ANAITASUNA
1977.EKO HAZILAREN 15EKOA ETA ABENDUAREN 1EKOA
ZENBAKI BEREZIA
351-352. ZENBAKIAK
50 PTA.
[AZALA]
euskal ezkerraren errierta antzua
Euskal Ezkerraz zenbait gogoeta
ARRANTZALEEN JUDIZIOA
ANAITASUNA
1977.EKO ABENDUAREN 15EKOA
353. ZENBAKIA
50 PTA.
ANAITASUNA
Bizkaia
hamabosterokoa
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealday
Urteko abonamendua:
Bertorako 700 pezeta
Latin Amerikarako 800 pezeta
Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta
Ale bakoitza: 35 pezeta
[AZALA]
JON MIRANDE
AUTONOMI ESTATUTUA
jaio gabea sutan
Leg. Gor.: BI-1753 - 1967
Editoriala
Autonomiaurrekoaren zikoizkeria
Euskal Herrirako autonomiaurreko erregimen bereziaren textua jadanik bukaturik zegoen. Bai parlamentariak eta bai Gobernuaren ordezkaria, Clavero Arévalo ministraria, akordio batetara helduak ziren. Nafarroarekiko arazoan konpromezuzko formula aski egokia lortua zen. Mundu guztiak, euskal ezkerrak berak ere bai, textu horren alderdi positiboak seinalatu eta onesten zituen Euskal Herrian. Ba zirudien, beraz, dokumentuaren onharpena egun guttitako arazoa zela.
Bi egitada etorri dira baina, esperantza hori zapuztera. Alde batetik PSOEk, autonomiaurrekorako lehendakaritzaz sorterazi duen eztabaida lerdo eta funts gabea, bere alderkide aski desegoki bat hor jarri nahirik. Bestetik Nafarroako UCDekoek eta Suarezek, azken orduan, ateratako bainak eta ningunoak.
Leizaolak —eta gure ustez oso zuhurki— ez du bere kargua utzi nahi legezko autonomia oso(ago) bat jarri arte. Izan ere, bera gobernu autonomo baten ondorengo zuzen eta historikoa da, eta ez autonomiaurreko batena. PSOEren aldetik, zalantzarik gabe, Ramón Rubialen kandidatura euskaldunontzat egiazko probokazioa da; eta bikoitza gainera. Alde batetik gizon horren antieuskalduntasun nabaria dago. Ez dira gutti Erandion, kasu, Rubial sozialista gerraurrean euskal nazionalisten kontra nola tiroka ibiltzen zen ongi gogoratzen dutenak. Agian ordutik hona jarreraz aldatua dateke, baina ez du deus egin gure nazional problematikara hurbiltzeko. Euskara ere ez daki gure nazioaren ordezkaritza eta burutza nahi duen pertsona horrek. Ez dezagun ahantz, bigarrenik, Rubial Espainiako PSOEren "presidentea" dela. Bere PS de Euskadi-z deserdirapena aldarrikatzen duen alderdiak, hortaz, ezin zezakeen hori baino kandidatu desegokiagorik aukera.
Nafarroan, bestalde, Amadeo Marco txakurzaleak, UCD eta APeko eskuindarrekin, Euskal Herriaren kontrako manifestaldirako deia egin dute. Jende gutti etorri zitzaien, eta ondorioz, kontrara, diputazio demokratiko baten aldekoek beste egin, nafarren erantzun askoz ugariagoaz.
Tira-bira hauetan Suarezek denbora hartu eta autonomiaurrekoaren textua —Nafarroari dagokionez bereziki— murriztu eta urritu egin nahi. Nafarroako UCDekoen presioz, noski. Hemen ere UCD VASCAkoei seriostasun pixkatxo bat eskatu behar zaie. Alderdi berekoen artean, guttienezko diziplina eta batasunaren izenean besterik ez bada ere, hain arazo larritan beren jarreretan kontsekuenteago izan beharra dago. Ezin daiteke Bizkaian, Nafarroa Euskal Herria dela esan, gero Nafarroako beren alderkideek horixe ukatzen duten artean. Eta hau argitzen ez diguten artean, UCD DE VASCONGADAS izen egokiagoa erabil dezatela!
Berriz ere betiko tranpan erortzen ari gara euskaldunok: geure etorkizuna Madrilen erabakitzen delako uste ustelean. Eta bertakoen behin eta berriroko murrizkeria zitala ikusi ondoren, orain berriz itzultzen gara, ezinbestean, bere etxean lasai utzia genuen Herriagana. Madrilek —hasieratik euskal ezkerrak zioen bezalaxe— aurpegira pix egin digula nabaritzean, manifestaldiak eta masen mugimenduetara jo behar.
Espainiako gobernu "anaikorrak", dena den, berriro ere bere borondate "ona" erakutsi digu euskaldunoi. Monzonek Errepublika garaiko Parlamentuan esandako hitz profetiko haik datozkigu burura: "Onean eta gizalegez orain bat eman nahi ez badiguzue, euskaldunok geurok txarrean eta indarrez bi lortuko dugu".
Asasinatzea ala hiltzea. Ba al dago ezberdintasunik?
Prentsaurreko batetan Espainiako barne ministrariarentzat Malagako asuntua ez da asasinatze bat izan, hiltze bat baizik. Kazetari batek bere aurrean "asasinatze" delako hori erabiliz gero, berak berehala alde egingo zukeen prentsaurre horretatik. Guk ez dakigu asko termino juridikoetaz. Hala ere, burjeseria batek bere defentsarako eginiko terminoak izanen dira haik. Guretzako edozein bortxapenez egiten den krimena bidegabekeriatzat hartzen dugu. Are gehiago ohituraz eta faxist pentsamoldez oinharritutako kriminal ekintza guztiak. Oraingo gobernuak indar zapaltzaileei antz neutrala eman nahi die. Orain arte ez dira inoiz eta inon neutralak izan. Eta honetarako frogak Euskal Herriak edonondik bila ditzake. Uniformeak aldatzea ez da aski.
Bestaldez eta indar zapaltzaileek buru gehiago hil ez dezaten, manifestaldiak egiteko eskubidea motzago izanen da hemendik aurrera. Honela poliziek hiltzeko okasio guttiago izango omen dute. Matematika modernoegia, Jaun andreok!!
Euskara jai
Preautonomiarako egongo den lehendakariak ez du euskara jakin beharrik, noski. Euskal Telebistak, barka ezazue, Baskal Telebistak saio ttiki batzu emango ditu euskaraz, noski. Ba dakizu minoria bat besterik ez garela. Gure seme-alabak programaturik egon daitezen zer ordutan izanen den galdetu nahi genieke arduradunei. Irrati guztiekin berdin egiten dugu orain. Halere, Bizkaiko irrati guztien artean hobea, dudarik gabe, Bilboko Herri Irratia dugu. Pentsa ezazue nolakoak izan daitezkeen gainerakoak. Bai euskaraz erabiltzean, bai eta programak egitean ere. Dena den, lehengo egunean, Abenduaren 8an, Herri irratiko frekuentzia modulatuaz hain gutti euskaraz entzutean honetarako arrazoia eskatu genion. Hara erantzuna: Jaia da eta. Ba dakigu, jai berezietan Irratiari entzuteko deretxorik ez duzu... euskalduna izanki noski.
Euskaraz blai
Buenos Aires Teatro Aretoan "Concurso de Masas corales Vascas" delakoa iragan den igandean, 11n, egin zen. Ez dugu guk honi buruz azterketarik egingo. Ez, betiko kontuan so egingo diogu. "Euskal" Kulturaren agerpide honetan euskarari eman zitzaion tokia salhatzera gatoz. Euskal kulturaren izenean erdara ere nagusitu egin zen. Elebitasuna? Ezta pentsatu ere! Egun on, edo... bai polita dela, edo egilea non jaio zen azaltzeko erabili zen. Sakontasunezko azalpen guztiak, solasa, sariak, benetako aurkezpena, euskaraz barik erdaraz egin ziren. Guztiau "euskal kulturaren izenean". Elebitasuna eskatzen den artean, "gure gauzetarako" ere diglosia ikaragarria erabiltzen da. Zer pentsatu behar da guzti honi buruz? Uste al duzue euskara eta euskal kultura desarroilatzeko gogorik dagoela? Hemen ere euskara, jaia zela eta, jai zegoen.
Euskara bai
Euskara ulertzeko gai diren ala ez, leporatu diguten preautonomiaren arduradunei esan nahi diegu, ondoko hau: EUSKARA BAI.
Ofizialkidetasuna ikusi nahi dugu, orain eta hemen. Telebistan erdaraz adina eta ordu guztietan euskara ikusi nahi dugu. Honetarako ez dago eperik. Ez dago konponbiderik. Gure arima ez da inon saltzen. Ez da truketarako gauza. O.N.U.ko erregelapena eta giza eskubideen erregelapena eskuan dugu. Bai ala ez erantzun diezagukete. Besterik ez. Kanale biekin nahiko ez bada, hiru edo lau jar dezaten. Honela ez bada ez da hemen inolako euskaldun demokraziarik egongo, eta zapaltzaileen kontra edozein gauza ona izan liteke.
Euskara ez
Ba dakigu ANAITASUNAKO jendea ez dela oso diplomatikoa. Edonoren kontra sartzen gara. Kritikak alde guztietatik datozkigu baina gu, halere, jo eta ke. Eta ez dugu amorerik emango. Guk ez dugu esan nahi errugabeak garenik, ez, mediorik bagenu igual leporaino hanka sartuko genuke. Bitartean beste batzu egiten ari dira hau. Zertaz ari gara? EGIN kazetari buruz ari gara. Non daude lehengo egun zoragarri haietako euskarazko tituluak? Non daude euskarazko artikuluak? Hori al da herriari prometatu egin zaiona?
Preautonomia horrek euskaraz ateratzen duten kazeta eta aldizkari guztiei subentzio bat eman beharko lieke. Estatu autonomoaren subentzioa. Hori ez bada egiten, euskara bost axola zaiela konprenituko genuke. Kitto.
Deiak hilaren 1ean 13. horrialdean J. M. OTEGUIK sinaturiko artikulu bat zekarren; hori da komentatu nahi duguna. Artikuluxkaren buruak zera zioen: "Contenido político de la alternatiba KAS".
Bertan, aipaturiko artikuluan, ez dagoke hain garbi zeintzu zitezkeen arrazoiak taktikoa den alternatiba estrategikoa denarekin nahasteko; egia esan, alde batetik pentsa daiteke periodista kretinoa dela, pentsa daiteke ere, bestalde, kazetariak zera lortu nahi izanen zukeela, hots, informazio nahasia eman jende arruntari KASekoen zorabioa frogatzeko asmoz, noski.
Artikulistak dioenez, KASen alternatiba zera bezala defini daiteke: "... de un modo simple como una postura de independencia para Euskadi, una organización social sin clases y un sistema asambleario como cauce de gestión política y económica". Bai jauna; hori da modu xinple batez definitzea, areago dena xinplekeriaz definitzea.
Eta, ostean datorrenak —esandako artikuluan— zehaztasun gehiago ematen dizkigu: "Sin embargo, quizás lo más importante en este momento sea su actitud ante la lucha armada. En este sentido, se manifiesta que se considera como una posibilidad política en determinadas circunstancias que, sin embargo, no se especifica". Zerbait esan nahi, edo papera bete behar eta deus ere esan ez: guzia bat; dakigunagatik KASek burruka harmatuari buruzko deklarapenik ez du eginik bederen. Eta aurrerago ausarkeria berberean abiatuz zer hauxe dio: "Ideológicamente se define como socialista revolucionario, partidario de un marxismo crítico y no leninista, ya que se muestra contrario al centralismo democrático" (sic). Horik ditut boluak! Tipo honek guzia nahasten du, hots, zentralismo demokratikoa eta KAS; nola arraio lor lezake horrelakorik? "Gure lurraren deia" eztarri hestuegietatik pasatzen dela dirudi.
Bene-benetako pitxikeria, sí señor!
Xiberoa ere Euskadi da
(Aidea: Bi berset dolorusik)
1
Larraiñeko hegitik Domintxaiñe zolara,
Txaranbelatzen dügü Xiberoko eüskara.
Euskaldünak girela, norjinen ükatzera?
Hor baikira killikor eta oso minbera,
Berhala joan laitezü Akamarren behera!
2
Domintxaiñetik hüillan Donapaule hiria,
Arteko ordokian Behaskane lilia.
Ostiraletan hortik, kasü gure hüxtia!
Ez gintira hüts egin asteko merkatia,
Hanko solazak eta Manexinen begia...
3
Libre doa korpitza, ez hainbeste gogoa.
Etsaiaren jokia da gure galtzekoa.
Eüskal-Herritik kentü nahi dü Nafarroa
Eta Nafarroatik berhezi Xiberoa.
Borrrokatüko dügü horren xede gaixtoa!
4
Denboran baginizün Suprefetüra Maulen.
Orai gure paperak non dira? Oloroen...
Jaun ttipien aferak ozke batgoiti, Pauen,
Handienak prefosta hegiz-hegi Parisen
Eta DEMARKAZIONE Saintia Behaskanen.
5
Korpitzentako egin baitzien Alemanek,
Arimentzat etxeki Frantziak eta Jaunek.
Egün oroz igaiten dizie haur zonbaitek,
Ikastola handian aurten hasi direnek:
Horren berri ez jakin Xiberotar hanitxek!
6
Müga sakatü nahi daikie bihotzetan,
Ontsa ikusten dügü "Sud-Ouest"-en kazetetan:
Manexeko berririk ez da gure etxetan,
Gure berriak aldiz Biarno xoko batetan.
Horrek ez diro iraiñ, ez, menteren mentetan!
(Aidea: Jeiki, jeiki, etxenkoak)
1
Jeiki, jeiki, Xiberoa, orai da tenorea,
orai da tenorea.
Zaint dezagün arrahainki etxenkoen ohorea
Bai eta ere honara bil behar den poterea,
behar den poterea.
2
Agur, agur, Nafarroa, Euskal-Herrien ama,
Euskal-Herrien ama.
Lehenago izan zira Euskaldün erresüma,
Zazpiek dügün algarrekin libra eüskal arima,
libra eüskal arima.
J.L. DAVANT
Euskaldunak aldizkaritik hartuak.
Larraiñe: Larrau (frantsesez)
Domintxaiñe: Domezain
jin: etorri
gira: gara
laitezü: liteke (zuka)
Akamarre: a) Gamarthe (frantsesez). Nafarroa Behereko herrixka.
b) Cames. Lapurdiko gaskoi herrixka. Ez dakigu zeini buruz dioen egileak.
Donapalue: Donapaleu
Behaskane: Behasque (frantsesez). Nafarroa Behereko herrixka;
gintiro: genitzake
ordoki: ordeka
manexina: nafarbeheretar emaztekia.
korpitz: gorputz
baginizün: ba genizun (genuen, zuka)
Oloroe: Oloron
prefosta: dudarik gabe
dizie: dute
daikie: digute
mente: mende
tenore: ordu, garai
arrahainki: axolaz
baitzien: baitzuten
diro: dezake
hüxtü: xixtu
Euskal Herrian
Autonomi Estatutua eta KAS-en alternatiba
Autonomiaurrekoa martxan?
Bere akats eta guzi autonomiaurreko iraganaldia euskal parlamentarien eskutik berehala Dekretu legez ezarria dugu. Beraz, autonomiaurrekoa ibiltzen abiatzera doa. Orain ikusteko gaudena zera da, aurrerapauso ala atzerapauso gertatuko den. Bertan ez da euskaldunon nazional subiranotasunik aitortzen, dezentralizaketa bat baizik ez baita. Halere, euskal barruti edo inguru jator batetik abiatzen bada, gaitzerdi. Abiapuntuko habeak, hau da, euskal herrialdeen finkapena, ezinbestean noski, guztiz ahula da, bai Nafarroak bai Arabak... beren parlamentariek nahi izanez gero libre baitira autonomiaurreko euskal barrutia bai onhartzeko bai gaitzesteko. Oinharri eskaxa autonomiaurreko honena, parlamentari horik neurri txiki batetan soilik baitira Nafarroaren edo Arabaren ordezkariak. Udal hauteskundeen ondotik areago hel diezaioke Nafarroak autonomiaurrekoari. Udal hauteskunde jator batzu bai izan daitezke nazional autonomiarako oinharri sendo, udal elkarteak izan baitira Euskal Herriko kondairan beren herri demokraziaren euskarri.
Beldur naiz, ordea, gure parlamentarien jokoa Herriak parte hartu gabeko arrisku gorrian, ustel ez ote den gertatuko. Autonomiaurrekoaren landarea oso ahula da, oinharri sendoan errotzeko bidea ez baita dezentralizapena, Euskal Herriaren subiranotasuna baino. Halere, oraingoz ezinbestean, benetako aurrerapauso bezala bilaka daiteke. Hala gerta baledi parlamentari horien lehen pausoa bultzatuko genuke. P.N.V.koak berak ere, ordea, beldur dira nahiz gobernuak nahiz Nafarroako U.C.D.k Euskal Herriko barruti jatorra boikotatuko ote duten. Une horretan bertan moztu beharko lituzkete parlamentuzko bideak oro, gauza guzti horien gaindik, haseratik behar zukeen bezala, Euskal Herriaren autoorganizazioa eta partehartze zuzena eraginez. Asanblada eta herri mobilizapen bidez salbatuko baita nolanahi ere Euskal Herriaren subiranotasuna eta bere etorkizuna.
Konstituziorako aurreprojektua
Konstituziorako aurreprojektuei bagagozkie, berriz, oraindik ere ilunagoa nabari da Euskal Herriaren etorkizuna eta berjabetasuna. Konstituzioak Espainiako (Iparra ez baita Espainia) Herrien autonomiak, eta beraz, beren subiranotasuna aitortu eta gordetzeko izan beharrean Estatu erdirakoi ahalguztidunaren dezentralizapen ikuspegi batetik lotu nahi da dena. Baina hortik Euskal Herriaren autodeterminazioa eta bere kulturazko, ekonomiazko eta politikazko hazkuntza bultzatu ez baina, bere zanpakuntza eta itopena (lokarria lasaiago delarik ere) jarraitzea baizik ez da.
Ikuspegi horren pean Estatu erdirakoiaren menpe jartzen dira bai ekonomi-fiskal ahalmenak oro, bai defentsa, indar harmatu eta ordenu publikoa ere. Akademi tituluak oro, berriz, erdikoiratuak geratuko dira.
Konstituziorako aurreprojektua, beraz, ez digu euskaldunoi deus soluzionatzen, gure etorkizuna baldintzatzen baizik. Eta aurreprojektu hau gorabehera gorteak aprobatua izan baledi, orduan bai nabarmen geratuko litzatekeela gure parlamentarien bidegabekeria. Ez dut esan nahi parlamentarismoaren aurka nagoenik, dadukagun parlamentarismoaren aurka baizik. Euskal Herriko egoeran parlamentarismoak zentzurik izatekotan herri mobilizapenen osagarri eta lagungarri besterik ez bailuke behar. Eta ez, egun gertatzen den bezala, alderantziz, parlamentariek Herriaren bizkarretik dihardute eta Herriaren mugimenduari lotu eta jarraitu ordez herri mugimendua geratu, eta beharbada, Estatu erdikoiarekin bat eginez indar errepresiboen bidez herria zigortu ere. Herriak dena beren esku uztea nahi, agian, berak Herriari kontu eman beharrean. Hauxe da eguneko jauntxokeria eta sustituismoa.
Adibidez, harritu egin gaitu P.N.V.ek (emendatuko dituen pundutxo batzu gorabehera) Konstituziorako aurreprojektu hori ametigarritzat hartzea.
Baina autonomiari ekonomi-fiskal ahalmenik aitortzen ez bazaio, mediorik gabe, zer eginen du ekonomi plangintza bat aurrera ateratzeko. Akademi tituluak oro erdikoiratuak geratzen badira, nola demontre munta daiteke euskal unibertsitate bat? Planteiamendu horiekin sobera baitaude bai Euskal Unibertsital Barrutia, bai Euskaltzaindia. Paperetako (higienikoen gisa) azalhutsezko deklarapena gertatuko bide dira ekintzan.
Eta indar harmatuek eta ordenu publikoak orainarterakoan bezala erdikoiratuak jarraitu behar badute, berriz, Euskal Herrian ez da posible bakerik, ez elkarbizitzarik.
Nazional autonomi estatutua
Delako iragankor edo konstituziogile autonomiaurrekoa urratuz gero, bi epe edo maila dakusagu batik bat, Euskal Herriak etengabe eraman beharko duen berjabetasun bidean. Leheniko epea nazional autonomi estatutuaren haroa izanen litzateke. Nazional autonomia hau Euskal Herriaren subiranotasunetik abiatuz lortu beharko da Herriaren autogobernua, bai legegintza, bai epaigintza bai exetutiboa Euskal Nazional Batzarrearen menpe eratuz.
Oligarkiaren aurkako lorpen garrantzizkoak lortuko lituzke euskal langilegoak. Bilinguismoa edo hizkuntzabitasuna bizitza maila orotan eta egiazki (ez deklarapen usteletan soilik) ezarriko litzateke, hau da, Heziketa adar guzietan (euskal unibertsitate edo Heziketarako ministeritza euskaldun baten bidez), administralgoan eta komunikabideetan, betiere euskarari eta euskal kultura herrikoiari lehentasuna emanez.
Eta zer esanik ez, ordenu publikoak Euskal Herriko ordenu eta askatasunak garantituko dituen euskal erakunde berriek beharko dutela izan, ahalik eta lasterren indar errepresiboak (ez dut uste banaka izendatu beharrik dagoenik) desagerteraziz.
Guzti hau eta ekonomi-sozial plangintza bat eraiki ahal izateko ekonomi eta fiskal ahalmen sendoak behar ditu Autonomi Estatutuak, eta ez Nagusiak botatako ogi apurrak.
Bigarren epea luzaroagokoa izanen litzateke, baina Euskal Herriaren helburu garbi eta begibistakoa Euskal Herri berjabe eta sozialista eratzea da, halegia, Euskal Herria euskal langilegoaren zuzendaritzapean askatua, eta beste Herriekiko nazioartekotasun sozialista eta askearen alde ekinez.
Autonomi Estatuturako gestorak
Autonomiaurrekoa Herriak ez du landu ez bultzatu, parlamental profesionariek presentatu baitute zuzenki Madrileko Gobernuan. Herriaren bizkarretik eraman den prozedura hau ez ahal da Autonomi Estatutuarekin gertatuko.
Herria egun, bi arrisku edo zoritxarreko errealitate biziak gainditu beharrez aurkitzen da. Alde batetik parlamentarien protagonismoa eta politikakeria jokoak. Herriak behar baitu izan Autonomiarako protagonista eta prozesu osoan parte zuzena hartu.
Bestalde, aurreko egunotan garbi ikusi dugu KAS-i UCD gobernariek eginikako erantzuna, halegia, eroek bakarrik defendatuko omen lukete indar errepresiboak beste euskal zerbitzuko erakunde batzuez aldatzea. Honetan eta antzekoetan datza arazoaren muina. Guretzat pundu minimo edo jaitsezinak izanagatik, Gobernuak onhartu ez ezik sasiKonstituzio batez sasiautonomia bat, limosnatxo bat bailitzen, nahitaez emanen digu. Negoziaketak luzeak izanen dira baina negoziagai funtsgabekoen gaiak jarriz.
Jaitsezinezko pundu horik lortu ahal izateko, ordea, geron artean ikasi beharko ditugu lehenik, herri asanblada eta batzorde zenbaiten bidez. Eta makina bat borroka ere egin beharko dugu Gobernu erdirakoi eta oligarka honen hatzamarretatik zenbait gauza erdiesteko.
Horretarako, hauzategi, lantoki eta herri guzietan Estatutu gestorak sortzea gomendatzen dugu. Autonomi Estatutua sakondu eta menderatu, Euskal Herri mailan koordinaketa eraginkorra eratu (amnistiaren aldeko gestoren gisa) kanpaina biziak egin eta herri mobilizapenak bultzatu. Hortik datorke gure Herria kolonialismoaren lokarrietatik askatuko duen Autonomi Estatuturako urrabidea.
Amnistiak eta Estatutuak funtsean harreman hestuak dituenez talde edo sozial oinharri bertatik sor eta osa daitezke. Bata eta bestea osatu egiten dira, bata bestea gabe ez baitaiteke erabat lor.
KAS-en alternatiba
Gaurregun ETA-ren kolpeak direla eta berriro gogora erazi da bazter guzietan KAS-en Alternatiba. Euskal Herrian ez zen KAS-en Alternatiba besterik ezagutzen. Ahoz aho demokraziazko hitz borobilak darabiltzagun garai honetan, horra berriz, KAS-en Alternatiba gogorra, baina oraindik baliozkoa. Baliozkoa eta datorkeen Autonomi Estatuturako oinharri sendoa.
Alex
Euskadiko Ezkerra, Euskal Ezkerra ezker abertzalea, ezkerraren nahastea eta ipin ezazu zeuk nahasiago korapiloarendakomoseikustenporezgaraterregiatuko ez alegeratuko, noski.
Bakoitzak nahi du ardatza izan Euskal Herriko ezkerrean eta azken egunotan dirudi ezen gauzak argituz doazela. Erakunde politiko bakoitzak lehen oinharri bezala ezkerrean hegemonikoa izatea ipintzen du eta, noski, honek ondorioz ezkerraren zatiketa de facto dakar. Gehienbat, kontua hauteskunde munizipaletarako dator eta hildo horretan bi erakunde ageri dira oraingoz:
1) Alde batetik: EUSKADIKO EZKERRA
2) Bestaldetik: Altsatsuako mahaia
1— Euskadiko Ezkerra. Iragan hauteskunde legislatiboetan senadore eta diputatua lortuz gero, ba zirudien aliantza hau bukatuta zegoela; EMK eta EIA hasi ziren prentsa zela medio iskanbila baldar batetan. Ez zen zatiketarik izan eta berriro aliantza bera presentatuko omen da udal hauteskundeetan.
Baina inportanteena aliantza honetan zera dateke, hots, beste alderdi berri batzu (ORT - PTE - ESEI (sic) engranaia berdinean sar daitezkeela; kasik segur, beuron indar bakanetan ohartuz. Beraz aliantzaren parte bat osaturik ukan dezakete EIAk eta EMKek; beste kontu bat zatekeen aliantza honek bere baitan ANV, ESB, HASI eta LAIA sartuko bailituzke, zeren honela zentru ekilibratzailea bihurtuko baitzen, ezkerraren hegemonikoak bihurtuko ziratekeen halegia.
Bestalde ba dirudi ANV eta abarrek ez dutela horrelako irtenbiderik nahi eta beste biderik hartuko dutela.
2— Altsatsuako mahaia.
Urriak 24 Altsatsuan ANVek, ESBek, EIAk, HASIk eta LAIAk deklarapen konjuntua egin zuten zenbait puntu zirela eta. Geroztik bildu dira ere munizipaletarako programak prestatzeko. Ba dira, halere, zenbait kontradikzio bloke honetan eta hauen artean inportanteena EIAren jarrera, non ez daitekeen asma Euskadiko Ezkerra prioritatzen duen ala euskal ezkerraren batasunaren hildotik abiatzen den.
Hala eta guztiz ere dirudi ezen, azkenik, EIA E. E.ren bidean sartzen dela. Herren gelditzen da, bada, Altsatsuako mahaia EIA kanpo duela, eta batzuren ustez KAS, ANV eta ESBrekin batzen delarik, azkenengo hauen progresioa eraikitzen duke. Baina, noski, ESB eta ANV, KASekin hauteskundeetan posibilitateak ugari ditzake, botu kontutan noski, eta, bistakoa denez, Gipuzkoan eta Bizkaian hobakuntza ederra lor lezakete. Aipagarria da ere koalizio honek KASen inguruko populazioaren babesa lor dezakeela, honela EIA kanpo aurkituz definitiboki. Baina, ba du honek kontrakoa ere, hots, EIAk abertzaletasun eta herritar mugimenduaren arteko synthesia egin nahiaren nagusigoa lortuko zuela; hori diote batzuk bederen.
