ANAITASUNA

1978.EKO OTSAILAREN 1/15EKOA

356-7. ZENBAKIA - 50 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 1.000 pezeta

Latin Amerikarako 1.150 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 1.300 pezeta

Ale bakoitza: 50 pezeta


[AZALA]

JAIOKO DA BERRIA

GU EZ GARA HERRIA


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-5. Ohar laburrak

6-7. Mugimenduko prentsaren subasta ala bertako langileen alternatiba

8-10. Udaletxeen elkarketak

11-12. Herri batua: udal hauteskundeen begira

13-14. Askatasunaren errealitatean barna artzainen borrokarekin

15-16. Sindikal hauteskundeak

17-18. Santa Agedaren bertsoak

19. Doña Prudentzia

20-21. Sabinoren obrak faxistak argitaratzen ari

22. Oraindik arradikalago behar

24. Aingeruen sexua eta euskal aldizkariak

25. Lehen eta bigarren mailako hilak

26. Ostegun beltza Tunisian

27. Sicco Mansholt edo PSOEren mehatxuak

28-30. Elkar ikuska

32-34. Natur eremuaz (II)

36-38. Haurra aktibitatean hazi eta hezi egiten da (II)

39-40. Zinea

41. Karrera eta ni

42-44. Kirola

45. Irakurlearen saila

46-49. Gramatika

50. Sukalderako saltsak

51-53. Posta

55. Gurutzegrama

56. Kaleko

Leg. Gor.: BI - 1753-1967


Editoriala

Gasteizeko irakaspena

Dena da posible Derioko plazan, fikzio guztiak gertagarri bihurtu diren Herri honetan. Eta ezinezko gauza horien artean Gasteizeko 17koa suertatu zaigu oraingoan posible. Halabeharrak holaxe jota, batzuk zerutiko aginduz edo zeukaketen manatzeko eskubidearen gainetik, Rubial jauna irten da presidente. Vascongadetako presidente —kexatu dira zenbaitzu—, 1936.eko moduko Euzkadi burugabeko buru— gogora dezakete beste batzuk, baina. Elizetako kanpan hotsik ez da entzun herrietan. Kalean jendea beti bezala. Tabernetan gauza bera, "E.T.A.ko ekintza batek biharamunean zeresan handiagorik aterako zukeen" —zioen lehengoan lagun batek. Ez gaitu politikak lehen bezala tiratzen euskaldunok. Politika horrek behintzat.

Eta tartean ohorea zegoen, euskaldunon ohorea. Hori salbatzeko, noski, euskaraz jakitea eta abertzale izatea beharrezkoak ziren. Ajuriaguerrak, guttienez, analfabeto izanik ere, bestelako itxura egingo zukeen. Baina honez gero galduta gaude. A zer nolakoak esanen ditu oraingoan gutaz Tarradellasek!

Rubialek, aurretik ere, euskarak ez zuela, bere ustez behintzat, horrenbesteko garrantzirik esana zigun. Orain, presidentetu ondoren, hura zuzendu nahirik, hauxe.gehitu berri digu, baietz, Consejo General Vascoko buruak euskaraz jakitea komeniko litzatekeela, ondoren, oso maleruski, hauxe gaineratuz, bai eta beste edozein hizkuntza ere. Euskaldunontzat gurea eta beste hizkuntza guztiak maila berean baileuden! Eta ondoren, Rubial presidenteak bere burua lehendakari izenaz hornitu nahi duela. Zertarako gure Herriak bizitzeko eta irauteko duen eskubidea laur haizetara aldarrika, bere nortasunaren boza, erdaraz, ixiltzen bazaio?

Baina gaitezen demokratak izan! Eta zapalduok geure arazoak zapaltzaileen hauteskundeetan konpon ditzakegula onhar dezagun behingoz. Eta horretara, Gasteizen behintzat gauza bat egon da argi, gure Herriaren etorkizuna likidatu ala zuzpertzeko aukera zegoela, eta sokatira horretan zortzi aldiz —bi aldiz, itxurak gora behera— nazional problemak bildu zituela bertako guztiak. Euskal nazionalismoak abertzale ezkertiarrak eskuindarrekin batzen zituen ordurarte posible gertatu ez zen fronte nazional bakarrean. Eta beste nazionalismoak, sarritan ahantziagoa baina bortitzagoa denak, PSOE, UCD eta MCeko estatalistak elkartzen zituen, intereskide. Berriz ere klase arteko mugak gainditu zituen nazional arazoak Gasteizen.

Eta argiro ikusi zen, itsu ez denarentzat bederen, zapalduon defentsarako nazionalismoa baino nazionalismo okerragorik ba dagoela oraindik beren burua beti internazionalistatzat agertzen dutenen artean, errege, enperadore eta caudilloek konkistaturikoa, inori lapurtua, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik gorde nahi dutenen nazionalismo xovinista, halegia. Gasteizek lezio ederra eskaini digu: Batasunean lortuko dugula euskaldunok geure helburua. Eta gero eta gehiago gara, ahoz behinik behin, helburu berbera dugunok: Euskal Herri berjabe, batu eta sozialista. Eta ez dezagun otoi ahantz, utopia guztiak posible direla, nahiz izanez gero, zorioneko Euskal plaza nagusian.


Ohar laburrak

Iñigo de Aguirreren misterioak

Benetan misteriosoa dugu euskaldunok parlamentari hau. Opus-en estudioak egina eta atzorarte euskal munduan erabat ezezaguna izan arren, PNVera sartu bezain agudo, puzten den globoa bezala igon zaigu gizona, euskaraz analfabeto izan arren, parlamentarien kultur arduraduna izateraino heldu arte. Horixe bai dela karrera, mutilok! Bide horretatik segituz gero, agian laster beste marka bat jarriko digu, munduko lehen kultur ministro analfabetoa izatearena. Eta honi guztioni guti baderitzozue, mihi gaizto bezain ongi informatuek hortik diotenez, gure Iñigok leherrenak egin berri ditu oraintsu Madrilen euskal irakasle titulua emateko eskubide exklusiboa Euskaltzaindiari kentzeko, elizaren eta zenbait erakunde eskuindarren fabore. Misterioa ere ba da, ordea, hori guztiori PNVeren aginduz ala beraren alderdiarekin zer ikusirik ez duten beste interes aitortezin eta agian familiarren alde egin ote duen. Dakienak argi gaitzake.

Galizian gertatua

Burruka gogorra daramate galegoek aspaldion beren hizkuntzaren alde. Toki askotan, bide-kaminoetako karteletan bereziki, Herriaren eskuak izen ofizialen idazkera arrotza zuzentzen du. Gehienik aldaturik agertzen dena j letra da, horren lekuan x jarriz: San Jurjo-ren ordez, kasu, San Xurxo. Zuzenketa kontuok baina, maiz pasadizo benetan barregarriak sorterazi dituzte. Hona bat.

RIANXOko taxista batek bere automobilean Herriaren izena galegoz jarri zuen behin. Bertako alkateak ordea, eskuindar nabaria izanik, ez zuen hori begi onegiz ikusi eta taxista beragana deiturik, hura espainol batuan idazteko agindu zion. Gizonak zera erantzun zion, hots, galegoz Rianxo (euskaraz bezala irakurria) zela eta forma ofiziala (Rianjo) ez zela inondik ere egoki. Alkateak ez zion kasurik egin: "Asperturik naukazue horrenbeste x-ekin —esan omen zion—, zuk behintzat, agindu dizudana egiten ez baduzu, ez pentsa hortik zeure autoaz ibiltzeko baimenik izango duzunik". Horretara jarrita, taxistak obeditu beharra ukan zuen. Biharamunean, txintxo-txintxo, bere automobilean hauxe irakur zitekeen: RIANJO, servicio de tajis.

P.N.V. (Euzko Alderdi Jeltzalea) "vuelve a sus posiciones más reaccionarias."

Hala dio PSOEk bere azken agiri batetan. Guk uste izan dugu bere betiko tokian egon dela beti. Gehikeria deritzogu PSOE batek besteari honelako bat esatea, are gehiago Euskal Lehendakariarentzat euskalduntasuna eskatu diolako. PSOEkoek Euskadiko lehendakariak euskara ere jakin dezala eskatzeari "reaccionarismo" eta "racismo" hutsa deritzote. Gauza bera esana zuen Felipe Gonzalezek aspaldian. Euskaraz bakarrik hitz egin nahi dugunok faxistak omen gara. Zer izango dira ba berak? Pentsa dezakezue aspaldiko sozial-demokrata horiek proposatzen diguten integrakuntza nolakoa izan daitekeen. Beren bizitza osoan monolinguistak izan diren eta direnak bilinguismoaz ari zaizkigu mintzatzen.

Euskaraz ez dakitela, Franco aipatzen dute. Nahiz eta PSOE lasai etxean denboraldi hartan egon, beraien mila eginbehar eduki dute frankismoaren kontra burrukatzeko. Zoritxarrez beraientzat, Euskal Herria, benetan maite izan dutenak, gartzelan, exilioan, lurpean egon dira eta daude. Horietariko askok astia izan dute euskara ikasteko. Gero TVko propagandarik eta Alemaniako dirurik ez edukitzean, betikoek garaitu dute nolabait. Ba dakigu bestalde

PSOEk ez duela sekula gure hizkuntza maite ukan. Egunotan, bekatu politiko bat eta taktika okerra aplikatzen ari zela konturatu omen da. Oportunismo politiko batek euskara maite behar duela diotso, hala ere ez du arazoa oraindik ongi gobernatzen: "Euskara ez jakitea ez da inolako oztopo bat. Gauz sentimentalak besterik ez dira" diosku. Baina gizonok sentimenduz ere eginak gaude, jaunak!!


Euskal Herrian

Mugimenduko prentsaren subasta ala bertako langileen alternatiba

Mugimendu frankistak orain artean erabili izan dituen komunikabide boteretsuak prentsa eta irratiak subasta bidez saltzeko aurreprojektua presentatu du gobernuak horretarako 45 egunetako epea ezarriz.

Prentsako langileek, Madrilen bildurik, ordea, beste alternatiba bat aurkeztu dute mugimendua zenaren prentsa langileen esku eta demokraziazko erakundeen kontrolpea proposatuz. Aurreprojektu hori "Regionalización de la prensa del Estado" izenburuaz ezagutzen da. Prentsaren kontrolpea eraman ahal izateko Patronatuak hiru adarretako ordezkariez osatuko litzateke, halegia, langileak, parlamentariak eta Estatuaren izenean herri elkarteak.

La Voz de España-Unidad-eko langileen (teknikari, periodista, e.a.) batzordeak, berriz, Euskadiko alderdien laguntza eskatu bide dute Madrileko prentsa langileen alternatibaren osagarri bezala, beste aurreprojektu herrikoiago bat proposatuz.

Gobernuak Estatuko prentsa subastan saldu eta bere pribatizatzea aurrera ateratzen badu, dudarik ez, zenbait entrepresa kapitalista eta alderdi boteretsu otso amorratuak bailiren periodiko bakoitza irentsi beharrean jarriko dira.

Alderantziz, Estatuko prentsaren langileek guziekiko eta demokraziazko prentsa baterako alternatiba hurreratu dute. Halere, Madrileko langileek proposaturiko aurreprojektua, nazionalitateei bagagozkie, nahiko abstraktu eta ilun geratzen da. Alde horretatik La Voz de España-Unidad-eko langileek aurrerapauso bat eman dute. Adibidez, nazionalitate bakoitzeko Patronatu edo kontseiluan parlamentarien adarra autonomiazko erakundearekin lotzen da eta Estatukoarena, berriz, herri erakundeen ordezkariez osatua geratuko litzateke (udal asanblada, hauzo eta kultur elkarteak, e.a.).

Eta aipagarria da, baita, Pyresa albiste agentzia erdirakoia baztertuz, periodiko bakoitzak bere inguruko informaketa zuzenago bat ematearen alde agertzen dira eta eguneroko bakoitzari komeni zaizkion agentzietaz libreki baliatzea proposatzen.

La Voz de España-Unidad-eko langile batzordeak, delako alternatiba aurrera bultzatzearren Euskadiko alderdiak oro konbokatu ditu. Lehen batzarrean 9 alderdi besterik ez ziren agertu, eta UCDren ekilibrioak gorabehera, alternatibaren aldeko agirian UCDez aparte, PSOE, ORT, OIC, EMK, PTE, EKA eta HASIk (KAS) hartu zuten parte.

Bigarren bileran lehenean hutsegin zuten alderdi batzu agertu ziren, bai ezker abertzale eta estatalista. PNV ez zen agertu. Bigarren bilera honetan ukitu ziren gorabeheretarik aipatzekoa da alderdi sail guztiak La Voz de España eta Unidad-eko langileen alternatiba onhartu zuela. PCE, EKA eta DCVek besterik gabe, egunerokoen langileei laguntzea zela oraingozko arazo bakarra eta ekintza baterakoietara jo behar zela aipatu zuten, gerokoak gerorako utzita. HASI eta LAIAkoa eta PTEkoak langileen alternatiba bultzatzeko konforme zeuden, bai, baina baldintzapen batzurekin eta alternatiban agertzen zen konposaketa eta eskema betetzeko konpromezua eskatu zuten. Hau da, La Voz de España-Unidad-eko iniziatiba hori autonomi erakundearekin eta herri elkarteen ordezkariekin lotua eta kontrolpetua gera zedin konpromezu baten alde agertu ziren.

La Voz de España-Unidad-eko batzordeak azkenik, alternatiba hura berok egina zela, eta beraz, beren konpromezua eta ezker alderdiekin bat zetozenez Gorteetako Jauregira, Kulturarako subkomisioari ondorengo telegrama baterakoia igorri zitzaion:

"La Voz de España eta Unidad-eko batzordea PSE (PSOE), EMK, EKA, UCD-G, DCV, LKI, PTE, PSP, PCE, ESEI, OIC, ANV, ESB, HASI (KAS), LAIA (KAS), azkeneko laurak Altsatsuako Mahaikide, ordezkariak bildurik, guztiok batean akordatzen dute:

1) Estatuko gizarte komunikabideen erakunde autonomoaren subasta edo desjabetze edo pribatizaketarako projektu orori ezezko borobila eman.

2) La Voz de España eta Unidad-eko langileen asanbladan eratu eta onharturiko Estatuko prentsaren dezentralizapenerako aurreprojektuaren alternatibari baiezko irmo eta eginkorra eman, guziekiko prentsaren demokratizapenerako baliozko eskematzat harturik".

Gainera, alderdi bakoitza bere aldetik eta herrialdez herrialde beste halamoduzko telegrama eta oharrak zuzentzekotan geratu ziren, Gorteetako subkomisioan ahalik eta indarrik handienak egiteko. Gorteetako kultur subkomisioaren konposaketa, berriz, gobernuko 4k, PSOEko hiruk, UGDko hiruk, PCEko 1ek eta APeko 1ek osatzen dute. Alderdi erdirakoien menpe, noski.

Nork jakin kulturarako subkomisio horretatik aterako dena? Estatuko prentsa guztiarentzat erabateko projektua eratu eta gero Gorteetara igaroko da, hango interesen arabera nahiko galbahatua (edo desherriratua) utzi arte.

Izan ere, autonomia seriosago bat lortu arte deus gutxi izanen dugu Euskal Herriaren zerbitzu eta kontrolpean. Dena dela, subasta eta pribatizatzea baino hobeagoa eta pauso aurrerakoi bat ere gerta daiteke. Horretarako, ordea, delako alternatiba bai Unibertsitatean, bai langile eta hauzo elkarteetan eztabaidatu eta sakontzea komeni da.

Bestalde, berehala izanen ditugu Madrileko Ganbaratik berriak eta Euskadiko komunikabideak euskal langileriak eskuratu arte borrokan jarraitu beharko dugu, fronte desberdinetarik bada ere.

Herriaren gain gizarte komunikabideak duten indarra neurrigabea da. Egun telebistak, prentsak eta irratiak nahi ahala menperatzen dute gizartea. Hortik neofrankistek (UCD) gizartean duten indarra. Hortik komunikabideen garrantzia. Publizitatea Herriaren zerbitzuan jarri behar baita, eta entrepresa pribatuengandik askatu. Komunikabide hauk, langileriak zuzendurik, autonomiaren erakundeari lotuak eta Euskal Herriko Telebista-Irrati-Prentsa erakunde herrikoi bat eratzen ez den bitartean deseuskalduntzen eta kapitalismo kolonizatzailearen hatzamarretan larrutuak jarraituko dugu.

Alex


Euskal Herrian

In extremis

Estatu honetako eskuindar guztien artean zihurren eta seguruena dena UCD da. Beraz, egiazko eskuindar bakarra. Beste inori ezer eskaini gabe, Estatu honetako oinharri politiko eta ekonomiko garrantzitsuenak bere eskuetan gorde nahi izan zuen. Horrela pentsatu eta hala lortu egin du. Hartzeko zeuden neurriak egiatan zailak baina premiazkoak izateko ziren. la ezinezkoak. Frankismoarekin konprometaturiko eskuindar guztiek oso fama txarra zeukaten. Estatu Batuetako eta Europako teknikariek, aurpegia garbitu eta ikuzi diete azken batez, Odola zeriona, hilherrien usteltasuna kaleratzen zuena, historiak agortu eta erditu zuena Demokrazia batek salbatuko zuen "in extremis". Demokrazia hitz misteriotsu eta magiko horrek mirariak egin ditzake. Herria gelditu, ezkerra ahuldu, iraultzari sekulako oztopoak eginez. Guztion gainean, kapitalea, eskuina salbatu du ohorezki Demokraziak. Baina ETA non ezarri dute aparamen horretan? Ekintzaren ekintzaz, Estatu kolpea gogoratzen digute, beronen arriskua seinalatuz. Interesatzen al zaie Estatu kolpea? Espainiako ekonomiak jasango al du? Sufrituko al du Herriak berriro militarren bortxakeria? Irabaziko al zuen kapitaleak ezer horrekin? Dena irabazi zuenak, denok garaitu gintuenak ezin dezake permiti militar kolperik. Euskal Herriak irabazi duena burrukan aurkitu du. Harmatuan eta ez harmatuan. Hala ulertu da. Hitz egiteko tokirik ez dagoenean harmak mintzatzen dira. Lemoizen ikasi berria dute askok azkenengoa. ETAk demokraziari desafio egin dio, kapitalearen demokrazia, antieuskalduna den demokrazia ukatuz. Bitartean beste batzu zorionean politikabideak lantzen ari dira, kapitaleak hitzez eta harmaz burrukatzen baitu demokrazian, Politikari askok prakak galdu ditu, beste batzuk ez dituzte sekula eduki, azkenak bidea okertu dute. Politik jokorik egin beharrean iraultza mistiko bati dagozkion moduak aplikatu nahi dituzte. Politik jokoa ontzat hartu zutenek, egiazko deklarapen demagogikoak egin beharrean eskuak zikin bitzate. Politika zikina da. Zuzentasuna Lemoizen dago bakarrik.

E. H.


Euskal Herrian

Udaletxeen elkarteak

Udaletxe zenbaitek nahiko iskanbila atera dute hartu dituzten ordenak deuseztatu nahiz, ordena horietan derrigorrez fusionatu behar zirela esaten zitzaien, Nafarroan eta Bilbon izan dira zarata gehientsuak, Nafarroako Diputazioak zeharo batu nahi ditu bertako zenbait udaletxe, Bizkaian berriz hor dabiltza erandiotarrak Bilbotik apartatzeko ahalegin guztiak egiten.

Beste aldetik, ordea, hor dugu Deba Garai aldeko udaletxeen erabakia, batzea, elkartzea pentsatu dute, eskualdeari dagozkion zenbait arazoren aurrean postura baterakoia hartzea erabaki dute, batez ere zerbitzu aldea zainduz planifikazio orokorrago baten barnean jokatzeko beharra ikusi dutelako.

Zer dela eta udaletxeen elkartasunaren aurreko postura bi? Buru logikoetan zalantza sortzeko bezalako galdera, zer dela eta hiri batzuk batasun hori desonhartu eta beste batzu berak izan iniziatiba daramatenak? Hemen gaurko egoera.

Gogora ditzagun datu batzu, Erandiori bere eritziak inongo inork galdetu gabe, Bilboko oligarkiaren interes primarientzat onuragarri zelako Bilbori anexionaturik geratu zen, ondorengo urteetan Erandio ez da existitu izan Bilboko udaletxean, honek ia ezertarako balio ez zuen "tenencia de alcaldía" edo "hauzo alkatetza" bat jarri zuen Erandion, bere zeregina zergak batzera eta beste zertxobait egitera mugatzen zen, beste gauza guztietarako Bilbora jo behar zuten erandiotarrek, hirigintza aldetik desastre haundienetarikoa da herri hau, kutsadura izugarria du, zerbitzu minimoenak ere falta ditu, egoera nigargarria dutenez ez zait batere harrigarri Bilbotik irteteko duten gogo hori.

Nafarroako egoerak ere ezaugarri bereziak ditu, begi aurrean lehenengo agertzen dena zera da: dekretu bidez inori kontsultatu gabe, goitik behera faxisten erara jarritako legea dela. Bere historiaz ez daiteke askorik. esan oraindik ez baitute luzeegia, baina konstatazio bat garbia da, hirietako bizilagunak ideiaren aurka irten direla zalantza asko gabe. Zerbaitengatik izango da.

Gainera "kasualitatez": 1) herri gehienak "montañan", hots, euskal aldean fusionatuko dira; 2) guztiaren atzean eta zerebro gris bezala Del Burgo jauntxoa dabil; 3) denok dakigu udal bakoitza botu bat dela, udal guttiago botu guttiago eta zenbat eta udal euskaldun guttiago hainbat botu euskaltzale guttiago.

Deba Garai aldeko prozesua beste era batekoa izan da (lehengoz garbi utzi behar da udaletxe hauk nahiko irekiak izan direla) udalak komeni zitzaien zerbitzuen beharra hiri maila soilean ezin dela konpondu konturatu dira, planifikazio orokorrago baten beharra ikusi dute eta beren borondateen harremanetan hasi dira, gero zenbait bizilagunen partaidegoaz zer behar zuten jakin dute, ondoren elkartzea erabaki dute. Baina herri bakoitzak bere nortasuna gorderik eta udaletxeek betiko burujabetasuna dutelarik.

