ANAITASUNA
1978.EKO MARTXOAREN 1/15EKOA
358/9 - ZENBAKIA - 50 PTA.
[AZALA]
ABERRI EGUNARI BURUZKO DOSSIERA
ZURIKERIAK
AURKIBIDEA
3. Editorialea. Oharra
4-5. Ohar laburrak
6-7. Amara Berriko txikizioak
8-10. Euskal/Erdal prentsa
12. Doña Prudentzia
13. Konstituzioaren lezioa
14-15. KASen alde bi hitz
16-18. Hauteskundeak eta militantearen jarrera
20-21. Ipar Euskal Herrian: Euskal migrapena
22-24. "Autonomia eskatu du gure kanpainak"
26-27. UCDk aldizkari berria
28. Mila kondu: Bergarako alkateak
29-49. Dosierra: Aberri Eguna
50-51. Bipartikrazia ezen ez demokrazia
52. Jendarme berriak
53. Prentsarako oharra
54-55. Elkar Ikuska
56-57. Pedagogia
59. Irakurlearen saila
60-61. Emakumeak
62-63. Gramatika
64. Artea
66. Sukalderako saltsak
68. Posta
69. Gurutzegrama
70. Astabelarriak
Leg. Gor.: BI, 1763-1967
OHARKIZUNA:
Anaitasuna ez da arduratuko artikuluen edukiek duketen erantzunkizunaz. Beronek ez du esan nahi ez alde ez aurka dagoenik. Bestaldetik, beregain hartuko du editorialearen eta bere izenez izenpetutako artikuluen erantzunkizuna, berau baita (hola dugu ulertzen) bere ideiologi hildoa.
Editorialea
Estatu honetan antza, badago edozein gauzetarako, zein garrantzizko ala axola guttiko izan, bi neurri berezi. Batak neurtzen ditu kapitalak eta boteretsuak. Boltsetako baloreak, banku dibidenduak, entrepresa handien ekintzak, gizalegeak eskatzen duen arauera konpontzen dira. Modu berean neurtzen dira talde batzuren kultura eta izan nahia, modu onez beti, beraien zerbitzupean dauden indarrei laudio eta leialtasuna frogatzen dizkiete. Bestearekin aldiz, talde horietan parterik hartzen ez dutenen neurriak, guztiz ezberdinak izaten dira. Menpekoen etorkizun eta osasuna, langileriaren, herri zapalduen nortasuna, kultura, hizkuntzak ez dira modu horien bidez neurtzen.
Orain Gasteizen gertatu denetaz jabetuz, Martin Villarekin batera, "2 a 0" esango bagenu egiazko agitadore eta terroristak izango ginateke. Denak ez gara berdinak noski. "Els Joglars" taldeari gertatu zitzaiona, ezin litzaioke egin Cabanillas ministrari ahalguztidunari. Ez dugu beraz, akusatuen aulkian ikusteko plazerrik izango. Marokori Sahara saldu ziotenak, ez dituzte ere juzkatuko. Espainiako Batasun sakratua aipatzen dutenek, badakite komenientziaz edo diru interesak tartekatuz, zer eta zer ez den sakratua. Bitartean Amnistia izan dugu. Pertsonak, amnistia daitezke, zapalkuntzak sortu zituen ondorioak ez dira inondik ere amnistiagai. Herriari kendu zaiona, berreskuratu egin behar zaio. Horretarako jarrera ona eta engainu edo faltsukeria guttiago ikusi behar da, herriak ez baitira azalezko neurriez eta deklarapen demagogikoez betetzen. Gorrotoan, zapalkuntzan, nortasun ezean bizi garenok badakigu barkatzen. Gutaz egindako krimenak kondena hutsak eskatzen baditu ere, kondena hoberena eguneroko praktikan aritzen da. Eta hor dugu kakoa, Estatu honetan UCDk eta beste norbaitzuk Frankismoaren antzera ahal den guttiena eman nahi diote Euskal Herriari, lortuko dugun guztia bortxaz eskuratuko dugula ongi eta garbi adierazi diote Euskal Herriari. Zertaz kexatu beraz? Taktika politiko pobre horretan arduratzen direnek, horren ondorioak ere ontzat eman behar dituzte. Non egon da amnistia? Nor izan da amnistiagai? Euskal Herria ez behintzat. Hementxe dugu mila froga.
Ez dute ezer kunplitzen, eta ez dute ezer egin nahi. Hori da txarrena. Francoren Diktadura basatiak lortu ez zuena Demokrazia liberalak beste modu finagotan apoiatuta berbera egin nahi du. Desmobilizatu, deuseztatu, likidatu. Hortaz ere, gero eta gehiago konturatzen ari da. Horregatikan kondena guztiak bereziki, ahuntzaren gauerdiko estulen parekoak direla uste dugu.
Bitartean, zera esan nahi dizuegu: Aberri Egunak gogor.
Euskara ikasteko beste metodo berri bat (norbaitek aterata)
Euskaldunok nahiz eta gaizkiago ibili, euskara ordea gero eta hobe aurkitzen da, dirudienez. Hala baiezten du behintzat euskara ikasteko dagoen metodoen kopuruak. "Euskalduntzen" guztiak, gramatikak, metodoak ugaritzen ari zaizkigu alde guztietatik. Batzu onak, besteak ez hainbeste, denak oso borondate onaz osatuak. Oraingotan, 12 kaxete eta liburu bat osaturiko METODO AUDIO ORAL DE EUSKARA BASICO delako berri hau, egiatan borondaterik handiaz ere egin bada, besteak ere, ona dela esan daiteke. Hala ere honekin ere ez jendeak euskara ikasten ezbadu, "inposible" hori garaitzea ezin dela batzuk esan dezatela beldur gara. Euskarak beste hizkuntzek duten normaltasun eta beharkizun publikoa eskatzen du. Normaltasun honek "inposible" guztiak gaindituko dituelakoan gaude Eta honi egia deritzogu. Bestaldetik hizkuntza batetan pentsarazteko, irakasleak nahiz eta nahiezkoak dira. Horrela izan da eta da herri guztietan.
Metodo honen eragileek diotenez, euskara ikasten asko saiatu da baina zoritxarrez horietatik guttik lortu du goimuga. Bidean zehar jende asko geratu baita. Alferrak, nagiak eta vasco-navarroen multzoa osotzen dutenek ba dute beraz non haginka. Lasai eta konturaturik gabe ikas dezakete. Denek ezin izango dute erosi. Betiko gakoa. Gauzak pagatu behar dira, kostuak gorantz baitoaz. Pribilegioa da oraindik ere, alferra izatea. Irakasleek eta bestek irakaspide egoki bat dute eskola onak nola eman daitezkeen jakiteko. Zorionak Norbaiti eta ea bigarren partean saiatu dituen bideak, bigarren mailakoari zor zaion arintasunez eta herritartasunez doan.
Soldadutza
Estatu espainoleko militarrak modan paratu zaizkigu berriz. Edo, hobeki esan dezagun, ez dira zoritxarrez aintzinatik modatik irten, Oraingo honetan, JJSSkoek, PSOEko gazteek dokumentu bat bidali diote Gutiérrez Mellado jeneralari, Kodigo Militarraren zenbait erreforma eta koarteletako bizi kondizioen hobetzea eskatuz.
Nahiz eta dokumentu honen eskabideak guztiz moderatuak izan, eta hauxe da, normalki ezkertiarkeriaren bekatuan erortzen ez den PSOEko jaun diputatu batek deklaratu duena, dokumentua asko gaizki hartua izan da militar giroetan. Ezin gara honetaz harritu, ondo baitakigu horrenbeste urteetan iraun duen despotismoa ezabatzea ez dela lan erraza izanen.
Bai, arazo ilun gehiegi aurkitzen dugu gaur egun ere Harmada barnean. Espainiako kasuan behintzat,
Harmada Estatu baten barnean dagoen beste Estatu aski autonomo bat dela dirudi. Soldaduek, pertsona legez dituzten giza eskubide minimoak ez dira errespetatzen eta urtebete edo urtebete t'erdiko esklabutzaldia betetzera derrigortuta dago gazte jendea.
Bestalde, guk geuk ez dugu oso ongi konprenitzen zein puntutaraino posible den Carlos III.aren garaian mamituriko kodigo famatua erreformatzea. Halakoak, tumoreak bezala, zail dira sendabide biguinez konpontzeko eta sustraitik atera beharra egoten ohi da gehienetan.
Els Joglars-en arazoak berriro oroiterazi digunez, Estatu honen demokraziarako bidearen muga galoiek markatzen dute. Eta txarrena, halako martxan noiz arte markatuko duten ez dakigula.
Berdeak ere gure alde
Lekeition aspalditik lapurketa asko eta ugari egiten da gauez. Arrazoiak horretarako erraz bila daitezke. Lekeitiarrak edo eta Lekeition bizi eta horkoak ez diren askok paro eta hestutasunean bizi behar dute, ez Lekeition bakarrik, Estatu honetako leku guztietan baizik. Aurtengo lapurketa estatistikari begiratuz gero, lapurketen kopurua gehitu dela konturatzen gara. Baina gatozen harira. Lehengo egun batez Lekeition baten batek beheko atarian zarata handiak entzutean eta lapurrak zirela konturaturik, bertoko goardia zibilei dei egin omen zien. Haien erantzuna pitxi eta harrigarria posible ote den gertatzen zaigu: "Kasu guztietarako herriari deitzen diozue, dei iezaiozue honetan beraz herriari". Ba dakigu beraz, Euskal Herriko ordenu zaintzaileen alde denok gaude ados.
Underground aldizkari berria
Ageri berria dugu geure esku artean POTT euskal aldizkaria. Baina honetan ez da bezalaxe. POTT berak dioenez banda bat osotzen du, berriak, albisteak eta bestelako pasadizoak ikuspegi herrikoi eta adarjotzaile batetik eginak daude. Ez diote inori zerbitzatu nahi beraien buruak, gureak ere, argitzekotan dute helburua. POTT dugu geure lehen "underground" aldizkaria, gu, besteok "Anaitasuna, Zehatz, Zeruko Argia, Jakin" berberori ez garela kontsideratzen bada. Undergroundtasun honetan underground saria, dudarik gabe POTTek irabazi du. Kakusainaz, herri honetako eta besteetako usteltasunez edo eta maitasunez, amodioz, poesiaz eta humanook batera edo bakarka botatzen dugun kiratsaz jabetu nahi izanez gero, POTT erosi beharko genuke. Ez dakigu nola baina. Hala ere ez da zaila izango aleren bat eskuratzea, zurraturik baikaude hemen ere.
Consejo General Vascon gertatua
Bide onetik jakin dut eta horregatik ez dut inolako omenik jarriko.
Lehengo batean kontseilariek beren batzarrean, bertako aktak bi hizkuntzetan azaltzeko, euskal itzultzaile bat izendatzearen komenientzia tratatu zuten. Batzuk behatzez izendatu nahi zuten, baina Karlos Santamariak, bertako gehienek euskaraz ez zekitela ikusirik, egokiena Euskaltzaindiagana jotzea zela zioen, beronek garantiazko itzultzaile bat izenda ziezaien. Euskaltzaindiaren izena entzutean, Don Juan Ajuriagerrak zera esan zuen: Sí, para que nos manden a Kintana!
Eta, izan ere, ez zegoen Euskaltzaindira joan beharrik, akten euskal itzultzailerik hoberena, mundu guztiak dakienez eta zalantzarik gabe, Ajuriagerra bera baitzen, edo eta Rubial bera, euskaraz idazteko kontuan, gutienez, don Juan bezain trebea dena.
Kintanak, dena den, ongi merezia du hura, endredamakila izan eta saltsa guztietan sudurra sartzeagatik. Bera izan zen, memoriak lagun, Rubiali euskaraz ez jakitea aurpegira bota zion lehenbizikoa, bide batez Ajuriagerra eta PNVri harma ederra eskainiz. Hurrengoan ikas dezan.
Ene grazia Carrillo da ta
Santiago dut izena
Mosku aldetik pasa ta gero
honuntz etorri naizena.
Oso gizon zuzena
Espainiko zezena
toreatzen ikasia
hemen ezin da
Paris aldean
urte dexente pasia.
Elizarekin konponduko dut
lehendabiziko tratua
apaiz asko nola dagoen
komisiotan sartua.
Eserleku altua
kortetan dut hartua
gustora nago begira
nabarmentzeko garai hobeak
laster etorriko dira.
(Doinua: "Iparragirre abila dela")
"Korteetako parodiatik" hartua.
Euskal Herrian
Amara Berriko kale nagusiak, hau da, Isabel II, Carlos I, Balleneros, Eustasio Amilibia, e.a. ipurdiz gora ikusiko dituzu, dena irekita eta txikituta. Donostiar eta gipuzkoar askok, berriz, kale hauetatik derrigorrean ibili behar dute, Carlos I-n baitago Gipuzkoako Trafiko Buruzagitza, Balleneros-en Tiffany's dantzaleku famatua eta Isabel II eta Eustasio Amilibian kristoren restaurant, kafetegi eta merkatuak aurkitzen dira.
Donostiako erresidentzia zelako Amara Berria hauzategi madarikatua gertatu da. Udaleko teknikari eta etxegileen artean burutu dituzten txantxuilo eta lapurketa legezko (?) itxuragabeak egin baitira.
1.946.etik hasita eratu diren lotsagarrizko zenbait lur espekulapenak (udaletxeak berak metroko 50.000 pezetatan makina bat sail salduak ditu) eta udaletxeko alkate eta teknikari zerrendak aipatzeak ez du mereziko. Amararen haziera anarkoa izan bada, Coninsa urbanizagileak jarri du azkenik txapela.
1.976-2-6an, halako batean, Amara Berria urbanizatzeko subasta publiko bat muntatzen da. Eta Madrileko Coninsak salneurriak lurrera botaka (71.000.000, merkego aginduz) hirigintza 30 hilabetetan burutzera konprometatzen da.
Bigarren urtea da kale hauk irekita daudela. Lehengo astean, ordea, Eustasio Amilibia (Felipe IV eta Avda. Madrileko tartea) ireki behar zutela eta ekin zioten Coninsa entrepresako langile urriek. Hauzo elkarteko talde bat, Eustasio Amilibia kalean tinkatu eta makineria eta langileak atzera egitera behartzen dituzte. Udaletxean hauzo elkarteko batzordeari hautsita aurkitzen diren kaleak estali arte besterik irekitzen ez zutela utziko aginduarren Coninsakoek beren maliobretan diraute. Alde batetik "obra bukatua" omen delako helpidearekin bota ditu langile erdiak eta administrari eta guzti 30 geratzen dira. Nola demontre, gero, jarriko dituzte kolektoreak, estali eta beteko, hautsita aurkitzen diren kale guziak?
Baina, bizitza bezala materialeak, e.a. goraka bizkorrean doanez, Coninsak "obra bukatua" deklaratu du dagoeneko eta udaletxeari beste 80.000.000 eskatzen dizkio sinaturiko baldintzapenen gainetik Amarako hirigintza burutu ahal izateko.
Coninsako langileak eta hauzo elkartea
Coninsako langile batzu berehala hasi ziren Hauzo Elkartearekin harremanetan, obretan erabiltzen diren materialeak merkatzearren oso kalitate txarrekoak baitira. Hauzo Elkarteak ardura handiz ikasi izan du arazoa, zergatik hainbeste kostatzen ari den zorioneko eta behinholako urbanizaketa, azkenik txapuza batean lagatzea, adar jotze handitxoa baita. Udaletxeko aparailariak, berriz, ez omen zekien deusik ere. Bestalde, Hauzo Elkartea saiatu da langileei ere laguntzen, zer nolako legeetan enpara daiteke hauzategia tripaz gora jarri eta "obra bukatua" deklaratuz, langileak kale gorrira botatzea?
Oraindik orain langile despedituen aldetiko eta Hauzo Elkartearen aldeko batzorde bateratu bat egona da udaletxean. Eta informaketa dokumentatu batez salatu da egoera osoa. Nola liteke, ordea, zartatuta eta printzaturik dauden kolektoreak lurrez estali eta bere hortan uztea! Non dabiltza udaletxeko aparailari eta ingeniariak? Edo 400.000.000tako obrak ez du horrelakorik merezi? Eta axal axalean geratu diren tuberiak! Hirigintza Coninsari ordaindu bezain laster hor izanen ditugu berriro geure kaleak batxez eta zuloz horniturik, tuberiak hautsita... eta gaitzak zabaltzeko arrisku bizian.
Gauza hauk betiere hala izan badira, ba da ordua burokratismoak alde batera utzi eta herri kontrolpeak ezar ditzagun. Datozen udal hauteskundeetan alderdi burokratak ez ezik herri kontrolpeko eta benetan herrikoi diren ordezkariak hautatzen asmatuko ahal dugu.
Hirigintza hau dela eta, beste bi arazo aipatu beharrezkoak dira, adibidez, hauzategiko 7 enparantza barneak (hitxiak) ez direla urbanizaketa garesti honetan sartzen. Eta plan partzialak dioenez behean parkeialekuak eta gainean belar eta jolastokiak behar badira izan, udalak simaurzulo eta arratoi habia bihurtu ditu. Urbanizaketa honek gainera ez digu hauzategiko behar nagusirik ere soluzionatzen (haurtzaindegia, jubilatuetxea, kulturetxea, e.a.).
Gauzak horrela Hauzo Elkarteak bi manifestaldi eratu ditu hauzategian zehar hauzoko egoeraren berri tamalgarria agertzeko. Lehenengoan ehundaka batzu bildu ginen, geuron artean deputaturen bat ere genuelarik, kalez kale, enparantzaz enparantza, eta txokoz txoko. Otsailak 25ean, ordea, betikook agertu ginen bakarrik, eta bai asanbladan eta bai manifestaldian ehunen bat ginen 40,000tako hauzategi batean. Amara Berriak ez du erantzuten.
Baina Hauzo Elkartean Antxon bezalako borrokalariak ditugun artean ez dugu etsiko eta egunen batean hainbeste lan ixilek emanen duten beren fruitua. Urbanizaketan egin diren zenbait oker edo irregulartasunak akta notarialeak jasoak izan dira denuntzia formal bat eratu behar bada ere.
Bihar, ostiralean, Martxoak 3an udalera 4.000-ren bat firma eramanen dira "udalaren plenu" batean Amara Berriko hirigintza buruzko arazo eta irregulartasunak agertu eta soluziona ditzaten.
Hauzo Elkarteak banatu duen informaketa teknikoa lau galdatze edo ondorio hauekin amaitzen da:
1) Aipaturiko irregulartasunen konprobaketa agiria, peritatze bidez, e.a.
2) Behin okerrak frogaturik, nori dagozkion errespontsabilitateak galdatu eta, jakina, horrek oker eginikako obrak zuzentzea darama.
3) Ezarritako epeak eta urbanizaketa martxa jarraitzea galdatzen dugu, eta hortarako lehen kontrataturiko langileria ere behar da.
4) Hauzo Elkarteak, berriro, batzarrean erabaki bezala, ezarritako portzentaiari zegokionez, kontribuzio bereziak ez ordaintzea baieztatzen du. Halere, lehen bezala elkarrizketa baikor baterako prest gaude.
Alex
Euskal Herrian
Rubial edo Ajuriagerra: berdin da!
Alea jacta est: Ramon Rubial da Euskal Kontseilu Orokorreko burua. Arazoa sortu zenetik, eta bi gizonak (Rubial eta Ajuriagerra) kargu horretarako proposatuak izan zirenetik, batzuk egina zuten beren banaketa: Rubial ala Ajuriagerra. Aurrenak ez daki euskaraz, bigarrenak bai. Ez dago biak parekatzerik...
Goian jarri dudan tituluak besterik esan nahi du. Edonork daki "ala" eta "edo" hitzek esanahi ezberdina dutela. Rubial edo Ajuriagerra, bata nahiz bestea: berdin da! Eta ez dut hau esaten, Autonomiaurreko honen ezereza edo faltsukeria adierazteko edo.
Nekez uka daiteke aukera horrek, politikaren mailan eta Euskal Herriaren etorkizunerako, bere garrantzia izan duenik. Baina garrantzia hori politika orokorraren mailan dago. Bi gizonen inguruan indar politikoak burrukatu dira, bakoitza bere ideiologia, bere politika soziala, ekonomikoa, kulturazkoa eta guzti. Alde horretatik garrantzia handia izan du bi gizonen arteko hautabeharrak,
Arazoa hor ipini delarik, alde batetakoak eta bestetakoak saiatu dira burruka politikoa eta maila pertsonala bereizten: batari nahiz besteari aitortu dizkiote meritu eta balio aski Kontseilu Orokorreko buru izateko.
Baina meritu eta balioen artean, bat sumatu eta aipatu zuen zenbaitek hasera-haseratik: Rubialek ez zekien euskaraz; Ajuriagerrak bai. Politikazko burrukaren barnean hortxe agertu da behin eta berriro arazo hori.
Zorionez, ez du argumentu horrek eragin berezirik izan, Kontseiluko burua aukeratzean. Izan ere, Rubial Kontseiluburuak ez daki euskaraz; baina zoritxarrez Ajuriagerra Kontseiluburugaiak ere ez daki euskaraz. Atxondoko baserritarren semeak ez daki Euskal Herriko politikari eta Kontseiluko buruari eskatzen zaion euskararik.
Inori buruz, eta bereziki egiteko publikoren bat baldin badu, euskaraz ba dakiela esateak, bere kulturaren eta egitekoaren mailan eta alorrean egoki erabiltzeko dakiela esan nahi da; horregatik Ajuriagerrak ez daki euskaraz.
Euskal Kontseilu Orokorreko buruak euskaraz ez jakitea, iraina da Herri honentzat; baina euskaraz dakielakoan hautatua izan, eta bere ofizioa betetzean euskara erabiltzeko gauza ez izatea barregarria da berarentzat.
Alde honetatik ni poztu egin nahiz. Euskara ofizialdu nahi dugun honetan, Rubial Kontseiluburuak ez daki euskaraz; eta zorionez nabarmen jartzen du kontradikzioaren bizia. Ajuriagerrak gu guztiok diglosiaren lozorroan uzteko arriskua zuen.
Paulo Agirrebaltzategi
Asko hitzegin da hortaz, gehiegi ez bada ere. Aspaldion EGINen edo eta Euskal Herriko beste komunikabidetan euskal idazleen irudia eman digute. Polemika horretan ez dugu sartu nahi. Anaitasunako irakurlegoa gainera argituegi egonen datekeela ustez. Askotan azaldu du, bai Zeruko Argiak bai guk, euskal prentsa zer den. Gu biok, Jakin eta Herria-rekin batera, euskal prentsaren ordezkari bakarrak gara. Gutatik aparte beraz ez dago salbaziorik, baina gutatik kanpo ba dago euskal literatura eta periodismoa. Bakarrik bageunde konponduta egongo litzateke euskal periodismoa. Guk baino azkarrago adieraz dezakete EGINen eta DEIAn dauden euskal idazleek. Errespetu eta laguntza guztia merezi dute gainera. Euskararen gorabeherak ez zaizkie beraz berauei bota behar. Baina garbi dago behintzat euskal prentsa, euskaraz dagoen prentsa, zer nolakoa den eta zeintzu diren.
Euskaraz argitaratzen duten egunkariak ez dira asko. DEIAk eta EGINek osotzen duten zerrendari, Diario de Navarra eta Diario Vasco egunkariak gehi geniezazkioke, euskaraz zertxobait ere noizean behin argitaratzen baitute. Ezin gonbara daitekeela batak eta besteak argitaratzen duena esango omen da, arrazoia ere ez da faltako. Azterketa hotz batetan lehengoko biek, eta ez besteak, aipamena mereziko zituzketen. Hala ere, euskarazko portzentaiak bai Deian bai Eginen beherantz doaz. Arrazoiak horretarako ez dira faltako. Zeintzu daitezkeen oztopoak ikusi nahi bagenitu, ekonomi arazoak aipatuko lizkigukete berehala. Egin-en edo Deia-ren irakurlegoaren artean, segur gaudeke, euskara ulertu eta irakurri egiten dutenak % 15 baino gehiago direla. Kopuru hori apala izan arren zertxobait da. Egunkari bilingualak % 50 edo % 40 eduki behar du hizkuntza batean zein bestean. Hortik beherantz inongo azterlari seriosa ez da ausartuko berauk elebiduntzat hartzen. Egin eta Deia beraz, ez dira egunkari bilingualak. Ez dira sekula izan. Kalera irten baino lehen batak zein besteak, euskararen alde, euskaldunen artean, betikoa, hitzaldi pottolo eta propaganda ugari bota zituzten. "Egin dezagun Egin", esan da, gure hizkuntzaz ere aterako den egunkaria. Ezin esan daiteke bestela Deiak eta Eginek ez dutela euskararen alde lanik egin. Ez gara hori esaten ari. Aurrez gaudenekin bide luzea eginik gauzkate, baina subskripzio orduan prometatu zitzaiguna, inondik ere ez dute bete.
Propaganda egiterakoan portzentaiak berdin samarrak izan ziren, gero, argitaratzean, labetik ateratako opila, aurrez prometaturiko ezaugarri eta integrabide guztiak desintegrabide misteriotsuak bilakatu ziren. Askotan ez da minimum dexente batetara ere ailegatzen. Ba dakigu egunkariok, diglosikoak direla, hobe ez! Baina... ba dira diglosia errespetagarriak, zoritxarrez. Nik uste minimum dexente bat egon behar dela. Diglosia dexente bat. Gu bezain dexente. Zapalkuntza, hizkuntza ezberdin baten menpean egotea, bai. Behintzat menpekotasun hori duintasunez eramaten bada... Hori ere ez da betetzen. % 15 izan zitekeen euskararentzat menpekotasun duina eta jasangarria oso guttitan ikusten da.. Aztertutako hilabete osoan behin bakarrik topatu dugu portzentaia hori, EGINeko Urtarrilaren 17an. Beldur gara Egineko Urtarrilaren kurba aztertzean portzentaia hori berriro ere lortuko denik. Kurba hau, gero eta beherantz doa, Deia-koarekin elkartuz. Azken honek askoz guttiago du. Behin bakarrik, Euskal Herriko informazioari dagokionez, harritu gaitu. % 23 euskaraz. Eguna ez zaigu ere ahaztu. Txiripaz edo kasualitatez Abenduaren 28an. Hegoaldean enozenten eguna hospatzen dugu.
Egin eta Deia barrutik aztertzen
Euskaraz emandako albisteen garrantzi eza nabaritzen da berehala. Egunkari bietan, Deia galtzaile, albisteotatiko % 99a erdaraz soilik ematen da. (1) Egiazko informazioa beraz erdaraz datorkigu. Euskaraz argitaratzen diren ehun albisteren artean batek soilik du nolabaiteko garrantzia. Beraz, egun batzuetako euskarazko portzentaia ona edo duina izan arren, mamitasun guztia erdaraz etorri zaigu. DEIAk esaterako, Abenduaren 28an Euskal Herriko horrialdeetan % 23 argitaratu zuen euskaraz, benetako albistea ordea erdaraz soilik eman zuen. Orduan, zertan dautza euskarazko albisteak?
Ezin esan daiteke, edozein moetatako albisterik publikatzen ez denik, bai ordea, euskarazkoak axolagabekoak izaten direla gehienetan. Euskal Herrian barne ipini beharko ziren artikuluak, garrantzi ttikia izanez gero, beste edozein horrialdetan agertzen dira. Ba dirudi askotan euskarak zera duela: Hutsuneak betetzeko funtzioa.
Erdal albisterik ordea ez zatekeen sekula haien ordez ipiniko, egunkariari kategoria kenduko omen liokete euskaraz ematen direnetik asko erdaraz ipiniko balira. Beste batzutan, DEIA-ko kasua batez ere, Euskal Herriari buruzko albistetartean edozein gai sartzen da.
"Elkar Alfabetatze 200 hitz". "Negua negukoa" eguraldiaren gorabeherei buruz, edo eta euskal kulturari buruz dagozkienak. Euskalduna ez denak pentsatuko omen du eta arrazoiz gainera, guri eskaintzen zaigun informazioak bere garra eta baloreak ere ba dituela. Oker dago. Lasai egon daiteke. Gure albisteak, gehienetan arlotekeriak ez badira ez dabiltza askotan oso urrun.
