ANAITASUNA
1977.EKO HAZILAREN 1EKOA
350. ZENBAKIA
35 PTA.
ANAITASUNA
Bizkaia
hamabosterokoa
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealday
Urteko abonamendua:
Bertorako 700 pezeta
Latin Amerikarako 800 pezeta
Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta
Ale bakoitza: 35 pezeta
[AZALA]
langileak pagatuko
AURKIBIDEA
3. Editoriala
4-5. Donostiako hauzategietatik.
6. Doña Prudentzia eta Idealista.
8-9. Euskal astakerien inguruan (III).
10. Iparraldean Seaska burrukan.
11-13. Ikastolen arazoa edo kulturaren libertatea.
14-15. Aita Lafitteren omenaldiaz eta Iparraldean euskararen egoeraz.
17-18. Beraiek paga bezate orduan.
19-23. Syndikatuak eta egungo egoera.
24-25. Gizarte bat zurrundua.
26-28. Mirentxu Purroyk aurrera.
29. Komikia.
30-32. Pedagogia.
33-35. Oinarri bila-ren oinharriak.
36-38. Sexu harremanak desmitifikatu nahian.
39-41. Zinea.
43. Postak.
44-45. Kirolak.
46. Musika.
47. Sukaldeko saltsak.
48-49. Gramatika.
50. Kalekoa.
Leg. Gor: BI, 1763-1967
Editoriala
Mendebaldeko estatu kapitalista guztiak ari direla pagatzen krisi ekonomikoa diote behin baino gehiagotan; halaber ere, Espainiako Estatuan, faxismoak ukandako kretinismo ekonomikoak sorturiko egitura faltsu eta handikiaren ondorioak esandako krisiarekin bat egin duela. Beraz, Espainiako ekonomiari bi koordenadetatik datorkio larridura eta krisia pagatu beharra. Baina, ezin daitezke terminoak korapila; Estatuek ez dute deusere pagatzen klase konkretu baten ordezkariak baitira, eta krisia, halabeharrez langileek pagatuko.
Burjeseria basatiak —oligarkia, halegia—, garai batetan, nahi izan dituen neurriak ezarri dizkio ekonomiari; bertatik, langileen izerdian oinharrituz hainbat fortuna eginik. Aserik gabeko bide horretan ez dute inolako begiramendurik ukan. Behar zirela aireak zikindu? Zikin bitez. Behar zela langileak insegurantzan egitea lan? Egin bezate. Hori izan da oligarkiaren legea, hots, dirua, dirua, dirua eta zikinkeria. Bitartean, langileriaren indarra greba izan da: batasuna. Honi ba dakigu zein tratamendu eman dioten: errepresioa.
Orain, guzia pagatu behar denean, handikeria ekonomikoak pagatu behar direnean, langileak kontzientzia soziala behar omen du ukan eta beraz, gerria hestutu.
Nork pagatuko du, bada? Nor dateke lanik gabe gera daitekeena? Langilea, noski. Beti langilearen izorratzea, hori dute legez.
Era guztietan, oligarkiari kobratu beharko genizkioke bere basakeriak.
Anaitasuna
Euskal Herrian
Antiguako kasino jokoetxea
Lehenik Antiguako hauzo elkartea biltokirik gabe aurkitzen dela aipatu nahi dut, ez eliztokietan eta ez errege jauregiaren atzean, lehenengotik bota egin dituztelako eta bigarrenean, nahiz eta Donostia hirikoa izan, hobe da agian, herdohiltzen eta usteltzen lagatzea herri elkarteen esku utzi baino.
Euskarazko klaseak emateko 250 izen emanda badituzte ere, euskarazko klaseak non emanik ez dute. Donostiako udala eta Antiguako erlijioetxe eta hauen ikastetxeek ez baitute euskararekin zerikusirik ez erantzunkizunik. Hori ere, orain arteko ikastolen gisa, batzu elizaren babesean eta besteak elizak zapuzturik, herriak berak antolatu eta lortu beharko. Eta arazoketa bera dugu Donostialdeko beste hauzategietan ere. Amara Berrian, esate baterako, elizetxe, institutu, udaletxe, Irakaskuntzako Delegazio, etabarreko ateak joz ibiliak gara,eta gizalege bideak oro agortuak ditugu.
Gero, erreformista eta asko arduratzen ez diren alderdi ahalguztidunek borroka bideak utzi egin behar direla aipatuko digute, demokraziak eguneroko arazo gorri hauk soluzionatuko dizkigulakoan. Bitartean, bost axola gure euskara eta euskal kulturaren heriotza larria.
Antiguako azkeneko berria, halere, Costa Vasca hotelerako aprobatuta bide dagoen kasino jokoa da. Arantzazu kate hoteletxekoa da Antiguan eraiki berria den "Costa Vasca" hotela. Hauzo elkartekoek halako jokoetxe batek hauzategian izanen lituzkeen ondorenak aztertu dituzte. Antiguako jatetxe eta komertzioarentzat tentagarri eta bitxigarri litzatekeena hauzategiko jende xehearentzat lehen baino ere okerrago litzateke, bizibidea, jatetxe eta komertzio guztia garestiago bihurtuko bailitzateke. Hau da, hauzo giroa galdu, bizibidea garestiagotu eta beste esplotabide baten ordez hauzategirako eta hauzoko beharrei laguntzeko kontrapartida gaberik.
Guzti horren aurrean, hauzo elkarteko batzorde batek Costa Vascakoekin elkarrizketara jo zuen. Hauzo elkartekoek hauzategirako (herri xehearen onerako) eta batik bat hotelaren inguruko etxadiarentzat garantia batzu eskatzen zituzten eta hauzategiaren onerako gerta zedin, garantia bezala, kasinoaren irabazien portzentaia bat eskatuz, hauzo elkartearen ordezkari bat ere proposatu zuten (kontrolatzeko segurutik) jokoetxeko partaide gisa. Baina proposapen hauk Costa Vascako interes partikularren aurka zihoazen, noski, eta hauzo elkartekoek ez zuten hauzategiaren aldeko konponketa egokirik lor zitekeenik ikusi. Beraz, hauzo elkarteek hauzategiari deia egin eta hauzo batzarre bat hospatu zen (ez zuen jende askok ere parte hartu) eta Costa Vascakoekin izaniko elkarrizketen berri eman eta jokoetxeak hauzategiari erakar liezaizkiokeen ondoren guztiak aztertu ondoren, batzarrean jokoetxea legez inpugnatzea erabaki zen. Eta, oraindik inpugnaziorako epe barruan eta presaka, ehundaka sinaturaz izenpeturik presentatu dute Costa Vasca-ren jokoetxea ezartzearen kontrako INPUGNAKETA edo kontrajarrera.
Ikasbide luxuzko ikastola?
Amara Berriko Ikasbide ikastola nahiko nahastua dabil aspaldidanik. Ikastolako irakaskuntza Irailean hasi bazen ere, Urriak 11n bildu ginen ikastolako gurasoak Ikasbide kultur elkarteko Juntak dei eginik. Batzarrean 1.977-1978. ikasturteko presupostua presentatu zen, presupostua ihazkotik % 80 igaten da, eta haur bakoitzari (haurtzaindegi eta E.G.B.ko lehen zikloa)lau mila pezeten goitik dagokiolarik. Hori bai, Juntak zatika zatika defendatzen du presupostu osoa eta guraso batzarrea, besterik gabe, presupostua onhartzera bortxatu nahi du. Baina, zenbait guraso berehala ohartu ginen presupostu hura itxuragabeko astakeria bat zela, eta bestalde, delako presupostua moztu eta zenbait bidez jaits erazteko erarik ba zela.
Ikastola honetan beti nabaritu den beste arazoa zera izan da, halegia, guraso erdiak baino gehiagok ez dutela ekonomi arazorik delako kuota horik ordaintzeko, guraso horik arkitektu, ingeniari eta profesionariak baitira, batik bat. Eta % 30 edo 40 ezin gorrian ibilita ere, Junta nagusiak lehenengoen mailan planteiatu izan ditu ikastolako ekonomi martxa, eta pedagogi planteiamenduak, lehen mailetako haurrak bi klasetan banatuz, klase batetik 17k bakarrik dihardutela, gurasoek luxu edo komenientzia guzti horik aurrera ateratzeko gauza diren edo ez diren ongi aztertzeko.
Tirabira askoren ondoren Urriak 20an beste batzarre bat egitekotan geratu ginen. Bitartean gurasoen artean sortu diren kezka eta hestuasunak larriak izan dira. Adibidez, hiru haurrengatik 13 mila pezeta hileko, eta zenbait gurasok beste ikastola eta ikastetxeetan lekurik dagoen begiratzeari ekin baitiote. Joanak dira jadanik hiru neskatila karmeldarren ikastetxera, eta presupostua neurri handi batean jaisten ez bada 30 edo 40 haur kaleratu beharrean aurkituko lirateke. Ikastolako zenbait amak, batik bat, egunero nola goizetik hala arratsaldetik ordu zerrendak igaro dituzte ikastolako atarian edo kaleko korriloetan. Halako batean guraso talde batek guraso batzarre baterako deia egiten du bertan Junta ez agertzeko aipatuz. Juntako batzuk bilera hori egitea galerazi nahi bazuten ere, (gurasoak ikastolan baimenik gabe biltzea errebeldia bat iduri, noski) eta presupostu berria nola planteiatu eta abar hitz egin zen hurrengo eguneko batzarre nagusirako gauzak prestatuz.
Lau pundu ukitu ziren batik bat, ofiziala ez zen gurasoen aurrebileran, halegia, Juntak presentatutako presupostua ez zela lehen batzarrean aprobatua izan garbi gera zedila. Ikasbide kultur elkarteko Juntari zentsurazko botua halako presupostu itxuragabea defendatzeagatik, eta presupostu berria nola eratu. Presupostu berri eta moztu horretarako haurren klase txikienak batu ala ez, seguritate soziala eta I.R.T.P. izan ziren gehien bat eztabaidatu ziren gaiak. Gehienik irakasle-langileen alokairu eta eskubideak ukiezinak bezala jotzean, beste bideetatik moztu beharko zela presupostua azpimarkatu zen.
Juntakokin baterako 20ko batzarrean lehen pauso bat eman beharrez presupostu berria eratzeko gurasoen batzorde bat sortu beharra ikusi zen berehala, eta azkenik, sortu zen ume egiteko baino larri gehiagorekin bazen ere, zorioneko guraso batzordea. Gurasoen batzorde honek Juntarekin batean beste guraso batzarre batera presentatu behar du delako presupostu berri hori.
Guzti honen ondoren, nire eritzian nabarmen geratu izan diren gauzak hauk dira:
1) Ikasbideko kultur elkarteko Junta ez dela ez presupostu egoki bat planteiatzeko gauza izan eta gainera, itxuragabekeria bat presentatu duela.
2) Juntako batzuren jauntxokeria.
3) Orain bertan presupostu berria eratzeko guraso batzorde baten beharra, eta, lehenbaitlehen beste guraso batzorde batzurekin batera gurasoen Junta normal bat eratzeko komenientzia. (Oraingo honetan behintzat Junta Direktibokoek estatutu zaharretan anparatuz ez ahal dute gurasoen batzorderik boikotatuko).
4) Eta bai presupostu berria eta bai ikastolako martxa osoa ongi eraman ahal izateko gurasoen partehartzea eta laguntza osoa. (Orain arte ez da harritzekoa gurasoek Junta gutxi laguntzea, gurasoak partehartzera jarri gabe Junta ahalguztidunaren gogoa, eta inon konturik eman gabe, bete behar baitzen.)
ALEX
Udaberria, Euskal Herrian, ongi portatzen da, eguraldiz behintzat. Hau komentatzen ari dira Idealista eta esne saltzailea.
IDEALISTA.— Uda baino hobea, dudarik gabe.
ESNE SALTZAILEA.— Eguraldia bai, udakoa baino hobeagoa, baina fabriketako lanean, txarragoa. Nire senarrak lan egiten duen fabrika hersteko asmotan daude.
I.— Bai?
E. S.— Nagusiek, urte onetan, irabazi ederrak eraman zituzten, eta orain, krisiarekin galerak etorri direnean, fabrika hertsi.
I.— Horrelakoak dira kapitalistak: berekoiak, egoistak.
Une honetan Doña Prudentzia sartu eta salmahaira hurbildu da.
D. P.— Zer diozue kapitalisten aurka?
Esne saltzaileak eskuak gerrian ezartzen ditu eta desafio eran erantzuten dio.
E. S.— Ba hori, oso egoistak zaretela.
D. P.— Gu egoistak? Denak bezala. Bakoitzak bereari begiratzen dio.
E. S.— Hori daukanak egingo du, baina guk, pobreok, eta orain krisiarekin areago, ez dugu zer begiratu beharrik.
D. P.— Guk ere krisiarekin asko galdu dugu, adibidez, Boltsan genuenarekin. Bankuetako akzioak 1.000 hogerlekotik gora zeuden, eta orain ez dira 200-era ailegatzen.
E. S.— Zuek asko zenuten, eta orain gutxiago duzuelako kexatzen zarete. Guk, bestalde, gutxi genuen eta orain ezerezekin konformatu beharko gara. Atera kontuak, nire senarra lanetik botatzen badute, zer jan beharko dugun. Eskerrak nik esnea saltzen dudala. Horrekin behintzat zerbait eduki ahal izango dugu.
D. P.— Gaur oso trajikoa ikusten zaitut.
E. S.— Ez naiz egongo ba? Senarraren ogibiderik gabe geratzen bagara, nekez bizi ahal izango gara.
D. P.— Beno, baina zure senarrarena konpondu ahal izango da.
E. S.— Bai, 12 hilabeteen Seguro de Desempleo horrekin, jornalaren 75 % kobratzen, eta gero beste 6 hilabete 60 %-rekin, eta hau bukatzean, deus ez. Eta zuk esango didazu ea non aurki daitekeen orain lan bat, batez ere lan hori aurkitu behar duenak 50 urte konplitu dituenean.
D. P.— Ez dakit zer esan ba. Ba dio nire senarrak, Don Listok, hau bukatzeko militarren kolpe bat beharrezko dela. Desordenu ikaragarria dagoela.
IDEALISTA.— Beste Pinochetada bat. Horrekin ez da deus konpontzen. Ikus Txilen gertatzen dena. Inflazioa eta lan gabezia izugarrizkoak dira zorioneko Pinochet horrekin ere... Ez, Doña Prudentzia, ez. Krisi honen oinharriak sistima kapitalistan daude. Estatu kapitalistek koloniak galdu dituztelarik, eta gerra mundialaren posibilitatea ez dutenez, krisia gaindi ezinik daude.
D. P.— Ba dakit nora zoazen. Orain komunismoaren ezelentziak azalduko dizkidazu.
I.— Ezker abertzalearen alternatiba eskainiko dizut irtenbide bakar bezala: sozialismo erradikal eta euskaldun bat. Horrela soilik, eta ez bestela, gaindi dezakegu krisi izugarri hau.
E.S.— Horik KAS-ekoak dira, ezta?
I.— Bai.
E. S.— Zuk diozunean horrela izango da, krisia gaindi daitekeela haien programekin, baina nork daki, esan nahi dut, langileen artean nork daki zeintzu diren programa horik? Ene ustez, zuek asko teorizatzen duzue, baina burruka fabriketan dago, langile mailan, eta hodeietatik lurrera, fabriketara jaitsi behar zinatekete, langileengana hurbildu eta zuen soluziobideak eskaini. Guk ez dugu politikaz asko ulertzen, eta gure jakintza mailan hitz egin behar zenigukete.
I.— (Pentsati). Bai, behar bada arrazoia duzu. Teorizatzeari leku gehiegi ematen diogu, errealitatetik urrunegi ari gara.
E. S.— Fabriketara hurbildu behar zarete, batez ere orain, krisia mementu oso latzean dagoenean, hainbat fabrika hersteko arriskutan daudenean, noraezean ari diren langileei esku bat, irtenbide bat eskaintzeko.
D.P.— Beno, eta nire gosaria?
I.— A, barka! Hizketan, hizketan, ahaztu egin zait emen zeundenik ere. Zer, betikoa?
D. P.— Bai.
Eta horrela, gaurtik behintzat, elkarrizketa bukatutzat eman behar da, zeren Doña Prudentziaren adiskide batzu sartu dira eta zeramaten solasa ebakia geratu da.
Xabier Gereño
Euskal Herrian
Euskal astakerien inguruan (III)
"Es igual, ya lo hemos puesto así y así está bien, como si le hubieramos puesto SURSUM CORDA".
Zuzentasunaren oinharriak
Hizkuntzari doakionez, ba dago hitz bat zuzena den ala ez erabakitzeko erregela bat, idazleen consensusean komunzki onhartua. Hitz horren sustraitasuna eta jatortasuna. Hitz batek, jatorra izateko, historia garbi bat behar du, hizkuntzarekiko sustraitze bat: zenbat eta zaharragoa, zenbat eta hedatuagoa, jatorragoa. Hitz berriei dagokienez, bestalde, hizkuntza batetan onhartuak izateko, beren jatorrizko zuzentasuna eskatzen ohi da, hots, hizkuntza horren elkartze eta eratortze lege egiazkoen arauera ongi moldatua izatea. Hori betetzen ez duten hitzak ez lirateke erabiltzeko egokiak. Horixe da, funtsean, 1959.ean gure Euskal Akademiak euskarari buruz ere erabaki zuena.
Gaizki erabiltzearen indarra
Norbaitek aipa dezake, noski, jatorriz zuzenak izan ez arren ere, gerta daitekeela, aski zabalduak direlako arrazoiaz, onhartu beharrekoak izatea, eta hori, zenbait hitzekin, hizkuntza guztietan jazotzen dela.
Hori egia da, baina arrazoi hori dakartenak gauza batez ahanzten dira. Beste nazioetan hizkuntza horik ofizialak direla, hots, zaindu eta lagunduak, eta beraietan, eskuharki, "egiazko indar publikoa" daukaten hizkuntz akademiak (edo idazle elkarteak) era ba direla, eta horregatik hitz berri bat sortzen edo eta sartzen denean, haren zuzentasun eta egokitasunaz eztabaidatzeko aski bide dagoela, Prozesu horretatik pasatu ondoren onhartzen diren hitzek garantia on xamarra dute, eta hala ere, gaizki dagoenen bat limurtzen bazaie, zer eginen zaio ba! Holakorik ere ba dago, baina beti oso guti izaten dira.
Euskal Herrian, aldiz, ez dugu oraino holako egoera egokirik. Hemen (in)formaziorik ezaz, Herriari berdin presentatzen zaizkio urrea eta letoia, asmakaria eta asmakeria, eta berak ez dauka gehienetan bereizteko modurik. Kondiziootan onharturiko faits accomplis horiek deskulturizapen kolonialista onestera garamatzate, hau da, sasikultura irrigarri batetara.
Jatorria eta egia ezagutu ondoren, noski, norberak eskubidea du hala ere eta jakin gainean edozein memelokeria onhartzeko. Baina (in)formaziorik gabe egindako aukera itsua ezin dezakegu, besterik gabe, onhar; kultura serios bat egin baldin badugu behintzat.
Euskal eta erdal usarioak
Kaleko baskoen artean eritzi zabalduegi bat dago, beraiek erdaraz mintzatzean darabiltzaten zenbait hitz berezi euskarazkoak direla, eta, jakina, euskaraz ere holaxe erabiltzen direla.
Jar ditzagun exenplu argigarri batzu. Askorentzat chacolí hitza euskarazkoa da, geure hizkuntzan euskaldunok beti txakoliNA esaten dugula jakin gabe. Saltzen den tokiari, gainera, txakolindegia esaten zaio euskaraz, gureko erdaraz bietarako chacolí erabiliarren.
Gipuzkoako zenbait erdal idazle "jatorrek" euskal kutsua adierazi nahirik edo, cashero eta Joshe modukoak tartekatzen dituzte beren eskribuetan. Lehena ez da euskaraz behin ere erabiltzen. Bigarrena x-az idazten dugu eta ez sh-az.
Bilboko eta Donostiako basko abertzale gehienek ba dakite, jakin, euskaraz rr-ren ordez r (erre pikorduna) idazten dela, telephonoari urrutizkiña esaten zaiola, baina ez dakite, ez horixe, zen eta da, lehena eta oraina, theoria eta praktikaren artean dagoen alde izugarria zertan den. Abertzale gehienek, alderdi historiko batetakoek bereziki, euskaraz v-rik ez dagoela eta beti Nabarra idazten dute, euskaraz Nafarroa izendatzen dugula oraindik susmatu gabe.
Eta hortxe diraute, jo eta ke, euskara egiazkoan existentziarik ez duten arren, Laburdi, Benabara, Urtiaga'tar Patxi, azkatuta, E.A.J., E.M.K., Iruña, euzkotarra, euzkera, euzko... etab. idazten.
Jaunok, erdaraz idaztean darabiltzaten fauna eta flora euskaratzako hori, gainera, beste bati beren eskribuak euskaraz jar diezazkien, ematen dizkiotenean, hiztegi pitxi hori dagoen bezala uzteko gomendatzen dute, horrela, itzulpenaz, itxurazko euskal eskribu horietan, hitz absurdu guztiok euskaraz ere normalki bizi direlako fikzioa eginez.
Euskaldunon euskararen alde
Eta horrek ez du balio. Euskaraz normalki erabiltzen diren hitzak erabakitzeko, zuzenena zera da, beren hizketa eta idazlan originalak euskaraz egiten dituztenengana artezki jotzea. Ez da zilegi, eta bai lotsagarri, gisa horretako itzulpen eta panphletadetara joatea. Horrela eginez gero zera lortzen dugu, erdaldun baskoen idaztusarioak gure artean onharteraztea, gure hizkuntza eta literatura bizian bastartasun bat sartzea.