Beraz, bi prozesu moeta daude hemen, lehen erakoa faxismoaren garairako tipikoa, goitik beherakoa, herrien nortasuna galeraziz aurrera eramandakoa, inolazko logika gabekoa, menperatzailea, adibidez: Erandio dekretu bat dela medio inoiz gehiago ez da izango Erandio, Bilbo izango da eta Bilboko hauzune baten izena Erandio izango da, berdin Nafarroan, Etxalar ia gehiago ez da existituko, Bera izango da udaletxea, aldameneko herriak ez dira izango Etxalar eta beste. Etxalar hauzo bihurtuko da.

Deba Garaiko eskeman koordinazioa da finkatzen dena, Aretxabaleta Aretxabaleta izango da eta Eskoriaza Eskoriaza baina erabaki zenbait hartzeko batu egingo dira eta erabakien gestioa eramateko Gerentzia komun bat ezarri dute.

Lehenengo era Erandio eta Nafarroakoa, behintzat euskal zentzuaren aurkakoa delakoan nago, euskal udaletxeek beti izan baitute edozeinekin batzeko aukera beren borondatea holakoa zenean, baina inoiz ez zuten galtzen beren izaera eta beti zirauten hiri berezi bezala jokatzen.

Deba Garaiko esperientzia laburra berriz, nire uste apalean, zenbait arazoren soluzioa ematera datorkigu, euskal udalak nolabaiteko elkartasuna beharrezkoa dutelako.

Mementu honetan industriadun herri guztiek zerbitzu haundiak behar dituzte, hirian bertan finkatzen ez bada zerbitzu hori hiri haundira mugitzen dira biztanleak, orduan hiri ttikiak bere ezaugarrietako batzu hiri nagusi horri uzten dizkio, horrek zera nahi du esan, hiri haundietako zerbitzuen finantzatzaileak hiri txikietakoak izango direla.

Bestalde, industri hiri hauetan plangintza orokor bat egiten ez bada orain daramaten hazkuntza erritmuak gehiagoko aurrerapiderik izateko posibilitateak kenduko dizkio. Planifikazio honetan udalak sektore hauk, minimoki, kontrolatzera irits daitezke: irakaskuntza, hirigintza, hiri komunikabideak, hiri infraegitura. Ikusten da ere industri hazkundea planifikatzeko beharra (baina oraingoz urruti dagoenez utz dezagun) honetarako datu indikatiboak eman ditzake.

Udaletxe batek hori bere domeinuetan egin dezake baina hori arriskugarria litzateke zeren hiri bat saturatua gera daiteke baina handik hamar kilometrotara dagoena, behar bada, gehiago hazteko posibilitateekin egon daiteke. Planu teoriko hau asko luza daiteke.

Kultur eta aisi bizitzak ere bere garrantzia du, kultur bizitzarako hiri ideialak 150.000 biztanle inguru dituztenak badira, hiri txikiak hurbil ere ezin daitezke ideial horretara, baina mankomunatu ondoren 80.000 biztanletako eskualde bizitza sendotzen bada, bere bizi propioaren kultur hiritzat hartuko genuke eskualdea.

Guzti hau garbi ikusirik eta egonik ere, aurretik finkatu behar ditugunak ere ba dira. Hasi-hasieratik erabaki beharko genuke nondik nora jo behar duen euskal hazkunde edo desarroiloak. Baita ere zeintzu izango liratekeen hazkunde unitateak eta bakoitzaren funtzioak finkatzeak, hau da, zein zeregin duen hiriak, zein eskualdeak, zein herrialdeak, zein euskal erakunde nagusiak. Hau egiten ez badugu hazkunde anakroniko batetara iritsiko ginateke eta ez luke ezertarako balioko.

Koordinatze hauk aurrera eramateko erak ere ongi landu behar dira, jendearen partizipazioa eta eritzi konstatazio sakona beharrezko dira, bestela porrot egingo da, honek jendearen mentalitatea egokitzeko ere balio behar du.

Funtzionatzeko era hau estabilizatzeko organo konpetenteak behar ditugu, mankomunitate era guztiz egokia litzateke legeak ezartzen dizkion hainbat akats gaindituko balitu.

Horregatik bidezko deritzot ezagutzen dugun adibide honen eskemen berri emateari teoria praktika bihur daitekeela frogatzeko ere balioko duelakoan esperientzia honek.

Deba garaiko mankomunitatea

Aurreko kontsiderazioak eginik eta honen osagarri bezala bidezko iruditzen zait Deba Garaiko Mankomunitatearen barnegituraren zehaztasunak zabaltzea. Honela irakurle bakoitzak modelu konkretu eta erreal baten berri jakingo du. Modelu hau ez da bukatua, ez hertsia, duda gabe beste era batetara fokatzeko aukera ere izango litzateke, dena den hemen doa azalpen laburra.

Eraketaz has gintezke, mankomunitatearen organo gorena partaide diren herri guztien kontzejal ororen asanblada da; osatzen duten herriak Elgeta, Antzuola, Bergara, Oinati, Arrasate, Eskoriatza eta Gatzaga Gipuzkoatik eta Aramaio Arabatik, beraz asanbladaren partaidetza kontzejal kopuruaren arabera dago.

Kontzejal hauek hartzen dituzte erabaki gogorrenak, baina ba dute ere beren artean aukeraturiko permanente bat, hauk dira lehendakaria, lehendakari ordezkoa eta bokalak, ba dute idazkari bat ere udaletxe bateko idazkari ofiziala (hots, estatuaren funtzionaria).

Funtzionamenduaren organigrama ondorengo laukiak esplikatzen du:

Eskualdeko Batzarre Nagusia

 Mankomunitateko Batza

Udaletxe Teknik

Batzordeak Bulegoa

ESKUALDEko Batzarre Nagusia lehen aipatu dugun bezala, Mankomunalgoa osatzen duten bederatzi herrietako kontzejal guztiek osatzen dute. Bere zereginak —bide orokorra eta exekutatze ordenamendua zehaztea alde batetik eta bestetik —eskualdeak dituen beharren bilkura egitea.

Mankomunalgo Batza kontzejal artean aukeratua da, Estatuek diotenez 5.000 biztanletatik beherako hiriek kontzejal bana izendatuko dute, 5.000tatik 15.000tara biztanleren bitartean daudenek bi izango dituzte, 15.000tatik gorakoek hiru ordezkari bidaliko.dituzte, denetara 15 kontzejal osatuko dute, Bergara eta Arrasate izango dira hiru ordezkari izango dituzten hiri bakarrak.

Garrantzi haundikoa izango da ere Teknik Bulegoa, bera izango baita azken finean erabakien exekutatzailea eta arduradun praktikoa; ondorengo laukian dago organigrama.

 Arduradun Nagusia - Teknik Bulegoaren Zuzendaria (Arloak)

Teknika eta Legeak eta Elkarketa eta Bilakuntza eta

Hirigintza Ekonomia Eskuhartzea Agiriak

Arkitektua Legegizona (betetzeke) Idazkaria

Nekazal ing.

Aparailaria

Delineatzailea

Ikusten duzuenez Elkarketa eta Eskuhartzea betetzeke dago, ekonomi arloan ere falta da norbait, teknik arloan ere errefortzatuak ez legozke gaizki, baina gauzak poliki poliki hobatuz joango direla dirudi. Gerentea edo arduradun nagusia Gilen Azkoaga da.

Bere zeregin batzu aipatzerakoan hauk lirateke garrantzizkoenak, aurrekontuak eta inbertsio zerbitzuak, monografietako lanak, eskualdeko antolabide eta planifikaketa eredua, eskualde mailako erabakiak, subkontratak, eskualdeko hazkuntza eta moldakuntzarako informazio eta agiri biltzea.

Zeregin guzti honen lista luzatzekotan eta nahi bada konkretatzerakotan arlo hauk lirateke: hezkuntza, kirolak, kultur ekintzak, sanital ekintzak, kalamitate aurreko laguntza, SOS eta suak, guzti hau pertsonei dagokienean. Lurrari dagokionean hirigintza, eraiketa lizentziak, partzelazioak. Lur ahulen zainketa, bide zainketa, hidraulika eta osasungintza, kanposantu, kutsaduraren aurkako ekintzak, zakarren tratamendu eta bilketa, etxegintza erraztu eta zaindu, garraio publikoak. Ekonomi arloari dagokionean merkatal harremanak, merkatuak, betirako hezkuntza, higiene eta zihurtasuna, langile eta lantokietako zerbitzuak, lanpostuetarako poltsak, bilketa ekipamendua, hiltegi, gaizki erabilitako lurrak, albaitaria, artisautza, piso, eta neurketak, kontsumatzaileen defentsa eta prezio zainketa.

Eta orain beste gako bat nola ordaindu Bulego honen lanak? Honako hau erabaki dute udaletxeek, biztanleko hainbeste ordaintzea udaletxeko, orain gutti gorabehera 9'9 pezeta biztanleko irteten da lauhilabeterakoa, Irailetik Abendura batu den diruaren kopurua 2.049.000 pezeta izan da, nahiz eta udaletxe guztiek berdin berdin ez ordaindu, Azalpena bukatzeko komeni da esatea Bergaran kokatua dagoela eta zehaztasun gehiago gura duenak bertara jo dezala.

Ondorioz

Ba dirudi Euskal Herriko hirien problematika soluzionatzeko biderik egokienak mankomunalgoenak direla.

Hala pentsaturik ere berekiko bi beldur somatzen ditut; 1) Frantzian ere betako demokrazia burjesak eraginik soluzio berdintsua proposatu dutela udaletxeen ahultasuna gainditzeko, interesa duenak ikus beza Oliver Guichar ministrari ohia buru dela atera den "Vivre ensemble" lana, kapitalismoa eusteko nola proposa liteke metodo hau? zertarako balioko du gehiago, sozialismoa eraikitzeko ala kapitalismoa eusteko? 2) Oraindik ez da egon horrelako esperientziarik Euskal Herrian eta ez dakigu nola bukatuko den, baina zihur egon gaitezen ez dela soluzio perfektua, beti ere prest egon beharko gara kritika eraikitzailea egiteko. Euskal Herrirako administral egitura Mankomunalgoaren izaera eskualde politikan eta herri azterketan Euskal Herri mailan zabaldu behar den eztabaida hedatzeko kontutan hartzekoa da.

Iñaki AZKOAGA


Euskal Herrian

Herri Batua. Udal hauteskundeei begira

Algortan bizi garenok, azkenaldi honetan "HB" sigla gorriz josirik ikusi ditugu kaleetako ormak. Jende asko dabil "Herri Batuaz" interesaturik, eta mugimendu edo talde hau zer den galdezka. Interes honi erantzun nahiz, eta gai honi buruzko informazioa beste herri eta eskualde batzutarako ere interesgarria izan litekeelakoan HB-ko partaide batzurengana jo dugu. Baldintza bakarra ipini digute, hots, elkarrizketa honetan esku hartu dutenen izenak ez plazaratzea.

Zer da "Berri Batua"?

Getxoko pertsona talde batek eratzen dugu "Herri Batua"; alderdi politiko guztietarik at, datozen udal hauteskundeetarako aukera abertzale bat eskaintzea dugu helburutzat.

Nor sar daiteke "Herri Batuan"?

Oraintsu Getxoko udal barrutian egin den aurkezpenean argitara emandako manifestuan dauden gutienezko abiaburuak onhar ditzan edonor sar daiteke Herri Batuan.

Zeintzu dira manifestu honetako punturik garrantzitsuenak?

1. Getxoko udal arazoei eta gure nazional problematikari erantzun bat emango dien kandidatura abertzale baterako bat aurkeztea.

2. Gaurreguneko udal egiturak deuseztatzea eta, asanblada organismo nagusi bezala onharturik, herriaren barrenetik sortuko diren beste batzu, haien ordez ezartzea.

Beraz, zuen erabaki guztiak asanbladatik sortzen dira?

Bai, zalantzarik gabe, bai; hauxe da "Herri Batuaren" funtsezko ideia; ez dago pertsonalismorik, ez dirigismorik gure artean; gure ustez hauxe da Euskadin lehenengoz egin den ahalegin benetakoa, edozein iniziatiba hartzerakoan pertsonalismoa eta protagonismoa baztertzeko, talde honi hasera eman zioten pertsonen izenak ez dira aditzera eman, eta Herri Batuaren barruan ere ez dute inolako ekintzarik protagonizatuko ageriki.

Zeintzu dira zuen helburuak?

Gure helburu nagusia hau da: jende independentearen eta ezker abertzaleko alderdietako militanteen baterako kandidatura bat udal hauteskundeetarako aurkeztea.

Abertzale ez direnak sar al daitezke kandidatura honetan?

Hara, argi eta garbi utzi nahi dugu ez garela inor inori abertzaletasun etiketak ipintzeko; ez diogu inori galdetzen abertzale den ala ez; orain, udal egitarau bat lantzen ari gara eta abiaburuzko aitorpen bat dator bertan. "Herri Batuaren" asanbladak aztertu, eztabaidatu eta onhartuko du egitarau hau. Getxoko udalaren barruan herritarturik dagoen eta abiaburuzko aitorpen hau eta bertan datorren udal egitaraua onhar ditzan edonor sar daiteke "Herri Batuan".

Zeintzu alderdirekin ukan dituzue harremanak?

Haseran, informazio mailan, eta Getxo barruan, Altsatsuako mahaia osotzen dutenekin.

Zer dela eta hauekin, hain zuzen?

Asanbladari proposaturiko zenbait hautakizun artean, honen alde eman zen botua.

Gainerako talde politikoak Herri Batuaz kanpo geratzen direla esan nahi al du honek?

Ez da hori gure asmoa; ezker abertzaleko bloke sendo bat lortzea da gure nahia, gero ezker abertzaleko alderdi hauen eta "Herri Batuaren" haserako taldearen artean batera landuko den udal egitarau bat berresteko eta ondoren herriari aurkeztuko zaizkio egitarau hori eta utziezinezko abiaburuen aitorpena; lehen esan bezala, hauk onhar ditzan edozein talde nahiz pertsona sar daiteke "Herri Batuan".

Nola erantzun dute alderdiek?

Harremanetan gaude jadanik eta lehen harrera aldekoa izan dela aitor dezakegu.

Hego Euskadiko beste udaletarako ere egokia al deritzozue mugimendu honi?

Gure ustez, abagadune ezinhobe batetan gaude ezker abertzaleko jendea Udaletan sar dadin eta desiragarri litzateke Hego Euskadiko beste herrietan ere lantzeko taldeak sor litezen. Anaitasuna honetatik geure laguntza osoa eskaini nahi genieke arazo honetaz arduraturik dabiltzan beste talde batzuri, edozein azalpen emateko, geure planteiamenduaren berri jakinerazteko, lan egiteko modua... etab.

Nola egiten duzue lan eta zer organigrama daukazue?

Begira, asanblada da gure organismo gorena. Asanblada horretatik 6 lan batzorde zehatz sortu dira eta batzorde bakoitzak ordezkari bat aukeratu zuen. Ordezkari hauek eta Asanbladak zuzenean aukeraturiko beste hiru ordezkarik 9 pertsonatako Koordinagailu bat eratzen dute eta batzordeek egindako lanak biltzeaz eta kanalizatzeaz arduratzen da gero asanbladari proposatu ondoren onhartuak izan daitezen. Dakusazunez, ez du ezer apartekorik, baina erabat demokratikoa da.

"Herri batuaren" asanblada aski errepresentatiboa al da?

Oraingoz 120 pertsona abertzalek eratzen dute "Herri Batuaren" asanblada eta lehen aipaturiko sei batzordeetan banaturik daude. Hona hemen batzordeak: Kandidaturak prestatzekoa, lege arazoetakoa, hauteskunde teknika eta propagandakoa, udal programakoa, harremanetakoa eta gestiokoa. Guztiek egiten dute lan (hauxe baita asanbladan boza eta botua ukaiteko baldintza bakarra) eta Romo, Hareeta, Algorta eta Getxoko Andra Mari ordezten dituzte; adiskide edo gogaide multzo, bat ere ba dugu eta ideia honek oso harrera ona ukan du udal osoan zehar.

Optimismoz al dakusazue zeuen planteiaketaren geroa?

Optimistak gara baina eragozpen askorekin topo egin beharko dugula ba dakigu, hala ere azkeneraino lan egiteko prest gaude, zeren eta ezker abertzaleko jendea Udalean egotea funtsezkoa dela baitakigu herrian habitat egoki bat planteiamendu errealista, abertzale eta euskaldun batekin lortzeko.

Hauk izan dira, hitzez-hitz "Herri Batua" mugimendu sortu berri honetako zenbait langile saiatuk eman dizkigun erantzunak. Herri Batu askotatik Euskal Herri Batura helduko garen itxadopenari izar berri bat biztu zaio, agian.

X. Mendiguren


Euskal Herrian

Iparraldea. Askatasunaren errealitatean barna: artzainen borrokarekin

Orain duela lau urte sortu zitzaigun agalaxiaren problema. Lehenagoko zaharrek izendatzen ziguten hezurmina. Ez dakienarentzat esan dezagun izen honen azpian dabilela eritasun bortitz bat. Gaixotasuna ez da jendeetan aurkitzen baina bakarrik abereetan, batipat ardietan. Arazoaren larritasunari ez dio honek ezer kentzen baizik ematen, ezen berriz ere artzaina baitago hemen ukitua. Nekazariak ere bistan da, baina nola gonbaratu bi hauen egoera?...

74.ean ardiak eritzen hasi ziren eta segidako larrazkenean berean laguntzak izan. Ez gaitezen ilusi, ez zen dirua denei emana eta gure deputatu jaunak, Inchauspek, aukerak egin zituen. Honela lagunduak ziren batipat, nekazari haundiak, halabaina dirurik ez zegoen denentzat eta beti bezala diruak dirurat jo. Urte horretan berean artzain lurgabe zenbait haserratu zitzaizkigun "nolaz da hori laborari haundiek dirua eskuratzen eta guk artzain ttipiek bazkak ordaindu behar eta laguntzarik ez? Hori ez da zuzen!". Oihu egin ziguten artzainek, zoritxarrez, oso guttik baizik dirurik ez ukan. Ezagutzen ditut zenbait beren bankuko bazterkin apurrera jo zutenak. Besterik ezin egin, nolazpait negubazkak ordaindu behar. Dena dela, lehenbiziko mugimendu honek izan zuen ere bere positiboa, artzainak elkarretaratzea eta elkarrizketan sartzea. Beraz, hau zen lehen injustizia, 1974.ekoa.

Ondoren, artzainak mendiratu eta mahaxelak arduratu ziren. Mendira igan eta han bertan sortu zizkiguten lehen txertuak, bat Errumaniatik, bestea Iranetik etab... Dena dela, eritasuna apur bat eztitu ziguten. Baina oztopoa gelditu zen eta oztopo nagusia: eritasunari zihoakion txerturik ez zegoen. Gaurkoan oraindik, 4 urte berantago,ezer ez dute harrapatu. Gaurko jakintasuna ikusi eta, zail zaigu ulertzea nolaz ez daitekeen ezer harrapa.Benetan, ezin sinetsizko gauza, giza bihotzak operatzen eta ardi txar bat ezin senda? Bai, ezindura honek beste arrazoirik ba du, eta hau da: errendamenduarena. Ez dagoelako aski ardi ukiturik ez da errentable txertu baten bilatzea. Beharbada, errentableago zaie eritasunaren iraunkor bihurtzea eta urraska-urraska txertu flako batzuren aurkitza Horrela mahaxelek lana segurtatua dute, laborategietako bilatzaileek irabazpidea, Inchauspek bete zerikusia eta artzainak: KAKA. Besteen miseriaren gostuz aberasten zaizkigu zenbait, hobekiago esateko, baten gaitzak dakar bestearen zoriona. Oligarkiaren bistan da! Hau zen bigarren injustizia, esan behar nuke hau da, ezen gaurkoan postura berdinean baikaude.

1977.ean arazoa saminduz zihoan, izpirituak argituz eta haserre gogorra haundituz. Eta hona non, maiazkari, 500 artzain laborari, baita artzain lurgabe, subprefetaren etxera aurreratu zaizkigun. Bortizki joan zen afera, artzain zahar zenbait harritu eta gazteak zauritu. Gerran zebiltzala esan ziguten batzuk. Benetan begiak ireki ere bestek. "Zer alemanen aurkako borrokan bezala, tiro eta bonba. Frantsesa frantsesaren kontra? Ega guk, ez genuen deus trabarik egiten". C.R.S. gogorrak nekazarien aurka botatzen inork ez zuen ikusi. Egun horretan zuen esan subprefetak "populace" hitz mespretxagarria. Dena dela, irudi luke harrikaratzeak, ba duela bere indarra, ezen, handik hurren, arazoak aurrera egin zuen eta diru apur bat ere etorri. Bertako ardidunen elkarteak egin zigun azterketa bat oso sakona eta ardi galtzeen, hiltzeen, mozkin suntsitzeen estimua agertu: 150 milioi liberatara heltzen zaigu. Oraikoan kontseilu jeneralak 60.000.000 libera ematen ditu eta gobernuak beste horrenbeste. Orotara, 120 edo 130 milioi libera zahar. Dirualde oso estimagarria, artzain eta laborarien borrokak erdietsia. Hori da bitorioa! Ez dezagun gutiets geure borroka. Halere errealismoaren mailan gaude, diruaren eskuratzea ez delako aski, eta hor dago diru honen partimenaren arazoa. Arazo benetakoa: NORK eta NOLA egin partimenak? Hona zer erabaki digun jaun prefetak: 1) Kontrolezko batzarreen egitea kantonamendu bakoitzean (Garazin, Baigorrin etab...). 2) Batzarre hauk osatuko dituzte: kontseilu jeneralak (U.D.R. dirudunen aldekoak), departamenduko mahaxelagoko batek, nekazarien sindikako batek (F.N.S.E.A. nekazari kapitalisten aldekoa) eta ardidunen sindikako bat. Harritzen gara non dabiltzan artzain lurgabeak? Nor mintzatuko da hauen izenean? Hona berriz ere demokraziaren irudia: artzain bat ere ez dagoela elkarte partitzaile honetan. Beraz, logika guzien aurka zerikusidun den artzaina kanpoan dago.

