ANAITASUNA
1977.EKO URRIAREN 15EKOA
349. ZENBAKIA
35 PTA.
ANAITASUNA
Bizkaia
hamabosterokoa
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealday
Urteko abonamendua:
Bertorako 700 pezeta
Latin Amerikarako 800 pezeta
Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta
Ale bakoitza: 35 pezeta
[AZALA]
BENETAKO MAMUA
AURKIBIDEA
3. Editoriala.
4-5. Herri mugimendua eta partidukrazia.
6. Barasordako Zentralea: Watergate ttiki bat.
7. Eztabaidarako ideia batzu.
8-9. Ez eta erlijio berririk ere.
10-11. Euskal astakerien inguruan.
12-14. Artzaina eta mendia.
15-16. Ethiopia eta Somalia arteko gerla.
17-18. Ezkerraren deabru zaharrak.
19-21. Zientzia.
22-23. Elkar-ikuska.
24-25. Komikia.
27-29. Euskara eta Politik Alderdiak (IV).
30-33. Emakume Bortxatzea.
34-35. Seattle buruzagi indiarrak Estatu Batuetako jaun lehendakariari igorririko gutuna.
36-37. Kirolak.
38. Musika.
39. Hezurraren balada.
40-41. Sukaldeko saltsak.
41. Gramatika.
42. Kalekoa.
Leg. Gor: BI, 1763-1967
Editoriala
Inork, inoiz, pentsatu ahal izan badu demokraziaren estabilitatea gertu genuela, erruz bizi izan da. Enganiaturik. Atzokoek gaur, administrazioan diraute: antzekoa den administrazio batetan. Atzokoek gaur, boterearen puntu neuralgikoenak menperatzen dituzte. Atzokoak gaur, iraganiko gau ilun eta gorrentzako bidea har lezakete. Hau dute adierazten azken aste hauetan zabaldu diren zurrumurruek gutienez. Baina, ez da bakarrik zurrumurrua, ez da mamu mitiko bat eta horregatik beharko genuke ikasi historian kolpisten duten estilua historia eskribatzeko orduan: estilu odoleztatua.
Benetakoa du mamua. Ikas dezagun bada, non eta noiz ezarri behar ditugun geure indarrak, areago dena nortzurengan kolpatu behar dugun irmoki. Ikas dezagun, mesedez. Ez gaitezen zora eta ahari gisa geure artean burua hauts. Gure indarra ttikia izan liteke faxistek enplega dezaketen indarkeriaren kontra. Beraz, jakin dezagun zein den etsai nagusia.
Eta honek ez du inolako diluzio politikorik eskatzen, bakoitzak ba daki edo jakin beharko luke, zein den bere lekua eta bidea zeintzu bere xedeak.
Utz ditzagun sektarismo absurduak. Euskal Herriko ezkerra ahula da oraindik, ez gaitezen memeloak izan eta triunfalismo absurdutan jaus.
Ondorio gaiztoak ekar diezazkioke herri honi ezkerraren artean den hainbat sektarismok. Faxistek ez dituzte hainbeste diskusio edukiko Espainiako herriak gorrotoz menperatzeko.
Eta ba dakigu, faxistek loreak ere zapaldu egiten dituztela.
Euskal Herrian
Herri mugimendua eta partidukrazia
Irakurlearen jakinekoa da egun Euskal Herrian, batik bat, funtsean bi jokabide politiko desberdinetatik jotzen dela.
Bata alderdi erreformistena da, hau da, P.N.V., PSOE, PCE, D.C.V, e.a. Alderdi hauk oraingoz behintzat demokrazia burjes bat ezarri beharrean dabiltza. Ezkerreko espainiar alderdiek Espainia guztirako estrategia-taktika bakarra dutenez Euskal Herria ere, honen kondaira eta herri mugimendu berezia kontutan hartu gabe, zaku berean sartu eta nolanahiko sasidemokraziaz konformatzen dira. Bestalde, P.N.V.eko gidariek ba dakite, sobera, Euskal Herriaren posibilitateak areago doazela, ongi ezagutzen baitute gure berri autoorganizaketa eta burruka sendoa dela. Baina, espainolista erreformisten gurdian sartu da, nahiago baitu eta sasiautonomia burjes bat Euskadi sozialista eta independentea baino.
Beste politik jokabidea, berriz, ezker abertzaleok (KASekoak batik bat) eta ezker estatalista iraultzaileak osatua da. KAS-eko alderdiak, alde batetik, P.N.V.ren barreneko kontradikzioak gainditzera datoz. Bestalde, LKI, OIC, e.a. langile alderdiak dira eta Euskal Herriaren naziotasuna onharturik bere autozertzea proposatzen dute.
Lehenengo alderdi zamakoak, berak dira soilki politikari profesionalak eta herriari lau urtetatik lau urtetara konfidantzazko botua, diru kanpaina batez, erosi bai eta beren interesen aldeko politikagintzan dihardute. Bigarren taldekook, berriz, etena eta iraultzarako baldintzak ikusten ditugu eta bide horri garraizkio.
Beharbada, theoriaz, talde biak, alderdi erreformista eta iraultzaileak lehen pausoak elkarrekin batasunean ematea izanen zen egokiena, baina, ikuspegi desberdinak daude, eta interes desberdinak defendatzen dituztelakoan eta beren estrategiak puntaertzekoak izaki, ez da posible izan batasuna. Lehenengo taldekoak "batasunaz edo unitarioaz" mintzo direnean dagoeneko frankokume UCD eta bere indar errepresiboekin batean ulertzen dute.
KAS-ekook eta bigarren taldekoek herri mugimendua eta burruka parlamentaritzarekin batean taktika biak osatzera jo dugu, alderdi erreformista historikoak dira, ordea, jokabide biak uztartu nahi ez dituztenak, eta herri mobilizapenak eta autoorganizazioa gaitzetsirik herriaren bizkarretik politikakeriak egin bide dabiltzanak. Niretzat garbi dago alderdi erreformista horik direla Euskadin herri mugimendua zatikatuz Euskal Herriaren batasunaren kontra gobernu zanpatzailearekin ezkondu direnak.
Beste sasiamnistia bat?
Berriro adarra jotzen zaizkigu amnistiarekin, Garai batean 9 negoziatzaile ziren, Aberri Egunerako amnistia orokorra agindu zuten Oreja eta Martin Villak ministrariek, egunak iragan eta amnistiarik ez zen lortu. Hala ere, desdramatizatu eta desmugitu egin behar zen herria. Diplomazia bidea irainik eta erridikulurik handiena geratuta ere, herri borrokalariek etengabe iraun zuten, lehenik 700 presoren zerrenda 100era jaits eraziz, eta geroago gobernua bera presorik zigortuenak kaleratzera edo atzerriratzera bortxatuz.
Aurten, lehen erridikulurik borobilena egin zuten beraiek, alderdi haietako ordezkariek, Arzalus, Enrique Mugica, e.a. Madrileko gobernu inperialistarekin negoziaketan dihardute, areago, UCD-rekin amnistiaren aldeko aurreprojektu bat eratu dute, beste barregarrizko edo nigargarrizko sasiamnistia, noski, baina politikari azkarrak eta politika profesionariak berak bakarrik nola diren, moztu egin behar omen herri mobilizapenak. Hori agertu zuten gorabehera, Mugica eta Arzalusek, Martin Villarekin egon eta gero, amnistiaren aldeko laugarren astearen kontra komunikabide orotan (telebista-prentsa) eraso zutenean. Oraindik ez dira onartu, agian, amnistiaren aldeko gestorak herri gestorak direla, herri eritzi eta sentimendu bide egiturak, ez gehiago eta ez gutxiago. Eta gestorak baten batek utzi baditu ez da izan errespontsable zelako, herriaren aurrean irrespontsable izaki partidu maliobrak egitearren baizik. Baina, gauzak hala ikustea ez doa beren "politikakeria eta protagonismo interesatuekin" ados, eta gestorak gaitzetsi, iraundu eta diktadurarekin bat eginik zanpatu ere egin behar dira.
Telebista gestoren eta herri mugimenduen gaindik dagoenez, Avenidan izan zuen Enrique Mugicak (Arzalusek oraindik ez) herri erantzuna. Donostia frankismoaren garairik hoberenean baino hartuago aurkitzen zen armadakoengatik, eta erdi aldean bi mutil gogor zigortu eta gero (bat burua irekita odola zeriola) eraman zituzten barrura. Eta bitartean, hara hor Avenidan Enrique jauna beste bi lagunekin aire triunfalista batez. Telebistan bota zituenak bota, eta Avenidan ikusi zuten talde batzu izan ondoren, atso bat bi mutil detenituen alde zerbait egiteko eta "a tomar por..." bidaldu zuen, eta jendeak garrasika ohiukatu zion "Ez, ez, ez amnistia ez da negoziatzen", baita "H. de P.", "Porque no te pones un tricornio" eta halamoduzkoak ere entzun behar izan zituen. Eta atso heldu batek kalean bertan aterki batez ukitu zuen buruan, gero, bere lagunak kotxera laguntzean ez zioten atea hizten uzten, eta atea bortxatua geratu zen. Jendearen garrasipean tarteka bultzada eta kolpetxoren bat edo beste ere jaso zituen.
Honetaz prentsak, interes partikularrek, entrepresa eta alderdi indartsuek manipulatua, beti bezala, gezur bi zabaldu ditu. Bata, gazte talde bat zela, eta ez da egia, gehienak adineko emakumeak baitziren eta hara inguratu ginen gazteenok 30 urtetatik gorako gurasoak baikinen, eta aipatu bezala, adineko emakumeak gehienak. Gazteak balira ez zuketen hain osorik utziko.
Prentsako beste okerra "Negociacion no, independencia si" ez zuen jendeak oihukatu, "Ez, ez, ez, amnistia ez da negoziatzen" baizik. Bestalde, ez da harritzekoa ez Mugikak ez bere kamaradek euskaraz ez ulertzean gaizki konprenitzea.
Modurik erosoena izan ezik ere herri soilak nolabait ere erantzun egin zuen, ez telebistaz, PSOEkoek esanen luketenez ez baitago "oportunitate igualik".
Gauzak ipurdiz gora jarri beharrean, ordea, Mugicak eta PSOEko exekutiboak gestorei (eta ezker abertzaleei) leporatzen dizkie "manipulatzaile", "faxista", "sektari", "fanatiko" deiturak. Nork manipulatzen ote du gero telebista, adibidez, PSOE bezalako alderdi boteretsuak ala gestorek (edo ezker abertzaleak). Orainarterakoan behintzat lehenengoaren zerbitzuan ikusi dugu.
Nik uste nuen sozialismoaren etsaia kapitalismoa eta zanpatzaileak zirela, baina PSOE-rentzat ez dira horik bere etsai, bidelagunak baizik, bere etsai amorratuak ezker abertzale eta herri gestorak dira.
Sektaria, berriz, PSOE izanen da, Euskal Herrian hainbeste urteren buruan ez baita etorkinak eta jatorrizkoak batzeko gauza izan, ez ideologia eta ez erakunde mailan. Abertzaleak separatista direlakoan beren espainizaletsu sareetara apartatu baitituzte kanpotarrak.
Ezker abertzaleok gainditu dugu, ordea, kontraesan hori, "Euskadin lan indarra saltzen duen oro" zertzen baitugu euskaldun bezala.
Udal hauteskundeak eta Autonomi Estatutua
Honetan ere bi jarrera daude. Alde batetik, Autonomi Estatutuaren aurreprojektua eratu dutenak (PNV, PSOE, UCD) eta Autonomia nazional Estatutua edo Asanbladarako lehenik udal hauteskundeak beharrezko bezala jotzen dutenak, KAS, e.a.
Lehenengoa, erreformista eta UCD berarekin sasiezkondua eta Autonomia probisionalerako aurreprojektuan ekaineko bozketen portzentaiaz osatu behar omen Junta Jeneral eta Diputazioak. UCD-ek Nafarroa kanpo utzita ere, gorteetarako besterik ez eta hauteskunde antidemokratiko batzutan aukeratu zituztenak, lehen udalak probisionalki okupatu nahi bazituzten, orain, Autonomiarako erakundea kontrolatu nahi dute.
Bigarren jarrerakoak herri demokrazia defendatzen dute, demokrazia zuzena, herriak behetik kontrolatua, behetik gora muntatu behar baita herri demokrazia. Horretarako, ordea, lehenik udal hauteskundeak egin beharra ikusten da, baina ez nolanahiko hauteskundeak, kanpaina txoro bat egin eta halako pertsonaia bati botuak emanez, e.a. Udalak herri kontrolpean funtzionatu beharko luke herri batzarreak, hauzo batzarreak, e.a. instituzionaldu egin beharko lirateke, eta dena dela,halako hauzo bati dagokion zerbait erabakitzerakoan, bertako hauzo elkarteei eta kultur taldeei botua eman beharko zaie.
Eta behin udalak, behetik gora antolaturik eta herri kontrolpe bat ezarririk, herrialde (euskal probintzia) bakoitzean udal asanblada bat era daiteke, gero herri Euskal Asanblada bat eratzeko. Euskadiko Asanblada nagusi honek gertatuko luke Autonomia nazionalerako Estatutua eta izendatuko ere exekutibo izanen den Euskal Gobernua.
Bi jarrera hauen artean ari da ia gorpuzten Euskadiko alderdi eta erakundeen aukera. PNV-PSOEren Autonomi estatutua probisionalaren aurreprojektua, abertzale sozialista aldetik, A.N.V. eta ESEI-k onhartua dute, eta ezker estatalisten aldetik, PCE, ORT, MC, PTE, e.a.
KAS-ekoekin batera jartzen da ESB, ezker abertzale iraultzaile taldea lau alderdi hauek bultzatzen dutelarik. Ezker estatalisten aldetik, OIC-ek eta Euskal Komunistek ere bigarren jarreran dihardute. LKI, berriz, bigarren talde honetatik hurbil aurkitzen da.
Abiatu da, beraz, harreman edo aliantza mailan Euskadiko indar iraultzaileak urratu bide duten elkarte edo frontea udal hauteskundeak eta Autonomia nazionalerako bidean. Ba dugu asanblada bidez, e.a. alternatiba lantzeko nahiko lan, gero hauteskundeetarako, e.a. kanpainak arrakasta handia izan dezan, eta bide batez, herriaren autoorganizaketan beste pauso irmo bat eman dezagun.
ALEX
Euskal Herrian
Nahiz eta Estatu honetan oinharrizko egiturak aldatu ez, argi dago Burjeseriak eta organizazio erreformistek egindako hitzarmen politikoa medio dela, sasidemokrazia baten aurrean aurkitzen garela. Abagadune berri honetan, organizazio ezkertiarrak orain arte erabilitako burruka tresnak —gehienetan politika "anti" bat besterik egin gabe— aldatu eta egoera honetara egokitu beharrean daude.
Egokitze prozesu hau, ene ustez, nahiko ilun agertzen da, organizazio ezkertiarrak kontraesanez beterik ari baitira; alde batetik burjeseriak bilakaera politikoaren zuzendaritza lortu duenez gero eragintza guztia daramalako, erreformisten jokoa erabiliz; eta bestetik, PNV, PSOE, PC eta abarrekoek aski garbi dutelako beren jokaera zertan datzan eta zeintzu, bete behar dituzten helburuak.
Ezkerrak, zatituta egotetik aparte, lehen esan dudanez, politika aldakor eta bikoitz bat egiten dihardu —"orain bai, gero ez, oraingoan hauekin hurrengoan besteekin..."
Ezker abertzaleari dagokiola neurri handi batetan ere kontraesanetan sartu dela esango nuke. Iraultza ez da, kontsigna bi buruz ikastea eta "independentzia" oihukatzen ibiltzea edo PNV.ek eta Euskal Gobernukoak muntatutako manifestazioaren aurka egitea... Eta gero, langileriaren autoerakuntzaz mintzatzea.
Herri boterea, langile boterea, sozialismoa, independentzia... ez dira hitzak soilik, eraiki behar diren planteiamenduak baizik, errealitate bihurtu behar diren ideiak, eta praktika konkretu bat eskatzen diguten arrazoiak.
Inposatzen hasia den demokrazia burjes honetan gauza bat susma daiteke; zera da, gero eta nortasun guttiagoz burrukatuko dela zeren alderdiek bere zuzendariak dituzte, beren liderrak eta beren intelektualak, eta oro har oso alderdi guttik bultzatzen du baseko militantziak formazioa eskura dezan eta basea nolabait protagonista izan dadin. Euskal Herrian zoritxarrez, gutti dira klase burrukaz eta euskal herriko Iraultzaz ongi argitzen direnak.
Burrukan diren militanteen gehiengoak erabat absolutizatzen ditu bere alderdiaren planteiamenduak eta normalean ezagutzen dena 3 puntu estrategiko eta taktiko bi, buruz jakitean geratzen da.
Gero; klase burruka aztertzen erabiltzen den datu eta zirkunstantzien kopurua oso neurtua eta eskasa izaten da, klase burruka eta errealitatearen konplexibitatea kontutan hartzen badugu.
Sozialismoaz sinesten duena bere kontradizioa aztertzen hasi behar da.
Ez da sozialista edo komunista, bere burua politika arloan horrela definitzen duena gero praktika burjes bat badarama edo "machazo" huts bat bada.
Klase burruka osotasun bat bezala ulertu behar bada, hau da arazo nazionala, soziala, ekonomia planifikakuntza, kultura, ideologia, gizon askatu bat lortzea eta abar klase kapitalista eta inperialistaren kontzepzioen antitesia bada, gizarte berri bat egiteko kapitalismoaren zapalkuntzak osatzen dituen arlo guztietan erantzun beharko du euskal herri langileriak bere burruka iraultzaileaz.
Maila pertsonalean, hau da norberarengan ere sozialista izateak eskatzen duen konpromezu praktiko eta teoriko hori bete beharra dago; klase burruka ez dago gorteetan edo superestruktura mailan bakarrik; marginazioan, kultura alienatzaile batetan eta hauzoko azken gizonarengan baizik. Ondorioz bizitzaren arlo guztiak ezagutzeko saiatu behar dugu eta abstrakzio ahalmenak irudimenak, espontaneitateak eta formazioak bultzatuko gaituzte harreman komunitarioak eta sozialismoa gureganatzeko.
Askotan oso zaila da burrukatzen segitzea. Edozeinengandik entzuten da "erreta dagoela edo potroetaraino dagoela". Nire ustetan arrazoia hau da "aktibismotik" ez garela ateratzen eta burrukatzeko, argitasun handi bat euki behar da eta oreka pertsonala ere fundamentala da, leku guztietara ailegatzea oso zaila baita.
Eta norberaren kontradikzioetaz noizean behin erreflexionatzea nahiko inportantea da burruka luzea da eta...
Bukatzeko; gauza batzu utzi beharko genituzke argi behintzat. Adibidea euskara arloan hutsune handiak dira oraindik; aurreratu egin da, ikastola gehiago dago, eta Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakunde jator bat dugu eta abar baina ez dakit noraino ez ditugun geure arteko burrukekin, alderdien protagonismokeriekin lan garrantzitsu hauk oztopatzen.
Burruka eraikitzea da; eta euskara siglak askozaz inportanteagoa da, horregatik bat gaitezkeela uste dut guttienez lanean.
Eta inoren bizarrarekin sartzen banaiz ere, kontutan har, noizean behin neure bizar guttia bustitzen edo beratzen uzten dudala.
Euskal Herrian
Barasordako zentralea: Watergate ttiki bat?