Froga hau egiteko gomendatuko nuke, kasu, Euzkadi (edo Euskadi, berdin da) euskal hitza den ala ez erabakitzeko. Gonbara daitezela Punto y Hora-n, Garaia-n, Berriak-en, Deia-n, Cambio 16-en, Triunfo-n, Euskadi Sozialista-n, etab. hitz hori erdarazko artikuluetan zenbat aldiz agertzen den, Herrian, Zeruko Argian, Anaitasunan, Euskeran eta euskal liburu normaletan azaltzen denaz. Eta bide batez, baskoen erdaran usu entzuna izan arren, ea euskaraz normalki, hots, egunero, egiten dugun euskaldunon hizkeran hitz hori berez berdin entzuten den, Euskal Herriaren lekuan (1). Potroetaraino baikaude, egon, euskaldunok, gure nazioa izendatzeko, (basko) erdaldunek (PNVeko zein PSOE, zein PCEkoek!) darabilkiguten terminologia faltsuaz. Eta hauzi honetan, zeintzuren usarioa da hobesgarriena, erdaldunena ala euskaldunona?
(segitzeko)
Xabier KINTANAk
(1) Egon, fikzio hutsa dago Euzkadi hitzaren usarioaz, panphletoetan eta zenbait artikulutan irakur daitekeen, arren, gero euskaraz normalki mintzatzean inork ez baitarabil. Nik neuk ez dut behin ere entzun, kasu, Euzkadin bizi gara, Euzkadi oso polita da, Euzkadira etorri dira lanera, Fabrikek gure Euskadi hondatu dute etab. Alde batera uzten ditut, jakina, zenbait kanta, meeting eta slogan politiko apropos moldatuak. Gure nazioaren izena moduko arazoa, ordea, larriegia da hemen arinki tratatzeko, eta hurrengo batean sakonkiago ukituko dugu.
Euskal Herrian
Iparraldea. Iparraldean: —Seaska— burrukan
1) Benetako arazoa
Nahiz aspaldi sortua den "SEASKA" batasuna, ez zuen inoiz hainbat aipamen izan Ipar Euskadin arazo guztia piztu egin da, erabaki berriak hartu zirenean; batez ere lehen mailako ikastola bilingualak jaio zirenean. Ordutik sentitzen, sumatzen genuen noizbait kaleratuko zela arazoa; ba genekien bestela ez zela posible, gobernuak ez baitzuen horrelako esperientzia paralelorik aurrera utzi egiten ahal. Halabaina hauxe duzu, irakurle, Frantziako gobernuak dakusana
- Minoria batetako batasun kultural bat ari da eskola bilingue paralelo bat eraikitzen,poliki poliki, urtetik urtera. Esperientzia oso ona da pedagogia mailan ume gutxi baitago klaseetan, baita umeek euskararen konplexua galtzen baitute, frantsesa garai berean ondo menperatuz.
- Heziketa berri horren jarraipena izango da euskal unibersitatean oraindik urte batzu barru; halegia oraingo umeak gero gaztaroan, ez dira hainbat frantsesaz behartuko, euskal kultura barrutik bizkortuko dute, gizarte eta gizaldi berri baten eragingarri, frantses girotik aparte.
- Frantziapean dauden beste minoriak laster esperientzia horretaz konturatuko eta jabetuko dira. Bretainiarrak, korsiarrak, okzitaniarrak batez ere. Eta orduantxe zer geratuko litzateke "Frantziaz"?
Hots, ez du frantses gobernuak hori horrela uzten ahal,aldez edo moldez debekatu behar du, bestela luzaroan bere hilkutxara baldin joan nahi ez badu. Aitzaki ugari bilatzen du orduan horretarako.
2) Arazo faltsua
Donapaleu (Saint Palais) dugu kasu, arazoaren jaiotzaile. Irakaskuntza orokorreko kolegio bat dago bertan. Bastiza berriak eduki ditu honek; eta herriko alkateak eman dio bastiza zahar bat ikastolari
Ikastolako maisuak (errejentak diote Iparraldean) lege pausoak bete egin zituen uztailean: jaio proba bat eta, irakaslegoko gaitasun proba eman zituen Paueko zuzendaritzara, eta hori nahiko aurretik.
Irailean, Paueko ikertzaile bat etorri zitzaien: osasun-zerbitzuak ez zeudela konforme legearekin esan zuen, horrengatik ikastola hori hertsi behar zela gaineratuz. Gero prefetak, eskutitz publiko batetan, eskatu zizkion SEASKARI, aurretik eman ditzan, pedagogi probak, batez ere frantsesa ongi menperatzen zenez ikastolan.
SEASKAk ez du nahi saltsa horretan jan dezaten: horregatik burruka maila desberdinean jarri du. Benetako arazoa politikoa denez gero, irakaskuntza lege orokorrak bilatu egin ditu, Frantziako irakaskuntza osoa zuzentzen dutenak; haietatik printzipio hauxe ateratzen da: FRANTZIAN LEGEZ IRAKASKUNTZA ASKE, LIBRE DAGO; ezin hautsizko legea duzu hori. Orduan prefetak edo gobernuak ez du lehen mailako ikastola debekatzen ahal, ez du aurretik pedagogia ezagutzeko eskurik, haren kontrola "A posteriori" izan daiteke eta ez "A priori" orain bezala; ezin du ikastola hori debekatu irekitzera utzi baino lehen.
Debekadura ilegal horren ondoren, hauzia xuritu behar zen prefetaren etxean: Urriaren 6an zegoen hauzia pauen; epaile nagusi Donapaleuko ikertzaile hura bera, orduan pentsatzeko da ez duela honek bere postura aldatuko inola ere. Debekadura mantenatua izango da: "ET ALORS"??
Legez hedexuri, kasketadun, jendarmek beharko dute etorri, ikastolaren herstera, etorriko ahal dira? Oraindik hilabete batzu barru bai. Orduan SEASKAri burruka luzea etorri zaio, ez ditzala berehala azken kartutxak erre!
Alfabetatzaile bat
Euskal Herrian
Ikastolen arazoa edo kulturaren libertatea
Manifestaldian barna
Manifestaldia, Urriaren 1.ean genuen. San Andreseko plaza aurrean elkarretaratu zaizkigu 3000 presuna. Inoiz ez zaigu horrenbeste bildu Ikastolaren arazoa eta motiboagatik. Benetan, itxarongarri zaigu ikustea ezkertiar tendentzia guziak hor bertan elkartu zaizkigula (erdikoiak ere hor zeuden). Ba dirudi, euskal mintzairaren arazoa mito bilkor bezala agertzen zaigula gaur (iparraldearentzat bederen). Hor topatu ditugu ere langile xume kategoria asko, denak pertsona gisa etorriak: bulegolariak, lantegietakoak, nekazariak. Bai eta kuadroen kategoriatik ere zenbait. Hots, maila guzietakoak eta kategoria guziak hor zebiltzan. Soziologiaren bideetatik eta afektibokoetatik azter daiteke elkarretaratze honen kalitatea eta hausitzea. Batipat, ahaztu gabe bi arrazoi printzipalenak: kulturala eta politikoa. Afektibitate mailan, haurra eta ikastola ezin hautsizko lotura batek josirik dauzka. Giro horretan barna dabiltza, hain zuzen, umea eta familiaren sakralizazioa gaurko gizarte nahastu honen ardatz bakar bezala. Orduan, kontuz jaunak! Ohar zaitezte zein haragi bizi eta sakonean sartzen dizkiguzuen aztaparrak!... Bai ikastolen ukitzeak sustrai minberagarriak mugierazten ditu gutan eta gurasoetan. Honek pisa erazten digu frantses prefetak hartu erabakiaren oihartzuna eta larritasuna. Baina besterik ere ba daukagu hemen, bereziki hauxe: ikastola dugula Euskaldunen bitorioa. Bitorio hau, 8 urte hauetan Euskaltzale gotorrek irabazia eta kontinuan irabazten digutena. Horrenbeste lo galtze, nekatze, arrangura, lan, izerdi eta maitasun, hona zer den ikastola. Fruitu ezinago ederra, ezin galdua, hain zuzen, borrokaren fruitua. Gainera nork uka ikastolen izateak berak desafio bat botatzen diola frantses irakaskuntzari... Gaur, hein batetan bederen ezkerrak geure alderako jarrera hartu badigu ere, ez digute ahanzten frantsesak direla eta beti eta beti beren frantsestasuna daukate lehen. Bondu hau diferentzien onhartze sakon batek baizik ez diezaguke alda. Baina ez gaude horretan oraino...
Donapaleuko ikastola eta zertan oinarritzen zaigun problema
Lehenik esan behar duguna da, Donapaleuko ikastolak ez digula inoiz problemarik piztu, bakarrik du frantses irakaskuntzak egin. Hau klarki ikusi behar dugu, ezen, datozen egunetan guri botako baitigute arazoaren errespontsabilitatea. Horregatik, oraindik esan dezagun frantses gobernuari doakiola errespontsabilitate guzia. Ikastola hau lehen mailakoa dugu, era horretako 3garrena. Bi daude, ia bi urte hauetan jaioak, Donibane Lohitzunen eta Angelun. Esan ezik, lehen mailako ikastola hauen garrantzia denok ulertzen dugula (gobernuak ere ba dirudi). Dena dela, arazoa plazaratzen zaigu Hazilaren 9an frantses akademiako inspektorearen eskutitzarekin. Zer esaten digu? Ez duela nahi lehen mailako ikastola hau ireki dadin. Jakina, ez bera Euskararen aurka delako (bistan da oso liberala dela) baina "frantses hizkuntzari doakion pedagogiaren zalantza, iluna eta erruagatik". Hots, frantsesa ez omen da ondo irakatsia izanen. Arrazoi hau agertzen zaigu beraz frantses gobernuaren funtsezko motibo bezala. Baina gure adimendu ahulak ez dezake konpreni nola esan daitekeen horrelakorik ikastola ireki aitzin. Edo bestela, frantses irakaskuntza profetagintzaren irakasten hasia zaigu... Berriz ere, ohi den bezala, euskaldunok izorratuak gara eta Donapaleuko ikastola debekatzen digute.
Debeku horretan zer ikusi behar dugu? Lehenik Donapaleuko ikastolaren herstea baino aurrerago daramagu geure azterketa eta nabari zaizkigu beste pondu asko. Hain zuzen, 1. mailako ikastola hau hersten badigute hersten digutela frantsesaren supremaziaren izenean eta arrazoi hau beste edozein ikastolarentzat erabiltzen ahal dute. Berdin debeka daitezke beraz beste bi lehen mailako ikastolak eta nork pentsa ea hauetan geldituko zaizkigunez!... Lanjer izugarri hau ondo ikusten du Seaskak eta honetan daduka batipat bere borroka saminaren motiboa. Baina guri ere zilegi zaigu frantses kultura zapaltzailearen eskakizun zenbaiten egitea: nor eta non dira arrazistak? Frantsesetarik edo Euskaldunetarik nork du mintzaira bat hil nahi? Nork ote dugu gehiago arrazoi eskolen hersteko: frantsesek gureak edo Euskaldunek frantsesak? Ez ote da hau, populu oso bati bortizkeria egitea? Eta norengan joanen da kulpa? Manifestazio egunean, Maitia, Seaskako idazlari nagusiak esan digu "zer bilakatu da Giscard-ek Arantsusin egin prediku ederra? Nongo haizeak edo tuak airez aire eraman digu? Ez dago goiko kulturarik ez beherekorik, baina ba dira kultura dominanteak eta kultura zapalduak". Ez, guk esan genezake, gaur gertatzen zaiguna ideologia kolonialista guzien gorputza bera dugula.
Orain zer gertatuko da?
Gure ustez apalez, deus onik. Hain zuzen, jakin dugu Urriaren 4ean, ikastola arazo horretaz erabakitzeko helburuarekin departamenduko komisio epaitzailea elkarretaratu zaigula. Hau osatzen digute, prefetak, akademiako inspektoreak, sei maisu frantsesek eta kontseilu jeneraleko laurek. Lauretarik bat Inchauspe deputatu bankari Jauna dugu, Honek euskal arazoak defendatuko dizkigula pentsa genezake baina zoritxarrez ez da horrela gertatzen. Jujamendu egunean epai mahai ingurura ez baita presentatu ere. Ez dugu ahantzi behar deputatu hau dugula batzarre horretako euskaldun bakarra. Baina merezi ote du oraino euskaldun izena? Eta zer esan nahi du euskaldun izenak euskal odolik ez dagoenean? Zer esan nahi du euskal odolak euskal arimarik eta konbikziorik ez dagoenean? Hona nola arnegatzen dizkiguten arbasoen hezur zaharrak berak. Egin ahantzizko jarrera, ezin barkatuzkoa eta ezin garbituzkoa. Munduko elur guztia ere ez liteke aski horrelako urratsen zuritzeko. A! Euskal gizon zapaldua, zertarako heuk aukeratzen dituk heure borreroak!... Zenbatez hobe, nahi bahintu askatzaileak, mami-mamian euskal giroan itoak. Baina ez gaude horretan, oraindik bide asko egiteko ba dugula nork dezake uka?
Dena dela, bigarren pondu batek konkretizatzen digu oraino gogorrago agertzen digun hau: frantses entrepresa guzientzat lege berri bat atera du gobernuak uda honetan. Lege horren esanez eta erabiliz edozein lan emate, hala nola, sortze lagundua izanen da bere diru kontutan urtebete batez. Hain zuzen, Seaskak aurten hartu ditu 10 irakaslegai gazte eta beraz laguntza horren zuzenean zegoen. Jaun prefetaren (departamenduko lehen polizia) erabakiz ez du diru laguntzarik ukanen,ez eta legearen gozatzeko eskubiderik. Gainera, erabiltzen dituen liburu guzien kontrola eskatu dio gobernuak (lehen mailakoak). Klarki gauza bat agertzen da eta bere estrukturen menpetasunaz osatu. Aitortuko dut, zail zaidala demokrazia hitzean sinestea. Eta nola egin nezake horrelako barne ustelaren jabe ikusita? Nork jan genezake horretatik? Baina nola ere amore eman, zein Euskaldunek esan lezake, AMEN eta AMEN!
Euskararen askatasuna edo euskal populuaren baieztatzea
Asko dira euskararen alde jarri zaizkigunak baina aztertuko dut bakarrik Giscard-en partiduaren jarrera. Gure eskualdean, hain zuzen, Renaud d'Elissagaray dugu R. I. alderdiaren lehendakaria. Hona beraz honen eritzia: (1) Lehen mailako ikastolaren irekitzeaz ados. (2) Frantses irakaskuntzak hartu erabakiaren aurka. (3) Bilinguismoaren alde. (4) Hautsimautsi edo konpromezu baten alde. Konpromezu honen pondu nagusiak hauxek dira: Seaskak (lehen mailetan) urtebete batez frantses irakaskuntzarekin bat egitea; urtebete horretan euskara eta frantsesa irakats Pariseko bilinguismo (Français-Anglais) ikastetxe baten antzera. Baina honetan ikusi behar dugu, batipat, D'Elissagaray-ek zer presupostutan oinharritzen duen bere arrazoia: Euskal irakaskuntzan frantses irakaskuntzaren agintea eta kontrola. Horretan, funtsez, D'Elissagaray leial eta berdin dago frantses politik indarraren supremaziarekin, euskal gauzetan honen zerikusia onhartzen duenez gero. Baina nola ahaztu horretan dagoela hauzi guzia?... Arazo guziaren gakoa honetan dabila: frantses agintea ala euskal agintea? Gure eskolen jabe ala ez jabe? Euskal eskolen zuzendaritza erdizka Frantziarekin edo osoki gure? Hona beraz politika mailan murgilduta gabiltzala.
Frantziak, euskal irakaskuntzaren zuzendaritza berezia ezagutzen baldin badigu euskal kulturaren eta populuaren berezitasuna ezagutzen ditu (oraindik inoiz eginen ez duena). Ez baldin badu egiten, ordea, Ipar Euskal Herririk ez dagoela ofizializatzen du. Guziz aukera zaila. Gainera esan ezik Euskal irakaskuntzaren legalizazioa onhartuz politika izate bat legalizatuta dagoela. Eta hau guziau gobernuaren ofizialtasunarekin berarekin. Benetan, hobekiago eginen zuen Frantziak ez balitz inoiz horrelako ateka gaiztoan sartu. Bestalde, ezin uka irakaskuntzaren boterea erdizka erabiltzeak dakar politika potere zati baten galtzea, beraz beste norbaiti uztea edo ezagutzea. Ez dut uste asmo (urrats positiboetara heltzekoa da oraindik) horren baieztatzerik pentsatzen duen Frantziak. Hala ere, datozen egunetan bakoitzak juja dezala zertan dugun "la démocratie française" famatua.
M. L. UHAITZE
Euskal Herrian
Aita Lafitteren omenaldiaz eta Iparraldean euskararen egoeraz
Behe Nafarroan, Urriaren 22an, Baigorrin Euskaltzain ezagun baten ohorezko eguna genuen. Benetan egun ederra.eta giro onekoa. Kana horretara joan gara Lafitterekin hitz egitera. Lapurdin, Uztaritzeko apezgaitegi tipian aurkitzen dugu. Hiruretan hogei eta hamazazpi urte eta 57 urte luze euskararen alderako borroka mamitsua daramakigula. Baina oraindik burua erne, jakintza argi eta zenbait aldiz haserre apur bat ere. Batipat, horrenbeste maite duen euskara ezeztatu eta debekatu nahi digutenentzat. Gizon hau, aitamak gazterik galdu zituelako biarnes giro batetan haunditu eta gotortu zitzaigun. Esan beharrik ez, Lafittek biarnes mintzaira ondo hitz egiten digula. Hala ere egun batean euskarari ohartzen da, eta horrenbestedino, non maitatzen baitu bere bizi osoaz. Horregatik, Lafitte jauna, Euskal Herriak eta batipat Iparraldeak eskerrak zor dizkizu.
Noiz eta nola lotu zinen euskarari?
Hogei urte inguruan hasi nintzen euskarari ohartzen. Neure seminario denboran nahi nuen misioetara joan. Gainera, grekoa, latina eta alemana oso ondo ikasiak nituen, esan ezik prest nintzela misio lurretako mintzairen ikasteko. St. Pierre apezpiku famatuak (neure seminarioko nagusiak) deskontseilatu zidan lurralde horretara joatea neure osasunagatik. Bidaldu ninduen mediku batetara eta honen diagnostikoa ezezkoa izan zen. Beraz, misioetarako ametsa baztertu egin behartu zitzaidan. Ikusteko zen St. Pierre apezpikuaren poza. Honek bultzatu ninduen gramatikarik gabe eta hiztegirik gabe euskararen sakontzera. Lotu nintzen beraz liburu baten aztertzeari. Hiru hilabete osoz segitu nuen lan hau eta bururatu ondoan dena neronek eraman St. Pierre apezari. Berriz ere oso pozik zegoen eta nire lana ikusiz baita, borondatea, eskutara eman zizkidan Axularren eta Azkueren lanak, liburu etab... Oso ondo ikasi nituen hauk. Hona nola lotu nintzen euskarari. Apeztu ondoren bidaldu ninduten Tolosara eta neure estudio sailean aukeratu filosofia. Zoritxarrez, aukera honek ez zituen denak satisfatu, batipat, Malthieu Akizeko apezkikua. Erantzun bizi bizi bat egin nion eta neure asmoari jarraitu. Geroago Euskal Herriko diosesian sartu nintzen eta eskola ematen lan egin. Asko asti nuen, asko lan egin dut eta oraindik xede asko bete nahi. Bakarrik ez dakit, hea hasi lan guzien bururatzeko denborarik ukanen dudan... Dena den, ez naiz alfer egona eta neure lanen berri eskatzen baitidazu esanen dizut idatzi ditudala 28 liburu frantsesez, 31 Euskaraz eta beste bost elkarlanaren bitartez. Gainera, guttienez egin ditut 33 almanaka eta bi aldizkaritan idatzi. Esan ezik, "HERRIA" astekarian lan egiten dudala, batipat, lehenago Ebanjelio esplikazio lan batzu erabiliz.
Bestalde, "Gure Herrian" euskarari zihoan saila neure gain hartu nuen 10 urtez. Hastapenean, euskara pixka bat baizik ibiltzen ez nuenean, bertsu idazteari egin nion. Baina bertsua oso gauza erraza zait ezen huts eta falta asko ere sartu baitateke honen barnean. Ez da beti euskara xuxena erabiltzen. Bistan da, ez direla bertsulari guziak horrela, batipat Xalbador zena, honek kasu egiten baitzuen eta euskara ederrean, (korrektuan) moldatzen baitzizkigun bere bertsuak. Niretzat, euskararen ikasteko bertsutan idaztea, ez da erarik hoberena, baina bai prosa egitea. Idazki tankeraz, Hiriart-Urruti adiskidearen antzekoak gustatzen zaizkit. Batipat, hitz laxoez egina, irakurtzeko erraza eta biguna.
Iparraldeko euskararen egoeraz zer pentsatzen duzu?
