ANAITASUNA
1978.EKO AZAROAREN 1/30EKOA
371-372. ZENBAKIA
50 PZTA.
[AZALA]
HAMASEIGARREN PUNTUA
AURKIBIDEA
3. Aurkibidea
4. Editoriala
5. Diskoak eta Liburuak hamabostero. X.Gereño eta K. Arko.
6. Lekunberriko Usategia. M.L. Uhaitze. (Iparraldeko usategiak ere kanpotarren eskutan. Bertako egoera kolonialaren beste adierazpide bat.)
8. Laudio: Autoorganizazioa. M.c.E.
12. EAJko neokarlistak eta HERRI BATASUNA. Mendizabal.
14. Politikazko kronika. (Euskal Herriko abangoardia kontrako ofentsiba bati hasiera eman dio Estatuko burjeseriak. Oraingotan PNV, PSOE, PC, PT, eta ORT).
16. Hamabost egun hankaz gora. (Ireki berria dugun sail hau euskara ikasten ari direnei eskeinita). I. Zabaleta, B. Zia.
19. Ohar laburrak
20. Sukalderako saltsak.
22. Elkar Ikuska. T.L. (Iribarrekin hizketan)
24. Txiki Benegas eta Bakearen aldeko kanpaina. J. Agirreazkoenaga.
25. Joan Paulo II gure aita santua. P. Agirrebaltzategi.
26. Konstituzioa dator zer egin? Itziar Urtasun. (Emakume bezala, konstituzio honi ez, ala konstituzioei ez?)
28. Erresistentzia kulturala. M. Pagola. (Euskal Herria nekatzen ari da. Bere erresistentzia politikoan agertu den prestutasuna ez da agertzen erretsistentzia kulturalean.)
30. Egia du Urrujulegik. Txillardegi.
31. Euskal Herritik Georgiara Moskun zehar (3). X. Kintana.
34. Kirolak. J.R. Bilbao
36. Bertolucci. I. Zuazo.
38. Komikia. X. Etxenike.
39. Kaka Erdarari. J. Lopintan
40. -A- mugatzailearen erabilera. (Gramatika). J.R. Etxebarria.
41. Gurutzegrama. Larry Trask.
42. Kaleko. Olariagako.
ANAITASUNA
KOORDINAKETA
J.R. Etxebarria
ERREDAKZIOA
J. Llerandi, T. Trifol
ERREDAKZIO KONTSEILUA
J. Agirreazkoenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J. Aurre, J.R. Etxebarria, X. Kintana, E. Knör, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.
ARABA
E. Knör
BIZKAIA
J. Llerandi
GIPUZKOA
I. Urtasun, A. Oiartzabal
IPARRALDEA
M. Lanatua
NAFARROA
I. Zabaleta
NAZIOARTEKOA
T. Trifol, M. Alvarez, A. Eskisabel
IDAZLE ETA LANKIDEAK
J. Artzelus, X.Gereño, J.M. Torrealday, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, I. Azkoaga, J.L. Alvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionaindia, J.J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxebarri, B. Barandiaran, K. Arko, J. Iturbe.
MAKETAPENA
R. Zumalabe, J. Etxebarri.
KOMIKIAK
A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike
PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA
J. Idigoras, A. Uria.
IDAZKARITZA ETA ADMINISTRAZIOA
Zabalbide 68-entlo. BILBO
Tfnoa: 4335800/8
MOLDIZTEGIA
Iparragirre S.A.
Carretera de Galdacano s/n. BILBO.
Editoriala
Estatu honen demokraziarako bidean dagoen arazorik latz eta konpongaitzena Euskal Herria omen da. Berton bakarrik aurkitzen baita gaur egun, frankismoa erreformatzeko sareetan erori ez den herri sektore aski zabal bat.
Anitzetan esan digute Madriletik —esan bakarrik— Euskadiren arazoaren konponbideak politikoa izan behar zuela halabeharrez. Konforme gaude. "Euskal problema" ez da desagertuko, frankismotik datorkigun zapalkuntza egoera desagertzen ez den artean.
Halabaina, behar dugun konponbidearen ordez, Madrileko gobernuak diktadurak eman zion erremedio berbera ematen ari zaio Euskal Herriari: Errepresioa. Hor ditugu Martin Villaren 15 puntu berriak: Kontrolak, kuartel berriak, polizia gehiago etab. betikoa. Eta hau guztiau lege antiterroristaren efikazia handitzeko.
Errepresioaldi berri hau ez da, hala ere, duela urte batzutako "salbuespen egoera" haietakoa bezain indiskriminatua izanen. Orduan edonor izan zitekeen diktaduraren erasoen biktima. Oraingotan atakatuak, Martin Villak hain ongi errepresentatzen duen demokrazia honen desestabilizatzaileak izanen dira, eta erasook oposiziozkoak deitzen diren alderdi majoritarien onespen edo "abstentzioarekin" egingo dira.
Ez dira, ordea 15 puntu soilik. Euskararen desagertzea etengabeki jarraitzen da egunero, eta ez dezakegu oraindik esan optimista sentitzeko motibo handirik dagoenik. Ikastola asko Nafarroan batez ere hixteko puntuan daukagu. Euskal komunikabideen egoera gero eta zailagoa da. Laster sentitu ahal izanen dugu herri irratien kontrako kolpea, eta hauxe izan liteke 16. puntua. Sistimari integragaitz gertatzen zaizkion ahots guztiak isilaraztea komeni zaio. Gero, seguru asko, antzeko puntu gehiago etor dakiguke.
XOXOA izenarekin agertu berri zaigu musika estrukturak sortzen jarraitzeko entseiurik irmoenetariko bat. Herri honetan izan dugu jadanik zenbait iniziatiba diskografiko ("Herri Gogoa", "Artezi", "IZ", "Elkar", etab.), baina premiazkoa da arlo honetan egiten den gauza "berririk" kriterioz eta erregularitatez bultzatzen saiatzeko ekipo bat, folklore eta herrikoi musikaren ikerketaren hildoa abandonatu gabe, honetan pozik senti gaitezke "Herri Gogoak" egindako lanaz.
Asmo honekin agertu zaigu XOXOA, ilusioz bete gaitu bere aurkezpendeian konkretatzen dizkigun lan batzutaz. Hauetarik ANAITASUNAk dituzten antzeko berezitasunengatik bi azpimarkatu nahi ditu, sortzen ari den euskal Rock-mugimenduan biziki inportanteak izan daitezkeelakoan.
ITOIZ
Ref: XOXOA X 11101
Gustatu ala ez, gitarra elektrikoa iritsi egin da gure baserri eta arrantzaleen etxeetaraino, eta errealitate hau, gazte asko rock musika lantzera bultzatzen ari den egitate bat bezala hartu behar dugu.
Zentzu honetan, ITOIZ-en lehen L.P.ak (Motrikoko Indar Trabes-en errautsetatik sortua) Euskal Herrian arlo honetan egin diren ikerketarik sakonenak agertzen dizkigu.
Hasieratik harrigarri gertatzen zaigu ITOIZ-en lana, agertzen den kriterio afinitateagatik. Beren rock teknika berezia da, diskoaren prestakuntza ingeles eta amerikar influentzietan oinarriturik egon arren. "Lau Teilatu" eta "Zati txiki bat" bezalako tema akustikoak, "Hilzori" eta "Goizeko deihadar" moduko kantu ongi burutuekin agertzen dira, diskoan kalitate izugarria emanez.
Agian lehen kantariaren ahotsak ez du rock kantarien ohizko bizitasun eta zolitasuna, baina koxka beronekin ohitzean datza.
Pianoak eta xirula, gustatzen zaigun modu batez joak, halako taldeetan guttitan ikusten den lirikotasun bat ematen diote diskoari.
Hitz bitan esateko, euskal rock-aren lehen entseiu serioren aurrean gaude.
"Bizi bizian" ERROBI
Ref: XOXOA X 11100
"Bizi bizian" Hego Euskal Herrian, definitiboki talde bat bilakatu den Errobi-ren lehen bilduma ofiziala dugu eta teknika aldetik "zuzenki" grabatu diren disko apurretarik onena dugu.
Tolosan eta Azkoitian grabatuta, disko honetan Iparraldeko musikalari hauen kantu zahar eta ezagun guztiak daude. Baina zenbat funtsezko berriketei esker, hala nola "Gure lekukotasuna", "Aitarik ez dut" eta "Kanpo" kantuetan egindako aldaketak, berriak eta biziagoak bailiran entzun ditzakegu. Hauetan Mitxelek gitarraz duen trebetasuna frogatzen digu, dudarik gabe berau da gure herrian daukagun onena.
Kasu honetan, esanahi berezi bat duen produktorearen lana azpimarkatu nahi dugu.
Publikoaren giroaz egiten den kaptazio aski ezregularra dugu eta kantuen testuak, gure herriaren sasoirik panfletarioenetik aterata daude eta honek baldintzapetu egin du Errobiren estruktura musikala.
"Herri bat sortu zen" EIDER
Ref: Zafiro-Txindoki NLX-1102
Euskal diskografia herrikoiari EIDER-eko donostiarrek egiten dioten bigarren aportaketa honetan, gure kantutegi tradizionalaren kantu zaharrak musikatzen jarraitzen dute. Disko honetarako aukeratu diren abestiak ez dira lehengoak "Eguberri Abestiak" bezain erakargarriak. Batzu Donostia eta Nafarroako kantuak dira eta besteak, arlo honetako "peoiak", Aita Donostiak, Garbizuk eta abarrek bildurikoak.
Gabon kantuetaz egin zuten lehen lanaren hutsuneak zuzentzeko, Eider-en tresna eta musik kezkak, aberastasun musikal handiago bat planteiatzera eraman ditu, berau lortzeko hari tresnak batez ere erabiliz; zenbait kantutan honek melodiak azpimarkatzen ditu, baina beste batzutan desproportzionaturik gertatzen da eta espontaneitatea kentzen dio diskoari. Gure eritziz, giro bukoliko bat eta mistizismo estetiko nabariduna ez da lortzen diskoa musikalki gehiegi kargatuz eta kasu honetan, hori da, teknizismoaz eta ahotsen gogortasunaz batera, "Herri bat sortu zen" entzuteko bilduma aspergarri eta emoziorik gabeko bat bihurtzen duena; eta hau gertatzen da ere jatorri sakratuzko kantuetan ere. Hala ere, Eider-ek lortu nahi duen tradizio errekuperapenezko premiari ondo erantzuten dion disko bat dugu.
Karlos Arko
Txistu ikaskizunak, Joxe Inazio Antsorena. Lankide Aurrezkiak argitaratua. 204 horrialde.
Liburu hau ez da txistu ikasten hasteko metodo bat. Helburua egileak berak azaltzen digu: "Ba zeuden lehendik Lizarrako A. Olazaranen eta nire aitona Ixidroren metodoak. Baina hauk behe maila batetan gelditzen ziren. Bestalde R. A. de Santiago-ren "Estudios Superiores" direlakoak oso goi mailakoak ziren. Erdialdeko hutsune hau nolabait bete beharra zegoen. Hauxe da esku artean duzuen liburuaren helburua. Txistulariak bere lehenengo notetatik ikasturte guztiak bukatu arte, bide luze horretan ez du hutsunerik aurkitu behar".
Artea eta gizartea, Joxe Azurmendi. Kriselu (L. Haranburu) editorea. 96 horrialde.
Azurmendik gaia lau kapitulutan aurkezten digu: 1. Artearen soziologiaz, 2. Artearen soziologi faltaz, 3. Klaseak artearentzako dilema? eta 4. Klase bi ala gehiago? Gero, konklusioak egiten ditu. Lan hau burutzeko autoreak hainbat lan aztertu ditu, eta hauen artean Andu Lertxundiren obra, Patri Urkizurena, Ibon Sarasolarena, etab.
Hirugarren atalak, Bitaño. Gero editoriala (Kimu saila). 134 horrialde.
Ipuinak eta olerkiak, gaztetxoentzat idatziak bereziki. Liburuaren azkenaldean "Ohar-sorta" delakoa, lehenengoa Amatiño kazetari trebeari eskainia eta azkena Durangoko Gerediaga elkarteari.
Ipuinak, Bitaño. Gero editoriala (Kimu saila). 84 horrialde.
Hemeretzi ipuinez osatuta, liburu hau irudi ugariz alaituta aurkezten digu Gero editorialak.
Jurgi kapitaina Bretainian, Xabier Gereño. "Pipa saila". 128 horrialde. 150 pezeta.
Nobela poliziako honen eszenatokia Bretainia eta Jersey irla dira. Jaun aberats bat itsasoan desagertzen da eta Jurgi kapitaina gertakizun hori argitzen aritzen da.
Osaba Gabrielen asasinatzea, Xabier Gereño. "Pipa saila". 160 horrialde. 150 pezeta.
Nobela poliziakoa. Joan den gizaldiko kutsua duen etxe batean gertatzen da heriotze bat. Susmatzaileak hainbat dira eta ikertze lana zaila. Familiaren foto albuma aztertzen lortzen du Jurgi kapitainak arazo hau argitzea.
Xantaia kontesari, Xabier Gereño. "Pipa saila". 160 horrialde. 150 pezeta.
Nobela poliziakoa. Iruiñean gertatzen da, 1978 urteko Sanfermin odoltsuetan. Jurgi kapitaina jaiak igarotzera joan zen, baina hara non zezenplazakoa gertatzen da, kaleak barrikadez betetzen dira... Giro horretan lan bat gomendatzen diote eta Jurgi profesionari bezala eta abertzale bezala aritzen da.
Begia begi truk, Jon Etxaide. Gero editoriala. 124 horrialde.
Teatro lan bat da, drama bat, orain hainbat urte "Egan" aldizkarian lehenik argitaratuta. Orain, ortografi aldetiko ikutu batzu egin ondoren, liburu hau osatu da. Gaia, Bereterretxeren gertakizun famatua da. Beraz, gai historikoa, Nafarroa eta Castillaren arteko burruken denboretakoa
Xabier Gereño
Euskal Herria
Lekunberri dugu Iparraldeko herri xarmegarri eta polit bat. Ez pentsa, arrangurarik eta griñarik gabe dela. Ezen Behenafarroako herri honetan beste asko herrietan bezala ihiztariak baidabiltza. Lekunberrin bertan, usoen arrapatzeko sareak badaude. Mendeetan zehar ohitura zahar hori gutarteratu zaigu. Lehenago, Lekunberriko jendeek berek zituzten gozatzen usategiko usoak, gaur aldiz parterik haundiena ostatuetara edo kanpora doa. Lehenago bertakoak baldin baziren beren deskantsabideen nagusi, gaur kanpokoek digute agintzen. Bordeletik edo Landesetatik badatozkigu ehunka gizon eta emakume aberatsak. Hargatik, eta arrazoinekin, hemen bereko ihizlariak asarre daude. Hau dudarik ez arazo orokor bat dugu Iparraldean, bereziki Zubero aldean eta mendialde guztietan.
Dena dela, arazo samin horri ez diogu gaur erantzunen. Gauden beraz Lekunberriko usategi honen presentazioan. Hamar bat langilek lan egiten dute usategian, bistan dena ez daitezke hilabete baten lanaz bizi. Baina lehen lehenik deskantsabide bat dute bilatzen, atsegin bat, hain zuzen, ihiztariaren atsegina. Ulertuko dugu beraz, hauen arazo nagusiena ez dela hilabete saria edo hilabetean zenbat diru irabaziko duten, beti ihiziaren atsegina daukate lehen. Esan beharrik ez, soldata ttipiarekin dabiltzala eta kontentatzen direla oso gauza guttiz. Soldata hori gauzaz eginikakoa da, arrapatuak diren usoetaz ordainduak baidira langileak. Nagusiak zati bat beretzen du eta gaineratekoa langileei uzten. Ondoren langile hauek nagusiak utzi dioten partea hamarren artean zatitzen dute. Hots, bakoitzarentzat horrenbeste uso langile bakoitzarentzat kantetate berdina. Arazoa da banatzearen neurria nola eta nork erabakitzen duen. Nagusiak eta langileek usoaldi berdina daukaten zatikatzeko?
Nor da nagusia? Nagusia ez da bertakoa baina Parisen da bizi eta han lantegi baten zuzendari bezala lan egiten.
Gainera, Lebrun jauna ez bakarrik Lekunberriko usategien jabe baina da ere etxalde edo baserri baten jabe. Etxalde horretan etxetiarrak dauzka, esan nahi baita lur lanak eta etxe lanak daramatzan nekazaria ez dela ez etxearen, ez lurraren jabe. Arren, Lebrun jauna ez da karrikan topatzen dugun lehen pobre etsituetariko bat. Ahantzi gabe, esan dezagun ere bost edo sei ihiztari txabola aloiatzen dizkiela jende arrotz batzuei. Jakina, diruan truk.
Oraindik uso asko ez da pasaturik eta jakin dugunez lehenbiziko usoak ez omen dira hiltzen. Hauk saltzen dira bizirik beren zerbitzua daukatelakotz apego bezala. Ziri bati estekatzen dira, burua estaltzen zaie eta mugiarazten. Horrela, airean pasatzen den usoa jeisten da zuhaitzetara eta gero tirokatzen. Anitz ihiztariek nahiago dute ihiziera hau "horrela bederen usoak suerte bat dauka bizirik ateratzeko. Saretan aldiz gaitzeko desmasia egiten da". Hau da askoren pentsamoldea, bertako anitz ihiztarien sendimendua. Nabari da, arrotzen atseginak ez duela bertako ihiztari xumarena egiten. Bi interes ezin konponduak?
Saren jabearentzat ere apego biziaren saltzea dirubide interesgarria da. Hain zuzen uso bizi bat 35 F saltzen baita eta uso hila aldiz 20 F baizik ez. Jakin dezagun ere egun on batekin 400 uso arrapa daitezkeela sareetan.
