ANAITASUNA

1979.EKO AZAROAREN BIGARREN HAMABOSTALDIA

392. ALEA

60 pzta.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


[AZALA]

LESBIANAK BORROKAN

PRUDENCIO HUALDE. 1879-1979. Erronkarieraren galera

FRANCISCO ITURRINO. Bizia eta obra

IKUSKA SAILA, errealitate sendoa euskal zineman


AURKIBIDEA

4. Artikuluburua

5. Diskoak hamabostero. K. Arko

6. Baratzezainak goserik daudela. M.L. Uhaitze

8. Ohitura berrien bila. X. Kintana

9. Errenterian bortxaketa politikoa. I. Urtasun

10. Lesbianak borrokan. I. Urtasun

12. Arabako Euskalduntze-Alfabetatze. Koordinakundea aurrera. K. Mendia

14. Hamabost egun hankaz gora. Bixer

18. Algeriar askapenerako iraultza

21. Frantziako zenbait politikari urduri. M.J. Esteban

22. Hego-Koreako afari odolezkoa. M.A.

25. Karibea sutan. K. Santisteban

26. Daniel Landart: Zirraragarritasunaren garaitia. A. Eguzkitza

28. Prudencio Hualde Maio, ehun urte. J. Sarrionaindia

30. Liburuak. J. Sendagorta

32. Ikuska saila: Errealitate sendo bat. X. Portu

34. Francisco Iturrino. J. Sendagorta

36. Gudu-antzeak: filosofia eta bizia X.G.

40. Gramatika. J.R. Etxebarria

42. Humorea. Astaitz


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, Andolin Eguzkitza, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, J. Llerandi, E. Martin, Joseba Sarrionandia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, J. L. Alvarez (Txillardegi), J. Mendizabal, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J. M. Arzubiaga, K. Santisteban, B. Atxaga, J. Idigoras.

FOTOGRAFOAK

Imanol, R. Zarrabeitia, A. Alday, Txaber

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Artikuluburua

UCD-ren Langilearen Estatutua

Langilearen Estatutuak bere papera jokatzen du Erreformaren prozesuan, hots, irtenbide burjes baten bidez, krisi ekonomiko eta politikoaren gainditzea posibletuko duen erakundetze juridiko-instituzionala osotzea.

Helburua, ugazaberiak premiazkotzat jotzen dituen eskabideei erantzutea da, kaleratze librea, patroiengandiko hixtea, plantilen flexibilitatea, etab. hauek eta, negozialdietan langileen ordezkaritza motzagotzeko, sekretupean erabakitako neurriek, atzerapen garrantzitsua suposatzen dute libertate indibidual eta kolektiboen arloan, eta honela, Gobernuan kondiziorik hoberenak eskaintzen dizkiote, bere Ekonomi Hestutasunezko neurriak inposa diezazkigun, Erreformaren finkatzerako hala beharrezko kondizioa dena.

Estatutu honek Erreformaren prozesuarekin dituen inplikapenak beraz, nabari dira, projektu honen ostean Konstituzioa dagoelako, eta Erreformaren laguntzaileek gura dituztenak esan arren, harekiko duen koherentzia erabatekoa da; bere eginkizuna, lehenago Konstituzio hartan onetsiak izan ziren arazoak berak, lan harremanen mailan, juridikoki zehaztea baizik ez baita: Merkatu Ekonomia Librea, sindikatzearen mugaketa, patroiengandiko hixtea, etab.

Langilearen Estatutu hau, askoz ere, Primo de Rivera-ren garaiko "Lanaren Kodigo" hartatik, espainol erakunde juridikoek sorturiko araubiderik murrizgarriena da.

Eta gainera, Euskal Herriko eta beste naziootako langileei, beren Lan Harremanetarako Barrutia izateko ahalbidearen ukatzeaz, autonomiei erakutsitako mesprezuaz, Langilearen Estatutu hau edozein klase eta autonomi ikuspegitatik begiraturik, gaitzestekoa gertatzen zaigu.


Diskoak hamabostero

Urtebeteko laburpena

Xoxoa-Osoa X-11.114

Une hontan disko argitaratzaileak "arrakasta haundien" beren album handiak prestatzen ari dira, batzu azken denboraldian diskoetxe beraren barnean diskogintza izan denaren bilduma soilak direlarik. Eguberriak, edizio hauetarako data-buru gisa, garairik hoberena dira, urte buruan disko merkatua salmenta kopururik handienetara iristen baita. Euskal Herriko merkatu potentzialki txikian honelako "collage"-disko hauk ez dira behinere izan, irabazkin ugariak eskura ziezazkiekeen zerbaitentzat diskoetxeek kontsideratuak, halako disko kopuru baten kanpaina honela bururatuz bestalde. Zergatikoak, gure diskalanak, sormen artistikotik beha, uzten dituen dinamika eta ekite posibilitate eskasetan aurkitzen dira, bai eta ere argitaratutako erreferentzi kopuru urria dela eta, urtelan osoa agerteraz dezakeeen disko bat betetzeko adinbatekoa doi. Xoxoa, lanerako gaitasun bortitzak eta gorakada arinak aski ezaguterazitako disko argitaratzaileak, mintzatzen ari garen horrelako albuma aurkezten du oraingoan. "Xoxoa-Osoa" izaten ahal da "arrakasta haundi" bat, baina ororen gain ikusi behar dugu, disketxe honek, bere ezarkuntzatik gaurdainokoan euskal mugimendu musikalari ekarri dion berrienaren bilduma gisa. Bestaldetik, "Xoxoa-Osoa" ba da, azken urte hontan irten den berria baino goraxeagokoaren agerterazpena, eta zenbait trebatuk egunoroko arlo hontan, haientzat sormen musikala dena berau, hautatu dituzten bestelako bideak ere bai.

Diskoa ikusiz, aurten jaiotako talde bat dakusagu, herri kantaren lan errealitaterik freskoenetarikoa bihurtua: Izukaitz ("Zikiro Beltza"). Itoitz ("Lau teilatu") aitzindari izan da, euskal rockari hildo melodiko hagitz pertsonala markatuz. Bestaldetik Koska ("Zaramagako boza") eta Errobi ("Alboka", "Kanpo"), rockarien zikloa hersten dutelarik. Haizea, "Hontz gaua" albumarekin birsortutako taldea eta hartarik "Anderea" barne hartzen du antologia honek. Gainera, Txomin Artolaren "Ez naiz espazioa" folk-rock biziz betea. Aitzitik, fanfarreen fenomenoa ageri da, Fanfarre Xut, teknikoki hobekien grabatutakoaren "La Bota" gaiarekin.

Azkenburuan, bi sorpresa haundi, halanola Oskorri, bere album bikoitzaren "Bizkaiko aberatsak" herritar agerterazpenarekin, eta gorapen handia ematea espero zaion ahots berri bat, Itziar ("Harri eta Herri").

Imanol, Urria, Sakre eta beste zenbait salbuetsiz, aurtengo euskal diskogintzarik interesgarriena batera jotzen du, egun mintzatu garen disko honek.

Txomin Artola

"Ttakun ttakun"

Txomin Artolak beharrez eta nabariki itxuratu behar du, diskogintzari sentimenduak hurbilerazten dizkion gizon gisa. Eta hau inoizkorik gainen da dabiltzan denboretan, teknikotasunaren manuz eta produkzioaren zeinuaz, sekulakoa baita musikariaren zehaztasuna.

Txominen ahotsak dohain bitxia dauka, nik zer dakit emozioaren nolako eraginei loturik, aldean eramatea lortzen duena. Gainera, gustagarri den estetika dauka, hari hurbilgarri eta haren adiskidegarri.

Kantak ahots horri loturik doazkio eta fidel eta zintzo zaizkio soiltasunean eta apaltasunean. Saxoniar bokazione nabariz herri moldeen arauera taiututa, honako kanta hauek, Txomin den kantari tankerak ematen dien tratamenduaz gozatzen dute.

Zail gerta liteke, lineartasuna eta monotonia antzematen dituen disko batean bertuteak aurkitzea. Bere baitako singletasuna ezagutza-ardatza da. Honexengatik, Ttakun ttakun-ek ba dauzka uneak, non eta esperientzia duela erazagutzera irits baitaiteke eta lelo baten arauera kantatzearen kontzeptu hotzetik urrutirago baitoa, biziki egokiro ñabartzera iritsirik. Asko-askotan baliatzen da kitarra akustikoaz, funtsezkoan finduta. Ez dio musika jai, indarrez zoraturiko parranda denik; halere, barnetasunaren herabe, begiramendutsu da. Goiburu gisa, funtsezkoenaren hastapena jasotzen du.

Violoncelloa, jotze apurra eta zenbait musikatresna solt, disko honen xarmantaren lagungarri dira. Baina, baitere, elkarrarremanak dituzten textuei fideltasunaren hastapenaren ihardule gisa burutzen dute, Gotzon Aleman, minbiziak jotako gipuzkoar poeta gaztea zenari eskaintza eta oroitzapen desiraz.

Asmoa interesgarri. Gainera bere atarramenduek, agian egiten duen ororentzat Txomin Artola baitan barrondatzen ditugun oharmen eta sotiltasun berek hastandu dukete, nortasunezko eremura, pertsonaltasun esklusibistara, berezkoitasunera, bertan merkatal planteiamenduak irtenbiderik ez daukalarikan.

Hau, agian, diskoan minoritari, gutientiar gisako zenbaitentzat ageri dateke. Dabiltzan denboretan, halabaina, ba dakizkigu majoritariaren, gehientiarraren soslaiak, honek dituen elikatzaileak eta berauen helburuak.

Hitz laburretan, disko atsegingarria, azala ere delarikan.

K. ARKO


Euskal Herria

Baratzezainak goserik daudela!, dio Giscardek

Egun hauetan eskuratu baitugu "Le Sillon" departamenduko nekazarien kazeta, berri lazgarriak agertzen dizkigulakotz honek, uste dugu hemen zerbaiten esatea beharrezkoa dela. Horixe, nekazarietaz hitz egiten digu Eñaut CACHENAUT adixkideak, hobeki esateko artzain-laborariak eta artzainak laster kondenatuak izanen direla azaltzen digu.

Artikulu osoak editorial berezi baten garrantzia hartzen du. Bakoitzak ikus dezake beraz problemaren larritasun eta seriostasuna. Nekazariak berak, usaian hain mugiezinak, hasi zaizkigu arranguratzen; "bildotsak 7 F baizik ez duela eginen kiloko, egia ote da?".

Hona esana arazo osoaren mamia. Dakigun bezala, Iparraldeko nekazaritzaren emaitzarik nagusiena hazkuntza da, bildotsa, ahatxea, urdea etab... Baina ororen artetik ardi hazkuntzaren saila dugu lehena, berari datorkion dirua edo budjeta, laborariak, horretatik egiten du. Dirubide hori kenduz geroz, "nola biziko naiz?" dio baserritarrak.

Eñaut Cachenaut-en eritziz, "Urtarrilaren lehenetik (78) honara, muga europanoei zoazkioten lege zaintzaileak amaitzen dira lege berri batzuren aitzinean. Muga nazionalen irekitzea gertatuko da, behintzat ardi haragiari dagokionez, horretatik landa anglesen eta Neo-zeelanda-ko produkzioak sartuko dira merkatugintza mailan 10-11 F-tan (adibidez, Frantziak 20-21 F-tan saltzen ditu bereak). Hauk ditugu Brusselako komisioak proposatu norabide berriak, Ministrarien Kontseiluak bozkatuko eta onhartuko ote ditu?... Orduan litzateke Iparraldeko laborantza eta artzain-laborarien heriotze segurra. Gainera, Cachenaut-ek dioenez, entsegu hau ez da lehenbizikoa, jada, 1978.ean, Urtarrilean, Apirilean, Maiatzean, Urrian eta azkenik Ekain honen 20an, Europako teknikalariek egin ohi dituzte beren zazpi ahalak. Hain zuzen, gertakari eta jarrera hauk osoki jakingarri zaizkigu. Teknikalariek nahi dutela Europa egin, bistan da. Baina zertako? Noren interesentzat nahi dituzte merkatugintzako muga nazionalak ezeztatu?...

Jendeentzat, langileentzat, elkar sendotzeko, elkarganatzeko diote. Baina ez gara aski tontoak holako eleen sinesteko. Bai, gatu horrek ba du beste buztanik! Eta nolakoa! Halabaina, ez ote da garbi ageri multinazionalen jokoa dela muga nazionalen traba haustea eta horrela librekiago, azkarrago presentatzea merkatuetara? Lastertasunaren, merketasunaren (izanikan ere janari kimikoa) zeingehiagotasunean zer balio du euskal nekazariaren produkzioak? Guziok dakigu kalitateak ez duela kontsideraziorik (ez aski), ez daukala oraino merkaturik, zer balio du orduan janari onaren egiteak?...

Azkenean, merkatu europano kapitalista horretan, euskal hazkuntzak ba al du oraino xantza izpirik?...

Cachenaut Jauna ez da hainbat optimista eta gu, honekin bat gatoz. Euskal hazkuntzak ba ote du beste esperantzarik Euskadin baizik, euskal merkatuan baizik? Hegoaldeko langileak ez ote lezake gogotik jan janari sanoa eta kalitatezkoa? Dakusagun bezala, posibilitateak ba dira mila, guziontzat, bizitzeko posibilitateak. Egiazko eginbeharra dugu, dudarik gabe, Posibilitate horien eskuratzea eta euskalduntzea.

Anartean, zer gertatuko zaie Iparreko baserriei? Oraino zenbat urtez utziko dituzte? Zenbat iraunen dute? Hots, gaurko manerari jarraituz xantza asko dago, egungo ez bada biharko izanen dela, egiazko ezin altxatze azken hura. Orain duela zenbait hilabete, doi doia, Giscard-en ministrari batek (edo berdin oeronek?...) laborariei egin mintzaldi batean zioen "Vous êtes les jardiniers de la nature". Egia diok, Giscard, baina nekazaria, baratzelari bat baldin bada, zergatik darabilak joko hori? Zergatik nahi duk baratzezaina goseari hilarazi?...

M.L. Uhaitze


Euskal Herria

Behin batean Agustin...

LARZAC-en gara.

Hamaikak eta erdia, gau iluna eta sasoinekoa: hotza.

"La Blaquière" deitu herrixkara ba dator kamioi bat soldaduz kargaturik. Agustin ez da beldurtzen, ez doa zenbait bezala erbia bezain laster. Agustinek, hauzoak deihadarkatzen ditu eta hona, denak, bat falta gabe ba datozkiola. "Lagunduko zaitugu". Lagunduko zaitugu! Ez gara gu erbia bezala: lasterkalariak!

"Jendarmak nahi ditut hemen!" dio Agustin kuraiosak.

"Bai! Jendarmak deizkitzue, etor ditela! etor ditela! Egin diezaizutela paperen kontrol bat!".

— Jendarmak ez zaizkio etorri. Baina berrogei ta hamar soldadu haserratu eta basatu. Jo makila! Jo! Beti jo!

Azkenean, animaleek bezala ihardun zuten... Neska gazte bat zauritu, laborariak uspelkatu, errespetua hondatu. Eta hori... demokraziarik haundienean, hospetsuenean, aurreratuenean, etsenplugarrienean: Frantses demokrazian.

Horrela dihardute demokrazietan, animaleak bezala... jo eta jo, beti jo...

Etxean ahantzi du, hantxe, Agustinek, suziloaren gainean, harma zintzilik...

Gaizo Agustin! Gaizo gu!...

LARZAC-en bezala, EUSKADIN GARA.

M.L. Uhaitze


Euskal Herria

Ohitura berrien bila

Gizon guztiak lehengoen ohituren bidetik ibili izan balira, gaur, segur asko, larrugorritan geundeke guztiok, hori aurrean egin ez zelako atxakiaz, sekula ezer asmatu ezinik.

Horrelako zerbait gertatzen ari zaigu egungo euskaldunoi. Oraintsu arte ukatu zaizkigun tradizioak berreskuratzeko nahiaz, maiz, berrikuntzak egiteaz ahanzten gara eta hoik dirateke, izan, biharko tradizioa moldatu beharko dutenak, Herri honetan ohiturak zein urte gutxitan tradizio bilakatzen diren ikusita.

Asmamenaren txokoa atera zigun behiala Joxe Azurmendik eta hura burutapen oso ona izan zen. Bide horretatik doaz, lagun gehiagoren zain, neroni etorri zaizkidan bi ideiok.

Euskara demokratikoa

Euskaldunen artean erdaldun bat gertatzen denean —berau basko abertzalea izan arren— euskaldunok, gizabideagatik, haren aurrean erdaraz egitera beharturik sentitzen gara. Modu horretaz, Txillardegik bere Euskara eta matematika artikulu famatuan ederki frogatu zuenez, aski da ondoan erdaldun bat izatea hamar euskaldun erdaraz mintzo daitezen, eta tarteko erdaldun —maiz abertzale— hoiengatik gure hizketa gehienak erdaraz gertatzeko. De facto, beraz, gizabidezko ohitura horregatik, euskaldunok ezin gara geurean euskaraz mintzatzeko omen dugun eskubideaz, baliatu.