Zein konklusio atera daiteke heraz guzti horretatik?
Ba zera, atalez atal emandako euskal portzentaia gorenek ez dute askotan balio izango benetako estatistika objektiboa prestatzeko. Euskal Herriari edo Estatuari buruzko albisteak bi alde ezberdin dituelako. Bata erdal albistea, benetakoa, bestea euskarazkoa, axola guttikoa.
Internazional mailan euskara, bestetan bezalakoa, bigarren moetakoa da. Hala ere tratu hobea dugu hemen euskaldunok. Atal honetan euskarazko albisteak besteetan baino ugariagoak izaten dira. Ba genekien euskara oso internazionalista zela baina ez dugu pentsatzen horregatik, "ugaritasun" hori horrelako arrazoi artean bila daitekeenik, aitzitik nazioarteko mailak irakurlego guttiago daukalako, tratu hobea merezi du hemen euskarak.
Koadro honetan euskarazko portzentaiak aztertu dira. Datu hauk ez dira exhaustiboak. Adierazpide gisa erabili ditugu.
DEIA
Osotara 1. hor. Euzkadi Estatua Gaiak
Iruzkinak
Ab. 6 5% 0% 7% 4% 0%
Ab. 20 2,5 0 2 2 0
Ab. 22 3,2 0 8 4
Ab. 27
Ab. 28 7,8 23,9 4
Ab. 30 4,6 0 3 3
Ab. 31 6 0
Urt. 3 0,1 0 3,7 6 0
Urt. 4 6,4
Urt. 5 3,8 0 0
Urt. 14 4 6 2,3
Urt. 15 3,7 5
Urt. 17 0 0
Urt. 18 4 0
Urt. 19 0 30
Urt. 20 0 0
Urt. 21 0 0
Urt. 22 0 0
Urt. 24 0 0
EGIN
Osotara 1. hor. Euzkadi Estatua Gaiak
Iruzkinak
Ab. 6 7,5 3 4 2
Ab. 20 10 1 15 12
Ab. 22 7,6 1,8
Ab. 27 4
Ab. 28 5,6 13 1 1 0
Ab. 30 10 0 3,5 3,5
Ab. 31 9,4 6 12 1
Urt. 3 5
Urt. 4 0
Urt. 5 7 0 2
Urt. 14 5 1,3 2,3
Urt. 15 15 0 0
Urt. 17 8 0
Urt. 18 4
Urt. 19 6 0
Urt. 20 7,7 7 0 2,6
Urt. 21 2,3
Urt. 22 0 0
Urt. 24
Lehengo koadroan agertzen diren ehunekoak osotara hartutako portzentaiak dira. hau da, egun horretan guztira zenbat argitaratu den euskaraz. Bigarrenik, lehen horrialdeko portzentaiak ematen dira. hirugarrenean Euzkadiri dagozkion albisteen portzentaiak. Laugarrenean Estatukoak eta bostgarrenean irazkin edo gai periodistikoen portzentaiak.
Batzutan koadroa zuria agertzen zaigu. Egun horretan daturik hartu ez dugulako da. Egunak guztiz azarean hartu ditugu. Ez ditugu beraz euskarazko portzentaia ttikienak aztertu ez eta handienak ere. Guztiz azarean izan da.
Oso adierazgarria dateke bestalde, euskarari euskaraz egiten zaizkion lausenguak eta goraipamenak. Deia, honetan, maisua dugu. Predikua ez da basamortuan eroriko baina 4 plus 4 8 direla ez zaio irakatsi behar unibertsitatean dagoenari.
KONKLUSIOA: Euskal Herrian dauden egunkari guztietatik EGIN eta DEIA dudarik gabe hobeak dira. Bata zein bestea desagertuz gure herri osoaren kalterako izango zen. Ezin dute beraz frakasatu. Hori gertatuko balitz kakatzan egotea mereziko genuke euskaldunok. Baina ez da dena arrosa eta eztia. Gauzak beren tokian ipintzea beharrezkoa da. Ez dugu beraz beste helbururik eduki honekin. Guzti hau, gauza jakina zen noski. Orain nolabait konprobatuago geratzen da. Ez dugu pentsatu nahi, arrazoi ekonomikoak aparte, beste ixilpekorik dagoenik. Hala ere zerbait gehiago merezi dugula euskaldunok segur nago. Euskarak subentzioak eduki behar ditu. Euskaraz argitaratzen diren egunkari eta aldizkariek estatar subentzioak eduki beharko dituzte. Estatu autonomoa Euskal Herriaren aurrean erantzulea da honetaz ere. Subentzioa da soluziobide bat, logikoena gainera. Euskarari kalte egin ziotenek paga bezate orain. Paga biezaiete ezkerreko zein eskuineko egunkariei, paga biezagute euskaraz argitaratzen dugun guztioi.
E. H.
Doña Prudentziak, edalontzia ahoratzean, minezko keinu bat egin du.
DOÑA PRUDENTZIA.— Zein beroa ekarri didazun!
IDEALISTA.— Min hartu al duzu?
D. P.— Bai, zerbait bai.
Idealistak zigarro bat eskaintzen dio.
I.— Ale, erre ezazu, ea zentzazio hori kentzen dizun.
D. P.— Ba al dakizu? Atzo don Listo nire senarra eta biok "Emmanuelle" ikustera joan ginen.
Idealistak harriturik begiratzen dio.
I.— Horrelakorik! Ez nuen uste lesbianismoa eta maite zenituenik.
D. P.— Lesbianismoa? Zer da hori?
Idealistak irribarre egiten du.
I.— Emakumeen arteko maitasuna. Ez al dituzu "Climax" eta aldizkari pornorik irakurtzen?
D. P.— "Emmanuelle"rekin nahikoa eta gehiegi izan dut. Zikinkeria handiagorik! Ikusi al duzu zuk?
I.— Bai.
D. P.— Eta zer iruditzen zaizu?
I.— Filme aldetik ona ez dela. Argumentu pobrea du. Eta porno aldetik, "apertura"ren haseran gaudelako arrakasta duela, baina hilabete batzuetara, moral zabalago bat normaltzat harturik, ba hori, debekatuaren xarma galduko duela eta jendeak emango dion arrera normala ere izango dela.
D. P.— Eta gaiaz aldatuz, ikusi al duzu Euskadiko Ezkerrarekin gertaturikoa? Zuk horiei eman zenien botua, ezta?
I.— Bai, horiei eman nien. Pena da, izugarrizko pena, ezker abertzale alderdi guztiak alderdi bakar batean ez batzea. Orain gertatu den zatiketa, Euskadiko Ezkerrarena esan nahi dut, espero nuen zerbait zen. Guretzat, ezker abertzaleontzat, problema bi daude konpondu beharrak: problema nazionala eta problema soziala. Hori EMKeta OIC-koek ez bide dute ulertzen.
D. P.— Zergatik diozu hori?
I.— Kontseiluaren Lehendakaritzaren arazoarengatik. EMK eta OIC-koek nahi zuten Bandresek Rubial-i botua eman ziezaion eta ez Ajuriagerra-ri. Beraz, kasu horretan, nazional interesen gainetik soziala ipini nahi zuten. Baina Lehendakaritzarako botazio horretan arazo nazionala eta ez soziala eztabaidatzen zen, eta froga bezala hor duzu UCD Rubial-i botua ematen, hau da, burjesek sozialistei laguntzen. Beraz, PSOE eta UCD (biak estatalistak) alde batetik, eta PNV eta EIA bestetik (abertzaleak). Hor duzu botazio hori arazo nazionala zelakoaren froga eta ez soziala. Beraz, EMK eta OIC-ren haserreak, enetzat ez du funtsik,
D. P.— Nire senarra don Listok dio Boltsan oso pozik daudela Euskadiko Ezkerraren krisi hori dela eta.
I.— Noski horrela izango da. Guretzat triste dena zuentzat pozgarri izan behar, gure interesak kontrakoak izanik.
D. P.— Eta orain zer egingo du EIA-k.
I.— Ez dakit. Ene ustez HASI eta Altsatsuko Mahaikoekin elkartu behar litzateke, eta elkartu baino gehiago, batu, alderdi bakar bat egin. Orduan ezker abertzaleak izugarrizko indarra hartuko luke.
D. P.— Baina etorkinak ez lirateke horra joango.
I.— Zergatik ez? Ikus hauteskunde sindikaletan zer gertatu den. Hainbat eta hainbat etorkinek EIA eta LAB-i eman dizkiete beren botuak. Ezker Abertzaleok osa genezakeen alderdi hori langileria osoaren zerbitzutan ipiniko bagenu, etorkinak ere geuregana genitzake. Hori zintzo eta leialki jokatuz lortuko genuke.
Doña Prudentzia ordulariari begiratzen dio.
D. P.— Barka, baina joan egin behar dut. Idealistak maltzurki begiratzen du.
I.— Zer, "Pariseko azken tangoa" ikustera?
Xabier Gereño
Euskal Herrian
Gure politikarien artean inoiz esan da, Sabino Aranaz hasita, euskaldunon etsaia ez dela Madrileko gobernu hau edo bestea, Espainia osoa baizik, hots, azken finean, nazio arteko burruka dela gurea, nazio zapalduak zapaltzailearen kontra darabilen burruka halegia.
Jarrera hau, denboraz, bigunduz joan da eta ñabarduraz zehaztuz ere bai. Zenbaitzuk zera kontraesan dute, ezin jaurtiki dakiokeela espainol Herri osoari beraren gobernari konkretuek (eskuindar eta faxistek, hain zuzen) penintsulako beste Herrien kontra egindako ethnozidioa. Euskaldunen etsaiak, hortaz, ez lirateke espainolak, espainol eskuindar faxistak baizik. Eritzi horretakoak dira gaurko alderdi asko, horren kariaz Espainiako Herrien arteko solidaritatea behin eta berriro goraipatzen dutenak.
Ba dira beste zenbaitzu, ordea, Espainiako Herrian artean ezberdintasun batzu seinalatzen dituztenak: Herri zapalduak (Katalunia, Galizia, Euskal Herria...) eta orain arteko gobernu zentralisten politikaz beren hizkuntz, kultur eta ethni interesak babesturik eta inoren kaltean —horregatik sekula protestatu gabe— erabat zabaldurik ikusi dutenak: espainol Estatuko populazio gaztelauaren gehiengoa halegia.
Hirur jarrera dira, beraz, kontutan hartzekoak: a) euskaldunen etsaiak Espainiako beste guztiak direla uste dutenek (gaur oso gutti, inor baldin bada), b) euskaldun etsaiak espainol eskuindarrak direla diotenek, eta d) gure arerioa Gaztelaren inperialismoan dakusatenak.
Etsaigoa eta zentralismoa eskuindarren akats hutsa dela pentsarazteko, ba dago, egon, zenbait arrazoi: foruak galdu genituenetik hona ez dela Espainian inoiz egon, luzaro bederen, ezkertiar dei genezakeen gobernurik, hain zuzen. Errepublika ezagutu zuten asko, ordea, orduan ikusiak ikusirik, ez daudeke hain segur. Orduko gobernu ezkertiarrak, egia esan, ez zuen euskaldunokiko aurrekoek baino tratu hoberik erabili. "Kontua da —dioskute baina bigarren eritzikoek— Errepublikako sozialistak ez zirela PNVeko eskuindarrez askorik fidatzen. Orduko gobernuak, beraz, euskaldunen kontra ez, baizik euskaldun "eskuindarren" kontra ziharduen". Honek ez gaitu askorik argitzen, zeren, azken buruan, ba dirudi edozein kasutan ere Madrilek izan behar duela euskaldunoi "zer" eta "nola" izan behar dugun erabaki behar diguna, eta beraren bidetik ez goazenean, gaztiguz, zigorra eman.
Suarezen gobernuak aurreautonomiaren arazoaz darabiltzan jukutria, maltzurkeria, baina eta atzerapen susmagarri guztiak, noski, eskuinaren jokotzat hartzekoak dirateke berauen ustez. Ez zatekeen gauza bera gertatuko, jakina, baldin eta Felipe edo Santiago buru izan balira.
Duda-muda guztiok behin betiko klartzeko ordua baina, laster datorke: Konstituzioarekin, hain zuzen. UCDek Parlamentuan gehiengo erlatiboa baldin badu ere, PSOEk, PSPek eta PCEk, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko nazionalistekin batera, Parlamentuan gehiengo absolutua daukate horregatik. Beraz, konstituzioa egiterakoan, ezkerraren eta nazionalisten pisu berezia, batak besteak bezain autonomista eta autogobernuzale baldin badira behinik behin, aski garbi agertu beharko da.
Ez da dudarik, nik uste, euskaldunok, katalanek eta galegoek ahalik eta autonomia handien lortu nahiko dugula, baina berauk, Espainiako parlamentari guztiekiko, ordea, ez dira ugariegi. Espainiako ezkerrari dagokio beraz, berauen alde —edo kontra— egitea. Balantza eskuan dute. Oraingo Parlamentuak moldatu, zuzendu, erabaki eta onhartuko duen konstituzioak erakutsiko diguke, antza, zein dugun adiskide eta zein etsai euskaldunok. Apostuak gustu guztietarako egin daitezke.
Xabier Armendaritz
Euskal Herrian
Pertsonak gaixo jartzen garenean sendatu egiten gaituzte eta ez lur eman.
Gaur, Euskal Herrian hainbat "politikarik" alderantziz egiten du. Izan ere, "politika" klase honek inor askatu ordez, euskaldunok lurperatu egingo gaitu: Ezker Abertzaleko jendeak, ezer izan badugu garbi, herri honen askapen bidea KAS-en hildotik zetorkigula izan baita.
Zer da K.A.S.?
Lehenengoz eta behin, KAS jende multzo bat litzateke joan diren urteetako burrukaren ondorioz burruka dinamika bat asumitu duen jende multzo bat hain zuzen. Esan beharra dago, baita ere, herri honek jasaten duen zanpaketan sektorerik sentsibleena dela.
Jende multzo horrek buruka dinamika bati erantzuten diola diogu; azter dezagun bada dinamika hau.
Dinamika honek 1960.etik abiatzen den dekadan lituzke bere hastapenak; E.T.A.ko hildakoen aldeko mezak, hilzigorpetuen aldeko burrukak, Burgos-eko epaiketa. Hauk lirateke mugimendu berri baten lehen arnasa hartzeak. Lehen burrukaldi honek 1970.ean joko du tope. Ondoren mobilizazio orokorren apalaldi bat datorkigu bertan burruka gizartearen alor desberdinetan kokatzen hasten delarik.
Lehen burrukaldi honetatik atera daitezkeen bi ondorio garrantzitsuan hauk lirateke:
- jendea burrukan hasi dela, oldartzen hasi dela.
- burruka hauk kapitalizatuko dituen erakundearen falta, zeren garbi baitago ordurako zeuden erakundeek ez zutela multzo haundi baten nahia betetzen.
Burutazio hauekin hasten zaigu bigarren burrukaldia 1970.etik 1976.era doana. Lehen esan bezala epe honetan burruka sektorialak garrantzia hartuz doaz eta hori beste arrazoi bat izango da erakundearen falta nabarmentzeko.
Erakundearen faltagatik, eta baita ere faxismoak jartzen dituen oztopoengatik burruka hauek ezaugarri berezi bat hartuko dute: autoeraketa. Hau da, burrukak ezin ditu inork zuzendu eta ondorioz multzoa bera bihurtzen da zuzentzaile eta eragile. Autoeraketa prozesu honetan sektore honek parte haundia izango du.
Burrukaldi berri honen puntu gorenak denon gogoan daude: Gasteiz, Txiki eta Otaegi, Amnistia (KASen linea hementxe agertuko litzateke garbiki) eta Askatasunaren ibilaldia.
Jendeak burrukan ikasten du. Horren frogarik onena epe honetan dakusagu. Hala nola, autoeraketa prozesua aurrera joango da, bere gorabehera guztiekin noski. Batera 1974.ean sektore hau alderdiak eta masa erakundeak sortzen hasiko da: LAIA, LAK, LAB, EHAS. Bestaldetik, ETAn bertan ere zatiketa egon da, Politiko-militarrak alde batetik eta Militarrak beste aldetik geldituz. Gauzak horrela eta Txiki eta Otaegiren aldeko burruken segidan, 1975.eko Hazilean KAS Koordinakundea eratzen da. Gaur egun KAS osatzen dutenak hauxek dira: HASI, LAIA alderdiak, ASK, LAB, herri eta langile masa erakundeak, eta obserbatzaile gisa ETA militarra.
Honaino helduta KAS sektorearen definizio bat ematera ausartuko naiz: "Jende multzo bat, nazional eta sozial zapalkuntzari, praktikan erantzun bakarra emanen liokeena, burrukarako sektore sentsibleena izanik, burruka harmatuaren eusle eta frontekadurazko politika baten jarraitzaile agertzen dena."
Gaurko jarrerak KAS-i buruz
1) Alde batetik espainol oligarkiarena dateke: sektore hau eta erreforma politikoa aurrera atera nahi duten sektoreak UCD-en legozke txertaturik; garbi dakusagu hauen jarrera: KAS irlatu nahi dute, beroni dioten beldurra ezin haundiagoa izanik (ikus azkenengo bortxakeriari buruz egindako alderdien bilkurak).
2) Bigarren atal batetan parlamentaristak eta hauen jarraitzaileak legozke. Hauen jokabidea parlamental jokoan murgiltzean datzanez oldarkuntzazko hildorik ez lukete onhartuko, gutiago berau abertzalea izanik. Inoiz mobilizazioak bultzatzen badituzte parlamentarismoaren laguntzaile bezala izaten da. Hemen PNV, PSOE, PCE, alde batetik eta bestaldetik: MC, ORT, EKA, etab. egonen lirateke.
3) Une honetan KAS-en lagun agertzen den euskal sozialdemokrazia genuke, nahiz eta taktika mailan izan elkarkidetasun hori.
4) Laugarren atalean KAS-etik irtendako EIA-PM tendentzia genuke. Hauen ustetan, gaur egun langile (izan nahi duen) Alderdi batean finkatu beharko litzateke politika guztia, eta gainera Alderdiaren lana litzateke egoera desberdinei atxikitzea, horretarako hildo politikoa bera ere aldatzen delarik. Filosofia honek KAS-en kontra darama praktikan tendentzia hau, zeren lehen genioenez KAS-en ezaugarriak lirateke:
- oldarkuntzazko estrategia
- autoeraketaren bultzatzea.
Praktikan tendentzia hau ezaugarri hauen kontra doa, eta neurri horretan, KAS-en kontra. Ez dakigu kontra egiten noraino helduko den.
KAS-i buruzko jarrera jatorra
Ez dakigu Euskal Iraultzaren prozesua nola emango den: erritmuak, denborak, etab.
Gaur arteko historiatik, ordea, ondorioak atera ditzakegula uste dut:
- Abertzale Iraultzaile mugimenduak bere ideologia birbaieztu duen bakoitzean sendoago atera da beti, ideologia eta politika mailan sendoago.
- Bestalde, sektore honek lortu egin du orain arte herria alternatiba batzuren inguruan batzea, beraiengatik burruka dadin.
Bestalde, garbi dakusagu ehundaka kontraesanak ditugula oraindik, horien artean garrantzitsuenetariko bat barnemigrazioarekiko problematika delarik: Nola irabazi sektore hauk ideologia eta politika mailan Euskal Herri Independente eta Sozialista batetarako?
Baina une honetan KAS ukatzen ez dugu uste ezer irabazten dugunik, eta bai ordea, galera haundiak izango ditugula uste dugu. Lehenengo galera sektore abangoardia honen deuseztatzea litzatekeelarik, frustrazio bidez (gaur egun sintomak agertzen hasiak dira).
Guzti honengatik baieztatzen dugu KAS-i buruzko jarrera jatorra gaur egun sektore honen bultzatzean datzala beronen ezaugarriak asumituz eta bultzatuz; hau da, oldarkuntzazko estrategia bat eta herri eta langile autoeraketarako estrategia. Baieztatzen dugu, baita ere, une honetan zuzendari politiko bakarra KAS (Koordinakundea) izan daitekeela, bertako alderdien gainetik eta Euskal Iraultzak ematen digun berezitasun hau asumitu beharra dagoela baldin eta Euskal Herriko langileen Euskal Iraultza egin dezaten nahi badugu.
Gaur, Euskal Herriari egin diezaiokegun mesederik haundiena KAS sendo bat eskaintzea litzateke, hauxe baita Euskal Herriko Iraultza Sozialistaren Eragilea.
Mendizabal
Euskal Herrian
Iparraldea. Hauteskundeak eta militantearen jarrera
Hauteskundeak heldu zaizkigu Iparraldearentzat. Bistan da, frantses hauteskundeak, frantses politikalarienak eta frantses politika indar guzienak. Hots, guretzat, Euskaldunentzat kolonialisten joko politikoan murgilduta gabiltza. Hau ere frantseskeriaren sentierazteko manera egoki bat: frantsesak garela eta gure zerikusia ba dugula frantses gauzetan. Horregatik, gaur gure belarri eta begi guziak Parisera begira dagotzi. Batipat, andere telebistaren bitartez.
Populuaren benetako interes guzia Parisen eta Parisera doa; Giscard, Chirac, Miterrand, Marchais, etab... baina hauetan zer interes dadukagu Euskal Herriaren hauteskundeentzat? Ezer gutti! Hona gure errua, izan gaitezen sindikalari, nekazari, bankulari, komertsiolari edo nik dakita zer, denak Parisera buruz gaude. Ez ote da jarrera hau okerrezkoa? Ez ote digu jarrera honek aitortzen geure alienazioaren sakontasuna? Euskal askatasunari buruz dugun ahaztukeria eta axola ttipia? Bai, hauk denok gure frantsestasunaren manifestagarriak zaizkit. Hemen nabari zait bidea luze dagoela, lan asko egin behar denik eta langile gutti. Hau da nire lehen oharpena.
Bigarren oharpena lehenak dakar eta da, ginela kolonialismoaren menpetasunean. Errealitateak hau digu agertzen egun guzietako urratsetan zehar: irratian, egunkarietan, telebistan etab... eta frantsesak gaudenez gero, guk ere geure zerikusia dugu. Baina ez ahal da joko hau oso arriskugarria? Egia esan, hala da! Zergatik eta norentzat? Ikusten ditut joko honetan murgildurik hiru Euskal gizon kategoria: bata guziz alienatu eta bere burua frantses dadukana (100etarik 60), bestea, beren burua Euskaldun daukatenak baina une honetan frantses politika ezkerrekoaren aukera egin digutena (100etarik 25) eta azkenak euskal politika huts hutsean gabiltzanok (100etarik 15). Mintzo naiz batipat Euskal Herri barnearentzat. Dena dela, honetan agertzen da, kolonialismoak uste baino sustrai sakonagoak dituela. Adibidez, asko nekazari gazte frantses nekazarien sindikaren barnean dabiltza eta azken urte hauetan oposizio gogorra ere agertu beren buruzagiei. Ezin ulertuzko jarreran topatzen ditugu hauteskunde hauetan: mobilizazioan sartu nahi eta ez sartu nahi, politika militantismoa laudatzen eta politika militantismorik ez egin nahi. Guziz zalantzazko jarrerak. Sindikalismo apolitiko baten izenean politika mailan ezer egitea aukeratu dute batzuk eta hain zuzen ezer ez eginez frantses ezker-eskuinaren jokoa dute egiten. Egiaz, lastimazko jarrera, negatibo hutsa. Esan ezik, bakoitzak ditu bere arrazoi ezinhobeak: oinharrizko populua ez dagoela prest, ez dela militantismoa populuarengandik baztertu behar, urrats bat bestearen ondotik egin behar dela etab... Baina, denbora berean Euskalduntasuna ezinago lehertuta dagoenean, gazteak trumilka atzerriratu behar duenean, nekazaritza hilzorian dagoenean, ez ahal da aukera argi eta garbi baten ordua etorria? Ez ahal du bakoitzak bere politika aukera agertu behar guziei eta beldurrik gabe? Ezen, honetan baita arazoa, asko eta asko Euskal Herriaren alderako aukera politikoaren manifestatzeko beldur direla.
Egia esan, ingurumena ez zaigu horrelako aukera baten alde agertzen baina bai kontra. Iparraldean, Euskal Herriaren aukera ez dugu oraindik errentable. Errentable dugu batipat eskuinaren alde izatea, orduan ukanen baita kontsiderazione, entzule eta estimu. Hori bilatzen ahal dute "Euskaltzale" zenbaitek? Nekazari sindikalari "euskaltzale" zenbaitek? Dakusagu hemen, aukeraren arazoan gabiltzala, bistan dena politika aukeraren arazoan.
Esan ezik beraz, aukera hau ez dela garbia, ezezkoa dela eta horregatik kalte egingarria. Ez dut uste zalantzaren eta dudaren mementua denik baina da oroz gainetaik hautu argiarena. Iparraldea borrokalari afirmatuen behar gorrian dago eta bistan da ba direla, nun dira? Eta noiz eginen digute politika alorrerako jauzia? Agian, denak ito aitzin! Agian laster!
E.H.A.S.ekin
EHASek bere aukera argi eta garbi agertu digu: lana Euskadin, autonomia, euskal populuaren askatasuna borrokaren bidez. EHASen jarrera positiboa zait, kolonialistaren jokoaz baliatzen da, honen konstituzioaren lege politikoak beretzen eta hauen bitartez Euskal Herriaren arazo politikoa plazaratzen. Esan ezik, denak, militante eta borrokalari bakoitza, benetako aukeraren aurrean ezartzen dituela. Ezin daiteke beraz harri era guzietako jarrerak topatzen baditugu.
Zenbaitek esan digute EHASek ez zuela presentatu behar eta abstentzioa eskatu behar zigula. Baina dakusakegunez EHASek ez digu horrelakorik egin, batipat abstentzioaren aukera, kontestu politiko honetan, negatiboa delako. Gainera, esan ezik, demokrazia irudi guziek jabetu egin behar dela eta hauekin ideiak, gure asmoak berak plazaratu. Jendearekin elkarrizketaren sortzea, helburu politikoen lantzea, eginbehar konkretu batzuetara denak bultzatzea, oso gauza positiboak dira,eskuetarik eskapatzera utzi behar ez direnak.
Hala ere, egia zaigu Alderdi politiko batek ez duela berak bakarrik iraultzarik egiten ahal, guzien aspirazio bat elkartzen eta biltzen ahal baizik, Horregatik, esan genezake garaituko dugula, euskal arazoa majoria baten gauza bihurtuko denean, Gaur, minorian dira borroka hau daramatenak, baina honek ez du esan nahi minoria honen ideialak balio ez duenik. Ideialak bere balio sakona oraindik daduka eta bihar majoria bat lotuko, josiko zaionean bere balio ageria, batipat orokorra guziei nabari izanen zaie. Ez du beraz, Iparraldeko borrokalariak konplexatua izaterik.
Beste alderdiak
Beste alderdiak dira frantsesak, eskuineko,erdiko eta ezkerreko. Esan beharrik ez, ezkerreko eta erdiko (C.D.S) alderdiek ere ba dakitela euskal populuaren arazoetaz jabetzen: artzainetaz, nekazarietaz, langileetaz, denetaz hitzegiten digute inoiz egin ez duten bezala. Hots, borrokaren mailan ez zaizkigu biziki agertu baina elearen mailan agertzen dira.
Inchauspe jauna, hau atrebituago dugu: hitz gutti eta diru asko. Hain zuzen, gaitzeko ilusio demokratikoa sartu digu Baigorri eta Garaziko kantonamenduetan "Contract de Pays" honen bitartez. "Contract de Pays" edo "herrialdeen arteko kontratu" dakarkigu diru alde bat oso estimagarria 450 milioi zahar. Diru hau emana da, bakarrik Frantziako herrialde gaixoenei (esan ezik gure gaixotasuna sakona denik?). Iparralde guzia mugimendu eta ezinegon gaitzko batek harturik bezala ari zaigu. Biltzarre bat hemen, beste bat urrunago eta horrela Inchauspe-ren propaganda aurrera doa. Asko ezkerreko gazte biltzarre hauetan dabiltza beste guziekin batera. Zergatik? Elkarrizketa guziez jabetu egin behar dela erantzun digute, jendeari benetako arazoak agertu eta aurrera eraman. Ez dut ulertzen zergatik mobilizazioa maila honetan eta biltzarre hauetan hain argi dagoen eta nolaz ez dagoen berdin izaten ahal Euskal politikaren mailan. Edo bestela ezin dezakegu ezer egin Inchauspe-ren eraginetik aparte eta honen benedizio ofiziala gabe. Inchauspek baieztatuko ahal gaitu zapaltzaileen aurkarako borrokan ere? Kontradikzio bat gehiago.