Bai, usategiak gauza ederra dira, usoa gauza librea eta xarmanta. Baina azkenean nor da usoa eta nor da ihiztaria? Nork dauka nor estekan Lekunberriko usategian?
M. L. Uhaitze
Euskal Herria
Basauriko San Faustoak amaitu eta egun batzuk geroago, urriaren 23tik 27ra, bertako hauzokide elkarteek herri burrukari bultzada bat eman nahiz, aktibitate batzuk antolatu zituzten. Antzerki saio batek eman zion aste honi hasiera, "Cómicos de la Lengua"ren "Vivir por Bilbao" delakoak, halegia.
26an "Experiencias asambleares en Llodio y Rentería" eta 27an "Sanidad en Basauri".
Hoja del Lunes eta Eginek hitzaldi hauen berri eman zuten; eta kartelak eta eskuzko programa batzu banatu ziren Basauritik, azken hauk ez bezain beste, agian, baina, dena dela, harrigarriegia gertatu zen hitzaldi aretora joan eta hogeitabat lagun besterik ez biltzea. 26ko hitzaldira ez zen Errenteriakoa heldu. Bukatu ondoren hurrengo egunerako megafonoz deitzea erabaki zen. 27ko hitzaldian 53 lagun bildu ginen... Zer gertatzen da hauzategi eta mugimenduan? "Demokraziak" drogatu egin al gaitu?
Hitzaldi hauetan zehar aztertu ziren arazoen garrantzia eta aktualitatea dela eta, horrialde hauetatik bertan eztabaidatutakoa ateratzea interesgarria dela bururatu zaigu.
Laudio: autoorganizazioa
Arazoak eta berezitasun batzu
Laudioko herria, herri langile bat da —% 90 langileak dira— eta bertako gehienak, % 70 inmigranteak. Laudiotarren semeak % 25 inguru dira.
Herri oso deseuskaldundua da eta kanpokoak eta bertakoak elkartzeko arazoak eduki dituzte. Alde batetik oligarkia espainolak bultzatutako ohizko sarrerak: inmigranteek eritzi deformatu bat ekartzea eta bertakook inmigranteei aurpegi emateak: belarrimotz eta abar... deitzen ibiltzera bultzatzen badu, horrez gain herriko haundimaundiek etxe erregionalak eraikiko zituzten, Movimiento zelakoaren diruaren laguntzaz integrazioa gerta ez zedin.
Laudio bizitza maila handikoa dugu; adibidez, bertako TUBACEXeko langileen soldata minimoa, 40.000 pesetatan dago, eta noski... besteak ere soldata berdinak jartzera behartuak aurkitzen dira. Herri Marqués de Urquijoren (Ibarra, Delclaux... eta abarren ahaidea bera) jabego pribatua zen.
Hazkundea beste tokitan bezala desorekatsua izan da; 1940. urtean 2.000 orain 20.000tik gora... zerbitzu mailako azpiegitura eta urbanismoa guztiz eskasa. Nahi izan duenak nahi izan duena eraiki du.
Herria, parte bitan banatua dago eta muga triple batez gainera —Burgos-Madrilerako bidea, hibaia, eta trenbidea— parte biak elkartzeko zubi bat eta subterraneo bat besterik ez dago...
Administrazio faxista bat eduki izan du; ez daki inork Arabako Diputazio Foraletik zetozen presupostuak gelditu izan diren. Kontzientzia maila ere ez da oso gora izan; oso mobilizazio gutti gertatu dira. Lehengoko huelga generalean —Gasteizeko martxoagatik— izan zen eta lantegi guztiak gelditu zuten. Gero Txiki-Otaegi eta Frapekoen erahilketagatik, irailean, eta azkenik aurtengo Iruinea, Donostia eta Errenteriko gertakizunengatik.
Egoera berri baten hasiera
72.etik hauzokide elkartean lanean ziharduen 20 pertsona inguru ezker abertzaleko jende polizitua eta apartidista) gogoz mugitzen hasi zen eta urte berean, Urkijoren finka bat dela eta, hauzi bat irabazi zioten udalari. Hauzokide elkartearentzat propaganda ezin hobea bilakatu zen hauzia irabaztea.
1973-4. Elekzio munizipalen garaian, debate bat ireki zen hauzo elkartean, parte hartu ala ez erabakitzeko.
Sistemarekin kolaboratzea suposatuko lukeela zioten batzuk, barrutik ere salatu beharra zegoela besteek. Azkenean parte hartzea erabaki zen eta 3 kontzejal ateratzeko kanpaina bat egin zen. Faxistek, terna batzuk atera zituzten, baina alferrik zeren hauzo elkartekoek % 70 botu aterako zituzten. Udalak gestio garbi bat eraman zezan, ekin zioten lanari aipatutako hiru kontzejalek.
76.ko abenduan —erreferendunaren garaian— amaitu egiten zitzaien botere-aldia eta dimisioak egon ziren, beraz udalean zegoen botere-hutsaz baliatu ziren herri-gestioaren alternatiba bat ateratzeko. Alternatiba honen helburua hauzoetatik hasi eta herri osoaren gestio zuzena izango da. Kontzejal guztiek onartu eta geroago 76.ko urtarrilean egin zen plenoan, onartu egin zen. Gero, gubernazionak ere onartu egin beharko zuen.
Dakusazuenez, aipatutako iniziatiba hori, goitik beherakoa zen, halere kontzejalek hauzoetara bideratuko zuten, asanbladak bultzatuz eta beraietan beharrizanen zerrendak eztabaidatzen hasi ziren.
Laudio 8 hauzategitan organizatu zen (hauzo bat baserritik eta herritik kanpo dauden etxeen multzoak osotua). Botere nagusia hauzoetako batzarrean egongo da; ondoren, errepresentatibitate guttiagoz, elkarteen asanblada. Hauzo eta elkarteetatik hauzoetako komiteak sortzen dira eta hauzo bakoitzetik aukeratutako ordezkari bi. Eta elkarteetako lau ordezkariak udalaren plenoa egiten dute.
Komisio mixtoa "O" aipatutako 16 ordezkariek osotuko dute; langileen asanbladaren ordezkariek parte har dezakete, baina langileriaren erakunde unitarioa erakartzerik ez da lortu, zeren zegoen lantegi koordinarok lurra jo baitzuen zentraleak legalizatzera joan zirenean.
Beraz ba dugu alternatiba martxan; bere ondorioak eta posibletasuna ikusi bezain laster eta hauzokide elkartearen funtzioak udalak betetzen dituen ezkero, aktibitate gabe gelditzen da. Halere ez da desegingo; zeren elekzio munizipaletan herri kandidaturak irabaziko ez balu, hauzo-elkarteak bildu beharko lituzke berriz iniziatiba guztiak. Laster mila miloi baino gehiago lortu beharra egongo da, aipatutako beharrizanen zerrendari eusteko. Planteamendua zergen berestrukturatze batekin egin zen —trafico de empresas— delakoarekin... Presio pixka bat eginda, diputazioak diruok eskaini behar izan zituen. Segidan azterketa soziologiko bat eta informazio aldizkari bat egitea pentsatu zen.
Helburuak
Hiru ideiotan dautza:
1. Elekzio munizipaletarako herri kandidatura bateratu bat bultzatzea. Honen berezitasuna, gestio zuzena...
2. Demokrazia zuzenaren eduki didaktikoan sakontzea.
3. Alternatiba hedatu eta erabilgarria dela erakustea. Hau da, Euskadiko beste edonon ere aurrera eraman daitekeela frogatzea.
- Alternatibaren bilakaeran eragin handia eduki du egoera politikoak.
- Udalaren mailan, planen onartzea lortu da, baina planifikazio eskasa egiten zenez gero, edukazio eta kontrol arazoengatik, ejekuzioak ez zituen bere helburuak betetzen.
- Eduki didaktikoa, neurri handi batez, ahaztuta gelditzen da ez da planteiatzen asanbladak berak hezitu eta irakatsi egiten duela.
Gaurko egoera
Alde onak lehenengo eta gero txarrak aipatuko ditugu.
1. Ipesek eta hauzokideek egindako azterketa soziologikoa, bukatuta dago. Beste gai batzu ukitzen hasi dira.
Planifikazioa honela egiten da: komisio mixtoak lehenengoko prestaketak egin eta arazoa —adibidez urbanizazio bat edo sanidade alternatiba bat— komisio teknikoak hauzokide talde batekin landu egiten du. Azkenez, asanbladak du hitza, onartu ala ez.
Urbanismo mailan "konstrukzio epeen" alternatiba erabaki da. Hau da gune bakoitza zerbitzu guztiez osotu arte ez da beste gune bat urbanizatzen.
2. Udalaren presupostuetan sartzen den informaziorako aldizkari bat atera da: "Aukera" deitzen da.
- Oztopo handi bat burokraziarena da. Akordio guztiak inpugnatu egin daitezke, nahiz plenoan onartuak izan. Tramite legalak ez badira betetzen, funzionarioek inpugnaziora jotzen dute. Beraz legalitate faxista boikoteatzeko erabiltzen da. Adibidez akordioak hile bete, egon behar dute iragarkietan agirian; subastetarako ere hainbat tramite bete behar dira. Orduan arriskua, gauzak aurrera ezin eramanda ibiltzea izango litzateke.
Alderdi politikoen jarrerak aztertzea ere komenigarria da. Gehienak alternatibaren aurka daude. Beste batzuk alde... baina aurka... delegazioa eta planteamendu hauk utopikoak direla diote eta % hamarrek bakarrik parte hartzen duela. Ezker abertzalea alde jarri izan da.
Elekzio jeneraletan UCDek irabazi zuen, gero PSOE, PNV... alderdi hauek gestorak bultzatu nahi dituzte.
Elekzio munizipaletan ez dakigu zer geratuko den. Alternatibaren aldekoek kandidatura bat aterako dute. Alternatibak irabaziko ez balu ekintza guztiak hauzokide elkartera pasatuko lirateke kontrolatze politika bat egiteko.
Dena dela hauzokide elkarteek kontrolatze-lanetik at ez dute gestioak suposatzen duen mailara igoten. Argi dago gizarte sozialistara heldu arte ezina dela benetazko herri-gestio bat eramatea baina honek ez du esan nahi hauzokide elkarteak kontrolatze-ekintzekin konformatu behar direnik.
M. C. E.
Euskal Herria
Esperantza handi bat. Gasteizko fakultatea abiatu da
Urri da Euskal Herria Unibertsitate mailako Ikastetxeetan. Urriago Ikastetxe publikoetan. Hemen ere esan daiteke etorri berriak nagusitu zaizkigula: Nafarroan monopolio osoa du Opusak eta Bilboko Jesuitek hedaturik dute beren erreinua Bizkai eta Gipuzkoan.
Horrengatik, pozaren pozez ikusi dugu aurten Gasteizko Fakultatea abian. Orain arte, Unibertsitate mailako ikasketak Ikastetxe Unibertsitari batetan zeuden bildurik. Hona nola gelditu den urriaz gero:
- Filosofia eta Letren Fakultatea: bertan 1. ikasturtea egin ahal da, eta sail batetako (kondairako) 4.a.
- Ikastetxe Unibertsitaria: Filosofia eta Letren 2. eta 3. ikasturteak aurten. Datorren urtean 3.a bakarrik eta orduan hilko da adar hau, Fakultatearen fagore.
Horrez gain, Medikuntzaren lehen zikloa egiten da Gasteizen (Fakultate bat eskatu dute mediku-gaiek) eta Fisika eta Kimika.
Jakina, hemen ez dugu kontuan hartzen Maisu Eskota ez Perito Eskola (horiek berez Unibertsitate maila dute, hots, Bilboko Erretorgoapean daude).
Leku egokia
Filosofia eta Letren Fakultatea Gasteizko Apaizgaitegian kokatu da, etxetzar honek dituen lau hegaletarik batetan. Leku ezin egokiagoa horretarako: zabala, zenbait kirol-eremu eta belardi duena, aldirietan eta gainera Apaizgaitegiko liburutegia bertantxe. Hegal hau alokairuan hartu du Patronatoak eta 10 urtetan badu erosteko opzioa edo hautabidea.
Hasteko, 180 ikasle dira lehen ikasturtean. Ez dira asko ez aski. Hurrengo urterako zenbakia gehitu behar da, Fakultatea biziko bada.
Sailak
Hauek dira Fakultate hasi berrian diren sailak:
- Euskal Filologia.
- Latin Hizkuntza eta Literatura.
- Greko Hizkuntza eta Literatura.
- Frantses Hizkuntza eta Literatura.
- Ingeles Hizkuntza eta Literatura.
- Espainol Hizkuntza.
- Espainol Literatura.
- Aintzinate eta Erdi Aroko Kondaira.
- Geografia.
Esan beharrik ez, esperantza handi bat da Fakultate hau. Etxekoon axolagabekeriagatik eta kanpokoen gorrotoagatik kalte ugari hartu du Euskal Herriak kultur alorrean. Zuhur jokatzen baldin badakigu, Unibertsitateak oparo lagun lezake gure herri-nortasunean sustraitzen eta sendotzen eta orobat Europara eta mundu guztira gure ateak zabaltzen.
E. K.
Euskal Herria
E.A.J.ko neokarlistak eta Herri Batasuna
Hor ibili gara denbora luzean Madrilgo Gorte eta Senatuko zeru sapaiaren argi izpiari so, egunak joan egunak etorri, dialektikazko borroka antzuaren desesperantzan sumindurik. Espainiako parlamenduen ormazko belarrietan mailukada garbi ta gogorrak bailiran erori dira, adibidez, Ortziren agiri eta adierazpen tinko eta sakonak. Euskal Herriaren ikuspegiko ikuspuntuak, ordea, parlamentarien ostikopean gutxietsiak izandu dira: Autodeterminatzea, euskararen egiazko ofizialkidetasuna, ekonomi kontzertuak, ordena zaintzaile eta guda indarrak euskal erakunde autonomoaren mende jartzea, euskal telebista, irrati eta komunikabide autonomoak, langileriaren lehentasuna maila oroetan, e.a.
Ezker abertzaleok aspaldidanik eta etengabe agertu ditugu "Euskadi askatu eta baketsurako" beharrezko lehen oinarriak KAS alternatiba bidez. Guk euskal demokrazia nahi dugu, eta horregatik ez dugu espainol (inperialist eta burjes) demokrazia onartzen. Beraz, beste taktika negoziatzaile horik adarretatik dabiltzala uste dugu, eta Herria tontotzat harturik, tratalari Madrildik zertxobait lortzearen, nahiz eta lenteja plater baten ordez, Herria edo beren aita, ama eta semeak saldu behar. Hala konprenitzen ditut Arzallusen hitzak Konstituzioa parlamenduan aprobatzerakoan. Halere, EAJko neokarlistek abstentzioa erabaki dute, eta gaitzerdi!, aspaldi izandu duten ekintza politiko serioena dela aitortu behar baitugu. Abstentzioa ezarririk ere, kontsentsuaren Konstituzioa erresponsableki onartuko omen. Baina erabaki hori hartu aurretik beren tratalaritza burutzeko, duela mende eta erdi Vergarako Itunaren gisako, UCD eta beste sozial inperialistekin besarkadatu eta kontsentsuatu beharrez ibili dira, Bilboko manifestaldia bide, eta abar.
Dena dela, foruen itzulpeneko konstituzioaren isats edo gehigarri zorioneko hura lor balute, garai batean euskal karlistada erreformista eta eskumatarrak bezala amor emateko prest zeuden. Jakin ere ongi baitakigu, Bergarako Ituna ezkero kendu zizkigutela euskal foru eta askatasun oro. Orduko kapitalismoaren zerbitzuan aldatu ziren muga eta aduanak Pirineoetara, soldaduska egitera behartu, eta espainolki bateratu, e.a.
Demokrazia sendotu ala Euskal Herria saldu
Gaurko euskal politikagintzan bi talde geroz eta kontrajarriagoak agertzen dira. Alegia, jaio berri deneko demokrazikumea sendotu behar omen lehenik Espainia osoan, hortarako euskal eta Herri izakiaren sustraiak ere sakrifikatu beharrez. PNV tratalariak estatalist demokrata horiekin batera irentsi du amua bai, eta euskal subiranotasuna foru mithikoengatik aldatuz Espainiaren batasun sakratua onartu du Konstituzioa zertzerakoan. Agian, foruak ez beste guzia errenuntzia daiteke. Horregatik, eta dena ere goibel ez delarik, hortik zetorkeen ezker abertzale eta EAJren borroka koordinakuntza bat Espainiako inperialismoaren kontra gure Herriaren hazkundeari oinarri sendoak jarri ahal izateko.
Bainan EAJ, urte eta erdi Madrileko ganbaretan diplomazi eta negoziaketen frakaso borobila aitortu eta abertzale guztien estratejia bateratu eta koordinatu bat berplanteatzera jarri ordez, ara! gobernuarekiko negoziaketen ondore txundigarria, alegia, ezker abertzalegotik bereiztuz ETAko mutilak armadako beste batzu garbitu dituztela eta urriak 28rako indarkeriaren kontrako manifestaldi handi bat muntatu. Bere zurikeria eta frakasoa gainditzeko eta EAJ alderdiaren politikagintza Euskal Herrian nolanahi inposatzeko ETA eta ezker abertzalegoa saldu, horrela gobernu zanpatzailearen eskutik abiatuz.
Ezker abertzalegoan, eta honen barnean HERRI BATASUNA, batik bat, sendotzen ari den bitartean gertatu da EAJeko zuzendaritzaren saldukeria hori. Bestalde, ezker estatalistak geroz eta deserrotuagoak aurkitzen dira Euskal Herrian. Hortik EAJ eta inperioko alderdi handiekiko besarkada, uztartzea, ezker abertzalegoa baztertu eta zanpatzera bultzatuz. Jakina, dena lege osoz izanen da, alegia, lege antiterrorista, Konstituzioa, ixilpean moldatu dituzten 15 neurri antiterroristak. Dena kateatua, besarkadatua, Arzallus, Garaikoetxea, Markos Vizkaya, Enrique Mugica Herzog, Martin Villa, eta abar.