Arazo horri buruz pixkat pentsatuz, eta lehen pausotzat behinik behin, irtenbide logikoa hauxe litzatekeela esango nuke: demokratikoki, gehiengoaren arauera, mintzatzea, eta bi euskaldun eta erdaldun bat dauden tokian, demokrazia hutsez, elkarrizketa euskaraz eramatea. Zer esanik ez, jakina, euskaldunen kopurua ere haundiagoa denean. Horrek, euskaldunoi euskara "praktikan egiteko" aukera egiazkoa eskaintzeaz batera, erdaldunei ere ustegabeko mesedeak ekarriko lizkieke, eta, beraz, eskerturik egoteko arrazoi franko edukiko.

Lehenbiziko arrazoia, noski, zera litzateke: euskaraz entzutean, beti zerbait ikasiko lukete, belarria hizkuntzara pixkana egin, egunero, entzunaren entzunaz hitz bat edo beste, esaldiren bat ere pittinka, ikasiz. Bigarrenik, lagunek egiten dutela eta, berak ere euskara ikasteko motibazio eragikorra eskaintzen zaio, beti erdaraz eginez gero sentituko ez lukeen premia berau. Behin euskaraz ikasten hasi eta gero, gainera, eskolatik kanpoan praktikatzeko bidea ere leukake, eta horrela arinago ikasi ere bai. Honen kariaz euskara, bere katakunba girotik irten eta gizarte harremanetan erosoago legoke, azken buruan guztiok nahi omen duguna.

Zuhaitz landaketa

Protestaka gabiltza euskaldunok geure mendi-basoen belztasunagatik, pinu madarikatuen nagusigo zapaltzaileagatik, gure lehengo haritz, pago, gaztaina, lizar, urkiak eta, desagertzen ari zaizkigun artean. Lehen, egia da, Diputazioek hartzen zuten, ebakitakoen lekuan, zuhaitz hoien lekuan landare berriak sartzeko ardura, herrialde bakoitzeko lagunek, hauzalanean, noizbaitero landatuz. Eta hori oraintsurarte ere egin izan da, baina lehengo zuhaitz jatorren ordez, pinuak sartzeko.

Diputazioek, noski, aski erraz eman lezakete gaur agindu berbera, holako edo halako tokietan mendiak birlandatzeko, baina lan horretan hobe litzateke guztiok esku hartuko bagenu, ondorioa, inork egindakoa barik, guztion ahaleginen fruitu izan ledin.

Ideia, horretara, zera litzateke: Diputazio —edo eta udalerri— bakoitzak bere lurraldeetan arlo batzu zeregin honetarako uztea, Euskal Herriko zuhaitzak landatzeko alegia, pertsona alokatu baten ardurapean. Leku hoietan haritz, pago, gaztaina, lizar, urki eta abarren mintegiak leudeke, eta bisitariek, aukeraturiko landareagatik honenbeste ordaindurik, beren eskuz zuhaitz bat —edo gehiago— landatzeko era izango lukete. Asmo horretarako, eta lana errazteko, zona osoak —ur, eguzki, ipar-hego eta haizeen arauera— sailez banaturik egon beharko luke, zuhaitz bakoitza ongienik haz litekeen tokian landatzeko, moeta bereko landareekin oihantxoak eginez. Mintegietako zainek zuloak aurretik prest edukiko lituzkete non sartu jakiteko, edo eta zuloak non eta nola egin behar diren azaldu.

Mila okasio presenta daitezke zuhaitz bat landatzeko: ume baten jaiotza hospatzeko, aitamabitxi edo gurasoen eskuz; semealabekin mendira egindako ibilaldia —horrela txikitatik natura maitatu eta errespetatzeko exenplua emanez—; herrira kanpoko lagunen bat datorrenean, berak bere eskuz zuhaitz bat landatzeak ez dio oroitzapen txarrik utziko, eta bai, segurki, handik urte batzutara lekua berriz bisitatzeko gogoa; ikastoletako haurrekiko ibilaldi kolektiboak; lagun batenganako maitasuna adierazteko; herriko bisitalari hospetsuen izenean ere bai...; hainbat eta hainbat izan daitezke, nik uste, gure mendiak apaintzeko dituzkegun atxakiak.

Zuhaitzak landatzeagatik pagatuko litzatekeenaz bestalde, mintegiko eta kontserbaziorako zain arduradunak ordaintzeko beste diru aterako litzateke eta horrela, lan postu batzu sortu eta mantentzeko bidea ere bai.

Ez al dute gure ondorengoek merezi guk berengatik, gugatik aurrekoek: ez egitea deitoratzen duguna egin dezagun. Hor dago ideia.

Xabier Kintana


Euskal Herria

Errenterian bortxaketa politikoa

Hilak 14ean, Errenterian, 16 urteko neska bat bortxatu zuten. Hainbeste emakume bortxatzen dute egunero ezen, kasu konkretu baten berri ematea zentzurik gabe ager daitekela alde batetik. Dena dela, oraingo hau textuinguru bereizi batean jazo da.

Neska, bere senargaiarekin zihoan Versallesetik eta bi tipo atera zitzaien bidera. Mutila alde egitera behartu ondoren, neska hartu eta Lezoko kaietara eraman zuten. Han, eta beti pistolen indarrez, bere eta familiaren ideologia politikoaz itaunketa bat egin zioten.

Gero, bortxatu egin zuten.

Gertakizuna salatzen bazuen hil egingo zutela ere esan zioten, beste hainbat astakeriaren artean.

Neskatila ez zen ikaratu ordea, eta udaletxera joan zen guztia azaltzera. Abokatu bat ekarri zioten segituan, kasu hauetan beharrezkoak diren pausoak emateko.

Udala, Amnistiaren aldeko batzordea eta beste herritar asko hasi ziren eraso hau zapuzten.

Errenteriako emakumeen taldea, jakin bezain agudo bildu zen, txartelak egin eta manifestapen batera egin zuten dei iganderako.

Bortxaketaren aurka mobilizapena...

Hau izan zen kontsigna nagusia taldeko emakumeen proposamenez.

Manifestaldira jende asko joan zen, 2 edo 3.000, era guztietakoa, zaharrak, gazteak, emakumeak, gizonak...

Baina, inpotentzia zen han sentitzen genuena. Jendeak ez zuen ia oihurik segitzen, haserrerik ere ez zen nabaritzen, eginbehar bat betetzera joan bagina bezala baina honen ondorioetan konfidantzarik gabe.

Errepresio politikoa ere, emakumeok bereiziki sufritu behar

Ez dakigu nortzu izan ziren, baina datu guztiek polizien gauza izan zela pentsarazten digute.

Bestela, nola pistolak?, zergatik itaunketa politikoa?

Horregatik, feministok, politika egiteagatik gartzelatzen eta zigortzen dituzten emakumeen defentsa hartu beharko genuke gure eskuetan, preso eta emakume bezala defendatu behar ditugu, iraultzaile eta emakume bezala zigortzen baitituzte.

Hau idaztean, Marga Odriozola Martutenen dago oraindik, ez dakigu noiz arte, eta ez dugu ezer egiten.

Izaskun Arrazola torturatu zutela eta, ez genuen ezer egin.

Orain, neska hori bortxatu dutenean, erantzun bat eman dugu besterik ez bada ere, baina hurrengoa gertatu arte itxaroten, ez dugu gauza handirik konponduko.

Mobilizapena beharrezkoa da, baina ez nahikoa

Ezintasuna, hori dakarkigu azken batean mobilizapen hutsak.

Manifestaldiek ez dute bortxatzailea gerarazten.

Eraso hau hain pertsonala izanik eta matxismoak ematen dien indarrean oinarritzen denez, erantzun herrikoiak ez dira aski.

Zer lortuko luke mobilizapen handi batek?, agian bortxatzailea gartzelan sartzea, gehiagorik ez.

Bortxaketa eta gartzela gonbaraezinak dira.

Honela ez da bortxatzaile—emakume indar erlaziorik aldatzen. Gartzelan ere, bera da garaile.

Gorputz batean indarrez sartu da, gorputz hori sakabanatu du, eta gero ere berriz egiteko gauza sentitzen da.

Hauei indar morala kentzeko bide bat besterik ez dago: emakumearen beldurra hartzea.

Emakume batek edo batzuk bere harma kentzea edo gauzaeztantzea.

Bai, zikirapenaz edo kastrazioaz ari naiz. Baina emakumeen eskuz, bestela ez du ezertarako balio.

Itziar Urtasun


Euskal Herria

Lesbianak borrokan

Donostiako emakumeen asanbladan parte hartzen duten zenbait emakumek, beste batzuekin batera, lesbianen talde bat eratu dute. Norbaitek, bazterturik aurkitzen badu bere burua gure herri honetan» beste inork baino gehiago lesbianak sentituko du egoera honen zama. Duela denbora gutti hasi bagara homosexualitateaz hitzegiten, gai honetan ere, gehienetan gizona izaten da protagonista. Horregatik erabaki dute emakume hauek, mugimendu feministaren parte izatea eta gizonen "Gay" mugimenduarekin taktikoki lan egitea —manifestapenak, hitzaldiak, etab. direla— baina ez bere erakundeen egituretan sarturik, hemen ere betiko gizon-emakume harremanen kontraesanak agertzen direlako, hain zuzen ere.

Hala ere, feministen artean, eta bere problema bereziak dituztenez, talde bezela autonomikoki jokatzen dute.

Nortzu dira lesbianak?

Oinarrian, emakumeekiko erakarpen bat sentitzen dute beraiengan, baina ez dago akordatu normarik bat lesbiana den ala ez erabakitzeko. Taldekoen eritziz, emakume batekin harreman sexuala izateak, berez, ez du lesbiana definitzen. Harreman afektibo sakon batek berriz, emakume asko jartzen du lesbianismotik hurbil, nahiz eta sexualitatea ez erabili komunikabide bezela.

Zailtasunak, hainbat barrera hausteko sortuko lirateke, hots, heterosexualitatea sexu harreman bakarra kontsideratzera eraman gaituzten eskemak, ikasketak, eta heziketa osoa. Sortu dizkiguten oztopo hauk guregan eta guregandik at aurkitzen ditugu.

"Guregan indibidualki gainditzen ditugunean eta gure burua, den bezela onartzen dugunean, gizartearen ukapena jasaten dugu".

Lesbianismoaren aurkako erasoa

Itun Zaharrean, "narda eta ofentsa buru" esaten zaio. Done Paulok, asasinatze eta bortxaketaren mailan jartzen zuen. Lesbianak sutara bidaltzen zituzten lehen. 1800.ean, klitorisa eta arraultzategiak erauzten zitzaizkien.

Gizarte patriarkalak, emakumea birsorkuntzarako izaki bat besterik ez dela pentsatzen duenez, bere oinarriak arriskuan jartzen dituen izakerarik ezin du onartu.

Estatu sozialistetan jatsaipen burjesaren adierazpidetzat daukate eta zigorra ematen diote. Gaur egun, espainiar estatuan, "Ley de Peligrosidad Social" zelako hori derogatu ondoren, kodigoak, bi artikuluren bidez zigortzen du lesbianismoa: "Escándalo Público"az diharduen 431.az eta "Corrupción de menores y abusos deshonestos"ei buruzko 452.az.

Baina, estatu modernoek, beste bide batzu ere erabiltzen dituzte emakumeen arteko maitasuna zapaltzeko, sikiatria eta sikologia adibidez.

Lehendabizi, lesbianismoa gaixotasun heredagarri bat zela zioten. Gero, sikanalisisak, haurtzarotik datorren sexu finkapen bat zela; orain, dirudienez, kromosometan ari dira arrazoia bilatzen.

Eta "gaixotasuna" sendatzeko, era guztietako terapiak aplikatzen dizkiote lesbianari: elektrizitatea, sikanalasisa, lobotomiak, drogak, etab. Dena, bere sexua errefusa eta gorrota dezan. Terapia hauen biktimak erotzea ez da harritzekoa ba, bera bai! gaixorik dagoen gizarte honetan.

Bakartatean bizi behar

Taldeak helburu bezala, erreibindikapenak defendatzetik aparte, elkarrekin egotea eta bakoitzaren harreman pertsonalak lantzea dauzka.

Lesbianak, diren bezala agertzen direnean edonon, erasoa jasaten ez badute ere, ingurukoen begiradak erakartzen dituzten ferietako tximino batzu balira bezela.

Gaur egun, egoera hau ez sufritze arren, homosexualen ghettoetara jotzen dute —gizonezkoenetara—, lesbianek toki bereizi bat ere ez dute eta lasai egoteko, konkretuk Donostian.

Eta oraingoz, honelako baten bila dabiltza. Ghettoak ekar diezazkiekeen arriskuetaz jabetzen direlarik ere, beharrezkotzat jotzen dute beste prolemarik gabe elkar ikusteko eta ezagutzeko tokiren bat izatea.

Bakartatea, noizbehinka eta aukera egin daitekenean, ederra izaten da, baina pertsona bati inposatu egiten zaionean, gogorra gertatzen da beretzat.

Ghetto baten mugak garbi daude, bertan dagoen jendea bazterturik dago gizartean, baina maila indibiduala gainditzean, errazagoa izango da taldea kanpora ateratzea eta bakoitzari dagokion lekua exigitzea arlo guztietan.

Itziar Urtasun


Euskal Herria

Arabako Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundea aurrera

Arabako Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundeak ikasturtearen haserari ekin berri dio eta aurtengo datuak, behin behinekoak badira ere, hortxe daude, ikustear, nahi duenarentzat.

Aurrez erran dezadan lehenengo inpresione orokorra nahiko baikorra dela, geroxeago zehaztuko dudanez. Ez da dudarik euskal eskolak indartuz eta hedatuz doazela, euskaragintzan jo eta ke ari direla, jende nagusia euskalduntzen eta alfabetatzen etengabeki dihardutela.

Halere, anitz jenderentzat, Euskaltzaindiaren Jagon saileko batzorde honek aurrera daraman ekintza hau, guztiz arrotza eta ezezaguna da. Beste batzurentzat, ordea, "boluntarismo" hutsean ari den mugimendu honek ezin lezake fruiturik ekar. Erakunde Ofizialetatik halako batzarrekeria ezkertiar susmoa erantsi bide zaio Koordinakundeari. Izan ere zenbaitentzat Euskaltzaindia bera susmagarri baldin bada, zer ez ote da izanen haren babesean ari den mugimendu gazte sutsu hau? Hargatik edo honengatik ez da, ene irudiko, batere kontutan hartzen euskal eskolek egiten duten lan zinez garrantzitsu hau.

Duela ez aspaldi Herri Irratian "gau eskolek" egin duten porrotaz hitz egiten zen, Eginen inoiz edo behin antzera agertu da eta beren iritzia indartzearren edo numerotara jotzen zuten; "% hainbatek lehenengo urtean berean uzten duela ikastetik, oso gutti direla hitz egitera iristen direnak"... e.a. Eta hau guztia egia da, baina horra ene galdera, 60 urtetatik goiti zenbat euskaldun berri ezagutzen duzue? Horietako zenbat izanen da Gasteizen?, 10en bat?, gehiegitxo delakoan nago. Adibide argi bat aipatuko dut, bere bizi guztian euskara lantzeari ekin dion Odon Apraiz euskaltzale jaun handia ez da gauza euskaraz mintzatzeko nahiz eta gure hizkuntza ederki ezagutzen duen. Eta aintzinagora joz, ba dira Gasteizen Aita Olabidek, Biblia euskaratu zuena, nekez hitz egiten zuela pentsatzen dutenak.

Gaur egunean berriz, gazte artean, inoiz ez bezalako euskaldun berri ugalketa ezagutzen ari gara, urterik urte handituz doana eta ez dirudi geldituko denik!, beharrik! Ba, euskaldun gazte hauetako gehienak euskal eskoletatik irteniko jendea da. Fenomeno harrigarri hau, erakunde ofizialei esker baino arren gertatu da!! Eta ni beldur erakunde autonomikoak direla ere giroa ez ote den aldatuko. Baina utz dezadan sarrera luze hau eta goazen zenbakietara.

Ikaslegoa Mailaka (ikus laukia)

Hauexek lirateke.daturik aipagarrienak ene ustez:

1.- Ihazko ikasturtetik aurtengora % 12,5 gehitu egin da ikaslegoa. 100 ikasletarik gora kanpoan gelditu dira irakaslerik eza dela.

2.- O.H.O.-ko 417 irakasle ari dira euskara ikasten, ikastetxe estataletako irakaslegoaren % 33a hain zuzen ere.

3.- Ihaz bezala aurten ere ehunekorik handiena lehenengo mailan da, halere ihazko % 56,76 aurtengo % 45,10 era jautsi egin da. Gorenekoetan berriz % 4 etik % 8,17ra igaro gara aurten.

4.- Taldeetako ikasle kopurua, gehienak hamabinakoak direlarik, ttipitu egin da.

Irakaslegoari buruz

1.- 128 irakasle ba dira Araban, ihaz baino % 15 gehiago hain zuzen. Herena, 42, berriak dira eta honetariko gehienak Koordinakundearen baitatik jaliak (harrobia ba dela esan behar da horretaz). 106 Gasteizen ari dira eta gaineratekoak, 22, Arabako beste eskualdeetan.

