ANAITASUNA
1979.EKO URTARRILAREN BIGARREN HAMABOSTALDIA
376. ALEA
60 PZTA.
[AZALA]
HAUTESKUNDEAK 79
AURKIBIDEA
3. Aurkibidea
4. Editoriala
5. Autobidea dohainik! (Itziar Berroa)
6. Serio, baina ez hainbeste. Pornografia ANAITASUNAko horrialdeotatik? (T. Trifol)
7. EGIN dela eta tristuraz. (Endika)
8. Euskadin, euskaraz. Iparraldean euskara nola baliotu? Kanpaina bat egiten da. (M.L. Uhaitze)
10. CGV eta ETA. (Ramon Garai)
12. Beste ekologia (X. Kintana)
14. Hamabost egun hankaz gora. (I. Zabaleta, B. Zia)
16. Ohar laburrak
18. Algerian iragana eta etorkizuna. (M.J. Esteban)
20. Emakumeek emakumeak maite dituztenean. (I. Urtasun)
22. Txomin Artolarekin berbetan. (Karlos Arko)
25. Sukalderako saltsak
26 Masak ala eliteak. III (Galtzagorri)
28. Kooperatibak sozialismo bidean (II). (K.L.B.)
30. Eguraldia igarteko era zahar bat. (J.R. Otaola)
31. Komikia. X. Etxenike
32. Euskal eskola publiko eta herritarrerantz (E. Martin)
34. Napoleonen mitoa. (X. Gereño)
36. Autonomia eta baliabide naturalak Euskal Herrian. (Iñaki)
37. Gizaki. (Gentz)
38. Zinema Autorea denean. Federico Fellini. (J. Sarrionandia)
40. Zenbakien erabilera. (J. R. Etxebarria)
41. Gurutzegrama. (L. Trask)
42. Ardibeltza. (Monty) Labyrintoa. (X. Kintana)
ANAITASUNA
KOORDINAKETA
J.R. Etxebarria
ERREDAKZIOA
J. Llerandi, T. Trifol
ERREDAKZIO KONTSEILUA
J. Agirreazkoenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J.R. Etxebarria, X. Kintana, E. Knörr, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.
ARABA
E. Knörr
BIZKAIA
J. Llerandi
GIPUZKOA
I. Urtasun, A. Oiartzabal
IPARRALDEA
M. Lanatua
NAFARROA
I. Zabaleta, B. Zabaleta
NAZIOARTEKOA
M. Alvarez, A. Eskisabel, M.J. Esteban, T. Trifol,
IDAZLE ETA LANKIDEAK
J. Artzelus, X. Gereño, J.M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, I. Azkoaga, J.L. Alvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionandia, J.J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxebarri, B. Barandiaran, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J.R. Bilbao, J.M. Arzubiaga.
MAKETAPENA
R. Zumalabe, J. Etxebarri
KOMIKIAK
A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.
MARRAZKILARIAK
Ttua taldea
PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA
J. Idigoras, A. Uria
ANAITASUNA
Zabalbide 68-entlo. BILBO 6
Tfnoa: (9)-4-4335808
MOLDIZTEGIA
Iparragirre S.A.
Carretera a Galdacano s/n BILBO
Lege Gor. D.L. Bi-1753-1967
Editoriala
Urtebete t'erdi pasaturik, Ekainaren 15 hartatik, ba datozkigu berriz hauteskundeak. Aurrekoetan hasitako prozesuaren fruitu nagusiak konstituzio hori eta CGV ditugu.
Gure Herriaren oinarrizko eskubideen onartzerik ez zekarkigula eta, Euskal Herriak gaitzetsi egin zuen konstituzioa. Euskal Kontseilu Nagusiari dagokionagatik, hor dago, planteiaturik ditugun arazo nagusiei erantzun emateko gauza ez delarik, mugaz beterik eta ahalmen urriz. Ez du ematen, bada, parlamentutik orain arte euskaldunok onura handirik jaso dugunik.
Suarezi hobeki datorkion mementuan eta moduan, hauteskunde jeneralak izanen ditugu, eta gero, aspalditik eskeka ari ginen udaletxeetakoak. Oraingotan ere, eskuinak karta hoberenak ditu bere eskuetan, D'Hont lege antidemokratikoa mantendu egiten da, guttiengoek lor lezaketen ordezkaritza ezabatzeko prest. Kanpainian zehar eraginik handiena daukaten komunikabide estataletan ere ez dute guztiek toki bera izanen.
Estatu mailan, panorama ez da lehengoaren modukoa eta inkesta gehienek ehuneko 30tik gorazko abstentzioa aurreikusten dute. Euskal Herrian, konstituzioaren erreferenduak Ekainaren 15 hartan agerturiko indar erlazioa desberdin samarra datekeela erakutsi zigun.
Hego Euskal Herriko alderdi eta koalizio gehienek parte hartzeko erabakia hartua dute, programa eta helburuak desberdinak dituztelarik. Ezkerrak, eta honen barnean ezker abertzaleak ez du honetan ere batasunik erdietsi; kontsolagarritzat balio ez badigu ere, esan dezakegu eskuina ere zatikaturik doala.
Koaliziorik egokiena eta bultzatu behar dena zein den esatea ez da aldizkari honen egitekoen artean sartzen. Baina beren buruak euskalduntzat eta ezkerrekotzat jotzen dituzten alderdi edo eta koalizioei, gure eskubideen egiazko defentsa ausarta egin dezaten eskatu behar diegu;ez dezatela ahantz autodeterminazio eskubidea oraino eskuratu gabe dugula; Euskal Herriak ez duela konstituzioa baietsi, tristea bailitzateke, erreferenduman onetsi ez zena, alderdi politikook herriaren izenean baiestea. Ez ditugu gure helburuak konstituzioaren hesparruan mugatu behar. Euskarak pairatzen duen egoeraz ere kontsekuenteki joka dezatela, sasoi baitugu alor honetan hitz ederrak eta aitorpen ideologikoak uzteko eta praktikara pasatzeko. Orain artekoak konpontzen hasteko sasoi egokia dugu, bestela Euskal Herria frustratzen has bailiteke
Donostia eta Irun arteko kamino jeneraletik, egunero 30.000 bat ibilgailu, hauen artean kamioi handienetakoak, igaroten dira. Kamino honek, bidean aurkitzen dituen herriak, Herrera, Pasaia eta Errenteria, erdibitu egiten ditu, egoera honek dakartzan arrisku eta istripuak nabari direlarik.
Kamino jeneral hau ez da ordea tramo hau betetzeko dagoen bide bakarra. Donostiatik Irunera ba dago autopista eder bat. Hau egin zutenean, hainbat paseialeku desagerarazi zuten, bailara honetan hain beharrezkoak ditugun berdegune asko hondatu zituzten. Baina, nahiz eta eraikuntza honen ondorioak sufritu, ezin ditugu ekar ditzakeen abantailak aprobetxatu. Horrela Donostia-Irun bidea autopistaz egin nahi badugu, ordaindu egin behar, eta noski, problema larriago egiten den orduetan, hots, lanera sartzean eta bertatik irtetean, langileak dira automobilez joaten direnak. Beraz, ez da bizioz izaten, autopistatik joan beharrean, kamino jeneralean egiten diren iladetan, sobra ez duten denbora hori pasatzen badute, behar beharrezkoa zaigun denbora hori pasatzen badugu.
Borrokaren hasiera
Errenteriako Hirigintza Koordinatzaileak izan zuen lehendabiziko ideia eta beste herrietako hauzo elkarteei egin zien dei. Uda ondoren bildu ziren ba, Donostia, Pasaia, Errenteria, Lezo, Oihartzun, Irun eta Hondarribiako hauzo elkarteen ordezkariak.
Elkarrekin, kanpaina bati hasiera ematea erabaki zuten. Eta honetarako plangintza bat egin ere, bertan hiru maila bereizten zituztelarik. Oinarrizkoa, jendearen artean arazo honi buruzko kontzientzia zabaltzeari zeritzoten; hau betetzeko, pegatinak, pankartak eta panfletoak kaleratu zituzten. Udalei, problema bere eskuetan har zezatela eskatu zieten eta urrutirago jotzea beharrezkoa zenez, Euskal Kontseilu Nagusiko Bandres-ekin hitzegitera joan ziren; honek, EKN-k erabaki praktiko bat hartzeko zituen posibilitate kaxkarrak ikusarazi zien, baina beren ekintzetako eta bai "Ministerio de Obras Públicas"-en delegaziora joateko, laguntza eskaini zien.
Kanpaina, oraindik propagandan eta eskakizunetan dago. Hauzo Elkarteek txosten bat argitaratuko dute herrietan zabaltzeko eta hortik mobilizaziora pasatzeko ideia dute, efektiboena hori delakoan.
"Peaje"rik gabeko autobidea: soluzioa. Baina... Noiz arte?
Gure Gipuzkoa oso menditsua da. Batzuen eritziz gehiegi. Progresoak asko jaten du, eta mendiak asko gustatzen zaizkio. Nortzuren progresoak? Hemengo autobideak, Estatuko garestienak omen dira, mendi asko dagoelako eta esaten dutenez, diru asko eraman duelako eraikuntzak. Garraio publikoak, ez dakit inon okerragorik izango den... Batetik bestera ibiltzeko, automobila beharrezkoa egin zaigu GUZTIOI. Automobilak egiten dituzten entrepresek, saldu egin behar dituzte nola edo hala, dirua irabazteko. "Epeka ordaindu! Kredito bat eskatu! Mila erraztasun edukiko dituzu guregana etortzen bazara zure ametsetako automobila erostera!". Guztiok dugu gure bizimodua hobeagotzeko eskubidea, eta automobilak posibilitate berriak eskaintzen dizkigu. Baina zer gertatuko da, guztiok gure automobila eskuratuko dugunean? Autobide guztiak gutxi izango dira guretzat.
Zer esanik ez hirietara sartzean. Presaka bagabiltza hobe izango dugu automobila utzi eta oinez joan...
Ez da hirigintza-fikziorik egin behar egoera nola agertuko zaigun, aurrean ikusteko. Aski da hiriburu batean automobilez ibilaldi bat egitea eta aparka leku bat bilatzea. Leku hau aurkitzeko sortzen diren istiluak! Azkenean, eroaleekin karraxi batzu elkarri banatu ondoren eta inguruetatik hainbat buelta eman, eta automobila hor uzten dugu, bi kilometrotara gutxi gora behera. Autobusa hartu bagenu...
Hau orain; hemendik urte batzutara, oraindik ordaindu gabeko automobilak non gorde ere ez dugu jakingo.
Gure garraioen etorkizuna ez dago automobilean. Beraz, beste aukerak egin behar ditugu jadanik, eta hasteko, garraio publiko on batzu exigitu.
I. Berroa
Euskal Herria
Serio, baina ez hainbeste (Pornografia ANAITASUNAko horrialdeetatik?)
Ez dago adarra jotzeko nahirik gure aldetik. Gertatua, gertaturik omen eta esana berdin.
Gure erredakziozko bileratan ba daude batzu ideia bitxi eta berriekin datozkigunak. Lehengo egunotan, jadanik bi aldiz eta etengabeki, pornografia hitza atera omen zen lotsagabeki.
..."komenigarria izanen litzatekeela "horrelakoren bat" guk ere argitaratzea". Ez dut nik esango, Axularren Gero-n bezala, han berton zeuden guztiak niri begira hasi zirela, ni nintzean asuntu honetan eskuak sartzeko egokiena errepikatuz. Ez, ez zen zehazki hori, gainera eskuak sartzekotan, bat ezik, beste guztiak prest zeuden. Dena den, negozioa justu justu ez zen bertotik urrun ibili. Gero ikusiko duzue zergatia.
Eta serio ari garenez, esan dezagun irmo, pornografia arazoa bi aldiz planteiatu dela gure bileratan. Bietan azkenez, postre gisa, gure erroiluen kontsolamendutzat, ez baitugu oraindik asuntu guzti hau kontsolagailutzat hartu gure bileretako azken minutuetan.
Erredakzio kontseiluari, hitza bera erabiltzea ez zitzaion gustatu. Burjeseriaren tranpan erortzea izanen litzateke. Eta berba aldaketa inposatzekoa zenez, produktu berbera presentatzeko, ba, bazterrak zaindu behar. Hitz kamuflatu asko presentatu ziren. Erotismoa, bizitzaren ikuspegi... latza,... (Mujica Herzog-en bat biluzik atereaz noski) edo eta ikuspegi berezi bat... (pantaloiak kenduta, pentsa ezazu Anaitasunako irakurle hori, nolako argazki bereziak izanen liratekeen Anaitasunakoak). Beroriekin batera zelako trabailu eta nekea gurea, gizon guztiak aldez aurretik pantaloiaz jantzi behar, Anaitasunan emakume fotorik asko ez baitago.
Bileraren amaieran beraz, huntaz eta soilik huntaz mintzatu zen. Gero, gerokoak etorri... ez pentsa gaizki Anaitasunako irakurle maitea!... gainera nahiz eta ongi pentsatu, idazleok idatzi egiten dugu soilik... Beno, eta gero zer?
Katxondeotan sarturik geundela baten batek asuntuok grabeak omen, eta seriostasun handiez erabili behar zirela.
"Zergatik adarrak jotzen ibili behar erotismoz edo biluztasunez mintzatzen geundela? Eta zergatik ez diogu barrerik egiten Fisio-Aztarnen bidezko datazioari?"... esan zigun.
Egia esan, gure ordurarteko proposamen eta aurreprojektu guztiak kilin kolo geratu ziren. Matxismo, feminismo, burjeseria, fetitxismo eta Euskal Herrian eztabaidatzen hain ongi dakigun beste ismo guztietaz ari ginen luzaro.
Berriro, egun guztietako biluzkeria etorri zitzaigun erredakziozkoen aurpegiak ilunduz.
..."Adarra Jo, adarra jo dela dio" ziostan nire trabailuetan dudan kamarada Joxek. "Jo bai, baina ez adarrak koino!..." Hain atsekabe handia izan zen geurea, non gure irakurle maiteon idazle ezaguna den Itziarrek biluztasun pornografikoaren desmitifikazioa egin genezakeela gure horrialdeotatik aurkeztu zigun. Eredutzat, bion artean egindako edozein elkar ikuska serio bateko argazkietan bera eta neu biluzirik tartekatzea. Beste batzutan ere, biluzik, gure famatuen zerrendak ere agertuko lirateke. Mario Onaindia, Jon Idigoras, Bandres, Solagaistua, Maturana eta Irujo, noski. Horrelako desmitifikaziorik egin beharrez gero ez zitzaion batere asuntu pornografiko horik interesatzen Iñakiri eta berdin elefanteak agertzea ematen ziola esan zigun, nahiz eta nik elefanteak biluzik Euskal prentsan agertzea pornografiatzat hartu behar zela esan arren.
Ez da egon beraz kontsentsua bileran. Bai al ez. Nortzu daude alde eta nortzu kontra? Eta zein da hortaz zuen eritzia, irakurle? Zain gaituzu Anaitasunan, eta gustatu ez bazaizu ideia ere, zaude lasai, beste batean baten batek Leitzan egiten den Artadiko praktikaz argituko zaitu.
T. Trifol
Euskal Herria
Abenduak 27an, zenbait egun argitara gabe, "EGIN" plazaratzen zen berriro. Ezker Abertzaleak, euskal ezker osoak, bereganatzen zuen, honela, beste puntu bat, ezker guztiaren desprestijio eta beherapenean; "EGIN" izan baita, duda gabe, azken denboraldietako herri errealitaterik irmoena Euskal Herrian.
"Punto y Hora"ren bidetik
Gaur egungo euskal gizartean, gertakarietarik, esperientzietarik deus ez ikastea karakteristika nazionaltzat hartu beharko genuke. Hola ulertu ahal dugu sortu diren, astekarien, "Garaia", "Berriak", "Punto y Hora", lur jotzea. Kazeta baten itodurak, ez du, antza denez, fitsik esan nahi hurrengorako, eta hutsune berberak sortzen dira behin eta berriro.
"Punto y Hora"k, konpetentziarik gabeko euskal astekaria, bere burua lurperatzea eskuratu du, kasik, eta sail berri bat ideki ere euskal herriko kazetaritzan, despedituena, halegia. Egia esan, harrigarria, euskaldunon optimismo mugagaitzean, holakorik ezbaitzen posible —ustez— kazeta jator batetan. Errealitateak, berriro ere, pentsamendua baino urrutirago jotzen du. "Magistratura de Trabajo"n aste bat lehenago zekitenez gero, "Punto y Hora"ko langileek, Mirentxu Purroy eta beste bi salbu, maiatzaren 12an, despedituak zeudela jakin zuten. Azaroaren 25ean duten hauziaren ondorioz, Magistraturak arrazoia ematen die langileei. "Punto y Hora"k, orduan, krisi agiria presentatu zuen. Ez dago segidarik, beraz, aldizkari horrentzat.