Galtzen ari zaigu, galtzen. Jadanik, Xuberoan bertan ez dute oso guttik baizik hitzegiten. Duela zenbait hilabete gertatu nintzen Mendikotan (baserrian herri ttipi bat) eta han 20 bat neska gazte topatu nituen. Haietarik hiruk baizik Euskara mintzatzen zuten eta beste guziek ez zidaten ulertu ere. Bistan da, mendi leku zenbaitetan, goiko herrietan, hala nola Larrainen eta Santa Grazin hitz egiten dute oraino. Baina, hortarik aparte inun gutti. Lapurdin ere oso galduta dago, hain zuzen 100etarik 25ek baizik digute mintzatzen. Beraz, gelditzen zaigun bakarra dugu Behenafarroa, horretan dugu gaur geure zimendua eta oinharria. Baina hemen ere atzera goaz, batipat, Donapaleu inguruan baita hiri ttipietan Donibane-Garazin etab... Hala ere nire estimuen arabera, Behenafarroan 100tarik 77ek Euskaraz hitz egiten dute.
Egoera horri buruz zer soluzio edo erantzun ikusten duzu?
Xuxenik esateko ez dakit, nahiz eskoletan erakusteaz aparte ez dagoen beste biderik. Baina ba dakizu frantses gobernuak ez duela horrelakorik nahi. Bai! Ele eztiak eta dultzeak esaten dizkigu baina gero?... Zakurrak dira, zakurrak! Esan ezik, etsaiak ditugula! Dakusat gauza bat harrigarria, Espainia aldean, Euskarari dagokionez, faxismoaren denbora gogorrenetan ere guk baino libertate gehiago izan dutela. Nik eta ni bezalakoek aztertze lanak egin ditzagun oso ondo onhartzen dute, gure lanak espezializatuak baitira eta guttik baizik baitituzte irakurriko. Baina haurrek euskara ikastea hori ez dute nahi. Halabaina, beldur baitira Euskaldungoa zabalduz joan dadin.
Bestalde, 6.000 haur ba ditugu Iparraldeko eskoletan eta hauentzat 5, irakasle baizik. Nola 5ek bakarrik egin horrenbeste lan? Horretan nabari zait ez dela aski esatea euskara irakatsia izanen dela ezen frantses irakaskuntza ez dago prest eta ez du irakaslerik lan honi buruz moldaturik. Bestalde, izan daitezkeen bilinguismorako eskolak onhartzen ditu, baina frantses eta ingelesezkoak edo alemanezkoak... Zoritxarrez, frantses eta Euskarazkoak ez diru nahi. Nik euskararen egoera honetan ikusten dudan erantzuna, bilinguismo ofizial batetan deritzot eta gainera diru arazoa eta geineratekoak gobernuaren gain.
Baina euskaldunetan ba daude diplomatuak, ez duzu uste hauek bete lezaketela irakasleen beharra?
Irakaskuntza ofizial horretarako gure diplomak eta eritziak ez dira aski, gainera behar dituzu oraino frantses irakaskuntzarakoak. Bestalde, esan behar dut Euskaltzaindiak azken urte hauetan 1077 diploma eman dituela eta berriki jakin dut Gipuzkoan 220 irakasle eskastu direla. Orduan nire galdea hau da: non dabiltza diplomatu horik guziok? Zer bilakatu dira?
Gaur euskara batuaren sortzen ari gara. Zer da zure eritzia euskara horretaz eta honen tankeraz?
Nik uste dut, bakoitzak erabiltzen duela bere gisako euskara batua. Baina ba dirudi tendentzia berezi bat ba dagoela eta hain zuzen, hau dugu: gipuzkera lehen mailan ezartzea. Hauek esaten digute "gu gara probintzia guzien erdian, beraz geure euskalkia hartu behar dugu". Ni ez naiz printzipio horrekin ados, ezen, gure euskalkiek ere ba daukate beren balioa. Kasu, ez dut esaten euskara batuaren aurka naizela, esaten dizut bakarrik euskara batua egin behar dela Hegoaldeko eta Iparraldeko euskalkiekin batera. Batipat, Xuberotarrek inoiz ez dute onhartuko gipuzkeraz hitz egitea eta besteek ere ez dakit...
Eta hemen nahi dut zerbait esan alde honetako ikastola zenbaitetan gertatzen zaigunaz. Nonbaiteko euskalkiak, batipat hemengoan ez direnak irakasten dizkigutela. Ondorioaz, aitamek deus gutti dute ulertzen beren haurrek darabilaten Euskaran. Eta nire eritzia hau duzu: lehenik, lehen denbora batean hemengo euskalkiak behar direla irakatsi, gero ikasteak ematen duen bezala euskalki hori zabaldu eta batutik zenbait hitz sartu. Niretzat, probintzia bakoitzeko euskalkiak izan behar du haurrari eman behar zaion oinharriko euskara. Bistan da, egiten badugu irakastea euskara galdua den leku batetan, ez dela problema berdina eta horrelako toki batetan irakats daitekeela Euskara batua.
Zure ustez euskara batuan gabiltzanok noiz hartu behar genuke gaur jarraibidetzat edo etsenplutzat?
Niri asko gustatzen zait aita Villasante-ren euskara batua, bizkaieraz eta lapurteraz hornitua dagoelako.
Eskerrik asko, aita Lafitte, eta agian oraino luzaz topatuko zaitugu euskal alorrean zehar.
M. L. UHAITZE
Duela urtebetea gutti gorabehera, egunkari eta aldizkari guztiek, Barakaldoko hauzo elkarteak Udalaren erabaki bat atzera botatzea lortu zuela zioen. Udalaren kontrako lorpen hau plebizituz egin zen, hau da: Barakaldoko hauzo elkarteak manifestaldi batetarako deia egin zuen eta bertara 50.000 pertsona joan ziren, Lutxanan Sefanitrok dituen lurretan amoniako fabrika berri bat eraiki ez dezaten amore emanez.
Garai hartan arazo hau guztiz garbia agertzen zen herriaren aurrean. Behin eta berriro udalak, interes handien aurrean makurtu egin zen. Populazioz beterik dagoen eskualde honetan urbanizazio plangintzarik ez dagoen tokian, Udalak amoniako fabrika berria eraikitzeko baimena ematen zuen. Gero, jakin izan dugunez, herriaren presioaz eraginda Udalak projektua erretiratu egin zuen.
Ordutik hona, Sefanitro bestelako toki batzutan jartzeko asmoarekin ibili da (Castellon-en eta Cartagenan, esaterako) baina geroago ordea, Lutxanan eraikitzeko asmoa berriro ere ukan du. Oraingo honetan, guztiok pairatzen dugun ekonomi krisisak goitik aginduz, beronen beldurrez eta eraginpean, langileen lanpostuaren karta jokatu nahi du Sefanitrok, Entrepresak garbiro azaldu du bere benetako joko maltzurra. Ala Lutxanan egiten da fabrika berri hau ala bestela 650 langile, kalean, oin ortozik, lan gabezian geratuko dira. Hori da xantaia. Baina xantaia liluratu eta bigundu nahi dute, zifraz hornituz. Entrepresaren egoera ekonomiko txar eta kaxkarraz hornitzen den xantaia honek segurantz neurriak eskaintzen dizkigu. Hau da bekokia! Entrepresaren egoera finantziero ikaragarri honek ba daki ordea soldatak altxatzen eta orain sortzen duen kutsadura, filtro eta instalakuntza berezien bidez kentzen ere jakingo du. Zerri hypokritak! Ez dute dirurik baina nahi dutenean edozertarako ukan dezakete. Xantaia honek, "Nik egin nahi dudana eginen dut ala bestela kanpora botako zaituztet" delako horrek asko aldatu du iskanbilaren sozial barrutia. Urte batetik hona, herriaren batasuna desegin da.
Komunikabideek, nahiz eta partzialki azaldu, syndikatu, alderdi, hiritar erakundeetatik agiri asko hartu dute, batzutan projektuaren alde beste batzutan projektuaren kontra. Eztabaida luze honek Barakaldoko herri mailara erakarri du iskanbilaren funtsa eta hauzia, herria bera erdibituz. Sakabanatze honen arrazoia entrepresa eta boterearen joko zihurrean datza. Joko zihur honen lehen partea zera da: Teoria mailan herriaren interesak defendatzen zituzten erakunde batzu bereganatu ditu Sefanitrok eta hortaz probetxatu ere. Bigarren partea, burrukaleku egokiena hautatzean datza.
Lehengoari buruz, zenbait erakundek ez dute arazoaren funtsa ukitu nahi izan eta langileen lan-postuak defendatzean entrepresaren interesak defendatu dituzte era berean.
Bigarrenari buruz, burrukaleku egokiena hautatu duela diogu zeren entrepresak lortu duena zera da: Berehala arazo zehatz bat soilik eztabaidatzea, hau da:
Lan segurtasuna.
Hiritar mugimenduak aldiz, famili elkarteen bidez, gaia ikuspundu zabalago batetik begiratzen du: Ezker uharanaren egoera osoa kontutan harturik, eskualde guztien analysis kritiko eta industrien kokapena aurrez jakinez, haiek nabari egin nahi duten kontraesana, bizitzaren kalitatea eta ekonomiaren aurrerapen artean egon zitekeen kontraesana guztiz gezurrezko eta azalezkoa dela erakutsi du. Hiritar mugimenduak erakutsi nahi duena zera da: Gaur egun ditugun arazoak sortzen badira, plangintzaren gabeziari zor dizkiogu berauk. Hor dugu esaterako, Lutxana herriaren hirigintza. Ongi planifikaturiko hazkunde urbanoak ez zuen ere gure ingurugiroa fisikoki deuseztatu behar izanen. Baiezpen honen alde, bai syndikatu bai ezkerreko alderdi batzu daude. Iskanbila hauen azken kausak ongi jakinez, lutxanatarrek entrepresari eta administralgoari faktura pasatu nahi diete:
Hiritar eskualdeetan inoiz ere kokatu behar izan ez zuten entrepresa kutsatzaileek pagatu beharko duten ordaina besterik ez dateke faktura hau. Ekonomi krisisaren lehendabiziko sortzaile erruduna eta gure hirien hankazgora nahas-mahasi honen errudun nagusiena den, kapital honi ezin permiti dakioke inola ere gure ingurugiroan jotze eta sakabanatze berri bat dagiela, are guttiago sakabanatze honekin batera herriaren baitan gatazka eta iskanbilak sortu, krisisaren mamu bitartez mozkinak irabazteko gero. Lutxanako egoera oso honen kontra egitea garrantzizkoa dela iruditzen zaigu. Batez ere eredu txar bat izan daitekeelako, Bizkaia osoan lehenengoz, eta Euskal Herriko edozein eskualdetan gero, gauza bera egiteko gai diratekeelako. Arazo hau ez bada zuzenki planteiatzen, arazoa ez da langile batzuren arazo soila guztiona baizik. Gogor joz gero, entrepresak gure errebindikazioak onhartu beharko ditu. Sakabanaturik eta banan-banan gure interesei besterik so eginez ez gara inora joango. Herritar mugimenduak ongi daki ere, lanaren arazoa eta Sefanitroren xantaia zein den. Bertoko krisisaren arriskua entrepresaren gestio txarrean datza. Amoniako fabrika beste leku batetan jartzeagatik entrepresak ez da pikutara joango. Benetan dagoena zera da: Krisisaren faktura guri luzatu nahi digute, guk ordain diezaiegun. Guk aldiz ez dugu ezer ordaindu behar. Beraiek paga bezate orduan.
TALDE, Euskal Estudio Elkartea S.A.
Guztiak nahi izan genituen bildu baina ez zitzaigun posible izan, eta ez gure erruz —CNTkoen kasuan ezik— zeren, denak baietza eman ondoren lau besterik ez baitziren agertu. Beraz, eta ez dadin konfusiorik sor idatziko ditugu zeintzu deitu genituen. Hauk ziren: CC OO, UGT, USO, LAB, ELA-STV, CSUT eta SU. Nahiz eta gorabehera franko ukan, azkenean guziek baietz esan ziguten, etorri eginen zirela halegia. Baina, lau besterik ez ziren etorri, honako hauk: UGT, LAB, ELA-STV, eta CSUT. Besteek ez ziguten arrazoirik bidali beraien ez etortzea zela eta.
Honela bada, esandako lau sindikatuekin elkarrizketari eutsi genion.
UGTetik: Rafael Salzedo. Bilbon jaioa duela berrogei eta hamar urte. Iberdueron lan egin eta Zentrale Nuklearren istiluak direla eta, kanporatu zutenetik Eklopan deitzen den bulegoan egiten du lan.
LABetik: Pedro Ma. Cia Elizondon jaioa orain 33 urte; Mercabilbaoko Pescanovan egiten du lan. 1973. urtean Busatotik ohildu zuten ETArekin mantentzen zituen harremanak zirela eta. 1975. urtean ETAkoa izateagatik preso hartu zuten. Gero herbestea eta orain LABeko militantea.
ELA-STV: ELAko ordezkaria Joxe Elorrieta; Lojutarra; 26 urte. Artiatxen ebentual gisa lanean egon zen; gero Tubos Reunidos-en. Gaurregun ELAko permanente bezala egiten du lan, prentsako arduraduna dela hain zuzen.
CSUTetik: Victor Aristi Ugarte, 35 urte. Legazpian jaioa eta mementu honetan AHVan lanean. Muntaia askotatik kanporatua eta 1975. urteko Abenduan Basahuriko gartzelatik pasatua. CSUTeko Propaganda arduraduna.
Anaitasuna- Azken denbora hauk ez direla oso onak ekonomi ikuspegi batetik, bistan dago. Zuen ustez, zeintzu dirateke arrazoiak ekonomia honako egoera honetara heltzeko; halegia, zeintzu dirateke krisiaren arrazoiak?
UGT- Guretzat, krisi ekonomikoaren sortze honetan bi eratako arrazoi nagusiak daude. Lehenengoa barneko problema. Kanpoko problema mementu honetan oso garrantzitsua da —denok dakigu zein inportantea den energiaren krisia—. Baina, denok dakigu ere, mementu honetan, Espainiako hazkundea ez dela hazkunde berdina, hazkunde ezberdina baizik. Horregatik, guk pentsatzen dugu krisi ekonomikoa luzea eta sakona izanen dela eta, hau soluzionatzeko denbora luzea pasatuko dugula. Hau behar beharrezkoa da, ez da pentsatu behar urte bete edo bi urtetan krisia pasatu ahal izanen dugula. Problemak oso sakonak dira. Frankismoaren ekonomiak hazkunde ezberdin eta desekilibratuak ugaritu ditu Espainiako ekonomian; beraz, egitura hipertrofikoa eta gaizki muntatua arrastaka daramagu.
LAB- Guretzat gaurko krisi ekonomikoaren arrazoiak ez dira gaurkoak bakarrik. Zaharrak dira, lehengokoak eta, hitz komun batez erranez, guk esango genuke, gaurko krisi ekonomikoaren arrazoia estrukturala dela; ez dela gaurkoa, ez dela koiunturala bakarrik. Bai, ba da gaurko egunean ere, aldakuntza honek ekarri duen krisia ere; baina guretzat krisia estrukturala da batez ere; Hau da, kapitalismo berak sortu duen krisi bat; kapitalismoa izugarrizko monopolizazio prozesu batez indartuz eta sakonduz joan da gero eta gehiago. Honela ailegatu da mementu bat prozesu honek eskatzen diola jadanik beste forma batzu hartu beharra; monopolizazio prozesu honetan jarraitu nahi baldin bada. Honela izugarrizko krisi estrukturala sortu da. Alde batetik demokrazi beharra eta, bestaldetik, ekonomi mailan diktadura. Eta honek esan nahi du konkretatuz, monopolio horik manaiatzen dituzten jabeak —esaterako finantzatako medioak manaiatzen dituzten jabeak— mementu honetan langilea hestutzen dabiltzala diru ez emana dela eta. Halaber ere entrepresa txiki eta erdikoak hestutuz, behar dituzten ez emanez etabar.
Guretzat gaurko krisi ekonomikoaren arrazoia estrukturala da batez ere. Dauden estrukturak zahartuak dira jadanik eta orduan ezin dute ekonomia aurrera eraman. Horregatik sortu da gaur dugun krisia batipat.
ELA-STV- Hemen bi alderdi daude. Bata, bost urtetik behin izaten diren krisi ziklikoak, koiunturala izaten dena, eta Europako kontextuan sartzen dena. Bestaldetik, krisi estrukturala ere krisi zikliko honekin lotu egin da. Hau izan da Frankismoaren garaian giro protekzionista eta triunfalista batetan eman delako, politikari askoz garrantzi gehiago eman zaiolako eta, bestalde, oligarkia finantzari bat egon delako.
Alternatibak ere gure aldetik estrukturala esan behar du.
CSUT- Guretzat krisiak sustrai zaharrak ditu. Lehenik eta behin, krisi hau nazioarteko mailan ikusi behar dugu.
Esan dezakegu munduko 2. gerla ondorendik kapitalismo internazionala haziz joan dela globo bat bezala, eta nahiz eta periodikoki krisiak sortu, petrolioa izan da azken krisi honi bide eman diona. Hori nazioarteko mailan.
Krisi internazional honek Espainia ere jo du eta, gainera hemen beste arrazoi sakonago batzu ditugu, hots, estrukturazko arrazoiak. Halegia, Espainian frankismoaren garaian, ekonomiaren merkatua burruka merkatua izan da; autarkia deritzon ekonomia. Geroztik, Ullastresen planifikazioaren ondoren, kanpora begira jarri da ekonomia hau; baina, garbi ikusi behar duguna zera da: ekonomia aitzinatua. Munduan lan zatiketa bat dago egina, horrela ditugu Frantzia, Alemania edo Japonia beren lan bereziak dituztela hartuta. Espainiako krisia, estruktur krisi maila horretan behar dugu ikusi. Honela ba, Espainiak duen irteera Merkatu Batua da baina Merkatu Batura sartzeko "División Internacional del Trabajo" deritzon maila horretara sartu behar da; eta honek esan nahi du, gaur, hemen, kapitalistek entrepresa batzu alde batera utzi beharko dituztela, beste batzu bultzatuz. Babcock Wilcox-eko adibidea dugu maila horretan adibiderik egokiena.
LAB- Ohar bat nahi nuke egin.
Askotan hitz egiten dugu krisi estrukturala dela eta. Hau nahi nuke zehaztu; zergatik den krisi estrukturala. Guretzat, alde batetik kapitalismoak indartu nahi ditu bere prerrogatibak, gero eta gehiago esku guttiagotan eduki nahi dituzte ekonomiaren legeak botere guztiak menperatzeko etab... Honen ondorioak; ba... zergak, fiskalizazioak, denon artean, banatu beharrean langileriaren artera erortzen dira. Monopolista hauen nahien ondoan herriaren nahia dago, hau da, demokrazia sakon eta garbiago baten nahia. Eta, alderdi horretatik gaur dagoen burruka soldata duin baten alde, lanean seguritate baten alde, entrepresetan partehartze handiagoa edukitzearen alde, Euskal Herri mailan ekonomia organizatu beharraren alde; esan nahi dut, hor dago indar bat herriaren aldetik demokrazia sakonago eta garbiago baten alde eta, bestaldetik monopolista horik daude gero eta gehiago esku guttiagotan eduki nahi dituztela etorkizunaren legeak.
Anaitasuna- Orain dela denbora gutti Moncloako Jauregian zenbait alderdi politikok paktu antzeko zerbait erabaki dute. Nola interpretatzen duzue hau, langile erakundeen bizkarrean egitean bereziki?
UGT- Denok dakigu Espainiako egoera ekonomikoa oso txarra dela, horregatik konkretuki behar beharrezkoa da paktuak egitea. Baina Paktuak diferentak izan daitezke. Gure ustez paktuak denon artean beharko lirateke izan, ez gobernu eta alderdi politikoen artean bakarrik. Mementu honetan sindikatuak ez dira Madrilen paktua egiten izan. Beraz, paktua egitea bai, baina berriro eta denon artean.
LAB- Moncloako paktuari buruz, lehenik eta behin esan behar da paktu hau langileen bizkar egin dela, langileekin ez dela kontatu. Bigarrenik, esan nahi duguna zera da, hots, Moncloako paktu horik batez ere doazela gauza bat konpontzera, hau da, soldatak eta soldaten balioa konpontzera. Ez dute dena konpontzen eta, adibide baterako bizitza % 30 iganen da soldatak % 20 iganen diren bitartean. Beraz, ez dute dena konpontzen nahiz eta konponketa txiki bat izan, lehen gobernuak eskaintzen zuena baino gehiago lortuz. Baina guretzat ez da konponketa bat inolaz ere. Bigarrenik ere, beste neurri batzu hartu behar zirenak ez dira hartu, alderdi horretatik guretzat oso ahul ari izan dira hor paktatu dutenak, batez ere langileen alderdiek ez dutelako ezer ere exigitu; ba... Banka aldetik ez dutelako eskatu kontrole bat, demokratizazio bat; eta Seguruetan ere gauza berdina gertatu da. Ez dituztelako jarri neurri batzu entrepresa txiki eta erdikoei laguntzeko; ez dituztelako jarri neurri batzu nekazariei laguntzeko beren hestutasunetik irteteko etab... guretzat, neurri hauk ez jartzeak, gero eta gehiago emango digu lanik gabe hainbeste eta hainbeste langile egotea. Horretara emanen digu eta, guretzat Moncloako paktua izan da soldatak konpondu ahal izateko, baina bigarren aspektuari langileen lanpostuari edo langileen lanari ez diote begiratu. Eta ez diote begiratu neurri hauk, bigarren neurri hauk, hartu ez dituztelako. Honela, gure ustez, hemen sortuko da izugarrizko langelditze problema, eta horregatik esango genuke Moncloan sinatu den paktua langileei traizio bat izan dela.
