ANAITASUNA

1979.EKO UZTAILAREN LEHEN HAMABOSTALDIA

385. ALEA

60 PZTA.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


[AZALA]

• EUSKADIKO EKONOMIA LARRI

• TXINA, AGUR SOZIALISMOBIDEARI

• JON MIRANDE ETA KRISTAUTASUNA


AURKIBIDEA

4. ARTIKULUBURUA

5. Diskoak Hamabostero. K. Arko

6. Euskadiko ekonomia larri. Mendizabal

7. Ume berezi euskalduna. Libe Enbeita

8. Euskara baztertzea kontrairaultza da. Alex

9. Muga aldizkariaren mugen inguruan. J. Agirreazkuenaga

10. Hilketa emankor (?) bat. Itziar Urtasun

12. Aukeratzeko eskubidea. Loretxo Saez

14. Ohar laburrak. Xabier Gereño

16. Hamabost egun hankaz gora. Iñaki Zabaleta

18. Atzerritar, ar, ar, ar. T. Trifol

22. Txinan agur sozialismobideari. Mendizabal

24. Europa Eskubira. Joanes Lekerika

26. Partiduaren eginkizunak. Harotza

28. Suzko izpiluan zehar. K. Santisteban

30. Jon Mirande eta Kristautasuna. A. Eguzkitza

32. Francis Picabiaren Mendeurrena. Jon Sendagorta

34. OVNI-ren fenomenoaz hurbilketa bat (III). T. Trifol

37. Peruko Geoglifoak. Elhuyar

38. Hil da adiskide amerikanoa. J. Sarrionaindia

39. Leitzar Xelebreak. Astaitz

40. Gramatika. J. Txurruka

41. Gurutzegrama. L. Trask

42. Ardibeltz. Monti


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, Andolin Eguzkitza, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, J. Llerandi, E. Martin, Joseba Sarrionandia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, J. L. Alvarez (Txillardegi), J. Mendizabal, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J. M. Arzubiaga, K. Santisteban, B. Atxaga, J. Idigoras.

FOTOGRAFOAK

Imanol, R. Zarrabeitia, A. Alday, Txaber

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Artikuluburua

Moncloa-ko itunetatik hona...

Munduko ekonomilaririk entzutetsuenak bat etorri dira, oraingo krisialdi ekonomikoaren esistentziari dagokionez, eta halaber pentsatzen dute gehienek, berorren kausa nagusiak kapitalismoaren garapen zikloei eta produktu energetikoen prezioen gorakadari (petrolioa batez ere) loturik daudela.

Analisis horren balioa orohar onartuta ere, egia da halako krisis kojunturalak are grabeagoak egiten direla, egitura krisisekin batera ematen direnean, eta horixe da Espainol Estatuan jazo dena.

1973.eko petrolioaren gorakadaz hasi zen nazioarteko ekonomi kinka larri honek Espainol Estatua 1974.eko bigarren erditik jo zuen zuzenki. Krisis honek orduko sistema politikoa ahiturik zela erakutsiko zuen eta beharrezkoa zela, haren ordezko erakundetze politiko berria eraikitzea.

Suarez-en erreformaren helburua, beraz, Estaturako kasta politiko berria sortzeko alternatiba izatea zen. Horretan zuzendaria UCD izango zen noski eta PC-PSOE solistarenak egingo zituzten, egunero sakonagoa bilakatuz zihoan ekonomi krisisa gaindiarazteko konpromezua harturik. "Pactos de la Moncloa" deiturikoak, sorterazi zituzten prezio gorakadak, soldaten izozketa, produktibitatearen handitze eta gainerako ekonomi neurri multzo ederrarekin, ez ziren izan Itun sozial hori iraunarazteko entseiu huts bat baizik, ez baitziren Estatuko langile alderdi handiak (PC eta PSOE) eta zentral sindikal majoritarioak (CCOO, UGT, ELA-STV) gauza izan langileriari Moncloako itun horik onartarazteko, nahiz eta entseiu horretan beren langile alderdi edo klase sindikaturen izaera serioski zalantzatan utzi. Paktu haiek porrot egin zuten, halaber jazo zitzaion itun sozialari, eta berorrekin Suarez-en erreforma bere sinesgarritasuna ari da galtzen gero eta gehiago. Eta hau zerbait nabaria dugu, ezinezkoa baita egun Espainol Estatuan, eta are ezinezkoago gure Herrian, Suarez-en erreforma halabeharrezko kondiziotzat harturik, ezein paktu sozialek errealitate bilakatzeko ahalbiderik izatea. Hots, langileriak krisisaren pisu oso osoa leporatzea, eta honen ordez, burjeseriari botere osoa ematen dion legeria konstituzionala onartzea.

Honetaz, argi dago Suarez-en erreformaren porrota, frankismoarentzako eredu aldagarri bat izateko. Eta denok dakigu hau ondo. Errealitatea ikusi nahi ez dutenak eta beren hildo ideologikoa erreforman gehiegi konpromezatu dutenen salbuespenaz. 1.300.000 langabetu, 15.000 krisis espediente baino gehiago, sindikal libertateen hestutzea eta langilerik kontzienteenen kontrako errepresioa ditugu argi eta gar bi Moncloako Itunek sorturiko klasearteko adiskidantza politikaren ondorioak.


Diskoak hamabostero

"Ez utzi haurrei negar egiten,ongi portatu beraiekin"

Ref. Tic-Tac

Haurrak benetan isladaturik agertzen zaizkigu disko honetan, benetan ideia ederra.

Bada, ttikia baina ohargarria den haurren munduko kantuen tradizio bat. Horietan beren ahalegin eta iniziatibak biltzen dira. Disko hau, belaunaldi gaztea kantatzen hasten deneko azalpenik primarioena dugu.

Biziki gustatzen zaigu haurrentzako disko bat egiteko ideia, eta kasu honetan meritua Tako Pezonaga, Jokin Idoate eta Maite Lujanbiorena da, beroriek bilakatu baitute posible hamaika haur baino gehiago beren inguruko kantuei freskotasunez ekitea.

Liburuarekin batera datorren koadernoto batean, kantu guztien istoria eskuz idatziak daude, haurrek berek grabatuak gainera.

"Kanta dezagun"

Juan Karlos Urrutia

Herri Gogoa HG-190 LS

Juan Karlos Urrutiak hamar urte baino gehiago daroa musikaren munduan sarturik, eta gusturik ez du lehen LP honetan falta. Eta disko honekin sartzen da euskal herri kantagintzara, "Lainoa" talde hartan eta bestelako iniziatibetan, herri musika internazionalagoaren arloan lan egin ondoren.

"Kanta dezagun" gustu onaz egindako disko bat dugu, Juan Karlos-en ahotsa horrelakoa delako —Juakin Diaz folklorelariarenaren antzekoa— baina homogeneoa dugu ere, hiru kantu propioen salbuespenak aparte, gainerakoak oro Azkue eta Donostiaren kantutegietatik aterata daudelako.

Juan Karlos-ek ez dio kantutegi honi ezelako aportaketa berririk gehitzen, ez konponketan, ez gaien elaboratze sakonagatik. Horregatik, disko hau, ia autore obra baten ikuspegi intimistatik entzun behar da, bestelako milikeriarik gabe. Batzutan, halabaina, tresna bat edo emakume baten ahotsaren presentzia sotilek, nolabaiteko produkzio entseiu bat erakusten digute. "Axuri beltza" herrikoia dugu berez. Oso gustu ona gabonetako "Eguberriz" kantuan. "Zazpi Probintzi" gure herriaren batasunerako maitasun kaletar eta anaitasunezkoz betea.

"Kantari"

"Euzko Abeslari Txikien Elkartasuna"

Kantuz saila K-11.107

Haurren mundurazko hurbiltze bat nahi du izan disko honek. Bai eta, oporraldietan sarturik, astirako lagun bat ere nahi du izan.

Bostehun haurrek baino gehiago lagundu du disko berezi honen errealizatzean, Euskal Herriko herri desberdin askotako hamabi kantataldetakoak.

Zuzendaria Jose Ramon Artea da eta diskoaren bereizgarri nagusia, haurrengandik gure herria sortzen ari den aberastasun korala erakustea.

"Kili Kili bat" bezalako kantu herrikoiak aparte, ez da haurrentzako kantuen album bat, baizik eta Euzko Abeslari Txikien Elkartasunaren ideia baten gainean, haurrek eginiko diskoa. Jon Zabaletaren azalak, handiosa eta euskal grafista honen bereizgarri diren edertasun sano eta tolesgabea, justifikatu egiten du berez disko osoa.

"Euskadiko Trikitixa Txapelketa". "Bukaera"

"Zenbait interpretatzaile"

JZ - 118 - 119

Herria bere jai dinamika propioaren inguruan kontzentratu eta musikaren bidez, edo kasu konkretu honetan, trikitixa den beste "poema" eta adierazpide musikal sanoaren bidez, expresatzen deneko testigantza berri eta bizi bat.

Grabaketa hau biziki aportaketa interesgarria zaio zuzenean grabaturiko diskoen panoramari, baina batipat, ihardespen zehatz eta kontsekoente bat, bere kaletar expresioa, hauzategi edo plazakoa, bere dantzaren errima, eta batzutan bere esentzia emozional berezia ere galtzen ari den trikitilaritza bizigabe horrentzat.

Honelako trikitixa jaialdi handi bat grabatzeko ideia, animagarri gertatzen da, nahiz eta diskoa zergatik, non eta noiz egin den erosle posibleari adierazi ez. Dena de, biltzarrean ez zen lehenetariko inor falta, eta horien artean, tresna hau profesionaldu egin duten izen bezala, Laja eta Landakanda, eta nabaria ere Leon eta Mauriziaren falta. Dena dela, eta gure herrietako jaiak ospatzen hasi garelarik, disko hau komunikatze eta alaitasun sanoaren testigantzari hoberena izan liteke.

"Karraxiz"

Ametsa Abesbatza - Nestor Basterretxea - Sara Soto

Kantuz saila K-11.106

Ez dugu honetan eritzi kritikorik emanen, ez baitugu ezagutzen obraren jatorrizko kontestuaren konplexitatea. Baina Nestor Basterretxea beraren berbek lagunduko gaituzte "Koru Poema" azpititulaturiko obra honen helburuak ezagutzen.

"Elkar aberasteko boterearen ondorio gisa —dio Nestorrek— diziplina estetiko desberdinen arteko interpretaziotik sortu da "Karraxiz poema".

"Planteiamendua, ene zenbait eskulturaren forma eta bolumenen gainean egina da, hauk konposaketa musikal baterako baliagarriak izan zitezen. Sara Sotok onartu egin zuen hain konpromezu zailerako desafioa".

"Bide lineal eta bolumetrikoek partiturarenak egin dituzte".

"Musika, zur landu eta ezkoztatuetan zeuden "ozentasunen" erantzuna izan da, berauk abesbatzaren ozentasunak bilakaturik".

Esperientzia honetaz, guk uste, Nestor Basterretxeak, euskal poliformismo tradizional era eroan du eskultura den artegintza, obra aberasgarri, berri eta gure herrian bakarra lortuz.


Euskal Herria

Euskadiko ekonomia larri

Ekainak 22ean txiki eta erdi mailako entrepresariek bota duten dei larri ez da gutxiestekoa. Beraiek diotenez 70.000 lan postu daude arriskuan, eta gainera, Euskadiren etorkizuna ekonomia aldetik pobreturik gelditzen da. Sektore batzuetan egoera hau jadanik jiraezinezkoa da, beste batzuetan aurrera jotzea asko eta asko kostatuko den bitartean (azkenean ateratzen ba dira).

Entrepresariek betidanik izan ohi dute ohitura egoera, errealitatean dena baino beltzago ipintzen, langileen soldatak gehiago kontrolatzeko. Ohitura hau areagotu ohi da krisi garaian. Baina kasu honetan, uste dut nik, beren hitzak egoera errealaren nahiko adierazgarri direla. Entrepresarien aurretik, joan zen urtearen azkenean, Langile Aurrezki Kutxak ere egin zuen egoeraren deskribapen antzerako bat. Onartzen ba dugu egoera honen errealtasuna ehundaka erreflexio datoz gogora.

Lehendabizi gogorapen bat: gure herri pobrea zen. Gure zaharrek gogoratuko dute gerra aurreko Euskal Herri pobrea. Eta besteoi Historiak gogorazten digu berau, eta ondorioak: emigratu beharra, etab.

Gaur belaunaldi berrietakoei sinestea kostatzen ba zaigu ere, hau erreala izan zen.

Gaur, nahiz eta horrelakoak entzun gehiengo batek ez du oraindik sinesten antzerako gauzarik gerta daitekeenik Izan ere, bizi garen kontsumo mailan ezinezkoa baita pentsatzea horrelako egoera batetan. Hau dena dela eta, nire ustez oso garrantzitsua da gaurtik mentalizatzea problemaz, bestela izugarrizko trauma orokorrean jausteko arriskuan baikaude.

Gertatzen ari denaren arrazoia ezaguna da: kapitalismoaren funtzionatze irrazionala eta bihotzgabea. Zergaitik ez dago lanik: inbertitzen ez delako, eta zergaitik ez da inbertitzen: dirua duten gutxi horiek, momentuz seguruago dagoela beren poltsikotan, uste dutelako, nahiz ekonomia bat lur jota egon horregatik.

Horregatik, nik behintzat ez dut sinesten kapitalismo barruan gure herriaren egoera honi eman nahi zaizkion erantzunetan. Ez dut onartzen horrela funtzionatzen jarraitzea. Beste funtzionatze hobe baten bila joan beharra dago.

Zer suposatzen du kapitalismo barruan gainditzea gaurko krisi hau? Erraza: era guztietako burrukaren geldiaraztea; soldatak direla, lan kondizio hobeak direla, sozialismoa nahi izatea, Euskal Herriarentzat askatasuna nahi izatea. Hauxe eskatzen digu kapitalismoak: krisiatik ateratzeko ez burrukatu ezergatik. Eta horren ondoren oraindik ere ez da seguru aterako gaituela. Eta ateratzen ba gaituzte ere, herri langilearen ordaina gehiegi da.

Eta gure erreibindikazioei uko egin gabe, krisiatik nola atera? Ezkerreko indarrek dute hemen hitza. Gaur, oraindik ez dugu ezagutzen alternatiba bat ere era honetan planteiaturik. Aurkezten diren alternatiba guziak kapitalismoaren barruan gelditzen dira.

Aitortzen dugu, bai, ez dela erraza. Baina ez dut dudarik egiten, herri langilearen abangoardia izan nahi duen indar batek, gizarte modu hobe bat eskaintzen duen indar batek, goizeago ala beranduago eman beharko duela erantzuna, edo bestela herri langilearen konfiantza galtzeko arriskuan dago.

Mendizabal

"Pello Zabaletak"

"Notiziyak baditut

Amerikatikan

euskaldun asko bai da

joana emendikan

lur ontaz oroitutzen

dira oraindikan,

nunbaiten bizi bear,

ez da besterikan."


Euskal Herria

Ume berezi euskalduna

Familia euskaldun batetako ume bereziari erdaraz egitea, ez al da familia euskaldunak erdalduntzeko bidea?

Norbaitek pentsa dezake ume bereziak ez duela sentituko, euskalduna izateak duen garrantzia. Gehienen ustez, ume berezientzat zaila da hizkuntza bi ikastea, eta girorik zabalena duena ikasi behar lukete. Gaur egun, tamalez, girorik zabalena duena erdara denez, erdaldunak izatera kondenatzen dituzte pausatuki.

Nere ustez, ume berezi euskalduna, arazoa uxatzeko atxakiaz ematen zaion hizkuntza eta giro arrotz horretan, baztertua eta zapaldua sentitzen da beste edozein jatorrizko bezala, familiarekin ere berdin gertatzen delarik. Arazo hau, kontzientzi arazoa da. Euskal Herriak gaur egun dituen beste arazo asko bezala eta beharturik egon behar genuke, ez erdara egitera, euskalduna izateko duen eskubidea berreskuratzeko ahalegina egitera baizik. Une batez pentsa dezagun: familia euskaldun batetako ume bereziari, erdara egitea, (kontutan izanik giroa aldatu behar dela) ez al da, familia hori erdaldundu bidean jartzea? ez al da frankismoaren joko bat, (beste asko bezala) familia euskaldunak erdalduntzeko?

Asier euskalduna izango zela erabakia hartu ondorenez, hainbat oztopo gainditu beharra izan dut eta gainditzeko ere asko ditut oraindik. Umeak, eskola-giroa etxe-giroaren aurkako duenez, zailtasun handia du, batez ere hizkuntzan. Oporretan, etxe-giroan aurreratu egiten da hizkuntza-arloan; baina eskolara itzultzean, atzeratu egiten da berriz, ikastaro guztietan berdin gertatzen zaiolarik.

 Lengoiaren berreziera behar du, euskaraz izatea nahi dudanez, eta nork eman bilatzea zaila izan dut; ezetzik eman ez didaten arren, erantzunik ez dut jaso. Azkenik ahaide bat (psikologia egina du) prestatu zait laguntzeko, neuk ere jarraipen modura umeari lagunduz. Umea, bere giroan laguntza eman zaionean, aurreratzen hasi da, hizkuntzan batez ere. Pentsa dezagun: nolako aberastasuna izango zuen oraingo, eskola etxe-giroaren gehigarri izan balitz. Lehen, psikologo batzuren esanetan oinarritzen ziren erdara egiteko aholkua ematean. Gaur, ba dira, zorionez familia euskaldun batetako ume bereziari erdaraz egitea ume berarentzat kaltegarria dela dioten psikologoak. Ume normal euskaldunaren eskubideak berreskuratzeko hainbat lan eta ardura den une honetan, ume berezi euskaldunak ere gure herriaren zati handi bat ditugunez, premiazkoa eta ezinbestekoa dugu, euskal familiaren eskubide hau berreskuratzeko eta ume hauen egoera estudiatzeko ahalegina egitea, erantzun beharrez eta denok elkarrekin.