Porrua, salda, txorizua eta biperra, hiru hilabetez egosten ipini eta, agian, ez dugu ezer jaterik izanen; agian...
Euskal Herrian
Preautonomiarako projektua jadanik bukaturik dago. Orain gobernuaren esku zikinetan aurkitzen da; zikinduko da orduan. Honela egin zutenek ez dute, beraien hitzak oroituz, alderdi bat edo bestearen izenean egin, Euskal Herriaren izenean baizik. Euskal Herri guztiaren izenean prestatu nahi izan dute. Bitartean honi buruz Euskal Herriak informazio oso gutti edo behintzat oso eskasa lortu du. Ez dakigu zer berri ekar diezagukeen preautonomiarako aurreprojektu honek. Teoriazko hastapen eta deklarapen batzu barik, ez dugu biperrik ezagutzen. Sakonki edo eta mamia non dagoen ez dakigu. Funtzionaltasun juridikoetan geratu zaigu dena. Ba dakigu bestalde nola izango den beraren ibilkera eta funtzionapena, nola hautatuko dituzten kargudunak; baina mamiari dagokionez ez dakigu ia deusik. Zein atribudipen eta eskubide eduki du berorrek? Zer egingo dute jaun horiek? Ezer egin ahal dute? edo, komedia hutsa besterik ez al da izango?
Espainiako gorteek hontaz eta... hartaz ere, azken hitza izango omen dute. Hala errepikatzen digute egunero. Beti bezala orduan, hemen ere egon behar da. Egon egiten oso ongi dakigu euskaldunok.
Iskanbila edo "istripu berria" goi-goiko mailetan gertatu da. Oso protokologarria berau. Gobernuak ezetz esan du. Ez du Nafarroa onhartu nahi. Norentzat izanen da bitartean preautonomia honen lehendakaritza? Euzkadiko herri guztiaren izenean, euskaldunen izenean ere, herri horren zatitxo bat gara, gure hizkuntza nazionala ezagutzen ez duen pertsona bat berriro ere inposatu nahi digute. Hizkuntza nazionala diot, bai; ez pentsa nazional izen honi, balio erromantiko edo sentimentalik ematen diodanik. Ez guttiago ere. Nazionala da, modan baitago. Hala esaten du Ajuriagerrak, Txilardegik, Benito Lertxundik, Zorionek eta Fernandez Miranda Jaunak. Ba da orduan egiaztapena. Nor izango da hauteskundeetarako orduetan helduta, deklarapen eta deklarazio eta adierazpen zoragarriez baliatzen diren herri zatitxo ttiki eta apal honen ordezkaria? Nor izango? Gure hizkuntza "nazionalaz" baliatzen ez den inor? (Nazional hitza ahozkatzean kanpaia jo beza, katolikoek eliza batetakoa eragin dezakete). Gure mundua eta gure arazoak sentitzen ez dituztenak? Gure "komunikabide" apal eta zulatuetan ibiltzen ez dakiena? Izango ote da, ba? Ez dugu besterik merezi. Herri hauetan diglosiarik ez zegoenean gure "gobernua" diglosia bera baino txarragoa zen. Orain hala egonez eta honela izanez, politikarako eta edozein gauzatarako hura sakratzea itxaron daitekeen hobea izan dezakegu. Herri diglosiko bat lur diglosiko batentzat.
"Agur jaunak", "egun on" eta "gero arte" izango dira gure euskal legeemaileen esaera jatorrenak eta euskaldunenak: Elebitasunaren adierazpide baliagarriena. Eta jakina, jaunok, dena ezin da batetan eta batetara. Ezin dugu dena batera eskatu. Ezin eska daiteke Araba eta Nafarroa. Ezin erdara eta euskara berehala.
Gainera, jaun-andreok, kontura gaitezen nolako aurreramenduak izan diren gureak, gurugu kanta gure jatorrizko kutsuzko bileretan ere kantatzen ikasiak gara, ahots mixtoz eta grabeaz ere. Baita lehen Euskalduntzen liburua dakienak, eskola publiko eta ofizial guztietan euskarazko eskola eman dezake. Zoazte, bada, kolegioetatik, zoazte. % 75 gaztelaniaz mintzatzen diren irratiak elebiduntzat hartzen ditugu. Gure berotasunean, preautonomia honen lurrunek sutan jartzen gaituzte, ukitu dugun guztiak irakiten du. Tamala, ura ipintzea ahaztu egin zaigu. Oi! dena erre da. Baina, Unibertsitatea? Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko unibertsitate erdalduna? Zer?
Pixkanaka pixkanaka ba goaz orduan. Euskal kulturazale porrokatu guztiak martxan jarri dira. Primeran! Modak hala daude... hara non datozen oihu eta garrasi berriak, hara non datozkigun kontuz ibiltzeko dioskuten zurrumurruak, zeren eta euskal inbasio honen kontra jende asko jadanik altxatua dago, Espainiako interes kulturalak defendatu nahiz dabiltza eta. Ez dago eskubiderik, ez, Gaztelako hizkuntzak ere larrua jotzeko eskubidea du eta. Arrazoia dute gainera, zer kristo! Ez al dabil jende asko Errioxa eta Enkartazioak, euskaldundu nahiz? Herrien nortasunaren kontrako bekatua!
Ez ekintzetan soilik, baizik eta asmoetan ere neurtu behar dugu bekataria.
Horregatik, pixkanaka, gozoki, emeki, astiro, joan behar dugu bestela geure euskal inperialismoaren asmoak ikusiko dizkigute. Begira, ba, Gaztelako hizkuntzak pairatzen dituen mesprezuak: Euskal kazeta eta kazetatxo milaka, euskal aldizkari, ehunka, hamaikatxo euskal hitzaldi eta dokumentu publiko,... ikastolak leku guztietatik, lau milioi haur ikastoletan, euskal gramatikak?, ez pentsa!... tabernetan ere saltzen dira gero!
Euskal bozak?... grabeak eta mixtoak, gurugu gainera ongi kantatzen dutenak. Eta TVE paraleloa, 4 kateaz osoturik eta katea bakoitzean lauburu zoragarria. Eta gaztelaniaren etorkizunari buruz, euskal estudio gureak? Jadanik erdal gramatika ere euskaraz ematen da eta bai Corte Inglesek ere "zorionak" euskaraz zabaltzen ditu. Ez, ez da Bilboko herri irratiaren eskuetan erori, ez. Kontuz jaunok, kontuz, ikaragarrizko kontraekintza datorkiguke. Astiro abiatu behar dugu, leku estrategiko guztietan euskal fronteak eraikiz. Neurtezinezko ondoriook ekar liezazkiguke egoera honek bestela. Nik proposatzen dudana zera da: Harategi euskaldun bat Deustuan ipintzea, gero, gozotoki bat Enkartazio zabaletan, emeki eta gozoki gure euskal kultura zabal dadin. Honez gainera, gure kintakolumnaz lagunduta, gure ordezkari ohoretsuenetariko batzuk hitzaldi bilingualak, euskarazko sarrera batekin, emango dituzte Venezuelan. Euskal ezker abertzaleak ere laudatuko zituzkeen holako ekintzok! Azken batez, gure etsaiak amildurik eta klandestinoki ibili ondoren erdararen liburu beltza besterik ez zuketen egingo.
Tragikoa da gure herriaren egoera. Tragikoa eta komikoa ere bai. Eman eta zabal ezazu munduan fruitua. Eta honela egin dugu euskaldunok, eman eta zabaldu ditugu geure burrukaren fruituak, geure gartzelaratuen etxeratzeko gogoa, geure asasinatuen odola. Besteak gutaz baliatu dira. Birbiztu ditugu Espainia osoan nazionalitate guztien arazoak. Gailegoa, katalana, andalusiarra geure burrukaz eta kemenaz lagundu ditugu. Fruituak kanpoan erori dira. Ordua da, ba, heldu zaizkigun fruitu guzti horien biltzeko sasoia, bai heldu da, zeren gauza guztien gainetik herri honetan oraindik galdu ez den bakarra, zera da: Betiko itxaropena.
T. Trifol
Euskal Herrian
Plan gorria: erreforma zapuztua
CEMIR (Coordinadora estatal de médicos internos y residentes) delakoak, MIR (médicos internos residentes) guztiei hotsegin zien iragan Azaroaren 15ean, huelga batetarako. Honela, medikuon protesta agertu nahi zen, V. Rojo, Osasun Ministraritzako irakaskuntza arloko zuzendariorde jeneralak, aurten bertan bete erazi nahi zuen graduatze ondoko formazio plan berriaren aurrean. Estatu mailako huelgaren aurretik, paro partzialak gertatuak ziren, Euskadin batik bat (Residencia de la S. S. Virgen del Camino, Iruinean, Residencia Ortiz de Zarate, Gasteizen, MIR direlakoen entzerrua Gipuzkoako medikuen kolegioan...).
Bilboko medikuntzako ikasleek, haien aldetik, asanblada batzu egin zituzten, plan berria demagogikotzat, anbiguo eta ministraritzaren inposizio bezala salhatuz. Azaroaren 18an huelgari ekin zitzaizkion, fakultateak Basurtun dituen etxeetan entzerratuz, indar jarrera bat aurkeztuz, BOE delakoan berehala argitaratzeko zen planen aurrean. Ikasleen koordinatzaile estatalak ere, estatu guztiko medikuntzako ikasleen geldialdia aztertu zuen.
Huelga panorama honen aurrean, Madrileko "Seguridad Social"eko medikuak ere geldirik zeudelarik soldata arazoengatik, ministraritzak negoziaketak CEMIRekin hastea erabaki zuen, Azaroaren 18an bertan, planaren geraeraztea onhartuz, oraingoz praktikan jartzea ezinezko bezala emanez. Tristea da ikustea, gaur gaurkoz ministraritzak, bere okerrak onhartzen dituela huelgen indarrez bakarrik.
Haatik, eta guztion sorpresarekin, ministraritzak CEMIRekin hasi zituen negoziaketak haustea erabaki zuen iragan hilabetearen azkenetan, bere kabu hutsez eta pausorik atzera ez emateko asmoz.
Plana
Orain arte, medikuntzako fakultatetik irteten ziren lizentziatu berriak, Seguridad Sozialeko espezialisten formaziorako sistiman sartzera iristen baldin baziren, errejimen errotatzaile bat zedukaten lehen urtean, zerbitzu guztietan zehar eta internatuko errejimen batetan. Ondoren hiru urtetako espezializatzea zetorren erresidente gisa eta azkenik laugarren urte bat optatibo moduan. Sar ez zitezkeenak, MIRentzat postuak oso urriak baitziren, espezialitate bat lortzeko, mila istorio pasatu behar izan ohi zuten. Halaber, fakultate urteetan izan ez zuten medikuntz praktika bat lortzeko.
Plan berriak, Plan GORRIAK, errotatorio honen konplitzea, egungo medikuntza ikasketen baitan dakusa, fakultateetan. Honela seigarren kurtsua Otsailean bukatuko litzateke eta nor bertan errotatorioa hasiko litzateke, Abenduan bukatzeko. Ondoren, eta azken etsamina eginik, lizentziatur titulua lortuko litzateke. Errotatorio hau egiteko, horrek dakarkien irakaskuntza funtzioarekin, ministraritzak ez luke egungo Seguridad Socialeko erresidentziarekin bakarrik kontatuko, baizik eta beste era batetako asistentzi zentruekin, hala,nola diputazioen ospitaleekin, Cruz Roja eta abar; hauk haien borondatez sartuko liratekeelarik plan honen baitan. Egiaz, ez da honelakorik gertatu.
Lizentziatu berriek, espezialisten formaziorako Seguridad Socialeko sistiman parte hartzeko etsamina bat egin beharko lukete. Azterketa hau gaindituko ez balute, irteera gisa, medikuntza pribatua edo paroa izango litzateke.
Etsamina gaindituko luketenek, bi posibilitate lituzkete puntuazioaren arauz: medikuntzaren edozein arlotan espezializatu edo sasi-espezializatze berri batetan sartu, famili mediku deritzonean. Hau, "family doctor" amerikarraren bertsio espainola litzateke eta egungo mediku jeneralaren edo ohe-burukoaren ordez jarriko litzateke.
Lehen irtenbidean, hots, espezialistarenean, erresidente gisa bi urtez arituko litzateke (R1 eta R2) ondoren etsamina baten egiteko. Hau gaindituz gero, espezializazioko beste bi urte berritarako iraganen litzateke (R3 eta R4) berriz ere bukaeran beste etsamina baten egiteko eta honela espezialista titulua lortu ahal izateko. Ministraritzak bostgarren urte optatibo bat ere kontutan hartzen du, horrela beharko lukeen espezializazioarentzat, baina ba dirudi ez duela ezer ere prestatu bi etsaminok gainditzeke gera daitezkeen erresidenteentzat (paroa?) ez eta zenbait konbokatoriatan izango diren etsaminontzat.
Famili medikuaren opzioan, erresidente gisa bi urte eginen lirateke (R1 eta R2) ondoren beste bi egiteko (R3 eta R4) baina eskualdeetako osasun zentruetan, nekazal aldeetako anbulategietan eta abar. Ondotik, zuzen zuzenean famili mediku titulua eskuratuko lukete. Ohar, opzio honetan ez dela etsaminarik beste espezialitateetan gertatzen zen moduan.
Plan hau, V. Rojo berak, JANO aldizkari amerikarrari egin deklarazioetan adierazten zuenez, medikuntzako estamentu desberdinei egin kontsulta askoren ondotik izan da burutua eta hobatua eta ministraritzak aurten bertan jarri nahi zuen martxan.
M.I.R. eta ikasleen ikuspegia plan honen aitzinean
Hilaren 10ean, Leioan egin zen asanbladan, medikuntzako ikasleak MIRekin batu ziren, aipatu Plan Gorriari egiten zitzaizkion protestetan. Biok, puntuotan konkretatu zituzten kexuak:
1) Ministraritzaren inposizio eta ezartze aldebateko eta antidemokratikoa. Proiektua, ROJO irakasleak egin du, neurri honek uki ditzakeen estamentuak kontutan hartzeko: MIR eta ikasleak. ROJO berak beranduago adierazi zuenez, "que intentaba meter el plan con calzador".
2) Ez dira egungo osasun sistimaren situazioaren posibilitate eta ahalmen errealak neurtzen, ez delarik aurrez aztertu, plan horretan parte hartuko luketen sanital zentruen irakaskuntza posibilitaterik. Projektua, EEUUn dagoenaren kopia huts bat da, baina estatu horrek, Espainiakoak ez dadukan azpiegitura sanitari bat ba du eta horregatik plan hori ezinezko da hemen. Zenbait fakultatu pribilejiatuk eta elitistak bakarrik (autónoma de Barcelona eta Madrilekoak eta Nafarroako Opusekoak) jartzen ahal zuten aurten bertan martxan plan hori. Elitismo hori indartzeko sistima ote plan nau?
3) Mamiaren anbiguotasuna. ROJO berak ez du jakin edo eta ez du nahi izan, CEMIRek azaldu dizkion zalantza guztien argitzen.
4) Planak "Cursos clínicos" direlakoetan sartu ditu aldakuntzak, eta seigarren kurtsuan konkretuki, preklinikoak daudenean utziz. Hauetan aldiz, irakaskuntza irrazional eta pedagogiaz kontrakoak, medikuntzaren irakaskuntzarako onhartezinezko bilakaerazten dituelarik.
5) Nahiz eta psikiatri asistentzia seguritate sozialean sartzen duen, hau aspektu positibotzat duguna, asistentzia moduko medikuntza indartzen du, berriz ere medikuntza prebentiboa edo aurretikoa ahantziz. Ezaguna den "sendatzea baino hobe da aurrez konpontzea", ez da hain zuzen, ministraritzaren "fuertea".
6) Plana demagogikotzat jo izan da, egia bihurtzeko dagoen ezinezkoagatik. Non dira aipatu eta suposatzen diren eskualdeetako ospitaleak, bertan are gehiago suposatzen diren famili medikuek bukatuko lituzketen haien espezialitzateko bi urteak? Eta ministraritzari hauk eraikitzea bururatu baldin bazaio, nondik dirua, egun den ekonomi krisiarekin seguritate sozialaren presupostua % 15 eta 30en artean guttitu baldin badu?
Planaren azken borradorearen azterketa zehatzak, askoz ere gehiago konkretatzera eramanen gintuzke geure kritiketan. Egiaz, espezializatzea lortzeko sistimaren erreforma soil bat dirudi, gainbegiratu batetan, baina benetan sanitatearen erreforma zabalago batetan murgiltzen da. Honek ministraritzaren sanital erreforma baten parte behar luke izan, zabalagoa eta inplikazio interesgarriekin sanital autonomian, preautonomiek nazio bakoitzari eman beharko lioketelarik ahalmen hau.
Vicente ROJOk, medikuntzako selektibitateaz mahai-inguru batetan, TVEri adierazi zion, beharrezko zela osasun plan nazional baten burutzea, "pues sin él, no hay programa político alguno".
Plana orain
CEMIRek ministraritzarekin (V. ROJO eta Palacios, osasun ministraritzako idazkariordea) izan zituen negoziaketetan, planaren geraerazteaz gainera, (ez deuseztatzea) errebindikapenok ere lortu zituen:
- Aurten ere erresidenteentzat konbokatoria berri bat egin, urtero bezala, irekia eta estatu mailan.
- Konbokatoria honen postuak, 4.200etara gehitu. Hauetarik 200 estranjeriakoentzat.
- Irakaskuntza komisioen sortzea zentral mailan, leku bakoitzeko komisioen ordezkaritzarekin, hauk paritario, exekutibo eta demokratiko moduan hautatuak.
- CEMIR-Ministraritza arteko negoziaketak mantendu espezialitateetako plan berri bati ekiteko sektore guztien partehartzearekin.
Estatuko ikasleen koordinadorak bere aldetik, beste guztien artean Euskadi guztitik bi ordezkari dituelarik (Bilboko fakultatekoak, hain zuzen), bilera bat izan zuen Azaroaren 19an, larunbatez, V. ROJO jaunarekin. Bertan ROJOk ikasleen partizipatzea onhartu zuen (bana fakultate bakoitzeko), CEMIR eta ministraritza arteko negoziaketetan, nahiz ez zekusan beharrezko. Parte hartzeko eta lan egiteko sistima ez zen argitu. Era berean ez zen garbitu negoziaketok plan berri baten egiteko diren ala dagoena aldatzeko eta erreformatzeko, ROJO berak agertu baitzuen plana ez dela suspenditu, urte betez atzeratu baizik, ospitaleen irakaskuntza ahalmena zabaltzen eta handitzen den bitartean. Esan zuen ere sarrera etsamina beharrezko zela, ez baita denontzat lekurik "así quedan los mejores o los que tengan más suerte en el examen".
Ikasleek zeramaten proposapenean, Euskadiko zenbait MIRekin ados, eskatzen zen azterketa bat egin zedila nazio bakoitzean, sanital beharrak ezagutzeko. Honi ROJOk erantzun zion nazionalitateek haien papera konstituzioaren arabera jokatuko dutela.
Horrela daude gauzak, Azaroaren azkenetan ministraritzak CEMIRekin zituen negoziaketak hausten dituen arte, inolako abisurik gabe eta Mediku Kolegioaren kontseiluaren laguntzarekin. Erakunde honek, bunkerrekoa erabat, MIRekin negoziatu puntuak ezarri eta errekortatzen ditu, konbokatoria berrirako plazak 3.400etara jaitsi direlarik, nahiz eta konbokatoria horretan 20 edo 25 ospitale berri sartzen diren. Irakaskuntza komisioek zedukaten paritario, exekutibo eta demokratiko airea galtzen dute, zentruetako agintarien pean ipiniz. Laboral arazoak ministraritzarekin negoziatuko dira, medikuen sindikatu librearen bitartez; sindikatu hau oso ezaguna da duen karakter elitista dela medio.
MIRen erantzuna berehala etorri da, huelga postura ezagunetara itzuliz.
Estatuko ikasleen koordinadora, MIRekin ados da eta hauekin bat egin du, ministraritzaren maliobra berria salhatuz eta ez onhartuz, azpimarratuz jarrera honek ez duela etorkizuneko sanital lege klasista eta herriaren kontrako baten oinharriak jarri besterik egiten, ministraritzak presa duelarik berau inposatzeko.
Pedro Ameztegi
Euskal Herrian
Lurra nekazariei edo Sagaspiaren arazoa
Sagaspia izendatzen da gaurko aferaren arrazoia. Hain zuzen, Sagaspia etxaldea iparraldeko nekazariaren borrokaren synboloa bezala agertzen zaigulako. Azaroaren 5ean goizeko zortzietan Aiziritzeko herri guztiak ba zeukan zer ikus, ordinariotik kanpoko lan bat. Hogeitahamar nekazari gazte beren traktoreekin eta tresnekin Sagaspian sartu baitira. Egun osoan lan egin dute eta arratsa etortzean 15 hektarea lur eremu iraulia ziguten. Belarra erein ondoren, bakoitza bere etxeratu da. Zergatik horrelako ekintza?
Sagaspiaren historia
Afera oso koropilotsua dugu Sagaspiarena, orain duela hamar urte sortua. Etxe hau aurkitzen dugu Donapaleutik Sauveterrerat (Biamoan) deramakigun bide departamentalaren bazterrean. Berehala ohartzen gara etxe situazio honen abantailari, bide nagusiaren saihetsean izanez asko jende dirudun interesatuak baitagotzi. Interesatuak, ez laborantzarentzat baina lurrak nahi dituzte berenganatu etxe egiteko eta batipat turismoaren dirubideari bihurtzeko. Dena dela, etxe honetan bizi zaizkigu bost pertsona, aita (71 urte), ama (68) semea eta alaba bere haur ttipiarekin (7 urte). Hots, Peyrou familia guztia. Gainera esan behar dugu, orotara 17 hektarea egiten dituen etxe hau, PEYROU senar-emazte zaharrek lan eginez eta sakrifizio bidez elkarrekin erosi zigutela orain duela urte zenbait. Pundu honek ere izanen du bere garrantzia: biak jabe izatea.
Arazoa hasten zaigu 1966. urtean. Urte horretan Peyrou aitak erabakitzen digu etxaldearen saltzea edo gutienez promes ofizial bat egiten du notariaren aurrean. Erosleak nortzu dira? Bat dago oso interesatua eta hau Aiziritzeko alkatea bera, jaun HOURCADETTE dugu. Saltze asmoari doakionez, etxaldea bi partetan zatikatzen dute, bata 13 hektarea daduzkana bestea 2 hektareatakoa. Ttipiena, etxearekin batera nahi du beretu Hourcadettek. Beste partea aldiz (lehen une batean bederen), S.A.F.E.R. delako frantses gobernuaren lur elkarteak (lurren defendatzeko) erosi nahi omen zuen. Baina elkarte honek bere eginbehar nagusiena baldin badu nekazari ttipienari erosterako preferantzaren ematea, ez digu zoritxarrez beti horrelako jarrera hartu. Oraikoan ere, Donapaleuko nekazari gazteek jakin dute S.A.F.E.R.aren itzalean, hor gaindi dabilela nekazari aberats eta indartsu bat, hain zuzen erosteko asmotan. Dena dela, S.A.F.E.R.aren zerikusia galduta bezala aurkitzen dugu gaur eta hau arrazoi sakon batengatik: Aiziritzeko alkateak nekazariak gainditu, depasatu nahi dituelako, beronek eremu guztiak turismokeriaren zerbitzurako enplegatzeko. Ez digu beraz bere asmoa 2 hektareei mugatzen baina etxalde osoari zabaltzen.
Ama-alabak alkatearen eta aitaren aurka
Ama-alabak, aita eta alkatearen jarrera hitsaren aurka elkartzen zaizkigu. Amak zerbait moldetara bere senarraren erabakiaren trabatzeko aukeratzen du, 1970. urtean, etxalde osoaren gainean hipoteka baten jasotzea. Horrela bere lehentasuna oinarritzen dio saltzapen baten arriskuari. Beraz, nabari da amak, sakon sakonetik errefusatzen duela etxaldearen saltzea. Baina aitaren atzean ba dabiltza sustatzaileak, errabiatzaileak. Horregatik tribunaleratu zaigu joan den maiatzean bere emaztearen hipotekaren edo legelehentasuna hautsi eta ezeztatu beharrez. Ondoren, Aiziritzeko alkatearekin hitzegin lezake etxaldearen saltzeaz eskuak libre eta erabakia ere bai. Esan beharrik ez, hauzi honen irabaztea benetako garaipena izan dateela honentzat eta batipat alkatearentzat. Amaren aurkarako jarrera hau aurrerantz doala beste arazo bat sortzen zaio: alaba etxetik baztertu egin behar dela (halabaina honek ere daduka bere lege zerikusia etxeaz). Nola baztertu?...
Peyrou alabaren borroka
Alabak berrogeitabi urte ditu eta langabeziaren arrazoiagatik luzaz Parisen lan egina. Han zegoelarik aitaren sal-asmoak jakin bezain laster etxeratu da etxaldea berak erabiltzeko projektuarekin. Bere amaren eskutik beretzen du etxalde osoaren lantzeko legezko baimen ofiziala. Hori dela eta baimen hau inork ez dezake uka, firmatuta dagoelako. Zoritxarrez Aiziritzeko alkatea eta administrazioak ez dagotzi lo. Alabaren premiatasuna inork baino hobekiago pisatzen baitu, logika ilun batetan sartuko zaigu Catherine baztertzeagatik. Hain zuzen "action sanitaire et sociale" delakoaren bitartez. Alabak 7 urtetako seme bat daduka, lanaren eta nekeen bidez jasotzen duena. Frantses gobernuaren legez, bere semearentzat "allocation orphelins" diru laguntzaren zuzenean dago (umezurtzentzat bozkatua). Eta horren erdiesteko, maiatzaren 23an Aiziritzeko udaletxean presentatu zaigu. Baina besterik gabe, jendarmeriaren gerizapean etxera fueratu ziguten. Hots, zuzenaren galdez etorri eta, indarrez kanporatu. Dudarik gabe horrela ulertu behar dugu frantses administrazioaren inpartzialismoa. Ekintza horren ondoren sozial laguntzak edo "assistance sociale-ak" erabakitu zuen semea kendu behar zitzaiola eta etxe espezializatu batetan sartu, (umezurztegian). Orduan, sortu zitzaigun elkartasun pizkor eta deliberatu bat inguruko emazte lagun guziak biltzen zituena. Diruz eta obraz lagunduko du Catherine Peyrou. Horrelako sostenguari esker irabazten digu Paueko hauzia eta gaur bere semea berekin daduka. Nire ustez, goretsi behar dugu horrelako elkartasuna, honen lana eta sortu duen dinamika indartsua. Baina gure gizatasunaren izenean inork ez dezakegu ahantz jauntto hauen ilunkeriak eta diruaren morroitasunagatik egin dizkigutenean. Hau al dago gure gizartearen morala laikoa edo berdin eliztiarra?... Ekintza honen bitartez etsipena espero zuten Catherinengandik, horrela amorematera behartuko zutela. Horregatik, argi eta garbi dago Peyrou ama-alaben benetako etsaiak "promoteur" horik eta bertako kargudun turistatzaileak direla. Esan ezik, frogatu diguten bezala edozein egintzatara prest dagotzila.
Sakoneko borroka
Borroka sakonaren bidetik gabiltza eta 30 nekazariek berek ematen dizkizuete beren urratsaren arrazoiak: 1) Nahi dugu bizipide zerbait eskaini Catherine eta bere familiari. 2) Nahi dugu laborari lurren gainean egiten diren espekulazioen kontra goraki agertu. 3) Nahi dugu ere erakutsi guk dretxoak eta ahalak ba ditugula laborari eta langile bezala gure Herri biziaren organizatzeko eta indartzeko. 4) Uste dugu oraino zorigaitzezko familia baten baketzeko esperantza ba dagoela interesik gabe egiten dugun laguntzan eta ez "aferista" osoki interesatu batzuren azpijokoetan.
