ANAITASUNA

1978.EKO UZTAILAREKOA

366 ZENBAKIA

50 PZTA.


[AZALA]

Entzun dugu eta ulertu ere bai. Baina ez zaigu buruan sartzen.

GEHIEGI DA...

Horregatik ditugu estatuarengandiko kondenak kondenatzen eta bihoaz gibeletik hartzen.


AURKIBIDEA

3 Editoriala

4 Konstituzio honi ez.

Euskal Herrian.

6 "Haurren Zinema jaialdia".

8 Xan eta Aldalur.

10 Ohar laburrak.

14 Elkar Ikuska: Letamendia.

19 Nazioartekoa: Videlak 3 Demokraziak 1.

22 Anaitasunaren oharra.

24 Nazioartekoa: Txinakeriak.

26 Marzinger Z. Euskal Umorerik politikoena.

28 Muntaketa literari eder bat.

29 Eva Covoren burruka.

30 Dibortzioa.

32 Hitz Egin. Hitzegiteko metodoa.

36 Postal horrialdea.

37 Gurutzegrama.

38 Zilarrezko krabelina.

ANAITASUNA

ZUZENDARITZA, IDAZKARITZA, ETA LANKIDEAK: J. Arzelus, T. Trifol, J. Llerandi, X. Kintana, M. Aldana, X. Gereño, J. M. Torrealday, M. Alvarez, A. Oiarzabal (Gipuzkoa), I. Zabaleta (Araba eta Nafarroa), M. Lanhatoua (Iparraldea), J. Agirreazkuenaga (Bizkaia), J. R. Etxebarria, P. Agirrebaltzategi, A. Eguzkitza, X. Mendiguren, I. Azkoaga, A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, J. Iturbe, B. Atxaga, I. Urtasun, M. Haranburu, M. Lasa, I. Mendiguren, Jon Etxebarri, R. Ordorika, E. Enziondo, J. L Alvarez, S. Laffite, M. Pagola, J. Idigoras, K. Anakabe, E. Martin, J. Aurre.

MAKETAPENA: E. Zumalabe.

FOTOGRAFIA: Susperregi.

KOMIKILARIA: A Olariaga, I. Lauzirika.

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA: J. Idigoras, A. Uribe.

IDAZKARITZA, ADMINISTRAZIOA ETA HARPIDETZA: Zabalbide 68 - BILBO. Tf: 433 58 00/7/8/9.

MOLDIZTEGIA: Iparragirre S. A. Carretera de Galdácano s/n. BILBO.

OHARKIZUNA

Anaitasuna ez da arduratuko artikuluen edukiek duketen erantzunkizunaz. Beronek ez du esan nahi ez alde ez aurka dagoenik, Bestaldetik, beregain hartuko du editorialearen eta bere izenez izenpetutako artikuluen erantzunkizuna, barau baita (hola dugu ulertzen) bere ideologi hildoa.


Editoriala

Gehiegi da...

Lerro hauk idazten dugunerako jadanik betikoek Rodrigez eta Barandiaran hil dituzte, bata Iruinean eta bestea Donostian. Euskal Herriko prentsaz eta irratiaz Iruinean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen gertatzen denaz jabetzen gara, Estatuko komunikabide ofizialek Euskal Herriko gertaerak beren gezurrez iluntzen ahalegintzen diren artean.

Mugaz bestaldean frantses polizien indar zapaltzaileek ez dute ere pertsonek harantz honantz ibiltzeko daukagun askatasuna ere errespetatzen. Frantziako komisaldegietan haurrak ere atxilotzen dituzte. Mundu hau guztiz zoraturik dago.

Euskal Herriaren nortasunaren kontra burrukatzeko ba dirudi bide guztiak erabil ditzaketela. Horrela izanik, zer esan dezakegu gure buruak defendatzearren bide berberak erabili behar ditugunean? Nork kondena dezake hemen burruka harmatua? Sozial demokratek burjes demokrazia arriskutan ipintzen denean burruka harmatua kondenatu egiten dute. Euskal burjes demokraziarik ere ez dagoenean nola kondena daiteke burruka hori? Kondenatzekotan zer kondenatzen da?: Benetako euskal demokrazia minimo bat debekatzen duen burruka harmatua ala euskal demokrazia minimo baten alde dagoena?

Zertaz oinharritzen da, zein legek ematen dio Espainiako gobernuari Euskal Herri osoak historian zehar eskatu duen, berea den jabetasuna, kentzeko baimena?

Ez al da egoki eta bidezko indar zapaltzaileak Euzkaditik botatzea? Ez al da egoki eta bidezko euskararen benetako ofizialtasuna? Ez al da egoki eta bidezko gure herri nortasuna defendatzea? Ez al da demokratikoa gureak diren industria, paisaia, komunikabideak, ekonomia eta herri honetan dagoen guztia guk langileok kontrolatzea ere?

Ez al daude prest hori guztiori egiteko? Zertarako daude prest? Jendea hiltzeko beti egon dira. Zertarako daude orain prest? Zertarako?


Euskal Herria

Kostituzio hori ez

Dagoeneko Kostituzioari buruz plazaratuak dira esaera berri batzu: "Kostituzio hori ez", "Sasi Kostituziorik ez", "Honelako Kostituziorik ez", etab Esaera horik KASeko alderdiek, HERRI BATASUNAk, EIAk, EMK-k eta abarrek jaurtiki dituzte.

Gehiengoen alderdiak, beren "hitzarmena" bide, egundoko erantzukizuna badute ere, euskaldunontzat arrotz den Kostituzioaren maratila ixtera doaz. Funtsezko ahalmenik gabeko autonomia murriztu eta Estatu erdirakoiaren menpeko finkatu. PSOE eta PC-k ardi larrua erantzirik otso inperialisten hortzakadaz kinkatu dute dagoeneko Kostituzioan. Ortzi Autodeterminaziorako eskubidearen aldeko proposamena egitean, aipaturiko bi alderdiek ez dute onhartu. Areago, Espainiako nazionalitateen elkargoa eragitearren, eta abiadapuntu baliagarritzat joz, federalismoa eskatu zuenean, berriz, P.N.V. bakarrik atera zen federalismoaren alde. PC eta PSOE federalista deklaratu dira orain arte, baina Kostituzioa eratzerakoan federalismoaren kontra jarri dira, dirudienez "luzaroko helburua baizik ez da federalismoa, era guzietara ere Kostituzio hau ez da Espainiako nazionalitateetan oinharritzen, eta, beraz, ezin daiteke federalista izan". Egia esan, alderdi bi horien jokoa ez da berria, beren egiazko politika sozial inperialismoa baita mundu guzian. Hori bai, Euskadi "pazifikatu" behar omen da lehenik, herri borroka desagertaraziz, "terrorismo" instituzionala, ordea, normaltzat hartu behar omen da Europa osoan bezala. Autogobernu eta beste hitz biribilak ezpain hortzetan darabiltzaten bitartean, erdikoikeria darie alde guztietatik, eta azaleko autonomia barregarri bat inposatu digute U.C.D.ko kapitalista inperialisten eskutik. Gero, ez da harritzekoa CC.OO. edo PC-en (Tolosako Goardia) abertzaleon etsai eta gorputz zanpatzaileen lankideak aurkitzea.

Ongi lotuak geratu dira Kostituzio horri dagozkionak: Erregezko gobernuera bakarra, azalhutsezko autonomiak eta botererik gabeko autogobernuak, indar harmatuen goi mailako eskuhartzea, langileei despido librea, kapitalismoa edo merkatu libreko ekonomia, gaztelania hizkuntza nazional eta ofizial bakarra (hizkuntza autonomoak hor konpon), funtsik eta mamirik gabeko eskubide foralen aldeko deklarapenak, andreen eskubideak ez jasotzean bere zanpaketa instituzionaltzen da, gazteriarekin eta sozial baztertuekin beste hainbeste. Hain zuzen ere, Kostituzio atzerakoia eta euskaldunontzat probokazio garbia.

Zenbaiten ustez, Kostituzio honek finkatuko omen du erabat Espainian Burjes Demokrazia. Baina, honetaz Montzon, Mikel Castells, Txomin Ziloaga eta abarrekin ados nago. Kostituzio honek, Euskal Herrirako behintzat, estabilitatea eta demokrazia ez baina, inoiz ez bezalako frustrapena, desestabilizapena, eta herri burrukak sortuko ditu. Halako sasi Kostituzioa Madriletik ezartzeak abertzale eta estalisten arteko amildegia sakondu baizik ez du eginen.

P.N.V.-tarren politikagintzak, zuhurtasunak eta parlamentarismoak gora jo dute, eta politik irtenbideak agortzen ari dira. Oraindik ere P.N.V.-k ahaleginak egingo ditu bai parlamentuan bai senatu ganbaran, Job-ek baino pazientzia handiagoz, Kostituzio horri zirrituren bat ireki beharrez. Azkenik Ortzik eskatu bezala, PNVko parlamentariek ere, maletak bildu eta etxeratzea litzateke egokiena. P.N.V.-koek dute orain hitza.

KASek beste bidetik joko du KASeko bi alderdiek, oraindik legetik kanpo, nabarmen utzi dute Suarezen sasidemokrazia eta bere kapitalismo erdirakoia. Eta Kostituzio honi beha bezala erantzun ahal izateko KASen teknik taldea eratu da, erakundeen ordezkariak eta Mikel Castells, Iñaki Esnaola, Añua, eta beste burrukalari independenteekin osatua. Euskal Herriko demokraziak KASeko alternatibatik iragan behar baitu.

Gobernuak berak ere ba daki, ezarri nahi duen Kostituzioarekin ez dituela denak berarekin Euskal Herrian, eta kalte latzak lekarzkiokeela Estatu osorako ere, horregatik negoziaketari heldu dio. Euskal Kontseilu Orokorraren bidez (Benegas) ETA edo KASekin harremanetan hasiak dira bakea (edo armistizioa) nola lortuko. Kostituzioaren hesi eragozpenak eta mamirik gabeko autonomiaren erakundearekin ordea, amore ematea morrontza lotsagarri baten truke litzateke.

Alex


Euskal Herria

Haurrak zinegile, Donostiako "Haurren Zinema Jaialdian"

Euskal Zinegile Elkarteak lehen aldiz Haurren Zinema Jaialdi bat muntatzen du. Jose M. Clavel, Kontxi eta Eskisabel euskal zinegileak ditugu ideia honen bultzatzaile bizkorrak. Zinema bidez biharko egunerako kultur azpiegitura bat gertatu nahi da, sorkera edo kreatibitate arloan haurrek berek, bere kasa, beren irudimena hazi eta heda dezaten.

Bestalde, norgehiagoka bizian eta dirua nola irabaziko eratu dugun gizarte kontsumista eta despertsonaldu honetan guztiz egoki letorke haurrek beren kontura betiko giza balioak beren erara eratu eta agertzea, hau da, lurreko eta abere zehatzak, lagun urkoarenganako maitasuna, adiskidetasuna eta gizartearekiko harremanak.

Haurrek bere kasa, jator eta garbi jasoko digute familia eta gizarte giroa gizarte giroa, ikastola eta lagun artea, beren poz eta beldurra... horregatik Zinema Lehiaketa hau haurraren edo mutikoaren kezka guztien agerkai bilakatuko da, eta Lehiaketa honetan ez da ez garaile ez galtzailerik izanen, pelikula guztiak emango baitira, eta guztiak izanen dira sarituak zinema materialez. Gainera, bakoitzari Zinema Lehiaketaren oroigarri bezala Nestor Basterretxearen irudi bat emango zaio.

— Oso ideia polita, baina nortzuk lagunduko dizue?

— Jose M.a Clavel. Donostiako CATen lankidetzarekin kontatzen dugu. Eta zenbait merkataletxe eta banketxeren laguntza ere espero dugu.

— Haur zinegile hauk ez ahal dira papa-semeak bakarrik gertatuko, zinegintzazko makinak garestiago direla kontuan hartuz?

— J. M. Uste baino makina gehiago daude familietan, eta gehienentzat ez dut uste familian edo lagunartean bilatzea neketsua izango denik. Bestalde, gurasoek egin dezaketen erregalorik baliotsuenetakoa eta guziz edukagarria litzateke, hainbeste txatxukeriak erosten baitira gaurregun.

— Ez da makina iristea bakarrik, pelikula batek nahiz eta mutua izan bere gastuak ditu.

— J. M. Haur zinegileen pelikula gastuak nolabait ere ordainduak izanen dira. Zinema materialak ematekotan gabiltza, horretarako jakina, merkataletxeekin kontatzen dugu.

— Zinema lehiaketa hauk bultzatzeko pentsatu al duzue ikastola eta ikastetxeetan?

— J. M. Oraindik ezer gutti egin badugu ere, ikastoletan eta abar zinegintza bultzatzeari guztiz interesgarria deritzogu.

— Beste zerbait zuen asmo edo projektu honetaz?

— J. M. Bai, denborarekin eta ahalik eta azkarren Donostiako "Haurren Zinema Jaialdia" nazioarteko bihurtu.

Leihaketarako Oinharriak oraindik ez dira zabaldu, baina ikastoletan, etab. materiala prestatzen ekin diezaioten, hara hor aurreoinharri batzu:

Zinema Lehiaketarako Oinharriak

 Partehartzaileak:

Nahi duten haur guziak. Partehartzaile bakoitzak gehienera bi pelikula presenta ditzake, eta bere iraupena gehienera 30 minututakoa izanen da.

 Pelikulak:

Izan daitezke, Single 8, Super 8 edo 8 mm. normalean, zuri-beltza edo koloretan, soinu hotsez ala mutu.

 Gaia:

Gaia libre da, izan daitezke irudimen gaiak, dokumentalak, erreportaiak, esperimentuzkoak, etab.

 Izenak ematea:

Haur zinegileen izenak eta pelikulak abenduak 15erako eman behar dira. Pelikulak bidali:

Centro de Atracción y Turismo (CAT)

Reina Regente s/n DONOSTIA TLF. 42 31 80

Informaketa zehatzetarako galdatu Kontxitarengatik. Tlf. 42 31 80.

 Projezioak:

Projekzioak abenduak azkeneko astean eta urtarrilak 5-aren artean emanen dira.

 Kamarak erabiltzeko solasaldi eta ikasketak:

Zinema Jaialdian partehartu eta zinegintza ikasi nahi dutenentzat ikasketa batzu antolatuko dira zinema teknikari buruz: Filmaketa, Muntaia, Soinua, etab. Haurren Aste Handian, uztailak 31 tik abuztuak 6aren artean ospatuko dira.

Alex


Euskal Herria

Euskal Herriari desafio bat: ezetz euskarari

Ekainaren 17an, Atarratzen elkartu dira, Zuberoako eta Behenafarroako alkateak. Hor zeuden ere, Inchauspé eta Duboscq jaun famatuak, baita ohi den bezala Noirot-Cosson edo Noir-le-cochon = Zerri beltza, departamenduko prefeta berria. Esan nahi dut, euskaldunon zapalkuntzaren sinbolo benetakoa bera. Hots, jaun prefeta edo frantses inperialismoaren lehen aintzindaria. Jaun korbatadunen, atorra zurien eta beraien burua teknokratalari daukatenen biltzarre interesgarria. Interesgarria diot, egun horretan Euskal Herriko eskuinak gerra deklaratu baitio euskarari: "euskara frantsak duen mailan jartzea?... Jaun prefetak berak euskaraz egin beharko luke"... "Ez, ez eta ez, norajoango ginateke?... ba diotzuet zuetaz burlatu nahi dute horrelako proposamenak egiten dituztenak." Hau izan da Inchauspé deputatu jaun guztiz eskuindarraren deklarapena. Bistan da, hemen kolpatu nahi zutena zera zen, Haritxelar jauna, baina beronen bitartez euskararen alde daramagun burruka guztia kolpatu dute. Lehen lehenik eta bereziki ikastolak. Beraz gerlan gaude. Abertzale guztioi Inchauspék desafio bat bota digu eta ez herrabe ez beldurti ez garelako hain zuzen, erantzuna emanen diogu. Kontuz, Inchauspéren horrelako hitzek pisua dute eta nork daki ze ondorio dakarkiguten?

Nola sortzen ze eztabaida?

Orain duela zenbait denbora Laburdiko auzapezen biltzarreak, Euskarari buruzko eskakizun batzu Giscard Presidentari bidaltzea erabaki zuen. Oroitzen gara, nola orduko prefetak, Monfraix jaunak euskaraz irakurri zien alkate guztiei eskutitz oso oso batez. Berton "euskara euskaldunen hizkuntza nazionaltzat onhartzea eta berau frantsesa bezala irakaskuntzan ere sartzea". (Ikus Enbata 483. alea).

Dena den, Laburdiko alkateen ekintza teoriko honetan Behe Nafarroako eta Zuberoako alkateak ez izateak ez gintuen orduan kexkatzen zeren uste genuen kontzientzia lasaitzeko berdin eginen zutela, beti teori mailan, jakina. Baina hara hor Inchauspéren kontratasuna gogorrak zer sortu digun. Problema da alderdi politikoek hontaz zer eginen duten jakitea. Dudarik ez, horrelako gertakizun politikoak, Inchauspék egin duena politika baita, guztiz landu, aztertu eta plazaratu behar dira.

Gauzak ongi aztertzeko esan dezagun lehenik nola izan zen Haritxelar jaunaren proposamena. Berak nahi edo proposatu zuena hauxe zen:

Frantziako presidentari eskakizun batzu bidaltzea alde batetik eta bestetik, herri bakoitzaren dirukutxak libera baten zerga (1 F.) paga zezala.

Ordu berean, Intxauspé jauna erotu zitzaigun eta Seaskaren "Ikastolak" izeneko hilabetekari bat irakurtzen zuela alkate batzarre osoa bere alde jarri zuen. Ikastolen kontra bereziki. "Badirudi Seaskakoek nazio bat egin nahi dutela eta nazio bat eginez euskara ez da salbatuko" zioen Inchauspék, Haritxelar jaunak zioena baino urrunago zihoala Seaska esanez.

Harrigarriena zera da, demagogia horrekin ezer zehatzik proposaturik gabe, biltzarre oso bat berarekin bat egitea. Ez dugu ulertzen alkateen ixiltasuna edo eta beldurra. Inchauspék izugarrizko eragin politikoa duela esatea ez da beraz gezurra.

Herriaren erantzuna?

Zer erantzunen dio Herriak? Ezin esan daiteke. Ikastoletaz arduratzen diren pertsonak, sakonak eta behar den modura izanez gero, ez dago dudarik haien erantzuna pisuena izanen dela. Zergatik ez asma, esaterako, Garazin bertan eta jaun deputatuaren etxe aurrean manifestaldi ixil bat?... Honelako ekintzak behar beharrezkoak dira Iparraldean euskal kontzientzia zabal dadin. Hain zuzen, inork ez duelako ukatzen bere euskaldun izaterik. Euskal izate horri euskararen arazoa eta burruka lotzea behar beharrezkoa zait. Aurreratzeko posibilitate hau ez dezagula gal, eskuinaren pettoez balia gaitezen.