Honela herriak epaituko duen lan garrantzitsu bat betetzen dugulakoan, ume berezi euskaldunak, familia euskaldunak eta Euskal Herriak berak onura aterako du.

Euskaldun nahiz erdaldun

Berdin gehienentzat

Arazo bat izanik

Euskal sendientzat

Euskadi ez ote da

Aberri danentzat

Hizkuntza bi ikastea

Zail bada heurentzat

Euskara izan dadila

Euskaldunarentzat.

Libe Enbeitia


Euskal Herria

Euskara baztertzea kontrairaultza da

Inoiz Txillardegik edo Urrujulegi batek abertzale mugimenduei eginiko salaketak, artean eta une hartarako gogorregiak edo desegokiak irudi zitzaizkidan, baina urteren buruan arrazoi osoa zutela eta dutela deritzot.

Garrantzizko pausoak eman dira hauteskundeak ondoren, eta hara hor jo eta ke mugimendu abertzaleak ere herri erakunde eta instituzio ofizialetan. Zer aurreratu da ordea, udaletxe, diputazio eta administralgo osoan —salbuespenak ezik—, arduradun E.A.J., H.B. eta E.E. direlarik? Ezer gutti. "Plenoak" erdaraz jarraitzen dute, euskarazko esaldiak testimonialak dira, eta dokumentagintza eta informaketa guztia gaztelaniaz zabaltzen da soilik.

Udaletxeak, Diputazioak, Kontseilu Vascongadoa, Juntak (alkate, diputadu-buru) abertzale deseuskaldunduez bete zaizkigu. Teoriaz bai, euskara aitortuko dute, dudarik gabe, Euskal Herriko hizkuntza nazionaltzat. Ekintzan, ordea, barra barra gaztelaniaz ariko zaizkizu, eta daramatzaten praxiak direla eta euskararen zanpaketa edo diglosia sendotzen ari dira, antiiraultzaile bihurtuz.

Abertzale horiek gehienetan, behintzat, ekintza bizian dihardute, baina, hala eta guztiz ere, bere horretan alto bat egin beharrez aurkitzen gara. Jakinekoa da baita ere euskara ikasteko medio kaskartasuna eta ingurugiroaren gaztelazko gaineragina ezin bestekoak direla. Hortik letorken Euskal Herria, ordea, deseuskalduna izaki, Euskal Herria ez beste guztia litzateke. Haseratik euskalduntze taktika-estrategia bat munta ez dugulako, kontrairaultza baten barnean murgilduak gaituzu, eta derrigorrean euskarari buruzko berplanteamendu edo programaketa batera jo behar dugu.

Nolako alderdiak halako instituzioak

Hontaz ari naizenean ezagutzen ditudan udaletxe eta beste instituzioetaz ari naiz. Bestalde, euskal alderdi iraultzaileen idazkari nagusi gehienak ez dira euskaraz mintzatzeko gauza. Alderdi hauek ez baitute mihinez diotena exenpluz betetzen, eta dakikegunez ezta beren militantziarako edo ekintzailentzako ere euskalduntze politika zehatz eta epekazko bat. Horixe ere nahiko ezaugarri txartzat jotzen dut.

Gero, ez da arritzekoa, Donostiako udaletxean H.B.k udaletxeko funtzionariei euskara ikasteko 8 urteko epea jartzeko jarreraren aurrean (H.B. eta E.E. ezik) E. A.J. tik hasita euskara ikasteko nolabaiteko obligazioaren aurka jotzea. Bilinguismoa edo elebitasuna bi hizkuntzak ongi ezagutzea bada, nola demontre ikasieraziko dugu euskara?

Elebitasunaren dekretua paper bustia

Hasteko, aipa dezagun euskararen arazoa ez da irakaskuntza bidez soilik salbatuko. Masa komunikabideak gaztelaniaz-kolonialismoa mantentzen badute gureak egin du. Zuzen zuzenik euskal irrati-telebista baten hildotik ekin beharko dugu, bestela, adarretatik gabilzke. Garbi ari gara ikusten ikastola eta gau eskolekin bakarrik eutsi edo gaizki iraun besterik ez dugula egiten.

Ofizialki, elebitasunaren dekretu bat ere emana digute, eta bera irakaskuntzan euskara nolabait ere sartzeko baliagarria litzateke, jadanik ikastola eta beste eskolen euskalduntzeko dirubideak eman edo, hobe esanda, utziko balizkigute baina,dekretu murritz hori bera ere paper eta iseka larria gertatzen da euskaldunontzat beste behin eta berriro.

Beraz, badugu lana euskaltzaleok, kultur taldeak, zinegile eta irratigileak gure indarrak bildu, behetik gora, herri eraginez bai irakaskuntzan, bai administralgoan eta bai masa komunikabideetan ekiteko.

Euskaltokiak

Zenbait herritan euskaltokiak muntatzen ari dira, euskara hutsez jardun eta ingurugiroan euskal kultura sendotzeko asmoz. Erdal kolonialismo moeta eta bunkerrak salatu eta euskal kultura zabaldu,

Beste maila batetan Donostia, Pasaia eta beste bailarako udaletxeen inguruan Euskal Nortasuna deritzan Batzordeak eratu dira,, euskara eta euskal nortasuna berpiztu eta hedatzeko bai erakunde ofizialetan barne, bai herri ekintzetan. Herrialde bakoitzean eta Euskal Herri osoan egitura beharko litzateke oinarrizko koordinakuntza bortitz bat.

Ez da nik harria bota bai, eta nork jasotzen duen. Nolanahi ere Donostialdeko eskualdean ari gara euskal nortasunezko koordinakuntza hau egituratzen, eta guztiz interesgarria deritzogu Euskal Herri osoan koordinatzea. Hizkuntzalaritza hutsean Euskaltzaindia legoken bezala, euskara eta euskal nortasuna bultzatzeko behetik goragoko koordinakuntza hau aproposa litzateke.

Egun batean, rotulazio zerrendak izanen dira, bestean administralgo edo Kirol eta kultur ekintzak, eta ingurugiro hori guztia euskalduntzeko erizpideak agertu eta elkartzea komeni da, eta bide batez euskaltzale mugimendua, arrazoiz bultza eta zabal.

ALEX


Euskal Herria

"MUGA" aldizkariaren mugen inguruan

Aldizkari berri bati ongi etorria ematen diogu, zeren uste dugu gure kultur hesparruan zerbaiten ekarle izanen dela. Beste alde batetik bakoitzaren arrazoien muinak azaldu behar ditugu plazaren erdi erdian, albokoekin eztabaidatzeko eta hola gure tesiak, eritziak eta abar, gure egoeraren arrazonatzaile kritikoak bihur daitezen.

Gure herrian aldizkariak argitaratzen hastea erraza izaten dugu, baina beroien jarraitzeak, erakartzen dituen buruhauste eta guzti, aurrera egitea dugu zailena. Gauzak honela, aipatzen ari garen aldizkarian publizitate oparoa nabari denez badirudi oinarri ekonomiko sendoarekin hasten dela. Azalezko agerpen hau ere zerbaiten adierazlea dugu.

Eta sarrerako gogoramenak bukatzeko euskal ezkerrak beste urrezko oportunitate bat galdu dugu, zeren ez dago dudarik kultur arloa eta batez ere historiarena, oroimen historikoa hezurretaraino giharturik duen gurelako herri batean, funtsezko arazoa dugula. Dena dela badugu JAKIN eta ZEHATZ behintzat. Eta JAKINek esaterako hartu duen joera erdal itzulpenak eginez, guztiz egokia dela derizkiogu.

Goazen ba hitz bi esatera artikulu batzuen inguruan: Baina lehendabizi otuten zaiguna zera da, klase burruka hesparru guztietan giharturik dagoenez, aldizkari honetan ere klase posizioaren islada agertuko zaigu historia horrela egiten baita. Beste alde batetik, erdara garbia erabiltzen dute, antza denez hauxe baita diglosia gainditzeko lege berria, Jaungoikoa eta lege zaharraren omenez jarria,

- Gernikako estatutuari buruzkoa, kontu kontari datorkigu, norberaren bonbo eta platiloen soinu alaitsuak goratzen. Gure ustez, egia esan badu estatutuak arazo positiboak herriarentzat, euskararentzat eta abar. Baina garrantzitsuena zera dugu: Euskadiko indar demokratiko gehientsuen projektua dela, ez batena edo besterena. Eta herri bat eraikitzerakoan, ikuspundu eta prestutasun demokratiko hau beharrezkoa dugu, gure etsaia handia eta indartsua baita. Zeren Euskal indar demokratikoen artean eritzi desberdinetakoak baitaude, denok herri honetakoak direlarik.

- Ibarzabalen artikulua ETAren sorrerari buruz, ausarta baina ez horregatik egiazkoa Sarreran bere azterketaren sorburuak azaltzen dizkigu, baina hau ez da nahiko, izkribuaren zehar frogatu behar du egileak eritzi guztiak zehatz mehatz sorburu konkretua aipatuz. Nire ustez tesis bat agertarazi nahi du azpi azpian beste batzuen artean: PNVren garrantzia goratzea, bere aktibotasun politikoaren beheraldia hasi zen garaian. Baina oraingoz, ez baldin bada lehenaren ideologizazioaren bidez, garaiko PNVren ekintza argi eta garbi dago, arrazoi konkretuak direlarik egoeraren determinatzaileak. Eta honekin loturik, interesgarria "servicios" delakoaren munta PNV alderdian, USArekiko loturak eta haren estrategiaren ondorioak gure herrian neurtzeko eta ezagutzeko. Lan sakonago bat behar dugu. Baina hau atzo gertatzen bazen, gaur egun zer? Amerikarren dependentziako herririk ez dugu nahi, eta delako hautapenak bai bitan banatuko dutela herria, Batzuri behintzat oroimen historikoa ez zaigu ahazten hain erraz.

- Muñagorriri buruz dugu artikulu garrantzitsuena, portadaren arauera. Gaur egunean teatroan eta literatura politikoan XIX mendeko hautapen bat azaltzen eta goresten ari zaigu, fuerista liberalena hain zuzen ere. Eta Muñagorrin artikulua hildo horretatik abiatua dugu. Interesgarria dibulgaziorako. Dena dela, egileak protagonizatu zuen esperientziarekin eskubide historikoak direla eta, parekatzen ditu Muñagorriren inguruan gertatutakoak.

- Hildo beretik dugu Idoia Estornes Lasaren artikulua, fuerista liberalek bultzatu zuten errebolta azaltzen digu. Honetarako bere ohizko jakituritik aparte uste dugu J.M. Areilzaren liburua Historia de una conspiración romántica Madrid 1950 erabili duela sorburu bezala batez ere, baina ikuspundu eta marko teoriko desberdina erabiliz.

- Artzallusen artikulua, artikulu gertakari-kontalaria dugu batez ere. Europeista gartsu bezala azaltzen zaigu. Baina Europa eraikitzeko modu asko dago. Eta ez dakit zergatik baina demokrata kristauen joera ez dugu uste zuzenetarikoa dugunik. Adenauer hain zuzen ere USAko kapitalaren interesen baluarterik finkoena izan zela ez dago dudarik. Eta gaur egun duguna, kapital monopolistaren Europa da, USAren indarra hegemonikoa dela, Alemania horren gordetzailea nagusia delarik Europaren baitan. Jakina langile ikuspegitik abiadura desberdinak proposa daitezke. Hola ba, azterketa gertakari-kontalari baten ordez, sozio-ekonomikoa eginez gero, askoz hobe konpreni genezake langileen Europa, eta hautapen euskaldun eta komunista oinarritik abiatzen direnak.

Dena dela interesgarria deritzogu egileak esaten duen bezala 9.000 km muga duen Europa batek luzarora horrela ezin duela jarraitu, eta baita Euskadiren lekutze geopolitikoa dela eta, Europan tirabirak sakonki ezagutzera behartuak garela, gure etorkizunerako.

Beste artikuluetaz ez daukagu gauza handirik esateko, gure aldetik behintzat, inongo meritorik kendu gabe.

Hola ba, hurrengo zenbakien artikuluek, definiturik dagoen hildoa, konfirmatzera lagunduko dutelakoan gaude.

J. Agirreazkuenaga


Euskal Herria

Hilketa emankor (?) bat

Euskaldunok, bizizentzu tragiko bat daukagu benetan. Hainbat zapalkuntzari erantzuna, errepresioaren aurkako ekintzen bidez ematen diogu.

Berriro ere, hilketa bat beharrezkoa izan dugu, gure asanbladetan eta kalean, pertsonak daukan oinarrizko zenbait libertate exigitzeko.

Igandez, ekainak 10ean, goizaldeko lehendabiziko orduetan, Errenterian, "Apolo" festalekuan lagun bat hil zuten. Vicente Vadillo zuen izena, baina guk Francis izenaz ezagutzen genuen. Gizon bat zen eta jakina da, gizonek ezin dutela ezpainak eta begiak pintatu, ilea deigarriki apaindu, takoi handirik eraman edo et; gonak erabili. Hitz batez, gizon batentzat ez da egokia emakume bat balitz bezala janztea. Emakume batek berriz,behar beharrezkoak omen ditu edergarri hauk, ibilkera airos eta begirada goxo bat, gizonarengan bera harrapatzeko gogoa sor dadin.

Zer gertatzen da "benetako gizon" batengan, aurrean dagoen emakumezko edertasuna bereganatu nahi duenean eta bidean zakil sendo bat eta bi poltro aurkitzen dituenean? Normalki, haserre bizian jartzen dela.

"Dagokien eran janzten ez diren mutil askok jasan dute jaun errespetagarri hauen basatikeria, hauek zulo bat behar zutelako eta atzekoa ez zitzaielako gustatzen, oso moralak baitira! Eta morala gordetzearren, ez zaie aski gustatzen ez zaiena lasai lasai uztea; "travesti zikin" horien ezmoraltasuna gogor zigortzen dute, hil edo erdi hil arte askotan.

Baina ez da beharrezkoa emakumez jantzita joatea inkisitore hauen furiak eragiteko, aski da gizon homosexuala izatea. Lehengoek ezaxolatasuna sortarazten bazuten herriarengan, agresio hauk ixiltasunean geratzen dira gehienetan.

Praktika homosexual bat daramaten gizonek bizitza doble bat izatera behartzen ditu gizarte honek. Beren maitasuna adierazi nahi dutenek urruti joan beharko dute, ezagunik ez dagoen toki batetara, eta han ere ezin lasai egon. Bertako moraltzantzaile espontaneo batzuen eskuetan erori direnean, hauen bortizkeria matxista jasan dute hitzez eta baita fisikoki ere.

Noren aurrean salatuko dute errepresio hau? Berentzat gorde eta etxean edo lanean egiten dieten galderei erantzuna emateko historiaren bat asmatu...

Apolo: batzuen festa

Francis han zegoen, eder eta apain. Antonio Cava ere han zebilen. Lau egun zeramatzan gure herrian eta gau hartan, ume gizajoa! norbait hiltzeko gogoz zegoen.

Zuri eta niri, horrelako gogorik sartzen bazaigu inoiz festaleku batetan, eta ez da zaila Antonio horren antzeko tipo bat aurrean ikusirik, geure burua eutsi behar! Baina berak ez. Berak ez du honelako problemarik. Polizia da eta ordena zaintzeko harma bat eman diote agintariek depresioa gainditzeko morala altxatu ondoren. Gaixoak... hainbeste gauza itsusi aditzen dute jendearengandik... Ez ditugu konprenitzen, gure zerbitzurako egiten duten lana ez omen dugu bere neurrian eskertzen eta oso sentsibleak direnez, depresioa sartzen zaie.

Harriek beldur handia ematen diote, horregatik pixkat animatzeko, batzuetan harririk gabe ikusten dutenean norbait ba... Gladys lurrera odoletan... Francis lurrera odoletan... Ez ditugu konprenitzen.

Gladys neska kargante bat zen, beti batetik bestera, gaur hitzaldi antinuklear bat ematen, gero bizikleta baten gainean ekologiaren alde, Tuterara...

Gainera, hain ezagunak ditugun supernafarristek, garbi garbi ikusten dute ez dagoela oso garbi nola hil zen Gladys, beharbada atakeren bat, edo goardia zibilak ez ote zuen defentsan bota? Aja! nork zekien lurretik altxatzean Gladysek zer egingo zuen? Ez dago oso garbi garbi eta garbienek ez dute gauza behar den garbitasunez garbiki ikusten. Francisena berriz garbi dago. Emakumez jantzita zegoen, Antonio Cava haur inozoaren tutoreek honela esan zuten. Beraz, ez da hain grabea gauza.

Herriaren erantzun gogorra

Herriak berriz, kasu honetan bai, grabetzat jo zuen. Agian polizia bat izan zelako hiltzailea? Seguraski.