M. L. UHAITZE
Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian: euskal migrapena
Iparraldeak pairatzen duen koloniar egoera, beste arrazoi artean, langeldiketa handiaren erruduna da. Frantziako boterea gure ipar euskal herri osoa zelai berde polit eta baketsu bat bilakatzen ari da. Finean, bilakatze oso hau turista eta zahar aberats batzurentzat izan nahi du. Era honetara edozein desarroilo ekonomiko edo eta humanoa blokaturik agertzen zaigu. Nekazariek herriak eta bordak uzten dituzte, gazteriak ezina du bertan bizitzea, tradiziozko industria ttikiek porrot egiten duten artean, kostaldeko lantegi zahartuak, bata bestearen atzean ateak hersten ari dira. Hiru lantegi daude oraindik zutik. Bata Baionan beste biak Angelun eta Mugerren. (Dassault-Breguet, Turbomeca, Sat) baina hauk kanpoko aginduei eta esanei loturik daude.
Aspalditik ere, Euskal Herriak migrapena zer den oso ongi ezagutzen du. XLXgarren mendean gazteak Ameriketara joaten ziren. Garai hortako amerikanoak oso famatuak ziren Euskal Herrian zehar. Amerika zenbait euskaldunentzat orduko mitoa zen, ondasunaren iturria. Baina egiaz Amerikan zeudenetariko askok eta askok miseria eta pobrezia gorriak ezagutzen zituzten, mendian bakarrik, bordetatik bordetara, artzain gisa, diru oso gutti irabaziz, eta irabazten zena farra batetan ahituz, berriro ere mendira jo behar.
Honetatik guztionetatik aparte, gure Euskal Herri honek langileria merkea eskaini du Frantzian zehar, batez ere industriguneak zeuden tokitan. Frantziako burjeseriari neskame, zerbitzari eta morroi ugari eskaini dio Parisen, Bordelen eta beste zenbait tokitan. Honela Nafarroa Beherea eta Zuberoko herriek ikaragarrizko husteak izan dituzte,
Hona hemen adibide batzu:
(1) JOANKOIAK:
1832-1836: 828
1846-1855: 16.111
1884-1931: 16.421
Populazioa. Amikuze: % 44 guttiago (1846-1962) periodoan.
Garazi: % 55 guttiago (1876-1962) periodoan.
Gaur egun migraketa ez da oraindik gelditu, Urtero, milatatik bi mila gaztek inguru Euskal Herritik kanpora joan egin behar dute. Arrazoiak betikoak dira. Ipar Euskal Herrian ez dago lanik. Honela, Nafarroa behereko eta Zuberoko populazioa guttituz doa eta ondorioak oso grabeak dira. Era honetara segituz gero, Barne Euskal Herriak euskaldunik gabe geratuko da laster. Euskal lurraren salmenta jadanik hasia dago. Euskal gogoa eta arima ere salgai dago. Likidaketa oso merkea baita.
1962-1975 C eskualdea (Basoa): - 17,58 % (14.321 bizilagun).
B eskualdea (mendiska): - 3,78 (46.304 bizilagun).
A eskualdea (Kostaldea) populazioz hazten ari da. Hazten den eskualde bakarra dugu orduan. Hazte horren kausa nagusia Frantziatik datozen erretiratu aberats eta turistena da. Barneko jendeak ere kostaldera migratzen du.
A eskualdea - % 19 (165.957)
Migraketa handi honen ondorioarengatik Frantziako hiri nagusi guztietan euskaldun asko aurki daiteke.
Parisen: 30.000 euskaldun
Bordelen: 15.000 euskaldun
Paben: 10.000 euskaldun
Tolosan, Lyonen, Marsilian...
Honetariko zenbait 20, 30 urtetatik hona bertan bizi da. Beste batzuk denbora guttiago daramate. Azkenez beste zenbaitzu joankoien seme-alabak dira. Bertan jaio eta haziak. Gehiengo honek behe-mailako lanbideak ditu: enplegatuak, langileak, peoiak, funtzionari ttikiak, etab...
EUSKAL HERRIRATZEA: Hortaz guzti orok pentsatzen dute. Baina beti zaila, difizila, ia gehienetan bete ezinezkoa. Herriratzeak gibelatzen dira beti. Itxaropena behin eta berriro zapuztu egiten da. Egon behar da. Itxaron behar da. Erretiraketara arte gehienetan. Eta Herrian etxea saldurik badago? Etxerik gabe, gure gaur eguneko preziotan! Batzutan, iragan ezinezko oztopoa bilakatzen da... ba dakizue, espekulaketak eta...
Bitartean bakantzetan ikusten da Euskal Herria, turistek betetako Euskal Herrian, turistek itoriko Euskal Herrian.
Oztopo asko izan arren, zenbait euskal elkartek Frantziako hiri handietan euskal gogoa sostengatzeko lan handiak egiten ari dira (Euskal etxeak, Euskaldunak, Pariseko biga, Bordeleko agurra, Pabeko laguntz eta Maitia etab.). Honela ba, leku guztietan zehar ba dago euskaldunen artekoak, kultur taldeak, dantza taldeak, euskarazko eskolak etab...
Baina orain arte gure Iparraldeak duen gogoan eta espirituan finkaturik zeuden ekintza guzti hauk. Despolitizatuak, gogogabekoak, arduragabekoak euskal migratu gehienek euskal kontzientzia apur bat ukan arren ez dute kontzientzia abertzalerik izan. Abertzaletasuna ez zen nabaritzen. Baina emeki emeki Hegoaldearen garrasia eta iparraldeko burrukak esnatzen, iratzartzen ari dira euskal migratuak. Ezker abertzaleen mugimenduak eta euskarazko garaipenak asko lagundu diete.
Jakina, guzti hau eskasa da oraindik, eskasa eta aldakorra baina zihurra da behintzat Ipar Euskal Herrian hasi den burrukari gero eta migratu gehiago lotuko zaiola. Egin behar dena beraz, zera dateke: Migranteentzako hiri horietan euskaldun kontzientziatuen zelulak egin. Honela eginez migrapenaren batasuna lortuko da, zeinek Euskal Herrien bizitzeko eskubidea eskatu eta inposatu ahal izanen duen. Abertzale sozialistok proposatzen dugun bidea da berori. Oinharri horietan finkatuta HASI-EHASeko taldeak orain duela hiru urtetatik hona honelako burruka aurrera eraman du. Nolabait bazterturik ibili ondoren gure "gehtto"tik irteten ari gara. Migratua gero eta gehiago interesatzen da gutaz. Bidea luzea eta hestua izanen da. Hola da ere Iparraldean.
A. I.
(1) Emigrantes.
Manex Goyhenetchek: "Autonomia eskatu du gure kanpainak"
Mugaren beste aldean, "Elections Legislatives" barruko kanpaina aurrera doa. Hauteskunde hauetan 4.200 kandidatu aurkeztuko dira Pariseko laurehunen bat zizeiluak betetzeko. Ezker eta eskuin aldetako alderdiak jo eta ke dabiltza beren gizonak, beren izenak, zizeilu horietara helerazteko. Zizeilu bakoitzerako ia hamar kandidatu dago eta, jakina, hor dabiltza kandidatu eta alderdiak ia ia muturjoka.
Mugaren beste aldeko abertzale sozialistek ez dute zizeilu hauetara heltzeko esperantzarik, baina hauteskundeetan parte hartu nahi izan dute. Bi dira abertzale sozialisten kandidatuak (beste bi, ordezko modukoak). Lau abertzale sozialisten izenak hauk ditugu: Larçabal eta Lanathoua, Ipar Euskal Herriko barnealdean eta Massigoge anderea eta Manex Goyhenetche kostaldean. Hauetariko batekin, Manexekin hain zuzen, izan dugu geure elkar ikuska.
Abertzaleen zergatiak
Manex gizon ireki bat da. Bere Baionako etxean hartu gaitu, kanpainaren hasieraren bezperetan. Etxeko atarian, egun hauetan zabalduko den propaganda piloa ikusten dugu. Etxe aurrean kanpainan erabiliko den autoa dago, ikurrin batez horniturik, beste aldean EHASen bandera gorria daramala. Afitxa batzuk betetzen dituzte autoaren lau aldeak. Hizketan egiten dugun artean, Manexen seme koskor batek Urkoren abestiak entzuten ari da kaxete batean: "Zazpi euskal herriek bat egin dezagun...". Manexen euskara baketsua eta argia da.
— Zergatik parte hartu nahi duzue abertzale sozialistok hauteskunde gogor hauetan, Manex?
— Hauteskunde hauetan, beste batzutan bezala talde politiko guztien botzak entzungo dira Iparraldean, baina ezberdintasun bat izango dute: abertzale sozialisten botza ere gure kostalde eta barrualdeko herrietan entzungo da. EHASek eta beste abertzale sozialistek ere ikuspuntu abertzaleak nahi dituzte azaldu.
— Abertzale sozialisten botza ez al da txikiegia izango, beste talde politikoen medioen aurrean?
— Errealistak gara. Ba dakigu ez dugula ezer lortuko politika mailan eta gure ordezkaririk ez dela Parisera helduko. Hau ez dugu helburutzat, noski, baina zera nahi izan dugu: beste alderdi politikoek, bai eskuinekoek, bai ezkerrekoek, "euskal arazoa" ez erabiltzea beren programetan. Guk, problema jeneralek, abstraktuek —lan gabezia, kolonialismoa, zentralismoa etabar— Euskadin ondorio larriak ba dituztela agertu nahi dugu. Arazoak gure errealitatean nolakoak diren azaldu nahi izan ditugu.
Panorama
— Zenbat talde politiko dago Ipar Euskadin?
— Frantziako Estatu barruan mugitzen diren talde guztiak ditugu hemen. Eskuinetik hasirik, Front National eskuin muturrekoa eta U.D.R. eta C.D.S. (Centre Democratique et Social) eskuindarrak, Lecanuet, Giscard eta Giracen jarraitzaileenak. Eskuinean ere, noski, gaullistak ditugu. Gero, ezker aldean, sozialistak eta komunistak daude eta, ezker muturrean, hainbat taldetxo. Hemen ere ezkerra oso zatiturik agertzen da.
— Iparraldean, zeintzu dira talde hauek presentatzen dituzten izenak?
— Gaullistak Letamendia eta Intxauspe dira, giscardiarra Bernard Marie; sozialisten artean Maitia jauna dugu eta Destrade jauna kostaldean.
— Ipar Euskal Herria, nola dago zatitua hauteskundeetan?
— Batu dutenak 150.000 pertsona dira. Hauetariko 100.000 kostaldeko 27 herrietan eta beste 50.000 barneko 130 herrietan.
— Lehen aipatu duzunez, alderdi politiko guztiek euskal arazoa erabili nahi dute...
— Bai, horrela da, denek euskal "aurpegia" agertu nahi dute beren kanpainan, eskuinetik hasi eta ezkerreraino. Letamendia eta Labeguerie jaunen kanpainek batez ere, euskal kutsua izan dute, baina gaur egun Labeguerie jaunak, adibidez, ez du inor enganiatzen. Zaldi zaharra da.
— Eta zer diozu ezkertiarrei buruz?
— Gauza berdina. Sozialistek eta komunistek Parisen egindako kanpaina berbera egiten dute gure artean, nahiz eta batzutan euskal aurpegi hori agertu nahian ibili. Hegoaldekook hauen joera ondo ulertuko duzue hemengo P. Socialiste Espainiako PSOE bezain "euskalduna" dela esaten badizuet. Eta ba liteke Espainiakoak "euskaldunagoak" izatea.
— Eta komunistak, zer?
— Horiek ere Parisen egindako programa erabiltzen dute, baina sozialistak baino gutxiago dira. Ez dute indar haundirik oraindaino, nahiz eta kostaldean Bokale herri koskorrean (5.000 lagun) beren toki gogorrena izan. Barnealdean Maule dute beren leku nagusiena.
— Nortzu dabiltza ezker muturrean?
— Lehen esan bezala, hemen indarrak oso zatituak daude: LCR eta Lutte Ouvrière dira trotskiarrak eta ba dira maoista batzu ere, baina guztiak minoritariak dira.
EHAS: Autonomia
— Ikus dezagun orain EHASen tokia non dagoen, panorama honen barruan...
— EHAS eta abertzale sozialistentzat hauteskunde hauk oso garrantzi haundikoak dira, gure ikuspuntuak zabaltzeko okasio bat izango baitira. Abertzale sozialista talde bat izatean, gainera, Iparraldeko benetazko problemak geuk agertu eta aztertuko ditugu eta horrela zulo bat beteko dugu: beste alderdiek betetzen ez dutena, euskal alderdiak ez izatean. Talde horiek euskal kultura, euskal departamendua eta Euskal Herria aipatzen dute, bai, baina ez dute Euskadi bere marku bezala onhartzen. Guk Autonomia eskatzen dugu eta arazo guztiak Euskal Herrian sustraitzen ditugu.
— Autonomia Frantzian eskatzea ez al da gehiegi?
— Horrela pentsatzen zuten alderdi askok eta gure autonomi eskea entzutean irribarre egiten zuten. Baina, ikusi dugunez, euskal jendeak autonomia onhartzen du. Autonomia hau, noski, oso mugatua da, lege barrukoa da. Hitz laburrez, Autonomia zera izango litzateke hemen: Ipar Euskal Herria bat bezala hartzea, Biltzarre batez gidatua izatea. Lapurdik, Zuberoak eta Behe Nafarroak lurralde bakar bat osatuko lukete, administralgo aldetik. Arlo politikoan, Biltzarreak hizkuntza, kultura eta gestio mailetan erabakiak hartuko lituzke eta, ekonomian, lurren kontrolari, banku sistemari eta plangintza orokorrari ekinen lioke. Kultura mailan euskararentzat ofizialkidetasuna eskatzen dugu eta baita ere telebista, irrati eta berri eman bide euskaldunak. Beste taldeek ez dute inoiz horrelako planteiamendurik egiten.
— Autonomia eskatzea ez da, orduan, gehiegi?
— Ez. Frantzian bertan Bretainian, Okzitanian eta Ipar Katalunian autonomia behar beharrezkoa dela gero eta jende gehiagok onhartzen du. Administralgoa Parisetik gure herrietara ekartzea ez da nahikoa eta gainera, ez da horrelako gauzarik oraindaino egin. Gaur Ipar Euskal Herria "Atlantique" departamenduan sarturik dago eta administralgo arloan gauzak gero eta okerrago doaz. Iparraldea guztiz kolonizatua dago gaur: lurralde gehienak paristarren eskuetan daude. Urruña, Ziburu eta beste herri batzutan lurretako % 40a paristarrek erosi dute; nekazaritza mailan, Pariseko konpainiek erosten dute gure arto eta esnea. Ipartarrek kanporamigrazioa aukeratu dute, lantegi askok jendea kaleratu baitute: 1962. urtetik 1973. urtera, 8.000 euskal langilek galdu zuten lanpostua. Esandakoa: kolonialismo hutsa sufritzen ari gara.
Abertzale sozialistak
— Nola ikusten dute beste talde abertzaleek zuen kanpaina eta hauteskundeetan parte hartzea?
— Errespetatzen gaituzte, nahiz eta talde batzuk alferrik gabiltzala pentsatu. Hala ere abertzale sozialista independente asko parte hartzen ari dira kanpainan, EHASekin batean.
— Zenbat militante du zuen alderdiak Iparraldean?
— Militanteak 90ren bat izango gara, kanpaina egiten ari garenok, eta beste berrehunen bat izango gara.
— Sozialisten eta komunisten artean dabiltzan militanteek zer diote abertzale sozialisten kanpaina ezagutzean?
— Batzu harriturik gelditzen dira eta, gure ustez, partidu horien gaurko militante batzu gureak izango dira bihar. Orain arte ez dute gure alternatiba segitzeko biderik izan, ez baitzuten ezagutzen. Jeneralki, orain pertsona asko zera ikusten hasi dira, Parisen egindako programetan eta Parisetik etorritako liderren hitzaldietan gure arazoak zeharo ahanztuak zeudela.
— Lider horiek, zer diote Ipar Euskal Herriari buruz?
— Lider horientzat ez dago Euskal Herririk eta ausartienek zera diote, hemen "Euskal Departamendu" bat egin behar dela, gehienez. Beste batzuk "euskal kultura" indartu behar dela esan beharrean, "herri kultura", "culture populaire" sendotu behar dela diote. "Euskal" hitza ez dute aipatzen ere.
Desabantail haundiak
— Kanpaina egiteko taldeek dituzten bideak berdinak al dira? Nola erabiltzen dituzte telebista eta irratia?
— Telebistan eta irratian egunero minutu batzuz agertzeko eskubiderik ez dugu. Eskubide hori izateko gutxienez 75 lagun presentatu behar ditu talde bakoitzak Estatu mailan. Arau honek guri eta gu bezalako alderdi "erregional" txikiei telebista eta irrati medioetatik kanpo uzten gaitu. Ezker eta eskuin aldeko liderrak egunero medio hauetan agertzen diren artean, gu ezin gara ezta minutu batez agertu ere.
— Zein medio erabili duzue abertzale sozialistok kanpaina barruan?
— "Euskaldunak" aldizkaria erabili dugu, 80.000 ale inprimatuz. Panfletoak, afitxak eta paperak ere egin ditugu. Baita ere eranskailu bat. Auto bat ere erabili dugu, goragailu batez. Goragailua erabiltzeko baimenik ez dugu, goragailuak kanpainan erabiltzea debekatua baitago. Multaren baten beldur gabiltza. Atzo bertan polizia gure autora hurbildu zen baina ez zigun ezer esan, baina beldur gara. Batzuk telebista, irratia eta dirua beren eskuetan eta guk, ordea, goragailurik ez...
"Enbata"ren joera nahasia
— Zer dio "Enbata" taldeak eta aldizkariak zuen parte hartzeari buruz?
— "Enbata"k joko nahasia izan du azken denboretan. Bere notabilismo mailan gelditu da. Erakunde interklasista bat bultzatu nahi dute, Quebekiarren adibideari jarraituz. Lehen gure kontra zeuden baina orain, gauzak serioski egiten ari garela ikustean eta jendeak entzuten gaituela nabaritzean, gure alde jarri dira. Zentrista guztien joko ezaguna egin dute Enbatakoek. "Autonomia" hitzak beldurtzen ditu.
— Eta zer egin dute P. S. eta komunistek?
— Militanteei gure kontra hitz ez egiteko kontsigna zabaldu diete.
— Nola erabili duzue euskara zeuen kanpainan?
— Geure paperak euskaraz eta frantsesez egin ditugu, baina ez frantses hitzak euskaratuz, baizik eta hizkuntza bakoitzean gai ezberdinak eginez.
— Zein eratako euskara erabili duzue?
— Euskara literari bat, batuaren antzekoa baina batu "klasikoa" ez dena. Guk ezer eskatu gabe, bertsolari batzuk gure alde jo dute kanpainan, bertsoen bidez. Xalbadorren semea, Michel Aire, dugu horietariko bat eta Mendiboure beste bat.
— Amaitzeko, geroari buruz zure eritzia...
— Erakunde abertzale ezkertiar bat lortuko dugu. Kanpaina hau lehen urratsa izan da.
X. A.
Nafarroako UCDk eta Opusek aldizkari berri bat argitaratu nahi dute. Aldizkari honen izena hau da: "Nuestra tierra".
Lau hilabete baino gehiago daramate aldizkaria prestatzen. Ba dirudi aldizkari inportante bat egin nahi dutela. Horretarako, UCDko pertsonaiak diru eskatzen ari dira. Eta uste dut nahiko diru lortuko dutela.
Hasieran gaizki xamar ibili ziren UCDko promotoreak, baina orain, Opus sartu da projektu horretan, eta bi sektore hauek gorputz bat egin dute.
Baita ere, batzuk esaten dute, Diario de Navarra-ko akzionistek parte hartu nahi dutela. Gainera, "Huarte y Cia" entrepresak ere dirua eman du.
Denok dakigun bezala, entrepresa hau, Huarte jaunarena da. Eta kapitalista hau ETAk sekuestratu zuen, orain dela urte batzu.
"Nueva tierra" aldizkariak bi sekzio ukango ditu Errioxari eta Aragoari dedikatuak. Eta normala den bezala, Euskal Herriko beste probintziei ez die sekziorik dedikatuko.
Aldizkari hau, "Punto y Hora"-ri kontra egiteko sortu nahi dute UCDkoek eta Opusekoek. Horretarako, Opusen bankuek nahiko diru emango diote.
Orain arte izan den zuzendariak dimititu egin du, numero zerorik ez duelako publikatu. Eta orain, zuzendari berri bat bilatzen ari dira aldizkaria martxan jartzeko. Horretarako, administral kontseiluak delegatu bat nombratu du, eta delegatu honek zuzendari bat proposatu behar dio kontseiluari.
Delegatua Miguel Iraburu da, eta por más joder Opusekoa da. Bere aita, Nafarroako Opusen unibertsitatean irakasle da. Gainera, extrema deretxakoekin harremanak ditu
Jendeak esaten du, aldizkari hau, Opusena izango dela UCDrena baino gehiago.
Hori ez zait inporta. Gainera, nire ustez, ez da diferentziarik bien artean. Biak berdinak dira.
Nafarroako UCDko politikoak Opusen monagiloak dira.
Baina ez dira hemen bukatzen Nafarroaren problemak. Beste alde batetik, Pensamiento Navarro egunkariak bere instalazioak berritu behar ditu. Ez baldin badakizue, egunkari hau navarrista-foralista-españolista-tradizionalista bunkerianoa da.
Esaten dute, 3.000 ale saltzen dituela, eta bere tirada 4.000 alekoa dela. Eta hori maximora joaz!
Baina dirudienez, diru berria etorri zaio orain, eta offset sistema ipini behar du makineriatan. Gainera, hasi da propaganda egiten irratietan.
Antieuskaldunak ez baitira lotan gelditzen!
Beste alde batetik, Diario de Navarrak jarraitzen du bere antiEuskadi kanpainan. Egun hauetan kunplitu ditu 75 urte kalean. Efemeride hori hospatzeko, Nafarroako autoritate zibil eta militarrak gonbitatu zituen. Prentsa lokala ere gonbitatu zuen.
Orain, Nafarroako UCD oso protejitua dabil. Eta euskaldunoi bentaja hartu digute, zeren Nafarroa ez baitago "Consejo General Vasco"-n.
Opusek santu bat du infernuan, eta UCDk beste bat zeruan. Opusek Escrivá de Balaguer du infernuan eta UCDk Franco du zeruan.
Santu horiekin Nafarroa salbatu nahi dute Euskadirengandik. Eta dirudienez, infernuko santuak eta zeruko diktadoreak zoria dute Nafarroako probleman.
Horrela dago mundua. Ez dut ahanzten Diputazioa. Baina hori beste kapitulu bat da.
Iñaki Zabaleta
Hiztegia
argitaratu: publicar
aldizkari: revista
harremanak: relaciones
berritu: renovar
ale: ejemplar (de periódico)
Mila kondu
Ekaina baino lehen, Madrilgo gobernuak ez baldin baditu udal hauteskundeak konbokatzen Bergarako alkateek konbokatuko dituzte. Hori da barrabilak edukitzea! Suarezek ez baitu euskaldunekin jolastu behar. Hala ere, asko jolastu du eta jolastuko oraindik. Baina, gutxienez, Bergarako alkateek hitz egin dute tranparik gabe.
Eta orain doktore batek esaten du, hotza eta elurra eta ekaitzak bolkanek sortzen dituztela. Nik uste dut, Euskal Herrian, hemendik aurrera, zentrale nuklearrek sortuko dituztela hotzak eta elurrak eta ekaitzak. Eta nola Blas Piñar ere bolkan bat den, kontuz ibili behar dugu horrekin. Euskal Herrian eguraldi ona izateko, ez dugu utzi behar zentrale nuklearrik egiten, eta Blas Piñar exiliatu behar dugu.
Hori egia balitz!
Baina lasai egon behar dugu. UCDk bere lehenbiziko derrota sofritu du Parlamentuan, eta hori seinale ona da. Agian, geroago PSOEkoa izango da gobernua, eta orduan ere, PSOEk derrotak sofrituko ditu. "Alternatiba de poder" ez baita esistitzen. Hori marikastañaren kondua da. Zorionez.
Eta KAS ekipuak egin du bere presentazioa. Gasteizeko ziklista ekipuak ekin dio aurtengo lanari. Oraindik Txomin Perurenak ba du beste urte batetan zer eginik eta zer esanik. Beste euskal ekipua Nafarroakoa da, eta bere izena Super Ser da. Honek ere ekin dio ziklista lanari.
Nik beste KAS bat maite dut...
Baina mundu honetan gauza arraroak entzun behar ditugu. Orain ikasi dut, Paulo VI-k Txina komunistarekin harreman diplomatikoak ukan nahi dituela. Ez al dute esaten Eliza katolikoa eta komunismoa katu eta zakur direla elkarrentzat?
Jesukristo eta Marx birbiztuko balira!
Eta birbiztuko balira, Corte Inglesen erosiko lituzkete beren trajeak Argentinako mundialetara joateko. Argentinan, Videla agurtuko lukete eta zorionak emango lizkiokete. Dakizuenez, Partidu Komunista legala baita Argentinako diktadura katolikoan.
Munduko inkongruentziak.
Hiztegia
ekaitza: tempestad
udal hauteskundeak: elecciones municipales
ekin: iniciar
Iosu Alezuri
Aberri Egunak 1932-1978
Aberri Eguna, Bizkunde eguna, Arana Goiriren eguna (1932-1978)
Aberri Eguna, euskaldunok, irlandarrek bezala, Bizkunde edo Bazko Igandean ospatzen dugu. Aberri Eguna, beraz, Bizkunde eguna da, kristauek bizkunde erlijiosa eta euskaldunek bizkunde politikoa ospatzen dizuten eguna; eta Euskadin, Arana Goiriren eguna da.
Sabin Arana Goiri, el Libertador, el Maestro, etab., da, dudarik gabe; baina, Sabin, batez ere, berbiztailea da: Euskal idazleak, poetak, bertsolariak, Aberri Egunaz eta Arana Goiriz, beti berdintsu mintzo izan dira, sinbolismo berberaz, irudi espresakera berbatez, berbizkunde terminutan hain zuzen. Bazko irudi eta terminologiaz.
Lizardi, "Urretxindorra" Enbeita
Bazko gabeko sinbolismo liturgiko honetaz baliatzen da Lizardi, Arana Goiritaz diharduenean.
Argiaren sinbolismoak domeinatzen du Bazko liturgia. Sabin, "guri argi ematearren itzalia" da, Jesukristo guri bizitza ematearren hila bezala, gurutzean: eta badakigu espainol justiziak nola gurtzifikatu zuen Sabin, gazterik hil artean. Sabinek argitu gaitu, ez garela espainolkume batzu. Herri bat gara, gure duintasuna dugu, bagara norbait, gu geu gara, ez gara inoren morroin. Sabinen argiak atera gaitu ilunpe itsutik eta esklaberiatik. Iratzarri gaitu. Irakatsi digu nor izaten:
Aren argibidez ni jabetu
enegan bazala norbait atxilotu.
Bazter zokoan zegoen aberria —edo euskara, berdin bait da— "ene ta asaben oarrezak botea", Sabinek biztu eta jaikiarazi du. Lizardik, abertzaletasunaren bidez, aberria ezagutuz, somatu duen "berriz-jaio-poza" kantatzen duenean, Bazko liturgiako beste tema bat gogoratzen dugu oraindik: bataioa, sortze berria. Eta bataiatu berriekin jantzi berri zurien sinbolismoa antzirudikatzen den moduan, Lizardik Aranaren oroimena ospatzen du, "aberriz ta mintzoz gu jantziarena".
