ANAITASUNA

1978.EKO APIRILAREN 1/15EKOA

361 ZENBAKIA

50 PTA


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 1.000 pezeta

Latin Amerikarako 1.150 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 1.300 pezeta

Ale bakoitza: 50 pezeta


[AZALA]

GERRA NAHI DUTE

GERRA EMANEN DUGU

IKASTOLA


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-5. Amara Berriko txikizidioak

6-7. Iparraldea

8-9. Herria —2000— Eliza

10. Mila Kondu

11. Ohar laburrak

12. Tolosako Azidoa

13-14. Elkar Ikuska / Etorkizunarekin hizketan

16-17. Estadua

18. Israelgo oihu berriak (INT)

19. Sukalderako Saltsak

20-21. Benjamin Disraeli (ipuina)

22-23. Munduko hiri nagusiak (hirigintza)

24-27. Venezia hiltzen ari da (Erreportaia)

28-30. Pedagogia

31. Musika

32-34. Kirolak

35. Gramatika

38. Gurutzegrama

Leg. Gor.: BI, 1763-1967

OHARKIZUNA

Anaitasuna ez da arduratuko artikuluen edukiek duketen erantzunkizunaz. Beronek ez du esan nahi ez alde ez aurka degoenik. Bestaldetik, beregain hartuko du editorialearen eta bere izenez izenpetutoko artikuluen erantzunkizuna, berau baita (hola dugu ulertzen) bere ideologi hildoa.


Editoriala

Ikastolak egiazko herri eskolak izan daitezen...

Sortu zirenetik, ikastolek bide neketsu eta oztopoz betea urratu behar ukan dute gaurko egoera iristeko. Kontraesanez beterik, kontraesanak berak herriaren baitan baitzeuden, eztabaida eta modu askotako burruken artetik eginiko bide luzea. Egin diren lanen fruituak begi bistan ditugu, hortxe daude etorkizun hobe eta euskaldun batetarako eduki dezakegun esperantza nagusia; Hortxe daude testugintza eta pedagogi arloetan burutu diren lanak; hortxe daude, kemenez eta problemez beteak Euskal Herriko Ikastolen lau Elkarteak. Ikastolak aurrera doaz eta berauk dira, gure haurrak pertsona eta euskaldun bezala osatuko dituen biharko herri irakaskuntzaren oinharri finkoak.

Bokazio publikoz jaio ziren ikastolek, egiazko herri eskolak izan nahi dute, Euskal Herriko haur guztientzat zabalak. Horretarako dohainikoak izatea lortu behar dugu. Oraingoz gastu gehienak gurasoek bete behar ohi dituzte. Ikastoletan semea heztea, 3.000 pzta. bataz beste kostatzen zaie hilero gurasoei. Kantitate handiegia, beraz. Eta ba dakigu nortzuri dagokien ikastolak finantziatzeko obligazioa: gure zergen diruaz erdal eskolak inposatu dizkigutenak, euskararen kontra saiatu eta saiatzen direnak, gure ikastolei esker horrenbeste diru aurreztu dutenak, berauk dira pagatu behar dutenak. Subentzio ofizialak bidezko eta ezinbestekoak zaizkigu aurrera egiteko. 1977.ean Estatuarengandik ikastolek jaso zuten laguntza, ez zen 300.000.000 pezetetatik gora pasatu, hots, ikastolen gastuen % 20a soilki. Aurten, Urtarrilean Hezkuntza ministrariarekin mintzatu ondoren, aski baikor iritsi zitzaizkigun Madriletik. Akordio batzu lortuak zituzten. Garrantzizkoena: Estatuak 1.068.000.000 pezetatako laguntza emanen zien ikastoleei. Honen bidez, gastuak anitz guttituko lirateke, % 70 batetan edo, eta gaurregun 3.000 pezeta hilero ordaintzen duten gurasoek, ez lukete 800 pezeta baizik pagatu behar. Ikastolen dohaintasuna erdiesteko urrats inportantea, bera.

Baina hitzak dira eta Madrileko gobernarienak merkeak gehienetan guretzat. Orain, Suarez lehendakariaren beraren erabakiz, laguntza hori geldiarazi egin dute eta dirua ez da Euskal Herrira ailegatuko. Beste kolpe gogor bat ikastolen ekonomia ahularentzat, beste azpijoko bat Euskal Herri osoaren nortasunarentzat. Hori dateke historian zehar Espainiak gure herriari azaltzen dion maitasuna, zoritxarrez, espainolak eta frantsesak izatearen ondorioak. Bitartean, ikastoletarik makalenak, Nafarroakoak bereziki, beren ateak hertsi beharrean aurkituko dira, diru laguntza heltzen ez bazaie.

Bitartean, ikastolak ez dira geldirik geratuko eraso berri honen aurrean, eta burruka jarrerak hartzeko prest daudela adierazi diote argi Suarez jaunari, lau Ikastola Elkarteek zuzendu dioten gutun baten bidez. Euskal Herria ez baita edonola erabil daitekeen ardi mantso hura. Apirilaren azkenerako diru hori iristen ez baldin bada kanpaina bat eratuko da Udaletxeen eta Euskal Kontseilu Nagusiaren laguntza lortzeko, eta Maiatzaren erdirako Madriletik oraindik erantzunik etorriko ez balitz, orduan herri mobilizazioetara joko litzateke. Zeren, argi baitago batzuk indarraren hizkuntza baizik ez dutela konprenitu nahi.


Euskal Herria

Amara Berriko txikizioa

(jarraipena)

Amarako hirigintzaren egoera nahiko larria da gaurregun. Lehenik hauzategiko urbanizaketa dela eta arazo berriak plazaratu dira. Coninsa urbanizagileak erdi geratua aurkitzen da, obren plangintza oso atzeratuz doa, eta beraz, garestiagotzen. Tartean 400.000.000 pezeta dabiltza jokoan.

Eta arazo honi loturik kontribuzio berezien borroka luzea aurkitzen da. Arazo biak bata besteari lotuak daude eta batak bestea konpondu behar duelako, Hauzo Elkarteak ere negoziaketara jo du. Ez ordea, hauzo borroka eta hauzo asanbladari uko eginaz, lehengo hauzo batzar batean udalarekin negoziaketarako asanbladaren erabakia jaso ondoren baizik.

Udalekoek ere ikusi dute azkenik hauzategiaren kontra ihardutearekin ez dutela deus lortuko, eta hauzo elkartearekin harremanetan jarri dira. Hauzo elkarteak haseratik eskatu zuen kontribuzio berezien gakoa askatzeko udalarekin elkarrizketa, baina udalaren erantzuna hauzitara jotzea izan zen. Paper gehiegi eramanen liguke administralgo ta kontentzios hauziak arakatzeak. Hauzotarrek ba genekien giza arrazoi osoaren jabe ginela eta urbanizaketa ezaren erantzukizuna udalari eta etxegileei zegokiela bakarrik. Hala ta guztiz ere, hauzo elkartekoak aski mugitu behar genuen kontentzios hauzia legez (eta diruz) inpugnatu ahal izateko. Adibidez hirurehun mila pezeta kostatu zitzaigun Iruneko Kontentzios epaigintza, eta handik Goreneko Tribunalera altxatu ahal izateko, berriz, miloiak behar, eta etsi beharrez aurkitu ginen. Ahaleginak egin genituen legebidez jokatzen ere, baina, legea, dagoeneko, dirudunentzat dago egina soilki sistema kapitalista honetan, eta hauzotarrek legebidea utzi behar izan genuen. Hortik hauzotarrentzat % 60 eta udalaren kontura % 40 sententzia finkatua geratzea.

Udalak gainditu ditu % 40 horik, eta 160.000.000 pezetak aurreratuak ditu 22 obretako zertifikapenetan. Hauzategiari 211.000.000 pezeta badagozkigu ere, lehenengo epeko errezibu zerrenda 5.000 kontribuziogileetarik gehiengo batek atzera itzuli du, udala exekutibora iragaten ausartu gabe. Beste errezibu zerrendak bidaltzeko prest dago udala, eta pundu honetan aurkitzen gara negoziaketa hasi orduan.

Udaleko bilerak eta amarako batzokiaren oportunismoa

Frankismoan eratutako udalak gero eta hutsagoak eta eskasagoak izaki eta lehen aldiz udal hauteskunde demokratikoak bistan direlarik (UCD bere komenientzian ari baita hauteskunde hauk atzeratzen) Donostiako udala ere hiriaren mesfidantzaz eta erabaki sendorik hartzeko gauza ez dela aurkitzen da

Amara Berriko Hauzo elkarteak udaletxean behin eta berriro hitz eder eta antzuak franko jaso baditu, udalekoek gorrarena egiten ez zutenean, hauzo elkartearen proposamendu eta galdetzeak bazterreratu dituztelako da.

Udal hauteskundeen usainean, ordea, Amarako Batzoki jaio berria udalarekin harremanetan jartzen da. Beraz, azken denboraldi honetan bi erakunde hauek abiapuntu eta jokabide desberdinetarik dihardute. Hauzo Elkarteak urteak daramatza hauzategiaren alde lanean eta bere herrikoi interesak defendatzen. Hain zuzen ere, hauzo lan eta etengabeko ikasketan, dossier sakonak bilduak ditu bai Amarako hirigintzaren historiari buruz bai kontribuzio bereziei buruz..Amarako Batzokia, berriz, atzo jaio da, eta udal hauteskundeen usainean lasterkada bizian gertatu da. Eta udalarekiko bileretan ez obserbatzaile bezala, udalaren eta hauzategiaren arteko bitartekotzat aurkeztu da gehiengo omen den jeltzale alderdia. Hildo horretatik Amarako Batzokia berehala ausartu da hauzo elkartea kritikatzera ere, udalari esku bat luzatu nahirik.

Beraz, azkenaldi honetan bi bitarteko agertzen dira udalaren aurrean, Hauzo Elkartea ta Amarako Batzokia. Batzokiaren oportunismo hau dela eta, hauzo elkarteak dei eginik, hauzategian hauzo elkarte bidez langintzan ari diren alderdiak eta PNVko batzokia, bitartekotasun honetaz mintzatzeko elkartu ginen. Lehen aipaturiko arrazoiengatik HASI, LAIA, ESB-ANV, EIA, EMK, LKI eta PSOEren ordezkariak bat batean Hauzo Elkartea aitortu zuten hauzategiaren eta udalaren arteko bitarteko bakarra bezala, PNVren jokabidea lekutik kanpo bezala aipatuz. Batzokiak, ordea, berak ere bitarteko bezala jarraituko zela agertu zuen. Udalak, berriz, nola gaitzets zezakeen PNV baten bitartekotasuna ta laguntza?

Garbi dagoena zera da, Hauzo Elkarteak (aipaturiko ezker alderdiak bezala) hauzategiko interesak defendatzen dituela, baina, PNVk noren interesak defendatzen ditu? Dena dela, ez gaitu deus harritu PNVren azken orduko ernealdi honek, beti ere gaizki ikusi baitute hauzo elkartea, interes partikularren gainetik hauzategiko interesak defendatzea arriskugarria zen norbaitzuentzat, noski! Areago, PNVkoei ez zaie oraindik muturrik ikusi ez hauzategiko arazoak planteiatzerakoan ez, euskarazko gau eskola ezin antolaturik ibili garenean.

Halere, udalaren eta hauzo elkartearen artean negoziaketa sakon bati hasera ematen bazaio, agian Amarako Batzokiari esker joko oportunista ere gerta daiteke, hauzategiaren eta Donostiaren onerako.

Martxoak zortziko bilera

Martxoak 8, udaleko urbanizaketa, Hazienda ta Ingeniari buruzagiekin batean bildu ginen Hauzo Elkartea, Amarako Batzokia eta HASI, EIA ta EMKen ordezkariak (baita azken bileretara obserbatzaile bezala agertu den PCko ordezkaria ere.) Batzokiko Azurza jaunaren fantasmagoria eta hauzo elkarteari zuzendutako eraso batzu gorabehera, batzar luzea baina probetxugarria gertatu zen.

Lehenik, obrak bukatu ahal izateko plangintza berritu eta ahalik eta lasterren zehaztu beharraz aritu ginen. Baina, Coninsaren zilegitasunaz eta ahaltasunaz sortu diren dudamudak aztertu genituen, zeren, jota aurkitzen bada, obrak bukatu ezinik Amarako kaleak tripaz gora geratuko bailirateke. Denbora gehiagorik alferrik ez galtzeko, beraz, Coninsaren ekonomi egoera ikertzea gomendatu zen (gero eta suministratzaile gehiagok moztu baitute berarekin, honek ez ordaintzean), dagoeneko egoera horren arabera beharko baitira izan udalaren lehen pausoak. Halegia, dirubiderik badu gogorrago galdatuko zaio obretarako plangintza, erdi jota badago, berriz, beste era errealistago batez.tratatu beharko zaio, erremedioa gaitza baino okerrago gerta ez dadin.

Kontribuzio bereziei buruz, berriz, prentsak airatu zuen bezala airatu delako "negoziaketa" eta azkeneko unerarte ez genion hagina tinkatu. Udalak legez ezin omen du hauzotarrei dagokigun % 60 hori inola ere jaitserazi legearen zigorpean eri gabe, gainera ez omen du mediorik ere (Ez kredit ofizialik, ez fiskalbiderik) Donostiako PNV ere ba zirela aipatuz, udalekoak bezala Donostiako ondasunak. Amaran gastatzea ez dela bide birbaieztatu zuten.

Hauzo Elkarteak Amarako Lapurketak, eta udalak berak atera duen espekulapena ta erantzukizuna gogoratuz negoziaketa jator bat galdatu zuen. Eta mahaian negoziatzen zena berriz, hauzategiko batzarrean erabakiko zela azkenik.

PNVko Azurza jaunak hauzo elkartearen asanbladak oso mugatuak bezala joz, hauzo elkarteak jendea ez ordaintzera xaxatzen zuela salhatu zuen, eta halatsuko erabakiak izan ohi zirela kontribuzioak ez ordaintzeko erabakiak. Ez ordaintzeko jarrera jarraitu ez baina, hauzo elkarteak datozen errezibu zerrendak ordaintzeko proposatu behar zukeela aipatu zuen, udalarekiko negoziaketaren ondorioak gerorako utzirik.

Azurzak zuzendutako salhaketaren faltsukeria adierazi ondoren (hauzo elkartea beti negoziatu nahiz ibili baita elkarrizketa eta negoziaketak moztea udalaren aldekoa bakarrik izaki), hauzo elkartearen eta (PNV ez beste) alderdietako ordezkarien aldetik negoziaketa bat lortu arte udalaren errezibu zerrendak ordaintzeko proposatzea desegokitzat jo zen.

Ia eguerdian eta mahaitik altxatzen ari ginela, Estanislao Etxeberria jaunak, negoziaketarako zirritu edo posibilitaterik ba zegokeela aipatuz, hauzo elkartetik proposamen zehatzik aurreratzen ahal genuela eman zuen aditzera, apustuetan bezala tratu honi nolabait ere hasera bat emateko.

Dena dela, udalekoak negoziaketa edo portzentaia gaitasun hau ikastekotan geratu ziren, benetako negoziaketa batean ekiteko. Denbora denborari.

ALEX


Euskal Herria

Alderdiak autorganizaketaren aurka

Geroz eta jende gehiago dago Euskal Herrian alderdiekin nazkaturik eta potroetaraino eginda. Euskal Herria organizagotzen eta indartzen ez ezik, beheraka doala dirudi, herri mobilizapenak urriagoak dira, langileria zatikaturik aurkitzen da eta asanblada mugimendua erdi-jota dago. Gainbehera honetan alderdiek eta hauen sindikatuek dute noski errua neurri handi batean autorganizaketaren alde daudenak maiz alderdikeriaz eta herri mobilizapenak kapitalizatzearren soilik iharduten baitute, eta burjes erakundeak herri autoorganizaketa hau nola itoko irrikitzen dabiltzalarik.

Halere, gehiegizkoa deritzot autoorganizaketa hori lurjotzen ari delako erizpideari. Mendebaldean herri kontzientzia eta autoorganizaketa, bere ahuleria eta guzti, beste lurraldeetan baino sendoagoa da. Eta mendebalde barnean gaur egun Herririk autoorganizatuena eta mobilizatuena Euskal Herria da, noski. Ez dago ikastola mugimendua, edo amnistia aldeko mobilizapenak, edo ETAren herrikoi burruka harmatua,... eta gaur bertan nuklear zentraleen aurkako herri borroka orokorra.

Autoorganizaketa honek ordea, bere gorabeherak izan behar nahi eta ez, autorganizaketa hau zenbait baldintzapeni loturik aurkitzen baita. Halegia, Herria, borroka gordin eta luze baten ondoren itxurazko amnistia bat lortzean, besterik gabe, mementuz behintzat laxatu eginen da. Herriak, eta herriaren buru behar duen langileriak gure gizartearen burjes egitura eta joskera osoa eten edo aldatuz Herriaren eskuetara itzuli beharko du. Autorganizaketa orokor hori, ordea, oraindik ume xamurra besterik ez da, heldu gabea, etsaia boteretsua eta kontrolaezina baita. Hortik estrategia bat muntatu beharra, hortik klaseen kontraesanak nabarmendu beharra, eta hau guztiau gaur gaurkoz alderdi iraultzaile batek bakarrik bultza dezake.