Labur laburra esan genezake, Behenafarroako eta Zuberoko auzapezen biltzarrak egiazko faxista baten aurpegia ikusi duela.

M. L. Uhaitze


Anaitasunaren oharra

Anaitasuna oso gaizki dabil ekonomiaren aldetik. Hau dela eta Uztailean ale bat eta gainera oso atzeraturik atera da Kalera.

Uztailean. ohi den legez beste ale bakar bat ateratzeko ahalegin guztiak eginen ditugu.

Bestaldetik aldaketak egon dira Anaitasunan barne. Gestio osoa langileon eskuetan geratu da. Hau dela eta independienteagoak gara.

Anaitasunako helburuak ez dira horregatik aldatu.

Euskal prentsa herrikoi bat lortzea. Prentsa egikorra eta objektiboa. Benetako kazetaritza egitea. Alderdi politiko guztietatik libre izatea.

Gure Herriaren alfabetatze maila kontuan hartu eta euskaldun berrientzako prentsa ere izatea.

Zu ere honen alde bazaude

LAGUN EZAZU ANAITASUNA.

BIDE ASKO DUZU LAGUNTZEKO.

HARPIDEDUN BERRIAK

KANPAINAK, HITZALDIAK

DIRU LAGUNTZA. ZURE ESKUTAN EGON DAITEKE.

Tfnoa: 4335807/...9

Bankuko kontua: B.BA970 00 137


Luzatu egin da kataplasma ipintzeko ordua baina hala nola ipini beharko zaio. ...Eta hala hola ipiniko digute.

Gehiegi sakatzen denean ohiala hausten da.

Eta Euskal Herria, euskararen herria, euskal langileon herri hau trapu zahar bat bihurtzen ari zaigu. Nori komeni zaio trapu zaharra haustea?

...Eta gure herriko semealabak hiltzen edo asasinatzen dizkigutelarik, kontrolak jarri, terrorismo hitza aplikatu, estado de excepcion edo eta de alarma sortu. Madarika dezagun horrelako hitzak euskaraz esango diren eguna!

Diruaren izenean, politikaren izenean prentsa maneiatu, ETAren kontra burrukatzeko indar errepresibo bereziak antolatu. Teknika sofistikatuenak handik ekarri, Alemaniara joan teknikari eta tresnen bila.

USAko enbasadaren bitartez, Bilboko, Bordeleko eta Donostiako kontsuletxeen azpitik edo eta goitik ikertzaileak, poliziak, eskuineko talde armatuak, Triple A edo antzekoak bereizi, sailkatu, prestatu eta abar eta abar. Horrela mintzatzen da Madrileko Barne Ministeritzapean. Erantzule agiria: Martin Villa.

Algeriako politika kolonialista: Legionea, armada, pilaketak, turismoa, emigrazioa, hilketak langeraldiak, bonbak, lehergailuak, bahiketak, manifestaldiak. Kaashba algerianoa, Donostiako parte zaharra, Iruineko Zapateria, Estafeta, San Juan eta abar. eta abar.

Gero, burjabetasuna, jaraintza, independentzia. Baina lehenago, Argentinako Football txapelketa, zozketak, farrak, jaialdiak, zorionean. Triste heroiko eta polita. Osoz. Heroikoa ez balitz negargarria izanen litzateke.

Ezker abertzaleei, euskal ezker guztiari, manifestaldi bat debekatu dio Bizkaiko Gobernadore Zibilak. Konstituzioaren kontra egin beharko manifestaldia demokratikoki debekatuta. Bortizkeriaren beste agerpen bat. Gobernuak ez du KASekin inolako tratu publikorik eginen, demokraziari ez baitzaio gustatzen hitzen askatasuna. Portell jaunaren alde, egin dezatela otoitz San Pabloren epistolak irakurri dituztenak. Demokraziak armak mintza daitezela nahiago duelako.

Gobernuaren karta, joko zikina EAJren baldintzan ipini du. Emango dio kirtena. Nola ez? Betiko politikak dantzan jarriko gaitu gu. Madrilen kontra jokatzeko beharrean azalduko da berriro ere Euskal Herria. Hemen dena indarrez edo burrukaz lortu beharko da. Pentsa beza gobernuak pentsa bezate militarrek zer izanen litzateke EAJ ere konstituziotik baztertzea. Madrilek jakin beharko luke nor den bele eta nor arrano. Ez galdetu guri berbera otoi, txantxangorriok galsoroetan galtzen bagara zer ez litzaiguke gertatuko garaietan?

E.H.


Ipar Aldea. Xan eta Aldalur: bi abertzale gartzelak pean edo frantses demokraziaren benetako aurpegia

Biltzarre ireki bat "Ligue des droits de l'homme" elkarteak estakaturik iragan da apirilaren 26an Baionan. Biltzarrearen gaia: Aldalurren "Frantziatik" "Espainiaratzea". Mahai inguruan zeuden alderdi politiko batzu eta albistari. Enbata, Jazar, EHAS, Ezker Berri, PSU, Amnistia internazionalekoak.

Karia horretara hitzegin dugu EZKER BERRIren lehendakari batzurekin.

— Zer esan da elkarrizketa horretan eta zer erabaki hartu duzue?

— Erabili dugu maiatzaren lehenaz baliatzea. Esan nahi dut, egin horretako mobilizazioaren bitartez, petizio bat irekiko dugula. Mozione bat bidaliko dugula jaun Suprefetari. Eta hirugarren urrats bat "Ligue des droits de l'homme" elkartearekin salaketa zabalduko dugu nazional mailaraino.

— Nor dabiltza "Ligue des droit de l'homme" horretan?

— Pradier jaun medikua hor genuen "ligue-aren" ordezkari eta Maniort abokatua lege mailaren azterlagun.

— Zergatik "amnistia internazional" eta nola jasoko digu Aldalurren arazo konkretu hori?

— "Amnistia internazional" arduratuko zaigu Aldalurren kasuaz eta ba dakigu arazo honetan nahi duela bere azterketaren egokitasuna eta objektibitatea gorde. Horregatik arazo honetaz ez da, dakigunez, hemen bertakorik arduratuko zaigunik, baina internazional mailan pasatuko da guztia. Gainera ez dugu ongi ulertzen, zergatik eta zertarako Espainol Estatuak, nahi duen baitezpada preso hori, enegurik gaizik ez zaio sortuko horren bitartez. Argi dago guretzat, Giskardek bere Espainiareako bidaia aurrean egindako presenta dugula Aldalur. Ekintza horri, izugarri larria deritzogu. Nabari da, gaurkoan, Europako 21 Estatuek izenpetu duten akordio antiterrorista, horrelako saltze higuinetarako erabiliko digutela. Nabari da ere, konfusio berdina nahi dutela ekintza politikoak eta be te ekintza guztiak nahastuz. Bi ekintza horien arteko apartatzerik ez digute egiten eta geroan errefuxiatuek emanak izanen dira. Hori da gure arriskua.

— Eta Xan abertzale gazte gartzelaratuaz, zein da Ezker Berriren eritzia?

— Xanen alde komite bat jaso dute, baina Ezker Berri ez da oraingoz horretan barne. Zergatik? Gure kanpo egotea bortizkeriari buruz daukagun analisiak agintzen digu, baita, azken hilabete hauetan komite horrek erabili duen konportasioak. Hain zuzen, zer konportasio dauka komiteak? Marginalisatuenak. Bereziki, orma paretean egindako grafitiak, (Hendaiako herrietxearen paretetan egin dira) metodo ezegokiak bezala salatzen ditugu. Ba dakigu gauden kontestuan, geure eragina, baita indarra guztiz ttikiak direla eta horregatik, ez dugu jendea bizkar ezarri behar. Nabari da beraz, borroka era hauk, guztiz gazteenak direla eta jendea hozten baizik ez dutela. Hargatik, komitetik kanpo gaude.

— Noiz mobilizatuko zarete, orduan?

— Ez da pentsatu behar ez dugula ezer egiten eta geure lana daramagu Xanen alde. Baina ba dakigu ere, Iparralde honetan mobilizazio indarra oso ttipia dela eta oraindik ttikiagotzen Xanek borroka bortitzaren tankera aukeratu digulako. Orduan, mobilizazioak, benetako abertzaleak baizik ez ditu ukituko. Beraz, auziaren mementuan egin beharko dugula benetako mobilizazioa uste dugu. Ez sei hilabete aurretik. Gainera, argi dago guretzat Xan, militante politikoa dugula, eta nahiz ez honen borroka tankerarekin adoz izan defendatuko dugu.

M.L. UHAITZE


"Bai euskarari" kanpaina barrutik

Gizonek egiten dute historia, ala historiak egiten ditu gizonak? Esan nahi dut: nork du eragina, gizonek historian, ala historiak gizonengan?

Aipaturiko esaldiak ez dira hitz joko entretenigarri batzu. Bere garrantzia dute, eta oso handia gainera. Eta nik ez dakit zuek nola erantzungo dituzuen galderok, baina ni neu behintzat, gizonaren protagonismoarekin geratzen naiz.

Adibidez: irakasle on batek, nahiz eta liburu-metodo txarra eduki bere ikasleei erakusteko, ikastaroa aurrera aterako du. Bestalde, irakasle txar batek, nahiz eta liburu-metodorik hoberena eskuartean erabili, ikastaroa hondatu. egingo du.

Beste adibide bat: fabrika batetako zuzendari on batek, nahiz eta fabrika krisisean egon, aurrera eramango du lantegia. Baina zuzendari txar batek, fabrikarik hoberena ere, hondatu egingo du.

Beraz, gizonaren protagonismoa. Lan batetarako gizonik egokienak hautatzearen garrantzia...

***

BAI EUSKARARI kanpaina 1977-ko urriaren inguruan hasi zen mamitzen, Juan Mari Covian-en ideia baten eraginez. Oso interesgarria litzateke ANAITASUNAk Coviani elkarrizketa bat egitea, asmo hori nola sortu zen, eta eman ziren lehen urratsak azal ditzan. Nik ez dakit deus horretaz. Kanpainan oso berandu sartu nintzen, dena planteiaturik zegoenean. 1978.eko maiatzaren lehen egunak ziren, Jose Luis Lizundia eta Albaro Legarreta bila etorri zitzaizkidanean.

Kanpainarako batzorde berezi bat zegoen eta astean bi aldiz biltzen zen. Bilerara lehen aldiz joan nintzenean, bizpahiru izan ezik, beste guztiak ezezagunak nituen. Denetara hamabost bat lagun ginen. Aurkeztu ninduten. Euskaltzaindiko bakarra Juanjo Zearreta zen. Gainerakoak, espezialistak, bakoitza bere gaian. Hasi eta berehala konturatu nintzen non nengoen, eta aurrera eraman behar zen kanpainak arrakasta izugarrizkoa lortuko zuela. Hasieran, bakoitzari folio batzu banatu zizkiguten, bileran eztabaidatu behar ziren puntuekin. Puntuok, argi presentaturik, ongi ordenaturik, egoki sailkaturik zeuden. Egitaraua prestatu zuenak, ba zekien zertan ari zen eta bistan zegoen azterketa lan serio baten fruitua zela. Egileak berak, Alberto Elorriagak, zuzendu zuen bilera hura, eta hurrengoak. Puntu bakoitza sakon eztabaidatzen zen, erabaki bat hartzen zen eta erabakia beteko zuen pertsona hautatu. Orduan, eta ez lehenago, hurrengo puntura pasatzen zen.

Kanpaina honetan garrantzi handia eman zitzaion publizitateari. Maiz entzun nuen han zeudenen ahoetatik esaldi hau: publizitate egoki batekin, edozer sal dezakezu. Beraz, batzordean, bilera guztitara, lehen mailako hiru publizista etortzen ziren: Artola, Beaskoetxea eta Enrike Ibabe. Lehen biak isilak, zerebralak. Hirugarrena, hitz egitera emanagoa, taldearen portabotsa. Publizitatearen estrategia, anuntzio bakoitzaren testuak, sakonki eta arretaz eztabaidatzen ziren. Kostua, publizitatearen kostoa, milioika kontatzen zen. Baina zifra izugarri haiek ez zituzten atzerantz botatzen. Bere profesioa ongi ezagutzen zuten, ondorenak kalkulatzen zituzten, dena zientifikoki aztertua zegoen, desbiazio posibleen portzentaiak ere azterturik geratu ziren.

Gero, kanpaina martxan ipini zen. Hilabete t'erdian jo eta ke lan egin da. Bide berriak urratu ditugu. Hutsak ere izan ditugu. Maiz lanak gainditu egin gaitu. Juan Mari Covian, kanpainaren asmatzailea, goiz eta arrats egon da kanpainaren martxa begiratzen eta zaintzen. Behin, amets bat izan zuen, ideia bat bururatu zitzaion, maiz gertatzen zaigun bezala. Baina adore nahikoa izan zuen aurrera egiteko. Talde bat osatu zuen, plan bat eratu zuten, eta martxan ipini zen. Juan Mari, kanpainan zehar, beti lanean ikusi dut. Asmatzen, eztabaidatzen, eta lana, lan praktikoa, egiten. Bere lan profesionalari ehundaka ordu kendu dizkio, eta atsedenari eta loari nork daki zenbat. Kanpainan denetarik egin du, lankide bat izan dugu edozein gauzatarako. Horregatik hasieran esan dut: gizonaren protagonismoan sinesten dut. Yosu, Orue, Joserra, Iñaki, Itziar, Nere, Mendia, Mendizabal, Etxebeste, Gema, Binué... eta Imanol Amuritza, Pello Telleria, Basterra... eta Zubibarri, eta Castaños-eko fanfarria.... Eta 140.000 karta prestatu dituztenak...

Gizonek egin dute kanpaina, eta orain kanpainak, bere ondorenekin, kutsatuko ditu Euskal Herri osoa eta bere gizonak.

Xabier Gereño


Ohar laburrak

Euskarazko ikastaro intentsiboak

Anitz irakasle eta ikasle hasi da berriro ere udaro bezala euskarazko ikastaro intentsiboak prestatzen. Alde guztietatik jendea hortaz arduratzen da. Borondate oso ona dago bazter guztietan.

Ikastaro hauetan parte hartzen dutenetariko asko langileak edo estudianteak dira. Biak diru guttidunak. Gauza hauetan nabaritzen dena berehala da irakasleen makaltasuna. Badakigu zapalkuntza nazionalaren ondorioak direla berauk eta ezin dugu inor kolpatu. Oso interesgarria izanen litzateke alde batetik hizkuntza biziaren pedagogia bat prestatzea, arau batzuren bidez edo eta ikastaro batzuren bidez aurrera eraman behar da ideia hau. Bestaldetik, material eza ere nabaria da. Ez dago ez grabaketarik, ez irudirik, ez textu egokirik, ez irakurgairik eta beste. Metodoaz aldiz, oso ugari ditugu. Honetan arduratzen direnak lan handia eta laguntza eskasa dute. Hala eta guztiz ere, ezin egin dezakeguna zera da: euskara ikasten ari den bat, hiru edo lau urtez hor saiatzen ikustea eta azkenez asperturik euskara abandonatu beharra, esaldi bizi bat ezin sortuz.

Prentsari gobernuak lagundu nahi

Gobernuak esan duenez prentsa pribatuari bere laguntza ekonomikoa prestatuko dio. Berau egiteko ez da ideologia bat edo beste kontutan hartuko. Laguntza emateko antolatu diren neurketak publikazio bakoitzak urtean zehar galdu duen zifratan oinharrituko dira. Ministrariaren ordezkariak ez zituen hala ere gauzak ongi argitu, ez baitzen esan zeinentzat izanen zen laguntza hori; aldizkari guztientzat edo soilik egunkarientzat. Gure ustez ministeritzak egin nahi duena zera da: UCDk eta PSOEko teknokrata berriek ateratako Diario 16, El imparcial, eta antzekoak laguntzeko ahalegina da berori. Seguru gaude guk eta beste batzuk ez dugula hortaz ez biperrik ere irabaziko.

Euskal Herriko arrantzaleak: gero eta guttiago

Bai halaxe da. Bizkaia eta Gipuzkoako itsasondoko arrantzale herriak beherantz doaz. Hau dela eta, beren ekonomiaren oinharriak arrantzan dauzkaten herrien etorkizuna problematsu agertzen zaigu. Arazo gehiegi hemengo uretan arrainaren bila abiatzeko, eta hauen artean 100 milena ez da ttipiena izan.

Bizibidearen bila, gure arrantzalerik asko urruneko itsasoetara joaten ari da. Nigeriara, Venezuelara eta Mexikora. Batzuri gauzak ongi aterako zaizkie, beste batzuri ez hainbeste. Dena den, sei hilabete edo gehiago eman beharko dute kanpoan etxetik agertu ezinik. Eta normala denez, horrenbeste denbora kanpoan egoteko, batzuk beren familiak herri horietara eramatea pentsatua dute jadanik. Segur asko beste familia askotan ere hartuko da erabaki hori.

Tristea da bizibidearen bila kanpora joan behar izate hori. Euskal Herriko emigrazioa ez da hain arin bukatzen. Euskarak ere sentituko du kolpe hau. Euskara arrantzale herrietan gorde bada, beren ekonomi moduagatik ere izan da hein batetan. Bestalde, joan diren horiekin euskararen zati bat joan zaigula ere esan dezakegu, eta ez dakigu berriz nola bihurtuko zaigun.

"Herri baten izaera hizkuntzak adierazi egiten du, herri baten nortasuna hizkuntzak aintzineratzen du. Hizkuntza baten bidez herriek gizarte berezi bat sortzen dute". Honela mintzatu da Iñigo Agirre, EAJren diputatua uztailaren 5ean kongresoaren aurrean. EAJk eta E.E.k batera gaztelania ezagutzeko beharra eta eskubidea kendu nahi izan dute konstituziotik. Denok dakigunez, abertzale guztiek egindako zuzenketa hau ez du kongresoak onhartu. Oso aipagarria da, behinez gero, ideologia barik hizkuntzari buruz, kongresuan dauden abertzaleak batera jokatzea. Ea,konturatzen garen, euskarazko asuntu honetan, nahiz lapurtera, bizkaiera edo batua izan, hemen benetako jabea zera dela, Euskal Herria, euskaraz egiten duen herria. Txalo beroenak beraz, batzuri zein besteri. ANAITASUNA.