Bazko sinbologia liturgiko berdinean mugitzen da Urretxindorra. Ohizko irudiez gainera, negu/udaberri motiboa eta sol oriens, eguzki jaikiarena, batera aurkitzen ditugu hemen; oso bazkoazko irudiak hauk ere:
Euzkijak menditik argi
Negu ondoren... Euzkadi oro
sortu da euzko mintegi.
Bertso triunfal bat da —gau/goizargi, negu/udaberri: hiltatik bizitara, berbizkunde— Urretxindorrak lehenengo Aberri Egunerako asmatu zuena.
Sabin Aranaz iharduteko, Bazko tematikaz baliatze hori, Arestiganaino luzatzen da:
Sabino Polikarpo
Abandoko,
Kantabria zaharrari eman zenion
itzura berri bat...
"Dejecta erigi, inveterata renovari et per ipsum redire omnia in integrum", Bazko Liturgiakoak: eroria jaso, zaharkilatua berritu, dena bere osotasunera bihurtu.
Bazko ideologia bat
Bazko Igandea da Aberri Eguna. Noizpait Aranatar anaia biek, Sabin eta Luisek, egun horretan izan omen zuten elkarrizketa gurutzeala baino arrazoi sakonagoa, Bazko Igandearen sinbolismo bortitza da. Aberri Egunak, errebelazioa ospatzen du: euskaldunek Euskadi ezagutzea beren aberri bezala. Berbizkundea, "Itxarkundia", ospatzen du batez ere: karlistada ondorenean lur jota zegoen herriaren uste berria, esperantza. Gauaren erdiko ilunpetan, argiaren biztea ospatzen du. Zuzen ere zuzen idatzi zen, orduan, lehenengo Aberri Egunaren inguruan: "Aberri-eguna, berbizkunde eguna ixan da Euzkadi'rentzat".
Berbizkunde: hori da. Arana Goiri, Aberri Egun, beste bi izen dira, beti horixe bera adierazteko. Berbizkunde/Aberri Egun/Arana Goiri.
Sinbolismo guzti honen indarra somatzeko, eta bihotz barnerakortasuna, baina baita errealismoa ere gehien-gehienbat sinestun aitortzen zen Euskal Herri batetan, fededunen Bazko gau bat behar da ikusi izan, bere liturgia eder zaharraz, erlijioen historiak inoiz munduan sortu duen sinbolismo estetiko eta espresibuenetakoz, forma sotil bortitzetan, oraindik ageri-agerian daramatzana esklabuen eta misterioen eta salbazio ritoen mundu helenikoaren seinaleak. Irlandarrentzat bezala, euskaldunentzat —eta eslabiar herrientzat— beren historiako gau luzearen espresio bilakatu da Bazko gaba.
Gau honetan, gaberdia pasaxe edo, Eliza ilunpetan dago. Eliz atarian sua mugerretik bizten da eta bedeinkatzen da eta argiaren liturgia hasten da, suaren ospakizun magikoa. Argia, gau luzearen buruko argi gozoa, IV.gn mendeko Latin ezti eta gregoriano zoragarritan abestua: poz bitez oraintxe zeruetako aingeru taldeak, poz bedi Eliz Ama, hainbeste argi printzaz apaindua... Kandela haundi bat biztu da Eliza ilunean, herri guztiaren isiltasunaren erdian: hau da gaba, Moiseri, Egiptotik ateratzean, argi egin zeniona... Eta euskalduna —eta irlandarra, eta eslabua— Itsaso Gorrian aurrera sentitzen zen, mirari batez Egipto menpetik salbatuta, askatuta. Bataio ritoa, kreazio berri baten zeinua: eta Euskal Herria birkreaturik sentitzen da. Sinboloen indarrak bizkorturik —irudipenak, asoziazioak— euskaldun fededunak libertatezko mundu batetan amets egiten du. Argi, bizkunde, askatasun, sinonimo bihurtzen dira gau honetako liturgian.
Gerra, faxismoaren gau luzea
1932 (Bilbo), 1933 (Donostia), 1934 (Gasteiz), 1935 (Iruina)..., libertate errepublikanoan ospatu ziren Aberri Egunak: euforiaz beteak, konzientzia irabazi berriaren festak. Bere buruan konfiantza osoa berrirabazi zuen herri baten jaiak izan ziren Aberri Egunok.
1937-an, frontean ospatu zen: bizkundea heriotza zen. Gero ez zen Aberri Egunik ospatu 1964-era arte.
Faxismo urte beltzotan, bazkoa ere iluna izango da, gaba da, esperantza desesperatu baten, beldur isilaren. Aberri Eguna eliz barneetan ezkutatuko da, oihuak eta garraisiak otoitza eta negarra izango dira, konzentrazioak bihotz barne isilean egiten dira. Bazko liturgia drama triunfal bat da: faxismopean bazkoazko sinbolismoaren alderdi tragikoa destakatuko da. Euskal Herri zanpatua Israelekin berdintzen ikasi da. Baina orain Ostirale Santu beltza gogoratzen da, ezen ez Bizkunde gau argia. Euskal Herria gurutzean dago. Bozkariozko berbizkunde sentimendu bihotz goragarriak, agonia larriari egin dio leku. Inork ez du hobeto erakusten sentiera aldakuntza hau, Salbatore Mitxelenaren poesiak baino: Guruzbidea, Euskal saminaren guruzbidea, Erri bat guruzbidean...
1964: borrokazko Aberri Egunak
1964-ean Aberri Egunak berriro hasten direnean (Gernika, Bergara...), Euskal Herria beste bat da. Bazko giro arrai batek ez, baino gudu giroak jazten du. Aberri Egun hiriak, militarki okupaturik iratzartzen dira. Bideak hesiturik daude. Ikurrin kolore alaiez baino, mitrailetaz eta uniforme berde eta grisez betetzen dira bazterrak. Kontrolez kontrol, euskalduna, goizean alai etxetik irten duena, ezintasun eta humilazio artean, sentimendu erreprimatuek erre-erreta, azkenean Aberri Egunaren hirira sartu gabe itzuliko da etxera. Gogoan dugu denok oraindik: borroka bat bilakatzen da bidean ibiltzea.
Abertzaleak elizetan errezatzen badu ere oraindik, bazko eta Aberri Egunaren ospakizun arteko jarraigoa xuxena, berehala doa etetzera. Errezatzeak Aberri Eguneko bere lekua galduko du. Laster, Aberri Egunari, ez zaio beste bazko karaktererik gelditzen, egun horretan ospatzen dela baino.
Aldakuntza prozeso honetan, abertzaletasuna bera urratu da: 1967-an, EAJ/PNV-ak Gasteizera deitu zuen Aberri Eguna, ETA-k Irun-Hendaiara.
1968: Euskadi gerran dago
"La policía armada a caballo y en jeeps tomó posiciones en los puntos estratégicos de la ciudad", idazten zuen La Hoja del Lunes-ek biharamonean.
Baina Aberri Egun honetan, Donostian, manifestariek buru egin diote poliziari. Harrika, autoak irauliz. Zanpaketaz aski da. Krutwigen gerrila teoria zabaltzen da.
1968, Etxebarrietaren heriotz urtea da. 1968, Manzanasen hilketa urtea da. 1968-an gartzelak abertzalez betetzen dira, bazterrak desterratuz, Estado de Excepción dekretatzen da.
Berbizkundea, orain, gerrarena da.
1978: Askatasuna ez da otoizka eskuratzen.
Aberri Egunek, askatasun borroka prozesua isladatzen dute: bazkotatik kalbario menditara, kalbariotik gerrara.
Profeta ez dena, ez da sartuko igartzera, 1978-ko Aberri Eguna zer izango den. Baina bazko egunik ez da izango, ez. Euskadi ez dago bazkoatan.
Aberri Egunez Aberri Egun, Arana Goiriren deia doa: "Los bizkainos no queremos otra cosa sino que la nación española retire de nuestro territorio su dominación; para que Bizkaya sea de los bizkainos y éstos la gobiernen libremente, sin estar sometidos a más poder superior que el del Señor de todo el universo".
Joxe A. Otaegi
Aberri Egunak 1932-1978
"Aberri"-Egunaren erran-nahia orain eta lehen
1. Izakaria
1936/ko gerlaren aintzinean, PNV/k euskal jai nazional bat organizatzeko asmoaz, bere izpiritu klerikalaz, Jahve-iainkoaren Jesu Khristo alegia-semearen pasionean pentsatzen zuela, Pazko iudu-iai zaharraren fetxa hautatu zuen. Hunela ere, Syrian eta bertze lurralde asiatikoetan sorthu mytho massokhistak euskal politikan sar-araziak ziren. Hortakotz erraz enthelega diteken nola bertze herrietan ia bethi herriaren verthute militariak pizteko eta hospatzeko diren nazional-jaiak, Euskalherrian massokhismuaren haziaz sorthu zen Erlisionearen eta Politikaren nahasmendua, herri primitivuetan ekhandua izaiten ohi da, bainan batera-ioaite hau bethi kultu ethnikoez egiten den bitartean "euzko" aberzaleek batera ioaite hau Euskalherria menperatzailea bezala ethorri zen kultu iuduaz egina zen. Halakotz, egiazko euskal tradizionean bethi ikhus genezakean nola euskal buruzagi autentikoek kanpotar kultu semitikoa sartu zenetik, bethi erlisione ta politikaren artean oso berezgo garbia egiten ohi zuten. Bainan Euskalherrian bigarren Karlotar gerla danik sartu ziren espainolkeria, ta klerikalismo errotikako espainola ere, geroagoko euskal Politikan agertzekoak ziren, Hunela ere PNV./aren slogan klerikala enthelega behar dugu, "Nosotros para Euzkadi y Euzkadi para Dios" erraiten zutena. Horrela ere Aita Iberok bere "Ami Vascoan" ethorkizuneko linea politiko bat argi-ta-garbi finkatzen zuen, euskal Politikak Vatikaneko linea politikoaren araura ioan behar zuela pentsatzen bait zuen. Bainan Euskalherria bezala, menperatuta dagoen herri batek, bere egokera sozio-politikoaz konszientzia hartzen duen guztietan, Vatikanu bezalako erakunde mundutiar batez, hau da: bere politika menperatzaileen interessen anzora agitzen dituen systema ideologikoaz, konfliktuan sartzen da. Gerlaren aintzinean euskal "jelkideen" mentalitate klerikalean enthelega, bai eta batzuetan ere desenkusa, dezakegunak ez diroke eduk ethorkizunik egokera osasuntsu batetan.
Lehen-lehenik zergatik Pazko eguna? Giristinoentzat Pazko-iaiak ez zuen phesta hunek iuduetan zedukan signifikantza politikorik. Iuduen mythologian Iahve-iainkoak bere herria, Pharaonen menpetzatiko iaregintza hospatzen zen. Huni aitzi, giristino guztiek egun huntan, orain hospatu nahi lukete nola beren iainko-semea den Jesu Khristok bere heriotz violenta massokhistaki bere iainko-aita sadikoari, Gizarte guztiaren redempzionearen gurariaz, eskaintzen dioen. Hunelako sentimendu perversoak eta izpiritu bihurriak Asia Hurbilean eta bertze lekhuetan ere izanik dira, bainan, ala Jainko! Politikatik at utzi behar genituzke mundu moderno batetan. Hunela ere "Aberri"-egunak bere baitan masokhismuaren hazia eramaiten zuen, eta euskal Politikan sar-arazi.
1937/an euskal tropak Españaren kontrako gerlan derrotatuak zirenean, Zumalakarregik Xahoren liburuan egiten zuenaren orde, hau da zanpatzailearen kontra gorrotoa phredikatzearen orde, "Iahve-iainkoari, Munduak egiten zituen pekatu guztiak xahutzeko, Euskalherriak sufritzen zuen pairamendua", irantzi gixaskilen gogoaz, eskaintzen zerauzkioten. Massokhismoaren massokhismoa ta guztia massokhismoa! Irantzien vizioak verthuteak bilhakarazten!
"Aberri" egunaren berpiztea, 1963/n Itxasuan gerthatu zen, Iphar-Euskalherrian sortzen zen "Enbata" izeneko taldearen lehen bilkurean. Berpizte huntan ere ba dadukagu "genus loci" delakoaren ondorioa. Ipharraldeko euskaldunek "ekhaitz" bat sortzearen orde, "enbata" gozo bat baizik ez bait zuten phizten. Bainan Hegoaldeko Euskalherrian, lehenago zurezko ezpataz antholatzen ziren gudulari folkloristen maskaraden orde... eta batez ere euzko politikari zaharren elhe-melhezko iarkitzaren, erresistentzia verbalaren orde, gazte batzu bertze moduetako iarkitzaren, pentsatzen hasi ziren, hortakotz ere euzkotarreroen politika vascongadoaren orde, gathazkalarien nazional politika batetan pentsatzen zuten euskaldun batzuek. Eta baldin Euskalherriko nazional batasunaren erakhustekotz, zubi batez bildurik eta muga antinatural batez bereizirik dagozen Hendaia ta Irun-Irantzu hiri biritsietan euskal batasunaren Aberri-eguna aphailatzen ba zen, Politika vascongadoaren iarraitunek bertze lekhu batetan beren phesta anti-nazionala aphailatzen zuten.
Bigarren epokhan huntako "aberri" egunen importantzia zertan zetzan batez ere? Urthean behin organizatzen ziren giza-oldeen mobilizakuneak ziren... Dena dela, urthean behin izanagatik, ba zegoen hobeki ta urthean behin lehenago ethorten ohi zen "Gaboneko" messaddea baino gehixeago zen, batez ere hunekin euskal iarkitzaren izpiritu berria hedatzenago zatekean.
Francoren heriotza danik orain, frankismo berri bat sorthu da, frankismo kamuflatua alegia, UCD-aren izenaz. Hunelako egokeraren aintzinean zer egin? Berriro elhe-melhezko iarkitzari itzuliko dire euzko politikari kalakazaleak-a? Ala Madrileko Gubernuaren fedetzarra ikhusten eta nabari den bitartean bertzelako methoduei euskal gathazkalariak iarraikiko zaizte?
Bainan nola gauza guztietan beharrezkoena dena "izpiritua" bait da, halatan ere euskal gathazkan garhaitzeko gogoak, massokhistez bertze prinzipiotan bere phutza hartu behar luke; gathazkalari herri maskulinetan gerthatzen ohi den araura, euskaldunek ere, beren nazional-jaia... Euskalherriaren garhaipen historiko bat hospatzen den egun batetan finkatu behar lizateke. Neure aburuz hunelako fetxa historikoa Euskalherrian, Orstaroaren 15/a izan da, noiz euskaldunek Frantziaren harmada Orreagan suntsitu bait zuten. Euskaldunen viktoria hau mundu osoan ezagutzen da. Eta hunela kanpotar iainko baten heriotza ta phizteaz xinta-mintaka egoitearen ordez, euskaldunek, beren herrirat kanpotar iainko hori ethorri baino lehen, beren Historian iaraietsi duten ekhintza nabusiena ta ezagutuena hospa lezakete. Hunen araura flamenkoek bere nazional jaiaz, Kortijken frantsesen kontra irabazi zuten "urrhezko ezporen bataila" hospatzen dute, eta Alemaniko patriotek beren nazional jaia bezala germanoek Arminius buruzagiaren manupean Varusen legioneak deuseztu zituzten eguna dute.
2. Politika ta hizkuntza
Orain, "Aberri" egun delakoa, Euskalherriaren etsaiek berentzat rekuperatzen dutelarik, hiltzen denean, PNV/ganik UCD/gana iragaiten delarik... eta gure aburuz egiazko Euskalherriaren nazional jaia hospatzekotz bertze egite historiko bat bilhatu behar dela pentsatzen bait dugu; halatan ere, jai hunen izena egian errotikako euskaraz denz hauteman behar genduke. Lehen lehenik "aberri" hitza "patria" delakoa ahal da? Euskal garbizaleek, beren kultura españolaz, euskarazko hitzak eratu nahi zituzten guztietan, pentsatzeko kriterion bat baizik ez bait zuten, halatan ere kanpoko janzkiaz "euzkerazkoa" zen hitz garbia, bere barnako egituretan bethi español ziren hitzak ekhoizten zituzten. Inglesez ez dago "patria" graikarazko elhearen hitzez-hitzezko itzulpenik. Graikaraz patria (patriá) h itzak erran nahi zuen zera zen: familia, leinu, hatz, ias, ethorki. Hortakotz, sentzuan: gurasoen ganik semeak gana ethorten den gauza, belhaunez-belhaun observatzen den ohidura da. Haren adjektivua patrioj (patrios) zen. Beraz... euskaraz "patria" erraiteko zentzuan aski da: herria... edo zigurtatzenago delarik: sortherria.
Euskarazko "herri" hitza, hitz biziduna bait da... mytho batetaz bethea dago, ezen hitz bizi guztiak bethi nahi-eta-ez mythozkoa bait dira, eta mythorik ez dutenetan bethi hilak bait dira. Hunelako hitz mythiko baten aurkhaz-aurk hitz logiko batek... materializatu kontenutu bat daduka... ezin-aldatuzkoa,... bainan nola bizia aldakuntzetan bait datza, halatan ere... jakintzazko hitzak bethi momiak dira:... momiek dudarik gabe aldatzeke mendez-mende irauten dute,... bainan bizigabeak dira.
Euskaraz "Euskalherria" diogunean,... euskaraz mintzo den giza-hatz bizi batetan pentsatzen dugu... Beraz euskaldunen iasa, "herri" bat direla erraiten dugunean, Itsasaldeko Europa zaharrean: "arraza", —eta terminologi berrian: "ethnia"—, erraiten den zeran pentsatzen dugu... eta "herria" gure begien aintzinean bizirik dagoen zera da. Zera hunek, gorphutz bizi bat bait da, bere burua bai ba daduka, german hizkuntzetan "volk, folk" hitzarekin gerthatzen den araura, eta hizkuntza romanikoetan gerthatzen ez den araura, zeinetan "populus, peuple, pueblo, popolo... eta." erraiten den guztietan bethi, politiko gizarte systema baten gizateli beheraz, gizartearen buruzagiei aurkaz-aurk, kulturgabeak kulturdunei aurkaz-aurk, pentsatzen bait da. Beraz herria, "nazioneari" hurbil dagokion hitza da, graikarazko eqnoj (ethnos) hitzari hurbil ere bai; bainan "populua" "statu" hitzaren askazigoari hurbil dagokio, graikarazko dhmoj (dêmos) hitzari bezala.
Eta nola herri guztiak, herri biziak bethi mythoan bizi bait dira, halatan ere herrien nazional jaiez bethi bataila mythikoetan pentsatzen da... eta herri batek bere jaregintza ardietsi duenean, herriaren statugintzaren eguna, herriaren askatasunaren proklamakuntza hospatzen du.
Statu gabe bizi diren herri menperatuek bai ba dute iazargo bat... eta iazargo hau, Maok ere, ongi ikhusi zuen bezala... ez da herriaren barnako iazargorik, baizik eta menperatzailearen kontrako iazargoa. Hunen araura iai mythiko baten bidez symbolizatzen dena ait litz... helburua!, menperatu klassietan, "sozialismua" ere, hunelako helburua den bezala. Herriak bere askatasuna ardietsi duen mementuan danik... helburu hori ez da aldatzen bainan egikortasun berri batetan fitsatzen da: statuaren egikortasunean. Herri guztiarentzat dudarik gabe "statuaren" lortzea... oso harma importanta da... herriak bere izpiritua dadukan ber.
Hunela Statuarekin nahiz Statuarengabe... herri batbederak bere buruari daronsan mytho bat daduka... Mytho huntaz, helburu bat aurkezten da... eta bethi egunoroko egikortasunenean egon gabe... mytho nazionalak ethorkizunaren kreatzaileak dira... ezen izaikari oro... egikortasunean egon baino lehen gizonen izpirituetan bait dago... Herrien ethorkizuna... mythodun gizonen bidez eratzen dira... eta mythorik ez dutenak... bizkarroiak baizik ez bait dira. Hortakotz euskal nazional jaia bezala egun bat mythiko kontenutuaz haukeratu behar dugu, lizen gure ethorkizuneko egia.
F. C. Krutwig Sagredo
Aberri Egunak 1932-1978
1950-1960 hamarrekoari buruz, esan daiteke PNVk ez zuela diktaduraren aurka borroka zuzenik egin, bere oinharri sozial nagusia osatzen duen burjeseria abertzaleak negozio mardulak egiten ari zelako diktadurari esker. Baina 1962.etik aurrera gauzak aldatzen dira. Ekonomiaren arloan, estabilizazioaren kinkak ongi erakutsi zion sistemari programaketa ekonomikoa aldatu behar zela; 1963.ean "Plan de Desarrollo" hasten da eta berarekin dirigismo autarkiko faxista bazterturik gertatzen da, iniziatiba pribatuarentzat oso mesedegarria den politika ekonomiko bat onhartzen den bitartean. Mendebaleko ekonomia kapitalistaren araberaz normalizatzen hasten da sistema. Politikaren hesparruan, aurpegi ikuzdura bat egin nahi da tenore berdinean: Fragaren "Ley de Prensa", Loraren APEak, "Ley Orgánica" eta "Ley Sindical" zirelakoak ezagutu genituen 1962-1966 epean.
PNVk, aldakuntza hauk zirela eta, bizi politikan sartzeko zirritu bat ikusi zuen, eta hortik abiatu zen. Normalizazio demokratiko-kapitalistarantz zeraman bide hau berea zen, duda gaberik; eta, gainera, ETAren lehendabiziko hospeari erantzun bat eman behar zion. Gernikako Aberri Egunara joateko 1964.ean dei egiten du PNVk; kontzentrapen baketsu bat egin nahiaz, gero, masen indarra argudiotzat erabiliz, sistemaren aldakuntzen gainean presioa egiteko. Baina uler dezagun ongi presio honen esanahia: kakoa ez datza iraultzaren egitean, ez eta ere independentziaren lortzean, ez. Urte haietan, kapitalismo espainolaren baitan oligarkia zentralistak eskuratzen zituen botere guziak; euskal burjeseriak lortutako bentaja ekonomikoek ez zuten laguntzat inungo botere politikorik. Egokitze demokratiko baten posibilitatea ikusirik, boterearen birbanaketa bat lortu nahi zuen (eta nahi du) gure burjeseriak, Euskal Herriko botere lokala jabetzeko eta Gobernamendu zentralarekiko presio-talde eginkor bat bezela ekiteko. Hona hemen bere ihardungintzaren zentzua: burjesen arteko kontradizio ezantagonista baten islada zelarik, baketsua eta herriaren mobilizapen borrokatzailea baztertuz izan behar zen, halabeharrez. 1964.ean Gernikan eta 1965.ean Bergaran PNVk lortu zituen bere helburuak; Bergaran kontrolak gogorragoak izan ziren, baina egurrik gabeko kontzentrapen baketsuak ikusi genituen.
Baina programaketa hontan aldakin bat sartu zen: ETA, hain zuzen. ETAk ez zituen PNVen burjestasuna eta bakezaletasuna onhartzen. Borroka harmatuaren beharra ikusten zuen eta, bai eta ere, euskal independentziarik ez legokeela langileen iraultza egin gaberik. Ideologia eta estrategia aldetik nahiko nahasiak ziren oraindik pundu hauk, baina 1966.ean, PNVk Gasteizera joateko bere deia zabaltzen zuenean, Iruin-Hendaiara deitu zuen ETAk. Irungo Aberri Egunaren konbokaketak hiru gauza adierazi nahi zuen:
- Euskadiko batasuna, Iparreko anaiak Hendaiara etorriko zirela eta.
- Borroka egun bat egin beharko zela, ardikote manipulagarrien bileren tradizioa hautsiz.
- Eta, batez ere, nazionalismo burjesaren aurka, langileen abertzaletasuna zela gurea.
Hitz batez, nahiz borrokaren tankerari buruz, nahiz gure aberriaren batasunari buruz, ongi adierazten zen abertzaleen batasuna enganio bat zela, esplotatzaile eta menperatuen arteko haustura euskal gizartearen erditik pasatzen delako. Gasteizen, berriz ere, nahiko baketsua izan zen eguna; Irunen, berriz, oso lagun gutxi sartu zen, eta balaz zauritutako lehendabizikoak izan genituen.
1967.ean ETAren hospea handituz zihoan. Eta kontzentraketa tradizionalak borrokalariak bihurtzen ari ziren: horra hor Urbiakoa; ETAk Batasun Egunatzat konbokatu zuen, eta mendialde guzia poliziaz horniturik zegoen, hiri batzutan kontrajartzeak gertatzen ziren bitartean. Urte hontan, PNVk Iruineko Aberri Eguna konbokatu zuen; ETAk ez zuen beste batera deitu. Hala eta guztiz ere, polizia ugari etorri zen Iruinera, eta eguna eta atxilotuak gertatu ziren.
ETAk eragindako aldakinaren gainean, beste bat agertzen da 1967.ean. Debaluazioa, Matesa eta Carreroren garaia dugu urte hori; tolerantziaren politikari geldialdi bat ematen zaio, eta Gobernamenduak gogortzen ditu bere jarrerak. Horregatik, 1968.eko Aberri Egunak, Donostiakoak hain zuzen, ETA eta polizia ditu protagonista nagusitzat: borroka eta garrasi eguna da, Maiatzaren lehenengoa bezalaxe. Berehala, ETAren aurkako "guerra caliente" hasten da; polizia, tortura, ugaritzen dira. Etxebarrieta erahiltzen dute, Estado de excepción ezartzen digute, eta berriz ere deportazio eta torturak hasten dira, masa abertzaleen erantzuna gogortzen den bitartean.
Garaia, ba, kontzentrapen baketsurik egiteko egokia ez zela jabeturik, PNVk ez du beste Aberri Eguna masiborik konbokatzen. 1969.ean ezer ez da egun hontan pasatzen; baina urte honen laburpena ikaragarria dugu... 5 hil, heriotz-kondena bat, 1953 atxilotu, 300 herbesteratu, 781 espetxe-urte, eta multazko 7.439.000 peseta. Edozein kontzentrapen debekatua gertatzen da, borroka egun bat bihurtzen da. Gauzak hola direla eta, adios PNVaren konbokaketei! Berriz etxean, familiaren bero ixilean, aitaren aurpegi grabea ikusiz, "hospatu" beharko genuke Aberri Eguna, demokrazia eramankor bat berriz ageri arte: hona hemen PNVk nahi zuena. Eta 1974.ean, Leizaola bakar-bakarrik, txapelaz jantzirik, Gernikara etorriko zaigu Aberri Eguna hospatzearren.
Orain, sasidemokraziaz jantzirik, Aberri Eguna baketsu, motel, ahul, txatxo eta putrusak hospatzeko prest ditugu kapitalismoaren jarraipena onhartzen duten indar gehienak. Baina guk, jakin, ongi ba dakigu hau ez zela gure Aberri Eguna borrokatzailea izango. Inundik ez.
Beltza
Aberri Egunak 1932-1978
Aberri Egunaren esanguraz: aberri, nazio
"Egunak" asko dagoz, holakoak: Lanarena, Bakearena, Aitarena eta Amarena. Eta Aberriarena, Aberri Eguna. Holako "egun" guztiek hartu ohi dizute itxura berdintsua: sentidurik izan dezakete; edo, oso erraz, ridikuluak izan litezke, ideologien karnabal bat edo dendarien negozioa.
Aberriaren egunak edo festak, Estatu guztiek dauzkate eta festa egun ofizialak izaten dira egunok. Alegia: lehenengo, festa egunak izaten dira: guk, ordea, ez daukagu batere arrazoirik, gure Aberri Eguna festa bihurrarazteko; gure Aberria borrokan dabil eta Aberri Eguna ez da borrokaren parte besterik, nahitaez. Eta, bigarren, ofizialak izaten dira festaok. Hortik etor daiteke beste arrisku bat Aberri Egunarentzat: Botereak, eta borroka abertzalea "asimilatu" nahi luketen beste Botereek (Alderdi, etab.), Aberri Eguna ofizialdu besterik ez bait dute nahiko. Orduan, Botereak antolatzen duen festa bat besterik ez litzateke izango. Erromeria bat. "Eta baldin gatza gezat badadi, zertzaz gazituren da? Ezta gehiagorik deusgai, kanporat iraizteko eta gizonez ohoindikatu izateko baizen"
Baina esaten genuena Estatu guztietan dagoz Aberri Egunak. Adibidez, Espainian, maiatzaren bigarrena. "Independentziaren egun" horretan, esan ohi zaigunez, espainolak, okupatzaile frantzesaren aurka altxatu ziren eta aberria askatu zuten.