Urriak 28ko manifestaldietan nor zein terrorismoren kontra
Baina Euskadi Buru Batzarraren ateraldiak harritu bagaitu ere, bere azken urteetako historia arakatuz eta azken honekin argi eta garbi geratu da EAJren burjeseria, neoforalismo eta neokarlismoa, larru gorrian esango nuke nik. Irunean, Donostian, Errenderin, Lekeition, Durangon, Gernikan eta abar gertaturiko hilketa eta zanpaketen aurrean ez zuen ez Euzkadi Buru Batzarrak, ez beste bidelagun sozial inperialistek manifestaldirik antolatu. Edo amnistia osoaren alde eta lege antiterroristaren aurka manifestatzean zigor biziz zanpatu ginduztenean, alderdi guzti horiek ez zuten ez protestarik ez manifestapenik antolatu. Edo, oraindik orain Burgoseruntzko martxa zela eta Gasteizeko kontrol eta egurtzagatik ere ez zuten protesta ere. Horrela erraz konprenitzen da Euzkadi Buru Batzarrak Euskal Herriari eginikako saldukeria, besarkada eta guzti hori. Hemendik aurrerakoan badakigu EAJk nahiago duela Estatuaren terrorismua, inperialismoaren terrorismo instituzionala Euskal Herriaren defentsako borroka harmatua baino. Bestalde, ez da harritzekoa alderdi burjes batek bere interes eta pribilejioak Herriaren interesen gainetik begiratzea.
Hain zuzen, ez bakarrik lotsagarria, baita EAJren artaldeko tontoenak pentsatzekoa ere bada, EAJ eta CIA.ren manifestaldia edo prozesioa ordena zaintzaileek hain oparo babesten zuten bitartean, Bilboko beste ertzean hiru bat milaka armadako beste manifestaldi baketsua desegin, zanpatu, heri sailak pilota eta ke botez, eta beste zenbait gartzelaratzean, EAJ agurgarriak ez bai du protesta ofizialik egin. Garbi dago zein terrorismoren kontra eta zein terrorismoren eskutik jarri zaigun, EAJ, hemendik aurrera NEOKARLISTAK.
"Atzoko eta gaurko gudarien alde" agertu ziren, Bilbon bezala Donostian eta Irunean, denak terrorismo instituzionalaren aurka, eta ordu berean. Zergatik? Arrazoia xinplea bezain garbia da. Batik bat, ETAren kontra zihoan manifestaldia lege eta indar guziz babestua izango zelako, eta ezker abertzaleon beste manifestaldi oro zanpatu eta itoak izaten direnez gero, garbi utzi behar zen Herriaren aurrean bai gobernuaren aldetik, eta oraingoan bai EAJren aldetik indarkeriaganako duten diskriminazioa, salatu eta larrutzeko, ezker abertzaleok ez baitugu legebiderik, bestela haraor baketsu egin nahi ziren manifestaldi horik lekuko, euskal demokraziaren ustela agertzeko, eta euskaldunok Euskal Herriaren defentsarako borroka harmatua onartzera bultzatzen gaituen arrazoia. Bestalde, Espainiako telebista eta komunikabide oro Bilbon kapitalizaturik egongo zirenez gero, eta ohi bezala dena manipulatu ez zezaten guztiz zorrotza izandu zen Herri Batasunaren eta Amnistiaren aldeko gestoreen ekintza politikoa. Hori sumatzeko ez da politik zentzu handirik ere behar.
Halere, barragarria izandu zen E.E.ren (hau da, ezker abertzale erreformistek, EIA, eta abar) azken orduko ateraldia. Herri Batasunak Bilborako egin deia agertu arte E. E.k ez zuen ageri ofizialik Euzkadi Buru Batzarraren manifestaldiaren kontra agertu, HERRI BATASUNAREN eta Euskadiko gestoreen konbokatorioa ondoren, ordea, nola geratuko ba protagonismua galdurik zokoan, eta nolanahi ere saltsan parte hartuz, halakotxetan Obispo Jaunak egin ohi duena bete dute, alegia, euskaldunok elkartu behar garen une larri honetan manifestaldietarako deiak deskonbokatzea eskatu eta inor ez agertzera deitu, Herri Batasunekoek lehendik EAJren deia deskonbokatzeko bideak agortu ez balituzte bezala. Benetan xinple eta inozoa E. E.ren jarrera demagogoa.
Eta azken orduan 809 ZERUKO ARGIA astekariaren atarian ere ikusten dudanez, hemengo adiskideek ere ez dute Herri Batasunaren eta amnistiaren aldeko gestoreen deiaren funtsa konprenitu.
Alex
Euskal Herria
Bataila garrantzitsuak hemendik aurrera ezagutuko ditugunak! Klase eta nazio bezala daramagun burrukan bataila garrantzitsuak, bada, urrengo denboretan datozkigunak. Beren artean bat, Konstituzioarena. Baina, noski, konstituzioa ez dator aislaturik, testuinguru oso konkretu batetan baizik.
Testuinguru hau deskribatzerakoan, bereizgarri batez egin dezakegu hauxe: Euskal Herriaren ukatzea. Ba genekien bai, burjesiak ez diela herriaren erreibindikapenei kasurik egiteko asmorik. Ba genekien demokrazia molde hau betikoen betikoekiko zapalkuntza mantentzeko zela. Oraindik gehiago, ba genekien gaurko demokrata hauk frankismopean hezitako arranoak direla, eta beren klase interesetatik kanpo, interes subjektiboek, espainolek, gidatzen dituztela beren estrategiak.
Baina, hau guztiau jakin ere, eta makinatxo bat aldiz esana badugu ere, gaurkoan aztertatzeak gu geu ere harritu gaitu. Azken hilabeteetako determinazio guztiak herri honen burruka odoltsuaren ezagutu eza, aitortu eza daramate. Herriaren gogo izpirik ere ez dute ase. Azken hile hauetakoak makilada baten antzera txunditurik utzi gaitu.
Ukatzeaz aparte, neurriak hartu dituzte, ondo baidakite Euskadi behintzat ez dutela hain erraz menperatuko. Neurriak, beti bezala, poliziakoak ditugu. Poliziak ugaldu eta Euskal Herri barruan beren koartelak ere. Hontaz gainera, Euskal Herriko abangoardia aislatzera doaz, errepresio bidez eta kontsentsuaren bidez. Hor ditugu Lege Antiterrorista, multak, manifestazioen deusezteak, detentzioak eta abar. Kontsentsuaren fruitu dira bestalde: Konstituzio hau (non Lege Antiterrorista legeztatzen da, independentistak legez kanpo gelditzen dira, langileen izorraketa erraztu egiten da, eta abar), Antiterrorismo kanpaina, beraren hasiera Bilbon 28an, denon gogokoa. Ondoren Estatuan zehar hedatuz doa, Euskal Herriaren izorraketan Gobernua laguntzen.
Ofentsiba honen subjetoak
Burjesia espainolaren estrategek honetan pozik egon behar dute. Lortzen ari baitira euskaldunok asasinoen parekotzat jartzea Estatuan, eta baita ere Euskal Herri barruan PNV-ren laguntzarekin.
Gaur Estatuko kezka nagusia Euskadi da. Baina ez, nire lagun hori, herri honekiko injustiziaz jabetu. direlako, Ez!
Alderantziz, herri honena, gehiegikeria iruditzen zaie, nonbait.
Baina egia esan, gaur ezin dugu burjesia espainolaren ordezkarietaz bakarrik mintzo. Askotan erreformistatzat jo ditugun PSOE, PCE, PT, ORT gaur nola bataiatu? Konturatzen ari ote, estrategi batzuen izenean zein urkamendira garamatzaten? Benetan Politika hau egozten dutenen espainoltasuna eta alderdikeria gehiegikeria da.
Euskal Herrian
Hemen makilak dantzan ditugu. ETA-k bere burruka aurrera darama, Estatu honen aparatua kolokan jartzeraino. Berak jartzen ditu, behin eta berriro kontraesanak agerian. Baina nire kezka, gaurkoan, zera da: errespontsabilitate haundiegia ez ote duten eskuartean une honetan.
Hau da, masen erantzuna ez dela momentuak eskatzen duen adinekoa. Madrilgo ofentsibaren aurrean Euskal Herrian ez dugu antzerako erantzunik ezagutu, oraindik. Azken amnistiaren aldeko mobilizazioak ez dira izan, behar modukoak. Eta honetan denok daukagu zer galdetu geure buruari. Nukleartasunaren aurka ere ezer gutti ikusi dugu, nahiz oraintxe kanpaina berri baten hasiera izan. 28an Herri Batasunak aurpegia erakutsi du eta honek pozten gaitu. Berdin Herri Batasunak konstituzioaren aurka daraman hitzaldi kanpainak. KAS-en alternatibaren alde denok daukagu zer egina. Koartel berriak jartzera doazela eta, herri batzuetan ezagutu dugu erantzuna. Ba da hor bide bat lan egiteko. Eta berdin ukatzen zaizkigun beste eskubideen alde.
Estatua ala terrorismoa
Honela bataia daiteke Madrilgo ofentsiba, kontsentsuak aurrera daramana. Zein estatu? Euskal Herriaren kontrako konstituzioaren Estatua Lege Antiterrorista jartzen duen Estatua, euskal langileria izorratzeko Estatua, euskal ekonomia izorratzen laguntzen duen Estatua. Hori bai, hau dena alderdi demokratikoek egiten dutelarik, botoen demagogia asmatu zenetik hau horrela izatea posible baita. Hau guztiau onartzen ez duena terrorismoarekin omen dago, terrorismoari egiten omen dio jokoa. Euskal Herrian ba gaude, bada, makina bat terrorista!
Konstituzioa dela eta goiko kontsigna beste hau bihurtzen da:
Konstituzioa ala terrorismoa
Euskal indar politiko eta jiudikalek zuhurki jokatu beharko dute kontsigna honi buelta emateko. Hauzo, herri guztietan kanpaina honen gaitza agertu eta benetako. terrorista nor den agertu beharra dago. Bataila ideologiko hori ezin dugu euskaldunok galdu.
Oraintsu EGIN-en "eritzia" sailean irakurri berri dugu artikulu nahiko interesgarria, non esaten zen konstituzioaren aurkako kanpaina ez dela mitin-hitzaldietara mugatu behar. Eztabaida ere sortu behar zela herrian, horretarako Asanbladak montatuz. Baita ere beste espresio bide bat manifestapena izan daiteke. Baina hara nola konstituzioaren aurkako manifestapenik debekaturik dagoela jakiten dugun. Hor terrorismoaren beste ekintza bat.
Ez dezagun ahtz herri honek mobilizatzeko (mitinera joan, hitzaldiak antolatu, manifestapen eta Asanbladetara joan) daukan kapazitatea, eta eman diezaiogun bidea konstituzioaren aurkako kanpainan ere partaide izateko. Horrela beti irabaziko baituzu.
Mendizabal
Espainian ihaz miloi bat diamante erosi ziren
Mila bederatziehun hirurogeita hamabostgarren (1975) eta hirurogeita hamazazpigarren (1977) artean, diamante inportaketa 440 % igon zen Espainian. Datu ofizialek diotenez, Espainia munduko laugarren inportatzailea da.
Ihaz, miloi bat diamante sartu ziren Espainian eta lau mila miloi baino gehiago balio zuten horiek.
Hazienda ministeritzako funtzionari batek esan duenez, ihaz rekord guztiak hautsi ziren, baina hala ere, ministeritzak ez zuen kobratzerik ahal izan kantitate guzti horren zerga.
Eta gero esango dute krisis ekonomikoan gaudela. Agian, jateko dirurik ez da izango baina bai diamanteak erosteko.
Hala ere, segur nago Leitzako langileek, Sarrioko langileek, ez dutela diamanterik erosten. Beste guztiek ere ez. Orduan nork?: aberatsek.
Hori bai! Demokratak izango dira eta UCDkoak guttienez izango dira.
Hamar mila pezetako multa "que se vayan" kantatzeagatik
Lau nafar mutileri hamar mila pezetako multa jarri dio gobernu zibilak, "que se vayan" kantatzeagatik.
Iantziko jaietan (Bidasoa ibarreko herrixka bat), lau mutil taberna batean zeuden, kantu eta kantu. Tabernan ere goardia-zibil batzu zeuden. Orduan, mutil hauk "que se vayan" kantatzen hasi ziren, eta goardia zibilak haserre bizian jarri ziren. Karnetak kendu zizkieten mutilei eta koartelera eraman zituzten.
Gauza kuriosoena da jai horietan mundu guztia ari zela kantatzen, eta inor gehiagori ez ziotela deus esan.
Orain, hilabete bat pasatu ondoren, gobernadoreak hamar mila pezetako multa jarri dio mutil bakoitzari.
Gazteek esan dutenez, ez dute pagatzeko intentziorik.
Ba, "que se vayan" kantatzen duten guztiei hamar mila pezetako multa jartzen baldin badiete, Espainiako gobernua aberastu egingo da.
Agian, Euskal Herriko deskapitalizazioa ere hemendik etorriko da: multa eta multa, Euskadi deskapitalizatuko da, eta orduan beste manifestaldi bat egingo dugu.
Gobernua harmak saltzen eta partiduak isilik
Español Estatuak harmak saltzen dizkie beste Estatu batzuei. Español estatuak, eta zehazkiago, gobernuak, harmak saltzen dizkie beste gobernu batzuei, jendea hiltzeko.
Urte asko darama gobernuak harmak saltzen eta oraindik partidu politikoek ez diote konturik eskatu.
Orain demokrazia etorri omen da, eta harmak saltzen segitzen du.
Bilboko portutik 4.000 tonelada eraman zituen untzi batek Argentinara. Lau mila tonelada horietan, fusilak eta lehergailuak zeuden.
Argentinan diktatura dago, eta harma horiek iraultzaileak hiltzeko izan dute.
Gobernuak, Afrikara ere bidaltzen ditu harmak, gerrileroak hiltzeko.
Bilbotik, orain dela gutxi, beste untzi bat abiatu zen Afrikara 1.176 toneladekin.
Eta horrela beti.
Espainiako fabriketan harmak egiten dira, beste nazio batzutan gerra egiteko eta jendea hiltzeko, "indiscriminadamente".
Oraindik PSOEk eta PCEk eta ORTk ez dute manifestaldirik muntatu biolentzia horren kontra. PNV-k ere ez.
Afrikan jendea hiltzen ari da gerran, eta harmak españolak dira.
Oposizioko partiduek interesak al dituzte terrorismo horren kontra manifestaldirik ez egiteko?
Nafarroako jubilatuak Diputaziotik kanpora
Amadeo Marcok Nafarroako Diputaziotik kanpora bota zituen "Ebro elkarteko" jubilatuak.
Dirudienez, Osasunerako Ministeritzak sei miloi eman dizkio Diputazioari, jubilatuen elkarteei banatzeko, baina Amadeo Marcok ez omen daki non dagoen diru hori.
Jubilatuen "Ebro elkarteak" bost mila kide ditu Nafarroan eta euskal zalea da. Gainera, Euskal Herriko beste elkarteekin federakuntza bat egin nahi du.
Horrela gauzak, elkarrikuska bat zuten Amadeorekin, eta hara joan ziren gure jubilatuak. Diputazioan, denbora luzez itxaroten egon ondoren, errezibitu zituen Amadeok, eta jubilatuek kontuak eskatu zizkioten. Ea non zeuden milo horik, eta noiz banatu behar zituen. Amadeok esan zien ez zekiela deus.
Orduan jubilatu batek esan zion, "bizitza guztian lan egin dut eta orain ez dut deus". Mementu hortan, Giza Eskubideen ituna atera zuen, Amadeori irakurtzeko, baina ez zuen denborarik izan.
Amadeo haserretu egin zen eta genio biziz eta erdi bultzaka, Diputaziotik kanpora bota zituen.
Gauza bat jakin ezazue: Amadeo Marco Ilintxeta jaunak 70 urte baino gehiago ditu. Honekin dena esana dago.
Fragari diskurtsoa lapurtu nahi zioten
Manuel Fraga Iribarneri diskurtsoa lapurtu nahi zioten, Cataluña Express egunkariak esan duenez. Fraga jaunak Parlamentuan irakurri behar zuen diskurtsoa orden publikoari buruz zen.
Gau batez, ezezagun batzu sartu ziren Aliantza Popularrek Madrilen dituen bulegoetan eta han paper guztiak nahasi zituzten.
Baina ez zuten aurkitu diskurtsoa.
Dirudienez, Fragaren diskurtsoa oso gogorra zen, eta Barneko Ministeritzari zuzenki erasotzen zion. Agian, horrengatik lapurtu nahi zuten.
Berria jakin zenean, PSOEko Alfonso Guerrak zera esan zuen: "Orden publikoari buruz Parlamentuan egin behar zen debatea Gobernuak suspenditu du, eta horren arrazoia Fragaren diskurtso gogorrean aurki daiteke. Oso tremendista izango zen, eta hori ez da ona gobernuarentzat".
Bai! Fragaren gogortasuna eta Fragaren orden publikoa ongi ezagutzen ditugu euskaldunok. Gasteizko eta Jurramendiko hilketak oraindik ez dira argitu.
Alemaniako harmadan razistak
Aleman Harmadako bi ofizial razismoz akusaturik daude. Bata almirantea da eta bestea kapitaina. Bi hauk, Austriako kantzillerrari "sozialista judio zerria" esan zioten. Gainera, nazismo garaian hil balitz, gas kamara batean sarturik, "askoz hobe".
Kapitainak ere esan zuen judu guztiak hilgo zituela, eta pozik ametrallatuko zituela.
Aleman harmadako ofizial hauk horrelako astakeriak esan zituzten, baina hala ere ez zaie pasatuko deus handirik.