"Posibilismoaren birusa"
"EGIN"ek, "gure egunkaria", familia guzia diruz hustiratzea partaide egiteko, lagunak eragin erosteko, kartak, eritziak, Fundatzaileen arteko burrukak, eta beste gauza asko, esperantza haundi bat ere, esan nahi du. Horrexegatik, gogoz eta lagunduz, jarraitu dio ezkerrak projektu honi. Artean bi erizpide, elkarren kontrakoak agertuz doaz egunkarian. Zenbaitentzat "EGIN"ek Ezker Abertzalearen egunkaria behar luke izan, "españolistak" eta "erreformistak" bloke horrez kanpo genituzke. Besteontzat "EGIN" biziko bazen, euskal ezkerraren egunkaria izango zen, ala ezer ez. Juan Ramon Martinezek esaten zuenez duela zenbait hilabete, elkar ikuska batetan, beste arrazoinen artean, Ezker Abertzalean mugatuz, aurrera ateraezina eta antiekonomikoa gertatuko baitzen. Pentsakera hori dugu beharbada, Josu Barandikak, urtemugaren zenbakian "posibilismoaren birusa" deitzen zuena.
Herrigintzaren izenean
Hauzi horren ondorioz erizpide bat atera zen garaile, azken batez, enpresa guzietan "ordaintzen duenak, agintzen du", eta "EGIN"en, miloi bat botu bat, fundatzaileek agintzen dute. Hauek nahi izan zuten Mirentxu Purroy direkziorako; beste aldekoentzat "Punto y Hora", bere inkonpetentziaz lurperatu duena. Fundatzaile horiek, maioriaz, garaiatu zuten: hamahiru langile kalera eta Mirentxu Purroy direkziora.
Hauziaren ondorengo lehen numeroan, zuzendariaren izenik gabe aterea, Fundatzaile eta Administrazio Kontseilukoek ematen zituzten beren arrazoiak. Hartan esplikatzen zuten nola beraiek zuten, esklusiboki, direkzioaren postutarako hautatzeko eskubidea, herriaren ordezkariak baitziren. Hartan ere, nola langile grebalari horiek protesta egin zuten, fundatzaileak Bilboko erredakzioan ez zeudela akort delako huelgarekin. Informazio zehaztugabea, antza denez, ahanzten baitute fundatzaile horiek, zenbat diren bazkideak eta zenbat ohi diren zonetako bazkideak, fundatzaileen batzarretan; ahantzi ere nola soldata egun bat deskontatu zieten langileei, Mondragoeko hilketen ondoren solidarizatu zirenean, huelga egin zutenean; ahantzi, azkenik, Bilboko erredakzioaz mintzatzean, nola EGINeko langile guzien batzarretik, Bilboko bi langile fundatzaileak zirenak ere, Juan Mari Arregi eta Periko Berrio espulsatuak izan zirela.
Amaiera?
CCOOkoek, Euskadiko Ezkerrakoek, Irrati-prentsako ehun eta hogei langilek, tartean "Punto y Hora"ko zazpi despedituek, egin zuten protesta fundatzaileen jarreraz. Grebaren ondorioz, protesta horiengatik ere, langile guziek lortu dute lanposturik ez galtzea. Hauziak zutik dirau, halere. Problema gaitza, nonbait, konklusio arinegiak ateratzeko. Baina ez da horrexegatik, hain zuzen, isiltzeko garaia, ez dirudi, bestetik, langileak alboratuz, "herrigintzaren ordezkari ofizialek" azken hitza eduki beharko dutenik.
Endika
Euskal Herria
Euskadin euskaraz. Iparraldean, euskara nola baliotu? Kanpaina bat egiten da
Iparraldean euskara galtzen ari dela, aspaldiko konstatazioa dugu. Euskaltzale zintzo asko saiatu da nolabait arazo larri honi erantzuten. Ikusten denez arazoaren mamia ez da bakarrik azalezko gauza bat, baina euskal nortasunaren eta zuzenaren arazoa da. Adibidez, ba dakigu Euskadi euskararik gabe ez dela gehiago Euskadi. Populu batetik bestera Euskal Herriaren benetako diferentzia euskara da. Euskara nola baliotu, euskara nola aurreratu, bi galdera hauetarik abiatu dira euskaltzale batzu, euskararen aldeko kanpaina bat eramateko. Pertsona eta elkarte horik dira, besteak beste, Miarritzeko abertzaleen taldea, Jazar, Euskal Ikasleen Batasuna, Bidegain Xarles Baionakoa, Etxebehere Peio Pagolakoa, Haritxelhar Xabi. Xarles Bidegain eta Xabi Haritxelharrek diotenez "Euskararen aldeko kanpaina hau, aurtengo uda baino lehenago asmatua genuen. Hala ere, kanpaina honek ez du beharrik kulturazko gauza hutsa izan nahi, hain zuzen, kultura ez baita bakarrik kulturazaleen eskutan utzi behar. Uste dugu talde politikoek ere arduratu behar dutela kulturaz talde politiko bezala. Egia da, ekonomi maila garrantzitsua dela, baina ekonomia ere euskaldun bezala bizi behar dela esan behar da. Gainera, atzeramendu ekonomikoa eta atzeramendu kulturazkoa, biak kapitalismoak dakazkigu".
Eta Xarles Bidegainek, jarraitzen du kanpaina honen urratsak eta helburuak agertuz. Honela jakin dugu, kanpainarako elkarteak eskutitz bat bidali diela Iparraldeko alkate guziei. Eskutitz honek, alkate bakoitza euskararen baloratzeari dagokionez, bere errespontsabilitatearen aurrean ezartzen du. "Gaur, Euskal Herriko herrigizonak zaretelako, zuei buruz gatoz. Eskutitz honen helburua da zuri galdatzea agertzen ditugun eskakizun hauk, zuen gain har ditzazuen".
— Zein dira, euskararen aldeko kanpaina honen eskakizunak?
— Lehenik, euskara irratian eta telebistan. Irratirako, euskarazko emankizunak egun osoan zehar eta telebistarako, egun oroz guttienez ordu erdi bat. Bigarrenik, aita-ama euskaldunak udaletxera datozenean proposatua izan dakiela euskal izen bat beren haurrentzat (Elkarteak, 500 izenen zerrenda bat bidaltzen dio alkate bakoitzari). Hirugarrenik, Herrien, karriken, denden eta udaletxeen izenak euskaraz. Laugarrenik, euskal kulturari diru laguntza: bereziki gau eskolentzat eta ikastolentzat.
Xarles Bidegainen esanez, eskutitz hori erantzun dutenak oraindik bost dira. Eiherrako alkatea, Mugerrekoa, Baigorrikoa, Ahetzekoa eta Donazaharrekoa. Kopuru hori berehala gehituko zuen" 30raino helduz. "Hiri nagusi guzietan eginen ditugu biltzarre informatzaileak kanpaina honetaz, batipat, jendeen sentsibilizatzeko eta posible diren urratsak konkretizatzeko. Irrati-Telebistaren arazoari dagokionez, egia da ez dugula informazioaren monopolioa ukitzen, baina hori ez da bakarrik guk egiteko gauza. Goiz edo beranduago, monopolio hori hautsi beharko da euskaltzale guziekin batera". Mosione bat ireki da ere euskarazko irrati telebistaren alde, frantses estatuari bidalia izanen zaiona.
M. L. Uhaitze
Euskal Herria
Politikaren mundua oso gauza iluna omen da. Segur asko, horregatik ez dut ongi ulertzen. Eta nik bezala, beste askok ere ez dute ulertzen.
Adibide bat. Nik uste nuenez, duela urte eta erdi —ekainaren hamabost famatu hartan— sorturiko Gorteak, disolbiturik geratu dira, deusezturik; hau da, baliorik gabe. Desegite horren kausa, nolabait esateko, indar-erlazioen aldaketa izan daiteke, Suarez jaun habil eta azeriaren jokoak gorabehera. Azken kausa zein den ez dakit, erraz pentsatzekoa bada ere.
Gorteak disolbitzean, orduko hauteskundeen emaitzen seme edo alaba edo... den CGV famatua ere, automatikoki disolbiturik geratuko zela uste nuen. Baina, bai zera! Erakunde honek bizirik eta osorik dirau, antza denez, gurasoen heriotzea gaindituz. Eta ez hori soilik. Ostera, indarberritu egin dela dirudi, zeren eta ongi probetxatu baitu momentua, inoiz baino ozenkien talde baten kontra hitz egiteko. Noren kontra, ordea? ETA militarraren "terrorismo kriminalaren" kontra (izen-adjetiboak ez dira nireak noski).
Ba genekien, jakin, bi erakunde hauen arteko erlazioak azukrea baino pixka bat garratzagoak zirela (agian orain limoia bera ere goxoegi gertatuko da). Eta zer lortu nahi izan dute CGV-koek? Hainbeste bider aipatu den ETA Herriagandik baztertze eta zokoratze hori? Eta ETAk Herrian —edo Herriaren parte batetan— duen sostengu morala benetakoa bada, zergatik ez gauzak diren bezala onartu? Azken batez, Herri hori oso kontzientziaturik badago —eta horrela dagoela uste dut—, ez da deskontzientziatuko CGV bezalako erakundeen kondenagatik. Beraz, modu horretan alferrik dabiltzala uste dut.
Hala ere, esandakoaz aparte, intuizioak diost, beste hankasartzeren bat ere egin dutela. Beharbada, baten batek kointzidentzia hutsa izan daitekeela esan dezake, baina susmo txarra hartzeko modukoa da. Kasualitate hutsa ote da, Madrileko Cruz Cuesta jaunarena lehen batez ETAri leporatzea, eta CGVren deklarazioa berehala etortzea? A zer nolako hestutasuna, kontu hori GRAPOk egina izan dela enteratu direnean! Noski, ez dute arazoa berriro aipatu nahi, susmo hori ager ez dadin. Ba dakigu: Kakari zenbat eta gehiago eragin, kakats handiagoa...
Ba da, aipatu nahi dudan beste puntu bat ere bai. CGVren erabaki horrek nolabait harriturik utzi nau. Ahobatez hartua izan da. Ez dakit abstentziorik egon ote den. Nola uler, ETAkoak defenditzen ibili direnek, orain hain gogorki kondenatzea?
Ramon Garai
Euskal Herria
Iraultza berdea aurrera doa. Bizitzeko dugun planeta osoa eta bakoitzaren eremu nazionala gehiegikeria irrazionaletatik salbatzeko erantzunkizuna gero eta sentituagoa da, ingurugiroaren salbazioa, azken buruan, gure salbazioa bera baita. Artikulu, hitzaldi eta eranskailuek geure natura gero eta degradatuagoaren kontzientzia sorterazi digute. Zentral nuklearren arazoa, noski, gaur egun larriena dugu, baina hortxe dago, berriki aipatua gainera, ur kutsatuan problema ikaragarria, fabrika eta automobilen satsudura, janariak kontserbatzeko erabiltzen diren kimika gaien arriskua, tabakoarena, plastiko hondakinenak, pinuek gure lurrari dakarzkioten ondorio kaltegarriak eta abar luzeak.
Batzu, sentikorrenak nonbait, hitzez asperturik, ekintzara ere pasatu zaizkigu. Horrela ulertu behar dira, noski, Irrintzi komandoaren pinade erretzeak, mendiko alderdi ederrenetan jarritako publizitateko kartelen puskaketa, etab. Gehiegikeriak dira hauk, beharbada ez, agian, justifikagarriak, baina erabat ulergarriak, aurreko beste gehiegikeriak ikusita. Izan ere, laborantzarako ezin egokiagoak gertatzen diren lur lauak, zelai ederrak, beraien eta ondoko soroen kalterako, pinuz landaturik ikusteak amorrua ez beste sorterazten du. Gaurkoen probetxuagatik gerokoen etorkizuna hondatzen dihardutenek, horrela, ezin diezaiokete besteri eska, beraiek errespetatzen ez dakitena errespetatzeko. Eta gaur probetxu pribatua besterik ez dakusan baserritar itsuak baino erantzunkizun haundiagoa dute, jakina, atzorarte guztienak ziren herri-basoak, foruak kenduta, pribatizatzen utzi duten legegileek.
Gehiegikeria horiek, ordainez, kontrako beste gehiegikeria berriok dakartzate orain, oreka erdian edo topatu arte. Ba du, baina, zer egin, zer galeraz eta zer antola etorkizuneko euskal gobernuak ekologiaren eta natur baliabideen erabiltze arloan.
Hizkuntz ekologia
Ingurua bere lehengo egoeran gordetzeko ahaleginetan, ordea, ba dago beste arazo bat, hizkuntzarena, maiz, gainera, naturarenaz batera datorrena.
Etxe-, txalet- eta fabrikagintza aurrera doan neurrian, noski, geure natur arloa urritzen ari zaigu. Zalantzarik gabe, eta puntu batetaraino, berau bizitzak berak dakarren bilakaera da eta horrela hirigintza, baserri-basoei toki kentzen badie ere, ez da berez txarra, hirigintza hori zentzuz eta gizonaren egiazko premiei egokiturik eraikitzen bada behintzat. Berdeguneak, parkeak eta natur giroko tokiak beharrezkoak dira egiazko giza hirigintzan, hitz honexekin frankismopeko urteetan, zoritxarrez, interes pribatuen onerako eraikuntza munstro eta desgizatua estali bada ere. Honen eredurik argien eta beldurgarrienak Bizkai-Gipuzkoetako industri hiriak dira, behiala eder eta gaur txerrikorta nazkagarri bilakatuak.
Des-hirigintza basati honen aurrerakadaz erdalduntze systematikoa ere sartu zaigu. Lehen euskal izen eta izan jator bana zuten kale asko, agintari eta burokrata faxisten erabakiz, inolako tradiziorik gabeko erdal izenez birbataiatu ziren, arkhitekturazkoaz batera hizkuntz kolonizazio nabaria eginez. Calle de Cale oquerra, Avenida del Generalísimo, Plaza de Jose Antonio (lehendakariarena ez, jakina, Primoarena baizik), Calle Almería, Travesía de Extremadura... zenbat eta zenbat holako gure geographian!
Kolonialismoaren seinaleak kentzen
Zorionez, honen kontra gero eta boz ozenagoak entzuten ari dira. Aipagarrienetakoa, ene ustez, Urretxukoa dugu, hor Plaza del Generalísimo, orain lehenagoko Gernikako Arbolaren Plaza bihurtu baitute. Eta kasu hori ez da bakarra, ez eta kasualitatezkoa ere. Herri kolonizatu guztien lehenbiziko erantzutea, askatu bezain laster, horixe izaten baita, hain zuzen. Herri eta kaleen izen arrotzak beren jatorrizko hizkuntzan birjartzea edo moldatzea. Holaxe egin dute Belgikan, Txekoslovakian, Jugoslavian, Hungarian, Errumanian, Grezian, Georgian, Ceilanen (gaur Sri Lanka!) eta Afrikako nazio askatu guztietan. Nor gogoratzen da orain Leopoldville eta Elisabethville haiez? Gaur Kinshasa eta Lumumbashi izenez ezagutzen ditu mundu guztiak, baina gogoan daukat nola espainol kazetek afrikarren jokabide antikolonialista hori kritikatu zuten, hain izen zibilizatu eta "jator" aldatzea barbarokeria zela esanez!!!
Aspaldion, bestalde, Taiwan lekua kentzen ari zaio Formosari. Bide beretik doa, noski, Zimbabwe, Rhodesia zokoratuz.
Guk ere egin beharreko kanpaina
Gure artean —eta Euskaltzaindiak berak bidea eskaintzen digu herri eta herritarren izendegiaz!— ordua ere heldua da Euskal Herriko izen jatorrak, euskal ortographia soilaz eta era bakarraz agertzeko. Lequeitio, Vergara, Leiza, Guernica, Elanchove eta Renteria-k, egoera koloniar baten symbolo diren aldetik, ofizialki desagertu eta Lekeitio, Bergara, Leitza, Gernika, Elantxobe eta Errenteria moduko formei utzi behar diete tokia, ez baitugu uste arrazoirik dagoenik, inperialismo zaharra gordetzeko asmoz ez bada, euskal izenak espainol ortographiaz idazten segitzeko. Bide honetan aurrera goazen neurrian geure birnazionalkuntzan ere aurreratuko gara. Bata, horrela, bestearen thermometroa gertatuko zaigu. Eta egia honez ongi konturaturik daude Arabako diputazioko funtzionari gaztelau frankistak, euskal herrialde horretako bide seinaleak euskaraz ondo jartzen hasi bezain agudo, protestaka zeru-ifernuak nahasi baitituzte, beren lehengo inperioaren oinharriak dardar ikusita.