ELA-STV- Honi buruz, aurretik ere prezedente batzu egon dira gobernu eta sindikatuen artean, hau da, harreman batzu egon dira, baina harreman formalak izan dira eta gobernua plan konkreturik gabe agertu da. Eta, Gobernua planik gabe agertu da, alde batetik, bankako interesak eta multinazionalen interesak zituelako. Gaur egun Gobernuak estrategia aldatu duela ikusten da, lehen elkarrizketetan egon bazen planik gabe interes hauk zirela eta, gaur estrategia aldatuz alderdiekin negoziatu egin du. Beraz guk, ukatu egiten dugu prozedura sindikatuak baztertu dituelako alde batetik, eta baita ere paktuaren zentzua. Marginazio honek, guretzat, alterazio bat produzitzen du demokraziaren bidean, prozesua moztu egiten duelako. Prozesua sindikatu eta gobernuaren arteko gauza bat bezala joan beharko zukeen eta estrategia honek guztia alteratzen du.
CSUT- Moncloako paktua monopolioen paktua da. Lehen esan dudan bezala internazional mailan dugun krisia monopolioen entrepresak aurrera ateratzeko egindako paktua. Paktu hau langileriaren, nekazarien eta entrepresari txiki eta erdikoen bizkar gainera bota dute. Paktu honek, aurten % 10 jaitsiko digu bizimodua alde batetik; bestaldetik lan geldiketa hazi eginen da eta, entrepresa txiki eta erdiko asko ezkutatu egingo dira. Paktu hau onhartu duten ezkerreko alderdiek monopolioen alde paktatu dute, monopolioei bultzatu diete aurrera atera daitezen. Guk ezin dezakegu ontzat eman paktua. Guk gaur dagoen krisiaren aurka ba dugu geure irteera eta hori da negoziatu nahi duguna. Gobernuak alde batera utzi ditu sindikatuak eta horregatik ez dugu ontzat ematen paktu hau.
Anaitasuna- Zeintzu dira zuen ustez ekonomiaren krisitik aterako gintuzketen neurriak?
UGT- (Honako hau UGTko mahaikideak erdaraz erantzun zidan, egia esan, erdara konplikatu eta korapilotsu batetan; beraz ezin itzulgarria izan zait.)
LAB- Ikuspegi jeneral batez, guk proposatzen duguna hauxe da:
1/ Euskal Ekonomiaren demokratizazioa Autonomi Estatutu baten barnean.
2/ Multinazionalen eta monopolioen nazionalizazioa, hau da, Banka Kredituak eta Seguruak.
3/ Entrepresa txiki eta erdikoei lagundu aproposko erakunde bat ezarriz laguntza hau aurrera eramateko.
4/ Ekonomia planifikatu, bai Estatuan eta bai EHan.
5/ Sistima fiskalak eraberritu, hau da, zerga indirektuak guttitu direktuak indartuz.
6/ Euskal Herriak bere tresnak edukitzea, hau da, Estatutua, planifikazio komisio bat, Autogobernu bat etab...
7/ Baita ere, nekazariei eta baserritarrei lagundu diru gehiago inbertituz.
ELA-STV- Paktuaren zentzu aldetik neurri konkretu batzu atera dira. Alde batetik, % 5 kalera botatzea ukatu egiten dugu neurri errepresibo bat baita, gure kontra doan neurri errepresibo bat. Bestalde, prezioak % 30 igaten dira eta, soldatak % 20 altxatuz, poder adquisitibo delakoan % 10 galtzen da. Beraz, paktua ukatu egiten dugu.
Paktuaren ondorioak bi eratara ikusiz: patronalaren aldetik honek erakarri du kapitalizazioaren haunditze bat, multinazional eta entrepresa handien kapitalizazio gehitze bat. Langile aldetik, lehen esan bezala sindikatuak baztertzea ekarri du, eta horrela esan nahi du gobernuak sindikatuek duten indarra ukatu egiten duela. Bestaldetik, langile aldetik baita ere baina konkretuago, lehen esan bezala, nivel de vida delako hori jaitsi eginen dela eta gero eta langeldiketa gehiago izanen dela. Bi parte hauk dira guk ikusten ditugunak batipat.
Gobernuak eman dion irteera paktu honen bidez irteera deflakzionarioa da. Beraz, honek langeldiketa ugaritzen du eta, Europako beste Estatuetan baino langeldiketa gehiago edukiko dugu.
CSUT- Krisi hau aurrera ateratzeko neurri hauk ikusten ditugu beharrezkoak:
- Soldatak bizitzaren arabera iraun dezatela.
- Langeldiketa zuzentzeko erreforma fiskal bat diru gehiago dutenek gehiago ordainduz.
- Gaizki landuta dauden lurrak nekazarien eskuetara pasa daitezela; honek, EHan, esan nahi du baserritarrei laguntza ematea.
- Entrepresa txiki eta erdikoei laguntza, zergak eta segurantza soziala etab. arinduz.
Neurri hauek ez dute batere balio prezioen kontrola gure eskuetan hartzen ez baditugu. Segur gaude ere, neurri hauk aurrera eramateko Suarezen Gobernuak ezin ditzakeela eraman. Beraz, irteera bakar bat ikusten diogu krisi honi, hots, ezkerreko gobernua, nazionalitate guztietan eta Espainiako bazter guztietan Estatutuak ezarriz.
Anaitasuna- Beraz, zein da mementuko alternatiba konkretua?
UGT- (Lehengo parentesiarena irakur bedi.)
LAB- Proposatzen ditugun ekintzak hauk dira:
- Madrilen zer pasatu den informatzea.
- Krisi ekonomikoaren arrazoiak azaldu; langilean artean diskutitu, horretarako asanbladak eginez.
- Eta azkenik, ez dugu beste irtenbiderik ikusten herri mobilizazioak baizik.
ELA-STV- Hemen ere bi alderdi ikusten ditugu. Lehena boterearen eta patronalaren alternatiba; honen joera beti izan da prezioen igaera hori burrukatu, salarioen kontrola eginik; bestaldetik ere kredituen guttitzea. Beraz, egiten ez duena zera da, hots, politika estruktural baten planifikazio aldatze bat sortuz. Gure alternatiba langabeziaren kontrakoa da kondizioak hobeagotuz; sindikatuen partizipazioa Seguritate Sozialean eta hirigintzako problemetan. Euskal Herriari begira Autonomi Estatutu baten alde gaude, baina pentsatzen dugu autonomia honek ez duela autonomia juridiko bat huts hutsean izan behar, autonomia horretan askatasun sindikala, entrepresatan eta mugimenduen libertatea ukanez baizik.
CSUT- Guk garbi ikusten zer egin behar den. Lehen esan dudan programa helburutzat harturik herri guztia batu, hots, sindikatuak, nekazariak, entrepresari txiki eta erdikoak. Esan dudanez herri guztia batu fronte batetan paktu horri aurka egiteko. Ez dugu beste irtenbiderik ikusten.
Anaitasuna- Zeintzu ondorio ekar liezaizkioke langileriari, eta zeintzu ondorio kapitalistei?
UGT- Beno, nire ustez, ondo jakin behar da zeintzu konklusio ateratzen diren Moncloako paktutik eta gero jakin ahal izanen ditugu aipatutako ondorioak.
LAB- Langile mailan, guk pentsatzen dugu soldatek gero eta guttiago balioko dutela, hori denok ikusten dugu garbi. Bigarrenik, gero eta gehiago izanen direla lan gabe gelditzen direnak eta, honek ekarriko dituen ondorioak problema handiak sortuko ditu, egun Babcock Wilcox-en gertatzen den bezala. Entrepresa txiki eta erdikoen artean, pentsatzen dugu, bide honetatik jarraitzen baldin badugu askok eta askok hertsi egin beharko dutela. Nekazarien artean, ez bazaie laguntzen eta, Moncloako bidea jarraitzen baldin badugu, ba... nahiko hestu eta nahiko gose pasatu beharko dutela.
ELA-STV- ELA egindako paktuari ez da lotuko, ateratzen dugun hamabostkarian garbi adierazi dugu hau. Pentsatzen dugun halaber, langileok ez garela paktu honek ekarriko duen desekilibrio sozial edo situazio gogor baten errespontsableak; etortzen bada, gu ez gara errespontsableak egiten ez baikara horretan sartu, gure bizkarretik egin delako. Dena den, langileen interesetik gabiltzanez eta, lehen esan bezala, nivel de vida eta pleno empleo horri eustea nahi diogu.
CSUT- Moncloako paktuaren ondorioei bi aurpegi ikusten dizkiogu, Alde batetik monopolioak aurrera aterako dira Europako maila batetan ezarriz. Bestaldetik monopolioek krisi guztia langile eta herriaren bizkar gainera botako dute, honek alde batetik langileen bizimaila urritu egingo diete eta beste alderdi batetik lan geldiketa hazi eginen da. Entrepresa txiki, nekazari eta erdiko entrepresak gero eta gehiago izanen dira obligatuta ateak herstera. Politika mailan programa aurrera eramateko, gobernua, demokrazia mugatzera behartuko da; bestela ezin izanen du programa hau aurrera atera.
Anaitasuna- Zein posibilitate ikusten diozue kolpe bati Espainiako Estatuan?
UGT- Ene eritziz posible izan daiteke etorkizunean egoera politikoak atzera egitera, ez da pinotxetazo bat bezala izanen. Desarroilo politikoa aurrera doa poliki poliki; posible izanen dena berau gelditzea da. Ez da Pinotxeten kasua, desarroillo politikoa gelditzea baizik.
LAB- Guk uste dugu mamu hau bere fruitua ematen ari dela herrian. Baina, honen aurrean herriak esaten duen "ETA herria zurekin" ikusten dugu. Pinotxet bat sortuko balitz pentsatzen dugu herriak ere metodo berdinak erabiliko dituela; lehen gertatu izan den moduan. Guk ez dugu Pinotxet bat etortzea nahi inolaz ere; posibilitatea ikusten dugu, baina etorkizunik ez diogu ikusten eta, sortuko balitz, gaurko egunean herrian dagoen kontsigna horrek gorputza hartuko luke.
ELA-STV- "Demokrazia normalizatze" bide honetan langileriari hau eskatzen zaio: no pidas mucho que puede venir Pinotxet. Beraz, lortu nahi dutena zera da: langileriak ahalik eta gutien eskatzea. Gure ustez, Gobernuak interes handia dauka mamu hau barreiatzen eta bere infludentzia soziologikoak ere ematen ari dela. Ez dugu uste Pinotxet bat biablea denik, zeren eta monopolist kapitalismoa da, interesatuena, gure ustez, Europako ekonomi eta politik estrukturetan sartzeko, horren homologazioa lortzeko. Dena dela, mamu hau ateratzea sindikatuak moztea eta gutxitzea da. Beraz, gure helburua da sindikal maila gehiago indartzea, sindikatu potenteak lortzea, patronalaren aurrean errespuesta gogor bat emateko.
CSUT- Guk esaten duguna zera da: gaur hemen inork ez du Pinotxeten beharrik. Lehen esan dugun bezala monopolioek beren bizitza Europan aurkitu behar dute eta horrek bestaldetik esan nahi du, Europan egoteko Europak demokrazia exigitzen digula. Beste alderdi batetik, Pinotxet bat nahi baldin bazuten, Franco hil ondoren beste antzeko bat ezartzea besterik ez zuten; hori alderdi batetik. Bestaldetik, Pinotxeten izena airatzen dutenek ahaztu egiten dute, gaur indar horiek Pinotxet bat modukoa mantentzen dutela. Pinotxet hori gaur Martin Villa da. Dena den, mamu honekin nahi dutena, bistan da, langileria beldurtu.
Anaitasuna- CSUTak ere beste galdera bat proposatu zieten beste zentralei.
CSUT- Lehen esan dut, gure eritziz sindikatu, alderdi eta herri guztia batuz bakarrik atera gintezkeela krisi honetatik. Zer diote beste zentralek puntu honi?
UGT- Batasuna bene-benetan da beharrezkoa. Baina etorkizunean ikusi beharko ditugula erantzun konkretuak pentsatzen dut. Nik erantzun pertsonala eman dezaket baina hemen interesatzen dena zera liteke, hots, UGTren erantzuna.
LAB- Oso ados gaude ezkertiar guztiak batu behar horretan eta lehenbaitlehen gertatzen bada hobe. Hau dateke, behar bada mediorik egokiena paktu honen kontra burruka egiteko eta, krisi ekonomiko osoa konpontzeko. Hau du neurri nagusia.
ELA-STV- CSUTen galderari erantzunez; nik uste erantzunda dagoela lehen esanagatik. Dena den, gu ez gaude marku batetan sartuak paktu hau onhartu delako edo onhartu ez delako. Gu horretan ez gara sartu, beraz, lehen bezala jarraituko dugu langileak defendatzen, batipat langileen interes konkretuak eta, sindikal indarra gero eta gehiago Euskal Herri honetan.
Anaitasunako guztion artean
Munduan barrena
Zer gertatzen da Alemanian? Zer jazotzen da? Zer ote da han agitzen dena? Horik eta beste halako asko dira gaur egun europar anitzek beren barruan darabiltzaten itaunak. Erantzuna hagitz bihurria da, Errepublika Federalean bezala, hala Errepublika Demokratikoan ere, gauzok, kontuok eta egoerok gero eta gaizkoagotuz baitoaz hemengo partean, mugaren alde bietako sistimetan erreakzionaririk kontserbakorrenak gero eta nagusiago agertzen direlarik.
R.A.F.-ek "Armada Gorriaren Frakzioa" delako talde harmatuak Schleyer bahitu zuenetik (atzo komunikabideek esan zutenez, honez gero hila datzana), Alemaniako entrepresarien sindikatuaren lehendakaria bera, Errepublika Federalean sorginehizara, behinolako Mc Carthy senadore iparramerikarrak erabili zuen sorginehiza bezalako batera, heldu da ia. Horrela, bada, C.D.U.-ren (Kristau Demokrazia) buruzagi batek esan arauera, Vogel-ek hain zuzen, "Baader-Meinhof" talde harmatu famatua —horrela deitzen baitu jendeak gorago aipatu den Armada Gorriaren Frakzioa— talde bezala (Gruppe alemanez) izendatzen duenak, beraren eusle eta lagun dela ematen du aditzera eta horregatik Alemaniako Errepublika Federalaren arerio publiko bihurtzen. Egia ez balitz, ileak lazteko istorio baten pasadizoa litzateke. Edonork aipatuak izanez gero, beraz, "banda" edo "saldo" hitzez deitu behar ditu (Bande) "Baader-Meinhof"tarrak bere burua Zuzenestatuaren (Rechtsstaat) etsai legez jota ikusi nahiko ez badu. Ikaragarriena, baina, ez da hori esatea; egia esan, nork gura dituen kirtenkeriak errateko eskubidea ba du, hori ere baita demokrazia, Jainkoari eskerrak. Arriskugarriena, diodanez, hori sinestea da, C.D.U.-k eta aleman askok egin duten bezala, —eta C.D.U. horrek ez badu sinetsi, segurutik egin ez duenez, are handiago haren eskutar- eta zatartasunaren froga—, zeren erizpide horri jarraikiz zerrenda luze bat atera baitu, terrorismozale bezala honelako pertsonaia batzu salatzen dituena: Willi Brandt sozialdemokraten lehendakaria, Helmut Schmidt kantzelaria, Heinrich Böll idazlea, Nobel saria orain urte batzu irabazitakoa, Günter Grass, idazlea bera ere, Herbert Markuse filosofilaria, eta abar luze bat. Bertako sozialisten moduak ezagutzen dituela, eskuinaren bandera "Askatasuna ala Sozialismoa" dena dakiena, ordea, ez da seguru asko harrituko.
Beste aldean, Errepublika Demokratikoan ere harrotu dira bazterrak azken aldi honetan, dela orain hiru aste bete gertatu eta kolpez desegindako manifestazioagatik, dela hango bulegokraten estupidokeria iraunkor eta sakonagatik, urterik urte ederto baino edertoago erakutsia, dela ihaztik hona atzerrira igorri dituzten intelektualengatik, egoera ez da sanoago, eta dirudienez, ezta sendatzeko bidean ere.
Zeintzu dira egoera honen kausak ez dira ageriko eta ez ditugu guk aurkituko. Terrorismoa egon ba dago, eta alemanek egiten duten bakarra, otutzen zaien gauza bakarra polizipostu gehiago sortzea da, eta are txarrago dena, oraingo egoeran, posible den gobernurik ezkertiarrenak boterea eskuetan duela, eskuinaren dialektikari jarraitzen zaio, beronek egurraren bidea erabili ohi baitu bakarrik munduko ertz eta zoko guztietan, eta hemen S.P.D. delako alderdiaren laguntzarekin batera (alderdi honen hamabost ordezkarik kontra egin zuten), gartzelamendu-baldintzak gogortu eta zakartu egin baititu. Horrela delarik gauza, langileak "lanhartzaileak" deitzen dituzte, eta kapitalistak, berriz, "lanemaileak", jakina, hemen nagusia den gizartea "lanmerkatua" rena baita. Aurreko asteko "Die Zeit" astekarian kazetari bat arazoaren erro eta sustrai psikologikoei heltzen saiatzen zen. Anaitasun eta elkartasun falta omen dago gizarte alemaniarrean. Beste era batera formulatuko bagenu, kontsumugizartea Alemaniako jendeen bihotz eta gogoarekin osotoro jabetu dela esanen nuke. Europako iparraldeko herrien indibidual- eta gizabanakotasuna ezaguna da, haatik, Alemanian gertatzen dena ez da, ene gardiz, Alemaniako herriaren adierazpen zuzen eta gardena, kontsumugizartearen irrazionaltasun gorenera heldu diren gizajendeen erakuspena baizik.
Orain aste bete, kaletik noa eta ba dakusat automobil bat espaloiaren parean geldirik, barruan, zerbaiten begira nonbait, gidaria jezarrita dago. Atzetik mutil koskor bat bizikletaz dator; ez dakidala zergatik, mutilak automobilaren kontra jotzen du eta jausi egiten da. Gidaria zaratotsa entzutean berebiletik irten eta umea jaikitzen ari delarik ere, eta orobat hotsagatik ukaldia kolpeleungailuan izan dela jakinik ere, lehendabizikoz egiten dutena berebilak hartu duen mailatunea ikustea da. Beste egun batetan, gauaz geltoki baten aurrean, hogei bat pertsona gaude taxiren zain, teorikoki ilaran eta bata bestearen atzean; taxiak, hiru, heldu direlarik, denak arrapaladan, nor bizkorrago bera lehen, taxietara. Ba dakit, ondo jakin ere, hauk bezalako beste makinatxo bat anekdota on nik neuk ere konda nitzakeena, halaz ere, kondaturiko pasadizuak lakoxeek duten maiztasunarekin jakinaren gainean egonda, ez dut uste egoera bat ere gehitu dukedanik.
Beste alde batetik ba dago, ene aburuz, faktore bat guztiz garrantzitsua, aleman guztien bizi-maila handiaz gain, nahi eta nahi ez kontutan hartu behar dena, sistimaren aldaezintasun ia absolutua, halegia. Gaur egun ezkerrak ez dauka Biltzarrean ordezkari guti batzu baizik, eta dituen bakarrak S.P.D.-ren ordezkariak dira. Bestetik 5 % boz gutienez maila federalean, Errepublika osoan, ateratzen ez duen alderdiak Bonn-en hiru alderdi nagusiek bakarrik dutela ordezkaritza, C.D.Ua eskuina, C.S.U. bere Babariako hegal supereskuindarrarekin, hots, eskuin zibilizatua eta basatia, F.D.P.a erdieskuina edo, eta S.P.D.a erdia edo erdiezkerra bezala muga eta defini daitezkeenak. Hortik sortzen dena oraingo egoera da. Alemaniaren kasuan sozialdemokraziaz eman ohi den mugaketa egokia dela benetan, baiezta daiteke batere zalantzarik gabe, hots, sozialdemokratak kapitalismoaren administratzaile gizatiarrenak direlako definizioa. Agian, besteren batek kontu honek nik diodan garrantzia ez duela defenda dezake, eta Alemaniako eskuinak darabilen argudioa bera zorroz, h.d., alderdi askoren sistimak ondorio txarrak besterik ez dakartzala, Weimar-ko Errepublikan gertatu zen legez. Nik neuk, horregatio, hor uste dut dagoela egoeraren giltza bat, kontsumugizarteak berarekin daramatzan alienabideak klase kontrakarrak desegiteko nahikoa ez izanik, horrelako bide eta moduez baliatu behar baita klase nagusia. Era horretan, beraz, aipatu alderdietarik aparteko eritzirik ez da ia entzuten, eta bertako intelektualak, kasu batez, benetako tribu bat bilakatzekotan daude, herriarengandik guztiz urrundua eta beronek entzuna izateko inolako ahalbiderik gabe.
Libre izatearen ordez, Jabetza jarri du gizarte honek xede nagusia, harako Schleyer zenaren "Produzikortasun, Askatasuna eta Errespetua". Emaitzak hor daude, kausak ere hortxe bertan; agian egoera beldurgarri hau inoiz gaindi liteke. Horretarako, baina, hemen diren etsipen izugarriak saihestu behar dira, nahiz eta ez dakidan, etsipen horik kokatzen direneko amildegiak hain sakonak izanik, benetan esan, ahalbiderik ote dagokeen. Izanen ahal dira.
