ANAITASUNA
1978.EKO MAIATZAREN 15EKOA
363 ZENBAKIA
50 PTA.
ANAITASUNA
Bizkaia
hamabosterokoa
ZUZENDARIA:
Joan Mari Torrealday
Urteko abonamendua:
Bertorako 1.000 pezeta
Latin Amerikarako 1.150 pezeta
Europa eta Ipar Amerikarako 1.300 pezeta
Ale bakoitza: 50 pezeta
[AZALA]
ORMEN KONTRAKO BAKEA
KONSTITUZIO PROJEKTUAREN ANALISIA (2)
AURKIBIDEA
3 Editoriala
4 Rikardo Arregiren omenez
6 Bresteko Itun historikoa
8 Iparraldeko ikastolak
10 KASen Ideologiaz
13 Arrazakeriak eta beste
15 Erlijioa hirugarren lekuan
16 Frantses eta espainol poliziak maitemindurik
17 Iruineko tiroteo baten kronologia
18 Ohar laburrak
19 Estatua
23 Ipuina
25 Internazionala
28 Euskal Unibertsitatea eta arkitektura
30 Prentsa oharrak
32 Ekonomi krisisa eta emakumea
35 Gramatika
36 Postak
37 Gurutzegrama
38 Zilarrezko krabelinak. Kaleko.
ANAITASUNA
ZUZENDARITZA, IDAZKARITZA, ETA LANKIDEAK: J. Arzelus, T. Trifol, J. Llerandi, X. Kintana, M. Aldana, X. Gereño, J. M. Torrealday, M. Alvarez, A. Oiarzabal (Gipuzkoa), I. Zabaleta (Araba eta Nafarroa), M. Lanhatoua (Iparraldea), X. Arzelus (Bizkaia), J. R. Etxebarria, P. Agirrebaltzategi, A. Eguzkitza, X. Mendiguren, I. Azkoaga, A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, J. Iturbe, B. Atxaga, I. Urtasun, M. Haranburu, M. Lasa, I. Mendiguren, Jon Etxebarri, R. Ordorika, E. Enziondo, J. L. Alvarez, S. Laffite, M. Pagola, J. Idigoras, J. Agirreazkoenaga, K. Anakabe, E. Martin, J. Aurre.
MAKETAPENA: F. Garcia.
FOTOGRAFIA: Susperregi.
KOMIKILARIA: A. Olariaga.
PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA: J. Idigoras, A. Uria, I. Apraiz, A. E. Marroquin.
IDAZKARITZA, ADMINISTRAZIOA ETA HARPIDETZA: Zabalbide 68-BILBO. Tf: 435800/7/8/9.
MOLDIZTEGIA: Iparragirre S. A. Carretera de Galdácano s/n. BILBO.
OHARKIZUNA
Anaitasuna ez da arduratuko artikuluen edukiek duketen erantzunkizunaz. Beronek ez du esan nahi ez alde ez aurka dagoenik. Bestaldetik, beregain hartuko du editorialearen eta bere izenez izenpetutako artikuluen erantzunkizuna, berau baita (hola dugu ulertzen) bere ideologi hildoa.
Editoriala
Bakearen aldeko indarrak ez dira mutu geratu azken aste honetan. Gorteetan Letamendiaren zuzenketari ezetz biribila ematen diote Espainolek. Autodeterminazioa, amnistia, gure aberria, hizkuntza, kultura eta nazioa ez da oinharritzen, ez da bakeak eskatzen duen tratamenduan sartzen. Hor geratu ziren Patxiren hitzak airean eta bitartean gorrotoa eta bakebide harmatuak lurrean. Bakoitzak besteari bere bakea inposatu nahi dio. Euskal Herriaren bakean Espainiako hilherrietako bakea ezartzeko bide oro prestatzen ari da Madrilgo gobernua.
Bakea lortzeko gure gudariak, beraien terroristak, hiltzen dituzte, asasinatzen dituzte, orma baten kontra. Poztasunez beterik, lasai, garaipenaren zentzua hartuz. Ez dago ezertaz harritzekorik. Berdin dagigu guk beraiekin. ETAkoek zibilak eta beste asasinatzen dituzte, edo abertzalea izanik, bakearen alde hiltzen dituzte. "Vis pace para bellum" zioen aintzinako esaerak. Bakea nahi eta gerra prestatu. Eta bakea, gurea eta haiena ez da berdina.
Gure bakea Euskal Herriko nortasunean, langileriaren libertatean finkatzen da. Haiena aldiz, Espainiako nazionalismoan, kapitalen aginpean oinharritzen da. Hitzarmena, paktua, garbi geratu da alde bietatik, baina baten eta besteren helburuak berdin segitzen dira. Gu, zenbait kasutarako hitzaren posibilitatea lortu dugu, ez dezagun beraz haiek duten harma hori gal. Bakea, gurea, galduko litzateke, eta ormaren kontrako bakea nagusitu.
Rikardo Arregi kulturberpiztaile klabea
Bi mahai inguru antolatu dira Andoaingo herrian Rikardo Arregiren omenez, goi mailako euskal idazle zerrenda lekuko.
Joan Mari Torrealdai izan da bi mahai inguruen antolatzaile eta zuzendari apartekoa. Apirilak 4ko mahaian Torrealdai-ren eskutik Begoña Arregi (Rikardoren arreba), Telesforo Monzon, Ramuntxo Klanbong, Txillardegi, Piarre Xarriton, Jesus Mari Eizmendi, Andoni Sagarna, Imanol Laspiur, Martin Ugalde eta Karlos Santamaria mintzatu ziren. Manuel Lekuonak, Ibon Sarasolak eta Ramon Saizarbitoriak bidalitako eskutitzak irakurri ziren.
Lehengo mahai borobil honetan Rikardoren pertsonaia, lanak eta ekintza nagusiak aztertu ziren. Apirilak 5eko bigarren mahai inguruan, Torrealdairen zuzendaritzapean, Juan San Martin, Miren Jone Azurza, Iñaki Behobide, Xabier Lete eta Mikel Ugalde aritu ziren. Andu Lertxundi eta Mikel Lasaren eskutitzak ere irakurri ziren. Mahaikide guztiak euskal idazle eta intelektual gorenetakoak izanez gainera, Rikardo nolabait ere ezagutu zuten idazle lagunak dira. Eta bakoitzak bere ikuspegitik aztertu du Rikardoren nortasuna eta bere lana.
Rikardoren bizitza laburra baina iraultzailea hitz gutxitan laburtuko dut. 1942.ean Andoainen jaio eta seminarioan zenbait urte ikasi ondoren Ekonomi Zientziari ere heldu zion ikasten. 1964.ean euskaltzain laguntzaile izendatzen du Euskaltzaindiak eta Zeruko Argian kazetari bezala ekiten dio, eta entseiulari bezala Jakin aldizkarian. 1966.ean alfabetatze kanpaina sortzen du eta Euskal Idazleen Elkartea bultzatzen. Ondoren marinan iragaten duen soldaduska luzea bere ideologia sakontzeko eta entseiu batzu argitzen probetxatzen du. 1969.ean, Euskaltzaindiko Batzarre batera zihoala, Mendaron istripu egin eta 27 urtez hiltzen da.
Alfabetatzeko kanpaina
Arregik, 1964. inguruko Euskal Herriaren analfabetokeria eta egoera deseuskaldundua sakonki aztertuz, eman zion hasera alfabetatze kanpainari. Euskara galtzen, eta zekitenak euskal analfabetoak. Baina ez zegoen ez libururik, ez texturik, ez mediorik, eta apunte batzu fotokopiatuz ekin zioten alfabetatzeko talde batzuk. Euskal kultura herrikoitu behar zen euskara eguneroko komunikabide baliozko batean ezartzeko. Alfabetatzeko taldeak ugarituz zihoazen heinean, Euskaltzaindia berak ofizialki babestu zuen alfabetatze kanpaina, bere arduradun eta eragile Rikardo euskaltzain berria izendatuz.
Geroztik alfabetatze kanpainak, bere gorabehera eta guzi, arrakasta handia izan du Euskal Herrian, eta egun 40.000 ba omen dira euskalduntzen-alfabetatzen ari direnak.
Rikardoren idazlanak
Rikardok kazetaritza eta entseiularitza berri bat urratzen du. Entseiulanak "Jakin" aldizkarian atera zituen, batik bat, oraindik gogoangarriak ditugu "Ezkertiar Berriak", edo "Euskaldunon Jainkoa hil behar dugu" lan iraultzaileak. Intelektual berrizale hark erreprotxe aski jaso zituen orduan, zegoeneko euskal kultura zaharkituaren ordezkari batzurengatik (Labayen, Basarri, a.a.)
Kazetaritza berri bati hasera emanez, Zeruko Argian 322 artikulu behintzat idatzi zituen, eta "Nazio arteko unea" sailarekin Zeruko Argiari informaketa orokor profesionaldu bat ezarri zion, Miren Jone Azurzak mahaian aipatu bezala. Geroztik, beste lagun batzurekin, "Gazte naiz" sailarekin berriz, arrakasta handia sortu zuen euskal belaunaldi berrian. Anaitasunan ere 7 bat lantxo argitaratu zituan.
Mahaikoak bat zetozen Rikardo Arregiren idazlanak baloratzerakoan. Halegia, Rikardok euskara praktikoa egiten du, barrokismorik gabe, euskara zuzena. Bere joskera aldrebesa edo traketsa zen. Rikardo ez zen literatu, gidari eta pedagogo baizik.
"Funtzionaltasun" baten zerbitzuan jarri zuen bere euskara eta kazetaritza. Funtzionaltasun hori jarraituz, euskara batuari ikusgarrizko bultzada eman zion, artean hainbeste etsai zituen euskara batuaren hastapenak.
Iñaki Behobidek aipatu bezala, kazetaritzan legez "Liburugintzan" ere asmatzaile eta eragile izan omen zen. Liburu txiki, biziak, errazak, nahiz jatorrizkoak nahiz euskarara itzuliak argitaratzeko egin zituen planteiamenduei esker sortu zen "Lur" liburugintza.
Rikardoren ideiologia berritzailea
Bai euskara baturako literaturak, bai kultur berpiztaile edo gizarte berritzaileko Rikardoren bultzadak arrakasta handia izan zuen orain 12 urte, horrela belaunaldi berri bat urratuz. Belaunaldi honetako hiru idazle nagusi izendatuko nituzke, hau da, G. Aresti, Txillardegi eta Rikardo Arregi. Rikardo ez zen beste biak bezain poeta edo literatua, baina bai pentsalari eta politika zentzu handiko gizona. Rikardo, batez ere, hesteak ez bezalako kulturberritzearen eragile, gidari eta organizatzaile zen. Berak politika baino gehiago kultur politika bat urratu bide zuen alfabetatze kanpainaz, kazetaritza edo entseiu bidez, editorialgintza berri bat eraginez, eta herriz herriko hitzaldiak bide, frankismoaren garaipeko klandestinitatean euskal kultur herrikoi baterako mugimendua bultzatuz. Bere adiskide Saizarbitoriak agertu duenez begi luzeko politikoa zen, inoiz parlamentaritza bidetik ere jo beharko zela ere aipatua baitzuen.
Azterlari ona, eta politika zentzu handikoa, zernahi gerta munduan, ba zekien Euskal Herriari nola egokitu. Mundu guziko korronte guzien jabe izaki, sintesitzaile sakona, eta gauzak bere tokian egokitzen zekiena. "Biafra"ko gertaeraz ari denean, adibidez, Euskal Herriaren azterketa egiten du, eta honentzako zenbait ondorio atera. Edo errusoak Txekoslobakian bortxaz sartzeak, zenbait lanetan nabarmentzen zaionez, erakutsi zorrotza itsatsi zion.
Garai hartako abertzaletasunaren desfasea aztertuz, euskal mito eta topiko zaharrak, "euskaldun fededun", e. a. hauts beharrez ekin zuen. Ez gizona eta ez kultura ez baitaiteke bere hortan buka edo hel, beti ere dinamikotasun baten barnean desarroilatu beharrez. Ez zuen etiketa politikorik. "Ortodoxia guztiekin nazkatuta negok" idazten zion Joxe Azurmendiri. Marxista kritiko bat dela esan daiteke. "Zenbat eta marxismoa gehiago irakurri, orduan eta zabalago bilakatzen zuen gizona, historia eta kultura". Halere, gizonaren trantzendentzia ez zuen sekula galdu. Bere kristautasuna, ordea, ez zen batere konformista eta katolikotasunaren topikoak eta ohitura zaharkituak zorrozki salatu zituen. Rikardoren Jainkoa, Xabier Letek serioski aztertu dionez, galdera eta bilakaera bat da. Ez da jokabide sozialen garantia bat. Beraz, kristautasuna eta marxismoa ikuspegi kritiko batez uztarturik ihardun zuen. Rikardoren alternatiba sozial orokorra baitzen. Sozialista humanista iraultzailea, edo geroztikagoko ezker abertzaleen aitzindari izan zela aipatu beharko litzateke.
Herri Batasuna (Unidad popular) da dudarik gabe, euskal ezker abertzale bat egiteko lehen pauso serio eta eraginkorra.
Euskal ezkerrak izan dituen ezaugarri historikoak, hots, protagonismoa eta barne zatiketa, gainditu dituzte bertan biltzen diren alderdiak. Honela eginez, helburu taktiko estrategiko zehatz bat lortzeko bidean abiatu dira. Batasun honetatik jarrerak eta protagonismo berezituak zailago ikusiko dira hemendik aurrera. Alderdiek gal zezaketena estrategia batek irabazi. Herri Batasunak euskal ezker abertzale barruan kontradizio asko gainditu du, beraz horixe berbera dugu: garrantzi handiko saio politiko bat. Herri batasunean barne, anitz independiente eta oinharrizko militanteek eskatzen zutena kokatzen da. Ba zen ordua. Orain herri honetako maila guztietan, batera eta protagonismoak utzirik, ikuspundu iraultzaile eta abertzale batetik, parte hartzeko garaia heldu zaigu. Ez da, ez guttiago ere, miratzen ditugun beste batzu gura arazoak soluzionatzeko ordua. ETAri asko zor zaio, baina ETAk erakunde harmatu bat osotzen du. Beraz, bere metodoa eta jarrera ez da alderdi politiko batena. Bion artean ezberdintasun nabariak daude. Nabaritasun eta ezberdintasun honetaz jabetzen ez dena daltonismo CIAtikoaz jota dagoela esan beharko dugu. Eguneroko burrukaz mesfidatzen dena Euskal Herria lotsagabeki abandonatzen du. Azken batez, burjesiak lortu nahi duena zera da, abangoardien zatiketa, herri burruken deuseztapena eta berau lortzeko desmoralizapenean ipini dute asmoa. Masen burrukak batzuren menpean soilki uztea da batez ere burjesiari komeni zaiona. Zaila da benetan, egunero, astero, urtero, lan iraultzaile bat aurrera eramatea. Askoz errazago baita, norberak bere burua superiraultzailetzat hartu eta betiko biharkoz, iraultza etorriko zaigula esan eta sinestea. Kontsumozko gizarteotan nork sinets dezake iraultza biharko dela? Eta biharko bada, zer egiten dute lozorroan? "ETA herria zurekin" ondo dagoke, ederki dago kasu askotan, baina iraultza ez da oihuz eta garrasiz egiten, ez de tabernetako ele meletan murgiltzen eta prestatzen, ez guttiago ere protagonismo eta kontrakomunikatuetan zuzentzen. Iraultza, eguneroko fruitua da, militanteen praktikak osotzen du iraultza. "ETA herria zurekin", baina gainerakoek har dezatela metraileta, "ETA herria zurekin" lan zehatz bat egiteko gaia ez naizelako. "ETA herria zurekin" asteburuen bidaiak eta bakea maite ditudalako. "ETA herria zurekin" zeren guzti hau gaizki baitago, zeren politikariak lotsagabeko batzu besterik ez baitira, zeren Jaungoikorik ez baitago jadanik eta beste bat aurkitu beharrean ETA topatu dugu, baina ETAk ez gaitu askatuko gu askatzen ez bagara.
Nahiz eta Iraultza biharko ez izatea, herri honetan daukagun egoera soziologiko hau ez da Europako gainerako herrietan modu berdinez ematen. Egoera honetatik probetxurik ez ateratzea benetako krimena da. Protagonismoak, ezin ikusiek, esamesanek, ikuspundu superiraultzaileek, pikutara bidal dezakete euskal ezker guztia. Politika sakabanatu eta arin batek euskal ezkerraren burua hil eginen du eta ondorioz, jakina, ETAren isolamendua probokatuko zukeen. Horregatik, gehien kezkatzen zaiguna Leninek eta historiak erakusten digun zara da: Komunismoaren haurgaixotasunak hil egin gaitzake.
E. H.
Euskal Herria
Europa kapitalista elkartzen ari zaigula, aspalditik ba dakigu, Jakina, ez dago mugarik diruarentzat. Baina ez dira langileak ere oharpen ilun honetan mugatzen eta nabari da elkartasun berri bati buruz ba goazela. Hau da, herri zapalduen elkartasuna, langileena eta sozialismoarena. Helburu hori mamitu eta sakondu nahian sortu zaigu 1974.ean "Charte de Brest" edo Bresteko Ituna. Hain zuzen, "Europa sartaldean kolonialismoaren aurkako Borrokaren elkartasuna" nahi luke izan. Esan beharrik ez, elkartasun honen garrantzia guztiz indartsua izan litekeela. Elkartasun honek bere oinharriak ez dauzka ideologia mailan. Batipat, helburu oso sakon hau dauka: populu zapalduen askatzea sozialismo iraultzaren bitartez. Sozialismo tankera honen inguruan, herrialde eta populu zapaldu asko elkartzen zaizkigu. Nor dira populu hauk?
Bresteko agiriaren populuak
Hauk dira:
- C.G. "Cymru Goch" edo "Pays de Galle" ingeles inperialismoaren zapalkuntza jasaiten duena.
- E.C.T.: Esquerra Catalana dels Treballadors.
- HASI-EHAS: Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea.
- PSAN Provisional: Partit Sozialista d'Alliberament National.
- SFWP: Sinn Fein Workers Party (Irlandako IRA ofiziala).
- UDB: Unvaniezh Demokratek Breizh (Bretainiakoa).
- UPG: Union do Pobo Galego.
- Okzitania.
- Val d'Aost (Italiakoa).
- P.S.A: Andalusiako Alderdi Sozialista.
- Zimbabwe (Zimbabweko populuaren alderdia, Hego Afrikakoa, Smith-en zapalkuntza jasaiten ????
- Txileko alderdi sozialistaren ordezkari bat.
Hauk denok dira populu zapalduen benetako internazionala. Ez gabiltza hemen teoria mailako internazionalismoan baina borroka mailakoan eta helburu berdinekoan. Inperialismoaren suntsitzea, populuen askatzea eta sozialismoaren egarri berdina. Dakusagu, beraz, sozialismoa eta abertzaletasuna ez direla apartatzen, ez dira ebakitzen populu bakoitzaren berezitasuna eta internazionalismoaren berdintasuna. Oraindik populu multzo ederra dabil itun honetan murgilduta eta gaurtik ba dakigu etorkizunari dagokionez gehiago baizik ez direla izanen. Hargatik, egitura honen behar handia, lotura eta indarra guztiok ikusten ditugu. Komeni da honen zabaltzea eta ekintzaile bihurtzea.
