu gazteak eta kementsuak izango ditugu, nagusiak eta gaixoak besteak. Garrantzizkoa ibilaldian izpiritu osoz egotea izango da.
Ibiltari bakoitzak ibiltzeko ekipu berezia eraman beharko du. Gure herrian euriak maiz izaten direnez gero, euritako-oinetako egokiak izan beharko ditu bakoitzak, lokatzaren artean ibiltzeko modukoa. Edateko tresna onena —zahatoa— lagun onenetariko bat izango dugu, ardo onaz beteta egonez gero, batez ere.
Zertarako ibilaldi hau
Honelako ibilaldiak herrialde demokratikoetan oztoporik gabe egin ohi dira. Ibilaldi hau hemen lortutako giroaren "demokratikotasunaren" hotz-beroa neurtzeko antolatua izan da. Honelako ibilaldi batek oinharrizko giza eskubideen errespetua eskatzen du: elkartzeko eskubidea, jakin-erazteko eskubidea... bizitzeko eskubidea, hitz batez. Euskal Herriko ordezkari batzu Madrilen egongo direnez gero, ibilaldiak ordezkari hauen herri-indarra bihurtu nahi du, ordezkarien eskeen bultzatzailea. Ibilaldi honek, gainera, beste helburu batzu ditu: gure herriaren toki ikusgarrienak, historia etab. erakutsi nahi ditu. Arlo honetan ba dute zer egin herrialde bakoitzeko ordezkaritzakoek.
Lehen oztopoak
Ibilaldia hasi baino lehen, lehen oztopo ofizialak agertu dira. Donostian, auto batetan ibilaldiaren pankarta bat eta ikurrin bat zeramatela, autokoak atxilotuak izan dira. Berri-emate arloan, lau probintzietako Informazio ordezkaritza ofizialetan agindu batzu hartuak izan dira: agindu hauek diotenez, irratiek ezingo dute ibilaldiaren berririk eman. Demokratikotasuna pikutara joan da, ibilaldia hasi baino lehen. Hala ere, zori onena opa diogu lerro hauetatik askatasunaren ibilaldi honi.
X.A.
Euskal Herrian
Bizkaiaren bihotzean, Gernikatik itsasora bitartean, ibar ezin ederragoa dago. Itsasadarra, gora eta behera, Gernikako Errenteriaraino heltzen da. Eskualde hau oso ongi kontserbaturik dago, eta bere egoera naturalean dirauela esan daiteke oker handirik gabe.
Bizkaiko leku ederrenetarikoa dela badiot, neke handirik gabe sinetsiko didazuela uste dut, edo, bestela, joan zaitezte Portuondoko behatokira edo Atxerreko San Pedrora edo Ereñozarreko San Migelera, eta ikus. Gezur handirik esan ote dut?
Bada, orain, guztionak diren lur horietaz, guztionak diren edertasun natural horietaz probetxatzeko asmoa du entrepresa pribatu batek, guztiona izan behar lukeen Diputazioaren laguntzaz. Eta horrelakorik ezin dezakegu permiti!. Horrela uste dute (eta dugu) hainbatek eta, horregatik, muntatzen ari diren projektu eta saltsa berdearen (diruarena, noski) aurkako inpugnazioak aurkezten ari dira. Oraindino sasoiz gaude. Ea guztion ekinaz tamaina honetako astakeriarik egiten ez uztea lortzen dugun!
Inpugnazioan ageri diren datuak
Gernikatik irten eta itsasoraino dagoen lantegi bakarra Muruetako Untzigintza da. Entrepresa honek entrepresa berri bat sortu zuen, denbora asko ez dela: Inmobiliaria Murueta S. A. Honek, poliki-poliki, inguruetako nekazal lurrak erosi ditu; eta hauekin batera itsasadarraren alboko lur industrialen kontzesioa perspektiban duela kontutan hartuz, entrepresa horrek 40 Ha. inguru ditu prest, izen aldakuntza bat lortuz, lur horik pribatuki bere aberaspiderako erabiltzeko. Esan beharra dago, alde batetik, kontzesioko lur horik publikoak direla, eta bestetik, lur guztiak benetako parke naturala osotzen dutela eta oraindik destruktiboki erabili gabe daudela.
Plangintza hauxe dateke: Lehenik publiko dena pribatu bihurtzea, eta gero, gaur egun ekologi erretserba dena industrigune bilakatzea. Aldaketa bikaina, ekologi erretserbak soberan ditugun herrialde honetan...
Baina nola burutuko dute beren plangintza hori? Bi sozietate anonimo horik pauso hauk ematen ari dira: Azken urteotan itsasadarraren draga egiten dihardute, untzi handiagoren pasabidea prestatzeko. Dragapenetik ateratzen den lurra nonbait pilatu behar da, eta horretarako lur berriak behar dituzte. Horrela, bada, bokale inguruko lur berriak bereganatzeko premia dute. Zer egin?
Arazo hori konpontzeko, irtenbide bitxia aurkitu dute: lur berrien estalpena justifikatzeko, hondartza artifizialen projektu bat aurkeztu dute, bide batez, Diputazioaren laguntza ekonomiko eta administratiboa ere lortzeko. Projektu hau aurrera atereaz, negozio bikaina eginen lukete: Hondartza artifizialen truke, 12 milioi lortuko lituzkete, beren dragapena aurrerantz ateratzeko; bestetik, tramiteak Diputazioak eginen lituzke eta erakunde honek bedeinkatu eginen luke projektua. Izan ere, Diputazioak hasi ditu jadanik tramiteak, Busturia eta Sukarrietako barrutian dagoen San Antonioko hondartzaren inguruko lurrak eman diezazkioten. Lotsagarria, benetan!
Hondartza artifizialak, zertarako?
Zertarako demontre behar dira hondartza artifizialak Busturialdean, bertan Bizkaiko hondartza naturalik ederrenak badaude? Itsasadar hau bitxi bakarra da euskal kostalde osoan, ez soilik handiena delako, horretaz gainera ongien kontserbaturik dagoena delako baizik.
Zer nahi dute? Industria bidez itsasadar osoa hondatzea? Galindo, Udondo, Gobelas eta beste zenbait lekutan egin diren bezalako industriguneak muntatzea? Egun publiko diren lurrei plusbalia izugarria ateratzea?
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak inpugnatu egin zuen garaiz hondartza artifizialen projektua, inguruko lurraldeetarako ekar zitzakeen kalteak kontutan hartuz. Hala ere, Diputazioak aurrera egin nahi du. Iberduero eta Lemoiz, Busturialdea eta Inmobiliaria Murueta S. A.,... behin eta berriro Diputazioa alde berean jartzen da, baina, hala ere, gure Diputazioa dela esateko aurpegia du. Noiz arte?
J. R. Etxebarria
Euskal Herrian
Bilboko Unibertsitatean zientzia euskaraz
ANAITASUNA honetako azken zenbakian, eta "Zientzia Euskaraz? Zergatik ez?" izenburuarekin, Lejoako Zientzi Fakultatean eginiko inkesta baten aipamena egin genuen. Inkesta hartan projektu gisa aurkeztu genuena, gaur egun errealitate bihurtzeko lehen pausoetan dago, eta ezer oker gertatzen ez bada, ba dirudi datorren urtean errealitate izanen den esperientzia bihurtuko dela: Unibertsitate ofizialean, zenbait gai euskaraz azalduko eta landuko dira. Utopiatzat edukia, ia errealitatea bilakatua, Etorkizun hobeago eta euskaldunago baten lehen urratsa izan dadila!
Fakultateko klaustruaren baimena
Paperean behintzat, Fakultatearen gestioa gidatzen duen barne erakunderik gorena Klaustrua da; izan ere, Dekanoa Klaustruaren Lehendakari eta Ordezkaria baita, nolabait beraren nahia betetzen eta interpretatzen duena.
Inkestan oinharriturik, Z.E.K.T. taldeak eta Euskal Kultura Zientifikoaren aldeko Batzordeak projektu argi bat zuten buruan: 1977-78 ikasturtean lehen mailan zenbait asignatura euskaraz burutzea. Horretarako, talde berezi bat atonduko zen euskaldunekin ikastaldiak euskaraz egiteko. Projektua Klaustruan aurkeztu zen, eta aurkako eritzi guttirekin, elkar hizketaren ondoren, onetsia izan zen.
Aurrera, beraz.
Plangintza nola dagoen
Dena den, hemendik aurrera jo eta ke lotu beharko gatzaizkio lanari. Azpiegiturako gauza asko falta zaigu: Propaganda egin behar da, COU bukatzen duten euskaldunek euskaraz ikas dezaketela jakin dezaten; zein talde moeta izanen den (Kimika edo Biologia espezialitatetako lehen maila); apunteak prestatzen hasi beharko da, ez baitago maila horretan euskal bibliografiarik ("Natur Zientziak" liburuak eta Elhuyar aldizkariek beren laguntza emanen digute, zer esanik ez); irakasleen arteko koordinaketa prestatu behar da (euskara aldetik, eta zientzia eta programen aldetik); eta abar. Gainera, gauza hauk guztiok laster atondu behar dira, matrikulatzera datozenek horrelako talde batetan parte har dezaketela jakin dezaten eta beren izena eman ahal dezaten. Eta abar.
Prozesu itzulezina lortu behar dugu
Azaldu eginen dut lehenik eta behin honekin esan nahi dudana.
Bat. Dudarik ere ez dut egiten, egintza honekin aurrera pauso bat egiten ari garela. Etorkizuneko Euskal Unibertsitatea lortu nahi badugu, eta Euskal adjektiboa esanguratsu izan dadin nahi badugu bere euskaltasun horretan ongi finkatua eta sustraitua egon dadin nahi badugu, oinegitura jadanik muntatzen hasi beharko dugu, oraindanik hasi beharko dugu euskaltasun hori prestatzen.
Bi. Orain lehen mailan zenbait asignatura ematea lortzen badugu, ez da esperientzia horrekin datorren urtean bukatzeko. Aitzitik, asignatura horietako irakaskuntza ongi finkatu behar dugu. Eta hori finkaturik dagoenean gorago jo ere. Zeren eta euskara ez baita segur biziko, edozertarako eta maila guztietan erabilia ez den artean. Horregatik diot, prozesu hau itzulezina bilakatu behar dugula.
Hiru. Honelako egintzetan hainbat arrisku dagoela inori ezkutatzen ez zaion gauza bat da. Azken batez, apostu bat da: gure bihotzak eta buruak egiten dute apostua, gure ahalmenak eta gure etsaiak aurka dituztelarik. Gure ahalmenak, alde batetik, lan horrek esfortzu gogorra eskatzen digulako eta nolabait muga bat jartzen digulako. Eta gure etsaiak, bestetik, gure porrotaz asko poztuko liratekeelako. Eta apostu hori irabazi egin behar dugu.
Lau. Mespreziatuak izatetik toleratuak izatera pasatu gara. Ez da nahikoa, ordea. Prestigioa behar du euskarak, nolabait jendearentzat motibagarria izateko. Sintomatikoa da, inkesta batetan projektuaren aurka agertu zen erantzun hau: "Ez, euskara interesgarria ez delako". Geuk bihurtu behar dugu interesgarri.
Projektuaren garrantzia
Zertan finkatzen da projektu honek ukan dezakeen garrantzia? Euskal kulturak duen problema handienetako bat euskaldunon kontzientzia eta militantzia falta da. Analfabetuak gara geure kulturan eta horrek ez gaitu kezkatzen. Hori tristea. Euskara bigarren mailako gauzatzat dugu praktikan eta errealitatean, nahiz eta teorian guztiok daukagun geure hizkuntza nazionaltzat eta abar eta abar. Ipuin guttiago. Maite dena eta desio dena landu egin behar da, eta beste apologia guztiak, sentimentalismo erromantikoak izateaz gainera, mitifikatzera, hiltzera eta momifikatzera daramaten ipuinak dira. Eta momia konturako, Egypton ba da nahiko.
Euskaldunok militante izan behar dugu euskararen arloan; beste erremediorik ez zaigu geratzen. Eta exenpluarekin egiten den militantzia bezalakorik ez dago. Orain arte, euskal unibertsitariek beren ikasketen aitzakiaz, baztertu egiten zuten euskararen lantzea, horretarako "ez baitute astirik". Aitzaki hori deuseztu eginen da, projektua aurrera eramaten bada, bi txoriok tiro berberaz hilen baitira. Horretarako aukera ba da!
Euskal Kulturaren indarraz, biderkatze problema dugu. Jende gutti dagoela, daudenei lan handia tokatzen zaie per capita. Eta ito beharrean egoteaz gainera, zuloak estaltzera ere ez dira heltzen, eta horrela, gure untzi sinbolikora sartzen den urak gero eta murgiltzenago daroa untzia. Langileak biderkatuz, arazoa konponbidean jarriko da.
Unibertsitateak kultur jokoa izan behar badu —denentz ez niri galde—, bertako mugimenduak dinamikatu eta bizkortu egin beharko du kultur bizitza. Irakasleak prestatu beharko ditu biderkatu prozesua areagotzeko. Eta zer bide hoberik, euskal irakasleei bidea garbi uztea baino?
Zenbait eskari
Ez dut artikulu hau bukatu nahi, zenbait eskari ireki egin gabe. Eskariok talde eta pertsona desberdinei zuzenduko dizkiet.
Lehenik, informabideen arduradunei, projektu honen propaganda egin dezaten. Denok dakigu, gaur egunean propagandak eragin handia duela. Horregatik, bistakoa da, projektu honen alde informabideek lan asko egin dezaketela: aldizkariek, irratiek eta abarrek. Laguntza handia eman dezakete. Hori dela eta, euskal kultura lagundu nahi badute, projektu honen aldeko ardura eskatzen diet.
Bigarrenik, azken hauteskundeetan hautaturiko deputatu-senatoreei. Hauen egintzak oztopo asko gainditzera lagun dezake; eta kanpainan esaniko eta prometaturiko gauza politen kontuan pasatu behar zaie. Beste askotan bezala, euskara eta euskal kulturaren aldeko hitzak ez daitezela hitz hutsak izan.
Hirugarrenik, COU-ko ikasleei bere laguntza eskatu nahi diet. Hauetariko asko Lejoako Zientzi Fakultatera joanen dira. Hasteko, euskararen beldurrik ez dezatela ukan, eta euskal ikastaldiei buruzko informazioa eska dezatela esanen diet. Hauen parte-hartzea guztiz beharrezkoa da. Irakasleen aldetik erraztasun eta laguntza guztiak izanen dituzte.
Laugarrenik, beste unibertsitate eta fakultateetako euskaldunei. Oraingo projektu hau fakultate bakar batetan jarriko da martxan. Eta beste fakultateetan zergatik ez da berdin egiten? Horretarako presioak egin beharko dira, bai ikasle eta bai irakasleen aldetik. Haseran ez da gauza handirik eginen, baina etxeak ere lurpea zulatuz eta oinharriak prestatuz behetik gora eraikitzen dira eta hazia izanik ere zuhaitz bihurtzen da. Ea, bada!
Hitzatzea
Luzeegia izan da, beharbada, horrelako gauza sinple bati buruz eginiko arrazonamendua. Baina penagarria bada ere, gure eskubidea den zerbait —euskal kultura aitzinatzea— errealitate egiteko, hainbat presio eta burruka egin beharra dugu. Dena den, burrukatuz soilik lortuko dugu.
Gure erantzunkizuna handia da. Guztion parte-hartzearekin egingarria da gure asmoa. Ni neu lan egiteko prest nago. Eta zu?
Ramon Garai
Euskal Herrian
1928. Jose Maria Escrivá de Balaguer apezak Opus sortu egin zuen. Urteak igaro dira, Opusek Espainiako dirudunen inguruan sartu da. Bere sozioetan, Francoren politikariak, entrepresa haundien jabeak eta abar ikusi ditugu.
Opusen asmoak, giroa eta bizimodua azaltzeko, beren bizian zentratuko naiz. Jende hau (orain hirurogei mila baino gehiago) izpiritual mailan (ez beste mailatan) bizi oso gogor bat eramaten dute, derrigorrezko norma batzu "konplitzen". Jeneralki, hauk izaten dira: "minutu heroikoa" goizean ohetik arinez, nagitasunik gabe, altxatzea; egunero "lan onak" Jaungoikoari eskaintzea ("lan on" hauk beste normak ondo egitea, izaten dira); goizero ur hotzez dutxa ematea, eguerdiko hamabietan, "Angelus" errezatzen dute; egunero ere meza entzun eta jaunartzea. Elizara Ama Birjina agurtzera behin baino gehiagotan joaten dira. Ukatzeak edo sakrifizioak eguneko orduetan jarraitzen dira (ez jan hau, gizon horri aurpegi ona ipin, ez haserra semearekin...) gauean otoitz egin ondoren eguneko lan onak arakatzen dituzte, koaderno ttiki batetan (edo buruan) examina horren konkludipenak idatzi egiten dituzte. Ohar hauk edozein modutakoak izan daitezke, halegia: gaur ez naiz joan Ama Birjina agurtzera, bihar birritan joango naiz.
Astean behin aitortu egiten dira; arrosario asko errezatu egiten dute, ebangelioak ere irakurri behar dituzte eta irakurri ondoren konklusioak atera.
Lanean ere santifikatzen dira "izerdia eta odola" Jaungoikoari eskaintzen. Beste gauza garrantzitsua arrantza da. Honetarako ez daukate ez lotsarik ez atsedenik, oso astunak izaten dira.
Ikusten duzuenez Opusekoa izateko gauza asko egin behar dira. Pentsatuko duzue zergatik hainbat kristau aberats Opusen sartu diren. Honek, erantzun argi bat dauka: fededun aberatsek arazo bat daukate, Kristok esan zuen aberatsak ez direla joango zerura. Escrivá de Balaguer-ek honela konpondu du: verdaderamente debemos de ser pobres de espirítu no importa la riqueza o pobreza material.
Kredo honekin eta gauzak ttikiak (aipatu ditudan normak) ondo erabiltzen, dena erabakitzen dute.
Oso hospatsuak bihurtu dira, ekintza eta asmo bereziengatik.
Erlijioari buruz "Concilio Vaticano II" baino atzerago daude. Meza eta otoitzak (ahal izaten dutenean) latinez egiten dute. Emakumeek, ez denek, eramaten dute mezara.
Haiek esaten dute, Lefévrekin, Aita Santu ez sartu eta kritikatu arren, oso ados daudela.
