ANAITASUNA

1979.eko Abendukoa

393-394. alea

80 pzta.


[AZALA]

Gabonetako ale berezia


AURKIBIDEA

4. Artikuluburua

5. Diskoak Hamabostero. K. Arko.

6. Basurtu-ren etorkizun beltza. I. Urtasun.

8. Gutun Irekia. J. Agirreazkuenaga.

9. J. Agirreazkuenagari erantzunez. T. Trifol

10. Langilearen Estatutua dela eta.

14. Euskararen arazoa ikastoletan (II). M. Kalzakorta.

16. Andereño ezezagun bati gutun irekia. T. Trifol.

18. Euskaltzaindia zertan? K. Santisteban.

19. Itxaropen berria. A. Eguzkitza.

20. Karrantza, paradisu hurbila. K. Santisteban.

22. Hamabost egun hankaz gora. Bixer, I. Zabaleta.

27. Anasazi Indioak. I. Zuazo.

28. Gabonetan gartzelan.

30. Marikoia... bai, eskerrik asko. T. Trifol

34. Sozialismo bideak urratzen. Mendizabal.

35. Eta non gizona. K. Santisteban.

36. Partidu Feministaren tesiak. M.A. Landa.

38. Poema liburu berri bat. A. Eguzkitza

39. Amaia Lasarekin Mintzo. M. A. Landa.

40. Borges, elkarrizketa bat.

42. Sukalderako saltsak.

43. Apocalipsis now. J. Sarrionaindia.

44. Donostiako Zinema amateur Jaialdia. X. Portu.

46. Ma Paz Jimenez, Herrian zaitugu. I. Berroa

48. Gudu Antzeak (eta II).

50. James Clerk Maxwel. I. Zuazo.

52. Gramatika. J. R. Etxebarria.

53. Liburuak

54. Gurutzegrama. Astabelarriak


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, E. Knor, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

M. Alvarez, A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebalzategi, Mariasun Landa, I. Azkoaga, J. L. Alvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Laffite, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiaran, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J. M. Arzubiaga.

MAKETAPENA

R. Zumalabe, J. Etxebarri

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Artikuluburua

Fikziozkoa gerta dadin

Gertatu diren hauteskunde garaiko deklarapenen artean Eusko Kontseilu Nagusiaren barne-kontseilariak euskara telebistan sartzea prometatu zigun, datak eta egun zehatzak emanez. Gure buru zulatu edo hobe, sineskor hau, horretaz gogoratzen da oraindik. Haren hitzez hitz, azaroaren hamaikagarrenetik aurrera eta larunbat guztietan haurrentzako ordubeteko programa berezi bat egongo zela seguru jotzen zuen delako kontseilariak. Baina hamaikagarrena joan egin zaigu oso atzera eta beti bezala, promesak usteldu zaizkigu zain egon garelarik. Eta orain zer? Pazientziaz hartu ala salatu?

Guretariko askorentzat, Herri honek sinesten duen esperantzarik fikziozkoena euskal telebistarena litzateke. Beste politik puntuak baino askoz gehiago, zer esanik ez.

Militantismo eta militantismoan jarri dituzte gelditzen zaizkien itxaropen apurrak. Frustrazio guztietatik burruka mistikoaren oihu garraztuari berriro ere ekin behar zaiola jo eta ke sinestarazten digute, gure hizkuntzaren salbabide guztiak hor jarriz. Baina hizkuntzak ez ditugu taktika iraultzaileak, ez eta inongo iraultza sozio-ekonomikoaren parte "sine qua-non"ik. Erabilbideak ditugu funtsean. Eta erabili behar diren lekuetan erabiltzen ez badira, pobretuz eta hilez doaz. Gauza bera gertatzen zaio gureari.

Ekinkidetasunak, nahiz eta berreskurapenaren motorra izan, fruituak eman behar ditu; bestela baztertuz, atomizatuz eta kasu hoberenean, erlijio antzeko komunitate "progresistak" eginez joango gara, guretako berreskugarrienak eta famatu haiek, zenbait erakunde politiko eta sofistikatuetan txontxogiloarena egiten dutelarik.

Euskal Herria, talde masoniko sekreturik ez bada, euskararik gabeko Euskal Herria dugu. Errealitateari so besterik ez diogu egin behar horretarako. Fikzioa gerta dadin, Kintanaren "ukronia" triskatzeko geuk hartu behar dugu desafioa, geuk sartu behar dugu euskara, telebista eta irrati guztietan. Beste haiek ez digute sendabide funtsezkorik prestatuko. Eta fikziozkoa, kontrakoa sinestea da".


Diskoak hamabostero

NAHASKETA

Niko Etxart

Kardantxa

Gure musikaren hildoa gero eta egokiago agertzen zaigu, garai berriek eskatzen dituzten profesio eta soinu egituretan; gaur, hildo horri zentzu berriztatzailea eransten dioten disko berri bi ekarri nahi ditut.

Euskal Herrian sortzen den diskagintzaren formetarik asko konprenitzeko, beharrezko da, diskoaren merkatuko produktu kontsumista eta aldakor ezagutzea.

Zuberotarra dugu Niko Etxart; eta Frantziak Iparraldean aplikaturiko forma musikalen barnean sorturiko musiko gehienen moduan, estilo berezi eta berria da.

Beharbada, baten bati, gogorregi irudituko zaio Frantziaren industria musikal boteretsuek, mugaren beste aldean musika kontzeptu bat sorterazi dutela esatea hemengoa baino askoz tekniko eta prestatuagoa. Gogoragarria dugu horretaz Errobiren kasua. Orain Niko Etxart agertzen zaigu diskoaren mundura. Honek dakarkigun musika moduan, problematika sozialaren pisuaz, zuberotarra izan arren, bere burua banaturik apartaturik sentitzen duenaren problematika nabari da. Kantuetan, herriaren maitasunaz eta honen askatasunerako prozesuaz egiten digu berba.

Gaur arte jaietako gau dantzetan ibiltzen zitzaigun Niko Etxart, herri honetan ditugu rockarietarik argienetariko bat dugu, lortu egin baitu 1950ko rock tradizionalaren eskema euskaraz egokitzea, egiaz eginkizun zaila eta ez bakarrik hizkuntza problemengatik, bai eta bertoko girorik tradiziozaleenetan ager litezkeen kritikengatik ere.

Niko-ren lehen lan diskografikoa euskal rock and roll izan zen; eta estrainoa bada ere, kantu hori ez zaigu agertzen LP honetan. Herri melodientarazko beste joera bat agertzen zaigu, standard estiloko melodien moduan, egokituriko konponketak, Kardantxako grabaketetan ohizkoa dena,

Ahotsari dagokionez, N. Etxart gizon interesgarria dugu, bertsolaritzaren estilora jota.

Diskoa ona dela uste izanik, Niko Etxarten etorkizuna rock-and-rollen bidetik abiatu behar dela pentsatzen dugu.

Itziar

Xoxoa

Itziar dakarkizuegun ahots berria da. Hiri giroak gero eta gehiago eragiten duen belaunaldi batetik sortua. Honek Euskal Herrian, baserriaren mundurako joera nostalgiko bat, suposatzen du, diskoan, gaurreguneko modura itxuraturako poema eta melodia zaharren bidea agertzen dena.

Gabriel Aresti eta gaurko beste autore batzuren poemak azaltzen dizkigu. Baina diskoak inportanterik duena ahotsa da.

Hain da bakana emakume kantarien kasua gurean, non Itziar, hogei urtez Phoebesnow, Roberta Flack, etabarren estiloko formetaz kantatuz, harrigarri gertatzen baitzaigu.

Egiaz ahots gozoa "Haizearen gogoan" kantuan eta konbitzio diasistikoz beterik "Agur Mikel"-en. "Harri eta Harri" kanturik komertzialena da. Itziar-ek, nire ustez, behera botatzen du kontserbategi emakumearen eredua, gure artean sarritan aurkitzen dugun abesbatza polifonikoko emakumea, eta esperantzak sorterazten dizkigu rock, jazz edo bosanovaren alorretarako.

Diskoaren instrumentazioak akats nabariak ditu. Arineketan eginik eta helduegiak edo taldean jotzeko ohiturarik ez duten musikoek jota. Hurrengo diskoa elaboratuagoa izango dela espero genezake; konpontzaile egoki baten laguntza beharrezko du. Ahotsa oso interesgarria da.

K. ARKO


Euskal Herria

Basurturen etorkizun beltza

Bizkaian dauden ospitale jeneral bakarretatik bat Basurtukoa da. Orain arte 1:100 gaixo hartzen zituen eta 1.500 langilek egiten dute lan bertan. Gaur egun, gestio txar baten ondorioz eta presupostu gabetasuna dela eta, alde onean daduzka ateak.

Ospitalea sortu zenean, "behartsuentzat ongiegite" gune bat izango zela esan zuten, medikuntza pribatua ere praktikatzen zelarik.

Egun, % 85 ohe Segurantza Sozialean daudenenak dira, besteak pribatuak, benefizentziakoak, igualitarioak, mutuetakoak, etab. izanik.

Aurtengo uztaila arte, "Junta de Caridad" batek zuzendu du ospitalea. Entrepresa komiteak salatu duenez, honen gestiopean garrantzi handiko administralgo iruzurrak izan dira. Bestalde, Segurantza Sozialeko eriek, besteek baino askoz ere gehiago ordaindu dute eta urtero SSrekin egiten dituzten kontzertuak prezio ttikikoak izan dira; honela ospitalea atzean gelditu da, azpiegiturarik gabe, pertsonal guti lanean eta oso beheko osasun kalitateaz.

Orain, gestioa "Gestora Democrática" baten eskuetan dago; honetan, Udal, Diputazio, CCV eta Aurrezki Kutxen ordezkariek, langileen batek eta medikuen beste batek hartzen dute parte boz eta botuz, gainera, zuzendariak eta gerenteak bozez baina boturik gabe.

Hauek, lehengoan hondamenean sarturik aurkitu dute beren burua, baina ez dute neurri gogorrik hartzeko interes handirik ere. Zulotik ateratzeko berehalako plan bat eskatzen diote Madrili, eta Castañaresen hitzetan, INSALUDek ba dauka hiru urterako egitamu bat Ez digu esan zein den.

Langileek mobilizapenera jo dute

1.500 lanpostu daude pikutara joateko arriskuan, Basurtu altxatzen ez badute. Langabezia aurrean ikusteak, beste edozein arrazoi baino pisutsuagoa izaten da borroka aurrera eramateko orduan. Horregatik, langileen ordezkari den entrepresa komitea, saltsa honetan neurri gogorrenak hartzen dituena da; herriari laguntza eskatu dio, beste entrepresetako batzordeekin harremanetan jarri da, hitz batez, mobilizapen bidea aukeratu du, egin dituzten manifestaldi, trafiko ebaketa, etab. direlarik lekuko.

Beren eritziz, Gestorak eta CCVren Osasun batzordeak, ez du ezer positiborik ateratzen. Hilak 21ean, Osasun ministraritzak "estudio komisio" bat bidali zuen Basurtura, honek ikusi zuenaren informea egin ondoren, 27 an bilera bat izan zen Madrilen, CCV, Gestora eta INSALUDen ordezkari batzuren artean. Entrepresa Komitea ez zuten gonbidatu baina han agertu zirena partaide batzu, ez baitzuten konfidantza handirik CCV eta Gestorarengan, orain arte nola utzi duten negoziaketa luzatzen ikusiz gero.

Bilera honetan Ministraritzak esan zuenez, Basurtuk ez du beste guneek baino diru gehiago jasoko.

Dena dela,Basurtu hixten bada, konpromezu handia hartzen dute jaun hauek Bizkaian oheak falta direnean, 1.100 kendu, langabezia konpontzeko 1.500 langile kalean utzi, praktikak egiteko jadanik problemak dituzten ikasleei Basurtu ukatu, hots, selektibitate neurri gogorragoak ezarri.

Crucesen, beti egoten da toki problema, baina oraingoa gehiegi da; oheak pasabideetan, laborategian, egongelan... edonon.

Egoera larria da eta larrigoa izan daiteke. Presioek, CCV eta ospitaleko Gestora, irtenbide bat bilatzera behartzen dute, baina...

Zuloa betetzea ez da aski

Hitxi ala ez datza hor gakoa.

Mediku batzuek, hixtearen alde ateratzean beren arrazoiak ematen dituzte: "ez dago materialerik, ez inongo baldintzarik kalitate minimo bat emateko... beraz hobe de hixtea".

Eta orain konturatu al dira? Urteak daramatza Basurtu kontzertaturik, erdi pribatu eta erdi publiko; mediku hauek irabazi onak atera dituzte egoera honetatik ospitalea deskapitalizatzen zen bitartean, eta orain, soluketa, hixtea dela diote, beren lanpostua zihur baitaukate Leioan edota arlo pribatua indartuz, eta indartuko da Basurtu hixten bada. Hixtea ez da soluketa, baina zuloak betetzea (abendua ordaindu, dirua lortu...) ez da nahikoa etorkizunerako. Hainbat interes ba dago tartean, eta hauen kontra zuzenki jotzen ez den bitartean, hots, Basurtu sare publikoen sartzen ez den bitartean, etorkizuna oso ilun agertzen zaigu, Bizkaian, Cruces, Basurtu, Galdakao eta Leioa beharrezkoak dira eta gehiago beharko genuke, beraz bat zabalduko delakoan ezin da besterik hitxi.

Ikasleek ere ba dute zer esanik

Sistema honen betiko inkongruentziak. Bizkaian, Segurantza Sozialean, orduan batez besteko 53 paziente ikusten du mediku batek, baina medikuntza hasi nahi duten ikasleei selektibitate banaketa ezartzen zaie. Ba daude, hiru, lau edota lanpostu gehiago duten medikuak —kobratzeko, ez lan egiteko noski— eta bestaldetik beste asko langabezian.

Praktika guti egiten dituzte, eta azken urtean daudenek ideiarik ez dutela esaten dute, baina titulua lortzen dutenean lan egin behar, ahal badute behintzat.

Eta hau dena konpontzeko, zer ari dira egiten gure agintariek? Basurtu baldintza onetan jarri beharrean, hixten uzten dute. Estatuak, bere Plan ekonomikoaz, osasunari dirua kendu nahi dio, medikuntza pribatua lehen baino gehiago babesten du.

Nork galtzen du? Betikoak, langileak. Bi edo hiru bider ordaindu beharko du bere osasuna gaizki zain dezaten —materiale falta, aldez aurretiko medikuntzan ez eta pentsatu ere, dirurik ematen, ez baitu eria botikaz bete, hori baita emankorrena...

Lanean dagoena lanik gabe geldituko da. Ikasleak ezin du praktikarik egin, baina egunen batean, "ikasi duela" esango diote titulu baten bidez, orduan, bost lanpostu duen mediku zaharra hil arte itxaron beharko du, ea bat berari erortzen zaion. Hori mafia!

Itziar Urtasun


Euskal Herria

Gutun irekia edo irekitasunaren aldeko gutuna

Azken aldi hontan, gogoa eta idazteko premia agortuz joan zait, Anaitasunako azken zenbakiak irakurriarekin, batipat estatutuaren ingurukoak, eta badakidanez ez naiz bakarra. Orain aldizkariko zuzendariak bolada elektoreroa igaro ondoren berriz deitzen naute zerbaitetaz idazteko. Baina estatutuari buruzko zenbaki berezia lantzeko, alegia, ahaztu edo astirik ez zuten aurkitu, ikuspegi zabala, jakina muga batzuen barne, eskeintzeko. Nahiago izan zuten beren alderdiko eritzia errepikatzea, besterik gabe, dogmak ez baitute eukitzen kontrapuntuen premiarik.

Editorial xelebreak irakurtzeko aukera ere izan dugu. Badirudi garrantzi sakonagoa duela hitzen inperioak, ekintzen burrukak baino.

Dena dela, neure protesta azaldu nahi dut, aldizkaria zuzendarien eritzi politikoen zerbitzuko tresna bihurtu delako, bolada hontan, kontutan hartu gabe harpidedunok mantentzen dugula aldizkaria, eta eritzi guztietakoak gaudela, pundu minimoen mugen baitan.

Baina dakusagunez, printzipio demokratikoak praktikan jartzea ez dugu hain erreza, nolabaiteko boterearen jabe garenean.

Gaur egunean, nire ustez, Anaitasunako historia ikusi ondoren, eta euskarazko prentsaren ahuleziarekin jabeturik, arazo nagusiena irautea dugu. Ostera, geureak egin du. Baina irauteko bidea ere muga batzuen barnean burutu beharra dugu, eta aukeratu den bidea azken aldi hontan ez dut uste egokiena delarik, zeren parte baten probetxuan erabiltzeak zuzen zuzen besterik gabe, ez dut uste, etorkizun luzerik zabalduko ote duenik.

Gure herrian batek baino gehiagok uste ohi du, zenbat eta txarrago egon hobe, zenbat eta zapalkuntza gehiago eta euskara baztertuago hainbat hobe. Horrela iraultza kontzientzia bezpiztuko dela uste baitute. Baina pentsakera horretan murgildutakoak, idealista eta mekanizista xumeak ditugu. Iraultza berez ez baita eroriko. Iraultza burutu egin behar izaten dugu, soluziobide demokratikoak eskeiniaz, jasaten ari garen arazoei buruz. Eta hola, langileen botere premia nagusituz dihoala, guztion eginkizuna bihurtuko dugu gizartearen aldakuntzailea. Iraultza golpe bat baino eginkizun bat baita. Eta urrun joan gabe, honen adierazlerik garbiena euskararekin gertatu zena dugu: frankismoaren garaian, euskara prestatzen zihoan eta demokrazi burgesa, askatasun mota batzu, autonomia eta abar lortu ditugunean, euskara batua hainbat arlotan egokitua dugu. Beste horrenbeste gizarte zibileko hainbat arazoetan; nahiz eta onartu prozeso produktiboen aldakuntza, askoz konplexuagoa dela. Beraz iraultza eta autodeterminazioa ez dira arazo espontaneoak. Landuz eta irabaziz burutzen ditugu, langileen hegemonia, klasezko gizarte errealean, eta hildo beretik gizarte zibilean lortutako aldakuntzak, maila errealeko klase aldakuntzei laguntzen dizkie.

Beraz bukatu nahi dut; euskal prentsari eutsi behar diogu, eta hortan nago. Baina heltzeko modu asko ditugu. Inork ez du eskubiderik eta gutxiago harpidedunok ordaintzen dugun aldizkaria, prentsaren boterea beren zerbitzura bereganatzeko, eta minimoen barnean ere kontzientzia demokratikoagoa premiazkoa dugu besterik ez bada ere.

Bestela irakurleak irabazi ezik, galdu egingo ditugulakoan beldur naiz. Hona hemen ba Anaitasunako boterearen jestioa nola ikusi dudan azkenengo hila hauetan. Laguntzeko asmoz idatzi ditut lerro hauek. Besterik gabe.

Joseba Agirreazkuenaga


Euskal Herria

Joseba Agirreazkuenagari erantzunez

Zure karta irakurrita susmatuko duzunez, ni ez nago pertsonalki bat ere ados zure argudiookin, aipatzen dituzuen pundu batzuri ene erantzuna gertatzen dizut, argia egiteko asmoz, eta zure salakuntza grabe horiek triskatu nahiaz.

Aspaldidanik etxe honetatik zu ikusteko zoria izan ez dudanez gero, dudarik gabe lanpeturik ibiliko zara, eragin politiko gutti duen errebista erdi underground honetako beharrei lagundu baino beste asuntu askoz garrantzitsuago erabiliko duzu agian eskuartean, baina berori den arren, zuk nik bezain ongi ba dakizu Anaitasunak ez duela inolako zentsura ideologikorik, nahiz eta maizetan ikusten ez bazaitugu idazkuntzaren bileretatik eta azken ohar hori ahaztu ez bazaizu ere.

Zoritxarrez, zuretzat, argitaratzen diren artikuluez kexatu egiten zarete (ez baitzara bakarra) eta zure ustez edo eta eritziz, zuzendaritzak edo zuzendariek partidu zehatz baten zerbitzuñean daudelarik ikuspundu politiko alderdikoi batzu soilik bultzatuko lituzkete. Baina errealitatea berriro ere zuk nik bezain ongi ezagutzen duzuna, zein handi izaten baita idazle konkretu batzuengandik alferkeria eta idazteko gogoeza non gurekin lan egiteko eguneroko ala asteroko deiak eta telefono hotsak eta abar eta abar fruitubakoak geratu dira maizegi. Ondo beraz, Joseba, Anaitasunako "zuzendariok" aurten eta ihaz zehar, medio guztien bidez zuen artikuluen atzean ibiliak izan gara eta azkenez, derrigorrean, akitu ere bai. Zuek jakingo duzue zergatik ez duzuen idatzi nahi izan eta eginez gero zergatik tantaka egin duzuen bada. Herri honetan zabalduz doan minbiziarengatik dateke izan agian hots, argitalpen bat goitik behera kontrolatzen ez bada, baztertu eta bertan behera utzi egiten da, honela pixkanaka bere dinamika propioaren bidez, "hanka sartzeak" gero eta ugariago daitezela esperoan, nolabait geroxeago esan dezaten... "Ikus, esana genizuen bada, errebista hori halako partiduren barneko aldizkaria duzue"...

Joseba burkidea, hamabostero idatzi behar da, idazkuntzaren bileretara etorri behar da. Hitz guttitan, kexatzeko abagadune morala edukitzeko lan egin behar da. Lurra nekazariena da, ez jauntxoena.

Errebista hau partidu baten barnekoa denaren eritzi horri buruz ba dakizu, berriro ere ahaztu ez bazaizu, ez duela idazkuntzaren kontseiluak inolako artikulurik baztertu edo eta apaindu. Bestaldez gure idazle zerrenda aztertzen baduzu, gehiengoa independientek osaturik dagoela ohartuko zara erraz.

Zure "tendentziakoak" ez dira horregatik gutti eta ez da gu idazleon bekatua beraiek idazten ez badute, zuona baizik.

Zer nahi duzu bada, artikuluen falta dela eta, inongo artikulurik ez argitaratzea edo eta ohorezko neutraltasun baten izenean norberak bere buruari dzaka egin eta beste horien teoriak txarto hala hobe imitatzea? Ez etor mesedez oraingo honetan prentsaren neutralitatearen bikaintasunak goraipatzera. Ezagutzen al duzu prentsa neutralik? Telexak neutralak balira ere! EGIN, PH, ERE, DEIA, A. ARGIA, MUGA, PAIS, neutrotzat hartzen al dituzu?

Guk ez dugu partiduen ordenu hitzik errepikatzen, gure jarrera guztiz autonomoa dela ba dakizu eta hala ere parada zehatzetan geurea eta besteona batera badatoz, hainbat hobe, guttienez ez gaituzu bakarrik.

Zenbait euskal ezkerraren aldizkari edo alderdi UCD-ekin nahastatzea eta berdintzea, horiek guztiok Gernikako Estatutuari baietz esan zutelako arrazoiaren aitzakiaz, burutik ondo dabilen inori ez zaio burutzen. Are eta guttiago, Gernikako estatutuaren aldeko jarrerak artikulu buruan defendatu barik, horrialde guztietan sibilinoki baina ez horregatik "ohorerik gabe" zenbait argitalpen kasuan. Ametituko duzu behintzat Anaitasuna ez dela inoiz sibilinoa izan. Trapu zahar guztiak aurpegira botatzen ditugu.

Gure jarrera autonomoa, autonomoa delako, ez doa beti batera zuk aipatzen dituzun jaun andre batzurengana, eta elkar badator, hor konpon, gu ez gaude inoren menpean eta inongo koalizio politikoaren esklabutzan.

Estatutu horri buruz ba dago besterik. Niri eta beste askori oso lotsagabekoa eta mutur luzetakoa zera iruditu zitzaigun: Alde batean milioi eta propaganda guztiak eta bestean bapo. Nik neure aldetik aspaldian dut ohorea galduta.

Zure diskurtso politikoa ez zait pertsonalki batere interesatzen baina dakizukenez jarrera politiko guztiak errespetagarriak dira eta aldizkari honetan horretarako eta edo ezertarako ateak beti zabalik egon dira. Baina niri benetan min egin didan gehiena euskarari buruzko pundua izan da, nahastu egiten baituzu estatuaren onartzen eta praktikara eramatea. Praktika horrek herriari eta euskarari probetxuri —nahiz eta ttikiena izanik ere— ekarriko balio, Anaitasunak, bere traiektoria historikoa ikusita, indar guztiez lagundu eta goraipatuko luke. Zuk ba dakizu laguna, ez garela izanen behar gabe honetatik atera gaitzakeen neurri berezien trabatzaile, atakatzaile edo eragozle, zuk guri jaurtikitzen diguzun dilema hori inola ere kunpli ez dadin:

"Zenbat eta zapalkuntza gehiago eta euskara baztertuago hainbat hobe" (sic). Delako hori bota iezaiozu Herri Batasunari nahi baldin baduzu eta pentsa dezakedanez koalizio horretatik erantzunen bat lortuko duzu seguraski gure aldizkaria plataforma bidez erabiliz; asuntu horietaz interesaturik daudenen argitasunerako.

Nire aldetik, ez naiz aspaldian asko fidatu Euzko Kontseilu Nagusiaren erremedio miragarriez (Ez eta beste batzurenez) baina euskarari buruz dela eta nola susmatuko duzu Anaitasuna, beti edozein pertsona, alderdi, edo erakunde zehatzen goraipamena egin duelarik guttienezko laguntzak ere nabarmenduz?

Zurekin ados nagoen puntu bakarra ondokoa da: Anaitasunak jarraitu behar duela eta delakoa gure arazo nagusiena dela.

Amaitzeko zera, erantzun hau guztiz nirea da, denona izateko Anaitasunako idazle guztion ordezkarien (idazkuntza kontseilua) onartzea eduki beharko litzateke eta dakizuenez hamabostero larunbatetan biltzen gara.

Besterik gabe, denon lankidetasunaren zai.

Tomas Trifol

Abenduak 4


Euskal Herria

Langilearen Estatutua dela eta sindikatuekin mahai ingurua

Langilearen Estatutua izendatu den arren, nolabait langileen ordezkariak diren sindikatu gehienek hobe deritzote UCD-ren Langilearen kontrato Estatutua izendatzeari. Ugazaberiaren helburua bistan dago, krisisaldi ekonomiko zital honen gainditzea posibletuko dion tresna egokia osatzea. Eta berdin zaie horretarako, langabezia guttitu beharrean, handiago egiten bada ere.

Sindikatu guztiak, UGT-ren salbuespenaz, bat datoz Estatutu hau gaitzesteko. Baina gero, ekintzarako orduan, greben orduan banaturik ikusi ditugu, agian, gaitzespen horrek neurri diferenteak dituelako batzu eta besteengan.

Euskal Herrian ari diren sindikatuen jarrera hauk ezagutzeko asmoaz mahai inguru baterako deia egin zitzaien zentral guztiei. Gaiaz zer esanik franko duen UGT-k nahiago izan du, hala ere, ez etorri.

ANAITASUNA: Hasteko, sindikatuok Langilearen Estatutuari zer deritzozuen ezagutu nahi genuke.

 ELA: Horretarako, lehengo ugazaberiak estatutu honetaz markatu dituen helburuak ezagutu behar ditugu. Estatutua egin baino lehenagotik ere, argi ziren ugazaberiaren hiru helburu nagusiak: Lehena, langileriaren eskubide indibidualak ahal denik eta gehien moztea. Horretaz, ba dago erreferentzia bat, Martxoaren 4eko Lan Harremanetarako Legeaz hortik baitzihoan. Egoera demokratiko honetan, egin duten lehen pausoa beraz, eskubide indibidual horik gutxitzeko izan da.

Beste helburu bat, sindikatuen konpetentziak hustea izan da, horren bitartez langileriari indarra kentzen zaiolarik. Eta guk ikusten dugun hirugarren helburua., Euskal Herriko sindikalgintza deuseztatzea. Honetaz, argi dago, azken tituluak Madrilen negoziatzeko posibilitatea uzten duela bakarrik, agian, pentsatzen dute hango jendea bertokoa baino zibilizatuagoa ote den.

Estatutuaren lehenengo tituluan, garbi agertzen da kaleratzea librerik gertatzen dela. Lehengo moduan dagoela esan liteke, baina are merkeago entrepresarientzat, indemnizapenak guttitu egin baitituzte. Bestalde plantilen flexibilizatzea ere lortu dute. Orain arte, sei hilabetetako kontratua, lan ebentualentzat bakarrik egiten bazen, aurrerantzean, edozelako lanentzat sei hilabetetako kontratua egingo da; guk horri, plantilen flexibilizatzea librerik uztea dela deritzogu.