Beren nagusiek esan dute edariaren ondorioak direla gauza horik. Hau da, mozkortuta zeudela, eta horrengatik esan zituztela hitz razista horik.
Dirudienez, edariak du kulpa eta ez Alemaniako ofizial horiek.
Oraindik razismoa ikusten da Alemaniako demokrazian. Eta español poliziarekin gertatzen den bezala, bi razista hauei multa txiki bat jarriko diete eta kito! Ala kondekoratuko dituzte, Espainian bezala.
Iñaki Zabaleta
Parlamental Telentzuteak
Oraintsu gertatua da Madrilen. Goio Monrealek bere abstentzioaren arrazoiak esan ondoan Abril Martorell-ek honelako aipamena egin zion nafar parlamentari bati (omenik gabe): "Ese Monreal de socialista nada. Lo que es es un vasco". Dakusagunez, Abril Martorellek ez dauzka haintzat Benegas, Mugica Herzog, etab., jakingarria benetan.
Eta anekdota honek beste bat dakarkigu gogora, duela hamar bat urte Bilbon jazorikoa. PCEko kide batek, aski gorengoa bera, honela esan zion bilbotar euskaltzale ezagun bati: "A ver cuando nos reunimos los comunistas y los vascos para charlar". Besteak, serioski, honela erantzun zion: "Y porqué no os reunís primero los comunistas con los gordos, por ejemplo?".
Freud-ek, bere "Eguneroko bizitzako psykhopathologian" oso ongi azter zezakeen arazo hau. Izan ere, horrela mintzo zirenentzat, inkontzienteki, ikuspegi batetik zein bestetik, euskalduntasuna eta alderdi estatalistetan aritzea elkartezinak baitira, gero sloganetan bestelakorik esan arren. Gizona hitzetan eta zezena adarretan ezagutzen baita.
EGIN-en oso euskara gutti
Oso euskara gutti argitaratzen ari dira EGIN-en, askoz guttiago edo ia ezer ez DEIAn.
"Hona hemen gure hitza" esan zuten, eta ez dute guttienezko portzentaiarik ere betetzen, Zer gertatu da? Haiei galdetu beharko genieke.
DEIAko batek lehengo egunean euskarazko prentsaren arazoa ez zela portzentaiatan neurtu behar esan zigun. Agian, arrazoia duke, baina soluziorik ez datorkigun bitartean, guk portzentaiak neurtzen jarraitu beharko dugu.
Euzkotarren aberria Espainia da
Hori bide da, noski, PNVek (EAJ hori hemendik aurrera, emisoreen gainbeheraz gainera, kentzea hobe) bere kideei jarri dien helburu berria. Izan ere, horretan katalanek abstentzioa egin zuten artean, beraiek España patria indivisible de los españoles dela ontzat eman baitzuten.
Eta hortik doa, noski, urriaren 28ko manifestaldi historiako, espainol telebistak, aberri-egunean ez bezala, zeru-lurretik ongi haizetaratua. Sabino Aranaren kaletik irten zen manifestaldi hori fundatzailearen bidetik ez zihoala uste dutenei, dena den, behar bada, PNVkoek zera erantzun diezaiekete, beren maisuaren azken orduko "Liga de Vascos Españolistas" hura orain praktikan jartzea erabaki dutela.
Tira ba, "Jateko, bere fusila saltzen duen soldadua, gaur asez eta bihar hil gosez", dio Bizkaiko esaera berri batek.
Arrantzale batzuk polizia bi detenitu dituzte
Arrantzale batzu polizia bi detenitu dituzte.
Lehengo egun batetan Ondarribiako itsasuntzi bat betiko arrantza tokietara abiatu zen.
Kostaldetik bi milatara zeudela, han datorkie frantsez patruilari bat. Horretatik bi mitrailetadun polizi igon ziren arranuntzira, berau Baionara eramateko asmoaz. Eta hemen dator harrigarriena. Arrantzale batek labana itzela atera zien poliziei eta hauk beldurtuta harmak utzi eta Ondarribiara atxilotuta eraman zituzten.
Sistema honek antzeko efikazia frogatuko balu beti, ez litzateke gehiago arrantza lizentziarik behar izango.
Txiripaz salbatu gara
Urriaren hogeita ta hamaikan, Bilboko superportuan, superpetroliuntzi baten kaskoa zulaturik gertatu da. Haitz baten puntarekin jo eta untziaren burdin xafletan zulo handia egin da. Zorionez, ez da petroliorik irten; ostera, ura sartu da untzira. Hala ere, ez ote da beldurgarri, pasatu ahal izan den istripuaz pentsatzea?
Pentsa dezagun: "Santa Maria" petroliuntziak 346.500 tonelada petrolio dauzka barruan. Eta Bilboko superportura sartzean, ustekabean noski, haitz baten kontra doa eta...
Kasualitatez, ez da petrolio-biltegirik apurtu kasu honetan. Baina hainbat mila tonelada petrolio itsasora joan eta marea beltz beldurgarria sortzen bada, zer?
Nola pasatu ahal da hori? Seguritatezko arau guztiak hartu omen dira. Hala ere, haitzak daude ondoan, superportuaren barrenean. Nola fidatuko gara ba, horrelako obretan hartzen diren seguritatezko arauetaz?
Hau lehenengo abisua izan da. Bilbo inguruko satsudura neurriz kanpokoa da. Eta hori konpondu gabe, satsuduraren iturri berriak eraikitzen ari dira: superportua, zentrale nuklear... Satsudura gora eta satsudura behera. Oso etorkizun iluna Bilbo Haundiko jendearena!
Mitin aspergarriak eta bide barriak
Hile honetan konstituzioa dela eta, hainbat mitin ditugu alde guztietatik. Erakunde gehienak ez dira jeneralki irtetzen betiko eskemetatik. Badirudi, ekintza politikoak ez duela tokirik uzten irudimenari, edo eta ez zaiola garrantzirik ematen bide barrien ikertzeari. Dena dela, jakin barria dugu, Euskadiko Ezkerrak, abenduaren hiruan, Bilboko Feria de Muestras delakoan, egun guztiko ekintza bat prestatzen ari dela, eta jende guztiari eskeiniko diola Euskadiko eguneroko bizimoduan eta etorkizunean, bizi bizian parte hartzeko posibletasuna aktiboki. Baita edukiko ditugula betiko zinemak, bertsoak eta abar. la ba, bide berriak, berri hobeak ekartzen dizkigun, eta jende asko berotzen garen.
Mediku euskaldunak
Euskaldunak garenok ba dakigu zenbat istilu ikaragarri iragan behar dugun erdaldun mediku baten kontsultategian.
Gernikan ba duzue esaterako Dn. Martin deritzan zirujau bat. Ez dakit nolako medikua den baina, oso gauza garrantzizko bat ba dakigu seguru: Euskaraz ez duela pittik egiten, areago, euskaraz oso gaizki egiten duten euskaldunekin, jaun hori aserratu egiten da edukazio eta manera txarrez, guk erdaraz ongi ikasi behar dugula esanez, bi minututan kalera bidaltzen zaitu. Gu euskaldun analfabeto utsak garela esan zigun lehengo egunean. Horregatik, guk ingelesez eta holandesez hitzegin genion. Zoaz gero berari galdetzera ea diglosia zer den dakien, Voltairek eta Kropotkinek zer idatzi zuten edo eta biperrei zein sasoitan komeni zaien lurperatzea.
Sukalderako saltsak
6 lagunentzat beharko dituzu: 6 biper gorri handi samar, 6 baratxuri atal, olibolio pixkat (ardo baso bat) eta gatza.
Lehengo eta behin, biperrak erre behar dira. Honekin, azal guztia kendu egiten zaie. Biperrak erreteko bi modu duzu. Bata labean sartuz, bestea sutan edo elektrik sukaldeko txapan. Bigarren modu hau egokiago izaten da, zeren labean biper urak1 gal baitaitezke. Sutan eginik ez duzu labea garbitu behar. Begira nola eginen duzun:
Zure gas-sua piztu eta handitan ipin. Har ezazu biperra, atzekaldetik. Buztana dagoen tokian sar iezaiozu bizkor sardeska bat. Sardeskaz lagunduta, biper guztia erreko duzu, dena ongi belztu arte. Egizu beste guztiekin berdin.
Berehala, denak erre eta gero, azal osoa kenduko diezu, bero dauden artean. EZ GARBI URAZ!! alferrik galduko zenuke zaporea. Biper hazi guztiak beraz, eskuz kendu beharko dituzu. Zati itzazu biperrak tiretan2 eta ttiki baratxuriak. Ipin guztia oliotzan eta sar sutara. Utz ezazu bi mutuz su handitan, eta hamabost minutuz su ttikitan. Hirugarren minutuan bota gatza. Hamargarren minutuan bota ur pixkat.
Jateko hau beste batekin batera joaten ohi da mahaira. Solomoa edo antzeko batekin esaterako.
On egin
1. Le jus - jugo.
2. En lamelle.
Elkar ikuska
Alicanten lehengo igande batean jendea Viva España eta Muerte a ETA oihukatzen hasi zela esan digute, egia al da hori?
Ba nik ez nuen aditu horrelakorik, ez da? Baina bai, batzuk esan zidaten zer edo zer jardun zirela hor gainean. Partidu batera jende asko joaten dela uste dut, nahi guztietako jendea joaten zaizu. Gainera holakorik entzutea Espainia aldean edo Alicanten normala da. Eta normala izan da aspaldiko urte hauetan. Nire ustez gu eta Donostiakoak ohituak gaude hortaz.
Ez al da beraz pertsona bati zuzentzen zaion oihua baizik eta Athletic-i edo Erreala-ri egiten zaion kexa?
Bai horixe da. Talde euskaldunei egiten zaie, baina ez da guzti hau gauza nabarmen edo eta garrantzitsu bat. Espainian ere jende asko gure alde dago eta ekipo bezala sinpatia handia digute leku askotan, baina tartean denetarikoak dituzunez, jendea hortaz bakarrik jabetzen da baina hori ez da oso nabaria. Ba dakizu gu baino holako gauzak nortzuk jakin dezaketeen gehien... ba, ikusleak, gure segitzaileak. Gehienetan lanean zaudenean jo eta ke zaude eta ez zara konturatzen. Ni porterian naukazu, horixe da niri interesatzen zaidana, zelaian nire beharrari atentzio guztia ematea.
Eta HERRI BATASUNA dela eta, zergatik sartu zinen barruan?
Lehenengo eta behin, euskaldun bezala jarrera etiko eta moral bat delako. Bigarrena, plataforma on bat egin daitekeela hemendik herriarentzat. Herriak batasuna eskatzen du eta bere nortasunari begiratu egin behar zaiolako. Beraz, Batasuna eta Nortasuna aipatuko nituzke nik oinarri bezala.
Eta Euskadiko Ezkerra?
Nik uste, Euskadiko Ezkerrak beste estrategia bat dauka, bere lanbidea bilatu du, ez da? eta errespetu guztiak behar dizkiogu. Gure asmoa, hala ere beraiekin elkarrizketa bat egitea da, zeren momentu hau oso inportantea dela pentsatzen baitugu eta munizipalen aurrean elkarrekin joatea interesgarria izanen litzateke denontzat. Bestaldetik gure lana, laguntzeko batzordean gaudenona horixe duzu, Batasuna laguntzea.
Zure jarrera politiko horrek ez al dio Espainian zehar eta Euskal Herrian futbolariari oztoporik sortzen?
Ez. Nik neure ideiei jarraitzen diet edonor bezala. Ni beste bat naiz.
Zure kideen aldetik hartu duzun jarrera konprenitzen al da?
Begira, inportantea enetzat zera da, nik konprenitzea, nire gustuz lanegitea eta nire aldetik, behar hori ikusi dudanean, pausoa egin dut eta oso ondo sentitzen naiz, eta hori da enetzat inportantea. Politikan sartzea bizimodu normaltzat hartu behar da. Nahi duena sar dadila. Zergatik sartzen dira batzu eta besteak ez?... beraiei galde(tu). Nik neure aldetik, erantzuna eman dizut.
Gainerako taldeetan, Osasuna, Athletic... eta ab., ba al dago inor politikaz definiturik, nahiz eta batzorde batean ez egon?
Nik uste dut, aspaldi honetan Athletic-ek behintzat, politika mailan lan edo antzeko polit bat egin duela. Ondo kontzientziatua egon dela, ez da? Nor bere ideologiarekin baina kontzientziatuta.
Gure ekipoan ere ba daude definitu gabeak. Ez daude horrela hain garbi, nik dakidanez behintzat, ez daude ofizialki inongo alderditan sartuta. Baina politika egiten dute politikari interes handiz jarraitzen diogu. Mundu honetan denok gara politikariak, maila batetan edo bestetan, ez da harritzeko beraz, futbolariek berdin egiten ikustea.
Eta koaligazioak eskatuz gero, udal hauteskundeetan presentatuko al zinateke? Kontzejalerako edo?
Ez. ... ez daukat karrera politikorik egiteko asmoa. ...
Zuk ez, baina herritarra zarenez gero...
Ba, orain arte ez didate horretaz ezer esan...
Eta esango balizute?
Ba, ez, ezetza garantizatuta dago.
Udaletan oso abandonaturik dagoen arlo bat, kirolena izaten da. Horretaz arduratzea ez litzaizuke gustatuko, kirolaria zarenez gero?
Bueno, kirolaria naizenez gero, ez naiz ni bakarra eta ba daude horretaz lan egokia egin dezaketenak. Nire bizimoduan interes daukat ez bada jolasean, kirol giro barruan behintzat bai, baina apurtxo bat gehiago maisu bezala, ikastoletan edo horrela. Honi buruz ikastoletan behar handia dagoelako. Ikastolak aski makal daude kirolaren asuntu hauetan eta hori potentziatzeko bai, hortaz prest nago.
(Guzti hau esan duenean, barruan denbora asko egosten eduki duen ideien ondoa, ingurua, onda eta guzti sentitu dugu. Pausu baten seriotasuna nabari da beraz. Ondokoa galdetzen diogunean aldiz, barrez hasten da eta berarekin batera gu ere erdi barrezka segitzen dugu.)
...Eta guzti honetaz gol gehiagorik sartuko al dizute aurrerantzean?
Hori zaila da... zaila da jakitea esan nahi dut. Geroko gauzak dira. Orain arteko gauzak normal daude.
Liga irabazteko esperantza duzue?
Bai. Ba daukagu. Orain bai. Aurten hasieran ondo abiatu gara eta honek indarrezkoa ematen digu. Lehengo urteetan txarto hasi ginen, aurten aldiz, ondo hasi eta bukatzeko esperantza daukagu.
Datorren urterako futbola utziko al duzu?
Oraindik ez daukat hori garbi. Ikusiko dut aurten gauzak nola ateratzen diren, eta nola nagoen ni neure barruan eta indarretatik. Ondo aurkitzen banaiz segituko dut.
Non daukazu gaztetasunaren sekretua?
Nire ustez portero izatea ez da aurrelari izatea, korrikan egitea bezala. Nire ustez portero batek bizitza luzeago bat dauka eta gero erraztasun apurtxo bat bilatu behar da entrenamenduez eta gorputza sainduz.
Porterorik zaharrena zara, ez da?
Bai portero eta jokalari zaharrena neu naiz.
Zein izan da zuretzat mementurik oroigarriena edo eta onena, eta aldiz, zein izan da txarrena?
Onena esanda, Athletic UEFAra heldu zenean, dudarik gabe. Gure traiektoria nolakoa izan den jakinik, niretzat hori izan zen egin genuen gauzarik onena. Eta txarrenari buruz, okerrena, partidu berbera ez irabaztea.
Jendea Athletic-en alde edo kontra agertzeak afektatzen al zaitu zure profesionaltasun mailan?
Uste dut baietz. Baina hemen neurriak daude. Zalantza etxetik badator orduan gehiago afektatzen zaitu, etxeko zalantzak eta kanpokoak ez dira berdinak.
Egia al da Athletic segitzaileen gabe ez litzatekeela ezer izango? Hainbeste laguntzen al du "intxak"? Zure ustez, nortzuk irabazten dute, zuek ala ikusleek?
Hori garbi dago. Kirol talde batek irabazten du. Jendeak honetaz influentzia handia dauka, bere partea badu ere, taldeak irabazten du.
Ba al dago euskal talde nazionalik sortzeko asmorik eta egonez gero, oraingo egoera juridikoa kontutan harturik, posible izanen al litzateke asmo hau aurrera eramatea?
Zaila bada ere, politika eta futbola lotuta doaz eta honetarako Estatu Espainola zabalago izan beharko litzateke eta orain daukan jarrera aldatuz. Hala ere, giro bat ba dago horren atzetik eta ez dut uste zentralismoak oraindik ezer askatuko duenik. Zaila da hori oraingoz. Taldekoen artean anbiente ona dugu honetaz ere.
Ba al duzu berririk Irlandakoekin Euskal Herriko selekzio batek egin behar duen partidu horretaz?
Ez dakit. Lehengo aldiz holakoren bat entzuten dudana hauxe da. Baina egiteko baldin bada, oso ondo hartuko dugu iniziatiba hori.
Eta bukatzeko zer deritzozu Martin Villak Athletic-i agertu dion zaletasun horri?
Nire ustez zaletasun hori zer moduzkoa den ongi agertu zuen Olariagak Eginen argitaratutako txiste hartan.
T.L.
Gaiak. Politika
Txiki Benegas eta bakearen aldeko kanpaina
Barne arazoetarako kontseilaria den T. Benegasek, bakea eta estatutuaren aldeko kanpaina baten plangintza aurkeztu berri du, eta eritziak eskatzen ari da. Dudarik gabe, gaia gaur gaurkoa dugula, eta sakonki aztertzea merezi duenetarikoa, hain zuzen ere. Baina nahiz eta orain artikulu batetan ezina da helburu hori betetzea, behar duen sakontasuna denon artean lortzeko, aukera dugu, artikulu saila sortzeko, eta eztabaida publikoaren bidez, gure herriaren askatasun bidea argitzen pixka bat saiatzeko.