Marxismoak erakusten digunez gizartearen azken helburua Herriaren autoorganizaketa orokorra da, eta hortarako bai alderdi eta bai beste erakundeak desegin eta deuseztatu eginen dira gizarte errespontsable eta heldu bati lekua egin, eta, bere kasa goberna dadin, hori baita azkeneko helburu komunista. Baina, bitarte hori betetzeko alderdiari heldu beharra dago. Herria, beraz, ez baita burjes egitura eta bere euskarri den Estatua hautsi eta aldatuz erabat autoorganizatzeko gauza. Hortik Estatuak gorputzen duen burjes zuzendaritza hautsi eta aldatzeko alderdi iraultzaile, eta erakunde aldatzaile eta eraginkor baten beharra.

Lehengo batean Donostiako anarko iraultzaile batek ez zidan ez gobernurik, ez alderdirik, ez udalik, eta ez deus erakunde konbentzionalik ametitzen autorganizaketa hutsez jokatu behar omen dugu. Oso polita zela hori baina daukagun etsai organizatuaren aurrean horrelako jarrerari TESTIMONIAL hutsa neritzola aipatu nion.

Alex


Euskal Herria

Iparraldea. Ekologia. Iparraldean guzietako ekologia

Hegoaldean ekologiaren arazo ba dago: kearen, uraren, bizimodu osoaren zikintzea, zentrale nuklear eta ab. Baina ba dago ere ekologiaren arazo bat Iparraldean. Hain zuzen, inork ez bazuen uste izanen ere, gure baserri berdeak eta nekazari ozenak topatzen dut gaur, ekologiaren arazoa. Lurrean, janarian, nekazaritzaren eramateko moldean bistan da, horietan guzietan murgiltzen garela biziaren zentzuan edo sentigoaren zehar. Nekazaritza zertarako? Produkzio nasaikeria zertarako? Behar faltsuak edo behar ezbeharrak zertarako? Galdera hauen erantzunean dago, gure ustez, Euskal Herri guziaren itxaropena edo galbidea. Ez gaitezen ilusi eta bildurrik gabe burruka ditzagun ezeztatu nahi gaituzten.gaitz guziak. Horretarako beharrezkoa da, Iparraldeko laborantzaren arrapentsatzea, lanbideen sortzea ekologiaren helburuei begiratuz. Aztertuko dugu beraz geure ekonomi giroa eta ekonomia honen oker absolutuak, ezen oker absolutuetan baikabiltza, teknikalarien okertasuna, teknikaren okertasuna, heziketa osoaren okertasuna.

Nekazaritzaren kondenazioa?

Ba dakigu Iparraldearen nekazaritza oso ttipia, lur eremu ttipiegiak dituela. Gaur mendialdean, Behenafarroa eta Zuberoa, 12 edo 10 hektarea hein hori egiten digute etxalde bakoitzaren eremuak. Hazparne, Donapaule, Lapurdin etxalde handiagoak ba dira: 30 eta 25 hektareatakoak. Baina izan daitezen 12koak edo 25ekoak beti eremu ttipitako etxaldeak dira. 12 hektareatako nekazaria nekez bizi da eta nekez bizi ere 25 edo 30 hektareatakoa. Hain zuzen, Merkatu Komuneko agintariek erabaki dute etxalde ttipienak 40 hektarea beharko dituela eta diru laguntza guztiek erakusten digute 40 hektarea dituena lagundua izanen dela 10 hektarea besterik dituena baino gehiago.Beraz Merkatu Komunak bere aukera egin du, errendamenduaren kriterioa: 40 hektarea. Bizkitartean Iparraldean bezain etxalde ttipiak topatzen dira beste nazioetan ere: Alemanian 10 eta 15 hektareatakoak. (Baina hau industri nazio bat dugu), Ingalaterran 50 eta 56 hektareatakoak. Dakusagu bera, laborantzak bizi nahi badu haundi behar duela eta industriagintzaren kriteriotan sartu: Produkzioa, konpetizioa eta errendamendua.

Gaur, 40 hektarea aukeratu dute, bihar zenbat? Gizarte kapitalisten helburua, kapitalaren logika. Kapitalaren lege hotza: kapitalak kapitalaren bidez handitu eta azkartu egin behar duela. Ikus dezakegu zerk gaituen kondenatzen: Kapitalisten Europak, Kapitalaren kolonialismoak, zabaltasunak eta mundu osoan barne duen zerikusiak.

Nazioak hil dira, presidentak hil dira, independentziak hil dira eta politikak berak kapitalak agintzen ditu. Honetan nabaritzen zaigu laborantzarik eta industriagintzarik ez daitekeela asma, ez eta aurrera eraman, frontera guztien kontrole azkar, indartsu bat gabe. Nazio ttipiek, nazio handietatik beren burua defendatu egin behar dute. Kapitalaren internazional kontrol gogor batek baizik ez digu segurtatuko politika bakoitzaren independentzia, edo bestela autarkia sakon batek baizik. Zeinen zai egon behar dugu: kontrol internazionalaren edo gure Euskadi egin, nahi dugun bezala eta gure absolutuekin?... Ezen, kapitalarekin daramagun zeingehiago honetan galtzaileak gara kapital ttipikoak garelako baina sekula ez kapitalik gabeak. Euskal Herria osoki pobrea dela ez da egia, ba dira 11, munduan zehar pobreagoak direnak. Aberats garela esatea ez da ere egia, zer gara U.S.A. ren kapitalari gonbaratuz? Egia esan ez gara kapitalaren aberastasunean gainetarik baina kapital guztiak diruzkoak al dira? Aberastasun guztiak diruzkoak al dira? Eta azkenez, kapital guztien artean handiena ez al da bizitza, bizitzaren sanotasuna, kreazioa eta gizona?

Absolutu hauk oso sakonak ditugu eta hain zuzen absolutu direlako teknika guzia hauei subordinatu egin beharko dugu. Baldintza honekin bakarrik, nekazaritza ttipia kapital bat bihurtzen zaigu, osasuna eta kreazioa osatzen dituena. Berdin, baldintza honekin bakarrik, Euskal Herria bere ttipitasunean kapital haundikoa bihurtzen zaigu, euskararen heldutasuna, artzainen izaitea, langile guztien autogestioa, Euskadiren askatasuna.gizonaren premiatasuna osatzen dizkiguna. Ez gara beraz, hainbat kapitalerik gabeak, baina bai kapital behar beharrenez aberats eta guztiz aberats. Hauk denak izanen dira biharko gizarteen aberastasunik haundienak. Arren esan dezakegu ez garela Herri bat galdua eta etsitua, baizik eta gara itxaropenezko Herria, etorkizunaren Herria. Honen eta horregatik ikusten ahal dugu Iparraldeko nekazaritzaren garrantzitasuna. Euskadi Batuarentzat, honen sendotasunarentzat, honen kapitalarentzat.

Kapitala badugu: nork beretuko du?

Kapital beharrezko honi nortzu dira ohartzen ari? Jende asko baina batipat kapitalistak berak. Langileak ere ikusten du kapital berri honen garrantzitasuna, beretzat eta bere haurrentzat baina dirurik ez duelako berriz ere izorraturik gelditzen da. Hain zuzen, gaur, aire sanoa, janari sanoa eta baserria bera merkatu gauza bilakatu direlakotz. Iparraldea kondizio honetan dabil, eta jadanik kapitalistak hemen dabiltza merkatu berri honetaz zerbait profitu egin beharrean. Horrela berauek-asmatu plangintza gure baserrietan obratzen dute: Iholdin (Behenafarroa) ur putzu bat, Senperen beste bat, Iratin beste bat, Garazin beste bat (?). Gainera, artzainak kasatu eta haizatu nahi dituzte, mendiak buldozerrez urratzen, Iparraldea husten; Honela espazioa eta ingurumena libratu ondoan turismoaren teknikalariek hiriko langileek amesten duten Euskal Herri berri bat eratu nahi lukete.

Batipat, turismoaren merkatuari doakiona. Langile gaizoa lanean nekaturik etortzen zaigu, 11 hilabete luzez lantegi-presondegian pasaturik. Esan ezik, liberazio bat dela honentzat eta gainera baserritarrez bekaizti bezala dabila, batipat berak galdu duen bizimoldea, lanaren kreazioa gizon xume honek inkarnatzen duelako.

Baina egia ahal da oraino argazki faltsu hau? Goraxeago agertu dut ez dela egia eta esan nezake gainera nekazaria bera hiriko langilearen lan baldintza berdinetan topatzen dugula. Inbestizioetan eta diru zorretan sartu delako banketxeen langile bezala bihurtu zaigu. Horretan bertan bere independentzia bera galdu egin du, eta askotan banketxe hauen teknikalariek die agintzen. Amaitu dira askatasuna eta jabetasuna, lanaren sentidua bera, ezen bere lehen eginbeharra ez du gehiago berea baina berea ez duen bankuarena. Logika honek eraman digu gizona produkziolari izatera produkzioarentzat, eta ez gehiago bere familiarentzat edo benetako beharrentzat. Esan genezake teknikaren materialismoak hil egin duela gizona: hona gure industri gizarteen eta zibilizazioaren erru ezin barkatua. Gizona ez da tresna bat, gizona ez du tresnaren morroi izaterik baina bai gizona lehen eta tresna bigarren. Tresna gizonaren zerbitzurako, ez eta aldrebes. Bertako nekazariek ez digute oraino borroka hau ikusten eta aztertzen, batipat senditzen fatalismo bat bezala. "Produkzioan gaituk eta produkziotik ezin eskapa, kateak ezin trenka, teknikagintzaren logikak garamatza". Teknikak libertatea hil egin ahal du gehiago eman behar eta? Hots, teknikaren eta askatasunaren hauzian gabiltza, hauzi beharrezkoa, larria, itxaropenaren giltza edo kondenua. Dena dela, orain nabari da ekologia, ekologia baino gehiago dela, gizonaren arazoak gainditzen, elkartzen dizkigula eta benetako galde hau egiten: gizarte bat zertarako? Askatasuna, kreazioa, heziketa, lana, maitasuna, teknika, gizonarentzat LEHENIK GIZONA GIZON EGIN DADIN.

M. L. UHAITZE


Euskal Herria

Herria 2000 Eliza

Ez da formula milenaristaren bat.

Elizaren historian behin eta berriro sortu izan da "milenarismo" deituriko mugimendurik: era batetara edo bestetara. Funtsean uste hauxe adierazten du milenarismoak: Azken egunaren aurretik —"egun handiaren" aurretik, esango lukete gure aitonek—, mila urtez Kristoren Erreinu miragarria agertu eta finkatuko litzateke munduan.

Aldizkari berri baten eta "Eliz aukera" berri baten izena da: HERRIA-2000-ELIZA! Martxoaren 31an Euskal Diozesetako Apaizen Pastoral Ekintzaren Bateratzea deituriko mugimenduak bere VII. Batzarrea egin zuen Azpeitiako Loiolan. Eta bertan aurkeztu ziren bai aldizkaria eta bai Eliz aukera berriaren aurreprojektua.

Euskal Diozesetako Apaizen Pastoral Ekintzaren Bateratzea

Frankismoaren azken urteetan, eta Euskal Herriak jasaten zuen errepresioaren indartzearekin batera, euskal apaizek gero eta premiazkoagoa nabari zuten, zapalkuntzaren kontra elkarrekin jokatu eta burrukatu beharra. Baina gehienetan gertakari konkreturen baten aurrean bakarrik elkartzen ziren, agiriren bat ateratzeko edo protesta konkreturen bat egiteko, Franco hil ondoren apaizon ekintza bateratuaren premia amnistiaren inguruan konkretatzen da batez ere: 1975.eko Eguberriak inguruan 1.069 apaiz euskaldunek agiri bat eman zuten, amnistia osoa eskatuz.

Berriro ere, 1976.ko martxoan Gasteizen gertaturiko langileen hilketaren ondoren, 1.055 apaizek agiri gogor bat eman zuten, basakeria hura salatuz, Eta hain zuzen ere, agiri hau prestatzeko egun haietan Gasteizen egin zen bilera batetan erabaki zen Euskal Apaizen baterakuntza iraunkor eta etengabea eratzea. Horretarako projektu bat landu zen, eta hurrengo ekainaren 8an Iruinean hospatu zen 130 apaizen arteko bilera batetan sortu zen azkenik "Euskal Diozesetako Apaizen Pastoral Ekintzaren Bateratzea".

Izena aldrebesa du eta ia erabili ezina. Orain egitura berri bat eman nahi zaio erakundeari. Bere izena ere aldatu eta erraztu egin beharko lukeela uste dut.

"El clero vasco" izeneko mugimendu ezagun bezain ohoragarriaren nolabaiteko jarraipen bezala agertzen da euskal apaizen erakunde berri hau. Hala ere ezin dira berdindu, ez ideologia aldetik ez eta Eliza "ofizialari" buruzko jokabideari dagokionez.

Hiru oinharri ideologiko hauen inguruan biltzen dira apaizok:

a) Eliza: Ebangelioari leiala, agintedunengandik librea, profetikoa, askatzailea eta demokratikoa;

b) Gizartea: Klasismo-kapitalismoaren gainditzailea, ekonomi, politik eta kultur aldetik demokratikoa, eta gizonen eta gizataldeen hustirapena eta zapalkuntza baztertuko dituena;

c) Euskal Herria: edozelako zapalkuntza modutik askatua, eta bere nortasun politiko, kulturazko, etniko eta historikoa burutuko duena.

Antolaketari dagokionez, Batzarre orokorrak izan ditu oinharri Erakundeak.

Apaizak eta oinharriko kristau Elkarteak

Euskal Eliza herritar baten bila dabiltzan bi mugimendu nabarmentzen dira azken urteotan Euskal Herrian: Oinharriko kristau Elkarteak eta bereziki "kristau elkarte herritarrak" direlakoak, batetik, eta aipaturiko euskal apaizen erakundea.bestetik.

Apaizen erakundea sortu zenetik bertatik nabarmendu izan da kezka bat: Apaizen erakunde itxi bat ez egitearena, hain zuzen ere. Edozein klerikalismo moeta eta klase klerikalaren kutsua gainditu nahi dira, Eliza herritarraren bila.

Hala ere, uste dudanez, Apaizen erakundeak ez du haseratik daraman anbiguotasuna gainditu: horietako asko —gehienak— Eliz Instituzio ofizial eta tradizionalari loturik daude, parrokietan batez ere. Nahiz eta horren aldatu eta gainditu beharraz etsita egon, hala ere ez dute etenik sortu nahi izan. Behin eta berriro aipatu eta erabaki dute, oinharriko kristau elkarte ugaritu eta indartu beharra, Eliza herritarren aukera berrirako bide bezala, baina Eliz egitura pastoral tradizionalek indar handiagoa dute oraindik.

Apaizen erakundea bera ere apaizena bakarrik da oraingoz, nahiz eta behin eta berriro agertu izan Erakunde zabalago bat kristau laikoei irekia egin beharraren kezka. Ez da oraindik horretarako erabakirik hartu ahal izan, eta Eliz aukera berria bultzatzekoan apaizek oraindik egiteko espezifikoa dutela pentsatu izan da.

Alderantziz, zenbait apaiz kristau Elkarteetan integraturik dabil, eta horien eta Erakundearen arteko lotura organikoak eskatzen ditu. Honelakorik ez da lortu oraindik; horien arteko harremanak, elkarrekin batzarreren bat edo beste egitean eta elkarrekin agiriren bat edo beste izenpetzean agortu dira. Dena dela, bi mugimenduen arteko kidetasuna eta dialektika eta guzti, apaizen erakundearen anbiguotasunak hortxe dirau.

Proiektu bat, liburu bat, aldizkari bat

Martxoaren 31ko Loiolako batzarrean hiru gauza aurkeztu ziren, hirurak bide beretik eta helburu berbera doazenak. Euskal Herrian Eliza herritar bat bideratzera.

Proiektua: "HERRIA-2000-ELIZA" izeneko Eliz aukera

Orain arte euskal apaizen Erakunde hau baterakuntz zerbitzu bezala ulertu da eta egitura oso sinplea izan du. Urtean lau aldiz bildu izan den Batzarre orokorra eta herrialdeka osaturiko Batzorde bateratzaile iraunkorra: bi ardatz hauen gainean funtzionatu izan du Erakundeak Iparraldeko apaizak ez dira oraindik Erakundean integratu, baina bai Batzarrean eta bai Batzordean beti hartzen du parte hango apaizen batek.

Orain Loiolan hospatu den Batzarraren ondoren, eraikuntz garai berri bat hasi da Erakundearentzat: oinharri ideologikoak argitu eta zehaztu, eta antolaketa berritu, indartu eta finkatu, eraginkorragoa izan dadin. Hala ere, beti batzarrea izango da antolaketaren oinharria.

Bai ideologiazko eta bai antolaketazko oinharriak "Euskal Eliz aukera berri" baten inguruan aztertzen dira. Funtsean Iruineako lehen Batzarrean jarritako puntuek definitzen dute Eliz aukera hori. Orain, ordea, izen bat eman zaio aukera berriari: HERRIA-2000-ELIZA.