Moncloako euskal ituna egin nahiez

Lan kontseilaritzaren bidez, Eusko Kontseilu Nagusiak, syndikatu eta jabegoren ordezkariei dei bat zabaldu zien orain dela gutti, komisio tripartita bat aurrera eramango duen aurreprojektu berezi bat finkatzeko asmoarekin. Komisio hau bi. atalez osoturik geratuko litzateke. Atal batean patronalaren ordezkariak, bestean aldiz, syndikatuenak. Multzo oso hau lan kontseilaritzaren arduraduna den Iglesias jaunaren lehendakaritzarenpean geratuko litzateke. Kontseilariaren eritziz, komisioaren helburua, langilego eta jabegoren arteko harremanak edo hobe esateko, bien arteko iskanbilak epaitzea izanen litzateke. Beraz, akordiorik ezean eta parte biek eskatuz gero, kontseilaritzak epaituko luke. Epaiketaren izaera beharrezkotzat hartuko litzateke. Behin eskatuz, parte biek kontseilaritzaren erabakia onhartu beharko lukete. Komisioaren barrutia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa izanen litzateke, Nafarroa, ohi den bezala, bazterturik geratuz.

L.A.B.en projektua sakonki aztertu da. Hala ere, Lab-ek dioskunez ez da oraindik behin betiko akordiorik egon erakunde honen barruan. Horretarako militante guztiek debate honetan parte hartu behar dute.


Dibortzioa (1)

Ezkontzak sortu dituen loturen apurtzeari esaten zaio dibortzioa. Espainiar estatupean gaudenok, gaur egun ez dugu eskubide hori. Bigarren errepublikan ba zegoen dibortzio lege bat, baina faxismoak, beste eskubide guztiak bezala, kendu egin zuen lege hau. Oraingo konstituzioan, ez da dibortzio hitza aipatzen, disoluzioaz mintzatzen da, hau nola konkretatuko den azaltzea Kodex Zibilari utziz. Behinik behin, konstituzioan ezkontzaren haustezintasuna aitortzen ez denez, bidea irekia geratzen da dibortziorantz.

Errepublikako legea

Errepublikaren konstituzioak zera zioen: "Ezkontza sexu bientzat eskubide berdintasunean oinharritzen da eta bai bien akordioz, bai baten eskaeraz kausa zuzen bat dagoenean, apur daiteke". Gero, parlamentuan eztabaida gogorrak izan ziren dibortzio lege hura aurrera atera baino lehen. Azkenean, 1932.eko otsailean onhartu zen legea. Gero akainean, estatuak ezkontza zibila besterik ez zuela ezagutuko azaldu zuen. Horrela, erlijio askatasuna benetakoa izan zen, estatua eta eleiza bereiziz. Orduko dibortzio lege hark, hutsune asko zituen, baina denbora haietako aurrerakoiena zela esan dezakegu. Aurrerapen handiena hau izan zen: errudun gabeko dibortzioa onhartzea, hots, akordiozko dibortzioa posible egitea. Ez baita beharrezkoa errudun bat izatea bikote bat bereizteko... Hala eta guztiz ere, kausa batzu adierazten zituen lege honek, dibortzioa legezkotzat jotzeko, akordiorik ez ba zegoen. Kausak, hurrengo hauk izan zitezkeen: adulterioa, bigamia, emaztearen edo alaben prostituziorako erabilketa eta seme-alabak gaiztotzea edo hauk egiteko nahia, arrazoirik gabe familia ez gordetzea, urte betezko familia uzte erruduna, bi urte bitartean ezkonkidea kanpoan egotea, bizitzaren aurkako ekintzak ezkonkidearengan edo umeengan, tratu txarrak, injuria astunak, ezkontzak inposatzen dituen betebeharrak ez betetzea, ezkontzatik at harturiko venerear gaixotasun larriak, beste, gaixotasun grabe eta kutsatzaileak ezkontza baino lehen izanik ezkonkideari estaltzen zaizkionean, hamar urtetik gora askatasun ezara kondenatu dutenean ezkonkidea. hiru urte bitartean egitez bereizketa askatasunez onhartuta izan denean, ezkonkidea erotu egiten bada.

Dibortzioa eskatzeko zera beha zen: adinekoa izan eta ezkontzaz geroztik bi urte pasa izatea.

Lege honek sei urteko bizitza izan zuen. Gero berriro faxismoa etorri zenean, lehen eskuraturiko aurrerapenak pikutara joan ziren.

Berriro indarrez elkarrekin egon behar

1938.ean, bidean zeuden dibortzio eta bereizketa tramiteak gerarazi egin zituzten. Ezkontza Zibilaren legea ere deuseztatu egin zuten. Esaten zutenez, bataiatuta izan zen edonor, indarrez katolikoa zen. Horrela, nahiz eta gero erlijioa utzi elizara joan behar zen ezkontzera.

Eta ez hori bakarrik. Errepublika denboran dibortzioa eskuratu zuten gehienak, egoera larri batetan aurkitu ziren bat batean, dibortzio hauk baliogabeak deklaratu baitzituzten! Horrela, ba zen berriro ezkondu zen jendea ere, eta gobernuak zioenez ezkontza berri honek ez zuen balio, eta hainbat urte ikusi gabe zuten lehengo ezkonkide harekin bizitzera joan behar zuten, legalki bizi nahi bazuten.

Beste batzuk, lehen elizara joan baziren ezkontzera, errepublikak ezkontza zibila onhartu zuenez, lehengo ezkontza apurtu eta zibilez egin zuten berria. Beno ba, gobernu berriak, zibila huts deklaratuz elizakoa baliokotzat jo zuen.

Garbi dago ba, Eliza eta Faxista Gobernuaren arteko harremanak hobeezinak eta hestuenak zirela.

Oraingo egoera

1953.ean, Elizak eta Espainiar Estatuak "konkordatua" izenpetu zuten, estatua katolikoa zela aitortuz. 1967. arte ez zen aldaketa handirik izan eta ordukoak ere garrantzi teorikoa izan zuen praktikoa baino, baina behinik behin lege batean, erlijio askatasuna onhartu zein. Orain ezkontza zibila egitea ez da zaila, baina gero ikusiko dugun bezala gero ezkontza hausteko erraztasun gehiagorik ez dago zibilean.

Dibortziorik ez dagoenez, gaur egun harreman bat apurtzeko, separazio eta baliogabetasuna erabiltzen dira.

Separazioa, bai zibilean eta bai elizakoan eskura daiteke, baina elizakoan kausa gehiago ezagutzen dira, hots, "animarentzat arrisku handia", "gorputzarentzat arrisku handia", "elkarrekin bizitzeko zailtasun handia", "katoliko ez den sekta batetan egotea", etab.

Baliogabetasuna lortzeko ere, elizakoan errazagoa izaten da. Zibilean kausa ondorengo sei hilabeteetan eskatu behar da, elizakoan berriz, eperik gabe.

Gezurra dirudi, baina errazagoa da elizako ezkontza bat apurtzea, zibil bat baino.

Separazioetan eta baliogabetasunetan aurkitzen diren zailtasun arruntenak

Separazioetan, ia beti errudun bat aurkitu behar da. Honen gain, Eliza Tribunal batzu, akordiozko separazioak egiten hasi dira. Baina gauza ez da hain erraza; horrela egiteko, gauza guztietan —dirua, etxea, umeak, etab— akordio bat behar delako.

Errealitatean, gauzak oso gogorrak izaten dira, eta prozesuan gehiago gogortzen dira. Askotan, batak bestearen erruak urteak bitartean aurkitu ondoren, gorrotoa egunetik egunera handituz bien artean... tribunalak, separazioarentzat arrazoirik ez dagoela erabakitzen du eta elkarrekin bizitzera ezkonkideak behartu ere, erabaki hau onhartzen ez duenak eskubide guztiak galtzen dituelarik, etxeari, diruari, umeei eta guztiei dagokienean.

Bikote askok, separatzea erabakitzen dute egitez, baina tribunaletara joan gabe. Hau posible izaten da, biek bizibide bat baldin badute, umerik ez badute eta borondate ona baldin badago... baina arriskugarria da, fede txarra egunen batetan azaltzen bada. Beste bikote batzuk, kontratu partikular bat egiten dute posibilitate honen ondoriorik ez izateko.

Baina separazio kasu guztietan, ezkontza ez da hausten, eta separatuak daudenak honen betebeharrengan loturik aurkitzen dira. Eta noski, ezin dira berriz ezkondu. Baliogabetasunari buruz, ezaguna da publikoki nola eramaten den. Ba daude, legeak esaten duen kasuetan aurkitzean lortzen diren bakar batzuk, baina gehienak diruaren bidez lortzen dira. Antonio Aradillas-ek zioen bezala, Erroman, Brookling-en, Boston-en, etab. aberats asko egoten dira baliogabetasuna diruz tramitatzen. Eta hainbat milioien trukez pertsonal askatasuna lor dezaketenak, dibortzioaren etsai handienak dira gainera...

Gaurko egoera, matxista et klasista

Dirudik ez duenak, ezin du baliogabetasun bat lortu, "kausa zuzen" bat ez baldin badu, eta hala ere luze eta zaila izaten da dirurik gabe.

Eta noski, separazio kasuetan, emakumea izaten da egoera larrian gelditzen dena. Batetik ekonomi independentzi bat ez duelako; bestetik, umeen gain "boterea" —patria potestad— aitarena delako; gero, errudun bat aurkitzeko orduan, beti bezala, moral neurri desberdinak erabiltzen direlako gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat, horrela, nahiz eta adulterioa despenalizatua egon, tribunalentzat ez da berdin gizon batek edo emakume batek ezkontzatik at harremanak edukitzea, edu umeak "behar bezala" ez zaintzea, edo bazkaria ez prestatzea, edo etxea garbitzea, etab. Hauxek eta sexualki gizona poztea, emakumearentzat ezkontzak dakarzkion betebehartzat jotzen dituzte tribunalek, eta ez baditu betetzen, bera da errudun.

Itziar Urtasun


Gure erreinbindikazioa: Euskadiko futbol ekipoa

Giscard D'Estaing, Frantziako presidentea etorri zen Espainiara eta gauzak argi utzi nahi izan zituen: "euskal errefuxiatuei ez diegu kartarik emanen Frantzian, zeren Espainian demokrazia ezarri baita"

Baita, O kasualitatea! Giscard etorri zen aste berean, bi gazte erahil zituen goardia zibilak kontroletan. Eta ondoren euskal talde harmatuaren erantzuna ailegatu zen polizien ateetaraino, beste sail bat tirokatuz.

Eta segi beti horrela!

Gaur, goardiek erahiltzen dutela bat, ba bihar besteek egiten dute lan berbera. Y tiro porque me toca... de oca a oca.

Jende askok eskuak burura eramaten ditu, ea noiz bukatuko ote den joko tragiko hau. Baina, dirudienez, ez da denbora motzetarako kontua. Zoritxarrez. Erantzunik duenak hitz egin beza, hitzegiteko ahalmenik baldin badu bederen.

Eta futboleko mundiala amaitu zen Argentinan. Videla diktadoreak ere jokatu zuen beren partidua, eta bat eta zero irabazi zuen iraultzaileen kontra.

Noski! Euskadiko Partidu komunistak ere laguntza eskaintzen baldin badio, seguru. garaituko duela. Iruinean, pantaila zabal eta handi bat ipini zuten euskal komunistek finaleko partidua dotore aski ikus zezan jendeak.

Eske, batzuk nola egiten duten politika! Harrigarria da!

Agian, iraultza bide hori jakin gabe! Zertan ari dira partidu abertzaleak Euskadiko futbol ekipo nazionala sortzeko eta erreibindikatzeko?

Inork ez baldin badu EGINen bota zen ideia haintzat hartzen, neu hasiko naiz erreibindikazio hori oihukatzen.

Bai Jauna bai! Bai euskarari! eta bai diruari!

Gaurko mila kontuak, BAI hitza dute nagusi:

ESB eta ANV elkartu dira ia, eta gauza onuragarria da Euskadirako. LAIA eta HASI konbergentzia bidetan hasi omen dira, eta onuragarri da baita ere.

Eszisioak behar ditugu izan euskal politiko atalean. Gu ez baikara martzianoak, ez desberdinak. Agian sigla gehiegi dabil fideo zopetan, baina tira! Oraindik abezedarioan hizki asko dugu erabili gabe.

Eszisioek txar dutena zera da: ohitura bezala hartzen dela, hau da, zigarroa erretzeko ohitura bezala, eta orduan egunero zatikatze berri bat egiteko gogoa sor dakiguke.

Horren irtenbidea slogan batetan datza: siempre hay que tomar una copa de menos. Hau da, ez dugula gure zatikatze gogoa azken tantaraino edan behar, baizik beti zerbait gorde etzirako.

JOSU ALEZURI


Mila kontu

Nafarroako apezak soldata guttirekin

Nafarroako elizbarrutia gaizki dabil diruz. Krisi ekonomiko larri bat pasatzen ari da.

Nafarroako elizbarrutian 600 parrokia baino gehiago dira, eta 870 apez baino gehiago ere bai. Horrek, hainbeste parrokia eta apez izateak, efektu handi du apezen soldatetan.

Ekaineko hilabeterarte, Nafarroako apez bakoitzak 14.500 pezeta kobratu ditu. Soldata horri, meza sariekin ateratzen dutena erantsi behar zaio, hau da,beste 3.000 pezeta gutti gora behera.

Oraindik ba da beste atal bat: apez batek familiako bat mantentzen baldin badu, beste 2.500 pezeta jasotzen ditu eta beste batzuk 1.750 pezeta, segun zenbat puntu dituen.

Baina garbi dagoena, 14.5 00 pezeta kobratzen zituztela ekainerarte eta hemendik aurrera, 18.000 pezeta kobratuko dituztela. Horrela bada, zerbait igon zaie euskal apezei soldata.

Eta Nafarroan pasatzen dena zera da: erabakiak hartu ondoren, dirurik ez dagoela apezei pagatzeko.

Agian, jende askok hori ez du ulertuko, zeren ez baita ulertzeko oso erraza.

Nafarroako Elizbarrutiak ondasun asko du: bai etxeak, pisuak, lurraldeak, bitxi garestiak, etabar. Ondasunik ez zaio falta, baina dirua eskuartean bai.

Irtenbide batzu entseiatu dituzte, eta ez dute erresultaturik eman. Adibidez, gastuak urritu dituzte eta sentsibilizazio kanpainak ere egiten dituzte jendearengan. Baina, kia! Ba dirudi, gaurregungo kristauek ez dutela apezei laguntzeko borondate handirik.

Egin diren sentsibilizazio bi kanpaina horietan frakasu gorria jaso dute elizbarrutiko arduradunek.

Beste alde batetik, Estatuarengandik jaso dezaketen diru laguntzetan ez dute fidantzarik.

Benetan, Nafarroako apezak ez dabiltza oso seguru diru aldetik. Horiek ere, beste edonork bezala, lan egiten dute, eta soldata txikiak jaso behar. Hau da komedia ebangelizatzaileentzat!

Aita Migel Iraizozek, Iruineko diosesian dagoenak. argitu ditu gauzak. Dirudienez, fabriketan lan egiten duten apezak oso gutti dira. Gainera, kristauek ez dute laguntzeko kontzientzia argirik.

Gauzak honela, Nafarroako elizbarrutiak hasi beharko du, partidu politikoek egiten duten bezala, militante kuotak kobratzen bere kristauen artean.

Lehenbizi jan egin behar baita, gero ebangelioa altzeko. Eta apezak ere humanoak dira jateko asuntuan.

IÑAKI ZABALETA


Sukalderako saltsak

Baratxuri zopa Tolosako modura

6 lagunentzat beharko dituzu: Baratxuriburu bat, 300 gr. ogi zati, 100 gr. txorizo, biper berde bat, tomate poto bat edo 3 tomate handi, gatza, biperhautsa eta olibolioa.

- Zuri, zati eta dora itzazu zartagina batetan baratxun guztiak. Frijitu ondoren, erretira itzazu. Zartagina berean dora itzazu ogi zatiak oliboliotan. Kontuz ez erre, ogiak olio asko jaten du eta. Erretira itzazu ere.

- Bota berriro olibolio pixkat zartaginara eta garbitu eta zatitu dituzun tomateak eta txorizoa doratuko dituzu pixkat. Bota iezazkiozu tomateari gatz pixkat eta goilarakada ttiki bat azukre. Utz ezazu hau guztiau egosten 10 minutu edo.

- Ogi zatiak ezik, doratu dituzun guztiak eta biper berdea lapiko batetan ipiniko dituzu. Ipin bi litro ur lapikoan eta utz egosten ordu erdi bat. Ordu erdia pasatuta bota itzazu ogi zatiak barrura, zuzendu gatzaz eta biperhautsaz, eta utz egosten 10 minutu gehiago.

On Egin.


Elkar ikuska

Letamendia

Ihazko ekainaren 15 hauteskunde eztabaidatu haietan, "Euskadiko Ezkerra" koaliziotik Patxi Letamendia aukeratua gertatu zen Gipuzkoan. Urtebete iragan da harez gero. LABeko abokatuen Bilboko Ezkerraldeko bulego batetan "Ortzi"rekin egon gara eta hemen dago jasoriko elkarrizketa.

 ANAITASUNA— Ekaineko hauteskundeetatik urtebete pasatu denean, nolako balantzea eginen zenuke zeure parlamentuko ihardunaldiaz?

Patxi Letamendia.— Epe desberdin bi bereiziko nituzke nik. Bata ihazko ekainaren 15etik Konstituzioaren debatea hasi arte eta bestea, oraindik bukatu ez dena, debate hori hasi zenetik amaitu arte, hau bi edo hiru aste barru izango da gutti gorabehera.

Teknika eta edukiaren alderdiak aipatuko ditut. Teknikaren aldetik, lehen epean, derrigorrezko ixiltasuna izan zen karakteristika nagusia. Hau konprenitzeko parlamentuaren interbentzio mekanismoa ezagutu behar da. Parlamentuak talde parlamentariak deitzen direnak daude, berauk formazio politiko handienek osatzen dituzte. Talde parlamentari bat osatzeko 15 diputatu izan behar dira guttienez, edo bestela, nazionalitateen formazioen kasuan, botuen portzentaia handi bat lortu behar da talde parlamentari bat osatzeko, ez dakit botuen laurden bat ote den, ez nago seguru honetaz orain. Alderdi politiko baten izaera duen talde parlamentari koherente baten partaide izateko, diputatu asko atera behar da Estatuko nazionalitate guztien mailan, eta hau ez da nire kasua. Talde parlamentari baten partaide ez garenok talde mixtoan gaude. Kongresuaren araudia onhartu arte, hots, urriaren 17arte, "minoría vasco-catalana" deitzen den taldean izan nintzen, bertako interbentzio guztiak Euskadiren aldetik PNVk egiten zituen eta bertan egon nintzen bitartean ez nuen hitzegiterik izan. Gero, talde mixtoan egon naizenean, interbentzioak diputatu gehien zuen alderdiak egiten zituen, hau da, PSPk. Egin ahal izan ditudan interbentzio gehienak, adhesio mailakoak izan dira, edo norbaitek iraindu egiten ninduenean, Fragak kasu, orduan hitzegin nezakeen eta ordenu publikoaz eta abarrez ihardun. Amnistiaren legea onhartu egin zenean, hitzegin ahal izateko, terrorismo parlamentaria egin behar izan nuen, niri ez zitzaidan tokatzen, euskal herriaren aldetik PNV hitzegiteko baitzen, orduan esan behar izan nion zenbait parlamentariri, Pablo Castellanori kasu, niri hitzik eman ezean, pankarta bat harturik behera jaitsiko nintzela Amnistia Osoa eskatzeko. Halako mehatxu izkutuen bidez, lortu egin dut noizik behinka hitzegitea.

