ANAITASUNA

1978.EKO URRIAREN 15/30EKOA

370. ZENBAKIA

50 PZT.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

Urteko abonamendua:

Bertorako 1.000 pezeta

Latin Amerikarako 1.150 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 1.300 pezeta

Ale bakoitza: 50 pezeta


[AZALA]

PRO LIBERTATE PATRIA GENS LIBERA SIT


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea.

4. Editoriala.

5. Iparretarren deia Euskal Herriari.

7. Euskal Komunikabideen kolonialismoa. Alex Oiartzabal. (Irrati, telebista eta zinemaren eragina Euskal Herrian.)

8. Itziarretik Lemoizko Zentralari ezetz. Euken Entziondo. (... Los gritos bien... pero aquí... a currelar todos como cabrones... esan omen zien Allendek manifestatzaileei.)

10. Euskal Liburu eta Disko Azoka Durangon. Joan Altzibar. (1978ko liburugintzaren balantzea).

11. Gauza bat argitu nahiean. Enrike Knör. (Txillardegiren defentsan.)

12. Emakumeak Lekeitioko antzarretan. Txantxantzio. (Emakumeen problematika Lekeitioko jaietan, "antzarrak" zirela eta.)

14. Hamabost egun hankaz gora. Inaki Zabaleta. Begoña Zia. (Oinarrizko euskaraz zabaltzen dugun sail berria).

16. Ohar laburrak

18. Uganda Torturatuak eta asasinatzeak. Tomas Trifol. (Dada-ren eskizofreniaren menpean jende asko ari da sufritzen multinazionalek uzta biltzen duten artean).

21. Sukalderako saltsak.

22. Amnistia Batzordeekin elkarrizketa. Jose Llerandi. (Jadanik 70 preso politiko Euskal Herriak.)

26 Dibortzioa. Itziar Urtasun. 28. Textu berri bat. Matematika Saioka. Eukene Martin.

30. Euskara norantz eramaten zaitugu. M. Otazurialde.

31. Euskalzaleen alderdia. Borja Barandiaran.

32. Euskal Herritik Georgiara Moskun zehar (2). Xabier Kintana.

34. Donostiako maratoi herritarra. J.R. Bilbao

35. Askatuak eta sasi amateurrak. J.R. Bilbao

36. Medikuntza ospitalarioa versus medikuntza komunitarioa. Patxi Letamendi.

37. Tesinak euskaraz zientzi fakultatean. J.R. Etxebarria.

38. Alain Resnais: Irudimena errealitatearen parte bezala. Jose Julian Bakedano.

40. Gramatika. (Batzoki ala Batzokia?). J.R. Etxebarria.

41. Gurutzegrama. Larry Trask.

42. Komikia. Xabi Etxenike.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkoenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J. Aurre, J.R. Etxebarria, X. Kintana, E. Knör, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knör.

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

T. Trifol, M. Alvarez, A. Eskisabel

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J.M. Torrealday, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, I. Azkoaga, J.L. AIvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionaindia, J.J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxebarri, B. Barandiaran, K. Arko, J. Iturbe.

MAKETAPENA

R. Zumalabe, J. Etxebarri.

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

IDAZKARITZA ETA ADMINISTRAZIOA

Zabalbide 68-entlo. BILBO

Tfnoa: 4335800/8

MOLDIZTEGIA

Iparragirre S.A.

Carretera de Galdacano s/n. BILBO.


Editoriala

Herri honetan...

Herri honetan gertatzen diren gauza batzu, ez dira erraz ulertzeko modukoak. Entzun dugunez, zentzu politiko finaz eginiko azterketa sakonak egin behar omen dira, hemengo gauza arraroak ulertzen hasteko.

Gu, ordea, Herri honetako jendea, ez bide gara aztertzaile politiko finak. Baina begiak ditugu eta ikusi egiten dugu; Belarriak ditugu eta entzun egiten dugu, ukimenari esker, bestalde, sarri kolpeak hartzen ditugula dakigu;...

Herri honetako 70 gudari daude gartzeletan (lerro hauk argitaratzen direnerako gehiago ez badaude behintzat). Eta jakin dakigu, gogorki torturatuak izan direla. Oroimena ere fresko dugu, eta gogoan daukagu, horik askatzeko Burgoserantz baketsuki egin nahi zen martxa dela eta jasan dugun errepresioa.

Herri honetan edonork ez dezake bere eritziak kalera atera. Esaten direnak Herri honetako ez direnen gustukoak ez badira, Herri honen indarraren gainean dauden juezen eskuetara eramaten gaituzte, zigor kanpotiarraren eragina legalki leporatzeko. Hori dela eta, hainbati eman dizkioten multak eta Mario-ri egin nahi dioten juizioa, konstituzioaren onarpenarekin etorriko diren zigor demokratikoen iragarle baino ez direlakoan gaude.

Herri honetan denetarik dago. Hainbat mila pertsona Euskal Herri baketsu eta askatuaren alde lasai manifestatzen zeuden bitartean, baketsuki eta askatuki agertu nahi zuten beste batzu, gomabalen ukitua eta kepoteen hatsa sentitzen eta pairatzen ari ziren baina agian, hori, gure herri honetan normaltzat hartzen da.

Herri honetako jende xeheak ez du arazo militarretaz gehiegi ulertzen. Baina imaginazio pixka batez, pentsatu egiten dugu —ikusi egiten dugulako— grisez jantzitako hainbeste konpainiak Bilboko kaleak inguratzean, okupazio militar edo antzeko zerbaitetan gaudela.

Herri honetan, 28an zenbait gauza triste gertatu da.Herri honen etsaien pozerako gure arteko bataila sikologikoa gertatu da.Eta gure herrian garailerik ez da gertatu, kanpoko etsaia izan ez bada. Kanpoan gure herriaz duten eritzia manipulatua eta erabilia izan da. Eta etxe barneko gauzak etxe barruan konpondu behar direla uste dugulako, Batasuneaz sinetsi nahi dugu; behar dugulako, nahi dugulako. Oso tristura handiz ikustea baitugu, gure Herri honetan gertatzen ari diren zatiketak eta enfrentamentuak.

Aurrera begira bizi behar dugu, orain duguna ilunegia baita. Guztion ahaleginaren premian gaude, eta iraganak horretako bideak prestatzera bultzatu behar gaitu.

Herri honetan egunsentiaren zain gaude.


Euskal Herria

Iparretarren deia Euskal Herriari

IPARRETARRAK Taldeak, esplikatu nahi du publikoki bere borrokaren errannahia eta bere ekintza politikoen hautua.

1) Herriaren egoera Ipar Euskadin

- Euskal Herriak, erran nahi baita herriko klase guziak, izan, langile, laborari, arraintzale, ikasle, ofiziale edo komersant, berdintzeari, desegiteari, eta suntsitzeari buruz doan politika bat jasaiten du.

- Laborariek beren lurra uzten dute edo beren lurraz desjabetuak dira lurraren sal-erospenaren gatik eta frantses Estadoak laborantxari buruz hautatua duen politikaren ondorioen gatik, hautu hori bakarrik kapitalisten irabazien zaintzeko eta Europako politika bati buruz egina baita. Gisa hortan laborariak. lurjanarien batasun haundietaz itsuski baliatuak diren etxeko langileak bilakatzen dira eta gehiago dena "Crédit Agricole" aren menpeko.

- Langileak herritik urruntzea edo Ipar Euskadiren barnean berean lekuz aldatzea bortxatuak dira. Sari apalak, laneko kondizione, dorpeak eta nagusien faltsukeriak jasan behar dituzte, beren bizibidea gorde nahi badute. Lanik gabe direnek milika badira, ez dute Ipar Euskadiko lanbideen egoeraren hobetze laster baten gainean kondatzen ahal eta ez zaie bide bakar bat baizik gelditzen, sasoinlari esklabo bihurtzea. Gazteak bereziki hunkitzen ditu langabeziak eta ondorioz Ipar Euskadi bere indarraz, bere geroaz, bere odolaz husten ari da hainbestetaraino nun mendiko kantonamendu batzutan jendetzea % tik 23 etarik jautsi baita.

- Ikasleek beren ixtudioen segitzeko eta gero hein bateko lan baten atxemateko Euskaditik kanpo joaitera bortxatuak dira. Ondorioz Euskal Herriarentzat burumuinen galtze izigarri bat da.

- Arraintza ttipitzen ari da frantses Estadoak bere kapitalisten intereseri buruzko politika bat erabiltzen baitu eta ez Euskal arraintzaleri buruz, eta gisa hortan arraintza guzia kondenatzen du.

- Langileria guziak ez du bakarrik oraiko krisa jasaiten bainan ere Ipar Euskadiko ekonomia aldeat beste ekonomi baten pean izaitea jasaiten du, zeren eta ekonomi horren manatzaileak eta hautatzaileak Euskaditik kanpo baitira.

- Euskal Herri guziak Euskara eta Euskal kulturaren itotzeari buruz doan politika maltzur eta gogor bat jasaiten du. Gure izaitea, gure nortasuna, gure nazionalitatea ezeztatua eta zapaldua da. Frantses Estadoak Euskararen erabiltzeko erakusteko eta zabaltzeko behar ginituzken ahalak ez dauzku emaiten. Ikastoiak doi doia onartuak dira nun ez diren ixilka botaiak. Euskarak behar luken tokia ez zaio emana Irrati-Telebixtan. Administrazionean erabiltzen den hizkuntza bakarra Frantsesa da. Gure nortasunaren hizkuntza ukatua zauku. Gehiago dena, Frantses estadoak behar diren ahal guziak emaiten ditu Euskal Herriaren Frantsestearentzat.

- Ipar Euskal Herri guzia lur sal-erospenaren tokia bilakatua da bere etxe eragintza eta turismo egiturekin. Ipar Euskal Herria aste buruetako bakantzetako, zaharrendako goxa leku bat bihurtu da. Euskal Herriaren zinezko okupatze bat da muntatua eta horren ondorioek (bigarren etxe eta bertze...), Euskaldunak beren lurretan geroago eta arrotzago egiten dituzte eta hori bankoen, etxe eragileen, folklore huts baten baliatzaile eta saltzaile diren komersant eta hostalerren abantailetan.

- Euskal Herriari alde guzietarik oldartzen zaiote; ekonomia ttipituz, mendi eskualden jendetzea guttituz, turismakeria zabalduz, kultura zapaltuz, gure nortasuna ukatuz. Ez gira gure geroaren, gure biziaren, gure zabaltzearen jabe.

Oraikoa eta gerokoa ez dugu guk guhaurek hautatzen bainan beste batzuk beste nunbait dituzte erabakiak hartzen.

2) Nor da hobendun?

Hori guzia erabakitzen duena xekatzen badugu, sistema kapitalista eta inperialista aurkitzen dugu. Zeren eta Euskal Herria osoki kapitalismoa motorratzat duen sistema baten barne baitago. Sistema hunek ez du zozietatea jende guzien abantailetan moldatzen bainan bakarrik batzuen abantailetan. Sistema ekonomiko hunek politikazko, legezko, indarrezko laguntza eta sostengu bat behar du. Laguntza hori sistema politiko berezi batean bere lege eta armadarekin kausitzen du. Laguntza hori legeak bozkatzen, justizia eta poliza manatzen, irrati eta telebixta zaintzen, erakaskuntza zuzentzen duen Frantses Estadoan aurkitzen du, kapitalisten interesen abantailetan diren ekonomiazko erabakiak hartzen dituen frantses Estado hortan. Estado horrek ditu behar diren baldintza guziak betetzen kapitalistek nahi dutenaren egiteko gisan; kapitalisten tresna bat baizik ez da. Ez da hortan gelditzen, frantses Estadoan bertze nazionalitate batzu bizirik daude bainan ez ditu onartzen ahal diren bezala zeren eta orduan botere zentralaren porroskatzea edo zatikatzea laike eta ondorioz Frantses Estadoaren pean diren herrien (Euskal herria barne) zapaltzearen salatzea eta desegitea. Estadoa, kapitalisten laguntza politikoa baizik ez deno, ideologi guzia, legeak, juztizia, poliza, eskola, mas-mediak, zapaltze horren onararazteko eta atxikarazteko moldatuak izanen dira.

3) Borrokaren beharra, gogortasuna barne

Badakigu, esperientziaz, burges demokraziak ez duela sekulan onartuko Frantses estado kapitalista, inperialistaren kontrako funtsezko jazargorik. Ez du onartzen jokoaren erregela errespetatzen duen jazargoa baizik. Dena egina da jendek deus ez jakiteko gisan, jenderi sinets arazteko justizia ez dela ez alde ez kontra bainan independientea, Euskal Herriaren kontrako legeen segi arazteko egina delarik. Eta hala ere jendek borrokan segitzen badute, jandarmak, errepresionea eta bertze igortzen dauzkute.

- Beraz guk erraiten dugu legezko ahaletaz baliatu behar dugula esplotatzearen eta zapaltzearen kontra borrokatzeko. Bainan gertakizun batzutan legalitatea ez da aski, legez hartzea ez da aski eta beharrezkoa da bertzela jokatzea.

- Adibidez, BEGUERIE jaunak "Ttikia" lantegia Hazparnetik Angelurat lekuz aldatzen du. Burges legearen araberan, horren egiteko eskubidea bazuen bainan nagusiaren abantailak pisu handiagoa zuen langileen abantaila baino

- DAMESTOY jaunak, "Auto-Ecole"-eko erakasle, lur batzuk eskuratu nahi dituelarik, legez bide zuzenean dabil, legea jabetasunaren gainean oinarritzen baita. Denbora berean laboraria dretxorik gabe gelditzen da lur hori lantzen balin badu ere.

- Berdin berdina, kostaldean, etxe-eragintza arras legearen pean dago, legezkoa da gobernamenduak turismaren industria zabaltzea erabakia baitu, bainan lekuko jendeari bere pentsatzeko manera ez diote sekulan galdegin.

- Gogortasunaren bidez, Euskal Herriaren egiazko etsaien kontra oldartu nahi dugu, irabazia eta menperatzearen alde apailatua den sistema politiko eta ekonomiko hunen egiazko aurpegia salatu nahi dugu, Euskal Herriari erakutsi nahi diogu libratzekotan gogortasuna erabiliz ere borrokan arizan behar duela.

- Gogorkeria ez da gutarik heldu bainan bai gutaz baliatzen den sistema huntarik. Gure gogortasuna egoera huni egiten diogun errepostu zuzena baizik ez da. Burgeseriak legalitatea eta ilegalitatea aipatzen ditu. Guretzat Euskal Herriaren funtsezko zuzenbideak eta bere borroka zuzenaren ezagutzea dira premiatsuenak.

- Erabiltzen dugun gogortasuna borrokan hartzeko bidetarik bat besterik ez da. Masa borrokari lotua da eta masa borrokaren gainean oinarritzen da. Beharrezkoa da beraz masek borrokan parte hartzea, ez bakarrik irabazteko bainan ere borrokan hartzea herri batentzat. beregaintasunaren hastapen bat baita.

- Euskal Herriaren borroka herrien eta langileen askatasunari buruzko borroka orokorraren barnean dago. Beraz munduko borroka guzien lagunkide da, guk ere lagunkidetasun beraren gainean kondatzen dugu.

- Gure borrokaren helburua edozoin motako zapaltzea eta esplotatzea deuseztea da. Gure borrokak galde egiten du beraz Euskal Herriaren eta Euskal nazionalitatearen ezagutzea. Ez ditaike sozialismorik Euskal herriari doakion izaite politiko baten beharra onartu gabe. Euskal herri libro, batu eta sozialistarik gabe ez ditaike zinezko libratzerik.

XAN (J.C. MARGUIRAULT) preso dago, guk guziek gure laguntza osoa zor diogu Frantses estadoaren presondegietarik libratzeko. Egun Euskal Militante bat preso, bihar Euskal Herri guzia. XAN libra dezagun!

IPARRETARRAK


Euskal Herria

Euskal komunikabideen kolonialismoa

Euskal Herrian aurreautonomia bat ba omen dugu, baita Euskal Kontseilu Nagusia ere, noski, baina intxaur ustela baino azal hutsagoak izanki oraindik ez du Euskal Herrirako komunikabide autonomoen planteiamendu edo aurreprojekturik agertu. Aho betean autonomiaz eta demokraziaz ari zaizkigun une larri honetan Euskal Herriko komunikabideak kolonialismo garbi batez mantentzen dira eta gaur gaurkoz ez daude Euskal Herriaren zerbitzuan. Hori dela eta, gainbegiratu bat bederen eman diezaiegun euskal zinemari, irratiari eta telebistari.

Euskal zinema eta euskal zinegileen elkartea

Euskal filmategia, jaio berria da, oraindik ume, jakina, eta filme luzerik ia ez dago, denak motzak eta dokumental gisa eratuak dira. Aurten Donostian Nazioarteko XXVI Zinemaldian batzu ikusteko aukera izan dugu. Adibidez, "El mayorazgo de Basterrethe" Barakaldon 1928an egina, euskal kutsuko aparteko melodrama da. Holako euskal filme zahar eta berriak bildu eta banatzeko Euskal Filmategia sortu da. Nafarroako "Irrintzi" dokumentala gaurko euskal egoeraren agerkai gordina, t. a. erdarazkoak dira gehienbat.

Halere, Euskal Zinegileen Elkarteak, adore ta bultzaka handian ekin du, baina euskal zinemarako ez dago inongo laguntzarik, ez kultur ministeritzatik, ez E.K.N.-tik, ez Espainiako zinemagintzarako banatzen deneko laguntza apurrik. Euskal Herriko zinematokietan hainbeste ta hainbeste filme arrotz begi belarriz sartuz gero, ta hainbeste zerga kobraturik euskal zinemari ez zaio deus itzultzen. Pelikula luze bat egitea miloika kostatzen da, baina euskal zinegileak zentsuraren laguntza besterik ez du.

Euskal zinemagintza bultza eta arazo hauk arrotzen Euskal Zinegileen Elkarteak trebeki eraso du. Baita Madriletik Zinema Lege berria egiteko direla eta "Espainol zinemaren asanblada demokratikoari" euskal zinemaren jarrera aurrez aurre plantatu ere. Elkarte honen araudia legeztatua izateko Ministeritzara bidali bai, eta dagokion lurraldetik Nafarroa aldenduz. Hego Euskadiko hiru herrialdeetara mugatzeko agindua iritsi zen Gipuzkoako gobernariaren bidez. Elkarteak, ordez ez du mugapen hori onhartu eta era horretan erantzun dio Barne Ministeritzari. Euskal Zinegileen Elkartea 7 herrialdeetara hedatua baitago, eta Hegoaldeko lau herrialdeetako koordinakuntzarekin batean finkatu da Iparraldekoa ere.