Andolin Eguzkitza
Elkar ikuska
Urriaren 4ean lehergailu batek "Punto y Hora de Euskal Herria"ren Iruineako idazkola suntsitu zuen. Lehergailu hau "su bataio" bat izan dela aldizkariarentzat esan daiteke. Mirentxu Purroy bere zuzendariarekin, hitz egiteko aldizkariaren bulegoetara heldu garenean igeltsariak lan gogorrean dabiltza, orma berriak egiten. Lehergailuak, mehatxu katea baten azken ondorioak, ondo egin zuen bere lana, baina ez du emakume honen lana ixildu.
— Mirentxu: hasi baino lehen, zuri buruz zenbait zehaztasun...
— Iruinean jaioa naiz. Nire etxean beti giro politiko bat izan dugu. Nire aita beti PNVkoa izan da, nahiz eta, berberak dioenez, bere eritziak ANVra gehiago jo. Gerra baino lehenago Otxagabiako Euskal Batzokia antolatu zuen eta, noski, gerra ondoren, "depurazioak" zirela eta, sasi-pasaporte batez Caracasera ihes egin behar izan zuen. Ni orduan zazpi urtetako neskatila nintzen eta, aita berretortzean, hamasei urte nituen. Urte gogorrak izan ziren haik etxeko sei emakumeentzat: nire amarentzat eta bere bost alabentzat. Aita Hego Amerikan egon zen urte luze haietan, gure etxeko ate ondoan beti bere txapela eta bere makila egon ziren, bere jabearen zain.
— Nola bizi duzue zeuen etxean giro politikoa?
— Elkarrizketetan, egunero, eta bai era guztietako panfletuen bidez ere. Panfletuen artean "Gudari", "Tierra Vasca", "Landeya", "Zutik" eta "EGI"k egindako horriak gogoratzen ditut. Eta egunero, noski, BBC eta Paris Irratiak entzuten genituen. Gauza hauk entzutea eta irakurtzea Gipuzkoan eta Bizkaian normal samarra baldin bazen, Iruinean ez: irla bat bezala ginen.
— Non egin zenituen zeure ikasketak?
— Donostiako Jesuitinetan, "interno" eran, beti lau ahizpa egon gara.
— Noiz bururatu zitzaizun kazetaritza egitea?
— Batxilergoa amaitzerakoan, etxean kazetaria izan nahi nuela esan nien eta sekulako ezetzaz erantzun zidaten. "Francoren menpean ez dago kazetaritza egizale bat egiterik, gezurtia baizik", esan zidaten eta honengatik "Filosofía y Letras" egiten hasi nintzen, Opusen Unibertsitatean. Filosofiako bi lehen urteak egin ondoren Kazetaritza ikasketak hasi nituen, Filosofiakoekin batean. Eta bai misiolaria izan behar nuela buruan sartu zitzaidan ere.
— Moja bezala?
— Ez, inolaz ere ez —erantzuten du Mirentxuk barrez—. Nik ez dut onhartzen inoren aginpean egotea, "obediencia ciega" eta honelako gauzak praktikan jartzea. Misiolari bai, baina libreki izan nahi nuen. Legentsuei, lepradunei laguntzea erabaki nuen eta Fontilleseko lazaretoan bi uda pasatu nituen, Leprologia titulua hartu arte. Gero, beste laur iruinearrekin batean, Rodhesiara joateko prestatu ginen, baina Bartzelonan geundela, Rodhesia-ko Smith "jaunak" ez zigun hara joateko bere baimenik eman, "pertsona zuri gehiago nahi ez zituelako". Orduan Indiara joateko erabakia hartu nuen, han lepradun asko baitago, baina ofizialki ez zidaten onhartu eta han ibili nintzen urte oso batez, apaiz eta moja euskaldunen etxetatik etxetara. Giro politikoa oso interesgarria zen Indian urte haietan, nazionalismoa gorantz zihoan eta erreportaia asko egin nituen. Behin TVEk nik egindako ordu oso batetako erreportaia eman zuen, baina oraindik ez didate ordaindu. Lan asko egin nuen, baina ez nuen hogerleko bat ere ikusi.
Euskal Herrira
— Eta Indiatik, Euskal Herrira...
— Bai. Gure herrira etorri nintzen eta bai kazeta guztietan lan bila ibili ere. Ez nuen lanik aurkitu. Donostiako egunkari batetan zera erantzun zidaten: "Kazetari bat behar dugu, bai, baina ez emakume bat"... Eta hemen ezer egiterik ez zegoela ikustean, Euskal Herritik kanpo bilatu nuen lana. Eta bai Salamancan lan bat aurkitu ere. Han egon nintzen, hiru urtez, tuberkulosis itzel batek hartu arte. Gaitza oso zabalduta zegoen eta Iruineara bidali ninduten. Hemen giltzurrun bat kendu zidaten eta urte t'erdi ohean egon beharra izan nuen. Orduan bururatu zitzaidan, serioski behintzat, aldizkari berri bat sortzea.
— Zertarako aldizkari berri hori sortu?
— Orduko egunkarietan kazetari izatea jopu bat izatea zelako. Egia esatea eta berri objektiboak ematea ezinezkoa zen kazetetan, beti kapitalearen menpean, entrepresaren jabeen zerbitzuan. Benetan tamalgarria zen era honetan lan egitea. Kazetariok "geure" aldizkari bat behar genuen, gure eskuetatik sortutako aldizkari bat, ez Kapitalista batek egina. Eta honengatik "sociedad de redactores" formula bururatu zitzaidan. Formula honetaz, kazetariak irabazten duen dirua akzio bihurtzen da eta aldizkaria kazetarien eskutan gelditzen da. Akzioak ez dira, heredentzia moduan, kazetari baten familiara pasatzen, eta hona zergatik: kazetariak, akzio horien jabe izateko, aldizkarian egunero lan egin behar du. Lan egiten ez duen unean, akzio horik galtzen ditu. Sistima honetan lukururik ez dago; noizbait "irabazpenak" lortzen baldin baditugu, irabazpen horik aldizkarian lan egiten duten guztien soldatak hobatzeko edo aldizkariaren materialea hobatzeko izango dira.
— Aldizkari honen atzean, nor dago, bere diru laguntzaz?
— Ez dago inor. Lehen hamabost hilabeteetan hemen lan egin duten kazetariek ez dute ezer kobratu. Honengatik atera da aurrera aldizkaria. Hamabost hilabete horik pasatu ondoren, kazetari bakoitzak egin dituen lanak bildu eta lan honen neurrian ordaindu zaio.
— Independentzia gorde ahal izan du aldizkariak?
— Berriemate librea egiteko diru eta politik independentziak behar-beharrezkoak dira. Aldizkari batetan norbaitek dirua jartzen badu, bere interesa eta bere helburuen defentsa bat lortzeko jartzen du, noski. Independentzia lortu dugu eta, ondorio bat bezala, berriemate libre bat saiatu ahal izan dugu.
Sigla-salda
— Sigla politikorik ba al dago "Punto y Hora" atzean?
— Gai honetaz zurrumurru asko dago. Logikoa da: siglarik ez dugunik, sigla guztiak ipintzen dizkigute. PNVek dioenez, adibidez, gu EIAkoak gara; EIAk dioenez, gu ETA-militarrenak gara; PSOErentzat, nazionalisten ezker muturrekoak gara; ORTrentzat, EIAkoak gara; PCErentzat, LAIA-ez aldekoak gara; EMK-MCErentzat, "ezker muturreko nazionalistak" gara, EIA baino harantzagokoak; karlistentzat, nazionalista "arraroak" gara, PNVkoak ez baikara... etabar, etabar.
— Baina aldizkariak, berez, norantz jotzen du?
— Euskal Herriaren zerbitzuan egon nahi dugu. Aldizkari honetan lan egiteko baldintza bakarra zera da: Euskal Herriaren nortasuna defendatzea, gure herriaren arazoak ulertzea. Euskal Herrian lan egitea ez da beste edonon lan egitea bezala. Beraz, aldizkariak boza ez zuten taldeei boz bat opa izan nahi die. Eta ba dakigu nortzu izan diren eta nortzu diren orain berton hitz egiteko baimenik ez duten taldeak. Ezker abertzaleekin ondo konpondu gara beti.
— Eta zergatik ezker abertzaleei atentzio hau?
— Ezker abertzaletasuna gure herrian fenomeno berri bat delako eta, nahiz eta legez kanpokoak utziak izan, beste alderdi legalizatuei lege-kanporatze hau bost axola zaielako. Independenteok lege barruan onhartuak izateko talde horiek duten eskubidea amaieraino defendatuko dugu. Talde progresistak eta kritikoak gustatzen zaizkigu. Euskal Herrian honelako taldeak boz bat behar dute.
— Aldizkari honen azken helburuak zertan dira?
— Euskal Herriaren eskubideak, foruak eta libertateak defendatzea. Euskal antolakundeak indartzea. Eta berriemaile objektibo bat izatea.
Objektibitate bila
— Objektibitatea lortu al du "Punto y Hora"k?
— Jeneralki bai, nire ustez. Batzutan hanka leporaino sartu dugu, tamalez, garrantziko eginkizun batzuren garrantzia ez ongi neurtzean. Alderdi Egunari buruz ez genuen hitzik eman eta jende asko gainera bota zaigu. Berazadiren kasuan ere objektibotasunik ez genuen izan. Kazetariaren kolpe emozionalak objektibotasuna pikutara bidali zuen. Alderdi guztien aldetik beti kexak izan ditugula esan dezakegu. Lehen zenbakia kaleratzean "eladioak" ginela esan zuten; bigarrenean, ordea, PNVkoa; hirugarrenean, Montejurrakoa zela eta, karlistak eta laugarrenean, Múgica Herzog-i elkar ikuska bat agertzen zelako, sukurtsalista-espainolistak izan ginen. Eta honela beti.
— Zer diozu burruka harmatuaz?
— Nire eritziz, orain tregoa une bat behar dugu eta harmak eskuetan dituztenek herriaren esperantza ttikiak errespetatu behar dituzte. Gero, esperantza hauk pikutara joaten baldin badira, herriak jakingo du bere burua nola defenda. Ez nago burruka harmatu baten kontra, baina nire ustez une honetan harmak ixildu behar dira. Gero, dezepzioa baldin badator, hauteskunde munizipalak enganio bat baldin badira, autonomi antolakundeak gezurrezkoak baldin badira, orduan herriak erabakiko du bide egokiena. Nire ustez —eta psikologia sozial ikasketak egin ditut— une honetan gure herriak duen itxaropen txikia kontuan hartu behar da, faktore psikologiko garrantzizkoa da. Ba dakigu gaur egun "franco" asko dagoela, baina benetazko Franco bakarra ez dago, eta jendeak itxaropentxo batzu ditu.
— Zergatik ez zara politikaria?
— Egiak biribil biribilak eta edozeini esatea gustatzen zaidalako eta pentsatzen ditudan gauzak disimulatzea niretzat ezinezkoa delako. Politikari batek izan behar duen beste muturrean nago. Baina politika interesatzen zait, dinamika bat delako eta gure herriaren etorkizuna moldatzen duelako. Ez nago, ordea, alderdi baten barruan. Ez dut agindurik onhartzen. Ez naiz "antipartido", baina bai anarko samarra.
Euskara
— Zer da euskara hiretzat eta aldizkariarentzat?
— Niretzat, euskara ez egitea, eguneroko bortxakeria handiena da. Hizkuntza bat herri eta gizon baten sustraia da. Tamalez giro ez-euskaldun batetan hazia naiz eta, nahiz eta euskaldun bezala sentitu, ez dut ez egiten ez pentsatzen euskaraz. Orain, aldizkarian lan egiten dugun guztiok, egunero ordu bateko euskarazko klasea dugu, lan ordu barruan. Asko ikasten ari gara.
— Eta aldizkari mailan, nola ikusten duzu euskara?
— Aldizkaria bilingual eran antolatua dago. Hala ere, euskara gutxiegi erabiltzen dugu. Gorantz jo nahi dugu. Erdia euskaraz eta erdia erdaraz egitea, ordea, ez dut ahalezkoa ikusten. Bai Nafarroako eta bai Arabako irakurle asko galduko genuke eta ez da ahaztu behar zera: nahiz eta erdaraz idatzita, Nafarroan euskal nortasunaren alde gure aldizkariak zerbait egin duela uste dugu, eta Madril eta UCDen asmoak ikusiz, joera horretan jarraitu beharko dugula. Jende asko euskaldun sentitzen da Nafarroan, nahiz eta euskaraz ez jakin eta pertsona horien euskal izatea birbiztu behar dugu, bai euskaraz eta bai erdaraz. Nire ustez "Anaitasuna"k, "Zeruko Argia"k eta guk geure toki egokiak ditugu euskal aldizkaritzan eta hirurok lan bereziak ditugu.
— Mirentxu: zer izan da aldizkariarentzat lehergailua?
— Arlo batzutan berriro hastea. Baina gure izpirituak sendo daude. Jende askoren bultzakada izan dugu une zail honetan. Aurrera aterako gara.
— Amaitzeko azken galdera: zu, kazetaritza alde batera uzteko, zerk jazo behar luke?
— Nire kazetaritza bidea hiru gauzak apur dezakete: lehen gauza, diktadura militar batek, beste frankismo batek. Honek berriemate eskubidea besteekin batean hankaz gora botako zituen; bigarren gauza, norbaitek tiro on bat nire aurka botatzea eta, hirugarren gauza, Euskal Herriarengan dezepzio handi bat sufritzea. Gauza hauek kazetaritzatik kanpo utziko nindukete. Kazetaritzatik kanpo nobelak idazten jarraituko nuke, mendian galdutako etxe batetan, txerrikumeak eta oiloak egunero zainduz. Nire familiak etxetxo bat du Nabaskoze herri koskorrean eta, hezkuntza gustatzen zaidanez gero, hemendik lauzpabost urtetara han ikastola bat antolatu nahi nuke.
Ametsak, amets... Guk ez dugu Mirentxu Purroy kazetaritza mundutik aparte ikusten. Emakume hau tiro batek bakarrik ixil lezake.
X.A.
Anaitasunaren komikia
Sorkunde [Komikia]
Pedagogia
Ikastoletarako textugintza aurrera doa. Poliki-poliki Oinharrizko Heziketa Orokorreko maila desberdinetako textu-hutsuneak betez doaz. Sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik zenbait taldek eginiko lan harrigarriari esker —Elhuyar, Gero, Gordailu, Iker eta beste—, gure ikastoletako haurrek euskaraz idatziriko materialea dute; ez oraindik osoa, baina laster osotzeko bidean dagoena.
Artikulu honetan, horietako talde batek aurtengo ikasturtearen hasieran argitaratu duen lanaren aipamena eginen dugu. Taldearen izena, Iker; eta lanarena, SAIOKA 5.
Izenburuak berak dioenez, materiale hau OHO-ko (EGB-ko) bostgarren mailarako prestatu da, eta materiale serie baten bostgarren urratsa da, talde berberak eta izen berberaz aurreko lau mailetarako materialea prestatu eta argitaratu baitu azken lau urteotan. Bostgarren mailako materialea hiru liburu marduletan argitaratu da, bakoitzaren azpizenburuak ondokoak direlarik: Natur Arloa, Sozial Arloa eta Osagarriak eta Ariketak.
Enfoke orokorra
Urteetako lana delarik, oker genbilzke lan hau isolatuki kontsideratuko bagenu, irla bat bezala halegia. Gorago esan dugun moduan, bostgarrenera heldu aurretik lau maila prestatu dira. Eta bosten artean OHO-ko lehen etapa osotzen dutenez, bost mailetako materialea bere osotasunean kontsideratu behar da.
Izan ere, bostgarren mailan aurrekoetan landutako gai eta ikuspegiei osotasun eta biribiltasuna eman nahi zaie, bide batez horrekin ziklo edo etapa bat hersten dela adierazten delarik.
Bost urte horietan, haurra bere ingurua ezagutzera eraman da. Lehen hiru mailetan bere inguru hurbileko giroa landu da —familia, adiskideak, etxea, hauzategia, herria,...—, inguru erreal eta hurbil hori globalki ikertuz, bai esperientzi mailan eta bai espresio mailan ere. Laugarren mailan, haurraren inguruko esperientziak beste textuinguru zabalago batetan integratu dira. Haurrak bere nortasuna kontzienteki aurki dezan, bi galdera hauk erantzutera bultzatu nahi du materialeak: Non gaude? Nolakoa da gure herria? Bi galdera hauek lotzen eta integratzen dituzte natur eta sozial arloetan, haurrak bere eskualdeari buruz eta Euskal Herriari buruz egiten dituen ikerketak.
Bostgarren mailan beste bi galdera ere hartzen dira ardatz gisa: Nortzu gara? Nolakoak gara? Eta egintza eta ikasketak galdera hauen erantzunak finkatzera eta indartzera datoz. Sozial ikuspegitik, inguruko herrialdeak arakatuz eta geurearekin gonbaratuz, nortzu garen eta non bizi garen biziki asimilatzeko aukera izanen du haurrak. Natur ikuspegitik, aldiz, gure gorputza nolakoa den, eta gure herrialdearekiko loturak nolakoak diren eta nolakoak izan daitezkeen ikertuko ditu.
Metodologia
Hamar-hamaika urtetako haurra gorago aipaturiko helburuetarako bidean abiatzeko, metodologia aktibo eta eginkorrean finkatzen da SAIOKA materialea. Izena bera ere, aproposki jarria du hori adierazteko (SAIO — -KA, hots, saioak eginez).
Adin horretako haurren adimenaren hazkundeari dagokionez, garaia da operazio konkretuak finkatuz joateko, hau da, gauza eta esperientzia konkretuak estrukturaketa zabalagoetan eraikiz eta erlazionatuz joateko.
Aurreko mailetako materialeetan bezala, bostgarren mailan ere, gaietan zehar abiatzeko sarrera eta bidea egintza izanen da. Egintza hauk projektu bezala antolatzen dira, hau da, helburu konkretu bat lortzeko diren egintzen modura. Egintza edo projektu hauk gaiarekin hastean antolatzen dira eta gero hiru astetan zehar burutzen dira. Projektu hauen haritik eginen dituzte haurrek beren ikasketak, "gaiaren inguruan" izenburupean datozen informazioak, egintza hauetan mamitzen dituztelarik. Ez dago projektua gaiaren inguruko informazioaren menpean, alderantziz baizik. Projektua egitea da garrantzizkoena, haurraren hazkunde logiko-mentala, haurrak berak eginiko egintzan finkatzen baita nagusiki. Gaiaren inguruan" datorren informazioa, nahi izanez gero haurrak non-kontsulta eduki dezan jarria da, eta ez nahitaez ikas dezan jarria. Beraz, horretara besterik ez dator "gaiaren inguruan" izeneko partea, lagungarri izatera halegia. Eta oker ulertu du SAIOKAren izpiritu eta asmoa, informazio laguntzaile besterik ez den hori, gogoratzeko, ulertzeko eta ebaluatzeko eduki-liburukotetzat hartzen duenak.
Projektuak iraunpenez aurrera eramateko gaitasun eta kapazitatea lantzearren, gai bakoitzeko projektua urte osorako projektu zabalago bati loturik doakio. Projektu luze eta zabalago hau, liburuen sarrera gisa azaldurik dator. Natur Arloari dagokionez, projektuen batasuna ikastola eta herri edo hauzategi mailan osasunaren aldeko kanpaina baten harian lortu nahi da, eta sozial Arloan, aldiz, Galeuska gisako herrien arteko agerpen baten bidez.
Arlo bakoitzean ageri den plangintza
Natur Arloan, gu eta gure inguruaren arteko loturekin jarraikiz bi ikuspegi hauk lantzen dira: gizona inguruari loturik bezala bata (anatomia, fisiologia, adaptaketa eta moldaketa) eta gizona inguruaren aldatzaile bezala bestea (lana, zientzia eta teknika). Hori guztiori biltzen eta biribiltzen duen ideia, OSASUNA da. Osasuna zertan dagoen eta nola zaintzen den ikastea da arlo honetako helburua. Eta ez hori soilik: Bizi garen hauzategi, herri eta eskualdeko osasun giroa aztertzen da, eta ahal den neurrian, giro hori osasuntsuago egitera saiatzen da.
Sozial Arloan, haurraren ingurua zabaldu egiten da. Laugarren mailan, zentru gisa haurraren eskualdearen azterketa hartzen zen, eskualde desberdinetako haurren arteko harremanez (gutunez edo) Euskal Herria aztertzeko. Bostgarrenean, Espainiako Ministergoak Espainiako Estatuko herrialdeak aztertzera behartzen du. Liburu honetan irtenbide originala asmatu da, gure Herriaren izakera eta egoeran finkatuz, bide batez goiko agindu hori betetzeko. Euskal Herria zentru gisa harturik, kriterio etniko-nazionalez Espainia, Portugal eta Frantziako herrialdeak aztertzen dira, denak baititugu hauzokide. Eta gure Herria nazio gisa ulertzen dugun moduan, beste herrialdeak ere ikuspegi berdintsuz aurkezten dira. Plangintzari batasuna ematen dion haria, herrien arteko agerpena da (Galeuska direlakoen ideiari jarraikiz).
Hirugarren liburuan, Hizkuntza (euskara), Plastika eta Dinamika (higidur adierazpena eta musika) lantzen dira hots, espresiobideak. Metodologia projektiboan finkatuz, projektu bakar batetan sartzen da hiru espresiobideen egintza. Hizkuntzaren (euskararen) kasuan, egintza haurrak mintzatzera, irakurtzera eta idaztera bultzatzean datza. Hau da, hitz egitea, irakurtzea eta idaztea izanen da egintza; eta arauak egintza hori laguntzeko pentsaturik daude. Liburuan bertan esaten denez "igerian ikasteko, uretara sartu behar".