Bigarren epean, Konstituzioaren debatea hasi zenean, hau aldatu egin zen, eta mintzatzeko aukera gehiago izan ditut, zeren debate horretan formazio minoritariek parte hartzea ere onhartzen baita, eta hauxe da Euskadiko Ezkerraren kasua. Nik enmienda asko presenta nezakeenez gero, defendatu egin ahal izan ditut. Baina egoera hau probisionala da, eta Konstituzioaren debatea bukatzen denean, lehengo egoera berberean nago berriz, hitzik ezin eginda.

Interbentzioen mamiari dagokienez, EGINen orain hiru aste edo, argitaratu nuen artikulu batetan, Parlamentuko interbentzioen hiru funtzioak, nire ustez zeintzu diren azaldu egiten nuen. Lehena, masen ahotsa parlamentura eramatea beran kontradikzioak sortzeko. Bigarrena, ezker abertzalearen solidaritatea erakustea, zeren frankismoaren garaian hasitako propaganda batek separatista bezala agertarazten baitzuen ezker abertzalea, separatista hitzak duen zentzu burjesaz, hau da, beste herrien mezpreziatzailea eta hauekiko solidaritaterik gabe, propaganda hau ez da erreformaz bukatu eta beharrezkoa zen bere faltsutasuna erakustea. Eta hirugarren funtzioa, erreformaren oinharriak desegitea, Euskal Herriari parlamentutik bere problemen konponbidea ezinetor daitekeela erakutsiz.

Helburu hauk betetzen, Konstituzioaren debatea hasi zenetik bakarrik saiatu ahal izan gara, zeren, lehen esan dudan legez, ordurarte ez bainuen hitzegiterik izan. EGINeko artikulu horretan topatu ditudan mugak aipatzen nituen. Lehen helburuari dagokionez, hau da, herriaren bozeramailea izan eta burjes demokrazian kontradikzioak sortzea, lortu egin da zenbait mailatan. Esate baterako, federalismo eta autodeterminazioaren opzioak planteiatzean, bortxatu egin genuen PNV bere jarrera baino beste bat erradikalagoa onhartzera. Bigarren helburuaz, Estatuko beste herri eta sektore marginatuekiko solidaritatea erakusteko, espainol komunikabideen eragozpen izugarriarekin egin dugu topo. Euskal prentsaren irakurleek egiaztatu ahal izan dute nola deformatu den ezker abertzalearen irudia estatuko komunikabideetan jagi-jagista amorratu eta separatista bezala agertarazi gaituzte, eta ez separatista independentista zentzua, berez naizena noski, beste herrientzako mezprezuz eta penintsulan gertatzen den guztiaren kontrako gorrotoz beterik dagoen sektore baten irudia eman dute. Hala ere oso sektore bakan batzutan, zenbait aldizkaritan, "Mundo" edo "Cuadernos para el Diálogo" kasu, estatuko zenbait erakunde iraultzaileren publikazioetan agertu egin da benetan guk erakutsi nahi genuena, hots, sektore independentistek beste indar eta sektore marginatuekiko solidaritatea. Baina Espainiako kaleko gizonak ezker abertzaleaz hartu duen inpresioa, amorratu xenofobo batzurena izan da. Maila honetan ezin ukan dugu gure helburua bete, ez nahi izan ez dugulako, utzi ez digutelako baizik.

Mendebal Europako Ezker iraultzailearen krisialdian dagoen garaian, 68.eko maiatzetik Alderdi Komunisten modeloak ez du jadanik gehiago balio, gazteria eta ezker abertzalearen zenbait sektore zabalentzat, eta haztabuka beronen ordezko soluzioen bilaketa hasten da, eta bilatze hori irteerarik gabeko bideetako amaitzen da askotan hau da Brigada Gorrien eta Baader Menhof Bandaren kasua. Masa alderdi tradizionalen modelo horrekin apurtzen duen erantzun iraultzaile hori gorpuztu den toki bakarra Euskal Herria izan da nire ustez. Baina historian aurrekorik ez duen fenomeno berri bat izanik, heldutasunik gabe eta tentsioz beterik gabiltza askotan. Eta alderdi asko dago euskal indar iraultzaile bat egon beharrean.

Geu ere ikutu egin gaitu Mendebaldeko Europako ezker iraultzaileak pairatzen ari den krisisak. Alderdi modelo bat sortzeko daukagu eta oraindik ez dakigu argi nolakoa izango den.

Epe labur batera begiraturik, pesimista naiz ezker abertzalearen erakundeen egoera ikusirik; baina epe erdi eta luzerako oso optimista nago, zeren herri mobilizazioen errealitate bat baitago hemen eta fenomeno hau berria da Europan. Egia da anitz polemika dagoela, baina mementu honetako tentsio guztiak udaldiko ekaitzen modukoak dira. Gauzak nor bere kontra daudenean ez da atsegingarria, noski. Ez nago pozik nagoen egoeraz eta sortu dudan politikaz. Ez da erraza ideologikoki burrukatzea defendatu egin ditudan pertsonen kontra eta pertsona horik beren bizitza emateko prest daudela frogatu dutenean, nik Burgosko prozesuan ikusi nuenez. Baina pertsona mailan hain desatsegina dena, oso esperientzia aberatsa da politika mailan. Nire ustez ezker abertzalearen zenbait indar, irteerarik gabeko bideetan sar daitekeenean, salhatu egin behar da berau.

Hirugarren helburua ikusteko daukagu oraindik. Nola salatu erreforma? Nire ustez, debate zabal eta serio bat zabaldu behar litzateke herriaren aurrean, herri horren kontzientziazio maila nolakoa den ezagutzeko eta parlamentuan jarraitu behar dugun ala ez jakiteko. Ez dakit Parlamentuko salakuntza ekintzengatik bertan jarraitu behar dugun, basamortuan noizean behinka entzuten den ahotsa izaten, ala parlamental bideak ezertarako balio ez duela eta behin Konstituzioa eginik gure presentzia bertan erreforma legitimatzeko baizik balioko ez duela esateko mementua iritsi ote den, eta horregatik erretiratzen garela. Parlamentua uztea ala ez herriaren kontzientzia mailaren arauerakoa izanen da. Nik honetaz enteratzeko bide informalak baizik ez ditut, zuzendariarentzako gutunak, edo batzurekin eta besterekin hitzeginez.

Nire ustez, ezin da abstentzionista edo interbentzionista izan abstraktuki. Ekainaren 15etik, ezker abertzalearen presentzia parlamentuan egon ez balitz, hutsune bat sortuko zatekeen, zeren frankismoaren 40 urteetan zehar botu eskubiderik gabe egon ondoren, ezker abertzalearen sektore batek ere botatuko baitzuen, ez denak noski, sektorerik erradikaldu eta kontzientziatuenak abstenitu egin ziren, baina parlamentuaren ezgauzatasunaz zegoen kontzientzia, argia zen sektorerik potentziatuenetan bakarrik, baina ez ezker abertzale osoan.

A.— Nola dakusazu bada ekainaren 15 hartan abstentzioaren alde agertu zirenen jarrera?

P. L.— Ekainaren 1 5ean, abstentziozaleek arrazoia zuten teorian, baina ez praktikan. Arrazoia zuten Parlamentua ez zela Euskal Herriaren erreibindikazioak lortzeko tresna egokia esaten zutenean. Neu ere bat nentorren horretaz. Baina ez zuten arrazoia praktikan, Euskal Herriaren kontzientziapen egoera aztertzean. Gaur egun, agian, posible dateke kontzientziapen hau aurreraturik egotea, nik neuk ez dakit. Konstituzioaren kontrako jarrera gorpuzten denean jakin ahal izango dugu hau.

A.— Konstituzioaren kontrako jarrera hau inportantea izango da zure ustez Euskadin?

P. L.— Ez dut uste botuen gehiengoa Konstituzioaren kontra agertuko denik, zeren partidu handiengan konfidantza duen jendearen portzentaia oso handia baita. Kontutan hartu beharko da PCE eta PSOE baietzaren alde agertuko direla, eta oraindik ez dakigula PNVk zer eginen duen. EZETZen portzentaia, Euskadiko Ezkerrak batu zituen botuen oso gainetik egongo da dudarik gabe, baina botu horik erdien ingurukoak izatea ala ez PNVk hartuko duen jarreraren arauerakoa izango da, eta hau oraindik inkognita bat da.

A.— Baina ba dirudi hauen azken jarrera konstituzioaren kontrakoa dela...

P. L.— Bai, eta beraiekin diferentziak izan arren, Konstituzio projekturako batzordean oso jarrera duina izan dutela esan behar da, parlamentuko ezkerreko alderdiena baino duinagoa. Honetaz esan behar nuke nola Madrileko zenbait aldizkari sasiliberal, Cambio 16 batez ere, zenbait puntutan PNV eta geu bat agertzen garenean, elkarrengandik banatzen ahalegintzen direla.

A.— Zer suposatuko luke konstituzioari baietza emateak?

P. L.— Politikoki erreforma eta bere eraketa hau legitimatzea. Erreformak ez du burjes demokrazia suposatzen, frankismo eta burjes demokraziaren arteko hibrido bat baizik. Horregatik kontsentsuzko konstituzio hau frankismo eta burjes demokraziaren nahaste hori eratzeko pauso bat da. Hori onhartzea bere legitimatzea litzateke. Bestalde Euskal Herriaren bere buruaz erabakitzeko eskubideari, autodeterminazio eskubideari muga gogorrak ezartzen zaizkio. Eta autodeterminazio eskubiderik gabe ere, autonomia erreal bat lortzeko oztopo larriak daude, autonomiaz autogobernua ulertzen baldin badugu. Projektu konstituzional honetaz, egiaz lortu nahi dena Estatuko kapitalismo monopolistaren berrantolaketa berria da, horretarako erregio ekonomikoak sortuz. Deserdirapen administratibo huts bat eta Espainol Estatuaren berrantolatze ekonomiko berri bat da nahi dutena, horretarako erregio autonomoak behar dituzte. Hau guztiau onhartzea litzateke Konstituzioari baietz esatea. Taktika alderditik begiratuta ere, Konstituzio honetatik atera daitezkeen autonomiak kontutan hartuta, konstituzioari baietza ematea miopia hutsa litzateke. Ezetz masibo bat gertatuko balitz, gobernuak asko gehiago eman beharko luke estatutua negoziatzeko orduan. Konstituzioari ezetza emateko bloke zabal bat egingo balitz, askoz posibilitate gehiago legoke geroko. Gainera, nire ustez autodeterminatzeko eskubidea ukatzen duen Konstituzio bat ez onhartzea ez da testimoniala, nire printzipioekiko koherentzia politikoa baizik, baina honetaz aparte, pragmatismozko arazo bat dago eta, honen arauera, ahal denik eta gehien ateratzen saiatu behar dugu.

A.— Eta zein da erantzunik egokiena ezetza eta abstentzioa?

P.L.— Beno, jarrera bien alde eta kontrako argudioak daude, nik uste. Ni neu ezetzaren alde nago, zeren askoz argiagoa delako eta ezin baita indiferentzia edo gaixotasunezko abstentzioaz nahasi. Gainera, ezetzak, herriaren sektore horrek Espainol Estatuko bestelako Konstituzio bat onhartzeko prest legokeela suposatzen du. Onhartzen ez duguna ez baita Espainol Estatuko edozein konstituzio, Konstituzio hori baizik. Abstentzioaz berriz, Konstituzio guztietaz ardurarik ez dagoela uler daiteke. Horregatik ezetzaren alde nago.

A.— Baina abstentzioaren alde daudenek, ezetza ematea erreformaren mekanismo hori nolabait onhartez izan daitekeela diote.

P. L.— Bai, arrazoi horik ez dira arbuiagarriak, baina esan dudanez, ezetza argiagoa da. Gainera Konstituzioaren aurrean ez dira hiru bloke osatuko, bi baizik. Baietz esango dutenena eta berau gaitzetsiz ezetza eman edo abstenitu egingo direnena.

A.— Zergatik tratatu zaitu hain gaizki Estatuko prentsak?

P. L.— Gauza bat dago oraindik Madrilen ulertzen ez dena, hots, Euskal Herria herri bat dela, eta hau konprenitzen ez duten artean ez dago zeregin handirik bertan.

Bestalde, Euskal Herriaren arazoen konponketa minimo bat gerta zedin, beharrezkoa zen frankismoarekiko apurketa oso bat, beharrezkoa zen arrazoi morala ematea frankismoaren kontra burrukatu zirenei eta berau sostengatu zutenei kentzea. Hori izango zatekeen hasiera ona gure herriaren destraumatizapen baterako, baina ez da horrela gertatu eta erreformaren finkapenaz Euskal Herriaren problemak oso konpongaitzak dira. Horregatik, guk horrela gure problemarik ezin konpon daitekeela esatean, deskalifikatu egin behar gaituzte moralki, esaten dugunaren errealitatea ukatzeko. Nire kontra egin den deskalifikatze prozesu hori, nire pertsonarekin bat ere zerikusirik ez duena, esaten dudanaren errealitatea ukatzeko egin dute, ezin baitute onhartu Euskal Herriaren problemen konponezintasuna beraiek bultzatzen duten erreformaren barnean.

A.— Ezker abertzalea krisialdi larrian dago. Nola dakusazu zeuk bere etorkizuna?

P. L.— EGINen atera nuen artikuluarengatik bestelakorik pentsa daitekeen arren, ni oso optimista naiz arazo honetaz. Espainiako Estatu osoa ezkerra operatiboa den toki bakarra Euskadi da. Euskadin bakarrik aurkitzen dugu erreformaren maniobran integratu ez den herriaren sektore zabal bat. Exgartzelaratuak bihurtu aurretik, Amnistiaren alde eginiko mobilizapenek frogatu zutenez, batzutan, iniziatiba eramateko kapazitatea egoten da eta orduan, atzetik indar majoritariak eroateko. Parlamentuko autonomien eztabaidan gauza bera ikusi da nolabait, ezker abertzaleak PNV bere atzetik eraman duenean.

Ezker abertzalea bere osotasunean harturik, oso fenomeno berria da, eta fenomeno horretaz ez da aski teorizatu, horretarako eskemarik ez baitzegoen inon. Mendebaldeko Europako Estatu kapitalista batetako nazio ttiki batean, indar iraultzaile bat sortzea errealitate berri bat da. Hemen aurretik ezagutzen ez den abertzaletasunaren kontzepzio berri bat agertzen da, eta orain arteko teoria marxistaren eskemak —bai Marx eta bai boltxebikeenak— ez dira aplikagarriak Estatu faxista batetan sortzen den mugimendu abertzale iraultzaile baterako, eta hauxe izan da gure kasua ETA agertu zenetik.

"Euskadiko Ezkerrari" afektatu dion tentsio eta kontraesanen prozesu honek HERRI BATASUNAri ere afektatu dio. Gero, KAS beste zerbait da, koherenteagoa. Baina bereizi egin behar da KASeko indarrek problema konkretuen aurrean hartu dituzten jarrerak eta KASen programa. Ni guztiz identifikatzen naiz programa horrekin. Nire ustez oinharrizko puntuak dira Euskadi mailan, burjes demokraziaren hasiera kontsideratzeko. Alternatibako puntu hauk betetzen ez diren artean frankismoaren jarraipen batetaz mintza gaitezke. Zeharo onhartzen dut KASen alternatiba eta uste dut ezker abertzale osoak onhartzen duela.

Ekainaren 15eko hauteskundeen aurrean KASeko indarrek agertu zuten jarreraz, esate baterako, ez nago konforme. Beste batzurekin, aldiz, bat nator; udal hauteskundeak legetik kanpo egiteko entseiu horrekin konforme nago.

A.— Positibotzat joko zenuke hurrengo udal hauteskundeetan HERRI BATASUNA eta EUSKADIKO EZKERRAren arteko aliantza?

P. L.— Ez positiboa bakarrik, guztiz beharrezkoa da hori. Gainera, horrelako aliantza batek Euskal Ezkerra dagokion tokian ezartzea suposatuko luke. Kontutan hartu behar dugu hauteskunde jeneralak eta munizipalak desberdinak direla. Jeneraletan arazo ideologikoek pisu handia daukate eta beren gogortasun osoan planteiatzen ohi dira. Hautatuak ateratzen direnak oso gutti dira eta beharrezko izaten da berauk alderdietako jendea izatea. Baina askoz zailagoa da arazo ideologiko horik hain gogorki agertzea udal hauteskundeetan, hauetarako jende asko behar da eta ez dute zergatik alderdietako jendea izan behar, beren herri edo hauzategien konfidantza duen jendea behar da batez ere. Errore izugarri bat litzateke jeneraletako arazo ideologikoak munizipaletara eramatea eta maila honetan, nire ustez, askoz posibleagoa da aliantzen politika bat.

A.— Gauza jakina da euskal ezkerrean eta ezker abertzalean bloke desberdinak daudela, zein da zure ikuspuntua hauetaz?

P. L.— "Euskadiko Ezkerrak" alde positibo eta negatiboak ditu. Sortu zen mementuko egoerarako, beste ezker abertzalearen sektore batzurena baino jarrera kongruente eta arrazionalago bat zen nire ustez. Bestalde berrikuntza bat suposatzen zuen Euskadiko Ezkerrak, zeren lehenengoz ezker abertzalea zen ezker estatalista indarrak atzetik zeramatzana. Gero Euskadiko Ezkerra irteerarik gabeko bideetan sartu da, EKNren moduko instituzio bat bultzatzean, zeren erakunde honek gestio izaera bat izatean, ezin baita salapen ekintzarik egitea. Niri esan didate kontraesan bat dela, nik "Euskadiko Ezkerra" kritikatzea EKN-n egitearren, ni parlamentuan nagoen bitartean, nahiz eta nire jarraitzea dudatan jarri. Hala ere, nik ez dut horretan kontraesanik ikusten, maila horretan behintzat, zeren Madrileko Parlamentu batetan egoteak organo legislatibo batetan egotea suposatzen baitu. Hau izan daiteke, eta berez ba da, erreformarekin kolaboratze bat, baina bertan salakuntza ekintzak egiteko bakarrik ere egon daiteke. Hauxe da nik Amnistiaz, Konstituzioaz eta Canariasen arazoaz egin dudana, eta Bandresek ere gauza bera egin du beste maila batetan. Baina EKN desberdina da, gobernu erakunde bat baita eta bertan hartzen diren erabakiak bertan dauden guztiei dagozkie. Kontraesan bat da EKNan parte hartzea, zeren alde batetik erreforma salatzen den bitartean, bestalde integratu egiten gara erreformaren ondorio hau onhartzean. Moncloako paktuari ezetz esaten zaio bitartean, onhartu egiten da EKNren Lan Kontseilaritzak atera duen komisio tripartita horren projektua, eta komisio horrek klase burrukaren integrazio bat suposatzen du Euskadi mailan eta berauxe da Monkloako Paktuaren helburu bera. Konstituzioan kontsentsuaren kontra gauden bitartean, onhartu egiten da kontsentsuz funtzionatzen duen erakunde bat, EKN-n alderdi majoritariek, hots, PNVk, PSOE, eta UCDk inposatzen duten kontsentsua, eta euskal ezkerraren ahotsa ezin da entzun, erabaki kolegiatuak onhartu behar baitituzte berauek. Nire ustez integraziozko erakunde bat da eta horregatik errore bat bertan parte hartzea.