Ez daude ez lotan euskal itsasalde ez-nuklearraren defentsarako Batzordekoak. Azken urteotan jo eta ke ari dira lanean, eta Administralgo Ofizialeko Erakundeek kasurik egiten ez dien arren, aurrera doaz etengabe, Barasordako zentralearen projektu eta eraikuntzaren inguruko trapu zaharrak eta lege-apurketak behin eta berriro salhatuz. Zorionak, beraz, beren lanean duten iraupenagatik.
ANAITASUNA honetako aurreko zenbakian, Barasorda inguruko lurren izendatze legalaren aldaketarako (parke-lurra izatetik industri lurra bihurtzerako) Bizkaiko Diputazioak emaniko pausoak aipatu genituen. Geroago defentsarako Batzordekoek informatu dutenez, erabaki hura hartu zutenen artean, Iberduerorekin lotura berezia duten bi pertsona daude. Batetik, Marcelo Ruiz jauna entrepresa horren administral kontseilukoa omen da, eta, hau harrigarria, jadanik existitzen ez den erakunde baten ordezkari gisa egon omen zen Diputazioaren batzarre hartan, "Movimiento" delakoaren ordezkari gisa hain zuzen ere. Bestetik, Jose Luis Garcia Tejedor, Iberdueroko injinadorea ei da. Beste Watergate ezkutu baten aurrean ote gaude?
Kostalde ez-nuklearraren defentsarako Batzordekoek adierazi digutenez, azken asteotan Mungia eta Lemoizeko hauzo eta erakunde batzuk "morazko denuntzia" aurkeztu dute beren herrietako udalen aurka, Erregimen Lokaleko Legearen 373 artikulua bete ez dutelako, zeren eta ez baitute eginiko eskariei buruzko erabakirik hartu eta gainera ez baitute ez-erabakitzeko motiborik aipatu ere.
Modu berean, salhatu egin dute Energiazko Zuzendaritza Orokorraren aurrean, ezen Barasordako Zentralean ez direla ASME-ren (American Society of Mechanical Enginers) arauak bete. Hori berori, arrazoi nahikoa da bertako obrak gera erazteko, eraikuntz baimenetan arau horik bete behar direla adierazi behar izaten baita.
Interesgarria da, halaber, Obra Publiko eta Urbanismoko Ministrari jaunari egin zaion eskaria. Bertan argi adierazten eta erregutzen zaio jaun honi, Ministral kontseiluan Bizkaiko Diputazioak eskatzen duen izenaldaketaren aurka ager dadin. Honetaz, Lemoizeko udalak negatiboki eta Mungikoak kondizional-negatiboki informatu dutela esan behar da. Dakikegunez, Ministraria den J. Garrigues Walker jaunak, kritika zorrotza egin ziona Administralgo Publikoari, nolabait astakeria urbanistiko gehienen errua egozten ziolarik. Esanetan, beraz, handia dukegu jaun prestu hori. Ea eginetan ere handia dugun, zeren eta eginetan epaitu eta neurtu baita pertsona eta ez mihiaren luzeran edo eta betaurrekoen dioptrietan.
Batzordekoen kritikak parlamentarien lepo gainera ere erori ziren. Esan zutenez —eta gu ere horretan gaude—, harrigarria da Bizkaiko parlamentarien jokabidea, zeren eta arazoa ezagutu arren, libre uzten baitiote bidea Diputazioari, kritikarik ttikiena ere egin gabe. Eta arazoa harrigarriagoa da, Diputazioaren errepresentatibitate falta ezagutuz, zeren eta inoren —agian pertsona "handi" batzuren— izenean ez dauden pertsona batzuk Bizkairen etorkizunerako garrantzi handia duten eta itzulezinak diren erabaki batzu hartu baitituzte, honela gure herriaren etorkizuna hipotekatzen dutelarik.
Zentrale nuklearren aurka egin diren manifestaldi izugarrietako oihuak, ez bide dira heldu, ponposoki gure ordezkari autoizendatzen diren parlamentarien belarrietara. Seguruen, belarriak argizariz beteta dituztelako dateke.
R. Garai
...ez eta ere erlijio berririk
Suarezek hitz egin du. Hobeki esan, hitz egiten hasi zen eta hitz egiten ari da. Eta berarekin bere lagun siglalariek. Hor dagoela Frantzia esaten digute, gure eredua Frantzia deia esaten digute eta segur daude Frantziaren pausoak segituko ditugula. Beren zeregina argi dago, hau da Franco hil denez, astiro-astiro ahalik eta astiroen "liberté, egalité eta fraternité"aren pausoak segitzea.
Suarezek ez daki zer den Euskal Herria Francok ba zekien, ez eta ardura ere. Beste batzuk ere ez dakite, nahasi egiten dute EuZkadi ikurrinarekin eta Nazareteko Jesusekin. Batasuna esaten dute, baina beraiekin bat egin behar dugula nahi dute. AZkata... ez dakit zer edo azkatutata...ta...ta...ta esaten dute eta Suarezekin nola lot eta harekin nola negozia bestek ez ditu axolatzen. "Nosotros apoyamos el euZkera (alias el vascuence o éso que hacen los traductores de "katxandia" o éso) esaten dute, eta nik neuk behintzat erdara ikasten segitu behar dut Euskal Herri honetan bizi nahi badut. Hau faxismoaren ondorio bat dela esango duzu. Beno, beno utz itzazu zeure erroiluak eta jarrai nireari. Eskerrik asko.
Ba da beste gauza bat ere. Erlijioa. "Euskaldun, fededun". Edo euskaldun sorgindun. Edo euskaldun... dun-dun-dun. Hau da, halabeharra (adibidez lehen aipatu Frantzia) ez den beste zerbait. Nik, sinespena esango dut hemen. Sinespen honek, mila forma ditu, baina gure historia moderno honetan ETA sortzean, herritarrok haren harmen mirarietan sinesten hasi ginen, Jesukristoren mirarietan baino gehiago. Hor zegoen halabeharra. Franco-ren zapata, esaten dudanaren kontrastea. Aldi honetan ez ziren falta profetak, "gobierno en el exilio", PNV, PSOE, PC... eta —otoi barka— etabarrenak. Denak testamentu zaharrekoak, eta zer kasualitatea, gaur denak Suarezen lagunak.
Aurrera segitu baino lehen, egia da, denok gara nonbait jaioak. Bai. Denok gatoz nonbaitetik. Historia bat dago. Bai. (Idatziko du herriak, hots, jendeak egunen bateak Historia eta ez dute profetek sinatuko, herriak baizik, hots, jendeak). Eta ulertzen ez baldin bada, nire kapazitate ttikiagatik da —barka irakurle—, idazle ez naizelako eta kapitulu batetan bukatu nahi dudalako, erdi mozkorturik, inspirazioz neure burura sentitzen dudan une batetan idazten jarri naizelako. Jarraipena ukan bezate lerro gaixook.
Halabeharraz mintzatzean, bi osokide dakuskit beronetan, bata bestearen kontra. Ea azaltzen ditudan eta ulertzen didazun: Bata, Suarezek ezarri nahi digun "paralitikoa" nolabait esateko,eta bestea, ekinean egin daitekeena. Egin daitekeena esaten dut, egiten oraindik ez baikara hasi.
Konstanteak ezarri ditudala uste dut, exenplu guti jarri badut ere: sinespena eta halabeharra. Halabeharra bikoitza dela ere esan dut, "ekinean egin daitekeenak" paralitikoa irentsiko badu ere.
Eta ea bukatzen dudan hasi dudana, ez gara "ekinean" hasi oraindik. Berori esan dut lehentxoago. Honekin ez dut ukatu nahi errealitatea: iraultza deitzen zaionaren projektua. Eta argi esan behar dut, projektu honetan ez daudela Suarezen lagunak, euskaldun izan nahi ez dutenak, seme paralitiko bat nahi dutenak. Aitzitik projektu honen kontra daudela esan nahi dut, beren profeta, mesias eta guzti.
A, baina zein zaila den projektu hau aurrera eramatea! Zein zaila den gure ahaleginen eta "ekin" —nahien ondorioak ikusten hastea. KAS sentitzen zaretenoi mintzatu naiz, ea ulertzen didazuen eta nire hitzak osotzen, zuetariko bat naiz eta.
Sinespenak mantentzen gaitu: ETA-k eta projektu hauek mantentzen gaituzte nolabait pozik edo bizirik, ETA sortu zenean bezala, Carrero-k hegaz egin zuenean bezala. Argiago gera dadin, Eibarreko gasolindegia deuseztatzean edo estrainiatuekin zer egin ez zekiela Suarez geratu zenean, edo Apalarekin zer egin ez dakiten une honetan. Bizirik gaudela uste dugu: zarata egiten dugu, ahaleginetan ari gara, KAS garela esaten dugu, etab... . Baina hau, sinespena dela diot, erlijioa, gu garela onak uste dugu eta geuk irabaziko dugula. Gezurra. Ekinak aldatuko du Euskal Herria, ez erlijio moderno honek.
Eta lerrook bukatzera eramateko, "ekina zer den esan behar dut hizkuntza konbentzionalago bat erabili behar badut ere, eta gainera exenplu batzu ezarri.
Herriak —hots, jendeak— eta konkretuago, gure hauzategian bizi garen KAS-zaleok ez dugu oraindik frogatu errealitatea aldatzen ari garela. Sinespenak esaten digu bestelakorik, bontzoek esaten digute sigla "iraultzaile" bat edo beste (berdin da) -ren izenean herria —hau da, gu— egile eta protagonista garela. Eskerrik asko bontzo maiteoi, alimoak ematen dizkiguzuelako, baina nahiago nuke geuk sentitzea geure soinean protagonismo hori. Horixe da ez duguna lortu. Ez gara materialista. Fededun izateaz konformatzen gara.
Goazen aurrera labur-labur, gu ez gara ni eta nire alderdiko burkideak, KAS sentitzen garen jende guztia baizik, praktikan ahalegintzen baldin bagara.
Eta ea bukatzen dudan, geure hauzategian denok ez gara KAS. Ba dakit. Baina sinespenak esaten digu KAS dela projekturik onena eta ekinean hobetuko dugula.
Azken exenplua: Aurrerantzean ez dugu salduko ezer, lan egingo dugu leku konkretu batetan. Soluzio konkretu batzutan, ez gara bontzoen tresneria soila izango. Ez zaituztegu beldur, bontzook, baina utz gaitzazue protagonista izaten, tontoak bagara ere. Herria geu gara, eta hitz egiten ikasten ari gara.
Eskerrik asko irakurle, honaino heltzearren. Kontrakoren batek irakurri badu, barre egin beharrean, ikaraz has dadila, geure sinespenak, indarra eta boterea hartuko dugula esaten baitigu,eta gure halabeharra haien garaile izatea baita.
...eta fraide berririk ere
Lerrootan abiatzean, ba dakit beraietatik gaizki samar irtengo naizela. Hasteko, alderdiei buruz mintzatuko naizela esango dut.
Listoek beren eskutan zuten jendearen izerdiaren fruitua. Baina aldi bat heldu zen, hori aski ez zitzaiena. Jendea, lan egin ondoren, bildu egiten zen beren arazoez mintzatzeko, eta berauk arintzeko nolabait. Pentsatzen hasi zen, Jainkoak ez zuela horren ongi egin mundua, listoentzat bakarrik egina bazirudien ere. Halabeharraren aurka jartzen hasi ziren. Imaginazioa martxan hasi zen. Tontoak (jendea, gure modukoak), beren ASKATASUNEAN sinesten hasi ziren. Ordurarte, nagusiak beharrezko zirela sinesten baitzuten.
Mementu hartatik honainoko historia —gure historia, tontoon historia— ez dugu idatzi. Listoek idatzi dute. Baina horiek idatzi duten historia, ez da gurea. Horiek, alderdien historia idatzi dute, eta erroiluaren historia guk ez dezagun uler, tontoak baikara, noski. Esan dudana argiztatzeko, ea exenpluren bat ipintzen dudan. Burruka sortzen hasi zen; ordurarte, listoek esaten ziguten noiz eta non egin behar genuen gerra, eta nolako harmekin. Orain ez, geure harmekin non eta nola burrukatu behar ginen pentsatzen hasi ginen. Hauxe da IMAGINAZIO deitzen dudana listoak beldurtu egin ziren. Hobe izango zatekeen, agian, barre egin badute. Baina ez zuten hori egin, ez gintuzten baketan utzi. Listoak bitan zatitu ziren: batzu, gure defendatzaile" eta besteak gure "izorratzaile". Hobe izango zatekeen, lehentxoago esan dudanez, denak izorratzaile izaten segitu balute.
Gure burruken buru bihurtu ziren lehenen aipatu "defendatzaileak", geure protagonismoa lapurtzen hasi zitzaizkigun, geure historia idazten. "Izorratzaileek" gure jabe izaten segitzen dute eta "defendatzaileek" geure imaginazioa izorratu digute (eta barka Marx).
Aldi batetako IMAGINAZIOAK, HALABEHARRA konplikatu egin du, eta listoak zatitu egin ditu. Baina, guk tontook tonto izateari jarraitzen diogu
Aurrera joan nadin, ni bezalako tontooi idazten dizuedanez, ez iezaiezue, otoi!, ukan beldur listoen sententzia eta mehatxuei: Listoek ba dakite arrazoia dutena, baina guk aspalditik sinesten dugu, geure imaginazioari esker (eta ez listoen laguntasunari esker inola ere) inork ez gaituela askatuko, ez listok ez listokumek.
Honaino, halabeharraz mintzatu naiz. Eta halabeharra ez da txorakeria bat, eta gainera, konplikatu egin da. Burrukak osotzen du halabeharra, eta imaginazioak esaten digunez, tontook izango gara garaile burruka horretan. Burruka honetan tresna errudimentari batzu ditugu: alderdiak, syndikatuak, asanbladak eta besteren bat. Tresna horik baino ez ditugu eta gainera listoen eskutan daude: Beraik dira gure alderdi eta syndikatuen zuzendari. Beraiek manaiatzen dituzte gure asambladak. Listo "laguntzaileak" dira, baina listoak, eta gu, betiko tontoak, halabeharrean korapilatuak, burrukaren txirringan halabeharrean eta beti tonto izatera kondenatuak.
Geure historiaren hasieran gaude, aldi hartan bezala, eta ez dakit noiz hasiko garen idazten.
Ba dakit norbait alarmatzen hasiko dela, listoen beldur. Ez pentsa urrutiegi noala. Egunero ikusten dugu beraik direla (gure ordez) mintzatzen direnak. Gure onerako egiten dutela esaten dute, baina kontuz, kontuz! Horixe da esan nahi dudana eta has gaitezen geure historia idazten, herriaren historia, jendearen historia, tontoon historia.
Gertatzen zaigun guztiaren erru osoa gurea da. Alderdiak ez badaude gure kontrolpean, gure erruagatik da. Gure halabeharra, burrukatzea da: gure halabeharra ez da listoek esaten digutena egitea. Gertatzen dena zera da, zer egin ikasten ez dugun bitartean aski dugula listo laguntzaileek esaten digutena egiteaz. Eta ni bezalako tonto baten ustez, hauxe baino ez dugu egiten. Hau oso tristea da imaginazioa dugunontzat. Ba dirudi, listoen culturak herri kultura jan egingo duela horrela, eta tontoon listezia bakarra ere alperrik galduko dugula.
Listoek uste dute, tonto akabatuak garela, hankasartzen ere ez digute uzten horregatik. Eta nik, ostera, kultura piska bat ere ba dugula uste dut. Eta gauza errazak ulertzen ditugula euskaraz esaten badizkigute. (Ez dut esan nahi erdaraz ulertzen ez ditugunik, erroilu hutsa erabiltzen dutela baizik.) Eta haietariko batek hau irakur baleza ez duela ulertzen esango luke. Esan nahi dudana: herria, jendea, tontook geure kulturaz askatuko garela, ez listoen erroiluez.
Ez dut ihes egin nahi. Sistema ezagutzen dut, gure kontrariak alde batetik, eta gu bestetik. Gu esatean, ez dut esan nahi gure imaginazioa. Ez. Gu, gure estruktura da: gure alderdiak (aldeherenak edo aldelaurdenak esan behar genuke, baina tira!), gure langile erakundeak, gure herri erakundeak, gure kultur taldeak, etab, etab, etab, eta gure diputatuak. Hauxek dira burrukarako tresna bakarrak. Tresna konbentzionalak dira, defektuz beteak, noski, baina... eta ez dezagun egoera hau luza.
Jon Etxebarri
Euskal astakerien inguruan (II)
"Es igual, ya lo hemos puesto así y así está bien, como si le hubiéramos puesto SURSUM CORDA"
Euskal jakituriaren ereduak
Gure Herria, normaltzen ez den artean, ez da salbatuko. Inguruko Herrietan erabiltzen diren parametroek honako ere balio ez duten artean ez daukagu zereginik. Geure oraingo absurduez konturatu eta beraiez lotsa ez garen artean, ez gara gauden zulotik behin ere irtengo.
Bizkaiko itsasaldeko herri bataten paper eta kartoi fabrika bat dago. Bertako jabeari norbaitek fabrikaren izena euskaraz jartzeko esan omen zion. Gizonak, informazio bila herriko apez zaharragana jo zuen, hark euskara asko eta ondo zekielakoan. Bai eta berak esandako izena jarri ere. Ondorioa: Bizkaiko fabrika horretako paper eta kartoiak banatzen dituzten kamioi guztietan —eta ez dira gutti— INGARKINTZA irakur daiteke, inongo euskaldun normalek zer arraio esan nahi duen ez dakiena. Baina eskribu misterios hori euskarazkotzat hartzen dute herriko guztiek, "abadeak euskera asko daki ta". Beren ibilaldietan euskara zabaltzeko mesede ona egin zezaketen kamioiok, gure hizkuntzaren "misterio" eta "zailtasuna" gehitu besterik ez dute egiten. PAPERGINTZA edo KARTONGINTZA konprenigarri eta zuzen bat eraman beharrean, erdara ez bezalako zerbait horrekin ez dugu ezer aurreratu. Euskara oraindik ez da maiz gure bizitza publikoan agertzen horrelako kretinokeriak kontsentitzeko. Eta zenbat horrelako!
Beti ezkatak kentzen
Euskara symbolotzat. Erdara, ordea, pentsatzeko, asmatzeko, hitz egiteko, egiaz komunikatzeko, euskara esplikatzeko. Horra gure jatorrizko bekatua. Euskara itzulpenetarako darabilgu. Baina hori ez da euskara bizia, hori fikziozko hizkuntza faltsu bat da. Erdaraz pentsatzen duguna nola edo hala edonori jartzeko eskatzen zaio. Ez da estrainioa, gero, absurdurik absurduenak irtetea. Izan ere, itzulpena ongi dagoen ala ez jakiteko, gainera, erdaldun asmatzaileek bide kurios hau erabiltzen dute: edozein euskalduni eman eta hura, hitza hitz, erdaraz esateko eskatu. Eta erdaraz hari zentzurik aurkitzen bazaio, ongi dago, aurrera!
Honek, ordea, ondorio larriak ekar ditzake, eta holaxe dakartza, ekarri. Begoñaren arreba ikus dut, esaterako, holako erdaldun baskoentzat, ondo dago, erdaraz emanez gero "He visto a la Hermana de Begoña" delako. Modu berean, ontzat ematen dituzte, noski, automobil berdinean etorri dira (= "han venido en el Mismo coche"), itsasotik lurrera (= "del mar a Tierra"), ilea hartu (= tomar el Pelo") eta gisa honetako perlak. Euskal logika barik, erdal logika da berauk darabilten bakarra.