6 eta 9. mandamenduak tabu bezala dira. Sexuaren agerpenak oso debekaturik daude. Opuseko etxeetan telebista oso arinez itzaltzen da zerbait arriskutsu agertzen bada. Ene ustez, TVEren programak ikustean, amona zaharrak ere, ez dira lotsatzen.
Senar-emazteek maitea egiten dute, seme-alabak edukitzeko bakar bakarrik. Ogino metodoa ere ezin dute erabili.
Politikan zehar sartu dira, ez da oso zaila, arrantzan bakarrik. Helburua aldatu eta fededun politikariaren inguruan jarri.
Munduan kristau demokraziarekin identifikatzen dira, Espainian ez dira joan kristau demokraziarekin, Alianza Popularekin baizik. (Opuseko jendeari APi botua ematea gomendatu diote) Euskadin APek, OCDek eta EAJek eraman dituzte botuak.
Gauza asko esan liteke "Opus eta politika"ri buruz baina gertaera salagarri batekin azaltzen da: Escrivá de Balaguer, gizon saindu hori, (Escrivá Saindu egin nahi dute) Pinocheten laguna zen; eta saindu biok "pinochetazo"aren ondoren, hospatzeko, Txilen elkartu ziren. "Visita de cortesía", esaten zutenez.
Orain "Monseñor" ez dago, baina "junta militar"en morroi batzu, Opusen helburuak ondo eramateko utzi ditu.
Opusek Espainiako oligarkian oso ondo sarturik dago. Banku hauetan: Banco Popular, Santander, Banesto, Central, Hispano, Urquijo, Bilbao, Vizcaya eta abar, beren sozioek, lagunek, seme-alabek ikertzen dituzte.
Irakaskuntzan, Espainiako eskola eta Unibertsitate garestienak eratu dituzte Ikastetxe horietan neska-mutilei, ttikitarik, buruak garbitzen dizkiete, era zihur batetara. Berek nahi dituzten asmoak sartzen dizkiete. Ekintza horiek, gehienetan, ikasleen oztopoak dakartzate, baina Opusekoak, arrantza egitean oso nekagarriak direnez ikasleen gorrotoarekin bukatzen dute.
Opusek, emakumea maila ttiki batetara eraisten du. Gudariaren atsedenaldi izan behar du. Honela esaten du "Monseñor"ek liburu batetan: "Ellas no es preciso que sean sabias, basta que sean discretas".
Zirina
Euskal Herrian
Hasteko, futbola asko gustatzen zaidala esan behar dut; bai ikustea eta bai jolastea. Eta azaldu ezin dudan bihozkada dela eta, Atletiak irabaztea nahi izaten dudala. Gehiago oraindik, aldizkarietako kirol berriak irakurtzen oso atsegin dudala, eta horrela nire buruak lasaialdi bikaina hartzen duela. Eta pena handia dela euskaraz horrelako berririk ez irakurtzea. Baina tira! Ni ez naiz kronista deportiboa; Euskal Herriak horrelako kazetari euskaldunik behar duela esana nuke, hala ere, horrela euskaraz gehiago irakurriko litzatekeelakoan bainago.
Atletiak galdu egin du finala. Gora Atleti! Bietariko batek galdu behar zuen, eta oraingoan Atletiri suertatu zaio. Eta horrek ba du bere garrantzia, zer demontre! Zenbat mozkor ez ote den harrapatu galpena dela eta? Segur asko, irabaztean gehiago harrapatuko ziratekeen. Beno! Aire moralizatzaile hau alde batetara utziz, final honen inguruko giroa komentatuko dut.
Lehiakideen sinbolismoa
Bi lehiakideek sinbolismo berezia zuten beren inguruan eta historian. Batetik Betisa, Andalusiako erregionalismoaren adierazle, Sevillako klase herritarren sinboloa, señoritoen menpekoen taldea.
Bestetik Atletia. Denok dakigu azken urteotan askorentzat —aldeko eta etsaientzat— Atletiak eduki duen sinbolismoa zein den. Bizkaiko abertzalismoaren irudia izan da lehenik eta behin. Irabazten zuen bakoitzean —eta aurkakoa Madrila bazen are gehiago— Bizkaiak eta Euskal Herriak irabazten zuen, eta jai egun bihurtzen zen.
Edozein modutan Atletiren inguruko abertzalismo hori kritikatu beharra dago. Neurri batetan memeloa dela ez du inork ukatuko; edo izan dela behintzat, kaiku eta txapela eroatean eta agur esatean finkatzen den abertzalismoa memeloa den bezala. Hala ere, azken urteotan bestelako kutsu bat hartzen ari dela esan behar da, eta herritarra izanik, Herriaren kezka eta nahiez kutsatu dela. Zorionak! Eta Donostiako Errealarekin dituen partiduetan, ikurrinaren arazoan eta abarretan ikus daitekeenez, gaur egun Euskal Herriaren autonomia eta batasuna sinbolizatzen du sarri. Ez da gutti!
Euskal Herriko jokalariak soilik kontratatzean ados banago ere, ba dakit askorentzat hori beren arrazismo izkutuaren fruitu dela. Horrela, Euskal Herriko erdal aldizkarietan sarri ikusten dugula "lehoiek arraza" ona dutela eta antzerako hitlerkeradak. Dena den, bestalde Herriaren parte hartze aktiboa eta Herriarekiko lotura ere adierazten du honek, eta ni honekin geratzen naiz. Zeren eta bestela nola uler daiteke Cruyff bezalako sakamanteka ekonomiko bat autonomia —hau ekonomikoa ere baita— ordezkatzen?
Espainiako errege-erregina-printze-lehendakari eta abarrek irentsitako ttua
Madril. Ekainaren 25eko arratseko bederatziak Giroa bero. Bihotzak gori. Espainiako erregea sartzen da Madrileko lur publikoetan, Manzanares hibaiondoan, pribatuki eta Udal publikoaren baimenarekin eraikitako estadioan. Espainiako himnoa gorabehera, inor ere ez da ia konturatzen sartu denik, eta beraren maiestatean erreparatu gabe, koro herritarrak bere errezitalari eusten dio. Ez duzu ikurrinik nahi? Bada, hor duzu ikurrina. Bat, bi, hiru,..., mila.
Hura zen manifestaldia. Inor ez zen kezkatu legala zenentz galdetzeaz. Zertarako? Legaltasuna soberan emana zegoen, Herriaren bihotzean. A. Eta "botaketarik" ez zen falta izan. Ez dirudi inork faxista deitua izan nahi duenik, eta, badaezpada, denak botatzen eta errebotatzen. Denak izan ote ziren? Ez ote zen izan espektakulurik eman nahi ezean, ttua irentsiz eserita eta ongi eserita iraun behar zuenik. Ai! Hori egiak esateko modu dotorea! Espainiako idazle batez —Quevedoz prezeski— esaten zena datorkit burura. Erreginari errena zela publikoki baietz esan, postura bat egin omen zuen. Krabelin eta arrosa bat ekarri omen zion eta honelako bertso honetaz mintzatu omen zitzaion.
"Entre el clavel y la rosa
su Majestad escoja"
Baina egia esan! Diplomatikoki eta baselinaz, noski. Baina esan. Ai "alibote-alibote"!
Beste zenbait gorabehera
Aldizkari batzu poztu egin dira bilbotarrek egun hauetan gastatu duketen dirua aipatzean. Eta kontuak ateratzean zifra astronomikoak sortzen direla aitortu behar. Jendearen eskapismo hutserako balio izan ez duten neurrian pena ematen digute; baina horretaz gainera merezi ukan duten gauza asko ere izan dira: ala ez?
Gure etsaiek ere jabeturik daude Atletiren sinbolismoaz. Edo bestela zertara datoz, eskuin muturrekoek idatzitako "En Madrid os esperamos" eta antzerako pintadak. Edo eta auto askori egin dieten gurpil apurketa. Edo eta Burgosen gertatu diren atentatuak. Edo eta ikurrinak eramateagatik entzun diren intsultuak. Edo eta... Hauk guztiok anekdota hutsak dira ordea.
Galdu egin du Atletiak. Baina Madrilen hainbat euskaldunek biziriko orduak hor daude. Eta ez dute preziorik. Garaileen esloganetik harturik, diogun guk ere: "Gora Atleti, galdu arren!" "Gora Atleti herritarra"
J.R. Bilbao
Era askotako arrazoiengatik, gaur autonomist ideiak bultzada berria hartzen ari diren mementu honetan, nahiz eta lehen primantza beren alde politikoetan izan, ezin genezake, euskal lurraldeen planifikapen ekonomikoarekin zerikusirik duen guztia kontutan hartzeko epe laburrean inposatuko den beharra ahantz.
Kontextu honetan, gure Herriko ekonomian gutien aztertu den sektorea aipatzea interesgarri dakusagu, eta honi dedikatzen dizkiogu lerro hauk. Esan beharrezko da, infraestrukturak, industria, urbanismoa aztertzeko estudio ugari egin direla sakontasun handiago edo ttikiagoarekin eginikoak, bai eta azken egunotan duen gaurkotasunagatik arrantza sektoreak kezkatzen hasi duela. Alderantziz, euskal nekazal munduari ez zaio apenas aditasunik eman, eta hau ez da sektorearen marginatze egoeraren adibidea baino. Gutietariko salbuespen bat bezala, aipagarria dugu nekazaritzan espezializatutako Miren Etxezarreta ekonomistak egin duen lana, "El Caserío Vasco" titulukoa eta "CANDIDO DE ITURRIAGA Y MARIA DE DAÑOBEITIA" Fundazioak finantziaturikoa.
Hamar urte honetan gure gizartea karakterizatu duen eraldakuntza prozesu burtzoragarriak garrantzi berezia du euskal nekazaritzan. Orain mende bat dela iraultza teknologikoak industri mundua eraldatu bazuen —labe garaien aurrean, burdina lortzeko metodo berrien aurrean, Euskal Herrian hain zabaldurik zeuden burdinola tradizionalak desegin ziren— azken 15 edo 20 urteotan Herriko nekazaritzan antzerako fenomeno bat igartzen da: produkzio teknika berriak eta kapitalist produkzio erak, baserri tradizionalarekin konkurrentzian sartzen dira, honen krisisa sorteraziz.
Lehenagoko lerroetan aipaturiko prozesua mendebaldeko mundu desarroilatutako nekazaritza guztien antzerako izan da, eta da. Beraz, gure Herrian nekazaritzak dituen berezitasunak aztertzea interesatzen zaigu, konkretuagoki Bizkaia eta Gipuzkoan, lurralde bi honetan baitatza baserria produkzio era nagusi bezala.
Krisisean dagoen euskal baserrian ikusten den lehen desberdintasun handia hau da: nekazal lurralde gehienetan, nekazaritza tradizional eraldatzeak dakarren exodoak, esplotazio handiagoak sortu ditu bai eta mekanizaziorako eta teknika berrien aplikapenerako gai egin; hau ez da Euskadin sortu. Gure herrian baserritar bat egoera kritiko batetan bere lurren esplotazioa uztera bultzatua aurkitzen bada ere, ez dizkio bere lurrak beste baserritar bati saltzen, honek lur gehiagorekin esplotazioa arrazionalizatu eta errenta handiagoak lortzeko. Honela egoera berrien aurrean baserriak eboluzionatu ezinean, krisisa zenbat eta dramatikoagoa izatera doa. Gure nekazal eraldatzearen beste alderdi berezia —hau da, exodoak libre utzitako lurrak, eta beste esplotazioengatik hartu ez direnak, pinadiz betetzen ari direla— ez da gure fenomenoa bakarrik. Frantzian, Vosgoetan, antzerako zerbait sortu da. Ez da inorentzat ezezaguna Euskal Herriko mazela kantabrikoak duen pinadi gorakada; hori bai gutik jakinen dute Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde erdia —hiriak eta industri aldeak kontuan harturik ere— pinuz okupaturik aurkitzen direla, beraz bi probintzia hauek munduko oihan "exotiko" (Herritik kanpoko moetaz birpoblaturikoak) lehen edo bigarrena osatzen dute.
Baina hau denau nabari bada ere, zein da fenomeno hauen arrazoia, posible bada soluziobide egokiak arbitratzeko? Beste herrietako, espainiar Estatukoak barne, kausa komunak alde batetara utziko ditugu hemen. Euskadin, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan, bereziak direnak aipatzeko.
Gure eritzian, bi probintzien nekazal eraldatzearen berezitasuna Euskal nekazaritzak duen kontextu urbano-industrialean oinharritzen da. Euskal Herriko mazela kantabrikoak, fabrika eta etxegintzarako baliozko diren lur lau nahikorekin kontatzen ez duela denontzat ezaguna da, kondizio hauetan gure herriak izan duen industri hazkunde ikaragarriak toki askotan zolu existentziekin amaitu du, eta oraindik bukatu ez duen tokietan planifikakuntza urbanoak erresidentzial edo industrial bezala kalifikatu ditu. Guzti honek espektatiba eta espekulazio prozesu bat sortu du, beraz nekazal esplotazioak emango zuen errentabilitate hipotetikoa, beste erabiltzetarako lurragatik pagatzen diren prezio azpitik geratzen dira, merkatuan erabiltzen diren prezio azpitik. Honela esplikatzen da geratzen diren baserritarrek beren esplotazioak handitzeko lur abandonatuak ez erostea ezin baitituzte lurraren egungo prezioak ordaindu.
Guzti honez gainera, eta alokatzea? galdetuko dute askok. Ez litzakete irabazigarriagoa pinuen errentabilitatea gaindituko zuen errenta bat lurragatik kobratzea? Erantzuna ulerterraza da: horrela izan (guk behintzat dudan jartzen dugu), problema handiena nahiz nekazal errentapena legegintzan datza, beste denboretan errentadoreei segurtasuna emateko sortua izan zenez, lurrak alokatzea praktikan jabearentzat lokera gogorra izatean —indemnizazio handi baten bitartez ez ezik ezin ditu bere lurrak berreskuratu errentadoreak alde egin arte— nahiago izaten du eremutan eduki horrela hipoteka baino, gehiago gainera pinuarekin irabazi zerbait, txikia izan arren, ateratzeko posibilitatean.
Nahiz eta esandakoa hiri inguruko lur lauentzat urbanistikoki industrial edo erresidentzial kalifikatuentzat edo birkalifikatzeko gai direnentzat egia izan, zer gertatzen da beste lurraldeekin? galdetuko du norbaitek. Hemen ere erantzuna hain nabaria ez izan arren berdina da, marginal lur lauak ere arinago edo beranduago urbanizatuko dira eta, ez da ahantzi behar, baserritarrari normalki berdin zaiola itxarotea. Lur menditsuei dagokienez oso eztabaidagarri da berau eta pinadia baino erabiltze errentableagorik izatea behintzat epe laburrerako eta bakoitzaren errentabilitate aldetik —eta hau da gaur egun gure sistima ekonomikoan garrantzitsuena denok dakigunez— gainera kasu askotan urbanizatzea ere posible da ez lautadetan bezala intentsiboki, baina extentsiboki, hor dugu bestela, gure mendietan txalet zabaltze hasberria, dudagabe aurrerantzean eta bizimodua gorantz joatean fenomeno hau desarroilatzera doa, batez ere hirietako kutsaduraren ondoan egoera sano eta lasaiak gehiago baloratzean.
Azken batetan esandako guztia laur lerrotan labur dezakegu, baserriaren problema hau da: lurraren prezioa oso handia da nekazaritzarako erabiltzeko. Guzti honek hemen aipatzen diren baino eztabaida eta ñabartze askoz gehiago uzten ditu, toki problemagatik ez zaigu posible hau denau aztertzea gure nahia hori bazen ere.
Azkenez, bukatzeko, gainetik izanarren ezin dugu, soluzio batzu eta Euskadiko etorkizun autonomikoarentzat gure nekazaritzaren eboluzio posibleak izango dituen inplikazioak, aipatu baino.
Lehenengo puntuari dagokionez, ebazpideak, seinalatu, dira bai asko entseiatu ere: produkzio kooperatibak, berotegiak, abeltzantza intentsiboak, etabar.
Bakoitzaren abantail edo eragozpenak zeintzu diren aztertzera sartu gabe, esan dezakeguna da: bat ere ez dela jeneraliza litekeen soluzioa, gure nekazaritzari irteera eman diezaiokeena. Hurrengo artikuluetan hemen aipaturiko eginkizun batzu aztertzea sartuko gara berauen analisis sakonagoak eginez.
Gure baserrien gaurko egoeratik eta —zergatik ez esan— duen etorkizun ilunetik deribatzen diren ondorioei dagokienez.
Artikulu honen luzerak ez digu detailetan sartzerik permititzen eta beste baterako lagatu dugu. Baina ondorio hauk ekonomia hutsa dena gainditzen dutela seinalatu nahi dugu zeren eta gizarte osoarentzat ekologi, paisai, aisi sozietate etabar aldetik garrantzizko ondorioak dira; ahaztu gabe alde printzipala: baserritarrak sufritzen duen marginatu sozialaren egoera.
TALDE, Euskal Estudio Elkartea S.A.
Ekonomia
Inflazioa. Kontzeptua eta kausak
Inflazioa prezio gorapen prozesu iraunkorra da, jadaniko prezioen arauera dagoen eskaera osoa hornitzea eragozten duen ekonomi perturbapenen batek bulkatuta, sozial talde ezberdinen eragipenek barraiatu eta azeleratua.
Definizio honek, sarrera gisa, jarraiko galdekizunak planteiatzen ditu.
A) Zeintzu prezio hartu behar dira gogotan? Agian arrazonagarriena dateke, bizikostuaren indizeari zuzenki eragiten diotenak kontsideratzea, inflazioaren erreperkusiorik dramatikoena langile klasearen erdiespen gaitasunari jaurtikitzen baitzaio.
B) Zergatik ezin mantena daiteke jadaniko prezioenganako eskaera osoaren h ornidura? Zenbait kausak prozesua sor dezake:
1) Zerbitzu-ondasunen erabateko eskaera, zeinak ekonomiaren ekoiz-ahalbideak gainditzen baititu, halako moldez eskasia orokorra sortzen baita, zeinak eskaera-eskaintza mekanismoaren bidez, prezioen gorapena bulkatzen baitu. Hauxe da ESKAERAREN INFLAZIOA izendatuaren zuzenbidepen teorikoa.
2) Langile klaseen hertsadurak, zeinek produktibitate gehipenak baino alokairu gorapen haundiagoei bide ematen baitiete edo irabazkin marginak gehitzea lor dezaketen entrepresa politikak. Ohartzekoa da, langile klaseak, eta edo entrepresariak direnaz, kostu eta prezio gorapenak eragiten dituztenak, eta beronek talde biek botere monopolistikoak eduki ditzaten galdatzen du; lehenek lan merkatuan, bigarrenek zerbitzu-ondasunen merkatuan.