Zer esan digute
Esan diren guztien agertzea luzeegi liteke eta hargatik mugatu beharko dugu geure salaketa. Adibidez, emanen ditugu bakar bakarrik zenbait alderdiren eritziak eta horik baizik ez.
Val D'Aost-eko Alderdia
"Gure populuak Italiaren eta Frantziaren inperialismoaren gogortasuna Jasan behar du. Hori dela eta, gure herria muga batek zatitzen digu bi aldeetara, frantses aldean, mendiaren kolonialismoa guztiz nabari da, eta Italia aldean autonomia zerbait ba daukagu. Baina autonomia hori itzalgailu eta erantzun faltsu bat baizik ez dago. Gainera, Italiako egituretan oztopo izugarri bat ere, eta hori da benetako egitura zentralista. Bistan da, PC italianoa eta "Demokrazia Italianoa" zentralismoaren alde dabiltza, hau sendotu baizik ez dute egin nahi..."
Thomas Mac Guillan irlandesak
"Irlandaren egoera guztiz da larria. Batipat, ekonomi mailan. Langabezia % 6ez goititu digute eta lehen materia mineralak amerikanoek baliatuko dituzte. Adibidez, gaurkoan, amerikanoen inbertibideek gainditu dituzte irlandes inbertibideak. Hargatik, nabari da amerikanoek apailatzen digutela ingeles nazioaren kanporatzea, baina berauk sartzeagatik. Beraz, amerikanoen inperialismoa oinharritzen ari zaigu. Txarrago deritzoguna oraindik, jendea bera pro-amerikanoa da, uste baitute amerikanoak sortzez (edo arbasoen sustraiengandik) irlandesak direla..."
Zimbabwe-ko Fronte Nazionalista (populu hau Smith arrazistaren gogorkeriaren pean dago)
"Elkartasunak ez du filantropiazko egitura bat izan behar baina bai benetako ekintzaren elkartasuna. Gure populuak jasaiten ditu arrazismoa, tortura eta gartzela. Ez daukagu zurien berdineko bozka-eskubiderik, ez ostatu berdinik, ez soldata berdinik, ez ikastetxe berdinik (...). Era asko ditu gure borrokak eta gaur nabari da, inoiz baino argiago, gizon bakoitzak, emazte bakoitzak, sartu behar duela herriaren borrokan, ezen borroka ez baita pertsona bereizi edo elite baten gauza (...). Gainera, hastapen batean ez genuen ulertzen zergatik gizon zuri batzuk laguntza emanen ziguten beste gizon zuri batzuren aurkarako borrokan. Gaur erantzuna argi dago: gure borroka zuzena delakotz! Poliki poliki ulertu dugu iraultzan gabiltzala eta iraultzak egitura inperialistaren aldaketa osoa eskatzen duela. Geure herriaren politika indarra eta ekonomiaren kontrola hartuko eta zuzenduko ditugu. Populuaren kontrola gauza guztietan."
HASI eta EHAS Alderdiak
HASIkoak azaldu du nola Euskal Herriak diktaduraren gogorkeria jasan duen, eta pairatu dituen aro horietatik datorrela, gaur sozial demokrazia burjes batetan sartzeko. Gainera, prozesu edo mugimendu horrek darama Europa mailako kapitalismora, Europa kapitalistaren arartekotasunaren bidez. Salatu da ere, Aldalur-Larrañagaren "sekuestrazioa" eta honen Espainiari ematea. Horretan argi eta garbi dago, gaur Estatu kapitalisten "anti-terrorismoa" Europa mailan zehar zabaltzen zaigula. Ba dakigu, gainera, nazio inperialistek elkarrarteko akordio anti-terrorista hori izenpetu dutela. Horrela, Europako nazio guztiak antolamendu eta baimen horri atxikiak dira. Helburu guztiz garrantzitsu bat: populu zapalduen arteko elkartasuna aurreratu eta sakondu.
Herri zapalduen ituna
Bretainian bertan, Iparraldeak dituen problema berdinak dira: langabezia, gazteen Parisera joatea, lur saltzeak, kulturaren hilzoria eta frantses gobernuaren inperialismo gogorra, baita zentralismo ezinago pisua
Brest-eko biltzarren horretatik zer atera daiteke? Lehen puntu bat eta guztiz itxarongarria, eta hori da elkartasuna. Puntu historikoa dela Bresteko ituna, ez da dudarik. Historikoa esaten dugu, ezen gaur kapitalistak baizik ez zaizkigulakotz elkartzen, eta jakina, beren interesen defendatzeko. Beraz, huts eta eskas hori, nolabait bete nahiz sortu da Herri Zapalduen Elkartasuna. Ez da oraindik gauza egina baina egitura hor dago, elkarrizketa ere bai eta zapalduak hor dabiltza. Europa inperialistak bere parlamentua aukeratuko duen une honetan, horrelako populu zapalduen itun eta plataforma bat beharrezkoa zegoen.
Sindikalismoaren borroka nazio bakoitzaren mugetan neurtzen zaigu eta frontera administratiboak hor daude langileen bereizgarri. Europa komunak hori kenduko eta aldatuko digula ez pentsa, kapitalaren pasabideak baizik ez ditu erraztuko. Diruaren internazionalismoaren izenean, bistan da. Hutsune horri nahi dio erantzun Brest-eko itunak. Horregatik da historikoa.
Euskal Herria
Dirua behar dugu! SEASKAri erantzun
Urte honen hasieran, X Hazparneko Herri batzarrak, azterketa bat plazaratu zigun. Galderak hauk izan ziren: Nahi zenukea euskara ikasi irakurtzen, idazten eta mintzatzen? Erantzuna: % 67, 79k beren baietza eman zieten. Esan behar da azterketa oinharritzen eta mugatzen zela 17 eta 35 urteetako gizon-emakumeengan. Beraz, jende gazteengan eta herriaren itxaropenean.
Bigarren urratsa izan zen administralgoarena. Hain zuzen, joan den Hazilean elkartu zitzaigun Lapurdiko auzapezen elkartea. Denek, eskuineko eta ezkerrekoek aho batez derasaten "euskara behar da zaindu, lagundu eta maila ofizial batetara jaso!" Harrigarriena, jaun prefetak berak (gobernuaren lehen poliziak), euskaraz egin zigun bere mintzaldia. Labaguerie jaunak ere, uste izan zuen "Izpiritu saindua jaitsia zela MONFRAIX prefetaren gainera". Oi mirakulu espantarria esaten digu gure elizetako kantu zaharrenen batek. Hirugarren urratsa izan da Mazurie jaun famatuak Soud-Ouest kazetari eman duen elkarrizketa (27/1/78). Esaten zigun "luzaz eta luzaz mintzaira etnikoek jasan dute "Jakobinismoaren" borroka (...) eta XX belaunaldirarte gizona preziatua zen frantses mintzairaren jakintasunetik edo jabetasunetik. Frantses irakaskuntzan mintzaira etnikoek behar dute beren lekua, beren leku guztia, frantses aberriarenak direlako", "les langues etniques doivent avoir leur place, toute leur place, elles font partie d'un PATRIMOINE NATIONAL".
Ba dakigu ere jaun NAZIONALISTA honek zenbat saio eta saio eraiki dizkigun euskara trabatu beharrean. Guztiok oroit gara oraino Donapaleuko ikastolaren arazoaz. Alde batetik euskara ofizializatu behar dela, lagundu, aurreratu eta bestetik izorraldiak, otsojokoak. MONFRAIX euskaraz eta Mazurie dena ele zuri. Hots, biak elkarren irudi. Euskaldunok ba dakigu mirakulu edo mirarietan ez dugula gehiago sinesten, ekintzek baizik ez gaituzte konbentziaraziko. Eta oraino inork ezin esan zein azpipentsaldirekin, zein azpihelbururekin eginak airen ekintzak ere. Dena dela, arbola bere fruituetatik juja dezagun eta entzun SEASKA ikastolen elkarteak zer ????
SEASKA eta populuaren galdeak
Hazparneko gazteek euskara ikasi nahi dutela esan dugu baina ez da nahi bakarrik Hazpandarrena. Iparraldeko aitama askorena da. Berauen haurrek euskara jakitea eta erabiltzea nahi dute, ezin uka hau izan behar litzatekeela euskaldun bakoitzaren eginbehar premiatsuena. Lehenago ohituraz egiten genuena, gaur konbikzioz egin behar dugu. Horretarako sortu genituen ikastolak, populuak sortu. Hain zuzen, beharrezko da konturatzea ikastolarik ez zigula frantses irakaskuntzak, ez prefetak, ez Mazurik sortu (nahiz gaurkoan ari zaizkigun beren hatzapar beltza ikastoletan sartu beharrez, edo guttienez sartzeko ametsetan. Benetako inperialismoa! Geuk euskaldunok zain ditzagun geure borrokaren fruitua!...).
Baina, gobernukeriak harma asko dauzka. Lehena, bortitzena (ikastolaren debekatzea) eta bigarrena maltzurrarena, azpijokoa, hain zuzen, diruarena. Guztiok dakigu eta egun guztiez dakusagu errealismoaren lege hotza topatzen dugula. Administrazioak euskara behar duela derasa baina dirurik ez eman nahi. Horretan nabari al da ikastoletan dabiltzan haurrak ez direla osoki frantsesak? Frantsesaren inperialismoaren indarrez? Egia da! Ez gara izpirik ere frantsesak. Eta, hain zuzen, hori berori dakusa frantses irakaskuntzak eta frantses gobernuak. Hargatik indarra, bere. era guztietan, beharrezko zaio. Orduan, euskaldunok, alderantziz, populuaren indarra beharko bere era guztietara. Gaurkoan, Iparraldearentzat behintzat eta SEASKA arazoari dagokionez dirua behar dugu.
Hegoaldeari dei egiten da
Iparraldea Euskadi da. Bere esan eta bere baserrietan euskalduntasuna dauka. Jakina ez Hegoaldekoa bezalakoa baina euskalduntasuna halere. Euskal Herriaren % 90 da, beraz, inork ezin uka indar mamitsuena eta dinamika handiena hor dagoela. Horregatik SEASKAren diru laguntza galde honek nahi du Euskal Herri osorako izan. Batipat, euskal Hegoalderako.
Ekintzaren lege hotza? Parte bai segurik bai, baina ezin da bestela! Elkartasunaren lege sakona? Egia da. Eta nola daiteke bestela? Aberri bat bakarra da. Aberri bat bakarra inperialismo guztien aurka.
Apirilaren 17an, SEASKAk eman digu bere arazoen berri. Joan den urtean mobilizazio berdina eskatu zuen Iparraldekoengandik eta aurten berregitera behartua da. Bere kanpaina izendatzen du "Libera bat euskaldun bakoitz" edo "1 franc par basque". Laguntza galde honen arrazoiak asko dira eta politikazkoak aztertuak ditugulako, orain emanen ditut praktikoak, SEASKAk berak emanak.
Presupostua goititu
78 urterako Maitia zuzendariak esaten digu 1.500.000 franko despendio izanen direla guttienez. Dirualde honen barruan dabiltza 35 irakasleen eta 3 bulegolarien ogibideak. Gainera hor dabiltza ere lehen mailaren arazoak, alokairuenak eta kantinenak (haurren jantokiak eta ikastokiak). Honela, Maitiak esaten zigun zenbait ikastetxetan irakasleek berek behar dutela hargin eta igeltsari bilakatu. Hargatik, joan den urteari gonbaratuz aurtengo presupostua % 50 gehiago izanen da.
Gainera, SEASKAk egin digu azterketa bat oso interesgarria eta guztiz jakingarria. "Frantses irakaskuntzan haur batek 5.200 F kostatzen du, 1.200 F herriari eta 800 F departamentuari. Beraz, Euskal Herriko herriek, departamentuak eta frantses irakaskuntzak, 680.000 F baztertzen dituzte ikastolei esker. Horregatik uste genuen administrazio maila guzti horiek laguntza gehiago eginen zigutela, 150.000 F herriarengandik eta 350.000 F departamentutik. Zoritxarrez, 120.000 F baizik ez dute eman SEASKAri. Hori dela eta SEASKA elkarteak pentsatu du HERRIARI oihu egitea eta honen laguntza galdatzea. Itxaropen dugu herriaren erantzuna zabala eta egokia izanen dela".
SEASKA
8, rue THIERS
64100-BAIONA tel: 25 10 53
Frantses arrazista horik
Euskaldunok arrazistak omen gara, baina gure ustez, konplimendu berdina frantsesei egitera behartuak gara. Ez guk pentsaturik, beraiek geure diferentzia eta geure lana ez digutelako onhartzen. Frantses arrazistak? Bai, frantses arrazistak.
M.L. Uhaitze
"Euskal iraultzaren ideologian oso zaila da aurrera jotzea, milimetroka egiten da hau.
Atzera, ordea, kilometroka egiten da."
Edonork
Sarrera
Hortik esaten da, eta nik uste dut arrazoi guztiarekin, iraultzaile ideologiak krisisean daudela. Munduari begirada bat botatzea baizik ez dago, batez ere Europari.
Euskal Herrian, abertzale iraultzaileak ere krisisean omen daude. Burruka mantentzen zuen sugarra itzaltzen ote?
Nik uste dut krisis hau ez dela gauza berria. Edozein mementutan, edozein herritan eta edozein ideologiaren inguruan eman dira krisisak. Areago Euskal Herrian. 1960.ean hasten den prozesua kontraesanez beterik agertzen zaigula nork uka? Aurrera jo da, ordea, bai ideologi mailan eta bai politik mailan. Mundua dialektikoki ikusi nahi dugunok krisialdi honen irtenbidea topatzen saiatu behar dugu.
Gaur egun, abertzale sozialista deitzen dugu geure burua. Independentzia eta sozialismoaren alde agertzen gara. Askatasun nazionala eta soziala txanpon baten bi aurpegiak direla esaten dugu. Baina hau guztiau gaur hain lasai esateko urte askotako burrukak pasatu behar izan du, burrukan frogatzen baita ideologia baten edo besteren balioa.
8 urte behar izan ziren gaur oso lasai onhartzen dugun berauxe ulertzeko. Ehundako eztabaidak, erretzeak eta abarrak beharrezkoak izan ziren ondorio horietara heltzeko. Harrez gero Marx, Lenin eta abar oso ezagunak bihurtu zaizkigu. Iraultzarako giltza non topatu ibili gara eta gabiltza.
Ikusi dugu nola eman den iraultza beste herrietan, eta askotan letraz letra nahi izan dugu honeratu, hauxe egin dugun bakoitzean burua paretaren kontra hautsi dugularik. Eta hemen dagoke, beharbada, guretzat puntu interesgarri bat, hau da, onhartzea eta asumitzea gure prozesua berezia dela, inongo modelorik ez dugula, geuk egingo dugula modeloa. Eta horretarako behar den bezain irekiak izaten jakin behar dugu.
Ideologiaz
Gaur arteko burrukalditik atera ditzakegun ideologi mailako puntu nagusienak hauxek lirateke:
- Nazional eta sozial zapalkuntza onhartzea. Honen ondorioz, gure kontsigna estrategikoak ateratzen ditugularik: Independentzia eta Sozialismoa.
- Burrukaren eragile eta zuzendari gertatu zaigun erakunde harmatua. Honek, gainera, herri mailako burrukari berezitasuna eman dio: autoeraketa.
1974.etik gaur arte, etengabeko buruapurtze batetan gaude murgildurik, "egoera berria" dela eta. Nola eman aurpegi egoera berri honi? 1974.ean, zihur asko, ez zen pentsatzen arazo honek hainbeste buruhauste sortuko zuenik.
Erantzunak tipo desberdinetakoak izan dira.
Lehenengoz eta behin, erakunde harmatua bakarrik, ala erakunde harmatua eta alderdia behar ziren ala ez izan zen gure arteko kontradikzio nagusiena. Bi urte luzez iraun zuen kontradikzio honek.
Geroago, jadanik sortu beharrezko zen alderdiari buruzko teoriaren inguruan izan genuen kontradikzioa. Alderdi bakar bat behar zen ala bi, komunista eta sozialista izanik berauk. Honen inguruan ere bota genuen makina bat ordu.
Ondorioa
Gaur eskuartean daukaguna hauxe da: burruka harmatua, alderdia, masa erakundeak, autoorganizazioa. Errealitate honetatik abiatu behar dugu irtenbidea topatzeko orduan. Material hau ondo moldatzen jakin behar dugu.
Nire ustez, historian aurrera atera nahi baldin badugu, ideologi eta politik mailan urrats berri bat eman nahi badugu, hauen arteko koordinaketa zuzena topatu beharra daukagu. Eta hau hauen artean kontradikziorik ez dagoen bitartean lortuko dugu. Egin dezagun bada, kontradikziorik ez izateko bidea, koordina gaitezen eta burrukan ikusiko dugu bakoitzaren funtzioa eta besteekiko harremana zertan dautzan.
Ez gaitezen eskema eginetan jaus, ireki ditzagun begiak eta adi adi ikus dezagun burruka honen eboluzioa, bera izango baitzaigu irakaslerik onena.
Mendizabal
Munduko langileen arteko solidaritatea mundua bezain zaharra da. Herri desberdinetako langileek beren askatasunaren alde daramaten burrukaren sinboloa dugu maiatzaren lehena.
Guk, Euskal Herriko langileok, nazio kolektibitate zapaldu baten parte izanik, aspalditik ezagutzen dugu maiatzaren lehenaren esangura sozial, nazional eta internazionala zein den.
Eta horregatik, Euskal Herriko langile klaseak burruka egin du eta egiten dihardu, klasearen batasuna eta solidaritate internazionalaren etsaiak diren konbentzionalismo burjes ttikia, zentralismo amorratua eta sozial inperialismoaren kontra.
Euskal Herriak, zentzu honetan, dimentsio berri bat eman dio klase burrukari, zeren hemengo langile klaseak kontzienteki eta objetiboki asumitu baitu askapen nazionalaren aldeko burruka. Honi esker, burjeseria nazionalari iniziatiba kendu ahal izan zaio alor honetan eta, bide batez, behera bota dira "nazio zapalduen askatasunerako burruka, burjeseria nazionalak dinamizaturiko prozesua zela, eta horregatik klase menperatzaileen interesei zegokien arazoa zela" esan zutenen "klitxe" sozial inperialistak.
Gure aportaketak, sozialista eta nazio zapaldu baten langileak izanik, internazionalismoaren kontzeptuari dagokionez garrantzi berezia dauka, hau da: nazionalitateen alorrari projekzio dialektiko berri bat ematea eta langile klasearen protagonismoa bere, eginkizun historikotik apartatu nahi dutenen interes ezkutuen gainean dago, projekzio horretan. Euskal Herriko langileria eta populuaren burrukek iritsi dituzten mailen garrantziaz, argi nabari daiteke nolakoa den langileok geure libertatearen konkistan asumitu dugun papera.
Esepzio legeak, lagun asesinatuak, heriotze zigorrak, gartzela eta atzerrialdiak, torturak eta klandestinitateetarik gogorrena ere ez dira gure arteko solidaritatea, modurik gogorrenean agertzeko oztoporik izan.