Etxegile erdaltzaleen jokabidea salatu beharra
Ba da, azkenik, beste puntu beltz bat, ene ustez ukitu beharrekoa: Etxegile erdaltzaleen portaera. Jaun dirutan ahalguztidun hauek, behialako aitabitxi faxisten ametsez edo, jo eta ke dihardute oraindik, Bilbo inguruan bereziki, gure Euskal Herria erdalduntzen. Berauei zor diegu, esaterako, toponimia osoa euskaraz dagoen tokian eta jendea euskaraz mintzo den lekuan, Urbanización Las Acacias, Zona Residencial Los Pinos (originala bezain simptomatikoa benetan!), Grupo Antiguo Golf, El Abanico de Plencia, Bella Vista, Solimar, etab. etab.
Jokabide zatar hau gogorki salatzekoa dugu. Pazientziaren ontzia aspaldian gainditua dugu euskaldunok, luzaroago horrelako burlarik pairatzeko. Izan ere —eta herri kulturalki kolonizatu batetan areago— ingurua geure hizkuntzaz jatorki gorde nahi izatea guttienezko kultur ekologiak eskatzen duena da.
Eta gaur, kaleko jendea euskara berreskuratzen ari denean, eta hiritarrak herri eta hauzategien izen jatorraz (Indautxu ala Indautzu, Otxarkoaga, Santutxu...) kezkaturik daudenean, izen berriak erdaraz asmatzen ibiltzea probokazio antiherritar edo hilargian bizitzea besterik ez da.
Xabier Kintana
Frantziako gobernuak ETA defendatzen du
Bartzelonako egunkari batek, hau da, "Diario de Barcelona", oso editoriale harrigarria zekarren urtarrilaren 14ko alean.
Editoriale horretan garbi esaten da, Frantziako gobernuak eta ETAk, konplizitateak eta entendimenduak dituztela elkarrekin.
Harrigarri baldin bada ere, hori jartzen du: Frantziako gobernuak, ETA defendatzen duela, edo gutxienez, errespetatzen duela.
Errespetu horren truk, suposizio hau egiten du Bartzelonako egunkariak: ETAk ez duela Ipar Euskadin ekintzarik egiten.
Oraindik bada mundu honetan "inorante supino"-rik!
Eta esaten dudan gauza frogatzeko hona hemen, hitzez hitz, editoriale horren zatitxo bat:
"La pasividad con que el país vecino ha contemplado la sangría española hoy, invita a concebir sospechas acerca de posibles entendimientos subterráneos entre el gobierno francés y ETA..."
Hori da imajinazio izatea!
Aita Sainduarentzat tenis pista bat egiten ari dira
Tenis pista bat egiten ari dira, Erroman, Aita Sainduarentzat. Zehazkiago esateko, Erromatik 30 kilometrotara dagoen jauregian ari dira tenis pista egiten Juan Paulo II-arentzat.
Aita Sainduak, Castelgandolfon duen jauregian pasatzen ditu udak, eta kirolak praktikatzeko egin behar diote pista hori.
Baina problema txiki batzu sortu dira projektuarekin, zeren eta desestalia (estali gabea) nahi baitzuen berak, eta kardenalak "biziki ikaratu" egin dira ideia horrekin.
Pentsa ezazue! Fotolari batek argazki bat ateratzen baldin badio galtza motzetan... zer nolako desastrea Vatikanon!
Dirudienez, tenis pista estali horretan, Juan Paulo II-k jesuita batekin egingo ditu jokoak. Jesuita hau Aita Tucci da, VatikanO Irratiko zuzendaria.
Eliza Katolikako jerarkiak ere praktikatu behar baitu kirola!
Euskadiko Elizak sortu zuen polemika
Ondoko komiki hau "Mundo diario" egunkaritik hartu dut. Bertan, Euskadiko Elizak sortu zuen polemika aipatzen da: biolentziaren kontra atera zuen komunikatuaren asuntua da.
Hiru "Concorde" salgai daude
Hiru "Concorde" hegazkin salgai daude. Bat Toulousen eta beste biak Ingalaterran aurkitzen dira.
Oraindik ez da eroslerik presentatu, eta hortxe daude hiru hegazkin supertsoniko hauk. Frantziako eta Ingalaterrako gobernuek ez dakite zer egin horiekin.
Orain betetzen da 1 5. urtea, "Concorde" hegazkina egin zutela, eta martxa txarra darama.
Gainera, funtzionatzen ari diren beste hegazkin supertsonikoek zorrak besterik ez dituzte egiten.
"Concorde" baten prezioa zenbat den ez dakit, baina ez naiz oso oker ibiliko, milaka milioi pezeta balio duela esaten baldin badut.
Teatro eskola bat egingo da Iruiñean
Hemendik hilabete gutxitara, Iruiñean teatro berri bat eraikiko da. Autobusetako geltokian egongo da, eta 450 pertsonarentzat izango du kabida.
Eta areto berriarekin batera, teatro eskola bat ere sortuko da. Honen izena, segur aski, "teatro egonkorra" (teatro estable) izango da.
Oraindik baimen ofizialak falta dira, baina Iruiñeko udalak, jadanik, eman du bere baimena.
Projektuak oso aurreraturik daude, eta apirilerako ireki dadin espero da.
Teatro eskola honetan, noski, erdaraz emango dira klaseak. Nolabait esateko, "Lebrel Blanco" taldearen jarraipena izango da.
Eta teatro kontutan ari garenez, tristea baldin bada ere, oraindik Iruiñean ez dugu euskal teatro talderik. Orain dela hiru urte projektu bat izan zen, baina azkenean porrot egin zuen.
Ea noiz egiten den Iruiñean euskal teatro talde bat!
Conesa Bilbora
Estatu honetan dauden komisari famatuetan, ezagunenetariko den Conesa, ETAren problemaz espezialista dena, Bilbora etorri zaigu M. Villaren kausarekin bat egiteko.
Ez da, ordea, bera bakarrik etorri dena. Berarekin Brigada Antiterroristako beste hirurogei profesional iritsi dira, komisari buruzagiaren menpean lan egiteko.
Espezialista hauk, seguru asko, ez dira, suposa daitekeenagatik, uniformez jantzirik ibiliko. Eta beren lana "terrorearen" iturburuak izan daitezkeen giro eta pertsonengana zuzenduko dute.
"Bai Euskarari" kanpainaren ondorioak
Euskaltzaindiaren faborez eraturiko "Bai Euskarari" kanpainak fruitu galanta eman dio, gure hizkuntza zaintzeko ardura duen erakunde horri. Bildu den dirua guztitara, 41.230.000 dela azaldu berri digu gure Akademiak. Zorionak honegatik Euskaltzaindiari eta Euskal Herri osoari.
Urte honetarako, bere lan arruntak betetzeko egin duten presopostua 30.700.000 pezetatakoa da, beraz, hor joanen zaio gure akademiari kanpainan zehar bildutako dirurik gehiena. Eta datorren urtean zer? Espero dezagun aurrerantzean, Euskaltzaindiak izango duela, bere eginkizunetarako beharrezko duen diru guztia, kanpaina berririk antolatzeko premiarik gabe. Espero dezagun, behin eta betiko, euskaldunok ordaintzen ditugun zergen diruaz, mantendua izanen dela gure Akademia.
Feministak, terroristak?
M.ª Angeles Villarrek abortu batez bizitza galdu ondoren, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak manifestazio bat konbokatzen du abortuaren eskubidearen alde, urtarrilaren 14erako, Bilbon.
Egun hartan egin ziren manifestazio guztien moduan (Lemoizeko zentralaren kontrakoa, Amnistiaren batzordeena), hau ere gogorki erreprimitua izan zen. Bertan, pilotak, kolpeak, kargak eta detenituak izan ziren.
Nik ez dakit nola justifikatuko duen Bizkaiko gobernadoreak bere mutilen portaera hori, guri, behintzat, ulertzea asko kostatzen zaigu. Agian, feminista horik terroristatzat jotzen dituzte, edo bestela, izan liteke, abortuaren eskubidea eskatzea, M. Villaren 15 puntuetariko batean sarturik egotea, nik ez dakit, baina, hain sekretuak direnez gero...
Polizia nazionala (sic) eta petardoak
Hainbeste denbora polizia autoktonoa eskatzen eta hara non, bat-batean, "polizia nazionala jartzen diguten! Zer esanik ez, "nazional" adjektiboa era askotara uler daiteke. "Nazio" hitza bera ere batzuk eta bestek modu oso desberdinean ulertzen dute (dugu). "Unidad de destino en lo universal" delakotik euskal nazio kontzeptura, alde makala dago gero! Baina, hemendik aurrera, "Guardia Civil" eta "Policia Armada" direlakoek "polizia nazionala" osotzen badute, Jainkoak anpara gaitzala "nazio" horretan!
Dena den, txakurrari idunekoa (edo izena) aldatu arren txakur izaten iraungo du, eta bai kolore marroira aldatu arren ere.
Edozertara ere, Espainiako polizia urduri dabil. Hain urduri, ezen leherketez eta leherketa-hotsez obsesionaturik daudela. Eta petardoak —bromatakoa, noski— erabiltzea debekatu dute, edo bestela esanik, ez erabiltzea gomendatu dute. Ba dakizue, ba, gaztetxook! Petardoekin kontuz ibil, polizia nazionala asalda ez dadin. Bestela zuek pun eta besteek pan egitea gerta daiteke.
Egia esan, ni neu beti izan naiz petardoen aurkakoa. Bilbo inguruan, ordea, ohitura handia dago, Gabon jaietan horrelakoak piloka leher erazteko. Ez dakit, ohitura hori nondik datorren, ez eta leherketari zer plazer eta atsegin ateratzen dioten. Hala ere, kaltegarri deritzot ohitura horri, zeren eta adi ez dagoen jendea —eta batez ere haurrak— ikaratan jartzen baita, sortzen den zaratarekin. Eta elkarrenganako errespetu minimoagatik, ohitura horren kontra joan beharko litzatekeela uste dut. Baina petardoak debekatzeko, polizia nazionalaren urduritasuna aitzakitzat jartzea... Tira, tira!
R. G.
Errefuxiaturik ez!
Urtarrilaren 12an Oreja jaunak (Marcelino, seina gehiagorako) Parisera joan zen Frantziako ministruarekin hitz egitera. Hitzez behintzat, akordio batetara heldu dira: "Espainian inor ez da gartzelaratzen bere ideia politikoengatik. Beraz, ez da zertan politikagatik ihes egin beharrik, hots, ez dago herbesteratu politikorik. Ondorioa: Ipar Euskal Herrian dauden errefuxiatu politiko euskaldunak, kanpora bidali behar dira Frantziako estatutik".
"Oui, monsieur! Très bien." Hauxe erantzun diote, gutti gorabehera. Eta biharamunean bertan, Peixotorena, Hor ez dago burokrazia problemarik. A! Baina horregatik lasai geratuko dira Frantziako demokratak.
R. G.
Anaitasunako afaria
Ez da dena serio Euskal Prentsaren barruan. Hala bada aldatu beharko da apurka; berehala aldatzeko kondiziorik ez egonez. Zoritxarra.
Iheazko bukaeran Anaitasunak antolatu afari batetan ikus dezakezue nolako alai portatzen ziren gure idazleak. Knör, Txilardegi, Torrealday eta beste hainbeste oso seriotzat hartzen ditugun pertsona famatu horiek barre egiten ba zekitela erakutsi zuten. Oso ongi.
Ea hemendik aurrera, Anaitasunako horrialdeotan adierazten den premiazko alaitasun hau. Euskal Herri honek merezi eta behar du benetan.
Enkartazioak euskaldundu beharrean
Euskara aspaldian galdu zuen Bizkaiko eskualde honek ere, euskaldun izateko eskubide eta nahia aldarrikatu digu, urtarrilaren 14ean, igandez Urreztietan eginiko manifestazioan. Euskararen etorkizunaz kezkaturik dagoen hainbatentzat, esperantzagarri gertatzen da berau. Euskara errekuperatu beharrean dauden eskualdeak, ordea, asko dira. Hor dugu Arabaren egoera, non ia dena egiteko baitaukagu, Nafarroa eta Euskal Herriko Hiribururik handienaren kasua, Bilbo. Euskal Herrian euskaldunak %23 besterik ez gara, hala ere, egunero euskaraz, erdaraz baino gehiago berba egiteko aukera daukagunok. askoz guttiago gara. Eta gure hizkuntzaz irakurri eta idazteko gauza garenok askoz guttiago; % 5 bat edo.
Beraz, Euskal Herria euskalduna lortzeko ez dago oraindik triunfalismoetan aritzeko atxakia handirik. Gure nazio osoa euskaldun bilakatzeko, ba dago lana sendo, horretaz arduratu behar duten erakundeentzat. Inportanteena bideak izanen dira, euskarazko irakaskuntza euskaldunontzat eta euskara irakastekoa oraindik euskaldun ez direnentzat. Behar beharrezkoa izanen dugu euskal Irrati Telebista bat, baina ez hiruzpalau orduz bakarrik euskaraz emanen duena egunero, ez, euskara hutsezkoa behar dugu. Beharrezkoa izanen ditugu bestelako euskal komunikabideak ere. Bide hauk eskuratzen ez baldin baditugu, gure ikastolek, alfabetatzeek, gau eskolek eta euskalduntze lanen deus gutti egin ahal izango dute.
Euskararen defentsa eta aurrerabideratzea dagokion erakunde politikoak ba du, beraz, zereginik franko. Eta puntu hauen kontra azaltzen diren alderdiak, eta batzu azalduko direlako segurantzia dut, argi eta garbi euskararen kontra jokatzen ari dira, orain arte pairatzen dugun zapalkuntza inperialista iraunaraziz.
Bertsolari txapelketa
Datorren martxoaren 4an, Zaldibin, bertsolari txapelketa bat ospatuko da, Nikolas Mendizabal, Zaharraren omenezko kultur astearen barruan. Ondoren, laburkiro ematen ditugu txapelketaren kondizio edo baldintza orokor edo jeneralak:
1. Txapelketaren izen edo titulua: "I. PATXI ERROTA SARIA / II. ARTXANBERRI SARIA", izango da.
2. Txapelketa honetan 28 urtetik beherakoak har dezake parte; hau da, 1978. abenduaren 31 a baino geroago betetzen dituenak. Beste era batetara esanda, 1950an jaioak eta. handik atzerakoak, noski.
3. Txapelketa hau bi saio edo ekinalditan jokatuko da; goiz partetik aurrenekoa eta arratsaldez bigarrena. Goizetik, partaide guziek kantatuko dute, eta arratsaldez, goizean ongien iharduten duten seirek.
4. Ez da txapelduna eta bigarrena besterik izendatuko. Halere beste bi sari izango dira; bat, lau gazteenetan ondoen egiten duenarentzat eta bestea eguneko bertsorik onenarentzat.
5. Lau gazteenetan onena txapeldun edo bigarren aterako balitz, haren saria hurrengoari emango zaio. Lau gazteenetan onenarentzat dagoen saria, alegia.
6. Bertso epaiketa bi eratara egingo da: % 50 herriak edo entzuleak emandako eritziak balioko du, beste % 50ekoa, horretarako jarriko den epaimahaiaren esku gelditzen delarik. Bi puntuazio klase desberdin hauk nola lotu, uztartu eta koordinatu pentsatua dauka jadanik antolatzaileak, baina horren berri bere garaian emango zaio bertsolari bakoitza eta entzuleari. Halere, bertsorik onena saritzea mahaiaren esku gelditzen da erabat.
7. Gaiak, nahi duten zaldibitar guzien artean aukeratuko dira. Horretarako bere garaian dei egingo zaio herri osoari.
8. Txapelketa Euskal Herri osoaren mailan egiten da eta bigarren klausulako kondizioak betetzen dituen edozein euskaldunek har dezake parte.
9. Sariak honako hauk izango dira: Lehenengoa txapela eta kopa; bigarrena kopa; lau gaztenetan onenarentzat kopa; eguneko bertsorik onenarentzat beste kopa bat. Goizean bakarrik jarduten direnei hiruna mila pezeta, bazkaria eta bideko gastuak. Arratsaldean ere ari beharko dutenei, aipatutako sariz gaina, bosna mila pezeta, bazkaria eta bidaia gastuak.