Bestalde, pertsonalaren mobilizatzea fabrika barnean. Langileentzako zigorrak askoz gogorragoak bihurtzen diren bitartean, nagusientzakoak eta hauek ordaindu behar dituzten indemnizapenak, aldiz, askoz merkeago egin dira. Bai, Ministruen Kontseiluak hamabost miloitarainoko zigorrak ezar diezaizkieke ugazabei, baina horretaraino ailegatzeko, ez dakit nik zer egin beharko duten, norbait hil edo...

Lehen titulua, beraz, langileen eskubide indibidualak mozteko. Bigarrenean, entrepresetako komiteak orain artean izan dituzten posibilitate batzu ere kentzen dira, orduen arazoaz batez ere. Eta azken tituluak, negoziatzeko estruktura bat markatzen du, goitik beherako estruktura bat, eta Euskadi mailan sindikatuen edukia zeharo hustu nahi duena. Hauxe litzateke gure balorazio globala.

 LAB: Ados nator gehien bat ELAko lagunak egin duen azalpenaz. Langilearen Estatutuaz Konstituzioaren hezurdura guztia finkatzeko barruti legislatibo, juridiko eta instituzionala jartzen dute betiko. Gure ustez, erreformaren finkatzeko burjeseriaren tresna bat da, eta bestetik, irtenbide burjesa eskaintzen zaio Krisis Ekonomikoari, langileen eskubide pertsonal eta kolektiboak moztuz. Plantilen flexibilizatzea, produktibitatearen gehitzea, etab, oso Estatutu murrizgarria beraz.

Arazo grabea da eta erantzuna eman beharko dugu. Ondoren gobernuaren austeritate planak datoz estatutu honi lotu lotuta, honela krisiaren pisua langilean lepoetara bota nahi izango dute.

Bestetik, Euskal Herriko langileriarentzako barruti autonomikorik ez da inondik ere agertzen. Eta autonomiaren bidean gaudela, hau izugarri grabea da, ez baitago, gure eritzian, inolako autonomiarik, Seguritate Soziala. Lan Harremanetarako barrutia, etab, langileentzat inportantzia itzela duten arazoak, kontutan hartzen ez baldin badira, eta hori, noski, Estatuko beste nazioetako langileekin elkartasuna apurtu barik. Beste arazo grabe bat Estatutuan, entrepresa barneko ekintza sindikala betiko apurtzea da, 81. artikuluaz negoziaketa burutik egitea inposatzen da, eta hau dela eta, fabriketako negoziaketak pikutara doaz.

Honetaz zehatzago izateko, LAB-ek ez du gaitzesten Euskal Herriko negoziaketa kolektiborako barrutirik, baina gure helburua nagusia, Lan Harremanetarako barrutia da, eta biok desberdinak dira.

Beldur gara horretaz, zenbait sindikatu ez ote den tranpa horretan jausiko ote den eta behin negoziaketa kolektiborako barrutia lortuta, bestea bistatik galdu.

 SU: Estatutu hau Gobernu eta CEOE-ren eraso bat da maila guztietan. Honetaz gure orain arteko egoera ez da ezertan ere hobetzen, txartoagotzen baizik, eta hauxe nabarmena da kapitulu eta titulu guztietan. Gobernua eta CEOE-ren helburua langileria desarmatzea izan da, gero beren plan ekonomikoak lasaiki eraman hala izateko aurrera. Estatutua, beraz, horretarako behar duten legea da.

Berdin esan daiteke Estatutua osotuagotzeko akordio marko edo itun sozial horietaz. Beraz, gu kontra gaude.

 CSUT: Gure eritzian, Azaroaren 27 eta Abenduaren 7ko greba orokorretaz, Euskadiko Langileriak erantzun berezia eman dio UCD-ren Langilearen Estatutuari. Euskadiko Langileriak argi ikusi baitu Estatutu horretaz erabat loturik gelditzen dela.

Guretzat, frankismoaren legeak berritzeko saio bat da. Ezin onar dezakegu, beraz, ez Estatutu hau, ez beronen konponketarik ere. Ezkerreko indarren jokabide bereziaz behartu egin behar dugu Gobernua, Estatutua Parlamentutik erretiratzeko, eta beste bat egin dezan Gobernu eta sindikatu guztien partaidetasunaz. Estatutu berri horrek, Euskadiko barrutiaren mailan langileria eta sindikatuen eskubide guztiak jaso behar ditu.

Desberdinak dira, guretzat ere, Lan Harremanetarako barrutia eta Negoziaketa kolektiborakoa. Bigarren hori, ona izanik ere, ez da nahikoa, eta Euskadin zein mailatako Estatutua nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugu. Diferentzia horri oso inportantea deritzogu, eta zentzu honetan, gure pentsakera ados dator LAB-enarekin.

 USO: Azken urteotako aldaketa politikoa lortzeko burruka politikoan, langileria izan da protagonista nagusia, eta ezin onar dezakegu orain, entrepresetako demokrazia eta langileen eskubide eta libertateak galerazten dituen estatutu bat.

Gure aldetik, LSB-USO-k, Bartzelonan 1979.ko azaroan egindako sekzio sindikalen batzarrean, Konstituzioaren mailako Langile Estatutua eskatu du.

Errefusatu egiten dugu Komisioak onarturiko testua, langilearen eskubideak galerazten dituelako eta frankismoko legeak baino atzerakoiagoa delako.

 CC.OO: Gure balorapena negatibo-negatiboa da. Guk Langilearen Zigor Legea deitu dugu. Besterik esan beharrik ez dagoela uste dut.

 A: Lan Harremanetarako barruti autonomikoa eta Negoziaketa Kolektiborakoaz aritu zarete, eta oso desberdinak direla esan. Azal diezagukezue, sindikalgintzan sarturik ez gaudenontzat, diferentzia hori zertan datzan?

CSUT: Euskadi mailan Negoziaketa Kolektiborako eskubidea izan dezakegu, Langilearen Estatutuaren edukia bat ere aldatu gabe, hori, garbi azaltzeko, Madrilen negozia daitekeena Euskadin negoziatzea litzateke,

Lan Harremanetarako Barrutia deitzen dena, Euskadik berak Langilearen Estatutua eta legeak egiteko eskubidea da eta, guretzat, lehen mailako inportantzia du honek, geure moduan, Euskadi naziotzat hartzen baldin badugu.

 LAB: Konforme gatoz, CSUTekoak esan duenaz. Negoziaketa Kolektiborako barrutiaz, negoziaketak Madrilen eta goitik behera bakarrik egiten badira, hori Madriletik Euskal Herria, Galiziara edo Kataluñara eramate hutsa litzateke. Guk nahi duguna, Lan Harremanetarako barrutia da, bertoko langileriarentzako lege bereziak egiteko eskubidea, halegia. Autonomia hortik hasten da eta beste guztia ez da gezurra baizik.

 ELA: Nik gauza bat bakarrik esango dut. Nik gaur entzun dut lehenengoz "Negoziaketa Kolektiborako barrutia" delako hori. Ba dakit zer esan gura duen, baina guk ez dugu hori sekulan erabili.

Garbi dago 81. artikuluak zer esan nahi duen, eta ezin esan daiteke, gu hori bakarrik lortzera goazenik. Estatutu hau sortu baino Lehenagotik guk planteiatua dugu guztiz premiazkoa zaigula Lan Harremanetarako barrutia, Euskal Herrian Espainian gertatzen ez diren baldintza berezi batzu agertzen direlako.

 CSUT: Xeheago esanda, honek guretzat zera esan nahi du, Euskadiko langileriari berdin zaiola Madrilgo edo Euskadiko kapitalak esplotatzea, eta hemengo langileriak Euskadiko kapitalismoaren aurkako lege bereziak, berak egin behar dituela.

A: Hona etorri zareten sindikatu ordezkarien eritzi guztiak, ezkorrak dira Langilearen Estatutuari buruz, atzerapena delako eta langileen eskuak lotu eta nagusienak libre uzten dituelako. Beste sindikatu inportante bat, UGT, deitua izan arren etorri ez dena, Langilearen Estatutuaren alde dago hala ere. Zer deritzozue zuok sindikalgintza moeta horri?

 ELA: Sindikalgintza makal dago Espainia mailan eta Ugazaberia konturatu egin da, bere arazoa aurrera ateratzeko, sindikatu bakar batekin askoz errazago izango zaiola, eta hori, UGT izan daitekeela ikusi du. Modu honetan, batetik UGT-k aurpegi zuhurra erakusten du, PSOE-ren "Botere Alternatiba" bultzatzeko, eta bestetik, beste sindikatu guztiak jarrera egosgaitzetan eta negoziaketaren kontrakoetan uzte ditu.

UGT-ren sindikalismoa behera zetorren, eta honetaz Espainiako sindikatu bakarra bihurtu nahi dute. Ba daukate horretaz esperientzia bat Primo de Rivera-ren diktadura garaitik. Orduan, diktadura izan arren Largo Caballero zegoen lan ministrari, eta komite paritarien bitartez, UGT izan zen Espainia mailan gelditu zen sindikatu bakarra. Esperientzia hura ondo atera zitzaien eta berriz egin nahi dute.

Gure eritziz, ugazaberiak erosi du UGT, honen ordez sindikatu bakarra bilaka dadin.

 LAB: Argi dago UGT burjeseriaren jokoan jausi dela eta, CEOE-UGT ituna bide horretan joan dela. Bestetik hori, PSOEk UGT-ri egindako inposaketa bat dugu, bere politika aurrera ateratzeko.

Gobernuak eta CEOE-k bitarteko bat behar zuten eta hori UGT izan da mementu honetan.

Horrela, sindikatuen elkartasuna apurtu, ezberdindu eta banatu nahi dute. Baina aurrerantzean beste problema bat izango dugu, joko horretan jausten dena ez delako UGT bakarrik izango. Hemendik aurrera problema nagusia ez da izango zer negozia, nork negozia baizik. Eta beldur gara PCE eta bere sindikatua, CC.OO, ez ote diren bide horretara joango. PCE-ren presioa, azaroaren 14ean jendea Madrilera eroateko, Gobernuari beraiek ere indarra ba daukatela erakusteko zen, eta negoziatzeko mahaietan derrigorrez jarrita egon behar zutela.

 SU: UGT sindikalgintza burokratikoa egiten ari da. Eta nahiz eta Langilearen Estatutua txarra dela jakin, ba dauzka bestalde zenbait ordain. Akordio marko direlakoetan argi ikusten denez, jabego sindikalari buruz, CEOE prest dago beraiei ondo letozkiekeen neurriak hartzeko, hauteskunde sindikaletaz berdin eta sekzio sindikalak UGT-ri uzten zaizkio, etab.

 CC.OO: Lehen Estatutuaz esan dudana errepikatuko dut, UGT-ren jokabidea negatiboa izan da guztiz. UGT-CEOE-ren artean izan dituzten akordio markoetarako gu ere deitu gintuzten, baina tranpa bat zela ikusi genuen; lehenengo Estatutua sindikatuen artean negoziatu behar zelako eta gero horrekin, CEOE, ugazaberia, alderdi eta edonorengana joan.

Gero jazo denak arrazoia eman digu, UGT-k esaten zuen negoziatu behar zela eta ez aurrez aurreko erasoak prestatu. Guk ugazaberiarekin inoiz ere ezin negozia daitekeela esaten genien, baldin eta aurretik gure indarrak batu barik, eta akordio batera ailegatu barik badauzkagu.

UGT-ek agitazio sindikal hutsa egiten genuela salatu digu, grebak eta mobilizaketak bakarrik egiten genituela, eta gaur daukaguna orduko egoeraren ondorio hutsa da. Lehendabizi beharrezkoa da sindikatu guztien artean negoziatzea.

 CSUT: Akordio marko horik itun sozialaren bidean doaz. Hitzek ez dute balio, azkenean firmatzen dena baizik. Bestetik sindikatu guztiek elkarrekin egon behar dugula esaten denean, guk CC.OO-ek zentral minoritarioak beti alde batera uzten gaituela ikusten dugu. Honetaz, bada, hitzek eta jokaerek ez dute elkarren arteko zerikusirik.

 LAB: Erantzun labur bat CC.OO-k esan duenari. Nik ere ikusten dut sindikatu guztiak elkartu beharra negoziaketak egiteko. Lehenengo esango nioke CC.OO-eko lagunari ea zein filosofia duen sindikatu bakoitzak negoziaketak erabiltzeko, ez baita kasualitate hutsa, LAB Bizkaiko siderometalurgikako mahaitik kanpora bota dutela, ELAk eta CC.OO-ek hori firmatu dutelarik.

Ba dira CC.OO-en deklarapenak egin behar dugun sindikatu handiari buruz, ugazaberiaren aurrean indar handiagoa izateko; ni ez nator horretaz ados, sindikatu minoritario edo iraultzaileak sindikalgintzari aberastasun handia eransten diotela uste dudalako, eta denontzako lekua egon behar da mahaietan.

 USO: Gauza batean konforme nago CC.OO-ekin, alternatiba guk egindako testu unitarioa litzateke. Hori bat litzateke. Baina hori ez bada, gure burruka, gure alternatiba konbenioetan izango dugu. Orduan, aldatu egingo dugu nahi duguna edo ahal duguna.

 CC.OO: LAB-i erantzuteko, pasatu egin baikara gai konkretu batetatik beste batera, filosofia sindikalarenera, eta ez konbenioetan bakarrik ekintza sindikal guztietan baizik.

Guk argi daukagu, batasun sindikala Euskal Herrian hiru sindikatu nagusien elkartasunetik pasatzen dela. Konforme nago, sindikatu minoritarioek aberastasun bat eskaintzen dutela esaten denean, baina batasuna ez da pasatzen sindikatu ttiki hauen indartzetik, alderantziz, berauk dira beren ekintza sindikala nagusienarengana eroan behar dituztenak.

Langilearen Estatutua oinarrizko lege bat da, eta horretantxe behar zen sindikatu guztien partaidetasuna, ez da konbenio bat ez greba bat, ez ekintza bat. Estatutuak ekintza eskatzen zuen. Gero, hau nola artikulatuko zen, zer jazoko zen..., aurretik behintzat ez zegoen gure aldetik inor baztertzeko ideiarik. Gero, ezin izan da hau guztiau aurrera eroan, baina horixe zen gure intentzioa.

 A: Azaroaren 27an, honetaz egin zen greban, sindikatuak bloke bitan banaturik agertu ziren. Azal dezaizkigukezue laburki, deitu zenutenok eta ez zenutenok jarrera bat edo beste hartzeko izan zenituzten motiboak.

 CSUT: Estatutuaren negoziaketak nola zihoazen ikusita, behar beharrezkoa zen Euskadi eta Estatuko langileriaren burruka, hori atzera botatzeko.

Hile bi lehenagotik, sindikatu minoritariook, edo iraultzaileak, guretzat, majoritariei deika ibili gintzaizkien, eta hauek ez zuten inondik ere nahi izan denok elkarrekin burruka batera joatea. Horregatik batasunezko burruka aipatzen dutenean, hor zerbait izkutatzen dela uste dut.

Gure eritzian, 27ko greba orokorraz, Euskadin argi eta garbi azaldu dena zera da, ba dela hemen langileriaren zati bat iraultzailea dena, belauna makurtu nahi ez duena, eta Abenduaren 7ko geldiketa orokorra, posible izan bazen, 27koari eskerrak izan zen.

Argi gelditu da langileriaren aurrean, zentral erreformisten asmoak oso bestelakoak zirela. Argi agertu da euskal langileria iraultzaile horrek jarraipena behar duela, eta kapitalaren kontra burrukatzeko tresna baten eske ari dela garraisika. Tresna hau, langileak organizatzeko klase sindikatu nazionala da, eta horretan errespontsabilitaterik handiena LAB-eko lagunei doakie. Gu prest gaude bide horretan joateko, hori baita euskal langileria iraultzailearen itxaropen bakarra.

 SU: 27ko greba ez zen izan astebeteko lanaren helburua, ekainetik zetorren lanaren ondorioa baizik. Greba hartarako konpromezua, Gasteizko ordezkarien batzarretik irten zen, eta beste zentral batzuk grebarako deirik egin ez bazuten, hori deitu ez genielako ez zen izan, eta gero 27an lan handia egin zuten greba atera ez zedin.

27koa oso inportantea izan zen eta 7koa haren jarraipena bezala ikusten dugu. Greba harekin kolpe gogorra eman zitzaion Langilearen Estatutuari, eta aurrera jarraitu beharra dago, Estatutua hilda sor dadin.

 LAB: Problema aintzinatik dator, gogoratzen baduzue, azaroaren 14an kontzentrapen bat zegoen Madrilen; eta hori baino lehenago zenbait bilera egin genuen, CC.OO, ELA, CSUT, SU eta guztiok. Azken batean, protagonismo problema zegoen, zeren CC.OO-k argi eta garbi esan baitzigun, kontzentrapen hura, Madrilgo gobernuaren aurrean, bere indarra erakusteko zela.

27koaz oso baloraketa positiboa egiten dugu. Estatutuaren arazoa apur batean bazterturik zegoen protagonismo problema horik zirela eta, greba hartaz lehen mailara pasatzea lortu zen. Dudarik barik, 27koak posible egin zuen 7koa aurrera ateratzea.

Orduan UGT-k esan zigun, grebara denok joatekotan etorriko zirela, baina 27koa sindikatu minoritarioen zerbait baizik ez zela. Hori gezurra zen, zeren esan den moduan, guk sindikatu majoritario guztiei egin baikenien deia, eta inor ez zen agertu.

7ko grebaz, UGT guztiz apartaturik gelditu zen. 27koa, filosofia sindikal gogor bat duten sindikatuek eroan zuten, filosofia gogorra, bai negoziaketarako eta bai Estatutuaren ikuspegiaz. 27koan ziren indar guztiak 7an ere agertzen dira ere, baina arloan desberdindurik gelditu ziren.

 CC.OO: Besteek egin duten moduan. Azaroaren 14ean Estatu mailan, CC.OO-ek deitu edo protagonizatu kontzentrapenaz hasiko naiz. Ordurako, ikusten zen Langilearen Arazoaz gauzak ez zihoazela ondo. UGT-ren planteiamendu ezkutuekin ez gentozen bat, gero uda pasaturik, UGT-CEOE-ren akordio markoena gertatu zen eta, batera topatu genituen Langilearen Estatutua eta Gobernuaren Plan Ekonomikoa. Arazo biak bat egin genituen eta hortik dator gure protagonismoaren arazo hori. Eztabaidagarria izan arren, gure ustez protagonismo hori gure eskubide bat dela pentsatzen dugu, problema besteak errespetatzea litzateke.

Estatutua eta Gobernuaren plan ekonomikoa, Espainia osoko langile klaseari afektatzen dioten arazoak izanik, Madrilera batu behar ginen denok, bertan baitago botere ekonomikoa.

Gero, guk ere ez genuen pentsatzen gauzak hain gaizki joango zirenik, kanpaina bat eratu beharra ikusi genuen, eta horretarako azaroaren 29a aukeratu genuen. Egun inportantea izan zen hori, Madrilen, Kataluñan eta Andaluziako zenbait tokitan. Euskadin genuen esperientziaz, ez genituen gauzak argi. Udazkenean, UGT eta batez ere, ELArekin hitzegin genuen, gehien bat ELAk 81. Artikuluaz zituen problemak ezagututa. Asmoa, gure kontzepzio sindikalaren arauera, majoritariak batzea zen.

Errealitate bat da 27aren bezperan batzar bat egiten dela eta handik irteten da grebarako deia; orduan guk 29rako deia kendu egin genuen. Batzar hura egin ez bazen, guk 29koa eroango genukeen aurrera. Gero, ELAk eta UGT-k planteiamendu hori egin zutenean, onartu egin genuen hilaren 7koa.

Guretzat, hilaren 27ko greba irakaspen bat izan zen, sindikalgintza eta grebak nola ez diren egin behar jakiteko.

Gezurra da guretzat, 27koaz 7koa prestatu zela esatea, eta azken mementuan ELA eta CC.OO-ekiko batasunik eman ez balitz, 27ko eragina guztiz negatiboa izango zatekeen 7rako. Politikaz gehiegirik ulertzen ez duen langile arruntarentzat, nahaste hori kaltegarria zen kontzientzia indartzeko.

 LAB: CC.OO-ek ez du ikusten Lan Harremanetarako Barrutiaren arazoa, eta ofizialki ez dute horretaz ezer esan. Nik eritzi argiago bat eskatuko nieke.

 CC.OO: Bai, behin Gernikako Estatutua firmaturik, gure Kontseilu Federal edo Exekutiboak dokumentu bat egin du, Autonomi Estatututik sortzen den Lan Harremanetarako barrutiaz. Hori nola ulertzen den beste problema bat da. Guretzat, Estatua merkatu komun bat da, eta guk harremanak izango ditugu Estatu mailan. Kondizio horrekin elaboratu dugu Lan Harremanetarako barrutia, baina beti Espainiako merkatu komun hori kontutan hartuta.

 LAB: Niretzat behintzat, argi dago honetaz CC.OO-ek ez duela praktikan erabiliko Lan Harremanetarako barrutia. Akordio markoei buruz, CC.OO-ek ba du jarrera argia puntu batzuri buruz, beste batzuri buruz hain argi ez badago ere.

ELA-STV-ek Estatutuaren 81. artikulua aldatuz gero, onartu egingo luke, eta antzera esan liteke CC.OO-ez.

Guretzat, Estatutu honek ez du balio, eta ezin liteke horretaz konponketarik egin. Horregatik CC.OO-ek behin eta betiko esan behar liguke, zenbait puntu aldatuz gero, ontzat hartuko luketela.

 SU: Garbi dago kontzepzio desberdinak daudela, baina burruka aurrera eraman behar dugu eta beraz, akordioetara iristerik ba dago eta ahalegina egingo dugu, CC.OO eta ELA-rekin hori lortzeko, dena den praktikak erakutsiko du hitzen ondorioa.

 CSUT: Guk esperientziak ez ditugu ateratzen Parlamentuko berriketaldietatik, langileriaren aurrean hartzen diren jokabideetatik baizik. Alderdi horretatik, garbi ikusi ahal izan dugu, 27an langileriaren zati bat gogor atera zela grebara. Zati horrek izan behar du trena aurrera bultzatzen duen motorea bezala, hori izango baita erreformismoaren azpian dauden langileei tira egingo diena.

Behar beharrezkoa ikusten dugu Gasteizko batzarrea bultzatu genuen sindikatuek euskal langileriaren klase sindikatu bat osatzea.

J. LL.


Euskal Herria

Euskararen arazoa ikastoletan (II)

Beste ikastoletako euskararen egoera

Aurreko artikuluan nionez, Ondarroako Zubi Zahar ikastolako haurrek iraganezko formak egiteko orain aldikoez baliatzen ziren 7 edo 8 urte arte behintzat, baita N-NK eta N-NI-NK aditzak ere nahastu egiten zituzten, N-NI-NK-koak erabiltzen zituztelarik bai beronen eremuan eta bai N-NK-en eremuan ere ia bete-betean, berau, eguneroko hizketa bizian gehien entzuten baita. Bestalde, ikastolako beste haur nagusiak ere bi aditz forma hauek erabat nahasten zituztela (eta gaur ere nahasten dituzte, zoritxarrez) nioen. Eta guzti honen zergatiak, informazio masa egoki eta intentsibo bat eta ematean ikusten nuen, ez baitzeuden ezelako euskarazko programa eta metodologiarik ikastolan.

Kezkati nengoen egoeraz, eta Ondarroako haurren euskararen egoera jakinik, beste euskal giroko ikastoletako egoera ezagutu nahi nuen, ea beste horrenbeste gertatzen ote zen. Horretarako, haurren mailaren berri jakin dezadan, Gipuzkoako euskal giroko lau ikastolarik inportanteenetarikoetan (Azpeitia, Elgoibar, Zarautz eta Ordizia) aukera eman zidaten bertarako zuzendari eta irakasleek. Ikastola bakoitzeko 3. 4. eta 5. mailetako haurrik argienak hartuz, era bitako azterketa egin nien. Batetik idatzia, SAIOKA 2-tik ateratako berba arruntez osaturiko zerrenda bat jarri nien, esaldi bat egin dezatela eskatuz, baita berauen sinonimo edo eta erdarazko ordaina ere. Bestetik, eta ez haur guztiei, ahozko hizketaren azterketa egin nien batez ere aditzaren funtsezko egiturak, hala nola, indikatiboa, potentziala eta abar nola zerabiltzaten jakin nezan.

Bestalde, beste zenbait euskal giroko ikastoletako haurren euskara mintzatuaren ezagupide zuzena egiteko aukera

Bestalde, beste zenbait euskal giroko ikastoletako haurren euskara mintzatuaren ezagupide zuzena egiteko aukera eduki dut. Gainera, eman ditudan euskararen metodologiaren ikastaro batzu direla eta, irakasleen bidez ikastoletako egoeraren nondik norakoaren berri zehatzago ere jaso dut. Nik uste, esan dudanez, batez ere euskal giroko ikastoletako berri badaukadala luze eta zabal hitz egin dezadan hortaz.

Erdal giroko edo eta euskal giro kaskarreko ikastoletako euskararen egoera askotaz okerrago da, noski. Ez ditut euskaldun-euskaldun herrisketako egoeraren datu zehatzik baina hauetariko batzutan behintzat, eskola-kontzentrazioa dela eta, erabat nahastatu da euskara gazteengan. Beronek, haur euskaldun-euskaldunak, haur erdaldunekin eta euskara kaskarreko haur euskaldunekin nahastu baitute dakizkigun ondorio kaltegarriak dakarzkielarik, hizkuntza mailan behintzat, euskara jatorrezko haurrei.

Herriska hauetako euskaldun kopurua, gainera, txikia da herri handiekiko. Eta ez dute eragin handiegirik kaletarron ahozko hizketan, euskararen etorkizuna kaletarron gain dagoela denok dakigularik. Horrexegatik hain zuzen, ez naiz gehiegi kezkatu herri txikietako euskararen maila ezagutzen.

Erresultatuak

1) Ahozkotikoak

Haurrei egin nien ahozko azterketan, batez ere ikusi nuena zera izan zen, izugarrizko beherakada egin dutela nagusiekiko.

Batetik, telebista dela eta, normala izan litekeen arren, bestetik dagoen tartea handiegia da, nik uste.

Haurrek ez dira gauza N-NK eta N-NI-NK bereizteko orain aldian bertan, eta zer esanik ere ez iraganean, normalean inork ere ez baitarabiltza N-NK edo forma gehienak, hala nola, zintudan, ninduzun, etabar edo eta berauen ordainak euskalkietan. Eta okerrago dena, toki askotan lehen aldiko formarik ez dira erabiltzen, berauen ordez orain aldikoez baliatzen direlarik. Diodana, ez da haur mailan bakarrik, ez, gazte mailan ere bai, 10 urtetik 20 urtera bitartekoetan.

Gutxi ez balitz ere, askok, transitibo-intransitiboen arteko diferentzia ere ez dute bereizten (nik etorri naiz, etabar).

Potentzialetan ere kristoren triskantzak egiten dira, LEIKET, LEIKEZU edo LEZAKET eta abar esanez, edo eta AHAL bidez eginez.

Ez dira, NAITEKE, NINTEKE, ZAITEZKE, DEZAKET, ZENEZAKE, DIEZAIOKET, ZENIEZAIOKE edo hauen ordainak euskalkietan eta abar, entzuten. Baldintzetan ere beste horrenbeste gertatzen da, eta are gehiago perpausa konposatuetan, askotan, adibide gisan, kausaletako "lako", "-eta", erlatibozko -n etabar ez baitira entzun ere egiten toki askotan. Eta berriro gogoratu nahi dut jaiotzatiko haur euskaldunengan ikusitakoaz ari naizela.

2) Idatzizkotikoak

Hasieran nionez, SAIOKA-tiko oinarrizko hitzen azterketa bat egin nien 3, 4, eta 5, mailetako, haur argienei. Eta nik uste, ez dira ondo atera, askok, "gainerako", "soilik", "batipat", "premia", "arazo", "nonbait", "bare", "behintzat" eta honelako hainbat berba ez baitzuten ezagutzen.

