ANAITASUNA

1977.EKO URRIAREN 1EKOA

348. ZENBAKIA

35 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 700 pezeta

Latin Amerikarako 800 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta

Ale bakoitza: 35 pezeta


[AZALA]

U.C.D.ek: NAVARRA EZ DA NAFARROA


Leg. Gor: BI- 1753-1967


Editoriala

Praka gabeko udazkena

Poz gaitezen, euskaldunok! Geure parlamentarien buruhauste eta ahalegin kontaezinei esker, anitz gauza lortu ditugu eta: Autonomiaurreko gobernurako projektua eta unibertsital barruti baskongadoa.

Betiko mihi gaiztoek, noski, Nafarroa bere baitan ez daukanez gero, hori onhartezina dela esanen dute, baina utikan! Hobe dugu zertxobait izatea ezer ez izatea baino. Eta nafarrei doakienez, hor konpon Mari Anton! Konforme ez badaude, beraiek protesta dagitela!

Autonomiaurreko gobernurako projektua, halaber, betiko txotxoloen ustez, Ekainaren 15ean HERRIAK "demokratikoki" aukeratuek, hauteskundeetara presentatzerik izan ez zuten beste alderdiekin inolako harremanik ezan gabe, moldatu, gisatu eta gatz-biperztatua, despotismo ilustratuaren exenplurik bikainenetakoa litzateke.

Botereak eta botere izan nahiak itsutzen duela ezin argiro dakusagu orain. Beraiek alde aurrez "ezdemokratiko"tzat kalifikatu zituzten hauteskundeetan lorturikoa, orain, nola edo hala, gorde, iraun erazi eta betikotu nahi dute, horretarako orain arte faxista nabariak zirenen bide berberak erabiliz. Edozein oinharri, edozein hastapen, edozein ideia, alde batera zokoratzeko prest ditugu, dela demokrazia, dela Hego Euskal Herriaren gutienezko nazional eremua, dela lotsa bera ere. Berorien posibilismo famatua, maximalista omen garenongandik iheska, minimalismorik minimoenera amildua da jadanik. Madrilek amuan jarritako beita irentsia dute, eta berorren zaporeaz, antza, zoratu.

Beldur izatekoa da, noski, bide horretan abiatu garenez gero, autonomiaz ere 1936.eko pastela bera ez ote diguten onhartuko, bai eremuan eta bai autonomi ahalmenetan ere. Denborak esanen.

Ipar Euskal Herrian, frantses gobernu zapaltzaileak bere aspaldidaniko ethnozidio lotsagabearen beste froga bat agertu digu oraingoan, Donapaleuko ikastola hertsiz. Agintari frantximenten ustez, ikastola horrek frantses hizkuntza irakasteko asmo fidagarririk ez zuen. Guk beste galdera egin nahi dugu: Fidagarriak izan al dira, dira eta izanen al dira frantses école nationalek Euskal Herrian euskara irakasteko orain arte azaldu dituztenak? Hortik hasi beharko litzateke galdezka, kolonialista zerriok!!

Ekonomi krisisa ere gainean dugu. Euskal Herrian ere bai. Eta horren errua ez dago, batzuk aker bekatari gisa agertu nahi dizkiguten "iraultzarako zergetan". Zenbait entrepresa vascotan ez dute euskal langilerik hartu nahi, kanpokoak baizik. Hemengoak politizatuegiak omen daude, bihurriegiak dira, esaneko txarrak. Hobeak dituzte, noski, iraultza sozialista egiteko azken pausoa PSOEri botua ematea dela oraino uste dutenak. Ugazaba horiei, faxismopeko urte beltzetan bere "euskal" asmo "abertzaleak" hain garbiro erakutsi dizkiguten horiei, jakina, inolako zergarik jarri behar ez zaien arrazoi berberagatik, geurean ekonomi krisisik izan ez dezagun, geure langileriari ere, otzanago, esanekoagoa, beharginagoa eta bere eskabidetan apalagoa izateko eskatu beharko diogu, horrela "euskal" kapitalistak ikara eta uxa ez daitezen. Hemendik aurrera prakak etxean utzirik ibili beharko dugula, adiskideok.

Panoramika nigargarri hau pixkat alaitzeko, ordea, EGIN egunkariaren irteera —azkenik!— izan dugu. Ongi etorria, lagunok!


Euskal Herrian

Laburki

Forugabeko Diputazio Foralaren forugabezia

Iberduero aurrera doa bere bidean. Beti bezala, berriro ere Administralgoaren semaforoa berde ageri zaio.

Guztion belarrietara heldu denez, Barasordako zentrale nuklearra (Lemoizekoa) parkerako eta nekazaritzarako planifikaturik zeuden lurretan eraiki da. Diputazioaren onespenarekin gainera.

Jadanik ia eginda dagoen zentrale hau eraikitzeko, industriarako lurrak behar ziren. Beratako lurren kalifikazioa desberdina zen, baina tira, laster asmatu dute konponbidea: Eskualdeko plangintza aldatu eta kito. Lurren kalifikazio juridikoa aldatu eta buruhausterik ez. Horrela, Diputazioak ahobatez azalduriko oneritziaz, Lemoizeko zentrala legeztatze bidean jarri nahi dute.

Hala ere, hipokresia ez da horretan mugatzen. Jarrera hau aukeratzean, Jaunik gabeko Bizkaiko Forugabeko Diputazio Foralak honelako eranskin hau gaineratu du: "sin que ello suponga manifestación de criterio alguno sobre la conveniencia o no de la instalación de centrales nucleares". Zer? Adarra jotzeko gogorik dago, ala?

Alferrik izan da, hainbat eta hainbat kontrako sinadura eta txosten arrazonatu aurkeztea; alferrik izan da manifestapen izugarriak egitea. Zentraleen aurka gaudenoi, hertsi egin zaigu atea. Iberduerori, ordea, erraztu eta lautu egin zaio berriro bidea. Berriro ere. Baina trankil egon! Horrek ez du esan gura, zentraleei buruzko eritzi konkreturik agertzen dutenik. Tira, tira. Ardilarruz jantziriko otsoak, beti otso.

Ramon Garai

Beti bezala

Euskal Itsasalde eznuklearraren defentsarako batzordeak prentsaurreko elkarrizketa batetara deitu gintuen 1977-IX-15ean. Bertan Bizkaiko Diputazioak harturiko erabaki baten berri eman ziguten: Diputazioak Barasordako zentralaren inguruko lurren kalifikazio juridikoa aldatzeko erabakia hartu du. Lehen parkerako eta nekazaritzarako ziren lurrak, orain industriarako izan daitezen nahi dute: Zentralak nuklearraren ilegalitatea legeztatu nahi dute.

Erabakia "erdi traizioz" hartu dela esan daiteke, Abuztuaren 11n eginiko batzarrean erabaki baita, hots, jenderik gehiena oporretan zegoela. Horren aurka inpugnazioak aurkeztu zituzten elkarteek ordea, ez zuten ezer jakin irailaren 5erarte. Nonbait, ez zegoen presarik. Honela, ez zaie inolako kasurik egin Mungia, Lemoiz eta Lekeitioko komunitate gehienei, Euskal Herriko Arkitektoen legio Ofizialari, Bizkaiko hogei ta bederatzi famili eta Hauzo Elkarteri, hainbat mila pertsonaren sinadurei,... Nori egin ote diote, ba, kasu? Ikusi-makusika bukatzen da ero. Ala ez?

Prentsaurrekoan zabalduriko komunikatuan Euskal itsasalde ez-nuklearraren defentsarako batzordekoek gogorki salhatzen dituzte Luis Martin-en deklarazio batzu. Jaun hau Diputazioko Hirigintza arloko buru da, eta La Gaceta del Norte-n 1977-VIII-27an agerturiko elkarrizketa batetan, mehatxu antzeko hau zabaltzen du zentralearen inguruko herrien aurka: "El paralizar las obras de Lemoniz supondría graves responsabilidades económicas que Iberduero podría exigir. Responsabilidades económicas que los municipios afectados no podrían soportar ni aunque vendiesen al pueblo con los habitantes dentro". Dirudienez jaun honek ez du legea ongi ezagutzen. Beldurra zabaldu nahi ote du? Zertan azaltzen da Iberdueroren defentsan?

Martin jaunak jakin dezan, Lemoizeko obrak probisionalak dira —beste baimenik ez baitute—; eta beraz, demoligarriak izan behar dute. Honelako kasuetan, legeak agintzen duenez, Iberduerok ez du indemnizaziorako eskubiderik. Honelatan, ba, Lemoize eta Mungiako udalek ez lukete txakurtxikirik ere ordaindu behar.

Egia esan, gauzak daramaten abiadan, zentrale nuklearren kasuan, jadanik ez gaitu ezerk harritzen. Trapu zikin gehiegi dago, harriturik gera gaitezen.

J.R. Bilbao

Ikurrinaren kalea

Faxismopeko urte luze eta zoritxarreko hautan gure Herrietako kaleen izenek erdaraztapen inperialista argia pairatu behar ukan dute. Gure nazioaren kontrako pertsonaia eta egun nazkagarrienen izenak, hain zuzen, (Mola, Franco, 18 de Julio, Balparda...) edonon jarri zizkiguten, garaileek beren zapalkuntza, galdu genuenoi, egunero gogoratzeko.

Ordu berriak datoz baina. Laster, aurten bertan, udal hauteskundeak izanen ditugu eta horien ondoren Herriak libreki (holaxe espero dugu, eta ez Ekainaren 15ean bezala) aukeraturiko ordezkariek gure herri eta kaleetako kutsu faxista eta erdarazko guztiak kendu ahal izanen dituzte. Zenbait tokitan, Oinatin kasu, izen faxisten ordez, lehenagoko izen jatorrak eta, kale berrietan, Herriko seme erorienak proposatzen ari dira.

Nik neuk, eta Bilborako, proposamendu konkretu hau egin nahi nuke hemendik, egokiagoa zatekeen beste nonbaitetik ez egiteko esan didatenez gero. Gaur erdaraz Calle Correo deitzen dena (euskarazko Posta Kalea tradiziorik gabeko itzulpen berria da) IKURRINAREN KALEA jartzea, hortxe kulunkatu baitzen lehenbizikoz, 1894.eko Uztailaren 14.ean, Sabino Aranak lehenik Bizkairako asmatu zuen eta gero gure nazio osoarena bihurtu zen bandera heroikoa. Kale horretan, nonbait, behiala postetxe bat izan omen zen eta hortik datorkioke, dirudienez, gaurko erdal izena. Oroitzapen inportanteagoa da, ordea, bat ere zalantzarik gabe, ikurrinarena.

Ideia hor dago. Hurrengo udalak eta bilbotar guztiok dugu orain hitza.

Xabier KINTANA

Eibarreko hertzainak

Eibarreko udal polizien automobiletan, HERTZAINA izena irakurri ahal izan dute aspalditxuon eibartar guztien begi poztuek. Txaloak merezi ditu horregatik, gure ustez, Eibarreko Udalak. Akats bat dago, ordea, hertzain horietako batengana joatean berehalaxe antzematen dena: — Aizu, esango al zenidake non dagoen... — Perdone, pero yo no sé vasco. Zera, oraingo hertzain berri hauek lehenagoko polizia eta goardia zaharren itxura bera dutela.

Ondorioa: ez da aski izena aldatzea, batera izana bera ere aldatzen ez bada.

Xabier Armendaritz

Euskaraz ikastea debekatzen du prefetak

Lehen mailako ikastola bat (sei urtetarik goiti) zabaldu da Donapaleun (Nafarroa Beherean). Hara Zuberoako haur batzu ere joaten ziren. Baina egun hauetan irakaskuntzako inspektoreak hura debekatu du. Prefetak bermatzen du erabaki hori.

Euskaraz irakastea debekatzen digu beraz prefetak. Zer eskubide? Bi hitz datozkit mihi gainera: ethnozidioa eta jazarkundea.

1. Zer da ethonozidioa? Odol ixurtzerik gabe egiten den genozidioa. Hori da prefetaren bidez Pariseko gobernuak egiten ari duena. Euskal arima hilez, Euskal Herria digu hiltzen. Gizonaren aurka doa, ONUren aurka doa, UNESCOren aurka doa, Europako Hitzarmenaren aurka doa, Herriaren moral guztiaren aurka doa prefetaren debekua.

2. Jazarkundea da erantzun bakarra. Ez jaunena, hain segur prefetaren aitzinean, eskolako haurrak bezala baitira. Baina jende xehea bai, jazar daiteke, zerbait xuxen jakinez geroz, zeren, Rosa Luxemburg-ek zioen bezala —eta ez zen hau abertzalea, baina ni abertzalea naiz, eta are gehiago erran dezaket— diru-zapalketaren aurka jazartzen baldin bada, arrazoi osoarekin herriak askoz ere bortizkiago arbuiatzen du arimak jasanikako zanpaketa. Eta, hain zuzen, izpirituaren harmak dira lehen-lehenik hartu behar ditugunak.

Euskal Herri osoari eta munduko izpiritu libre guztiei dei egin diezaiegun oraindik, eta goazen bada burrukara!

J.L. DAVANT

Zuberoako euskaltzaina


Euskal Herrian

Euskara eta politik alderdiak [3]

Karlistadak eta euskara

Karlisten gerratean, hots, Haro modernoetako askatasun nazionalaren aldeko gure lehendabiziko burrukan, euskarak, soldadu gehienen hizkuntza bakarra zen aldetik, garrantzi haundia zeukan. Izan ere, begien bistan dago, euskaraz ez bazen, ez zatekeela posible izanen jende haik gerrarako berotzea. Garaiko bertsolariek ongi jakin zuten adierazten orduko herri sentimendua: "...lehengo legerik ez utzi/Hoieri firme eutsi/nahiz hanka bana hautsi/Jaioko dira berriak/Gu gera Euskal Herriak".

Sasoi hartakoxea da, halaber, gure hymno nazionala, Iparragirreren eskuz heldu zitzaigun kantu unibertsala: Gernikako arbola.

Ipar Euskal Herriko parlamental politikan euskara propaganda egiteko erabiltzen zela ba dakigu. Horrela, Etxahun zuberotarrak bere herkide Augustin Xaho ezkertiarrari bertso batzu egin zizkion beronen diputatu-kandidaturaren alde: Musde Xaho, behar düzü, aldi huntan kargin sarthü/ Bestela Uskal Herri hunek, behar dü düpe baratü/ Behar beitüke, aberatsen injüstizier pharatü (Euskara batuan: "Xaho jauna, orain behar duzu karguan sartu/ Bestela Euskal Herria enganiaturik da geratuko/ Aberatsen injustiziak geldierazi behar baititu")

Nazionalismo modernoa Euskal Herrian

Nazionalismo modernoa Frantziako Erreboluzioaren ondorioa da Europan, eta beronen formulapena honetan bil daiteke: Ezaugarri komun batzu (bizi eremua, hizkuntza, histori eta kultur kidetasuna, erlijioa, arraza...) zeuzkaten jendeak orok nazio bat osatzen dutela, eta nazio bakoitzak bere Estatu propioa eratzeko eskubidea duela.

Lehen partea, hau da, nazio bat osatzen dutela, ba zekiten aspaldidanik euskaldunek. Bai Etxaparek, bai Leizarragak, bai Joanes Etxeberri Ziburukoak, bai Axularrek eta bai Poza lizentziatuak, beste askoren artean, aintzinan aldarrikatua zeukaten beren eskribuetan hori. Baina hortik segi zitekeen bigarren partea ez genuen XIX menderarte ikusi. Eta izan ere, euskal nazionalismoa, euskaldunok geure etorkizuna eta arazoak ongien konpontzeko Euskal Estatu propioa behar genuela planteiatu genuenetik sortu zela esan dezakegu.

Planteiu nazionalista hau lehenik egin zutenak iparraldean Augustin Xaho eta hegoaldean, lehenagoko beste batzuren ideien synthesisa eginez, Sabino Arana Goiri ziren (1).

Hizkuntza nazioaren oinharrian

Nazioek beren nortasunaren ezaugarriak besteekiko gonbaraketatik ateratzen dituzte, hots, ezberdintasunetik. Eta jendeen arteko diferentziarik nabariena (koloreaz aparte) beren hizkuntza gertatzen da. Ez da harrigarri, beraz nazionalismoak hizkuntzan naziotasunaren pilare sendoenetako bat ikustea. Hori, bestalde, Euskal Herrian herri sen eta tradizioaz bat zetorkigun, gure nazioari Euskal Herria (=Euskararen Herria, Euskaraz mintzo den Herria") jarri zioten euskaldun zaharrek hizkuntza jo baitzuten, halaber, nazional batasun eta kidetasunaren elementu nabarientzat. Holaxe ulertu zuten arazoa, gainera, bai Xahok, bai Ullibarri arabarrak eta bai bizkaitar diputatu askok ere, euskararen nazional garrantzia azpimarkatuz. (2)

Hizkuntz ezberdintasunaren arauera, argudioa, guti gora behera, honelakoa zen: zenbat eta hizkuntza bat —euskara— beste batetatik —erdaratik— ezberdinagoa izan, hainbat diferenteago zatekeen hura zerabilen Herria; eta zenbat eta Herria diferenteagoa izan, are haundiagoak ziratekeen hark berjabe eta independente izateko zeuzkakeen eskubideak. Euskarak, katalan edo galiziar hizkuntzek baino neurri haundiagoaz, euskaldunon "berezitasun" aparta markatzen zuen. Politikazko arrazoi honexegatik besterik izan ez balitz ere, euskararen alde jarri beharra zuten gure politikariek.

Euskal politikari erdaldunen paradoxa

Garai hartan, zoritxarrez, gure intelligentsia ia erabat erdalduna zen. Euskara zekitenak, bestalde, ez ziren gauza beren goi mailako pentsamenduak gure mintzairan adierazteko. Pentsabiderako hizkuntza nagusitzat erdara —ipar edo hegokoa— erabil zuten soilki.

Hor baina, kontraesan praktiko bat zetzan. Euskarari, alde batetik, egia, bere garrantzia aitortzen zitzaion, baina bestetik praxisean hura ez zen erabiltzen. Ahoz euskara goraipatzen zuten haiei, euskara ez egiteko —edo eta (gehiago) ez ikasteko— geratzen zitzaiekeen itzurbide bakarra zera zen, euskara, ttikitandik izan ezik, ikastezina zela esatea; gure gaurko euskara konplikatuegiaren lehen hazia, hain zuzen. Errua, hortaz, ez zetzan pertsonengan, hizkuntzagan baizik.