Estatu zapaltzaile eta sistema esplotatzailearen aurkako burruka denominadore komuntzat hartuz, etorkinak eta bertokoak, denok batera gertatu gara "barrikaden alderdi berean" eta horrela, denok askatasunaren alde elkarrekin burrukatuz, gogorrago bihurtu dira gure populua eta Espainol Estatuko herrien arteko solidaritatezko loturak.
Burgoseko prozesua, Gasteizeko asasinatuak, Txiki eta Otaegiren afusilamenduak, Euskal Herriko mobilizazio eta greba orokorrak, etab., etab., izan dira frankismoaren sustraiak kordoka jarri zituzten beste hainbat egun oroigarri.
Aurtengo maiatzaren lehena, Estatuko herri guztietatik etorri eta, solidaritatezko loturak sortuz, gure anaiak bilakatu diren langileentzako omenaldi eguna izan da, eta lotura hauk dira gizon eta herri libreen gizarte bat eraikitzeko behar beharrezko oinharria.
1978.eko maiatzaren lehena, azken 43 urteotan tolerantziaz, baina ez askatasunaz "hospatu" den lehena izan da. Eta langile mobilizazioei eman nahi diegun izaeraz, balantze politiko eta analisis sakon bat egiteko oinharritzat hartu behar dugu egun hori.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako manifestazioetan bildu den jendetza izugarria, zerbait egiaztagarri eta positiboa izan da, baina egia da ere, eta hau negatibo eta batasunaren kontrakotzat jotzen dut, sindikal "fetitxismoaren" portaera protagonista eta esklusibista.
Maiatzaren lehena hutsune anekdotiko eta folklorikoan erortzea nahi ez dugulako, jarrera kritikoak hartu behar ditugu gaur egun probokatzaile eta fetitxe sindikalen kontra.
Hurrengo urteetako maiatzaren lehenak batasun eta burruka egunak izatea behar dugu, eta aurten baino burruka modu kalifikatuago bat, Euskadiko langileok pairatzen dugun zapalkuntza bikoitza eta libertate faltari erantzuteko.
Behar beharrezkoa da guretzat iniziatiba burjeseria eta bere U.C.D.ren gobernuaren eskutatik kentzea berriz ere, eta beti egon garen lekuan mantentzea, hots, Herri eta langile burruken aurrean; Euskadiko herri osoaren aurrean; "barrikaden alderdi honetan", zeren honela, hipoteka eta paktu lotsagarririk gabe, Euskal Herriko langile mugimenduak eta Espainiako Estatuko beste herriek hain beharrezko dugun batasuna eraiki ahal izango baitugu.
Ez dugu parlamentuko ekintzarik arbuiatzen, baina langile eta herri iniziatiben osagarri bezala ikusten dugu; baina sekula ere ez du izan behar hauen sustituzio bat; eta are guttiago, ez du izan behar Suarezen gobernuaren tresna bat, oposizioaren parte handi baten konformismoaz, desmobilizaziorako eta herriaren parte batek denon interesen kontra eta gure atzetik sinatu diren paktuak onhar ditzan.
Herrien arteko solidaritatea, demagogiarik eta interes partidistarik gabe ager dadin burrukatuko gara. Gure solidaritatea eta laguntza osoa emateko prest gaude, baina honen ordez, zapalkuntza nazional eta esplotazio sozialaren kontrako burrukan errespetua eta laguntza esijitzen dugu.
Honela bakarrik lortuko dugu nahi dugun Internazionala eraikitzea; klase kontestu baten barnean, herri eta langile klasearen batasunaren oinharritzat solidaritatea, berdintasuna eta eikarrekiko errespetua izango dituen Internazionala.
Gora Euskal Herriko eta munduko langileria!
Jon Idigoras
Etorkinei buruzko ene esanak direla bide, ene pentsakera askoz lehenagotik batere gogoko ez duten batzuri hizpidea eman omen diet oraingoan.
Artikulu luze bat argitarazi dut honetaz joan den asteko "Punto y Hora"-n (1978-IV-27); eta, denak ados izan ala ez izan, argi-eta-garbi azaldu dut erdaraz neure irizkera. Otoi, beraz: onez-onetara ari denari bederen, hartara jotzeko eskatuko nioke. Hura bera berriro hemen itzultzeak ez luke baliotasun handirik.
Ni heu euskal "odol garbikoa" ez izanik (ene "Alvarez" bera lekuko), nekez izan ninteke arrazakoia.
Serologiak behin eta berriz erakutsi duenez, hau ba dakigu, dudarik gabe esan behar da "Akitaniako Triangelu"-an ("Vasconia" Zaharrean, alegia), "arraza" dei daitekeen zerbait izan dela gaur arte. Baina ez nik eta ez beste inork proposatu du serologi-zertifikaturik eskubide politikoen oinarritzat... Serologiak eman ditzakeen datoak, bestalde, estatistikoak dira; eta ez pertsonalak.
Matematika apur bat jakinez gero, azkenekorik, errazki jabe daiteke edonor "arraza"ren ahuleziaz; zeren lehenengo belaunaldian 2 guraso baditugu, bigarrenean 22 = 4 aitona-amona baititugu; hirugarrenean 23 = 8 birraitona-amona; eta, atzerago joanez gero, n belaunetan, 2n aitaso baititugu. Aski da, hortaz, bost mendez atzera jotzea (20 belaunaldi, eman dezagun), sortzen den kopuruaren gaitzaz harritzeko: 220 = 1.048.576 arbaso! Nekez pentsa dezake inork. XVI. mendeko bere arbaso guztiok "odol garbikoak" zirenik... Nik bederen ez nuke postura handiegirik egingo!
"Odol garbi"aren kontuak (eta "odol garbi" horri omen legozkiokeen "bertute" harrigarriak) ipuin hutsak dira. "Odol garbi"rik ez dago. Denok gara, gehiago ala gutxiago, odol nahasikoak. Eta ni neu lehenengoa, eta beste asko baino nabarmenkiago. Gizona ez du, gainera, "odolak" egiten; eta egiten duen heinean ere, "odol" hori "garbia" nekez delako, nekez ere proposa daiteke gaur arrazakeriarik.
Baina argudio eta arrazoin sakonetara gabe ere, gauza nabarmena da ez dutela gizona bere etorkiak edo bere deiturak egiten, bere gizarte giro eta inguruneak baizik.
Ameriketako euskal multzoak ezagutuak ditut nik han bertan: Idahon, Nevadan, Mexicon, Venezuelan, Colombian. Itsua izan behar litzateke han gertatu denaz ez jabetzeko: jatorriz euskaldunak diren jende haiek, bertakotu egin dira osotara; mexicotartu egin dira, idahotartu, venezuelatartu. Hara joandakoen seme-alabak, batez ere, eta zer esanik ez ilobez, hangoak dira goitik beheraino; eta euskalduntzat jotzea, edo aberri-arazoaz zinez kezkatzen direla uste izatea, pikuan egotea da, eta ametsik zoroenetan kulunkatzea. Ameriketako euskaldunak, gizatalde gisa, galduak ditu Euskal Herriak. Eta odolak eta arrazak ezer gutxi dute ikustekorik horretan guztian. Baina, erdaraz esatekotan, "el hombre no es de donde nace, sino de donde pace".
Ameriketako gertakari honek, ordea, ni tristuraz-edo bete beharrean, esperantzaz betetzen nau. Zeren Ameriketako euskaldunak galduak badira Euskal Herriarentzako, arrazoin berberarengatik (eta uste honetan nago sinetsita gero eta irmoago) Españako lurraldeetatik heldu diren etorkinak (eta areago berauen ondorengoak) galduak izango baitira españatar inperialismoarentzat. David Alvarez eta Txiki Paredes, gaur gaurkoz harrigarri gerta badaitezke ere, etorkizunaren aintzindariak dira hain zuzen.
Euskal giroa behar, horretarako; eta euskal giroa izan dadin, euskal agintea behar. Erdal giroari euskal giroa nagusitzen ez bazaio, etorkinak guri ez baina gu geu gatzaizkio egokituko giro "franco-español" horri.
Asimilakuntza beti gertatzen da; hori bai. Baina soziologi-giroaren alde mamitzen da; eta ez deklarazioen edo abstrazioen alde. Peru-n bizi diren euskaldun etorkinak, adibidez, (eta ez naiz hipotesitan mintzo), ez dira ketxwatartu, perutartu eta "limeño" bihurtu baizik. Eta Bretañara joan direnak, ez dira bretoindartu, frantsestu baizik.
Gure arazoa, hitz batez, eta ez etorkinengatik bakarrik, instituzioen eta euskal gizaroaren euskalkuntzan datza.
Egun hauetan irakurri dudanez, ordea, "vergüenza" bide zaio zenbait aberkideri honela pentsatzea. Eta ene galdera zuzenean doakie: zergatik dira "lotsagarri" artikulu hau edo "Respuesta al comité de emigrantes" delakoa? Zertan dago arrazakeria? Erantzunaren zai nauzue.
Gure herrian inor baldin bada, eta betidanik inor izan baldin bada, zanpatua eta ukatua; alderdi abertzaleetan beretan, bai atzo eta bai gaur, inor baldin badago behin eta berriz, eta mila bider, zafratua, ukatua eta bihotzaren erdian akuilatua, euskalduna da eta izan da. Hauxe bai mingarria eta lotsagarria. Eustakiok xuxen zionez: "arrotz neure herrian".
Baina lotsa hauek ez dira aipatzen; eta eztena abertzaleontzat gordetzen da... Eta "euskal inperialismo"aren arriskuak aipatzen dira; eta euskaltzale etsituen "gehiegikeriak"... Mutilak, mutilak! Ez ote zaizue aski inperialismoak jasan-erazitako galbarioa? Zerok ere kolpatu behar?
Gurekiko gupida bederen izateko eskatu beharko ahal diegu azkenean gure arteko "quisling" horiei?
Txillardegi
Donostian, 1978-V-4
Aurreko batean aldizkari "berri" bat: "Herria-2000-Eliza" eta liburu berri bat: "Herria-Eliza EUSKADI Pueblo-Iglesia" aipatzen nituen, albiste pozgarri bezala. Hala ere esan beharra dago, erlijioari buruzko euskal liburugintza eta pentsamendua oso pobreturik dabiltzala.
Aurtengo JAKIN Aldizkariaren lehen zenbakian J.M. Torrealdayk azterketa bat egina du, 1977.eko euskal liburugintzari buruz. Erlijiozko tradukzioa hirugarren lekuan dago, 13 libururekin eta 8,5 %-rekin. Aurretik dauzka Hizkuntzalaritza eta Literatura. Ohorezko lekua, esango genuke agian.
Baina bi puntu hartu behar dira kontutan: 1) J.M. Torrealdayk berak nabarmentzen duenez, liburu horietatik gehienak katekesi liburuak dira; ez dago, beraz, pentsamendu sorkuntzarik. 2) Nahiz eta euskal liburugintzan hirugarren lekua eduki erlijioak, alor honetako produkzioa gainbehera etorri dela esan beharra dago, batez ere liburugintza osoari begiratzen baldin badiogu. Euskal liburugintza, nekez bada ere, kultur alor berriak irabazi eta konkistatu nahian dabilen honetan, erlijioaren alorrean atzeraka datorrela dirudi.
Garai batetan euskal kultura idatzia ia-ia erlijioaren monopolioa zen; seinale txarra, euskal kulturarentzat! Baina beste kultur alorretan euskal liburugintza gora etorri den urte hauetan, erlijiozkoa oso moteldua gelditzea ez dut uste seinale ona denik, Elizaren eta kristauen indar soziala hain garrantzi handikoa baita oraindik orain Euskal Herrian.
Zergatik erlijiozko pentsamenduaren agorraldi hau? Zergatik ez da erlijiozko kultura euskal kultura osoaren azken urteotako dinamikarekin batera joan?
Sekularpena eta elizaren beherapena
Arrazoin soziologikoak nabarmendu ohi dira gehienetan. Eta seguraski egiazkoak dira.
Euskal gizartea, eta horrekin batera, euskal kultura bera sekulartu egin dira. Zalantzarik gabe, euskarak eta euskarazko kulturak ekinaldi galanta eta luzea darama mundu sekularraren barrutia konkistatzeko. Pozgarria da hauxe. Euskal kulturan ihardun den eliztar asko ere bide horretatik saiatu izan da, alor berriak irabazten.
Baina kulturaren sekularpena eta autonomia onhartu eta indartu den heinean, euskal kristau pentsalariek eta erlijio kulturegileek ez dute aldi berean Euskal Herri sekulartu horretan erlijiozko pentsamendua integratzen eta aberasten jakin. Zokoratuz joan da, bere barruti bereizia gorde nahian edo. Eta honek kaskartu eta pobretu egin du erlijiozko pentsamendua, euskal kultura sekulartua handitzen zen bitartean.
Baina ez da hori bakarrik, erlijiozko liburugintzaren beherapenaren arrazoia. Beherapen horrek ba du zerikusirik, euskal gizartean Elizak berak izan duen beherapenarekin. Alde batetik, garai "hartan" zuen itzal soziala eta kulturala galdu du erlijiozkoak. Bestetik, gogoan eduki beharra dago, euskal kultur taldeak eta zentruak ugarituz eta indartuz joan diren honetan, erlijio pentsamendua sortu eta zabal zezaketen Eliz zentruak —Seminarioak, teologaduak, etab.— urrituz eta motelduz joan direla.
Euskal Elizak bere pentsamendua behar
Ez da garaia, atzera begira jartzekoa, aspaldiko mundu eta kultura sakralizatu haietara itzuli nahian edo. Euskal Elizarentzat erlijio pentsamendua indartzea eta aberastea behar-beharrezkoa dela esaten baldin bada, ez da adierazi nahi, bere sekulartasuna eta autonomia lortu dituen euskal kultura berriz ere bere magalpera edota menpera eramaten saiatu behar duenik Elizak. Hasiera-hasieratik euskal kulturaren beregaintasuna eta autonomia onhartu, aitortu eta finkatu beharra dauka erlijiozko pentsamenduak. Horren barnean jokatu beharra dauka bere jokoa, erlijio kultura bezala; ez gainetik, hori menperatzeko edo.
Hala ere, Euskal Elizaz mintzatzen ari gara. Horixe eskatzen ari dira kristauak eta kristau ez direnak. Baina ez dago euskal Elizarik, bere pentsamendua. etengabe sortzen eta gorpuzten saiatzen ez den bitartean. Euskal teologiarik gabe, nekez definitu eta indartu ahal izango da euskal Eliza,
Euskal teologi zentruak —Seminarioak eta teologatuak— urritu egin dira Euskal Herrian. Jainkoari esker! Hobe da indar guztiak batean bildurik, askotan sakabanaturik baino. Oraindik ere sakabanatuegiak daude euskal teologi indarrak. Euskal Elizak ezin ditzake hiru Fakultate manten, bataiatu guztiak teologia ikastera behartzen ez baldin baditu!
Hiru teologi Fakultate Euskal Herrian eta euskal fakultaterik bat bakarrik ere ez Euskal Elizarentzat! Teologi fakultateak sarriegitan Erromako Fakultate "unibertsalen" irudira irudikatu eta antolatu izan dira, "teologia unibertsal" eta "philosophia perennis" baten zerbitzuan.
Orain dela urte batzu sortu zen Donostiako Martutenen Teologi eta Pastoraltza zentru bat. Bere lan egokia egiten ari da, teologiazko pentsamendua bizkortzeko eta Euskal Herriaren dinamikari egokitzeko. Orain Euskal Teologi Institutu berri bat sortzera doa, orain arte hiru Teologi Fakultateek eman ez dutena eskaini nahian edo. Euskaraz izango omen. Agian oinharri berri batzu jartzen ari dira, Euskal Elizarentzat euskal teologia bideratzeko.
Baina teologi zentruez gainera, erlijio eta teologi pentsamendua aldizkarien eta liburuen bitartez bizkortu eta sakondu beharra dago. Ba da euskaraz teologi aldizkari bat: JAUNAREN DEIA. Euskal kristauen, eliztarren, elizgizonen eta kristau pentsalari eta teologilarien aldetik harrera handiagoa balu, seguraski eragina ere handiagoa ukango luke.
Katalunian ba da Teologilarien Elkarte bat, Kataluniako Elizan erlijio eta teologiazko pentsamendua indartzeko. Honelakorik bultzatu beharko lukete euskal teologariek ere. Honetarako egin zen ekinaldi batek fruitu handirik eman ez bazuen ere, horrek ez du esan nahi euskal teologilarien Elkartea egokia eta beharrezkoa ez denik, Euskal Elizaren fedea euskal dinamika sozial, politiko, kulturazko eta ekonomikoan finkatuko eta sakonki gorpuztuko baldin bada.
Eta egokia eta beharrezko baldin bada, egingarria da.
Paulo Agirrebaltzategi
Frantses eta espainol polizia maitemindurik
Hemendik aurrera, espainol eta frantses poliziaren arteko elkar laguntza bizkortu eta hobetu behar omen dute. Hori diote, behintzat, Madrilgo despatxu diplomatikoetan.
Horretarako, barne arazoetarako ministrari diren Christian Bonnet, frantsesa, eta Martín Villa, espainola, laster bilduko dira. Euskadiri buruz hitz egingo dutela zihur egon gaitezke.
Bai pozik egonen dela Margarida superagentea! Hemendik aurrera dena eskura emanen diote.
Laster, gendarmeak ikusiko ditugu Iruineko manifestaldiak desegiten, eta grisak, berriz, Frantzialdera sartuko dira, errefuxiatuak detenitzera. Martxa honetan, ez dute extradiziorik eskatu beharko, eta ez mugarik izanen. Dena libre izango da poliziarentzat.
Hori da "Europa sin fronteras"!
Zorionez PNV eta PSOE akordio batetara heldu dira kontzertu ekonomikoei buruz. Kontzertu politikorik ez dute lortuko, baina haizearen puzkar usain gabea guttiago da oraindik.
Gainera, PSOE eta PSP elkartu dira. Zorionak. Elkartzeko lanak oso gogorrak izaten dira gehienetan.
Eta Aldalurren gertakizuna zer?
Non daude partidu demokratikoak? Non daude gizaeskubideen defendatzaileak? Poeta bezala etxean gelditu al dira?
Oh! partidu politiko birjinak, puruak eta santuak! Botuaren papeleta jasotzeko bakarrik oihukatzen al duzue demokrazia?
Oh! partidu politiko kastuak, limosnariak eta analistak! Zuen politikari ez al zaio komeni frantses eta espainol polizia salatzea?
Oh! partidu maiteok! Aldalurri egin diotena Euskal Herriari egin diote!... Eta zuek, poeta bezala, etxean gelditu zarete ateak itxita. Partidu inutilok!
Denok ba dakigu zer pasatu den Aldalurrekin. Frantziak ez du bere konstituzioa errespetatu, ez eta Ginebrako konbentzioa ere. Bitartean, Aldalur Jakan aurkitzen da. Eta partidu politikoak parlamentuko tabernan tratuak eta akordioak egiten, ea zer nori eman bozketetan.
Horrela da mundua.
Beste alde batetik, moltsa gora doa. Sekulan baino igoera handiagoak ditu, azken egunotan. Moltsa gora eta gure sakeleko sosak behera, martxa honetan garbantzuz betetzen hasi beharko dugu galtzetako kartera. Galtzak ez baldin baditugu galtzen, bederen.