Bestalde, aipaturiko egiturazko akatsez eta beste sinpleago batzuez gain, oro hartzera ikusi nuen, haurrek, mintzatzen ziren bezala idazten zutela, hala nola, "gutxio" (gutxiago), "leno" (lehenago), "geldik" (geldirik) eta abar. Baita "hotsa-hotsa", "soro-zoro" eta abar ere arazotsu gertatzen zitzaizkien. Beste berba batzuren esanahia ere, hala nola, hautsi, eraitsi, garesti, moeta, eritzi eta abarrena nahasgarria gertatzen zitzaizkien batetik, beste era batez zerabiltzatelako ahoz, "galesti", "hausi", "iritzi" eta abar bezala, eta bestetik, hitz batzu "eretzi-intzi", "mo(e)ta" eta abar, era bitara edo agertzen direlako liburuetan, sekulako nahasmendua sortuz haurrengan. Eta horretaz badu egitekotik Euskaltzaindiak.

Haurren ahozkamena etxetikoaren isladura da. Hezigabea. Eta hau zuzentzekotan eskolaurrean, beste gauza gehienak bezala, egin beharko litzateke aurreirakurketan errebortxatuz ahotsen eta berauen zeinuen arteko erlazioa adierazten zaielarik haurrei. Bigarren puntu honetan esandakoak garrantzia daukan arren, nik uste, ez dagoela lehen puntutakoaz konparatzerik.

Arrazoiak

Arrazoiak bilatzean, nik uste, nagusiena zera dela, erdarazko irakaskuntza-modu bera aplikatu dugula eta aplikatzen ari garela oraindik, zoritxarrez. Baina kontutan hartu barik hizkuntza dela irakaskuntzaren kanalizatzailea, eta berau, gizarteko arlo guztietatik (telebista, irrati, administrazio eta abar) jasotzen duten bitartean haur erdaldunek, euskaldunek ostera, ez dute ezer onik komunikabideetatik jasotzen euskararekiko kaltea baizik.

Horrela, aurreko artikuluan nionez, haurren euskararen jasoketaren zatirik haundiena irakasle bidez egin behar litzateke. Eta kontutan eduki behar da haurren hizkuntz-etxea 7 edo 8 urterarteko bitartean egiten dela, eta ez adin horretararte, ezta l.aro osoan ere ez dut inongo ikastolan euskara lantzeko ezelako ezelako programaketa eta metodologiarik ikusi. Haurrek, beraz, informazio masa urri bat jaso dute belarriz, zeren eta denok dakigu gaien bidez, irakurketa eta idazketa direla, ez dela, egiturei dagokienez behintzat, aho-hizketaren maila gehiegi, jasotzen. Bestalde irakasleon euskarazko aho-hizketa urria ikusirik, informazio masa bera ere, askotan, desegoki eman zaie haurrei, eredu kaskarrak baikara, eta gure euskal gizarte honetan inor izan behar bada eredu irakasleok izan behar genuke, hortaz profesionalek garenez gero. Gure artean, gainera, permisibismoa dago modan, batez ere eskolaurrean, eta askok zera uste dute, haurrek, berekiko ikasi eta landuko dutela, kanpotiko hizkuntzazko informazio masa egokia —irakasleok eman behar genukeena— jaso barik. Bai, honela edo uste da, zoritxarrez, eta gaur egun, ezin daitekeela haurrik gauza bat ikastera derrigortu edo behartu, izorratuko delako ustea zabal baita gure artean. Eta, nik uste, inoiz eta inon behartu behar bada haurra, bere izakera errespetatuaz, noski, eskolaurrean dela, eta ez hizkuntza arloan soilik. Beste ahalmenak lantzeko ere garai hoberena da edo eta ia bakarra, beharbada. Muskuluak bezalakoak dira ahalmenak. Batetik, desarroilatu egin behar dira, eta bestetik, hortarako dagoen garairik hoberena probetxatu behar da. Garai honetan haurraren ahalmen guztiak ez lantzean datza, nik uste, eskola-porrotaren arrazoietariko bat, nagusiena ez bada. Eta, euskaldunon kasuan, hizkuntz-ahalmena lantzean dago Euskal Herriaren etorkizuna, eta hondamendira eraman nahi ez badugu hasi gaitezen haurren sarreratik bertatik hizkuntza lantzen, ia-ia 2 hizkuntza bat balitz bezala, etxetiko alde onak errebortxatuz eta txarrak zuzenduz. Ez gaude txantxetan ibiltzeko, eta ikastoletan eta gizartean bertan dagoen egoera ez da baikor izateko. Salbabide nagusia euskal telebista bat edukitzea izango litzateke, baina erdaraz bezalakoa izango dela pentsatzea ameskeria dateke oraingoz behintzat. Gainera, telebista ala ez, ikastola gauza izan behar luke berez, orain arte ez bezala, "egiturak" ikaserazteko haurrei, nahiz eta gero, gizartearen martxa dela eta erderara jo lezaketen haurrek. Irakasleok, orain arte behintzat, ez gara gauza izan "egiturak" ikaserazteko haurrei, guk ere ez baititugu, zoritxarrez, gehiegi menperatzen. Gure euskal irakaskuntzaren porrot nagusia, nik uste, hain zuzen, irakasleon prestaketa egoki ezean datza. Bizitzako edozein arlotan bezala helburu batzu behar dira, eta guk irakaskuntzan eta batez ere eskolaurrean, preminazko delarik, ez dakigu zer lortu behar dugun urtez urte euskara mailan, ezta nola lortu ere, ez baitago esan dudan bezala ezelako programaketarik eta metodologiarik. Horrek, edozein pertsona desanimatzen du luzarora, eta gehiago haurren euskara maila igo beharrean, haurra desarroilatu ahala jaisten eta trakesten ikusten dugunean.

Eta honela gaude, oraingoz. (Jarraitzeko).

Mitxel Kalzakorta


Euskal Herria

Andereño ezezagun bati gutun irekia

(Euskal Fonetikatik Eusko Kontseiluraino)

Andrea,

Zurekin hitz egiteko asmoa neukan aspaldian baina zoritxarrez, astirik ezean, nahiko lanpeturik ibiltzen gara denok, beti gerorako uzten dugu. Honetan librerik nagoenez, nire haurraren notak ikusteak gogorarazi dit zurekin karta bidez harremanetan jartzea.

Egia esateko, ni ez naiz, Euskarari buruz, neure haurraren atzerapenetaz ezertan ere harritzen. Azken hau absolutuki kontsideratzen bada behintzat. Konparaketak eginez gero, orduan bai, orduan guztiz harritzen naiz, harritzen bainau etxekoekin euskaraz eta ez besterik egiten duen haur baten atzerapenak. Zeren seguraski zera esan nahi du azken horrek: Beste horiek, euskara ikastolan ikasi dutenok, ezaguera hobea eduki dezaketela erlatiboki eta benetan honek kezkatzen nau.

Ez da nire asmoa karta honen bidez zure balioztapenak dudatan ipintzea edo eta eztabaidatan sartzea. Ez, ni ez noa horretara.

Galdera bat edo batzu jarriko nizkizuke ea nondik letorkiokeen haurrari atzerapen hori jakiteko asmoa. Ez al da harritzekoa bere ama-hizkuntza ez den horiekin baino atzeratuago izan eta ezagupen guttiago edukitzea? Orain dela urtebete eskas, Ikastola bereko notetan haurrak euskaraz —oso ongi— ekartzen zuen. Orduan bost urte zituen. Eta galdetzen diogu geure buruari nondik ote datorkion, bada atzerapena.

Nolabait argitzeko pasadizo batzu kondatu nahi nizkizuke.

Askotan, lagunartean biltzen garela, ikastola ezberdinetako adin bereko haurrak batzeko ahalbidea izan dugu. Egoera horretan, ipuinak eta kondaketak eragiten dizkiegu. Bost urte eta sei urtetako haur erdaldunek (ama-hizkuntza euskara ez dutenak) 25% baino guttiago ulertzen dute; aspertzen direnez, bilera abandonatu egiten dute beren jolasketa bereziei jarraituz. Euskaldunak aldiz, su eta gar segitzen diote kondaketa guztiari. Azkenez, gustatu egin bazaie, galderak eta guzti prestatzen dituzte. Ordurako zer esanik ez, euskal-erdaldunak alde eginda daude aspaldidanik.

Hegoaldeko Euskal Herrietan, ikastolako haur euskaldunak bertako hizkera ulertzeko gai dira, fonetikaren aldetik nahiko berdintsuak izaten dira eta. Ikastoletako haur euskal —erdaldunek ez dute batere ulertzen. Haien fonetika guztiz erdalduna da. Hau guztiau ez da Bizkaian bakarrik gertatzen. Iruñako ikastolako irunseme erdal-euskaldunek ez dute baserritarren hizkuntzatik laurdena ere ulertzen. Ikastoletako bizkaitar euskaldunek aldiz den-dena ulertzen ez badute hariari darraizkio erraztasunez.

Zoritxarrez ikastola askotan euskal fonetika zer den ez da ezagutzen. Barka nazazu ene ausardia honengatik baina esan beharrean nengoen Bizkaitar, Gipuzkoar zein Nafar fonetika ezberdin horiek elkarpuntu asko eta soinu berezia dute. Horregatik ere, hizkuntza bat eta bakarra osatzen dute.

Eta orain, andere agurgarria, lehen galdera doakizu: Ez al du honek, fonetika eta soinu lege berezi hauek, euskaldunen aterapena handitu eta zabaldu?

Errudunen bila

Andereñoak errudunak direla ez dut uste inork pentsatu duenik.

Erruduna erraz topatzen da sudurra leihotikan kanpoan ateratzean. Hor dago gure erruduna. Giroa. Hiri handi eta ez hain ttiki guztietako giro erdalduna. Horrek murgiltzen gaitu alde guztietatik. Gure haur guztiak beraz, giro horretako fruituak dira. Ama-hizkuntza erdara izanez gero ez dago ezer traumatikorik, ez dago hauskera gogorrik. Hizkuntza berri bat ikasten ari dira, frantsesa edo ingelesa ikasten den modura. Bilboko Alemandar, frantses edo eta ingeles ikastetxetako haurren fonetikarik entzun al duzu inoiz? Oso erraza da. Sinplea. Ia-ia espainol bezalakoa. Frantsesez bada, ez dute —e— ahozkatzean, diferentzia nabarmenik egingo. Hala ere, ikastetxe horietako fonetika gurearekin konparatuz gero, askoz hobea izaten da hizkuntza garatu bat, fixoa, berdindua ikasten. Konparaketa nahiko kaskarra geratzen zaigu. Hala ere, fonetikaren horietan gertatzen bada, zer ez da, bada, gertatuko ikastoletan?

Lehengo egunean aldizkari honen bidez Ondarroako haurren problematika irakurri ahal izan nuen. Oso artikulu ona, esperientziaz osatua. Han, 4tik sei urterainoko haurren hizkuntzaren bilakuntza aztertu egiten zen, haurrak hiru multzo ezberdinetan sailkatuz; hots, haur amazuloak, haur bakartiak eta haur lagunkoiak, azkenean. Dena den, lehenago edo geroago, zailtasunez edo erraztasunez, denak azkenez, eskura ditzakete nolabait aditz formak, Ondarroa bitartean, erdalduntzen ez bada behintzat. Horrela pentsatzen dut nik, nahiz eta horretarako froga esperimental askorik ez eduki.

Zer gertatzen da bitartean hiri handietako haur euskaldunekin?

Erraza baina lazgarria. Telebistarik gabe, Ikastoletan zinema berezi eta egokirik gabe, hizkuntza erreferentziarik gabe, euskara galdu eta pobretu egiten da etengabeki. Hiri handietan gertatzen dena guztiz aldrebeskoa da, bai aditzetan, bai hiztegian eta bai sintaxian.

Begira eredu hauek:

Lau urtekin

(Hiztegian)

Sakatu atea.

Moztuko "nazu" besoa.

Zapatilak jantzi

Zapaldu

Arin joan

Tentela

(eta abar)

(Sei urterekin)

Enpuja atea

Kortako "nazu" brazoa

Zapatilak ipini

Pisatu

Korridu

Estupido

(eta abar)

Aditzetan

(Lau urterekin)

Gustatzen yatzu

Ez yake gustatzen

Gustatzen yatzuz

Gauzak ekarri dituz

Gauzak ekarri dabez

Atzo joan nintzen

Poxpoloak eroango dodaz eta abar

Sintaxian

(Lau urterekin)

Futbolean egingo dugu

Etorri den gizona zera esan "nau"

Harrapatuko zaitut baietz!

Pailazoena egingo al dugu?

Ama, bihar motxila ikastolara

eraman behar dot... Andereñok esan "nau"

Ba al dago gizonik hemen?

(Sei urterekin)

Gustaten dautzu

Ez dira gustatzen

Gustaten yatzu

Gauzak ekarri dituz

Gauzak ekarri dabe

Atzo joan naiz

Poxpoloak eroango dot

eta abar

(Sei urterekin)

Jolastuko dugu futbolera

 (J- Gipuzkoan bezala)

Gizona etorri dela esan "nau"

zera.

A que arrapatzen dautzut

Pailazora jolasten dugu?

Ama, behar dot eraman ikastolara

motxila... andereño esan nau.

Dago gizonak hemen?

(eta abar)

Eredu guzti hauekin garbi ikusten dena ondokoa da: Sei urtetako haur euskaldunen hizkuntza ez dela jadanik euskara. Erdarak hartu die lehentasuna, bai fonetikaz bai sintaxiaz. Txarrena, ikastolak ez die honetan ezertaz lagundu ez baita egiten diferentziarik euskal edo eta erdal harrarekin.

Bilbo handiko ikastola guztietan erdal fonetika dela oinarri eta bide, erdal haurrek pixkanaka euskara edo halako zerbait ikasten ari diren bitartean, euskal haurrek beren ama-hizkuntza galtzen dute, beren fonetika eta joskerak galduz doazen bitartean. Salbuespenik? Egongo da. Nik ezin diezazuket esan non eta nola. Baina hau guztiau hizkuntzari doakion arazoa dugu. Pentsatu al da zer nolako kalte egiten zaion haur hauen garapen mentalari eta psikologikoari? Gurasoek astirik izanez gero, lagun diezaiekete gizarajo hauei. Baina astirik ezean zer gertatzen zaie? Objektiboki, zeren izenean ez da bereizketarik ikastoletan egiten batzu eta besteen artean? Medio falta, diru falta? Agian horrelako zerbait izanen da.

Eta zer egin dezakegu

Alde batetik bi bide posible ditugu. Euskararen asuntu guzti hau bertan behera utzi betirako, edo ahalbide batzu prestatu. Bai anderea, kontsekuenteak izan gaitezen beraz, ala bide hori hartu edo ahalbidetan saiatu.

Ahalbideak saiatu nahi baditugu, zera inposatzen da. Lehenengo eta behin ipuinak, kondaketak eta istoriak denbora askoz gehiago eduki behar dute gure zentruetan. Eskenifikapen eta agerketak ugaritu behar dira. Gutariko askok lagun diezazuekegu erretolika askoz positiboagoak izango ginateke hor bertan. Politiko eta frustrantean baino.

Baina hau guztiau borondatetsua eta behin behineko soluziobidetzat jo behar dugu, horrela estruktura sakonik egiten ez baita. Dudarik gabe, niretzat behintzat, Eusko kontseilu Nagusiaren babesean ikastolen finantziaketa ipintzea dateke soluziobide logiko bat. Nahi duzuen salbuespen klausula eta kontu guztiekin. BAINA EGIN BEHAR DA betiko egoera eskizofreniko honetan segitu nahi ez badugu. Ikastolek finantzar laguntza behar dute eta begira andereño, nik neure aldetik euskaradunen egoera edo desegoera hau ikusita, deabru berari eskatuko nioke laguntza. Zertarako sozialismoa, independentzia, hizkuntza nazionala, eguneroko praktikan, gero eta hiltzerago kondenaturik bagaude?

Euskaradunen burruketarik garrantzitsuenak ondokoak baitira.

IKASTOLA DOHAINA gure poltsikoetatik atera nahi ditugun diruak euskararen alde jartzeko, hots, zinemak, teatroa etab. Eta bigarrenez, EUSKAL TELEBISTA katea lortzea. Horiek gabe, hortaz burrukatzen ez bada zehatz eta konkretuki, izan gaitezen mesedez kontsekuenteak eta utz dezagun euskararen asuntua. Guk nagusiok gure etorkizunarekin jokatu dugu baina era berean indarrak falta egiten zaizkit ene haurren etorkizunarekin berdin jokatzeko. Barka nazazu nire ausardia dela eta.

Tomas Trifol

Oharra: Karta hau ez zaio zuzentzen inongo andereñori konkretuki. Beraz, egilearen semeen andereñoek ez dute zerikusirik hau guzti honetan. Artikulua idazteko egokia zela "karta baten bidez" egitea iruditu zaio egileari.


Euskal Herria

Euskaltzaindia zertan?

Aurtengo ikasturtea hasita dago jadanik Euskal Herriko leku guztietan: bai ikastoletan, bai eskola estataletan, eta institutuetan eta profesional hezkuntzako zentruetan ere bai.

Egia esan, iskanbila haundiak izan dira hasi aurretik, eta arazo asko zirela medio, ia ia estatu osoan; eta hemen, bereziki, Gipuzkoan eta Bizkaian. Azkenean hezkuntz eta zientzi ministeritzak amore eman behar izan du eta behinik behin ihaz beste (hau eskoletan) maisu-andereñok izan du posturik. Baina ni ez naiz hortaz mintzatuko, euskararen arazoari buruz baizik.

Denok dakigu euskara nola dagoen gaur egun: euskal irakasleak urri-urriak, plangintza on eta zehatz baten falta, euskal metodo egokiak ez ditugu (honekin ez dut esan gura ikasbide egokirik ez dugunik, ezen oso onak baitauzkagu, baina ez ditugu maila eta behar guztietarako), irakasleen pedagogi hezkuntza arras eskasa...

Nahiz eta autonomi estatutuak eskaintzen dizkigun ahalbideak zer edo zertarako baliagarri izan, eta horri buruz euskara birpizten arduratzen den anitz jendek esana duen arren, nire ustez begi bistan dago estatutu horrek ez dizkigula ematen euskarak beharrezkotzat dauzkan irtete-giltzak. Praxian dena ikusten da garbiago.

Aurtengo ikasturtean ezin genezakeen gehiegitxo itxaron, ostera, gehiagoxe baietz deritzot. Zeren eta eskoletan dauden euskal irakasleek (ez denok baina bai gehienek) negar egiteko nahia sorterazten baitidate.

1978.eko Irailaren 5ean Euskaltzaindiaren VIII. biltzarra hospatu zen Bergaran, eta, Andoni Sagarnaren hitzaldi bat izan zela karia, elkarrizketa sutsu bat sortu zen.

Andoni Sagarnak alfabetatze-euskalduntze irakasleei buruzko inkesta bat egin zuen, baina Euskaltzaindiko —D— titulua zeukatenak hartzen zituen kontutan bakarrik. Eztabaida sortua: Euskaltzaindia ez zela nor bera bakarrik tituluak emateko, hori faxismoa zela eta ez zela, Hizkuntz Eskolarenak, Deriokoak eta abarrenak baliokoak direla ere...

Horri buruz Villasanteren hitz batzu transkribatuko ditut oso interesgarri baiteritzet: "Gure akademia ez da frantsesa edo espainola bezalakoa, egoera ere ez da berdina; guk ez dugu "Ministerio de Educación" eta horrelako gauzarik. Ezer ez daukagu. Zerbait egin behar zen. Eta Euskal Herriak, lau Diputazioen izenean, Euskaltzaindiari eman zion kargu hori. Beraz, berak dauka, eta beste inork ez dauka. Eta beste inor, egoera normal bat datorrenean, maila hortan badago edo, Euskaltzaindiak utziko ditu gauza hoiek. Baina bitartean, berari dagozkio. Hau garbi dago, eta nahi duenarentzat, arautegian daude, eta ez oraingoan, baizik 1918.ekoan. Beraz, gu arautegiaren barruan ari gara gauza hoiek egiten ditugunean. Eta gero, hasten bada bakoitza ematen titulua berari gogoak ematen diolako eta Euskaltzaindiari kasu egin gabe, Babeleko Dorrea sortuko dugu eta besterik ez. Hori bistan dago. Batasun batean egin behar dira gauzak. Euskaltzaindiaren normatiba onartzen badute bai, bestela nola hasiko gara bakoitzari gogoak ematen dionean tituluak emateko bakarrik? Nahaspila sortzeko? Hortik ez goaz inora". (Villasante, Luis: Euskera-XXIV) Oso argi dago, Euskaltzaindiak du —eta ez beste inork— euskal irakasle tituluak emateko eskubidea. Eta zer gertatu da aurten orduan? Zer dira Eusko Kontseilu Nagusiko tituluak? Egoera "normal" hori etorri al zaigu eta Eusko Kontseilu Nagusiak hartu ditu Euskaltzaindiaren betebeharrak? Ene irudiko ez, Bergarako biltzarrean bezalaxe gaude egun, euskararen irakasleak ez dira egun batetik bestera sortu.

Baina aurten, eskoletan euskal irakasle izateko lehen-lehenik magistergo titulua eskatu da eta gero Eusko Kontseilu Nagusiko "TITULUTXOA" (horixe baita, eta hori konprobatu ahal izan dut) "edo eta" Euskaltzaindikoa. Nahiz eta magistergo titulua ez ukan, lizentziatuek nahiz magistergoa edo beste karrera bat egiten ari direnek izan dute euskara irakasteko posibilitatea ere. Noski, Eusko Kontseilu Nagusiko edo Euskaltzaindiko tituluak (nahiz Deriokoa edo Hizkuntz eskolarena edo...) ukanez gero.

Jende gutxi izan delarik, azterketa bat ezarri da, gero beste bat; ez dakit zenbat izan dira euskal irakasle karguak betetzeko; ez dut hemen aipatuko. Euskaltzaindia, uste dut, jakitun egongo da Eusko Kontseilu Nagusiko titulua eskuratzeko zer eskatu izan den. Nik, bederen, ba dakit. Ba dut horrelako tituludun lagun asko eta haiek beraiek kontatzen didate hori zer den... Eta horri buruz, protesta bat edo beste entzun dut, baina oso-oso gutxi. Euskaltzainditikorik tutik ez. Mutu geratu da.

Nik zera jakin nahi nuke: euskarazko klaseak (hobe esateko, "euskal kultura") emateko: fisikari, ekonomilari, filosofo, maisu izan behar da ala euskararen eta euskal kulturaren (historia, literatura...) irakasle? Nortzuk eman digute eta ematen dute frantsesa, ingelesa eta abar? HIZKUNTZA HORIEN BERORIEN IRAKASLEEK.

Orduan zer gertatzen da? Euskaltzaindiko tituluek ez duten baliorik horien jabea denak euskara irakats dezan? Ez badute, zergatik denbora galdu horiek prestatzen? Gauza inportante asko dago egitear.

Xabier Mendiguren arduratu izan da hizkuntza modernoek finkaturik dituzten irakaskuntz mailen edukiak aztertzeko; eta Euskaltzaindiko "Irakaslego Batzordea"-k eginiko lanak ez dira nolanahikoak. (Ikus Mendiguren, Xabier: Irakaslego Batzordea: orain arteko urratsak. Euskera-XXIII (2. aldia).

Baina hori guztiori hutsaren hurrena besterik ez da izanen, aplikatzen ez bada.

Ni eskola "nazional"-etaz ari izan naiz batez ere, baina institutuetan eta Profesional Hezkuntzako zentruetan antzekoa da problema.

Honelatan euskarak ez du zer egiterik irakaskuntzan. Ez da bakarrik kargu batzu betetzea. EUSKARAK IRAKASLE ONGI PRESTATUAK BEHAR DITU.

Honela autonomi estatutuak ematen dizkigun ahalbideak eta ahuntzaren gauerdiko eztula gauza bera dira. Ala estatutu berorrek da egoera horren erruduna, gure hegalaldia galerazten diguna.

Nik ez dakit, baina Euskaltzaindiak zer edo zertxo esan beharko lukeela uste dut. Ezin ostrukarena egin.

Datorren urtean egoera berberean aurkituko geure burua ala ikusi ahal izango dugu, benetan, egiaz, euskara irakaskuntzan indarrez euskalduntze-mailu?

Karlos Santisteban


Euskal Herria

Itxaropen berriak

Durangotik heldu zaigu oraingoan berri ona. EHEak sortu dira. Eta ezin poztu baino hain urri izaten diren hori lakoxe albiste bat entzutean, nahiz eta erdaldunek gehiengoa osatzen duten Euskal Herriko eskualdeetan jaio egin eta bizi garenok, beti, halako beldur bat ukan, gure arteko euskaltzale sutsuren batek, erdaldunen eskubideak ez errespetatzeagatik, herrak eta gorrotoak sortuko ote dituzkeen. Horik, ordea, demokraziaz eta zentzu komunaz gaindi daitezke eta EHE horiek, agian, Miangolarraren "Gero"n proposatzen zen jokamodu-legeria bezalako bat osa lezakete eta beraren arauera beren ekintzak aurrera atera.

Eta itxaropen berriak esan ditut, ez naizelako pertsonez baizik fidatzen, ez naiz fidatzen Herri Batasunaz, ez naiz fidatzen Euskadiko Ezkerraz, ez naiz fidatzen P. N. V. ez, ez eta abertzale ez diren alderdiez. Eta ez naiz fidatzen, Jaundone Tomas bezala, ikusi arte, esate baterako, hain interesgarri den Mugaren bigarren zenbakia irakurrita, aipatzen duten ateratzear bide daukaten euskal aldizkariaz, eta kasu konkretu honetan ez naiz fidatzen, horko batzuk euskararik ez dakitelako, eta dakitenen artean batek bakarrik, Koldo Mitxelena alegia, idatzi duelako euskaraz bere obra literaririk gehiena. Beraz, inortaz fidatzen ez naizelako, ez naiz fidatzen ere Eugenio Ibarzabalez, hain erdara apain eta periodistikoz beraren liburu guztiak erdaraz atera dituena, eta Aurtiz zenetik euskaraz ezer irakurri ez diodanaz. Eta aldizkari hori ateratzekotan seguru gaude, tartean dabilen jendearengatik, ez dela makala izanen.

Baina natorren harira. Fidakaiztasun hori dela bide, proposamendu bat egin gura diet EHE berriei, kanpotik ibilita ezin bainaiz haien kide bilakatu, eta proposamendu hau egin gura dut azken erreferendumean baiezkoa eman nuelako, nik ere uste baitut gaitz eta elbarri, ez bada hil, aterako litzatekeela gure hizkuntza beste diktadura baten hatzaparretatik. Guzti horregatik, beraz, baiezko horregatik eta alderdietan inongo itxaropenik ez dudalako, "Euskararen defentsa" izeneko hiru pertsonatako kandidatura bat osatzea proposatzen dut, hautagai bat herrialde bakoitzeko, hau da, bata Arabako, bestea Bizkaiko eta Gipuzkoako azkena. Hautagaiek euskaltzale ezagunak izan beharko lukete, eta ahal bada, bakoitza alderdi batekoa edo eta alderdi baten ingurukoa, Partido Nacionalistakoa, Euskadiko Ezkerrekoa eta Herri Batasunekoa, modu horretaz inolako arazorik sortuko ez bailitzateke. Kandidatura hori hiriburuetan aurkez liteke, modu horretan ere alderdiei ahal den kalterik gutien egiteko. Eta zertako, lehen Euskal Biltzarrea izanen den horretan lege berri asko eztabaidatuko direlako, eta guk gutiengo bat osatzen dugun euskaldunok geure burua zaindu behar dugulako. Hona hemen, bada, zenbait legeprojekturen zerrenda, hiru euskaltzale ezagun Biltzarrean euskaraz bakarrik egiten egoteaz gain, halako ondorio on batzu ekarriko lituzketenak:

1. Euskara Euskal Biltzarrearen lehen hizkuntza ofiziala izateko legeprojektua, eta beraz, lege horren atal bezala, edozein euskal hiritarrek Gobernuko lehendakaria eta beraren ministroak euskaraz entzun eta erantzuna izateko eskubidearen defentsa.

2. Euskararen lehentasunerako legeprojektua edozein bulego gobernutiarretan, h. d., lege-arazoak sortzekotan euskal testuaren interpretazioak, Euskaltzaindia izanez azken erabakitzaile linguistikoa, eduki behar duen lehentasuna. Projektu honen barruan, legeriarekin zerikusia duen guztiak sartu beharko luke, esate baterako, edozein euskaldunek euskaraz epaitua izateko duen eskubidea, eta era berean sententzia euskaraz entzuteko duen eskubidearen defentsa.

3. Unibertsitatelegea, bertan euskal ikasleen eskubideak argi eta garbi markatzen direlarik, h. d., euskaraz ikasteko, nahiz eta ikasketen arauera epe batzu mugatu beharko diren, duen eskubidea.