Exenplu txarren ondorioak
Gauza jakina da, eta honetaz gure artean askotxo idatzi du Txillardegik, hizkuntza bakoitzak nolabaiteko mundu taiukera berezia duela. Hizkuntza horretan ongi mintzatzeko, noski, hori ezagutu eta errespetatu beharra dago. Gorago aipatu ditugu eredu okerren ondorioak, eta nola beraik esaldiak erdaratik hitzez hitz kopiatzetik sortzen diren. Exenplu bat argigarria izanen zaiguke honetaz.
Bahiala gure artean filme famatu bat egin zen Ama-lur. Izen hori, bistan da, lehenbizi erdaraz asmatu zen, Madre-Tierra edo Tierra-Madre, halegia. Formagatik, gainera, lur, eta ez lurra jarrita dagoela kontutan harturik, nik neuk izen hori hiztegiren batetik aterea dela esanen nuke.
Euskal sena lukeen batek, ordea, ez zukeen baina, hori hola sekula esanen. Honetan ere espainol eta euskal mundulerkuntzak ez dira berdinak. Euskaraz gauza bat da lurra (latinez humus, laboratzeko gai dena) eta beste bat, erabat desberdina, herria (latinez terra, patria, regio). Germaniar hizkuntzetan ere, gauza bera gertatzen da: alem. Land, ing. land, country, "herria" baina alem. Erde, ing. earth "lurra". Kontzeptu berezi biok, ordea, espainolez maiz hitz bakarraz ematen dira, tierra-z hain zuzen ere. Hor daude, kasu, es buena TIERRA de labor (= "laboratzeko LUR ona da" eta vine de mi TIERRA a Elgoibar (= "neure HERRItik Elgoibarrera etorri nintzen"). Horretaz ez konturatzeagatik, erdara hutsez pentsatzetik sortu zen, hain zuzen ere, AMA LUR absurdu hori, AMA HERRIA edo HERRI AMA modukoaren lekuan. (1)
Hitz horrekin den astakeriak sinestezinenak egitera helduak dira baskoak eta basko pentsaeradun euskaldun batzu Euskal Herria izenaren itzulpenen artean (País Vasco, Pueblo Vasco...) bat, noski, "Tierra Vasca" da. Hortik irtenik batzuk Euzko lura eta Eusko Lurra moduko perlak atera dizkigute alderantziz, hots, euskaldunoi euskara irakastera ausartu zaizkigu, beraiek ordea, hura jakin gabe!!!
Baina ez dira hemen bukatzen astakeria horren ondorioak. Guztiok dakigu zer nolako kanpaina eta amorrua erabili dute PNVeko eskuin punttako batzuk euskara batuaren kontra, h letraz bereziki. Hori dela eta, alderdi horretako aurrerazaleenek, DEIA ateratzera joan zirenean, beren alderkide kontserbadoreenak ez mintzeko, oso kontu haundia erabili behar ukan zuten haiekiko, eta, ahal zen neurrian, h eztabaidagarri hura ez aipa. Horregatik, publizitate kanpainan Gure Herriaren Deia ipini beharren, h gabeko synonymo bat aurkitzen saiatu ziren, eta horra non, erdaraz pentsaturik, topatu zuten: Gure LURRAREN Deia, egunero tirada handitan, irakurle arrunt eta ezjakinen begietara sartzen dena, bide batez erdal pentsaera gugan kontsakratzera lagunduz. Eta hori, noski, abertzaletasunaren izenean!
Gaizki egon arren, ez da deus aldatu behar
De facto gaizki egindako gauzak, denbora apur batez eta inor konturatu gabe hola ibili badira, dauden daudenean uzteko joera zabaldua egoten da. Jarritako desordenuaren kontsakrazioa, noski. Horrela inertziaz egindako astakeriak, jakina, objektiboki gaizki daude beti, baina ondorio larrienak gurea moduko Herrietan dauzka, hots, deskulturizapena nagusi den tokietan.
Has gaitezen kanpokoez. Mexikon ba da Fondo de Cultura Económica izeneko liburu sorta famatu bat. Berorren jatorrizko izena, ordea, ez zen Económica, Ecuménica baizik, hots, "unibertsala". Holaxe pentsatu zuten fundatzaileek. Linotypistak, ordea, ecuménica hitza inoiz ikusi edo eliz kutsua zeukala eta oker bat zelakoan, económica jarri omen zuen haren ordez. Eta holaxe irten zen kalera lehenbiziko zenbakia. Fundatzaileek gero, barregarri ez gelditzeko nonbait, liburuak merke xamarrak zirela eta, izen hori uztea erabaki zuten, desegokia eta oker batetarik sortua izan arren.
Hor, dena den, inoren okerra zen, baina gurean egileen beren okerrez ari gara. Ezjakintasunetik sorturiko laprastadez. Eta hau seriosagoa da. Sursum corda hura datorkigu burura berriro. Gauza bat gaizki dagoela ikusi eta frogatu arren, ez dute askok hura aldatu nahi. Hona betiko leloa: "Bai, arrazoia duzu. Izan hala, gaizki dago, baina honez gero SARTUTA dago, eta ZABALDUTA dagoenez gero... utz dezagun. Hobe de nahasterik ez egitea".
Espainolez TIERRA
Latinez HUMUS TERRA
Euskaraz LUR HERRI
Alemanez ERDE LAND
Ingelesez EARTH LAND
Hizkuntzek ez dute mundu taiuera berbera
Sasiarrazoi horren azpian gordetzen den sophisma hau da, ordea: "Egia da, oker egin dugu, Herriaren kulturarik ezaz baliatuz, ziria SARTU egin diogu, gure memelokeria eta ezjakintasuna ontzat hartu eta honez gero irentsiak dauzka. Hala ere, ez diezaiogun egia esan, bera gure lehenagoko kirtenkeriaz kontura ez dadin. Hobe da Herriak enganiaturik segitzea, gu beraren enganiatzaileak izan garela konturatzea baino".
Honela, Herria beren astakeriez drogatzeko eskubidea zutela uste dutenek, guri Herrian arrazoiak eta egia esateko eskubidea galerazi nahi digute. Aipatzen duten nahastea barik, beren buruen ongi edo gaizki gelditzea da hemen kontua. Eta jakin gainean ere, beren jarrera makurretan irautea nahiago dute (2).
Intelektualgoaren zeregina, hain zuzen, hori kritikatzea da. Mytho irrigarri eta LOTSAGARRIAK goitik behera bota eta beraien lekuan Herriari kultura, egia erakustea. Eta hori guk etxean, eta euskaraz, egiten ez badugu, etsaiek eginen dute, erdaraz, —eta egiten ari dira jadanik—, eta orduan bai ikusiko duela Herriak zeintzu izan ziren beren enganiatzaileak, orduan bai lotsa izanen dela hain absurdu haunditan sinesteaz eta kanpokoen aurrean larrugorritan gelditzeaz.
Has gaitezen, beraz, etxeko trapu zikinak geu garbitzen.
(segitzeko)
X. ARMENDARITZ
(1) Jose Luis Lizundiak lan bat egina dauka honetaz, Euskal Akademiaren bilera batetan irakurria.
(2) Gisa honetako esaldi eta eritziak egunero, tirada handitan eta guztiek ulertzen duten erdara batuan inolako trabarik gabe zabaltzen dituztenak, gainera, maiz haserratu egiten dira, beste batzuk, inork ulertzen eta irakurtzen ez omen dituen euskal aldizkari batzutan bestelako argudioak azaltzen ditugula ikustean. Demokrata horien eritziz geu gara, dirudienez, Herriari kalte eta nahaste sortzen diogunok.
Euskal Herrian
Ipar Aldea. Artzaina eta mendia
Ipar Euskal Herriaz zenbait berri jakingarri eman behar eta, nabari zaigu informazio larri eta sakon baten beharrean daudela Hegoaldeko asko. Benetako behar hau ikusten dugu, batipat elkarrizketa eta eritziek darabiltzaten hitz huts eta oharretan. Nola ez aipa aurreritzi izugarriak? Hain zuzen, nekazari borrokalariak ez ditzake onhart intelektualkeriak sortzen dizkion determinismo ilunak. Bereziki intelektual hau, hegoaldetik datorrenean, irudi eta denak dakizkiela iparraldeko egoeraz, hemen gaindi egun bat pasatu duelako. Ez gara horrenbeste guttirentzat haserratuko baina hauxe bakarrik esanen dugu: kontuz ibil eta poliki poliki; ipartarren mentalitatea ikus eta ikas. Jarrera hau izan da Garaziko nekazari gazteena, askatasunaren ibilaldian zebiltzan ibilari zenbait mintzatu eta. Informazio serio baten beharrean gabiltzala, beraz, ezin da ukatu. Eta hain zuzen, sail hau irekitzean, nire gaurko berria Iparraldeko langile kategoria xumeenaz izanen da. Proletariaz hitzegitea, beharrezkoa zait, baina zenbatez beharrago oinharriko proletariaz edo gizon zapalduenaz arduratzea. Hots, ez dugu hau aurkituko lantegietan, ez eta ere pentze edo alorretan. Joan gaitezen mendi goi horietara eta han dago, bere etxola, zakur eta artaldearen saihetsean. Lan dorpe eta nekean dabil gizon hau. Baina bere lanaren fruitu osoak bestek ebasten dizkiotenean, orduan gauzak larritzen dira eta haserrea agertzen. Horregatik, uda honetan gertakari asko pasatu zaigu Donibane Garaziko mendietan. Uztailean eta agorrilaren 17an, zatitu dira artzainak. "Orain aski! Orain aski! Ez dugu nahi hemen beherekoek mana dezaten! Zergatik orduan elkarrekilako etxolak, horik eskatu! Zer ikusteko dute hemen? Hemengoak gu gara!"
Elkarrarteko etxolen asmoa zer da? Etxola berri hauk, hiru artzain elkarrekin bizierazteko behar zirela erabaki digu Frantses laborantzako ministerioak edo bederen departamenduko honen morroiek. Baina horra, horretan sortzen zaizkigu behaztopo izugarriak. Eta oztopo hauk Garazin, zergatik? Galdera honi erantzuteak, eskatzen digu, nahi eta nahiez, artzain lan moduaren aztertzea historian zehar. Artzangoaren historia esan nahi dut. Lehendabiziko denboretan gizona, Euskal Herriko mendietan, bizi izan zen, ehizaz eta arrapatu fruituak janez. Hezi eta eskumeneratu dituen lehen abereak, izan dira: zakurra, ardia eta urdea. Haro horretan beraz, artzangoa izan da mendi eta zelaietako bizimodu bakarra. Burdin Haroak aldiz, sortzen dizkigu lehen konfliktuak. Horik, lur lana edo nekazari lana une horretan hasten zaigulako. Berantago, 11 eta 12garren mendean, nekazaritzaren eta artzaingoaren arteko oposizioa haunditako da gaueko larritasunera heltzeko. Hau, hain zuzen, estruktura eta interes desberdinak dituztelako.
Lehen haroan, artzainak mendi eta zelai guziak beretzat zituen, artzainik baizik ez zegoenez geroz. Poliki poliki laborantzaren zabaltzeak, denenak ziren lurrak pribatu bihurtu dizkigu. Hori dela eta, artzain ogibidea gero eta gehiago atzeratuko da. Aldakuntza horretan, artzainak galtzen ditu zelaietako bazketan zuen eskua, begiratua (gordez) bakarrik mendiatekoa (noiz arte ote? zenbait kanbiamendu horretan sartu dira, batipat, Zuberoan, Baigorrin eta Garazin ere. Kategori berri hau, izendatzen dugu gaur, artzain-laboraria Horregatik, lehen haroko artzain haien moldekoak, Garaziko mendian bakarrik ditugu harrapatzen. Lehengabeko gure arbasoen tradizioa gutaratzen diguten gizon xume eta libreak. Oso ondo ulert dezakegu beraz, bi ogibide hauen estrukturen antagonismoa. Batek mendia eta zelaia ditu eta besteak mendia bakarrik. Pondu hau, oinharrizko elementu baitezpadakoa bezala ikusi behar da, artzainen borroka elementu baitezpadakoa bezala ikusi behar da, artzainen borrokaren konprenitzeko. Zelaia galduta dabil, eta mendiaren galtzeko zorian.
Garazin artzaina, bakarrik bizi da bere etxolan. Bera bakarrik arduratzen zaigula bere artaldeaz. Bere lan bakarra baitu hau, erabiltzen du espezialista beten antzera. Nekazariek ordea, hirunazka, edo berdin bost, sei, elkarrekin darabiltza artzaingoan. Hori, zelaietako behar eta soroak egin behar dituztelako. Gainera, ezin dezake egin bestela. Orduan, honentzat ondo baino hobeki datoz etxola berri horik: etxola bat hiru nekazarirentzat? Pentsa zer suertea!... Baina, ordea artzain lurgabeak ez du horretan batere suerterik ikusten. Hain zuzen sendi baitu orain, bere izatea bera dela arriskuan ezarria. Horregatik ditu, ez nahi, horrelako etxolak. Gainera berau, dagoenean sei hilabetez mendian, zergatik agindu behar du nekazariak?... Zergatik honek eskatu etxolak, artzaina baztertu eta?... Nor da mendian lehen? Nork du mendia bakarrik bere bizitzeko manerarentzat?...
Ikus dezagun orain artzain-laborariaren egoera. Lur eremuz, laborantzat ttikia dauka 10 edo 13 hektaretakoa. Eta, hain zuzen, horrenbeste lur gutirekin, mendiaren laguntzarik gabe, ez daiteke bizi. Honi ere, mendia kentzea hiltzera kondenatzea da. Behiak eta ardiak mendira iganerazten dituenez geroz bere laborantzaren arintzeko, nora bidalduko ditu ba horra ez bada? Nabari da beraz, bai laborarientzat eta bai artzainarentzat, mendia bere zainetako odola bezain baitezpadako duela. Eta gainera, ikusi behar da, nortzu diren etxola berri horien eskatzaileak; zenbat hektarearen jabeak diren?
Orduan, ohartzen gara, hauk direla etxalde gotor batzuren nagusiak. Zertarako ba, horrenbeste lurren jabe direnean, gainera, berenganatu nahi dute mendia? Eta hona hemen problemaren mamia: zenbat hektareatarik goiti estima daiteke mendiaren laguntzarik gabe bizi daitekeela? Nortzu dira laborari ttipiak eta nortzu laborari haundiak? Ez ahal dira haundi hauk, bai artzainaren eta bai laborari tipiaren etsaiak? Ez ahal da haundi eta tipiaren artean, egiazko oposizio sakona? Pondu honetaz dira, oraino, benetako azterketak egitekoak, eta gainera, ez zaigu iruditu Garaziko mendiaren batzordeak horrelako klasifikaziorik onhartzen duenik. Sindika edo batzarre hau, arduratzen zaigunean mendiaz, bere eginbeharretan ez ote luke sartu behar arazo honi erantzutea? Bestalde, Sindika burua, Inchauspe U.D.R. deputatu bankari jauna, ez ahal da kargu horretara iritsi (heldu) nekazari eta artzain lurgabeen bozei esker? Edo eta, bi kategoria hauen artean egina ahal du bere aukera? Dena dela, egia da artzain eta laborari-artzainaren artean ba direla diferentziak baina hala ere, argi eta garbi agertzen zaigu, bi kategoria hauek, bakarrik elkartasunaren bidez dutela zerbait erdietsiko. Bestela ezer ez!
Bigarren pondu bat ere nabari zaigu: laborari tipiak baldin badu mendirateko eskubidea, artzainak ere ba duela zelaietako bazkaren eskubidea. Ez orain arte bezala prezio garesti batetan baina beste molde batetara. Zerbait zuzenago eta merkeago. Adibidez, horrenbeste etxalde saltzen baitira udatiarrei eta kanpotiarrei, nolaz ez zaigu orainokoan gure Herri bat ere agertu erosle? Gogoratzen zaigu askotan, gazteriarik gabe, plaza eraikitzen aritzeko ordez, ez litekeen hobe etxalde horien erostea eta artzainei aloiatzea. Aloiamendu prezio ofizialetan. Zoritxarrez, horrela pentsatzen duten alkateak oso guti baititugu Iparraldean, honetan daramagu geure gaixotasuna.
Artzain kategoriak, arbasoen "komunismoaren kutsua" ekarri digu 20.garren menderaino. Nola konpondu orain "komunismo" hori mende hauetako pribatizazioarekin? Zenbaitek erantzuna emana digute: mendia pribatatu eta artzango molde hau, bereaz ezeztatuko zaigula. Hau bi arrazoirengatik, artzaina ez delako ezkondua eta mendia hetsiz geroz (pribatizazioak dakar zerrailua) artzainaren beharrik ez delako izanen. Beraz, ekonomia lege intelektual honen erabakiz, artzaina hil egin behar da. Hil baitezpada. Geroak esanen ea determinismo hotz honek arrazoi izanen duen ala ez. Dena dela, frantses gobernuak erabaki badu artzainen ezeztatzea, ez pentsa horrelako desafioa ez digutela altxatuko. Sinesteko da antagonista biok, orain arte ireki bidea segituz, borroka zailak topatuko dituztela. Mendiko problema, guziak gaur, geure begiez dugu ikusten, etorria zaigu unea, bakoitza interesatzeko eta emateko gure laguntza indartsua. Mendia ez da aberatsena baina bai artzain eta laborari tipiarena. Beraz, izan gaitezen hegoaldeko edo iparraldeko, Euskal mendiaren geroa eta artzainarena, Euskaldun guzien arazo bihurtzen zaigu. Zuzen da beraz, nolazpait, agert diezaiogun geure zerikusia. Nork uka gainera, hurren ditugula egunak zeinetan elkartasun hitzak, asko galdegin baitigu. Hots, beste asko problema hor gaindi dabiltza, batipat, artzainaren neguko egoera, Garaziko sindika, turismoa, mendi bideak eta basoen industrializazioa.
M. L. UHAITZE
Euskal Herrian
Hemen behean izenpetzen duten euskal alderdiek, euskarak jasaten duen diglosi egoeraren larriaz jabeturik, eta gure hizkuntzak behar duen aurrerakada lagundu nahirik, ondoko hau jakin erazten dute:
1. Zenbait euskal parlamentariren esanak gaitzesten dituztela (ikus DEIA, no. 67). Orduan beroriek esan zutenez, "es posible que la minoría vasca presente alguna enmienda o tenga alguna intervención en euskera, aunque todavía no está concretado nada sobre el tema, dado que es un idioma bastante complicado". Gure hizkuntza ez da beste hizkuntzak baino zailago; eta Udako Unibertsitatean ikasgai guztiak ematen dira gaur euskaraz. Besterik da gure herrian izendaturik izan diren parlamentaririk gehienek euskaraz ez jakitea. Eta hori dela eta, erdaldunen izenean mintzatzeko erdaraz jakitea beharrezkoa den bezala, euskaldun Herriaren ordezkari izateko ere, euskaraz jakitea beharrezkoa da.
2. Agiri hau izenpetzen duten alderdiek uste dute, hain zuzen, ezin daitekeela onhar Euskal Herrian gaur dauden bi hizkuntzak, euskara eta erdara ez dakizkien parlamentaririk. Eta helburu honi buruz hau proposatzen dute:
a) Hemendik aurrera euskaraz eta erdaraz ongi ez dakien senadore eta diputaturik ez presentatzea.
b) Euskara bizirik dagoen eskualdeetan, era berean, alkatetzat euskaraz eta erdaraz ongi ez dakienik ez presentatzea.
c) Jokabide hau onhartzen ez duten alderdiak Euskal Herriaren aurrean salatzea.