Lurra nekazariei! Lurra ez da diru edo profitabide bat! Hau dugu gaur nekazariaren deihadar samina. Hots, berriz ere lurraren jabetasunak dakarkigun arazoa topatzen dugu. Gure lehendakarietan nor arduratuko zaigu problema larri honetaz? Esan ezik turismokeriaz bezenbat axola agertzen badigute gaurkotz erantzuna aurkitu genuela. Baina gure bertako "euskaldun" kargudunei eskatu behar ote defendatzen duten sistemaren aurkarako jarreraren hartzea? Dena dela dakusat gauza bat oso haztakoa, nekazariak duen poterea bere esku nahi duela. Hau dugu pertsona heldu baten jarrera bere gaintasuna eta errespontsabilitatea beronek lortzea, beronek eratzeko. Batipat ez zaio balio bertako poteredunei lanbideak eskatzea bertako gazteentzat. Nekazari gazteak eta langileak aspertuta dabiltza, fidantzia guztiak hil egin dira. Iparraldeko gazteen Pariseratzea edo Bordeleratzea aritzen zaigu eta nork bultzatzen digun horrelako dinamikaren indartzea beti eta gehiago jendeek ikusten dute. Aiziritzeko aferak berak ematen digu erantzuna galdera honi. Noiz arte iraunen digu bertakoen pazientziak?... Hodeiak beltz dabiltza eta zimiztak sutan ari ikus arren, airegaiztoak nor jotzen digun?
M. L. UHAITZE
Euskal departamendua: bai ala ez!
Hazilaren 19a genuen Iparraldearentzat gertakari politiko eguna. Gainera oso gertakari garrantzizkoa, Sarako herri ttipian elkartu zaizkigulako Lapurdiko alkate guztiak Jaun Jean MONFRAIX departamenduko prefetaren manupean. Biltzarre horretan bi gai zeuden aztertzeko: ikastolarena edo Euskal mintzairarena eta departamendu berriarena. (Ikus Enbata 483. zenbakia).
Jaun prefetak euskal departamendurik ez du nahi
Euskal departamenduaren asmoa orain dela urte zenbait sortu ziguten Hoursourigaray, Haritschelar, Baionako Merkatal Ganbarak eta beste pertsona zenbaitek. Helburu honi buruz ari direnak gaur elkarte bat osatzen digute. Esan ezik, dezentralismo baten behar gorrian gabiltzala. Behar ezin baztertuzko hau ongi ikusten dute jaun hauek eta kargudun ofizial guztiek. Hain zuzen, prefetetxea bere administrazio bulego eta erabaki guztiekin batera Paueko herrian aurkitzen delako. Laborantzarako, irakaskuntzarako, justiziarako bulego nagusiak han dira. Eta guk, Euskal Herri alde honetatik harataratzeko bi ordu bete bederen kondatu behar. Berdin hangoak honataratzeko. Horregatik funtzionari departamentalek eta prefetetxekoek aukeratzen dute arazo garrantzizkoentzat bakarrik honara etortzea, bestela ez zaizkigu Pauetik mugitzen ere, denbora galtzea delako. Beraz, urruntasunaren problema hor dago. Gainera inork ezin ahaztu departamendu honen barruan bi populu tankera ezberdinekoak dagotzila: Biarnesak Paue hirinagusiarekin eta Euskaldunak Baiona hiri-nagusiarekin. Zergatik ez egin orduan bi departamendu, bat populu bakoitzarentzat? Edo, non daude oztopoak? Prefetak berak Sarako biltzarrean aitortu digu, ez dagoela Frantzia guztian beste subprefet bat Baionakoak bezainbat botererik duenik (C.R.S.ak artzainen aurka bidaltzeko ote?...). Beraz, horrenbeste ahal dituen subprefet baten orde ez ahal zaigu komeni prefetetxe bat eta geure departamendu bat? Bestalde, gaurreguneko departamendua jendalde gotorrak osatzen digu, 500.000 bizilagun eta departamendu berriaren amotan dabiltzanek esaten dute 250.000 jende departamendu bakoitzarentzat ondo litzatekeela. Elkarteak eskatzen du Maule Ziberoan subprefetura leku bilaka dadin (gaurko egoeran Maule osoki apartaturik ezarria digute, administrazio aldetik eta informazio aldetik, ikus Euskaldunak 43. zenbakia) eta Baiona prefetetxe leku. Dena dela, ez du Jaun prefetak projektuari jarraipenik eman nahi izan, bere erantzunean esan digu bakarrik, sortua den dezentralismoa aurreratuko duela. Baina hau da jarrera erdikoia "un moindre mal" edo aukera hautsi bat aukera garbi baten orde. Guk, Euskaldunok oso ondo ulertzen dugu aukera horrek ba duela beste arrazoirik batipat politikoa. Hots, prefetaren adimenduz Euskal departamendurik ez daiteke asmatu behar ere. Dakusat jaun honen ametsa dela dezentralismo "benetako?" baten bidez, elkartearen lasaitzea eta aspertzea. Politika jarrera polita baina ohi bezala Euskal kargudunen nahia ukatzen diguna. Euskal irakaskuntza autonomo bat zabalduz joan dadin izate arriskugarria zaio botereari baina arriskugarri berdin Euskal departamenduaren asmoa. Adibidez, separatismoaren beldurrean dabilzkigu. Frantses gobernuak onhart baliezagu Euskaltasun "zerbait", "zerbait" horri bere espresiobideen ematera behartua bailiteke. Ulertzeko dugu beraz, ezin daitekeela koloniaren eskubiderik, ez estrukturarik ezagut. Bestela zertan oinarritu kolonialistaren jarrera bera? Hau da Frantziaren logika eta logika honetatik baztertzeak dena lurrerat liezaioke, batipat kolonialistak bere dominazioa galdu eta, kanporatu behar luke. Horregatik jaun prefetaren erantzuna izan da eza. Baina beldurraren jarrera izan ote da sekula jarrera ona? Eta gainera zeren beldur ahal da jaun prefeta?
Zergatik Euskal departamendua
Arrazoiak asko dira. 1976.ean, Baionako Merkatal Ganbarak bere otsaileko 280. zenbakian "Activités en Pays Basque" ematen dizkigu bereak. Liburu honek lau horrialde sakonetan agertzen ditu asko motibo, batipat ekonomiko, kulturazko eta administraziozko.
1) Arrazoi administraziozkoa: jadanik esan dugun bezala urruntasunarena edo distantziarena dugu. Batipat, gaurko estruktura departamentalengatik entrepresa haundienak, banku nazionalen sukurtsalak, ofizina nagusienak aurkitzen ditugula bi zatitan. Halabaina, askok dute parte bat Baionan eta beste partea Pauen (Sozial segurua, telekomunikabideak etab...). Honetan nabari zaigu Parisek "département des Pyrénées Atlantiques" bat baizik ez ezaguturik ere, errealitatean bi ba daudela. Beraz ekinean eta egun guzietako harremanetan bi departamendu ditugu batean. Hau da errealitatearen egia zorrotza, zertako bada begiak hertsi eta itsu egon honen aurrean? Hori ahal da nazio heldu baten jarrera? Egoera honek sortzen digu postura larri eta deitoragarri bat, Parisenganik. Hain zuzen administrazio mailan departamenduarekin zerbait harreman duenean Pauera jotzen baitigu eta zoritxarrez Baiona Euskal Herri barne guziarekin ahanzten. Batipat, honetaz oroitzen dira folklorekeriarentzat bakarrik. Paris ez da gurekin solastatzen baina Pauerekin. Prefetetxerik ez izateak egiten du beraz lehen egoera larri hau: Parisen aurrean ez garela, ez dugula izaterik, ez izenik. Gainera ez dugu ilunperatu behar beste problema bat sakona, administrazio mailari dagokionez Kontseilu Jeneralaren barruan bertan kontseilariak berak bi zatitan dabiltzala (Biarnesak eta Euskaldunak). Zatikatze honek dakarkigu bekaizkeriaren konportamendu bat, alde batentzat erabakitzen denak erabaki behar du ere bestearentzat. Gainera Pauekoak ez dira hemengo problema guztiez interesatuak, ez direlako haienak eta hala ere bozkatu eta erabaki behar dute. Esan ezik, Euskal departamendu bat baizik ez balitz, Kontseilu Jeneralak gure arazoak librekiago konpont liezazkiguke.
2) Arrazoi ekonomikoak dira: herrialde bakoitzak daduzkala bere bereiztasun ekonomikoak. Adibidez, Biarnoak Lac-eko gasarekin eta Baionak Espainiarekin (guretzat Hego Euskal Herriarekin). Beste desberdintasun ekonomiko bat sortzen zaigu Iparraldearen laborantza moldearekin (biarnesak artoari ari dira eta gu hazkuntzari: ardi, behi, urde, etab...). Gainera lurraren geografia bera ez dago berdina: haiek zelaia eta guk aldapa mendiarekin.
Langabeziari dagokionez aldizkariak agertzen digu prefetura Baionan eta subprefetetxea Maulen eraikiz, sortuko litzatekeela milako bat lanbide, batipat administrazioan eta bulegolaritzan. Hauk gobernuak ordaindurik bistan da. Beraz diru sartze estimagarria izango litzateke. Eta nork uka gauden egoera tristeari begiratuz ez dugula gutietsiko horrelako posibilitatea.
3) Arrazoi kulturalak: Biarnoan dago populu bat bere historia guztiarekin eta Euskal Herrian beste bat. Bakoitzari doakion mintzairan arazo berdinak dituzte: haiek Biarnesa hil zorian eta guk Euskara. Ikertzeen arabera apailatu nahi diguten departamenduak izanen ditu 240.000 bizilagun eta bakarrik 70.000 Euskaldun. Beraz, minoria bat. Baina hau ez da arrazoia euskararen zapaltzeko, ikastolen arazoak irakatsi baitigu besterik, eta nola ez aipia Lapurdiko alkateen biltzarrea, prefetaren "euskarazko mintzaldia" etab... Prefetaren hitzaldiaz ez dugu deus esanen (ez baitu deus esanahi bakarrik ilusioa eman nahi digula) baina ikastolen ikastaldia hor dago.
Beraz, departamenduaren asmoan sartzen digute ere benetako bilinguismoa eta mintzaira honen obligazioa administrazio maila guztietan. Bilinguismoa ere eskoletan, telebistan eta irratian, Ziberoako Eskiulatik eta Bilboraino entzuteko ahalarekin. Gainera, emankizunak egun guztian eta egun guztiez. Nabari da ere, departamenduaren mugek etnia bakoitzaren mugak ezkonduz kultura baten defendatzeko posibilitateak ugariagoak direla. Hona beraz beste arrazoi bat, eta ez ttipiena, departamendu berriaren alde.
4) Diru arazoa: Hazilaren 18ko "Sud-Ouest"-ak esaten zigun Labeguerie jaun senadoreak elkarteari egiten ziola diru arazoaren oharpena. Hots, departamendu berriaren menbro bakoitzak ba ahal duen posibilitatea zerga garestiagoen ordaintzeko. Esan behar ote Labeguerie jauna agertzen zaigula asmo honi "sentimentalismoz bat eta ados" baina errealitatean atzerakoienetan. Zergatik ote? Nola ulertu horrelako jarrera? Dena dela, lau horrialde hauek erantzuten diote esanez, Pas-de-Calais-ko departamenduak baino gehiago ordain lezakeela gureak eta Akitaniako departamendu guztien artean lehena izango litzatekeela 3.300 liberarekin bizilagun bakoitzarentzat (Frantzia guztian 3.680 libera ordaintzen ditu pertsona bakoitzak, beraz diferentzia haundirik ez da eta diru arazoaren oztopoak ez du sustrai sakonik). Adibidez, 30 lehendabizikoetan izango litzateke gure departamendua.
Egia esan askoz ere nahiago genuke guk frantses prefetetxerik batere baina Euskal erakunde bat. Batipat Euskal populuak aukera liezagukeen Euskal instituzio herrikoi eta autonomo bat. Zoritxarrez ez gaude horretan eta ezin uka kontzientzia maila horretaratzeko bide asko egin beharrean gabiltzala. Hau dugu ideialaren goi tontorra eta errealitateak besterik eskatzen: adibidez, borrokaren estrategia sakon heldua. Horregatik Euskal departamenduaren eraikitzea lehen urrats baitezpadakoa zaigu. Ez dugu gutietsiko beraz, Jaun Haritschelar, Hoursourigarai eta Merkatal Ganbararen egin nahia. Dena dela, Jaun prefetak bere agintaritzaren aulkitik eza emana izanagatik, ezer ez da esanik eta dena informazio lan sakon batek eramanen digu. Benetan lan zaila dela egia da baina honetan aritzea dago erakunde politikoena eta sindikalismoarena. Dakusat eginbehar hau aspaldi hasia dugula eta bere fruituak laster emanen dizkigula.
M. L. UHAITZE
Errenteria - Hirigintza hondamenean itoa
Errenteriak, beste hainbat industri herrik bezala, bere egitura guztiz sakabanatua aurkitu du, kapitalaren interesei erantzun dien hiri-politika baten ondorioz.
Lurra lantzeak gosea besterik ematen ez duenez sistema zanpatzaile honetan, nekazariek t industri herrietara etorri behar ukan zuten. Herri nekazariak hutsik geratu dira eta industri herriak berriz puztuta.
Azkeneko industriaren igoeran, hots, 60. urteetan etorri zen ibilaldirik handiena gure herrirantz lan bila.
Hemen ere, kapitalistek urre iturri eder bat aurkitu zuten. Hasi ziren ba etxeak eta etxeak egiten, inongo planifikapenik gabe, hainbeste jende bizitzeko beharrezkoak diren zerbitzurik sortu gabe.
Errenteriaren itxuragabeketa ekintzan, benetan laxterrak izan dira etxagintza entrepresak! Eskolak, ospitaleak, haurtzaindegiak, kultur-etxeak eta horrelako beharrak betetzen ez dira ba hain arinak izaten... zenbait bultzada, eta gogor gainera, eman behar ukaten dugu hauk lortzeko, ez baitute dirurik ematen!
Gaurko egoera, larria da ba Errenterian. Lehen 6.000 pertsona bizi ziren tokian, orain 60.000 bizi dira. Lehen amuarrainak ziren hibaian, orain zikinkeria besterik ez da. Urte gutti behar ukan dute, Capuchinos-en, Beraunen, Galtzarabordan, Alabergan, etab, lehen baserriak, sagastiak eta mendiak zeuden tokietan, orain izugarrizko etxebizitzak altxatzeko; denak berdinak... gizakien etxe baino, merkantziak gordetzeko biltegi diruditen munstroak. Garbitasunik gabeko hauzo hauetan arratoiak dira jabe.
Baina herria hasi da egoera honen aurka ere mugitzen, eta hauzo bakoitzeko elkarteen hirigintza talde koordinaketa bat eratu dute.
Talde koordinatzaile honek lehendabizi egin zuen lana, hau izan zen: funtzionapena, helburuak eta bideak oinharritu eta Errenteriako hauzoek dituzten hirigintza arazo guztiak jaso eta aztertzea.
Funtzionapenari buruz zera erabaki zuten:
Koordinatzaile honen lan gaiak ez zirela behin ere hirigintza arlotik at aterako; nahiz eta garbi ukan Errenteriak beste arazo asko dituela, hauk beste erakunde batzutan ukitu beharko zirela erabaki zen, efektibotasuna zela arrazoirik handiena. Bestaldetik, garbi utzi zuten koordinatzaile hau ez dela inoren ordezkari eta bere barru funtzionapena gainditzen duten arazoen gain, ez zuela erabakitzeko eskubiderik.
Gaur Errenterian ikusi zituzten hirigintza arazorik garrantzitsuenak, ondoko hauk dira:
- Errenteriatik zenbait fabrika joan dira: PAISA, MANTAS eta NIESSEN. Hauek utzi duten tokian, hain beharrezkoak diren berdeguneak egin beharrean, etxebizitza munstro gehiago nahi dute egin.
- GABIERROTA.- Hibaiaren ezker aldean, Estatuarenak diren lur batzutan, promotoreek beste poligono handi horietako bat egin nahi dute. Estatuarenak direnez, posible izanen litzateke Udala lur horietaz jabetzea eta bertan kirolgune eta berdeguneak lortzea.
- GAZTANON ere beste poligono bat nahi dute jaso, hauzakideak aurka daudela ere.
- AGUSTINAS eta CAPUCHINOS, hirigintza aldetik benetako hondamenak dira eta zirkulapen arazo biziak dituzte, GAZTANOK bezala.
- KAMINO JENERALA.- Herri erditik pasatzen da eta automobilak ziztuan doaz bertatik, logikoa den arriskua sortuz.
Aipaturikoak arazo larrienak besterik ez dira. Hirigintza hondamenak Errenteria osoa harrapatzen du. Iztieta, Pontika, Beraun, Galtzaraborda, Olivet, etab... Eta...
- ERRENTERIAKO PLAN JENERALA?
Ez dago Plan Jeneralik, 1.955.ean egin zenak "alde egin baitzuen" Udal Etxetik!
Bestaldetik, Plan Partzialak ez dira aprobatu ziren bezala eramaten. Promotoreek nahi duten gisa daramatzate etxagintza guztiak. Gainera, Plan Partzial hauk guztiz gainditu dituzte zerbitzu behar berriek.
Egoera hau aztertu ondoren, Irailak 28an, Hirigintza Talde Koordinatzailea Udal Etxera joan zen Natalia Casado alkatesarekin eta udal kontseilari juridikoarekin hitz egitera.
Udalak zera onhartu zuen: "ez zela gauza arazo hauei irtenbide bat emateko eta hiri-hondamena, gero eta handiagoa dela Errenterian". Egoera honen aurrean, Koordinatzaileak hau planteiatu zuen: BEHARREZKOA ZELA ETXAGINTZA BAIMEN GUZTIAK ORAINGOZ ETENTZEA.
Hau herriak bakarrik erabaki zezakeen gauza zenez, herri Asanblada bat egitera dei egin zuten.
Urriak 25ean, 4.000 bat pertsona elkartu ziren dei honi erantzuna emanez. Asanblada honetan Hirigintza Talde Koordinatzailea agertu zen, hauzo bakoitzean egindako asanbladaren gain eta bertan ukitu ziren arazoen gain informaketa zabal bat eman zen, eta azkenean, hurrengo erabaki hau hartu zen: "ETXAGINTZA BAIMEN GUZTIEN ETENTZEA" eta hauzo bakoitzak egindako Plan Partzialak oinharri bezala hartuz, Errenteriako Plan Jeneral bat egitearen beharra.
Erabaki hau errealitate bihur zedin, Koordinatzaileak arazoaren informaketa idatzi bat bidali zien, Azaroak 16an, bertan zerikusirik duten erakunde ofizial guztiei. Eta idatzi hau eskuz eraman zuten udaletxera hitzez sakonkiago esplikatuz. Halaber, PLENU BEREZI bat egitea premiazkoa zela agertu zuten. PLENU hau Azaroak 28an egiteko akordioa hartu zen.
Eta beti erabaki behar duena herria dela azaltzeko, informaketa hau izenpetzeko, sinapenak jaso zituzten herrian, fabriketan, etab.
Eta gainera, 28an eginen zen PLENUA irekia izan zedin ere exigitu zuten, herriak parte har zezan.
Azaroak 21erako, udalak bilera bat egitera dei egin zien Errenteriako Hauzo-Elkarte, Alderdi eta Hirigintza Koordinatzaileari, 28an eginen zen PLENUA prestatzeko.
Bilera honetan kontseilari juridikoak zera esan zuen: "legalki ez zela posible etxagintza guztiak atzera botatzea eta hobe zela poligono bat edo beste hastea".
Erantzuna garbia izan zen: "Ezin dezakegu Errenteriako arazoa poligonoz poligono azter, baizik eta osoki".
Ba dirudi, etxagintza guztiak batera gerarazteko, Ministrari Kontseiluak hartu behar duela erabakia... garbi azaltzen zaizkigu berriro ere, hemengo udalek Madrilekin dituzten funtsezko loturak eta beti, edozein gaietan, bidean politik arazoa aurkitzen dugula...
Azkenez, udalak, herriaren indarra informaketaren sinapenetan eta Asanbladan ikusiz, hau aprobatzera prest egonen litzatekeela onhartu behar ukan zuen.
Baina 40 urte hauetan hondamen hau, bera kapitalisten interespean jarriz, lortu duen udala, ez da gaur "herrikoi" bihurtu. Eta orain arte faxista purrukatua izan den alkatesak hala dirau.
Mila maliobra egin zuen Nataliak PLENU hau hospa ez zedin, baina 28an PLENUA egin zen eta bertan herriak bere erabakia egiaztatu zuen.
Udalak... akordioa izenpetzea besterik ez zuen ukan, indarraren pisua sentituz.
Berriro ere, HERRIAK irabazi duen garaipen bat.
Herriaren autoerakuntzak lege zentralisten gainetik lor dezakeenaren adibide bat.
Baina ezin dugu lo hartu... azkeneko berriek zera esaten digute: Alkatesak, presiopean izenpetu zuela alegatuz, harturiko akordioa atzera bota nahi du.
Nola izanen dute hondamen hau konpontzeko interesa, hondamen hau lortu dutenek?
Itziar
Negua ba dugu gainean. Euskal Herriko mendiak zuriz jantzi dira eta geure ahoetako arnasa ke bihurtzen zaigu irteterakoan.
Doña Prudentzia salmahaira hurbildu denean, sudurra gorri zuen.
IDEALISTA.— Hotz, e?
DOÑA PRUDENTZIA.— Bai. Lau gradu soilik omen daude.
I.— Eta...? Kafesne beroa?
D.P.— Bai, baina bero beroa.
Idealistak zerbitzatzen dio eta Doña Prudentziak gaileta busti bat ahoratzen du.
D.P.— Zer? Nola doaz gauzak?
I.— Ez ongi. Ba dirudi Monkloako Itun horri ez diola inork kasurik egiten. Langileria ez dago inolaz ere konforme.
D.P.— Hori ez da harritzekoa. Langileak ez daude inoiz konforme. Nire senarrak, don Listok, ba dio: zenbat eta langile gutxiago, hobe. Makinizatu egin behar direla bulegoak eta fabrikak. Makinek ez dute buruhausterik sortzen.
I.— Ba ez dut uste hori egia biribila denik. Begira, hemen ditugun joko mekanikoak maiz aberiatzen dira.
D.P.— Beno, baina mekanikariari deitu eta konponduko dizkizue. Baina langileak? Grebak, erreklamazioak, entzerronak, planteak... Entrepresariak jota daude.
I.— Beren errua da. Urte onetan irabazi zuten guztia errepartitu egin zuten, urte txarretarako erreserbarik egin gabe, eta orain esku hutsik daude. Baina non dute entrepresetatik atera zituzten irabaziak? Suitzan? USAn? Eta horik dira AP eta UCD-ko patriotak!
D.P.— Beno, ba dakizu dirua beldurtia dela. Diruak segurtasuna nahi du.
I.— Utikan segurtasun hori!. Batzutan, ausardia ere beharrezko da.
Doña Prudentzia ez du ezer erantzuten eta esnea edaten du. Gero, galdera bat egin du.
D.P.— Eta nola doa euskal ezkerra? Idealistak hasperen bat botatzen du.
I.— Ba dirudi batasunerantz doala, baina astiroegi. Nire potroetarako... barka, ez da patxada hori. Ba dirudi atomikoa edo deskubritu behar dutela. Azkarrago ibili beharko lukete. Eskerrak besteek ere hainbat huts egiten dutela...
Esne saltzailea sartu da. Idealistari zuzentzen dio galdera.
Esne saltzailea.— Zertaz ari zara hain sutsu?
I.— Euskal ezkerraren batasun ezaz. Alfabetoko hizki guztiak dituzte beren sigletan. Nik ez dakit noiz arraio batu behar diren.
E.S.— Hori Miren Puñetagorrik berehala konponduko luke.
D.P.— EGIN-ekoak? Eta nola?
E.S.— DEIA-ko andre horrekin eta Groucho Marx-ekin (eta denok dakigu pertsonaia hauek zer errepresentatzen duten) egin duen bezala: denak ohe berean sartzen.
I.— Zu ez zara, gero, ona.
E.S.— Beno, behintzat zure aurpegi ilun horretan irribarre bat sorterazi dizut.
I.— Dena den, nahiz eta zatikaturik egon, euskal ezkerra, PNV eta PSOE-ren eskuetan, eta Madrilekoekin negoziatzeko, "arma de disuasión" edo horrelakoren bat da. "Edo gurekin tratua egin, edo ikusi bestela zer datorren", esan diezaiokete Suarezi.
Xabier Gereño
Parisen jaioa 1925.eko Hazilaren 12an 1972. urteko Abenduaren 28an bere burua hil zuen —deretxo guztiaz—.
Zenbait artikulu bildu ditugu Jon Mirande orhoitzeko asmoa dugula.
***
Merry Christmas
Eguberri on, gaua bakarrik, liburu zahar bat irakurtzen denbora iraganik eta biziaren segeretua edirenik dardaratzen direnentzat?
Eguberri on, nere lo gelan aspertzen naizen honentzat? Goiti-botakin koloreko hodei eta tximini zikin lur ikuspegi bikaina nere kortinen artetik behartzen dut... aspertzen naiz.
Aspergabetzeko erretzen dut, pipatzen dut, baina aspertzen naiz.
...
Jon Mirande
Idazleen askatasunaz eta "Euskaldungoa-ren etsaiak"
Jon Miranderen politika idazkiak, azkenik, zentsuratuak izan direla euskaldun guztiek jakin behar lukete. Lan horien artean hiru, "Gernika" izeneko aldizkari zaharrean, duela hogeitalau urte argitaratu ziren: "Euskaldungoaren etsaiak", "Euskal gudu zalduntza baten beharkiaz" eta "Abertzaletasunaren inguruan"; hirurak abertzaletasunari buruzko lehen kritika lanak ziren; laugarren lana humorezko panfletoa zen "Herri Saindu eta demokratikoaren parabola".
Azken urteetan "LUR"ek gure idazlearen olerki guztiz gehienak eman zituen, baina "garaiko giroa" zela kausa "GERO"k ezin izan zituen eman hitz-lauzkoak oro. Nahiz ez den hemen lekua zentsura bide berrien aipatzeko, "esku idazkien" galtzeko sistima ere ba dago. Orain egiaren ordua baldin bada, idazleek ez lukete inolazko debekurekin behaztopatu behar, beren eritziak ezaguterazteko. Idazleok elkartuz gero kontu horietaz arrenguratu behar genuke? Hala balitz! Huna Mirandetar Jon izenpeturik eta "EUSKALDUNGOAREN ETSAIAK" izenburuturik, "Gernika"n, 1953eko 23. zenbakian. Hemen azaltzen dena "Igela"rako beridatzi zen.
Gure herria maite ukan arren halaz ere maitasun horrek itsutu ez bagaitu, guhaur izan garela maizen lehen etsaiak aitortu beharko dugu. Beste jende indibidualistak oro bezala —hala nola Keltak— alde batetik autonomian bizi nahi izan dugu beti eta bestetik, autonomia hori segurta lezaketen organizazio sozialik ez dugu behin ere onhartu nahi ukan. Mark Légasse-k dioenez, anarkista gara. Nere ustez, haatik, atzerritarrek dute anarkismu galgarri hunen hazia gure baitan erein, Euskalherri elkartu eta indartsu baten bildurrez.
Ezen, nahiz oraiko Euskalherritar baketsuek ahaztu duten, dirudinez bi aldiz gure arbasoak beren Ipar eta Hegoaldeko hauzoen bildurra izan ziren: lehen aldikotz, Pireneus haraindiko aldiriak Garonna ibairaino —eta haratago ere— errautsi, soildu ala bereganatu zituztenean Nafarroako menditarrek; bigarrenekotz Hispaniaren "reconquista" zela zio nafartar Estatua eraiki zutenean Afrikatarren aurka... bai eta hauzo kristauen aurka ere. Hauk dira gure historia modernuko egintza nagusiak; hauengatik batez ere, zuzenbide dugu Euskaldun izenaz burgoi izatera, enda sendo eta azkar bat izan garela baiterakusate; enda sendo, azkar ororen antzora hauzo ahulagoaren bizkarretik hedatzera eta aberastera ekarriak ginelarik. Egun, aldiz, erran delako abertzale zenbaitek Euskaldun zaharrak izan diren zaldun haidor, guduzaleen espiritu aristokratikoa erdeinatuz, haren lekuan beren gisako Euskaldun, berri, bakezale, hauzo on eta puska onen espiritu demokratikoa "a la française" eredutzat jartzen digute. Nik ez dut esanen espiritu berri hori gure dekadentzaren kausa izan denik, —bainan bai dekadentzaren ondorio eta agerkun dugula. Frantzitarren ariora demokraziaren amets urdinekin lokartzen den herriak, zahartzen eta akitzen ari dela emaiten du ikusterat.