Hau jakiteko, galde diezaiogun Babcock Wilcox-eko langileriari. Horiek ba dakite ongi zer pasatzen den sakelak hutsik daudenean.
Iosu Alezuri
Iruineko tiroteo baten kronologia
Orain dela zenbait egun, gertakizun harrigarri bat gertatu zen Iruinean. Agian, oso normala da Euskal Herrian, baina hala ere kondatu behar dut. Merezi du.
Maiatzaren lehenean, arratsaldean, Iruineko manifestaldi batetan bi gazte detenitu zituzten. Biharamonean, gartzelera eraman zituzten.
Berri hau jakin zenean, gazte talde bat bildu zen manifestaldi bat egiteko. Berrogeiren bat ziren. Labrit frontoiaren ondoan zeuden, eta Txantreara doan karreteran barrikada bat egin zuten.
Ni han nengoen. Liburu batzurekin nentorren eta begiratzen gelditu nintzen.
Barrikada egin zutenean (oso ongi egina, gainera), oihuka hasi ziren. Mementu horretan, bi polizia sekreta etorri ziren auto batetan. Autoa Seat 124 bat zen, eta matrikula BI-7431-I zela uste dut. Orain ez nago zihur, baina hala uste dut.
Bada, autoa zetorrela ikusi zutenean gazteek, harriak botatzen hasi zitzaizkion. Gazteek ba zekiten sekretena zela eta horregatik botatzen zizkioten harriak autoari.
Kristal guztiak hautsi zizkioten autoari, eta bi sekretek ihes egin zuten korrika. Orduan, gazte batzuren artean autoa irauli zuten eta su ematen hasi ziren.
Beste gazteak pixka bat urrundu ziren, eta bat bakarrik gelditu zen autoaren ondoan, petardo txiki batzu prestatzen.
Horrela minutu batzuk pasatu ziren. Bitartean, sekretak ezkutatu ziren eta geroxeago karreteraren goiko aldetik agertu ziren.
Orduan izan zen mementu gogorra.
Bi sekretek pistola atera zuten, eta batek bi tiro bota zizkion gazteari. Baina ez zuen jo. Agian, airera tiratu zuen.
Orduan, sekretak gazteari esan zion: "Si le das fuego al coche te disparo!". Mutila tente gelditu zen. Bi besoak zabaldu zituen eta poliziari begira jarri zen. "Dispara si quieres, aquí me tienes" esaten ziola zirudien.
Tentsio handia zen. Hogeiren bat pertsona geldirik geunden. Poliziak mutila apuntatzen zuen. Segunduak oso luzeak ziren.
Orduan, 091 baten sirena entzun zen. Abiada osoan zetorren Labriteko frontoi ondora. Eta gaztea han zegoen, bakarrik. Sirena entzun zuenean, korrika hasi zen.
Sekretak altua bota zion, baina mutila ez zen gelditu. Korrika jarraitu zuen. Orduan, sekretak lau tiro bota zizkion jotzera. Baina, zorionez, ez zuen betean eman.
Sekretak ezin zuen mutila detenitu, zeren, pareta baten goiko aldean baitzegoen bere lagunarekin.
Horrela, mutilak ihes egin zuen. 091 heldu zen auto txikituaren ondora, baina inor ez zegoen ia.
Orain dela zenbait egun gertatu zen hau. Zorionez, mutila salbatu zen. Baina, hil balitz? Biolentzia ez da heriotzarekin bakarrik sentitzen.
Iñaki Zabaleta
HIZTEGIA
Gertakizun = suceso, hecho.
Harrigarri = extraño.
Biharamonean = al día siguiente.
abiada = velocidad.
Hendrike Knörr-en sarrera hitzaldia Gasteizen
Apirilaren 28an, Done Prudentzio egunean, Hendrike Knörr euskaltzainak bere sarrera hitzaldia irakurri zuen publikoki Gasteizeko diputazioan. Gaia: Federiko Belaustegigoitia laudiotarra. Arabako euskaltzale eta jelkide horren gaurkotasun eta meritu harrigarriak goraipatu zituen Hendrikek, bai euskarari ematen zion garrantzian, bai euskarazko eta euskararen irakaskuntzaz, bai garbizalekeria kontuan eta orobat batasun arazoan, benetan arretaz kontsideratzekoak. Tamalez, gaurko jelkide askok ez dute Belaustegigoitiaren lana ezagutzen.
Erantzule gisa, Jose Mari Satrustegi euskaltzainak ongi etorria eman zion Knörr-i, poesi kutsuko hitzaldi eder eta egiaz zoragarria eskainiz. Diputazioburuaren, Euskal Kontseilu Nagusiko kulturarako ministrariaren eta Villasante jaunaren hitzekin bukatu zen sesioa. Gure zorionak Hendrikeri eta Arabako herri osoari.
Xabier Kintana Georgiara
Xotha Rusthaveli histori eta literatur institutuak gonbidaturik, ANAITASUNAko idazlea den Xabier Kintana, maiatzaren azken egunotan Tbilisira joanen zaigu bi hilabetetarako, Kaukasiako hizkuntzek euskararekin ukan litzaketen harremanak bertan aztertzera.
Gogora dezakegunez, ihazko uztailean georgiar zientzien akademiako ordezkari batzu Euskal Herrira etorri ziren, Euskaltzaindiarekin hizkuntzalari trukaketak nola egin tratatzera. Orduko akordioen ondorioz, georgiarrek aurten Xabier Kintana euskaltzain laguntzaileari estudio-gonbitea egin diote, eta Euskaltzaindiak, paretsuki, sovietar euskalariren bat, Greta Txantladze eta Yuri Zytsar irakasleak, hona deituko. Trukaketok ahalik eta fruitukorren izatea nahi genuke!
Iñigo gurearen perla berriak
Tarradellas bezala, Iñigo de Aguirre parlamentariak ba du jendea egunero harritzeko dohain berezia. Lehengoan kristorenak eta bost esan zituen publikoki euskal irakasbideen kontra (¿Qué se creen esos, que van a conseguir recuperar el euskera con el Euskalduntzen bajo el brazo?), beraren ustez, euskararen etorkizuna oraindik ez dugun baina dukegunean seguraski ezin hobea izanen den telebista erregionalean egonik.
Oraingoan, berriz, Deustuko Hizkuntz Eskolan egindako hitzaldi batetan, ondoko hau esan zigun, euskal kultura euskara baino lehen irakatsi behar zela, berau geroko utzita. Euskara gabeko euskal kulturarik ezin zegokeela uste genuenok behintzat nahiko harriturik utzi gintuen bertan. Okerrena baina, zera da, Iñigo de Aguirrek dioen bide horretatik segituz gero, bere telebista erregional horretatik ere euskal kultura berdin erdaraz eskainiko digula lasai asko. Kultur arduradun ederra gurea, jauna!
Hebraierazko textu zahar bat Herriberrin
Rikardo Zierbide doktoreak, Deustuko unibertsitateko irakasle denak, hebraierazko textu zahar bat aurkitu berri du Herriberrin (Oliten). Erdi Haroko liburu baten azala osotzen duen pergamio baten barruko partean aurkitua du, eta penintsulan aurkitu den bakarra omen da. Euskaltzaindiak Herriberriko Udalaren eta Zierbide jaunaren kortesiari esker, dokumentu horren argazki zehatz bat lortu du, laster Jerusalemeko hebraieraren akademiara hel araziko duena.
Dakigunez, Zierbide irakasleak, aurkikuntza garrantzitsu horri buruz, lan bat prestatua du, uztailaren hasieran, linguistikazko symposium batetan aurkeztekoa.
Poliziekin konforme, bihoaz!
Gezurra omen da Euskal Herrian dauden polizietarik erdiek lekualdatzea eskatua dutela. Bilboko polizia batzuk deklaratu dutenaren arauera, Euskal Herritik kanpora joan nahi duten poliziak ez dira erdiak, denak baizik. Ordenuaren zaintzaileen artean inork ez du gure herrian segitu nahi, zeren berton ematen diegun tratua ez baita —haien ustez, noski— hain ona.
Baina, zoritxarrez beraientzat eta geuretzat ere, poliziaren buruek ez dituzte eskabide horik haintzakotzat hartu nahi, eta denon gogoz kontra egonaraziko dituzte gure artean.
Gure ustez, ez da bat ere egokia, polizia hauen eskakizunei jaramonik ez egitea. Oso gauza gutitan esan dezakegu herri honetan poliziekin ados gaudela, honetan, aldiz, konforme gaude, bai. Joan daitezela denok, eta lehenbailehen gainera, geuk ere desio berbera baitaukagu. Horixe bakea eta lasaitasuna lortzeko biderik onena izanen bailitzateke.
Ba dakigu ongi, Madrileko poliziaren superburuek ez dutela probetxatu nahi ukanen Euskal Herriaren gogoan eta beraien "mutikoenak" betetzeko, aukera paregabeko hau. Hala ere, nahiz eta buruek onhartu ez, segur gaude, Euskal Herriak ahalegin handiak eginen dituela nahi hori bete dadin, bai eta uniformearen kolorea aldatzen badiete ere.
Konstituzio projektuaren analisia (2)
Konstituziogile taldeak egindako projektuaren analisia
Espainiako Konstituzionaren projektuak hamar titulu ditu:
I. Oinharriak.
II. Funtsezko betebehar eta eskubideak.
III. Koroa.
IV. Gorteak.
V. Gobernu eta Administrazioa.
VI. Botere Judiziala.
VII. Ekonomia eta Hazienda.
VIII. Lurralde autonomoak.
IX. Hauzitegi konstituzionala.
X. Konstituzioaren erreforma.
Konstituzio luzea da. 159 artikulo eta 5 erabaki iragankor ditu. Alderdi dogmatikoa, hau da, betebehar eta eskubideen deklarapena 47 lehen artikuluetara eta lehen bi Tituluetara hedatzen da. Eta alderdi organikoan (botereen erakuntzaren partea) daude enplegaturik beste titulu eta artikuluak. Gure ustez iturriak, Italiako gaurko konstituzioa, eta Alemaniako Errepublika Federaleko konstituzioa, hau da Bonn-eko Oinharrizko legea ditu. Ez zaio falta Frantziako Konstituzioaren ikuturen bat ere, ez eta 1931.eko Errepublikako konstituzioarenik ere.
Teknikari gagozkiolarik, ezer ere ez zaiola falta esan behar da. Titulu eta kapituluen banaketa nahiko zuzena bada ere, zenbait artikulu lekuz kanpora ditu. Agian horren arrazoia zera da: artikulu multzo bat hitzez hitz Alemania eta Italiako konstituzioetatik kopiatu izatea.
Baina konstituzioak ba du bat ere argi ez dagoen zerbait, testu osoan zehar ederki hatzeman daitekeenez. Bidenabar, batzordeak ukan dituen buruhausteen eredu ere ba da gainera. Hain zuzen ere Estatuaren kontzepzioaz ari gara. Estatuak hitz guztiok erabiltzen dira: nazionalitate eta erregio, Espainiako herriak, Espainol herria, lurralde autonomoak, Espainol Estatua etab.
Konstituzio hau, bere hildo nagusien arauera Deretxozko Estatu soziala osatzen dutenen arteko sailean sar daiteke. Era berekoak dira Estatu Kapitalista eta monopolistetako konstituzioak ere. Ez zaio berrikuntza modernoren bat ere falta, kasurako gizabanakoaren eta haren etxekoen ohorea eta barrukotasuna errespetatzeko komunikabideei ezartzen zaien mugapena, edo baita ere ingurugiroaren kalitaterako edo produktuen kalitatearen kontrolerako eskubidea.
Baina ikus ditzagun zehatzago projektuko titulu eta kapituluak.
Oinharriak
Lehen artikuluaren arauera Espainia Deretxozko Estatu Sozial eta demokratikoa egiten da. Bere Ordenamendu juridikoko balio nagusitzat honako hauk ditu: askatasuna, justizia eta aniztasun politikari begirunea.
Ohartzeraztekoa da oinharri honen atzerakoitasuna, eta batez ere Errepublikako Konstituzioaren lehen artikuluaz gonbaratzen badugu. Hark beste hau zioen: "España es una república de trabajadores de toda clase, que se organiza en régimen de libertad y de Justicia".
Alor honetan askoz ere aurrerago daude Italiako edo Frantziako Konstituzioak. Italiakoak zera dio: "Italia, lanean oinharritutako errepublika demokratiko bat da". Eta Frantziakoak: "Frantzia zati ezin daitekeen errepublika sekular, demokratiko eta soziala da".
Bigarren artikuluak zera dio: "La constitución se fundamenta en la unidad de España, y la solidaridad entre sus pueblos y reconoce el derecho a la autonomía de las nacionalidades y regiones que integran".
Beraz, Espainia batasun bat dela, mugiezina dela esaten da. Eta hori konstituzioaren oinharria izan dadila nahi da, horrela independentziaren alderako jarrerak dituztenak berehala izanen baitira antikonstituzionalak eta legez kanpokoak. Ederki nabarmentzen da hori artikulu guztietan zehar, baina laugarrenean bereziki, alderdi politikoek libreki konstituzioari eta Legeari begirunea izanez ihardun dezatela baitio. Beraz, artikulu honen arauera, HASI eta LAIA kasurako, legeztatzeko posibilitaterik gabe geratzen dira, eta gauza bera gertatzen zaie sindikatuei eta gainontzeko elkarteei, 5. artikuluaren arauera.
Guztiau 7. artikuluan berresten da. Zazpigarren artikulua banderaz ari da, eta Espainiakoa obligaziozkoa dela dio. 10.ean ere berres daiteke. Hamargarren artikulua gure ustez oso arriskugarria da, indar harmatuetaz mintzo delarik zeregin hauk eransten baitizkie: "garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional".
Ez dugu ulertzen indar harmatuak Oinharrietara sartu behar hori. Izan ere ulertezina baita konstituzio baten alderdi dogmatikoan Estatuaren administrazioko erakunde bat sartzea, indar harmatuak ez baitira beste ezer. (Begien bistan dagoena zera da: konstituzioko artikuluek politikaren errealitatea azaltzen dutela, eta artikulu honen erredakzioak ederki erakusten du harmadak mementu politiko honetan duen eragipena).
Oinharriak osatzen dituzten lehen hamar artikuluetan batez ere guri dagozkigun hiru ikuspegi nabarmenerazi nahi genituzke:
1) Espainol Estatua Mendebaldeko Estatu kapitalisten artean sartzea. Baina haiek baino ezaugarri atzerakoi bat hartuz.
2) Espainol Estatua erresuma bat dela gogorki ezartzea (Geroago ere ihardungo dugu honetaz).
3) Espainaren batasunaz egiten den baiespen absolutoa. Eta bere lurralde osotasunaren defentsaz aipatu artikulu guztietan zehar behin eta berriro iharduten da.
Baina hirugarren ikuspegiak guretzat interes berezi bat du, eta merezi du iruzkin bat gehitzea. Europako beste Estatuetan ba dira problema nazionalak, baina inondik ere ez gurean edo Catalunyan bezalakoak. Horregatik konstituziootako formulak ere ez dira Espainiako honen tamainakoak: irekiagoak dira. Bistakoa denez, Estatu horietako nazio zapalduei askatasun osoa eman nahi izatea ezina da, Estatu-Nazio kontzeptua arras indarturik baita. Baina lasai jesan daiteke Espainiako projektu honetan bezala, Estatu horietan nazioei ez zaiela autodeterminaziorako eskubideak eskatzeko posibilitatea uzten.
Italiako konstituzioak, kasurako, zera dio: Italia "Errepublika bat eta zatiezina da" eta ez dago besterik. Frantziakoak berak ere, hain zentralista izanik ez dio hauxe baino. Frantzia "errepublika haustezin bat da".
Espainiaren batasuna eta bere lurralde osotasuna kontzienteki daudela hainbeste bider esanda adierazi nahi dugu hemen. Ez baita burugabekeria "separatistei" leihatila bat ere zabalik uztea komeni.
Oinharrizko eskubide eta betebeharrak
Konstituzio projektuak 36 artikulu darabiltza oinharrizko eskubide eta betebeharrak erregulatzen. Artikuluotan argi ikusten da egun parlamentuan dauden indarrek Europaren homologapena nahi dutela, frankismoaren garai larriak lehenbailehen ahantziz.
Guk ahazteko asmo hori ontzat emango genuke pena handirik gabe, guztiorretan zenbait hutsune nabarmenduko ez bagenitu. Baina hutsune horik ba dira, eta larriak gainera batzu. Kasurako:
13 artikulua gizabanakoaren duintasunaz, hauts ezin daitezkeen bere eskubideetaz, eta ordena publikorako eta bakerako pertsonalitatearen aurrerabide libreaz ari da. Hori hala bada, nola konpontzen da independentziaren aztarnarik ere permititu nahi ezaz, eta independentziaren aldeko alderdi politikoak egiteko debekuaz?
Berdin berdin aipa daiteke 14. artikulua ere. 14. artikuluak zera dio: espainol guztiak direla berdinak legearentzat, eta beraz ezin daitekeela beraien artean, besteak beste, eritzia kausa dela bereizpenik egin.
Ez da herio zigorra kentzen denik aipatzen espresuki eta berdin dibortzioaz.
16. artikulua erlijio askatasunaz mintzo zaigu: garantizatuta dagoela dio projektuak. Baina 3. lerroaldean beste hau agertzen da; "Los poderes públicos tendrán en cuenta las creencias religiosas de la sociedad española y mantendrán las consiguientes relaciones de cooperación". Zer gertatu da erlijio askatasunaz ?
20. artikuluaz egin daitekeen iruzkina goratxoago egin dugu beste batetaz. 20. hau adierazpen askatasunaz ari da: nola uztar daitezke askatasun hori independentziaren aldeko ideiak izatea debekatzeaz?
Biltzeko eskubidea 21. artikuluak erregulatzen du. Gure ustez artikulu honek eskubidea murriztu egiten du, azken batetan kontrola aginte judizialaren eskutan beharrean, aginte gobernatiboaren eskutan jartzen baitu.
22. artikuluak elkartzeko eskubideaz dihardu. Artikulu honek gure ukapen oso osoa merezi du, konstituzioaren ordenamenduan ez dauden elkarte guztiak debekatu egiten baititu.
24. artikuluko azken esaldia ez zaigu batere zuzena iruditzen. Hain zuzen ere presoez ari da, eta haien eskubideez iharduterakoan nahiko motz geratzen delakoan gaude.
Eta 25.a ere ez zaigu batere zuzena iruditu. Artikulu honek Espainia defendatzen lagundu beharra ezartzen du, eta erredakzioa oso kaxkarra du, ez baita ezer erregulatzen ez soldadutza mutil bakoitzaren lurralde autonomoan egin beharra ez ezer.
26.a —errenta eta ondoreak ezin konfiska daitezkeela dio— edo 29.a —jabetasun eta ondare eskubideak ezagutzen ditu— guztiz atzerakoiak iruditzen zaizkigu. 29.ean jabegoaren funtzio sozialaz hitz egiten da baina oso jeneralki eta abstrakzio gehiegiz. Argi ta garbi uzten da ondasunak ken ezinak direla, baldintza berezi batzu tarteko izan ezik.