Liburua: "Herria-Eliza EUSKADI Pueblo-Iglesia"

Apaizen Erakundeak behin baino gehiagotan antolatu izan ditu astealdiak eta ikastaldiak, bereziki apaizentzat berauentzat. Liburu honetan, lehen astealdian (1976ko irailean) erabilitako gaiak biltzen dira. 505 horrialdeko liburu mardula. Erdaraz emandako hitzaldiak erdaraz bildu dira bakarrik; euskaraz emanak berriz, erdarazko laburpen edo itzulpen eta guzti. (Kontuan eduki behar da Apaizen erakundeak, ia haseratik, itzulgailu simultaneoak erabiltzen dituela bere batzarre orokorretan, erdaratik euskarara nahiz euskaratik erdarara itzultzeko).

Hamairu hitzaldik osatzen dute liburuaren gorputza. Euskal Herriaren eta Euskal Herriko Elizaren egoerak eta joerak aztertzen dituzte: Sozio-ekonomi aldetik, kultura aldetik, politika aldetik, fede aldetik etab.

Baina liburuak ba du sarrera irakurgarri bat ere, Apaizen erakundearen urte labur hauetako bizitzari buruz; eta batez ere 150 horrialdeko eraskin luzea dauka, azken "berrogei" urteotan euskal Apaizek, bere herriaren aldeko borrokan, eman izan dituzten agiriak eta beste, eta bereziki Apaizen Erakunde bateratzaileak berak argitaratu dituen dokumentuak, biltzen dituena. 21 dokumentu, denetara.

Liburuak bere erakarmen berezia duela uste dut. Eta ez kristauarentzat bakarrik.

Aldizkaria: "HERRIA-2000-ELIZA"

Bizkaiko kristau Elkarte oinharrikoek beren buletina atera izan dute azken bizpairu urteotan.

Baina aldi berean Euskal Elizarentzat Aldizkari zabalago baten premia aipatu izan da behin baino gehiagotan. Premia eta hutsune horixe betetzera dator aldizkari berri hau. Baina oraingoan Elizaren "ezkerraldetik".

Nolabait Oinharriko Kristau Elkarteen buletinaren jarraipena da; baina bestetik gainditu egiten du hura. Harek zuen izpiritu berarekin dator, baina irakurlego zabalagoarentzat. 2000. urtean esperantza jarririk, Euskal Eliza herritar baten bila dabiltzan guztientzako izan nahi du aldizkariak.

Euskal kristau "ezkerrekoen" ahotsa? Bereziki euskal kristau "oinharrikoena" izan beharko luke.

Hilerokoa da. Eta bizitza luzea eta bizia opa diogu. Esperantzarako!

Paulo Agirrebaltzategi


Euskal Herria. Mila kondu

"Inkontrolatu maiteok" (eta politiko kontrolatuak)

Aberri eguna lasai aski hospatu genuelaren ustez geunden, baina besterik erakutsi arazi digute Madrilgo egunkariek, politikariek, eta abar. Erakutsi arazi egin behar Madrildik, berton egon ginenok itsu bagina bezala.

Baina gauza kuriosoena da: Madrilgo komentarista politikoek berri agentzien bidez ikasi zituztela berriak, eta indirektoki ikasitako gaietan "ex-catedra" mintzatu.

Min egin baitzien Aberri Egunaren arrakastak. Izorra daitezen!

Alderdiek erantzun zieten eta Consejo General Vasco delakoak ere bai. Eskuindarren joku bat zela salhatu zuten, eta autonomiak (zorioneko autonomia teorikoak) murrizteko eskandalo muntatu bat.

Bai hitz gogorrak Gutierrez Melladorenak! Eta bai elizmutil funtzioren ederra, Mujika Herzogena! joan ziren... (Txano Gorritxoren ipuina).

Zorionez, Consejo General Vasco delakoak inkontrolatuak deskubritzeko balio du. Azken denboretan Donostian joka aritu ziren "inkontrolatuak" poliziarekin autoetan ezkutatu omen ziren batzuk.

Baina, O Jerusalen! O profetak! euskaldun bat bakarrik ere ez da harritu polizia "demokratikoaren" eta inkontrolatuen arteko amorioak jakin dituenean.

Eta nola arraio konpreni daiteke hau! Jesus: berriz ere itsuak argitara ekarri beharko dituzu, mirakuluen bidez edo antibiotikoen bidez.

Baina utz dezagun "inkontrolatuen" asuntua.

Orain modan dagoen gaia PCEren dibergentziak dira, leninismoa eta demokrazia direla eta ez direla. Haranburu Altuna irten da EPKtik (PCEtik) eta kritika sendoak egin dizkio alderdiari.

Asturiasko militante garrantzitsu sail bat ez zegoen ados hango kongresuan eraman zen demokraziarekin, eta batez ere, kongreso aurretik eraman zen prozesuarekin. Berdin pasatu zen Katalunian PSUCekin. Dirudienez, PSUCeko delegatu batzuk dimititu egin omen dute. Presidenteak eta idazkari orokorrak ere bai.

Kontuok ez dira onak inorentzat, alde batetik. Baina, beste alde batetik, ezkertiar alderdien demokrazia beti analizatu behar dela erakusten digute.

Eta azkenik, Suarezek diskurtsu aspergarri bat eskaini zuen Kongresuan. Kongresu politiko aspertuen biltokia dela baitirudi.

IOSU ALEZURI

Hiztegia

ustez — en la creencia. / dans la croyance

ospatu genuelaren — de que habíamos celebrado. / d'avoir célebré

erakutsi arazi — hacer enseñar. / faire montrer

salhatu — denunciar. / dénoncer

harritu — extrañarse. / s'étonner

dirudienez — por lo que parece. / il paraît que, d'après ce qu'il semble.


Ohar laburrak

Egin eta euskara

Anitz jendek komentatzen zuen penaz EGINen gero eta euskara gutiago agertzen zela, eta hau erraz egiazta zitekeen zerbait zen. Aski zen honetarako EGINen lehen zenbakiak eta azken sasoiotakoak eskuetan hartzea egunkaria sortzeko kanpainaldian —euskarari emanen omen zitzaion tratamendua gogoratuz gero, normala zen euskaldun askoren frustazioa.

Orain berrestrukturaketa orokorra egiten ari dira EGI barnean, eta honek zuzenki afektatuko omen dio gure hizkuntzaren arloari. Pozez esan dezakegu, eta agian hau berriketaren lehen fruituetarikoa dateke, azken egunotako EGIetan euskararen portzentaia handitu egin dutela. Apirilaren 11 eta 12ko zenbakietan, esate baterako, euskarazko artikuluak % 11 eta 12 dira. Nahiz eta hau oso gutti izan, ba dirudi behera zihoan euskararen kurba berraltxatzen hasiko dela. Hau gutiegi da, dudarik ez, egunkaria egiazki bihizkuntzaduna dela esateko, honetarako % 40 euskaraz beharko litzateke guttienez, baina kontutan hartzeko aurrerapen edo errekuperapen bat dela esan dezakegu.

Tarradellas eta Espainiaren kantzerra

Ezagunak dira Josep Tarradellas "ohoragarriak" euskaldunoi aspalditik eskaintzen dizkigun maitasunezko frogak. Azkena, Madrileko "El Imparcial" egunkariari gure herriari buruz egin dizkion deklarazioak izan dira; hauetan Euskal Herria Espainiaren kantzerra dela esan du Kataluniako aurreautonomiaren buruak.

Ba dakigu historian zehar asko izan direla horrelatsu pentsatu dutenak. Hain zuzen ere, Francoren Harmadako jenerala eta legioaren buru zen Millán Astrain famatuak, honorablearen erizkidea da puntu honetaz, eta 1936.ean antzeko zerbait esan zuen: "Cataluña y Vascongadas son los cánceres de la nación". Kataluniaz hori esateaz ez da segurki konforme sentituko Tarradellas jauna, baina euskaldunoi dagokigunez guztiz bat dator.

Ez gara gu hemendik Tarradellasen esaldien orijinaltasuna dudatan jartzen hasiko eta beharbada kointzidentzia hutsa dateke berau. Baina harrigarria da gerra urteetan bere kontrari amorratua zenaren eritziak hain erraz asimilatu dituela ikustea. Denborari bota beharko diogu errua, agian...

Inigo de Agirre eta euskararen balioa

Euskararen balioari buruz aspaldion eritzi asko entzuten ari da bazterretan. Batzurentzat euskara gauzarik inportanteena den bitartean, beste batzurentzat arazo sentimental hutsa litzateke, horrela, dirudienez, betidanik gazte sentimentalak izan garenok memelotzat jarri nahirik.

Euskaldun guraso gizaixo batzuk, euskarak inolako baliorik ez duelakoan, beren seme-alabei irakatsi ere ez diete egin. Arrazoi berberagatik askok ez du ikasi nahi. Zertarako? Diote halakoek.

Bilboko zenbait moldiztegitan, aldiz, euskaragan balio iturri pezetagarria dakusate eta gaztelania-espainiera ofiziala ez diren beste guztiak "hizkuntza arrotz"tzat jotzen dituen legeaz baliatuz, euskarazko lanak linotypiaz egiteagatik, ehuneko berrogei (% 40) garestiago kobratzen dute,. hau da, frantses eta ingelesezko konposaketak baino karuago, euskara alemana bezain hizkuntza "zailen" mailan ezarriz. Eta euskaldunok, geurean arrotz garelako, holako umiliazioetatik ere oraindik pasatu behar! Pobrearen lepoan aberasteko gai ugari aurkitzen dute batzuk beti.

Eta Iñigo de Agirre inefableak ere —ez otoi berau behialako Lope harekin nahas!— euskarari bere balioa eskaini nahi dioten horietakoa dela jakin berri dugu. Hobe ez, halajaina! Kultur arazoetarako parlamentaria izanik gainera!

Modu aski bitxia darabil Iñigok horretarako hala ere. Lehengo batetan Eibarren, bertako kultur eta kirol elkarte batek hitzaldi bat eskatu zion gure gizonari. Berak baiezkoa eman zuen, hargatik zenbat kenduko zion galdetzean, lau mila pzta. eskatuz. Honaiño ez dago, noski, zer esanik. Garestia ere ez zen eta. Hitzaldia euskaraz egin beharko zuela aipatu ziotenean, ordea, Iñigoren jarrera erabat aldatu zen, azkenean antolatzaileen ekinaren aurrean, "A euskaraz bada, orduan zortzi mila pzta." esanez.

Eta oraindik batzuk euskarak ez duela baliorik esanen dute hortik zehar. Batzuren euskarak guttienez bai behintzat, eta erdararen doblea gai-


Euskal Herria

Azido zianhidrikoaren aurrean

- Martxoaren 28an goizean goiz Tolosan deskarrilatutako trena ikustera hurbildu ginenok ez genuen uste bizitza honetara jaio berriak ginenik. Ikara ematen zuen merkantzi bagoiak elkargainka trabeska ikusteak. Ez genekien alderik alde tripaz gora lasai etzanda zegoen zisterna hura RENFEren historiara pasatzeko zenik. Ezta ere ez genekien zisterna horrek Tolosako herria historiatik kanpora uzteko arriskua zekarrenik.

- Geroago hasi zen tragedia eta komedia. Zer gerta zitekeen beste Madrilgo trena puntuan etorri eta sabelaren erdian jo balu? Arriskua, susmo gaiztoa, izua, psikosis kolektibo apur bat, nerbioak... Denetik izango zen herrian. Askok ihesari eman zion. Inork ez zuen hemen inozo inozo azidoaren almendra garratzen usainak harrapatzerik nahi.

- Bistan da; horrelakotan pizten da jendearen filosofi sena. Bizitzari eta gizonari buruzko kontsiderazio serio eta aspaldi zahartuak, berriak eta bixi bixiak iruditzen zaizkio. Elizak hustuz doaz, baina S.Pedroren bizarrak errespetua sartzen du oraindik nonbait. Aztertzekoa litzateke askoren sentimendu eta pentsakera erlijiosoa ere. Probidentzialismo eta esker onezko otoitz eta meza (gotzain eta guzti) horien azpian dabilen Jainkoa zenbaitentzat ez ote den alkimista, edo gehienbat asko dakien bihotz oneko kimikalaria.

- Tolosako azido honen inguruan komentariorik franko egin da. Ekologia, teknika, ekonomia, segurtasuna, politika, deretxoa, informazioa eta beste zenbait ikuspuntutik mintzatu da. Ba dira beren soinekoak urratu dituztenak. Gaurko gure zibilizazioarekin txundituta, atzera betilun eta mesprezuz eta aurrera irripartsu eta harro begiratzen dutenak. Ni ez naiz eskandalizatu. Humanismo progresistaren larrosa koloreko amets gozoak liluratu ez duenak ez dauka batere harritu beharrik.

- Azido zianhidrikoaren gertakizun zorigaiztoko honek ere gure zibilizazioaren anbibalentzia argitara ateratzen du. Azido honen eta beste arriskuen kontra hartuta dauden baino neurri arrazionalagoak hartu beharko dira. Konforme. Baina ez dago ahantzerik; aurrerapenekin batera hazi ditugula arriskuak ere. Zenbat eta teknika eta zientzia sofistikatuagoak zenbat eta manipulazio indar gehiago, orduan eta kaltetarako eta zorigaitzeko ahalmen bortitzagoa.

- Hori ez da gertatzen gizonak besteak izorratzeko, gerrarako adibidez, bere jakintza erabiltzen duenean, Normala da Hiroshimako bonbak Olafo wikingo jator eta amorratuaren ezpatazoak baino oker gehiago egitea, Hain normala ez dirudiena zera da: asmorik onenarekin asmatutako aurrerapenak gizonarentzat hain kaltegarri gertatzea. Dantzan jarri dituen indarrek ez diote obeditzen. Nagusitu egin zaizkio. Bizitzaren zerbitzutan asmatutako hainbat tresna, bizitza hori bizi ezina egiteko dira.

- Harrokeriak eta sasiprogresismoak baztertzeko orduak jo du. Sortzen duen guztiaren anbibalentzia, bikoiztasuna, seriotan hartzeko hadinako disparateak ikusi ditu dagoeneko. Egiten eta asmatzen duenaren kontrola derrigorrezkoa du. Bestela ere burua hondatu eta ukatuko du. Hemendik aurrera egiteko ahalmena izatea ez da nahiko egiten hasteko. Gogorra neutroi bonbaren polemika. Ondorioak ongi neurtu beharra dago. Azkenean helburuaren arazoa, helpideena, teknika eta zientziena baino garrantzizkoagoa da gizonarentzat.

M. Pagola


Elkar ikuska

Etorkizunarekin hizketan. Euskal umeak eta komunikabideak

— Hortik ahotsa dator, hortik

— Horraino doa?

— Bai hortik sartzen da. Hemen ondak daude eta ez dira ikusten, kokuak ere oso ttikiak dira eta ez dira ikusten. Ikusten al dira kokuak eh?

— Barrura sartzen dira antenaren bidez, hau antena duzu. Hortik sartu eta hemendik atera eta entzun egiten dugu.

 Eta kokuak nondik ateratzen dira? Kikirritik? Ni geixorik nago,... nagoenean eta gero bapo ez nago geixorik eta... eta nondik ateratzen dira kokoak, ipurditik ala?

— Bai, kakatzan eta txisatzan ateratzen dira eta izerditan ere bai. Batzu. Denak ez; besteak gorputza barruan hil egiten dira edo eta gorputza barruan dauzkagun soldatu ttiki ttiki modukoek hil egiten dituzte kokuak.

— Eta zelako soldaduak dira. Onak dira, eh?... gudariak dira?

— Bai, ttiki ttikiak. Telebistako Maia, erlearen antzeko baino ttikiagoak.

 — Ba orduan ez dira euskaldunak

— Zer ba?

 — Telebista ez da euskalduna... ta.

— Ala jan bitartean. Tintakatu ondo.

— ... Hau kaka modukoa da.

— Ez, ala! Jan hori, gibela duzu.

 Hau zezena da.

— Orduan telebista ikusi duzu gaur?

 Bai... eta Xanen ipuina ikusi dut. Xan eta makina hori esplotaten dauena, pum! eta gero badakizu zer egin deutso makinari Xanek? Hartu egin dau sare bat eta agarra dau hori eta bota deutso papera eta hartu egin dau sarea eta gero eserita egon da makina horretan,... esplotaten dauena, ta apurtu egin da eta pilak keridu deutsoz eta...

— Nola ikusi duzu telebista? euskaraz ikusi duzu?

— Bai, eta... eh! euskaraz eeezzz!

— Nola ikusi duzu ba? erdaraz?

— Erdaraz!

— Eta zergatik ez dute eman euskaraz?

 Ba dena amaitzen denean emango dabe. Beitu,... "Kuanzinia" amaitu zen ezta? ta Marco be bai.

— Amaitu da?

 Bai, hori ez dabe orain ematen.

— Eta zer egin behar da ba, euskaraz ipintzeko.

 Ba, amaitu gauzak!

— Gauzak amaitu behar dira?... Eta euskaraz ipiniko dute?

— Ez, Madrilen dagoz eta.

 — Eta zer egingo dugu euskaraz ipin dezaten?