Motibapen molde hau, KOSTU INFLAZIOA eragiten dutenak dira. Kostuen gorapenak eragiten du, alde batetik ekoizpenaren gutipen orokorra, ondorengo lan-gelditzearen agerpena eta prezio gorapenaz, lan-gelditzearekiko inflazioaren fenomenoa gertatuz, eta egoera hau ezin zezaketen azal 50etako hamarrurteko teorikariek. Baldintza hauetan, gobernu agintaritzak erabateko enpleguaren maila errekuperatu nahi badu, eta honetarako gastu publikoa gehitu, lan-gelditzearen baztertzea lortuko da, baina prezio gorapena azeleratzearen gain. Egiturazko zuzenketarik ezean, ekonomiari "inflazioa edo lan-gelditzea" dilema izugarria planteiatzen zaio kasu honetan.
Kostu inflazioaren teoriazko azalpena ñabardura politikozko sustraiak ditu. Izan ere, entrepresariek inflazioaren errua langileei egozten dieten bitartean, berauen gehiegizko alokairu eskabideengatik, berauek entrepresa sektoreari egozten diote, irabazkin marginak gehitzen lehiatzen delarik.
Inflazio prozesuan maizenik aztertu kausa guztiak nahasi ohi dira eta egiazki zail gertatzen da prozesuaren erro autentikoa arakatzea.
Nabarmendu behar da, diru mugituaren kopuruaren gehipenik gabe inflazio prozesu baten iraupena ezina dela eta prezioen gorapen etengabeek, den diruaren erdiespen gaitasuna gutienera jo eraziko zutela. eta inflaziozko tirandurak bazter eraziko zituztela.
3) Teorikari askorentzat, inflazioa zuzenbidetzen duten kausak herrialde bakoitzaren sistema sozio-ekonomikoaren EGITURAREN ondorio dira. Espainiar Estatuaren kasuari ikuspegi hau egokituz, inflazioaren egiturazko sustraiak funtsean dira kanpoko merkatalgoaren funtzionamendu kaxkarra, hazkurriak sortzeko gaitasun ttikia, nekazal sektorea oso gaizki egituratuta baitago, fiskal sistima zuzengabe eta atzerakoia (funtsean prezioen gainera artezki erortzen diren zeharkako zergetan oinharrituta),gehiegizko gastu publikoa produktibitate guttitako egintzetan enplegatua genien bat, eta merkatu sistima usteldua eta estatu "babespen" antisozial eta oligarkikoaz ohitua.
C) Zeintzu eragintza dituzte sozial talde desberdinek prozesuan? Beren eragintza pasiboa izan daiteke, inflazioak sortutako modifikapenen arauera, gastu plangintza aldatzen dutelarik, edo —arruntkiro gertatzen denez— agresiboa, beren diru sartzapenen laburpenak onhartzeari uko eginez (langileek alokairu gorapenak ezartzen dituztelarik, entrepresariek irabazkin marginak jasotzen dituztelarik, Gobernuak zergak goratzen dituelarik, eta abar.).
Oraingo kausak
Honako azterketa hau osorik ez litzateke geratuko oraingo egoera arakatu gabe, mendebaldeko Europako herrialderen batzutan % 20-25 tarteko prezio gorapen eskergek karakterizatua, ekonomi hildurazko inflazioek ("stagflation") edo eta hazera negatibozko inflazioek ("slumpflation").
Oraingo egoera sortzen duten kausak funtsean hauxek dira:
- Lehengaien nazioarteko garestitzea, industri herrialdeen eskaera hazkorrek motibatua eta dibisa merkatuen aldakortasunak eta prezio gorapenen espektatibetatik sortutako eskaera espekulatiboek azeleratua.
- Azken urteotako nazioarteko likidezaren gehipen itzela, Europarentzat iparramerikar Pakamendu Balantzaren ahultasunak erakartzen duen dolar jarioa eta, batez ere 1970garrenez gero. Jiro Eskubide Berezien emisioaren zabalkuntza, direla bide. Nazioarteko likideza urteko % 30 guti gorabehera gehituz joan dela baiezta daiteke.
- 1971garrenez gero, O.C.D.E.-ko herrialdeek segitzen duten eskaera osoaren politika zabalkorrak, Nixonen Administralgoak hartutako neurri laburgarriek kausatu zuten langabezia baztertzera zuzenduta. Holako politikek, zenbait salbuespenez, doi-doi lan-gelditzea baztertu zuten eta gaur egun nabariki bizkortuta dirauten prezio gorapenak soil-soilki lortu zituzten.
- Petrolioaren krisialdia oraingo egoeraren eragilerik garrantzitsuena izan da, agian. Alde bate-tik, gordinen prezioaren gorapena ez zaie bihurtzen segurtasun gehiago eskaintzen duten herrialde guztiei eta gutiagorik ere, beren Pakamendu Balantzetan zailtasun gehiago dutenei, hain zuzen.
- Gaur egun herrialderik gehienak egonkortasuna garrantzitsuen kontsideratzen hasiak dira eta nazioarteko merkatalgoa eta ekonomiarentzat neurri kontraktiboak hartzen dituzte.
- Ekonomi, sozial eta politikazko espektatiba ilunek inbestipen pribatua gutitu dute (Espainiar Estatuan batez ere) maila ttipienetara, eta beronek egoera depresiboa azeleratzen du, prezio sistima batekin gorapen iraunkorrean.
Inflazioaren ondorioak
Garrantzizkoenek hauxek dira: A)Diruaren erdiespen gaitasuna gutitzea. Gogotan hartzen badugu, inflazio tasak 1972garrenean % 7, 1973garrenean % 14, eta 1974garrenean % 18 izan zirela, 1971garrenean 100 pezetatako kostua zuen ondasun bilduma batek, 1974garrenean 144 pezetatako kostua zuen. Hau da, 1974garreneko pezeta batek 1971garreneko 0,7 pezetatako ordaina du edo 1974garreneko "per capita" errendako 126,940 pezetek 1971garreneko 88,858 pezetetako ordaina dute soilki.
Oraingo inflazio tasek (0/0 24 Espainiarentzat 1.976garrenean) langile klaseei eragiten diete, beren alokairuen erdiespen gaitasuna mantenatzeko beren xedean. Ekonomi egoera kritikoa bada, oraindik orain gertatzen denez, entrepresa-langileen arteko tirandurak sortzen dira, zeinek desoreka sozio-politiko gogorretara jotzen baitute.
B) Errenda finkatuen hartzaileak —klase pasiboak batez ere— eta langile koalifikatu gabeak kaltiarrenak eta inflazioaren kostua jasaten dutenak dira.
Gobernu neurrien azken bilduman ebatzitako alokairu geldipena artezki zuzenduta dago, langile klaseak, oro har, krisialdi politikoa jasan dezan, zein eta, gero eta gero, 1.976garreneko inflazio gogorraren kausatzaile baita, bai eta 1.977garrenerako somatzen den inflazio izugarriarena ere.
C) Inflazioak —bizkorra bada, batik bat— aurreztapena eror erazten du eta entrepresari ttikia eta erdikoa funtsik gabe uzten ditu, zeinek kinka larri honetan kredituak beharren baitituzte (berau Euskadirentzat trantzendentala da, bere egitura produktiboa industria moeta hauetan finkatua baita).
D) Oinharrizko elementuen espekulatzea kitzikatzen du (lurra, bizitokia, elikadura, eta abar); behemailakoei kalte eginez eta zenbait kapitalist egitura faboratuz.
E) Espainiar inflazio tasa atzerriko batez-bestekoa baino haundiagoa denez gero, uste izatekoa da, Pakamendu Balantzaren krisialdia nabarmenagotuko dela. Eta —espero denez— Gobernua debaluazioari atxekitzen bazaio, inflazioa bizkortuko da, kapitale itzurpena kitzikatuko da eta egitura sozio-politikoak gehiago desorekatuko dira.
Inflazioaren kontrako neurriak
Inflazioa "eskaera hutsarena" balitz, eskaera osoa balaztatzea aski litzateke gastu publikoaren gutipenaren bidez, zerga artezak gehituz, kreditua balaztatuz, diru mugituaren kopurua gutituz, eta abar. "Kostu inflazio hutsa" izatekotan, prezio-alokairuen kontrole bortitzak eta neurri antimonopolistikoak ezarriko lirateke. Larri-larriena da inflazio moeta biok oso gutitan hutsik agertzen direla eta beraz, inflazioaren kontrako neurriak ardura handiz hartu behar dira, nahi direnen kontrako ondorioak sor ditzaketelako.
Egiturazko zuzenketak dira inflazioa erasotzeko eginkor direnak, baina holako konponbideok aldakuntza politiko, ekonomiko eta sozial bortitzak beharrezko dituzte.
Espainiar Estatuari doakionez, epe laburretan premiazko lirateke:
- Prezio-alokairuen geldipena.
- Fiskal sistimaren erreformapena, zuzenbide distributibo handiago batetara zuzendua.
- Gobernu gastuen gutipena eta birregiturapena.
- Diru eskaintza balaztatzea eta kredituaren kontrolea, hala nola entrepresa ttiki eta erdikoaren babespen haundiagoa.
- Kapitale handiak galdatzen dituzten inbestipenak ahalik gehien hastantzea (zentrale nuklearrak, petrokimikoak, eta abar.).
- Nekazal sektorea kitzikatzea eta babestea, hainbat lehengai eta hazkurrien hornidura faboratzeko, nola haragi, labore, pentsu, eta abarren inportazioa hastantzeko.
- Eginahalak egitea lanesku gehiago behar-beharrezko duten eta energia aurreztatzen dute aktibitateetara baliabide produktiboak xedatzeko, honela lan-gelditzea gutituz eta Pakamendu Balantza hobetuz.
Inflazioa sistima kapitalistaren funtzionamenduaren logikaren ondorio da, fenomeno soziala klase burrukaren adierazgarri da eta bere bazterpenak egitura kapitalistak suntsitzea beharrezko du. Baina honetaz guztionetaz, jarraiko saioan mintzatuko gara.
Haran
Munduan barrena
"Askapen nazionalaren aldeko burruka ez da sozialismoaren aldeko burrukaz desberdinak. Ezin daiteke esan, ezta, emantzipazio nazionalaren aldeko burruka emantzipatzio sozialaren aldeko burrukari lotua dagoenik ere: burruka bat bera dira."
Bresteko Deklarapena
Alderdi guztiek edukitzen dituzte internazional mailako erlazio batzu haien ideologia eta praktikatik hurbil diren erakundeekin; harreman hauen helburua garbia dago, hots, beraien artean laguntza eta nazioarteko harremanei buruzko estrategiak elkar eginak izan daitezen. Har dezagun kasu batetarako Sozialdemokratek duten II. Internazionala eta honek Espainiako Estatuan PSOEri eman dioten laguntza; eta, laguntza hau ez da diru aldetik bakarrik izan. Zeren, formazio laguntza, koadroak, gobernuaren aurrean egindako presioak etab... ere kontutan hartzekoak baitira. Dena den, bistan dagoena zerauxe da: internazional mailan harremanak edukitzeak, barneko politika aberastu egiten duela eta alde askotatik.
Honela, bada, erakundeek eta alderdiek nazioarteko harremanak elikatu egiten dituzte hauk errentagarriak baitira, elkar lanean blokeak egiteko bederen.
Maiz entzun dugu, Europa Sartalderako gizaldi hau nazionalitateen gizaldia dela; egida da, adibide gisa hor ditugu Bretainia, Sardinia, Irlanda eta abarreko herrialdeetan ematen ari den kontzientzia prozesua; eta nola ez, Espainiako nazionalitateetako burruka etengabea. Nazionalitate hauek ez dituzte, noski, beren erakunde politikoak oso sendoturik, erakunde iraultzaileak behintzat; zeren, sozialismoaren aldeko burruka guztia orain arte bederen, Nazio-Estatu kontzeptuari loturik egon baita, halegia, sozialismoaren aldeko burruka alderdi estatalek eraman dute, nazioenganako zapalketaren aurka ezer gutti eginez. Bistan dago, Europa mailan diren erakundeek ez dietela nazio arazoei kasik kasurik egin, arrazoi nagusia hau izan liteke: estrategia diferenteetan finkaturik direla, beraz, bide diferenteetatik abiaturik. Hau guztiau dela eta, nazio zapalduen alderdi iraultzaileek beste bideetatik abiatu beharra ukan dute, eta honoko kontextu honetan uler daiteke 1974. urtean alderdi iraultzaileek (hertzaleak direnak) egindako Deklarapena. Alderdiak hauk ziren: UPG, UDB eta IRM. Geroztik "Chartre de Brest" honen barnean beste erakunde batzu ere sartu dira, hots, EHAS, PSANP, ECTeta CG.
Zenbait bilkura egin dituzke; lehena, Brest-en Bretainiako herrialdean; bigarrena, Le Mur-en, eta azkenengoa Parisen Ekainaren 18 eta 19an.
Aurtengo bilerarako bi alderdi ziren eskatzen zutenek Brest-eko Deklarapenaren egituran sarturik egotea, hots, L.O. eta SPS-MCC. Lehenengoari uko egin diote sarrera bi arrazoitan oinharrituz:
1- LOren nazionalismoa ez delako batere argia.
2- Ideologia aldetik zalantza gehiegi dituelako.
Dena den, LOko ordezkaria bileretako partaidea izaten da, nahiz eta boturik ez ukan, so egik gisa dugu beraz.
Bigarrenari SPS-MCC-ri baietza eman diote eta aurtendik hasita Chartre de Brest-eko egituran beste erakunde bat izanen da. Zein da ba, Brest-ekoen eginahia?
XVIII eta XIX. gizaldietan burjeseriak sorturiko Estatuek —Nazio-Estatu kontzeptua— ez dute ze ikusirik nazio kontzeptuarekin, honako hau herri kontzeptuarekin neurtzen baldin badugu behintzat. Halegia, burjeseria merkatal koordenada batzurekin mugituz, herri ttipiak menperatu egin zituen, haien kultura, hizkuntza eta politika aldatuz. Kontua da. herri ttiki horik zapaltzeko estrategian era ezberdinetako neurriak eta tresnak hartu dituela; bai ekonomikoak; bai ideologikoak; eta nola ez batzutan militarrak. Ideologi mailan esate baterako burjeseriak elikaturiko "gran chauvinismo" horrek, ba du bere zentzua, hots, Estatuarenganako identifikazio bat sortu nahia. Beraz, populazioa ez dadin bere herriarekin identifika, Estatuarekin baizik. Honen ondorioa —ideologia mailan— abertzaletasun faltsu bat besterik ez da.
Bestaldetik, langileriaren aldeko erakundeek ez dute zerau jakin: burjeseriaren kontzepzio estatal hori deuseztatzen. Eta, herri ttikiek —handiak direnak— ez dute erakunde klasikoetan defentsorerik ukan. Hau da Brest-eko eginahia, optika berri bat egitea, burrukabide berri bat irekitzea; azken finean herri bakoitzari bere nortasuna itzultzea. Beraz, Herrien neurriko Europa Sozialista bat lortzea.
johannes goibela
Brest-eko biltzarkideen seigarren bilerako agiria
1977.eko ekainaren 18 eta 19an Parisen bilduz, Brest-eko biltzarrearen erakunde sinatzaileek:
1) Argi ikusten dute ezen mundu mailan inperialismo eta kapitalismoaren aurka askatasun nazional eta soziala lortzeko burrukak gorantz doazela eta honek inperialismoaren eta Estatu kapitalisten krisia areagotzen duela. Mendebal Europan, Estatu desberdinetako herri zapalduek beren askatasunerako burruken aitzinamendua somatzen dute, masek beren egintzari ageri dioten atxikimenduaren kausaz.
- Espainiako Estatuan, demokratizatze prozesua errealitate bihurtzetik hurbil dago, oligarkiak azaleko demokratizatzea baino nahi ez zuen arren, honela mundu kapitalista modernoari egokitzeko, hauxe baitzen Europako Komunitate Ekonomikora (E.K.E.) sartzeko bide bakarra. Herriaren presioaren eraginez, erregimenak kaleratu egin behar ukan ditu euskal preso politikoak, eta une honetan bere problemarik nagusiena nazionalitateen arazoa konpontzea da.
- Frantziako Estatuan, herri zapalduen kontzientzia hartzearen gorakada argi ikusten da, hauteskunde munizipaletan lortu den arrakastan eta, halaber, masa mugimenduetan duten intzidentzia hazkorrean.Bestalde, honek zentralizatzaileen erreakzio bortitza probokatzen du.
Irlandan, langile klaseak edozein tokitatik datozen intriga sektari eta faxisten aurka burrukatzeko batasun nahia agertu du.
- Gales Herrian, benetako autonomia lortzeko burrukak iraun egiten du, eta batez ere hizkuntza galesaren ezagupenaren aldekoa.
2) Askatasun nazional eta soziala lortzeko burruken aurrean, inperialismoak errepresioz erantzuten du nonnahi bere agente lokalen bidez, horretan inplikaturik dauden Estatuetako Gobernuen errepresio antolatuz eta koordinatuz, eta kolusioa eguargiz agertzen delarik.
3) Herri zapalduetan sortu eta etengabeki haziz doan askatasun esperantza hau, gaur egun Brest-eko Biltzarre barneko alderdiak lotzen dituzten harremanetan konkretatzen da.
Inperialismoaren errepresioaren aurka,
GORA HERRI ZAPALDUEN SOLIDARITATEA!
HERRIEN EUROPA SOZIALISTAREN ALDE!
GORA PROLETALGOAREN INTERNAZIONALISMOA!
Brest-eko Biltzarrearen erakunde sinatzaileak:
UPG: Galiziako Herriaren Batasuna
UDB: Bretainiako Batasun Demokratikoa.
IRM: Irlandako Errepublikar Mugimendua (Sinn Fein eta IRA ofiziala)
ECT: Langileen Ezker Katalana
CG: Gales Herriaren Batasun Gorria
EHAS: Euskal Herriko Alderdi Sozialista
PSANP: Herri Katalanen Askatasun Nazionalerako Alderdi Sozialista (behin behinekoa)
SPS-MCC: Sardu Herria. Kolonialismoaren aurkako mugimendua.
Okzitaniako "Lutte Occitane" taldearen ordezkariak ere onhartu du textu hau.
