ANAITASUNA
1977.EKO IRAILAREN 15EKOA
347. ZENBAKIA
35 PTA.
ANAITASUNA
Bizkaia
hamabosterokoa
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealday
Urteko abonamendua:
Bertorako 700 pezeta
Latin Amerikarako 800 pezeta
Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta
Ale bakoitza: 35 pezeta
[AZALA]
GEZURTIEN SALDOA
Prentsa herriaren harma eta indarra da.
AURKIBIDEA
3. Editoriala
4. Lekeitio burrukan
6. 1977.eko Abuztua, 28, Iruinean
Frantzia, go home
7. Euskal Herri zatitua
8. Herriko festak
10. Arreba gorriaren kasua
12. Nik neuk damu dut
14. Bartzelonatik oporretan
18. Txile, lau urte
21. Quebec berjabe eta sozialistaren alde
23. Komikia
24. Alfalfaren sekretuak
26. Joanak gogoan
28. Gernikako batzarreak eta euskera (III)
32. Euskara eta politik alderdiak (II)
34. Kirolak
36. Errepresio sexuala eta maitasun librea
39. Postaz etorriak
40. Musika
41. Gramatika saila
42. Zapaburua
Maketapena: Erramon Zumalabe
Muntaiak: Txomin
Argazkiak: Arkoila
Moldiztegia:
Gráficas San Pedro
Part. Alzola, 2
BILBO
Leg. Gor.: BI-1753-1967
Editoriala
Irailaren 8an Donostian gertatua nigargarria omen. Gazte batzu, mordoa, parlamentarien kontra aritu ziren. Horra egite ikaragarria, eskandalaria. Gure ustez bekatua kondenatu aurretik berorren iturria ere salhatu beharra dago. Amnistia osoa, alderdi guztien legeztapenaren eta euskal autogobernuaren alde, lehenago ere, beste manifestaldi asko eginak ziren. Horietan, ordea, Suarezek jarritako ordenuaren miresle gisa agertzen ziren alderdi batzuk ez zuten parterik hartu nahi ukan. Haik, beren hitzetan, "algaradas callejeras" ziren. Herriak bere boza Ekainaren 15ean (...anco, ...anco) "libreki" adierazia zuen. Suarezen demokrazia eta askatasun bedeinkatuei esker, euskaldunok lehengo gogorbidea alde batera utz genezakeen. Guztion arteko batasuna zen inportanteena. Eta horren exenplua garbi eman ziguten Aberri Eguna beren kontutik, Gasteizen lehen eta Loiolan gero, konbokatu zutenek. Baina ahantz ditzagun holako gauzak.
Parlamentua zatekeen gure problemak konpontzeko tokirik aproposena. Hori onhartzen ez zutenek ezkertiar ultra batzu besterik ez ziratekeen. Hori hasieran. Gero Madrilen bide horretatik zereginik gutti dagoela ikusi dute, eta ondorioz larritasunak. Herriari etxean lasai egoteko ziotsotenak oraingoan, beranduegi baino lehen, Herriagana jo behar. Eta Manifestaldia antola. Ordurarte parlamental alderdien burla, irain eta boikot ageriak sufriturikoak harrituta. Manifestaldi bat "callejera" ez izateko, dirudienez, parlamentariek zuzendua izan behar. Zuzendua eta beren kontsignetara mugatua. Ondorioak hortxe ditugu: batzuen eta besteen haserreak, elkarri kontu zikinak aurpegiratzea.
Manikeismoak alde batera utzirik, gu onak eta haik gaiztoak, gutarrak zintzo eta besteak zoro gisako xinplekeriak bazterturik, istiluaren sustraiak serioski aztertzeko okasioa ukan dugu euskaldunok, eta horregatik guztiok, nork bere erruagatik, mea culpa esan beharko genuke.
Bitartean Múgica Herzog betierekoak errudun garbiak aurkitu ditu: KASekok. Txakurrak non mihia, han mina. Eta On Enriquek, gainera, erregionalizazioa, autonomia-federalismo eta independentzia definitzeko eskatu die alderdi guztiei. Egun bertsuetan Martin Villak Euskal Herriak ez duela muga zehatzik aldarrikatu du. Bataren eta bestearen eritziak bateratzeko, guk zera proposatuko genieke alderdiei: Beren Euskal Herria, Euzkadi edo Euskadi horien mugak alde aurrez finkatzeko. Soluzio politiko autonomista, federalista, erregional ala independentista zeri eta nortzuri eskaintzen dieten guztiok jakin dezagun.
Batzuk oraino Nafarroa ukatu dutela eta, guztiok oihu. Baina beste askok Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ukatu arren, guztiok ixilik. Eta Euskal Herri osorako onak ez diren soluzio politikoak, oinharriz, ezin onhar ditzakegu, helburu gisa, euskaldunok.
Euskal Herrian
Abuztuaren 23an Lekeitioko burrukalari batzuk, herri asanblada bat konbokatzea pentsatzen dute, beste Euskal Herrietan bezala Apalaren alde lan egiten hasteko. Asanblada honetan parte hartzen duten 1000 bat pertsonek, Apalaren aldeko komite bat berehala muntatzea erabakitzen dute. Era berean gazte talde bat gose greba indefinitu bat egiteko prest dagoela planteiatzen du, Asanbladari bere babesa eskatuz.
Esan beharra dago burruka hau hasten den lehen mementutik herriko batzarreak duela azken hitza, gauza guztiak han proposatzen baitira; eta hau oso kontutan ukan zutela, bai Apalaren aldeko komitekoek eta bai gosegrebalariek.
24an gosegrebalariak Udaletxera sartzen dira eta beste problemarik gabe, koltxoiak, lo egiteko zakuak eta abarrez hornitzen dute udaletxea. Gose grebak iraun zuen denbora guztia han egon ziren gazteok, udaletxetik ezertarako ere irten gabe. Herri asanbladari bidaltzen zitzaizkien agirietan esaten zutenez "Lekeitioko Ajuntamendu berri hau osatzen dugun gosegrebalariak".
Hasi ziren beste hamazazpi lagun gehiago batu zitzaizkien, azken egunerako 24ra izatera ailegatu ziren.
Apalaren aldeko komiteak lan ugari eduki zuen egun horietan, bera izan baitzen, beste herrietako, Ea, Gernika, Elantxobe, Mundaka eta abarretako gosegrebalariekiko koordinaketa eraman zuena ia egunero jartzen zituen kartelak, Apalari buruzko berriak emateko edo asanbladak konbokatzeko eta hitz batez burruka dinamizatu zuen, Asanblada eta gosegrebalarien arteko harremanak zuzenduz.
Komite hau oso zabala izan da, herriko gazte eta ez hain gazteek osatua; azpimarratu beharrezkoa da, Lekeitioko emakume burrukalariek egindako lana.
Asanbladak Herriko Plazan egiten dira; megafono batez gosegrebalarien egoeraz eta abar informazioa (eman ostetik) jende guztia lurrean eserita, megafonoa pasatzen da, edonork hitz egiteko aukera izan dezan aurrera eraman behar diren ekintzak eztabaidatzeko. Ekintza hauk Apala eta Amnistiaren alde lan egiteko izan arren, herriko arazoak ere diskutitzen ziren; hala nola: Arrantzaleen kontrako 200 milien larritasuna, turismoaren gorabeherak, lanpostu falta, Jon eta Imanol, atzerrian dauden Lekeitioko bi iraultzaileen etxeratzea, Anttone Telleria, Amnistiaren aldeko entzerrona batetan Goardia Zibilek zauritu zuten lekeitiar neska burrukalariaren egoeraz eta abar...
Egin ziren bi manifestazioetan 2000 pertsona inguru batu ziren, 7.000 biztanle duen herri batentzat asko dela uste dugu, kontutan hartzen badugu herriko jendeak bakarrik parte hartu zuela. Udatiarrek, salbuespenak aparte, ez dute ekintza honetan parte hartzen.
Burruka honetan zehar zenbait zurrumurru ere zabaldu zen herritik. Gose grebarekin jaiak izorratu nahi zirela —jaiak Irailaren 1etik 8ra arte hospatzen dira— eta beste. Gose grebalariek agiri bat atera zuten beren ekintza honekin ez zietela jaiei inongo eragozpenik jarriko eta herri asanbladak hasieran bere eritzia eta babesa eman zuela greba hau egiteko.
30ean gosegrebalariak noiz irtengo diskutitzen ziren, Lekeitioko herriak errepresioa dela eta azken urteetan ez baititu jaiak behar direnez hospatu eta arrantzaleak urte guztian lanean egon ondoren jai on batzu igaro egin behar zituztela pentsatzen da. Horrexegatik gose greba utzi eta burruka beste bide batetik eraman behar dela planteiatzen da. Apalaren aldeko komiteak eta gosegrebalariak bat datoz eritzi honekin eta jaiak hasi baino lehenago irtetea erabakitzen da.
Arratsaldean Herri Irratiak Monako eta Luxenburgokoek zabaldutako berria, Apala askatua izan zenarena konfirmatzeko telefonoz deitzen joan ziren Lekeitiotik kanpora ez baitzuten han telefonoek funtzionatzen. Arratsaldeko zazpietan hasitako asanblada atzeratu zen informazio zehatz bat eskuratu arte. 8'30ak inguruan jakin izan genuen Apalak gosegreban segitzen zuela.
31ean, 8etan asanblada hasteko zenean gosegrebalariak plazara jaitsi ziren eta informazio pixka bat eman eta gero, hiru gosegrebalari mintzatu ziren. Lehenengo gose greba uztearen arrazoiak azaltzen dituzte; gero, herrian, gazteen kontrako zurrumurruak zabaltzen duten jendearen gaiztakeria salhatu egiten dute, eta azkenean urte guztian zehar, burrukatzearen beharrizana, arrantzaleen problemak, emakumeen aurkako diskriminazioa, alfabetatze kanpaina eta honelako lanak bultzatzearen premia azpimarratuz.
Asanblada ez zen gehiegi luzatu, erraz igartzen baitzen gosegrebalarien nekea.
Azkenean manifestazio bat egin zen 2 edo 3.000 pertsonak parte hartzen zutelarik eta bertan oihukatu ziren kontsignak ondoko hauk izan ziren, APALA ASKATU, JON ETA IMANOL ETXERA... INDAR ZAPALTZAILEAK APURTU.
Burruka honen balantzea egiterakoan zerbait azpimarratu behar bada, herriak demostratu duen batasuna eta ahalmenarena dirateke garrantzitsuenak. Astiro astiro konturatzen hasi da bere organizazioa asanbladaz eraiki beharko dela eta zerbait lortzeko guztion lana dela beharrezkoa.
Bukatzeko, Lekeitioko herria nahiko haserraturik egon da prentsak oso informazio gutti eman duelako eta eman duena oso eskasa izan delako, adibidez gure lurraren DEIAN gosegrebalariak elizan egon zirela eta Herri Irratian Apala askatua zela zabaldu zutenean jendea edaten eta parrandan hasi zela... Ez dakigu gezur ala txotxolokeria bezala kalifikatu behar diren horrelako albisteak; dena dela hurrengo egunean zerbait zuzendua izan zen desinformazio harrigarri hura...
Hortik aparte, argi dago ba dagoela zer ikasirik lekeitiarrengandik. Aurrera mutilok.
T. T.
Euskal Herrian
Bueno, Iruinean esan dut baina ez zen horrela gertatu, eta hori euskaldunen nahiaren aurka, Nafarroara bidali duten Gobernadoreak bestela agindu zuelako.
Egun hau euskal historian gogoangarria izan daiteke jaun batzuk horrela nahi badute. Eta jaun hauk ezker abertzale alderdietako gidariak dira. Han 200.000-tatik gora elkartu ginen, eta ez gaitezen engania, haik ez ziren PNV ez PSOE-koak, eta are gutxiago UCD-koak. Gu, han ginen 200.000 lagunak, ezker abertzale alderdietako militanteak eta hauen inguruetan ari garen independenteak ginen. Gu, han ginenok, indar handi bat osa dezakegu, indar dezisibo bat baina, eta hemen dago koska, elkartzen bagara. Orain artean bezala sakabanaturik bagaude, egin dezakegun lanaren fruituak oso murrizturik gera daitezke, eta maiz beste batzuren faboretan.
Izugarrizko jendetza hura, han zegoen gazteria, gogoan hartzekoa da. Ura energia bihurtzeko, zingira baten bildu eta toki egokitik zuzendua izan behar du. Jendetza hori ere bildu behar dugu eta toki egokitik zuzendu. Abuztuaren 28-koa dei garratz eta ozen bat zen, ezker abertzale taldeetako gidariei zuzendua. Indar hori, energia hori ezin dezakegu galtzen utz.
Ba dakit, eta ongi ulertzen dut, talde horien arteko programetan ezberdintasunak daudela. Egia esan, eritzi berdinekoak izatea, gaia edo zein dela, zaila izaten da maiz, bi pertsona bakarren artean ere. Baina zenbat eritzi hainbat alderdi ezin dezakegu sor. Ezker abertzaleok alderdi handi eta bakar bat behar dugu, programa komun minimo batean oinharriturik. Matizazioetan gal genezakeena, elkarturik lor genitzakeen fruitu«n ugaritasunean irabaziko genuke.
1977 abuztua 28: Herri Eguna. Urtero hospatu behar genuke, herriaren nahia agertzeko eta geure posibilitateetan sinesteko... eta ezker abertzaleen batasuna egin zeneko eguna gogora erazteko. Baina azken puntu hau egia bihurtzea gure gidarien eskuetan dago.
Nik neuk, eta orain ditugun eskarien aparte (Amnistia osoa, Autonomia eta Alderdi politiko guztien legalizazioa), beste ondorio bi ikusten dizkiot egin berri dugu Herri Egunari:
Bat. Ezker abertzaleen batasuna, batez ere hauteskunde munizipalei begira.
Bi. "Herri Eguna" urtero hospatzea, adibidez abuztuaren 28-a barnean izango duen asteko igandean, eta beti Euskal Herriko hiriburuan, hau da, Iruinean. Aurretiaz, eta aste osoan, Euskal Herriko herrietan eta hirietako hauzoetan, ekintza politiko-kulturalak antolatu (hitzaldiak, mahai inguruak, manifestazioak, etab.), momentuko gaiak bereziki ukituz.
Xabier Gereño
Euskal Herrian
Guiringaud ministru jauna biziki haserratu da, Tanzaniara heltzean "Frantzia, go home!" oihukatu diotenean.
Dirudienez, Guiringaud jaunarentzat, De Gaullerentzat bezala, Frantzia munduko Estaturik handi eta errespetagarriena da, eta Frantzian jaiotzeko zoriona izan ez dugun mortalok, Frantzia eta berak errepresentatzen duena, burua makurtuz gurtu behar dugu.
"La grandeur de la France". Frantzia, munduaren argia! Frantzia, kulturaren gidaria! Frantzia libertatearen aberria! Frantzia bezalakorik ez dago: Vive la France! Frantses amorratuek mito eta gezur hauetan burubelarri sinesten dute. Hauentzat, Frantzia bezalakorik ez dago, eta frantses ez den orok ez du deus balio. Zertarako euskara, bretoiera, katalana, etab? Frantsesa baino hizkuntza eder eta distiratsuagorik ez dago munduan. Beraz, utikan beste hizkuntza guztiak! Utikan beste kulturak! Frantses hizkuntza inposatu behar da Euskal Herrian, Bretainian, Alsazian, Rousillonen, Korsikan, Afrikan, Asian, Quebec-en...
Eta herrien independentzia eta autonomiak, zertarako? Frantzia barruan baino hobe ez dira inon biziko. Haugatik, Algeria Frantzia da, Ipar Euskal Herria Frantzia da. Frantzia sakratua da, Hori uste dute frantses amorratuek. Hori pentsatzen du Guiringaud jaun ministruak.
Eta uste horretan Tanzaniara heldu zen. Eta beltz zikin haiek, Frantzia handiaren ministrua den Guiringaud jauna, goraka eta txaloka eta belauniko agurtu beharrean, txistuka eta burlaz hartu zuten. Eta nortzuk eta beltz batzuk! Nortzu dira beltz horik Frantzia eternalaren ordezkariarekin horrela portatzeko? Eta Guiringaud jaun ministrua Tanzaniako agintariengana joan zen oso haserre: "ala barkazioa eskatzen didazue ala alde egiten dut". Ai zer nolako buruhaustea Tanzaniako agintarientzat! Nola utzi tanzaniar gaixoak Frantzia handiaren jaun ministru handia ikusteko plazerik gabe!
Baina dirudienez, tanzaniarrentzat plazer handiagoa zen hainbeste urtetan zapaldu diotenei "go home" oihukatzea, eta Guiringaud jaun bihotz zabala barkaziorik emateko aukerarik gabe geratu da
Ba liteke orain Guiringaud jaunak, beltzekin nazkaturik, zuriekin probatu nahi izatea, eta behar bada, Euskal Herritik pasada bat ematea. Hori gertatuko balitz, errezibimendura ni ere joango naizela esan nahi diot, Frantziak hori eta gehiago merei duelako, eta eramango dudan pankartak bost hitz soil izango dituela: "Frantzia, go home Euskal Herritik!".
Xabier Gereño
Euskal Herrian
Euskal Herriaren lur eremua dela eta, eztabaida gogorrak ari dira gertatzen hor zehar. Batzuk zalantzan jartzen dute edo, are okerrago dena, ukatu egiten dute zati garrantzizko baten euskalduntasuna, Nafarroarena hain zuzen. Eta guk gogorki defenditzen dugu baskoien lurraldea.
Euskal Herria, ordea, Europako estatu zentralistenak banatzen dituen muga artifizialaren alde bietara dagoen Herri bat da (ba da berdintsu dagoen beste bat ere). Eta euskaldun penintsularrok ahantziegia dugu mugaz iparraldera geratzen den zatia. Eta hala ere, lasai gaude.
Gauza harrigarriak entzun daitezke Euskal Herriaz. Adibidez, ondoko hau. Duela zenbait egun Espainiako presidente ohoragarria eta euskaldunen adiskide inoiz-ez-behar-bezainbeste-goraipatua den Suarez jaunak, erantzun txundigarri hau eman zien kazetariei Parisen: "Euskal Herriaren arazoa Espainiako barne-ordenazko arazo bat da" esan zuen gutti gorabehera. Frantziako estatuan Euskal Herririk ez bailegoen. Eta denak lasai. Ez dirudi Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoak kezka eta ardura handirik sortzen digutenik. "Hori ez da Euskal Herria; hori Frantzia da". Esaten ez bada ere, hori pentsatzen da. Eta guztiak lasai.
Tira. Suarezen eztarritik etorririk, asko gehiagorik ezin daiteke espero. Koitadua motel dabil Euskal Herriko geografiaz —berau ilegala baita— eta barkatu edo egin beharko. Baina berdin barka ote daitezke Euskal Herrian zehar hedaturik dauden "Euskadiko" alderdi politiko guztiok? Batzuk hitzetan ere ukatzen dute Iparraldea, nahiz eta hori publikoki aitortzera ausartzen direnak gero eta guttiago izan. Hitzetan ez, baina praktikan, antolakundean eta eguneroko bizitzean ukatzen dutenak, askoz ere gehiago dira ordea. Adibidez, "Euskadiko" alderdietariko zeintzuk dituzte militanteak eta erakundeak Ipar Euskal Herrian? Ez gaitezen engainatzen ibil: Horientzat Iparraldea ez da Euskadi. Eta gu lasai. Ez ditugu behar bezainbeste kritikatzen eta akuilatzen, eta horrela segituz, arrisku handiegia dugu Euskal Herria zatitzeko. Jadanik, ia pentsatu gabe, hemengoak soilik diren talde politikoak bide horretan barrena abiatzen ari dira. Ez dezagun ahantz: "Ipar Euskal Herria ere Euskadi da".