— Ama! jogurt bat nahi dut!... baina b badakizu zer egin du Xanek? Ba makiñiean ipini da eta pilak kendu deutsoz eta sarea eta guzti eta makiña apurtu da eta papera bota deutso.

 — Papera bota dio?

 Bai eta esplotatu egin dau.

 — Lehertu da ez da?

 Bai hori, krak krak egin dau. Baina erdaraz egin dau. Madrilen dagoz eta beitu Madrilera joan behar dugu euskaraz ipintzeko.

 — Eta ez badute ipintzen?

— Ba, jongogu!

 — Joan egingo gara?

 Baietz! eta jo egingo dugu

 — A! telebistakoak jo egingo ditugu?

— Lengoz eskuagaz eta gero ostikara bategaz.

 — Eta ez badute nahi ipini, ostikara eman eta gero?

 Ba badakizu zer egingo degun? Nik jangot asko asko eta handi naizenean, alto alto, zu bezala, badakizu zer... espinaka asko jan egingot eta bolia eukiko dut eta boliak egingo dau pof, pof, popeye bezela eta gero zafraldia emango deutset eta ai! aiaka hasiko dira.

— Baina horretarako denbora handia pasa behar da eta bitartean zer egin?

— Botak jantzi, katua bezala, zafraldi ederra emateko eurei baina... Madrilen poliziak ere dagoz. Eta makina bat. Makinan sartuko gara eta etxerantza egingo dugu.

— Zein makina?

 Madrilen dagoen makina bat!

— Eta zertarako da?

 Etxerantza joateko.

— Ah! metroa! mutil.

Eta zuk nola nahi duzu ipuinak ikusi euskaraz ala erdaraz?

— Euskaraz!... eta zuk pelikulak nola ikusi nahi dozu?

— Euskaraz.

 Ba joango gara telebistara ia ipintzen duten euskaraz. Eta ipuin horretara joango gara, Eta Maia erleari euskaraz egiteko esango deutsagu, eta kokuei eta moskituei. Qso majoak dira. Euliak jaten dabezenak. Baina ez badute egin nahi,... moskituak zuk jokozuz bestela pika egingo nabe.

Eta zergatik egiten dau erdaraz Maiak?... Ba oso zintzoa da.

— Telebistakoek uzten ez diotelako.

— Ba joko doguz eta euskaraz ipiniko dute. Eta Maiak zer esango dau?

— Berak baietz esango du. Maiak munduko hizkuntza guztiak dakitza.

 Frantses? eta Espainol?

— Espainola ere bai.

— Tximinian, tximinietan egoten dira iberduerak, eta iberdueraz egiten dute, espainolak dira.

— Ah! iberduerokoak erdaraz egiten dutela esan nahi duzu.

 Bai iberdueraz egiten dabe.

— Non ikastolan?

 Ez ikastolan ez, baina han ere erdeldunak dagoz. Tximinietan egoten diran iberduerak keia ateratzen. Horrek dira.

— Baina ikastolako mutilek euskaldunak direla diote. Niri bat behintzat hori esan zidan.

— Niri ez! ba dakizu zer?... gezurra esaten dabe. Txikiñak direlako.

— Eta erdaraz egiten duzue Ikastolan?

 Nik ez! Nire lagun bati, Arantza, euskaraz egiten deutsot baina berak erdaraz.

— Ba dakizu zergatik egiten dizun erdaraz? Ba, oraindik gutti dakielako, baina ikasi nahi du.

Ba orduan letrak egin behar dituz.

Eta hitzegin behar da ez bada hitzegiten ez da ikasten.

— Non ikasi duzu zuk erdara?

 Ikastolan. Ez nik ez dut ikasi,... jolastuko dugu pixka baten esaten deutset eta —si— esaten dabe.

— Baina, euskaraz hitzegiteko ohiturarik ez daukatelako da hori.

 Euskaraz dakitenei euskaraz egiten deutset eta erdaldunei,... euskaraz egiten daben erdaldunei, euskaraz be bai. Euskaldun gitxi ta. Eta nire lagun handi bat, harek beti euskaraz egiten deuts... futbolan ere egiten dau. Baian erdeldunekin erdaraz egiten dau.

— Eta andereñok zer egiten dute?

 Andereñok euskaraz!

— Bakarrik?

— Bai!

— Eta beste andereñorekin hitzegitean?

 — Ba... nola egingo dabe ba euskaraz!

— Noski, noski.

 Baina umeek ez. Dame agua esaten dabe.

— Baina oso ttikiak izango dira ez da?

 Bai hiru urtekoak dira

— Eta zuk zenbat urte dituzu?

 Lau. Baina nik badakit euskaraz eh!

— Orduan euskalduntzen ari dira besteak ez da?

— Bai! Baina horretarako letrak egin behar dira. Era biba! biba! ipuinak eta telebista euskaraz emango dabez.

— Aizu, zure ustez, kaminoko letrak, anuntzioak, eta irudiak nola daude euskaraz ala erdaraz?

 Ba badagoz, erdaldunak dagozenean erdaraz eta euskaldunentzat euskaraz dagoz.

— Ba nik ez nekian hori.

T. Trifol


Gorteak eta gu

España será bicameral, esanda du Fragak orain bi urte. Eta noski horrela izan zen. Ez Fraga izorratuak esan zuelako, orduko panpina zelako baizik. Berdin egingo zukeen Arias-ek, beste politik irudia eduki balitz edo noski edonork. Monopolioak teknikari asko baitu eta beste batzuk aginduz, ba dakite beraz nora jo. Espainia hau, beraz, bikamerala dugu eta kamera horretako senadoreek fikziozko betebeharrak eta aginteak dauzkate. Ongi samar egoten da senatuan. Bertara joaten direnak normalki, % 30 izaten dira. Kondu kondakariak gustatzeri zaizkiona primeran egoten da. Tarteko luzeak ipiniz eta bertarako bisitak sakabanatuz atsegingarria da partaidekoak izatea, bestela Senadoko lanei sendo lotzea aspergarria izango.litzateke senadore askorentzat.

Ez da bestaldetik misterio handia zertarako sorterazi zuten kamara hau. Estatuari beti ikaratu zaion gauzarik handiena botere hutsunea izan da. Eta parlamentariek lege progresistegiak aterako balituzte hor bertan edukiko genituzke senadore sendoak gauza guztiak beren errotara sar daitezen ahaleginak egiten. Azken honi asmakeria deritzokegu. Gaur egungo parlamentariak ez lirateke, ez eta mozkorturik egon arren, bide horietatik abiatuko, Baina nork daki! Hobe da bazter guztiak ongi lotzea eta kabu guztiak korapilotsuak izan ere, hobeki nahastakerietan ez erortzeko... Hemen ez da legerik egiten. Baina zenbait lege deusezta daiteke edo objektiboago izateko, garbi daiteke. Dakigunez, Erregea, mutiko zelarik, Frankok izurritik gorde zuen berarentzat. Nerabea izatean, ongi portatu zen zerbitzari ttipiarekin. Heldu zenean izurri sabaltzailea arrapatzeko posibilitatea hakan eta noski zerbitzari ttipi guztientzat, memoriak lagun, izurrigabe eta izurridun guztientzat, lan egokia topatu zuen Erregeak eta... haren zerbitzari ttipiek.

Ondorioentzat senatua seinala daiteke, seinalatuenak Erregearen borondatez egindakoak izanki.

Senatuak gauza bat egin dezake lege aldetik, eta beste bat, bertan dauden indarraz kontutan hartzen badugu. Lehenengoaren betebeharrean parlamentuak egindako legeen aldaketa sartu behar dugu. Bigarren debozioan, lege progresistenak ohorezki eta diplomatikoki izorratzea da seguruenik haren mandatua. Hala ere Kongresuak beti erabakitzen du azken hitza. Garaipen hau nahiz eta ttikia, ezker taldekoei zor diegu.

Parlamentariak bitartean konstituzioan ari dira. Gauza handirik egiten ez badute ere, hor dute gobernua, zeinek anitz lan daukan parlamentuan astia galtzeko. Eta erabakitzekotan gobernuak soilki erabakitzen du. Baina hobe egin dezake. AP parlamentuan lege atzeratzaileen alde, beti gobernuarekin batera joango da. Erabaki handiak hartuko dira laster, parlamentuaren bidez, ala gobernuaren erabakiz, demokraziaren onerako beti.

Hemendik guttitara, baldin datorren ministrari kontseiluan "demokrazia" salbatu nahiez zenbait lege edo eta legegai prestatzen arduratuko dira fermuki. Heriotz zigorraren abolipena dudarik gabe, arrazoiaren garaipena dateke, arrazoi politiko-kontsekuente baten garaipena. Hastapenak, hastapen, eta hortaz gure txalo guztiak merezi ditu legegai borrek symbolikoki. Baina ez gaitezen fida. Azken batez, politika eskuindar nazionalistak interes zehatz batzu defendatzen ari da. Askoz hobe da iraultzaile herritarrak gartzelan nola usteltzen diren ikustea, edonongo herria, Euskal Herria, beraiekin bat eginez nola bere herritarren bizitza defendatzen duen ikustea baino. Heriotz zigorraren abolipena kontextu horretan ikusi behar da. Estatuak, beste medio zihur eta finagoak behar ditu bere betiko helburuak lortzeko. Ez uste otoi, Biblia irakurri dutelako damutu direla hortaz. Heriotz zigorraren abolipena maliobra politiko bat da. Leyes antiterroristas, delakoei buruz gobernuak terrorismo hitzaren pean zaku berean sartuko ditu zein grapo zein Cristo Rey zein ETA. Logika berberarekin jokatuz, berdin eginen genuke guk baldin eta lege zapaltzaile horiek "terrorismoa" kentzera lagun gintzaketelako usteetan izanen bagina. Lege horien artean aurkitzen dira bereziki, telefonoak, eta gutunak kontrolatzea. Komisaldegietan 72 ordu baino gehiago gordetzea, judizial baimenik gabe etxeak arakatzera, eta zenbait kasutan ere prentsaren libertatea moztea. Dena, demokraziaren izenean eta demokraziaren onerako pentsatuta. Gobernuarentzat, zenbait ezkertiarrentzat, Mujica Hertzog-entzat, batez ere, terrorismoa ez da istilu politiko bat, gaizkile harmatuen problema besterik ez zatekeen izanen. Egunkarietatik ETAren kontrako kanpaina putz egiten dutenek hemengo industriek beste toki baketsuagoetara ere alde egiten zutela esan dute askotan. Orain antza, bata eta bestea gehiegikeria dela diote. Ez guk, "iraultzaile frogatuak" garenok, baizik eta susmo guztietatik libre dauden Euskal Herriko entrepresariek. Susmo guztietatik libre, zentzu batetan noski. Ikusi berria dugu bestaldetik gure egunkari hospetsu batetan argazki susmogile bat. Grisak samaritanoarena egiten. ETAkoak berbera egiten ez dugu orain arte ikusteko posibilitaterik eduki inongo egunkarietan. Beraien buruak memelotzat ikusi nahi ez badute Euskal Herriak zer pentsatzen duen hortaz jakitea eta noizean behinka denen ikuspunduak argitaratzea komeniko litzaieke. Badakigu basamortuan ari garela baina tira. Ohartzeagatik ez da izanen.

Politikak soluziona dezakeena lege errepresiboek soluziona dezaketeela nahi dute. Zenbait talde harmatuei, gehiegi eskatzen ari direla esan dakieke. Sistema oso hau ez du azken batez zenbait talde harmatuen ekintzak soilki deuseztatuko. Ba dirudi ezen tarterik gabe, pausorik gabe, harantz honunzka etorririk gabe, ezin egin daitekeela. Eta hori da batez ere, ETAk ohartu duena, zenbait puntu zehatz proposatuz. Argudia daitekeena bestalde zera da: Proposatu hauk lortzeko bide oker bat hautatu duela, politikak berak eta herri burruka lagundurik, gauza berberak lor ditzakeela, bestela herri burruka interferentziak sortzen dizkiola erakunde harmatu honek. Ba daiteke, hori esaten dutenak arrazoia edo antzeko bat edukitzea. Hala ere ez gaude hain seguru, zeren berdin esaten baitzen Carreroren hilketaz, argudioa zientifikoa zela gainera aseguratuz. Herriaren desmobilizapena ez da ETAren biolentziaren ondorioa. Herriaren desmobilizapenak sistema batek sortzen du. Egoera ezberdinek sortzen dute. Nahiz eta honetan "iraultzaile oro" ados ez etorri, alde bateko edo besteko soziologoei galde biezaiete bestea. Baina politik arazoa hain zientifiko ez direnak pentsatzen dugunentzat dogmakeriak ez dira arrazoi ideologikoetan soilki oinharritzen; helburu ilun batetan baizik, Euskal Herriaren nortasun aurreratu nahi dutenen helburua ez den batetan bereziki.

Eta Euskal Herri hau normalizatu behar da, Euskal Herririk gabe geratu baino lehen. Batzurentzat normalizazioa eta deuseztapena berdin dira eta hori ongi argitu arte ezin dakioke ETAri harmak uzterik eska.

E.H.


Munduan barrena

Israelgo oihu berriak

Ez dago dudarik, zerbait gertatzen ari da Israelgo populazioaren mailan. Orain arte guztientzat sinetsgaitza zena posible gerta daiteke hemendik aurrera. Nazioarteko politikaz arduratzen direnek bakearen aldeko datu berezi bat ukanen dute osterantzean.

Joan den Apirilaren 1ean. 30.000 manifestari Tel-Aviv-en kontsigna berriak botatzen hasi ziren: "Edozein Israel handia baino lehenago, bakea nahi dugu". "Bakea ez da amets bat". "Gure seme-alaben etorkizunak gure arbasoen hilhobi guztien gainetik pasatu beharko du". Ba dago beraz zertaz ohartzea.

Orain duela aste gutti, honelako manifestalditarako egindako deiak ez zuen inolako ondoriorik. Testimonial mailan geratzen baitziren eta bertan parte hartzen zutenak "ezker puntako" militanteak ziren. Baina Apirilaren 1.eko manifestaldian, Tel-Aviv-eko enparantza nagusia, Israelgo erregeen enparantza, jendez josirik egon da. Harrituenak antolatzaile berberak izan dira. Ez zuten horrelakorik espero. Orain hilabete batzu egin balute ez zuketen ezertxo ere lortuko. Gaur egun aldiz, ia konturatu barik ikaragarrizko mogimendu protestatzaile baten aurrean aurkitu dira. Mogimendu honen eramale artean, Israelgo gazteria abertzale berria aurki dezakegu: Orain guttirarte Armadaren ofizialak izandakoak, askotan kondekoratuak, orain berriz kontestatarioak.

Berauentzat eta jende arrunt askorentzat ere, bakearen aldeko itxaropenak erdigaldurik daude jadanik. Izan ere, Sadatekin egindako harremanek bide berri bat ekar zezaketen. Zoritxarrez, bakearen aldeko plan guztiak Begin-en gobernu esku-indarrak pikutara bota ditu, lurralde "kontsezioak" ukatuz. Bestaldetik eskuin puntako nazionalistak Israel handia egiteko asmotan dabiltza, eta ez soilki asmotan, eginetan ere bai. Aspalditxo honetan kargu publiko asko bereganatu dute; Telebistako zuzendaritza esaterako. Bide horretan abiatzen dutelarik beste gerra baten ondorioak neurtu beharko zituzketen.

Hala ere bakearen aldeko indarrak ez dira horregatikan mutu. Lehengo astean 300 ofizialek gutun ireki bat bidali diote Begin-i. Eta, bakea nahi dutela, harremanetan egindako bake iraunkor bat eta ez inolako Israel handirik, ez inolako hegemoniarik diote eskribuan. Zer esanik ez dago, gutun honek probokatu duen eskandalua eta sostengua. Eskandalua goiko mailetan. Sostengua erakunde herrikoi askotan, ordu guttitan 17.000 sinadura bilduz. Basamortuan ari zirelarik, bakearen aldeko erakundeei burrukatzeko gogo eta nahia askotan falta zitzaien. Orain ba dute non hagin, ba dute zer egin eta nora joan. Ez dago hortaz dudarik.

Eta Israeldarrek bere nortasuna gorderik bizi nahi baldin badute, besterena, Palestindarrena, errespetatu beharko luketela ez dago hortaz ere dudarik.

T.T.


Sukalderako saltsak

Txipiroiak etxeko erara

Guk euskaldunok modu berezi bat dugu txipiroiak prestatzeko. Ongi egiten badira fintasun gozoenetariko bat bihurtzen dira.

6 lagunentzat behar dituzu: 24 txipiroi, ez oso handi ez oso txiki, tipula bat, azenaorio bat, bi baratxuri atal, perrexil pixkat, gatza, biperhautsa, olibolioa eta ardo zuri. Irin pixkat (1).

Txipiroiak nola garbitzen diren

Txipiroiak bi atal berezi ditu. Bata kapelera bestea barrukoa (hankak, hesteak, burua, etab.) kapelerak hegats ttiki batzu edukiko ditu. Berauk, kapelerarekin batera zuritu beharko dituzu uraz azala kenduz.