Alta lehen premia, ez ote du ardietaz bakarrik bizi zaigun gizon zapaldu honek? Zergatik beti eta beti bestek erabaki behar digute honen arazoetaz? Zergatik, ezerrespontsable baten irudira erabili? Zergatik, zapalduak ume baten mailan ezartzen gaituzte? Bai, amaitu beharko dute nagusien eta oligarkiaren mespretxuak. Ez da posible horrela segitzerik. Argi dago beraz betiko maltzurkerietan gabiltzala Frantses gobernua ez dugu atzo sortua eta jende ttipien izorratzeko praktika aspaldi frogatu du, Nola indar laborari ttipien eta artzain lurgabeen arteko bereizkuntzak ba daki; ez ahal du berak esaten "il faut diviser pour règner" = langileak elkarren artean bereizi, elkartasuna ebaki menperatzaileen boterea indartsuago bilakatzeko. Gaur, artzaina dugu zurubiaren lehen maila, hautsi eta kendu, hots, hil egin behar dena. Bihar, nekazari ttipiaren aldia izanen da. Eta gero zer? Edo Iparraldea bat eta bi arrantxeroren esku odoltsuetara eroriko da? Behin batek esan zuela "krima guziak ez dira ordainduak" zer egia deritzogun!... Dena dela, klarki nabartzen digute artzaina hil nahi dutela eta gure mendietarik kanporatu nahiean dabiltzala. Ba dakigu zertarako: euskal mendia osoki turistakeriari eta ihizilarikeriari saltzeko. Hau da putakeria, gure ostalariek, komertsantek eta gobernuaren morroiek, ez dute beren gorputzik putatzen baina bai populuarena. Populua jo, zapaldu eta gorputz saltzera bidaldu, amore faltsuak egitera, ongi pagarazi ondoren, zapaltzaileek dirua bankuratu. Horrelako jarrerak ez zaizkigu moralezkoak, ezen ezkerrean dagoelako benetako morala: ez legezkoa baina bihotzezkoa. Battita Larzabalek zioen bezala (E.H.A.S.eko kandidatuak) "klase borroka, hau da Iparraldean". Eta gu honekin bat gatoz, ezen mendia artzaingoa defendatuz guretuko baitugu, zelaia nekazaritza defendatuz guretuko dugu, HERRIA populua heldutasunera eramanez askatuko dugu. Borroka gaitezen beraz, Iparraldea ez dadin zapaltzaileen paradisu bilaka. Artzainen problemak: aurreramendu ezezkoen heriotz usaina, ez populuarena! Euskal Herria benetako askatasunera doala? Dudarik ez!

M. L. UHAITZE

- Mahaxela: vètèrinaire (abereak artatzen dituena)

- Zurubia: èchelle (zuhaitz gainera igaiteko)


Sindikal hauteskundeak

Azken berrogei urtetan egin diren lehenengo sindikal hauteskunde libreak egin dira. Dagoenekoz, lantoki gutxi gelditzen dira hauteskundeak egiteko. Pauso honen bidez, entrepresetako mundua erregulartzeko bidean sartu da.

Orain hilabete batzu dira sindikatuak legeztatu zirela. Hauteskundeak direla medio, panorama argituz doa eta sindikatuek beren papera hartzen.

Lantokitik lantokira egin dira hauteskundeak. Ia Abendualderako, sindikal hauteskundeetarako kartelak paretetan agertzen hasi ziren. Gobernuaren Dekretulegea irten orduko, sindikatuak lanean jarriak zeuden. Euskal Herrian, Estatuan baino lehenagotik jarri dira lanean. Denetatik, ELA izango zen giroa zabalduko zuen aurrena. UGTen ustetan, epe baten barnean egin behar ziren, elektoralista planteiamenduaz jokatuz. ELA berriz, inongo mugarik gabe hasi zen, entrepresa bakoitzeko dinamika ikusi ondoren.

Hauteskunde normatibaren bueltan, batzuk lehenago eta beste batzuk geroago egin dituzte; kasu gehienetan, normatiba errespetatuz. Besteetan berriz, komeni zitzaien eran. Normatibaren kontra joateko arrazoiak izan dituzte sindikatuek. Hala ere eta besterik ezean, oinharritzat jo dute gaiak zuen premiagatik.

Gobernuaren jokoa

Aspalditik, Gobernua ari da sindikatu marxisten kontrako joera zabaltzen. Bilboko periodiko batek zioena argigarria da exenplu bezala, zeren eta, bere ustez, % 20ra ere ez da iristen langileen sindikapena edo afiliazioa. Baita telebistan ere, UGT eta CC OOrekin baterako datuetan, "independenteen" numeroak azpimarkatzen ditu Gobernuak. Berak kontrolatuko duen sindikatu batean sartu nahi du oraindik "sindikatu marxistekin" ez dagoen langile mordoxka bat.

Politik eta sindikal hauteskundeak

Lehen esanak, ez du Euskal Herrian tokirik; ez dago horren arriskurik hemen. Eta UCDek bere sindikatua aurrera ateratzeko posibilitaterik ikusten badu, hemen, hori ere ez.

Hauteskundeetan ikusi da beste hainbat gauza. Batzuk uste izan ez bazuten ere, politik eta sindikal hauteskundeak oso termometro ezberdinekoak izan dira. Triunfalismoz beterik, politizatu egin dute. Alderdiaren irudiaz jokatu dute, partiduaren politika jokatuz. Datuak ikusi ondoren berriz, handik eta hemendik hasi dira denen kontra. UGTen kasuan, oso garbia izan da, zeren eta Redondo-k Feliperen irudiaz jokatu du. CC OOek ez du horrela jokatu.

Euskal sindikalismoa nagusitu da

Ezin bada orain, hauteskunde hauek dakarten ondorioaz gehiegi sakondu, has daiteke bai, zenbait. puntu argitzen. UGTek ez du bere eskuetan zegoen, indarra agertu. Bestalde, CC OOek presentzia zabala agertu du, batipat entrepresa erdi eta txikietan. Eta hirugarren puntu bezala, etorkizunean asko jokatuko duen datua agerterazi du: Euskal Herriko langileek euskal sindikalismoa jokatu dutela. ELA indartsuena irten da. Beste mailan, LABek ere erakutsi du kemena minoritarien artean.

Egia da, pauso bat besterik ez dela egin, baina sindikal panorama asko argitu da. Argitu ere, euskal sindikalismoaren alde.

Euskal Herriko politikan beste neurriak badaude, ba du zer esana hauteskunde hauek eman duten ondorioak, egiten eta estrukturatzen ari den euskal gizartean.

M. B.


Santa Agedaren bertsoak

Otsailaren lauean degu/ Santa Ageda bezpera

gazte jendiak alkar hartuta/ etorri gera eske

Gaur ez da lehen bezala kantatzen, etxez etxe ibiltzeak ez baitu, agian, zentzurik. Ziutate handitan behintzat ez du, horietan denok gara anonimoak. Eta herriskek ere haien arabera antolatzen dute beren bizitza. Gaztetan hasiz pasiak dauzkat/ kantuan majinat urte/ usadio hau ez da galduko/ mundua mundu den arte. Baina mundu hura joan zen, Oeste zaharra bezala. Nekazaritzak hainbeste urtez gordetako kultura, gizarte industrialak ezabatu du, klarionaz egindako arrasto singleak bailiren. Santa Ageda zelebratutzen/ alde eta apartian/ agur etxeko den-guztiori/ hurrengo urte artian. Baina, halako batetan ez zen izan beste hurrengorik, orduan bukatu ziren komeriak. Santa Agedaren usarioak/ aspaldikoak dirade/ orain bezala zelebratzia/ desio dugu gero ere. Baina hainbeste desio ez dira bete, Batista...

Batista diot, bereak baitira hemen luzatu dizkizuedan bertso horik. Batista Kortajarena, Pello Errotaren iloba, Santa Agedetako koadriletan koplari bezala ibili zen azkenetakoa. Bertso horik ("bi puntukoak egunari zegokionez") orain dela hamar bat urte bota omen zituen, eta ofizioak ematen duen memoria dela medio errepikatu dizkit niri Asteasuko tabernan. Santa Ageda da gaur ere, baina inor ez dabil bidetatik. Zakurrak zaunkaka eta lanbroa bazter guztietan, horixe. Iraganari begira bizitzea ez dateke onuragarri. Hobe, noski, gaurkoaren talaian egotea. Baina, halere, iraganari buruz arituko natzaizue igande arratsalde honetan. Igande arratsaldeak, bestalde, ez dute ezertarako balio.

Baserriz baserri ibiltzen ginen. Gazteek deitzen ziguten koplari joateko, eta guk etxe bakoitzeko gorabeherak ikasten genituen kantatu aurretik, bertakoan izenak, andregairik ba zuenentz bertako mutilak, eta baldin bazuen, zein izenetakoa, eta horrelako gauzak. Ez ziren bertso gaiztoak egiten, ondratutzekoak bakarrik. Etxeko andriak ematen digu/ eskatutako guztia/ Jainkoak deiola urte askoan/ ondo izateko grazia.

Orain koruak ibiltzen dira hortik barrena,Donostian edo Bilbon, ohiturari segida emanez. Poztekoa da. Baina koruak herrikantaren museoak dira, bizitzarik gabeko zerbait. Museo guztiak kanposantu kutsu bat izaten dute. Ohitura naturalek —eguneroko bizitzarekin peto peto loturik ibiltzen direnek— duten indarra ez da aurkitzen ez filmetan, ez teatrotan eta ez korutan. Horrela da eta ez du bueltarik. Mundu zaharrak bota du kutxarea, hil da.

Eta edertasun asko hilobira eraman du berarekin. Eskutan daukat, esate baterako, hirurogei bat urte dituen bertsopapera, non azaltzen diren Santa Agedako kopla zahar batzu —jakin egin behar zenbat urte dituzten— eta non ikus daitekeen estetika tradizionalaren edertasun hori. Uste dudanez hemen dakartzadan kopla batzu ezezagunak dira. Beste batzu, ordea, ez. Bost bat "Arratia" deitu diskoan kantatzen dituzte emakume bizkaitar batzuk, Nik Asteasun jaso ditut, Juan Jose Oteroren eskutatik. Azkuek bat aipatzen du, eta Zumaian jaso duela dio. Kopla horik, antza, Euskal Herri osoan ezagutu eta kantatu dira. Kopla zaharretan gure memoria dago, eta hogei kopla hauetan (hemeretzi, hobeto esanda, bat errepetitua baitago) zerbait jaso zenezakete bitamina gisa edo, phosphoroa bailitz. Inprimategiko hutsak ahal dudan neurrian zuzendurik har doazkizue lehenengo bostak:

 1. Nagusi jauna aurrera/ erreberentzia lurrera

 Lotsa gerala etorri gera/ Jauna bedorren aurrtn

2. Alkate jaunak egondu gera/ atzoko arratsaldean

 Libertatia gerekin dugu/ ibiltzeko pakian

3. Eder eleizan liburu/ usuak haren inguru

 Etxe honetako ttiki haundiak/ pasadisuan aingeru

4. Eder elizan altare/ harri labratuz pillare

 Birjina amaren eskojituak/ etxe honetan dirade

5. Usua doa otarra(ra)/ nere begia lotara

 oraintxe noa nagusi jauna/ Berorren kopletara

Bertsopaper hauk puntualki heltzen ziren herrietara. Ni neroni ez naiz gogoratzen Santa Agedakoetaz, baina bai Eguberritakoaz. Urtero, hutsik egin gabe, zepoekin batera ailegatzen ziren. Ume bakoitzak zepo bi eta bertsopaper bat erosten zuen, txoriak harrapatzea eta koplak kantatzea negu hotzetako bi hospakizun eta dibertimendu paregabe baitziren. Nondik etortzen ziren misterio bat zitzaidan, eta zait oraindik ere. Baina egia zera da, bai Lexonan edo Zeanurin, nola Elizondon edo Ataunen, ezagunak zirela, leku guztietara heltzen zirela. Inprimategiaren ezagugarririk gabe gainera, nik orain kopiatzen dudana bezala, orrialde anonimoak. Baina jarrai dezagun.

 6. Eder soruan goldia/ Soñian kapa moria

 Etxe honetako nagusi jauna/ ondo gizontxo noblia

7. Eder zeruan izarra/ errekaldian lizarra

 Etxe honetako nagusi jaunak/ Urre gorriz du bizarra

8. Urre gorriz du bizarra eta/ Diamantezko espalda

 Berorri bezin gizon presturik/ Herri honetan ez al da

 9. Eder intxoren kordena (?)/ Halaxen dugu ordena

 Etxeko andria koplatutzeko/ Nagusiaren hurrena

 10. Etxeko andria horra hona/ Zere gauzaren doi ona

 Pascua goizian jantziko dituzu/ Zere soñean hamar gona

Ikusten duzuenez, kopla hauek ere Manuel Lekuonak hain zehatz aztertutako dualtasuna dute: estraineko bi estrofetan irudimenezko apunte bat egiten da, poetikoki ausarta (Diamantezko espalda), imajineria erlijios batetik edo naturaleza bertatik harturikoa. Bigarrenean berriz, bere "mezua", "esan beharrekoak" botatzen dira. Gaurko euskaldun batek horrela idatziko balu, bere herriko koekipier guztiak, mekauendioska agurtuko lukete, "tipo hori surrealista elitista bat duk" esanez. Eta lasai lasai geldituko lirateke, hori da okerrena. Baina ez gaitezen petralkeriatan hasi, eta segi diezaiogun.

 11. Txuri nabarra azpiko/ gorri ederra azpiko

 Andria zure parerik ez da/ plaza bat onratutzeko

12. Eder baruan espala (?)/ nik ezin esan bestela

 Zure besoan lo egin lezake/ paradisuan bezala

13. Horra hor goian iturri/ Ura txorrotik erori

Etxe honetako zaldun gaztiak/ Hamalau urre txintxirri

 14. Hamalau urre txintxirriarekin/ Zazpi damaren eguzki

 Haiek guztiak hala izanik/ gehiago ditu merezi

Kopla horik, seguru asko, bilduma bat dira. Arestian aipatu ditugun koplariengandik jasoak batzu, noizbait sortu eta urtetik urtera aldatuz joan direnak besteak. Lekuonak dioenez, ez dago hasierako estrofen eta bukaerakoen artean harreman lojikorik. Harreman majikoaz ere mintzatzen da. Hemen gauza bat bakarrik gehituko diogu berak esandakoari: Estraineko estrofetan azaltzen den kolore ugaritasuna (horien artean, gainera, urrea eta distira duten beste kolore asko sartzen dira, eta era honetako koloreak Jung-ek arketipikotzat jotzen ditu; Tralk poetaren izkribuak begira hau konprenitzearren). Eta buka dezagun, pertsonala ez aspertzearren. Hauk dira azkeneko bostak:

 15. Harantza beltza ostrua ttiki/ Puntara saku loratzu

 Orain hemen bihar genduke/ Dama gazte bat koplatu

16. Damatxu gazte konpondua/ Hori kolore gorria

 Zure matraila iruritzen zait/ Krabelinaren orria

17. Krabelinaren orriarekin/ larrosa maiatzekoa

 Zeuri begira hementxe nago/ Damatxo bihotzekoa

18. Eder ezpata magiarekin/ magia prontalarekin

 Etxeko andria etorri zaigu/ Eskuan limosnarekin

19. Limosna ere hartu degu ta/ orain abia gaitian

 Adiosikan ez degu eta/ agur ikusi artian

 Beste gauza bat. Koplak zeuden bezala jarri ditudala, ordena berean. Eta besterik ez. Hurrengorartio, Kortabitartio.

bernardo atxaga


Doña Prudentzia eta Idealista

Doña Prudentzia kafetegira sartu denean blai eginda dago.

DOÑA PRUDENTZIA.— Hau da euria eta txingorra, hau!

IDEALISTA.— Gaur kafesnea bero-bero ipiniko dizut.

D. P.— Ikus nolako eguraldia dagoen eta Don Listo, nire senarrari, hara Iruinera joan behar duela bururatzen zaion. Idealistak ironikoki begiratzen du.

I.— Zer, Del Burgo bisitatzera?

D. P.— Zu beti burrukaren irrikiaz, e?

I.— Eta zu nirekin burrukan pozik. Baietz igandeetan zerbaiten falta sentitu.

Doña Prudentziak maltzurki erantzun dio.

D. P.— Bai, zuen kafesnearena.

Doña Prudentziak zurrutada bat edan du.

D. P.— Eta zertaz burrukatu dugu gaur?

I.— "Egin"en irakurtzen nengoen Donostian 22 sigla batu direla biolentziari buruz zerbait erabakitzeko.

D. P.— Bai. Nik "La Gaceta"n irakurri dut. Eta HASI eta LAIA bileratik irten direla. Zertan ari da ezker abertzalea? Hauk bileratik irten, EIA eta EMK Altsatsukoengana ez joan... Zer portaera da hori?

I.— Beno, haritik irteten ari gara. Biolentziaz ari ginen.

D. P.— A, bai! PC oso formal dabil, nire seme txikiak plater bat apurtu ondoren egoten den bezala.

I.— Ba dirudi Armada eta Polizia bereganatu nahi duela. PC-koek ongi konturatu dira indar harmatuen garrantziaz eta euskaldunontzat oinharrizko diren puntu bietan amore ematen die Gobernukoei, nazional arloan "PC de Euskadi", Nafarroa ez sartuz, eta sozial arloan krisia inolaz konpon ez dezakeen Monkloako Ituna sortzen eta defendatzen.

D. P.— Ni ez naiz horietaz fidatzen, eta dirudienez zu ere ez.

I.— Ekainaren hauteskundeak ditugu lekuko Euskal Herrian nola frakasatu duten ikusteko.

D. P.— Beno, eta biolentziaz, zein da zure eritzia?

I.— Ene ustez, Gobernuari Euskal Herriko tentsioa mantentzea interesatzen zaio.

D. P.— Zergatik?

I.— Euskal Herria ahuldu nahi du, Espainiatik aparte bizitzerik ezina zaigula jakin erazteko. Biolentziaren kausaz, ez dira hemen fabrika berriak eraikitzen, eta daudenak edo kanpora eramaten dituzte edo hertsi nahian ari dira. Eta gu, tontoak bezala, Gobernuari jokoa egiten.

D. P.— Orduan zu ere biolentziaren kontra al zaude? Idealistak ez dio galderari erantzuten eta aurrera egiten du.

I.— Gobernuak ikurrinarekin problema zentzugabeko bat sortu zuen. Ikurrin bat legalizatu edo bederen toleratu den gauza sinplearekin, sekulako problema sortu zuen, intrantsigentzia susmotsu bat erakutsiz. Azpian zegoena, noski, tentsioak sortzeko nahia. Ikurrinaren eskandalua gehiago luzatu ezinik, hura bukatu egin behar zuten, eta orain Nafarroaren problema artifiziala sortu dute, hura bezain faltsu eta zentzugabea. Gobernuak eta UCD-ko tontoenak ere ba daki Nafarroa historiaz, geografiaz, kulturaz, etniaz, ekonomiaz, etab. Euskal Herria dela, eta lehenago edo beranduago ukaezinezko egia hori onhartu beharko duela. Baina beren helburua ez da hori, tentsioak sortzea baizik, biolentziak giro egokia izan dezan.

D. P.— Eta ez al du horrek irtenbiderik?

I.— Bai, noski. Guk, ezker abertzaleok, baturik indar politiko bat osatuko bagenu, ETA-ren alternatiba politikoa ginateke. Beraz, gure bateratze ezaz, Gobernuari jokoa egiten ari gara, ETA-ri alternatibarik ez eskaintzean eta, beraz, burruka harmatuari jarraipen politiko bat ukatzean. Ikus. Nire ideologia ezker abertzaleena da, baina independente bezala nago, eta ni bezala milaka gaude. Ezker abertzale alderdien panorama, oso nahasia ikusten dugu eta ez gara militante bezala sartzera ausartzen. Batuko balira, bai, denok hurbilduko gintzaizkioKe geure izenak ematera eta alderdi handi bat sortuko litzateke. Orduan, erdi-eskuineko alderdi handia PNV litzateke, eta ezkerrekoa Alderdi Abertzale Sozialista hori, eta beste guztiak, popatik hartzera.

Xabier Gereño


Iberian zer

Sabinoren obrak faxistak argitaratzen ari

 POLITIK-ASTE

Para desprestigiar al fundador del P. N. V.

 Los "derechistas" editarán un libro sobre Sabino Arana

Según nuestras noticias, en esferas políticas de derechas se ha puesto en marcha una iniciativa para llevar a cabo una edición masiva del pensamiento de Sabino Arana, fundador del moderno nacionalismo vasco, y creador, en consecuencia, de la palabra Euskadi, diseñador, además, con su hermano Luis, de la Ikurriña.

En un principio, las derechas pretenden editar unos tres millones de ejemplares, que serían repartidos gratuitamente, tanto en las provincias del País Vasco como en otras.

Lógicamente, no cabe esperar que los derechistas editen —con su propio dinero— un libro para «enaltecer y destacar» la ideología nacionalista sabiniana. El efecto que se pretende lograr es precisamente el contrario. Se quiere poner en evidencia el «espíritu racista —se nos ha dicho— de Sabino Arana para que el público conozca los antecedentes del nacionalismo».

La edición —que repetimos, se va a difundir gratis en buzones, domicilios, etc.— estará subvencionada mediante aportaciones económicas voluntarias de particulares. Las cantidades que se están recogiendo en sectores derechistas oscilan entre las 50.000 y 100.000 pesetas. Se nos asegura que ya han sido logrados dos millones de pesetas, teniendo como meta los seis millones, cifra que se considera suficiente.

El objetivo de los promotores de esta idea es que todos los habitantes del País Vasco tengan gratis el citado libro, que, repetimos, «pretende resaltar, para poner en evidencia, las ideas racistas de Sabino Arana».

Bilboko Hoja del Lunes-en (78/1/23/ 3. hor) irakurri dudanez, Euskal Herriko espainol eskuindarrek Sabino Arana Goiriren obra "hautatuak" argitaratzeko asmoa dute, horrela Abandoko politikariaren arrazismoa agertzeko. Egiteko gogo duten tirada hirur milioi aletakoa (sic) izanen da, Euskal Herri eta Espainiako probintzietan mundu guztiari dohainik (sic) liburu bana eskaintzeko. Errepublika garaian, euskaldun autonomistak desprestigiatzeko PCEkoek egindako gauza bera, halegia.

Duela urtebete eskas, neronen herrian ere propheta omen ez naizenonek jadanik arrisku hori seinalatu nuen (irakur ANAITASUNAn, 77/111/15, 336. zenb. "Gauzak argituz", 25-29. horr), euskaldunon Aranaren kontzepzioak eta lana etxean, geure onerako eta kanpokoek egin baino lehenago, kritikatzeko premia azpimarratuz. Alferrik gertatu zen baina. Basamortuko haizeek eta 15 juneko hauteskundeen hordikeriak zuhurtasunaren boza ixiltzen dute maiz. Sabindar txanponaren alde onaz batera txarra ere erakustera ausartu nintzelako, PNVekoen haserreak haizatu nituen gaizto ofizialonek.