Euskara, beraz, beharrezkoa zen nazioa justifikatzeko, baina hura praktikara eramatean ondorio larriak zekarzkiekeen harekiko atxekimendu gehiegiak. Irtenbide erraza zuten baina: euskara symbologi mailarako uztea, erdaldun etsaiak txunditzeko harmatzat erabiltzea. Eta kanpora begira, hau da, erdaldunei beha, egindako hizkuntz erabilera honek, noski, ondotik haik beti aho zabalik utz zitzakeen jarrera zekarren: garbizalekeria, edozein hitz asmatutara jotzea, erdaldunen aurrean etorki garbi eta "kutsatu gabe" kotzat agertzea helburu.

Euskara ikastezinaren mythoa

Euskara ezin ikasi delako leloa, gaur egun, ez da lehen bezain indartsua. Ibiltzea ibiltzeaz frogatzen da, eta Akhilleok, philolophoen espekulazioak gora behera, dortoka harrapa zezakeela, huraxe eginez, erakuts zezakeen bezala, aspaldiko urteotan euskara ikasi dugunok aski garbi utzi dugu gure mintzairaren ikastezintasuna mytho ustela zela.

Ba dira, dena den, oraindik honetaz konturatu (nahi) ez diren basko aberchale batzu. Eta horiekin tratatu behar duzuenoi argudio sinple bat eman nahi nizueke, haik konbentzitzeko ez bada ere —gorrik okerrena entzun nahi ez duena baita!—, gutienez lotsagarri utz ditzazuen, pertsona asko mugierazteko sistima berau.

Hizkuntzak ez dira berez erraz edo zailak. Hizkuntza konkretu bat egitera ohiturik dauden hiztunekiko, mintzaira batzu errazagoak gertatzen dira beste batzu baino. Hola, jatorri berbera dutelako, espainol batentzat kataluniera, portugesa edo italiera, kasu, ulertzeko eta ikasteko errazagoak dira, demagun, alemana edo japoniera baino. Hau edozeinek dakusa.

Alderantzizkoa ere egia izaten da, hots, aleman batentzat espainola ikastea espainol batentzat alemana ikastea bezain zaila (edo erraza) dela, hau da, hizkuntzak elkarrekiko zailtasun berbera ohi dutela. Berau euskararako aplikatuz gero, zera aterako zaigu, (basko) erdaldunentzako euskara zaila baldin bada, era berean datekeela zaila erdara euskaldunentzat, eta erdara edozein baserritar gizaixok, eskola askorik gabe ere, nola edo hala ikasten duen bitartean, gure aberchale kaletar "ikasi" askok ez dutela horregatik euskararik ikasten. Horretarako aipatzen duen atxakia euskararen pitxitasun eta zailtasuna bada, aitortu behar dute, halaber, beren odol garbi berekoak diren euskaldunek, erdara pitxia dakitenez gero, buru eta argitasun haundiagoa duketela, eta beraik, parean, kretino, memelo edo alfer batzu besterik ez diratekeela, zalantza hau beren aukeran utzirik.

Xabier KINTANAk

(1) Haren jarraitzaile batzu, maisuaganeko estimazio itsuaz eta hari meritu osoa eman nahirik, estaltzen saiatu (eta oraino saiatzen) dira Aranaren aurreko euskal giro nazionalista. Eta hori, gure egiazko historia faltsutzeaz gainera, Sabino bera nolabait mespreziatzea da. Aurrekoen lana synthetizatzean eta zabaltzean egin zuen lan IZUGARRIA berez asko eta sobera da Sabino Arana Goiri gure Herriko pertsonaia politikorik inportanteenetako bat-tzat Historian betiko gera dadin. Besteen merituak ezkutatzean, ba dirudi zenbaitzu beldur izan direla, haik jakinez gero, Sabino zokoraturik geldituko ote den.

(2) Alfonso Irigoyenek, bere Gernikako batzarreak eta euskara (3)ean, ikus ANAITASUNA 347. zenb., datu oso argigarriak dakartza sasoiko bizkaitar nazionalistez. Gogora dezagun, kasu, 1864.ean, Alejandro Rodriguez, Angel Maria de Ventades eta Juan Antonio de Menchaca-k Gernikako batzarrean egindako proposamendua: "...que la Illma. Diputacion proceda inmediatamente al establecimiento de una cátedra de Lengua Vascongada en el Colegio de Vizcaya, á fin de secundar eficazmente los patrióticos esfuerzos del P. Fr. José de Uriarte, de D. Pedro Novia de Salcedo y de otros doctos vascongados que trabajan por el mantenimiento y la perfección de nuestra lengua materna, teniendo sin duda muy presente el axioma de ALLI DONDE CONCLUYE LA LENGUA DE LOS PUEBLOS CONCLUYE SU NACIONALIDAD". Urtebete geroago, 1865.ean, Sabino Arana jaioko zen Abandon.


Euskal Herrian

Angel OTAEGI

Juan PAREDES "TXIKI"

Jose Humberto BAENA

Ramon GARCIA

Jose Luis SANCHEZ

(Bakean beude)

1975.eko Irailaren 27an Espainian afusilatuak. Zuek eta giza askatasun eta sozialismoaren alde, faxismoaren kontra, burrukatzen hildako guztiak, gogoan zauzkategu, lagunok.

 Zuek atzo,

 Gaur guk,

 Besteek bihar...

Herriko Alderdi Sozialista Iraultzaileak (H.A.S.I.k)


Euskal Herrian

Angel OTAEGI

Juan PAREDES "TXIKI"

Jose Humberto BAENA

Ramon GARCIA

Jose Luis SANCHEZ

(Bakean beude)

Francoren gobernuak orain bi urte afusilatuak.

 Hil nadinean,

nazatenean,

 ez hadi trista nigatik.

 Harraio ene bideari.

Hori eginen hukeelako

 esperantzak

 bizi baininduen ni.

X.K.

ANAITASUNAko idazle eta langile guztiok ez zaituztegu ahanzten, lagunok.


Euskal Herrian

Liberté, egalité, fraternité

Donapaleuko ikastola frantses gobernamenduak debekatzen

Paben dagoen Akademiako inspektorearen bitartez, Donapaleun aurten hasi beharra zen ikastola berria debekatzea erabaki du frantses administrazioak.

Atxakia zein da?

Agintariek diotenez frantses hizkuntza irakasteko ikastolak dituen asmoak ez dira fidagarriak. Eta hau diote, ikastola bera hasi baino lehen, batere frogarik gabe. Prefetak esan ere du "frantses" haur guztiek (eta beraz Ipar Euskadiko haurrek) egiazko irakaskuntza batez baliatzeko eskubidea daukatela. Eta eskolatze hori onhartzen ez duten aitamak legetik kanpo daudela, beraz ilegal den ikastolako aitamek eta andereñoak multa bat ukaiten ahal dute, bai eta ere preso izaiten ahal legearen arauera, ez badute amore eman nahi. Gainera "allocations familiales" deitu diru laguntzak legez kenduko zaizkiela, mehatxua ukan dute aitamek. Beraz gobernamenduak dauzkan legeak gogorki erabili dituela irudi du, ikastolak haunditzerat eta hedatzerat ez utzi nahiz.

Giscard-ek bere hitza jan du

Duela urte bat, Donapaleuri hurbil zaion Arhansusiko herrian Giscard d'Estaing-ek bisitaño bat egin zuelarik euskara lagunduko zuela hitz eman zigun kartsuki —Ongi ikusten dugu egungo egunean gezur ederrik sakatu zigula aldi hartan ere.

Frantses hizkuntzaz kanpo, burjesgoaren interesak zaintzen dituen frantses estatuak ez du beste hizkuntzarik onhartzen; hau da egia. Euskarak omen duen edertasunaz mintzatzea onhartzen du, baina euskara bera erabiltzea eta gauza guztiak euskaraz erabiltzea ez du onhartzen, frantses errepublikaren batasunaren izenean noski.

Ikastolez kanpo lotsagarria laidogarria, eta ezin onhartuzkoa da, euskarak duen toki eskasa: irratian (egunean 5 minutu), telebistan (hilabetean behin 30 minutu), frantses eskoletan (lege urria, euskararen aldekoa, ez dute ere inon, inoiz betetzen) eta administrazioan (deusik): Hego Euskal-Herrian baino askoz gutiago beraz; nahiz demokrazia omen den frantses estatuan...

Euskara gure nazional hizkuntza denez geroz euskararen erabiltzeko eta irakasteko eskubide dugu, gure herrian bizitzeko eta lan egiteko eskubidearekin batean.

Beraz SEASKA erakundea sostengatu behar dugu ahal bezain azkarki.


Euskal Herrian

Unibertsitate-barrutiaz agiria

Gobernuak, oraintsu agerturiko dekretu-legeaz, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako "distrito universitario vasco" delakoa eratu berria du. Beronetatik Nafarroa kanpoan uztean Madrileko gobernuak berriro ere gure Herria zatikatzeko bere ahalegin eta probokazio lotsagarriak erakutsi dizkigu. Honetan bereziki salhatzekoa da UCDek, gobernutar alderdiak, Nafarroaren kontra darabilen politika, oraingoan Nafarroa beste euskal herrialdeetarik bereizten duen artean, Zaragozarekin lotuta atxekitzen baitu. Barruti honetatik Nafarroa baztertzeak, modu berean, aldez aurretik, Suarezen gobernuaren borondatea aski garbi erakutsi du, datorren autonomi estatutuaren eremuaz zer pentsatzen duen azalduz. Oraingo azpikeria honetara makurtu direnen posibilismoaz geure kezka guztiak agertzen ditugu.

Gaitzestekoa dugu, halaber, unibertsitate-barruti hau erabakitzeko erabili den prozedura antiherritar eta ikasle-irakasleen kontrakoa, arazoa zuzenenik doakienek hor bat ere parte hartzerik ukan ez baitute.

Donostian, 1977.eko Irailaren 27an.

Sinatzaileak: EIA, ESB, HASI, Jazar, LAIA


Euskal Herrian. Doña Prudentzia eta Idealista

Kafetegian sartu denean, Doña Prudentziak ez du itxura onik. Salmahaira hurbildu eta kafesnea eta gailetak eskatu ditu.

IDEALISTA.— Hemen duzu, Doña Prudentzia.

D.P.— Hau gero eta txarragora doa, Idealista.

I.— Bai?. Ba guk ezkertiarrok ez dugu oraindik aginterik. Beraz, zerbait oker balego, guk ez genuke errurik.

D.P.— Aginterik ez, baina zirikatu, bai dakizuela egiten. Nire senarrak, Don Listok dio entrepresa guztiak kiebran daudela, porrot egiteko arriskuan, eta langileak gehiago eta gehiago eskatzen ari dira. Azkenean, hainbatek hertsi egin beharko du, eta orduan, zer? Denak kalean geratu beharko dira. Idealistak edalontziak garbitzen dituen artean erantzuten dio.

I.— Bart ekonomista bati zerbitzatu nion eta gai horretaz hitz egin genuen. Hark zion entrepresa askok, Francok sortutako giro faltsoan, gidari txarrak eduki dituztela. Irabazten zena banatu, eta erreserba gutxi egiten zituela. Gero, krisia etorri denean, dirurik gabe aurkitu dira, erreserbarik gabe, eta akreedoreei erantzuteko, Bankuei eskatu behar izan dizkiete kreditoak. Bankuei interes handiak ordaindu behar dizkiete, eta horrela produkzioaren kostua igon egin da. Kostua igon egin zaie, baina salmentako prezioa ezin izan dute igon, krisia eta konpetentziagatik. Orduan, galtzeak etorri dira, eta erreserbarik gabe zeudenez, entrepresa horik deskapitalizatu egin dira. Beraz, errua, nagusiena da, Administrazio Kontseiluena urte onetan urte txarretarako erreserbak egin ez dituztelako.

D.P.— Bueno, nik ekonomiaz ez dakit gauza askorik, baina nire senarrak dio langileak...

I.— Langileetaz ere ba dago zer esanik. Entrepresa askotan edonola hartu zituzten eta ez dira arduratu haien kalitatea hobeagotzen. Produzi erasten zien, eta kito. Hemen ere denbora txarretarako perspektiba falta nabari da, erreserbakin gertatu den bezala.

D.P.— Ez dakit nora goazen.

Idealista gaur oso berritsu dago.

I.— Estatuak berak eman behar luke exemplua. Hori zion atzo ekonomista hark. Estatua da entrepresarik handiena, haren langileak ehunda milaka kontatzen direlako. Espainian, Gobernu, Diputazio, aiuntamentuak, eta hainbat organismoetako funtzionariak, zortzirehun mila omen dira. Nolako produktibitatea dute guzti hauek? Ikus Europa. Diru sendoena dituen Estatuak Alemania Federala eta Suiza Federala dira, hau da, Federal izanik, armada eta polizia gutxien dituztenak. Zertarako hemen hainbeste armagizon? Horiek ez dute ezer produzitzen, gaztatu baizik. Armada eta poliziaren estrukturazio bat behar da, beharrezkoak bakarrik utzirik. Estatu eta gainerako organismo guztien berrestrukturatzea beharrezkoa da ere. Estatuak berak eman behar dio exemplu entrepresa pribatu guztiei. Estatuak bere antolamendua hobeagotzen ez duen bitartean, pesetaren balioa beherantz joango da.

D.P.— Don Listo beldur da orain udazkenean langileak sortuko dituzten eskabideak direla-ta.

I.— Eta derrigorrean egin behar. Ba al dakizu prezioak nola igon diren?

D.P.— Ez dut jakingo ba? Aberats omen garenok ere jan eta jantzi egin behar dugu.

I.— Baina zuek ba duzue nondik atera. Eta soldata urri batekin bizi behar direnak? Atera itzazu kontuak nola ibili beharko diren.

D.P.— Turista asko etorri omen da. Ea horrek zerbait konpontzen duen.

I.— Bai, hori lagungarri izan daiteke, baina ezin gaitezke beti kanpora begira egon. Turistak hona badatoz, zerbaitengatik da, eta zerbait hori aldatzen bada, hona datozen bezala beste tokiren batetara joan daitezke. Turismoan soilik ezin daiteke etorkizuna finkatu. Lagungarri bai, baina oinharri ez. Dagoenako, Doña Prudentziak bukatu du gosaria.

D.P.— Bueno, ba noa. Jantzi bat erosi behar dut eta ez dakit senarrak eman didana nahikoa izango ote den. Idealistak maltzurki begiratzen dio, eta irribarrezka...

I.— Ai, pillina! Hori zen, e?

Xabier Gereño


Euskal Herrian

Sursum corda (1) (euskal astakerien inguruan)

Bi urte dira honez gero, baina orain balitz bezain ongi gogoratzen naiz hartaz. Euskal Herriko banku batek, erdipurdiko hainbat itzulpen-mitzulpenen ondotik, bere erdal izena euskaraz "behin betiko" jartzea erabaki zuen. Nik beste zenbait euskaltzalerekin batera, eritzi batzu agertu nizkion, itzulpena egokia gerta zedin. Dirudienez itzulpen askotxo eman zizkioten bankuari, kontseilari gehiegi, antza. Eta aukeraren maukera, azkenean... okerra. Eta holaxe gertatu zen. Argi eta garbi okerra zen itzulpena hautatu zuen banku hark.

Euskal idazleen erantzunkizuna

Aldizkari batetan itzuritako okerra, okerra izanagatik ere, ez ohi da oso larria. Aldizkaria eskribu iragankorra baita, behin irakurri ondoan zokoratzekoa. Liburu batetan egindakoa, aldiz, oker handiagoa dateke, liburua behin baino gehiagotan irakurtzen da eta. Kartel ageri batetan egindakoa, aldiz, larri-larria da, jende askoren begietara sartzen delako.

Ez dezagun deus esan, azkenik, oker hori ez behin, baizik eta hainbat tokitan, publizitate zabalez hedatzen baldin bada! Kasu horretan egindako okerrek ez dute barkaziorik.

Hala eta guztiz ere, Herri normal batetan, bere hizkuntza eta kultura nazionalak ofizialki irakatsi eta zainduak dauzkan batetan, grammatikaren edo historiaren kontrako okerrak ez dira, egia esan, hain pisutsuak. Horietan, jakinak eta ezagunak direlako, oker bat egiten duena, automatikoki, erizpide kritiko normala daukaten herritar gehienen begietan, ezjakintzat hartua izaten da, eta hura kultur mundutik deskalifikatzen. Okerra, gainera, edozeinek zuzen diezaiokeenez gero, ez da hain larria.

Euskal Herrian, aldiz hori ez da horrela. Jende gehienak beren hizkuntza nazionalean ez daude alphabetaturik. Horregatik ez dute euskara irakurtzeko ohiturarik, eta are gutiago, noski, idaztekorik. Kasu honetan, eskribuetan egindako okerrak barkaezinagoak dira, eredu txar horren aurrean jende arruntak defentsarik ez duelako. Letra inprimatuak indar haundia dauka, erakartasun nabaria eta euskaraz guti dakitenek, eskuharki, zera uste dute, euskaraz idaztera ausartzen direnek, horrexegatik, hori egitea hain normala ez delako, gutienez ba dakitela ondo idazten, gutienezko euskal grammatika ongi menderatzen dutela halegia.

Euskal idazleen hitza, hortaz, legetzat hartzen du jende xumeak. Erizpiderik ezaz, lastoa eta garaua bereizten ez daki, eta berdin irensten du dena. Hortik gure idazleen erantzunkizuna. Hortik, stylistikaz arduratzen hasi aurretik, eskribaeraz, orthographia soilaz ere kontu eduki beharra. Honetan arrazoi osoa ematen diot Joxe Azurmendiri, eta barka biezat, otoi, Bernardo Atxagak, hurrengo maila batetan, hots, normaltzean, hori erabat gainditu beharra egon arren.

Horrexegatik, beraz, kartel publiko eta hainbat tokitan agertzeko den batetan azalduriko okerrak berehalaxe salhatzekoak dira; eta gogorki salhatzekoak, hain zuzen, gure Herri zoritxarraz bere hizkuntzan ez jakinari nahasterik sor ez diezaioten halakoek.

Sursum corda edo desarrazoiaren arrazoia

Bihur nadin orain lehengo kontura, aipaturiko banku horretan. Nik neuk, kortesiaz, bertako zuzendariari gutun bat bidali nion, hartan bankuaren izen berriaren desegokitasuna eta okerra xeheki azalduz. Gure gizonak, oso modu onean, erantzun egoki bat eman zidan, berak ez zuela horretan parterik hartu esanez, eta ni bankuko "euskal" arduradunagana zuzenduz.