4. Eskolalegea, bertan euskal eskualdeen eskola eta Ikastolen euskalduntasuna finkatzen dela, eta orobat urratsez urrats eskualde elebidun eta erdaldunetakoa.

5. Euskal argitarazioen defentsarako legea, bertan euskal aldizkariei zenbait laguntza proposatzen dela, eta horren arauera zeredozer euskaraz argitaratzen duten beste aldizkariei, eman dezagun, Anaitasuna eta Zeruko Argiari 100% badagokie, eta 75% Goiz Argiri, 15% Ere-ri eta 3-4'5 %. Punto y Hora-ri. Gauza bera egunkariekin eta argitaletxeekin egin beharko litzateke.

Eta hamaika horrela, astiro eta legegizonekin ondo pentsa eta zehaz daitezkeenak. Ea, bada, inor ausartzen den.

Andolin Eguzkitza


Euskal Herria

Karrantza: "paradisu hurbila"

Abenduan, eta Gabonak direlarik kausa, oporralditxo bat izaten du jendeak eta gehienek beren egunoroko "lotegi"tik ihes egin nahi dute, aire garbiak batetan behinik behin arnasartzeko edo.

Asko eta asko Euskal Herritik kanpora joaten da skiatzera eta elurrak zurituriko gailurrak ikustera, eta sosik ez dutenek etxean egon behar...

Ni ez nago PNV-ren "veranea en Euzkadi" erdal sloganaren alde, baina halarik ere, egun horietan lasaitasuna eta edertasuna gura dutenentzat "paradisu" batez mintzatuko naiz.

"Muebles..., carretera a Carranza...", ez duzue entzun inoiz zinemageletan eta irratiaz esaldi propagandistiko hori? Bizkaitarrok zihur baietz.

Askori entzuna diot Karrantzaz hitz egitean: "Karrantzarrak..., horiek maketoak dituk". Eta ni holakoetan haserreak arras hartuta nago, mindurik baina... hori ez jakintasunaren fruitua da; eta nor da gure jakintasun ezaren erruduna?

Nork ez ditu ikasi Espainia sakratuaren probintziak, hibaiak, mendiak...?

Nahiz eta mendeak izan Enkarterrietan euskara galdu genuela, frankismoak iltzerik luzeena eta urragarriena giltzatu digu (eta hori euskaldun nahiz "euskaragabedun" guztioi). Batez ere irakaskuntzaz eta "mass mediez" isladaturik.

- Karrantza, Lanestosa, Turtzioz..., non daude horiek?

- Burgosen ala Santanderraldean?

Ba ez, Bizkaian daude. Hori ondo daki

Ba ez, Bizkaian daude. Hori ondo daki historiak. Ongixe daki Kolitxa mendiak. Eta oso ongi dakigu karrantzarrok. Eta ez naiz hasiko "Karrantza Euskadi da"-ka, Nafarroako kasuan bezala, zeren eta ezegokia baiteritzot.

Karrantza Bizkaiko lurralderik zabalena da eta baita aberatsenetariko bat ere, —azken hitz hori inoiz ez egokiagoa, printzipalki ganadutzatik bizi baita— 46 bat hauzotegik (zail da hauzotegi bat zer den erabakitzea) osatzen dute harana —harana dugu eta— eta guztiz sakabanatuta egonez gero, horixe daukagu geure arazorik handiena (ene iduriko), barreiapena.

Horrek arlo guztietan laburtzen dizkigu bideak, batetan ezik, edertasun-bidean. Suposa ditzakezue Karrantzako arazoak umetxoak eskolatzeko...

Duela urte batzu arte batxilergoa egin ahal izateko instituto bat genuen, eta karrantzarrak ezik kanpotarrak etortzen ziren ere (gehienak Santander-koak); zenbait hauzotegitan "eskola nazional" delakoak zeudelarik. Aldiz, eta karrantzarrok ondo ezagun alkate baten esku onaren bidez, institutoaren edifizioak "eskol kontzentrapena" egiteko erabiliak izan ziren eta horrekin batera batxilergoa desagertu.

Jendea hemen gera dadin neurriak hartu beharrean, kanporarazi... Honelatan segituz gero baserriak oro hutsik geratuko dira.

Euskara ikasteko nahia handia izan arren, sakabanakuntza horrek berorrek oztopo eskergak sorterazten ditu, komunikapena galerazten du.

Ostera, eta lapsus hortik aparte, ez bainago orain horretaz solastatzeko, lasaitasuna nahi duenarentzat, guztiz aproposa de sakabanakuntza horrek eskaintzen duen karantza, itxurakera.

Denak landa berde-hezeak, oraindik pagoak eta haritzak nagusi, behiak edonon bazkatzen, mendiak ibarra hertsiz, karaitzezko sustraia barnean... Eta milaka arazo ahaztu beharko ditut (zaila) ikuspegi horri neure burua lotzeko. Hortik hasi naiz eta.

Egun lasai-patxadatsu batzu pasatu nahi dituena, betor hona! Etorriak beti itzultzen dira eta... euskaldunok (edo baskook) elkarrekin komunikatu beharra dugu.

Bilbotik 54 kilometrotara, ez hain urrun (Laredo, Reinosa eta abarrak baino hurbilago) eta, aldiz, mundu ilun-beltz-kutsatu eta desgizatutik urruti-urrutian. Zer dago ikustekorik? Hainbat gauza zein baino ederrago! Ostera, esan dezadan labur-labur ikusi beharrezko zer edo zer: Pozalagua-ko haitzuloak, estalaktita eta estalagmitakoak, arras ederrak (gela batetan estalaktitak, grabitate-indarraren kontra, makurtu egiten dira eta gorantz itzuli); Venta Laperra-ko haitzuloak (Barandiaranek eta Aranzadik aztertuak), Santimamiñekoak baino zaharragoak; munduko lurpeko zulorik haundiena, hemen "Torca del Carlista" izenaz ezagutua; aintzina burjeskumeek erabiltzen zituzten "Los Baños"-eko urberoak...

Baina hori osotasun baten zati bat baizik ez da, Karrantzako lurrinak dastatzeko osotasun hori ikusi behar da, Karrantzan egon eta haren mendi ugarien tontorretatik begira...

A!, batzuren batzu euskaraz mintzatuko zaizkizue...

Karlos Santisteban


Hamabost egun hankaz gora

Santurtzirako trena

Rinnnngggg! RENFE? Santurtzirako trenean bonba bat ipini dugula esateko deitzen zaituztet.

Harritzekoa litzateke, hau, egun batetan, ez gertatzea. Honelako abisu bat iragaten dutenean RENFEkoek zerbitzua gera erazten dute eta kito! Hori egiteaz dirua irabazten dutela dirudi. Eta, azken batez, nork jasan behar? Langileok!

Egunero trena hartu beharrean aurkitzen direnak. Kasu askotan, tren hortan ibiltzen direnek aste guztirako pasea hartzen dute eta, pasearekin baina trenik gabe gelditu behar. Pase horiek ez erabili arren ez diete beste aste batetarako baliorik ematen eta gutiago (nola daiteke?) dirurik itzultzen.

Eta gauzak honela direla, zera ikusten dugu: RENFE-rentzat egundainoko negozioa dela bonben arazoa; zeren, azkenean, lanik egin gabe eta zerbitzurik eman gabe, dirua jasotzen baitute.

Bestalde, ez da zaila, autobusaren zain daudela, katarro edo pulmonia bat harrapatzea. Autobusak hartzeko egiten diren iladekin...

Ez dago honetarako eskubiderik!!! RENFEk ere ba ditu bere autobusak. Zergatik ez ditu behar diren guztiak bidaltzen, nolabait trenaren arazoa zuzentzeko?

Sha eta Mexiko

Azken informazioek diotenez, Mexikoko gobernuak ez du Sha bere lurraldeetan nahi izan. Aurreko egunetan, Mexikoko bandera bere gain zuelarik, hegazkin bat Sharen zain zegoela esan arren. Mexikok ez du pertsonaia hau nahi.

Egiptok, alderantziz, hara joateko aukera eskaintzen omen dio; baina, Estatu Batuetako agintariek ez dute nahi Egipto eta beste Estatu musulmanen arteko harremanak izorra daitezen eta, ba dirudi, Californiako lekuren batetan lekua utzi diotela.

Hala ere, Sha eta bere emaztea ospitale militar batetan erdi preso dituztela diote.

Carterri asilo politikoa emanen zaien galdetu diotenean, horretaz ezin duela erantzunik eman esanez izkutatu da.

Denok ezagutzen ditugu Shak egindako heriotza eta lapurretak. Munduko gizonik aberatsena omen da. (Nire ustez, lapurrik handiena).

Baina, nola ez!, dirudunak (ez du ardura herriari kendutakoa bada ere) oso ondo konpontzen dira beraien artean. Ezetz aurkitu hau baino adibide argiagorik!!!

Kennedy jaunak ere honetaz zerbait esan du eta, itxuraz, Sharen aurka dago.

BIXER

"Nafarroaren ordu nagusiak" navarristek egina

"Nafarroaren ordu nagusiak" disko berri bat da. Bertan, Nafarroaren historia narratzen da. Erreinua sortu zenetik hasiz, 1512 garren urtean bukatzen da, hau da, Nafarroak independentzia galdu zuen urtea.

Disko hau (eta kassettea ere bai) Nafarroako Aurrezki Kutxak finantziatzen du eta OPUS-en Unibertsitateko bi irakaslek prestatu dute textu historikoa. Materiale honekin, Enrique Llovet teatrogileak eta garrantzi handia izan du Adolfo Marsillach-ek.

Diskoaren aurkezpenean Jaime Ignacio del Burgo egon zen, eta uste dudanez, navarrista honen dedikatoria bat darama diskoak.

Berriz ere, dirua beraiek baitute, navarristak aurreratu dira Nafarroaren aurpegi partziala jendeari erakusteko.

Eta gu hemen, izorratuta gu hemen! Alde guztietatik izorratuak Nafarroako euskaldunak: bai Vascongadasetatik, bai navarristengandik.

Lerdo de Tejada fatxaren anaia OVNI-rekin

Prentsak esan duenez, Valenciako zeruan zebilen hegazkin bati OVNI bat agertu zitzaion. Hegazkineko bidaianteak turistak ziren, eta komandantea Lerdo de Tejada zen.

Lerdo de Tejada komandanteak OVNI hori ikusi zuenean, lurreratzeko baimena eskatu zuen aireportura, eta horrela egin zuen.

Baina asuntu honetan gauza ilun asko dago. Batzuk diotenez, fantasmada besterik ez da izan komandante honen egintza.

Interesgarri da jakitea, Lerdo de Tejada, hegazkineko komandantea, "Atochako hilketa"n parte hartu zuen beste Lerdo de Tejada-ren anaia dela.

Badaezpada ere, prentsak Valenciako gertakizuna kontatzean ez zuen jartzen deitura osoa, hau da, "Lerdo de Tejada", "Komandante Tejada" baizik.

Espainiako prentsa beti erdi-gezurrak esaten... edo gauzak ezkutatzen.

"Ehun bakarrik hil zituen Bokassak"

Larehun pertsona inozente hil zituela nire senarrak, Bokassak? Hori gezurra da. Gehienez, ehun pertsona hil izan zituen".

Hori adierazi du Catherine Bokassak, enperadore ohiaren emazteak.

Gutxi ziren. Gainera, Frantziako presidenteak, Giscard jaunak, erregalu ederrak hartu zituen honengandik. Batez ere diamanteak.

O-la-la! Frantziako presidentearen demokrazi lagunak!

Iñaki Zabaleta

Lege antiterrorista luzatua

Abenduaren 8an bukatzen da lege antiterroristaren iraupena. Lege hau ihaz, abenduaren 4an onartu zuten urte batetarako. Baina, ba dirudi, ministruen kontseiluak, lege hau beste urte batez luzatzeko lege bat onartuko duela, onartzen, ez bada epe horretan, hiritarren segurtasunari buruzko lege organikoa.

Hori bakarrik gelditzen zitzaigun. Orain, aurkakoa frogatu arte, terroristak bagara, pentsa ezazue zer kontsideratuko gaituzten hori onartu ondoren.

Ene ustez, beste lege hori ere (hiritarren segurtasunari buruzkoa) bestea bezain "ona" izan daitekeela guretzat. Ez dugu, orain artekoak defendatzen dituen interesak kontutan hartu besterik. Ez dakit, bigarren mailako hiritarrak ez ote garen (batez ere euskaldunak pentsatu ala ez. Egoerak behintzat, horretara bultzatzen nau.

Zer deritzozue?

Telebista: kokoa garbitzeko tresnarik egokiena

Bai, jaun-andreok. Telebista, diodan bezala, kokoa(burua) garbitzeko tresnarik egoki eta hoberena da. Eta, izugarrizko diru multzoa gastatzen du gobernuak horretarako programa egokien prestakuntzan.

- Haurrentzat egiten diren programak beren nortasuna mugatu eta konformismorantz bultzatzeko besterik ez dira.

- Nagusientzat egindakoak, konformismo hori mantentzeko.

- Eta iragarkiak, gizarte kontsumista honen gurpilean sartuz, moda eta eskaintzen diren gauzen arabera bizi gaitezen prestatzen dituzte.

Honela jokatuz hauxe lortzen dute:

Hau dela eta, langileria, planteiamendu eta bizitza burjesean sartu eta honen morroi bihurtu.

Eta froga bezala, hor doazkizue adibide batzu:

Bi gaztek, ezkontzen direnean, bizitokia erostearen beharra sentitzen dute Honelako zapatak saltzen direla... Telebistan ikusi dituztenez, erosi beharra dago. Nola ez, modan baitaude!

Haurren jostailuak aurkeztean beraiei komeni zaizkienak bakarrik ikusten ditugu (fusilak, tankeak..., eta abar). Inoiz ere ez dituzte heziketarako baliotsuak direnak aurkezten. Eta horrela gauza guztietan. Telebista, jendearen nortasuna lantzeko erabili beharren, bortxatuz, nahi dituzten edo interesatzen zaizkien pausoak eman ditzagun erabiltzen dute.

Noiz erabiliko ote dute herriaren interesen alde eta honen berezitasunak lantzeko? Gure egoera konkretuan adibidez, euskara finkatu eta eguneroko bizitzan sartzeko?

Seguraski, herriak, iraultza egin arte ez dugu honelakorik ikusiko.

Diputaziokoak euskara ikasten

Jakin dudanez, Bizkaiko Diputazioan ere euskara ikasiko dute. Eta, irakasleak bilatzerakoan, Euskaltzaindiari eskatu beharrean, Euskerazaintza edo Labairukoei eskatu dizkiete. Hemen, argi eta garbi ikusten da Euskaltzaindia ez dela, euskara mailan, erabakiak hartzeko gai den erakunde bakarra eta ofiziala. Bestela, irakasle horiek, Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundetik irtendakoak izango lirateke. Bizkaiera ikasiko dute, noski. Ni ez nago bizkaieraren aurka (bizkaitarra naiz) ez eta gutiago ere!; baina, lehen pauso bezala batua eta ondoren bakoitza aurkitzen deneko lekuan erabiltzen den euskalkia ikasi beharko litzatekeela uste dut.

Estatutuari eskerrak, euskara batuaren aurkakoek, bataila bat irabazi dute. Galdetu al diete ikasleei (diputazioko langileei) ea hori den ikasi nahi dutena? Seguraski, ez!

Ezin dezaket onar honelako jarrera bat, euskararen aurkakoa dela iruditzen baitzait. Lehen zatiturik bagaude, arazo hau handitzeko ahaleginak egiten ari direla dirudi:

Noiz arte!

Gonbaratzen

Gonbarazioak gorrotagarriak direla diote; baina, zenbait arazo aztertzeko, beharrezko bezala jotzen ditut, batez ere bizi dugun egoera honetan. Oraingo honetan,

FOPekoen egintza miresgarriak ikusi eta gonbaratzeko adibide batzu ipiniko ditugu:

Denbora luze pasatu da Gladys hil zuten egunetik; baina, honelako gertaerak ia egunero ematen direnez, ez da zaila honetaz gogoratzea.

Abenduaren 2an, tortura, atxilotze eta errepresioaren aurkako manifestazio bat antolatu zuten. Ba... ordua heldu baino nahiko lehen, Bilbo poliziak harturik zegoen. Ondorio bezala, barrikadak, gomazko pilotak, lasterketak eta abar... Berdintsu esan daiteke Donostian gertaturikoaz. Eta agerbide bezala aski dela uste dut. Beste era batetako egintzak ere aipatuko ditugu: Blas Piñarren mitinera zihoazen batzuk, bost pertsona zauritu zuten Tafallan. Horretarako denetariko gauzak edo tresnak erabili zituzten:

labainak, kateak..., Gero kristalak hautsiz herritik paseiatu ziren. Alkateak Goardia Zibilak deitu zituen baina, ordu bat geroago agertu ziren. Ordurako, jaialdia amaitutako zerbait zen.

Jarritako adibideak aski adierazgarriak direla uste dut eta ez dut gehiagorik aipatuko.

Ondorioak, bakoitzak atera bitza.


Nazioartekoa

Anasazi indioen kultura

 Historiaren harian Kultura desberdin asko egon da. Batzuren, oso gutxiren, berri, Irakaskuntzaren bidez dakigu. Besteren berri —eta batzutan gure Kultura propioaren berri— oso gutxi dakigu, mespreziatuak edo baztertuak izan direlako. Horrelako zerbait gertatzen da Anasazi indioen Kulturarekin —indio hauk Navajo edo Navaho izenez ezagutuak izan dira—. Indio hauen kultura basatitzat eduki da, konkistadore espainolen edo amerikanoen arauera. Orain jakin dakigunarekin, galdera hau da: nortzu dira basatiak?

Anasazien lurra

Gaur egunean Amerikako Estatu Batuetako Estatu diren Arizona, New Mexico, Utah eta Colorado direlakoetan, Pueblo izeneko indioak basamortu-erreserbetan bizi dira. Pueblo indio hauk familiatan eta klanetan banatzen dira, leinua emakumeen bidez pasatzen delarik. Hauk dira Anasazien ondorengoak, Chaco Canyon inguruan Kultura desagertu baten giza-aztarna bakarra. Hala ere, beste aztarna gehiago —eta ugari— geratu dira, eta soilik azken urteetan hasi dira arkeologoak beraien garrantziaz jabetzen.

Kristo ondorengo 800-1200. urteetan, herriak, bideak, ubideak, kiva direlakoak —zeremoni tokiak— ugaldu ziren basamortu den lurralde honetan. Baina orain dela 1000 urte ere lurralde hau basamortua zen. Nola konpontzen ziren basamortukultura bat egiteko? Indioak nekazari trebeak ziren, artoa, indabak, eta beste gauza asko landatzen zituztelarik, urak eta lurrak permititzen zuten —eta duten— tokietan. Ehiztariak ere ba ziren, eta urrun zeuden basoetatik ere janaria, zura eta egurra ateratzen zuten. Horren sakabanatutako taldeek elkarrekin komunikatzeko bideak egin zituzten, batzu hamar metro zabalerakoak —kontutan hartu behar da bideak oinez egiten zituztela—, eta bideen puntu estrategikoetan edo bide-gurutzeetan, herriak egin zituzten, komertzioa errazteko eta kontrolatzeko —hemendik datorkie Pueblo —herri— izen onartua. Batzutan "mesa" izeneko mendien gainean zeuden herri horik: lautada baten erdian zutik daude arroka hutsezko mendiak, western-filmeetan hain ikusiak.

Bide-sareak 30-40 populazio batzen zituen, eta komertzioa ugari izan behar zen, herri batzu mila bizitzatik gora zituztelarik; etxeak, arkitekturaren aldetik, konplikatuak dira. Ura kanalizatua zegoen, eurietako ur exkasa ondoen probetxatzeko eta gero lurra ureztatzeko. Orain, gaur egun, dena basamortua da, kilometroak eta kilometroak egin daitezke giza lanik nabaritu gabe. Baina hautsaren azpian, harrien azpian iragan baten aztarnak zain daude, aurkitu nahi dituenarentzat.

Anasazien egutegia

Lurra arerio denean ez da erraza komunitate bat mantentzea. Are gehiago, Anasazien Kulturak zeukan oreka hain ezegonkorra izanik, nola manten zitekeen, misterio bat da. Baina horrek ez du esan nahi, Kultura horrek aurrerakuntza handirik egin ez zuenik. Adibide konkretu bat, denbora-neurketaren arazoa da. Komertzioa, merkataritza, eta ura puntu nagusiak direnean, beharrezko da urtaroak ondo neurtzea eta zehaztea. Anasaziek Babiloniarren eta Maien zehaztasuna lortu zuten, nahiz eta nola lortu zuten ez dakigun. Hala ere Stonehenge-ko (Ingalaterran) harriak baino informazio gehiago ematen dute, eta Mexikoko eta Peruko zibilizazioen astronomia pareko zutela ematen du.

Mende honen hasieratik, Chaco Canyon delako tokian dagoen Fajada Butte median, bi erliebe espiral ezagutzen ziren, toki oso berezi batetan, kriskitin-sugeez beteta dagoen toki batetan, hain zuzen. Orain dela bi urtetako Ekainaren eguerdi batetan Anna Sofaer izeneko artista bat, indioen erliebeetaz kezkatua, handik agertu zen, eta erliebeen aurrean daude hiru harlauzak eguzki-izpi bat sartzen uzten zutela nabaritu zuen, erliebearen gainean joz. Izpia, minutu batzu pasatuta, eguzkiaren higiduraz desagertu zen. Anna Sofaer-ek eguzki-egutegi baten aurrean zegoela suposatu zuen. Harlauzak eta erliebeak neurtuz, eredu bat egin zuen, eta eguzkiaren higidura foko batez errepresentatuz, egutegiak nola markatzen diren ikusi zuten. Zehaztasuna harrigarria da, solstizioak espirale nagusiak ematen ditu, ekinozioak, txikiak, eta izpiak eguzkia altuen dagoenean —eguerdian— agertzen dira.

Kasualitatea? Ez dirudi. Harlauzak, geologo batek frogatu duen bezala, inguruko arroka batetatik daude aterata, eta apropos daude jarriak. Eta ez da edonolako lana, harlauzek 2-3 toneladatako pisua dutela kontutan hartzen badugu. Zorionez, azken 1000 urteetan egutegiak funtzionatu du, inork aldatu gabe, inork mugitu gabe. Baina posible da edozein momentutan turista axolagabe batek Anasazien zehaztasun astronomiko guztia pikutara bidaltzea. Haatik, sugeek eta klimak turistak uxatu egiten dituzte.

I. Zuazo


Gabonetan gartzelan. Amnistia

Aurtengo Gabon-Eguberri jaiak gartzelan:

Juan Migel Abellanal Salas

Iñaki Agirre Errazkin

Maximo Aierbe Mujika

Bernardo Aizpitarte Arruti

Juan Carlos Alberdi Martiarena

Jose Ignacio Albistur Bermudez

Vicente Aldalur Larrañaga

Lontxo Alkain Zubiondo

Eva Mª Alonso

Mª Asun Alonso

Txomin Altuna Imaz

Iñigo Aranguren Egaña

Antonio Arauje

Migel Argiles

Xabier Arozena Salaberria

Izaskun Arrazola Mallona

Julia Arregi Gorrotxategi

Luis Felipe Arriaga Ibarra

Iñaki Arrieta Egia

J. Luis Artola Mendoza

Mikel Azurmendi Albisu

Jon Baroja Zenarruzabeitia

Carmelo Bazo

Jose Mª Basurto Hoyuelos

Jose Mª Begiristain Jauregi

Valentin Beneito

Pablo Bereziartua Gonzalez

Xabier Bidarte

Iñaki Bilbao Gana

Pedro Mª Bilbao

Alberto Biurri

Jose Luis Blanco Corval

Jose Antonio Blanco Perez

Xabier Burgos Bilbao

Migel Cabodevilla

Tomás Carrera Juarros

Jose Luis Carrera Fraile

Bittor Carreras

Carlos Catalan

Felipe Cereceda

Jose Antonio Cid

Jose Cruz Eizagirre Mariscal

Edurne Elezgarai Andonegi

Patxi Elkarte

Iñaki Elorriaga Axpe

Aitor Elorza

Emaldi Mitxelena

Jose Luis Erdozia Mauleon

Angel Erdozia Larraz

Koldo Errasti Urrutia

Jon Esturo Loiola

Jose Etxaide Ibarguren

Jose Etxeandia Salzedo

Francisco Xabier Etxebarria

Jose Manuel Etxebarria Oliden

Luis Exposito Arza

Jose Martin Deusto Iturri

Juanjo Diaz Fernandez

Elvira Dieguez

Victorino Dieguez

Juan Manuel Fernandez Lopategui

Pablo Fernandez Billabeitia

Jose Flores Arregi

Julian Galarza Otxoa

Francisco Galatea

Juan Jose Gaminde

Bittor Garai

Pedro Antonio Garces

Jesus Roberto Garcia Bajo

Salustiano Garcia Rivera

Amancio Garcia Iarritu

Juan Mª Garmendia Mendiola

Jose Luis Goenaga

Emilio Avelino Gomez Gomez

Jose Luis Gomez de San Pedro

Polentze Gonzalez Bilbao

Fernando Gonzalez Herrezuelo

Jose Ramon Gonzalez Martin

Bittor Guerra Mujika

Fernando Hierro Chomon

F. Xabier Huitzi Mendiola

Jon Emilio Ibarra Ugalde

Jon Irazusta Gurrutxaga

Jon Migel Iriondo Gainza

Domingo Irisarri Garcia

Juan Xabier Irisarri Garcia

Fernando Isasti Arruti

Jose Mª Isasti Arruti

Jon Iturriza

Xabier Izagirre Agirre

Cesar Izar de la Fuente

J. Manuel Jauregi Iturrioz

Luzio Jauregi Iturrioz

Jose Mª Lantzeta Zinkunegi

Xabin Larrea Lekue

Juan Jose Larrinaga Larrinaga

Txomin Lasa Astiazaran

Pedro Lasarte Iparragirre

Domeka Lasarte Iparragirre

Jose Manuel Legorreta Etxebarria

Mikel Lopategi

Ricardo Loredo Bocanegra

Antonio Luzena Garcia

Ramon Mariño Casais

Anton Markaida Larrabeiti

Matias Martin Urretxu

Kiko Martinez Apestegia

Rosalina Martinez Goikoetxea

Juan I. Mentxaka Musutagi

Luis Mentxaka Longarte

Juantxu Muiños Formoso

Txomin Muiños Formoso

Patxi Mujika Ezkurra

Alejandro Muñoz Fernandez

Marcos Oiarbide Arratibel

J. Manuel Olaizola Izagirre

Alberto Olalde

Juan Mª Olano Olano

Rafael Olasagasti Sanchez

F. Xabier Orofino

Joseba Palmou

Eugenio Perez Bermejo

J. Ignacio Pikabea Buruntza

Maximo Portilla

Jesus Mª Reparaz

Fernando Rodriguez

Juan Ramon Ruiz de Gauna

Roberto Ruiz de Arbulo

Ramon Sagarzazu Mendibe

Jesus Mª Sagasti Zorroza

Anselmo Salazar Molinuevo

Luis Ramon Salazar Martinez

Enrike San Juan Agiriano

Ignacio Santa Maria

Ricardo Santa Maria Perez

Juan Sanchez Moreno

Mikel Sarasketa Zubiarrementeria

Eugenio Sein Etxebarria

Jose Mª Sorazu Segurola

Jesus Mª Sueskun

Jose Antonio Torre

Juan Trecet Sastre

Jose Mª Ugartemendia Agirrezabala

Eugenio Ulaiar Huitzi

Jose Mª Uriarte

Juan Ramon Urtizberea Irastortza

Santiago Veuga Tobio

Alejandro Vidal

J. Antonio Zabala Garmendia

Mikel Zabala Legarreta

Martin Zaldua Oruezabal

Jose Ignazio Zarraga

Manuel Ziarra

Migel Angel Zinkunegi Ordapilleta

Jokin Zuasti

Gabriel Zubiaga Ugarte

F. Xabier Zubigan

Kike Zurutuza Odriozola

Ana Zuzuarregi Redondo


Gaiak. Gizartea

Marikoia!... Bai, eskerrik asko

 Euskal Herriko Gay Askapen Mogimenduak bere bigarren biltzarre nazionala ospatu zuen Durangon. Motibo horrekin prentsaurreko bat egin zuten orain ez asko Bilboko liburudenda batean. Anaitasunaren aldetik hara joan ginen gu, asko eztabaidatzen baina ez horregatik konprenitzen den problema hauetaz aritzera. Aipatzekoa da bestaldez delako prentsaurrean Euskal Herriko komunikabide ia guztiek huts egin zutela. Zenbait ezker alderdi bakarrik egon ziren. Hala nola, EMK Rosa Olivares bidali zuen. Horretatik aparte prentsaurreko honek E. E., HASI, PCE, SLMM, auzo elkarteak eta abar bildu zituen. Gero, haiekin biltzeko eta luzaz mintzatzeko abadagunea izan zuen Anaitasunak. Hona hemen elkarrizketa hauen fruitua.