Maiatzaren 2. gna. Espainian
Bistan dago: ikuspegi abertzale batetatik bakarrik esan daiteke, frantzesak okupatzaile zirela, egun, ohituraren poderioan, ebidente iruditzen bazaigu ere, halaxe zela. Frantzesak ez ziren 1808an Espainiaren okupatzaileago, karlistada ondorenean espainolak Euskadiren baino, Euskadin espainol okupazioaren aldeko "progresistak" zeuden bezalaxe, Espainian ez ziren falta frantzes okupazioaren aldeko "progresistak".
Eta Euskadin hainbeste nahasketa sortu duen hauzi horretara sartuz, hauxe gogoratuko dugu: Espainian ere bazeuden klaseak. Hain zuzen Espainiako klase nagusiak arras atzerakoiak ziren, izpiritu "abertzalea" frantzesen kontra suztatu zutenak eta borroka abertzaleak beren pribilejioetan gordetzen zituenak: noblezia eta Eliza. Progresistak, h.d., gizarte feudal ustela, inkisizioa, klerikailaren inperioa, desegitera zetoztenak eta liberalismoa, askatasuna zekartzatenak, frantzesak ziren eta "afrantzesatuak". Fronteak eskema sinple klasiko haren arabera partitzeko: erreazionari zirenak, Espainiako Errege familia lerdoa, klero ahalguztiduna, noblezia alferra eta militar kasta zaharendakatua, ziren: h. d. "espainol aberria"; eta progresista, Napoleonen tropak eta afrantzesatuak ziren okupazioa.
Espainol herriak defendatu zuen aberriaz
Logiko izanez, alegia, euskaldun abertzaleoi sarri aplikatu izan zaizkigun kriterio eta erizpideekin logiko izanez, espainol abertzaleok ez zirela erreazionari desgraziatu batzu besterik, esan beharko genuke. Eta Goyaren 2 de mayo koadro aurrean, afusilatzaileek merezi beharko lukete gure sinpatia; besoak zabaltzen eta afusilatuta hiltzen diren beste beldur fantasma tragiko haik, ordea, klase nagusi erreazionarien morroin zoro direla, esan beharko genuke: beren klase zapalduari traidore zaizkiola, zapaltzaileen interesak defendatzen zituztela, etab., etab., ondo dakizun errosario guztia.
Maiatzaren 2.gna Aberri/klase eskema sinple (eta sinplista) harekin esplikatzekotan, hortakoz, Mostolesko Alkate eta Agustina Aragoeko eta Geronako setio eta beste denak ahaztu, Goyaren pinturak ere ahaztu, gerrileroak eta gerrilak ahaztu eta ahaztu herriaren borroka zaila, eta hauxe esan beharko genuke sinple eta garbi: espainol klase nagusi zapaltzaile, erreazionariek —nobleziak eta Elizak— beren pribilejioak mehatxatuta ikusi zituzten, eta herria zakur-aisatu zuten frantzesen kontra; eta, herria, bere zapaltzaile egiazkoak zeintzu ziren ahazturik, gerra ikaragarri batetan kiskali zen, bere zapaltzaileen pribilejioak defendatzearren. Horixe ospatzeko besterik ez litzateke maiatzaren 2. gna, Espainiako "Independentziaren eguna"...
Hori dena, izan ere, eskema horren aplikagarritasuna alegia, askoz ere nabarmenago ikusten bait da 1808-ko Espainian, euskal abertzaletasunaren historiako ezein momentutan baino: 1900, 1931, 1936 ala Burgosko Hauzi eta Txiki eta Otaegiren afusilamendu... ala gaur, aurten.
Bi kasu, bi neurri modu
Kasualitate batez bezala, denek dakite, maiatzaren 2.gna ez dagoela horren sinpleki juzkatzerik... "Gauzak ez dira hain sinpleak", esango dizu jakintsuak. Baina askok uste du, euskal abertzaletasuna justu horrexen sinpleki juzkatzeko eskubiderik daukala eta horrexen sinpleki juzkatu behar dela: hain sinpleak dira beti gauzak, jakintsua zapaltzailearen eta okupatzailearen alderdian egonez gero.
Askatasunaren borroka, ala progresoaren borroka?
Eskema horietan "progreso" esan ohi zaionak, ez du askatasunarekin koinziditzen: askatasunaren defentsariak sarri behar izan du borrokatu eta behar izan du askatasunagatik borrokan hil, hain zuzen "progresistaren" kontra: h. d., boteretsuenaren kontra (boteretsuena izan ohi bait da "progresistena").
Naziobarneko borroken mailan balio duten eskemek, izan ere, ez dute horrenbeste balio komunitateen arteko gorabeherak esplikatzeko. Komunitate batek bestea zapaltzen duenean, nazio batek bestea adibidez, sekula ez da ahulena eta atzeratuena izaten, bortitza eta aurreratua zapaltzen dizuna. Bere askatasuna defendatu beharrean, atzeratuena eta ttipiena kausitzen da beti. Beraz, nazioen arteko harremanetan, askatasun borroka, beti edo ia beti da atzeratuen borroka, "progresisten" kontra.
Askatasun borroka
Bere lege orijinalak ditu askatasun borrokak, progreso historikoaren edo, beste legetara erreduzitzerik ez dagoenak; edozeintsu kondiziotan, eta franko autonomuki, beren balioa historian zehar erakusten dutenak. Askatasuna bere baliogo bat eta helburu bat den moduan edozein kondiziotan. Askatasuna bera da helburu; ez instrumentu soil, beste helbururen baten zerbitzutarako. Horregatik, historian zehar, behin eta berriro, komunitate orok, sakrifizio guztien gainetik eta numantismoraino, suizidioraino, defendatzen du bere askatasuna.
Alde honetatik, bada, askatasun borrokak, hein batetan, irrazionala dirudi; arrazoizkotasuna, iharduera baten zertarakoa esplikatzea baldin bada behintzat: alegia, askatasuna zerbaitetarako bide eta medio dela; utilitatea, instrumentalitatea.
Jakina, askatasuna, bere utilitatea ere bada, bere instrumentalitatea: gure diruak hobeto administratzeko, gizartea zuzenago antolatzeko, geuk derizkiogun legeak egiteko, nahi dugu askatasuna. Baina askatasuna bera, hori dena baino gehiago da. Zerbaitetarako biderik baino gehiago da. Helburu. Eta administralgo, politika edo legeria hobeak, berak dira askatasunerako instrumentu, ez alderantziz.
Herri guztiek, bada, eta komunitate guztiek, kosta ala kosta defendatzen dizute bere askatasuna. Normala hori da. Beraz, Aberri Egunak zein sentido duen ere, askatasun borrokak argitzen du. Aberri Egunaren ospakuntza elkar daiteke xede eta eslogan konkretu, mugatu batzuekin (Autonomia, Amnestia, etab.), momentuko helburu inmediatuen arabera; baina ez dirudi egoki, Aberri Eguna helburu horietarako instrumentu bihurtzea eta horretara mugatzea: aitzitik, Aberri Egunaren sentido orokarraren barruan dago eginkizun horien sentidoa, zatikazkoa. Basoak arbola ikustea eragozten duenean, Aberri Egun "hutsa", folklore eta festa bihurtzen da; baina arbolak, momentuko esloganak eta borrokak, basoa ezkutatzen badu, Aberri Egunak utzi egingo du Aberri Egun izatea, demostrazio tradizional haundi samar batetarako egun seinalea bilakatzeko, urtero xede diferentez. Eslogan politiko, sozial, bakoitzak, Aberri Egunaren eta askatasun borroka nazionalaren sentido orokarraz koordinatuta joan beharko du.
Engelsen gutuna Pablo Iglesiasi
Engelsek ondo ezagutzen zuen, nola, guztiaren gainetik, nazioak bere askatasuna behar duen eta zaintzen duen. 1893-ko apirilean P. Iglesiasi egindako gutun batetan honela mintzo da maiatzaren 2.gnaz:
"Alde batetik erasotzaile arrotza, bestetik Madrilgo herria... Espainol herriak, erasoaldi arrotza eta Napoleonen tirania borrokatzeko, Frantziako iraultza ere borrokatu beharra izan zuen; eta bere independentzia berriro eskuratzeko, behartuta aurkitu zen espainol herria, Fernando VII fanatiku ergelaren despotismoa berriro eraikitzera, haren sostenguak noblezia eta apezak bait ziren".
Eta hori ez da Espainian bakarrik gertatu: "Gauza berbera Italian, Alemanian, eta Frantzian bertan ere: beren buruak, erreparorik batere ipini gabe, erreazio monarkiko feudalari entregatuz bakarrik, lortu ahal izan dute bi herriok askatasuna, Napoleonen uztarpetik".
1870-ean Frantziak Alemaniari eraso zioenean, Marxek eta Engelsek, proletalgo alemanaren "lehenengo obligazioa", beren familia goseak eta beste problemak atzera utzi, eta "aberria defendatzea" zela, proklamatu zuten... "Esistentzia nazionala berritzeko borrokak beste oro bazterraraziko du" (Engelsek Marxi). Poloniar sozialistek "beren programaren buru-buruan nazio askatasunerako borroka" ipini behar dutela, insistitzen du Engelsek (1882).
Engelsek geroz eta gehiago azpimarkatzen du, Engels zaharrak batez ere, askatasun nazionalaren inportantzia: "Historikoki inposible da herri haundi batentzat, bere baitako beste hauzirik serioski eztabaidatu ere egin ahal izatea, askatasun nazionala falta zaion artean", idazten zion Kautskyri.
(Gauza jakina da, Engelsek berak, berjabetasunaren inportantzia "nazio haundietara" mugatzen zuela; baina, orobat jakina, mugadura harek apreziazio oker batetan oin hartzen zuela: herri ttipiak ez zirela bizirik irtetzeko gauza izango iraultza industrialaren nahasmenduetatik, iruditzen bait zitzaion).
Aberri Eguna, euskal nazioaren eguna
Sabin Aranari, bere anaia Luisek ireki zizkiola begiak, kontatzen da. Biak estudiante ziren denboran, goiz batez, elkarrizketa luze batetan etxeko baratzean, bere anaia zaharragoak erakutsi zion Sabini, Bizkaia ez dela Espainia ("me sacó de las tinieblas extranjeristas", aitortuko du liturgikoki Sabinek berak Larrazabalgo Diskurtsuan): "tantas pruebas históricas y políticas me presentó él para convencerme de que Bizkaya no era España..., que mi mente... entró en la fase de la duda y concluí prometiéndole estudiar con ánimo sereno la historia de Bizkaya y adherirme firmemente a la verdad".
Eta goiz argi hori, 1882-ko Bazko Igande goiza zen. Alegia, Engelsek Kautskyri, "historikoki inposible da herri haundi batentzat, bere baitako beste hauzirik serioski eztabaidatu ere egin ahal izatea, askatasun nazionala falta zaion artean", idazten zion hurte hura.
"Bendito el día en que conocí a mi Patria!", hunkitzen zen Sabin Arana. Eta goiz —Bizkunde edo errebelazio goiz— haren oroigarriz ospatzen da gero Aberri Eguna Bazko Igandez.
Baina berrogei eta hamar urte geroago bakarrik hasi zen euskal herria Aberri Eguna ospatzen: hau da, Aberria ezagutu izana ospatzen. Ez bait da hori ahaztu behar: alegia, euskal herria, polliki-polliki heldu dela, Kalbario mendi luze baten buruan, Aberria ezagutzera. Bazko Igandera.
Aberri Egunaren sentidoa lehen-lehenengotik eta hasiera-hasieratik dago garbi: euskal nazioaren eguna da (Aranak berak "arraza" esango zukeen, noski). Euskal Herriaren askatasun borrokan, biraketa radikal bat eman du Arana Goirik: ordura arte foralismoan oinarritzen zen, orain nazio konzeptuan. XIX.gn mendeko euskal askatasunaren borrokariak (Zumalakarregi, Santa Kruz Apaiza), foralistak izan dira; Aranaz gero "nazionalistak" gara, "abertzaleak": alegia, gure askatasuna, noizpait Forurik edo izan genuelako ez, baino nazio bat garelako, esijitzen dugu, eta ez dugu esijitzen, mundu honetan edozein naziori aitortzen zaiona besterik. Gure Foruak gureak direla, eta Foruak erreklamatzen zituen foralistak; baina orain, Euskal Herria, lehenago sekula Foru berezirik izan ez balu ere, nazio bat dela eta nazio bezala ezagutu dadila, esijitzen dugu. Lehenago sekula nazio konzientziarik izan ez balu ere, orain baduela, eta nazio den eta nazio sentitzen denaren eskubideak esijitzen ditugu: bere buruaren jabe izateko eskubidea, h.d., berjabetasuna, h.d., independentzia, h.d., Euskadi askatua.
Aberria, euskal nazioa, ez da Bidasoan bukatzen; ez da Etxegarateko bizkar portuan ere bukatzen. Eta ez da hamasei euskal deitura garbirekin hasten. Aberri burutaera aldatu egin da Aranaz gero. Gelditu dena, da, askatasun borroka, Foruen itzulpenarena ez, baino nazio berjabetasunarena dela. Independentziarena. "Euskaldunaren aberria Euskadi da". Zoritxarrez, harako bestea ere gehiegi gelditzen da oraindik: "la desgracia más grande del bizkaino es el no conocer a su Patria". Patria, ab-herri da; herri, hain zuzen. Ez, lau muga zoro. Ez, holako edo halako instituzgoren batzuk, haien nagusia baino: herria. Eta askoz gutiago, kasta pribilejiatu, edo jauntxo, edo burges ttipi ala haundirik: baina herria, eta herria bere buruaren —Euskadiren— jaun eta jabe.
Joxe Azurmendi
Aberri Egunak 1932-1978
1964.eko Aberri Eguna gogoratuz
Argazki zaharrek egoera iraganen sorgindura gordetzeko ahalmena dute. Eta horrela, Prousten antzera, hura berreskuratzeko, denbora galduaren bila abia gaitezke argazkien bidez. Behin baino gehiagotan aurkitu ukan ditut photo hauk, 1964.eko Aberri Egunean eginak, eta beraien eskutik, buruko zokondo ilun eta hautseztaturen batetik, ektoplasma lainotsu baten gisa, orduko imajinak, orduko bizipenak animatzen hasten zaizkit beti, pipari darion kea bezala.
Gernika barruan ez zen beste mundukorik gertatu. Jendea pilatu eta pilatu egiten zen kaleetan, batzarretxearen aldean batez ere. Euritako beltzez estalita zeuden kaleak eta euriak, beti gris, gabardinak kaiku berdeak, sotanak, txapelak eta goardia zibil harrituak etengabeki bustitzen zituen. "Circulen! Circulen!" entzuten zen noizik behinka, eta jendeak jaramon egiten zien... astiro, oso astiro baina. Giza uholdeak ziren haik. Autobusez, trenez automobilez... edonola etorriak, kontrolak gora behera, baina hantxe zeuden, zahar eta gazteak, neskak eta mutilak. Ez zen oihurik egin. Nik neuk behintzat ez nuen ezer aditu. Baina elkarri begiratu bai. Nolako begiradak. Euriak malkoen lotsa estaltzen zuen egokiro. Ez dakit non bazkaldu genuen, baina inguruaz, poztasunaz, aseta geunden jan gabe ere. Etxean amak prestatu zigun otartekoa, Kasaz lagundurik, euriaren gristasun malenkoniatsupean irensten genuen astiro. Polizia sekretu asko omen zegoen. Garai hartako polizia sekretu beldurgarri eta erdi mythikoa. Horregatik aurpegietan mesfidantza ere agertzen zen, ondokoaren ikara.
Egun hura gogoangarria izan zen benetan.
E.G.I.koak ginenean
1964.eko Bazko egun hartan Aberri Eguna Gernikan hospatzekoa zen. Gerra ondoko lehen Aberri Eguna. Orduan hamazazpi urte nituen eta eskolapioen ikastetxean ari, azken ikasturtea bukatzen. E.G.I.-n nengoen, geunden, eta orduan ez zen oraindik eztabaidatzen Euzko Gaztedi PNV zen ala ez. Aski erregularki Gudari aldizkaria jasotzen genuen, gero lagunen artean eta etxeetako postakutxetan banatzeko. Hirur lagun ginen, Manu Reguero (alias "Errege"), Tomas Trifol eta ni. Jadanik euskara ikasten geniharduen. Mintzatzen gehienik zekiena, seguraski, ni nintzen, baina Manuk literatura eta toponymi estudioetan erraz gainditzen ninduen.
Bidea
Gernikara joatea, polizi kontroletatik ihes egiteko, mendiz egitea erabaki zen. Aurtenetxek, E.G.I.ko gure arduradunak, igande hartan, oso goiz, sei t'erdietan edo, Bilbo Zaharretik Lezamara tren bat irtengo zelako abisua emana zigun. Bertan joanen ginen guztiok, gero, handixek, mendiz Gernikara heltzeko. Eguraldi txarra zen, hurrengo Aberri Egunetan bezala. Botak jantzita generamatzan arren, ez zen horregatik erraza basoko bideska zikinetatik ibiltzea. Gurekin, gogoan daukat oraino, gudari mordoa zetorren, asko seme-alabez lagundurik gainera. Bat, baina, oso nabari eta ahantzezina, mantxua, besomotza baitzen; zenbait urte geroago haren deitura gure pantheoian geratuko zen betiko: Goikoetxea.
Bideak toki askotan laban zeuden, irristakor, eta euri gehiegiagatik zenbait lekutan moztuak, lurrak jausita. Batzutan, handik ibiltzeko, eskuz eskuko giza kateak egin behar izaten genituen, elkarri lagunduz. Ixilik genbiltzan, beldurrez ere bai. Ez zen ia ezer entzuten, zirimiri atergabearen murmurio grisa izan ezik. Baserri inguruetatik pasatzen ginenean, inoizka, txakurren zaunkadak; besterik ez. Eta boten txipli-txaplak bideko potxingoetan. Gudari zaharrek bidea ongi ezagutzen zuten, baina tarteka, aurkitzen genituen baserritarrei informazioa eskatzen zieten, ea poliziaren jeepak handik ote zebiltzan, bide laburrago edo eta ezkutuagorik ba ote zegoen... Guztiek beren laguntasuna eskaintzen ziguten oso osoan.
Gutariko gehienok euskaldunak ginen, Bilbotiko gazte batzu izan ezik, baina euskaldunon artean ere, erdara besterik ez zen aditzen ia. Bilbotarrak neska-mutil gazteak ziren, dantza edo folklore talderen batetakoak gehienak. Garai hartan E.G.I.k izugarrizko bultzada ematen zien folklore taldeei, Sabin Egiguren dantzari adoretsuari esker bereziki.
Gernikan
Gernikara sartu aurretik zenbait abisu eta kontseilu eman ziren, poliziak harrapatuak izanez gero, zer esan jakiteko. Ardoari zurrutada batzu egin ondoren —hotza zen eta guztiok euritan blai gentozen— han, Gernikaren sarrerako ermita baten ondoan, harizti batetan Manuk argazki bat egin zigun. Neronek eskatua nion bere kamera osabari, orain gogora ditzakedan oroitgarriok egiteko.
Pasadizo bat
Gernikan J. J. Pujana aurkitu genuen, gaur PNV-en hain kargu gora duen berbera. Eskolapioetan zebilen bera ere, eta, agian euskaraz mintzatzen zekielako. aita Justo Mari Mokoroaren adiskidantza osoa zeukan. Guk, jakin, ba genekien hura abertzalea zela eta, noski, egotekotan —orduan ETA ia ezezaguna baitzen— PNV-en zegokeela. Baina gurekin ez zeukan berak inolako traturik. Alde batetik, eta hori ere zerbait zen, gu baino zaharragoa zelako, apezgaitegitik irten berria eta, ene irudiko, giza tratuetan luze-laburrak ongi markatzea gustatzen zaien horietakoa. Berak ere ba zekien, nonbait, gu zertan ari ginen, bai eta nola genbiltzan euskara ikasten, baina, hala ere, ez zigun kasu handirik egiten. Haren portaeraren lekuko zehatza da, hortaz, kondatzera noana, pertsona baten barik, ideologia baten ispilu datekeena.
Tomas Trifol, bi urte geroago erabat ETAn sartuko zena, euskara kontuan berria zen oraino. Ez zeraman aste guti besterik ikasten. Halako batean, Pujanak izena galdetu zion Tomasi. Berak Tomas Trifol erantzun zionean, hark ¿Y qué más? gaineratu zuen. Madrazo, besteak. Orduan, Pujanak, euskaraz ba ote zekien galdetu zion. Tomasek egia erantzun zion, hots: — Estoy aprendiendo, pero todavía no sé hablar. Pujanaren erantzutea anthologikoa gertatu zen: — ¿Y llamándote así y no sabiendo vasco, te atreves a venir con nosotros al Aberri Eguna? Hitz haiek jauna morroiekin hitz egitera zergatik ez zen makurtzen aski garbi erakusten zuten. Harentzat, nonbait, Trifol, Reguero edo Quintana deiturako gizaki haik zerbait kirats ziren, paria gisakoak, harremanak ongi mugatzekoak. Eta hori euskaraz ikasten saiatuak izan arren, eta orduan Bilbo osoan ez ginatekeen bi dotzena baino gehiago horretan genbiltzan zorook. Eta guztiok, horregatik alderdi berekoak ginen, zeren orduan familia onekoak eta kasta txarrekoak publikoki bereiztea bidezkoa baitzen. Batek jakin, behialako arranoak zeritzonez, berak ere gure modukoek euskara ikasi nahia onhartezinezko sakrilegiotzat ez ote zuen jotzen.
Tomasek hargatik hartu zuen amorruak, despitaz, euskara sakonki ikastera bultzatu zuen, hilabete guttitan besteon parean jarri arte. Baina, zoritxarrez, kondatu dudanaren modukoen ahotik hitz berberak entzutean zenbat eta zenbat lagun ez ote dira holako "abertzaletasunaz" nazkaturik irten. Eta Ruiz Olabuenaga gisako soziologoek hortik diotena gora behera, Euskal Herriko etorkinek euskal nazionalismoaz daukaten ideia faltsua hortixek sortua da gehienbat, eta ez geroagokoengandik.
Etxera
Trenez itzuli ginen. Tren izugarri bete batetan. Trenbidetik gindoazela kaminoa genekusan, kontrolez betea, Gernikara heltzerik ukan ez zuten autobus eta kotxez aseta, eta guk haiei eta haiek guri eskuaz eta zapiez agur. Euria zen arratsaldean ere. Hodei grisak gainean eta trenaren harat-honatetan malkoak zebiltzan dantzan. Etxera gentozen eta buruan egun hartan bizi izandako irudi anizkor eta ugariak nahasian... Euri tanten tarratadak treneko leihoetan. Haize heze, bustia.
Aberri aurkituaren ametsak, poliziaren, arriskuaren presentzia, etxekoen hertsikeria, mintzatu ezina, giza piloek sorterazten duten euphoria. Ondoko neska kaikudunaren aurpegi graziosa, bagoiaren beste puntako irrintzi zolia. Aberri Urtea gelditzen zitzaigun aurrean bizitzeko oraindik, Herriaren aldeko beste hirurehun eta hirurogeita hirur egunak. Lan egunak, gaueko pintaden egunak. Panphleto botatzeko egunak. Euskara ikasteko egunak. Gaurdainoko egunak...
Xabier Kintanak
Aberri Egunak 1932-1978
Azken urte hauetaraino, Ipar-aldean "ABERRI" hitza, arras guti ezagutua zen eta, beraz ere ABERRI EGUNA.
Lau aldiz, ABERRI EGUNA, haundizki hospatua izan da Iparraldean. Haundizki hospatua ez zen urteetan, Iparreko abertzaleak joaiten ziren Hegoaldean eratu ABERRI-EGUN-erat... Eta, harat ezin joana zutenentzat, Itsasun muntatzen zen abertzale-bilkura bat, Bazkoz edo Bazko biharamunean.
1963 - Lehen Aberri-Eguna - Itsasun, Bazko astelehenez
ENBATA-koek eratu zuten.
Goizeko mezaren ondotik, landatu zuten haitz-ondo ttipi bat. Hari lotu ikurrin bat. Haren inguruan bildu ziren 1.200 presuna. Ximun HARAN eta Julen MADARIAGAk goratu zuten ikurrina. Irakurtua izan zen Abertzaleen Ageria (Hau, geroztik zizelatua izan da harrian, han berean). T. MONZONek egin zuen mintzaldia. Ondotik, aurresku bat dantzatu zen eta Eusko Gudariak abestu.
ABERRI EGUN hospatze hontan, aurkitu ziren zenbeit nazionalitate ttipitako ordezkari batzu (Betroin, Ozitano eta abar). Bazkal ondo, mintzatu ziren LABEGUERIE, ERRECART senadorra eta bertze batzu.
Oro, pakean bukatuko zen, ez balitz hor azaldu, arratsaldean, Espainol Poliziako gradudun bat, Lapena izenekoa. Huni, zenbeit abertzalek, zanpaldi bat eman zioten eta bere paperak kendu ziozkaten.
1971 - Donibane-Lohitzune - Bazkoz
ENBATA-koek eratua.
Bazko bezperan, Prefetak agindurik, André ITHURRALDE Donibaneko Alkateak, debekatu zuen. ENBATA-koek erabaki zuten, debekatuagatik, horren hospatzea.
Hamabietako, milako bat abertzale bildu ziren musikalekuaren ingururat. Hor zagon, Polizia ugari... Abertzale batzu, jauziz jabetu ziren musikalekuaz. Izan zen borroka polizgizon batzurekin. Berehala, manifestapen bat muntatu zen Donibaneko kale nausian. Manifestapen hortan, protesta eginez, bandera frantses batekin, sartu zen Roger ERBITI, Donibandarra, bere lagun batzurekin. ERBITI hori zen "Service-Action Civique" (S.A.C.)ekoa. Frantzian, "SAC" da, Espainiako "Fuerza Nueva" erakundearen antzekoa.
Abertzale zenbeitek Erbitiri, bandera eskutik kendu zioten eta hankapean zapikatu. Polizia etorri zen bere makilekin, "ordrea" ematerat.
Arratsaldean, abertzale gazteek "sitting" bat muntatu zuten musikalekuaren inguruan. Poliziak pakea eman zioten.
Arratsean, T. MONZONi ez-ezagun batzuek erre zioten, bere baserri lurrean zuen borda-etxea.
Zenbait egun geroago, bonba batez, nahiko hondatuak izan ziren ERBITIren kamioia eta etxea.
Aberri-Egunaz legez ez zutelakotz errespetatu abertzale batzu deituak izan ziren hauzitegirat. T. MONZON eta TXILLARDEGI urrunduak izan ziren lau hilabeteentzat, Euskal-Herritik urrun, Gers departamendurat.
1972 - Maule. Bazkoz
ENBATA-koek eratua.
Aberri-Egun hau ere, prefetak debekatu zuen, Bere Polizia bidali zuen Maulerat eta harat joaiten duten bidetarat.
Bainan, oraikoan, Mauleko Alkatea, SUPERVIELLE jauna, liberala baitzen, gure alde azaldu zen. Bera etorri zen gutarterat, bazkaltzerat eta guzi.
Mezaren ondotik egin zen, manifestapen bat kalean eta, Itsasun bezala, ikurrinaren hospatzea.
Arratsaldean, Polizia bere makilekin oldartu zen, multzoka manifestatzen zabiltzan talde batzueri. Bertzeak bertze, kasaila bat gertatu zen, Polizia eta Pierre TEILLETCHE, gerlari ohi eta medailatuaren artean. Han zen, Donibane-Lohitzuneko abertzale bat. Milako bat abertzale bildu ziren Maulen ere.
1973 - Donibane-Garazi. Bazkoz
Aberri-Egun hau, ez zuen ENBATA'k eratu, bainan abertzale gazteen elkarte batek.
Prefetak ez zuen debekatu. Polizia ezkutaturik egon zen.