Nor zen jakinik, jaun horrexegana joan nintzen, neure kezka azaltzera. Bera gizon zaharra zen. Ongi errezibitu ninduen eta luzaro mintzatu ginen. Euskaraz gainera. Nire argudioen aurrean berak inolako arrazoi zuzenik ezin kontrajar zezakeela ikusi zuenean, gutien espero nuenean, honela ihardetsi zidan: "Es igual, ya lo hemos puesto así y así está bien, como le hubieramos puesto SURSUM CORDA ".

Ni neu, arrapostu harekin erabat harriturik geratu nintzen. Hainbat aldiz entzuna dut diplomaziarik eza gazte bihurrion bekatu exklusiboa dela eta ez nuen espero, egia esan, umegorritasuna hain atzean utzia zuen gizon zahar eta zuhur bategandik holakorik.

— Hortik hasi beharko zenuen, gizona —erantzun nion. Horrela grammatikazko eta histori azalpen guztiak aurreratuko zenizkidakeen. Sit pro ratione voluntas (=,"izan bedi borondatea aski arrazoi!") horrekin ez nuen nik han zereginik. Lauzpabost hitz, ez hain kortesiazkoak, elkarri egin ondoren, alde egin nuen nik handik.

Ez da hemen ardurakoa zein banku zen hura esatea. Bekatu aipatzea aski da, bekataria esan gabe ere. Hori zuzen dezaketenek, bestalde, arazoaren berri ba dakite eta okerra zuzentzen ari direla esanen nuke gainera. Pasadizoa kontatu badut, esanguratsua eta gure arteko zenbait arazoren absurdukeria ilustratzeko egoki delako egin dut.

Iturria: euskara symbolikoa

Arazo honen jatorria guztiok dezagugu: euskara, eguneroko komunikabide normal gisa barik, hura, soil-soilki, symbologiarako erabiltzea. Eta symboloak, berez ulertzeko ez, baizik eta azaltzeko, interpretatzeko zerbait izaten dira, horregatik, euskara symboliko hori, euskaldunek ulertzekoa ez, baizik erdaldunei azaltzekoa denez gero, zenbat eta "garbiagoa", hots, zenbat eta ulertezinagoa, are hobeki. Horrela, gure hizkuntza harrigarri eta arraroaz erdaldunak aho zabalik eta txundituta uzteko keria horrek, ondorioz, maiz euskaldunok ere harritzeko punturaino garamatza.

Hitzaldi xelebrea

Euskara "Kanporako" edo "itxurazko hizkuntza" gisa erabiltze honetaz anekdota pitxi bat kondatuko dut, karikaturaz, oraingo egoera txit ongi erakuts dezakeena.

Duela hamar bat urte gertatu zen. Sasoi hartan Europako ethnia ttikien aldeko federalistek bilera bat egin zuten Suitzan. Bertan, Euskal Herriaren ordezkari gisa, bilbotar abokatu bat zegoen, euskaraz ez zekiena. Bileraren bukaeran zera erabaki zen, symbolikoki, Herri bakoitzeko ordezkariek beren hizkuntza nazionalean hitz batzu esatea. Hasi ziren bretoiak, gero flamendarrak, geroago katalanak, ondoren galestarrak... eta halako batetan gure herkideari heldu zitzaion txanda. Hark ez zekien euskaraz mintzatzen, baina han euskaraz egiten ez bazuen, irrigarri utziko zuen gure nazioa. Zer egin?

Gure gizona argia da eta txanda heldu zitzaionean mahaira igon eta honelako hitzaldia egin zuen: Ni naiz, zu zara, bera da. Euskadi ta askatasuna. Santa Ageda, Ageda, gure martiri maitea. Txakurra, gizona, eliza, ardoa. Gu gara. Boga boga marinela. Gora Euskadi askatuta!

Ondoren, txalo beroak jotzen zizkioten artean, serio-seriorik, bere tokira bihurtu zen.

"Hizkuntza pitxia da euskara —esaten omen zuen batek— ozentasun handikoa". "Umoretsu jo bide du" —gaineratu omen zuen beste batek, bertan ziren beste euskaldunek irribarre egiten zutela ikustean.

Hau holaxe gertatu zen orduan. Eta holaxe segitzen du gertatzen orain ere meeting askotan ere. Erdara ez dena euskaratzat jotzen da, eta obligazioz, symbolikoki, konprenitu gabe txalotzen. Baina bistan dago erdaldunentzat "euskara" den hori maiz ez dela euskaldunontzat ezer.

(segitzeko)

Xabier ARMENDARITZ


Euskal Herrian

Gipuzkoako Hirigintz Batzordea demokratizatu nahiz

Irailak 12, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo ofizialaren Donostiako etxean hauzo elkarte, profesional elkargo, alderdi eta alkate demokratikoen taldeak zita bat zuten prentsakoekin batean.

Gaia garrantzitsua izanik, eta 1.977.eko Ekainak 2ko Dekretuak ipini zuen epea Irailaren 17rartekoa bakarrik zela, Arkitektoen Elkargoak Hirigintz eta Herri lan Ministrariari zuzendutako eskribua presentatu ziguten mahai inguruan, guztion artean aztertu eta egokitzat joz gero herri elkargoen ordezkariek ere izenpeturik presio handiago bat egin zedin.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Aginte Batzarreak Irailak 3ko bere bileran, izendatutako Ministrariari, Probintziako Hirigintz Batzordeen berregituraketarentzat, elkargo honen eritziz hartu behar diren erizpideak azaltzen ziren eskribua bidaltzea erabaki zuen.

Txalogarria benetan Arkitektoen Elkargoak bota diguten oihua, berak urratu baitu Hirigintz Batzorde arazo hau, eta berak tinkatu hagina, bestela, Espainiako Administralgoak betiko erdikoikeria eta burokraziaz jarraituko zuen hain herritar eta soziala den gai honetan, hain zuzen, Arkitektoen Elkargoari esker esnatu gara bai hauzo elkarte eta bai alderdiak ere. Gipuzkoako urbanizaketa eta hirigintzarako garrantzi handia eta konpetentzia zabalak dituenez, delako Batzordea herritarra eta euskaldun bihurtzen saiatu beharko gara.

Halere, mahai inguruan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Ministrariari eginikako eskribuaz eritzi desberdinak agertu ziren. Jakinekoa da orainarteko Probintziako Hirigintz Batzordeen konposaketa Estatuaren ingurualdeko zerbitzu ofizialen ordezkariek menperatzen baitzuten udal eta diputazio demokratikoen ordezkariek osatu beharko dute delako Batzordea.

Batzorde horretan, ordea, baita ere profesional elkargoen ordezkariak egotea eskatzen zen Batzordeak teknikazko laguntza ofiziala izan dezan Baina, desberdintasunak Batzordearen herri kontrolpea nola ulertu eta eratu beharko litzatekeen eta sortu ziren. Arkitektoen Elkargoak alderdi, hauzo elkarte eta herri batzarrearen ordezkariak bozarekin baina boturik gabe aipatzen zituelako, agertu ziren mahai inguruan eritzi kontrajarriak. Hirigintz Batzordea herri kontrolpean jartzeko ez baita nahikoa boza edukitzea, herri batzarreei eta herriko beste ordezkariei erabakitzea ere ba zegokiela aipatu zuten HASI eta OIC alderdikoek, hauzo elkarteetako beste ordezkari batzuk bezala.

Gauzak horrela, ia ez zegoen guztion konformitatezko eskribu berri bat egiteko betarik, eta Arkitektoen eskribua Ministrariari bidaltzea ongi ikusirik ere, beste eskribu labur eta oinharrizko bat idaztea erabaki zen, halegia, Ministrariari Dekretuak ezarritako epea luzatzeko, eta Probintziako Hirigintz Batzordeen egitura demokratikoa eta dezentralizatua izan behar dela eskatuz.

Eta hurrengo egunetan 25 elkargoen ordezkariak, beren elkargoen oneritziarekin ondorengo eskribua izenpetu zuten Ministrari jaunari igortzeko:

Alex

***

HIRIGINTZ ETA HERRI LAN MINISTROARI

Ministro jauna:

Ordezkariak garen erakunde eta elkarteen izenean behean izenpetzen dugunok, hile hontako 12an bildurik eta bilera hortan erabaki zenez, zera AZALTZEN DIZUTE:

1977ko Uztailak 17an Estatuaren Boletin Ofizialean Ekainak 2ko Errege Dekretoa zeinean Estatuak, Probintziako Hirigintz Batzordeei, plangintzaren egiketa eta eraginduraren arloan ematen dizkien atribuipenak azaltzen ziren eta baita ere lege horren azken 4. erabakiaren araura Batzorde hauen berregituraketarentzako dagoen hiru hilabeteen epea.

Errege Dekreto honek nabariki gehitzen dituen atribuipenen garrantziarengatik, alegia:

a).- Informazio aldetik

b).- gestioaren aldetik

c).- erabakien aldetik

d).- fiskalizapen aldetik

eta oraingo Probintziako Hirigintz Batzordeen konposaketa Estatuaren Ingurualdeko zerbitzuen ordezkariek menperatzen bait dute, bertako erakundeen ordezkaritza tiki bat, eta profesional herri edo hauzoko beste bat tikiagoa ezik,

behean izenpetzen dugunok, Probintziako Hirigintz Batzordeen berregituraketak hurrengo hiri bilakaerentzat duen garrantziarengatik, eta proposamen zehatza egiteko denbora materialik ez bait dago, zera uste dugu:

1.- Probintziako Hirigintz Batzordeen egitura demokratikoa eta deszentralizatua izan behar dela.

2.- 1977ko Irailak 17 arteko epea, tarte egoki batera handitu behar dela, 1. puntuko irizpidearen arau oraingo politik egoeraren kezka eta beharrei erantz teko egokia izan behar den proposamen iragankor bat egiteko denbora ukaiteko. Beraz, Azaldutzat ukan, bide eman, eta emen azaltzen diren puntuak kontutan har ditzazun, EZKATZEN DIZUGU.

Donostia, 1977.eko Irailak 12

Fdo: Edorta MURUA UGARTEBURU

Secretario

Fdo: Francisco de LEON MOLINA

Secretario

Fdo: José Luis Camino AIZPURUA

Vice-Presidente

Fdo: Gabriel CRUZ ARROZPIDE

Delegado del Comité Ejecutivo de E.S.E.I.

(Euskadiko Sozialistak Elkartze Indarra)

Fdo: José Mª IRAZUSTA GARICANO

En representación de H.A.S.I.

(Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea)

Fdo: Coro ARZA ALVAREZ

Presidenta

Asociación de Vecinos de Amara Nuevo

Fdo: Joseba A. Leizaola AZPIAZU

Por el G.B.B.

Fdo: Juan José MANTXOLA PERURENA

En representación de A.N.V. (Acción Nacionalista Vasca)


Euskal Herrian

Donostiako XXV. Zine Jaialdia hauzo eta herrietara ekarri dugu

Herriari beti ukatu zaiona, herria ari da eskuratzen. Herriarentzat izan behar duena, herria ari da lortzen. Hau, arlo guztietan egia baldin bada, kulturan ere honela doa prozesua.

Donostian urtero egiten den Nazioarteko Zine Jaialdiak, aurten bira bat eman du. Zine Jaialdi hau, hiltzeko zorian zegoela, dei bat egin zitzaien zenbait artista eta Donostiako Kultur Elkarteei, hauek interesgarria aurkitzen bazuten, Zine Jaialdia beren eskuetan har zezaten.

Asanblada ireki bat egin zen eta bertan, iragaitzako Komite bat aukeratu, Zine Jaialdi herritarrago bat eratzeko helburuaz.

Lehenen aldatu zena, filmeak aukeratzeko modua izan zen; multinazionalek egiten dituztenak, ahal zen neurrian, alde batera utziz, eta kalitatea, arrazoi garrantzitsuena bezala hartuz.

Herritartasun ideia hau aurrera eramateko, interesgarria izanen litzatekeela hauzo eta herrietan Zine Jaialdira ekarritako filmeak pasatzea pentsatu zen. Txapelketara datozenak, ezin dira Donostiatik atera, nazioarteko erregelamenduak dioenez, baina besteak bai. Bestaldetik, azkeneko hauen artean egoten dira interesgarrienak, eta ez txapelketara datozenen artean.

Hauzo eta herrietarako programa eta eginkizunak eratzeko, bilera batzu egin ziren toki bakoitzeko ordezkariekin.

Herrietara ekarri nahi genituen filmeak asko ziren, baina produktoreek eta, zenbait arazo jartzen zigutenez gero, azkenez zerrenda labur xamarra geratu zitzaigun.

Adibidez, Passolini ez genuen ekartzerik izan, Buñuel-enen artean "El angel exterminador" besterik ez, etab.

Hala eta guztiz ere, ba zegoen sesio onak eratzeko materialea, ondoko herri hauetan egin zen bezala: Añorga, Donostiako "Corazón de Maria", Lasarte, Zarautz, Andoain, Billabona, Trintxerpe, Pasai Antxo, Hernani, Intxaurrondo, Errenteria, Orio, Arrasate, Irun, Oinati, Donostiako "Principe" eta Legazpia. Hauk izan dira, aurten Zine Jaialdia izan duten hauzo eta herriak. Toki hauetan ikusi ditugun filmeak, hurrengoak izan dira:

EUSKAL ZINEMA:

- Iñaki Nuñez-en BOLTXEBIKEAK IRRIPARREZ.

- Iñaki Nuñez-en ESTADO DE EXCEPCION.

- Rafael Ruiz Balerdi-ren LA CAZADORA INCONSCIENTE.

- Anton Merikaetxeberria-ren EUSKAL SANTUTEGI SAKONA.

- J.B. Heinink-en IKURRIÑA FILMEA.

- Antton Ezeiza-ren MINA, VIENTO DE LIBERTAD (Kubakoa).

- L. Buñuel-en EL ANGEL EXTERMINADOR (Mexikokoa)

- Thomas Harlan-en A TERRA TORRE BELA (Portugalekoa).

- Mario Robles-en EXPROPIACION (Perukoa).

- Sara Gómez-en DE CIERTA MANERA (Kubakoa).

- Manuel Pérez-en RIO NEGRO (Kubakoa).

- Gonzalo Herralde-ren RAZA, EL ESPIRITU DE FRANCO.

- Raúl Araiza-ren CASCABEL (Mexikokoa).

- Fernando Colomo-ren TIGRES DE PAPEL.

- Marco Bellochio-ren MARCHA TRIUNFAL (Italiakoa)

- Humberto Solas-en LA CANTATA DE CHILE (Kubakoa)

- Tomás Gutiérrez Alea-ren LA ULTIMA CENA (Kubakoa).

- Bernardo Bertolucci-ren NOVECENTO (Italiakoa)

- Miguel Alcobendas-en LORCA Y LA BARRACA.

Filme bakoitzaren kritika ez dugu orain eginen, baina jeneralean esan dezakegu, ideologia aldetik oso interesgarriak izan diren filmeak ikusi ditugula; gehienak, errealismo sozialista batean sartuak. Zine militantea deritzona, oso egokia izan zaigu herrietan, orain arte ikusi izan ditugun filmeen aurrez, gauza sakon bat agertzeko. Filmeak ikusi ondoren sortu izan diren eztabaidak iruditu zaizkigu, esperientzia honen ondorio aberasgarrienak.

Jende pila bat etorri da Zine Jaialdi hau hauzo eta herrietan ikustera, bertan agertu ziren direktore, aktore eta abarrekin, ideia aldaketa bat izateko aukera eman digute. Benetan positiboa izan da, filmeen gain hitz egiten, beste gizarte moeta batean nola alda daitekeen bizimodua ikustea; Kubakoek erakutsi diguten bezala, bere herriari buruz hitz egitean.

Baina... hasiera besterik ez dugu izan hau. Hemen bide batean abiatu gara eta bide hori luzea egingo zaigu benetan. Ez da aski, urtean behin, pelikula on bat ikustea. Herriak ez du zinema ikusi behar, huts-hutsik, baizik eta zinema egin ere.

Eta Euskal Herrian, oso atzeratuak gaude gai honetan, kultura aldetik sufritu dugun zapalketaren ondorio bezala.

Urrats bat, hauzo eta herrietan, hemendik aurrera, hilabetero guttienez, filme on bat pasatzeko aukera ahal izatea izanen litzateke.

Jendeak, hiru egunetan, zine berri baten kontzientzia hartu baldin badu, ez bagara orain geratzen, zinelari ugari sortuko zaizkigu geure herrian.

Eta hau, behar beharrezkoa dugu gaur egun Euskal Herrian, lehenengo mailako adierazpide bat mundu osoan zinea dugunez.

Itziar


Iberian zer

Eritzia

Ba genekien nola zen Suarez. Ez dago orduan ezertaz harritzekorik. Arazo guztien konponbideak nola luzatuz hala gaizkoatuz doaz, bai politikan bai ekonomian. Gorteak bitartean, frankismoaren sasoian bezala, komak eta puntuak aztertzen saiatzen dira, funtsezko azterketak ukitu nahi eza. Bi urteetan emango dela konstituzio berri bat. Edozein estatuk bi edo hiru hilabete behar ditu konstituzio berri bat abiadan ipintzeko. Hemen aldiz, Spain is different delako horrengatik edo, gure konstituzio-emaileak bi urtebetez arituko dira horretaz. Benetan zoraturik daude. Epea luzea da. Dauzkagun arazoak eta ekonomia goitik aginduz, prozesu honek edozein momentutan porrot egin dezake. Suarez, ez da Kerenski lerdoa eta ez dakigu zeintzu arrazoi ilunengatik prozesu luze hau hankaz gora buka daitekeen. Arrazoi ilun horien argitasunez beldurtzen gara benetan. Kapitalaren ihesketa gelditu al da? Estatu honetako aberatsak demokraziaren alde al daude? Estatu honetako politik alderdi indartsuena, hots: Armada, demokrazia burjesaren alde al dago? Ordenu zaintzaileak noren alde daude? Guzti hauek ez dute inolako barne garbiketarik eduki. Berton kokatzen den ideologia eta ohitura frankismoaren denboraldikoa da. Inork ez du nahi bertan eskusartzerik egin, baina eskusartzea derrigorrezkoa da. Epe batean, lehenengoan behintzat, Centrokoek eta Estatu honetan kontrolatzen dituzten aberastasun guztien ordezkariek begi onez ikusi dute zaintzaileen gogortasuna, inor senetik irteteko gogorik edukiz gero nortzu zeuzkaten aurrean jakin lezaten; eta ongi jakin egin dugu guk, zuek eta baita ere PCren monjek eta Filipitoren jesuitek, biguntasuna errealitatezko politika bat zela erakutsiz. Ekainaren 16tik hona biguntasunezko politika hau aurrera doa, parlamentariak gorteetako eztabaidekin libertituz eta Estatua pikutara joanez. Frankismotik demokraziarantz izan zitekeen lema edo miraria, frankismoarekin demokrazia bilakatu du Suarezek, eta honek ez du zentzurik. Egoera hau bukatu beharrean legoke eta bukatzen ez bada laster gu bukatuko gaituzte, Suarez eta Centrokoak ere atzerrira bidaliz. Avilako jauregiberria, beraren fama, barreak etab. bukatuko zaizkio era berean.