Anaitasuna.— Noiz eta nola jaio zen EHGAM?

EHGAM-1.— Bilboko kafetegi batean jaio zuan. Behin, lagun batzu bildu eta gay kolektibo bat eratzea erabaki ziaten. Ba dakik, Espainian barrenean eratu berri ziren horietako bat. Frankismoren garaian saiatu gintuan halakoren bat eratzea baina orduan errepresioa zela eta ezinezkoa izan zuan. Franco hilda, irekitasun politiko berri hori probetxatu genian. Beno,... irekitasuna... irekitasuna barik, gobernuaren desfaseaz probetxatu gintuan. Gobernua gutaz arduratzea baino, beste gauzetaz interesatuagorik ziegoan. Sozial eta politik arloa hain zuzen. Hala sortu zituan nolabait gay askapenerako mogimenduak. Orduko denborak latzak, benetan. Biltzeko lekurik ez, eta abar. Hala ere, kordinakunde batzuk aurrera jo ziaten. Bilbon, Barakaldon. Gipuzkoan ere EHGAM taldeek handik sei hilabetera argia ikusi ziaten. Denon funtzionamendua osoa eskasa zuan.

A.— Gipuzkoakoa geroago jaio al zen?

E.1.— Bai. Donostian gogor ibili esateko, Francis-en erahilketaz geroztik hasia zela funtzionatzen esan diaitekek. Errenteriako erahilketa horrek gogortu zian mogimendua.

A.— Francis-ena aurten izan zen, ez da?

E.1.— Bai, bazko egunak pasata. Ordurako Bilboko taldeak toki batzu alokatu zitian Iparragirre kalean. Tokia genuenez, abida handian hasi gintuan lanean. Baina proiektu guztiak ez zituan bete. Tokiek ez ziaten egokitasun handirik. Bestaldez, krisialdia etorri zitzaioan mogimenduari. Jendea nolabait nekaturik aurkitzen zuan. Ez genian lan handirik egiten. Diru eza eta estruktura gutti, ba dakik.

A.— Eta zergatik nekatu zen jendea?

E.1.— Gure bileretan jeneralean, erroilu gehiegi sartzen zuan. Funtzionamendu guztietaz, batzu bakarrik arduraturik zieudean. Gu besteok entzun eta ez besterik. Bestaldez, eztabaida edo egiteko guztiak tramite hutsa bihurtu zituan. Jakina, legeztapena, jai programaketa eta abarreko guzti horrek ez zian gay arazoen burrukarekin lotura handirik. Eztabaida ideologikorik ez zuan normalean egoten. Horri buruz, eztabaida luze eta gogor bat atera zuan behin. Handik hona gauzak aldatzen ari dituk. Euskal Herriko mailan estrukturaketa bat lortu diagu behinik behin. Ardurak zabaldu egin dizkiagu, denon eskuetan jarriz. Beno, hala ere, zenbait problema aurrean, gay duintasunaren egun aurrean esaterako, gure erantzuna nahiko ona izan zuan. Esan diadan guzti horrek ez dik esan nahi lan egiten ez genuenik, edo eta arduradun zaharrak errudunak zirenik. Faktore askok sortu zian egoera hau... diru eta medio eza.

A.— Gay duintasunaren aldeko manifestazioarekin pozik al zineten?

E.2.— Pozik esatea gehiegi da. Losak edo espaloiak bete ziran. Horretatik bada, exito handia. EHGAM-eko pankartaren ondoan ez eban inork ipini nahi. Han danak, sorginkeriaz edo, "laguntzaileak" bihurtu ziran, partidu politikoen pankartetan azpian sartuz. Betiko partiduak... LKI; EMK, EE... Bizkaiko emakumeen asanblada. Hurrengo eguneko jaia, eraketa-mailaz frakaso itzela izan zan baina jendearen parte hartzea, ona. Kantariak eta bertsolariak egon ziran. Heuren artean Amuriza.

A.— Eta Bilboko jaietan zer moduz?

E.2.— Han, jende askok gu ezagutzeko interesa eukan. Interesa eta morboa nahasturik. Txosnan egozan militanteak ikusteko, jendea hanka puntetan ibiltzen zan guri begira. Gero, gustu guztietarako txio entzun zeinkez. Batzuk, ez ginela homosexualak; diru gehiago ataratzeko halako izenik ipintzea guri burutu jakun eta antzekoak. Habilenak, EHGAM-eko laguntzaileak ginela eta abar. Ondino jende askok ideia arraroak ditu.

A.— Eta zergatik diozue gay eta homosexuala ez?

E.2.— Homosexual guztiak gay ez dirala uste dogulako. Ba dago homosexualik bere sexu bizipenagaz konforme ez dagozenak. Ez dagoz konforme gay burrukagaz; gaixorik dagozela, desbideratuak, inbertituak dirala uste dabe. Beste batzuk baina, kontzientzia mailan beren sexu tendentziari ukatu egiten deutsoe.

E.1.— Ez. Gauza gehiago izan diaitekek. Beren sexualitatea onartzen diate baina hala ere ez diate burrukarik egiten eta gizarteak eskeintzen dizkiaten ghettoez eta baztertasunaz konformatzen dituk. Moeta hauetarikoek ez diate nahi sexu harreman aska tuen alde lan egiterik. Nik zera uste diat, harremanek sexualitatea bideratzen dutela. Gainera, ingurugiroarekin orain arte emandako harremana beste modu batekoa izan behar dela uste duena sartzen duk ere definizio horretan. Tipo batek igual, lau edo bost lige eduki zezakek astero baina horrek ez dik esan nahi askaturik dagoenik.

A.— Ez al zaizue iruditzen homosexualen artean EHGAM elite bat osatzen duenik? Zera esan nahi dut: Bai, homosexuala baina EHGAM-ekoa denez eta homosexualak pizti arraroak kontsideraturik daudenez, tartean ere klaseak eta mailak direla...

E.1.— Ez zekiat ba, maila batzutan ba litekek. Praktikan, klubetara edo ta gay giroa dagoen tokietara jotzen dugunean ez duk hik diostaana gertatzen.

A.— Baina eta arazoz kanpoko jendeak?

E.1.— Progre batek, ezkertiar batek, EHGAM-ekoak abangoardiatzat hartzen giaituk baina zera, kanpoko jendeak gu ezagutzen giaituk gehien batean, beste haiek ez.

A.— Ezkertiarren artean jendeak galdera asko egiten dio bere buruari. Alde batetik, zuen egoera konprenitu nahi dute baina beste aldetik gizartearen problema guztiak sexuren bidez ikusten dituzuela pentsatu egiten dute. Hori egia al da? Zuen ardura guztia sexua eta ea besterik dea?

E.1.— Ez. Hori ez duk egia. Gertatzen dena zera duk: Gu gaituk gay askapenerako mogimendu bat. Burruka orduan, hor zehar joan behar duk. Baina horregatik gainerako problemak eta gaiak ez dituk baztertzen. EHGAM-eko jende asko partiduetako militanteak ditut. Beste asko, sindikatuetan zenbiltzak eta ez duk gutti ere auzo elkarte barruan lan egiten duenak.

Halako erakundetan beste helburu ezberdinekin jokatzen diate baina noski, EHGAM-en barne direlarik gure arazoetaz arduratzen dituk bakarrik berton. Gay burruka berez, oso progresista duk, askapena ez baitu emango gizarte kapitalistak edo eta deituriko beste gizarte sozialistak, pertsonaren afektibitatea erreprimitu eta zapaltzen baitute. Hor duk adibidez Soviet Batasuna. Horrek homosexualak zapaltzen segitzen dik. Gu, giza afektibitatea askatuko duen gizartearen alde giaudek eta ba zekiagu azken hori ezinezkoa dela gizarte kontsumatzaile eta zapaltzaile baten barruan.

A.— Hau da, problema zehatz bati buruz batu egiten zaretela baina hortik aparte edozein herritar modura jokatzen duzue. Zeintzu alderditako militanterik duzue?

E.2.— Hemen gauza bi berezitu behar dira. Alderdikideak lehengoa. Bigarrena, prestatzen deuskuen laguntza gehiena nondik jatorkun. Lehengoari buruz bada, danetarikoa daukazu, EMK; LKI, EE, HB, PC, PTE, PSOE eta PNVko norbaitzu. Bigarrenez gehien laguntzen gaituen partiduak EMK eta LKI dozuz.

A.— Beste burruketatiko jende arduradunik al duzue?

E.2.— Bai, ba dago. Araban eta Gipuzkoan kontzejal batzu. Diputadu foral bat uste dot be bai, auzo elkarteetako presidente, sindikatuen ordezkari, euskal kulturaren jendea, idazleak eta abar. Baina ez pentsa ugari dagoenik. Gehiengoak ala zapaldurik bizi ala beren problemak zelan edo halan konpontzen dabez, ahalegin guztiak egiten horretarako. Ondiño teoriatik praktikara pasatzeko bildur handia dago eta. Hala eta guztiz be, EHGAM-eko gehiengoa, langileok, beharginok, osotzen dogu. Katalunian ostera, hango mogimenduaren eraketa begiratuta, hemen baino elitistagoa intelektualak, lanbide liberalak, irakasleak.

A.— Eta arazo hauei buruz, nola aztertzen duzue zuek gaurko euskal gizartea? Besteren antzekoa dea?

E.2.— Bai. Problema hori aztertua izan da biltzarrean. Zergatik lan egiten dogun Euskal Herri mailan eta zergatik esaterako, ez den sartzen gurekin Burgos edo eta Santander. Duda barik, Estatu bako nazio bat osatzen dogu euskaldunok. Gure herriak berezitasun soziologiko nabariak daukaz. Hemen aita-goitar familiak pisu handiago dauka. Euskal herri guztietako egoera soziologiko ez bardinek antzeko problemak urten eragiten dauz Euskal Herri osoan. Herrietan... Zornotzan, Durangon, Beasainen ba doguz militanteak baina gatxa jakee diren modura agertzea. Normalean, Bilbora edo Donostiara jotzen dabe. Hiriotan ez da hain gatx alkar topatzerik. Gaur egunean gay lez agertzea Markinan esaterako, trauma bat egiten dau.

E.2.— Bai. Ba dagoz. Baina dagozenean ez dozuz ja herri txikiak, erdi hiriak dozuz. Barakaldo, Durango, Gernika baina pertsonal mailan horreik guzti Bilbora datoz.

A.— Elkar topatzea ezina dela herri horietan esan nahi duzu?

E.2.— Ez bakarrik topatzea. Harreman normalak eroatea be, nahiko gatxa izaten da.

A.— Arazotik kanpoko jendeak antzera jokatzen al du zuekin hemen eta Catalunyan? Honi buruz, ezberdintasunik al dago bi Herriotan?

E.2.— Bai, ba dagoz. Han ageriago dago. Arazoa kaleratu egin da, Baina horrek ez dau esan nahi herriak asumitu dauenik. Catalunyan ghetto gehiago dago, kontsumo gehiago. Gehiago ikusten da horregaitik. Hemen ostera normalago. Gu hemengoagaz geratzen gara.

A.— Zelan duintasunaren eguna eta jaia?

E.2.— Lehen esan dautzugun lez tekniko aldetik desastrea. Beste gauzetan nahiko ondo. Halan be, jai girotan onartu egiten gaituzte. Ez dozu bardin jaietara pegatina bategaz joatea edo eta beharrera.

A.— Egia al da Espainia barneko zenbait nazionalitateko gay mogimenduk marikoia izena onartua izan duenik?

E.2.— Bai, Castillan adibidez, ez dabe onartzen gay berba. Anglizismoa dela edo ez dakit nik zer dinoen. Delako berba horren zentzu zehatzaz baliatu nahi izan dabe.

E.1.— Nik ez diat erdararen berri askorik baina ene ustez hitz hori ez duk oso zuzena, marikoi delakoari esannahi ustela gehitzen baitio. Herriko euskaraz ere marikoia ba zerabilagu eta ez duk bakarrik horretarako,... kabroia, puta semea eta halakoen esannahia zeukak.

E.2.— Guk gure artean be, horrelakoak ba dinoguz... "Ixi marikoi hori"... Duda barik herriak beste zentzu bat emoten dautso.

A.— Atera duzuen agerian, amnistia osoarena desagertu dela ohartu naiz. Zer dela eta?

E.1.— Batasunaz oinarritzen den mogimendua gaituk. Batzuk amnistia lortu dela sinistu egiten diate. Errepikatzen dik —sinistu—, ez baitiat esan nahi, ustea. Orduan, zergatik desagertu da? Lortu al da? Batzurentzat bai. Besteontzat ez, duda gabe. Oinarrizko hastapenetan delako hori ateratzeak gure batasuna hautsiko likek, batzu beste batzuren kontra jarriz. Hala ere, zenbait kasutan, atxiloturik daudenekin elkartasuna adierazteko, prentsa ageriak edo beste ekintza moeta antolatzeko libre gaituk. Horrela jokatu diagu aspaldi honetan.

E.2.— Lengo amnistia edo dena den harekin, oso elkartasun gitxi eduki genduan guk. Partidu politiko gehieni arriskutasun sozialaren legea eta amnistia politikoa nahasteko gauzarik ez zela iruditu jakeen. Zelan edo halan, arazo biak bereiztu ebezan. Askorentzat elkartasunak onorea kentzen eutsan amnistiari.

E.1.— Adi... zak... kontuz fotoekin!

A.— Esan nizuen bada, nahi izanez gero, begiak estalita aterako zaituztegu.

E.2.— Niri ez jat inportik. Anaitasuna irakurten dauen jendeaz fidatzen naiz. "Ola" balitz ez neuskizu bardin esango.

E.1.— ... Gay mogimendu batek amnistiaren alde jokatu behar dik baina bere alorrean. Emakumeei berdin gertatzen ziaiek. Partiduak askotan ahaztu dituk gauza hauetaz. Ez ezak pentsa guk ere atxiloturik ez daukagunik.

A.— Zer gehiago aldatu da zuen mogimenduan?

E.1.— Ez gaituk jadanik homosexualak askatzeko mogimendu bat. Definizio hori kontrazentzua eta peilokeria bat besterik ez zuan. Homosexualitatea askatzeko mogimendua gaituk orain. Ikusten duanez nahiko ezberdina. Pertsona bat homosexualtzat hartzea edo hola izendatzea kartel bat ipintzea duk, kartel sexual bat kasu honetan. Sexu ezberdintasunik eta sexu kategoriarik ez dagoela uste diagu.

E.2.— Beno, bai dagoz. Baina ez litzateke egon behar. Ar edo eme homosexualitateaz jarduteak ez dau suposatzen heterosexualitateaz ez aritzea. Homosexualitateaz aritzen denak bardin egin leike heterosexualitateaz eta aldrebez be bai. Pertsonok sexudunak gara, norberak nahi dauenera eroan leike bere burua.

E.1.— Beste puntu bar aldatu duk errebindikapen programan. Mogimenduari buruzkoa. Fuerza Nueva-ko norbaitek sartu nahi zian EHGAM-en. Biltzarrean jende askok zera esan zian: Edonor sar diaitekek faxistak ezik. Baina ez duk oso argi nor den eta nor ez den faxista. Hala ere, ez zian sartu noski, Fuerza Nuevakoek ezin diate gure puntuokin ados egon, puntuotan garbi ikusten duk zeinek zapaltzen gaitun, gizarte zapaltzaileak, aitagoitar gizarte matxistak eraturiko egoera politiko eta soziologiko horien kontra burrukatzen baitugu: EHGAM-en sartzen dena gainera ez duk sartzen astia emateko edo hobe ligatzeko. Hala ere, guk ez ditiagu pertsonak baztertzen. Norbera PNVko edo UCDkoa izan diaitekek, gure puntuok onartzen badizkik behintzat. Halakoek noski, kontra jarreratan eroriko dituk baina denborarekin gaindituko diate.

E.2.— Gure eritziz klaserik bako gizartea lortzen ez den artean ez da egongo inongo askapenik, ez sozial mailan ez sexu mailan ez eta beste mailatan bez.

A.— Hau da, ongi ulertu badut, ez duzue pertsonarik baztertzen, ideologiak baizik, ezta?

E.2.— Horixe bera. Zapaltzen gaituzten ideologiak baztertu egiten doguz. Ezkerrekoak eta eskumakoak.

A.— Erlijio eta etika guztien kontra al zaudete?

E.2.— Ez gizona! Norberak nahi dauena pentsa leike... besteok zapaltzen ez baditu. Hemen gertatzen dena zera da, erlijioa arduratu beharko ez dauenetaz sartzen da. Sudurra sartzen dautzu leku guztietatik eta bere hitza dela, Estatu mailan eta politik mailan entzuteko beharra daukazu. Eta oso txarto dago. Heziketan esaterako. Guraso katolikoek erlijioa emon nahi badeutsoe heuren seme alabei, emotea besterik ez daukee baina eleiza barruan, parrokian... eskoletan ez.

E.1.— Estatuaren etika edo moral natural horri buruz, beste kupeleko sagardoa duk. Etika naturalarekin batera datorren boteretsuen morala duk hori, zeinek askotan etika natural hutsarekin baitator baina beste askotan, sexua izan edo bestea izan, klase zapaltzaileen interesak defendatzen dizkik horrek. EHGAM barne katolikoak ba ditiagu. Asma dezakeanez ez zetorrek bat elizaren dotrinarekin.

E.2.— Orduan ez dozuz katolikoak...

E.1— Hori beraien problema duk... Euskal Herrian gizarte edo komunitate katoliko asko daukak. Hor dauzkak Herria 2.000renak. Horiek, zihur, ez dituk konforme egongo elizaren zenbait manamendurekin.

E.2.— Halan be, aurrerakuntza egon da eleizan.

A.— Bai?

E.2.— Bai. Lehentxoago, homosexualitatea ez ei egoan. Orain ostera, Osatu behar gaituzten gizonok gara. Gaixorik ei gagoz. Eta hau guztiau aurrerakuntza dozu. Halan be, existitzen bada be, homosexualitatea guztiz txarra da heuren ustez. "Perversa".

E.1.— Ba ni ez natxeok ados horrekin. Nire ustez hori ez duk pauso ematerik. Hori lelokeria duk; Batasuneko Estatuetara dijoala eta han beharrezkoa denez, homosexualitateari buruz hitzegiten dik Papak.

A.— Zergatik beharrezkoa?

E.1.— San Francisco-ko ehun bizilagunetik hogei homosexualtzat hartzen baitu bere burua. Jakina, tamaina horren aurrean ezin diezakek esan ez dagoenik.

E.2.— Un individuo que se dice el representante de Dios en la tierra debería tener más cuidado y andar con más cautela por que para otras cosas ya la tiene y... Barka, baina azken hau erdaraz urten jat.

E.1.— Hala ere, agerian hitzegiteko eskubidea dik, denok bezala. Ba zekiagu normalean elizako arauak ez direla betetzen. Ea zein apaiz gazteren ustez bekatua den ezkonaurreko sexuen harremana! Elizak bi mutur dizkik. Batarekin laztantzen hau bestearekin jotzen hau. Irakurri duzue monjen jazkerei buruz egindako deklarapenik? Ez dik esaten bada, lehengo modura jantzi behar dutela! Hau guztiau gainera, elizaren problemak dituk. Gertatzen dena zera duk: prentsak bere senetik ateratzen dizkik:

A.— Jazkerak direla eta, EHGAMen trabestirik al dago?

E.1.— Beno trabestismoa zei den ikusi beharko likek.

— EHGAM-en ez dozu.

— ... Nor da travesti, arropaz aldatzen dena?... jazkeraz esan nahi diat... edo horrekin batera bere burua, usteltzen duena, prostituitu egiten duena? Lendabizikoa bada, bai, ba dituk batzu. Baina ez dituk bizi trabesti gisa. Noizbehinka eta horrela. Operazio baten bidez sexua aldatu direnak ez zeuzkagu.

A.— Eta zer pentsatzen duzue?

Inolako merkatapenik egoten ez bada konforme gagoz. Eta etxekoandreaz janztea nor edo nori gustatzen bajako,... edo moñoñaz, hor konpon. Ez dautso inori kalterik ekarriko.

— Inauterietan eta abarretan ez al haiz konturatu nola gero eta jende gehiagori gustatzen zaion emakumez janztea ?

A.— Trabestismo abertzalea ez dago oraindik modan ala bai?

— Ez. Etxekoandrearena ez zuan seriosa. Noizbait bai agian. Fundazioa dela eta nork jakin?

A.— Zein fundazio?

— Sabinorena... Ez jar holakorik. Txantxetan zuan.

A.— Eta travestiak zertzu dira? Arrak ala emeak?

— Galda ezaiek. Guretzat travestismoa norberak nahi duen erara janzteko eskubideren bat duk.

A.— Eta norberak nahi duen modura pailardatzeko eskubideaz?

— Pailardatu hori prostituitu izanen duk ez da?... Beno, eskubide ba zegok baina ez liake egon beharrik. Ez zekiat gainera hori eskubidea denentz; modu batez, gure lan indarra saltzen dugunez pailardatu edo hori, egiten gaituk nolabait.

A.— Ez al duzue uste emakume homosexualen arazoa, zuena baino askoz gogorra denik?

— Guk bai. Hala ere galdera horien berriak jakiteko gu baino hobe, emakume berek erantzungo liateke.

— Lesbianismoa onartuago dago. Gizarte matxistan saltzen den produktua dozu. Aldizkariak, zinea, ikuskak eta abar. Baina hori azal bat dozu. Beste azalean emakumea dozu, hau da, zapalkuntza eta bigarren klaseko herritarra. Lesbianoak emakumeak direlako gu baino zapalduago dagoz. Heuren harremanetarako gaxtasun guztiak daukeez. Beren afektibitatea adierazteko oso leku gitxi daukee eta abar. Hiri handietan bakarrik, Bartzelonan edo Madrilen.

— Emakumearen arazoa duk oro har. Hik ez duk hor zehar etxetik ligatzera dijoazen emakumerik ikusten. Ba zegok jakina. Baina zenbait girotan ez al zaie oraindik putatzat hartzen? Gizarte honek gizonezkoa baino emakumearen sexualitatea gogorrago zapaltzen dizkik.

A.— Homosexualitateaz aritzen ez den jenderik onartzen al duzue EHGAM-en barne?

— Jakina. Horregatik hain zuzen gay hitzaren definizioa zentzu horretan bazioak. Homosexualitatea askatzeko burrukatzen duen edozein pertsona, gay duk. Ez diagu interesik norekin edo nola aritzen den. Zoofiloa diaitekek izan. Azken honetan delako tendentzia hori exklusiboa balitz zer nolako traumak eduki litzakeen ikusi beharko likek baina zoofiliaren kasuak ez dituk sekula exklusiboak, behin behinekoak izaten dituk, normaltzat hartu behar dituk orduan.

A.— Homosexualitateaz aritu baina EHGAM-en parte hartzen ez duten jende kontzientziadunik al dago?

— Asko eta asko. Gehienak. Politik alderdietan halakoak gertatzen dira. Militantea izatea askoz neketsuagoa da, denbora kentzen dautzu, problemak, sortu egiten dautzuz eta abar...

E. H.


Sozialismobideak urratzen

Aurretik esan dezadan ondoren datozenak inpresio pertsonalaren fruitu direla, eta ez dudala azterketa sakonik egin berau frogatzeko. Euskal Herriaren klase azterketa bat eta klase frakzio desberdinen jarrera bizi garen prozesuaren aurrean tresna beharrezkoak ditugu baina oraindik ezker abertzalean ez dugu izan hori egiteko betarik, nonbait.

Historiaren aztertzeak eta bereziki mugimendu iraultzaileen aztertzeak gauza bat erakutsi du: Langileriak aurrera daraman bere askapenaren aldeko burrukan, bere klasekideak ez diren lagunak topatu dituela; ez beti, bai ordea batzuetan.

Burgesiaren, hau da, produzitzeko tresnen jabeen artean, mailak izan ohi dira. Batzu handiagoak, beste batzu txikiagoak. Batzuk eta besteek interes orokor batzu komunak dituzte (kapitalaren akumulatzea, etab), baina beren eguneroko ekintzan interes orokor horik lortzeko bide desberdinak erabiltzen dituzte. Eta batzuetan, batzuen eta besteen artean konponezinak sortu izan dira. Hau batez ere krisi garaietan gertatzen da. Krisi garaietan, produktuen demanda gutxitu egiten da, eta ondorioz saltzeko konpetentzia itzela egoten da. Kontutan harturik, lehendik entrepresak bere produkzio maila ahal dutena baino txikiagoa izaten dutela, eta ondorioz kostuak handiagoak eta irabaziak txikiagoak, gainera, konpetentzia handian egon beharrak kostu gehiago sortzen dizkie, eta horrela galerak etengabe izatera heltzen dira. Hau gertatzen denean entrepresa horik hixteko bidean, desagertzeko bidean gelditzen dira. Estatuak laguntasun handia ematen ez badie. Baina Estatua maneiatzen dutenak, burjes handiak izaten dira eta Estatutik egiten duten politika beren interesen defentsan egiten dute. Hor, bada, batzuen eta besteen artean konponezina. Hau gertatu izan denean batzuetan burgesia tipo hau langileriaren alde jarri omen da burges handien aurkako burrukan. Hau da, aliantzak gertatu izan dira.

Nola dago guzti hau Euskal Herrian?

Betidanik entzun eta irakurri izan dugu Euskal Herrian burgesia tipo honek ordezkari politiko bat zuela: PNV. Gaur egun, nik uste, PNV gero eta gehiago burgesia erdi (ez handia, ez txikia) baten ordezkari dela, eta baita ere, goi burgesiarekin zerikusia duen jendea ere gero eta gehiago PNV-en kokatzen ari direla.

Burgesia handien eta txikien arteko konponezinak aspaldi atera ziren Estatuen mugetatik lurralde gero eta handiagoetara hedatzeko. Hor ditugu multinazionalak lekuko.

Burgesia handia gero eta handiagotuz doa, eta bere interesak lurralde guztietatik hedatuz. Horra, inperialismoa. Burgesiak,ez jadanik herri bat bakarrik, herri asko kontrolatu behar ditu bere interesak aurrera ateratzeko.

Gure herrian ere, interes inperialistak daude, baita ere espainol estatuko burgesia handiarenak; hemengo burgesiarenak azkenik.

Lehen bezala hauen artea konponezinak gertatzen dira eta batzuetan burruka bizian hasi ohi dira. Euskal Herrian hau gertatzen ari ote?

Nik ezetz uste dut. Hemen burgesia tipo horren ordezkari politikoak indar politikoa du (bere base herritarra), beste leku batzuetan gertatzen ez dena. Eta indar politiko hori erabiltzen ari da bere interesen alde eta ez inolaz ere langileriaren alde. Adibide garbienetariko bat, "Langileen Estatutu" honen erabilera izango da. Bestetik eta lehen esan bezala, burgesia tipo hauen artean burrukak egon arren, garbi ikusten dugu Euskal Herrian ez duela burgesia tipo honek inoiz ere jarrera kontsekoente bat hartu burgesia handiaren aurrean. Bai ordea langileen defentsan ateratzen diren indar politikoen kontra, atakeak gero eta handiagoak. Burgesia handiarekin kontzentzua (jakinik gainera, kontzentzuan beti galtzen ateratzen dela ahulena, kasu honetan burgesia txikia) eta langileriarekin burruka etengabea.

Horregatik eta une honetan, nik uste dut, hemengo langileriak ezin duela era horretako burgesia tipoarengandik inolako laguntzarik espero, eta bai ordea zapalkuntza.

Mendizabal


Gaiak. Literatura

Eta non gizona?

Mila bederatziehun eta zibilizazioaren urtean alimaleko hondar-pilak barreiatzen dira hirien ingurumarietatik, eta, hirian bertan, gizon-hil-herrian bertan, HELAS!, ondikoak asetu dira gizonaren gogorapen haiekin.

Hau itsutasunaren handia!, ez dugu gura ontasuna baino, eta ontasun-nahiak itorik gauzka. Edo itotzen gaitu. Eta gibelerantz begiradatxo bat egiten dugun egun horietan, geure apailu bipitsuak dastatzeko ahalegin guztiak dagitzagunean, horra hor ezintasunaren egia, betirako dugun zigorradaren samina.