Euskadin, 1977.eko Urriaren 12an
E.I.A., E.S.B., H.A.S.I.-E.H.A.S., L.A.I.A., eta Jazar
Munduan barrena
Ethiopia eta Somalia arteko gerla
Mogadiscio beldur da gudukaldien zabaltzeak Ogaden "bigarren Eritrea" bihur dezan
M.S.A.F.-k (Mendebal Somaliako Askakuntz Frontea), ethiopiar armadarekin "sua gel" ideiari uko egin dio Mogadiscion, Addis-Abebak "herrien buruerabakikuntzarako eskubidea" uka dezan artean. Abdullah Hassan Mahmoud Frontearen Sekretari Orokorrak, kazetaurreko bat egiten ari zelarik, baieztatu du ezen bere mugimenduak Harrar eta Dire-Daoua hiriak askatzeko xedea zuela, Aouache-ra, Addis-Abebatik 200 Km-tara, iritsi ondoan. Bestalde, M.S.A.F.-k jakinerazi du ezen gudukaldiak aste hastapenean Harrar-en hasiak zirela, eta ethiopiar defentsak guztiz "iraganak". Berriok diplomazi mailetan begiramenduz hartzen dira.
Ogaden "askatzeko" apostuaren aurrean, somaliarrak bi sentimendutan banaturik bide daude: esperantza eta beldurra.
Somaliar herri koloniar historiak sakabanatuaren batasuna lortzeko esperantza; gudukaldiak azken ez daitezen eta Ogaden "bigarren Eritrea" bilaka dadin beldurra.
Uztailetik, somaliar askakuntz indarrek beren gutienezko helburua erdietsi dute: Ogadeneko lur behereetatik ethiopiarren bazterpena. Gehienezko asmoa Dire-Daoua, Harrar eta Jijiga hartzea zen, eta beharrezkoena duena, Assab-eko bidea etentzea, ethiopiar azken portua lur barneko bidez Addis-Abebari lotua. Oraindaino egitamu hau partzialki baizik ez da burutua izan. Ethiopiar armadak Jijiga hustu behar ukan du Irailaren 12an baina orain dik Harrar-i eta Dire-Daoua-ri batipat eusten die. Positiboa bada ere, militar balantzea osogaitz gertatzen da.
Uretara bere burua jaurtiki baino lehen, Ekainaren hondarrean, Mogadisciok asmatu zukeen ezen azken eskuarte bezala, sovietarrak bere kostaldeetara, zuzenduko zirela gogoz gaindi delarik ere. Somaliarrek pentsa zezaketen oraino ere, hamasei lankidetasunezko urtek pribilegiozko harreman anitzez, eta adiskidetasunezko itun baten izantzak, 1974.ean azkendua, Mosku gogoeta eraziko luketela atzera egin aitzinetik.
Ahantzi egin dute Moskuk duen interesa, orain direla hirur urtetarik Somaliak baino bizilagun gehiago duen herri batetan (hogeitazortzi milioi bizilagun) burutzen ari den "iraultzan". Kontrapartidaz, dudamuda ageri da Somaliarentzako Mendebaldarren laguntza zabalaren ahalbidean. Hauengandik segurantza eta agintza zenbait hartu dukete baina gogotan edukiak izan ez direnak. Washingtoneko deklarapen kontraesankorrek, Agorrilan, hola pentsa erazten dute. Baina somaliar gobernamendua gogoz mesfido da mendebaldarrez, sovietar itsas armadari eman erraztasunak aurpegira botatzera makurtuagoak, ezik herrialdea agorraldiak (1974.ekoa kasu) errausten duenean laguntzaz etortzera
M.S.A.F.ren ofentsibak, Djibutik berjabegoa erdietsi zuen haroan tartekatuz, Addis-Abebako gobernamendua fite hartzea jomuga zuen. Askakuntz indarrek, prestakuntza bortitzen bi urteren ondoan, lurraldean bertan aritu behar zuten, Ethiopian amerikarrengandik sovietarrengana eskualdatzea iguriki gabe. Sovietar militar aditu zenbait Mogadisciotik Addis-Abebara zuzenki iraganak izan dira. Moskuren ezetzak Ogaden gaineko somaliar errebindikapenei buruz, somaliarrak diplomazi eta militar bakartasunera jaurkitzea izan du.
Moskutikoan Irailaren hasieran, Syaad Barre lehendakariak triunfoak oraino ments zituen: militar arrakastaren bat aintzinako ethiopiar enperadoregoaren mugetan; diplomazi eta militar sostengu gotorrik batere ez. Baina, egoera aldezko ez bazaie ere, somaliarrek helburutto batzu lortu dituzte.
Jijigaren hartzapenak Irailaren erdian, ethiopiar kontraofentsibaren espekulapenak azkenetsi ditu. Airarmadaren nagusigo hertsagarria gorabehera, ethiopiarrek Dire-Daoua eta Harrar inguruan beren defentsak hedatzea amets dute. Somaliar indarrek amintto bat hats har dezakete lur behereen babesa eratzen denean eta ethiopiarrak beren izterbegiek Dire-Daouako mendebaldean, Mieso eskualdean, duten iraganbidea libratzetik urrun daudela ematen du.
Arabiar Laguntza
Koloniar mugak direla eta, igortzeari guztiz kontrakarra eginez, O.U.A. ethiopiar militar gobernamenduaren sistima trebatuegiek poxelaturik dago. Afrikar estatu zenbait Moskuk eskaintzen dion laguntzagatik kezka litezke. Nahiz eta aski ez gertatu, arabiar herrien atal baten (Egypto, Saudi Arabia, Irak, bai eta Sudan ere) laguntza eratzen ari da. Iranetiko laguntza diskret baten entzutea da, hala nola harma arinen erosketak Pakistani. Mogadisciok eginikako diplomazi ahaleginak, Ekialde Hurbilera Syaad Barre lehendakariaren itzulinguru eginberria nabariki, ekarkor bihurtzen ari dira. Somaliar eta sovietar arteko harremanen "hotzak" arabiar laguntza areagotuko bide du.
Mendebaldeko potentzien pasibotasunari begira, idurizkoa baizik ez dateke. Esperientzi hogeitamar urtek amerikarrei irakatsi diete Ethiopia ez dela babestu hain malgua. Sovietarrek holako "lokatzean" iraulkatzeko arriskua har dezatela ez bide zaie axola.
Mendebaldeko hiriburuek, funtsean, somaliar babesgabeak negoziagai txarregia ez direla pentsatzen omen dute. Zertarako tartean sartu, O.U.A.-ren herra bereganatzeko arriskuz, M.S.A.F.ek gotor iduri duen artean?. Washingtonen neutraltasunak Carter administralgoak finkaturikako lerroan mantentzea largatzen dio: ez erantzun sovietar "tarritadurei" Afrikan. M.S.A.F.ri eta Mogadisciori gauzak gaizki bihurtzekotan, orduan oraino eusten duen eskaintza egiteko tenorea litzateke: somaliarrei harma "defentsiboak" saltzea.
Taxuketa hau ez da funtsgabea. Somalia odol-hustear dago askakuntz indarrak sostengatuz, harma, hornizoin eta peza aldagarriak behar dituztenak.
Bere baliabideak higierazteko arrisku handitan dago. Baina irrikia ahobateko da. M.S.A.F.ren kausa, Mogadiscioko gobernamenduaren izanbideari dagokionez, herritarra da oso-osorik.
"Bigarren Eritrea" izatea, behinik behin, askorentzat erakargarri izan daiteke, bai omen. Dire-Daouako setio luzatu batek sovietarren jokoa Ethiopian erraztuko luke, beren laguntza baitezpadakoa gertatuz.
Bi matxinadarekin lepoan, sovietar aldeko Ethiopiak, hauzoen begitan, "paperezko tigrea" itxurarekin segituko luke. Addis-Abeba hatsalbo mantentzeko arabiarrek somaliarrei laguntza beharrezkoa eskaintzea lukete, jadanik eritrearrei eman izan dietena.
Mendebaldeko potentziei dagokienez, sovietar eragintzaren arriskua hala kontinentearen adarrean nola Angolan salhatzea besterik ez lukete, Bi urtetarik hona gerrilak galerazi izan du Ogadeneko lurraldea. Izan ere, egoera hau, ezezaguna edo gutietsia, halabeharrez txarragotuko zen une batean zein bestean. Aurten, sovietar jokoak Afrikako kantoian jazokuntzak gogor erazi ditu.
BEZI
Munduan barrena
Frantzian ezkerraren deabru zaharrak
Frantziako ezkerra, hots, Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista eta Ezkerreko Radikalak, zatikatu da berriz. Ez da lehendabizikoz, esango du norbaitek. Baina badirudi oraingoan bestetan baino serioagoa dela. Senide arteko sesioak ote? Dibortzioaren beldur da jendea.
Iraila hilabete beltza izan da Frantziako ezkerrarentzat. Aspaldidanik, uda osoan, zetorren ezkerrak zinatua duen gobernurako Programa bateratuaren berriztapena. Behin eta berriz esan da Ezkerra jabetuko zela Frantzian aginteaz. Hori dela eta, komunistek zera pentsatu zuten, alegia, orain bost urte izenpeturiko Programa berrikustea komeni zela, gaurkotze askoz. Asmo horrekin hasi ziren elkarrekin biltzen Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista eta Ezkerreko Radikalak. Sozialisten ustetan, zirimonia hutsa izan behar zuena, eskandalu-harri bilakatu da. Irailaren 14tik 22ra ezker alderdien arteko negoziaketa Batzordeak egun oso luzeak igaro behar izan ditu.
Zer gertatu da? Ez da erreza jakitea. Nahiz eta informazio pila eskutan ukan, gertatu denaren funtsera iristea ez da gauza segurua. Informazio hurbilekoan ez baino intentziotan bait dago hauzia. Zer gertatu den ezagutzen dugu; zergatik gertatu den ez nain erraz. Ugari atera dira hipotesiak, hori esplikatzeko.
Nazionalpenak direla eta izan da trabarik handiena. Alderdi Komunistak goitik jotzen zuen: 1.008 entrepresen nazionaltzea nahi zuen. Alderdi Sozialistak 100dik behera proposatzen zituen. Batzuk eta bestek amore emanez, 729ra errebajatu zuten komunistek eta 240ra gehitu sozialistek. Programa bateratuaren testuan xifratu gabe agertzen da, printzipio mailan: banku-eta finantziar eremua eta bederatzi industri-talde izango dira nazionalizatuak, zioen Programa Bateratuak. Baina ez zuen zehazten "filialak" edo eratorriak oro edo zenbat izan behar zuten nazionaldunak, hor dago koxka.
Baina ez da inor engainatzen. Zenbaki kontua balitz gaitz erdi. Denek dakite hori baino askoz ere sakonagoa dela ezkerreko partaideen arteko diferentzia. Desakordioak, Mitterrand-ek berak telebistan aitortu duenez, nazionalizazioez gain, beste zenbait puntu larritan ere badira, hala nola, soldata-hierarkiaren zabaleran, defentsa eta segurtasun arazotan, ekonomia ulertzeko zenbait eratan, eta abar. Marchais-ek zerrenda oraindik ere luzeagotu egin du mitin batetan. Denok genekin ezberdintasunik bazegoela. Baina alde hauk ez dira sekula hain agerian aitortu. Badirudi, beraz, haserrea eztitzearren ez duela inork lehen urratsik egin nahi.
Datu berria, izan ere, hauxe da, alegia, horren bistan publikoaren aurrera trapu zahar guztiak ateratzea. Seinale txarra. Gauza ez bait da negoziaketaren puntutxo batetan edo bestetan ados ez izatea. Orain arte ere mila aldiz gertatu da hori eta. Baina gertatu-ala, batzu zein besteak ertzak eta punttak biribiltzen saiatu ohi ziren. Oraingoa kontrara. Arras aldatu da giroa. Batabestearekiko salakuntzara emanak dira.
Geroari buruz zer gerta daitekeen ez dago aurrez igartzerik. Besterik gabe egoera ikusirik, haustura ezin geratuzkoa dela ematen du. Baina ez da hala gertatuko agian, denak bait dira interesdun, eta bakarka elekziotara joanik gehiegi galduko bai lukete denek. Politikazko pragmatismoa inposatu dela egingo nuke.
Ezker politika bat agintea lortu nahi badute, derrigorrezko zaie elkarri lagunduz joatea. Kolaboratze horrek izen bat du: Programa bateratua, eta bost urteko historia jadanik. Programa hori dela eta, gainerako beste bi alderdi horiekin egin batasunari esker, eskubide guztiz agertu izan da Alderdi Komunista plaza publikora eta aurpegi atseginagoz agertu ere. Batasun hori gabe, ghettora eta betiko oposiziora baztertuko litzatekeela diote batzuk. Ezkerreko Radikalak deus guti dira adiskide onik gabe. Alderdi Sozialistak, bere aldetik, komunisten beharra du agintea lortu nahi badu;eskuinera jota, erdiko eta independiente zenbaiten botu irabaziko luke, baina deus gutti. Aliantza honek hauek bezanbat haiek babesten eta indartzen ditu. Suizidio politikoa litzake bakarka hauteskundetara joatea.
Bestalde, interes pertsonalik ere ez da tartean falta. Mitterrand jaunak dagoneko 61 urte ditu, eta bere azken saioa du heldu den martxokoa. Eta Marchais jaunak, jakin ahal izan denez, etengabeko oposizioa du Alderdi barnean. Frogatu beharra du, bada, egindako hitzarmen hori positiboa deia, eta ez galbide.
Hori dena hola baldin bada, nola esplika gertatu dena? Eta zergatik orain, hain zuzen programa bateratua izenpetu zenetik 5 urte eta 85 egunetara; eta oraindik larriagoa dena, 78ko martxoko hauteskundetarako 164 egun bakarrik falta direlarik? Hau bait da hauzia: istilu hauek direla medio ezkerrak definitibuki agintea gal daitekeela datozen hauteskundeetan. Oposizioan betidaniko jarraitu beharko ote?
Haustura honen erantzukizuna, komentaristarik gehienik Alderdi Komunistaren bizkar botatzen dute. Bere jarrera Alderdi Komunistak gogortu egin du, hori begien bistakoa da. Marchais-ek aditzera eman duenez, sozialistekin ez da gehiegi fidatzen: izan ere, sozial-demokratek ez omen dute sekula inon sozialismorik eraiki, eta sozialismorik ezineko dela produkzio lanabesik handienak nazionaldu gabe.
Argumentu modu honi sinesgogor zaio jendea. Politikazko komentazaleak beste nonbaiten aurkitu nahi dute gertatuaren kasua. Batzuren eritziz, Moskuren eskua dagoke tartean: honi ez zaio Europan inolako destabilizatzerik komeni, eta ezaguna da gainera, Mitterrand-ekiko sinpatiarik batere ez duela. Beste batzuk zera diote, Alderdi Komunistak ez duela ekonomiazko kondizio hauetan aginterik bereganatu nahi, agintzen duena betetzeko gauza ez bait liteke izango, gainera. (Annie Kriegel-en ustetan —Alderdikoa izana, eta Alderdi kontutan espezialistak—, Alderdi Komunistak aginteaz jabetu nahi du, hori bai, baina ahalik eta baldintzarik hoberenetan. Aurrekoan egon zenekoa bezalatsu, esate baterako: 1932an agintera joan zenean 30.000ko sekta zen, eta laupabost urte geroago 300.000ko langile klasera alderdia. Ezkerraren Batasunaren gainetik Alderdiaren abantaila dago, (Kriegel-en eritzian.)
Alderdien arteko burrukaren ondoriotzat hartzen dute beste zenbaitek oraingo hau ere. Ezaguna da Alderdi Komunistaren eta Sozialistaren artean norgehiagoka errukigabea dagoela. Elkarganatu zirenetik irabazle garbia Alderdi Sozialista izan da, lehen alderdia izateraino iritsia. Sozialisten ustetan, Alderdi Komunistak kalkulu hau egin du: hauteskundeak galduz gero Alderdi Sozialista barnetik kraskatu eginen da, eta Alderdi Komunistak tente eta osorik iraungo. Eta kolpea eman du.
Bada beste hipotesirik ere.
Zalantzarik ez dago, Frantzian gertatuko denak garrantzi eta eragin handia izango duela nazio hartan bezala Europa osoan. Eurokomunismoak kolpe latza hartu behar du, ezkerra bateraturik hauteskundetara joaten ez bada. Eta Frantziako jendeterian, bozemaileen erdiaren artean, desliluratze handia letorke. Zeren eta, galdetu beharra legoke, Frantziaren erdiak ezkerrean baino areago ezkerraren batasunean ez ote zuen sinesten.
Joan Mari Torrealday
Zientzia
Zergatik hilargia hilgora denean, beste edozein egunetan baino, erditzeen kopurua handiago da? Zergatik etxagintzarako eta lan gogorretarako behar ziren egurrak eta oholak egiteko zuhaitzak ez ziren edozein egunetan ebakitzen, eta bai hilargiaren higiduraren arauera? Zergatik animalia eta landare batzuk beren ziklo biologikoak eguzkiarekiko dituzte, erloju biologikoak osotuz, nahiz eta laborategietan zeruko gorputzen eragin ezagunetatik at egon? Zergatiko hauek eta beste askok ez dute erantzun onik izan, eta orain ere ez dute. Zerutan zehar dabiltzan astroek lurretako bizien patua era batetara edo bestetara moldatzen dutela sinismen oso zaharra da, Historia bezalakoa, eta elkarrakzio hori determinatzen saiatu direnak, astrologoak izan dira, Astrologia izeneko jakintza bat osotuz.
Historian zehar
Esan denez, Astrologia oso zaharra da. Historia bezain zaharra. Summerian, Kaldean, zeruko astroen higidura estudiatzeko, tenplu bereziak eraiki ziren. Erregeek ez zuten ezer egiten beren horoskopoa kontsultatu gabe, eta absolutismo denbora haietan sazerdoteak soilik izaten ziren entzunak. Babiloniarrak eta Assiriarrak Kaldeaz nagusitu arren, Kaldearren jakituria eta prestigioa mantentzen da. Hemendik Astrologian bi adar bereizten dira: Ekialdekoa eta Mendebaldekoa.
Mendebaldekoa Egiptotik Greziara heltzen da. Platonek eta Heraklitok zeruan dauden hamabi jainkoetaz mintzatzen dira. Mazedoniako Alexandro Haundiaren denboran Astrologia hedatu egiten da, eta bere lehen iraultza pairatzen du: ordurarte horoskopoen subjektuak erregeak eta enperadoreak ziren, baina demokraziari esker, pertsona arruntak ere horoskopoa edukiko zuketen... ondo pagatu ondoren, noski.
Erromatarrek Grekoen jainkoekin batera, Astrologia ere hartzen dute, izenak latinizatuz. Halaber beste zenbait kontzeptu sartzen dituzte, hala nola jaiotze astroak, azendentea, kontzepzio-horoskopoa (gaur egun ez erabilia), eta abar. Kristautasunarekin, katakunben denboran, ondo konpontzen da, hura ofizializatu arte. Orduan astrologoek herri kristauetatik ihes egin behar izan zuten, eta askoz ere zabalago ziren arabiarrengana joan ziren, batez ere. Astrologiaren arabiar haroaren aportazio nagusiena, aspektuena da.
Erdi Haro Beherean, eta batez ere Errenaisantza bezperetan, Astrologiak Astronomiarekin zituen harremanak herstuak ziren, eta Kleper Astrologiari oinharri zientifikoak ematen saiatzen da.
XVIII. mendeak, "argien mendea" deitua, Astrologia zapaltzen du, superstizio-, siniskeria-, ilunkeria- eta absurdutzat joz: arrazionalismoaren enbatak ez zuen tradiziorik errespetatu. XIX. mendean, poliki poliki, birjaio eta hedatu egiten da, modan zeuden magnetismo eta teosofiarekin batera sarritan joanik. XX. mendean berehala hedatzen da, gaur egunean duen harrera eta ezaguera inoiz baino hobea izanik.