Hilketa hau emankorra izan denik ezin genezake uka. Francisek segur ez zuela inoiz horrelakorik pentsatu, baina gure borrokak daukan martiri zerrenda luzatzera pasa da, Gladys bezala.

Berak, ez zuen martiri bokaziorik ordea eta bera izan behar.

Baina, egun batetik bestera, urteetan zehar aipatu ez diren gauzak, Errenteriako asanbladan eztabaidatu dira: sexu askatasuna, norberak nahi duen gisan janzteko eta bere gorputza apaintzeko daukan eskubidea, homosexualitatearen onartzea beste edozein modutako harreman sexual librerena bezalaxe.

EHGAMeko lagun bat, publikoki azaldu zen Errenterian —lehen pentsaezina zen herri honetako giroan— eta agiri bat irakurri zuen bere erakundearen izenean. Francisen aita ere han egon zen, ahal izan zuen bezala —negarrak ez baitzion uzten— herriari bere semearen aldeko erantzun hau eskertu zion.

Asteartean, Donostian, asko joan ginen "Francis, gogoan zaitugu" zioen pankarta baten atzetik manifestazioan, EHGAMen deiari jarraituz.

Donostiako herriak kalean entzun eta ikusi gintuen. Konsignak, errepresioaren aurka beti esaten direnak eta gainera "Zuek matxistak zarete terroristak", "No a la Ley de Peligrosidad Social", "Libertad sexual", "Francis, gogoan zaitugu",... izan ziren.

Azkenean, kalean eseri ginen eta EHGAMeko batek beren agiria irakurri zuen. Gero, Errenteriako asanbladak bidalitako ordezkari batek, han egindako idatzi bat irakurri zuen; bertan, asanbladak manifestapen harekiko laguntasun osoa adierazten zuen eta baita EHGAMen helburuekiko. Errenteriarrak han ez egotearen zergaitia ere esplikatu zuen: astelehenean grisek egin zuten "balentria" errepika ez zedin, herria defendatzeko hitxi egin zituzten bide guztiak barrikadez eta ezin ziren irten.

Agiri hauk irakurri ondoren, pankarta zeramatenek "Somos cachondas, no somos peligrosas" hasi ziren oihukatzen. Jendeak, txalo bero batez erantzun zien.

"Eusko gudariak gara" berezi bat

Bukatzeko, guztiok, apainak eta ez hain apainak, gonazko neska-mutilak, prakazko mutil-neskak, begiak eta ezpainak ederki pintaturik zituzten mutil politak, aurpegia justu garbituta generaman neskak... denok batera "Eusko gudariak" abestu genuen. Denbora luzea zen ez nuela benetako sentimentuz hau kantatu; "gudari" hitza eta ideia ez dut asko maite, gogorkeria eta matxismoa berarekin ekarri duelako sarritan... baina hango gudariekin, halako "gudari" kementsu eta goxoekin, pozik egin daiteke gudua! Zuekin bai, zuekin iraultza osorantz abia gaitezke.

itziar urtasun


Aukeratzeko eskubidea. Zamudioko medikuen torturak

 Egun batez nire inguman zer edo zer aldatzen ari zela nabaritu nuen, mundua diferentea zen, etxea ere desberdin topatzen nuen, ene ama zela zioen emakume batek oihuka egiten zidan, urruti entzuten nuen, eta hala ere, nire alboan zegoen. Eta bertan gelditu nintzen, koadroari begira.

 Ez naiz gehiagoz gomutatzen, bat batean oroitzapen guztiak pilatzen zaizkit buruan; bata zuri bi ikusten ditut niregana hurbiltzen larru ukala eskuan, gerriko bat bailitzan. Jo nahi al naute?, Ez dut ezer egin! Utz nazazue baketan! ez dut deusik egin, ezer ez!

 Orain, mugitzen den zerbaiten barnean nago. Automobil bat ote?, ez dakit, nekaturik nago eta ahots batek lo egiteko diost, nekaturik nago.

Berriro bata zuriak, baina beste batzu dira, ahots asko entzuten dut. Berriro ere, ene ama dela dioen emakumea, zoraturik nagoela esaten ari da, hasi naiz konprenitzen, alde egin nahi dut, baina ezin mugitu. Loturik naute! zergatik?

Gela batean sartu naute, eta nire ondoan ohe gehiago ikusten dut, jende gehiago dago, baina ez daude lo, begiratzen ari zaizkit. Beldur naiz, hemen ez dut egon nahi!

Ahots batek lo egiteko diost berriro, baina ez dut lorik egin nahi, ez dakit non nagoen eta ez dut lorik egin nahi. Alde egin beharra daukat, ez dut inor ezagutzen, altxatu eginen naiz, bai, solterik nago eta mugitu egin naiteke, aterantz joan behar dut bakarrik, segur naiz, begiak hersten baditut inork ez nau ikusiko eta joan ahal izango naiz.

Begiak zabaldu ditut eta zurigune bat ikusi dut nire aurrean. Zer da?, burua altxatu dut eta, ez, ez eta ez; berriro bata zuria; eskua jarri didate sorbaldan,berbetan ari zaizkit, gizonezko ahots bat da, leun leuna, oso gozoa, ez du deihadarrik egiten, ez da samurtzen, atsegingarria da bere ondoan egotea eta, irribarrez ari da, baina... bata zuri bat da! ihes egin behar dut!

Ohean berriz, baina oraingotan loturik nago, zerbait jarri didate, ziztatu egin naute, ahots gozo eta leundun gizonak, zerbait esan dit, ezin diot ulertu, baina errelaxagarria da horri benetan entzutea, logura naiz, logura...

Horrela oroitzen naiz guti gora behera, nire sarreraz Zamudioko zoroetxera, erotasunak aukeratu egin ninduen, eta nire familiak bertara sartu, oso txarto egon nintzen, hori geroago kontatu zidaten. Ahots atsegingarri eta gozo haren jabea nor zen deskubritu nuen, berriz entzun bainuen. Egunak ala astetan zehar? Gero, egun batean zerbait arraroa jazo zelako sentsazio desatsegingarriaz itzarri nintzela gogoratzen naiz.

Egun batzu pasaturik, bulego batetara joateko dei egin zidaten, eta bertan enteratu nintzen, niretzako mediku bat hautaturik zutela ez zidaten itaundu ea nik berarekin egon nahi nuen, berriz aukeratu egin ninduten eta tonbolako erregali bat legez sentitu nintzen.

Ea zer jazo zen galdetu nuen, eta nire medikuak" bulegotik irteteko esan zidan, deituko ninduela berak, ez nuen ezer ulertu baina niretzat egoera hura berria zenez obeditu egin nuen. Ahots leun eta gozoa zuen laguntzaile hura bilatu nuen, eta gertaturikoa eta asuntuaz pentsatzen nuena azaldu nion, arreta handiz entzun zidan eta onena niretzat, obeditzea eta problemarik ez sortzea zela esan zidan, ados zetorren nirekin, baina sistema baten parte ginela, zapaltzailea, baina sistema bat.

Bazkaltzeko orduan, erizainak bost pilula, denak diferenteak eman zizkidan hartzeko, hartu nituen eta tontoturik izan nintzen egun hartan, ni ez nintzela, afaltzerakoan beste erizain batek beste horrenbeste pilula eman zidan eta lo egon nintzen biharamunerarte.

Itzartzean, tontoturik nintzen oraindik, eta konturatu orduko, garbirik eta jantzirik ninduten gelan nengoen mediku multzo baten aurrean, erizainak eta auskalo nortzu gehiago; ahots leun eta gozodun laguntzaileari jaramonik egiteke, neure kexak azaldu nituen: medikua neuk nahi nuela egin, ez nuela pilularik nahi, egun osoan tontoturik nengoen eta, zer jazotzen zitzaidan nahi nuen jakin eta, azkenean, ahots bat entzun zen; aurpegi zakardun batengandik zetorren ahots zakar bat zen, sadikoren aurpegi bat, pertsona ttipi samarra, burusoila eta txirlazko betaurrekoekin, bere presentzia hutsak, agresibitatea sortarazten zidan eta, ahots zakar harekin esan zidan: "Jende atsegingarriarekin tratatzeko ohitura dugu, eta zeu, ez zara atsegingarria; sinestezina iruditu zitzaidan, ez zen hori posible, eta berehalaxe zerbait lehertu egin zen nire barnean.

Itzartzean, ahots atsegingarridun laguntzaileak urduri jarri nintzela esan zidan, eta zuzendaria jo nahi izan nuela, menperatu eta injektatu egin nindutela eta hainbat ordutan lo egon nintzela.

Aurpegian, kezkaturik zegoela nabaritu nion, edo horixe iruditu zitzaidan behintzat, eta esan egin nion, berehala, irribarrez hasi zen, eta ez kezkatzeko esanez lasaitu ninduen.

Ez nekien ordurarte beldur; izu izatea zer zen, ez nuen pentsatzen neure erasoak hain ondorio zorigaiztokoak ekarriko zizkidanik. Biharamunean ahots leundun laguntzaileak, etzateko esan zidan, tratamendua eman behar zidala, eta kasu egin mon, berarekin fidatzen bainintzen. Etzanik nengoelarik, emakume erizain bat etorri zen xiringa batekin eta injektatu behar ninduela esan zidan, laguntzailea begiratu nuen, eta keinu bat egin zidan sartzen uzteko, eta horixe egin nuen.

Injekzioa jarrita gero,laguntzailea nirekin gelditu zen, guztiz gauza axalekoez berba eginez, baina niretzat baltsamo bat legez izan ziren, horrela geundelarik, atea zabaldu zen,kable eta Voltimetrodun makina bat sartu zuten gelara, ea hura zertarako zen itaundu nahi nion laguntzaileari, baina ez zegoen bertan, joana zegoen eta ni babesgaberik nengoen.

Eta hura sartu zen, bere irribarre zatar eta sadiko aurpegiarekin, edo horixe iruditu zitzaidan behintzat, orduan denaz oroitzen nintzen, nola jo nahi izan nuen, eta izuak hartu ninduen, beldurturik nintzen oso eta hura nireganatzen ari zitzaidan gero eta gehiago, beste laguntzaile batzu ikusi nituen haren atzean, bai eta emakume erizaina, beldurrak elbarriturik topatu nintzen, konturatu orduko, laguntzaileek sorbalda eta hanketatik heldu, bekokian benda bat jarri eta gomazko hodi bat sartu zidaten ahoan, zeharka makinan argi bat pizten zela ikusi nuen, eskuetan bola bana zuena hurbiltzen zitzaidanez, beldur nintzen, erizainak nire okotza hartu eta gorantz bultzatu zuen, bolak buruaren alde bietan jartzen zizkidala nabaritu nuen, pizturiko argirantz begiratzen nuen eta, bat batean hutsunea nagusitu zitzaidan.

Itzartzean ahots leundun laguntzailea zegoen nire alboan, lo egiteko esan zidan, baina nik ez nuen nahi, zerbait jazo zitzaidan eta "ba nekien" ez zela atsegingarria izan, altxatu nahi nuen, baina ezin, ahul nengoen, laguntzaileak jantzi ninduen eta nirekin eseri zen ohe ondoan, baina behar izan nuenean ez zela egon gogoratu nintzen, eta gorrotoa nion, batadun guztiak gorrotatzen nituen, ahots errelaxatzailez, nola nengoen konprenitzen zuela, eta ez zuela egin zidatena onesten, baina ezin zezakeela ebitatzeko deus egin.

Aurrekoaren moduko sei edo zazpi saio egin zizkidaten, gero eta beldur handiago sentitzen nuen, gero ez zidaten gehiagorik eman, eta mediku sadikoak, aurrerapenik ez nuela egiten esan zidan, eta nire kasua zaila zela; baina orduko, hilabete neraman han sarturik, ba nekien zer egin behar nuen, obeditu edo guttienez, itxura egin, pilulak ez nituen sekula hartzen, izkutatu eta gero bota egiten nituen, ez nuen inoiz desobeditzen, eta irribarrerik hoberenaz, "bai jauna" erantzuten nion esaten zidan guztiri.

Elektro-shockak aplikatu zizkidatela enteratu nintzen, eta behin baino gehiagotan, beste gaixo batzuri ere aplikatzeko, makina nola igaten zuten ikusi nuen, eta gero gaixoak ikusten nituen, robotak bezala, ez zitzaien ezer ulertzen berba egiten zutenean, eta beraien begietan sufritzen zuten hestutasuna nabari zen, ez baitzuten bestek konprenitzerik lortzen, nahiz eta ahaleginak egin horretarako.

Ni ere, haien moduko automata bat izan nintzela gogoratu nuen, eta neure buruari zin egin nion, abagadunea nuenean, entzun nahi zuten guztiei kondatuko niela Zamudioko gaixotegian zeinbat medikuk (?) egiten duena.

Ongi konprenitu nuen, zoroetxe hartan sentitzen den terroreaz, ulertzen ez zaituztelako larritasunaz, pertsona bat ezin osa daitekeela.

Sartzen zaren mementutik ez zara jadanik pertsona bat, zoro bat zara, eta ezin duzu aukerarik egin, ez eta eritzirik eman zoraturik zaudelako, eta berberagatik ez daukazu arrazoirik.

Neu zoraturik egon naiz, zoroetxean sarturik, elektro-shockak eman dizkidate, eta beldurrak elbarriturik egon naiz; ez dut nahi hori pertsona gehiagori jazotzea, zorook ere sentitu egiten dugu, eta ez dugu gorrotatu nahi, osatu nahi dugu, baina zaindu behar gaituen pertsona ere aukeratu egin nahi dugu.

Bihotzez gorrotatzen dut tratatu ninduen medikua, eta bihotzez ere gorrotatzen dut pertsonak automatak bihurtzea permititzen dien sistema.

Loretxo Saez


Ohar laburrak

Egoera latza

Publikoa izan zelako, hemen aitatzeko eskubidea daukadala uste dut. EIA-ren Biltzarre Nagusiaren azken eguna, folklore eguna izan zen, h.d., biltzarkideei gomitatu eta beste alderdi guztiek zorionak, batzuk beroago bestek baino, opa dizkieten eguna. EIA-ren Biltzarre osoan bezala, ez zen ia euskararik erabili eta azkenean jazo zitekeena gertatu egin zen.

Ba dator mikrofonora andre bat ile horia, txikia, Soriako presoren baten ama, nonbait, eta hasten da berbaz, hangoen larritasunaz berri ematen. Erdaraz, jakina. Eta senditu dugun lotsa ezin handiagoa izan da. Halako erdara trakets, pobre eta txarto eginda, goritu eta horitu egin gara gehienok; azkenean, nire atzean dagoen EIAkide batek: euskeraz! deihar egin du. Andrea harriturik isildu da une batez eta behingoan, bere gaztelania bitxiaz aurrera egin. Azkenean, amaitu duelarik, mahaiaren zuzendariak, "a ver si aprendemos a ser internacionalistas, que esta mujer es rusa" bota digu.

Iruzkinik ez. Horrela ez da beharrik sortzen, ez eta herri hau euskalduntzen. Eta ez da, zoritxarrez, oso erdara traketsez, Biltzarre Nagusi horretan, berba egin duen lehenengoa.

Beharbada, inoiz, ez dugu horrelakorik ikusiko.

A. Eguzkitza

Handik eta hemendik

Kexatzen gara gu kexatu inflazioaz eta eskuindar nostalgikoak Francoz oroitzen dira. Baina Turkia-n ez dago demokraziarik, eta han inflazioa 1978 urtean 70 %-koa izan da. Turkiako ekonomia, krisisaren eraginez, lur jota dago eta lantegiek beren kapazitateko 50 %-ra ari dira lanean.

***

Agustin Paskual Iturriaga (1778-1851), Hernani-n jaio eta hil zen euskal idazleak, hiri hartako kanpo-sainduko atean hau idatzi erazi zuen:

"Laster esango da zuengatik esaten oi dana orain gugatik: il ziran".

***

Krisisak editorialeak ere harrapatu ditu. Liburudenda guztiak aho batez errepikatzen dute: ez da libururik ia saltzen. Baina ez hemen, Euskal Herrian soilik. Eta adibide bezala esango dugu Espainiako argitaletxerik handienetarikoa den Hauser y Menet delakoak "suspensión de pagos" eskatu duela. Haren zorrak 1.338 milioi pezeta dira eta dirudienez ezinezkoa zaio ordaintzea.

***

Problema bat sortzen denean, konpondu beharrean luzapenak emateak bere arriskuak ditu. Horrengatik, Pouchkine errusiar idazleak idatzi zuen:

"Nork salbatuko gaitu ekaitza sortuko denean?".

***

Katalan parlamentari batek esan du euskal Estatutuan garrantzi handiagoa ematen zaiola arazo ekonomikoari, eta katalan Estatutoan kultura eta hizkuntzari. Beharbada, horregatik izango da Bizkaian 60 biblioteka publiko soilik egotea. Eta bizkaitar 60 biblioteka hauk norbaiti gehiegi irudituko balitzaio, adibide bezala, Mosku hirian 4.000 daudela esango genioke.

***

Euskal Herriko industria lehendik jota bazegoen, orain huelga sektorialak direla eta, azkenetan dago.

Inprenta txiki bat ezagutzen dut, nekez baina aurrera egiten zuena. Nagusiak langileekin komenio partikular bat egina zeukan. Baina huelga sektoriala etorri zen eta solidaritatea dela eta, piketeak direla eta, lana utzi egin zuten. "Guk ez dugu zure aurka ezer, baina...". Eta badira hogeitaka egun inprenta itxita dagoela.