Atera barruko guztiak. Hesteak, begiak eta luma ezik, dena probetxagarria da baina kontuz, zeren kapela barruan kola moduko materia bat egoten baita eta berau ere bota behar duzu. Heste ondoan tintarena dago. Ez bota, tinta horrekin saltsa egingo duzu.

Ongi garbituta, barrukoa kapelera barruan sartuko duzu berriro.

Nola egiten diren

Olibolioa daukan zartagin batetan tipula, azenaorioa eta baratxuri atal zati ttikiak ipin eta su ttikitan frijitzen eduki ezazu. Bota berehala txipiroi guztiak, ongi sikatuak, gatza, eta nahi baduzu irin pixkatxo bat. Dena doratu denean, ipin lapiko zabal batetan txipiroiak eta pasagailu (2) baten bidez zartagineko saltsa guztia tintarekin batera pasatu lapikora, txipiroien gainera. Eduki lapikoa su ttikitan hamar minutu gutti gorabehera ardo zuria hirugarren minutuan botatuz, eta perrexila eta biperhautsa zortzigarrenean. Zerbitza itzazu nahi duzun modura.

On egin.

1) Aukerapekoa / facultatif/vo.

2) Pasador / Passoire.


Historian zehar. Benjamin Disraeli (1)

Txikitan esan zidaten, mundu zabalean, oihan berezi batzuetan, hil diren pertsonen itzalak bizi direla. Azken Aste Sainduko oporretan Iratiko oihanak bisitatzeko aukera izan nuen. Dakizuenez, Nafarroan daude, Pirinioetan, eta Europako handi eta ederrenetarikoak omen dira. Kontaezinak dira han duden zuhaitzak eta kontaezinak ere haien artetik ikus daitezkeen itzalak. Alderdi haren majestateak txunditurik eta kikildurik uzten du bisitatzailea eta Naturaren poderioak gizonaren ahultasuna nabarmentzen du. Honelako eskenatokietan gizona ezereztu egiten da, txikitu, eta irudimenari bere hegaletan ibiltzen uzten diogu.

Han, larre berde batean, artzain bat artalde batekin zegoen.

— Kaixo! Urrunetik zatoz, ezta?

— Bai, Bilbo aldetik.

— Lekutatik!

— Bai. Han hainbeste zarata eta jende, eta hemen bakartate hau. Ez al zara hemen aspertzen?

— Aspertu? Ez. Hemen ditut ardiak, eta itzalak.

Eta txikitan entzunikoa kondatu nion. Eta hark baietz esan dit, Irati dela haietako oihanetariko bat.

— Nahi duzu froga egitea? Zatoz nirekin.

Aldapatik behera jaitsi gara eta errekasto baten ondoan zuhaitz mordo bat zegoen. Hara hurbildu eta artzainak hitz egin dit.

— Ikus. Hau duzu Benjamin Disraeli izandakoaren itzala.

— Ez da egia izango!

— Bai mutil. Hitz egin diezaiogun.

— Eta euskaraz zuzendu natzaio eta ulertu berak. Horrelakorik!... Orduan, Disraeliz zerbait konda diezadala eskatu diot.

— Luze da eta eser zaitez —esan dit.

— Eta horrela egin dut.

— Bueno, historia hau situatu egin behar dut, leku eta garai berezi batetan kokatu. Ez dizut zehaztuko juduen peregrinazio amaigabea. 1290.urtean Ingalaterrako Eduardo I erregek hebreoak handik jaurti zituen. Haietarik gehienak Frantziara joan ziren. 1306.urtean Felipe Ederrak beren ondasunak kendu zizkien eta orduan Espainiara ihes egin zuten, non gizaldi bitan bizi baitziren. Espainian juduen aurka hasi zirenean, batzu Veneziara joan ziren, beste batzu Amsterdamera eta gainerakoak berriro Frantziara. 1649. urtean Lord Fairfax-ek eskari bat egin zuen juduak berriro Ingalaterran onhartuak izan zitezen eta Carlos I-ak, Cromwellen oneritziaz, baimen hori eman egin zuen. Horrela, Benjamin Israeli aitita 1748. urtean Londresera joan zen, Veneziatik. Italian jaioa zen, Ferraran. Londresen, merkataritzan aritu zen eta Sarah izeneko andre eder eta harro batekin ezkonduz, seme bakar bat izan zuten, Isaac. Aitaren nahiaren aurka, merkataritza utzi eta irakurtzeari lotu zitzaion. Egunak British Museum-ean ematen zituen irakurtzen eta notak hartzen, eta gero liburuak idazten. Dena den, ezkontzeko denbora bilatu zuen eta seme bi eduki: Benjamin eta Sarah, hau emakumea noski. Aitak bere liburuekin jarraitzen zuen, Voltaire eta Rousseau-ren jarraitzaile bezala eta ez zuen denbora askorik emazteari eta semeei eskaintzeko. Beraz, gure Benjamin txikia giro intelektual batean hasi zen eta bere aita idazle handitzat eta gizon jakintsutzat zuen. Baina garai hartan juduak Ingalaterran ez zeuden oso ongi ikusiak. Bidali zuten eskolan, katolikoak eta juduak bazterturik antzean zeuden. Adibidez, gainerako ikasleek beren otoitz kolektiboak belauniko egiten zituztenean, katolikoak eta juduak zutik egon behar ziren...

Itzala geratu egin da bere hitz jarioan.

— Interesatzen al zaizu nire historioa?

— Bai, jarrai aurrera.

— Ongi. Aitita, judu amorratua, hil egin zen, eta aita hotzagoa zenez, eta ikusirik semeen nahigabeak, hauk Ingelesen erlijioan sar zitezela erabaki zuen. Kolejioz aldatuz, Cogan doktoreak zuzentzen zuenera bidali zuen Benjamin semea. Mutila oso argia zen. Alde batetik, etxeko giro intelektuala dugu, eta bestetatik arrazaren inguruan sortutako istiluek sorterazi zizkioten pertsonalitatea eta nortasun sendoa. Bere adineko mutilekin elkartzen zenean, berehala nagusitzen zen, leader bilakatzen zen. Kolejio berrian, teatro talde bat antolatu zuen, eta zuzendari bezala aritu zen. Ikastetxearen araudiak eta ohiturak horrelakorik egitea debekatzen zuenez, eskutuan ari ziren. Salhatu zuten eta irten erazi. Benjaminek 15 urte zituen eta berriro etxean aurkitu zen, jadanik bi kolejioetatik irten behar izanek. Zeregin? Ikasteari lotu zitzaion, ikasteari bakartatean. Izpiritualki zauritua izan den batek garaipenean soilki bila dezake bakea. Ikasi egingo. zuen, eten gabe. Ez zen gizon handia izango, gizonik handiena baizik. Horrela soilki, bere arrazarengatik, bere jatorriarengatik hainbeste ate hitxi zabalduko lirateke, horrela soilki desegin zezakeen bere aurrean altxatzen zen hesia. Veneziako burruka ezkutuak, agirian ez baina azpijokoz egiten zirenak arretaz aztertu zituen. Ordena erlijiosoen antolamendua errotik sakondu zuen, bereziki jesuitena... Misterioa atsegin zitzaion...

Eta itzalak irribarre maltzur bat zuzendu dit.

 Eta bereziki euskaldun, bueno vasco horietako baten ekintzak, Loiolako Iñigorenak halegia: Lagunak nola aurkitu, bildu eta kontrolatzen zituen interesatzen zitzaion biziki. Eta honetaz gauza bitxi bat kondatu behar dizut. Benjaminen lehen asmoa poeta izatea zen, poeta handi bat, Byron bezalakoa edo handiagoa. Baina ikusi zuen poetak jeneralki bere hospea hil ondoren lortzen zutela, eta berak hospea bizitzean eta ez heriotzean nahi zuen. Horrengatik, ekintza gizona izatea erabaki zuen eta horretarako prestatu zen, orduak emanik. Bere aita kezkaturik zebilen semearen asmoak zirela eta. Orduan, bere adiskide prokuradore batekin lan egitera animatu zuen. Haseran, mutilak ez zuen nahi, baina gero bulegoan jendea ezagutzeko aukera izango zela pentsatuz baietza eman zuen. Jendea ezagutzea interesgarria litzatekeela pentsatu zuen eta Jupiter etorri zitzaion gogora, zein animalia eran maskaratu baitzen haik hobe ezagutzeko, haiekin burrukatu behar zuenean garaipena errazago lortzeko. Baina Benjamin ez zen, horrela, toki batean luzaroan irauteko gizona. Garaipena berandu lortzea, ez da garaitzea, pentsatzen nuen.

 Disraeliren itzala ixildu egin da eta ba dirudi nire komentarioren baten zain dagoela.

— Hori al zen Disraeliren pentsamenduetariko ideia nagusi bat?

Horrela da. Disraelik ez zuen nahi denbora galtzerik. Garai hartan, lanorduak bukatzen zirenean, irakurtzen jarraitzen zuen, eta egunaren zehar ezaguturiko pertsonen karakteristika nagusiak idazten eta aztertzen. Beraz, ez zuen liburuetatik soilki ikasten, eguneroko bizitzatik ere baizik. Maiz adiskideekin elkartzen zen eta jende hospetsua ezagutzeko aukera izan zuen. Andre ederrak tratatu zituen. Baina txikitan harturiko zauriak ahantzi gabe zituen. Ez zen egiatia izatera ausartzen eta txantzetan ari zenaren gazte bezala hartua zen. Sintzeritatearen lekuan zinismoa erabiltzen zuen. Beldur zen gauzak eta sentimenduak, berari zegozkionak noski, ziren bezala azaltzen. Txikitan hainbestetan ezkutuan, eta batez ere bere sentimenduak ezkutatuz ibili behar izan zuenak, ez zuen gaztaroan ohitura hori galdu ahal izan. Janzkera nabarmena zerabilen eta fama zuen, gizonekin gogorra eta emakumeekin ausartia zela. Taldean, nabarmentzen zen, bere balioa gainditzen zen. Emakumeei atsegin zitzaien. Bere aitarekin Alemaniara bidaian joan zen. Han, jauregietako saloi ederrenak kurritu zituzten, Rhin hibaia inguruetako paisaiarik ederrenak begiztatu, politika eta literaturako pertsonaia aipagarrienak ezagutu eta agurtu... Eta Benjaminek erabaki zuen berak ez zuela Cesar edo Napoleonek bezala egingo. Bera haik baino arinago hasiko zela hospearen plazerra dastatzen. Eta prokuradorearen bulegoa uztea erabaki izan zuen. Berriro Londresen, Ameriketako kolonien erreboluzio giroa bizi izan zuen. Erdi eta Hego Amerika, Espainia eta Portugalen aurka altxatu ziren eta Caning ministrariak laguntzen zien, jasaten zuten inperialismoa burrukatzen. Trukean, Ameriketato ex-kolonia haiek ingelesei meatz kontzesioak eskaini zizkieten.

Xabier Gereño

(Jarraituko da).


Munduko hiri nagusiak (1). Londres

Londresez aspertu den gizona, bizitzaz asperturik dagoela diosku ingeles esaera zahar batek. Gero eta gehiago dira, halabaina, beren hiriaz gogait egiten duten londrestarrak. Atzerritarrentzat hainbeste xarma dauzkan hiri honek ez ditu bere bizilagunen gogoak betetzen eta, munduko hiriburu munstro guztietan jazotzen den legez, inguruko hauzategi lasaiagoetara joan nahi lukete Londrestarrek.

Paris, Brusela eta Europako hiriburu askotan bezala, Tamesis ondoko hiriaren populazioa ez da azken urteotan hazi. 1934. urtean 8.000.000 lagunek osatzen zuten hiria. Gaur egun, aldiz, 7.000.000 besterik ez dira. Etorkizunerako egin diren aurreikuspenen arauera, guttitze hau ez dela geratuko dakusagu. 6.500.000 lagun kalkulatzen da 1981.erako eta 6.000.000 1990 ean.

Gutiketa honen eragina erdialdeko hauzategietan nabaritzen da bereziki. Alderdi horretako zenbait hauzategi bere bizilaguneriaren % 20 galtzera iritxi da. Populazioaren kopurua gehiago mantendu da erdigunetik apartatuago dauden hauzategietan.

Thames Telebista Kateak prestatutako inkestaz baliaturik, Londrestar erdiek ahal izanez gero beren bizi tokia oso gustura aldatuko luketela ikus daiteke. % 15a ez dago bere oraingo bizitokiaz bat ere pozik. Inkestatuen % 80k ez lukete inola ere hiriaren erdialdean bizi nahi. Zenbat eta erdiko pilaketarantz gehiago hurbildu, gehitu egiten zaigu deskonformeen kopurua. Bilborako antzeko galdeketa bat prestatuko bagenu, auskalo zer aterako litzaigukeen! Londrestarrek, gazteek batez ere, kontutan hartzen dituzte erdialdean bizitzeak suposatzen dituen abantailak, hau da, lantoki, olgetaleku eta merkatal zentruen gertutasuna. Adinari dagokionez, erdialdean gusturen biziko liratekeenak gazteak dira. Baina hiriaren bihotzean bizi nahi ez izateko arrazoiak, aldiz, ugariagoak dira.

Londrestarrek inkesta horren bidez ematen dizkiguten arrazoiak asko dira: Hiriaren zaratak, zirkulazioa, haurrak egokiro hezteko dituzten eragozpenak etab. Anitz hiritarrek bakartasuna eta elkarbizitzaren eskasia aipatzen dizkigute. Ez omen dute bizi diren tokietan ia inor ezagutzen eta ezagutzen dituzten lagunak asteburuetan baizik ezin ditzakete ikus. Beste hiri handietan legez, hauzategietan eramaten den elkarbizitza oso urria da eta gizonezkoentzako eraikirik ez dagoen hiri batetan bizi direla pentsatzen dute. % 11k txabolen hauzategietan bizi direneko sentimendua daukate. % 8 bandalismo eta erasoen arriskuetaz kexatzen zaigu. Zorionez beraientzat, Londreseko bizilagunek ez dute Bilbon bizitzera beharturik gaudenok pairatzen dugun kutsaduraren antzekorik, azken urteotan asko jeitsi baita berau.

Gehienek hiritik kanpoko landetxe zabal eta eroso bat topatzeko eta beren lorategia lantzeko ametsa gordetzen dute.

Londresen bihotza husten ari

Erdialdean beren bulegoak ezartzen zituzten entrepresak gero eta gehiago izan dira 1960.erarte. Baina, harez gero egoera oso aldaturik dago. Zergetan eman den gorakada oso handia izan da eta egun oso gutti dira, beren lokalak parte horretan eduki ditzaketen entrepresak. 1970.ean zergetan ordaintzen zutena ez zen lokalen alokairuaren % 11ra baino gorago iristen. Aurten aldiz, % 68 pagatzen ari dira. Honen ondorioz, oraindik gelditzen diren entrepresarietarik erdiek baino gehiagok tokiz aldatzea pentsatua dute jadanik. Guztiz konpainia boteretsua behar da izan gure egunotan, lokalak erdialdean mantendu ahal izateko.

Lan kontuetan ere ez dabiltza Londrestarrak ongiegi. Azken 10 urteotan, industri sektorean lanpostuak % 27 batetan guttitu dira eta, sektore guztiak batera hartuta, postuen guttipena % 7koa izan da.

Hiriaren irudi tradizionala asko aldatu da, eta ez beti onerako. Anitz hotel eta dorre moderno handiak eraiki dituzte Hyde Park ezagunaren ondoan eta porlan era aluminiozko edifizio erraldoiek irentsi egin dute Saint-Pauleko khatedralea.

Erdigunea hustuz doala eta administrazioak projektu batzu egosi ditu hauzategi hauetara jendaketa berriak erakartzeko. Covent-Garden-en, kasu, hiru mila lagunentzako bizitokiak, kondizio sozialetan antolatzeko asmoa dago. Bide batez, hauzategi osoa bezala, merkatu zaharra ere berriztatua izanen da. Jantokiak, dendak eta museo bat zabalduko dira.

Londresen bihotza birpopulatzeko plan hauen artean, garrantzitsuenetariko bat City-rena dugu. Egunez 400.000 pertsonak lan egiten duten hauzategi honetan, gaua heltzean 8.500 lagun baizik ez dira geratzen.

Inmigrazioa

Kontrastez beteriko hiria da hau, Askotan aski zaigu kale bat zeharkatzea Victorian tankerazko etxe aberats dotoreek osatzen duten paisaia utziz, berehalaxe beltzen ghettoen hauzategi ilun eta pobreetan sartzeko. Kale hauetan pilatzen dira Commenweltheko nazioen pasaporteaz baliaturik iristen diren atzerritarrak. Anitz dira bizimodu dexenteago baten esperantzaz, Britainia Haundira eta batipat Londresera ailegatzen diren Indioak, Pakistaniarrak eta Beltzak. Kanpotar hauek osatzen dute Londreseko populazioaren % 10a eta hauzategi batzutan gehiengoa dira.

Londrestar erdien ustez, hirian arraza problema gogorrak daude. East-End'en, esate baterako, langabeziaren arazoak bertakoen % 10eri afektatzen dio zuzenki. Ez da beraz batere harritzekoa, langabeen kopurua hain handia den eta bizi kondizioak hain eskasak diren hauzategi hauetan, delinkuentziaren portzentaia Londreseko altuena izatea. Eta ba dirudi, Antillas-etako Beltzen hauzategietan urtero ihauteriak heltzean, zerbait lehertu egiten dela. Ihaz 400 zauritu gertatu ziren poliziarekin izandako gatazketan, eta hauxe urte guztietan errepikatzen ari da.