A.— Duela hiru aste EGINen argitaratu zenuen artikulu batetan, zeure burua EIAtik expultsaturik eta independiente bezala jotzen zenuela zenioen. Zergatik izan da hau?

P. L.— Pozik sentitzen naiz daramadan burrukaz, hala ere, ez da bat ere atsegingarria ezker abertzaleko lagunen kontra burrukatzea, nahiz eta burruka hau ideologi mailakoa bakarrik izan.

Haziletik, EIAk aurreautonomikoa onhartzearen kontra azaldu nintzen. Ordutik ez dakit nik parlamentuan egin dudan salatze ekintzak, EIAk onhartzen zituenentz. Nik EIAren mitinetan parte hartzeak ez zuen arazoa argituko, mitin horietan Konstituzioari buruz hitzegiten zen baina baita ere, E.K.N.-ri buruz, eta EIAk horretan duen jarrera ez da nirea. Beharrezkoa zen nire jarrera herriaren aurrean azaltzea, neuk jokatzen dudan papera publikoa baita.

Irailean EIAk kaleratu zuen aurreautonomirako alternatiban, lehentasuna ematen zitzaion masa burrukaren linea bati, linea instituzionalaren aurrean; amnistia batzordeen eta udal boterearen aldeko burrukaren potentziatzeaz hitzegiten zen. Gero, EIAk, eta EIAz mintzo naizenean alderdiko zuzendaritzaren zatirik handienaz ari naiz, beste linea bat hartu zuen.

Nik ba dut oraindik esperantza EIAren hasierako projektuaz eta nire ustez berriz izan liteke izateko zena. Ez dut hartu jarrera hau inori kalterik egiteko asmoaz, eta hau garbi utzi nahi dudan gauza da, baina arazo honetaz debatea eraman behar zen, bai ezker abertzalearengana eta bai EIA barnera ere, nik ezin izan baitut hau egin basetik apartaturik egon naizelako.

A.— Posible eta beharrezko ikusiko zenuke ezker abertzalearen hiru alderdi iraultzaileen batasuna?

P. L.— Ezker abertzalearen etorkizunean, halabeharrez sortu beharko da euskal indar iraultzaile handi bat. Baina hori ezin izan liteke sigla zopa bat, beharrezkoa izango da horretarako, integrazio instituzionalaren kontrako masa eta herri burrukaren alternatiba bat sortzea.

Gaur egun ezker abertzalean dauden diferentziak ikusirik, alde batetik KASeko sektoreen eta bestetik EIA, EKIAren artean daudenak, halako sigla zopa bat egitea errore handi bat litzateke. Baina epe labur batean batasun hori posible izango ez bada ere, epe luzeagorako, lehen esan dudan legez, optimista naiz.

J. LL.


Videlak 3, Demokraziak 1

Ez da titulu demagogiko bat. Hasieratik iragarrita zegoen bezalaxe, munduko futbol txapelketa nazio antolatzaileak irabazi du. Hori lortzeko, behar ziren neurriak hartu dira. Lehenengo partiduan, Argentina galtzen zihoalarik, Hungriari bi jokalari espultsatu zizkion arbitroak. Brasilek baino gol gehiago sartu behar zituen finalerako klasifikatzeko, eta sei sartu zizkion Peruri. Eta susmoa dugu, beharrezko izan balitz zortzi sartuko zizkiola. Finala Holandari irabaztea derrigorrezkoa zen, eta Gonella, arbitro italiarra, lotsarik eta disimulorik gabea, izan du laguntzaile paregabea. Kempes baino hobea. Honela ezik, nola bete iragarpenak?

Malkoak isuri omen ditu Videlak Argentinako kapitanari garaipen kopa urezkoa ematerakoan. Pozezkoak izango ahal ziren. Urteko tanto politikorik handiena irabazi baitu munduaren eta herriaren aurrean. Inaugurapenekoan, "ongietorriak bake, askatasun eta justizi lurralde honetara" hotsegin zuen. Bukatzerakoan, "kiroletan halako marka egin dugun bezala egin dezakegu nazioko beste arazotan", deklaratu du.

Guri bost axola zitzaigun batek besteak irabaztea. "Esencias hispanas", "madre patria", "naciones hermanas" eta gainerako letaniaren berri jakin arren. Gainera ez baitzaigu oraindik erabat ahaztu, espainolak Holandara ere joan zirela beren "esentziak" zabaltzera, jipoia jipoi gainean hartuz eta Ameriketatik lapurtutako urrea alferrikalduz. Luis de Requensens, Alejandro Farnesio, Duque de Alba eta tertzioak handik ibiliak dira tiroka edo espatazoka.

Ez dugu ezer Argentinako jokalarien aurka. Baina Holandak galtzea Videlak eta honen politikak irabaztea den kasuan nahiago genuen Holandako tulipanen garaipena.

Videlarentzat eta juntako beste militarrentzat operazio futbolistiko honek izan duen garrantziaz jabetzeko, presidentea, Argentinak jokatu dituen partidu guztietara joan dela kontu egin.

Nazionalismoaren eromena

Argentinarrei ez diegu beren poza kendu nahi. Eskubide osoa dute beren futbolariekin identifikatzeko, eta festa egiteko. Irabazi egin dute gainera. Eta alditxo batez beren problema ekonomiko, politiko eta sozialen garraztasuna gozatu nahi badute, hor konpon! Baina aski xelebrea iruditzen zaigu herri baten nortasuna edozein kirolarirekin berdintzea, herri ohorea baloiaren atzetik korrika dabilen mutil taldearekin identifikatzea. Gratuitoa eta merkea deritzogu estadiotako eta kanpoko jendearen eromen abertzaleari. Nazionalismoaren deabru txobinistenen dantza zoroa dakusagu hor. Baina alferrik urratuko genituzke gure soinekoak noski. Dantza zoro berdina baita denei gustatzen zaiena. Berdin funtzionatzen dute Italiako tiffosoak eta Eskoziakoak, Herri sozialistakoak eta kapitalistakoak, Betis-en eta Athletic-en forofoak.

Baina zihur gaude pozalditxo honen ondotik, herriak ez dituela ahaztuko eguneroko gorabehera larriak.

Herriak ahaztu ezingo duena

Herria ez da inozoa. Diktadura azpian dagoena ere ez. Eta Argentina-ko herriak ere ba daki munduko futbol lehiaketa ez duela Videla militarrak irabazi.

Herriak ezingo du ahaztu 15.000 pertsona desagertu direla. 4.000 (batzuk bi bider gehiago direla diote), hilak. 10.000, preso politikoak. Eta hauk denak ez direla gerrila egin duten montoneroak. Horien artean egoteko aski dela haiekiko harremanen bat edukitzea, kidetasun ideologikorik izan ez arren. Haien ahaideak, adiskideak, irakasleak, apaizak, erlijiosak, eta erdiko klaseko beste asko izan dira errepresioaren gogorra ezagutu dutenak. Ezingo da errepresio hori ahaztu gainera, zigortu gehienak erdiko klasekoak izanik, errepresioaren berriak aldarrikatzeko klase honek bide gehiago duelako eta fatalismo guttiago behekoak baino. Ohartzekoa da montoneroak, azken orduan justizialismora etorri eta Peron Espainiatik eraman arazi, eta gero Peronek berak madarikatuko gazte idealista gehienak, erdiko klasekoak zirela.

Herriak ezin ditu ahaztu poliziaren errepresio ikaragarria, entzutearekin bakarrik dardaraz eta nazkaz jartzeko moduko torturak, polizia paraleloaren bahiketak, hilketak, lapurretak, emakume bortxaketak...

Errepresioaren izpiritua Buenos Aires-eko gobernadoreak esandako honek adierazten du ederki: "Mataremos a todos los subversivos, luego a sus colaboradores, después a los simpatizantes, después a los tibios y, al fin, mataremos a los indiferentes".

Herriak ezin du ahaztu ekonomi egoera hestua. Martínez de la Hoz, Lurralde jabe handienetako bat den, eta dozena erdi entrepresa multinazionalen administrazio kontseilutan parte hartzen duen eta Amerikako eta Europako bankaririk indartsuenen adiskide pertsonala den finantza ministrari honek hartutako neurri ekonomikoak ultraliberalismorik basatienari jarraitzen diotela. Ez du ahaztu diruaren erosteko ahalmena urrituz doala.

Langileriak ezin du ahaztu, kanpoko produktuari ateak erabat zabaldu zaizkionean, entrepresa ttikiak eta erdizkakoak hankaz gora doazela. Sindikatuek ez daukatela inolako askatasunik. Ez dagoela greba eskubiderik. Ba direla lantokian bertan afusilatutako grebalariak. Alokairuak oso behean daudela: hileko 4.500 eta 9.000 pezeten artean. Eta kontrolik gabeko ekonomi sistema honegatik eta langilea merke saltzen delako, entrepresa multinazionalak pozaren pozez beren hatzaparrak Argentinara luzatzen ari direla. Korrika datozela Kodak, Bendix Texas Instrument, Shell, Exxon, Morgan Garanty Trust eta beste dozenaka entrepresa.

Eta herriak ezin du ahaztu nekez aterako dela egoera honetatik. Ezker muturrekoak fisikoki desegin dituztela Justizialismo peronista, bere demagogia eta anbiguetate guztiarekin eskuak lotuta dagoela. Kontserbadoreek ez daukatela zer eginik. Komunistek, Moskuren interesetara makurtzeagatik, Videlaren errejimenari beren "apoyo crítico" delakoa ematen diotela. Eta hori Videlaren juntak kupidarik gabeko antikomunismoa darabilelarik, Argentinako PC-k errepresio latza hartu duelarik eta 75 bat militante "desagertuen" artean dauzkalarik. Giza eskubideen zapalketa eta militante batzuren errepresioa ez da ezer nonbait Sobiet Batasuna Argentinaren gaurko bezerorik onena izatearen ondoan. Horregatik noski URSS eta Kuba, Argentinako errejimena ONUn kondenatzeko egin diren eginahal guztien aurka agertu dira. PCA-ko Komite Zentraleko Roberto Vallarinok esan duenez, "bestela gure herria isolatu egingo litzateke, eta klan pinotxetista indartu". Zernahitarako arrazoirik ez dela falta bistan da. Nahiko bitxia da komunistak ere faxismoarekin harreman gozoak euki ditzaketela, eta antifaxismoa utz dezaketela.

Zihur asko hauxe zen Argentinako herriak futbol mozkorraren lozorroan pixka bat ahaztu nahi zuena.

Mundialen boikota

Ezaguna da: azken urtebete honetan talde asko sortu da, Argentinako diktaduraren kontrako protesta bezala, mundialak beste tokiren batetan jokatzea eta jokalarien aldetik boikota exigitu edo eskatzen zuena.

Boikota kanpaina horrek zenbaterainoko eragina izan duen? Dakigunez da jokalaririk gelditu joateke. Eta partidu denak bake santuan jokatu dira. Arrazoiak? Politika eta kirolak ez dira nahasi behar. Batek boikota egin arren beste jokalari batek jokatuko luke haren ordez. Boikotarekin ez da errejimena eroriko. Ez du merezi preparaziotan erretako hainbeste kemen eta urte ezertan agertu gabe uztea. Zergatik politikoek ezabatu eta konpondu ezin dutena kirolariek konpondu behar dute? Politika mailako borrokak ez dauka kirol mailan dagoen batasuna apurtu beharrik. Argentinara ez joatekotan gainera, beste toki gehienetara joaterik ere ez litzateke egongo. Hauk dira jokalari frantsesek agertutako arrazoietako batzu.

Hala ere boikota martxan jarri zutenek ez dute uste alferrikakoa izan denik. Marek Halter-ek, Frantzian boikota hasi zuenak adibidez. Honen ustez, kanpaina horrek berea eman du: Argentinako diktaduraz jabetzea. Joko eta ikuskari eder horien azpitik dagoen egoera ez ahaztea. Kontzientzia txarra zabaltzea. Diktadoreek ere, itxura gorde nahi duten arauera behintzat, ez daukate edozein gauza egiterik.

Boikota giza eskubideen printzipio moralaren defentsa bezala onhartu dutenen artean, izan da borroka hori edozein errejimen politikori, eskubikori edo ezkerrekori aplikatu nahi dionik. Argentinako mundialen kontrako boikota, 1980.eko Moskuko olinpiadaren boikotarekin lotu nahi dute. Ezkerraren zenean egindako hilketak eta giza eskubideen zapalketak, proletargo baten izenean egindako justizia direla eta, ez dago isiltzerik edo minimizatzerik. Argi dago Moskuko olinpiada boikotatu nahi ez duen Argentinako mundialen boikotatzaileak, ez duela boikota printzipio moralaren izenean egiten, interes politiko batzurenean baizik. Ezin da printzipio moralik kolore desberdinetako ideologiei prezio desberdinetan saldu. Denentzako berdin balio du. Edozein koloreko eta errejimeneko gizonak berdin balio badu behintzat.

Errejimenaren irudi internazionala

Argentinako mundial hauetan errejimenaren irudi publikoa hobetu egin da agian. Presidentea buru, alai, pozik, abertzale eta beste edozein nazio bezalako ordenuan bizi den herriaren irudia zabaldu dute telebistako kamerek lau haizetara.

Ez da Munich-en palestindarrek egindako odol isurketarik gertatu. Militarrek hartutako neurriengatik eta montoneroek hala nahi izan dutelako. Partidua hasi baino zortzi ordu lehenago futbol zelaia eta honen inguruko hauzoa "zona de seguridad" bihurtzen zen eta militarren eskutara pasa.

Mario Firmenich-ek, bere aldetik, alderdi montoneroaren lehen idazkari eta harmada montoneroaren komandante buru denak, mundialeen hasieran deklaratu zuen, been asmoa "erresistentzia harmatua gordetzea zela". Eta bere militanteei hauxe agindu zien: "formalki galerazita dago estadiotatik 600 metrotara edozein ekintza modu egitea; galerazita daude Argentinako edo atzerriko kazetarien integritate fisikoari, edo jokalarien edo ekipoen ordezkarienari kalte egin diezaieketen ekintzak". Eta agindu hau bete egin da. Ez da askok uste eta espero zuen tragediarik gertatu.

Hala ere hotel asko, horietatik zenbait futbol lehiaketa zela eta jasotakoak, erdi hutsik gelditu da. Turismorik ezin dute bereganatu ahal izan. Nahi zuten neurrian behintzat.

Zenbateraino lortu du errejimenak bere irudi faxista izkutatu eta estaltzea? Geure larrutik dakigu errepresioaren haririk gogorrenak ez direla kaleetako metrailetak eta kaminoetako arantza eta kontrolak. Begiz ikusten ez den errepresio difuminatua, bistara ageri ez dena, zaratarik gabekoa, izpirituak ere beldurrez lotzen dituena, isiltasuna eta ordenua bera protesta bide bihurtzen duena dela okerrena. Sare faxista horren harietaz jabetzea ez da samurra. Ez da bat batean ikusten. Zenbat aldiz, hortik zehar, Espainian eta beste herrietan, Euskal Herrian zegoen errepresioa, udaran hemendik pasatako turistei demostratu ezinik ibili gara! Ez da harritzekoa mundialetara joandako turistak errejimen faxistaren aztarnarik ikusi gabe etxeratzen badira.

Irudi ederra edo itsusia, dirua ez da hortaz kezkatzen. Dirua nondik sortuko, hara joan ohi da. Entrepresa kapitalistek ikasi dute hango bidea. Eta Sobiet Batasunak ez du Argentinako gari faxista erosteko eskrupulurik. Errepresioaren kontrako kanpaina internazionalek eragin apala izan ohi dute. Hala izan da mundialei egin nahi izan zaien boikotarekin.

Baina boikotaren, edozein eta edozeini egin dakiokeen boikotaren azpitik, logika integristaren arriskua dakusat. Futbolariak Argentina 78 boikotatu behar bazuen, eta atletak Mosku 80 boikotatu behar badu, zergatik turistek, eta politikoek, eta komertzianteek, eta artistek, eta baletistek eta musikalariek eta intelektualek ez dute iadanik beraiei dagokien alorrean beste hainbeste egiten? Zergatik boikota kirolariei bakarrik exigitu? Zergatik errejimen kondenatu horietara joan, eta zergatik hangoak gure artean onhartu?

Kapitalistek eta sozialistek, demokraziek eta diktadurek elkar horrela boikotatu behar badute, gizateriaren zatiketa areagotu egingo genuke. Hesi tartean beharko genuke bizi. Zergatik elkarrekin ONUn eseri? Logika horrekin ez legoke ONUrik, ghettoa eta gerra orokorra besterik.

Boikota, politikoa bezala harturik, hipokresia da. Nazka ematen du. Borroka morala bezala harturik, diztiragarria dirudi, testigutza orok bezala. Baina logika integristaren punta, gurutzada izpiritua aurkitzen dugu hor. Zorionez, gizona ez da hain logikoa izan. Logika hori ez du azken muturreraino eraman. Etsaiarekin traturik egiten hasteko adina kidetasun aurkitu du. Gizateriaren batasuna ere printzipio morala bihurtu behar. Eta printzipio nagusia. Batzen gaituen gauza gehiago dago, sakabanatzen gaituena baino.

Guzti honegatik boikotaren planteiamendua eztabaidagarri gertatzen da. Argentina 78koan ikusi denez.

Manolo Pagola


Munduan barrena

Txinakeriak

 Zer bilakatu zaizkigu garai haretako komunikatuak non Txina eta Viet-Nam arteko laguntza eternala aipatzen baitzen, non bata eta bestea gorputza berberaren hortzak eta aginak baitziren?

 Gaur egun aldiz, Txinatarrei Viet-Nam, iraultzaren herria, burjes ttikien erresuma eta basakeria guztien tokia bilakatu zaie. Harrigarriena bitartean zera da: Estatu Batuak, OTAN, eta Europako agintariak, Txina sozialistaren aliatu naturalak bihurtzea.