Baina 32. artikulua oso oso iruditzen zaigu grabea. Artikulu honek argi salhatzen du parlamentuko zenbait alderdiren ustezko izaera iraultzailea. Zera dio: "el empresario tiene derecho a establecer las condiciones de empleo de acuerdo con criterios de productividad y a adoptar medidas de conflicto colectivo..." Horra hor lanetik nola nahi botatzea konstituzioan legeztaturik.
Halabaina "real alternativa de poder" den PSOE irakiten jarri duen artikulua 28.a omen da. Artikulu hau irakaskuntzaz ari da, eta bertan irakaskuntza pribatua onhartzen da, hau da, Elizarena. Baina harritzen gaituena —egia esan, ez gaitu ezertxo ere harritzen— beste hau da, halegia, ustez nazionalitateei eta erregioei autonomia ematen dien konstituzio batetan euskarazko, katalanerazko, etabarretazko hezkuntza ezertarako ere ez aipatzea.
Koroa
Estatuaren batasunaz gertatzen den bezalaxe behin ta berriro ia asper erazterarte esaten da Estatua erresuma bat, erreinu bat dela, eta Erregea dela Estatuburua, eta haren, batasun eta iraunkortasunaren sinboloa. Eta zehatz mehatz, ezer ahantzi gabe legislatzen da Erregearen zereginei, jarraipenari, heriotzari eta abarri buruzko guztia.
Argi dago ponentziak zer guztiau lotu egin nahi izan duela, kontzentzuz lortu ezin dena, ezarriz. Jakinekoa baita Monarkiaz, Estatuaren batasunaz etab. ez dagoela kontzentzurik.
Norbaitek besterik esan badu ere gure ustez espainol estatuko Erregeak ez du Europako besteek baino aginte zabalagorik ukango. Monarkia parlamentarioetako erregeek dituzten ahalmen berdinak, ukango dituela esan daiteke. Orain duen agintea asko murriztuko dio konstituzioak.
Errepublika ala Monarkiaren arteko eztabaida orain oso ahuldua dago lehengo aldean. Estatuaren forma logikoena errepublikarena da gure ustez eta beraz hura defenditzera saiatu behar dugu. Nola nahi ere, eztabaida horretan bereziki interesatzen dena erregearen benetako ahalmenak mugatzea da. Egia esan, eskuarteko konstituzio projektuak Espainol Estatukoari damaizkionak ez dira zabalak.
Gorteak
Gorteek, projektuaren arauera, bi Ganbara ukango dituzte: kongresua eta Senatua.
Kapitulu honetan, besteak beste, Gorteetako partaideak espainol populua errepresentatzen dutela (58: ART.) esaten da. Eta hirurogeigarren artikuluak, Senatuaz Espainia osatzen duten lurralde autonomoetako ordezkariez egiten dela dio. Gorago esan dugu ezin ditugula inola ere "Espainia" edo "Espainol populua" kontzeptuak onhar.
Kongresuko Diputatuak sufragio orokor, libre, berdin, zuzen eta sekretuz hautatuko dira. Eta noski guztionekin dena esan da eta dena geratu da esateko, ez baita hautatzeko sistema ezertarako ere aipatzen. Baina hemen D'Hont delakoaren sistemaren "balioak" oso ditugu ezagunak.
Senatuak kongresuaren aldean inportantzia kaxkarra ukango du. Lurralde autonomoen Ganbara izan dadila nahi da. Eta hemen dago konstituzio projektu honen beste kontraesan bikain bat: lurralde autonomoei emandako autonomiak ia ez du mamirik batere, baina lurraldeentzat ganbara bat egiten da, Estatu federaletan bezalaxe.
Senadoreak hautatzeko sistema onhartezina da lurralde autonomoek ukan dezaketeen senadore kopuru haundienari muga bat jartzen zaio. Sistema horren bidez jende gutti duten probintziak, edo autonomi kontzientzia ahulena duten lurraldeen errepresentapena garantizatzen da. Gure irudiko zuzen dago diputatu eta Lurralde Autonomoko Biltzarreko kide une berean ezin izatea. Baina ezintasun hau senadoreei ere ezarri behar litzaiekeelakoan gaude.
Senatuari buruzko haria berriro hartuz, zertan izendatu behar ditu kongresuak senatuko hogei lagun? Arau hori konstituzioaren zuzenbideko edozein oinharriren kontra dago. Arau horrek helburu bat baino ezin dezake ukan: Senatua eta Lurralde autonomoek egin ditzaketen burugabekeriak kontrolatzea.
Autonomi estatuak zergatik onhartu behar ditu kongresuaren gehiengoak? Horixe ezin dugu ulertu. Autonomietaz ihardutean xehekiago ikutuko dugu puntu hau.
Gobernuaren eta Gorteen arteko harremanetaz, artikulu osoan barrena ohar daiteke Gobernua Gorteez gain dagoela. Are argiago ikusten da 91. artikuluan, Kongresuak gobernuari ezar diezaiokeen zentsura mozioaz ari dela.
Nola nahi ere artikulu hau Bonn-eko Oinharrizko Legearen 67.etik ia hitzez hitz kopiaturik dago. Eta sistema honi "Zentsura botu egile sistema" esaten zaio. Eta funtsean honela erabiltzen da: zentsura mozioa, guttienez ere, Diputatuen arteko ehuneko hamarrak presentatu behar du, eta gainera Gobernuko Lehendakaritzarako kandidatu bat proposatu behar du. Mozioa botatzeko bost egun itxaron behar dira, eta epe horretan beste batzu ere presenta daitezke. Azkenik mozioa diputatuen gehiengo osoak onhartu behar du.
Gurutz Jauregui
Pariseko kaleetan lauxaduraren azpitik ez omen ziren azkenean hondartzak ikusi ahal izan, orain hamar urte, Frantziako udaberrian. Igual dio, beharbada han leudeke oraindik eta, gutxienez, ordutik hona Frantzia eta Mendebalde guztiari ipar berriak jotzen dio; edo bai behintzat errebolta popularizatu egin zen, textuetatik kalera pasatu zelako, erlijio sozialari bere kotidianitatea eskatu zaiolako. Harez gero gauzak ez dira igualak izan, izango ere, nahiz eskuinak bere aparatu filosofikoa asimilantea atera eta ezker superkautelosak maiatz hari inportantzia kendu nahi traizioaren ostean. Lauxa berriak ipini behar, hala eta guztiz. Eta Latinoko lauxak, Portugalen krabelinak orain laur urte. Batean zein bestean ezker traidoreak —traidorea batipat beste mugimendu ezkertiarrak mespretxatzen dituelako eta hauen bizkarrean saiatzen delako kolpeak ematen zoroengandik defendatzen gizartea: estatua azken finean— ukan duen papera oso diferenta izan da, arazo diferentei dagokien legez, baina azken paper gisa: antzekoa, hutsunea ez entseiatu. Errebolta Mendebaldeko ezkerrarentzako —betikoarentzako, noski— dezimononikoa bilakatu da: paperetako lezioa.
Baina gurea da, halere, harrigarriena. Hil zen, ezen ez genuen hil, diktadorea orain hirur urte kasik, eta ez dakigu zer edo non gauden, nik neuk behintzat. Prozesu bat omen da, demokraziaranzko prozesua; hori jakiten dugu behintzat baldin ezkerretik kolpe bat ematen zaionean estatuari edo dena delakoari. Baina hortik aparte ez dago oso garbi diktadura noiz bukatu den: akaso, atzo, akaso bihar goizean. Peridisek definitu du zehazkien, nik uste, Espainiako kasua Paisen —bai, ba dakit jo eta su ari dela zuen kontra— egindako txiste batetan. Txistean honela zioen Suarezek: "UCD ni se crea ni se destruye, se transforma". Materiaren teoria edo, hori dakioke hurbilen estatu honi ezaugarritzat —rupturari zotinak—. Bitartean herritarrak ilegala dirau.
Ez da hemen mugimendu psikologikorik izan. Denboraren nozioa galdu dugu, ez daiteke esan edo uste izan: "ordutik, bada..., orduan hasi zen..." Ez dakit, baina uste dut iraganerako erreferentziarik gabe utzi gaituztela; presente luzeegian gaudela barneratuak: airean bagina bezala. Dena itxuraldatzen da, ezer ere kreatzen edo suntsitzen.
Eta ezker parlamentariak —Letamendiaz kanpo— guztia definitu nahi duke hitz sinple batez —sinpleziaz agian—, hots, geu gara botere alternatiba. Hori esan du bederen Carrillok iragandako kongresuan: "ez gara oraindik botere alternatiba, baina laster izango". PSOE orain maiz ari berorrexetan jo eta ke. Hitz bat hutsunea definitzeko, hutsunea betetzeko. Bitartean, akordiora heldu behar delako konstituzioko eztabaidatan, bizpahirur aho dira bakarrik zirikatzen dutenak, diotenez, inoren hitza dutenak; blasfemiak gehiengoentzat. Non, bada, ezkerra? Zein ezker?
Desertu amaigabea
PCEkoen kongresuak leninismoaren ortodoxia utzi omen duela alde batera, espero zen —tontoen esperantzaz— eztabaida gehiago izan zitekeela, gutxienez itxura hobeagotzeko: fidagarriago izan zitezen demokrazia eta guzti hori, baina hura jesuiten erakundearen pareko dela frogatu dute beste ezer baino gehiago, frogarik behar ez zuen zerbait, bestalde. Diskusio handiena, hain zuzen, ordenuzain eta kurios baten artean izandako errierta izan zela diote; azkenak miatu nahi, lehenak delegatu karneta eskatzen. Kontua da istilu larria gertatu zela eta definitua izan dela askorengandik kongresuko eztabaida gogorrena bezala.
Eta Euskal Herrikook omen zarete Espainiako politikan punturik ahulena: Akiles-en orpoa. Biba zuek! Hori esan du —ez azkenengoa; beste hori nirea baita— Lertxundik kongresuan, areago, eurokomunizatu edo horrelako zerbait egin behar dela Euskal Herriarekin. Arma, arma! Prataplan plan plan: txintxuliak eta mantzupiak. Beno, dena botere alternatibaren produktua dateke. PCEk leninismoa utzi, PSOEk marxismoa, ezer uzten ez duen bakarra eskuina da. Honek, aldiz, jan. Nori berea eta izan denaren konfirmazioa. Botere alternatiba ere PCEk kongresuan ateratako Nafarroako bandera, ezen baldin ahaztuta baikenuen Euskal Herrian bi PC daudela hor oroitzapen egiteko modua. Dena den, esan dute laster Nafarroakoak eta País Vascokoak bat egingo dutela —para todo Euzkadi— euskaldun guztientzat. Ea ba, jadanik batasun arazoetan sartu direnez gero, lot bitez Espainiakoarekin eta konpleto.
Profesorea... Miloi bat botu —kalitatezkoak, koalifikatuak— irabazi ditu PSOEk profesorea (Tierno, bai noski) artaldean sartuz. Sozialismoaren batasuna lortu dela diote han hemen. Ez noakizue, baina, honetaz ezer ekartzera, gizon on horri buruz mintzatzera. Lerdakeria ez nuke komentatu nahi.
Gatozen, baina, harira berriro. Eta haria zelako desertu amaigabe honetan, denbora ezin neurtu honetan, ba diot erreferentzia bat behar genukeela. Festa bat zeinak guztia astinduz denborari mugak ezar diezaizkiokeen. Mugimendu psikologiko bat edo; hau dirudi bestela atzoko bihar eta etziko gaur. Zerbait gomutagarri izan dadin, ezen bestela hori ere ez dukegu ukan. Parodia txarra da ona ez bada.
J. Oiharbide
Madrilen, Maiatzaren 10ean
Historian zehar. Benjamin Disraeli (3)
Iratiko oihan hauen ixiltasuna eta bakea apartekoa da. Ba dirudi hemen denborak ez duela bere seinalea utzi. Hemen ezin jakin daiteke zein gizalditan zauden. Horrengatik, Benjamin Disraeliren itzalarekin dudan solasaldi harrigarri hau ez zait hain estrainioa egiten.
— Zertan geunden? —galdetu dit itzalak.
— Britainia Handian erregea hil eta Bictoria neska gaztea erreginatzat hautatu zutela.
— A, bai! Victoriak hamazortzi urte soilik zituen eta goizeko hamaiketan bere lehen kontseilua bildu zuen. Disraelik Lord Lyndhurst erreginaren jauregira lagundu zuen, baina ez zuen izan barruan sartzerik. Lord Lyndhurstek gero idatzi zion han jazoritakoaz: "luma zurizko itsaso bat, izarrezko, uniformezko...; bat batean ateak zabaltzen dira, oihan baten antzeko ixiltasun bat nagusitzen da eta emakume gaztea tronorantz igoten da prelatu jeneral eta estatu gizon pila handi baten erdian". Deskribapen hau oso atseginezkoa gertatu zitzaion Disraeliri. Hori gustatzen zitzaion: zeremonien handitasuna, gizatalde dirdiratsua eta emakume batetiko gizonezkoen homenaldi kaballereskoa.
— Beraz, zeremonia koloretsuak atsegin zitzaizkion.
— Eta nori ez? Noizean behin horrelako espektakuluren bat ikustea beharrezkoa gertatzen zaigu. Horrekin ez dizut esan nahi harrokerian eta luxuan erori behar garenik, baina herri batek gorengo instituzioren bat behar du, eta goralduak eta errespetatuak izateko, dinitate batez hornitu behar zaie, erritual batez, jai baten kolorez. Zuek, euskaldunok, ez duzue puntu hau behar bezala tratatzen, eta benetan diotsut, hain kaltegarria dela luxu eta koplakeria gehiegia, batere ez edukitzea bezala. Harrokeria eta baldarkeria, biak dira baztertu beharrak.
— Beno, eta zer gertatu zen Disraeliz?
— Ongi. Erregina berriarekin hauteskunde legislatiboak beharrezkoak ziren. Dagoeneko, esan nizun bezala, Disraelik ba zuen izen bat, eta kanpaina hasi baino lehen, distritu seguru batzuetarako eskaintzak egin zizkioten toriek. Wyndham andreak bere senarra Lewis-ekin batean Maidstone distrituan aurkez zedila eskatu zion, eta andre honen laguntza baliosa bide zela, Lewis eta Disraeli garaile irten ziren. Hainbeste lan eta neke sufritu ondoren, hainbeste aldiz bere burua aurkeztu eta hauteskundeak porrot egin ondoren, ba dugu Benjamin Disraeli diputatu bezala aukeratua. Bi hilabete faltatzen ziren parlamentua zabaldu arte eta bere aitaren etxera, Bradenham-era, joan zen. Han, Londreseko zaratetatik eta intrigetatik urrun, Ingalaterrako paisaia berde sorgin hartan, behar zuen bakea bilatzen zuen. Bakea eta babesa, sormen bortitzaren iturri. Belardi bakarti haik, zuhaitz eta loreak, txorien txorrotxioak, mila koloretako tximeletak... Zein mundutan zegoen? Han ez zegoen Londreseko saloietan praktikatzen zen azpijoko eta maltzurkeriarik, hain usu zitzaien irain ez kalumniarik. Bradenham-en dena zen argi, nahiz eguna lainotsua atera, dena garbi, nahiz egun euritsuetan bidexkak ibilezinak bilakatu...
— Txo! Ba al dakizu oso poetikoa bilakatu zarela?
Disraeliren itzalak hasperen bat bota du.
— Giroak, lagun, giroak bere eragina du. Eta Iratiko oihan honek Bradenham gogoratzen dit... Beno, goazen aurrera. Bictoria erreginak bere lehen ministraria jadanik aukeratu zuen: Melbourne. Garai hartan, ferrokarrilak lehen aldiz funtzionatzen hasi ziren, eta haseran jendeak beldurrez eta prebentzioz begiratzen zien. Disraeli Londresera joan zen. Parlamentuan, torien buru zen Robert Peel-en atzean esertzea tokatu zitzaion. Gobernua whig zen, liberala. Beraz, Disraeli, toriak, oposizioan zeuden. Liberalen buru parlamentuan lord John Russell zen. Beraz, ikus dezakezunez, historian eta batez ere ekonomia politikoan izen handi bat lortu dituzten gizonak, izan ilustreak. Lord Merbourneren gobernua indartsu agertzen zen. Disraeli kikilduta bezala, lehen egunetan ez zuen hitzik egin. Egunak aurrera zihoazen eta bere balioa adierazi nahiaren irrikia areagotu egin zitzaion. Aukera, hain korapilotsua zen Irlandaren arazoaren inguruan etorri zitzaion. Spottiswood izeneko diputatu batek Irlandako protestanteen aldeko subskrizio bat zabaltzea proposatu zuen. Hori zela eta, Disraelik hitza eskatu zuen eta lehen aldiz parlamentuari zuzenduko zitzaion. Zutitu eta bere itxura estrainioa nabaritu zen, hain urruti ingeles klasikotik. Janzkera ere ikustekoa zen: berde botila kolorekoa, txaleko zuria urrezko kateaz hornitua, buruan ilekiribilak, tirabuzoi bitxiak, gorbata beltz handi bat... Kuriositatez begiratu zuten, eta errezeluz. Bere ahotsa fortzatua zen eta hainbeste denboratan pentsaturiko esaldi dotoreak jaurtitzen hasi zen. Bere afektazioa eta itxura, barrezka hartu zuten. Disraeli izutu egin zen. "Zergatik egiten didazue barre?" Barre handiagoek eta jeneralagoek erantzun zioten. "Zergatik inbidiatzen nauzue?" Barre handiagoak. "Ez dago barre egitea baino gauza errazagorik". Izugarrizko barre algarak. Disraeliren bekokitik izerdi tantak jausten hasi ziren, Hura ez zen berak espero zuen debut dirdiratsua. Berak uste zuen denek ahoa zabalik entzungo zutela parlamentuan inoiz entzun ez zen mailako diskurtsua, sekulako arrakasta lortuko zuela, eta horra non barrezka eta irrika hartua. Bere senetik irtenda, prestatu zuena ezin esanik, ahots fortzatua utzirik trumoi baten eran diputatuei zuzendu zitzaien: "Orain eseri egingo naiz, baina entzun egin beharko didazuen eguna ere heldu egingo da!"
— Londreseko parlamentuan ohitura zen, lehen aldiz hitz egiten zuten diputatuei begirunez eta sinpatiaz entzutea. Disraelirena, aparteko kasua zen.
— Bai, hori esaten dute historiako liburuek eta horrela da. Disrael jota irten zen. Bere karrera politikoa hondatuta ikusten zuen. Kontra jarriko balira, bereziki oposiziokoak, normal litzateke. Baina irrigarri gertatzea, pailazo bilakatzea... hori politikari batentzat azkena iruditu zitzaion.