Nundik etorri zaiku dekadentzia? Gure ahalmen politikoaren bildur zeuden hauzoek, hots, Frantziako Errege Guztiz Kristauak eta Espainiako Errege Katolikoak, ohartuki eragin zeraukutela ezagun da. Deitura horietan, hain zuzen ere, euskaldungoaren etsai handienak nabari zaizkigu: Europa Sartaldeko bi estatu latin-berriok eta Erromako Eliza. Horiek, elkarrekin lankideturik, gure endaren bereizgarri guztien erauzteari taigabe ekin zioten, nahiz alhor politikoan nahiz sinespenen alorrean. Eta, gerorren ergelkeria lagun, ekite hori hain osokiro burutu dute nun, azkenean, beren sehirik leialenak egin baitituzte Euskaldunetaz: batzuek Espainitar hoberenak izan nahi ukan dugu, besteek Frantzitar hoberenak; eta guztiak, Eliza Amaren semerik zintzoenak. Arana Goiritar Sabinek politikan eragin erreakzioneari esker (nahiz hedadura aski ez duen ukan, ene aburuz), Hegoaldeko Euskaldunak hain Espainitar jatorrak ez direla ohartzen hasiak badira ere, oraino biraua dirudi Zuberotar ala Benafartar ala Lapurtar batek Frantziaren etsaitzat aitortzen duenean bere burua; bai eta birau are ikaragarriagoa, nun-nahiko Euskaldun bat katolizismuaren aurka agertzen denean. Ni, oroz lehen, Euskaldun izaiki, heien etsai naizela aldarrikatuko dut ausarki, pseudo-euskaltzaleak oro eta % 50-eko abertzale guztiak nardarazi behar baditut ere.
Hasteandanik, euskaldungoaren gorputzkintza izan den Nafar Estatuaren kontra jokatu dute Aita Sainduek. Elizaren urgaiztez, Errege katolikuek Bizkaitarrak eta Giputzak seduzitu zituzten euskal-estatuaren ganik alde egitera. Bi eskualde horien jokaeran gure geroztikako betiko makurra jadanik ageri zaiku: lekoretik etorritako lege, sinespen edo sinheskeriei beharri emaitea eta gurez-gure direnen arbuiatzea. Hortan ez soilki Bizkaitarrak eta Giputzak, bainan bai Euskaldun guztiok hobendun izan gara goiz ala berantago. Espainiaren politika "herri-eta- sinheste- osotasunaren alde" zorionean bururatu zitzaien —Jaungoikoak benedikatzen zuelakotz, agian— Nafarroako azken monarkak protestante zirelakoan eskumulgatu izan zirenean eta heien lege-herriak hauzo katolikoen menpeko eman zituenean Erromatar eskuzabalak. Ai beren aitzinako paganismuaren begiratzera herabe izan ziren Euskaldunok, behintzat, protestante bihurtu izan balira Euskal Herria salbatuko zen ezbairik gabe, herri bat denetik...
Albreteko Joanna eta Leizarraga hotsemaile genituela, berpizkunde bati buruz ginoazen bai politikan, bai inteligentzian: gure gogo-herstura dela kausa, hala ez da izan. Gurt gakizkien, halaz ere, Erreforman alderdi hartu zuten Zuberotar eta Nafar aitunenseme zintzo heiei: hobe baita gudukatu eta galtzea batera ez gudukatzea baino.
Alta politikaren alorrean baino ere kaltegarriago izan zaiku Elizaren eragina espirituaren alorrean, geroko edozein berpizkunderen iturri biziak urdindu zizkigulakotz. Euskaldun zaharren gogo basa, bortitz eta handia apaldu, ahuldu, hobeki erran irendu zuen haren doktrinak; otso ginelarik, bildots egin gaitu... Gu paganu ginen oraino gure hauzo guztiek aspaldian onharturik zutelarik "Goizerritar" "Ekialdetar" batzuek ekarri "Berri Ona"; eta gero ere, paganu egon gara beti gure izaiki-zolan, egiazko Europatarrak oro diren bezala. Orienteko doktrina baita Kristautasuna, hangotarrentzat egina; eta Europa hunetan erro hartzekotan, hemengotarren Veltanschauung bereiziari egokitu behar zaio, nahi ala ez. Europatarrak zuzentza nahi du, bai eta nuantzak; ezin har dezake ebangeli eletzat Goiz-erritarren entelegu sorgorrak kilikatzen dituzten dogma zehatz eta lazgarriak. Horrengatik, Elizaren hastapenetik hunat "heretikorik" asko aurkitu dituzte beti beren aurka jazarriak, Erromako jaun berriek. Lehenik Keltek, monakismuaren bidez, eta gero Sede Saindua osoki italianizatu zenean, Germanek, Lutherek eragin Erreformaz Jesusen irakaspenari txertatu zioten Europatarrok hain nezesari dugun paganismuaren guna. Gure herrian, ondikotz "eraberritze" hori ez zen egin ahal izan. Aitzitik, are lehen baino arrotzago genduen Eliza baten menpean makurturik egon ginen, italianizante izateko ordez oral hispanizante, bihurtu baitzen Kontrareforma zela bide.
Kontrareforma horren "gizon handia" Euskaldun bat izan dela, hortan gure zori guztiaren sinbolu bat dakusat: Euskaldunak, beraren nazionalitatea halako atsegin masokista batekin gutietsiz eta aldebat utziz, beti eta beti, beren indar eta ahaleginak oro, bere enda-energeiak oro arrotz eta atzerritarren zerbitzuan eman ditu. Egun ere, gure neskak Frantzitar edo Espainitar "bourgeois" endekatuen baitan neskame sartzen diren bezalaxe; gure mutilek Frantziaren harmadetan, Alemaniaren kontra gudukatuz, gudari hoberenen izena irabazten duten bezalaxe —Frantzia euskaldungoaren etsaia eta Alemania, gurea ez baina gure etsaiaren etsaia izaiki— halaber Euskalherriko adimen bizkorrak, euskararen eta euskalkulturaren alde lan egiteko ordez apezgaitegian sartzen eta proselitismuaren aritzera joaiten dira lurralde hurrunetarat, ad maiorem gloriam Romae, baina gure herriarentzat onurarik gabe. Hainbat eta hainbat gogo —eta gorputz— indar Euskalduna horrela alperrik galtzen ikustea, nigar-egingarri da.
Nere ele hauk entzun-eta, hipokritak edo ergelak jauntziak urra eta beharriak rapa ariko direla badakit, blasfematu dudala hotsez. Engoitik ahatik, Euskaldunik anitz —gizaldi gazteetan batik bat— nik hemen garbian izkiriatu ditudanak ahapetik erraiten hasiak dira. Ai genitza bildur eta ahalge zozoak betikotz utz gure ona eta onura non dauden ikus dezaguntzat, behinik behin. Agian eguna etorriko zaiku, uste baino lasterrago, gure gizeli-jainkoen aldareak hartzara lorez estaliko baitira gure oihanetan, edo gure bihotzetan bederen; eta Zazpi Eskualdetako seme-alabak, latinkeriak arbuiaturik eta euskal-endaren genioari itzulirik, harzara herri azkar, sendo eta handi-nahi bat formatuko baitute, geroaldi zabal bati buruz joaile. MIRANDETAR Jonek
(Txomin PEILLEN, aldatzailea)
Jon Mirande
Askatasun tragikoa edo idazle jator baten bizi- eta hilkera
"Bena aspaldi huntan, gogait eginik, deliberatü dit Euskadiko gaizetan haboro pharte ez hartzea". 1972.eko Gabonetan, abenduaren 28an hartu zuen gerorako bidea. Herioa erakarri zuen, eta beronek heriotzea erregala. Hala zuen berak nahi. Bere Zuberoa maiteari azkenez bisita eginez gero, Euskal Herri maitatuan azken aldikoz egon ondoren, gorputza baino lehen bizi zion arimari, horrela uste zuen berak, berriro ireki zion askatasunaren atea. Arratsalde ilun, hits eta goibel batetan zituen bere gurariak betiko utzi, betiko ahantzi, betiko jaurtiki eta zuzenetsi. Bere gorputza ohoratu eta gero, handientzat joak zituen arraza eta sexua goraipaturik aurrera egin zion bere arimari, arraza eta sexua aldeztatu- gorpuztu-, egiaztaturik, aintzina erabaki zuen, adoretsu eta beldurgabe.
Obra eta gizona bat dira, zalantzarik ez, Jonen edertasunaren bilaketan; "Niretzat poesia joku bat da, hitz-joku bat da: ez da serioskiegi hartu behar. Nik euskaldun neurtitzegile gehienei hatzemaiten diedan akatsa, beren antzea bakunegi izatea da: ez hiztegiaren aldetik, ez neurtitzaren ritmu eta musikalitatearen aldetik, ez dute saiakera aski sakonik egiten gauza berririk asmatzeko". Hala zuen berak egiten:
Etxe txiki txukun baten
zure aitetamekin
zinan bizi, zintzo bizi
ene maite Kattalin.
...
Hilerrian bada lore,
lili-eguzki, krabelin
zu zaituzte, badut uste
oingarritzat Kattalin.
...
Ene maite, ene maite
ene maite Kattalin
sekulako ta betiko
galdu zaitut Kattalin.
aipatutako olerkiño hauetan eta idatzi duen guztian, dauzkan ipuin ikaragarrietan eta elaberri zorakorrean, ezagunak zaizkigun poesiotan orotan. Beti, toki guztietan bertsu idatzi zuen, eder, jori, aberats, pausakor eta atsegintsu. Forma zuen maite. Forma goratu zuen; arraza eta sexua, misterio eta edertasuna goian zeutzatela, laketleku gozagarri nola ondikozkoak eraiki zizkigun.
"Haur besoetakoa"n, Aresti zenak zioen "Libertadeari eskaindutako kantua", "ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposiblea"n beren bizikera eta hilkeraren, bere geroko hilkeraren, kondaira tipia egiten digu. Elaberri horretan profeziatu zuen bere heriotzea, edertasunean harroturiko bere heriotzeari igarri zion:
"Hiritiko kaleetan gaindi ibilki horrela gora mintzo zela bere buruarekin, uste zuten zoro bati bezala errukiz so egiten pasaiariak... zoroak, hek ziren zoroak! —pintorearen etxera heldu zen. Sartu zen. Han zegoen antzelaria, haiduru noski. Ez zion hitzik esan —ez zuen esan izan beharrik: behingoan gizona hasi zen mintzatzen, eta jaulki zion bere maitasunaren historia guztia, deus isildu gabe... bere duda, eta gezur, eta ahulkerietarik batzu ere ezkutatzeke... baina baita eta Theresak nola barkatu zion ere, ez bazuen jakin besoetan gordetzen, eta nola haren begira zegoen orain Sartaldeko ur-jauregi irrikatuetan, beti haur, beti urre, beti elur izanen zen printzesa bat, loreen eta kristalezko abardun sagar-ondoen artean... Pintoreak liluraturik bezala entzuten zuen, eta azkenean, bere bien zoriona oro azaldurik joatekoz jaiki zenean, ez zion hitzegin ez deus galdegin. Bazekien orain. Etxeateraino lagundu zuen; ez zuen besarkatu, ez zion bosteko bat ere eman, baina luzaro jarraiki zitzaizkion haren begiak, beste itsasoaren aldera zoalarik."
Gizon sendikor, hiperrautemati honek bere bizia programatu zukeenik, ez nuke nik erranen. Sendimenduen zama, desesperoaren astuna bere bizkarrak pairatu eta jasan ezin zezakeenean bakarrik, ezin eutsizkoak zirenean bakarrik zion bere buruari heldu.
Gizon guztiek amets egiteko eskubide duten zoriontasun ezina bere obran lortzean, eta agian bizitzean ere, ez zuen beste irtenbiderik:
"Gizonak kontatzen zion gero Theresari itsaso ezti eta haserrekor horren epopeia, ezagut-arazten zizkion lehenagoko itsasketak, haien odoleko ziren marinel zangarrak beste mundu bateraino eraman zituztenak. Lurra eta gizonak gazteago ziren aspaldiko adin horietan ailira bizi izan biok! Theresa zegokion bezain batean ohoratzeagatik, bera ere joanen zen lur berri bila; Theresaren apaingarritzat, urre eta harbitxizko altxorrek bilduko zizkioten mehatzetan esklabo larru beltzek; haien gainean izanen zen haur zuri eta horaila agintari, ezin hurranduzko printzesa bat bezala. Theresak zoraturik entzuten zituen aitabesoetakoaren bihotz-idurimenak asmatzen zekien ipuin ederrok... Urrutiko Amerikak baino urrutiago, Indianoen lur urretsuak baino urrezkoago diren uharte dohatsuak, ordea, ez zizkion oraindik aipatzen, han, arimaren sorterri den Gazteen lur mirarizko hartan, baitzatekeen Theresa printzesa eta agintari zor zitzaion araura..."
Ederto, ez gaiztoto, ez itsusto nahi zen hil. Amaiera ezaguna da:
"Ba zekien Theresa xikiak,... eta gizonak itsasoaren aurrez aurre hartu zuenean, urratzen zuen zauriaren sakonaz, eta erratzen zuen suaren garratz ezpainak tinkat eta begiak bustitzen bazitzaizkion ere, haren gorputza oro ikara jartzen zelarik, ez zuen intzirina bat, ez hats-behera bakar bat itzurtzera utzi... Aitzitik, biek bateginik uhin marrumakarien aitzinean hor zeudelarik sekula amaitu behar izan ez balu bezala eretiak, bere irribarre gozo liluratua gorde zuen aita besoetakoak lagatu ez zuen artean. Orduantxe bakarrik erori zen ondartza epelean, ezindurik; eta gizonak, haren ondoan belaunikatuta, urraduraren mina musuka sendatu nahi ziolarik, berriz eta berriz berresaten zuen mozkorturik, eroturik: Orain elkarrekin egonen gaitun beti, elkarrentzat elkarrekin beti, bere bihotzeko egarria haurraren odol berriaz arterainokoan..."
Baina elaberria idatzi zuenean ez bazen hil, bere geroagoko bideari igarri zion, zalantza bat ere gabe:
"Hirian sartu zenean pintorea, bere bakartasunaren azta jasan-ezina zedukan. Ez zuen lagunik, ez zuen gerorik —amets bat baizik ez, gerorako laguntzat, eta amets alferra... Zer egin behar zuen? Gizona eta haurra —eta Isabela, neskamea, gusua... ordaint-erazi behar ahal zien oraindik bizi zirenei haien,ankerkeria bi maitarien aldera? Baina nola?... Erdeinuak gehiago balio zuela ikasi zuen... Gizona eta haurra pintatuko zituen elkarren besoetan, bere oroimen amultsua gidari; haien elkar-maitatzea izan zen mirariaren historia kontatuko zuen, bere bizi guztirako gomutagarri Huts eta hutsune bat izanen zen haren enparantzako bizi guztirako.
...Miraririk ez zen berriz izanen, jainkoek ez zioten hari Theresa bat emanen..., beranduegi otoiztu zituen. Inolaz ere ezin sar zitekeen gaur bere etxean, bere etxeko jende zintzo eta zuzenen artean! Paseianten ajolarik gabe negarrez ari zela, karrikako lehengo ostatuan sartu zen, bere amets etsigarria alkoholean itotzeko."
Jonek idatzi zuen elaberria; horra gizona eta haurra elkarren besoetan. Hara hor, zioskun, bi maitariok amultsuki besarkatuta betikotasunerarte, liburu honetan betiko gorderik. Horra hor, bada, zergatik hamar urte idatzia izan eta gero bakarrik argitaratu ahal ukan zuen gure zuberotarrak, Gabriel Arestiren esku, bere obra izugarria. Euskaraz idatzi den prosa laburreko idazlanik hoberena, otzan, eme eta guriena..
Xabier Kintanari ziotson legez, ez zuen gogaiderik Euskal Herrian, zertako, norentzat idatz? Ez zuen merezi edo...:
"Salan bero zen eta goxo, bihotza etsipenez izozturik ez zuenarentzat. Gar biziek xinpartak zerabilzkiten sutegian, alai eta zalapartari, egurrezko suak baizik ez zituen onartzen gizonak; ez zuen, nahi esan-delako aurrerapenak haren etxe zaharra deusetan ere itxuraz alda eta itsuseraz lezan, eta askotan zinkurina egiten zion neskameak, aspaldiko otsein batek duen familiaritate zaputzarekin, ugazabaren burukeria horrek etxeko lanek zailago eta ugariago egiten zizkiolako. Gizonak gor egiten zion: zergatik lana arindu behar zion? Nork zizkion berari egitekoak arintzen? Besteen esanera gehiegi bizi izan zen orain, artean eta ondikotz! Oraindik ere besteek haren baitan jarritako, itxaropenari amore ematera gertu zen, besteengatik sortutako bere buruaren aizun-irudiari uko ez egitearren. Zergatik ote? Ez koldar zelako, agian. Gizarteko eginbideak zituen eragile, pentsatzen, zuen ironia mingar batekin, etxe-ondo zahar baten jabe eta leinu ohoragarri bateko seme denaren eginbideak... naiko lotsagai ematen zion bere leinuari, hogei eta hamar urtetara heldurik eta beti ere lan egin gabe bizi izanaz, gurasoek utzi zioten diru apurra janaz, haren senitarteko gizon langille, zintzoak aberasten ari zirelarik! Ez zuen, ez, atzera egiterik, onbideratu behar zuen azkenekotz. Ai! Haren egiazko nortasuna non zegoen, eta zer eskaintzen zuen baleki, edonori gogor egiteko lain lizateke noski, edozer gertaturik ere, ezen hark ere sinesten zuen hoben dela sehaskan dagoen inutaurrari lepoa tinkatzea norberaren bihotzeko nahikari bakar bat itotzea baino; oraindik ez zekien ordea zer nahi zuen haren bihotzak, bildur latz bat zedukan haren irriki zoroa arimaren egarria kentzaile izan behar zitzaion ur garden ozpila, iturburuan agortuko zitzaiola, esteta baten solas alferra baizik ez zelako hasieran. Hasieratik jakin balu egiati izaten!"
Lagunak, gizartea maite zuen gizona izanik, zelan bizi, zertako, hain maite zuen Herrian ez bazuen pentsakiderik edireten. Adiskideak ba zituen, onak; Txomin Peillen, edo Euskal Herrian bertan Jon Etxaide Itharte da eredurik onena, guztiz bestela askotan gogoeta egin arren, fidel iraun ziona adiskide; honela ziotson behin:
"Orain gaineratzen dut auzi orretan, eta beste batzuetan ere, gogaide ez bagera ere, ez dudala sekula ideia-ezberdintasuna adiskidantzaren eragozpentzat eduki. Beraz ez kexatu: neuk ere gure elkarren arteko adiskidetasuna ta laguntasuna asko preziatzen dut, ta gainera, zure jarkera errelisioneko auzi orretan errespetatzen dut oso."
Haren etsipenaren handitasun eta sorgortasuna bere Anaitasunarentzako gutun famatu hartan dukegu hobekien ikuster:
"Comme je vous le disais déjà, excusez-moi de vous écrire en français; vous trouverez, aisément un interprète. Et par ma part l'euskara, que je continue de pratiquer avec ma famille souletine, m'est devenue étranger, comme langue politique et de culture. (Veuillez croire à mes sentiments dévoués.")
Ez zen, horregatio, horrela beti bizi, Euskal Herriaren alde bere burua larregi jarri zuelako, hain zuzen, zioen Txomin Peillenek, era horretan zen amaitu. Burruka egin zuen zalaparta gotorraz, anitzen aitzi jarri arren:
"Enda sendo eta azkarr ororen antzora hauzo ahulagoren bizkarretik hedatzera eta aberastera ekharriak ginelarik. Egun, aldiz, errandelako abertzale zenbaitek, Euskaldun zaharrek izan diren zaldun aidor, guduzaleen spiritu aristokratikoa erdeinatuz, haren lekhuan bere gisako Euskaldun berri, bakhezale, hauzo on eta puska-onen spiritu demokratikoa à la française eredutzat jartzen deraukute. Nik ez dut erranen spiritu berri hori gure dekadentziaren kausa izan danik, bainan bai dekadentzaren ondorio eta agerkhun dugula."
Askatasunaren alde, beraren eta haren herriarena, nazi izana dugu. Oso faxista bitxia, halafede, ezagut daitekeen faxista askatasunzale bakarretarikoa. Horretan ere baina, ez zituen kideak ideiologiaz baizik onhartzen. Zakarra zen, hori dela eta, bere aberkideekiko harreman eta idazlanetan:
"Nazione handien jokera hori dela-ta, euskal abertzaleak haurrñoak bezala intzirika dabiltza, salhutu izan direla hotsez. Bainan zer! Jokera hori egoki baino egokiago da, ahanzkor izaitean baitatza demokrazien verthutea, demokrata batek zionez."
Juduen arerio amorratua, oraingo hebraieraren mintzatzaile, beren ideia horiengatik gotor eta pisu gertatu zen batzuetan. Ez zen, halaz guztiz, ezeren beldur. Horrela, bada, Dauzat-ek, frantses filologilari famatu eta xobinistak, "Le Monde"n eta "Le Figaro"n, 1951an, eskualdeetako hizkuntzen irakaskuntzaren aldeko legegaiaren kontra berba egin zuenean, eskutitz bat bidali zion, Dauzat-ek eskandalizaturik, zati batzuetan argitara emana; hartan ziotsanez, euskal gazteek, euskaldunak desegin nahi zituen Frantziari gorroto zioten eta herra, eta SS-ak, "Arc de Triomphe"ren hondakinen gainean igaro izan balira, hortxe bertan egon ziratekeela euskaldunak lehenengo ilaran, zorionak opa beharrean. Berau kondatzen zueneko frantsesezko artikuluan honela zuen Txomin Peillenek jarraitzen:
"Dans le même Figaro paraissait une annonce demandant des fonds pour une oeuvre d'assistance aux jeunes filles en danger moral. Jon écrivit demandant à la Supérieure de bien vouloir lui confier une jeune fille blonde, vierge et aux yeux bleus pour lui assurer gratuitement son éducation. Goulven Pennaod, notre ami commun, me rappelait qu'un jour, au centre culturel Kêr Vreizh, las d'entendre le pitoyable et pacifique hymne breton, ils s'étaient levés en s'écriant: Debout pour l'hymne breton "et d'une voix fausse ils entonnèrent Les filles de Camaret."
Lagunak maite zituen gizona, askatasuna maite zuen gizona, nazien antzera zenbait gauzari gorroto zion gizona, baina oroz gainetik ederto, zoli eta zoragarrioa idatzi zuen zuberotarra: horra, bada, Jon Mirande Aiphasorho.
Andolin Eguzkitza
Jon Mirande
Mirande puskaz puska berraurkitu
Zein haserratuko ote da azterketa honekin?... Gaur egun, Euskal Herrian, azterketa bat holaxe hasi beharra dago: gauza segura da, norbait haserratuko zaizula.
Eta gauza segura da, zure azterketak, hola edo hala egin, bat baino gehiago haserrarazteko adina atxakia izanen duela, izan ere. Hori ba dakizu aldez aurretik. Denen gustua ez dago egiterik.
Bila gabiltza
Mirande Autore baztertu bat izan da eta ez daukagu zer harritu.
Mirande, "espezialistek" ere ondo ezagutzen ez duten Autorea da. Eta ez dago zer eskandalizatu.
Irakurle horrek, beharbada ez dakizu Mirande zein zen. Agian ezta Mirande bat izan denik ere. Ez daukazu zer lotsa.
Gure egoera horixe da. Guztiona. Frankismoaren produktu gara. Besteak beste, frankismoak geure kontzientzia borratu digu. Gutienez nahastu. Guttiengo ttipi batek baino ez du modurik izan, bere bakartatean euskal historia, euskal literatura, euskal instituzgoak... estudiatzeko eta ezagutzeko. Euskal herriak orain bere historia, bere arte, bere literatura, bere instituzgo, bere musika, poesia, mitologia, bilatzen enplegatu behar. Bere buruaren bila. Horixe da gure egoera.
Ba dakigu ez dakigula. Ez historia, ez literatura, ez beste. Eta lurpetan eta ilunpetan aztarrikatu eta gero, ateratzen duguna, urregorririk ez bada, ez beza inork pentsa, borondate txarrez izan denik. Kalifornian ere ez zen urrea lehenengo haitzur kolpean aurkitu ohi.
Orixe aztertu eta urrerik iruditzen ez bazaizu atera duguna; Lizardi aztertu eta urrerik ez bada irten diguna... ez zaitez espanta, gizona! Dagoena, egon, urrea baldin bada, aterako du norbaitek, goiz ala berandu. Baina, bila eta bila saiatzen bagara bakarrik.
Beharbada Miranderen azterketa hau ere —espedizio bat, bere modura— ez da ailegatuko urre meatzeak aurkitzera. Zer egingo diogu! Bila hasi gara behintzat.
Historia bila
Historia gabeko belaunaldia gara. Euskal literaturako gorabeherez dihardugunean, geure egoeraren anormaltasuna ezagutuz eta aitortuz, hasi behar dugu beti.
Egunotan aukera izan dut, Salbatore Mitxelenari buruz elkarrizketa batzutan parte hartzeko.
Batek eta bik ageriki aitortzen zuten, euskal literaturaren ezagutzaile onak biak, berek oso berandu ezagutu zutela Mitxelena. Eta besteren bati zail egiten zitzaion hori sinestea. Hala adierazten zuen bere komentarioan: nola ez ezagutu Salbatore berandu arte?... Jakina, hirugarren hau, hola harritzen zena, fraidea zen. Ez frantziskotarra, baina bai komentu batetako tradizioetan eskolatua. Hark errazago izan du gerra ondoan Salbatore Mitxelena garaiz ezagutzea.
Beste kasu bat: kritikari askok bota nahi izaten dio Sarasolari aurpegira, "hire Literatur Historian Autore hau edo hura falta duk", edo "eritzi eskas hau eta beste ematen duk". Asko poztu naiz, Sarasolak, apal-apal, "ez nuen aski ezagutzen" erantzuten duela ikusita. Lerdoenak, halere ("orduan zergatik sartu hintzen lan horretan?"), ez dira konturatzen, erantzun hori, apaltasunaren eta gizalegearen eder-ederra ere baino gehiago, garai batetako gure situazioaren dokumentu zirraragarri bat dela. Monumentu bat.
Holaxe da eta, izan ere. Sarasolaren Historia 1971.ekoa da. Eta, bere garaian kritikatu nuelako ere, lasai-lasai esan nezake gaur, losintxatzen ari naizen itxura hartu gabe, "joandako denbora galdua" berrirabazteko, gure belaunaldiak egin behar izan duen lan ikaragarriaren emaitza bikaina, zela eta dela, obra hura.
Geure etxean arrotz eta estranjer
Jeneralean, gure belaunaldiak, Autore batetaz diharduenean, deskubrimenduak egiten dihardu: "ezagutzen duk Mirande? Koino, ikaragarrizko idazlea!". Orduan, superlatiboak erraz eta erruz botatzen dira: "poeta hoberena", etab. Guk "deskubritu" egiten ditugu geure Autoreak. Ez, eskutik eskura ondare gisa inorengandik hartu. Aurrekoengandik. Tradiziotik. Eskolatik. Eta ez Tartas bakarrik. Guk, Orixe bera, Leizarraga bera, deskubritu egin behar izaten ditugu. Jarraipen bat ez dagoelako. Tradizioa, eskola. Guk banan-banan deskubritu egin behar izaten ditugu guzti horik.
