ANAITASUNA

1977.EKO ABUZTUAREN 15EKOA

345. ZENBAKIA

35 PTA.


[AZALA]

askatasuneranzko pausoak


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-5. Donostiatik

6-10. V. U.E.U.

11. E.H.N.E.: Nekazarien Elkartasuna

12-15. Muntaiako greba. Sener

16-17. Ekonomia

18-19. Ipar Irlanda

20-21. Komikia

22. Oinharrizko euskara

23. Mugarik ez

24. Doña Prudentzia

25-27. Gernikako Batzarreak eta Euskara

28. Georgiarrak Euskal Herrian

29-33. Mendez Ferrin

34-35. Musika

36-37. Postak

38-41. Sexual Harremanak

42. Kalekoa

Makinistak: Itziar eta Idoye

Maketapena: Erramon Zumalabe

Muntaiak: Txomin

Argazkiak: Arkoila

Moldiztegia:

Graficas San Pedro

Part. Alzola, 2

BILBO

Dep.Legal: BI 1753-1967


Editoriala

Askatasunaren aldeko pausoak

Herriz herri "Askatasunaren Ibilaldia" Euskal Herri guztian dabil; han hemen, herri guztietan izan da errezibitua. Herritarrek besarkatu, babestu eta etxeratu egin dituzte Ibilaldiko lagunak. Kasu honetan ere, herria da libertateen aldeko burrukan gudari trebeena. Ez da dudarik, euskal herriak jakin daki nondik nora jo behar duen bere nazional eta herritar libertateak lortzeko.

Asko kostatu zaizkigu lortu ditugun libertate mugatuak: odol gehiegi, heriotza gehiegi, tristura gehiegi; libertateak aldiz: mutilatuak edo libertate ezak. Ez digute aukera gehiegi eman; zigorra ariniki.

Halere, eta behin komentatzen genuen bezala: ikasia dugu katixima, ondo ikasia. Ikasia du gure herriak bere barnean duen oldarrak ekar diezaiokeela libertatea; libertateaz ez dagoela tratu egiterik; libertatea ezin daitekeela parlamentu batetan eztabaida, exigi baizik.

Herriak, inposatu eginen du libertatea.

Batzuren hitzetan —guztiok dakigu zeintzuren hitzetan— Askatasunaren Ibilaldiak ez du zentzurik. Bizkarra ematen diote herri honi. Zerk ez du zentzurik, Askatasunaren Ibilaldiak ala askatasunaren aldeko pausoak? Agian PNVek pentsatuko du egunen batetan Gorteko guztiak nigar sotinka ipiniko dituela Irujoren diskurtsu batekin, eta egun berean Euskal Herriaren askatasuna lortua izanen dela. Behar bada, Suarez jauna nigarrez ikusiko dugu Euskal Herriaren oinazeagatik damuturik!

Monzonen hitzetan, berak gudarien kolumna zekarren, ez gara hain konforme, kolumna guztiak dira gudariz osaturik, nahiz eta berarekin etorri zirenak gudari maitatuenak, nabarienak eta saiatuenak izan.

Jauntxo eta gizonttoen hitzak ezer gutti balio dute herriaren oldarraren aurrean.


Euskal Herrian

Villa Salia. Herri burrukaren lorpena

Egia hauzategia ere, perretxikoak bezala, hiri inguruetan sortu oni diren hauzo langile horietakoa da, jende gehiena etorkina delarik eta etxateria sailak aurretiko urbanizaketarik gabe ta zer esanik ez, jendearentzat ekipamendurik gabe eraikia. Paper gehiegi eramango liguke Atotxako dorre mamuaz, Kristinaenea parke antzuaz eta Egiako zenbait itxuragabekeriez aritzeak.

Sei bat urte ba dira Egiako "Aitor" gaueskolako zenbait hauzotarren asanblada batean "haurtzaindegia" baten premia gorria nabaritu genuela, eta baita lanari ekin ere, laster muntatu baitzen Donostiako Aurrezki Kutxaren babespean andreak promozionatzeko etxezuloan haurtzaindegi txiki bat.

Urteak joan, urteak etorri, behar beharrezko diren haurtzaindegi, jubiletxe eta hauzoetxe bat lortzeko makina bat komeriatan ibiliak dira. Hauzo elkartea, beste hauzategietan bezala, hutsune hauk betetzeko jaio zen. Baina, udalaren aurrean, ministergoetan, e.a. ahaleginak eginda ez zen laguntza ofizialik eta hauzategirako ez zen pulamentuzko gauzarik lortzen.

Duela urtebete aurkitu zuten zorioneko Villa Salia, goroldioz eta zakarrez estalia eta munduan galdurik balego bezala ahaztua. Egiako hauzotarrek begia jarri bezain laster hauzo asanbladak eratu eta Villa txukuntzen ihardun zuten. Baita villa bertan batzarre batzu eratu ere "Villa Salia" nola erabil beharko zuten eta estudiatuz. Baina, hara! INP Jaun eta Jabea (langileena ez noski) bere lozorrotik esnaturik Villa tapiatu, itxi eta erabat hesitzen du. Baita "jabegotasun sakratuaren kontrako" atentadu eta protestak itotzeko polizia jarri ere.

Zenbait gorabehera eta joan etorrien ondoren, egiatarrek udalaren laguntzeko hitza iresten dute eta INP-k, berriz, ez zuen eragozpenik jartzen udalak hauzategirako erostekotan. Bainan, gauzak horrela, Villa Saliaren subasta haizeratzen da, eta egiatarrek berriro INP-ra, udalera ta Gobernariarengana jotzen dute. Denek hitz politak eta promesak egiten dizkiete, eta gobernariak subastarik ez zela hospatuko hitza eman ere bai. Eta hara nundik, subasta eguna izendatu eta subastan Villa Salia, Coca jaunan agintzen zaio 8.000.000 ren ordainez.

Lotsagarrizko hitz hauste ta gertaera honek, jakina, tximistak eta trumoiak baino ekaitz latzagoan lehertu zituen egiatarrak. Hauzo asanbladan, hauzo asanbladan diot eta ez Hauzo elkartean, hauzo elkartea desegina baitago, eta dagoeneko hondarrak esan duenez hauzo elkartea ez da asanbladaren eta manifestazioen arduradun egiten. Egiako hauzategian, ordea, ba da edozein hauzo elkarte baino baliosgarriago dena, hau da, hauzo konzientzia eta konzientzia borrokalaria.

Eta Uztailaren 26, astelehen arratsalderako egiatarrak deitu eta antolaturik manifestazioa muntatzen da Donostiako udalaren aurrean. Udaletxe ondoan hitzalditxo bateko beste ematen dira, eta bien bitartean Egiako batzorde batek udaletxera sartzea lortzen du. Batzorde hau Munoz alkatehurrengoarengana zuzentzen da, Otazu alkate jauna Madrilen baita, eta jendartera jaistea ala jendea udaleko plenora igotzea eskatzen zaio, herri batzarrean esplikazioak eman ditzaten. Eta Munoz jaunak batzordeak arduradun egitea nahi ez zuelako edo... ez jaitsi eta igotera ere ez zuen utzi.

Batzordea jaitsi eta manifestaldiari alkatehurrengoaren jarrera agertu ondoren bozketa egiten da eta jende gehienak herrikoetxean sartzea erabakitzen du, eta halaxe, atez barruko munizipaleri ateak zabaltzeko eskatu zitzaien. Haiek ez zituzten zabaldu nahi izan, eta besterik gabe, gazte talde batek mailu batekin ateko bidriera alde bat zatikatu zuten beira hotsez, eta sarraila bat hautsi.

Behin ateak zabaldurik jendea plenoko gela nagusira igon zen eta Villa Saliaren aldeko bi zapi, euskarazkoa eta erdarazkoa, balkoietatik zintzilikatu ziren.

Herri asanblada munizipalak

Plenoa poliki poliki herriko jendez betetzen da eta mahaian egiatar batzuek, horien artean Regina andre burrukalari fina eta sutsua eta Munoz, alkate gisa, esertzen dira. Herri asanbladaren plenoa bezala eratzen da, eta txandan mintzatzeko hitza eskatu behar da, eta halaxe egin behar izan zuen Munoz jaunak ere. Batzarrea bukatzeko eta Munoz jaunak azkenik hala onharturik, asteartez hurrengo arratsaldeko 8-retan plenoa hospatzeko geratu zen udaletxeak egiatarrentzat Villa Salia erosten duelako konpromisoa ofiziala izan zedin.

Astearteko arratsaldean badator Atotxatik barrena milaka bateko ibilaldia udaletxerantz, polizia auto bat hurbiltzen zaie, baina manifestaldiak "Sobran policías, faltan guarderías", t.a. oihukatzen zuten.

Udalaren aurrean beste mila pare bat ba zegoelarik, jende pilak sartu ziren udaleko plenora, nahiz eta alkateak irrati bidez "beharrik ez zela plenorik ez zegoelako" deiak egin. Behin plenoko herri batzarrea hasi eta gero, hara 20ren bat polizi automobilak, antidisturbioen jabe, udalaldera saltatzen dute, eta istant batean uholde baten gisan udalaren inguruko andre, haur, zahar eta jendealde guztia garbitzen da. Armadakoek plenoraino sartzen dira, baina asanbladariek herrikoetxean zeudela errepikatu zieten poliziei. Armadakoen buruzagiak atxakiak eskatzen ditu, udaletxeari su eman ziotelako abisua pasatu omen zioten eta. Eta artean, alkatearen zain zeudenez, besterik gabe, alkatearen bila joan eta alkate berarekin itzultzen da plenora.

Eta horrela bigarren herri batzarre munizipala eratzen da. Azkenik, Munoz jaunak udalak silaturiko paperean Villa Salia erosi eta Egiako hauzo asanbladaren edo beronek izendatutako batzorderen baten eskuetan uzten duela izenpetzen du. Munoz jaunak hurrengo egunean izenpetu zuena zuzentzat jota ere, horra hor Otazu jauna Madriletik itzulia, jokuen komerzializatzeak eta legeztapenak dakartzan abantailak adierazita, noski, gauzak lasai eta bere martxan hartu behar direla aipatuz eta Villa Salia Egiako haurtzaindegirako jarriko bada ere, Munozek izenpetua bortxaz izandu zela eta baliogabekotzat joaz. Dena dela, subastako tramiteak mozturik udaletxeak erosiko du zorioneko Villa Salia egiatarrentzat. Bada zerbait.

Datozen munizipal hauteskundeetarako ba dugu zer ikasia. Ikusia baitago herriak zuzenki hartu behar duela parte herrigintzan, hau da, udaleko gestio eta erabakietan. Eta beraz, herri asanbladak no nahi ere istituzionaldu edo erakundetu egin beharko dira, udalak alderdi klasikoen menpeko uzteke.

Alex

HASI bat egiten da Egiako Villa Saliaren aldeko herri mobilizapen eta Asanbladekin.

Donostialdea eskualdeko HASI-k bultzatzen ditu:

1) Egia hauzategirako Villa Salia lortzeko eratu diren herri mobilizapenak, garbi geratu baita hauzategietarako hain beharrezko diren haurtzaindegia, aiton etxea, kultur etxea, e.a. agintearen atzamarretatik ateratzeko ez dela beste biderik.

2) Hauzo batzarreak eta Donostiako "pleno munizipalean" prestatu diren herri Batzarreak, herri asanblada horik kontsideratzen bai ditugu herriko erakunde nagusiak, eta guztiz beharrezkoak udalaren arazoak herriaren benetako partehartze eta kontrolpean eraman ahal izateko.

3) Asanblada mugimenduari langile, hauzo, herri, eta abarreko maila orotan, edozein sistima bozketatzaile (elektoralista), kontzejalista edo parlamentaristaren gaindik lehentasuna ematea.

Donostialdea eskualdeko HASI


Euskal Herrian

Txalo Plentziari

Plentziako hondartzan laguntza zerbitzu on bat dago. Bozgorailuen bidez haur, nagusi eta gauza galduen berri ematen ohi dute, bai eta musika jarri ere. Honaino ez dago ezer berezirik, pentsa dezake irakurleak, eta egia da. Baina Plentziaren meritua honetan datza: bozgorailuen bidez galduen ezaugarriak lehenik euskaraz eta gero espainolez egiten direla, eta jartzen duten musika, gehien-gehienik bertokoa eta aurrerazalea dela. Eta hori, berez normala izan beharko litzatekeen arren, oraindik ez da zoritxarrez hain gauza komuna gure artean.

Bihozkie gure zorionik beroenak Plentziarrei.

Xabier Kintanak


Euskal Herrian

Ziztu P.S.O.E.-ri

Uztailaren 10ean, Askatasunaren ibilaldia Gernikan hasten zen egun berean, handik gertuan, Santimaminen, gertakari lotsagarri bat ikusteko era ukan genuen. Ikastola batetako haurrak, hara joanak ziren, bertako haitzulo eta irudi famatuak ikustera. Han, hauk ere autobusean etorrita, beste talde bat zegoen, Eibarreko P.S.O.E.koez osatua. Haitzulozaina bere azalpenak erdaraz ematen hasi zenean, ikastolako guraso batek, mesedez hasieran euskaraz egiteko eskatu zion, bertan zeuden haurrek euskal kultura beren hizkuntzan jaso ahal zezaten. Orduan zaina, euskalduna izanik, pozik gainera, euskeraz mintzatzen hasi zen, argitasunak gure berbetaz oso ongi eginez. Bisitalarien taldean zihoazen P.S.O.E.ko batzu, ordea, protestaka hasi ziren, espainolez egiteko exigituz. Haurren gurasoen aldetik erantzute gogorrak eta tirabira latzak egon ziren haiekiko. Lotsagarriena, gainera, zera zen, P.S.O. de Euzkadi horretako batzu euskaldunak zirela, eta euskeraz erdaraz egiteko exigitzen ziotela haitzulozainari!!!

Arazoa, noski, azalpen ttiki eta laburrak bi hizkuntzetan eginez konpondu behar izan zuen zainak, diplomaziaz, baina kontua hor dago. Euskaldunoi geurean euskara egiteko traba ipini nahi izan zigutela. Bere jarraitzaileak horrela mentalizaturik eta hezita dauzkan Partido Socialista Obrero Español de Euskadi batek zer nolako elebitasunik proposa diezaguke? Bere kide euskaldunak beren buru eta naziotasuna ukatzera ohitu dituen partido horrek ethnozida izena besterik ez du merezi, ez horixe.

Xabier Kintanak


Euskal Herrian

Iruiñea 1977: V. U.E.U.

Gure Herriaren birpizkunde mugimenduaren barnean, Udako Euskal Unibertsitateak leku garrantzizkoa betetzen duela esatean, ez dut uste inork eritzi hori dudatan jarriko duenik. Bai, Udako Euskal Unibertsitateak katalizatzaile eta bultzatzaile gisa joka dezake, jokatzen ari da eta jokatu behar du gure Herriaren buru altxaketa neketsu honetan. Horregatik, pozgarria da guretzat —beste norbaitentzat mingarri gertatuko da agian— UEUren hazkundea ikustea. Urtez urte, gero eta jende gehiago, gazteria nagusi, gero eta maila gorago, ikerketarako giro hobea,... Eta, batez ere, jendearen parte hartzea, eta urte osoan zehar lan egiteko gogoa. Gauza horik guztiok ezin daitezke numeroen bidez neur, zer esanik ez, baina, hala ere, estatistikek beti ematen digute informazio zenbait, osoa ez bada ere. Hola, bada, aurten Iruiñean hospatu den V. UEUren berri laburra emanen dizuet numeroen bidez.

Datuak nola bildu diren

Aurtengo ekitaldia Iruiñeko Larraona ikastetxean burutu da. Bertan zegoèn idazkaritzan, 503 pertsona matrikulatu dira.ofizialki. Hala ere, horietaz gainera hainbeste jende joan izan da egun bat edo besterako, eta horrela, gutti gorabeherako kalkulu batez, 700 edo 800 bat pertsona ibili direla esan dezakegu, batere exageratu gabe. Pertsona horien artean inkesta bat banatu zen. Inkesta honi erantzun diotenak 407 izan dira. Hemen agertuko ditugun datu eta portzentaiak, horien erantzunetatik atereak izan dira. Hona, bada, inkesta horren emaitzak.

UEU-ren partaideen jatorria eta egoera

Hurrengo koadroetan partaideen jatorriari eta adinari buruzko portzentaiak ageri dira.

Jatorrizko probintzia %

Araba 2

Bizkaia 38

Iparraldea 2

Gipuzkoa 42

Nafarroa 15

Bestelakoa 1

Adina %

20 urtetarartekoak 25

21-25 urtetakoak 35

26-30 urtetakoak 21

31 urtez gorakoak 18

Batezbesteko adina: 23 urte

Datu hauek zenbait iruzkin merezi dute. Batetik, bizkaitarron pozgarri, Bizkaia gero eta indartsukiago ari da euskal kulturagintzan abiatzen, horrela giputzen nagusigoa hain nabarmenkiro agertzen ez delarik. Nafarroa ere maila onean ageri izan da; Iruiñean izateak asko lagundu dioke. Araba eta Iparraldea, ordea, oso motelki parte hartu dute. Gogor saiatu beharko dugu hutsune horik betetzen. Ihazko datuekin konparatzea ere interesgarria dateke. Honela izan zen ihaz A (0'3 %) B (34'9 %) I (8'4 %) G (49 %) N (7'2 %). Erraz ikus daiteke, nolakoa izan den aldaketa. Adinari gagozkiola, gazteriaren parte hartzea somatzen da, etorkizunari begira honek sortzen duen esperantzarekin. Hala ere, kezkatzekoa dateke, urteetan sartuago direnen hutsunea. Zer dela eta ez dira UEUra gehiago hurbiltzen?. Belaunaldien arteko eten sakonegia sortzeko arriskua dakusat puntu honetan.

Sexoari eta egoera zibilari buruzko datuak, hurrengo koadroetan ageri dira.

Sexoa %

Emakumezkoak 49

Gizonezkoak 51

Egoera zibila %

Ezkongabeak 74

Ezkonduak 20

Alargunak 1

Elkartuak 5

Lanbidea

Irakasleak 34

Langileak 20,5

Ikasleak 42

Geratuak (lanik gabe) 3,5

Koadro hauetaz ere, zenbait ohar egitea komeni da. Egoera zibilari buruzko koadroan jartzen duen "elkartuak" hitzak zenbait eztabaida sortu zuen. Ez zegoen argi, komunitate berezitan (fraide elkarte eta antzerakotan) bizi izatea adierazi nahi zen, edo eta alderantziz —badaezpadan, inor haserre ez dakidan, oso alderantziz esanen dut— gizon-emakumeak ezkondu gabe baina arrimaturik bizitzea adierazi nahi zen. Horregatik ez da argi ikusten 5 % horren esangura. Eta fraide eta apezen aurka edo sartzen hasi garenez —monjarik ez dut uste zegoenik—, diodan ezen, fraide eta apez gehienek langile edo irakasle direla erantzun dutela. Interesgarria benetan.

UEU eta euskara

Guztiok dakigunez, euskara da UEUn erabiltzen den hizkuntza. Izan ere, guretzat ez du zentzu handiegirik euskararik gabeko Euskal Herri (edo Euskadi, agian) posible batek. Horregatik lehen mailako garrantzia du, gure eritzian, Euskal Herriaren euskalduntza eta alfabetatze prozesuan. Hori dela eta, guztiz esperantzagarri da euskaldun ikasi edo berrien parte hartzea; eta hurrengo koadroan ikusten denez, asko dira euskal kulturaren hazkundean ari diren euskaldun berriak: 24'5 %.

Ikaste haroaren arauerako sailkapena %

Betidaniko euskaldunak 75,5

Euskaldun ikasiak 24,5

Ezaguturiko lehen euskalkia %

Bizkaiera 35

Gipuzkera 45

Nafarrera (G eta B) 6

Lapurtera 2

Euskara batua 12

Euskalkiei gagozkiolarik berriro ere gipuzkeraren nagusigoa ageri da, bizkaiera ere ia parean doalarik. Zuberoa ez da agertzen sailkapen honetan, nahiz eta bizpahiru zuberotar egon, antza denez hauek inkestari erantzunik eman ez ziotelako. Ohargarria da, euskara batuaz zuzenki ikasi dutenen kopurua.

Erabilitako gaiak eta egindako saioak

Sintomatikoa da erdal munduan higitzen den jendeak UEUri buruz duen eritzia. Sarri —eta informazio deformatu eta eskasaren kausaz— euskara ikasteko ikastaro arrunta dela uste dute, baina hortik gora unibertsital gaiak lantzeko ahalmenik ez duela. Hala ere, oraindik mailarik gorena lortu ez badugu ere, jadanik ba gara gauza, gai asko eta asko unibertsital mailan lantzeko. Eta lekuko gisa, hor dohakizue aurten erabilitako gaien zerrenda: D eta B mailetako tituluak ateratzeko ikastaroak, Linguistika, Literatura, Ekologia, Kimika, Algebra, Fisika, Artea, Kalkulua, Soziologia, Pedagogia, Zientzia Politikoak, Geografia, Medikuntza, Psikologia, Historia, Filosofia, Deretxoa, Ekonomia, Nekazaritza, Natur Zientziak, Komunikabideak eta Langile mugimendua.

Eginiko Saioak

511 Ikastaldi desberdin

40 Mintegi

13 Hitzaldi

Antzerki bat

Bertsolari jaialdi bat

Kontzertu bat

Euskaltzaindiaren batzarrea

Denetara: 594 lanordu

Ikusten denez, 13 egun eskas izan badira ere, hainbat lan egin da. Igandea kenduz, eta zatiketa erraz bat eginez, egun bakoitzeko 49'5 lanordu ageri dira. Ez da makala, gero!

A! Eta ahantzi gabe, kirol lehiaketak ere aipatu behar ditugu: Pilota eta futbola. Futbolean nesken talde bi eta mutilen bost talde. Eta anekdota bat kontatu behar dizuet. Lehiaketako partidu batetan, lerro hauk idazten ari den kokoloonek ukondoko hezurra atera nuen —eskuiñekoa gainera— eta besoa igeltsaturik dudala, hemen nago idatzi ezinik. Baina, tira! Lehiaketak arrakasta handia izan duela esan dezakegu, eta ordurako osaturik egonen naizelakoan, datorren urtean ere parte hartzeko prest nago!