R. Garai
Euskal Herrian
Zergatik bizi garen esplotakuntzan, nola iraultza egin, zer irakurri, zergatik hau, zergatik hori... inoiz pentsatu dugu nola dibertitzen garen Euskal Herriko jaietan eta zergatik? Zer izanen ziren gure herrian, alkoholik gabeko jai batzu? Abesteko, saltoka ibiltzeko, ezagutzen ez dugun batekin hitz egiteko, lagun honi bestelakoan ausartzen ez ginen gauza hura esateko, alukeria batengatik joka hasteko urte osoan jaso dugun oldarkortasuna askatuz... hauk eta beste gauza asko egiteko, alkohola beharrezkoa dugu.
Uda honetan, herri batzutan zehar jaiez jai ibili garenok, zenbait gauza ikusi ditugu, pentsa erazi egin gaituzten gauzak.
Batetik, dudarik gabeko aurrerapenak: euskara geure plazetara atera dugu. Gure musika taldeek, ingelesa ingelesentzat utziz, gure egunetako gitarrez, bateriaz, saxoz, pianoz, etab... doinua joz, euskaraz abesten dizkigute kanta zaharrak eta berriak. Betiko arin-arin bat dantzatu ondoren, azken denboretako Rock indartsu eta euskaldun bat jaso dezakegu. Euskarak, gure gazteriaren dantzak ere hartu ditu, ez da hilko ba.
Beste gauza positibo bat ere aurkitu genuen: alaitasunez beterik ere, gure herriak ez ditu bere arazoak ahanzten, eta garbi adierazi du "zer eskatzen duen", hots, Amnistia, Askatasuna, "Apala askatu", "Txakurrak barrura", "Gora Euskadi Askatuta!". Betetzeko, hainbeste odol kostatzen ari zazkigun helburu hauk, herriak, bai manifestapenetan, bai jai alaitsuenetan defendatzen ditu. Beharrezkoa baita gizon eta emakumeentzat, neska-mutilentzat dantzatzea, abestea, barre egitea... nahiz eta nekez beterik egon, nahiz eta hurrengo egunean edo egun berean, barrikadetan egon, txakurren aurka Apalaren askatasuna eta beste erreibindikapen guzti odolez irabazten.
Bai, jaiak beharrezkoak dira iraultza egiteko.
Baina bestetik, iruditzen zait oraindik ez dugula oso ondo gainditu, geure barruan daramagu barbarotasuna eta sadismoa... Dibertitzeko zezentxo bat torturatzea beharrezkoa dugu, defentsarik gabeko eta errugabeko izaki bat hiltzeak, poz handia ematen digu.
Korridek, beti ekarri dizkidate gogora erromatar zirkuak. Haiek, kristauak lehoietara botaz eratzen zituzten jai handienak. Geroztik, zer aurreratu dugu? Kristauak konforme ez direnez (gonbaraketarik egin gabe...), zezenak jartzen ditugu, plazetan hiltzeko. Gladiadorerik ez, baina boxealariak ba ditugu, nola elkar jotzen duten ikusteko. Odolaren egarria lehen, odolaren egarria gaur; bortizkeriaren atsegina atzo, bortxaren kultua gaur.
Herri batzutan, mutilak alaitzeko, zezentxo batzu ateratzen dituzte, herriko mutil talde hauek hil ditzaten, eta noski, "torero"-rako ikasi ez dutenez, hamargarrenean ez bada, hogeigarrenean... hiltzen dute.
Hau goizetik goiz; gero hamaiketan edo, ahari apostura! abere hauek, mozkorrak daudela, nola beren burua elkar jotzen duten odolez bete arte, pozez ikustera.
Antzarrekin ere, ikuskari polita eskaintzen digute zintzilik daudelarik, polea baten bidez, hibaiaren erdian, herriko gazteek, txalupa batetik, antzarrari burua kentzeko ahaleginak egiten dituzte, lepotik indarrez tiraka. Gizon bat, ihaz Ondarroan, oso haserre zegoela, antzar hauk bizirik zintzilikatzea debekatu egin zutelako. Saltsa guztia kentzen omen zion ikuskariari...
"Bai pazifista zarela!" esaten zidaten barrez, arazo hau azaltzen nuen tokietan. Bai... benetan, bortizkeriari, horrela huts hutsik, ez diot atsegin handirik aurkitzen. Eta, herriaren bortxa iraultzailea beharrezkoa dela pentsatzen badut, hauxegatik da: bortizkeria zanpatzailea inposatu egin zaigulako, eta esplotakuntza hau buka erazteko zanpatzaileei borroka irabazi egin behar diegulako; eta zanpatzaile hauek, herria beren menpean edukitzeko ez dute "lorerik," erabiltzen, harmak baizik... eta harmen aurka, herri harmatua besterik ez zaigu geldituko azken soluketa bezala, gaur edo bihar...
Baina esan, zer ikusi behar dute klase borroka honetan edozein moetatako zapalkuntzetan, zezen, antzar, ahari eta horrelakoek?
Ba bai... ba dute zer ikusirik. Beti, boterean egon direnek, psykhologi ezaguera handia izan dute botere hau gordetzeko. Horretarako, beste gauzen artean, urte osoan herria izorratu ondoren, honek jaso duen umore txarra eztitzeko eta gorputzean sartu zaion bortizkeria botatzeko... zezenak, ahariak, antzarrak, boxealariak, futbola, etab... eman eta ematen dizkiote.
Ba dirudi, jendea oso izorratua dagoenean, bera baino izorratuago bat aurkitzen badu, bera baino ahulago bat zanpa badezake, kontsolatu egiten dela... eta bere bortizkeria, menpean duenarekin askatuz, ez du bere zanpatzailea zapaltzeko hain behar handirik sentitzen...
Pentsatu beharko dugu ba, alaitasun sadiko hau, aztertzeko gauza dela... Batek honela zioen oraingoz izenpetu gabeko poema batean: gaur borroka egin behar dugula eta bihar elkar maitatzeko garaia etorriko dela.
Ez naiz oso ados ideia honekin. Gaur, esplotakuntzaren aurka borroka egiteko, positiboa eta beharrezkoa dugu, elkar maitatzea. Gure kideak ez baditugu maite, indarra galtzen dugu boterearen aurrez, gure batasuna ahulagoa izanen denez. Guk baino defentsa guttiago dutenak sofritzen ikustea atsegin bazaigu, zanpatzaileei jokua egiten diegu funtsean, haien ideologia jarraituz. Eta honek ez du inongo antzik, "kristau humanismo"aren ideiekin. Hauek hala diote: "Maite ditzagun geure etsaiak..." Etsaia maite duenak, herriari gorroto dio. Ezina da zanpatuak eta zanpatzaileak, langileak eta burjesak batera maitatzea... eta ez da posible ere, ez, esplotakuntzaren aurka egotea eta bitartean besteak esplotatzea eta besteen gaitzez alaitzea.
Zaila da gure eguneroko bizimodua aldatzea, jaso dugun heziketaren ideiak gainditzea... manifestazio gogorrak egitea baino askoz ere zailagoa. Baina beharrezkoa da, gure "kultur iraultza" ere egiten hastea eta hau, Euskadin, ahaztuta dugu orain arte. Gure jaietan ere, iraultzaileak, gizarte berri baten eraileak izan beharko genuke, honek duen esannahi zabalenean.
Itziar
Euskal Herrian
PS, o eroco guero
LAUR PARTETAN
partitua eta berecia,
Lehenbicicoan
emaiten da aditcera
cembat calte eguiten duen
PSOEcoequin ibiltceac, eguitecoen
gueroco utzteac
Bigarrenean quidatcen da, eta aitcinatcen,
luzamenduac utciric berehala PSOE utctta
goxo den ezquer abertcale baithan egoitera,
hirurgarrenean euscaldunac oro batera
edocein PSOE erdalduna utciric,
PNVeco bezain burgesequin egoitea
nola probetchugarriagoa den explicatcen,
eta azquenean gomendiozko carta
edo guthuna.
Axularren paperen artean aurkitu ez zen edizio apokrifoaren lehen edizioaren azala, 1645.ean, Derioko plazako euskaldun anarkistek argitara eta laur haizetara emana.
***
Nire arreba oso katxondoa da. Bulegoan, lan guztietan eskua, hitza eta beste gauza ere sartzen ditu. Pozik dago bere lanean. Entrepresa multinazional bateko sekretari apala da. Ez du dirurik asko ateratzen, emakumea izanez, soldata barregarria du. Baina berari bost axoia.
— Ni ez nago zapaldua, niri lan hau oso gustatzen zait, jefeak ere ongi portatzen dira nirekin, ez nintzateke beste lekura joango, diost harro, harro, neba-arrebak eztabaidetan sartzen garenean.
Zuek konplexatu batzu zarete, dirurik eta botererik ez daukazuelako gehiago nahi duzue.
A! eta sozialismoa zertan datzan hasten bazara, hobe ixilik geratu, bere muinei ez dizkiete besteek philosophia sakon horretan sartzeko ahalbiderik prestatu. Hobe orduan ixiltzea, eztabaida absurduak eta haur nigarrak entzun nahi ez badituzu behintzat, edo Alemania herri sozialista bat dela jakin nahi ez baduzu.
Senarra, gizon jatorra, independentea eta diruduna da. Han-hemenka dabiltza larunbat-igandeetan, Zarautzeko hondartzan, Orioko bixiguetan, Biarritzeko igertokian... kasinora ez, maila horretan ez dute sartu nahi; seriosegi gerta lekieke. Dekoratuak eta giroa aldatu behar direla han, beraik hara sar daitezen, uste dut nik.
Hara non, lehengo egunean, hauteskundeetarako garaian, arreba gorriz jantzita, burutik behera gorria, oso kolore polita, sukaldean agertzen den eskuan paper lodi batzu zeramatzala. Zertzu izanen ote aira? Play Girl, Jours de France? Ez. PSOEko panfletoak.
— Zer, etxerako dekoratuak antolatzen?
— Nahiago zenuke hori, bai, oraintxe bertan Otxarkoaga guztia bete behar dizut hauekin.
— Zu burutik ez zaude ondo, diotso amak. Verguenza te debería de dar. Hauzokoek ikusten bazaituzte. Euskaldunak PNVren alde gaude, hau da lotsagabea!
— Eta zer? Gu ere euzkotarrak gara. Denok gara euzkotarrak.
Nik ezetz diotsot eta ez du batere ulertu.
— Tú, cualquier cosa, diost. Hobe zenuke nirekin etortzea. Ez al zaude Euzkadi sozialista baten alde? Ba... ni ere bai, txotxolo hori.
Ahoa irekita baina hixteko nahirik ez, berari so geratzen naiz. Ezer ez esateko diost beste anaiak. Esperientzia pixkat lortuko zukeelako esperoan.
— Eta noiz sartu zara PSOEn?
—PSOEn ez, de Euskadi, entiendes. Atzo... y para que veas, comisaria de zona izendatu naute.
— Atzo sartu, gaur panfletoak zabaltzen eta bihar comisaria de zona. Ez da karrera makala. Ez dute militanterik asko eduki behar orduan.
— Hori ez da zure kontua. Gainera begira, hemen daukazu karneta eta baimena. Bihar Deustuko mahai guztietan apoderatuta. Ikusiko duzue, ez dute tranparik eginen faxista horiek!
— Zeintzu faxista? Asko dago. Eta nola sartu zara hain goian eta berehala?
— Una que vale. Aititaren izena aipatu nuenean dena izan da konfidantza eta erkidetasuna. Nik neuk jakin, ez nuen jakin non sartu. Euskadiko Ezkerrakoak ere ez dira txarrak, baina lehengusu toledanoak separatista eta buru arinak zinetela esan dit.
— Ni ez nago koaligazio horretan sartuta.
— Berdin zait, denok berdinak zarete.
Hurrengo egunean, A.P.ko batek Sarriko mahai batetan zenbait botu txartela kendu omen eta bere burua nabariegi agertu omen zuelako, PNVko bat eskandalurik egiteko prest ez egotean, Euskadiko Ezkerrekoak beldur ote edo, oposizioko guztiok arrebari so zeuden diti ederrez eta genio txarraz apaindurik zegoen eta. Arreba gorriak, edukazio guttiz, irain batzu bota omen zizkion. A.P.-koei eta bere eskuboltsaz zartada bat eman omen ziola esaten zuten lekukoek San Ignacio-ko komisaldegian. PSOEkoek botuak kontatzen ari diren artean, etxekook atera dugu komisaldegitik arreba gorria. Lehengusu toledanoak dei egin dio zorionak emateko. Afari eder bat antolatu beharra zegoen bataio gorri eta eskandalugarri hau xelebratzeko.
— Gure zonako kamaradak etorriko dira, alderdiari buruz hitz eginen dugu. Ez falta. Ba dakizu, diru problemarik balego... nik ez dut uste aurrera joango denik San Ignazioko asuntua.
Ordutik, arreba kezkaturik dago. Ez du, jakina, gauzarik asko ulertzen. Gainera zer kristo! Lana, plaia, laia eta zaia. Hori du garrantzitsuena berak. Noizean behin Punto y Hora bat ematen diot irakur dezan. Irakurri, ez dakit irakurtzen duen, badaezpada aurrean dudanean, zenbait puntu miresgarri, boz goraz, irakurtzen dut ormak nirekin ados daudelarik.
— Y, oh paradoja de las paradojas, el PSOE, que se dice de izquierdas, está a la derecha del PNV. Ocupa el lugar más a la derecha, dentro de la oposición, entre los parlamentarios vascos. El centro, el PNV y Euskadiko Ezkerra la izquierda. Indar errepresiboen kontutan, estatutuaren kontutan, bai eta LANGILERIAREN kontutan eskuin aldean kokatzen da. Multinazionalei eta kapitalismoari buruz ez dute izan nahi inolako deklarapenarik egin PSOEkoek. PNVkoek aldiz, gauza eta ñabardura batzu eginda, zerbait esan lezaketela edo, konforme egon dira.
— Hori guztiori, ez zait interesatzen. Politika, politikarientzat, horretarako egin nuen haien alde, gu libre gaitezen, libre, kezkarik gabe bizi gaitezen. Hay que levantar el país diost erdara batuaz. Nik herria ezin daitekeela jaso pentsatzen dut hizkuntza periferiko honetan. Orman dindilizka dagoen zati berezi eta higikor hau ixildu egin zait. Nik erdi nigarrez, arreba ez balitz barre egingo nuke. Punto y Hora, Deia, Triunfo, Anaitasuna eta Zeruko Argia guztiak, uzkia garbi dezan, komuneko beste orma batetan ipini ditut. Gero lehengusu toledanoarengana jo dut.
Jon Etxeberri Matxinbentakoa
Euskal Herrian
Bai, damu dut, iragan diren hauteskundeen ostean oraindino inork ez duela damu ukan, egin dugun markaren txarra, zelako egoera tristean aurkitzen gareneko marka, seguru asko. Egia esan, ez da harritzekoa nik hau esatea, zeren hauteskundeak baino lehen jadanik ere partehartzearen aldekoa bainintzen. Hala ere guztiz ere neure baieztapen honen oinharri eta arrazoiak azaldu gura nituzke, gure ikuspegi politikoaren argitzeko lanbidean zer edo zer laguntzeko asmoz edo.
Kanpoan ibili naizela, hona heldurik ahalegindu egin naiz atera diren artikulu, lan eta azterketa guziak irakur- eta kontutan hartzen, eta horik ikusita nagoelarik agerian gertatzen da, nik uste, arazoa; ez da benetako eztabaidarik egon, elkarrizketarik egon ez delako. erran nahi baita, elkarrizketaren lerroek ez dutela inoiz ere elkar aurkitu, paralerroan ibili direlako eta elkar ediren ezinik beraz. Argi nadin. Nik neuk hauteskundeetan parte ez hartzeko eman diren argudio guztiak ontzat jotzen ditut, baina baita partehartzearen alde eman direnak ere, maila desberdinetako argudioak izan baitira, ideiologikoak lehenak eta praktikoak bigarrenekoak. Hori da, hain zuzen, elkar ulertu ezinaren funtsa eta korapiloa, eman dezagun E.T.A.k atera duen lan bikaina eta "Punto y Hora"n hainbestek partehartzearen alde idatziriko artikulu mordoa.
Ideiologikoak deitu ditut lehenengoak Suárez-ek zer gura zuen argi baitago, zer P.C.-k eta P.S.O.E.-k eta neurri handi batez, orain arteko praktika dela bide, P.N.V.-k ere. Suárez-ek, zalantzarik gabe, azal demokratikoa, eta besteek, Espainiar Estatuaren ikusmiraz, legeztapena. Hala du ere P.N.V.-k jokatu, kontutan hartu egin gabe, presoak oraindik espetxean zeudela, atzerriratuak herbestean, alderdi abertzale asko legearen kontrako eta askatasun demokratikorik eza nagusi zebilela. Horregatio, jokatu duen karta, Euskal Herrian alderdi abertzaleak bakarrak ez direlakoarena izan da, Bizkaia eta Gipuzkoa Araba eta Nafarroa ez direlakoarena izan da, beraz gorago adierazi nahi nuena, argudio praktikoen maila ukan du habe, eta karta ez da hain txarra gero izan.
Ez dakit, egia esan, maiz ezker abertzalekook beldur ote garatekeen jendeak zer esanen dukeen, horrela ematen baitu lantzean behin bederen. Eta hau diot, lehenagotik esanda nagoen legez, burrukamolde "guzien" aldekoa naizelako. Ez dut bat ere dudarik "demokrazia honetan bide guztiak direla beharrezko, eta beraz guretako batzuk zenbait burrukeraz ezartzen dituzten zalantzak ez ditut askotan ulertzen, estatalistek eta jeltzaleen zuzendaritzak jartzea, aitzitik, konprenigarri egiten bazaizkit ere. Gezurra da, beraz, nirekiko behintzat, hauteskundeetan partehartzea herri mugimenduen kontra egotea dela, hauxe bakarrik baita: espazio politikoa betetzea eta legea gure kontra ez edukitzea, besterik ez.
Ene ustez garaipen bat ukan dugu bakarra, garaipen pirrikoa halabaina; P.C.-ren galera izugarria, ez berak, ez inork, egindako azken pitokeriak eta guztiz ere, ezelanbait espero ez zuena. Garaipena, agerian dagoelako, aparatua gogor eta sendo eduki arren, espazio politikoa galtzekotan dagoela, izan ere, ezker abertzaleari dagokion espazioa baita berea, baina orobat, zelako burruka latza edukitzeko dugun adierazteko adina beldurgarri den garaipena, modu onez eta besterik gabe amore emanen ez baitute. Haien tesia ezaguna da honez gero, ezker abertzalea sortu zen iturburura itzuliko omen da, hots, P.N.V.-ra. Hori, ordea, ez da tesi pasibo bat, ahal den modu guztiez bete eta froga erazi behar den hipotesia baizik.
Galtzapenak baina askotaz handiagoak izan dira, P.S.O.E.k P.C.ri hainbeste kentzetik aparte, zeren presoen kaleratzea eta atzerriratuen etxeratzea ez baita hauteskundeetan parte ez hartzearen bidez lortu, ezta kontrako moduaz ere, herriak eginiko gatazkaren bidez baizik; horregatik esan genezake hauteskundeen arazoa guztiz aparteko gertatu dela, h.d., parte hartu zein ez burrukapide berberaz lortu dela lortutakoa, erdietsi den garaipena zertan eragin gabe. Horregatik uste dut galdu dugula:
- Hauteskundeak baino lehen, bestela espero bazitekeen ere, P.S.O.E. ez zen deus. Gaur egun, berriz, "hainbeste jenderen ordezkari gara" dabiltza esaka. Bere espazio politikoa lortu du eta bere hautesleekin loturarik sortu.