Garbi dago E.K.N. erakundea Euskal Herriaren herri indarrak mugatu, desmobilizatu eta Suarez erreformatzailearen kolonialismoa aurrera ateratzeko bide besterik ez dela.

Euskal irratia?

Honetan lortu diren autofinantzamendu eta euskal izpiak ere garbitu beharrez datorkigu Gobernuaren lege berria, Europear Batasunaren araudiak omen, eta Espainiari dagozkion 29 kateetarik ezin utzi bada bat bakarra ere Euskal Herrirako euskaldunok autojestionatzeko, dena Madriletik erdikoitu behar, guztia lotu ere ongi lotua gera dadin. Beraz, aurreraka ordez atzeraka egiten da gaur Euskal Herrian, komunikabideen jatortasuna ta deszentralizapena ez ezik komunikabideen arrazoizko kolonialismo bat inposatzen baita.

Eleizako Herri Irratiak behintzat halako finantzamendu ta informaketa autonomo bat lortua zuen, ekainak 15-ez gero, ez Euskal Herriaren autoorganizaketa, eta herri mobilizapenak bultzatuz, baina bere tamaina erreformatzaile batez euskal kultura egiten du, agian, eta hori ere Madrileko Artzapezpiku buruen makilapean geratzeko arriskuan omen dago. "Euskaldun fededun" bezala eusten dutenek ba dute nahiko lan bi gauza horik euskal eleiza batean uztartzen.

P.N.V. eta E.K.N. eta abarrek protestazko agiri batez konplitu dute, agian, bainan ez dute euskal irrati autonomo orokor baterako alternatibarik. Euskal Herrian diharduten beste irrati kateak SER eta RNE dira. Gipuzkoan erruz ditugu irrati emisorak, herrialderik autoorganizatuena ta zailduena kolonizatzen jarraitzeko izango zen noski, baina horietariko batzu bertako informaketa gehiegi ematen, eta Europear Batasunaren izenean emisora erdikoi batzu ezarriko dizkigute, hau da, Radio Nacional Española (hemen sartu beharko dira lehen Mugimenduko eta orain Estatuko diren Voz de Guipúzcoa, Radio Juventud de Alava, Voz de Navarra, t. a.), eta SER katekoak.

Euskal telebistarako gestora

Aspaldi ekin zuten Euskal Zinegileen Elkarteko batzu Euskal Telebistarako aurreprojektu bat eratu eta bultza nahirik, baina uneko zailtasunak ikusirik edo, bateon batek E.K.N.-ra eta Madrileko ateak jo bazituen, hauk betiko hitz epel, promesa antzu eta luzamenduz erantzun dute. Oraindik orain zertan diren galdatzean, berriz, euskal telebistarako aurreprojektu bat ba dutela eta (aurreprojektua nondik sortu zen ideiarik gabe eta ideia kapitalizatu nahiz) optimista aurkitzen omen.

Bateon batek "Polizia autonomoari lehenago amore emango diote gure komunikabideei baino" ba zioen, areago euskal telebistarekin.

Euskal Telebistarako gestora hura, ordea, berpiztu eta gogorki erasotzekotan abiatzen da. Eta gestora honen koordinakuntza ezker abertzaleok finkatu beharko dugu bereziki. Gestora honek euskal telebistarako prestatuko dituen istudio ta alternatibak herri batzarretan eta abar azter eta bultza daitezke kanpaina koordinatu bat eraginez.

ANAITASUNAko horrialde hauetatik saiatuko naiz istudio horik zuei agertzen. Komunikabideon garrantziaz jabetu behar gara. Ez ahantz burjeseriak horien bidez moldatzen dituela jendetzaren eritzi, gustu eta botuak ere.

Alex


Euskal Herria

Itziarretik Lemoizko zentralari ezetz

1976.eko abuztuaren 29an Plentzian egin zen manifestaziora, 50.000 lagunek erantzungo zuten; Bilbon 77.eko uztailean egindakora 125.000 lagun agertuko ziren eta aurtengo martxoan, Trokarako deira 100.000 lagun...

Begiak dituenak ikus beza (esaten ohi da). Herriak argi eta garbi erakutsi eta agertu du bere joera. Iberduero-k ez al du begirik? Edo dolarrez jositako betaurrekoek ez diete ikusten uzten?

Euskal Herriko "Askatasunaren ibilaldi luze honetan" bidean geratu diren hilen zerrenda ere, gehitu egin du Lemoizeko munstro horrek; David Alvarez ETAko gudaria eta zentral nuklearreko bertako langile bi agurtu behar izan ditugu.

Eta burruka aurrera doa... Joan zen igandea, 8an, zentral nuklearren aurkako kontzentrazio bat egin zen Itziarren, Lemoizekoa geldiarazteko muntatzen hasia den kanpaina handi bati hasiera emateko. "Debaldeko nuklearren energiaren kontrako komiteak" prestatu zuen kontzentrazioa. Antolatu? Gehiegi esatea litzateke, organizaziorik eza nabaria izan baitzen.

Goiz ederra, eguraldiak polito lagundu zuen. Eguzki handiz eta Euskal Herriko parajeak, basoak eta itsasoa ikusteko besterik ez bada ere, merezi du automobila edo autobusa hartzea.

Autobusetan huts handiak... kotxe asko poligono industrialeko zelai batetan, kontzentrazioa egingo zen zelaian, eskenarioa eta taberna bi, bokadiloak, ardoa, pegatinak eta abar...

Hamar t'erdiak inguruan, presentatzaileak aktoari hasiera eman zion egunerako programa azalduz, Azkoitiako Zelaia anaiak bertsolariak izan ziren lehenak eta gaiaren mamira jo zuten honela:

Argi eta garbi, arazo hauek

behar dirade aztertu

gutxi batzuek nola nahi duten

nuklearrak inposatu.

Euskal Herriak ez du egin ta

ez du egingo onartu

naturaleza guztia nola

egiten duten kutsatu.

Guztitara bostna bertso eskaini ziguten, alderdi majoritariek gobernuaren antzekoak bihurtu direla esanez, inperialisten eta Iberduerokoen joko zikinak salatuz, azkenean gure hizkuntza eta nortasuna gordetzeko; Lemoizekoa geldiarazteko saia gaitezen eskatuz. "Guztiok altxa zentralen aurka eta Lemoiz txikitu...

Gero Eibarreko "Kezka" dantza taldeak, bere borondate on guztia jarri bazuen ere, ikus-entzulegoa aspertu egin zuen. Dantza gehiegi, luzeak eta hainbat huts dantzarien aldetik; dantzak lehenengo txistuen doinuz, eta azkenak, Baztangoak, akordeoiaren doinuz dantzatuko ziren.

Dantzaldia amaitu eta hizlariak hasi ziren.

Euskadiko zentral nuklearren aurkako komiteen ordezkariak, ondoko oharpen hauetan laburtzen den sarrera bat egin zuen:

Hurrengoa, Extremadurako kolektibo antinuklearrean eta Debako komitean ere lan egiten duen inmigrante batek, Espainiako herrien batasunaren beharrizanaz mintzatu zitzaigun.

Ondoren, Allendek hartu zuen mikrofonoa; Dabid Alvarez eta Lemoizen hil ziren langile bien oroimenez, minutu batetako isilunea eskatzeko. Minutua pasatu eta... zelaia ETAren aldeko oihuz bete zen. Allende jaunak oso jator ekin zion hitzari, eta oso txalotua izan zen... los gritos bien... pero aquí... a currelar todos como cabrones... osasuna, natura eta Euskadiren projektu politikoaren aurkako erasoaldi bat bezala kontsideratu zuen Lemoizeko projektua. Puntu bitan labur daiteke bere partea.

1. Batetik, PNV, PSOE eta PCE-k beren joera argi eta garbi ager dezatela behingoz eta herriaren aurrean eskatzen zen. Parlamentuan, Lemoizeko mozioaren aurrean aukera izango badute ere, joera politikoak, herriz herri atera behar direla kritikatu zuen (azkenean, dakizuenez PNV eta PSOE abstenitu egin dira, Lemoizeko zentralari bai pasiboa, baina "BAI esan diote"...).

2. Bestetik, nuklearren aurkako burruka ez dela pikutara joan. Udan zehar: pintadak ugari eta teatro taldeak egon baitira lanean; Herriak burruka mementu konkretu batetan garrantzitsuago diren beste burruka batzuengatik ordeztu behar izaten duela, hau da, burrukaren gora behera hauk normalak zirela frogatu nahi izan zuen.

Hitzaldien txanda, Galiziako ordezkari batek bukatu zuen, nuklearren eraikitzea, zapalkuntza kolonialaren beste agerpen bat, eta halegia, arazo politiko bat dela esanez. Bestalde, Galiziako energiaren % 60a exportatu egiten den arren, zentral nuklear bi eraiki nahi izatea salatu egin zuen.

Pixka bat berandutxoago, jaialdia hasia zen. Ez dakigu, berandu zelako —13,30ak— edo beste arrazoiren bategatik, oso jende gutxi gelditu zen Irrintzi Bikotea eta Ibai Rekondo entzuteko.

Irrintzi Bikoteak, euskaraz eta erdaraz ihardun zuen, Gallartakoak direla eta erdaraz ere kantatu beharra dagoela zioten. Ibai Rekondok, euskara hutsez noski, bere kantuak bota eta jaialdiari amaiera eman zion.

Arratsaldeko 4,30etan hasi zen programaturik zegoen Endataranzko ibilaldia. 5.000 lagun zirela, 8.000 zirela... eritzi guztitakoak zeuden. Bide hestua zenez gero, jende hilara luze bat —suge ez nuklearra— ikusten zen.

Behin Endatara bertara heldu ginenean, Iberduerok jarririk zituen haizea neurtzeko aparailu eta metalezko dorre batzu, kantak dioenez "Haize txar batek hartuta... hik bultza gogor hortikan..." eta ieepa! lurrera. Eta haize ez nuklear burrukalariari txalo eder bat.

"Euskadiren projektu politikoak Lemoizeko zentralearen geraraztean sustraitzen da"...

Lemoizeko zentral nuklearrak herriaren beste arazo politikoak baldintzatzen ditu, bizi ahal izatea sartzen baitu jokoan arrisku nuklearrak. Eta hau ez da txantxetakoa, Lemoiz jarriko balute denbora gutti barru, gaurko arazo batzu sobran leudeke.

Ondoren, aipaturiko ordezkariak, Lemoizen kontrako kanpainaren edukiari buruzko agiri bat irakurri zuen; kanpaina hau fase bitan egingo da eta bereizgarri hauk izanen ditu:

Defentsiboa baino ofentsiboago; irekia, nahi duenak sartzerik eduki dezan; organizazio politiko, kulturalak eta abar, sar daitezela eskatu zen.

Denbora aldetik mugatu gabea; helburuak lortuz gero jo daiteke bukatutzat eta "itsasalde ez nuklear baten defentsarako komisioa" bakarrik kontsultibo eta informatiboa izanen da.

Neurri hauk hartu ondoren, eta helburuak lortuko ez balira, bigarren fasea jarriko litzateke martxan. "Fase de desobediencia civil"; ez zen argiro azaldu fase honen edukia baina erresistentzia pasiboan oinharrituko zela zioen; adibidez, IBERDUEROren fakturak ez ordaintzea...

Beste batek, erdaraz irakurritako manifestua, euskara ulertezin batez irakurri zuen.

Ezin dezakegu esan, euskara baztertu egin zenik baina maiz entzun zen "me veo obligado a expresarme en la lengua imperial..."

Nafarroako komite antinuklearren ordezkariak, Europarekiko elkartasuna eskatu eta bertako komite antinuklear guztiek onartutako agiri bat irakurri zuen, ondoko hauxe salatuz: zentraletan erabiltzen diren teknika arriskugarriak, menpekotasun-teknologia, militarizapen arriskua eta Espainiako Estatuan agintzen duen hazkunde eredu erdirakoi eta boteretsua.

Bukatzeko Lemoizeko zentralaren geldiaraztea eta desmuntatzea, 5 urtetarako atzeraldia, eta herri mailako debate zabal baten irekitzea eskatzen zituen.

...Eta Iparraldeko burkideei heldu zitzaien beren txanda. Lehenik ohizko agur emotiboa... Iparraldeak Hegoari agur... segidan, hango egoera aztertu zen pixka bat; labur eta oso euskara ederrean. Iparreko Komisioak urtebete darama burrukan, eta nahiz oraindik, jende gutti mugitu arlo honetan, nuklear energiak iparrean uki edo kutsa dezakeenaz axolaturik daudela esan ziguten.

Iparrekoen ustez, Euskal Herria hilarazi nahi dute, beraz, Hego eta Iparraren batasuna lortu beharra dugu, muga gizonentzat bai baina atomoentzat ez baita. Esan dezagun gogorki" ez nuklearrei" batez bukatu zutela.

Helikoptero famatua ere agertu zen... nola ez! Adarrak atera, mekaguen batzu bota... eta Itziarrerantz berriro.

Kaminoan 15 minututako esarrialdi bat, trafikoa geldiarazteko eta etxera...

Komiteetakoek berriz, geratu behar izan zuten, prestatzen hasia den kanpaina guztia eztabaidatzeko.

Itziarreko poligono industrialak ere, nuklearren arazo latza gainean ez bagenu, edukiko luke zer esan eta zer konta.

Konklusio gisan, hauxe: honelako iniziatibak edozein herritako komite batek atera ahal izatea, garrantzitsua bada ere, hobeto presta daitezkeela uste dugu. Dena dela Debaldeko komitearen helburua, kontzientzia berpiztu eta lanean hastea izan bazen, ba, tira, "bapo" esango dugu eta kitto.

E. Entziondo


Euskal Herria

Euskal liburu eta diska azoka Durangon

Hirugarren aldiz

Hamairugarren aldiz ospatzen da Durangoko Liburu eta Diska Azoka azaroaren 1, 4 eta 5 egunetan. 1965ean lehendabiziko aldiz egin zenetik hona, hobetuz eta jantziz joan da.

Urtero bezala Santu Guztien egunaren inguruan ospatuko da aurten ere. Egun horietan euskal kulturaren hiriburua izan ohi da Durango. Topaketa leku aparta da Azoka. Han edo haren inguruan biltzen dira idazleak, editoreak, alfabetatzaileak, irakurleak, euskaltzaleak.

Azoka, gauza guztien gainetik, liburu erakusketa da. Euskal liburua, editorialetxeetatik atera, liburudendetako zuloetatik atera, eta hantxe, jendearen aurrean jarri, jendeak ikus dezan, uki dezan, har dezan: horra Azokaren helburua. Euskal liburua zerbitzatzen duten liburudendak ugalduz badoaz ere, oraindik ez da nahikoa: publikoaren eta liburuaren arteko kontaktoa (fisikoa eta kulturala) biziagotu egin behar da. Abadagune bat da Azoka.

Urteoro ospatzen denez, Durangoko Azoka okasio paregabea da urteko liburuen berri jakiteko. Dendaz denda ibili beharrean, hantxe daude denak. Durangoko Azokaren bisitatzailea laguntzeko asmoz, aurkituko dituen liburu-mota batzuen berri emango diogu. Ez noski, liburu guztiena, seinalagarri ikusten ditugun banaka batzuena baizik. Ez da 1978ko balantze bat, urtea amaitugabe dagoelako eta zenbait datu falta zaigulako.

1978ko liburugintza

Zer eman digu, bada, 1978ko liburugintzak?

Hainbeste aldiz esan duguna errepikatu beharko dugu, hasteko, hots, liburu soziopolitikoa eta euskara ikastekoa nabarmentzen direla. Joera bezala ez da berria. Ihez nahikoa argi antzeman zitekeen. Proportzio gehiago hartu duela aurten uste dut. Horrela bada, azken urteotako joera finkatu egin da; areago: nabarmendu egin da.

Bi arazook aztertuko ditugu nagusiki, gainerako puntuak ukitu gabe utzi behar baditugu ere.

Liburu soziopolitikoa erdaraz ateratzen da. Zentsuraren goardia jaitsi zenetik, euskaraz ez da holako libururik ematen. Erdaraz denak. Ulertzen da editorialeen jokabide hau, baina bide arriskutsua iruditzen zaigu.

Ihaztik honako liburu soziopolitikoan, bada aldetik. Aurreko urteetan, liburu mota honetan, PNV giroko gaiak nagusitu direla esan genezake. Aurten, ordea, arrakastarik sonatuena izan dutenak oraintsuago gertatuak dira eta ETAren inguruan gertatu ere. Guztion oroimenean daude batzu: Operación Ogro, Operación Poncho, Burgos: juicio a un pueblo, Que se vayan, e. a.

Euskal Herriari buruzko erdal liburuen beste ardatza, euskal historia da, osoki zein zatika harturik. Aurtengoak dira Jimenez Aberasturi anaien "La Guerra en Euskadi", Narbaitzen "Nabarra", J. I. Paul Arzak-en "Historia del País Vasco", Beltzaren "Del Carlismo al Nacionalismo burgués", Ortzi-ren "Los Vascos"-en berredizioa.

Euskarazko liburuari dagokionez aurtengo produkzioari begiratuta, zer esan? Aurreko urteetako joera finkatu egin da. Euskararen irakaskuntzari begirako liburua nagusitu da. Krisian ez dagoen bakarra liburu mota horixe dela esango nuke. Tesi liburua zein literatur liburua burua altxatu ezinka dabiltza. Horregatik, azken hauk gutitu direlarik eta euskara ikastekoak gehitu, monopolioaren inpresioa eman ohi dute.

Baldin liburugintza kultur egoeraren ispilu bada, gure aurtengo egoera pobretik beherakoa da. Ikaragarri eskastu da produkzioa: oihu larri bat egin behar dugu, S.O.S. bat. Ikus aldizkariak nola dabiltzan, bestalde.

Salbuespen bakarra, esan dugunez, euskara ikasteko liburua da. Liburu mota hau da saltzen dena, ez dago dudarik. Hortik doa jendearen eskea, eta poztekoa da. Baina, hainbeste metodu eta gramatika behar al da? Ez ote datoz bata besteari lurra janez? Planketa baten fruitu al dira? Ez ote konpetentziaren fruitu? Galdera hauk kalean daude, baina ni ez naiz nor erantzunik emateko. Oraingoz eta hemen, gainera, argitaratu direnen berri emanaz aski dugu.