Irakasleak

Euskeraz irakasteko ongi prestaturiko irakaslerik ba ote dago? Hauxe da, Euskal unibertsitatean sinesten ez duten askok, kontra egitean erabiltzen duten argumentua: euskal irakaslerik ez omen dago Hala ere, aurtengo ekitaldian 99 irakasle aritu izan dira. Egunean-egunean irakasle berriak ditugu. Ihazko ekitaldian 60 irakasle aritu izan ziren. Eta haietariko batzu etorri ez direla kontutan hartuz, irakasleen kopura bikoiztu egin dela esan Ez da abiada makala! Ea eusten diogun eta irakasle berriak prestatzen ditugun! Zeren eta irakasle euskaldunak eduki nahi baditugu, geuk prestatu beharko baititugu. Eta gaur egun, UEU da euskal irakasleak prestatzeko eta kaleratzeko bizitegi eta haztegirik ia bakarra.

Argitaraturiko textuak

Aurtengo ekitaldiko beste aurrepauso bat, argitaratu diren textuekin eman dena da. Benetako liburuak argitaratu dira eta horrela UEUren biblioteka propioa osatzen hasi da. Denatara 1500 horrialde baino gehiago argitaratu dira eta beste horrenbeste argitaratu gabe geratu dira medioen faltaz: Algebra, Fisika, Kalkulua, Kimika, Literatura, Medikuntza, Natur zientziak, Ekologia (3 liburu), Filosofia, Linguistika, B mailako titulua (3 liburu), D mailako titulua (3 liburu).

Harturiko esperientziaz baliatuz, dudarik ez dugu egiten datorren urtean oraindik lan gehiago eta hobeak argitaratuko direnik.

Berri emaileak eta komunikabideak

Oraingo urterarte, UEUren berri euskal aldizkarietan agertu izan da soilik. Erdal aldizkarietan aipamen laburretik —aipatzen zenean— ez zen pasatzen. Aurten, ordea, indarragaitik edo, interes handiagoa agertu dute. Horrela, ondoko informabideetako ordezkariak agertu izan dira eta berri eman dute: Aldizkarien artean, Anaitasuna, Zeruko Argia, Punto y Hora; egunkarien artean, Deia, Diario de Navarra, La Gaceta del Norte, Unidad, La Voz de España eta El Pais; eta Espainako telebista, TVE. Berri emaileen lana arintzeko, Prentsa Bulego bat atondu zen eta bertan, egunero, ekitaldiei buruzko txosten bat prestatu izan da, informabideetara bidaltzeko.

Puntu beltza

Guztiok dakigunez, era honetako lan izugarri bat behar den moduan burutzeko, diru pila behar da. Eta hor egon da aurtengo UEUren punturik beltzena eta hutsunerik handiena. Presopostua 6 milioitakoa izan da eta mentsa 3 edo 4 milioi ingurukoa omen da. Euskal Herriko dirudunek eta bankuetxeek ez dirudi interes handirik dutenik. Noiz arte? Propaganda falta? Ez dut uste. Eta antolakunde ofizialek, zer?

Azken hitzak

Bukatu baino lehen, ez nuke utzi nahi eskertu gabe, antolatzaileek eginiko lan izugarria. Isilean, baina urte osoan zehar, mila oztopo gaindituz, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, bi aste zoragarri eta onuragarri posibletu dituzte. Eskerrik asko Martin. Eta, zaila bada ere, ea datorren urtean gehiago eta hobeto egiten dugun.

Orain arteko UEU guztietan parte hartu dudalarik, pozik dakusat panoramikoki, hainbeste izerdi-nekez hartu duen aurrerabidea. Urterik urte, mailaz gora doa, jadanik unibertsital maila interesgarrira iritsi delarik. Jadanik ez gara baserritar ezjakin haik: Kultur bidean abiaturik dauden hiritar jakinzale bihurtu gara. Eta gure irudi publikoa ere aldatuz doa. Hori garrantzizkoa da. Baina aldaketa hori posibletu duen faktorea, eta errealitate kulturala bilaka dezakeena, urte osoko lan nekeza da. Udako Unibertsitatea urte osokoa bihurtu behar dugu, eta transformakuntza hori utopikoa izan ez dadin, oraindanik hasi behar dugu lanean, urte osoan zehar, geure unibertsitateetan, geure Lizeoetan, geure eskoletan, geure lanean.

Bukatzeko, aipatu egin behar dut V. UEU honetan prestaturiko manifestua ANAITASUNA honetan bertan ageri da, eta bertan euskal unibertsitarien nahia eta eskaria ageria. Ez daitezela deituak entzungor gerta!

Besterik ez V. UEU amaitua da VI. ekitaldia jaioa da. Emankor gertatuko ahal da!

J.R. Etxebarria


Euskal Herrian

V. Udako Euskal Unibertsitatearen agiria

1977. eko uztailaren 18tik 30era Iruinean bostgarren aldiz bildurik U.E.U. hau egin dugunok honako puntuok aditzera eman beharrean aurkitzen gara Euskal Herri osoaren aurrean:

l.- Orain arteko U.E.U. etan agertu ditugun manifestuak ontzat ematen ditugu eta haietako gai guztiek zutik eta indarrez diraute.

2.- U.E.U. ren ardatza betidanik Euskal Unibertsitatearen aldeko eskakizuna izan da, beronen ezaugarri nagusiak hiru puntuotan biltzen ditugularik; unibertsitate nazionala, herritarra eta euskalduna.

3.- Unibertsitatea ez dugu elite batentzako erakunde bezala hartzen. Gure Euskal Unibertsitateak kultur erakunde orokor bat izan behar du eta, beraz, gure herriko kultur bizitza guztia bere gain hartuko eta dinamizatuko duen zerbait: ikastoletatik hasi eta goi mailetaraino.

Era berean, U.E.U. ere, bere apaltasunean, saiatuko da hau egia bihurtzen eta bere projekzioa zabaltzen urtean zehar gure herrietan, horretarako eskuartean dituen bitartekoak oro Euskal Herriko erakunde guztiei eskainiz. Geure egiten ditugu, beraz, orain jasaten ditugun hainbat bereizketa zapantzaile desegitearen aldeko ahalegin guztiak. Bereziki, eskulan eta burulanaren arteko bereizketa, gizon-emakume, ikasle-irakasle eta abarren arteko bereizketak eta banaketak.

4.- Euskal Herrian gero eta nabarmentzenago ari da Euskal Unibertsitate honen U.E.U.k uste du ordua iritsia dela Euskal Herriko kultur indar guztiak elkar hartuta behar eta nahi dugun Euskal Unibertsitate honen projektua beren gain hartzeko. Horretarako, debate zabal eta errealitate konkretu baterantz eramango gaituen Kongreso bat eratzeko premia adierazten.

Agiri honek Kongresu horretarako deia izan nahi du eta, beraz, projektu honetaz egiazki arduraturik legokeen edozein erakunderi elkarlanerako bideak zabalik uzten dizkiogu. Bide batez, U.E.U. ren idazkaritza prest dago iniziatiba honen bilgunea izateko

5.- Aurtengo U.E.U. honek erabaki du beste urrats bat gehiago ematea bere instituzionalpenari begira, hain zuzen beharrezko ikusi du bere zuzendaritza Kontseilu batez osatzea. Oraingoz Idazkariaren ondoan behin behineko Batzorde bat moldatu da, azaroaren lerako Kontseilua sortu beharko duena. Kontseilu honen egitekorik nagusienak, besteak beste U.E.U.ren araudiaren aurreprojektua prestatzea eta gorago aipaturiko Kongresoa bultzatzea izango dira.

6.- Salatzeko kontua da, bestalde, euskal kultur erakundeek, U.E.U. tartean delarik, pairatzen duten egoera larria diru gabezia dela eta. Benetako instituzionalpen baterantz joan behar dugularik, erabat lotsagarri deritzagu aurten, urtero bezala diru arazoarekin gertatu denari. Hortaz, uste dugu Euskal Herriko diruiturriak beren esku dituzten erakundeak beharturik daudela egoera honi erantzun egoki bat ematera.

7.- Salatzen dugu, baita ere, Euskal Herriak unibertsitatea mailan sofritzen duen zapalkuntza sakabanatzailea. Hor ditugu Euskal Herriaren gainetik beren interes pribatuak ezartzen dituzten hainbat erakunde; baita ere, probintziarena hutsa defendatzen duten zenbait pertsona eta talde.

U.E.U.k, beraz, Euskal Unibertsitatearen aldeko burrukan, lehen eta derrigorrezko urrats bezala, zerauk kontsideratzen ditu: Unibertsitatean barruti eta Euskal Erriko Unibertsitatea. Barruti honek erabat autonoma behar du izan gestioari, finantziabideari eta programaketari dagokienez, zor zaizkigun fakultate berri guztiez osatua, eta Iparraldeko unibertsital zentruekiko lotura berezi batez uztartua.

8.- Euskal Herriko indar politiko guztiei dei berezi bat egiten diegu, gure bideen aurrean beren erizpidia eta jarrera ageri dezaten, eta halaber Euskal Herri osoarekin batera U.E.U.k bere egiten duen amnistia eta autonomiaren aldeko burruka aurrera bultza dezaten.

Iruinean, 1977.eko uztailaren 30.ean

Iruinean, 1977ko uztailaren 30ean eta V, U.E.U.ren Batzarre Nagusian bildurik, euskal unibertsitariok bortizki salatzen eta gaitzesten dugu atzo gertaturiko Xabier Larenaren detentzioa. Izan ere, gertakari honek behin eta berriro garbi azaltzen du Gobernuaren hitz gozoak erabat gezurrezko eta maltzur direla.

Beraz, agiri honen bidez bat egiten gara herri osoaren oihuarekin: LARENA kalera eta atzerritik itzulitako guztien normalizapena.

V. U.E.U.

Iruinea


Euskal Herrian

Orreagaren eguna, Euskal Herriaren eguna

 L'imagination au pouvoir delako hura, euskaraz irudimena agintari itzul genezake. Baina edonola ere ba dirudi, irudimen faltan gaudela aspaldion euskaldunok, edo berdin dena, kultura faltan, oroitzapenik gabe.

Gure nazioak egindako burruken artean ba da bat, mundu osoan ezaguna izan arren, gure artean ia-ia ezezaguna dena: Orreagakoa. Hor, Orreagako atakan, 778. urtean, euskaldunok Frantziako Karol Haundiaren armadari lurraren, hautsaren eta odolaren gustua dasta erazi genion, eta Errolan, haren loba —edo hobeki esan, haren intzestuzko semea, bere alaba batez izandakoa omen baitzen— beste munduko gloriara betiko bidali.

Orduko euskaldunek, beraik zapaltzera zetorren enperadore harro hari bere biziko burlarik haundiena egin zioten, luzaro nigarreztatu zuena. Hortik segituko zen, gainera, La Chanson de Roland poema epiko-fantasiazko haren sortzea, frantses literaturari hasiera emanen ziona. Eta hortixek sortuko, halaber, Iruineko Euskal Erresuma, Euskal Herri politiko eta historikoa halegia, geroxeago euskaldun guztiok bilduko gintuzkeen Estatua.

Orreagako burruka gure berjabetasun nazionalean mugarri bat da, lehen mailako symbolo bat, alde bateko eta besteko euskaldunok, guztiok batera, Nafarroan, askatasunaren alde, biltzen gaituena. Hola ikusi zuten egun hori XVII mendean Oihenarte zuberotarrak, XVIIIean Joanes Etxeberri Sarakoak, eta XIXean Augustin Xaho zuberotarrak eta Arturo Kanpion nafarrak. Eta orduko burrukaren oihartzunak, luzaro harkaitz artean galdua, aurten berriz jasoa dela dirudi. Udako Euskal Unibertsitatean norbaitek hura gogora erazi du, datorren urtean, Agorrilaren 15ean, haren mila eta berrehun urteak beteko direla oroituz.

Data gogoangarria, egun nazional bat, Euskal Herriaren eguna, euskaldun guztiok hara joanik ongi hospatzekoa. Gure nazioa burrukaren bidez jaio zen 778. urtean, gure nazioak burrukan bizi izan behar du orain arte, eta gaur ere burrukan dirau, berriz ere birjaiotzeko asmoz.

Xabier Armendaritz


E.H.N.E. Nekazarien elkartasuna

Aspalditik dabiltza Euskal Herriko nekazariek beste toki askotakoak bezala beren batasuna sendotu nahiaz, elkartasunak sortzen.

Azken urte hauetako burrukaren fruitu eta eskakizun bezala, nekazal sindikatu bat burutzen ari da Euskal Herriko herrialde bakoitzean. Intentua eta nahia eragozpenez betea dagoela ezin uka, nahiz eta lehengo ixilpeko egoera hura asko arindua egon.

Ez da behar litzatekeen esperientzia, denbora eta laguntzarik. Ia dena egiteko dago, hobeto esan, egiteko zegoen, urte honetan eman diren urratsak ez baitira makalak izan nire ustez.

Ia dena egiteko zegoela diot eta noski gehienentzat bide berri bat urratzen hastea bezala izan da.

Elkartasun bat behar zen. Baina, Nortzurekin? Nolakoa? Zertarako? Bistan zegoen nekazariekin, nekazariena, nekazarientzat.

Zer egin erdizkakoekin, hau da langile-nekazariekin? Eta nekazal teknikariekin?

Lehengoak, baserritar ere ba direnez gero, onhartzen dira nahiz eta beharbada karguetarako kondizio batzu ipini. Teknikariak berriz, gustukoak direnean laguntzaile eta zerbitzari bezala onhartuko dira. Nolakoa?

 Demokrazi erakoa. Erabaki hartzea eta karguak aukeratzea, guztiz behetik gora egingo da.

 Independentea. Gobernutik, talde politiko eta ekonomikoetatik.

 Bakartzalea. Askatasun oso baten barruan eta diferentzia guztiak bat behar diren sail guztietan banatuta.

 Euskalduna. Lehenengoz Euskal Herrikoa nahiz eta herrialde bakoitzak beharrezko duen autonomia gorde. Eta noski beste nazioetako elkartasunekin erlazionatzeko eta koordinatzeko irekia.

Hau guztiau, helburu bezain oinharri gertatzen da, une guztietan eguneroko praktikan bete beharrezko baita.

Zertarako?

Nekazarien eskubideak, interesak eta nahiak aurrera ateratzeko. Nekazariek beste edozein gizatalderen mailan jartzeko. Beste euskal gizataldeekin batean, Euskal Herri libreago, zuzenago eta berdinkideago bat iristeko.

EHNE-ren Ageriak dio: "Elkartasun hau euskal nekazarien eskakizunak aurrera ateratzen saiatuko da eta burrukatuko. Eskakizunen artean: prezio zuzen eta egokiak, diru laguntza erosoak, gizarte seguru osatuagoak, zahartzarorako behar adineko erretiroa, jakintza bideak (batez ere nekazari gazteentzat), gure hizkuntza dakiten teknikariak, maizterrek darabiltzaten lurren jabe izatera iristeko modua, kontribuzio sistema zuzena, lurrari etekin ona kentzeko aurrerapen eta teknikak eta gizarte berdintasuna".

Epe motzera ekin da eskakizun hauekin eta zorrotzako bultzatuko dira noski elkartasuna sendotzen doan eran.

Nekazarien formazio maila gehitzeko, lehen ere egin da lan bat eta ardura handia du honetan elkartasun honek.

Asmo hauk guztiok, eta elkartze eta batzearen indarra adieraziz hainbat hitzaldi eta batzar hospatu dira azken aldi honetan Euskal Herriko bazter askotan eta guztietara iritsi nahi da lehenbailehen. Herrialde ezberdinetan dinamika ezberdina denez, lan hau ez da guztietan berdin egin eta batik bat Gipuzkoa eta Bizkaian izan du garrantzi gehien.

Nola nahi ere, Hego Euskal Herriko lau Herrialdeetan milaka baserritar izendatu dira elkartasun hauetan, eta hor daude lekuko dagoeneko legeztatua den Nafarroakoa Unioa, Araba, Gipuzkoa, eta Bizkaia bide berdinetik beraien batzarre nagusiak prestatzen eta egunetik egunera guztiak kidez gehitzen.

Ipar Euskal Herriari begira, berriz, ba dirudi han ere posible izango dela euskal nekazal sindikatu bat nahiz eta epe luzeagoa beharko dela antzeman.

Ene irudiko, elkartasun hauek, beren herrialde bakoitzeko antolamendutik aparte, ba dituzte epe motzera zeregin handiak: gehiago zabaltze aldetik, ekintza plan egoki bat burutu eta aurrera eramaten eta guztiek elkartuaz, herrialdekotasuna gaindituz, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sortzea,

gaur Gipuzkoa eta Bizkaiak izenez onhartua dutena berehalako batetan izana bihur dadin.

Honetan zenbait pauso eman dira eta pentsa daiteke epe motzean posible gertatuko dela.

Joxe Ma. Zeberio


Langileak

Muntaiako greba

 Muntaiako langileek daramaten greba benetan gogorra da, 70 greba-egun hauetan ekintza asko burutu dute baina haietatik ikusgarriena eta fama gehien eman diena Portugalete zubira igotea izan da, zubian, goian, lau egunez egon dira eta atzo jaistean, bertan geuden, protagonistekin elkarrizketa bat lortzeko.

 Jaitsieraren ondoko berotasunean, —benetan langile elkartasunaren manifestapena hura!— ez zen posible izan elkarrizketa egitea eta zorionak emanez hurrengo egunerarte agurtu genituen.

 Gaur goizean beren asanblada bukatu ondoren hurbildu gatzaizkie eta zubian egon ziren batzurekin taberna batetara jo dugu. Bertan elkarrizketa hau sortu da; Joaquin Bravo, Sebastian Sanchez, Victoriano Temiño, Carlos Osa, Marcelino Ramudo eta Vicente Lozano lagunekin.

 Anaitasuna: Ekintza konkretuetan sartu baino lehen ondo legoke grebaren prozesua eta grebarako arrazoiak aztertzea. Beraz, zergatik greba hau?

 Sebastian Sanchez: (Sebas da denetatik gazteena eta zubiko ekintzaren egunkaria idatzi duena). Ba dira hilabete batzu Bizkaian muntaiakoak komenio baten atzean genbiltzala. Projektu bat prestatu genuen, projektu interprobintziala bera, Bizkaiko entrepresak Estatu guztitik tajuak baituzte. Behin projektua bukatuta, bi asanblada orokorretan onhartu zen eta patronalari zuzendu genion. Patronala grebaren beldurrez batzarre batetara etorri zitzaigun eta bertan proposamendu zehatz bat egin zigun: komenio Estatala izatea zeren lanak presupostuz ematen direnez konkurrentzi problemak izango baitzituzten.

 Joaquin Bravo: Guk ondo genekusan hau, (zeren) erakuntza sendotzeko eta metaletik kanpo gure ordenantza bereziak lortzeko posibilitate bat baitzen. Beraz proposamendua onhartu genuen baina bi kondiziorekin:

1.- Komisio batzuk Estatu guztitik zehar eta gastuak pagaturik ibiltzeko posibilitatea ukan zezaten.

2.- Lantoki batetara heltzerakoan behar ziren batzarre eta asanbladak egiteko posibilitatea ukan zezatela.

Hau onhartu zen eta 5 komisio bideratu ziren, handik egun batzutara koordinaketa lortu eta komenio estatal bat prestatu zuten. Baina bat batez patronalak elkarrizketari eta negoziazio guztioi bukaera eman zien indar jarrera bat hartuz.

 Vicente Lozano: Handik 8 egunetara 40.000 langile greban ipini ziren Estatu osoan. Baina oraindik organizazio maila txikia zen eta apurka apurka jendea lanera bihurtu zen Huelvakoak eta Bizkaikoak izan ez ezik, eta hemen gaituzue 70 egunez greban. Patronala hertsi-hertsita dago bere jarreretan. Nire ustez hau normala da gaurko textuinguru sozio-politikoan, argi dagoelako gaurko krisis ekonomikoa langileen hestutasunaz antolatu nahi duela gobernuak. Horregatik nire eritziz gure greba oligarkiaren eta sistema ekonomiko guztiaren kontrako burruka da.

 A.— Textuinguru jenerala nahiko argi geratu dela uste dut, beraz Bizkaian daramazuen burrukak behartuta igon zineten zubira?

 Carlos Osa.— Greba luzatuz zihoala eta bakarrik gelditzen ari ginela ikusi genuenean ekintza espektakularrak egitea erabaki genuen eta gure greba oraindik gehiago gogortzea. Ekintza indartsu hauen bitartez patroiak baino gehiago erakunde ofizialak eta eritzi publikoa batez ere interesatzeko. Une honetan alderdiak eta sindikatuak batzarre batetara deitu genituen, burruka egun baten proposamena onhartuko zutelako asmoan baina ez zen honela izan eta horri bat ateratzea bakarrik erabaki zuten. Beraz, burruka egun horretan egin ziren ekintzetara jende gutxi bildu zen eta manifestapenean 3.000 pertsona inguru bakarrik. Bigarren batzarrean gauzak txartoago joan ziren: sindikatuak alderdiei batzarrera joateko ahalmena ukatu zieten eta berek ez zuten horririk atera ere.

 A.— Hona helduta interesgarri dakusat, sindikatuen jokaerari buruz duzuen eritzia ezagutzea.

 Sebas.— Nire ustez kasu honetan sindikatu handiek beren protagonismoa galtzen dutela ikusi dute eta orain ari dira protagonismo hau berrartzeko ahalegin guztiak egiten, ematen den prozesua filiazio indibidualaren aurkakoa dela baitakusate.

 J. Bravo.— Neuk zehaztasun batzu emango nituzke zeren nire eritziz koordinadoran korrente bi egon dira, bata filiazio indibidualaren kontrakoa eta bestea ados dagoena. Baina postura bi hauk asanbladara eramatean eta burruka honetan sindikatu handiek eraman duten ekintza okerra bitarte dela, lehena burutu da. Hala eta guztiz ere nire ustez, jeneralean, sindikatuak beharrezkoak dira.

 A.— Ekintza konkretuak berrartzeko, berriz lehengo galdera: Zergatik zubira?