Horoskopoa, astrologiaren zentrua
"Logia" atzizkia eraman arren, Astrologia ez da zientzia bat, ez baititu zientziaren ezaugarriak; izan ere, ez du zientzia izan nahi; aitzitik, analogiaz eta sinbologiaz sortutako tradizio batetan oinharriturik, eta 5.000 urtetako esperientziarekin, metodo analogikoa du funtsean, eta soilik interpretatzailearen intuizioa eta kreatibitatea ditu mugatzat. Horrela, hobe da Arte gisan juzkatzea, zientzia gisan baino.
Astrologiaren punturik entzunena eta gehien ikusten dena horoskopoa da. Hala ere, ez da ezaguna, eta sarri askotan honelako esaldiak entzuten dira: "nola determina daiteke etorkizuna, eta, are gehiago, humanitatea hamabi txatal eginik? Pertsonaren biharamona nolakoa izango den, nola aurresan daiteke?
Galdera hauk egiten dituztenak ez dira horoskopoaz inoiz arduratu, edo eskeptizismoz gaitzetsi egin dute. Pertsona baten horoskopoa, izatez, ez da pertsona horrek jaiotze momentuan eduki dituen zenbait zeruko gorputzen mapa baizik, eta, interpretatzearen ondorioz, pertsona horren zenbait karakteristika azaltzen dira.
Horoskopo bat egiteko kontutan hartzen diren elementuak, hauxek dira: ekliptikan dauden hamabi konstelazioak (zodiakoko zeinuak), eguzkia, hilargia eta zortzi planetak. Elementu horiekin pertsona baten mapa astrologiko bat egin nahi bada, pertsona horren jaiotze momentua eta jaiotze tokia jakin behar dira. Hain inmediatu ez diren zenbait kontzeptu ere erabiltzen dira: azendentea etxeak, zeru erdia, hilardiaren moduluak eta hilargi beltza.
Zodiakoko Zodiakoko Sinboloa Egunak
konstelazioak zeinuak
ARIES AHARIA [—] III.21-IV.20
TAURUS ZEZENA [—] IV.21-V.21
GEMINIS BIKIAK [—] V.21-VI.21
CANCER KANTZERRA [—] VI.22-VII.22
LEO LEHOIA [—] VII.23-VIII.22
VIRGO BIRJINA [—] VIII.23-IX-22
LIBRA BALANTZA [—] IX.23-X.22
SCORPIO ESKORPIOIA [—] X.23-XI.21
SAGITTARIUS SAGITARIOA [—] XI.22-XII.20
CAPRICORNIUS KAPRIKORNIOA [—] XII.21-I.19
AQUARIUS AKUARIOA [—] I.20-II.18
PISCIS ARRAINAK [—] II.19-III.20
Ekliptika, eguzkiak zeruan egiten duen linea da, lurra zentrutzat harturik, eta linea honetan, gutti gorabehera, dauden hamabi konstelazioak, zodiakoa osotzen dute. Eguzkiak linea hori errekorritzeko urte bat behar du, eta, beraz, zeinu bakoitzean hilabete bat igarotzen du. Pertsona bat jaiotzean zein zeinutan dagoen, zeinu horretakoa da pertsona hori.
Planetek, lurretik ikusita, higidura konplikatuak egiten dituzte, batzutan aurrera eta bestetan atzera egingo balute bezala agertzen baitira:
Azendentea eta hamabi etxeak ez dira Astronomiaz ikus daitezkeen posizioak Astrologiak ematen dituen arau batzu aplikatuz determina daitezkeenak baizik. Izatez Zodiako zeinuekin doazen 12 zona desberdin baizik ez dira, baina egunaren 24 ordutan errekorritzen direnak. Etxeak Ietik XIIra doaz; lehena edo Etxe I delakoa Azendente deitzen da, eta pertsona baten jaiotze ordua adierazten du.
Laburkiro esanda, horoskopoa egiterakoan, jaiotze hilea zodiakoko zeinuarekin lotuta doa, jaiotze eguna planeten posizioarekin, eta jaiotze ordua eta tokia Azendentearekin eta Etxeekin. Gauza guztiak elkarrekin konbinatuz, pertsona baten karta zelestea lortzen da; lagungarri diren hilargiaren noduluak eta hilargi beltza ere gehi diezaizkieke karta zelesteei. Hurrengo pausoa, karta zelestean agertzen diren planeten eta puntuen arteko harremanak ikustea da, hots, aspektuak. Hauk bi eratakoak izan daitezke: nagusiak eta ttikiak, batzu positiboak eta beste batzu negatiboak izanik.
Zer esanik ez dago, pertsonetaz aparte beste edozein gauzen edo animalien horoskopoak ere egin daitezkeela, baina Astrologiaren parte hauk ez daude landuta eta, nori dedikatuta dagoen kontutan edukirik, Astrologia gai humanista bat dela esan genezake.
Aspektuak
Planeten edo puntuen aspektuaren izena aspektu era
arteko angulua
0º(±5) Konjukzioa Nagusi positib.
180º(±5) Oposizioa Nagusi positib.
120º(±6) Trigonoa Nagusi positib.
90º (±6) Koadratura Nagusi positib.
60º(±4) Sextilea Nagusi positib.
150º(±2) Kintilea Ttiki positiboa
45º(±2) Semikroadratura Ttiki negatiboa
30º(±2) Semisextilea Ttiki positiboa
Astrologia gizartean
Astrologia normalki ez du etorkizunik aurreikusten. Soilik zeruko gorputzen arauera eta esperientzian eta estatistikan oinharriturik, pertsona batekiko zeruko aspektu positibo edo negatiboak azal ditzake. Esaten den beste guztiak engainu parte handi bat du. Horregatik Astrologiak kontrako asko ukan ditu. Aldeko asko ere bai. Kontrako ezagunenak: Kikero, Agustin Saindua, Descartes, Pascal, Voltaire, Diderot... Aldeko ezagunenak: Aristoteles, Kepler, Newton, Goethe, Balzac...
Gaur egun ere, nork ez du honelako horoskopo bat ikusten duenean bere zeinura begiradatxo bat egiten, nahiz eta gero kasurik ez egin edo gehiago ez gogoratu? Astrologia fenomeno soziologiko at bihurtu da, eta, beste guztiak bezala, probetxatu eta manaiatu nahi izan da. Hurbil ditugun Ekaineko Hauteskundeetarako eginiko zenbait horoskopok zera esaten zuten: "El gran triunfador de las elecciones del 15 de Junio será el Presidente Suárez... En un momento difícil en el que la amenaza de substituir un centralismo absoluto por una desintegración o desmembración regionalista, Suárez se presenta como el integrador de todas las aspiraciones... El Presidente Suárez es el hombre que España necesita ahora la frente del gobierno y el orden cósmico ha dispuesto las cosas de forma que el pueblo español lo reconozca así" (Guía Zodiacal, 14 Junio 1977).
Hau irakurri ondoren botatzea ez zuela merezi pentsatu nuen. Baina leku berean zer hau irakurri ondoren botatzerik neure ustean konfirmatu nintzen: "LAS CORTES QUE SALDRAN DE LAS ELECCIONES DEL 15 DE JUNIO NO LLEGARAN AL FINAL DE SU MANDATO... naufragarán probablemente cuando se encuentren a un tercio de su recorrido".
Astrologia galtzeko era hobeagorik ez dut uste dagoenik.
I. Zuazo
Elkar ikuska
Euskaltegiak: euskararentzat tresna bat
Antton Artiñano Zeberion jaiotako 31 urteko sendagile bat da. Hobe esateko, Antton mila gauzatan sarturik dagoen pertsona bat da. "Neure lagun batek esan zidan 48 aktibitatean sarturik nabilela eta egia dela dirudi", dio Anttonek. "Gauza asko egitea gustatzen zait, nahiz eta sakontasunik gabe izan". Hala ere, gaur gure elkarrikuska Antton "polibalente" honen aktibitade bati buruz izango da: Artiñano Euskaltegien animadorea da.
— Zer da, Antton, Euskaltegi bat?
— Euskaltegi hitza Kintana eta Berriatuaren artean sortua da. Israelen ba dira "ulpan" ikastolak. Ikastola hauk pertsona nagusientzat eginak dira bereziki. Euskaltegi bat zera da: jende nagusientzat prestatutako ikastola bat.
— Gau eskoletan ere jende nagusia dabil...
— Euskaltegi bat ez da gau eskola bat, inolaz ere ez. Euskaltegietan klaseak goizeko bederatzietan has eta gaueko hamarretan amaitzen ditugu. Euskaltegi batetan, gainera, euskara goi-goiko mailetaraino heltzen da. Bilboko Euskaltegi honetara, hots, euskara ez dakiena eta "B" mailako titulua lortu nahi duena etortzen zaigu. Gainera euskara irakasteko metodologiak lantzen ditugu hemen, baieta itzulpenak egin ere.
— Non dago Euskaltegi baten azken helburua?
— Euskararen irakaskuntzari profesionaltasun bat ematea. Orain arte euskara edozein lekutan, edozein gelatan irakatsia izan da: elizetako sakristietan, edonon... Euskara irakasten zuenak, gainera, sakrifizio handiz egiten zuen bere lana. Gustuz, bai, baina egoera zailetan, hogerlekorik ikusi gabe, gainera. Gure ustez denbora heroiko hoiei amaiera eman behar diegu guztion artean. Euskarak beste edozein hizkuntzak bezain eskubideak ditu egoera normal batetan aurrera jotzeko.
— Profesionaltasuna esan duzu: hau ez al da izango euskararen irakaskuntza garesti bihurtzea? Ez al du garestitasun honek euskara dirua dutenen esku bakarretan jarriko?
— Ez, ez da honela. Euskara lantzeko, euskara gure egunek exigitzen duten goimailetan ipintzeko, euskararen profesionariak behar ditugu, edozein hizkuntzak dituen bezala. Eta profesionari izateko pertsona bat erdi-liberatua izan behar du, gutxienez Eta, noski, erdi-liberatua izateko, pertsona honek dirua irabazi behar du bere irakaskuntza edo euskal lanaren bidez. Pertsona hau ez da aberastuko, ez zaitez apura!
— Baina irakaslea profesionaltze hau bere ikasleen diruaz lortu beharko da eta, dakizunez, Antton, euskara ikasteko unean jendea oso txiroa, oso pobrea izaten da...
— Bai, arrazoia duzu, Pertsona askoren diru larritasunak euskara ikastean hasten dira. Ba al dakizu zenbat ordaintzen duen Euskaltegi honetan, Ulibarri Euskaltegi honetan ikasle batek? Hamar hogerleko klase ordu bakoitza. Pertsona batek euskara preziatzen baldin badu ez zaigu gehiegi iruditzen hamar hogerleko kobratzea. Hemen bertan, ikasgela hauetan, lehen ingelesezko klaseak ematen ziren: ordu bakoitzak ehuneta berrogeieta hamar pezeta balio zuen. Eta guztiok gauza normaltzat hartzen zuten. Pertsona askok, gainera, hilean edozein modutan gastatzen dute zazpiehun pezeta: dantzalekuetan, afari batetan, ibialdi batetan, football saioetan... Euskara ikasteagatik zazpiehun pezeta ordaintzea "gehiegi" iruditzen zaie, ordea.
— Euskaltegi honetako irakasle batek, zenbat irabazten du?
— Hirurehun pezeta, klase ordu batetan. Hilean 18.000 pezeta, gutxi gorabehera. Erdi-profesionariak, erdi-liberatuak direla esan dezakegu.
— Zenbat irakasle eta ikasle dituzue une hauetan?
— Orain matrikulua irekia dago oraindik, baina urte honen amaierarako 2.000 ikasle izango ditugu. Euskaltegi berriak zabaltzera goaz. Joan zen urtean 500 ikasle izan genituen eta orain 30 irakasle dabiltza Euskaltegietan.
— Diru aldetik, zenbat balio du euskara ikasteak?
— Euskalduntzen I,II,eta III ikasteak, hots, oinharrizko euskara ikasteak, 15.000 pezeta balio du. Diru gehiegi denik ez dugu uste, ordainketa gainera "cómodos plazos" eran denez gero. Hiru urtetan hamabost mila pezeta ordaintzea ez da gehiegi nabaritzen. Edonork hamabost mila pezeta gastatzen ditu etxerako tresna bat erostean. Tresna horik bezala euskara beharrezkoa ikusten baldin bada, diru hau ez da gehiegi. Euskara, ordea, garrantzizkoa ikusten ez baldin bada, diru hau "gehiegizkoa" bezala hartuko da.
— Ez da diru gehiegi, benetan, euskara preziatzen dutenentzat. Zer harreman dute Euskaltegi hauek Euskaltzaindiari buruz?
— Euskaltzaindiaren koordinakundearen barruan gaude. Euskaltzaindiko komisio tekniko batzuok hemen lan egiten dute. Imanol Berriatua, adibidez, ingelesezko metodo bat euskaratzen ari da gure Euskaltegian. "Egin" egunkaria beste metodo berri bat argitaratzen hasiko da orain. Horrelako lanak guztiz interesgarriak dira.
— Prentsa aipatu duzu. Prentsan euskara berezi baten premia agertzen zaigu egunero: zer egiten ari zarete prentsari buruz?
— Pentsaren arazo hau gogoan dugu beti, noski, Euskaltzaindiaren inguruetan gabiltzanok. Imanol eta beste asko prentsarako oinharrizko hiztegi bat prestatzen ari dira edo, behintzat, prestatu nahi dute. Komunikabideak gero eta garrantzi handiagokoak dira eta ez prentsa bakarrik, baizik eta irratia, telebista etabar prestatu behar ditugu. Zentzu honetan ba ditut nik makina bat ideia... Telebista mailan, adibidez, euskal telebistarako teknikariak prestatzen joan behar ditugu. Ez da nahiko "euskal telebista bat" eskatzea. Zer egingo genduke orain bertan, gure euskal telebista egiteko eskubidea lortuz gero? Non ditugu euskal telebistarako euskal teknikariak? Grabaketa tekniko arrunt batek, adibidez, 500etik 1000tara ordutako grabaketak egin behar ditu, profesionaltasun minimo bat lortzeko. Arlo honetan zerbait egiten hasiak gara, Bepsako langeletan filmeak sonorizatzen eta grabaketak egiten. Alderdi batzu euskal telebista eskatzen hasi dira, baina oraingoz ez dute beste gauzarik egin.
— Euskaltegi hau eta zabalduko direnak alderdi politiko baten menpean al daude?
— Ez. Euskaltegi hauetara edonor etor daiteke eta laguntza guztiak onhartuak izaten dira. Ni alderdi batetako afiliatua naiz, bai... Bueno, hortan nago, uste dut. Izatez, anarko samarra naiz eta libre ibiltzea gustatzen zait. Euskara irakastea nahiko politikoa da berez.
— Non dago Euskaltegi baten oztopo nagusiena?
— Diru kontuan. Euskaltegiak zailtasun hau gainditu ditu orain arte, baina ez zaizkigu laguntzak gaizki etorriko. Euskaltegi bat inbertsio bat da. Nik neure diruak hemen sartu ditut, euskara garrantzi handikoa iruditzen zaidalako. Norbaitek bereak jarri nahi baldin baditu... Norbaitek ehun mila pezeta libre baldin baditu, Euskaltegian onhartuak izango dira.
— Laguntza handiak ba al dituzue?
— Kontseilari asko dago, baina laguntzaile gutxi. Euskaltegiak aurrera ateratzen baldin badira, orduan etorriko dira laguntzak eta Euskaltegiak "sozializatu" nahiak. Diru galtzeak, ordea, inork ez ditu "sozializatu" nahi.
— Beste ideiarik, projekturik ba la duzu buruan?
— Bi milioi pertsonari euskara irakatsi behar baldin badiegu, ez dugu aspertzeko denborarik izango. Bilarako Sakramentinoen apeztegian urte osoan metodologi kurtsiloak han prestatzea oso ongarria izango litzateke. Baserriak erosi eta euskara lantzeko tokiak bihurtzea ere gauza ona izango litzateke. Canping euskaldunak antolatzea bezala edo beste mila gauza bezala... Dena behar dugu.
— Bilboko euskaltegi-pilotu honek "Ulibarri" izena darama: zergatik?
— Ulibarri joan zen mendeko bilbotar bat zen eta euskararen alde ideia asko izan zituen, euskaltegi baten premia agertuz. Orain Ulibarrik zabaldutako bidea egiten hasiak gara.
X.A.
Anaitasunaren komikia
Krisket ta Popolo [Komikia]
Euskara eta politik alderdiak (IV). Literatura eta politika
Sasoi batetan gure artean "euskal" idazleen artean euskal gaiei buruz erdaraz (espainolez zein frantsesez) idazten zutenak ere onhartzen ziren. Geroago baina, galbahe hestuago —eta nazionalki egokiago— bat erabiliz, hain ohore haundiko gorporazio horretan sartzeko euskaraz idaztea eskatu izan da. Politikariei, ordea, ez diegu oraindik erizpide berbera aplikatu, eta Euskal Herrian politika erdaraz egiten duena, besterik gabe eta eskuharki, euskal politikaritzat jotzen dugu oraino.
Interesgarria da, dena den, euskaraz mintzatzean euskal idazleen artean erdal lanik sartzen ez den bitartean, erdaraz mintzatzean, aldiz, oraindik escritores vascos artean ez dela gauza bera gertatzen azpimarkatzea. Hemendik segitzeko den pausoa, noski, zera dateke, euskal politika jatorriz euskaraz egiten hasten den neurrian, euskal politikari eta políticos vascos artean beste horrenbeste egitea.
Gauza kurios eta symptomatikoa da, gainera, Euskal Herriaz edo Euskal Herrian erdaraz idazten dutenen artean, euskal munduan ez dela gaur —lehen ez bezala— inolako diferentziarik egiten konstatatzea, alde ala kontra dauden, espainolista ala abertzale ote direneko kontsiderazio guztien gainetik, instintuz, denak erdaltzaletasunaren zaku beran sartuz.
Norbaitek esan dezake nazioaren ongia berdin lor daitekeela euskaraz zein erdaraz, eta egia da, baina gure politikarien agerpen publikoak (hitzaldi, artikulu manifestu, liburu, autonomi estatutuak...) ulertzeko, euskaldunok erdaraz jakin beharra Kontraesan nazional hutsa da. Euskaraz ere, guttien guttienez, itzulpena egiteaz arduratu beharko lukete, euskara beraiek dioten bezain maitea badute behintzat. Zuberotarrek Hego Euskal Herriko politikarien eskribuak eta bizkaitarrek iparraldekoenak ezin ulertzea edo, horretarako, zapaltzaileen erdarak jakin beharra lehen mailako absurdu nazionala dugu. Bestalde, literatura ez da itzulpenez bizi, ez eta politika bera ere; ideia, terminologia eta hiztegi propioak sortzeko, kasu bietan, beharrezkoa izaten da lan originalak norbere hizkuntzan egitea, eta gero besteetara itzuli.
Ez soaz gu hemen esaten erdara hutsez egindako politik propaganda, orain arte, mesedegarria izan ez denik. Bai eta erdal idazleen behialako "euskal" literatura bera ere. Baina Navarro Villoslada, Arana edo Kanpionen izenak eta lanak gutietsi gabe ere, bide horren akatsak seinalatu behar ditugu, zuzentzeko besterik ez bada ere. Haiengan, garaiko giro eta nazional aurrerabide oraindik apalagatik, barkagarri zena, ez zaie oraingoei barkatu behar. Aurreranzko pauso berriak ematen ez baditugu, lehengo egoera berean irauteko arriskuan gaude.