Hariaren lehen puntari oraturik, goazen azaltzera, hitz bitan, delako izkribuaren mamia.
Sarrera gisa Euskal Herriak bizi duen giro bortitza adierazten du, eta ondorioz darion egoera. Honela jarraituz, ezina dela gizarterik eraiki, eta hondamendira erortzeko arriskua omen dagoela. Delako "maioria isila"ren aintzindari azaldu nahi du, eta botoak ipintzen bakarrik dakitenentzat, ekintzabidea proposatu behar zaie, indarra azal dezaten.
Hona hemen oinarriak
Proposamena hauxe da: Hila biko kanpaina, tartean intelektualen topaketak antolatuz, estadu espainoleko izen sonatuak maiz azaltzen direlarik. Mahai inguruak, kantaldiak, eztabaida eta antzerako ekintzak. Helburua hauxe: giro baketsua eta gizalegezkoa oinarritzea, estatutua anaitasunean denon artean jaso dezagun.
Finanziazio aldetik ez omen dago problemarik, bankuak eta abar prest baitaude diru laguntza emateko.
Zer egin?
Egia esan, bai beharrezkoa dugula gure arteko ezin ikusiak nolabait baztertzea, eta diferentzia haundiak lehuntzen ahalegindu, egoera konkretuetan oinarrituz. Baina dudarik gabe zeregin hau ez dugu ez gau bateko ekintza. Beharbada kilometro asko ibiltzen behartuak gara, konturatu baino lehenago.
Eta nahiz eta asmoa ona izan, ez dugu berau dudan jartzen, proposatzen den bidea eta kanpaina ez da hain bidezkoa gure eritziz, helburua lortzeko. Hemen behin eta berriz aldarrikatu dugu gauza bat: Gure egoeraren normalizatzea, politika bideak eta erabakiak landuaz etorri datorrela. Eta gaur egunean bide honek izen bat dauka: Estatutoa.
Hemen landu behar den arazoa estatutoa dugu eta zabala dugun neurrian, indarra ukanen dugu, askatasuna lortzeko. Estatutoaren beharra azaltzeko ez dugu behar kanpainarik. Behar hori egunero somatzen baitugu. Bakea ez da kanpainaz sortzen ez eta estatutoa hitz oneko borondatez.
Beraz delako kanpainaren ondorioa positiboa izanaren ordez, beldur gara ez ote duen egoera gehiago nahastuko.
Kanpainak, oraingoz, alde batetara utziaz, UCDn kontra burrukatu behar da. Konstituzioaren ondoren, delako propagandetan denbora eta energiak eman gabe, UCD eta indar zentralista guztien kontra, indar zabal bat eraiki behar dugu, autonomiaren alde, ene eritziz. Lehen mailako autogobernua lortzea, beharrezkoa dugu, bidea ibiltzen hasteko. Eta ez bakarrik gure egoera pixka bat sendo dezagun, baita ipar Euskal Herriari begiratuz. Zenbat eta lehenago autonomi-neurriak lortu, hainbat eta gehiago zabalduko da abertzaletasuna iparraldean.
Beste alde batetik, bake giroa lortu nahi duenak, nola aurreeritzi bezala, Nafarroa baztertzen du kanpainatik?
Zer pentsa eman dit hutsune horrek, zeren badirudi delako departamentuan batzu ez direla aklaratu oraindik, hego Euskal Herriko herrialdeak zeintzu diren. Nafarroa gabeko Euskal Herririk ez dago. Ausardia behar da, gauden garaian, bakea eta estatutuari buruzko kanpaina batetan, Nafarroa kontutan ez hartzea ekintzak burutzeko.
Beraz, laburrean, delako kanpaina azken kajoian gorderik ongi legoke.
EKN eta guztion egitekoa, euskal botere bat behar dugu lehen baitlehen, geure buruaren jabe izateko zentralista guztien kontra.
J. Agirreazkuenaga
Gaiak. Kultura
Joan Paulo II.a, "gure" aita santua!
Aita Santua geure Aita Santutzat aitortzen dugun askok badugu kezkarik eta zalantzarik. Guk ez dugu Joan Paulo II.a aukeratu; ez dugu inondik ere horretan eskurik izan. 111 kardinalek "ezarri" digute Aita santu berria. Eta kardinalok, berriz, aurreko Aita Santuek izendatuak zituzten.
Nortzuk hautatu dute Joan Paulo II.a?
Aurreko Aita Santua hautatzekoan batez ere, ba zirudien Kardinale eta Apezpiku gehienak bateratuak zirela, hautapen haren erantzukizun osoa Espiritu Santuari ezartzeko. Mirari bat bezala aurkeztu nahi izan zuten. Miraritan sinesteko erabateko eragozpenik ez dugunok ere, ez ulertzen dugu horrelakorik egiteko giltzapean sartu beharrik duenik Espiritu Santuak. Arinkeria handiegiz aipatzen eta aupatzen zen seguru asko Espiritu Santuaren izena.
Joan Paulo I.arengandik II.arengana hilabete pare bat pasa da. Eta oraingoan Kardinale eta Apezpiku (eta kazetari) gehienak askozaz zuhurragoak izan dira, Espiritu Santuaren protagonismo monopolista baieztatzean. Batek baino gehiagok aitortu du, Kardinalek hautatzen dutela Aita Santua, eta hauen arteko gorabehera eta burruka guztien artean, tartean eta bitartean bakarrik egiten duela bere lana Espiritu Santuak. Ba dakigu jakin nonbait, oraingo hautaketa honetan Kardinaleak banaturik ibili direla eta beren arteko burruka latzak izan dituztela ere bai.
Hala ere, zerbait harrigarri gertatu da Joan Paulo II.aren hautaketa honetan. Inork ez zuen nonbait hautapen horren erantzukizuna bereganatu nahi. Italitar askok ez dute hautatu; hau segurutzat jotzen da; baina, bestela, italitarren konponezinaren ondorio izan da Wojtyla Kardinalearen Aita Santu hautatu izana. Italitarrak ez diren asko ere harriturik bezala atera da Konklabetik; eta ez dute bere gain hartu nahi izan Aita Santu berriaren hautapena. Europa Erdiko Kardinaleren batzuri egotzi diote batzuren batzuk horren erantzukizuna.
Baina guk dakiguna hauxe da: Kardinaleen —111 Kardinaleen— Konklabetik atera dela Aita Santu berria. Beraiek jakingo dute zer egin duten, edota nola lagundu edo oztopatu duten Espiritu Santuaren eragina.
Guzti honen ondoan zera dago: Kristau Herriak ez duela batera eskuhartu —bere itxaropena ala etsipena, arreta ala ajolagabezia jarriz ez baldin bada—, Aita Santu berria hautatzean. Hala ere, Kristau Herriak bere Aita Santutzat hartu du Joan Paulo II.a.
Konklabe zaharkitua, konklabe mistifikatua
Konklabea, Aita Santua hautatzeko asmaturiko aspaldiko sistema da. Oraindik ere hainbatek misterio kutsua hartzen dio konklabeari. Eta atsegin zaio, erlijioaren adierazpen berezi bezala. Kazetari askok ere sarritan albisterik jakin ezinean gehiago gozatzen duela dirudi, nabarmen agertzen direnak irakurleari edo entzuleari ematean baino. Asmamenak badu nonbait bere lilurarik.
Konklabe instituzioa zaharkitua dago zalantzarik gabe; ia ez dago inor hori aitortuko ez duenik. Hala ere eutsi egiten zaio. Eta horretarako sarritan mistifikatu egiten dela uste dut. Azken-azkenik irudimena eta kemena falta direla uste dut, Aita Santua aukeratzeko giro eta era berriak sortzeko.
Erregeen eta agintari politikoen presioetatik aldegiteko asmatu omen zen Konklabea. Horrela Elizaren askatasuna zaindu nahi zen. Asmoa ezin ederragoa izan! Baina zertarako balio du gaur asmo horrek?
Elizaren askatasuna, eta bereziki Aita Santua hautatzean, ez dago zaintzerik, egun batzutarako Kardinaleak giltzapean sartuz eta ixileraziz. Aita Santuaren hautapena librea izango da bakar-bakarrik, Eliza osoa, eta kasu honetan bereziki Kardinaleak eta Eliz Hierarkia, bere bizitza osoan indar politiko eta ekonomikoei buruz librea baldin bada. Munduko indartsuei loturik eta azpiraturik —edo elkarturik— dabilen Eliza eta horren Hierarkia nekez izango da librea, bizpairu egunez isolaturik ere. Pobreen, indargabeen eta poteregabeen Eliza barnean bakarrik izan daiteke librea Aita Santuaren hautapena.
Baina erregeen eta agintari politikoengandik zaintzeko sortu zen Konklabearen sistema, kristau herriaren beraren kontrako gertatu da: alde batetik, Konklabearen inguruko misterioak, ixiltasunak eta itxitasunak kristau herria baztertu eta urrutiratu egiten du, bere Aita Santua hautatzerakoan; bestetik, Konklabea Kardinaleen arazoa bihurtu da, eta aurretik ere kristau herriak ez du eskuhartzen beretzako Aita Santua hautatzerakoan.
Jainkoaren Herri bezala bere burua definitzen duen Elizak, bere burua hautatzeko beste sistemaren bat aurkitu beharra dauka, herri horri eskuharrerazteko modukoa. Elizaren askatasuna ez dago ixilpean, misterio giroan (edo mistizismo giroan) eta itxituran babestuz aurkitzerik, eta bai herriaren dinamikari eta indarrari atxekiz.
Espiritu Santua ez da Kardinaleen Kolegioaren monopolioa; kristau herri osoan diharduela sinesten dugu kristauok.
Paulo Agirrebaltzategi
Gaiak. Kultura
Konstituzio textuaren aurreprojektua jaso genuenean, honen azterketa labur bat egin genuen ANAITASUNAn, emakumearen ikuspegi berezitik. Han, konstituzioaren salaketa orokor bat azaltzen genuen, ukitzen dituen gaien mamian sartu gabe: "konstituzio hau matxista, klasista eta zentralista da"..., "patriarkal familiaren defentsa oso bat da", "abortoaren legeztatzerantz bidea hitxi egiten du", "gure gorputzaren kontrola ukatzen digu", "emakumeekiko diskriminatzailea da", "hezkuntza...", "lana...", hitz batez, exigitzen ari garen hainbat eskubide berriro ere ukatzen zaigula. Eskubide hauk, behar beharrezkoak ditugu gure egoera hobatzeko, eta baldintza onenetan nahi ditugu lortu. Dibortzioa, antisorgailuak, abortoa, koedukazioa... beharrezkoak ditugu eta maila guztietako erreformak eskuratzen saiatuko gara. Han genioen bezala, "...praktikoki jokatuz, eta konstituzioa funtsean aldatzea ezina denez, zabalik uzten dituen bide hestuak legeen bidez aprobetxa ditzagun..."
Bai, borrokaren bidez, lege zanpatzaileak deuseztatu behar ditugu, behar ditugun legeak ezar arazi, baina aski al dugu erreforma hauk exigitzearekin?
Gauza, askoz ere sakonagoa da. Aurreprojektua aztertzean, lehenengo bi tituluak besterik ez genuen ikusi. Hirugarren titulua, koroiaz mintzatzen da, eta 49. artikulua emakumeekiko "diskriminatzailea" da..., baina emakumeoi, interesatzen al zaigu maila honetan berdintasuna eskatzea? Problemak ondorio asko dakar. Orduan ez genuen hau aipatu, ez baitzen sakontasuna artikulu haren helburua! Gaurkoan berriz eta erreferendum hori aurrean dugularik, gure jarreraren esanahia garbi adierazi behar dugu.
Konstituzio honi ez! ala, konstituzioei ez!
Zer esan behar dugu emakume bezala, edo hobe, feminista bezala?
Bide bat ondokoa izango litzateke: textua hartu, emakumea non diskriminatzen duen ikusi, bereizketa hau salatu eta emakumeok planteiaturik ditugun problema espezifikoak jasotzen ez badira, hutsune hau bete dadin exigitu.
Baina bide hau, erreformak eskuratzeko baliagarri baldin bazaigu, bertatik ez diogu gure problemari soluketa orokor bat eskeintzen. Lehenengo, emakumeok problema berezi batzu ditugulako, hots, gizonek ez dituztenak hain zuzen ere, baina gu problema guztiek ukitzen gaituzte eta problema guztiei geure ikuspegi berezia eman behar diegu. Hitz batez, emakumeok problema guztiei eman behar diegu irtenbide bat emakume bezala, eta ez abortoari, antisorgailuei, eta familiari bakarrik.
Hau erakutsi zigun lehenengo kontraesana, konstituzio mailan, 49. artikulu hau izan zen. Honela dio aipaturikoak: "...La sucesión en el trono seguirá el orden regular de primogenitura y representación, siendo preferida siempre la línea anterior a las posteriores en la misma línea, el grado más proximo al más remoto; EN EL MISMO GRADO, EL VARON A LA HEMBRA, y en el mismo sexo, la persona de más edad a la de menos".
Zer esango diogu guk honi?
Erreginak izan nahi al dugu?
Egia da diskriminazio bat dela, zergatik izango da ba hobe erregea erregina baino? Eta... zergatik hobe aurreko linea geroagokoa baino? Eta... zergatik hurbileko belaunaldia urrunekoa baino? Zergatik gazteena ez da zaharrena adina? Azken batez... zertarako behar dugu errege edo erregina bat?
Ez da "berdintasun abstraktu" bat gure helburua. Diskriminazio baten ispilu dela... konforme, askoren esango nuke nik. Baina, erregina jarri baino, erregea kentzeari hobe deritzot.
Botere egituretan parte hartu ala ez
Nire ustez, emakumeon askatasuna ez dago errepresioaren partaide izatean. Egiturak ez dira inoiz independienteak. Orain, gorteetan jende iraultzaileenak egongo balira, egoera ez litzateke funtsean aldatuko. Oinarrian indar erlazioak aldatzen ez diren bitartean politiko egiturak beti boterearen morroi izaten dira. Langile guztiok, askatasuna lortzeko, gure lanaren jabe egin behar gara, eta emakumeok, langile garenez, ere bai. Zanpatzen gaituen boterearen aurka, ez dugu zanpatzeko eskubidea exigituko, geure buruen kontra joango ginatekeelako. Aldaketak azalean ematen direnean, badakigu nolakoak izaten diren fruituak. Hitzak, huts hutsik, ezer gutti balio dute. Hala eta guztiz ere, hau oso ondo sartu digute buruan: "agintariak agintzen du. Lehen Franco'k agintzen zuen, orain berriz, UCD-k. Orain UCD-k agintzen du, eta bihar berriz PSOE-k edota PNVk edota PCE-k". Etzi, nork aginduko du? HERRIAK! Herriak ezin du agindu. Zenbat eta zenbat aho ez dituzte ixil arazi herriaren izenean., eta Stalin ez zen burjesa, eta bere ondorengoak ere ez dira burjesak.
Hemen etorkizun hori urruti ikusten dugu, ez al da hala? Ez hain urruti nere ustez... eta bestela, hor dugu 28-ko manifestazioa. Agian ez da adibide baliagarri bat, PNV-ren abertzaletasunak nolako mugak dituen, dirua dela mugatzailea, bagenekien. Eta ez gara ari, noski, PNV-ren oinarrizko jendeetaz. Interesak jabe, lagun positiboagoak aurkitu dituztela Madrilgo dirudunen artean euskaldun langileen artean baino, ezin uka. Ez da berria, eta honexegatik, ez eta ere harrigarria.
Dena den, Errusian, Txinan, Kuban..., boterea ez zuten bertako dirudunek hartu, baizik eta langileek (hori esan digute beti), herriak. Boterea herriak du, boterearen aurka doana, herriaren aurka doa. Amen. Hau al da langileen boterea? Zuek nahi al duzue? Nik ez, eskerrik asko. Herri-salbatzaile hauk hemen daude; batzuek besteek baino hitz gogorragoak erabiltzen dituzte mitinetan, publiko desberdinak dituzte, erradikalagoak, moderatuagoak, hemengoak, hangoak... Misiolari berriak! gure onerako ari dira jotake. Gehienak, fede onez.
Urrats guztiak ezin dira batera gainditu, Baina urratsak emateko, nora joan nahi dugun jakin beharko dugu behinik behin... Boterea al da gure helburua? Herriak multzo homogeneo bat izan behar al du? Zein balore landu behar ditugu gizarte berri bat egiteko?
Baina, gure salbatzaile horiek ez baitute denborarik gauza hauk planteiatzeko. Horrela ikusten ditugu, lanpeturik... boterea nork lehenengo eskuratuko duen jakiteko kiniela batzuk egin ditzakegu. Nork irabaziko ditu hauteskundeak? Nork izango du jende gehiago sindikatu honetan? Nork irabaziko du eztabaida hura? Nork hartuko du beretzat egunkari hura? Eta iraultzaren izenean irabazteko, milioika zerrikeria egiten badira... herriak behar ditu!
Langileriari, herriari, emakumeei konkretuki... garbigailuak eros arazten diguten bezalaxe, hainbeste dogmakeria sartu diguten bezalaxe, gehiago nahi digute inposatu... orain, herriaren salbatzaileek.
Gure iraultza, azpiegituren iraultza bat da, funtsezko harremanen aldaketa bat eta ez boterea eskuratzeko lehiaketa bat. Behar dugun iraultza egiteko, ezin ditugu ezarri dizkiguten baloreak erabil (norgehiagoketa, ahulagoarenganako agresibitatea, etab. etab.). Eta botererantz planteiatu duten lehiaketan, balore hauk erabili behar dira parte hartu nahi bada. Textuinguru honetan, ez dugu feminista iraultzarik egingo inoiz. Beraz, gure ikuspegia inguru honetatik at landu behar dugu, bestela, besteak bezala integratuko gaituzte. Taktika bezala gauza asko egin beharko dugu eta bide guztiak aprobetxatu, baina gure azken helburuak beti aurrean ditugularik. Ez gara ba botere lasterketa horretan sartuko, ez dugu inolako botererik onartuko, balore bezala ez dugulako boterea onartzen. Beraz.... KONSTITUZIO HONI EZ, ETA BESTEEI ERE EZ.