10. Aurreko klausula hauetan jasotzen ez den beste edozein gorabehera antolatzaileen esku gelditzen da. Baita arautegi honen edozein aldaketa ere.
Izenak emateko epea otsailaren 10ean amaitzen da. Eta hori egin daiteke, kartaz, honako zuzenbide honetara bidaliz: Guraso Elkartea, Biok Bat, Zaldibia: parentesi artean (Bertsolari Txapelketa) jarriz. Edo eta 88 43 53 telefonora deituz, iluntzeko 7etatik gaueko 10ak bitarte.
Antolatzaileen izenean, Rufino Iraolak
Nazio artekoa
Algeriaren iragana eta etorkizuna
Asko hitz egin da azken hilabeteetan Algeriaz, eta ba dago horretarako arrazoirik franko: Bumedian lehendakaria gaixotu zen momentuan, oso txarto ikusten zen herrialde horretako irteera, lehendakariaren heriotza itxaroten ez zenez gero, ez baitzegoen ezer pentsaturik etorkizunerako.
Egia da oraindik ez dagoela ezer argi, baina, hala ere, denbora luzetxoa iragan denez gero, dauden posibilitateak askoz errazago soma daitezke.
Baina etorkizunak algeriarrei ekar diezaiekeenaz pentsatzeko, ondo legoke Herrialde honek, Independentziatik hona, eduki dituen gorabeherei gainbegirada bat ematea:
Frantses kolonialisten kontrako gerra amaitu ondoren, 1962. urtean lortu zuten independentzia, eta autodeterminazio-erreferendum baten ostean, gobernu zibil eta probisional bat eraikiko zen, zeina laster Ben Bella militar aurrerazaleak kenduko baitzuen, berak boterea hartuz. Gizon hori nahiko jatorra izan arren, ezin izan zuen gauza handiegirik lortu, eta hau arrazoi bategatik:
Estatuko aparatuan, goi mailetan, burruka asko zeuden eta honek desoreka handia ekartzen zuen.
Hala ere, momentu berean, oso animaturik zegoen baseko jendea, eta adibidez, kolonialistek utzitako entrepresa askotan, langile-komiteak eratu ziren, gestioa aurrera eramateko.
Baina burruken erruz, gobernu honek ez zuen indarrik hartu eta 1 965. urtean, gobernuko defentsarako ministroa zena, eta Harmadan aginterik handiena zuen gizona, Bumedian halegia, boterera igon zen, kolpe baten bidez, eskuinak kolpe hau bultzatu zuelarik.
Bumedianek lortu nahi zuena zera zen:
- Ordenu soziala eta gobernu indartsu bat iristea.
- Argelia industrializatzea.
- Indar desberdinen arteko ekilibrioa lortzea.
Kolpea eman zenean, errepresio handia egon zen: baseko organizazio gehienak deseginda geratu ziren, jende xehearen desmobilizazioa izugarria izan zen ordutik aurrera, eta orduantxe, FLNeko elementu aurrerazale askok, zegoen alderdi bakarra utzi zuten.
Hala ere, 1965. urtetik aurrera, alde positiboak ere agertu dira, hala nola, egin diren nazionalizazioak, batez ere 1971. urtetik aurrera; industriak hartu duen indarra; lurren banakuntza; boterearen oreka, etab. Batez ere, lurren banakuntza horrek garrantzi handia eduki du, eta guztiz egin ez bada, azpiegitura egokia ez zelako, eta lehengo jabe asko Nekazaritzako ministerioan infiltratu zirelako, izan da. Hala ere, lur asko nekazarien eskuetara pasatu dira, entrepresa asko, batez ere handiak, nazionalizaturik daude, estatu-sektore inportantea osatuta dagoelarik, eta zenbait lantegitan, langileen "gestioa" aurki daiteke.
Baina politika mailan, nahiz eta konstituzioa elaboraturik zeukaten, ez zegoen kalkulatuta Bumedian hain goiz desagertu ahal zenik, eta beraz, denak geratu dira harrituta erabakitzeko mementua heldu zaienean.
Konstituzioak dioena zera da, FLNk (hau da, alderdi bakarrak), batzarre bat egin ondoren, lehendakaritzarako kandidatu bat aurkeztu behar duela. Jende independientea ere, bere kabuz, presenta daiteke, baina argi dago ez zutela horiek edukiko inolako posibilitaterik.
Kandidatua bakarra izango denez gero, burruka handiak daude orain Algerian, ea zein tendentziatakoa den jakiteko. Honelatan, jendea oso beldur da eskumarako biraia bat ez ote den emango, eta horrexegatik egin dira zenbait manifestazio egunotan, herria lotan ez dagoela adierazteko.
Denek esaten dute ez dela posible izango, orain arte eraman den linea aldatzea, gutxienez hitzez, Egipton gertatu zenaren beldurra dago: hitzak berdinak izanik, benetako politika, ekonomian, nekazaritzan, industrian, etab., eskuinerantz joatearena, halegia.
FLNak urtarrilaren amaieran egin behar du bere kongresua, eta han bi posibilitate, gutxienez, ikusten dira orain, batzarrea hasi baino lehen:
- Yahayaoni lehendakaria bada, aurreko moduan segituko dute gauzek, bera nahiko aurrerazale dela baitirudi.
- Bouteflika balitz, hau da, harmadaren talderik atzerakoienak bere nahia betearazten badu, eskumaranzko desbidazioa erraza izango litzateke.
Beste irtenbiderik ez da ikusten, FLNtik kanpo dagoen ezkerra organizatu gabe baitago, eta beraz, egin ahal duen gehiena zera da, orain presioa egitea ahal den onena atera dadin.
Dena den, laster jakingo dugu, ea Argeliak aurrera edo atzera egin duen orain arte lortu dituen aldakuntzetan.
Maria Jesus Esteban
Emakumeek emakumeak maite dituztenean
Orain dela hiru hilabete, Valenciako "Little-Kiss" entrepresan, bi neska bota zituzten. Behin baino gehiagotan harrapatu omen zituzten besotik hartuta atsedenaldian eta baita esan ere hori ari zela morala. Azkeneko aldiz, entrepresaren lorategian ikusi zituzten, batak bere burua bestearen sorbaldan eusten zuelarik! Ea jarrera horretan zer egiten zuten galdetu zietenean, neskek, lesbianak zirela eta elkar maite zutela erantzun zieten. Horregatik bota zituzten entrepresatik.
Neska hauen moraltasun eza ezin zuten onartu gizon hauek, beren sentsibilitatea mindu egiten zuten neska hauen goxotasunek.
Baina maitasunaren defentsa hau ez zen laguntzarik gabe gelditu. Berria jakin bezain laixter, emakumeen mugimenduak bere elkartasuna oihukatu zuen eta emakumeok emakumeak maitatzeko dugun eskubidea aldarrikatu ere bai.
EHGAM-en borroka
Euskal Herrian, nahiz eta oraindik ahula izan, ba dugu GAY mugimendu bat, Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua hain zuzen ere. Zeregina ba dute, zabala eta zaila, baina metodoa da problema. Valenciako gertaera honen ondoren Bilboko eta Donostiako EHGAM-en lan egiten duten lagun batzuekin egon ginen hizketan. Han agertu zizkiguten beren borroka eramateko aurkitzen duten hainbat oztopo.
Alde batetik, gaur egun praktika homosexual bat eramaten duenak, gehienetan errutasun sentimendu bat dauka barnean eta bere burua ez du oso ondo kontsideratzen. Honek segurtasun falta bat dakar eta gainera, homosexuala bizitza doble bat eramatera behartzen du. Honek, borroka bat eramateko orduan, nabari diren oztopoak ekartzen ditu, nor azalduko da publikoki homosexual bezala? nork hitzegingo du EHGAM-en izenean?
Pixkanaka pixkanaka irabazten ari garela ere garbi dago, beren GAYtasuna guztion aurrean azaltzen dutenak gero eta gehiago dira eta. Bilbon, urrats hau ematen ari direnak asko dira. Donostian zailagoa da, maila batzuetan, hiri bat baino gehiago herri bat delako, batez ere pertsonen jarrera bereziari dagokionean.
Joan den urrian, Bilbon trabesti batzu harrapatu zituztenean, mobilizapen zabalak izan ziren errepresio honen kontra, EHGAM-en deiari erantzuna emanez. Hauek eta Bandres-ek eman zuen laguntzak ere, lortu zuten trabesti hauen askatasuna.
Valenciako neska hauen jarrera ere defendatu du EHGAM-ek emakumeen mugimenduarekin batera, baina ba dirudi emakumeek ez dutela erakunde honetan oso gogor parte hartzen. Ba dira emakumeak EHGAM-en eta beste herrietako GAY mugimenduetan ere, baina dirudienez, lesbianek nahiago dute erakunde eta mugimendu feministetan lan egin.
Bilboko EHGAMekoek oso interesgarritzat jo dute bestalde, Valenciakoari buruz erakunde langileek egin duten salaketa publikoa, oso beharrezkoa ikusten baitute langileek GAY erreibindikapenak bereak egitea. Oraindik, "Ley de Peligrosidad Social" hori, hor dago. Borrokari ekiteko, zein metodo erabili? Batzuk diotenez, txartelak, manifestapenak, etab. ez dira hoberenak, baina hobeagorik aurkitzen ez duten bitartean, hauk eraman behar aurrera. Eta noiz behinka, egun hauetan Donostian egin diren topaketetan bezala, barrura begiratu. Estatuko GAY erakundeak beren problemak aztertzeko eta ekintzak koordinatzeko, batu egin dira topaketa hauetan. Ondorioak, gero ikusiko ditugu.
Euskal Herriko matxismoa
Gure herrian, eta historiaren ondorioa delarik, indarkeria da jabe. Gure kirolak, indarraren morroi; gure heroiak, indartsuak; gure gudariak, gure mutilak, gure gudarien amak eta gure mutilen kantinerak. Bertsolarien samina errepresio sexualaren adierazpide eta sentsualitatea ez dugu ezagutzen.
Goxotasuna berdin ahultasuna; ez da egokia gudari batentzat. Maitasuna, etxe barruan derrigorrezkoa, etxetik kanpo, debekatua.
Neska liberatua, berdin gizonen baloreak hartzen dituena, berdin gizonaren desirak betetzen duena.
Giro honetan, EHGAM-ek "Gizon, aska ezazu zure ematasuna..." esaten duenean, ez du garaipen handirik lortzen noski...
Emakumeak maite dituzten emakumeoi
Besotik hartuta ikusten zaituztet eta gustatzen zait. Elkarri ematen dizkiozuten mosuek samurtu egiten naute eta zera pentsarazten didate: zuek AMODIOA egiten duzue, ez duzue larrua jotzen, zuen arteko laztanek ez dute eperik, ez dute derrigorrez orgasmoan helburua, berez dute balorea; zuen gorputzen arteko komunikazioa sentimenduz eta sentsualitatez beterik dago. Begirada baten esangura infinitoa da bere goxotasunean. Lurrarekin bat egiten zareten itsasoan galtzen zarete nahi duzuenean. Zuen arteko maitasunari, ez diote kasurik egin 1930. urte arte. Agian hobeto izan da horrela, eta beharbada horregatik ez dute maitasun hau mugatzeko eta zikintzeko astirik izan. Beste gauza bat ikusteko kapaz ez delako zulo baten bila dabilenarentzat, trauma handia da besteengan maitatzeko eta maitasun hori adierazteko kapazitatea ikustea. Horregatik bota zintuzten lantegitik, horregatik botatzen zaituztete toki guztietatik.
Itziar Urtasun
EHGAMekin kontaktuan egon nahi dutenentzat:
POSTA KUTXAK:
1667 6. erref. BILBO
181 DURANGO
953 DONOSTIA
BANKU KONTUA:
72000061-2
(Lankide Aurrezki Kutxa)
Elkar Ikuska
Txomin Artolak bere diskotan (ANAlTASUNA, 373. zenbakia) errekuperatu duen WALT WHITMANen obraren parteari, hainbat kritika egin zaio eta lan hori euskal merkatuaren goi mailetara iristen ari da. Horregatik, ANAITASUNAk are hurbiletik agertu nahi izan du, itsasoak eta mendi giroak ukituriko Ondarribiako hogeita hamar urtedun musiko gazte honen nortasuna.
"Ondarribian jaiotakoa naiz, eta itsasoaz, gure herriaz eta euskaraz sakonki maitemindurik nago. Nire ustetan, euskararen galtzea, El Prado-n, Louvre-n edo Art Galery-n bonba bat jartzea bezala litzateke, edo are gehiago, zeren daukagun erantzukizuna handiagoa baita. Euskara defendatu egin behar dugu, mintzairarik zaharrenetarikoa baita. Ni gizon arrunt bat naiz, trukorik gabea eta euskara eta Euskal Herria maitatzen duena.
— Orduan, zuk maila pertsonal batean definitzen duzu zeure sentitze politikoa eta egia da, zure obra ez dela politikoa zentzu konbentzional eta zuzen batean. Baina, nire ustez, beste zentzu batean politika da, hau da, konbentzionalismoak hautsi eta alderdi edo ideologien eskemetan sartzen ez diren elementuak agertzen diren aldetik. Zerbait al dago zure ahotsean, jendeari konfidantza eta hurbiltasunaren antzeko zerbait sentiarazten diona?
"Nire ahotsa normala da, guztiz arrunta eta nik ez dut uste, zuk "politiko-ekologista" bezala definituko zenukeen estetika bat sortzera iritsi naizenik. Ez naiz kantaria ere. Seguru asko, desfakultate hori daukadalako dateke."
— Agertzen zaizkizun duda profesionalen mailan, non daude segurtasun falta eta etsipena?
"Nire frustrazioa, euskal musikoa herrikoia ttikitatik ez jasotzetik datorkit. Ezagutzen dudana, kantutegi eta liburuen bidez izan da. Honek min ematen dit, zeren kantu bat osatzerakoan, gehien influentziatzen zaituztenak, zeure herriko tradizio musikalak baldin badira, hori, modu eboluzionatu batez isladatuko da normalki zure nortasunean. Lotsatu egiten naiz, neure haurtzaroa Beatles, Tom Paxton, Paul Simon edo McCarty-ren musiken influentziapean pasatu dudala esatean. Eta bestalde, kezkatu egiten nau jakiteak hogei urteren buruan, haurrek orain egiten ari garen musika hau entzunen dutela beronen influentzia jasoz, eta horrela pausoka, oinarrituko dela gure herriaren nortasun berezia."
— Balio autobiografikorik al du egiten duzun musikak? Esate baterako, "Be/ar Hostoak" diskoaren bidez, sakonki ezagut zaitzakegu?
"Bai. Diskoan gorabehera desberdinak agertzen dira, eta ene bizitzean ere, depresioak eta mementu optimistak ba dira. Hori, entzulearen sentikortasunaren arauerakoa ere ba da. Diskoak ene izateko moduaren irudi zuzen bat agertzen du. Nahiko lan zintzoa da eta, beraz, nire parte zuzen bat."
— Hogeita hamar urte bete dituen gizon batentzat, zail samarra gerta daiteke, Whitman-ek baserri bizitzaz zituen ideiak praktikara eramatean, batik bat, bizi garen hipermerkatu eta maxihamburgesen sasoi honetan...
"Burrukatu, gauza guztien kontra egin behar da, eta bakarrik aurkitzen gara. Orduan, nortasun eta indar handiren jabe ez baldin bazara, eta batez ere, barne bizitze aberats bat ez badaukazu, argi dago, bizitza sintetikoaren aparatua martxan jartzen duzula. Niretzat, baserri bizimodua, aberasten nauen bakartasunarekiko enfrentamendu bat da; aberastu egiten nau, ene buruz ezagutzen laguntzen nauelako, eta horrela gizartearengana itzultzean, horri esker, nire esperientzia eman diezaioket, berarengandikoa jasotzen dudan artean. Baserri bizimodura itzuli beharrean gaudela uste dut."
— Barne bizitzeaz mintzo zara. Mistiko bat zara?
"Hori hitz handia duzu. Dena den, egun osoa pentsatzen ematen duen pertsona bat naizela esan diezazuket, eta maniako depresiboa naizela, nahiz eta paranoiarik izan ez."
— Nolakoa da, zure ustez, zure musika zuzentzen diozun herriaren desarroilo sozial eta nazionala?
"Ez dakit. Beste batzuk erantzun dezakete hau. Zer nahi duen ba dakielako bizi den herri bat dela uste dut. Dena den, krisialdietatik beti ateratzen da zerbait berri eta onik.
— Berriz zure diskoaz hitzegiten, herri honetako mugimendu kultural batzuk extranjerizaletzailetzat kritikatu dute Whitman-en poemetaz burutu duzun lana, batez ere, Euskal Herrian diskografikoki oraindik ezaguturazteko dagoen poeta asko dela ikusirik.