Bidegintza: lehengo okerrak zuzendu
Maiz, politika egiten eta tratatzen deneko hizkuntzak ba du zerikusirik politik ondorioekin berekin ere. Ukaezinezko afektibitate balioez aparte, hizkuntzak nazional harremanak sendatu eta finkatu egiten ditu, eta kultura historiko jatorraren balio ukatuak berreskuratzen. Beronen exenplurik nabarienak zerak dira, euskaraz herri senaz pentsaturik dauzkagun euskaldun eta Euskal Herri kontzeptuen ondoan, erdarazko vasco eta Vasconian oinharrituriko euzkotar eta Euzkadi ahistorikoak.
Nafarroarekin gaur, betiko betikoekin behintzat, daukagun istilua, itxurazko mailan bederen —eta ez dezagun ahantz politikan bihotz barruko gorroto eta ezin ikusiak beti formez estaltzen direla!— horrexegatik besterik ez da. Ezein nafarrek ezin du ukatu —eta inork ez du egiten, ez eta, dakusagunez, Fragak berak ere!— Nafarroa Euskal Herri historikoaren parte bat dela. Bilbon 1901.ean asmatu zen eta 1936.ean historikoki legez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen zituen Euzkadi horren parte izatea edo ez izatea, ordea, besterik da.
Axular nafarra, esaterako, Euskal Herrikoa zen, ez ordea Euzkadikoa, ez baitzen garai hartan horrelako izena zeraman izakirik. Anakhronismo hutsetan erortzen gara eta zilegi ez diren extrapolazioak egiten, kasu, erromatarrak Euzkadira etorri zirela esatean. Espainiaren Historia modernoetan erromatarrak penintsulara edo "Hispania"ra heldu zirela kondatzen da gaur. Guk, bide horretan abiatuz gero, Historia de Euzkadi-ez —euskaraz Euskal Herriaren Historia diogu, ordea— gure historiaurrea 1901.erarte ekartzen dugu. AP, UDC eta PCEko gure etsaiek aurpegira botatzen dizkiguten argudioez kexatu egiten gara, argudio horik geure alderdikeria itsuaz, erdalduntasunaz eta bururik ezaz aurretik beren eskuetan geuk ipini dizkiegula konturatzeke (1).
Batzuren premiazko euskaltzaletasuna
Gauza bat aukeraz egiten denean, hura ona baldin bada, birtutezkoa izaten da. Ezinbestekoa denean, aldiz, ona izanagatik ere, premiazkoa da eta, beraz, birtuterik gabea. Eta honelako zerbait gertatu izan zaie Euskal Herrian espainolista ezkertiarrei.
Hona beren ideologia azaltzera etorri zirenean, euskal langileriagana heltzeko, beharrezkoa zuten euskararen zubitasuna. Meetingak eta propaganda, esaterako, Eibarren euskaraz egiten baziren, jendeak aditzeko besterik ez zen. Hori, jakina, puntu batetaraino gauza sanoa zen, hizkuntza symbolo maila hutsetik eguneroko premietara eraisten baitzuten. Gauza bera egiten zuten, noski, sasoi hartako abertzaleek. Diferentzia nabari bat zegoen bitzuen artean baina: bigarrenok hizkuntza bera maitatzen saiatzen zirela, euskara landu egiten zutela, eta holaxe adierazten zuten gainera, gorago esan ditugunengatik ahotikoak gero errealitatean beti betetzerik ez bazegoen ere.
PNVek, kasu euskal idazleak sorterazi zituen. PSOEk eta PCEk, aldiz, bat ere ez (2). Gogoragarriak dira, honetaz, Joxe Azurmendik Euskal Idazleak gaur liburuan (62 hor.) aipatzen dituen hitzak, orduko eibartar psoezialistek esanak: "Hablamos vasco porque no sabemos español. Nosotros hablaríamos con muchísimo gusto en este idioma, pero querer no es poder".
Nazional problematika onhartzeko jarrera oportunista zahar horrek, pixkat aldaturik, gure garairarte iraun du. Honez gero formulapena, guti gora behera honelakoa dateke: "Euskaraz egiten dugu euskaldun jendeen artean erdara hutsa eginez ezin presenta gaitezkeelako. Gu erdara hutsez ondo pozik arituko ginateke, baina nahi izatea eta komeni izatea ez dira bat, askok, hori eginez gero, gure estatalismoa nabarituko bailukete".
Lehen kontsignak euskaraz
PNVren meritu garbia da, euskara lehengoz slogan, erakunde-izen eta eskabideetan sartzea. Gerraurreko euskal politik terminologia eta symbologia osoa (aberri, abertzale, lehendakari, jelkide, gudari, ikurriña, buru batzar, aberri-eguna, gora Euzkadi azkatuta, etab.) PNVekoek asmatu eta zabaldua izan zen. Bai eta, Herriagan oihartzuna eta atxekimendua lortuz zihoan ginoan, orduko estatalistei oportunismoz onharterazi ere: Horrek indar politiko eta soziala eman zion euskarari, Estatu zapaltzaileak bide askotatik ukatzen ziona, hain zuzen. Ofizialki zapalduen nazional harrotasuna birpizten zen. Basque is beautifull moduko giroa sortu zela esan genezake, oraingo beltz amerikarren mugimenduaz, anakhronikoki, gonbaratuz.
Guztiz positibotzat jo dezakegu, alde horretatik, beraz, PNVkoen hizkuntz politika publiko hura euskararako. Alde negatiboak ere ba ziren, noski, slogan batzuren grammatik desegokitasun eta purismoa, kasu, inertziaz luzaro iraunen zuten akatsak berauk. Baina, hala ere, agian sasoi hartarako ezin eska dezakegu gehiago eta hoberik.
E.T.A. inguruko giro berria
Gerra ondoko lehenbiziko 20 urte hilen ondoren, PNVren adar dynamikoenetik, EGIko gazteetatik, mugimendu berria jaio zen: ETA.
ETAren sortzaileek beren nazionalismo eta politik heziera, halabeharrez, PNVren iturrietatik edana zuten, eta horrek zenbait akats heredarazi zion erakunde berriari, geroago ikusiko dugunez.
ETAren ideologia berrian ba zegoen puntu bat, ene ustez, hizkuntzaren eta euskal kultur mugimenduan izugarrizko garrantzia zeukakeena. PNVek, sortzeko zirkunstantziengatik lehen eta inertziaz gero, euskal nazioaren oinharria biologian ezarri zuen, arrazan, odol garbian. ETAk, aldiz, kultur balio ethnikoetan oinharritzen zuen bere nazionalismoa, hizkuntzan bereziki. Euzkotarrek, horrela, lekua euskaldunei uzten zieten.
Ondorio praktikoak oso haundiak dira. Arraza, odola, sortzez edukitzen ez bada, ezin lor daiteke inola ere. Hizkuntza, berriz, ikasgarria da, eskuragarria beraz, norberegan ez bada, guttienez norbere haurrengan. Etorkinei bertakotzea posible egiten zien horrek.
Hizkuntzari lehen garrantzia emate horrek, kontsekuentki, aplikapen praktiko batzu izan zituen: ekintzaile guztiei euskaraz jakiteko eskatzea, dokumentu politiko guztiak sistimaz euskaraz eta erdaraz agertzea, erdarazko hitzaldietan (hasieran edo amaieran) euskarazko hitz batzu nahiztaez esatea, politik idazlan originalak euskaraz (Jakin, Branka, Hitz, Zabal...) argitaratzea...
Hizkuntzarekiko planteiu berri eta iraultzaile hau, lehenagoko Herri-sen jatorraz bat zetorrena, euskaldun sozialista independentistek berrartu zutela azpimarkatzekoa dugu. Euskara batuaren arazoa, perspektiba honetan uler daiteke soil-soilki, hau da, Bizkaitik Zuberoarainoko Euskal Herri batu eta euskalduna amesten zutenek elkar aditzeko behar zuten tresna nazional eta praktiko moduan.
Ikastolen bultzada, idazle gazteen belaunaldia, aldizkariak, euskaldun ikasiak, alphabetatze kanpaina, euskara ikasteko methodo berriak, hiztegiak..., halaber, hizkuntzari garrantzi berria zemaion ideologiak esplikatzen ditu ia osorik.
Xabier KINTANAk
(1) Artikulu hau egina zegoela, DEIAn (77/9/ 13an) agerturiko gutun batetan, "Pragmatismo sobre Navarra", gauza bera irakurri diogu nafar abertzale bati, hots, han Euzkadi barik, Euskal Herri eta Vasconia historikoak hobeki hartuak direla. Zenbaki berean, "Zergatik hain banderizoak!" izenekoan, Martin Ugaldek harritu egin gaitu, XVI mendean, Garibairen sasoian "Eta orduan ere ba zegoen Euzkadi" moduko esaldiaz. Ez jauna, sasoi hartan ez zegoen Euzkadirik, ez PNVik ez eta Sabino Aranarik; euskaldunak eta Euskal Herria bai, ordea. Historialari bati, nik uste, bere arloan seriostasun handiagoa eska dakioke!
(2) Toribio Etxebarria eibartarraren salbuespena, nolabait, aipa daiteke, beronek herbestean eta herriminez Eibarreko euskararen hiztegi jator bat moldatu baitzuen.
Lur sakratua. Seattle buruzagi indiarrak Estatu Batuetako jaun lehendakariari igorririko gutuna
Washingtoneko estatuan bizi zen "Suwamish" tribuko Seattle indiar buruzagi haundiak bidali zuen mezu hau ekologiaren historian sartu da honez gero, eta halaber naturaren defentsaren filosofian behin betiko textua bilakatu. Gutuneon indiarren buruzagiak zurien lehendakariak eskaini zizkion lurren erosketei erantzuten die. Zorigaitzez ezin ukan dugu itzulpena zuzenik ingelesetik egin. Gaztelania izan da iturburua, Madrilen aurton argitaratu den "Ecología y sociedad" izena duen aldizkariaren 0 zenbakia, hain zuzen ere.
"Washingtoneko buruzagi haundiak gure lurra erosteko desiretan zegoela bidali zigun mezu. Buruzagiak ere adiskidetasun- eta zoriontasunezko hitzak igorri zizkigun. Berau oso zen amoltsuko berarengandik, zeren guk harez gero elkarren laguntasunaren beharrean aurkitzen zela baitakigu.
Guk kontutan hartu dugu haren eskaintza; horrela egiten ez badugu, jakin baitakigu gizon zuria gure lurren ebastera etor dakigukeela bere pistolekin harmaturik.
Seattle buruzagi haundiak dio: gure anaia zuriek urtaroen itzultzea zenbat dezaketen bezala, hala dezake ere Washingtoneko buruzagi haundiak gure bihotzeko laguntza espero. Ene eleak izarren pareko dira, ezin geldi daitezke.
Nolaz baina saia zerua, lurreko beroa erosten edo saltzen? Gogoeta hau ez zaigu gisako gertatzen. Guk haizearen hoztasunik edo eta uraren distiratzerik ez dugunez, nolaz eros liezagukete hori? Denboraz erabakiko dugu.
Lur honetako zatiak oro sagaratuak dira ene jendearentzat. Pinukukula guziak, diren uhalde hondartsuak, egun ilunetan gertatzen den edozein laino, intsektuen argitasun eta burrunbada bakoitza ene jendeen oroimen eta bizikeran sainduak dira.
Ba dakigu gizon zuriak gure arrazoiak ulertzen ez dituena. Harentzat gure lurraren edozein zati hurrengoa bezalakoa da; berarentzat, gauaz etortzen den arrotza eta, behar duen tokian dela, lurra lapurtzen diguna izanik, lur hori ez da bere arreba, bere arerio eta izterbegia baizik, eta konkistatu duenean alde egiten du handik. Aitaren hilhobia uzten du atzean, ez dio ardurarik.
Lurra desitxuratzen du bere semearentzat, ez zaio axolarik. Aitaren hilhobia bezala, hala du ahanzten semearen sorlekua. Haren asegaleak irentsi egiten du lurra, eta ez du desertu bat baizik utziko. Haren hirien bistez bakarrik izutzen dira larru-gorriak. Apika larrugorria salbaia delako jazo daiteke hau, eta ulertzen ez duelako beraz...
Ez dago baketokirik gizon zuriaren hirietan. Ez dago bedatseko hostoak entzuteko lekurik, ez non intsektuen burrunbadarik. Halaz ere, salbaia bat naizelako ez naiz beharbada aditzera heltzen, eraunsteak belarriak mintzen bide ditu. Eta nolako bizimodua, ez baditu gizakiak ipurtxuriren erostarik edo lupetza baten inguruko igelen argudioak gauez entzuten ahal?
Indiarrak urmaeleko aurpegiaren gainera jaurtikiriko haizearen zaratots atsegina du nahiago, eguerdiko euriak edo pinuesentziak garbitu haizea usaintzea. Haizea oso preziatua da larrugorriarentzat. Gizon zuriak, antza, ez du haizearen hatsa hautematen. Duela egun hanitz hil gorpua bezala, hozturik dago usain egin ahal ukateko.
Onhartzea erabakiko banu, baldintza baten pean eginen nuke. Gizon zuriak herri honetako animaliak bere anai-arrebak bezala erabili behar ditu. Ni salbaia naiz eta ez dut beste modurik ulertzen. Tren bati bidea irekitzeko, milaka ikusi ditut gizon zuriak hildako bufaloak.
Ni salbaia naiz, eta ez dut ulertzen nolaz burdinezko zaldiaren kea garrantzitsuago izan daitekeen bufaloa baino, guk bizirik irauteko bakarrik hiltzen genuena. Zer da gizakia animaliarik gabe? Piztia guziek alde egin balezate, izpirituzko larritasunez hilen litzateke. Izaki guziak elkarrekiko loturan bizi dira. Lurrari jazo edozer, seme-alabei ere gertatuko zaie.
Gure seme-alabok beren defentsagatik gurasoak ikusi dituzte apaltzen. Gure gerlariak ahalke izan dira eta beren bizia alferkeriari eman diote, hala nola beren gorputzak jaki gozo eta edariei. Berdin dio non igaroko geure bizitzearen hondarra, ez gara larregi.
Ordu guti batzu, negu guti batzu, eta tribu handietako seme-alabetan inor, inoiz bizi izan diren tribuetako seme-alabetarik inor ez da irtenen boterea, ahalmena eta itxaropena eduki zituzten jendeen hilhobiengatik auhen egitera.
Gizon zuriak inoiz beharbada aurkituko duen gauza bat ba dazagu. Gure Jainkoa bere Jainko bera da. Zuek gure herria ukan nahi duzuen moduan, Jainko horren jabe zaretelakoan zaudete. Baina ezin daiteke izan. Bera, gizakiaren Jainkoa da, eta duen urrikalmendua berbera da zuria eta gorriarentzat. Lurra Berak oso preziatzen duen gauza da, horregatik Lurraren desegintza Sortzailearentzako egin mesprezu pilo bat da. Zuriei gure tribuoi gertaturikoa jazo dakieke. Zeuon ohea kutsatzen jarrai eta zeuon desertuon itoko zarete gau batez.
Bufaloak sakailatuak izan daitezenean, basazaldiak otzan eta mantso, zapaldua landaretzako ertz izkutua gizon askoren esentziaz eta mendikaskoen bista gorrixka emazteen berbaldiez zorhitua izan dadinean, non egonen da sastraka, non beresitzea? Joan izanen da. Non egonen da arranoa? Joan izanen da. Hegaz egiteari agur egin, ehizan ibiltzeari... Bizitzearen muina desegiten hasten da...
Guk gizaki zuriak amets egiten duena begeneki, uler genezake: neguko gau luzeetan zer igurikitzen du kondatzea bere seme-alabei? Zeintzu begitazio daude haren gogoeten barnean sutan? Zer gura dute biharko? Baina gu salbaiak gara. Gizon zuriaren ametsak izkutaturik daude guretzat, eta horregatik geure bideetatik ibiliko gara ibili. Egiune batera hel bagaitez, bide horien iraupena segurtatzeko da, agindu duzuen legez.
Han apika geure egun apurrak nahi dugun bezala biziko ditugu. Lurraren azaletik azken larrugorria joan dadinean, eta haren oroitzapena zelaian zehar doan hodeiaren itzala besterik izan ez dadinean, urbazter eta zelai hauk nire jendeen izpirituek gordeak egonen dira oraino, lur honekiko maitasuna gordeak, beren gurasoen bihotzen taupadak haur jaioberriek maite dituzten bezala.
Herri hau saltzen badizuegu, maita ezazue guk maite ukan dugun bezala. Gorde ezazue lurra hartzen duzuen bezala, bere indar osoarekin, bere ahalmen osoarekin, bere bihotz osoarekin. Zeuon semeontzat jagon ezazue eta Jainkoak gu bezala maita. Gauza batto dakigu; zuen Jainkoa gure Jainkoa da. Lurra preziatua da guztiz Harentzat. Gizon zuriak ere, ez du halabehar amankomuna saihestuko.
(Gaztelaniatik A.E.k itzulia)
"Bortxatzaileak? Buru eri batzu besterik ez dira gaixoak; gizarte honen ondorio bat, zokoratuak, erreprimituak... gaixoak!, ez dakite zer egiten duten.
Bai, gizon gehienek hau esaten digute honetaz hitz egitean. Emakume bortxatzea, psikologi arazo bat bezala azaltzen digute. Eta ez da honela.
Zer da bortxapena?
Bortxapena, gizonak, emakumea zanpatzeko erabili eta erabiltzen duen lehenago harma, eta garrantzitsuena da. Ez da pertsonalki, desorekatu batek hartzen duen jarrera bat, baizik eta fenomeno sozial bat.
Bortxapenaren historia, oso zaila da jakitea, historialariek ez dutelako beren liburuetan inoiz jaso. Hala eta guztiz ere, hau estudiatzen saiatu direnak izan dira eta hauek lanari esker, orain, ba ditugu hainbat azter-datu.
Margaret Mead-ek, lehen gizarteei buruz egin dituen azterketetan, oso gauza interesgarriak ikus ditzakegu: Ginea Berriko herrien artean, ba dago bat, Arapesh-ena, ez duena bortxapenik egiten. Bere izakera bestaldetik, goxoa eta maitagarria da arlo guztietan. Bizitzen jarraitzeko bizi dira, inori bere bortxa inposatu gabe.
Baina Arapesh-enetik ehun eta berrogeita hamar kilometrotara, Mundugumor-ak bizi dira. Hauk kanibalak dira eta oso odoltzaleak gainera. Hauen artean, emakumeren batek bere bizimodua eramaten badu eta gizonen menerapena onhartu nahi ez baldin badu, beste komunitate bati emana izaten da, bortxatua izan dadin zigor bezala. Iatmul buru ehiztarien artean ere, komunitateak emakumeak bortxatzen ditu, meneratuak eduki arren.
Baina, nolaz hasi zen gizona emakumea bortxatzen?
Susan Brownmiller-ek "Le viol"-en, hau sakonki aztertzen du. Diotenez, abereen artean, ez dago inongo sexu bortxapenik. Biologia aldetik, hauen artean sexu harreman bat izateko, beharrezkoa da urrixa prest egotea, eta hori aldizka gertatzen da, "bero" dagoela esaten dugunean. Baina, bero dagoela ere, gustatzen ez zaion ar batekin ez da joanen. Eta ar honek ez du sekulan urrixa bortxatuko.