Huelga sektorialek nagusi ona eta nagusi zitala neurri berdinez erabiltzen dituzte.

***

Egun dago gure Herrian

eztabaida modan:

nondik segitu behar

gaur gure itzultzak.

Eta gu herritar zintzoak

sufritzen dugunak.

(BURNITIK, Yokin Apalategi)

***

Bartzelona-n berriki "sail beltza" edo nobela poliziakoari eskaini zaizkio hainbat ekintza: erakusketak, filmeak, mahai biribilak. Aldi berean, Madrileko Antonio Machado liburudendan literatur sail horretako nobelarik hoberenen erakusketa bat muntatu da,

***

Noiz eta nola bukatu behar du jasaten ari garen krisis ekonomikoak? Matxinadak eta Estatu kolpeak ez zaizkigu faltatuko, Eta azken hauetaz, zifra adierazgarri bat: 1946-1964 urte bitartean 380 Estatu kolpe eman ziren munduan.

Xabier Gereño

Handik eta hemendik

Txinan aurten 300 milioi tonelada zereal bilduko dira, eta 1985 urtean 400 milioi izango dira. Aurten, Txinan ere, 60 milioi tonelada altzairu produzituko dira, eta 1985 urtean 120. Gehitze hauk lortzeko plan bat martxan dago, zeinetan dirutza handiak erabiliko diren makinaria eta tresneria egoki bat lanean ezartzeko. Bestalde, era guztietako teknikari eta langileen artean lanerako joera nabari bat dago.

Euskal Herrian, krisis ekonomikoa aurrera doa. Jypsa eta Trebol izan ziren krisis espedienteak aurkezten lehenengoetarikoak, eta haien atzetik ehundaka eta milaka enpresa handi eta txikik jarraitu zuten haien bidea.

Krisis espedienteen ondoren, bigarren pausua, fabrikeak ixtea da. Oraindik ez da bigarren urrats hori ematen inor ausartu, baina ba dirudi lehenengoa Eibarreko IMESA (Industrias Mecanograficas, S.A.) izango dela. Lantegi horrek 112 langile ditu, eta orain arte krisis espedientean egon ondoren, ateak definitiboki itxi egin nahi ditu.

Oso arriskugarria da enpresa batek bigarren urrats hori ematea, zeren hori gertatuko balitz, ehundaka eta milaka izango bait lirateke atzetik joango zirenak.

Ba dirudi gaur Euskal Herrian jarrera maximalistak hartzea modan dagoela. Abertzale erradikal eta ezkertiar erradikal izatea modan dago. Nik horrelakoei, goian eman ditudan berri biak azter eta gonbara ditzatela eskatuko nieke. Euskal ekonomia jaso beharrean, dagoena baino gehiago hondatzen ahalegintzen bagara, fabrikak ixten hasi beharko dira. Eta hori gertatu ondoren, zer arraio sozializatu behar dugu? Makina herdoilduak lituzkeen fabrikak agian?

Iraultza sozialista batek, garaipena lortu zuen lehen aldiz Errusian. Eta garaipen hori tiro bat bota gabe egin zen: sovietak eta Dumaren arteko tirabirak, eta Kerensky-ren gobernua eta Smolny-ko Komite Militar Iraultzailearen arteko eztabaidak agintaritza eza bat sortu zuten, eta agintaritza hori, ia naturalki, boltxebikeek bete zuten. Orduz geroztik, hainbat bide ezberdinetatik sartu da sozialismoa agintera: Txinan, Vietnamen, Kuban...

Orain, Mendebaleko Europan, Espainian eta Euskal Herrian, krisis ekonomikoaren eraginez, sozialismoaren ezartzeak bide natural bat har dezake: Kapitalistak hainbat fabriketan, akzioak prezio merkean, eta maiz dohan, emateko gertu daude. Ez al da hori bide egoki bat hainbat lantegi sozializatzeko?

Oraintsu, Nafarroan, "Porcelanas del Norte" langileen eskuetara joan da. Ezker Abertzaleko alderdi eta koalizioek puntu hau aztertu behar lukete: sozialismoa lortzeko bide berri bat, gaurko egoera bereziari atxikia, fabrikak zeharo hondatu gabe, langileen eskuetara iragan daitezen.

"Savoir pour pouvoir". "Arrazoimenaren garaiak dira". Zer ez lezake arrazoiak?". (Joan M. Torrealday, "Iraultzaz" liburuan).

Eta Perogrullokeria bi: "La avaricia rompe el saco" eta "Más vale pájaro en mano que ciento volando".

Bilbo-Beobi autobidean, Erramun Gerrikagoitiak tikea euskaraz eskatu zuenean edozein paper zati bat eman zioten mespretxuz. Ba dirudi Europistas gogor dagoela bere monopolio ekonomiko eta linguistiko horretan. Baina laster Europistas horrek bidasariak igotzeko baimena eskatuko du, eta orduan Bandres-ek har dezake errebantxa: FEVE-rekin egin duen bezala, autobide hori Eusko Kontseilu Nagusiaren eskuetara eramatea, bidasarien igoerak blokeiatuz, hori lortu arte.

Eta orain filateliako berri batzu. Espainian, ekainaren 27an, "Paisaia eta Monumentuak" delako sail bat irtengo da, lau seilu, bakoitzetik 10 milioi ale, eta uztailaren hamaikan sail bi, bat "Fauna" izenarekin, bost seilu, bakoitzetik 15 milioi, eta bestea "Telekomunikabideak", bi seilu, 15 milioi ale bakoitzetik.

XABIER GEREÑO


Hamabost egun hankaz gora

Nafarroako Parlamentuan H-B euskaraz

H.B. gogor ari da jokatzen Nafarroako Parlamentuan. Azkeneko pleno batetan, Joxe Manuel Alemanek (H. B.-ko parlamentaria) euskaraz hitzegin zuen denbora guztian eta horrek min egin zien UCDko, UPNko eta beste alderdiotako parlamentariei.

Hitzegiten ari zenean, beste parlamentari batzuk hitza kendu zioten eta erdaraz egiteko eskatu. Baina H.B.ko parlamentariak euskaraz jarraitu zuen, eta azkenean, koalizio honetako bozeramaleak, Aldekoak, zera eskatu zuen: Nafarroako Parlamentu Foralak traduktore edo itzultzaileak jarri behar zituela, eta idazkari bilingueak ere bai.

Poliki poliki euskara ere sartzen ari da Nafarroako Instituzioetan, eta hori pozgarria da. H.B.k badu aski lan, nahiz eta UCDk eta UPNk eta (agian) PSOEk ere trabak jarri.

Beste alde batetik, oso kurioso da nola elkartzen diren beti UCD, UPN eta PSOE. Batez ere, abertzaleen enmendapenak eta proposamenak atzera botatzeko.

"Costa del Sol"en eguzkia sobera

Costa del Sol-en eguzkia sobera izanen da aurtengo udan, zeren turista gutti joanen baita, seguraski.

ETA(pm) bere lanetan ari da, eta lehergailuak terrore sikosis handia sortzen ari dira turisten artean.

Europako turistak beldur dira Espainiara joateko, eta Estatu askotako egunkariak eta aldizkariak orrialde asko dedikatzen diete ETA(pm)-ren lehergailuei.

Orain dela gutti, Costa del Sol-eko alkateak bildu egin ziren asuntu hau aztertzeko, eta zenbait erabaki hartu ere. Erabaki bat, manifestaldi bat konbokatzea izan zen. Baina begira! Manifestaldia poliziaren alde izan zen.

Aurtengo udan, polizia ala polizia ez, eguzkia sobratu eginen da Costa del Sol-eko hondartzetan, zeren turistak beldur baitira.

"Latin lover" mutilek, aurten, ez dute "ligatuko" Suediako neska lirainekin. Zer pena!

Euskal automobilei erasoak

Lehengo egunean, nire lagun bat, Valladolid-ekoa da bera, bere herrira joan zen egun batzu pasatzera.

Heldu bezain laster, lagunak topatzeko, bertoko kafetegi batetara doa. Kafetegi horretan bere lagunak biltzen ziren eta. Egiatan, hor hor daude lagunak. Hizketan hasten da beraiekin.

— "Eta zer moduz Euskadin"... gauzak gaizki doaz. "Eta zer nahi dute euskaldunek".

Hizketan zeuden gozo, eta anaia, nire lagun horren anaia sartzen da une haretan kafetegian eta lagunak eta anaia etorriberria agurtzen ditu.

"Zer moduz Jose Antonio"?

"A que no sabes lo que acabo de hacer?... Le he pinchado las ruedas y le he roto el retrovisor a un hijo-puta vasco que estaba aparcado por aquí".

Ba al dakizue noren automobila hautsi zuen?... Ba, anaiaren automobila, anaiak erositako automobil berriaren gurpil eta ispilua. Oso ekintza serioa!!!


Nazioartekoa

Atzerritar... ar, ar, ar!!!

Urteetan zehar "atzerritarrak" trukerako txanpontzat harturik izan dira industria ttiki eta handientzat. Beren lanindarrez interesatzen ziren soilik. Leku askotan, zaldiak legez, haginak ere begiratzen zitzaizkien...

La douce France eta besteak

... Sorterrietan ere, Espainia eta Portugal faxistetan, beren gobernuen atsegin eta ongi ikusiaz gainera, bularringurua neurtzen ohi zieten. Ez deneri jakina, neurri guztiak lanaren arauean hartzen baitziren. Etorkinen osasunak ez zuen interesik; lanerako, "lanbiderako" egokitasuna zen inportantea. Garaiotan, bere etxe, ezagun eta familiatik bazterturik bizi ziren etorkinak. Gero Europa, neskamez bete zen. "La bone espagnole et portugaise"... neskame espainola eta portugesa, burjeseria ttiki edo handiaren etxeetan. Algeriako eta Marokoko bonak ez ziren hain onak baina. Greziako ala Turkia-ko emeek aldiz ez zuten lan horietako ohorerik merezi. Arrazoia: Beren larru zikin eta nazkagarria. Geroxeago "nazionalitateak" ere prezioa zuten. Espainolak lehenak. Frantses ikasiek, gehiegi ikasiek gainera, Espainolen arteko "ezberdintasunak" nabaritzen omen zituzten. Euskaldunak edo eta baskotzat kontsideratuak lehengo maila ohoretsuetan kokatzen ziren. Gainerako nazioetan, berdin zitzaien katalanak edo urdetarrak, ez zuten hainbeste fineziarik ezagutzen; askotan nazionalitate ttikien esistentziaz berririk ez zuten eta.

Garai haietan, etorkinak barrakoi eta txaboletan zehar zabaldu zituzten. Kopurua gehitzean ganbera askok eta bihi edo zahartegi gehiagok helburu berria hartu zuten: Etorkinen etxebizitzarena. Haietan Frantziako herri zapalduen etorkinen historioak ezagutzen ari omen ziren, "atzerritar" guztiak ohorezko zapalkuntzak elkartuz. Frantziako euskaldun eta katalanak, bretoiak eta okzitanoak nagusiki, haien bizilagun hurreenak ziren.

Bizitzaren baldintzak, aipagarriak benetan. Goiko ganberak, urik eta berogailurik ez. Neguan teilatutik elurra sartzeko apropos. Komunarik ez pentsa, sukaldean egitekorik ez, denetara bederatzi edo hamar metro koadratu. Konketatzat bazka ttiki bat, denentzako bazka, korridore jeneralean, berton oinak, aurpegia eta platerak garbitzeko. Oso harri polifazetikoa. Askotan, kontrastea itzela litzaizuke. Etxe modernoak, automaturiko luxuzko eraikuntzak, fotoelektrik zelularekiko ateak... baina ganbera berak, orain sotoetan. Egun osoa gezurrezko argia biztuta. Garraisi ikaragarria.

Belgikako etxebizitzen egoera hobe zegoen. Bertako hiri askotako ibiltoki eta etorbide luzeetan, mende haseraren etxe apalak. Hauzotegi pobreenak atzerritarrez bete ziren. Autoktoneriak ihes egiten zuen; ez guztiak, geratzen zirenak Europako miraria atzerritarrokin batera gozatzeko gelditu behar bertan. Etxe haiek behintzat zabalagoak zenituzten, leku gehiago, baina betiko arazoak. Kaka egitera 3.tik beheraino jeitsi behar zenuen, berdin gaueko lauretan. Egia esateko, atzerritarrik gabe holako etxeak abandonaturik geratuko ziratekeen. Industriadun handiek Belgikako langileriari saldu zizkioten erosi nahi edo erosi ahal zituztenei. Berauek berriro, atzerritarrei alokatu. Prozedura jarraituz, nik ez dut dudarik, greziatarrek eta arabiarrek Afrikako zulutarrei salduko zizkioten.

Integratzea debekaturik!

Gaur egun Giscard-en gobernuak "atzerritarrak" bota nahi ditu. Horretarako, lege bat presentatuko da laster parlamentuan. Orain dena da ilea, ez dago txitxirik. Lehen ez zegoen bainarik, orain ez dago eragozpenik.

Atzerritarrek meatze eta fabrika asko berripini zuten martxan. Lehen eta bigarren gaiari dagozkienak behintzat. Zerbitzu asko ere bai, autoktoneriak ez baitzuen nahi zikinkeria horretan lanik egin. Eta gainera ez zegoen problemarik. Langile merkeak, oso; arazo politikorik gabekoak zeren ez baitzuten boturik ematen, eta ez dute, eta ez dute emanen. Boturik ez, botatzea bai. "Toda una propaganda electoral abertzale!!".

Modu horretara bi batera saku berean. Langileriaren zati garrantzitsu bati ezkerraldera jotzera eragotzi egiten zitzaion boturen bidez. Mogimendu politiko orotik bazterturik atzerritarrek ezin bide zuten ezker serio eta kontsekuente batetan integratzerik. Taldeok gehienetan estudiante eta autoktoneriaz konformatu behar.

Hauteskunde sindikaletan ba zuten parterik baina prozedura luzea. Kulturarik ez, astirik ez, miseria askok eragotzi egiten zuen sindikatuetan parte hartzea. Hitz guttitan etorkina arrotza bat besterik ez zen Europan.

Teorikoki etorkinentzat, frantsesez, neerlanderaz, edo alemanez ikasteko eskolak zeuden baina oso gutti joaten zen haietara. Batzutan beraien esistentziaz berririk ez eta. Beste batzutan, askotan agian, nekeak debekatzen zituen ikastaroak. Irakasleak ez ziren egokienak ere. Hizkuntza irakurtzen eta idazten irakatsi egin behar zitzaien eta. Gauza guzti horiek Europako agintari eta gidari demokratiko eta gizaeskubidez harrotzen diren beraiei alde egiten zizkien, jakina. Baina hizkuntza beharrezkoa zen oso funtsezkoa. "Yé vudré sa" eta bitxikeriok bere balioa zuten ez hainbeste baina harremanetan sartzeko.

"Yé vudré sa"-k eta hogeita hamar edo hirurogei esaldi antzeko horiek ez dute balio elkartasunik sortzeko. Kontsulatu eta ordezkaritza faxistak etorkinez arduratzea baino, beste gauza interesgarriagoak ba zituzten eta zentzu batean hobe, haitzulo faxista horietatik etorkinei mundak kendu eta diruak ohostu besterik ez baitzitzaien egiten.

Emigranteen batzorde eta etxeak elizapean sortu ziren, batzutan, partidu komunistaren babespean. Ezagunenak "Rue de la Pompe" Parisen, Garcia Lorca Bruselasen, berdin Liejan, Genevan eta abar. Baina mediorik ez, eta Estatuaren subentzioa edo ez zegoen edo eta oso eskasa zenez putaleku eta mozkortegitzat helburuak bete zituzten.

Kontsumozko gizarte horren arrazismoa

Eraikitza eta inginadoretzak batez ere, askotan Estatuarekiko hestu erlazionatuok, egiazko gizonen trafikatzaile izan dira. Portugesen kontaketak oso ezagunak dira. Zenbat euskaldun abertzale edo espainolistak ez du hortaz mozkinik atera? Zenbatetan ez zaie engainatu muga pasakeran eta zeharkatu beharrean esan omen zaie: "Begira bestaldea, hori duk Frantzia" eta Donostiako Urumeaz bestaldekoa zen. Atzerritar askorentzat, Europa emigranteen salbazioa, berton besoak zabalik zai omen zeuden.

Gaur egun gauzok kanbiatu dira. Estatuok ez dituzte nahi. Bertoko jendeak jeneralean ez ditu sekula maite izan. Gogortasunean, lan izerdi eta odoletan maitaturik izan dira arrunt. Zirkulu batzutatik kanpo, izenduna zen giro horietan. emigranteak izengabetasunez bizi dira. Atzerritar izengabetasuna, azentoak eta koloreak traditua. Langilerietako askok, autoktoneriak, parte hartzen du arrazismoz, agian gehiegi. Estatu bateko eskualde guztiak ez dira horretaz igualak. Hiri handienetan, Paris, Bruselas, Geneva, arrazismoaren usain ziztrina edozein tokitan nabari daiteke. Garraiotan, dendatan, parketan; nolabait autoktoneriarekin batera iragan behar den lekuotatik. Ez zegoen hortxe dena gelditzen, moduak eta tratuak ezberdinak ziren haiekin edo besteokin. Zenbat aldiz ez dugu ikusi ondokorik?... "Espagnols s'abstenir, grecs s'abstenir, marocains s'abstenir... Niet Marokaanse arbeiden woord zijn toegelaten", Niet voor vreendelingen, Spaans of oder," etc, etc... hizkuntza posible guztietan, etxebizitzak topatzeko, lana, astia, laguntasuna edozertarako.