Antolatzaleek, Aberri-Egun huni, gizarte-borrokaren itxura eman zioten. Ikurrina hospaturik beti bezala, toberen tankerako teatro-lan batzu aurkeztu zituzten, kalez-kale erabiliz. Teatro-lan horren bidez, salatzen zuten, Ipar-Euskadi'k Frantziaganik, era guziz, jasaten duen zapalkuntza. 1.500 bat abertzale bildu ziren Donibane-Garazin.
P. LARZABAL
Aberri Egunak 1932-1978
Aquí venimos los aberchales: riau, riau
Herri guztien berdintasuna: horra hor internazionalismoaren lehenengo helburua.
Nazionalismoak, aldiz, eskuindarren naziokeriak alegia, besterik uste du eta proposatzen: herri batzuek ba dutela beren buruaren jabe izateko —eskubidea—, eta beste batzuek, berriz, honengatik edo hargatik, ez dutela eskubide hori. Eta suntsitu arte iraun behar dutela, hortaz, besteen mendean: etxean arrotzen eskuetan eta erdaraz mintzo, anaiartea bi puskatan puskaturik, eta naziotasuna galdu ez dutenak beren buruez lotsaturik.
Naziokoiak, hitz batez, bere herri onesten du; baina gainerakoak ukatzen eta gaitzesten.
Abertzaleak, itzuletara, bere herria maite duelako, eta inperialismoa zer den ongi dakielako, beste herriak ere errespetatzen ditu.
Gaur, horretara, Salamancan eta Dordognen euskaltasuna sartzeko asmorik ez duelako, abertzalea da internazionalista bakarra. Donostian eta Iruñan euskaltasunaren indarkuntza ikusi nahi ez duena, berriz, inperialista da. Hots, instituzioak ukatzen dituenak herria ukatzen du; nazio eskubideetatik at ez baita herririk salbatzen inperialismotik.
Naziokoiak chauvinismoa du oinarritzat, bere izaera-moldea nahi du esportatu; bestea beste izateko eskubidea ukatzen du. Gure herrian, esate baterako, naziokoiak ukatu egiten du euskaldunok euskaldun egoteko dugun eskubide sakratua. Nazionalista, "norteñada"ren alde dago Euskal Herrian; "norteñada" delakoa, bestetasunaren ukaera, eta inperialismoaren baiespena den neurrian, hain zuzen. Inperialistak ontzat eman lezake agian "Región Vascongada" delakoa; baina kondizino bakar honetan: Salamanca-ko segida hutsa hemen gertatzea.
Hots, erlijioak babesten zuen lehen inperialismoa: R. Maeztuk lotsagabeki idazten zuen halako batez Amerikatako "indioen arimak salbatzeko" joanak zirela haraino españatar kolonizatzaileak (horrelakorik inor gutxik sinetsi bazion ere!...)
Gaur, berriz, XX. mendean, bandera gorriz zuzenesten da inperialismoa; eta kapitalismoaren kontrako burrukak behartzen omen ditu sozial-inperialistak zapaldutako nazioaren eskubideak ukatzera... Gaurko inperialismoari sozial-inperialismo deritza; eta bere kopetean "sozialismo" hitza dakar nabarmen.
Giza-giro horretan aztertu behar da aurtengo Aberri-Eguna; eta ez beste inola.
Aberri-Eguna, bere izenak berak garbiki azaltzen duenez, Aberriaren eguna da, Euskal Herriaren eguna: euskal nazioaren eguna. Aberri-Egunean euskal herri zapaldua ospatzen dugu abertzaleok.
Nork zapaldua? Inperialismoak (eta bertako "quisling"ek) zapaldua izan den eta den gure herria. Aberri-Eguna, hortaz, beraz da inperialismoaren aurkako egun berezia; eta hori ez bada, anti-inperialista ez bada, fartsa eta komedia hutsa da.
Aberri-Eguna ez baita euskal "gauzen" eta "dantzen" eguna bakarrik. Aberri-Eguna ez baita euskal "kantuen" eta "ikurrinen" eguna bakarrik. Aberri-Eguna hauxe baita zehazki eta denen gain: euskal nazioari, herri desberdin gisa, bere burua antolatzeko eta gobernatzeko dagokion nazio-eskubidearen eguna.
Aberri-Eguna, hortaz, abertzale guztien eguna da; eta ezin daiteke, errotik beretik lardaskaturik gertatu gabe, sozial-inperialisten eguna izan. Euskal Herriaren nazio-eskubideak ukatzen dituztenek, nekez ospa dezakete beren eguna abertzaleen egunean!
Aurten, ordea, prentsaren bidez jakin dugunez, sozial-inperialisten arabera eta bedeinkazioaz ospatuko da Aberri-Eguna. Blas Piñar-ek ez du bil-deia sinatu. Bejondeiela honetaz pozik geldi daitezkeenei!
Lehen-lehenengo, laprastada hau: Iparraldeko abertzaleak ezertarako ere hitzartu gabe hartu direla aurtengo erabakiak. Sozial-demokraten buruan ez baita inolaz ere sartzen hazpandarrak eta atharraztarrak gure anaiak izan daitezkeenik. Aberri-Eguna Hegoaldeko lau hiriburuetan, eta ez bestetan, ospatuz, aberritasunik gabe gelditu gara; baina "norteñadaz" bapo horniturik.
Eta bigarren laprastada, eta lehenengoaren tankerakoa: Autonomi-mailan eta Unibertsitate-mailan batera, Nafarroa gugandik baztertu nahi denez geroztik, Nafarroan behar zela ospatu, hain zuzen ere, aurtengo Aberri-Eguna; eta Iruñan, eta ez beste inon. Ez sakabanaturik.
Aurtengo Aberri-Egunak, horretara, gure atzerakadaren neurria ematen du: gauza "ondo" doa, "integratuz" goaz... Zeri buruz?
Eta hori ikusita, abertzaleok, abertzale ezkertarrok bederen lehendabizikorik, programa abertzale minimo bati buruz zeharo elkartu eta anaitu beharrean, alferrikako hizpideak ahaztu beharrean, geure liferentzietan eta ñabarduretan jarriko ditugu begiak. Eta edozein txorimaloren atzetik joango gara aldraka, helburua berriro galdurik.
Eta aspaldidaniko amoranteak ikusiko ditugu eskuin aldean, beste berrogei urtez musuka eta marrusketa beroan; eta ezker aldean, bandera gorri askoren artean, "taktikaz" errepikaturik, hau entzungo dugu kaleetan barrena datorren 26-an: "Riau, riau! Irrintzi va que chuta! Aqui venimo lo norteño aberchale!"...
Segi! Segi horrela, aberkideok! Eta barre ozenik entzungo da bazterretan!
TXILLARDEGI
Donostia, 1978/III/13
Aberri Egunak 1932-1978
Euskadi librean, langile libre
Arana Goirik "arraza" esaten zuen: Unamunok eta Barojak bezala. Eta Ortegak. Orduan hala esaten zuten, euskal arraza. Arraza teoria bat, Aranak ez du, bestela.
Nolanahi ere, nazionalitate printzipioa, kontenplazio gabe eta kontsekuentzia guztiekin, proklamatu du Sabinek: "... España y Euskeria son dos naciones tan distintas y diferentes entre sí como Euskeria y Alemania y más distintas y diferentes que lo es Alemania de España, —así sean también independientes entre sí en lo político".
- "Los bizkainos no somos españoles ni por raza, ni por el idioma, ni por las leyes, ni por la historia".
- "Bizkaya no es de derecho española, como no sea por el actual derecho constitucional; si de hecho es provincia española, lo es a pesar suyo y contra su voluntad".
Eta esijitzen du:
- "absoluta independencia de Bizkaya contra toda política españolista".
Bi nazio ala/eta bi klase
Urteetan bi planteiamolde elkarren kontrario eduki ditugu Euskal Herrian, funtsean biak berdinak beren estrukturan, dualistak eta esklusibistak biak, alternatibistak: hemengo borroka ez dela bi nazioaren artekoa besterik; ez dela bi klaseren artekoa baino.
Eta batek ala besteak, begien bistako errealitate pila bat uzten zuen esplikatu gabe, azkenean naziotasunaren edo klase borrokaren metafisika konplikatuetara apelatu behar izaten baitzuten.
Nazioarena Aranak bezalakoxe radikalismoz —eta esklusibismoz— proklamatu zen klase borrokaren printzipioa XIX mende azkenetan.
Esklusibismo edo alternatibismo sinplista horik gehienbat gainditu ahal izan dira urteotan. PNV-an ere ba dakite, hemen ez dagoela nazio arazoa bakarrik; PSOE-n ba dakite, ba dagoela nazio arazo bat ere. Halere, ezin esan daiteke, planteiamolde alternatibista hartatik eta harekin sortu ziren taldeketa klasikoak ("abertzaleak": PNV...; espainolistak edo klasistak: PSOE, PCE, MCE...), oraindik, eta beharbada berriro eta geroz bortizkiago, beren hasierako dinamikak ez daramatzanik. Urak errekara itzultzen dira; Alderdiak beren jatorrizko tradizioetara; eta pentsabideak eta teoriak eta filosofiak, oinarrizko beren eskemetara eta dinamikara. Azkenean, hasieran bukatzen da. Egunetik egunera hobeto ageri da, Alderdi ezberdinen jokabideetan, hosto berrien azpian dagoen natura zaharra.
UCD: ez nazio eta ez klase, inperio
Planteiamolde orijinala, berri-berria (bostehun bat urte besterik ez duena), Euskadiri historiko nahiz politikoki dagokionean, UCD-ek egiten digu, noski: hemen, ez nazio eta ez klase, Inperioa besterik ez dago eta hori haunditu behar da. Kito, San Kito.
Zer axola dio, gero, Nafarroa Euskadi den, ala Euskadi Nafarroa. Inperioa da behintzat.
Aberria, aberriak da
Aberria ez da kontzeptu bat kaskoan: klase bakoitzak bere erara okupatzen dizun, hartzen dizun, errealitate sozial, politiko, kultural, historiko, geografikoa da.
Aberria, momentu honetan, Euskadi hautsi, zanpatu, lan gabeko, eskolabide gabeko, zikin, matxista, nazkagarri hau da. Askatasun borroka nazionala, klase bakoitzak eta talde bakoitzak bere errepresioaren ikuspidetik ikusten eta egiten du. Arrantzaleak, Euskadi bat itsaso librez egin nahi du; haurrak, eskolak aplastatzen ez duen Euskadi bat; emakumeak, emakume sortu izana diskriminatzen ez duen aberri bat; Bakoitzak bere askatasuna egiten dizu.
Askatasuna, askatasunak da: aberria, aberriak da.
Langileen aberrigintza
Lehenago esan zezakeen Engelsek, XIX mendean, nazioa askatu beharra zegoenean, langileak, bere klase interesak utzi, eta klase nagusiari lotu behar zitzaiola, okupatzailearen aurka: klase erreazionari hutsei berei, zenbait kasutan.
Gaur egun, langileria aski indartsu da, aski organizatu eta kontzientziatua dago nazio zapalduaren barruan, bere interesak modu horretan sakrifikatu behar izateko. Bere klase borroka eta bere nazio borroka batera eraman ditzake aurrera: are, gidari ere bilaka daiteke bera, nazio askapen eta aberrigintza borrokan. Aberri Eguna: haurren, emakumeen, langileen, arrantzaleen, nekazarien, ikasleen..., egiteko Aberriaren Eguna da. Euskaldun herriaren egiteko askatasunarena.
Lazkano Mendizabal
Aberri Egunak 1932-1978
Aberri Egunaren arazoa eta gaur egun Euskal Herriak duen arazoa, autonomiaren aldeko burruka alegia, ezin daitezke banan. Eta aritik ateratzea ba dirudi ere, euskal nazional eskakizunak zein koordenadatan mugitzen diren kontutan hartzea ez da aparteko zerbait. Aurrenetik argi ta garbi jakin behar genukena zera da, gure nazional helburuak aurrera ateratzeko uka ezinezko indar bat behar dugula. Bainan indar hori bilatzekotan ez da aski Euskadin bakarrik bilakatzea, derriorrezkoa zaigu munduko eta Europako textuingurua begiraturik bilakatzea, are gehiago, Euskadi bi estatuen artean erdibiturik dagola eta politikoki instituzionalitzea dela dugun eskapen nagusiena kontuan hartzen badugu.
Puntu honek bultzatzen nau gehienbat politikaren bi dimentsio horiei lotzera lehenbizi, Europako eta munduko textuingurua alde batetik eta Estatu textuingurua bestetik, eskakizun nazionalaren funtsezko aldea azpimarkatu baino lehen, hau da, Euskal Herriko lurralde guztietan eskakizun nazionala zabaltzea. Ari garen boluntarismo itsuak gure jokabide politikoa eragin behar lukeena ez ikustera bultzatzen gaitu.
Munduko interesak ez direla gaur Euskal Herrian finkatzen esatea, ez da gehiegi esatea, edo hobeki, munduko politika darabilten indarrek ez dira euskal botere politiko baten aldekoak, kontrakoak baizik, eta hori argi dakusagu Frantziako kasuan. Ez da erreza jakitea zenbat aldaketa eman beharko lirateken horietariko norbait positiboki Euskal Herriaz arduratzeko.
Bestalde argi dago niretzat, gaur egun, gure irtenbideak Estatu barnean gertatuko denari atxikita daudela. Iragan garaietan bezala. Hau esaterakoan ez dut esan nahi Ipar Euskadi ahantzi behar dugunik. Ipar Euskadi, Hego Euskadiren politikan presente egon behar du. Bainan boluntarismo eta teori hutsezko adierazpenak baino harreman taktikoak premi gehiago dute gaur, bihar politiko eta administraziozko harremanak bihurtu ditezen. Laburdi, Behenafarroa eta Xuberoren perspektiba nazionala hobeagotzea ala ez Estatu barnean egoki edo desegoki jokatzen dugun araberan dago, guk Hego Euskadin politiko botere indartsu bat lortzen dugunaren araberan.
Ebro eta Auñamendien artean bizi den Herriarentzat lurrez eta demografizko balioa nahi ta nahiezkoa dela, zeinek ahantz dezake?
Hego Euskal Herriaren lau probentziren batasunik gabe, arazo aski zaila bestalde, laguntza eskasa itxaron dezakete Ipar aldeko anaiek.
Uka ezinezko garrantzia du Espaniako Estatu barnean gertatzen denak egungo euskal politikarako. Nola erantzun diezaiokegu? Batzuek Galeusca-n jarri zituzten euren begiak: iraganak, beraren balioa agertzen zuen heinean, beraren eskasia agertzen zuen, eskasi hori gaur Euskal Herrian ematen den indar politikoen molduraren araberan handiagotuz. Estatu barnean gehiengoen indar politikoek hartuko duten jokabideari atxikita dagola Estatuaren organizatzea, nahi ta nahiezko kontu bat da, eta ez federalizatzea bakarrik —berez arazo, inportantea eta zaila— baita deszentralizatze soil bat ere. Posible izanen al du Euskal Herriak Erdi Haroan zuen politiko errealismoa berriz beraganatzea.
Munduaz, Europaz eta Estatuaz aritzeak, Euskadi nazionalki egitea, Euskal Herriko erkidegoaren gain, batez ere ezer ez dutenen gain, dagoen arazo bat denik ez gaitu ahaztera eraman behar. Eta ikusmira hontatik aipatu nahi nuke zerbait Aberri Eguna dela ta.
Lehen nazionalismoaren etsipena —baita Ekainaren hamabostari lotzen bagaizkio oraingoarena ere— den EAJ-eri zor diogu abertzaletasunaren dotrina, sinboloak eta errituala egitea.
Baina iragan garaitan dotrina, sinbolo, eta erritual horik Euskal Herriko erkidegoaren zati baten, ez besteren, ondarea zen; hain zuzen ere Errepublika garaian, Bizkaiko % 27, Gipuzkoako % 30, Arabako % 17 eta Nafarroako % 7'5 ematen zioten botoa EAJ-eri. Gogoangarrizko Aberri Egun haietan, 1930 inguruan, harrigarria zen milaka jelkidek erakusten zuten aberriarenganako adorea; baina hau herriaren zati baten izpilu zen: EAJ eta EAE-ko abertzaleak izugarrizko manifestapen haietara zihoazten bitartean, beste euskaldun asko, egia esateko gehiengoa, "sozialistak", "komunistak", "karlistak", "cedistak" e.a. euren kontrako zen alderdi baten arazo bat balitz bezala juzkatzen zuten.
Zorionez, eta ez dago arrazoirik eman beharrik, gauzak aldatu dira. 36-ko gerrak, hilabete batzuk lehenago kaleetan zehar elkarren aurka zebiltzatenak, trintxeretan eta ikurrin baten azpian anaitu zituen helburu baten bila mugitu zirenak. Francoren aurka gerra egin zutenen ahaleginak eta horren esanahiak, eta azken hogei urteotako burrukak, Errepublika garaian uste ezinezko ondorioa ekarri du: leheno alderdi baten dotrina, sinbolo eta errituala ziren elementuak, nahiz herri osoarentzat izateko asmotan ibili, orain herri osoaren batasunetako elementutzat erabiltzea.
Aberri Eguna denek onartzea nazionalismoaren garaitza da: arrakastatzat ez beste jo bai dezakegu leheno alderdi batek zerabiltzan hizkuntza, sinbolo eta jaiak, alderdi guztiek haintzakotzat eta eurentzakotzat hartzea.
Ba dakit, hau, Euskal Herriko errealitate bati amorematea, azalezko kontsezioak direla uste duen bat edo beste egonen dela. Hala ere ni ez naiz horrekin ados. Ikusmira abertzale eta autonomiko baten artean garrantzi handiko ezberdintasun politikoak daudela egia da, eta egi hau ezin da irenismo koyuntural baten eraginez baztertu. Baina bestalde ezin ahantz dezakegu ikusmira ezberdintasun horik gaur ematen zaien baino garrantzi guttiago eduki dezaketela epe labur eta erdi batetara, denborak, posizioak aldakor bihurtzen baititu, elkarrekiko influentziaren eraginez.
Kointzidentzien ondorioak Euskadirako egizko botereak eskatzean sendotzen dira eta prozesu hau indar harremanen textuinguruan ematen da. Indar harreman honetan datza edozein politiko planteamenduen kakoa. Hori da kontutan hartu behar duguna zerbait nahi baldin bada behintzat.
Gaur egungo errealitatea, gerra aurretik bezala, abertzalegoak bakarrik ezinezkoa izanen duela autonomia aurrera ateratzea da.
Zergaitik? Zer dezakegu Nafarroako % 10 abertzale botoekin, edo ta Arabako % 20-arekin? Zihur al gaude Bizkaiko % 40-arekin edo ta Gipuzkoako % 40 ta zerbait gehiagorekin? Ba du mingostasun nahiko Errepublika garaian bakarrik ibiltzea, lagunak baztertuz, eta egun ere abertzalegoa jokabide berdinean ikusteak. Erlazio horretan emandako gerra zibilek, onenean, norberen buruaren galtzera daramate. Eta ezin espero daiteke erlazio hori gauetik goizera eta mirariz aldatzerik, soziologi politikoak argi erakutsi baitu politiko jokabideak ez direla denbora luze baten behintzat aldatzen.
Hontaz oinarriturik esan genezake autonomismoaren agertzea, zerbait berria berau gure azken historian, mesedegarri dela Euskal Herriaren oraina eta etorkizunerako. Agerpen honen iturrira joko ez dugun arren, azpimarkatu beharra dago hontaz indar abertzaleen burrukak duen zerikusia. Azken baten kontuan hartzekoa hau da, bi korronte honek, abertzalea eta autonomikoa, hauek biek bai garantizatzen dutela ondorio autonomikoak, eta nazional dinamika berri baten ahalbidea.
Behar bada garantiaz hitz egitea larregi daiteke, Gipuzkoa eta Bizkairako aski izan arren, ez litzatekelako Arabara eta Nafarroarako aski izanen. Gauzak hola, epe labur eta erdi batetara autonomista diren indarrak areriotzat jotzea nazional jokabide suizida bat da. Nazional jokabide egoki batetan, arerioak alderdi zentralistak dira batez ere Nafarroan eta Araban olo 40 inguruan dabiltzala, eta gorago jotzeko posibilitatearekin, konturatzen bagara.
Datorren Aberri Egunera hainbeste alderdik deitzen dutela ikustea, beraz, poztekoa da. Koyuntura latz honetan —eta noiz ez da izan latza Herri honetan azken berrehun urteotan?— askatasunera garamatzan bide bakarra gehiengoen laguntzaz egin dezakeguna da, nahiz ta sarri, askok, gutti eta eskasak deritzagun minimoekin jokatu behar.
Gregorio Monreal Zia
Iberian zer
Bipartikrazia... ezen ez demokrazia
Hilaren 22an Madrileko kongresuak Afrikaren Batasunaren Erakundearen erabakiari kontra egin zionean —kanarietakoa dela eta—, diputatu guztiak zutituz txaloka hasi ziren; hobe esan, guztiek ez, Letamendiak ez baitzuen bere bizarra altxatu. Gero, Letamendiak prentsari adierazi zionez, esplikatu nahi izan omen zuen Kanariar Herriaren autodeterminazioaren aldekoa zela eta, ezin zezakeela horrelako deklarapenik amets. Jarrera hau, herri honetatik zein antzekotik ikusiz, ez zaiguke zail ulertzen, baina Perez LLorca eta Guerra diputatuentzat zorritsu molestagarri baten jarrera besterik ez zitekeen, Independentziaren aldekoa izatea zoraldi bat besterik ez da, galeria hutsa: arazo pathologikoa, Beraientzat, hautabide guztiek dute araurik eta independentziaren aldekoa izatea imajinazio gaixotien ondorio... "Consideramos que la unidad de España es un valor fundamental, sin que ello vaya en perjuicio de la máxima profundización de las autonomías de las regiones y nacionalidades del Estado Español" Peces Barba 25/11/78.
Txakal papera egiten ari da norbait ahalguztidun den otsoarekin.
Letamendiak, agian, teatro hura aspergarri zatekeela ikusiz, hastio izugarria sentituz, otsoa eta txakala —batipat— elkarri txalotzen ziotela eta, aulkian mugimendu baldar bat eginik, prentsan zer esan zezakeen hasi zen pentsatzen.
Bipartikrazia txaloak eta haserreak direnean.
Haserreak direnean
Espainiako gobernu guztiek Nazioarteko Harremanak politikari apologisten gain ukan dituzte, egia esan, politikari guztiak apologistak izan dira; politika bera bezala: faxista. Eta, beraz, asko jakin dute diskurtsu erretorikoak egiteko orduan, guttiago baina gauzak konpontzerakoan. Frankorentzat, mairuak (1) zikinak eta higuingarriak ziratekeen are gehiago: tontoak; eta hareen ministrariek askotan aipatzen zuten esaldi hura: "Nuestros fraternales lazos con los pueblos árabes"... Anaia nagusiak anaia subnormala ikusten duen bezalakoxea irudimenera dakarkigu. Baina mairu estrainio laik ez ziren, ez, hain tontoak, eta baldin gizaldi guzti honetan bizkarreko asko eman espainiar agintari inperialeei, halere bada, ez dute ezer ikasi. Itsuak eta gorrak.
Sahara arinki utzi zuten ustez, akaso, honela, zenbait denborarako libro zirela Ceuta, Melilla eta Kanarietako lurraldeak. Han zer gerta zitekeen?: ¡Allá películas! Kontua zen hondarra berdeegi zegoela eta Espainiar plutokraziaren interesak —fosfatotan— marokotarrekin batera konpondu bide zituztela. Baina Polisario Frontearen faktorea ez zen zehazki neurtua izan eta Algeriako gobernuaren laguntzarekin sahauriarren burruka hasi egin zen.
Hassani, Marokoko errege diktadoreari, haize gehiegi eman zioten mementu hortan, Espainiako barnepolitika ahulki bizi zen mementu hartan, eta erregeska feudal hark. Ceuta eta Melilla bereganatu eginen zituela aipatu zuen. Izan, izan zen ere Arraultze Itun bat, orain birsinatu (2) dena. Eta honetan sortu da istilua. Antza, Itun horretan Saharako itsasaldea dela kausa, espainiar diplomaziak "arraina merkeegi" saldu omen du; eta honela, orain astebete guti gorabehera, PSOE eta UCDren arteko izugarri haserrea ikusi dugu Gorteetan. Ituna sinatua zen jadanik eta ardurako istiluak konponketa txarra zukeen, baina otsoak eta txakalak berbaldi handiosa eskaini zieten prentsakoei: indar sagerpen lerdoa.
Beste alderdien papera "Klak" itxura hartzen ari ote den uste izan da Madril aldean.
Arraultzearen Itunak balio izan zion PSOEri Gobernuak Afrikarako duen politika kilikolo batean sartzeko, eta bitartean, PSOEk daramatzan harreman internazionalak Afrikako Iparraldearekin Gobernuarenak bezainbat inportantzia hartzen ari dira. Ez dakizkigunak, asko; dakizkigunak, ezaugarriak, halegia MPAIAKen irratia desagerteraztea. Hau ere botere alternatiba izan nahian datzake.
"Arabiar zoroa"
Eta gauzak nahasteko "arabiar zoroa" agertu da: Muamar el Gadafi koronela. Egin zuen diskurtsuan —diskurtsu bai, diskurtsuak egiten baititu sujet honek— Espainiari Kanariak utz ditzan egin dio gonbitapena. Izualdura Madrileko Mila Palaziotan: milaka izualdura. Ondorio erraxa beronexek: hilak 25ean, Afrikarako Batasunaren Erakundearen azken erabakia zer hauxe genuen: Kanariak Afrikako lurraldea zirela eta aipatutako Erakundeak MPAIAC lagundu eginen zuela. Koronela ez zen bada hain zoroa, eta hilak azko txaloek eta kondena apologistek ezertarako ez zuten balio izan. Eta Kanariak direla eta, ikusi ahal izanen ditugu nondik nora arituko diren PSOE eta UCD, hots eta segurki: —nación, imperio, españolidad, agresión, ofensiba diplomática, etc...
Une honetan ezer gutti esan zezakeen Letamendiak ez bazen maradizioren bat botatzea.
Ministrarien aldaketak
Ministrari berriek ba dute beren ezaugarri berezia, UCDko pertsonaiak direla eta guztiek Abril Martorelen baitan eginen dutela lan. Abril Martorel, erreakzionari dena bereziki, Gobernuko ministraririk sendoena dateke mementuan. Gobernuak eskuinaldera jo duela diote prentsa, eta horretarako Rodríguez Sahagun-en (Ministro de Industria y Energia) izendapena aipatzen dute; ezaguna baita Espainiako Entrepresarien Erakundearen eratzaile importanteena dela. Eskuinera? Begi bistakoa dena bederen, diktaduraren burokrazia politikoa birproduzitu egiten dela makina bat bezala. Definizio justuena ondoko han iduritu zaigu: ..."Con este Gabinete se acaba el tiempo de las ambiguedades; la UCD no es otra cosa que lo previsto: El Poder heredero del Poder" País / Editorial /25/11/78.
Eta definiziotan sartu garenez gero, Olarrarena ere gustatu zaigu: "Un Gobierno de más amigos y menos expertos".
Euskal Herrian
UCDk PSOEri eman dion laguntzak, Consejo General Vasco edo Apurren Jasotze Hori erabakitzeko orduan, hain zuzen presidentea hautatzeko orduan, ez du komentariorik behar izan maliobra baldarra eta arras ezaguna baita euskaldunontzat. Bipartikraziaren ondorio hau ere.
Juanrra Oiharbide
Munduan barrena
Estatu Batuek Viet Nameko gerra galduz gero beren politika inperialista erabat berritu zuten. Beraz beraiei zuzen zuzen dagozkien asuntuetan beste batzuren bidez parte hartzen dute. Asian aurrera eraman zuten politik jokoak desprestigio itzela nazioarteko maila guztietan ekarri zuen Estatu Batuei. Esperientzia hori ezin zezaketen berriro praktikan jar. Baina nazio zapaltzaileen interesek ez dute eremua eta uzta Estatu Batuetan bakarrik.
Internazional zuri horretan beste naziotako aginte eta indarrak ba daude ere. Azkenengo hau Afrikan demostratzen ari da gero eta fermukiago.