Gizakien artean berriz, sexu nahiak ez dira aldizka etortzen, baizik eta edozein unetan. Gizonak ez du behar emakumearen berotasunik, eta seguru asko ezen gizon primitiboak, emakumea bortxatzen hasi zenean, erantzun gogorra aurkitu zuela emakume honengan. Baina noski, emakumeak ezin zuen "harma" berdina erabili; ez zuen zakilik gizonaren gorputza indarrez hartzeko. Beraz, gizona, emakumea beldurtzeko eta meneratzeko harma bat ba zuela konturatu zen, eta geroztik beti helburu horretan saiatu da, harma bera erabiliz.
Dirudienez, hau izan zen emakumeek senar babestaile bat aurkitzeko izan zuten arrazoia. Beti bortxapenaren beldurrez egotea baino, hobeagoa zen "bortxatzeko eskubidea" bati ematea, bere babestearen trukez. Eta honela izan zen, emakumea gizonaren propietate bat izatera behartua ikusi zela, bizirik jarraitu nahi baldin bazuen.
Bortxapena historian zehar
Orain, ezkontza bezala ezagutzen ditugun harremanak, bahituran eta bortxapenean izan zuten hasiera. Honen bidez, inposatu zitzaizkion emakumeari, bere zintzotasun eta monoandria "naturalak".
Ezkontzeko, zilegizko bidea zen lehen (Ingalaterran XV mendera arte), emakumea bahitu eta bortxatzea.
Hamurabi-ren kodigoan, Babiloniako legeek horrela zioten: emakume ezkondu bat bortxatua baldin bazen, biek, bortxatuak eta bortxatzaileak zigor berdina jasoko zutela, hots, harri bati lotuta hibaira botata izanen zirela.
Hebraitarrek ere, kasu honetan, biak hiltzen zituzten harrika, adulterio bat baitzen... Bortxatua ezkongai eta birjina baldin bazen, bortxatzaileak neskaren "prezioa" ordaindu behar zuen eta berarekin ezkondu. Horrela, aitak, "merkantzia" saltzeko izanen zituen zailtasunak (hondatua baitzegoen...), konpondu egiten ziren. Noski, herri meneratuetako emakumeak eta esklabuak bortxatzea, guztiz zilegizkoa zen.
Bestetik, hamar aginduen artean, ez dugu "ez emakumerik bortxa" aurkitzen. Eragozpena, "hauzokoari emakumea kentzen zaionean" sortzen da; hori propietatearen aurkako deliktu bat baita.
Gurutzadetan ere, kristau gurutzatuek ez zuten bekaturik ikusten emakumeak bortxatzean. Erdi Haroan, zaldunek, emakumeak bortxatzeko eskubide osoa zuten, emakume hauk plebeiuenak zirenean. Ez horrela emakumea beste zaldun baten andrea, alaba edo beste moetako propietatea izanik. Noski! Hauetako emakume bat bortxatzen zuenarentzat, zigorra izugarrizkoa izaten zen, gehien birjina bazen.
Legeak, geroztik ez dira asko aldatu; bortxatua izan dena, ezkongabekoa izanik birjina ez bada, ez da bere salhaketa orain ere serioski hartzen, zeren: "Behin egin duenari, zer axola zaio berriro ere beste batekin egitea?".
Lehen eta orain, gure gizonezko gizarte honek ez du bortxapenean emakumearen aurkako krimen bat ikusten, baizik eta bere jabeen aurkako bat.
Hau garbi ikusi dugu gudu eta iraultza guztietan. Armada batek, faxista edo liberala, iraultzailea edo atzerakoia, herri bat etsaiari harrapatzen zionean, harrapakin bezala, beste gauzen artean emakumeak hartzen dituzte indarrez.
Hitler-en gizonek hau egiten zuten, terrorea zabalduz... eta gero, Stalin-en "armada gorriak" metodo berdinak erabili zituen. Gizonek, boterea izateko eta sentitzeko, emakumea bortxatzea behar dute, berauei eta besteei, beren indarraren handikeria erakusteko.
Eta une normaletan gizon normal bat dena, armadara eramaten baduzu eta harma bat eskaintzen badiozu, boterearen bidez, bortxatzaile bihurtzen zaigu besteak meneratzean. Emakumearen gorputza, irabazi ondoren ematen zaion saria da.
Gaur egun, nahiz eta debekatua egon emakumeak bortxatzea guduan, lehen bezala egiten segitzen dute. Amerikarren armadan zigortua dago, baina Viet Nam-en nahi adina bortxatu zuten eta zigorra noiz behinka batek jasotzen zuen; hau, beti beltza izaten zen... Batzu eta besteen artean, beti biktimak emakumeak dira.
Lehendabizi bortxa sufritzen dute, gero bortxa honen errudunak egiten dituzte eta azkenez, ondorio bezala, etxetik bota egiten dituzte, sarritan haurdunak bihurtuta.
Azkeneko adibide ezagunena, Bangla Desh-en ikusi dugu; pakistandarrek bortxatu zituzten emakume genienak, gero, senarrek beren ondotik bidali egiten zituzten.
Eta hori ez da guduan bakarrik gertatzen. Gure ondoan ere ikusten ari gara egunero horrelako gertakizunak.
Faxisten artean ere, armadan bortxapena debekatua zegoen, baina hemen beste arrazoi batzurengatik: gizon askok emakume bera bortxatzean, ez da zaila gaixotasunak zabaltzea.
Sifilisaren beldurra zuten alemanek. Baina, hau horrela konpondu zuten "bizi" hauek: soldadu batek emakume bat bortxatu ondoren, bularra mozten zion; horrela hurrengoak ba zekien ezin zuela ukitu... Denontzat emakume nahiko ba zegoenez, soluzio ona aurkitu zutela dirudi.
Errusiarrek, gogorki salhatu zuten hauen jokaera eta gero berriz, beren gogorkeriaz alemanei konpetentzia egin zieten, emakumeen bortxapenari zegokionean.
U.S.A.-n, zuriek esklabu beltzak bortxatzea guztiz zilegizkoa zen. Bestaldetik, beltzek bere askatasuna lortzeko daramaten bidean, emakume zuriak ere bortxatzen dituzte. Kongo-k independentzia lortu zuenean, hainbat bortxapen izan ziren emakume zurien aurka. Noski, eskuindarrek hau, beltzak basati batzu zirela erakusteko erabili zuten; lehen eta betiko zurien bortxapenak ixilduz.
Ameriketan ere, gizon zuriek emakume indiarrak bortxatzen zituzten eta gizon indiarrek berriz, emakume zuriak.
Zanpatzaileek eta zanpatuek emakume bat aurrean dutelarik, zanpatzaile bihurtzen dira, beren boterea azaldu nahian. Eta hau izan da gizarte guztietan, bortxapena. Susan Brownmiller-ek esan digun bezala, BORTXAPENA, GIZONEK EMAKUMEAK MENERATUAK EDUKITZEKO ERABILI ETA ERABILTZEN DUTEN HARMA SOZIAL BAT DA.
Bestaldetik, ikusiko dugun bezala, bortxapena, legeak adierazten diguna baino askoz ere zabalagoa da.
Legeak zer dioen
Penal Kodigoaren 429. artikuluak honela dio: "Bortxapena, emakume batekin hurrengo kasu hauetan egotean egiten da:
1.- Indarra edo beldurra erabiltzen denean.
2.- Emakumea, edozein arrazoirengatik konorte edo arrazoirik gabe dagoenean.
3.- Hamabi urte, bete gabe baldin baditu, nahiz eta lehen adieraziriko zirkunstantziak azaldu ez."
Gero, beste artikulu batean, "abusos deshonestos"-ei buruz hitz egiten du, lehengo zirkunstantzia berdinetan ematen direnean, bortxapenari baino zigor ttikiagoa emanez. Gizonak, zakilaz sarketarik ez badu egiten ez da bortxapentzat jotzen.
Hainbat kasutan, emakumeari maginan makilak, botilak, eskua etab. sartu dizkiote, baina prozesuan ez da bortxapenik izan dela onhartu.
Bestaldetik, ezkontza barruan sexual harremanak gizonarentzat eskubide bat direnez, ez da bortxapena senar-emazteen artean onhartzen.
Baina, nahiz eta salhatzen den bortxapenak, hitzez hitz legeak dioena bete, oso zaila da frogatzea.
Epailariak eta edozein moetatako agintariak matxistak direnez, bortxapena salhatu bezain laster, emakumea salhatzaile agertu beharrean, salhatua bezala agertzen dute.
Lehendabizi, poliziek barrez hasten dira txantxetan, eta gero, bortxatu izan den edo ez "jakiteko" egiten dituzten frogak, benetan umilagarriak dira.
Eta prozesua iristean, epaiketa hasten da, baina ez bortxatzailearen aurka, baizik eta emakumearen kontra.
"Nolako moral ohiturak ditu autostop bakar-bakarrik egiten duen neska batek? Ez da hori sexual dei garbi bat? Gainera minigona zeraman... probokatzearren, noski! Bera ere gustura zegoen... teatro pixka bat ere egin zuen, baina berak nahi izan zuen. Bestela ez luke gizon gaixo eta ahul hura honela probokatuko..."
Eta gizontxoaren defentsa honekin, bukatzen da gauza normalki. Horrela ez baldin bada, hiru hilabete edo psikiatrikoan pasa, eta kito.
Bortxapenaz gainera hilketa izan bada, orduan jasotzen du zigorra hiltzaileak. Hil egin duelako, eta ez bortxatu duelako.
Legeak ba, ez du gure defentsarako balio.
Gizarte honek erabiltzen duen "justizia" matxistaz gainera klasista denez, noizbehinka dirurik gabeko bortxatzaile bat gartzelan sartzen du eta gehienak kanpoan uzten ditu. Bortxatzaile burjesa edo diruduna denan, legez, ez dago ezer egiterik.
Hainbat kasu ba daude, patroiak bere langileengan lanpostua galtzeko beldurra sorteraziz, bortxapena aurrera eraman dituztenak. Hau salhatzen ausartu direnak, lanposturik gabe gelditu dira, eta patroi bortxatzaileak lasai eta errespetuz beterik segitzen du, bitartean. Legeek ez dute ezertarako balio. Australian, legeak senarrak emaztearen aurkakoa bortxapen bezala onhartzen du; baina emakumeak ez dira bortxapen hauk salhatzera ausartzen. Zer eginen dute gero senarrik gabe, ekonomi independentzia bat ez badute?
Bortxapenaren arazoa, emakumearen beste arazoei guztiz lotuta dago. Ezingo dugu bata besteak gabe konpondu.
Amnistia bortxatzaileentzat ere?
Amnistiaren arazoa dela eta, gai hau ere azaldu zaigu hainbat tokitan.
Errenteriako asanbladan adibidez, bortxatzaileentzat amnistia eskatzen zuen teoria bat azaldu zen.
Gauza garbiago ikusteko gonbaraketa bat egin nahi nuke. Hau defendatzen dutenek, faxistentzat ere amnistia eskatzen al dute? Errenteriako haiek ez behintzat, "Cuerpos represivos al paredón" oihukatzen dutenetakoak dira eta...
Arrazoi bezala betikoa ematen digute: "Gizarte honen ondorio bat dira, desorekatuak, erreprimituak..."
Bai, gizarte honen ondorioak denok gara. Baina batzu zanpatuak eta beste batzu zanpatzaileak. Eta ezin ditugu batzu eta besteak batera defendatu. Horrek Xirinacs-ek defendatzea kontsekuentea dirudi, baina ez iraultza harmatuaren bidea hartu duen batek, eta mutil hauek aukera hau egin dutela diote.
"Beti dira klase behartsuenetakoak zigortzen dituztenak". Ba dakigu, eta hori arlo guztietan, burjeseriak egiten duen justizia klasekoa dela, eta hortaz langileak zanpatu egiten ditu. Baina noski, emakume langilea gizon langilea baino gogorkiago.
Burjeseriak, klase bezala zanpatzen bagaitu, bortxatzaileak defendatzen dituztenek emakume bezala zanpatzen gaituzte, burjeseriak bezalaxe.
Guk ez dugu bortxatzaile langileentzat amnistiarik eskatzen, baizik eta bortxatzaile dirudunentzat erantzunkizun handiagoak. Hauek, posibilitate gehiago izaten dute emakumea bortxatzeko, diruak boterea ematen dienez, eta botere honen bidez indarkeria gehiago egin dezaketelako. Eta gainera, dirua ateratzeko, pornografia eta horrelakoen bidez, gizonei bortxatzera dei egiten diete.
Langileak berriz, bortxatu nahi badu, posibilitate guttiago izaten du biktimak aukeratzeko. Normalki, bere emaztea, bere alabak eta kalean aurkiturikoak.
Erantzunkizunak eskatzean, kontuan edukiko ditugu desberdintasun hauk... baina, egia esan, gure bortxatzailea oso proletaria izateak ez gaitu Kontsolatzen.
Faxisten artean ere, ba dira erantzunkizun handiagoak eta ttikiagoak dituztenak eta herri justizia exigitzen dugu denontzat.
"Bortxapenaren aurka, irentzea" esan nionean Errenterian bortxatzaileentzat amnistia eskatu zuenari, hori faxismoa dela esan zidan.
Nik ez dakit nolaz mutil honek eta bera bezala pentsatzen dutenek, ez duten orain arte, ETA-k eraman duen borroka harmatua faxistatzat salhatu, nahiz eta sarritan makina berdez jantziriko "gizartearen ondorioak" garbitu.
Gizon... orain arte faxismoak, bortxatzaileak zigortu baino beti defendatu egin ditu. Beraz, zu eta zu bezalakoak zarete faxismoaren kide, eta ez emakumearen askatasunerako borroka harmatua eraman nahi dugunok.
Ez dira hitz gehiago behar... hemen doakizue adibide praktiko bat.
Gizonen justiziak ez gaitu defendatuko; ez burjeseriarenak ez langileenak; Françoise d'Eaubonne-k esaten diguna har dezagun buruan:
"Emakumeok, geure justizia eta honen defentsa seguratu behar dugu. Autodefentsa, primeran dago, baina lehen urrats bat bezala. Bigarren urratsa, Holandako "Dolle Mina"-k eman dute. Amsterdam-en gauez, lehen baino seguragoa da emakumeentzat, BORTXATZAILE BATZU KANALERA BOTA ZITUZTENEZ GEROZTIK. Geuk defendatu behar dugu geure burua.
Gure zanpatzaileentzat, AMNISTIARIK EZ, faxismoak aski amnistiatu ditu eta... BORTXAKERIA MATXISTA ZANPATZAILEAREN AURKA, EMAKUMEEN INDAR IRAULTZAILEA!
Geure defentsa behar beharrezkoa dugu. Garbi ikusten dugu, "gizonen" alderdiei, "gizon" iraultzaileei, "gizon" langileei... emakumearen aurkako bortxakeria bost axola zaiela; hauetako batzuk gainera, oso ondo "konprenitzen" dutela bortxakeria hau, egileentzat amnistia eskatuz eta guzti...
"Bortxatzaileentzat askatasuna!" eta "Cuerpos represivos al paredón"; dirudienez, emakumeak edo gizonak erreprimitzea, ez da gauza berdina... lehenengoa zilegizkoa da "iraultzaile" hauentzat. Honek garbi azaltzen digu, nor den gure opresioa mantendu nahi duena eta nor ez.
Baina mesedez... ez ezazuela iraultzaile izena erabil. Ez zarete iraultzaile ez emakumeentzat eta gizonentzat ere. "Beste pertsona bat zanpatzen duen pertsona ezin daiteke libre izan". Herrientzat balio duena, sexuentzat ere balio du...
Burjeseriaren estatu guztietako gartzeletan, bortxatzaileak baino gehiago, ba daude gizonaren bortxapenari indarrez erantzuna emateagatik sartu dituzten emakumeak.
Urte askotan senarraren tortura fisikoak sufritu ondoren, azkenez, hau hil edo zauritu duten emakumeak. Prozesuan, nahiz eta garbi azaldu froga guztiz, tortura hauk sufritzen zituztela, epailariek gartzelara bidaltzen dituzte urte askotarako.
Geure herrian ere, horrelako kasuak ba ditugu bat baino gehiago; behar baino guttiago alde guztietara, emakume gehienek beren egoera larria hil arte ixil-ixilik sufritzen baitute.
Beren defentsarako, indar urrats hau eman duten emakume horientzat BAI, AMNISTIA ESKATZEN DUGU, opresioaren aurka indar iraultzailea erabili dutelako gartzelan baitaude.
Itziar Urtasun
OHARRA: Hemen historiaren gain ematen diren datu gehienak, Susan Brownmiller-en "Le viol"-etik ateraiak dira.
Kirolak
Kirolaren pertsonaiak: 1. Epailariak
Kirola guztietan epailariak daude. Baina beharrezkoak ote dira? Non eta zergatik sortzen da epailariaren beharra? Haurren arteko edo adiskideen arteko kirola gehienetan, adibidez, ez da epailaririk. Baina denon artean gidatzen da jokoa eta epaitzen dira gorabeherak; noizean behin eztabaida gogorrak daudenik ezin uka. Kasu honetan, ba, ez dago epailari beharrik.
Epailari neutralaren premia lehiaketa konpetitiboetan sortzen da, konkurrentzia gogorra sortzean. Eztabaidagarri da, benetako ideial esportiboak besteekiko konpetizioa onhartzen duen ala ez, zeren eta, dirudienez, kirola norberekiko konpetizioa baita, norberaren ahalmenen goratzerako konpetizioa. Baina filosofia merkea alde batetara utziz, eta errealitatea uka ezin daitekeen arazoa denez, gaur eguneko kirolaren saltsa eta biperra besteekiko konpetizio eta lehiaketa dela aitortu behar da.
Eztabaidaren sorrera
Kirola guztietan, ordea, ez da problemarik sortzen epailariekin. Ba dira, beren epaiketan kontrole objektiboa eskatzen duten kirolak. Adibidez, hor ditugu kronometratzaileak eta antzerakoak. Lasterkari batek egiten duen denbora, makina zehatz batez neurtzen da. Garaiera-jauzlari batek, jauzia egitean, bietariko bat habeska bota ala ez bota egin behar du. Bai ala ez, beste aukerarik ez da. Eta jende guztiak ikusteko moduan gainera. Kasu norietan ez da problemarik ez eztabaidarik sortzen.
Hala ere, beste kirola batzutan epailarien neurketa objektibo-subjektiboa da. Eta subjektibotasunean sortzen da problema, zeren eta epailariaren subjektibotasunarekin batera, kirolari guztien eta ikusle guztien subjektibotasuna baitago. Eta guztiek ados zertan egon beharrik ez dute. Zoritxarrez —edo zorionez?— subjektibotasunaren menpean dauden kirolak, masak mugitzen dituztenak dira: futbola, basketbola, boxeoa, eskubaloia,... Beharbada, subjektibotasunaren bidez populuak duen partaidetasuna da izan, kirola hauk masa-kirola bihurtzen dituen faktorea. Eta kasu hauetan guztiotan, bi partaideren edo talderen arteko konkurrentzia ageri da. Konkurrentzia talde edo partaide askoren artekoa denean (atletismoan, adibidez) ez ohi da problemarik sortzen.
Ikusten denez, epaiketa-problemaren sorreraren arrazoi nagusiak bi dira: subjektibotasuna eta besteekiko konkurrentzia.
Epailariaren diktadura
Egoera honetan, epailariaren eta beste kirolarien arteko harremana guztiz da unilaterala. Batak agindu eta besteek obeditu. Zelaian batak du beti arrazoia; eta besteek ezin dute beren eritzia agertu. Futbolaren kasuan, esate batetarako, ezin dakioke hitzik ere zuzendu epailariari; hitz egite hutsak amonestazio-txartela dakar.
Arautegiaren aplikapena guztiz erradikala da, eta erradikaltze hau areagotu egin da azken urteotan. Goitik behera aplikatzen da gainera, behekoek —gure kasuan, kirolariek— inolako parterik hartzen ez dutelarik. Hitz batez, kirol lehiaketetan epailariaren diktadura inposatu da.