"Horik, errespetatzen ditudan eritzi pertsonalak dira. Whitman-ek bizitzen lagundu nau. Ni ez naiz profeta bat, eta ez dut izan nahi. Baina gustatzen zaidan jaun bat ezagutzen dut. Kantu batzu osatzen ditut. Diskoa grabatu eta... eginik dago. Jendeak bestelako gauza bat eskatzen badit, nik zintzoki, bestelako gauza hori ezagutzen ez dudala erantzun dezaket. Dena den, "Belar Hostoak" diskoan dauden zortzi kantu horik, ezin izan daitezke Whitman-en definizio bat. Whitman definitzeko bere obra osoa behar da. Errepresentagarriak izatea ere ez da izan ene helburua.
Hiru epedun istorio bat
— "Olaxta" oinarrizko disko bat izan zen, zuen sentsibilizazio ahalmenagatik, eta orduan genituen premia musikaletara hurbiltzen zen estilo bat agertarazi zigulako. Nola dakusazu gaurregun disko hura?
"Zerbait baliogarria izan zela dakusat eta onartu egiten dut. Hala ere, ez nago konforme ondorioaz. Teknikoa da. Nire asmoa, zerbait sakonago egitea zen, lan instrumental handia egin nahi nuen Gaur hobatzeko gauza nintzateke, baina orduan oso gaztea nintzen eta "txapuzazko" zirkunstantzietan grabatu nuen. Agian, urte batzu barru, bertsio berri bat egingo dut."
— HAIZEA, hemen ezezagunak ziren zenbait ideia bota zuen talde bat izan zen. Orain, Txominik gabe, nola dakusazu HAIZEA?
"Nik biziki ona izatea nahi nuke. Horrela lasai geratuko nintzateke, ez bainukeen lagunduko gure panorama musikalean premiazkoa den zerbait desagertzeko. Harremanetan nago HAIZEAkoekin eta pozik daudela somatu dut grabatokira sartzeko gogo handiz."
— Eta orain "Belar Hostoak". Ezagutu nahi genuke lan honen jatorria.
"Hippien urteetako Whitman-en ezagumenduaz jaio zen ideia. Filosofiazko maisu bat zen. Berarekin identifikatu, eta berehala bururatu zitzaidan haren "Lan Osoak" itzuli eta musikatzeko ideia. Orduan, nire lehen diskoa kaleratu gabe zegoen oraindik. Jendea bilatzen hasi nintzen. HAIZEA agertzen da. Baina ez genuen orduan Whitman-en temarik ukitu, HAIZEAkorekin musika tradizionala desarroilatu nahi nuelako."
— "Belar Hostoak" lanak izan duen gogorrena zer izan da? Whitman-en poemak euskarara egokitzea, konponketa musikalak egitea, ala lan horretan aritu diren musikoek zure ideiarekiko beharrezko konpenetrazioa lortzea?
"Itzulpena problema handia izan zen, poeta hori bere hizkuntzaren bidez expresatzen baita. Halabaina, barregarria litzateke lana ingelesez egitea. Jatorrizko hiru iturri erabili genituen, ingelesa, nahiz eta Whitman-ena ingeles hutsa izan ez, Iparrameriketako argota erabiltzen baitzuen. Ingeles Arkaikoaren aldekoa zen Whitman. Frantsesezkoa, eta azkenik, gaztelaniazko bertsioa.
Lagundu ninduten musikoekin, lan serio serioa egin genuen. Ba nekien zer zen lortu nahi nuena. Ez nuen Madrilen grabatu nahi, horiek gure nortasuna ez baitute ezagutzen. Iparraldean egin nuen. Errobi Taldeko Ange eta Mitxel Ducau-rengan adiskidantza eta konpenetrazioa aurkitu nituen. Beraien posibilitateak koordinatu egin nituen, eta erresultatua, bistan da, entzun nahi duten guztien eskura."
— Eta "Belar Hostoak" honen ondoren?
"Folklorea ikertzen ari naiz. Orain, hogeita bost urtez, ikusmena galdu duen poeta adiskide baten kantuak prestatzen ari naiz. Izugarri sentikorra da bere obra eta, agian, berorri dedikatuko diot nire hurrengo diskoa. Bestalde, bizibide bezala, euskara eta kitarrazko klaseak ematen segitzen dut.
Karlos Arko
WALT WHITMAN, gizona, amerikarra izan zen 1819eneko maiatzaren 31n LONG ISLAND-en —PAUMANOK, bertakoentzat— jaio zenetik, 1892eneko martxoaren 26an hil zen arte. Bere sorlekuaz mintzatzen den poema batean, hauze dio bere bizitzaz:
Jaioa naizeneko Paumanek, bake itxardun irtatik irlena,
Gizon oso batek, aita dudana, sorterazia, eta ama on-on batez hezia,
Herri askotan hara-honaka ibiliz gero, zoladura jendetsuen maitale,
Manhattan, neure hirian, edo Hegoaldeko larreetan bizi izanik.
Soldadu bat kanpamenduan, neure fusila lepoan abiaturik, ere Kalifornian meatzari,
Edo baserritar gisa bizirik Dakotako oihanetako neure etxean, haragia soilik janez, iturbegietako uda edanez,
Edo ausnartzeko edo gogeta egiteko bazterturik, edozein harperen sakonean,
Bertan, munduaren hotsetik urrun, extasi zoritxu artean iragaten delarik denbora,
Larreetan bazkatzen duten bufalo saldoak, bufar mardodun bufalo ilelatza, nabari izanik,
Lurraren esperientzia, mendi haiztsuak, maiazloreak, izarrak, euri, elurra, miretxi egiten naute,
Txori isehariaren txinta eta mendiko gabiraiaren hegazkada arakatuz gero,
Egunsentian paregabeko txoriari, zozoari, zingiradietako zedro artean, entzunez gero
Bakarka, Mendebaldeari kantatuz, mundu berri baten himnoa jo egiten dut.
WALT WHITMAN-ek, Rudyard Kipling-en eritziz, "Hego handiegia zeukan bere kosmoan". Hego berau baita-poeta bezala baitirau naturaz mamindutako sortza gogor eta teinkatu bat, gogortasun eta teinkatasun honen kausaz haragiz eta uherki adierazten dena, hasperenaren zoragarria, mugitaren zorrotza, sexuaren asea, lagunarenganako maitasuna, hostoak, nabaritzen direlarik.
Amerikar gizon bezala, bere sustraitiko bizitzatik, eta bere barneko "nitasunetik", bere poemak burkidetasunaren, sexuaren, naturaren eta demokraziaren, aldiz bere neurtitzetan berariaz azaldua, aldiz fusilaz defendatua, kantu gorena dira. Berauk bizimamitzeko, ele hauekiko debotki bizi da eta berauei buruz zera dio: "Neronek bihurtuko ditut behinen, gizonek bere ixiltasunaz eta lotsa faltsuez lizundu eta likistutako hitzak eta ideiak; neronek kantatzen eta kontsakratzen dut Egiptok kontsakratzen zuena". Espazio eta indar guztien kantaria, batzutan JAINKO eta ERLIGIO bezalako hitzez deituak, WILLIAN BLAKE-ren irudi betetan iradokiz eta baliatuz, berak altxaraziriko hilobi batean ehortzia izan zen. Lurra ematerakoan, ez zen aperik ez eta elizkizunik ere, beraren esaldi batzu sendo eta maitekiro irakurriak izan zirelarik.
Sukalderako saltsak
6 lagunentzat beharko dituzu: hiru atun lata edo 800 gr. arrain fresko (legatza edo antzekoa), 200 gr. ogimami(1), baso bat'erdi esne, 5 arraultze, irina, gurina edo margarina, arrain salda pixkat, gatza eta biper hautsa, eta azkenez pepintxo(2) batzu.
Bi gauza ezberdin egin beharko dituzu batera. Bata, saltsa. Bestea, pastela edo nahastura.
Lehenengoa egiteko ez duzu askorik egin behar. Bechamel bat prestatuko duzu esne barik. Hau da, esnea bota beharrean, arrain salda pixkat botako diozu. Atunaz egiten baduzu nahastura, arrain pastila bat bota diezaiokezu bechamelari. Bechamela eginda, txikitutako pepintxo batzu botako dizkiozu bechamel gainetik.
Hona hemen nola eginen duzu nahastura:
Pote edo lapiko batetan sar itzazu ogimamiak, esnea epelduta, arraina, (freskorik badago, egosita). Sardexka baten bidez nahas eta zapal hau guztiau ongi lotu arte.
Har itzazu arraultzeak. Zuringoak, gorringoetatik banan itzazu. Bota gorringoak potean edo lapikoan daukazun nahasturara. Bota ere gatza eta biper hautsa. Geroxeago, zuringoak altxatuko(3) dituzu. Oso gogor geratu behar zaizu merenge hau. Bota merengea nahasturara, pixkanaka eta emeki. Nahas guztia ongi.
Prestatze guzti hau eginda, busti ezazu molde(4) bat gurinaz. Moldea, garaia edo zabala izan daiteke. Bete ezazu moldea nahasturarekin.
Hemendik aurrera bi ahalbide duzu jateko hau egosteko. Bata labean, barruan eta su ttikitan 20 minutuz edukiz. Bestea lurrun lapikoa erabiliz.
Lurrun lapikoa aukeratzen baduzu, berton bi baso ur botako duzu eta moldea paper fin batez eta gero plater batez estalita,pastelari ura sar ez dakion, lapiko barruan sar ezazu. Hitxi lapikoa eta balbula(5) biraka hasten denetik 15 minutu eduki sutan.
Ateratzean, ipin pastela azpil batetan, bota iezaiozu gainetik egin berri duzun saltsa eta...
On Egin
1) La mie. Miga.
2) Pepinillo. Cornichon.
3) Monter les blancs en neige.
4) Moule.
5) Soupape.
Gaiak. Politika
Etengabeko klase burruka
Klase batek banaketa eta produkzioaren sozial sistiman duen tokiak, hain klase bezala itxuratzen duten kondizionamendu batzu ditu. Klase bat, gehienbat, filosofia marxista osoaren oinarri den produkzio medioekiko harremanetaz baldintzaturik dago. Hala nola teorilari burjesak sozial ezberdintasunak biologi izaerako arrazoietan oinarritu nahi dituen, teoria marxistak bere arrazonamenduak produkzio materialean eta klase sozial ezberdinek berarengan duten tokian funtsatzen ditu. Historikoki, klase sozial antagonikoetan gertaturiko gizartearen banaketaren sustraia, produkzio medioen jabego pribatuaren agerpena izan zen. Azken honek, gobernamolde esklabistaren jaiotza suposatu zuen, berari datxezkion kontraesanen zorrozteaz gobernamolde berberaren hondoramena probokatuko zuena, horrela feudal produkzio erari ateak zabalduz. Azken honek, bere baitan izaniko produkzio indarren bilakaeraren ondoren, merkantilismoa sorteraziko zuen, gizonak gizona esplotatzeko sorturiko sistimarik sofistikatuenaren, hau da, gaurko sistima kapitalistaren ernamuin dena. Kapitalismoak, esplotakuntza sistima orok bezala, ezin du bere barnean mundu mailako krisi ugari eta etengabeak sortzen dituzten bere kontraesan propioekin zerikusirik ez balu bezala iraun. Krisi orokor hauk, gerrak, iraultzek, eta kapitalismo hagoniatsu eta sozialismo goranzkorraren arteko burrukak karakterizatzen dituzte. Kapitalismoaren krisi orokorrak bere aurpegi guztiak abarkatzen ditu, nahiz ekonomikoa, nahiz politikoa. Krisi honen adierazpena, alde batetik, gero eta baja gehiago dituen sistima kapitalistaren ahultze gero eta nabariagoa eta, bestetik, kapitalismotik bananduriko Herrien botere ekonomiko hazkorra dira.
Historian zehar, eta ez bakarrik gaur, gizonen produkzio medioekiko harremanak, klaseek produkzio sozialean duten tokia eta papera, hala nola diru sarrerak lortzeko era, beraien tamainia eta produkzio ondasunen jabegoarekiko ezberdintasunak mugatzen ditu. Ondasun ezberdintasunak posizio dispareak dakartza: batzu, dirudunak, klase dominatzailetan eraikitzen dira; besteak; jabego gabeak, txiroak, klase zapalduak dira. Jabegotik bizi da klase bat; bestea, bere lanetik. Klase kapitalistak, bere diru sarrerak berarentzat lan egingo duten beste batzu enplegatuz lortzen ditu. Langile klaseak bere diru sarrerak, bere lanaren bidez lorturiko alokairu eran lortzen ditu. Ezin daiteke klase hauen artean harmoniarik izan. Ezina da ere beraien artean paktu iraunkorrik sortzea. Klase gerraren talde biok, jokatzen duten bezala jokatzen dute ezin dutelako bestetara egin. Kapitalistak, etekinik handienak lortzeko ahaleginetan ihardun behar du kapitalista iraun nahi badu. Langileak, sistima lurreratzeko ahaleginetan ihardun behar du bizitzen jarraitzeko. Bietariko bakoitzak, bestearekiko garaipenarekin soil-soilik triunfa dezake. Kapital eta lanaren arteko harmoniari buruz dagoen elekeria guztia, zentzugabekeria huts bat da, edo hobeto, klase burjesaren maniobra argi bat, bere agintea mantentzeko azken saialdi bezala. Gizarte kapitalistan ezina da harmonia hori, zeren eta klase batentzat ona dena, bestearentzat txarra da, eta alderantziz. Beraz, gizartean produkzio medioen jabeen eta langileen artean egon behar den harremana gerra egoera huts batena da.
Gizartearen aurrerapena ez dago "gizon handien" nahiak eragina, filosofia burjesak dioen bezala. Aitzitik, gizartearen aurrerapena determinatzen duena produkzioaren aurrerapena da. Produkzioaren aurrerapenean erarik artezenean parte hartzen duena herri langilea da, bera da klase dominatzaileen esplotakuntzaren uztarria zuzenki jasaten duena. Beraz, eta herri langilea izanik material ondasun guztiak zuzenki ekoizten dituena, berak izan behar du herrialdeko bilakaera produktiboaren zereginetaz konponbideak planteiatuko dituena. Herri langilea da, esplotakuntzaren uztarria jasanez, nahiz politikazko, nahiz ekonomi, nahiz sozial zailtasunak ezaguturik, gizartearen bridak zuzenki hartu eta sozialismorantz zuzendu behar duena.
"Herri langilea" kontzeptuarekin ari naiz, ezina baita "Herria orokorki" hartzea balizko komunitate etniko bezala, zeren eta "herri" kontzeptuaren definizioa, klasista eta historikoki konkretua izan behar baita.