2.- Bi irakaslek egun osoz (horretara bakarrik jarriak) ematen dituzte eskolak eta beste bostek egun erdiz. Irakasleek orduko 375 ptz. jasotzen dute, egun osoz ari direnei hilabeteko 9000 ptz. gehitzen zaielarik.

3.- Irakaskuntzaren batasun beharra dela, Arabako Koordinakundeak Jalgi Hadi hartu du ikasbide nagusitzat laugarren mailaraino.

Presupostua

Gehiegi ez luzatzearren horren laburpena baizik ez dugu emanen:

- Sarrerak  8.590.500 ptz.

- Irteerak 13.096.000 "

79-80 ikasturtearen defizita 4.505.500

78-79 " 392.564

Defizit osoa 4.898.046

Ikasgelen erabilerak sortzen duen gastua, 300.000 pezeta, Herriko Etxeak eman egin du.

Gastuen artean agian aipagarriena Gasteizko Udalak kitorik utziriko egoitzaren apainketa da.

Egoitza horrek bost ikasgela; goiz eta arratsaldez erabiltzekoak, eta liburutegia izanen ditu. (840.000 pezeta inguru horren prestaketa).

Ondorioa

Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundea, dagoeneko, gure herria euskalduntzen eta alfabetatzen diharduen bigarren indarra da (ikastola lehenengoa delarik). Ikastolak bezala, herriak bultzaturiko behetik gorako ekintza bikaina da eta haien moduz erakunde ofizialetatik at sorturiko mugimendua. Koordinakundean ere zuloa (defizita), urterik urte handituz doa eta ekintza publikoa den aldetik, erakunde horiei dagokie aurre egitea.

Arabako E.A.K.-k joan den Martxoak 20, udal hauteskundeak bertan zeudela, eta arazo honetaz jabeturik, agiri publiko bat zabaldu zuen, bai eta alderdiei izenpetzera eman ere. Agiri horretan Diputaziokoa den "Servicio del Vascuence" delakoan sartzea eskatzen zuen eta esatekoa dena; Union Foral, U.C.D., eta PSOE ezik beste guztiek onartu eta izenpetu egin zuten. Denok dakigunez P.N.V. da Diputazioan gehiengo osoa duena. Zer dela eta euskaragintzan horren ederki ari den bigarren indar honi aterik oraindik ere ez zabaltzeko?

Kepa Mendia

1. Maila 2. Maila 3. Maila 4. Maila 5. Maila Alfabetatzea D titulua Kopurua %

Gasteiz

Ikasle arruntak 601 293 271 135 38 50 30 1418 66,54

O.H.O.-ko Irakasleak 160 110 72 25 50   417 19,57

Guztira 761 403 343 160 88 50 30 1835 86,1

Errioxa Eskualdea

Bastida 20       20

Biasteri 14       14

Eltziego 15       15

Oion 9       9

La Puebla de la Barka 12       12

Guztira 70       70 3,28

Ekialdeko Lautada

Araia 36 25 16 12   89

Agurain 48 20 12 5 6   91

Guztira 84 45 28 17 6   180 8,45

Gorbeia Eskualdea

Legutio 46      46 2,16

Guztira 961 448 371 177 94 50 30 2131 100

Araba osoan % 45,1 21,02 17,41 8,3 4,41 2,35 1,41 100


Hamabost egun hankaz gora

Langileen estatutua

Gai honi buruz hamaika istilu entzun ohi dira azken egunotan.

Alde batetik, hor dugu UGT eta CEOEk egindako paktoa. Pakto honek, nire ustez, egundainoko zerrikeria suposatzen du, langileen interesak kapitalaren menpean uzten baititu. Izan ere, sineskaitza egiten zait hau ulertzea: Nola daiteke, UGTek duen jende multzoarekin, langileriari honelako traizio bat egitea?

Estatutu honek, frankismo garaian lortutako zenbait gauza pikutara bidaltzen ditu. Adibidez: Indemnizazioak. orain arte, langile bat arrazoirik gabe kaleratzeagatik urteko bi hilabete eman behar zioten. Estatutuarekin, hogei egun bakarrik.

Komiteak guztiz anulatzen ditu, beren eginkizuna burokraziazko lan hutsetan utzirik. Oraintsu, PCE, PNV eta baita EE ere komisiotik irten dira, ezin baitute nagusien Estatutua onartu (hori diote behintzat). Nire ustez, gehiegi itxaron dute. Zer pentsatzen zuten ba?

Langileen alde dauden erakunde eta alderdiek eta, guk, langileok ezin dezakegu onar honelako ezpata bat gure buru gainean zintzilik jar dezaten.

Euskadik ere lehergailu atomikoa

Iturri ondo informatuetatik dakigunez, laster, berehala ez esateagatik, Euskadik ere bere lehergailu atomikoa edukiko du.Aurrerantzean potentzi handiekin gonbaratzeko gai izanen gara.

Iberduerok dionez, 1 981. urtean Lemoizko zentrala lanean hasiko da. Harrisburgen gertaturikoa kontutan hartuz, pentsa dezakegu zer gerta daitekeen Lemoizen. Lehergailu honen ondorioak denok sufrituko ditugu. Hau da, beste Estatu baten aurka erabili beharrean, gure aurka bihurtuko da. Pozik egon gaitezke. Ez duzue uste?

Historian zehar atrakurik handiena?

INTERVIU aldizkarian diotenez, ETA (p-m) Banko Herrerotik 130 milioi pezeta eramatean Espainiako Estatuan emandako atrakurik handiena egin zuen. Baina, benetan da atrakurik handiena? Ene ustez ez. Azkoz ere handiagoa da egunero, guri, langileoi egiten digutena. Nork? Kapitalak eta bere zerbitzariek.

Langileen zapalketa, kapitalak asmaturiko atrakurik handiena da, zeren eguneroko gauza baita. eta oraindik ez baitu bukatzeko itxurarik ez eta asmorik ere.

Porrozaleak burrukan

Orain dela guti eta ezkerreko alderdi batzuen gazteriaren erakundeek antolaturik, ospatu zen Iruinean "Porroaren eguna". Porroak erre ziren, honen askatasuna eta legeztapena eskatu zuten eta, azkenik, polizia agertu zenean, beti bezala, lasterketak eta tiroak hasi ziren.

Egun batzu geroago, Bilbon, errepika egin zen, baina desberdintasun batekin: Gauza, Iruiñean bezala egin zen baina ez zen polizia agertu.

Diotenez, porroak, kuba libre batek baino askoz kalte gutiago egiten du. Eta, honela bada, zergatik ez legeztatu?

Porrozaleok aurrera

goazen porroa erretzera

herriko enparantzara

aska dezagun porroa

maite dugun kanutoa.

Gasolina, automobilak, zergak

Gasolina garestia da. Gainera, 120 egunerako bakarrik gelditzen dela diote. Honen esannahia hauxe da azken batez: Lehenengo gehiago garestituko dutela eta, gero, beharbada, neurtu eginen digutela.

Hor ditugu bestalde, automobilak ere. Hile honetan berriz igoko dute beren prezioa. Ba dirudi, azken denboratan urrezkoa egiten dituztela, zeren... horrelako bategatik kilo erdia ordaintzeko...

Azkenik, zergak ditugu gure eguneroko ogia bezala. Gauza guztiekatik ordaindu behar. Zakur bat duzula eta, abere bat edukitzeagatik, zerga egokia ordaindu behar. Diru pixka bat aurreratzen duzula, berdin. Lan egiten duenak ere deliktu horregatik, ordaindu egin behar du. Automobila izorratu zaizula, pieza berri bat ipintzean, %25 ordaindu behar bere prezioaz gainera. Hauxe dugu asmatu duten zerga berria. Eta, gainera, luxu bat delako. Taxista batentzat, teorian, automobila bere lan tresna da. Praktikan, luxua. Zergatik? Horrela erabaki dutelako.

Honen ondorioak ere, argiak dira. Automobilen segurua ere igo eginen dute. Seguru etxeek diotenez, igoera hau behar beharrezkoa da, beraiei ere automobilen konponketak garestiago irtenen zaizkie eta. Azken batez, nork ordaintzen du guztia?

LANGILEAK. Dendara joaten denean, zeharkako zergak ordaindu behar ditu. Etxean edozein gauza egiteko (orma bat egin, adibidez), Udaletxeari baimena eskatu eta ordaindu beharrean aurkitzen da.

Dena, hitz berdinaz definitzen da: Ordaindu..., Ordaindu..., Ordaindu...

NOIZ ARTE?

Eta, bitartean, gure alokairuak igoterakoan egundainoko oztopoak jartzen dizkigute.

BIXER

Sanitatea

Gai hau aipatzerakoan beharrezko zaigu azken gertaera gogoratzea. Basurtuko ospitalea hertsi dute. Honen arrazoiak, dirudienez, hauk dira:

Zenbait ekiporen kondizio txarrak eta "seguritate sozialak" zor dien dirua ez duela ordaintzen. Bestalde, ba dirudi beste ospitale edo zentruei baino gutiago ordaintzen dietela.

Azkenik, nork ordaintzen ditu hautsitako platerak? Geuk; hau guztiau ordaintzen dugunok. Orain, 1.200 ohe gutiago dugu, eta Kruzesen ez dago lekurik... Bitartean, anbulatorio eta kontsultategietan bulego medikuntzan saiatzen dira. Gaizki zauden eta zer duzun jakin nahi baduzu, osagileari ordainduz bakarrik lor dezakezu. Nola konpondu hau? Bide bat bakarrik dago: Medikuntza arloa herriaren kontrolpean jartzea eta medikuntza pribatua deuseztatzea. Guk ordaintzen duguna, geuk eta, ez beste inork, kontrolatuz. Hauzoetan horretarako komiteak osatuz...

Hauzo elkarteen bitartez... eta abar.

NOIZKO BEHAR DEN BEZALAKO MEDIKUNTZA BAT?


Nazioartekoa

Duela hogeitabost urte. Algeriar askapenerako iraultza. 1954.eko Hazilaren 1a

Deskolonizapen prozesuan herri gutti guttik, Algeriar Herriak bezain kario pagatu dute beren berjabetza. Zortzi urte burrukatan, milioiren bat hil, hamaika biktima torturatuak edo zaurtuak izanik. Algeria izan zen, izan da eta izanen da, inperialismoak meneratutako herrientzat burruka-eredu bikaina.

1954.eko Urriaren 10ean, Kasbah-eko egoitza batean, algeriar iraultzaren buru-zagiek erabaki zuten, zortzi urte iraunen zuen askapenerako gudua, hartarako Hazilaren 1a hautatuz. Hau azkenaurreko bilera zen. Azkena Urriaren 24an gertatuko zen. Bertan, Rabah Bitat, Mostefa Ben Boulaid, Mourad Didouche, Mohamed Boudiaf, Belkacem Krim eta Larbi Ben M'Hidi hotsemaileek onartu zuten "Hazilaren 1eko aldarrikapen historikoa.

"Nazio Askapenerako Fronteak etsai bakarra kolonialismoa du; bere helburu bakarra, nazio askapena, berjabetza. Berak bildu behar ditu Herriaren azku eta oldarrak oro eta algeriar arazoa internazionaldu, bestalde. Burrukabidea: era guztitakoa...".

Izan ere, askapenerako gudua Urriaren 31aren azken minutuetan hasi zen, goizaldeko ordubietan lehertu behar ziren bonba batzuk eztanda egin zutenean Boufarik eta Cellunaf kooperatibetako hangareetan. Kari honengatik, Ouamrane sarjentua Boufarik-eko kaserna eraso beharrean aurkitu zen. Harmak erdietsi nahi zituzten, baina zaingoarenak soilik eraman. Algeria osoan holako komandoen ekintzak hasten dira, ondorio eta arrakasta ezberdinekin, baina Konstantinako hegoaldean, Aurès mendietan errebelamendua goreneko punturaino iritsiko da, Mostefa Ben Boulaid-en gidaritzapean. Khenchelan, futbol jokalariek, militarki jantzita, harmak eskuratu eta polizi komisaldegia esetsiko dute. Telefono eta elektrargi tantaiak moztuta, transformagailuak leherturik, kasernak eta jendarmetxeak erasoak, gordetegiak irazekirik,...

Hazilaren 2an, goizaldean, Aurès mendi hegian, Hady Sadok kaid kolaborazionista eta Guy Monnerot frantses maisua eta bere emaztea hilak dira, Ben Boulaid-en gerrilleroen eskutan. Gobernari nagusi Roger Leonard-entzat ez zegoen honez gero dudarik, Algeria osoa harmatan zegoen.

Aurrengo gertakariak

1945.eko Maiatzaren 8an, Setif-eko hirian merkatu eguna zen. Ohi baino 15.000 lagun gehiago zeuden. Fellah-ak eta merkatariak nondik nahi zen ere etorrita zeuden.

Bezperan, nazionalistak manifestatzera baimenduta zeuden, baina errebindikapen demokratikoak galdatu eta Algeriako oihal zuri-berdea ez agertzeko abisu emanda, polizia-soldaduei su eraginen zien mehatxuarekin, osterantzean.

Manifestapena meskita ondotik abiatu eta hirigunera zuzendu zen. Polizia begirari zegoela, manifestariek algeriar bandera zeramaten mila bat metrotan edo. Hirigunean bertan, komisari batek erauzi nahi ukan zion bandera manifestarietarik bati. Honek gogor egin zuen eta poliziak su. Hildako bat eta zenbait zaurturik. Ondorioz, eta mendeku nahian, manifestariek europarrak esetsi zituzten; poliziak, armadaren sostenguz, desarratu zuen haien kontra. Orotara, ehun eta hamabi frantses hilda, hamarretik berrogei milatara algeriar gorpu, hiria okupaturik, Takrtount eta Oved Marsa herriak bonbakaturik.

Frantses Gobernuaren iduriko, "konspirazio faxista" zanpaturik zegoen.

Eratzen hasten dira

1946.ean Erakunde Sekretua sortu zuten zenbait militante nazionalistak. 1950.ean, koloniar poliziak eragabetuko zuen, 1954.ean birsortzeko Ben Bellaren gidariaren pean eta MTLD alderdiaren babespean.

Barne-hauziak gainditzeko, Erakunde Sekretuaren (Boudiaf, Boulaid, Ben M'Hidi, Didouche) gizon gainenek eta MTLDren (Khider, Belkacem Krim, Ben Bella, Ait Ahmed) Alkairoko ordezkariek sorteraziko dute Batasun eta Ekintzarako Batzorde Iraultzailea.

1954.eko Urriaren 10ean, Nazio Askapenerako Frontea eta Nazio Askapenerako Armada sorteraziko zituzten, haik arrakastatsuak izanen zirenak hurrenekoan.

Burruka abertzalearen gidaritza, burjeseriaren eta bere intelektual sozialdemokrata, ezkertiar jantzidunen eskuetatik iraganen zen burjeseria ttikiaren eta algeriar nekazalgoaren eskuetara. Algeriar Herria eskenaratu eta zein nor zen ikusten hasi zen.

Ondorengo gertakariak

Hazilaren 1aren ondoko seigarren hilabetean, OTANen sartutako lehen dibisio berriak heltzen hasi ziren. Aldi berean, algeriarren "berrezarmenduak" hasten dira, burrukari abertzaleei beraien sostengua galerazteko asmoz.

Jadanik, ba dihardute sei wilayak sendotuki: 1.a, Aurès ardatz duela, gerrilleroetarik 15 %-ekin; 2.a, Konstantinerriko iparraldea hartuz, Setifetik tunisiar mugaraino, abertzale kontingenterik laurden batekin; 3.a, Setifetik hiriburu alderaino, 10 %-ekin; 4.a, Algeretik Ouarseniseraino; 5.a, Oran, Tlemcen eta Mostaganen-eko departamenduak hartuz, eta azkenik, 6.a, Ksour mendien aldea.

Bi milioi algeriar kontzentraguneetan jarriak izan ziren, kolonialistak errendatu baino lehen 1881 kontzentrategi zeuden milioi t'erdi lagunekin. Frantses armadaren milioi erdi soldadu zeuden eta, ahantzi gabe doa, OAS famatua, "zango beltzen" (pieds noirs) erakunde zanpatzaile eta asasinoa.

Baina dena hutsaren hurrengoa zen, dena kolonialista zakarren etsigarria, iraultzaileen aurkako hertsadura alferrikakoa.

Algeriar Herria bere Historia berridazten hasia zen eta segituko.

M.A.

***

Askapenerako buruzagiak

Hocine Aitahmed

Alkairoko Nazio Askapenerako Frontearen (FLN) ordezkaritzaren kidea. 1954.ean Ben Bellarekin batera hatzemana. Berjabetzaren ondoan, "Indar Sozialisten Frontea" deitu alderdi politikoa sorterazten du; ondoren Kabylian gerrillero talde bat ere sorteraziko zuen. Hatzemana, hiltzera kondenatua eta indultatua. 1966.eko Apirilean itzuri eta herbestean bizi da.

Ahmed Ben Bella

Alkairoko FLNaren erakundearen arduraduna, Erakunde Sekretuaren buru zaharra. Algeren, Urriaren 22an frantsesek hatzemana. Algeriako lehen Estatutu-burua, 1965.eko Ekainaren 19an Houari Boumediene koronelak Estatu-buru plazatik egotzia. Aurten arte baztertuta, egun egoitza mugatu eta begiratu pean dago.