Harmak, norentzat?
Edozein botereri lotuta datorren gaia indar harmatuena da. Konstituzioak, puntu honetan ez du sexu bereizketaren problema aipatu ere egiten, pentsaezina denez gaur egun —behar ez dutelako— emakumeak soldadutzara joatea.
Hor ere, boterearen aldetik bereizkeria bat dago, baina ez dugu indar harmatu hauetan parte hartzeko inongo interesik.
Orain, harmak erabiltzen jakitea, uste dut munduan harmak diren bitartean, komenigarri zaigula; beraz, soldadutzari buruz, nik zera planteiatuko nuke: Nahi duenak, gizon edo emakume, zahar edo gazte, harmak nola erabiltzen diren jakiteko eskubidea duela.
Boterearen atzetik, beti harmak daude eta ez da kasualitatez. Botereak, indar harmatu hauk, beste biderik ez duenean, bere defentsarako atera egiten ditu. Beraz, harmadaren neutraltasuna ezin da, historian zehar behin eta berriro agertu zaigunez. Honek ez du, harmadan herriaren alde egon daitekeen sektorerik ez dagoela esan nahi; soldadutza egitera joaten diren gehienak langile eta nekazariak dira, eta indar erlazioa langileriaren alde dagoela ikusten badute, posible da beren fusilak agintarien aurka zuzentzea... baina langileen aldetik ez badute indar harmaturik ikusten, zaila da disziplina haustea, beldurra faktore garrantzitsua baita. Baina azken une hau etortzen ez den bitartean, botereak bere harmada herriaren aurka botatzeko beharrik ez duen bitartean, guk, une hori etorriko dela jakin behar dugu eta horretarako prestatzen hasi.
Emakumeok ere, zanpatuenak garenez, defentsa bideak behar ditugu; horregatik instrukzioa egiteko aukera exigi beharko genuke. Ez da behar kapazitateari buruz ezer esatea, aski frogatua baitago!
Itziar Urtasun
Gaiak. Kultura
Azaroaren Bateko EGIN egunkarian irakurritako berri batek atentzioa eman zidan. Ongi ulertu banuen, Euskalduntzen eta Alfabetatzen ikastaroak hasi dituztenen kopurua urritu egin da Gipuzkoan, ihaztik honera. Azken urteotan euskara ikasi nahiak izan duen gorakadak 1977-1978 ikastaroan jo zuen gailurra. Aurtengoarekin gainbehera abiatu gara.
Zergatik gertatu da atzerakada nabarmen hori? Handik eta hemendik aspaldi entzun ahal izan dugu arrazoirik franko. Testu eta metodo egokien falta. Irakasle trebeen urritasuna. Euskara ikastearen efikaziarik eza. Desanimoa. Fruiturik ez dakarren pikondoari zertarako ongarririk eman?
Arrazoi tekniko, pedagogiko eta politikoez gain, bada bat, nire ustez, aski aipatua ikusten ez dudana. Nekatzen ari da Euskal Herria bere erresistentzian. Nekatuta dago jadanik. Erresistentzia politikorako izan duen eta, seguruenik, oraindik ere duen prestutasunik ez du agertzen erresistentzia kulturalean.
Erresistentzia kultura eta politikoa ez dago erabat banatzerik. Hau gabe ez da hura egin. Erresistentzia kulturalak indar politiko ikaragarria du. Kulturala da agian erresistentzia politikorik beldurgarrienetakoa. Beraz, kultura ez dagoela hizkuntzara —euskarara— erreduitzerik, ez politikatik garbi ebakitzerik, bien eremuek elkar gurutzatzen dutela jakin arren, bi kontzeptu horik erabiliko ditut. Esan nahi dudana adierazteko balio dutela derizkiot eta.
Erresistentzia politikoa
Euskal Herriak erresistentzia politikoaren historia luzea du. Eta azken urteak ez dira izan ahulenak.
Historiako zenbait alditan bezala, herriak heroismorik izan du esijentzia txiki eta haundiak erreibindikatzeko. Nahiz mendira saltaka joateko, nahiz klandestinitatean murgiltzeko. Amorruaren oihua edo isiltasun garratzaren orroa lau haizetara zabalduz kalera atera denean. Gose grebak, greba politikoak, manifestapenak, entzerronak, firma bilketak, eranskailuak, askatasunaren ibilaldia, kantaldiak, jaialdiak, boikotak, etab. zer ez du egin herri honek presoak etxeratzeko, herri eskubideak legeztatzeko, poliziaren errepresioa eta hilketak salatzeko? Borroka eta borroka. Odoletan blaitua. Derrigorrezkoa zuen borroka zutik iraungo bazuen.
Amorru eta presiope bortitzean bizi izan da herria. Urduri, sentibera, minbera. Edozein gertakizunek eta arazok darama kalera. Prestaketarik eskasenarekin manifestaldi bikainik egin da. Hala nola euskal irratiaren defentsan dela gutxi. Debeku, kontrole eta era guztietako eragozpenak ez dira aski izan herri hau frenatzeko, bildu behar zuela berak ikusten zuenean. c Arnas hestuka, ritmo bortitzez bizi izan da gure herria. Goizean lana, arratsaldean manifestapena, ilunabarrean gaueskola. Astean lantegian; asteburuan entzerrona. Amorruz eta idealismoz beteta, beti ankapuntten gainean.
Baretasunik eta patxadarik gabe. Atseden ordurik gabe.
Erresistentzia kulturala
Erresistentzia hori egiteko adorea izan duen herria, ordea, beharbada ez da erresistentzi girotik kanpora bizitzeko gauza. Erresistentziara ohituegiak gaude. Kontrara bizitzen. Erreakzioz ibiltzen. Errepresio politikoak bere tankera anker eta basatienak utzi orduko, erresistentzi grina moteldu eta itzali egiten dela dirudi.
Errepresio politikoaren kontrako erresistentziaren beroaldian euskal gaueskolan izena ematea ez da hain zaila. Erresistentzia politikoaren beste une bat da. Hain samurra ez dena iraupena da agian: hitzegin ezinaren nahigabea, gaizki mintzatu beharraren lotsa, hizkuntza guztiak bezala, pausoz pauso, haur batek bezala (gehienetan okerrago) ikasi beharra onartzea.
Gaur Euskal Herrian euskaldun izan eta halaxe agertu nahi duenak borroka latza egin beharra dauka. Heroi izan behar du. Erresistentzia egin.
Gogor egin beharra dago euskaldun ez den Euskal Herrian euskalduna agertzeko. Erdal giroan euskaraz egiteko (Hegoaldeko lau probintzietan 23 % eskas omen gara euskaldun, jakin berri dugunez). Dendariari eta telefonistari euskaraz egiteko. Bulegoan eta futbol zelaian, eta tabernan eta informazioan euskaraz mintzatzeko. Heroi izan behar du erderak irentsitako kaletik eta ikastetxetik datorren mutikoa bere senideekin euskaraz jolastuko bada. Heroi izan behar du lagunartean euskaraz aritzeagatik, tirandurak eta etenak ere sortzeko arriskutik igarotzeko prest dagoenak. Heroi behar da izan, erderaz euskaraz baino dotoreago eta aisago idazten eta hitzegiten duzunean, euskararen aukera egin eta berari emanik bizitzeko. Erresistentzi kulturaleko heroia!
Zenbait aldetatik erresistentzia kulturala zailagoa da politikoa baino. Hemen, semeari, andreagaiari, adiskideari, emazteari kontraeutsi behar diozu. Aisago jasaten da poliziaren iraina eta egurra, aldameneko bizilagunaren haserrea edo barrea baino. Errazagoa da ordu pare batetan tiro eta ke bonba artean korrika ibiltzea, eguna joan eta etorri, zure etxeko euskal giroa babestu ezinik, zeure haurrekin edo hauen lengusinarekin edo adiskideekin erriertan aritzea baino. Erresistentzia politikoan etsaia garbi ikusten duzu. Zugandik kanpo dago. Ongi mugatua. Uniforme eta guzti. Eta gabe dabiltzanak identifikatzea ere apenas da zaila nonbait. Erresistentzia kulturaleko etsaia, berriz, barruan dago; zure etxean; zure baitan. Erresistentzia politikoa egiten duen herri horren barnean.
Zentzuz deitzen zaionean, kalera irtetzeko beldurrik ez duen herria, makilkadek, gartzelak, izuak, atzeratzen ez dutena, egunero, orduero klaudikatzen dakusgu erresistentzia kulturaleko etsaiaren aurrean.
Erresistentzia politikoak herriari era guztietako errepresioen kontzientzia berpiztu dio batetik. Baina bestetik borroka horrek, erresistentzia kulturalak esijitzen dituen estrategia, taktika eta harmamendua bilatzeko kemena erre diola dirudi. Erresistentzia politikoko heroi ospetsu eta diztiratsuak erresistentzia kulturaleko heroi apalaren indarrak jan ditu.
Politika, erresistentzia bezala bizitzearekin nekatzen ari da Euskal Herria. Ezin da beti oihuka, beti anka punttxen gainean, beti zutik, beti kalean bizi. Patxadan eseri nahi du. Alde honetatik erresistentzia politikoaren eraginez gaueskolara joango direnak gutxitu egingo direla uste daiteke. Baina horrek ez du esan nahi euskara ikasi nahi dutenen kopuruak gutxitu behar duenik. Heroismo politikorik gabe ikasi nahi dutenek behar dute ugaritu. Erresistentzia kulturala pazientziaz, apal egiteko prest daudenek.
Herri euskaldunaren, beraz euskaldunduaren, ametsa, erresistentzia kulturalerako deia da. Heroismorako deia. Erresistentzi izpiriturik gabe ez dugu Euskal Herri euskaldunik izango. Baina ez dago beti heroi izaterik. Heroismoa agortu egin ohi da. Heroismoz bakarrik ez gara salbatuko. Heroismorik beharko ez duen herri normala behar dugu lortu lehenbaitlehen. Heroismorik gabe, erresistentzi premiarik gabe euskaldun litekeen herria. Baina bitartean entzun dezagun erresistentzia kulturalerako irrintzi larria.
Manolo Pagola
Gaiak. Kultura
Egia du, bai, ondikotz; eta egia osoa du. Zeren-eta gure herriaren gainean hegaz ageri zaigun mamua, Quebec-ena edo Finlandia-rena ez baita, Irlanda-rena baizik.
Diglosia hor dugu, zindo eta izukaitz; eta euskara behin eta berriz eta gizaro guztietan bazterturik. Are abertzaleen artean ere gero eta harroago eta lotsagabeago agertzen zaigularik: "antes es la revolución que el euskara". Ez dut nik ukatuko gabezien ilaran, eta euskara galdua dutenen artean (eta hau aisegi ahaztutzen da), arazo larriagorik ez dagoenik. Zer da, ordea, euskaldun herriak zinez bera izan eta burruka gogorra egiten duen une honetan, sozial-inperialistek proposatzen diguten "revolución" hori? Euskararen zapalkuntza aurrerago eramanez, eta gure herriaren herbestekuntza azkartuz, "revolución" hitza aipatuagatik ere, "hable Vd. cristiano" betean gaude; eta eskoletako eraztun lotsagarri hura, gaur "chiquillo", "irresponsable" eta "lastre" izenez leporatzen zaigu. Hots, gure herritasunaren UKAERA BERA den bide horretatik, INPERIALISMOA egiten da, eta odola eman duten abertzale guztiak zapuzten. Oinarri horien gainean nekez egin daiteke "iraultza"rik.
Euskal Herriko indar politikoak, horretara, hamabost bar urtez egiazko abertzaletasunean barrena abiatzeko deliberaturik agertu ondoren, orain, eta ihazko ekainaren 15-az geroztik bereziki, sozial-inperialismora eta likidaketara lerratzeko arriskutan agertzen zaizkigu berriro; eta azken urteotan nekez ereindako hazia, orain, biltzen hasteko une honetan, alferrik ihartzeko eta hondatzekotan.
Urrujulegik, beraz, egia du osoki; eta nahiago nuke oker egotea.
Hots, zer gertatzen da gaur Irlandan?
***
Oraintxe kondatuko dizuet "Celtic League" delakoaren CARN aldizkariak (1978, 23. zenb., 15. or.) egun hauetantxe jakin erazi duena.
Aurtengo uztailaren 7-an, hauzi apal bat zela-ta, Letterkenny-ko Epaietxera azaldu zen Proinsias O Mianáin jauna. Irlandarra, eta Donegal-go "Gaeltacht"-ekoa izanik (alegia, Irlanda "Askatu"an gelditzen diren hiru "zoo" gaelikoetako batekoa); eta, horrekin batera, gaelikoa, legeen letran, "lehenengo hizkuntza ofiziala" izanik (!!), GAELIKOZ eta ez bestez hitz egiteko erabakia jakin erazi zion juezari.
Honek, orduan, "itzultzaile egokirik" ez zeukala erantzun zion; eta, beraz, inglesez ikusi beharko zuela hauzia.
Gure P. O Mianáin-ek, berriz, ezetz eta ezetz; eta ez zuela inglesez hitzik batere esango. Hasarretu egin da honetakoan Sheehy gure juez aberchalea, eta, Tribunalarekiko erakutsi (omen) zuen errespeturik eta itzalik eza baliatuz ("desacato al Tribunal", erdaraz), Mountjoy-ko GARTZELARA bidali zuen... (Noraino helduko ote dira bada "gaelikomano" horiek, pentsatu zuen Juezak, noski).
Ministeritzara jo zuten orduan O Mianáin-en adiskideek; eta Gobernu ("Askatu"ak) hau erantzun zuen: Sheehy Juezak "gaizki" jokatu zuela, bai... ez baitzuen eskubiderik jaun hori "eperik gabe", mugarik gabe alegia, gartzelara bidaltzeko; epe zehatz batez bakarrik bidaltzeko baizik!!
Aski zukeen P. O Mianáin jaunak, hortaz, prestatu zioten "barkazio-eskea" sinatzea, eta kanpora irtengo zela segidan.
Joan dira harengana paper horrekin, beraz, gartzelara. O Mianáin jaunak, ordea, ez barkaziorik nahi du eskatu, ez inglesez izkiriatutako paperik sinatu. Eta ezetz berriro... Eta HAN GELDITU ZEN gure irlandar gizajoa, GARTZELAN, bere Eire "Askatu"an, gaelikoz hitz egin nahi izan zuelako, presto!!!
***
Eta nik, eta anitzek, galdera berbera egiten dugu: zer da Irlanda "Askatua"? Zer da Dublin-go Gobernua? Zer asma edo lor zezakeen inperialismoak Irlandan, quisling, harki eta traidore-mota guzti horiek IRLANDAREN IZENEAN lortu dutena baino zitalagorik eta makurragorik?
Ez omen gaude gu hemen horretan.
Baina lehen "España Una, Grande y Libre"aren izenean, eta organizazio inperialisten bitartez, behartzen gintuzten geure hizkuntza baztertzera. Orain, berriz —eta zinez dinotsuet ongi dakidala zertaz mintzo natzaizuen— orain EUSKADIREN IZENEAN ETA ORGANIZAZIO ABERTZALEEN BITARTEZ behartzen gaituzte ESPAÑERAZ hitz egitera eta ESPAÑERAZ idaztera; gaur Irlandako gobernuak herri guztia hizkuntzazko inperialismora behartzen duen BIDE BERBERETIK.
Hots, zer dira, izan, "Euzkadi"ren izenean egiten zaizkigun debeku horiek, adiskideok, Irlandako deskalabro osora eta ez beste inora daraman TRAIZIOAN BARRENA abiatzea baizik? Zer dira karkaxa okaztagarri horiek, ondoren datorren heriotza doilorraren zantzu lotsagalduak baizik?
Horrengatik, eta berriz ere, eta INORK entzungo ez banau ere, DIGLOSIARI EZ; EUSKARAREN BAZTERKUNTZARI EZ.
Organizazio abertzaleetan, eta irendurik ez bagaude, eta GAUR, KANPORA BURUZAGITZATIK erdaldunak oro! Kanpora, bai, berantegi baino lehen. Hainek, goitik, euskararen aldeko plangintzak oro errausten baitituzte; hainek, gure artean ere inperialismoaren iskilu NAGUSIA azkartuz, eta gu euskaldunok "Euzkadi"ren izenean zafratuz, gure Aberria ere EHORZTEN hasiak baitira!
Aberria maite denean, eta inperialismoa gorroto, IKASI egiten da euskara; arrazoin pratikoengatik mila eta mila euskaldunek frantsesez edo inglesez majo ikasten duten BEZALAXE. Euskara "amaren titian", eta ez bestela, ikasten dela esaten duena, hortxe da arrazakoia.
Buruzagi agertu edo izan nahi dutenek, oso argitzat daukate beren burua. Hortaz, aski dute ikastea. Nahi ez badute, zer erantsiko?
Hortaz, euskaraz HITZEGITEN ez duen buruzagi abertzalea, ez da buruzagi eta ez abertzale. Eta geure buruzagitzetatik baztertzeko tenorea heldua da.