Council Houses

Hiriko udala aspalditik arduratu izan da pobreentzako bizitokien arazoa nolabait konpontzen. Gaur, Londreseko etxeen hirurena, hots, 2.200.000 bat etxe, sektore publikoarenak dira. Bizitoki hauetako lagunek batez beste zazpi ingeles libera ordaintzen izan dute asteko, 1.100 bat pzta. halegia. Sektore librean antzeko etxeen alokairuak hiru bider altuagoa dela kontutan hartuz, hau ez da kantitate handiegia.

Baina gaur egun, Council Houses direlako hauen etorkizuna aski beltz dago. Udalak hiriaren presupostu osoaren laurden bat gastatzen du berauen mantenamenduaz. Ekonomi krisisa dela eta, gastu hauk guttitu nahiz, ahal denik eta Council Houses gehien saltzeko asmotan dabiltza azken hauteskundeetan gehiengoa atera zuten kontserbazaleek. Dakusagunagatik, oraingotan ez dira hain kontserbatzaile gertatu eta, noski, etxe horik erosi ahal izanen dituztenak, beti bezala, ez dira behartsuenak izango.

ANAITASUNA


Etxeak urperatzen eta izpiritua urtzen. Venezia hiltzen ari omen da

 Venezia, kanale eta gondolen hiri famatua hiltzen ari da. Etengabeki, urek irentsi egiten dute egunero apurtxo bat gehiago. Eta artez eta edertasunez beteriko plaza eta monumentu zaharrekin batean, izpiritua ere, hiriari hain entzute handia eman dio izpiritu erromantikoa hiltzen ari da, eta gaur, Venezia ez da lehen bezala artista famatuak sortzen zituen hiria.

Edozein denbora egoki da Venezia ezagutzeko. Ba dirudi beti berdin dagoela. Kale herstuak, eta San Marco plazara joateko fletxaz josirik. Kanaleak, batzu zikinak eta gehienak ez oso garbiak; gondola beltzak; gabarrak eta vaporettoak; txalupa-taxiak... eta kanale gehiago, jauregiz eta elizaz hesiturik.

Lira (dirua) asko behar da Veneziako komertzioetan ibiltzeko. Murano islako kristalezko irudiak eder bezain garesti dira. Baina souvenirrak erosi behar dituzte turistek. Muranoko irudi bat dutela etxeratzerakoan hauzokoei erakusteko, bedere.

Baina Venezia ez da turistiko mapa batez ezagutu behar. Hobeki esanda, arruta turistikoei kasu eginez ez da Venezia. Veneziaren bihotza ezagutzen. Eta gainera, ez da ezagutzeko, sentitzeko baizik.

Bai. Sentitu egin behar da.

Zubiak pasa, kale meharrak oinpera, kanaleetan dabiltzan gondolak begira, eta ibiliz, ibiliz... oinak minberatu arte ibiliz, kaleetako labyrintoetan mila alditan galduz, sentituko duzue Venezia.

San Marcora heldu

Eta ilunabarrean, hainbeste pauso eman ondoren, San Marko plaza agertuko zaizue zeuen aurrean. San Marco plaza aurkituko duzue.

Orduan, egiazko Venezia ezagutzen eta bizitzen ari zaretela sentituko duzue.

Lurrean edo eskilara batzutan eseriko zarete eta, iluntzen ari den bitartean, usoek, enplegatu batek ematen dien artalea, irentsi nahi dutenean, orduan, orkestra batzuren bibolinak entzungo dituzue, bals piezak joz.

Hor bukatzen da eguna eta hasten da ametsaren garaia. Orduak botako dituzue plazan eserita, pentsamendutan.

Nekearen ondotik senti daitekeena da Veneziaren izpiritu erromantikoa arrotzentzat. Horrela ukitzen da Adriatikoko hiri hau. Hori baita ezagutzea; ez, turista komodoek egiten dutena: fotoak atera, souvenirrak erosi eta ez nekatzeko txalupak alokatu.

Baina beste alde batetik, veneziarrek turista horien beharretan dira bizitzeko. Turismoa eta komertzioa senideak baitira.

Imajina esteriotipatu bat du jendeak Veneziaz. Horrengatik, egin dudan bidaia batetan normala ez den aurpegi bat ikusi nahi izan diot. Turistikoa ez den bat.

Garaiotan, honeraino ere heldu zen Aldo Mororen bahiketa eta brigada gorrien historia. Kartelek eta aldizkariek adierazten zuten, baina, veneziarrei oso gutxi nabarmentzen zitzaien kezka politiko hori, azalean gutxienez. Poliziarik ere ez zen kasik ikusten.

Hiltzen ari omen

Hiltzen ari omen da. Urperatzen ari omen da. Zientifikoek kalkuluak egiten dituzte hainbat urtetatik zenbat zentimetro urperatzen den jakiteko. Bertako jauregiak eta elizak, etxeak eta ondasunak, galtzeko arriskutan omen daude. Udal erakundeak kexu dira Italiako gobernuak diru gutti ematen dietelako monumentu berritze eta konpontze lanetarako.

Veneziaren fisikotasunaz bakarrik kezkatzen dira eta ohartzen.

Baina fisikoarekin batera, beste heriotza sakonago bat darama bere gain. Izpirituaren heriotza luzea sentitzen da San Marcoko harri landuetan. Dekadentzia.

Kulturaren eta, batez ere, artearen hazlekua izan zen hiria, bere historiaren hildotik baztertu da. Gara. batez hain garrantzitsu zen "Akademia dell arte"-k, iraupenaren ilusio bakarra du. Mundu guztian hain famatua izan zen eta den akademiak, karbontziloa nola erabili erakusten die, nagusiki, turismoari salduak zaizkion sasi artista bohemioei. Hori bai! Oso trebeki erakusten die hauei karbontziloaren erabilkera. Baina ez da artistarik ateratzen, garai batetan bezala, Akademiatik.

Zer pasatzen da Venezian, giro triste bat sumatzen den?

Gerra mundial ondoretik

"Bigarren gerra mundial aurretik, Musolliniren urteetan, Italiako burjesiak Venezia zuen eredutzat. Hona etortzen ziren artea eta formak ikastera eta kopiatzera, baina gerra ondoretik, poliki poliki, kapitalismoak jan du lehengo artista izpiritu hori, burjesiaren erromantizismoa. Orain, dena komertzializatu da. Kapitalismoari ez zaio interesatzen artea, turismoarentzat prostituitua ez baldin bada. Baina ez arte bezala (burjesen desioa), baizik sailka egiten den negozioa bezala". Hitzez hitz, hauxe esan zidan veneziar mutil batek, kafetegi barroko baten aurrean.

Aste Santuko Ostiral Santua... Basilikan hamasei apezek egin dituzten elizkizunak. Bidaia organizatutan etorri diren turistak taldeka (prozesio modura) eta zizerone batekin kaleetan barreiatzen dira. Hala ere, oraindik turista gutti dabil.

Bi orkestra ari dira San Marco plazako kafetegietan bals piezak jotzen. Adineko musikoak dira. Ofiziokoak. Bibolinen soinu finak eta usoak plazan hegaka, erromantizismoz betetzen duten ingurua.

Ilunabar ederra. Giro hunkigarria sortzen du plaza honek, baina zahartasuna, belle epoque garaietan geldituriko giroa. Soineko harroz jantzita eta kapela zabaletan begiak gordetzen dituzten madonnak paseiatzen direla dirudi, bibolinen pieza artetan, esku larrudun besoetan gardenia bat dutelarik.

Eta Veneziako errepublikaren urtabeak joan ziren.

Vivaldi hemen jaio zen 1678. urtean. Orain, malenkoniaz entzuten dira bibolinak.

Dekadentzia eztitsua.

Gauak ez dira fidagarri

Veneziara heldu nintzen gaua kondatzera noa. Gaueko hamabiak ziren. Adriatikoko arrantzaleak beren katiuskak eta untzi txikiak itsasora zuzentzen dituzten ordua. Eta ni, trenez, gondolen hirira hurbiltzen.

Italiako Estatuaren trenak, zorionez puntuala beti, penintsula utzi du eta kilometrotako zubian sartu da. Ezker eskuinetan itsasoa dago, bare, eta aurrean: Venezia. Zubi horrek, zilbor heste bat balitz bezala, penintsularekin lotzen du, eta era berean, penintsularengandik bereizten du.

Motxila bizkarrean, "vaporetto" baten geralekura noa. Venezian ez da autobusik, ez autorik Bidaia eta ibilaldi guztiak txalupaz edo oinez egiten dira (kanaleak iragateko zubiak baitaude). Baina lehorreko autobusen lana, Iruineko autobusen lana adibidez, vaporetto horiek egiten dute, eta txartel bakoitzak berrehun lira balio ditu. Hogei pezeta diru trukean, kanale guztietan ibiltzeko.

Geralekura heldu naizenean, gizon bati galdetu diot ea noiz etorriko den hostello de la gioventura eramango nauen vaporettoa.

"Orain ez duzu vaporettorik hostello de la gioventura (gazteen albergera) joateko. Beranduegi da eta hobe duzu trenaren geltokian gaua pasa. Venezia arriskugarria da gauez, bandidu asko ibiltzen baita kalean, dirurik gabe, eta harrapatzen baldin bazaituzte, dituzun sosak kenduko dizkizute. Begira, ni hertzaina naiz eta pistola daramat... (Eta jaka lasatuz galtzarbe parean daukan harma erakusten dit)... baina lapur horik ez dira italiarrak, ingelesak eta yankiak baizik. Hippi alfer batzu besterik ez. Joan zaitez trenaren geltokira eta hango egongelan bero-bero lo egin. Horrela mintzatu zitzaidan gizon hura, hertzaina, helduz gero aurkitu nuen lehendabiziko gizasemea. Euskaldun nintzela esan nion, eta poztu zen. Geltokiko egongelan moeta guztitako jendajak geunden lotan. Goizeko hiruretan karabinieroak etorri zitzaizkigun.

Pasaporteak eta tren txartelak

Polizia sekretu bat, edukazio osoz, mairu bat interrogatzen hasi zen. Neu aulki batetan etzanda nengoen, lo egiteko zakuan bildurik, eta atzekaldean mairua zegoen. Galdera pilo bat egin zizkion poliziak eta azkenean paketan utzi zuen.

Aldo Mororen bahiketak ekarri dituen kontroletako bat horrelakoa zen. Demokristauen buruzagia bahitu baldin bazuten ere, ez zen asko nabaritzen Venezia. Trenaren geltokian bakarrik ikusten zen poliziarik, zaintzen.

Eta goizaldera, vaporettoa hartu nuen hiri barrenean sartuz, gazteen albergera joateko.

Venezia erromantikoa egunsentiko azken lainoetan. Gondolak dantzan ikusten dira uraren olatu txikietan. Veneziarrak vaporettoetan lanera doaz.

Veneziarren eguneroko bizitza

Baina Venezia ez da turistena. Hauek egun batzu pasatzen dituzte eta diru pixka bat, ala asko, gastatuz, beren herrietara itzultzen dira, bidaia turistikoaren edertasunak eta benturak kondatzera. Han, baizik, komertzianteak eta kale garbitzaileak gelditzen dira, eta arrantzaleak. Hitz batez, veneziarrak.

Nola bizi dira? Zer egiten dute eta zerez baliatzen dira bizitzeko?

Jendea turismotik bizi da. Horren inguruan dabil.

San Marco plazara ez direnean oraindik jaitsi usoak, egun argitzean, hasten da veneziarren eguneroko bizitza. Gondolak kanale ertzetan sokaz loturik daude ziri bati.

Hondakinen gabarrak, burdinezkoak, hasi dira lanean. Zarama zerbitzua goizeko zazpietan hasten da, eta kanalez kanale erretegi batetara eramaten dituzte.

Mila moetako eta mila zerbitzutarako gabarrak ikusten dira.

Batzuk edariak eta janariak daramatzate dendetara, bestek komertzioetako jeneroak garraiatzen dituzte.

Ura da garraio bidea, eta hiriaren aktibitate guztiak horren bidez egiten dira.

Kale garbitzaile batek esan dit, goizeko zazpietan hasiz eguerdiko ordu batetan bukatzen duela lana. Francesco du izena eta laneko arropetan PCI-ren (Italiako alderdi komunista) insignia darama.

— A! Bon giorno! espainola zara... Carrillo komunista... ni ere komunista, begira zazu nire insignia...

— Ez, ez naiz espainola, euskalduna naiz... prego, per favore!

Eta nire italiano jergan, euskalduna naizela adierazten diot, ez dakit zer hizkuntzatan egiten diodan, baina gaztelaren eta italiano makarroniko baten saltsa da nire: "prego, soy vasqui. Bai. Per favore. Et tue ser komunista? A! bon Giorno".

— Vasque? Bene, bene.

Haren lankideekin batera argazki bat ateratzen diot, zoritxarrez errebelatzerakoan deuseztatuko zaidan argazkia.

Goiza aurrera doa eta turistak hasi dira kaleak oinperatzen, paseiatzen. Komertzio guztiak irekita daude. Rialtoko zubiak hartu du bizitasuna. Souvenir argazkiak ateratzen ari dira turistak, kanale nagusia enfokatuz. Urrutik etorritako pintatzaileek koadro artistiko eta hilezkorra pintatzen saiatzen dira. Ikusi nituen bozetoetan gai berdintsuak zerabiltzaten gehienek: kanalea, gondola eta dorre zorroztun jauregiak.

Anbulantziak ere txalupak dira

Bai, anbulantziak ere txalupak dira. Funerario entrepesek txalupa barrokoak dituzte hilak garraiatzeko eta kanposanturatzeko. Hileta bat ikusteko zoria izan dut. Elizkizunak bukatu ondoren, apezak txalupa funebrea bedeinkatzen du eta hau eginez gero, gorpua sartzen dute. Lore koroiak handiak dira, ohitura den bezala.

Eguneroko bizitza den bezala, kasualitatez txalupa funebrearen ondoan, obretako gabarra bat aurkitzen da, zaborrez eta orgatilez beterik. Maniobra egin behar dute pasalekua izateko kanalean.

Egun hartan, ertzean, txalupa taxi bateko gidaria pixa egiten ari zen kanalera, askok egiten duten bezala. Urak zikinak daude, botilez eta zaborrez zikindurik. Veneziarrentzat ez baitira fotografiatzeko gaiak bakarrik, baizik eta, eguneroko bizipide.

Horretan dago kanpotarren eta bertakoen arteko diferentzia bat Kanpotarrek turistiko ikuspegia dute, eta fisiko heriotza bakarrik ikusten dute, veneziarrek kultur hiltz senti ahal dezaten bitartean.

Eta oraindik okerrago, beren etxean ez dira nagusi sentitzen. Etxeko konfidantza galdu dute. Orain turismoaren morroin bihurtu dira.

Veneziarren harrotasun garbia ere urperatzen ari da.

Nola egiten gondolak

Gondolak egiteko bi lantegi dira Venezian. Lantegiok oso txikiak dira, eta tradizioz pasatzen da gondolak egiteko teknika. Gurasoek semeei erakusten diete.

Lantegi bat bisitatu nuen. Bertan bost gizonek lan egiten dute. Michele nagusiak berrogei urte baino gehiago daramatza gondolak egiten. Galdera batzu egin dizkiot:

— Zenbat balio du gondola batek?

— Gondola xinpleak, hau da, apaindurarik gabe, 3.000.000 lira balio ditu (hirurehun mila pezeta), eta arraunekin eta burdin txapekin 5.000.000 liratara ailegatzen da. (bostehun mila pezeta).

— Zer iraupen du gondola batek?

— Segurtasun osoarekin, 25 urteko iraupena bota diezaiokegu gondola bati.

— Zer gai klase erabiltzen duzue?

— Zortzi zur klase erabiltzen dira gai bezala: harizkia, pagokia, izeikia, zumarkia, eta abar.

— Zenbat ordu sartzen dituzue gondola bat hasi eta bukatzen?

— Batez beste 350 ordu sartzen ditugu gondola bat egiten. Gutti gora behera, bi hilabete eta erdi.

Lantegia oso zaharra da, eta esan didanez, berrehun eta berrogeitahamar urte darama lantegi honek gondolak egiten. Urte asko. Hemendik atera diren gondolek ba dakite Veneziaren historia, azken historia. Nagusiak ere ba daki.

I. Zabaleta


Eskolarako hizkuntz politika bati buruz zenbait gogoeta

Azken urteotan ideia eta azterketa batzu plazaratu dira gure artean, hizkuntzaren arazoa soziolinguistik ikuspegi batetik argitzeko oso baliagarriak izan zaizkigunak. Azken finean ideia arrotz guzti hori, "Euskararen Liburu Zuria" delakoan geratu da nolabait kodifikaturik eta gorpuzturik. Liburuaren aurkibidea irakurri besterik ez dago, begi-kolpe batez ohartzeko zeintzu diren orain arte hizkuntzaren fenomenoa aztertzeko eskuartean erabili ditugun aldagaiak edo faktoreak. Besteak beste, eta zerrenda agortu nahi gabe, aipa ditzagun:

- Faktore sozioekonomikoak

- Faktore politiko-administratiboak

- Faktore juridiko-legalak

- Hizkuntza minoritarien azterketa gonbaratiboak

- Diglosia-elebitasun kontzeptua

- Normalpen linguistikoaren prozesuak

Ez dago dudarik, hizkuntz-politika baten ezartzeari buruz berebiziko tresnak direla hauk.