PARISen, 1977.eko Ekainaren 19an
Munduan barrena
Mitterrand-entzat ere bai. In medio stat virtus
Nolabait, Frantziako eskuin politikoak Pompidou hel arte ez zuen buruhauste handiegirik ukan, Pompidou berak jasotzen zuelako gaullismoaren hautesleria batipat. Baina, gaullismoa minaturik zegoen lehendik ere, beraz, haren hegemonia aldatzbehera zihoan. Hau dela eta, eskuinak beste alternatiba bat behar zuenez, Giscard plazaratu zuten. Ez da kasualitate bat, Frantzian Espainian bezala eskuinak zentruarekiko projekzio bat egin nahian ihardutea, hau da, zentrua bereganatu eskuinean finkatua eta oinharritua egonik.
Honek, Giscard jaunari 1974. urtean hauteskundeetako irabazle egin zion, lau urtetarako bederen. Hala eta guztiz ere, Giscarden "progresismoa" frantsesen patriketatik pasatzen denez, eta Ezkerraren Batasuna egunetik egunera finkatuago egonik, Giscarden politika ere kasik lurra jotzen dago, edo eta haren hegemonia guttienez. Egun, Frantziako "gehiengoa" zatiturik dago: batzu giscardista, besteak girakista; nahiz eta honek esan nahi ez 1978. urteko hauteskundeetan batuko ez direnik.
Honela ba, jendearen ustetan 1978. urteko hauteskundeak Ezkerraren Batasunak irabaziko ditu; izan ere, lau urte lehenago izandakoetan hurbil egon baitzen.
Hau guztiau —honi loturik diren arazoak ere— izan da Nanteseko Kongresuan militante sozialistek aztertu dutena batipat. Bertan, 5000 inguru sozialista —PSF— bildu dira Ekainaren bigarren asteburuan.
Gaur egun Mitterrandek hainbat posibilitate ditu hurrengo presidentea izateko, horrexegatik bereziki alderdiaren barneko tirabirak konpondu beharra dute, zeren ezin baitute permititu PSF barneko tendentziak —CERESekoa batez ere— ukan dezaketen gobernamendua zirikatzea.
Egun, Frantziako Alderdi Sozialista bi partetan banatua dago, eta kasik organikoki. Bata gehiengoa duena —% 75— mitterrandiarra, bera; sozialdemokrata; bestea CERES guttiengoa —% 25— erradikalago eta, nola ez, aktiboago. Bigarren honek menperatzen du Pariseko Federazioa halaber tendentziaren prentsa argitaratzen du, eta edonori arraroa egiten zaiona: CERES bezala erlazio autonomoak ditu, bai Frantzian zein herbestean. Adibide batetarako komunistekin dituzten harremanak mitterrandistenak baino askoz ere hobeago dira eta, bistan dago, Mitterrand jaunari gero eta molestagarriago egiten zaizkiola komunistekin dituzten harremanak. Ezaguna da ere, CERESekoak anti-Soares direla, Mitterrand Soaresen aldeko den bitartean.
Honela, Mitterrand jauna zeronetan baliatzen da CERESekoei ostikoka ibiltzeko, hots, alderdiaren barnean homogenotasuna behar dela botere alternatiba bat izateko.
Mitterrandisten estrategia hau zaharra da, egia esan, zeren Pabeko Kongresuan CERESeko alderdiaren zuzendaritzatik egotziak izan baitziren.
Oraingoan, Nantesekoan Mitterrandek hauxe katu die CERESekoei: autodisolbatzea.
Dirudienez, Mitterrandentzat —gehiengoarentzat— hurrengo gobernuan estableki mantentzeko ezin dute inor izutu eta zentrualdera desplazatu behar dira, nahiz eta sozialdemokratak izan, beraz, eskuinerako jo behar dute. Horrexegatik CERES deuseztatu beharrean dira, ez dezaten haiek indar erlazio bat inolaz ere amil, noski, ezkerraldera
Mitterrand jaunarentzat ere bai
in medio stat virtus
johannes goibela
Anaitasunaren komikia (8)
Airko [Komikia]
Irudiak: Antton Olariagak
Gidoiak: Xabier Kintanak
Anaitasunaren komikia (8)
SIDER bi mila 2000 [Komikia]
Irudiak: Erramon Zumalabek
Gidoiak: Xabier Kintanak
Sukalderako saltsak
Biperrada egiteko errezeta:
6 Lagunentzat behar dituzu: Tipula handi bat, 8 biper berde, baratxuri atal bi, tomate lata bi, 150 gr. urdaiazpiko (York izan daiteke), 150 gr. txorizo, olibolioa, gatza eta biperhautsa.
Tortilak egiteko: Arraultzeak.
Lapiko batetan ipin olibolio pixkat. Garbi eta zati biperrak, tipula eta baratxuri atalak. Bota lapikora eta ipin erretzen. Eragin sarritan, erre ez dadin, eta doratu denean bota iezaiozu urdaiazpikoa eta txorizoa. Eduki guzti hau frijitzen. Ongi doratu eta gero bota lapikoa tomatea, gatza eta baso bete ur. Su ttikiaz utz egosten, salda guztia lurrundu arte. Pasta bat bezala geratu behar da.
Bestaldetik, arraultzeak irabia, bat. edo bi, bakoitzak nahi duen arauera, eta biperrada pixkat ipin arraultze irabiatuen gainean. Bota iezaiozu biperradari biperhauts pixkat. Guzti honekin tortila bat egingo duzue, zainzuri edo perretxiko tortiletan bezala. Beste tortilak berdin egin.
On egin
Egunotan euskaraz mintzatzen ikasteko liburu berri bat kaleratu da: Euskal/Erdal gidaliburua. Espainol-frantses-euskarazko esaldi eginak dakartza, elkarrizketarako egokiak. Ez da hau, noski, euskaraz gisa honetan egin den lehendabizikoa, jadanik XVII mendean Voltoirek bere Tresora hirur lengoajetakoa agertu baitzuen, eta ordutik hona, gainera, beste asko izan dira argitara emanak.
Oraingoaren egilea Tomas Trifol da, bilbotarra, 31 urtetakoa, euskaldun ikasia. Hamar urtetan, eta ez soilki bizarra edukitzeagatik, Belgikan herbesteratua. Beragana jo dugu, bere obra honen berri eman diezagun.
Zer nolako liburua da hau, Tomas?
Euskal-erdal gidaliburua da. Eta gidaliburu guztietan bezalatsu, esaldi erabileenak eta elkarrizketa normalenak azaltzen dira. Geure eguneroko bizimoduan askotan, eta konturatu gabe, errepikatzen ditugun esaldi eta hitzak hemen agertzen dira. Eguneroko bizitzan euskara normaltzeko eginik dago, hain zuzen. Eta euskara plazaratzea zera da: autobusetan, trenerako txartelak eskatzean, bankuetan, harategietan etab. normalki egitea. Horretarako esaldi standard batzu proposatzen dira, eta, jakina, euskaraz, beronek daukan tradizioaz pentsaturik, eta ez erdarazkoaz.
Non oinharritu haiz?
Israelen erabili zen den gidaliburu batetan oinharturik dago, hain zuzen. Beste zenbait gidaliburu ere kontutan hartu ditut, frantsesezkoak, ingelesezkoak etab. Baina azken hauei akats bat topatu diet: gehienetan turistentzat eginik daude. Ba dakik, atzerrira joanez gero batzutan bertako hizkuntza erabili beharrean aurkitzen haiz, eta orduan holako liburuetara jotzen duk, gosez hil nahi ez baduk behintzat. Gure kasua, ordea, ez da hori. Hemen beti ditugu erdarak. Larriena, ene ustez, horixe da. Horregatik gidaliburu klasikoetan ukitzen ez dena ukitu behar izan dut nik hemen. Azken batez euskara egitea edo ez egitea borondatezko gauza bat bihurtu zaigu zoritxarrez. Baina euskara toki guztietan egin ahal izateko, euskara erraza, errax ulertzekoa behar dugu, euskara finkatua, beti berdina. Israelen bezala.
Zertarako egin duk methodo hau?
Hara, euskara plazaratzeko, lehengo eta bat. Begira, exenplu bat jarriko diat. Ni Getxon bizi naiz eta egunero trena bertan hartu behar izaten dut. Behin trenerako txartela euskaraz eskatzea bururatu zitzaidan. Orain egunero egiten dut. Guztiek ulertzen didate, eta gainera, hirugarren egunerako euskaraz erantzuten hasi zitzaizkidan. Hau, bestalde, ez da methodo edo irakasbide horietako bat. Euskarak, beste hizkuntzek bezala, estudio sakonago eta luzeago bat behar du. Oraingoak ikasten ari denari mintzatzen hasteko lagundu nahi dio, soil soilki. Esaldiak eta esaldien estrukturak buruz ikasi behar ditu hemen, azalpenik gabe. Tamainuz sakelean eramateko modukoa da, tarteka irakurtzeko. Durango edo Oihartzunen euskaraz ikasten ari denak, lehen mementutik euskaraz mintzatzen saiatu behar du, ikasiko badu behintzat.
Nortzurentzat egin duk liburu hau, orduan?
Euskaraz ikasten ari diren guztientzat, euskara egin nahi duten guztientzat, eta euskaldunontzat ere bai, maiz, erdararen eraginpean, egiten dugun euskara traketsa zuzentzen ahalegin gaitezen.
Nolako esaldiak dakartza?
Bizimodu normalekoak, esaldi arruntenak, betiko egoeretan erabiltzekoak. Haurrekiko esaldi entzunenak ere jarri dira, gurasoentzat probetxagarriak izango direlakoan. Batzu, gainera, arraro xamarrak gerta daitezke, biraoak eta antzeko esaldi gogorrak, baina, ene ustez, hobe dugu holakoak ere euskaraz esatea erdaraz baino.
Zer moduko euskaraz egin duk liburua?
Oinharrizko euskara batuan, batik bat. Hori ez da, ordea, laborategiko euskara bat. Euskara erraza, baina jatorra eta batua. Aita Mokoroak, eskolapioetan geundenean, sarritan esaten zuen Pariseko atazain batek frantsesez 1.700 hitz inguru besterik ez zekiela, eta hala ere frantsesez oso ongi mintzatzen zekiela. Eta hori egia da. Hizkuntza bat egiteko ez duk beraren grammatika ikasi behar.
Hirur hizkuntzetan egin duk heurea. Zergatik hori?
Begira, hemen bizi diren askok iparraldea ahantziegia daukate eta bertako Euzkadia ere Euskal Herria dela gogoratu behar zaie. Bertako gazteria frantsestua ere euskara ikasten ari da jo eta ke, eta euskal produkziorik gehiena espainol hutsez egina denez gero, ez diegu laguntasun handirik egiten berariei. Frantsesez jartzeak, bide batez, beste abantail bat ere ba du, hots, zenbait hitz-garbizaleak mintzatzean zer nolako joskera espainola dabilten erakustea, frantsesez esaldiak nola diren jartzean salhatuz.
Zenbat denboran ikas daiteke euskara, hire ustez?
Nik neuk hiru hilabetez euskara egiten nuen. Egin, diosat, egin, jakin ez, ordea. Egitean gero eta gehiago ateratzen zaik, gero eta gehiago egiten duk. Egiten ez baduk, theorikoki asko jakin arren, ez duk inoiz ezer lortuko. Azken batez borondatezko gauza bat da. Beharrezkoa iruditzen bazaik, egon lasai, laster egingo duk; folklorekeriatzat hartuz gero, ordea, sekulan ere ez. "Zenbat denbora behar da Bilbotik Gernikara oinez joateko?" galdetu omen zioten behin baserritar bati, eta hark honela erantzun: "Hara joateko daramazun presa nolakoa den. Astiro bazoaz, denbora asko; arin joanez gero, guttiago". Eta arrazoia zuen.
Ezer gehitu nahi al huke?
Bai, hemendik Gexan Lantziri herkideari eskerrak publikoki eman nahi nizkioke, frantsesezko zenbait esaldi moldatzeko eskaini didan laguntasun baliosagatik.
Eskerrak hiri, Tomas, eta ea liburu berri honek, guztion onerako, arrakasta handia daukan.
Xabier ARMENDARITZ
Robert Austerlitz-ekin hizketan
Columbia-ko unibertsitatean irakaslea delarik New York-en, Estatu Batuetan 1938.etik bizi da. Hizkuntzalaria da, fino-ugriera taldeko hizkuntzak batez ere izanik haren ikertzapenaren ardurakoak. Orain Koloniako unibertsitatean dago irakasle gomitatu legez Hizkuntzalaritzarako Institutuan. Hor tipologiazko mintegi bat zuzentzen du eta orobat poetikazko beste bat. Berarekin berba egiteko abagadune egoki bat eduki dugu eta Anaitasunarako interbista honetan gogoz eta zintzo hartu du parte.
Errumaniako hiriburuan jaioa 1923.ean, Bukarest-en, aita austriarra zuen eta amerikatarra ama. Etxeko hizkuntza nagusia alemana zen eta Lizeokoa, berriz, errumaniera, lau urte bete eta gero baina Brasov deritzon hirira aldatu zen bizi izatera, eta esandako hizkuntza horiez gain kalean hungariera ikasi zuen, hiri hau hungarieraz egiten den Errumaniako eskualdean baitago. Ingelesa eta frantsesa 15 urterekin hasi zen ikasten, h.d., Ameriketara alde egin zuenean. Ameriketan ikasketak jarraitu zituen eta erdikoak egin eta gero, 1752.ean George IIak sorturiko Columbia-ko unibertsitatean sartu zen hizkuntzalaritza ikastearren. Beste irakasle batzuren artean André Martinet ere maisu ukan zuen, eta 1951.ean lizentziagoa erdietsi zuen hungarieraren sistima fonologikoaz ari zen tesi ttipiaren bidez. Epe horrexetararteko bitartean, gerran hartu zuen parte soldadu bezala. 51.tik 53.ra Finlandian egon zen Helsinki-ko unibertsitatean irakasle, bide batez finlandiera ikasten zuela eta fino-ugriera taldeko beste hizkuntzetan sakontzen, hala nola laponiera eta Sobietar Batasunean mintzatzen diren sirjaniera, permiakera, Woguliera eta beste. 1954.ean Giliakera izenezko hizkuntzaz arduraturik, Siberiako azken muturrean 5 bat mila pertsonek hitz egindako hizkuntza, Japonira jo zuen, alde hartan hizkuntza horren hiztun taldetxo bat baitzegoen Siberiatik alde egina. Bide batez japoniera ikasi zuen. Estatu Batuetara itzulita tesia aurkeztu zuen eta defendatu ostiakiarren bertsogintzaz. 1955.ean amaitu zela beraz, hurrengo urtearen Irailean Japoniara joan zen berriro ere hasiriko ikerketak jarraitzeko, hots, giliakerari buruzkoak. 1958.arte han egon zen, gero berriz Finlandian labur, eta Columbiara itzulita, hizkuntza uralikoen eta poetikaren irakasle bezala hasi zen lan egiten;gaur egun oraindik lan horretan jarraitzen da.
Liburu bi ditu idatziak, tesia bera eta finlandiera ikasteko metodo bat. Horrez gain artikulu pilo, dela hizkuntzalaritzaz, dela poetikaz, edo eta honek musikarekin dauzkan harremanez, aitortu zidan legez musikalari zaletasuna sekula agortu ez baitzaio, piano jotzen ba dakielarik ondo.
Interbista gaztelaniaz egin dugu, galizismo nahikoa erabili arren oso ondo menderatzen duen hizkuntza baita espainiera.
A. E. Galdera.— Zein eskolatan, eskola linguistikotan, sartuko zenuke zeure burua, zeren zuk zeuk mintegietan maiz transformazionalisten areriotzat jotzen baituzu bera?
R. A. Erantzuna: lehendabizikoz zera pentsatu behar duzu, nik 41-50. urteetan ikasi nuela eta Chomsky-ren lehen lanak 1956.ean agertu zirela, nire hezkuntza linguistikoa beraz guztiz klasikoa da, hots, estrukturalista klasikoa. Neure irakasleen artean funtzionalistaren bat ere eduki dut, hala nola André Martinet bera, denbora hartan hortik baitzebilen irakasle. Chomsky oso hezia bada ere, benetako gizon jakintsua, haren jarraitzaile guztiak oso jende ezjakinak dira, eta izpiritua badarabilte ere hitzetik hortzera, h.d., gizaizpiritua, mekanikista hutsak dira, azken batetan pentsatzen dutena zera delako, den-dena mekanika daitekeela.
A. E.— Bai, baina hori da hain zuzen ere bihurtzaileek (transformacionalistas/transformationalistes) zeuei egozten dizuena, zuen sistema mekanismo huts bat besterik ez dela, taxonomia bat, eta absolutuki antzu.
R. A.: Egia da, bai, ba dakit antzu garela. Hori, baina elkarri egiten diogun akusazioa da, haik ere gu bezain, edo eta gu garen neurri eta heinean, antzu baitira. Guk, baina, ez ditugu aiton-amonak hortik zehar bilatu behar, beraiek egiten duten moduan, besterik ezean "pedigree" baten beharrean aurkitzen direlako. Horrela, bada, Chomsky-k arrazionalismoaren bidean jarri nahi du bere lana, positibisten kontrakartzat alegia. Eta hori oso ondo dagoke, baina ez da gure lana...
A. E.— Martinet-ek, esate baterako, bere "Economie des changements phonétiques" deritzon saioaren sarreran hori berori esaten du, hizkuntzalariek ez dutela hatsarre filosofikoen beharrik, ez dutela inola ere horrelako konplexurik jasan behar.
R. A.: Hori da. Hizkuntzalariak linguistak dira, ez filosofo, edo filosofosko, eta hori da, izan ere, Chomsky-ren arazoa, filosofilaritzat jo gura duela bere burua.
Honek, hala ere, ez du esan nahi haren tesiak baliogabekoak direnik. Eman dezagun, ideia jaiogabekoen hipotesia oso da produkziokorra eta neurri handi batez ere baliotsu, azken funtsean hizkuntza guztiei amankomun zaien zerbaitek egon behar dukeela, nik ere uste baitut, dela gramatika unibertsal bat, dela beste edozer.
G.— Zeu harrapatu zaitu inoiz, argitaratzen den guztia irakurtzeko ezintasuna dela bide, depresioak? Ikasten duten guztiei hori noizbait gertatzea oso gauza normala da eta.
E.: Begira, orain dela hogei urte, gure arloan agertzen zen guztia irakur ahal genezakeen. Ez zen larregi eta ordena apur batez egin egiten zen. Egun, ordea, ezina da, zuk diozun bezala, hala eta guztiz ere, horrelako depresio batek ez nau sekula hartu, idazten den gehiena huts hutsa delakoarekin, alemanez dioten bezala "Quatsch", kontziente naizelako.