1978 urte hau puntu honetan benetan aberatsa izan da. Datorren urtea, agian, ez da gutiago izango, Seber Altuberen omenez gramatikaren azterketa egingo baita Arrasaten. Metodu, gramatika eta euskararen azterketa gisa, gutienez hauk atera dira aurten: Berriatuaren Hitz Egin, Norbait-en Método audio-oral de euskara básico, Goenagaren Gramatika bideetan, Goikoetxea-Zearreta-Badiola taldearen Sortzen I, Amuriza-ren Euskara bizia, Hondarraitz taldearen Jalgi hadi (ikaslearen liburua I), Villasanteren Estudios de Sintaxis Vasca, J. A. Mujikaren Perpaus bakunaren Sintasia, L M. Mujikaren La prefijación, clave del euskara técnico y urbano. Eta gogoratzen ez dudan besterik ere izango da.

Liburu mota honen ondoan, hizkuntzari begira hau ere, klasikoen agerketa da bigarren gertakaria. Hordagok sutsu heldu dio lanari: euskal klasikoen 14 liburutik gora atera ditu dagoneko, eta aurrera jarraitzeko ez zaio asmorik eta borondaterik falta. Aurtengo "boom" editoriala hauxe izan da.

Joan Altzibar


Euskal Herria

Gauza bat argitu nahian

Duela hogei bat egun, ESB-ANV-ko batek (utz dezagun izena alde batera) etxera deitu ninduen telefonoz: nirekin hitz egin nahi zuela. Nik, ados. Eta hona zertako zen: Herri-Batasuna inguruan, inongo alderditan ez ginen batzu nahi gintuzten, hiri-hauteskundeei begira. Eta hona nire erantzuna, eguzki-argia bezain garbia: ESB-ANV Herri-Batasunean zegoen eta nik ezin nuela neure izena horretarako eman, gertatu zirenak gertatu ondoren.

Zertaz ari naizen?

Hain aspaldi ez delarik, euskaldun askok, aurreko geure talde eta taldeskak, setakeriak eta ezin-ikusiak utziz, pentsatu genuen alderdi bat eratu behar zela, puntu gehienetan —eta funtsezkoenetan!— bat gentozelako. Hots:

- Euskal Herria euskaldunen aberria da (Sabin Aranak esaten zuena).

- Sozialismoari buruz, akonfesionalak, hau da, inolako joerara makurtu gabe.

- Erlijioari buruz, gauza bera: berdin kristau edo fedegabeak, budistak zein musulmanak.

- Euskal Herria berreuskaldundu behar. Eta hori ez da geroko lana, egungoa baizik, egunorokoa; ez da besteren egitekoa, gurea, gu guztiona baizik. Hitz batez: predikatzen duguna geurok bete eta bete-arazi, puntu honetan ere.

- Faxismoa hiltzear dagoenez, zirrikitu guztietatik, ate guztietatik, politika egin.

- Alderdia, zer esanik ez, demokratikoa izan behar zen.

Udaberri-amaia

Aurtengo udaberrian, irakurlea oroitzen denez, alderdikide guztiak marxistak izan behar ginela esan zigun buruzagitzak. Ondorioz, beren protesta bizi-bizi agertu zuten hiru alderdikidek (Txillardegi zen haietako bat) eta hirurak kanporatuak izan ziren. Kanporatuak ez ezik, bai eta gezurtitzat salatuak ere egunkari eta irratietan. Orduan, berrehun batek geure karneta utzi genuen.

Jakina, orduko alderdia esan daiteke odol-hustua zela. Ezin konta ahal militante aldenduak ziren, etsirik edo gogogabeturik. Alderdian azken mementura arte egon ginenok esperantza izpi bat genuen. Kostatu egiten zitzaigun gauzaren larria ikustea.

Ezin dut

Hara ba zergatik ezin dudan neure izena eskatzen denerako eman. Herriaren aurrean Txillardegi eta besteen izen ona zikindu zutenekin ezin naiz inora joan, ezta urrats bat ere egin. Zuzen dezatela beren hutsa herriaren aurrean, eta orduan bai.

Eta ez dezala inork esan, Amatiñok bezala, politika horrela dela: maltzurkeria eta joko zikina, zintzotasun-eza eta bakan batzuren nagusikeria. Bizi naizeno eta zer kosta ere, ez dut galduko esperantza, gure artean ere politika jendetasun, gizatasun eta herri-bidez egin daitekeela.

Golkoan nituenak esan ditut, mundu guztia jakinaren gainean egon dadin. Izan ore, duela hamar bat egun, bilkura batetan, nire ezetzaren arrazoina izkutatu zuen norbaitek. Ba horixe da egia.

E. Knörr


Euskal Herria

Emakumeak Lekeitioko "antzarretan"

Irailaren 5ean hospatzen izan da aintzinatik Lekeition eta urtez urte, "antzarrak" deitu festa eguna. Jaiak Irailaren 1tik 8rarte izaten dira. Aipatutako egun horretan, herriko koadrilek, bakoitzak bere batelarekin, portuaren erdian eta soka batetatik eskekita jartzen den antzararen burua kendu beharko dute; hau da, batela sokaren azpitik pasatzen denean, harrapatzaileak —batelaren atzeko partean joaten dena— antzarari burutik helduko dio. Segituan, kaiean dagoen morrosko talde batek, soka tinkatu eta... harrapatzailea gora eta... tzapart, uretara, behin eta berriro harrapatzailea askatu arte.

Jaiaren jatorria zenbaitzuren ustez, lehorrean eta zaldi batez egiten omen zen antzerako lehiaketa batetan datza. Lehiaketa hau, geroxeago itsasora eroango da, gaur egiten den jai moduaren antza hartuz.

Lehen, lehiaketa zentzu handiagoa ematen zitzaion jaiari; Batelak, antzara harrapatzera joateko ordena erabakitzeko, estropada bat egiten zen eta portura —metara— heltzeko ordena bera segituko zen gero antzara harrapatzerakoan. Bestalde jaiaren hastapenetik eta duela guttirarte, bizirik eskekitzen bazen geroago hilik jarriko da Orain dela gutti, Ondarroan eta Algortako jaietan ere ospatzen hasi dira lehiaketa hauk.

Ez dago esan beharrik, jai honetan gizonezkoek bakarrik hartu ohi izan dutela parte. Eta, hara non! emakumeak ere nahi zutela eta bildu egiten direla pasajeria —untzi bat— erosteko eta parte hartzea antolatzeko; hau txalapartaren ttunttuna baino arinago zabaldu zen eta noski herriko arrantzale eta koadrilla gehienak kontra jarri ziren. Gizonezkoen ustez, emakumeek parte hartzeak tradizio bat apurtzen zuen eta emakumeak balihoaz "zerbait" gertatuko litzatekeela bota zuten amenazu modura.

Azkenean —emakumeak bakarrik ez— baina mutilekin batera eta hiru pasajeriatan joan egin ziren eta ez zen ezer gertatu.

Emakumeen eritzia hauxe da:

1. Jaiaren antolakuntzean parte hartzen badute, ospakizunean ere hartu behar dutela.

2. Tradizioa galdu bada, ez dela emakumeengatik izan, beste arrazoi batzurengatik baizik, hala nola jaiaren kontzepzioaz gertatu den aldaketa.

3. Legeekin gertatzen ohi denez, agintzen zuten zirkunstantziak aldatu direlako txarrak bilakatzea, tradizioarekin berdin gertatzen dela eta arropa zaharrak balira bezala, sutara bota behar direla tradizio txarrak.

4. Urtean zehar gizonekin batera koadrillan, hau da, elkarrekin dabiltzan emakumeak "antzarretan" parterik hartzen ez uztea, diskriminazio hutsa dela; eta are gehiago, herrikoak ez diren udatiarrei jai horretan parte hartzeko erraztasun osoa ematen zaienean.

Ezin uka jaiak gauza ona denik! Poza, alaitasuna eta su eta ke dantza eta kantaka, guztia dugu beharrezko eta beraz, jaiaren alde onak asko dira. Hala ere, eta era berean, zailtasun asko uka ditzakegu, gizon-emakume erlazioa, neguko edozein egunetan, dominatzailea agertzen bada, jaietan nabariago egiten dela zirkunstantzia hau.

Gizonak emakumea, modu txarrez begiratu edo ikutzea, molestatzen ibiltzea normalago kontsideratzen baita eta organizazio politiko "iraultzaileetako militanteek", joko demokratiko honetan parterik hartzen duten ala ez aztertzea ez litzateke gaizki egonen, eta goimailako diskusio abstraktuak eta jaietako konportaketa faxistak kritikatzera pasatuko balira, "iraultza" delako hitz hori, ulertzen hasiak direla pentsatuko genuke.

Dena dela, jaietarako bada ere, Lekeitioko emakumeak bildu egin dira. Herriaren beste arazoetarako ere bilduko ote diren zain gaude.

Txantxantzio


Hamabost egun hankaz gora

Mundo Diario: "Agian gudariak eta FOP elkarrekin"

Urrilaren 13-an, Bartzelonako "Mundo diario" egunkariak berri bat zekarren. Egunkari horrek sekzio bat du, erdi katxondeoz, erdi serioz, eta sekzio horretan eguneroko zurrumurru bat argitaratzen dute. Eta urrilaren hamahiruan zekarren zurrumurrua hau zen:

"Irakurleak dakien bezala, datorren larunbatean, hilak 28, manifestaldi bat egingo da Bilbon, biolentziaren eta terrorismoaren kontra. Manifestaldi honen iniziatiba PNVk du, eta beste partidu politiko batzu ere hasi dira izena ematen manifestaldian parte hartzeko. Zentral sindikal batzuk ere izena eman dute".

"Dakizkigun siglak hauk dira: PNV, konbokatzaile bezala, gero PSE-PSOE, UCD, AP, ORT, UGT, CC.OO. eta SU".

"Honi buruz, ba dirudi manifestaldiaren prestaketa egiten hasi direla, eta partikularki "ordenu zerbitzua". Sektore batzuk esaten dute ordenu zerbitzua partidutako militanteek osatu behar dutela. Beste batzuk (guttienak eta eskuindarrenak) esaten dute orden zerbitzua mixtoa izan behar duela: partidutako militanteak eta FOP. Ba dirudi diskusioa gogorra izango dela".

Artikulu hau argitaratzen denerako manifestaldia egina egongo da, baina hala ere, erokeria izango litzateke euskal gudari zaharrak eta poliziak elkarrekin ibiliko balira manifestaldia zaintzen.

Goardia zibilek laguntza behar dute

Jose Miguel Buenok, PSOEko Defentsa nazionaleko komisiokoa, artikulu bat idatzi zuen Madrileko "Arriba" egunkarian, goardiazibilen orainari eta geroari buruz.

Artikulu hortan esaten zuen, goardiazibilek Estatuaren seguritatea defendatu behar dutela, eta horretarako tresna eta armamentu teknikoak behar dituela.

Baina teknikarekin batera, beste bi laguntza oinarrizkoak ere behar omen ditu goardiazibilak: konprentsioa eta kolaborazioa.

Eta Bueno jaunaren hitzak errepikatuz: "Uste dugu bi laguntza horik izango dituela, zeren espainolek, eta benemeritak ere, hori nahi dugu".

"Goardiazibilen institutuak neutrala izan behar du, eta profesionala izan behar du, eta konstituzioa errespetatu behar du".

Hala bedi, sekulorun sekulotan.

Isabel Tenaille eta espainol telebista

Isabel Tenaille ezkondu zen, eta gainera Euskal Herrian ezkondu zen. Bere senarra Adolfo Butterini da, entrepresaria.

Espainiako egunkari, aldizkari, irrati eta telebista oso pozik zeuden ezkontza horrekin. Denok dakigun bezala, Isabel Tenaille oso ezaguna da espainol telebistan. Presentatzaile bezala lan egiten zuen.

Baina begira! Isabel Tenaille Arantzazun ezkondu zen, eta bertan hau jartzen zuen: "Zorionak —Adolfo eta Isabel— Arantzazuko ostatuan".

Eta Euskal Herrian ez dugu telebistarik. Espainiako lokutoreak hona etortzen dira ezkontzera, eta gainera euskaraz ezkontzen dira, eta guk ez dugu telebistarik.

Mundu guztia, telebistako lokutore bat ezkondu delako pozik, eta bitartean, Euskadin ez dugu telebistarik.

A! Isabel Tenaille baitzen!

A! Espainol telebistako lokutorea baitzen!

Noiz ospatuko dugu Euskadiko telebistako lokutore baten ezkontza? Uuuuuu! Datorren urtean (Otso anaia).

Abril Martorell: "biolentzia ez da oztopo bat"

"Biolentzia ez da oztopo bat izango, euskaldunekin negoziatzeko". Hau esan zuen, orain dela denbora gutti, Abril Martorellek, gobernuko presidentordeak.

Abril Martorellek, deklarazio hauekin, euskal egunkari batek esan zuena puntualizatu nahi zuen. Egunkari horrek esaten zuen Euskadiko estatutua ez zela negoziatuko Euskadin biolentzia den bitartean.

Abril Martorellek gehiago esan zuen oraindik: "inork Pentsatzen baldin badu, Euskal Herriari biolentziarengatik eta presioarengatik ematen dizkiogula eskubide politikoak, konfunditurik dago".

Esan zuen baita ere biolentzia erabiltzen duten taldeak inteligenteak direla eta ba dakitela noiz egin biolentzia; Adibidez: gauza inportante bat erabaki behar denean, parlamentuan.

Abril Martorellek gauza asko esan du orain arte, eta denak ez dira egia izan beti. Gainera, zenbait egun aurretik, oso gauza diferentea esan zuen: "Euskadin biolentzia delako gobernuak ez du euskaldunekin negoziatuko".

Zertan gelditzen gara, Abril? Bai ala ez?

I. Zabaleta


Ohar laburrak

Uso pasako Aita Saindua

Aita Sainduaren heriotza, berri jakingarri bat izan ohi da. Hona, bada, Joan Paulo Lehena hila dela.

Euskal Herrian uda laburra da, baina Joan Pauloren aitasaindutza laburragoa izan da; eta kazetariek idazmakina-bete lan eduki dute udaren azkenaldian.

Uda laburra, eta uso pasa laburragoa, Euskal Herrian.

Erroman, baina, hemengo uso pasen berririk ez daukate; eta Joan Paulo Lehenaren ondokoak ere aurrekoena bezalako irribarre diplomatikoa balkoiratu die ikusleei.

M. Otazurialde

Anarko bati

Hartu dut zure gutuna. Orobat propaganda guztia. Mila esker.

Nire iritzia eskatzen duzu. Zer esan behar dizut? Dakidanez, aspaldisko abiatu zara bide horretan barrena. Nire hitzek ezer aldatuko dute?

Baina baliatuko naiz egokiera honetaz eta horra, llabur, zenbait burutapen.

Aurrena, garbi ikusten dut ezin garela irizkide izan: zuk bidali dizkidazun idazki guztiak erdara hutsean dira. Euskal Herria instant batez ere gogotik kendu ezin dudan honi gogorra da paperok erdara hutsean ikustea. Jakina, bekatu horretan ez zarete bakarrak. Beren burua abertzaletzat jotzen duten askok zokoraturik daukate euskara, ikasteko edo lantzeko inolako asmorik gabe.

Bigarrenik, badirudi batzarrearen Mediterraneoa ediren duzuela. Baina zergatik ez duzu gure kondaira apurño bat ikasten? Berehala konturatuko zinateke batzarre-bidea zela gure politika: auzoan, herrian, eskualdean" herrialdean, ofiziokideetan eta abar eta abar.

Hurrena: Euskal Herria inguruko bi Estatuek zanpatzen dute eta bere gogora erabiltzen. Eta gauzak horrela izanik, bakarka nahi duzue borroka dezagun, inolako Erakunde orokorrik gabe?

Eta azkenik: CNT-zalea agertzen zara. Sigla horiek, ordea, hau esan nahi dute, oker ez banaiz: Confederación Nacional de Trabajadores. Baina zer naziotakoa? Ez dea lotsagarri, "nacional" eta "nación" hitzei Fragak ematen dien zentzu berbera zeurok ematea?

Ongi izan eta goraintzi,

E. Knörr

"La batalla de Bailén"

Egunero eta 7ak ingurutik aurrera, Bilboko Bailen kalean, Basaurirako autobusa hartu nahi baduzu benetako "batalla" batetan aurkituko zara, TUGBSA-ren autobusen funtzionamendu eskasari esker, jende pila bat batzen da geltokian. Orduan, lehen autobusa agertzen denean, "Bailengo Batalla" hasten da... saka, tira, zapal... aí! qué pisotón!

Hilerarik ez da errespetatzen, noski, eta gizonek —feminismo nahiz matxismo— sendoagoak direnez gero... autobus edo kontserbapote marroietako aulki eta leku onenak hartzen dituzte.

Duela urte batzu, Basauriko famili elkarte guztiak bildu egin ziren TUGBSAreri kontra egiteko eta zerbait konpontzekotan eskakizun batzu egin ere. Bi egunetan zehar, geltoki guztiak kontrolatu egin ziren, autobusen puntualitatea eta abar ikusteko. Burruka honetaz zer lortu zen? Beste autobus bat jartzea eta ezer ez gehiagorik.

Azken egunotan, TUGBSA bertako langileak greban direla, autobusen osasun eta garbitasun kondizioak, eta funtzionamendu eskasa kritikatzen zuten "beste gauza batzuren artean".

Hauzokide elkarteek ez dute oraindik TUGBSAren kontrako kanpaina berririk asmatu.

Lantegian, kalean, edonon jasan eta jasan, edozer agoantatzera ohitu gaituzte. Etsipenaren droga eta isiltasuna ikus daitezke ere autobusean daudenen aurpegietan. Langile nekatuak, erosketak egitera doazen etxeko andreak, estudianteak... Ez al da hau, jaun andreok, hau ez al da terrorismo fisiko eta morala? Ez al da hau, TUGBSA, Iberduero eta Estatuaren terrorismo instituzionala?

Bitartean PNV, PSOE, PCE eta Gobernuak Martin Villa eta indar zapaltzaileen terrorismoari bai esaten, delako beste "terrorismoa"ren aurkako manifestazioa antolatuz.

Euskal filologoak lan gabe?

Ikasturte berria urriaren 4ean hasi da Deustuan. Aurten Euskal Filologi sailak, Deustuko Unibertsitatean ehun ikasle baino gehiago dauzka, hiru kurtsutan banaturik. Ikasle ugari euskararen inguruan! Eta Donostiako EUTGen ere beste horrenbeste ote diren entzun dugu.

Dozenerdi urte barru, lizentziatu berriak Euskal Herri osoan zehar zabalduko dira, ikastoletan, institutuetan eta Unibertsitateetan. Eta, seguraski, oraindik euskal munduan ezezaguna den problema bat sortuko da: lan gabezia.