- Nafarroan eta Araban osorik egin dugu poto, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala abstentzioari igarri ere egin ez baitzaio. Euskal Herria, alde horretatik, oso dugu arriskugarriro banatu.
- Gipuzkoan eta Bizkaian atera genitzakeen ordezkariak ez ditugu atera, Gipuzkoan P.S.O.E.-ri, eta "Alianza Popular"i eta "U.C.D."-ri Bizkaian bozak emanaz.
- Ez dugu modu argi batez geure espazio politikoa bete, eta alde horretatik guk defendatzen dugun herri burruka aurrera eramateko behar den azpiegiturari, azpiegitura ia guztiari, egoera berri honetan beharrezkoa zaigunari, uko olinpiko bat egin diogu.
- Eta are lotsagarriagoa dena, kontra egon arren, ez dugu hauteskundeen denboran gure ezetza azaltzeko ezer egin, lortu duguna modu pasibo hutsez atera dugularik.
Agian datozen udalauteskundeetan argitsuago dugu jokatuko eta "hainbeste jendearen ordezkari" diren alderdien aurrean, maila horrexetan ere, erantzun jator bat emateko gauza izanen gara, zeren José Luis Lizundiak orain guti dela DEIA-n zioena bateon batek kontutan hartu beharko bailuke:
"Eta gai honetan badu zer ikusia behinola azkoitiar bati esan niona, eta orain otxandiar bati esango niokeena: Alderdiaren dekanotasuna, ez dezala, otoi, Alderdiaren monopoliokeriarekin konfunditu. Sozialista abertzaleok baino, Prietoren semeak bidailaguntzat nahiago izateak Euskal Nazioarentzat ondoren txarrak ez ote ditu ekarriko epe luzera behintzat, edo ez hain luzera, zeren lehen fakturaren letrak pasatzen hasia baita."
Andolin Eguzkitza
Iberian zer
Norbaitek, beharbada, Scala (teatro-restaurantea) edo beste halamoduzko hotel edo kabaretetako berri emanen dizuedala usteko du. Leku horik, ordea, debekatuak ditugu langileok. Eta nire andrea eta hiru semeak pentsio batean egondu gara. Arosa pentsioan oso ondo jan dugu, lauroi ateratzen ziguten janaria (txikienarekin geu konpontzen ginen) eta gelatoki bikoitza, sofa-ohe, dutxa eta guzti. Abuzturako ez dago gaizki lautako familia batek eguneko 1.600,- pezetatako gastua, Bartzelona erdian. Bi aste 24.000 pezeta.
Hori bai, nire andrearekin hor ibili gara almazen handi guztietan: Corte Inglés, Jorba Preciados, Simago, Capitol, e.a. haurrentzat negurako oinetako eta berokiak bilatzen.
Baina Bartzelonak ba du, nahiz eta milioikako jendetza bizi, Donostia eta beste euskal hiriak ez bezalako belartoki, parke, ibiltoki, jolastoki eta ikusgarri zenbait: Tibidabo, Montjuich, Ciudadela, Zoo, e.a. hauetariko parke batzu oso handiak dira, dena berdez estalia eta eserleku ugariz prestatuak. Ciudadelako parkea baso bat bezain zabala da, baina txukuna eta egokia. Eta beti dago lekua berde eta lore artean eseri edo paseiatzeko. Cataluñako enparantzan bi iturri zoragarriak eta uso artean ibiltzeko enparantza handi zabala.
Hondartza aldetik kai handiaren ondoan dagoenez, Bartzelonetako hondartza erdia zatika zatika akotaturik eta hesitua aurkitzen da Restaurant baten menpe eta sartzeko 100 pezetatako txartela hartu behar da, aurrerago igertoki munizipalak eta sozioentzat denez han ere beste txartela, azkenik herri hondartzan sartzen garen arte. Euskal hondartzekin gonbaraturik nahiko txarra da, harri koskorra ugari, eta garbiketak eginik ere, urari zikina eta usain txarra dario.
Buelta bat egiten dugu ipar aldera, Badalona, Mataro, Arenys de Mar alderantz eta han ere industrigintzaren ur pozoituak. Badalonako hondartza erditik ur zikinak ateratzen diren zulo nardagarria, eta areago feriak hondartza barnean. Hondartza hobeak daude hegoalderantz, Castelldefels, eta zer esanik ez, Sitges aldera joz gero.
Erdi aldetik ere ez da falta ikusgarri ederrik, Gotiko hauzategia (Katedralea, e.a.), Gaudiren eskutik eratutako Parke Guell eta Sagrada Familiako ataria eta dorre harrigarri eta zorrotzak, Miroren erakustegia, e.a.
Txinatar hauzategian ere ibili ginen gau bat edo beste, eta emakume zahar eta zimur batzu ezik genuen ezer partikularrik ikusi. Anarkoek antolaturiko "Puta etxea herriaren zerbitzuan" delako ikustea ez zitzaidan egokitu. Bartzelona inguruko hauzategietan apenas agertu ginen. Hango hauzo batean edo bestean ere ageri zen hauzo haurtzaindegia edo jubilatetxea antolatzeko hauzo elkarteen karteltxoren bat.
Cataluñako enparantzatik hasten den rambla edo karrika nagusian gauero gauero ez da falta izaten talde edo korrilloren bat edo beste, garai batean futbolaz mintzo omen ziren, baina orain politika saltzan dihardute.
Talde hauetan bakoitzak bere eritziak botatzen ditu (zenbait astakeria ere bai) eta bai eztabaida beroak sortu ere. Zutik iharduten duten taldeska horietan denetarikoak ikusi eta entzuten dira. Jende heldua gehienbat, eta norbaitzu buruz oso jantziak, eta esperientziadunak ere bai. Talde batean PSUC-eko komunista bat CNTeko beste batekin oso zorrotz sartzen ikusi genuen, guda garaian beraiek gehiago egin zutela, e.a. errepikatuz.
Kataluniako alderdi klasikoek beren teoriak planteiatzerakoan anarko edo cenetistek bortizki erasotzen zuten alderdi guztien aurka, denak zuzentzaile huts direla eta, beraz, herria menperatzen omen dutelakoz, langileriak eta herriak berez autoorganizatu behar baitu...
Gau batez PCeko gizen heldu batek kataluniar nazionalismoaren aurka ekin zuen, eta Espainiako nazionalitateak defendatzera atera ginen ezezagun biak euskaldunak gertatu ginen.
Apalaren gose greba zela eta Donostia eta Euskal Herriko manifestaldi zanpatu eta gogorren jakinaren gainean ziren. Eta anarko batzuk euskaldunen komiteko beste batzurekin "Apala askatu" e.a. euskaraz eta katalanez ageri zuen pankarta bat erantsi zuten rambla ertzean, ezker eskuin ikurrina eta kataluniar bandera zirelarik. Hurrengo egunerako Apalaren eta Amnistia orokorraren alde euskaldunekin bat eginik, zerbait egin behar zela eta manifestaldi txiki bat muntatu zen. Rambla osoari jirabira osoa eman eta 200 gizaki ez ginen, gehienak anarkoak, frapeko bat edo beste, eta euskaldun batzu. Jendea ez zitzaigun deus inguratu eta martzianoak bagina legez begiratzen gintuzten. Hurrengo egunetan ere jarraitu ziren manifestalditxoak eta bai armadakoek ramblan barrena eraso ere. Lehenik O.R.T.eko eta PCTeko mahai batzu ba zeuden beren propaganda eta eranskailuak saltzen eta manifestaldiari nola ez zioten batere jaramonik izan, hitz gogorrak aipatu ondoren mahairen bat hankaz gora eta joan zen. Bai eta taldeska parlamentariren batekin sartu ziren, "No queremos charlatanes sino luchadores" oihukatuz.
Bestalde zortziren bateko talde batek gose grebari heldu zion Apalarekin eta preso guztiekin bat eginez. Laugarren egunerako Frantziako kontsulatu aurrean konbokatoria bat egin zen pankarta bidez eta ramblan zehar mitin kutsuko deiekin. Euskaldunen komiteak antolatzen bazuen ere ramblan ezagutu nituen mitinlari batzu P.C.I. Partido Comunista Internacionalekoak ziren, baina hau harrigarria, sigla horrekin eta alderdi independista da erabat Katalunian, nahiz eta Espainiako beste nazionalitateen ere organizaturik egon. Euskadin ez dute beren alderdia ezarri beharrik ikusi KAS-eko alderdiak aitortzen baitituzten Euskadiko alderdi abertzale-iraultzaile jatorrak bezala.
Beharbada, alderdi hau izanen da bakarrik, alde batetik Espainia osoan organizatua eta bestalde, nazionalitateekin independista dena.
Frantziako kontsulatu aurrea armadakoek hartua aurkitzen bazen ere, milakaren bat inguratuko ginen "Apala askatu", "Amnistia Total", "Disolución Cuerpos represivos" e.a, oihukatuz, eta inguruetako kale nagusietako kale nagusietatik jira bat emanez kontsulatu aurrera itzuli zen manifestaldia lehen baino ere ausartkiago, armadakoek tiroka (gomazko pilotez, jakina) eraso zutenean, berriz, iskanbilek oso gauera arte jarraitu zuten. Frap-eko bi mutilak arrapatu zituzten bezperan rambletan errepublikar bandera bat erantsi zutelako, eta Frantziako kontsulatuaren iskanbilekin beste batzu ere espetxeratu zituzten.
Hurrengo egunean, Santandereko deputatu sozialistari gertatu zitzaiona gertatuagatik, noski eta Martin Villaren dimisioa eskatzen zutelako edo... ez zen rambla aldera poliziarik agertu. Baina barrikada batzuk kaleak hixten eta Corte Ingles-eko kristaleria (40 metro bai luzeran) eta Jorbas Preciados-i sua ematean bonberoetako auto sailak agertu ziren, ondoren armadakoen autoak zituztelarik.
Dena dela, Euskadin muntatzen diren mobilizapenak eta Bartzelonakoak alde handia daukate. Han bai direla, oraingoz behintzat, parlamentariak nagusi, herria berak ere ez baitu beste metodo edo burrukarik aurrera eraman. Euskal Herrian, ordea, nahiz eta alderdi klasikoek onhartu ez, herri burruka berezia eraman dugu aspaldi honetan, eta burruka berezi honek lortu ditu bai amnistia eta askatasun zenbait, eta beste guztiak, edo osatzeko dira edo herri jokabide berezia izurratzeko da.
ALEX
Joan zen 11n Kataluniak bere "Aberri Eguna", "Diada" hospatu zuen. Han egon ginen, kataluniarren alaitasunaren partaide izateko eta herri hartan dagoen herri-giroa nabaritzeko.
Gu kaleratu orduko, Diadan jazotakoen berri asko izango duzue. Baina berriemate hauetan hutsune batzu aurkitu ditugu, bai irratian eta bai prentsan-telebistan, zer esanik ez. Kataluniako "Diada"ren irudia aurkeztean, berriemaile gehienek 11an Bartzelonan egindako manifestaldiaren hainbat zehaztasun eman dituzte, Bartzelonan bertan, egun berberean egindako beste manifestaldi baten berririk ez emanez: beste manifestaldi hau alderdi independentistek antolatu zuten eta egon ginen euskaldunontzat manifestaldi jator eta bikainena izan zen.
Gu, bi egunetan —10 eta 11an— hiru manifestalditara joan ginen, 10ean, Cornellá herrian egindako manifestaldi batetan parte hartu genuen. Manifestaldi honetan ez genuen ia katalanez hitz bat ere entzun, berton egon ziren politikariek erdal entzuleei —gehienak kanpotik etorritakoak— erdaraz egin baitzieten. Hemen erdara hutsean egiten duten politikariek euskara "oso zaila" delako atxakia jartzen dute. Katalunian, zer esango dute? Katalana "zaila" denik ezin dute esan. Ez katalana, ez euskara biperrik ez zaiela inporta ote da? Manifestaldi honetan hamar mila lagun bildu ziren, "Llibertat, amnistia, estatut d'autonomia" slogana gehienetan errepikatuaz. Hemen egiten diren manifestaldiak ezagutzen ditugunok, manifestaldi honetan eskatu ziren gaiak "leunak" izan ziren. Inork ez zuen indar zapaltzaileen kontra ezer esan, ez eta idatzi dugun sloganetik kanpo atera. Manifestaldi hau CC OO eta beste indar estatalistek antolatua izan zen.
Independentzia
Larunbatean, 10ean, manifestaldi moderatu honetan egon baldin bagina, igandeko eguerdian, Bartzelonako alde-zaharrean, berriz, katalan kutsuzko manifestaldi bat aurkitu genuen, independentistek antolatua: Movement d'Unificació Marxista (M.U.M.), Esquerra Nacional, Acció Comunista, PSAN-Provisional, Socors Catalá, Grup Suport eta beste talde batzu egon ziren bilera lekuan, Santa María del Mar eliza aurrean. Eliza hau "Fossardes Moreres" inguruan dago: toki honetan, 1714. urtean, Bartzelona espainiar eta frantsesen kontra burrukatzen hil zirenen gorputzak lurperatuak izan ziren.
Manifestaldi honetan "Diada" eguna burruka eguna bihurtzeko beharra laster azaldu zen eta, oraingoan bai, indar zapaltzaileen kontra, Suárezen kontra ("Suárez, c... ó, som una nació") eta oihu bikainagoak izan genituen. Partaideak ere sutsuagoak ziren eta, batez ere, katalanagoak. Hitzaldi guztiak katalanez egin ziren. Baita ere ETA (p-m)k E.I.A.k, HASIk eta beste talde askok bidalitako telegramen irakurtzea katalanez egin zen.
"Prudentzia ez dugu ahultasuna bihurtu nahi", esan zuen hizlari bateK. "Sektariak ez gara, Katalunia nazio bezala defendatzen hil eta bizi direnenekin unitariak gara. Gure hogeita bost presoengan unitariak gara. Xirinacs senatoreak bidalitako telegrama bat ere irakurri zuten. "Gartzela aurrean daukaten neure lanpostua ezin dut utzi, baina zuekin nago", zioen Xirinacs abadeak. Xirinacs-ek hogei hilabete darama Modelo gartzelaren aurrean, egunero goizeko 9etatik gaueko 9ak arte, "1936 urteko gerlaren ondorioak guztiz deusestatuak izan arte".
Independentisten manifestaldiaren antolatzaileek Katalunia eta beste herrien deuseztatzea nola eta nortzuk egin duten historian zehar adierazi ziguten, Gaztelaren inperialismoa salhatuz. "1714. urteko Irailaren 11. eguna egun tamalgarria izan zen Kataluniarentzat, Bartzelonarentzat, baina birbizte eguna bihurtuko dugu. "Companys eta Maciá lehendakarien izenak aipatzean izugarrizko txaloak entzun ziren, "se sent, se sent, Companys está present" sloganekin batean, Pankarta batetan matraileta baten irudia zeramatenek —P.C.E. (i), (internazionalekoek)— Herria hartzeko beharra oihukatzen zuten artean. Kataluniako banderak —"senyera"— eta gure ikurrinak mila aldiz astindu ziren. "Gora Euskadi askatuta" hiru minutuz oihukatu zuten. Han ere ikusi genituen kanariarrak, MPAIAC mugimenduaren alde oihukatzen. Benetan gure saltsan egon ginen guztiok. Manifestaldi honetan parte hartu zutenen jakitea zaila zaigu, ez baikenuen manifestaldiaren burua eta amaiera ikusi, baina hamar milaren bat izango ziren. Independentista hauk arratsaldeko manifestaldi handira ere joan ziren eta, gauean, poliziaren kontrako burrukak izan zituzten, beste manifestaldi bat egiten saiatu baitziren.
Manifestaldi handia
Milioi t'erdi lagun bildu zituen 11aren arratsaldean antolatutako manifestaldiak. Gure ikurrinak txaloz onhartuak izan ziren, baina "senyera" itsaso batetan ikurrinak ur tantak bezala ziren. Manifestaldi honetan erabilitako esloganak epel samarrak izan ziren: "Si, Si, amnistía, estatut d'autonomía", "Suarez tururu, volem el estatut" eta antzekoak. Terradellas-ek manifestaldi honetarako egindako hitz laburrak txistuka hartu zituzten batzuk. Eta jakina, kanta mailan, "Els Segadors" kanta mila aldiz abestu genuen, buruz ikasi baikenituen bere hitz sakon eta ederrak, "zaharrak" debekatu zituenak.
X.A.
SALVADOR ALLENDE GOSSENS
Bakean betza
Txileko Errepublikako Lehendakaria, 1973.eko Irailaren 11an, Augusto Pinochet Ugarte-k, Gustavo Leigh-ek, Merino-k eta Mendoza-k osaturiko faxista banda batek asasinatua, bide batez beren herria Ipar Amerikako Estatu Batuei salduz. Berau traizioz eta indar proportziorik gabe gertatu zen, Allende lehendakariak bere beharra zintzoki betetzen zuen artean.
Faxismoa gorrotatzen dutenei, bera pairatu behar ukan dutenei eta borondate oneko gizon guztiei, minutu bat ixiltasun eskatzen diegu, asasinatu haren laurgarren urtebetetze honetan.
Haren burruka lagunek
Allenderen azken esaldietariko bat:
"Goiz, berandu barik, zabalduko zaizkio Herriari kale guztiak".
TXILE, probintzia emankor nabaria...
(Don Alonso de Ercilla y Zuñigak bere "La Araucana"n*)
Iraileko egun beltzotan berriz ere beste urte bat betetzen da. Herri oso baten heriotzeaz, beraren lehendakaria buru zuela.
1973.eko Irailaren 11n, asasino talde batek, Iparraldeko beren ugazabei obedituz, Txiletar Herriaren kontra militar kolpe bat eman zuen, Historian gertatuen artean basatien, injustuen eta koldarrenetarikoa, hain zuzen. Ondoren, legezkotasun guztien gainetik salto eginez, boterean jarri zen, eta Hego Amerikako historia jadanik tristean beste ilunaldi bat hasten da: Pinochetazoa, halegia.
Txile, iparrean Hego Amerikako basamorturik luzeena pasatuz, Peruraino heltzen da, Ipar Ekialde, Ande Mendietan Boliviarekiko mugak ditu, eta Hegoalderago Argentinarekin. Mendebalean Ozeano Barea du eta Hegoan Hego Poloa, hor dudagabeko antarktiar joera izanez.
Mugen izendatze eskolar honen barruan nazionalitate aski homogeno bat bizi da, 10 bat milioitako Herri bat, kolorez zuri eta indiarekin mestizatua (askok, memeloki, berau ezkutatu nahi ukan duten arren).
Iparrean panpetako gizon tristea, ixila, bere inguruak eta meatzeko jabeak, gehienetan gringo eta herrijabea, pairarazi dizkiotenek gogortua; erdialdeko arrantzale "vaporino"a; baserritar latz baina errespetutsua, bere pontxoaren azpian gaiztakeria edo ironiaren bat hainbat urtetako zapalkuntzagatik gorderik daukana; erdi- eta hegoaldeko "roto"ak hirietako pertsonaia pitxiak, eta Patagoniako artzain ikaragarri gogorra, urtean sei hilabetean animaliak besterik ez dakusana, maiz zeropetik 20 gradutan dagoen paisaia horretako harri gisa txertaturik dagoena; guztiok, odol nahaste kuriosean, penintsulako Extremaduratik zein Gipuzkoatik, Europako Hamburgetik zein Ukrainiatik etorritakoen artean orhetua eta konkista basati batek utzi zuen indiar odol pixkaz ernatua; guztiok, aspaldiko mendeetatik hona miseriatik irten eta gutienez Historiaren lehen mailak igoten saiatu dira.