Gizarte primitiboa eta jabego pribatua
Nahiz eta klaseak gaur errealitate bat, errealitate penagarri bat izan, ez dira beti izan eta ez dira betiko izango. Esan dudanez, klaseak, produkzio medioen jabego pribatuaren sorrerarekin sortu ziren. Gizarte primitiboan ez zegoen klaserik, jabego pribatua ez baitzen ezagutzen. Denbora luzez, lehen gizona janari bilketa, ihize eta arrantzatik bizi izan zen printzipalki, kolektiboki eta lanabesik zakarrenen laguntzaz egindako lanak berauk. Janari urritasunak, gizon artean gizajaletasuna sortzen zuen batzutan. Gizarte primitiboan, hain ziren sinpleak lanabesak, ez ziotela gizon bakarrari Naturaren indarrei eta basapiztiei aurpegi egiten uzten hortik, lurraren eta beste produkzio medioekiko elkar jabegoaren eta lan kolektiboaren beharra. Gizon primitiboak ez zuen produkzio medioen jabego pribatuari buruzko ideia, ez eta hurrik eman ere. Milaka urtetan zehar, produkzio medioak hobatuz joan dira, eta lan kolektiboa lan indibidualagatik, sozial jabegoa jabego Pribatuagatik eta leinutar gobernamoldea klase gizarteagatik desplazatuak dira. Une honetatik aurrera, gizateriaren historia, gizarte sozialistaren eraikuntzara heldu arte, klase burrukaren historia bihurtzen da. Horrela ba, gizartea ez dela beti klasista izan dakusagu, eta dakigunetik, klase gabeko gizartea oraingo gizarte klasista baino milurteko gehiagotan izan dela ondoriozta dezakegu, horrela klase ezberdintasunaren biologi jatorria defendatzen duen teoria burjesa faltsukerian utzirik. Klase batek beste klase baten gainean ezarririko zapalkuntza ez da beraz, "giza izaeraren" fruitua, gizartearen bilakaera historikoarena baizik. Ez da beti opresiorik izan. Ez da betirako izango. Ez dira beti aberatsak eta txiroak egon eta ez dira betirako egongo. Ez dira betirako izango, zeren eta ezberdintasun sozialaren aurkako errebelamendua egon baita, baitago eta etorkizunean garaile irtengo baita. Zenbatezinezko errebelamendu materialak, hau da, klase zapaltzaileen aurkako matxinadak egon dira. Klase gizarte ororen historia, urratzen duen klase burrukaren historia da. Klase esplotatzaile eta klase esplotatuaren arteko, edo eta esplotatzaile klase ezberdinen arteko burrukak, formarik aldakorrenak hartzen ditu, une historikoaren arauera eta gizarte bakoitzaren eta bere bilakaeraren etapa zehatzaren arauera. Klase ezberdinketaren prozesu historiko guzti hau aurkako klase biren jalgitzearekin burutzen da: burjeseria eta proletalgoa, eta bataren bestearekiko esplotakuntzarekin. Klaseen sorrera eta beraiek gizartean duten posizio kontrajarria suposatuko zuen komunitate primitiboaren suntsitzeaz geroztik, klase biok, klase ezberdinen desagertze eta sozialismoaren finkapenarekin bukatuko den etengabeko burruka eramango dute. Burruka hau, mende ugaritan zehar gizateariaren bilakaeraren karakteristikarik garrantzitsuenetariko bat izan da. Klaseen izatea da zuzenki, esplotakuntza duen gizame oro karakterizatzen duen sozial injustiziaren oinarria. Ez da "buruzagien borondatea", ez eta gizonen kualitateak, klase esplotatzailearen ideiologoek beti frogatu nahi izan duten bezala, baizik eta, alderantziz, klase baten ala bestearen kide izatea. Azken honek, batzuen egoera nagusi eta pribilegiatua eta besteen zapalkuntza, gabezia eta eskubide eza azaltzen du. Baina, zer da klase bat? Klaseen definiziorik onena, V. I. Leninen "Iniziatiba handi bat" liburuan aurkitzen dugu: "historikoki determinaturiko sozial produkzio sistiman duten tokiagatik, produkzio medioekiko beraien harremanengatik, lanaren sozial eraketan duten paperagatik eta, beraz, aberastasun sozialetik duten atalaren tamainia eta berau lortzeko eragatik ezberdintzen diren pertsona talde handiei deitzen diegu klase. Klaseak gizatalde batzu dira, zeinetatik bat bestearen lanaz jabe baitaiteke, ekonomia sozial sistima jakin batetan dituzten toki ezberdinei esker".
Klase eraketa eta alderdiak
Gaur, klaseak, klaseen kideak, eratu egiten dira beraien helburuen lortzeko, eta eraketa honek alderdi politikoen burrukan du bere espresiorik osoena, beraik baitira klaseen interesen ordezkari eta gatazketan klaseak zuzentzen dituztenak. Honekin ez dut esan nahi alderdiak direnik langile klasearen eraketa erarik onena, baina mementuz, bai erabiliena. Ez dute alderdi guztiek aitortzen beraien klasearen interesen defendatzaile direnik eta, praktikan, beraien militanterik nabarmenenetan haragiturik, kasu askotan alderdi berberak dira defendatzen omen zituzten interesak saltzen dituztenak, beraien klasea salduz. Sozialismoaren kontrakoek sozialista eta demokrata izena aukeratzen dute maiz, hala nola nazio interesak saltzen dituzten alderdi batzuk beren burua nazionalista (abertzale) deitzen duten. Metodo guzti hauk, masen barnetik bertatik masen burruka galgatzeko burjeseriak erabiliak dira. Burjeseriak maneiaturiko alderdi hauen arriskua hau da: planteiamendu sasisozialista, sasinazionalista, edo eta sasidemokratikoekin masen atal handi bat erakartzea lortzen dute. Leninek langileei jite horretako baiezpenengatik enganiatzen utz ez zitezen iharduten zien, alderdi burjes eta burjes-tipien bisaia faxista egiazkoa bistan jartzen eta alderdiak beraien ekintzagatik eta ez beraien hitz, deklarazio, kontsigna edo erabakiengatik, epaitzen erakusten zien. Alderdi politikoei, klase interesak defendatzen dituzten erakunde gisan aipamen bat eginik eta burruka, bloke bien artean, burjeseria eta proletalgoaren artean dela kontsideratuz, era berean alderdi politikoak ere bloke handi bitan bana ditzakegu, defendatzen dituzten klase interesen arauera. Kapitalismoa nagusi den Herrietan, langile mugimendu iraultzaileak izan duen igoerak, proletalgoaren burruka politikoa, ekonomikoa eta ideiologikoa zuzentzen duten alderdi langileen erakuntza eta finkapena ondorioztatzen du. Alderdi burjesek ez BEZALA; ALDERDI LANGILEEK; LANGILE KLASEAREN ALDERDIEK; KLASE ALDERDIAK DIRELA ZABALKI ALDARRIKATZEN DUTE: langile klasearen alderdiak dira, langileen interesak ordezkatzen dituzte eta beraien helburuak sozial bilakaera aurrerakoiarekin egokitasunean daude.
Galtzagorri
Gaiak. Politika
Kooperatibak sozialismo bidean (II)
Aurreko agirian esaten genuen bezala, gu ez gara antikooperatibistak. Baina, langileak eta antifaxistak garenez gero, kooperatiben mugimendua eta langileentzako dituen ondorenak, analizatu beharko ditugu.
Kapitalismoa mundu osoan kinka larrian aurkitzen da. Entrepresa handi eta txikia, ekonomi "batxe" hontatik ateratzeko, langileen guttitzea edo lan postu berririk ez sortzearen bidetik doaz.
Honako egoeraren aurrean, langileentzako kooperatibak duten garrantzia ezin ukatzekoa dugu, lan postuak sortzearen aldetik batipat. Bestalde, kooperatibismoaren lehenbiziko helburua, ekonomi indar bat izatea da.
Antifaxistak eta euskaldunak garen aldetik, Euskal Herria bere askatasun eta independentzi bidean, tresna hau ere erabiltzea —diruarena alegia— onartzen dugu. Baina langilearen lepotik izan behar ote du? Nahiko ez ote da, kapitalismoari esker dugun "aurreramenduan" langileriak ordaindu eta ordaintzen dagoen zerga?
Herrialde batzuetan lan postu gabezia oso larria dela ezin ukatu, ez eta ere kooperatibak lan postuak sortuz, larritasun hau leuntzen dutela.
Kooperatiben mugimenduaren eratzaileak ongi baliatzen dira premia garratz honetaz... Eta ondorioz, kooperatibetako langileoi oinarrizko dena ukatzen zaigu, hau da, langile kontzientzia lantzeko iturriak eta bideak. Nola?
1. Postua, eta alokairua jaun eta jabe legez jarriz. Ogi bidea galtzeko arriskuak langilea kikiltzen du.
204. LANKIDE aldizkarian Ormaetxea jaunaren honako hitzak irakurtzen ditugu: "Hay que dar nuevos pasos; nos debemos al lema de "renacer y adaptarse" que es tanto como decir que debemos ser permanentemente inconformistas", eta beste hauk: "lo que fue bueno hace unos años en materia de convivencia social y humana puede hoy no serlo. La dirección debe hacerse inevitablemente más compartida y los problemas de la empresa deben ser examinados y resueltos por todos. Si hemos creado la empresa autogestionaria, que lo sea plenamente, distribuyendo tanto las responsabilidades como el derecho a participar en las decisiones".
Honelako hitzak esatea erraza da baina, nolako ubideak sortzen dira kooperatiba barnean?
Egunero ikusten duguna zera da: kooperatibista ona izateko, postuak gora eta gora igoteko, produkzio ugaria ateratzeko eta ekonomi indarrak indartu eta indartu egiteko... "lavado de cerebro" egiten dela esan behar zoritxarrez.
Baieztapen hau egitea oso "grabea" dela ohartzen gara eta nola egiten den agertuko dugu.
Egia ezkutatuz eta honelako topikoak erabiliz:
a) Bide sozialik onena dela.
b) Herriaren onerako dela.
d) Buruzagien dedikazioa neurri gabekoa dela.
e) Teknikoen gertuketari izugarrizko balioa emanik.
f) Konparaketak eginda eta eskulanaran edo makina baten aurrean lan egiteari garrantzia kenduz.
Jokabide honen ondorenak honelakoak dira:
1. Ahoa itxita geratzea egoen, zapaltzailea onartuz, lan postua ez galtzeko edo "dirigentearen" lana behe mailakoena baino garrantzitsuago dela sinetsirik.
2. Gizonezko eta emakumezkoen arteko ezberdintasuna onartuz. Ezberdintasun hori, ordaintzerakoan eta postuak ematerakoan egiten da. Gutti baloratutako postuak ematen zaizkio. Zer esanik ez, "dirigente" klasetik kanpo geratzen direla (Consejo de Dirección, encargados...) idazkari mailan dute bakarrik tokia eta jakina, gizonezkoen idazkariak izanik.
Prostituzio maila ere ematen da: Dirigenteak, gizonezkoak jakina, ondo dakite emakumea nola amainatu!!! Eztikeriaren bidez, dirigenteen handikeria handitasuna dela sinestaraziz. Joko hontan erortzerakoan, langilearen aurka egitea oso erreza da.
Bada, emakumearen zapalkuntza bi eratakoa da, emakume eta langile bezala.
Gizonezkoa ere ez da joko hontatik kanpo geratzen. Dirua izanik, prostituzio honen bidea.
3. Goragoko postuen egarria. Preparazio gabe lantegian sartu, preparazioa hartu eta soldata handia ordaintzea nahi.
- Langile batek hiruzpalau urtetako esperientzia eduki arren, borrokalaria bada, ez da promozionatzen edo nahiz eta bere gertuketa egokia izan, behe mailan geratzen da.
- Makinetan peoiek experimentuak egin eta teknikoek probetxatu.
- Grebarako motibazio guztiak ezereztu.
4. Elkar salatzera helduz... Goikoen txibatoak izateraino...
- Goikoen egonaldi eta berriketak justifikatu eta behekoenak salatuz...
- Burruka onartuz eta laguntasuna ukatuz...
5. Ixiltzen direnei postu hobeak eskaintzen zaizkie eta sarritan, ikasketak egiteko era ere ematen zaie. Postuei helduz gero, zera esan behar da, ez dagoela era hontako ezberdintasunerako arrazoirik zeren, kooperatiba eta edozein lantegi, gurpil engrane pieza bat baino ez baita gizartearen engranaia sisteman. Gurpil engrane horren hortzek berdinak izan behar dute eta guztietara zeren bat besteak baino handiago edo gogorragoa bada, besteak hautsi edo jan egingo baititu.
Lantegi bateko sekzio edo lan postuekin ere berdin gertatzen da. Langile batek postua dela eta bere burua larregi estimatzen badu, besteak desestimatu egiten ditu. Hortik dator lantegiko usteltasuna —hau da— langileen arteko batasuna apurtzeko tresna.
Zalantzarik gabe, 43 urteko faxismoak badu zer ikusirik pentsakera eta jokabide hontan. Nahitaez faxismoaren etekin gara.
Baina, esnatzeko ordua dela uste dugu eta erruak zuzentzen hasteko. Zoritxarrez, kooperatibetan edozein lantegi kapitalistatan bezala, langileen esnatze mailan jokatzen dutenak, zigortuak izaten dira. Guztiz kontrolatuak langile hauen joan etorri guztiak, nortzurekin hitz egiten duten...
Kontrol hau, arduradun eta eskirolen bidez egiten da.
Produkzioaren izenean, diziplina faxista militar erakoa ezartzen da, beraien buruak jaun txikiak eginez, eta langilea menpeko izakia bezala erabiliz. Guzti honi klasismo izena eman ezik nola deitu?
Kooperatiben mugimenduak, teoria mailan jarrita dituen helburuak lortzeko, Euskadiko langileriak edukiko ote du barrabilarik?
Euskadiren askatasunaren muinean langile burruka dago eta honen bide bakarra IRAULTZA dugu. Eta ez dugu ahaztu behar, iraultzak erdi biderik ez duela onartzen.
K. L. B.ren eginkizuna kooperatibetako giro errepresiboa salatzea eta ALTERNATIBAK eskaintzea da.
K. L. B.
Gaiak. Kultura
Eguraldia igarteko era zahar bat
Gaur egungo euskaldun gehienoi, "ilegun", "sortelegun", "zotelegun" edo "zothalegun", "igarregun" eta "xino" hitzek ez dioskue ezer, baina ez zen berdin gertatzen gure arbasoekin. Honela, Nafarroa Garaian "ilegunak", Lapurdin eta Zuberoan "zotelegunak" edo "zothalegunak", Behenafarroan "zotelegunak", "zothalegunak" edo "xinoak", Gipuzkoan "ilegunak" eta Bizkaian "ilegunak" edo "igarregunak", urtean zehar izango zen eguraldia igarteko zerbitzen zuten egunak ziren. Eta, zeintzu ziren egun hauk?, ba, urtearen lehen hamabiak, bakoitza hilabete bati dagokiolarik, hau da, lehena, urtarrilari, bigarrena otsailari, eta abar.
Ez dakit nik metodo honek ondore onik ematen zuen ala ez, baina XX. mendearen azkenetan bizi naizen pertsona bat izanik eta gaurko ostagikindeak edo meteorologiak erabiltzen dituen tresnei eta teknikei begiratuz, ez dut uste gauza handirik lortuko zuenik. Dena dela eta, ba dirudi, metodo hau oso zaharra dela eta ez zeia erabili Euskal Herrian bakarrik, zeren Azkuek bere "Euskalerriaren Yakintza"n dakarren moduan, bai Tirolen eta bai Normandian ere ezagutzen baitzen, aldaketa batekin: Herri horietan, Gabon-egun eta Errege-egun artekoak ziren hamabi egunak, eta ez urtearen lehenak. Behar bada, Euskal Herrian ere horrela izango zen, zeren aintzinean urtea Gabon-egunean (neguko solstizioan) amaitzen baitzen, beraz, horik ziren orduko urtearen lehen egunak.
"Eta zertara dator guzti hau?" esango zuen oraingoz batek baino gehiagok. Ba, egia esan, gauza gutxitara. Ni, aurtengo lehengo 12 egunetako eguraldiaz konturatu naiz, eta baten batek txorrada honetan denbora apur bat galtzeko gogorik badu, ea gure arbasoen asuntu honek ezertarako balio duen jakingo du.
Bilboko eguraldia egun horietan ondokoa izan da:
1ean, beraz Urtarrilari dagokion egunean, goizean hotza eta euria; arratsaldean aterri baina hotzak segitzen zuela.
2an, beraz Otsailean, goizean lainotsu, hotz baina aterri; eguerdian eguzki itzela eta arratsaldean eguraldi ona.
3an, beraz Martxoan, hotz, haize eta euri egun osoan. Eguraldi guztiz bustia.
4ean, beraz Apirilean, zerua ia oskarbi, haizea eta tenperatura epela.
5ean, beraz Maiatzan, zeru garbia, eguzkia, tenperatura epela eta haizerik bat ere ez.
6an, beraz Ekainean, zerua erabat. estalita, tenperatura ona eta haizerik ez. Ez da euririk izan baina hortxe hortxe ibili zen.
7an, beraz Uztailean, zerua lainotsu, haizerik ez eta hotza. Arratsaldean, momentu batez zirimiria ere izan da.
8an, beraz Agorrilean, goizean epel eta lainotsu, eta gero zirimiria. Arratsalderako argitu eta egun ona geratu da.
9an, beraz Irailean, epel, lainotsu, eta haizerik ez. Goiz goizean eta arratsean zirimiri apur bat izan da.
10ean, beraz Urrian, epel, erdi lainotsu eta aterri.
11ean, beraz Hazilean, hotz, haize eta euri.
12an, Abendurakoan, bezperaren antzean, baina hotz eta euri gutxiagokin.
Ba dakit oraingoz exigenteren batek esan duela hau ezin dela izan egia, zeren urtearen lehengo eguneko eguraldiak urtarril osokoa kondizionatzen badu, urtearen hasierako beste 11 egunak ere kondizionatzen duela, beraz, urte guztiko eguraldia geratzen dela egun honen menpean. Baina, ene lagunok, denok dakigu nola santu handienek ere noizik behin izan dituztela bere pekatutxoak, eta hala eta guztiz ere santuak dird; hau honela izanik, metodo honi barka diezaiokegu honelako huts ttiki bat.