Larbi Ben M'hidi

Oran-herriko arduraduna errebelamenduko unean. 1957.eko udaberrian jauskariek (parakaidistek) asasinatua, Algereko batailaldian.

Rabah Bitat

Errebelamenduan Algereko eskualdearen arduraduna. 1955.eko Otsailean atxilotua. Askatutakoan, Estatu ministraria, Gobernuaren lehendakariordea, Garraiotarako ministraria eta Biltzarre Nazionaleko burua izana.

Mohammed Boudiaf

Barneko burrukarien eta kanpoko erakundearen bitartekoa eta sei wilayaren baterakuntzaren arduraduna. Ben Bellarekin batera hatzemana. Oposiziora iragan eta egun herbestean bizi da.

Mostefaben Boulaid

Aurès-eko arduraduna 1954.eko Hazilean, bertan lehenen sortu zelarik errebelamendua. Burrukatan hil zen 1956.ean.

Mourad Didouche

Ipar-Konstantinoko arduraduna. 1955.eko Urtarrilean hila da, jauskariekin oldartze batean.

Mohammed Khider

Alkairoko FLNaren ordezkaritzaren kidea. Ben Bellarekin batera hatzemana. Berjabetzaren ondoan oposiziora iragan eta Algeriatik itzurtzen da. FLNaren "gudurako altxorraren" kontu irekiaren jabea, suitzar bankan gordetako hirurogeiren bat milioi liberatakoa zelarik hura. 1976.eko Urtarrilaren 3an atentatutan hila da Madrilen.

Belkacem Krim

Matxinadaren hasieran, Kabyliako arduraduna bere aldekide Ouamranerekin batera. 1958.ean, behin-behineko Gobernuaren lehendakariorde izendatua, Evian-eko akordioen negoziatzaile eta sinatzaile, berjabetzaren bidea irekirik. Oposiziora iragan eta 1969.eko Apirilaren 7an Oraneko Hauzitegi Iraultzaileak hiltzera kondenatua. 1970.eko Urriaren 18an, Frankfurteko hotel batetan hilik ageria da.


Nazioartekoa

Frantziako zenbait politikari urduri

Hau bai arazo itzela herri honetako gobernuan parte hartzen dutenentzat!: Urriaren azkenaurreko asteburuan, Lan-ministraria, Boulin jauna halegia, hilik agertu zen urtegi batetan, eta gainera, buruhiltze antza zuen hark! Laster, beraren alboan aurkitu ziren gutun batzurengatik, egiatan ministrariak bere burua hil zuela jakin zen, eta handik aurrera, normala denez gero, informabide guztietan, heriotzeaz, arrazoietaz, errudunetaz, eta abarretaz mintzatzen hasi ziren... eta gauzak nahasteko, bi egun beranduago, zenbait egunkaritara Boulin berak, hil baino lehen, bidalitako eskutitzak agertu ziren.

Jakina zen ministrariaren fama nahiko konprometaturik egon dela azken hileetan, lur-zati handi baten jabetasuna eta esplotakuntza kausa zirela. Arazoa justizia—bideetatik zebilen, den dena oso nahasia baitzegoen. Hala ere, nola espero horrelako amaiera tragikorik?

"Affaire" honen lehen ondorioa, prentsaren askatasunari buruzkoa zen: pertsona publiko baten entzute ona dudatan ipini ahal da, bere arazo pertsonalak haizetara ateraz?; hots, nahiz eta gaia "Le Monde" eta "Le Canard Enchaine"-ren metodoak juzkatzen ziren, batez ere.

Kontrako eta aldeko argumentuak ematen segitu zen, eskutitz famatuak agertu arte, zeren momentu horretan zerbait interesgarriago baitzuten eztabaidatzeko. Gutun horietan, Boulin jaunak, beraren ustez, bera betetzen zuen zoritxarraren errudunen izenak eta ekintzak aipatzen zituen: Justiziaren ministraria, R.P.R.-ko zenbait burkide ezagun, beraren arazoa aztertzen ari zen jujea,...

Hori bai izan zela eskandalua eta esamesen sorburua! Atakatuak izan diren guztiak beren burua defendatuz, besteak, benetako gertaerak eta errudunak ezagutu nahiz, gehienak, edo asko gutxienez, affaire honetaz ahal den gutxiena hitz egin dadila gura izanez agertu dira. Azken batetan, nola interesa dakioke boterean dagoen norbaiti zapi zikinak ateratzea? Hala ere, hau idazten nagoela, Boulin hil zela 10 egun direlarik, oraindik ari dira eguneroko prentsan erruaz eta inplikazioetaz mintzatzen.

Zenbat zikinkeria ikusten da boterean, edo gutxienez, politika-munduan, parte hartzen dutenen artean! Ba genekien jadanik horrela dela, zoritxarrez,... baina argiegi ikusi da, askoren ustez, oraingo honetan.

Maria Jesus Esteban


Nazioartekoa

Hego-Koreako afari odolezkoa

Park Chung Hee-k diktadura gogorrean ziharduen hamazortzi urtez Hego-Korean, beraren aldekideek asasinatua izan arteino. Estatu-kolpe labur eta arteza, lehenengo berrietan istripu antza eman zaiolarik. Boterearen gainean orain jarriko da, Park-ekin batera bere karrera egina duen gizona, Choi Kyu Hah lehen ministraria. Hau berau diktadoreak berak izendaturik zegoen, bere ondorengo gisa. Gizon gogor, diktadore kontsideratuta dago. Ez da arrazoi zurigarri samarra herrialdearen demokratizatzaile gisa itxura dadin, holako papera jokatu behar badu. Azken batean, asasinatu Estatu-burua lehenik komunista, gero demokrata eta botererakoan faxista antzeko diktadore agertua zen bestorduz.

Aurrenengoa eta Park

Park izan zen, Syngman Rhee gure garaietako diktadore handietarik beste baten ondokoa. Syngman Rhee, 1875.ean jaioa eta 1948.ean boterera iritsia dugu, hirurogei eta hamahiru urte zituelarik; agure temati eta krudela zen, liberal eta demokrata kolorez estalia. Nazionalista independentista, kristaua, konserbadoreek jazarria. Amerikar erako hezkuntza hartu ukan zuen; George Washington Unibertsitatean, Harvarden, Princetonen, Filosofiazko doktore egin zen. Baina agintedun izan bezain laster, Biltzarre Nazionala purgatu, oposizioaren aitzindariak —haien artean, Alderdi Progresistaren idazkari nagusia— hiltzera kondenatu eta terreatu, exekutatu, alderdiak debekatu, eta askatasunak galdatzen zituzten ikaslariak odoletan hertsatu egin zituen.

Estatu Batuentzat gizon baliagarria izan zen, Ipar-Koreatik iragazitako komunismoaren galerazteko, baina demokratak (?) tiranoen ordez jartzeko bolada hasi arteraino soilik. Rhee agintetik egotzia izan zen, Hawaira herbesteratu eta herbestean hil 1965.ean. Nahaspilaldi politikoaz geroztik, 1961.eko Maiatzaren 16ko Estatu-kolpea gertatu zen.

Aldi hartan, Kennedy Etxe Zurian zegoen eta kanpoko politikamoldearen berrikuspena egiten ziharduen. Estatu-kolpea Park jeneralak kudeatuta zegoen, hasiera batean, berreraikuntza nazionalerako Goi-Kontseiluko lehendakariorde agertu zen arren. Hilabete batzu geroago, Errepublikaren Lehendakaria zen, asasinatua izan zeneko ostiraleko trajeria agitu arterainokoan.

Park Chung Hee larderiatsu eta misteriotsu bezala kontsideratua zen. Haren larderiaren eta bortizkeriaren eskola ezagun ezaguna zen: Japoniako Enperadoregoaren Militar Eskola eta bere Armada, Estatu Batuen aurkako gudualdian, 1940.etik 1945.erarte, Japonia garaitua izan zen arte. Amerikarrek korear penintsula okupatzen dutenean, bertara doa Park, agian amerikarrek etsaiez baliatzeko ohitura baitute beren helburuetarako, agian Japoniar Armadan amerikarren interesen pean baitzegoen hura. Korean, Estatu Batuek ezarri eta zuzendutako militar eskola batetan berronetsi zizkioten, Japoniar Armadan lortutako militar graduak. Bertarik, Korear Polizi Indarra zeritzonaren kapitain eginda irten zen.

Urtebete geroago, Park egitate are misteriotsuagoan sartuta zegoen. Hatzeman eta komunistagatik juzkatu zuten. Akusatu zitzaion, Korear Polizi Indarrean desmoralizapen komunistazko kanpaina bat egitea. Militar Hauzimahaiak kulpant eriden zuen eta ondorioz, hiltzera kondenatu. Baina gertaldi hau ez dago klarki, zeren eta exekutatua izan ez baitzen. Are harriagoa dena, Armadan berriz onartu zuten! Ipar —eta Hego— Koreen artean gudua hasi baino bost egun lehenago, hain zuzen, gerraondoko gertakaririk orozgainena izanen zena. Park antikomunista porrokatua ageri da honez gero Baina, misterioz misterio, ez zuen sekula ere burrukatu, diotenez. Eta fite goratua izan zen militar mailaketan, ordea. Gizon Honek, 1946.ean komunista izateagatik kondenatua, komunisten kontrako guduan dibisioburu edo dibisio-jeneral graduarekin bukatuko du, kapitain gisa hasitakoan. Hau denau hiru urtetan abantxu.

Park, boterearen eskenara

Honako jeneral hau, tiranoa 1961.ean erorerazten duen Juntan ageri da, bi hilabete geroago Errepublikaren ordezko lehendakaria da, 1963.ean lehendakari hautatua, azken finean. Estatu Batuek sostengatuta, noski.

Aldi hauetan, Park demokratizatzaile agertzen zen. Jadanik 1961.ean ba dio berak, ezen demokraziaren ezartzeko, herrialde gaizki gobernatuan (Chang Myun katolikoak gobernaturik) ordenu pixka bat jarri beharra dagoela eta beraz, Biltzarre Nazionalaren deuseztatzea beharrezkoena dela. Bestalde, noski, komunismoa eta aginte-ustelkeria gatazkatu beharra. Komunismoa eta ustelkeria gatazkatzeko bideak ekonomiaren zuzpertzea eta askatasun publikoen ezartzea ziren, baina beti Kennedyk urrundik onetsitako horrako ordenu horrez. Askatasun publikoek itxaroten ahal zuten; berez etorriko ziren bizimaila goititzean. Lehendakariaren boterea erabatekoa zen. Bi gertakarik gehixeago indartuko zioketen bere boterea. Alde batetik, Kennedyren asasinatzeak eta Estatu Batuen kanpoko politikak gizon gogorrak sostengatzeak, lehenik Johnson-ekin eta bigarrenik Nixonekin. Bestaldetik, Viet Nameko guduak, hau Asian barna sartzearen arriskuak eta bi Koreen artean istilua birsortzeko beldurrak. Ondorioz, demokrazia betikotz galdu zen, aginte-ustelkeriak ez zuen mugarik, oposizioa suntsitu eta hertsadura bizkortu zen. Egiatan, Park-ek ezin egin ziezaiokeen Syngman Rhee-ri inolako erreprotxurik. Zailtasunak agertzen zitzaizkionean, gudu-legeari eusten zion.

Betiko leloa komunismoa zen. Aldi batean, Park bera kondenatzeko arrazoia izan bazen, orain harako arrazoi hartaz baliatzen zen bere etsai politikoak kondenarazteko.

Baina ba gaude Carteren garaietan, diktaduren purga-haroan eta giza eskubideen gaiari ekitean. Gudu-legea abolitu egin zen eta, Park lehendakaritzarako birhautatua izan baitzen 1978.ean, amnistia dekretatu, Carteren onespenaz, klarki. Bost mila preso politiko kaleratu ziren, batzu, Iparrarekin izanikako gudualdian atxiloturik; beste batzu, prozesurik ezagutu gabeak. Oposizioa abiarazten zen modu hontara.

Hala ere, ekintza politikoaren kontrako mediorik zeukan Park-ek. Hauzitegiek King Young Sam, Alderdi Demokrata Berriko hotsemailearen deputatu aktari uko egin zioten, haren gogaideek dimititu zuten eta karrikakurridak hasi ziren, ikaslarien aldetik batipat. Azken hau hertsatzeko, gudu-legea berrezarria izan zen. Amnistiaren ondoan, gartzelak eta kontzentrategiak berriz bete.

Asasinatze eguna

Hau honela, asasinatua izanen zeneko afarian gaude, KCIAren (Korean Central Intelligence Agency, holaxe deitua baita!) eraikuntza batean eginda. Bertara, Park lehendakaria, Kim Jae Kyu KCIAren buruzagia, Cha Ji Chul lehendakariaren bizkartzaina eta Kim Kae Won, Park-en idazkari-burua agertu ziren. Kim Jae Kyu eta Cha Ji Chul zeziotan hasi ziren eta Kim-ek pistola aterata su egin zuen, beste KCIAren kide batzuk era berean egiten zutelarik. Ondorioz, sei hil; haien artean Park eta Cha.

Hasieran, Gobernuak esan zuen lehendakaria Kim eta Charen arteko istilu ezusteko baten biktima zela. Azkenik, bi egun geroago, Kim-ek aldez aurretik asmatutako asasinatzea zela.

Gobernagailuak abiatu egin ziren. Choi Kyu Hah lehen ministrariak, manua zenez, Park-en ordea hartzen zuen eta lehendakaritzarako hauteskundeak hiru hilabetetako legezko epean izanen dira.

Estatu Batuek Estatu-kolpea zela baietsi dute eta hau egiteko ba daukate medio frango (40.000 soldadu, Hego-Korean, kontseilariak edonon, enbaxada handia eta berezitua). Bestalde, iragarria dute bien arteko erlazioek aurrera segituko dutela eta Ipar-Koreari abisu ematen zion istilu hontan guziontan eskusartzerik ez ukateko. Bai, holaxe aginte berria sendotuko dute.

Sovietar Batasunak salhatu duenez, txotxongilo-aldatzea besterik ez da izan afaltiarren komeria trajiko hura.

M.A.


Nazioartekoa

Karibea sutan

Alarma txinpart bat sutu da Karibeko irlek eratzen duten uztaian.

Beren independentziarantz esperimentatu duten aldaketak eta haien kokatze geopolitikoak Kuba eta Estatu Batuen nagusitasun nahia piztu dute. Eta aitzindaritza eskuratzeko borrokan Venezuela agertzen omen zaigu bitarteko, hirugarren irtenbide bat eskainiz, eta horrelaxe agertu da Nazio Batuen foruan eta O.E.A.-n.

Izan ere, ezin zezakeen inork sinets Carter-en erabakia maniobra militarrak, inteligentziazkoak eta politikoak Karibean gehitzeko bakarrik sovietarren presentzia Kuban izan zitekeenik kausa.

Key West-en, Floridan, base militar bat ezartzeko erabakiak, Guantanamo-ko badiara beste 1.500 marine gehiago bidaltzeak eta Karibeko "jokuek" beste zer edo zer adierazten dute, politika determinatu batekin herstuki lotzen dena.

Grenada, Santa Luzia, Dominika eta Nikaragua elkartu dira Jamaika eta Guianarekin inperialismoaren kontrako jarrera tinko bat hartuz eta beren subirotasunaren baiezpenean. Eta USA-k bere "atzeko patiotzat" duen eskualde horren eboluzioak arras kezkatu du Washington.

Tropak Kuban edukitzeak abagadune polita eman zion Carter-i egun eskualdean dauden nazio askapenerako herri mugimenduak suntsitzeko, eta beronek, beharbada hobatu zuen haren imajina, gizon gogor eta zirt edo zartekoarena, eta senatuaren eskuz SALT II tratatuaren berronespena eskuratzeko posibilitatea gehitu.

Zalantzarik gabe, Kuba guztiz interesatua agertzen da Karibeko herriekin erlazio zabal-zabala finkatzeko eta bere eragin politiko eta ekonomikoa (eta baita militarra ere) handiagotzeko. Eta hemen, munduko hainbeste lekutan bezalaxe, Kubaren laguntza iraultzailea dager, aurre-aurrean "Sam Osaba" egon arren.

Baina eskualde honetako interesaturik handiena Estatu Batuak dira, eta arrazoi askorengatik.

Karibea, bai ikuspegi militarretik eta bai ekonomikotik ere, garrantzi handikoa dugu Estatu Batuentzat.

Eskualde honetarako estatubatuarren esportaketak bi mila milioi dolar ingurukoak dira urtero, eta inportaketak bost mila milioi dolarrekoak, haien bauxita inportaketa osoaren 63 %a eta haien Petrolio erosketa guztien 12 %a barne direlarik.

USA-k eskualdean dituen inbertipenak lau mila milioi dolarrekoak dira.

Argi eta garbi ikusten da USA-rako Karibeko irlek duten garrantzia, lehengaiak eskuratzeko batez ere.

Orain arte hondartza eguzkitsuekin eta dibertsiorako irla paradisutarrekin hain lasai eta harro egon diren amerikar komunikabideak eta gobernariak beren kezkak agertzen hasten dira, eskualdearen finkotasunerako "kubatar mehatxuaren" arriskuaren aurrean.