Bestalde Eskolarako hizkuntz-politika ezin daiteke eraiki, soilki hizkuntz-politika bat egin aurretik, hura honen azpi-multzo edo zati besterik ez baita, Bestela esan, hizkuntz-politika orokorrak ezarriko dio eskolakoari koadro makro-linguistikoa. Honetaz kanpo uste dut, beste tresneria finago bat eskuratu behar dugula, lehen ditugunaz gain, ez kontra. Eta beldur naiz orain arteko abailan lortu ditugun eskema mental eta praktikoak ez ote diguten zenbait oztopo ipiniko eskolarako hizkuntz-politika bat definitzerakoan.

Exenplu bat ipiniko, dut nire beldur hau argitzeko. Har dezagun esate baterako "diglosia" kontzeptua.

"Diglosia" kontzeptua "elebitasun" kontzeptuari kontrajarri zaio, bigarren hau, hain zuzen ere, ideologia asimilazionistaren adierazle delakoan. Eta hala da, makro-linguistika mailan. Beraz hizkuntz-politika orokor bat planteiatu ahal izateko, normalizazioa helburu bezala hartuz gero, ikuspegi diglosikoa erabili beharko dugu, elebitasun-ikuspegia nahaspide denez gero. Beste maila konkretu baten ordea, pertsona mailan edo eskola-mailan esate baterako, ez dago zertaz bi kontzeptuok kontrajarri beharrik.

Maila honetan biak bata bestearekiko osagarriak ditugu, are gehiago, interaktiboak dira. Esate baterako, gure hizkuntzaren egoera diglosikoak eskaintzen digun irtenbidea dilematikoa dela eta (hizkuntzaren asimilazio prozesuari amore eman ala normalizaziorantz abiatu), ez daukagu zertan eskolarako hizkuntz-politika irredentista itsu bat, nonnahi eta noiznahi, jarraitu beharrik. Konkretukiago esan: eskolari dagokionez, ikuspegi diglosikoa besterik ez badugu erabiltzen, elebitasun egoera desberdinak eskatzen dituen tratamendu bereziak antolatzeko behar diren faktore baldintzatzaileak (hala nola faktore psikolinguistikoak, metodologi arazoak, sozio-linguistik egoera desberdinak, e.a...) guttiesteko arriskua daukagu, praktikan gertatzen zaigun legez. Honen frogagarri bezala hor daukagu ohartuki, ala oharkabean, ikastoletan ezarri nahi den eredu linguistiko bakarra, nahiz eta ikastola bakoitzaren sozio-linguistik egoera eta bertako haurren elebidun maila oso desberdinak izan.

Hau exenplu bat besterik ez da.

Artikulu sail honen helburua, euskal irakaskuntz politika batetarako zenbait gogoeta egitea litzateke, aportazio gisa, zeren eta uste baitut praxi luze, sakon eta konplexu bat eduki arren, oso gutti saiatu garela irakaskuntz politika koherente eta oso bati buruz.

Dena den, ez du artikulu sail honek dossier serios bati dagokion eskema logiko eta jarraitu baten itxura hartuko eta librekiro, gaiak burutu ahala, lerrokatuko ditut. Are guttiago izan nahi du alternatiba bat, zeren eta ez baiteritzot serios Euskal Herrian dauden hamar eta piko alderdiek, arazo bakoitzari buruz, hamar eta piko alternatiba egiteari. Alderdi politikoek jakin behar lukete guttienik, alternatiba guztiez osaturiko multzoa ez dela alternatiba berri errefortzatu bat, nahaspila bat baino.

Eta alderdi politikoekin sartu naizenez gero, exenplu gisa, zilegi bekit Donostiako EUTGen, Joxe M. Barandiaranen omenaldia zela eta, zenbait partidu politikoen ordezkariek, eman ziguten show harrigarri bezain sineskaitza aipatzea.

Klarifikazio beharrean gaude eta beldur naiz partidu politikoek, beren formulazio globalizanteekin, ohiko lauzpabost puntutxu ridikuluekin (zeintzuri modu hanpuru batez alternatiba deitzen baitiete) ez ote diguten basoa ikusten galeraziko.

Mikel Lasa


Haurren adimen aurrerapenerako pedagogia baten billa (1)

Izenburu honek laburki adieraziko luke SAIOKAK proposatzen duen metodologiaren muina eta zergatia. Hau izan da gure ikerketa pedagogikoa gidatu duen galdera:Nola eraikitzen da gure haurrengan adimena?

Piaget-en eskolako psikologoengandik jaso dugu zenbait argitasun geure galdera honetan. Eta gure saioa, datu hauen arauerako pedagogia apropos bat bilatzea izan da.

Lehenengoz eta behin, adimena edo inteligentzia ez dugu, besterik gabe, behin betiko emandako ezer, inguruarekiko harremanetan eraikitzen den pertsonaren kapazitatea baizik. Ikuspegi honetatik, beraz, adimena pausoz pauso eratzen da, aurreko eskema eta mailatan oinharritzen delarik. Psikologiazko ikerketen emaitza honek haurren adimen aurrerapena zehazki argitu du bere maila eta prozesuetan. Eta Pedagogia batek oinharritzat hartu beharko ditu emaitza hauk hezkuntza lan eta erakundeei arrazionaltasun eta efektibitate bat eskaini nahi badie behintzat.

Hona hemen, laburki bederen, adimen pedagogia batetarako geureganatu ditugun eritzi nagusiak:

1.- Aktibitate printzipioa

Ezagumena eta ulermena ekintzatik datoz, Zerbait ezagutzea, zerbait hori ekintzaren bitartez eragitea eta transformatzea da, transformakuntza horren mekanismoen eta ekintza transformatzaileen arteko erlazioetaz konturatzeko. Adimenak, beraz, estrukturatu egiten ditu transformakuntza hauk, errealitatea estruktura horietara asimilatuz. Honegatik esaten dugu adimena artezki ekintzari darraiola. Pentsamenduzko goimailako prozesuetan ere, ekintzak egin eta koordinatzean datza adimena, nahiz eta ekintza hauk barruratutako bide bat eraman. Barruratzen diren ekintza hauk dira edozein mailatako arrazonamenduren oinharriak, hots, operazio logikoak eta matematikoak. Eta operazio hauk beste estruktura zabalago batzutan eraikitzen dira errealitatea estrukturatuz. Ezagutzea ez da, beraz, errealitatearen estimulu bati erantzutea soilki, ekintzen koordinazio eta estrukturaketei errealitatea asimilatzea baizik.

Aktibitatea edo ekintza, haurraren motibaziorik hurbilena izanik, bere adimenaren aurrerapenaren eragile funtsezkoena dugu. Eta aurrerapen hori geure zeregin pedagogikoaren zuzeneko helburutzat hartu badugu, metodologia aktibo edo ekintzaile bat erabiltzera bultzaturik gaude.

Saiokan proposatzen dugun materiale guztiaren asmoa hauxe izan da: haurren ekintzarako situazioak sortzen laguntzea. Honegatik hartu dugu projektuetan oinharrituriko metodologia.

Haurraren ekintza guztiz aske izan behar da, hau da, berak eta bere kasaz eginiko ekintza, inork soluzio osorik inposatu edo proposatzen ez diolarik. Eta hortik abiatu gara, idatziriko projektu batek sugerentzia moduan eragin dezakeelakoan."

Honez gainera ekintzak projektu bezala planteiatzeak abantail gehiago ditu. Ekintzari, haurraren interes eta beharrei erantzuten dien helburu praktiko bat ematen zaio. Haurrak ez du egingo egite hutsagatik, bere interes ludikoari erantzunez soilki baizik eta bere beharrizanei erantzuteagatik ere.

Bestalde, projektuak ekintza hutsaren espontaneitatea nolabait moldatzen badu, iraupenaren truk egiten du, eta hau, haurrak bere ekintzen sekuentzia bera planifikatzera heltzea, halegia, lagungarriagotzat ematen dugu, zeren ekintzen koordinaketak barruratutako operazioen estrukturaketa bultza baitezake. (1)

Projektu baten aurrerapenak ekintza bat barruratutako operazio bat bihurtzeko pausoak ematen ditu:

- Projektua erabaki eta eztabaidatzeak ekintzaren eta zereginaren ikuspegi orokor bat ematen du hasera haseratik, tarteko ekintzei lotura bat emanez eta ekintzari lehenengo bultzada emanez. Projektua egitean ekintzaren domeinua lortzen da, objektu konkretuen erabilkera dela medio.

- Projektua komentatzean eta egin denaren bitartez helburuak lortu diren ebaluatzean, ekintzaren domeinua lortzen da hizkuntza eta espresio mailan.

- Beste esperientzia eta informazioekin kontrastatzean ekintza hau adimen mailara eramaten da, ekintza berau barruratuz. Barruratu eta gero, ekintzari bere sendotasun osoa aurkitzen zaio.

Ekin eta gero ulertzen du haurrak, bere kasaz zerbait aurkitu eta berrasmatu duenean.

2.- Aurrerapen honen mailak eta eragileak

Haurraren adimenaren aurrerapena epeka edo mailaka egiten da, maila bakoitza aurreko mailatan oinharritzen delarik. Eta haur oro, adin batetan nahiz bestetan lortu, mailaketa honi darraio. Aldian aldiz, maila bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, adimenaren lorpen edo estrukturaketa bereziak, halegia. Lorpen berezi hauk izanen dira, beraz, zuzenean bilakatu behar ditugunak gure ekintza pedagogikoaren bitartez. Ikasturte bakoitzean egin beharko dugun galdera hauxe izanen da: adin honi dagokionez, zein aurrerapen lortu behar dugu geure haurrengan? Baliagarriak izanen zaizkigu psikologiak ematen dizkigun erantzunak Geure gelako haurrei egokitu beharko ditugu, eta zer esanik ez, ahal den neurrian haur bakoitzari ere.

Baina, zerk eramaten du haurra mailan batetatik beste batetara, zeintzu dira haurraren adimenaren aurrerapena eragiten duten faktoreak edo eragileak?

a.- Heldutasun organikoa dago aurrerapen honen muinean: dinamika espontaneo bat darama haurrak bere adimenaren aurrerapenean. Hamasei urtetararte edo hazten den nerbio sistemak baldintzatzen du adimenaren eraiketa eta, arlo honetan higiene, fisiologia eta heredentzia baldintzapenak dira nagusi. Hala eta guztiz ere, heldutasun organiko hau ez da eragile bakarra adimenaren aurrerapenean. Heldutasunak, urtetik urtera, posibilitateak zabaltzen ditu, baina posibilitate horik erabili egin behar dira eta erabilketa horretan beste faktore edo baldintzapen batzuk parte hartzen dute, bizi-inguruak eta heziketa batek planteia ditzakeen baldintzapenak hain zuzen.

b.- Bizi-inguruko esperientzia: Giza organismoak inguruko errealitateari adaptatzeko daukan kapazitate nagusia adimena da. Adaptatze honetan bi prozesu elkartzen dira. Alde batetik asimilatze prozesu bat, hau da, inguruko elementu edo objektuak subjektuaren estruktura ezagutzaileei egokitzen dira; subjektuak gai den arauera ulertzen ditu gauzak. Bestalde, akomodatze prozesu bat ematen da ere, hau da, subjektuaren estruktura ezagutzaileak aldatu egiten dira, inguruko errealitatearen esperientziak agintzen duen arauera. Subjektu eta objekturen arteko alderantzizko bi prozesu hauetatik sortzen den sintesiari adaptatzea deritzogu. Adaptatze honen funtzionamendua erregulatzen duen kapazitatea eta adaptatze honetan eraikitzen den giza estruktura adimena da. Errealitatearen esperientzia dago, beraz, adimenaren eraiketaren oinharrizko prozesuan. Eta esperientzia hau, ez esannahi pasibo edo pertzeptibo batetan ulerturik, baizik eta zentzu ekintzaile batetan batez ere. Esperientzia da ekintza batek uzten duen ondorio ezagutzailea. Bi eratako ekintza eta esperientziak daude: ekintza eta esperientzia fisikoak batak eta logiko-matematikoak besteak:

- Esperientzia fisikoak: objektuaren posizioa, higidura edo propietateak aldatzen dituzten modifikazioak egiten direnean objektuaren natura ikertzeko. Objektu hauk manipulatuz lortzen da, abstrakzio sinplez, esperientzia fisikoa.

- Esperientzia logiko-matematikoa: objektuengandik baino, objektuekin egiten diren ekintzetatik, abstrazioa eginez, sortzen den ezaguera da.

Hau honela izanik, haurraren aurrerapenari dagozkion bi era hauetariko esperientzia aproposak eskaintzea izanen da gure hezitzaile lan eta helburua. Eta beste berriz azpimarratzen dugu, hemen haurrak berak bere esperientzia egiten duela, eta ekintza horretan berberak adimenaren aurrerapena aurkitzen duela.

Era honetako esperientziak ohiturazko Natura eta Matematika arloetan lan genitzake bereziki.

SAIOKA TALDEAK

(1) Helburu praktiko bat duen projektaturiko ekintza bat egin eta gero, bere ekintzaren ondorioa ikusten du haurrak, eta, era honetan, beste hurrengo ekintzarako motibazio gogorra aurkitzen du, ekintzen lotura eta koordinaketa bat lortuz.


Musika

Josu Loroñoren orkestraren azken lana

Azken garaietan, salbuespen bat edo bi kenduta, akordeoi musikaz lan txar eta barregarri batzu egin dira, bai doinu erraz eta landugabetasun batetaz, bai teknika mailan interpretazio gaizki egindako grabaketa.

Baina tresna honen benetako erabilketan, beti nabartu da Bilboko Josu Loroñoren akordeoi orkestra.

Orkestra hau, 1963. urtean jaio zen, eta ordutik hona berrehun saio baino gehiago eman ditu, Euskal herrian eta atzerrian, Bizkaian gehienak izan arren. Orkestraren doinu guztien konponketak, bere zuzendaria den Josu Loroñok egiten ditu eta bertan ikusten dira nola erabili behar den seriotasun batetaz tresna hau, eta nola erlazionatzen den euskal musikarekin. Eta konbinaketa hau ikusteko nahiko dira orain arte ateratako diskoak.

Egunotan atera da azkenekoa eta laugarrena den diskoa. Disko osoa euskal musikaz beterik dago eta Jose Franco, Zaragozako musikalari eta euskal musikaren ikertzaile onari eskainirik dago.

Baina azter dezagun disko honen mamia. Bertan ikus dezakegu, euskal musikaren barnean, barietate handi bat. Hola Josu Loroño, Moy Egaña eta Beobidearen biribilketa alaien (AURRERA BETI, EUSKAL HERRI POLITA GORA, GORA GAZTEAK) ondoan, J. Franco eta Urrengoetxearen martxak (EUSKAL HERRIKO ABESTIAK, HIMNO AL ATHLETIC), abestiak (ENE AMA, OÑAZEZ), Vallejos eta Urrizelki eta Arrateren zortzikoak (AURRERA, EL CRISTO DE LEZO), Gabon abesti bat, Erzillarena (JAUNGOIKO SEMEAREN JAIOTZEARI) eta Francoren suite bat (EUSKO ELEZKIAK) agertzen dira.

EUSKO ELEZKIAK, hiru zatitan (a) Hasiera, b) Sehaska ondoan eta c) Gabon abestiak) banaturik dago, berau, diskoaren doinurik hoberena izanik, kontrastasun, posibilitate eta Orkestraren kalitatea sinfoniko mailara altxatuta argi eta garbi nabaritzen dira.

Hola ba, musika onaren entzuleentzat merezi duen disko bat da hau benetan. Penagarri da gehiago ez entzutea Euskal herriko antzokietan Orkestra hau, zeren eta, bere saioak diskoko interpretazioak hobatzen baititu.

ERLETXE


Kirolaren pertsonaiak: 8. Politika

Batzuren ustez politika edozein arazo konpontzeko bide magikoa denez, ez da harritzekoa, kirolan ere politikak eragin handia edukitzea. Maila eta modu ezberdinetan parte hartzen du politikak kirolan.

Kirolari buruzko politikaz, kirolaren erabiltze eta manipulatze politikoaz eta kirola harma politikotzat hartzeaz hitzegiten da. Arrazoi hauengatik guk geuk kirolaren pertsonaia gisa hartuko dugu eta aipaturiko hiru mailetan aztertuko dugu.

Kirolari buruzko politika

Gaurko politikaren kritikatik hasiko gara. Maila ofizialean, kirolari buruzko politika, munduko lehiaketetan tituluak eta dominak irabaztera zuzentzean datza nagusiki. Parte hartzea alde batetara utziz, garrantzikoena irabaztea da. Prestigioa lortu nahi da eta garaipenek prestigioa dakarte. Horrela, pena handirik gabe diru kantitate izugarriak erabiltzen dira, lehiaketa internazionalak bultzatzeko (Galde iezaiezue, adibidez, Espainiako taldean Argentinarako pasea atera duten kirolariei). Horiek ez dute Moncloako hitzarmena bete behar...