Plastikan zentzumen guztien hazkundea lortu nahi da, bide batez guztion asebideak bilatzen direlarik. Horrela, gastronomia eta usainen mundua (aire-ura deitua) arte gisa lantzen dira, gure inguru sozialean horrela kontsideratzen ez badira ere. Dinamikan, bai higidur adierazpenari eta bai musikari dagokion partean, haurraren espresiobideak haurraren kreazio gisa hartzen dira. Horretan kontziente izanik eta pedagogia dirigista ebitatzearren, projektuak beren zentzu errealean formulatzen dira, hots, haurrak artistikoki helburu bat projektatuz, helburu hori bere egintzaren bidez lortzen duelarik. Horretaz gainera, musikaren arloan beste herrialdeetako kanten berri ematen da.
Hitzatze modura
Duela lauzpabost urte, euskal textugintza bere lehen haurtzaroan zegoela, talde batek 864 horrialdetako lan erabat originala aurkezteko gai izanen zeia entzun izan bagenu, sinesgogor agertuko ginatekeen seguruen. Gaur errealitate esperantzagarria da. Ba dakigu jakin, lanak ez direla luzeran neurtu behar, baina hori nolabait sortze-ahalmenaren neurri bat da. Eta gainera, lanean ari diren beste talde batzu ere ba dira.
Akatsik aurkitzekotan, inprimaketa lanetan aurkitu beharko genuke. Pena ematen digu zenbait hutsune tekniko aurkitzeak: paperaren eta inpresioaren kalitatea, koadernapenaren kalitatea eta beste lanaren garrantzi, balio eta seriostasunak hori baino gehiago merezi du. Dituzten medio eta baldintza ekonomiko hestuak ezagutuz, ulertu eta barkatzen diegun gauza bat da ordea.
Liburuak
Sustrai bila-ren bidetik, edo, hobeki esan, haren bigarren edizio zuzendu eta gehitu modura, agertu berri digu orain Txillardegik bere azken liburu hau.
Deklinazio, morphologi eta synthasis arloan lehen egindako ikertze lanak oraingoan exenplu ugariagoz horniturik datoz, haiez oraindik dudak egotekotan, Euskal Herriko hibaietako ura baino garbiago gera daitezen. A organikoaren arazoa, mugagabea, ene/neure izenorde posesiboen erabilera, aditzen infinitiboa eta partizipioaz, synthasis bitxi batzuri buruzko kontsideroak eta, azkenez, euskal phonetikaren joera batzu azaltzen ditu autoreak trebeki.
Txillardegik aspaldion deus guti idazten du eta poztu egin gaitu, zertarako uka, beronen liburu berria agertzeak. Eskertzekoa ere ba da lan hau, are gehiago, noski, bera burutzeko bere eguneroko beste zereginen ondoan, loari denbora franko kendu behar izan diokeelako. Liburua, ene ustez, erabat positiboa eta gomendagarria da, eta astiro irakurri beharrekoa.
Ba dira, dena den, nik neuk zuzen jotzen ez ditudan zenbait puntu, hemen azaltzeko ditudanak.
Euskara eta antierdara
Gauza bat euskaraz jatorra den ala ez erabakitzeko orduan hura erdara bezalakoa den ala ez ikustea, oinharriz, aurreritzi larria da. Eta Txillardegik, maiz, ene ustez maizegi, baliabide demagogiko baina arriskugarri hori darabil bere gogoko gauzak "frogatzeko". Gustatzen ez zaiguna "erdal kutsukoa" dela esan eta sorgin-ehiztarien bide horretan abiatuz gero, ni neu behintzat beldur naiz ez ote dugun azkenean eginen, behialako aranistek bezala, euskararen lekuan antierdara xenophobo gisakorik.
Jar dezagun exenplu bat. Gizon bi eta bi gizon, bi-biak euskarazkoak dira, Euskal Herrian —eta dirudienez aspaldidanik— holaxe erabiltzen direlako. Erdal antzik ttikiena duena gizon bi delako, berau "jatorrena eta zaharrena" dela esatea, ordea, ez litzateke zilegi. Gizon bi, kasu, oso ongi esplika liteke, era moderno gisa, gizon bat-ekiko analogiaz. Modu berean, Bizkaiko dodaz eta doguz, beste euskalkienak ez bezalakoak izan arren, ez dira horregatik "zahar eta jatorrenak" Bizkaian, ditut eta ditugu klasikoen ordezko analogikoak baizik.
Zenbakiak, halaber, euskaraz ez dira berez ez singular ez plural, mugagabe baizik. Baina mugagabe direnez gero, noski, arrazoi berbera dago haik bai singulartzat eta bai pluraltzat hartzeko. Ekialdeko euskalkietan lehen joera nagusitu bada, ez da hortik segitzen bigarrena, mendebaldekoona halegia, txarragoa denik. Bost gizon ikusi dut, hortaz, bost gizon ikusi ditut bezain jatorra eta euskarazkoa da, gizon asko dator eta gizon asko datoz, bi-biak jatorrak diren arrazoi berberagatik.
Nori berea
Bere bi liburuetan, Sustrai bila-n eta oraingoan, Txillardegik ene/neure bereizkuntzaren arazoa azaltzen du, eta ongi azaldu ere bai. Bereizketa hori gure artean —guztiok ulertzeko hizkuntzan behintzat— argitu zuen lehenbizikoa Gabriel Aresti izan zen, eta Txillardegik, ene ustez, hori aitortu beharko zukeen. Ideologi arazoak —eta larriak— tartean egon arren, Arestik, gutienez, Altubek, Gavelek, Larrasquetek, Holmer-ek edo Ana Maria Etxaidek bezainbateko errespetua merezi du aurkikunde baten aitatasunaz. Eta hori PCEkoa izan balitz ere bai! Eta derragun bedenabar, Gabriel, besteak beste, ez zela inoiz PCEkoa izan.
Partizipio bitxiak
Nik neuk behintzat ez dakusat hain garbi Txillardegik literatur eredutzat ipini nahi dizkigun partizipio bitxien arazoa. Para (eta ez paratu), senti (eta ez sentitu), pasa (eta ez pasatu) eta -ra (ez -ratu) aditzetarako, beti ekialdeko exenpluak aipatzen ditu, bertsolarienak edo eta -atu partizipio guztiak -au eta -a bihurtuta dauzkaten tokietakoak (kantako dot, bultza neban, amatako da...) Bizkaitarron bestelako erabilerak ba dirudi ez diola axola autoreari.
Hiketa eta zuketa
Kapitulu hau, berez ongi egonagatik ere, luxozkoa iruditu zait, zukari dagokionean behinik behin. Zerbait argitu beharra ere ba dago hemen, nik uste. Hiketa zuketa baino zaharragoa dela esatea egia da, baina erdizka. Euskara zaharrean, egia da bigarren pertsona bakarra hi zela singularrez, baina egia ere ba da —eta beronen froga 1596.eko atsotitzetan ageri da— hi etorri haiz moduko formaren ondoan formarik ZAHARRENA ni etorri naiz dela eta ez, kasu, ni etorri nauk. Berau, bistan dago modernoagoa dela, hizkuntzan geroago sartua. Ni etorri nauzu gisakoak, aldiz, aditzera bakanen bat kenduta, ez dira mendebaldeko euskaldietan inoiz ezagunak izan, Zuberoa, Nafarroa Behere eta inguruko beranduko erak izanki. Zuketa alokutiboa beraz, ez da euskaldunok galdu dugun zerbait, gehienok sekula ezagutu ez dugun usarioa baizik.
Hiketari doakionez, bestalde, askoz ere zentzuzkoagoa iruditzen zait, oraingo egoeran gaudelarik, A. Zatarain jaunak proposatzen duenez, oraingo hika alokutibo "aberatsegia" ikasleentzat urritzea, hi haiz-en ondoan ni naiz esatea erabat zilegitzat utzita. Zeren, hobe baitugu, hika murriztua gordetzea (hi haiz, hik duk, hiri zaik), beronen lekuan, hika osoa galdurik, zu zara gisakoak soilki edukitzea baino; eta ez dezagun ahantz, daramagun bidetik laster horra helduko garela, ingelesei beren you bakarraz gertatu zaien bezala.
Jaiki banadi/jaikitzen banaiz
Luxozkoa ere ba da, eta lukubrazio hutsezkoa, jaiki banadi eta jaikitzen banaiz artean egileak ikusi uste duen bereizkuntza. Hor, dioena dioela, usario zahar/usario moderno arteko ezberdintasun soila datza, eta ez, ordea, objektibo/subjektibo esangura berezirik. Klasikoen artean autore berberak, nik dakidalarik, ez darabiltza behin ere "bereiziki" forma biak esangura banaz. Egia da, dena den, Omaetxebarriaren bidetik, Zamarripak bizkaieraz zioena: ezin da egin ("horretarako materialerik ez dagoelako", obj.) eta ezin daiteke egin ("bekatua delako", subj.) artean aldea ba dagoela.
Arazo honetan, dirudienez, leku gehienetan erabateko erabilera exklusiboa dago. Ekialdekoak kontserbadoreagoak dira mendebaldekook baino, eta, beharbada, "dotoreagoak", baina lan egin behar dugu euskara salba dadin zein lan egin behar dugu euskara salbatzeko, beste exenplu bat jarriz, esthetika eta stylistika gora behera, gaur egun berdin berdinak dira.
Euskal phonetikaz
Txillardegiren liburuaren parterik berriena, ordea, azkena da, euskal bokal- eta kontsonantismoaz tratatzen denekoa. Euskara batua, oinharriz, idazteko hizkuntzatzat taiutu zen hasieran, baina ez gaitezen inozoak izan. Orduan —"zaharra" oraindik biziegi zegoelako— hori argiro esaterik ez bagenuen ere, bistan zegoen euskara batua egitean gure hizkuntza nazional modernoa prestatzen ari ginela. Euskal Herri batuan euskara batua delako sloganak aski garbi adierazten zuen hori, Oñatibia jaunarentzat hura sagar diskordantea izan arren.
Eta gure hizkuntza nazionala zen aldetik, nabarmen ere ba dago idazteko bai, baina batez ere mintzatzeko eta euskaraz mintzatzen i(ra)kasteko behar eta nahi genuela euskara batua. Eta ahoz ere erabiltzekoa denez gero, euskara batu mintzatua ere "batu" beharra dago, hau da, zenbait phonemari buruz gomendio edo erregela batzu eman. Nola irakurri behar da euskara batua? Nola hitz egin behar euskara batuaz? Beste batzuk ere (Batasunaren Kutxa, Euskalduntzen, Alfabetatzen, Euskal Hiztegi Modernoa...) arlo honetan lehen ere zenbait eritzi agertu ditugu, ez ordea Txillardegirenak bezain ausartak.
Autoreak, bere liburuaren azken atal honetan, euskal phonetika orokorreko lege batzu agertzen ditu, hizkuntza mintzatuaren erregela phonetiko berezi eta partikularrez batera. Berauk azaldu ondoren, bere ustez zabalduenak direnak hizkuntza mintzatu baturako eredutzat proposatzen ditu.
Dudarik gabe meritua du, eta ez ttikia, Txillardegik, Euskaltzaindiak gure hizkuntzaren arlo inportante horretaz oraindik ez duela ezer erabaki seinalatzean. Horregatik besterik ez balitz ere, txalotzekoa litzateke saioa. Berak egiten dituen proposamendu konkretuei, ordea, guztiz eztabaidagarri deritzet. Ez noa ni ukatzen berak salhatzen dituen puntu asko oraingo euskaldun "guti ikasien akatsak ez direnik, baina zenbait generalizazio arriskugarri iruditzen zaizkit oso. Diakhronikoki behintzat. Eztugu-ren ordez ezdugu esatea, antza, erdarakada da. Guec ajutu ezdugu zioen IX mendeko euskaldun hark, hortaz, erabat erdaldundutzat jo beharra dagoke, bai eta oraindik zenbait tokitan hola mintzo direnak ere.
Txillardegi euskara mintzatu standard baten bila abiatu zaigu, alde aurrez gauza bat kontutan hartu gabe, hots, hizkuntza guztietan standard-tasun hori gizarte maila konkretu baten inguruan egina dela. Honela espainol edo frantses "standardak" erdi mailako kaletar ongi alphabetatuen mintzaira da. Ezberdintasun dialektalik dagoenean, gainera, toki jakin bateko mintzaira hartzen ohi da eredu: Moskuko errusiera, Pekineko txinera, Londreseko ingelesa etab. Hor Mitxelenak aipaturiko prestigio arazoa datza nonbait.
Txillardegik euskaldun ikasioi —euskara batua ikasi eta erabiltzen saiatzen garenoi— jarri nahi digun ereduak, ordea, ez digu balio. Alde batetik, horrek, mintzaira eskolatu ez izatean, batasunik ez duelako, eta, bestetik, baserriko jatortasun idyliko eta kutsugabeaz batera, era guztietako arlotekeriak sartzen dizkigulako. Pulamentu, lumero, albiente, lonbria, pesalonbria ez dira euskaraz erdarazko me paice, me sa caido, lo mejor c'aiga, una miaja, me de güebos edo ma dao en to lojo baino jatorrago. Ez du inork ukatuko, noski, esandako esaldiok erdara besterik ez dakiten erdaldun garbiek egunero esaten ez dituztenik, baina horregatik ere ez zaio ezein erdalduni bururatzen, frantses eta ingeles kutsurik bat ere ez duten zorioneko herritarrok mintzatzeko eredutzat jartzea. Antoniyo er Caracol, Lola Flores eta Mexikoko mariatxiek, halaber, oso erdara herritarra darabilte, baina ez dira —el Papus-eko humoristentzat izan ezik— inorentzat imitagarri. Eta Txillardegik baserritar eta bertsolariak presentatzen dizkigu: XX mendeko euskaldun kaletarroi berriz ere Peruren abarkaz janztera egiten zaigu gonbite.
Ez naiz ni bertsolari zahar eta onen kontra arituko —aspaldiko panphletero merkeez ez mintzatzea hobe baina!— baina ez ditzagun gauzak beren senetik atera. Bertsolariak, beren herri meritu ukaezinak gora behera, ez dira inoiz gizon ikasi eta jakitunen eredu izan, Andalusiako flamenko kantari jatorrak, egia latz eta biribilak esan arren, izan ez diren bezala. Eta haiengana gaur jo nahi izatea absurdua da.
Txillardegik, dirudienez, euskaraz ez dela mintzatzen irakurtzen eta idazten denez esan nahi digu. Konforme. Gauza jakina da hizkuntza mintzatu guztietan holako aldakuntzak ba direla. Baina aldakuntza horik, jatortasunaren izenean kodifikatu nahi izanez gero, Sabino Aranaren bideari askoz ere zentzuzkoagoa deritzot, halafedea. Astoa-ren ordez astua esatea jatorragoa bada —eta Gernika, Durango, Arratia eta Lapurdiko gehienak ez dira beraz batere jatorrak— idatz dezagun bada astua eta kito; egon zen-en ordez egontzen, eta segi aurrera.
Zein arau jar daiteke, bestalde, gizarte mailako prestigiorik ezaz, zein aldakuntza den zilegi eta zein ez erabakitzeko? Gehienen usarioa? Gaur, seguraski, astue, mendiye dateke. Baina Txillardegik hori, hain zuzen, baztertzen du, bai halaber etxe'a (= etxera), o'ain (= orain) eta antzekoak. Zergatik? Zer dela eta, batzu onhar eta besta batzu ez? Esthetika pertsonala ote? Horretan, adiskide, buru baino aburu gehiago dugu euskaldunok zoritxarrez.
Euskara kaletarra
Ibon Sarasolak berak ere gogorki kritikatu du arlotekeriaren sasijatortasuna, eta nik neuk arrazoi osoa demaiot. Euskara mintzatu kaletarra, bestalde, Bizkaian behinik behin, —Durango eta Gernikako exenpluak eredu— beti literatura klasiko idatziaren bidez abiatua da, hots, hiri horietakoek, inguruko baserritarrek ez bezala, ez dute inoiz phonetismorik egiten mintzatzean. Eta orain ere, euskalduntze-alphabetatze prozesuaz, bidea hortixek doa. Nik ez diot zenbait puntu (baina = baiña, ez dakit = eztakit,...) interesgarriak ez direnik, baina hizkuntza mintzatutik urrunegi jotzean laster Babel bat bilakatuko genuke euskara, ikasle eta euskaldun guztion kaltean. Euskara batuaren argitasuna tokian tokikoen txokokeria bitxi "jatorren" izenean desegiteari ez deritzot nik batere mesedegarri. Hobe genuke, nonbaitetik hastekotan, gure letra edo graphema bakoitzak adierazten duen phonemaz akordio batetara heltzea, eta, esaterako, jakin idaztean j nola esan behar dugun, espainolezko j gisa, y modura ala frantsesezko j bezala. Eta gero gerokoak.
Azken puntuak
Liburua, gure eritziz, bere 400 pezetatan, garestiegia da. Presentazioa oso ona du, dena den.
Xabier KINTANAk
Sexu harremanak desmitifikatu nahian
"Eta egia harrigarri hau jakinerazi zien. Denboraldi luze batean Gure Ford-en aurretik, baita ondorengo gizaldi batzutan ere, neska-mutiltxoen arteko maite jokoak zer anormaltzat jotzen zituzten (barre algarada ederrak atera zitzaizkien); eta anormaltzat ez ezik egiatan inmoraltzat ere (bai zera!), eta beraz, zorrozki debekatuak zeuden." (Aldous Huxley- Bai mundu berria).
Kristau judutar zibilizazioak, sexua, historian zehar sakralizatu egin du. Batzutan, aldi batetan izan zitezkeen arrazoi ekonomikoak edo profylaktikoak, erlijiozko dogmak eta natura etika bilakatu ditu. Gero, denboraren denboraz, zigorraren zigorraz sexual harremanetarako kodigo estabilizatu bat sortu du eta honela mendebal zibilizazio honek gure egunotan ere irauten du. Jakina, agintea eta boterea menperatzen zituenak legea egiten zuen. Baina jopu eta esklabuentzat ona zena ez zen horrenbeste legeemaileentzat. Batzutan nahi adina ez zuten batere betetzen, beste batzutan, eta sexu mailaren sakralizazio neurrian, tabu zela eta, nolabait moldatzen ziren.
Orain arte egon diren zibilizazio zapaltzaileak bortxan eta indar fisikoan ukan dute agintea, eta guk dakigunez, aurrehistoriaren zenbait puntu iluntsu eta ongi ezezagunetan sartu nahi gabe, zibilizazio guztiak zapaltzaileak izan dira, indar fisikoan oinharriturik egon baitira.
Gizona beraz, emakumea baino garaiago, indartsuago eta atributu guztien gainetik, umedun eta izorratua geratzen ez den izakia zibilizazio zapaltzaileetan izan da jaun eta jabe. Legea, sexual legea, bihurtzekotan egonez, bera izan da gehien bat edo eta erabat legea bihurtu egin duena. Gizona erabat erruduna da. Gizonok aldiz ez.
Orain urtetsura arte, Euskal Herrian eta Estatu honetako gainerako herrietan sexuaz aritzea eta berari buruz eritziak azaltzea guztiz bekatua zen, tabu, mamua. Ez da hitzik nahiko egonen tabu honek gure eguneroko bizitzan nola eta zer moduz moldatu gaituen jakin dezagun. Ba dirudi haize berri bat sartzen ari dela gure kaleetan, lurpean egoten zena, solairuak, satorren gisa, egiten ari zaizkigu. Usteltasunaren estalkia jasotzen da pixkanaka, aitortezina aitortzen da, erakustezina erakusten da, azalezina azaltzen da. Egongo gara behintzat, gure seme-alabek, eginezina zena pozik eginen dutelako esperoan. Seme-alabak diot, eta diodanez konturatzen naiz; gure gizarteon sexua sakralizatuegia dago eta.
Inongo gizartean indar nagusi bi dago. Bata finkotasunerantz eramaten duena, bestea aldaketarantz bihurtzen gaituena. Hala ere, kontsumuzko gizarteak estabilizazio orokor bat lortzea du helburu nagusiena. Dena oso dialektikoa da. Nahiz eta pentsalari idealistak batera konforme ez egon, mundu imperfektu eta osagabe honetan estabilizatzen duenak, nahirik gabe eta kontraekintzaz aldaketak sortzen ditu; aldaketak nahi dituenak aldiz, estabilizaziorantz eramaten du gizartea. Gaur aurrerazaleak direnak, bihar atzerazaleak izaten dira.
Jean Rostand-ek pentsalari eta biologo famatuak, beste sakontasunen artean, ondoko esaldi hau esana du: "Qu'il s'agisse de philosophie, de morale ou de politique, je suspecte les jugements de ceux qu'ignorent tout de ce qu'ils sont". Hau da: Filosofiaz, moralaz, zein politikaz izan, susmagarri zaizkit oso, hortaz deus ez dakitenen eritziak.
Guk, milioika zelulaz osaturiko gorputzok, milioika kimik erreakzioen bitartez mantentzen garen gorputzok, guk elementu arruntek eginiko mosaiko bitxia, ez dakigu zer garen. Gizonen errua geure burua ezagutzen genuela pentsatzea izan da.
Barre egiten dugu gaurko gizonok gure lurra Unibertsuaren zentrua zela beste gizonek uste zutelako. Barre eginen dute beste batzuk gutaz. Zeri barre eginen diote? Ez dakigu, baina seguru nago orain kontsideratzen dugun normalenari etorkizuneko gizartekoek ere, guk bezainbat barre eginen diotela. Bi mila urtez eta gehiago ere, sakralizatu egin den sexua ez da berehala gainditzen. Arazoa ez datza sexu harremanetarako metodo berriak proposatzean. Berauk lagungarriak eta aipagarriak izan daitezke, sexua zer den ikus erazteko.