Euskal Herrian duela urtebete KASek hautakizuna egin zuen. Orduko zentzu onaren ordezkari politikoek hura ametsetako eta maximalistatzat jo zuten indar zapaltzaileen deuseztapena: Zer zen hura! Santanderen PSOEko parlamentari bati egindako ukituak aski bide eman dizkio PSOEri, Euskal Herriko orain arteko hil, preso, torturatu eta zauritu kontaezinak erabat ahantziak zeuzkanari, indar harmatuak kontrolatu beharra lau haizetara aldarrikatzeko. Cousas veredes adiskide minimalistak!

Damu dut Florentino Hergueda kapitainaren erhailketa edo asasinatzea. Benetan damu dut. GRAPO, zein CRISTO REY zein faxista guztiek asmatzen eta kontrolatzen dituzten erakunde harmatu horien helburua oso klarki dagoelako. FAXISMOA berriro Estatu honetan ezarri nahi dute.

Begien bistan dago, edo egon beharko luke, itsu izan nahi ez dutenentzat behinik behin, indar harmatuak erroz eta sakonki eraberritzen ez diren bitartean hemen ez dela hiritar eta demokrazi giro iraunkorrik egongo. Bidea ez da ene ustez azken asasinatze honen egile materiala nor izan den jakin eta harrapatzea, bihar beste bat eta etzi beste bat berdin gerta baitaiteke. Soluzioa sakonagoa da. Horregatik zailagoa, premiazkoagoa baina.

E. Hirusta


Gramatika saila

-ta atzizki adberbialaren erabilkera

Aurreko artikuluan azalduriko arazoaren haritik —askatuta/askatua—, oraingo honetan ere -ta atzizki adberbialarekin zerikusirik duen puntu bat aztertuko dugu.

Esan genuen bezala, askatuta eta antzerako hitzak adberbioak dira. Orohar, nola galdegileari erantzuten diote.

Nola? Askatuta, nekatuta, piztuta, jantzita.

Honetaz, ba, -(r)ik eta -ki/-gi atzizkien funtzio berbera betetzen du: askaturik, askatuki.

Nola? Askatuki, poliki, ongi, askaturik, pizturik.

Hauk guztiok adberbioak dira, eta arrazoi horregatik ez dute deklinabiderik. Bistakoa da, beraz, ez dutela ez singularrik, ez pluralik, ez antzekorik. Berdin esan daiteke eta esaten da:

 askatuta dago askatuta daude

Hala ere, sarri entzuten da —euskaldun ikasi berrien artean batez ere— eta batzutan idatzirik ikusten ere, honelako gauza bitxirik:

 askatuta dago baina askatutak daude

Hots, askatuta adberbioa izen edo adjetibo bat bailitzen erabiltzen da eta -k pluralizatzailea jartzen zaio.

Azken batez, arazo honen atzean, adberbio/partizipio nahastea dago: askatuta/askatua. Eta lehenak deklinabidea ez duenez eta bigarrenak ba duenez, hor dago nahastea.

Nahaste horren erruz, honelako esaldiak aurki daitezke liburu eta aldizkarietan:

...paper hauk onhartuak izatea espero dute

guztiz nekatutak daude

60 ikasleetarik 40 atera ziren, minduak, jotak

Kasu hauetan onhartuak, nekatuta, eta minduak/joak edo minduta/jota erabili behar dira.

Beraz, berriro diot: nekatuta adberbioa da eta nekatua adjetiboa. Lehenari ezin dakioke erants deklinabideko atzizkirik; bigarrenari, bai.

J.R. Etxebarria


Sukalderako saltsak

Oilaskoa esnegainaz

6 lagunentzat behar dituzu:

Bi oilasko (bi kilokoak gutti gora behera). 60 gr. gurina edo margarina. Bi katilu esnegaina (250 gr.). Bi arraultze. Goilarakada bat ziape (1). Gatza eta biperhautsa.

Zatika itzazue oilaskoak. 12 Zatitan gutti gora behera. Dora itzazue zati guztiak. Honetarako, bota lapiko batetara gurina ala margarina eta oilasko zatiak. Kasu!: oilasko zatiak ez dira irinetan ipini behar. Doratu eta gero bota egizue gatza eta biper-hautsa.

Lurrun lapikorik baduzu hobe duzu berton zati guztiak doratu egitea, gero bota ezazu lapiko bertan ur pixkat (baso bat edo) eta goilarakada bat ziape (1) bota diezaiokezu. Ziapea "de dijon" ala Donostiakoa izan behar da besteak ez du balio. Ziapea egosiz gero bere bizkortasun eta mingar erdia galtzen du. Horregatik ez beldurrik izan. Lapikoa hitxirik ipin egosten 15 minutu gutti gora behera.

Lurrun lapikorik ez baduzu, bota ezazu ere ura (oraingotan bi baso) eta hitxi egosten ondo egin arte (20 minutu guttigora behera).

Bitartean irabia itzazu arraultzeak eta nahasta esnegainarekin.

Zatiak egosi eta gero ez da urik ia ezer geratu behar lapiko barruan. Geratzen bazaizu bota ezazu. Bota ezazu lapiko barrura arraultze irabiatuaren eta esnegainaren nahastura eta eragin bizkor. Kasu! ez hitxi inola ere irakiten; horretarako su ttikian egon behar da lapikoa.

Saltsa lodia bihurtu denean erretira sutatik. Jateko hau edozein barazkiekin batera zerbitza daiteke.

Perretxikoak saltsa honekin nahasturik, oso laguntzaile onak izaten dira.

On Egin

(1) Mostaza: Moutarde


Munduan barrena

Gales: zer ikusi, hura ikasi

Datu geografiko eta soziologikoak

Gales Herria (Cymru = "Kimru" bertako hizkuntzaz) Britainia Haundiko mendebalean kokaturik dago. Geografia aldetik herri menditsua da. Haran eta ibar ugari ditu. Tradizionalki Gales, artzain, baserritar eta arrantzaleen herria izan da. XIX mendetik hona Gales Herrian transformakuntza asko gertatu dira. Gaur, benetako herri industriala dugu. Industriak eta faktoriak, bazter batzu kendurik, ia leku guztietan aurki daitezke. Hiriburuan eta inguruko eskualdeetan batez ere. Gales Herriko zabalera hogeita bederatzi mila km. koadratu ingurukoa da. Euskal Herria baino pixkat handiago beraz. Mila bederatziehun eta hirurogeita hamaikan, orduko estatistiken arauera, bi milioi zazpiehun eta hogeita hamaika bizilagun zituen. Ehuneko hirurogeita sei hiriburuan eta inguruko eskualdeetan bizi dira. Bertoko industria nagusiek burdingintzan eta altzairugintzan dihardute. Azken urteotan eta lanbide horien krisis mundialaren ondorioz burdingintzak eta siderurgiak gero eta lanpostu guttiago sortzen du. Galeseko ekonomiaren etorkizunak transformakuntza osoa behar du, industria ttikiago eta espezializatuagoak sortuz. Bertoko agintariek eta ekonomilariek bide berri honen premia ikusi eta bertan abiatu dira.

Lan honetan hizkuntzaren arazoari lotuko gatzaizkio batipat.

Galestarren hizkuntza, bretoieraren enbor berekoa da. Keltar hizkuntza. Gaur egun, mila bederatziehun eta hirurogeita hamaikaren estatistiken araura, 542.000 galestarrek hitz egiten dute galeseraz. Galesera nekazarien eta arrantzaleen hizkuntza da batipat. Iparraldeko eta mendebaldeko eskualdeetan oso zabaldurik dago. Hiriburuan (Cardiff) eta inguruko eskualdeetan oso gutti entzun daiteke. Hala ere, aurrerago ikusiko ditugun arrazoiengatik, lehen guztiz galdurik zegoena, orain esnatzen eta birpizten ari da, herri industriaztatuetan ere bai.

Duela mende bat hizkuntzaren egoera guztiz ezberdina zen. Orduan ehuneko berrogeita hamabik galeseraz hitz egiten zuten.

Konparaketa hau egitean, guztiok, seguru nago, Euskal Herriaren problematikaz pentsatzen ari gara. Harrigarria da benetan, zenbait arazori buruz, Euskal Herriak eta Gales Herriak dauzkaten kidetasunak. Zabalera, bizilagunen kopurua, hizkuntzaren gorabehera etab. Zoritxarrez elkarren arteko harremanak oso gutti dira eta berauk ugaltzea denok desideratuko genuke. Hala ere, gauzak hobeki ulertzeko, eta balioztapen zuzen bat egiteko, zenbait puntu argitu beharren gaude. Hona hemen: A) Ez dute diktadurarik pairatu. B) Ez dute gerrarik egin. C) Kontsumozko gizartea eta burjes demokrazia, han Euskal Herrian baino askoz lehenago sortu zen.

Herriko hizkuntza eta kulturari buruzko historia labur bat

Gales-literatura nahiko zaharra da. Euskararena baino askoz zaharragoa. Seigarren mendean ba daude lehengo arrastoak. Hala eta guztiz, hiru mendez geroago, lehengo eskribu eta obrak aurkitzen dira. Zahartasun honen arrazoia sinplea da. Garai haretan Gales Herria, eta orain ere bai, latinetik ez zetozen hizkuntzez inguraturik zegoen eta dakigunez Latina zen orduan Europako mendebaldeKo kulturaren hizkuntza. Hau dela eta, latin eremutik kanpo kokaturik zegoen, beraren eraginpetik baztertua. Galestarrak, bertako botere politikoren babesean eta agindupean aurkitzen ziren. Geroago XII mendearen inguruan etxeko botere politiko hau, gero eta gehiago deseginez doa, Ingalaterrako erregeek Gales guztia suntsitu arte. Ordurarte, Administralgorako kontuak, nobleziaren arteko harremanak, eskribuak, legeak, galeseraz agertzen dira. Ordutik aurrera, frantsesez lehenengoz, eta ingelesez gero agertuko dira. Noblezia kanpotarren modu honi jarraituko zaio beraren burua ingelestatu arte.

Esaten ohi da, Gales herriaren historia, beronen hizkuntzarena da.

Izan ere, "iaith" berbak bi zentzu ditu. Bata hizkuntza, bestea herria edo nazioa. Kasu hau, guk uste arren, ez da Euskal Herriarena bakarrik izan. Europako keltar hizkuntza guztietan sinonimotzat jotzen da herria eta hizkuntza. Gales literaturaz ari garelarik, galeseraz idatzitako lehengo biblia bostehun eta larogeita zortzigarren urtean (1587).an publikatu zela jakiteak merezi du. (1). Garai honetan jadanik, judizial hauzietan, politik biltzarretan, administralgorako edozein gauzatan galesera egitea debekaturik zegoen. Ingalaterrako koroarentzako iraintzat hartua izaten zen. Gure Euskal Herrian bezala galesdun ausartiak gartzeletara zeramatzaten. Herri apalak, bitartean, galesera bakarrik ezagutzen zuen eta galeseraz ematen zitzaion erlijioa. Garai honetako idazleak elizgizonak izaten ziren. Gales Herriaren kultura elizgizonen eskuetan zetzan eta, beraien bidez kultura oso bat iragaten baitzen. Herriaren lanbideak lurlangintza eta abeltzantzan zeuden. Gales Herriaren lurra pobre eta gutiziatugabekoa zen. Unibertsitaterik ez, zegoen kultur elkarterik ere ez,eta zeudenak, atzerritar hizkuntzaz eta bertako jauntxokeriaz beteak ziren. Baina XIX. mendearen bukaeran panorama idilikoa goitik behera aldatuko zen bat batean. Meatzeek, industriek, inmigrazioak, aldatuko dute. Milaka eta milaka langile datoz inguruko herrialdeetatik. Maisuak, maistrak, denak ezgalesdunak, funtzionariak, merkatariak etab. Eskoletan gure erhaztun berbera erabiliko da eta erhaztuna nahiko ez denean zigorra ere bai. Larogei urtetik hona gehiengoaren hizkuntza minoriaren hizkuntza bilakatzen da. Ba dirudi benetan gure historia kopiatu digutela edo bestela guk haiena. Baina historia hau, botere politikorik ez daukaten herri guztien historia da.

Gauzak honela, 1922 urtean gure "PNV" modukua sortzen da. Galeseraz "Plaid Cymru" baina the Welsh Nationalsit Party izenaz ezagunagoa. Alderdi hori nolakoa den eta zein ideologiatan finkatzen den esatean soberan dago, aski ezaguna dugu geure P.N.V. horretarako. Baina orduko Euskal Herriaren politik arloa eta Gales Herriarena ez dira berdin. Hemendik aurrera, gauzak aldatuko dira. The Labour party-k (P.S.) ez du aurrez aurrez jarrera antigalesik hartuko. Ez da aurrez Gales herriaren kontra joango, politika kriolo bat praktikatuz. Ez da PSOE gisan erdirakoi porrokatua izanen. Beronen orduko politika, gaur egun PSOEk duen politikaren konpara daiteke: "Esan bai, baina egin ez" izanen dute kontsigna politikoa. W.N.P.ak ez du indarrik asko edukiko mila bederatziehun eta berrogeita hamasei urtera arte. Indarra hartzeko, teoria mailan erdibazterturik zeuzkan hitz pottoloak praktikatzen saiatzen da. Ezkerralderago jotzen du hango PSOEri politik espazioa kenduz. Commonwealth osotzen duten herrien artean subiranotasuna eskatzen du. Nazio Batuetan errepresentapena eduki nahi du. Guztiau eskatzeko duen arrazoi bakarra ez du historian ipitzen, hizkuntzaren larritasunean topatzen dute arrazoia. Geroxeago parlamental joko fruitugabeko batetan sartzen dira, lehengo kontsignak ahaztuz, eta histori arrazoiak bilatu nahian. Hizkuntzaren arazoari parlamental jokoek ez diote mozkinik asko ekartzen; jendea eta batez ere gazteria aspertuz eta nekatuz doa.

Data historiko bat

Mila bederatziehun eta hirurogeita bigarren urtean (1962) Otsailaren 21an, B.B.C. bidez, Gales Akademiako hizkuntzalari eta poeta famatu batek, hizkuntzaren egoerari buruz programa bat galeseraz egitea lortzen du. Bertan azaltzen duena gogorra da. Hona hemen haren hitzaldiaren pasarte batzu:

"... Seguru gaude; oraingo egoera hau aurrera joanez gero, datorren menderako edo mende honetako azken urteetarako, galesera, hizkuntza hila izanen da. Ba al dago itxaropenik? Ez,... ez dago itxaropenik. Menderen mendetan gure arbasoengandik harturiko politik tradizioak eta gaurko ekonomiaren abiadurak ez datoz gure hizkuntzarekin batera, danak hizkuntzaren superbizipenaren kontra dira. Inork ezin alda dezake egoera hau, galesDUNen ausartziak izan ezik. Indarra, burruka, sakrifizioa eta ahalegin guztiak eskatzen dituen ausartziak, ez bestek, salba dezake bi mila urteko historia... hizkuntza salba dezakegu. GalesDUN herriak eta eskualdeak ba daude oraindik. Bertan, kanpaina oso bat antolatu beharrean gaude. Gure burruka desesperantzaren kontrako burruka izan behar da. Eska ezazue elebitasuna. Orain eta bertan, kaleko izenak apurtuz... kamino eta autobideetako letreroak pintatuz eta izorratuz, ingelesez dauden paper ofizialak, kontribuzioak. zerga, mundak, bankuletrak ez ordainduz. Eska ezazue galesera fabriketan, postetxeetan, hondartzetan, kiroletan aireportuetan, polizi komisaldegietan... esaten badizuete gure jarrera hau eta ingeles demokrazia ez doazela batera herri honetan ez dagoela inolako gales demokraziarik, erantzun behar duzue. Baldin esango didazue honelako kanpaina apurtzaile eta gogorra egiteko medio eta biderrik ez dugula. Beharbada arrazoia izango duzue. Saia gaitezen... Kanpaina ongi abiatuz gero, kritikak eta tiroak alde guztietatik helduko zaizkigu. Ez beldurrik izan. Industriak eta fabrikak kanpora joango direla esango dizuete, gure ekonomia gero eta pobreago izanen dela,...

leku guztietatik, ideologia guztietatik atakatuko gaituzte... prentsa ere haien eskuetan daukate eta;... Ba dakit oso zaila dela nik eskatzen ari natzaizuena. Erreboluzio bera egitea eskatzen ari natzaizue".

Berehala, "Cymdeithas yr Iaith Gymraeg" (Gales hizkuntzaren aldeko elkartea) sortzen da, Galesdun besterik ez den tokian, estudiantez eta langile gaztez osoturik geratzen da lehengo epean. Beraien abiaburu soila ekintza eta ekintza izanen da. Gales Herriko gartzelak haien militantez beteko dira. Lehengo epean galesdun herria begirale on bat izanen dute. Gero herri guztiaren nahi eta eginbehar praktikoa bilakatuko da.

Gales herrian elebitasuna konkistatzeko erabili diren bideak

1963.ko Otsailean.- Cardiganshir-eko hauzitegian galesdun bat tribunaletera eramaten dute. Hauzia galeseraz egiteko eskribu bidez eskatzen da. Tribunalak eskaria ez du kontutan hartzen eta mesprezatu egiten du. Elkartekoek hauzi gela okupatzen dute. Judizioa ezin egin.

Atxilotuak ugari.

- Postetxe batzutako okupazioa Aberystwyth-en. Atxilotuak. Gales hizkuntza judizioetan erabiltzeko eskariaren aldeko manifestaldia. Ez dago atxiloturik.

1964.ko. Urtarrilean.- Zenbait galesdun gurasok ez diete seme alabei izenik ipintzen, ez eta berauen jaiotzaren berriak ematen, udaletxeetan paper ofizialak eta zertifikatuak galeseraz egin arte. Mundak ugari.