— Baina ez zen horrela gertatu, ez. Zuen, gizonezkoon bizitzean maiz gertatzen den bezala, zerbait gaizki irten zaizuela uste duzuenean, ondoren hobeagoak jarraitzen dizkiete. Disraeli maiz aurkitu zen ere horrelako kasuetan. Zerbait asmatzen zuen, praktikara eramaten zuen, eta porrot egiten zuen. Orduan, hondatuta gertatzen zen, baina ondorio bezala, beste gertaera hobeago baten iturri bilakatzen zen une latz hura. Oraingoan ere berdin gertatu zen. Disraeli ohituraz kanpo hartua izan zen, gupidagabeki, eta diputatuak kulpabilitate zentzazio batekin irten ziren, Disraeli frakasuarenarekin irten zen bezala. Erreparazio bat zor zioten. Horregatik, astebete beranduago Disraeli autoreen eskubideei buruz hitz egiteko zutitu zenean, ganbara osoa espektazioz bete zen. Diputatuen jarreretan, Disraeli txalotzeko joera nabari zen, baina Disraelik ez zuen diskurtsu dotorerik bota,fama zuenez. Itxaroten zuten bere balioa frogatuko zuela diputatu-literatu hark, baina hitz soil eta justu batzu besterik ez zituen esan. Ez zuen entzuleria hasetu. Gosez utzi zuen. Eta projektuaren egileak Disraeliren ideiak kontutan hartuko zituela esan zuen. Sarah arrebari idatzi zion: "Hurrengoan txalo zartaden artean eseriko naiz."
Xabier Gereño
Munduan barrena
Brigada Gorriak eta Italiako politika
Italian, martxoaren 16an, Brigada Gorriek Aldo Moro sekuestratzen dute. Ia bi hilabete geroago beren eskutan dute gizon politikoa. Lerro hauk idazten ditudanean, oraindik ez daki inork zer gerta daitekeen.
Brigada Gorri hauk, sekuestro honen aurretik ere, ez zituen inork txantxetan hartzen. Gutiago orain iraupenean erakutsi baitute beren benetako indarra. Italiako Estatua bera ikaraturik eduki baitute.
Maisutasunez jokatu dutenik nekez uka daiteke. Sekuestratzerakoan eta gero. Izan ere, seinalatua zen eguna, seinalatuagoa pertsonaia.
Noiz bahitzen dute Aldo Moro? Gehiengo berriaren programa Parlamentuan onhartu behar zen egun berean. Egun hori, gainera, Frantziako hauteskundeen bigarren ekinaldiaren aurretikoa zen. Eta gizona? Italiako politikan pertsonaia-ardatza; 30 urtetako agintaritzaren sinboloa; Italiako Kristau Demokraziaren eraikilea, eta gainera egun horretan bertan baietza hartuko zuen programaren egilea. Brigada Gorriak ba zekiten zertan ari ziren: Aldo Morori heriotz zigorra eman, horrexegatik eman zioten: "Kristau Demokraziaren agintaritzaren errespontsable bezala, bere Estatuaren gestioak proletargoari ekarri dizkion kalte guztiengatik".
Nortzu dira Brigada Gorriak?
Harriturik denak, eta beldurturik asko eta asko utzi dituzte Brigada Gorri hauek. Misterio bat bezala sortu da hauen inguruan. Ezagutzen zituela uste zuena ere, esplikaziotan motz gelditu da. Mila esplikazio moeta dago, holakotan beti gertatu ohi denez. Ez zenbat, zeintzu eta zer diren daki inork, antza. Iraultzan sinesten duen talde komunista bat dela, hori bai. Eta gero?
Hauen indarrak, maisutasunak, efikaziak harritu ditu gizarte-aztertzaileak. Alemaniako Baader-Meinhof-zaleak, poliziaren ekintza ondoren, ez dute bururik altxatu. Italian ere beste hainbeste gertatuko zela uste zen: Brigada Gorriak harrapatuak izan baitziren, Milanen epaituak, kuadroak deseginak, haien harreman sarea hautsia.
Kalkulu guztien aurka, gogor jo dute Brigada Gorriek. Nola antolatu dira hain azkar? Hain denbora gutian nola harmatu dira atzera? Nongo laguntzak dituzte? Zeinen kolaborazioa? Halegia, nor dago Brigada Gorrien atzetik?
Norbaitek ezkutuan manipulaturiko marionetak direla esatea, gehiegi da: inork hori ere esan du. Komentarista gehienak ez daude eritzi horrekin ados. Kolaborazioaren hipotesia, ordea, kanpoko laguntzak izan daitezkeela tartean, halegia, eritzi hori arras zabaldua dago, eta seriotan hartua.
Nor egon daiteke arazo honen atzetik? Gertatzen dena gerta dadin nork du interesik? CIAren eta KGBren itzala, biena, agertzen da atzetik. Brigada Gorrien estrategia eta aginte boteretsu batzuen jokoa bat etor daiteke, eta, beraz, kolaborazioren bat sortu ere bai. Nonbait, Brigada Gorrien gela batetan, informazio oso sekretu eta konfidentzialak aurkitu dituzte. Ba dakigu zeintzu izan ohi diren informazio moeta honen jabe. Baina kolaborazioaren arazoaz ez dut beste datu zehatzik ezagutzen. Hala ere, salhakuntza eginik dago, bai CIAren aurka eta bai KGB en kontra. Frogatzea ezinezko izango, da jakina, baina ukatu ere ez du inork ukatu.
Ba dakigu: Italia puntu estrategiko oso inportantea da. Carter-ek ezin du utzi Italia komunisten eskuetan eror dadin. Esana da jadanik. Baina Breznev jaunak ere ez du Berlinguer begi onez ikusten. Eurokomunismoak ez dio batere graziarik egiten, ezaguna denez. Exenplu txarra izan daiteke, Europaren eguzkialdeko herri sozialista zenbaitentzat, Sobiet Batasunetik aldentzeko guraria sor bailezake. Eta batez ere, Yugoeslabia dago aldamenean, Italiaren muga duelarik. Tito zaharra. hiltzen denean Yugoeslabian zer gertatuko da?
Bi handien interesak bat datozke Italiako kasuan: Berlinguer-en "konpromezu historikoa" arriskugarri da bientzat. Hobe da oraingo indar-oreka. Beraz, Yalta ezkeroz, bi handiek mundua bananduta daukatenez, bakoitzaren influentziaren arabera, sinesgarri da biak akordio batetara kasu hontan ere iristea: Yugoslabian bat nagusi, eta Italian bestea.
Zer gertatuko da Italian?
Brigada Gorrien ekintza honek munta handiko ondorioak ekarriko ditu, zalantzarik gabe. Hauetako batzu orain bertan ikusten dira. Guti barru ager daitezke beste batzu.
Eragin handiena, noski, Italian da. Talde eta erakunde politikoetan. Baina lehen lehenik, Aldo Moro berarengan. Bizirik aterako balitz, Aldo Moro politikarako hila legoke. Errepublikaren buru izaterik ezin lezake aurrerantzean pentsatu ere.
Alderdi politikoen artean zeinek izango duen galerarik handiena, ez da gauza zihurra. Batzuentzat, zalantzarik gabe, Kristau Demokrazia izan da zigortuena. Hau baino ere gehiago jasan duela Alderdi Komunistak, diote beste batzuk.
Bistan da: Kristau Demokraziak egurra hartu du oraingoan. Barnetik kraskatzea lortu dute Brigada Gorriek. Alde batetik, Aldo Moro kendu diote. Ezaguna denez, Aldo Moro zen alderdiko joerak biltzen eta bakeak egiten zituena: aginte handia zuen barnean. Beste aldetik, Aldo Mororen bizia negoziatu behar zen ala ez hauzia izan da larrienetakoa. Demokraziaren barruan, Mororen familiarekin batean, honen biziaren truke Brigada Gorriekin zerbait egitearen alde agertu dira batzu. Baina talde nagusia, negoziaketa moeta honen kontra, Gobernuak aurretik hartu zuen erabakiaren alde agertu da sokatira askoren ondoren. Horrekin, Kristau Demokrazia ahultzea lortu dute Brigada Gorriek.
Baina PCI, Italiako Alderdi Komunista, ez da hobe ateratzen gudu honetan. Askoren ustetan, Brigaden ekintzak Alderdi honen aurkako akzioa ematen du Berlinguer-en "konpromezu historikoa" hauzitan eta arriskutan gelditu da orain. 30 urte zain egon ondoren agintera jotzeko aukera, berriz galdua dirudi. Zergatik galdua?, galde dezake norbaitek. Kristau Demokraziaren eskuina nagusitzen bada orain, nekezago gertatuko zaio Alderdi Komunistari beste Alderdi honekiko lankidetza. Hori bateko. Eta besteko, noiz gertatzen da Brigada Gorrien bahiketa? Hain zuzen, gehiengo programatikoari Parlamentuan baietza emango zitzaion une berean. Alderdi Komunista, horrela, aurpegia galdu gabe, agintebidean zegoen Aldo Morok asmatu zuen kolaboraziomodu horri esker. Konpromezu historikoa hezurmamitzeko biderik erosoena zen hori. Orain deus ez. Aldo Mororen kontrako operazio hori konpromezu honen aurkako muntaia bailitzen ulertu du askok. Gainera, Brigada Gorrien aurkako kanpainagatik, eta agintea hartu nahiagatik, bere ezker aldea defentsarik gabe, bilutsik uzten du Alderdi Komunistak. Hortik, kritikak eta hor Brigaden habia.
Bada besterik ere oraindik. Dena aztertzeak luze joko liguke bai, eta aipatu dugunarekin punturik larrienak ukitutzat eman genitzake. Luzarora begirako beste kontsiderazio bat egin gabe ezin utzi, ordea. Estatu mailan zer ondorio ekar lezake honek? Faxismoa eta gerra zibila ere, ahopetik gutienik, aipatuak izan dira. Terrorismoaren arrazoiak axalekoak ez baino oso sakonak eta funtsezkoak direla aztertzera joko al du klase politikoak? Ez da segurua. Seguruagoa beste hau dateke: Errepublikaren defentsak gogortu egin nahiko dituztela. "Germanizazioa", halegia, polizia eta kontrola indartzea, kontrolbideak ugaltzea. Hau izan liteke ondoriorik gertakarriena, ez Italia mailan bakarrik, Europa mailan ere bai.
Horregatik goiz da oraindik Brigada Gorrien ekintzaren ongaitzak behar den neurrian epaitu ahal izateko. Irentsi ahal izateko, Europako demokrazientzat eupada eta desafio handiegitxoa da. Zein izango da hauen erreakzioa?
Joanes Lekerika
Euskal Unibertsitatea eta arkitektura
Euskal unibertsitatea mila aldiz atera dugu mahaira gure hitz eder eta asmo liluragarriak lau haizetara aldarrikatzeko, baina oso guttitan dugun indarra eta ditugun posibilitateei irteera hedatu eta planifikatu bat emateko.
Euskal Herri langilearen unibertsitate "hori" eraikitzea kostatuko zaizkigun gauzetarik zailenetarikoa dateke. Ez baikatoz bat ez unibertsitate hori zertan izango den argitzerakoan, ez bertara heltzeko bidean hartu behar ditugun neurriak eztabaidatzeko orduan.
Adibidez, azter ditzagun gure unibertsitateetako kultura taldeek daramatzaten ekintzak eta abar... Garbi dago gehiago egin genezakeela, "gehiago" diot..., eta leku batzutan ZERBAIT esango nuke, ez baita ezer egiten.
Ez gara hemen soluziorik emateko inor baina prest egongo ginateke azterketa sakon bat egiteko... Honetarako aurtengo Udako Euskal Unibertsitatea dugu aukera ona hau eztabaidatzeko.
Euskal unibertsitateak hamaika arazo ukanik, Donostian aurten sortua den arkitektura eskolarenak azalduko ditugu pixka bat. Zenbaitentzat ez da oraingo hau albiste berri bat, baina egunkarietan zerbait idatzi bada ere, arkitekturakoek dituzten arazoei luzeago aztertzekoak deritzegu.
"Fakultate" hau lortzeko hartu den bidean, nolabait harrigarria izan da, formalitate eta burokrazia guztietatik at atera baita.
Ihazko ikastaroan atera zen ideia. Bartzelonan ikasten ari ziren batzu, Luis Peña Gantxegi hemengo fakultateko zuzendari jaunarekin asmo hau lantzen hasi zirelarik. Orduan, aipatutako jaunak lagunduko zuela zioen, eta hala izan da, berak jarri baitu gogo eta lan gehiena, arazoaren gestioa eramanez. Diru eta leku arazoa ikasleen esku gelditzen da.
Bestalde, Orio Bohigas jaunak, Bartzelonako unibertsitaterako errektoradutza lortu aurretik, bera aukeratua izanez gero laguntza eskainiko zuela baieztu zuen. Geroxeago, Madriletik aukeratuko zuten, eta, esan bezala, "ideiari" bide librea eman zion.
Baimena lortu ondoren, ez zegoen projektu handi bat egiteko ahalmenik, nahi eta nahi ez boskarren kurtsu batekin hasiko zela erabaki zen. Azkenean, boskarren kurtsuaren urbanismo adarra irakastea lortzen da.
Guzti hau aurrera ateratzeko, garrantzi handikoa izan da Gipuzkoan arkitekturari buruzko aste kulturalak eta lanari jo eta ke zebilen arkitekto talde baten laguntza. Lehen mementutik bultzatu zuten ideia eta egun ere irakasten eta lanean dihardute.
Ikastetxea lortzeko, Donostiako udaletxera eta diputaziora jo ondoren Villa Yeyette —Berazadi zenaren etxea— eskaini zieten lehen kurtsurako klaseak antola zitzaten. Kurtsu honetarako erabil, zezaten bakarrik, zeren etxea Intxaurrondo hauzategian egonik, eta nola hauzategi honek ekipamendu urbano gutti duen, kurtsua bukatu eta gero, gau eskola, ikastola eta bestelako beharrizanetarako erabili beharko zutela.
Beraz, kurtsua martxan dago, eta 28 ikasle ari dira ikasten.
Lehen esan bezala ikasle hauen lana funtsezkoa izan da fakultatearen bilakaeran, firmak biltzen, batzarreak antolatzen, diputazio eta udalarekiko gestioak arintzen, etabar ekin baitzuten, asmoa besterik ez zena egia bihur zedin.
Geroari begira dituzten arazoak ez dira gutti, eta haietarik garrantzitsuena, beste edozein gauzetan bezala, beti ohi denez, diruarena da.
Donostiako udalak eta diputazioak dirua prometatu zuten. Diru horretatik, ez esan zuen beste, baina diputazioak laguntza eman du, udalaren dirua berriz ez da arkitektura eskolan ikusi. Ondorioz, zorretan daude eta irakasleak ordaintzeko, etxearen instalazioak mantentzeko, Bartzelonatik etorri behar diren irakasleak ordaintzeko eta gauzak, nolabait, behar direnez zuzentzeko dirurik ez dago.
Aurrera egin ahal izatea diruaren arazoan oinharritzen da, dirurik ez badago, ezin iraun. Hala ere, oraindik ez dago ezer argi, kurtsua non eman ere ez dago; baina dena dela, soluzionatuko delakoan daude.
Arabako diputazio foral, Gasteizen bertan egiten bada, dirua eta lekua eskaintzen ditu, baina ba dirudi ez dagoela Donostiatik ateratzeko asmoa. Consejo General Vascok ere lagundu behar omen du...
Donostian egon ba dago "Patronato de Estudios Universitarios de Gipuzkoa" delako bat eta, hain zuzen, honi dagokio laguntza eskaintzea; hauen laguntzaren zain gelditzea oso gomendagarria ez denez gero, bete beharko lukeen funtzioa beteko duen fundazio edo antzeko bat eratzea pentsatu da, dirua eskuratzeko helburuarekin eta arazo hauei konponbide azkarrago bat eman diezaien.
Guzti honetatik kanpo kurtsu haserako lehen bileretan euskarazko klaseak bertan emateko ideia agertu zen eta, onhartu bezain laster, fakultateko zuzendaritzara eraman zen, goizean eta ikastorduetan izan beharko zuela proposatuz. Irakasleak ere prest ziren eta, beste oztoporik gabe, martxan jarri ziren, fakultateko presupostua euskararen finantziazioa gehituz.
Alfabetatze eta euskalduntze mailak ematen dira eta ba dago arkitekturaren hizkuntza teknikoa lantzeko asmoa eta ELHUYARekoekin harremanetan hasteko, baina hau burutzeko problema asko dago. Bestalde, hemengo arkitektura eta arkitektoen lanak eta historia sakontzeko asmoa ere ba dago... Aizpurua... eta abar.
Beraz, asmoak eta lorpenak dakuskigu; dena ez da asmo hutsa, arkitektura eskola ibiltzen abiatua baita. Nondik nora joko duen, denon eskuetan dago.
Betiko baldintzaren aurrez aurrez gara hementxe ere; etxagintza menperatzen duten entrepresa pribatuek ezarritako kontsumismoa eta eskaintza eta demandaren legepeko arkitektura horren hildotik jarraitu ala hauzo elkarteak eta herri hirigintza arrazionalago bat bultzatuko duen arkitektura askeago baten alde burrukatu.
Ba dira arkitektura jatorrago baten ereduak, hots, Austriako gobernu sozialdemokratak Vienan eraiki zituen langile hauzategiak, izugarri ondo projektatu eta urbanizatuak.
Noren eragintzaz egiten den halakoxeak izango dira gauzak. Bistan ditugu betiko jauntxo eta iniziatiba pribatuaren eskutatik lortu ditugun hauzategi eta hiriak! zein ongi urbanizatuak egin dizkiguten etxeak...! eta zein goxoa den Bilbo, Errenderi, Barakaldo edo Eibarreko bloke, zulo lohien eta abarren artean bizitzea!
E. Enziondo
Udako VI. Euskal Unibertsitatearen atarian
Uda hurbildu ahala, kaleratzen hasi da Udako Euskal Unibertsitatea. Seigarren saioari tokatzen zaio txanda aurten. Urtean zehar, lan isil eta etengabez, burututako asmo eta lanak argitara azalduko dira udan. Ekitaldi oparoa izango delakoan eri gara.
Programaketa
Bide berriak urratzeari baino gehiago ekingo diogu ihaz irekitakoen finkapenari. Udako IV. Euskal Unibertsitatearen balantzea egiterakoan, Ustaritzen, aho batez onartu zen ekitaldi orokorretatik ikastaro berezietara igaro beharra. Ihazkoa izan zen modu honetara egokitutako lehena. Experientzia hau oso positibotzat jo zuten gehientsuenek eta aurten ere bide beretsutik abiatuko gara. Xede honetatik, beraz, horrela moldatu ditugu U.E.U.ren ekitaldi nagusiak:
Ikastaldiak. Goizez emango dira. Hiru ordu egunoro. Gaiei dagokienez, lau multzotan banatu ditugu.
- Zientzia zehatzak: Matematika, Fisika, Kimika.
- Hizkuntzalaritza; Morfosintaxia, Fonetika/Dialektologia, Euskal literaturaren historia.
- Medikuntza/Biologia: Psikosoziologia/Psikiatria, Medikuntza, Fisiologia, Antropologia.
- Gizarte Zientziak: Ekonomia, Historia/Artea, Soziologia, Pedagogia?, Filosofia?
Mintegiak. Arratsaldez, mintegietako lanari ekingo diogu, batipat. Goizeko ikastaldietan ari den talde bakoitzak eratuko ditu arratsaldeetako mintegiak ere.
Mintegi batzu amankomunean ere egingo dira. Zientzia zehatzetakoek, adibidez, ba dituzte zenbait mintegi batera egiteko programatuak.
Ba dira, baita ere, ikastaldietatik landa egingo diren mintegiak ere, hala nola emakumearen problematikari buruz pentsatutakoak.