Bizitza kafkatar horretatik eskapatzeko oporrak zeuden, Espainiako lagunei beren automobil zahar, luze eta ondo lustratuaren erakusteko esperantza makala!

Euskaldun askok ez zuten espainoltzat hartzeaz jasaten. "Español tu puta-madre", arrazoia omen... politikoa, nazionalitatezkoa eta kulturala. Abertzaleegiak morroiak! Beste euskaldun batzu aldiz, delako giro berezi horietan, espainoltzat definitzen ziren. Euskaradun asko horien artean, burrukalariak, abertzaleak, lehen, orduan eta gero. Atzerrian espainolak ziren, nahiz eta horrelako izendapenak goitik eman behar. Agian masokistak ziren gizaraixoak!

Erregulatze legea

Frantziako ministrari kontseiluak lege berri bat onartu du etorkinen kontra. Senatuak onartu ondoren berriro diputatuei bidaliko zaie. Legeak emigranteen egoera erregulatu nahi du. Onartuz gero, etorkinetako 70 % Frantzia abandonatu beharko du hurrengo hileotan.

Lionel Stoleru, Migratu eta eskulangileentzako Estatu idazkariak, (gogoan eduki zelako titulua du idazkaritza horrek) "gure eskualdeotan egoteko arrazoirik jadanik ez duten guzti horiek"... normaltzat hartzen du Frantziatik jaurtikitzeko posibilitatea edukitzea. Legeak, mailak ezartzen ditu. Hamar urte baino gehiago daramana, malaletxez baina, segi dadila onartzen da. Guttiago daramatenak pikutara.

Bestaldetik, hamar urte baino gehiago daramatzatenei "proposaketa finantzieroa" eginen zaie. Beren "borondatez Frantzia abandonatuz gero, hainbat diru emanen zaie. Psikologikoki neurriok beldurgarriak ditugu. Hainbat eta hainbat jendek abandonatuko du Frantzia beldurrez. Hobe da oraingo dirua eskuratzea, gerokoak zer esango digunaren zai egon baino.

Egoera politikoa kontutan, dudarik ez, legeak garaituko du. Txarrena ez da sozialistak edo eta komunistak lege horren kontra ez burrukatzea. Bai, burrukatzen dute. Frantses jendearen alienazio maila dela eta legeotan lan propioaren salbazioa ikustea da txarrena. Orain dakusate, Lehen ez.

T. Trifol


Nazioartekoa

Txinan agur sozialismobideari (I)

Berri etsigarriak datoz aspaldi honetan Txinatik, sozialismoaren alde dihardugunontzat. Izan ere ez da batere erraza sozialismobidea hamaika aldiz okertu denean beraren alde itsuki jarraitzea, duda izpirik ere izan gabe edota gertakizun hauen azterketarik ezagutu gabe. Galderak etengabe sortzen dira: Ez ote da posible sozialismoaren eraikitzea? Zerk okertzen ditu hainbat ahalegin serio?

Eritzi objetibo eta aportagarri bat bilatzeko orduan, guztiz interesgarri gertatzen da historian emandako sozialismobideen azterketa zientifikoak irakurri eta ikastea. Arlo honetan gizon nahiko ezagunak daude eta heuren artean Charles Bettelheim, MONTHLY REVIEW aldizkarian idazlea. Aipatu aldizkarian oraintxe amaitu berri du Txinaz azterketa nahiko sakona. Bettelheimek jadanik egina du Errusiako sozialismobideaz hainbat liburu eta artikulu ere, guztiak ikuspegi zientifiko eta iraultzaile batetaz. Lan guzti horrek gizon entzuna eta irakurria izatea merezi duela frogatzen du. Hurrengo artikulutan beraren azterketaren puntu nagusiak agertuko ditugu, daramagun burrukan argigarri eta lagungarri izango direlakoan.

Txinaren gaurko egoera ez da goizetik gauera sortu den zeredozer. Azken urteotan gaurko errebisionistak, eta iraultzaileak, biek zuzendu dute Partidua eta ondorioz Estatua. Iraultzabidean, une batetik aurrera bi joerak garbi agertzen dira Partidu barruan, eta soluzio bezala elkar konponketa aukeratzen dute. Dirudienez errebisionistak gehiago kokatzen dira postu teknikoetan eta iraultzaileak gehiago postu ideologikotan (informazioa, kultura,). Elkar konponketa honen ondorioa izango da masek ez dutela airean dagoen debate honetan parte hartuko. Dena dela, Mao bizi zen artean ba dirudi linea iraultzailea zela nagusi, eta hau dudarik ez Mao masetan zuen konfidantzari esker. Berriro ere ikusten da iraultzabideetan pertsona konkretu bat zuen eragina: Lenin, Mao, Castro, Masen konfidantza neurrigabea izaten duten gizon hauk desagertzen direnean, masen konfidantza eta zuzendaritza eramaterakoan problemak sortzen dira.

Zeintzu dira batzu eta besteak.

Gaurko errebisionistak Estatuaren itxura juridikoa (jabegoaren sozializazioa) gauzarik handiena bezala harturik, bertako gizartea sozialista deitzen dute jadanik. Gainera sozialismoaren aurrerakuntza ekonomiaren garapenean oinarritzen dute: hau da, zenbat eta gehiago produzitu, orduan baldintza (kondizio) hobeak izango dira sozialismoaren aurreratzeko.

Iraultzaileak berriz, itxurari ez eta mamiari begiratzen diote: hau da, ea benetan lan egiteko era aldatu den, langileek inolako zapalkuntzarik gabe egiten duten lan, honetarako produzioari buruzko erabakietan parte harturik. Eta sozialismobidea bide honetan aurreratzea dela, diote. Honek, bada, gestio publiko guztian masen parte hartze zuzena eskatzen du, eta hauxe eskatzen zuten iraultzaileek,"masengandik ikasi" konsignapean.

Baina dirudienez, printzipio hau ez da praktikara eroana izan, ezta linea iraultzaileak ere. Eta hau gertatu da bai praktikan eta bai teorian.

Teorian, masen parte hartze zuzen hau ez baitzuten definiturik; zeintzu harremanek egon behar duten masen, Partiduaren eta Estatuaren artean. Gainera, kontutan hartu behar da Txinan gehiengoa nekazaria dela, eta honek zaildu egiten ditu, bai ekonomian, bai beste arloetan forma kolektiboen sartzeak.

Praktikan inoiz ere ez zuten masetara eraman teorian behintzat esaten zutena, eta Partidu barneko debatea ez zen eraman kalera. Gehiago oraindik iraultzaileek arlo batzuetan egin zituzten aurrerakada teorikoak heurak ere ez zituzten eraman praktikara. Horrela masen parte hartzea partiduaren eta estatuaren erabakien berbaieztera mugatzen zen.

Gainera Txinaren klase azterketa bat ez izateak tresna egokirik gabe uzten zuen linea iraultzailea politika zuten bat eramateko. (jarraituko da).

Mendizabal


Nazioartekoa

Europa eskubira?

Ekainaren 7an eta 10ean, 180 miloi botuemaile europearretatik 120 miloik parte hartu du Europako Parlamentua aukeratzeko hauteskundeetan. Bederatzi nazioetako 410 parlamentari hautatu dituzte, Strasburgoko Parlamentuan eseriko direnak. Lehen aldia da bederatzi nazioek elkarrekin eskuhartzen dutena, eta lehendabizikoz, baita, era honetara, hots, herriak berak deputatuak zuzenki aukeratuz.

Larehun eta hamar parlamentari horietan, alderdiz ikusita, talderik nagusiena sozialistena bada ere, ez da berdin politika-familika epaiturik: erdiaren eta eskuinaren alde eman du boza europearrak.

Hogei urte geroago

Europako Komunitate Ekonomikoa 1957an sortu zen, duela 22 urte, beraz. Europaren ideia espiritual batek bultzaturik sortua bada ere, egiazki ekonomiaren alorretan funtzionatu izan du. Eta hor ere nekez. Askoz gutiago funtzionatu du, jakina denez, politika alorrean. Bakoitzak bere nazioari begiratzen dio, eta agintea orokortzeko orduan oso nagi agertu da agintaria. Nazionalismoaren defentsa honetan, gogorrena Charles De Gaulle izan zen. Haserre ikusten zituen honek Frantziaren Haunditasuna eta Europa mailako agintea. Oraingo hauteskunde hauek berauek orain baino lehen ospatu ez badira, De Gaullen oposizioari zor zaio.

Legea egin eta handik 20 urtetara ospatu dira hauteskundeak, bada. Erromako Tratatuaren 138 artikuluaren arabera, "zuzeneko botu-emate orokorra"ren bidez hautatu behar zen Parlamentua. Aurreko urteetan ere bazen Parlamenturik. Baina beste era batetara aukeratua. Herriak zuzenki hautaturik ez baino Estatu bakoitzeko Parlamentuen ordezkariez osatu ohi zen Strasburgoko Parlamentu europearra.

Parlamentu europearra zertarako?

Izango al du zereginik eta indarrik Europako Parlamentu honek? Hor dago koxka. Geopolitikazki mundua ikusirik, ebidente dirudi batu beharra duela Europak, geografian, kulturan, historian eta gainerako hedaduratan bat egiten baitu. Baina zein mailatan eta zein kondiziotan lortu, gero, batasun hori, Europa bateratu hori?

Urrats historikotzat jo du zenbaitek hauteskundeen egun hau. Baliteke hala izatea. Baina gaude ez ote den bat gehiago izango, ez besterik. Izan ere, Europan Estatuek dute egiazko agintea, eta ez daude amore emateko prestu. Zein izango da, horrela, Parlamentu honen eginkizuna eta eragina?

Parlamentu honen eginkizuna, legearen arabera, kontrol politikoa egitea da. Erromako Itunaz eta honen aplikatzeaz galderak egiteko eskubidea du, Batzordeari zentsura-mozioak egitekoa, eta presupostuen kontrola eramatekoa. Instituzio europearren gaineko kontrol politiko hau benetan garrantzizkoa izan daiteke. Baina ondorio eskasekoa izango da, gure eritzian.

Parlamentu honen eragina, izan ere, legez dagokiona baino epelagoa izango da. Kontrol politiko hau, tamalez, teorikoa da gehienbat erabakiak, egiaz, Europako instituzio bateratu hauetatik kanpo hartzen direlako. Erabakiak hartu Estatuburu edo Gobernuburuek hartzen dituzte, urtean hiru aldiz kontzeju Europearren bilduz. Eta ezaguna denez, Frantziak asmaturiko kontzeju honek, komunitatearen Itunen gainetik funtzionatzen du.

Europa eskubira?

Nazionalki ez baino alderdien arabera eratuko da Europako Parlamentua. Horregatik alderdiak federazioz antolaturik daude CEE mailan. Europako Komunitate Ekonomikoko Alderdi Sozialisten Batasuna eraiki zen lehena, 1974eko apirilean. 1976eko martxoan Alderdi Liberal eta Demokraten Federazioa; urte berean, hilabete beranduago, Europear Alderdi Herritarra, Alderdi Kristau-Demokratak biltzen dituena; eta azkenik, iazko apirilean Europear Batasun Demokratikoa, talde eskuindarrak biltzen dituena (gaullistak, kontserbatzaile britanikoak, eta abar). Aparte gelditzen dira talde minoritarioak, komunistak eta, antolamendu handirik gabe.

Aztergune honetatik begiraturik, nola osatzen da Europako Parlamentu berria?

(Irlandako ondorioak kontuan hartu gabe, hau idazterakoan ez bait ditugu osoki ezagutzen), sozialistak datoz aurretik 111 parlamentariekin, demokristauak gero, 107rekin; eta dexente gutiagorekin besteak: kontserbatzaileak 63rekin, komunistak 44rekin, liberalak 40rekin, eta gaullistak 23rekin.

Kopuru hauetan ikus daitekeenez, erdi-eskubia atera da garaile: ezkerrak 155 botu izango ditu, zentroaren eta eskuinaren 233en aurka. Ezkerrarentzat kolpe latza izan da hau, iaztik honako joera azpimarratu egiten baitu. Alegia, ezkerra indarra galtzen ari dela Europan. 1968tik 1978ra gora eta gora joan da ezkerra Europan. Batek baino gehiagok ikusten genuen etorkizun hurbilean sozialismoa agintean. Baina atzerakada hasi da: begira, bestela, Portugalera, Italiara, Frantziara, Inglaterrara... Nazio bakoitzean gertatzen dena, Europako parlamentuan ongi ispilaturik gelditu da.

Amaitzeko, azken ohar bat.

Hauteskunde hauetan munta handiko gertakari bat abstentzioa izan da: Europa osoan % 40 ingurukoa izan da. Handia da. Gehien parte hartu duena Italia izan da (% 85'9) eta gutien Bretaina Handia (% 30). Zer adierazten ote du abstentzioaren ehuneko luze honek? Ez ote Europa horretan sinesmen falta? Ez ote "Eurokrazia"rekiko higuina? Dena den, gauza bat da segurua: Europaren eredua, modelua falta da oraindik. Zer nahi da, Europa federatu bat?, Europa konfederatu bat?, Herrien Europa? Herrien Europa aukera on bat litzateke guretzat. Estatuen Europa, aginte menperatzaile berri bat.

joanes lekerika


Gaiak. Politika

Partiduaren eginkizunak

"Diziplina duen Alderdi bat, marxismo-leninismoaz hornitua dena, autokritika praktikatzen duena, herri masekin lotua irauten duena, Alderdi honek zuzendua den harmada, Alderdi honek zuzendu eta klase iraultzaile eta talde iraultzaile guztiek osatzen duten fronte bakarra; horra, etsaia suntsitzeko erabili ditugun hiru harma funtsezkoenak". (Mao)

Ezin zitekeen hitz guttiagotan eta garbiago esan, Partidua, gure Alderdi abertzale iraultzailea zer-nolakoa izan behar duen; zeren KAS-ek ala Alderdiak zuzendaritza ukan behar duen eztabaida, Partiduaren zeregina konkretatzen den une berean argituko da.

- Iraultza egingo badugu, Alderdi gidaria, zuzenduko gaituen Alderdi diziplinatua behar dugu, estrategia egin eta honen arabera, bideari jarraitzeko taktika moldatuko duena. Partidurik gabe, iraultza sozialistarik ez da.

HASI eta LAIAren batasuna presatua da; hauek eta alderdi batean, gaurkoz, sartuak ez daudenekin Konberjentzia egitea ere bai: urgentea.

"Errusiako sozialdemokraziak (sozialistak) bere gain hartzen du, kapitalisten interesen eta langileen interesen arteko ezin jasana, hauei garbiki agertzeko xedea eta iraultza soziala (eta nazionala) burutzeko hautatuak direnez, hauei, proletalgoari, adieraztea honek duen garrantzi historikoa, izaera eta baldintza, eta proletalgoaren burruka era guztiak gidatuko dituen klaseko Alderdi iraultzaile (eta abertzale) bat antolatzeko helburua". (Lenin)

- Baina, Maok dioen bezala, Alderdia, marxismo-leninismoz harmatu behar du, eta KASeko alderdien barruan (besteak beste), hain beharra duten ideologiaren homogeneitatea egin. Gaur eguneko elkar ezin konprenitua, gehienetan, barneko ideologiaren homogeneitate falta honetatik datorrela esan daiteke. "Politikazko burruka latza aurrera eramateko, Alderdia batu behar dugu, eta hortarako, ideologiaren hezketa da lan hontako funtsezko gakoa. Horrela egingo ez bagenu, Alderdia bere zeregin politikoak ezin beteaz geldituko litzateke".

- Burokratismoan eta dirigismoan ez erortzeko, kritika-autokritika beharrezkoa da, praktikan funtzionatu behar du, eta baitere, edonor eta edozein mementutan bere postutik kentzeko ahalak izan. "Partiduaren barneko kritika, bere organizazioek sendotzeko eta burrukarako duten ahalak handitzeko harma bat da. Baina, Harmada Gorriko Alderdiaren organizazioan, batzuetan, kritikak beste joera bat hartzen du, pertsonalkerian erortzen baita. Hau dela eta, pertsonei eta Alderdiaren organizazioei kalte egiten zaie. Hau, burjes-ttikikeriaren indibidualismoa besterik ez da".

- Herri masekin lotua egon behar du. Horretarako, Partiduaren militanteek, masekiko organizazio baten militatu behar dute, halanola LAB, ASK, Nuklear Aurkako Komiteak, Amnistia Aldeko Komiteak, e.a. eta praktikan problemak ezaguturik, Alderdian sintetizatu, ondorenak atera, eta burrukarako pausoak markatu, "Komunistok, estudioan ere exenplua eman behar dugu. Beti, herri masen ikasle izan behar gara, haien irakasle garen denbora berean".

- Maok dio, Alderdiak zuzendutako harmada bat. Gure kasuan, Alderdiak zuzendutako ETA litzateke. Honek, gaur, zer-nolako autonomia ukan beharko lukeen aztertzekoa litzateke, zeren bizi garen egoera hontan, klandestinitateak hori eskatzen baitu.

Bistan da, Euskadiko askatasun soziala eta nazionala lortzeko, burruka harmatuaren beharra dugula, erreformista eta errebisionista zenbaiten "bide baketsuan ez baitugu sinesten. Gogora ditzagun, beharra balitz, Marx eta Engels-ek, Pariseko Komunatik atera zituzten lezio probetxugarriak.