Egun nahiz bihar, bihar zein etzi, derrigorrez eta berriro. Berriro erortzen gara madarikatu egin ditugun ekintzetan. Eta zenbaitetan isladatzen zaizkigun mukertze-saialdiek, haizearekin lagun den bisuts hutsa, bisuts fin eta huts hura, agerteraziko digute; alderatze-projekzioa gure ekinaldi orotan, aurrean izateko.

Non dira ezinezko ametsak! Nora hegaz egiten gure gogoak!

Pittinka-pittinka ari gara lurperatzen tenorerik bikainenak, itzulezinezko joanak; baina, hala ere, ba dugu hausnartzeko kapilua, egiten ez ditugun —egin genitzakeen— gauzetaz hipotesitxoren bat haizetzeko; maite ditugun eta beteta nahi eta behar genitzakeen igurikapenen ezak nondik datozkigunez solastatzeko. Baina lortzen ditugun, edo hobe lortu behar ditugun, iheste-zirtoak gorabehera, ezin dezakegu itsatsirik daramagun patuarengandik lasterkaldi luzeegirik egin. Gizona ez baita haragia eta berezko gizontasuna bakarrik, gizona giza-errealitatearen zatitxo bat baizik ez delako, eta gizonarengan benetako muina behar dugu aurkitu, ez haragiarena. Haragia ondo bizi daiteke gizontasunik, gabe, baina gizona ez; gizonak ezinbestekoa du jite nori eta bestela ez daukagu gizonik. Eta geure, gizontasunarekin —egun batez— topo egingo bagenu, oso gauza gutti aterako genuke garbi. Zeren eta ez bakarrik eta soilki gizonaren haragia eta gizontasuna, batasun bezala, baitaude hutsaren hurrenera kondenaturik, baizik eta gizontasuna bera ere. Zibilizazioan, etengabeko gizon-ekoizlean, bideak oro elkargurutzatzen dira funtsezko zereginetan; DESGIZONTZE-lanetan. Eta geureari ongi tinkatuta egon arren, beti izango gara bipilduak eta astinduak; eta biluzik eta kolpatuta jarraiki behar.

Senperrenak egin beharko genituzke gizontasun-hondarrak elkartzeko eta ikusmolde berri berri batekin, giza-katearen bidez posibletasunaren mailarik gorenera ailegatu ahal izateko.

Eta ez gara durduzatu behar, ezintasunaren lurrin nardagarriez; ezintasuna, existitzen den zerbait den neurrian, baliagarri baitzaigu gure ahalmenak zeintzu diren frogatzerakoan. Halabaina, zer edo zer positiboago egin nahi badugu, askatasuna dugu irtenbide bakarra; dena eta ororen kontra aurkatasuna.

Uztarri baten eleak: aurkatasuna eta askatasuna. Baina bitasun berorren kideak bidezka ezberdinetik zuzentzen direnean, hasi egiten da hondamendia eta, beraz, zentzugabeko burruka. Eta uztarriak krak egiten du.

Hau kantuaren tristea!

ez baitut neuk gurea ikusten

ez baita geugan gurea bizi

eta min hutsez amiltzen naiz hutsera

adarrik gabeko zuhaitz eiharraren erpinetik

MARRAUZAren haragia

—milatan zatituta—

dago giza-bizia munduan,

eta haragi-poxi gureak

ez dira elkar-topatzen.

Aurki baneza!

ondikoen hobenduna

betirako izango nuke hazkurri

faltatasun-mahaian.

Karlos Santisteban


Partidu feministaren tesisak

Oraingo honetan, liburuska bat dut mintzatzaile. "Partidu Feminista" izena duena, hain zuzen. Egun, estatu mailan, dagoen tendentzia feminist baten ezaugarri garrantzitsuenetako bat, alegia.

Ez dakit, liburu baten azalpena edo laburpena egitea elkarrizketa baten bidez, oso era ortodoxoa den ala ez, baina holaxe liburuaren mamia errazago eta arinago azalduko nukeela iruditu zait.

Erantzunak, liburutik hautatutako aipamenez osaturik daude eta ahal den zuzenen bere ideia nagusienak transkribatzea, izan da neure helburu bakarra. Partidu Feminista honen tesisak eztabaidagarriak izango direlakoan nago, baina lan kritiko hori irakurleari uzten diot...

A.: Zergatik sortu duzue emakumeen askatasuna lortzeko partidu bat?

P.F.: Klase sozial baten indar organizatuek partidua egiten dutelako. Emakumeak klase zapaldu bat garelako eta zapalkuntza horren aurka borrokatzeko geure organizazioa, geure erakundea, behar dugulako: geuk teorizatua eta zuzendua. Organizazio indartsua, koordinatua: emakumeen borroka benetako iraultza feministara eramanen lukeena.

A.: Partiduko egitura iruditzen zaizue helburuak lortzeko era bakarra?

P.F.: Partidu estrukturaz aparte, beste esperientziak egin dira: asanbladak, taldexka sakabanatuak, kasik koordinatu gabeak, agirian utzi dute organizazio horien ezintasuna eta efikaziarik eza praktikan. Efikaziarik ez hau, gure etsaien mesedetan bakar bakarrik da. Zeren, nahiz eta, borroka giroan urte asko ari izan, iraultza-mugimenduek inoiz ez dute lortu partidu estrukturak lortu duen arrakasta.

A.: Eta arrakasta hori zertan datza zuentzat?

P.F.: Boterea lortzean. Bakar bakarrik, boterean parte hartzean eta bertan beste klaseekin parean irautean, honela gizartea aldatu ahal izanen dugu geure mesedetan.

A.: Boterea lortzeko iraultza feminista egin behar da eta iraultza lortzeko partidu bat behar da, ezta?

P.F.: Bai... partidu indartsu bat, organizatua, demokrata eta diziplinaduna, honek bakarrik eramanen du iraultza egin duenaren mesede edo faboretan. Zeren geurea egin eta geure onerako den guztitan probetxatzen dugun esperientziak zera demostratzen digu: Koordenada hauen barnean mugitzen diren partiduak, eta hauk bakarrik, izan direla iraultza zuzentzeko gai.

A.: Zuen partiduaren tesisa honetan datza: Emakumea gizonak zapaldu eta esplotatu egiten duten klase sozial bat dela, ezta?... Zertan oinarritzen zarete afirmazio hau egiteko?

P.F.: Honen erantzun zehatza, gure liburuan aurki dezakezu. Lehenbiziko partean, oinarri teorikoak azaltzen ditugunean. Hitz guttitan zera esan dezakegu: Emakume taldea, klase sozialen artean talderik haundienetakoa da eta lanaren sexu banaketa dela kausa, historian zehar, bi produkzio-modutan izan du leku berezi bat: Gizakien birsorkuntzan eta etxeko lanetan, etxeko produkzio-modua. Sozial talde handi hau, gizarte sistima guztietan, beste klase sozial guztietako gizonek zapaltzen dute, morrontza modura erlazionatzen delarik beraiekin eta lanaren giza antolaketan lanaren indarra birproduzitzera eta eustera behartua.

A.: Orduan, emakume burjesa eta langilearen artean askotan egiten den bereizketa?

F.P.: Emakumeak, zenbait klase sozialetan zatierazten direnean eta klase antagonikoetan zatitu ere (emakume burjesa-emakume proletaria) beti senarraren klase sozialaren arabera egin ohi da, zientzi ezagueraren kontsiderazio izpirik gabe. Honela bereizi ohi da emakume burjesa, ez produkzio medioen jabetasunagatik, kasik inoiz ez baita emakumea produkzio medioen jabe kontsumuzko etekinen jabetzagatik baizik: etxea, autoa, pitxiak etab... Baina klase bat, inoiz ez da definitzen bere kontsumu-etekinen arabera.

Emakume klase bezala harturik, beste zenbait klasetan zatikatzen da. Emakumeen arteko diferentziak, bereiztasunak, batez ere, gizonen alokairu, aberastasun eta propietate edo jabetzari buruz egiten da batipat. Bere emazteak, bere amak edo bere alabak, gozatu edo sofrituko dute etxeko gizonaren etekinek sortzen dutena: Ekonomi "statusa" delaeta, bizimodu diferenteak sortzen dira emakumeei buruz. Nahiz eta bizikera honelakoa edo halakoa izan, guztiek, emakume guztiek, gizon bat, jaun bat izanen dute, esplotatuko dituena. Adibidez, behar sexualak direla, gizarteko prestigioa edo fama dela, ondorengoen beharragatik edo etxeko zerbitzari paperagatik.

Emakumeak zapaltzaileari meneratuak egonen dira eta honek mantenua emanen die, hau irabaziaren arabera kalitate eta kantitatean. Burjes baten emaztea, produkzio-medioen jabearen emaztea, ez da burjesa, bera ez baita produkzio-medio horien jabe, ez baitu inolako indar ekonomiko-politikorik bere esku.

A.: Baina, adibidez, emakume ezkongabeak ez dira aipatutakoaren arauera bizi: Gehiengoak bizi duten sexu zapalkuntzarik ez dute. Honek ez al du zapuzten eta balio gabe uzten, lehen baieztu duzuna?

P.F.: Emakume ezkongabeak emakume klasearen barnean sail bat dira eta bere barnean, oraindik gehiago sailkatzen dira: Ekonomi aldetik familiari lotuak dauden ezkongabeak, hau da, etxeko lanak bakarrik egiten dituztenak. Etxeko lanaz gainera, kanpoan alokairu bat ateratzen dutenak eta azkenik, profesio aldetik gertuketa bat lortu eta etxeko lanetatik guztiz liberatu direnak: ekonomi aldetik independenteak. Halaz ere, esan beharra dago, emakumerik gehienek produkzio domestikoak duen legepean jarraitzen dute. Beren iniziatibaz, beren erabakiz ezkontza utzi eta profesio bidetik bere gertuketara murgildu diren emakumeak, oso gutxi dira. Estatistiketan, inolako indizerik ez da ematen. Hau, industriaren eta ekonomiaren desarroilo edo hazitzean eman ohi da. Gainera ezkongabeak ez dira gelditzen beste emakume guztiekin ematen den zapalkuntzatik kanpoan...

Berdin ukitzen ditu. Denak gizonei eskaintzen zaizkien pribilegioen legeen menpe baitira, gizarteko aurreritziak e.a...

A.: Zuen ustez, Historian zehar emakumea, beti egon al da zapaldua eta Aurrehistorian ere bai, ala izan da noizpait emakumearen aurrezko arorik, hau da: Noizpait emakumeak izan al du giza ekonomi-politik boterean parterik?

P.F.: Egun, matriarkagoa izan dela sinesten duten askotxo dira. Engels-en obraren premisetan oinarritzen diren ideologoak, antropologoen aportazioak ezagutu gabe dirudi, eta beste aldetik, emakumearen urrezko aro batean finkatu gabe ez dela posible emakumearen liberazio-helburuak markatzerik, pentsatzen du zenbait feministak. Esan dezakegu, ez dugula probarik matriarkago bat izan dela zihurtatzeko. Lenin-en definizioak dioenez, emakumeak klase sozial desberdin bat errepresentatzen du. Emakumearen partizipazioa produkzio-mailan desberdina zelako: lanaren sexu zatiketa eta erreprodukzioa. Lanaren sexu zatiketa honek zihurtasunez zererra garamatza: gizona, gizona zapaltzen hasi zela, gizona emakumea zapaltzen hasi zenean.

A.: Zuen ustez, oraingo famili-estrukturak eskutatu behar al luke, emakumeak klase bezala sofritzen duen zapalkuntza eskutatuko bada...?

P.F.: Bai. Egun, emakumearen zapalkuntza desarroilatzen den oinarrizko instituzio edo erakundea, familia da. Bertan zoragarrikiro lehen aipaturiko hiru esplotazioak ematen dira: sexuarena, erreprodukzioarena, eta etxeko lanarena. Parti du feminista bezala, familiaren deuseztea erakunde legal, bakar, eta beharrezko bezala proposatzen dugu. Hau gizonen behar material eta afektiboen faboretan bakarrik denez.

Produkzio domestiko era hori, desagertu behar da, estatuaren zerbitzuak zulo hori betez. Afektibitate-erlazioak, gizakiaren barren-bizitza intimoari dagokionez, libreki bakoitzak hautatu behar du eta ez indarrez erakunde baten bidez ezarri.

A.: Lesbianismoa, emakumearen zapalkuntzarako sexu-hautabidea ez ezik, alternatiba politikotzat jotzen al duzue?

P.F.: Lesbianismoak, heterosexualitatea, familia eta ezkontza, zalantzan jartzen ditu, baita emakumearen gizonarekiko dependentzia eta gizon-emakume paperak ere. Lesbianek, emakume hauek, sexua plazer, atsegin bide bezala planteiatzen dute eta hortan datza beren burruka. Horregatik, lesbianismoa feminismoaren barrengo errebindikazio bat gehiago da, ideiologia politiko zabal batetan eta sexu aukeraketa honek feminismo batetara badarama. Honela, argi eta garbi, kontenido politikoa du, gure etsai den gizonaren aurkako borrokan.

Emakume lesbianek osatzen duten sail marginatu honek, asko pentsarazi du nazioarteko feminismoan eta agian, bera izan da zerbait lortzera iritsi dena, emakume liberakuntzan lorketarik garrantzitsuenak egin dituena. Feminismoa eta lesbianismoa, mementu askotan, gauza bera izatera iritsi dira beren planteiaketa arradikalei esker eta horrela izan ez denean, kontzeptu osagarriak bilakatu dira etsai aurrean...

A.: Historian zehar, emakumearen zapalkuntzarentzat, beste alternatiba bat sozialismoaren ezarpenaren aldeko burruka izan da...

P.F.: Sozialismoaren aldekoek zera diote: Sistima horretan bakarrik emakumeek beren liberazioa lort dezaketela. Sozialismoa lortzen ari diren nazioetan emakumeek duten kondizio eta errealitateak garbi jartzen du ez dela egia. Emakumea ez dago askatua eta okerrago dena... zenbait alorretan atzerakada bat nabarmen da. Horrek, tesis feminista konfirmatzen du: sistima kapitalista apurtzea behar beharrezkoa izan arren, horrek ez du zihurtatzen emakumeen askatasuna.

A.: Baina, feministen borrokan, aliantzak ezinbestekoak dira, ezta?

P.F.: Emakumeak, bere borrokaren bitartez, beste klase zapalduen sostengua bilatu behar du. Proletalgoarena eta nekazariena. Horiekin egin beharko lituzke tratuak, beti oso kontutan izanik paktu eta tratu hauk autentikoak izan daitezen. Berdintasun mailan eta ez emakume mugimendua proletalgoaren eta nekazarien menpean izanaz. Bere nortasuna beti gorde beharko luke emakumeen mugimenduak eta honela etsaien aurkako borrokan, beste klase zapalduekin partizipatu. Mugimendu feministak gizartean, politikan, beti presente egon behar du. Klase zapaldu eta talde marginatuen borrokak sostengatu. Bestalde, klase eta talde zapaldu guztiak behartu beharko ditu feministen borroka sostenga dezaten, emakumeekin elkar daitezen. Hau da, arloak bereizi behar ditugu: bata zapalduena, eta bestea zapaltzaileena. Matxismoa, kapitalismoarekin, arrazismoarekin eta kolonialismoarekin identifikatzea lortu behar da eta gonbaraketa hau betidanik errealitate bat izan dela ez dugu ahaztu behar.

A.: "Emakumearen diktaduraz" mintzatzen zaretenean, egungo kontraesanaren, hots, GIZONEZKO/EMAKUMEZKO terminoak alderanztu egiten dituzuela esan nahi al du?

P.F.: Emakumearen diktadurak zera esan nahi du: emakumeak boterea hartzen duenean, indarren koerlazioa mesedegarri izanen zaiola. Mementu guztietan, emakumezkoarekin berdintzen diren balio mailak, nagusi daitezela, nahiz eta "giza interes orokorren" kaltetan izan, hots, emakumearen bizitzaren kondizionamenduei afektatzen ez dieten interes orokor horien kaltetan.

Emakumearen botereari gagozkiolarik, emakumearen diktadurak benetako emakumezko demokrazia eraman behar du. Emakumezko demokrazia eta emakumearen diktadura, txanponaren bi aurpegi besterik ez dira, emakumeen boterearena, alegia.

Emakumearen botereak / emakumezko demokraziak, ez du esan nahi % 100 ko boterea emakumeen eskutan egongo denik, baina bai, guttienez, botereko aparatuak % 51 emakumeen interesak defendatzen dituzten emakumeen eskutan egongo direla. Honela ez balitz, emakumeei zuzen eta soilik dagozkien arazoak ez dira inoiz konponduko.

Mariasun Landa


Gaiak. Literatura

Amaia Lasarekin mintzo

"Ene paradisuetan

zuhaitz asko debekatuak daude

paradisu guztietatik

jaurtiki izan naiz,

ez naiz borrokalari bat

borroka guztietan

sartzen naiz,

ifernu guztiak irabazirik".

Amaia Lasa, aspaldiko euskal idazlea dugu. 1971. urtean, bere anaia Mikelekin "Poema Bilduma" idatzi zuenetik, beste bi liburu poemak osatu ditu: "Hitz nahastuak" (1.977) eta oraingo honetan "Nere Paradisuetan" deritzona.

Liburu apain eta lilugarri hau, Rosa Valverderen marrazkiez osaturik dago.

A.— Amaia, nola sortu zen liburu bat bion artean osatzeko asmoa?

AL.— Ba nuen poema liburu bat dibujuekin egiteko gogoa, nahiz gogo hau oso sendoa ez izan. Gero "21 idazle" antologian parte hartu nuenean, lagun bati Lurdes Muñozi, dibujo bat eskatu nion. Asko gustatu zitzaidan eta lehenagoko asmoa finkatu zen. Duela urtebete, Rosa Valverdek, Donostiako San Telmo museoan, pintura erakusketa bat antolatu zuen. Asko gustatu zitzaidan eta dibujoak eskatu nizkion...

 A. Ikusten dugunez, ondorioa guztiz positiboa da. Holakoak izan al ziren harremanak?

AL.— Bai. Oso esperientzia polita izan da. Gure arteko harremanak, guztiz positiboak izan dira... Dibujoak eta liburuaren maketa egiten ari ginenean, harreman hestuak izan genituen. Orain desberdina da. Bakoitza bere bidetik doa...

 A. Ez dago beste projekturik?

AL.— Ez, Rosarekin oraingoz ez. Baina nik amets bat daukat... Egun batean, poema hoiek, Maite Zugadik dantzatzea... Nola? Ez dakit. Bidea jorratuz joan gintezke eta ea zer ateratzen den...

"Luzaroan

telefonua mutu

ixil ixilik dago.

Goizeko hiruretan

jo du tinbrea

ezer ez du esan

klik egin du

telefonoa

isildu da

berriro"

 A. Liburu horrek biltzen dituen poemak noizkoak dira?

AL.— Gehienak, joan zen urtean idatziak dira. Bat, lehenengo liburuan agertzen da. Beste bat, lehenengo liburuko poema bat hartu eta honen jarraipena egin nuen...

 A. Kritikak egokiak sortzen diren bitartean, zer pentsatzen duzu, zuk zeuk, zeure eboluzio poetikoari buruz?... Bide berean al daude, "Poema Bilduma" eta "Nere Paradisuetan"? Ala beste bidetik abiatu zara oraingo honetan?

AL.— Hontaz, hirugarren liburu hau egin ondoren, asko pentsatu dut, eta bi gauza ikusi ditut: Bata, tematikari dagokiona, eboluzio argi bat dago, ez dago hausketarik, baina bai eboluzio sakon bat. Bestea, tematika tratatzeko erari dagokiona da. Bai, hor poema batzutan, aldaketa eta hausketa batera jo dut, neretzat ironia fina edo zakarra bakartatea adierazteko, negua, hotza, euria sinboloak erabiltzen baldin banituen, orain mahai eta poltsa batekin, nahikoa dut...

 A. Zergatik bilatu duzu poema gintzan, zure burua espresatzeko era egokiena?

AL.— Neretzat ez da espresatzeko era egokiena poesia. Eguneroko bizitza arrunt eta fantasiarik gabeko honi saltsa piska bat ematea. Gauza askoren artean, nere poema gintzan ondo pasatzen dut, helburu nagusienetakoa, ondo pasatze hau da...

"Arra eta emea

gizarte hontan

inoiz?

ulertuko ez diren

bi pertsona".

 A. Eta poeta bat, emakume bat denean, zer?

AL.— O!! Ze galdera luzea!... Kontu handia eduki behar du eskandalarri ez izateko. Poesia egin bai, baina hitz "egokiak" erabili, bestela auskalo! edozein gauzagatik, erreputazioa galtzen duzu, bai! bai! kontu diti-amodio-ahizpa maitatze, hitz hoiekin!!

Beste aldetik, kontuan hartu, gu bizi garen mundu hertsi honetan, hau da, literaturako arloa orokorki hartuta, sartzen zarela eta hiru liburu egin eta beste hirutan parte hartzen baduzu, orduan konsideratuko zaituzte emakume poeta bezala. Aldiz, eta hori askotan somatu dut, nahikoa da mutil gazte batek poema bat edo liburu bat argitaratzea, literatura arlo horretan leku bat izateko...

 A. "Modan" dagoen eztabaida honi buruz, zer deritzozu? Hots, ba al dago espezifitaterik emakumeok egindako literaturgintzan, artegintzan?

AL.— Nik, guztiz onartzen dut emakumeok egoera berezi bat bizi dugula. Honen ondorio bezala, gure emaitzak bereziak izango dira... baina ez dut uste beste planetan bizi garenik eta ikaragarrizko samurtasun berezi bat erakarri behar dugunik... dena dela, gauza hau zehatzago esplikatzeko, nik uste dut munduan, Euskadin, idazten dihardugun lanak aztertu beharko liratekeela.

A.— Tokirik ba al du euskal emakume batek, euskal kulturaren munduan?

AL.— Begira, dibujo bat egiten baneki, hau egingo nizuke: Emakume bat, orma luze luze bat igo eta gero mundua berea du. Baina orma hori igo egin behar du. Ezta? Eta nolakoa den orma hori? Kasu askotan, berdina ez izan arren oso antzekoa da: heziketa, normetatik ez ateratzea, erlijioa, ogibidea, senarra, etxea, haurrak, etabar luze bat. Eta hori denori kentzen baduzu oso ondo. Mundua zurea da.

"Gizonik ez uki!

— ez, ez dut ukituko

gizonik ez begira!

— ez, bizialargun naiz eta

zurea ez den gizonik ez laztandu!

— ez, ez dut laztanduko

zurea ez den gizonarekin ez etxeratu

— ez, ez naiz etxeratuko

gizonekin eskandalarri ez izan!

— ez, ez naiz izango

zurea izan ez den gizonaren ohekide ez izan!

— ez, gizonik ez dut maitatuko.

maitasuna isuririk

ahizpa eta biok

ohekide bihurtu ginen

arratsalde euritsu batean".

M. A. Landa


Gaiak. Literatura

Poema liburu berri bat

 Noiz atera den ez dakidalarik, ihazko azkeneko edo aurtengo lehenengo hilabetetakoa, hortxe nonbait, Manex Erdozainzi-Etxart olerkari nafarrak argitaratu duen liburua irakurri berri dugu: Aspalditxo honetan, libururik argitaratzen duten iparraldeko idazle urrien lan gehienak bezala Elkar-ek argitaratua. Izenez: Hinki-hanka. Poemak. Egundaino legez Elkarrek egin duen argitarazioa, ederra, tinko, errakuntzarik gabeko eta gustuz apaindua.

Eta Idazlea? Inoiz halako olerki solteren bat irakurrita genion Erdozainziri, ez deus esateko modukoa, baina; oraingo kasu honetan, ordea, ba dirudi beraren azken hamabost-hogei urteetako obra osoa edo eta beraren hautapen bar eskaini digula, 1958.ean datatzen duen lehen poemaren astean, azkena 1976.eko Abendukoa bezala ematen baitu; edozeinetan ere, liburuaren irakurlearentzat ageriko, hain baitira, batasun formal eta tematiko baten barruan, desberdin hor agertzen diren olerkiak. Ez da esan behar iparraldeko idazle gehienek bezala eta hegoaldeko askok ez bezala oso euskara aberatsa darabilela, oparo eta jarioaz, bat ere mugarik gabeko, eta askok ostera erakusten saiatu arren erdarakadarik gabekoa. Hain zuzen, prosazko testuetan isladatzen dena, hala hitzaurrean, nola "Egunean egunekotik..." poema luzean, honela baitio lehenengoan:

Jendeak, gauzak, espazioak, garaiak, gertakariak, sendimenduak, sensasioak, hotz-beroak, mugimenduak, burrukak, atsedenaldiak eta beste... ez nahiz ahantzi nabila, gabiltza. Ez dakit baina beharba hola sortzen dateke gugan poesia. Betikotz galdu ditugunak eta urrunduz joaki zaizkigunak ez nahiz ahantzi. Lore baten apaindura miresgarria eta usain gozoa, asterietako sehena eta goizatako ihintza, orgabide batetako ilunpe bildua eta han entzun karrankak, haizearen pereka bustia larrazkenean, supazterreko bilgunea neguan, sasoin bakoitzeko margoak, aro aldiak, hiri baten atzartze nagia goizetan eta holako... Hots, izadian gure begi-beharriek ikusi-entzunak, gure ezpainek hurrupatuak eta ahoan murtxatuak, gure eskuek bazkatuak, hunkituak eta perekatuak, amultsuki eta ikaretan, gure sudur loriosak usnatuak, gure bihotzak maitatuak eta hastiatuak, gure kaskoak bilduak eta aztertuak. Lehengo eta betiko poesia gauzak eta irakiak berextea eta izendatzea, ez arrunt ahanzteko.

Alde batetik oso barnekoi eta barnekor, eta politiko, bestaldetik, dauzkan poema patriotikoetan. Neurriaren aldetik, agian, pobre, oso aberats, baina, erritmu eta hotsen nahasmenduetan, agortezin diruditen hitz-jokuetan. Nire gustuko akats bi aipatuko banitu, eta gustua diot, nik maite dudan poesia moeta dudalako buruan, baina ez nahi eta ez denek maite dutena, imajinen errepikadura eta ez berebiziko joritasuna, eta larregizko adizteria eta elementu gramatikalak lirateke, oso gauza zaila ekiditeko euskaraz, bestalde, hain morfologia aberatseko hizkuntza izanez gure hau. Lehengoa, berriz, hain denbora luzetik zeharreko poemen bilduma izatetik datorkio, nik uste, liburu bat osatzeko asmoz idatzi ez diren olerkien batzetik hain zuzen ere.

Ene aburuz, kondalari jartzen denean olerkaria lortzen du liburu honek bere gorengo lekuak, hizkuntzaren maisua den batek, izan ere, beraren maisugo hori erakuts dezakeenean. Esate baterako "emazteki bat ene bizian" lehen poema ederrean, edo eta "gure etxegibeleko haritza" deiturikoan. Gainera natura deskribatzerakoan, nahiko gaitz den zerbait erdiesten du, naturaltasuna, xalotasun indartsua, txotxolokeriarik gabekoa, berba egokia eskuan beti. Ea berriro ere lehen esandakoa, "populu bat xutik" poema abertzaleak gutitan ematen dena ematen du, poema sendo bat, amorruz bezala idatzia, jar eta bertan behera idatzia legez, lanik egin izan ez bailitzan, hain baita gotor eta boteretsua, seguru asko geure buruen jabe izateko nahikundea bera bezain zorrotz eta zuzena, baina, hala ere, artaz idatzia eta erritmu ikaragarri ederraz.

Edozein euskal liburudendetan eros daitekeen liburu polit honen poema labur eta polit batez amai dezadan:

Errespetuz...

Hostoak lehertu ditut

nere zangopetan kraskatu dira

eta ez zaizkit kexatu

hostoak lehertu ditut

metatuak dira urtetik urtera

eihartuak dira urtetik urtera

eihartuak

lur axalean etzanak

zuhaitzen itzalpeetan

errespetuz lehertu ditut

eta mamiraino intzirika kraskatu dira

gainean luze-luzea etzan nintzelarik...

Atzo eta herenegun eta lehengo urteetan

zuhaitzen bular eta edergailu

eta haizearen lagunkinak

gaur lurrera eroriak

barreiatuak, hedatuak, lodi-lodia metatuak

urtetik urtera lurraren ongarri eta bazka bilakatuak

gaztain ondo eta haritzen atzoko mintzo eta edergailuak

errespetuz lehertzen ditut

bihar edo etzi edo geroxeago

bere ohantzean bilduko nauten

hosto ixilduak...