Hiru aldiz berdin
Eta hiru aldiz hori lortzeko zorian egon dira; 1891.ean, Jose Manuel Balmaceda buru zutelarik, txiletarrek, 10 urte lehenago gerra inperialean boliviar eta perutarren eskuetatik ateraiak zeuzkaten nitro meatzeak berenak egiteko ahalegina egin zuten. Saio tristea benetan; ingeles eta amerikar inperialistak, beraien presidente, nagusi eta komandantea zen North jaunaren suizidioaz aski ez zutelarik, orduko liberalak garbitzen aritu ziren, ondorioz gerra zibila sortuz; ondoko errepresioan franko-prussiar gerran baino hil gehiago egin ziren.
1939.ean, ezkerrak zuzpertzeko zeramatzan ia 40 urteren ondoan, Herria berriz ere La Monedan sartu zen, oraingoan lepo gainean Pedro Aguirre Cerda eramanez, Herri Fronteko lehen gobernu amerikarraren burua zena. Politik gorabehera zailen artean, bera botatzeko militar saio nazi-faxista barne zelarik, kontzentrazio zelaietatik gu ateratzeko bere beharra ongi bete zuen, geure bizitza berregiteko behar genuen guztia eskainiz.
Pedro Aguirre Cerda bere agintaldia bete aurretik hil zen. Haren ondokoak berak egindako lan politiko eta sozial bikain guztia estaltzen eta desitxuratzen saiatu ziren.
Hirugarrenez —baina ez azkenez— 1970.eko Irailean, Herriak Salvador Allende agintera eraman zuen, mende honetan gizarte kapitalista batetan, odolik gabeko iraultza bat egin den saiorik seriosenean, horretan bere egiazko jabeari, hots, Herriari, geographi zati horretan banaturiko ondasunak bihurtzeko.
Multinazionalak, Pentagonoa, USAko CIA eta Kissinger eta Nixon lapur zitalaren politika itsua, Txileko erreakzioaz bat egiten dira eta bertako armadan beren azpilanak egiten. Armada hori, konstituzioak horretarako baimenik eman ez arren ere, politikan buru belarri sarturik zegoen, Allende lehendakariak konstituzioa ongi errespetatzen zuen artean. Ondorioz militar banda batek boterea lortzen du, horretarako era guztietako basakeriak eginez; 35.000 pertsona hil erazi zituzten, gartzela-komisaldegietatik 500.000 lagun inguru pasarazi, 40.000 pertsona preso sartu eta beren Herritik kanpora, iheska, 600.000 lagun bultza. Azkenez, Herria, duintasuna eskuaren aldamenean, hain hurbil, ikusia zuen Herria, berriz ere hutsaren pare uzten dute, zapaldurik.
Ipar Amerikaren lezioa
Ipar Amerikaren politik ari itsuek ez dute antza ikusi Allenderen eta beronen Herriaren asesinatuaz, batera, Hego Amerikako bere interesak galtzen dituztela urte askotarako, eta agian —holaxe nahi genuke— betiko. Nork usteko du, aurrerantzean, hura ikusi eta gero, odol gabeko iraultzak posible direla? Nork tratatuko ditu ongi beren anai-arrebak torturatu, bortxatu eta hil dituztenak? Zeinek pentsatuko du, honez gero, iparraldeko marrazo boteretsuaz "adiskidetasunezko tratuak" posible direnela? Begien bistan dago bakearen garaia joana dela Hego Amerikar Herri sufrituarentzat. Herri horrek, gaur eta bihar, bere askatasuna berriz eskuratu nahiko duenean, erne bizi beharko du, esku batean goldea, bestean fusila, bake eta askatasun horik berriro ken ez diezazkioten, Txilen bezala.
Historiaren harat honatak
Historiaren paradigma harrigarriak; Txileko Herria gupidagabeki larrutu eta hurrupatu duten familia askok, Errazuriz, Irarrazabal, Vial-darrek, kasu, euskal jatorri garbia zeukaten artean, beste hiru, Txileko lehendakaririk onenak, Balmaceda, Aguirre Cerda eta Allende, halaber, etorki berekoak ziren, baina beren deiturak ez zituzten erabili berak aberasteko, aitzitik, herri mugimenduan buruzagi gisa aritu ziren, horrela, pausoz pauso, batzutan atzera egin arren ere, Txileko Herria azkenean agintera eramateko.
Gutik esan duten gauza bat azpimarkatu nahi nuke. Duela 40 urte, 1939.ean, Txilera joan ginen askok orain, juntak gure edo gure seme-alaban kontra egindako errepresioagatik, berriz ere itzuli behar izan dugula hona.
Oroitzapen hau tristea bezain ikasgarria da. Ez dadila gurean beste Herri hartan oraintsu bizi izan duguna bera gerta.
Jon Ibarguren
(X. Kintanak itzulia)
(*) Honela da erdal textua: "Chile, fertil provincia señalada..."
Munduan barrena
Québec berjabe eta sozialistaren alde
Québec-en independentzia (6 milio bizilaguna, 5 direla frantses-mintzatzaile) oraingo arazo bat da. 1976.eko hazilaren 15.z geroztik Parti Québecois (Alderdi Québectarra) (PQ) boterean dago Québec-eko probintzian, abertzaletasun burjes koskorraren defendatzailea den alderdia, joera demokraziazaleekin. Ofizialki P.Q.-k independentziazaletzat jotzen du bere burua. 1978 edo 1979.ean independentziari buruzko erreferendun baten agintzaz, azken hauteskundeetan 41 % boz irabazi zituen. Daukan helburua beraz, Kanadako konfederakundea desegitea da. Zer gertatuko ote da baina benetan?
Oraingo burruka zehatz kokatu eta ulertu ahal izateko, ordea, halako begirada historiko bat atzeratu guztiz beharrezkoa da.
Gaur egun Québec-eko ekonomia kapital Kanadar eta amerikarren eskuetan dago. Kanadar burjeseriak bankusaila kontrolatzen du ia osorik, eta amerikar inperialismoak, berriz, produktibitate handiko industri adarrak. 1977.an Kanadako konfederakundea egin zenez geroztik, kanadar kapitala ingeles merkatal kapitalarekin elkartu zen, eta gero, inperialismoaldiaren haseran, amerikar industri kapitalarekin. Québec-ek interes kapitalisten elkarte honen ondorioak jasan ditu beti.
Kanadar burjeseriak 1837-38.eko iraultza demokratiko burjesa lupertu zuen eta probetxatu ingeles kolonialismoa ordezkatzeko indar politiko nagusi bezala, Iparramerika britanikoan. 1840.an Kanadan parlamentarismo ingeles-saxoniarren ezartzean (self-goberment) kanadar burjeseria klase nagusi bezala indartu zuen koadroa sortu zuen. Hesparru honetan da, hain zuzen, Québec-tar herriaren zapalkuntza nazional modernoa kokatu behar denekoa.
Iparramerikako kolonia britaniko guztien elkartasunak Estatu konfederal baten bidez (Terre-Neuve izan ezik), 1867.an, kanadar burjeseriaren hegemonia eta nagusitasun politikoa sagaratu zuen eta sendotu, eta halaber inperialismoaren aldiaren haseran bere autonomia gordetzen lagundu zion.
Burjeseria Kanadarraren garaipen guztiak bere orijinaltasunari eusteko asmoz, Québec-eko langile erdiko klase, eta burjeseria ttikiaren kontrako hartutako garaipenak dira. Kanadar konfederakundeak beraz, Kanadar frantsesei egindako zapalkuntza estrukturalean du zimentarria. (1)
Horregatik, inperialismoaldiaren haseran kanadar burjeseria inperialistak eta amerikar kapitalista industrialek egune eta akordio bat lortu zuten, Québec-en eskualde kapitalista autonomo baten aintzineramendua behaztopatzeko. Bankusaila, garraioena eta lur kapitala kanadarren jabetzaren pean geratzen ziren, manu faktura saila, berriz, amerikar bahimendu eta eskuen pean.
Honek entrepresa txiki eta erdiko asko Québec-tik kentze eta desegitea posible egin zuen, eta era berean Québec-tar kapitalismoaren sortzea ezinezkoa bihurtu, kapitalismo autonomo eta konkurrentzial baten sorrera, hain zuzen ere. Frantses-hiztunen elementu kapitalistak horregatik, diren gutiak, kanadar burjeseriarekin lotu dira eta gaur egun burjeseria honen adar frantsesduna osatzen dute. Aldi berean sortu zen nazionalismoa beraz, burjeseria ttiki katoliko tradiziozaleak zuzendua zen.
Québec-en industriaketak XX mendean arazoaren terminuak aldatzen ditu. Lehen mundugerraren garaian langileria frantsesdunaren lehenengo zantzoak agertzen dira. Amerikar eta kanadar sindikatuen nazionalismo xovinistak baina burjeseria abertzalearen eragipenaren azpira jausten utzi zuten mugimendu berri hau. Honek, 1921 ean beste batzuren artean "La Conféderation des Travailleurs Catholiques du Canada —CTCC—" (Kanadako langile katolikoen konfederakundea) sortzea lortu zuen.
II mundugerraren garaiko sail industrialaren hedatzerakoan, langileria québectarrak korporatismo katolikoarekin apurtzen du eta orduan bakarrik hasten da CTCC-a benetako sindikatu bat bilakatzen, eta orduan bakarrik ere hasi zen Québec-en zeuden sindikatu amerikar eta kanadarrei benetako konkurrentzia bat egiten (Arvida-ko lanuste salbaia 1941.an aluminio fabrikan, Amiantoko meatzarien greba 1949.ean Asbestos-en).
1942-tik 44.ra, 1917-18.an bezala mugimendu kontramilitaristek Québec dardarazi zuten. Langile Québectarrak ez zuten inola kanadar armadan sartu gura, bera gutiengotasunezko egoeraren garantia betidanik izana baitzen Estatu Konfederalean.
Abertzaletasun Québectarrak baina ez du oraino Langile alderdi sozialista independentziazale bat lortu. Funtsezko arrazoia Kanadar alderdi sozialdemokrata eta komunistaren jarkera xovinistan ikusi behar da. Alderdi hauek Québec-en berjabetasunaren aldeko burruka ukatu dute beti, eta are gehiago, autoerabakikuntzaren eskubidea ere ukatu diote. Horregatik, gaur egun ere, alderdi hauek ez dute inolako eragipen handirik langileria québectarrarengan eduki.
Gerraren industriaketaz sortu zen proletalgoaren makaltasun politikoak, eragipen katoliko korporalistaren petik irten berria, kontra egiten ederto, eta eragozpenik gabe, utzi dio kanadiar burjeseriari; 50. inguruko urteetan gertatu zen erasoa. Mac Carthismoaren jazarraldia Québec-era zabaldu zen eta, hormari begira zegoelarik, mugimendu sindikalak jadanik harturikoa defendatzeko burrukatu behar ukan zuen. Askatasun sindikala, esate baterako, gerra bitartean lortua izan zena (1944.ean), Maurice Duplessis-en gobernu autonomistak zalantzatan jarri zuen; Duplessis hau "Unión Nationale" (Batasun nazionala)-ren nagusia zen, izan ere, herrietako populazioak eta Eliza katolikoak sustengatzen eta zurkaizten zuten alderdia.
Kapitalismoaren aurrerapideak baina 60. urtearen inguruan konjunktura hau aldatuko du. Hazkuntza ekonomiko baten begira zegoela, burjeseria monopolistak erreforma batzu hasi zituen, jomuga bat zuela buru, Québec-eko Estatuaren garrantziaren handitzea kapitalaren berproduzitzearen prozesuan. Elizaren antolatzerako zuen eragipena ekortu eta ezpeldua izan zen, zerbitzu publikoak aitzineratu ziren, eta kapital estatikoak orduan oso garrantzia handia hartu zuen, energian (elektrikindarra), osasunean, irakaskuntzan, adar finantziariaren eta manufakturagilearen sail batzuetan eta aberastasun naturaletan (baso, oihanak eta meak). Garai hau Québec-en, "Iraultza Lasaia" izenaz deitu izan da. Bere mugimendu sindikalaren hazkuntzarekin batera gertatu zen. Sindikalismoak urte guti barru bere indarrak bikoiztu zituen. Liluramenduaren ordua ere izan zen: klaseen arteko laguntza etengabeko hazkuntza ekonomikoaren barruan. Oraingo moteltzeak baina, 60. urtetako amaieran, sindikalaren higitze ekonomiko berriak dakartza (Lanuzteen maiztasuna handitzen da 1966-77.eko garaian), eta mugimendu abertzale arradikal baten sorrerak Québec-eko frantses-hiztunen beheragoko egoeraren iraupenari eraso nahi dio.
Frantses hizkuntzaren alde eta langile frantsesdunen "cheap-Labour" egoeraren kontra gazteria eskolatuak egin zuen batailak. Lehen kale manifestaldiak ekarri zituen Montreal-era. Langileen burruka ekonomiko eta bataila linguistikoaren bakuntzak, ordea, Kanadako konfederakunderako krisi handiago bat sorteraztearekin zemai egiten zuen. "Iraultza Lasai"k sorturiko adar publiko indartsua, québectarrak kontrolatua, krisiaren oinharri objektiboa da.
Textuingurua honela dela beraz, 1968.ean "Parti Libéral de Québec"en zuzendari ohi batzuren esku, Iraultza lasaiaren egileen esku hain zuzen, "Parti Québecois" sortzen da. Politikari trebeak hauk, beren lehen lana gazteria eskolatuaren potentzial soziala irabaztea izan zen, eta erabat abertzale arradikalen ekintza guztia; 1970.ean, alderdi honek 20 % boz irabazten ditu. "Parti Libéral" eta "Unión Nationale"ren arteko sistima alderdibiduna apurtzen du, sistimaren egonkortasunaren konstituzionalaren oinharria hain zuzen. Gainera "Alderdi Québectarra" hasera haseratik independentzizale agertzen da.
Alderdi honen sorpena, alderdi proletari eta independentzizalearen sorrera behaztopatzen du, eta bestetik liluramendu eta pistak zabaltzen laguntzen du: lehendabizikoz "Parti Québecois"rekin independentzia, gero sozialismoa..."
Bestaldetik, Pierre Elliot Trudeauren gobernu federalak, 1970.ean "Front de Libération de Québec"en (FLQ) ekintza zela eta aitzaki eginda, Québec erasotzen du militarki eta atxilotze "prebentibo" asko egiten du. Helburua agerian dago, erakunde sozialista iraultzaile eta independentzizalea sortzeko saioak ezinezkoak bihurtzea.
Orain arte joku honek arrakasta eduki badu ere, ez du burruka proletariaren kausa objektiboak oraindik desegin, h.d., jareikuntza nazionala, langabeziaren tasa handituz doa agergabe (1977: 10 %), lanuzteak gero eta maizago gertatzen dira, eta gero eta handiagoak dira (1972.eko lanuzte orokorrean herri batzu sindikalistek okupatuak izan ziren). Robert Bourassaren Alderdi Liberalen eskandalu politikoak ere ezagutuz doaz. Robert Bourassa 1970.eko hauteskundeen irabazlea izan zen.
Epazpen eta hautabehar proletari bate faltaz, langile klaseak eta gazteria eskolatuak "Parti Québecois"-i eman dizkiote beren bozak, ekonomikoki nahiko programa aurrerazalea aurkezten baitzuen, eta helburu bat defendatu duelako argi: independentzia. Baina hauteskundeen garaipenaz eta 8 hilabete geroago langileriaren eta gazteriaren aldekoenek ere enganiatuak sentitu dituzte beren buruak.
Levesque-ren gobernuak bere programaren erreforma aurrerazale ia guztion ahantzi ditu. Inperialismoaren kontra joan barik, loturak hertsiagotu ditu, eta bere independentziarako projektua, mugimendu sindikalaren kontrako burrukan kolokan jarri izan da, independentzia eta klase burruka lotzen dituzten sektore sindikalen kontrako gatazkan, hain zuzen ere.
Liluramenduak berriro hasi dira jausten eta irekitzen den aldia nahiko heldurik dago, ortzaitzan agertzen den krisi politikoa inperialismoaren aldera saihets ez daitekeen lortzeko.
Elementu batzuk behintzat hori itxarotera bultzatzen gaituzte. Québec-ek Sindikatu Nazionalek (Lehengo CTCC, 190.000 kide) egindako azken biltzarrean langileen alderdi independentzizalearen sorreraren arazoaz hitz egin zuten. Erabaki hau baina oinharri burrukariaren presioaz bakarrik lortu da. Egia esan, sozialista iraultzaile independentzizale guztien elkartasunak bakarrik egiazta lezake honelako zerbait, zeren proletalgoak zuzenduriko jareintza nazionalerako burrukak bakarrik eduki bailezake arrakastarik eta garaipenera hel.
Gaur egun proletalgo québectarra munstro inperialistaren musturretan bertan bonba bat jartzeko ahalbidea du, eta beraz Iparramerikako "statu-quo"a iraultzeko, mende honetako egoerari bizkar eginez.
LUCIEN
(1) 1960 baina lehenagoko nazionalismo autonomistak "canadien-francais" zuen ikurritza, abertzaletasuna independentziazaleak, berriz, "Québecois" erabiltzen du gaur egun. Horregatik, Québec-tik kanpo ba daude frantses-hiztunen gutiengo zenbait ere: Nouveau-Brunswick-eko akadiarrak eta Ontarioko "Franco-ontariens".
Anaitasunaren komikia (12)
Airko [Komikia]
Irudiak: Antton Olariagak
Gidoiak: Xabier Kintanak
Stanley Ries, Michigan Unibertsitateko Nekazaritza Departamenduan irakasle denak egiaztatu berri duenez, ba da alfalfan substantzia bat, oso kantitate tipitan landare askoren errendimendua nabarmenki gehi erazten duena.
Honelako ondorenak dituen substantzia, alkohol natural bat da, triakantola, beste hainbat landare eta erle argizaritan ere aurkituarren, hain nabarmenki alfalfetan bakarrik aurkitzen duguna.
Gure baserritarrek lehendik ere estimatua zuten alfalfa. Ganaduak atseginez jaten du eta emankorra da esne eta haragitan. Harbia baino areago, halafede!
Irakasle horrek negutegietan egiaztatu duena gure soroetan ere gerta badaiteke, laster ikusiko ditugu geure baserritarrak tomatea, artoa, garagarra eta abar alfalfaztatzen.
Energiaren hauzi etengabea
Haizeetatiko, itsasotiko, lur barnetiko eta eguzkiko energiaren atzetik ahalegin handirik egin baino, hori lan neketsua eta penosa baita, nahiago dute nuklear energiara jo gure agintariek.
Azken Hazilean Bretainiako lurralderik gehiena argi korronte gabe gelditu zen gauko hamaiketan. Berogailu guztiak piztuta zeuden eta telebistako gau horretako filmeak izugarrizko arrakasta ukan zuen, argia itzali zen arte, noski. Aurtengo Uztailaren 13an New York-eko itzalaldia gertatu zenean, erretolika bizian hasi ziren Frantzia Estatuko energia arduradunak. Eta "atomoa ala argizaria" oihukatzen zuten, holakorik Parisen ere gerta zitekeela adierazi nahiz.