Honela, kirol jokoaren lehen asmo eta izpirituaren aurka, deuseztu egin da lehiaketetako giza harreman guztia. Ez dago komunikazio pertsonalik, epailariak bere ahalguztiduntasuna gorde nahi du eta.
Epailaria eta publikoa
Gauzak honela, begira eta adi dagoen publikoaren subjektibotasuna kitzikatu egiten da. Eta pentsatu gabe, ikusle bakoitza epailari bihurtzen da.
Ikuspuntu desberdina edukitzeak, faboritismo ezkutua izateak, giroaren presioak eta beste faktore askok alde batetara edo bestetara daramate neurketa subjektiboa. Bestalde dirua eta interes handiak ere erdian daude. Eta honekin batera, informabideen eragina, publikoaren eritziaren balantza alde batera edo bestera eraman dezakelarik.
Eta lehiaketetan parte hartzea garrantzizkoena ez denez —inoiz hipokrisia hori egia izan denetz jakin nahi nuke—, faktore guztiak pilatzean lehertze-efektu izugarria sortzen da sarri. Efektu hori direkzio bakar batetarantz zuzentzen da: kanpoko jokalariren bat dela, gertalaria dela, zuzendaritza dela,... Baina gehienetan, epailariaren aurka gertatzen da. Eta berori santu eta deabru guztien madarikazioen azpian aurkitzen da.
Epailarien aurkako agresibitatea oso handia izan da betidanik. Batzuren eritziz, ordea, handituz doa gure egunotan. Kasu askotan, epailariaren osotasun eta osasun fisikoa arriskuan aurkitzen da. Hori dela eta, zenbait kirolatan —futbolean, kasu— burdinazko hesiz inguratu behar izan dituzte kirol zelaiak. Kirolariak piztiak ote dira? Epailaria probokatzailea ote da? Ikusleak piztiak ote dira? Galdera horiei ez die inork baietzaz erantzuten, baina harturiko segurtasun-neurriak horrela bailitzen izan dira hartuak.
Epailariaren janzkera eta izakera
Nolakoa da epailaria, pertsona bezala? Sarri egin diot galdera hau neure buruari. Ez dut pertsonalki epailaririk ezagutzen, baina edozein modutan agoante handiko pertsona izan behar dela deritzot. Edo eta iluminatu bat. Zeren eta gibel handia eduki behar, bere aurkako birao eta madarikazioak entzun eta ez berotzeko. Beharbada, bere botere mugagabeaz konpentsatuko du hori, lantzea —txartela— eskuan baitu eta txilibitua ahoan. Izan ere, boterea omen da pertsonen nahikunde bete- eta asegarrienetako bat.
Janzkera bera ere, epailariak jasan behar duen egoeraren agerpena da. Tristea, beltza, beltz iluna, heriotze eta tristuraren kolorekoa.
Epailariaren premiarik ba ote dago?
Segur aski, hobe litzateke artikulua galdera honi erantzunez hastea. Eta neurri batez, horrela egin dugu. Dena den, bukaera gisa ere, arazo hau aipatzea komeni dela uste dut.
Kirola fenomeno kultural-ekonomiko-soziologiko-politiko... den aldetik, izpiritu esportibo utopikotik oso urrun dago gaur egun. Kirola publikoaren saltsa eta izateko arrazoi ia bakarra, lehiaketa da, besteak baino gehiago garela adieraziko duen lehiaketa prezeski. Interesak kirolatik kanpokoak direnez, epailari "neutralen" premia agertzen da. Epailariok guztien gustuko izan behar lukete, baina sarri ez dira inoren gustuko gertatzen. Dena den, egoera honetan, guztiek onhartu behar dute epailariaren autoritatea, zeren eta bestela ez baitago lehiaketa posiblerik. Gaur eguneko kiroletan, ta, nahitaezkoa da epailariaren presentzia.
Hori ote da, baina, promozionatu behar den kirolaren ikuspegia? Zer ote da hobe, kirolari hospetsuak edukitzea eta lehiaketak irabaztea ala jende arruntak lagunkiro kirola egiteko posibilitateak edukitzea? Bi aukerak loturik ote doaz?
J.R. Bilbao
Musika
Herriko eta eskolatu musikaren dikotomian zehar —II—
XVIII mendean, Euskal Herriko musikan besten eite batzu agertzen dira, guttiengo arau herritik kanpo egon arren, ez horregatik garrantzi gutiagokoa.
Klasiko garaiko tertulietan egiten zen mus%ka, Erromantizismoan, Philarmoni Elkarteak eta Ikaskuntzako akademiak sortzera deribatu zuen, eta ikastegi honen bidez, herriak, eskolatu musikan sekretuak lehenengoz ikusi ahal zituen.
Garai honetan, gure klasikoen sonatak eta minuetoak, herri askotan antolatzen ziren tertulietan entzuten ari ziren. Iruinean, 1758 urtean, Juan Esteban de Armendarizen etxean, herriko eta musikalariak arrot biltzen ziren. Ezagunak dira ere, Gasteizeko Baltasar Manteliren etxeko musika liburutegia. Eta berak ere tresna asko erabili zituen: bibolina, violoncelloa, fagota eta txistua beste batzueren artean. Bere senideekin orkesta bat eratu eta 1768 urtean Bilbon kontzertu polit bat eman zuen. Baionan ere musika giro indartsu bat dago. Abesti eta doinu asko kantatzen dira kalez kale eta saila da bibolina gabeko sendi burjes bat topatzea. Garat, kantari nabariak, bertan ikasi zituen bere lehenengo oinharriak, Italiko irakasle batekin. Gipuzkoan, Peñafloridako kondea, Azkoitia eta Bergaran oso ezaguna izan zen aretoko musika burjes eta plazako funtzioen antolatzaile bezala. Bilbon 1977, urtean, giro honen ondorio bezala organo fabrikatzaile bi eta amalau musikalari profesional daude. Juan Crisostomo Arriaga, sarritan joaten zen Eladio Villabasoren etxera, Haydnen doinuak jotzera.
Baltazarre guztietatik, Philarmoni Elkarteak eta ikastetxeak sortu ziren,XX mendeko Kontserbategien aurreko legez. Eta gure herrian Bellini, Donizetti, Rossini eta bai Mozart, Verdi eta Beethovenen doinuak ere lehenengoz entzun ziren.
Elkartea eta ikastetxe honen bidez, musika giroa indartu eta bultz egiten da. Musikazale asko ikasten hasten dira eta hoberenek, atzerriko ikastetxeetan jarraitu behar ditue ikasteak (Paris eta Madrilen lehenengotan eta Brussela, Milano eta Erroman geroago). Ezagunenak Hilarión Eslava, Emilio Arrieta, Ambrosio Arriola, Apolinar Brull, Valentin Arin, Valentin Zubiaurre, Julian Gayarre eta Pablo Sarasate ditugu zerrendea luze baten barnean.
Baina 1830aren ondoren, gehienak Madrilera joan ziren eta honegatik gure nazionalismoaren musika aurreko musikalariak Italiako musikan eraginpean jausi ziren. Europako aurrerapenak Madrileko Kontserbategian guztiz ahaztua izan ziren eta han baino lehenago gure arteko Philarmoniketan entzuten ziren Alemaniako doinuak, baina gun musikalariak Madrilen zeuden. Harmonia eta Konposaketa Eslavaren metodoarekin ikasten zen eta hau Italiako eskolari larregi lotuta zegoen. Eta aldakuntza, Valentin Arinear bidez etorri zen. Harmoniako katedra hartu ondoren, Durand frantsesaren metodoa ezarri eta geroago bere metodoa atera zuen.
Horregatik euskal musikalariek, Madrilen ikasitako erregelak katedratik errepikatuz, Europako musikaren, sarreran atzerakuntzan, erru handi bat eduki zuten.
ERLETXE
Bibl. LA MUSIKA VASCA Arana Martija
Sukalderako saltsak
6 lagunentzat behar dituzu
Bi oilar edo bi oilo. (1) 50 gr. gurin, margarina edo olio. 200 gr. urdail. Hiru laurden litro ardo gorria. Urdailazpiko azal zati bat. Bi goilarakada cognac edo brandy. 2 goilarakada hirin. 2 tipula. 2 baratxuri atal. Biperhautsa pixkat. 300 gr. perretxiku. Gatza. Xarbot pixkat (2). Oilar edo txerri odola latika itzazu oilarrak. Dora itzazu zatiak. Honetarako bota lapiko batetara gurina edo olioa. Lurrun lapikorik baduzu hobe. Zatiak erdi doraturik daudenean bota itzazu bertara tipula txirrindolak (4), eta bi goilarakada hirin. Nahas ezazu ongi eta bota lapikora bi goilarakada cogñac. Sua eman cogñacari. Bota lapikora ardo gorri guztia, gatza, biperhautsa, urdailazpiko azala, batxuriak eta xarbot pixkat. Guzti hau eginda, ipin lapikoa su handitan eta irakiten hasten denean itzali sua. Kasu! Ez hitxi lapikoa.
Zatika ezazu urdaila eta bota ezazu lapiko barrura. Hitxi lurrun lapikoa eta ipin egosten 45 minutu gutti gora behera, zuk dakizun modura. Lurrun lapikorik ez baduzu, ardo gorri gehiago beharko duzu. Saltsa lodituz joango da, horregatik noizean behin ardo gorri gehiago bota beharko. Oilarra egina den ala ez jakiteko, oso modu erraz bat duzu. Sar egiozu sardexka, hezurra arte sartu behar du. Ez badu sartzen ez dago eginda eta gehiago egosi behar du. Oilarra egosten den artean, garbi itzazu perretxikoak eta zatika itzazu. Bota itzazu berauk lapikora egosketa bukatu baino bost minutu lehenago. Egosketa bukatu denean, lapikoa su ttikitan ipiniz odola botatzen zaio, bizkor eraginez.
Oilarra ardo gorriaz gozoa da. Baina besperan egin eta biharamonean zerbitzatuz gero, zoragarriagoa izanen da.
On egin
(1) Oilarra ez baduzu aurkitzen oiloa erabil dezakezu. Oilaskoa ez erabil alperrik galduko duzu eta. Oiloa erabiliz, kontuan eduki behar duzuna zera da: Oiloak koipe asko ateratzen du. Saltsari orduan koipea kendu beharko diozu.
(2) Tomillo. Tym.
(3) Aukerapekoa - Facultatif/vo. Odol guztiak likido kontserbatzeko ozpin txurru batekin nahasirik gordentzen dira.
(4) Rodajas. Rondelles.
Othe dakika nolako mina hik neri egina
Oi gurekilan hindagoela utzaphal bat bezala
Zer dolamena jaiek zutena gau luze harena
Johan ginela elgar horrela ez kusteko sekula
Dantzan ginen dantzan elkarri estekan
Gau guzian dantzan eta berriz dantzan
Espainak ikaran izarrak dirdiran
Ta hire begian lore beltz ganian
Oi izar beltz biga bahitian bizi hintzanian
Hire bizarra oi zer gaparra hi mutil azkarra
Hire besoak bai eta soak nolako amultsuak
Hire oldarra nitzat beharra nauk orai agorra
Oi balazoa hiltzerakoa hoiek emandakoa
Dantzan ginen dantzan elkarri estekan
Gau guzian dantzan eta berriz dantzan
Ezpainak ikaran izarrak dirdiran
Ta hire begian lore beltz ganian
Oi izar beltz biga bahitian bizi hintzanian
"Ahizpa Aña neskatxa ona gaur haugi gu-gana
Utzi nigarrak asmu okerrak hemen tun jai ederrak
— Ez Mikelina ez kendu pena nerekin dagona
Ene lanborrak ditun gogorrak... gudarien hezurrak
Dantzan gabiltz dantzan elgarri estekan
Gau guzian dantzan eta berriz dantzan
Hezurren baladan banabil ganbaran
Ene besoetan hezurrak klisketan
Bai banago xoroen kidetan buru-galduetan
Xepelarreri galde bat zuri pertsulari haundi
Zazpi probintzi tuzula nahi oso oso ta garbi
Anka bat hautsi lortzeko hori othe zaizu aski
Asko da jarri "bakezale ni" ta mistifikalari
Dantzan dira dantzan elkar mistifikan
Ari mistifikan herri guztietan
Bai ta lanborretan bake faltsuetan
Gure bizkarretan ari lanborretan
Bai errex da pertsu egitea ta gogor hiltzia
E. E. 1977.ko buruilean
1975-ko buruilean garbitu zituzten E.T.A.ko abertzale gazten orhoitzapenetan.
E. ETXAMENDI
Gramatika saila
Oraingo honetan, geure kritika iragarkiak eta egutegiak egiten dituzten gehientsuei zuzenduko diegu. Horretarako aukera ona ematen digu hilabete honek: Urriak hain zuzen.
Ez dakit zergatik edo eta zertan finkatzen diren, baina Euskaltzaindiak hilabeteen izendegia onharturik duen arren, ez dut oraindik egutegirik aurkitu, berori osorik erabiltzen duenik.
Urriaz ari garelarik, hilabete hori gehienek alferreko I bat (edo bi) gainerazten diotela esan behar dut. Honela Urria idatzi beharrean (Gernikako Urriko astelehenak adibidez), hor zehar Urrila edo Urrilla irakurtzen dugu.
Tradizio idatzi eta mintzatua duen forma bakarra, Urria da. Bestea, oraintsu analogiaz sorturiko forma berri bat dateke. Batzuk honela arrazonatzen dute: "Hilabeterik gehienen izenak -il(a) batez bukatzen direnez (apirila, otsaila, iraila,...), ba dirudi Urri horrek ere -l bat behar duela, horrela erregularra izateko". Baina hori analogia faltsu bat da. Urria da hilabete horren izena.
Eta hilabeteen izenez hasi garenez, gogorrago jo behar da Loraila, Ekainila eta antzerako perlen aurka. Ekainilaren kasuan, problema Urriaren kasuan gertatzen den berbera da: analogia faltsua halegia. Ekaina da hilabetearen izena. Loraila hitza, Elizako ohitura batetatik datorren analogia eta itzulpen hutsa dela dirudi. Dakikegunez, Maiatza Amabirjinaren Loreen hilabetea da, hortik, ba, Loraila.
Azkueren hiztegian, Urril eta Lorail hitzak (B?) sinboloarekin ageri dira. Hots, nolabait Bizkaian entzunak zituzkeen, baina ez zituzkeen behar bezainbat konprobaturik eta dokumentaturik. Hortik (?) sinboloa.
Esan bezala, Euskaltzaindiak onharturik dauzka hilabeteen izenak (ikus 1971.eko EUSKERA aldizkaria, 107. horrialdea) Hauxek dira:
Urtarrila Maiatza Iraila
Otsaila Ekaina Urria
Martxoa Uztaila Azaroa
Apirila Abuztua Abendua
Bukatzeko, eta harria botatzen hasi naizenez, ANAITASUNA honetan, izen horik errespetatu arren, bi izenen kasuan alternantzia ageri dela esan behar dut: Abuztua / Agorrila eta Azaroa / Hazila. Hemengo arazoa ez da berdina. Lau hitzok ongi dokumentaturik eta bizirik daude. Ez dago analogia faltsuren problemarik. Aukera kontu bat da, Euskaltzaindiak berak uzten duen askatasun marginearen barnean.
Asteko egunen izenez ere bai
Asteko egunen izenekin ere berdintsu gertatzen da. Kasu honetan, berez, Euskal Herrian nahiko batasun handia dago, Bizkai aldea kenduz. Eta horrek, erraztu egin du batasun bidea. Gaur egun idazleen arteko batasuneko izenak hauxek dira: Astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostiral(e)a, larunbata eta igandea.
Hala ere, —bizkaieraren izenean gehienbat— nahaste izugarriak egiten dira batzutan. Hemen aurkezten dizuedana, benetako perla dela uste dut. Batez ere Bizkaian propaganda egiteko egina izan den egutegi batetatik hartua da. Eta, euskara batuaz ez ipintzearren bizkaieraren izenean Bizkaikoak ez diren formak sartzen dira: asteartea (E, martitzena), larunbata (E, zapatua) eta igandea (E, domek(e)a). Hauekin batera, Bizkaikoak bakarrik diren eguastena, eguena eta barikua sartzen dira. Porrusalda hoberik nahi al duzue?
Beste kritikatxo bat ere egin nahi nieke egutegi-egileei. Zertarako jartzen dute erdal itzulpena? (eta are txarrago dena, letra ttikiagorekin). Horrela beti jotzen da lanik guttien eskatzen duen partera: erdarazkoarenera. Eta euskarazkoak ia alferrik daude. Tontoa ote da jendea, igandea zein den ez konturatzeko?
Abisua sasoiz doakie, datorren urterako egutegirik egitera doazenei. Ea inork kasurik egiten dion!
J.R. Etxebarria
Zapaburu birbiztua
Kaleko [Komikia]
OLARIAGAKO
Bilboko Herri Irratia P.N.V.rena al da?
Bilboko Herri irratiak maiz ematen du bere musika artean EUZKO ABENDEAREN ERESERKIA ("Euskal Arrazaren Hymnoa" euskaraz). Kantu hori, 1905.etik, horretan ez dago inolako dudarik, PNVren hymno ofiziala da. Antza denez, PNVek Herri Irratia erosi bide du, hor egunero bere hymnoa ofizial eta partikularra hola agertzeko. Bestela, Eliza PNVeri propaganda (dohainekoa ala ordaindua ez dakigu) egiten ari litzaioke, alderdi horretakoak ez diren beste entzuleen aukera politikoei eta "euzko abendarik" ez duten guztiei irain nabaria eginez. Duda hor dago. Dakienak erantzun eta argi biezagu misterioa.
Xabier KINTANAk
Urrezko astabelarriak
Aste honetan astabelarriztatu nahi ditugunek ez dute beren trakeskerien froga idatzirik utzi. Ahozko astakeriak egiten dituzte, gurea bezalako herri analfabeto batetan askoz ere kalte haundiagoa egiten dutenak. Bilboko Eri-iratikoengana doa gure lehen salhakuntza: Egunero hitzez eta hotsez izan nahi duen programan hitzez eta HOTZEZ izena egunean-egunean ematen dionagana, bereziki, ez baitago eskubiderik irratian mintzatzeko ts eta tz bereizten jakin gabe. Gero hortik abertxale esaten dutenen lepotik barre egin dezagun! Astakeria hori egiten duena, gainera, bi aldiz da asto; zuhurragoa izan balitz, ts ongi ebakitzen ez badaki, aski zukeen holako "hotsik" ez duen beste hitzen bat aukeratzeaz. HITZEZ ETA SOINUZ, esaterako, esanik eta ez dugu, bestalde Zorion Egileor gogoratu nahi. Eliz PNV-irrati horren arima eta armiarma ezkutua bezain ageria den Manterola jaunak horrenbeste pentsa zezakeen.
Beste salhakuntza Loiolako herri irratira doa, aspaldion Azkuek kritikatzen zuena, jo eta ke egiten dihardu eta, hots, hainbeste Etxeberria'tar, Agirre'tar, Landa'tar, eta tar, tar, tar, tar horiekin Euskal Herria Tartaria bihurtzea, halegia. Herriari jatorra ez den asmakeria eta usario hori, euskal aldizkarien ohitura normal guztien kontra, irratiz etengabe errepikatzea barkaezina da, jaun-andreok!
Horregatik, merituak ikusita, astabelarri bana ematen diegu akusatuei, harigilearentzat astabuztena, eta Zorion Egileorri, bihotzez, astagorotzak utzita.