Belaunaldiarteko haustura
Ezberdinak dira tradizioa, jarraipena, hautsi duten faktoreak. "Haustura aranista", esate baterako: gure belaunaldiaren okerrak goraki predikatuz, berek inoiz okerrik egin ez balute legez, lasai-lasai jarraitzen duten horiek, horixe haintzat hartzen ez badute ere, Leizarraga eta Axular baztertu izana, Orixe baztertzea bezain bekatu historiko astuna ez balitz bezala. Guk baztertu omen ditugunengatik eskandalizatzen dira. Berek baztertu izan dituztenak, ez dira akordatzen, berriro errekuperatu behar izan ditugunak.
Gure aurreko belaunaldia kalamitate bat da. Eta gu, kalamitate bat eta kalamitatearen seme, kalamitate eta erdi.
Lizardi da eskuz esku belaunaldi batetatik bestera, abandonuan erori gabe, pasatu den kasik bakarra, den bezalaxe.
Frankismoak sinifikatzen duen haustura
Gerra ondoan lehenengo liburu literaria 1949.an agertu zen, Salbatore Mitxelenaren poema: Euskadin gerra bukatu eta hamabi urtetara. 60 aldera arte liburu produkzioa ez da normalduko. Aldizkarien zabalkundea eskasa zen, Euzko Gogoa bat eskuratzeko, aldiz, klandestinitatearekin harremanetan ere behar zen egon. Hori zen aldizkari inportanteena.
Frankismoak euskal mugimendutik zeharo apartaturik zeukan gaztea. Errepresioaren, beldurraren, eskolaren bidez. Euskaltzaletzen zenak, oso zail zuen libururik eta aldizkaririk aurkitzea. Gainera kontuz-kontuz ibili behar euskarazko publikazioekin. Horrela, euskaltzale gazteak ez zuen euskal literaturaren ezagumendu oso pobrea baino iristen.
Zaharragoek ba zituzten ezkutuan beren harremanak eta iturriak. Eta, beharbada, sortzen zen gehiena ezagutzera heltzen ziren. Gazteek, ordea, ez zuten eskuratzen ahal, han eta hemen publikatzen zenaren zati galdu batzu besterik.
Adibidez, Mirandek ez zuen lortu, bera idazlaritzan ari zen bitartean, liburu bat bakarra publikatzea. Haren artikulu, ipuin eta poesia gehienak, han-hemengo aldizkarietan sakabanaturik argitara ziren, edo ez ziren argia ikustera ailegatu Autorea hil eta gero arte. Beraz, materialeak sakabanaturik zeuden; edo ez ziren ezagutzen, ezkutuka baino. Euskaltzale gazteak Euzko Gogoa, Elgar, Igela, edo Gernika aldizkariak nekez eskura zitzakeela aparte, zaila da Autore baten ezagumendu orokarrik aldizkari bidez lortzea, aldizkarion kolekzio osoak ez badituzu batez ere. Mirandek idazteari utzi eta gero bakarrik ailegatu ahal izan du haren obrak publiko zabalago baten eskuetara.
Hori da frankismoak sinifikatzen duen lehenengo haustura, literatura aldetik: materialearen eta informazioaren fragmentazioa, apurketa; edo, sarri, materialeak eta informazioa galeraztea ere.
Frankismoak sinifikatzen duen bigarren haustura
Pentsamendu berri bat sortzen hasi zenean, ohizkoaren edo zaharraren kontra, ez zen posible izan diferentziak behar bezala eztabaidatzea eta konfrontatzea, eritziak eztabaidatzeko giro demokratikorik ez zegoelako. Konfrontazio normalik ez zen egon. Horrek sortzen dituen pentsabideen deformazio guztiak ezagutu ditugu gero. Bat oso "zabala" da eta edozein pentsaera onhartzen dizu, abertzale izan dadin kondizio bakarrarekin. Bestea oso "hertsia" da eta berea ez bezalako pentsabide oro kondenatzen dizu, ezagutzeko eta agerian eztabaidatzeko astirik hartu gabe.
Batez ere Miranderenak bezalako pentsabideak. Mirandek, izan ere, arrazista eta faxista fama zuen. Kristautasunaren etsaitzat hartzen zen. Ezkon bizitza kritikatzen zuen eta pedofilia defendatzen zuen. Moral kristaua pikutara bidaltzen zuen. PNV-az burlatzen zen... Kondena zitekeen gauza haundirik ezagutu gabe.
Pentsamolde berriak joan ziren sortuz, zabalduz, indartuz, zaharrekin behar bezalako konfrontaziorik jasan gabe. Eta konfrontazio zinezko bat agoantatu beharrik eta proban indarrak neurtu beharrik egon ez zelako, erraza zen, pentsamolde zaharrak gutiestea, are gaitzestea, ezagutu ere ongi egin gabe.
Horik horrela, oraindik apenas argitu dugu Miranderen "faxismoa" zertan datzan; baina Mirande faxista zela, esanez, jarraitzen dugu. Kristaugoari Mirandek egindako kritikek merezi lukete eztabaida bat; baina inoren objekziorik gabe dira bazterretan barreiatu...
Hau da frankismoak sinifikatzen duen bigarren haustura: pentsabideen desarroilo organiko baten ordez, fragmentazioa, elkar ezagutu ere gabe, elkarrekin neurtu gabe.
Frankismoaren produktu gara
Gu, arrunt, euskal munduak esistitzen ez zuen mundu batetan, haziak gara. Gero, egun batetan, euskal literaturaz arduratzen hasi ginen. Gogora dezagun situazio hura.
Batek, fraide bazen, modurik ere ba zuen komentuan apur bat, iniziatzeko eta aurreratzeko: beste fraide euskaltzale batzu ba zeuzkan, zaharragoak eta ikasiagoak, bide erakusteko; biblioteka bat zeukan etxean, etab. Medio behar-beharrezkoenak.
Seminarietan beharbada gutiago: Donostiako eta Bilboko Seminariak gerra ostean jasoak dira eta, hein honetan, tradizio baten jarraipenaz behintzat ezin mintza gintezke. Hauetako seminaristak mementuko literatur produkzioari atxekiago agertu ohi ziren (Orixeri, adibidez); inor ez du harrituko, Arantzazun, aitzitik, mendiko erretiroan, euskaltzale gaztea errazago ailegatzen bazen Axular irakurtzera, Villasante bertan irakasle izanda. Halere, ez komentuetan eta ez Seminarietan zegoen euskal literatura behar bezala ezagutzera ailegatzeko egokiera haundirik. Tradizio bizi bat zegoenik ezin esan liteke.
Okerren okerrena euskaltzale gazte laikoa zebilen, kalean. Sarasola bat, esaterako, Donostian. Liburu bila hasi eta non zeukan bibliotekarik ere, taiuzkoa? Non irakasleak, orientazio emateko?... Ia dena berak deskubritu behar. Euzko Gogoa eta, nola eskura behar zituen? Etabar.
Modu honetan lan eginez gero, eta honelaxe egiten zen, bidezko da hutsuneak gelditzea, hutsune haundiak ere.
Ilunpetan eta zatika-zatika
Baina Sarasola, esate baterako, bere hutsuneak betez joan da, geroz eta hobeto, Ibonek ez baitu Euskal Literaturaren Historia bakarrik idatzi... Harez gero ere lanean jarraitu du. Zintzo asko jarraitu. Argi asko. Materiale bila. Informazio bila. Eta nik uste dut, ba dakidala zerbait, zenbat lan hostatu izan zaigun nire belaunaldiari, ilun beltzetan gure literaturako argiak deskubritzen; ibiltzea, estrapuzuka eta behaztopaka —lagun zezaketenen laguntza asko gabe, egia esateko— baina eginahalak eginez, etsi eta bertan bera lanak utzi gabe. Inoiz hanka sartzen genuelako, zaunga hasten zitzaizkigun gate-zakurrei ere, ihesi joan gabe.
Egia da: gure aurre-aurreko, euskal literaturaren eta lanaldi gaitzaren ezagupen eskasa dugu. Inork bezain ongi geuk dakigu hori,
Oraintxe ikusten dut Z-Argia-n P. Rekalde Retolaza, Torrealdayren Euskal Idazleak gaur liburuaz haserre: "obra hau gaur euskal letretan nabari den partzialkeri nabarmenean erori da. Idazle batzuk aipatzen dira, besteak ez..." Hutsuneak hutsune eta kriterio dudagarrietan dudatzea oso libre, zeinek egin du lan haundiagorik, egungo euskal idazleriaz idazleek berek duten ustea eta eritzia biltzeko?
Erraza da, gero, hutsuneetan partzialkeria eta borondate txarra ikustea, ezina besterik ez egon arren. Non daude monografiak? Eta zein da, egin beharko lituzkeena? Zeinek idatzi behar du Euzko Gogoa-ren historia, egin eta berbertatik ezagutu zuen norbaitek izan ezik? Eta Egan-ena? Eta Itxaropena argitaldariarena? Eta gerra ondoko giro guztiarena? Eta Errepublika garaikoa?... Behar-beharrezko genituzkeen estudioak. Gero, beste norbaitek egin dezanean, berehalaxe akusatuko dute, ez dakit zer hutsunez eta partzialkeriaz. Ezer ez egitea da, nonbait, zientifikoena eta objektiboena.
Joandako denbora errekuperatu
Hortxe da gure egoera. Horixe. Dena dago egiteko. Ezer ez dago. Lan serios eta segururik egin ahal izateko aurretiazkoak zeharo falta dira: oinarrizko azterketak, monografiak. Errepublika garaiko literaturaz, gerra ondoko ahaleginez, axal-axaleko ezagutza besterik ez dugu. Inoiz ez dugu biderik ere izan, ezagumendu gehiagotarako.
Batzuek eginahalak egiten dituzte orain, "denbora galdua" errekuperatzeko. Bitartean, besteek beren jantziak urratzen dituzte, zerbait gaizki egiten duzun orduko; baina egin —atrebentziaz esango dizut— deus ez dute egiten, besteon akatsak salhatu eta zernahigatik sumindu baino, edozertan borondate txarra ikusiz.
Aldi bakoitzari berea
Guk ere geure subjektibismoak ditugu, edozeinek bezalaxe. Eta aldi bakoitzak, belaunaldi bakoitzak, bere subjektibismo kolektiboak izaten ditu, gure honek ere bereak ditu noski.
Materiale eta informazio faltaz gainera, beste arrazoi hori dago, gure ezagupenen erlatibismorako: datu bila hasi den euskaltzale gazteak gustu jakin batzu zituen, interes batzu etab. Mementuko inpresio batzuren menpean zegoen jeneralki. Txunditurik zeukaten Orixek, edo Arestik, edo Lizardik, edo Mirandek... Edo forma berrien entseiaketak. Edo euskara batu beharraren larriak. Etabar. Euskal literaturaren azterkari artean profesionari guti dago (ala bat bakarrik ez?) eta guk egin ditugun azterketak ez dira akademikoak izan, "desinteresatuak". Ikuspide historiko bat falta ohi zen, zabalagoa; mementuko preferentzien eta gustuen eta interesen poderioan ibili behar izan dugu.
Beraz, ez dago zergatik beti susmo txarrik hartu, azterketa bat, zuzen ala oker, egiten ausartzen bagara, eta zuri gustatuko litzaizukeen moduan irteten ez badigu. Nahi ala ez, gure interes bideak eta joerak ere kondizionatuak dira. Esan nahi dut: Labayen eta ni ez gara Orixetaz berdin interesatzen. Ni, neure kondizioetatik interesatzen naiz eta hura, bere kondizioetatik. Ez nik harenak eta ez hark nireak har ditzakegu, geure buruari uko egin gabe; eta, espero dut, inori ez diogula esijitu nahiko oraindik, bere buruari uko egitea eta simulazioak egiten hastea. Duela hogei urte, interes batzurekin irakurri zen Orixe; orain beste batzurekin: alfer-alferrik litzateke Orixe orain, gaur egun, duela hogei urtetako interesekin irakurri nahi izatea. Errealitate guztiz sinple hau baztertzea, historia ukatzea da. Obra literariaren denborazkotasuna. Irakurtzearen eta irakurlearen denborazkotasuna. Jainkoa ez beste guztiarena omen den denborazkotasuna. Hor ez dago zergatik inori borondate txarrik asmatu, borondate onak beti obra onik ez badakar ere.
Mirande, atzo eta gaur
Miranderekiko, halaber, interes diferenteak egon, dira, denboraren ibilian. Ezagupen diferenteak, hortakotz. Snobak, paristarraren berritasun dotorea gustatzen zuen haren baitan, euskal mundu baserrizuloan aspertuta. Literaturzaleak, haren espresio elegantea, gozoa. Sinboloen mundu exotikoa miresten zuen poesizaleak. Fede problematikaz arduratzen zirenak, Miranderen paganismoaz interesatzen ziren... Gaur, nik uste dut, Mirande "Autore berde" bat izatea apenas izango dela irakurtzeko arrazoirik, honez gero berdea begi, belarri eta sudurtzuloetatik ere sartzen baitigute, literaturan ezezik, informazioan eta politikan ere. Baina bere garaian bere bipertxoa zuen Miranderen berdeak.
Denborak aldatu egiten dira. Gustuak aldatu egiten dira. Interesak aldatuz doaz eta Autore batek ere, denborarekin, eboluzionatu egiten du irakurleria baitan. Ba dirudi Mirandetaz gaur interes gehiago dagoela, Miranderen beraren denboran baino. Plazan erretako sorgina, suizidatu egin behar izan zuen euskal heretikoa, birbiztu egin da. Eta ez da harritzekoa, nolarebait, Mirandek, bere obran eta pertsonan, gure aldi hau prefiguratu baitu. Orduan, Mirande aztertzen hasi gara; eta, harriturik, Mirande deskubritzen dugu.
Orain, Mirandek alderdi asko du. Bakoitzak bere alderditik, bere neurrian, pusketaka-pusketaka eta zatika, beharko dugu saiatu Mirande deskubritzen... Orixe bezalaxe, eta Zaitegi eta Euzko Gogoa bezalaxe, eta Salbatore bezalaxe eta oraindik zazpi giltzaz eta zerrailaz hitxita daukagun euskal literatura guztia bezalaxe.
Joxe Azurmendi
Jon Mirande
Miranderen erreakzio politikoa
Mirandek uste du, egiazko gizona, benetan gizon dena, borrokari eta agintekoia dela, gogorra, nagusi nahia, berekoia eta atsegalea. Hori da paganoen gizalegea.
Errukia, gaixoaren eta ahulagoaren maitasuna, begirunea, gizonaren bizioak dira. Antinaturalak. Judu-kristaukeriak.
Errespetuan eta gizon guztiak berdinak diren ustean oinarritzen diren sistimak, ahuleriaren sistimak eta naturaren kontrariak iruditzen zaizkio: hala nola demokrazia eta sozialismoa.
Mirande eta Euskal Herriaren arima
Mirandek deseginda ikusten du Euskal Herria. Zergatik? Ez garelako gizonak. Ez garelako euskaldunak.
Kristauak gara eta demokratak gara eta hori da gure dejenerazioa. Bakezale eta demokrata eta eskrupulutsu garelako, Espainiak eta Frantziak nahi dutena egiten dute gurekin.
Aintzinako euskalduna ez zen kristaua eta ez demokrata. Eta eraso guztiei buru egin ahal izan zien. Ez zelako beldur etsaiak ausartki garbitzeko eta odola beldur gabe isurtzeko eta edozein preziotan gerra egiteko.
Aintzinako euskalduna "enda sentho azkarra" zen. Gogorra. Buru zutia. Gerraria. Orduan ez zuen inork zapaltzen. Baina Elizak, "otso ginelarik, bildots egin gaitu". Eta, gero, geure buruok defendatzeko ere inkapaz gara.
Berriz ere "gure herriaren arima" irabazi behar dugu: "euskaldun zaharren gogo basa, borthitz eta handia", etsaiei nagusitzeko. Alfer-alferrik da: jai daukagu, demokrata gisa edo kristau gisa joka nahi dezagun artean; moraltasunaz preokupaturik, beti ere "zintzo eta zuzen" jokatu nahi dugun artean. Ahaztu moralak eta gizon gisa jokatu beharko dugu: "Sort-herriaren etsaiak/denak eho ditzagün" (hil ditzagun).
Mirande eta sozialismoa
Esanak esan —halegia, sozialismo "zientifiko" hutsa nahi omen duten horiek nahi dezatena esan— sozialismoak beti aukera antropologiko bat suposatzen du aurretik: gizon guztiak berdinak direla; areago, anaiak eta elkarri begiratu beharrezkoak direla. Bestela, onen-onenean, "otso taldeko sozialismora" ailegatuko ginateke, ez gizarte sozialistara.
Mirandek ez du onhartzen, guztiok berdinak garenik, elkar errespetatu eta maitatu behar dugunik, batak bestea zapaltzerik ez daukanik (inori bere lanaren plusbalioa kenduz, esate baterako). Inor inori nagusitu ahal bazaio eta batak beste zangopean har baleza, ondo egiten du. Horixe egiten dute naturan beste izaki guztiek ere.
Ideal "igualitaristak" higuingarri zaizkio Miranderi, demokratikoak nahiz sozialistak: nortasuna itotzen dute. Berdintasuna eta bakea eta harmonia dute jomuga; bizitzaren legea, ordea, borroka da. Eta borroka, bat nagusitzea eta bestea menpean erortzea da. Historiaren ikuspide guztiz dinamikoa dizu Mirandek. Darwinista trazakoa.
Borroka harmatua predikatzen lehenengoetakoa izan genuen Mirande.
Printzipiozko aukera antropologiko horrek, haseratik bertatik sozialismotik urruti jartzen du Mirande: "ni, apeztiar ez banaiz ere, eskuintiar naiz ene maneran, edo hobeki erraiteko "faxista", jende xinpleek dioten bezala. Ezin dezaket beraz lanik egin euskaldunen edo euskaltzaleen artean sozialismuaren onerako".
Ezin ahantz genezake, Miranderenetik gure situaziora dagoen aldea. Guretzat, marxismoa, sozialismoa, borroka ideologiak dira. Miranderentzat konformismo ideologia bat gehiago ziren. Dotrina gisa, 1. dogmatika bat dutelako, ikasi egiten dena: bakoitzak bere barnetik pertsonalki sortzen ez duena, eta 2. oinarri igualitarista antinaturaletan finkatzen direlako. Organizazio gisa: Alderdi sozialistak eta marxistak, beren bulegoekin eta aparatuekin, hierarkia zurrunekin eta obedientziarekin, eta beren erretorika aspergarriaz, pertsonen borrokaren espresio bizirik ez direlako, ahuleria kolektiboaren elkar asistentziarako ospitaleak baino.
Sozialismoa eta demokratismoa judu-kristautasunaren produktuak dira. Eta, Miranderen ustez, gizonaren kontrariak: ahulen eta ezinduen babesteko teoriak. Animalia gaixoen protekzio elkarteak.
Pentsabide sozialisten eta demokratikoen oinarria, ahuleriaren ideologia da: zanpatuta dagoen gizagaixoak, ez baitu zapaltzailea zapaltzeko kemenik, ideologia bat asmatzen du: "gizon guztiok berdinak gara", esaten du, "eta goiko hori ez da berdina". "Goiko hori lapur bat da, ni zapalduaz dagoelako goian; nire plusbalioa harrapatzen du", etab. Egiaz gizonak ez du holako aitzakia beharrik: ez du toleratzen inork oinpera dezan. Borroka egiten du, ez aitzakiak atera. Ahulak eta nagusi jartzeko gauza ez denak, behar ditu halako ideologiak. Kemenik berak ez baitu, kementsua difamatzeko ideologiak asmatzen ditu. Bera ezin da nagusi jarri eta berak ezin duena, ez dio besteari utzi nahi.
Gero, bakea eta errespetua eta berdintasuna predikatuz, demokratismoak eta sozialismoak parean eta berdin ezartzen dituzte ahula eta kementsua. Mediokritatea inposatzen dute. Kementsuak ez dauka ahulak baino kementsuago izaterik. Kementsuak adina balio du ahulak. Denak berdinak.
Mirande eta faxismoa
Har dezagun faxismoa indar historiko bezala, ez ideologia bezala:
Ipar Euskadin, faxismoa, aleman inbasio forman agertu zen. Mirandek uste du, ipar euskaldunek alemanekin bat egin behar zuketela, "Frantzia Euskaldungoaren etsaia eta Alemania, gurea ez, baina gure etsaiaren etsaia izaiki". Hobe zuten euskaldunek, Frantzia defendatzera joan gabe, alemanekin elkartu eta Frantziaren menpetik askatu.
Hego Euskadin, faxismoa, Francoren altxamenduan agertu zen Errepublikaren kontra. Miranderentzat, abertzaleen oker haundi bat izan zen, demokrazia defendatzea. Demokraziak ez zien euskaldunei ezer eman; euskaldunek ez zeukaten zergatik demokrazia defendatu. Gainera, ikusia zegoen, Errepublikak erasoari ezin eutsiko ziola; abertzale demokratek hondamendira eraman zuten Euskadi, galduta zegoen kausa batetan enpeinatuz eta galdu behar zuenaren alde alderdi hartuz... Faxistekin joan izan balira, irabazle irtengo ziren.
Miranderen faxismoa, lehen-lehenik eta aurrenik, abertzaletasun inkondizional hori da. Mirandek ez zuen ikusten arrazoirik, euskaldunek zergatik errepublika frantsesak edo espainolak defendatu behar zituzten; edo berei kaltea baino ekarri ez dieten demokraziak; edo ezertarako balio ez duten printzipioak... Euskaldunarentzat lehen-lehenengo Euskadi dago; ez "demokraziaren defentsa". Demokraziak ez baldin baditu berak defendatzen, euskaldunek ez daukate zergatik demokrazia defendatu.
Gero, Miranderen faxismoak esan nahi du, Euskadi askatzeko, izpiritu demokratikoak ez duela ezer balio. Indarra eta gogorkeria beharko direla. Euskadi askatzekotan, utzi beharra dagoela alde batera eskrupulu moralak eta demokratikoak. Politikan ez dago indarra beste moralik... "Sort-herriaren etsaiak/denak eho ditzagün".
Lazkano Mendizabal
Jon Mirande
Mirande eta minori herriak Europan
Euskaldunen antzeko egoeran dauden herriak, asko dira Europan. JAKIN-ek 2gn zenbakian halako "nazio ukatuen" zerrenda bat erakutsi digu. Eta, noizpait, herriok hasi dira elkartzen, Bresteko Agiriaren inguruan.
Mirande oso goiz ohartu zen. Galestar, bretoin, irlandar, finlandiar, hebraitar hizkuntzez eta kultur egoeraz biziki axolatzen zen. Bretoin abertzaleak oso lagunak zituen. Flandestarrei ere laguntzen saiatu zen. Beti ere, minori herriok Estatu zapaltzaileen kontra iraul zitezen ahalegindu zen. "Aberri oinperatuen Elkargoa" bat sortzekotan ere ibili bide zen lagun batzurekin.
Xuberotarra eta euskaldun paristarra baitzen bera, Estatu frantsesean loturiko Euskadiren parteaz eta minori herriez arduratu zen gehiena. Frantzia apurtu eta banatu beharra dagoela, esango zuen, minori herriak zut atxekitzeko. "Hiru koloretako ipurzapia" zeritzon frantses banderari.
Garbi salhatu zituen, minori herriak itotzearren Frantziak betidanik ari dituen ahaleginak. Demokrazia? Errepublika? Uztailaren hamalaueko Besta kontakizunean argitzen digu: "Eta erradak zer irabazi dugun Uskaldunek, Frantsesek beren "libertate" hori guri bortxaz emanik?... Zeren egiteko libertatia die egun Uskaldunek? Frantsesek nahi dienaren".
Demokraten lorea eta loria, demokrata frantsesen ohorea eta harrotasuna, Résistance heroikoa eta sakratua, hura ere lehen-lehenik mugimendu frantses nazionalista xobinista bat izan zela, gogoratzen digu Mirandek. Ez mugimendu demokratarik. Leon Jasson bezalako abertzale bretoinak afusilatu egiten zituena. Jasson, "breiztar gudari gaztea zen, azken gerra hontan bere aberria askatzeko borrokan ibilia...; frantses "résistance" igikundeak erail zuen, breiztar abertzale zelakotz. Jasson, olerki honen autorea, bahitu eta hiltzera epaitu zuten frantsesek"...
Libertatea ongi da. Baina frantsesek Frantziaren libertatea nahi dute. Euskaldunen edo bretoinen libertaterik ez dute nahi. Libertatea nahi duten bretoinak afusilatu egiten dituzte.
Frantziak, eta Frantzian berdin eskuindarrek ala ezkertiarrek, minori herriak ito besterik ez dute nahi. "Berdin 1939 eta 1944-ean, frantzitarrek ahalegin guztia egin dute breizal igikunea (bretoin mugimendua) zeharo deuseratzeko: liburutegi osoak birrindu dituzte, breizerako idazki eta izparringiak debekatu, zuzendariak eta idazleak espetxeratu edo suizkilotu; atzerrira ihes joan behar izan dute beste batzuek" (Per Denez).
Alemanek Frantzia okupatu zutelarik, minori herriek, Frantziaren boterea apurtzeko aukera eder hori probetxatu behar zutela esaten zuen eta faxista agertu zen. Haatik, minori herriak "demokraziatik" askatzearren, faxista...
Mirandek ez zuen konprenitzen, nola Hego Euskadiko Alderdi abertzaleak euskal gazteria heriotzean amil zezakeen, Errepublika espainol arrotz eta euskaldunon etsai baten defentsan. Eta gutiago konprenitzen zuen, nola euskal Gobernuak esilioan, adiskide maitearekin bezala tratatzen zuen frantses Gobernuarekin: Companysen asasinoen Gobernuarekin; une berean ipar euskaldunak zanpatzen ari zen Gobernuarekin.
Goulvenn Pennaodek kontatzen duen pasadizo batetan, ikusten da, euskal Gobernuak Parisen zeraman politikak, Miranderi ematen zion higuina eta nazka eta indignazioa: "Aberri egunean ofizial atospen eginik, Jon eta biok konbidatuak izan ginen Asko edan zen eta topatu —merezi zuten bezala— herri hartako gudariei; baina gero demokratkeria saltsazko hitzaldiak eman ziren, eta Jon Mirandek, frantses euskaldunen izenean mintzatzea galdatu ziotenean, honela erantzun zuen, isiltasun handienean: "Su política me hace decir, España una, grande, libre! Arriba España, Viva Franco!" Handik aurrera ez zuten gehiago Jon Mirande beren batzar eta buru-batzarretarat deitu".
Mirandek minori herrien abertzaletasun erradikal eta zeharoko eta konpromezu gabeko ba nahi zuen. Abertzaletasun "faxista" bat. Horregatixek, hain zuzen, Miranderen faxismoa ez zetorren batere hobeto faxista frantsesekin edo espainolekin, demokratekin baino. "Perilean nago Euskal Herrian demokratek urde faxistatzat atxikiko nautela, latin herrietako faxistek urde demokratatzat atxikiko nautelarik"...
Egiaz, euskaldun abertzale demokratek, "zintzo eta zuzenek", oso gaizki hartu zioten Miranderi bere erradikalismo abertzalea. Gaitzetsirik eta kondenaturik bazterrera utzi zuten. Saminetan idatziko du harez gero Mirandek: "Bainan asperturik nago zinez aldi huntan, Euskal Herriaz"; "minoritate madarigarrion maitasunak ez dit eni sekula profeiturik ekarri"... Azkenean esperantza guztia galdu zuen: "...Euskal kultura hein batean pixkortzen ari dela uste bait dut ere euskal herridearen geroaz itxaropen gutti daukat". Beste batetan: "Nihauk ez diat aspaldi huntan ilusimendurik haboro batere Uskalherriaz eta Uskaldunez". Eta oraindik berriro: "Ondikotz! Euskaldunen edo Bretoinen artean egoiten naizen aldikal, herri minoritaten baithango fedea galtzen dut". Gabonetan bere burua hil zuen.