Ez dirudi arazoa hortik doanik. Hasteko, New York-ekoa, tximista batek zentrale nagusia aberiatzetik sortu zen; bestalde, New York nahiko isolatua dago energia elektrikoari dagokionez. Frantziako Estatupeko lurraldeen kasua ez bide da hori, Alain Ledoux-ek dioenez. Zentrale hidraulikoak eta gas turbinak sortzea da egin behar litzatekeena. Egiten ari direna, ordea, Trikastineko fabrika da.
Eurodif elkarteak uranioa aberasteko sortu duen fabrikatzar hau 1981.ean hasiko da lanean. Berak bakarrik 1950. urtean Frantzia Estatu guztiak beste energia kontsumatuko du eta Europako zentrale nuklearrei errekina eskuratzeko jarria dago.
Zain ditzagun!
Inoiz ehizetik ere bizi izan garelako edo eskupetak Eibarren egiten direlako, izugarrizko txikizioak egiten ditugu perdigoiez (draiez). F. Rodriguez de la Fuente ez zen oraintxe hasi Bilboko ehiztariek Espainiako Iparraldean egiten dituzten barrabaskeriak kontatzen (Barka biezat irakurleak "barrabaskeria"-ren hori, dioten bezala hura Zelotea bazen, ez baitatorkio ongi atzizki eta esangura hori). Guk giza ehizarik egiten ez badugu ere, beste nonbaitetik bidalitako zenbaitek bezala, bidezko izango da hegaztiak defendatzea. Gurean eta besteenean.
Luzaz kaltegarritzat eduki izan ditugun hegazti harrapariak, gaur nekazarien laguntzailetzat hartzen dira. Hontz eta hontzurien okapilotak (digeritu ezin dituzten hezur, azal eta beste osatuta oka egindakoak) aztertzean ikusi denez, hegaztion janaria soro-zelaietako arratoiez osatua dago % 80-90etan. Osterantzekoa, txori, satitsu, intsektu, igel eta abarrez osatzen dute.
Egunez ibiltzen diren harraparien pilotak ez dira erraz aurkitzen. Eta aurkiturik ere, digestio entzima kementsuagoak, azterkaitzagoak gertatzen dira. Hori dela eta, harrapariok ez dira hain ongi ezagutzen.
Txinako zientzigizonak
Salhapen gogorrak ari dira Txinako Kultur Iraultzaren zenbait alderdiz. Salhatzaileek diotenetik, eta Txinako Zientzi Akademiako aldizkaritik datoz, ideologoek bazter guztietan sartu beharra izaten zuten muturra, zientifikoen arloan astakeriak eginez.
1500 inguru izango dira Txinan lehen mailako zientifikoak. Ikasketak atzerrian egin izan dituzte. (Txinaren beraren barruan ere ikusi beharko da atzerri bat baino gehiagorik ez ote dagoen, hots, arazo nazionalaz ari naiz). 800ek Estatu Batuetan, Europan eta Japonian, 1949 aurretik. 400 Sobietar Unibertsitateetan 1960 aurretik.
Diotenetik, Kultur Iraultzaren belaunari dizkion tartea hutsik gelditu da. Zientzi aldizkaririk ere ez omen zen ia argitaratzen. Orain itzuli omen zaie berriro ere zientzilariei beren espezializazioari zegokion ardura.
Hori guztia horrela ote da?
Orratzez mina kentzen
Entzuna duzu noski zerbait akupunkturazko analgesiaz. Orratza sartu eta mina kendu. Mina emateko bide hoberik ez genukeen guk garai batetan asmatuko. Mundua aurrera doa ordea eta orratzak aspaldi irten ziren Txinatik. Orain, hainbeste urtetako tradizioz guregana heldu den sendagintza enpiriko horri, sustrai zientifikoak aurkitu nahi zaizkio, Txinatik bertatik hasita.
Dirudienez, giharre sakon batzu estimulatuz, endorfinaren sekretapena gehierazten dute akunpunktura zaleek. Eta "endorfina" zer ote datekeen galdetuko du norbaitek. "Endorfinak" barneko morfina esan nahi du. Aho bete hortzekin gelditu ziren jakintsuak, guk geure burumuinean endorfinak sortzen ditugula ikusi zutenean. Eta endorfina horiek bitartekoen eginkizuna jokatzen dutela burumuineko neuro transmisioan. Eta minaren perzepzioa gutieraztean, analgesigai oso onak gertatzen direla.
Hortik esplikatzen dira Txinako akupunkturaren ondoren positiboak. Pekineko Medikuntz Eskolako ikertzaileek egiaztatu dutenez, faktore minkentzaile bat agerterazten du akupunkturazko analgesiak isurki zefalorrakideon.
Endorfina bat izan daitekeena.
Jean Rostand
Urte batzu ba dira Jean Rostand ezagutu nuela. Heziketazko zientziatan lizentziatu izanik ere, edozein gai zerabilen. Baina, estilu bizi eta zuzenez. Oso egiatia iruditu zitzaidan, Bertrand Russel-en antzekoa. Orain kromosomaz idatziko zizun, ondoren heriotzaz ariko zitzaizun eta gero humanismoaz. Bere etxe ederraren zati handi bat langile etorkinei utzia zien. Dena bihotz eta buru zen.
Ateoa, antigaullista amorratua eta ezker muturrekoa, biziki saiatzen zen behartsuen eta zapalduen alde. "Ermitage" bere etxeko ateak noiznahi irekiak zeuden; igandeetan batez ere. Hango tertuliak ez zaizkio erraz ahaztuko Jean-en presentzia sentitzeko abagadunea ukan duenari. Eta denok asko sentitzen dugu haren heriotza, hain beldur gabe eta itxaropen gabeki zekusan heriotza.
KLAUDIO
Ohizko metodologiaren ezaugarri pare bat
Azken urteotan pairatu izan dugun erregimena, era askotara kalifika daiteke. Norbaitek "demokrazia organiko" bezala klasifikatuko zukeen. Besteren batek "mendebaleko erreserba espiritual" bezala. Baina, hala eta guztiz ere, gehienek "faxista" adjektiboz izendatuko zuketen.
Honelako erregimenetan, indarra nagusi delarik, arrazonamendua oso urria ohi da, eta, erregimena bera, gogorgoaren bitartez lorturiko eskubideari justifikazio bat bilatzen ari zaionean, intelligentsia edo intelektualgo baten faltan aurkitzen da, eta, noski, falta honek izugarrizko konplexu bat sortzen dio. Egoera honen aurrean, erregimen faxistak erantzun sistematiko bat ematen du, baina buruak falta dituelarik, erantzunak oso eskasak eta pobreak dira —egoera arrunt batetan, farregarriak, esanen nuke—.
Horrela delarik, erregimenaren dialektikak —bakarrizketa esatea hobe—, hemen aipatu nahi nituzkeen bi zutabe metodologiko ditu:
- Erregimenaren aurkako guztiak desprestigiatzea.
- Erregimenaren aldeko ez diren pentsalariak, erregimenaren alde erabiltzea.
Metodo biak oso errazak dira, eta erraztasunaren edo beste edozeren kausaz, beharbada mass media direlakoen deformabideen kausaz, geuk ere erabiltzen ditugu, eta, noski, noizbehinka hankasartzeak gertatzen zaizkigu. Nire ideiak argitzeko, adibideak jartzea biderik hoberena dela uste dut. Has nadin, bada.
Arerioen desprestigiatzea
Hauxe izanen da, beharbada, biderik erabiliena. Pertsonak eta sozietateak beraien buruekin seguru ez daudenean, beste pertsonen eta sozietateen aurkako proposamendu ugari erabiltzen dituzte, ondorioa hau delarik: "Besteena oso txarra denez, geurea dugu ona" edo, "besteak oso txarrak direnez, geu gara onak".
Honelako kritizismoa edonon aurki dezakegu: bukolismo atzerakoi baten defendatzaileen artean eta desarroilismo hipertrofiante baten defendatzaileen artean; ideia politikoak kritikatu baino politikoen bizitza pribatua aireatzen dutenen artan; akatsak eta defektuak geuregan barkagarriak direlarik, besteengan, askoz ere handiago, eta beraz, kondenagarriagoak dira. Adibideak, ugariak dira oraindik TVE delakoan.
Normalki, bide hau masak mugitzeko erabili ohi da (eta erabiltzen da). Horregatik, kritika sakon baten aurrean, bide hau ez da zutik geratzen; aitzitik, zeharo zapuztuta geratzen da. Aurrera joan gaitezen.
Pentsalariak erabiltzea
Bide hau ez da erabiliena izaten, minoria kulturizatu bati dedikatua baitago. Minoria honekin ezin daiteke aurreko bidea erabil, eta erregimenak, horrelako minoriarekin zera egiten du: mundu kulturalean zehar dauden pentsalarien hitzak hartu, kontextuetatik atera eta ideiak manipulatzaileen alde erabili, hots, egilearen ideologiaren aurka edo, behintzat, ez-ados. Gero, zentsura kontuagatik —inposatua edo ixila— prestigiodun pertsona hori erregimenaren sostengatzaile bezala geratzen da,
Adibideak, azken berrogei urteetan eurrez topa daitezke. Bat hauxe izan daiteke: Ortega y Gasset-ek bere independentzia politikoa adierazteko, "No soy hombre de partidos" esaldia bota zuen. Gero, Radio Nazional delakoan, esaldi hori erabili egin zen, eta, bertan, Ortega partidu gabeko erregimenaren aldeko bezala agertzen zen. Eta erantzun eskubiderik ez zegoenez —ez dagoenez—, hor dugu entzulegoarengan Ortegaren tokia.
Fenomeno hau —pentsalarien erabilera— urria da oraindik euskal munduan, baina erabilia izan denez, salatu nahi nuke. Hona hemen: Mikel Zaratek "Euskal Literatura" delako liburuaren kontraportadan lau textu literario dakartza —Ortegarena, Unamunorena, Lizardirena eta Zarate berarena—.
Metodologi liburu bat delarik, eta metodologi bideak lau textuoi aplikatuz, ba dirudi esan nahi dena zera dela: Gaztelanierazko munduan prestigiodun bikote batek —Ortegak eta Unamunok—, euskara eta euskaldunak juzkatzerakoan, edo kristolango hankasartzea ukan zutela edo euskaldungoa ez zutela ulertu.
Ez noa Unamunoren textua kritikatzera. Ba| dirudi Bilboko Lizeoko Euskarazko katedrarako oposizioetan gainditua izateak, Azkue izan zen garaile, euskararen aurkako gorroto eta amorrua sortu zizkiola. Nahiago nuke Ortegaren textua aztertzea. Hitzaurrean dioenez, Obras completas, tomo II, El espectador (1916-1934), 2a. ed. Revista de Occidente, pag. 269-n dago. Norbaitek textua ikusi nahi badu, errazago egingo zaio —merkeago ere— Espasa-Calpe-ko Austral kolekzioan, 1407. numeroan, eta 59. horrialdean aurkitzea. Bertan esaten denez, textua Zubiaurre anaien pintur erakusketa batetarako egindako katalogoan dago, eta hemen ere, textua bere textuinguruan ulertu behar da. Zubiaurretarren gormututasuna aurreko lerroan aipatua geratzen da. Honen aitzakiaz, Zubiaurretarren estetikaren kritika egiten du Ortegak, eta, noski, generalizazioak ere egiten ditu, baina berriro diot textuinguru baten barnean. Textuinguru horretan ere, Ortegak zera dio: "Yo no creo que exista en Europa un pueblo de más acendrada moralidad. Rectilíneo de alma como de rostro, el vasco es una de las más nobles variaciones que en Occidente ha dejado la voluble planta de Adan". (leku berean, 61. hor).
Honi buruz, beraz, zera esan nahi nuke: Zaratek bere liburuan jartzen duen Ortegaren textua ez dela Ortegaren eritzi hutsa euskarari eta euskaldungoari buruz, eta kontextutik ateratako textuaren erabilerarekin nahi izan den efektua lortua izan dela, baina Ortegaren pentsabidea moztuz.
Ez dut uste Ortegaren pertsona eta eskribuak honela manaiatzea beharrezko denik, gaztelanieraz idazten dutenen artean astakeria handiagorik esan dutenak asko dira eta.
I. Zuazo
Gernikako Batzarreak eta euskara. «Euskararen geroaz berriz ere» (3)
"Pero el art. 87 de la ley está todavía mas terminante al establecer que la doctrina cristiana se estudiará por el catecismo que señale el Prelado diocesano; y para que en este punto se sepa la voluntad constante de los Prelados, las constituciones sinodales 9, 10, 11 del libro primero tit. 1 del Obispado de Calahorra que aun están vigentes en este nuevo Obispado mandan expresamente que cada Provincia tenga la doctrina cristiana impresa en su lengua paterna, prohibiendo a los Curas hasta la asistencia de los matrimonios que supiesen la doctrina cristiana en su lengua vulgar.
"Por todas estas consideraciones y demas que no se le ocultan a la penetración de V.S. esta junta local no cree que se halla en el caso de retirar la intimación hecha a la maestra por escrito, suplicando a V.S. de nuevo se atenga a las reflexiones conciliatorias hechas por la junta en su primera visita y que por entonces se quedo conforme ella misma en hacerlo asi, aunque despues no ha correspondido por cierto á las diferencias que con ella tuvo la junta, presentandose la misma en Bilbao con quejas tal vez mas infundadas que las de este vecindario, tardando tres dias mas que los concedidos".
Argi dago 1857-garren urteko legea ez zegoela jadanik Gernikako batzarren kontrolpean. Gernikako batzarretan euskararen koofizialitateaz aurrerapidea egin bazen ere beste alderdi oso oinharrizko batetik galbidea sorturik zegoen.
Hain zuzen ere 1860-garren urteko batzarretan —90-91 orr.— honela juzgatu zen:
"Ley de instrucción pública. En igual forma se dió cuenta y fué aprobado por la Junta un informe de la comision de fueros referente á la ley de instrucción pública, concebido en estos términos:
"Illmo. Señor.- La comisión de fueros al reconocer con escrupuloso cuidado en cumplimiento de su cometido el expediente relativo á la ley de instrucción pública, de fecha 9 de setiembre de 1857, se ha enterado de las gestiones que la diputación general del Señorio, en union con las de las provincias hermanas de Guipúzcoa y Alava, ha practicado con perseverancia y esmerado celo ante el gobierno supremo de la nación, á fin de que no se planteára en este pais, principalmente en la parte concerniente a la enseñanza primaria, como contraria a las atribuciones que las diputaciones y ayuntamientos constantemente han gozado tocante a la inspeccion y vigilancia de ete importante ramo, al nombramiento de profesores y señaladamente de su dotación; y se ha enterado asi bien de la real órden de 4 de julio del año próximo pasado, producto de aquellas gestiones colectivas, y del estado actua dei asunto; y opina la comisión, se apruebe en un todo lo obrado por la Illma. diputación de cuya lealtad es de esperar continue sus gestiones, de acuerdo y en unión con las otras provincias hermanas, a fin de que sus justas reclamaciones sean atendidas.
"V.S.I. no obstante, acordará con sus superiores luces, lo que estime mas acertado.
"Salón de Juntas de Guernica 14 de julio de 1860.- Juan J. de Jauregui.- Juan Manuel de Zárraga.- Longinos Maria de Mimenza.- José Ramon de Mendieta.- Juan de Zamalloa,- Juan Angel de Zorrozua.- Francisco Antonio de Atucha.- Francisco de Arandia.- Ramon de Guisasola.- Pedro Maria de Iturriagagoitia.- Francisco Antonio de Bascarán.-Pedro de Aresti.- Julian de Goiria.- Juan José de Echebarria.- Fernando de Zuloaga.- Pedro María de Recalde.- Juan Pedro de Ortuzar.- Jose Martin de Salvidea.- Jose Ignacio de Gorriño.- Gaspar de Belaústegui.- Cándido Gonzalez Mendia".
1862-garrenekoan —111 orr.— hau dator:
"Escuela normal Illmo. Señor: La comisión de Instrucción publica creada por V.S.I. el dia 8 del corriente mes ha reconocido con el detenimiento que el caso requiere, el expediente relativo al planteamiento de una escuela Normal de Instrucción primaria, acordado por V.S.I. en 19 de Julio de 1860 (sic), y enterada de todo opina que de devolverse a la Diputación general autorizandola cumplidamente, para que gestione en el sentido que hasta aqui por ver de lograr que el planteamiento de dicha escuela se realice en los términos que tiene solicitados, y que en el caso que no produjesen efecto alguno favorable sus esfuerzos, en esta parte, obre en el asunto de la manera que juzgase mas conveniente y acertado.
"Sin embargo, V.S.I. resolverá como siempre lo que estime mas justo y necesario.
"Salon de Juntas generales de Guernica 18 de Julio de 1862.- Illmo. Señor.- Matias Torróntegui.- Lorenzo Caballero.- Antonino de Eguía.- Fabian Ortiz de Zarate.- Agustin de Arbaiza".
Eta azkenik, 1864-garrenekoetan, Ziortzako gora beherak gertatu ondoan, euskara aipatzen dela hau besterik ez da esaten —105 orr.—:
"Maestros y maestras de instrucción primaria. Otra (moción) encaminada a que se consiga que los maestros y maestras de Instruccion primaria sean nombradas a propuesta de los Ayuntamientos, poseyendo unos y otras el vascuence, se pasó a la comisión de Instrucción Pública".
Hainbat urte lehenago euskal katedra bat sortzea erabaki zuten Gernikako batzarretan, bigarren irakaskintzako institutoan kokatuko zena. Gorago horren inguruko berri bat eman dugu, euskarara itzuli baitzuten 1848-garren urtean instituto horretaz mintzatzen zen izkribidu bat. Baina, hain zuzen ere 1841-garreneko lehen batzarretan —75 orr.— hau agertzen da:
"Resolvió asimismo la junta, por igual indicación, que al ponerse en planta, en virtud de lo acordado en la precitada sesión del 2, el instituto científico de segunda enseñanza, cuidase la diputación general que se establezca en él una catedra de lengua vascongada". Ikus 57 orr. eta urrengoetan: "Instituto de segunda enseñanza... un apoyo franco al instituto científico literario, que bajo la denominación de colegio de Vizcaya, se trató de plantear en Bilbao.... y en Bilbao va a erigirse un instituto de segunda enseñanza".
1852-garrenekoetan —72 eta 73 orr.— lehen irakaskintzako eskola normalaren ardura ere eman nahi zaio Institutoari:
"M.N. y M.L. Señorio de Vizcaya.—Illmo. Señor.—La comisión de Institución pública ha reconocido la pretensión dirigida a V.S.I. por el señor apoderado de la antiglesia de Begoña para que se erija en Vizcaya una escuela normal de instrución primaria: y despues de haber meditado, con la instrución prévia de los datos y antecedentes que ha creido deber consultar, cumple con el decreto de V.S.I. del 24 del que rige, dando el dictamen que se le pidió por aquel, y que es favorable á la enunciada pretensión.