Gaur egun soziologia Estatu Batuetan hori hain zuzen, eta hizkuntzalaritzarekin gauza bera egin gura da. Hango unibertsitateen bizitze akademikoa merkatu baten antzekoa da, kontsumugizartea horraino sartu da. Helburu nagusia zer berri bat aurkitzea da, eta ahal bada, bide batez edonoren kontra astoarenak eta bost jo eta botatzea. Unibertsitatea elkartez elkarte dago antolaturik, zientifiko badira ere, eta zein eta gogorrago jo, hura nagusi. Zoritxarrez giro bera Europarantz hasi da heltzen. Horregatik Institutu hau gustatzen zait —Koloniakoa— bertako zuzendaria aski beregain delako, Hansjakob Seiler, halegia.
A. E.— Esaten duzuna egia da; baina zera gehituko nuke, zerbait berri idatz ahalik eta gaitzen ulertzeko moduan...
R. A.: Horixe bada;joan den mendean Alemania zen munstro horien guztien sorlekua. Orain, ordea, Frantzia dateke. Poetikaz, edo eta bere buruaz ari diren eskola aldra hori, dela Kristeva, Barthes, Greimas, eta guzti horik. Argitu gabe, nahastu eta oker erazi besterik ez dute egiten.
A. E.— Hala ere, ez nuke horren gogor joko, gauza asko benetan argitan jarri dutela ez baitaiteke zalantzarik egin...
R. A.: Joan den gizaldian, alemanek egindako hiztegi batzu irakurri baino merkeago, hizkuntzak ikastea zen, indoeuroparra bera bazen ere... Edozein kasutan ere, Frantzia da, ene aburuz, gaur egun, alde horretatik kokalekurik handiena.
G.— Askotan zuei hizkuntzalarioi, zuen zientziak ez duela ezer balio botatzen dizue aurpegira; oso maila abstraktuan higitzen dela, ez duela ezertarako balio eta horrelako...
E.: Alde batetik hori ez da egia, soziolinguistika hor baitabil lan eta lan. Hala ere beronen arloa ez da oso zabal, gutiengo linguistikoen arazoak, hizkuntzen irakaskuntza eta beste bizpahiru problema kentzen baditugu.
G.— Beste modu batez galdera formulatuta, hizkuntzalaritzak, zure ustez, bere burua justifika dezake, zientzia izateko eskubidea ahal du?
E.: Nire ustez bai, bere helburua bizitzearen ikerketa delako, nahiz eta aztertzen duen arloa aski abstraktua den eta bizi praktikoarekin harreman zuzenik ez duen. Ona da gizakia gizakiarekin ardura dadila, baina baita kontzientziak agintzen diona egin dezala. Edozein kasutan ere, ez dut erromantismorik egin gura, esan dudana esan arren, ez baitut hizkuntzalaritza askabide bat denik edo horrelako zerbait esan nahi.
A. E.— Baina zure eritziz ba du nahikoa justifikaziorik.
R. A.: Alkimiak eta astrologiak ez bezala kimikak daukan neurrian. Hizkuntzalaritza gizakiarekin aurreratu eta aitzineratu da, eta aitzineramendu horretarako balio du, hizkuntza giza fenomeno bat denik ezin uka daitekeelako.
G.— Poetikaren arloari heltzen diogula, zuk obra literariak aztertzeko darabiltzazun bideak eta formalismoarenak oso antzekoak dira. Haren eragipena jasan duzua inoiz, are konkretuago, Jakobson-ena?
E.: Egia esan, ez. Gainera Columbia-n hasi nintzenean Jakobson-ek alde egin zuen handik. Orduan alde horretatik, nahi baduzu, formalismoaren metodoak darabiltzaket, baina ez kontzienteki, erran nahi baita, ez dudala neure burua formalistatzat jotzen, ez eta jo gura. Columbia-n hungariar irakasle bat eduki nuen, Lotz, Jakobson-en lagun hurkoa zena; haren bidez agian heldu zitzaidakeen zerbait Jakobson-engandik. Baina honen eragipena gero jasan dut zuzenik, eta ez poetikaren arloan, hizkuntzarenean baizik, h.d., lehen aipatu dizudan giliakera delako hizkuntza ikertzen hasi nintzenean, bera ere, hizkuntza horrekin oso interesatuta baitzegoen. Oso izpiritu sarkorreko gizona da, baina ba diotsut, harekin hizkuntzez ari izan naiz beti. Noski, berak ere nire tesia gogoz irakurri zuen, azterketa poetiko bat zen neurrian, eta egitura asko errusierazko poetikan aurki daitezkeen berberak direlako, hala nola, paralelismoa. Baina besterik ez.
G.— Eta lehengo gaiari helduz, kritika formalista nahikoa iduritzen zaizu obra literari bat aztertu ahal izateko?
E.: Ez, nahiz eta parterik garrantzitsuena den. Textua, egilea kontutan hartu gabe ez da ezer.
A. E.— Niretzat hori argi dago, euskal literaturan horrelako kasu berezi batzu ere baitauzkagu.
R. A.: Arazoa zera da, elementu bien arteko orekaren aurkitzea. Hori lortzen denean pentsa daiteke kritika ideialetik hurbilen garatekeela.
G.— Zelan ikasi duzu gaztelania?
E.: Begira, niri ikasteaz gain bizi izatea ere gustatzen zait, eta gaztelania espainiar errepublikar herbesteratuekin ikasi nuen New York-en, haiekin jai ibiltzen nintzenean.
A. E.— Horrekin pozten naiz, zeren nik ere uste baitut, irakasle gehienek ez dakitela bizi izaten, ez daukatela bizi izateko gogorik.
R. A.: Bai, ez dakite zertarako duten plazer intelektuala, atsegin zientifikoa...
A. E.— Ez duzu uste, horrek zerikusi handia daukala irakasle askok duten Jainko-konplexuarekin...?
R. A.: Jakina!
A. E.— Eskerrik asko elkarrizketa honegatik.
Andolin Eguzkitza
Orain dela guti, Kimu Berri Taldeak Euskal Autonomi Estatutu baterako bere aurreprojektua agertu du. Aurreprojektu horretako azken partean, Estatu modernoen konstituzio gehienetan bezala, hiriburutasun eta symbologiari atal bat utzi zaio, hor, hiriburuaz batera, bandera, harmarria eta hymnoa proposatuz.
Symbologia, Estatu sortu berri edo birsortuetan, ongi pentsatua baldin bada, Herriaren iragan historiko ukatua berreskuratzen, birbizten ahalegintzen da beti, zaharrekiko loturak sendatzen, hitz batez.
Euskal hiriburua
Euskal Herriko hiriburu historikoa, honetan ez dago zalantzarik, Iruinea da. Bertan sortu zen, prezeski, Eneko Haritzaren garaian gure lehen Estatua, Iruineko Euskal Erresuma. Holaxe ikusi zuen, XVII mendean, Arnaut Oihenarte zuberotar historialariak; Joanes Etxebarri Sarakoak, XVIII mendean, "Iruinea euskaldunen hiri buruzagia" zela zioten, herri senaz gure nazioaren bihotza hortxe zegoela agertuz; holaxe ere sentitu zuen joan den mendean Arturo Kanpionek, eta guk ere dugu oraingoan. Gaurko euskaldun guztiok, eskuinetik ezkerreraino horretan bat gatozela ematen du, Nafarroaren euskalduntasuna ukatzen dutenek bere burua, automatikoki, bastan eta eznazionaltzat agertuz.
Ikurrina
Banderaz den bezainbatean ere batasun osoa egon da. Euskal bandera nazionala ikurrina da. Bandera eder hori, Kastro Urdialitzetik Eskiularaino haintzat hartua, Sabino Aranak asmatua da, eta ongi asmatua gainera. Ordurarte ez zegoen Euskal Herrian beste banderarik gure nazioaren symbolo gisa erabilia izan zenik. Aranak asmatu zuen, lehentasuna berea dauka, eta hori aitortzea eta eskertzea bidezkoa da. 1936.eko Euskal Gobernuak, gainera, euskal bandera ofizialtzat hartu zuen. Hori dela eta, Kimu Berri Taldekook ez dugu horretan inolako dudarik eduki bandera aukeratzean.
Harmarria
Harmarria, ordea, ez da erabaki. Izan ere, ez da inoiz egon Euskal Herri osorako harmarri ofizialik. Zazpiak bat delakoa oinharri federalista ("Euskal Estatu libre eta independenteen batasuna"!) eta erromantiko batez asmatu zen eredu ezberdinetan. Aranak berak ere holako bat proposatu zuen, zenbait elementu (Bizkaiko harmarria, kasu) bere gogara aldatuz. Horrekin batera, ordea, beste modelo batzu ere ba daude bazterretan. 1936.eko Euskal Gobernuak "laurak bat" delakoa onhartu zuen ofizialki, eta ez zazpiak batekoa. Ez dugu izan, hortaz, gure nazio osoa adierazteko harmarri ofizialik. Hori dela eta, Kimu Berri Taldeak, proposamendu gisa, dauden zazpi herrialdeen harmarrietako elementu edo gai bana edo harturik, Euskal Herri OSOA adieraz dezakeen harmarri berri bat moldatu behar litzatekeela uste ukan du. Ideia bat, diskutigarria noski, zera dateke, aurreprojektuaren azalean argitaratua: Gernikako Arbola, Nafarroako kateak, Lapurdi, Araba eta Zuberoako lehoiak eta Gipuzkoako hibai eta gizon mazuduna agertzen dituena, behean lauburua daukalarik. Seguraski proposamendu hoberik asma daiteke, hala ere.
Hymnoa
Punturik labanena, eta, batera, argienetako bat, hymnoarena izan da, askok bestela baderitzote ere. Horretan tradizio garbi bat ukan dugu euskaldunok.
Joan den mendean, karlistek —lehenbiziko nazionalistak— Madrileko zentralismoaren kontra burrukatu zutenean, Jose Mari Iparragirre urretxuarrak, bere letraz eta Altunaren musikaz, kantu bat moldatu zuen, orduko euskal soldaduei adore emateko. Hori izan da, historikoki, gure lehen hymno nazionala. Gernikako Arbola, luzaro, espainol agintariek galerazia izan zen, eta gaur egun ere, toleratua den arren, erabat ezezaguna da gure mandamas vascongadoetzat, ihaz Bizkaiko Diputaziokoek erakutsi ziguten show hura lekuko.
Letraz, euskaldunon bake eta askatasun nahia azaltzen du hymnoak, eta gure unibertsalismorako joera. Geure literaturan hamaikatxo aldiz erabilitako hitzak ditugu, bai horixe, eman ta zabal zazu. Herriak, bestalde Bizkaitik Zuberoaraino, kantu hori laster beretzat hartu, buruz ikasi eta euskal hymnotzat hartu zuen. Arana-Goirik berak (Obras Completas, 192. hor.) "glorioso himno de Altuna e Iparragirre" deitzen du Gernikako Arbola.
Geroago baina, 1895.ean, gartzelan zegoela, Sabinok beste hymno bat, Euzko Abendearen Ereserkija (= "Euskal Arrazaren Hymnoa") eratu zuen, eta musikatzat Bizkaiko herri melodia polit bat ezarri nion. Aranaren hymno berri hori, nazioarena barik, arrazarena zen, eta 1905.ean, hura hil eta gero, Euzko Alderdi Jeltzaliak bere hymnotzat onhartu zuen (ikus Obras Completas, 2413. hor).
Sabinok egin zuen letra, izenaz beraz hasita, ez da, gure ustez, egokiegia euskal nazio osoaren hymnoarena izateko, danon bizkaitar eta erlijio kutsuaz batez ere. Kantu hori, gainera, alderdi konkretu batena denez gero, ez zaigu oso aproposa iruditu gure nazio osoari jartzeko, hor alderdikeria sartzea ez baita zilegi. Eta holaxe ulertu zukeen, noski, 1936.eko Agirreren Euskal Gobernuak, hymno ofizialik ez ezartzean.
Bestalde, eta egiari zor zaionagatik, zera esan behar da, Euzko Abendearen Ereserkija ez dela Herrian oso ezaguna. Edozein euskaldunak daki buruz Gernikako Arbola, baina PNVekoen artean ere, gehienek ez dakite Aranarena buruz, ez letra ez musikarik. Meeting-etan behintzat paperak banatu behar izan dira horren letraz, jendeak kanta dezan.
Ba da, azkenean, beste kantu bat, oso ezaguna: Euzko Gudariak. Beronen letra, oso oker ez bagaude, Esteban Urkiaga "Lauaxeta"k idatzi zuen. Beraren hitzak, sasoiko arrazoiengatik euskaraz oso jatorrak ez badira ere, gure gudari guztiek kantatu zuten hura gerra denboran eta euskaldunon burruka kantutzat joa izan da beti. Ez da beraz harrigarri, oraino gauden burruka garaion jendeak, Burgoseko prozesukoen antzera, oso gogoz kantatzea.
Baina, berez, Euzko Gudariak ez da —Batasuna kantua bezalaxe— garai normal baterako hymno nazional egokia. Lehengo eta behin, bere aurretik beste hymno historiko bat duelako, eta, bigarrenez, nazio normal batek beti gerra giroan ezin iraun dezakeelako. Norbaitek Frantziako Marseillaise delakoa aipa lezake, bai, baina hauzoen zentzugabekeriak ez dira, gure ustez, imitagarri.
Euzko Gudariak, hori bai, Euskal Armadaren hymno propio eta egokia dateke, gure lehengo gudariak oraingo eta gerokoekin izpirituz batu eta lotuko dituena. Baina armada, soldaduak, ez dira nazioa. Hori esatea gure hauzoen balio badaezpadako eta diskutigarriak euskaraz errepikatzea besterik ez litzateke. On da armada egotea, baina gaizki dago armada nazioarekin identifikatzea. Hura beronen zerbitzutan dago —edo egon behar du— baina bata eta bestea ez dira gauza bera.
Hortaz, gauzak beren lekuan utzirik, Euskal hymno ofizialik ezaz, bego guztiontzat, inongo alderdirena ez denez gero, Gernikako Arbola; beuka beretzat Euzko Abendearen Ereserkija PNVek, eta gaurko eta biharko euskal burrukalariok onhar dezagun Euzko Gudariak, lehenagoko gudarien oroitzapenez, euskal armadaren hymnotzat.
Xabier KINTANAk
Oinharrizko euskara
Aspaldion sarritan aipatzen da gure artean oinharrizko euskara. Euskal Akademiak berak ere batzorde bat eratu du, euskara hori aurrera eramateko.
Baina zer da oinharrizko euskara? H gabeko euskara? Batasun gabeko euskara? Ez, ez da hori.
Zer da, orduan? Oinharrizko euskara —argi eta garbi esateko— euskara batua da, H eta guzti. Baina euskara honek bere karakteristika bereziak dauzka.
Euskara batuan mailak daude. Maila bat goi goian aurkitzen da. Maila hortako euskara ez da erreza. Euskara hori ondo ulertzeko eta menperatzeko, asko ikasi behar da. Euskara hortan idatzitako artikuluak eta liburuak, minoria batek bakarrik irakurri ahal ditu. Euskara hori, momentu hontan behinik behin, ez da Herriarentzat.
Oinharrizko euskara, ordea, hondoko mailan aurkitzen da. Izenak berak dioenez, oinharrian finkatzen da. Oinharri hortatik, batu egin nahi ditu euskalkiak, batez ere hegoaldekoak. Erreza izan gura du, Herriak egunero erabiltzen dituen hitzak eta aditzak eta esaldiak erabiliz. Erreza, baina jatorra eta ederra.
Oinharrizko euskarak gaurko maioriaren hizkuntza idatzia izan nahi du. Orain arte, holako euskara —batua izan ez arren— elizetan eta bertsolarien saioetan entzuten zen. Entzun egiten zen bakarrik. Orain, batasunaren soinekoaz jantzirik, agerkarietara eta liburuetara pasatu nahi du, edozer gairi buruz errez errez idazteko.
Oinharrizko euskarak irakurria izan gura du. Ez bakarrik idatzia. Irakurria batez ere. Irakurlea laguntzeko eta haren atentzioa erakartzeko, inprimagintzaren eta pedagogiaren teknika guztiak erabili nahi ditu. Gauza bat da idaztea, eta beste bat irakurria izatea. Euskaldun gehienek, euskaraz eta erdaraz idatzitako zerbait eskuratzen dutenean, erdaraz datorrena bakarrik irakurtzen dute. Oraino ez daude ondo prestaturik, goi mailako euskara batua ulertzeko eta gustura irakurtzeko. Oinharrizko euskarak hutsune hori bete gura du.
Oinharrizko euskarak ez du inor enganiatu nahi. Errealitatea, den bezalaxe agerterazi gura du. Erdaldunek, gure euskarazko agerkariak aztertzen dituztenean, beharbada zera pentsatuko dute: euskaldunek prentsa on bat daukate, 100.000 aletako egunkariak argitaratzen dituzte, Nafarroan bertan ere hainbeste eta hainbeste ale banatzen dira, Euskal Herrian zehar kontaezinak dira euskaraz irakurtzen dutenak.
Asko idazten dela, egia da. Baina ez da egia, asko irakurtzen denik. Herriak oso gutxi irakurtzen du. Zergatik? Beste kausa askoren artean, berari dagokion euskara ematen ez zaiolako. Beraren egoera linguistikoa, behar den bezala haintzat hartzen ez delako. Maioriari minoriaren irakurbidea eskaintzen zaiolako. Gure Herriaren bikoiztasun hau kontutan hartzen ez delako. Hauxe da errealitatea, humiltasunez beterik aitortu behar duguna. Oinharrizko euskarak kasu egin gura dio errealitate honi.
Baina nola jokatu behar dugu? Baztertu egingo dugu beste euskara, euskara landua, euskara normala, geure klasikoena, geure gaurko idazle bikainena? Ez horixe! Arlo hortan sendo lan egin behar dugu, ikastetxeetan, Unibertsitatean, goi mailako aldizkarietan. Etorriko da garaia, euskaldun guztiok euskara hortan trebatuak izango garena. Baina ordurarte zer egin?