 Temiño.— Manifestazioa egin eta gero beste ekintza gogorrekin segitu genuen: bulegoak hersten saiatu ginen, sindikatu-etxea okupatu genuen gero. Portugaletera joan ginen espetxeraturik zeuden geure kideak askatzera. Esan beharrezko da goardia zibilek torturatuak izan direla, —Manuk— gure lagunak torturak ezin agoantatuz bere burua orma eta armairuen kontra bota zuen zauritzeko asmoan, baina hala guztiz ere goardiek kolpeka ekin zioten.

 Marcelino Ramudo.— Beraz, urrats bat bezala zubira igotea erabaki genuen eta han joan ginen hamaika lagun gorantz, ikusle guztien ikaratzerako. Eperen ideia zehatzik ez genuen, gure asmoa publizitate nahikoa eta aurrerapen zerbait lortu arte geratzea zen. Gainera guretariko bat gose greban sartu zen.

 A.— Nola pasatu zenituzten han goian egon zineten egunak?

 Vicente.— Ez da oso zaila izan guretzat, egiten ditugun lan gehienetan arrisku gehiago izaten ditugu; kontutan izan horrelako zubiak eraikitzea gure lan bat dela. Bestalde eguraldia nahiko ona izan da. Zailtasun gehienak lo egiteko izan ditugu. Batzuk kabinan eta besteak pasarelan lo egin dugu, kontutan izan behar duzu pasarelak zabaleran metro bat duela eta gainera trabiesaz egina dela eta trabiesa biren artean 80mm daudela. Lo egiteko eskailara bi lotu genituen bi aldetara eta tapatzeko olana bat genuen. Lo hartzerakoan beste oztopo bat barkilak iragatean egiten duen zarata zen. Ikusten duzunez ez zen batere erraza lo egitea.

 Temiño.— Kabinan lo egitea oraindik zailagoa zen zeren han motoreak baitaude egun osoan ibiltzen, gainera behea egunero koipez hondatzen dute. Beste zailtasun bat kaka egitea zen. Egunez jende guztia begira zegoan, orduan gauerarte itxaron behar, eta gaua heldu eta berehala denok arineketan pasarelaren trabiesa bat kendu, jezarri eta hor zihoan dena Bilbon dagoen desaguerik zuzenenetik zehar.

 A.— Elkar bizitza aldetik ere esperientzi aberatsak izango dituzue.

 Vicente.— Bai benetan, gehienak ez genuen lehenagotik elkar ezagutzen eta kontutan harturik nazionalitate eta ideologia ezberdinetakoak garela, esan behar da oso ondo elkar eraman dugula, errespetu handia izan diogula elkarri eta bakoitzaren pentsakerari.

 A.— Eta gehienok kanpotik etorritakoak izanik, zer dela eta ipini zenuten ikurrina?

 Sebas.— Nik 21 urte daramatzat herri honetan eta lan egiten dudan lurralde honetan zeharo finkatua aurkitzen naiz eta beraz, Euskal Herri osoaren arazoak neureak egiten ditut.

 Marcelino.— Ni Lugokoa naiz, eta urte luze bat daramat hemen. Muntaiakoa naizenez eta kide gehienak bezala lurralde guztietatik zehar nabil. Honela ikusi dut langileriaren burruka guztietan berdina dela. Nik, bat egiten ditut Euskal Herriko eta Galiziako burrukak, zentralismo beraren aurkakoak baitira.

Urtsa


Langileak

SENER amnistiaren kontra

Pasa den Maiatzaren 16an Euskal Herriak eta langileriak izugarrizko greba orokor bat egin zuen amnistia osoa lor dezagun. Ba dakigu Euskal Herrian amnistiaren kontrako jenderik eta erakunderik dagoela,baina publikoki SENER bakarrik ausartu da langileak zigortzen. Entrepesan gehienik burrukatu duten 40 langile kaleratuz.

Kaleratzea dela eta,40 langileek (berauen artean ingeniari eta ingeniari tekniko batzu) Magistraturan errekurtsua ezarri zuten. Baina espero zenez, Magistratura ere amnistiaren aurka azaldu zen, berau lortzeko burrukatu zuten langileen kontra eta entrepresaren faborean epaituz.

SENER, 15 edo 16 teknikari zituelarik, orain 11 urte sortu zen industriarako planak, projektua eta produkzio plangintzak egiteko.

Baina azken urteotan energia plangintza berri bat egin da Estatu osorako, eta bere barruan, hainbat eztabaidatu diren Zentrale Nuklearren plangintza. Plangintza hauen araueran SENER handitu egin da eta egun 600 langile baino gehiago dauzka, gehienak teknikari, guztiak kalifikatuak eta batzu Estatu Batuetan ikasi dutenak. Beraz energiarako plangintza berriak direla eta, beren arloan Estatu osoan dagoen entrepresarik garrantzitsuena egin zaigu.

Une honetan eta zuzendaritza metodo tradizionalen aurka sortzen da langileen jarrera berria: teknikariak, langile klase kontzientzia hartu eta langile gisa jokatzen dute. Beraz, "Sindikatu Bertikala" deuseztatzearekin eta beti hor egon diren eta orain legalak diren Sindikatuen indartzearekin batera, SENER ere sindikatze prozesu batetan sartzen da, bere barnean sindikatu desberdinak, CC.OO., L.A.B., E.L.A.-S.T.V.,... jendea biltzen hasten dira, errepresaliatu gehienak sindikatu hauetakoak izanik. Egoera berri honetan "jurado de empresa" zaharrak sindikatuak nahi bezala jokatzen hasiz, komenio-kolektibo bat planteiatzen eta lortzen dute.

Baina sindikal prozesuraren aurkako errepresioa ere hasten da zuzendaritzaren aldetik. Maiatzaren 31n "jurado" osoa enpleguz eta alokairuz suspenditzen dute. Baina 16an grebara irten zirenez, horretaz probetxatzen dira, arrazoi gogorragoekin jendea kaleratzeko eta 40 enplegatu kaleratzen dituzte, sindikal askatasuna eta amnistia ukatzen dutela argi eta garbi utzirik.

Gaur bertan abokatuak "supremora" jo dute, batera geldiketa segurantzan sar daitezela eskatuz. Hau, lortzea edo ez, ez da garrantzitsuena, harrigarriena gure herriak hainbeste behar dituzten teknikari on batzu geldiketan geratzea da. Gero esango dute "fuga de cerebros" dagoela.

Urtsa


Langileak

Langileentzat amnistia

Donostian ATC ta TUBESCA-ko langileen Manifestaldia

Uztailak 19 ATC ta Tubesca entrepresetako langileek antolaturik, manifestaldi baketsu bat ibili zen Donostia erdialdetik.

Lasarteko ATC en 350 langile lanik gabe geratu dira. Ta bi hilabete luze daramatzate gorabehera honekin. Patronalaren aldetik ez da ordezkaririk ere presentatu, langile aldea noraezean utzirik.

Irun-eko Tubesca-n, berriz, 383 langile lanik gabe eta kalean aurkitu dira goizetik gauera. Entrepresa honek porrot egin omen du eta langileen bizkarrera erori behar zuen berriro ere kapitalist desegiteak dakarren zama guztia.

Dirua erraz irabazten zenean, hau da, entrepresak mugimendu emankorra zuenean, ekipamenduak eta industrigintza deus berriztatu gabe, barra barra xahutu dituzte irabaziak. Orain behi argalen ordua iritsi, ordea, eta hauek kontuak. Betiko leloa! Langileek jasan behar kapitalist sistimaren ustela. Jauntxoek kontu korrenteak zenbaki gorritan presentatuko dituzte, noski, bainan Suitza-koak legez kontrolatzerik nola ez dauden..., ba izorratu eta kito!

Gauzak horrela, Gipuzkoako enparantzatik barrura abiatu zen, Boulevard zehar 500 bateko manifestaldia, pankarta handi nabarmenez: "ATC 350 despedituak", "Tubesca 400 despedituak", "Langileentzat Amnistia", "Amnistia orokorra", e. a. Begirale ugari Donostiako kale ertzeetan, eta jendea ez zen apenas manifestaldiarekin bateratu. Manifestaldiko "trosko" adiskide batek esan zidanez "abertzaleok nazionalista, sentimental eta folklorista omen, eta horregatik jo zuen jendeak ez parte hartzera".

Egia esan, zenbait abertzaleek presoen amnistia besterik ez dute ikusten, ez eta ikusi nahi ere. Hara lekuko, ari garen langileentzako amnistiakoa, edo feministak agertzen diren bakoitzeko sortu ohi diren iskanbila erreazionario ta atzerakoiak. Dena dela, abertzaleon artean ere, beste edozein Herrietan bezelatsu, desberdintasun sakonak daude. Ezker abertzaleok beste ezkertiarren gisan ari bai gara langileen burruka eta amnistia, emakumeen eskubide eta amnistia, preso sozialetakoenak, e. a. jasotzen, bainan ari gara. Eta dudarik ez, Amnistia orokor baterako, beste lorpen hauk mobilizapen bidez lortu ahal izanen ditugula, eta ez parlamentariek soluzionatuko dizkigutelakoan eta zain egonez.

Goian aipaturiko bi entrepresetako asanbladak antolatu zuen Donostiako Manifestaldia eta ezkertiar gazte talde bat bildu zitzaien, besteek "Amnistia Laboral", e. a. oihukatzen zuten bitartean, "Si hay burguesía no hay amnistía", e. a. ere deiadar egin zuten Vizcaya-ko Banketxera iristean, manifestaldia geraturik "Banco de Vizcaya máximo responsable" oihukatu genuen, Tubesca-ko partaiderik nagusienetakoa baita Banketxea.

Avenida barrenean amaitu zen manifestaldia, entrepresetako ordezkariek hitz bero batzu aipatu ondoren. Gestorakoei ta beste elkarteetakoei bertan geratzea eskatu zitzaien hurrengo deiak erantzun zabalago eta herrikoiago bat ukan dezan.

ALEX


Ekonomia

Inflazioaren ikuspen aukera bat

Aurreko artikulu batetan, inflazioaren alde teoriko batzu eta inflazioa bera azaltzen ahalegindu diren teoriak ikusi ondoren, orain azalpen bat egitera ahaleginduko gara, zeren osotuagoa iruditzen baitzaigu, produkzioaren sozial prozedura eta bertan parte hartzen duten agenteen jokaera erreala kontutan hartzen baititu.

Lehenik, inflazioa eta XX. mendeko kapitalist egituraren arteko erlazioak kontutan hartuko ditugu. Egitura hau, printzipalki entrepresa oligopolista eta monopolisten domeinu eta botere ekonomiko eta politikoaren bidez dago definitua, hau da, (normalean merkatuen banatzeari buruz paktuak hedaturik dituzten) entrepresa gutxi batzuren merkatuaren kontrolaren bidez, edo baita ere, entrepresa bakar baten bidez.

a) Inflazioa, klaseen arteko burruka soziala eta fenomeno sozialaren adierazpen bezala. Gizarte oligopolistak, gizarte kapitalista guztiek bezala, akumulapenaren gehikuntza dute motore bezala, hau da, merkatuarentzat produkzio berri bat emango dituen inbertsio berriak. Orain bai, akumulapen horrek, inbertitzeko, aurreko irabazien eskuratzea exigitzen du. Beraz, oligopolioen irabazi tasaren gehikuntza, garrantzi handia duen helburu batetan bihurtzen da. XIX mendeko kapitalismoak, irabazi tasaren gehikuntza bi metodo printzipalen bitartez lor zezakeen: Armadak industri erreserba gisa zuen izaera (hau da, langile masak langeldiketan, konpetentzia bide dela, langileek alokairu merkeak onhartzera behartuz) eta proletalgoaren alokairuen merkatze zuzena.

Egungo kapitalist etapak irabazi tasaren gehikuntza hori, era desberdin batez burutzen du: prezio gehitzearen bidez: Ikus dezagun nola motore honek inflazioa produzitzen duen etengabe, eta nola klaseen arteko burruka den:

Lehen mugimendu baten ondoren, irabazi errealak gehitzean (edo berdina dena, alokairu errealak merkatzean) langileek, burrukaren bidez, beren gaitasun adkisitiboa bihurtuko dien alokairuen gehitzea lortzen iharduten dute; lortzen badute, irabazien tasa, maila primitibora bihurtuko da, zeinengatik oligopolioak prezioak gehituz irabazion tasak gehitzen ahaleginduko direlarik, honekin, beraz prozedura errepikatuz.

b) Sistima oligopolista batetan prezioen altxaketaren kausak. Lehenik oligopolioen arteko konpetentzia ez da entrepresa indartsu eta produktiboen prezioen merkatzearen bidez egiten, baizik eta, produktuen desberdintzapenaren eta edozein moetatako sofistikazioaren bidez.

Honek, gero prezioen gain igorriko den gostuen gehitze bat suposatzen du (paketapena, administrazio korapilotsua, merkatu estudiorako ekipo inproduktiboa, publizitatea, opari eta erospenaren eta abarren gastuak).

Gostuen gehikuntzek, nahiz eta inproduktiboak izan —langile batzurentzat era berean errenta iturri bat izatean—, kontsumu ondasun pribatuaren eskariaren gehitze bat inplikatzen dute, eskariaren inflazioa faboratuz.

Hirugarrenez, oligopolist egitura, bere ekipoak eta makineria depreziatu (edo desgastatu) aurrez, berripintzerantz eta berriztatzerantz zuzentzen da, honela gostu extra hauk produktuetara ere igortzen direlarik.

Azkenez, entrepresa hauen prezioen igotzeak, ekonomiaren beste arloetara erraz aldatzen direla esan behar da. Erarik argienetariko bat da, oligopolista produktoreek, entrepresa txiki eta erdikoei inposatzen dizkieten ekipo ondasunen prezioak; hauen gostuak garestituz eta produzitzen duten produktuen prezioak berdin.

c) Oligopolista prezioek altxatzeko duten tendentzia, iraunkorra da, eta ez da gelditzen produktibitatea gehitzearren edo eskaria gutxitzearren. Produktibitatearen gehitze batek, prezioen gutxitze bat permititu beharko duela dirudi; baina hau, ekonomia egoki batetan egia bada ere, ez da honela gertatzen egungo ekonomian, arrazoi hauengatik:

Oligopolioek nahiago dute prezioak mantentzea eta lehen aipaturiko gastuak, publizitatea, makineria etabar altxatzea.

Normalki, prezio mantenuaren superrirabaziak, etorkizunean, konpetidore lehiakideak sortzen zaizkienerako gordetzen dituzte.

Hirugarrenez, prezioen gutxitze batek, saldutako unitate bakoitzeko irabazien gutxitze bat eta salketaren gehitze bat produzituko zukeen. Baina, lehenengoa gertatzea seguruagoa denez, eta salketak zenbatetan gehitzen diren ez ezagutzean, nahiago dute prezioak ez gutxitzea.

Azkenez, kontutan hartu behar da, beren artean, oligopolioek ezartzen dituzten akordioak, "zaldunen arteko bakoitzarekiko errespetua" inplikatzen duela, eta produktibitatearen gehitze bat eduki bada, kontrakoa ez desegitea onhartzen dela, prezioak txikituz. Alderantziz, gutxien produzitzen duten entrepresen benefizioak errespetatu, hori bai, entrepresa produktiboen superrirabazien ganbioz.

d) Prezio-alokairu espiralaren ondorio bat. Esaten genuenez, oligopolioen partez, inflazioaren hasiera ondoren, tasa irabazia beren maila primitiboan mantenduz eta inflazioa koadjubatuz, beren botere adkisitiboa gorde nahi duten langileen alokairuak anitz gehi daitezke.

Hori bai, hau gertatzen denean, sektore produzitzaile batzuk errenta nazionalean duten partehartzean, beheratua aurkitzen dute. Hauk, sindikal erakunde sendoetan (entrepresa haundietan daudenetan gehienbat) organizaturik ez daudenak dira, eta, beraz, beren programa erreibindikatzaileak aurrera atera ezin dutenak. Honek beregain problema politiko handia darama, zeren proletalgoaren sektore bat oligopolisten superrirabazietan parte-hartzera hel daitekeen artean, bestea (nekazariak, entrepresa txiki eta erdikoen langileak, independenteak, etab.) inflazio prozesuaren galtzailea da.

2.- Inflazioan, estatuaren parte hartzea

Botere politiko eta ekonomikoaren interkonektapena dela eta, Estatuak inflazioaren eragile eta benefiziariei faboratzen die, ondorengo metodoak jarraituz:

Errentagarri izaten uzten duten entrepresen nazionalizatzearen bidez, beste sektoreen aurretik sektore oligopolistan egindako prestamen eta subentzio bidez, eta bai sektore pribilegiatu honi preferentziaz egiten zaizkion Estatuaren eskaera publikoen bidez ere (administralgo publikoaren hornidura gastuak, militar gastuak, eraikintza gastuak, etab,), Estatuak irabazien tasa oligopolista, lagundu egiten du eta beronen igokera garantizatzen du.

Bere gastuak direla eta (defentsa etab), ekonomiaren demanda globala igonda mantentzen du —tentsio sozialak eta problema politiko handiak sortu ahalgo zuen langeldiketa masibo bat gerta ez dadin—, honela inflazioa faboratuz.

Sistima fiskala zerga indirektuetan finkatzen du, zerga zuzenetan bere baliabideak bilatu ordez; honela azken batetan, kontsumatzaileek prezio igoera bitartez finantzatzen dituzte, gastuak kontsumatzaileei pasatzeko erraza baita.

Azkenez, kontutan eduki behar da, Estatuak oferta monetariaren igokeren bidez bere gastuak propioak finantza dezakeela, honela beste sektoreen kontsumua gel dezakeen zerga sistima batekin, konpentsatu gabeko demanda gehigarri bat sortuz.

3.- Nekazal sistimaren hutsuneak

Lehen mailako sektoreak dituen hutsuneak, prezioen gorakada eta bizitza gostuaren Indizearen gorakada faboratzen ditu, lurraren jabetza erregimen txarrari eta esplotakuntza estrukturaren desarrazionalatasunari dagozkien produktibitate txikia eta nekazal esplotakuntzen gostu handiek, kontsumu artikuluetan prezio handiak eragiten dituzte.

Eskaria moldatzen ez diren ondasunak produzitzen dituen produkzio sistima bat: eskariak produktu moeta berezi bat eskatzen du (aurrerapenari dagokionez, hainbat eta errefinatuagoak) eta eskaintzak desberdinak produzitzen ditu, antzinakoak izanez kontsumatzaileek finantzatzen dituztenak.

Azkenez, Gobernuaren nekazal politika inbertsio gorakada batez eta jabetza eta esplotakuntza erregimenaren aldaketa batez planteiatu ordez prezio gorakadan eta nekazarienganako subentzioetan finkatzen dela aipatu behar da.

4.- Zerbitzuen sektorea

Espainiako ekonomian inflazio eragile den beste faktore bat da, eta horren problema batzu bakarrik aipatuko ditugu.

Lehendabizi, banantze fasean produktuen garestitzaile den prezio eta estrukturarekin hornituriko garrabide sistima bat.

Produktuen komertzialtzeak dituen irabazi handiak (komertzialtze sistimak, maioristak, minoristak etabar), infraestruktura egoki baten falta, eta entrepresen produkzio gostuak jaits daitezen kapital sozial finko baten falta, hau Euskal Herrian bereziki. Honela, industria askori konpetitibo mailetan produzitzen jarraitzea inposible egiten ari zaie.

Hirugarren mailako sektoreak duen zabalkuntza handia, batez ere zuzenki produzitzaile ez diren langileena; hauek, bestalde, erosketa kapazitatea dute, ondasunen eskaintza limitatu bati aurpegi ematen dena.

5.- Aipaturiko lau atalez gainera, prezio gorakadari laguntzen dioten beste prozedura batzu ere kontsidera genitzake, kojunktura determinatu batzutan batez ere.

Hauen artean, komertzio internazionalaren bitartez, herri artean inflazioa trasmititzen duen kapitalismoaren kontsideratze internazionala dago. Azken urteotako petroliozko produktuen igoketak, salneurriaren % 90 mendebaldeko zergei, garraiabide, banantze, errefinatze gostuei, mendebaldar petrolio konpainien komertzial margin handiei etab., dagokiela kontuan hartu behar da. Beraz mendebaldeko egoera ekonomikoa iraultzeko arabiarrek egiten dituzten ahaleginei buruzko afirmazio lirainak onhartzea nahiko zaila da. Eta beste faktore batzu.

Baina, gure eritziz lehenagoko puntuak esplikatzen dute egungo prozedura inflazionistaren parterik fundamentalena.

6.- Gure azalpen hau egia bada, gutxirako balio dute inflazioari aurre egiteko, azken denboretan hartzen diren neurriek. Alderantziz, langileen kontsumua txikitzean edo eta soldatak konjelatzean oinharritzen den edozein neurri, klasikoa eta zuzenki langileriaren kontrakoa bezala salatu behar dugu —oligopolioen irabazi tasaren igoerak apurtu dituen platerak langileak pagatzea nahi baitute—. Eta arrazoia zera da: gaurko inflazioa egungo kapitalaren estruktura oligopolistak probokatua da eta beronen interesen zerbitzurako dagoen Estatu batek eutsitakoa delarik, proletalgoaren eta burjes behe maila batzuren kaltean gertatzen da.

Haran


Munduan barrena

Ipar Irlanda. Erreginaren bisita

Irlandak urte luzeak burrukan. Euskal Herria eta Irlanda eten gabeko burruka batetan sartuak daude orain dela mende luze asko, askatasun egunaren etorrera arindu nahiean. Orain dela aste batzu Ipar Irlandan egon ginen eta hurrengo lerroetan hango egoeraren laburpen bat egin nahi dugu.