Joxe A. Otaegi
Jon Mirande
Mirande eta mendebaldearen kultur krisia
Mirandek mendebaldearen krisi kulturala bete-betean ezagutu zuen eta bizitu zuen: alegia, baliogo tradizionalen desengainua. Balio guztia galdua zuten harentzat, erlijioak, familiak, Estatuak, moral klasikoak, ideal sozialek, baliogo demokratikoek. Hots, mendebalde modernuaren oinarri moral eta kultural guztiek, Miranderentzat batere ez zuten balio. Ez zuen konfiantzarik, ez zuen sinesten, erlijioan eta ez moralean, ez demokrazian eta ez sozialismoan, ez Estatuan.
Orain artekoak balio ez zionez gero, moral berri-berri bat, mundu ikuskera berri bat entseiatu zuen berak, oinarri berrien gainean. Oinarri berriak, hots, sentidu berri bat bilatzen zion esistentziari. Gizonen arteko harremanak oinharritzeko printzipio berri bat. Eta, uste dudanez, bi bide edo filosofia diferentetatik entseiatu zuen oinarri berrikuntza hori: indiar filosofien bidetik eta Nietzsche-Spengler filosofo aleman kultur-kritikoen bidetik.
Filosofi molde oso diferenteak dira biok, indiarra eta Nietzschetarra. Baina biak dira, nolabait, "mendebaldearen ukazio". Eta hor datza esplikazioa, noski, zergatik Mirande bi filosofia hain diferentek erakarria sentitu zen.
Bi filosofion arabera edo, Miranderen pentsamenduari halako dualismo bat nabari zaio. Bere bizitza, esan dezagun, kontenplatiborako, indiarrago da, Budazaleago. Bizitza aktiborako, ikuspide Nietzschezaleak hartzen ditu. Eritzi politikoetan, adibidez. Politikan indarraren printzipioa errepresentatuko du.
Bai ideal sozialek eta bai demokraziek desengainatua zutenez gero, faxismoak ez zuen desgustatzen. Agian, faxismoan ere, haren antimodernia zen, haren alderdi "antimendebaldarra" eta "antikulturala", gehien gustatzen zitzaiona: h.d., faxismoak nolarebait adierazten duen mendebalde modernuaren ukazioa. Basa indarraren gorazarrea.
Beraz, Mirandek inoiz bere burua faxista deklaratu bazuen ere, aitortza horrek, batez ere ukazio bat sinifikatzen duela, ematen du: demokrazia eta sozialismo haren ustez judu-kristauon ukazioa, faxismoaren beraren baitespen positiborik baino gehiago, beronen edukin propiez.
De fakto, antikonformista, ikonoklasta gogor agertu da beti. Azkenean edozein anarkistarekin gehiago kointziditzen du Mirandek, faxistaren batekin baino.
Hirugarren korronte bat somatzen dugu Miranderen pentsamenduan: Barojarekin lotzen duena. Hau da, neopaganismoa, druiden eta euskal mitologia zaharren elementuak bilduaz. "Ezer sinesten ez duenaren sinesmena" bezalatsu da.
Akelarreak eta sorginak, ipuin zaharrak eta mitoak, aztertuaz, Mirandek aintzinako euskaldunaren filosofia orijinala bilatzen du, sentitzeko eta bizitzeko euskal estilo jatorra deskubritzeko asmoz: "euskal endaren genioa".
Beharbada, Haur besoetakoa nobelan, Mirandek hiru korronteon sintesi edo sinbiosi pertsonal bat lortu du. Horregatik, liburu hau, sinple-sinple dirudiena, dinamita iruditzen zait niri. Eta konprenitzen da, liburua ezin publikatzeak Miranderi eman zion mina: euskal publikoak nobela hori arbuiatzea, Mirande bera arbuiatzea zen. Zentsura eta herstukeria baino.gehiago zen.
Nobelatxo hau filosofia asko da. Gizon asko da, Gabriel Aresti, arestian, Miranderen filosofietatik distantzia hartzera eta urruntzera beharturik sentitu zen, "ez baitago gure ideologiatik gauza urrunagorik Miranderena baino". Nire dudak nituzke.
Zibilizazio guzti honetan eta gure kultura honetan oinarrizko dudak gelditzen zaizkigunok, behintzat —honek denak asentidurik batere ez izatea posible litzatekeela, kezka, lortzen ez dugunok barnean isiltzea— oso Miranderen gertu sentitu gara beti. Eta esker on diogu, hain erantzun guti jakin zuelako bere bizitzan, —eta hain galdera asko.
Joxe Azurmendi
Jon Mirande
Eskandalizatzen zituen abertzaleak bere abertzaletasunaren erradikalismoaz. "Jeiki, jeiki Uskaldünak ehaitera juaiteko!" (a matar!) deitzen zuen. Jeltzale demokraten bizkarretik gogara burlatzen zen, irakurtzen baitakite (misala), kantuan ere bai (kantu ez likitsak); pilotan eta dantzan eta neska aratzekin ezkontzen (apezak eta auzapezak ongi bedeinkaturik).
Eskandalizatzen zituen demokratak bere faxismoaz, demokraziaz Euskadi salbatzerik ez dagoelako, eta demokraziak omen diren beste horik inperialismoak baizik ez direlako minoritate herrientzat.
Eskandalizatzen zituen ezkertiarrak eta sozialistak eta marxistak eta materialistak, materialismoak eta marxismoak eta sozialismoak judukeria eta kristaukeria eta klerikeria debot deklaratuz denak.
Eskandalizatzen zituen euskaldun fededunak bere paganismoaz, euskal mitologiako jainko zaharrak birbiztuz, sorginak egiazko euskal erlijioaren martiri deklaratuz, Jainkoaren esistentzia baztertuz, errespeturik batere gabe mintzatuz Jordango profet Josephen semeari.
Eskandalizatzen zituen moralistak, burjes ttipi hestuen "moralkeria buztinezko oinak dituenaz" burlatuz, atsegalea moraltasunaren oinarrizko printzipio ezarriz.
Eskandalizatzen zituen gurasoak, pedofiliaren bidezkotasuna eta zuzentasuna predikatuz, masturbazioari eta neskato ttipien maitasunari poesiak eginez.
Eskandalizatzen zituen familiak, haurrak izateko pozaz irri eginez, ezkonduen bizitza putakeria legal kontsideratuz, norberaren emazte aspergarria hiltzea bekatu arintzat hartuz.
Eskandalizatzen zituen maitaleak, zakur grinatsuekin alderatuz, andre heldu baten haragiari nazka erakutsiz, sentsualitatea listuz betez.
Eskandalizatzen zituen sotilak eta eskandalizatzen zituen argituak, argituek estimatzen duten psikoanalisia konfesioarekin berdinduz nahiz sotilen egiak ustekeria bezala birrinduz; okultismoan eta fenomeno parapsikologikoetan sinestuz, baina ez sinestuz aingeru eta deabruetan; Basajaunaren agerpenak ontzat emanez, baina ez Ama Birjinarenak.
Eskandalizatzen zituen kontserbazaleak, bere antikonformismoaz; progresistak, bere burua eskuindar aitortuz; bakezaleak, indarra goretsiz; lotsakorrak, bere poesia berdez, eta irtenak, bere izpiritualismoz eta sentsualitatearen gaitzerizkoaz; seriosak bere humore beltzez eta humoredunak bere sadismoz; materialistak, ariman sinestuz, eta izpiritualistak, arimaren betiereko bizitzaz deus jakin nahi ezez; arrazionalistak bere erromantizismoz eta erromantikoak bere kritika arrazionalistez...
Beraz, zuzen idazten zion adiskide Peilleni: "Gure azkeneko ikusaldian erran zenerautan Euskaltzale eta abertzaleen artean ene ideietako batño ere ez nuela khausituko; lehengoan, iruditu zait gogorregi edo pesimistegi zinela, baina areago pentsamendukatu eta ikusten dut arrazoin duzula. Zer egin behar da, bada? Ez dut ilusimendurik ene herritarrak ene pentsakoez eta, garrantzia haboro duena, ene senditzeko manerarat makurreraziko ditudala".
Gregorio Baldatika
Iberian zer
Egia esan, gobernu hau ez da Estatuko gurdiaren ardatza behinere izan; beste arrazoi askoren artean, agian, Estatuaren makina ohituegia egon delako frankist kamarilaren aginteari. Nolabait, Blas Piñarren inguruan diren indar basatiek arrazoia dute zera diotenean, hots, gobernuak ez duela autoritaterik. Noski, Plas Piñarren autoritate kontzeptua autoritatearen kontzeptu demokratikotik oso urrun dago, hura, kesarismoaren eta faxismoaren autoritate kontzeptua baita. Baina egia dateke gobernuak ez duela erabakitze kapazitaterik maizegi. Nabaria da bestalde, ezkerra Espainian ez dela ezker legalizatua, ezker permititua baizik; espainiar ezkerra botere faktikoen permisibitateagatik irauten duela, eta, bistako denez, baldin eta botere hauek beste erabateko erabakirik hartzen badute, ezkerrak berriro larriak pasa ditzake, katakunbetara itzuliz.
Gauzarik erraxena deklarapenak egitea da, zailenak aldiz nolabaiteko botere partiketak egitea, hau da: boterea demokratizatzea, neurri batez bederen. Erraz da konstituzio bat baieztatzea, erraz arau politak ezartzea. Nork garanti lezake konplitu eginen direnik? Hor kakoa. Demokraziak demokratak behar ditu ukan eta ez azken mementuan presaka eta halabeharrez C. J. Cela irakurtzen dutenak, betidanik Alfonso Paso gustatu baitzaie. Beraz, ezer gutti balio diezaieke Espainiako herriei eta bertako jendeei prozesu demokratiko merke baten propaganda, zeren, orain arteko historian ikusten denez, espainiar burjeseria ez baita gauza oligarkia basatiari kontra egiteko, eta espainiar oligarkia absurduak maiz frogatu baitu ez dela txantxetan aritzen bere botere interesak dudatan ezartzen direnean.
Oraindaino, oligarkiak uste du Espainia guztia "cortijo" handi bat dela eta bere kontrolpean behar duela ukan.
Ezer gutti ere balio liezaioke jendeari Gorte eder batzu ukaitea berauk panpinaz beterik baldin badira eta, frogatu denez, alderdiek aurrez paktu eginak presentatzen baitituzte; kasu historikoa izan zen, orain denbora luze bat, garai hartan deituriko "grupo parlamentario vasco-catalán"ak PSOEk egindako Martin Villaren dimisio eskaeraren kontra egin zuenean, UCD babestuz. Dena dago, bada, konpondurik aurrez. Gorteek ez dezakete konpon segurki Malagan eta Tenerifen izan zen errepresioaren ondorioak; bi erhan. Hori ez daiteke konpon, Martin Villa ez baita Jesukristo, Pilatus baizik. "El muerto al hoyo y el vivo al bollo".
Bestalde, nahiz Suarezen demokratizazioa ez ausartegia izan, dirudienez, armadako zenbait militarri hori iruditzen zaio; kasu baterako, Canariaseko Kapitain Jeneralak —Prada Canillas— egin zituen deklarapenak hilaren 13an "En este mundo egoista y materialista, lleno de criminales y salvajes atentados, impera el hedonismo. Jesucristo, para expulsar a los mercaderes del templo, empleó la violencia, la serena y santa violencia".
Berriz ere, gehienetan bezala bortxa ondare nazionala da zenbait jeneralentzat. Aipaturiko deklarapena batek baino gehiagok insubordinazio bidetik dakusate.
Gobernua oso kezkatuta omen dago koarteletan diren aktitudeak direla eta, baina gobernua baino gehiago larritzeko arrazoiak ezkerrak ditu, noski. Mugimendu honen adierazgarria izan da ere.
Ministrari Kontseiluak erabakitakoa, hots, Millán del Boch —ezaguna integrista erradikala bezala— División Acorazada Brunetetik 3. Kapitantza Jeneralera pasatzean.
Eta azkenik, inportanteena datekeena. Imaz komandantea zenaren hiletetan 500 militar biltzea Armadaren Koartel Jeneralean, non azken oihua "Mueran los traidores" izan zen, bati baino gehiagori historian ez hain urrun diren posizioen adierazgarri zitekeen, hots, garai bateko kolpisten posizioak.
Y al clero le gusta el mero
y al banco el dividendo
(Antonio Machinen musikaz)
Kleroa —Espainiako Pilatus— ez zen behin ere gehiegi atrebitu diktaduraren kontra; orain, dirudienez ba du zer esaterik. Konstituzioaren borradorearen kontradikzioz Konferentzia Episkopalak zera adierazi du: Espainiak behar duela konstituzio bat gehiengo katolikoarentzat. Eta horretarako beuron eritzia "gizonaren eskubide fundamentaletan" babesten dute. Gauzak garaiz, Tarancón jauna, garai batean ba ziren eskubide fundamentalago eta horregatik inork ez zuen fitsik ere esan. Gauza nabaria da Elizak ez duela inongo eskubide terrenalik galdu nahi.
Bankako notiziak kontraesankorragoak dirateke; alde batetik amerikar finantz entrepresa batzu hasi omen dira "Moltsan" dirua sartzen Espainiako finantz kapitalea erosteko, honek noski, adieraz zezakeen amerikarrek presa dutela demokrazia larri honi babesa emateko. Batek jakin, egia esan; amerikarren fido izatea tontoa izaten baita. Bestalde, Bankako zati integristenek —Banesto bereziki— gero eta kreditu guttiago emanen omen diete entrepesa ttipiei; honek suposatuko zukeen zenbait langilek ez zutela gabonetako dirua kobratu ahal izango. Beraz, probokazio bat izan zitekeen. Ezaguna da ere, plutokrazia erreakzionariena dela Bankan nagusi.
Ezkerrak oroit dezala Millán Astrayren esaera beldurgarri hura: "Abajo la cultura; viva la muerte!". Eta jende arruntok ba dugu bizitzaren dastatzeko asmoa eta errealitatea.
j.g.
Munduan barrena
Sadaten iniziatibak harriturik utzi du mundu osoa. Mundu osoa txunditurik gelditu da, bai: batzu pozik, eta haserre besteak.
Zerk sortzen du horren harridura handia?
Israelera joan da Sadat, Egyptoko Lehendakaria. Gutien uste zenean. Eta bake-usoarena eginez joan ere. Ez gerra egitera, bakea sortzera baizik. Bake hori lortzeagatik Israelera joateko ere prest dagoela esan zuen behin Sadatek. Etortzeko, erantzun zion Beginek Israeletik. Ba doala esan, eta han doa Sadat. Holaxe gertatu da. Ustekabean, itxuraz bederen. Derrefente, bapatean.
Eta esan eta egin.
Hazilaren 19an Israelera iritsi zen Sadat, bidaia-eguna aurreraturik. Eta israeldarren lehen etsai hori, Knessetera joan zen, israeldarren Parlamentura, hots Israelen nazio-bihotzera; Sadatek sabbata, juduen jai sakratua errespetatu egin nahi zuen; Sadat El-Aksa meskitara ere joan zen, otoitz egitera, hots, Arabiako erregeak "harrapatzaile sionistengandik Jerusalem liberatu ondoren eta orduan bakarrik" otoiztera joango zela esan zuen leku hartaraxe. Honetaraino ekintzak. Gero, hitzak.
Argi eta garbi mintzatu zen Sadat Israeleko Parlamentuan. Bien arteko, Egypto eta Israelen arteko bakerik bakarrik ez zuela onhartzen esan zien, palestinarrek beren nazio-izatea beren herrian behar dutela, eta Israelek gerran harrapaturiko lekuen itzultzea beharrezko dela. Baina Sadaten hitzok ez zuten inor mindu juduen artean. Izan ere, Egyptoko Lehendakaria Israeleko lurrera joatearen esanahiak hitzak oro indargabetu bezala egiten zituen. Sadat han egoteak zuen munta, ez honen hitzak.
Sadaten hitzak gorabehera, batzuen poza eta besteen haserrea ere Egyptoko Lehendakaria Israelera joateagatik zen. Haizeak eramaten ditu hitzak, baina keinua hor gelditzen da. Gertatzen ari zena posible zenik sinets ezinik zebilen kaleko judua. Hogei eta hamar urtetan lau gerratako etsai nagusia, bere Parlamentuan orain. Ez zen sinesterraza. Gertakari berri honen aurrean, euforiari eman zitzaion judua. Gezurra zirudien, baina egia zen: egyptiar soldaduen aurka burrukatu den Israeleko armadari errebista pasatzen Sadat ikustea ez daiteke egunero gerta.
Haserre sutan erretzen ari ziren beste batzu. Bisita honetan israeldarrek garai berri baten hasera ikusten zuten bitartean, arabiartasunaren azkena ikusten zuten haien etsaiek, arabiarrek. Lau gerra, arabiartasunaren izenean egindako lau gerra, kolpe batez desbaliotu egin ditu Sadatek, zioten. Traidore deitu zion Libyak Sadati. Damaskon, Assaden ordenuz, hilkanpaiak jo zituzten, elizkizun bereziak egin, eta bandera erdira jaitsi zuten, Sadaten bisita zela eta. Palestinarrak, noski, kontra jarri zaizkio, gehien gal dezaketenak beraik baitira. Egypton bertan ere ez dira denak bat etorri. Gobernu krisia gertatu da: atzerri-arazoetarako Ministrariak utzi egin du kargua, eta honen ondorengo hautatu berriak ere bai.
Pozean bezala haserrean, Sadaten Israelera joatea balioztatzean, ez da inor enganiatu. Sadaten bisitak zer adierazten zuen denek zekiten ongi: Israel nazioa bezala haintzat hartzen zuela. Horregatik poztu ziren hainbeste juduak, eta horregatixek haserratu arabiarrak. Errealista aldetik jokatu nahi izan du Sadatek: hala nahi edo ez, "entidad sionista" edo dena delako hori hor dagoela ikusi du Sadatek, lau gerraren ondorioz, eta gerraz gerra edo beti ukatzen ibili beharrean, haintzakotzat hartzea hobe dela pentsatu du.
Eta, ondorioz, elkarrizketara jo du. Gainerako herri arabiarrekin horretarako kontatu gabe. Hor dago koxka. Zirt-zart eginez, gertakariaren aurrean utzi nahi izan ditu bere lagunak. Hauek berehalaxe erreakzionatu dute. Hitzez, haseran; eta gero, Tripolin, harreman diplomatikoak hautsiz batzuk. "Zapuzketa Biltzarre" deituriko horretan bildurik egon dira Abenduaren haseran zenbait arabiar herri. Palestinarrak aparte, gogorrenak Irak, Syria eta Libya izan dira. Eta, esan bezala, diplomazi harremanak hausteraino joan dira. Baina, dirudienez, nahiko haustura formala da hori berori ere. Sadati buruz har daitekeen jokabidean gorabehera asko izan da. Palestinarrak berak ere ez datoz bat. OLPeko Buruak, Yasser Arafatek hauzia elkarrizketaren bidez konpontzearen aldeko litzateke. Ez hola Habasch beste gidaria: heriotz sententzia izenpetu duela honekin Sadatek esan du honek. Eta palestinarrek sekula baino gogorrago joko dutela. Tripolikoaren ondoren, Egypto ez da kokildu, kontrara baizik. 21 herri eta ez lau dira arabiarrak pentsatzen bide da Sadatek.
Gerta zitekeenaren berri ba zuen Sadatek. Bistan da. Eta hala ere urrats hori eman egin zuen. Zergatik?
Ez noski, besterik gabe, bien artean, Israel eta Egyptoren artean halegia, bake-itun bat eginez, Ekialde Hurbil horretan bake osoa loratuko zelakoan. Egypto eta Israel baino berri gehiago dago hor nahasirik, eta denekin kontatu beharra, beraz. Prozesu baten hasera izan liteke, hori bai. Baina herronka arriskutsuegia ez ote den Sadatek egiten zuena. Bai baitzekien arabiarrak kontra izango zituela, islaturik geldi zitekeela, lagunak gabe. Probetxu handiagoaren atzetik ibiliko da Sadat.
Egypto bertako arrazoiengandik baino areago, Carter-en Gobernuak bultzatuta joan dela Sadar Israelera dioenik ere ba da. Estatu Batuetako Enbaxadaria tartean ibilia dela, hori gauza jakina da. Diotenez, Carterek premiazko du, arrakasta handi bat behera doan bere irudi publikoa aldatzeko. Ekialde Hurbileko hauxe baino hoberik zein? "Pax americana" litzateke beraz hemen inposatuko litzatekeena. Ez dateke bakerik hoberena.
Beste batzuren ustez, Sadaten kontseilari eta arabiar aztertzaile batek esan duenez, Sadat Israelera joan Egypto behin betirako gosetik eta gerratik libratzeko joan da. Hogei eta hamar urtetan, lau gerra mantentzea odolhuste jasangaitza da nazio batentzat. Ezin daiteke ahantz kreditu militarrak nazioko moltsaren % 53 hartzen duela Egypton. Ikaragarri da. Bakea, beraz, nahitaezkoa du, nazioa aurreratzeko asmotan inbertsio arrazoizko eta planifikatuak egin nahi baditu. Sadaten jokabidearen azpiko asmoa honetan datzake askoren ustetan. Sadat, gainera, 1978.eko urtean gerra berri bat izango zela komentziturik omen dago. Ba dira besterik uste dutenak ere, eta horien artean Israeleko militar zenbait, halegia, Sadaten bidaia hau israeldarrak distradi eta fida daitezen dela, eta Sadat bera ezkutuan gerra prestatzen ari den bitartean uste dutenak.
Dena den, gauza pare bat aski argi dagoela dirudi. Alde batetik, Sadaten ausardia: "courage politique remarquable" bezala ikusi du Pierre Mendès-France politika aztertzaileak. Bakerako urrats garrantzizko bat izan daiteke. Baina kondizio zenbaitekin. Lehenengo eta bat: Egyptok Israelekin egin duen gauza bera egin beharko luke honek palestinarrekin: nazio bezala onhartu halegia. Honetan datza hauzirik larriena.
joan mari torrealday
Nork ez du Charlot-en pelikularik ikusi? Nork ez du barre egin gertatzen zaizkion pasadizoekin? Nork, pelikula ikusi ondoren, ez du barnemin pixka bat sentitu? Baina Charlot arloteak bizitzaren filosofia bat erakusten digu, bizimolde bat, eguneroko konbentzionalismoetatik apartekoa, bakartia eta bihozbera, ikusten ditugun ereduetatik zeharo desberdina, antiheroia..., eta, beraz, hein batetan, ikusleen heroia. Eta, gaur, non dago Charlot? Zer egin zuen Charles Chaplin-ek horren arrakasta zuen pertsonaiarekin?
Bizitzearen zinea
1889.ean, Charles Chaplin Londresera jaiotzen da. Aita, frantsesa jatorriz, kantari nahikotxo ona, Amerikatik eta Europatik ibilia. Ama, burjes-judu familia batetatik ihesia, teatrora dedikatzen zen. Bost urterekin, bere aitarekin, kafe-teatro antzeko batetan kantatzen du. Hiru hilabete beranduago aita alkoholismoz hiltzen da. Orain hasten da Chaplindarren bizitza gogorra eta latza: ama gaixorik, anaiordea —amaren aurretiko ezkontzako semea— eta Charles Londres inguruetako suburbioetan eskeko ari dira. Behin eta berriz detenituak eta eskola berezietara eramanak, baina, behin eta berriz aterata, lehengo bideetatik segitzen dute, besterik ez bailegoen. 5-6 urterekin ugari ziren organilo jotzaileen ondoetan dantzan ziharduten, eta jendeak eskainitako penike exkaxak harturik, organilo-jotzaileengandik ihes egin behar, ez baitzuten haiekin inolako harremanik...
Charles-ek, 7-8 urterekin, music-hall batetan dantzatzen du, pantomimetan parte hartuz. Lortzen diren sosekin, anaiordea eta bera hile batzutan eskola batetara doaz; denboratxo bat pasatuta anaiordea itsasmutil bezala joaten da, ama berriz gaixorik geratzen da. Charles bakarrik. Hemendik aurrera, haurtzaroa eta gaztaroa bakartatean igaroko ditu. Lekuz leku, ehunkada lan desberdin egingo ditu, teatroan eta dantzan batez ere. Inguru hau bere lehen zinean agertzen dena izango da: etxe zikinak, polizia autoritariak, dendari enganiagarriak, jatetxe familiarrak...
16 urterekin Amerikatik etorritako teatro konpainia batekin lan egiten du; bere gogoa konpainia horrekin Amerikara joatea da, baina ezin du. Ingalaterran geratu behar. Lau urtetan, music-hall-etan lan etengabe egiten du. 20 urterekin Parisen aritzen da: haro gorriak ia pasatuta daude. 1910.ean, New York-era doa, non troupe baten artista nagusia bilakatzen den.
1914.ean Mark Sennett-ekin, zine komikoaren sortzailea berau, kontratu bat sinatzen du. Urte horretan 35 filme labur egiten ditu. Arrakasta hasten da. Hurrengo bi urteetan beste bizpahiru dozena filme gehiago egiten ditu, bere filme guztien egile-propietatea gordez.
Hauk izango dira Charlot-en filmeak. Pertsonaia bat sortu da: arlote asozial bat, humorez eta humanitatez josia, 1. gerrate aurreko publikoari errealitate sozial bat erakusten diona. Charlot ez da mito edo heroi bat, aitzitik, inguru sozial batetan bizi den Charles Chaplin bat da, eta inguru sozial horri erantzun bat ematen dio: ingurua Chaplin-Charlot-i ez zaio interesatzen, eta, ukatuz, gizartetik aldendu egiten da.
Baina bere filmeetan agertzen den sozietatearekiko portaera Amerikako gizarteari ez zaio ondo iruditzen eta, ingelesa izanik eta 1914.eko gerratean parte ez hartzeagatik, beren kontrako kanpaina bat hasten da. Chaplin-ek Amerikarentzat dirua ateratzeko filmeak egiten zituen artean ez zegoen problemarik, baina "homo-oeconomicus"-etik aparte, Charlot-etik aparte, dena zen oztopo: Charles Chaplin eta bere kritika —tolesgabea, xinplea, beharbada—, USA-n ez ziren toleragarriak. Honelako kanpainak ugariak izango ditu.
Chaplin zuzendari
Gerra ondoren, Europan zehar bidaia luze bat egiten du, nahiz eta Amerika eduki gogoan, nahiz eta oraindik Amerikan sinesten duen. Eta bere gogoko nazioaren fundatzaileei filme bat dedikatzen die: "Gold Rush" ("Urre ametsa"). Filme honekin Chaplin bere bizitzako markak gainditzen saiatzen da, "Amerikako ametsa"n sartu nahiz. Bere bizitza definitzen duten karakteristika batzu aurkezten ditu: dantza (ogiekin eginiko dantza, nola ahantzi?); humorea (humore tristea, non edo non badago, Chaplinengan dago); haur denboratako ingurua... Gero, imajina horiekin isladatutako Chaplin-bagamundua, filmearen bukaeran, gizartean integratuko da: Charlot-en heriotzea da. Filme honetan Chaplin-ek publikoa enganiatu egiten du, baina publikoari honelako filmeekin enganiatua izatea gustatzen zaio. Chaplin-zinegilea gizartean integratzen da. Horrela, Chaplin-en filme luzeetatik onhartuena izango da hau.
1929.eko depresioa baino lehen, beste kanpaina bat gogortzen da bere aurka. Amerikako fiskoari milioi bat dollar zor omen dio Chaplin-ek. Honekin batera, ezkontza eta dibortzio nahiko eskandalagarriak ditu. Ama hiltzen zaio.
1930-40 urteak fama eta hospe urteak dira: bidaiez mundua ezagutzen du, eta munduak bere filmez Chaplin ezagutzen du. Hemendik aurrera pelikulak urriak izango dira. Hamar urte hauetan hiru zuzentzen ditu: "City lights" ("Hiri argiak"), "Modern times" ("Denbora modernoak") eta oraintsu ikusi ahal izan dugun "The Great Dictador" ("Diktadore Haundia"), 1940.ekoa.