Ekitaldi atsedengarriak: Gauetarako pentsaturik daude. Zinema, antzerki, kontzertu, poesia errezital, bertso saio, pailasoen ekitaldi... eta antzerakoak daude programaturik.
Xehetasun batzu
Tokiari dagokionez, berriz ere Nafarroan egitea erabaki genuen aspaldidanik. Bi arrazoi erabili genituen, batez ere, horretarako. Batetik, Euskal Herriak Nafarroarekiko daraman jokabide praktikoa. Hitz ederrez eta asmo beroz dirudienez, baina orain arte sortuz doazen erakunde guztietatik kanpo utzi dugu Nafarroa; batez ere, eta U.E.U.ri hurbilenetik dagokionez, Unibertsital Barrutitik kanpo. U.E.U.k ez du, agian, zokoratze honi buruzko ekintza erreibindikatzailerik bultzatuko, baina bere presentzia guttienez Nafarroara eramango du. Bestetik, azpiegitura gutienezkoa ere behar du U.E.U.k. Nafarroak ihaz egindako harrera eta emandako laguntza, beraz, kontutan hartu ditugu U.E.U.ren prestaketak egiterakoan.
Egunei dagokienez, uztailaren 17tik 29ra izango da Udako VI. Euskal Unibertsitatea.
Beste zenbait xehetasun komunikabideen bitartez ahal dugun gehien barreiatzen ahaleginduko gara.
U.E.U.ren deiak
Idazti hau amaitu aurretik, hiru bat dei egin nahi genituzke.
- Lehenengo, euskal irakasle eta ikasleei, guztiek U.E.U.n parte har dezaten. Euskal Unibertsitatea ez dugu egingo, ez kontzientziaz, ez gogoz, ez eskabide soilez Euskal Unibertsitatearen koadroak geuk prestatu beharko ditugu. Euskal unibertsitarien portzentaia txikia eta ez besterik euskalduna denean eta hauetatik huskeria bat bakarrik alfabetatua; euskal irakasleak Unibertsitatean bakar batzu diren bitartean, Euskal Unibertsitatetik urrun gaudela aitortu behar dugu. Eta ez dezagun pentsa besteek hurbilduko digutenik; geuk eskuratu beharko dugu, hein handi batetan bederen. U.E.U.k, urtero bezala bere aukera apala eskaintzen dizue.
- Gorago agertzen den programaketa ikustea aski da gure mugatasunez jabetzeko. U.E.U., halabeharrez, oso mugatua dugu. Bestalde, ohartzen gara euskarak eta euskal kulturak dituzten premia larrien aurrean, beste zenbait iniziatiba eta burubide sor daitezkeela guk kontutan hartu ez ditugunak. Horrexegatik, egunoro bi ordu libre egongo dira arratsaldeko 6tatik 8tara. Tarte hori euskal kulturaren alorrean zerbait proposatu nahiz egin nahi lukeen edonon eskaintzen diogu. Euskal kulturaren alde lan egiteko hurbiltzen den guztia, nornahi dela, onartua izango da.
- Diru beharrari buruz ere, nahitaez zerbait esan behar. Ikastolak ala C.G.V. bera diru gabe daudenean, ez da inor harrituko U.E.U. txori txiki gabe dagoela entzutean. Krisialdian gaudela, diru eskabideak multiplikatzen ari direla eta abarren berri geuk ere ondotxo dakigu, jakin Baina beste zerbait ere azpimarratu nahi genuke. Ihazko saioari buruz U.E.U.k argitara duen txostenean, argi ikusten da probintzia ezberdinetako erakunde berdinek nolako laguntza ezberdina eman zuten. Beraz, batzu eskertzen ditugun heinean premiatzen ditugu besteak euskal gizartearen premiei zor dien laguntza uka ez diezaieten.
Erantzun oparoa izango dugulakoan gaude.
U.E.U.ren idazkaritzak
Euskaltzaindia. 1978.eko Bai Euskarari Kanpaina
I. Kanpainaren helburua
Euskal kultura eta euskara zantzen duen EUSKALTZAINDIAK "Bai Euskarari" buruzko ezaugarriaz Euskal Herri zabalean eginen du Kanpaina bat. Honen helburua dirua lortzea da eta euskaldun guztiok batzea gure kultura eta hizkuntza sendotzeko.
II. Zertan oinharritzen erabaki hau
Denok dakigun bezala, laburrean esanez, hontan datza, hots, euskal kultura eta hizkuntza egoera larri batetan aurkitzen zaizkigula. Bene benetan euskara toki askotan bazterturik dugu egungo bizitzako hainbat mailatara iristeko ahalmen gabe, halegia (zientzi, merkatal, teknik, pedagogia) eta abarretara.
Bestalde, kultura ere baztertuta dugu gureak ez diren hainbat era kanpotik jasoz. Egoera honen aurrean, EUSKALTZAINDIAK, guztiau ikusi ondoren, lan serio eta sakon bat egitea erabaki du.
III. Aurrera jotzeko behar den
Bereskuratze eta kultura eta hizkuntza sendotzeko hainbat proiektu arautu ditu EUSKALTZAINDIAK.
- Euskal Herri osoan euskara maila guztietan hedatzea.
- Egokizko tokiak lortzea bai akademi ekintzetarako, liburutegi, artxibo, etabarrerako.
- Sistema modernuz banku datu linguistikoak jaso eta herrialde denetara Unibertsitate mailan ikasketak burutzeko.
- Maila guztietarako irakasleak prestatzea.
- Gure inguruko irakasle guztiak behar diren tresnak izan eta gerta daitezen EUSKALTZAINDIARI dagozkion lanak aurrera eramateko (Hiztegigintza, gramatika, textugintza...).
- Lan argitaratzea bai euskal klasikoak, bai egungoak.
- Bekak eskaintzea.
- Eta beste zenbait arazo EUSKALTZAINDIARI dagozkion lanak ongi burutzeko.
IV. Behar diren baliabideak
Guztiau aurrera eramateko diru laguntza behar du EUSKALTZAINDIAK, une hontan ezertxo ere ia ez baitu.
Agian urteko presupuestoa, egun ez da ia dituen zerbitzu kaxkarrak betetzeko heltzen. Honela, 1974ean bakar bakarrik 1.440.000 pta. ziren.
1975ean 1.918.000 pta.
1977ean 6.092.000 pta. Ekintza hau aurrera eramateko, gutxienez 35 miloi behar dira beharrizan larrienei erantzun dexente bat eskaintzeko.
Dirutza hau, EUSKALTZAINDIAK ez du inondik inora eskuratzerik.
Honengatik Euskal Herri osoan bizi garenon laguntza eskatzen du guztioi dei larri bat eginez denon artean euskal kultura eta hizkuntzari, egun, dagokion bultzada emateko.
V. Kanpainaren eskerra
BAI EUSKARARI kanpainak bi isurbide aurkezten ditu: bata, Euskal Herrian bizi garenon kontzientziapena mezu batzuren bidez ezarritako kezkekin bat egiteko; eta bigarrena, ikuskizun batzu eskainiz jendetza bildu, berauetatik dirua jasotzeko. Ekintzok data baten barnean izango dira eraturiko ekintza guztiak burutzeko "EUSKARAREN EGUNA" lematzat harturik jendeaurreko eskaera hedatu bat ospaturik.
V.1. Lehen isurbidea
Kontzientziapen hau aurrera eramateko publizitate klasikoz baliatuko gara. Hontarako erabiliko dira: Egunkariak, aldizkariak, Irrati eta publizitate ageria. Honen iraupena hilabete osoa, Maiatzaren 14tik Ekainaren 16arte, Euskal Herri osoan hedatuz. Mezuak, Euskal Herriko egunkari, aldizkari eta beste komunikabideetatik zabalduko dira.
V.2. Bigarren isurbidea: jendaurreko ekintzetan diru batzea
Diru hau era hontan batuko da, halegia, jendeaurreko ikuskizun sarreratatik aterata eta baita zenbait gauza saldurik, hots, kamisetak, eranskailuak, etab. Lehendabizi ekintzok: Kantaldiak Euskal Herriko hiriburuetan, kirol ekintzak lehen maila edo lineako ekipoen artean.
VI.
Kanpaina honek duen garrantzia helburutzeko, eta Euskal Herrian bizi garenon artean, dei berezi eta latz bat egitara behartu gaitu EUSKALTZAINDIAK zuen laguntza eta eskaintza jasotzeko itxaronen osoz
Guipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak, bere Ageriko Harreman eta Marketing Zerbitzuaren bidez, 1978.eko "Urantzuko Hiria" Literatur Sariak eratzen ditu, ondoko oinarri hauen arabera:
1go. Lehiaketa honetan nornahik har dezake esku, zer nahi den haren adina, egoitza eta nazionaltasuna.
2go. Lan lehiakideek jatorrizkoak eta inon argitara gabeak behar dute izan.
3gn. Lanon lehen-idazkia eta bi kopia bidaliko dira, goiburupean, egilearen izen-zuzenbideak estalki hertsi batetan eransten direlarik; kanpoko aldean goiburua edo ezaupidea adierazi beharko da eta barnean lehen aipaturiko pertsona xehetasunak. Baldintzapen hauek betetzen ez dituen lanik ez da onartuko.
4gn. Lehen-idazkiek, 1978.eko Uztailaren 30.eko 13 orduak baino lehen igorriak beharko dute izan, honako helbideetara: Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala (Ageriko Harreman eta Marketing Zerbitzu), Garibay 13, Donostia, edo Instituzioaren Urantzuko edozein sukurtsaletara: Colon Ibilbide, 20; Avda. del Generalísimo, 8, Behobia; San Miguel Plaza; Iñigo de Loyola, 2; Avda. de Navarra, 2-4.
5gn. Literatur alor guztietako epaileak Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak izendatuko ditu.
6gn. Sarien erabakitzea Urantzuko hirian eginen da, 1978'eko Urriaren 28'an.
7gn. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala jabetuko da saritutako lan guztiez. Beronen esku izanen dira argitaratze eskubide guztiak ere.
8gn. Lehiaketako sari erabakitzea egin ondoren, isilpeko estalkiak ireki eta aurkezturiko lanak berauen egileei emanen zaizkie atzera berriz.
9gn. Partaide guziei bai lehiaketa eta bai erabakiketa zernolakoak izan diren adieraziz informaketa labur bat bidaliko zaie.
10gn. Lehiaketa honi buruzko gutun-harremanik ez da izanen.
11gn. Lehiaketa honetan sartze hutsak, beste gabe, partaideak oinarri hauek onartzera behartzen ditu.
12gn. "Urantzuko Hiria" 1978'eko Literatur Sariak ondoko alorretan banatzen dira:
Euskal poemagintza
"José de Arteche Saria"
Hitz-erorkera, neurria eta gaia norberak aukera ditzake. Lanak guttienez 600 neurtitz adinakoa behar du izan. Saria hauxe izanen da:
Gaztelua eta 125.000 pezeta.
Euskal saiakera
Lanen guttieneko hedadura: 100 folio mekanografiatu, tarte biko lerrotan eta orrialde bakarrean idatzirik. Lanek egungo munduaren arazoren bati buruzkoak behar dute izan, soziologi, ekonomi edo histori ikuspegi batetan oinarriturik. Alor honetan ondoko saria emanen da:
Gaztelua eta 200.000 pezeta.
Euskal elaberria
Lanen guttieneko hedadura: 125 folio mekanografiatu, tarte biko lerrotan eta orrialde bakarrean idatzirik. Alor honetan ondoko saria emanen da:
Gaztelua eta 250.000 pezeta.
Gaztelerazko poemagintza
Hitz-erorkera, neurria eta gaia norberak aukera ditzake. Lanak guttienez 800 neurtitz adinakoa behar du izan. Saria hauxe izanen da:
Gaztelua eta 125.000 pezeta.
Gaztelerazko saiakera
Lanen guttieneko hedadura: 100 folio mekanografiatu, tarte biko lerrotan eta orrialde bakarrean idatzirik. Lanek egungo munduaren arazoren bati buruzkoak behar dute izan, soziologi, ekonomi edo histori ikuspegi batetan oinarriturik. Alor honetan ondoko saria emanen da:
Gaztelua eta 200.000 pezeta.
Gaztelerazko elaberria
Lanen guttieneko hedadura: 125 folio mekanografiatu, tarte biko lerrotan eta orrialde bakarrean idatzirik. Alor honetan ondoko saria emanen da:
Gaztelua eta 250.000 pezeta.
Nondik dator ekonomi krisis hau? Kapitalistek esaten dutenez, langileengandik. "Grebak eta alokairuen igoera dira krisisa sortzen dutenak".
Baina, egoera ekonomiko hau, ez da Euskal Herrian bakarrik sortzen. Ikus dezagun ba, nondik datorren benetan krisis hau eta honek dakartzan ondorioak.
1929.ez geroztik, ez zen nazioarteko mailan horrelako arazo larririk agertu. Gaur egun sofritzen dugunak, bere hasiera 68.ean izan zuen. Lehendabizi ttikiak izan ziren krisisak handiagotu egin dira. Petrolioak izan du zerikusirik dudarik gabe, baina ez "arrazoi" bezala erabili duten mailan.
Langileriak, daraman borrokaren bidez, alokairuen zenbait igoera lortu du eta kapitalistarentzat, berak pentsatu adina ez badu irabazten ez du errentabilitaterik aurkitzen inbertipen honetan.
Entrepresa handiek, ez dute krisisaren ondorio hauk nabaritzen, ttikien gainean erortzen baina horien pisu osoa. Handiek berriz, egoera honengandik irabaziak ateratzen dituzte, lehendabizi krisisaren kolpea hautsi eta gero, behin entrepresa ttikiak urperatu ondoren, berak izanen baitira jaun eta jabe!
Azken hamar urte hauetan, estatu mailan, langileen alokairuak, proportzionalki, kapitalisten irabaziak baino igoera handiago bat izan dute. Baina kapitalaren barruan, entrepresa handien irabaziak hartzen baditugu berriz, hauen irabazien igoera, beti proportzionalki, alokairuena baino handiagoa izan da. Beraz, garbi dakusagu, langileen presioak erraz hausten dituztela entrepresa handiek eta ez hain erraz ttikiek. Gauza bera gertatzen da ekonomi gorabehera guztiekin, konpetentzia, prezioak, nazioarteko merkatua, etab. direla. Mundu osoan, kapitalak konzentrazio prozesu bat darama.
Kapitalismoaren krisisak
Kapitalista sistiman, krisisak ez dira berriak. Produkzioa plangintza bat gabe eramaten denez, aldizka, beti izaten dira krisisak. Burjeseriak ez du lehendabizi beharren estudio orokor bat egiten gero produkzio konkretu bat eramateko. Interesatzen zaiena, berriz, hau da: irabazi handiak eta indibidualak lortzea batetik, eta bestetik klase bezala duten botere ekonomiko eta politikoa gordetzea. Honela, inongo plangintzarik gabe, irabazi handiak lortzen dituzte merkantzia batez, adibidez, baina gero, produkzio gehiegi egin dela, merkatuak ezin duela hainbeste jaso, eta... krisisa! Langileak lanik gabe, konpetentziak baino merkeago saldu behar, kostuak guttiagotu, mugak hertsi, eta hau, nola? Langileen alokairuak guttiagotuz, prezioak igoz, langabeziaz eta polizia indartuz hauen protestak ixilerazteko. Soluketa hauk, beti gure kalterako direnez, ez zaizkigu balio.
Soluketa bakarra: sozialismoa
Sustraira iristen bagara, beste irtenbiderik ez dago. Krisisak soluketa bakar bat daduka, sozialismoa. Hots, beharrak betetzeko helburuz eginiko ekonomi plangintza bat. Ikerketari posibilitate osoak emanez, zerbitzuak hobeagotuz, etab. Kapitalista sistiman hori ezinen dugu lortu. Energiaren arazoa dela eta, zenbat interes pribatu saiatzen dira zentrale nuklearretan nahiz eta ondo jakin energia iturri garbiak ba daudela eguzkian, itsasoan eta hibaietan? Medikuntza dela eta, nola onhartuko dute entrepresariek, berak egiten dituzten pastilak baino hobeago sendatzen dutela gure sorginen belarrek? Automobilen industriak, ez al luke ahaleginak eginen, aurkituriko garraio modu merkeago eta seguruago bat diruz estaltzeko, ikerketa geraraziz? Esaten digutenez, han langileentzat ere gaitz bat izanen litzateke... "Zer eginen lukete entrepresa hauetako langileek?". Baina ekonomia planifikatu batean hau ez litzateke arazo bat izanen. Dagoen lana langile guztien artean banatu eta kito.
Desberdintasuna hemen dugu: interes pribatuen borroka batetik eta herriarenen defentsa bestetik. Bitartean egoera larritzen ari zaigu kapitalismopean gauden herrietan. Ekonomia planifikatu bat daramaten herrietan berriz, nahiz eta krisisa nabaritu —estatu kapitalistekin harremanak dituztelako— ez dute zuzenki honen ondoriorik sufritzen.
Orain eta Euskal Herrian, zer egin?
Entrepresariek zera esaten digute: "Krisisa hemen dago... Guztion artean gaindi dezagun" —haien irabaziak guttiagotu gabe, noski!—. Irabaziak banatzeko ez gaituzte kontuan hartzen. baina orain neke guztiak nahi dizkigute eman, bat ere gorde gabe.
Euskal Herrian bereziki, haien interesak "abertzaletasunez" nahi dituzte jantzi.
- "Grebak, kanpotar horiek bultzatzen dituzte Euzkadiko ekonomia pikutara botatzeko. Espainolista gorri horiek Euzkadi deskapitalizatzen ari dira..."
- "Zeuen boterea ez duzuela galdu nahi ondo konprenitzen dugu, baina mesedez, ez dezazuela abertzaletasun izena horrela zikin... Zuen aberri bakarra dirua da. Eta diru hau gordetzeko, aberria ere erraz saltzen duzue zuek, hemen, Madrilen eta USAn ere. Nork ateratzen du dirua Euskal Herritik? Langileek, ez gorri eta ez horiek".
-"Langileok ez bagara mugitzen, ez dute aterako beharbada..."
Noski, nahi adina irabazten badute, eta gainera haiek sorturiko krisisa gure lepoetan zamatu, pozik geldituko dira. Eta bakea izanen dugu geure herrian. "Preso daudela? Geldirik egon besterik ez zuten ba..." Francopean, Franco-k esandakoa egiten zuena, oso ondo bizi zen. Har baten modura... baina ondo.
Bi bide gure aurrean
Gero eta garbiagoak azaltzen zaizkigu. Kapitalismoarengandik sofritzen ditugun eraso guztien aurrean, zer egin?
1.- Krisisa, berriz ere guk ordaindu, gure eskubideak alde batera utziz.
2.- Borrokan jarraitu, une bakoitzean, atakea ala defentsa den jarrera egokiena aztertuz. Ekonomi sistima aldatu ala paktu bat egin burjeseriarekin? ????
nik zenbait sindikatu eta alderdietako gidariek, Moncloako Paktu hori izenpetuz. Zer suposatzen du paktu hau onhartzeak? Krisisa langileok ordaintzea, hain zuzen. Bitartean, entrepresariek dirua lasai ateratzen dute. Ttiki batzuren egoera benetan larria da —beren langileena noski—, baina beste batzuk berriz "krisis espedientea" azaltzeko beharrezkoa den egoera konpontzen dute kontuetan, nahiz eta egia horrelakoa ez izan, entrepresaren lurra salduz diru gehiago lortzen dutelako, adibidez... eta hainbat langile, kalean.