1921.urtean irlandarrak eta ingelesak bost urteko burrukari amaiera eman nahi izan zioten, elkar akordu batez. Akordu hau izenpetzeko, irlandarrek prezio altu bat ordaindu behar izan zuten: burrukan eroritakoen bizitzen prezioa ordaindu ondoren, Irlandaren zatitasuna onhartu behar izan zuten: Irlandako 32 kondaduetatik, Iparraldeko sei britanikoen eskuetan utzi behar izan zituzten. Sei kondaduek Ulster izeneko lurraldea osatzen zuten. Irlandar guztiek ez zuten onhartu zatiketa hau eta, gaur, Iparraldean De Valera izenpetzailea traidore bat bezala ikusia dago. De Valera burrukalariak, azkenean, ez zuen Irlanda osoa askatu. Ordutik Iparraldekoak beren aldetik burrukan dabiltza eta, gora beherako sortzen dituzte eta gaurko Irlandako Errepublikaren gidariek ez dituzte onhartzen burruketa horik eta batzuk ingelesei laguntzen diete irlandar burrukatzaileak gartzeletara erataten.

Nola dago gaur Ipar Irlandako burruka? Ezker indarrak ahul eta zatituak daudela esan dezagun hasteko. Eta ezker talde handienek ez dutela burruka harmaturik erabiltzen esango dugu oraingoan. Ba dira, bai, ezker muturreko harma burrukalari batzu, troskistak gehienak, baina berez ezkertiar indarrak erreformistak dira. Hauetariko alderdi politiko bat "Sinn Fein Worker's Party" da, "Sinn Fein Langileen Alderdia". Brest-eko kartaren izenpetzailetariko bat dugu alderdi hau. I. R. A.-ofizialaren alderdia dela esaten badugu, argiago ikusiko duzue hauen nortasuna.

Alderdi hau I. R. A. barruan jasotako zatiketa batetik sortu zen, orain dela bostpasei urte. I. R. A. "ofizialak" burruka harmatua utzi eta burruka politikoa hartzen zuen une berean, beste zatiak, I. R. A.-probisionalak, bere betiko bideari jarraitu zion. Geroztik bi indar hauk bata besteeren kontrakoa dituzue eta beren artean ezin ikusiak handiak dira.

Ezin ikusi hauk ez daude taktiketan oinharrituak bakarrik. Talde bakoitzak funtsean, helburu oso ezberdinak dituzte. I. R. A.-ofizialakoek beren marxismoa behin eta berriro aitortzen duten artean, I. R. A.-probisionalakoek "sozialismo demokratiko" batetan jartzen dute beren helburua. Nolakoa izango den "sozialismo demokratiko" hau galdetzen baldin badiezue, "herriak askatasun osoan erabakiko duena" izango dela diote.

I. R. A.-ofizialakoek probisionalak "eskuindarrak bezala ikusten dituzte eta hauek, une berean, "ofizialekoei", erreformista hutsak bezala, britanikoen zapalkuntzaren bultzatzaile batzuk bezala. "Probisional" aldeko burrukalari harmatuek "Britaniarrak kanpora!" eslogana oihukatzen duten artean, "erreformista" ofizialek bakea eta lana" eskatzen dute eta "probisionalen" burruka harmatua egunero salatzen dute. "Langileriarentzat burruka harmatua oztopo bat da gaur egun", diote bere hitzaldi eta idazlan guztietan.

Nork du arrazoia edo bide zuzena arlo hontan? Gure eritzia dugu, noski, baina juizio bat aurreratzeko elementu eta zehaztasun gehiago beharko genuke. Gure lehen inpresioa zera da: ezkertiar talde hauek burruka harmatua ez dute onhartzen burruka mota hortan sartu ezin izan dutelako. Bi urtetan burruka harmatua onhartu eta egin ondoren, arma kontuan "probisionalak" jaun eta jabeak zirela ikusi zuten eta "provo" en hutsune edo akatsa, hots, arlo politikoa, laster bereganatu zuten. Bi burruka, burruka bideak —harmatua eta politikoa— bat bestearen indartzaile eta zutabe bihurtu beharrean, elkar joka jarri zituzten. Orain bakoitzak bere bidetik aurrera bakar bakarrik joan nahi du eta bere bidea bestearena baino iraultzaileagoa dela agertu nahi dute. Eta, bitartean, britanikoak, orangista eta beste basapiztien laguntzaz, Iparraldeko benetako jabeak ditugu.

Britanikoek 15.000 soldadu jarri dituzte Ipar Irlandan eta, gainera, U. D. C.-ko 10.000ren eta beste 8.000 gizon harmatuen laguntza dute. Nahiz eta Paisley-k britaniarrei soldadu gehiago eskatu, egia esateko britanikoak alde egiteko gogo handiak dituzte, ekonomi aldetik 15.000 soldadu gerrate moduan izatea odolkeria bat delako.

Gure ustez "probisionalak" bere helburua —britanikoak nekatzea— lortu dute eta, hauk ez baldin badira joaten, Ulstereko protestanteen laguntza deiagatik da. Britanikoak alde eginez gero, Ipar Irlandan sekulako guda zibila izango litzateke. Baina kontuz! Hau da britanikoak esaten duten berbera, beren burua baketzaile bezala agertzeko! Tranpa bat da. Britanikoek Ipar Irlandan beti egin dutena, minoria protestante horren laguntzaz Ipar Irlandako zapalkuntza mantentzeko helburua dute. Protestanteen joko itsusia indartu dute beti, ez protestante erlijiokook izateagatik, protestante hauek Ipar Irlandako ekonomiaren jabe izateagatik baizik. Protestanteak, gainera, britaniarrak baino britaniarragoak izan dira beti eta Ingalaterrako erreginaren aurrean lurreraino makurtzen dira, Londreseko "gentlemen"ak baino gehiago. Nola utzi, orduan, Erreginak bere zerbitzari hauk bere soldaduen laguntzarik gabe. Agorrilaren 10ean Elizabeth Erregina Ulsterreko lurraldeak bisitatuko ditu, "Silver Jubilee" edo bere erregintasunaren 25. urtebetetzea dela ta. I.R.A. probisionalkoek "erregalotxo" bat egingo diotela esan dute eta baita ere bere promesa beteko, nahiz eta egun horietan Ipar Irlanda koartel handi bat bihurtua egon. "Provo"ek erreginaren bisita hau probokaziotzat hartzea ez gaitu harritzen eta, ze demontre, "souvenir" bat egiteko beren gogoak onhartzen ditugu. "Ofizialek", beren aldetik, ez dakigu zer egingo duten, baina oraingoan Erreginari "bakea eta lana" eskatzea lelokeritzat hartzen dugu. Limosnatxoak eskatzea tristea da beti.

X.A.


Anaitasunaren komikia (10)

Airko [Komikia]

Irudiak: Antton Olariagak

Gidoiak: Xabier Kintanak


Oinharrizko euskara

Euskal Herriko izenak euskaraz

Deian irakurri dugu Catalunyako izen pilo bat "aldatu dutela Madrilekoek. Aldakuntza guztiz egokia eta oso sinplea izan da. Gaztelaniaz zeuden izen batzu hemendik aurrera, katalanez idatziko dira. Honela, Vich herri horren izena, Vic izango da, administrazio gauza guztietarako. Berdin gertatu zaie "del campo eta del prado" izen guztiei. Del camp eta del prat bilakatu dira. Bilakatu bai bilakatu. Orain arte izen berberok ez dira inoiz ere katalanez idatzi eta. Probintzien izenak ere aldatu egin dira. Gerona ez dugu behin ere aurkituko. Lerida ere ez. Bata eta bestea Girona eta Lleida bihurtu dira.

Euskal Herrian aldiz, horrelako aldakuntzak ez dira orain arte behintzat egin. Eta egingo dutenean, ikusiko duzue, ikusiko, nolako nahaste borraste egingo duten! Politika ere erditik sartuko da edo sartuko dute. Espainolistak San Sebastian eta Pamplonaren alde agertuko dira, erdirakoiak ala PSOE edo antzekoak, biak ipini nahi izango dituzte, abertzaleak aldiz, euskarakoak bakarrik. Eta sentsu komuna daukaten pertsonek? Zeren alde agertuko dira? Oiotoquieta, ochagabia, las barrietas, la ola, la Reineta, Arriba, Monte Calvo edo Mundacaren alde agertuko ote dira? Oilotokieta, Otsagi, Etxebarrieta, Ola, Larraineta, Arribe, Mendexalboa eta Mundakaren alde agertuko direnak, independentzizaleak izango ote dira? Ez al da guzti hau absurdoa? Zer eskubide du gaztelako hizkuntzak, Zarautz nola idatzi behar duen gramatik erregelak ateratzeko? Montecalvo horrek belar eta pinu edo beste moeta askotako zuhaitz pilo bat eduki eta dauka oraingotan. Nor izan da burusoila? mendia? ala administralgoak?

Esaten oi da Euskal Herriak kanpotar asko duela. Jende guttik euskara ulertzen duela etab. Katalunyan ere bai, Euskal Herrian baino kanpotar gehiago dago han. Azken batez, etorkina erruduna dela erakutsi nahi digute. Hau guztiz faltsua da. Etorkina ez dago Euskal Herriko kulturaren kontra. Batzu gure alde daude, gero eta gehiago, gero eta hobe gure arazoak zentzu diren ulertzen ari dira. Beste batzuei aldiz, gure arazoak eta iskanbilak bost axola zaie, propagandek, komunikabideek, bizi moduek haiengan axolagabekeria sortu dute eta. Bertakoengan ere bai.

Orain duela 40 urte arazo berberok edukitzen genituen euskaldunok eta orduan etorkin gutti zegoan Euskal Herrian. Orduan ere administralgoa anti-euskalduna zen, orain bezala. Estadu honek euskaldunak espainolak garela dio. Beti berdin esan du, eta beti euskaldunen kontra eta gure nortasunaren kontra jo ta ke ari da. Oligarkiak langileriaren kontra egiten eta jokatzen duenean beronen interesak, dirudun batzuren interesak, defendatzen ari da. Joko hau guztiz maltzurra da baina guttienez ulertzen da. Ulergarria da. Alde batetan langileria, beste aldean oligarkia. Baina Euskal nortasunaren arazoa? Ez al gara gu Estadu horrentzat espainolak? Beraientzat ere ez garela dirudi. Baina jo dezagun aurrera. Absurdo batzu aztertzen eta ateratzen asmoz. Euskal Herrietako izenei buruz ari gara. Artebakarra, Itsaso, Ikaztegieta, Gaztelu eta Lizarraga esaterako, gure herriko izenak dira. Erdaldun batek herri horien esangura ulertu ahal du? Danok batera ezetz esango dugu. Orduan absurdoren absurdoz abiaturik, Encinasola, La Mar, Carboneras, Castillo, eta Fresnedo ipini beharko dute. Zergatik ez? Haien logikan sartzen da eta. Ala Icazteguieta hobe ulertzen al da?

Euskara ofiziala eskatzen ari den bitartean, gure ikastolak laguntzarik gabe eta subentzio eza daude. Euskal Herriko kultura eta nortasuna Estadu Espainolak deuseztatu egin nahi du, eta honetarako bide guztiak erabili ditu. Errepresiobide batzuren artean maisu eta maistrak erabili dituzte eta oraindik ere erabiltzen dute. Zoazte esaterako BETELURA, hango maisuak euskara debekatu egin du. Haurrei mundak kentzen dizkiete. Neska mutiko guztiak kateatu ditu, erdaraz ez zekiten ongi eta. Lope de Vega nor zen eta haren aberastasunez liluratzen ez zirelako. Apaiza ere euskararen kontra ari da. ERRAZKINEN, katixima erdaraz ematen da. Gurasoei, mehatxuz eta guzti, haurrekin erdaraz egiteko behartzen die hango maisuak. Eta gurasoek erdaraz egiten ez badute beraien haurrak berriro ere examinetan gaizki irtengo dira.

Guzti hau amets txar baten antza du. Zoritxarrez errealitatea da. Pertsonak ez badira errespetatzen nola demontre letreroak errespetatuko dituzte?

Egia da euskaldunok gure buruak soilik euskaraz bilakatzeko, ez dugula izan inongo eskubiderik. Eskubideak guk prestatu behar ditugu. Errespetatzen ez bagaituzte, zergatik errespetatu behar da sentsugabekeria eta zapalkuntza kulturalaren arlo hau? Apur ditzagun kateak eta... letreroak, joka dezagun batera, kaminoetatik zehar, hau da fandango, eta BIBA BERANGO!

T. Trifol


Mugarik ez!

Gaur, uztailaren 14, frantsesek beren Jai Nazionala ospatzen dute, feudalismoa herriak garaitu zueneko oroipena gordez. Jai ofizialetan "Marsellesa" abesten dute: "Contre nous de la tiranie".

Baina gaur, 1977 uztaila 14, Frantziako Gobernua oso behera jaitsi da, Nik, Hendaiako mugan, Askatasunaren Ibilaldiko antolatzaile bati ironiaz komentatu diot: "Orain, Marsellesa guk haiei abestea merezi dute". Eta "haiek" Lille-ko inguruetatik ekarritako 500 frantses CRS ziren. Eta "gu" bi mila euskal abertzale desarmatuak.

Hondarrabiko irteera normala izan da. Oraindik gogoan genuen hiri honek egin zigun harrera izugarri on eta pozgarria. Iruneko sarreran, jendea leihoetara irtetzen da eta han hemenka ikurriñak ezartzen ditu. Goizeko hamaikak dira. Kaleetan zehar jendea Ibilaldia ikusten geratzen da. Hainbat Ibilaldian sartzen da. Paseo Colon-en berrogei urte ematen duen bat autoetako leihatiletara zerbait esaten ari da. Nire txanda heldu zionean "Calla gamberro" esan dit. Nik ez diot ezer erantzun eta klaxonari joka jarraitu dut: "As-ka-ta-su-na". Eta egia esan, zergatik haserretu behar nintzateke? Atzo euskal senatore batek handiagoak esan zituen ETA-ko gudarietaz. ibilaldia San Juan plazan geratu da. Han, mitin bat eta atsedena. Mugatik berriak datoz. 500 CRS ongi harmaturik ekarri omen dituzte Beljikako mugatik.

Hamabi t'erdietan, berriz ere aurrera. Mugara heltzen gara, ikurriñak aurrean. Lehen barrera oriaren luzera osoa bi mila abertzaleak hartzen dugu. "Eusko Gudariak" abesten dugu. Antolatzaileek frantsesengana urreratzen dira. Ez dago pasatzerik. Itzultzen dira. Jendeak oihukatzen du "Apala askatu!", "Giscard inperalista!", "CRS disolution!". Berriz ere abestiak: "Hator, hator etxera". Ordu bat et'erdiak. Beste aldetik Pierre Larzabal, Sokoako apaiz famatua, pasatzen da, eta atzean ikurrin handi bat duela, hitz egiten digu. Ipar Euskal Herriko abertzaleak mugaren beste aldean daude gure zain, eta Hendaiako udaletxea okupatu dute, handik la Haya-ko Tribunalera telegrama bat bidaliz, Frantziako Gobernuak nola Helsinki-ko hitzarmenak apurtu dituen salatzen dutela. Larzabal-ek oihu hauekin bukatzen du: "Gora Euskadi batua!" "Gora Europa batua!".

Eta berriz ere Irunera. Ordu bat mugan eman dugu, eta euria geratu gabe zaparrada izugarrian geure gainera jausi da. Europako hainbat telebista han zegoen. "Gaurko eguna oso inportantea da" esaten dit gazte ezezagun batek. Zer esango dute bihar egunkariek?. Orain arte oso hotz aritu dira, Ibilaldi hau Kotxintxinan gertatua izango balitz bezala. Ikurriñak ur dariela datoz. Gu, blai eginda. Iruneko sarreran jaun batek atzamarra bekokira eraman eta mugitu egin du, zoro gaudela adieraziz. Iraindu nahi gaitu baina arrazoia duela uste dut. Bostehun kilometro honela ibiltzeko, Aberria indar berezi batez sentitu behar da, baina hori pertsona normalak, gehiengo ixilak ezin dezake uler.

Burgoseko hauziak Francoren erregimena desmaskaratu bazuen, Askatasunaren Ibilaldiak Giscard-erena desmaskaratu du. "Liberté, egalité ta fraternité". Gezur hutsa, Giscard jauna. Frantzia, Europako Estatu zentralisteena bihurtu da, nazionalitateen zapaltzaileena. Eta zuek, Ibiltariek, Europako telebista guztien aurrean desmaskaratu eta salatu zenuten Frantziaren gezur hori. Kilometro batzu zuekin eman ditut eta zuek ezagutzeko aukera izan dut. Bai, zoroak zarete, zoro ohoragarriak, eta zuen aurrean ene txapela kentzen dut.

Etxera itxuli naiz eta zuek aurrera zoazte, baina abuztuaren 28an berriz ere Iruinean, Nafarroako hiriburuan elkartuz, "herreka ondoan jarriko gara argi-hastea sortzean".

Abuztuaren 28 arte Nafarroako hiriburuan.

Xabier Gereño


Doña Prudentzia eta Idealista

Gaur Doña Prudentzia beranduago sartu da kafetegian. Idealistak agurtzen du.

IDEALISTA.— Egun on, Doña Prudentzia... Zer, semeak oporretan?

Doña Prudentzia salmahaira hurbiltzen da eta gainean boltsa uzten du.

DOÑA PRUDENTZIA.— Horrela da. Orain ez dut hain goiz jaiki beharrik... Zer, nola doa zuen Askatasunaren Ibilaldi hori? Idealistak begiratzen dio.

I.— Zergatik diozu "zuen"? Ibilaldia denona da.

D. P.— Ongi esan dut "zuen", zeren PNV eta PSOE-ek dute parte hartu nahi izan..Hauek zuek baino zuhurragoak izanik, oraingoan ere berek eramango dute "el gato al agua". idealistak kuriositatez begiratzen dio.

I.— Zergatik diozu hori?

D. P.— Hara. Zuek, ezker abertzaleok bideetatik zehar ibiltzen ari zareten bitartean, PNV eta PSOE hauteskunde munizipaletarako prestatzen ari dira su eta ke.

I.— Gu ere bai.

Doña Prudentziak ezetz adierazten dio buruarekin.

D. P.— Zuek ez. Nire senarrak, Don Listok, dio ezker abertzalea ez dela arrisku bat izango zatiturik dirauen artean. "Batasuna" kantatzen duzue aho betean, baina zuek baino talde zatikatuagorik ez dago. Don Listok dio HASI eta EIA batuko balira, orduan litzatekeela dardarka jartzeko momentua. Bitartean, zuhur bai, baina lasai.

I.— Helduko da momentu hori, eta orduan...

D.P.— Baina beranduegi, behintzat hauteskunde munizipalari gagozkiolarik. Gogoan har hauteskunde munizipaletarako bost hilabete eskas daudela, eta PNV eta PSOE jadanik beren prestakizunak egiten ari direla. Don Listok esan dit PSOE-k oso aurreratua duela bere kanpainaren projektua, kandidatuen zerrendak, etab. Eta PNV, bestalde, hiri, herri eta hauzo bakoitzeko beharrak eta eskariak jasotzen ari dela, gero bere kanpaina haietan oinharritzeko. Bitartean, zuek ez duzue alderdi baturik egin ahal izan eta are gutxiago, alderdi batu horren hiri, herri eta hauzoetako antolamendurik. Zerbait egingo baduzue, berriz ere presaz eta inprobisatzen izango da. Horrela ibilirik, ba liteke herri konkreturen batetan arrakastarik lortzea, baina Euskal Herri mailan, berriz: ere frakasatuko duzue. Hauteskundetara ezin daiteke alegereki joan. Esperientzia eta teknika berezi bat behar da, eta hori PNV eta PSOE-k dituzten, alderdi elektoralistak direlako... Eta, Amorebietako "inkontrolatuena"?

Doña Prudentziaren sermoiak pentsati utzi bazuen Idealista, orain alaitu egin da.

I.— Hori oso inportantea da Autonomi Estatutuan euskal polizia propio bat exigitzeko orduan. Goardia Zibilek ezin egin izan dutena, herriko gazte taldeek lortu dute "inkontrolatuak" deskubritu eta harrapatu. Beraz, hor argi dago teknika eta medioz ongi hornituriko Goardia Zibila baino efektibitate gehiago lukeela herriaren kolaborazioa lor lezakeen herritar polizia euskaldunak.

Dagoeneko Doña Prudentziak bukatu du bere gosaria eta salmahaitik boltsa hartu eta kaleratu egin da.

D. P.— Agur. Bihar gehiago.

Xabier Gereño


Gernikako Batzarreak eta euskara. «Euskararen geroaz berriz ere» (1)

Joan den urteko irailaren erdiko Punto y Hora de Euskal Herria hamabosterokoan —No. 12— artikulu bat eman nuen argitara gai honetaz. Geroaren eritzia azaltzeko aurrekoan hartu nituen oinharriak eta izan ere ez dago gerorik aurrekorik ez badago. Bizkaiko gaztelaniazko kolonizazioaren jatorria, Erromako inperialismoa ordurako deseginik zegoenez gero, aipatzen nuen eta bereziki XVII-garren mendean, Gernikako batzar agirietarik dakigunez, herrietako zenbait ordezkari batzarre batetik baino gehiagotik bota egin zituztela erdaraz ez zekitelako, eta, beraz, ez irakurtzen eta ez izkribatzen ere ez zekiten. Arrazoi horregatik alde egin behar izan zuten eta batzuk kastiguak ere jasan zituzten. Edozein modutan ere ez ziren batzarrean gelditu: 1624-garren urtean: Arrieta, Ipaster, Sondika, Leioa, Berango, Lemoize, Laukize, Basigo (Bakio), Gamize, Kastillo eta Elexabeitia (Artea), Ubide eta Ibarrangeluko ordezkariak; 1625-garrenean: Muxika, Ereño, Berriatu, Barakaldo eta Berangokoak, azkenengo biotakoak gainera bi dukat ordaindu behar izan zituzten eta bost egunean gartzelan egon. 1626-garrenean zenbait, ez dio nortzuk, preso hartzeko manua eman zuten arrazoi berberean oinharriturik; 1628-garrenean Leioa, Getxo, Sopela eta Fikakoak bota egin zituzten. Berriz joanik burruka giroa sortu zuenik ere ez zen falta izan, baino zigor gogorraren amenazuz, terrorismo politikoz esango genduke egun, isildu beharra besterik ez zegoen (1).