Orduan, sinismen apur batez eta beste zorte apur batez, ba dakigu zein izango den aurtengo eguraldia. Behar eta nahi duenak, planifikatu ahal ditu oraindik bere oporrak. Badaezpadan esan behar dizuet metodo honek ez duela "asegurorik", beraz, ez dago inori "daños y perjuicios" eskatzerik. Mundu honetan ez da gauza perfektorik eta...
J. R. B. Otaola
[Bineta]
X. Etxenike
Gaiak. Kultura
Euskal eskola publiko eta herritarrerantz
Abenduaren 7tik, "referendum nacional"aren eguna pasatu ondoren, Euskal Herriko ikastolak antikostituzionalak direla, konturatzen al gara...?
Hemendik aurrera ikastola instituzionalizatzea oinharrizko eta premiazko arazoa da.
Elebitasunaren dekretuaren bidez, lehenengo pausoa ematea pentsatu zen. Hiru alternatiba zeuden:
1. Orain gauden bezala jarraitzea.
2. M.E.C.rekin konbenio zuzen bat eratzea. Hauxe da, ikastola estatalizatzea.
3. C.G.V.ren bidez, M.E.C.rekin konbenio bat egitea.
Zein izan zen M.E.C.ren erantzuna...?
Argi eta garbi, ikastolei buruz ez zuen ezer jakin nahi; eta berehalaxe elebitasunaren dekretua baztertu egin zuen.
Baina, Irakaskuntzaren kontseilaritzak, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko ikastolen konfederakundeek ez dute erabaki hau onhartzen, eta ikastola, fenomeno berezi bezala begiratzea exigitzen dute.
Horrexegatik, hirugarren alternatiban, ikastolen federakundeek, M.E.C.k, C.G.V.ren bidez, konbenioaren borradore bat prestatu egin dute, eta C.G.V.k, erakunde publiko bezala, ikastolen tutoregoa egingo luke.
Une honetan akordio honen projektua debatitzen ari da.
Ikastolen transformapen prozesua hastea, ikastola erakunde publikoa izateko, borradorearen helburu nagusiena da.
Zeintzu dira bere aspektu aipagarrienak...?
Beharbada, konbenio hau aztertu baino lehenago, ditugun puntu ilun batzu argitzea, komeniko litzateke. Esate baterako, Euskal Herriko ikastolen federakundea, bere nortasun juridikoarekin sortu nahi izanez gero, Nafarroa eta Seaska —Ipar Euskal Herrian dagoen federakundea— non eta nola geldituko ote dira?
Halaber, ikastolak zer izan behar duen, eta zer nahi duen, berriz berraztertu behar dugu. Eta soilik, gure helburuak argitu ondoren, komenio hau aztertzeko edo eta formula egokienak bilatzeko prest egongo gara.
Komenio honen barruan, azaletik, planifikazioaz eta autogestioaz hitz egiten da. Irakurtzerakotan zalantza batzu sortzen zaizkigu.
Adibidez, irakaskuntzaren planifikazioan nortzuk hartuko dute parte eta zergatik? Ikastola, nork legeztatuko ote du? Eta nolako kriterioz?
Zergatik Madrilgo zentruekin harremanetan?
Klausula batetan C.G.V.k, txapelketa publikoren bidez, irakasleak kontratatuko dituela esaten da. Zergatik izan behar da C.G.V. soilki? Beste erakunde batzuk —Euskaltzaindiak, irakasleen Elkarteak...— zerbait edukiko dute esateko, noski.
Baita erakunde hauen errepresentazioa edo eta partizipazio zuzena berrikusi behar da.
Hala ere, zalantza hauk eta beste batzu agertzen zaizkigun arren, komenio honen borradorearen asmoak ahalegin handi bat erakusten digu.
Lehenengo mementu honetan komenioaren azterketa bat zehatz-mehatz egitea, eztabaida huskerietan hasteko, errore bat izango litzateke. Ikastola instituzionalizatzeko projektu global honi, gure baietza eman behar diogu.
Zehazpena gerorako utziko dugu, lankorra eta sakona izan behar du eta.
Komenio honen aurrean, erakunde batzuen jarrera
Gipuzkoako Ikastolen Federakundeak, komenioaren borradorea hartu eta 15 egun geroago, premiazko asanblada bat prestatu zuen, beste gauza batzuren artean estudio hau onhartzeko. Baina ikastolen debate faltagatik, aukera hau atzeratu egin zen.
Antza denez, arintasun honen kausa, Madrilen, Estatuko presupostu nagusiari buruz egiten ari zen estudio bat da; eta ikastolek, zentru estatalak ez garenez gero, ez genuen ahalbiderik laguntza ekonomikoak lortzeko.
Gaur egun, bi izan ezik, Gipuzkoako ikastola guztiak konbenioa, gaingiroki, aprobatu dute. Bai eta ere Gipuzkoak bakarra konbenioaren izenpetzea egiteko presentatzea, planteiatu da.
Bi hilabete iragan ondoren, hau da, konbenioa estudiatzeko nahiko denbora, Bizkaiko Ikastolen Federakundeak, Durangon, asanblada berezi bat konbokatu zuen, konbenioa onhartzea posible ote zen ikusteko.
Erabaki hau hilabete bat atzeratu egin zen. Zergatia barneko eztabaidetan dago. P.N.V.koek, bere aldean dauden 18 ikastolekin, atzeratzeko projektu hau, edo eta baztertzeko, asmoa dute, a direlako ados eskola publikoaz.
STE-EILAS-ek eta Irakasleen Elkarteak, haien aldetik, baietza eman diote.
Jarrera honen aurrean, gaur egun, aurkitzen gara, euskal eskola publikoa eta herritarra aurrera eramateko.
Eta, euskal irakaskuntza, erabaki honetaz, bere etorkizuna jokatzen ari da.
Eukene
Napoleon eta Hitler. Zein aldea dago batetik bestera?
Napoleon izena aipatzean, gizon handi bat datorkigu berehala gogora, nahitaez. Bestalde, Hitler aipatzerakoan, munstro batez ari garela dirudi. Eta bi pertsonaia hauen biografiak aztertzerakoan batetik bestera ezberdintasun handiegirik ez dagoela aitortu behar dugu. Are gehiago, esango nuke Napoleon Hitler-en prekurtsore antzeko bat izan zela, Hitler-ek Napoleon-en urratsak jarraitu zituela hainbat aldiz.
Fenomeno guztiak zergatia bat dute, iturri bat, zerbaitetan oinarritzen dira, eta hori gertatzen da Napoleon eta Hitler-en kasuetan.
Napoleon frantziarra izan zen. Bueno, korsikarra baina frantseztatua. Hitler, bestalde, alemana. Frantziak, eta bereziki Parisek, eragin handia izan du mendebalde Europako kulturan. Alemaniak ez du Frantziak bezala hiri monstruos bat, Paris bezalakoa. Alemaniako hiriak berdinduagoak daude bizilagunez eta, beraz, Berlinek ez du Parisen eragina izan. Horrez gainera, baztertuagoa dago, ekialderantz gehiegi kokatua.
Parisek, beraz, mendebaldeko Europan, kultur arloan, eragin handia eduki du eta Paristik Napoleonen mitoa sortu dute.
Hitler izan zena izan zen Alemaniako populuak lagundu egin ziolako. Napoleon izan zena izan zen Frantziako populuak lagundu ziolako. Beraz, Napoleon gizon zital bat izan bazen, Frantziako jendea tontoa izan zen ala hura bezain zitala. Eta etiketa hauk ez zitzaizkien komeni frantsesei. Beraz, Napoleonen mitoa sortu zuten, haren hutsak bigunduz edo estaliz eta haren arrakastak biziki handituz eta goralduz. Horrela ekilibrioa aldatzen zen Napoleonen faboretan.
Berriki Napoleonen biografia euskaraz idatzi dut eta lan hori idatzi ahal izateko hainbat liburu kontsultatu behar izan dut, batzu frantses idazleenak eta gainerakoak beste nazionalitateetakoak, eta oso nabari ikusi dut frantses idazleen partzialkeria.
Euskal Herriaren etsaiek esaten dute euskaldunok arrazistak garela, baina inoiz Xabier Kintana-k esan zuenez, Arrazaren Eguna espainolek inbentatu dute eta ez euskaldunok. Eta frantsesei bagagozkie, Frantzian egon den edonork ongi ezagutzen du frantsesek beren Estatuarekiko duten harrotasuna eta nagusikeria.
Esan dezagun argi eta garbi: Napoleon, Hitler bezala, Europaren konkistatzaile izan zen, eta frantsesek, alemanek bezala, buruzagi bi hauei jarraiki zitzaien fanatikoki europar lurraldeak zehar, heriotzea eta hondamendia eramaten zituztelarik. Kasu bietan, Europako gainerako Estatuak Frantzia eta Alemaniaren aurka burrukatu ziren, beren independentziaren alde, eta kasu bietan Ingalaterra izan zen aliatuen buru eta gidari, konkistatzaileentzat gotorleku gaindiezina.
Napoleon ingelesek gainditu zuten, Mantxa Kanala iraganez, Waterloo-ko batailan, Flandesen. Hitler ere berdin antzera izan zen gainditua, Ingalaterra-tik armada aliatua Normandia-ra iragan zenean.
Nik, euskaldun bezala, Napoleonen biografia idazterakoan, portaera bat hartu behar nuen. Zein bide jarraitu, frantsesena ala aliatuena? Zeren esan dudan bezala, biografoek ondoren ezberdinak ateratzen baitituzte beren nazionalitateen arabera.
Idazle bat, noski, inoren biografia idazterakoan, egiari lotu behar zaio, baina denok dakigu egia hutsa ez dagoela. Zein neurriz juzgatu, epaitu behar dira hainbat eta hainbat ekintza? Gizon baten bizitzan, milaka ekintza daude. Zeintzu aukeratu behar dira? Nolako tratamendua eman behar zaie? Idazle neutrorik ez dago, eta besterik uste duena oker dago. Irakurleari eta egiari errespetua zor zaie eta idazlea ezin daiteke sar asmatzen, inbentatzen. Gertakizunak kondatu behar ditu, baina nola? Zeren edozein gertakizun era ezberdinetara azaldu daiteke, motibazio ezkutuak eta agiriak eduki ditzake.
"Liberté, egalité eta fraternité". Hori omen zen Frantziako Iraultzaren slogana, eta Napoleonek eta frantses armadek bandera horrekin atakatu zuten ia Europa guztia. Gaur ere, Frantziako Estatuan, hitzok dira frantziarren ezaugarri bezala. "Liberté" horren izenean menperatu zituzten frantsesek Austria, Flandes, Prusia, Italia, Errusia, Portugal, Espainia, etab. "Fraternité"ren izenean hil zituzten hogei bat milioi europar, zentzugabeko guduetan. Eta "Egalité"ren izenean, gaur, euskara bazterturik dago Frantziaren menpean dagoen Euskal Herrian. Hau denau Napoleonen frantses biografoek ezkutatu egiten dute, eta idazle aliatuek, eta nik ere noski, idazleei aurkezten diet. Napoleonen beste aurpegi bezala. Aski adierazgarri gertatzen da honetaz nire libururako aukeratu dudan foto bat, zeinetan Napoleonek menperatutako jendeak Napoleon satirizatzen duten gogorki. Argazki hau Madrileko Museo Munizipalean gordetzen da eta ez da garai hartako bakarra. Ingelesek bereziki beren humore finarekin, Napoleon zeharo karikaturizatu zuten hainbat eta hainbat grabatuetan.
Eta hemen, orain, plazaratu nahi dut euskal idazleen zeregina. Nola idatzi behar dugu? Literatura hutsa egin behar dugu? Agnostikoak, neutroak izan behar gara? Artista bat, nola portatu behar da gaur Euskal Herrian?
Ene ustez, Picasso-k izugarrizko mesedea egin zion Euskal Herriari "Gernika" koadroa pintatzean. Agustin Ibarrola dugu beste pintore konprometatu bat. Aresti, poeta konprometatu bat.
Gure aurka erasoak jasaten ditugun bitartean, Euskaldunon aurka hainbat mito sortu digutenean gure kaltetan, gu literatura hutsa egitera mugatu behar gara? Ez al dugu gure liburugintzan zirrikitu bat bilatu behar herriak daraman burrukan parte hartzeko?
Ba dirudi denak ez direla eritzi honetakoak. Ba dira uste dutenak pintore batek erretratuak, bodegoiak, paisaiak eta arte abstraktu ez konprometatua pintatu behar duela eta ez pintura abertzalea edo soziala. Idazle batek literatura soila egin behar duela, euskal burruka nazional eta sozialean parte hartu gabe!... Barka, baina ni ez nator bat eritzi honekin. Euskal Herriak bere nazio nortasuna hil ala bizikoa duenean, krisi ekonomiko larri batek milaka langabe sortu duenean eta zeini sistima kapitalistan irtenbiderik ikusten ez diogunean, euskal idazle batek hitz egin behar du, bere lanetan giza kontzientziak behin eta berriro esna erazten ahalegindu behar du. Euskal idazle bat gaur, ene eritziz, ezin daiteke neutro izan, are gehiago, ezin zaio permititu neutro izatea. Gaur Euskal Herrian literatura hutsa egitea luxu bat da. Are gehiago, literatura bat momentuko giroaren adierazlea bada, gaurko euskal literaturak gure Herriaren oihu latza, egoera nahasia eta kontraesan anitzak azaldu behar ditu, gure bizi nahia, gure euskal izan nahia, justizia sozialaren aldeko gure oihua jaso behar ditu.
Eritziak eritzi, nik besterenak errespetatu egiten ditut, baina nire aldetik esan behar dut idazle konprometatua sentitzen naizela. Egiaren zerbitzutan, noski, baina Euskal Herriari egiten dizkioten zapalketak salatuz.
Xabier Gereño
Gaiak. Zientzia
Autonomia eta baliabide naturalak Euskal Herrian
Autonomia dela eta, zientziari eta beronen aplikazioei buruz mintzatuko naiz, hau guztiau Euskal Herrian finkatzen dudalarik.
Orain arte zientzia kapitalaren aldekoa izan da. Kapitalak berak, aspaldidanik, zapalbiderik nagusientzat jo du zientzia. Eguneroko errealitatean inguratzen gaituen edozein gauza baliadun zein baliagabe, azken batez lurgainetik nahiz lurrazpitik datozkigun materialetaz osotua izaten ohi da: zura, mineraleak, substantzia biologikoak... Materiak hauk berauk gainhartuz gaurko gizarte kontsumista mantendu eta bultzatu ere egiten ditu kapitalak.
Horregatik gizarte honen aurrean geure buruari planteiatzen diogun edozein alternatibak, Lurraren baliabideak eta berauen probetxamendua kontutan hartu behar ditu (ba dirudi, gaurregun nahiko ahantzia dugula puntu hau).
Probetxamendu honek arrazionala izan behar du eta Herriaren alde egon behar. Arrazionala esatean, baliabideen probetxamendua kontextu global baten barruan sartu behar dugula esan nahi dut. Hau dela eta, gaurko zarrastelkeriarekin bukatu egin behar. Honek maila guztietan planifikapen serioa egitea exijitzen digu. Horretarako, talde zientifiko batzu sortu egin behar ditugu, planifikazio hori egiteko gai izango direnak.
Bestetik, zientziak Herriaren alde egon behar duela esatean, talde horik nolabait munizipalizatuak izan behar dutela adierazi nahi dut. Momentuz, ba liteke Euskal Kontseilu Nagusiaren babesean izan beharko liratekeela, gaurregun dauden transferentziak eta Gobernu zentralari exijitu behar dizkiogunak kontutan hartuz.
Baina zernolako talde izan daitezke?:
- Euskal Herrian nahitaezkoa dugu arrantza bultzatzea eta prozesu honetan biologiak ba du zerikusirik. Momentu honetan problemarik latzenetariko bat 200 miliena da. Baten batek pentsa dezake, estatu batzuk hartutariko jarrera hau arrantzari eta berari bakarrik dagokion zerbait dela. Ni neu geologiaren ikuspuntutik ez nago horrekin batera. Geologiaz zerbait dakienari ez zaio izkutatzen, itsasertzean —plataforma kontinentala delakoan hain zuzen— datzan aberastasuna, petrolio, gas eta mineraleen aldetik zein elikagaien aldetik (algak, etab.). Hau dela eta, arrantza bultzatu behar dugu eta geure itsasertzea ezagutu eta aztertu ere. Gainera, bi lan hauk praxis berberean sartu behar.