Txillardegi
Gaiak. Erreportaia
Euskal Herritik Georgiara Moskun zehar (3)
Euskara eta Georgiera
Georgierak, egituraz, euskararen antz haundia du, halako punturaino non nekez aurki baitaiteke munduan beste hizkuntza bat gure mintzairarekin hainbeste kidetasun agertzen duenik. Horrek, ordea, besterik gabe, ez du frogatzen bien sustraikidetasuna. Gehienetan kasualitate hutsez bada ere, euskal itxurako hitz asko topatzen dira bertan: klite "giltza", eri "herri", ngar "negar", ager "ageri", ghame "gau", borbali "biribil", gora "mendi", tagu "sagu", rkina "burdina". Aditza, euskaraz bezala, anizpertsonaduna da: xadavs "dakusa", gxdavs "hakusa", mxedavs "nakusa", gvxedavs "gakuski", gxdavt "zakuski"... Han ere nik neure burua dakusat (me cm tvs vxdav) esaten da, tavi "buru" horrekin "norbera" azaltzeko: Gisa berean, georgieraz tavisupleba "askatasuna", gure burujabetasuna besterik ez da (tavis "buruaren", up(a)l- "jabe", -eba "-tasun"). Ba dira, noski, bestelako kidetasun, ez hain ageri baina bai sakonagoak, hemen aipatzerik ez badago ere.
Georgierazko hitz berriak
Hitz berriak egierakoan georgiarrak aski eklektikoak dira, bai georgiar sustraikoak eta bai kanpotikoak onhartzen dituzte, maiz bikoteak edukiz. Beren hizkuntzak, euskarak bezala, atzizki asko ditu, baina hauez gainera aurrizkitan guk baino aberatsagoak dira. Honek, eta mila eta bostehun urtetako literatur tradizio joria izateak, erraztasun nabaria eskaintzen die hitz berriak sortzeko. Hor dira, kasu, tvitprinavi "hegazkina" (hitzez hitz "buru-hegalari", sastumro "hotela" ("arrotzentzakoa"), Sabcota Kavsiri "Sovietar Batasuna" ("Biltzar-Batasuna"), sajhelobiti "nominatiboa ("izenetikoa"). Berauen parean ba dituzte, eta ugari, hitz internazional asko: historia, gazeti, biologia, phisika, proletari, partia, zentraluri komiteti, universiteti, theatri, kino, monasteri, revolutzia, telephoni, etab. Hauez gain, ba dituzte, eta oso sintomatikoa da berau, erdizka georgieratik eginak grdzelimetraji "laburmetrajea", superkatzi "supergizona", etab.
Naziotasuna eta Hiritartasuna
Hau ere maiz nahasi egiten dugu. Espainol Estatura Ukrainiar, georgiar, azerbaidzandar edo Letoniako koru eta dantzariak datozenean, hemengo komunikabide guztiek (bai eta "abertzale" direnek ere maiz) berria beti berdin ematen dute: "coros y danzas RUSAS". Oraintsu, bestalde, ez dakit zein disidenteri Moskuk bere "nacionalidad soviética" kendu diola irakurri dut harriturik, delako sovietar naziotasun hori ez baita ezer.
Sovietar Batasuna Errepublika Federatu batzuren arteko Estatu bat da. Bertan bizi diren guztiek sovietar hiritartasuna dute, hots, Estatu berean bizitzeko egoera politikoa, baina nork bere aukera libre eta pertsonalaz, nahiago duen naziotasuna dauka. Naziotasun hori, Espainiako konstituzioan ez bezala, bere pasaporte edo nortasun-karnetean argi eta garbi adierazia da. Ba dira han, Errusiaz gainera, beste hamalau errepublika federatu, eta ez dira gutxi, gainera, Sovietar Batasunean Estatu edo eskualde propiorik ukan ez arren, naziotasuna onhartua dutenak (juduak, grekoak, alemanak, kruduak, espainolak...). Estatu batek, espioia delako, kasu, pertsona bati politikoki "hiritartasuna" (espainieraz "ciudadanía") ken edo uka diezaioke, baina ez, noski, bere naziotasuna, berau pertsonaren atxekimenduzko aukera bat baita. Hortaz, sovietar hiritartasuna aukeratuko lukeen euskaldun batek bere karnetean "euskaldun" naziotasunekoa dela jar lezake bertan, eta holakotzat errespetatua litzateke.
Mesetako zenbait zentralistak katalan, galego eta euskaldunekin darabilten bereizkeria, hortaz, erabat absurdua da, lehenagoko erlijio katholikotasunezko batasun nahitaezko haren segida neurotiko inperialista, hain zuzen. Georgian egon nintzen artean, inork, ez prentsak ez irratiak ez telebistak ere, ez zuen esan ni espaneli nintzela, baski baizik. Tbilisin ezagutu nuen frantximent kretino batek, ordea, Vous êtes Basque, alors Espagnol ("euskalduna zara, espainola beraz") esan zidanean, erantzun nionaz satisfakzioak eta barkatzekoak eman behar izan zizkidan.
Iveria Hotolean, hala ere, eta begikotasun haundiaz, beste bandera nazionalen artean ikurrina egin erazi eta jarri zidaten, neronek nolakoa zen esan ondoan. Eta diodan honen lekukoa da, beste batzuren artean, Joan Zelaia oinatiarra, Tbilisin aurkitu nuena.
Euskara Tbilisiko Unibertsitatean
Nik neuk ez neraman obligazio hori, georgiera moderno eta klasikoa ikastea baizik, baina Tbilisiko Unibertsitateko euskal irakasleek, Greta Txantladzek eta Yuri Vl. Zytsar-ek, bertan euskal hizkuntza eta literaturari buruzko eskolak emateko eskatu zidatenez gero, holaxe egin nuen. Larunbatero, sei astetan, Euskal Herriaren gaurko kultur, hizkuntz eta politik egoera, literatura, euskal aditza eta gramatikazko beste zenbait gauza azaldu nuen. Errektorearen erreguz, gainera, jendaurreko hitzaldi publiko bat, dibulgaziozkoa, egin behar ukan nuen, izugarrizko jende piloak erakarri zituena. Bertan ezagutu nuen Xota Jhvedelidze ingeniari, Botorritako brontzearen interpretatzaile" famatua, beronez hurrengo batez mintzatuko banaiz ere. Euskara zuzenki ikasten, dozena bat ikasle dago, filologi estudioen azken urteetako neska mutil gazteak guztiak. Oso aurreraturik zeuden eta interes nabaria agertzen zuten Euskal Herriko arazo guztietarako. Bai Gretak eta bai Zytsarrek lan bikaina egina dute bertan. Oraingo egoeran, ordea, guk nekez ordaindu ahal izanen diegu interes hori Euskal Herrian georgiera irakatsiz.
Georgiarren eta euskaldunen arteko anaitasuna
Ba dakit hau, bati baino gehiagori sinesgaitz eta talo bero usaina irudituko zaiola. Ez dit ardura, egia da eta. Kontua da, Georgiako edozein pertsonari, kaletar zein hiritar izan, euskaldunez galdetuz gero, honela erantzungo duela: "Bai, euskaldunak Pirinioetan bizi diren gure anaiak dira". Hainbeste aldiz entzun diet, nik me baski var "ni euskalduna naiz" esatean, cveno dzmao! "Anaia gurea!" erantzuten, begirakada abegikor eta poztu batez lagunduz.
Honi buruz konta ezinezko anekdotak aipa nitzake. Hona hemen bat. Maiatzaren 29a zen, astelehena; arratsean, Tbilisiko Filarmoniako theatroan, Georgiako haundien eta modernoenean, Ilia Txavtxavdze idazle handiaren 140 urtehurrena hospatu zen. Bertan, agertokiko mahaiburuan, Errepublikaren lehendakaria, Pavle Gilasvili, Alderdi Komunistako eta Gobernuko agintariak, eta Zientzien Akademiako buruak zeuden, bai eta sovietar errepublika hauzo inportanteenetako idazleen elkarteetako ordezkariak ere. Sovietarrez gainera, han hirur kanpotar ginen: italiar senar-emazte batzu, andrea eslavista eta gizona idazlea, eta ni. Theatroa, bestela, guztiz beteta zegoen.
Sovietar agintari eta ordezkarien ondoan guri ere hitza eskaini ziguten. Lehenik italiarrak mintzatu ziren. Errusieraz. Jendeak gizabideaz txalotu zituen. Azkena ni nintzen. Ilia Tabagua adiskidearekin, bezperan Qvareli-n, Txavtxavdzeren jaioterrian egin genuen bezala, georgieraz hitzaldi motz bat gertatua nekarren. Hartan theatroko jendea agurtu eta oraindik hain georgiera gutti jakiteaz barkatzeko niotsen, hurrengoan hobeki egingo nuela prometatuz. Ondoan euskaraz mintzatu nintzaien, Tabuak, zatika, alde aurrez frantsesez azaldu nion textua georgieraz emanez. Bukatu nuenean Gaumarjos kartvel jhals da mis did xvils Ilia Txavtxavadzes! "Gora georgiar herria eta beronen seme handia Ilia Txavtxavadze!" zoli bat bota nuen. Arthur Koelster-ek berari urte asko lehenago gertatu zitzaiola kondatzen duena bera suertatu zitzaidan niri ere.
Hura apoteosikoa izan zen. Zutik jarrita, jendea txaloka hasi zen, eta deika, orroaka. Eta hola luzaro. Telebistak dena filmatu eta eman zuen. Presidenteak eta mahaiburuko guztiek zorionik beroenak eman zizkidaten. Sovietar eta kanpotar guztien artean, neu nintzen, neureaz gainera beren hizkuntzaz hitz egin nielako, jende haien bihotza ukitu nuen bakarra.
Omenaldi hartatik irteterakoan, jendea nigana etorri zen, zahar eta gazte, neska eta mutil. Askok, Georgiako ohituraren arauera, besarkatu eta mosu ematen zidaten. Nik zaharren begietan behin baino sarriago emoziozko malkoak nekuskien. Autografoak eskatzen zizkidaten eta lan horretan ordu erdi eman behar izan nuen. Autografoak edonon, theatroaren programen gainean, liburuxketan, apropos ekarritako liburuetan... batzu euskaraz eta gehienak georgieraz, ez baita hain komuna, ziostatenetik, hizkuntza hau idazten dakien kanpotarra. Haik izan ziren firmatu nituen lehenbizikoak, eta zer zen hura! Geroagoko afarian, Mtatsminda mendian, lehendakariarekin eta gainerakoekin eginda, italiarrek zera esan zidaten frantsesez: "Hurrengorako geuk ere georgiera ikasi beharko dugu, zeuk beste txalo jaso nahi baditugu behintzat".
Sentimendu sakon bezain estrainioa
Ez da erraza, egia esan, euskaldun batentzat, holako mementuetan sentitzen dena adieraztea. Eta ez da, soilki, hitz kontua. Bizipena bera da estrainioa, bakana bizitzean oso guttitan sentitua. Espainol edo frantses batek bai, ba daki zer den, atzerrian dagoenean, bere aberriaren omena, ohore eta ezagutza publikoa inoren ahoz entzutean sentitzen dena, frantses edo espainol Herrikotzat hartua izateko harrotasuna, halegia. Nazioartean ofizialki ezer ez omen garen euskaldunok, ordea, ia beti geure pasaportearen arauera juzkatuak izaten gara, eta hola geure barruan frustrazio eta mina ez beste hartzen dugu. Cervantes, Garcia Lorca edo Molière-ren herkidetzat jotzen gaituztenean, jaun haundi horien famak lotsaz betetzen gaitu, hauzoak bai baina etxekoak ez zirelako.
Georgian, aldiz, ni neu euskaldun ez bestetzat hartua nintzen, gure nazioaren historia, kultura, hizkuntza, beren ohore eta desohore, handitasun eta miseria guztiez, neure gain hartzen nituela. Euskalduna nintzen, bai, Elkanoren herrikoa, Lope Agirrenekoa, Loiolakoarena, Unamuno, Txillida eta ETAkoena. Holakotzat miresten eta maitatzen ninduten georgiarrek eta hori, bai orduan sentitzean eta bai orain gogoratzean ere, zirrarezko zerbait da, lagunok, ezin ahantzizkoa, begiak lausotzen dituen zentzazio goitarra.
Horregatik besterik ez balitz ere —eta besterik asko ere ba da— euskaldunok georgiarrak beste edozein herri bainoago maitatu beharko genituzke. "Oraindik ez dakit —niotsen behin— hizkuntzaz anaiak garen ala ez, holaxe izatea nahi nukeen arren. Baina dena dela, segur naiz euskaldunok ezingo dugula inoiz aurkitu inon zuek baino anaia hoberik". Eta hori bai han eta bai hemen bihotzez esango dut beti.
Xabier Kintana
Gaiak. Kultura
Nadia Comaneci-ren historia tristea
Mont-Realeko Joko Olinpikoetan mundua ahozabalik utzi zuen. Ikusgarria, sinestezina, zoragarria... gertatu zen, begien gozamenerako eta buruaren alaitzerako. Egia esan, pertsonak harritzeko prestatua izan zen, hamalau urte eskaseko neskato hura.
Zer prezio ordaindu behar izan zuen ordea horretarako? Hori ulertzeko beraren bizitza aztertu behar da. Gimnasiarako bizi zen edo hobeki esanik, gimnasiarako bizi eragin zuten. Beraren bizitzaren helburu bakarra gimnasia egitea zen; hori bai —eta berak ez bazekien ere— bere estatuaren ohorerako. Eta helburua lortzeko bide gogorrean zehar abiatu zuten, pertsona nolabait anormala bihurtu arte. Diziplina espartarrez, egunero hainbeste ordu eman behar zituen prestaketa fisikorako. Janari-erregimen berezia. Ariketa fisikoak behin eta berriro errepika, sinkronizazio perfektura heldu arte. Dena kontrolpean, matematikoki kontrolaturik...
Eta zer lortu zen? Errobot ia perfektua, higidurarik sinestezinenak erraztasunik errazenaz egiteko ahalmena zuen errobota. Eta errobot gizatiar horrek, gizanimaliaren ahalmen fisikoaren mugak zabaldu egin zituen, grabitate unibertsalaren legearen arauera gauzak goitik behera eroriko ez bailiren. Eta jendeak pozik eta gogoz txalotzen zuen hamalau urte eskaseko neskato hura.
Tristura susmatzen zen, ordea, begi ttiki haietan. Eta garaipen bakoitzeko saritzat ematen zizkioten kopinek ez zezaketen bete adiskideen falta, beraren adineko adiskide jostalari eta arrunten falta. Pertsona nagusien munduan bizi zen eta pertsona nagusiek beren helburu batzu lortzeko erabiltzen zuten; eta txaloekaz ez da maitasun-hutsunerik betetzen. Horregatik triste zegoen. Makina bihurtu nahi zuten eta bera umea zen.
Urteak aurrera joan dira, denbora ez baitu inork gera erazten. Hamasei urte ditu eta teknikariek diotenez, zahar da gimnasiarako. Jadanik Montrealeko mitoa apurtu egin da. Emakume egiten ari da, honek dakartzan aldaketa anatomikoekin. Eta gorputz astuna ez da umegorputza bezain erraz manaiatzen. Orain ez da beti garaile ateratzen eta ez du jendea harritzen. Batzu dezepzionaturik geratu dira; guk, ostera, itxura gizatiarragoa hartzen diogu, errobot itxura guttiago duelako hain zuzen ere. Eta gure galdera zera da: Bizpahiru urtetako ohoreagatik, ez du haurtzarorik bizi. Nor da haurtzaroa desegiteko erantzunkizuna har dezakeena?
Batzutan inbidiaz egon ohi gara, gure Herrian horrelako kirolari bikainik ez dugulako. Eta dudarik ez dugu egiten, neurri handi batetan, nahiko bazterturik dugula irakaskuntzan geure haurren hezketa fisikoa. Baina honetan ez dut uste beste puntara pasatu behar denik zenbait estatutan egiten den bezala. Zeren, kirolari famatuak edukitzeko gure haurrek horrelako prezioa ordaindu behar badute, merezi ote du?
J. R. Bilbao
Gaiak. Kultura
Hasia da bikoteka jokatzen den eskupilotazko kanpionatu profesionala. Eta pilotazaleak pozik gaude partidu bikainak ikusteko aukera edukiko dugulako.
Ni neu ere, konkurrentzia itsuaren zale ez banaiz ere, horrelako txapelketek dituzten alde positiboak ongi estimatzen ditut. Neure batetarainoko konkurrentziak on egiten dio kirolari, interesgarriago bihurtzen baitu. Bestalde, gure kirolen arteko unibertsalena potentziatzeko egintzak positiboak direlakoan nago.
Kanpionatu honek aire berri eta garbia dakar gure frontoietara. Zer esanik, joko profesionala beti ohi da kalitatezkoa. Baina kanpionatuko piperminik gabe Euskal Herriko frontoietan egunero jokatzen diren partiduak monotonoegiak direlako susmoa dugu. Diru-jokalariek diruaren interesa dute nagusiki. Eta besteok opil berbera jatera behartuak. Kolmorako, entrepresa pilotistikoen banaketa dela eta, zenbait lekutan zigorturik gaude, pilotari on batzu sekula ere ez ikustera.
Txapelketa honen bidez, apurtu egin da neurri batetan orain arteko monotonia. Pilotarien interesa, motibazioa, entrega eta irabaznahia askoz ere handiagoa denez, partidu bikainak ikusiko ditugu. Horrek, segur asko, pilotazaletasuna bizkortu eginen du. Horixek dira txapelketaren alde onak: Pilotarien superaziorako bidea ematen du eta ikuslerengan ikusgura sortzen du, pilotazaletasuna akuilatuz. Zorionak, ba, alde horretatik!
J. R. Bilbao
Gaiak. Kultura
Albizuri haundia eta harrijasotzaileak
Harrigarria da benetan, gure Herriko kirola autoktonoek duten konbokatoriarako indarra. Azaleko azterketa batetan, erabat monotono direla esanen genuke. Baina zerbait berezi ba dute, jendearen arreta erakartzeko.
Eman dezagun, adibidez, harrijasoketekin gertatzen dena. Beti berdin: Harria hartu eta gora altxa, behin eta berriro. Ez da hor joku edo teknika berririk ikusten. Kontu bakarra zera da, zeinek jasoaldi gehien egin. Horrek, ordea, ba du bere emozioa, zenbait harrijasotzailek parte hartzean. Bestalde, tartean begiraleen apostuak daude.