Beste entrepresa askok, langilea mehatxatzeko erabiltzen dute egoera hau, nahiz eta krisisaren ondorioak ez nabaritu.
Lanpostua galtzeko dagoen beldurra esplikagarria da baina horregatik burjeseriak ezartzen dizkigun baldintzak onhartzen baditugu, beren eskuetan geratzen gara, lehen lorturiko aurrerapenak galtzeko arriskuan.
Gaur egun dugun egoerak, kasu gehienetan ez digu atake bat eramateko aukerarik ematen. Baina defentsa, behar beharrezkoa dugu. Eta defentsa honetan ba daude negoziagarri ez diren errebindikapenak; "Pertsona bakoitzarentzat, lanpostu egoki bat" adibidez, horietako bat dugu.
Emakumea, langabeziaren biktimarik handiena
Doi-doi burua sartzen ari ginela alokatu lanaren munduan, berriro ere gure etxeetan sartu nahi gaituzte. Arrazoia? betikoa. "Gizon batentzat beharrezkoa da lan egin eta alokairu bat irabaztea, baina emakumearentzat ez. Emakumeak etxetik kanpo lan egiten badu, ez aspertzeagatik da... edo etxera beti ondo datorren laguntzatxo bat ekartzeko. Baina orain krisisa dugu. Gizonentzat lanposturik ez badago, nola mantenduko dituzte emakumeak entrepresetan?" "Lan egiten duten emakumeek, gizonoi lana kentzen digute" "Gizonek familia mantendu behar dute..."
Emakumeok, jaiotzen garenean pertsona indibidualak izaten gara. Patriarkal gizartean, jaio ondoren, familia batean alokairu gabeko langile izateko hezitzen gaituzte. Familia honetan gizona da patroi eta zerbitzu batzuren trukez, janaria, jantziak etab. emanen dizkigu. Hor dugu eskaintzen zaigun lanpos- ????
luzeago hitzegin beharko dugu, baina gauza bat esan dezakegu oraindanik: ez dugu onhartzen.
Jaio ondoren ere, pertsona indibidualak nahi dugu izan eta geure bizibidea GEUK aukeratu, posibilitate guztiak aurrean ditugula eta bat ere ez ukatuta emakume garelako.
Bizibide honek, hitzak dioen bezala bizitzeko bide bat baldin bada, alokatuta izan beharko du noski, eta ez guztiz edo ia dohako, orain emakumeok egiten ditugun lan gehienak diren bezala. Gauzak horrela planteiatuz, familian emakumeoi ematen zaigun betebeharraren aurka goazela garbi dago.
Krisisak arlo guztiak hartzen ditu
Krisisa ez da ekonomikoa bakarrik. Soziala eta ideologikoa da ere. Kapitalismoaren sistima guztia krisisean dago, gizartearen prozesuak aurrera jarraitzeko egitura berriak behar ditu eta... Baina sistima honek ere, hil baino lehen eginahalak egiten ditu historia gelditzeko eta bere egoera iraunkortzeko.
Familia, gizartearen funtsezko egitura bezala, krisisean dago. Eta kapitalak, krisisa bere onerako gainditzeko, ideologi aldetik ere bere indar atzerakoia finkatzeko beharrean aurkitzen da.
"Dirurik ez dago!" Etxeko andreei deia, dramatikoa da haien ezpainetan... "Emakumeentzat egiten dituzten aldizkari eta irrati saioetan, milaka kontseilu, norberak bere eskuz egin ditzakeen gauzak eta nola egin agertuz. Oso merke diren hainbat plater egin omen ditzakegu, geure denbora hartzen badugu... familia osoaren jantziak egitea oso erraza da, geure denbora hartzen badugu... Etxetik irten eta ordu erdi bat ibili ondoren, azak bi pezeta merkeago saltzen dituen denda bat aurkituko dugu... Umeak, norekin amarekin baino hobe?
Lehen etxetik kanpo lan egiteko arazo larriena hau zen: gero lanetik itzultzean, etxeko lan guztiak geuk egin behar.
Orain, krisisa dela eta, ekonomiak egin behar direla eta, etxeko lana doblatu egin zaigu. Zartakoak alde guztietatik jasotzen ditugu emakume bezala. Hau etorkizuna, ez badugu gogor egiten!
Itziar Urtasun
Sukalderako saltsak
Salade Niáoise (Entsalada Nizako erara)
6 lagunentzat beharko dituzu: Hiru katilu arroz, oliba beltzak edo eta berdeak, antxobiak salazoian), muskuilu1 lata bat,2 gatza, ozpina, ttipula ttiki bat, perrexila, ziape pixkat eta biperhauts beltza.
Lapiko sakon batetan ipin ur asko irakiten gatz pixka batekin. Irakiten denean bota ezaiozu arroz guztia. Eduki honela 13 minutu. Atera eta iragaztontzi3 baten bidez ken ezaiozu arrozari ur guztia Iturriko ur hotzaz garbi ezazu bertan (iragaztontzian) arroza. Ipin arroza platera zabal batetan hotz dadin.
Bota ezaizkiozu gainetik olibak, antxobiak eta muskuiluak.
Nola egiten da ozpin saltsa: Zuritu, zatitu, eta beratu4 tipula ttiki bai, perrexil pixkat eta biperhautsa. Nahas ezazu guzti hau oliorekin ozpin pixka batekin eta ziape goilarakada ttiki batekin5. Eragin bizkor, pixkat loditu arte eta bota arroza gainera. Zerbitza ezazu hotz-hotza.
On egin.
1 Moules, mojojoiak.
2 Aukerapekoa.
3 Colador, écumoire.
4 Macerar, macérer.
5 Moutarde, mostaza = ziape.
Gramatika
Herrien izenen deklinabideaz (2)
A letraz bukatzen diren herri-izenak
Lehen ikustaldi batetan, zera pentsa daiteke, halegia, a letra bokale bat izanik, horrela amaitzen dienak, Bilbo izenaren antzera deklinatu behar direla. Baina arazoa ez da hori bezain sinplea.
Izenen amaierako a guztiak ez dira maila eta jatorri berekoak; eta horren kausaz a-z bukatzen diren herri-izen propioak, ez dira guztiak era berean deklinatzen. Azterketa errazteko, bi multzotan banatuko ditugu a letraz bukatzen diren hitzak: 1) A organikoa dutenak. 2) A hori hitza mugatzeko erabiltzen dutenak (hots, organikoki ez dutenak).
1. A organikoa dutenak. Kasu honetan daude, adibidez, Donostia, Gernika, Nafarroa, Gipuzkoa eta beste asko. Izen hauetako bukaerako a letra, zenaren beraren parte bat da eta ezin daiteke izenetik banan. Beraz, deklinabideko kasu guztietan ageriko da.
2. Bukaerako a letra ez da organikoa. Beste kasu batzutan, a batez bukatu arren, a hori ez da organikoa. Dirudienez, aintzinako izen arrunt baten era mugatu singularraren ondorio dirateke, eta arkaikotzat jo daitezke.
Hitz batez esateko, a hori artikulu arkaikoa dateke, eta horregatik, herrien izen hauk izen arrunt gisa deklinatzen dira. Deklinabidean, a hori desagertu egiten da kasu batzutan. Hurrengo koadroan horrelako izen bi etxe hitzaren deklinabide mugatu singularrarekin konparatzen dira, eta, bide batez, Donostia hitzaren deklinabidea ere jartzen da. Kasuak, lehengo koadrokoak dira. Ikusten denez, lekuzko kasuetan desberdintasuna ageri da. Deklinabide hau bizirik dago hizkuntza mintzatuan, Bizkai aldean behintzat. Horregatik hitz horik salbuespen modura tratatu beharko dira hizkuntza idatzian ere; horrela uste dut nik bederen.
Horrelako izenak erdaretan ere agertzen dira. Adibidez: La Rochelle, La Bastille, El Escorial, Laguardia, Labastida, La Rábida,... Ez da, ba, harritzekoa, gure artean ere bat baino gehiago aurkitzea.
A organikoa A ez-organikoa
Donostia Deustua etxea Bizkaia
Donostiak Deustuak etxeak Bizkaiak
Donostiari Deustuari etxeari Bizkaiari
Donostiaren Deustuaren etxearen Bizkaiaren
Donostiarekin Deustuarekin etxearekin Bizkaiarekin
Donostian Deustuan etxean Bizkaian
Donostiako Deustuko etxeko Bizkaiko
Donostiatik Deustutik etxetik Bizkaitik
Donostiara Deustura etxera Bizkaira
Nola jakin daiteke, bukaerako a famatua organikoa den ala ez? Zer esanik ez, azterketa sakonagoak egin beharko dira eta gero Euskaltzaindiak argitaratu egin beharko ditu ondorioak, euskal idazleok zer egin jakin dezagun. Bitartean, X. Kintana eta J. Tobarren hiztegian zertxobait markatzen da gertakari hau, Iruiñe(a), Bizkai(a) eta Deustu(a) idazten denean, nolabait a hori organikoa ez dela adierazten delarik. Hala ere, izen gutti ageri da. Bestelakoren batzu aipatzeko, Azpeiti(a); Azkoiti(a), Ermu(a) eta Foru(a) ere era berekoak direla esanen dugu. Dena den, arazo hau oraindik guztiz argitzeko eta zehazteko dago. Ea noiz ditugun Euskal Herriko herri guztien zerrendak; oker ez banago, Euskaltzaindia lanean ari da helburu horrekin.
J.R. Etxebarria
Anaitasunako zuzendaria,
Aldalur gudariari gertatu zaionak argiki erakusten du gure manatarien egitatea maila guzietan:
1) "Bazter mintzairen" irakastea legezkoa dugu "Deixonne" legeak finkaturik, jadanik 1951-ean.
Konda errax da lege hori izanez euskara ikasi dutenen nombrea eskolan. "Bazter kultura" horiek begietako purruska aski baitute.
2) Lur sal-erosketen merkatuan ere halaber: Safer hori egina da laborariendako, noski: lekuan tokika nola ari den argi dago. Laborari ttipiek ez dute abantail handirik. Askotan haien kontra ere ari baita, legea laborarien kontra aplikatuz.
3. "Geneve-ko hitzarmena": Aldalur bezalakoentzat egina da. Hitzarmen hortan Frantzia engaiatzen da iheslari politikoen onartzera.
Baina, egiazki, zer gertatzen da? Hitzarmen hori ala tu berdin dateke; Aldalurrek ez du abokat baten ikusteko ahalik ukan, berehala fueratua izan da, eta noren eskuetan ezarria?
Hemen ere, ttipiak petzero, iduriz legea haien alde, baina deus ez egiten ahal.
Orduan, zer egin guk? Gutienez, dakizkigunak erran goraki. Europako herri batuek akordio bat pasatu dutela politika borrokarien elgarri pasatzeko. Akordio horrek "Geneve-ko hitzarmena" osoki indargabetzen duela.
Ezker berri
***
HERRI-LAGUNTZA
Adiskidea,
Bere bizi-nahian, gure Herriak darabilen gudu luze, dorpe eta bortitzean, gora behera asko izan dateke. Jasateko gehienak, hegoaldeko haurr dek jasan dituzte orainarte; eta azken urte hauetan, "Anaiartea" bezalako batasun batek zerbait laguntza egin die.
Gaur bada —eta zernahi gertaturik ere oraingo bozkaldien ondotik— ba dirudi iparraldi hontan berean bazterrak berotzen ari direla: Frantziako gobernua eta haren gizonak alde batetik, euskaltzale mota guziak bestetik, gero eta gehiago aiher dira elkarri. Euskal-Herria kinka gaiztoan, eta menturaz galzorian sentitu dugunek, zerbait egin nahi dugu halabaina gure Herria herstura hortatik ateratzeko. Batzu legez eta moldez ari izan gara gure deia entzunarazi beharrez. Baina herritar asko, beste biderik hartu nahiz dabil, ezinbestez. Horiek oro buruberokeriak dauzkate, berak gustura bizi direnek, eta euskal-minik ez duten guziek. Geldirik ez dauden guziek behar omen dute zentzatu, hezi, gazitu eta berdin preso sartu.
Ez doa berehala trenkatzerat horrelako eztabaida, eta ba dakarzke kasu mingarriak. Ba ditugu-eta jadanik bizpalau, aipatzea merezi dutenak. Hona behin Jean Louis Davant, euskaltzale ohoragarriaren kasua, berak hemen agertzen diguna. Horra ere bestela, Xan Marguirault, donibandar gaztearena: Makur ibili bada ere, zuzentasuna bederen hartzen du, eta gizon orori zor zaion errespetua. Ba dateke oraino besterik.
Horra zergatik proposatzen dizuegun Herriaren alderako guduan Herriaren laguntza hartzen dutenen alde, batasun bat moldatzea, ikuspegi guzietako euskaldunei zabaldua. Gutarteko eztabaida ideologikoetan sartu gabe ekar liezaioke beharrean dagoen herritarrari, hartzen duen herri-laguntza.
"Herri-laguntza" hortan parte hartzerat zaudenetz erraguzu.
***
Hemen bidaltzen dizuegu horritxo hau zuen aldizkarian argitaratzeko.
Euskaraz, egunero entzuten ari garen hitzak hauexek dira:
"Ez dugu komentzi handirik alfabetatzeko eta euskalduntzeko, bai toki arazoengatik eta bai ordu arazoengatik.
- Hemen behar dena zera da: Jende profesionalizatua".
Entzutetik eta hitzegitetik aspertu direnez gero, gazte batzuek, ideia hau praktikara eramatea erabaki dute. Praktika honek nahi du esan gazteok ordu eta toki komentziok eskaintzeko asmoz daudela.
Edozein maila emateko prest daude, hots, E. I; E. II; E. III; Mintza Praktika; Alfabetatzen. Taldeok laburrak izango dira, hamarrekoa gehienez. Hortarako maiatzeko lehenbiziko bi astek, inskribapenak egiten ihardun dute, bere bulegoan. Kezkatuak zaretenok jo ezazue helbide horretara: Kale Nagusia, 28; 1.goa (Aurrezki Kutxa Munizipalen ondoan), Ordizia.
Bulego orduak:
Goizez: 11tatik - 121/2tara.
Arratsaldez: 6etatik - 8etara.
Bulego egunak: Maiatzeko lehenengo bi asteetan, larunbata kenduz gero, edozein egunetan.
Eskerrik asko.
Getxoko herri batuaren bigarren agiria
Gure eginkizun argiarekin jarraituz, hurbiltzen gatzaizkizu berriro gure azken mugimenduen berriak eduki ditzazun.
Jakingo duzunez, HERRI BATUA, astero biltzen delarik, asanblada baten itxura aukeratzea onhartu du, eta horrela bultzatzen dituzten erabakiek guztien artean hartzen dira.
Udal alternatiba egoki bat prestatzeko erdibiturik gaude lan komisio batzuetan. Hauk dira: Kandidatoak, Udal egitaraua, Harremanak beste taldeekin, Hauteskundeen teknikak eta propaganda, Legalitateen arazoak eta Gestioa.
1978ko 1ren 20 egunean, HERRI BATUAK laboratu eta onhartu zituen datozen utziezinezko eta ukaezinezko puntuak:
1. EUSKADI zalantzagabeko errealitate bat da, kontinentar eta penintsular geographik ingurua batekin eta aspaldidanik ezagutzen diren zazpi herrialdeez egina. Halaber onhartzen dugu historikoki euskaldun ziren lurraldeak, eta orain bere borondateaz Euskadin sartu nahi dezatela.
2. Bere hizkuntza Euskara da, benetazko birezartze bat egiteko ahalegin handienak egingo dira eta ahal bezain laster elebitasun egoera batetik pasatuko da.
3. Euskal Herriaren bandera IKURRIÑA da. Naziozko ikur baita gure herriak lortu duena borroka luze bat eraman ondoren.
4. Baieztatzen dugu ere Euskal Herriaren eskubidea bere buruaren jabea izateko, azkenean aukeratzeko zein izango diren beste munduko herriekin eduki behar dituen harremanak.
5. Halaber, nazional askatasuna, lotuak joan behar direla nahi ta nahiez kontsideratzen dugu.
1978ko 1aren 27an, Herri Batuak erabaki zuen aho batez, Altsasuko Mahaiarekin kolaboratzea. Gero 1978-ko 2aren 10ean onhartua izan da Altsasuko Mahaiak proposaturiko koalizioak hauteskundeak begiratuz, onhartzea, baina erabakizun hori izan behar da Euskadiren onerako eta ezker abertzaleen batasuna lortzeko.
Hortaz, planteamenduen oinharri honetan aski definituak geratzen garela uste dugu. Sintesi batetan hauxe izango litzateke gure ideologik eskema:
- Nazioari buruz, independentzia eta sozialismoa.
- Udalari buruz, asanbladeen sistema.
- Politikari buruz, ezker abertzalea.
Altsasuko Mahaian dauden alderdiekin, harreman edukitzean hasi dugu, gure helburu da gure herrirako udal egitarau egokiena egitea.
Aprotxatzen dugu parada hau zure sarrera eskatzeko gure elkartean, helburuak interesgarriak ikusiko bazenitu.
Laster, herriko hauteskundeen eskualdetan egingo ditugu herrikoi batzarrak gure ustekizunak herriko jende artean nola erortzen diren jakiteko.
GETXOKO HERRI BATUAREN ASANBLADA
Gurutzegrama
Larry Trask
Zapaburu birbiztua
Kaleko [Komikia]
OLARIAGAKO
Zilarrezko krabelina
Okerrak non dauden seinalatzeaz aspaldion asperturik gaudenez gero, eta, bestalde, tontorik txarrenak ikasi nahi ez dutenak delako horretaz gogoraturik, hemendik aurrera, aparteko kasuren bategatik ez bada behintzat, gehiago astabelarririk ez ematea erabaki dugu. Urregorria, gainera, gero eta garestiago dago, eta ANAITASUNAren gastu urritze honetan, ez zen gisa, papera eskasagoa denean, guk urrea parra parra hortik zehar erregalatzen ibiltzea.
Hemendik aurrera, beraz, ZILARREZKO KRABELINAK emango ditugu, opari apalagoak, baina, hori bai, ohore handiagokoak. Zilarrezko krabelinok —izan, Telesfororen krabelin gorri haik berberak dituk, irakurle, baina purpurinaz pintaturik!— euskararen aldeko edozein ekintza publiko eta ageriri eskainiko dizkiogu, hura goraipatzeko asmoz.
Eta, hasteko, bihoakio gure lehen krabelina GALERIA RECALDEri, berak ateratzen duen artezko aldizkariagatik. Errebista horretan, Bizkaiko arte-aretoen berri dator, artistekiko elkarrizketa eta zenbait aldizkariren arte-artikulu hautatuak ere bai, Galeria Recalderen aldizkari hau, bestetik, bikoitza da, hau da, euskaraz eta erdaraz argitaratzen da, baina ale ezberdinetan, bata osorik euskaraz eta bestea erabat erdaraz. Hizkuntza aldetik, derragun bidenabar, oso ongi dator, euskara jator, atsegin eta batuan.
Ekintza txalogarria benetan.