Izan ere, beste hiru edo lau urtetan, aurten beste jende matrikulatzen bada, euskal lizentziatuen kopurua haundia izango da. Gainera, ez ahantz, Gasteizen ere, aurten berton ez bada, datorren ikasturtean Euskal Filologia emango da.

Euskal Filologia, sortu bezain laster, filologo eta langabeen iturri izango ote da? Inolako titulurik gabe, baina esperientzia balioso batez, andereño multzo handixka bat ari da ikastola askotan. Andereño hoiek sufritu beharko ote dute lehen zaflada?

Euskararen mundutxoan ere, uholdearen ondoren, selektibitatearen zigorra eta zoriona datozkio.

M. Otazurialde

28koaz

Azkenean ospatu egin du PNVk bere "bakearen aldeko" manifestazioa, uso zuri eta guzti gainera. Baketan eta ongi zainduta egin ahal izan zuen.

Espainiako irrati nazionalak esan bezala —lehen gutti ba ziren ere— 1400 gris gehiago ekarri zituzten Bilbora egun horretarako. PNV-ren manifestazioa zaindu eta bestea erreprimitzeko helburuaz. Bilbok militarki okupaturik zegoela ematen zuen, eta batez ere parte zaharrean.

Poliziak, "bakearen aldeko" manifestazioa ertzainekin batera zaintzen zuen artean, amnistiaren aldeko gestorek eta H.B.k konbokatutakoan, kolpeak, kepoteak, gomabalak aringa aringak, beldurra, batez ere beldurra eta amorrua egiten ziren egoeraren nagusi. Inposiblea zen ezein talderik egitea, errepresioa berehala agertu barik.

Bigarren manifestazio honen helburua Artxandaraino iristea zen. Artxandatik arenalera, PNVren manifestazioa amaitzeko zen lekura, hiru kilometro baino gehiago ba dago, eta bideak ez dira gurutzatzen. Ezin esan orduan, PNVren manifestazioaren kontrako kontramanifestazio probokatzaile bat zenik. Nongo printzipio demokratikoen arauera justifika daiteke poliziaren portaera bortiz errepresibo eta biolentoa? Nortzu dira hemen terroristak? Gure ustez. Bilboko parte zaharra beldurrez bete zuten.

Dena den, manifestazio biak ikusi ahal izan genituen Bilbon. Kopuruak gustu guztietarikoak izan ditugu. Deiak esaten zuenez, EAJren manifestazioan 55.000 lagun ba ziren; Eginek 25.000 edo 20.000 zirela zekarren; ajentzia Efek 30.000 eta irrati telebista espainolak 25.000. Batek jakin! Dena dela, manifestazio hori ez da gure ustez arrakastaz atera. Pentsa dezagun, bere "Alderdi egunean" PNVk berak bakarrik 100.000 lagun baino gehiago erakarri zuela. Oraingo honetan berriz ez PNV bakarrik, bai eta PSOE, PCE, UCDk joan ez arren, joateko deitzen zuen.

Beraz, Euskal Herriko alderdi maioritari guztiak ziren deitzaileak, gainera sindikatu maioritari bat CCOO,Nafarroako UGT eta abangoardi alderdi iraultzaileak omen diren ORT eta PTE ere batzen ziren. Argi dago PNVren oinarri sozial guztia ez dela sentitu prest manifestazio "antiterrorista" horretan parte hartzeko.

Beste manifestaziora 1.000 lagun bildu ziren gobernu zibilaren informazioari jaramonik egiten baldin badiogu. Eta indar minoritari, iraultzaile (berba honek eduki dezakeen beraientzat zentzurik txarrenaz esanda), biolento, erradikaldu eta desestabilizatzaile batzuren probokazioa zenez gero, erreprimitu egin zuen poliziak gogorki. ANAITASUNA bertan izan zen eta probokazioa ez zen agertu manifestatzaileengandik poliziaren aldetik baizik.

Zerbait aldatu da PNVrengan. Antiterrorismoaren aurreko jarrera, konstituzioaren bigarren artikuluari baietz esatea, autodeterminazioaren alde kontrako botua, bere zenbait buruzagi Madrilen egindako deklarapenak Espainiaren batasuna defendatuz, Lemoizekoa eta orain, manifestazio tristagarri hau. Zerbait aldatzen ari da eta Madrilek ere nabaritu du hori, jadanik bertako prentsak ez du abertzale hitza erabiltzen PNVz mintzatzean. Agian arrazoia dukete, PNVk gure historian karlismo jokatu duen papera birjokatuko duela esaten dutenek.

Eta orain, Joan Paulo Bigarrena

Ezetz ba! Kazetariek ez dute bat ere asmatzen. Hainbeste informazio, hainbeste ordinadore elektroniko, hainbeste suposamen eta dzast!, guttien pentsatzen den lekutik dator notizia. Aurrekoan Luziani-rekin eta orain Wojtyla-rekin, ez dute sorpresa makala hartu mundu guztiko informazio-agentziek!

Segur asko, kardinaleek poliki egin dute barre beren konklabean; eta egia esan ez da guttirako, dena dakitela uste dutenek ezer gutti dakitela frogatzea. Italianoa behar zuela izan? Ba, hor duzue polakoa. Hirurogei-hirurogei ta hamar urte tartekoa behar zuela izan? Ba, hor duzue "gaztetxo" bat (agian beldur izan dira berriro ere laster hil dadin).

Eta gainera probetxu izugarria atera diete kazetariei. Konturatzen al zarete zernolako propaganda itzela zabaldu den mundu osoan zehar. Hainbeste egunetan aldizkari asko eta asko Erromara begira egon dira. Hori pagatu beharko balute, agian Vatikanoa subastatu beharko zuketen.

Egia da, konklabea antolatzea garesti dela. Diotenez,, mila milioi pezetatatik gora behar ditu Elizak horrelako hautaketa bakoitzean (eta gero misioetarako eskatzen ari gara). Ez dago gaizki, atera ezinik dagoen ANAITASUNA honen urteko presupostuarekin konparatuz (sei bat milioi). Hala ere, agian hori baino gehiago balio beharko luke, ez baita makala horrelako baten inguruan egiten den muntaia publizitarioa.

Arazoak asko direnez, ordea, lehen uneko oztopoak gaindituz, ea aitasantu honek zerbait egiteko astia eta bizia duen! Besterik ez diogu desio.

Ramon Garai

Euskara ehogaitza

Euskal Herrian erdaraz ari den euskaldunen multzoa ez da makala, zoritxarrez, Baina hoiei ez esan, otoi, euskaraz egiteko! Libreak omen dira, nahi duten hizkuntza erabiltzeko. Euskal Herrian espainolez; eta Almerian edo Malagan turismo egiten dabiltzanean, euskaraz! Ederki, mutilak!

Baina irakurleak ez daki, hoietako batek emandako erantzun diztiratsu eta sakona.

Euskaldun hoietako bat lagunarteko afari batetara gonbidatu genuen. Bertaratzeko baldintza bakarra, euskaraz egitea zen. Baina gure laguna ez zen afarira agertu.

Hurrengo batetan kalean agurtzen dugu.

— Kaixo! Lehengoan nola ez zinen afaltzera etorri?

— (Erdaraz, noski) Ni ez naiz kondizionamenduak jartzen dituzten lekuetara joaten!!!

Horra hor erantzuna. Kontuz, bada, hemendik aurrera!

M. Otazurialde


Nazioartekoa

Uganda: torturak eta asasinatzeak

Amnesty Internazionalaren informea

Ekaineon "Amnesty International"-ek gizaeskubideen bortxaketaz informe bat aditzera eman zuen, Idi Amin Dada, Ugandako lehendakariaren gobernamenduaz finkatuta. Informe horretan, legearen menperaketa, gobernamenduaren polizien eta seguritate agenteen tortura eta asasinatzeak, batzutan herri osoen deuseztatzeak azaltzen dira.

Amin jeneralak boterea hartu zuenez geroz, funtzionari, politikari, obispu, irakasle, estudiante, idazle, soldadu, polizi-ofizial eta herritar ugari atxilotu eta hil egin dituzte. Biktima berrien artean, apezpikua zen Janani Luwun jauna aurkitzen da. Ugandako teatro nazionalaren zuzendaria eta Unescoren ordezkaria izan zen Byron Kawadwa, ikerketarako Estatu-bulegoak erahilda. Zerrenda hau izen gehiagorekin luza zitekeen. Alde batetik, kontzientzi-atxilotuak agerian afusilatzen dira beti, batzutan urkaturik, biktimen haragia ttikitu eta animalien jana bihurtzen da. Talde etniko asko ditximaturik izan da. Prozedurak, denetan berdin eta ikaragarri. Idi Amin Dada-ren morroiak herrixketan sartu eta gero, txosna eta etxe guztiak erre egiten dituzte. Andreak eta gizonak bortxatu, titiak ezpataz edo labanaz moztu, darion odola xurgatu. Kanibalek batzutan, delako horik erre eta jan egiten dituzte. Haurrak eta umeak hiltzen dira ere. Umeen gorputzak zatitu eta amari gorputzen erdi oso bat daramaiete jan dezan. Azkenez ama bera ere hil eginen da bizirik lurperatuta.

Torturak komisaldegi guztietan praktikatzen ohi dira. Erabilienak, informe berorretan aipatzen denez, elektrikarak, norberaren burua kamioi baten gurpil barruan sartzea, sexu harremanak animaliekin, txakurrekin batez ere. Gizonezkoei txakurrek organuak zatikatzea, emakumeei bortxatzea, etab. Zenbait presondegietan atxilotutako preso komun batzuk politikoen buruak mailuez jo egiten dituzte muinak atera arte.

Ixiltasuna

Aipaturiko egoera hau nahiz eta ikaragarria izan, "demokraziek" ez dute inolako aurrerapausorik ematen. Gizaeskubideetarako ONUko komisioak hartuko lituzkeen neurri guztiak ixilak eta zehaztu gabe izan beharko liratekeela deklaratu egin zuen orain ez asko. Noren bildur ba? Honelako espantuak mendebalde honetako ajentzia guztiek estaltzen dituzten artean, informazio-ajentzia berberek "terrorismoz", Italian, Alemanian eta Euskal Herrian mundu guztian zabaltzen dituzte. Ugandari buruz, ixiltasunaren boikota ongi muntatu dute eta arrazoia bonetarako, betikoa daukagu. Alde guztietan interesak daude. Hobe da beraz, Aita Saindua, gestatoriarekin edo gestatoriarik gabe koroiturik izan den ala ez jakitea, non bizi garen eta zeretik bizi garen kontura ez gaitezen.

Eta mundua aurrera doanez, Idi Amin Dadak ere "bere gizaeskubideen alde"ko komite bat muntatu du Ugandan. Komite horretan parte hartzen dutenak gobernamenduaren Pertsonaiak eta poliziak dira. Bekokia edozertarako eduki behar da mundu honetan, eta DADA-k ba daki honetaz asko.

Hemen Europan, ingelesekin ikasia zuen diplomazia gezurti eta odoltsua. Boteretsua izaki, gauza eta komunikabide askotan kontrola edukiz gero, teknikaz lagunduta behintzat, edozein memelokeria egiatzat har daiteke. Oroigarriena dudarik ez, bere kanpo arazoetarako ministrariarena izan zen orain bi urte. Izenburu handiez horniturik egunkari guztiek zekarten albiste barregarria: "Dada-k" salatzen du:

 Ugandako kanpo arazoetarako ministrari andreak larrua jotzen du sekretuki, Orly-ko aireportuko komunetan CIAko ajente batekin.

Dada-ren agerpen eta komunikatu guztietan ba dago ironia odolgarria. Mendebalekoek zeremoniaz eta eskularru zuriz egiten dutena, berak, agerian, airostasunarekin egiten du. Gaiztoa eta txarra da bera mendebalde honentzat. Zoratuta dagoela, eskizofrenikoki portatzen dela esaten da eta kito.

Eskizofrenia horren menpean jende asko ari da sufritzen eta multinazionalak beren uzta biltzen. "Motor Oil Corporation", "Shell", "General Motor" eta abarrezkoak ongi portatzen dira. Petrolioaren etxeek patata frijituak eta kondoiak saltzeko negozio asko muntatu dute, erlijio eta sekta berrien sortzaileak direla ere susmoa ba dago. Erosteetxe handietan zer esanik ez, G. B. eta antzekoak beraien filialak dira, laster ere marxismo-leninismo eta progresismoaren teoriak beraiengandik ere salgai egonen dira berberaiek kontrolduko dituzten superliburudenden kateetan.

Fisikaren lege zahar bati lotuta agertzen zaizkigu multinazionalak. Hots, akzio-erreakzioaren legeari batik bat. Beren akzio zapaltzaileak aurrera eramateko, erreakzioa eskuetan eduki behar dute.

T. Trifol


Sukalderako saltsak

Azalorea urdaiazpikoarekin

6 lagunentzat beharko dituzu:

2 azalore, 130 gr. gurin edo margarina, 35 gr. irin, litro erdi bat esne, 400 gr. urdaiazpiko (txirrindoletan) (1), goilarakada ttiki bat perrexil, ogibirrinak (2), gatza, biperhautsa eta salda pastila bat (Avecrem edo Magic).

Azalorea zuria eta zarratua izan behar da. Ez onar(tu) azalore marroiturik edo beltziturik.

Zati itzazu azaloreak. Azaloreen erdiko trokuak ez du balio eta botako duzu. Zurtoin (3) finak gainerakoekin batera zatitzen dira.

Lurrun-lapikorik edukiz gero, ez duzu ur ugari ipini behar, ur baso batekin nahikoa izanen duzu, azalore zatiak lapikoko sarean ipiniz. Bota ezazu gatz pixkat. Balbula bira-biraka hasten denetik, utz egosten 4 minutuz gehiago. (4). Lurrun-lapikorik ez baduzu, 15 minutu ur handitan egosten utzi beharko dituzu. Azalorea egosita, birrin itzazu zati guztiak pure bezalako pasta bat lortu arte. Beste lapiko batetan 35gr. gurin edo margarina eta 35gr. irin botako dituzu. Ipin(i) hau su ttikitan. Irakiten hasten denean, bota iezaiozu esnea, pastila eta biperhautsa. Eragin bizkor loditu arte. Nahas itzazu purea gero, eta egin berri duzun bechamela. Gehi iezazkiozu guzti honi urdaiazpikoa, perrexila eta gainerako gurina edo margarina. Ipin(i) hau guztiau laberako azpil batetan,txirrindolak pure barruan geratzen direlarik. Gainetik ogibirrinak eta gurin pixkat botatuz, labean 10 minutuz doratzen edukiko duzu.

Oharra: Pastila erabiliz gero, kontuz gatzaz, hobe da azalore egosketari ezer ez botatzea. Urdaiazpikoa oso gazia izaten baita.

1) En rodajas. En tranches, rondelles.

2) Chapelure. Pan rallado.

3) Tallo. Tige.

4) Ortuari guztiak ez dira ur handitan egos behar. Salda botatuz gero, bitamina guztiak alferrik galtzen dira eta.

On Egin.


Elkar ikuska

Amnistia Batzordeekin elkarrizketan

Duela urtebete, herriaren kaleko burruka bortitzak lortu zuen gure preso politikoak kaleratzea. Ordaindu behar izan genuen prezioa biziki garestia izan zen, eta Aldanondo, azken preso politikoa, kaleratu orduko, hainbat greba, manifestazio, atxilotu, torturatu, eta abar gertatu zen; bizitza, burruka hartan utzi zutenak, ez ziren gutti izan. Gatazka egun haien oroitzapen eta irakaspenak ez ditugu oraindik geure gogotik apartatu: Berbak merkeak direla eta burjesiak indarraren hizkuntza baizik ulertzen ez duela.

Presoak libratu genituen eta exiliatuak —ez denak— beren herrietara itzuli ahal izan ziren. Baina, hainbeste gartzelaraketa eta exiliatzeren kausak berdintsu mantendu dira. Lehengo Estatu zentralista berberak gure herriaren autodeterminatzeko eskubidea ukatzen jarraitzen da. Faxismoa boterera iganarazi eta 40 urtez herri honen zapalkuntza, asasinaketa, torturaketa eta beldurraren tresna kontzienteak izan diren indar errepresiboak, hemen daude, oraindik berton, "Demokrazia" berezi honen zerbitzari leialak. Horregatik, azken euskal presoa kaleratu genuenean gehienok genuen beldurra bete egin da, ez baita hemen funtsean deusik aldatu, eta presondegiak berriro ere, betetzen ari zaizkigu. 310 bat jadanik, eta hau aldatzen ez den artean, gero eta gehiago. Ezin eska baitakioke HERRI zapaldu eta ukatu bati, bere askatasunaren alde dituen bide guztietaz, burrukarik egin ez dezala, eta hori ez da terrorismoa

Amnistiaren aldeko burruka, askatasunaren aldeko burruka bera dugu. Horregatik ez da bihar bukatzekoa. Oraingotan, arazo hauen inguruan zenbait itaun egin zaien "Amnistiaren aldeko Batzordeari", burruka honetan gehien saiatu ziren eta saiatzen direnak. Hona bada gure elkarrizketa.

Zenbat preso ditu Euskal Herriak Estatuko gartzeletan gaur egun?

Azken atxiloketak gertatu baino lehenago 42 edo zeuden preso, Bizkaian 14 sartu berri dituzte Basauriko presondegira, hilaren 23 sartu dituzte azken zazpiak hilaren 17tik eduki dituzte Indautxuko komisaldegian, gero Gipuzkoan antzeko portzentaia bat dago.

Guztira ene ustez 70 bat edo izango dira.

Zeintzu dira gartzelaratze hauen kausa nagusiak?

Normalki, ETArekiko erlazioak izaten dira kausa nagusiak. Azkenak eta batez ere Gipuzkoan komando autonomoekiko erlazioengatik atxilotu dituzte batzu. Hemen Bizkaian, motiboak aski indefinituak izaten dira. Poliziak ez du argudio pisuzkorik eman. Lehengo egunean batzuren familiakoekin izan ginen eta poliziak botatzen dizkien akusazioak tontokeriak dira. Bati zenbait metxa metro aurkitu zioten etxean, hamasei urtedun mutil bat berau, metxa hori orain urte bi aurkitu zuen Bakioko harrobi galdu batean, eta ordutik etxean izan du metxa hori, baina poliziak azken atentatuekiko erlazioa botatzen die. Bilboko epaileak edo juezak abstenitu egin zen arazo honetaz eta "Audiencia Nacional" era bidali zuen.

Nolakoa da mementu honetan komisaldegietako tratua?