"Muchas razones pudieran aducirse en justificación de la conveniencia, y quiza hasta la necesidad de la pronta creación en Vizcaya de una escuela normal de instrución primaria; pero esta comisión cree deber llamar la atención de V.S.I. solamente sobre las más culminantes. En el dia apenas hay en Vizcaya de este su suelo natal, que quieran dedicarse al magisterio de primeras letras, pues la retribución exigia que á aquel está asignada en la mayor parte de los pueblos de este Señorio, no compensa los dispendios á que habrian de someterse teniendo que concurrir con arreglo á las reales órdenes vigentes á alguna de las escuelas normales por algunos años para obtener el titulo de habilitación para el ejercicio de esta profesión. De todas las escuelas normales establecidas en el reino, la más proxima a Vizcaya es la de Vitoria. No dedicándose en la actualidad sino pocos jovenes del pais al magisterio de primeras letras, se nota yá que para el desempeño de el acuden los de otras provincias del reino, quienes no conociendo las leyes, costumbres, ni el idioma en general de Vizcaya, que es el bascongado, pueden no ser los más adecuados para imbuir a la juventud vizcaina en los sentimientos legados por sus progenitores, y a que este suelo estéril y montañoso deben sin duda el renombre europeo de que goza.
"Asi, pues, la comision que suscribe opina que V.S.I., accediendo á la pretension á que se refiere este dictámen, debe autorizar á su Diputacion general á fin de que por cuantos medios sean adaptables procure la pronta ereccion de una escuela normal de instruccion primaria en el Instituto de segunda enseñanza de Vizcaya.
"V.S.I. sin embargo resolverá con su superior ilustracion cualquiera otra cosa que crea mas acertada en obsequio de la instruccion de la juventud vizcaina, digna de especial predileccion por muchos títulos.
Salon de Juntas generales de Guernica, Mayo 25 de 1852.- Illmo. Señor.- Juan Angel de Zorrosua.- Antonio Julian de Ozamiz.- Pedro de Eizaguirre.- Simon de Arana.- Luis de Arce.- Pablo de los Heros.- Pío de Llano.
Y habiéndose sometido a votación el preinserto dictámen, despues de explicado en bascuence quedo aprobado sin discusion.
1854-garrenekoetan —32 eta 33 orr.— kostatuko litzatekeen diruaz hitz egin zen eta aho batez hontzat hartu zen, euskaraz ere adierazi zela.
1864-garrenekoetan berriz tratatzen da euskal katedra bat sortzeaz eta baita maisuak euskaraz jakiteaz ere —150 eta 151 orr.—:
"Igualmente dióse cuenta de otra mocion suscrita por varios señores apoderados que á la letra dice asi:
"ILLMO. SENOR.- Los apoderados que suscriben proponen a la Junta general se sirva acordar que la Illma. Diputacion proceda inmediatamente al establecimiento de una cátedra de Lengua Vascongada en el Colegio de Vizcaya, á fin de secundar eficazmente los patrióticos esfuerzos de P. Fr. José de Uriarte, de D. Pedro Novia de Salcedo y de otros doctos vascongados que trabajan por el mantenimiento y la perfeccion de nuestra lengua materna, teniendo sin duda muy presente el axioma de que alli donde concluye la lengua de los pueblos concluye su nacionalidad.
"Só el árbol de Guernica á 25 de Julio de 1864.- Illmo. Señor.- Alejandro Rodriguez.- Angel Maria de Ventades.- Juan Antonio de Menchaca.
"Y acordó la junta que dicha mocion se remitiera a la Diputacion general para su resolucion, y á propuesta de un señor apoderado resolvió tambien un voto de gracias en favor del R.P. Fr. José de Uriarte, por los estudios que ha hecho de este lenguaje y servicios prestados con tal motivo."
Ez dugu notiziarik R. M. Azkue-k 1888-garren urtean, jadanik foruak galdurik, euskal katedra eskura zuen arte asmo hori bete zenik, formalki bederen.
"Leyóse y fué aprobado un informe del tenor siguiente.
"Illmo. Señor.— La comision de Instruccion pública enterada de la mocion producida á V.S.I. por varios señores apoderados en solicitud de que se gestione cerca del Gobierno de S. M. para conseguir que los maestros de Instruccion primaria en este Señorio sean nombrados á propuesta de los Ayuntamientos, puesto que sus dotaciones se pagan por los mismos y al mismo tiempo que reunan a circunstancia de poseer el vascuence, es de parecer que V.S.I. puede servirse recomendar muy eficazmente á la Diputacion general este negocio á fin de que practique lo conducente y que se encamine al buen éxito de los sentimientos que han impulsado á los referidos señores apoderados á presentar dicha mocion.
"V.S.I. sin embargo resolverá lo más acertado.
"So el árbol de Guernica á 24 de Julio de 1964.- Illmo. Señor. - Buenaventura de Allendesalazar.- Angel Maria de Ventades.- Domingo de Eguidazu.- Alejandro Rodriguez.- Juan Domingo Ortuzar.- Tomás de Echevarria."
Baina azken karlistadan sartu ginen eta herriaren mugimendua zeharo zapaltzeko urrats ahal ziren sendoenak eman zituzten eta legearen aldetik hala egin zuten egin ere oso osoan. Baina herria oraindik zutik dago, geroago frankismoaren garai tragikoa iraganik ere, inoiz baino zutikago, euskaldun eta erdaldun berrien eta etorrien artean bereziki ekilibrio desberdina sortu bada ere.
Ez dut hemen eskoletako erastunaren legea arakatuko, irakurleak ondo ezagutzen duelakoan. Horretaz sarriago hitz egin denez gero ondo gogoan duela uste dut. Izan ere, Ziortzako alkatea planteatzen ausartu zen problema kristau dotrinarena besterik ez zen izan. Baina zer demonintru gertatzen ote zen dotrina ez ziren beste gaietan? Zer metodologia erabili izan ote dute harrezkero maisu-maistra jakituria ia absolutoaren jaube zirenaren fama hedaturik zutenek bestelako gaiak erdaraz irakasteko euskaraz besterik ez zekiten haurren artean, zeren nik neuk ez baitut uste Pucina delakoak euskaraz zekienik, horretaz ezer esaten ez bada ere. Eztabaidaren egitura sakonean errealitate hori dagoela pentsatzea gaiak berak dakarrena da. Beraz, hori hala balitz, arlo horretan haurrek berek baino gutxiago zekien, eta, haurren beren hizkuntzan mintzatzen ez dakienak eta analfabetoa denak zer irakatsi diezaieke ganorazkorik? Harrezkero zenbat eta zenbat maisu-maistra erdaldun agiri agirian euskara gorroto ez zutenean gutxiagotzat bederen zutenak izan ditugun!!! Kontatzea ez da erraza. Hala ere ezin esan daiteke bestelakorik izan ez denik eta izan ere horiek meritu handiagoa dute korrontaren kontra jokatu dutelako, eta gerra ondoan asko Euskal Herritik kanpora joan beharrean aurkitu zen erdaldunei irakasten, lan gabe gelditu ez zirenak bederen. Eta irakasten hasteko ere normala izan da orainarte kanpora joan behar izatea eta gero ahaleginak egin beharrean aurkitzea Euskal Herrira etortzea lortzeko. Ezin utz daiteke, ordea, aipatu gabe Diputazioaren hauzo eskolen saioa, 1919-garren urtean eragina, Luis Eleizalde ere, Arana Goiri-ren espal berekoa, artean zebilela bertako irakaskintzako ispezioko bezala (9). Euskal Akademia ere garaitsu haretan sortu berria zegoen. Espainialdean joan den mendetik hona zientzia pedagogikoak ezer aurreratu baldin badira milaka haurren larritasun eta angustia bildurgarriaren prezioz izan da, eta ez nago ziur oraindik oso aurreratuak daudenik, ezta gutxiagorik ere. Haurrak, zerbait irakatsi nahi baldin bazaie eta edukatu eta hezi nahi baldin badira, lehen lehenik diren bezala maite izan behar dira eta ez harroputz batek baino gehiagok, berezko eta jatorrizko joeraren kontra, izan daitezen nahi lukeen bezala, mila titulu paper ustelean firmatuak, ez dakit nongo jakintsu ustekok emanak, baditu ere. Gure denboran bederen oraingo egunotararte astakeria franko ikusi izan da euskal herrietan, paperez legeztatuak izan badira ere. Gernikako batzarretan agiri den joera, gorago ikusi dugun bezala, ez zen horrelakoa.
Dirudienez orduko Espainian asko gizonaren eskubideez axolakabea zen, batek baino gehiagok liberala eta libertate zalea zela, zenbait kasu salbo, esango bazukeen ere, eta kontserbadorea baldin bazen, hori berez ez zen ezeren garantia, kontserbatu nahi zena errege zentralistaren botere geroago eta handiagoa baldin bazen, laino guztien gainetik eta herrialde osoaren azpitik, batez ere.
Harrezkero Euskal Herriko sukaldeetako tximiniak kea dariela luzaro ari izan dira eta suntsitu ez direnak oraindik ari dira eta baita sortu diren fabrika berrietakoak ere eta gauzak ez dira talde euskaldunarentzat mesedetan gertatu, kaltetan gehiago izan dela esango nuke. Azkenengo gerra ondoan gure herria urrats tragikoak ematera ere mugitu da —horrek ez du esan nahi gerra bera ere tragedia bezala hartu behar ez denik— eta ez dagoela motel edo hilik ikusi da, oraindik herri bezala hizkuntza eta guzti iraun dezakeela behar den besteko kondizioak inguratzen baldin bazaizkio.
Espainiako mailan hauteskundeak egin dira, jadanik askok esan duenez guretzat egoera makurrean edo ez behintzat behar genduen bide laua zapaldurik iritsi bazaizkigu ere. Eta hara non parlamentu gizon mordoa Gernikako Arbolapera joan zen ekainaren 19-an Nafarroa, Araba, Gipuzkoa-Bizkaietarik eta aldizkarietan kantari ikusi ahal izan ditugu ahoa zabalik zutela erretratua egitorduan eta izan ere euskaraz ari omen ziren. Egia esateko Arbolaren balio sinbolikoak bildu zituen han eta ez zen Gernikako batzarren berriztatzea. Izatekotan bizkaitarrak bakarrik osatu beharko lituzkete osatu ere eta besteak bakoitzak bere eskualdean egingo lituzkete, gero Euskal Herriko gauza komunetarako firmeki elkartuko balira ere, lehenago sarri egiten zuten bezala. Argi dago sinboloa hontzat hartzen baldin bada duen zentzu osoa ere hontzat hartu behar dela. Egun ezin dugu jadanik honetsi formula hutsezko keinurik gero ekintzek gezurtatuko baldin badute. Euskal Herriak asko sufritu du. Orainarte aski hipokresia politiko jasan du bide beretik jarraitzeko aurrerantzean ere. Orain garai demokratikoan bizi omen gara eta jendea bere burua eritzi horretara ohitzen ari da eta ez dugu uste hori berez balio gabeko fenomenoa denik. Lehenago, jakina, garai aristokratikoan bizi izanik euskaldunak bota egin zituzten Gernikako Arbolaren azpitik erdaraz ez zekitelako eta ezta irakurtzen eta izkribatzen ere eta orain garai demokratikoan gaudela, demos delakoa dela agintearen iturri, hau da, herriak soberania duela esaten den garaiean, hontzat hartu ote daiteke Gernikako Arbolaren azpiko batzar politikoetan euskaraz ez dakienik, ez bakarrik mintzatzen, baita irakurtzen eta izkribitzen ere ondo alfabetatuak daudenen gisa, errege bada ere bertara doana?
Eta Herria ez da bakarrik oraingo indar politikoen araueko ekilibrio hutsa. Herria osatzen dutenak, ideologia erromantikoak aspaldi erakutsi zuenez, ez daude elkarri lotuak oraingo espazioan bakarrik, iraganari eta historiari ere lotuak daude. Eta ezin esan daiteke idea horiek orain ez dutela baliorik eta suntsiturik daudenik. Inon bizirik baldin badaude hain zuzen ere Euskal Herria inguratzen duten Estatu boteretsuetan baitago, besterik demostratzen ez zen bitartean. Horrek ez du esan nahi ideologia erromantikoak osagarri sozialismoa izan ez dezakeenik, edo elkarren konplemento ezin izan daitezkeenik. Egunen batean Europa batzen baldin bada bertako herrien batzea ez den bitartean ez da egiazko demokrazia izango. De Gaulle-n l'Europe des patries herri txikiak zapaltzen irauteko aitzakia bat besterik ez zen, bere buruaren grandeur delakoaren mesedetan. Jainkoa bat eta bera naikoa.
Eta Espainiatik arabeak ia zortzirehun urte agintezko lekuetan egonik azkenean bota baziren, guk ere besteren bortxaz galdu ditugun hizkuntzaren eremuak berriz lortu behar ditugu herria soberano dela eta lortu ere inoiz baino sendoago eta bikainago.
Bilbon 1977-VII-5, Iruiñean, Boskarren Udako Euskal Unibertsitatean, 1977-VII-an irakurria.
ALFONSO IRIGOYEN
Euskara eta politik alderdiak [II]
Gauza guztietan bezala, komenigarria da hemen ere sustrai bila abiatzea, gaurko egoerak, maiz, iraganean baitauzka bere iturriak; eta Historiaren lekukotasuna oraina argitzeko mesedegarria gerta dakiguke, dudarik gabe.
Euskara erdi haroko bizitza politikoan
Iruineko eta Nafarroako Erresuman dokumentu ofizial guztiak hasieran latinez eta geroago nafar erromantzez idatzi ziren. Gure hizkuntzari ofizialtasun eta literatur tradizioa eman ziezaiokeen Estatu hark —ez dezagun ahantz Aragoan eskribuak maiz katalanez egiten zirela— ez zuen, zoritxarrez, funtzio hori bete. Horren arrazoia argia da baina. Sasoi hartan, latinetik ez zetozen hizkuntza gehienak ez ziren, prestigiorik ezaz, administrazioan erabiltzen. Ingalaterra eta Alemanian, kasu, arrazoi berberagatik, latinez (inoiz frantsesez ere bai) idazten ziren orduan ere ia dokumentu guztiak.
Ofizialki ez bazen ere, ofizioski behintzat euskarak politik eta administral bizitzan ba zuen bere tokia. Nafarroan, XV mendearen hasieran, Karlos IIIaren garaian, bi euskal notariren arteko gutunak aurkitu izan dira, erdaraz batera, administral kontuak euskaraz tratatuz.
Bizkaiko foru zaharra, dirudienez, euskaraz egina zegoen jatorriz. Hori pentsarazten digute, gutienez, XVI mendeko lehen edizioak dakartzan "como dice el fuero viejo" haiei ondotik darraizkien euskarazko textu laburrek. Hala ere, kontserbatzen dugun lehen edizioa erdara hutsez dago. Gaztelako erregeak onhartu behar zuenez gero, beharrezkoa zen nonbait forua erdal agintariek ulertzeko hizkuntzan jartzea.
Bizkaiko jaunen artean, ordea, euskara ez zatekeen hain hizkuntza komuna. Ba da atsotitz bat, 1596.eko bilduman jasoa (273. a), honela dioena: Gatzean gatzean, baina ez Ibarguengorean (= "Gatzik, gatzik, baina ez Ibarguenekorik"), Esaldi hori gaur erabat ilun eta ulergaitz gertatuko litzaiguke, baldin eta Julio Urkixok, Lope Garcia de Salazar-en Las Bienandanças é Fortunas liburuaz baliatuz, hartaz argirik eman ez baligu. Hona hemen pasarte argigarria:
"En el año del Señor de 1330 años, convidaron los Escuderos de Ibarguen a comer a Juan Roys Zaldibar, fijo de Ruy Sanches de Zaldibar, con quince omes, en la Torre de Ibargoen. E cuando se sentaron a comer, pidieron Sal, Sal, e salieron de una camara cincuenta omes que yasian escondidos, e mataron al dicho Juan Roys de Zaldibar, e a todos los quince omes. E quedo por refran, que cuando uno pide Sal, que disen, no sea lo de Ibargoen".
Begien bistan dagoenez, atsotitz hori lehenik formulatu izan zeneko hizkuntza erdara zen, erdaraz bakarrik gertatzen baita hitz joko makabroa. Euskarara, dena den, gerotxoago bazen ere, sasoi bertsuan itzuli zatekeen, ez baitirudi atsotitzen biltzaileak berak ere ordurako ulertzen zuenik.
Dena den, hortxe dugu froga argi bat, sasoi hartako etxeko jauntxoen artean zein hizkuntza zen egunerokoa ezagutzeko. Ibarguenekoek janari gatzik jarri ez bazioten, horrexegatik zen, gonbidatuek hura zein hizkuntzatan eskatuko zuten ondo zekitelako: Sal, eta ez gatza. Eta horretaz baliatu ziren, hain zuzen, hitz horrekin borreroei dei eragiteko. Negurik erro luzeak dauzka gurean, dakusagunez.
Hala ere, ezin jeneraliza genezake erdaltasun hori orduko nobleteria osorako. Hortxe dago, kasu, Garibai, Arrasateko burrukak kondatzean, beti euskal kantekin hornitzen dituena. Eta kantok, maiz, sasoiko jaunen ahotan jartzen dira.
Dena den, ba dirudi jaunen erdalkeria zela, azken batez, Gernikako Batzarreak euskaraz ez egitera bultzatzen zituzten arrazoietako bat, eta aurreko ANAITASUNA batetan Alfontso Irigoyenek honetaz xehetasun pitxiak agertu zizkigun.
Euskara ofizialaren porrota
Birjaiotze edo Errenaisantza garaian, latinetikoak ez ziren hizkuntzak ofizialak izatera heldu ziren erresuma askotan. Eta horixe gerta zekiokeen seguraski euskarari ere, baldin eta, une hartan berjabetasun politiko osoa oraindik gordetzen zuen euskal erakunde bakarra, hots, Nafarroa, Gaztelaren eta Frantziaren menpera joan ez balitz.
Euskara Nafarroan ofizialki jartzeko nolabaiteko pausotzat jo dezakegu, dena den, Joana Albreteko Erreginak Leizarragari, Testamentu Berria euskarara zezan, eman zion agindua. Beraskoitzekoak, lan horrekin batera beste eskribu erlijioso batzu eman zituen argitara. Horien artean bat oso interesgarria da, protestanteek erregeari egindako eskaria, euskaraz jarria: Iesu Christ gure launaren euangelioko puritatearen araura vicitzeco desira duten franzesec regueri. Hartan protestantismoa praktikatzeko erlijio askatasuna eskatzen zen.
Hauez landa, ez dago, egon, Haro Modernoan, euskara politikorik. Zenbaitek idyliozkotzat jo ukan duten lege zaharreko denborak, euskarari dagokionez, orduan ere txakurrak ortozik ibiltzen zirela derakusku.
XVIII mendean Joanes Etxeberri Sarakoak Lapurdiko Biltzarreari bere latinezko grammatika euskaraz argitaratzeko eskaria gure hizkuntzan egin zion: Lau-urdiri gomendiozko karta edo guthuna. Ez bide da gurea oso mintzaira konbentzigarria, ordea Biltzarrekoek ez zioten kasurik egin behintzat.
Frantziako erreboluzioaren ondorioak
Mende beraren bukaeran Frantzian erreboluzio burjesa gertatzen da. Aristokrazia eta apezeriaren nagusikeriaren kontrako burruka. Sasoi honetan hain bat dei, proklama eta ediktu, frantsesez batera, euskaraz ere ematen dira argitara. Patri Urkizuk Berriak aldizkari defuntuan artikulu interesgarri bat eskaini zigun arazo honetaz (5. zenbakia, 1976/X/14). Ideia berrien aldeko propaganda liburu batzu ere euskaraz argitaratu ziren sasoi berean.