Esan beharrik ez dago hontzat hartu ezin daitekeen diskriminazio linguistiko gogor baten azpian ipini zituztela, eta ipini zituztenak herriaren izenean demokratikoki egin zutela esateari gehiegizko deritzat. Beraz, aristos direlako batzuen buruetan joera hori kokatua zegoela gogora ekarri behar dugu eta Bizkaiko jauna zela beren buru, denbora berean Gaztelako eta beste leku batzuetako errege zena, Ameriketan ere bertako jatorria zutenen artean gaztelania zabaltzeko behin baino gehiagotan bortxaz ari izan zirenen artekoa. Begien bistan dago, gainera, aski indar zutela euskararen kontrako erasoa aurrera eramateko, non eta Gernikako batzarrean bertan, Iparragirre-ren esanera arbola santuaren azpian, geroago bonbardeoan oraindik zutik gelditu zenaren eta oraindik dirauen leku berberean.

Horregatik garai horri nolabait deitzeko —eta ez dut honekin orduan Bizkaian zegoen egoera politikoa besterekin konparatu nahi, hitzek erratzera bultza baitiezaigukete— garai aristokratikoa deituko diot. Horrek ez du esan nahi Bizkaiko jaunak bizkaitarren ohiturak, usarioak eta foruak errespetatuko zituela zin egiten ez zuenik. Zin egitea nonbait formula huts bat, inolako mamirik gabekoa, izatera makurtu nahi zuen. Tentazio hori biziki sendo izan zuten eten gabe eta izan ere erregeak ez ziren aingeruak eta Maquiavelo-ren berri ere ez zitzaien falta.

Guzti honek ez du esan nahi ordurako ez zegoenik gure artean handikiren bat edo beste beti erdaraz euskararen alde eta gure istituzioen alde apologiarik egin ez zuenik. Hor genituen Garibai, Poza lizenziatua, Baltasar Etxabe, eta abar, baina ez dirudita haiek izkribatu zutenari jaramon handirik egiten zitzaionik. Gorago aipatu dugun egoera bederen ez dator horrekin bat. Larramendi andoaindarra geroago ari izan zen eta oraindik geroago Mogel, Astarloa eta Erro, joan den mendeko hasera inguruan frutua eman zutenak, eta ez naiz Ipar Euskal Herriko saioaz ari han XVI-garren mendean hasi baitziren literaturako gure hizkuntza besterik gabe erabiliz eta mogimendua ibilirik demostratuz, inolako apologiarik gabe, Greziako jakintsuak askoaz lehenago erakutsi zuenez. Horrexegatik Ipar Euskal Herriko euskaldunik asko aspaldiko denboretarik alfabetatua izan da eta gure hizkuntzaz baliatu izan da neurri batean bederen, Hegokoak ez bezala izkribuetarako eta elkarren arteko kartetarako. Gure artean, ordea, ez da oso berandurarte halakorik gertatu eta oraindik askorengan gertatzeko dago.

Edozein modutan ere egoera hori joan den mendean aldatua agertzen da, edo eta aldatzeko bidean. Esaterako 1833-garren urtean egin ziren batzarretan, hain zuzen ere lehen karlistada hasi zen urte berean. Erregeak izendaturikako korrejidoreak haserako hitzaldia erdaraz egin ondoan euskarara itzuli zen. Honela irakurri ahal izan dugu: "El cual despues de haberle traducido verbalmente al idioma Vascongado, para completa inteligencia de los Señores que no poseyesen el habla castellana, se mandó por la Junta que se imprimiera y se distribuyeran ejemplares de él á todos los Señores apoderados"(2).

1839-garren urtean ere berdin: "Hizose una esplicación de su contenido en idioma vascongado para inteligencia de los que por no poseer bastantemente el habla castellana no hubiesen podido comprenderle bien".

1841-garren urtean ere berdin: "Este discurso fué esplicado en idioma vascongado para inteligencia de los que por no poseer el habla castellana no hubiesen podido comprenderle bien". "En virtud de moción de uno de los señores apoderados, se resolvió que se imprimiese inmediatamente el discurso pronunciado en la apertura de estas juntas el dia de ayer por el Sr. Corregidor y que se repartiesen ejemplares de él á los mismos señores apoderados". Urte berean berriz egin zirenetan ere berdin. Azkenengo hauetan, gainera, urrengo hau erabaki zen: "Resolvióse en seguida despues de varias esplicaciones á que dió lugar la reclamación de algunos señores apoderados vascongados, que diariamente se trajese á la Junta en lengua vascongada por escrito el estracto de la acta de la sesión precedente, para que así quedasen mejor enterados de sus liberaciones y acuerdos de los que no poseyesen el idioma castellano, y quedó á cargo de la Diputación el nombramiento entre los señores vocales de la Junta de los que hubiesen de hacer la versión de las actas de una á otra lengua. Se leyeron y esplicaron en idioma vascongado los dos informes siguientes sobre poderes".

1844-garrenekoetan dio: "Habiendo algunos señores apoderados significado el deseo, no sólo de que se insertase en el acta de este día, sino de que vertido con lo posible exactitud á la lengua vascongada se imprimiese y circulase por todos los pueblos de Vizcaya el discurso de apertura pronunciado por el Señor Presidente".

Baina 1846-garren urtekoan hitzaldia euskaraz eta erdaraz argitaratzen da batzarreko berriekin batera. Honela dio euskarazkoak (3):

"Verba-aldi D. Manuel de Cuestac vizcaico buru-zucenzalle eta Corregidoria leguez esana gustien batzar edo junta generalaren edeguieraan, Guernicaco arboliaren-aspijan garagarrilleco 6. 1846 garren urtian sillatuten dana batzarraren beraren aguinduz.

"Jaunac:

"Gomutaurie batzar argui onec eguin biar dituzan verbacuntzac: icusiric emen baturic Vizcaico Jauntegui edo Señorijo guztiz linargui eta leijala, izen ándico arbolapian, cein dan bere foru eta gurasosco governubaren irudi bat: gogoraturic aen sorrería escuetan dala dempora lucien gau illunetan, eta vici dala aimbat aldaera, naibaga eta juan etorri igaro doguzan guztien gañetic: icusiric jarlecu moldatzaca adierazoten dabeenac, zuben lenagocuen lautasun eta cintzotasuna: gomutauric euretan jarri dirala bacarburu edo monarca altsu Españolac: gauza oneen aurrian, Jaunac, barruco samurtasun eta donade, edo erliginoezco itza lagaz aicurtu dot arbola veneragarri izan dana Erreguien querizgarri, eta zuben asaba liñarguijeen estalquija.

"Jazoera negargarrizco, guztioc aztu biar doguzanac, ecarri citubeen lur onetará ecin esalaco naibagaac, eta aren artian galerazotia batzar eta foruco zucenbidia, gorde baga Urrijaren 25 eta 1859 garren urteco leguiac, aguinduten cituban vide eta cerceridadiac. Bitarte au, igarocorra eta naita ececua izan arren, sortucituban artu ernon eta gach, Gobernu onguilla eta zurbatec goitu ecin cituquianac andijaguac jaso baga. Eguin zituzan eguinalac, eta artu eban Vizcaijac esquer onagaz Garagar illaren 4. 1844 garren urteco Erregue aguindu edo decretuba, ceiñen vitartez, barriro batucituzan bere batzar, edo Junta generalac.

"Urte bi igaro dirá oraiñenguetatic ona, eta egonic orandiño erabagui baga forubeen cerceneria, nai ta ez izan biar eban nequezcua, eta atseguin baguia bitarte onec, eztabaidiac berez dacartzan descompiantza eta bildurrac gaitic, eta nastarijac artu leijezan achaquijac gaitic. Dempora onetan Gobernubac eguin ta ipiniric legue arteztzallac, bacaronda, edo monarquija guztiraco, sartu ditu Vizcaijan aetaric batzuc alcartu leizanac bere forubacaz, gorderic lotsia eureen izatian, daocan eta mereci daben leguez Vizcaitar liñargui eta prestuben leijaltade aguirijac. Diputaciño generalac, lar arduratsubac ez galdutiarren topau ebana bere sarreran, ecin beti ito izan ditu alde onetaco quezca naitaez dacartzanac eztabaidaco egoeriac errijetara; osterantzian, alzanian, catigarijo baga, azarri ibilli gará guztioc baterá beteetan errijeen onari egocazan eguin biar dontsubac.

"Orain ecubec azaldauco dozubeez erri barruco zucenbide eta ayrreraoeb edi ecibinuha buarrebacm erabaguico diranac centzun, beguiramen eta astuntasun beti izan dabenagaz lotsa andico batzacuntza onec. Neuri jaotan buru eguite eta arteztutiac, atsereten dabee ecuben centzunian, eta errijeen onac ceuben ciurtasunian.

"Dempora guztietan izan bada batzarrian Vizcaico buru izan biar dabeenen autueria beguiratuba ardura andico eguitadia leguez, jarraicozan ondorenguac gaiti, iños baño gueijago izan biar dau orain arduraz eta astiro eguitia. Ceubee daquizube, eta alperra litzate nic adierazo gura izatia, cembat aurreratu leijan datozan urte bijetaraco, autumen edo eleccinoe on batec errijen oneraco.

"Sinisgarrija da bitarte onetan, bada ecin asco lucetu leite, elduco dala urrjaren 25 garrenco leguiaren bete biarra, forubeen cerceneria, eta azquneco epaija. Onetan, Jaunac, gueijen juacoe errijei eurei, gura izanic batzandu euren premiña, ecandu, eta oraingo usadijuacaz, eta, esatecotzat urte onetaco malmultzquirija edo malicijagaz, legue eta erabagui eguiñac dempora cintzuago, gue, damuz, jarichi ez doguzanetaraco. Juacue, cerren urten gura leuqueen egoera ez jaquiñeco eta nequezco onetatic, eta sendotu edo segurau beticó subertia, eta dauquelaco uste betia Erreguiña gueure Andra edo Señoriaren gobernubaren leijaltade eta jaquiturijac, jaquingo dabela batzanduten Vizcaijaren ona, aurrerapen, eta locabetasunac bacaronda edo monarquijaren bat-tasun eta zucenbidiaren asiera onagas.

"Gozatuten nas uste onegaz, eta cintzoro etziguiric erri linargui oneetara, nai izanic iñoc bassen asco eureen aurrerapen eta zoriontazuna, atseguin andija izango dot albanei erraztu jarichitia eureen leijaltade, prestutasuna, eta onoidade edo virtutiei zor jaguen guztia."

1848-garrenekoetan ere badugu beste eraso bat euskararen alde: "Concluida la lectura de este informe y antes de someterlo á discusion (4), se trató de su version á la lengua vascongada. Propúsose con este motivo el nombramiento de una persona idónea, de la confianza de la junta, que corriese con el cargo de traducir en vascuence las actas de las sesiones, los informes de las comisiones y demas documentos de que se diese cuenta en ella, idea á cuya adopcion se mostró inclinado el congreso, y se indicó que el oficial primero de la secretaria de gobierno D. Manuel de Barandica, que poseía entrambos idiomas, podia desempeñar convenientemente esta tarea. Mas no siendo fácil improvisar la version del documento de que se trataba con la debida fidelidad y esactitud sin tomarse tiempo suficiente para examinarlo con detencion y penetrarse bien de su letra y espíritu, quedó aplazada la discusion del referido informe para la sesion inmediata, y encargada la Diputacion de disponer lo conducente con el fin de que en este punto fuesen cumplidos los deseos de la junta".

Biharamonean berriz hitz egin zen horretaz eta hau agertzen da:

"Se hizo la version a la lengua vascongada, por el antes citado D. Manuel de Barandica, del dictamen de la comision de Instruccion Pública, concerniente al instituto de segunda enseñanza establecido en Bilbao, el cual fué leido en la sesion anterior y vá inserto en el acta de ella; y prévia una discusion, en que tomaron parte el primer consultor y algunos señores apoderados, recomendándose por uno de éstos á la Diputacion general que procurase favorecer ia publicacion del diccionario del idioma antiguo de este pais, que segun sus noticias lo tenia concluido y pronto para darlo á luz un religioso esclaustrado, se aprobo en todas sus partes dicho dictamen"(5). Komeniko litzateke hiztegi horren aztarrenak bilatzea.

jarraitzeko

A. Irigoyen

(1) Ikus Fidel de Sagarmínaga. El Gobierno y Régimen Foral del Señorío de Vizcaya, Bilbao 1892, tom. 1, 381-384-385, 390, 401, 403, 413, 422 orrialdeak.

(2) Juntas generales del M.N. y M.L. Señorío de Vizcaya, celebradas só el arbol, y en la Iglesia juradera de Sta. María de Guernica desde el día cuatro hasta el quince de julio inclusive de mil ochocientos treinta y tres, Bilbao 1834, 13 orr.

Ezin utz dezakegu aipatu gabe joera hau bultzatzen zutenen artean Jose Paulo Ulibarri Galindez (1775-1847) Okondon jaioa eta Abandon abere sendatzaile izana eta Gernikako batzarretan ere parte hartu zuena 1814 eta 1829-garren urteetan Abandoren izenean eta 1830-garren otsailekoetan Loiuren izenean, Juan Jose Gastañaga-ren ordez, baina urte bereko gerokoetara tokatzen zitzaiona bere joan zen.

Honetaz ikus: Jose Paulo Ulibarri Galindez-en "Gutunliburua" izeneko eskuzkribuaren facsimil gisako argitalpena, Gasteizen 1975, eta bertan datorren "Bibliografia" eta Aita Lino Akesolo-ren aurkeztatzea. 1976-garreneko Euskera aldizkarian beste lau hitzaldi datoz Okondon egin zitzaion gorazarre egunean esanak, 167 orr. eta urrengoak.

(3) Juntas generales del M.N. y M.L. Señorío de Vizcaya celebradas Só el Arbol y en la Iglesia juradera de Santa María de Guernica desde el día 6 hasta el 13 de julio de 1846, Bilbao 1846, 14-15 orr.

1839-garrenekoa, 10 orr.

1841-garrenekoa, bat 14, 17 orr. eta beste edizioaren 15, 18, 19 orr.

1844-garrenekoa, 11 orr.

1846-garrenetik aurrera gehiago agertzen dira euskaraz, ez bakarrik korrejidorearenak, baina ez dut hemen beste bat baino emango eta denak artikulu luze edo liburuska batean argitaratzeko asmoa dut, zehatz arakaturik 1452-garreneko Foru zaharrean azaltzen diren euskal hitz eta baita vrda vrdaondo è acia etondo delako esaera ere, Labayru-k erdaraz urdibilidad deritzana (tom. III, 174 orr., 1968-garren urteko edizio erretratuzkoa 1899-garrenekoaren arauera), ohituraz hala zelako hala bildu zena, eta beste zenbait gauza jakingarri.

(4) "Informe sobre el instituto de segunda enseñanza de Vizcaya proponiendo se autorice á la Diputacion á llevar á cabo la empresa", 54 orr. eta urrengoak, 59 orr.

(5) 64 orr.


Georgiarrak Euskal Herrian

Uztailaren lehen astean sovietar kultur ordezkaritza bat heldu zitzaigun Euskal Herrira. Zekarren helburua zera zen, gure Herriko hizkuntz, kultur eta ethni berezitasuna aztertzea.

Sovietar bisitalariak hiru ziren, eta naziotasuna eta hiritartasuna hobeki bereizi behar lituzkeen hemengo aldizkari batek rusostzat hartu arren, kasualitatea!, hiruretako inor ez zen "errusiarra". Bi, georgiar ziren, eta bestea ukrainiarra.

Ukrainiakoa Viktor Bondarenko zen, Sovietar Batasuneko Zientzi eta Tekhnologi Ministeritzakoa, Atzerritar Arazoetarako Departamentuko, espainolez oso ongi zekiena, eta besteen itzultzaile gisa zetorren.

Besteak Xota Dzidziguri, Georgiako Sovietar Errepublika Sozialistako Zientzi Akademiakoa, hizkuntzalaria, eta Ilia Tabagua ziren, Georgiako Histori Institutuko Europar Historiarako Saileko burua. Georgiar biok Euskal Herriaren adiskideak izeneko kultur elkarte bat eratua dute Tbilisin, beren herritarren artean euskaldunon berriak zabaltzeko.

Euskaltzainburuarekin hizketan

Uztailaren 12an, Arantzazura joan eta bertan Luis Villasante, Jose Antonio Arana Martija eta Xabier Kintanarekin egon ziren hizketan. Dzidzigurik esan zuenez, ez da oraingoa georgiarrek Euskal Herrira egiten duten lehen ibilaldia. Jadanik X mendean georgiarrek itsasoz espedizio bat prestatu zuten Pirinioetako beren anaiak bisitatzeko. Turkoengatik, ordea, bidaia ez zen bere helbururaino ailegatu.

Harez gero aipamen ugari azaltzen dira georgiar literaturaren historian euskaldun eta kaukasiar herrien ahaidetasunaz. Mende honexetan, hain zuzen ere, Niko Marr hizkuntzalari famatua Gipuzkoara etorri zen Euskal Herria ezagutzera.

Gauzak argitu nahirik

"Ustezko ahaidetasun hori ez da laupabost jakitunen eritzia —zioskun Dzidzigurik—, georgiar guzti guztiek, kaletar, baserritar, langile, marinel zein artzainak izan, ba dakite, jakin, Euskal Herrian beren anaiak dauzkatela". Eta horrexegatik, hain zuzen ere, Zientzi Akademiakoak ustezko kidetasun horren benetazko funtsa aztertu behar dugula uste dugu, horrela geure Herriari erantzun zientifiko eta egiazko bat eman ahal izateko".

Euskaltzaindiak eta Georgiako Zientzi Akademiak ihazlanik beren kultur harremanak hasiak zeuzkaten. Joan den ikastaroan, gainera, Tbilisiko Unibertsitatean euskara irakasten hasi zen. Orain, ordea, gauzak aurrerago eramateko gogoa dago. Honez gero projektu bat dago: bi hizkuntzalari georgiar gazte hona, euskara ongi ikas dezaten, bidali, eta, berauen truke, beste bi linguista Georgiaratzea. Hasteko, bitzuek hiru bat hilabete emanen lituzkete besteen herrian.

Euskal-Kaukasiar symposium bat Tbilisin

Datorren urterako, gainera, Tbilisin, hau da, Georgiako hiriburuan, Euskal-Kaukasiar Kulturen Nazioarteko Symposium Nagusi bat eratzea pentsatu izan dute, mundu guztiko astarlariek herri horien hizkuntza, kultura, folklore, etnhologia, ezaugarri eta berezitasun guztiak arakatu ahal izateko. Asmo horrexekin, Dzidzigurik moldiztegian dauka —laster agertzeko prest— euskal-kaukasiar harremanez idatzi izan diren liburu eta lan guztien bibliographi zerrenda, nahi den helbururako lagungarri izanen dena.

Hain gogotsu agertu den projektu hau bide onetik abiatzea eta hobeki burutzea nahi genuke.

X.A.


Mendez Ferrin: nazionalismoa, burruka galegoak, poemagintza eta beste

Erorita bezala zaude

depresioa edo otso urdinak eta urrunak amiltzen antzinakoak

Zaude, maite, galdua

alegeraki zugan borobildua, alegeraki

festa tatuaiarekin hurbiltzen den heriotzeari akonpasatua

Zaude, o udarako gaztaina

matxinsalto tropak eta lorehori ximelduak babesten

Sabela idekita zaude

eta garraisi mikatz, mitxeleta segizio batek

erreboltatzen dizkizu erraiak, argirik gabeko barruak

Ihesean, zaude,

hemen eta ez zaude ezagutzen baituzu

aldibereko izatearen artea eta zure gari natiboak begiz zamalkatzearena

ekiaz eta amapolaz boteretsuki betea

Zaude nigan

zu ez zaudeneko zu ez zaudeneko zu ez zaudeneko

egunak konkistatzeko

izenik gabeko zozo edo igitai bat duen bat bezala

Xose Luis Mendez Ferrin-en aurkezpena asmatzen ibili gabe, TEIMA aldizkariak egiten ziona itzuliko (?) dizuet: "Hona hemen politiko bat, hona hemen poeta. X. L. Mendez Ferrin bi bider hatzemana, eta prozesatua frankismoaren garaian, bere ekintza politikoaz zirela eta; azken "Premio da Critica" bere "Con polvora e magnolias" liburuagatik, eta gure herriko eskritore garrantzitsuenetako bat. Gaztetandik engaiatua nazionalismoan, erresistentzi eskritorea, etorkizun askatu eta gorri baten iragarle zen Heriberto Bens delakoaren zinezko izena".

— Nik, eta ni bezala beste askok Galiziaz ukan genuen lehen berria, Rosalia de Castroren poemen bitartez etorri zitzaigun, ba dakizu, emigrazioari buruz egin zituen haien bitartez, arrosa bezala abiatutako galegoak beltzen gisa itzultzen zirela beren herrietara, Rosalia, emigrazioa, esan egiak zerbait hontaz...

— Bai, XIX. mendeko galiziar literaturak oso giza-sentsibilitate berezia izan zuela emigrazioaren arazoari buruz, orduan, nahiz eta ez egon nazionalist kontzientzia garbirik eskritore horiengan, ba zeukaten ordea kontzientzia hori kultur eta ekonomi suntsiketari buruz, herri galegoaren nazional suntsiketari buruz, eta kontzientzia hau emigrazioaren salhaketan kontraespilatzen da, Rosaliak Gaztelara joaten ziren segalariak zirela eta egindako salhapenean, latifundista batek edo beste edozein pertsona ezgalegok esplotatzen baitzituen segalariak, arrosa bezala joaten zirenak beltzaren gisa itzultzeko... hori da, ez dago nazionalismo formulaturik, barruraturik baizik, ez da nazionalismo klaroa, baina Espainiari gorroto dio, Rosaliak gorroto dio Espainiari, eta gainera, gorroto honi giza sentsibilitatea eransten dio, eta hau beti honela izan da, nazionalismoa beti joan da giza kontzientziari lotua, gure kasua, guztiz garbi, herri kolonizatu batena izan baita.

— Urte batzu lehenago, Rosalia, Murguia, Pondal eta hauen aurretik, 1846.eko matxinada gertatu zen, ezta?... Zer izan zen 1 846.ekoa?