Maitetasuna ez da amorioa. Batari bestea lot dakioke. Gure hizkuntzan bezala gainerakoetan berba biak ongi bereziturik daude. Egia da, bata eta bestea zer den ez dakigu. Gure ekonomi, sozial eta psikologi harremanak erabat aldatu bagenitu maitasunaren eta amorioaren funtsa ere birrinduko genuke, zeren azken batez bata bestearekin loturik baitago.
Estatu zapaltzaileen psikologista burjesek oso ongi dakite berau. Vatikanoko elizak (1), mendebalde honetako indar atzerazaleenetariko bat, elizaren existentzia bera mehatxaturik ikusi du. Familiaren kontzeptua desagertuz, zer geratuko litzaieke familiaren gain systema zapaltzaile osoaren produkzioa oinharritu egin dietenei?
Sexua desmitifikatzen bada eta normaltzat hartzen bada, non egonen diren misterioa, desioa, anormaltasuna, bekatua, ezina eta orain higitzen gaituzten indar itzalak?
Bibliak dioskunez, Sodoma hiri madarikatu hori "Jainkoak" birrindu zuen. Jainkoaren begietan han zegoena bekatua zen. Sodomarren praktikak ez ziren bidezkoak. Anai-arreba arteko harremanak, seme-alaba eta gurasoen arteko harremanak, homosexualitatea, lesbianismoa, etab.
Ba dakigu bestaldez, zenbait garaitan sexual harremanak oso desmitifikaturik egon direla. Mende honetan ere Afrikako "basati" batzuren artean aipatu ditugun praktikak komunak dituzte. Sexua eta beronen agerpide guztiak normaltzat hartzen dira. Batzutan zenbait tributan homosexualitateari barre eginen diote, beste batzutan lehen mailaren ahaideekin harremanak egitea debekaturik egonen da. Guztietan ez dakitena zera da: Bortxaren kontzeptua zertan datzan. Ez da inor bortxatzen, ez dakite zer den eta. Gure mentalitateez begiratua gizarte basati hauk prostitutez beterik daudela esango genuke. Haientzat egunero jatea, egunero ihardutea sexu harremanak baino askoz garrantzitsuago da. Bizitza sakratua da; sexua inola ere ez. Baten batek beste batekin harremanetan sartzeko gogo handirik ez izanez, karitatez edo ordainez edo konpromezuz eginen du. Hau hor dago. Pentsa ezazue nahi duzuena.
Sodomako bekatu handia ba dirudi biologia eta profilaxia zer den ez ezagutzea. Hori "Jainko" berak irakatsi beharko die. Zabal dezagun Biblia bera: zer egiten zen eta zer egin behar ez zen ere kontura gaitezen.
Mintza zaite Israelgo semeei eta hau errozute: "Emazteki, izorra gertatu ondoan, muthikokiaz erdiko dena, lohi izanen da zazpi egunez". - "Ezagutzen jakin dezazuen zer den saindu, eta zer profano, zer den lohi eta zer txahu." X kap. Lebitikoa. "Lurreko abere guzietarik hauxek dira jan behar dituzuenak". Geroago: "Hartarik janen edo ekarriko duenak, soinekoak garbituko ditu eta arrats artio lohi izanen da". "Ez dituzu agertuko zure aita baitan eta ama baitan ahalkesun (sexu organoak) direnak. Ez dituzu agertuko zure aitaren emaztea baitako ahalkesun direnak, ezen zure aitari ahalkea emanen".
Jainkoak beraz, mikrobio, birus eta izurri guztien kontra defendatu nahi du gizona.
Lege profilaktiko eta "moral" hauen bidez humanitateak bere burua desarroilatu egin ahal du. Sodomako izurriak ez du gure gizartea mongolizatu beraz. Izurriz eta gaixotasunez zegoena "Jainko" guraritsu batek amildu egin zuen. Guk, zientziak eta jakingogoak aurreratu dituen gizarte honetakook zera galdetuko genioke Bibliaren jainkoari: Zer zen bidezkoa ez zena? Amarekin larrua jotzea edo hemendik zetorkeen izurria? Zer zen bidezkoa ez zena? Aita baten laztanak hartzea edo eta alaba sifilistatzea?
Guk ba dakigu jatea eta pentsatzea bi ekintza ezberdinak direla, biak animalia arrazoidunentzat garrantzi handikoak eta bata zein bestea kenduz edo baztertuz, arrazoiduna, animalia bilaka daiteke edo eta luze, elikatzerik gabe, geratu. Bi ekintzok normaltzat jotzen ditugu. Bata zein bestea, gogorik izanez gero, edonorekin egiteko aproposak. Etxekoekin zein mahaikide ezezagunekin jezarriko ginateke mahai ondora. Helburu politikok zein konpromezuk eraginda Fragarekin bazkalduko lukete zeinbatzuk. Carrillo jauna ere ba daki pixkat honi buruz. Egunotan, Siglo XXI delako elkartean Fragak Carrillo jaunaren hitzaldiari aurrea emango dio.
Badakigu jatea eta pentsatzea bi gauza ez berdin direla. Halaber jatea eta larru jotzea. Bakoitzak bere baitako berezitasuna du, inork ukatuko luke. Baina bere alabarekin amodiozko jokoetan aurkituriko aita psikopatikotzat joko genuke. Mendebaleak sortu duen zibilizazioak hamaikatxo berba arraro xamar bururatu ditu: Estupro, ohaldea, adulterioa, adingabeko okertzea, pederastia, sodomia, zoofilia eta honelako zeinbatzu gehiago.
Denboraldi batetarako ona, morala eta egokia zena, estabilizazio itzel batek sakralizatu egin du, betikotu egin du, edozein dialektikaren kontra joanez. Epe batean profilaktikoak izan ziren arrazoiak moral aldaezinezkoak bilakatu dira. Txarrena, natur etikatzat hartzea da.
Hauzia ez datza sexual harremanak nola egin behar ditugun jakitean. Ez datza orain arte egon diren metoduak txartzat ematean. Ez datza okerkeria batzuren bidez beste norbaitek proposatzen dizkigun bide berriez jabetzea. Ez datza aldakeria batetik bestera iragatean. Ez datza ia gizonak emakumeari zakila sartu behar dion ala klitorisa bakarrik ikutu behar den ala ez.
Gizarte honetan denak konprometaturik gaude, zein gizonak zein emakumeak izan. Gizarte berberak zapaltzen gaitu eta. Ez dut ukatzen beste aldetik, zenbait gauza zehatzetarako Emakume berak edozein gizonak baino, bere arazoei irtenbide emateko prestatuago egonen denik. Hala ere bidegabekeria da edozein bortxarengatik errudunaren burua kanaletik behera botatzea. Ez du merezi. Konparaketa ezina da. Marra gainditzen ari gara. Eta honelako bidegabekeria hau inola ere eredutzat ezar daiteke.
Sexua eta sexu harremanak normaltzat eta edonolako misteriorik gabe hartuko dugunean gure arazo guztiak desagertuko dira eta zakila edo aluaren obsesioaren ordez, ispirituarentzako denbora izanen dugu.
Mundu honetan gauza bat, eta besterik ez, sakratua da: Bizitza.
E. Hirusta
(1) Vatikanokoa. Ez kristautasunean finkatzen den komunitatea.
Zine iraultzailea eta zine-iraultzailea. Eisenstein
Zinearen historian mugarri asko jar daitezke, eta historia mugarri horien arauera idatzi. Honela, zine mutua —soinudun zinea, zine kolorgea— koloredun zinea, pelikula errekorrak —pelikula erregaitzak... Eta mugarriok ez dira pertsona batek egindakoak. Hala ere, zineari Eisenstein-ek bezainbeste ideia berririk eman dion pertsonarik ez da agian egon. Horregatik, zine-iraultzailea sortu zuen. Baina ez hori bakarrik. Bere filme guztietan 1917.ean Errusian gertatutako iraultza edonon nabari da. Helburu pedagogiko batzuk bultzaturik, iraultza Sovietarraren lehen urteetako Artegintzan apartaezinezko paper bat jokatzen du, zine iraultzailearen maisutasuna harturik. Bi aldiz iraultzaile zen Eisenstein-ek, artikulu bat merezi duela uste dut.
Serge M. Eisenstein
Lituaniako Riga-ra jaio zen, 1898.ean, familia judu eta bortxaz konbertierazi batetan. 1909.ean, San Petersburgora traslatatu zen, beraren aitak Udaleko Injinadore eta Arkitektu lanpostu bat baitzuen. 1913.ean, teatro munduan sartzen da, eta hamazazpi urterekin Injinadore Eskolan matrikulatzen da. Ikasketekin batera, Arte Plastikoak lantzen ditu,diseinua batez ere. Teknika-Arte dualitatea bere bizitzan zehar oso nabari izango da, eta obra guztietan ikusiko. Ikasketak utzi eta 1918.ean Gudaloste Gorrian alistatzen da, Iraultza eta Gerra Zibilaren denboran. Teatrozaletasuna ez du inoiz utzi eta epoka honetan "Proletkult" (Proletal Kultura) mugimenduan barne, zenbait obra zuzentzen eta interpretatzen ditu. Halaber, kartelgintzan trebatzen da, eta aktibitate honi esker, Sortalde Urruneko kulturak ezagutzeko parada du. Mundu berri bat irekitzen zaio, batez ere japoniar teatro eta hizkuntzarekin.
Injinadore ikasketen denboran, Arkitektura eskolara ere ba doa, Italiako Errenaisantza eta Europako Barrokoa atsegin zaizkiolarik. Hizkuntzak erraz dominatzen ditu... Hitz batetan esateko, arrotz zaion aktibitate humanistikorik ez dago.
Honelako zama intelektualarekin zine egiten hasten da. 1924.ean "Greba" (Staxka). Hurrengo urtean, komentario berezi bat merezi duen "Potemkin Guduntzia" (Bronenosetz Potiomkin). "Iraila" (Oktiabr), 1927.ean, eta "Zaharra eta berria" edo "Linea generala" (Staroie i Novoie), 1929.ean lehen epoka batetako jilmeak dira.
1929. ean, Europan eta Amerikan zehar bidaia bat egiten du, eta Mexikori "Gora Mexiko" (Viva Mexico) filmatzen du, nahiz eta muntatu gabe geratu, negatiboak ohostu egin baitzizkioten. Errusiara itzultzean, Moskuko Zine Institutuko irakasle da eta, makina bat artikulu eta saio argitaratzen du zineari buruz. 1935.ean "Bejin-en zelaia" (Bezhin lug) egiten hasten da, baina Zinematografiako Zuzendaritza Zentralaren ordenaz suspenditu egiten da. Obra hau, eginda zegoen partea, bigarren gerra mundialean galdu zen, zenbait foto salbu.
1938.ean bere lehen filme soinuduna egiten du: "Alexander Newski". Ordurarte eginiko filmeekin gonbaratuz, medio askorekin egiten du filme hau. Gerra denboran, 1943-45 tartean, "Ivan terriblea" (Ivan Grozni) filmatzen du. Trilogia izateko zena, lehen partearekin Stalin saria irabazi zuen. Bigarren partea, urte berean, debekatu egiten da, Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren aginduz, 1958.erarte ez da publikoki ikusten. Hirugarren partea ez da inoiz filmatuko.
1948.ean, 50 urterekin, bihotzeko atakez hil zen.
Potemkin guduntzia
1905. urtea Iraultzaren antezedente bat gertatu zen. Odessan Ukraniako itsasportu nagusienean, "Potemkin Printzea" zelako guduntziko tropa, untziko nagusigoaren kontra altxatu zen. Hogei urte beranduago, urtehurrena hospatzeko filme bat egin zen. Sineskaitza egiten zaigu, pelikula ikustean, honelako lan bat bi hilabetetan eginik eta 17 egunetan muntatua dagoela jakitea. Kronika baten gisa aurkeztu arren, drama baten egitura du filmeak. Dramaren bost atalak hauk dira:
I.- Gizonak eta harrak: Untziko gizonen egoera, okela hartsua...
II.- Alkasarreko drama: Mutina.
III.- Iraultzaile hilaren hilketak: Manifestazioak. Bandera gorria.
IV.- Odessako eskilarak
V.- Armadarekin topatzea.
Atalek elkarrekin zerikusi gutti eduki arren zerbait ba dute berdin: atentzio-puntuek eta deskantsu-puntuek erritmu bat markatzen dute. Muntaia egoki baten bidez, filme osoak sinfonia baten antza ematen du.
Pelikula egiteko, medio urriak zituzten: egiazko Potemkin aintzina zatikaturik zegoen, baina bere biki batek, zaharturik baztertua zegoena, haren papera egingo du. Ezin daiteke higi Kostaldean dagoenez, itsasora begira egingo da errodaia guztia. Hamabost egunetan latez inguratzen da untziaren zubia, blindaia antza emateko.
Aktoreak ez dira profesionalak. Guduntziko medikuarena egiten duena, bi ordu lehenago argi foku bat eramaten ari zen; kaperauarena, lorezain bat zen... Honela lortzen diren espresibitateek ez dirudite artifizialak. Aktoreek ez dute beren papera jokatzen, edozeinek bere papera bizi egiten du.
Eisenstein-en sinbolismoari buruz, bi hitz. Lengoaia zinematografiko batez baliatzen den artistak, lengoaia hori landu eta potentziatu egin behar du. Orduko denborako zinegileek, sinboloekin jokatzeko mementuan, planu baten ondoren beste bat, sinbolizatua, jartzen zuten, "collage" antzeko zerbait eginik. Eisenstein-ek hori ere erabiliz, beste gauza asko egiten ditu, hala nola, guduntziko medikuaren betaurrekoak fokatzen dituenean, medikua bera, uretara botea fokatu beharrean. Hizkuntza zinematografikoa aberastu egin da.
Pelikula honen sekuentziarik hoberena, askoren ustez, Odessako eskilararena da. Sekuentzia hau ez da gidoian agertzen. Baina ingurua hartuz, direktorearen trebetasuna bertan nabari da. Lehen planuekin, —emakumearen aurpegia—, fokapenetan, —botak—, higidurekin, —haur-kotxearekin—, eta, batez ere, denbora efektuekin, —sekuentzia osoak 6 minutu dirau—, antologiko den lan bat lortu du.
Gauza asko gehiago esan daiteke filme honetaz. Azken eskenan agertzen den Armada, adibidez, ez zen errusiarra, dokumental batetatik hartua baizik. Edo eta hain superrealista agertu den behelainoko eskena, ez zen lortu horrela lortu nahi zelako, baizik eta errodaia egunean behelainoa agertu zelako, eta beste egun batetan errodatzeko denborarik ez zegoenez,...
Bukatzeko, filme hau filme-hibai bat nahi zen izatea, 1905.ean gertatutako pasadizoen kronika, baina soilik Potemkin-en eta Odessan gertatu zena errodatu zen, iraultza osoaren imajina bat bezala. Eta gertakizun hau irudi edo sinbolo egokia zen.
Beste filme batzu
"Guduntzia" ez da filme bakarra egilea justifikatzen duen obra. Aitzitik, Eisenstein-ek beste filme batzu ere, oso onak, egin zituen, nahiz eta honen arrakasta handirik kritikariengan eta jendartean ez eduki. "Iraila" hizkuntza zinematografikoaren iraultzaile izan zen halaber. Hemen elementu sinbolistak ugariagoak dira. Hala ere, historiaren kausaz, filme hau ukitua eta berrukitua izan da. Adibidez, originalean zeuden pertsonaietarik, Kerenski, Lenin eta Trotski, azken hau pelikula definitiboan ez da ikusten. Gauza honek pelikulari ekilibrioa galerazten dio. Gerra Mundialaren aurretik egin zuen "Alexandre Newski" filmean, Zaldun Teutonikoen —Germaniarren— aurkako mugimendu popularra azaltzen da. Hemen ere berrikuntza asko egiten du, soinu teknika bereziaz aparte.
"Ivan terriblea" izango da, hala ere, bere filmerik eztabaidatuena. Zinema psikologikoan sartzen da. Ivan-en pertsonaia aztertuz, berarekin zeukan antzaren kausaz, beharbada. Argia, higidura, masen mugimenduak, soinua eta beste gauza asko bere azken obra honetan nahastatu egiten dira, kolorearen usarioarekin (filmearen bigarren parteko zati batetan).
Zine iraultzailea
Eisenstein-en ideologia argia zen: bere burua marxista-leninistatzat jotzen zuen, eta estatu sovietar berriarekin identifikatzen zen. Horregatik, Lenin-en esaldi famatu hura (zinea arteetarik iraultzaileena da) konkretizatzen ahalegintzen da. Tematika iraultzaile batek exigitzen zuen hizkuntza zinematografikoa sortu zuen. Sintesi hau izan da Eisenstein-en lorpenik haundiena. Ba dirudi honelako zinea ez zela guztiz onhartua Europan zehar; adibidez, "Guduntzia" Espainian 1936.ean eman zen lehendabizi, eta Frantzian, 1953.ean.
Bere pelikuletan, heroi isolatuaren papera, masetatik bereizia, ez da agertzen. Protagonismoa herriak du. Zinea nola ulertzen zuen ikusteko datu bat: 1934.ean Goebels-i, nazi propaganda ministrariari, eskutitz bat zuzentzen dio, non bere filmeetan datzan pentsamoldea agertzen baita: "Denok dakigu ezen soilik bizitza errealak, bizitzari buruzko egiak eta bizitza horren benetako errepresentazioak, egiazko arte bat, oinharri gisan zerbitza dezaketela."
Antza denez, Eisenstein bera, honelako pentsamolde batetik pixkat aldendu zen, zine psikologikoan eginiko sarrerak Stalin-en funtzionariengandik hartutako kritika oso gogorra baitzen. Bere bizitzaren azkenean eginiko autokritikan, "Ivan terrible"ari buruz, zera dio: "Kreazio artistikoaren berotasunean gure arteak zerbitzatu behar dituen ideiak, ahantzi egin ditugu... zinearen helburu nagusiak eduki ideologikoa eta egia historikoa izan behar dira".
Honelako kreatzaile bati, sozietate berri baten alde bere kreatibitatea jarri duenari, eta bere sorpen kapazitateari oztopoak jartzea, —Ivan-en hirugarren partea egitea debekatu zitzaion— penagarria da, beste obra on askoren egile baitzitekeen.
I. Zuazo
Donapaleuko ikastola hertsia izanen dela eta, Deustuako Ikastolak gutun hau bidali dio Frantziako kontsulatuari.
FRANTZIAKO KONTSULETXEA. BILBO.
Gure Jaun agurgarri hori:
Bilboko egunkarietan, Donapaleu Ikastola hertsia izanen dela irakurri ondoren, DEUSTUAKO IKASTOLAK eta bere izenean Arduradunek eta Irakasle guziek hauxe agertu nahi dute:
Frantziako Heziketa Ministrariari, Kontsulatu horren bitartez, gure haserre beroa, neurri hori gure herri-nortasunaren aurka doalako.
Zapalkuntza horren aurka gure eritzia zein den agertuz, eta zuzengabekeria hori aurrerantz joango ez delakoan, agurtzen zaitugu.
11.10.77
***
Bilbon, 1977 - Urriak 18
EHGAMek (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimenduak) berriki promulgaturiko Amnistia legearen aurrean, Amnistia motza dela pentsatzen du, eta oso zerikusi txikia duela Euskal Herriak eramandako borrokarekin. Ondokoak dira, gure ustez, lege honen mugapen nagusienak:
- Ez du epe osoa abarkatzen, legea bizitzen hasi arte.
- Errepublikar militarren Harmadara birsartzerik ez du hartzen, ez eta UMDkoena ere.
- Ez ditu emakumearen deliktu bereziak amnistiatzen.
- "Ley de Peligrosidad y Rehabilitación Social" delakoagatik espetxeratuentzat ere ez dago amnistiatzerik. Homosexualak bezala, Amnistia lege honen huts honetaz bereziki ukituta sentitzen gara.
- Ez du ere preso sozialik amnistiatzen, COPELek zuzentasun osoz eskatzen duenez.
- Polizi pertsekuzioagatik exiliatutako langileen arazoa ere ez du ukitzen, lanera birsartzeko eragozpenen aldetik.
Hau guztionegatik EHGAM-ek eritzi publikoari, herri erakundeei eta alderdi politikoei dei egiten die mobilizazioetan jarrai daitezen, erregimen faxista batetik beste demokratiko batera igarotzeak behar izaten duen egiazko Amnistiaren alde.
EUSKAL HERRIKO GAY ASKAPEN MUGIMENDUA
E.H.G.A.M.
***
Hemen argitara ematen dizuegun hau postaz etorri zaigu, inork izenpetu gabe, noski.
Guk egiten ditugun lanak sinatuak izaten dira, anonimo batetan baliatzen direnak zerbaiten beldur dirateke.
"ANAITASUNA"REN PRAILE KORTOMENTALEN LETANIA:
Zuzendaria: — Euskal Herriko demente ta praile prostitutoen saldoa!
Guziak: — Gu gara, yauna!
Z: — Euskal Herriko disenteriaren kaka odolgorri saldoa!
G: — Gu gara, yauna!
Z: — Euskal Herriko txerrikozefalo saldoa!
G: — Gu gara, yauna!
Z: — Euskal Herriko borrikozefalo saldoa
G: — Gu gara, yauna!
Z: — Euskal Herriko tripa ustela saldoa!
G: — Gu gara, yauna!
Z: — Aaaa..a.. le..luiá!