Guztiok, ordea, itzulpenak ziren, hasieran beste hizkuntzan formulaturiko ideia originalak euskaraz, euskaldun proselytoak lortzeko, geroago jarriak. Gure hizkuntza, hortaz, pentsabide ez baina hedabide hutsa zen. Augustin Xahok 1844.ean Ariel aldizkari errepublikarra fundatu zuen, 1852. erarte iraunen zuena. Geroago, 1886.ean, Le Réveil Basque agertu zen, eta joera bereko aldizkariotan zenbait artikulu original argitaratzen ziren ideia berrien alde. Hauekin, benetan esan daiteke euskara politikan sartzen dela. Harez gero kritikak, eritziak, ideiak, lehen eskuz, gure mintzairan hasten dira azaltzen gure artean.
Mende honexetan hegoaldean, Bizkaian, Gernikako batzarreetan aktak euskaraz jartzen hasten dira, eta eztabaidak ere, holaxe nahiago zutenentzat, hizkuntza berean egiten.
Azpimarkatzekoa da, hala ere, euskara erabiltzeko ekintza politiko guztiotan ez zegoela sasoi hartan inolako motibazio symbolikorik. Euskara euskaldunekin tratatzeko eta beraiek ulertua izateko nahiz eta ezko baldintza zen, erabat normala. Eta Herriak Gernikan batzarrean euskaraz egiteko eskatzen zuenean, bertan zer tratatzen zen konprenitzeko egiten zuen, gure herkide gehienez ez baitzekiten (ondo) erdararik.
Erantzun beharraren konstantea
Batzuk uste dukete, ikusi ditugunengatik, erabilera guztiotan interes alderdikoi batzu estaltzen zirela gehien bat. Euskara, herri baten balio nazionaltzat barik, ideologia konkretu baten aldeko harma oportunista eta politikotzat erabiltzen zela, halegia. Eta, lotsa guttiz, horixe esan behar dugu; gure onerako edo gure txarrerako, horixe izan dela oraintsu arte, hain zuzen, gure hizkuntzaren patua.
Maiz entzuten da euskaldunok Eliza katholikoari zor diogula geure literaturaren ondarea, baina hori erdiegia besterik ez da. Apez katholikoek XVIII mendean eginikako euskal lanek XVIean, Leizarraga protestanteak egindakoetan dute beren iturri eta zergatia. Egia esan, protestantismoa Euskal Herrira sartzean, katholikoek haren kontra jo behar ukan zuten, eta zirkunstantzia hori gertatu izan balitz, agian ez zatekeen gure artean erlijiozko euskal libururik azalduko. Eta hau ez da espekulazio ukhroniko huts bat. Sasoi hartako Galizia eta Katalunia ere hor daude, eta ez dut uste bertan katholikoek egin ez zutena gurekoekin gonbara daitekeenik. Premiak behartu zuen Eliza hemen, han ez bezala, euskararen alde zerbait egitera.
Euskaldunen kontrakartasun hori, bestalde, idazle askorengan du bere isladapena: Axularrek bere Geron Leizarragaren kontrako aipamen bat dakar (hark lehenago katholikoen kontra egina baitzuen!). Oihenartek bere poesi lanetan Etxapare poeta txarra zela zioen. Tartasek Axularren kontra ziharduen eta Etxeberri Sarakoak ez zion Oihenarteri zenbait gauza barkatzen. Larramendik Mayans-en aurka hartu zuen luma. Hiriart-Urruty bere Escualduna-tik Le Réveil Basque-ren kontra aritzen zen... eta ordutik hona tradizio-bizio nazional hori gehitu besterik ez dela egin susma genezake gaur.
Inoren akuilua behar dugu, dirudienez, euskaldunok aurrera egiteko. Eta zorionean oraindik holakorik franko ditugu geurean eta hauzoan lo ez egoteko. Lehenik nekatuko dena izanen baita, hemen ere, pilota partidua galduko duena.
Xabier KINTANA
Kirolak
Kirolak toki garrantzizkoa betetzen du gaur eguneko gizartean, dudarik ez. Sanoa denik ez du, segur asko, inork zalantzan jarriko, gero kirolari praktikatu ez arren ere. Herria zenbat eta aurreratuago izan, kirola gehiago eta eraikuntza hoberekin praktikatzen da. Zerbait kritikagarri ere bada horretan, Estatu askok propaganda helburu hutsez giza makina kirolariak fabrikatzen baititu. Dena den, gaur egunean kirolak hartu duen garrantzia kontutan harturik, Estatu askotan Kirol Ministergoak daude, eta horrenbestera heltzen ez direnetan —gehienok ezagutzen dugun batetan adibidez— Kultur Ministergoan Direkzio Generalen bat edo. Euskaldunok Estatu propiorik ez dugula guztiok dakigun gauza da; hori lortzeko burrukan dagoenik, ordea, hainbat ezagutzen dugu. Ea! Konta ditzagun: Bat, bi hiru,... mila, mila eta bat, mila eta bi,... hamalau mila bederatziehun eta hamasei,... ehun mila zortziehun eta hogei,... Kontxo! Hainbat gara, gero! Eta lortzen badugu, zer? Orduan kirolaz arduratzen den erakunde euskaldunik beharko dugu, ez da? Eta euskalduna ez soilik lurraldeari dagokionez; aldiz, izakeraz ere bai.
Helburu polita: Kirol Ministergo euskalduna. Utopia? Bai noski, helburua lortzeko biderik jartzen eta lantzen ez bada. Horren ardurapean —eta hor zehar deiak zabaltzen ari diren batzuk uste dutenaren kontra— ez lirateke soilik sartu behar hemengo kirola autoktonoak (harrijasoketak, haizkol jokoak, idiprobak eta antzekoak), hauk eta munduan zehar praktikatzen diren beste guztiak baizik. Eta eskumikatu eginen ez banauzue, batez ere beste kirola moderno horik sartu beharko liratekeela esatera ausartuko naiz.
Euskal idazleak oso gaizki portatu gara kirola modernoekin. Baztertu egin ditugu eta ez diegu leku ttiki bat ere utz euskal munduan sartzeko. Eta ordua da, behar eta merezi duten lekua har dezaten.
Kirola eta kultura
A! Ahantzi gabe esan behar dut: Kirola kultura da. Eta kultura denez, leku berezia eduki behar du Euskal Unibertsitatean. Eta ez soilik jostagarria delako, eta ikustea eta egitea gozagarri delako. Aldiz, kirola giza egintza intelektuala (bai, intelektuala) eta fisikoa den aldetik, landu egin daiteke zientifikoki: metodo, teknika, tresneria eta abarren aldetik guttienez. Soziologikoki ere, gertakari soziala den aldetik. Etnikoki ere, herri baten historiaren haztarna den aldetik. Eta abar.
Udako Euskal Unibertsitatean, orain arte behintzat, ia guztiz bazterturik eduki dugu kirola, eta bertan zenbait egintza esportibo azaldu badira, berez eta aurreplanteiamendurik gabe azaldu direla esan dezakegu. Eta hala ere, jende nahikok parte hartu du. Eta gehiagok parte hartuko zuketen, azken urteotako intelektual askok kirolaz eta kirolariez zuten mespretxuaren eraginez, kirolzale izatea ia lotsagarri izateraino bilakatu izan ez balitz.
Helburu eta lan posibleak
Ene eritziz, sail berezi bat presta daiteke UEUn, kirolari buruz lan seriosa egiteko. Sail horren helburuetariko batzu hauxek izan daitezke: kirolari euskaldunak biltzea, kazetari esportibo euskaldunak bultzatzea, kirola modernoei buruz euskaraz idaztea eta hitz egitea,...
Lantzeko dauden gaiak hainbeste dira: kirolen historia, Euskal Herriko kirola bereziak, Olinpiaden historia, kirolarien problemak (lana eta seguritatea, kontratuak, dopaia...), entrenamenduak eta teknika zahar eta berriak, kirol taldeen antolamendua, kirolei buruzko euskal hiztegia,...
Plangintza eta antolamendua
Lehen pauso batetan, UEUko. beste sailetan egiten den bezala, bildu egin beharko lirateke, kirol gaietan lan egiteko interesaturik dauden pertsonak (Abendurako kasu). Pertsona horiek programa bat prestatu beharko lukete (biltzarreak, hitzaldiak, kirol erakusketak,...) eta arduradunak aukeratu, plangintza hori burutzeko. Orain arte arlo honetan lan egin dutenek, zeresanik ba dukete; gainera bibliografiarik ba da. Kirolariak, entrenadoreak, kazetariak, kirolzaleak, masajistak,... . Hainbat bil daitezke, zer esanik ez, sexu diskriminapenik gabe.
Zergatik UEU-n?
Eta zergatik ez? Ala honetan ere ikasketen plangintza Madril edo Parisetik datorkigu? Geuk egiten dugu UEU-ren plangintza. Bestalde, sasoia egokia da kirolari batzurentzat (futbolari eta talde-kirolari askorentzat), beste batzurentzat guztiz desegokia bada ere (ziklistentzat adibidez). Dena dela, balantzan, uda egoki ageri da ene ustez.
Unibertsitatean eta serioski egiteak, indarra eman diezaioke honelako iniziatiba bati. Eta Euskal kulturarentzat propaganda ikaragarria gerta daiteke. Ez ahantz, honetaz, ikurrinaren arazoan Atletiak eta Realak eginiko agerpena guztiz onuragarri gertatu zenik.
Kirolzale guztiei
Ideia eta asmoa hor dago. Seguruen, bat baino gehiago egonen da interesaturik projektu honetan. Falta dena zera da, projektua bideratzea eta plangintzari forma ematea, eta horretarako lehenik eta behin jendea bildu behar da. Lehen momentu batetan, probisionalki, arazo honetaz interesaturik zaudetenok aldizkari honen bulegoetara idatz dezakezue, izena eta ideiak emanez. Gero bildu eginen ginateke eta denon artean plangintza prestatuko genuke.
Lerro hauek dei bat izan nahi dute, Ea, bada, entzun eta erantzuten duenik dagoen!
J. R. Bilbao
Faxismoaren garaian herri asko inguruko hiri haundiei erantsiak izan ziren Bizkaian, horretarako, herritarren nahia ezertan kontutan hartu gabe. Horietako bat Erandio da. Bilborekin batu zenetik era guztietako problemak gehitu egin dira herri horretan: kutsadura, hirigintzarik eza, herri zerbitzu txarrak... Horregatik, erandiotarrek beren lehengo udal propioa berreskuratu nahi dute berriro, Bilboko zentralismo desegokiaren kontra. Bide horretan, Agorrilarren 28an, Done Agustinen egunean, Erandiotarrek Bilboko bandera kendu eta berek beren herrirako asmatu dutena jarri zuten udaletxearen balkoian. Plaza jendez beterik egon zen, eta egite hori guztiek beroki txalotu zuten. Exenplu ona egoera berean dauden beste herri guztientzat. Ekin lanari. Gora Erandio Askatua. Gora Erandio Berjabea.
Errepresio sexuala eta maitasun librea
Gizarte honetan, errepresio sexuala txikitandik denok sofritzen dugun gauza da.
Umeak, bere gorputzaren bila dabilela, genitalak ukitzen baditu, berehala hor ditu gurasoak, hori oso itsusia dela agertzeko, eskutxoak ken eraziz.
Noski, umetxoak ez du ulertzen zergatik iruditzen zaien gaizki handiei, berak plazera ematen dion zerbait egitea. Zergatik uki dezake begia, oina, belarria, eta klitorisa eta pitilina ez? — "Hori ukitzen baduzu, moztu egingo dizut!".
— Ai ene! Pitilin eta klitoris ukitze honek, izugarrizko sekretua omen dauka... Eta umea, ezkutuan, zigorraren beldurrez, sekretu hori aurki nahian hasten da... bere kontzientzian erruduntasun sentimendua finkatzen delarik.
Eskolan hastean, mutilak mutilekin eta neskak neskekin; eta batera badoaz ere, sexu gai hauk, beti baino ilun baten barruan gordetzen dituzte ikaskuntzan. "Honetaz hitz egitea bekatu da", "Hau egiten baduzue ifernura joango zarete" "Masturbaketan ibiltzeak burua erotu egiten du"... eta ikasleek, egia garbiki jasotzen ez dutenez, beren artean hitz egiten dute eta beti gauza irakaskuntzak ateratzen saiatzen dira. Iturri hauk ez dira oso zientifikoak izaten... denok dakigun bezala. Ikasleek izaten dute batzutan ere, gai hau dagoen baino gehiago iluntzen duten zenbait esperientzia. Maisu atzerakoi batzuk, errepresioa sofritzen dutenez ere, bere sexu beharrak betetzeko, umeei, zenbait "gauza" egiten diete; mutil edo neska izan, asko dira eskolan, fraide, monja edo edozein moetatako "irakasle" moralistengandik "gaiztakeriarik gabeko" laztan nazkagarriak jaso eta jasotzen dituztenak.
Eta nota salatuko dute hau neska-mutilek? Nork sinestuko die, bere irakasle errespetagarriek esku sartzen dietenik? Etxean esaten badute... segurena, zigorra jasoko dutela, "gauza hauetaz hitz egiteagatik eta maisuei behar zaien errespetua ez gordetzeagatik". Hobe da, berriro ere ixiltzea... baina horrelako gauzak ez dira ahanzten.
Eta honela, gaztetxo egiten direnerako, jaso duten irakaskuntzari esker, sexualitatea gauza zikin bat dela, garbi ikasi eta ikusi dute.
Baina gizarte honek, nahiz eta mutila sexualki erreprimitu, bide batzu irekitzen dizkio, baina emakumeari berriz, bide guztiek hixten dizkio. Emakumeentzat eta gizonentzat, moral neurri desberdinak erabiltzen dira. Mutilari beti askatasun gehiago ematen zaio. Gizon gazte batek, ezkondu baino lehen esperientzia bat baino gehiago izan badu, gauza "normala" da, ulergarria da, bere beharrak ditu eta... Baina neska batek, bere birjintasuna galtzen badu ezkondu baino lehen... gauza txarra. Nork nahiko du bere "lorea" galdu duen neska batekin ezkondu? Horregatik, familiak kontu handia izango du bere alabaren bizimodua kontrolatzen.
— Hamarretarako etxean!
— Nire anaia gazteagoa da eta hamaiketan jarri diozue "ordua".
— Bai, baina bera mutila da.
Zientzia berria ala zaharra, umeak gauez egiten direla dioena?
Errepresio desberdina, sofritzen duguna.
Emakumeak, errepresio hau objektu bezala jasaten du eta gizonak subjektu bezala.
Bi errepresio moeta hauk mantentzea, oso interesgarria da kapitalismoarentzat. Oker egiten dugu, marxista klasiko guztiek egin duten bezala, sexu gaiei ez badiegu duten garrantzia ematen. Idazlarien artean, problema hau ulertu duen marxista bakarra, Wilhem Reich izan da, baina alderdi politikoek ez dihardute honetan.
Burjeseriak dituen interesak, batetik materialak eta bestetik ideologikoak dira, kontuan edukiz ideologia hau, bere dirua gordetzeko erabiltzen duela.
Sexua, gauzak saltzeko paregabeko bide bat da.
Publizitatean ondo dakite hau dela botila bat cognac, zigarro pakete bat saldu nahi dutenean, emakume eder bat agertuz, erosleari, artikulu honekin batean emakume hori emango diotelako ilusioa sartzen zaio, iragarkiaren bidez. Gizonaren sexualitatea erreprimitu eta gero, eskaintzen dioten bidea. Komunikabide guztiak, gizonari zuzenduak daude, eta emakumea, sal eta eros daitekeen gauza bat bezala agertzen dute. Beraz, gizonak ez du begiratzen emakumea bere laguntza izango den pertsona bat bezala, baina fisikoki emakumearen beharra du eta hor daude publizitatea, telebista, zinea, etab... emakumea artikulu baten gisan eskainirik.
Edozein filme edo antzerkitan, ikus dezakegu emakumeak objektu bezala jokatzen duen rola baino ba dira areto eta ikuskari bereziak (errebistak, streaptease, etab...) eginkizun bakar batez eginak: emakumearen gorputza erakutsi (pezeta askoren trukez) eta sadomasokismoa eta horrelako ernagarria erabiliz sexu harremanak, espektakulu zikin eta bortxatzaile batean bihurtu. Bide honetatik jarraituz, pornografiak, irudimena zabaldu egin behar du erosleen beharrei erantzuna emateko.
USA-n gehien, gizon aberatsek, ez dute aski, streap-tease normal batekin edo salgai dauden filme porno horiekin: horretaz nekatu egin baitira. Orain, porno filme "bereziak" behar dituzte eta sadismoz beteriko eskenak. Gizon hauek ondo ordaintzen dute eta bere beharrak betetzeko, dirurik, familiarik eta ezer ez duten neska-mutilak hartuz, errealismoz egindako filmeak eskaintzen dituzte merkatu hitxi batean, kasu batzutan benetako hilketak filmatuz.
Kasu hauetara iritsi gabe, sadismoa gero eta gehiago erabiltzen da, eskenan eta aldizkari pornoetan, emakumearen aurkako bortxakeria ernagarri bezala agertuz. Baina, irudiaren erosketaren bidez ernatu eta gero, egiazko emakume bat behar dute gure gizonek, ikusi dutena praktikara eramateko. Hemen ere, gure gizarteak eskaintzen die bide bat: prostituzioa. Baina honek kapitulu berezi bat beharko du, eta ez dugu hemen sakonduko.
Zine "normalean" ere, destapeak ekartzen duen dirua ikusi dute, negozio hauetan dabiltzanek. Beti errepresioari esker.
Telebistak azaltzen diguna, lotsagarria izaten da. Kontuan edukitzen badugu, komunikabideen artean, hau dela zabalduena eta garrantzitsuena hemen ematen dizkiguten irudiek dituzten ondorioak oso handiak dira noski. Bere programetan azaltzen diguten emakumea, beti horrela izaten da: bere gorputzaren bidez gizonen mirespena jasotzen saiatzen da... eta puntu. Bestelakoan, beti irriparrez, eta gero eta tontoagoa, hobe. "Eva a las diez" ikusteko humorea izan baduzue, gai hauetan dokumentu bat dela ikusi izango duzue. "Martes, Fiesta", "Un, Dos, Tres, responda otra vez", etab., ez daude gaizki ere, ez...
Aldizkari aurrerakoienak ere, erabiltzen dute emakumea gehiago saltzeko. "Intervew"-n eta "El Papus"-en gehien, matxismoz beteriko lerroak eta irudiak ikus ditzakegu. Triste da, baina ba dirudi, politika aldetik hain "iraultzaile" azaltzen direnek ere, ez dutela arazorik, emakumea bere horrietan, esklabutzat saltzeko. "Deia"-ren azkeneko horrialdean azaltzen diren irudiak eta hitzak ere, emakumearen duintasunaren aurkakoak izaten dira beti, eta jaso dituzte lehen aipaturiko aldizkarien modura, feministen kritika zorrotzenak. Aurrerakoi hauen errepresio moeta, berria da, eta horregatik da askok ez dutela horrelako errepresiorik ikusten hauen jokaeran, baizik eta "liberalismo aurrerakoi bat".
Franco-ren denboran ezin zitekeen titirik eta ipurdirik erakutsi eta orain ordea, bai. Zer aldaketa izan da? Gizonari bideak zabaldu egin zaizkio. Orain, emakumearen gorputza ikus dezake aldizkari eta filmeetan.
Eta emakumeentzat, zer on ekarri du liberapen honek? Lehen, jantzirik saltzen gintuzten eta orain biluzik; horrela, erosle gehiago aurkitzen digute eta prezio hobeagoan, beraz, saltzen gaituztenak gehiago aberasten dira.