— Begira: 1846an matxinatu egin ziren, Galiziako goarnizioan zeuden espainol militarrak, aurrerakoi kerako pronuntziamendua egin zuten, erregimena aldatzearren. Pronuntziamendu hau, Espainol Estatu guztirako prestatua zegoena, Galizian bakarrik ateratzen da garaile. Orduan, espainol militarrak, bakarturik aurkitzen zirenez gero, herriaren solidaritate hiritarra sorterazten dute, eta asanblada, edo junta batzu egiten dira, osatzen dira. Eta asanblada horietan nazionalismoa nagusitzen da, enbrioizko egoeran, matxinadaren zentzu politikoa kutsatuz guztiz... alde batetik, beraz, boterea daukaten militarrek bere ohizko españolismoarekin jarraitzen dute, eta honen itzalpean, paraleloki, mugimendu nazionalista sortzen da, Antonio Faraldo, Romero Ortiz eta beste asko buru direla, eta horiek honako hau bezain planteiamendu aurrerazaleak ukan zituzten: Galizia, Gortearen zinezko kolonia da, esaten dute beren manifestuan, kolonia hitza lehenengoz erabiliz, 1846 urtean esan zen estraineko... gero, Lugoko asanbladan, botu bategatik, ez da Galiziaren independentzia planteiatzen, botu bategatik bakarrik, pentsa ezak zein kolokan zeuden gauzak. Urte honetakoa da, orduan, lehen nazionalismoa, definitu gabe, eta errepresioak jugulatuko du, militarrak Cacheiras eta Santiagon bentzutuak izanen direnean... Solis eta bere adiskideak fusilatu egiten dituzte Cabral-en, eta elementu zibilak atzera egiten dute, erreplegatu, jakina, mentura latzegian sartu baitziren.

— Galdu zenuten lehen bataila!

— Galdu genuen lehen bataila!

Eta horregatik, XIX. eko eskritore belaunaldia, 1846an 15 urte zituenekoena da: lehen nazionalismoaren derrota bizi zuten, beren derrota pertsonal bezala sentituz, eta Galiziaren berreraiketa kulturalera jarri zituzten beren bizitzak, poemagintzara, theatrora erreplegatu egin ziren, ez zuten politikarik egin, Fronte Kulturalean burrukatu ziren, belaunaldi osoa horretara jarri zen...

— Euskal Herrian, gerraaurreko zenbaitek ere hori pentsatzen zuten, poemagintzak salba zezakeela, poema on batek...

— Baina konfunditu egiten dira hori pentsatzen dutenak, beti, jakina, zenbait unetan beharrezkoa da erreplegatzea, eta ba dira halaber zenbait mementu non poetek herri zapaldu, kolonizatua, inperialismoak izorratzen duen herri hori salbatzen baitute, badakizu, Hungarian Ptofi batek, Irlandako Pearse, baina ez da sistematikoki ekintza kulturala ekintza politiko eta militarraren ordez ipini behar, osagarri dira, koño, batzutan poetak herri zapalduaren abangoardia dira, baina bestetan abangoardia politiko eta militarrei utzi behar zaie aintzindaritza, osagarri dira, nahiz eta batzutan, Rosaliaren kasoan bezala, poetak aurretik joan.

— Bai, Rosalia de Castro guzti hori zatekeen baina ihaz, Iria Flavian izan nintzenean, eta beraren sortetxea ikusi nuenean, ez nuen somatu han inongo burruka kutsurik, kurtsileriari eraikitako etxea zirudien hark...

— Horixe ezetz, baina zer gertatu da horrekin?... bada, Rosaliaren giroa berregin zuten pertsonek, eskuin edo eskuin puntako galegismokoak denak, beren ideologiaren arauera jokatu zutela, PPG.ko jendeak jaso zuten etxe hori, Espainiako kristau-demokrata ekipokoek, eta ez zuten zinez jokatu. Zuk ikusi zenuen etxe hori, etxe miserable bat zen, hori da errealitatea, pobretxe bat, Rosaliak bere azken urteetarako alokatu zuena... Rosaliak ez zuen diru etorririk, zeren bere senarra buhamea zelarik, okasiozko eskritorea, gizon miresgarri bat noski, ez baitzuen ukan inoiz enplegu fixurik... eta orain etxe hura lorategiz inguratu dute, eta kameliaz, eta abar... baina hori guztiori faltsua da, guztiz faltsua.

— Ondo, ondo egina noski, Opusekoek ere gauza berbera egin omen dute beren profetaren etxearekin (eta deskojonatu egiten gara biok, ginebrari beste zurrutada ematen diogun bitartean)... orain Ramon Cabanillas zetorkidak burura, eta bere poema hura: "Antes de ser esclavos, irmans irmans galegos"... mende honen hasieran, zer diok honetaz?

— Ramon Cabanillas beste gauza da, buru belarri sartua egon zen bere garaiko nekazari burruketan; burruka oso garrantzizkoak izan ziren, jende asko hil zuten, Xofan, Aron, Nebran ere; hasi 1910ean, eta Primo de Riveraren diktadura arte iraun zuten. Nekazari galegoen emantzipazio mugimendua izan zen, oso momentu gogorrak, gaur Galizian gizon mitikoa den Basilio Alvarez-ek zuzendutako mugimendu iraultzailea. Ez zuen izan nazional funtsik, soziala izan zen bakar bakarrik, Irlandako nekazari burruka haien antzekoa... mugimendu hau Foro deitu erakunde baten aurka zihoan, feudal elementua baitzen hau, lur galegoek sofritzen zuten feudalismoaren haztarnetako bat,... nik ez zekiat zehazki Foroa zer zen, legegizonak enfiteusis deitzen diena zela uste diat, baina berdin duk, feudala zuan, nekazaria uztaren parte bat jauntxoari ematera behartua ziegoan... eta egoera latza etorri zuan nekazariak aurka altxa zirenean, orduan nekazari zituan % 90 Galizian, eta denak altxa zituan, Goardi Zibilak disparatu egin zian... orduan, Ramon Cabanillasek parte hartu zian mugimendu honetan, eta poeta bezala "Antes de ser esclavos, irmans irmans galegos, que o sang corra rios de montana o val" esan zian, nekazari horien poeta zelako, burruka harmatura egiten dik dei, bera ere enfrentamendu horietan zebilelako. Baina Cabanillas, behe mailako funtzionarioa, hori izatetik lehen poeta nazionalista izatera zetorrek "Da terra asoballada" liburua ateratzen duenean... nekazari burruketatik nazionalismora pasatzen duk, lehen poeta nazionalista duk Cabanillas.

— Hau entzunez, zera zetorkidak burura: hemen, Galizian, baldintza objektiboak, teorikoki behintzat, hobeak direla Euskal Herrian baino, hemen galegoak dituk pobreak, ez zegok burjesia nazionalik, burruka soziala eta nazionala eskutik joan dituk beti... gure kasuan ez diat uste hain garbia izan denik, gaur bertan ekonomi aldetik aberatsak gaituk, Gaztela mila aldiz pobreagoa duk...

— ETA bera, Euskadi kolonia bat bezala aztertzetik, kolonia ez zela esatera pasa zen, eta horrek errespetu handia merezi dik, errespetu handia eta prolema teoriko handia zuentzat, ea zer potro den Euskadi, koño!... menpeko herri bat, baina zein mailatan, zein mailatan kono!...

— Gure kasua kulturaren arloan ere ez da berdin izan guk apenas laikorik izan dugun... eta harira itzuliz, ez al dago borroka eredu bat Galizian, historian zehar... Ramon Cabanillas, As Encrobas, "El Caso" aldizkariak atera zuen 25 urteko atzeranzko begiradan azaltzen ziren emakume galegoak ez dakit nongo Justizi Palazioan... ez al dago hor konstante bat?

— Bai jauna, badago konstante bat, eta hau da lehenengoz aipatzen den aldia, hau ez da inoiz izkribatu... bada nekazari burrukaren eredu bat, Administrazioaren kontrakoa dena, boterearen aurkakoa. Burruka hau Parrokietatik (nekazarien populatze erakundea da Parrokia, Galizian) sortzen da, eta botere erakunde baten aurka doa, Cabanillasen sasoian jauntxoaren aurka zihoan, eta jauntxoa parrokiala zen, neurri berean,... orain, Baldayo, Xove, As Encrobas, milaka eta milaka pertsonen mobilizapenak Kapital Monopolista, Oligarkia Monopolistaren aurka doaz, Fenosaren aurka bereziki, Fenosa edonon aurkitzen dugu, zentral nuklear bat egin nahi duenean, mehatoki batzuren desjabetzeak direla eta, edonon, eta honela jauntxoa Estatu Kapital Monopolista bihurtzen da, orduan, Galiziak konprenitu egiten du Estatu Oligarkia dela etsairik nagusiena... baina burruka eskema beti berbera da, Parrokia da, garaiko etsaiaren aurka... Cabanillasen sasoian nekazari mugimenduak bultzatua, gaur A. N. P. G.-k (Asamblea Nacional Popular Gallega delakoak) lagundua, eta beti bultzatzaile hori nazionalista tipoko erakundea delarik, jakina,... hau da gure nazionalismo herritarra.

— Hau dela eta gauza bat datorkit burura, orain arte patria hitzak Hitler, Mussolini, Franco, eta honelako izenak gogorazten zizkigula, baina gaur, Vietnangoak, Irlandakoak, Bretainiakoak, Euskaldunak eta Galegoak, eta iraultzaile askok hitz horri beste zentzu bat eman diote, gaur ezin daiteke joka, beraz, Pariseko literato haik bezala, Adamov eta abar, zeinek batzarretara bretoiak etortzen zirenean eskapa egiten baitzuten, ez al zaizu honela dela iruditzen?

— Hemen zera gertatzen da: Patria hitza edozein gauzaz bete daitekeen kutxa dela, bete dezake Hitler-ek funts anti-langile batez, baina bete dezake proletalgo batek, Irlandakoak kasu, funts anti-inperialista, anti-kapitalista batez, ETAk, edo UPGk bete dezaken modu berberean... edozein gauzaz bete daiteke, hitz hori Marti edo Fidel Castroren ezpainetan aurrerakoi da, eta ETAren ezpainetan ere, edo UPGrenetan. Talde horik, bestalde, eta Seen Finn Eraberritua ere, sasoi berekoak dira, eta elkar harreman handirik gabe ondorio berberetara iristen dira, zalantza teoriko askorekin, baina norabide berdinean,... jakin egin behar da, behin eta betirako nazionalismoa positiboa dela Europan, Europaren bihotzean, ez bakarrik Afrikan edo Latinoamerikan, zeren nazionalismoa Kapitalismoari bihotza puskatzen ari baitzaio, Irlandan bezala, Belfast-eko bonbak Metropoliaren bihotzean ari dira lehertzen,... eta ea noiz enteratzen diren españolistak, LCRkoak eta beste tonto guztiak, Moskukoak ere hau dela lagundu behar dena, koño!... baina guk ez diegu itxaronen, Maok Argeliakoei esan zien bezala: "lagunak, orain ba dakizute guk jakin genuena, bere askatasunaren alde burrukatzen duen Herri oro, bakarrik dagoela, inork ez diezaiokeela lagundu"... Carallo!... Patria, Inperialisten hitza da, baina baitaere Herri Zapalduena, eta orduan, kontzeptu leninista eta marxista baliagarri zaigu, Herri zapaltzailea-Herri Zapaldua, beti, eta zapalduak beti du arrazoia: nazio, erlijio, zapaldua den gizon edo sexo oro arrazoiaren jabe da. Orain gizarte industrialean bizi gara, eta funtsezko kontraesana proletalgo-burjesia da. Eta beste guztiak kontraesan funtsezko honek markatuko dieten erritmuan joan beharko dute.

— Hizketaldi hau saltoka doa, erremediorik gabe, eta orain Castelaoz galdetu nahi dizut, Castelao, nolabait, gure inbiria da, laikoa zelako, aurrerazale zelako, literato ona zelako, ez dugu guk holakorik izan, ez dut uste, zer diozu Castelaoz, Nos belaunaldiaz, eta beste?

— Honetaz zera esanen diat, Castelao santu antzeko zerbait dela gure nazionalismoarentzat, gizon honek zirkunstantzia batzurengatik bere burua traszenditu zuen... pixka bat, pixka bat diot eta ez erretorikoki, zuentzat Sabino Arana izan zena izan da guretzat Castelao, baina bereiztasun batekin, Castelao Agirreren adinekoa dela, eta Sabino Arana Unamunoren denborakidea... eta hemen, erritmu desberdintasun izugarria dago, zein baita nazionalismo euskaldun eta galegoaren arteko desberdintasuna, eta azpimarratu nahi dut, gure nazionalismoak bere erritmu berezia duela, ez duela katalandar nazionalismoarekin zorrik, esan den bezala. Beti gertuago egon da euskal nazionalismotik, ez dakit ondo zergatik, eta hori beren arteko harremanik gabe, bai; izan ziren noski, Galeuzka 30ean, baina oso eskasak, eta euskaldunak gurekiko adigaiztasun handi batekin, superioritate konplexu bategaitik edo superioritatekoa bihurtu den inferioritate konplexu bategaitik, ez dakit... beste sasoia zen.

— Topiko antigalekoak ere izanen zuen zerikusia, noski, gure herrian, euskaraz bakarrik mintzatzen ginen, eta halere, "harria botatzen ez baduk, gallego!" esaten genuen, gallego hitzak zera esan nahi zuen, bada...

— Kobardea.

— Bai, kobardea, bai.

— Bada honetaz, zera esanen dizut, hau dela hori entzuten dudan lehen aldia, eta ez nauela batere harritzen, zeren hori, eta ez beste ezer baita espainolek esaten dutena. Espainolentzat, galego hitzak hiru mami semantiko dauzka: bat, Galizian jaioa, bi, kobardea, zikina, eta hiru, estazio-morroia. Camilo Jose Cela, izugarri kabreatu zen, eta 58an, hirugarren zentzua Akademiaren Hiztegitikan kendu zuten,... putakeria bat zela esan zien, txuleriako boluntarismoaz, galego espainolizatuaren txuleriaz, eta kendu egin zuten. Portugalen ere, topiko hau ba dabila, eta nik honela ulertzen dut hau: Espainol Inperialismoaren influentzia, bere menpeko ziren herrietan, orduan Portugal ere tartean, eta nola heldu zen inperialismo horren ahotsa abadeen eskutik bereziki "Galizia, inoiz ez poetetan emankorra", Tirso de Molinaren hitzak dira, eta irain bilduma bat aurki daiteke espainol klasikoetan, Gongoragan, eta abar...

— Klasiko horietan euskaldunen aurkako irainak ere ba dira...

— Bai, baino askozaz ere errespetu gehiagorekin!

— Baina, bizkainoak buruz oso motelak dira...

— Bai, baina kontuz!, buruz motela izango de, baina egundoko ostiak ematen ditu, kontuz! oso balientria da!... gu ordea ez, kobardeak eta zikinak gara... Arazo honek ongi asko erakusten du nola, mitoak eta topikoak sartzen diren Euskadiko herri batetan, eta beste herri zapalduetan, eta nola errepikatzen diren bala-bala... Galizian ba da topiko bat, portugaldarren aurkakoa, baina burjesen artean bakarrik, mugako herrietan ez da, ba dira, noski, izkimizkiak baina aurrez aurre dauden bi herrietan ematen direnetakoak, ba dakizu, Tolosakoak serioagoak direla kostakoak baino, hauk berriz sinpatikoagoak, Donostiakoak direla finenak, eta abar, koño! baina bestea, desberdina da... galiziarren kasoan, topiko hori Austriarren garaian sortu zen, matxinada irmandeñaren geroztik, beldurtu egin zen gortea, hura mugimendu antimonarkikoa izan zelako, eta horregatik, galegoen aurka, iraultzaile gogoren aurka, sortu zuten topikoa...

— Zer egiten duen orduko mass-mediak edukitzeak orduko telebisioaren jabe izateak!

— Pentsa, Euskadiko herri txiki batetara iristeraino...

— Beno, utz dezagun hori, eta mintza gaitezen nazionalismo iraultzailearen jaiotzaz, UPG 1964ean sortzen da, ez?

— Hau nahiko konplikatua da, gure nazionalismo iraultzailearen sorketa ia paraleloa da ETArenarekin, berantagoa, baina antza haundikoa... PNVko gazte erradikalizatuak, burruka politikoan, ideologikoan baino gehiago, erradikalizatuak, ba da belaunaldi arazo bat,eta baitaere jauzi bat sasoi berri batetara, burruka moeta berri batetara, PNVk konprenitzen ez zuena.

— Baina hemen, jauzi ttikiagoa eginen zenuten, ez?... Castelaogatik diot hau, errazagoa da noski Castelao batekin kontaktatzea, Sabino Aranarekin baino, ala ez?

— Jakina!, hemen ez da berdin, hemen norekin lotu, eta Castelaorekin lotzen da nazionalismo berri hau, Castelao hartzen du banderaz, eta Piñeiro, Galaxia talde,eta kulturalista eta antikomunista guztien aurka, antikomunista eta antinazionalista, zeren ezin dela Galiziaz nazio bezala mintza esaten baitute, Pais bat ginen, eta Europa Federal bat aipatzen zen, federalismo europear antikomunistaz eta erreazionaz, PNV bezala noski... eta horrekin hautsi genuen, eta horregatik hartu genuen Castelao oinharri dokumentu bezala, eta hemendik hasten gara nazionalismo iraultzailea sortzen, eta hastapenetan populista da, eta gero eboluzionatuz doa, adar batek nazional herritar praxia duen marxismo-leninismora, independentzi zaleak, eta beste adar bat, elektoralista, autonomizalea, eta burjesa, Blokearen linea, oraintxe bertan ari da gertatzen...

Atzoko ostiak, ezta? (Uztailaren 25ean, Galiziar Aberriaren Eguna zela eta, burruka izan zen "Koronelen" eta "disidenteen" artean).

— Atzoko ostiak, bai, Blokeko zuzendaritzakoak gure manifestua apurtu zuten, eta kaleetan independentzia aldarrikatu genuenean, jo egin nahi izan gintuzten... Santiagon, independentzia hitza guk bakarrik esan genuen, eta EIA eta PSAN (P) koak mitinean, bi talde horiek Blokearekin joan ziren, ez UPG langilearekin...

— Nik behintzat, paradoxa bat deritzat horri, edo behar bada ez, ez paradoxa, doxa baizik, jokaera arrunta, baina dena den, independentzia estrategikoak izateak, eta marxista leninista izateak zuengana ekarri behar lituzke, EIA behintzat... edo ez?, Hauteskundeetan parte hartzeak lotu ote ditu Blokea eta EIA ala zer?

— Ez dakit, nik dakidana zera da: manifestu hau puskatu egin zutela, independentzia esaten zuten banderak apurtuak izan zirela.

— Horrela, mass-medien eskusartzea permitituz, espektakulu bihurtuz, pertsonalismoak sorteraziz... atzo bertan, "Pais" en zure izena azaltzen zen, disidenteen buru bazina bezala...

— Eta nik zer ikusirik ez dut, bost liburu idazteak ez du esan nahi politika zuzendaria naizenik...

— Gai hori alde batetara utzi nahi dut orain, nahiko esan duzu eta... eta orain zutaz galde egin nahi dizut, galdera literariagoak egin. Ez dut aipatzeke utzi nahi zure doblearen asistentzia, Heriberto Bensena, burruka harmatuaren aldeko poemak egiten zituena orain dela zenbait denbora, baina orain Mendez Ferrin interesatzen zait. Eta hau esan nahi dizut: irakurri berri dut poeta frantses batek zioena, hori da, kondairarik ez duen herria (leiendarik) hotzez hilko dela, zer deritzazu horri?

— Bai hori Patrice de la Tour du Pin poeta frantsesak esan zuen, kristaua, kristaua zela uste dut, bai, poetek izaten dituzte batzutan horrelako trufak... bai dela kondaira kontu hori,... batez, herriek behar dutena kontzientzia historikoa da, kritikoa eta materialista... kondairek ez dute ezertarako balio Erdi Haroan eta sutondoan kontatzeko ez bada, baina orain XX. mendean gaude, eta kondairarik ez, batez!, Historia, historia... pentsa ezak gauza bat, gizon batek Frantziako oligarkiaren zerbitzurako "Chanson de Roland" delakoa izkribatzen duenean, bere xedea frantses herria indartzea da, eta egin nahi duena Historia, ez kondaira, zeredozertarako balio zezakeen zerbait... ari zen egiten; eta guk ere historia egin behar dugu, hori eskatzen digute denborek, poetak historian sartua, oinharritua egon behar du, desafioa da, oso gauza zaila, errealitate zientifiko eta historikoaren barrenean egotea, eta halaber modu berean poeta izatea, oso gauza zaila,... beraz, Patrice de la Tour du Pin hori joan dadila popatik hartzera, ez kondairarik, arrazionaletatik datorren historia baizik, ez beste ezer, bestela izorratua dago. Hortaz jabetu behar da poeta, eta modu berean funtzio poetikoa bete behar du, jakinik, koño, nola poemagintzak ez duen zerikusirik ez Zientziarekin, ez Historiarekin, ez Politikarekin, guztiz berlegeko, autonomo dela... baina ez kondairarik egin, ez, ez, gureak bezalako herri zapalduetan are eta gutxiago, Kapitalismoaren azken fasean gainera... guk eskuineko poetak baino hobeak izan behar dugu, ezin dezakegu panfleturik egin, Ezra Pound, Elliot, poeta eskuindar guztiek baino hobeak, poeta iraultzaileek gure sasoiko poemagintza handia egin behar dugu...

— Beno, baina hau ez da nik galdetu nahi nuena, nik kondaira eta beste, materiale bezala baliagarri ote diren galde egin nahi nian, errealitatera hurbiltzeko modu asko daude, noski, eta hurbiltze estetikoan ere bai, beharbada herri bakoitzak berea badu (edo herri batzuk, berbera diate, ez zekiat), eta hurbiltze estetiko hori kondairetan eta abar nabaritzen duk,... nik zera esan nahi nian, ea hik, heure poemak egiterakoan honi begiratzen dioanentz...