1964.ko Ekainean.- Unibertsitateko estudianteak greban. Bertan galesera onhartu eta diplomak galeseraz eman arte. Geroago gose greba egiten dute.

- Herrialde bateko adierazgailu guztiak apurturik eta pintaturik agertzen dira. Atxilotuak.

- Zirkulatzeko munduak ez pagatzea erabakitzen dute, paperak galeseraz agertu arte.

- Uraren, argiaren eta telefonoren errezibuak ez dira pagatzen. Galesdun herrialdetan ekintza hau oso onhartua izan da. Jendeek gero eta guttiago pagatzen dute.

1965.- Postetxeak, telefonetxeak, udaletxeak, bankuak, notaritzak, klinikak, supermerkatuak, eskolak eta erostetxe handiak alde guztietatik zehar okupatzen dira. Galesdun herri eta hirietan batez ere. Mundak eta atxilotuak ugari.

- Zergak ez dira pagatzen. Mundak (berauk ez dira pagatzen). Atxilotuak.

- Herrialde guztietako adierazgailuak pintaturik agertzen dira.

700 atxilotu.

1968.- Telebistaren estudioak okupatzen dira. BBCren estudioak barrutik eta kaletik okupatzen dira. Telebistaren antenak birritzen dira. Manchesterren (Ingalaterran) Granada Telebistaren estudioak triskatzen dituzte.

- Britainia Haundiko goberna elkartekoekin harremanetan sartzen da.

- Manifestaldiak, telebista eta irratia galeseraz soilik ere edukitzeko.

1969 1970 1971 1972 1973.- Kanpaina guztia gogortuz, herriak parte hartuz. Telebistaren zergak ere ez dira pagatzen (2). Gauza bera, bankuletrak, expedienteak, kontribuzioak etab. Galesdun herri eta hirietan gurasoek ez dituzte beraien haurrak eskolara eramaten.

Burruka bidez gaur lortu dutena

a) Elebitasun osoa, Galesdun herrietan lehengo hizkuntza galesera izanik. Inglesa egiten duten herrietan hizkuntzaren egoera lehen baino hobea.

b) Irakaskuntzan galesera irakastea beharrezkoa da. Galesdun herrietan gurasoen borondataren arauera galeseraz ematen dira gai guztiak. Ingelesez hitz egiten duten hirietan hizkuntzaren beharra handituz doa; ikasketa guztiak galeseraz egin daitezke.

c) Postan, Bankuetan, Supermerkatuetan, telefonoetan elebitasun osoa. Edozein operadorerekin posible da galesera erabiltzea zenbaki berezi bat markatuz.

d) Judizioak galeseraz. Administralgoko edozein gauzatarako galesera erabil daiteke. Paper ofizial guztiak, bi hizkuntzetan eskribaturik daude. Mundak eta zergak ere! I

e) Bi irrati osorik galeseraz. Beste bitan elebitasuna erabiltzen da.

f) 25 ORDU galeseraz TELEBISTAN ASTERO. (Hiru kanale daude).Hiruretan zenbait ordutan, hizkuntza erraza erabiltzen dute. Klaseak ere ematen dira.

g) Ingelesez, frantsesez mintzatzen diren zenbait filmeak galeserazko azpitituluekin datoz.

h) Liburu publikatuen kopurua 1965. urtean 23; 1975. urtean 300; 1976.ean 355. Subentzioak, Estatutik harturiko laguntza. 0tik 4.000.000 ptara dator.

i) Aldizkariak 2tik 70raino.

j) 20 gales-ulpanak zabaltzen dira.

Euskal Herriarekin konparaketan

Egia ere ba da, beste herrietan txakurrak ortozik ibiltzen direla sarri, eta hotsak hamabost izan arren, intzaurrak, zoritxarrez, maizegi bost besterik ez direla izaten. Hizkuntz arloan galestarrek lorturiko aurrerapen hauek, beren mintzaira oraino erabiltzen zen tokietan izan dute eraginik bortitzena, ez horrenbeste, aldiz hiri aspaldidanik ingelestuetan. Okerrago dena, hizkuntz aurrerapenok ez dute, paraleloki, politikan behar adinako oihartzunik izan, eta itsuenak ere ba dakusa ez dela posible kultur autonomia egiazkorik, parean ekonomia eta politikan egiazko autonomiarik ez baldin badago; eta berauk gabe, nazio askatasuna fikziozkoa deia.

Euskaldunok herri kontzientzia nazional handiagoa dugu galestarrek baino. Hau uka ezina da. Ez legoke gaizki, ordea, pertsona konkretu eta bakar baten askatasunaren alde gure hizkuntzaren ofizialtasun osoaren alde, unibertsital barruti euskaldunaren defentsan, gutienezko autonomia nahikoaren alde eta gisa honetako arazo larriago, inportanteago eta premiazkoagoeta ere, eta batez ere, erabiltzea.

Burrukak, euskaldun kontzientziatuon burrukak, ez beste, ekarriko digu, orain arte bezala, nahi eta behar duguna. Ez da, ez, erraza izanen, baina ezina ere ez; eta ezina balitz ere, ezina, euskaldunontzat, ekinez egina.

Tomas Trifol

Bibliografia: Meic STEPHENS, Linguistic minorities in western Europe, Gomer Press, Wales, 1976.

(1) Leizarragak berea, euskaraz 1571.ean argitaratu zuen.

(2) Anuntzio Komertzialak debekaturik daude telebistan.


Munduan barrena

Nazioartekoak laburki

Multinazionalak

Munduko lehen 50 industri elkarte indartsuenen artean, USAko 24 aurkitzen dira, Alemaniako 7, Japoniako 4 eta Britainia Handiko beste 4.

Bloke indartsuena USAkoa da noski eta Europakoaren aurrez aurre jartzen ari da Japonian. Multinazional hauen indar j ekonomikoaren ideia bat egiteko, pentsa dezagun, esate baterako, "Exxon Corporation" munduko lehen firmaren negozio zifrak Espainiako produktu nazionala baino handiagoak direla; General Motors-en pisu ekonomikoa Herbehereetakoaren parean jar dezakegula; Nippon Steel eta Us Steel-ek Frantziak adina altzairu fabrikatzen duela bakoitzak.

Elkarteon finantza zuzendariek Finantza ministru askok baino agintza gehiago dute, noski, edonork pentsa dezakeen bezala. Zorrak debaluapen bidean doazen dirutan apuntatuko dituzte eta hartzekoak diru indartsuenetan. "Mugen gaindik" daude egon ere eta. Gure ekonomi inflazioen sustraietako bat hortik aurkitu behar da noski.

Lur barneko energia

Energia fosilak agortuz doaz. Gaur energia bila haizeetara, eguzkira, mareetara, itsas sagailera eta atomo fusiora jo behar da. Eta lur barneko energiara.

Britainia Handiko inguru Ministraritzak 75.000 liberaz subentzionatu du haize erroten projektua (The Times 4/08/77). Geotermiari 840.000 libera eman dizkio eta itsas energiarentzat 2'5 milioi libera. Eguzkitiko energiari berriz 3'6 milioi libera luzatu dizkio. Kexu dira haize energia probetxatu nahirik dabiltzanak, hain subentzio ttipia ikusita; diotenez, Britainia Handiak behar duen elektrizitatearen laurdena sortu ahal izango lukete, 400 errotatako 12 talde sortuz.

Gaurkoz, aipu berezia, geotermiari egingo diogu. Hau izan baitzen gizakiak beretzat erabili duen lehen energia moeta (gaur aipatu ditugunetan). Oraindik gurpilik ez zenean —energia eoliko nahiz hidraulikorik ere ez beraz—, iturri berotako kaloriak probetxatzen zituen gizakiak. Egun ere oraindik ikus daitezkeen bezala, arrainak eta beste janariak ur bero horietan egosten zituzten, behin gradu askotara helduz gero behintzat.

Lurraren barneari gagozkiola, ba dakigu han bero handiak direla. Mea zuloetan zenbat eta barnago sartu, are eta beroago. Tenperatura 1o. C. igan dadin normalki 33 metro jaistea beharrezko bada ere, zenbaitetan hamar aldiz lehenago igaten da.

Zulo horietan sartu gabe ere, lur azalean galtzen den bero luxu guztia probetxatuko bagenu (Km2-ko 50-60 Kw) aski nuke beste gabe. Hori baita munduan energiatan gastatzen duguna. Baina bero hori ezin bil dezakegu, hain hedatua izanik.

Lur azaleraino heltzen diren ur eta lurrunak aspaldidanik probetxatzen dira. Erromatarren termak, esate baterako, iturri beroz elikatuak zeuden. Egun ere, Islandiaren erdia ur hauen bidez berotua dago. Baina geotermi energiarik normalena eta hedatuena, ia bazter guztietan hedatua baitago, 1.300-1.500 metrotara aurkitzen diren urmaelena da. 50o. C. edo areago eduki dezakete. Eta sarritan erabiltzen dira berogailuetarako, igertokietarako, negutegietarako... Pariseko Maison de la Radio eta zenbait igertoki horrela girotuak daude.

Etorkizun hurbil batetan normalizatzen ikusiko dugu energia iturri hau.

Iturriok bestalde ez dute agortu behar. Urmaelaren alde batetik ateratzen den ur beroa bestaldetik injektatuko da, hoztu eta gero.

Nekazarien buruhausteak

Gure lehengo baserritarrek gutti salduko zuten, baina erosi ere neurriz egingo zizuten. Ziklo hertsi bat osatzen zen baserriko landaren eta abereen artean: abereei landareak eman janaritzat eta haien simaur-isuriz soro-zelaiak ongarrizta. Gainera, baserriko soro eta zelaiak beti aldatzen ikusiko zenituen: orain indabak dauden tokian hurrengoan zelaia, eta horrela, lurra erabat txiro ez zedin, nitrogenotan batez ere.

Egun, asko gastatzen dute ongarri, ureztapen, petrolio eta izurrizidetan. "Gero irabaziko bada, lehenik gastatu egin behar": horra, baserritarrek ikasi duten lezio gogorra. Gogorregia, beharbada, ondorenak ez baitira argiegi ikusten.

Ipar Ameriketan, azken 25 urteotan, hirukoiztu egin da artotan gastatutako energia; artoaren produkzioa berriz, bikoiztu besterik ez da egin. Galerazko transformazioa benetan! Baina, energia galera hau nabarmenagoa da transformazioa haragitaraino luzatzen denean. Guk xerratan jaten dugun kaloria bakoitza, nekazariari 10etik 20 kaloriatara kostatu zaio aurretik. Traktoreak eta ongarriak erostean zer pentsa ematekoa da hau.

Pariseko txolarrea

Hamida Djandouti-ri ez zitzaion azken xigarroa erretzen utzi. Gilotinaz lepoa ebaki ziotenean larunbat goizeko hiru t'erdiak ziren Beaumettes-eko presondegi euskaldunentzat ezagunean. Egun berean, ordu bertsuan Vitteaux-ko botikari batek Winchester batez erhan zuen botikara ohostera sartu zitzaizkion bi mutiletako bat. Parisen ezin duzu gauez botika irekirik aurkitu. Urtero komisaldegira 1.500 bortxapen kexa heltzen diren eta 200-300 bortxatzaile epaitzen den hirian, beldurrez somatuko dituzu neskatila bakartiak gaueko ordu aurreratuetan.

Piarrot Conty, Ardeche-ko komuna batetan 1969. ez geroztik bizi izan den Grenobleko langile izandakoa, Ardecheko erhaiketaren lehen lekukotzat bilatua eta pertsekutatua da.

Frantzia Estatuko Ezkerrak, agintera heltzen denetik urtebetera 500.000 lanpostu sortu behar baditu, ongi etorriak izan bitez, Parisen berton 110.000 aurkitzen baitira enplegu barik. Hiri honetako lehen 10 distrituek (20 dira guztira) milioi erdi jende hartzen duen bitartean, gainerantzekoek doblea eta gehiago hartu behar dute.

Suediako Hegoaldean eta Kopenhagenen aurrez aurre aurkitzen den Barsebach-eko zentralearen aurka 15 mila inguru suediar, daniar, finlandiar eta norwegiar manifestatu dira. Frantziako talde ekologikoak ere joan dira. Baina, zer da Frantzia? Denis Rougemont-ek estatu-nazioen aurkako liburu bat idatzi berria du eta Korsikako abertzaleek hainbat galdera egin dizkiete Frantzia Estatuko ezker erakundeei. Eta bazter guztietan Euskal Herriaren ahotsa estali egin nahi da. Parisen tabu da, erre egiten du. Eta Ipar Euskadiren geroa gestionatzen dutenek, tutik ere ez dute sentitzen hura.

Udamuga eder honetan Paris loratua dago. Metro pasiloetako kantariak eta zentru Pompidou ondoko artistak, Sena ertzeko bukinistak eta St. Germain Bulebard inguruko mila eta bat restaurante. Luxemburgoko parke eta Vincenneseko zootokia. Notre Dame-ko turistak ere bai. Baina, "Notre Dame ez da museo bat, eliza bat baizik".

Eta guztiaren hondoan, sakonaren sakonean, zoragarrienik zoragarriena, Benito Lertxundiren musika. Neil Diamond-enarekin batera.

KLAUDIO


Neutron lehergailua

 Uda aldean hainbat artikulu idatzi izan dira munduan zehar, amerikarrek bultzatu nahi duten neutron harma beldurgarriari buruz. Informazio harrigarriak ere eman izan dira: gizonak hil baina etxeei eta landareei ez diela kalterik egiten, eta antzeko gauzak entzun ditugu. Esandako gauza horik, zertan daude zuzen eta zertan oker? Zer demontre ote da eta nola funtzionatzen ote du neutroi lehergailu horrek? Artikulu honetan galdera horiei erantzutera saiatuko gara, halaber harmen arazoaren inguruko hipokrisia salhatuz.

Beren eritzi propioan, Amerikako Estatu Batuak munduko bakearen zaintzaile zintzoak dira. Eta beraien burua den Carter jaunak, Varsoviako elkarteko estatu "gaiztoen" asmo arriskugarriei aurka egiteko edo, biderik onena beldur egitea dela pentsatu du, eta horretarako harma berezi bat fabrikatzeko plangintza bultzatu du. Horrela, 1979.etik aurrera, OTANeko Lance izeneko misil taktikoak, neutron lehergailuz ekipaturik egonen dira.

Lehergailu hau noizdanikoa den

Hala ere, orain berri bezala aipatu den harma hau, aspaldidanik ezagutzen da. Lehen saio eta eztabaidak 1958. urte inguruan egin ziren, eta urte horretan bertan, horrelako baten lehen leherketa burutu zen.

Hasiera batetan, saio horik guztiz sekretuan gorde ziren. Sekretua 1961. urtean hautsi zen, baina ez zitzaion garrantzi handiegirik eman izan, beste harma bortitzago eta beldurgarriago batzu baitzeuden, hala nola H lehergailua. Dena den, ordurako harma taktiko posible bezala kontsideraturik zegoen.

Orain, errebotez, militarren interes taktikoa dela eta, berriro ere garrantzi handia hartu du. Hara! SALT II izeneko elkarrizketak direla eta, mendebaldeko bi bloke militar nagusiek mugatu eginen dute beren harma estrategikoen kopurua; ez, ordea, harma taktikoena. Horrela, ba, neutron lehergailuaren kontrola elkarrizketa horien kontroletik kanpo geratzen da. Eta harma hau duten bakarrak amerikarrak direnez, berauek presio eta beldur egiteko elementu gisa erabiliko dute.

Lehergailu hau zer eta nolakoa den

Seguruen, guztiok dakizue A eta H lehergailuak zer diren eta nola funtzionatzen duten. Dena den, horien azalpen labur bat eginen dut ez dakitenentzat.

A lehergailuaren kasuan, plutonioaren fisioa probetxatzen da (zentrale nuklearren kasuaren antzera), hau da, neutroien bidez plutonio atomoak zatitzen dira, katen erreakzio bat sortuz; horrela energia izugarria askatzen da bapatean.

H lehergailuaren kasuan, alderantzizko prozesua eramaten da, fusioa halegia, hidrogeno atomo bitaz (tritio eta deutrerio isotopoak) atomo bakar bat lortuz (helioa). Horrela are energia gehiago askatzen da masa unitateko. Hala ere lehergailu honek problema batzu ditu funtzionatzeko. Hidrogeno atomoak elkarrekin fusiona daitezen, tenperatura eta presio izugarri handiak lortu behar dira, eta, horregatik, lehen pauso gisa, A lehergailua erabiltzen da baldintza berezi horik lortzeko. Beraz, A lehergailuaren leherketaz presio eta tenperatur baldintza egokiak sortzen dira, eta berehala hidrogenoaren fisioa lortzen da: H lehergailu izugarria halegia. Hitz batez, H lehergailuak A lehergailuaren premia du, detonagailu gisa jokatzeko.

Neutron lehergailua, izatez, H lehergailuaren antzerakoa da, fusioan finkatzen baita. Baina presio eta tenperatur baldintza egokiak lortzeko, ez du A lehergailurik erabiltzen, trinitrotoluenoaren (TNT) leherketa baizik. TNT asko behar da horretarako, prezeski, 100 kg TNT tritioaren kantitatea ongi neurtuz deusezte efektu ttikiagoak lortzen dira (TNT delakoarenak batez ere); ordea, fusio termonuklearren kausak neutron irradiapen izugarria lortzen da, eta irradiapen honen eragina, deusezte efektuena baino askoz ere urrunago hedatzen da. Ikusi denez, proportzioan, neutron lehergailuak A lehergailuak baino 10 aldiz irradiapen neutroniko gehiago sortzen du. Gainera, horrelako lehergailuak energia ttikitakoak izan daitezke —besteenarekin konparatuz, noski— eta hori ere abantaila bat da, harma taktiko gisa hartuak izateko.

Neutron lehergailuaren ondorioak

Esan dugunez, A lehergailuak eta neutron lehergailuak ez dituzte ondorio berdinak sortzen. A lehergailuaren efektu nagusiak termiko eta deuseztaileak dira. Neutron lehergailuarena ordea, neutroien irradiapena da. Hau argi ikus daiteke alboan jarri dugun eskeman. Bertan 50 kt-etako (kt= kiloton= 1000 tonelada TNT-ren energia) A lehergailu baten eta 1 kt-etako neutron lehergailu baten efektuak konparatzen dira, leherketa puntutiko distantziaren arauera.