Eta Guantanamo-ko pantominaz aparte, neurri gogorragoak hartuko bide dituzte Estatu Batuek, baldin beren nagusigoa galdu nahi ez badute.

Karlos Santisteban


Gaiak. Literatura

Daniel Landart: zirraragarritasunaren garaitia

Uda honetan erosi eta orain astebete irakurria, ezin ezkuta dezaket Daniel Landarten liburu berriak egin didan zirrara. "Haur denboretako hixtorio-mixterio" batzuk baino izan behar ez zutenak zirrara eta laztantasunaren gailurretara heltzen direlarik, antzerki abertzaleen Daniel baino gehiago,

Zure begiek

ene maitia,

ba dute biek

dirdir eztia...

poemaren egile boteretsua baiterakarte gogora, hitz hautatu, imajina apur eta erritmu zalu eta bizkorraren Daniel. Bihotz eta gogoei zirkin eragiten dien idazle ahaltsua, hizkuntza aberats eta batera lar nahasmendurik gabekoa, baina abagadune bakoitzeko adierazpide egokia bilatzen duena. Liburua amaitu eta, tankera-ikasgai batzu ote ziratekeen galdetu nion neure buruari, hain baita, batetik, gaiaren garrantzigabekoa, antzaz, eta zoragarri, berriz, erdietsiriko adierazkortasuna. Esaldi labur eta zehatzez, deskribatu nahi denaren gunea erakusten dakiena, bihurgunerik gabeko, amerikarrek ohi duten abiadura ikaragarri horretaz. Lau marra eta argazki bat. Bi zertzelada eta filme oso bat. Arrapaladan igaro egiten diren pasadizo eta ikuspegiak; haatik, osotasunez igarotzen direnak. Ez da, hain segur, prosa, hitz lau ahalguztidun bat, erran nahi baita, edozertarako balio duen prosa horietako bat, eman dezagun elaberri luze bat idazteko modukoa, nik uste; ez dago zalantza-izpirik, baina, hori dela haurtzaroko oroimen batzuk eman dezaketen gaina. Beste era batera esatearren, polita

Ez da gainera ezelako propaganda politikorik egiten, Nafarroa Behereko herrixka batetan jaio mutil baten bizitzea kondatzen baizik. Hori izan baitaiteke arrisku bat (teatroan egiten duena, eta dutena, ez da oraingo gaia), herri-kontzientzia sortzekotan hastea, eta hori ez da, ezelan ere ez, literaturaren funtzio nagusia. Oroz gainetik literatura izan behar baitu literaturak, dasta daitekeen eta jendeen interesa sor. Eta ageriko da liburu eder horrek ez duela zerikusirik inongo panfletorekin; ez du deus zor. Gainerakoan, ez da Euskal Herri idilikoaren deskribaketa, Danielen haurtzaroko Euskal Herri erreala baizik, gogor, lantsu eta mila problemekin:

"Abertzale bilakatu nintzen.

Abertzale.

Ene biziko hirugarren zatia hasia zen"

Liburuaren bukaeran esanen den modu horretara idazle on honek konpontzen saiatzen den arazoen Euskal Herria.

Ez da ezein topiko hurrengo lanaren zain gauzkala egileak esaten badugu. Irrikaz baikaude, antzerkiez gain, hain erregularki sortzen dituena, —oso zail badira ere lortzeko edo eta antzeztuak ikusteko, Hegoaldean behintzat—, zerbait gehiago eta handiago egiteko aski zenaren jabe dela erakutsi baitu argiro gure nafarrak, hain ahul ez diren aihen askok, izan ere, berentzat gura luketen indar eta sormen mugagabekoa.

Orain liburuaren zati polit bi transkribatzen ditugu irakurlearen asegarri.

Esan egin behar da, esan, baina, oso ondo argitaratuta dagoela liburua, argi eta apain, eta errakuntzarik gabekoa, zoritxarrez oraindik euskal liburuekin maiz gertatzen ez dena. Bihoazkie hemendik nire zorionak Elkar argitaletxeko lankideei, aurrera eginen duten itxaropenaz.

Erostekotan: Daniel LANDART, Aihen ahula. Haur denborako hixtorio-mixterio..., Elkar, Donostia. Edozein liburudendatan.

Bataioa (15. or.):

"Sendatu nintzeneko, herriko elizara eraman ninduten eta han Jean Arbeletxe jaun apez ahaideak bataiatu, Gatza biziki gazia eta ura berriz hormatua; denbora guztian ez omen nintzen nigar egitetik isildu.., Pettan Durruti eta Jana-Mari Landart okaztaturik atera baitziren, zer semehatxi bihurria zuten ikusirik..."

Etxea eta Etxekoak (15.-18. ork.):

"Ene sortetxea baserri bat da. Ez ttipi, ez haundi, familia baten hazteko doia. Ez zaharregia ez eta berria... goxo du barnean bizitzeak. Ate nagusitik begiratuta, ez dira mendi tontor harritsu edo zuhaitzez estali batzu baizik ikusten. Zilo batetan gordea; iduri luke munduko nahaskeria eta furfurietarik urrun bizi dela; bakar bakarrik; hain hurbil dituen Isturitzeko eta Otsozelaiko harpeetan laminak bizi ziratekeen bezala.

Aitatxi Eñaut Urruti, Armendaritze Meharrian sortua, hamalaueko gerlan bi aldiz kolpatua, biziki eleketari pollita eta merkatuz-merkatu anitz kurritua; amatxi Dominika Durruti, Harrigainbordan sortua eta bere bizi guztian han egona; aita Batita Landart, sortzez Isturitze Larrondokoa, Oragarre Haizaharrean ttarrottua eta ene ama Kattalin Urrutirekin etxera ezkondua; horra familiako jende handiak. Bestalde, bi arreba.

Bata, hamaika urtez zaharragoa, Mayi; bestea seiez, Beronika. Eni aldiz Daniel eman didate izena, sortu nintzen egunean saindu hori ospatzen zelako. Beste izen bat ere lotuz: Pettan, bataioko ene jasalearena".

Ttipi ttipian bi presunek besteek baino barnago hunki naute: amatxik eta aitak. Gehienik amatxik hazia nau. Haren itxura beti begietara heldu zait. Ileak, xuri baino xuriagoak, begiak eme, gorputzez xut eta mehe; arta haundienarekin zaintzen eta laguntzen ninduen, eta mintzatzen zelarik, hitz goxo, ezti eta kontsolagarri batzu baizik ez zituen erraten.

Aita aldiz, beste begiz ikusten nuen. Aitaren beldur nintzen. Biziki beldur. Gorputz sano, begia pizu, buru zentzaduna, oroz gainetik larderia handiko, guti mintzo baina behar zelarik ongi.

Iluntzeetan, landeetarik sartu eta, behi deizteko denboran, anitz kantu xaramelatzen zuen eta haietarik zenbait, Pettan orduko gure mutilari erakasten; xoragarri baitzen geroago haien entzutea. Ardura, bi bozetan kantatzen zuten: "gauaz ibiltzen dena ez da zuhur ari" eta erran nezake hori dela ene aitaren kantu maiteena.

Behiak deitzi bezain laster sukaldera heldu zen baina kanturik egin gabe; aitatxiri ez baitzitzaion hain laket eta, aitaren iluntzeetako bozkario hori... Elkarrekin afaldu eta, emazteek baxerak ikuzteko artean, aitak bere altzoan hartzen ninduen eta trangalatuz "Arri arri mandoko, bihar Iruiñerako" kantatzen zidan... Ez luzaz haatik, bestenaz aitatxik ez baitzezakeen bere egunkaria behar bezala irakur... Eta (hitz dizuet) egunkari hori sakratua zitzaiola... Hainbat gaixto beraz guretzat, ez baldin bagenuen aitatxiren lehen keinuan berean konprenitzen... bai ttipi, bai haundiek.

Aitaren altzoan egotea... Nahiz larderiatsua, hotza eta bortitza izan, aitaren egitate amultsu horrek lasaitzen ninduen, ene alde zuen maitasuna sendiarazten baitzidan. Baina luzaz eta luzaz aita gogoan pentsaketan egoten naizelarik, ez dut uste sekulan zinez ni baitan sartu denik eta beti nonbaitik etorritako gizon arrotz batentzat hartu dut (egia da ni egin aitzin bost urte pasatuak zituela Alemanian) eta nago ez ote diodanez errespetu gehiago erakutsi, amodio baino?

Eta ama? Beti gauza zaila da nor bere amaz mintzatzea. Amarentzat dudan amodioa hain haundia eta bitxia da non ez baitezaket hitz aski hunkigarririk aurki haren goraipatzeko. Ba dakit ene ukatea zernahi gosta zitzaiola; azken hiru hilabeteak etzanik pasa behar izan zituen, den-mendreneko lanik egin gabe, oroz gainetik anitz sofrituz eta frangotan herioa gogoan.

Beharrik ongi inguratua zen. Hor zituen halabaina, bere ama eta ahizpa Julie, hiru urte nituelarik ezkondu zena. Baina berak dioenez, ene ukate horrek arras kraskatu zuen; halere zenbait hilabeteren buruan kanpoetako lanetan berriz hasi zen, indar eta nahikari gutiagorekin haatik.

Maiz kanpoan zelako hain segur, ez dut neure amaz orduko oroitzapen argi-argirik, baina... gure etxe gainean noiznahi entzuten ziren ortzi karraska ilun edo zimardika batzuren plomuan emateko parerik ez zeukan. Beharrezko zen eta oraino beharrezkoa da. Kalapitak eta oihuak ez ditu maite; edo izatekotz beti kalapiten beldur izan da eta bere burua, hobeki errateko bere bizi guztia eskaini eta eskaintzen du, gauzak hein batetan bederen, ahal bezain ongi joan daitezen.

Gure ama da, oroz gainetik, etxeko bakearen gidari ezin aski estimatua, "baxera hautsien" pedaxatzaile bihotz haundikoa...

Mayi eta Beronika neure arrebekin, ez naiz sekulan hainbat akomodatu... handiegiak ziren,.., eta emeak... Anaia bat nahiko nuen... Burrukan aritzeko... Baina zer diot? Burruka ez dut maite..."

Andolin Eguzkitza


Gaiak. Kultura

Prudenzio Hualde Maio hil zenez gero ehun urte (1823-1879)

Louis-Lucien Bonaparte

Louis-Lucien Bonaparte printze eta euskaltzaleak garrantzi aparta du euskal hizkuntzalaritzaren historian. Napoleon I enperadoaren loba izanik, Europan eta Ameriketan barrena ibili zen kimika eta mineralogia aztertzen gaztetan, baina gero linguistikaz arduratzen hasi zen eta batez ere, euskarari buruz. Bost hizkuntzatan irakurri eta idazten zuen: frantsesez, italieraz, ingelesez, espainolez eta euskaraz, eta beste zenbait ere ezagutzen omen zituen. Baina euskararen mintzamolde desberdinak izan ziren, batipat, bere aztergaia. Bost bidaia egin zituen 1856. eta 1869. artean Ingalaterratik Euskal Herrira, euskalki orotako laguntzaileak hartu zituen Euskal Herrian zehar eta eskuzabalez ordainduriko itzulpenak agintzen zizkien.

Agian ez genukeen Prudenzio Hualde Maio ezagutuko Louis-Lucien Bonaparte-k laguntzailetzat hartu izan ez balu, honek eskatu izan ez balio, ez baitzukeen deus ere idatziko. Baina Prudenzio Hualde Maio, Mariano Mendigatxa-rekin batera, printze euskarazaleak Erronkarialdean izan zuen laguntzailerik bikainena izan zen.

Prudenzio Hualde Maio

Prudenzio Hualde Mario Erronkariko ibarrean sortu zen 1823.ean Bidankoze deitzen den herriskan. Haren aita bidankoztarra zen, Fermin Hualde, eta haren ama uztarroztarra, Maria Josefa Maio. Prudenzio Hualde Maio, elizgizon ikasketak egin eta, Bidankozeko erretora izendatu zuten 1853.ean. Geroztik bere sorterrian biziko zen, herriska ttipi eta urrunaren lasaitasunean eta kanpandorrearen gerizpean. Garai hartan euskaraz mintzatzen zen Erronkarialdean. Baina Prudenzio Hualde Maio hil zenean, 1879.eko Abenduaren 9an hain zuzen, jadanik susma zitekeen galbidea eta mende erdi batean iraganen da Erronkari euskalduna izatetik erdalduna izatera.

1856. eta 1869. artean L.L. Bonaparte printzearekin izan zituen harremanak. Alde batetik, San Mateoren Ebanjelioa itzuli zuen Erronkariko euskarara. Itzulpen hau oraindik ez da argitaratu osorik eta Nafarroako Diputazioko artxiboan datza.

Geroago, Astete Aita-ren dotrina ere itzuli zuen erronkarierara eta L.L. Bonaparte-k beste itzulpen batzurekin batera argitaratu zuen 1869.ean Londresen: "Le petit Catéchisme espagnol du Astete en trois dialectes basques". Hirurogeita hamalau horrialdetan zehar, aiezkeraz, zaraitzueraz eta erronkarieraz. Aiezkerara bik itzuli zuten, Pedro Jose Minondo Garraldako errientak eta Martin Elizondo Aribeko ostalariak. Zaraitzueraz Pedro Jose Sanper Eaurtako erretoreak. Eta erronkarieraz Prudenzio Hualde Maio Bidankozeko erretoreak egin zuen hain zuzen.

Erronkarieraren galera

Astete-ren kateximako "Aita Gurea" emanen dugu ondoren, Prudenzio Hualde-k itzuli zuen gisan eta ortografia gaurkoturik, erronkarieraren aidea erakusteko:

"Aita goria, zeurietan zaudena; santifikatruk izan deila zore izena; xin bekigu zore reinua; egin deila zore borondatia nola zeurian, kala lurrian. Emon dazkigu zu egun gore egunorozko ogia, eta parka dazkiguzu gore zorrak, guk guri zordeiner parkatan digun bikala, eta ez gidizazu eitz tentazionian erortra; baizik libra gidizazu gatxetik. Amen"

Ikus daiteke esaldi hauetan zer aparta den erronkiera. Louis-Lucien Bonparte-k bere dialektoen sailkapenean zubereraren barnean sartzen zuen. Resurrección Maria Azkue euskaltzainak, aldiz, euskalki autonomotzat hartu zuen eta geroztik hala klasifikatu ohi da.

Baina Prudenzio Hualde Maio, Mariano Mendigatxa, Julian Gayarre eta enparatuok Erronkariko azken euskaldunak ziren, azken mohikanoen antzera. Julio Caro Baroja, Anjel Irigarai, Jose Estornes Lasa, Jose Maria Sanchez Carrión eta bestek aztertu izan dute Erronkariko euskalkiaren galera, zelan galdu zen belaunaldi batetik bestera, alegia. Hizkuntzaren aldaketa Erronkarin txit azkar gertatu zen, XIX eta XX. mendeen arteko gurutzean erdaldundu baitzen ibar guztia. Erronkariko artzainek Erribera eta Aragoa aldean iragaiten omen zuten negua eta gizon hauxek ziratekeen batipat erdararen sartzaileak. Duela hamarren bat urte hil ziren Erronkariko azken euskaldunak, andereak, atsoak. Gaur egun erlikia bat baino ez da Erronkariko "uskara" ohia, euskararik apartena zena.

Joseba Sarrionandia

***

Arzatzak eta otsua

Mariano Mendigatxa

Axuri saldo batarik zuatzan bi arzatz ezkapatruk ardietra, usi batan igartiari, erkin zitzabein otso bat, eta erran zabein:

— erremediorik bage biar daizeid xan bata.

Arzatzak honen entzutiari, asi zren nexarrez eta llantoka erraiten zabein, batak:

— eitz nazak niri; berziak;

— ez nazak niri xan.

Otsuak konsentitruk xa, asealdi baten artra etarik, erran zabein:

— ixihtei, trata zazei bien artian zoin biar tzein izan.

Bertan tratatu zein arzatzek, eta erran zabein otsuari:

— yi egonadi kemen ikurik; gu ixaren gutuk yire bi altetarik, bapana giauren altetik; atziriten gutuk amabi urratsez kantik, arrankaten gutuk beinkoan, eta lein eltan grena yiri tokatra, eitzen gutuk libre.

— onki —erran zabein otsuak—, baia izan deila bertan.

Jesusian egin zein arzatzek azionia; lasterrian, biak eltu zren beinkoan; en tokatiar otsuari ezkapatu zitzazkan tripak giltzurrinetarik eta kostilla guziuak baratu zitzazkan tortilla batian. Bitorrez arzatzek modo konez erran zabein otsuari:

— mertxede kaur egin daiguk yik guri; egin nai ionaren paku konserba zak gutaz asetako ganiua, berriz el gitian artio salutatra.

Sartu zabein sudurretarik bapanak uzker bana, eta gero fan ziren beren bide zameinz.

Ahariak eta otsoa

Bildots saldo batetik zihoazen bi ahari ezkapaturik ardietara, baso batean iragatean, irten (ilki) zitzaien otso bat, eta esan zien:

— erremediorik gabe behar dizuet (zaituztet) jan bata.