Halere, gaur, Euskal Langile Herriarengan zabaldua den "mesiakeria" (elitismoa edo liderismoa) azter dezagun. Eta goian esandakoa berresateko: Partiduek (KASeko partiduek) bere zeregina betetzen ez badute, langile masak, ETA mesiaz hipnotizatzen uzten dira. Alderdiak bere zeregina, bere funtzioa bete behar du, masak mugierazteko, bere atzetik, berekin masak eramateko masak iraultzaile bihurtzeko. "Gerla iraultzailea masen gerla da, eta hauk mugieraziz, hauengan oinarrituz bakarrik egin daiteke".

- Fronte bakarra. Gure kasuan, gaur, Alderdiak zuzentzen duen, klase iraultzaile guztiak eta talde iraultzaileak osatzen duten KAS bakarra esango genuke (ez KAS eta HB). Bistan da, H.B.ko bozketarako aliantza taktikoa ez dela hemen sartzen.

Azkeneko bi bozketan parte hartu ondoren, KASeko jendearen (eta alderdien) liberalkeriarekiko joera nabarmena da. Aliantza bat egiten bada, indar erlazioa alde dela joan behar da, edo bestela ez da egiten. Gero, eskuin aldera doala eta kexatzea, haurkeria bat da. Burjes demokraziaren, burjes parlamentarismoaren bala azukratuak goxoak dira, baina besteek bezalaxe hiltzen dute.

- Nork egiten du, nortzuk osatzen dute Partidua? "Egia hau da: kapitalismo garaian, esplotatuak diren masa langileak, beren giza ahalak ezin zabaldu dituztelarik, langile alderdiek klase bereko zati ttipi batengana bakarrik hurbil daitezkeela. Alderdi politikoak klase minoria bat bakarrik bat dezake, zeren edozein sozietate kapitalistatan, langile kontzienteak, beharrez, langile guztien zati ttiki bat besterik ez dira izaten. Horrengatik, nahitaez, minoria honek bakarrik mugi dezake langile masa handia, eta bere atzetik eraman. T. lagunak, Partiduaren etsaia dela esaten badu, baina denbora berean, ongienik organizatuta dagoen langile minoria iraultzailearen bidea markatuko duenaren alde badago, esan beharra dut, ez dagoela gure artean diferentziarik. Zer da, bada, minoria organizatu bat? Minoria hau benetan kontzientea bada, masak bere atzetik eramaten baditu, eguneroko arazoei erantzun bat emateko kapaz bada, minoria hau da funtsean Partidua. T. bezalakoetan, bereziki masen mugimenduaren errepresentatzaile bat ikusten badugu, —Britainiako Alderdi Sozialistako errepresentatzaileengatik ezin beste horrenbeste esan—, eta proletalgoaren diktaduraren alde burrukatuko diren, eta masa langileak heziko dituen minoria baten alde badira, minoria hori, ez da funtsean Partidua ez besterik. T.-ek dio, minoria horrek, langile masak organizatu eta bere atzetik eraman behar dituela. T. eta S.S.eko organizazioko (I.W.W.)ekoek hau onartzen badute, —eta egunero, berekin mintzatu ondoren, egiatan ikusten dugu onartzen dutela—, langile klasearen minoria komunistak, bere atzetik, berekin proletalgoa eramatea onartzen badute, baitere onartu behar dute, gure erabaki guztien joera berbera dela. Horiek hola, gure arteko ezberdintasun bakarra zera da, horiek "partidu" hitza ez dutela erabili nahi, Ingalaterrako lagunen artean, politik partiduaren aurka halako mesfidantza dutelako. Partidua, G. eta H.-en langile klasearen traidoreak diren parlamentuzko partidutzarrak bezala ikusten baitute. Eta parlamentarismoa, gaur egungo Ingalaterra edo Ipar Amerikakoa bezala ikusten badute, gu ere parlamentarismo eta alderdi politiko horien aurkakoak izanen gara. Partidu berriak behar ditugu, beste era bateko partiduak. Masekin beti lotuak egongo diren, eta hauek gidatzen jakingo duten partiduak behar ditugu". (Lenin)

Etsaia, funtsezko harma hauekin garaituko dugu.

Honen ondoren garbi da guretzako, Alderdia izan behar duela dirigentea, eta KAS beraz koordinadorea.

HAROTZA


Gaiak. Ipuina

Suzko izpiluan zehar

Geure egunoroko bizitza, jokaera, guztiz aspergarria eta nazkagarria gertatzen zaigu maiz; eta guttitan aurkitzen gara arruntaren alde egin duen zerbaiten aurrean.

Gizarte honen gizakiok, ba dirudi, munduaren zorigaitzak gehitzeko jaio garela; bizien sastegian zarama izateko bakarrik erdirik izan garela.

Gaueko iluntasun motelaren, azkeneko mugimenduak urratzen direnean, hasi egiten da, beltzezko benetako egun kolorgea. Harik eta zuriaren itzalek, elkar deuseztatu arteino; jarraitu eginen du bizitza mundukoiaren antzerkia.

Berau, ikuspuntu ezkorra eta oso pertsonala, soilik, irudi dakioke norbaiti;baina bederen, ez nauzue aburu hau duen bakarra. Nire lagun Melonka (adiskide mamia), bat baitator nirekin. Eta gainera, arrazoi astunak dauzka, egia dela frogarazteko.

Melonka, arras joana ageri izaten zen, ia beti, eta ezagutzen ez zutenek askotan, ez zekiten bizirik ala hilik (nahiz hiltzear) zegoen. Eta egia esateko, hark berak ez zekien bizi zenentz. Hortik aparte, oso ideia arrarodun mutila zen eta mundutik at, omen zebilen.

Agian bere halabeharra baieztatzeko edo, egunen batetan, suaren kupidagabeko sugarrek, kizkali zioten etxea. Gehien maite zituen gauza guztiak, errauts bihurturik aurkeztu zitzaizkion, bapatean, begiek sostengaturiko malkoetan.

Ezin litzake inork igar, kenka haietan hurbil zekizkiokeen gogoetak, burutapenak. Baina uste litekeenaren kontra, ez zuen burua galdu, ez eta muzinik egin ere; baizik eta abagaduneaz baliaturik, suzko ispiluan zehar oldartu zela.

Parada polita eta paregabea izan zen, izan; gori-gori eta itzalik gabe, atsekabe eta gorputz astinduen isladak, biluzirik ikusi ahal izateko.

Suaren bidexketan murgildurik, desagertu egin zitzaion lehengo mementuaren lurrundura, eta guztiz argi antzeman zuen, sakontasun haren beraren, kutsu ezagun, barru-barruko bat.

Melonkaren haragi zigortuek, toleskeriak puskaturik, hantxe idoro zuten baikortasun kimu bat.

"Zein urrun!, gezurrezko hitzen usain usteldua; naramaten suaren garrek, dena garbi ikus dezadan!". Baina ez zeukaten oihartzunik, nire adiskidearen oihu ozenek, eta erabaki egin zuten orduantxe, eta irmoki, su-bihotza birpiztea.

Ametsetako irudi maiteak ageri zitzaizkion eta bere bihotza, taupadaka... Lehenbizian, atseginezko hasperen bat, su berorik zeriola. Putz egin zuen, beronek, bortizki eta adorez; sakabanatuz eta barreiatuz, bere presentziaren lurrina.

Berehala eta etenik gabe, kiskalitako minen gerizak, "Su-Dantza"-ren mugimendu miresgarriak hasi ziren eratzen; zalaparta eskutaturikoen soinuek laguntzen zituztelarik.

Honez gero, atxakia batzu oratu zituzten eta desagertu egin ziren sugarrok margoturikako margazkien artetik.

Sutegiaren orrazi irakina, hurbildu zitzaion Melonkari, bere irudimenaren ikusketa nahasteak ordenatu zizkiolarik; eta gero barneratu egin zen berriz "Su-Jauna"-ren hezurmuinean.

Guztionek zorabiaturik, eta errealitatea ala amets soila zen suertatzen zitzaiona, jakitekotan; so egin zuen lipar batzuren bitartean bere burua, suzko ispiluaz. Begien barre azkarrak eta azalak, sentimendurik emeenak isladatzen zizkiolarik, zuritu zuten azkenean, errealitate hutsa dastatzen zegoela.

Ekaitz baten trumoi-txinpartak, nabaritu ziren hurrean; eta golkoan zeramatzaten mehatxuak egiaztatuz, gar guztiak busti zituzten, muxinka zeudenak.

Horrelaxe iraungi ziren, azken itxaropen txinharrak; eta hauexekin batera, moteldu egin zen, arras, Melonkak berri aurkitutako, ke beltzezko lipar baten bizia.

Edonork uler litzake oraintxe, Melonkaren jokabidearen arrazoi itzelgarriak; eta bere pentsakera beroriek, beharbada utziko dituzte aztarnak, etorriko diren belaunaldietan.

Melonkaren Ikusmen Nahastea

Ez nentzuen nik, atseginaren

garraxi ozendu hura;

baizik eta neure baitan

gizartearen malura.

Haize epel eta samurrak

gizakiak bihurturik;

ez dakarkigu zaborra ezik,

gizartea usteldurik.

Izorraturik eta ixilik

inora abiaturik;

itxaropena berriz galdurik,

ta zeharo nahasturik.

Korapiloa, nahaste oro,

beti ari da dantzatzen;

ta bitartean argituz doa,

gatazkan hitza ernetzen.

Karlos Santisteban


Gaiak. Literatura

"Jon Mirande eta kristautasuna"

Joxe Azurmendi idazle oparoak, oparorik bada, beste liburu bat eskaini digu oraingo honetan, eta berak ohi duenez, saio bat izan da. Berez, orain urte pare bat buruturiko liburua da, 1978.eko Irun hiriko euskal saioaren sariketaren irabazlea, eta horko idazlen saritu guztiek legez Gipuzkoako Aurrezki-Kutxa Probintzialak argitaratua. Liburu mardoa, 167 orrialdetatik zehar Jon Mirande Aiphasorho zenaren pentsatzeko maneraz berri eta interpretapen ematen zaizkigu, eta sano on eta sakonki eman ere, halako giroaren unibertsaltze batez, proposatzen diren azterketok onartu nahi ez, Azurmendiren saiorik gehienak guztiz irakurgarri egiten dituena, baieztatzen den guztia testuinguru bizi eta jori batetan aurkezten delako. Honako kasu honetan euskaltzalegoaren une goibel haietako berri doi eta datu interesgarriak emanez.

Alde batetik idazle zuberotarra ulertzeko entsegu bat bada ere, ezin daiteke uka, nik uste, maite den idazle onaren defentsa eta erribindikapena denik bestetik:

"Nik uste dut, bildur edo lotsa piska bat egon dela, Mirande aipatzeko eta aztertzeko. Bestela mila aldiz gehiago aipatu eta aztertu behar izango genuen.

Alegia, pentsatzailea. Euskadik ez du hainbeste pentsatzaile interesgarri, bat nolanahi ahazteko. Baina Mirandegandik beti, literato haundi bat zela bakarrik, esaten dugu, baezpadare, eta bet-betan lekutzen gara beste zerbaitetara. Pentsatzaile gisa ere inkomodo bait da marxismoaren etsai, pagano sorginzale, pederastiaren abokatu eta "faxista" deabrua! Oraindik ere lotsatu egiten ote gaitu, ba? Bildurtu, agian."

Bestela, egiten den azterketa oso zehatza da Mirandek dauzkan elementurik nahasgarrienak argitzeko orduan, hala nola kristautasunaren aurrean zeukan jarreraz, antikristau baino gehiago ez-kristau zelako, nahiz eta elizarekiko oso jarrera gogorraz "euskaldun zaharren gogo basa, borthitz eta handia aphaldu, ahuldu, hobeki erran, irendu zuen haren doktrinak; otso ginelarik bildots egin gaitu..." eta orobat haren faxismo libertari berezi horretaz, Miranderen oinarri sendoenetarikotzat beraren abertzaletasun arradikala aipatuz eta defendatuz.

Betiko legez oso euskara bizkor eta sarri askotan guztiz atsegina, edozein delarik gaiaren astuna. Oso polita esaldi ezpertsonalak egiteko erabiltzen den modua, bigarren pertsonak erabiltzen baititu, hizkuntza mintzatuan izan ere maiz entzun egiten den bezala. Hala ere guztiz ere, lantzean behin, oso gutxitan, egileak hiztegian daukan zabarkeria, edo konturik eza ere aipatu behar da, ez jakiteagatik egiten ez dela argi eta garbi baitago. Oro har, esaten ohi denez, euskal literaturaren historia modernorako arras liburu baliosa eta irakurlei gomendagarria, edozein dela haien interes nagusia, denborapasa zein euskal pentsatzaile baten, Jon Miranderen, ezagumendu barnekoa.

Andolin Eguzkitza


[Bineta]

Javi Etxenike


Gaiak. Artea

Francis Picabiaren mendeurrena

Aurten betetzen da, ehun urte, Picabia jaio zanetik. Gure ingurunean ezezaguna izan arren, oso ondore garrantzitsua utzi zuen bere garaikoen artean. "Dada" mugimendu artistikoen sortzailetariko bat eta arte modernoaren artistarik interesgarrietariko bat izanez.

Picabia eta Dada

"Artea, ergelentzako produktu farmazeutiko bat da" esan zuen behin Picabiak, eta esaera horrek labur dezake "dada" erreboltaren izpiritua.

"Guztiz interesgarria da, artea, burjesentzat dela gogoratzea, eta nik, burjes bezela ulertzen dut, irudimenik gabeko pertsona bat". (Arthur Cravan). Hots: artearen desakralizapena. Kulturazko aldaketa orokor bat. "Dadak bere aldetik, ez du ezer nahi, ezer ez, ezer ez; zerbait esaten du, publikoak esan dezala: ez dugu ezer ulertzen ezer ez, ezer ez, ezer ez. Dadaistak ez dira ezer, ezer ez, ezer ez, eta segur dago, ezertara ez direla helduko, ezertara ez, ezertara ez, ezertara ez. (izenpetua: F. Picabia, ezer ez dakiena, ezer ez, ezer ez, ezer ez.). Hau da "Dada". Artea, sortu zen tokira itzultzea, hots, bizitzara itzultzea. Hortaz eta eguneroko objektuekin, "estetika" den ideia deuseztatzea: Picabiak, ileurkulekin egingo du koadro bat, Duchamp-ek, pixtoki bat sinatzen du arte obra bat izango balitz bezala, Schwitters-ek, kaleetako bazterretan aurkitutako zaborrez moldatzen ditu bere izakiak etab.

Dadaren hasieran, edo pre-dadaren hasieran, Alfred Jarri, Raymond Roussel, Apollinaire eta Arthur Cravan daude; baina Picabia eta Duchamp elkartu arte, airean zegoen giro berezi hori ez da konkretu izango, materialkuntza bat behar zuelako. Honela idatzi zuen Cravan-ek: "pintura, biltzea, arineketan egitea, edatea, jatea, lo egitea, eta betebeharrak egitea da. "Baina egitarau hori praktikara eramateko, inor ez zegoen Picabia bezalakorik: 1909an, koadro inpresionistak egin eta gero garai batean, "Caucho" akoarelaz, lehen koadro abstraktua egin zuen, beste inork baino lehen, (Kandinskyk urtebete beranduago hasi zan bere ikerketa abstraktuaz) eta 1913an, "Udnie, Edtaomisl etab, egiten ditu, garai hortako "kubismoa" gainditzen. Apollinar-ek honela mintzatuko zen horretaz: "obra sutsu eta zoro horiek, gai piktoriko eta irudimenaren artean dauden istilu eta gatazka izugarriak kontatzen dizkigute.

Lehen oldarpen hau, 1915ean, New Yorken Duchampekin elkartutakoan apaldu zitzaion. Elkarpen horretaz esan liteke, "dadaren" umekia, piztu zela biziaz. Aintzinako artearekiko etendura, eta "dadaren" bataioa.

1915etik 1917ra, dadaren jaiotze desberdin batzu izan ziren. New Yorken Duchampek eta Picabiak talde desberdin eta zabal bat batu zuten eragite intelektuala abiatzeko eta eragintza kultural iraultzailearen zentzu izanez: han batu ziren, Crotti, Gleizes, Man Ray, Varese musikoa, De Zayas, etab. Geroago bere emaztea izan zenak hola dio bizi zela garai horretan: "sexualismozko, "jazz"ezko, eta alkoholezko deskateatze imajinaezina"; eta honelako gauzak idazten zuen: "Ohorea, ipurdia bezala erosten da. Ipurdiak, ipurdiak bizia aurkezten du, patata frijituak bezala, eta zuek, hain serioak izan arren.behien kaka baino txarragoa izango duzue usaina".

Aldred Stieglitz-ek zeukan "camera work" aldizkaria, berbateiatu egin zuten, "291" izeneko aldizkaria bilakatzeko. Hau kontsidera liteke, lehen publikazio dadaista legez. Aldizkari horretaz, Picabiak, ekintza geldiezin bat eraman zuen: poemak marrazkiak etab, eta bere pinturaren tankerak Duchampen eragina pairatzen du. "Duchamp ikertzailearentzat, Picabia laboratoriozko hazkuntza miragarri bat zen" dio Jose Pierrek.