Nire ustez, momentu hontan, egunkarietan batez ere, oinharrizko euskarari eman behar genioke lehentasuna. Herriak, Herri ixilak, euskara hori nahi du. Euskaldun berriek —oraingoek eta gerokoek— euskara hori behar dute eta deihadarka eskatzen dute. Geure irakurleen artean inkesta bat egingo bagenu, boturik gehienak —ia denak— euskara horren aldera joango lirateke. Nik neuk, egin dut neure komentuan holako inkesta bat, DEIA egunkaria irakurtzen duten fraideen artean. Iralabarriko fraideok, denok dakigu euskaraz hitz egiten eta irakurtzen, eta batzuk polito ezagutzen dugu geure hizkuntza. Baina, hala eta guztiz ere, euskara irakurgarriago bat ikusi nahi genuke, Bilbon argitaratzen den egunkari eder hortan.
Nire ustez, Euskal Herriko idazleok serioskiago hartu behar genuke arazo hau. Hor daukagu juduen exenplua. Haiek oinharrizko hebraieraren bidea hartu zuten; eta —beraiek aitortzen dutenez— holaxe lortu ahal izan dute, hain epe laburretan Israel osoa hebraieratzea. Baina juduen arazo hontaz, beharbada beste egunen batez hitz egingo dizuet.
IMANOL BERRIATUA
Kafetegian sartu denean, Doña Prudentzia zuzenki Idealista dagoen tokira hurbildu da, eskuan daraman boltsa zabaldu eta paper batzu atera ditu.
DOÑA PRUDENTZIA.— Egun on. Ikus dezakezunez, gogoan zaitut.
Eta paperak ematen dizkio.
IDEALISTA.— Zer da hau?
D. P.— "Euzkadi" aldizkaria, PNV-koa.
Idealistak kuriositatez aztertzen du.
I.— Euskara batuan al dago?
Doña Prudentziak sorbaldak jasotzen ditu.
D. P.— Ay, chico! Yo no se vascuence.
I.— Ez Erdara batuan dago. Eta Hatxeak eta guzti... Eta zer, PNV-koa egin al zara?
D. P.— Que te crees tu eso! Baina dena den, talde abertzaleen artean PNV da gehien atsegin zaidana.
I.— Eta nori eman diozu botua?
D. P.— Nik Suárezi.
I.— (Ironiaz). Nik pentsatzen nuen Fragari emango zeniola.
Doña Prudentziak hasperen bat botatzen du.
D. P.— Gizon bezala, bueno, ulertzen didazu... zeren ni politikoa ez naiz...
Idealistak ebakitzen dio.
I.— Ai, Doña Prudentzia! Hori esaten dutenak dira politikan sartuen daudenak... Baina jarrai.
D. P.— Gizon bezala, Fraga ez dago gaizki. Tipo interesantea du. Baina jenio biziegia. Ba dio Don Listok, nire senarrak, Alianzak irabaztea nahi zuela, Boltsarako hobeago litzatekelako. Hori dio Don Listok. Baina biok Suárezi eman dizkiogu botuak. Badaezpada.
I.— Bueno, eta zer gosaldu behar duzu?
D. P.— Betikoa.
Idealista gosaria prestatzen ari den bitartean esne saltzailea sartu da.
ESNE SALTZAILEA.— Egun on. Ba dugu "Suárez para rato".
I.— Ez dut uste.
Doña Prudentziak harriturik begiratzen dio.
D. P.— Nola diozu hori? Ez ditu ba elekzioak irabazi?
I.— Bai, baina Konstituzio berria egin ondoren, beste hauteskunde batzu egitea beharrezkoa iruditzen zait. Eta orduan, ezkerrak aukera normalagoa izanik, erabaz dezake...
D. P.— Dios nos libre! Don Listo ez dago ba horretan.
Idealista hurbildu eta kafesnea zerbitzatzen dio.
I.— ... Eta batez ere, hemen Euskal Herrian.
D. P.— Baina Euskal Herria beti izan da fededun.
I.— Bueno, beti izan dela... Dena den, fedea eta politika gauza ezberdinak dira. Izan daiteke fededun eta ezkerreko, eta fedegabe eta eskuineko.
E.S.— Gauza bitxi bat esan didate. Euskal Herrian, Alianzari botuak eman dizkiotenak poliziak eta monjak izan direla. Idealistak gaineratzen dio.
I.— Eta agustinoak.
Doña Prudentziak berehala erantzun dio.
D. P.— Nolako mania diezun agustinoei!
I.— Mania soilik? Gorroto diet. Neure gurasoek kondatu didate Francoren errejimenaren lehen urteetan, haien sermoiak mitin antieuskaldunak zirela, eta orain ere, ene ustez, ez dago hemen agustinoak bezain fraide antieuskaldunik. Eta hau zeure semeengandik jakin behar zenuke. Zenbat euskara irakasten diete kolejioan? Deus ere ez. Agustinoentzat euskara ez da existitzen.
Doña Prudentziak ez dio ezer erantzun. Kafesnea bukatu, ordaindu eta "Bueno, bihar arte" batekin irten egin da.
Xabier Gereño
Herri baten sendaketa
(Irakur Lk. 13:10-17)
Jesus, herriz-herri, mitin batzu ematen ari zen Bakearen Urtean. Eta Diktadurak berrogei urtez gaixorik zeukan Herri bat aurkitu zuen: Herri hau erabat lurjota eta burumakur zebilen.
Jesusek, ikusi zuenean, deituz esan zion:
— "Neuk askatuko zaitut gaitz honetatik". Bera eskuak lurpean sartu eta... ene! Autoan bertan zerura bidean!!!
Berehalaxe Herriak burua altxatu zuen —xanpain botilak zabaldu— eta Jainko errukiorra goresteari ekin zion.
Baina Nuntzio jaunak, Bake Urtean eta bostgarrenaren aurka Jesusen sendaketa hori egin zuelako, kabreo santuz eta magnetofono kanonikoa biztuz, honela zioen:
bostgarrenaren aurka doa
bostgarrenaren aurka doa
bostgarrenaren aurka doa
bostgarr...
Orduan Jesusen erantzun zion:
— "Bostgarrenaren aurretik lehenengoak zera dio: Maita Herria, jainko guztien gainetik eta zeure burua baino hobeto.
Magnizidio bat izan dela? "Txiki"zidioak ere izan dira lehen.
A, hipokrita hutsa!!!
Historian zehar hainbat gurutzada saindutu dituzuna!
Deabru seme galantak paliopean sakralizatu dituzuna!
Tanke inperialista ugari gurutzez eta isipuz bultzatu duzuna!
Noiztik odolaren gorritasunaz arduraturik? Noiztik bostgarrenaz kezkaturik?
Eta Satanas-ek (18 urtez ez, 40z baizik) loturik zeukan Jainko Herri honi, ez al nizkion ba nik kateak askatu behar Bake Urte honetan?"
Gauza hauk entzutean, moralista eta zakur guztiak, su bizitan jartzen ziren; baina Herria oso zoriontsu zen egin zitzaion mesedeaz.
Amen
Adultera baten epaiketa
(Jn. 8: 3-11)
Behin batez, eskribauek, jesuitek, fariseuek, opusekoek eta abarrek, emakume adultera bat eraman zuten epaitzera Iruineko Hauzitegi Nagusira.
Emakumeak, abokatu defendatzailetzat, Jesus bera eraman zuen (ez baitzuen honek askorik kobratzen, "amateur" antzean ibiltzen zelako lan hauetan. Arrazoia? Hirugarren urtera bakarrik heltzea lortu zuen Deustuan, eta hori gauez lan eginez eta abar, eta espedientatua izan aurretik).
Eskribauek eta besteek, grabetate eta maiestate guztiz, honelaxe salhatu zuten:
- "Emakume hau, adulterio orgasmiko batetan harrapatu izan da sakristian ...rekin. Eta gure Kodigo Matxistak dioenez, andre honek "garrote vil"a merezi du. Zuk zer diozu ba, Jesus?"
Orduan, Jesusak klariona hartu eta hitz arraro batzu (euskaraz, jakina!) idazten hasi zen gela erdian, lurrean:
"NIK BEZAIN ONDO ZEUEN AMAK EZAGUTUKO BAZENITUZTE..."
Zer egiten ari zen eta Aita Generalak, "Kristianoz" idazteko eskatzean Jesusek zutiturik esan zien:
"Zuetarik bekatu gabe dagoenak,
bota diezaiola lehen harria".
Eta berriz lurreratu eta idazten segitu zuen.
Orduan larri-larri eta buztana hankatartean zutela, inork ezer entzun izan ez balu bezala, txisa zeriela, hasi nagusienengandik eta guztiak komunera joan ziren.
Jesusen, zutiturik berriro, esan zion andreari:
— "Ea bada! Non dira zure akusatzaileak? Ez al zaitu inork kondenatu?
— "Inork ez, Jauna!"
Eta berriz Jesusek:
— "Beno ba! Lan askorik ez dugunez izan, beste batetan ordainduko didazu. Orain joan zaitez etxera, eta kontuz! pentsa... ez da oso polita... senarra... adarrekin...
Amen.
Thomas Münzer
eta zergatik jo nau antes de peibe se pone siempre eme esan du eta nik jarri dut ondo mpamplona eta gainera erori zait plumila baina ez egin dut negarra eta belarrian soinua tiii daukat eta ze bero ni naiz el número veintitrés eta daukat estutxea de colores.
Anaia edo eta gurasoen underwood edo olivetti zaharraz egunero, eta gauero bereziki, baliatzen garenok, orduero-minutuero agortzen gara, eta itotzen ere horrialde birjinaren aurrean. Hausnarketa laburrenak ere alferrik gabiltzala adierazten digu, ez duela epigonia honetan ezer eskribitzen saiatzeak merezi, sarritan zertaz mintza ere ez dakigula. Lehorrak jotzen gaitu, epigoniaren lurrak lehor moeta sikuenaren parabisu direla, non ez baitira jaiotzen ideia transformatzaile ahulenak, edo sinesmen, edo amets, edo utopia arrazionalenak, non biziera berrian ipinitako esperantza absurdu haurkoia baita. Antierrenazimenduaren sasoian kreatibitatea baztertu egiten da eguneroko bizitzatik, eta pertsonak lehen principius vitaetik urrundurik jaio, bizi eta hiltzen dira; eta ez da guretzat besterik nahi banku direktoreen arauera taxututako gizarte honetan. Civitate honetan, hemen eta gaur, Produkzioaren jainkosak zuzentzen ditu desbizitzak, eta lanean eta deskantsuan nahitaezko gurpil zoroan bueltaka dabila mende honetako gizona. Gaurdaino —Debord-ek adierazi digunez— kapitalak egunero hamar ordu lapurtzen bazizkigun, orain deskantsua ere bereganatu digute, kontsumuaren bitartez (1). Eugenio Trias-ek, bere azken saiakeran, (2) hau dio: egunero bizitzen den esperientzia da, produkzio arloaren eta desio arloaren arteko etendura, banaketa eta arroztasuna; erotismoaren mundu animiko eta subjektiboa (alde batetik) eta lanaren mundu zibiko eta objektiboa (bestetik). Artista, honela kreatibitatearen arauera bere bizitza moldatzen duen orori deituz, tenplutik bidalia izan da, Produkzioaren jainkosari bere fruituak eskaintzen ez dizkionez, eta hobeto esanez, eskaintzen ez dizkion heinean. Produkzioak ez baitu kreatibitaterik behar, edo areago: zenbat eta gehiago makurtu kreatibitatea, hobe beretzat. Moloch-ek aski du obedientziarekin, alienazioarekin, errobotekin, eta alderantziz, bai kritikak, bai sorketak, bai orijinaltasunak itzali egiten dute bere sua. Mila eraz deuseztatzen du artista, eta normalena, itotzearen bitartez, ttiki ttikitandik axfisiatuz giza-ahalmen hori, eta artista "profesionalen" kasta ondorioz sorteraziz. Eta kasta honen asimilaketa izaten du bigarren lana. Eta hirugarrena, ez ito eta ez asimilatutakoen baztertzea, tenplutik botatzea.
Tenplutik at —barka hirugarren kategorian geure burua ipintzen dugunoi, oraindik ilusio batzuren jabe garen seinale— ez da erraz ofizioaren arrazoia bilatzea, eta ez da erraz arrazoi hori gabe aurrera segitzea. Aurrera edo atzera, zaila mugitzea baita. Esate batetarako, gaurko literaturak azken kanta suspiriatzen ari den zisnea dirudi, hori diote ezezkorrenek.
Nobela krisian dagoela, theatroa krikrisian (hots, krisi hitz motelean), pintore modernoek berek ere sinesten ez dituzten erroilo makabeoak kondatzen, eta hori bai, manifestu pila izenpetzen (beren ofizioetan aurkitzen ez duten komunikazioa eta identitate soziala bilatu nahiz edo), eta eskritoreok beti nigarrez deitore murru batetik bestera, irudimenaren hamaikagarren frakasua, eta kultura, eta antikultura, deskultura eta kontrakultura, eta Jaun Goikoa eta Behekoa, kalonjea knock-out bigarren asaltuan, artikulista —ni— begiokerra, aingeru bat aingeru bi, sagutxu sagutxu, eta trenak pasatzen eta trenak pasatzen, ez merkeena bai onena, eta lau kilo eta piku pisatzen dugun euskal idazleok, behiari kentzen zaion beroarena guri kentzea ahantzi zaielako noski, jakina: nola ez.
Sentimendu hau, xibaren jirabirak direla gure pausoak eta ez hobeagotze historikoan kakotzen direnak (Xirinacs-ek "Sujeto" deitu liburuan biologikoki ere demostratzen duen hobeagotzea, bestalde: Kristautasunak ekarri zuen baikortasun deuseztaezin, "eror lain eror" horren adibide paregabea) nahikoa hedatuta dago, eta egon da. Ba dira, adibidez, ezinari buruzko koblak gure herriaren baitan:
pipa erreta txoratzen naiz
ardoa edanda mozkortzen naiz
gorteiatzeaz lotsatzen naiz
nola demontre biziko naiz
Beste hitzetan esanda: ezin dut eraman neure desioen arauera taxututako bizitza, nola hostia biziko naiz. Eta kataluniar aitona batek esaten zuena: nor ez da, sikira behin bere bizitza guztian, anarkista sentitzen?...
Orain arte esandakoak jeneralean esan ditut, baina jaio naizen komunitateari zelata egiten badiot, (zelata bakarrik badaezpada ere, ipurdia salbu utziz) ez da erraz kontsolagarriekin topo egitea, Xenpelar bera ere ez da ageri Pasaiako festak kondatzen, eta tamalgarria da. Hemen ere artistak tenpluaren kanpotik ari dira, eta kulturlangileak, basekoak edo, beste base batzutara pasatu dira, eta zenbait senatore eta guzti egiteko asmotan dabila. Bizitza kulturala, autobide ertzeko telefonoa bezain isladatu eta pobre ikusten da, hala dirudi. Hala dirudi pedagogoei, hizlariei, artikulistei eta abarrei entzun eta gero, baina daturik ez dugu, behin ere ez da izaten beharrezkoa den datua, benetan gizarte misteriotsua da gurea.
Hala eta guztiz ere, galdera hau eginen nieke, bueno, nizueke: Euskal Herrian, politikarekiko polarizaketak egoera subkultural batetara ahal garamatza?... inork erantzun nahi balu, kita ditzala bere burutik bi ideia: bat, ba dakigula denok politika ez dela gela estanko bat, baietz, ba dakigula hori, baina tautologiak —eta hori kristorena da, zuria kolore eza dela esatea bezala— ez digula ezer argituko arazo horri buruz. Eta bi, ba dakigula ere, euskaldunok boterea hartutakoan, eta abar, kristorenak eta bi eginen ditugula, bai ene, kristorenak eta bi egingo ditugu guk begi kliskatze bakarra dela medio, birlibirlokeren arteaz baliatuz. Baina ez dugu hori sinesten, eta fedezko artikuluak irensteko adinean ere ez gaude. Beraz, planteiatzeko beste zerbait.
Eta hauk ziren ene pentsamenduak Koldo Izagirreren liburua eskuratu nuenean. Eta berehala irakurri nuen.
Bai, berehala irakurtzen da liburua, eta zaila da irribarre konplitzea ezpainetatik kentzea amaitu bitartean; Koldoren idazkera delikatua, ia poetikoa, hitz lauz ere eta estridentziarik gabekoa, lagun bihurtzen da bidaia laburrean.
Liburua, flash moduko apunte literariaz osatuta dago, eta azkenekoak, haurtzaroaren munduaz, formaren aplikazio exaktu batez eginda daude, eta irakurtzen direnean idazlearen mundua dastatu ezezik, norberarena ere dasta daiteke, irakurle bakoitzak bere mundua ikus dezake apunte horiek osatzen duten bola magikoan. Ene ustez, denbora luzeagoan ihardun behar zuen Koldok lan hau burutzen, eta lan zabalago bat eskaini; liburuaren haria hizkuntzarekiko jokuan bakarrik bilatu beharrean, batasun tematiko bat ere moldatuz, haurtzaroari buruz luzatu eta luzatu, bola magikoa ezezik, ispiluzko palazio berbera ere egin arte.
Baina honek ez du esan nahi, beste parteak, adolezentzian kokatzen direnak —edo adolezentzia hilezinean bizi direnen erretratu direnak— eta "Gezurretan" saileko bigarrena, esate batetarako, gutiesten ditudanik. Haik, makina bat erredakzio eskatu izango dituzten textuak, katxondoak eta alegrantzia handikoak dira, baina ez dute hainbeste konpenetrazio aurkituko irakurlearengan, niri behintzat hori gertatu zait; "Gezurretan" sailekoa berriz, elipsiaz baliatuz bertsolaritzan bezala, textu irekiaren exenplu da.
Liburuaren parterik ahulena "Ahariketa" delakoak dirateke.
Rimbaud-ek esan zuena, hots, ni beste bat naiz, literaturaren sorketari buruz esan diren eritzien arteko hoberenetakoa deritzot. Literatura, mila aurpegitako hiltzaile hura bezalakoa da, eta nahitaezkoa du "beste" bihurtzea, bere Hegoa apurtzea izan dena eta ikasi duena bere burutik kitatuz. Burroughs-en hitzetan esatearren, "errezeptibitate huts" batetan ipini behar da sorketaren garaian, mundua jaioa berriaren begi berberekin ikusi ahal izateko, sentsibilitatez eta injenuitatez errealitate arrazionala ez den beste bat hatzemanez. Helburua, totalitate zentzuaz jabetzea izanen litzateke, heltzea ikusmira batetara non gauza guztiak harremanduta baitaude, eta hau honela bada, literatuak eta mistikoak ba dute paralelismoak; baina literatuarenak joanetorriko bidaia behar du izan, gero gauzatu egin behar baititu ikusitakoak, hizkuntzaren materialez baliatuz.