Komisaldegietako tratua lehengo berbera da. Batzu ez dituzte ikutzen, hau lehen ere gertatzen zen eta beste batzu txikitu egiten dituzte. Datu hauk atxilotuen familien bidez dakitzagu. Anekdota bezala, atxilotu baten familiako batek, ministroa izandako Rodríguez Sahagún-en anaiarekin joan zen komisaldegira, berau abokatua baita. Abokatu horrekin joan zirelako, kristorenak eman zizkioten atxilotuari poliziek. Ordurarte ikutu barik zeukaten. "O sea que viene tu papa aquí con influencias de ex-ministros, eh? Pues ahora vas a ver lo que es bueno", eta hostika apurtu.

Normalki, Lege Antiterroristaren aplikapenak izaten dira. Ba dirudi kasu batzutan ez ezik, lehengo torturak, bainerarena etab. guttiago erabiltzen direla baina kolpeak, ostikadak koskabiloetan eta edonon eta horrelakoak beti. Gainera antiterrorismo legea dela eta, komisaldegietako egonaldiak oso luzeak dira, Basaurira sartu dituzten azkenak, 8 egun eman dituzte bertan.

Nolako burrukak eramaten ari dira gartzeletan?

Bueno, betiko burruka normaletaz aparte, familiarekiko komunikazioa hobetzeko eta politikoak sozialetaz aparte egoteko, Burgoserako ibilaldiaren kausa izan den burrukaren helburuak hiru izan dira:

1. Lege antiterrorista deuseztatzea.

2. Euskadiko presoak bertoko gartzeletara berrekartzera eta 3. Amnistia Osoa. Hauxek izan dira egin duten gose grebaren helburuak, greba horretan ETA (M)-en preso guztiek hartu dute parte.

Nolakoa izan da gosegreba hau?

Gosegreba Irailaren 24ean planteiatu zen, Burgoserako ibilaldirarte jarraitzeko, hau da, hilabete gosegreban. Bizkaiko gartzelan 15 egunez iraun du. Burgosen egon direnak hilabete osoa egin dute greban eta jarraituko dutela komunikatu dute; batzuk hemeretzi kilo galdu dute eta nahiko txarto daude.

Ba dirudi gosegreba hauen aurrean eta amnistiaren arazo osoaren aurrean sekula baino sentsibilizazio guttiago egon dela, zeintzu dira zeuon ustez honen kausak?

Bai, hori gauza guztietan nabar da. Presoarekiko sentsibilitate falta jenerala da. Jadanik ez da lehen bezala. Alderdi politikoen portaera oso inportantea izan da honetarako eta herria, alderdien atzetik, eta erreforma eta lehen ez zeuden konkisten atzetik joan da. Gaur egun asko dira ETAren mementua pasaturik dagoela pentsatzen dutenak, eta orduan, batzu presorik baldin ba daude, beraiek hori bilatu dutelako izan da. Alderdiak gehien bat beren organizazioen arazoetaz arduratuta daude eta honelako problemetaz ez dira zuzenki gehiegi arduratzen. Ez dute esaten burruka hauk bultzatu beharrekoak ez direnik, ez ditugu gehiegi ikusten. Manifestazioak eta komiteak sortzeko orduan, KAS tendentziakoak dira gehien laguntzen dutenak. Gehienek detentzioa beraiei zuzenki dagokienean bakarrik laguntzen dute.

Nolakoa da mementu honetan komiteen dinamika eta inplantazioa?

Azken "Amnistiaren" ondoren, azken presoa aterata gero, halako beherakada gogor bat gertatzen da komiteetan. Ba zirudien Amnistiaren arazoa bukatutzat eman behar zela.Orain berriz, komiteak birsortzen ari dira eta gogor, gainera orain arteko komiterik inoiz egon ez den tokietan ere agertzen ari dira. Hogei edo hogeita hamar komite ba dira mementu honetan. Bizkain: Bermeon, Zornotzan, Durangon, Galdakaon berriz hasi dira, Basaurin, Arrigorriagan, Ugaon, Arratian, Zallan, Alontsotegin, Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin, Errekaldeberrin, Santutxun, Bilboko parte zaharrean, Basurtun, Algortan, Gurutzetan, baten bat ahaztu eginen dut segurutik. Gipuzkoan komiteek, herri asanbladen bidez funtzionatzen dute, nik ezin esan diezazuket dauden guztiak zeintzu diren, baina asko dira. Araban ere hasten ari dira eta nukleorik inportanteenak Gasteiz eta Agurainekoak dira. Nafarroan, komitea egon zen lehengo garaian. "Amnistia" ematean autodesegin zen; orain berriz hasi da funtzionatzen presoen familiakoen bidez batez ere Iruinean. Mugimendua aurrera doa eta gogortuz, zeren presoak eta erahildakoak dauden artean —triste da honela gertatu beharra—, amnistiaren aldeko komiteen mugimendua gogortuz joanen da.

Zer da zeuontzat amnistia?

Guretzat amnistia ez da bakarrik presoak gartzeletatik libratzea. Beharrezkoa da oraingo legeen berrestrukturaketa oso bat, zeren presoak kaleratzeara lortuz, beste guztia aldatzen ez den bitartean, ez dugu ezer lortu, berriz sartuko baita gehiago. Lehen ere hauxe gertatu zen. Premiazkoa da, negoziaketa edo ez dakit nik zeren bidez, Euskal errealitate nazionalaren ulertze eta onartze bat gertatzea. Alderdi politiko ezlegalak eta Suarez-en erreformaz konforme sentitzen ez den mugimendu bat dagoen bitartean, presoak egonen dira eta amnistiaren alde burrukatzen jarraitu beharko dugu. Suarez-ek ez du Euskal Herriaren problema politikoa konpondu, horregatik presoak egonen dira eta amnistiaren erreibindikapen bat egonen da. Gu, Euskadiren askatasunaren alde burrukatzen diren presoen aldeko mugimendu bat izanik, ezin gaitezke inongo alternatibaren alde politikoki defini. Guk ezin esan dezakegu KASen alternatiba hoberena den ala ez, baina gure ustez, Euskal Herriak tratamendu berezi bat behar du, soluziobide politiko argi bat, Euskal Herrian dauden indar politiko guztiek onartuko dutena eta orduantxe uste dugu baketzea iritsi ahal izanen dela. Baina bitartean, soluzio politikorik ez da egonen eta amnistia errebindikatzen jarraitu beharko dugu.

Nola baloratzen duzue hilaren 28rako P.N.V.k "Bakearen alde" deitu duen manifestaldi hori?

Gure ustez, manifestazio hori izugarri arriskugarria da. Guretzat horrek gobernu zentralaren ekintza errepresiboei "karta zuria" ematea suposatzen du. Euskal Herriko indar maioritariak minoria politiko abertzale batzuren burruka moduen kontra dagoela adierazten du horrek. Oso ekintza errepresibo gogorrei baimena ematea da. Manifestazio hori arrakasta bat bihurtuko balitz, gure ustez,"barraka" saldu beharko dugu eta klandestinitate era batzutara pasatuz.

Gaur egun, PNVk eta UCDk elkar besarkatzen baldin badute, elkar asko maite baldin badute, eta elkarri halako mesedeak egin, berriz sor daiteke faxismoaren antzeko egoera bat, eta egoera horretan batzu, sistemarekin daudenak, trankil biziko dira eta besteok klandestinitatean egon beharko dute. Eta hori gure ustez, ez da inondik ere Euskal Herriaren soluzio politikoa, noski! Euskal Herriaren sektore handi batek ez du onartzen UCDk Euskadirako egiten duen planteiamendua. Sektore hau sendoa izanik eta gainera, harmak eta sistemari problema latzak sortzen dizkioten burruka moduak dituenez gero, burruka jarraituko da. Hitz bitan, PNVk itxurazko demokrazia honi eman diezaiokeen laguntza, izugarri arriskugarria da.

Nolako esperientzia atera duzue Burgoserako ibilaldiaz?

Hain mugimendu polizial gogorra gertatzea, Burgoserako ibilaldia zela eta, argi erakusten digu problema grabea dela. Euskadik presoak libratzearen alde egin dezakeen burrukak kezkatu egiten du Suarezen gobernua, burruka honek nolabait lagundu egiten baitu ETAren mugimendu politikoa. Eta mementu honetan Estatu Espainolak duen problemarik gogorrena ETA da. Horregatik gobernuaren programa ETAren isolatzea da. Baina amnistiaren aldeko komiteen ekintzak, presoen askatasuna eskatuz eta nola edo hala burrukamodu bat bultzatzen ari denak, trabak ezartzen dizkio gobernuari ETA baztertzeko. Beraz, normala izanen da gobernuak burruka hauetan daudenak erreprimitzea edo multatzea; berriki milioi erdiko diru zigorra ezarri diote gestoretako Trifon Etxebarriari.

Jendearen partehartzea Burgoserako ibilaldian ez da oso handia izan. Beldurrezko giro bat zegoen, Burgosera sartzea sarraski bat izanen zela pentsatuz eta honek jende asko frenatu du. Bizkaian, gainera, Futboleko finalaren esperientzia ere ba zegoen, bertan egurra sendo ikusi zen eta asko ziren ibilaldi hori absurdo eta zorakeria baten moduan ikusten zutenak, Hala ere, egon ziren Burgosera iristen saiatu ziren autobusak eta jendea baina Gasteiz harturik zegoen eta ez bakarrik Burgoserako kaminoa; bai eta Gasteizerakoa ere.

Eta iparraldean dauden errefuxiatuen egoeraz zer dakizue?

Begira, ofizialki jakin ez dakigu ezer, baina bertan exiliatuak, intseguritate osoan bizi dira. Frantsesen taktika hori da hain zuzen, urduritasun eta ezinegonezko egoera bat sortzea, bertan bizitzeko baimena ukatuz etc. Etxaberen emazteari eta Etxabe berari gertatu zitzaiona berriro gerta daiteke edozein mementutan. Komando harmatuek eta frantses poliziak halako klandestinitatezko egoera bat sortu dute.

Orain dauden exiliatuak, 100 eta 200 artean kalkulatzen dira, Poliziaren ekintzak eta antiterrorismo legea honela funtzionatzen jarraituz gero, laster doblatu eginen da kopuru hori.

J. Llerandi


Gaiak. Kultura

Dibortzioa (2)

Aurreko zatian, II. errepublikaren legea eta separazioak egiteko zein den gaurko egoera azaldu genuen. Han, dibortzioa edo ezkontza haustea behar dugun eskubide bat dela esan genuen, baina dibortzio lege desberdin asko egin daitezke, eta guri, emakumeoi, zein interesatzen zaigu gaur egun?

Nolako ezkontza, halako dibortzioa

Dibortzioari buruz, dagoeneko, hainbat hitzaldi egin dira gure herrietan eta harrigarria da, zenbat berdintasunzale hazi diren ikustea.

— "Ez al duzue berdintasuna nahi? zergatik pasatu behar diot nik pentsio bat nere emazteari?"

— "Nik irabazi dudan diruaz erosiriko etxebizitza ez diot ba horrela utziko?"

— "Umeentzat dirua pasa? Etor daitezela nirekin eta nahi dutena izanen dute."

Diruak daukan indarra... eta oraindik, Euskal Herrian matriarkagoa dagoela esaten dutenak ba dira. Ezkonduen artean "bakea" dagoen bitartean, posible da ezkontzaren maitasun azal hori mantentzea, baina emakumeak "bake" hori hausten badu, orduan datoz problemak.

Etxeko andreentzat gogorra izaten da zanpaketa egoera honen kontzientzia hartzea. Gogorra delako oso, irtenbidea; eta, ez al da ba errazagoa oso ondo gaudenaz geure burua konbenzitzea?

— "Nire gizonak diru guztia ematen dit eta nik etxean nahi dudana egiten dut."

Horrela, diruaren jabe dela pentsatzen du. Froga bezala, hau toki guztietan entzuten dugu emakume ezkonduengandik. Baina, zer gertatuko litzateke bikote zoriontsu hauengan emakumeak "ondo portatuko" ez balira. NORENA izanen da dirua, orduan? Inork ez baitu kontatu, ez eta sinbolikoki ere, zenbat kobratuko lukeen neskame batek etxeko andreak egin duen lana...

Emakumeentzat lanposturik ez dago etxeko lana ez da ordaintzen ezkontzapean... indar erlazioak ez daude ez gure alde. Beraz, etxea gure fabrika den bitartean, dibortzioan ZORRAK ordaindu behar dizkigute, diruari dagokionean. Beraz, ez dezatela gizonek pentsio hori limosnatxo bat bezala uler; pentsa dezatela gainera oso merke aterako zaiela kasu gehienetan, eta bestela, kontuak atera besterik ez dute: zenbat etxeko-lan ordu ordaindu gabe? zenbat larru joaldi (eta ez sexu harreman) ordaindu gabe? etab. Beraz diru aldetik, material ondasun aldetik, erreibindikapen batzu finkatu behar dira dibortzioan, hots, zorren ordainketa behinik behin... gero, zenbat eta nola kasu bakoitzean konkretatu beharko da noski. Baina, hori bai, limosna ez dela garbi geldi dadila.

Nolako dibortzioa?

Gauza bat, nahi genukeen dibortzioa da eta beste bat BEHAR duguna. Ezkontza, elkarrekin bizitzeko, bi pertsonek berdintasun osoan harturiko erabakia izanen balitz, dibortzioa erabaki libre hau haustea izanen litzateke eta kasu honetan bietako baten nahi hutsa aski da noski. Baina gaur egun ez da honelakoa egoera. Emakumea eta gizona ez daude posibilitate maila berean. Emakumeak ezin du erabaki ezkontzari buruz, eskaintzen zaion lanbide bakarra hori delako jeneralean; beraz, ezkontza, harreman libre baino kontratu ekonomiko bat besterik ez da. Kontratu honetan, emakumea da langile eta gizona jabe Egia da, gaur egun, legez, ezin dela inor ezkontzera indarrez behartu eta fabrika batean lan egitera ere ez. Baina zer posibilitate dauka emakumeak ez ezkontzeko? Zer posibilitate langileak bere lan indarra ez saltzeko? Ahalbide berean oinarritzen ez den libertatea, ezin benetakoa izan.

Dibortzioa, noiz, nola,...

Hemen ere, ezin dugu dibortzio "librerik" onartu gizonaren aldetik, despido librerik onartzen ez dugun bezalaxe. Normalki, nahi hutsa aski beharko luke izan, baina gizonen aldetik, indartsuenak direnez, beren ardurak ez betetzeko ohitura oso hedatuta dago (dirurik ez pasa, umeetaz ez arduratu, etab.). Honela, emaztea eta umeak kondizio honetan geratu ondoren, gizonaren nahia ere aski beharko luke izan. Ez duguna beharrezkoa ikusten zera da: arrazoi lista bat eta epea. Arrazoi bezala aski da elkarrekin bizi nahi ez izatea eta zertarako salatu, errudun bat bilatu, bakoitzak bere bizi modua eraman ahal izateko. Epea, nork ezarri dezake interesatuek baino hobeago? Zertarako egon behar dute bi edo hiru urte elkarrekin, nahi ez badute? Beste problema bat prezioa izanen da, dudarik gabe. Dohanik egin dezaten exigitu beharko dugu, noski.

Bistakoa da, ezen konstituzio honen ondoren ezarriko duten (noiz?) dibortzio legeak, mila oztopo jarriko baititu ezkontza hausteko, familia defendatu behar duenez.

Dena dela, dibortzioak dakarren problemarik handiena, umeen ardura da noski. Umeak ere, gizarte honetan, merkantzia gisan tratatzen dira, eta merkantzia honen egile emakumeok gara. "Patria potestad" deritzon horrek aitari, umearen gain botere osoa ematen dio. Gure "zibilizazioaren" lege hau erromar kodexetik datorkigu eta bere hasieran, aitari, umea saltzeko, hiltzeko, bere lana saltzeko eta seme-alabak jateko eskubidea ematen zion.

Eta umeak zer?

Hau izanen da, agian, problemarik latzena dibortzioan konpontzeko. Argi eta garbi dago, "patria potestad" delako hori, gure legeetatik eta gure kontzeptuetatik kendu behar dugula. Eta ez dugu kenduko bere ordez "matria potestad" jartzeko noski. Umeekiko ditugun harreman autoritari horik gainditu behar genituzke eta ez seme alabak gure frustrazioen kobratzaile bihurtu.

Jaso dugun heziketaren eta naturaren ondorio bat, amatasun sentimendu bat dugu. Gizonezkoen gizarte honek, emakumeari kendu zion lehenengo gauza, bere sabelaren fruitu hori izan zen, eta seme-alabak botere erlaziopean jarri zituen.

Amatasun sentimendu hau ere, beren onerako erabili dute eta gu, BEREN umeen gordetzaile sakrifikatuak egin gaituzte. Eta, behar dutenean, seme-alabez xantaia borobila egiten digute.

Honela gertatzen da separazio kasu gehienetan eta dibortzioan ere gertatuko da. Emakumeak ematen duenean lehenengo urratsa, aurreneko mehatsua hau izaten da: "umeak kenduko dizkizut, posibilitate osoak ditut". Normalki, emakumeak bere seme-alabak berarekin gorde nahi ditu, asko maite dituelako. Jeneralki, gizona ez da umeetaz arduratzen, nahiz eta posible izan lanorduetatik kanpo... orduan, zertarako nahi ditu gorde? Proportzio handi batean, gordetzen baditu, amarengana edo arreba batengana eramaten ditu. Gehienetan ez da umeak gordetzea nahi dutena, andreari, umeak kenduz, min ematea baizik. Helburu hau betetzeko, seme alabak instrumentu bezala erabiltzen dituzte, beren eritzia inoiz kontuan eduki gabe.

Hemen arrisku bizian aurkitzen dugu gure burua. Batetik, kontu eduki behar dugu, aitatasun sentimendua autoritari izan behar ez duen bezalaxe, amatasun sentimendua posesiboa izan ez dadin. Eta bestetik, gureganako errespetua ere behar dugula izan; gauza bat seme alabak maitatzea da eta beste bat haien esklabu izatea. Geure burua ere maite behar dugu, bestela ez dugu inoiz aurrera joko; eta aitarekin ondo egongo direla pentsatzen badugu, zergatik ez harekin utz? Orain izaten diren separazio kasu gehienetan ez da posible izaten separatu ondoren harreman onak eramatea baina dibortzio lege bat sortuko denean, separazioak ugaritu eginen direlakoan ez da beharrezkoa izanen drama bat egitea harremanak hausteko, kasu askotan.