1917an Barcelonan agertzen zaigu, bere "391" aldizkariarekin besopean. Zurich-en "Dada" aldizkaria sei hilabete geroago argitaratuko da. Picabiak bere poemekin eta pinturekin, New York-en Zurich-en eta Parisen ere argitaratu zuen bere aldizkaritxoa, intelektualen zentru bat izan zena, eta horrialde haietatik bere ideiak, bere poesia eta sormena erakusten zen edonon.

Beste aldetik ere, Duchampek New Yorken jarraitu zuen, Cravan eta Man Rayekin, "The Blind Man" (Itsua) eta Romgwrong aldizkariak argitaratuz. Garai horretakoa da "La fiancée mis au nu par ces celibataires meme", Duchampen irudi ospetsua, arte modernoaren obrarik garrantzitsuena, dudarik gabe. "Dada"ren leherketa prest zegoen.

"Ba ziren dadaistak, "dada" hitza sortu orduko, eta dadaistak, "dada" mugimendua hasi baino lehen Hans Arp-ek esan zuen bezala. Ba, izen hori, Zurichen emana dago, baina "dada" izpiritua New Yorken sortu zen, Picabiak eta Duchamp-ek egindako aurkikuntzarekin.

Zurichen, "cavaret Voltairen", (Hugo Ballek fundatua) gerla mundialaren erdian, hain publiko eta partaide desberdinen artean, (iraultzaileak, atzerriratuak, —Lenin bera ere handik ibili ohi zen— idazle bakezaleak, eta edozein moetatako intelektualak) hasiko ziren erakusketak eta egintza dadaista hutsaz, gaur egun ezagutzen ditugun bezala; hots, dadaismo hutsa. Hara zihoazen, T. Tzara, M. Janco, Hulsembeck, Arp, eta lengoaia poetikoaren bidetik, subertsioa eta iraultza kulturala praktikatuz.

Gure Picabia, agertzen zaigu, Dadaren bidaiaria bezala, eta 1918an bere "391"ekin Zurich-en agertu zen, T. Tzararekin elkartzeko eta, eta bion artean Parisen su handi hori pizteko, itun bat egin zuten. Picabiak harremanetan jarriko zituen Parisen sortutako dadaistak, Zurichen elkartu ziren hauekin.

1919an, Tzara, Parisera heltzen da eta Breton-ekin Soupault-ekin eta Aragon-ekin harremanetan hasten da baina, garai horretan dadaista frantsesek Lautreaumont aurkitzen dute, "Litterature" aldizkaria sorterazten dute, eta Bretonek Soupault-ekin, "Les champs magnetics" liburua argitaratzen dute, lehen liburu edo obra subrealista dena. 1920 urte osoa, "dada" ekintzez betea egon zen Parisen, eta Picabiak plastiko domeinuan, toperaino darama eragintza piktorikoa, denon artean eraginkorrena izanez eragintza hori. Adibidez, tximino bat enmarkatuz, deitzen dio, Cezanneren erretratua etab.

Dada mugimenduen aktibitateak, 1920an bukatu ziren, Zurichen. Berlinen ere amaitzen hasi ziren urte horretan eta 1921ean, New Yorken, Duchampek eta Man Rayek, atera zuten bertako azken "New York Dada" aldizkaria. Dada, heriotzez zauritua zegoen. Parisen Breton eta Tzara-ren artean zeuden tirabirek, apurtu egin zuten dadaren azken hondakina. 1923an, Zuritz-en Breton-ek, Peretek eta Aragon-ek Dadaren heriotza izenpetu zuten.

Picabia izpiritu berdinez jarraitzen da, eta 1924an "Caravanserail" nobela argitaratzen du. Filme bat ere egin zuen, "larrosa erramu bezala, hilotzaren gorputzera": "Entré acte" filma Rene Clair-ek alde teknikoa eginik.

Picabia subrealista eta abstraktua

"Litterature" aldizkariaren azalak marrazkitu arren, Picabiak ez zuen parterik hartu subrealisteen ekintzetan. Haren ohizko portaera probokatzailea eta erasokorra, ez zegoen ados, subrealistek egiten zituzten aktibitate iraultzaile eta koherenteekin.

Dena dela eta Jose Pierrek dioen bezala "1924an expresionismo apoderatuzko obrak egin zituzten, non delirio anatomikoa eta margoaren bortxa, emakumeengandik eta beragandik sorturiko grinaren irudi berotsua baitziren".

Subrealisten erakusketetan parte hartu zuen eta 1925ean bere osaba aberats batengandik, jarauntsi dirutsu bat gertatzen zaio eta Cote D'Azur-era doa.

1945ean, Parisera itzulia, berriz ekiten zaio aintzinan hasitako aktibitate abstraktuari. 1949an agertu zen "491" izeneko ale bakarra. Parisen, 1956ean erretrospektiba zabal bat izan zuen. Geroago Mexikon, Ipar Ameriketan etab. 1953an hil zen. "Artistaren bizia, bere buruarentzako ekintzak egiten igaro beharko zen. Bakarrik, obraren poztasuna bilatzen, norberaren kuriositate miragarria, barnerapen argitsua, inoiz ez asea, eta egunero berriztua". (Picabia).

Bere izaera eta bizia

Guztiz bizitza aldakor eta iraulkorra eraman zuen; bizilekua, lagunak, asmoak eta gauzak oro, hainbat aldiz aldaturik.

Izaeraz eta temperamentuz anarkiko-hutsa, artista subertsibo eta oparoa gauza guztietaz barre eta trufa egiten zuen, bere buruaz, instituzioetaz, eta gizonaz, den izakia ahaztu barik. Askatasunaz sakonki maitemindua, haren bizia, bizikortasunari eta bizitzeko poztasunari eskainitako kantu bat izan zen.

Arte modernoan, arte mailan, pintorea, poeta, zinegilea, eta aintzingoardiako animatzailea izan zen. Haren ekintza guztiek, aztarna ezabaezina utzi zuten ukitu zituen arlo guztietan.

Dadaistekin (bera zen Dadaistena), parte hartu zuen manifestapen eta ekintza oso entzutetsuetan, publikoaren aurrean, publikoa eskandalizatuz, publikoari, bere funtsezko arauak, deuseztatuz, eta aintzinako ordenu kulturalak baliorik ez duela erakutsiz. Pintore ona, eta ez hori bakarrik, baina Picassoren gisara, iraultzaile plastikoa, poeta eta literatoa ere. Gaur aurki dezakegu, bere "Chois de Poemes", Caravanserail eta 391 bildumetan haren antologia orokortsu bat:

Bizitzaren zoritzarrik handiena, bizia da

malkoak izarren antzerakoak dira,

zartagina batean!

Zerua, kamara fotografiko bat da.

Jainkoa, deabruaren hiposulfitoa da.

Naturak errege izendatu ninduen

gizonek, tximinia-garbitzaile.

Ene barnean irakurri ahal baneza,

hitz bat bakarrik ikusiko nuke: tonbola

Jon Sendagorta


Gaiak. Zientzia

OVNI-ren fenomenoaz hurbilketa bat (III)

Bigarren artikuluan Eguzkiaren sistema osoa nolabait aztertu genuen. Martitz ez. Honetan, Martitzetik hasita beste sistematarantz salto eginen dugu. Ba al dago beste sistemarik? Artikulu hau horri erantzuten saiatuko da.

Fantasiaz liluraturik urrunegi egon gara agian Venus planetari dagokiolarik. Dudarik gabe askorentzat gizaespezieak unibertsoan zehar bakartasunean ez aurkitzearen beharra lukeela ematen du eta horretarako zientziak erakutsi baino lehen ezaguera mailak eta zientzia bera erre beharko litzatekeela dirudi. Ez dugu uste horrela denik, eta errepika dezagun aldizka, espazio amaigabean arrunta ere fikziozkoa da eta fantasia ordezkoa normalena daiteke zabaltasunean. Gure azterketaren puntu honetan egonez, Eguzkiaren sisteman bizitzarik ez dagoela esan genezake. Martitzera bidalitako azken sonda biek gure Sistemaren inguru biotermikoa amaitzen den toki horretatik ez dute inolako frogarik ekarri.

Planeta gorria

Denetarako eta denontzako historioak ditugu. Horretako batak, nola Venus eta Martitzen arteko gatazkatik Lurrean bizitza atera zen kondatzen digu. Izaki haiek burrukan deuseztatu zuten elkar, Venusekoek gero, bere espeziea Lurrean zehar zabalduz. Horregatik hain zuzen, bata maitasunaren sinboloa litzateke, bestea aldiz, gorroto eta gerrarena. Baina argibidea askoz laburragoa da. Oheratzeko eta altxatzeko uneotan agertzen delako, Venus maitasunaren "izarra" da. Martitz odol tanta dela ematen du bere aldetik.

Planeta honen eguratsa gardena da. Presioa Lurrarena baino arinagoa. Martitzen masa ttikiagoa denez, gas arin guztiek alde egin dizkio. Hala ere, Martitzen eguratsean urlurrina dago. Martitzen urlurrin-geruza euritan bilakatuz gero, planetaren azal osoan 0,05 milimetrotako ur-geruza bat legoke. Kantitatea ttikia da benetan Lurrekoarekin gonbaratuta. Lurrean berdin eginez, geruza 20 cmtakoa bailitzateke. Martitzeko bataz besteko tenperaturak 25 gradutakoak izaten dira. Lurrekoa (plus) 10 gradutakoa. Martitzeko ekuadorean (plus) 25 gradutakoa, guztiz atsegingarria. Lurrean tenperaturen arteko ezberdintasunak handiagoak izaten dira. 1965.urtean Hegoburuan(l) minus 95 gradutakoa neurritu zen. Martitzen aldiz, ez du sekula tenperaturak minus 75 gradutara baino beherantz jaisten. Azala hilargiaren antzekoa da. Haren eguratsa CO2-z osaturik dago gehien batean baina hala ere, oxigenoa libre dago. Martitzen egunak Lurrarenak baino 37 minutu gehiago dituzte.

Teknologia aurreratu batek, gureak ere, eskualde biotermiko hitxiak sortzeko gai da Martitzen azalean. Martitzeko bizitza propioaren baldintzak ezagutzen ez badira ere, kanpoko bizitza gara(2) daiteke planetan.

Hemendik urtetsura, bitartean guk deuseztatzen ez badugu elkar, gizonak koloniza dezake erraz Martitzeko azala, espazio biotermiko hitxiok sortuz. Lanaren baldintzak hobeak lirateke bertan baino, Martitzen. Alde batetik grabitatea arinagoa denez, gizonak askoz indartsuagoak ginateke. Bestaldetik, Martitzek dauzkan lehengaiak probetxagarriak lirateke, berton egurats hitxiak eta Lurreko baldintzak sortzeko.

Espazioan zehar beste sistematarantz

Eguzkiaren Sistemaz aritzean ba liteke bizitza topatzeko ilusioak nolabait galduz joan garela; harez gehiago intelijentziaren bat topatzeko posibilitateaz. Hemendik aurrera, ikusiko ditugun ahalbideak zabalduko dira amaigabeki.

Izarren konposaketa

Izarrak sortu, hazi, birsortu eta hil egiten dira. Sorreran faktore askok parte hartu zuen. Espazial hautsa kondentsatuz badoa izarrak sortzen dira. Izarren garapen arruntean ez dago solidatzerik, elementu guztiak gasaturik daude eta. Izarrak "tenperatura handi eta gasaturiko ekai itzelak" dira. Beren konposaketa hidrogenozko nukleoz, heliozko proton eta nukleoz ere osaturik daude. Izarretan pisu handiagoko nukleoak ba daude. Hala nola, Oxigeno, azote, carbono, burdinekoak etc. Izarren adina argitasunak ematen digu. Beren bizitzaren eboluzioa ezberdina da eta delakoa masa propioari lotzen zaio. Haietako batzu, "ixar zuriak" (3) bizitzaren azken egunetan kondentsatu egiten dira eta beraietako zentimetro koadratu batek 300 tonelada pisa ditzake. Beste izar batzu aldiz, lehertu eta desintegratu egiten dira espazioan izarrarteko hautsa berriro sortuz. Izarren konposaketaz eta sorreraz asko hitzegin eta eztabaida daiteke. Horretarako termonuklear fisikan sartu beharko ginateke eta gure azterketa arin hau ez dago horretarako. Segi dezagun beraz aurrera.

Planeten sorrera izar askotako bizitzaren egoera naturala

Eguzki Sistemaren karakteristika matematiko bat zera dugu: Mementu angularra (4). Hau da: Eguzkiak poliki errotatze birak egiten ditu —25 egun—. Bitartean planetok, azkar, birak egiten dizkiote izarrari eta oso urrun. Matematikoki zera esaten da: Planetok Eguzkiaren mementu angular guztia edo ia guztia (98) ohostu diote izarrari. Jupiter berak esaterako, Sistema osoaren 60 du. Lege honek garrantzi handia du zeren eta IZARREN ERROTATZE ABIADAK NEURTUZ PLANETEN ESISTENTZIA ERAKUS BAITAITEKE.

Irakurleontzat zenbait lege matematiko astunegiak lirateke —niretzat behintzat bai—, horregatik itzuli dezagun aipaturiko lege horretara modu sinpleago eta praktikoago batez berorren garrantziaz kontura gaitezen.

Izar baten errotatze neurria espektroanalisiaz kalkulatzen da. Kolorezko marrak hatxematen direlarik izar higitzeak erakusten dizkigute. Gorrirantz, gugandik urruntzen bada, bioletarantz hurbiltzean. Abiada handiez doan automobil bateko txirrinaren hotsarekin gonbara daiteke. Lehenik, hotsa, zolia da, gero grabeagoa. Izarrak errotatzean beren hertz irudizkotako bat hurbiltzen zaigu bestea urrunduz. Espektral marra luzatuz doanez honek bere luzaduraren neurria ematen digu. Horregatik kalkulatzen dugu bere errotatze abiada. Izar batzuk oso azkar errotatzen dute —500km/s— baina gehienek abiada askoz ttikiagoaz egiten dute, —10km/s— edo guttiago. Artikulu batetan ikusi dugunez izarrak tenperaturaz ere sailkatzen dira. Hain zuzen ere,beroenak azkar azkarrak izaten dira eta hotzenak geldoenak aldiz. Hotzek beraz beren mementu angularra ia osorik galdu dute. Zergatik? Materia jaurtiki zutelako egin zuten. Gure galaxiako ehuneko 67 izar hotz dira, Eguzkia bezala. Materia jaurtiki zuten planetal sistema bat osatuz.

Delako legeok frogantza osoaren oinarrian datza. Izan ere, gure sistematik kanpoko soegileak erraz konturatuko litzateke Jupiterren esistentziaz. Planetak eta Eguzkiak birak egiten dizkiote sistemaren erdiari eta delakoa ez da kokatzen ez Eguzkian ez eta beraren zentroan, horrela izateko arrazoiak izan arren. Zentroa beste batetan dago, Eguzkiaren zentrotik desbideraturik dago, planeten masa osoaren indarrarengatik.

Eguzkiaren Sistematik kanpo bost planeta kaptaturik

Metodo horrekin gure inguruan bost izarrek planetak dauzkatela erakutsi egin da. Lalanda 21.185, 61 Zisne, Pi-Cassiopeia, Kruger 60 eta Barnard-en izarra. Barnard-en izarrak Jupiter antzeko planeta bat du guttienez. Gure oraingo ezaguera eta teknologiarekin, normaltzat hartu behar da planeta handiak bakarrik kaptatzea. Besteak ttikiagoak dira, analisitik at daude, beraien masak ihesgarriak baitira,hala nola igortzen ez diguten argia. Unibertsal lege fisikoak kontutan harturik, masak, orbital eliptikak etab., esperagarria da hemendik guttitara—nahiz eta ikusiezin— planeta ttikiagoak non aurkitzen diren kalkulatzea. Hau guzti honetatik kontutan hartzekoa da zera: Izarrak beren planetak edukitzea dela normalena. Lurretik hurbilen dauden izarretako lauotatik hiruk, planetak dauzkate: Eguzkiak, Barnard-en izarra eta Lalanda-k 21.185 Esnebidean. Kalkulu oso arrunta ema-

Kalkulu beldurgarria

Galaxia edo eta 100 miliar izar gure Esnebidean. Kalkulu oso arrunta ematekotan baina inola ere senetik ateratakoa, Horietako erdiak, izar mordoak edo eta elkartuak (5) direla derrakegu. Transladatze higitzeak ezberdinak dituzte, haien birak ez dira eliptikoak, oso "anormalak" ditugu. Beraz, kopuruotatik erdiarekin bakarrik geratuko gara. Hau da, 50 miliar izar. Izar hauen planetetako, 10tik 9 ken ditzakegu zeren izarratik edo hurbilegiak ala eboluzio prozeduran aurkitzen dira edo eta beraien izarra zaharregi ala gazteegia baita. Hainbeste kenduta, ba al dakizue lur antzeko karakteristikarik dituzten planetak zenbat daitezke Esnebiden bakarrik? Gutti gorabehera 25 milioi lur.

Gure antropozentrismoa, gure "kultura eta erlijioak" haitzulotako sorginkeriak besterik ez ote diren izango, bildur gara benetan.

T.Trifol

l) Polo Norte. Pôle Nord.

2) Aurreratu, développer, desarrollar.

3) Enanas blancas. Naines blanches.