Ahariak hau (honen) entzutean, hasi ziren nigarrez eta malkoz esaten zioten, batak:

— utz nazak ni; besteak:

— ez nazak ni jan.

Otsoak, kontsentiturik ja(danik) asealdi bat hartzera haietarik, esan zien:

— ixil zaitezte, trata ezazue bien artean zein behar duzuen izan (zuetarik zein behar duen izan).

Bertan tratatu zuten ahariek, eta esan zioten otsoari:

— hi egon hadi hemen geldirik; gu ezarriko(ren) gaituk hire bi aldeetarik, bakoitza geure aldetik; atzeratuko gaituk hamabi urratsez handik, arrankatuko(ren) gaituk behingoan, eta lehen heltzen garena (dena) hi(ri) tokatzera, utziko(ren) gaituk libre.

— Ongi —esan zien otsoak—, baina izan dadila bertan.

Jesusean egin zuten ahariek a(k) zioa; lasterrean, heldu ziren behingoan; haien tokatzear, otsoari ezkapatu zitzaizkion tripak giltzurrunetatik eta kostilla guziak geratu zitzaizkion tortilla batean. Garaitiaz ahariek modu hontaz esan zioten otsoari:

— mesede hau egin diguk hik guri; egin nahi huenaren pagu(tan) kontserba ezak gutaz asetzeko ganua (gogoa), berriz hel gaitezen arte(ino) salutatzera. Sartu zioten sudurretatik bakoitzak uzker bana, eta gero joan ziren zeramaten beren bidetik.


Liburu berriak

OFICIO DE SEMANA SANTA

RUBERT DE VENTOS

KAIROS argitaletxea

Rubert de Ventos, 1939.ean jaio zen Bartzelonan. Filosofiazko doktorea bera, estetikaren katedratikoa da, eta J.L. Arangurenen ikaslea. Estetikaz eta gizarteaz arduraturik beti, bere obra saioz hornitzen da, artez, hirigintzaz etab. Pentsalari sakona, bere idazlanek harritzen gaituzte jagoten dituzten jakintasunez eta erudikzioz. "Teoria de la sensibilidad", "El arte ensimismado", "Las utopías sensuales de nuestro tiempo", "Teoría y sociedad", "Moral y nueva cultura", "Ensayos sobre el desorden" dira bere lan hospetsuenak. Filosofo berekoia, mundu sentsiblerantz abiatzen da bere saioetan. Egin dituen libururen batzu, beharrezkoak dira gaurko artea eta sentsibilitatea konprenitzeko.

Aipatzen dugun liburuska (katalanez idatzirik, orijinalean, Jordi Llorent-ek egina dugu itzulpena) ordea, ez da saio filosofiko edo estetikari buruzkoa. "Textu hau, beste bat egiten nenbilela egina dago. Ostiral arte, eskuetan dudan liburuaren hirugarren kapituluan lan egiten ari nintzela pentsatzen nuen, eta hauk —liburutxo hau— bazterreko ohar pertsonalak baino ez zirela, liburutik urruntzeko idatzita. Landua ez dagoen liburu bat da, sortua baizik, dolu gabe, gurari gabe".

"Baina orain ba dakit, jazotzen zaidana idazle bihurtzen banaiz, idazten dudana jazoko zaidala. Egiazko lanera itzuli beharko dut, liburu hau bere bitsa baino izan dadin nahi badut".

Honela diosku epilogoan, liburu barneak ezkutatzen duena adierazteko. Pentsaerak, asmoak, lasai irakurtzeko, idazlariaren ofizioari buruz, pentsaerari buruz, sendimenduei buruz. Benetan horritxo horien irakurketa, dohain bat da. Hona hemen batto: "Inoiz ez naiz atomatu, benetan tiratzen eta ukitzen nauenari buruz idaztea. Ene sendimenduak, ene liburuen zioa eta motorra izan dira, baina ez bere objektua. Ba, sendimenduak pribatuak bihurtu zirenetik, ba dirudi ezin dela haiei buruz mintzatu intimitatean baino. Beste zer bat izaten da, amodioa, Jainko bat zenean, uhin eta haizetatik sortzen zenean. Orduan, Alkman amodioari buruz ahal zen mintzatu:

"Afroditak bidalirik, amoriozko

euria jausten da nire gainera,

ene bihotza ur dadin"

FUROR Y MISTERIO

RENE CHAR

VISOR BILDUMA

MADRIL

Alberto Corazonek, bere Visor bilduman, Char-en liburu hau argitaratu du. Char, 1907.ean jaioa, frantziar poesiaren gailur bat dugu. Bere hasierak poesia surrealistaz eta Bretonen taldearekin bete zituen, Arsenal 1929.ean, Artine hurrengo urtean, "L'action de la justice est eternitée" 1931.ean, "Poemes militante" 1932.ean, "Moulin premier" 1936.ean eta "Placard pour un chemin ecoliers" 1937.ean argitaratzen.

II guda mundialen zehar "nazi"-en aurka, "maquis"-en izan zen militantea gerrillero talde baten ofiziala bihurturik. Guda zela eta borrokatzen zuen bitartean, hospetsuak diren "Feuillets Dhypnos" idatzi zituen. Geroago, jarraitzen zaigu idazten eta 1948.ean "Fureur et Mistere" hau argitaratzen du, egun arte gelditu gabe, poesia serios eta sakon bat eginez: 1950.ean "Les Matinaux", urte bi geroago, "La pardi et la prairie" "Poemes de deux annes" 1957.ean; urte berberean, "La Biblioteque est en feu"; 1960.ean, "Au-dessus du vent"; 1964.ean, "Commune presence" eta 1965.ean "L'age cassante", eta hemengo hauk garrantzitsuenak aipatzeko.

Char-en poesia

Char, frantziar poesiaren klasiko bat da gaur egun, aintzingoardiaren partaide bat izan arren eta surrealismo zirkingunean sarturik egon arren. Zirkingune berrien sortzaile bat izanez, bere iturriak, joan zen mendekoan aurki ditzakegu xehekiago, frantziar poesia sinbolistan eta hiru handi horien artean oro baino lehen: Beaudelaire, Mallarmé eta Rimbaud.

Lehenengoarengandik, grina eta desesperantza onartzen ditu, nahiz eta bere jita berokoia izan. Gizonaren baldintza dolukorra, adimenaren zer gaindikor bat bezala izanez, baina Baudelaireren damuetan erori gabe, baretsuagoa, objektiboagoa ikusten baitu giza izakia, ez barruko drama izugarrizkoa bezala, kanpoko lekuko bailitzen baizik.

Naturari hurbiltzen zaio, ezkortasun objektibo batez minduta, baina lurrari kontsola dezan eskatu barik.

Mallarmérengandik, formaren arazoa onhartzen du, bere une estetikoan aplikatuz, izpiritu moderno eta berriarekin. Pertsonalki eta jareginik ikusia, Charrek, poema kanpotik dakusa ertzak eta neurriak kontuan edukiz, "silex landua bezala". Horretaz hitzak doi-doiak erabiltzen ditu eta René Menard-ek esana, "poemarako ez du poema egiten duen hitza bilatzen, predestinatua dagoen hitza baizik".

Ez du, Mallarméren gisara, liburuak mundu osorako balio dezan idazten, liburua, mundu osorako obra formal perpekziozkoa izan dadin, munduaren ordezkaria izan dadin. Char-ek bizirako laguntzaile bat nahi du liburua eta munduak berez duen zentzua alda ez dezan.

Rimbaud-engandik, poemaren oldarra, ahalmen argigarria eta fede izugarria onartzen ditu, eta poesiarako balio duten baliabide bi jinak, ukiturik gabekoak, hots: "idaztea, ikaraldi argikorra izan dadila eta arima konformaezin batek jauzi hori egiteko prest egon beharrekoa. Baita ere, natura adoratzea, sekretuen ama bezala".

Elementu klasiko horik, bere lumaz mugikorrak bihurtzen dira eta lehenengo jaioera Surrealismoaren eskutik izango zuten. Zirkingune hori zela eta, Eluard beste poeta ezagutu eta maitatu zuen, lagun handiak bihurtuz.

Esan dezakegu, olerkari biek bide antzerakoak aukeratu zituztela poemagintza arloan. Eluard-ek, gizonaren patua edertu eta dotoretu nahi zuen. Char-ek ostera, gizonaren baldintza zaurgarria erakusten digu, bakartatean irabazia den itxaropena, edertasuna bakarrik justifikatzen duena.

Char-entzat, gizonak lurrarekin duen ituna salbagarria da, "ez dugu ahaztu behar daukagun naturaren zera", eta biziaren alde eragiten duen giza izpiritua: "Izpiritua berriz ereiten duenean, zaintzen duenean, bertan jaiotzen naiz ni", "Herriaren haurtzaroa hasten denean neuk maitatzen dut".

Gizonaren betiko arriskua aipatzen digu Char-ek, naturak eta sakaratua den zerak laguntzen duten giza nortasun pairakorra.

Bere poemak irakurtzerakoan, nork jakin ikusiko ote dugun amusek diona: "berak oraindik heldu ez diren egunsentiak iragartzen ditu".

Jon Sendagorta


Gaiak. Zinema

Ikuska saila, errealitate sendo bat Euskal Zineman

Gaur egun euskal zinemaz abstraktuki mintzatzeak tinta gehiegi gastatzea suposa dezake, oraindik gure amets guztiak errealitate bihurtu gabe baitaude.

Donostiako Zinemaldian izan diren euskal filmeak ikusi ondoren, ene ustez pauso handiena eta sakonena IKUSKA saila dela esan dezaket, eta ez sari bat jaso duelako bakarrik, Antton Ezeiza eta beste kideak egiten ari diren lanak azpi—egitura bat suposatzen duelako baizik.

Hau da euskal arlo gehienetan falta den zerbait eta garbi dago aurrera ez direla joango egitura ekonomiko sendo bat lortu arte. Produkzio eta laborategi mailan ba dakigu dirua non dagoen eta triste izango litzateke "El Proceso de Burgos" bezalako zenbait filme kanpoko produktoreek egin beharra, hemen egiruarik ez dagoelako. Arazo hau ez da, kasu honetan, euskara eta zinemagileen arazo bat bakarrik, euskal gizartearena baizik, euskara eta euskal kultura salbatu nahi baditugu.

(Artikulu honen helburua ez da, batipat, soluziobideak nondik etorriko ote diren esatea, baina zoritxarrez, askotan aipatu beharrekoa dugu Euskadin dauden erakundeek arazo hau bereganatu arte).

"Bertan" taldeak "Erreferenduma", "Ikastola" eta "Gernika" egin ondoren, eta Antton Merikaetxebarria zuzendaria izanez, "Bilbo" laburmetraia egin du. Denok dakizuenez, filme honek aurtengo Donostiako Zinemaldian Urrezko Kontxa bat lortu du. Dudarik gabe zaila da Bilbo-ko hirigintzaren problematika 12 minututan aztertzea eta horregatik agian batzuei gutxi eta ez oso sakona irudituko zaie filme hau, baina, ene ustez, arazoa filme horren jarraipenean datza. Txiripaz sortu al da ala euskal zinema bide bat aurkitzen ari da errealitate bat izateko?

Dena dela, ez dut ahalmen hau pasatzen utziko, zenbait gauza aipatu gabe, laburmetraia honi buruz batipat.

- Zorionez euskal filmeen musikari dagokionez, ipini behar zaien doinuak ez duela nahi eta nahiez Guridi, Mikel Laboa edo txalapartarena izan behar garbi ikusi dute, eta A. Larrauri eta Holsten musika jarri diote "Bilbo" filmeari, eta horregatik ez du ezer galdu, alderantziz baizik.

- Xabier Agirresaroberen argazki-lana erabat aipatzekoa da, Bilboko mamia primeran lortu baitu, eta jakin izan dugunez, ez zen oso erraza izan.

Dirudienez, hilabete honetan, euskal komunikabideei buruz egin duten IKUSKA 4-gnaren aurkezpena izango da, eta horregatik interesantea iruditu zait Koldo Izagirrerengana joatea, bere esperientzia hori jasotzearren, bera izan baita laburmetraia honen zuzendaria, nahiz lan osoa talde mailan eraman.

(Anton Ezeizak koordinatzen duen taldearen ideiak norbaitek ezagutu nahi baditu, Zeruko Argia, 841 gn. zenbakia kontseilatzen diogu, hortan taldea osatzen dutenekin elkar hizketa bat baitator).

— Koldo, sei liburu idatzi ondoren, beste esperientzia berri batetan sartu zara Zergatik IKUSKA sailean?

— Beno, oker ez banago bost liburu argitaratu ditut orain arte. Ez dira liburu mardulak ez garrantzitsuak, baina gauden bezala gaudela ba da zerbait. Ba, niri ez didate sekulan elkar hizketarik egin, eta orain egin behar didazuna zinemaz omen da, baina nik ez dut filmerik argitaratu. Ez dut ulertzen ongi. Neure buruaz diodan. hau anekdota hutsa litzateke nirea baino kasu areagorik ez balego. Uste dut Urkizu, Haranburu, eta Saizarbitoria eta beste asko ere hor daudela, esateko asko dutenak, belaunaldi klabe batetakoak, ez prentsan eta ez irratian inoiz gonbidatuak. Ramonen kasua, adibidez, akojonantea da, urtean behin. Irratitara deitzen zioten elbarritasun zerebralari buruz iharduteko, eta Kaixo, zer moduz, ondo eta hi. Eta elkar hizketarik egin baldin badiote azken bolada honetan, "politikan sartu delako" izan da. Hauk ez dira gertakari isladatuak, hortxe dugu Bernardo Atxaga alegia, Arestiz geroztik sortu dut poeta bakarra. Eta Aresti bera, zenbat aldiz mintzatu zitzaigun "zuzenean"? Euskal prentsarenak ez du erremediorik.

Harira bueltatuz: orain oroitzen naiz duela zazpiren bat urte elkar hizketa labur bat egin zidaten Zeruko Argian, eta zer nolako txorradak esan nituen ere ederki gogoratzen naiz. Gazteen literatur sari bat irabazi nuelako izan zen, baina harez geroztik egin ditudan lanen eskastasuna kontutan harturik ezerk ez digu pentsarazten zinemazkoak hobeagoak izan litezkeenik, beraz ez nuke zergatik elkar hizketarik egin behar. Ironia bat: elkar hizketa hura zeuk egin zenidan, baina inor ez dadila entera pasaitarrak garela, kale berean eta aurrez aurre bizi garela.

Zinemarena berria dut medio bezala, ez zerbait narratzea den aldetik, orain, zergatik, zergatik sartu naizen abentura honetan, egia esan, ez dakit. Antton Ezeizak eta biok ba genuen lagun amankomun bat, eta honek ezaguterazi gintuen elkar, Anttonen bueltan, orain hiru urte edo. Anttonek Euskadin iharduteko irrikia zekarren, eta zenbait jende bildu zuen BERTAN izeneko taldean, eta hortxe, Ikasten.

— Zer aportatzen dio zinemak zu egiten ari zaren lanari literatur mailan eta zer literaturak zinemari?

— Ez espresabide batean ez bestean dudan konpromisoa da bien arteko harreman dialektikorik posibilitatze adinakoa.

— Nola ikusten duzu gaur, barrundik ezagutu ondoren, euskal zinemaren egoera?

— Euskal zinema barrena hutsa da, ez dago euskal zinematografiarik. Hemen dagoena da sekulako inflazio bat, hiru bat kritiko sortzaile banako; literaturan bezalaxe, por zierto.

— Hori ikusi ondoren, zer bide eta nondik beharko du euskal zinemak bere "topiko"-tik ateratzeko eta errealitate bat izateko?

— Ojala "topiko" asko bagenu, topikoak atzekoz aurrera jartzea izango litzateke bide bat. Euskal zinema martxan jartzeko projektu iraunkorrak behar dira, "filmea"ren gainetik "zinemagintza" batetara joko dutenak, umildatez. Uste dut bide horretatik bakarrik lor daitekeela "bertakoan oinarritutako unibertsaltasun" behin eta berriz aipatutako hori.

— Azken hilabeteetan 5gn. IKUSKA prestatu eta nolabait zuzendu duzu. Zer ikuspegitatik aztertu dituzue euskal komunikabideak (IKUSKA horren gaia) eta nola aurkitu duzue beren egoera?

— Bai, ongi diozu "nolabait" zuzendu dudala IKUSKA hori, dudan esperientzia ez baita ikaragarria, ezin zitekeen bestela. Gai bat proposatu zidaten, elebitasunarena, gidoi edo hari bat prestatu nuen eta taldeak onartu. Zuzendaritza eskaini zidan Ezeizak; eskerdun natzaio. Ilusioz egin dut lana, eta denek lagundu naute. Ez da hau, esaterako, Berasategiren kasua, erdidebutantea den arren, marrazki animatuak egin baititu lehenik, eta ez nolanahikoak gainera. Honetaz ere euskal kazetariek jai, noski.

Elebitasunaren gaia ez du inork behar bezala aztertu, eta ez nuen nik egingo, are gutxiago hamar minututan. Nolabaiteko umore batez tratatu dut, zenbait datu emanez aldi berean. Komunikabideek euskarari damaioten tratamendua kabuendioska hastekoa da. Punto.