Planteiamendu honen presioz, jende gehienak, horrela uste du eta hori nahi du; eta jendeak kirolari ikusten dion helburu bakarra, lehiaketetan besteen indarrak menperatzea da. Hauxe da ideia dominatzailea eta ideia honek jotzen duen musikaren erritmuaren arauera dantzatzen dugu konturatu gabe. Gaur eguneko kazetariek ere bultzatu egiten dute ideia hori; zenbat aldiz ez ote dugun irakurri, partidua eskasa izan arren puntuak irabazi direla, eta denak pozik!

Ondorio bezala, selektibitate izugarria gertatzen da kirolarien eta azkenean, kirola praktikatzen dutenak, horretarako espezialki dotaturik daudenak dira soilik. Kirola elite baten eskuetan geratzen da. Lehenik eta behin, federatu egin behar da; eta nolabaiteko erraztasunak edukitzeko, norbait izan behar da kirolaren munduan. Jende arruntak ez du aukera errazik. Librua edukiz, seinoritoen klub selektu batetan sartu ahal izanen da. Bestela, jai dugu, kirola egiteko behintzat.

Ideia honen arauera, haurrei ttikitatik sartzen zaie lehiaketa eta konkurrentzia itsua. Garrantzizkoena IRABAZTEA dela sinets erazten diete. Lotsagarria da, honetaz TORNEO izeneko programa: konkurrentzia ereiteko eta lantzeko bide ederra. Azken aste hauetan, saski baloi-kanpionatuko finala, haurren arteko antiesportibitatearen esenplu bikaina izan da. Ordea, Espainiako telebistak eredutzat agertzen digu.

Ene ustez, kirol politika guztiz beste era batetara planteiatu behar da. Kirola, —kultura bezala— pertsona guztiek —zahar eta guztiek— behar duten gauza bat da. Ez luxu bezala, ia ogia bezain beharrezkoa den zerbait baizik; herri sanoa izan nahi badugu behintzat. Horrela, eta lehiaketa erabat baztertu gabe, kirola heziketa eta kulturaren parte kontsideratu behar da Parte hartzea inportanteena bihurtu behar da eta horretarako mentalitate-aldaketa bati eman behar zaio hasiera. Ba dakit zaila dela, ia ia utopia, zeren eta gaur eguneko egitura osoa lehiaketa-kirola bultzatzeko muntaturik baitago: Federazioak, Delegazioak, Informabideak, Olinpiadak,...

Euskal Herrian dirudi bestelako kontzepzio eta kutsu bat eman nahi diotela beren aktibitateari Euskal Indarra izeneko erakundearen barnean. Lehen pausoa da; zorionak, beraz. Bi ohar egin nahi nizkioke ordea. Lehena, lehiaketa-kontzeptuari buruzkoa, berori gainditzeko mentalizatze bidean jar daitezen. Bigarrena, hizkuntzari buruzkoa: izenarekin eta egituratze lurraldeari buruz zuzen fokatzeko dauden bezala, lurralde honen hizkuntzarekin ere berdin joka dezaten (eta ez sinbolikoki soilik).

Kirolaren manipulatze politikoa

Adibide baten aipamenetik hasteko, oso ongi dago Espainian azken urteotan egin den manipulapena. Gehienok ba dakigu, gure ikastetxeetan "Gimnasia" eta "Formacion del Espiritu Nacional" (sic) asignaturen irakasleak pertsona ber bat izan direla. Eta ez kasualitatez: Kontrol ideiologikoa gazte denboran egiteko (FEN), gazteak asko gustatzen zaien aktibitate baten bidez erakarri behar; eta zer hoberik gimnasia eta kirola baino. Hori dela eta, "Frente de Juventudes", "Seccion femenina" eta "Movimiento" direlakoek guztiz kontrolaturik eduki dute kirol gertalarien eta irakasleen mundua. Eta, arazoari zerbait falta bazitzaion, hor genituen Maiatzaren lehenean zentralismoaren katedralean Santiago Bernabeu estadioan eta diktadorearen aurrean urtero egiten zen erakusketa esportibo-sindikala.

Langileek ere beren gorputza lantzeko (?) aukera zutela frogatu behar zen (arima lantzeko aukerarik ez bazuten ere).

 "Panem et circensis" esaldia erromatarren denboran esana bada ere, etengabe garai guztietako agintari gehienek praktikara eraman nahi ukan dute. Diktadoreak ohi dira trebeenak horretan, ongi baitakite kirol lehiaketetan lorturiko garaipenak beren menpeko frustrazio eta konplexu asko asetzeko eta lasaitzeko bide direla. Kontextu honetan juzkatu behar dira, duela hamabost bat urte R. Madrid futbol-taldearen inguruan sorturiko triunfalismo eta sinbolismoa, edo eta aurten Argentinan hospatzeko den munduko futbol-kanpionatua. Olinpiaden antolaketan ere, prestigiozko propagandak du pisurik handiena, Estatuen izen onerako guztiz onuragarriak gerta baitaitezke. Kontextu honetan har daiteke, kasu, Moskun hospatzeko den hurrengo Olinpiada.

Kirola, harma politikoa

Konkurrentzia kontzeptua mundu osoan zehar nagusia izanik, futbol-kanpionatua eta Olinpiadak mundu mailako gertakari nagusienak dira. Kirolaren erritu hauk lau urtetarik behin hospatzen dira, solemnitate handiz. Olinpiadak dira, dudarik gabe, erriturik gorena, bertan, munduko Estatu gehienek parte hartzen baitute: hamabost bat mila kirolari, eta hauetaz gainera, kazetariak gertalariak, laguntzaileak eta turistak. Ikusgarria da.

Lehenago esan dugunez, propaganda aldetik garrantzi handia du, eta hori dela eta politikazko harma gerta daiteke. Hegoafrikak eta Rhodesiak pairatu duten betoa, haien politika arrazistaren salhatzaile indartsua izan da; eta presioa egiteko bidea. Estatu Batuetako beltzek, beren kirolari olinpikoen bidez munduratu zituzten beren kexak. Palestindarrek Munich-eko Olinpiada aukeratu zuten, trajedian bukatu zen egintza bat egiteko. Hurrengo futbol-kanpionatuaren gainean boikotaren fantasma dago, Videla-ren erregimena dela eta...

Dena den, kirol-espektakulu hauk aurrera doaz. Olinpiadak ez daude hilzorian, zeren eta, azken batez, hipokresiaren munduan bizi baikara. Lehiaketa horik anaien artekoak direla ematen da adieraztera, eguneroko bizitzan Estatu batzuk besteak zapaltzeko, hurrupatzeko eta izorratzeko diharduten arren. Eta besteren zapalkuntza eta diktadura salhatzen duten Estatu horietan, era askotako zapalkuntzen izkutatzaile dira. Demagun Frantzia, adibidez. Bertan Argentinakoaren aurkako ahotsak entzun dira gogorki; eta, egia esan, ez zaie arrazoirik falta. Baina bitartean, demokrazia burjesaren ama (edo aita, agian biak batera) den Estatu honek, hainbat nazio zapaltzen ditu. Noski, Argentinan basati batzu daudela adieraziz,

nolabait Frantzia paradisua dela adierazi nahi da. Ordea, bertako gartzelak ez dira eredu imitagarria eta beraien tribunala —justiziaren exenplu omen— ez dute nazio problematika kontutan hartzen; eta dudarik baduzue, Alberto Mendiguren adiskideari galde. A! Eta honekin ez dut inola ere Videla justifikatu nahi. Baina beste batzu salhatu nahi ditut, zeren eta eskunarru zuriz eta bat ere zikindu gabe, demokraziaren izenean itotzen baitituzte nazio ttikiak.

Ideial olinpikorik ba ote?

Gaur egun, kirol lehiaketak gidatzen eta kontrolatzen dituzten erakundeak, Batzorde Olinpiko Internazionalaren eratakoak dira gutti gorabehera. Berauk XIX. mendearen bigarren partean sorturiko ideia olinpikoaren jarraitzaile dira. Ideia horretan, kirolaren bidez Estatuen arteko tregoa antzeko bat jartzen da. Eguneroko bizitzako burruka alde batetara utziz, kirolan denak lagun; zerrikeriak bazter eta garbi joka. Hortik datorke esaldi famatu hura: "Kirola eta politika ez dira nahastu behar". Baina hori guztiori azaleko jantzia da. Itxuraz baino ez da horrela. Eta konkurrentzia itsuaren bidez kirol zelaiak burruka-zelai bihurtzen dira, eta Estatu Batuetako eta Sobiet Batasuneko kirolarien artean benetako gerra bat gertatzen da, zeinek domina gehiago irabazteko. Olinpistek ez dute hori onhartu nahi, eta parte hartzean pozik daudela esanen digute, eta anaiak bezala fokatzen dutela, eta abar. Horregatik ez dute begi onez ikusiko Rhodesia eta Hegoafrikaren aurkako politika esportiboa, edo Txina eta Formosaren arteko problema,... Konkretuki, Batzorde Olinpiko Internazionalaren burua zen Avery Brundage jaunak, abandonatu egin zuen bere postua 1972. urtean Rhodesiari eginiko jokoagatik.

Hala ere, Olinpiadak eta kirol kanpionatuek aurrera diraute; eta gaur eguneko komunikabide eta informabideak direla, inoizko indartsuen direla esan daiteke. Espektakulu zoragarriak dira, eta beraien inguruan interes handiak daude. Estatuek interesa dute; eta hor dago gakoa. Baina galdetzen eta pentsatzen hasiz gero, merezi ote du ideial olinpiko horrekin segitzeak? Niri "Reina por un dia" izeneko programa datorkit burura. Kasu honetan "egun batetarako anaiak", enparatu egunetan "elkarrentzako otsoak" izan arren.

J. R. Bilbao


Gramatika

Ortografiazko zenbait proposamendu (1)

Batasuneranzko bide luze eta neketsuan, hitz batzu idaztean, forma bikoitzak ageri dira. Idazle batzu (edo idazle-eskola batzu) bati loturik ageri dira eta beste batzu, besteari. Eta ikasleak galdurik geratzen dira, zein aukera jakin gabe. Adibide batzu aipatzearrean, hona hemen horrelako batzu: proiekto/projektu, borroka/burruka, nigar/negar Izatez, bi formetariko edozein aukera daiteke batasunerako, baina arrazoi desberdinengatik, bataren edo bestearen zale gara. Hauetan ere batasuna egin behar dugulakoan, on litzateke arazoa plazaratzea eta gure ustez onena denari zergatik hobe deritzogun azaltzea. Asmo honekin (eta onekin) dakart, ba, gaia plazara.

Projektu ala proiekto?

 J famatuaren ahozkatzea dela eta, ba dirudi jendeak beldur diola letra horri. Beharbada horregatik, batzuk proiekto forma erabiltzen dute, honela ez baita j-rekin problemarik sortzen. Nik neuk, ostera, hobe deritzot projektu formari, eta azaldu eginen dut neure arrazoibidea.

Lehenik, forma ortografiko hau askoz ere unibertsalago delako. Gaztelaniaz forma hauk y batez idazten diren arren (eta ez beti), mendebaldeko hizkuntza gehienetan eta nagusienetan j batez idazten dira: projet (frantsesez), project (ingelesez)...

Bestetik, irakurterrazago gertatzen da hitza j kontsonantea jarriz, horrela hiru bokaleren segida (-oie-) baztertzen baita. Eta, hau eritzi pertsonala den arren, estetikoki ere politagoa delakoan nago.

Hori dela eta, i/j letren arteko eztabaidari dagokionez, j-ren alde ageri naiz, eta idazkera hau proposatzen dut era horretako hitzentzat. Adibidez: projektu; projektatu, majuskula, majore, projekzio, injekzio, bijekzio, dejekzio,...

Hitz honekin bukatzeko, bukaerako o/u letren aukerari buruz, ez dut arrazoi berezirik, baina u letraren aldeko naiz, aurreko bokalea e denean, ondoko hitzetan bezala: prozesu, efektu, intsektu.

Arren eta -arren

Guztiok dakizuenez, bi modu eta esangura desberdinez gehitzen zaio partikula hau aditzari: esan arren eta esatearren. Idazle batzuk aditzari loturik idazten dute kasu bietan. Beste idazle batzuren ustez —eta enean ere bai— hobe dateke lehen kasuan banaturik idaztea (esan arren) eta bigarrenean, loturik (esatearren). Ikus dezagun zergatik.

a) Esan arren: Kasu honetan menpeko esaldi kontzesibo bat dugu. Esaldi hauetan aditz laguntzailea eliptikoki dagoela esan dezakegu. Nolabait esateko, aditz laguntzailea kendu egiten da esaldia arin eta laburtzeagatik. Gehienetan aditz laguntzailea kendu arren, esaldia argi ulertzen da, eta hizkuntza mintzatuan ez da problemarik sortzen, argitasunak, momentuan eska baitaitezke. Kasu batzutan, ordea, zentzu askotako esaldiak ageri direnez, elementu argigarriak sartu behar izaten dira, aditz laguntzailea sartzen ez bada. Beronek argitasuna ematen du beti. Adibidez:

Gezurra esan arren, ez naiz haserratu

Nork esan du gezurra? Nori esan dio?

Esaldi honek ez du ezer argitzen; guztiz inkonkretua da. Pertsonen jokoa argitzeko, izenordeak ipini behar izaten dira. Honela:

Zuk niri gezurra esan arren, ez naiz haserratu

Aditz laguntzailea erabiliz ez da horrelako problemarik:

Gezurra esan didazun arren, ez naiz haserratu

Zer esanik ez, errazago (?) da aditz laguntzailerik gabeko forma; eta, esfortzu eta neke ttipienaren legearen arauera, horretara jotzen ari gara hizkuntza mintzatuan. Dena den, idaztean aditz laguntzailea erabiltzera jo behar genukeela uste dut.

Edozein modutan, aditz laguntzailea aditz nagusiaren eta arren partikularen artean idazten denez, ba dirudi hobe dela banaturik idaztea. Honela:

Gezurra esan arren, ez naiz haserratu

Zurekin etorri arren, ez da zure laguna

Ezezko esaldiak egiteko modua ere, hobeki moldatzen da era honetan:

Ezagutu ez arren, berarekin hitz egin dut

Aditz laguntzailea jartzean ere, nik neuk banaturik idatziko nuke, batzuk loturik idazten duten arren.

Egia esan diegun arren, ez digute sinetsi

Lana egin ez dugun arren, lasai geratu gara

b) Esatearren. Kasu honetan esaldiaren zentzua ez da kontzesiboa, kausala edo finala baizik. Bi esangura dituela esan dezakegu, jatorriz bi esangurok bakar bat izan badira ere: kausa bat edo helburu bat adierazteko erabiltzen da.

Kasu bietan, -arren partikula aditz infinitibo substantibatuarekin erabiltzen da eta -agatik edo -ko atzizkien esangura berberaz erabiltzen da. Hori dela eta, bigarren hauk ere loturik idazten direnez lehena ere loturik idatziko nuke.

Egia bat esatearren, gartzelara eraman dute

Kantaldia entzutearren, edozer gauza eginen luke

Ikusten denez. lehen esaldiak zentzu kausala du eta bigarrenak, zentzu finala (helburua adierazten du nolabait). Lehen kasuan esatearren - esateagatik eta bigarrenean entzutearren - entzuteko. Beraz, kasu bietan lorturik idatziko nuke.

J. R. Etxebarria


Igarkizuna. Esaera zaharra

Igarkizuna

Oraingoan hasita, ANAITASUNAren zenbakietan irakurleen asmamena frogatzeko igarkizun bana jarriko dugu. Erantzuna zenbaki berean azalduko da, beste horrialde batetan baina. Hona lehenbizikoa:

EGITEN DUENAK BERETZAT EZ DU NAHI. EROSTEN DUENAK EZ DU USATZEN, ETA USATZEN DUENAK EZ DU IKUSTEN. Zer da?

Igarkizunaren erantzuna: ATAUTEA HILKUTZA

Esaera zaharra

MARI GUREA GORUETAN, BEHAR EZ DEN ORDUETAN

Peru Abarka-tik jasotako atsotitz honek zera esan nahi du, ba direla pertsona batzu, behar dutenean lanik egin ez arren, gero, unerik desegokienean eta beste zerbait egin beharra dagoenean, lehen egin gabe zaukaten lanean jo eta ke saiatzen direnak, horretan lan berria ez egiteko atxakia bilatuz.

Esaera zaharra

LANTZA ESKUAN DUENAK GAUZA GUZTIAK BEREAK

1596. eko bilduman agertzen den esaera zahar honek zera esan nahi du, harmen eta indarraren aurrean bestelako arrazoi eta eskubide guztiak makurtzen direla.

Igarkizuna

EZ NEUKANEAN EMAN NIZUN; ORAIN BA DAUKAT ETA EKARZU. Zer da?

Igarkizunaren erantzuna: SEHASKA


Gurutzegrama

Larry Trask