Oraintsu, gainera probintziano ondo ezagun batek aurpegira bota dit Sabino kritikatzeko bekatu larria. "Deiturak arrazaren indize bat direla onhartzean —holaxe diosku berak— inplizituki haren indizea hizkuntzazkoa dela onesten du (Sabinok) eta ez arrazazkoa". Nik neuk ez dakusat oraino, tautologiaz ez bada, nola gerta daitekeen arraza arrazaren neurri izatea, baina holako malabarismoekin Aranaren esanak eta —politikari batengan larriagoa dena— "idatziak" oro nola edo hala xuritu nahi izateari alderdikeria hutsa deritzot, are gehiago, esan zaigunez, Euskal Herrian bizi diren erdaldunez, etorkinez bereziki, hain kezkaturik bagabiltza.

Ez diot logika handiegirik aurkitzen, bestalde, —hura asmatu zuenaren kontra pilota ironia gaixtoz bihurtzeko ez bada behintzat— erdarazko "vasco" euskarara itzultzeko, zenbait tokitan eta nolabaiteko nazional atxekimenduzko esanguraz erabiltzen den "basko" hitzaren ordez, beniala, arrazaren gaintasuna nabarerazteko sortu zen euzkotar delakoa birpiztu nahi izateari. Talde bakoitzak, legeztaturik egon zein egon ez, bere umeak fierki maite ohi dituela gauza jakina da, baina hori egiten denean, otoi, ez diezazkigutela tradizio, jatorri, herri eta hizkuntz sustrai garbiak nahas.

Hitz joko eta itzurpide guztiok laster desagertu eginen dira baina. "Sabinok esandako gauza konkretu honekin, horrekin eta harekin konforme zaude ala ez?" galdetuko digutenean, jendeari "bai" ala "ez" erantzun beharko diogu: bai ala ez "osoak" eta "biribilak", inolako baina eta atxakiarik gabe. Hori heltzeko dugula jakinik, bai pertsonalki eta bai alderdi gisa, oraindik aranolatria integrista eta ofiziala gorde eta iraunerazteko nahia absurdu bezain suizida da.

PNVek, nahi badu, noski, horixe egiteko eskubiderik dauka, baina bere jarrera horrekin Euskal Estatu propio baten aldean garen beste guztiok ere zikintzen gaitu batera. Nork bere idoloei intsentsua eskaintzen segi beza; halakoengan federik ez dugunok ordea, ez dugu, sinesten eta sentitzen ez dugunagatik zertan martiri izan behar. Eta hau konpontzeko lehen pausotzat, on genuke guztiok, alde edo kontrakoak izan, Sabinoren obrak "irakurtzen" hastea, orain arte memeloki laudatzen edo gaitzesten ari garena hobeki ezagutzeko. Sorpresa galantak hartuko genituzke segurki guztiok.

Baina ez, oraingoan ere alferrik dateke. Biblia edo Korana sekula santan irakurri ez arren Jainkoa edo Allah adoratzen duen fanatikoaren antzera segituko dugu guk hemen: euskaldun fededun beti.

Eta ironikoa bezain nigargarria, egiaz, Sabino Aranaren obrak haren etsai —geure etsai— amorratuenen eskutik ezagutu beharra. Bis dixi eta bis salvavi animam meam.

Xabier KINTANAk

78/1/25


Oraindik arradikalago behar

Azkenaldi honetako pasadizu, gertakari eta jazoerak ikusirik ez da ortzaitza oso baikor agertzen, ezin daiteke benetan esan zerua hodeigabeko eta urdin agertzen zaigukeenik. Espainiar Estatuko oinharrilegearen, konstituzioaren aurreprojektuarekiko jarrerak sortzen direla, egoera ekonomikoa gero eta modu errealagoaz dakusagula, giro politiko jenerala batere osasuntsu gertatzen ez zaigula, ezin daiteke benetan esan buruhauskor eta beharrik gabeko agertuko zaigukeenik datorren bolada.

Eta zalantzarik bageneukan, hor dago konstituzioaren aurreprojekturako aurkeztu diren zuzenketa eta emendakinetan espainiar ezkerrak Hego Euskal Herri hau kokatzen deneko Estatuaz pentsatzen duena eta daukan burutapena. Eskuinak zer zuen buruan ezaguna zen, ezpairik gabe; ezkerrak zer zeukakeen asmatzekoa, nahiz eta, zergatik ez, itxaropena ez genuen egundo osorik galdu. "El País" Madrileko egunkari burjes liberalak emandako laburpenetan argi eta garbi isladatzen dira kontzepziook. P.S.O.E.a, esate baterako, singularrez, "espainiar nazioa"z ari da, eta beronen barnelementuak bezala "nazionalitateak" eta "herrialdeak" ditu aipatzen. Alderdi komunistak "Espainiako batasuna"z dihardu, "nazionalitateak" eta "herrialdeak" autonomoak izan daitezkeela, horretan alderdi sozialista bezala, gehituz. Alderdi sozialista herritarrak, P.S.P.ak, gauza bera errepikatzen du, eta katalanak, diren pragmatikoak direlarik, hori baita errealismoa jaunok, ez dira atzean gelditzen. Eta aipatutako alderdiak federalista direla, Jainkoari eskerrak. Zer izan zatekeen hori ere izan ez balira!!

Ni ez naiz zuzen politikoan bereizle eta espezialista, baina orain arte bederen igarri uste izan diot "nazio" eta "herrialde"ren artean dagoen diferentziari. Igarri uste izan diot Espainiar Estatuan, kanariar irlen arazoa aipatu gabe, lau nazio, lau herri dagoelakoari; igarri uste izan diot nazio batbederak, Espainiak, Herri Katalanek, Galiziak eta Euskal Herriak, bakoitzak bere herrialdeak dauzkalakoari, baina dirudienez txarto, oso txarto, igarri egin diot, zeren inork ere horrelako konturik aipatzen ez baitu, zeren inor ere Espainiar Estatua federal behintzat izan daitekeela gogoratu ez baita. Haatik, troskistek esan arauera, alderdi sozialista langileen alderdi bat da eta P.N.V.a, berriz, euskal burjeseriarena. Bigarrena ukatu gabe, zeinek defendatzen ditu ordea Espainiar Estatuko goiburjeseriaren interesak, bere zapaltresna, Estatu hori berori, oroz gainetik eta inolako desenkusarik gabe sagaratu eta defendatu egiten duenak besterik? Eta "Consejo General Vasco" delakoaren lehendakaritzarako egiteko den hauteskundean gertatuak ez dirudi baieztapen hau ukatzen duenik, zeren hor U.C.D.k eta P.S.O.E.k, hots, Estatuaren defentsari sutsuek batera joko baitute. Eta ez hori bakarrik, agian demagogiaz, baina zalantzarik gabe justiziaz, Alderdiak lehendakari euskaldun bat nahi zuen, eta hori arrazismoa dela entzun behar izan dugu. Noiz arte? Datorkigun burruka latza da eta agerian dago, sozialismoaz gain, askatasun nazionala lortu behar dugulako burruka harmatua ere beharrezkoa dela, hori dela geure egoera bereziagatik daukagun bortxapide bakarra, eta zuzen zuzenik gure mugimenduak, Espainiar Estatuko goiburjeseriaren bihotz-bihotzean jotzen duelako, ezin ekandu egin litzakeen bakarrak garela.

E.T.A. kritikatzeko Donostiako batzarreak ere gauza bera uzten du agerian, hots, ezker abertzaleak eta ezker estatalistak eskema desberdinak darabiltzatela prozesu historikoa juzkatzerakoan eta beraz estrategia politikoak planteiatzerakoan. Haientzat euskal nazioarazoa arazo demokratiko bat da, guretzat berriz prozesu historiko bat, sozialismorako prozesua, iraultza, osotoro ezberdin egiten duen zerbait. Nolaz uler daiteke bestela P.C.k Nafarroaz egin duen muntaketa hango burjeseria zentralistarekin batera? P.C. bera izan baita kontuaren asmatzailea, ez beste inor.

Eta batzen ez garen bitartean, ezkerrismo merkea egiten jarraitzen dugun bitartean, euskal sindikalismo batzarzaleari egitura sendorik ematen ez zaion bitartean ez daukagu ezer egiterik. Era berean, eta Euskal Herriaren mailan behintzat, Carrillok dioen moduan, sektore kontramonopolisten, kulturindarren eta langileen batasun faktikoa lortzen ez dugun bitartean ez dugu ezer lortuko, ez sozial-, ez eta nazionalki.

Andolin Eguzkitza


Aingeruen sexua eta euskal aldizkariak

Estatu honetako aldizkari eta egunkari ia guztietan ETAri buruzko teoriak, gustu batetarako teoria susmagarriak azaltzen ari zaizkigu. Opinión-en, El País-en, Interview-en etab. Aldizkari horietarako oso probetxagarria da ETAri buruz hitz egitea. Literatura hori ba dirudi oso ongi saltzen dela. Sexuaz aritzen den literatura merkea bezalaxe. Euskal aldizkariek nahiz eta aingeruen sexuari buruz aritzea ez lituzkete horregatik tiradak gehituko. Eta guzti honen errudun nagusiena erabiltzen dugun hizkuntza da. Hots: euskara. Euskara gure Euskadiko egunkari biek mustratzen digutenez ez da albiste eskandalagarriak edo eta garrantzizkoak emateko gauza. Jende askorentzat, ez bakarrik espainolista direnentzat, euskaraz emandako albisteek ez dute inolako seriostasunik. Hori gauza ezaguna zen eta ba dirudi orain gero eta ezaguna eta standardizatuagoa dela. Euskal aldizkaritik edozein birao edo espioi klabea eman dezakezu, inor enteratuko den lasai egonez. Espainiako erregeaz, Espainiaz, bere batasunaz, beraren harmadaz aritzeko libre eta oztoporik gabe azal dezakezu. Tamalez, euskal letrak irakurtzen dituztenak gure eritziarekin batera datoz. Nahiz eta gu erregeari kaka egin. Horregatik euskal letrek ukitu behar dituzten gaiak, askotan Mariren koban asmatuak izan dira. Hemen ez dago ideologiaren arazorik. Askok esaten ohi du baietz. Anaitasunan edo Zeruko Argian baxak hartzekotan arrazoi ideologikoak aipatzen dira. Estrainioena, denak erdaraz datoz ..."Ruégole deme de baja de su apreciada revista por motivos ideológicos" ..."En nuestra última reunión de la comunidad de los muy RR.PP. —X— acordamos por unanimidad darnos de baja de su revista". Edo eta "Por motivos inconfensables (sic)" edo eta "anaitasuna" egin beharrean anaien artean ziria sartzen ari zarete. Zeruko argia piztu beharrean Ifernuko sarrera irekitzen ari zarete etab. etab. Beste batzuren irudiz, jadanik Euskal prentsa sendo bat lortu da eta ez Anaitasuna ez Zeruko Argiak ere beharrezkoak direla pentsatzen du jendeak. Gero jende prezagarri horrek begiz eta ipurdiz irensten du erdal prentsa. Cambio 16, Opinión, Deia, Egin, El País, Interview irakurrienak izaten dira. PNVkoek Egin irakurtzen dute ia beraien kontra zer edo zer azaltzen den, baezpadare. Leku estrainio eta apartetan zenbait erlijioso eta monjak Interviewen horrialdeak jaten dituzte ea beraien fedea, froga latz arriskugarrian ipiniz salbatzen den ala ez jakiteko, edo bekatua zertan datzan jakinez, hobe garaitzeko. EMKko eta HASIko militanteak ere, EIAren prentsa irakurtzen ohituak daude. Bakoitza ba, besteak esan dezakeenari bi belarriz ari zaio. Anaitasunak edo Zeruko Argiak esan dezakeenari ez dio inork belarririk ipintzen. Ez dira aldizkari oso seriosak. Ez dute erdara zoragarriak ematen dien seriostasunik. Lehen euskal prentsa nolabait laguntzeko ere, partiduen aginduak zeuden.

Orduan behintzat subskripzioa hartzen zen. Irakurtzea besterik zen. Partiduek ez zuten hainbesterako agintzen. Gure irakurleen kopurua beraz, oso subjektiboa eta faltsua izan da. 15.000 subskripzio edukitzeak ez zuen esan nahi hainbeste irakurle geneukanik. Anaitasuna eta Zeruko Argia hartzen ziren euskaraz zeudelako eta jende askok ez zuen irakurtzen, euskaraz ere zegoelako. Orain aldiz, ez da hartzen, euskaraz dagoelako, jakina.

Gure ondoan bizi den jende askok egia biribilak nahi zituen, betikoek koadratuak zirela aipatzen baitzieten. Orain nahiz eta beti biribilak izan koadratuak nahi dituzte. Ulertzen? Ez ardurarik, nik ere ez.

Euskal letrak oso korapilatsuak izaten dira. Elizako edo jende katoliko gehienek ez dute nahi honelako aldizkari marxista eta galduetan idatzi nahi. Orduan gure irakurleen multzo handi bat kristautarra izanez, benetako fedea edukiz, niretzat behintzat oso errespetagarria eta ohoretsua dena, erlijioari edo munduko edozein arazori buruz, irakurgairik gabe geratzen da. Oraindik esango digute azeriak garela! Baina benetan ez da ulertzen zergatik kristautar hospetsu batzuk, sekularrak ala ez beste erdal aldizkarietan, gu bezain "galdurik" daudenak, idazten duten. Hemen aldiz, erlijiogaiak, edo kristautar ikuspunduak ez dituzte ukitu nahi. Misterio itzela da niretzat guzti hau. Erdaraz egiten dena, ikus edozein aldizkaria, ez al daiteke euskaraz ere egin ala?

Baina gatozen harira zeren bide erdian zehar galdu baikara. Bide erditik galtzea askotan pasatzen zaigu. Arrazoiak ugari. Hizkuntza hau ez da oso seriosa, gero aldizkaria ere ez, eta ni pertsonalki olgetan egoten naiz denbora guztia; gainera erabiltzen dudan "hirugarren euskalduntzen" erako estilu motzak sasi-izenaz firmatzera bultzatzen nau beti.

Baina ETAren alde lantza bat publikoki hautsi behar da. Nik ez dakit burruka harmatua aurrera segitu behar den ala ez. Edo behintzat ez naiz ausartzen hori esatera. Baina ETArekin gure herriaren zati handi bat dago eta arrazoi handiaz. Hemen ez da ezer konpondu. Konpontzen hasiko direnean ikusiko dugu. Bitartean ETAri buruz Donostian egindako bileratan Patxi Iturriozek, EMKko militanteak aipaturiko hitzak gogoratzea komeniko litzaiguke. "Nola eskatuko genioke ETAri burruka harmatua baztertzea, gobernu berean lehen bezalako indar zapaltzaileak daudenean?" Egia hori ez du KASeko batek bota. Opinión, Cambio 16 eta gainerako aldizkariek edozer esan dezakete bitartean. Guk bezain zitalki segituko dute.

Aingeruen sexuak ez gaitu sekula kezkatu zoritxarrez.

Sir Jauna


Lehen eta bigarren mailako hilak

Aste honetan hiru heriotze berri gertatu dira biolentki: Katalunian bi eta Euskal Herrian hirugarrena. Alderdi politiko eta erakunde legal asko lasterka ibili dira, Bartzelonan gertaturikoak kondenatzeko. Ostera, Bilbon 18 urtetako gazte bat hil duten arren, ez da ia kondena-hotsik ez komunikaturik entzun. Ozta-ozta, beraren hauzoen salhakuntza eta besterik ez. Beste guztiek, dirudienez, ontzat emana dute Efren-en heriotzea; merezia zukeen (?) eta...

Bai! Lehen eta bigarren mailako hilak daude. Batzuren heriotzeagatik publikoki egin behar da nigar eta jantziak urratu. Besterenagatik ez du merezi aipamenik ere egiterik; edo aipamenik egiten bada, hiltzaileen lana(!) justifikatzeko da: ongi egin dute, beren eginbeharra bete baitute...

Eta horrela idazten da historia, mutilok! Beharbada Viola-ri leku bat eginen zaio historiazko liburuetan, honela betiko hilezkortasuna irabazten duelarik. Efren, ordea, ez da inon aipatua izanen.

Eta hurrengoan ere ipuin berbera entzunen dugu. Biolentzia "venga de donde venga" kondenatzen dutenek, ez dute ezer kondenatuko Efren bezalakoen kasuetan. Horik delinkuenteak —hots, gaizkigileak— direla esanen dizute. Eta ordenu-zaintzaileek eskubidea dukete horrelakoak hiltzeko. Nork emana ote da eskubide hori? Beren kontura hartua ez ote?

Baina goazen aurrera! Analiza ditzagun gaingiroki lehen eta bigarren mailako hilen nortasuna. Nolakoak dira lehen mailakoak? Agintari edo agintari-ohiak, diktadore haundiaren magalean hasi, loditu eta beren karguak hartutakoak, lantegi edo entrepresa handiren jabeak, erakunde publikoetako partaideak, botere publiko izugarria dutenak,... Eta abar. Ikus dezagun orain, bigarren mailakoak nolakoak diren: Sozial-, kultural- eta ekonomikoki marginatu eta baztertuak, justizia sozialaren ederra ezagutu eta gozatu ez dutenak, beren lanindarra gaizki eta infrabaloratuki saldu behar ukan dutenak,...

Informabideak —pertsona eta talde konkreto batzuren eskuetan daude, bestalde— zerebro-garbiketa izugarria egiten ari zaizkigu. Kalamatika franko, baina, informabideen eragina dela eta, jendeak ontzat eta normaltzat hartzen du, Efren bezalakoak hiltzea, eta krimen izugarritzat, Viola bezalakoak hiltzea. Non gaude? Ez ote ziren biak, hain aipatua den pertsonaren dignitate trantzendentalaren jabe? Nor da buru-garbiketa horren indartzaile?

Efren baztertua eta arbuiatua izan da bizi izan den bitartean eta hil ondoren ere. Auto batek beraren biziak baino gehiago balio zukeen. Eta hil ondoren arbuiapen hori lotsagabeki agertu da informabideetan. Mila detaile ttiki baina garrantzizko daude. Adibidez, konturatu al zarete nolako argazkiak agertu dizkiguten? Ia biluzik eta autopsiaren ebakidura lotu edo josia argi ikusteko moduan. Izara batez estalia izatea ez zukeen merezi; izara zikindu eginen zen nonbait. Eta inork eskatu ote dio erantzunkizunik Goardia Zibilari?

Biolentziaren arazoa dela eta, batzuk —lotsa pixka bat edukiz— era eta jatorri desberdinetako biolentziak bereizten eta modu desberdinetan juzkatzen hasiak dira. Ordua zen! Baina beste batzuk —lotsarik ezaz edo— hor diraute lehen mailakoen hilketak, propaganda izugarriz eta mundu guztia ongi enteratzeko moduz kondenatzen, eta bigarrenekoak, ostera, isiltzen eta onhartzen. Ez dut uste izenik aipatzerik merezi duenik.

A! Eta ez naiz arituko etarren hilketez. Hauk ez lehen eta ez bigarren; agian n-garren mailako hilak baitira.

R. Garai


Munduan barrena

Ostegun beltza Tunisian

Urtarrileko 26a, ostegun beltza izan da tunisiarrentzat. "Tunisia independentearen lehen greba orokorra" izendatu zuten sindikatuek.

Egun horren ondorioz "ehundaka asko" ofizialki esan denez izan dira balaz hilak Tunisiako kaleetan. Polizia eta armadak gogor eraso diote manifestapenari. Errebolta hura iraultza bilakatzearen beldur zen gobernua.

Europan jende asko harriturik eta txunditurik gelditu da. Izan ere, Bourguibaren erregimenak liberal fama zuen. Europarra omen zen, esan ohi zen satisfazioz Europan. Europaren irudi ona ematen omen zuen Afrikan, hemengo beste zenbaitekin alderatuz batipat. Horregatik ez zen uste halako kale-hilketarik Tunisia bakezalean gerta zitekeenik. Hortik harridura.

Zer da hor gertatu dena? Eta zergatik, batez ere?, hona jende ohartuaren galderak.

Bourguiba zahartuz doa. "Burrukalari garaiena"k geroz eta gutiago agintzen du. Destour alderdi bakarrean, beraz, joera bat baino gehiago hasi da jadanik nabaritzen. Habid Achour, sindikatuen buru eta gobernuko kontseilukoa izan berria, jar genezake korronte baten aintzindari. Gobernutik dimititu egin zuen. Harez gero, sindikatuaren eta gobernuaren artean geroz eta tarte handiagoa dago: sindikatua ez da gehiago transmisio-hede bat, langileen antolakuntza baizik. Egiazko ezkertiarrak hortxe bildu ohi dira. Bi polo bezala gerta zitezkeen, horrela, Tunisian: bata gobernuarena eta bestea sindikatuarena. Arriskugarriegia zen hau gobernuarentzat.

Bestalde, lehen esan bezala, Bourguibaren agintearen ahultzearekin gobernuaren agintea bera ere ahulduz zihoan. Dozena erdi bat ministrarik, dimitituz, gobernua utzi berria zuten. Giro honetan planteiatu da greba orokor hori. Zer da, beraz, hemen jokuan zegokeena? Ez gobernua soilki, baizik eta Bourguiba bera, diote batzuk.

Krisi ekonomikoa da gertatua, batzurentzat. Politikoa, beste batzurentzat. Haserrearentzako eta grebara deitzeko arrazoi ekonomikorik ez da falta. Mundu krisiak biziki nabaritu da fosfatoaren eta ehunaren esportapenetan. Sikateak, bestalde, emaitzik hoberenak lehortu zituen 1977.ean. Emeki emeki besterik ez dira igaten lansariak. Gafsako meatzeetako langileen eskabideen aurrean Gobernua gogortu egiten da. Abenduaren azkenean krisi soziala begien bistakoa da.

Politikazkoa bilakatuko da laster krisia. Gobernuko dimisioak alde batetik eta UGTT sindikatu bakarra kontrolatu nahia bestetik, aginte hauzia zegoen tartean. Ezin zezakeen gobernuak geroz eta urrutiago zihoakion sindikatua bere bidetik utz. Habid Achour, sindikatuko buruak (eta agintekide izan berriak), arriskua ikusirik, grebara deitzen du. Urtarrilaren 26an kalera atera zen langilea. Eta han gelditu zen zerraldo, hilik.