Txina hegemoniaren bila

Egunetan aurrera eta Txina eta Viet-Nam arteko nahasketak konplikatuago agertzen zaizkigu. Azken 15 urte hauetan Txina eta Viet-Nam oso ongi konpondu dira elkarrekin. Bata bestearen helburuan inperialismoaren kontra ekitea izan dute arrazoi nagusia. Bai Sobietar Batasunak bai Txinak, zuzenki, hau da, hitzez eta ekintzez, lagundu zioten Hanoiri bere askatasunaren alde. Baina egun haik ba dirudi ahazturik daudela. Asuntu honetan gero eta nabariago interes "ezkutuagoak" agertzen ari zaizkigu. Nazioarteko mailan Txinak desarroilatzen duen politikari, zentzua, behintzat zentzu iraultzaile bat, falta egiten zaio. Iraultzailea den ala ez ez gara modu garbiz esaten ausartuko. Ba liteke iraultzailea izatea baina horretarako fedea benetan falta egiten zaigu. Txinaren politikari zentzu logiko bat topatzen zaio berehala, zentzu hegemonikoa batez ere. Esan dezagun garbi, Sobietar Batasunari eta Estatu Batuei logika berbera topatzen diegula baina interesik aparte, globalki, salbuespenik eta guzti, batak kapitalismoari kalte dakarkio, besteak alderantziz sozialismoari. Txinako politika berriak ez du globalki sozialismoaren interesekin ezer ikustekorik.

Sofisma baten alde onak eta txarrak

Iraultza kulturala egin ondoren, Mao Tse Tung-en pentsamenduarekin gustu guztietarako interpretazioak egin dira. Bazterketak eta garbiketak ugaritzen ari dira orain Txinan zehar. Goardia gorria dela, Maoren emaztea, honen segitzaileak eta iraultzailea zerguztia, baztertu egin da. Ideologi arlo bat baztertu da Txinan eta berau Nixonen bisitarekin batera hasten da. Iraultzaren zentzu soziologikoa gelditzearekin proletal internazionalismoarena bazterturik geratu da. Txinako jabeak interes nazionalak defendatzen ari dira. Egoera hau ez da historian oso orijinala. Sobietarrei berdin pasatu zitzaien Troskirekin. Bide ezberdinetik haitzulo berberara etorri zaigu Txina. Egoera ezberdinetan antzeko politikak aplikatzen ez da ondorio berdinetara heltzen. Mundua bipolarizatu egin denez geroztik, Sobietar Batasunerako ona zena kapitalismoarentzat txarra zen, Sobietar Batasuneko interes nazionalak defendatzeak kapitalismoari kalte egiten zion. Sofisma teoriko batek, bipolarizazioaren legea dela eta, errealitatea bihurtzen zaigu. Sobietar Batasunak, nahiz eta praktikoki beste "interes" ezberdinen alde egon, objektiboki mesedea eta laguntza ekarri dio Sozialismoari gehienetan. Ez beti Txinak alderantziz ezin du berbera egin. Bipolarizazio hau moztean bere interes nazional hutsak bakarrik defenda ditzake.

Txinako politika nazionala aurreratzeko, munduko zona bat propiotzat hartu behar du. Horretarako aurretik dauzkan beste bi indarrekin konponketan sartu behar. Atxakia Sobietar Batasunaren aldetik etorri zaio. Txina munduko zona batetan hegemonikoa izan dadin Sobietar Batasunari kendu behar zaiola hegemonia konturatu egin da. Kapitalismoaren kontra aurrez jartzeak ez lioke aurrerapenarik asko ekarriko. Txinaren indarra ez da munduan zehar nagusitu. Bere indarra, sendoa, urteetan gorantz doana baina, neurtua du. Ekonomian aurreratu eta munduan pisu handi bat izan nahi baldin badu Asiako subkontinentean nagusitu behar du bere influentzia, hegemonikoa bihurtuz. Baina noren kaltetan?

Sozialismoaren izenean

Sozialismorako munduko estrategia oso batek bi buru ezberdin eduki behar zituela ari ziren aspalditik txinatarrak errepikatzen. Oreka bat egon dadin beharrezkoa zen Txinatarren ustez bi buru egotea. Oreka hau egotea bidezkoa iruditu zaio sozialismoaren hainbat teorizatzaileri. Gatazka ideologiko bat egon dela ba dirudi baina gatazkan sartu dena ez da sozialismoari buruzko teoria berezia. Interes nazional bereziak sartu dira hemen burrukan sozialismoaren izenean... eta beronen izenean, Txina Sobietar Batasunaren etsai amorratua bilakatu da. Txinako agintarientzat inperialista fanatikoak ez dira jadanik amerikanoak, inperialismo kaltegarriena Sobietar Batasunatik dator. Txinako propagandari begira sobietarrak gerrazale eta traidore hutsak dira. Txinak dioskunez sozialismoaren istorio faltsuarekin Sobietar Batasunak mundu guztia bere hatzaparpean suntsitu nahi du. Horregatik bereziki, mundu gizagaixo hau askatzeko asmoarekin hasi dira txinatarrak sozial inperialismo honi bere indar guztiekin burruka ematen Burruka honetan agian erresuma atzerakoienak laguntzea, bai Asian bai Afrikan izan daiteke txinatarren taktika superiraultzailea. Txinako teoriek, hain sinpleak direnak, norberaren burua dudamudatan jartzen dute.

Viet-Nam-eko kasuan esaterako. Gerra amaitu ondoren, Txinak subkontinenteko "status quo" gorde nahi zuen, hau da, denen laguntzarekin Viet-Nam produzitze erroetan sartzea baina berau egin beharrean Viet-Namek estrategia politiko militar batetan sartu du bere burua, Txinako interesak kaltean ipiniz. Beraz, garbi esan bedi, Txinako estrategiak Txina hegemonikoa bilatu nahi du subkontinentean. Horretarako Japoniarekin eta Estatu Batuekin paktu berri bat izenpetu nahi du laster. Paktu honen arauera, hiru potentzi hauek potentzi atzerritarrek Asiako hegemonia eskuratzeko egin dezaketen entseiuen kontra burrukatzeko konpromezua hartuko dute. Indar atzerritar horik, Sobietar Batasunekoak dira, jakina, paktu horretan aparte geratzen baita. Estatu Batuek, paktu honen arauera, parte har dezakete edozein burrukan "bertoko herrien" interesak defendatzeko. Txinak ez du begiralearena egingo, parte hartu behar du ere, eta parte hartzean Estatu Batuekin batera egingo du. Txinak Viet-Nam irabaz dezakeen bitartean Estatu Batuek Tailandia ez dute galduko. Txinak kapitalismoari egiten dion mesedea jadanik bukatutzat har daiteke eta hau dela eta, ez gintuzke asko harrituko hemendik epe laburretara Txina Viet-Nam-en eskuak sartzen ikustea. Kapitalismoaren aldetik ez da inolako oztoporik izango. Europak, OTANek eta Estatu Batuek postura egin dute Txinaren alde. Paperezko tigreak ongi ikasi du Txinaren zotzak erabiltzen.

T. Trifol


Marzinger Z. Euskal umorerik politikoena

Aldi hartan, batzuren bakea berriro lur azal osoan nagusituz zihoala ikusi zuenean, egokia eta bidezkoa zela lurreratzea iruditu zitzaion Marzinger Zetari. Honetarako bere 600 deskapotablea orbita dekadente batetan sartu eta lurreratzeko asmoz, kutxa baten barruan gordetzen zuen zentralismo demokratikoren hautsak aplikatu zizkion bere kotxeko motorrari. A, paregabeko zoriontasun hau abandonatu beharra! Hemen espazioan lurrari biraka, beti aurrera, beti higika eta beti marra berdinatik iragaten! En fin! Hasperen bat botatuz, orbita batetan ez zegoela ez aurre ez atzerik, ez zegoela geldiarazterik pentsatu zuen. Oso superdialektikoa zen, superbultzailea, superrestrukturatuta zegoen. Dkt. Inpernu lasai egon bedi. Bere dekretu eta konstituzioak ez dit min handirik ekarriko, nire zuzentasunak, nire baztertasunak ekarri didan baino gehiago behintzat. Zetaren pentsamendu teorikoak, hori eta ez besterik, zen Marzingentzat teorizatzea, Aita gomaguztiduna aspertu zuen. Honela zioen Aitak bere buruari: Begira zer egin duten tonta horiek! Heredentzia guztia zapuztu eta banatzen ari dira. Norbera bere burua kontenplatzearren etsaien barrabilek izorratzen ari gaituzte. Popatik hartzen dugu, bat bakarrik ipini beharrean 7 edo 8, denetatik hartzeko sortu ditugu. Asunto honetan ez dago aurreratzerik. Ez, ez, gauzak aurreratzeko potroak eduki behar ditut. Dkt. Inpernuren hizkuntza berbera erabili behar da. Plastikoz egin behar da ez baitu horrek besterik ulertzen. Berdeak eta grisak gomatuko ditut berehala. Eta bere zuzentasunean unibertso haren bazterrak kixkaltzen hasi ziren. Lurrean zehar zegoen berdetasun eta gristasunetako asko kaka geratu zen. Orduan Dkt. Inpernu hainbeste kaka eta beronek zerion usaina ezin gehiago jasan, lagunen artean bere zihurtasuna erakutsi nahiean, ideia ilun bat etorri zitzaion burura: Kaka modukoa geratu da nire berde eta gristasun hau, kolorea aldatzean eta dena marroinduz ezta hauek daramaten usaina nabarituko.

Horrela eginez lehen zegoen eztabaida korapilotu egin zen. Bitartean Marzinger Zeta bere kontura, Coca Colak Alfa Zentauron antolatutako hizketaldi batetan mintzo zelarik marka horren garrantzitasuna erakutsi eta ez irakatsi, egiten zuen.

 Begira hona guztiok! Begira zein miragarri den botila hau! Hemen barrukoak ez du garrantzi handirik ez baitu mozkortzen. Hemen kontenidoa ez du ezertarako balio, zeren esan baitaiteke Amerikatik zuzen datorkigukeela. Beirazko botila hau aldiz, gure berdegunetan eginda dago. Mila langile parte hartu du botilari beharrezkoa den gogortasuna eta gardentasuna emateko, beraz nahitaez iraultzailea izan behar du.

Soro batetan laiatzen ari ziren estudiante batzuk fermuki txalotu zituzten Zetaren hitzok.

Baina eurokomunisten ordezkari batzuk botilaren gogortasuna ikertu nahi zuten. Horretarako hango batek zati bat marruskatu eta berehala mihiz moztu zuen zauritik odola zeriola.

 Egia esateko, gehitzen zuen Zetak, mendebaldean kokatzen zaretenok gure hitzen zentzua erraz konprenitu duzue, ez hainbeste ekialdeko jende horrek. Ekialdeko jende hau oso abandonaturik daukat, bidezko izanen litzateke unibertso hori ez deskuidatzea, kapaz dira gero, kaskoa trukean saltzeko.

Eta gehiagorik gabe, bere 600 deskapotablean ekialderantz abiatu zen zarata superriraultzaile batetan.

Horra heldu baino lehen, izar baten dirdir larriak ikusi zituen, planeta eurokomunista amerikar Arrano konstelazioak indar magnetiko eta metafisikoren bidez harrapatzen duen tokian.

 Zer izanen ote da hori? pentsatu zuen, planeta edo izarra? Badaezpada, izarreratzeko motorrak prest edukiko ditut. Baina izarreratzean argi guztiak itzali ziren. Dkt. Inpernuren kamuflajea pentsatu zuen. Eta oihan batetan nola sozial demokrazia eta eurokomunismoa afalosteko orgia superrelastiko batetan musuka eta zirika zeudela ikustatu zuen. Han bertan zeuden, Pandres, Renegas, Partines, Lerchundes, Maturas, Harzelos, Paneros eta grekera eta hebraiera menderatzen dituzten beste batzu, denak animalia berdinak, hau da: zerri patak, bekereke muturrak, eta otsoren bihotzak dauzkatenekoak. Gorritu barik, gorriak baitira, hebraiera sekretuki ikastea proposatu zioten Marzingeri.

Bai euskarari hitz magikoa esanda gure heroeak solasaldi hau botatu zien erdaraz: No aprenderé ni hebreo ni arameo, ni interpretaré códices, ni haré pactos macabeos, No me callaréis ni aunque me déis el ministerio de comunicaciones interestelares!

Eta zerutik zetorren ahots bat entzun zitekeen honela zioela:

 Hau da ene Seme alaba guztiz maitea, berarekin dagidan plazerra ez du mende honek ulertuko.

Berehala kontrakorren bihotzean inbidia eta gorrotoa jaio zen Marzingerren kontra. Lehen edo geroago hil egin behar zutela erabaki zuten. Horretarako bere bihotza eta adimena zatikatzea pentsatu zuten. Pandreas, Partines eta Paneros akojonatuta "eusko gudariak gara" kantatzen zutela. (Jarraituko du)

Sir Jauna


Luchino Visconti

Zinegile gehienek oztopo handienak pasatu behar izan dituzte beren lanak eta balio artistikoak ezagun eta onhartuak izateko. Sarritan, eritzi politikoen kausaz, egileen ideia filmikoak ezin ahal izan dira egin, askotan produktuen komertzializazioaren atxakiaz, pelikulak ez dira filmatu... direktore gazteek ondo dazagute fenomeno hau. Orduan, zinearen historian oztopo horik gainditu izan behar ez dituen direktore bat aurkitzen dugunean, berehala zera esaten dugu, edo ideia extrafilmikoen aurkeztatzailea da —direktore politikoak edo propagandistak—, edo publikoaren arauera balore gabeko filmeak egiten ditu —direktore komertziala—. Ba, hala ere, Visconti lege orokorraren salbuespena izan da.

Visconti, ingurune baten ondorioa

Hala ere, ez dezagun pentsa Visconti-ren hospea lan gabe eta ezerezetik sortua dela. Aitzitik, filmegile honen lanak oso landuak dira, azken detaileak ere kontrolatzen ditu, eta, zer esanik ere ez dago, filme osoaren erantzukizuna berauek hartzen du, laguntzaileei askatasun oso guttiten uzten zaielarik.

Horretarako Visconti-ren formazioa oso handia izan behar da. Eta jatorriari begiratzea nahiko dugu horretaz jabetzeko. Familia aristokratiko eta aberats batetan jaioa —aita, Modrone-ko kontea, ama burjesia aberastuaren sinboloa—, ttikidanik literatura, musika, teatroa eta opera xurgatu zituen, Milanoko giro dekadente eta preziosista hartan.

Dekoratzaile gisan, bere aitak sortutako teatro talde batetan lan egiten du, baina zaldi-hazketara dedikatzeko dena uzten du. Italiako faxismoaren lehen urteetan egiten diren zaldi-lasterketako irabazleak bere ikuiluetatik ateratzen dira. Aktibitate honetan ere ez du ezer ere airean uzten: zaldiak pertsonalki gobernatzen ditu eta, askotan, beraiekin bizi da, kortan.

Zaldiz aspertuta, Parisera doa, 1935.ean, bere gogoa zinean lan egitea delarik. Ordurako, teatro-dekoratzaile on baten hospea du, eta, ezagumenduen bitartez, Renoir-en laguntzaile gisan asten da. Hauxe izango da bere etorkizunarako giltzarria. Alde batetatik, Renoir-en savoir-faire guztia ikasten du, eta, bestetik, haren komunismo zaletasunak marxismoan sartzen du. Hemendik aurrera bere lan artistiko guztia bi muturretan oinharrituko da: jatorri aristokratikoa eta konbentzimendu marxista.

Zine-egile. I. Errealismoa

Italiara itzuliz, 1937.ean, teatro-eta opera-dekoratzaile gisan lan egiten du. 1941.ean, gerratean, zentsurak bere lehen filme-projektua atzera botatzen du. 1942.ean, bere lehen filmea egiten du, "Ossesione" (Obsesio), non nobela amerikar bat inguru italiar batetan adaptatzen baita. Neorrealismoaren hasia da. Visconti-k berak zine egiteko bide berri horren oinharri estetiko eta iraultzaileak artikulu pare batetan markatzen ditu; zinea "antropozentriko" bihurtzen du. Gero, Roberto Rosellini-k, 1945.ean, "Roma cita aperta"-rekin hildo beretik segituko du. Bere lehen filmean dekoratzaile gisan Franco Zeffirelli dago, gero Romeo eta Julieta, Asisko San Frantzisko eta beste filme batzuren egile izango zena.

Bere marxismozaletasunak gerran partisanoekin burrukatzera eramaten du, eta Italian gerratea bukatu baino hamar egun lehenago, atxilotua eta torturatua da. Ihes eginik, urte pare bat beranduago bere torturatzaileen afusilamendua filmatzen du.

Gerra bukatuta, opera eta teatroa zuzentzen ditu, baina Italiako errealitate bipolarrak —Iparra industriala, Hegoa feudala—, hegoaldera "A terra trembra" (Lurra ikaratan) (1948) filmatzea eramaten du. Filme honetan, arrantzaleak katanesez mintzatzen dira, Italianoa ez baita herri hizkuntza. Urte batzu beranduago, "Rocco e suo fratelli" (Rocco eta bere anaiak) filmatuko du, non hegoaldekoen emigrazio kontuak azaltzen dituen. Bitartean, "Senso" eta "Gau zuriak" filmatzen ditu, non estetizismoa eta XIX. mendeko erromantizismoa eta errealitatezaletasuna agertzen hasten baitira, beti ikuspuntu marxista batez, ez ortodoxoa, pertsonala baizik.

Zine-egile. II. Aristokrata dekadentea

Visconti-ren filmografia ugaria izan ez arren —14 filme, 3 sketch eta 2 dokumentale—, bigarren parte bat nabari dezakegu; parte honetan ia gai bakar bat agertzen da: aristokraziaren dekadentzia. Baina hau ez da iraultza batek eraginda, edo erorpen huts bat, baizik eta itzaltze bat, eta itzaltze honek bere atal eder eta estetikoa ba du, eta bertan Visconti-k, aristokrata bera ere, dilettante baten gisan aurkezten digu klasearen heriotzea. "Il Gattopardo", "Heriotzea Venezian", "La chuta degli dei", "L'inozente"... bide berdinetik doaz, denak oinharri literario desberdinekin behar bada, baina beti errealistazale dezimononiko eta dekadentea, progresista eta atzerakoia. Dilema hau bere heriotzerarte (1976.ean) mantenduko da.

Visconti-ren ideia filmikoak

Visconti-k filmean lan egiten duen guztiari dena eskatzen dio. Horregatik, Pasolinik ez bezala, aktore profesionalekin lan egiten du beti. Baina ez bakarrik "egiazko" aktoreak, baizik eta bere filmetan eta teatrotan edo operetan ez dago faltsutasunaren aldeko errekurtsurik: bere filmetan agertzen diren jauregiak egiazko jauregiak dira, bitxiak Cartier dira, likoreak eta champagnean Frantziako mahasti hoberenetatik espreski bere filmetarako erakarriak dira... Beraz, bere filmeetako "egiatasuna" ez da edonola lortua: azken puntutxoak ere helburu konkretua dauka, filmetan ikusten den bezala.