—Bai, bai, baina hau beste gauza bat duk, ni beste era batetan ulertu diat lehen esandakoa, eta jakina, nik ez diat onhartzen zientifikoa ez den historia ulerkuntzarik, interpretamenik, baina noski, koño, ulertzen dudala bigarren zentzu hori, hots, gaurko poeta urtua egon behar duela bere herriaren kultura tradizionalean, nekazalgoaren kulturan, barruan ez badago, zikiratu egiten da, altxor bat galtzen du, leiala izan behar du bere herriarekin, eta bere herria, neurri batetan, kultura tradizionalaren multzo hori da... eta egon beharra dauka halaber beste kulturetan, kultura urbanoan, hirikoan, Greziatik Marxismora datorren beste kultura horren barrenean; bi gauzetan egon beharra dauka beraz, eta hau da gauzarik zailena intelektual iraultzailearentzat, eta nazionalistarentzat bereziki, kultura tradizionalean eta abangoardikoan egotea, koño, ahalegin handiak egin behar ditu biak egokitzeko... ez gara ez tradizionalaz serbitu behar, berengan bizi baino, zer potro, horiengan bizi ez bagara, ez gaude gere herriarekin.

— Orain, zergatik ez? hitzegin ezazu zure azken liburuaz, "Con Pólvora e Magnolias"... usten dudanez, Cabanillas-ek ere erabili zuen magnolia hitza, zer gertatzen da, bolbora dela elementu berria?

— Oso arazo zaila duk hau, ez nauk gogoratzen Cabanillasek magnoliak erabiltzen zituen ala ez... ez al zen, bada, arrosa, bere lorea?... tira, berdin duk, oso zaila duk norberaren lanaz hitzegitea... zer esango niake?... 38 urte dut, eta nire belaunaldikoak Galizian nolabaiteko "Beat belaunaldia" gaituk...

— Nik zera pentsatzen nian, zuek denok afrantsesatu batzu izanen zinetela.

— Bai zeral, ni zerbait, frantsesera ongi menderatzen dudalarik, ingleseraren aldean, baina ez, kristo baino britanikogoak gaituk, Bernardino Grañes, esate batetarako, Dylan Thomas-etik zetorrek... gu denok, 1958an "Brais Pinto" taldea egin genian Madrilen...

— Zer da "Brais Pinto"?

— Zorrotzaile baten izena, inoiz bizi ez zena... bandera bezala hartu genian, baina ez duk "Brais Pinto" benetakorik izan. Liburu batzu argitaratu genizkian, eta abar, baina batez ere erreflexio, hausnarketa taldea zuan, ezker puntakoa eta nazionalista, eta literaturan abangoardiakoa, gero UPGn sartu gintuan gehienok... eta jende hau abangoardiako poemagintzari ekin zitziaioan, Blas de Otero-ren aurka, Gabriel Celaya-ren kakari erasoz, Campoamor bat duk eta, eta askoz aurrerago joan gintuan, nobisimoak baino lehenago denboran, esan diat, nolabaiteko Beat belaunaldia... ahaztu baino lehen, "Brais Pinto" poetez osatua ziegoan narratiban, "Nova Narrativa" zuan taldea...

Eta denbora abarantan doa, goizeko laurak dira, gehiegi erre eta edan dugu, batez ere erre egin dugu. Vigon, zorionez, ba dira beti zabalik dauden tabernak, portaldean, eta hara abiatzen gara. Bidean, Euskadi, lehen Vietnan bezala, Irlanda orain bezala, munduko abangoardia dela esaten dit, eta gaindituko direla gaurko zenbait destaxuketa.

Esaten dit, halaber, eta serio jartzen zait hori esatean, harreman gutxi daukagula, zerbait egin behar litzatekeela, ba dugula elkarri zer erakustekorik. Portugal eta Galizia anai-arrebak direla,baina bakoitzak bere problemak konpondu behar dituela, gero gerokoak. Eta portuko tabernan, azken ginebra edanez, hasieran ipini dudan poema itzuli zidan. Pixka bat geroago etorri ziren adiosak, eta Vigon egunsentia zen.

BERNARDO ATXAGA


Musika

MIRO CASABELLA, azken garaian entzundako izen bat da. Euskal Herrian egindako Galeusca guztietan eta kantaldi askotan parte hartu du Galiziako ordezkaria bezala, eta beren doinuak, hitzak eta kantak guztiz onhartuak izan dira bai euskaldunon arte, geure artean galego asko bizi diran artean bezala.

Berak erakutsi dizkigu beste hizkuntza, kultura eta azken finez, beste nazio zapaldu baten problematikan ikusmen bat. Hala ere gure kantariek gure nortasuna atzerrian erakutsi behar duten bezala.

Holako jaialdi batetan berarekin hitzaldi luze bat egin dugu eta gure galderari hola erantzun zigun.

Anait.— Galiziako musika mugimendua, nola eta noiz sortu zen?

MIRO.— Galiziako kantarien mugimendua 1968 urtean sortu zen, Santiagoko Unibertsitateko Medikuntza fakultateak antolatutako jaialdi bategaz. Garai hartan unibertsitateko jendea herriko hizkuntza galegoa zela konturatzen ari da eta jaialdi hartatik Voces Ceibes taldea sortzen da. Nik talde honetan ere parte hartu nuen, beranduago bakarrik segitu arren.

Anait.— Noren hitzak erabiltzen dituzu zuren kantetan?

 MIRO.— Galiziako poesia oso aberatsa da, eta hau konturatuz, nire kanta bidez, eta kantak daukan hedadura ikusirik, galego olerkiak nahi izan ditut erakutsi. Holan Rosalia de Castro, E. Ferreiro, M. Salvador, Garcia Bodaño, Isaac Ferreira, Xoan Manuel Casado eta beste batzuen hitzak.

Nire hitzak kantatzen ditut ere, baina guttiago. Beren artean romantzeak, eta gaurko gaiak ironia pittin bategaz nahazturik.

Anait.— Hauteskundeen ondoren nola ikusten duzu kantaldien funtzioa?

MIRO.— Kantaldiak eta kantak garrantzi handia dute. Lehendabiziko garaietan oztopo asko eduki ditugu eta horregatik luebakiko kanta bat egin da, askotan kalitate eskasagaz. Orain askatasun pittin bat gehiago daukagu eta gure kantek gauza gehiago esan dezakete eta gehiago entzungo dira, baina prozesu honek, kalitate mailan arrakasta handia ekarriko du kantarien artean.

Anait.— Eta prozesu honetan, berritasunik ikusten al duzu musika forma arazoan?

MIRO.— Musika berritasuna konstantea da. Nik herriko doinuak erabiltzen ditut eta herriko musika beti dago berritasun bidean. Gai batzuk geratzen dira baina garaiak desberdintzen diren bezala musika ere desberdindu egiten da. Baina kanta batzuk beti edukiko dute balore bat, herria askatu arte.

Forma aldetik eboluzioa ez da denbora gutti batetan ikusten, urte askotako prozesu batetan baizik. Herriko tresnetan sartu ditzakegu elektronik tresnak, gaur ez erabili arren. Nire tresnak herrikoiak dira baina gaur kitarra elektronikoa ere herrikoia da, eta guk sartu behar dugun bezala, rockeroek herriko tresnak sartuko dituzte rock musikan.

Anait.— Zuretzat, zer ukan behar du kanta batek?

MIRO.— Kantak, problema batzuen erakuspena; burruka bide bat; iraultza kultural; hizkuntz iraultza;... herriaren serbitzurako izan behar du.

Anait.— Eta Galizian nola da jaialdien giroa?

MIRO.— Galizian jaialdiak orain hasi dira indartzen. Hau da lehenengo urtea, eta hauteskundeetatik aurrera batez ere. Galizia Estatu gabeko herria da, guztiz kolonizatua izana, baina jendeak ondo hartzen du beren, musika, herriko musika. Horrela kantaldietatik aparte, teatroa, eta beste ikuskari batzu egiten dira galegoz. Orain arte kantaldietara jende gutti joan da eta, batez ere lareun urtetako zapalkuntzak kontzientzia guztietan beldur handia sartu duelako eta Galiziako kultura, ekonomia eta gizarte guztia, dependentzi egoera larri batetan dagoelako.

Anait.— Galiziatik kanpo, onhartzen dira zure kantaldiak?

MIRO.— Orain arte, oso onhartua izan naiz, batez ere herri zanpatuen kontzientzia gorantza doalako eta internazionalismoa praktikara eramateko beharra sentitzen delako. Kantaldi gehienak, herri alkartasunen giro batetan egiten dira. Baina gero ta guttiago Galiziatik irtengo naiz. Gehien bat nire herrian kantatu behar dut eta.

Anait.— Herriko musika bultzatzeko? Irratiak, telebistak eta diskak, zer moduzko laguntza da.

MIRO.— Arazo honetan egoeran ez da oso garbia. Telebista eta irratiek ez dute ezer laguntzen; kolonialismoaren alde egiten dute lan. Diskak orain ari dira saltzen eta uste dut gero ta gehiago zabalduko direla.

Anait.— Kantari artean, ba daukazue elkarterik edo holakorik?

MIRO.— Galiziako kantarien mugimendu herritarra bizi da baina oztopo askogaz eta ez da beti agertzen. Ez dago elkarterik eta gaur egungo laguntza gauza konkretu batzuetan baino ez dago kantari arteko harremanetan.

Anait.— Kantari asko daude Galizian?

MIRO.— Bai, baina ezagunak oso gutti gara, eta honen artean hauk dira gehienak: Anton Seoane, Rodrigo Romani, Fuxan os ventos taldea, Jon Quintas Canella, Luis Emilio Batalla, Jei Noguerol, eta abar.

Hauk izan dira beste herri bateko kantari baten eritziak hainbat puntutan gure kantarien problematika berdina erakusten dituenak.

Orain denbora gutti MIRO CASABELLAk diska bat atera du "Ti, Galiza" deritxona, eta nahi duzuenentzat bertan azaltzen dira hitzak, galegoz, gastelaniaz, katalanez eta euskaraz ere. Hori duk ongi egindako lana.

Erletxe


Postak

Agur adiskideok!

Zumarraga eta Urretxuago gaueskolakoak gara, eta herri hauetan inkesta bat egiteko asmoa dugularik, zuengana jotzen dugu gutun honekin batera bidaltzen dizuegun lantxoa argitara diezaguzuen eskatuz.

Besterik gabe, esker mila aurrez.

1997-6-27

Zumarraga-Urretxuago Gaueskolak eraturiko inkesta bat

Gipuzkoako herri hauetatik datorkigu albistea: Herri horietako gaueskolako jende gaztea jo eta ke ari da egun hauetan inkesta bat zabaltzen. Inkesta hori bi herri horietako jende guztiari zuzendua dago eta bertan bizi den jendea nondik etorritakoa den, zenbatek dakien euskaraz, zenbatek ikasi nahi duen, euskararen zabalkundeari buruz jendeak zer nolako eritzia duen eta abar, jakin nahi dute eratzaileek lan horren bidez.

Azken urteotan herri horietan gaueskolako ikaslegoa ugarituz joan da, baina hala ere ba da zenbait jende, mila eratako arrazoiengatik, ilunabarrez ikasgela batetan sartzerik ez duena, eta horregatik egunez ere klaseak emateko posibilitaterik dagokeen aztertu nahi dute gazteek. Baina, horretarako herriko egoera ezagutu behar da eta jendearen erizpidea jaso.

Halaxe bada, lanari ekin diote. Lan astuna benetan baina beharrezkoa bezain interesgarria izanen dela deritzogu.

***

Andoaindik Uztailak 5

Agustin Zinkunegik

Anaitasunako adiskideok agur:

Egun auetan jaso det Anaitasunako errebistaren 342'garren alea, eta, P.N. V.rentzat betiko letaniak azaldu zaizkit.

Lenengo orrialdea irakurri eta P.N.V. pecatorun

Bigarrena irakurri eta P.N.V. pecatorun

Irugarrena irakurri eta ere, P.N.V. pecatorun

Gaur atzenengotik asi naiz eta or ere P.N.V.'ren pekatuak irakurri ditut.

Nik, onartzen ditut beste alderdien iritzi eta euren burruka gogorretan atera dituzten gauza on zenbaitzuek, eta ez naiz juaten beste alderdi abertzaleek dituzten pekatuak or errebistetan zear zabalduaz.

Asperturik nago Anaitasunako idazle sugegorri mizto edendunen ziztadak irakurtzen, eta ez det geiago Anaitasuna errebistarik irakurri nai, mesedez ez bialdu geiago neri.

Obe genduke pekatuok, P.N.V.'renak bakarrik balira. Bai milla aldiz!

Gañera diruz ere naiko urri nabil, eta naiago det, izaten dituten apurrak beste irakurgaien batean txautu.

Ainbat urteren buruan arpidedun izanik, pena det erabaki au artu bearra.

Agur eta ongi izan.

GORA BATASUNA

GORA EUSKADI AZKATUTA

***

Adiskide maiteok:

Euskara ikasten ari den talde bat gara. Zuen aldizkaria geuri gustatuko litzaiguke baina oso zaila iruditzen zaigu.

Uste dugu euskara ikasten ari diren denoi hauxe gertatzen zaiela, eta, horregatik, artikulu errezagoak idaztea eskatzen dizuegu, mesedez.

Guk artikulu errezen urritasuna ikusten dugu, eta horregatik, haien beharra handiagoa da.

Euskara jakiteko interesa daukagunok eskerrak ematen dizkizuegu.

Eskerrik asko!

ZUBIRARRIko ikasle talde batek

***

ANAITASUNA Zuzendari jauna:

Euskadin, 1977-7-20

Behean sinatzen duten feminista taldeek, lehengo egunean Uztailak 11an Donostiako Trinitateko enparantzan, Askatasun Ibilaldiko Jestorak antolatutako mitin-jaialdian gertatutakoari buruz argitasun batzu eman nahi ditugu eta baita ere han irakurritako idatzia ezagutzera eman, irakurleak aztertu dezan aipatutako idatzi horrek Autonomi Estatuto eta Amnistia Osoa, askatasun ibilaldiaren helburu funtsezkoenak halegia, gaiak bezala hartzen zituen ala ez.

Feminista talde guztiek idatzi bat egin behar zuten, eta idatzi hori zortzi minuturen barruan irakurri behar zen.

Bestalde, partido politiko bakoitzak zortzi minutu zeuzkan bere idatzia irakurtzeko.

Feminista taldeen artean idatzi bat bakarrik egiteko posibilitaterik ez zegoela ikusi ondoren, Askatasun Ibilaldiko Jestorak bi idatzi irakurtzea onhartu zuen, aurretik hauen mamia ezagutzen bait zuen.

Gure txanda iritsi zenean irakurtzen hasi baino lehentxoago laburtu egin behar genuela adierazi ziguten, eta gu hortara erabat ukatu ginen.

Emakume feministak idatzia irakurtzera igo zirenean, euskaraz bakarrik eta laburtuta irakur zezaketela adierazi zuten Jestorako ordezkariek.

Emakumeek euskaraz irakurtzeari ekin zioten eta minutu gutxi barru, Askatasun Ibilaldiko Ordezkariek irakurketa hori moztu egin zuten.

Izugarrizko iskanbila eta protesta sortu zen orduan, bai entzuleen aldetik eta baita emakume feminista taldeen aldetik ere. Iskanbila honen ondoren irakurketa erdaraz egin zen.

Jestoraren aldeko jarrerak kontrako giro bat sortu zuen jendeen artean eta honek irakurketa lasai bat egiteko aukera eta idatziaren mamia behar bezala jasotzeko giroa galerazi zuen.

Hau dena kontuan izanik, gure protestarik gogorrena adierazi nahi dugu ASKATASUN izeneko ibilaldi honetan gure abotsa, emakume zapalduen abotsa, entzuteko nahi dugunean, berriro ere diskriminatuak izan gara, mitin-jaialdi honen antolaketaren hasiera hasieratik bereziki.

GIPUZKOAKO EMAKUMEEN ASKATASUNERAKO ELKARTEA

GIPUZKOAKO FEMINISTA TALDE AUTONOMA

EUSKAL EMAKUMEAK BORROKAN

***

Idazti hau hiru talde feminista hauek izenpetzen dute:

GIPUZKOAKO EMAKUMEEN ASKATASUNERAKO ELKARTEA.

GIPUZKOAKO FEMINISTA TALDE AUTONOMIA.

EUSKAL EMAKUMEAK BORROKAN.

Guk, Euskadiko emakume feministok, Euskadi askatu bat nahi dugu, baina badakigu, jakin ere, Euskadi ez dela izango askatua bere barnean talde zanpaturik dagoen bitartean, batez ere gure kasuan, Euskadin, 1 % tik 52 emakume garenez gero.

Mendeetan zehar emakume zapalduta eta gizartean baztertua egon gara eta gaude eta zapalkuntza hau ez du orain arte inork sakonki aztertu ezta salhatu ere.

Azterketa hau geuk, emakumeok egin beharko dugu eta baita borrokatu ere gure helburuak lortzearren; protagonistak izan behar dugu gure burrukan beste talde zanpatuak historian barrena egin duten bezala.

Askatasunerako ibilaldi honetan geure askatasuna lortzearren hartzen dugu parte; emakumeok ugalketara (reprodukziora) eta sexoaren arauerako eginkizunen banakuntza desberdinera mugatzen gaituen gizarte patriarkal hau salhatu nahi dugu eta emakumearen abnegazio eta sakrifizio pertsonalaren gain oinharritutako familia patriarkala da, hain zuzen, gizarte patriarkal honen giltzarria.

Ez daiteke amodiorik ez eta adiskidetasunik ere egon, aginteak eta betebeharrak hain desberdinik banatzen dituen instituzio batetan.

Familiaren baitan jerarkia eta agintekeriaren balioak berregiten dira: Emakumea gizonari menperatua eta seme-alabak aitari. Aurrak jaiotze beretik familiaren barruan erantzunkizunen banakuntza desberdin bat ikusten ohitzen dira; era berean zapalkuntza prozeso bat jasan erazten zaie, biharko egunean nolanahiko agintekeria eta jerarkia otxan-otxan onhartzeko egongo diren gizakiak bihur-araziko dituena.

Familia patriarkalaren baitan aitaren aginte honek edozein Herritako ekonomi eta politik egiturekin loturik ideolojia politiko, juridiko, kultural, erlijioso eta sexual berezi bat sortarazten du, gizonaren aldeko aginte prinzipioa inposatzen duena. Behar-beharrezkoa da aginte prinzipio hau suntsitu araztea.

Guretzat, hau dena da Autonomi Estatuto bat eratzeko oinharririk funtsezkoena, baina horretaz gain honako galderak sortzen zaizkigu:

- Nork erabaki du oraingo honetan komeni zaiguna Estatuto bat dela?

- Herriak izango ote du Estatuto zerbait baliagarri den ala ez aztertzeko eta erabakitzeko inolako aukerarik? edo,

Beste hainbat alditan bezalaxe batzuek erabakiko ote dute une honetan gehien komeni zaiguna Autonomi Estatuto bat dela eta gainontzeko guztiok bera legezko bihur dadin, masiboki apoiatu heste biderik ez dugula?

- Eta eztabaida hauek benetan herri mailakoak balira, ze posibilitate izango lukete emakumeek beroietan parte hartzeko, gure arteko gehienek, egingo lirakeen Asanblada, bilera, etab.-etara joateko modurik ez baldin badute?; arkeria (matxismoa) nagusi delarik, gure eginkizun garrantzitsuena seme-alabak zaindu eta bileretatik datozenerako familiako gizonentzat afaria prest edukitzea baldin bada?

Egoera honek jarraitzen duen bitartean, uste dugu, bai Autonomi Estatuto bat bai beste edozer gauza, emakumeongandik aparte egingo denez gero, guretzat ez dela banagarri izango. Gu AMNISTIA OSOAren alde gaude eta ez da AMNISTIArik izango, emakumea ustezko delito batzuengatik kondenatzen duen legerik dagoen bitartean:

- Emakumea kondenatu egiten dute Adulterioagatik

- Emakumea kondenatu egiten dute Abortoagatik

- Emakumea kondenatu egiten dute Prostituzioagatik

- Emakumea kondenatu egiten dute Lesbianismoagatik

Kondena hauk hainbat basatiagoak dira, barnean duten opresioa gizarte gehiengoak opresioa denik ere onhartzen ez duelako, ezta errepresioaren aurka borrokatzen diren erakunde berberak ere.

AMNISTIA eskatzen dugu baita:

- Preso politikoentzat, herbesteratuentzat atzerriratuentzat.

- Lanetik bidaliko langileentzat.

- Kontzientzi objetoreentzat.

- Komun izenaz deitzen diren preso sozialentzat, eta

- Homosexualentzat.

Eskatzen dugun AMNISTIA honek, benetakoa izango bada, lege zanpatzaile guztien deuseztatzea dakar berarekin, bai eta indar zanpatzaileena eta kartzela sistema osoarena, ala nola,:

- Tribunal de Menores direlakoak, Erreformatorioak Manikomioak, Ama ezkongabeen Zentro Tutelarak eta Zentro Penitenziarioak.

Gehiago oraindik: Gure gizartean nagusi diren pentsakera moldeak haustera behar-beharrezkoa da, emakumearen jokabideak hainbesteko hertsikeriaz eta bereizkeriaz epaitzen naiz eta emakumea fisikoki kartzeleratzen ez badute ere, gizartearen aurrean lotsagarri agerarazten dute. Eta azkenik, Euskadiko emakume guztiak gonbidatu nahi ditugu gure borrokarekin bat egin dezaten, denok askatuak izateko desio hau zuzpertze lanetan lankide eta burkide izan gaitezen.


Sexual harremanak (2)

Abortua

Abortua, berez bizi ez daiteken bitartean, umegaia umontzitik ateratzea da. Batzuetan, nahigabekoa izaten da umegaltze hau, besteetan berriz probokatuta.

Bigarren moeta honek, edozein gaiei buruz munduan izan diren eztabaida bizienetakoak sortu ditu, moral, sozial, politiko eta lege aldetik. Noski, eztabaida hauek gizonak izan dituzte egile eta erabakile historiatik zehar.

Arazoa zertan den

Arazoa hau da: umegaia izaki independiente bat al da pertsonen modura, ala ez? Baietz erantzuten badugu, abortua, pertsona bat hiltzea da. Ezetz esaten badugu berriz, umegaia, jaio baino lehen izaki independiente bat ez baldin ba da, umedun dagoen emakumeak erabaki beharko du bere gorputzaz.