Dakusagu ba, gure errepresioa ez dela guttiagotu, baizik eta gogortu. Eta ez dute balio, sal-erosketa hau gordetzeko ematen dizkiguten arrazoi zientifiko eta "iraultzaileak". "Gorputza erakustea, gauza ona eta naturala da...". Bai, konforme gaude. Biluzik egotea gauza naturala izango da, baina denok emakume eta gizonok gorputza naturalki erakutsiko dugunean eta naturalki begiratuko dugunean.
Bitartean, eta gaur egun... komerzio hutsa da.
Orain modan dagoen sexu iraultza, positiboa da alde batetik. Gauzak mugitzen hasten direnean, beti positiboa izaten da, jendea ados ez dagoela adierazten duelako.
Baina, bide iraultzailea aurkitzen den bitartean, hots, denontzat askatasunaren bidea, huts asko egiten dira. Eta sexu gai honetan, besteetan baino haundiagoak izan dira eta dira huts hauk. Zergatik? Oso zaila delako urtez urte jaso dugun heziketaren ondorioak gainditzea eta sexu iraultza bat, emakumearen askatasunik gabe egitea ez delako posible, eta "maitasun librea" defendatzen duten gehienak, gizonak direnez, emakumearen askatasunaren aurkakoak dira, nahiz eta garbi ez aitortu. Beraz, defendatzen dutena ez da maitasun librea, baizik eta GIZONARENTZAT, EMAKUMEAREN HARTZE LIBREA.
Mugimendu hau, gehien ikasle giroetan zabaldu da, unibertsitatean hain zuzen, eta politika aldetik erradikalpen bat ondotik daramala.
Frantzian, 68.eko maiatzean izan zen indar gehiagoz planteiatu zirenean arazo hauk eta geroztik beste herrietako unibertsitateetara zabaldu ziren.
Mugimendu honen gidariak, mutilak izan eta izaten dira beti eta Freud asko irakurri zuten. Orain Wilheim Reichs gehiago irakurtzen dute, eta benetan hauek konklusio bakar bat atera zuten: sexu harreman ugari neskekin izatea beharrezkoa zela. "Nola" berdin zen. Eta hemen hasi zen neskentzat, errepresio berria. Gurasoek eta monjek, hau esan zieten: "Kontuz" ezkondu arte ez harremanik izan mutilekin, ez gal zeure birjintasuna, umedun geratuko zara, inor ez da zurekin ezkonduko, musuek ez dute umerik ekartzen baina bezperak jotzen dituzte; Kontuz!
Eta neska honek, unibertsitatera iristean, beste giro bat aurkituko du... Ai! Askatasuna! asko irakurri duten mutilek, sexu errepresioaren aurka daudela diote.
Berak ez du oraindik pertsonalki gauzak oso garbi ikusten eta sentitzen, baina... libre izateko, iraultzaile izateko, larrua jotzea beharrezkoa dela, gure gidari politikoek diotenez... egia izango da. Paris-en ikasle zen Marseila-ko neska batek, hala ziostan: "Nire lehenengo harremana? Ba, ikasle jai hauetako batean... ridikulua ez egiteagatik; nik ez nuen gogorik, baina ba dakizu... barrez hasten dira, prejuizioak dituzula eta...".
Hau, Parisen, liberalismoaren hiriburuan, 1975.ean GERO ETA GEHIAGO LARRUA JO, GERO ETA LIBERATUAGOAK IZANGO GARA!
Giro hauetan, normala da horrelako gauzak entzutea mutilengandik: "Neska hura hestu bat da, zoaz beste horrengana, oso liberatuta dago eta..." (lagunen arteko kontseiluak). Mutil hauek ez dakite, hain iraultzaile eta guzti, sexu harremanen gain daukaten ideia, beren aitonek zeukatenaren berdina dela.
Alderdi "iraultzaile" giroetan ere, ikusten ditugu maiz horrelako gauzak; betiko hitzak eta moral neurri desberdinen erabiltzea. Militante batek, hala esan zidan; beste militante batengatik: "...si, ésa es un poco putilla..." Lehenengo momentuan ez nion ondo ulertu, baina bai... adierazi nahi zuena hauxe zen: sexu harremanak izaten zituela mutil batekin baino gehiago. Gero honela esan zidan: "Yo no me como una rosca, las chicas de aquí tienen muchos prejuicios". Eta hemen, lasai arnasa hartu nuen,... ba dirudi neskok, azkeneko denbora hauetan kapaz garela honelako "matxista atzerakoi, iraultzaile arropaz jantzia" sumatzeko eta garaiz alde egiteko. Adiskide!, ideia horrekin, uste dut ez duzula erroska handirik jango... ordaindu gabe behintzat! Zorionez... . Hala diraugu ba... emakumeok, sistima berri batez erreprimituak objektu bezala eta gizonak "maitasun libre" teoria faltsu hauez, erreprimituak ere, subjektu bezala; bide berri eta oker batzuren bila, emakumea zanpatuz bere errepresioa gaindituko duela pentsatuz.
Emakumeak lortzen ez badu bere askatasuna maila guztietan (bere sexualitatearen jabe egin, ekonomia aldetik independientzia bat lortu, etab.) ez da posible izango maitasun librea, gizon eta emakumeen artean, zeren "librea" izateko, biek libre izan behar baitute.
Gizonak ulertzen ez badu hau, bere sexu iraultzak huts egingo du berriro, sustraiak faltsu direnez.
Ezingo dugu maitasun librea, familiaren ordez, geure gizartean ezarri, zenbait gauza lehen lortu gabe. Zergatik?, Emakume eta gizonen artean harremanak aldatu ez badira, hau emakumearentzat okerrago izango delako.
Pentsa dezagun umeen arazoan, adibidez. Inolako legerik ez balego, gizonek ez zuten umeen erantzunkizunik izango eta, estatuak ez baditu bett babespean hartzen, heziketarako behar duten toki eta bide egokiak eskainiz, nork beteko du lan hau? Emakumeak, laguntzarik gabe? lan postu txarrenak izanez edo lanik gabe dagoenean? Beraz, benetako maitasun librea posible izateko, beharrezkoa da gizarte osoaren aldaketan, eta emakumearen askatasuna lortzean, lan egitea.
Itziar Urtasun
PSOE. Enemigo público no. 2
Anaitasuna Zuzendari jaunari:
Zuen aldizkaria erosten dut aspalditxotik. Lehen ez nuen ezagutzen eta benetan zorionak eman behar dizkizuet. Artikulu oso onak idazten dituzue eta atseginez irakurtzen ditut. Tamalez noizean behin, anai arteko elkar burruka ikusten ari naiz. Badakit gauzak argitzeko eta gure Euskal Herria aurrera eramateko zenbait mito eta lotsagabeko jarrerak apurtu behar direla baina hala ere hor dugu gure aurrean anti-euskaldun eta anti-langile den alderdi bat: P.S.O.E. Orain duela 40 urte Prieto eta bere kideak berdin egiten zuten. Una de cal y otra de arena. Etorkinen artean ere jo eta ke ari da euskal arrazismoa egin nahiez. Euskararen kontra, euskal nortasunaren kontra eta abar. Beren azkenengo Euzkadi Sozialista aldizkarian artikulu ttiki batetan, honelako hitz berberak dakartza: "Nosotros somos un grupo de vascos, por encima de ideologias abertzales o euskaldunas abiertos a todos los escritores vascos..." eta geroago: "Todos los artículos deberán estar escritos en castellano".
Orduan guk euskaldunak, EUSKALDUNAK IZATEAGATIK kanpoan gerazten gara. Euskal Herrian PSOE.ko club literario horrek ez du euskaldunik ametitzen eta ez dira "discriminatorios". Benetan uste dut P.S.E. delako hori gure etsai etsaia dela. Enemigo público no. 2. Hau dela eta gure benetako etsaiak kritikatzea eskatuko nizueke, gehiegirik ez bada.
I. Gonzalez Goenaga
***
Buenos Aires, 12-VIII-1977
Agur jaunok: Barkatirazue euzkera batua itxi ta Mundraueko subdialektuen zuengana natorrelako. Oso ondo ikusten dot E.B.'ri jarraiketie, baña urrintxo nau Euzkaditik bier dan moduen berori ikesteko.
Karta onen gaixe: Anaitasunaren 343'garren numerue. Iru bat urte izengo die zuen rebistie irekurten dotela: eskerzalie berau, gaurkotarra, Frankon demporan bere merittuek irabazittakue... Ondo da.
Bañe ona emen aldaketa nabarmen ta derrepentezkue: betiko artikulo dexentien onduen, aittatu doten numeruen bota dozue antiklerikalismue ta gusto txarra burdikaraka.
Opusdarrak, jesuittak, agustiñuek, kalonjiek... ordaiñdu bier izen dittue 40 urteko beren pekatu tzarrak. Eztot uste iñork ukatuko dittuenik kleruen pekatuek, kleruek berak pe ez. Baña zergatik konspiraziño ori aiñ itxura pobre ta merkiaz? (Concesion a la galeria? Contagio del destape general?) Burure lenengo etorri jaten explikaziñue auxe izen da: Peronek, bere gauzak txarto zoiezela ikusten auenien, Internacional de los cuervos'eri botaten eutzen kulpa guztiek. ¿Etxatzue olakoren bat pasau errixek aintzakotzat artu eztittuenien zeuen gogoko partiduek? EGIXA ESANDA: milla bider obe, oker ba nau olako pentzamentuetan.
Bañe gero ximplekerixie ¿Olako argumento kaxkarrakiñ pentzetan dau Zirinak Opusdarren kastillue kolokatutzie?
Eta Munzurren parodixie? Ori gusto txarra ezpada, eztakit zer dan gusto txarra. ¿Ez ote da kasu bixetan ironixie impotentzien señalie? Askenez, batak eta bestiek farisaismuen arrixe lagunei bota eta eurek eskue gorde... anonimo edo seudonimuen. Bapo, mutillak!
Atxagan "engendrue", bere "nola hostia" matxotiaz apaiñdie, alde batera itxitte, berba bat I. Urtasunen artikuluen gaiñien. Bateron bat dan emakume onek Lopez Ibor ta Aita Santuen autoridadie "morale itxurati"en sakure jaurti eta jasotzen dau bere morala, orakuro baten pare dogmatizatuaz. ¿Zela esaten da euzkera batuan No comment?
Apeza naz, eta "senex"a ere bai. Eta jakiña!, burjesa, reakzionarioa, sexofobua... izan bear. Eta balitteke. Inkonszientiek pasada aundixauek pe emuteuzku. Baña duda barik penia emuten dust. Ta asuntu au Euzkadiñ pasetan danen epifenomenotxo bat bakarrik da. Pena aundixaue emuten dust euskaldunak katu bi izen, arabarrak ta naparrak ezin sartu geure famelixan, eta txikikerixagatik bata bestien kontra ta ainka ibiltiek, Paris ta Madrillen poz-atsegiñerako.
"Kafe-txar" ta negar-soñuek alde batera itxitte, gure nauke jakittie zer izan zan Anaitasunaren lenengo karismie. Bier bada, itz eder ori esan-gure bako ttitulo bat izen zan. Ola bada edo rebistiek bere bokaziñue galdu ba dau, inbentau ein bie litzake, beste bat euzkaldunen artien, karidadie ez pada, zentzune jarri ta zabalketako.
Berriatuaren ideakiñ ABSOLUTOKI conforme nau, eta egon naiz beti. Eziñ dot comprendiru zera gure artien eztan jaixo oiñdiokan oiñarrizko itzkuntzas eiñdako publikaziño on bat.
Esangustazue: "Erreza dek mutil 11 mila kilometrotik ideia onak gerra barruan dabiltzanai ematea. Euk?" Bueno, nik eztot esaten nire kontribuziñue aundixe izen danik. Al dotena emun dot ETA BORONDATE TXAR BARIK.
Jon Arregui
Musika
"Gure lekukotasuna" da Errobi taldearen bigarren diskoaren izena. Hegoaldean zabalkunde eskasa eduki zuen lehen diskoari jarraituz heldu zaigu bigarren hau eta, ba dirudi, baimen kontuak direla eta, lehengoa bezain gutti zabalduko dela oraingoa ere. Dena dela ez dugu haatik uste Errobiren izena ilunduko denik, beren lanaren orijinaltasunak hutsune bat betetzera baitator gure artera.
Kritika bat egiten hasteko, diskoaren osotasunari eta Errobiren musika kontzeptuari buruzko aipamen bat egin nahi genuke: beharbada lehenagotik egindako kritikak errepikatzen ari bagara ere, beren Ipar Amerikako musikaren infludentzia gogorregi iduritzen zaigu. Gure ustez, musika honen infludentziak ez du zertan kaltegarri izan behar, baina kasu honetan ia infludentzia bakarra da, eta honek asko mugatzen du beren lana. Disko berri honetan nortasun orijinalago batentzat abiatu nahiean ikusten baditugu ere, luzea iduritzen zaigu oraindik urratu behar duten bidea. Bestaldetik ere, infludentzia honek irtenbide gutti uzten dio beren musikari eta hau gehiago nabaritzen da bigarren disko hau lehengoaren linea berdintsuan ikusten dugunean. Garbi dago diskoa teknikoki izugarri ona dela eta taldearen osotasuna garbi agertzen dela baina moldeak gutti gorabehera lehengo diskoarenak dira.
Kantaz kanta aztertzean denetarik bi errazagoak iduritzen zaizkigu: "Telebista" eta "Langilearen hamar mandamenduak". Diskoari pisu komertziala ematearren egindako kantak bezala konpreni daitezkeela uste dugu eta nahiz musikalki ardo landuak izan, beharbada aipamen musikal errazegiak kritika genitzake zenbaitetan. Gure ustez, "Txileko langileria" izeneko kanta diskoaren onena da. Zortziko erritmuaren berriztapen saio interesgarri batek sostengatzen du kanta hau, oso tratamendu askatu bat lortuz.
Instrumentu akustikoekin egindako baladak rock-aren infludentziatik urrunago ikusten ditugu, "Bakearen urtxoa" dateke hauen artean aipagarriena.
Textuei bagagozkie, lehenengo aldiz Anje Duhalderen lan batzu agertzen dira. Besteak, aurreko diskoan bezala D. Landarterenak dira.
Balorazio estetikoak aparte utziz eta mamiari dagokion aldetik. Iparraldekoak soilik diren gaiak lehengo diskoan baino guttiago direla ikus dezakegu.
Ezin buka genezake azalari buruz mintzatu gabe. Gure gustuko, nahiz eta honetaz gauza handirik jakin ez, pobre xamarra iduritu zaigu diskoaren apainketa. Nolabait adierazteko azala ez dagoela musikaren mailan esango genuke.
Nahiz akats guztiak atera, eta egindakoa kritika negatiboa iduritu arren, "Gure lekukotasuna" lan profesional baten fruitua iduritzen zaigula argi esan behar dugu. Anjek, Mixelek eta beren lagunek oso ondo lantzen dute gure artean orijinaltasunei beterik gertatzen den estilu hori. Guretzat disko hau erdibidean egindako lan on bat da. Etorkizunean egingo den hobeago baten frogantza.
Edurne H.
Gramatika saila
Berriro ere, lehenago edukiriko ohiturari jarraikiz, euskarari buruzko sail bat landu nahi dugu ANAITASUNAn. Honetaz, barkamena eskatu behar diet aurretiaz gure Herriko hizkuntzalari eta gramatikariei, nirea ez den arlo batetan sartzeagatik. Dena den, gure ateak zabalik dituzte beren eritziak agertzeko. Bitartean, sail honen azalpena eginen dizuet.
Ez gara lan teorikoegitan arituko; alderantziz, gure idatzitxo hauk praktikoak izan daitezen nahi dugu, erregela praktiko eta sinpleak emanez, idazleek idatziriko eta hiztunek esaniko okerrak zuzenduz —gureak zuzentzea zeuoi dagokizue— eta erabilkera zuzenaren adibideak jarriz. Era berean, idazkera bikoitzeko hitzen kasuan (borroka/burruka, proiekto/projektu, eta antzekoetan) proposamen konkretuak eginen ditugu, eta Euskal Akademiak (Euskaltzaindiak) emaniko erregelak eta aditzak —laster argitaratzeko den aditz sintetikoa kasu— poliki-poliki azaltzera saiatuko gara.
Indigestio gogorra paira ez dezazuen, artikulu laburrak egitera saiatuko gara, bakoitzean puntu ttiki bat azalduz. Astiro baino seguru nahi genuke joan, eta horretarako guztiz beharrezko dugu zuen lankidetasuna, oharrak eta kritikak bidaliz, ilun dituzuen gramatikazko puntuak agertuz, eta, zer esanik ez, artikuluak irakurriz. Mila ezker.
Gramatika saila
Askatasuna gauza ederra omen delarik, ez dut uste gramatikarekin haserre dagoenik. Euskal Herriaren Askatasuna —andrea dela diote batzuk, baina agian gizon eta emakume da— eginez goazen eta oihukatzen ari garen gauza bat da. Beldur naiz, hala ere, bide horretan euskara ahantzirik eta bazterturik ez ote dugun, zeren eta oihukatzen ditugun eslogan batzu, euskal senetik guztiz urrundurik baitaude. Zer da, gure eritziz, euskara" askatasuneranzko bide horretan: Azaleko jantzi bat ala barneko atal garrantzizko bat? Zeuek erantzun.
Zertara datorren hau? Begira. Esaldi labur bat aipatuko dut; oraintsu arte hau esateagatik bat baino gehiago eraman dute gartzelara; orain, ordea, nonnahi entzun dezakegu: Gora Euskadi Askatuta! Eseak eta zetak gorabehera (Euzkadi batzuk, Euskadi bestek) benetako euskaldunari min egiten dio esaldi honek belarrian (ez zentzuz, noski, euskal sen gramatikalaz baizik). Segidan, Gora Euskadi Batua! entzun ohi dugu. Askatuta baina batua, zer da hori? Zergatik ez batuta? Belarrian min egiten duelako jakina. Bada, min berbera egiten du askatuta delakoak.
Askatuta delakoa adberbioa da, batua ordea, adjektiboa. Eta kasu honetan Euskadi hitzak behar duena adjektiboa da. Beraz, askatua.
Tontakeria bat dela? Beharbada, batzuren eritziz, bai. Nire eritziz, ordea, ez, esate modu horren barnean euskal hizkuntzari buruzko ezjakintasuna eta axolagabetasuna (keria ote?) izkutatzen baita. Ea, bada, gauzak zuzentzen hasten garen eta guztiok Gora Euskadi Askatua! edo are hobeki Gora Euskal Herri Askatua! oihukatzen dugun! Hala biz.
J. R. Etxebarria
Zapaburu birbiztua
[Binetak]
CORK
Urrezko astabelarriak
Guregana heldu diren salhakuntza guztien artean, azterketa sakon eta inpartzial bat egin eta gero, Santutxuko kafe dastaleku hau aukeratu dugu aste honetako URREZKO ASTABELARRIEZ hornitzeko. ETXEA GIZANE delako hori, erdarazko "Casa Gizane" esateko itzulpen trakets bat da, euskara jatorrean GIZANE ETXEA edo, hobeki, GIZANERENA, izan beharko lukeenean.
Akusatuaren alde aipa daitekeen aringarri bat hartu izan dugu kontutan, hots, bertan ematen duten kafea, eta pastelak, ezin hobeak direla, eta horrexegatik, astabelarri eramate hori, betiko barik, kartel okerra kentzen ez duten arteraino jartzen diegu, soilki, gaztigutzat. Eta holaxe erabakitzen dugu geure aginteaz.
Bilbon, hemeretziehun eta hirurogeitahamazazpigarreneko Irailaren hamarrean emana.
Juje jauna
Xin PLON