Beste honetara heldu diren artistak nabarmenak dira literaturaren historian: Rimbaud, edo Lovecraft, Blake bisionaria, eta abar. Eta askotan, baina ez derrigorrez, drogari lotuta joan da lorketa hori Eta euskaraz ba da kontzeptu hori jaso lezakeena ere, eta "buruaz beste egin" delakoa da, oso berezia deritzot suizidatu esateko modu honi. Eta bertsolaritzan, Justo (hori al zen bere izena,...?) bertso aldrebresen egilea (eta aldrebestasunaren fenomeno guztia, hain zuzen) betidanik jo dut azterketa gai ontzat.
Eta Izagirrek, bueltatxo bat eman du bere haurtzarotik, eta hizkuntzaren manipulaketa dela medio adierazi du han bizitutakoa, jostaketan bezala (eta jostaketa ez al da umearen bizigailu egokiena?) euskara bantuaren eskemak hautsiz. Leku ederrean gelditu dira Euskara Misterraren zerbitzuan literatura ipini nahi dutenak.
Eta Euskara aipatu dugunez gero, permiti bekit hitz pare bat horretaz. Euskara ez da bakarrik hizkuntza landugabe bat, gaurko eta atzoko linguistei esker burualtxatzen ari dena, mundu berriari egokituz edozein gauza adierazteko gauza bihurtu dena. Oraindik ez. Nahiz eta honetan makina bat kontrari izan, aspaldidanik defendatzen dut euskararen erabateko gaitasun eza, eta "euskaraz dena esan liteke, edozein gauza adieraz, dena daukagu hemen, behar den guztia beste lekutan bezala idazteko, eta espresatzeko" hitzaldietan eta entzun dudanean (Arestiren heriotzeko urtehurrenean, azkenengo aldiz) kontra atera izan naiz. Eta arrazoia xinplea da, eta silogismo batez adieraziko dut:
Literaturaren mugak hizkuntzarenak dira
(Euskal literaturarenak, euskararenak)
Euskarak ez ditu betetzen errealitatearen arlo guztiak
(ez du, adibidez, argot askorik sortu)
Ezin daiteke ongi espresa errealitate estaligabe hori
(ezin da horretaz euskaraz idatzi)
Ez da euskararik, adibidez, boxealarien edo lapurren edo puten edo hirietako gau bizitzaren errealitatean, eta ezin da gaurkoz mundu horietaz mintzatu kalitate minimo batez. Sinesten ez duenak ekin bekio, zergatik ez, Cortázarren "Torito" ipuinaren itzulpenari. Eta egitea lortzen badu —kalitatez, itzulpengaiaren zentzu guztiak hatzemanez, jakina— sinestuko dut. Behar bada, beste zerbait eskatuko diot gero, heroina junkien giroan desarroilatzen den nobela osatzeko. Eta hori ere burutzen badu, adoratu eginen dut belauniko, Mahoma bera dela sinestuz.
Ene ustez, euskaraz idazten jarri ginenean karrile batzutan kokatu ginen, eta zenbait ate aldez aurretik hertsirik genituen.
Euskaldun asko oso ponpoxo badabiltza ere, komeniko da noizean behin sikira problema batzu argitara ematea. Bestela, pixka bat deskuidatzen bagara Euskadi Ofizialekoak (Euskadi Moñoña-koak) munduko hoberenak garela sinesteraziko digute, hasi dira eta hasi direla, hemen beti izan da fanfarroi asko. Eta liburu bat aipatuko nuke, baina ez dut txintik ere aterako. Ez pentsa Izagirreren lanaz ahaztu naizelarik. Aurrekoa irakurri eta gero, zenbaitek konpreni dezake haren beste meritu bat, eta hori da, euskararen posibilitate ustegabea adierazi digula, haurtzaroaz haur batek bezala hitz eginez, honen hizkera berberaz, sinestea batere kostatzen ez zaigula. Ez da kasu honetan beste nobela askorena gertatzen, poliziakoetan gertatzen den —edo gerta daitekeen— bezala; protagonistak "...salbuespen dateke, baina erhailearen ahurren ikerketak..." esaten duenean oso zaila gertatzen zaio bati inspektorea eta alfabetatze taldeko zuzendaria pertsona berbera direla onhartzea. Aldizkari honetan bertan argitaratu diren elkar hizketetan ere antzeko zerbait gertatzen da, itzuliak edo eta korrejituak izan direnetan bereziki, faltsuak goitik beheraino, errobot bati egindakoak diruditela.
Normala izanen da noski, batuaren sasoian, hizkeren problema sortzea. Baina problema da.
Eta Koldoren lanetan ez da hori gertatzen; Koldoren umeak ez du esaten "ahal baneza, harrapatu eta janen nuke" nahiz eta hau izan euskara batuak agintzen duena. "Gehiago gustatzen nau mantekila" esaten du, eta normala da, niri ere gehiago gustatzen zait mantekila.
Koldoren lanari aurkitzen diodan ezik grabeena, fabula eza da, istoriorik eza. Ez dut uste kaltegarri litzaiokeenik ipuinaren elementurik naturalena (geure amonek, oheratzen gintuztenean, istorioak kondatzen zizkiguten, Caperucitaren bertsio estrafalariak eta abar),erabiltzea. Hizkuntzarekin manipulatzeko duen trebetasunarekin batera, gorputz ederreko horrialdeak eskain daitezke, eta eskainiko ditu, zihur naiz horretaz.
Gehiago gustatuko litzaidake hori Koldorengan, "école du regard"-en tekniken erabilketa baino (nabaria, "zergatik bai" saileko VIIgarrenean), baina jakina, hori bakoitzak ikusi behar du, denok ditugu geure mania eta amoreak.
Eta jaunok, gaurkoa ere bukatu dugula. Hurrengorarte, Kortabitarte.
bernardo atxaga
(1) Gay Debord. La sociedad del espectáculo. Castellote Editor (ez da euskarazko itzulpenik).
(2) Eugenio Trias. El artista y la ciudad. Editorial Anagrama (ez da euskarazko itzulpenik).
Artea
Joan den Maiatzaren hasieran Erramon Zumalaberen erakusketara hurbildu gara. Hobe esan, Erramon hurbildu zaigu plazaratzean. "Etxe-Arte" aretoan zintzilikatu dizkigu lanak. Erakusketaren azterketa egiteko, egilearengan, gaietan eta teknikan oinharritu beharko gara, ene ustez; beste hitzetan esanez mezulari-mezu-entzule dinamikapean.
Begiak zabalik, geu izan gara entzule (ikusle). Askotan, bai kasu horretan ere, artista bera ezagutu beharrean aurkitzen gara (mezua ulertzeko laguntza handia ematen baitigu). Erramonen arte esperientzia berezia izan da. Berak esan duen bezala, langileriari, "herbesteari" marrazkiari, Euskal Herriari lotua. Begiak eta eskuak ez dauzka indar hauetatik kanpo, artea esperientzia oso bat bezala ulertzen baitu. Ez du hizkuntza zailik erabiltzen. Marrazkia dela medio sentiberatasun pertsonala agertzen zaigu koadroen leiho zabaletatik. Bai, koadroak, egileak bezala, sentiberatasun berezia daukate (Erramon bera agertzen zaigu). Marrazkia (irudikorra) hautatu du. Gorputz adierazpena gogoz, indarrez, azaltzen digu. Formak interesatzen zaizkio baina zerbait esateko beti. Eta formak (emakume-gizon formak) paisaian, inguruan integratzen ditu beldurrik gabe. Eta hortik (horrexegatik) paisaiak, pertsona batek bezala deitzen dio eta berari lotzen zaio eta murgiltzen. (Azkenean Bermeo pertsona baten gorputza ez ote?).
Erabiltzen dituen gai eta teknikak ezberdinak dira. Bitan banatzen direla esan dezakegu. Ez dio erakusketari batasunik eman. Beharbada, hauxe izan da (forma aldetik) mezua ulertzeko oztopo handiena. Beste batetik ez zait koadroen ordena, muntaketa gustatu. Saltoka ibiltzeko arriskuan uzten gaitu. Lanak (buruz) garai ezberdinetakoak direla esango nuke. Hala ere, ene ustez, teknikak jotzen dio, indarrez, begiari. Lohidurak, tramak, geruza gardenak bata besteen gainean erabiltzen ditu trebeki. Estetika mailan ondorio interesgarriak lortzen ditu. Lehen urratsak direla esango nuke (oraindik gutti landuak?) baina bide berri bati begiratzen emandakoak. Koadroen kalitatea ezberdina, ikerpen aldetik planteiaturik daudenak guztiz interesgarriak. Modu klasikoz planteiatu dituen paisaiak ez dira hain komunikatiboak. Bermeo "hori" hori, uretan ikusten dena lohidurez, bernizez, sentsibilitatez egina, benetan deigarria.
Gai sozialei ez die uko egiten, eta saio hauk kontutan hartu behar dugu. Amnistia (emakumearena ere) hor dago. Koadro handietan nahiz eta galdu xamarra ikusi (neurri bila ibilki ote?) marrazki mailan arduraturik, esku indarturik ikusi dugu.
Laburki esanez, ikerketa eta ezberdintasunez planteiaturiko erakusketa kezkatu (kezkagarri) bat.
Antton
Artea
Asociación Cultural El Desván Kultur Elkartea
EL DESVAN Kultur Elkarteak bere taldeetarik baten bidez (EL DESVAN PHOTOGRAPHI TALDEA) Photographi eta Arte Plastikoen Erakusketa bat eragin du, ASKATASUNA, AMNISTIA, AUTONOMIA gaiaz.
Ekainaren 12an (igandez) Plaza Berriko erdian jendarteari begira Erakusketa hospatu zen, neurri handiz joanez eta interesa piztuz.
HERRI BOZKETAn (egitarauan baitzegoen) jende joaleak Ohorezko Aipuak eman zizkien, beren gai-hondo eta kalitate plastikoaren arteko koherentziagatik gaingainekoak, jendartearen aburuz, ziren obrei.
Golardoatuok izan ziren:
PINTURA: ERRAMON ZUMALABE
MARRAZKIA: GONZALO MURILLO
KOLOREZKO ARGAZKIA: FERNANDO BLANGO KARRANTZA
Z-B.ezko ARGAZKIA: COLECTIVO IMAGEN
Erakusketaren helburua:
EL DESVAN Kultur Elkarteak, bere funtzio behinena gizartearen barnean kulturaren barreiakuntzari zerbitzatzea dela ikusiz, deialdi hau eratu du, gure Herriaren herri arrenkuren adierazpide graphikoen ibilgailua izan delako esperantzaz.
EL DESVANen talde batekin zenbait merkatal erakundetatiko dirua lortu da, lehenik, txartel, oinharri, botupaper eta besteen inprimatzeko; gerorik, arte diziplina diferentetarako lan materialea erdiesteko, zeinekin, nolabait ere, artisten partzuergoari esker emateko nahi izan baita.
Jendartean dirau Erakusketak, Uztailaren erditsurarte, Elkartearen lokaleetan 6etatik 10etara. Damutxo dugu osorik ez egotea, azalketaren egunaren arratsaldean euria aritu zuenez gero, zenbaitzu artistak beren obrak eraman baitzituzten.
EL DESVAN
Alda. Urquijo 52, 2.- BILBAO
Musika
Euskal Herria, jaiki hadi
ta eman hadi bidean
Erreka ondoan jarriko haiz
argi-hastea sortzean
Ibil ta ibiliz ibilian
aurkitzen baduk "Askatasuna"
esango diok geure Herria
bidez bide bere bila dabilela
Euskal Herria, jaiki hadi...
Geure haurrok lapurrak balira
biziko lirake jauregitan
Baina Herria maite dute-ta
usteldu beharko burdinen artean
Euskal Herria, jaiki hadi...
Neure seme bakarra
Burgosen daukat ilunetan
Neure alaba zaharrena
etxetik joana igesitan
Geure gizona izana
Soiluben jausia odoletan
Baina ez dut negarrik
irabazi nahia baizik
Baina ez dut, ez dut negarrik
irabazi nahia baizik
Datorren udari begira, Euskadiko Askatasunaren ibilaldia prestatzen ari dira. Beren antolatzaileek: Euskadiko Askatasunaren Ibilaldiaren aldeko Komisio Gestiogileak tresna bat publikatu du, eta bertan, Ibilaldi honen kantua jartzen da, Monzon Olaso'ko Telesforok egina eta "Askatasun Ibilkuntza" deritzona. Gure atal txiki honetan ere bere doinua eta hitzak nahi ditugu ipini, udako kanta izango den gaia Euskal Herri osoan zehar zabaltzeko.
Musika
Jaialdiak. Uztailak 1etik 15era
1 SOPELANA Pilotalekuan 8etan:
Hibai Rekondo
Xiker
1 OINATI Zubillaga hauzoan. Pilotalekuan:
Jokin eta Josu
1 MUNDAKA Pilotalekuan 10etan:
Gorka Knörr
Bultza
1 ELGETA 10etan:
Errobi
Urko
Nerea Gaztelurrutia
1 BERRIZ Elizondo enparantzan:
Ruper
Joseba Etxebarria
Jon Bergaretxe
2 ERANDIO Arriaga hauzoan. Enparantzan 8etan:
Jon Koldo Larrañaga
Lupe
Nerea Gaztelurrutia
2 LAUDIO Pilotalekuan 8etan:
Koska
Jeiki
2 BEIZAMA Enparantzan 10etan:
Xiker
2 ERRAZU Enparantzan 11etan
Maite Iridin
Oskorri
2 ELANTXOBE Pilotalekuan 9etan:
Txomin Artola
Haizea
2 BEASAIN Arriaran hauzoan:
Xiker
Gontzal Mendibil
3 IBARRURI San Pedro enparantzan 8'30etan:
Joseba Etxebarria
Kepa Urkizu
Izukaitz
3 OINATI San Pedro enparantzan 7etan:
Pantxoa eta Peio
Jokin eta Josu
Xiker
3 ARRANKUDIAGA S. Pedro hauzoa 6'30etan:
Jon Koldo Larrañaga
Gontzal Mendibil
Nerea Gaztelurrutia
3 GASTEIZ Mendizorroza kiroldegian 10'30etan:
Koska
Indar Trabes
Jeiki
Errobi
8 DONOSTIA Kiroldegian 10'30etan:
Miren Aranburu
Lupe
8 AZPEITIA Zineman 9etan:
Errobi
9 BERGARA Enparantzan 9'30etan:
Maite Idirin
Joseba Etxebarria
Xiker
9 IGELDO (Donostia) Pilotalekuan 10etan:
Jon Bergaretxe
Josu Goya
Jokin eta Josu
9 OTXARKOAGA (Bilbon) 9'30etan:
Hibai Rekondo
Izukaitz
Maite Idirin
9 ZALDUN Enparantzan 10etan:
Gorka Knörr
Xeberri, Asier eta Aitor
15 ZALDIBAR Pilotalekuan 10etan:
Urko
Nerea Gaztelurrutia
Gontzal Mendibil
ANAITASUNAren Zuzendari jauna:
Zuen aldizkarian (340. zenbakian) hitz harrigarri hauk irakurri ditut: "Armadoreen mafia PNV-JELTZALEA ote?" eta konparaketa behin eta fuerteago eraikitzeko, Chicago eta Ondarroa xista berean nahastean duzute. Egia da bai "ote" eta bai "omen" hizkiaz ornitua argitaratzen duzutela zuen "Pulitzer"-gai hau. Hots, zuek erdi-erdian geratzen zarete ez "baietz" ez "ezetz" esanaz, duda-muda dotore hori haizean zintzilizka gelditu zaigu.
Eta aurrerago gaitezen jarria.
Piñarista kutsua ere JELkideak dugula! Ole!
Mila esker, gizon argitsuok, gizon BATASUNzaleok, gizon "errespetu minimoa" gordetzeko prestuok!
Nik ez dut Ondarroako Uri Buru Batzarrean eta haien alderdikideen maila soziala eta izateko manera ezagutzen, baina bai geure herriarenak eta bai beste Bizkaiko herri askorenak, eta geure herrian, Karrantzan behintzat, "JELkide" famatu hauk langileak, nekazariak, delineanteak eta abar direla esango dizuet (eta koño! ateorik ere ba dugu!).
JEL alderdia gizon-emakumeek osatzen dugu, eta gizonen zein emakumeen artean jende ona eta jente txarra gaudela esan dezakegu, baina txarrok eta onok berez izaten gara eta ez JELkideak garelako.
Ez biur, otoi, zuen aldizkaria "libelo" batean. Vale.
JOSE MARI ALIX TRUEBA
LA CONCHA 71
KARRANTZA
BIZKAIA
***
Lazkao 1977 Ekainak 6
Agur adiskide zabalok, agur t'erdi!
Direla zenbait hilabete zuen aldizkaria ezagutu nahirik arpidedun egin nintzan. Izan ere nere zenbait lagunek eta bereiziki irakasle batzuek bultzatu ninduten aldizkari hau artzera, Euskal Herriko buruauste edo zuek diozuen bezala problematikari sakon jarduten eta kezkatzen zelako.
Asiera batean atsegin egin zitzaidan aldizkari hau, gainera hizkuntza aldetik beste herri batzuen posturaz jarduten zen, esate baterako Israelgo mirariaz.
Baina gero konturatu naiz ANAITASUNA eta kofradikoei Israelgo mirariak ajola gutxi dizuela, bestela hizkuntza herrikoiago batez mintzatuko zinateke gure herri xee honi.
Bai xeetasunez asko hitzegiten duzute baina ez duzute ezer asko jakin nahi herri xeearekin, bestela Israelgo mirariari inguratuko zinateke eta ez publikatu bakarrik itxura on bat ematearren.
Publikatzea ez da aski, mirariak segitu egin behar dira, horrelakoak beintzat. Baina orain ezagutzen gara, adiskideok!!!
Beraz, hilabete batzuek igaro ondoren arpidedun izateari uztea pentsatu dut, ez uste egun bateko beroaldiaren ondorena izan denik. Postura hau artu beharra izateak edo bultzarazteak benetan samindu eta atsekabetu nau, baina ez zait ajola, badauzka oraindik Euskal Herriak aldizkariak, ez uste zuen eskuetan dagoenik dena adiskideok!
Uste dut lehen ere naastzaile aski bagenuela gure herrian zuek ere asi gabe.
Nahi baduzue oitura duzuten bezala azkeneko horrialdean "urrezko astabelarriak" deritzan tokian publikatu edo argitaratu nere eskutitz hau, ez zait ajola, ez nauzute lotsatuko. Lasai mutilok, beharbada edo baldin baduzue zuek lotsatu behar zendukete.