Dena den, biek nahi badituzte seme-alabak gorde, nork erabakiko du norekin egonen diren hobe? Normalki, kasua daraman epaileak. Baina, ezagunak ditugu nolako moral neurriak erabiltzen dituzten emakumearengan. Beraz, emakumeon kontrol erakunde bat sortu beharko genuke, hauzi hauetan nolabait parte hartzeka.

Soluzioa: dibortzioa?

Inola ere ez. Orain arte hemen azaldu duguna erreformismo hutsa da, edo behintzat, erreformak dira, baina ez familiari eskaintzen diogun irtenbidea. Beti konparaketan, dibortzioan exigitu behar ditugun erreibindikapenak, sindikal mailan fabriketan egiten den lana izanen litzateke, lanpostua gordetzeko defendatu, ekonomiko aldetik erreibindikapenak, etab. Hau ez da problema sinplifikatzea. Ba dakigu gauza ez dela fabrika batean bezain garbi, familian afektibo aldetik ere dependentziak daudelako. Produkzio uneak edo zerbitzu uneak hestuak direnean, beti izaten dira esklabu-jabe edo langile-jabe, nolabaiteko harremanak, eta kontzientzia hartzea ez da fabrika handi batean bezain erraz.

Noski ez dugula familia onartzen gure afektibitatea espresatzeko toki egoki bat bezala, horregatik jartzen ditugu gauzak dauden mailan, hots ekonomiko interesetan. Ugazaba, zanpatzen zaituen ugazaba maitatzea, masokista hutsa dirudigu eta.

Baina, gaur egun, ezin dugu ere irtenbide bezala "ez gaitezen ezkon" esan; hori indibidualki aurrera eraman dezakegulako, eta bide horretan ihardunen gara, baina jeneralki, sozial mailan, ezin dugu irtenbide hau eskaini emakumeok ekonomiko independentzia bat lortu ez baldin badugu eta ez eta ere lortu behar dugunaren kontzientzia hartu. Soluzioa ez ezkontzea esanen bagenu, gizonek berehala adituko luketen kontsigna eta zanpaketa harremanak mantenduko lituzketen kontratuak dakartzan kondiziorik bete behar gabe. Emakumea umez beterik eta bizi guztian gizonarentzat lan egin ondoren, hau nekatzean, bere burua bakarrik ikusiko luke umeetaz arduratzeko eta dirua irabazteko nola edo hala. Ez, ez da hau bidea emakume gehienen egoera gaizkoatu behar baldin badu.

Beraz, bi lan ditugu, familia salatu eta ahal dugun mailan alde batera utzi, ekonomiko independentzia batez afektibo independentzia lortuz eta, hau posible ez dutenentzat, beren langile kondizioan oinarriturik erreibindikapen batzu exigitu. Dibortzioa, bigarren maila honetako gauza izanen litzateke eta ez gure arteko harremanei soluziobide bat.

Itziar Urtasun


Gaiak. Kultura

Textu berri bat: 2. Matematika. Saioka

Egun hauetan textu liburu berri bat etorri zaigu: 2. mailako matematikaren Saioka. Honetaz hitz egin nahi dugu.

Dakigunez, orain arte Saioka metodologiaren textuek gai guztiak ekarri dituzte, matematika izan ezik. Matematikaren hutsune hau Casalsen fitxetaz bete dugu. Ala eta guztiz ere, aspalditik Saiokaren metodologiaren araueko matematikaren textu baten premia nabaritzen zitzaigun. Azkenean bederen 2. mailako matematika agertu da.

Arazoak non daude?

Hasiera honetan eta experientzia berrian hasi baino lehenago, irakasleak zenbait akats topatzen dio liburuori. Hona planteiatu diren problema gogorrenetariko batzu.

Alde batetik kolorez espero zen baino eskasago dator, eta kasu askotan ez dio ikaslearen ulermenari lagundu egiten, aitzitik buruhauste franko dakarkieke ariketak egiterakoan umeei kolorearen banaketak.

Orobat ikastola batzuren zirkunstantzia bereziek —sarri ikasgeletako umeen pilaketa esate baterako— metodologia honen erabilpena eragotzi egingo dute.

Baina, azaleko problema honetaz aparte, matematika modernarekiko betiko "istilu garrantzitsuena dago. Hots, jendeak —gurasoek batez ere— matematikaren kontzeptzio berri hau berenganatuta ez dutela. Hau errealitate hutsa da. Gure ikastoletako guraso gehienak umeek hartzen dituzten matematikaren ezagupenetaz kezkaturik daude; eta etengabeki bere buruari galdetzen diote zergatik bere seme-alabak eragiketa egitean hain motelak diren, eta hainbeste multzok zertarako balio duen.

Matematika modernoetan finkatzen den ikasbideak ez du gurasoen onarpena aurkituko eskuarki. Nahitaez honek guztionek irakaslea eta heziera osoa baldintzatu egiten ditu. Baina oztopo hau ez da Saiokarena soilki, edozein matematika modernaren metodologiarena baizik.

Dena dela, oraingoz aurkitu den oztoporik garrantzitsuena zera da: metodo honek oso erabilera zaila duela, alegia.

Non datza ba, textu honen zailtasuna?

Egileek, esan beharrik ez, ez dute hain zailtzat jotzen gainontzeko metodologien aldean. Hasiera batetan ager daitezkeen zailtasunak ikasbidearen teknikaren jabetuz joan ahala lekutuko direla.

Orduan, zein da Saiokaren ekarpena? Edo eta non datza beste metoduekin dukeen desberdintasuna? Ba, azkenez, akatsak besterik ez ikusi ditugunez gero Euskal hezierako abantailak zeintzu diratekeen planteiatu beharko dugu baita.

Calsalsen fitxak

Orain arte euskaraz erabilitako matematikaren material bakarra erdaratik itzulitako Casalsen fitxak izan dira; eta antzerako makina bat dago merkatuan. Material hutsa ez da, noski. Barnean metodologia konkretu bat daramate.

Normalki haien fitxetan agertzen diren eginkizunak textuan bertan edo horrialde batetan egiteko ariketa arruntak dira. Haurrek, betetzeko, ez dute bere jarlekutik jaiki behar.

Kontzeptuak, ariketak, ezagupen guztiak hor daude, ulerpenerako prozesu baten arauera banatuta. Halako prozesuak ez du umea experientziaren beharrera eraman egiten.

Honen metodologiaren pausoak konkreta, zehatz ditzakegu:

1. Eredu konkretu bat: fitxaren aurkezpena. Horretaz azalpen eta azterketa fitxan bertan eta irakasleengandik batez ere. Sortutako matematika arazoak irakasleak artikulatu egiten ditu. Ezagupen lortuari beste pauso bat darraikio.

2. Beste antzeko ariketak (fitxak) aurkeztu: umeak berenganatu ideietaz solutioa ematea.

Irakasleentzat oso metodologia erraza da: pauso eta zailtasun guztiak sailkatuak daude, eta prestaketaren zereginik eguneroko material konkretu bat dago.

Delako metodologi hau ez da umearentzat eragingarria, beti era berdinez egiten da eta bere oldezko ekintzaren mugakorra baizik.

SAIOKAren linea orokorra

Orain, hona hemen arlo honetan metodologiaren pausoak:

1. Eginkizunaren planteiamendua: Eginkizunari projektu deritza. Hau guztiau umeen inguruko problema bat planteiatuz, experientziazko gai nagusiarekin lotuta, irtenbidetzat ekintza konkretu bat sorraraztea.

 2. Projektuaren burutzapena. Eginkizun hau betetzeko, jolasak eta irudiketak antolatu egingo ditugu. Artez-artezko esperientziak urratu beharko dituzte. Liburuan eredu eta material konkretu bat presentatzen dira berriz. Batzutan ariketak egiteko liburutik bertatik ebaki egin beharko ditu. Ikasleek ekintzak artikulatu egingo dituzte.

Pauso hau oso garrantzitsua da, eta ondo lan dezan komeni da.

3. Aurreko jolasaren ondoren azterketa: erabilitako kontzeptuak eta eraginkizunak darabilzkiela. Matematikaren terminologia ere finkatu egiten da.

 4. Haien antza beste eredu batzu, trebetasuna eta hartutako kontzeptuak menderatzeko, planteiatzen dira. Eta hau guztiau Saiokaren egileek gainontzeko gaien metodoari eutsi nahi izan diotelako, euskaldun heziera baten onerako, noski.

Metodologi honen oztopoak eta abantailak bistan daude. Irakasleei programatzeko pausoak eta ekintzak gidatzeko lana exijitzen die. Halaber ikasleen ekintza hobeto probetxatzen da, motibazio handiago bat lortzen da eta azken ondorioraino eramatekoan —ondo eraman baldin bada—fruitu ederrago atara dezakegu.

Zergatik bide hau? Egileek erantzuten digutenez, ezakuntza eta ariketak Piajetek eta haren laguntzaileek adin honetako haurrei begira taxutuetarikoak dira. Umeen ahalmen sikologiko fisikoen haziera eta matematikazko kontzeptuak lot ditzaten.

Eta umeen eragintzen hastapenei jarraituz, kontzeptuak argiago eta errazago lortzen dira.

Euskal hezieraren mundura, ongi etorri!

Eukene Martin


Gaiak. Kultura

Euskara, norantz eramaten zaitugu?

Arduratan bizi denari, ardura dario alde guztietatik. Eta lumaz nahiz hitzez diharduenean, ardura baino ez daki azaltzen. Ardurak jaten du; arduratan itotzen da; lelo bakar batez aspertzen ditu inguru guztiak.

Gu ere gaitz horrek jo gaitu nonbait. Gu ere kezkaturik bizi gara. Zergatik? Euskararik entzuten ez dugulako, eta entzuten duguna ere —gazteen artean bereziki— arraro xamarra delako.

Gure lagunak, ezagunak eta senideak erdaraz mintzo dira gehienetan. Nahiago dute erdara, euskara baino. Eta ez esan gero, euskaraz egiteko. Hori badiozu; higuingarri zarela esango dizute berehala.

Erdaraz ari dira euskaldunak Euskal Herrian. Horixe da egia. Lehen, Euskal Herriaren mugetan gertatzen zen hori nagusiki: Nafarroako Erriberan eta Arabako lautada mahastitsuetan. Orain euskararen atzerakadak ez du haranik zigortzen, ezin du eta.

"Baina, hala eta guztiz ere, euskara atzerantz egiten ari da. Gazteen artean, esaterako, oinharrizko zenbait egitura galduak dira, edo eta nekez bereizten dira. Problema ez da hiztegiarena. Baserria ahulduz joan arau, hango hiztegi ugaria galtzea ere normaltzat jo behar da, euskaldunik gehienak kaletarrak ere ba gara eta. Ez, hori ez da penagarria. Izan ere, zertarako behar duzu —filologo edo izan ezik— alkotza zer den jakitea, alkotza ezertarako behar ez baduzu? Problema, beste bat da. Sakonagoa da. Jende askok ez ditu bereizten, esate baterako, iragan urrunaren eta iragan hurbilaren aditz formak. Fenomeno honek barnea hunkitzen digu, euskara gainbehera doala ikusirik.

Orain euskarak ez du atzera egiten... ezin du eta. Baina numeroak erdaraz kontatzea nahiago du gure herriak. Euskaldun hiztun askok eta askok nahastu egiten dituzte iraganeko adizkerak; konplementua plurala izan arren, aditza singularrean jartzen dute, belarrian kili-kilirik sentitu gabe. Gertaera honek hamaika kezka sortzen du gugan.

Ez dago maisu izan beharrik, euskara egunero ez erabiltzeak dakarren kalteaz jabetzeko. Hizkuntza bera, seguru asko, ez da guztiz galduko; baina bai herdoildu eta zaharkituko.

Euskararen kantzerra horixe da. Eta kantzerraren lana oso xumea da, ixila, eskandalu gabea —baina bai etengabea ere—, latza, jarraia, atsedenik hartu gabe ari dena.

Eta gogoeta hauk egitean, nork ahanztu ahal du, ikastoletan berrogei mila haur dabiltzala? Euskal Filologia ere ba daukagula? Gaueskolek inoiz baino ikasle gehiago daukatela? Udako Euskal Unibertsitatea inoiz baino sendoago aurkitzen dela? UZEIren hiztegiek euskara goi mailara eraman dutela? Eta abar, eta abar?

Baina hori guztiori zertarako, kaleko jende xume eta arruntak euskara baino erdara nahiago badu? Ikastoletako haurren jolas-hizkuntza erdara bada?

Ba dakigu, euskararen aldeko ekintzak, orain lehen ez bezala zabaltzen direla, Euskal Herritik kanpora ere. Baina kaletar eta baserritar langile arruntaren deseuskalduntze prozesua ere ixila bezain sendoa da gure egunotan: inoiz baino sendoagoa, zoritxarrez; burrundadarik gabea, baina zorrotza.

Denok dakigu, guraso eta semeen arteko pentsabideak oso desberdinak direla. Diferentzia hori, Euskal Herrian, hizketak berak salatzen du, eta hizkuntzak ere bai sarritan.

Euskal Herriaren bihotzean euskararen muina hondatuz doa, inoiz baino komunikabide hobeak eta aparteko medioak eduki arren. Ez ote gaude luxuzko ohe eder bat atontzen, era batera zein bestera hil beharrean dagoen gaixo pobre honentzat?

Hori da, galtzen diren hizkuntzen betiko leloa: geografiaz amore eman ezin dutenean, beste koordinatu batek dakarkie hondamendia: lehenik hiztegiak, eta ondoren hizkuntzaren egiturak berak.

Eta, hor, bilinguismo zaratatsu horrek zer egin ahal izango du? Beharbada, hil zorian dagoena, lastozko ohetik izara zurizko ohe eder batetara eramango du, edo eta liburutegian utziko du, kaobazko apalategi dotore batetan.

Gaur euskarari buruz itxaropenik edukitzeko, leiho irrazional bat zabaldu behar zaio esperantzari, ea poetak esandako ilusio usaina irteten den ikusteko. Horrela balitz, gure semeen euskarak ez luke gurearen antz haundirik edukiko, baina euskara izango litzateke; eta hola balitz, asko poztuko ginateke, atseginago baitugu trakets kiratsa, desilusio usaina baino.

M. Otazurialde


Gaiak. Kultura

Euskalzaleen alderdia

Satrustegiren artikulu bati EHk egin dion komentarioa irakurri berri dut; baita Andolin Eguzkitzarena/Anaitasuna 367-8/ ere. Euskararen bizitzak (ez iraupenak, kasu) psychosis latz honetan murgilduta gaudenon oihuak dira biak. Guztiz ados nago gainera lehengoak Bizkaian bederen euskarak pairatzen duen egoera tamalgarriaren egindako deskrizioarekin. Delako deskrizio hori, negargarria izateaz aparte, guztiz harrigarria da: zenbat eta ikastola gehiago, zenbat eta euskarazko ikastaldi gehiago, hainbat eta euskaraz hitz egiteko eta entzuteko aukera guttiago dugu bizkaitarrok. Izan ere euskara belarri-ezpainetatik iheska dabilkigunik nork uka?

Hainbatetan diagnostikoarekin konforme egotea zaila bada, sendabidearekin are zailago. Poztu egin naiz ni EH-ren artikulua irakurtzean, euskararen osasunerako eskaintzen digun soluziobidearekin konforme bainago ere: "denok batera izan behar dugu MAXIMALISTAK".

Nik neuk, egia esan, ez dakit "maximalista" izatea zer den edo, ez dakidalakoan, ba dakit, ordea, zer egin behar den euskara Euskal Herriko hizkuntza berriz bihur dadin.

Behar bada, batek baino gehiagok zorotzat hartuko nau, arbitrista berrien giro nahasi honetan neure filtro miresgarri eta izkutua aldarrikatzera natorren zorigaiztoko azti hau. Baina, tira, bost axola sinesgabeari!

Nire aterabidea ez da batere originala. Horrexegatik hain zuzen onena dela itsu-itsuan sinesten dut: bizi nahi duen edozein hizkuntzari dagokiona da, hots, delako hizkuntzaren hiztunen beraren non-nahiko eta edonoizko erabilpena bere buruei eta gainontzekoei exijitzeko erabaki sendoa.

Honek, eta "mutatis mutandis" gauza asko esan nahi du. Besteak beste:

a) Euskaldunok, eta ez euzkotarrek, vaskoek edo Madrilen egositako "Decreto de bilingüismo" batek, salba dezaketela euskara.

 b) Euskararen erabilpena (ez irakastea, ez euskal sigletaz hormak edo edifizio publikoak apaintzeko baimena) dela "de facto" exijitu behar dena.

Hitz laburrez, euskara, gurekin hitz egiteko guri hozkailu edo telebista bat saltzeko gure zergak kobratzeko... behar-beharrezko, derrigorrezko bihurtzea.

Zergatik euskaraz jakitea beharrezko bihurtaraztea? Beharrezkoa ez den hizkuntza ikasten ez delako.

Ezin dela diozu. Ba dakit zer esan nahi duzun. Izpidean zaude noski, inor mindu gabe geure burua hestutu gabe, ezin daitekeenik badiozu. Nik neuk beste gauza bat diotsut, zera, erabaki irmo hau, prest ez bagaude, hainbat min, diru, eta eskertxarreko ahalegin kostatzen zaizkigun ikastola, Alfabetatze Kanpaina eta abar hobe dugula laga egin. Gisa horretako erakunde eta ekintza guzti hauek euskararen erabilpenera euskararen exijitzera ez bagaramatzate, hizkuntza klasiko baten alde egin daitekeen adina dagigu, besterik ez.

 "Puestos a resucitar, vamos a resucitar el latín" zioen Asturiasko katedratiko ezagun batek, "bable"a zela ta ez zela, inork ez bait zuen "bablea" harremanetarako exijitzeko dsmorik.

Nik behin eta berriro proposatzen dizuedana (ez bainaiz orain lehenbizikoz honela mintzo) ez da beste munduko gauzarik, Galeseko zenbait abertzaleren jokabidea da eta, baina, hori bai, EHk dioskunez, danok batera jokatu beharko dugu zerbait lortuko bada.

Zer geratuko litzateke ba, egun zoriontsu batetan, 20.000 edo 40.000 Bizkaiko euskaldun (nonbaitetik hasi behar da) erderaren inperioaren aurka jaikiko balira, bere programa ezagutaraziaz? Geure diruaz, gutti ala asko, jabetze arren ez liokete handik aurrera euskarari jaramon haundiago bat eman egingo? Ez lukete geroztik saldu beharko lizkiguketen janarien izenak eta prezioak euskaratu egingo? Ez eta bere menpeko saltzaileak euskaraz ikastarazko kezka bizia hartu?