Zinea Visconti-rentzat zer den bere hitzetan esango dugu:

"Zinea, teatroa, opera, lana berdina da: espektakulu bati bizitza ematea... Ukaezina da zinean askatasun eta independentzia gehiago dagoela, hots, filme bat egiterakoan "egileago" izan zaitezkeela... baina zinea ez da sekula arte-lana, gehien jota, artisau-lana, lehen ordenakoa batzutan, bigarren edo hirugarrengoa askotan... baldintzapen teknikoei lotuta baitago".

I. Zuazo


Muntaketa literari eder bat

Duela lau hilabete, Walerian Borowczyk-ek zuzendutako "La bête" delako filmea ikusteko abagadunea eduki dugu, eta era berean horregatik iruzkinik eroenak entzun eta irakurtzeko parada, pornografia nazkagarria besterik ez delakotik, zikinkeria hutsa edo zuzendariaren obsesioen erakusle makal eta txiroa baizik ez delakoraino, ulertezin eta pedantea edo astun eta absurdua. Egia esan, ez nago seguru Roman Basurto gure lagunarekin filmea ikustean pantsatu genuena benetako izan daitekeen, haatik zentzu bat ematen dio obrari behintzat, literaturaren bide eta moldeak filmegintzan ondo erabilita ikusi dudan lehen aldiz egiten baitzait honako filme hau.

Filmea, bertan ikusten den bezala, idazle frantses baten —Voltaire-ren uste dut— istorio baten arauera dago muntatua, eta prosazko lanetan XVIII. mendean asko aitzineratu zen mailen teknikaz egina. Erdi Haroan, ezaguna denez, elaberri grekoetatik zetorren tradizioaz, ipuin, elaberri eta istorioak guztiz ziren lineal, hots, maila bakarrekoak eta gizauren bakar baten inguruan idatziak, gero gaztelaniazko pikareskaren bidez eta halaber Europako beste hizkuntzetan idatzitakoez ere teknikak aberastuz joan ziren eta XVIII mendean jadanik prosak ba du benetako nortasun bat, plano ezberdinak erabiltzen hasi eta ekin egin zelarik. Horrela, ba da, hiru mailatan egituratu du filmea Borowczyk-ek: 1. filmea aitzineratzen deneko oraingo, XX. mendeko errealitatea, 2. errealitate horretan sartzen den idazle zaharraren eta bere denborako jendeen kontzepzio eta burutapenen mundua eta 3. XVIII. gizaldian aitzineratu egiten den idazlearen istorioa, filmean ezkontzeko dagoen neska noblearen amets bat bezala agertzen dena. Eta benetan ederki lotu ditu hiru planoak, filmearen amaieraraino ez baitira korapiloak askatzen.

Lehen maila, esan dugun bezala, XX. gizaldian gertatzen da. Zorrek janda dagoen familia aberats baten istorioa dugu, porrot ez egiteko etxeko seme gehiena neska dirudun eta eder batekin ezkondu gura duena. Bigarren maila, berriz, istorio honen barruan egileak nahasten dituen aurreko mendeetako sexualtasunari buruzko ideiek osatzen dute, h. d., gizakiek eta animaliek elkarrekin harreman sexualik edukitzekotan piztiak sortzen eta jaiotzen direneko ustea, espezie biotatik zerbait omen duten izakiak. Eta hirugarren maila, hori egiaztatzen den barrokoaldiko kondaera, esan dugunez, filmean emaztegaiaren ametsetan jazotzen dena eta halako pizti eta andre baten maitasun animaleak erakusten dizkiguna. Filmearen giltzea hiru istorioak elkartzen direnean gertatzen da, une berean neskatxaren fantasia erotikoa, eta beste maila biak lotzen baitira, etxeko primuak buztan eta hatzaparrak dauzkala aurkitzen baitugu. Nioenez izugarria!

Ez dut ukatu behar filmeak zenbait pasartetan dauzkan elementu okaztagarriak, baina muntaketak eta fotografiak, fantasia erotikoaren musikak bezala, aski aberastasun eta edertasun ematen diotelakoan nago.

Andolin Eguzkitza


Eva Coboren burruka

Eva Cobo Zaballa, Santandereko emakume bat da. Duela hamaika urte, Jacinto Lococo-rekin ezkondu zen. Bi seme dituzte.

Orain dela urte bete, Evak, bere seme ttikienak uzkian min zuela ikusi zuen eta medikuarengana eraman zuen. Honek pomada batzuk eman zizkion baina hobakuntzarik ez zen nabaritzen umearengan. Eva harriturik zegoen eta umeak min hau bere aitak gauez egiten ziola esan zuen. Evak lehendabizi ez zion sinetsi baina gero serioski zihoala gauza egiaztatu zuen, umea sikologoengana eraman ondoren. Beste irtenbiderik ez zegoelakoan, separazio tramiteak hasi zituen eta bai bere senarra bortxatzaile bezala salhatu ere. Eta hemen hasten da Santandereko justiziaren zikinkeria ikusten.

Eva, Alderdi Komunistan militante zen eta herri mailan egiten zuen lan. Separazio demandan, senarraren defentsak zera agertu zuen, Eva, bere semeak zaintzeko kapaz ez zela, "actividades socio-políticas" eramaten zituelako.

Epaileak, Evaren aurka arrazoi hau zuelarik eta senarraren aurka bortxaketa salhakuntza bat, zer erabaki zuen? Umeen tutoregoa aitari ematea.

Evak, hau jakin zuenean, umeak berekin hartu eta alde egin zuen. Hemen, Euskal Herrian bortxaketaren aurkako manifestapenak egin genituela irakurri zuen kazetetan eta hona etorri zen. Dirurik gabe, paperik gabe, polizia atzean zuela... eta azkenean, lege aldetik irtenbiderik ikusten ez zuelako, feministengana etorri zen eta prentsan bere kasua azaltzea erabaki zuen. Talde feministek Eva laguntzea erabaki zuten, arazoa ondo aztertu ondoren. Legalki, sententzia firme egin zen baina irregulartasun batzu izan zirenez prozesuan, berrikustaldi bat egitea posible zen. Honi begira presio bat egiteko, bai Bilbon eta bai Donostian zenbait ekintza egin dira, eseraldiak, manifestapenak, etab., Evarekin elkartasuna adieraziz eta lege matxisten deuseztatzea exigituz. Azkeneko berriak zera diote, prozesuan parte hartu zuen prokuradoreari gaitasuna kendu zitzaiola prokuradore izateko. Beraz, prozesu honek ez zuen ezer balio, eta orain arte ez dute hau jakin...

Asteartez, ekainak 13, berriz hasi da Santanderen kasu honen prozesua. Eva egoera larrian darrai. Senarrak, hau prentsara eramaten ba zuen hilgo zuela mehatxu egin zion eta egitez, bortxaketa salhakuntza agertu zuenean, hainbat kolpe jaso zuen senarra eta koinatarengandik.

Bortxakeria hauen aurrean, gure elkartasuna dugu harmarik onena. Lagun dezagun Eva kasu honetan, emakume guztion eskubideen defentsan.

itziar


Zain dezagun Busturialdea lan guztiak geldi

 Oligarkiak badakarkigu

 diru jaunaren legea

 Herritarrontzat ez da besterik

 geldi egon ta pakea

 Baina agertu dezagun argi

 guk geure eskubidea

 Oligarkarik ez dugu nahita

 BIBA BUSTURIALDEA

Duela urte bat baino gehiago, J. R. Etxebarriak azaldu zigun, nolako arazoa sortu zen Busturialdean. Busturialdea zaintzeko batzordekoek, lehen prentsa aurrean arazoaren muina adierazi zuten. Ondoren EGINen azalduz joan dira batzordearen ekintzak.

Lehengo uda eta udazkenean, herri bakoitzeko batzordeak aritu ginen, Busturialdetik, herririk herri plangintza, gure eskualdeko etorkizuna eta abar plazaratzen eta eztabaidatzen.

Eskualdeaz administrazioak antolatu duen plan orokorra ez dut azalduko. Nahiko dugu ondoko planoak ikustearekin, nola aldatzen den itsasadarra. Batzordeetakoek ezagutzen dugu, eta sakonki aztertu ere, delako Plan especial de Aprovechamiento de la ría de Mundaca, Diputazioak onhartu zuena. Hauxe dugu azken batetan dokumentu inportanteena. Beste hitz batzuekin Bilboko Camara Oficial de Comerciok argitaratu zuen, Estudios socioeconómicos comarcales, Guernica-Bermeo delako liburuan, 1972.ean argitaratua hain zuzen ere.

Lehen mementuan ez zen mugitzen inor, eta eskualdekoak nahiko lasai ginen. Baina nondik nora dragatzen hasten direla hibaia Muruetako astilerotik itsasorantz. Probisionalki Diputazioak onhartu zuen, delako hondartza artifizialen projektua, hau da, hibaiaren inguraldi batzu hibaiko areaz bete, eta gero gerokoak. Eta nork ez daki, siku eta lehor gelditzen diren lekuak, asko balio dezaketela, eta gehiago beste "plan especial" delakoan, lur industrial bezala baldin badaude.

Eta Busturiako Hauzo Elkartea, eta eskualdeko zenbait jende projektu konkretu honen kontra altxatu zen, lehenago onhartu zen orokorraren kontra joateko modu bat baitzen, eta legearen barnean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak, Bizkaiko Hauzo elkarte askok, eta Busturialdeko pertsona askok ere, inpugnatu genuen. Baina inpugnazio guztiak ez dute ondoriorik egin, guk dakigunez.

Dena dela, nahiz eta azken aldian Lemoizeko zentral nuklearraren kontrako burrukak bultzatzen egon garen, eta gure problema hau baztertua gelditu, berriz gure errebindikapenak plazaratu behar ditugu. Orain arte egin ditugun ekintzak hartu eta indartzeko prest gara.

Orain arte, batzordeetakoek aldizkari gisa 10.000 orri atera ditugu eta informe batzu, arazo guztia azalduz. Baita ere pila bat kartel. Baina hau guztiau ez da nahikoa.

Azkona jaunak, Urdaibaiko urak aztertu ditu, eta ondorio batzu atera ere bai. Hurrengoan azalduko ditugu. Azterketa hauek beharrezkoak dira hibaiaren historia zientifikoa egiteko. Honela jakingo dugu, gure hibaia hoberantz ala txarrerantz doan.

Baita A. Garrotek eta J. B. Heinink-ek filme bat burutu dute, batzordekoekin batera. Filme honetan inguraldiko bizimodua, egoera naturala, Afrikarantz pasoko txori handiak eta eguneroko bizimodua ere bai azaltzen zaigu. Azkenean gogorki salatzen dira ditugun plangintza guztiak, dei bat eginez eskualdeko jende guztiari; etorkizuna denon egitekoa dugu, eta ez minoria batena.

Filme hau Euskal Herri guztian azaltzeko gogoa dugu. 16 milimetrokoa da. Laster edukiko ditugu saltzeko ere, super-8ko neurrian (interesatuek Anaitasunara eska dezakete).

Baina orain zer egin? Oraingoz erantzun bat dugu: LAN GUZTIAK GELDI. Ba dakigu ondo jakin ere, projektu guzti hauen atzean, betiko kapital monopolista dabilela, Diputazioa kontrolatzen duen oligarkiak interes handiak dituela. Eta ezin gara minoria horren aurrean makurtu. Eskualde osoko jendeak guttienez erabaki behar dugu zer egin. Kontuan hartzen dugu eskualde guztiek beren ekilibrio natural berezia zaintzen ahalegindu behar dutela. Eta guk deus erabaki gabe, berez egunetik egunera Bizkaiako jolas leku bihurtzen ari zaigu, lanpostuak urritzen, eta eskualdeko demografia beherantz doa.

Eskualde bat fabrika gehiegi ezarriz, desekilibra daiteke, baina baita jendez hustuz eta kanpora joatera behartuz.

Beraz, eskualdeko politika egin beharrean aurkitzen. gara, eta arazo konkretua orokorrarekin lotuz, J. L. Lizundiak bultzatzen duen antolamendu politiko-administratiboa, euskal batzarre nazionala eraikitzeko guztiz egokitzat jotzen dut. Eskualde bakoitzak bere nortasuna eta plangintza bete behar ditu.

Hildo honetatik eskualdeko hauzo elkarteak, elkarren arteko harremanak gehituz, eskualde kontzientzia sortu eta maila honetan problema zenbait planteiatzera behartuak aurkitzen dira.

Oraingoz, beste arazo batzuren artean, inportanteena, geure espazioaren plangintza dugu.

J. Agirreazkuenaga


HITZ EGIN, hitz egiten ikasteko

Beharbada, euskara ikasteko metodo berri bat argitaratzea, ez da albiste interesgarria. "Hainbeste metodo kaleratu dira azken urteotan!..." "Beste metodo bat,..." eta antzerako gauzak pentsatuko dituzue. Hala ere, oraintsu argitaratu den HITZ EGIN izenekoa, zertxobait berezia da eta aipamena merezi duela uste dut. Metodo honen berezitasunen berri edukitzeko, batzorde egileko batzurengan jo dugu galdeka: Imanol Berriatua eta Juan Luis Goikoetxearengana. Biok oso ezagunak dira euskalduntze eta alfabetatzerako taldeetan, urte luzetan eginiko lanagatik. Eta nolabait hasi behar zenez, galdera honetatik bideratu dugu elkar hizketa.

 Zer dela eta liburuan ez da egileen izenik agertzen?

Zuk diozun legez, ez da pertsonen izenik agertzen. Liburuaren argitaratzailea Euskaltzaindia da. Izan ere, liburua Euskaltzaindiak Oinharrizko Euskararako sorturiko batzordeak egina izan da.

 Oinharrizko Euskara aurten leku askotan entzun den hitz eta kontzeptu bat da. Hain garrantzizkoa ote da?

Begira! Israel-en ikusitakoak —diosku Imanolek guztiz beroturik— liluraturik utzi gintuen. Hara! Hogei eta bost urtetan bi milioi pertsona hebraieraduntzea ez ote da miresgarri? Euskal Herrian ere bi milioi pertsona ditugu euskalduntzeko. Haiek erabilitako bidea, gure artean ere oso baliagarri izan ahal dela pentsatu genuen eta Euskaltzaindian aurkeztu genuen ideia. Han oso ongi hartu zuten gure asmoa eta, ondorioz, Oinharrizko Euskararako Batzordea antolatu zen.

 Tira! Hori guztiori interesgarria da, baina ez dut argi ikusten, Israel-en eta Oinharrizko Euskararen artean dagoen lotura.

Ba, oso erraza da. Israel-en hebraiera mailakatzeko plangintza nazional bat prestatu zuten. Horretarako, maila desberdinak antolatu zituzten, eta gorantz joateko lehen mailatik hasi behar; eta lehen maila hori oinharrizko hebraiera da. Eta hau zer den? Ba, hitz eta egitura gramatikal sinpleenak erabiliz, bizitza arrunteko arlo guztiak lantzea. Honela, egunkarietan, aldizkarietan, irratietan, telebistan,... maila horretan erabiltzen da hebraiera programa eta artikulu batzutan. Modu honetan, hebraiera ikasten ari direnek, motibazio handia dute hizkuntza hori ikasteko, zeren lehen momentutik praktiko gertatzen zaie eta.

 Beraz, zuen metodoa praktikoa izan dadin, antzera egin beharko duzue Euskal Herrian ere, ez da?

Noski —diosku Juan Luisek, hitza hartuz—. Gure metodo hau, Euskaltzaindia euskara mailakatzeko egiten ari den plan nazional baten barruan kontsideratu behar da. Plan honek arrakasta edukitzeko, nazio mailan hartua izan beharko du. Hori dela eta, Euskal Herri osoari begira lan egin nahi dugu. Baina plangintza horretan, metodoa parte bat baino ez da. Kontzientziatu egin behar ditugu idazleak, lokutoreak, hizlariak eta informabideetako euskaldunak, plangintza horretan parte hartzeko. Egunkarietan, aldizkarietan, telebistan, irratietan,... maila horretako lanak ere egin beharko dira. Ez guztiak, baina bai portzentaia minimo batez.

 Eta benetan uste duzue, hori egingo dutela?

Hori nahi dugu behintzat; eta esperantzarik ez zaigu falta. BAI EUSKARARI kanpainaren arrakasta ikusi besterik ez dago. Esan dizugun bezala, hau plan nazional baten pauso bat da: metodologiarena hain zuzen ere. Baina metodogintza bizitza arrunteko praktikarekin osotu behar da. Ikasten ari direnek, materiale lagungarri eta praktikoa behar dute, ikasitakoa etengabe praktikatzeko. Hori dela eta. Oinharrizko Euskararen mailako lanak behar ditugu informabideetan. Horretaz gainera, metodoaren mailan eginiko liburuxka batzu prestatzeko asmoa daukagu; bistakoa den bezala, horretarako idazleak behar ditugu. Gero eta idazle gehiago biltzen ari zaizkigu ideia horren inguruan eta hori pozgarri da.

 Interesgarria. Baina goazen aurrera. Nolakoa da, orain lehen maila irakasteko atera duzuen metodoa?

Aho-belarrizko metodo bat da; lehen unetik hitz egiten hasteko. Hortik datorkio izena: HITZ EGIN. Hizkuntza mintzatuan finkaturik dago eta bertan kaleko bizitza arrunteko hizkuntza erabiltzen da. Lanik gehiena ikasgelan egiteko da irakaslearen laguntzaz, nahiz eta etxerako ariketa-liburu bat ere prestatu dugun.

 Irakasleak aipatu ditugunez, horietaz hitz egin nahi nuke. Pentsatzekoa den legez, metodo hau ezin ahalko da edonola erabili. Nola jabetuko dira irakasleak zuen metodologiaz?

Irakasleak oso garrantzizkoak dira edozein metodoren erabilketan. Irakasle onak behar ditugu, ongi prestatuak. Kezka horrekin ibili gara eta irakaslearen lana errazteko eta bideratzen laguntzeko, irakaslearentzako liburua prestatu dugu. Bertan ikasgaien azterketa egiten da eta era desberdinetako ohar metodologikoak egiten dira. Horrela, irakasleak bide ona du, metodo honi ahalik eta fruitu eta probetxu gehien ateratzeko.

 Eta metodologi ikastaroak egiteko asmorik ba al duzue?

Zer esanik ez. Talde tekniko bat prestatzeko asmoa dugu, Euskal Herrian zehar horrelako metodologi ikastaroak emateko. Hauekin eta irakaslearen gidaliburuarekin, irakasleak ongi trebatu ahalko direla uste dugu. Bestalde, Euskaltzaindiaren batzordea ttikia delarik, lan hau aurrera eramateko, Alfabetatze koordinakundearen laguntza edukiko dugula uste dugu.

 Metodoa, berez, erabat originala da ala besteren batetan oinharrituriko egokipen bat da?

Izatez, metodo ingeles ezagun batetan oinharritu gara: Alexander-enean prezeski. Irudiak ere bertatik hartuak dira, egilearen baimenarekin noski, Ez da itzulpena, ordea. Egokitu egin dugu euskararen kasurako. Eta osotzeko, eranskin batzu ipini dizkiogu; deklinabidea, aditza eta hiztegia.