— Inork ez du telebistaren garrantzia ukatzen, batipat euskara eta euskal kultura salbatu nahi baditugu. Zer espero genezake edoeta zerbait itxaron dezakegu bere gaurko egoera (politikoa ere) ikusita?

— Telebistak ez du euskara salbatuko, eta halakorik itxarotea kretinismo hutsa da. Euskal Gobernuaren progresismoaz aritzea fikzioa da, eta ni ez naiz fidatzen erreferendu kanpaina nazkagarri batetan entzuten diren slogan nazkagarriez, baina ezker abertzalearen euskararekiko jarrera ere nazkagarria da.

Pesimismoa iraultzailea izan liteke, larritasuna eragiten duen neurrian, eta gaur eta hemen mesede baino ez digu egingo pesimismo apur batek. Garai beltzak datoz euskararentzat, militantzia ez dela beharrezkoa sinetserazi nahi digute. Nik gertutik ezagutzen dudan maila honetan, hizkuntzarenean, sekulan baino militante gehiago behar dugulako ustekoa naiz.

Agur, Koldo, eta IKUSKA 5-gnaren zain geratzen gara.

X. Portu


Gaiak. Artea

Francisco Iturrino

Bilbon, MUN erakustaretoan, Iturrinoren erakusketa bat dugu. Gertaera hau, ez zen izango hain axolagarria, pintatzaile honen margozki ezezagun batzu, ez baleude, zeren eta bere biziaren zati handi bat Parisen bizi baitzuen eta orain ari gara oraindino bere obra errekuperatzen.

Bere bizia

Iturrino, Sananderen jaioa dugu, 1864.ean, bere aita euskalduna izanez eta bere ama Sananderekoa. Hamalau urte zituela Bilbora dator bizitzera, urte berberean pintatzen hasi, Elviro Gonzalez bere osabak irakasle papera eginez, musikalari, pintatzaile eta olerkaria baitzen.

Hemeretzi urterekin, Belgikara bidaltzen dute, injinadoretza ikastera, Etxebarria Entrepresaren aldia, bere aitak hor lan egiten zuela eta. Mercedes Amestoy-k dioen bezala, Etxebarria entrepresalariaren adiskidetasunaz, Bilboko, Madrileko eta Sevillako gizarte garai eta aristokrata ezagutu zuen.

Bruselan urte batzu igaro eta gero, Parisera abiatzen da, Injinadoretzazko ikerketak edo estudioak lagatzen eta pinturara sakonki dedikatzen.

1898.ean, Salamanka zirkin eginik, "Las Charras" eta "Mujeres a caballo" margozkiak pintatzen ditu.

1901.ean Parisen erakusketa bat egiten du, Pablo Picassorekin batera, lagun handiak baitziren beren bizian zehar, geroago ikusiko dugun bezala. Urte berberetan, Bilbon Losadak antolatzen zituen arte modernoko erakusketetara Iturrinok ere bidaltzen ditu bere obrak. Pixkat lehentxoago, 1899.ean, Evenopoel pintoreak Iturrino erretratatu zuen Clichy Bulebard-ean, gero koadro hospetsua izan den "Espainola Parisen", hona ekarri duguna.

1902.ean, Sevillan zabaltzen du estudioa, Zuloagaren alboan, bere "Andalusak" pintatzen, argia eta margoz estalirik.

Bilbon erakusketa asko egin zituen urte haietan, bidaia eta Parisen egindako geraldiekin nahastuz. Honela, bere obra erakutsi zuen, "Albiako Eskoletan", Bilboko "Club de Regatas"-en, etab.

Urte hoietan esan dezakegu, Andalusian pintatzen duela, Sevillan eta Cordoban, baita Parisen ere, hango giro artistikoa eta intelektualean hondoratzen, eta Bilbon egiten bere erakusketak, Pariseko aintzingoardiaren ezagumena Espainiara honela ezartzen.

1906.ean, Motrikun, zabaltzen du estudio bat, non eta bere arbasoen etxean.

1907.ean Vollard Galerian beste erakusketa zabaldu zuen. 1909.ean, Matisserekin pintatzen du Sevillan geraldi bat zela eta. Hurrengo urtean 6.rte modernoko erakusketa dela eta, han erakutsi zituen: "Las Sevillanas", "Salamanquinos", "Feria", "Romeria Andaluza etab., eta lehengo aldiz, aguafuerteak eta obra grafikoa: "La merienda", Cerrado de toros" eta "Tentadero". Koadro horien zatirik handiena Bilboko museoan datza.

1914.ean, gudak Parisetik kanporatzen du. 1915.ean Madrilen "Exposicion de Artistas Vascos" zegoen eta Iturrinok areto zabala eta axolatsua izan zuen. Erakusketak errepikatzen dira Madrilen, Bilbon, eta Bartzelonan. 1922.ean gangrena batez pairatzen hanka mozten diote. Urte horretan, etxe bat erosten du Frantzian, Cagnes sur Mer-en, non azkeneko uneak bizi zituen eta bere Pariseko lagunek Picasso, Derain, Bonnard, Matisse etab, erakusketa batez, Iturrinoren onuraz eta bere obrak dohainik ezartzen, lagundu zioten, 1924.era arte, Iturrino hiltzen den urtean.

1958.ean Euskal Gobernuak, Iturrinok egindako 58 plantxak, hots, obra grafikoa argitaratzen ditu. 1964.ean, bere mendehurrena zelakotz, hospatzen da gertaera hori Madrilen, Bilbon eta Zarautzen, hainbat erakusketaren bidez.

Bere obra

Argia, margo hutsak, eguzkitan egindako obrak. "Oro, margoa ere, ezin da sormenezko ekintza baten ondorea baino", idatzi zuen behin Matissek, gure pintorearen laguna izan zena eta norekin bidaia bat egin baitzuen 1910.ean, Sevillatik eta Tangerretik. "Inpresionismoaren" oinordeko, Iturrinoren pinturak itsu bilakatzen gaitu, xoratzen gaitu. Bere margozko espresibitatea hain gogorra izanez, azpiko egitura sendoa ezkutatzen digu; hau da, marrazkia eta konposaketa. Iturrinorengan, Matisserengan bezala, koadroaren eta leku plastikoaren ordenazko ardura eta egituraren lan sakona dugu. Konposaketa arras landua. Marrazkia, irudiaren eta espazio plastikoaren domeinua da. Margoak marrazkia betetzen du, baina "a posteriori", ehunaren banaketa, margoa jartzeko lekua gertatuz.

Guttitan izan dugu, konturatze hori onhartua, baina, ene ustez, eta adiskidetasun handia Matisserekin izanez, ikusi behar genuke Iturrinoren eta frantses "faubiste" horren pintaeren aldibertasuna. Marrazki eta margoaren artean ditugun harremanak. Iturrinok, ehun zuriaren gainean marrazki konplikatua, bihurria, ia barrokoa eskaintzen zuen, geroago, beterik izateko, margozko pintzelada zakar eta latzez.

Bai eta ere, Matisseren margo lehuna, laua izan eta Iturrinorena beti bolumen bilatzailea.

"Andalusak, Sevillanak" agertzen diren margozki handietan eta museoan dagoen "Zaldi taldea" koadroetan ikus dezakegu, bolumenaren ardura hori. Cezanne-rengan bolumenak gauza guztien egitura moldatzen zuen, eta koadroak, ehun laua izan arren hirugarren dimentsio hori nahi zuen agerterazi. Iturrinorengan ez. Iturrinorengan bolumena agertzen zaigu margoaren bidetik bakarrikan. Margoari plastizitate gehiago emateko, harreman lauak ezarri ordez.

Margo bizi horrek ez du galtzen bere freskotasuna, marrazkien mugak barruan aurkitu arren.

Paisaia ttipietan margoa deihadar hutsa da. Antza, formato ttipi horren gainean jareginagoa topatu zuen bere burua gure Iturrinok. Margozki handietan ordea, m margoa ez da hain bortxazkoa, zuri margoan erabiltzen baitzuen.

Egia da, beste aldetik ere, pintatutako gaiak edo "temak" arras monotonoak iduritzen zaizkigu: Andalus jantzitako emakumeen taldeak edo biluziak, bere obra grafikoan berberak. Baina egia da gai horiek ematen ziotela behar zuen "leku plastikoa" margoaren amets argitsua asmatzeko.

Beti bezala, esan beharra dago, kanpoan izan zela hemen baino maitatuagoa eta preziatuagoa. Izan zuen axola ez da arbuiagarria. 1901.ean Picassorekin erakutsi zuenean bere obra, Yollard-enean, oraindino "Faubistek" behin ere ez zuten erakutsi obrarik, hots Iturrino eta pintaera horren ordezkari bezala onhartzen badugu aintzingoardia hutsa izango zen bera garai horretan.

Baita ere, Francisco Alcantara Madrileko "El Sol" egunkariaren kritikalariarentzako Iturrino Espainiako pintura modernoaren aurrendari handi bat izan zen.

Jon Sendagorta


Gaiak. Kirolak

Gudu-antzeak: filosofia eta bizitza (I)

"Ez dago munduan deusik, ura baino ahul eta malguagorik: Eta ez dago gogorra eta gotorra errausteko ezer ekinkorragorik... Garaitezina, pasiboa baita!

Hortaz, mundu orok daki:

Ahulak du gotorra garaitzen,

Bigunak du gogorra gainhartzen".

Tao Teking (Lao Tse)

Agian Lao Tseren perpausa honek gudu-antzeen funtsezko mamia, kontzeptua erakusten diguke; haien sorterroaren eta bai Ekialdean haien geroko lakapenaren ere kontzeptua berau.

Batzuren iduriko, gudu-antzeak Okinawako irlan jaioak diren arren nekazalgoaren gaineko feudal hurrupakuntzaren aurka defendamolde soil gisa; bestek uste, gudu-antzeak bizierazten dituen sorterroa (bera gabe, kale-bazterretako liskarren gisakoa litzateke, Mendebaldean gertatzen den eran) Kristo jaio baino urte asko lehenago sortua zen. Hots, "izpiritua ba zen materia baino askoz lehenago, eta bere oreka eta harmoniatik sortu zen gudu-antzea".

Erakusgarri gisa esan dezagun, Jigoro Kano Judoaren sortzailea izan bazen batzurentzat, honako gudu-antze honen etorkia denboraren ilunbeetan ezkutatzen dela eta bestelako izenek izendatu dutela, halakoak baitira YAMARA, TAIJUTSU, WAJUTSU, TORITE, KOGUSOKU, KENPO, KUMI, UTXI, XUBAKU, KOXI, NOWAKARI etabar...

Ihardumolde edo metodo hauetarik batbedera osterantzeko eskoletan irakatsia zen eta berauk, beren teknika diferentak zirela kari, elkarri bereizten zitzaizkion,

"KONJAKU-MONOGATARI" (Kondaera zahar eta berrien liburua) delakoan YAWARA elea ageri da, Judoa ematen duten grafo batzuren ondoan.

Hontaz bada, zer egin zuen Jigoro Kanok? Kano maisua Judo Kodokan-en (oraingo judoa) sortzailea izan zen. UEXIBA maisua oraingo AIKIDOaren sortzailea izan zen era berean; halere, esan delako gudu-antze hau honez gero ezaguna zen DAITO-RYU izenaz, eta erakuslerik haundiena XIHAN Sogaro TAKEDA maisua zen, Japoniako Iparraldeko HOKKAIDO eskualdekoa.

Oraindaino idatzitakoa oro, ahal den neurrian, bereizten ahalegintzen da gudu-antzearen sorterroa eta nolakoa den egungo egunean, eta areago sakonduz: gudu-antzea ekialdeko ala mendebaldeko pentsamoldearen petik behatzen.

"HONTAI" liburu sekretuan (bertan Judoaren aurrengoa izan daitekeen KITO-RYU eskolaren irakaspenak ageri dira) arazo honen filosofi harria, mamia idatzita aurkitzen da:

"HONTAI gorputzaren eta izpirituaren menerapena da, hots, izpirituaren lantzeko ahalmena gorputza kontrolatzen jakinez eta hontaz konturatu gabe.

Behin izpiritu egoera hau erdietsiz gero, etsaiak oro meneratu, garaitu ahalko dira".

Beste arazo bat, errakuntzarako gaia ohi dena (Mendebaldean bakar-bakarrik ohi bezala), Ekialdean bizi den lagun ororekin Judo, Karate, etabarren identifikatzea. Judoa, Karatea eta Mendebaldean ezagututako beste zenbait gudu-antze ekialdeko edozein laguni egozten zaizkio, txinatarra dela, japoniarra dela, indonesiarra dela, vietnamiarra dela,..., halegia.

Halere, Ekialdean ba daude makina bat herri, zeinek bere nortasuna, bizimoldea, gudu-antze bai fisiko zein izpirituala dituelarik.

Artikulu hontan arituko gara gudu-antzeotarik zenbaitetaz, baina ilunbetan dirauten arren, horregatik axola gutiago ez dutenez.

Gudu-antze ezezagunagoetan barna ibiltze txiki hontan, XORINJI KENPOa aipatuz has gaitezke.

XORINJI KENPOa, SODOXIN haren sortzailea delarik, kontsidera genezake Japoniako anaia baztertutzat, nahiz eta haren entzutea, herri harrera, goraka doan.

XORINJI KENPOa, oraingo metodo, burrukamolde bezala, duela 28 urte abantxu sortu zen, munduko bigarren guduaren ondoan, eta bere teknika ZENaren sakonerapenean oinarritzen da eta bere ihardupena TXINATAR KARATE, AIKIDO eta JUDO gudu-antzeen nahastean.

Aren bizi-denbora apurra gorabehera (aldaera gaurkotu gisa), teknika berrien ikaskuntza eta azterketa hain dira aurreragarri, non egungo egunean 625 teknika baitaude, guziak elkarretarik arras bereiziak.

Beste gudu-antze bat are ezezagunagoa eta gaizkiago ulertua THAI Boxeoa dugu, zenbaitentzat bere jatorrizko izena TXUAN-FA-THAI duelarik.

THAI estatu gudukaria izan zen 1432.ean Khmer enperadoregoaren erorgoaren erantzulea eta ondoko mendeetan zehar, Singapore eta txinatar mugaren arteko, eta IRAWADY hibaiko bokaletik MEKONG hibaiko beherainoko lurraldearen menperatzailea.

Burrukaldiak laualdeko sokaz hesitu baten barnean egiten dira, mendebaldeko boxeoan bezala, eta bestalde, boxeorako eskularruak ere erabiltzen dira. Burrukaldiok erritual batekin eta jatorriz indiarra den otoitze batekin hasten dira. THAI boxeoaren jatorria gudu-antzeen historigileen buru-hauskarria da; batzuren ustez, THAI boxeoa OKINAWAKO KARATEaren aurrendaria bada (teoria hau ez da guziz funts gabea), beste batzuren iduriko, THAI boxeoa TXINATAR KARATETIK sortua da (THAILANDIAn bi milioi lagun inguruko txinatar komunitatea bizi da, gudu-antze sekretu sekretuak (TXUAN FA) gordetzen dituztelarik). Azkeneko teoria hau, THAI boxeoaren jatorrizko izenean (TXUAN FA THAI) funtsatua da.

Ene kutsunetarikoa VIET VO DAO da, bere izen jatorrizkoa "VO TA" ("gure militar antzea") delarik.

HUNE FOUNG enperadorea, duela Kristo aurreko 2.875 urtekoa, ofizialki VIET VO DAOren sortzaile gisa emana izan zen. TRANen (K.a. 1225-1440 arteko) dinastiaren eta QUANG TRUNG TRUNG (K.a. 1788.a) enperadorearen pean VIET VO DAOren ihardunketa gazteentzat obligagarria zen.

Frantses koloniakuntzarekin batera, VIET VO DAO zeharo ahantzita zegoen. 1938.ean, oso sekretuki, NGUYEN LOK maisua lanean hasi zen hura aztertzen, VIET VO DAOren tekniken sailkatzeko eta egituratzeko asmoz; VO VI NAM izenarekin, zazpi urte geroago vietnamiar herriaren berjabetzaren unean, SAIGONen sortu zuen VIET VO DAO-VO VNAM gazteriaren mugimendua.

1960.ean, LOK maisua hiltzerakoan SAIGONen, haren ikaslerik zaharren eta kutunena, LE SANG maisua, haren lanari jarraiki zitzaion.

VIEN VO DAOren filosofiari buruz, hara zer dioskun besteren artean: "VIET VO DAOren bidearen haunditasuna, ihardule bakoitza gizonen egiazko bide bilakarazten duena da, ez etsaietarik etsairik indartsuena". VIET VO DAO SINH izateak zera esan nahi du: giza halabeharraren jakitun, kontzient izatea, besteekiko eta norberekiko erantzunkizuna jasotzeko gai izatea.

"NGUYEN LY CUONG NHU PHOI TRINE": Indartsu izatea baliagarri izateko, eskua altzairuzko eta bihotza samur". VIET VO DAOren gogoa iraupena eta apaltasuna dira.

VIET VO DAO ere, erresistentziaren gudukarientzat derrigorrezkoa zen. "Pertsonalki" ezagutzeko parada ukan zuten, bai horixe.