Hori ikusirik, erdaldunek, bertoko eta kanpokoek, eskola "nazionaleetako" zuzendariei ez liekete eskolan bertan euskaraz edo euskara bere umeei irakats liezaien exijituko?

Kolore guztietakoak entzun beharko genituzkela bistan dago baina ez dut uste minik gabe funtsezko gauzarik egin daitekeenik. Gainera, ez genuke kolpe batez hainbeste eskakizun planteiatuko, epetan baizik. Esate baterako, lehenengo bi urteetan denden izenen eta errotuluen euskeratzea eska liteke; gero enplegatuen euskalduntzea, eta abar.

Nork nahi du hasi? Bide batez abertzaleon, euskalzaleon (barka) alderdia sortu izango dugu, eh Andolin?

Borja Barandiaranek


Gaiak. Erreportaia

Euskal Herritik Georgiara Moskun zehar 2

Tsarismopeko Tiflis-etik gaurko Tbilisira

Tbilisi Georgiako hiriburua da. Milioi bat bizilagun inguru ditu. Tbilisi izenak georgieraz "Urepel" edo "Urberoaga" esan nahi du. Izan ere, hiri hau aintzinatik oso famatua izan da bere sufrezko ur hatsengatik, larruaren gaixoak eta erreumak osatzeko oso egokiak. Gaur ere hirian bainuetxe ugari dago.

Tsarismoaren garaian georgiar geografi izen gehienak errusiarturik agertzen ziren ofizialki. Baina Urriko Iraultzaren ondoan, Georgiako gobernu sovietarrak lehengo inperialismoaren kutsu hori errotik kendu zuen. Tiflis izena baztertu eta Tbilisi jarri zen ofizialki, bai georgieraz eta bai errusieraz, Moskuko gobernu zentralak aldaketa guztiok onhartuz. Besteok ere ikas dezagun.

Tbilisi eta Bilbo

Harrigarri bada ere, Tbilisik ba du Bilborekin antz handirik. Mtatsminda izeneko mendiaren oinean kokatua da, mendi gaineko jatetxe eta jolastokietara joateko, Bilbon oraintsu arte bezala, funikulare bat dagoelarik. Gure Hibaizabalek ere ba du han bere anaia bikia: Mtkvari hibaia, Rustavi deritzon industri hiri hurbiletik beti uher datorrena, Bilbokoa bezain zikina ez bada ere.

Tbilisiko hauzategi zaharra, joan den mendeko etxe balkoi zoragarriduna, Narigala-ko, gotorlekuaren azpian dago kokaturik. Han goian, zilarrezko dirdiraz, Kartvlis deda (Georgia ama) deritzon metalezko irudi sinbolikoa dago; eskuinean ezpata (etsaientzat), eta ezkerrean ontzia (adiskideei jaten eta edaten eskaintzeko).

Bilbo ez bezala, Tbilisi zuhaitz, lorategi eta parkez ongi hornitua da. Hotelaren gelatik begiratzean, dena berde nekusan, aire garbiaz, nahiz eta georgiarrak —gizaixoek ez dute Bilbo ezagutzen— bertako satsuduraz kexu izan. Hauzategi zaharraren ondoan Leninen plaza dago (Leninis moedani), bertako Areatza-Arenala. Hortik Rustaveliren kalea sortzen da. Beronetan hiriko etxe garrantzitsuenak aurkitzen dira: Gobernuarena, pionierebis saraihle (pioniarien jauregia), arte, histori eta etnografi museo ederrak, theatroak, zinetokiak, opera, marxismo-leninismoaren institutua eta turistentzako oroitgarri-dendak. Kale hau, erdi aldean Leninen izena hartuz, aurrera doa, Filarmoniako theatroaren plazara helduz. Handik Melikisvili erretore zenaren deituraz, Unibertsitateraino abiatzen da, handik aurrera Ilia Txavtxavadze idazle famatuaren omenez hiriaren bukaeran dagoen Vakis parki-ra (Garaipenaren parkea) helduz.

Tbilisik ba du museo benetan aipagarri bat, zerupekoa deitzen dena. Bertan Georgiako eskualde guztietako baserri etxe tipikoak jarrita daude, zatiz zati apropos bertara eramanik. Etxe barruan tokian tokiko haltzari, tresna, jantzi eta apaingarriak daude, bisitarien pozerako. Ideia ona benetan. Erakartasun guztioz, beraz, ez da estrainio Sovietar Batasuneko turista gehienak Georgiara, eta bereziki Tbilisira, joatea. Ni bertan egon nintzen bi hilabeteetan behintzat, makina bat aleman, ingeles, frantses, finlandiar, mexikar eta poloniar ikusi nituen hotelean, Intourist zerbitzu ofizialaz etorrita. Monumentuez landa, Georgiak ba ditu sukaldari oso onak, ardo zoragarriak, musika, kantu, koru, jantzi eta dantza pitxiak, ahantz ezinezkoak benetan.

Georgiako hizkuntzez

Aintzinako geografo greko eta erromatarrek Georgiari zenbait izen eman zioten. Ekialdeko eskualdeari Iberia eta mendebaldekoari, aldiz, Koljhida (hara Jason eta argonautak joan omen ziren, urrezko ardilarruaren bila). Geroago baina, osoari Georgia jarri zitzaion. Izen hau, dirudienez, bertako jendea baserritarra zelako edo sortu zen, grekoz georgios "nekazari" baita, geo "lur" izenetik etorria.

Ez da hori, ordea, bertakoek darabiltena. Erdaraz alemán, albanés eta vasco gisa ezagutuok, kasu, geure buruari Deutsch, skipetaro eta euskaldun esaten diogun bezala, georgiarrak kartveli deitzen dira (kartvelebi pluralez), Georgia Sakartvelo eta hizkuntza kartuli ena izanik.

Georgieraz gaur lau milioi lagunek egiten du. Hizkuntza hau hego Kaukasian mintzatzen eta familia bereko diren beste hirur berbetarik (megreliera txaniera eta svaniera) hedatuena da eta idazten den bakarra. Georgiarrek, beren txikitasuna kontutan harturik, dialektoez gainera, zenbait hizkuntza ere sakrifikatu behar izan dute bakar bati indar eta zabalera handiagoa emateko, saliteraturo ena-ri, georgiera batuari halegia. Georgiako errepublikan ba dira, gainera, beste bi hizkuntza jator: abxaziera eta osetiera. Azken hau indoeuroparra da, baina abxaziera ez, eta ba du euskararekin nolabaiteko antza, aditz sisteman bereziki. Hizkuntza biok, Abxazia eta Osetiako errepublika autonomoetan, halaber, ofizialak dira.

Georgieraren historiaz

Georgieraren historia oso luzea da eta Europako eta munduko herri gutxik daukate hain tradizio etengaberik. Jadanik V mendean hasi zen idazten eta hasiera hasierakoa da, hain zuzen, Bibliaren itzulpen osoa. Laster erresumaren hizkuntza ofiziala bilakatu zen, kronika, tratatu, agiri, poema eta kontu guztiak georgieraz idatziz. Ordutik hona izugarrizko literatur ondarea moldatu dute georgiarrek. Bere historian zehar georgierak hirur alfabeto ezagutu ditu, elkarren eboluzioak hirurak. Zaharrena harrizko eskributarako. Bigarrena, X mendetik XIX arte erabilia eta hirurgarrena, mjhedruli deritzona, gaur usatzen dena.

XI-XII mendeetan Georgiarrek beren literaturaren urrezko garaia ezagutu zuten, Tamar erreginaren erreinuan bereziki, epe honetako obra gorena Xota Rustaveliren Vepjhistqaosanj (Tigre-larruduna) izeneko poema zelarik. Bere edertasunaz, 1.700 bertsotako poema hau Danteren Jainkozko Komediaren maila berean jar daiteke, eta idatzia izan zeneko hizkuntzaren arrarotasuna orain arte oztopo bat izan bada ere, aspaldion egin diren itzulpenei esker, literatur kritikariek gero eta maizago aipatzen dute hura munduko maisu-lan miresgarrienen artean. Laster euskaraz egiten ari dudan itzulpenaren lehen zatia argitaratuko omen da.

Georgiaren ofizialtasuna

Georgiera Sovietar Errepublika Sozialista horretako lehen hizkuntza da. Georgieraz bai administrazioa, bai irakaskuntza (eskolaurretik unibertsitatearen azken mailaraino), prentsa, irrati, telebista, theatro, zinema eta kaleko kartel guztiak azaltzen dira. Errusiera ere, asignatura gisa irakatsia da, eta kale, denda, herri eta bide izenetan georgieraren hurrengo jarria bada ere, ahoz oso gutxi erabiltzen da. Jakin, ba dakite, baina georgiarrek ez dute inoiz beren artean errusieraz egiten. Hor ere ba dugu euskaldunok zer ikas.

Kartveliar guztiek beren hizkuntza idolatratzen dute. Nik, maiz, Georgiako erlijio nazionala mintzaira zela esaten nien erdi. txantxetan, baina egia hutsa da. Literatur pasarte eta bertso asko gogoz ikasten dituzte eta edozeinek daki buruz Rustaveliren bertso andana luze bat. Han —eta ikas dezagun!— georgieraz ondo, dotore, etorri eta graziaz hitz egiten jakitea goi heziera eta gizabide oneko seinale sozialtzat hartua da, eta sinestezineko norgehiagoketak gertatzen dira, brindisak egiterakoan, mahaikideen artean.

Georgian bizi diren errusiarrentzat, berauek ikasketak beren hizkuntza nazionalean egiteko era baldin badute ere, georgiera eta kartveliar kultura nahiz eta ezko asignatura da maila guztietan. Horregatik, Georgian jaiotako edo eta bertan luzaro bizi diren kanpotar guztiek ba dakite georgieraz mintzatzen. Eskolaz gainera, bestalde, sozial presioa izugarria da. Horrela esplika daiteke, soilki, nik neuk bigarren hilabeterako georgieraz nola edo hala murduxkatzen jakitea.

Xabier Kintana


Gaiak. Kultura

Donostiako maratoi herritarra

Beharbada batzurentzat anekdota hutsa izan da. Beharbada, beste batzuk snob eritzi diote. Edozertara ere, 1.518 pertsonak 42.195 metro bost ordu baino guttiagotan egitea, aipagarria da. Hori, guttienez!

Guri, kirolzale garen aldetik, oso interesgarri gertatu zaizkigu, maratoi honen inguruko gorabeherak. Eta kirolari buruz ditugun eritzi eta helburuekin maratoi horren antolamenduak hainbat puntu komun dituenez, egindakoaren zenbait alde on eta txar aipatu nahi ditugu.

Alde positibo batzu

Lehen lekuan jendearen parte hartzea jarri behar dugu. 2.536 pertsona irteeran egotea, besterik gabe ia pentsa ezinezko gauza da, eta gehiago oraindik, guztiz amateurrak direla jakinez. Honekin batera, interesgarria da publikoaren interesa aipatzea. Astakeria bat esatera ausartuz, estropadak eta futbola bera baino interesgarriago gertatu dela esan behar dugu.

Jendeari kirola kalean eta publikoki praktikatzeko lotsa kendu zaio. Oraintsu arte gehienok—eta ni neu barnean— lotsatu egiten ginen kalera txandalez jantzirik irteteaz eta, zer esanik ez, prakamotzez. Maratoirako prestakuntza dela eta, hainbeste jende ibili da gora eta behera, kale eta parkeetan zehar, lotsarik gabe kirola praktikatzen. Eta hori sano ona da. Horrela egiten da kirola herritartzeko bidea.

Eliteen kirolaren aurka —kirolari ospetsu eta miliodunak—, guztion kirola oihukatu eta eskatu da. Guztion kirola honetan, konkurrentziak beste zentzu bat hartzen du; garrantzizkoena —eta hau ez da jadanik topikoa— parte hartzea da, batera guztiok garaile atera daitezkeelarik. Honetaz, zorionak eman nahi dizkiogu EGIN aldizkariari, 1.518 pertsonen izenak argitaratzean pentsamolde hau adierazi nahi izan du eta.

Bide batez, polikiroldegien falta salatu da: Jendeak kalean kirola egin beharrak, horretarako toki egokien falta salatzen du. Jendeak kirola egin nahi du, horren premia du eta.

Alde negatibo batzu

Helburu horik betetzeko, ene ustez, astakeria galanta da berrogei kilometro egitea, kirol arazoetan aparteko prestakuntza ez duenak behintzat. Horretarako nahikoa dateke, adibidez, hamar bat kilometro egitea, beste zenbait lekutan egiten den bezala.

Bestalde, medikuntz ikuspegitik informazio gutti zabaldu dela esan daiteke. Gauza oso serioa da gorputzari maila horretako esfortzua eskatzea, eta, dakigunez, bihotzarekin ez da jolastu behar. Esfortzuaren dosifikazioari buruz, nahiko itsuki jokatu dela esanen nuke.

Zenbait ondorio

Maratoiaren inguruko giroa ikusiz, horrelako egintzak indar popularrei interesatzen zaizkiela pentsatu behar. Izan ere, kirola herritartzeko eta kirolaren premiaz kontzientziatzeko pentsaturik daudelako. Honetaz, harrigarri da Bilboko La Hoja del Lunes astekariaren jokabidea: Ia kirol informazioaz soilik bizi den aldizkari honek, lerro bakar bat ere ez zekarren honetaz maratoiaren biharamunean. Ikurrina eta beste zenbait konkista herritar zalantzan ipintzeko hain ate irekiak dituen berripaper horrek, ez du ezer jakin nahi horrelako kirol moetarekin. Ongi dago.

Bukatzeko, era honetako egintzak bultzatu egin behar ditugula eta kirola bertan parte hartzeko behar dugula esanez amaituko dut sermoia. Amen.

J.R. Bilbao


Gaiak. Kultura

Askatuak eta sasiamateurrak

Saskibaloizko liga espainolaren aspergarritasunaren barnean, Askatuak taldeari ezer txalotu behar bazaio, bere deportibitatea, zintzotasuna eta burrukarako gogoa da. Eta hau ez da gutti, Goliat-en aurka erabiltzeko moduko harma egokiegirik ez du eta.

Guztiok dakigunez, Saskibaloi Amateur izen ponposoan ezkutatzen den antolakundea, guztiz profesionaldurik dago. Gauza ezaguna da, Madrid, Joventut eta Barcelona izeneko taldeek milioi asko gastatzen dituztela, jokalariak ongi baino hobeto ordaintzeko. Galde iezaiozue bestela, Brabender, Santillana, Slavnic, Guyette eta konpainiari. Eta hori guztiok dakiten gauza da. Kazetariek, Federazio Amateurrak (4) eta publikoak ere.

Gauzak horrela, dirua duenak irabazten du. Bestalde, talde nazionalak —edozeri deritzo horrela— maila altura igoteko, metodo interesgarria erabiltzen da: Lehen pauso batetan amerikar famatu bat fitxatu. Bizpahiru urtez jokatzen edukitzen da, bigarren pausoan. Eta hirugarrenean, artelan hori bukatzeko, nazionalizatu egiten da, eta kito! Horrela ez da harritzeko Espainiaren talde nazionalean titular gisa bizpahiru sasiamateur-amerikarrohi-espainolberri aurkitzea.

Askatuak taldea hori baino originalagoa da. Berau ere Ameriketara doa eta Davis izeneko jokalaria dakar. Ordaindu egin behar dioenez, kontratua egiten dio; eta Davis-en ogibidea saskibaloian jokatzea denez, kontratu profesionala egiten dio. Horraino, ez dago problemarik Baina Espainiako txapelketa amateurren artekoa denez, salatu egiten du Davis-ekin duen kontratu profesionala. Hau jugada ederra! Bi puntu gabe, gutienez lau balio beharko luke. Baina bai Espainiako Federazioak eta bai FIBA delakoak ere agintari "altuak". dituzte eta "tapoi" izugarria egin diote Donostiako taldeari: "Amateurrak talde amateurretan jokatzen dutenak dira". Definizio guztiz inkonkretu honetan —ez baitakigu talde amateurra zer den— falta pertsonala egin dutelakoan nago (bestalde oso normala da tapoiak egitean horrelako faltetan erortzea). Baina arbitroak beren aldekoak direnez, beldur naiz ez ote duten falta hori Askatuak-en aurka joko. Errefrau zaharrak dioenez, "Lantza eskuan duenak, indar guztiak bere".

Dena den, besterik ezean, lehengo esaldia alderantziz jartzen hasi gara, denbora emateko asmo hutsez. Zera geratu zaigu: "Zeintzu dira talde amateurrak?" galderari erantzutean, hauxe erabaki dugu: "Talde amateurrak jokalari amateurrez osoturik daudenak dira". Tori gaztaina! Baina hau aplikatuz, talderik gabe geratuko ote garen susmoa dut. Edozein modutan, ez ezazue serioski har. Olariagak Zakilixut-en ahoz dioenez, HAU GEHIEGIEGIDA, tu matxa, demasié.

J.R. Bilbao


Gaiak. Kultura

Medikuntza ospitalarioa versus medikuntza komunitarioa

Gaur egun, hiru sektore nagusik osotzen dute laguntza sanitarioa: gaixoek, pertsonal sanitarioak eta administrariek.

Medikuok beharrezkoen legez kontsideratzen ditugu geure buruak ia beti. Baina medikurik gabe medikuntzarik ez dagoela egia bada —sartaldeko herrietan behintzat—, gaixorik gabe ere ez litzatekeela egonen aitortu behar dugu.

Mendeetan zehar, medikuok komeni izan zaizkigun egitura sanitarioak inposatu ditugu, medikuntza liberalaren defendatzaile amorratuak izanik. Medikuntza moeta honetan, gaixoek berek nahi duten profesionala aukeratzeko eskubidea duten bitartean, medikuak ere libre dira prezioa finkatzeko orduan, bide honetatik guztiok ezagutzen ditugun gehiegikerietara helduz.

Medikuntza liberalaren kostuak hain gora zihoazela ikusirik, gobernuak arazo honetan esku sartzera beharturik aurkitu dira, sistema sanitario sozialak sortuz, hau da, Aseguru Sozial izenekoak.

Aseguru Sozial hauek, pausoz pauso, munstro ikaragarri aberatsak izatera heldu direnetik, aberastasunarekin batera, burokrazia eta aparatu eta tresneria supergarestiz hornituriko erakunde ospitalarioak eraikitzeko asmoa hartu dute.

Ospitale horietan praktikatzen den medikuntza superespezializatu eta teknokratizatuak, ez ditu, ez, medikuntzaren kostuak beheratu, goratu baizik. Horrez gainera, beste arrisku bat ere nabari da, halegia, medikuak "asegurutartuak" sentitzen direla, modu horretan, erakunde horren teknikariak, gizarteko gaixo eta problemetatik aldenduz.