Bourguibak irabazi du oraingoan. Noiz arte? Gobernua gelditu da agintearen jabe. Zein prezio eta kondiziotan?

Tunisiako kasu bertsua beste askori ere planteiatu zaio edo planteiatuko Afrikan. Afrikako nazioen independentzia, lortu berria da. Herri horietako askok, erdietsi berriko askatasun horregatik, etorkizunari baino errazago begiratzen diote iraganaldiari. Horrela lortu ohi dute herriaren batasuna, gobernatzeko behar duten "consensus" delako hori. Independentzia lortzeko burruka egin duten gizonak agintean daude oraindik: nazioaren "guraso" bailiren dira, adibidez, Senghor, Boumedien, Bourguiba. Nazionalismoa azpimarkatuz, agintea eskuratzea erdietsi dute, kolonizatzailea kanpora bidaltzea. Baina ez, haatik, barneko problemak oro konpontzea. Hor dago koxka orain. Independentzia honen bigarren mementuko zantzu bat izan daiteke Tunisian gertatua ere: kanpoko agintearekin hauzirik ez dagoen sasoian, barruko agintearekin sortzen dira zezioak. Agintearen kontzentrazio bakarra egon baita herri hauetan. "Gudari historiko" hauk desagertzerakoan, haiekin batera desagertu beharko du agintearen monopolioak ere.

joanes lekerika


Sicco Mansholt edo PSOEren mehatxuak

Entrepresarako Tekhnikal Eskola Nagusiak deiturik, Sicco Mansholtek, Internazional Sozialistako presidentorde izandako eta Europa Berderako plangintzaren aitak, hitzaldi bat egin zuen Donostian Urtarrilaren 16an, gaitzat "Nazionalitateen Europa" harturik.

PSOEren eskutik zetorren jaun honek, egia esan, ez zigun ezer berririk agertu. Ipar eta Hego Euskal Herriak penintsula eta kontinentearen artean bete lezakeen bitartekotasuna gora behera, hots, beronen ekonomi eta politik existentzia posiblea gora behera, europar statu quozaleek ez omen gaituzte onhartuko.

Espainiako PSOEren eritzi aski eta sobera entzunak errepikatu zizkigun, mehatxuka gainera; hitz guttitan: euskaldunok txintxo eta jatorrak baldin bagara eta espainolekin ongi konpontzen, hortik urrunera hel gaitezkeela autonomi bidean. Bestela, ordea, berjabetasun bide bihur, gaizto eta separatistatik, orain arte bezala, segituz gero, ez genuela inolako laguntasunik espero behar.

Eta, izan ere, guk geuk behintzat, ez genuen hortik ezer espero, baina gurera deitu eta horixe aurpegira esatea, lotsagabekeria ez bada, guttienez deskortesia nabaria da. Ez dugu ahantzi behar geu re etorkizuna guri doakigula inori baino gehiago, eta, horrexegatik, geuk erabaki beharko dugula zer egin, Mansholt holandarrak edo PSOE espainolak guri kontseiluak eman gabe. Horrelako mehatxu eta mustur sartzeak nazioartekotasun guztien kontrako intrusismoak dira, besterik ez:

Mundu guztia faits accomplis edo "eginak ongi daude"lako politikaren alde omen dago, dakusagunez. Unibertsitatean nengoela, histori irakasle eta artxibari eskuindar amorratu batek behiala esandakoa datorkit burura: "Nazioak ("Estatuak" esan nahi zuen) Historiaren ondorio jatorrak dira, eta dauden daudenean errespetatu beharra dago, egon behar zutenak berak direlako". Euskaldunon separatismoaren kontra orduan eskuinetik esandako hitz haietan ordea, Sicco Mansholtek eta PSOEk oraintsu ezkerretik (?) esandakootan bezalatsu, egia biribil bat datza: Herri zapalduok geure Estatu propio eta berjabea geure indarrez lortuko dugun une berean, ez garela gehiago ukatuak eta zapalduak izanen, eta ordurarte gu ezexistentziaren zokora baztertzeko erabiltzen zen Historiak berak geure jaiotza beharrezkoa justifikatuko digula.

Pernando Amezketarraren egia, halegia: "direnak ba dira, izan ere, ba direlako".

Xabier KINTANAK


Elkar ikuska

Ikastolen eskeak Madrilen

 "Euskal Herriko Ikastolen Elkarte"ko partaideek ondo ezagutzen dituzte Madrilera daramaten bideak. "Educación y Ciencia"-ko ministrariak "beste lan asko zituela eta", euskaldun hauekin zuen elkarrikuska hiru aldiz atzeratu zuen, gure ikastolen ordezkariek bideratuak zirela. Azkenean, joan zen Hilbeltzaren 25ean ikastolen ordezkariak Cavero jaunaren bulegoetara heldu ziren eta baita ere bi ordu t'erdiz espainiar ministrariarekin egon. Ordezkariekin batean Federico Zabala, Enrike Iparragirre eta Goio Monreal parlamentariak egon ziren. Gaurko elkar-ikuska Bizkaiko Ikastolen Elkarteko ordezkari batekin dugu, Txetxu Aurrekoetxea erandiotarrarekin.

Elebitasuna

Egun hauetan elebitasunari buruzko dekretu bat lantzen ari dira Madrilen, orain dela bi urte egin zena alde batera uzteko. Dekretu berri honetaz ez dute oraindaino berririk Ikastolen Elkarteko ordezkariek. Zer espero duten jakiteko, Txetxu Aurrekoetxeari zera eskatu diogu, Dekretu zaharraren artikuluak ikusiz zein eratako aldaketak itxaronen dituzten dekretu berrian.

— Dekretu "zaharreko" artikuluak bostpasei dira —dio Aurrekoetxeak— eta hitz laburrez hauk dira nahi ditugun aldaketak: lehen artikuluan, adibidez, nahiz eta euskara, katalana etab. "hizkuntza nazionaltzat" onhartu, hauen irakaskuntza ez da obligazio bat bezala ikusten eta nahi dutenek bakarrik irakats eta ikas dezakete. Beraz gaztelania da, dekretu zaharrean, hizkuntza obligatu bakarra. Dekretu berrian hizkuntza hauen irakaskuntza eta ikaskuntza legez behatua izatea espero dugu. Eta gehiago: gure ustez euskara eta beste hizkuntzak "prioritariak" izan beharko lirateke, gaztelaniak baino abantaila gehiago izanez irakasteko orduan. Elebitasuna gainditzeko gure hizkuntzak abantail hauk behar ditu. Bigarren artikulu zaharrean zera aurkitzen dugu, Unibertsital Zentruetan hizkuntza "nazional" hauk bultzatuak izango direla, bai, baina unibertsitariek ez dutela hizkuntza horik ikasteko obligaziorik izango, ezta gutxiago hizkuntza hauetan unibertsital lanak egiteko.

— Dekretu berrian gure hizkuntzan lan egiteko ahalmen hauk obligazio bihurtzea itxaron duzue?

— Itxaropenik ez dugu galtzen, baina lege aldetik gai hauetan "behartzea" urrats haundi bat izango litzateke. Hirugarren lege "zaharra" ez dago gaizki, baina zera dio "El ministerio de Educación y Ciencia, en colaboración con los organismos e Instituciones lingüísticas correspondientes" lan egingo duela. Hemen argi utzi dugu geuretzat Euskaltzaindia dela hizkuntza aldetik erakunde serios bakarra, beste "hizkuntzalari" talde batzu alde batetara utziz. "Preescolar" deritzon titulazioa lortzeko zera lortu dugu, titulu hau Euskaltzaindiak edo bere unibertsital antolakunderen batek ematea. Dekretu zaharraren beste artikuluek ez dute garrantzi haundirik. Hitz laburrez, dekretu berrian Ministraritzak Euskaltzaindia laguntzaile bakarra bezala onhartzea eta geure hizkuntza irakasteko eta ikasteko obligazioa finkatzea espero dugu. Lehenengo helburua lortua dagoela esan dezakegu, ez horrela bigarrena.

Ministrariarekin elkarrikuska

— Zer nolakoa izan zen Caverorekin izan zenuten elkar-hizketa, Txetxu?

— Ba dakizu nolakoa izaten den bilera hauen giroa, oso irribarretsua, protokolozkoa. Elkarrikuska hasi bezain laster Ministraritzako sekretari teknikoak gaurko laguntza ofizialaren zerrenda irakurri zuen eta ondoren hemendik aurrera nolakoa izango den esan zigun.

— Laguntza ofizial honen kopuruak ba al dituzu?

— Bai. Ministraritzak emandako zehaztasunak hauxek dira: Gipuzkoan 289 "unitatek" —ikasgela, hain zuzen— % 100eko subentzioa hartu dute eta Bizkaian 39 ikasgela izan dira honelako laguntza izan dutenak. Probintzia bakoitzean hauk izan dira hartutako diru laguntzak: Gipuzkoan 228 milioi pezeta, Bizkaian 61 milioi, Nafarroan 5 milioi eta Araban 3 milioi t'erditako laguntza izan dute.

— Eta hemendik aurrera nolakoa izango da laguntza?

— Ministraritzak egindako promesak hauk dituzu: 1978. urtean subentzio bat izango duten euskal "aulak" bitu egingo dira; gaur diru laguntza osoa ez duten unitateek % 100 laguntza izango dute, 1978.ean. Hirugarren promesa zera izan da, diru laguntza hartu duten ikastetxeetan aurten sortuko diren unitate berriak ere laguntzea.

— Diru kopuruetan, laguntza guzti hauk nolakoak dira, zenbat milioitakoak?

— Hementxe dituzu, baina oraingoz ez ditugu argitaratu nahi.

— Eta "preescolar" mailan diru laguntzarik izango al dugu?

— Ez, Ministraritzak dioenez gaurko legeak ez baitu honelako laguntzarik zehazten. Gainera zen esan ziguten, ez zutela preeskolar mailako daturik Guk datu guztiak ditugula erantzun genien, baina alferrik...

— Elkarrikuskan EGBko Zuzendari Orokorra egon zen: zer zioen ikastolei buruz?

— Ikastolak lege berriaren barruan sartzek ahaleginak egin behar ditugula. Bestalde, Moncloako Paktua dela eta, irakaskuntza pribatuari ematekoak ziren laguntzak kendu behar izan dituztela esan zigun, nahiz eta joan zen urteko laguntze-epea luzeagoa eginez oraindik laguntzaren bat maila honetan eman.

— Ofizialki Ikastolak ez pribatu, baizik eta publiko arlokoak bezala onhartuak izateko posibilitaterik ikusten al duzue?

— Galdera berbera egin genien Ministraritzakoei eta hau erantzun ziguten: 1978-79 ikastarotik aurrera ikastolak munizipioen babesean jarri nahi dituztela. EGBko zuzendariak asmo hau aurren ateratzeko oztopo nagusi bat ikusten zuen, Estatuko irakasleak funtzionariak izatean eta ikastoletako irakasleak guraso berberak aukeratuak izatean.

— "Preescolar" mailan ikastola asko direnez, ez al zenuten laguntza lortzeko beste formularen bat asmatu?

— Asko hitz egin ondoren, Ministrariak formula berri bat proposatu zigun: "complemento de ayuda a la enseñanza en euskera", "el euskera irakasten duten ikastetxe guztiak honela baztertuz, Gero zera esan zigun Ministrariak, ikastola guztiak lege barruan sartzeko prest dagoela. Ikusten duzuen bezala, "oso irekia, oso atsegina" agertu zitzaigun ministraria...

— "Preescolar" mailarako zenbat milioi eskatu zenioten Ministrariari?

— Egia osoa bota genion beldurrik gabe: seiehun milioitako laguntza behar dugula maila honetan. Aurpegi arraroa jarri zuen, baina guk egia biribila esan genion.

— "Preescolar" mailan irakasle askok ez dute titulurik: nola gelditu zen arazo hau elkarrikuskan?

— Guk proposatutako formulekin ados gelditu ziren: titulurik ez duten irakasleei Euskaltzaindiak edo Unibertsitateak zabalduko dizkie tituluak.

— Ekonomi arlora bihurtuz: zer zioten Ministraritzan inbertsio berriei buruz eta ikastola berriak egiteko behar diren diru laguntzei buruz?

— Nik esan nien 200 milioi pezeta behar ditugula aurtengo inbertsioetarako eta inbertsio hauk "ente autonómico" berriaren transferentzi komisioaren bidez lortu beharko ditugula erantzun ziguten. Ikastola berriak egiteko, Ministraritza "Banco de Crédito a la Construcción"ekin harremanetan dagoela esan ziguten, kreditu berriak prezio "bereziekin" egiteko asmoz.

Ikastolak Bizkaian

Elkarrikuska honen berri jakinez gero, Bizkaian nolakoa den Ikastolen gaurko egoera galdetu diogu Txetxu Aurrekoetxeari, bera baitago Ikastolen Elkarte barruan.

Mementu honetan Bizkaian, "preescolar" mailan, 5.623 umek ikasten dute euskaraz 194 irakasle dituztela; E.G.B. mailan, beste 5.472 ikasle daude Bizkaiko ikastoletan, 257 irakasleren babesean. B.U.P. mailan gaurkoz 156 ikasle elkartzen dira, irakasleak 33 direla. "Preescolar" mailan irakasle bakoitzak 30 ume ditu, E.G.B.ko irakasleek 21 eta B.U.P.ekoek 5 ikasle. B.U.P. maila, oraingoz, Bilbo herrialdean antolatu ahal izan da.

Kopuru hauk ikusi ondoren, Txetxuk agertuko dizkigu diru kontuak.

— Gure ikasleen gurasoek ordaintzen dutena hauxe da —dio Txetxuk—. Presupostu osoko % 64 ordaintzen dute, garraioa presupostu honen barruan hartuz eta elikadura kontua baztertuz.

— Elikadura kontuan, zenbat ordaintzen dute gurasoek ikastaro bakoitzean?

— Administralki, ikastola bakoitzak autofinantzapena bilatzen du arlo honetan. Bizkaian, gainera, zazpi herrialdeetatik, hiruretan bakarrik sortu da "jantoki" zerbitzu hau. Plentzia-Mungia herrialdean, elikadura kuota 10.000 pezetatakoa da ikasle bakoitzarentzat eta urte osorako. Durango aldean, hilero 309 pezeta kobratzen dute, baina hau esperimentalki egiten ari dira. Bilbo aldean, hauk ditugu kopuruak: Sondikan, 8.250 pezeta; Abusun, 14.400 pezeta; San Adrianen 10.000; Karmelon, 23.000; San Nikolasen. 22.000; Lauron, 9.000/13.000 pezeta, tarte horretan; Altzagan, 10.000 pezeta.

— 1977/78 ikastaroan, nolakoak izango ditugu gastuak eta diru hartzeak?

— Gure ekonomistek diotenez, gastuak 340.000.000 izango dira eta diru hartzeak 306 milioitakoak, hain zuzen, 34 milioitako defizita.

— Eta nola banatzen dira gastuak eta diru hartzeak?

— Gastuetan, ikastoletan lan egiten duten pertsonek egingo dute gastuen % 74a, zerbitzuek % 17 eginik. Kapitulu alaiagoan, diru hartzeetan, kobraketetan, ikasleen gurasoek % 58a emango dute; laguntzaile partikularrek % 12a; Estatuak —gure ustez, noski— % 19a eta ez dakigu nola bete % 10eko defizita.

— Herrialde guztietan berdina al da defizita?

— Zoritxarrez herrialde guztiek dute defizita, baina herrialde batek defizita haundia duen artean —32 milioitakoa— beste batek 970.000 pezetatakoa bakarrik du.

— Joan zen ikastaroko kopuruekin gonbaratuz ezberdintasunik ikusten al da?

— Ez, herrialde gehienek defizita izan zuten joan zen ikastaroan, naiz eta txikiagoak izan. Aurten —32 milioitako defizita izango duena, ihaz 5'5 milioitako superavit bat izan zuen.

— Zenbat ikastola daude gaur "Bizkaiko Ikastolen Elkartea"ren barruan?

— Bizkaian 63 ikastola daude. Hauetariko 35, B.I.E. barruan, beste lau B.I.E. barruan sartzeko paperak egiten ari dira eta 24 ikastola oraindaino B.I.E.tik guztiz kanpo, nahiz eta hauetariko batzuk Elkarte barruan lehen bait lehen sartzeko asmoak izan.

— Ikasleak kontuan harturik: zenbat ikasle daude B.I.E. barruan?

— B.I.E. barruko ikastolek ikasle gehienak hartzen dituzte. Bizkaiko 11.251 ikasleetariko 8.413 daude Elkarteko eskoletan.

Elkarte zabalago bat

Euskal Herri osoko ikastolen konfederakunde bat osatzea premia handikoa dute Elkarte hauetan dabiltzan pertsonek. Batasun hau behar beharrezkotzat dute guztiok —edo ia guztiok. Eta konfederakunde honen barruan, noski, Iparraldeko ikastolek ere beren papera izango dute, gaur Hegoaldeko elkarteen bileretan duten bezala. Aurrera, ba, jo ta ke.

X. A.


Natur eremuaz (II). Zer maita, hura zain

Giza talde bakoitzak, mendeetan zehar, bere bilakabidean, haietan luzaro bizi izan ondoren, lurralde batzu "bereak" kontsideratu ditu. Honela ethnia bat iraunkorki bizi izan deneko lurraldea, berez, nazio horren oinharri geographiko naturaltzat jotzen da eskuharki. Barruti horretan bizi, hazi eta aurreratzen denez, herri bakoitzak, bere buruaren jabe denean behintzat, ongi kontutan hartzen du bere lurraldea eta hura zaintzeko, aberasteko eta edertzeko ahaleginak egiten ditu.

Herri baten geographian natur degradapen basatirik gertatzen bada, hor, inolako zalantzarik gabe, kolonialismoaren seinale ageria dugu beti, esplotatzaileek ez baitute beren etxea horrela sekula hurrupatzen. Honen kariaz, serioski gonbaratzekoak dira —eta hatzamarrez guztiok dazaguzkigunak seinala daitezke— Bartzelonako, Madrileko eta Bilboko burjesak, eta hor argi ikusiko genuke zergatik haiei "nazional" kalifikapena ongi doakien bitartean, gurekoei, oro har, inola ere ez dagokien.

Euskal eremua dela eta

Herri gobernu batetarantz omen goazela, ordea, hemendik aurrera ondo kontutan hartu beharko dugu euskaldunok arazo larri hau.

Eremuz haundi diren Estatuak (Sovietar Batasuna, Estatu Batuak, Txina, Kanada, India, Australia...) naturari zenbait tokitan eta garaitan abusu batzu egin arren, ez dukete horregatik askorik sentitzen eta toki batetan egindako kaltea, esperientzia hori berriro ez egiteko lezio ona izateaz gainera lurraldearen zabaleran ez da nabariegi azaltzen. Gure kasua, ordea, ez da hori. Besteak ariketa atomikoetan saiatzeko aski leku badute ere, guretzat era horretako edozein laprastada fatala litzateke. Euskal Herria eremuz nazio ttikia da, oso populatua gainera, eta natur erreserba ttikitakoa. Horregatik Herrian egindako astakeria guztiak, noraezean, denok pairatu beharko ditugu betiko.

Lurrarenganako giza ardura kolektibo eta abstraktua Euskal Herrian geure naturaren ardura konkretua dugu euskaldunok. Hemen bizi gara, hemendik bizi gara eta berton eta bertotik bizi beharko dute gure ondokoek. Geuk erabaki beharko dugu —eta kezkagarriagoa dena, diegu— non eta nola bizi: paradisu ala ifernu, lorategi ala sastoki, Euskal Herria geuk moldatu bezalakoa izan eta izanen da.

Hiria: oasisez inguraturiko basamortua

Baso-itsasoek, berauk lantzen dituen gizonari naturarekiko harreman zuzenak eskaintzen dizkiote. Gizonak hor bai faunarekin eta bai florarekin lotura aberasgarriak lortzen ditu, animalien ohiturak eta bizimodua ezagutu eta landareak nolakoak eta zertarako diren jakin. Ezaguera eta jakituria hori, esperientzian oinharritua, gurasoengandik seme-alabengana artezki iragaten da, katearen mailetan bezala, lehendik hona etenik gabe datorren kultur tradizioa osatuz. Ipuinak, esaerak, usteak..., gainera, hortxe dute beren iturria.

Industriaren haroan, lehenik baserritarrak artzainari eta beronek lehenagoko ehiztariari bezala, kaleak baserriari lehentasuna kendu dio, eta horretan, hileta jo barik, lehenagotiko prozesu baten etapa bat gehiago besterik ez da ikusi behar. Gizona, hiritarra egin da eta bizimoduz hobetu bada ere, beraren asabek naturarekin zerabilten tratua galdu egin du. Asfalto arteko parke eta lorategi sarriegitan urriak dira, nolabait, ideialdu eta stylizaturik, bazterturiko naturari gizonak egin dizkion oroit-gailu bakarrak, baina batzutan —ez beti— ederrak izan arren, artifizioz eginak direlarik, faltsuak gertatzen dira, berezkotasunik gabeak. Horregatik ezina dute naturarekiko lehengo harremanak berriztatzea.

Bestalde, baserriko lanbide neketsu eta maiz miserabletik iheska, hirira etorritako baserritarkumeek, sarritan, beren lehenagoko bizimodu ilunaz 8 gogoratzeko edo, naturari mesprezio nabaria diote, beren gurasoei ikasiez ahantzirik, hartazko amnesia osoa ez dutenean. Eta horrela sortzen da hiritar typikoa, bizimodu oneko pertsona deserrotu eta deskulturaztatua.

Hiriko espezializapen gero eta handiagoren kausaz, seme-alabek ez dute gehienetan gurasoen ofizio berbera izaten, eta, horrexegatik, alferrik lukete beraien esperientzia aberasgarria jasotzea. Gurasoengandik seme-alabengana zetorren kultur katea, horrela, supituki, hausten da, azken mugan —Euskal Herrian ezin ahantzizkoa— kulturaren oinharri eta adierazpidea bera, hizkuntza, baztertu arte.