X.G.


Gaiak. Gramatika

Erdararekiko zenbait interferentzia

Hitzen eremu semantikoa hartuz, sarri euskarak eta erdarak banaketa-modu desberdinak dituzte.

Kontzeptu edo esangura desberdinak adierazteko, euskarak hitz bakar bat eta erdarak bizpahiru edo asko dituenean, euskara hizkuntza pobrea dela entzun behar izaten dugu. Alderantziz ere gertatzen da, ordea; eta orduan, euskara zailegia dela, batekin nahikoa dugula eta antzeko eritziak pairatu behar izaten ditugu. Noski, zail- edo erraztasuna neurtzeko eredu eta unitatetzat erdara hartzen delako gertatzen da hori. Eta batzuk erdararen eredu normalizatura makur erazi nahi izaten gaituzte. Adibide asko jar daitezke honetaz, baina bat aipatzearren euskal familiaren egiturarena hartuko nuke: erdaldunek arraro eta nahiko ilogikotzat daukate neba/anaia, ahizpa/arreba banaketa.

Eremu semantikoen banaketa-modu desberdinen kausaz, itzulpenak egitean oso kontuz ibili behar izaten da, hanka-sartzerik ez edukitzeko. Eta ez itzulpenetan soilik! Erdararen presio soziologiko eta linguistikoa neurriz kanpokoa izanik, euskarak interferentzia handiak pairatzen ditu. Eta ia konturatu gabe, euskal idazleak kutsatu egiten dira erdarakadak erabiliz. Erdarakadak era desberdinetakoak izan daitezke: hitzezkoak, joskerazkoak eta hitzen eremu semantikoen aldaketazkoak. Azken hauk gutxi aipatu ohi dira, baina hala ere, sarri, euskararen zehaztasun eta nortasunari begira, oso galgarri izan daitezke.

Artikulu honetan horrelako kasu bat agertuko dut. Adibide modura aukeratu dut, baina edozertara ere, irakurlea laster konturatuko da, arlo honetan behin baino gehiagotan nahaste izugarriak gertatzen direla. Horregatik, hain zuzen, arazoaren kontzientzia edukitzea komeni da.

Erdarazko POR euskaraz nola eman

Erdal preposizio honekin kontzeptu desberdin asko adieraz daitezke. Horrela erdaratik euskararako itzulpenak egitean, zalantzak agertzen dira ugari. Eskematikoki esanik, gutxienez ondoko eratan itzul daiteke euskarara.

1. -(ren) gatik. Atzizki honen bidez egintza, gertakari edo asmo baten kausa adierazten da. -ren kausaz delakoren baliokidetzat har dezakegu. Adibidez

 arrazoi horregatik haserretu nintzen

2. -an zehar. Erdarazko "por, a través de" ideia azaltzeko

 herrian zehar ibili gara arratsalde osoan

Ohar bat egin nahi nuke atzizki honi buruz. Idazle batzuk -tik zehar erabiltzen dute. Kintanaren hiztegian ere horrela dator. Ene.ustez, hala ere, -an zehar zuzenago da, hor zehar, kalean gora, kalean behera den bezala; eta zaharren artean beti horrela entzun izan dut gainera.

3. -tik. Dirudienez, forma hau aurrekoaren interferentziaz ari da, eta, ene ustez, erdarakada baten ondorio da. -tik zehar formaren laburpena dela esango nuke, nahi eta hori frogatu egin beharko litzatekeen. Eta hori uste dut, nola erabiltzen den kontutan hartuz:

 hortik ibili da

 kaletik dabil

Hau da, ibili aditzarekin. Zer esanik ez, guztiz bestela gertatzen da etorri aditzarekin lotzean:

 hortik etorri da

 kaletik dator

Irakurleak erraz susmatuko du bi kontzeptu horien arteko desberdintasuna.

4. -tzat. Atzizki hau ere por delakoaren ordaina izan daiteke. Hara:

 egokitzat jotzen du

5. Puntu honetan, antzeko hiru forma desberdin aipatuko ditugu. Itxuraz berdinak izan arren, oso gauza desberdinak adierazteko erabiltzen direla ikusiko dugu.

 -k egina. Nork egina den adierazteko

 Irudi hau Jonek egina da

 -gatik egina. Kasu honetan noren edo zeren kausaz egina izan den edo eta norekiko atxekimenduz.

 Jonengatik egina izan da

 -z egina. Zeren bidez egin den edo holako zerbait

 kasualitatez egin da

 kasualitatez gertatu da

6. -z. Atzizki honek aurreko puntuko azken kasuko funtzioaz gain, bestelakoak ere bete ditzake, beti ere erdaraz por itzultzen delarik

 itsasoz joan da

7. -bider. Matematikaren munduan sarturik, biderkaketak izendatzeko erabiltzen den ikurra adierazteko balio du:

5 x 7 = 35

 bost bider zazpi berdin hogeitamabost

8. -per. Zenbait kasu berezitan latin-hitz hau erabiltzea komeni dela uste dut. Kintanak ere gauza bera proposatzen du bere hiztegian

 * Musikan: 5/8: bost per zortzi konpasa

 * Geometrian (5m x 8m) bost per zortzi metrotako laukia

Ene ustez kasu hauetan arazoa ez da bider formarekin konpontzen.

9. —hala—. Idazle batzuk honelakoak h gabe idazten dituzte. Interjekzio bezala, harridurazko hitzak sortzeko edo birao egiteko aurrizki bezala erabiltzen da. Hainbeste daude holakoak.

 halafede, halajaina, halazanko, haladzipo, hala Jupiter! hala Thor!...

Dirudienez, horretariko batzu halajainko hitzetik sortuak dira. Baina jainkoaren izena ez aipatzearren deformazio fonetikoak sortu dira

 halajainko, halafaina, halazanko, haladzipo

Antzerako gauza bat gertatu da erdaraz ere, mekasuen sos edo mekasuen zotz esatean.

Multzo honetakoa da, halaber, halegia hitza.

Azken oharra

Segur asko, bestelako itzulpen batzu ere egongo dira. Baina arazoaren ideia bat egiteko nahikoa dela uste dut.

Nik neuk, euskarazko lanen zuzenketan aritzean, zenbait idazleren idazkietan behin eta berriro nahasturik aurkitu ditut forma horik. Horregatik, horrelakoak erabiltzean ardura pixka bat eduki behar dela uste dut. Ea ba, praktikarekin zehaztasunean eta euskalduntasunean irabazten dugun!

J.R. Etxebarria


Gaiak. Gramatika

Zenbait menpeko esaldiren joskera

OHARRA:

Gramatikazko lan hau aurrekoan argitaratu genuen artikulu bera da. Konposatze akatsez beterik eta moldiztegian horrialde oso bat galduta, ulertezina gertatzen zen. Hau dela eta, premiazkotzat jo dugu berrargitaratzea.

Unibertsitateko mintegietan ikasle eta irakasle askoren euskarazko lanak ikusteko eta zuzentzeko aukera eduki dudalarik, behin eta berriro agertu zait menpeko esaldi batzuren joskeraren problema. Zenbat aldiz ez ote ditudan joskera-problema berberak zuzendu! Eta noski, ekinez, azkenean ikasi egiten da.

Euskal idazleak formatzeko, zuzentzaile onak behar ditugu. Artikulua idatzi ondoren, horrelako zuzentzaile batengana joatea komeni da, estilozko hutsuneak zuzentzera. Baina idazleak ikusi egin behar ditu bere akatsak, eta azaldu egin behar zaio akats horien iturburua eta horik gainditzeko bidea. Horrela, idazleak hobetu eta zehatzagotu egiten du bere idazmodua. Hitz batez, ongi idazten ikasten du.

Nik neuk, niri dagokidanez, oso pozik gogoratzen ditut, hainbat urtetan zehar Imanol Berriatuarekin eginiko zuzenketak. Artikulua idatzi ondoren, berarengana joaten nintzen, eta ni aurrean nengoela, zuzendu egiten zidan lana, zuzenketa bakoitzaren zergatikoa azalduz. Zinez aitortzen dut, zuzentze—saio horietan ikasi dudala euskara gehien. Ba, hari horretatik esan behar dut, orain oso zuzenketa gutxi susmatzen dudala lanetan, eta hori oso kaltegarri gerta daitekeela euskararen batasunerako. Azken urte honetako artikulu eta liburuak ikusiz, arduragabezia nabaritzen da joskera eta ortografiazko puntuetan. Eta arazo horrek oso kezkaturik nauka.

Horrela, ba, artikulu honetan arau sinple, labur eta errazak eman nahi ditut, idazketaren zuzenketarako lagungarri gerta daitezen asmoz. Norberaren autozuzenketarako izan daitezen nahi nuke, zeren eta, ene ustez, ongi idazten ikastea, horixe baita, norberaren idatziak zuzentzen ikastea, hots, autozuzentzen jakitea.

Erdara/euskara interferentzia

Sarritan, arazoaren sorrera, erdararekin dugun interferentzia izaten da, S. Altubek aspaldi adierazi zuen bezala. Bai! Euskaldunok gutxiegi arduratzen gara egiturazko erdarakadetaz, hau da, barnesakoneko erdarakadetaz; eta, ostera, gehiegi, itxurazko erdarakadetaz, hitzenetaz halegia,

Menpeko esaldi batzuren kasuan gertatzen zaiguna, horixe da prezeski. Erdarak modu bat du menpeko esaldiak egiteko eta euskarak, bestelakoa. Erdararen interferentzia, eta presioa neurriz kanpokoa izatean, euskara erdal eredura eramateko indarra egiten ari da. Prozesu honi aurka egiten ez bazaio, euskara erdaldundu egingo da bere barnean, erdarakadatu.

Azalpena pixka bat konkretatzeko, bi eratako esaldiak aztertuko ditugu: baldintzazkoak eta ezezko menpekoak.

Baldintzazkoak

Dakigunez, erdaraz, esaldi hauen hasieran si hitza jartzen da, baldintza datorrela abisatuz edo. Euskaraz ordea, ez da zertan abisatu behar —zenbait kasutan baldin delakoa erabiltzen da horretarako, baina ez da beharrezkoa—, eta ba —aditz— aurrizkia esaldiaren azkenean jarri ohi da. Honela hain zuzen.

 * Sasoiz egingo balu, ongi aterako litzateke.

 * Jonek astakeria hori esan bazuen, beste erremediorik ez zuelako izan zen.

Hala ere, erdararen interferentziagatik eta erdaraz euskaraz baino hobeki alfabetaturik gaudenez, batek baino gehiagok honela idazten du:

 * Egingo balu sasoiz, ongi aterako litzateke.

 * Jonek esan bazuen astakeria hori, beste erremediorik ez zuelako izan zen.

Oker hau, zenbat eta esaldia luzeagoa izan, nabarmenkiago agertzen da. Horrelako kasuetarako araua oso erraza da: "Baldintzazko esaldietan ba + aditza terminoa esaldiaren azken muturrean jartzea komeni da; ondoren, koma bat dator gehienetan".

Ezezko menpekoak

Ezezko menpekoekin antzerako problema daukagu. Baina, dirudienez, kasu honetan interferentziaren iturburua bestelakoa da: ezezko esaldi nagusiekiko desberdintasuna hain zuzen ere. Azaldu egingo dugu zertxobait arazoa.

Hara! Aditz perifrastikoaren kasuan ordena-aldaketa gertatzen da esaldiaren baiezkotik ezezkorako transformazioa egitean

egin du

 egin du ez du egin

 1 2 2 1

Ordena-aldaketa honen eraginez, ezezkotasuna menpeko esaldietan agertzean, idazle askok esaldi nagusietako ordena hori errespetatzeko joera dute, era honetako gauzak idatziz:

 ez duenez egin

 ez badu egin

 ez duelako egin

Ostera, dirudienez, askoz ere egokiagoa da, hurrengo era honetan ematea:

 egin ez duenez,

 egin ez badu,

 egin ez duelako.

Arazo honetaz Altubek oso azalpen interesgarria eman zuen "Erderismos" liburuan (ikus § 66). Argi dago, ba, kontuz ibili behar dela.

Hala ere, ba da kasu berezi bat: -la atzizkiari dagokiona hain zuzen ere. Nik neure dudak ditut, baina kasu honetan forma aldatua onartu behar dela uste dut. Hots:

 ez duela egin

Beraz, laburturik, era honetako buruzko araua —ordena dela eta— hurrengo koadroan bildurik dagoena da:

Baiezkoak Ezezkoak

egin du ez du egin

egin duenez,  egin ez duenez,

egin duelako  egin ez duelako

egin duenean,  egin ez duenean,

egin duelarik,  egin ez duelarik,

egin badu,  egin ez badu,

egin duela ez duela egin ---?

Horretaz gainera, ezezko menpekoetan aditza esaldiaren atzeko partean jartzea komeni dela dirudi. Bestalde, oso kontutan hartzekoak dira halaber, koadro barnean jarritako komak.

Azken oharrak

Dirudienez, "Erderismos" liburuak euskara mintzatua hartzen du oinarritzat, nagusi. Egia esan, euskara idatziak bestelako problemak ere ba ditu. Bestalde, gaur eguneko kultur munduan esaldi luzeak ere erabiltzen dira eta kasu hauetan tratamendu berezia eman behar izaten zaio textuari. Baina esaldien luze-laburtasunari buruz hurrengo batetan arituko gara.

Artikulu honetako arauak zerbait erlatibo dira. Horik erabiltzean esaldia gehiegi gogortzen ez bada, aurrera! Baina esaldia gogorregi gertatzen bada, gozotasun eta adigarritasunaren mesedetan lasai apur daitezke.

J.R. Etxebarria


Humorea. Joxeparen ateraldiak

Solastun ederra da Joxepa... Baina gauzak luparekin ikusten ditu...

Oilo ona

Joxeparen oiloak kaminoan ibiltzen dira. Beti uretan dabilen txarroa hautsi egiten omen da...

— Gure etxean zen oilorik hoberena kamioiak harrapatu du. Egunean gutxienez hiru edo lau arraultze erruten zituen!

Gaztarik ezin atera mahaira

— Gure etxean ez daiteke gaztarik atera mahaira: osoa atera eta erdia jaten dute; eta erdia atera eta osoa jaten dute!

Lur jo

— Saldubasok lur jo duela entzun dut. Eta egia izanen da: gaur aita-semeak lahar hostoak jaten ikusi ditut Zabaleneko atarian!

Zekorra gaizkitu

— Zekorra gaizkitu zen eta hamar mila pezeta gastatu ditugu botiketan. Eta berak mila duro ez ditu balio!

Hernia luzea

— Gure Pello urgunka dabil. Sukaldetik gelara joateko ordu bat behar du.

Izanez ere hernia belauneraino luzatua dauka!

Esana izanen da

MIREN.— Vallejuelok lapurretan egin omen du fabrikatik. Nagusiaren isilean makinak saldu eta alde egin omen du.

ARANTXA.— Zaude isilik, emakumea! Hori esana izanen da.

MIREN.— Bai, esana izanen da. Bestela ez nuen entzunen!

Praxkuren gezurrak

Kolorea asko mudatu gabe esaten ditu gezurrak Praxkuk. "Hau ni hementxe nagoen bezalaxe da egia". Gezurra pentsatu eta berak ere sinistu egiten du.

Behiak titia moztu

Praxkuk behiak larrera bidaltzen zituen Haritza. Egun batean behia titi bat moztuta etorri zen etxera.

— Neri gogoak eman: Berueteko mugako alanbreetan trabatuta moztu izanen zuela. Joaten naiz eta hantxe aurkitu nuen titia alanbretik zintzilik. Etxera ekarri, jostorratza eta hariarekin ahal nuen bezala josi eta ederki itsatsi zitzaion. Gero zer da eta... beste titietatik baino esne gehiago zuen erantsitakotik!

Albaiteru "ona"

Herriarentzat lanean ari ziren mendian. Joxe, herrigizona, lantokiko nagusia zen. Joxek zekorra gaizki zeukan. Praxku erdi albaiterua da eta esan zion saiatuko zela zekorra bizkortzen. Besteak baino lehentxeago gelditu ziren lanetik Joxe eta Praxku eta etorri ziren etxera. Praxkuk zekorra ikusi zuen eta erremedioa eman zion. Ederki afaldu zuten eta Praxkuk esan zion berak zainduko zuela zekorra gauean. Nahiko ardoa eta kafearekin sukaldean utzi zuen Praxku nagusiak eta joan zen ohera. Hurrengo egunean jaiki zen nagusia:

— Egun on, Praxku.

— Baita zuri ere.

— Nola dago zekorra, Praxku?

— Ni baino hobeki.

Joan ziren biak ikuilura eta hantxe zegoen zekorra besoa luzatuta hila!

Egon pixka bat...

Patxi kanpoan larrutan ari eta joan da bere andrearengana eta hasi zaio larrua jo nahiean (itxura egiteko) baina ezin:

PATXI.— Egon pixka bat...

ANDREA.— Ai Patxi, Patxi... Kanpoan jaisten den behiak etxean esne gutxi!

HIZTEGIA

solastun - hablista, orador.

lur jo - arruinarse.

lahar - zarza, planta rastrera.

urgunka - cojeando.

isilean - a ocultas, en secreto.