 Liburua ikusiz, hiztegi bitxia aurkitu dugu, irudiz eta azentuz beterik. Zer da hori?

Bai. Metodo honetan erabiltzen den hizkuntza bakarra euskara da. Ahal dela, ez da inoiz erdarazko itzulpenik egiten. Horregatik, gure hiztegiko hitz bakoitzak irudi bat darama alboan. Azentuaren arazoa bestelakoa da. Praktikan ikusi dugunez, ikasleek aldrebeski erabiltzen dute azentua. Guk jarri ditugun azentuek, nolabaiteko laguntza izan nahi dute, hitzak ongi azentuatzeko. Hala ere, lehen pauso bat baino ez dira, azentuena ongi aztertu behar den arazo bat baita. Dena den, liburu osoa bezala, behin-behineko lan bat da.

 Oker ez banago, liburu hau lehen mailakoa da. Zenbat denboratan ematekoa da eta ondoren zenbat maila egiteko asmoa duzue?

Hara! Praktika errealean ikusi dugunez, zortzi hilabetetan zehar astean hiru ordu emanez ongi menderatu ahal da liburu hau (lau ordu astean emanez, hobe, noski). Dioguna experimentatua dugu: Aurtengo ikasturtean, metodoa egin arau, praktikara eraman dugu berrogei urtez gorako pertsonekin. Egunero oharrak bildu ditugu: Orduz ordu eta minutuz minutu dakigu eman ahal dena, eta aurkitu ditugun trabak eta lagungarriak irakaslearen liburuan jarri ditugu. Urtebetean, ba, lehen mailan hitz egin ahal da euskaraz. Ondoren beste bi edo hiru maila gehiago egiteko asmoa dugu, progresiboki maila altuagoan hitz egiteko. Edozein modutan, ez da hiru urte itxaron behar mintzatzen hasteko, lehen mailatik hasten baita.

 Nolabait esateko, ikasteko behar den denbora, ongi neurtua daukazue. Ez ote da hori garrantzizkoa, zenbait militanteri euskararen ikasketa exigitzeko?

Militanteak aipatu dituzu eta ongi diozu. Honela, metodo eta bidea dute, epe baten barruan ikasteko. Gainera, Oinharrizko Euskararen filosofia eta plangintza onhartuz, beren alderdi edo taldeetako barne-aldizkarietan euskara-maila horretan eginiko artikuluak egin ahal dira. Eta hori ona da, diglosiarekin amaitzen hasteko. Gehiago oraindik, hizlariek ere maila desberdinetan hitzegiten ikasi ahal dutela uste dugu.

 Luze hitzegin dugu eta hainbat arlo desberdin ukitu ditugu. Baina bat falta zaigu oraindik: ekonomikoa. Merke ala garesti dira liburuak?

Hori erlatiboa da, baina gure eritziz merke dira. Ikasleentzako liburuak 300 pezeta balio ditu. Urte osorako ez dirudi gehiegi. Ariketa-liburuak 200 pezeta balio ditu eta lehen mailako irakurketa gisa atera dugun "Errekalde kaleko burruka" izeneko liburuxkak; 50 pzt. Gaur egunean pezetak duen kotizazioa ikusiz,... Irakaslearen liburuak zertxobait gehiago, 600 pzt., tirada ttikiagoa egin da eta.

 Bukatzeko, ezer gehiago esan nahi al duzue?

Esan, esan, luze hitz egin ahal dugu, baina nahikoa delakoan gaude. Euskal Herriaren berreuskalduntze bidean aurrerapausoa eman nahi genuke. Euskararen bateratzean ere lagundu nahi dugu. Eta euskaldunen modura amaitzeko, gaizki eginak barkatzea eta ongi eginak onhartzea —eta erabiltzea— eskatuko dugu.

 Hori berori desio dizuet nik neuk ere. Zorionak zeuen lanagatik eta eskerrik asko. Euskaltzaindiaren lemak dioen legez: Ekin eta jarrai.

Ramon Garai


Alfabetatzen

San Ferminak. Polizien balak zaurituta lagunek ospitalera daramate. Iruineko zezenketa berria.

Bilboko Arenaleko zubia. "Habíamos avanzado mucho en la imagen popular de las FOP durante este último año." Martin Villak esana.

Errenteria. Poliziak egindako zakurapenaren ondorioa. Hau da indarrez eta harmaz inbadituriko herri bat. Hau sinesten ez duenak bertora etorri eta ikus beza.


Gramatika

Osotasuna adierazteko moduez

Osotasuna adierazteko erabiltzen diren hitzen artean, beharbada ezagunenak ondoko hauk dira: den, oso, guzti eta oro (azken hau arkaiko samarra da), Hitz hauk guztiok elkarren sinonimotzat jo daitezke, baina, hala ere, beraien artean nolabaiteko banaketa semantiko bat dago, nahiz eta batzutan, mugak guztiz argiak ez izan. Hori dela eta bakoitzaren erabilkeraren eremua zein den azalduko dugu, lehenik erabilmodua teorikoki adieraziz eta ondoren zenbait adibide jarriz.

Den

Hitz honen bidez, parterik ez duen batasuna edo gauza baten osotasuna adierazten da. Demagun, adibidez, haur batek osorik jan duela sagar bat. Honela esaten dugu:

 dena jan du

Era berean, hauxe esan dezakegu:

 neska horrek dena daki

Batzutan, errepikatuz erabiltzen da, osotasun kontzeptuari indar gehiago emateko:

 den-dena daki

Hitz hau Bizkai aldean erabiltzen da nagusiki. Eta bai etimologikoki eta bai kontzeptualki, era mugatu singularrez deklinatzen da. Ez da harritzekoa beraz hurbiltasun-gradu desberdinez aurkitzea: danau, danori eta dana (Bizkaian). Horrela, Peru Abarka liburuan zera irakur daiteke:

 Ez nakutsu danau mankauta, luma bat baga?

Bizkaian pluralez ere ageri da sarri: danok, denok, denak. Esate baterako, hor ditugu askotan erabiltzen diren esaldi hauk:

 Denok bat egin behar dugu

 Denok etorri gara

Beharbada, azken forma honen eraginaren kausaz sortu dateke den eta guzti formen erabilkeraren arteko nahastea.

Oso

 Den delakoaren antzera, oso hitzak ere parterik gabeko osotasuna adierazten du. Zer esanik ez, beste zentzu batzuz ere erabiltzen da.

Edozein modutan, praktikan ba du den hitzarekiko desberdintasun ttiki bat. Oso hitza, izen bati lagunduz erabiltzen da gehienetan; den hitza, ordea, bera bakarrik ohi doa:

 pastel osoa jan du

 egun osoan lanean iharduteko asmoa du

 urte osoan egon da gaixorik

Baina

 dena jan du

 Oso hitza bera bakarrik erabiltzen denean, partitibo kasuan deklinatzen da nagusiki:

 osorik jan du

Guzti

Hitz hau, multzo baten osotasuna banakoen edo elementuen bilketa edo suma bezala adierazteko erabiltzen da. Hona hemen zenbait adibide:

 guztiak etorri dira

 gizon guztiek dakite

 guztiei esan diet berdin

 seme-alaba guztientzat dira opariak

Ikusten denez, bera bakarrik zein izen bati lagunduz joan daiteke. Eta beste hizkuntza batzuren gramatikan erabiltzen den kontzeptu batez baliatuz, guzti hitza multzoaren elementuak kontagarriak direnean erabiltzen dela esanen dugu.

Bestalde, hitz hau erakusleekin batera ere erabil daiteke; beti ere hurbiltasun-gradu berean, noski. Honela hain zuzen ere:

hau guztiau hauk guztiok

hori guztiori horik guztiok

hura guztia haik guztiak

Ikusten denez, hitz hau, singularrean erabiltzean, den hitzarekiko interferentzian dago. Horregatik, interesgarri gerta daiteke, den delakoa singularrerako eta guzti delakoa pluralerako espezializatzea.

Oro

Arkaikoago bada ere, zentzuz guzti hitzaren antzerakoa da; hots elementu kontagarriz osoturiko multzoaren batasuna adierazteko erabiltzen da. Desberdintasun ttiki bat dago, ordea, bien artean. Guzti delakoa, era mugatuan deklinatzen da; oro delakoa, ostera, era mugagabean. Dena dela, era mugagabean deklinatu arren, konkordantzia pluralez egiten du nagusiki.

 orok dakite

 ororen laguna da

Edozein modutan, era desberdinez agertzen da erabilirik

 gizon orok behar luke pentsatu

 gizonak oro etorri dira

 bere dirua oro gal jokatu du

Oso baliagarriak dira, halaber, orotan, orotara eta antzerako formak, koadroetan eta bestetan osotasun-ideia adierazteko.

J. R. Etxebarria


Postal horrialdea

EUSKADIKO HERRIARI AGIRIA

Ekainaren 23an gaueko 11'50etan asesinatu izan zen Jose Emilio Fernandez eta zaurituak Koldo Zenitagoia eta Felix Marias, Guardia Zibilen kontrol batetan.

Elorrio Herriak, baturik, zera adierazi nahi du:

a) Asperturik gaude jasaten dugun errepresio egoera horretaz, gaur Elorrioko herriari tokatu zaigu, bainan dakigu jakin egoera berdina dugula Euskadi osoan.eta estatuko herrialde guztietan.

b) Salatzen ditugu indar errepresibo hauk, G.Z., A.P., etab., zeren euskal eta espainol oligarkiaren interesak defendatzen baitituzte, langilegoaren aurka jokatuz.

c) Konturatzen gara indar errepresibo hauk deseztatu behar direla eta herrialde bakoitzean beste ordenaen zaindariak sortu herriaren serbitzuan egongo direnak eta herriak kontrolatuko dituenak.

d) Era berean salatzen dugu Elorrioko alkatea "ezkutatu" egin baitzen eta ez zuen aurpegirik.eman beste zenbait gertaldietan bezala, ez baitzuen erraztasunik eman Udaletxean batzartzeko eta berau herriko etxea denez zabalik egon behar du moeta guztietako ekintzak egiteko eta ez soilik ekintza ofizialetarako.

Gauza guzti hauk direla eta zera esijitzen dugu:

- INDAR ERREPRESIBOEN DEUSEZTATZEA.

- HERRIALDETAKO ORDENU INDARRAK SORTZEA, HERRIAK KONTROLATUKO DITUEN INDARRAK.

- ERRESPONSABILITATEAK ESKATZEA, HERRI EPAIKETAK EGINAZ.

- ALKATEAREN ETA KORPORAZIOAREN DIMISIOA.

Elorrioko Asanbladak

Ekainak 26

***

Anaitasunako Zuzendari Jauna,

Ikastolek egiten dute lana, baitezpadakoa da, inork egiten ez duena. Ikastolek dute euskara, haurreri erakutsiz iraun araziko.

Gaur egun Iparraldeko ekintza garrantzizuenetarik bat ikastola dateke, kultur arloan. Bainan ikastolak ere ezin biziz daude bereziki ekonomia arazoarengatik.

Horregatik, aurten ere antolatu dugu kanpaina bat: "Ikastola bizi dadin, Euskaldun bakoitzak libera bat".

Nola administrazioneak edo Frantziako estaduak ez gaituen laguntzen, herriari eskatu diogu laguntzea herrikoi suskribapen bitartez.

Kanpaina hori egina izan da bai Iparraldean, bai "Hegoaldean. Erran gabe doa, Hegoaldean hasi aintzin, Euskal herriko ikastolen konfederakundean, eskatu genuela kanpaina horren egitea.

 Nola egina izan da?

- Saltegi, ostatu, lantokietan ezarri ditugu kutxak Iparraldeko ikastolentzat.

- Gutun batzu igorri ditugu, gure beharrak erakutsiz eta laguntza galde eginez.

- Caja Laboral edo Lankide Aurrezki Kutxa etxe bakoitzean badago SEASKA-ren izenean kondu bat idekirik, zuen laguntzaren emaiteko.

Kanpaina hori bururatu da ekainaren 15'ean. Eskatu egiten dugu, lehen bai lehen kutxak igortzea SEASKA-ra. Oraindik beraz, goizegi da kontuak finkatzeko. Geroago, erranen dugu kanpaina horrek zer ekarri duen.

Jadanik, gure eskerrik beroenak igortzen dizkiogu gure laguntzaile guzieri.

Euskara ez da zenbaiten gauza bakarrik baina denen arrengura izan behar du. Ez dugu hiltzera utzi behar. Euskararen geroa gure eskutan dago.

SEASKA

***

"Anaitasuna"-ko irakurle maiteei:

Ekainaren 6ean, Norberto sainduaren jaian, Jainkoaren laguntzarekin, nire bizitzaren larogeigarren urtea bete dut.

Horren kariaz, Euskal Herriko bazter guztietan bizi diren euskaltzaleengandik zorion eskutitz eta txartel ezinago ugariak hartu ditut. Nire adiskideen euskarazko hitz maitagarriak poz handi handia eman didate.

Zoritxarrez ezin diezaioket bakoitzari eskutitzaren bidez erantzun, eskutitz asko helbiderik gabe etorri zirelako.

Horregatik "Anaitasuna"z baliatzen naiz guztiei nire eskerrik hoberenak emateko. Batean gure euskara paregabearen onerako lanean arrakasta opa diet.

"Gora Euskal Herria eta Gora Euskara" deiarekin gelditzen naiz Pragako euskaltzale sutsu

Norberto Tauer

Pragatik 1978eko ekainaren 15ean

***

1978ko ekainak 19

Kaixo lagunak: Azken Anaitasuna alean gogoz irakurri ahal izan dut J. R. Bilbaon gogoetak. Zalantzarik gabe "Euskara! Jalgi hadi kiroletara" izan behar du geure borroka ohina, bainan "Sustraiak" taldeak etorkizunik izango badu, zera behar dugu, eta hori da euskal herriak berak izatea bere "kinielak".

Garbi dago. Beste zenbait arazoetan Euskadik Madrileko lapurketa jasan behar badu, kinielak direla medio hemendik joaten zaizkigun miloien buru geu izan behar dugula. Hain beharrezkoak ditugun diruak!

Azterketa serio bat merezi du nola eta fazist-kapitalismoek izorra duen "kirol" izena. Espektakulo tonto bat bihurturik, zenbaitentzat ekintza eskola bat behar lukena. Bainan hori beste kontu bat litzateke. Orain nik hemendik zabaldu nahi nukena xinpleki hau da: Geure kinielak behar ditugula bi arrazoiez: Madrileko lapurketa bat deusezteko eta geure kirolak behar duen diru iturri bihurtzeko.

Besterik gabe,

J. U.

***

Anaitasunako Zuzendaria,

KRESALA, Euskal dantzari taldeak, bere sorreraren hamargarren urtebetetzea dela bide, Argazki Lehiaketa bat antolatzen du jarraitzen duena oinarritzat harturik.

ARAUAK

1. Euskadin bizi diren guztiek parte har dezakete lehiaketa honetan.

2. Gai bakarra da: EUSKAL DANTZA.

3. Argazkiak zuri-beltzetan edo koloretan aurkez daitezke eta sendoturik behar dute izan. Neurria librea da, 13 x 18 zentimetrotako guttiena gaindituz gero.

4. Partekide bakoitzak gehienez lau argazki aurkez dezake.

5. Argazkiek atzealdian izenburu edo goiburua eraman beharko dute. Helbide honetara bidaliko dira: KRESALA, Euskal Dantzari Taldea, K/EUSKALHERRIA, 9-behealdea, Donostia; estalki itxi batekin batera. Honen barruan egilearen izen-deiturak eta helbidea adieraziko da. Azalean, berriz, lanaren izenburua idatziko da.

6. Inskripzioak egiteko epea arautegi honen argitaratzearekin batera irekitzen da, ta aurtengo abuztuaren 22an amaituko da.

7. Sari hauk ezartzen dira:

Lehenengo saria... 7.000 pzta ta trofeoa, biok ZAHARREANek emanak.

Bigarren saria... 4.000 pzta ta trofeoa.

Hirugarren saria... Trofeoa, GIPUZKOAKO BANKUak emana.

Halaber, sari berezi bat ezartzen da, KRESALA, Euskal Dantzari Taldea azal dadin argazki hoberenarentzat.

8. Gipuzkoako Fotografiazko Elkartearen lekuetan jasotako argazki guztien erakusketa egingo da, irailaren 4etik 16raino.

9. Erakusketa honen azken egunean, epaimahaiaren erabakia jakin eraziko da, baita sari banaketa ere.

10. KRESALA Euskal Dantzari Taldeak argazki sarituen jabetza hartzen du, baita edozein helburutarako beren erabilkera. Gainontzekoak egileei itzuliko zaizkie.

12. Arautegi honek sor lezakeen edozein zalantzaz erabakitzeko, epaimahaikoei gaitasuna ematen zaie.

13. Leihaketa honetan Parte hartze hutsak arautegiaren onarpena adierazten du.

Donostia, 1978ko uztailak 1


Gurutzegrama


Zilarrezko krabelina

Deustuko Unibertsitatean bulego, bibliotheka eta toki publiko gehienak, erdaraz batera, euskaraz ere jarrita azaltzen dira, hemen ikus daitekeenez. Ekintza txalogarri honek, zalantzarik gabe, ikasleen artean giro ona sortzera lagun dezake, eta euskaltzaletasuna biztu ere bai.

Zorionak beraz Deustuko Unibertsitateari eta hori asmatu eta bultzatu dutenei.


Igarkizuna

Gelatxo eta gelatxo, eta gelatxo bakoitzean damatxo.

Erantzuna:

Erleen abaraska edo pinaburua.


Esaera zaharrak

BALIZKO OLAK BURDINARIK EZ. Ez dago olarik, baina balego, olarik balitz, burdina egingo luke. Baina balitz-zko ola horrek ez du burdinarik egiten. Ametsetako gauzek ez dutela probetxurik ekartzen esan nahi du. Antzeko zentzuan, beste hau ere esaten da: baleuka eta balitz, elkarren atzean dabiltz.

Kontserbadore guztien gogoko esaerak dira hauk, ametsetako etorkizun hobeak zapuzten ahalegintzen direnenak. Izan ere, munduan gizonak egin duen guztia aurretik bere buruan izan zen, pentsamendu edo amets gisa. "Ez da olarik, egia da, baina balitz, egingo banu, ola horrek burdina egingo luke." Hori pentsatu zuena ola egiteko bidean jarri zen eta azkenean bere ametsa lortu.

Horren antzera, Oihenartek beste hau dakar: Bentura dadinak hartza, ez dadinak ez eta bartza. Ausartzen zenak hartza harrapatzen duela, ausartzen ez dena, aldiz, bartza (zorri arraultzea) ere hartzeko gai izan ez zen artean. Audaces fortuna juvat (= Fortunak ausartak laguntzen ditu) zioten klasikoek gauza bera adierazteko.