Bitartekokeriaren ondorioak

Kaletarrarentzat izen generikoak izaten dira, naturari dagokionez, zentzua duten bakarrak: zuhaitzak, txoriak, piztiak... Gehien gehienez, ba dakikete, bai, haritza, bagoa, lizarra, gorostia... "zuhaitzak" direla, baina aurrean ikusiz gero ez lituzkete elkarrengandik bereiztuko. Eta animaliekin beste horrenbeste.

Naturaren ezaguera, horregatik, gurasoengandik barik, bitartekoen bidez egin behar da: maisu, maistra, andereño, irakasleak horrexetarako daude, hain zuzen.

Gaur asko eta asko mintzatzen da gurasoek beren haurren irakastegia hautatzeko duten eskubideaz. Ez horrenbeste, ordea, kolektibitateek —herriek, nazioek— beren kultura propioaren arauerako eskolak autonomoki eratzekoaz. Hau guztiau ongi ez eramatetik datozen ondorioak bistan ditugu: bitartekokeriak, inoren eskusartzeak (Estatuarena, ideia ezberdineko irakasleena, erlijioarena...), gurasoen baztertzea, hitz batez. Hor gurasoek ez dakite ezer, maisuek, ordea, dena. Eredu imitagarria berauk bihurtzen zaizkio haurrari, eta ez etxekoa edo herrikoa.

Eta irakaspenak, naturari buruzkoak bereziki, kabinetekoak bihurtzen dira, ez bizitzari aplikatuak. Menditiko ibilaldi atseginetan baserritarrak, landare eta animalia erreal, ikusi eta entzunez bere semeari kondatzen zizkionak, orain ikasgelako prosaikotasun hotzean azaltzen dira, irudimenerako eta giza zentzazio aberasgarrietarako leku desegokienean halegia. Eta irakasleak, gainera, maiz ez ditu sekulan ikusi ere egin han parra-parra esplikatzen dituenak. Ez dezagun deus esan, jakina, gure kasuan bezala, gurasoen zozo, bele, arrano, txatxangorri, sahats, ote, elorri edo zumarrak, maisuaren ahoan tordo, cuervo, águila, petirrojo, retama, aulaga, espino-albar eta olmos bilakatzen direnean. Orduan haurrek hitz-esangura arteko loturak oro galdu egiten ditu, horrela belaunaldien gainetiko atea erabat apurtuz.

Ez da hori bakarrik. Eskolako textuak, askotan, haurrek inguruan sekula ikusiko ez dituen animalia eta landareez mintzatuko zaizkio: olibondoak, Amazoniako oihanak, tigreak, boak, marrazoak, ezpatarrainak..., hiri ondoko herrisketan usu aurki daitezkeenez ahantzirik. Ondorioz umeari mundu irreal bat sorterazten zaio, bera bere ingurutik areago deserrotzera bultzatuko duena.

Esandakoaren exenplu bikainena Bilboko adiskide batek behin kondatu zidana dateke. Behin bere alabarekin kalean zehar zihoan eta halako batez, asto bat ikustean, bost urtetako neskatoak honela galdetu omen zion: "Aizu aita, hori "ciervo" bat al da?

Xabier KINTANAk


Haurra aktibitatean hazi eta hezi egiten da (II)

Eskola eta haurraren hazkundea

Eskola Instituzioa, familiak duen hezitzaile zereginari laguntzera dator. Gizartea, bere kideen onura bilatzerakoan, hau eta beste zenbait hutsune betetzeko bidean jartzen da. Hauetariko bat, bada, haurraren hazkundea da, adimenaren aurrerabideaz ulertzen duguna.

Horrela izanik, gure Herriko familiek dituzten mugak eta akatsak ikustea baino ez dugu, eskolaren lehen jomugak zeintzu direnez jabetzeko. Familian eta beraren inguruan zenbait hutsune eta ezintasun ikusi ditugu, dedikazio eta prestakuntza berezi mugatuak, medio ekonomiko, espazio eta beste zenbait medioren falta,... Familia ezin daiteke hel haurraren hazkunde orokorra betetzen duten zenbait arlotara, eta hauei Heziketa Publikoak egoki eta zientifikoki erantzun behar die.

Psikologia eta Pediatriazko estudioak bat datoz, haurraren zenbait berezitasun adieraztean: haurra bere inguruari so dago; ohartu, behatu eta makina bat eragingarriri erantzun egiten dio; haurra dinamikoa da, energia eta aktibitate hutsa; higitu, maneiatu, esan, galdetu, egin beharra du; bere mundua, bizi eta harremanetako mundua menperatuz, bere burua finkatu nahi du; izaki librea da, berezko lege, interes eta jomugekin. Haurra hazten ari den izaki bat dela ahantzi gabe.

Ez goaz Heziketa Publikoaren azterketa oso bat egitera. Honetan, Eskolak haurraren berezkotasunari, dinamismoari, iniziatibari eta beraren hazkundeari ematen dion garrantzia hartu nahi izan dugu erdigunetzat. Ikusmira honetatik, gaurko Eskolaren Helburuak, Programak eta Metodoak aztertzera gonbidatzen zaituztegu. Eta ez bakarrik Ohizko Eskolarenak, baizik eta berrizendatu den Eskola Aktiboarenak ere.

Ohizko eskola. Helburuak.

Hitz guttitan esanda, gizarte ezarriak bere gisara moldatu nahi du gizaki berria. Eredua, gizarte honek bere intereserako duen gizon heldu eta tipifikatua da. Hau dela eta, Eskolak ahalik eta materiale moldakor eta eskurakoiena behar du, eredu horren kopia egokienak lortzeko.

Adibide bezala, buztinlaria har dezakegu. Forma fin eta ondo bukatuak sortzerakoan, buztinlariak buztinik garbiena eta moldakorrena bilatuko du. Harri koxkorrak, lur zati gogorrak edo beste oztoporik duenak, ez du balio; oso zaila izango baitzuen, honelako materialez bere nahia burutzea.

Gogora ditzagun, irakasleak zigortzen dituen haurren berezitasunak. Geldiezina, inkonformea, diziplina autoritarioa onhartzen ez duena, gizarte honen legeei "Amen" esaten ez diena, Eskolak baztertu egiten du, taldetik atera egiten du; oso elementu arriskugarria da, besteen sumisioa apur baitezake. Haur hauei zailak, inadaptatuak eta Zentru Berezietara bidaltzekoak deritzegu.

Esana dugun bezala, haurra "egiten ari den nagusia" du gizarte honek; eta lortu nahi duen nagusi eredu hori, ondo biribilduta dagoen gauza da. Horrela gizarteak, autodefentsan jokatuz, bere interesen aldeko burruka honetan, ez du sekula onhartuko, haur original, kreatibo, autonomo, berezko-egilea. Azken batetan, beste mediorik aurkitzen ez badu, edo azterketa selektibotan, edo oposiziotan, edo eta abarretan bidea moztuko dio, norakoa eta nolakoa gizarteak berak markatzen baititu. Helburu horrekin, ideologia, balore eta funtsak markaturik datoz, hitz batetan esanda, pentsa-; senti- eta egiteko era (egite hori errepikatze hutsetzat hartzen dugularik, noski, sekula ere ez sortze edo esperimentatzetzat) markaturik dator.

Buztinlariak bilatzen zituen garbitasuna edo moldakortasunaren antzera, Ohizko Eskolak errezeptibitatea eta pasibitatea bilatzen ditu, haurraren berezko interes, kreatibitate eta hazkundearen guztiz aurka, hain zuzen.

Programakuntzak

Hasteko, esan dezagun, programakuntzak haurren aktibitatea bultzatzen duten aldetik aztertuko ditugula. Zer esanik ez, programakuntzen azterketak, ba du gure oraingoa baino ikuspuntu egokiagorik, baina ez dugu utziko 2 datu aipagarri azpimarkatu gabe.

Lehenengo eta behin, eskolak ukan behar zuen zeregin eragingarriaren ordez, programakuntzen estatikismoa salhatu nahi dugu.

Programakuntzek eta funtsek eta konkretuko eskola bultzatzen dute, kontserban sartutako ezagupenen transmititzailea, hain zuzen ere. Horretaz, "kulturatzat" gizarteak lortutako definizio eta formulen bilduma transmititu eta buruz ikas erazten dute. Haurrak, pixkana-pixkana, irentsi egin beharko du jakintsuek egin dutena, hots, besteren erresultatuak; irakasleek eta textu-liburuek egokitutako dosietan emango dizkiote. Eskola honek ez daki kulturaren dinamika zer den. Eskola honek ez du kontutan hartzen, berak zabaltzen dituen erresultatu horien prozesua ere: bilatze, ikertze, sortze eta autoebaluatzea, hain zuzen. Programakuntzek ez dute zientziaren gerokoan pentsatzen; emaile hutsak dira, ez diote haurrari lorketa berriak aurrikusi eta lortzeko aukerarik uzten, ez eta askoz gutiago ere horretara bultzatzen.

Programakuntzak, azterketa-gaiak dira, bloke hitxiak, mugiezin eta iraunkorrak.

Orain artekoa, haurrari inposatzen zaion pasibitatea frogatzeko nahiko bada ere, beste berezitasun bat ere ahantzezina dugu: Programakuntzek ez dute inongo errealitatearekin loturarik, zeharo abstraktuak dira.

Beraien prestapenean ez dira kontutan hartu, haurraren bizingurua, interesak, adimenaren hazkundea etab. Ematen zaizkion ezaguerak, haurrak ez ditu behar; hori dela eta, ez ditu bilatzen, ez zaizkio interesatzen. Ezaguera atzerritarrak, zehazpen gabeak, nagusiei oinharrizko deritzenak, haurraren bizitza, interes eta zaletasunekin zerikusirik ez dutenak, ez zaizkio baliagarri.

Errealitatean eta errealitaterako ez den eskola honen aurka, mugimendu indartsu bat zabaldu da: Eskola gabeko Heziketa. Gu soluzioarekin ados ez bagaude ere, baieztatu egiten dugu honen abiapuntua: Haurrak mundu konkretuan bizi behar du, bere ingurua ezagutu, aztertu eta eragin behar du; errealitatean hazi eta hezi egin behar du; honela, Ohizko Eskola kontra-hezitzailea da.

Fakultate abstraktuak aitzinatu gabe dituen haurrak, ezin du programakuntzek ematen duten medio irreal horretan erantzun. Berez, kontzepzioz ere, zeharo zentzugabea deritzogu medio abstraktu horretan haurra sartzeari.

Metodoak

Nolako helburuak, halako programakuntza eta metodologia ukanen dugula argi dugu, noski. Baina metodoek berek emango digute, prezeski, haur hazkundearen posibilitatearen berri.

Ohizko ikasgela baten errepresentazio grafikoa aski adierazgarria da: Haur talde bat, ugaria, jarleku ordenatutan lerroka eseria, geldi, ixilik, irakasleari adi, zeinek, harbelean edo mahai lerro artean ibiliz, ezin ukatuzko azalpenak zabaltzen baititu. "Ordena" hau norainoko berezkoa den, irten eta geroko zaratotsak eta lasterketek adierazten digute. Kontrast izugarria, benetan, eskolako egoeraren eta kanpokoaren artekoa.

Eskolak ordena, ixiltasun, aditasun, irakasle-ikasle hierarkia, onharpen eta errespetu ekanduak erabili eta sarrerazten ditu. Haurraren kreatibitateak, beha-, azter- eta maneiatzeko egarriak, haurraren beraren egite eta hazkundeak, konponbide ezina dute benetan, metodo hauekin. Haurrak etengabeko eragingarrien jarraipen bati erantzuten dio, interesgune batetik bestera pasatzen da bizitasun izugarriz. Eskolak, ostera, zigor eta kalifikapenen beldurraz, geldi ukan nahi du ordu luzetan; eta ikasturte hasieran emandako arrazoi intelektual eta "helduak" direla medio, urte osoz, asignatura baten estudioan interesatua.

Eskerrak, metodo hauetan ere, haur batzuk atrofia horik gainditzeko iniziatiba dutela.

"Eskola aktiboa" deritzona

Eskola gabeko Heziketaren mamua dela eta, moda berriak eta abar direla eta, gure buruei sinesterazi egin nahi diegu, Ohizko Eskola iragana dela, historiaren gaia dela. Horretarako, hitz eta izenez berriztu dugu; ez, ordea, izanez eta egitez.

Hitz laburrez, metodoak berriztu nahi izan dituztela, baina helburuak ez, esango genuke. Hauxe da gaurko heziketaren kontraesana, zeren gaurko botere politiko eta ekonomikoek beren interes mugiezinak hobeto betetzeko erabili nahi baitituzte Psikologia eta Pedagogiaren lorketak. Argi ditugu paktu honen ondorioak: Irakaslearen azalpen aspergarriak, textu-liburu apain eta deigarriekin hornitzen dira; eta ikasleei galdekizun aurreginak ematen zaizkie, nahi dena irakur, idatz eta irents dezaten, fitxa miragarri eta goraipatutan. Aktibitate kreatzailetzat, definizio eta enuntziatuen berridaztea, errepikatze eta grafiazko ariketa hutsa aurkezten da. Irakasle, liburu eta metodo berriek betiko gai eta eskema magistralen ikasketa motibatu nahi dute. Eta gero, asimilazio eta memorizazio egokiago baterako, —ikerketa estatistikoek lagun—, "a posteriori"ko ariketa batzu proposatzen dituzte: fitxak, laburpenak, grafiko, mapa eta irudien kopiak,etab.

Honetan ere ez du haurrak berezko aktibitaterako eta bide berrien zabaltzerako aukerarik.

Guk, ostera, Psikologia eta Pedagogia berriarekin hauxe baieztatzen dugu: haurraren motibazio bakarra aktibitaterakoa edo aktibitatearen bidezkoa da. Aktibitatea izango da gero, informazio beharrizana ekarriko duena, asimilazio eta adaptazio berriak bultzatuz eta hazkunde orokorra garantituz.

Saioka Taldea


Emmanuelle

Hamaikatxo aldiz "Emmanuelle" hitza entzun dugu eta gure gau luzetako amets asko berba misterios horrekin betetzen saiatzen ginen. Lagunarteko eztabaida anitz —pornografia, erotismoa, zentsura, galerazpenak,...— atzerrian edo bestaldean ikusteko parada ukan duen urliaren eritziaz aberastuta, hasperen sakonetan bukatzen zen... Eta denbora luze igarota, gure Bilbo erreakzionari eta atzerakoi honetan, eztanda bat bezala, Emmanuelle bera, egiazkoa eta zeluloidezkoa etorri zaigu.

Eta bilbotarrek parada ukanik, Emmanuelle ikusi gabe ezin utzi, eta ikusi dute: hiru zinetan jendea gainezka. Era guztietako jendea: aita familiazkoak, bere sendikoei gizartean gaur egun toleratzen diren gordinkeriak debekatzeko; emaztegabe erreprimituak ikustekoak ikustean txistua irensteko; neskatila gazteak esaten dena egiaztatzeko; mutiko gazteak egiten dena ikusteko; bizitzako gaietan ez-hezituak metodo audiobisualetaz ikasteko; progreak zein txarra den baieztatzeko; listoak zein ebakitze dagoen konfirmatzeko; tontoak... tontoak filme hori zine bezala kritikatzeko.

Filmeak publikoaren neurrian

Gauza harrigarri bat ikusten ari gara: Amerikarrek nola "mendeko filme" bat urtero egiten duten: "El padrino", "Tiburón", "Terremoto", "La guerra de las galaxias" ezizenez ezaguturiko produktuak propagandaren bidez saldu dizkigute oilo salda kontzentratu edo detergente bat bezala. Munduan zehar —mendebaldean esatea hobe— dagoen publiko standardizatuari Coca-Cola edo Colgate bezala filmeak saltzen zaizkio. Baina ez edonola. Aurretik merkatua estudiatu egin behar da, eta metodologia amerikarra horretan oso trebea da.

Nixon Estatu Batuetako presidente ohiak irabazi zituen azken hauteskundeetan metodologia berdina erabili zuen: estatuetan eta hirietan zehar jiraldi bat egiterakoan, aurretik inkestatzaile batzu bidaltzen ziren. Hauek, estatuetan eta hirietan zer entzun nahi zenetaz konturaturik, Nixoni pasatzen zioten informazioa, eta honek publikoari entzun nahi zuena esaten zion. Filmeekin gauza berdina. Amerikarrek bere dolarrak filme batetan inbertitzerakoan, publikoaren arrakasta segurtatuta dute, filmeak jendearen nahikundeen arauera eginik baitaude.

Europarren erantzuna: erotismoa eta pornografia filmikoak

Europako produktoreek, merkatu ttikiagotara lotuta, eta horrelako konpetidoreak ezin gaindituz, merkatuaren atal bat seguratu nahi zuten. Hamarrurte honen hasierarte Europan zehar hedatzen zen zentsura gainditzearren, sugerentziak, situazio bikoitzak, egoera normalizatu batetan egiten ziren hoben ttikiak eta tranpatxoak agertzen ziren: destapearen hastapena zen Europan (Espainia orduan ez baitzen Europa). Soilik zinegile ausartenak zibizki horik gainditzen saiatzen ziren, eta direktore on gehienek kausa honetaz problemak eduki dituzte.

Baina hala ere Europako zinea hondora zihoan, eta merkatuaren bortxaz, zentsura moteldu zen. Horrela, estatuaren laguntzaz, Europako errepresioari erantzuteko adinako filmeak egiten hasi ziren. Bide honetatik abiatzen dira "Emmanuelle" eta bere ostean etorriko zaizkigukeen beste asko ("Histoire d'O") edo jadanik etorriak ("Emmanuelle negra", "Madame Claude").

Une honetan ezin daitezke publikoaren errepresio ondorengo desio guztiak ase eta bete, ez teknikoki posible ez delako, baizik eta hori egiteak beste filme askori publikoa kentzea litzatekeelako. Honela, drogekin gertatzen den bezala, filme hauk hazia baizik ez dira. Gogorgoarekin eta biolentziarekin gauza berdina gertatu zen: behar batzu betetzeko eginak, merkatua ahitua geratu denean, frenatu egin da. Soilik publiko aseezin minoritari batentzat infrafilme batzu egiten dira.

Orain Emmanuelle asko etorriko dira (ordua izan da), baina Emanuellez okituak garenean, beste gauza batzu etorriko dira, hala nola filme politikoak. Eta denek, publikoaren satisfapena lortzeko egin diren filme guztiek, zine bezala, ez dute ezer onik. Arte gisa, folietin, irratiko edo Marcial Lafuente Estefaniaren edo Corin Telladoren nobelen parekoak dira. Zoaztenok... koitaduok!

I. Zuazo


Karrera eta ni

Norberaren karrerarekiko maitasunaren suaz, inork poesiarik idatzi badu, arren, bidal diezadala, bitxirik arraroena bezala gordeko baitut. Bai eta aztertu ere, maitasun horren oinharriak ezagut ditzadan.

Izan ere, hori izango baita nire kasuaren esplikazioa, oinharri falta. Eta oinharririk gabeko maitasunik, ba, horrek, porrot.

Hain zuzen, bost urte pasa dira elkar ezagutu genuela, karrerak eta nik, nik eta karrerak. Horrelako kasu guztietan gertatzen denez, ni ez nintzen ausartzen harreman "serios" batzu eramatera. Beldur nintzen, erantzunkizunaren beldur.

Baina beti bezala, batek hasten duela, besteak ere bai, eta ni neu, ez naiz bakarrik geldituko. Gizarteak bultzatzen nau ezkongai hauetara eta neu, errekaren urlasterraren barruan murgiltzen naiz, beste hainbat urtanta pilorekin batera.

Lehenengo egunak, ai, haik egunak! Dena zen berria, hura mundu berri oso bat zen niretzat. Berarentzat ni, aldiz, ez hain gauza berria. Lehendik ere oso aritua baitzen ikasleon sexuarekin.

Egunero ikusten genuen elkar.

Ordu asko pasatzen genuen elkarrekin.

Poliki poliki, elkar ezagutzen joan ginen.

Bikote guztiek bezala, elkar ezagutzean, gure "probak" pasa behar izan genituen. Une batzutan, denborak ba du zerikusirik honetan, gehiago eskatzen genion elkarri. Gure elkarrekiko maitasunaren frogak ziren haik. Sua oraindik gaztea zen eta ederki berotzen gintuen.

Dena dela, lehenengo haserraldiak orduan izan genituen eta geroztik haren arrastorik beti eraman dut neurekin.

Beste urtebete ere etorri zitzaigun gainera. Baina denbora joan arau, elkarrekin gutiago egoten ginen, bitartean beste amodio berri batzu ezagutzen nituelarik.

Filmeetan ikusi izan dugun bezala askorekiko harremanek bat hondatu egiten dute. Alde batetik, etengabeko gezurraldia nire karrerarekiko eta bestalde, ba hori,... ezin denetara heldu.

Honen ondorioz probak gero eta jasangaitzagoak egiten zitzaizkidan. Eta horrek nigan uzten zuen arrastoa gero eta handiagoa.

Zenbat eta denbora gehiago iraun gure harremana gero eta gaizkiago eramaten genuen. Norbaitek esango du: konponketa erraza du horrek, utzi eta bakean. Baina bai, bai. Hori pentsatzen duzu beti harremana hasten duzunean baina gauzak ez dira hain erraz gertatzen. Zure gurasoek ezagutzen dutela, etxean ondo jausi eta ilusioak sortuta, eta ba dakizu: lotuegia zaudela. Nola eta bat-batean horrelako harreman bat apurtu!

Eta noski ezin esplikatu heure bizitza dela lehendabizikoz, gizarteak honetarako edo hartarako aukera eskaini badik, hik zer kulpa duala, hik heuk desarroilatu behar duala, eta abar, eta abar, eta abar. Moral hestu baten barruan hezi eta horren fruitu zuzenak direnei nola hitz egin sexuen arteko harremanen askapenaz. Ez dute ulertzen; alferrik ile luzedun komunista batzuren zorakeriak baino ez dira horik!

Eta horrela sistemak berez sortzen dituen kontraesanetatik kanpo, higan ere kontraesanak sortzen ditu. Etengabeko kontraesanak. Eta hauei ere aurpegi eman behar.

Sistema sozio-politikoarekin bezala heure barruaren alternatiba kojunkturalak egiten dituk, eta estrategia bat markatu ere. Kontua da kontraesana dialektikoki gainditzea. Azkenik eta dialektikaren izenean, bost urte dela sortutako harremana, une batzutan bere sakoneraino eramana izan dena, eta gaur itxura bat baino ez dena pikutara bidaltzen duk beste harreman berri batzuri ateak irekiz. Ha, ordea, kontraesan nagusia gainditu ezin baduk erretze etengabe batetan sartzen haiz, non bertatik fisikoki eta psikologikoki osoki ateratzeko posibilitateak ere gutitu egiten baitira.