Eskema honetan ikusten denez, neutron lehergailuaren efektu termiko eta deuseztaileak ttikiak dira —erlatiboki, noski— 200 metrotaraino baino ez baitira heltzen. Tximinoekin egindako saioek frogatu dutenez, ordea, 1400 metrotaraino hedatzen dira gogorki neutron irradiapenaren ondorio harrigarriak, kalterik gogorrena zerebroan egiten delarik. Gertakari erlatibo sortu da, hor zehar zabalduriko interpretazio okerra, hau da, lehergailu honek gizonak hil baina etxeak eta pasaia ez duela desegiten. Desegiten ditu, noski, baina erradio ttikiago batetan eta A lehergailuak baino neurri ttikiagoan.

Heriotze taktikoa eta heriotze estrategikoa: txakur berbera iduneko desberdinez

Hipokrisiaren hipokrisia! Esan dugunez, SALT II elkarrizketetan harma taktiko eta estrategikoen desberdintasuna markatzen da; eta estrategikoak mugatzen diren bitartean, taktikoak libre uzten dira. Nolabait esateko, zilegitzat jotzen da taktikoki hiltzea, baina ez, estrategikoki hiltzea. Semantika kontua. Hipokrisia hutsa.

Gainera, lehergailu horren atzetik ezkutatzen den filosofian, gauzek —etxeek eta produkzio medioek— pertsonek baino balio eta interes gehiago dutela dirudi. Pertsonak hiltzea ondo dago, baina mesedez ez egizue etxe askorik apurtu. Hori dela eta, askoren eritziz, lehergailu nau kapitalisten mentalitatearen fineziaren eta asmamenaren azken lorpen gisa kontsideratua izan da.

A! Baina ez dugu hau ahantzi behar. Hori guztiori, asmorik onenarekin eta mendebaldeko —eta munduko— bakea jagotearren egiten dute. Bai horixe!

J.R. Etxebarria


Musika

Internazionala euskaraz [Abestia]

Gabriel Arestik, hil baino urte batzu lehenago, sozialisten nazioarteko hymnoa euskaraz jarri zuen. Gure Internazionala, lehenik Pariseko batzarre sozialista batetan argitaratu izan zen, duela zenbait urte, beste hizkuntzetako itzulpenekin batera. Geroago hemen ere argitara emana izan da nonbait, baina, dena den, guti, gutiegi ezaguna dugu hura euskaldunok. Hori dela eta, euskaldun sozialistok, besterik ezean, erdaraz kantatu behar ukan dugu internazionala, gure lotsarako.

Hori zuzendu nahirik, hementxe ematen dugu argitara Gabrielek egindako itzulpen zehatz, poetiko eta bikaina, guztiok, euskaldun sozialista garen guztiok behinik behin, ikas dezagun. Ea kantariren bat anima eta diskotan ere laster entzuteko era dugun.

INTERNAZIONALA

 Zutik! lurrean kondenatu

 zaren langile tristea!

 Nekez ginen elkarganatu.

 Indazu albiristea!

 Gertatuak ez du ardura.

 Jende esklabua, jaiki!

 Aldaketak datoz mundura.

 Nor den herriak ba daki.

(birritan)

 Oro gudura, hala!

 Bihar izan dadin

 Internazionala

 gizonaren adin.

 Goitik ez dator salbatzerik:

 jainkorik, ez erregea...

 Gu ez gaitzake gal azerik.

 Hau da gizonen legea!

 Lapurra xeha dadin edo

 har dezan bere zoria,

 hauspoa eraginez gero,

 jo bedi burdin-goria!

(birritan)

 Oro gudura, hala!

 bihar izan dadin

 Internazionala

 gizonaren adin.

 Bere zeruan atseginez

 aberatsak ez du gaitzik:

 zer egin du, egarriminez

 lana arrobatu baizik?

 Gaiztaginen kutxetan dago

 gure lanaren fruitua

 hartuko dugu gehiago:

 zorra eta korritua!

(birritan)

 Oro gudura, hala!

 Bihar izan dadin

 Internazionala

 gizonaren adin.

 Estatuak hondatzen gaitu

 bere tribut berriekin

 aberatsa gizentzen baitu

 pobreen izerdiekin.

 Asko zurrupatu gaituzte;

 berdingoaren izenak

 berdin omen zituen uste

 beharrak eta zuzenak.

(birritan)

 Oro gudura, hala!

 Bihar izan dadin

 Internazionala

 Gizonaren adin.

 Soldaduek ere eginen

 dute protesta ederra!

 Tiranoaz herabe ginen!

 Guri bake, hari gerra!

 Baldin jan nahi bagaitu gu,

 herriaren haragiak,

 tirokatu behar ditugu

 beraren buruzagiak.

(birritan)

 Oro gudura, hala!

 bihar izan dadin

 Internazionala

 gizonaren adin.

 langile-nekazari, gara

 alderdi trabailaria

 lurra gure herentzia da.

 Hil bedi harraparia!

 Bela-putre gaitzak gogara

 haragiaz ase dira.

 Ihesi doaz, eta hara

 eguzkiaren dirdira!

(birritan)

 Oro gudura, hala!

 Bihar izan dadin

 Internazionala

 Gizonaren adin.


Literatura

Ziutateaz

"Nahiz eta nik neure bihotza zabaldu, ba dakit hori ez dela nahikoa; konprenitzen dut urrun dauden bihotz eta gorputzen maitasuna antzua dela, gezurra dela, amodiozko gutunak faltsuak diren bezala. Konprenitzen dut ez dela posible elkar inguratze espiritualik inguratze fisikorik ez bada, hitz batetan esanda, konfiantza proximitatea da, eta maitatzea hurbiltze amaigabe bat. Baten larruak bestearena igurtzi duenean, arnasak nahasten direnean, odolak odolari entzuten dionean, farrak akorde baten gisa sortzen direnean, malko guztiak hibaiama berberan kanalizatzen direnean, orduan, ordutxe bertan, jaten du bihotz batek bestea, ongi konprenitu dut egia honen zientifikotasuna, nik asko pentsatzen dut, ni ez naiz edonor".

Egia esan, sekula ez naiz ausartu idazle on bat zer den zehatz mehatz defini —eta mugatzen. Eta seguru asko inoiz ere ez naiz ausartuko. Edozer dela baina, esan behar dut honelako egia izugarriak hain modu ederraz doan batek zeredozer izan behar dukeela, zerbait behar duela bere barnean eduki, eta barruko hori aldez edo moldez adieratzeko, hemengo era txaira eta samurrez, zer edozerk ere behar duela bere jabe ukan.

Irakurketa bi egin eta gero Bernardo Atxagaren bi liburukitan banaturiko obra honetaz zenbait iruzkin egin gura dut, niri irakurleoni gertatu zaizkidan berri eta adierazpen baizik izan nahi ez direnak. Ez dut esanen ez dudala aurreritzirik literaturazko obrak juzkatu orduko eta gustatzeko paradan, hala ere, eta bat ere beldurrik gabe esan dezaket, Txehov-en antzera uste dut, nik literatura, eta literatur kritika beraz, bi zatitan banatzen dudala, gustatzen zaidana eta gustatu egiten ez zaidana. Horregatik, hain zuzen, "Ziutateaz" ona dela esateko eskubidea dudala uste dut, gustatzen zaidan obra bat delako. Eta ez dut ukatzen erizpide honen erlatibotasuna, edo eta erlatibokeria, nire lagun batek darabilgun obra hauxe berau eskuetatik jausten zitzaiola aitor ukan baitzidan.

Kriselu argitaletxea da liburuaren, hobeto esan, bi liburukien emailea. Lan apain bat egin digula ez da esan gabe utz daitekeen zerbait. Ba dira horregatio, guti izanik ere, zenbait ortografiazko errakuntza, moldizginarenak segurutik, baina edozein kasutan kontutan hartu behar direnak, horik ere gure argitarazioen maila, eta neurri batez irakurlearenganako begirunearen heina baitira, eta halaber euskal liburujaleen garaiak igaro ote direneko seinale gertatzen. Bestalde, halako argazki berezi eta atseginez hornituak daude liburukiak, egileak, nonbait, aukeratuak. Oro har, argitaratzea polito egin dela justiziazkoa da esatea, beste elementu txar zenbait albora uzten dugula.

Hiru eskaintza dauzka obrak, lehenengoa bere Maf gaztelau neska ederrari autoreak opa dion poematxo bat gaztelaniaz, amari bigarrena eta zortziko txikiez para sei bertso eder hirugarrena. Eder eta lazgarriak, obra guzia bezala, desesperoaren adierazgarri, boterearen gogoetatze bat bide den lan osoaren etsenplu:

"nigatik putzu batean ito

bitez gizon ohoretsuak

erori elizetako ormak

lurrajo palaziuak

antzutu bitez andereak

betiko galdu bertsuak

gehiago ez du merezi gure

joera lastimosuak"

Apika poesian dauzkadan erizpide eta gustuengatik izan daiteke, baina hasereako bertso horik dira ene gustuko obran agertzen diren poemarik onenak, zeren egileak aurrean esan legez, poemak lan osotik zehar sakabanaturik baitaude, eta ipuinekin eta antzerkitxoarekin batasun bat baitaukate. Dena dela, Joe deritzon ipuinean, pertsonaia nagusiak bere maiteñoari egiten dion bertsoa ere ohargarria da eta ohartzeko, erritmo, sendimendu eta imajinak direla bide.

Egia da (liburuaren) zatiak atalka eta beregain irakurri ahal direla, inori ez nioke hori baina gomendatuko. Elementu guztiak soka fin eta leun batez daude loturik, gorago esan dudan legez, idazlana boterearen hausnartze bat bada ere, horregatik hain zuzen, setaz eta indarrez, askatasunaren aldeko kantu eder bat gertatzen delako. Ezinaren deskribaketa bat da; ondikotz, lantzean behin apur bat irregularra. Tontortxo batzu bezalakoak suma daitezke irakurketan, itsumustuan hodeiek bezala zeruei hatzaparka egiten dieten gailurretara heltzen garela.

Zalantzarik gabe, ipuinik onena ene aburuz, eta beste zatiak baino asko hobeagoa, Scardenalli deituriko istorioa dugu. Horretan, lehenengo liburukian datorrena, gizakiak garen eskizofrenikoak maisukiro gaude marrazkitu —eta irudikaturik. Kondaketa haria lehen pertsonan eginda dago, eta zapaldu bat izatetik zapaltzailerik ikaragarriena izatera heltzen da narragilea, kondalaria. Ipuin horretan, liburuki bietan agertuko diren imajina eta mito guztiei ematen zaie sarrera, pisu, aspergarri eta nekos inondikan ere gertatu gabe; hor egileak erritmoari benetan igarri diola, argi eta garbi, beldurrik gabe, esan dezakegu. Ipuina irakurtzen has eta Kafkaren desesperoren antzeko zerbait etedeteko gertu dago irakurlea. Atxagak, ordea, gogorragoa da, nazkagarriago, etsipen pertsonalearen irteera ere hersten du eta desesperantza nagusi bilakarazten, zeren hastapenean hain maitekor agertzen digun Scardenalli delako hori, hain makal eta bakarti agertzen digun berbera, piztiarik narda- eta okaztagarriena bihurtzen baitigu azkenean.

Lehen liburuan gero agertzen den Bilintx teatroa dateke, seguru asko, flakezia gehienetako zatia obratxo osoan. Hori eta bigarren liburuan agertzen den Gomez izaneko ipuina. Eta hori diot, Bilintx delako zati teatralean konduan (récit/relato) ematen den jauzia aski desegokia baita. Gómez-en kasuan, berriz, arrazoia osterantzekoa da. Errepika bat besterik ez dela ematen du, aurreko ipuinetan erabili den gaiaren errepika pobrea. Sendimendu horren funtsa behar bada deskribaketa moldean datzake; narragilea bitan zatitzen da, bata eskutitz-egilea, beraren idazkuntzaren berri ematen diguna, eta bestea eskutitz-egile horren berri ematen digun beste kondalaria. Gauza bera ere gaiaz esan daiteke, hots, jendeak eta gizakiak alatzeko asma daitezkeen modu, era eta bideen narrazio bat dela, eta horregatik, lehendik irakurri dena irakurriz gero, apur bat barroko, terminu honek hein batetan duen zentzu pejoratiboaz.

Azkenean Joe deritzon istorioa dugu aipatzear. Lehendabizikoz harrigarri gertatzen dena zera da, kondalariaren adizkera. Batetik, lehen pertsonan dagoela eginda, hika egiten da, kondalariaren, h. d., pertsonaia nagusiaren gogoetak bailiren, bestaldetik baina, helburu berberaz eta kondalari berak eztabadakaz egiten du. Egia esan ez dakit nola interpreta kontua. Agian nork bere buruari aidika dion estimua dateke adierazi nahi dena. Ez dakit. Istorio honetan, argi dago, gainerakoan, alakuntzen kontrako heiagora eta arrabotsa. Komisaldegi batetatik pasatu den bat baino gehiagok "ring" horretara igaten diren lau gizonak birbizi litzake bere oroimenean, azkenean agertzen den agure madarikatu hori bezala. Dena dago loturik, ondo loturik. Irteerarik ez dagoela esan nahi zaigu. Testua orain hiru bat urte idatzi dela jakinda, are ulerkorrago gerta daiteke seguru asko. Gauza bera da azkenaurreko testukoa, formalki aski landua, Theoren heriotzea kondatzen diguna, alegia. Bukatzeko agertzen den "amaiera artifiziala"ren esplikazioa trebea dela aitortu behar dugu, irakurlea, oraino harridurarik geratzen bazaio, gehiago nahasteko bide edo eta galbide bat besterik ez delako, ipuin batek duen amaiera naturala guztiz artifizialdu egiten baita azken testu bezala agertzen diren hiru orrialde horiez.

Judizio orokor bat ematekotan, honelako erantzun jeneral bat botako nuke, hots, obra hau ikaragarrizko irudimen-potentzia batez, zenbait ahultze gora behera, idatziriko idazlan interesgarri eta ederra dela.

Azkenez ene eritziz idazle batek inolaz ere ezin ahantz dezakeen faktore bat aipatu gura nuke, hots, idazleak eredu izan behar dukeelakoarena. Horixe da izan, idazleak hizkuntzaren beste erabiltzaileen bere mintzakideen eredu izan behar du. Hala uste dut nik behintzat, idazlea baita hizkuntzaren baliabide guztiak ageriko utzi behar dituena eta hiztun hilkoarentzat plazer eta mirespena sortu behar duena. Eta honetan bai duela Bernardok aparatu egin. Hizkuntza, darabilen literatur hizkera samurra da, bizkorra, arina eta guztiz atsegina. Ez dut esanen Mirande bezalakoren baten mugaraino heltzen denik, ez eta gutxiagorik ere, haatik, bizia da horko hizkuntza, aberatsa eta batez ere irakurle gehienontzat gozoa. Edozein eritzik eta judiziok baino askoz gehiago praktikak balio duelakoan baina, liburuetan agertzen den ene eritzizko testurik ederrena traskribatuko dut gure aldizkari honen irakurleen laket- eta plazer betegarri:

"Ibilia naiz ni ere artoaren galdotxak biltzen, erre ditut nik ere arta-bizarrarekin egindako zigarro xinple eta injenuoak. Eta sentitu izan dut haizearen freskura belarrietan, zanpatu izan ditut belar finak nire gorputz osoarekin. Ikusi ohi ditut, nik ere, kolore horisken etzaleku diren haran lasaiak, eta deskantsatu naiz beroietan bide batez koloredun pundu desberdin bat sortuz. Erreka jostalarietan ere murgildu naiz, egin izan dut iheriketaren itxura beste milaka mutiko eta neskatoen gisa. Entzun dut, makalaren fru-frua, egunsentietan. Begiratu izan diot eguzkiari, laino ttiki bakanak bere hotz diztiratsuekin jaten dituen bitartean.

Anitzetan ere, eta basoak arratsaren zilarrean beltzean grabatzen diren ordu exaktoan, eseri izan naiz teilatuetan.

Eta ilargiak, printze bakartien lez, bere txelo kontzertua eman duen bakoitzean, bere publiko ixilaren artean aurkitu izan naiz beti..."

Andolin Eguzkitza


Elkar ikuska

Bernardo, Madriletik Euskal Herrira

Bernardo Arrizabalaga, markinarra, 54 urtetako kazetaria dugu. "Gizon zatar bat naiz", esan digu elkar hizketan hasi baino lehen, baina horrelako "gizon zatar" asko behar dugunez Euskal Herrian, Bernardoren bizitzaren berri izatea interesgarria iruditu zaigu. "Egin"ek Bilbon dituen bulegoetan aurkitu dugu Bernardo. Bere lan mahaian maketak eta idazlan pila agertzen ditu.

— Bernardo, nola izan da Euskal Herrira bihurtze hau?

— Denbora luzean Euskadira bihurtzeko gogoek barrutik kiskaltzen ninduten, mundu horietatik bueltaka ibili ondoren. Neure bihurtzeko unea orain heldu zait. "Egin"eko zuzendaria den Mariano Ferrer-ek Bilboko "Egin"en delegazioko zuzendaritza opatu zidan eta hemen nago, berriro Bilbon.

— "Egin"en sartzeko unean, zalantzak izan al dituzu?

— Bai, zalantza asko izan dut. Lanpostu hau errespontsabilitate handikoa da, kazeta berri batentzat batez ere. Gainera espektazio izugarrizkoa dago Euskal Herri osoan, "Egin" egunkariaren zain... Baina, hala ere, nire herriaren deia sakonagoa izan da eta etorri egin naiz.

"Nire lurraren deia" esan orduko txantxetan hasiak gara, deiak "Egin"era etorrerazi baitu.

— Nola hasi zinen kazetaritza munduan lan egiten, Bernardo?

— Neure bizitzaren zenbait zehaztasun emango dizkizut. Ni jesuita izandakoa naiz, 20 urtetatik 45 urtetara. Gero alargun batekin ezkondu nintzen eta lau seme-alaba ditugu. Jesuita nintzela, Deustuan "El Mensajero" aldizkariko erredakzio-gidaria izan nintzen. Oñan, "Abside" aldizkari garratza agertu genuen jesuita batzuk eta bai Administralgo aldetik oztopoak izan ere. Aldizkari hau kritikoa zen. Ia une berean, "Gaceta" barruan, bostgarren horrialdea egiten hasi ginen Martin Descalzo, Iraolagoitia, Ventura eta beste idazle batzu. 1960.ean, Bilbon arazo batzu sortzean, Valladolidera joan behar izan nuen.

— Lehen urruntzea izan zen hura...