Edozein modutan, noizean behin gauza bereziak ere egiten dira, Albizuri Haundia deituriko harriaren kasuan bezala. Alde batetatik, harria bera nolabait mitikoa da: formagatik, pisuagatik eta hartaz egin diren apostu historikoengatik. Bestetik, harrijasotzaileek berek ere, beren superaziorako tokeharritzat daukate. Horrela, zortzi harrijasotzaile egon dira prest harria altxatzeko. Eta hiru mila bat pertsona agertu ziren Amezketara, bertako ikastolaren alde antolaturik zegoen ekitaldira.
Gure kirolaren eragin izkutua! Ez dakit subkontzientearen kontua denentz, baina euskaldunok erakartzeko indarra ba du behintzat. Agian bertako partaideak euskaldun hutsak direlako...
J. R. Bilbao
Gaiak. Kultura
1940.ean Parman jaioa, Italiako gerra osteko zinegilerik gazteena eta nagusienetariko bat dugu Bertolucci. 1955.ean, hamabost urterekin, lehen filme laburrak egiten ditu, eta 1962.ean, bere lehenbiziko filme luzea: "La comare seca" (Amaide lehorra). Filme honen gidoia Pasolinirena da, eta honen "Accatone" delakoa gogoratzen du. Datozen filmetan, beste maisu batzuren eraginak nabari dira, hala nola "Prima della revoluzione" (Iraultza baino lehen, 1964) delakoan, non Rosselini nabari baita, eta, batez ere, hain Godard-arra den "Partner" (1968) izenekoan.
Azken fllme honetan Bertolucciren psiko-patologia ikusi nahi izan da. Filmearen errodaia-denborak (1968.eko maiatza) alde batetatik, Dostoiewski-ren nobelaren aitzakiak bestetik (honi esker produktore batek filmea finantzatu zuen), oso filme pertsonal eta "apurtzailea" inguratzen dute. Filmean agertzen diren bi (ala bat?) pertsonaiek, errealitatearen aurreko portaera desberdinak erakusten dizkigute, egilearen eskizofrenia bezala azal daitekeena. Filmea ez da ulergarria, neurosi batetatik ikusia ez bada behintzat (Teatroan —Living Theatre-n— eginiko sarreraren porrotak sortutako neuroa, agian). Bestela, joko bat bezala ere ikus daiteke, joko serioegia, beharbada, baina jokoa azken finean, non politikak, psikosiak, neurosiak eta eskizofreniak ariketa-filme bat egiteko baino balio ez duten.
1969. eta 1970.ean beste bi filme egiten ditu: "La strategia del ragno" (Armiarmaren estrategia), eta "Il Conformista" (Konformista). Lehena Italiako telebistarako, eta bigarrena Paramount-erako. Komertzializazioa beharrezkoa zuen Bertoluccik une horretan, aurreko hiru filmeak ezekonomikoak izan baitziren. "Il Conformista" Alberto Moraviaren nobela batetatik aterata dago. Moraviaren estiloa —liberala eta ezkertiarra politikan, erritmo astiroa eta aspergarria literaturan— oso ongi irudikatuta dago Bertolucci-ren filmean, sozietatearen ikuspen pesimistan batez ere. Baina desberdintasunak ere ba daude: narrazio tankera desberdina (filmean flash-back-en bidez, nobelan, linealki), bukaera desberdina...
Bertolucci-rentzat faxismoak eragin handia ukan du, nahiz eta berak pertsonalki ez bizi —Faxismoa 1943.ean erori zen—. Italiako gerra osteko bizitzan aitaren influentzia oso handia du eta askatasunaren problematika bere filmetan lehar ikusten da: errepresioak eroriz doaz, zine egiteko estilo pertsonal bat lortuz: expresionista, antikonbentzionala, nahiz eta filmearen istorioa konformista batena izan, ikuslearena nonbait.
Tangoa
1972.ean bere filme eztabaidatuena egiten du: "Ultimo tango a Parigi" (Azken tangoa Parisen). Ikuspuntu soziologiko batetatik, filme hau oso garrantzitsua da gure gizartean; zine aldetik, ez horrenbeste. Pelikula hau ere "apurtzaile" da: ikuslearen egitura mentalak eta sozialak apurtzeko egina: flash-back-en segidak, enkoadreak, eskenategiak, pertsonaiak... dena, ohizko pelikulekiko destenore gisan ikusten da, eta hemen denari unitate bat eman zaio. Paul —Brando— eta Jeanne —Scheider— beren ingurunetatik kanpo dauden antiheroeak dira, eta beraiekin ikuslea oso gaizki identifikatzen da. Efektu honek deserosotasun bat sortzen du, eta hori gainditzeko filmearen gogortasuna dago: sexu-bortizkeria, erlazio bortxatua, senti nahi ez dugun baina nonnahi dagoen gogorgoa...
Filmea gainditua geratu da. Orain dela urte batzu, zine-hizkuntza iraultzaile bat ukan zukeen. Gaur egun ez. Inguru espazial eta tenporaletatik aterata, apurtzeko zeuzkanak desagerturik, filmea bere tokian kokatzen ari da.
Novecento
Bertolucci-ren zaletasun ezkertiarra, 68-tik aurrera ezkutuan zegoen. Beste alde batetatik, faxismoa ulertu nahiak —beste pelikula batzutan nabaria— filme bat eskatzen zuen. Azkenean bi helburuak filme-epopeia batetan elkartu dira.
Luzeraren kausaz (guztitara lau ordu t'erdi) bi partetan zatikatua, filme hau istorio bat da: nekazal burgesia alde batetatik, nekazal proletalgoa bestetik, eta elkarren artean mantentzen dituzten borrokak. Bere bi pertsonaiak, klaseen sinboloak, urteetan zehar desarroilatzen dira, eta beraiekin sozietatearen historia aurkezten da, direktoreak noren alde parte hartzen duen oso argi geratzen delarik. Honen kausaz, filmearen panfletismo haurtarra sobera legoke, istorioaren hari soila nahiko zitekeelarik.
Bi urteetako lan hau, bere preziosismoan nabari da: filmeak ez du akatsik: kolorea, musika (Morricone), aktuatze-era, anbientazioa... gaindi ezinak dira. Ba liteke, Bertoluccik filme honekin zineaz zer ulertzen duen azaltzea, hitzez orain zortzi urte "Il drama" aldizkarian azaldu zuen bezala: "Filme bat errodatzea, nire barnean daramadan kaosean ordena pixka bat jartzea dela uste dut, eta zineak kaos horretatik askatzeko bide bat eskaintzen dit, partzialki behintzat".
I. Zuazo
Anaitasunaren komikia
[Komikia]
X. Etxenike
Gaiak. Kultura
Berria berria !? !?
Nekeza izan da, metodo honen publikatzea, baina azkenez, zeure esku artean dago hainbeste ahaleginen fruitu umotua.
Erdara —espainola zein frantsesa— eta euskara ezin daitezke elkarrekin bizi: Batak edo besteak irabazi behar du derrigor. Eta azkenaldi honetan erdara da irabazle.
Euskaldunok erdaraz hitzegitea hautatu dugun uneotan (umeei eta txakurrei euskaraz egiten segitzen badugu ere), trixtea da euskara ikasteko metodoen emaitza, ikastean ez baitatza ebazpidea, erabiltzean baizik.
Horregatik agindu genion gure laguntzaile den Jon Etxebarriri soluzio on bat bila zezala arazo latz honen arloan. Haren erantzuna zehatza izan da: ERDARA AHANTZI behar dugula, eta horretarako, hauxe metodo aproposa, KAKA ERDARARI.
Adolfo Múgica Ibarruri,
Hizkuntzaindiako Presidentea.
***
Eskaintza
Ttikitan euskara jakinik, eta ahantzi duten bezainbatek, edo mila aldiz gehiagok ahantz dezaten erdara maitia.
Presentazioa
Besteek ere beren metodoak eginez doazenez, geuk ere geurea egin behar genuela uste ukan dugu.
Honetan ez da euskararik irakasten, eta beronen betebeharra erdara ahanztea da soilki.
Aitortu beharra dugu ez dela metodo original bat; sekula idatzia izan ez bada ere, euskara ahanzteko metodo arrunt eta hedatuetan oinharritzen da.
***
Lehen ikaskaia ahanzkaia
Eztia zerrientzat egina ez den bezala, erdara ere ez da euskaldunontzat. Kaka, beraz erdaldunen hizkuntza anzestralari, kaka erdara maitiari. Aintzineko erdaldun zaharrek, mendi, baso, oihan eta arru... edertasunaren erdian, erdara garbia erabiltzen zuten gure alu-potroak garbitzeko.
* ERDARAK EZ DU BIRAORIK
* FRANCO JAUNAK ERDARA IRAKATSI ZIGUN
* JAINKOAK ERE ERDARA GARBIJA NAHI DU
* INOIZ ERE EZ DA BERANDUEGI ERDARA AHANZTEKO.
* GURPIDE MONSINOREAK ERE, HILZORIAN ZEGOELA, AHANTZI EGIN OMEN ZUEN, SEMINARIOAREN TITI LEGUNETATIK IKASI ZUEN ERDARA GOXOA, ETA BERE EZPAINETATIK, KAKA ERDARARI IRTEN ZEN AZKEN HASPERENAREKIN BATERA.
* ERDARA AHANZTEN EZ DUENA EZ DA BENETAKO ANDRE EDO GIZON.
Beraz, ORA PRO NOBIS.
* KAKA ERADARARI
HAU ERDAL HERRIA DA
BAINA ERDARA BITXIA AHANZTEN DUGUNEAN, EUSKAL HERRIA IZANGO DA.
HAU EUSKADI DELA AHANTZI BEHAR DUGU AHANZKAI HONETAN
Ariketak
Esan:
* ERDARA FRANKO AHANTZI DUGU. — FRANKO, FRANKO.
* ERDARA FRANKO AHANTZIKO DUGU. — FRANKO, ZEHARO.
Idatz 100 aldiz:
KAKA ERDARARI...
IRAKURGAIA (Bilboko hizkera arruntetik euskaratua)
"Baskoa naiz. Ez dago ni baino baskoagorik. Baina ez dakit euskara. Ttikitan ba nekien, baina ahantzi egin dut."
***
KONKLUSIOA: HIZKUNTZA BAT AHANTZI EGIN DAITEKE.
SEGUR GAUDE ERDARA ERE AHANTZI DAITEKEELA. HORREGATIK EGIN DUGU METODO MODERNO HAU: "KAKA ERDARARI"
"Kaka Erdarari" taldeak.
Gaiak. Gramatika
Idazleen artean sarri agertzen da -a mugatzailearen erabilkerarekiko zalantza. Eta askotan, -a mugatzailea erabili ordez, bat zenbatzailea erabiltzen dute. Artikulu honetan adierazten denez, ene eritziz, fenomeno hori erdararen eraginaren kausaz gertatzen ari da, hau da, erdarakada delakoan nago. Horregatik, erabilkera zuzena argitzeko, zenbait arau eman nahi ditut, egoki ikusten badira, erabiliak izateko. Puntu honetaz gehiago sakondu nahi duenak, P. Goenagaren "Gramatika bideetan" liburura (46. horrialdea eta hurrengoak) edo eta Villasanteren "La Declinación del Vasco literario común" delakora (VII eta XXV kapituluak) jo dezake, hortik hartu baitut honako informazio nagusia.
Arazoaren sorburua
Dirudienez, erdarakada honen sorburua, erdararen definido/indefinido eta euskararen mugagabea/mugatua sistemen arteko desfasean bilatu behar da. Eta ikusiko dugunez, kasu honetan ere erdararen eragina nagusituz doa. Eskematikoki honela adieraz daiteke desfase hau:
erdaraz euskaraz
definido mugatua
erdarakada
indefinido mugagabea
Indefinido delakoarekin erdaraz sarri una(a) artikulua erabiltzen da, eta hortik dator problema. Hain zuzen ere, una(a) delakoa bat hitzaren bidez itzultzen da euskarara, literalki eginez. Baina euskararen sistema desfasaturik dagoenez, zenbait kasutan ez da bat hori jarri behar -a mugatzailea baizik. Adibidez, mahai batez galdetzean bi erantzun hauk lortuko ditugu:
hori mahaia da
eso es una mesa
Antzera gertatuko da pertsona baten ogibideaz galdetzean: Es fontanero erantzunen du erdaldunak; iturgina da euskaldunak.
Bat zenbatzailea noiz erabil
Euskaraz, bat delakoa numerala da nagusiki. Multzo edo gauza bat bera bakarra dela adierazi nahi denean erabiltzen da. Beraz beste zenbatzaileei oposatzen zaienean erabiltzen da:
bat / bi, hiru, lau,...
bat / asko, gutxi, zenbait,...
Lehen aipaturiko bi liburuetan erabilkera honi buruzko adibide asko dakartzate. Halaber, zenbait erabilera berezi ere ba ditu, bertatik harturiko adibide hauetan ikus daitekeenez:
Axular batek esanen lukeenez...,
kurpilen bat zulatu zaio.
Hala ere, gauzak izendatzeko edo eta multzoaren elementuak edo gauza baten bakartasuna adierazi behar ez denean, hobe da -a mugatzailea erabiltzea.
Forma mugatua noiz erabil
Honetaz, Villasantek bederatzi kasu aipatzen ditu, orokorrenak bezala. Hauxek dira:
1. Bokatiboarekin: Jauna, urrikal zakizkigu! Dena den artikulurik ez daramaten bokatiboak ere ba daude: Lagun! Seme!
2. Hilabeteen, urtaroen eta antzekoen izenekin. Uztaila beroa da.
3. Substantibo baten ordez jartzen den konplementu edo deklinazio-atzizkiarekin: Astoarena egin, ez ikusiarena egin.
4. Izen atributuekin. Manex zurgina da. Semea apaiza dute.
5. Izenburuetan erabiltzen diren izenekin. Oharpena; bigarren kapitulua.
6. Ideia partitiboa duten esaldi positiboetan. Ura ba dute.
7. Exklamazio edo harridurazko esaldietan. Zer gizona! Hau hotza!
8. Izenen aposizioekin: Arbeletxe, herriko auzapeza.
9. Jainkoaren izenaz: Jainkoa.
Horik dira, ba, Villasantek ematen dizkigun erregelak. Eta osoak ez badira ere, oso praktikoak direlakoan nago.
Anekdota modura
Anekdota gisa, eta ikuspegi gramatikal hutsez, urriaren 28an Bilbon eginiko manifestazio baten kasuan erabilitako lema kritikatu nahi nuke.
"Euzkadi askatu eta baketsu baten alde". Zergatik jarri da hor baten hori? bat baino gehiago ote dago? Ene ustez, baten hori jarri bada, esaldia lehenik erdaraz pentsatua izan delako gertatu da hori. Eta oker banago, zuzen nazatela. Noski, "Por una Euzkadi libre y en paz" itzultzean, bat famatua agertzen zaigu. Agian, euskaraz pentsatua izan balitz, "Euskal Herri askatu eta baketsuaren alde" zatekeen. Baina beharbada, esaldi honek beste esangura bat zukeen.
J. R. Etxebarria
Harriturik geratzen gara Egunkarietan agertzen diren deklarapenak direla eta.
EGINen Azaroaren 16an konkretuki Mario Onaindia, EIAko buruak HERRI BATASUNAri buruz egindakoekin batez ere. Niretzat harrigarriena zera da: KONSTITUZIOARI EZETZA ematea. Eta honi deritzot nik guztiz testimoniala izatea, zeren Euskal Kontseilu Nagusiaren estatutu hori onartzean KONSTITUZIOA ere ONARTZEN baita.
Emango den estatutu horren oinarria, oraingo konstituzioan apuiatzen baita. Eta, ez dakigu, demagogia merkea eta besterik ez bada hau guztiau, nola ematen zaion ezetza alde batetik eta bestetik haren ondorio logikoenari BAIETZ inkondizionala eman. Konstituzio horretan oinarritzen den estatutuak ezin konpon dezake Euskal Herriko arazoa, eta aldiz, gure arazoak konpondu ahal baditu, konstituzio honek gure BAIETZA merezi du... kasu txarrenean abstentzioa genienez.
Konstituzio hau eskuindarren konstituzioa bada, konstituzio hau antieuskalduna bada, konstituzio honek euskara gozo eta apurka hiltzera kondenatzen badu, konstituzio horretatik datorkigun estatutuak eskuindarra eta antieuskalduna izan behar du ere, konstituzioak bestela ez luke ezertarako balio izango. Estatutua dela eta, (Estatutu hori), hitz horiekin jokatzen dutenek irtengabeko zulo batetan sartu nahi ez badute, guttienezko dezentzia politikoak konstituzio honi BAIETZA eman diezaiotela eskatzen du.
Zulo honetatik irteteko modu bakarra, ez da seguru 144. artikuloari EIAk egiten dizkion balorapen teorikoak, Euskal Herriak behar dituen demokrazia oinarriak on behar dituzte Madrilen eta ez inola ere beste haiek ezarria.
E.H.
Gurutzegrama
Larry Trask
Kaleko [Komikia]
OKO
Jateko ez du balio, baina bera gabe ezin gara bizi.
Erantzuna: Airea edo dirua.
Oraingoan Deustura goaz, Mikelengana, Bilboko hauzategi horretako harakin jator batengana. Hor, Rafaela Ibarra kalean, MIKELEN HARATEGIA irakur daiteke euskara argi eta garbian. Poztekoa benetan. Jabea, gainera euskaldun osoa da eta hortz ez du kartela —inoiz gertatzen denez— bezeroak erakartzeko soilki ipini, barruan ere euskaraz segitzeko baizik. Eredu ona, bai horixe.
Horregatik eta ongi merezia duelakoan, geure aldetik zilarrezko krabelin ohorezkoa bidaltzen diogu bihotz bihotzez. Ez dago zergatik, Mikel.