Horrela, medikuntzaren urratsak gero eta ospitalarioagoak dira, komunitario izatetik urruntzen delarik.

Euskal Herrian ere horrelako zerbait gertatu zaigulakoan nago, hots, ospitaleen falta nabaria delarik ere, Euskal Herria ospitalez josiz osasuna hobatuko dela pentsatzea.

Ene ustez, ordea, medikuek lan egin behar duguneko eremu eta arloa, gizartea bera da, bertan osasuntsu eta gaixorik daudenentzako ekintzetan arituz.

P. Letamendi


Gaiak. Literatura

Tesinak euskaraz zientzi fakultatean

Aintzina ez dela pentsaezina bazen ere, gaur egun nahiko normala bihurtzen ari da, lizentziaturako tesinak euskaraz prestatzea. Egia esan, eta inguruko baldintzen kausaz, euskarazko originalearekin batera erdal itzulpena ere aurkeztu behar izaten da. Baina tira! Behintzat, euskal unibertsitariek gero eta euskararekiko ardura handiago dutela somatzen da. Eta hori ez da gutti, ez horixe!

Dena den, horrelako egintzei ez zaie propaganda handiegirik egiten. Dirudienez, ixilik eta ordu luzetan eginiko lanak ez dira informagarri. Hala ere, ene ustez, horrelako lan ixilak dira aipagarrienak, itxura egiteaz baino errealitate berri bat sortzeaz ari baitira. Euskara aurrera joanen bada, gaur eguneko bizitza modernoan irauteko eta erabilia izateko behar duen azpiegitura prestatu zaiolako izanen da. Eta era honetako —beste lan ixil askok bezala— azpiegitura hori prestatzeko ahalegina adierazten dute.

Konkretatuz, ba, aipa ditzagun, aurten Bilboko Zientzi Fakultatean euskaraz aurkeztu diren hiru tesinak. Lehen biak, ekainean aurkeztuak izan ziren eta hirugarrena, urrian. Erreferentzi gisa, bakoitzari buruz, egilearen izena eta lanaren izenburuarekin batera, tesinaren tankera eta muina aipatuko dut laburki.

Maria Jesus ESTEBAN GALARZA. "Formalketa eta errigorearen sarrera Analisian. XIX. Mendea."

Izenburuak berak dioenez, tesina historiko-matematiko bat da. Sarri, kontzeptu matematikoak formulazio konkretu batez erabiltzean, ez gara pentsatzen hasten, gure aurreko matematikariek zenbat pauso eman behar ukan dituzten formulazio horretara heltzeko. Hala ere, oso interesgarri dateke sortze-modua ezagutzea bide berriak aurkitzeko, edo bide zaharrak beste modu batetara lantzeko.

Bide horretatik, Maria Jesusek XIX. mendea hartzen du eta ondoko kontzeptuen jaiotzea aztertzen du: Funtzioen kontzeptua, etengabetasuna, funtzioen deribazioa, integrazioa eta serietango desarroiloak. Gaia nolabait historikoki erabilirik dagoenez, oso irakurterraza gertatzen da.

Luis EMALDI ATUTXA. "Kontroleko sistema logiko programagarri baten analisia eta eraiketa."

Tesina hau Automatikaren arloan abiatzen da. Alde horretatik, arlo horretan adituak direnentzat dago prestaturik eta, zer esanik ez, hortaz ezer gutti dakitenentzat, gauza bitxia da. P.L.C. (programmable logic controller) izeneko kontrolagailu logiko programagarria zer den azalduz hasten da, gero berak asmatutako PLCaren azalpenarekin segitzeko.

Lanaren osagarri gisa eta eranskin modura euskaratik erdararako (espainolerako) hiztegia dakar. Hiztegi luze samar hau oso interesgarria gerta dakieke informatikaren arloan diharduten guztiei.

Maria Begoña ZURIMENDI ABRALDES. "Errotatze higiduran dagoen disko. baten problemari buruz."

Tesina hau Erlatibitatearen Teoriaren arlokoa da. Izan ere, bertan agertzen den paradoxa baten azterketan finkatzen da. Paradoxa hori, disko baten higiduraren azterketan datza. Tesinan zehar, paradoxa honi buruz azaldu diren irtenbide historikoak aipatzen dira, bide batez diskoaren higiduraren azterketa zinematikoa eta dinamikoa eginez. Zer esanik ez, gaia goimailakoa da, eta ulertzeko, Erlatibitatearen Teoriari buruz ongi jantzirik egon behar da. Lan honen osagarri gisa ere, azkenean, erabilitako hiztegiaren azalpena ageri da.

Tesinak, zertarako?

Beharbada, baten batek gauza sinbolikotzat hartuko ditu euskaraz eginiko tesinak. Nik neuk, ordea, aparteko garrantzia ematen diet, Unibertsitate mailan dagoen mugimendu euskaldunaren adierazle baitira. Ez dira hartu behar egintza isolatu, erromantiko eta utopiko modura. Ostera, kultur mugimendu osoago baten aurpegitzat hartu behar dira. Hor daude Udako Euskal Unibertsitatea, UZEI, Elhuyar eta beste. Eta mugimendua ibiliz frogatzen bada, gurea aski frogaturik dagoela esanen nuke, bidea autopista leuna ez bada ere.

Zinez, txalotzekoak dira lan horik, hainbeste puntu positibo baitituzte: Erreferentzia modura erabiliak izateko, zientzia euskaraz egitea posible dela adierazteko, jendea bide horretan zehar abia dadin animatzeko, eta abar. A! Eta bukatzeko, ohar ttiki bat liburuen argitaratzaileei: Ea inork horrelako lanik argitaratzeko pausoa ematen duen! Azken batez, liburu interesgarriak eta berriak izan daitezke.

J. R. Etxebarria


Gaiak. Kultura

Alain Resnais: irudimena errealitatearen parte bezala

Alain Resnais zinezaleek, bere laburmetraien bidez batez ere, ondo ezagutzen duten 56 urtetako gazte bat dugu: Les statues meurent aussi (1953) afrikar errealitatetik apartatu barik, arte beltzari buruzko dokumental liluragarri eta poetiko bat da. Guernica (1950), Picassoren koadroa erabiltzen du frankismoak Euskadiren kontra egindako basatikeriak erakusteko eta askatasunaren alde garrasi bat egiteko. Nuit el brouillard (1955) nazien kontzentrapen zelaietako beldurrak azaltzen dizkigu, faxismoaren kontrako alegazio bat izanik, etab. eta honela azter genezake zentsurarekin problemak izan dituen filmegile baten lana —bere zenbait laburmetraia Frantzian debekaturik izan baita— askatasunarengatik eta askatasunerako filmeak.

Zinema modernoaren lengoaiaren sortzaile gutietariko bat eta bere estilo berezia duen filmegile honen ezagugarriak honela eskematiza daitezke:

Istorio Indirekto baten bidezko konpromezu zuzena

 Hiroshima mon amour, filmean, esate baterako, Hiroshimari buruzko filme bat egitera doazen aktore bien arteko amoriozko istorio bat dugu, emakumea frantsesa da eta gizonezkoa japondarra, istorio horretan bion doloreak bat egiten dira: Emakumearena nazien kontzentrapen zelaietako gertaera batengatik eta gizonezkoarena, tragedia atomiko berberagatik. Muriel ou le temps d'un retour, probintzi hiri batetako bost pertsonaien arteko inkomunikazioa agertzen zaigu filmean, protagonista obsesionaturik bizi da, Algeriako gerlan neska baten torturatzearen lekuko eta partaide izan zelako. La guerre est finie 1965.eko Espainiari buruzko gogoeta bat da, militante politiko baten tragedia partikularrean oinharriturik.

Literatura zabaltzen duen egile bat

Marguerite Duras (Hiroshima), Alain Robbe Grillet (Marienbad), Jean Cayrol (Muriel), Jorge Semprun (La guerre est finie eta Stavisky), Jacaues Sternberg (Je t'aime, je t'aime), David Mercer (Providence), Resnaisek aberastu egiten du aktore hauen unibertsoa eta beretzat hartzen, literaturan sustraitzen den mundu bat kreatzeko, baina apartezko kreazio bat lortuz.

Irudimenaren aztertzaile

Resnaisentzat, André Malraux-en loba eta suhia, errealitatea ez da soilik errealismoa —hitz errazez nolabait esatearren— errealitatea pentsatu, imajinatu, amestu... egin daitekeen guztia da. Subskontzientearen paperak kontzientearena bezain inportantea, edo inportanteagoa baita, guk ez ohi dugu errealitatea irudi fotografiko, objektibo eta hotz bat legez ikusten beti, zentzazio, oroitzapen, desio eta abarrekin erlazionaturik baizik. Hortik, denbora objektibo eta beste denbora mental baten esistentzia, eta gu benetan bigarrenaren barnean mugitzen gara. Resnaisen filmeetan sarri erabiltzen da gai hau (Jorge Semprun-ek idatzitakoetan bereziki).

La guerre est finie (1965)

Espainiako Zentsurak hamabi urtez debekaturik izan ondoren, ohizko filme politiko bat irudi dakiguke, baina izatez,

sinplekerietan edo eta manikheismoetan erortzen ez den filme politiko bakanetariko bat dugu. Filmearen gaia espainol iraultzaile bati buruz da, Diego Mora, Frantzian bizi dena, aktibista profesionala eta liberatua, Jorge Semprun (Le longue voyage, La deuxième mort de Ramón Mercader, Autobiografía de Federico Sánchez), gidoiegilearen bizitza errealarekin kontaktatzen duen hainbat puntu duena, sasoi hartan Partidu Komunistatik espultsatua. Diego Mora aktibista bat da, ekintza gizon bat, eta bere ekintzarik ezin buru dezakeenean, sutu egiten da bere irudimena, hori dela eta, filmearen pertsonaiak errealitatean baino lehenago bere irudimenaren eskenetan azaltzen zaizkigu: pertsonaia hauk agertzean, Diegoren irudimenak sortutako imajinen onespen bat gertatzen da. Diego Morak ukatu egiten du Espainiako ezker osoaren kontzientzia txar lirikoa: Berak ez du gerlan parterik hartu; gerla egin dutenek nazka sortzen diote, jadanik esistitzen ez den errealitate batetan bizi baitira, eta bera, orainaldi honetatik eraiki behar den etorkizunaz pentsatzen bizi da (filme honen aurkezpenak bai gobernu frankista eta bai PCE-ren protestak sortarazi zituen).

 La guerre est finie militantziari buruzko filme bat da, politika egitea zein zaila den erakusten da, militante batek bere erabakiak egitate eta egoera objektiboetan oinharritu behar baititu eta bere amets eta desioek ez lukete eraginik izan behar ekintza konkretu eta problemen aurrean dagoen egoera psikologikoan. Diego pertsona argi bat da, bere desio pertsonal asko baztertzen badu ere, ondo kargutzen da Franco ez dela eroriko sekula iristen ez den mirakuluzko greba profetiko batez. PCE-ren buruzagiek, errealitatearekiko egiazko kontakturik gabe, 1930.ean bezala tratatzen baitituzte problemak.

Filmeak burruka bide guztietaz egin behar dela diosku.

Resnaisi interesatzen zaio beste aspektu bat, ekintza iraultzaileak bizitza pertsonalean dukeen intzidentziarena da: bere burua arriskatzen eta atezuan etengabeki bizi behar duen gizabanakoa izanik, logikoki, bere bizi harremanek, bortitzagoak, biziagoak behar dute izan; amoria egiten duenean ere, interes berezi batez egiten du, agian, azkenik eginen balu bezala.

Claudín eta Semprunek beren bizitzetan konpondu behar izan zuten problematika berbera planteiatzen digu. Filmearen ardatza diziplina iraultzailea eta egia iraultzailearen arteko kontraposizioan datza. Kontraposizio hau alderdiaren kontzepzio hierarkikotik dator; erabaki guztiak Komitean hartzen dira (honek dogmak eta menpetasunak posibletzen ditu), eta hau "egia guztiak iraultzaileak" direla dioen oinharrizko arau marxista harekin kontraesanean dago.

Providence (1976)

Orain arte, Resnaisen azken filmea, kreazio artistikoa eta errealitate subjektiboari buruzko filme bat da eta, batez ere, heriotzearen kontrako filme bat. Ongi berezirik dauden bi partetan zatikaturik dago:

1. Clive Langham, idazle zaharra ipurdiko kantzer batek jota dago. Gau oso bat pasatzen du bere burua mozkortzen eta, agian, bere azken elaberria izanen dena prestatzen: bere burruka bere bizitza eta besteenei eusteko burruka bat da. Parte honetan pertsonariaren bere Providence etxeko irudi bakartiak, eta amesgaiztoak agertzen dira (gaztek zaharren kontra egiten duten gerra, futbol zelaiak kontzentrapen zelaiak bihurtuz, jende nagusia bertan giltzapetzeko), bai eta ere egiten ari den nobelaren irudiak, bere pertsona hurbilenen bidez ikusten dituenak, Claude bere semea, Soria bere erraina, Kevin bere seme naturala, eta bere burua hil zuen bere emaztea, Helen. Berak fabrikatzen dituen pertsonaien irudiak eta bere pertsona maitatuenenak adiskidetu nahi dituen agure baten produktu mentalak aurkitzen ditugu hemen. Honela filmearen galdera nagusia agertzen da: zer gara benetan? geuk uste duguna, ala egokitu egiten dugu geure irudia, besteek gutaz pentsatzen dutenaren arauera? Obra honetan, bada, errealitateari, itxurei eta irudimenari buruzko interrogazio hau planteiatzen zaigu. Pertsona batetaz daukagun ideia, benetan berak pentsatu eta egiten duenaren ondorioa da ala geuk asmatutako egoera batetan, berak egingo dukeena edo egiteko gauza dena imajinatzen dugunaren ondorioa da? Askotan, egileari berari ihes egiten dion kreazio gau honen lekuko izaten gara: Clive bizi da, bere adimenaz iristen zaion materialea organizatzen biziki saiatzen delako, baina adimen horrek gaineztaturik gertatzen da. Modu honetan, artista bere obraren egilea delako teoria apurtu egiten da. Resnais-entzat artista, arteak bere errealizatzeko erabiltzen duen tresna huts bat da.

 2. Bigarren partean (lehena baino bost aldiz laburragoa dena) Clive-k bere urtegunean bere hurbileko pertsonekin egiten duen bazkaria dakusagu: orain dena da erreala, normalki esaten dugun zentzuan. Eta errealitate hau bestea baino distiratsu eta fantastikoagoa dirudigu, zeren Clive-k izkutatu eta osatu egiten baitu batera.

 Oso zaila da filme honetaz literaturki berba egitea, kontzeptuak agertzeko erabiltzen diren zentzazioen filme bat delako. Askotan, komedia tragikoak legez bukaturik, bizitzari egindako kantu bat da, eta Muriel eta Je t'aime filmeak bezala, plano bakoitzetik misterio ttiki bat bihurtzea lortzen duen autore honen filmerik erdiragarrienetariko bat. André Bretonek zioen bezala: "Fantastikoak duenik miresgarriena zera da, ez dela esistitzen, dena da erreala".

Jose. J. Bakedano


Gaiak. Gramatika

Batzoki ala batzokia

Gauza ezaguna da, Euskal Herriko herri eta hauzategi askotan EAJ alderdiak bere batzarlekuak dituela: "batzokiak" berek erabili eta promozionaturiko hitzean. Erakundetze hori alderdi horretakoen meritua denik ezin uka; bestalde, hainbeste abantaila lortzen ditu modu horretan. Edozein modutan, artikulu honetan ez gara arituko batzokien garrantziaz, berau gramatikazko saileko artikulua baita. Hemen puntutxo sinple bat aztertuko dugu eta zera da: Zenbait lekutan Batzoki irakurri dugu eta beste zenbaitetan, Batzokia. Eta desberdintasun ttiki hori ikustean, bietariko egokien edo zuzenena zein den pentsatzen hasi naiz.

Ene ustez, arazoa nahiko argi dago Batzokia formaren alde. Euskaraz gauzen izendapenerako -a mugatzailea erabili ohi da, nahiz eta kasu berean gaztelaniaz —edo espainolez, konstituzio espainolak ongitxo dioen bezala— artikulua erabiltzea beharrezkoa ez den. Puntu hau inork sakondu nahi badu, informazio gehiagorako P. Goenagaren liburua (Gramatika bideetan, 52 horrialdea) edo Villasanteren "La Declinación del vasco literario común" delakora (52, 108, 109 eta 110 horrialdeak) jo dezake.

Horrela, ba, euskaraz aritzean, hobe da Batzokia erabiltzea, nahiz eta erdaraz aritzean El Batzoki esan daitekeen. Eta EAJ alderdiak horrelako batzarlekuak (edo batzelekuak) prestatzean izena euskaraz ipini nahi diela uste dudanez —bestelakorik ez dut pentsatu nahi—, ba, Batzokia idatz dezatela eskatuko nieke, ezer eskatzeko inor banintz (euskaldun naizen aldetik, horretarako norbait ba naizela uste dut hala ere).

Denetara ere, umorea galdu behar ez denez, bestalde, probetxatu eginen dut, ea zer kriterioz hartu den el Batzoki erdaraz hitz egitean. Euskal Batzokiari sexurik ikusten ez diodanez, erdal Batzokia maskulino izateak pentsatzeko bidea eman dit, neutrua zela uste bainuen. Eta zergatik ez femeninoa? Beno, aingeruen sexuaz ezertxo esaterik ez dagokeenez, agian honetaz ere antzera gertatzen bide da.

Bukatzeko aurreko korapilo hori askatzean denbora gal ez dezaten esanez —ba da hori baino gauza interesgarriagorik askatzeko—, bi gauza ttiki eta sinple eskatuko dizkiot, behintzat fisikoki Euskal Herrian kokaturik dagoen alderdi horri: Lehena —beste alderdi guztiei bezala— euskaraz pentsa ditzala egintzak; eta bigarrena, bere batzokietan falta den -a letra ipin dezatela.

Ez dut uste, bigarren eskaria gogorregi eginen zaienik, lehenari buruz neure zalantzak baditut ere. Batek baino gehiagok -a baten falta huskeria bat dela pentsatuko du agian. Baina izen hori izen publikoa da, jendeak egunero ikusten duena, eta horrelakoetan ardura berezia jarri behar dela uste dut.

Beraz, Batzokia; Amarako Batzokia eta Elgoibarreko Batzokia bezala.

J. R. Etxebarria


Gurutzegrama

Larry Trask


[Komikia]

Etxenike, Xabi