Dena dela, heure barruan ondo bilatuz gero beti izango duk irribarre gaiztotxo bat biziari burla pixkat egiteko.

MENDI ZABAL BAT


Kirolaren pertsonaiak: 7. Informabideak

Gaur eguneko bizitzan informabideek duten eragina guztiz garrantzizkoa da. Leku guztietara heltzen da eragin hori; eta askok harma gisa erabiltzen dute informazioa (deformatua edo ezosoa), beren kontrolea indartzeko. Politika, kultura, herri mugimendua,... eta kirola ere, informagai diren aldetik, informabideak gidatzen, maneiatzen eta erabiltzen dituztenen indarraren menpean geratzen dira. Horregatik da hain garrantzizkoa informabideen kontrole herritarra.

Kirolari dagokionez, ondoko informabide moetak aztertuko ditugu: Telebista, irratia, egunkariak eta aldizkari esportiboak.

Informabideen abantailak eta berezitasunak

Informabide moeta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Irratiak eta telebistak, adibidez, mementuan ematen dute informazioa. Gertatu ahala, begiraleak entzun edo entzun eta ikusi egiten du Kirola, eta berehala daki lehiaketa edo partiduaren erresultatua. Gauza biziak dira, beraz, informamodu horik: arinak, hunkigarriak —behatzaileek kirol zelai inguruko publikoaren tentsio berbera edo are handiagoa jasaten dute—; ikus- edo entzungarriak, hitz batez. Ia-ia kirola zuzenki ikusten egotea bezalakoak.

Lokutoreek berek ere biziagotu egiten ohi dute giroa, irratiaren kasuan. Irudi grafikorik ez dagoenez, hitzez irudikatu behar izaten dute zelaiko egoera. Eta azaltzen ari direna partidu bat bada —futbolekoetan praktika handiena ohi dute—, izugarrizko tentsio-giroa zabaltzen dute entzuleen artean. Ez al duzue inoiz horrelakorik entzun? Teknika aldetik baino ez bada ere, merezi du. Benetan. Bai hitz egiteko modua! Parentesi artean baina denok entzuteko moduan, galdera bat eginen dut: Noizko horrelako erretransmisioak euskara hutsean? Bai! Ba dakit zenbait pilota-partidu, haizkol apostu eta antzekoak bilingueki egiten direla. Baina futbola? Edo beste horrelakoren bat: Ziklismoa, ziklo-cross-a (munduko azken txapelketa Euskal Herrian egin da), boxeoa,...

Telebistako lokutoreek ez dute hainbeste berbarik egin behar, han irudia ere ikusten baita. Eta, nolabait, iruzkin kritikoagoak egiteko aukera ere ba dute; lasaiago dabiltza behintzat.

Egunkariek beste posibilitate batzu eskaintzen dituzte. Batetik, textu idatziaren indarra dute, eta beraz, han ezin daiteke utz inprobisapen merkerik egiten, idatzia inprimaturik geratzen baita. Dena den, egunkaria eguneko edozein ordutan irakur daiteke, eta hortik datorkio bere garrantzia. Honekin batera, estatistikak, erresultatuak, klasifikapenak eta beste gauza asko idatzirik geratzen dira, kontsultarako prest. Bestalde, egunkarien zeregina ez da kirol ondokoa soilik. Lehiaketa aurretik giroa prestatzen dute, gertatzeko denari buruz hainbeste xehetasun azalduz, kirolarien bizitza eta datu teknikoak emanez, pronostikoak aurreratuz, elkarrizketak eginez,... Hitz batez: Propaganda izugarria eginez. Denok ezagutzen ditugu, sarri —sarriegi— artikuluen izenburuetan idazten diren "Mendeko konbatea", "Urteko partidua", "Konkurrentzia erregionala",... eta antzeko esaldi kitzikagarriak.

Aldizkari esportiboek, egia esan, ez dute egunkariek baino asko gehiagorik eskaintzen. Hori bai! Haik baino askoz ere espezialduago daude eta kirol modu konkretuak lantzen dituzte: skia, ziklismoa, motorea (autoa eta motorrak), futbola, tenisa,... Denetarik dakarten kirol aldizkari esportiboak ere ba dira. Aldizkari esportiboetan elkarrizketa asko ohi dago eta hauekin batera iruzkin kritikoak. Eta argazkiak. Hauxek dira, beharbada, duten berezitasunik handiena. Argazki onak, koloretan gainera. Eta posterrak, poster handiak, kirolarien kultu pribatua lantzeko egokiak. Edo bestela, begira ezazue, tabernetan horrelako zenbat eta zenbat poster jartzen diren.

Edozein modutan, zoritxarrez, informabide askotan kritika orduan partzialkeria ageri da. Adibidez, idazleek erabiltzen duten hizkeran, ikusgarria da, nola lokutoreek, idazleek eta iruzkingileek bi muturretako superlatiboak eurrez erabiltzen dituzten.

Kirolen promozioa eta informabideak

Kirola moeta konkretu bat ez da berez promozionatzen eta indartzen. Horretarako giro egokia behar du: Eraikuntza egokiak (zelaiak, polikiroldegiak, pistak,...) prestatu behar dira batetik; bestetik kirola hori ttikitatik irakatsi behar da; eta bestetik, propaganda egin behar da.

Propaganda hau era askotara egin daiteke, baina informabideen bidez kanaltzen da nagusiki. Hori dela eta, informabideetako arduradunek hartzen dituzten jokabideek eta kirola moeta bakoitzari ematen dioten garrantziak, alde batetarantz edo bestetarantz bultza dezakete informazioa. Kasu batez, gaur eguneko informazioa futbolean zentraturik dago eta hemen ere arraultzearen eta oiloaren arazoa berragertzen da: Ez dakigu, futbola lehen kirola delako hartaz informazio asko ematen den ala, alderantziz, hartaz informazio asko ematen delako futbola lehen kirola den. Hori kontutan harturik, interesgarria da, besterik gabe, zenbait aldizkaritan ematen hasi den dibertsifikazioa, pilotari, eskubaloiari, saskibaloiari edo besteri leku gehiago emanez eta futbolari kenduz.

Hala ere, zenbait kirolaren promozioak, usain txarra (hatsa diogu Bizkaian) ateratzen du, promozio horren inguruko helburuak arakatzen hasiz gero. Zergatik promozionatu zen, kasu, tenisa, duela hamar bat urte Espainian? Espainolentzat ona zelako ala mundu mailako jokalari on pare bat (Santana eta Gimeno) zegoelako? Espainian kirolari on gutti zegoen, eta zeudentxoak ongi probetxatu behar ziren. Eta, noski, telebistak tenisa ematen zuen gora eta behera, goiz eta arrats. Edo eta zertara zetorren saskibaloi arloan, arrotzez osoturiko Real Madrid famatuaren ia partidu guztiak telebisatzea? Estatuarentzat prestigio-iturri zelako ez ote zen? Eta honetaz, konturatu gabe, politikaren arloan sartzen ari gara.

Informabideak eta politika

Kirola, informabideak eta politika. Bai lotura gogorra hiruren artean! Hirugarrena agintari delarik, noski. Nazional-triunfalismoa eta nazio (patria) kontzeptua izkutuki baina gogorki lantzen dira. Adibide bat: Lerro hauk idazten ari naizen bitartean, Espainia Italiaren aurka jokatzen ari da. Zenbat euskaldun ez ote dagoen telebista aurrean, talde "nazionalaren" aldeko tentsioa pairatzen eta amodioa handiagotzen! Jokalari euskaldunak ere harro eta pozik omen daude talde "nazional" horretan. Eta gero autonomistak (?!) garela diogu. Beste nonbait idatzia dudanez, oso arriskugarria da, talde "nazional" horren bidez egiten den Espainiarekiko propaganda izkutua, subkontziente mailakoa baita. Gainera, guk ere, nazio bat izanik, horrelako talde bat edukitzeko eskubidea dugu. Baina ez! Hori ez digute inola ere emanen. Gehiago oraindik: Ideia hau publikoki adieraztea, ia birao egitea dateke, patria sainduaren batasun sakratua arriskutan jarriko bailuke. Ordea, Britainia Haundiko nazioek —eta han Erregina dute— zeinek bere talde nazionala du...

Eta euskarari dagokionez, ez dizuet ezer esanen. Edo bai. Har ezazue euskal izenburuko edozein egunkari edo aldizkari elebidun (?); kirol sailean abia zaitezte. Hori harrigarria! Ez duzue 30 %-ik, ez 20 %-ik ez 10 %-ik aurkituko (euskararen proportzioez ari naiz). Eta kalitateaz aztertzen baduzue... Jainkoak anpara gaitzala! Beharbada astoprobak, idiprobak, harrijasoketak edo horrelako zerbait. Horretaz gainera, laburpentxoren bat (euskaraz). Zer esanik ez, nik ez dut ezer, kirola horietan ere euskara erabiltzearen aurka; baina horietan bakarrik euskara erabiltzea, folklorismorako bidea da —folklorea ere, berez, gauza ederra da—, eta ez zaio euskarari bizitza modernorako egokitzen uzten. Eta horren aurka, bai; ba nago.

Demagun KIROLAK aldizkaria. Beronen izenburuak dioenez, "Revista Deportiva de Euskadi" da. Barruan kirolari euskaldunekiko elkarrizketak, txostenak,... Denetara 1'19 % euskaraz. Gainera artikulu hori harrijasotzaileei buruzkoa da, eta euskal textuarekin batera, erdal itzulpena ere ematen da. Biba euskara! Baina zertaz ari naiz? Ez ote dakit, ba, euskara eta politika ez direla nahastu behar???...

Kirola-informabideen sinbiosia

Gaur egun, kirola ezin daiteke bizi informabiderik gabe eta informabideak ezin daitezke bizi kirolarik gabe. Biologikoki esateko, sinbiosian daude. Biak elkarretik abantailak hartuz. Biak pozik. Ezkontza honetaz ez dago dibortzio beldurrik!

Kirolak informabideek egiten dioten propagandaren premia du. Ba al dakizue, dohaineko propaganda hori zein handia den? Pentsa ezazue pixka batetan, telebistako iragarki llabur batek zenbat balio duen. Telebistak, ordea, ordaindu egin behar izaten du kirola ateratzeko. Honela propaganda egin eta oraindik ordaindu. Kirola pozik. Bestalde informabideek giroa prestatzen dute, eta hori ere interesatzen zaio kirolari.

Informabideek ere abantaila franko dituzte, Batetik, materiale ugaria dute, erraz prestatzekoa gainera. Aldizkari-egunkariek erosle gehiago dituzte —batzuk ia-ia kirolei buruzko horriak baino ez baitituzte irakurtzen— eta entrepresen propaganda gehiago datorkie. Eta kirol egituren agintarien aldetik erraztasunak ohi dira informatzaileentzat.

Ikusten denez, ba, sinbiosi perfektua edo, bestela esateko, komenientziazko ezkontza. Ezkontideak ados egonik, hor konpon Mari Anton.

J. R. Bilbao


Aintzinako Euskal Herria [Komikia]

JOMI


Mikel [Komikia]

JOMI


Hizka-mizka

PNVko zein PSOEko masokista bat behar da KAS-eko bulego batetan dauzkaten zenbait puntta eta punttu elkar jotzeko. Ref. (ixila)

Neskak palestino laranjadun bat behar du. Esneaz baino likits pozointsuaz apaindurik balego askoz hobe. Dei Emakumeen topaketei.

Musean ondo jokatzen duen euskaldun jator, iraultzaile eta independentista bat behar dugu. PCkoak abstenitu. Tutean bakarrik dakite eta.

Mezatara joatean preautonomiarako estatutu bat galdu da atzo Bilboko Cortes kalean. Preserbatibotzat ez hartzeko erregutuko genuke. Bale.

Iraultzaile frogatu batek iraultza jator bat behar du. Proposapenak bi espazioz egin beharko dira.


Gramatika

Zabalduriko errakuntza eta erdarakada zenbait

1. BAT hitzaren erabilkuntza izenorde pertsonal mugagabe bezala

Euskaraz BAT berbaren funtzioa zein den argi eta garbi dago, numeral huts bat, mugaturik zein mugagabe erabil eta deklina daitekeena.

Gaztelaniaz, berriz, gauza ez da hala. Hizkuntza horretan numerala eta mugitz mugagabe singularra hitz berberaz adierazten da: "uno/una" hitzaz. Hitz horrek, baina, ba dauka beste erabilkuntza bat oso berezia, h.d., izenorde pertsonal mugagabearena. Horrela, bada, honelako esaldiak askotan entzun daitezke Espainiako erdaraz:

- "El otro día uno me dijo..." edo

- "Uno/una escribió que..." edo eta

- "...y que podía contestar uno/una? Nada."

Euskaraz hirugarren adibidea honela eman liteke:

- "...eta zer erantzun lezake norberak? Ezer ere ez."

Sekula egin ez litekeena zera da ordea "uno/una" hori, BAT hitzaren bidez itzultzea, euskaraz BAT hitzak erabilkuntza hori ez daukalako eta gaztelaniaz jakiten delako ez bada, honelako esaldi bat guztiz ulertezina baita:

- "...eta zer erantzun lezake batek? Ezer ere ez."

Eta ez da pentsatu behar erdaraz jakiteak beti laguntzen duenik; nik neuk gaztelaniaz euskaraz bezain ondo ba dakit, agian hobeto, hala ere "Adamen poema amaigabea" liburuko hitzaurre edo hitzatzeren bat irakurtzean, honez gero ez dut ondo gomutatzen, horrelako esaldi bat irakurri nuelarik hamar minutu sartu nuen gora eta behera kontua ulertu guraz, gaztelaniaz bakarrik uler zitekeela konturatu nintzen arte.

2. Gaztelaniazko "quedar" eta euskarazko "egoteko izan"

Ezaguna da gaztelaniazko esaera hau:

- "He quedado con Maite a las siete de la tarde."

Eta ezaguna da ere haren esangura, hots, gaur arratsaldean zazpietan Maiterekin egonen naizela edo egoteko naizela. Euskaraz hori, zaharren euskaran gutienez, honela esaten da:

- "Arratsaldeko zazpietan Maiterekin egoteko naiz".

Eta ez orain nahi baino gehiagotan entzuten den astakeria hori:

- "Arratsaldeko zazpietan Maiterekin geratu naiz".

Euskaraz esaldi hori, gaztelaniaz ez dakien batentzat guztiz ulertezina baita. Eta ez dut uste esplikatu beharra dagoenik, "geratu naiz" eta "egiteko dagoen zerbait ezin elkar daitezkeela argi baitago.

Behin batetan nire aurrean hau esan zuen Elgoibarreko mutil batek euskaraz ari ginela:

- "Bai, gaur arratsaldean emaztegaiarekin geratu naiz" (goizeko hamaikak ziren).

Baina derrepentean lagun erdaldun bat paratu zitzaigun ondoan eta Elgoibarrekoak esan zion;

- "Pues sí, hoy a la tarde soy de estar con la novia."

Ezin erdara barregarriagoaz, Txoriherriko euskaldunak Bilboko kaleetatik entzun dituenak segur asko behin baino gehiagotan entzun dukeen erdarazko esaldi traketsa.

3. "Lehengo egunean" eta gaztelaniazko "el otro día"

"El otro día" euskaraz, beste modu batzuren artean, honela esan daiteke:

- "Lehengo egunean "

Euskaraz "beste bat" multzo batetan marka bat egin nahi denean erabiltzen da:

- "Egun horretan ez nintzen heldu, ez eta aurrekoan ere, bestean baizik."

Edo:

- "Hau ez, bestea."

Bestalde gaztelaniazko "otro/otra" aipatutako arrazoiagatik euskaraz "beste bat" bezala ematen da; hortik, erdaraz sorturiko analogiagatik, "el otro día" esateko "beste egunean" bezala itzultzeko dagoen joera, txarto dagoena, zeren esaten dena erdaraz esaten dena bera ez baita, formalki bakarrik egindako kopia bat baizik, eta gainera elkar ulertzeko problemak sor litzakeena gure hizkuntzan.

4. Euskaraz izenlagunak edo adjektiboak izenaren atzean kokatzen dira BETI

Aspaldiko denboran honelako astakeriak ikustea euskal prentsa eta literaturan oso zera da:

- "Juridiko arazoak", "politiko problemak"... eta horrelakoak.

Alde batetik euskaraz erregela argi dago, izenlagunak izenaren atzean kokatzen dira, "handi etxea" bezalako ganoregabekeriarik euskara ez baitira.

Bestalde, baina, joera horren iturria honetan funtsatuko nuke: hitz teknikoekin konposatu berri asko egiten eta sortzen ari dela, baina, eta polemikan sartu gabe, konposatuen elementu biak, batzuetan batera eta gehienetan aparte idazten dira:

- "politik problemak" edo "musik lanak" eta abar.

Forma horik nahiko arrotz gertatzen dira belarrian eta orduan berez substantibo bat dena "politikarazoa" edo "politik-arazoa" edo "politik arazoa" izenlagun izen bezala interpretatua izan da.

5. Hiztegiak erabiltzea beti izaten da interesgarri eta osasuntsu, eta euskaraz ari garela oso kritiko izatea eta euskaraz pentsatzea ez da gauza txarra, "exigir" bezalako gauza bat "gogor eskatu" edo horrelako zer batez itzul daitekeelako eta ez, nahi eta nahi ez, "exigitu", edo are txarrago "exijitu" bezalako forma batez, gauza bat kontutan hartu behar baita, hizkuntzak ez direla homogenoak, hots, ez dira paraleloak, eta beraz unitate lexikalak ez dira berberak hizkuntza guztietan. Itzuli behar dugu, ez kopiatu. Eta ez beza inork, mesedez, atzekoa aurrekotzat har, hau garbizalekeriarik ez baita, hizkuntzak dauzkan ahalbideak erabiltzearen alde egotea baizik.

Andolin Eguzkitza


Xixte-mixteka

— Eta zer, Don José Mari, pozik? (baina erdaraz)

— Bai eta... bla, bla, bla, bla. (Honelaxe hogei minutuz).

— Orduan kardinalea izango al zara, Don José Mari? (Baina erdaraz)

— Ez!... bla...bla...bla. (baina erdaraz)

... Y la estructuración receptivo-creativa en la que los diocesanos etab. etab...

— Orain euskaraz, e! Don Jose Mari?

— (sic) Bai, Jaungoikoaren laguntzagaz... ...mmm aztu dot.

(Bilboko Herri Irratian entzunda)

Art. 423-raya 54 paragrafo ad casualitatem, in memorandum mujika mea. Se enseñará latín clásico, con las posibilidades perentóricas que hubiera lugar en toda la zona católica. Los marxistas épico-ortodoxos pueden, si así lo requieren, acceder a tan alta buruhauste tras quedar supínamente demostrados sus amores a Catilina. Será eximido de tan reaccionaria obligación "gure lehendakaria" (Lehen aharia), por haber estado durante larguísimos lustros combatiendo en primera fila contra el pérfido monstruo, el cual no entendía latín.

HAsera HAstekotan HAzi asko HAuzian AHAztu zitzaigun. HAize pixkat HArtzeko HAsi HAstapenak HAzten eta HAuzia Asetuko da HAla Hola. Oharra: Existe una traducción "ad calendas graecas" en las oficinas de kilikili.

Irakaslea euskarazko ikasleekin hizketan ari da. Euskararen bikaintasunak aipatzen ditu hark. Arlo guztietarako gure dotoretasuna azaldurik geratu da. Matxismoari buruz hitz egiten du, gaztelaniak eta euskarak artean dituzten ezberdintasunak ongi eta intentzionalki azpimarkatuz. Horrela dio: Padres baina gurasoak, los niños baina umeak eta haurrak. Los abuelos baina aitona-amonak. Handik guttira animaliez hitz egiten dute. Horien artean, pornografian erori gabe, zeintzu eta nortzu diren arrak eta emeak esplikatzen du gure irakasleak. Gero kumea hitzaren zentzua garbi zehazten du. Kume guztiak animalia ez-arrazoidunarenak dira. Hola usakumea, katakumea, zakurkumea eta abar. Fernando baina, kezkaturik dago eta honela galdetzen dio. Adizu, arkumeak animalia arrazoidunak al dira?... Ez, Fernando; nola izango dira ba? Adarrak ere ba dituzte gero! A, bai e! orduan emakumeak ere ez dira arrazoidunak!


Gramatika

Haren/bere/beraren

Artikulu honen izenburuan ageri diren hiru izenordeak oso nahasturik ikusten dira idazle askoren lanetan. Hori dela eta, horien erabileraren azalpena egitea pentsatu dut, polikiro geure okerrak zuzenduz joateko.

Hasteko, gramatika arloko ohar bat eginen dut: Hiru erakusle hauk izenordetzat hartzen ditut, zeren eta euskaraz deklinabidea egonik, hura izenordearen deklinabideko kasuak baitira. Dena den, ni ez naiz gramatikari, eta honetaz berauk mintzatuko dira. Guztiok dugu euskaraz eta euskal ikuspegiz eginiko gramatiken premia. Ibon Sarasola horretan ari dela uste dut. Ea, ba, laster horrelakorik ikusteko zoria dugun!

Ohar gramatikala alde batetara utziz, noan harira! Hemen azalduko dudana, ANAITASUNAko erredakzioan I. Berriatuak markaturiko bidetik doa. Egia esan, ez dut inon aurkitu, arazo hau bere multzotasun eta osotasunean azaldurik, nahiz eta zatika leku askotan aurkitzen den. G. Aresti izan zen, haren/bere formen arteko desberdintasuna argi eta garbi azaldu zuen lehena. Gero, azalpen hori zenbait liburu interesgarritan ere agertu da: Txillardegiren (edo Larresororen) "Sustrai Bila" (orain "Oinharri Bila") delakoan eta Villasanteren "La declinación del vasco literario común" delakoan, guttienez. Beraren formaren azalpena, Altuberen "Erderismos" liburuan ageri da. Villasantek ere zerbait dio honetaz, baina ez dago osorik. Hemen eginen duguna, ba, lan horien bilketa, sintesia eta azalpen laburra izanen da, horri ANAITASUNAko erredakzio esperientzia gehituz.

Haren eta bere formen erabilera

 Haren eta bere izenorde arrunta eta intentsiboa dira errespektiboki (genitibo posesibo kasuan, noski). Villasantek dioenez, hiru izenorde arrunt daude (honen, horren eta haren) eta intentsibo bakarra (bere).