— Bai, baina zori on samarra izan nuen, hango "El Norte de Castilla" kazetako zuzendaria Miguel Delibes baitzen. Kazeta honetan "El Caballo de Troya" titulu zuen horrialdea idazten genuen Manu Leginetxek, M. Angel Pastor-ek, José Jiménez Lozanok, César Alonso de los Ríosek eta nik, beste batzurekin batean. Horrialde hau hango nekazarien defentsa hartu zuen, kazikismoaren kontra. Arrakasta handia izan zuen. Une berean "Gaceta"n "El buzón del padre Arri" izenburuko sail bat egiten nuen. Sail honetan neure pentsakizunak, neure eguneroko gauzak kondatzen nituen. Gero idazlan haik bildu eta liburuxka bat egin zuten: "Diario de un jesuita".

— Noiz etorri zen "jesuita haren" krisia eta Konpainiarekin haustea?

— Valladolid utzi eta berriro Deustuara etortzean. Une haietan zalantza eta tentsio handiak nituen neure barruan eta, laurogei apaizek torturaren eta egun haietako egoeraren kontra Bilbon manifestaldi bat egin ondoren, zalantzak zihurtasuna bihurtu ziren: jesuitak utzi nituen. Hura 1967. urtean izan zen bereziki. Eta erabaki hura hartu ondoren Bilbotik Madrilera alde egin nuen. Egun haietan honelako erabaki batek bizitza asko gogortzen zuen, mundu ezagunaren barruan. Orain ez da honela gertatzen. Orain honelako erabaki bat hartzea normala bezala hartzen dute jendeek.

— Eta Madrilen, zer, Bernardo?

— Manu Leginetxek "Teleguía" aldizkaria aldatzeko premia agertu zidan eta bai nire laguntza eskatu ere. "Teleguía" "Mundo Joven" aldizkaria egin genuen. Bitartean Filosofia eta Kazetaritza ikasi nituen. Gero "Triunfo" aldizkariaren idazkolaren idazkaritza hartu nuen eta bai "Hermano Lobo" aldizkariaren bigarren eta azken zuzendaria ere izan nintzen, "otsoa" orain dela urte bat hil arte. Geroztik Bilbora etorri arte "Triunfo"n, "Anaitasuna"n eta beste aldizkaritan argitaratu ditut neure lanak, publizitate gaietan lan egiten nuen artean...

— Zure euskara, nolakoa da, Bernardo?

— Euskara beti jakin izan dut, Markinako euskara, baina azken urte honetan euskara batua ikasten egon naiz Madrilen. Nire helburua zera da: euskaraz, erdaraz idazten dudan erdi mailara heltzea, gutxienez. Ez da lan erraza, baina ahaleginak egingo ditut. Euskara batua ikasteak ez du esan nahi euskaldien kontrakoa naizela. Munduan ez dago inor markinarra nik maite dudan eran maitatzen duenik. Madrilen, neure buruarekin euskaraz egiten nuen, bai markinarrez, bai batuaz.

— Zer da zuretzat "euskara"?

— Hizkuntza bat baino gehiago. Gure nortasuna da. Gure zenbait politikari ikustean, Euskadi ez-euskaldun bat lortuko dutenaren beldur naiz.

— Zer diozu, euskal politikariei buruz?

— Politikari askok herriari protagonismoa kendu nahi diote. Euskal Herriak politikari hobeak merezi ditu.

— Abertzalea al zara, Bernardo?

— Abertzale sozialista, zehazki. Bi kontzeptu hauk elkarrekin doaz, nire ustez. Abertzale izateko sozialista izan behar da, nire ustez.

— Zein alderditan zaude?

— Nire lana hobe zerbitzatzeko, nahiago dut alderdietan ez sartzea. Nire sinpatiak, halere, ETArantz doaz. ETAri asko zor diogu guztiok.

— Pertsonalki, zer egin nahi zenuke zeure Euskal Herrirantz bihurtze honetan?

— Orain dela denbora gutxirarte, Euskal Herrian egin den prentsa euskal herriaren kontrakoa izan da. Orain, nire lanaren bidez, herriaren prentsari bultzakada bat eman nahi diot eta "Egin" kazetaren helburuak nireak bezalakoak dira. Honengatik etorri naiz.

Bihar kaleratuko da "Egin". Gaur Bernardo lanaz leporaino dago. Elkar-ikuskari amaiera eman behar diogu. Bai Bernardori eta bai "Egin" kazeta osoari geure txaloak opa dizkiegu lerro hauetatik.

X. A.

Bernardo Arrizabalaga euskal kazetari ezagunenetakoa dugu gaur egun Euskal Herrian. "Egin" ek bere Bilboko delegazioko zuzendaritzat aukeratu du. Bernardo abertzale sozialista gisa aurkezten digu bere burua: "Sozialista izan gabe ez da posible abertzale izatea" dio Bernardok gure elkar-ikuskan.


Prostituzioa (sexual harremanak - 5)

Errepresio sexualari buruz hitz egin genuenean, emakumearen prostituzioa, gizonaren errepresioari eskaintzen zaion irtenbide bat dela adierazi genuen.

Baina, batzuk honela diote: "Bere gorputza saltzera prest dagoen emakumerik ez balego, ez zen prostituziorik izanen". Eta izate honen errua, emakume hauen moral txarrean eta bizioan ikusi nahi dute.

Gauzak ez dira honela, eta prostituzioaren izatea, gure gizartearen ondorio bat da, desberdintasunean eta menerapenean oinharrituko gizarte baten beharrezko ondorioa.

Emakume batek bere gorputza saltzen duenean

Emakumeak, prostituzioan hasteko erabakia hartzen duenean, estatistikak diotenez, ondoko arrazoiengatik izaten da:

- Maitasun desenganio batengatik.- Neskari, bere bizitza osoa maitasunean zentratu behar duela esan diote. Senargaia hartu du, ezkontzeko asmoz. Eta egun batean, senargaiak alde egin du, eta neska bakartatean aurkitu da, bere bizitza triskatuta ikusiz, eta are gehiago bere birjintasuna senargai horri eskaini baldin badio. Batzuk, une honen zokogunean, ematen dute itzulirik gabeko urrats hau.

- Bortxapen baten ondorioz.- Bere birjintasuna bortxaketa batez galdu ondoren, neskak jaso duen trauma, izugarria izan da. Gainera, bere herrian, gertatu zaiona jakiten badute, lotsa ez da bortxatzailearentzat izanen, baizik eta beretzat. Inor da berarekin ezkonduko. Beraz, hirira joanen da, eta han...

- Ume bat ezkondu gabe izaten denean.- Atzeko kasuetan, gainera ondorio bezala ume bat etortzen bada, prostituzioa irtenbide bezala, zenbait girotan nahitaezkoa da.

- Diru beharragatik.- Ikusi dugun kasuetan, psikologi arrazoien ondoan, ekonomi arrazoia ere garrantzi handia dute. Emakumeak, bizibide bat izateko heziketa ukatu egin zaionez, bere gurasoek edo senarrak dirurik ematen ez badiote, egoera larri batean aurkitzen da sarritan. Eta bide bezala, prostituzioa da eskaintzen zaiona. Nahiz eta lan bat izan, (saltzaile, ileapaintzaile, etab.), emakumeak jasotzen duen dirua, etxera gizona ekarri behar duen sariarentzat "laguntza" bat izaten da, baina ez da aski, pertsona bat normalki bizitzeko, eta guttiago ume bat edo gehiago bere kontura baldin badu.

Beraz, askok ordu libreetan, prostituzioa jotzen dute.

Hauk dira, ba, emakumea prostituziora bultzatzen duten arrazoiak: moral itxuratia, antisorgailuen gain informazioa ez izatea erabiltzea debekatua egotea, abortuaren gain dagoen zigorra, Estatuak umeen heziketa ez ordaintzea, emakumearen langabezia eta ordaintzen ez den lana... hitz batean, emakumeak sofritzen duen bereizkeria, behin berriro ere. Emakumeak, ez du urrats hau "moral txar baten" ondorioz, baizik eta BEHARREZ ematen.

Bizioa? Oraindik ba al dago, "lan" hau atseginez egin daitekeela pentsatzen duenik?

Prostituzio moetak

Hemen ere ba dira "klaseak". Tradizio mailan, alde batetik taberna berezietan izaten den merkatalgoa eta bestetik, "kalea". Hauk esan daiteke direla, prostituzio moeta "herritarrenak", eta errepresioaren indarkeria sufritzen dutenak, noski.

Gero, ba dago bigarren maila batean, etxe apainetan egiten dena. Hauzo dotoreetan egoten dira, eta salgai dagoen "materialea" hobeagoa izaten da. Hemen egoten diren neskak, behin zahartzen hasiz gero, behe mailako prostituziora joaten dira normalki. Etxe hauetara joaten den bezeria, diruduna eta diskreta da beti. Polizia, ez da jende hauen bizimoduan sartzen, dena diruz estal baitaiteke.

Hirugarren maila batean, luxuzko prostituzioa dugu. Batzutan, emakume batek bost edo sei bezero finko ditu. Besteetan, agentzia baten bidez konpontzen da arazoa. Normalki, entrepresa-gizonen bidaientzat egiten dute lan; baita politikari garrantzitsuentzat ere, Ingalaterran sortu zen eskandaluan ikusi genuen bezala. Gauza hauk, honelako "eskandalu" bat gertatzen ez bada, inork ez ditu jakiten... argira ateratzen denean, bati erruak bota (haren gauza balitz bezala) eta besteen izenak gorderik edukitzen dira.

Burjeseriak erabiltzen duen terapeutika

Lehenen, emakumeen zerbitzuen bila joaten diren bezeroak, lasai egon daitezke! Haien aurka, errepresioak ez du behinere jotzen.

Prostituzioan, burjeseriak dioenez, errudun bat besterik ez dago: prostituta. Hau da gartzelara eramaten dutena, edo gartzelak baino okerragoak diren "centros de rehabilitación"etara. Berrabiltze zentru hauk, mojen eskuetan daude, eta hauetan erabiltzen den erredentzio sistima, lan esplotatzea izaten da, oso merke ordaintzen den lana...

Ematen dituzten zigorrak, guztiz lege kontrolerik gabekoak dira, eta diotenez, sadismo moeta guztiak erabiltzen dituzte moja "errukitsu" hauek. Prostituta, gartzelatik edo zentru hauetatik ateratzean, bere "lanean" segitzera behartuta dago, beste biderik ez du izaten eta.

Hau, behe mailako prostituzioan gertatzen den gauza da. Gainera, kalean edo tabernetan lan egiteko, prostitutak mila arrisku sofritzen ditu; batetik, "merkatua" oso kontrolatuta dagoelako eta bestetik bezero batzuren sadismoan ez erortzeko, "babestaile" bat hartu behar dute, proxeneta deritzona. Prostitutak, honi eman behar dio jasotzen duen diru guztia, "babes" honen truke, eta proxenetak, nahi duena emango dio beretzat lan egiten duen emakumeari. Proxeneta hauen ekintzak, Penal Kodigoak zigortu egiten ditu. Gero praktikan benetako "mafia" bat "dago eratuta, gauza hauen inguruan.

Azkenik, galtzen ateratzen direnak, beti ahulenak dira, hots, prostitutak. Zaharrak izanen direnean, ez zaie ezer geldituko, eta miseria sakonenean hilko dira.

Burjeseriak, prostituzioa ez duela onhartzen, diosku beti. Hori ez da egia. Eratu duten gizarte honetan nahitaezkoa da.

Diotenez, gizon batek ezkondu baino lehen sexual harremanak izatea, gaizki ez egoteaz gainera komenigarria da. Kontuan edukiz, emakumeentzat hau pentsaezina dela, norekin izanen ditu harreman nauk?; andregaiarekin ez noski... prostitutek erakutsiko diote nola egin.

Emakume ezkondu batek, bere senarra ez den gizon batekin oheratzen bada, adulterioaren lege pisua eroriko zaio. Gizonak, beste emakume batekin oheratzeagatik ez du adulteriorik egiten; beretzat, harreman hauk legalak dira. Ez ditu emakume "dezenteekin" izanen, noski!, nora joanen da?; prostitutengana.

Beraz, moral neurri desberdin hauk aurrera eramateko, beharrezkoak dira, alde batetik neska dezenteak, ezkontzeko eta umeak hazteko; eta bestetik, prostitutak, gizonen behar extrak betetzeko.

Prostituzioaren psikologia

Zer bilatzen du gizonak prostituzioan? Zergatik behar dute gizonek sexual harreman hauk? Zer abantail eskaintzen diete?

Batetik, ez dakarkio obligaziorik afektibitate aldetik; gizonak emakumea hartu, bere organoa alokatzen duen maginan hustu, eta gero, beste ardurarik gabe, alde egiten du. Hau da gizonari atsegin zaiona, afektibitatea eta sexualitatea aurkakoak sentitzen dituelako. Sexualitatea, behar bat da beretzat, eta maitasuna ere bai; baina maite duen neskarekin ezin du sexual harremanik izan, hori errespetu gabezia izanen litzatekeelako... Bestetan, ez du ezkontzeko gogorik, eta neska bat maite baldin badu, ezkontzeko behar du izan; beraz, prostitutarekin ez zaio arazo hori gertatuko.

Ezkonduta baldin badago, emaztearekin izaten ditu sexual harremanak, baina helburu bakar batez: Umeak egiteko. Bere emaztea, emakume dezentea denez, ez dabil atseginaren bila, eta berak, nola proposatuko dio zenbait gauza egitea?, nola eginen ditu emakume honek aho-ernaltze laztanak eta horrelako "zikinkeriak"? Berari berriz, atseginen litzaioke... horretarako daude, ba, "maitasunaren langileak", zerbitzu horik diruaren trukez egiteko, beti prest.

Gure gizarte honetan, dena da salerosgai. Gainera, jakina da, gauza onak garesti erosten direla beti... Objektu bat erostera joaten denez, gizonarentzat ordaintzea eta ondo ordaintzea gainera, merkantziak daukan kalitatearen froga bat da. Segur asko, ordaindu gabe har bazezakeen, ez zuela ainbeste gogorik izanen. Zenbatek janen lukete kabiarra, nahi adina balego? Aberatsek ez behintzat...

Gizona lasai joan daiteke prostitutarengana. Han, daduzkan konplexuak, atarian utz ditzake. Berdin da, zaharra, lodia, ilerik gabe, itsusia baldin bada. Honek ez du garrantzirik. Dirua badarama, bere iristea guztiz hospatua izanen da.

Gero ere, prostitutak ez dio esanen: "hau egin", "hori hobe datorkit", "itxaron pixka bat gehiago"... ez! ez dago gaizki egiteko beldurrik. Prostituta ez da sexu sentikortasuna duen izaki bat, berak, dirua jasotzen badu, magina bezeroaren zerbitzuan jartzen du, eta laster bukatzen badu... hobe!

Eta, agintzeak ematen dion plazerra? Gizon askorentzat, ez da hainbeste sexu harremana egiteko moeta honek edo besteak ematen dion atsegina baizik eta, hamar minutuan besterik ez baldin bada ere, esklabu baten agintari sentitzeak ematen dion plazerra. "Jar zaitez honela", "orain beste aldera", "hankaz gora", "hankaz behera",... eta besteak, esana egin besterik ez, dirua jaso nahi badu.

Gainera, bere emaztea beti umeekin aurrera eta atzera dabil... ia dirua iritsiko zaion, ia eskolan nola dabiltzan, gaixo jarri direla...; bere emazteak Karmele du izena eta itxuraz, normal zamarra da. Hori ez da, filmetan ikusi duen erotismoaren irudia... Prostituzioan, merkantzia moeta asko dut aukeratzeko. Ernagarriena aurkitzen duena, aloka dezake. Dirua da baldintza bakarra. Gustu guztietarako daude salgai: zuriak, beltzak, argalak, lodiak, sadikoentzat, masokistentzat, pintatuak, pintaturik gabekoak... denetatik dago, gure gizonaren pozerako.

Misterioz beteriko mundu batean sartzen da eta ateratzean, zer sentitzen du? Prostitutak, bere sexualitatearen laburkeria, irrigarria eta sinpletasuna erakusten dio, ispilu bat balitz bezala. Hainbeste istori, hainbeste hitz eta pentsakizun sortzen dituen zakil honek, bere beharrak zulo batean, minutu labur batzuetan betetzen ditu. Gizonek, sexualitatearen korapiloa, buruan daramate eta ez organoan. Mitohauste bat da, nolabait, esperientzia. Ez da oso pozgarria gure gizonarentzat hau ikustea: emakumeari, bost axola zaio zakila eta zakilaren jabea nahi duena, lehen bait lehen bukatzea da, eta egiten dizkion laztan hotzek, helburu hori besterik ez dute, "luzatzen ari zara, ba... gehiago ordaindu beharko didazu". Bizioa?, bai horixe..., sentitzen du tenagatik izanen da; lan egiten ari direla, segur bitartean irakurtzea, jostea eta pianoa jotzea eraz dirudiela. Bezero gehienek, prostituten aurka hitz egiten dute, eta honengatik izaten da, berorren miseria ikusi egin dutelako prostitutaren jokaeran. Honek ez du komeriarik egiten, ordaintzen ez ba zaio.

Aberatsen prostituzioa ez da hain gogorra izaten. Diru asko izatean, magina hutsa alokatu beharrean, sentimentu adierazpena ere erosten dute. Orduan bai egiten dituztela komeria galantak! Azkenez, gizon hauek, benetan harekin egotea emakume hauei atsegin zaiela pentsatzen dute; ispilurik gabeko miseria dugu hau.

Emakume prostituten borroka

Orain arte eramana dutena behintzat, ez da izan prostituzioarekin bukatzeko helburuaz.

Prostituten borroka garrantzitsuena, Lyon-ekoek eraman zutena izan da. Haien gidari Ulla-k liburu bat argitaratu zuen arazoaren gain (1).

Emakume hauek eskatzen dutena, prostituzio librea da.

Defendatzen dutena hurrengo hau da:

- "Bakoitza, gure gorputzaren jabe garenez, gorputz honetaz nahi duguna egiteko libre izan behar dugu".

- "Prostituzioa, beste edozein lan bezain errespetagarria eta beharrezkoa da. Exigitzen duguna, gizarteak egia hau onhar dezala da".

- "Beste lanetan ere, jendeak bere indarra saldu egiten du. Prostituzioaren gain, arazoa berdina da. Lan merkatuarekin bukatu arte, beste langileak bezala, guk baldintza hobeagoak eskatzen ditugu".

- "Gure lana, lantegietakoa baino hobeagoa da. Diru gehiago irabazten dugu, orduak libreagoak dira, eta geure burua egiten dugunetik at edukitzeari oso erraza deritzogu, ez da kontzentraziorik behar duen lana eta".