4) Gorpuzki bat bere ardatzaren inguruan —n— bider segunduko biraturik, abiadura angularra ondokoa dateke: w=2pN. Mementu angularra aldiz: L=w∫r2dm (R. Bira-erradioa delarik), hots: L=Iw, bertan —I— inertzi mementua dugularik. Mementu angularrak, edozein sistematarako iraunkortzeko bereizkunde berezia du. Bestalde, kanpotiko ezein ekintzaren menpean ez dago.

5) Izar baten edo zenbaiten grabitatezko eremuan beste bat edo batzu daudenean, hauen arteko masa interrelazioa gertatzen da. Honek, haien giragune eremuak Eguzkiarenaz arras bestelako bihurrerazten ditu. Batzutan —8— antzeko, beste batzutan —6— antzeko... birak egiten dituzte. Ez da ezina noski haien inguruetan planetak izana. Izar mordoak edo elkartuak maizenik, galaxiaren erdialdean hor hor daude, bertan izar-bitartea ttikiagoa delarik.


Gaiak. Zientzia

Peru-ko geoglifoak

Peru-ko itsasertzean basamortuak ugari dira. Basamortu hauetan agertzen diren irudiak mundu osoan ezagunak dira. Kilometro luzeko txori, balea eta antzeko animalien irudiak lur gainean eginak. Zenbaitzu, hain handiak izanik, abioi batetik ikusi behar dira. Askoren ustez, irudi hauk bat edo beste abioiek lur hartzeko pistak bezalakoak, beste planeta edo galaxiatatik etorritako izakiek egin zituzten. Bera da, noski, problema honi eskain diezaiokegun erantzun errazena. Baina bada beste erantzunik, eta aurrekoa baino zientifikoagoa. Honen berri emango dugu artikulu honetan.

Peru-ko hegoaldeko itsasertzak mendixka katea bat sortzen du. Mendixkan hauen eta Andesen artean haran luze bat aurkitzen da. Milaka urteren poderioan, goikaldeko harriak poliki poliki beherantz joan dira, bertan geldituz. Nazca hibaiaren kasuan, erosio honek lautada zabal eta horizontal bat sorterazi du. Hegoaldetik jotzen duten haize gogorrek, lur guztia eraman dute, harriak bakarrik geldituz.

Goizean harri hauk ihintzaz estalita zeuden, baina gero egunean zehar eguzki bero baten pean aurkitzen ziren. Hau dela eta, oxidatu egin ziren egungo kolore arre gorrira pasatuz. Hau alde batetik. Bigarren faktorea euria da. Baina hau ez da ia kontutan hartzen, inguru haietan ez baitu ia euririk egiten.

Lur azaleko erosia honek ez du esan nahi azpia ere erosionatuta dagoenik. Nahikoa da harri bat altxatzea hortaz ohartzeko. Azpian lur marroi argi bat ageri da. Beraz, ba dakigu nola egin diren geoglifo hauk: basamortuko harriak beren lekutik aldatuz. Lehen puntua argituta dago. Ea, bada, bigarrena nola argi dezakegun. Noiz egin ziren geoglifo hauk? Nazca inguruko zeramikaren irudiak lur gainean ageri diren bezalakoak dira, baina neurri txikian, noski. Eta zeramika hauk 200 urte Kristo aurretik eta 500 urte Kristo ondotik artean eginda daude. Baina ba da gehiagorik, zeren eta 800 urteko epe hau oso zabala da. Irudi edo geoglifo handi hauen bukaera beti edo egur edo harri pila bat izaten zen. Karbono 14aren bidez analisatu zen oraindik zutik jarraitzen zuen poste bat, eta emaitza zera izan zen: 525 (80) Kristo ondotik. Hirugarren puntua "zergatik" dugu.

Orain aztertzen ari garen aldi honetan, ez zen oraindik herri hauen artean ekonomia zentralizatu, hau da, urte txarrak zetoztenerako gordailu inguruneko ekonomiarekin erabat lotuta zegoen. Pentsa dezagun adibidez, jendetza honek zenbait urte on izan dituela. Haurrak jaiotzen dira, eta hasten ari direnean eguraldia dela medio, janaria ondatu egiten da. Jendea gosez hiltzen da. Hau gerta ez zedin, ordukoek jaiotzak kontrolatzeko bide bat asmatu zuten. Metodoa hauxe zen: jendea obra handitan lanean jarri. Honela, zenbaitzuk janaria biltzen zuten bitartean besteek geoglifoak egiten zituzten. Beraz, ikuspuntu honetatik, hain handiak egiteak ez du zerikusirik gero airetik ikusi beharrarekin, lan handia sortzearekin baizik.

Baina zuzen hauek ba dute, bestalde, beste arrazoi bat. Denbora hartan orduko jendea poliki poliki informazio bat jasotzen ari zen. Ba zekiten eguzkia halako puntutan zegoenean, artoa aldatu behar zela, eta abar. Egun arrasto guzti hauek ordinatorez tratatu dira eta azkenik ateratako ondorioa zera da: arrasto asko eta askok astronomiarekin zerikusirik dute. Honek ez du, berak bakarrik, ezer baieztatzen, baina datu inportante bat da. Egutegiak era askotara egin daitezke. Harrizkoa zergatik ez?

Egun Cuzco asko handitu da. Baina Pizarro joan zeneko mapa jakin ahal izan da. Denbora hartan Cuzco-tik arrasto zuzen eta luze asko ateratzen ziren. Arrasto hauk ziren beren egutegia. Eta ez da kasualitatea ere orduzko Cuzcok (gaztelerara itzulita: PUMA) puma baten itxura izatea.

Orain arte esandako guztia hipotesi bat da. Jaiotzen kontrola ezin daiteke froga, baina ez da oraingoz baztertu behar ere. Bigarrena, hau da, egutegia garbiago dago. Zergatik ez zuten bada orduko jakintza ahal zuten mediorik segurenean, lurraren azalean halegia, grabatu behar?

J. J. Elhuyar


Gaiak. Zinema

Hil da adiskide amerikanoa

Azkenaldiko albisteek ziotenez Nicholas Ray hilzori motel eta etengabean zetzan hegoamerikako hospitale batean, eta Win Wenders herioaldi hau filmatzen ari omen zen. Halaber, Win Wenders-ek "HAMMET" nobelagilearen biografiari buruzko filmea USAn filmatzen zuen bitartean, beste filme bat ere egiten omen ziharduen: "LIGHTNING OVER WATER" (NICK'S MOVIE, a film by NICHOLAS RAY and WIN WENDERS), Win Wenders-ek eta Nicholas Ray-k elkarlanean egina.

Hain zuzen ere Win Wenders-en "Der Amerikanische Freund". filmean ikusi genuen azkenengoz, pintore bat interpretatuz. "Wet Dreams" filmerako ere bere sketch bat azaldu zuen, "The Janitor". Baina, bestela, Nicholas Ray galdua genuen aspaldidanik. Hollywood-en goren mailara heldu ondoren, 1960az geroztik eta Samuel Bronston produktorearekiko iskanbilak medio, abaildu egingo zen bere produkzioa, zinegile madarikatuaren gisara. Minbizi luze batek ekarri dio orain heriotza.

Nicholas Ray zinegilea

1911-ko abuztuaren 7-an jaio zen La Crosse delako herrian, Wisconsin, Nicholas Raymond Kienzle, Nicholas Ray izenordetzat. Arkitektura ikasi zuen Chicagoko unibertsitatean, eta irrati zuzendaritza eta antolaketa teatralean lan egin zuen, Elia Kazan eta John Houseman-en laguntzaile gisa.

1947-an John Houseman-ek produzitu zion bere lehen filma: "They live by nigth", Edward Anderson-en nobela beltz baten adaptazioa da, oldarra, erromantizismoa eta biolenziaren anbiguitate morala eta xarma azaltzen dira. 1948an "A Woman's Secret" eta "Knock On Any Door" egin zituen. 1949an filme oso interesgarri bat, "In a Lonely Place", Humphrey Bogart protagonistatzat, garaiko Hollywood-i buruzko ikuspegi mingots bat. 1950, "Born To Be bad" eta "On Dangerous Ground". 1951an beste filme bi egin zituen, "Flying Leathernecks" eta "Macao", eta 1952an bat "The Lusty Men".

"Johnny Guitar" (1953) bere beste filme interesgarri bat da, ez da ohizko western bat, galdua baitu western tradizionalaren zentzu epikoa; filme honek kutsu erromantiko sakon bat du, homosexualitatea eta heroearen bakartadeari buruzko ezaugarriekin. 1954an "Run for Cover" egin zuen.

1955eko "Rebel Without a Cause" ere filme oso ezagun bat da, James Dean duelarik interpretetzat, eragin handia izan baitzuen ifarramerikako gazteriagan. Urte berberean egin zuen "Hot Blood" ere. 1956an "Bigger Than Life", James Mason-ek interpretatua eta inguratzen duen errealitate gotorraz babesteko drogatzen den gizon baten dramaz. Honekin batera, beste filme oso interesgarri bat "The True Story of Jesse James" da, western tradizional bat baino areago, Nicholas Rayren arduren azalpena.

Gero, filmatu zituen "Bitter Victory" (1957), "Wind Across the Everglades" (1958) eta urte berberean "Party Girl", musikala eta gansterrak nahasirik. Europan filmatu zuen 1960an "The Savage Inocents", hau ere leku lasai baten bila diharduen heroe bakartiaz.

 "King of Kings" (1961) eta "Days at Peking" (1963) filmetan iadanik zinegileak eragozpenak topatzen ditu, Samuel Bronston produktoreak jartzen dizkiolako, eta istilu hauen ondoriotzat bukatuko da Nicholas Rayren produkzioa. Bere ondorengo obrak projektu abandonatuak, filme esperimentalak, amaitu gabeak eta laguntza labur batzu baino ez dira izango.

Bakarrik eta partxea begian

Bakartadearen eta erromantizismoaren zinegile hau amerikar zinema klasikoaren handienetariko bat da. Produktorek deuseztatu zutenez geroztik, mundutik barrena ibili da, bere pertsonaia propioetarik bat bailitzan, minbiziez eriturik eta alkoholizatua.

Nicholas Ray adiskide amerikanoa genuen, bere laguntasuna une labur batzutan baino gozatu ezin bagenuen ere. Hil egin zaigu adiskide amerikanoa, New York, ekainak 17. Ez diot epitafiorik jarriko, lasai. Baina imajinatu egin nahi nuke bere azken keinua: Begiko partxea begi batetik bestera aldatzen ikusten dut.

Joseba Sarrionandia


Gaiak. Kultura

Leitzar xelebreak

"Beñes" bertsolaria

Leitzeko herritik sei kilometrotara dago Beñes basetxea. Basakabitik Goizuetara doan kamioaren ondoan dago. Hemen bizitzen zen Krixtobal "Beñes" bertsolaria.

Bordaberriko semea zen jaiotzaz. Bordaberritarrak bertsolariak dira. Gizon batek esaten omen zuen behin ere ez zirela faltako Artxikonen zakur horzkalaria, Urbietan behi jokalaria eta Bordaberrin bertsolaria.

Bertsolari guztiak bezala ba zuen "Beñes"ek gatz eta piperra. Ziri sartzailea zen. Hari zerbait esaten zionak izaten zuen erantzun egokia.

Fraile gazta biltzailea

Orain dela urte gutxi arte, Arantzazuko fraileak ibiltzen ziren eskean etxez-etxe. Gaztak eta ardiak biltzen zituzten. Fraile hauetako bat joan zen Beñesera. Krixtobal atarian aurkitu zuen:

Fraileak.— Arratsalde on.

"Beñes"ek.— Baita zuri ere.

Fraileak.— Ardi bila nabil.

"Beñes"ek.— Goizen nora larratu dituzu?

Beaje haundia

Zekorra saldu zuen "Beñes"ek eta sokatik hartuta herrira zekarren. Herrira iristeko gutxi falta zitzaiola Telleriko atarian bertako etxeko andre Doloix-ekin topo egin zuen:

— Beaje haundia dakarzu, Krixtobal.

— Bai, lau kilometro t'erdi paseak. (Beaje haundia edo beaje ona dakarzu esaten zaio behia, zekorra, ardiak edo beste azienda salduta daramanari).

Bazihoan Krixtobal bere zekorrarekin herri aldera eta Doloix-ek lehortzen Jarritako oihalak haizeak botata kamioan zeudela ikusi zituen.Itzuli zen Doloix-engana:

— Aizu Doloix, zuk zabaldutako maindireak kamiora boteak daude.

— Mila esker, Krixtobal.

— Bostehun zuretzat.

Paperetan ez diren animaliak

Erbinudeak bildurtzen ditu artzaiak. Erbinudeak esnea edaten badio ardiari errapea hazten zaio, oinaze haundiak izaten ditu eta betirako esnea galtzen zaio. Eta artzaiak bakarrak ez: behidunak ere izutzen ditu erbinudeak. Behiari ere edaten dio esnea hanka gora igota eta errapea galtzen zaio.

"Beñes"en behi bati edan zion esnea erbinudeak eta behiak errapemiña harrapatu zuen. Etorri zen "Beñes" albaiteruarengana eta esan zion nola erbinudeak esnea edan zion behiari eta errapea zahabia bezela hazi zitzaiola eta hiltzorian zegoela.

Albaiteruak urte ikasten iragan izanagatik ez zekien holako gauzarik eta harrituta dio:

— Nik ez dut behin ere ikusi holakorik paperetan.

— Paperetan alferrik ibiliko zara horren bila. Paperetan ez, baino sasi eta pareta zuloetan izaten dira horik.

ASTAITZ

Larratu (larreratu): ardiak larrera eraman.


Gaiak. Gramatika

Lagin hitza dela eta...

 Garapen hitza promozionatzerakoan erabili ziren argudio berberak erabiliko nituzkeenez eta guztiontzat ezagunak izanen liratekeenez, artikulu honen helburua betetzera zuzen-zuzen abiatuko naiz.

Aurtengo U.E.U.-ko praktikak itzultzen eta prestatzen nenbilelarik, honelako esaldi bat agertu zitzaidan: "El estudio de la muestra de zooplancton..." Nola demontrez esango da "muestra" hori euskaraz?

Hiztegietara jo nuen eta itzulpen hauk aurkitu nituen:

1. Erakusgarri

2. Agerbide, erakuskari, erakuspen, erakusketa, etab, etab.

Ia denak "erakutsi" hitzetik eratorriak.

Ene ustez "una muestra de zooplancton" ez da "zooplankton-erakusketa bat"; eta gainera "muestreo", "muestrear", eta antzeko hitzak nola itzul daitezke? Posible dugu "muestreo" eta "muestrear" hitz horik "erakutsi"-tik ateratzea?

Nola erabiltzen dituzte kontzeptu horik frantsesak eta ingelesak, e.b.? izan zen neure buruari egin nion hurrengo galdera:

Gaztelaniaz

Muestra

Muestrear

Muestreo

Frantsesez

échantillon

échantillonner

échantillonage

Ingelesez

sample

to sample

sampling

Hiru hitz-moetek ez dute zer ikusirik batak besteekin; ez da, beraz, zuzen-zuzen euskaratu behar den nazioarteko hitz teknikoa.

Handik eta hemendik bueltaka ibili ondoren, ia soilik Bizkaian (eta nahiko gutxi gainera) erabiltzen den "lagin" delako hitza aurkitu nuen eta Azkuek bere hiztegian honela zioen:

Lagiñ (sic):

1. Proporción, catadura, talla. Proportion, mine, taille.

2. Parte, porción, pedazo. Part, portion, morceau.

3. Tanto como, autant que. Gaurko lagin ba daukagu (lagin > lain).

Hitz honen bigarren esangura kontutan harturik "muestra de zooplancton", "zooplanktonezko lagin" bezala itzuli nuen, zeren eta azken batez zooplankton-lagin bat ez da itsasoko zooplankton guztiaren zati bat ala?

Proposamen hau indartzeko nahian

Hitz honek bere alde dituen arrazoi batzu hauk lirateke:

1. Hitz hau ez da zentzu zabalekoa, eta ez oso ezaguna ere; beraz, "gastatu" gabeko bitza da.

2. Hitz honen eratorriak erraz-erraz atera daitezke e.b.

lagin (du): muestrear, echantillonner

laginketa: muestreo, echantillonnage

etab. etab.

3. Hitz oso laburra denez, beregandik sortutako hitz konposatuak ez dira luzeegiak gertatzen:

laginkera, lagintze-metodo: método de muestreo,

lagingaitza: difícil de muestrear

etab. etab.

4. Lagin-etik sorturiko hitz multzo honekin baliatuz ondoko adibide hau nahiko erraz itzul dezakegu:

Dicha zona se muestreó detalladamente, para lo cual se colocaron siete estaciones de muestreo, siendo las muestras allí recogidas posteriormente estudiadas al microscopio.

Honen itzulpena hau izan daitekeelarik: Aipaturiko eskualdea zehatz-zehazki lagindua izan zen, horretarako zazpi lagin-bilategi jarriz, bertan baturiko laginak gerotxoago mikroskopioz aztertuak izan zirelarik.

Aurrekoa ikusiz, ene ustez, zientzi kontzeptu mugatu hauk adierazteko egokitzat har dezakegu.

Bestalde, ez dakit hemen emandako arrazoiok indartsuak edo makalak diren, baina inor konbentzitu badute, erabil ditzagun hitz hauk eta honela hemendik urte batzutara tradizioko hitzak izango ditugu.

J.M. Txurruka


Gurutzegrama

L. Trask


Ardibeltza [Komikia]

MONTI