Bi izenorde hauen artean erabileran dagoen desberdintasuna, hauxe da: Izenordea agertzen deneko esaldi berean, posesiboari dagokion pertsonak aditzean parte hartzen badu, posesiboa intentsibo eran jartzen da. Bestela izenorde arrunta erabiltzen da (edo errepikatiboa, gero ikusiko dugunez), Villasanteren liburuan posibilitate guztiak ageri dira (ikus 86. horrialdea). Nik adibide batzu ipiniko ditut:

- Mikel bere emaztearekin dago (Mikel, Mikelen emaztea).

- Mirenek bere ideiak ditu (Mirenek, Mirenen ideiak).

- Anderri bere etxea erre zaio (Anderri, Anderren etxea).

- Maritxuk bere liburua eman digu (Maritxuk, Maritxuren liburua).

Izenorde arrunt eta intentsiboaren arteko arazo hau ez dagokio soilik singularreko hirugarren pertsonari. Beste pertsonen kasuan ere berdin gertatzen da ondoko bikoteen artean: Ene (nire)/neure, hire/heure, gure/geure, zure/zeure, zuen/zeuen, haien/beren.

Beraurrizki errepikatiboa izenordeekin

Dakigunez, ber- (bir-) aurrizkia ideia edo egintza baten errepikapena adierazteko erabiltzen da (berresan, berregin, berrogei, berrehun, birjarri, birpiztu). Aurrizki hau hirugarren pertsonako izenordeekin ere erabiltzen da, deklinabideko kasu guztietan, singularrean eta pluralean eta izenordeen hiru mailetan. Koadroan adierazten den bezala, hain zuzen ere. Koadroan kasu batzu ipini ditugu soilik. Hauetan finkatuz, erraz idatz daitezke besteak. Koadroan ikusten denez, beraren forma hirugarren mailako izenordearen forma errepikatzeko posesiboa da.

 hau hori hura

NOR berau berori bera

NORK beronek berorrek berak

NORI beroni berorri berari

NOREN beronen berorren beraren

 hauk ho(r)ik haik

 berauk bero(r)ik beraik

 berauek bero(r)iek beraiek

 berauei bero(r)iei beraiei

 berauen bero(r)ien beraien

Baina noiz erabiltzen da beraren (edo beronen edo berorren) forma? Hara! Demagun bi esaldi ditugula; bi esaldi horik elkarretik hurbil daude. Demagun bi esaldi horietako lehenean pertsona bat aipatu dela; bigarrenean pertsona hori izenorde gisa agertzen bada, izenorde horrek bere forma errepikatiboa har dezake (guztiz beharrezkoa ez bada ere).Ikus zenbait adibide:

- Hori nire laguna da; baina zuk ez duzu nahi ni berorrekin joan nadin.

- Kritika egitean, zorrotza baino areago bihozkabea ohi da; eta gauzak beraren gustura ez badoaz, ez du barkatzen hankasartzerik ttikiena ere.

- Pasolinik berak esaten zuenez,...

- Zarataka etorri da. Nor da, ba, bera?

- Euskara eta beronen garrantzia azaldu zuen.

Forma errepikatibo hauetaz, Villasante labur geratzen da bere liburuan. Zabalago —ez ordenatuago, ordea— azaltzen du problema hau Altubek.

Esaldi batzutan forma errepikatiboak izenorde arruntaren ondoan agertzen dira, indar handiago adierazteko edo. Zer esanik ez, bikote hauetan mailen berdintasuna gorde behar da; honela prezeski:

hau berau hauk berauk

hori berori horik berorik

hura bera haik beraik

Asimetriatan erori gabe ezin idatz daiteke hori bera bezalako bikoterik, bigarren eta hirugarren hurbiltasun mailak nahastuz. Ikus, adibidez, Erderismos liburutiko zenbait adibide (ortografia neuk aldatua da):

- Ba, hau berau bekatorea baitan ere gertatzen da.

- Eta hauxe berau da, gaur jazo zaidana.

- Haren beraren etxea ere zaharra da.

Bukatzeko, interesgarri dateke beraren formaren erabilkerari buruzko ohar bat egitea. Gaur egun gero eta normalagoa da eskelak euskaraz jartzea. Hauetan, hildakoaren izenaren ondotik, beraren senideen izenak jartzen dira. Gehienetan honela hasten da zerrenda hori: Haren emaztea; haren seme-alabak;... Hau ongi dago, zer esanik ez, eta nik neuk ere horrela proposatu nuen aspaldi ANAITASUNAren horrialdeetatik. Baina, ene ustez, egokiago da forma errepikatiboa erabiltzea, pertsona hori —hila— aipatua izan baita. Beraz nik neuk honela idatziko nuke: Beraren emaztea; beraren seme-alabak;...

Azken iruzkina

Hiru forma hauen arautzeak, zehaztasuna eman diezaioke euskara batuari. Bestetik, ez da gauza artifiziala, gauza bizia baizik. Batetik ekialdeko euskalkietan eta bestetik Bizkaian bizirik dago horien arteko banaketa Bizkaian, prezeski, fenomeno errepikatiboak garrantzi handia du eta haren/bere/beraren (beran) formak nahiko ongi bereizten dira. Horregatik, ba, ene ustez oso interesgarri litzateke erabilera hau jeneraltzea eta arautzea, jadanik idazle batzuk egiten duten eran. Baina, beti bezala, honetaz idazleek dute hitza.

J. R. Etxebarria


Sukalderako saltsak

Baratxuri zopa

6 lagunentzat beharko dituzu: Baratxuriak (Zortzi atal), salda egiteko pastila bat. Olioa Bipermina. Biper txorizero bat. Ura. Ogi zatiak.

Zati ezazu ogia. 400gr.rekin nahikoa duzu. Zati itzazu ere baratxuriak. Zati ttikietan. Ipin olio pixkat kazpel edo lapiko batetan eta doratu bertan ogi zatiak eta baratxuriak. Doratzen hasten direnean erretira itzazu eta ipin lapiko luze batetan. Ogiak erretzean, olio asko jaten du horregatik olioa gehitu beharko duzu. Ogiak eta baratxuriak ez dituzu erre behar, doratu baizik, Erretzen direnak bota itzazu, gustu txarrik zopari ez emateko.

Ogi eta baratxuri frijitu guztiak lapiko luzean daukazunean, bi litro ur, biper txorizeroa eta pastila bertara botako dituzu eta ordu laurden bat egosten utziko duzu. Azkenean bipermin pixkat botako diozu. Zopa honek ez du saldarik asko eduki behar. Benetako baratxuri zopa, lodi-lodia izaten da.

On egin


Posta

Ordizia, Urtarrilak 29

Adiskideok:

Hemen igortzen dizuet beste mustra prezios bat. "DEIA "n azaldua! Oraingo honetan ez duzue "Asta belarrietarako" egiten. Beldur naiz, baita, ez ote diren laburregi gertatzen honelakoentzat. Agian "Elefante Belarriak" sortu beharko dira...

Eta DEIA aipatu dugunez, guztiak esan behar. Ez baita DEIArena bakarrik. Gure prentsa "bilinguea" egiten ari zaigun lana ez da makala, ez. Hala ere mesedegarri den ala ez ikusi behar. Garbi dagoena da, une honetan, "bilingue", elebidun izateko dena falta zaiela, eta beste prentsa bezain erdalduna dela. Beste guztia gezurra da, eta jendea enganiatzeko bide bat. Bukatzeko atzo lagun batek aipatzen zidan slogana berraipatuko dizuet nik:

"EGIN DEZAGUN EGIN, BAINA, MESEDEZ, EUSKARARIK EZ DESEGIN".

A. Eskisabel

***

Zuzendari Jaunorri:

Erregutzen dizugu zeure aldizkariaren postasailean ondoko oharra argitara dezazun.

1978ko Urtarrilako 22an Bilbon bildu zen BIZIA, Euskal Herriko Biologoen Elkartea, bere Batzarre Nagusian eta gaur egun aurrera daramaten Nuklear indarrari buruzko Planen ondorioak kontuan hartuz, eta bere zeregina Naturaren Defentsa eta Konserbazioa delarik, Plan horien aurka agertzen da Herriaren eta Ofizial Erakundeen aurrean. Eta are gehiago, Herriak sarritan adierazi eta oraindik ere adierazten ari den gogoaren aurka egiten baita. Konkretuki eskatzen duena zera da: gaur egun eraikitzen ari diren Lemonizko Zentralaren berehalako geldieraztea.

Bilbo, 1978ko Urtarrillako 22

BIZIAren Batzarre Nagusia.

***

ETXEPARE EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA

Altsasun, kaputxinotan, Euskal Herri osora hedatu nahi duen Erakundea sortzeko, biltzen joan diren Elkarte eta taldeak, Urtarrilaren 21.an egindako bileraren akta (agiria).

Bilduak:

ELHUYAR

U.E.U.-U.Z.E.I.

ARANTZADI

DEIA-EGIN

ARABAKO IKASTOLEN ELKARTEA

NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA

BIZKAIKO IKASTOLEN ELKARTEA

EUSKALTZAINDIA

GIPUZKOAKO IKASTOLEN ELKARTEA

JAKIN-EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEA

ALFABETATZE EUSKALDUNTZE KOORDINAKUNDEA

Berandu xamar bada ere, eta informalki azken orduraino ez genekielako, eguraldia zela ta, bilduko ginen edo ez, hasiera eman zitzaion bilerari, azken batzarra ezkero izan diren zenbait berri, iritzi eta abar komentatuz.

Azken bilerako akta irakurtzen da, baiezkoa ematen zaiolarik. Ondoren, eta, alde batetik eta bestetik baieztatzen zirelarik, honako pundu hauek eztabaidatzen dira batzartuon artean.

 Sekretaritza: Kultur erakunde hau, nolabait, eta nahiz guztion ideia izan, azken aldi hontan Nafarron jaio den asmoa izan da. Beraz, eta, Nafarroan Erakunde honen beharra nabarmena danez, sekretaritza, Iruinean egon behar duela da iritzi nagusia. Honek, Nafarroako arduradunei lan handia suposako diela, adierazten bada ere, guztiok, eta lana banatuz besterik ez bada, bulegoa Nafarroan mantentzea onartzen da.

Euskaltzaindiko ordezkariak, Iruinean Euskaltzaindiaren bulegoa eskaintzen du, oraingoz hura erabili dezagun. Beraz, hau izanen da.

Delegación Euskaltzaindia, - Cámara de Comptos.

 Prentsaurrea: Eztabaidatzen den bigarren pundu nagusia hauxe. Hasieratik, s gure prentsa, euskal prentsa erakunde honen barrenean ikusi dugu, prentsaren eragina herrian, neurri ezinezkoa delako. Orain arte bileratan partaide izan direnak, ez dira berri emateko deituak izan, baizik, eta partaide izateko mugimendu hontan.

Hau honela, hamabost egun barru Batzar bat egitea proposatzen da, Euskal prentsa guztiarekin, esku artean daramagun proiekto hau ezagutarazteko, eta era berean, heuren iritzia ahal den zehatzena ezagutu dezagun.

Bestalde, batzar hontara, JAKIN eta honen antzeko hilabetekariak, ez dira deituak izanen, informazio lana ez den, beste zeregin bat dutelako, hauek, beste sail bat osotzen dutela uste baita.

Gai ordena:

1. Prentsaren egoera

2. Elkargo hontan duten zeregina.

Izena: jadanik, eta bilera batzuk eginak ditugunez, kultur Erakunde honek bere izena behar duela pentsa da, eta azkenean, danok onartzen duten eta proposatua izan den Izen-Deitura finkatzen da.

"ETXEPARE" KULTUR ERAKUNDEA

Nolabait, izen honek, Nafarroan jaio den ideia hau goresten du, lehen Euskal Idazlea eta Nafarra, ETXEPARE ospetsuaren izena erabiliaz.

- Bizkaiko Irakasle Elkarteko ordezkariak, eta aurreko bileratan erabakitakoari jarraituz, bere sailaren azterketa egiten du. Denbora aurrera doala ta, ez da beste sail edo sektoreen aurkezpenarekin jarraitzen, aurreragoko utziaz. Hala ere, Bizkaiko Irakasle Elkarteak proposatutako punduak kontuan hartzen dira.

- Kultur Erakunde honi sail bakoitzak bere baietza eman.

- Herrian zabaldu eta baita alderdiei ere.

- Erakundearen egituraketa. Eta honekin amaiera ematen zaio bilerari, urrengorako lan programaketa pundu hontan zehazten delarik.

- Sektore bakoitzaren alternatiba.

Prentsari komunikadua: euskeraz bakarrik egitea erabakitzen da eta honela dio:

"ETXEPARE" EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA

Altsasuan bildurik, Urtarrilaren 21ean, Euskal Alfabetatze-Euskalduntzea, Euskaltzaindia, Unibertsital saila, Irakasle saila, Ikastolen Federakuntzak, eta euskal prentsa eta aldizkariak, agiri hau ematen dute:

1- Kultur arloan Euskal Herrian lanean ari diren talde guztien bateratzearen behar larria ikusten da.

2- Elkarte guztion lokarri izanen den erakunde bat sortzea erabaki da.

3- Erakunde honi "ETXEPARE" Euskal Kultur Erakundea, izena eman zaio.

4- Harreman hauk bideratzen joateko, Nafarroan izendatu da idazkaritza denen onarpen osoarekin.

5- "ETXEPARE" Euskal Kultur Erakundea osatzen dute sektore bakoitzak autonomia osoa du, eta bakoitzak bere barne egitura antolatuko du, eta "Etxepare" Euskal Kultur Erakunderako ordezkaria izendatzea bere egitekoa izanen da.

6- Oraingoz, zuzenbidea hau izanen da: Euskaltzaindiaren Nafarroako Ordezkaritza.- Cámara de Comptos- IRUINEA.

***

LAIA-EZKO ZENBAIT MILITANTEREN KOMUNIKATUA

EGINi bidali ondoren, pare bat esaldi baino ez zuelako argitaratu, zuei bidaltzen dizuegu orain euskal irakurlegoaren jakinerako.

"Egunkari horretan 78-1-12an agertutako oharrari buruz, ondokoa jakinarazi behar dugu: (1)

1.- Aspaldi honetan, Ezkerreko erakundeen programmak eta alternatibak manipulatuak eta baztertuak direla ikusten dugu, prentsako eta komunikazio medioen komunikatuetan.

2.- LAIA-EZ gure erakundearen kasu zehatzean, erakunde anarkista edo libertari bezala etiketatzen gaituzte, era askotako interes politikoei jarraituz. Eta kalifikatibo oker hori bai erreformismoaren aldetik (Euskadiko Ezkerra, maoistak, HASI, e.a.) eta bai ASKATASUNAren antzeko kolektiboen aldetik, bere Mikel Orrantia bontzoarekin, egozten zaigu.

3.- Gezurra da LAIA-EZ erakunde libertari bat denik, Mikel Orrantiak esaten duenez. Are gehiago, gure erakundearen idatzi gehienetan gogorki kritikatzen da anarkismoa bere esentzia idealistaz.

4.- Mikel Orrantiak positiboki daki LAIA-EZek ez duela libertari izaerazko idazti bakar bat ere. Libertari edota anarkistazko edozein kalifikatibo theorikoki eta praktikoki errefusatzen dugula jakin ahal izan du Mikel Orrantiak, Bilbon erakundeko burkideekin izandako kontaktuen bidez.

5.- Nazkaturik gaude pertsonalismoez eta alde guztietan agertzeko antsidunez, beren nortasun hertsi eta pobrea jarriz iraultzaileen eta langilegoaren interes kolektiboen aurrean.

6.- Publikoki deitzen dugu Mikel Orrantia, LAIA-EZko oraingo egoeraren idazki errepresentatiboen bidez, beronek erakunde "libertari" bezala nahita kalifikatzen duena frogatzeko. Derrigorrezkoa denez, ezin baldin badu, ukatu dezala exijitzen diogu, medio berdinak erabiliz.

7.- LAIA-EZen barruan erakundetzearen eztabaida bat jazotzen ari da, eta beronetan jarrera espontaneistak eta segidistak agertzen badira ere, hortik LAIA-EZ osoa libertaria denik izatera alde galanta dago, erakundearen konstantea marxista iraultzailea izan eta baita.

8.- Mikel Orrantiaren okerra bere interes politiko bereziei dagokiela uste dugu, LAIA-EZen anarkismoaren arrunt uste faltsua sendotzeko, alde batetik, eta bestetik, Euskal Herrian pentsaera libertariaren prestigio eskas logikoa handitzeko. Honen froga bat Bizkaiko Bateratze Asanbladariaren zentzua, mamia eta geographi kokatzearen nahaskerian dugu; eta beroni buruz Bateratzea osatzen dugunok egin genituen argitasunak EGINeko lokaletan izandako prentsaurrekoan, aipatu egunkariak eta egondako gainerako komunikazio idatzizko medioek oraindik ez dituzte argitara eman.

(1) "... organizaciones libertarias vascas, como LAIA-EZ."

Carmelo Etxebarria

***

D mailako irakasle titulurako ikastaroa

E.U.T.G.-ko Filosofia eta Letretako Euskal Filologia Sailak ikastaro bat eratu du Euskaltzaindiaren D mailako titulua atera nahi dutenei zuzendua, edo, nolanahi ere, euskara gehiago landu nahi dutenei.

Klaseak larunbatetan izango dira, goizeko 9etatik ordubata arte, E.U.T.G.-n, egitarau honen arabera:

 - Azterketa paradigmatikoa: Morfologia: Patxi ALTUNA

 - Azterketa sintagmatikoa: Sintaxia: Patxi GOENAGA

- Idazketa, Itzulpena, Hiztegia: Felipe YURRAMENDI

- Euskal Literaturaren Historia: Andu LERTXUNDI

Euskararen didaktika: Zenbait irakasleren artean.

Ikastaro honek Otsailaren 18an hasi eta Ekainaren 10 arte iraungo du.

Matrikula ordaina: 3.000 pezeta.

Izena emateko eta xehetasun gehiagotarako: Filosofia eta Letretako Idazkaritza.

E.U.T.G. - Mundaiz

Tel.: 27 31 00

Donostia

Ikasle kopurua, mugatua.

***

EUSKO IKASKUNTZA ELKARTEAREN BERRITZEA

Elkarte horren bazkide zaharren arteko azken batzarrean erabaki bezela, 1936'gn. urteko Batzordearen lagunek (Barandiaran, Garate, Irigaray, Irujo, Lekuona eta Yrizar jaunak) bein beineko beste lagun batzuk izendatu dituzte Elkartearen lanbidetara lotzeko, berrogei urteko ixilaldiaren ondotik.

Proposatzen diran izenak hauek dira:

Barriola, Inazio - Botella Altube, Vicente - Busca Isusi, Lauran - Celaya, Adrian - Caro Baroja, Julio - Chillida, Eduardo - Davant, Jean Louis - Goiheneche, Eugene - Goti Iturriaga, Jose Luis - Idoate, Florencio - Jimeno Jurio, Jose Maria - Laborde, Manuel - Lacarra, Jose Ma. - Lafitte, Pierre - Loidi, Jose Antonio - Llanos, Armando - Manterola, Ander - Mesanza, Bernardo - Mitxelena, Koldo - Orbe, Mattin - Ruiz de Urrestarazu, Imanol - Salaberry, Etienne - Urquijo, Juan Ramon - San Martin, Juan eta Villasante, Luis (Euskaltzaindiaren ordezkariak) - Irigaray, Jose Angel (Aranzadi elkartearen ordezkaria) - Lan-idazkaria: Zumalabe, Agustin.

Horietaz gain izendatzeko gelditzen dira lau Diputazionetako ordezkariak.

Bein beineko Batzorde honek gaurkotu behar ditu Eusko Ikaskuntzaren egitekoak eta egiturak, bere lanak jarraituko ditu batzarre orotar bat arte eta han izendatuko dira (edo baietsiko) aurrerako Batzordeko lagunak, bi urtez bein berritu beharko direnak, oi bezela, demokratiko moldez.

Batzorde honen lagun batzuk, joan dan Urtarrileko 16'an bildu ziran Gipuzkoako Aldundiko Julio de Urkijo Liburutegian, Barandiaran, Jose Migel jauna buru zala. Hartan azaldu ziran egiteko diran lehenengo lanpideak, baita joan den urte horietan abiatu izan diran euskal kulturazko elkarteak laguntzeko eta eurekin batean lan egiteko dauzkan asmoak, lehenago ere Euskaltzale Bazkunen Elkartea dalakoarekin egiten oi zuen bezela, hauek beregain eta azke geldituz euren arteko koordinaketaren barrenean.

Bestalde, zenbait presuna ospetsu aipatu ziran ohorezko bazkide bezela izendatzeko.

Azkenik, esandako lagun horien artean, Batzorde Eragilearen lagun bezela egitekotan (lanbideko eta antolabidekoak) abiatzeko, izendatu ondotik.

Bein beineko batzorde honek aldian behingo bilkurak izango ditu lanpideak jarraitzeko eta berriak abia-araztekotan.

Agian laster argitaratzen asiko da beinolako Boletin aldizkaria, bertan aldiko liburu eta agerkiaren Bibliografiak azaldurik. Bai eta ospe aundiko Revista Internacional de Estudios Vascos hura ere berpizteko asmoa ba da.

Oroitarazi nai dugu bazkide berrien txartelak eta Elkartearen beste edozein xehetasunak jakiteko jo daitekeela Donostian dagon Idazkaritzara, Gipuzkoako Aldundegi-Diputazionean.


Gurutzegrama

Larry Trask


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Agortu ezineko harrobia da, dirudienez, gurea. Astabelarritan behintzat.

Lagun batek emanik, hemen agertzen dugu Bilbo Zaharreko dendari batek DEIAn (78/1/29), publizitate egiteko asmoz, argitarazi zuen txartela.

Benetan sinestezina da hainbeste oker —borondate txarrik gabe— egin ahal izatea. Kontua lotsagarriagoa da, gainera, Bilbo Zaharrean holako astakeriarik egin beharko ez litzatekeelako, bertan Euskal Akademiaren etxea egonik, edozein galdera erantzuteko beti prest.

DEIAkoek, bestalde, holako textu pitxiak argitaratu baino lehenago, nik uste, iragarleei nolabaiteko abisua eman beharko liekete, euskararen eta euskaldun guztion onerako.