G: — Aa...a..le..lu..iá..!
Z: — A...a..a...a..!
(berriz, desasnatu arte)
***
†
GOTZON GARITAONAINDIA abadea
(Bakean bego)
Orain duela 7 urte poliziek tratu txar eta zigorrez jota, gaixotu eta hil egin zenari. Urdulizeko erretore katolikoak haren gogorapenerako hileta meza egitea debekatu duen honi, guk, harengatik euskaldunok, Gotzonen ideologiaz konforme ez gaudenok, sinismen guztien gainetik laguntasuna bidezkoa den uste dugunok, gure errespetu handia eskaini nahi diogu.
Bere euskarazko ikasleak
Kirolaren azterketa kritikorako segitzen ari garen bidean, oraingo honetan kirolaren zentruan dagoen pertsonaia hartuko dugu gaitzat: kirolaria bera, hain zuzen ere. Amateurra zein profesionala, hemen interesatzen zaiguna, kirolari publikoa da.
Kirolari publikoek urte gutti batzu (hamar bat gehien jota) dituzte beren karrera egiteko. Gero, haien bizitza erabat aldatuko da eta sarri defentsarik gabe aurkitzen dira gizartean, beronek ez baititu lan iraunkorrerako prestatu, begien hertsireki batetan pasatzen den bizitze zoragarri batetarako baizik. Egun batetako loreak dira; eta gero zimeldu egiten dira.
Gutti batzuk karrera ederra egiten dute, hainbat milioi irabazten dutelarik. Eta diru hori ongi eta zortez enplegatzen badute, poliki biziko dira gero ere. Hala ere, ohorez eta diruz estalirik daudenak, salbuespenak dira, nekez eta kontrolez bizi direnen artean. Gehienak ametsezko erreinu batetan bizi dira, gero bapatean desagertuko den mundu batetan. Hori da erdi mailako kirolarien —eta horrelakoak dira gehienak— errealitatea. Eta txarrago dena, horrela bizitzearren, prezio latza ordaindu behar dute.
Kirolarien lanbaldintzak
Beharbada, honekin hasi aurretik, amateur eta profesionalen arteko desberdintasuna egitea komeniko litzateke. Teoriaz —baina teoriaz soilik— amateurrek ez dute dirurik kobratzen kirola praktikatzeagatik; profesionalek, ordea, bai, azken batez horretaz irabazitakoaz bizi baitira. Praktikan, hala ere, ezagunegia dugu amateurrismo marroia, amateur gisa katalogaturik dauden kiroletan batez ere: atletismoan (eta orohar olinpiadetako kiroletan), basketbolean, eta bestetan. Estatu edo erakunde batek kirolariaren bizitza berezia finantziatzen —ondo, gainera— duenean, eta pertsona horrek partehartze hutsagatik haserarako fixo bat kobratzen duenean, nekez hitz egin daiteke profesionaltasun gabeziaz. Baina hitz egiten da. Eta Sovietar Batasuneko eta beste estatu batzutako kirolari "amateurrak" besterik gabe onhartzen diren arren, neurri gogorrak hartzen dira beren izena propaganda arazotan sartu dutenekin. Hauxe da, adibidez, oraintsu Frantzian Guy Drut-ekin gertatu dena (eta hori Montreal-eko Olinpiadetan urrezko domina irabazi zuen arren).
Dena den, kontsidera dezagun kirolari profesionalen lana. Kirola pertsona horren lana den arren, kirolariak kontratu laboralik ez duela esan behar da. Kasurik onenean, kontratua bizpahiru urtetakoa izaten da. Horrela segurua da entrepresariarentzat, zeren eta gustatzen ez bazaio edo errendimendu onik ez badu, berriro ez kontratatu eta kito. Hori bai, beste langileek duten kontratuekin gonbaratuz, handiagoak ohi dira kobratzen dituzten nominak; eta gainera, horrekin batera primak ere kobratzen dituzte (zerbait positibo lortzen dutenean).
Baina diru hori da, azken batez, kirolarien buruen gainera dagoen tranpa pozoitsua, zeren eta horren kausaz pozik bizi baitira, enganiaturik. Eta kirolariek dirua irabazten badute, are gehiago irabazten dute klubetako zuzendariek, edo klubak berak. Futbolaren kasuan, adibidez, kontratua bukatzean klubak erretentzio eskubidea ohi du, kirolariari beste inorako bidea hersten diolarik. Eta hark kontratu berri hobea lortzen badu, klubak ere etekin ederra lortuko du, agian kirolariak berak baino hobea.
Bestalde kirolariak bere bizitzan pairatu behar duen kontrolea, edozein erreglamentazio laboraletik kanpo geratzen da. Kontrolatu egiten da erabat kirolariaren bizitza pribatua: parrandarik ez, alkoholik ez eta andre konturik ez (norberarena izanik ere ez). Lehen biak nahiko ulergarriak —neurri batez— badira ere, hirugarrena ez dugu ulertzen. Oraindik ere, amorea egitea (larrua jotzea halegia) kaltegarria dela edo kontsideratzen da, gaur eguneko sexologiaren ezagumenduak kontutan eduki gabe, eta pertsona (eta bikotearen) osotasun eta oreka psikologikorako lagungarri ez bailitzen.
Kontrol neurrien efikazia segurtatzeko, kontzentratu egiten dituzte kirolariak, lehiaketa aurretiko egunetan, aparteko mundu batetan, gartzela batetan. Arazo hau oso nabarmena da futbolaren kasuan. Honela, errendimenduaren izenean, apurtu egiten da kirolariaren bizitza pribatua. Kontratuan erosi egiten da kirolariaren afektibitatea bera ere; eta kirolariak urrezko kaiola batetan gorderik baileuden bizi dira. Haur gisa —eta barka biezadate haurrek— tratatzen dituzte, erantzunkizun profesionalik gabeko pertsonak bailiren. Ez dago inolako konfidantzarik kirolariengan. Erantzunkizuna edukitzeko gai diren bakarrak, gertalariak dira. Haiek hauen esanetara makurtu beharko dute, diziplinarik espartanoenaz.
Kirolariak eta lesioak
Beste ogibideetan bezala, kasu honetan ere istripuak jazotzen dira. Hauetariko batzu, guztiz nahigabeki eta ustegabeki gertatzen dira, baina beste batzu apropos eginikotzat jo behar direla esanen nuke. Honetaz, bi talderen arteko konkurrentziazko kirolak aipatu behar dira berriro ere eta, gure artean duen garrantziagatik, futbola bereziki.
Dirua erdian dagoela, edozein gauza da posible, lesio fisikoak barne. Lotsagarria bada ere, segurutzat jo behar da, futbolean gertaturiko istripu askotan lesioa sortzeko intentzionalitatea egon dela. Kasu horretan, egintza hori kriminalitate intentzionatuaren mailan juzkatu beharko litzatekeela dirudi; baina, bai zera! Lesioa sortu duena libre geratzen da, beraren aurka inolako akzio judizialik segitu gabe. Izan ere, futboleko arautegian adierazten denez, futbolariek eraman ditzaketen akzio guztiek beren Federazio barnekoak izan behar dute; bestelako tribunaletara ezin jo dezakete.
Zoritxarrez, Euskal Herrian ere ezagunak ditugu lesio grabeak pairatu dituzten batzu: Clemente eta Ortuondo adibidez. Lehenak, ostikada (intentzionatu?) baten erruz bizitza guztirako galdu zuen bere futbolari gisako lana, sasoirik onenean zegoela. Eta zertzu neurri hartzen dira lesio-sortzaileen aurka? Txartelen bat —kasurik gogorrenean gorria— eta kito. Gero laster hasiko dira futbol zelaiak zapaltzen eta hondatzen. Eta batzutan, gertalarien aginduen arauera jokatu dutela esan behar. Bapo mutilak!
Azken denboretan, eta kriminalitate hori mugatzeko asmoz, ideia interesgarriak agertu dira. Adibidez hau: Futbolaria lesionaturik dagoen artean, lesioa falta eginez sortu duen futbolariak jokatu gabe egon beharko luke. Zer deritzozue? Noski, arazo eta konponbide hau oso ondo arautu beharko litzateke, zeren eta bestela tranpak eta abusuak ere laster agertuko bailirateke, inozenteen aurka eta azerien alde "legea non, tranpa han" gertatzen dela ongisko baitakigu.
Kirolarien eritzi pertsonalak
Aldizkari askotan egiten zaizkien elkar hizketa sasipertsonalak gorabehera, kirolariek publikoki ager ditzaketen eritzi bakarrak, teknikoak —eta ez kritikoak— dira. Diziplinaren izenean, eritziak ere saldu behar dituzte kontratuan. Erdi debekaturik dute dena. Eta inoiz bere taldearen antolamenduaren aurkako kritikarik egiten badute, beraren gainean eroriko diren zigor agiri edo/eta ezkutuak gogorrak izanen bide dira. Noski, diziplina gorde behar dela esanen dute, sagarraren barne aldea usteldurik badago ere.
Eritziak politikari buruzkoak badira, kontuz ibili beharko dute. Gogora gaitezen, adibidez, Iribarrek eginiko "bekatuaz". Amnistiarekiko konpromezua hartu zuenetik, ez da gehiago agertu Espainiako selekzioan; eta ez merezi ez zuelako, guztiz alderantziz baizik: Espainiako kirolaren zuzendarien eritziz ez-jokatzea merezi zuelako. A! Eta ikurrina bere eskuetan erakutsi zigunetik, are mereziago zuen. Zer demontre! Kirola ez da politikarekin nahastu behar.
Ikusten denez, ba, kirolaria makina bat bihurtu behar da. Bere kirolarako soilik bizi den eta funtzionatzen duen makina bat, sentimendurik ez duen makina bat, afektibitaterik ez duen makina bat, lankontratu laboralik ez duen makina bat, diziplinaturik funtzionatzen duen makina bat, eritzi propiorik ez duen makina bat,... Makina bat.
J. R. Bilbao
Musika
Gure musikaren sustrai bila: Benito Lertxundi
Atera dira Benito Lertxundiren azken bi diskoak. Biak azal berdin batez, eta "ZUBEROA" eta "ASKATASUN SEMEEI" izenpetuak. Ondo ezagutzen da Benitoren ibilbidea diskografia mailan. Eta lan berri hauetan, askoz hobeago ikusten dira bere helburuak.
Hala azaltzen du azal barnean:
"Gure kantuei musikazko janzkera bat ematekotan kanpora joan beharra dagoela askotan esan ohi da; besteak beste, gure herriko musikarien urritasunagatik. Baina, kanpoan ematen dieten janzkera moeta ikusi ondoren, bistan da, euskal musikari doazkion harmonizazio moeta eta musika tresnak geurok aurkitu beharko ditugula. Euskal musikariak bide horretara bultzatzea eta sentsibilitzatzeak ere kantarien egin beharra izan beharko du, baldin eta kantariak euskal kantuaren bila badoaz behintzat.
Baina, horretarako lehenbizi kantariak berak gure mundu bereziaren bilaketan murgildu beharko du, mementuko arrakastaz gehiegi kezkatu gabe, noski."
Eta bide horri jarraituz, oztopo eta ulertezintasun asko hartu arren sektore batzutatik, Benitok nahiago izan du aintzinako formak berriztatu, espresiobide berriak sortu edo ikertu, gaurko egoerari begirada bat eman edo bere kantetan problema konkretuak azaldu ordean.
Diskoetan sartuz, merezigarria da benetan pedal nota erabiltzea, orain arte ezezaguna gehienentzat, eta hala ere, erabiltzen diren tresnak, batzuk herriko tresna zaharrak topatzen egindako lanagatik, kornamusa, xirula, flauta, akordeoia, arrabitak, kitarrak, harmonikak, pianoa, organoa, eta abar. Ahotsak ere fin eta ekilibratuak agertzen dira.
Benito harmonizatzaile bezala agertzen da, eta puntu honetan besteritzi bat dadukagu bere lanaz. Alde batetik, disko guztiak harmonizazio oso sinplea erakusten du, baina ez horregatik itsusiagoa, eta bestetik organoan sarrera batzutan Ingalaterrako talde oso famatu baten infludentziak larregi nabaritzen dira, nahiz eta organoa laguntzaile bezala agertu, eta beste tresnak ondo ezberdinduta agertu.
Azala, oso ona iruditzen zaigu, bertan fotoak eta grabatuak, diskoaren mamiarekin guztiz egokiak dira.
Lan on bat ikusten denez, eta musikazale on batek eduki behar duena, ikus, entzun eta aintzinako doinuak, Benitoren ukituarekin, gaurko euskaldunen azpikontzientean pizkatxo bat sar dadin.
ERLETXE
Sukalderako saltsak
6 lagunentzat beharko dituzu:
Hiru tipula handi, 2 litro ur, salda egiteko pastila bat (Avecrem, magic). 100 gramo gazta birrin. 50 gr. ogibirrin (1). Gatza. Biper-hautsa.
Zatika itzazu tipulak. Tipulak urpean zatitzeak ez du negar egiteko gogoa eragiten. Ipin lapiko batetan tipula zatiak doratzeko behar duzun olio, gurina edo margarina. Dora itzazu zatiak eta bota bertara ogi birrinak. Utz ere frijitzen. Frijitu ondoren bota itzazu berehala 2 litro ur eta pastila. Utz egosten 20 minutu gutti gorabehera. Bota iezaiozu nahi baduzu biper-hauts pixkat. Aparteko katilu batetan ipin gazta birrindua eta mahaira eraman, mahaikideek nahi adina zopa gainean ipintzeko eduki dezaten.
On egin.
(1) Pan rallado - Chapelure.
Gramatika
Azalduko dugun puntu honen erabilkeran, hankasartze handiak agertzen dira, bai hizkuntza mintzatuan eta bai hizkuntza idatzian ere. Arazoa gramatikazko hitzez izendatzeko zeharkako galdera aberiguatiboen kasua aztertuko dugula esanen dut.
Zertan dago, ba, erabilkera okerra? Hara! Behin baino gehiagotan "ea etorriko bazara galdetu dizut" erako esaldiak entzun eta irakurtzen dira, "ea etorriko zaren" edo eta "ea etorriko zarenentz" esaldien ordez.
Dirudienez, arazoaren sorrera erdararen (inguruko erdaren) eraginean dago. Erdarazko si partikula azentugabeak bizpahiru erabilkera desberdin ditu.
Hauen artean zeharkako galdera aberiguatiboa ("a ver si vienes") eta kondizionala ("si vienes, iremos juntos") ditugu. Erdaraz, bi egitura desberdin hauk aiderazteko partikula berbera erabiltzen da; euskaraz ordea, oso egitura desberdinez adierazten dira: "ea etortzen zaren" eta "etortzen bazara, elkarrekin joanen gara". Eta hor sortzen da nahastea: euskaldun askok forma kondizionala erabiltzen dute kasu bietan, lehen forma bitxia eta arraroa delakoan edo. Honelatan, ba, "ea etortzen bazara galdetu dizut" erdarakada bat dateke.
Sebero Altubek aspaldi aztertu zuen arazo hau eta bai argiro azaldu ere. Beraren lanari buruz, inork zehaztasun gehiagorik nahi badu, ERDERISMOS liburuko 119 eta 189 puntuetan aurkituko du. Gainera, bertan hainbat adibide ere ageri dira. Izatez, ondoko adibide hauk bertatik hartu ditugu, gaur eguneko idazkerara moldatuz:
GAIZKI
— Ez dakit asko ala gutti badauka
— Ez dakit joanen banaiz ere
— Ea bihar joanen bazara
ONGI
— Ez dakit asko ala gutti daukan
— Ez dakit joanen naizen ere
— Ea bihar joanen zaren
Izatez, esaldi hauen substraktuan galdera bat dago: Asko ala gutti dauka? Joanen al naiz? Bihar joanen al zara? Galdera hauk zeharka egitean, beste esaldiak ageri dira.
Zeharkako galdera bai ala ez erantzutekoa denean, esangura argiroago markatzeko, -(e)nentz (-(e)nez) atzizkia erabiltzen da. Honela:
Presarik gabe etorri zarenentz jakin nahi dugu
Hori egia denentz galdetuko diogu
Aipaturiko -(e)nentz atzizkiaren ordez, batzuk -(e)n ala ez erabiltzen dute. Honela:
Presarik gabe etorri ala ez jakin nahi dugu
Hori egia den ala ez galdetuko diogu.
Baina, dirudienez, egokiagoa dateke goiko atzizkia. Axularrek berak, gaur egun nahiko arkaikoa den -(e)nz atzizkia erabiltzen zuen kasu hauetan:
Ea banaloriarik gabe egin ditugunz
Dena den, gaur eguneko batasunerako, egokiago dirudi, Bizkaian —eta prezeskiago esateko, Gernika aldean— bizirik dagoen -(e)nentz atzizkia erabiltzeak.
J.R. Etxebarria
Gurutzegrama
Gramatika
Arazo hau eta zeharkako galderen arazoa loturik doaz. Eta kasu honetan ere nahasteak daudenez, azalpen ttiki bat ematea komeni da.
Fonetikoki eta ortografikoki oso antzerakoak diren hiru partikula nahasten dira: ea, ia eta ja (jadanik). Bakoitza zein kasutan erabiltzen den aztertuko dugu:
1) Ea. Zeharkako galderatan erabiltzen da. Baina, edozein modutan, ez da beharrezkoa esaldian galdegileren bat dagoenean (adibidez, nor, noiz, zer,...). Ikus itzazue adibide hauk; ea partikula parentesi artean jartzen dugu, nahi izanez gero —baina ez halabeharrez— erabil daitekeela adierazteko:
(ea) egunero nora joaten zaren itaundu dizu
(ea) zer ordu den galdetu digute
(ea) noiz irtenen diren ari dira pentsatzen
Hala ere, jatorrizko galdera bai/ez erantzutekoa denean, askoz ere lagungarriago gertatzen da ea partikula. Ia-ia beharrezkoa dela esan genezake, guztiz horrela ez bada ere:
ea txoria ekarri dudan galdetuko didate
ea elkarren lagunak zareten itaundu diete
Horretaz gainera, partikula hau adore emateko esaldietan ere erabiltzen da:
Ea mutilok! Aurrera!
Ea lagunik datorren!
2) Ia. Hitz honek zentzu konkretua du; hain zuzen ere, gauza bat guztiz eginik ez dagoela, baina osorik egin gabe dagoela adierazi nahi du. Horrela, ba, ia eta kasik berdinak dira:
Gutti falta zaigu; ia-ia bukaturik dugu
Ia arnasarik gabe geratu da.
Lehen adibidean ikusten denez, sarri errepikatuz erabiltzen da hitz hau.
3) Ja edo jadanik (jagoitik). Hitz hau inguruko erdaretatik hartua bada ere (ya, déjà), nahiko erabilia da euskara mintzatuan. Euskara idatzian, jadanik forma erabiltzen da nagusienik (jagoitik ere nahiko erabilia da).
Jadanik konpondu egin dugu arazoa
Jadanik hiru baso ur edan ditugu
Hiru hitz hauek bariante fonetiko desberdinak dituzte eta, beharbada, horixe dateke zenbait nahasteren iturburua. Bizkaiko euskalki barnean, honako aldakuntza progresibo hauk gertatu dira: ea > ia > ie, ia > ija (ixa) > ije eta denak bizirik daude eskualde desberdinetan, eta hortik datorke nahastea. Ja forma, ordea, horrela erabiltzen da —ez noski giputzen j soinuaz, Bizkaikoaz edo Lapurdikoaz baizik—. Eta Lapurdi aipatu dugunez, diogun ohar gisa, ezen iparraldeko euskalkietan eia, heia, hean formak erabiltzen edo erabili direla.
Dena den, hemen emandako azalpenari jarraikiz, ea ongi eta denok berdin erabiltzen ditugun!
J. R. Etxebarria
Zapaburu birbiztua
Kaleko [Komikia]
OLARIAGAKO
A new method for learning Basque
Xabier Gereñogatik Arestik hura "inhurri langilea" zela esaten zuen. "Pixkanaka-pixkanaka, baina eten gabe ari da gizon hori —zioen—; zerbait buruan sartzen bazaio, ekinaren ekinez edozein oztopo gainditzen du horrek". Eta egia. Gereñok, hainbeste artikulu, hainbeste elaberri irakurterraz, hainbeste disko, mapa eta jostailu atera ondoren, sorpresa berria eskaini digu: euskara ikasteko bere methodoa, autodidaktikoki erabiltzekoa, orain ingelesez: A new method for learning Basque.
Amerikako euskaldunen semeentzat, seguraski, oso mesedegarria gertatuko da, bai eta, munduan zehar, ingelesez jakinik, gure hizkuntzaren berri jaso nahi dutenentzat ere. Euskaldunok, halaber, liburu horretaz alderantziz balia gaitezke, euskaratik ingeles ikasteko halegia, horrela erdararen zubitasunaren morrontza gaindituz.
Itzulpena M. Dean Johnson-ek egin du, eta, gainetik ikusi ahal izan dugunez, oso ongi moldatu ditu textuak. Zorionak ematekoa da. Euskara, arlo batzutan oso berezia eta aparta izan arren, joskerako beste puntu askotan zinez esan daiteke ingeles estrukturekin baterago datorrela gaztelania-frantsesezkoekin baino. Eta liburu honetan hori ongi nabari da.
Xabier Gereñok, ingelesezko edizio honen ondoren, beste bat, frantsesez, aterako du —ia bukaturik dago beronen itzulpen eta moldapena—, Etxaparek eta Iparragirrek nahi zutenez, horrela euskara mundu guztira ibil dadin, bere fruitua emanez.
X. K.