Besterik gabe agur. Orain ezagutzen gara!!!!
Izena: Edurne Mujika
Zuzenbidea: Elosegi 64, 4
Herria: Lazkao
Sexual harremanak I: antisorgailuak
Emakumeok ez dugu inoiz, geure sexualitatea libreki bizitzeko eskubiderik izan. Beti erakutsi digute, gure sexual harremanak helburu bezala zera zutela: amatasuna eta senarraren atsegina. Helburu hauetatik at sexualitatea ukatu egin zaigu, gure gorputzaren bidez plazerra lortzeko modu bat denez. Atsegin hau eskuratzeko, emakumeok gaur egun, mila zailtasun aurkitzen ditugu; alde batetik, jaso dugun hazierak, bekatu larri bat bezala agertu digu gure gorputzaren ezaguerari dagokion guztia; eta bestetik, gizonezkoekin sexual harremanak eramateko, arazo handi bat topatzen dugu beti: BELDURRA, eta batez ere, umedun geratzeko beldurra. Lehen ez zegoen hau gainditzeko ahalbiderik, baina orain bai. Zientziak asko aurreratu du gai guztiei buruz, eta umerik ez izateko bideak ere lortu ditu. Honek, emakumeoi, geure gorputza kontrolatzeko ahalmena eskaintzen digu, hots, harreman libreago batzu eramateko posibilitatea.
Hala eta guztiz ere, ahalmen hau oso erlatiboa da, zeren instituzio errepresiboek hor diraute eta, antisorgailuen ezaguera eta erabiltzea hertsatzeko.
Konkretuki, espainiar estatuan, egoera hau larritu egin zaigu, 40 urte hauetan zehar, Estatuak, Elizak, legeek, familiak, etb. izan duten zereginaren ondorio bezala. Adibide batzu ikus ditzakegu, sendagile, soziologo, apaiz, etab. "errespetagarrienek" esan duten gauzak aztertuz.
López Ibor-ek zioenez, "arazo handiena ez da antisorgailuena, baizik eta hauek dakarten ondorioena, hots, masturbaketa, abortua, adulterioa eta homosexualen arteko harremanak" "Real Academia de Medicina"ko presidenteak: "Abortua, Jaungoikorik gabeko mundu batek dakarren, indibidual eta kolektibo egoismoaren ondorioa da".
Beste aldetik, legeak, antisorgailuak fabrikatzea, saltzea eta beren gain informazioa ematea, "arresto mayor" eta 5.000tatik 100.000 pezeta arteko mundaz zigortzen du.
Baina Estatu mailan izan dugu, emakumeari askatasun handiago bat ematen zion lege baten adibidea, eta hau, Catalunya-ko "Generalitat"-ek jarri zuen abortuaren gaineko legea izan zen. Lege honek, antisorgailuen erabiltze librea eta abortuaren legalizapena agertu zuen. Baina hau, Catalunya-ko historia bat izan zen. Gure egoera oso desberdina izan da eta larri dirau.
Beharrezkoa dirudienez, hemen, nahiz laburki egin, antisorgailuen eta abortuaren gain, informazio bat emango dugu.
Antisorgailuen artean, ezagutuena eta eztabaidatuena, PILDORA da. Zer eginkizun betetzen du pildorak? Normalki, emakumearen gorputzak, bi hormona moeta ekoizten ditu bere hileko zikloan, estrogenoa eta progesterona. Zikloaren bostgarren egunean, gorputzean estrogeno gutti dagoenean, beste hormona bat sortzen da, FSH izena duena. Honek, arraultzaren haziera ekoizten du arraultzategi barruan. Pildorak egiten duena hau da: estrogenoa gorputzean sartu zikloaren hasieratik eta horrela ez da FSH-rik sortzen eta FSH-rik gabe ez da arraultzarik hazten; arraultzarik ez izatean, gizonaren espermatozoideek ezin dute noski ezer ernaldu, beraz, ez daiteke umerik egin.
Progesterona sintetikoa, bi eratan erabiltzen da pildoretan: Batzutan, lehendabiziko 15-16 egunetan estrogeno hutsa hartzen da eta azkeneko bost egunetan, estrogeno eta progesterona konbinaketa bat. Beste pildora moeta batzutan, 20-21 egun artean konbinaketa bat hartzen da. Hau, lehengoa baino hobeago da, ezen pildorak dakartzan bigarren mailako ondorioak, estrogenoaren eginkizunagatik izaten dira gehienak. Honela, progesteronarekin nahastean, hauk guttiagotu egiten dira eta nahiz arraultza hazi eta ernaldua izan, ez daiteke umontzian ezar, progesteronaren eginkizunari esker.
Pildora konbinatu hauk, esan bezala, 20-21 egun artean hartu behar dira, geratzen diren 7-8 egun horietan, hilekoaldia etortzen da. Efektibotasuna, esan daiteke osoa dela, ahaztu gabe hartzen badira. Bi egun edo gehiago igarotzen baditugu hartu gabe, posible da umedun geratzea. Pildorarekin hastean, hobe da beste antisorgailu bat batera erabiltzea lehenengo hilean, bai eta beste pildora moeta bat hartzen hastean ere. Umedun geratu nahi izanez gero, aski da pildora uztearekin. Arraultzategiak lan egin gabe denbora luzean egon direnez, beharrezkoa da hil batzu igarotzen uztea pildora hartu ondoren, ume bat sortu baino lehen.
Asko hitzegiten da ere, pildorek dakartzaten arriskuetaz. Zeintzu dira arrisku hauk eta zeintzu emakume dira pildora hartu ezin dutenek?
Odol zirkulapenari dagokionean, dirudienez, pildorak odolbatuak sor ditzake. Hau benetako arrisku bat da eta garrantzizkoa da, hartu baino lehen eta hartzen duen bitartean ere, medikuak emakumeari aldizka odol azterketak egitea.
Gibela gaizki duen emakumeak, ez dezake pildorarik har hau sendatu arte, ezen gibela da lan egiten duena progesterona eta estrogenoaren metabolismoan.
Esnea ematen ari diren emakumeek eta "fibrosis cística" dutenek, ezin dute inolaz ere pildorarik hartu.
Pildorak kantzerra sorrerazten al du? Ez dago hau gertatzen denaren frogarik. Hori bai, kantzerra gorputzean bertan baldin badago, estrogenoak gaiztotu egin dezake. Beraz, garrantzizkoa da, pildora hartzen hasi baino lehen, umontzia eta bularrak medikoki aztertzea.
Pildorak, umeentzat kalterik ekar al dezake? Dirudienez, umeentzat ez dakar inongo ondoriorik, orain arte aztertu diren kasu guztietan.
Diabetesa, buruko minak, epilepsia, asmena, eta zirkulapen txarra duten emakumeek, kontu handia eduki behar dute, pildora hartzean. Beharrezkoena beti, medikuarengana aldizka joatea da, berak dena ondo doan ala ez ikus dezan.
Osasun oneko emakumeak, pildora hartzean, medikuntz azterketa bat egin ondoren, gehien komeni zaiena hartzen badute, ez dute bigarren mailako ondoriorik sentitzen normalki. Beste emakume batzuk berriz, goragaleak, nekea, hilezkoaldiaren kantitate aldaketa, bularraren zabaltzea, pisuaren handipena, buruko minak, maginitisa, sexual erantzunaren aldaketa, zokogunea, eta horrelako gauzak nabaritzen dituzte lehenengo hiletan. Gaitz hauk hiru hilabetean gainditzen ez badira, beharrezkoa da medikuarengana joatea, ezen ba daiteke beste pildora moeta bat komenigarriago izatea.
Orain arte, pildoraren arriskuak besterik ez dugu ikusi eta dituen hobariak ere asko dira. Batetik, sexual harremanen berezkotasuna osoki errespetatzen du eta hauk askatasunez eraman daitezke aurrera inongo beldurrik gabe, ez baitago huts egiteko arriskurik! Honek, gehien psikologikoki, garrantzi handia du osasunerako. Fisikoki ere ba ditu bere hobariak pildorak, estrogeno asko dutenek "aknea" sendatzen dute, eta guztiek, hilekoaldiaren kantitatea guttiagotu egiten dute eta minik gabe igarotzen dira egun hauk. Gainera, lehen ikusi ditugun ondorio txar guztiak, umedun geratzen direnek gogorkiago sofritzen dituzte, zeren kasu honetan, gorputzak estrogenoa eta progesterona sortzen baititu, pildorak sintetikoki sortzen dituen bezalaxe, baina maila handiagoan... Beraz, bakoitzak egin dezala bere aukera!
Guttiago ezagutzen diren antisorgailuen artean, ESPIRALEA dugu. Plastikoz edo metalez egindako mueile edo espirale bat izaten da. Espirale hau, umontzian sartzen da, hari bi maginatik at uzten direlarik. Nola betetzen duen bere eginkizuna, oraindik ez dago oso garbi, teoria asko baitaude honen gain. Efektibotasun aldetik, hutsak 2 %koak izaten dira, beraz, pildora ondoren, metodorik zihurrena hau dugu.
Arrisku bezala, sexugaitzak harrapatzeko erraztasun handiago bat izaten da, espiralea erabiliz gero. Batzutan gertatu da, espiralez umontzia zula; tu egin dela, baina oso kasu guttitan eta beti, gaizki ezarria zegoelako. Horregatik, beharrezkoa da mediku bat izatea espiralea jartzen duena. Pildoraren aurrez duen hobaria hau da: bigarren mailako ondorioak genitaletan geratzen direla eta ez dute gorputz osoa ukitzen, beraz sortzen diren gaitzak sendatzea, errazagoa da. Baina emakume asko dira ez dutenak barruan gauza arrotz bat eramatea atsegin. Zeintzu emakumerentzat izango litzateke arrisku bat espiralea eramatea? Sexugaitzak, maginitisa, umontzi ttikiegia eta hilekoaldi ugariak dituztenentzat kaltegarri da espiralea jartzea eta beste antisorgailu bat erabili beharko dute.
Baina, emakumeek lehen erabili zuten antisorgailua ez ziren pildora eta espiralea izan. Hauk, 1960garren arte ez ziren ezagutzen. DIAFRAGMA izan zen 1880garrenean erabili zen lehen antisorgailua. Diafragma hau gomazko tresna ttiki bat izaten da; espermatozoideak hiltzen dituen krema bat jartzen zaio eta maginaren atzeko aldean ezartzen da. Hutsak 2-10%koak izaten dira, gehienak, erabiltzen den krema espermerhailea ez delako oso ona, beraz, kontu eduki behar da krema hau erostean, efektiboa izan dadin.
Diafragma, sexual harreman bat izaten den aldioro jarri behar da. Hau batzurentzat arazo bat da, harremanari espontaneitatea kentzen duelako, beste batzuk berriz, bere maitasun jokuaren parte egiten dute diafragma jartze hau. Norentzat ez da komenigarri antisorgailu hau erabiltzea? Umontzia bere tokitik at duten emakumeentzat. Bestaldetik, emakume batzuri nazka ematen die harreman bakoitzean tresna hau bere maginan sartu behar izateak, horiek hobe dute beste antisorgailu bat erabiltzea, ahal ba dute, nazka hau gainditu arte behintzat. Erabili nahi dutenek, kontu eduki behar dute diafragma erostean. Espainiar estatuan ez da fabrikatzen; eskatzekotan, mediku bati eskatu behar zaio eta lehen, azterketa sakon bat egin behar da maginaren neurriak hartuz eta guzti. Behin neurriak jakinez gero, medikuak diafragma eska dezake. Emakumeak diafragma eskuratu duenean, ondo jartzen ikasi behar du eta medikuak erakutsi beharko dio nola egin.
Antisorgailu honek dituen abantailak ondoko hauk dira: ez ditu bigarren mailako ondoriorik, ondo erabiliz gero efektiboa da, hilekoaldia dugun bitartean sexual harremanak izateko oso ondo dator, odola pasatzen uzten ez duelako.
Diafragma, emakumearen preserbagarri bat den bezala, ba dago gizonak erabili behar duen preserbagarri bat ere antisorgailu gisa, eta KONDOIA deritzo. Hau libreki saltzen da gure herrian, zergatik?; ba emakumea sexualki askatzeko asmatu ez zelako, baizik eta gizonek beren sexual harremanetan sexualgaitzik har ez zezaten, eta noski, gizonaren sexual harremanak "zilegizkoak" dira gure gizarte honetan... ez horrela emakumearenak. Dena dela, antisorgailu bezala erabil daitekeenez, positiboa dirudi kondoia, gainera, gizonak ere bere errespontsabilitatea hartu behar duela uste dugulako, eginkizun honetan. Efektibotasun aldetik, bakarrik erabiltzen bada, 15-10%ko hutsa izan dezake. Krema espermerhaile batekin batera erabiliz, ez dago hutsik. Kondoiak, gizonaren sentikortasuna guttiagotu egiten du; hau gizonek desabantail bat bezala ikusten dute, baina zenbait kasutan oso ondo dator, sexual harreman luzeago bat posible egiten duenez.
Batzutan, antisorgailu bezala, espermerhaile hutsak erabiltzen dira, bai FOAM-AEROSOL moduan edo krema gisa. Hauen eginkizuna, dakigun bezala, espermatozoideak hiltzea da. Horretarako, harremana izan baino pixka bat lehentxoago maginaren atzekoaldean ezartzen da espermerhailea eta 6-8 orduz utzi behar da barruan. Efektibotasun aldetik, FOAM edo aparrak, zihurragoak dira, baina gizonaren eta emakumearen genitalak irrita ditzakete. Hala eta guztiz ere, espermerhaile hauk hobe da krema gisa erabiltzea eta preserbagarri batekin batera.
Gure herri honetan "legalak" diren antisorgailuak, erabili behar ez direnak dira hain zuzen ere. Metodo hauk ez dira efektiboak eta gainera osasunerako gaitz handiak ekartzen ditu. "Coitus interruptus", Ogino, eta horrelakoek, sexual harremanak moztu egiten dituzte beharrezkoa den lasaitasun eta konfidantza bikoteari kenduz eta gehien, emakumeari noski. Horregatik, emakumeok ez dugu metodo hauk inoiz erabili behar geure sexualitatea bilakatu nahi badugu.
Morale itxurati baten bidez, antisorgailuen erabilketa hertsatzen dutenek, beste aldetik, interesatzen zaienean, metodorik efektiboena erabiltzen dute: ESTERILIZAPENA. Emakumeentzat esterilizapen hau, Falopioren tronpak moztea edo erretzea da; esterilizatua izan den emakume batek ezingo du inoiz umerik eduki. Gizonak ere esterilizatuak izan daitezke "vasectomía" deritzon operazio bat eginez. Esterilizapena, kapitalistek, beltzekin, indiarrekin eta beste herri zapalduekin erabili eta erabiltzen dute, operazioa sofritzen duten emakume eta gizonei eritzirik eskatu gabe. Eta gu honen aurka gaude. Antisorgailuak, pertsonaren askatasuna lortzeko bidean nahi ditugu erabili eta bakoitzak erabaki beharko du zer nahi duen egin bere gorputzez, eta umerik nahi duen ala ez.
Gizonari dagokionean, ikertzapenak egiten ari dira berak hartzeko antisorgailu efektibo bat sortzen duten edo. Uste dugu, gizonak umea egiteko parte hartzen badu, ez egiteko ere bere errespontsabilitatea hartu behar duela. Baina gauzak dauden bezala kontzientzia aldetik, hobe dugu emakumeok gizonaz ez gehiegi fidatzea gai honetan, geu baikara umedun geratzen garenak ondorio guztiekin... Orain, urrats bezala lortu behar duguna zera da: ANTISORGAILUEN LEGALIZAPENA, Seguritate Sozialaren partetik ordainduak izatea eta emakume guztientzat, aldizka beharrezkoa dugun medikuntz azterketa pasatzeko eskubidea. Beste aldetik, antisorgailuen gain eta geure sexualitateari eta gorputzari buruz informazio sakon bat behar dugu jaso ttikitandik.
Ikertzapenaren aurrerapenak ere exigitu behar ditugu, orain ditugun antisorgailuak hoba ditzaten, beren erabiltzeaz geure osasunean ondoriorik izan ez dezagun.
Itziar Urtasun
Zapaburu birbiztua
Kaleko [Komikia]
OLARIAGAKO
Irakurle batek bidalirik, hona hemen aste honetarako belarridunak.
Guk geuk, behialako España no hay mas que una haren kontrara edo, ba genekien Bizkai bat baino gehiago zeudela Euskal Herrian, baina oraingo honek erabat nahastu gaitu, Hirugarren Bizkaiko bertsolari gaSteen txapelketa hori zein Bizkaitan egingo den ez dakigulako. Bizkaiko bertsolari gazteen hirugarren txapelketa ez ote?
Zeanuritarrek, gainera, Euskal Herriari hainbeste fraide eta monja emateagatik edo, beren herria, Zeanuri beharrean, Ceanuri jarrita ikusi behar dute.
Gure hizkuntzaren kontrako atentatu kriminal eta, orain esaten denez, asasino guztiongatik, urrezko astabe(rtso)larri bana erregalatzen diegu egileei gaztigutzat, hurrengoan bekatu itsusi horretatik zuzen daitezen, bertso hobeak eginez. Kitto!
Ni ez naiz foot-ballzalea eta horrexegatik ez nintzen Madrilera dibisak bertan uztera joan. Aitor dezadan, ordea, ba dudala nolabaiteko pena gure Athletikoaren zorterik ezagatik.
Penagarriagoa baina, Burgosekoa. Egia esan, kazetek barreiatu dituzten albiste nahasiengatik oraindik ez dut ongi ulertu bertan zer arraio gertatu zen.
Batzuk diotenez, burgosatarrek euskaldunei burla egin, harriak bota, automobilen beirak hautsi eta ikurrinak erre omen zizkieten.
Beste batzuk, ordea, bilbotarrek mila pezetakoak erakutsiz eta ongi pusketak jaurtikiz Burgoseko jendea probokatu egin zutela diote.
Batzuen eta bestean aldebatekokeria ikusita irakurle zuhurrak erdiko bidea hartu beharko du egia jakiteko, bertsio bien artean synthesis bat eginez.
Horrela, Burgosen gertatu zena, hauxe izan zela pentsatu beharko dugu: Burgoseko jendeak, ikurrinez hornituta, euskaldunei mila pezetakoak erakutsi eta ogi pusketak jaurtiki zizkietelako, beraik autobusetatik jendearen kontra harrika hasi zirela, Burgoseko jende gaixoa gaiztoki zaurituz. Indar Urdina agentziak holaxe emanen du, seguraski, berria