- Nekazal arloan ere ba dago zer esanik. Hor dugu Edafologia, zolu ezberdinak eta berauen bereizgarriak aztertzen dituen zientzia. Euskal Herriko mapa edafologikoak egitea, derrigorrezkoa dugu eta zolu-moeta bakoitzari dagokion erabilera ondo finkatzea ere: nekazaritza (zer moetatakoa) edo etxagintza.
Honekin batera Geomorfologia dugu, higadura (erosioa) eta beronen ondorioak aztertzen dituen zientzia. Euskal Herrian pinadiek oso eztabaidagarriak izaten ohi dira eta zientzia aplikatuz, berauek sortzen dituzten kalteak finka ditzakegu eta alternatibak jaso ere. Hau guztiau eta gehiago, nekazal sindikatuekin batera (EHNE).
- Meatzaritzaren garrantzia nabaria izan dugu Euskal Herriaren historian zehar. Ingelesek ondo ezagutzen dute Bilboko ezkerraldeko burdina (Gallarta, Trapaga, Somorrostro...). Oraindik ere ba dugu meatzerik: Nafarroako potasak, Oiartzun, Bera, Gallarta... Meatze hauk ondo planifikatzea eta eskaintza eskari arrazional baten funtsean ipintzea, hau guztiau erakunde publiko baten babesean, helburua izan daiteke.
- Ur-problema: problema latza Euskal Herrian benetan. Lurrazpi eta lurgaineko ura neurtu eta kontrolatu egin behar dugu. Hidrologiak eta hidrogeologiak lagunduko gaituzte hori egiten.
- Energia arloan ere ikerpenari ekin behar diogu. Ura, haizea, ikatza, mareen gorabeherak, eguzkia... nola probetxa arrazionalki.
Hemen aipatu ditudan arloetan eta beste askotan ere, talde zientifikoak beharrezkoak ditugu. Talde hauk osatu behar dituen jendea, Euskal Herriko unibertsitatetik irteten dena izan beharko da eta ahal den neurrian euskalduna (hontaz ere erradikalak izan behar); euskara zientziara eraman behar dugu eta.
Talde hauek, deserdirapena dela eta, eskualdeka lan egin beharko lukete, baina koordinaturik. Kontutan hartzekoa da, zientzia mailan egin beharko dugun ikerpenak, desarroilo arrazionalagoa ekarriko digula eta lanpostu gehiago sortu ere: arrantzan, nekazaritzan, ikertokitan...
Azaldu ditudan ideiak, behin baino gehiagotan kaleratuak izan dira; azken aldiz, EGIN-en agertu zen Etxezarretaren artikulu batetan (78011012). Denon artean sakondu egin behar dugu arazo hau eta teoriatik praktikara pasa. Udal hauteskundeak aurrean (?) ditugu eta udaletxeetan talde hauk izan beharko dira.
Ea noiz jotzen dugun zientzia, Euskal Herria askatu eta deserdiratzeko bidetzat!!
Iñaki
Gizaki [Komikia]
Gentz
Gaiak. Zinema
Zinema autorea denean. Federico Fellini
"Norbere burua haiei eskainiz gero, ametsak eta fantasiak ez al dira benetan gertatzen?"
"Gauzak erabat asmatzea besterik ez dudala egin iruditzen zait. Beti. Ez dut desberdintasun handirik nabaritzen fantasia, amets eta gertaera errealen artean."
"Ihes egiten dion projektu batetan oharkabean lotua eta bahitua sentitzen dut ene burua geroago gehiago."
Rimini —non 1920an jaio baitzen— eta bere haurtzaroa beti izan dira presente Federico Felliniren zineman. Ikastetxe erlijioso ilun eta autoritario batetan estudiatu zuen. Hondartza bakarti eta hotz batetara joaten omen zen bere gainezkako fantasiak ikastetxe itxi hartatik irtetera bultzaturik. Behin batean, herriko plazan zirko humil bat izan zen eta clown baten adiskide eginik beraiekin aldegin zuen. Laster harrapatu eta itzuli beharko zen ikastetxera. Baina Federico Fellinik beti miretsiko du geroztik zirkoa ("Ene ustez, zinema zirkoaren antzerakoa da" zioen anitz urte beranduago), pailasoak ("I clowns", 1970, delakoa gorazarre bat da funtsean) eta bizitza bohemioa, bere filmetan agertu den bezala. Riminiko negu luze, mediokre eta indolenteen oroimena Fellinigan mantenduko da beti ("I vitelloni", 1953, hontaz izanen zen). Hamasei urterekin Charlot kausitu zuen xarmaturik pantailan.
Ahal izan zuenean, bere Rimini probintzianoa kitatu eta Florenziara joan zen. Hemen karikaturista egin zen (ez zen ez eskale ez artista, alegia), geroago filmetan isladatuko dituen figura groteskoak zirriborratzen. Komiketako gidoi idazle bezala ere lan egin zuen (bere lehen filme propioan, "Lo sceicco bianco", 1952, fantasia arrunt hauen munduaz da). Erroman "Il Popolo" kazetako erredaktorea izan zen gerla aurrean. Gerla mundialak sakondu eginen zuen miseria eta Federico Fellini, ordurarte eskasian ibilia, deus gabe kausitu zen. Gerla garaian eta errestaurante batetan ordaintzeko sosik ez duenean Aldo Fabrizi komikoak hesturaturik atera eta bere konpainia teatralera sartu zuen. Konpainia honekin ibili zen Italian barrena, hiri eta herrietarik, gidoiak idazten, dekoratuak pintatzen eta aktore bezala. Miseriarik tristeenean ere ilusiorik oinarrizkoenak mantentzen dituztenen giroa zen, gerlaren eskasiarena: komiko pobre eta bohemioena eta unibertso bital oso bat susmatu zuen hor Fellinik ("Luci del varietà" filmean bildu zuen giro guzti hau).
Gerlaondoan F. Fellinik enkarguzko karikaturagintza du ogibidetzat. Halako batean Roberto Rossellini datorkio gidoi labur baten eske, idazten dio eta, obra hura, "Roma, città aperta" (1945) izatera helduko zen: neorealismoa mundu guztira zabalduko duen filmea, hain zuzen. Gerlaondo hontako giroa eta situazioa neorrealismoak azaltzen duen huraxe da, izan ere. Ondoren R. Rossellini laguntzen du "Paisà" (1946) egiten, eta jadanik bere karrera zinematografikoa hasten du. Gero Alberto Lattuada laguntzen du elkarlanean "Senza pietà" (1947) egiten eta beste anitz zinelan... Hain zuzen, 1950an Alberto Lattuadarekin elkarlanean "Luci di varietá" zuzendu zuen, music-hall anbulantearen miserietaz. Bere lehen zuzendaritza.
1952an "Lo sceicco bianco" zuzendu zuen berak bakarrik, fotonobelaren barne munduaz, kontsumismo ilusionistaz eta funtsezko kimeraz. 1953an "I villetoni" egin zuen, filme zinezko bat, autorearen gaztaroko Riminiko giro indolenteaz. 1954an "L'strada" egin zuen, filme xarmangarri eta arrakastatsu bat. Federico Felliniren neorrealismoa jadanik filme hauetan neorrealismo erromantiko bat da. Errealismo eta miseriaren gainean diztira poetiko bat isladatzen da. Charloten filmetan ere agertzen den miseriaren erromantizismo horixe, hain zuzen. 1955ean "Il bidone" egin zuen, estafadoreen giroari buruz. Gero "Le notti de Cabiria" (1957), emagaldu baten umilazio eta esperantzaren kanta bat. Bere beste filmeak bezala herejeak ziren neorrealismoarekiko.
Geroztik Felliniren filmagintza pertsonalagoa bihurtuz joanen da, eta postneorrealismoaren garaia hasiko da. Izan ere iragana da postgerlako situazio soziala, iparraldean bederen, eta beste zinema moeta bat egiten hasten da. 1959an "La dolce vita" filmatu zuen, erromatar goiburjesiaren zabarkeria moralaz eta arrakasta handia izan zuen.
Ondoren epe berri bat irekitzen da F. Felliniren filmagintzan. Estilo fellinianoa sortzen dela esan daiteke. Barne psikoanalisia espektakulo surrealista bihurtzen da "Otto e mezzo" (1963) deritzon filmean. Zinema zuzendari baten aitormen inpudikoak, gogoeta arrenkuratuak, haurtzaroko eta sexual frustrazioak... oro barrokismo gehitu batetan. Delirio bitalista hau espektakulo oniriko eta pirotekniko xarmangarri bat da. Ondoren, molde estrafalario berberak eta koloretan "Giulietta degli spiriti" (1965) filmatu zuen, bere emaztearen (Giulietta Masina) pertsonalitateaz (funtsean bere buruaz hala ere), baina aurrekoa baino filme eskasagoa da ondorioetan.
1969an egiten duen "Satyricon" filmarekin ere molde hontan sakontzen du erabat. Berreraiketa historikoa erabilirik, misterio, parabola, mito, gogoeta, aipamen eta sinboloen orjia monstruo bat eraikitzen du. Petronioren obra edertasun barroko eta sail batez berregiten da.
Ondoren "I clown" (1971) eta "Roma" (1972) egin zituen, azken hau hiriburuko oroimen eta bibentzietatik irudimenez eta distortsionatuki sortuta. 1974an "Amacord" filmatu zuen, bere Rimini jaioterriari buruzko oroitzapenetan oinarriturik, imajinazioz eta barrokismoz gainezka. Federico Felliniren estiloan oroitzapena eta narrazio pertsonala nahasi egiten dira artifiziozko suekin, dekoratu monstruo eta krema kolorezkoekin arkitektura harrigarri batetara iristeko.
"Casanova" (1977) filmea ere, bete betean sartzen da estilo felliniano hontan. Berreraikidura historiko erabat subjetibo bat da. Barrokismoa ia enpalagosoa, estrafalarioa eta dekadentea, non naturalismoa erabat ezabatua gelditzen den. Espresionismo alemaniarra hasi zen oldartzen naturalismo fotografikoaren aurka. Naturalismo objetibo honen kontra irudimena, subjetibitatea eta barrokismoa gehien desarroilatu dituena dimentsio guztietan Federico Fellini izan da zinemagintza modernoan.
Joseba Sarrionandia
Gaiak. Gramatika
Artikulu-serie honekin bukatu aurretik, zenbakiei buruz diharduen liburu baten aipamena eginen dugu. Duen praktikotasunagatik, guztiz interesgarria da Ikastola-munduan; baina mundu mugatu horretaz gainera, zenbakiak nola erabil daitezkeen eta, orohar, Aritmetika eta Geometria euskaraz nola landu ahal diren ikasi nahi duen edonorentzat gerta daiteke baliagarri. Liburuaren izena hauxe da: "Matematika. Hiztegia, hizkera, irakurbideak". Egilearena, Mikel Zalbide.
Aipaturiko liburu honetan, Matematikazko oinarrizko eragiketak nola deitzen diren, elementu desberdinen izenak zeintzu diren eta eragiketok euskara hutsez nola buru daitezkeen adierazten da. Bere horrietan zehar, batuketak, kenketak, biderkaketak, zatiketak, beteketak eta abar egiten ikasteko bidea ematen zaigu. Ba dugu hor, beraz, berriro eskolatzeko modua; orain arte erdaraz baino egin ez duguna, euskaraz ikasi ahal dugu. Laburpen gisa, liburuan erabiltzen den hiztegia nolakoa den ikusteko, liburuko koadro bat emanen dugu.
Ikurra Esaera Adierazpena Eragiketa Eragigaiak Emaitza Adibidea
+ gehi a + b batuketa batugaiak batura batugai + batugai = batura
a gehi b 5+6=11 bost gehi sei berdin hamaika
- ken a - b kenketa kenkizuna kentzailea kendura kenkizun - kentzaile = kendura
a ken b 9 - 2 = 7 bederatzi ken bi berdin zazpi
x bider a x b biderkaketa faktoreak (biderkagaiak) biderkadura faktore x faktore = biderkadura
a bider b biderkakizuna biderkatzailea 4x2 =8 lau bider bi berdin zortzi
÷ zati a: b zatiketa zatikizuna zatitzailea zatidura zatikizun: zatitzaile = zatidura
a zati b 10:5=2 hamar zati bost berdin bi
ber ab berreketa berrekizuna berretzailea berredura berrekizun berretzaile = berredura
a ber b 32 hiru ber bi berdin bederatzi
√ erro a√b erroketa errokizuna errotzailea erro(du)ra errotzaile√errokizun = erro(dur)a
a-erro b 2√16=4 bierro hamasei berdin lau
Eragiketez gainera, zenbakien adierazpenez, zenbaki-atzizkiez, era desberdinetako neurriak adierazteko moduez, sinbolo matematikoez eta abarrez, zenbait arau proposatzen dira, kontsultarako oso praktiko gertatzen direlarik.
Proposamenen artean, zenbakien idazkerari buruzkoa oso kontutan hartzekoa da. Normalean idazleak dudatan ibili ohi gara numeralak idaztean. Nola egin, loturik, banaturik...? Liburuan erregela hauk proposatzen dira:
- ehunetik beherako zenbakiak lotuta idaztea.
- ehuneko zifra, hurrengoetatik aparte idaztea.
- milakoetan, zifraren izena eta mila hitza aparte idaztea, eta hauen ondoren koma bat jartzea.
- milioikoetan, milakoetan bezala jokatzea.
Arau hauetan finkatuz, hona hemen zenbait adibide, aipaturiko liburutik hartuak:
23: hogeitahiru.
57: berrogetamazazpi.
84: laurogeitalau.
357: hirurehun eta berrogeitamazazpi.
517.902: bostehun eta hamazazpi mila, bederatziehun eta bi.
13.541.280: hamahiru milioi, bostehun eta berrogeitabat mila, berrehun eta laurogei.
Ikusten denez, proposamen hau onartuz, bide oso praktiko eta argia hartzen da; eta, dudarik ez, batasun minimora heltzeko, era honetako irtenbideak onartu beharko ditugu. Eta nik neuk orain arte horrela egin ez badut ere, noizbait konkretatzen hasi beharko dugula uste dut. Zergatik ez, ba, bide hau hartu?
Beste zenbait problemaren ebazpena
Esandako liburua alde batera utziz, goazen orain beste zenbait arazo aipatzera. Emango ditudan adibideetariko batzu "Alfabetatzen" liburutik hartu ditut.
Zenbaki dezimalak. Behin baino gehiagotan agertzen zaizkigu, eta ohituraren faltaz isilik geratzen gara. Ene ustez, koma hitza esan eta dezimalak banan banan ematea komeni dela uste dut. Irtenbide oso praktikoa gertatzen da. Adibidez:
4,52: lau koma bost bi (Posible da, baina zailagoa, lau koma berrogeitamabi esatea).
0,253: zero koma bi bost hiru (zero koma berrehun eta berrogeitamahiru).
Eta zero izeneko zifra agertu denez, beronen aipamena eginen dugu. Jende asko beldur ohi da hitz hori esateko; eta berorren ordez, hutsa edo bapez (bat ere ez) esaten da. Ene ustez, ostera, zero hitza internazionala da, eta, beraz, euskarazkoa ere. Gainera desberdintasun semantiko hau dago:
zero: zifra baten izena.
hutsa: ezereza. Airerik gabeko lekuetan hutsa dago.
Beraz, lotsarik eta beldurrik gabe, zero hitza erabili behar dela uste dut.
Telefonoak. Telefono-zenbakiak binaka ematean dudak sortzen dira euskal sistema hogeitarraren kausaz. Horregatik, hobe eta errazago gertatzen da, zenbakiak banan banan ematea. Adibidez:
416 94 23: lau bat sei bederatzi lau bi hiru.
Tenperatura. Gaur egunean, informabideetan atmosfera eta itsasoko tenperaturari buruzko informazio asko ageri ohi dira. Zenbait problema sortzen dira deklinazio-atzizkiekin eta tenperatura negatiboekin. Esatemoduak hau izan daitezke:
10º C: hamar gradutako tenperatura.
-5º C: minus bost gradu.
Neurriak. Neurriak adierazteko, ondoko modura erabiltzen dira zenbakiak:
bost metro zabal
litro eta erdi ur
lau litro ardo
hamar kilo irin.
Azaldutako problemak eta berauen ebazpideak modu telegrafikoz egin ditugu, zenbakiak bizitza arrunteko arlo askotan erabiltzen direlarik, kontsultarako errazago gerta dadin asmoz.
J. R. Etxebarria
Gurutzegrama
Larry Trask
Ardibeltza [Komikia]
MONTY
Aurrekoak koadratuak baziren, oraingoa biribila duzu. Beronen jomuga zera da, erdiraino heltzea, bertako altxorra lortzeko. Ez du tranparik eta eroapenez haraino joan zaitezke.