Andolin Eguzkitza


Gaiak. Literatura

Jorge Luis Borges. Elkarrizketa bat

— Egia al da laket zaizkizula galdera estupidoak?

— Ze galdera estupidoa! Ez: kalumnia bat da.

— Baduela berrogei urte ez dituzula egunkariak irakurtzen?

— Hori ere faltsua da: duela hirurogeita hamazortzi urte ez ditudala irakurtzen. Argitaratzen dutenak hogeita lau ordu irauten du, gehienik aste bete. Hobeak dira liburuak.

— Norentzat idazten duzu: etorkizunarentzat?

— Ez, aintzinatearentzat, Lamb-ek esaten zuen bezala.

— Zure irakasleak?

— Vergilius, Shaw, Voltaire, Stevenson. Gainera, lagunak, liburuak, jendea, eguzkia, katu hau.

— Eta Dante?

— Oh, Dante ere bai. Hamar bider irakurri dut La Divina Comedia.

— Italieraz?

— Italieraz. Ederrak Graf eta Momigliano-ren komentarioak.

— Eta Sapegno-rena?

— Txarrena.

— Antigualeko poetarik handiena?

— Grekoa banintz Homero esanen nuke.

— Baina zu ez zara grekoa?

— Hain zuzen; Vergilius diot.

— Poeta modernorik handiena?

— Browning, Emerson, Kipling.

— Zergatik diozu literatura jolas bat dela?

— Jolasa noblea delako. Begira ajedreza.

— Futbola ere bai?

— Ez. Futbola prostituzioa da, merkatalgoa.

— Literatura noiz bihurtzen da apezgoa?

— Sendatzen denean, felix.

— Eta Flaubert-ena?

— Ez. Hori gaixorik dago.

— Eta literaturgile baten eginbidea?

— Jolastu. Stevenson-ek zioen bezala, literatura egiten jolasten ari den haur baten seriotasunaz.

— Zer espero dute Nobel saria zuri emateko?

— Eman zidatela uste dute agian. Brometatik at ez didazu niri galdetu behar.

— Zer aldatu zen Argentinan duela urte bi martxoaren 24an militarrek boterea hartu zutenean?

— Amaitu egin zen kaosa.

— Zure herrian nortzuk gobernatu dute orain arte hobeto militarrek ala zibiliek?

— Oraingo Juntan ez dago alprojarik.

— Gerran gerran bezala eta gerrilan gerrilan bezala?

— Dudarik gabe.

— Zein klase da Argentinan nazionalistago?

— Behekoa eta goikoa.

— Zer da peronismoaz?

— Benetan jakin nahi al duzu?

— Galdetu badizut...

— Lapur, proxeneta, intrigante bilera bat.

— Peron-en mitoak bizirik dirau?

— Baina Peron-en mitoa kaudilloa erori eta ihes joan ondoren asmatu eta zabaldutakoa da.

— Erradikalismoa Argentinan egoera animiko difuso bat da oraindik ere?

— Aspaldian, duela mende erdi, bai. Orain, iadanik ez.

— Argentinoa katoliko ona al da?

— Hiriburuan ez. Herrialdeetan, agian bai.

— Zer da garrantzitsuago fedea ala elizkizuna?

— Niretzat, fedea.

— Katolikoa zara?

— Ez.

— Kristaua?

— Ezta ere.

— Zer zara?

— Agnostikoa.

— Artista bat politikaz aritu behar da?

— Agian.

— Zu aritu edo aritzen zara?

— Ni nazionalista, komunista, erradikala, konserbadorea izan naiz. Baina nire eritziek ez zuten sekula eragin ene obra.

— Eskuineko gizontzat hartzen ohi zaituzte.

— Erdiko gizon bat naiz edo, behar bada, erdi-eskuinekoa, esan dezagun erdialde bat.

— Posible al da poliziarik eta kontrolik gabeko mundu bat?

— Suitzan, Eskandinavian bai.

— Eta USA eta Estatu Sobietikoetan?

— Ez. Potentzia handiek ezin dezakete zaintzea gutxi.

— Zergatik da hainbesteko bortxa munduan?

— Galde egiezu filosofoei.

— Argentinoen biziorik konpongaitzena?

— Nazionalismoa, primateen mania.

— Eta bertuterik ederrena?

— Adiskidetasuna.

— Benetan al du argentinarrak gizontasunaren kultoa?

— Lehen, agian bai. Orain maiteago du dirua.

— Zer da espainolik Argentinan?

— Oso gutxi.

— Eta italiarra.

— Asko asko. Eta, hain zuzen, ni hemen atzerritarra sentitzen naiz.

— Ba du argentinarrak umorearen zentzurik?

— Ba zuen.

— Zergatik da futbola hain herritarra?

— Estupidotasuna herritarra delako.

— Eta tangoa?

— Herritarra zen. Gaur egun, gazteek maiteago dute jazza. Tamalgarria, putetxeetako dantza galant bat zen tangoa.

— Buenos Aires Argentina da?

— Ezetz esanen nuke. Mentalki hurbilago dago Montevideo, barnealdeko hiri bat baino.

— Zergatik da zure herria hain anti-USA?

— Ez dut sekula ulertu. Gainera ez dut arrazoirik ikusten.

— Zu ba zara?

— Amerikanoak mediokreak eta inoranteak dira.

— Zer da komunismoa?

— Nazionalismo bat.

— Komunismo bat da ala asko?

— Komunismoa Mosku da.

— Herriaren kontra herriaren izenean bakarrik tirokatzen da?

— Eta noren izenean tirokatu nahi zenuke?

— Zergatik diozu demokrazia estatistikan oinarrituriko superstizio bat dela?

— Demokrazia estatistikaren abusua da. Maiz boterea merezi ez duenari ematen dio.

— Botuak, kontatu ala pisatu egiten al dira?

— Pisatu.

— Estatu panteistaren alde ala kontra zaude?

— Aurka.

— Zergatik?

— Burokrazia izurrite buboniko bat da.

— Politika ez al da gizona gizonak kontrolatzeko burruka baino?

— Bai.

— Ideologiak moralizatu egin behar al du?

— Ez dakit.

— Indiferenteek ala doktrinarioek dute zentzu gehiago?

— Ez dakit.

— Eskandaluaren beldurrak galerazten al du korrupzioaren zabalkundea?

— Ez dakit.

— Askatasuna ala justizia da hobe?

— Justiziaren aldeko nintzateke.

— Herri bat izan daiteke handi ametsik egin gabe?

— Ez du ardurarik herri bat handia izateak.

— Zerk du axolarik orduan?

— Gizona handia izateak.

— Historiak —Mommsen-ek zioenez— ba al du erru guztientzako Mnemesis bat?

— Ez dut historiaz sinesten. Zorte hutsa da oro.

— Idoloak erori ala hil ere egiten dira?

— Erori bakarrik egin daitezela espero daiteke.

— Gazteak, zerk erakartzen ditu gehiago helburuak ala bideak?

— Batzu helburuak, beste batzu bideak.

— Gazteen iniziatiba ala zaharren esperientzia da baliosago?

— Nolakoa den.

— Zilegia da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?

— Barka, etorkizunekoak sakrifikatu al dira noizbait gugatik?

— Zerk laguntzen du haboro bizitzen, fedeak ala filosofiak?

— Niretzat filosofiak.

— Inteligentzia etikoa al da beti?

— Bai.

— Zoriontsuaz edo zoritxarrekoak garenez ohartzen gara lehenago?

— Egun batean iragaiten da paradisutik infernura, infernutik purgatoriora, purgatoriotik linbora, linbotik berriro infernura.

— Gizona ezagutzeko aski al da norbere burua ezagutzea?

— Bai.

— Ze adinetan ezkondu zinen?

— Ez dut gogoratzen.

— Zergatik dibortziatu zinen hiru urte geroago?

— Ur iragana.

— Gehiago sufritzen al du gizonak erresistitua denean ala andreak erresistitu behar duenean?

— Ez naiz sekula andrea izan.

— Zer da hobe, emakume itsusi baten maitasuna ala emakume eder baten adiskidetasuna?

— Emakume eder baten adiskidetasuna eta maitasuna.

— Banitatea al da benetan zure akatsik txarrena?

— Baina ni ez naiz banidosoa bata...

— Superstiziosoa al zara?

— Asko. Asko. Lau zenbakiak suerte izugarri txar bat ekartzen dit; ba al zenekien Japon-en heriotzaren sinonimoa dela? Maiteago dut hirua edo bosta. Areago: seguritate gehiagorako, bia eta seia.

— Maiz aldatu dituzu ideiak?

— Inbezilek bakarrik ez dituzte aldatzen.

— Ederra ala itsua da gogoragarriagoa?

— Biak.

— Nor izan zen garrantzitsuago zure bizitzan?

— Emakumeren bat, adiskide gutxi, liburu asko.

— Zein amestxarrek pertsekutatu edo persekutatzen zaitu?

— Hilezkortasunak.

— Zalantzak ala Seguritateak dituzu gehiago?

— Zalantzak.

— Zergatik esan duzu bizitza zentrorik gabeko laberinto bat dela?

— Ez nuen nik esan. Chesterton-ek esan zuen.

— Bizitza luzeagotu egin behar da edozelan ere?

— Ez. Bibliaren aholkua, joateko, hirurogeita hamar urteak dira. Nik jadanik hamar daramazkit atzerapenez.

— Zer eginen zenuke egun bakar bat geratuz gero bizirik?

— Adiskideak agurtu eginen nituzke edo ene "opera omnia" begiratu.

— Denbora kortesa al da beti?

— Ez da kortesa, baizik eta alderantziz. Ikusmena kendu eta zahartzaroa ezarri zidan.

Roberto Gervaso

"Blanco y Negro"tik euskaratua.


Sukalderako saltsak

Aza betea (1)

Jateko hau egiteko, beharrezkoa duzu lurrun-lapiko bat (2).

Sei pertsonarentzat beharrezkoak dituzu:

Aza bat, haragi xehatu (3) kg. bat, (giharre (4) eta xahalkia (5) nahasirik), tipula ttiki bat, hiru ale baratxuri, oilarekada handi tomate frijitu, bi arraultze, 100 gr. oliba, ereinotza (6), biper-hazi beltza, gatza.

Azorriak (7) ur txikitan egosiko dira heltze batean, edo eta, lurrun-lapikoa erabilita beren ur lurrunetan egosiko dira. Lehen kasuan, hamar minutu behar da; bigarrenean, aldiz, balbula (8) biratzen denez geroz, lau. Kasu bietan gatza botako zaio.

Haragi xehatuari, tipula zati txikitu, baratxuri eta biperhazi zehatu, tomate frijitu, ereinotza, arraultze gordin eta oliba txikituak gehituko dizkiozu. Hau guztiau zartagin (9) batean frijituko duzu pil-pilean. Aurrekoa eginik daukazula, koipe gehiegirik nahi ez baduzu ken diezaiokezu.

Zapi edo dafaila (10) handi batez estalitako iragaztontzi (11) baten hondoan azorri bat eta gainean haragizko frijidura pixkat ipiniko dituzu. Modu honetaz, geruzak (12) egingo dituzu, beti azorri baten gainean frijidura pixkat ipiniz.

Ornatzeko, azorriak lorearenak egiten ezar daitezke. Ekintza hauk amaituta, zapiaren lau punta lotzen dira; barne, janari guztia geratzen delarik eta hori guztiori lurrun-lapikoan sartuz. Ordu laurdenez egosi behar du. Ateratzerakoan, beshamel bat botatzen zaio gainetik plater zabal batetan zerbitzatuz.

On Egin.

1) Rellena, farcie

2) Cocotte, olla expres.

3) picada, hachée

4) koiperik gabeko zerrikia

5) viande de veau, ternera

6) Laurel, laurier

7) hojas de berza, feuilles de choux

8) Soupape

9) Poêle

10) Servilleta, serviette

11) Ecumoire, Colador

12) Capas, couches.


Gaiak. Zinema

Apocalypse Now

Vietnamgo gerra. Willard kapitainak buruzagiengandik hartzen du Kurtz koronel erotua hiltzeko agindua. Willard hibaian gora abiatzen da, frontean eta oihanetan barrena, Kurtz kausitu eta hil arte.

Hauxe da, funtsean, filmearen argumentua. Egitura edo hari argumental hau Joseph Conrad idazle polakoaren "Ilunpeetako Bihotza" (1902) delako nobelatik hartua. Hala ere, literaturari bakarrik bagagozkio ere, T.S.Eliot-en "The Wasteland", J.L. Borges, F. Nietzsche eta beste erreferentzia asko aipatu ahal dira filmearen gaia ohartzeara heldu gabe.

Filmea egiteko ideia aspaldikoa da. Duela hamar urte mintzatu omen ziren John Milius gidoigilea eta Francis Ford Coppola zuzendaria. Baina 1976.ean hasi ziren filmatzen, Filipinetan eta 230 egunetan zehar lan egin behar izan zuten. Oztopoak milaka, ondoko hauk esate baterako. 2976.eko maiatzaren hamaikan "Olga" tifoiak Filipina uharteak xahutu zituen filmeko dekoratu guztiak deseginez. Bestalde, USAko harmadak laguntzen ez zuenez Filipinetakoaren helikopteroak eskatu eta jaso zituzten, 24 helikoptero hilabete bitan, baina Mindanao hegoaldeko gerrilleroen aurka burrukatzeko gobernuak ere behar zituenez, egunero goizez USAko ezaugarriez pintatu behar ziren eta gero berriz Filipinakoez ofizialki iharduteko. Edozelan ere, orobat, 450 langile ari ziren filmatzen. 25 miloi dolar kostatu du filmeak. Filmaturiko pelikularen luzera 90 ordukoa da, lehen muntaiak zortzi ordu eta erdi zituen jadanik, eta azken bertsioak hiruren bat.

 Apocalypse Now sortzen parte hartu dutenak asko dira, haien artean John Milius gidoigilea, Vittorio Storaro fotografiako arduraduna (B. Bertolucciren ohizkoa hain zuzen), Dean Tavoularis dekoradorea e.a. Aktoreen artean: Martin Sheen (bere benetako izena Ramon Estevez da), Marlon Brando, Robert Duval, Dennis Hopper eta abar.

 Francis Ford Coppola, filme honen buruzagia, duela berrogei urte sortu zen Detroiten eta 1962az geroztik filme ugari egin izan ditu. "The Goodfather" biak eta "The Conversation" dirateke bere filmerik interesgarrienak.

 Apocalypse Now honetan bera da gidoigile, produktore eta zuzendaria eta bere aspaldiko asmo baten fruitua baino ez da. Filme honen ondoren "Hammet" delako filmea produzitu dio Win Wenders-i eta bere aldetik "The Brotherhood of the Grape" delako Jon Fante-ren nobelaren adaptazio bat prestatzen ari da.

 Apocalypse Now delako filme erraldoi hau, berriz, espektakuluaren eta narrazio psikologikoaren artean agertzen zaigu eta aspaldidanik pantailan ikusi ez genuen bezain odisea izugarria eskaintzen digu, zeinetan Vietnamgo gerlaren ikuspegi dramatiko batekin batera eromenari eta heriotzari kantu bat sortzen baita, ilunpetako kolore eta eztanden artean. Zalantzarik gabe, filme on eta atsegin baten aurrean gara, eta hauxe da garrantzitsuena zineman, azken finean eskuindarra ala ezkertiarra deneko espekulazioetatik aparte, atsegina izatea eta esperientzia zinematografiko berriak eskaintzen dizkigula. Agian, Apocalypse Now filmeak historia eginen du zinemagintzan, zeren eta hain zuzen, Hollywood berpiztutik sorturik, azken urteotako filme ikusgarrienetariko bat baita bere preziosismo formalaren aldetik, nahiz bidaia psikologiko eta dramatikoaren aldetik.

Joseba Sarrionandia


Gaiak. Zinema

Donostiako Amateur Zinemaldian Euskal Zinema irabazle

Gaur egun inork ez du Donostiako Nazioarteko Amateur Zinemaldiak Estatu mailan tankera txikiz egiten den zinemagintza ezagutzeko duen garrantzia ukatzen.

4 urte lanean jarraitu ondoren, leihaketa honek, nazioarteko mailan, urtero zenbait zinemagile madrildar eta kataluniarrek eta Italia, Austria, Alemania eta Argentinako beste zenbaitek egiten dituzten filmak aztertzeko posibilitatea ematen digu. Baita ere, euskal zinemari dagokionez, (nahiz Zestoako Topaketek duten bereiztasuna ez eduki) urtean zehar Euskadin euskaraz eta erdaraz egiten diren zenbait filme ikus dezakegu.

Aukerari buruz, kanpora begira, filme gutxiago aurkeztu direla dirudi, nahiz beste urteetan baino euskal filme gehiago egon: 4 bilbotar, 5 donostiar, 3 errenderiar, Erandioko bat, Galdakaoko beste bat eta azkenik 3 azpeitiar.

Zinemaldiak leihaketara aurkeztu dituen 28 filmeak alde batera utziz gero, "Leihaketatik kanpo" sailean beste 10 eman ditu, batzu berandu iritsi zirelako eta 3 urte baino gehiago zituztelako besteak. Gainera "Umeek egindako zinema" sailean beste 7 filme ikusi ditugu. Sail honetan azkeneko "Umeek egindako Zinemaldian" aurkeztu ziren filme berberak ziren. Sail honek izugarrizko garrantzia du Euskal Zineman eta gehiago landu behar dugun zerbait dela diogu.

Zinemaldia bukatu ondoren, Epai-Mahaiaren erabakiarekin ados gaude ala ez alde batera utziz, bi hitz bakarrik aipamen berezi bat merezi duten haietaz.

Erreportaia bezala, filme onena austriar sendagilea den KURT KEIL-en "EL REY DE LOS FILIPINOS" dugu. Ihaz ere sendagile honek bere "savoir faire" erakutsi zigun "BALI" filmaz. "El Rey de los Filipinos" erreportaia grinagarriak nola egin behar diren garbi erakusten digu, kamara une nagusietan prezisioz eta erritmoz jartzen, atentzioa inoiz gainbeheratu gabe.

Holako erreportaia bat ez da giza eta erlijio-zeremonia baten deskribapen zehatz bat bakarrik, gizatasunaren benetazko barrenazterpen bat baizik ere. Zuzenki hartutako eta off soinuek benetazko harmonia bat lortzen dute. Hemen ikusi ditugunentzat eta euskal dokumentalentzat jarraibide bat.

LA BELLA MATADORA. Miguel Angel Quintana-Miguel Bernal.

"Mantis religiosa" edo "Santa Teresa" izena duen xomorro eder eta deabruzkoari buruzko sekulako dokumental bat dugu hau. Miguel Angel Quintanak zehaztasun zinemagile eta entomologistaz xomorro kezkagarri honen bizi-zikloa adierazten digu. Filme eder honek, primeran filmatuta, eta soinu on batez lagundua, bere asmo didaktikoan interes berezi bar du.

"DIA Y LLUVIA, LLUVIA Y VIENTO".

M.ª Jesus Fombellida eta Jesus Palacioren laburmetraia hau ustekabe bikain izan da. Filme honek herri baten kale zaharretatik eskilarak igotzen eta jaisten, kolunpiotatik agertzen eta desagertzen paseiatzen ari diren espartzin eta galtza txurietako gazte bat eta Lasquet botatxoak dituen haurraren historia kontatzen digu. Lan sugerigarri hau irudimenarentzat dei bat bezala kontsidera daiteke. Zinema sortzaile, fin, sentikor eta sugerigarri benetan.

KUTSADURA

Azpeitiako Zine Klubaren dokumental honek bere asmo guztiak betetzen ditu (eta ez da gutxi hau esatea): Urkutsaduraren arazoaz jendea sentsibilizatzea, panfletorik gabe, baina sentikortasunaz eta erritmoz.

Lehenengo zatia ur garbiari abesti alai bat da eta bigarrena ur zikinari hilezko kantu bat. Bien arteko ardatz bezala, arazo honen adierazle bezala, kapitalaren bide frenugabea.

GIZONA-LANA MAKINA

Berriro Azpeitiako Zine Kluba, baina kasu honetan fikzio mailan. Gaiak etengabeko lanak eta kontsumo-gizarteak gizon eta emakumeengan dituzten influentziak adierazten ditu.

Gaur egun pertsona alienatuak telebista, alkohol eta tabakoan bakarrik aurkitzen du bere aterpea. Aterpe faltsuek ameskaizto eta desitxaropena besterik ez ditu lasterkatzen. Filmeak pixkanaka errobot bihurtu den gizonaren infernu zirkuluarekin hausketa adierazten du, eta era berean naturaren askatasunaren itzulera.

Errealizazioa zoragarria da eta une batzu egiazko antologikoak, sobietarren modura (lana-lana-makina, eta trenbideetan lotura dagoen protagonistaren ameskaizto eskenak).

Dudarik gabe estetikoki Zinemaldiko irudi ederrena.

AUTOPISTA NORTE

Humberto Esquivel-en filme hau Madrilen bizi den hego-amerikar honen egitearen adibide argi bar izan daiteke. Bere 20 minutuetan benetan gertatu zen historia tragiko bat kontatzen digu. Autobidean 2 senarremaztek eroetxe batetik ihes egin duen ero baten erasoa jasaten dute, beren heriotzarekin bukatuz. Historia hau beste zenbait bezalakoa da, baina Esquivel-ek gauzak kontatzeko duen trebetasuna, bere erritmoa errespetatzen eta aktoreen lana zuzentzen aipagarria da benetan.

PEDALENZAUBER. Horst Joel.

Zinemagile alemaniarren filme tipiko dugu hau. Txirrinda-jiraldi baten adierazpenaren bidez erritmo eta mugimenduari buruz saio experimental bat lortzen du hiru erritmo moeta elkartuz (arrunta, kamara motela eta kamara arina*). Emaitza ederra eta sugerigarria da, eta nahiz asmo handirik ez eduki, errealizazioa zuzena da.

Toki faltaz ezin dugu filme guztiak aztertu, baina bere garrantziarengatik (nahiz besteak bezain onak ez izan) aipamen berezi bat merezi dutela uste dugu:

- "Severine" - Josep Comellás eta Ignasi Planarena.

- "Txalaparta" - Huts-hitz taldearena.

- "Uztarria" - M.ª Jesus Fonbellidarena.

- "Qui es qui" - Joan eta Jose Cicerarena.

Bukatzeko hona hemen Rosa M.ª Tolosa, Hilario Muñiz, Luis Irisarri, Ane Mujika, Alberto Ibarburu, Jose Luis Isasa, M.ª Jesus Muñoz, J. M. Kristi, Txaro Polo eta J. A. Sistiagak osatzen zuten epai-mahaiak banatu zituzten sariak:

Nestor Basterretxea Saria.— M. A. Quintana eta Angel Bernal-en "La Bella Matadora".

Lehenengo Saria (Urrezko Domina).— M. A. Quintana eta Angel Bernal-en "La Bella Matadora".

Bigarren Saria (Zilarrezko Domina).— Kurt Keil-en "El rey de los Filipinos".

Hirugarren Saria (Brontzezko Domina).— Azpeitiako Zine Klubaren "Gizona lana-makina".

Bestaldetik "La Bella Matadora" filmeak beste 4 sari lortu zituen: Dokumental onenari, euskal zinemagile onenari, argazki onenari eta herriak filme onena bezala aukeratu zuenari ere.

Soinu onenari dagokion saria "El rey de los Filipinos" laburmetraiak lortu zuen.

Gaiari dagokionez, "Gizona-lana* makina" filmeak lortu zuen.

Orain Apirilean gutxi gorabehera izango diren Zestoako Topaketen zain geratzen gara, aurten Euskadin euskaraz egin diren lanak ikusteko eta aztertzeko asmoz.

J. M. Gutierrez

X. Portu

* Noizko Zinema Hiztegi bat?


M.ª Paz Jimenez, herrian zaitugu

Pasai Antxon taberna-artegela bar eratu dute. Lala eta Juanan izan ziren ideia aurrera eraman zutenak. Artea herrira eramateko modurik onenetakoa dela esan dezakegu, orain arte izan duen arrakasta ezagutuz gero.

Inoiz erakusketa, museo edota bestelako artearetorik ikusi ez dutenek, Pasaiatik irten gabe, ardo bat edatera doazen bitartean, Zumeta eta Arozenaren koadoak ikusteko aukera izan dute.

Aste hauetan, M.ª Paz Jimenez-en erakusketa bat ari zaizkigu eskaintzen. Duela lau urte hil zen emakume honen lanari, benetan hunkigarria deritzogu.

M.ª Paz, 1909.ean jaio zen Valladolid-en. 6 urte zituela, Donostiara ekarri zuten eta geroztik, hemen eta Bilbon izan zuen bere etxea.

Jadanik, 12 urteetan, ikusten duen guztia marrazten du maisurik gabe, inolako irakasketarik gabe. Ostondoaren misterioaz suharturik agertzen zaigu emakume hau lehen urteetarik, berak idazlan batzuetan aitortzen digunez.

Buenos Aires-en egon zen 1930.etik 1945.arte, eta hemen egin zuen bere lehen erakusketa. Kritikak, oso onak izan ziren eta bere pintura "surrealismo esoteriko"tzat hartu zuten. Garai hartako lanetan, eterargi batez inguraturik gorantz ihes egiten duten izaki poetiko eta arraro batzu ikus daitezke.

1945.ean berriro Donostiara etorri zen eta bere pinturak aldaketa sakon bat ematen du. Beti poetikoa izanik, bizitasun indartsuago bat hartzen du eta marrazkiari garrantzi handiagoa ematen dio.

1962.eta 66.artean, bere hitzetan, "kreatze krisi sakon bat" dauka; berriro oliora jotzen du pintura plastikoak eta haren itsasiak alde batera uzten dituelarik.

M.ª Paz-ek hiltzeko hilabete falta zitzaionean, 65 urte zituela, zera esaten digu: "kolorea, forma, poesia etab. helburu bat lortzeko bide teknikoak besterik ez dira, nire, kasuan, irteera bat, eskapu bat, gainditzea permiti diezagun errail edo zulo bat gartzela espazialean".

Bere azken urteetan, zurez esperimentatzen hasi zen eta bere hasieran esan nahi zuen gauza bera eskaintzen digu, hots, espazioaren interpretamena edo hobe, interpretamena edo hobe, interpreta-nahia.

Misterioaren erakarpenean sarturik dagoen emakume honek, bere bizitzaren bukaera datorkiola ikusten duenean eskeptizismo hutsa dauka konklusio bakartzat. Hona hemen 1968.ean idatzi zuen "Carta a mí misma"tik ateratako zenbait erakusgarri.

... "La vida para mí es una carga pesada"... "Tengo un nombre y un apellido. Una familia unida a mí en esta terrible aventura que es vivir. Tengo amigos que el azar ha hecho que conozca y estime. Cualquiera de estas personas me es más familiar y la comprendo mejor que a mí misma." ... "La Pintura, o cualquier otra forma de creación, ¿da una significación a la vida? Puede ser que sí, y en todo caso es tal vez una justificación moral"... "Cuando muera, diré como Rostand: "que habré atravesado la existencia en un estado de incomprensión alucinante". "... Pero a esta edad se acepta todo. Ya no hay preguntas, porque no hay respuestas. Ni rebelión."...

M.ª Paz-ek, pertsona bezala esaten digu hau, eta emakumea zenez, nahiz eta hitzez bere egoera bereizia ez agertu, bere pinturen bidez azaltzen digu. Pertsonaiak pintatzen dituenean emakumezkoak izaten dira ia beti, eta ez direnean, sexurik gabeko izakiak ikusten ditugu, guztiz ideialduak.

Edozein pertsonak bere draman parte hartzen badu koadro hauk ikustean, are gehiago emakumeok. Dena dela, une onak ere pasa zituen mundu honetan, bere lagunei eman zien maitasuna froga bat baldin badaiteke izan. Lagun hauek bere gogoan daukate samurtasun hura. Blas de Otero-k "Ante la pared: el lienzo, el aire" poema eskaini zion. A Ubeda-k honela idazten du: "... exquisitamente se evade... no sin antes, hacedora de milagros, convertir a todo ser humano en su amigo". Oteizak, Balerdik, Basterretxeak, eta hain ezagunak ez diren beste hainbestek...

Bere obra hemen geratu zaigu, Paris-ko "D'ART MODERNE" museoan, Madril-go "DE ARTE CONTEMPORANEO"-n Bilboko "DE ARTE MODERNO"-n eta Donostiako "SAN TELMO"-n.

Eta herrian ere bai. Pasaian, pintatzaile honen lana ikusteko izan dugun aukera, Lala eta Juanani zor diegu. Beste tokietan ere honelako taberna-artearetoak sortuko balira, asko irabaziko genuke, zinez. Herri bateko giroari indar berria ematen diote horrelako iharduerek.