- "Jendeak ez badu hau beste lan bat bezala ikusten genitalen mitoarengatik da. Guretzat, berdin da dirua irabazteko besoak edo magina erabiltzea".

- "Langile bezala zanpa gaitzatela, baina emakume bezala ez. Geure lanean, seguritateak nahi ditugu. Polizia, burjeseria, proxenetak... berdinak dira; denek zurrupatzen dute geuregandik. Gure gorputzaren eta diruaren erabiltze librea eskatzen dugu".

Lyon-ekoek hau erreibindikatzen zutenean, feministek eta iraultzaileek ez zituzten planteiamendu hauk onhartu. Arrazoia: ez zutelako arazoaren muina aurkitzen, eta noski, prostitutak estatutu bat exigitzea, nolabait, prostituzioa fenomeno bezala onhartzea da.

Gu ere, ez gaude ados Lyon-ekoen planteiamenduekin. Ez dugu uste prostituzioa, beste lan bat bezala ikus daitekeenik.

Beste lanetan, lantegian adibidez, geure indarra saltzen dugu, hala da. Baina, esaten duguna, gure lanaren fruituak gurea izan behar duela da. Pentsatzen dugu, beharrezkoa dela merkantziak produzitzen jarraitzea, baina irabaziak langileentzat izanik. Prostituzioan, emakumearen gorputza da merkantzia bezala erabiltzen dena eta honekin ez gaude ados. Emakumea ez da merkantzia bat.

Norbera bere gorputza saltzeko esku dela? Gezurra. Prostituzioa, fenomeno sozial bat da, eta ez pertsona biren erabakia. Emakumeak, bere gorputza saltzen badu, ez da libre delako. Lehen ikusi dugun bezala, gure gizarte matxistaren ondorio bat da, beharrezko ondorio bat. Eta honekin bukatzea, behar beharrezkoa dugu emakumeok, gure pertsona duintasuna eskuratzeko bai eta gizonarena ere.

Iraultzaile garenez, pertsonen artean dauden harremanak ere aldatu nahi ditugu, eta sexual harremanak, besteak bezala, ez dira salerosgai.

Hori bai! Lyon-eko prostituten jarrera esplikagarria iruditzen zaigu. Normala da, gauza bere sakontasunean ez ikustea, lehenengoz. Eta exigitzen dutena, funtsean, haienganako dagoen mesprezuarekin bukatzea da. Arrazoia dute honetan. Prostituzioa onhartzen dutenek, eta zerbitzuak erabili ere, gero prostitutenganako gutiespena adierazten dute, eta horri irrigarria eta haserragarria deritzogu.

Gero ere, berriz gure moral itxuratia. Nik ez nuke prostituzioa, san baten trukez lantegian egiten den lanarekin berdinduko. Baina ezkontzarekin, gaur egun egiten dugun bezala, bai.

Zer da ezkontza gure egunetan? Beste gauzen artean, emakumean, bere bizitza ekonomikoki konpontzeko, eskaintzen zaion bide bakarra.

Zer egiten du neska batek, mutil honekin diruz ondo dabilelako ezkontzean? Ez du bere gorputzaren zati bat, diru pixka batengatik, minutu batzutarako alokatzen. Egiten duen salerosketa hau da: Bere gorputza eta pertsona osoa senarrari ematen dizkio, hil arteko seguritate baten trukez. Gehiago ematen du, gehiago jasotzen du... bestaldetik, kontratua, funtsean berdintsua da.

Emakumeak, bere independentzia ekonomikoa lortzen ez duen bitartean, prostituzio "legala" edo "ilegala" praktikatzera behartua egonen da.

Gazte eta umeen prostituzioa

Ekonomi krisisa sakontzen ari dela eta, gazte eta umeen prostituzioa, gurasoen ezagueraz gehienetan, ugaritzen ari da. Langabeziaren ondorioak, lapurketa eta beste moetako "delinkuentziarekin" batera... Hemen ere, diru beharra dugu arrazoia. Askorentzat, emakumea, objektu ezagunegia eta pirpirarik gabekoa bihurtu da. Beste gauza ernagarriago bat behar dute, bere sexu jokuetarako. Gazteak eta umeak, nahiz neskak edo mutilak izan, ondo ordaintzen den merkantzia bat da.

Umeak, normalki, gurasoek alokatzen dituzte, bai "sesio" batean erabiltzeko edo filmeak egiteko. Bestetan, alokatu beharrean, saldu egiten dituzte. Hauk bai direla, gizarteko azken biktimak, inongo defentsarik gabekoak.

Gazteak, batzu bere kontura hasten dira, baina denbora bat "ofizioan" iragan ondoren, hauek ere inguruaren aurkako "babesa" behar izaten dute, esplotatzaile baten menean jarriz. Bere gorputzak, laster, triskatuak izaten dira, bai fisiko eta bai psikologiko aldetik ere. Gehienek droga erabiltzen dute ihes egiteko; ohitura hartu ondoren, diru gehiago behar dute droga erosteko, eta horretarako, ordu extrak egin, gorputza, guztiz xehatuz. Azkenez, gehienek beren burua hil egiten dute, lehen inguruak ez baditu haien bizitzak itzali.

Gizonen prostituzioa

Moeta hau ere, gizonarentzat eratuta dago. Bezeroa, homosexual aberatsa izaten da. Zerbitzua prestatzen duena, normalki, homosexual behartsua. Gure gizartean homosexualitatearen aurkako errepresioak sortzen du prostituzio honetarako "materialea".

Homosexual bezala ezagutua den bat, lantegietan ez dute onhartzen eta, toki guztietatik bota egiten dute. Zer irtenbide geratzen zaio bizitzeko? Prostituzioa.

Baina noski, homosexualitatea, emakume eta gizonen artean, dirudien baino askoz ere zabalagoa da. Gai hau ere, lan berezi batean aztertzea beharrezkoa zaigunez, hemen, prostituzioari dagokionean besterik ez dugu ikusiko.

Gizon homosexual gehienek bizimodu doblea daramate. Batetik, publikoa, bere emazte, seme-alaba, lan errespetagarria etab. eta bestetik, sekretua.

Bere sexualitatea bizitzeko, bide bat besterik ez, prostituzioaren zerbitzuak erosi, noizbehinka.

Eta emakumeentzat zerbitzurik prestatzen duen gizonik ez al dago? Bai, baina oso gutti eta kasu oso berezietan. Gainera, sozialki, ez da gizonaren prostituzio bat bezala ulertzen. "Puta" hitza, emakumeentzat erabiltzen da, eta ez zaio gizon bati, behinere "puto" esaten.

Gainera, emakumearengan kritikatzen dena ez da hainbeste bere gorputzaren alokatzea, baizik eta sexual harremanak eramatea. Emakumeentzat, beste moral neurri bat erabiltzen denez, sexualitatea bizitzen badu ezkontzatik at, "puta" deitzen zaio.

Prostituzioan, bezeroa gizona baldin bada, normala dirudi. Baina emakumea baldin bada, honez gainera "puta" ere, bera izanen litzateke; eta bere gorputza saltzen duen gizona, "aprobetxatu erne bat". Erakusleihoaren alde batean edo bestean egon, beti esanen digute emakumea dela "puta" eta gizona "normala". Horrela kontsolatzen badira...

Itziar Urtasun


Postaz etorriak

IPAR EUSKADIKO EGUNA TRINITATEKO ENPARANTZAN

Anaitasunaren Zuzendariari:

Joan zen amarrean gurekin izan genituen beste aldeko anaiak. Gazte txaranga eta abeslari talde bat osatzen zuten artistiko aldetik enbajada. Baina bai eta agiri batzuen bidez beren problematika politiko eta soziala azaldu zizkiguten.

Neretzat presentazio edo aurkezpen onen gauzarik interesgarriena euskararen bearra somatzea izan zen. Bai, EUSKARAREN BEARRA. Ego eta Ipar aldea artuemanetan jartzeko, erriak bide bakarra du, euskara.

Beti esan dugu, euskara izkuntza kulturala izan nahi baduela, bearrezkoa egin bear dugula. Eta ona omen, ekintza batetan beintzat, bearra au. BESTE ALDEKOEKIN ARTUEMANETAN JARTZEKO BEARREZKOA DUGU EUSKARA.

Ez dakit, antolatzaileak, edo eta alderdi, bazkun eta euskal mugimenduak gaia onetaz jabetu diren ala ez. Orregatik dei bat bidali nai niezaieke, Beste aldekoekin geiagotu egin bear dira artuemanak. Lenbiziko uneetan gauzak zailak izango dira; bai antolatzeko oztopoen arrazoiagatik eta baita jende artean izango duen arreragatik, eskaxa ziur asko. Alaz ere, bide onek dadukan garrantziaz kontzientzia artu bear dugu. Ipar eta Egoaldeko enbajadak bearrezkoa dute euskara bere Ipar eta Ego Euskadiko ibilaldietan.

Beraz bide au baztertzea eta ez konsideratzea benetako utsakeria litzateke. Aldiz, bide au onartzea eta zabaltzea azertua izango delakoan deritzait.

EGOALDEKO EUSKALDUNEK antolatu ditzagun IPAR ALDERA joateko enbajada kultural, politiko eta sozialak. IPARALDEKO EUSKALDUNEK antola ezazue EGOEUSKADIRA etortzeko enbajada kultural, politiko eta sozialak.

BAIA

***

Anaitasuna jaunari:

Azken ANAITASUNAn ba dirudi zenbait kritika gogor egiten diozuela PSOEri. Horien kontra ekitea erabaki al duzue? Horiei zaunkaka hastea edo basamortuan hitz egitea gauza bera da, horien artean ale bat ere ez duzue arkituko erantzungo dizuenik zeren ia denak ez dute euskararik ezagutzen. Jendeari biblioteketan edo, komeniko litzaioke gerra denborako El Socialista egunkaria ikustea, beren orduko joera nola zen ikus dezaten.

Bestaldez EGI-B/3 Taldeak argitara duen oharra minez irakurri nuen. Euskararen izenean, beti erdara batuaz arrazismoa eta memelkeriak defendatzen ari.

Nork esan dezake sentsu onekoa bada, panfleto horretan agertzen den joskera faxista eta arrazista PNVren politika dela? Espainol faxistak egin duten textoa dirudi. Jakin dugunez eta ondo ganera PNVren EGIk ez du horrelako paperik inon botatu, polizia edo eskuin muturrekoak, abertzaleak zirikatzeko bota zituzten EGIk izenarekin izenpetuz gero.

Hori orduan garbi geratu da nor izan den jakin dezagun EGIk ez du ezertarako ere paper horretan parterik hartu.

EAJren gudari batek

***

Zuzendari jauna:

Ohorezko zaigu, datorren urrilaren 9-an Bilbon egingo dan "Kili-Kili" egunaz zeaztasun batzu zuri igortzea. Bertara nai duten ume guztiak jakitun ipintzeko.

Alfabetatzen diarduten ume euskaldunon eguna urtero Euskalerriko eskualde batean ospatzeko asmoa dugu. Bilbon asten gara, len esperientzi bezala eta "Kili-Kili" bera ere Bilbon jaio zelako.

Eskualde bakoitzean antolaketa-lana aurrera doa. Ala ere, berri au zabaldu gura dugu, bertara joateko direnek garaiz jakin dezaten zer eta zelan izango den.

Antolaketa aurrera doa. Datorren ilaren 9-an, igandean, zortzi mila ume baino geiago batuko direla ustetan gagoz, Bizkai-ko uriburuan. Asteko guztiak Bilbo-ko Arenal-ean bildu eta andik "Feria Internacional de Muestras"-era (eguraldi txarra balitz, badago aterpea an).

Kili-Kili

***

Bilbon Irailak 2, izandako Amnistiaren aldeko azken manifestaldirako ondoko komunikatua atera genuen eta DEIAri bidali, baina ez zigun argitaratu suposa daitezkeen hobespenez. Horregatik, zuei bidaltzen dizuegu, baliorik ez duela galdu uste dugularik.

Bilbon 77.9.1.

"Arenaleko manifestaldiaren alderdi arteko prestakuntza bileretan partaide izan garenez, eta ateratako komunikatuaren sinatzaile garenez, ondoko puntuok jakinerazi nahi ditugu:

- Oraingoan manifestaldi honen antolatzaileek egiazko Amnistiaren puntu guztiak hartu dituzte kontuan. Ba zen garaia. Baina, halaz ere, garrantzitsuena kanpoan utzi dute: Gorpu Errepresiboen desegitearena. Kanpoan uzte hau oso oker grabea dela uste dugu. Ez baitugu sakonean ezer konpontzen, alde batetik ateratzen baditugu, eta beste aldetik, sistema burjesa zalantzan jartzen dutenak, gorpu horiek herriarengandik sakabanatzen badizkigute. Eta hau gertatzen ari da jadanik, nahiz eta Gorteetan dabiltzen alderdiek, edota ibili nahian daudenek, askatasuna ba dagoela esan.

- Manifestaldiak langileriaren burruka bidea dira, beraren nahiak ozenki aldarrikatzeko eta burjeseriaren zapalkuntza salhatzeko. Burjeseria berorrek langileriari ikaragarrizko murrizteak ezartzen dizkio legeztapenaren truke. Eguna, ordua, tokia, kontsignak eta guzti guztia bilakatzen da negoziagai, eta langilea azken ordurarte geratzen da baimen famatuaren zain. Eta, orain arte izan den bezela, langileriak aurrea hartzen badu, burjeseriaren negoziaketa aginduen kontra jokatuz, orduan, "minoría extremista" bat izaten da, eta burjeseriak grisen eta zibilen bortxa basatiaz erantzuten du. Baina, orain arte lotu dugun guztia "minoría extremista" horri esker dugu, gero ta gehiago handitzen joan delako.

Manifestariek, polizien erasoez defendatzeko, harriak eta barrikadak erabiltzen dituztenean, orduan, defentsa horri "violencia callejera" deitzen diote. Eta dagoen bortxa bakarra burjeseriak bere interesen ordena zaintzeko erabiltzen duen bortxa orokorra dela argi esan nahi dugu.

Guzti horregatik bultzatzen dugu edozein manifestaldi, eta oraingo hau ere bai. Baina ez gaude ados legeztatzearen beharrarekin, nahiz eta honek jende gehiago etortzea posible egin. Zeren, murrizpenez gain, bakoitzak bere siglak bultzatzeko baizik ez baitu balio, eta herriak inposatzen baitu legetasuna.

- Beste kontu bat da 500 pertsoneko "Cuerpos de Orden" horik egitea, gobernari faunak hala eskatu duelako. Onhartzen dugu bai, Aiuta Zerbitzu bat, bada ezpadan, eta baita ere manifestarien defentsarako pikete defentsibo batzu, manifestariak izan behar baitira defendatuak burjes poliziaren erasoengandik, eta ez, alderantziz, manifestarien oihu eta eskabide bidezkoengandik burjesen ordena defendatu.

Herriak sarritan frogatu du ez duela holako artzainen beharrik gizalegez ibili baita beti. Baina oraingo honetan 500 tipok megaphonoen abantailaz, herriari zer oihukatu behar duen esango diote, psykhologikoki mugatuz eta zapalduz. Eta oso herritarrak diren kontsignak "zilegien" ordez ixilerazi nahiko dizkiote. Adibidez: "ETA, herria zurekin", "Independentzia", "Txakurrak barrura", eta abar. Herriak Apalarengatik Kontsulatu Frantsesera joan nahi badu, frenatzen saiatuko dira. Ez gaude, beraz, manifestaldia prestatu den moduarekin.

Beste alde batetik, Donostiako manifestaldiaren antolakuntzan, ia ahobatez erabaki dute "Cuerpos de Orden" ez egitea. Bilbokoaren prestakuntzan, aldiz, baietz esan dute ahobatez. Zer dela eta hau? Gipuzkoako herria ez al da hain engainaerraza? Klaudikazioa zer den argi erakusten digute alderdi horiek joku bikoitz horren bidez.

GORPU ERREPRESIBOAK DESEGIN ETA "Cuerpos de Orden" ERE BAI.

GORA EUSKADI INDEPENDENTEA ETA KOMUNISTA.

Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia. LAIA-ez.


Donuts-ek euskal albumak erregalatzen

Ezagunak ditugu, hobe ez, DONUTS izeneko erroskilak. Haurrek bai gutienez. Oraintsu COINASAk, Donuts-en fabrikatzaileak, euskaraz eta erdaraz 100.000 album argitaratu berri ditu, Bizkaiko haurren artean, publizitate gisa banatzeko.

Album hauetan Euskal Herria, beronen paisaia, bizilagunak, hiriak, etxeak, animalia eta landareak azaltzen dira, kolorezko kromoez hornitzeko. Gai hauetan 300 euskal hitz agertzen ditu albumak, umeek, irudi bidez, beren euskal hiztegia aberats dezaten.

Bizkaiko Donuts banatzaileek, halaber, 250.000 pezeta jarri dituzte albuma osa eta euskara pixkat ikasi duten haurren artean, saritan, emateko.

Exenplu imitagarria eta ikastolen eta euskaldun guztion jantokietan ongi kontutan edukitzekoa. Kondizio berberetan, euskaldunok, azken batez, euskaraz tratatzen eta onhartzen gaituztenak onhartu behar ditugu.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Irailaren 25ean PNVek bere eguna hospatu digu Aralarren. Zorionak eta urte askotan, herkideok!

Hartara joateko deia zabaltzeko karteletan ALDERDI EGUNA jartzen zen. Eta esaldi hori, euskararen sen pixka bat duen edozeinek ba dakusa gaizki idatzirik dagoela. ALDERDI EGUNA, mugagabe dagoenez gero, edozein alderdiren eguna izan daiteke; euskaraz, kasu, gizon eguna gizon guztien edo eta edozein gizonen eguna da, pertsona konkretu batena denean, gizonaren eguna esaten baita. Horrelaxe itzuli dute, kasu, Gipuzkoako Amnistiaren aldeko Gestorak "Día del Gudari Muerto", HILDAKO GUDARIAREN EGUNA.

Arrazoi berberagatik, beraz, PNVren eguna ALDERDIAREN EGUNA jarri beharra zuketen, baina gauza jakina da, dena dela, PNVekoek euskara kontuan egiten duten guztia, Don Juan Ajuriagerrak oraintsu PUNTO Y HORA (no 53, 24. hor.) argiro esan duenez, edozein akademia eta herri usarioren gainetik ere ONGI dagoela. Tira ba! Astabelarri sursum concordatariak beraientzat.