Azken filme hau, oraindik neutral zen Amerika batetan egina, filme politikoa da, parodia gisa egina: Hynkel diktadorea, bere inguruan dagoen herri automata, Napoloni diktadorekidea... errealitatea karikaturaztatuta dago, eta helburu oso konkretu batekin eginda: neutral zen Amerikan propaganda egitea. Horretarako edozein medio da ona, eta Chaplin-ek publiko kopuru handienari heltzeko elementu melodramatiko baxuenak erabiltzen ditu: sentsibleria, heroiarekin —bizar-motzailearekin— identifikazio sentimentala...
Baina Chaplin-ek ematen duen soluzioa optimista da: edozein problemaren aurrean bai pertsonala, bai soziala, erantzuna gizonak du, gizonaren humanitateak du; Chaplin-ek humanismo bat nahi du... Bizitzari buruzko ikuspuntuak aldatu egin ditu: lehen filmeetako eskapismo pertsonala, anarkikoa, bizar-motzailearen burjes-ttikismo bat bilakatu da.
Filme gisa hartuta, Chaplin da filmea: gidoia, direkzioa, aktuatzea eta musika berak dira. Teknikoki akzio paraleloa darama, eta ez da sekula korapilotsu agertzen. Dantzak —nola ahantzi Diktadoreak munduarekin egiten duen balleta?— eta musikak filmea determinatzen dute, eta, erreziprokoki ere, filmearen gidoiaren aurrean makurtu egiten dira. Musikak —Chaplin-en musika tristea—"Limelight" ("Teatroargiak") filmean edukiko du toki maximoa. Chaplin-en kreatibitatea, hemendik aurrera ahulduz doa.
Bizitzearen itzaltzea
Gerra osteko Amerikako sorgin ehizak ez du Chaplin ere uzten. Aktibitate antiamerikarren Komitearen aurrean deklaratzera behartua da, eta Justizia Sekretariak USA-etatik atzerriratua izateko eskatima bat egiten du. 1952.ean Europara doa, eta astebete beranduago berriz Amerikara ez itzultzeko agindua hartzen du. Berantago, Amerikan bizitzeko debekua altxatzen zaio, baina ez da gehiago itzultzen. Ordutik hona bere familiarekin Suitzan bizi da.
I. Zuazo
Hezkuntza
Metodologia aktibo-sozialaren bila
Ikastola mugimenduarekin batera kezka bizia sortu zen irakasle eta gurasoen artean, haurrei eta beraren inguruari loturiko irakaskuntza modu bat bultzatu nahiz. Ikastolak aurrera joan dira, handi bihurtzeraino. Eta indibidualki, lehengo kezkarekin segitzen duten asko badaude ere, batezbesteko interesa beheratu egin deia esan dezakegu; interes pedagogikoa pixka bat bazterturik eta galdurik dago. Artikulu sail honen bidez, bultzada berri bat eman nahi diogu eztabaida eta kezka pedagogikoari, Euskal Herriaren eskola nazionala ongi finkatzeko.
Betiko kritika
Topikoa bada ere, oraindik biziegirik dagoen irakaskuntza modu baten kritikatik hasiko gara. Orain arteko irakaskuntza —eta oro har gaur egunekoa ere— metodologia pasibo-memoristikoan finkatu da nagusiki eta beraz, antiformatiboa izan dela —eta dela— esan dezakegu. Eta eskola bizitza normaletik aparte egon den —eta dagoen— mundu bat izan da, gizartetik bereizirik.
Irakaskuntzak, ordea, izen hori merezi izateko, posibletu egin behar du, haurrak gizartean aktiboki parte har dezan, eta bere egintzaz bere pertsonaren hazkunde osoa lor dezan. Hots eskolak gizartearen parte bat izan behar du, eta ez gizartetik aparte dagoen zerbait. Honek, irakaskuntzak aktibo eta integrala izan behar duela esatera eramaten gaitu.
Irakaskuntza aktiboa, hots, haurrak lan eginez lortzen dena, irakaskuntz prozesuan parte harturik. Eta irakaskuntza integrala, hau da, gizartearekin kontaktuan egonik, haurraren ahalmen guztiak aitzinatuz.
Gaur eguneko egoeraren kausak
"Ikasteko" eta memorizatzeko ahalmena desarroilatzen duten metodoen iraupenak zenbait oinharrizko kausa ditu. Kausa estrukturaletaz —eta gure ustez berauk dira nagusiak— gain, konponketa oso gure eskuetan (irakasleenetan) dauden bi kausa aipatuko ditugu, nahiz eta, esan bezala, nagusiak eta bakarrak ez izan: Materiale egokiaren eskasia eta teoriaren eta praktikaren artean dagoen desfasea.
Materialearen arazoa lehen puntua da. Gaur egunean inprimatzen den materialerik gehiena, guzti klasikoa dela aitortu behar da, abiada horretatik urrundu nahi diren zenbait saio laudagarri salbu. Eta materialeak inertzia izugarri handia du, eta kutsatu egiten ditu irakasleak. Eta hauek, konturatu gabe, teoriaz behintzat erabili nahi ez lituzkeen metodoak erabiltzen dituzte.
Bigarren puntua, teoriaren eta praktikaren arteko desfasea dugu. Teorikoki, irakaskuntza aktibo eta integralaren arazoa planteiaturik eta konpondurik dagoela esan dezakegu: hor ditugu Freinet eta Montesori-ren sistemak eta Piaget-en azterketa psikologiko-pedagogikoa. Baina hauen irakaskuntza teorikoak ez dira gure artean konkretizatu materiale egokitan, eta sarri, egin diren entseiuek, haien teorien alderdi marginalak baino ez dituzte hartu, benetako mamia landu beharrean.
Dena dela, ezin ditzakegu irakasle indibidual batzuren ahaleginak ukan, baina, gehien batetan, errazago dugu guk jabetzen ditugun edukiak eta erosoago dugun metodologia magistral eta irentsi beharrekoan jarraitzea.
Arazoa, ba, metodologia klasikoaren inertzia apurtzean datza. Horretarako ez da nahiko esfortzu indibidualekin —eta honelako lan interesgarri pila bat dago—; aitzitik, inertzia hori gainditzeko, korronte indartsuagoa sortu behar da. Hots, irakasle talde handia kontzientziatu behar da irakaskuntza aktibo-integralaren alde. Baina kontzientziatze horrekin ez da nahiko, materiale —edo bide— erabilgarria prestatzen ez bada, materialearen eskasiak lehen aipaturiko inertziari laguntzen baitio:
Hitzatzea
Guk, talde bezala, bide horretan abiatu nahi ukan dugu, eta horretan diraugu. Materiale bat prestatu dugu —on edo txar, interesgarri edo ez, erabilgarri eta lagungarri edo ez,... hori ez da guk esan behar dugun gauza, zeuek baizik—, eta bertan aipaturiko teoriak praktikara eraman nahi izan ditugu. Baina, gure lan horrek fruiturik emanen badu, irakasle talde handiak antzerako bideren bat onhartzen duelako izanen da. Hori da, azken baten SAIOKA materialearekin lortu nahi dena, inertzia aktibo-integral bat sortzea, beste inertzia klasikoa gaindituko duen inertzia berri bat. Hori lortzeko, irakasleek bereganatu behar dute ideia. Eta berekin eztabaidatu behar da.
Honelatan, bide posibleetako bat hartu dugu: Aldizkari batetan pedagogi eztabaidarako artikuluak egitea. Artikulu hauetan puntuka-puntuka, liburuak prestatzean eduki ditugun asmoak azalduko ditugu, bide batez zeuen kritikaren zain geratzen garelarik.
SAIOKA taldea
Euskara eta politik alderdiak (eta VI)
Euskal maximo eta minimoak
"Guztiok ulertzeko erdaraz egingo dugu", hauxe da, orain arte, gure artean maiz, maizegi, entzuten dena. Euskaldunok eta erdaldunek batera aditzen dugun hizkuntza erdara da. Horixe da, ni oso oker ez baldin banago eta Josu Oregiren barkamenaz, mathematikaz, bien denominadore komun maximoa deitzen dena. Eta gure politikariak, orain arte, kontzeptu horretaz baliatu izan dira.
Ni, ordea, beste logika baten alde jartzen naiz: "Erdaldunek ez dakite euskaraz; euskaldunek, aldiz, euskaraz eta erdaraz (frantses edo espainolaz) ba dakite. Erdaldun eta euskaldunen arteko multiplo komun minimoa, hortaz, euskara eta erdara, biak, jakitea da. Beraz bien ordezkaria izateko, euskalduna izan beharra dago".
Askok, dirudienez, ez dakusate euskaldunok, zorionez edo zoritxarrez, erdaraz ere dakigun neurrian, erdaldunak ere ba garela, alderantzizkoa ia inoiz egia ez den artean. Erdal politikari basko batek, kasu, Barakaldon hitzaldi bat egin dezake, baina ez Ondarroan, Ataunen edo Donibane Garazin, bertakoen nazional eskubideak erabat zapaldu gabe behintzat. Gaurko Euskal Herriko populazio OSOA errepresenta dezaketen BAKARRAK, hortaz, euskara eta erdara dakizkitenak dira. Besteek ezin dute, ez dutelako, komunitate osoaren ordezkaritzarik eraman.
Problemak ezagutu, ulertu, bizi
Euskara jakitean, beronen eta berau egiten duen jendearen egiazko problemak —norbere problemak ere baitira!— zuzenki uler eta senti daitezke. Bestela, soluzioak itsuka ematen ari gara, zeri erantzun behar diogun ez dakigulako.
Aitak esan nau; berak eman nazki, zergatik dira neureak moduko gauzak entzutean, euskaldun politikari ikasia berehalaxe konturatzen da herri eta jende horren artean gure hizkuntza zein egoeretan dagoen. Horrek kezkatu eginen du, eta soluziobideak pentsaraziko. Politikari baskoa, edo eta euskaldun ezikasia, aldiz, jendeak oraino euskaraz mintzatzen entzun dituela eta, poztu eginen da, eta baikortasun handiz usteko du, faltsuki, herri horretan euskararen egoera oso ona dela, horregatik arduratu gabe.
Balmasedan politikari basko batek "Madrid nos ha hecho perder la lengua vasca y nos impide utilizarla en la vida diaria" esan dezake lasai, baina hitz berberok, Ordizian, Leitzan edo Saran, absurduak dira, hor de facto zapaltzaile litzatekeen bakarra hori erdaraz liokeen hizlaria izanki.
Klaserik nazionalki zapalduena
Sozialista guztiok onhartzen dugu —eta orain, dakusagunez, guztiok omen gara sozialista— sozialismorako bidean aurrea eta gidaritza eraman behar duen klasea sozialki zapalduena dela, hots, langile klasea. Beste klase guztiak, arrazoiaz, bihotzaz edo philanthropismoz sozialismoaren alde jar daitezke, langileriak, aldiz, halabeharrez jarri beharra dauka, kapitalismoaren zapalkuntza bere haragitan, bizi bizitan, egunero sufritzen duelako. Beronek daki, inork baino hobeki, kapitalismoaren ondorio beltzak zeintzu diren.
Ideia berbera aplika dezakegu, eta lehenbailehen aplikatu beharra dago, nazional arloan ere. Euskaldunon nazional iraultza, hizkuntz eta kultur arazoan, problema larrienak sufritzen dituen taldeak zuzendua izan behar duela, halegia. Izan ere, euskaldunok gara, baskoek baino gehiago, euskaragatik era guztietako bereizkeriak sufritzen ditugunok. Irakaskuntzan, merkatalgoan, komunikabideetan, etxean (telebista), lagun arteko harremanetan, haurren hezieran... eta guztiok euskarari lehen hizkuntzatzat eusten diogun neurrian.
Hirian euskaldun batek bere haurrak euskaraz hazteko konta ezinezko problema, oztopo eta eragozpenak dauzka, bai hizkuntza irakasteko, bai haurrak sozial textuinguru erdaldunaren kontra hura erabil dezan, eta bai beste haur eta pertsona ezezagunekin harremanetan konplexurik gabe has dadin. Eta orain arteko alderdiak deus guti kezkatzen dira, antza, honetaz.
Ezein baskok pentsatu al du inoiz nolako problema da Bilbon euskara besterik ez dakien hirur urtetako ume bat kalean edo erostetxean galtzea? ¿Cómo te llamas, guapo? galde eta haurrak erantzuten jakin ez. Gure hospitaleetan, haur euskaldunak zaintzeko euskara dakien erizainik ez dago, legez eta arauz bederen. Geure Herrian arrotz sentitzen gara egunero euskaldunok, baskoak ez bezala. Eta hau serioskiago pentsatzekoa dugu, jaun-andreok!
Soluziobideak
Ihazko Udako Euskal Unibertsitateak dei bat egin zuen; hartan politik alderdien buruei euskaraz ikasteko eta, jakinez gero, alphabetatzeko, eskatzen zitzaien. Kanpaina horri bultz egin behar diogu guztiok, nork bere alderdian horretaz definitzeko eskatuz, eta eskabidea onhartuz gero, praktikara lehenbailehen eramateko bidea antolatuz.
Euskarari bere azalezko symbolismo hutsal eta enganiagarria kendu behar diogu, eta geure hizkuntzaz modu operatiboaz baliatu. Irlandatik ihes egin behar dugu, mintzaira kontuan —honetan ere gustu guztietarako baitira— Suomi, Txekoslovakia, Israel eta Flandes eredutzat harturik.
Alderdi batzuk (EHAS, ESB, HASI...) zenbait pauso sendo eman dituzte beren erkideei gure hizkuntza ikasteko epea ipintzean. Alderdiko kargudunentzat, berauk buruz gaiagorik direlakoan, epe motzagoa ezarri zaie gainera.
Epeak, ordea, politak izan arren, alferrekoak gertatzen dira egiaz bete daitezeneko bideak ere jartzen ez badira. Honetaz, seinalagarria bezain txalogarria da ESBek aurtengo udan egindakoa: bere erkideentzako ikastaro berezi eta intentsiboak jartzea. Hori bide on bat dateke; herri guztietan alderdi guztiek batera, indarrak arazo komun honetan elkartuz, euskarazko ikastaro irekiak muntatzea ere beste bat litzateke.
Beste erabaki bat, ezin beharrezkoagoa, epe hertsiak edo epe absolutuak jartzea da, hau da, hemendik honenbeste urtetara alderdiaren batzarre guztiak eta kideen arteko paperak oro euskaraz egiteko erabakia. Epe hau, noski, luzeagoa izan behar da (hamarren bat urte, kasu), baina ez dagoke beste biderik alderdien euskalduntze osoa lortzeko. Bestela, erkide sarberri bakoitzari hiruzpalaur urtetako epe mantenduz gero, ez da sekula santan euskaraz batzarrerik eginen, beti jende berria etortzen baitateke euskaraz ez dakienik.
Epe absolutua bete ondoan, erkide edo alderkide izan nahi lukeenak euskararen tresnatasuna onhartu beharko luke, alderdira sartu aurretik euskaraz ikasiz edo eta, sartu arren, batzarreetan —euskara ez dakien bitartean— eskubide osoko kide bezala zuzenki parte ez hartuz (1). Modu honetara, ez bestela, bihurtuko dugu euskara politikan parte hartzeko premiazkoa, orain arte erdaraz publikoki ongi mintzatzea bezain beharrezkoa, esaterako.
Beste bide bat, beharbada serioski pentsatzekoa, guk ere, galestarren antzera, nazional hizkuntzaren aldeko elkarte bat sortzea litzateke. Beronek ez luke izan behar Akademia bat, gure hizkuntza toki publiko guztietan (administrazioan, irakaskuntzan, komunikabideetan, publizitatean, hiri, kale eta denden izenetan, hospitaleetan, politik eta kultur erakundeetan, etab.) efektiboki bultzatzeko baizik, horretarako deiak, salhakuntzak, informazioa, manifestaldiak eta boikotak eratuz. Hizkuntzaren aldeko kontrol elkarte hau, nolabait langileen syndikatuen antzera, alderdi guztietako euskaldunentzat irekia litzateke, honela euskaldunok geurok geure problema espezifikoak konpontzeko.
Galiziako Union do Pobo Galegokoek, Kataluniako alderdi askok bezalaxe, aspaldidanik egiten dituzte beren bilera-batzarreak beren hizkuntza nazional bakarrean. Hasieran, bertan ere istiluak eta protestak gertatu ziren, baina gogortasunaz jokatu zutelako, gaur problema hori ez du inork eztabaidatzen. Ikas dezagun.
Euskararen prezioa
Euskara ez jakiteak euskal alderdiei dakarkien sozial kostua, bestalde, izugarria da, itzulpen eta hitzaldietan batez ere. Euskaraz (idazten edo mintzatzen) ez dakitenen kausaz, euskaldun ikasiok, hain zuzen obra originalak euskaraz egiteko gai garenok, geure denbora oso murriztua daukagu horretarako, maiz, maizegi, besteen erdal lanak geuk euskeratu behar ditugulako. Eta gainera, presaka egindako itzulpenok —gauza guztiok BETI oso presa haundia dute eta!— erdarazko textu originalen ondoan agertzekoak, inork irakurriko ez dituelako segurantza frustragarria ongi presente daukagularik!
PNV moduko alderdi aberats batek, Iruineko bere batzarrean egin bezala, itzulpen simultaneorako aparatu ezin garestiagoak erabil ditzake. Geure sozial oinharria apalago dugunok, helburuz eta diziplinaz ez bada, diru, denbora eta sozial ekonomia soilaz besterik ez balitz ere, bestelako neurriak hartu beharko ditugu.
Estatalistak atzean
Euskal Herrian ari diren beste alderdi estatalistez deus guti esan dezakegu, Herriaren dynamikaren gurdiaren atzetik ibiltzen direla beti, ez bada. Hertzale sozialistok duela zenbait urte aldarrikaturiko eskabideak, orain haiei ere entzun diezazkiegu. Azken orduko itxura egite hutsa, ezinbesteko birtutearen agerketa irrigarria.
PSOErentzat euskara ez omen da existitzen; euskara egitea, Múgica Herzogen eritzi publikoaz, arrazismo nabarmenenaren seinale gertua da. Beraren alderdi eta etxeen izenak beti erdara batu eta batzailean jarri ditu (hauteskundeen salbuespenaz). Euskal idazlerik ez dute bat bera ere.
PCEkoek, sasoi batetan aski ongi egiten zituzten beren pamphletoak euskaraz. Uka ezinezkoa da Haranburu Altuna eta Jon Cepeda, kasu, idazle eta itzultzaile onak direla, baina fitxaketak, azken buruan. Ez dirudi PCEren saldan euskara ikasteko kondizioak egokiegi direnik. Lan originalak gero eta gutiago publikatzen dituzte orain euskaraz, dena den.
MCEkoen artean, alderdi horretan diren kontraesan theoriko eta praktiko nabari guztiekin ere, euskara dakienik ba da eta ez gutti; idazletan izen ezagunik ukan ez arren —gezur biribila baita, hortik inoiz esan denez, Ibon Sarasola MCEkoa dela!— ezin uka dakieke euskaraz gero eta gehiago saiatzen direnik.
Besteez ez mintzatzea hobe. Estatalista guztiak, oro har, euskararekiko zabarrak baldin badira ere, askorentzat, gainera, euskara gaindi ezinezko mendia da. Anitzek, nork egin balute, egin eginen lukete, baina... Gure nazional eta kultur historiarako, edozein modutan ere, batzuek eta besteek deus guti utziko digukete.
Eginetan ezagun
Praxisa da gauza guztien frogalekua. Hitzetan guztiok ohi gara konforme. Egunetan ikusi behar da, ordea, gure egiazko zintzotasun eta kontsekuentasuna. Euskararen arloa zail eta latza omen da, ez berez, gure zabarkeria eta epelkeriagatik baizik. Ezina eginez egina —zioen Larramendik, eta desafioa, harez gero, hor dago. Praxisean ageriko da Euskal Herrian nor zein den. Alderdien arteko euskal konkurrentzia gogozko deklarazio-manifestuetatik errealitate objektiboaren arlora eraitsi behar dugu. Kritika beharrean gaude, eta hainbeste doakigun arazo honetan kritika latz eta mingarria da egokiena, errudunak lotsarazteko modukoa. Baina kritika zintzoa ere bai, errua dena den salhatuz, alderdikeriarik gabe, besteak eta gutarrak berdinzki seinalatuz.
Edozein alderdik arlo honetan emandako pauso on guztiak publikoki txalotzekoak ditugu, eta kopiatzekoak ere bai. Konkurrentzian, euskal sokatiran ibil gaitezen guztiok, euskararen, euskaldunon, Euskal Herri osoaren onerako.
Xabier KINTANA
(1) Erabaki drakoniar hau ez da, bestalde, antidemokratikoa. Aski lukete euskaraz ez lekiketenek batzarrea baino lehenago beren eritziak adiskide euskaldun alderkide bati azaltzea, beronek beren izenean proposa edo entzun eraz litzan.
Udaz geroztik, zenbait Feminista talde bildu izan dira topaketa hauk antolatzeko.
Emakume guztiei, beraietan parte hartzera dei egin zigutenean, zera zioten:
"Gure asmoa zera da: Topaketa hauetan emakume guztiok, nahiz eritzi bateko edo besteko izan, askatasun osoz espresa gaitezen, beldurrik gabe, errudunezko sentimendurik gabe, gutiagotasunezko konplexurik gabe.
Gauza asko dugu esateko, pentsatzeko eta egiteko. Milurtetako zapalkuntza ez da lau egunetan konpontzen. Aztertuko diren gaiak nahiko sakonak direlarik, arriskugarri izango litzateke gure herrian berri bezala azaltzen diren arazo hauei irteera erraz bat itxarotea.
Topaketa hauetan garrantzizkoena zera da: Lehenengo aldiz, Euskadiko emakumeak biltzea eta gure zapalkuntza salhatzea. Zer den eta nondik datorren aztertzea, zapalkuntzaren moduak desmaskaratzea, zenbait soluziobide bilatzea. Elkarrekin. Ahots guztiak. Talde guztiak. Tendentzia guztiak."
Eta asmo honekin bat eginez, ostegunez, hilak 8, 1.500 bat emakume elkartu ginen Leioan.
Antolatzaileek egun hauei sarrera bat irakurri ziguten.
- Emakumeok, sofritzen dugun zapalkuntzatik at irteteko, gure indarra besterik ez dugu.
- Lehendabiziko aldiz, Euskadiko emakumeok, patriarkal gizarte honen sustraiak eta ondorioak aztertzera etorri gara.
- Gure gorputza, adimena, lana, borroka, BETI gizonaren zerbitzuan jarri ditugu.
- Sozial borrokan ere, iraultzetan... emakumeok, nahiz eta gogorki parte hartu, ez dugu borroka hauen lorpenik eskuratu.
- Garaia da, guk geure borroka hasteko.
- Historiaren betiko ahanztuok, has gaitezen ba geure historia idazten.
Sarrera animatzaile honen ondoren, aldez aurretik pentsatua zegoen egitaraua hasi genuen.
Metodo bezala, eta denborak uzten zigunean, zera egiten genuen: lehendabizi ponentziak azaldu, gero taldeak eratu eta beraietan gai desberdinak eztabaidatu; azkenik, denok asanbladan taldeen lana jaso eta aztertu.
OSTEGUNEZ, egun osoa sexualitateari eman genion.
Gai honen gain, hurrengo ponentzia hauk presentatu ziren:
1- Medikuntza eta emakumea
2- Emakumearen sexualitatea
3- Masturbaketa
4- Lesbianismoa
5- Sexualitatea
6- Abortua
7- Antisorgailuak eta Abortua
8- Bortxapena
9- Famili Plangintza
Gaingiroki, batetik eta bestetik adierazi ziren ideiak, hauk izan ziren:
— Autoazterketa deritzon sistima bat ba da, eta honen bidez emakumeak, medikuntza matxista alde batera utziz, bere gorputza ezagutzen, aztertzen eta ikasten jakin dezake.
— Sexualitate adierazpide guztiak onhartu behar lirateke.
- Zakil-magina, harreman zanpatzaile bat da, gizonak hartzen duen rolarengatik.
- Sarketa beti gogorkeria bat da.
- Ez plazerra ematen badu.
- Lesbianismoa da irtenbiderik onena, bortxarik gabeko harreman bat eramateko.
- Emakumeen artean ere, zanpatzaile eta zanpatu rolak eman daitezke, eta ematen dira.
- Baina zailagoa da hau gertatzea gizonekin baino. Emakumeen artean, sentsibilitatean, zentzualtasunari, afektibitateari... garrantzi handiena ematen zaie.
- Dena dela, harreman moeta batek ez luke besteak ukatu behar.
— Bortxapena ez da errepresio sexualaren ondorio bat. Gizonek ba dute harremanak eramateko posibilitatea, hor dute prostituzioa.
- Bortxapena poliziari salhatzeak zertarako balio du?
- Hauziaren inguruan kanpaina bat egiteko besterik ez.
- Emakumeak bortxatua izan dela frogatu nahi baldin badu, beste bortxapen bat sofritzen du legeengandik.
- Autodefentsa komisioak eratu behar dira, geure indarra ez dugu erabiltzen posibilitate osoan.
— Masturbaketa
- Sexual adierazpide egoki bat dirudi "berez", eta ez gizona falta zaigunean bakarrik.
- Gure gorputza ezagutzeko eta maitatzeko bide bat da.
- Autoegiaztatze bat dakarkigu.
— Antisorgailuak errebindikatzea beharrezkoa dugu, baina kalitatearen kontrole bat eraman behar dugu. Farmako entrepresek gure osasunaren kontura diruz puzten ari baitira.
- Metodo hobeagoak ikertu behar dira.
- Metodorik onena, sarketarik ez egitea da.
— Abortuaren legalizapena eta dohaintasuna exigitzen dugu, baina ez soluzio bezala. Abortua ere, emakumearen aurkako gogorkeria bat da eta. Baina, errealitate bat denez, erantzun bat eman behar diogu.
- Gizarte honek emakumea abortatzera bultzatzen du, bestela ezin duelako umea zaindu besterik egin eta mantentzeko dirurik ez duelako, etab.
- Emakumearentzat ama ez izateko eta ama izateko eskubidea exigitzen dugu.
OSTIRALEZ GOIZEAN, Patriarkagoari buruz eztabaidatu genuen.
Hiru ponentzia egin dira honen gain:
1- Patriarkagoa betidanik
2- Baloreak
3- Emakume bati idazkia
4- Emakumea patriarkar familian. Fedea, emakumearen askatzaile.
Betiko arazoa azaldu zen: zer izan zen lehenago, klase zapalkuntza edo sexu zanpaketa?
Hau erakusteko antropologia, arkeologia eta beste zientzietan ikertu behar dugu emakumeok gure historiaren bila.
Hasi gara, hala eta guztiz ere estudiatzen, eta gehienak hypothesi mailan, baina... ba dugu zenbait ideia.
— Patriarkagoa ez da betidanik izan mundu honetan; zenbait kultura izan ziren, emakumearen nagusitasuna erakusten digutenak, kultura hauk ez dira erasokorrak egituretan.
- Emakumeek ez zuten beren egoera borrokarik gabe galdu. Amazonak ez dira mitologi irudiak, baizik eta errealitateak.
- Nahiz eta sozialki garrantzi bat ukan, emakumea beti botere postutik at egon da.
- Lurgintza emakumeok asmatu genuen, baina produktibitate bat ukan zuenean, gizona jabetu zen fruitu hauetaz.
- Birsorkuntzan, gizonak bere betebeharra ba zuela aurkitu zuenean, umeetaz ere jabetu zen.
- Hypothesiak beti zalantzagarriak dira eta hau sakontzeko feminismo katedra bat sartu beharko da Euskal Unibertsitatean.
Kristau emakumeek, Kristok borrokatzeko indarra ematen ziela kondatu ziguten. Elizak daraman jokabidearekin ez daude ados gauza askotan baina barrutik aldatu nahi dute.
ARRATSALDEZ, militantzia dobleari buruz eztabaidatu zen.
Sei ponentzia presentatu ziren.
Hiru jarrera azaldu ziren:
— Militantzia bakarraren alde
- Patriarkagoa azpiegitura bat da.
- Emakumea ez da bere senarraren klasekoa. Ezkontza salerosketa bat da. Prezioa aldatu egiten da, eroslea langile edo burjesa den neurrian.
- Gizonek interesak dituzte emakumearen opresioaren mantentzean.