Afrikako Iparraldean Estatu Batuek dauzkaten interesak zehatz-mehatz erakusten hasten bagina hamaika gauzatan sartu beharko ginateke. Izan ere, Estatu Batuek Egyptoko konfidantza eta adiskidetasuna irabaziz gero Ipar Amerikako administralgoak, Lybia eta Algeria tinko hestutzen ditu, aliketaren beste punttan Maroko edukiz. Baina.eta honetan politik jokoa aldatu da, Amerikako gobernuaren presentzia ageria, egote publikoa, apenas nabari egin da Algeria eta Maroko arteko gatazkan. Estatu Batuek ez dute, ba dute baina, asuntu honetan eskurik sartu. Beste batzuk ordea bai. Espainia eta Frantzia bereziki, beraien interesak defendatu baitituzte.
Baina Estatu Batuetako jokoa ez da biluzia. Aldebitakoa da. Mediterranioko eskualde horretan planteiatzen den jokoa, botere jokoa, infludentzi jokoa da. Sobietar Batasunaren infludentzia moztuz, Mendebaldeko merkatal interesak askoz hobe defenda daitezke. Egyptorekin egin zuena, hau da, infludentzia batetik bestera iragan, Algeriarekin ere egin ahal dela pentsatzen dute amerikanoek. Gaur egun Algeriako lehen hornitzailea Amerika bilakatzen da, Frantziak zeukan lehengo postua galduz. Horregatik, Viet Namen gertatua kontutan edukirik, Saharako gatazkaren aurrean eta berari dagozkion pauso hotsetan abiatu barik, erabaki ixilaketa seguruak hartzea nahiago ditu. Hori izan da behintzat Angolan erakutsi diguten lezioa. Bide honetan abiaturik, ba daki segurki, ez duela galtzaile aterako. Politik joko hutsa, deklarapen ideiologikoetan sartu beharrean, merkatal joko hutsa bihurtu du, arrazoi ekonomikoek bestelako ondorioak ekar diezazkioketela, ekarriko dizkiotela, ondorioekin jokatuz. Epe luzetan beraz, irabazle izan daiteke.
Bitartean, joko honen parte ingratena beste batzuri luzatu dio. Ipar Mediterranion kokatzen diren herriei, eta hauen artean Alemaniako errepublika federalari. Baina baten eta besteren harremanak ez dira berdinak. Ba daude ere saltsa bikoitzetan sartzen direnak. Italia dugu hontaz erakuspidea. Nazio honek edonorekin harremanetan egoteko prest dago eta ekonomia eta merkatalgoa du helburu soila. Hau ordea ez da Frantziaren kasua, beronen interesak non eta norekin dauden garbi erakusten du. Frantziako gobernuak ez du inolako bainarik esan Saharako gatazkaren aurrean, eskuak ongi sartu baititu eta txarrena, ez diotso ezer inork jakin arren. Frantziak beraz, bere politika bidetik ibiltzeari ez dio utziko nola edo hala, aitzitik bere infludentzia politikoa gero eta fermukiago sartuko du. Eredua bertantxe dugu: Mauritaniak duen defentsarako presupostuetatik hiru laurdenak Frantziatik datoz. Saharan ere ez dira dudamudatan egon Napoleonen segitzaileak. Beraren ex-koloniarekin (Algeria) zeuzkan merkatuak kolpea hartu baina ez du hautsi. Frantziako politikak bloke hertsi bat eratu du Afrikan, beronen inguruan nazio frankofono guztiak bildu eta aurrera daramaten politika oso garbi konpreni daiteke. Hizkuntzak nahiz eta faktore nagusi bat izanik ez du osotzen estrategia orokor bat, herri ezberdinak hobe manaiatzeko berorren bidez garraiatzen duen metropoliko kultura burjesean pisu handia du halere, kontsumuzko gizarte berdinak jasotzeko eta Afrikakoak ez diren interes batzuren zerbitzurako. Azken hau dateke hizkuntzaren betebeharra, faktore ezberdinen katalizagailua.
Eta zer gerta daiteke Europako Metropolietan oraingo politikindarren oreka apurtzen bada? Zer gerta daiteke Frantzian edo eta Italian komunistek eta sozialistek hauteskundeak irabaztean? Konprenigarria da beraz Carterek buruan erabiltzen duen zera: Inola ere amorerik ematea, presiobide guztiak erabiltzea, baita OTANeko betoa ere beharrezkoa balitz. Gaizki ikusten dugu bestela Eurokomunismoa jendarme berriarena egiten. Europako eta Afrikako herrien aurrean erantzulea nahi izango baldin badu behintzat, jendarme berriak betikoak izan beharko lirateke.
T. T.
Zuzendari jauna, agur t'erdi!
Euskaltzaindiak noizean behin eratzen dituen biltzarretariko bat izango da aurton Bergaran. Hori dela-ta eta euskal idazle, irakasle eta edozein euskaltzalek bere berri izan dezan alboan bidaltzen dizudan prentsa oharra argitaratzea edo iragartzea eskatzen dizut hainbat azkarren.
Besterik ez. Mila esker aurretiaz.
Bergaran, datorren irailetik 4tik 8ra egingo den Euskaltzaindiaren Biltzarra dela-ta, izendatu ziren hiru batzordeak hasi dira beren lanetan.
Gabonetan bildu ziren hiru batzordeek batera, eta harrezkero batzorde bakoitza hasi da bere aldetik biltzen eta mugitzen. Bestalde, Bergarako herria ere hasi da parte hartzen eta izendatu dituzte, hasi Udal batzarrak eta gainerakoek bere ordezkariak: UNED, Ikastola, Promoción Cultural Vergaresa, Pol-Pol, "Juventudes Parroquiales Vergaresas".
Hizkuntz Batzordeak bere aurreko bileran gai azterkizun hauk proposatu zituen: ebakiera, idazkera, hiztegia, gramatika, Puntuazioa eta euskalkien erabilkuntza. Edozein euskaltzaleak izango badu ere, bidezko denez, Biltzarrean bere eritzia agertzeko eskubidea, lanak garaiz bidali behar dira, eta horretarako epea: EKAINAREN AZKENA izango da. Beraz Prentsa ohar honen bidez adierazirik gelditzen da epe jakin hau.
Hizkuntz Batzordea, datorren larunbatean, arratsaldeko 4retan bilduko da Gipuzkoako Diputazioan, eta toki berean, eguerdian Soziologi eta Estadistika Batzordea, ostirale honetan.
Antolakizun Batzorde honek eramango du oraingoz, beste Batzorde bietako idazkariekin batera, Prentsarekiko zerbitzua, gero Biltzarrerako Prentsa Bulego berezi bat izendatuko bada ere. Egunkari, irrati eta aldizkariei, hau jakinerazten zaie, Biltzarrekiko harreman eta albisteei dagokien edozein arazoetarako.
Batzorde honek antolakizunetako lehen urratsak ematen hasi da: magnetofoi eta mikrofono zerbitzu, fotokopisteria, anagrama eta inpreseria, ostatu, jatetxe eta kanping landa, gabetarako jaialdi, erakusketa, azafata talde, batzorde gela aukeraketa, biltzar areto, barne erregelak, eta beste xehetasun eta beharrizan tekniko. Biltzar moderatzaileak ere izendatu ditu: Jose M. Satrustegi eta Jean Haritschelhar eta hauen ordezko: Mikel Lasa eta Imanol Laspiur. Joan den osteguneko bileran, Euskaltzaindiko Ekonomi Eragilearen laguntzaz, Biltzarraren aintzin kontu bat prestatzekotan gelditu zen.
Artistei dei bat egiten zaie zera adierazteko: Nahi duenak Biltzar honen iragarki, egitarau, kartel eta abarretan erabiliko den alegoria edo diseinua egin nahi duenak igor beza Euskaltzaindira, Ribera, 6, Bilbao-5ra.
Hiru Batzordeek, bilera orokor bat izango dute Bergaran bertan Bazko astean. Haren berri eta bai beste batzorderekiko garrantzitsuenak ematen arituko gara.
Bergara, 1978ko Otsailak 20
Antolakizun Batzordea
Elkar Ikuska
Sigfrido Koch Arrutirekin hizketan
1936.ean sortua, ezkondua eta laur haurren guraso, Sigfrido Koch Arruti donostiarra dugu. Aita alemana eta ama gipuzkoarra. Bera, ordea, osorik dugu Euskal Herrikoa, bai jaiotzez eta bai, eta hau da inportanteena, aukeraz. Eta holaxe aitortu digu bere azken obran: Euskalerria, nire ametsa. Aitak irakatsirik, ttikitandik photographiarako deia sentitu zuen, eta arte horretan sakontzeko asmoz Alemaniara joan zen, azken tekhnikak bertan ikasteko. Handik etorrita, Madrilen zenbait urtetan aritu zen industri lanetan. Gure gizona baina ez zegoen han pozik. Aurpegiak, sentimenduak, ideialak, hitz batez, giroa arrotza zuen han. Eta Sigfridok bihotza du, bihotz euskalduna, Herrira itzultzeko —Iparragirreri bezala— behin eta berriro ziotsona. Eta bihotzari kasu eginez hona bihurtu zaigu, asmoz behintzat, betiko. Bilbon dugu orain lanean, argazkilari profesional gisa, industri lanetan bereziki.
— Sigfrido, oraingo liburu hau baino lehenago beste obrarik argitaratu al duk?
— Bai, baina ez ditut neureak sentitzen. Profesiozko lanak izan dira, inoren aginduz eginak. El Museo de San Telmo liburuko argazkiak, kasu, neuk eginak dira, baina duketen kalitatea gora behera, ez ditut haik neurez egin, neure barrendik irtenik esan nahi dut. Zenbait aldizkari eta industri lanetan ere nire argazki ugari agertzen dira, denak baina, arrazoi berberaz eginak.
— Beraz, oraingo hau daukak heure lehen obratzat. Zer adierazi nahi ukan duk argazki liburu honekin?
— Nolabait tituluan bertan adierazi dudana: neure Herria, neure ametsa. Euskal Herria da, ttikitandik, nire aukera. Beronen arima adierazteko, Naturara jo dut, industriaztapen basati eta deserritar hau baino lehenago bertoko gizonaren eskuaz, asmoz eta jakitez, moldaturiko Herrira. Enetzat baserria, basoa, mendia, itsasaldea, euskal gizona ez dira iraganeko estanpa bukoliko mespreziagarriak, gure nortasun kolektiboaren oinharrizko zatiak baizik. Euskalduna inguru geographiko honetan txertaturik dago, eta hark berau moldatu badu, beronek ere haren gainean eragin bortitza dauka. Hori guztiori agertu nahi ukan dut neure liburuan.
— Eta nire ustez bai ongi lortu ere. Liburuzko argazkien lagun, J. A. Artzeren poemak datoz. Zergatik?
— J. A. Artzaren poemak —itxuraldaketa edo bilakaera baten adierazpena diren aldetik— oso lagungarri onak gertatzen direlako. Irudia, berez esanguratsua gerta daitekeen arren, batzutan irekiegia izaten da. Textu idatziak, ordea, aierupen nabarragoak eskain diezazkioke irakurleari, norabide konkretuagoak. Ikusle-ikasle trebatuentzat berau agian ez da beharrezko, baina jende askok eskertu egiten ditu holako laguntasunak. Hortik aparte, zer esanik ez, poemen berezko balioa dago, liburua aberasten duena.
— Ideia berekoak dituk, noski, txinar eta japoniar artistak, beren irudiak poeten eskribuz hornitzen dituztenean. Ba al duk liburu gehiago argitaratzeko asmorik?
— Asmorik bai, eta honetan ari naiz orain ere. Astia dudanean, aste bukaeretan bereziki, makina eskuartean, gure Herriko txoko apartak aztertzen ditut, barbarotasunaren apatxak han sartu aurretik haik neure argazkietan biltzeko. Orain "Itsasoa"z beste argazki liburu bat argitaratu nahi dut. Bertan, itsasoak euskal industriaren sorrera eta aurrerabidean izandako zerikusia agertu gura nuke. Itsasoa, ura, sua, burdina, gizona, indarra, ahalegina... hori guztiori sartuz. Geroago, gainera, euskal arte eta eskulangintzari buruz ere zerbait egiteko gogoa daukat. Jadanik zenbait argazki bilduta dauzkat horretarako.
— Nola dakusak hik Euskal photographiaren eta, oro har, Euskal Artearen etorkizuna?
— Itxaropenez betea. Gazteriagan ikasteko eta lan egiteko 9090 izugarria dago. Laguntasuna behar dute, orain arte euskaldunoi beti ukatu zaiguna, hain zuzen. Ba liteke hemendik aurrera, autogobernu batez edo, kultur arloa hobeki zaindua izatea. Holaxe behar genuke behintzat. Nik neuk artegintza ez nuke Arte Ederren Eskoletan sartuko. Hori denbora alferrik ematea da. Ikasle-irakasle arteko harremanak askeago jarriko nituzke. Eskola baten laur ormak ez dira inondik ere sortzapenerako lekurik aproposenak. Artista bakoitzak bere gogoko giroa hautatu behar du eta bertan bere lantegia jarri: baserrian, mendian, itsasoan, oihanean... Ikasleek, gobernuaren bekaz, haraxe joan beharko lukete, irakaslearekin bizitzera, beragandik zuzenik eta eguneroko praktikan ikastera. Haren indar sortzaile berezko eta aberatsenak bertan ikasiko lituzke, eskolako ormartean ez bezala.
— Nolabait hortixek abiatuak dira jadanik zenbait artista. Laukizeko ehungintza eta keramika lantegiaz ari naiz. Ikasle asko joaten zaie bertara.
— Bai, oso esperientzia ederra eta txalogarria da hori. Horrelako asko beharko genituzke baina, ikasleak, txandaka, guztietatik pasa litezen. Horrela bai izango genituzkeela artista bikain eta ugariak Euskal Herrian. Ideia hori, bestalde, gero eta jende gehiagok pentsatu eta onhartua du. Goizegi dateke oraino horretaz mintzatzeko, baina zenbait pauso ematen ari gara horretarako jadanik.
— Ez al duk uste batzuk horri utopia eritziko diotela?
— Ez dago utopiarik. Utopiatzako guztiak egingarriak dira. Gertatzen dena besterik da, jendeak bere ametsak biharamunean ikusi nahi izaten dituela beterik, eta, jakina, hori ezina da. Lanean saiatu beharra dago horretarako.
— Hire argazki batzu, kartel gisa, seriaturik argitaratu berri dira. Zer diok horretaz?
— Begira, hik ba dakik argazki batek, artelana izateko, bakarra izan behar duela, hots, kopia bakarrekoa. Horrela eginez gero, argazki batek, ona bada, era bereko koadro baten prezioan sal daiteke. Neuk ere maiz saldu ditut horrela. Baina prezio horietan jende xeheak ezin ditu erosi. Horrexegatik tirada handitan eta nolabaiteko lithographia gisa atera ditut zenbait argazki, merkeago saltzeko.
— Nolako harrera ukan dute?
— Gazteen artean aski ona, baina betiko handiki-mandiki lerdoen artean ez hain ona. "Ederrak dira, bai —esaten omen zuen lehengo batez holako batek denda batetan— baina merkeegiak dira". Horrelako pertsonek, dirudienez, gauzen kalitatea beraik saltzen direneko prezioaren arauera neurtzen dute. Baina nik neuk, noski, ez dut beraiengan pentsatzen neure lanak egitean.
— Zenbaitzuk, bestalde, hire liburua garestia dela diote.
— Bai eta ez. Absolutuki, noski, bi mila pezeta baino gehiagoko liburu bat, bai, garestia da. Baina dauzkan kolorezko irudiak zenbatuz gero, laster ikusiko duk ez dela horrela. Argazkien kalitatea, dakusaanez, oso ona da, eta hori lortzeko, bai papera, bai photolithoak, bai tintak eta bai muntaia bera ere ardura handiz aukeratu eta egin beharra egon da. Eta horrek guztiorrek zoritxarrez, diru asko balio du gaur egun. Arterako laguntasun ofizialik balego, ordea, besterik litzateke.
Eta honekin bukatzen dugu Sigfrido Koch Arrutirekiko elkarrizketa hau. Beraren liburuko horrialdeetan zehar, argazki sinestezin eta lainotsuen bitartez, Euskal Herri betierekoaren itzala nabari da, beti iheskor, udaberriko loreen usain eta udazkeneko haize epelaren antzera. Egilea eta ikuslea gai beraz ari dira hemen, nahi berberaz, ilusio, pena, etsipen eta helburu berberaz. Horrela elkar aditzea, noski, derrigorrezkoa da.
Xabier Kintanak
Eliza eta Irakaskuntza Euskal Herrian. Irakaskuntza pribatuaren alde (1)
Hego Euskal Herriko apezpikuek gutun pastoral garrantzizko bat aterea dute. Titulua: "Irakaskuntzaren gaurregungo arazoak. Problemas actuales de la enseñanza". Euskaraz eta gaztelaniaz. 123 orrialde ditu.
Agiriaren luzeaz gainera, lau apezpiku titularrek eta hiru laguntzaileek izenpetu izanak ondo adierazten digu eman nahi izan dioten garrantzia.
Azaroaren 27an izenpetua da, nahiz eta orain dela aste guti kaleratu izan. Gaurko honetan Gutun pastoralari buruz gogoeta orokor batzu emango ditut. Ondoren alde konkretuagoak aztertu ahal izango ditugu.
Eztabaidaren plazara
Garai egokia aukeratu dutela uste dut Apezpikuek. Gaur-gaurkoa eta bizi-bizia da azken hilabeteotan irakaskuntzaren arazoa. Konstituzioaren inguruko eztabaidan, arazorik nagusienetarikoa agertzen ari da: zenbait alderdik bere jarrera agertua du; egunkarietan eta aldizkarietan eurrez astindu da gai hau; irakasleen elkarteek arazoaren erdi-erdian daudela uste dute, eta zenbait agiri eman ere egin dute: gurasoen elkarteak kezkaturik dabiltz. Hala ere, orain arte ikusi ditugunak zerak dira: deklarazio oso orokorrak edota puntu konkreturen bati buruz pentsakera agertzea. Apezpikuek, ordea, irakaskuntzaren eta hezkuntzaren filosofia oso bat eskaini nahi izan dute. Beste inolako erakundek ez eta alderdi politikok ez du horrenbestekorik egin.
Non dago irakaskuntzaren arazoaren gaurko gakoa? Diktadurak bere gainegitura ideologiko eta tresna estatal bezala erabili izan du irakaskuntza, Demokrazia emetzen ari den honetan, jokabide eta egitura berriak eskatzen ditu irakaskuntzak. Hezkuntza eta irakaskuntza demokratikoaren arazoa dabil aidean.
Diktadura frankistaren garaian, Eliza pribilegiatua izan da hezkuntzaren eta irakaskuntzaren alorrean, beste hainbat alorretan bezala. Pribilegioa juridikoa eta ideologikoa izan da batez ere. Horregatik aparteko lotura izan dute Estatuak eta Elizak alor honetan. Teorian eta hitzez irakaskuntza estatala eta irakaskuntza pribatua ezberdinak badira eta tirabiran badabiltza ere, gertatzez zera gertatu da: eskola pribatua eta estatala berdindu egin direla, edo ia ia. Izan ere, Estatuak goitik eta erditik ezarritako irakaskuntz sistema hestu eta gidatuaren barnean jokatu du eskola pribatuak ere; eskola estatala, berriz, ideologia bakar baten euskarri izan da; alde horretatik bestea bezain pribatu gertatu da.
Horrela, estatala pribatua gertatu da eta pribatua, estatala. Bata nahiz bestea erregimena frankistaren euskarri izan dira. Eta bata nahiz bestea desprestigiaturik geratu dira demokrazia berrirako.
Batek baino gehiagok galdetu ere galde dezake, zernolako aurpegia duen Elizak oraindik irakaskuntza demokratikoaz hitzegiteko, eta inolako itzalik ba ote duen garai berriko hezkuntzak nondik jo behar duen esateko.
Baina irakaskuntza osoa berreratu nahi den honetan, Elizaren hezkuntz erakundea oso zabaldurik dago eta indar handia du, bereziki Euskal Herrian. Eta seguru asko, kultur politikaren mailan ere, oso kontutan edukitzekoa izango da haren jokabidea. Eliza bere espazio demokratikoaren bila ari da. Bide horretan ulertu behar da gutun hau ere.
Pentsa zitekeen pentsatu ere, alde guztietatik irakaskuntzaren sistema zaharra astintzen ari den honetan, horretan nahasirik ibili den Eliza kokildu egingo zela. Alderantziz kemena ukan du, gai mingarri honekin plazaratzeko. Eskertzekoa da!
Dena dela, gizartearen eta gure Herriaren eztabaida oso gaurko baten plazara apezpikuek beren gutuna atera dutenez, bestelako eritzien artean eztabaidatzeko atera dute, uste dudanez. Eta ez nork bere gelako bakartasunean edota elizen ormen artean bakarrik aztertzeko eta eztabaidatzeko. Gizarte pluralista honetara atera da Eliza ere, bere eritzia ematera. Eta horregatik aldizkari publikoaren plazan aztertzea egokia dela uste dut.
Euskal Herritik gogoetan
Hego Euskal Herriko apezpikuak azken aldian hasiak zaizkigu arazo garrantzitsuenetarikoak elkarrekin aztertzen eta gutun pastoral handienak elkarrekin izenpetzen. Irakaskuntzari buruzko hau ere denek izenpetu dute, eta pentsa daiteke Euskal Herriaren markoa hartu dutela, irakaskuntzaren arazoaren barruti berezi bezala. Orian dela urte batzu, Gipuzkoako apezpikuek ikastolari buruzko "Liburu zuria" edo, ateratzeko asmoa izan zuten nonbait. Asmotan geratu zen hura. Oraingo honetan zabalagotik heldu diote gaiari Euskal Herriko (hegoaldeko) apezpiku guztiek.
Baina benetan Euskal Herria hartu ote dute hezkuntz eta irakaskuntz politikaren barruti berezi bezala? Egia esan gutun pastoralean behin eta berriro aipatzen da nola Herri bakoitzaren kultura partikularrari egokitu behar zaion irakaskuntza osoa. Eta bide honetatik "ikastolek" aipamen berezia merezi izan dute: "Ez dezagun ahaztu, era honetako planteamenduek garestiegi egin dutela gure artean euskal herriaren historik usarioari eta kultur balioei leial diren ikastetxeak sortzea eta indartzea, adibidez ikastolak" (67. or.).
Hala eta guztiz ere, ez dut uste gutun pastoral honek, Euskal Herria hezkuntzaren eta irakaskuntzaren kultur barruti espezifiko bezala benetan hartu duenik, are gutiago oinharri bezala jarri duenik. Horixe bera adierazten du ikastola ihesbidez bezala aipatzeak.
Urte luzeegitan zehar irakaskuntza estatala eta Elizarena bat etorri dira euskal kultura eta euskara itotzeko. Elizaren eskola pribatuak (eta Unibertsitateak) neurtezineko eta ahantzezineko kaltea egin dio euskal kulturari eta euskarari. Aski ote du, orain, Euskal Herritik eta honentzat hemengo apezpiku guztiek egiten duten gutun batetan, irakaskuntzak kultura partikularrean sustraitu behar duela eta horri erantzun behar diola, hastapen teoriko bezala jartzea? Ez dut uste.
Benetan Euskal Herriarentzako izan nahi bazuen irakaskuntzari buruzko gutun pastoral honek, bi puntu hauk gogoetaren ardatz bezala hartu behar zituela uste dut:
1. Euskal Herriko Elizak Herri horri, beronen kultura-hizkuntzetan, egindako kalte ikaragarria aitortu behar zuen, eta barkapena eskatu. Oso zeharka eta ihesbidez bakarrik egiten dute apezpikuek honelakorik, zera esaten dutenean: "...euskal kulturaganako arreta baztertu duten (sic) zenbait Eliz ikastetxe, honela bide emanez kultur kolonizapen baten eragile direla zenbaitzuen salakuntzari". Benetan biguna da aitorpen hau; eta ia ia ez dakigu jakin, Elizak bere burua salatu ala zuritu nahi duen..
2. Euskal kulturaren eta euskararen errekuperazioa, Herri honentzat irakaskuntz politikaren abiapuntua dela uste dut. Herriaren kultur integrazioak eskatzen du hori. Eta urte luzeegitan Estatuaren eta Elizaren aldetik egin zaion irainaren ordain bezala ere gutun pastoralak ardatz gisa errekuperazioaren ideia hartu behar zukeen. Baina zoritxarrez ez da gutunean honelakorik sumatzen. Euskal Herriaren testuinguru historikotik kanpo pentsatuta dagoela dirudi, alde honetatik.
Tamalez, aukera on bat galdu du Euskal Herriko Elizak!
Paulo Agirrebaltzategi
Ipui eta idazlan lehen sariketa, euskeraz. Izen burua: "Euskera, gauzarik nagusiena"
Oinharriak
1.- Bizkaiko ume guztiek parte hartu dezakete. Talde bi izango dira:
A) 7, 8, 9 eta 10 urtekoentzat, ipuiak.
B) 11, 12, 13 eta 14 urtekoentzat idazlan edo erredakzio lanak.
2.- Lanak eskuz edo makinaz egin daitezke. Lehen edo (A) taldearentzat edozein gairi buruzko ipuiak. Luzeera ez horrialde bitik gorakoa. Bigarren edo (B) taldearentzat, izen buru honekin: Euskera gauzarik nagusiena, gai hauk edo antzekoak erabili ditezke: "Zer da euskera zuretzat"... "euskera ta ikastola"... "euskera ta Euskalerria"... "euskera munduan"... Luzeera ez hiru horrialdetik gorakoa.
3.- Lehen edo (A) taldearen lanetan, batez ere asmakizuna eta irudimena kontuan hartuko dira.
Bigarren edo (B) taldearen lanetan, gaiaren aria, mamia eta euskal idazkera neurtuko dira.
4.- Nora bialdu lanak? DEUSTUAKO HIZKUNTZA ESKOLARA
Euskera bulegoa - Deustua - Bilbo -14
edo
DEUSTUAKO IKASTOLARA
S. Felicisimo enparantza - DEUSTUA - BILBO - 14
Ipini azalean: "Umeen sariketarako" eta lanak izenorde batekin izenpetu. Sobre horren barruan beste sobre txiki bat sartu datu hauekin: izena eta bi abizen, urteak, helbidea, telefonoa, zein ikastetxeko den eta zein izenordekin izenpetu duen lana.
5.- Bakoitzak nahi duen euskera erabiliko du.
6.- Lanak bialtzeko epea 1978eko Apirilaren 11-an amaituko da.
7.- Epai-mahaikoak Alfonso Irigoien eta Xabier Uriartek aukeratutakoak izango dira eta Erabagiak noraezekoak.
8.- Lan guztiak oinharri hauk kontuan euki behar izango dituzte.
9.- Mahaikoek txapeldunak aukeratu eta txapelak banatuko dituzte, baita "KRUTZIAGA" bat eta Hizkuntza Eskolaren Agiri bat, txapeldun ezaugarri bezela.
10.- SARIAK: (A) Taldearentzat hiru sari izango dira:
1).- Bizikleta Bat.
2).- Kasset Bat.
3).- Txistu eta danbolina.
(B) Taldearentzat, sariak hauk izango dira.
1).- Bizikleta Bat.
2).- Kasset Bat.
3).- Txistu eta danbolina.
Era berdinean, beste 20 sari banatuko dira, 10, talde bakoitzarentzat.
Aukeratutako lan guztiak sari bat izango dute.
Lan gehien aurkeztutako Ikastetxeak, sari berezi bat izango du (sari honetan ez da, antolatzaile den Deustuako Ikastola sartuko).
11.- Sari eta txapela ezartzea jai baten barruan izango da. Jai hau 1978eko Maiatzaren 14an eta Bilboko Astoria zineman izango da.
Ordua: 11'30etan.
Jaialdi hau "Tele Norte" telebista saioan agertuko da eta zuzenean Bilboko Herri Irratiak emango du.
12.- Deustuako Ikastolak, saritutako lanei, argitaratzeko bidea emango dizkiete.
OHARRA:
Argitasun gehiago nahi izanez gero, telefono honetara deitu 449 28 49, bulego orduetan: 9 etatik 1 etara eta 4 etatik 7 etara eta Lurdes Iriondo-gatik galde egin.