Pasaian, "Ikusmira", behar genuen toki lasai, alai eta emankorra bihurtu zaigu.

Eta hor dabil Lala, joetake, beste erakusketa bar prestatzen. Hau argitara orduko, seguraski M.ª Paz-ek beste bati utziko dio tokia, baina ez dugu ahanztuko emakume hau; hain izan da sakon guretzat...

I. Berroa


Gaiak. Kirolak

Gudu-antzeak: filosofia eta bizitza (eta II). PENTJAK-SILAT

Ekialdeko herri bezala, Indonesiako irletan haien beraien burrukamolde eta teknika aitzinatu dute eta Ekialdeko herri guzietan gertatu bezalaxe, gudu-antzeotan aitzinatuago dagoen herrialdetik, Txinatik, hartu dituzte funtsezko ideiak.

Halabaina, Ekialde osoan agitu den bezala, ba zegoen herrian bertan norbere buruaren defentsarako jatorrizko burrukamoldea.

Indonesiari dagokion bezainbatean, PENTJAK-SILATen sorrera Indian bilatu behar da, nonbait.

Baina Indonesiako irletan beretan (Javan, Maduran, Sumatran, Balin, etabarrean), burruka eskola eta tankera bereziak garatu izan dira.

PENTJAK-SILATek "gudu-antze osoa" esan nahi du. Hala ere, PENTJAK "norbere babespenerako entseiamolde" gisa kontsideratu behar da eta SILAT "gudakari higiune hauen iratxekitzea" da, lehenengoa alde teorikoa eta teknikoa eta bigarrena egiazko aldea, burrukarako alde ihardunkorra dira, halegia.

PENTJAK-SILATen berezitasuna, norbere defentsarakoa baino besterik ez izatea da, kirola edo gimnasiazko zantzurik eduki gabe. Gainera, PENTJAK-SILATen gorputzaren ahalak soilik baliatuak dira.hots,ez dago inolako harmaren erabilerarik. PENTJAK-SILATen higiuneak arinak dira eta izterbegiaren enganiagarri erabiltzen dira. Burruka zuzena baztertua da, hau da, ez du japoniar karate eskolen tankera gogorra aritzen, jarkitzarik, erresistentziarik ezaren hastapenaren bila baizik, honekin AIKIDOren teknikari hurbilduz. Ez zaio izterbegiaren indarrari jarki behar, azkenean kontrasta kontrolatzeko, meneratzeko, "erasoari bidea ireki" baizik.

PENTJAK-SILATen beste asmo bat zera da, ekin baino lehen kontrastaren erasoari itxaron behar zaiolakoa da. Malgutasunez, askatasunez ihardun behar da, kontrastari moldatuz. Burrukamolde honen osterantzako berezitasuna neurkada edo erritmua dugu; hortakotz, gertapen edo saioaldiak musika erritmikoz (tam-tam gisakoa edo jotzezkoa) egiten dira. Honelako "musika" burrukarako giro bereziaren sortzaile ere dugu, oihanean basa leinuen arteko gudukaldietan agitzen den era berean.

Beste berezkotasun bat, PENTJAK-SILATen aritzeko (gimnasia edo gorputz-lantze edo entseiamendu berezien gisako) aurretiko iharduketarik ez egotean datza, norbere defentsarako ihardunketetan aritzea, berez, gorputz-prestakuntza bat dela erizten baita.

Gudu-antzetarako erritua

Gudu-antzeen gaian, erritu batez mintzatu beharra dago. Naiz eta burrukarako diziplina ez den berez, KATSUGUEN UNDO dateke ekialdeko izpirituaren "arima magikoa", agian.

Erriturik gehienak bezala, Txinan, duela milaka urte sortua da, baina, NOGUTXI Medikuntz Doktoreak lehenen modernatu eta Japonian erabili du. SEITAI KIOKAI edo SEITAI Elkartea fundatua du. SEKTAI hitzak "gorputz alai" esan nahi du.

KATSUGUEN UNDO, ordinariozki ezagun diren higiuneez arras bestelako dugu, halakoak baititugu gimnasia, dantza, etab.

Borondateak parte hartu gabe iharduten da. Gizonaren higiune oldezko eta berezkoa da.

Higiune gutxi gorabehera kontrolatu eta intelektualduei ohituta gagozkie. Borondatezko arloa gainditzen duen higiune batek, berehalaxe eritasunera, erogoara, hipnosira eraman gaitzake.

"Higiune birsorkarria edo berriztagarria" (KATSUGUEN UNDO) holakoxearen antz-antzean uler daiteke.

Izan ere guziz osterantzekoa dugu. Higiunean, kontzienteak lasai eta bare dirau, eri baten kasuan antsiaturik egon beharrean. Nahasita egon beharrean, eroarena bailitzan, argi dirau kontzienteak. Mugaturik egon beharrean, hipnotizatuaren kontzientea bezala, aske eta jara dirau hark.

KATSUGUEN UNDO egitea, ezagutza oro abandonatzean eta gorputzaren jakituriari konfidantza edukitzean datza. KATSUGUEN UNDO ez dugu inolako diziplinarik; ezer izatekotan, indiziplina genuke, halako erarik begiratu behar ez baita, inongo jokabide, indiziplina meneratu behar ez baitzaio.

Higiuneak, berezko higiune bai nahizko bai nahigabekoaren zentzua eskurarazten digu, gorputza desblokatzen, sentikortasuna erregulartzen, eta oreka psikosomatikoa berrezartzen.

Higiuneak sakonki arnasa harrerazten du.

Higiunearen ondorenak bestelakoak izan daitezke, ongiegonaren zentzazioa, gorputza arin eta zalu, erflexu orekatuak, edozein eguraldi egoerari ahalbait arinen moldatzea etab.

Bestelako gudu-antzeak

Honekin bukatutzat eman dezakegu honako monografi lan hau, ene eritziz, mendebaldeko pentsamoldeari estalien zaizkion gudu-antzen, lekurik eza dela eta agertu gabe daudekeenak. Halakoa dugu KENDO ("ezpataren bidea"), egungo gizakiaren eta bere iraganeko gudukaritasunaren arteko orekabide dena. TOMOIA SAWAGUTXI maisuak honela diosku hartaz: "Aintzina hil arteko burruka bazen ere, egungo egunean iragantasunaren eta gerotasunaren arteko orekabide dugu; jarrera, abiadura, erflexuak eta lekuaz eta distantziaz kontzientziatzea dugu; sentimenduen uste sendoaren aitzinamendua eta kolpatzerakoan uste sendoa dugu hura".

Hontaz landa, KARATE, JUDO, AIKIDO, TAE KWON DO, KUNG FU, KENPO, etab. bezalako beste batzu baratzen zaizkigu. Bestalde, aipatu gabe doaz harma erabileran oinarritzen diren gudu-antzeak eta FULL CONTACT eta LIGHT CONTACT delakoak, azken hauek, ene ustez, gudu-antze izena merezi ez duten arren.

X. G.


Gaiak. Zientzia

James Clerk Maxwell

1977.urte zientifikoa Einstein-en jaiotzaren ehungarren urteurrenaren inguruan izan da. Nahiko da aldizkari zientifikoak eta dibulgatiboak ikustea horretaz konturatzeko. Gure artean ere, Udako Euskal Unibertsitatean egun bat dedikatu genion. Hala ere, 1879.urtea ez da horregatik bakarrik hospagarria: 48 urterekin Maxwell Cambridge-n hiltzen da. Maxwell-en bizitzak artikulu bat merezi duela uste dut. Hona hemen, bada.

Maxwell-en haurtzaroa

Fisikari hospatsua izan beharko zuena, 1831.eko hazilaren 13an Edinburghen jaio zen. Aita, legegizona, legeetaz ez zen lar arduratzen, eta kaleko giroa utziz, Glenair izeneko etxalde batetara joan zen bizitzera semearekin eta emaztearekin. Haurra seme bakarra izanik, zortzi urterekin gertaturiko amaren heriotzak, aitari lotu zion, eta aitak ere semearen heziketaz kezka handia hartu zuen. Edinburgh Academy-ra, eskolara, hasi zenean ikaskideek —kaletarrak— barre eta iseka egiten zioten; honek, gaixobera ere ba zelarik kontutan hartuz, karaktere barnekoia eta hertsia eman zion. Eskolan "dafty" (leloa) deitzen zioten. Ikasle gisa, arrunta zen, Aritmetikan lan eskasa egiten zuelarik. Irakasleek ez zuten uste, haur harengandik ezer onik atera zitekeenik.

Hala ere, aitak eramanik, asko mugitzen zen. Adibidez, hamaika urterekin Faraday-k asmaturiko "makina elektromagnetikoak" ikustera joan zen (gero, honek eragin handia edukiko zuen). Halaber, hamabi urterekin, Royal Society of Sciences and Arts (Zientzi eta Arteetako Erret-elkartea) delakoaren bilkuretara joaten zen, eta gero, Society of Art of Edinburgh (Edinburgh-eko Arte Sozietate) delakora. Hemen, koloreei buruzko teoriak, koadroak geometrikoki nola egin daitezkeen, eta beste gauza asko entzun zituen.

1846.eko Apirilaren 6an, James Farbes profesoreak Sozietate horretan, obaloen produkzioari buruz eta argiaren errefrakzioari buruzko lan bat irakurri zuen. Lan horretan geometrikoki demonstratzen ziren Descartes-en argiaren errefrakzioaren erlazioak, baina hark baino askoz ere errazago. Lan hori Maxwell-ena zen, barna hamalau urtetako mukizu bati, ez bide zen egokia lanak irakurtzen uztea, eta...

Maxwell unibertsitatean

Edinburgh-eko Unibertsitatean ikasle on gisa agertzen zen, eta laborategietan bere erara lan egin zezakeen. Hau oso ongi probetxatu zuen, eta argiaren polarizabilitateaz azterketa ugari egin zuen. Argia estudiatzeko zaletasuna ez zuen inoiz galdu. Pigmentuak nahastatuz eta landuz, zera demonstratu zuen, pigmentuak nahastean eta argi-koloreak nahastean ondorio desberdinak lortzen direla. Halaber, berak egin zuen lehendabiziko kolorezko fotografia.

Unibertsitatean hiru urte pasatu ondoren, bere aitarekin Cambridge-ra aldatzen da, non Matematiketan graduatzen baita, nota altuekin (1854). Cambridge-ko College-n zegoen artean, teoria bat postulatu zuen: "Loaren ekonomiaren Teoria". Hona hemen. Eguna hobeki probetxatzeko, orduak honela banatu behar dira: Klaseak, goizeko zortzietatik, arratsaldeko lauretara. Lo arratsaldeko bostetatik bederatzi t'erdietara. Estudiatu hamarretatik goizaldeko ordu bietara. Gimnasia, goizaldeko ordu bietatik hiruretara. Lo hirutetatik zazpietara. Baina gimnasia hori Kolegioko karrajuetan eta geletan egiten zuenez, bere ikaskideak ez zioten teoria horren praktika onhartu, eta geratu egin behar izan zuen.

Maxwell-en lanak

Graduatzen denean hasten du egiazko lan zientifikoa. Urte batzu aurrerago Saturno-ko erhaztunak zer ziren azaltzeko hurbilketa onenari sari bat eskainia zegoen: Maxwellek irabazi zuen, erhaztunak eredu gaseoso bat bezala tratatuz. Gero, gasekin segitu zuen, gas baten molekulen abiaduren distribuzioa lege baten bidez deskribatuz, molekula baten bide aske medioa definituz, eta gasen biskositatearen neurketen bidez konfirmatuz. Honela, Clausius-ek kualitatiboki utzitako ideiak, kuantifikaturik eta matematizaturik geratu ziren, gasen teoria kinetikoaren hastapenak jarriz.

1856.ean Aberdeen-eko Marischal College delakoan Filosofia Naturaleko profesorgo bat lortzen du. Haur-denboretako Glenair-en bizitzeko aukera ona zela eta, bere aitarekin itzultzen da Eskoziara, baina urte berean aita hil egiten da. Bi urte beranduago, Mary Dewar-ekin ezkontzen da, Kolegioko nagusiaren alaba, hain zuzen.

Lau urte beranduago Kolegio hori Unibertsitate bilakatzen da, eta Maxwell kalean geratzen da. London-era doa, King's College-ra, bertan bost urte pasatzen dituelarik. Bost urte horietan ikerketa elektrikoak, magnetikoak eta abar egiten ditu, eta argiaren teoria elektromagnetikoaren hastapenak ematen ditu (1864).

1865.ean Glendair-era erretiratzen da, 34 urterekin. Hala ere, 1871.ean Cambridge-ko Cavendish Laborategiko lehendabiziko Fisikazko irakaslea izendatzen dute. Berari tokatuko zaio Laborategia deseinatzea eta martxan jartzea. Oraindik Laborategi hau munduko famatuenetako bat da.

Cambridge-n dagoen artean, aurretiko lanak bukatzen ditu, batez ere Faraday-ren elektrizitatearen eremuaren teoria landuz, eta Cavendish-en, Oersted-en, Henry-ren, eta beste askoren lanak integratuz bere "A Treatise on Electricity and Magnetism" (1873), dudarik gabe, Fisika modernoaren baztertu ezinezko zutabe bat. Bere ideiak Hertz-ek konfirmatu zituen esperimentalki, erradiazio elektromagnetikoak sortu zituenean.

Maxwell, bere azken urteetan, Cavendish-en lanak argitaratzen saiatu zen. Cavendish honek, beste gauza askoren artean, ura sintetizatu zuen, beroaren teoria molekularra postulatu zuen, Lurraren dentsitatea neurtu zuen, Coulomb-en legea deitzen dena eman zuen, potentzial elektrikoaren kontzeptua landu zuen, eta abar. Ez da harritzekoa, beraz, Maxwell-ek bost urte dedikatzea lan horri. Lan hau bukatu zuenean, gaixotasun labur batez hil zen, 1879.eko Hazilaren 5ean.

Gaur egunean Maxwell-en lanaren garrantzia aipatzea huskeria litzateke. Materiaren Egoerak, Termodinamika, Elektrizitatea, Magnetismoa eta Fisikaren atal guztiak Maxwell-en izenaz horniturik daude. Aportazio konkretuetaz gain, Maxwell-ek Fisikari estilo bat eman zion: Matematikaria izanik, ez zuen ezer ateratzen praktika ugari egin gabe, eta hauk egin ondoren, legeak eta teoriak ematerakoan, osotasuna zuen jomugatzat. Eta benetan, oso ongi lortu zuen. Ez al du merezi, ba, bere mendehurrena hospatzeak?

I. Zuazo


Gaiak. Gramatika

Niretzat/nire ustez

 Hona hemen erdararekiko beste interferentzia bat. Dirudienez, gaur egun horretaz zenbait idazlerengan azaltzen den nahastearen iturburua, erdarazko "para mi" delako horrek bi kontzeptu oso desberdin (gutxienez) adierazten ditu: Batetik direktibotasuna, hots, objektu bat nori zuzendu behar zaion adierazteko, eta bestetik, subjektibotasuna, hau da, eritzi bat norena den adierazteko. Ikus ditzagun biak banan euskararen kasuan, zein desberdinak diren konturatzeko.

Niretzat niretzako

Kontzeptualki biak dira gauza berbera: Labur esanik, gauza bat norentzat den, nori emateko den adierazteko erabiltzen dira. Hala ere, bi hitz hauen kategoria gramatikala aztertzean, desberdinak direla ikusten da. Patxi Goenagaren "Gramatika bideetan" liburuko eskemen arauera, honela aterako genuke bi hitz hauen erradiografia:

Hau da, niretzat, lagunarentzat,... eta antzekoak aditzlagunak dira, hots, sintagma zirkunstantzialen funtzioa betetzen dute. Beraz, bakarrik doaz aditzarekin batera. Honela prezeski:

 niretzat ekarri zuen

 liburu hauk nire lagunarentzat dira

Ostera —entzako atzizkiarekin beste erradiografia hau ateratzen da.

Hots, niretzako, lagunarentzako,... eta antzekoak izenlagunak dira, hau da, azken batez adjektiboen antzeko funtzioa betetzen dute. Beraz, izen bati loturik joaten dira. Era honetan:

 Hauk nire lagunarentzako liburuak dira.

Izenlagun guztiek bezala izen-multzo (IM) eta determinante (det) batekin doaz, eta zenbait kasutan zuzenki har dezakete mugatzailea. Adibidez:

 niretzakoak

 lagunarentzakoa

Honetaz gehiago sakondu nahi bada, Goenagaren liburura jo daiteke.

Nirekiko nire ustez

Hitz hauk —eta horien erakoak— eritzia agertu nahi denean erabiltzen dira. Kasu honetan, subjetibotasuna da nagusi eta, beraz, oso desberdina da Kontzeptualki aurreko hitzaz. Hemen ez dago direktibotasunik ez baitago helbururik.

Kontzeptu hau adierazteko, aipaturiko bi formen bariante asko daude, guztiak baliagarri eta baliokide direlarik. Hona hemen horrelakoen zerrendatxo bat:

 nirekiko

 nire ustez, ene ustez

 nire eritzian, ene eritzian

 nire eritziz, ene eritziz

 nire ustean, ene ustean

 uste dudanez,

 niri dagokidanez,

 ... deritzot

 ... uste dut

Ikusten denez, ba da non aukera! dena den, idazkerari dagokionez, ohar txiki bat egin behar da azken bi formei buruz. Begira! Ongi fijatzen baldin bazarete, aurretik edo atzetik menpeko esaldi konpletiboa (-ELA atzizkiduna) eskatzen dutela ikusiko duzue. Honela.

 Egindako horri gaizki (dagoela) deritzot

 Hori gaizki eginda dagoela uste dut

Ostera besteek ez dute menpeko esaldirik eskatzen:

 Nire ustez, hori gaizki eginda dago

 Ene eritzian, hori gaizki dago

Puntu honek garrantzia eduki dezake esaldi luzeen kasuan eta horregatik kontutan hartzekoa dela uste dut.

Nahasterik ez sor

Aurreko azalpenekin adierazi dugun bezala, kontzeptualki bi gauza desberdin eta gramatikalki hiru gauza desberdin dira niretzat/niretzako/nire ustez direlakoak. Eta dirudienez, hemen ere nahastearen sorburua erdararekiko interferentzia da. Idazleok, ba, ardura berezia hartu beharko dugu hiru hitzok desberdintzen ikasteko, bakoitzaren erabiltze-eremua banatzen ikasteko, eta azken batez, ze.n bere kasu egokian erabiltzeko.

J.R. Etxebarria


Liburu berriak

BOCCACIOREN DEKAMERONE TIPI BAT

Gabriel Aresti

Kriselu Editoriala

Dante Alighieri eta Francesco Petrarca-rekin batera italiar Erdi Haroaren udazkeneko idazle gorena izan zen. Giovanni Boccacio Florentzian sortu zen 1313.ean, hiri hau Europako hiriburu komertzial eta finantziaria zelarik.

Anitz idatzi zuen, toskaneraz olerkiak eta nobelak, latinez obra eruditoak. Orotarik aipagarriena Dekameronea, XIV eta XV mendeetan kasik eskuliburua eta gaur arte hospea eman diona.

Dekameronea ipuin bilduma interesgarri bat da, baina ez da bilduma soil bat, ba du egitura bat era gorputz oso bat. Pretextoa hau da: 1348.ean izurriteak Florentzia erasotzen duenez hamar pertsona gordetzen dira etxalde batean hamar egunez. Zazpi dama eta hiru jaunak, denbora atseginago egiteko, kontuak kontatzen hasten dira, egunero hamar. Hala, hamarna kontaturik ehun kontuk osotzen dute Dekameronea, guztiak tematika mugatu baten Inguruan, fortuna, amodioa eta zuhurtziari buruz, alegia.

Gabriel Arestik hautapen bat egin zuen itzulpenerako, 15 ipuin aukeraturik. Erran behar da arras egokia dela hautapena, zeren eta Dekameroneko kontaera asko zaharkituegiak baitira eta ez hain interesgarriak. Hautatu direnak, ostera, xarmangarriak. Amodioari buruzkoak dira gehienak eta egitura miresgarriz osotuak batzu. Ipuin bati buruz erran daitekeen merezimendurik bikainena, sekula ez dugula ahantziko, erran daiteke Dekamerone Tipi honetako kontu batzuri buruz. "Deabrua infernuan nola sar" deritzana esate baterako antologikoa da, eta baita ere "Purgatorioko anima benedikatu bat", "Xori errusinola" eta abar. Ipuin berde eta alegerak, Erdi Haroari —maiz erran den bezala— ez baizitzaion falta bizimodu arrunta gozatzeko eta plazera zelebratzeko indarra.

Gabriel Arestik lapurtera klasikoz egin du itzulpena, ene ustez oso egoki. Ortografiaren aldetik, modernoan agertzen da, lehen bertsioan Gabriel Arestik zenbait grafema desberdin erabili zituen arren.

Bukatzeko, derradan, zinemara Pier Paolo Pasolinik eraman zuen bezala Gabriel Arestik ekarri dituela euskarara eta ez dutela ez naturaltasunik ez xarmarik galdu. Beraz, Giovanni Boccacio Dekameronea idazteaz damutu bazen ere hil aitzinean, gu ez gara damutzen, baizik eta zelebratzen.

HERRIAN GARA BIZI

Alfonso Irigoien

Leopoldo Zugaza Editorea

1976.ean argitaratu zuen Alfonso Irigoien euskaltzain eta filologo ezagunak L. Haranburu-Altuna-renean "Sorterriaren alde" delako liburua. Orduan jakin genuen linguistikaz gain Alfonsok pintatu eta poemak idatzi ere egiten duela. Hura autobiografia gisako idazlan bat zen eta poema bilduma bat zeraman erantsia.

Orain, olerki liburu bikain batekin datorkigu. Neurtitzak dira, binaka, horrialde pareetan kopla eta inpareetan sonetoa. Gaiak bizitzari zein gizarteari buruzkoak dira, gehienetan euskal kultura du gaitzat, bestetan bromaren bat ere botatzen du (Franfran)... Baina funtsean euskal munduarekiko ardurak betetzen ditu kopla zein sonetoak.

Zentzuen bidez mundua

gugana dator ondua,

izandu zena, badirauena,

mezuz ta hitzez landua.

Koplak ba dirudi sonetoaren bozeto bat dela edo, alderantziz, bertsio tipitu bat. Baina ez dugu hemen aztertuko, aipamen bat baino ez baitugu egin nahi izan. Baina derragun oso interesgarria dela neurtitzaren (koplaren nahiz sonetoaren) diziplina poetikoa, hain gutxitan erabiltzen delarik euskarazko egungo poesian.

EL GOLEM (LE GOLEM frantsesez)

Gustav Meyrink

Tusquets Editor (Marabout, frantsesez)

Golem hau literatura fantastikozko klasiko bat da. Pragako leienda judu zahar batean oinarritua, gizonak gizona sortzearen mitoan oinarritua.

Ba zen XVI mendean rabbi (errabino) judu bat Praga-ko ghettoan Judah Loew Ben Bezalel zeritzona, honek "homunculus" bat sortu zuen buztin gorriez. Errabinoak, Jainkoa bailitzan, bizia eman zion. Golema hazi egin zen, larru horiska eta begi bihur, eta ghettoa erasotzen zutenetarik zaintzeko omen zen. Baina halako batean ihes egiten du eta hiltzaile gisa barreiatzen du izua ziutatean barrena...

Golem errari hau XX mendean itzuliko zen mundura zinemaren eta literaturaren eskutik. Paul Wegener zinegileak 1914.ean egin zuen filme bat Golemari buruz (beste bat eginen zuen 1930.ean) eta 1915.ean idatzi zuen Gustav Meyrink idazle kabalistak nobela hau. Gustav Meyrink Vienan sortu zen 1868.ean, aktoresa eta ministro baten seme borta, bidentea izan omen zen eta Franz Kafka eta Thomas Mann-en adiskidea. Golem hau da hospe gehien eman diona,

Irakurgarria da, misterioaren eta espresionismoaren xarma laket izanez gero, hasieratik bertatik: "Ilargiaren argia ene ohearen oinera erortzen da eta han gelditzen da harri handi, lau eta zuri baten antzera..."

J. S.


Posta

"Posta" izeneko sailarentzat.

"Anaitasuna" izeneko euskarazko aldizkariaren Zuzendari jaunari, lankide eta irakurle guztiei bihotzaren erditik opa dizkiet EGUBERRI-JAI baketsuak eta URTE BERRI ZORIONTSUA baita ore ARRAKASTA HANDI HANDIA euskara paregabearen aldezko lan guztiz merezigarrian.

Nere euskaldun adiskideei eskerrak horko aldizkari eder-ederra zenbakitik zenbakira hartzen dut eta atseginez beterik irakurtzen ditut bertan agertzen diren artikulu guztiak. "Anaitasuna" neretzat garrantzi handikoa da euskara batua ikasteko.

Orain akabatzera doan urtearen bidean gure euskara maite maiteak aurrerapen nabarmena egin du eta euskaldun berrien zenbatasuna igotzen doa.

"Gora Euskal Herria" eta "Gora Euskara" deiarekin bukatzen ditut nere lerroak.

Pragatik 1979-eko Abenduaren 2an.

Pragako euskaltzalea

Norbert Tauer


Gurutzegrama


Urrezko astabelarriak

Betidanik eduki dugu hilenganako errespetua, eta horregatik ez genioke hilberri bati astabelarririk ipiniko. Baina pentsatzekoa da, eskela hau ongi bizirik dagoen astoren batek idatzia dela. Ez al duzue uste? Beraz, errefran zaharraren bidetik, aldakuntza txiki bat eginez, hauxe esan behar dugu: "Hilak lupera eta biziak... alfabetatzera!".

Aspaldian ez dugu astabelarririk eskaini. Baina horrelako perla baten sortzaileari urrezko astabelarriak ematea ez ote da zuzen? Ez pentsa! Ez da erraza horrelakorik asmatzea, gero! Jenio literario baten edo astopotro baten aurrean aurkitzen gara, benetan. Zeren eta irudimen izugarria eduki behar baita "Bilbo'ko Santua Hospitala Civil, il zan" idazteko! Ahalegina eginda ere, ezetz astakeria handiagorik asma!

Ni neu harriturik utzi nau behintzat. Nire irudimena ez da maila horretara heltzen. Eta hipotesi bezala, astoeuskalki ezezagun batez idatzia zegoela pentsatzen hasi naiz. Eta horrela ulergarri gertatu zait textua. Pluralak egiteko modu berezia du: "seme-alaba, koinatua-koinata". Eta errematerako, joskera bikaina: "Elizkizun ondoren gorputza Galdakanoko kanposantura panteon familiaren". Bapo mutilak! Eskela ez balitz, txistea dela pentsatzeko modukoa.

Guri dagokigunez, doluminak bidaltzen dizkiogu familiari. Baina Bilboko Hoja del Lunes astekarian eskela hori idatzi duenari, lau erregalo eder: astabelarriak (ongi mereziak baititu), belarkoroa (zer jan eduki dezan), euskarazko metodo bat (edozein, zerbait ikas dezan) eta hilkutxa bat (bertan bere inorantzia eta ausartzia lurpera ditzan).

Ez horregatik!

Ramon Garai

***

(G. B.)

Bilbo'ko Santua Hospitala Civil, il zan, atzo 1979garreneko abenduaren 2an. 86 urte ebazala. Eliza Amaren Sakramentuak eta Aita Santuaren Bedeinkaziñoa artuta.

Bere emaztea, Ramona Agirre Bustinza; seme-alaba, Sabin eta Nekane; suinak, Maria Angeles Leibar eta Jaime Asua; illobak, Iñaki (kanpoan), Begoñe eta Jaime Asua Abasolo; neba-arrebak, Maria (Leon Urkizaren, alarguna), Julian (Aszension Vegaren, alarguna) eta Pepita (kanpoan); koinatua-koinata, Daniel Urkiza (kanpoan), Juan Martin Agirre (Lucia Gonzalezaren, alarguna) eta Franziska Agirre (Mariano Oiarzabalaren, alarguna); lobak, lehengusu eta beste senideak,

Aren animaren alde OTOITZ egin eta GAUR asteleen illak 3, arratsaldeko BOSTEAN, Zornotzako Andra Mariaren parrokian izango diran illeta-elizkizun eta gorpuarrengo mezatara joan zaitezela eskatuten deutsue.

OHARRA: Elizkizun ondoren gorputza Galdakanoko kanposantura panteon familiaren.

ETXEA: Obena, atari B-bostgarrena eskuma. (Zornotza).