- Alderdi politikoak matxistak dira, gizonak direlako jabe eta han militatzea indarrak alferrik galtzea da.
— Militantzia doblearen alde
- Emakume bezala opresio bat sofritzen dugu eta beharrezkoa da erakunde autonomo bat.
- Baina, "klase alderdi iraultzailea" indartu eta eratu behar dugu, beraz alderdietan egotea beharrezkoa da; nahiz eta matxistak izan alda ditzakete.
— Militantzia era guztiak beharrezkoak dira.
- Militantzia bakarra eraman duten emakumeak izan dira bultzada handiena eman digutenak feminista kontzientzia hartzeko. Beharrezkoa da militantzia hau eramatea.
- Alderdietan eta beste erakundeetan gizonekin batera borrokatzea ere positiboa da.
- Ba daude emakumeak, bi militantzien artean aukeratzeko adina.
Euskal Herrian, faxismoaren aurkako borrokan, emakumeok izan dugun eta dugun garrantzia agertu zen.
Eta bai borroka honetan ahaztu gaituztela ere. Adibide bezala: Normi Mentxaka ez da gure heroien artean agertzen.
LARUNBATEZ, etxeko eta kanpoko lana ukitu zen. Eta honi lotuta azaltzen zaigun heziketari buruz. Sei ponentzia presentatu ziren. Agerturiko ideia batzu, hauk izan ziren.
— Etxeko lanak dudarik gabeko benefizio bat ematen dio, bai kapitalari bai gizonari, emakumeok ezer kobratu gabe egiten dugunez.
- Etxean gelditzeak lagunengandik, kanpoko arazoetatik, mundutik aldentzen gaitu.
- Etxeko lanarentzat alokairu bat eskatzen badugu, betirako etxean geldituko gara.
- Etxeko lanen kolektibizatzea da soluzioa.
- Etxeko andreak langabezia zerrendan sartu behar dute.
- Krisiak emakumearen langabezia gogortu egiten du.
— Kanpoko lana
- Kanpora ateratzean emakumeak ez du uzten etxeko lana. Beharrezkoa da, ba, lan hau emakume eta gizonen artean zatitzea.
- Kanpoan lanpostu txarrenak eta gaizki ordainduak izaten dira emakumeentzat.
- Fabriketan gizonek ez dute emakumearen arazoa ulertu nahi eta emakume batzordeak ari dira sortzen, errebindikapenak planteiatzeko.
- Nahiz eta lan berdina egin, gizonak baino guttiago kobratzen dute, emaKumearen alokairua "laguntzailetzat" jotzen delako.
— Heziketa
- Txikitandik, neska etxeko-andre izateko prestatzen dute eta mutila lan kreatzaileak egiteko.
- Beharrezkoa da neska eta mutilei heziketa berdina eta posibilitate berdinak ematea.
- Gauden egoeran ez dugu hori izan, beraz, beharrezkoa da emakumeentzat berreziera bat eratzea.
Prostituzioaren gain eztabaidatzea pentsatzen zen, baina ponentzia presentatu behar zuena, gaixo zegoen eta ez zuen etortzerik ukan.
Hala eta guztiz ere, haien borrokarekin ados gaudela adierazi genuen garbi.
Eztabaidan, sorkuntza ere, emakumeak egiten duen lantzat jo zen. Eta umeen heziketa ere bai. Puntu honetan, umeenganantz gizonek duten irrespontsabilitatea salhatu zen.
Hauk izan dira ba, egun hauetan hitz egin ditugun gaiak. Eztabaiden aberastasuna hemen adieraztea ez zait posible izan... benetan handia izan zen eta...
Eta eztabaidatzeko modua, nahiz eta ideia desberdinak agertu oso errespetagarria izan da une guztietan.
Baina topaketa hauetan eztabaidatzeaz gainera, gauza asko egin dugu. Artea, sentsibilitatea, alaitasuna, kidetasuna... geurekin ukan ditugu.
Bazkalondoan, egunero, eztabaidatzen zen gaiari buruz, "modelo desfile" bat egiten zen. Txilibistaren maistra bat den Donostiako neska batek zoratuta uzten gintuen. Musika, bertsoak, dantza, kanta... benetan ondo pasatu dugula!
Bilboko hauzoetako emakumeek ikus-entzuteko muntaketa interesgarri bat egin zuten, sexualitate eta lanari buruz hauzaemakumeen artean inkesta bat eginez.
IGANDEA, azkeneko eguna, konklusioak ateratzeko utzi genuen eta hauxe ikusi genuen:
— Beharrezkoa da, guk egun hauetan esan eta egin duguna, etorri ez diren herri eta hauzoetako hainbat emakumeren artean zabaltzea.
— Gazteek, emakume eta gazte bezala sofritzen duten zapalkuntza salhatu dute.
— Egun hauetan gauza asko ikusi dugu, baina kanpaina batzu konkretatzea beharrezkoa zaigu, adibidez:
- Bortxapenaren aurka
- Sexualitate librearen alde
- Amnistiaren alde. "Ley de Peligrosidad Social" deuseztatzearen alde.
- "Sección Femenina"renak izan diren aretoak guretzat izan daitezen.
- Emakumearen lan eskubidearen alde
- Bereizten gaituzten legeen apurtzea
- Etab.
— Mugimendua oso zatitua dagoenez, talde guztien koordinaketa bat beharrezkoa ikusi zen.
— Estatu mailako Koordinaketa batean parte hartzera gonbidatu gaituzte. Ukituko diren puntuak, ondoko hauk izango dira:
- Sexualitate kanpaina
- Emakumeok Munizipaletan defendatuko duguna.
- Martxoak 8 (emakume langilearen eguna) prestatu, nazioarteko mailan ere.
— Catalunya, Pais Valencià, Asturias, Galiza, Madrid, Alicante eta Parisetik etorri diren taldeek beren agurra eta elkartasuna eskaini digute.
— Ipar Euskadikoak ere etorri dira eta gauza bat esan behar dugu autokritika gisa, eta hau da: euskara oso gutti erabili dugula. Behinik behin, igandean beste egunetan baino gehiago egin dugu, kontzientzia hartze bat, honi buruz ere izan dugulako, dudarik gabe.
— Basahurin hil zen Isabel Gutierrez-i omenaldi bat eskaini diogu.
Bere burua hil zuela esan ziguten, baina egia beste bat da: denon artean hil dugu Isabel.
— Eta bukaera emateko, bi neska ponentzia bat irakurtzera atera dira. Ponentzia berezi bat. Ez dakit ponentzia edo poema gehiago den. Feminismoa, bizitzeko era bat dela azaldu digute.
"Ez dugu gizonak bezala izan nahi; emakumearen baloreak landu nahi ditugu, hots, goxotasuna, maitasuna,... guk geuk izan nahi dugu."
EMAKUMEOK MUNDUAREN BESTE AURPEGIA OSATZEN DUGU...
EZ OPOSATUA, BAIZIK ETA USTEEZINA.
— Besta handi batean agurra eman diegu egun zoragarri eta emankor hauei.
Itziar Urtasun
Kirolaren pertsonaiak: 4. Publikoa
Beharbada, bat baino gehiago harriturik geratuko da, publikoa kirolaren pertsonaia modura tratatzeagatik. Ikusi baino ez duela egiten, kirolari dagokionez pasiboa dela eta antzeko gauzak pentsa daitezke. Baina gaur eguneko kirolaren egitura aztertuz, publikoa konsubstantziala zaiola ikusiko dugu, eta, halaber, publikorik gabeko kirolarik ez dagoela.
Publikoa bi zentzutan da beharrezkoa: Alde batetik, publikorik ez badago, afiziorik ez dagoela esaten da; eta honek ondorio latzak ekartzen dizkio kirolaren egitura ekonomikoari: kirola horrek ez du interesik sortzen jendearengan, eta publikoa diru-iturri denez, kirola itota geratzen da. Publikoak ordaindu egiten du espektakulua ikustearren; eta espektakulua haren gustukoa ez bada, ez doa, eta kito! Beste aldetik, kirolariaren exhibizionismoa asetzeko, nahitaezko partaidea da publikoa, kirolariei ikusiak eta mirestuak izatea gustatzen baitzaie; beste nolabait esateko, diruaren deigarritasunaz gainera, hospetsuak, famatuak izatea, izen ona edukitzea gustatzen zaie. Izen onak ate asko zabalduko dizkie, kirola utzi ondoko bizitzan; eta gainera, oso gauza betegarria da, besteren mirespenaren sorburu direla jakitea, aldizkarietan beren buruen aipamena ikustea, eta abar.
Dena den, aurrera segitu baino lehen publiko hitzarekin zer ulertzen dudan azalduko dut. Lehenik eta behin, estadioetan lehiaketa orduan begira dagoen jendea, noski; baina horretaz gainera, telebistaz edo irratiz lehiaketak segitzen dituztenak eta egunkari-aldizkarietan kirol berriak irakurtzen dituztenak. Izan ere, guztion artean sostengatzen baitute kirolaren egitura.
Publikoa zer-nolakoa den
Adinari eta sexuari dagokionez, denetarik dagoela esan behar da: zahar eta gazte, atso-agure eta haur, neska eta mutil. Estadioetan ez da gorabehera handirik berorien izakeran: Zaratatsuak gehienetan, kantariak ohi dira eta beren taldea animatzeko, era guztitako kanta, deihadar eta txaloak erabiltzen dituzte. Portzentaia handi batetan ez dute problemarik birao egiteko, eta hitzik gogorrenez eta madarikapen bortitzenez agertzen dute beren diskonformitatea.
Guttienak dira, objektibitate minimo batez gorabeherak aztertzen dituztenak —lehiaketa-kiroletan behintzat—, eta nekez errekonozitzen dituzte beren taldekoen erruak. Oro har, publikoa exigentea, haserrekorra eta ez lar korrektua izan ohi da epailariarekin eta kanpoko jokalariekin. Ordea, biguna, pazientea eta justifikazaleegia ohi da etxekoekin. Modu honetan, etxeko jokalarientzat txaloak ugari izaten diren arren, kanpokoak nekez txalotzen dira eta arraroa da txistuka agurtua ez den jokalaria, bai hasieran eta areago bukaeran.
Publikoak zer sentitzen duen
Portzentaia handi batetan, eta objektibitate faltaren erruz, kirol lehiaketa bat ikustera doanean, publikoak bere taldekoek irabaztea nahi du nagusiki. Eta nahi hori, kirolariek berek duten garaite-nahia baino handiagoa ere ba da, kirolariek hobeki ezagutzen baitituzte beren mugak.
Lehiaketetan publikoak duen aktibitatea, beraren emotibitatean neurtu behar da. Urduri dago, tentsio altu batez, eta honek bere efektu fisiologikoak ditu: hotzikarak, berazkoak,... kasurik gogorrenetan bihotzak berak ere failatzen du, eta hil egiten dira infarktu batez. Hala ere, gogorragoa da frustrazio sentimendua, eta, batzutan, beronek beren buruak botatzera eramaten ditu zenbait pertsona; eta azken batez, zergatik? Partidu bat galtzeagatik.
Extremo horietara heldu gabe, edozein modutan esan daitekeena zera da, halegia, partiduek publikoak gorderik eta pilaturik duen agresibitatea kanporatzeko aukera ona eskaintzen dutela. Agresibitate hori aste osoan zehar pilatu da, eta nolabait deskargatzeko, projektatu egin behar da norbaiten edo zerbaiten aurka. Dela epailaria, dela aurkako taldeko jokalari bat, erraz kanaltzen da aipaturiko agresibitatea. Kritika egitean, zorrotza baino areago bihozkabea ohi da; eta gauzak beraren gustura ez badoaz, ez du barkatzen hankasartzerik ttikiena ere.
Publikoaren arteko eztabaidak: forofismoa
Agresibitatea projektatzeko beste bide bat, aurkako taldearen zaleen aurka ihardutea da. Lehen pauso batetan —zorionez, hor geratzen da arazoa gehienetan— hitz gogorrak esaten dizkiote elkarri; edozein falta sinplek bi interpretamodu guztiz desberdin ditu, talde bakoitzaren zaleei dagozkiolarik, eta eztabaida gogorrak sortzen dira. Bigarren ausoan, ordurako giroa baretu ez bada, intsultuak hasten dira eta, gogortuz doazen neurrian, burruka fisikoak eta ganibetkadak ere agertzen dira.
Honelatan, ba, forofismoaren problemaren aurrean aurkitzen gara. Forofismoa talde esportibo baten eta kirolari baten aldeko jarrera baldintzagabea da. Sarri, herri edo nazio kontzeptuan finkaturik dago, eta zapalkuntza edo eztabaida ezkutu baten agerpena da. Zerk eragiten zuen, adibidez, duela zenbait urte Loroño edo Bahamontes-en alde jartzera? Bataren edo bestearen kalitateak? Ez, noski. Euskal Herriaren nortasunaren alde egiteak eta Madrilen zentralismoaren aurka joateak, ordea, bai.
Forofismoaren ondorioetako batzu harrigarriak dira. Estadioan, deskontrolea: edozein atxakiz koheteak askatzen dira, almohadilak jaurtikitzen dira eta, ahal izanez gero, jendeak saltatu egiten du zelaira. Hain latz eta konpongaitza izan da arazoa, non futbolaren kasuan zelai ingurua hesiz babestu behar izan duten. Zirkuetan lehoiekin egiten den antzera. Estadioetatik kanpo ere, deskontrolea: Mozkorrak ugari, beste taldekoen aurkako biolentzia (gogora gaitezen, Atletiaren forofoek Burgos-en pairatu behar ukan zutenaz) eta abar.
Zerk bultzatzen du forofoa, maitasun neurtezin eta itsua edukitzera? Identifikazio hutsa ote da? Hara! Arazoa ez da erraz ulertzen, beraren psikisean hutsune afektibo edo frustrakorrik ez badago. Partidu interesgarri bat ikustearren, edozer eginen du forofoak: Pezetak milaka gastatu, lorik egin gabeko bidaia luzeak burutu, lana alde batetara utzi, bere etxea kolokan jarri,... Ikusgura hori ezin du kontrolatu gainera. Eta azken batez, zertarako? Gauza politak ikusteko? Jugada ederrak miresteko eta ikasteko? Berak gero kirola praktikatzean antzerako gauzak egitera saiatzeko?... Bai, zera! Gehienetan, eta hau aitortu beharrak lotsa ere ematen didan arren, "bereak" irabazten ikustera joanen da forofoak. Eta horrek —eta ia horrek soilik— beteko dio psikis barneko hutsunea.
Publiko-modu berri baten bila
Egindako kritikak ez du esan nahi publikoa desegin behar denik, beste publiko moeta berri bat bultzatu behar dugula baizik. Publiko aktiboagoa, hau da, ikusten dituen gauzak praktikara eramateaz arduratuko den publikoa, gero kirola egin ahal ukanen duelako eta eginen duelako. Mentalitate osoa aldatu behar da: Garrantzizkoena ez da gutti batzuk —kirolariek— kirola praktikatzea, jende guztiak —orain publikoaren funtzioa soilik betetzen duenak— parte hartzea baizik. Baina horretarako guztiontzako eraikuntza esportiboak behar dira: polikiroldegiak, zelai irekiak... eta ez, orain bezala, estadio izugarriak batzurentzat eta ezer ez gehienentzat. Gero ttikitatik hezi egin beharko da publikoa, publiko objektiboa lortzeko eta forofismoa gaindituz eta talde baten edo besteren aldeko zaletasuna eduki arren, kontrakoen joko ona errekonozitzen jakin dezana eta epailaria errespetatuz trata dezana. Onhar dezagun, ba, jokoa eta garaipenean zein galpenean, aitor dezagun teoriaz eta praktikaz, garrantzizkoena parte hartzea dela. Eta azter dezagun betiko forofismo itsua eta objektibitate falta. Seguruen, kirolak irabaziko duela.
Esanikoak esan arren, eta horik ukatu gabe, aipaturiko hutsune psikologikoak sortzen dituzten kausak desegiten ez diren bitartean, ene ustez, ez da posible izanen publikoa berri hori lortzea. Zeren eta kirola eta beronen ingurua usteldurik badago, gizarte osoa usteldurik dagoelako baita.
J. R. Bilbao
Sukalderako saltsak
(6 lagunentzat)
Sagar pastela osotzeko bi gauza ezberdin prestatu behar dituzu. Bata pasta. Bestea krema.
Hona hemen pasta egiteko behar duzuna: 250 gr. irin. Arraultze bat. 75 gr. azukre. 125 gr. gurin edo margarina. Gatz pittin bat.
Hortik aparte hiru sagar ere beharko dituzu.
Krema egiteko behar duzuna: Hiru arraultze. 60 gr. azukre. Bi goilarekada artirin (1). Limoi azal batzu. Litro erdi bat esne.
Pasta egiteko errezeta. Leku zabal eta leun batetan (mahaia, marmola) ipin irina eta egiozu erdian zulo handi bat; hau da —O— edo zirkunferentzia handi bat egin behar duzu irinarekin. Bota arraultzea eta azukrea erdira eta elkar nahas itzazu. Bota gero gurina eta egin berdin. Gurina, azukrea eta arraultzea nahastu ondoren bota egiozu nahastura honi gatz pittina eta pixkanaka gehi iezaiozu honi irina, guztia bukatu arteraino. Orhatu ongi (2). Masa orhatuta, krema egingo duzu. Hona hemen nola egin behar duzun:
Krema egiteko errezeta. Lapiko batetara hiru arraultze gorringoak botako dituzu, gero azukrea eta artirina. Nahas ezazu bizkor. Bota esnea eta limoi azalak lapikora eta sardexkaz edo (elektra) pasagailu baten bidez bizkor irabiatuko duzu. Hau eginda ipin lapikoa sutan irakin arte eta erretira ezazu sutatik. Krema erre ez dadin sutan dagoen bitartean eragin behar duzu.
Nola konpontzen da pastela. Molde luze eta sakontsu batetan zabal ezazu jadanik egina duzun pasta. Molda ezazu pasta moldearen arauera. Leku guztietatik berdin egizu. Moldeko hondoa eta hegalak ere pastaz estalirik egon behar dira. Hau eginda bota itzazu gainera krema guztia eta txirrindola meheaz (3) zatitu dituzun sagarrak. Sagar txirrindolek krema guztia estali beharko dute. Gero, sar ezazu moldea labean eta utzi bertan 15 minutu gutti gorabehera. Ateratzean, karamelua edo eta merengea gainera bota diezaiokezu.
On Egin
(1) Harina de Maiz - Maicena. Farine de Maïs
(2) Amasar. Pétrir
(3) Rodaja. Rondelle
Gurutzegrama
Gramatika
Beste banaketa semantiko batzu
Aurreko zenbakian banaketa semantikoen arazoa plazaratu nuen, beraren garrantzia adieraziz eta zenbait adibide jarriz. Gaia erabat gastatzeko asmorik gabe, azalpen ttiki bat emanen dut banaketa hauen iturburuari buruz. Nagusiki, banaketa semantikoak bi eratako barianteren artean gertatzen dira.
I) Bariante morfologikoen artean. Kasu honetan, hitz ber bat zenbait itxura desberdinez ageri da, fonetika desberdinen eraginagatik edo. Gero, forma bakoitza espezialdu egiten da, esangura konkretu bati atxekiz. Hauxe da, prezeski, aurreko egunean azalduriko osotu/osatu, sendotu/sendatu eta ahal/al banaketen kasua, eta orain azalduko ditugun jaso/jasan, berezi/bereizi eta leun/laun/lau/planu banaketena.
II) Sinonimoen artean. Beste batzutan bi hitz sinonimo daude kontzeptu ber bat adierazteko (1). Denborarekin, kontzeptua edo hitza bikoiztu egiten da (2), eta bi hitzen arteko interferentzia agertzen da. Eta horrela egitea praktiko eta argigarri bada, hitz bakoitza kontzeptu bat adierazteko espezialtzen da (3), esanguren eta erabilkuntzen multzoak disjunktu bihurtuz.
Antzerako banaketak egin daitezke, behar izanez gero, euskalkietako forma desberdinekin. Sinonimoen artean egin daitezkeen banaketen adibide gisa, ondokoak aipatuko ditugu: geratu/gelditu, higidura/mugimendu eta eroan/eraman (nahiz eta, beharbada, azken hau lehen puntuan sartu beharko genukeen).
Goiko puntu teorikoak argitzeko, esandako adibideetako banaketak nola ikusten ditugun azalduko dugu.
- Jaso/jasan. Era honetako hainbat bikote ageri dira euskaraz (igo/igan, igaro(irago)/iragan, eraso/erasan,...). Kasu batzutan, bi formak berdintzat har daitezke; bestetan, aspalditikoa da banaketa. Gure kasuan honela dago eginik:
jaso: pisua duen gauza bat behetik gora altxatzea. Hortik, harrijasotzailea.
jasan: agoantatu, soportatu, sufritu. Eta zentzua extrapolatuz, gauza eta problema izpiritualak eramatea.
Zer esanik ez, hitz hauk beste esangura batzuz ere erabiltzen dira, baina goiko arloetan banaturik egon daitezke.
- geratu/gelditu. Nahasturik erabiltzen diren bi hitz hauk, honela espezialdu dituzte zenbait idazlek.
gelditu: higitzen ari dena, higidurarik gabeko egoerara pasatzea. (gaztelaniaz, parar(se)).
geratu: Gauzek dauden tokian segitzea. Geldi dauden gauzek, geldi irautea. (gaztelaniaz, quedar(se)).
- berezi/bereizi. Bai herri usarioan eta bai zenbait idazlerengan ere, bi hitz hauk espezialduz joan dira:
Gauza hori guztiz berezia da
baina
Gauzak ongi bereizi behar dira
Banaketa (edo bereizketa) semantiko hau honela adieraz daiteke:
berezi: espeziala (izenlaguna)
bereizi: separatu, banatu (aditza)
- higidura/mugimendu. Hitz hauk ia identikoak izan arren, idazle batzuk arlo desberdinetan erabiltzen dituzte. Honela, hain zuzen ere:
higidura: posizio-aldaketa fisikoa. Zientziaren arloan eta batez ere Fisikan erabiltzen da.
mugimendu: korronte ideologiko, politiko, erlijioso edo antzekoak adierazteko.
Adibidez, modu honetara egiten dute:
Partikula baten higidura
baina
Horien masa mugimendua indartsua da
- leun/laun/lau/planu. Hitz hauk guztiok jatorri berdinekoak direla, argi ikusten den gauza da. Hala ere, herrian bertan ere espezialdurik daude, espezialtze hau argigarri eta lagungarri gertatzen delarik.
leun: latzaren aurkako kontzeptua. Gauzen azal edo kanpoaldeak leun edo latz izan daitezke.
laun: zenbait idazlek planu izeneko superfizie geometrikoen kontzeptua adierazteko erabiltzen dute hitz hau.
lau(n): Lur eremuak gorabehera eta mendirik gabekoak direla adierazteko. Hortik datorke lautada hitza edo eta Laudio herriaren izena.
planu: Etxe, makina edo antzekoren eskema adierazten duen irudia.
- eroan/eraman. Dirudienez hitz desberdinetatik sortuak dira bi hitz hauk: eroan joan hitzetik, eta eraman eman hitzetik, kasu bietan -ra- artizkia erabiliz.
Eroan forma Bizkaian eta Nafarroa Beherean erabiltzen da eta eraman beste lekuetan eta Nafarroa Beherean ere. Euskara batuan forma biak erabil daitezke, ondoko bereizketa eginez:
eroan: gidatu, konduzitu. Hortik, eroale (konduktore) elektrikoa dator.
eraman: gauza bat alde batetatik bestetara gainean edukiz pasatzea.
Eta oraingoz, besterik ez. Eredu gisa jarri ditudan adibide hauk eztabaidagarri dira noski. Gainera hauk eta beste banaketa asko egin daitezke. Honelako banaketa interesgarri batzu Euskal Hiztegi Modernoan datoz; gainera, hiztegi honen hitzaurrean banaketen garrantziaz ere gauza interesgarriak ageri dira. Banaketa posible guztien kasuan, ba, eztabaidatu ondoren on eta lagungarri direla ikusten badugu, idazleok ardura hartu beharko genuke, kasu bakoitzean zehatzen den forma erabiltzeko, zeren eta gehienen parte hartzerik gabe ez baitago banaketa semantikoak egiteko ohitura sortzerik eta banaketok finkatzerik.
Dena den, hizkuntzari ematen dioten zehaztasunak, hori baino neke gehiago merezi duela uste dut. Eta probokazio gisako hitzak badira ere, pertsona (eta idazle) batzuk alfertasunagatik ez dituztela ikasi nahi esatera ausartuko naiz.
J. R. Etxebarria
***
ARRASATEN, azaroak 10
JOXE RAMON ETXEBERRIA
BILBO
Kaixo Joxe Ramon:
"ANAITASUNA"n 347. eta 348. zenbakietan irakurri dugu "Gramatika saila". Hemen ASKATUTA/ASKATUAri buruz diozuna ulertzen dugu, baina, beste zalantza batzu ditugu gure baitan.
Nola izango litzateke galdera hauen erantzun zuzena?
- Nola dago mahaia? GARBI ala GARBIA
- Nola dago komuna? ZIKIN ala ZIKINA
- Nola dago kafesnea? BERO ala BEROA
- Nola dago aitona? ZAHAR ala ZAHARRA
Guztiz interesgarri gertatzen zaizkigu zure irakatsi hauk. Hontaz gainera gogoan dugu, zuk aspaldi batean "ANAITASUNAN" gutun eredu batzu argitaratu zenituela, baina, guk ez genituen jaso. Alfabetatze klaseak ematen ari garenez gero, beharrezkoa ikusten dugu hori ere irakastea. Berriro argitara ote ditzakezu?
"ANAITASUNAN" erantzunen duzun ustean, esker eta agur beroak,
Bittori Etxeberria
Arrasate
GUTUNAREN ERANTZUNA
Agur adiskide:
Ezer baino lehenago, eskerrak eman nahi dizkizut, zeure gutunean agerturiko eritziagatik, idatzitako lanak paper erre ez direla jakitea, lanean irauteko bultzagarri eta lagungarri baita.
Zeure eskariari erantzunez, ANAITASUNAn bertan agertuko dizut neure eritzia. Nik neuk honela erantzunen nituzke zure galderak:
- Nola dago mahaia? Mahaia GARBI dago.
- Nola dago komuna? ZIKIN
- Nola dago kafesnea? BERO
- Nola dago aitona? ZAHAR(TURIK)
Egon aditzaren ordez, izan aditza agertzen denean, Txillardegiren eritziz modu berean jokatu behar da, hots, mugagabez (ikus SUSTRAI BILA 1. 63. edo OINARRI BILA 1. 67.). Hala ere nik ez dut uste, kasu horretan hain gogorki jokatu behar denik; eta mugagabez zein mugatuz, deklinabide biak ontzat ematen ditut.
Aipatu duzun azken puntuari buruz —hau da, gutun eredu eta antzekoei buruz—, gramatika sail honi iraunkorki eusteko asmoa dudala esan behar dizut, eta poliki-poliki lehengo ereduen berrikuspena ere eginen dudala. Beraz, lasai egon, eredu horik egunen batetan birplazaratuko ditugu eta.
Besterik ez. Har ezazu ene agurrik beroena:
J. R. Etxebarria
Zapaburu birbiztua
Kaleko [Komikia]
OLARIAGAKO
Irakurle batek bidali digu oraingoan ere astabelarrietarako kandidatua. Ehiztari bikaina izan da, halafedea, nahiz eta, egia esan, era honetako ehiziak, zoritxarrez, oraindik ugariegi izan bazterretan. Berak Txori Herriko taberna batetan irakurri eta kopiatua du. Hona hemen hitzez hitz eta ezer kendu eta ipini gabe. Euskara jator eta herrikoaren zaleek ba dute hor, noski, zer ikas:
Sondikan euskara'ko klase'ak (vizcaino). Ardura danori iragaritendu. Nai izanbadozue euskera ikasten joate'ko danok larmbatan (amabost), lau'ratan elisara emoten zuen izena. Gure euskera emongo'da danontzat Zeozer gudebadozue elizan egon ingogara.