Leioako Udaletxea eta euskaldunak
Etxebizitza bat erosi nuen eta Udaletxeari "plusbalioa" pagatzeko orduan eskribu bat ere hartu. Informe horretan, nola dena erdaraz zetorren, ez nuen honelako eskriburik onhartu eta hala adierazi nien.
Zoritxarrez ez nuen orduan lege aldetik egin beharko ziren gauzak bete, eta nire jakin gabean erantzun bat euskaraz bidali nien, Gutuna ez zegoen zertifikatuta. Hori zen nire lehenengo laprastada, Bigarrena abokatu baten bila ez joatea,
Gauzak horrela geratu eta bi hilabetez gero, umore txarreko gutun ofizial batekin topatu naiz etxera ailegatzean. Biharko pagatzen ez badut, bihar bertan nire ondasunak enbargatuko dituzte. Hori da beraz euskalduna izatea: Nire kontzientziak eta ohiturak agintzen nauenaren arauera mespretxatua izatea.
Zapalduta gaudela ba genekien, gure buruak hil nahi dituztela ba dakigu, gure kultura deuseztatu nahi dutela hortaz ere jabetu ginen. Orain nire galderak eta susmoak beste alde batetara eraman nahi ditut, zeren esaten baita udal hauteskundeekin batera horrelako gauzarik ez dela berriro gertatuko. Elebitasunak salbatuko gaitu.
Baina begira ezaiezue oraingo ia alderdi guztiei, eta esango didazue praktikan nola arduratzen diren elebitasunaz.
Uste dugu beraz, gero ere, hainbat herritan, hainbat gauza publikotan, hainbat tokitan, egoera berdin berdinean aurkituko garela. Frankismoak lortu ez zuena beste batzuk lortu nahi dute agian.
Euskal Herriko seme zapalduok, ALTXA GAITEZEN.
G. M.
***
Hona hemen nire bertso bi. Anaitasunean ireki duzuen irakurlearen sailean publikatzeko. Onhartuak izan daitezela eta aurrera.
Hitz markatuak
Hitz zuriak
hitz beltzak
erosiak
eta saldu gabeak.
Mihinetan trabatzen
diren hitz gorriak.
Jakintsuen buruetan
errotzen diren
ideiak
hitz aspertuetan
plazara boteak.
Nazkaturik
hainbeste hitz
entzutez,
hainbeste irtenbide
hankaperatzez,
hitz zuriak
eta beltzak
ezarekin trukatuak
politikoen mahaietan.
Eta ez dut hitzik
eskuetan,
ahokoak lehor arazi
baitizkidate.
Eta ez dut nahi
adjetiborik
hitzetan
izena baizik.
Hitza biluzitan.
Eneko Gartziarena
(Nafarroa)
Moralistaren harria
Kaleko harrietan
harri bustietan
euri jasaz,
gizon mozkor baten
irudia marraztu
zidaten harrietan.
Farregarri zekion
jendeari
ardo edale jendeari
marraztu zuen
moralistak.
Maite izan nuen
mozkorra
irudian.
Eta moralistaren
akusatzaile
bihurtu zen
irudiak edaten ez zuen
egiazko ardoa.
Eneko Gartziarena
(Nafarroa)
Martxoak 8: Nazioarteko Emakumearen Eguna
Martxoaren 8an, aurten, New Yorkeko Cotton lantegiko 129 emakume langileren hilketaren urtehurrena betetzen da. Emakume hauk, beren eskaerak burrukatzen lantegi barruan sartu zirenean, jabeak giltzaz ateak hitxi eta lantegiak su hartu zuen bertan 129 emakumeok galduz.
Garai hartan ez zuen ezelako hotsik izan, ez gizonezko proletarientzat ez eta emakume sufragistentzat, itxuraz botu eskubidea errebindikatuz nahikoa baitzuten. Emakume langile hauen burruka, langileriak bere interesen defentsan eraman duen lehenengoetariko burruka bat dugu.
Handik bi urtetara 1.910. urtean Klara Zetkinek Emakume Sozialisten Nazioarteko Kongresuan zer hau planteiatu zuen: Martxoaren 8a, Cottoneko langileen oroitmenez Nazioarteko Emakume Langilearen Eguna hospatzea.
1.917.eko Martxoaren 8an Petrogradoko emakumeak gizonarekiko eskubide berdinen alde manifestatzen dira. Manifestapen honek 1.917.eko prozedura iraultzailearen haseran bere garrantzia izan zuen.
1.943.eko Martxoaren 8an emakume italiarrak faxismoaren aurka manifestapen masibo bat aurrera ateratzen dute.
1.977.eko Martxoaren 8an Bizkaiko emakumeek, gerra ostean lehen aldiz, Asanblada masibo bat eta manifestapen bat aurrera eramaten dute, zera eskatuz: gure gorputzarekiko eskubide osoa, askatasuna, haurtzaindegi gehiago eta polizia gutxiago, antisorgailuak etabar. Noski, poliziak parte hartu zuen, gure arteko batzuk ederrak hartuz. Lehen aldiz hainbeste emakume biltzen zirenez, hizlariek argi utzi nahi izan zuten, emakumearen burruka ez dela egun batekoa ez urtean behinekoa, eta Martxoaren 8an munduko emakumeek bat egiten dutela beren interesen alde burrukatzeko.
Cottoneko, Petrogradoko, Italiako... emakumeek ondo erakusten dute, emakumeok nahiz eta prozedura iraultzaile eta gertaera historiko guztietan present egon, historia kondatu digutenei ahantzi egiten zaiela hauk ere mundu honetakoak direla eta etxea zaindu, semeak izan... egin, horrez gainera zerbait gehiago ere ba direla.
Aurtengo martxoaren 8a
Bi puntutan planteiatua dugu, hots: lanpostuaren defentsa eta bortxapenaren aurka.
Egungo krisi ekonomikoa dela eta kapitalak lehen planteiatzen duena zer hau da, emakumeek beren lanpostuak utz ditzatela eta norbere etxera bihur daitezela. Kapitalak nahiz eta urte askotan ihardun lanean erreserbako indar kontsideratzen gaitu, nahiko proba da, lanik ez dagoenean lehen kalean gelditzen garenok emakumeok garela, jakitea. Eta baldin balitz normalean betetzen ditugun lanpostuek ezelako garrantzirik dutela, ezer ez, Emakumeak garelako ba dugu "emakume lanak" deritzen horrelako zerbait, eta horretarako Estatu guztian bi Unibertsitate Laboral bakarrik ditugu. Gizarte honetan ezgauzatzat hartzen gaituzte.
Argi utzi behar da krisi ekonomikoa ez dugula emakumeek zer ordaindurik. Gure lanpostuak geure lanarekin lortu ditugu eta indar guztiarekin defendatu beharko ditugu.
Hau dela eta, jakin beharko genuke Sindikatuek arazo honetaz pentsatzen dutena. Sindikatuen eritzia ikusteko ez dugu beren jokaerara jotzea baino. Horrela. Zenbat emakume izan da hautatua azken Sindikal Hauteskundeetan? Zenbat emakume Sindikatuen lista burutan? Ala, emakumeok ez gara nahiko zuhurrak, ez gara nahiko borrokalariak?... Egia bada oso emakume gutxi afiliatu dela, ez da gutxiago Sindikatuek eta gizonezko langileek ez dutela gogoan hartzen guk ere ba dugula zer esanik, norbait garela, eta kapitalaren aurka interes berdinak ditugula. Eta gogoan hartzen badute ere... nork garbituko gure lider sindikalen galtzontziloak?
Bestalde egun honetan ezin dugu ahantzi etxeko lanetan iharduten den milaka emakume. Nolabait behintzat, kasualitatez euskaraz etxeko lanei "lan" izena ezartzen zaio, noski, gaztelaniaz lan izenik ere ez du, "labores" baizik. Inork ez du ordaintzen, umeak mundura ekartzea, zaintzea, 24 ordu egunean etxeko ardura emakumearen gain egotea. Hori bai, kapitalak edo edozein sistima ekonomikok behar gaituenean arin ibiltzen dira emakumeak etxetik ateratzen, —hor dugu gerra denboretan zer gertatu den— bigarren mailako abereak besterik ez gara gizarte honetan.
Guztiok gara langileak eta guztiok dugu eskubide lanpostu ordaindu bat izateko.
Bigarrenez, eta ez da garrantzi gutxiago duelako, bortxakeriaren aurka ere zentratu nahi genuke geure burruka. Askok esan digute ero gutxi batzuren problema dela, besteek demokraziak dakartzala honelako ondorioak, besteek berriz hauzoetan argi eta polizia gehiago balego ez zela horrelako arazorik izango.
Planteiamenduok ezin dira inolaz ere honela onhartu. Bai heziketan, bai eguneroko propagandan, pornografian, aldizkarietan etabar... emakumeak mesprezatuak, apalduak eta edonola erabiliak aurkitzen gara. Ez da, ba, harritzekoa gizonezkoek honela kontsideratzea. Gizarte matxista honek, bai izaeran bai pentsaeran, emakumearekiko gorrotoa azaltzen digu. Hau da bortxakeriaren benetako arrazoia.
Eta ez, sinesterazi digutenez, "penetrazioa" dela bortxakeriaren funts bakarra, hala diote behintzat legeek, baina emakumeontzat askoz gehiago da: gauaz ibiltzeko beldurra, aurretik pasatzen den txotxoloaren lehen zerrikeria entzun beharra... Azken fin batetan gure inpotentziaren zentzua.
Aurtengo Martxoaren 8a gure ahotsa, mundu guztiko emakumeekin bat eginda entzun eraziko dugu.
BORTXAKERIAREN AURKA.
EMAKUME BAKOITZARENTZAT LANPOSTU BATEN DEFENTSA.
I. Jauregi
Gramatika
Batak/batzu hitzaren erabilera
Duela bi urte, gai honi buruzko hiru artikulu egin genituen ANAITASUNAn (konkretuki, 307., 311. eta 318. zenbakietan). Lagun batzuk arazoa berriro azaltzea eskatu didatenez; orduko artikuluen sintesi antzeko zerbait eginen dut. Erreferentzia gisa, aipaturiko artikuluez gainera, Txillardegiren "Oinarri bila" liburua hartuko dut (1. 66. puntua).
Mugagabea edo mugatua
Dirudienez, hitz hau BAT hitzaren plurala da, -ZU pluralizatzailearen bidez lortua (arantza-zu, muki-zu,...). Zenbait elementuk (bat baino gehiagok) osoturiko multzoa adierazteko erabiltzen da. Eta multzo honen mugak ezezagunak eta ezagunak izan daitezkeenez, hitz hau mugagabe edo mugatu gisa agertuko da.
Zer esanik ez, mugatua denean pluraltzat hartu beharko da. Halaber, ene ustez, eta Txillardegiren mugagabearen teoriaren aurka, mugagabe gisa erabiltzen denean ere pluraltzat hartu behar da eta horrela erabili.
Hitz honekin batera, BESTE hitza ageri ohi da, lehengo multzoarekin batera harremanetan dagoen beste multzo bat adierazteko. Hitz hau ere mugagabe eta hurrengo koadroan ageri da eskematikoki. Koadro honetan deklinabideko kasu batzu ipini ditugu soilik; hauetan finkaturik, erraz bila daitezke beste guztiak.
KASUA MUGATUA MUGAGABEA
Nominatiboa batak (batzuak) besteak batzu beste beste batzu
Ergatiboa batzuek besteek batzuk bestek beste batzuk
Datiboa batzuei besteei batzuri besteri beste batzuri
Genitiboa batzuen besteen batzuren besteren EDO beste batzuren
Inesiboa batzuetan besteetan batzutan bestetan beste batzutan
Direktiboa batzuetara besteetara batzutara bestetara beste batzutara
Eskema honetan ageri den batak formari buruz, ohar bat egin behar dut. Txillardegiren eritziz, batzuak da horko forma; eta, egia esan, horrela ageri da zenbait lekutan, Txirritaren bertsoak lekuko. Nik, ordea, batak delakoari hobeki deritzot, Bizkaian bertan bizirik aurkitu baitut —"Bai batak eta bai besteak (biak nominatibo pluralez) nekaturik etorri dira" erako esaldietan— eta Euskal Herriko beste muturrean ere, Zuberoan prezeski, horrela agertzen baita Etxahunen kantetan. Honetaz, 1967. urteko EUSKERA aldizkariaren 234. horrialdean, "Ahaide delezius huntan" izeneko kantan, honela dio: "Batak indarrik gabe, bestiak zentzu gabe" (biak nominatibo plural mugatuan). Dena den, batasunerako aukeran geratzen den arazoa da hau. Oraingoz, batak eta batzuak, biak ongi.
Erabileraren adibideak
Eskema ikusi ondoren, praktikara pasatuko gara, zeren eta hitzek baliorik badute, esaldi baten barnean erabiltzean baitute, eta ez da eskematan. Esaldien barnean hitzak bizirik daude, bixiguak itsasoan bezala; hiztegietan eta gramatiketan, ordea, kontserban.
Jarriko ditudan adibide hauk, ez dira berriak, eta lehen ere ANAITASUNAren 318. zenbakian argitaratu genituen. Asmatzaile ez nintzen ni izan, arazo hauetan nire irakaslea izan den Imanol Berriatua baizik. Nori berea.
Besterik gabe, ondoko lerroetan, hitz mugatua eta mugagabea zentzuz eta idatziz nola desberdintzen diren ikus dezakezue:
"Ordu batzuren buruan, Frantzia eta Alemaniako medikurik onenak etorriko dira Bilbora, hemengoekin biltzarre bat egitera.
Oso jakintsuak omen dira. Bai batak eta bai besteak euskaraz mintzatuko ei dira.
Frantses medikuak alemanak baino hobeak direla esaten dute kazetari batzuk. Beste batzuk, ordea, alemanak hobeak. "El Correo Español"eko kazetariak eta "La Gaceta del Norte"koak ez dira ados: batzuek eta besteek ez dute segurtasunik puntu honetaz.
Hasi da jendea etortzen. Neure adiskide batzu ikusi ditut. Beste batzu ez dira oraino etorri.
Hasi da biltzarrea. Lehen hizlaria, alemana, gaur egun oso modatan dauden gai batzutaz mintzatu da. Batzuren eritziz, ederki hitz egin du. Ni hitzaldi batzutan aspertu egiten naiz; gaurkoan, aldiz, adi adi egon naiz. Bigarren hizlariak, frantsesa bera, gai oso zail batez berba egin zuen. Entzule batzuri ez zaie atsegingarri izan; beste batzuri bai. Holako batzarreetan, gustu eta eritzi askotako entzulerik izaten da.
Niri neuri hizlari biak gustatu zaizkit, batak zein besteak guztiz argi azaldu baitu bere pentsamendua. Bitan etorri naiz holako batzarreetara, eta bietan ikasi ditut lehen ez nekizkien gauza batzu.
Gero beste mediku batzu mintzatu ziren. Batzarreak hiru ordu iraun zuen. Ai holako jakintsu batzuk sarriago hitz eginen baligute! Batzuek eta besteek —medikuek eta entzuleek— denek irabaziko lukete. Holako bilkurek batzuei eta besteei mesede handia eginen liekete".
Idazle askok erregulartu egin dute jadanik erabilera hau eta hori pozgarri da. Batasun bide neketsuan aurrerapausoa izanen delako ustea dut, arautze horrekin zehaztasunean irabazten baitugu.
J. R. Etxebarria
Sol Gorbea, hestutasun eta samurtasunaren artean
Maisulana, bai, Otsailaren 3an Galeria Artetan Sol Gorbea bilbotar-bilbotarrak aurkeztu zigun pintur azalketa.
Sol Gorbearen pintzelak ametsezko babespea zabaldu eta alegien liburua ertireki egiten du.
Bere itxura mehartuek; ez oihuka, ez zarataka agerteraztean; izatearen betiereko isuraldian murgiltzen gaituzte. Baiki! Nigar egiteko era pitxia, sendimenduzko bihotz baten pean, duten emakume bakartien unibertsu baten izantzan. Sol Gorbearen pinturgintzak mamuz beteriko eta miresgarriki eginikako mundu batera garamatza, emakume (erdi-andrakila, erdi-gizeme) hauen eskutik, Goizekoaren kopetan baino Gauekoaren gilborrean zaldizka hobekiago ibiltzen direnen eskutik. Bakartasunaren, giza komunikapenaren arazoaren aurrean aurkitzen gara, eskierki.
Artegileak bere azken azalketan, hestutasun eta samurtasunaren tartean, unhadura eta bizitzaren aldeko burrukaren bitartean dagoen pinturgintza eskaini izan digu. Pinturgintza, zapizko jostailu eta zain beltzen, sehaska kanta eta ganibeten usainez betea. Sol Gorbea, nolabait esateko, madarikapenez eta anarkhismoz nahasiriko pintatzailea da latzikara itzalez eta itzalak latzikaraz, sorginak ilunpez eta ilunpeak sorginez janzten dituena.
Elkarraurkezpen hauek beldurtzen dute. Gero eta gero, honek ez du axolarik, ezen artearen eginkizuna, apika, hori baitateke: iradokitzea.
Emakume pathetikoki bakartiok, kezkagarri eta asaldatzaile egiazki, barnebake samur antzeko bat erideiten bide dute, artegilearen pintzelei esker. Eta hor baratzen dira... argi-ilun eztikara horren gerizpean, Hilbetearen gauetako Gaztela dena, Alta bada, hortxe ditugu, kezkagarrikiro nare, ixil eta bai urrun ere.
Lewis Carroll-ek, segur aski, ba luke zer esana emakume galaktikooi, zeren eta herrialde miresgarri edo paradisu galdu hain eder, hotz eta urrutikoetako bizilagun baitira.
Bene-benetan xarmangarri eta harrigarri dira emakumeok, Goya-ren alaba eta surrealismoaren loba; beren bandera, oihala, bizitzaren aldeko burruka eta beren geriza bakartasuna bide dute eta,
Leizeetatiko malenkoniaz egindako itxura hauek, ezeren beharrik ere ez dute, ez eta gizonen ere (porakiloek alahenek). Idi bakarra bezala... uztarri bakarrean ongixko lamikatuz (barka nazazue).
BOGART
Sukalderako saltsak
6 lagunentzat beharko dituzu: Spaghetti kilo bat. 500 gr. haragi xehatu. 150 gr. gurin edo margarina. Latatxo bat tomate kontzentratu. Tipula handi bat. 300 gr. gazta birrin. Gatza, biperhauts zuria, ereinotza (1) eta azukrea.
Lehenik pasta egosten da. Bitartean saltsa prestatzen da.
Nola egosten dira?
Lapiko handi batetan ipin ur asko irakiten. Bota iezaiozu gatz asko. Ukabilekoa gutti gorabehera. Ura irakiten hasten denean spaghettiak sartuko dituzu uretan baina ez edozein modutara. Hona hemen nola sartu beharko dituzun. Har ezazu spaghetti mordoxka bat. Eutsi mordoa punta batetik eta sartu azpiko punta uretan lapikoko azpiaren kontra joz. Tolestu pixkanaka spaghetti mordoxka. Mordo guztia lapiko barruan osorik sartu behar da, beraz ez duzu spaghettirik zatitu behar. Tolestu osorik sar daitezke. Spaghettiak 13 minutuz egosi behar dira. Pasta batzu biguinagoak izaten dira. Egosirik dauden ala ez jakiteko modu erraz bat duzu. Spaghetti egosia zuria da. Egosirik ez badago kolore horixka edukiko du.
Spaghettiak egosi eta gero, iragaztontzi (2) baten bidez ur guztia kenduko diezu eta gainetik ur epela edo beroa ugari botako diezu, dauzkaten kola modukoa eta gatza kentzeko. Urik gainetik botatzen ez badiezu bata bestearekin trinkatuko dira eta gainera barrutik egosten segituko dute biguin biguinik geratuz.
Nola egiten da saltsa
Tipula zati ezazu eta olio pixka batez zartagin handi batetan zatiak doratu dituzu. Bota ezazu ere berean haragi xehatua. Dena doratu denean bota tomate kontzentratua eta lata berberaren bi baso ur, goilarekada bat azukre eta gatza pixkat.
Utz egosten su ttikitan 10 minutuz gutti gorabehera. Atera sutatik. Ipin spaghettiak azpil batetan. Bota gainetik gurina edo margarina eta biperhautsa ondo nahastu. Saltsa gainetik bota daiteke edo eta gaztarekin egiten dena egin dezakezu. Hau da, aparte utzi eta jateko orduan bakoitzak bere gustura bota dezala. Spaghettiak ez dira labean sartzen.
Prestaketa guzti hauk hainbat arinen egin beharko dituzu, spaghettiak hoz ez daitezen. Hozten badira, ipin ura egosten lapiko batetan eta gainetik spaghettien azpila utzi.
On Egin.
(1) Aukerapekoa - facultatif/vo
(2) Koladorea, colador, Tamis (écumoire)
Astabelarri eta kritika latzen artean, inoiz bestelakorik ere sortzen zaigu. Gaur hona dakartzagun patata frijitu hauk, kasu, euskaraz behar den modura iragarrita. IKURRIÑA izena daramate, eta berau, besterik gabe, erosle abertzalea erakartzeko atxakia folkloriko eta hutsa zitekeela susmatu arren, paketea ikusiz gero, ez da horrela.
Osorik euskaraz dator paketea, eta euskara ereduaz gainera. Hitz komun eta argiak darabiltza —PATATA FRIJITUAK, kasu, eta ez bestelako garbikeria arrarorik— eta azalpen guztiak, nolabaiteko umoreaz gainera, euskara hutsean... eta okerrik gabe! Hauxek dira, guk dakigularik behintzat, Euskal Herrian ofizialki patatas fritas izatetik patata frijituak izatera heldu diren lehenbizikoak, hots, agian Burgos edo Palentzian bilduak izan arren, de facto euskaldunak diren lehenbiziko patatak.
Duten kalitateari buruz —jan ondoren— beste marketakoak bezalako gustua daukatela esango genuke, eta prezioan antzean dabiltza. Beraz, erosle euskalduntzat onhartzen gaituztenez gero, guk geuk ere beraik ere besteak baino lehenago onhartu eta erosiko ditugu, ea, besteak baino gehiago salduz, beste fabrikatzaileak ere horrela euskalduntzen ditugun.
Donostian otsaillak 25ian 1978 urtean.
Zuzendari Jauna: Lengo ilbeltzako 5ean idatzi nizun eskutitz "Arpidedun bat" izenarekin izenpetuaz.
Gutxi gora-beera ontzat eman dezula dirudi nere iritzia, bañan ni ez naiz konforme geratu, zergatik zure erantzunian diozu "Gure esku geratzen dira gramatik arauei (morfologia, ortografia etab.") eta nik erantzuten dizut EZ dala ori Demokratikoa eta BAI autoritarismoa zergatik zuk eskutik ogeita amaika kantatzeko eskubidea artzen dezulako eta zuri iruditzen zaizuna bakarra argitaratzea gutxi ez dala argitaratzen dezun guztia haches josita ta gañera "gramatica" aitzakiarekin aurrekoa atzetik eta atzekoa aurretik argitaratuko dezun ezkeroz iñork ez ulertzeko moduan azalduko diralako.
Ez det uzte eskutitz au argitaratuko dezunik bañan deskuido batez bestela izango balitz, aurretik milla esker.
Arpidedun bat
***
Alfabetatze-Euskalduntze Mugimenduaren Alternatiba Udal Hauteskundeen Aurrean.
1978ko Otsailaren 26an, Euskal Herriko Alfabetatze-Euskalduntze mugimendua Batzar Nagusian Altsasun bildurik, bere alternatiba propio bat formulatu eta berronetsi du Udal Hauteskundeen aurrean. Alternatiba honen bidez bada, mugimenduak bere arlo zehatzean dituen beharrizanak zehar asumituz, hainbat puntutan beste hainbeste esijentzi planteatzen ditu gerora eratuko diren Udaletxeen eginbeharra markatuz arlo honekiko. Bidenabar, bere jarrera agerturik, euskararen egoera diglosikoaren arabera, Euskal Herria Berreuskalduntzeko ahaleginean ihardungo duela aitortzen du.
A) Euskararekiko A.E.M.ren jarrera:
1- Euskal Herriko hizkuntza nazional bakarra euskara da.
2- Euskal Herriko A.E.M.ren helburua, jendea alfabetatzea eta euskalduntzea da.
3- Euskararen egoera diglosikoaren kontra arituko gara harik eta berari dagokion lekua, hots, gure herri arlo orotan berreuskaldundu arte.
B) Eginbeharrak:
1- Alfabetatze-Euskalduntze Mugimendua, nahiz eta bere baitan 30.000 ikasle baino gehiagoren jabe izan, ofizialki instituzionalizatu gabea eta legezki ohartu gabea da. Hau da kontua: ez dauka euskara non irakatsirik bere zentro eta lokalik gabe aurkitzen denez. Egoera honetan, hauteskunde ondotik eratuko diren udaleei eskabide hauxe eginaz zera esijitzen diegu: euskara ikasi edo hizkuntza honetan alfabetatu nahi duen orori klaseak emateko, herrian herriko Udalak behar diren EUSKALTEGIAK eraiki ditzala berauen inbertsio eta funtzionamendu kostuak bere bizkar harturik. EUSKALTEGIKO barne antolamendua eta ardura pedagogiaren sailari dagokionez, arduradun, irakasle eta ikasleei dagokie soilik.
2- Irakasle, arduradun eta koordinatzaileen eta material didaktikoaren diru-inbertsioa, lokalena bezalaxe, Udaleko kultur presupostuen barne sar dedila eskatzen diegu udal buruzagiei.
3- Gure eskabideak egia bihurtzeko, herrian herriko A.E. batzordeko arduradunen presentzia beharrezkotzat jotzen da geroko Udalen kultur komisioen barruan. Era honetan, A.E.M.ren gestiogintza, beharrizan materialei dagokienez, batzorde misto batek burut lezake. Hots: Udaleko kultur komisioko ordezkariz eta A.E. batzordeko arduradunez osaturiko batzorde misto batez hain zuzen.
4- Ikastetxe eta eskola nazionalei beren ateak irikita eduki ditzatela eskatzen diegu A.E.M.ren beharrizanetarako. Eta hemen sor litezkeen kostuak Udalaren bizkar egonik.
5- Beren hitzaldi eta agerpen publiko orotan euskara beti erabilia izan dedin esijitzen diegu alderdi politikoei. Guttienik, erdera adinbat. Eta euskara nagusi den tokitan, euskaraz bakarrik, Orobat, hautaturik irtengo den alkatea ere, euskalduna izan behar du.
6- Hauteskundetan hautatuko diren ordezkari berrien ondotik, Udal orok:
a) Zerbitzu publiko irikitan (leihatila eta antzeko lekutan) euskaraz dakien administraria eduki dezan eskatzen dugu.
b) Lanorduen barruan euskaldundu eta alfabetatu beharko dira administrari guztiak. Horretarako 4 urteko epea ematen dugu.
c) Udaleko horri, informe, agiri, akta eta antzeko paperetan ere euskara erabil dezan eskatzen diogu.
d) Erderatik euskararako itzulpen lanetan iharduteko, beste udal zerbitzu bat gehiago bezala, behar dituen itzultzaileen jabe izan dedin eskatzen diogu Udaletxeari.
7- A.E.M.ren eskabideok, bereziki mugimendu honek dituen behar gorri haiek (bere zentru eta lokalik eza dela, irakaslegoa prestatzeko eta honi ordaintzeko mediorik eza dela, eta abar), euskararen alde zertxobait egin nahi lukeen alderdi politiko orori.aho batez onar ditzan eskatzen diogu. Onar, eta plaza publikoan onartu ere, A.E.M.ren alternatiba hau erabat asumituz eta defendatuz. Eta hala egiten ez den heinean, hots, euskarak maila honetan dituen errebindikatzioak asumitzen ez dituen alderdi politiko, aliantza edo koalizio elektoral hura, gure aldetik behintzat publikoki salaturik geratuko da.
Altsasu, 1979ko Otsailaren 26
ALFABETATZE-EUSKALDUNTZE KOORDINAKUNDEA
Gurutzegrama
Larry Trask
Zapaburu birbiztua
Kaleko [Komikia]
OLARIAGAKO