Honen gain teori asko izan ziren. Akinoko Sto. Tomasek zioenez, umegaiak hirugarren edo laugarren hilabetean jasotzen du arima bere lehen mugimenduak haste ordurako. Erdi Haroko zenbait filosofo katolikoek, teori hau kontuan hartuaz, lehengo hiru edo lau hilabete barruan egindako abortua onhartu egiten zuten. 1800.ean, Leon XIII.k edozein kasutan umegaia hiltzea bekatu mortala zeta, deklaratu zuen. Geroztik, elizak jarrera honeri datxekio.

Baina, moral arrazoiek, arazoaren alderdi ttiki bat besterik ez digu azaltzen. Kausa sakonak, ekonomi, politik eta ideologi aldetik bilatu behar ditugu. 1975.ean, "emakumearen urtea" zela eta, garbi ikusi genituen mundu guztiko herrialdetako krisisaldiak, emakumeari eta konkretuki abortuari zegokionean, zekartzan ondorioak.

Batetik, ekonomi krisisak, emakumeentzat, batik bat, langabezia dakar; haurtzaindegiak egiteko, eskoletarako eta osasun zerbitzuetarako, Estatuak ez du dirurik ematen... hots, emakumearen egoera zeharo larritu egiten da.

Noski, ekonomia gaizki dagoenean, politik aldetik ere krisisa sortzen da. Burjesiak, ekonomikoki, erreibindikapen hauk jaso ezin dituenez, politik alderdi edo talde atzerakoiak sortzen ditu, faxista ideologiaz eta moralaren bidez, familia, instituzio bezala defenda dezaten. Hots, "emakumearen eginkizuna bere senarraren bizi modua leuntzea da batetik, eta bestetik mundura umeak ekartzea eta hauk haztea, beti familia barruan". Beraz, abortua krimen izugarri bat da.

"Umegaiak bizitzeko duten eskubidea, DEFENDA DEZAGUN!" diote deihadarka moralista eskuindar hauek. Benetan, jaun hauen sentikortasunak funtsean hunkitzen gaitua... baina ala eta guztiz ere, sentimendu hau harrigarri xamarra iruditzen zaigu.

Sadismo fina

Zoritxarreko umegai hauek, burjesiak eta moralistek diotenez, eskubidez beterik daude... bai! baina jaio arte. Sadismo fina jaun hauena...

Umeak, jaun hauei "esker" mundua ikusten duenean, beronen amak nahi ez izan arren, zer egoera aurkituko du?

Emakume ezkongabe baten seme edo alaba baldin ba da, jaun hauen legeek gogorki bereiztuko dute. Amak, umea hazteko dirurik ez badu, jaun hauek ez diote emango; lan egin beharko du, baina haurtzaindegirik ez du aurkituko eta aurkitzen badu, ezin izango du ordaindu.

Amak, bere ahoa betetzeko, prostituziora jo behar baldin badu, badaiteke kartzelara eramana izatea, eta umeak berarekin batera leku hitxien "zorionak" ttikidanik ezagutuko ditu, beti jaun sentikor horiei esker. Eskolara joaterik ez du izango noski, eta badaiteke lapurketan hastea bere beharrak betetzeko. Esperientzi gutti eta, berehala arrapatuko dute. Eta bere jaun salbatzaileak, "Protección de Menores"-en aurkituko ditu berriro, seguraski. Umegai zela "zaindu" zuten, eta orain ere berriro "zainduko" dute Erreformatorio batera bidaliaz. Han gauza asko ikasiko du, lagun esperimentatuak egingo ditu eta...

Ez dugu historia luzatuko, horrelako milaka eta miloika adibide aurki ditzakegu munduan zehar. Dena dela, horrenbeste maite zuten umegaia ondo izorratu ondoren, hogei urteko gazte ederra izatera irixten denean, fabrika batetan esplotatzen dute, gerra egitera bidaltzen dute, manifestazio botetan hiltzen dute edo bere hezurrak kartzelan ustel arazten dituzte, torturatik pasa ondoren.

Orain arte, moral hipokrita hau salatzeko, defendatzen duten umegai honetaz zer egiten duten agertu dugu. Baina moralistek, abortua krimen bat bezala agertzen dutenean, ez dute amaren "bizitzeko eskubidea" kontuan hartzen. Diotenez, emakumearen eginkizun garrantzitsuena gizakumeen birsorkuntza da, beraz pertsona bezala daukan nortasuna ukatu egiten zaio. Bestalde, abortu asko, emakumeak daraman lan gogorrarengatik izaten da. Umedun dagoenean lan zailetan segitu behar du, eta ondorioz abortua datorkio. Orduan, guztiz "legala" da, noski.

Urrats latza

Inork ez du atseginez abortua egiteko urratsa egiten, ez da plazerezko ekintza bat eta. Gainera, antisorgailuen gain informazio on bat emanez eta erabiltzeko posibletasuna izanez, ez zen beharrezkoa izango abortura jotzea.

Baina, gaur egun, ez dago beste biderik askotan. Eta emakume batek umerik ez badu, nahiz eta umedun geratu arren, berak abortua egitea erabakitzen badu, jabetasun osoa du eginkizun honetan, eta kondizio honetan egiteko eskubidea ere bai. Emakumearen askatasun bidean dugu arazo garrantzitsuenetako bat gaur egun, abortuaren legalizapena da, eta internazional mailan izan diren burrukak eta lorpenak aztertzea, ondo datorkigu esperientzia bezala.

Amerikako Estatu Batuetan eta Frantzian, emakumeen mugimendu autonomoak arazo hau bere eskuetan hartu zuen.

- Estatu Batuetan, nahiz eta lege aldetik aurrerapen batzu lortu izan, ez da arazoa konpondu. Adibide bat: 1974.ean, abortatu nahi izan zuten emakumeen erdiek, ezin izan zuten ospitaletan egin, ohe librerik ez zegoelako, eta, beti bezala, egoera hau sofritzen dutenek, behartsuenak dira, noski.

Bitartean, Eliza Katolikoak kanpaina bero bat darama "umegaien eskubideen alde". Abortuaren alde dauden zenbait medikuk asasinoak bezala salatuz. Bostongo ospitalean ginekologi klinikako buruzagi den Edelin-ekin egin zuten bezala. Nahiz eta kanpaina honetan lan asko egin, jende hauek, ume beltzak eskoletara daramaten autobusetara harriak botatzeko denbora izaten dute. Umegaiak defendatzen dituzte, baina zuriak direnak besterik ez. Hego-estatuetan, esterilitzapena ezartzen diete beltz eta mexikarrei, kolorezko gizakia heda ez dadin.

- Frantzian, garrantzi handiko mugimendua egon zen, MLAC (Mouvement pour la Liberté de l'Avortement et de la Contraception) 1975.ean, lorpen bezala, 10garren aste arte abortua onhartzen zuen lege bat eskuratu zuten. Honen ondoren, MLAC-ek, bere garrantzia galdu egin zuen mugimenduan. Huts honek geroztik arazo handiak sortu ditu. Emakumeen erakunde burrukalari hau ahultzean, eskuindar talde atzerakoiak kanpaina gogor bat egiten hasi ziren, lorturiko lege aurrerakoi hura zanpatzeko helburuaz. Beharrezkoa da ere, alderdi eta sindikatuen jokaera, puntu honetan salatzea. Nahiz eta oraingoz militatzen duten feministei esker, haien programetan "abortu libre eta ordaingabekoa" erreinbidikapen bezala azaldu, ez diete MLAC-ek egiten zituen mobilizapenei beharrezko laguntza eman. Bitartean, atzerakoi taldeek eginahalak egiten dituzte legea atzera botatzeko.

- Suitzan ere arazo berdintsua dute. Sindikatu eta alderdiek ez dute, abortuaren legalizapenaren aldeko burruka, berea bezala hartzen.

 - Inglaterrako esperientziak, garbi agertzen digu ekonomi krisisak duen zerikusia abortuaren arazoan.

1975.ean, laborista gobernuak, publiko gastuetarako zegoen dirua guttiagotu egin zuen, eta hau noski, osasun zerbitzuetan asko nabaritu zen, Ospitaletan ohe falta larria dago, eta inskribatu ondoren, ohe bat ahal izateko, hilabeteak itxoin behar dira. Abortuaren kasuan, epea, gauza garrantzitsu bat denez, ez da posible hilabeteak itxoitea. Hala dakusagu, lehen %-67 abortu egiten ba ziren estatuko ospitaletan, orain %-50 edo, egingo dira.

Medizina pribatua, egoera honetaz baliatzen da, jendeari diru pila ateratzeko. Eta diru hau ez dutenek, eta ospitalerako itxoiterik ere ez... betikoa! abortu klandestinora eta arriskugarrira jotzen dute, heuren osasunez gaitz hau ordainduz.

Beraz, 1967.ean, abortua legalizatzen zuen ezarritako lege honek ez du gauza handirik konpondu. Baina lege hau lorpen bat delarik, beharrezkoa da hura defendatzen deuseztatu nahi dutenen kontra.

 Italiako kausa espezialki interesatzen zaigu, gure egoeraren antza handia duelako, ideologi aldetik batez ere. Han ere, tradizioz elizak izan duen pisua oso garrantzitsua izan da, hemengoa den modura.

Hala eta guztiz ere, emakumearen mugimendua oso indartsua da gure erreibindikapenak ezartzen dira. 1973.ean dibortzioaren gain onhartu zen legeak erakutsi zigun. 1974.ean, Kristau Demokraziak referendum bat egitea inposatu zuen, lege hau deusezteko ideiaz, baina herriak ez zuen eskaera hauei erantzun positiborik eman eta dibortzioaren alde espresatu zen.

Praktika

Abortuaren gain ere, lan asko egin dute hango emakumeek eta praktikoki kasu askoei irtenbide bat eman diete. Beraien erakundeak sortu dituzte. Erakunde hauetan abortoa nola egin behar den irakasten da.

Italian, gaur egun, hamaikatxo toki dago antisorgailuei buruz, informazioa ematen dutenek. Toki horietan abortua ere, praktikatzen da.

Mugimenduak indar handia hartu eta 1973.ean Cigliola Pietro 17 urte zituen emakumearen kontrako epaiketa izan zen. Gigliolak abortua praktikatu zuelako. Orduan feministek, kanpaina zabal bat egin zuten abortuari buruz referendum bat eskatzeko sinadurak jasoaz. 800.000 izen lortu zituzten.

1976.go Ekainean, hauteskundeetan, feminista mugimenduak ezkerraren alde botua ematera dei egin zuen. Parlamentura 80 emakume iritxi ziren, horietatik 1 faxista eta beste guztiek ezkerrekoak.

Eta uztailan, SEVESOko jazoerak egon eta berriro eztabaida gogorrak sortu ziren. Mila bat emakume umedun, beldurrez... eta ezin abortatu, medikuek kontzientzi arazoak bati zituzten! Kimika fabrika haretatik irten zen toxikoak, DIOXINA deritzaionak, gaitz asko sortzen du, eta hauen artean umegaien deformatzea, Vietnam-en egiaztatu zen bezala. Hau jakitean, noski, emakume hauek non abortatu aurkitu nahiean zebiltzan. Batzuk Londresera joan behar izan zuten. Feministek toki batzu ere prestatu zituzten, nahiz eta elizak kontra eduki. Klinika batzutan ere egin ahal izan zuten. Hala eta guztiz ere, emakume batek hil umegai bat egin zuen eta beste batek, Maria Chimmi-k, non abortatzerik ez zuela ikusiaz, perrexila erabili zuen... eta hil egin zen, moralista burjesek daramaten asasinatze zerrenda, izen batekin luzatuz.

Aurtengo urtarrilan, diputaduek abortuaren aldeko lege bat onhartu zuten baina gero atzera bota. Beraz, Italian ere, burrukan diraute.

Egiteko dagoen burruka

Euskal Herrian eta estatu mailan, ezin dugu gure burrukaren historia kontatu, oraindik egitekoa dugu eta. Gai hau ez dugu hemen asko aztertu eta kontzientzi aldetik moral burjesak eta elizak oraino duten indarrarekin topatzen gara. Gaur egun, bizi garen politik unean emakumeoi eta iraultzaile guztioi lanean hasteko garai egokiena heldu zaigula uste dut. Eta ez teoriko aldetik bakarrik, arazo bizi bat da eta.

Estatu mailan, diotenez, 400.000 bat abortu egiten dira urtero. Hiltzen diren emakumeak asko izaten dira. Orain dela denbora gutti, Donostiako erresidentzian hil zen bat, perrexila erabiliz abortatzen saiatu ondoren. Beraz, kasuak hemen eta gaur ditugu, bere gogortasun guztiz. Behar beharrezkoa da, beste herrietan egin duten modura, gu ere hemen zerbait eratzen hastea. Honetarako eta noizbait abortatzeko ideia sortzen ba zaigu, ona da informazioa edukitzea.

Garrantzitsuena, erabakia hartu bezain laster lehenbailehen mugitzen hastea da. Gaur, metodorik onena KARMAN deritzaiona da, dudarik gabe. Zergatik? Fisiko aldetik: erabiltzen den materialak oso leunak direnez, ez dute emakumearen barrua traumatizatzen eta seguritate osoa eskeintzen digu, ondo egiten baldin bada. Sikologi aldetik: gutti irauten du (ordu erdi bat edo), anestesia generalarik ez da behar, beraz emakumeak, operazioaren gora beherak lasaiki segi daiteke, eta gero, atsedenalditxo baten ondoren, lanera edo etxera joan daiteke.

Metodo hau erabiltzeko epea, hauxe da: azkeneko erregela normalaren lehenengo egunetik kontatuaz, 6garren astetik, 10garren arte umerik izan ez dutenek eta 11garren arte umeren bat izan dutenek.

Materialak

Erabiltzen diren materialak, ondoko hauk dira:

- Espekuloa: bere helburua magina zabaltzea da, honela umontziaren lepoa garbi ikus daiteke. Ginekologi azterketan sarritan erabiltzen da.

- Dilatagailuak: kautxuz egindako sonda batzu dira, bakoitza lehengoa baino zabalagoa. Bere eginkizuna, umontziaren lepoa zabal eraztea da. Lehenik, hestuena sartzen da, lepoa pixka bat zabaltzen denean, hurrengoa... eta horrela lepoa aski zabaldu arte.

- KARMAN aspirapen hodimuturra: lepoa nahiko zabaldu ondoren, hau umontzian sartzen da. Plastikoz egindako tutu bat da, muturra biribila eta biguna duelarik umontzia zulatu ez dezan. Mutur honetan hirekidura ditu, umontzi dagoena aspiratzeko.

- Aspirapen ekipoa: hodimuturrari elkartzen zaio, umontzian hutsa egin dezan. Batzuk motor elektriko bat erabiltzen dute, besteak berriz, xiringa handi batez egiten dute.

- Metalezko bi pintza ere behar dira. Bata umontziaren lepoan ezartzeko bakarrik eta bestea magina desinfektatzean, konpresa bat jartzeko.

Kontu eduki behar da aspiratzeko orduan ematen zaion indarrarekin, barruan dagoen guztia atera arazteko baina umontziaren aldeei kalte egin gabe.

Londresera

Abortua hau egin ondoren, hurrengo egunetan beharrezkoa da tenperatura zaintzea eta maginan ezer ez sartzea, guttienez aste bete barruan.

Metodo hau egiteko ahalmenik ez ba dago, klinika batera joatea beharrezkoa da eta baita enbarazuak 11garren astea gainditu duanean ere. Kasu honetan, gauza segur bat ez ba dugu, hobe da Londresera joatea. Bertan dauden posibilitatei buruz, informazio sakon bat, ondoko zuzenbide honetan emango digute:

RELEASE, 1 ELGIN AVENUE. LONDON W9

Telefonoa: 44-1-2891123

Beldurrik gabe, deitu, behar baldin baduzue.

Beste edozein moetako metoduek, izugarrizko arriskuak ekar ditzakete, beraz ez ditugu inolaz ere erabili behar.

- Ondo esterilizatu gabeko materiala erabiltzean infekzio gogor bat har dezakegu.

- Kristalezko tutuak, orratzak eta honelako materialak, umontzia zulatzen dute, batzuetan uzkiraino iritxiaz. Honek sortzen duen infekzioak, normalki emakumea hil egiten du.

- Dutxak. Kimiko produktuak sartzen dituzte, umegaia hiltzeko nahiez (Xaboia, trementina, ozpina, etab.). Emakumearen barrua erre egiten du infekzioa sortuaz. Oso "efektiboak" dira... umegaia eta ama ere hiltzen dute askotan.

- Umontzian haizea ezartzea. Metodu honek enbolia bat sortzen du eta hilketa lasterra ere bai.

Dakusagunez, arriskuak oso serioak dira gaizki egiten bada. Beraz onena da, noski, antisorgailuak erabiltzea. Hala ere umedun geratzen bagara, konfidantzako mediku bat aurkitu eta KARMAN metodua erabil ahal da.

Efektiboena, emakumeen askatasunerako mugimenduarekin harremanak hartzea da. Eta honetarako ez dugu, gu arazoan aurkitzea itxoin behar. Zerbait eratzea honen gain behar beharrezkoa da, zeren dugun arazoa zeharo tragikoa bait da.

Itziar Urtasun


Sukalderako saltsak

Solomoa Biarnoko erara

6 lagunentzat behar dituzu: 6 xerra, tipula handi bat edo lau tipulatxi hobe, bi goilarakada sugebelar 1) (Sugebelarra Mediterraneoko espezi berezi bat duzue. Gure aldean topatzen ez baduzue, Baionako ala Endaiako edozein dendan erraz aurkituko duzue). Bi goilarakada ozpin, bi arraultze, gatza eta biperhautsa, 400 gr. gurina.

Saltsa egiteko errezeta: Lapiko ttiki batetan ipin bi goilarakada ttiki sugebelar. Zati itzazu, mehe mehe, tipulatxiak eta bota lapikora. Bota ezazu ere lapikoan bi goilarakada ozpin. Naasta ezazu lapikoan ozpina, tipulatxia eta sugebelarra. Ipin lapikoa sutan ozpin guztia lurrundu arte. Atera lapikoa sutatik eta bota ezazu lapikoan barruan bi goilarakada ur. Bota itzazu ere arraultze bien gorringoak. Ongi nahasi eta ipin berriro lapikoa sutan, baina kontuz! su ttikian bestela gatzatuko da. Eduki saltsa su ttikian minutu erdia gutti gora behera, pixkat gogortu arte baina ez da gatzatu behar. Su ttikian ipintzen duzunean, saltsa bizkor eragin behar duzu.

Erretira sutatik eta bota ezazu lapikora gurin guztia. Eragin bizkor. Azkenean bota saltsara gatza eta biperhautsa.

Biarnoko saltsa egin duzu, eta ongi egin baduzu maionesaren antza eduki behar du.

Erre itzazu solomoa nahi duzun gisan. Solomo gainetik bota ezazu Biarnoko saltsa. Jateko hau, lekekin, ilarrekin edo beste barazkiekin batera serbitza daiteke.

Biarnoko saltsa oso egokia da arrain zuri moeta guztietarako.

1) Frantsesez: Estragon

On egin.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


[Urrezko astabelarriak]

Nafarroako paxarana edari nazionala dugu euskaldunok diziplinaz. Ni neu horretan bekatari naiz, eta, ahal dudanean behintzat, iparraldeko frantximenta izateko arriskuaz bada ere, cognac on bat nahiago izaten dut. Horrek ez du esan nahi, ordea, paxarana, noizik behinean, penitentziaz edaten ez dudanik.

Eta hona hemen, irakurle batek bidalita, Pacharan Napar'oa (p eta r') delakoa, Nabarra-n (b-az) egina. Oraindik askok ez dute ikasi gure herrialde haundienaren euskal izena NAFARROA dela eta, ez Naparra, ez Nabarra, ez Napar'oa. Bihoazkie, bihotzez baina, gure astabelarri preziatuak. Riau-riau!


Galdezka ari

Adiskide batzuk emanik, hemen agertzen dugu PNVeko EGI-B taldeak Gipuzkoako zenbait herritan banatu duen horriska hau. Honekin galdera batzu egin beharrean gaude, gorrik gogorrenak entzuteko gogorik ez dutenak izaten direla ongi jakin arren.

1. Horri hori, behean sinatzen duen EGI taldeak egina da ala ez?

2. EGI talde horrek bere kontutik egina du ala goiko PNVekoen aginduz?

3. Bere kontutik egina baldin bada, zer alderdi-diziplina arraio dauka PNVek?

4. PNVek berak onhartua eta agindua bada, hor azaltzen diren pertsonen kontrako kalumnia eta irainak, zertan oinharritzen ditu?

5. Zertzu edo nortzu dira, euzkotarrak? Dakienak ez dakigunoi erantzun diezaguke.

***

Euskotarrak:

Ante la persistente y malintencionada campaña que desarrolla la revista "Anaitasuna" en contra del P.N.V. y, especialmente, del fundador del nacionalismo vasco Sabino de Arana, nos vemos precisados a manifestar lo siguiente:

- Que hacemos responsable material de algunos de dichos artículos a Xabier Quintana, conocido marxista y antivasco disfrazado, ignoratón en el conocimiento del euskera no obstante haber sido nombrado académico por los que están marxistizando la Academia Vasca.

- A la Provincia Franciscana de Cantabria que permite la utilización de una revista nacida exclusivamente para la propagación de la Fé, para fines políticos contrarios al cristianismo, sembrando la discordia entre los vascos y, de este modo, haciendo mofa del nombre de dicha revista.

- A los frailes instigadores y consentidores de esta innoble campaña dirigida desde el convento franciscano de Tolosa, Pablo Aguirrebaltzategui, J.M. Torrealdai y Joseba Intxausti, exigiéndoles tengan la suficiente hombría de propagar por el púlpito las ideas disociadoras que difunden a través de dicha revista, para que los fieles sepan a qué atenerse.

Si no ponen coto a estos desmanes nos veremos obligados a organizar un boicot general a todas las comunidades franciscanas, desviando hacia otros templos a los sabinianos, o cualquier otras represalias que estimemos pertinentes.

Por la LIBERTAD VASCA Y JUSTICIA SOCIAL, en JEL (Jaungoikoa eta Lege Zarra)

EGI-B/3 Taldea