ANAITASUNA

1980.eko Urtarrilaren Lehen Hamabostaldia

395. alea

60 pzta.


[AZALA]

• bertsolari gazteak

• h.a.s.i. mintzo

• ZEN

KOMIKIAK


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea

4. Artikuluburua

5. Ardibeltza

6. Hamabost egun hankaz gora. Bizer

8. Euskal Unibertsitatea, gaur eguneko arazo bat. J. Agirreazkuenaga

10. H.A.S.I. prentsaurrean. T. Trifol

12. Amuriza. Bertsolarien txapeldun. R. Garai

14. Inperialismoa eta beraren zerbitzariak zalantzatan. M.J. Esteban.

16. U.E.U.-ren negualdia. Eztetzaga

17. Komikiak

26. A Pova-n fede emankorra abadearentzat. Bustiñe

28. Zen. M. Aldana

31. Philokalia eta errusiar erromesa. B. Barandiaran

32. Joakin Lizarraga Elkanokoa. J. Sarrionaindia

34. Musika, Kultura eta Herria. Anaitasuna

37. Urrezko astabelarriak. Gurutzegrama

38. Sukalderako saltsak - Leitzar xelebreak; Astaitz


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

IDAZKUNTZA

M. Aldana, T. Trifol

IDAZKUNTZA KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

K. Mendia

BIZKAIA

J. Llerandi, T. Trifol

GUIPUZKOA

A. Oiartzabal, I. Urtasun

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAZIOARTEKOA

M. Aldana, M.J. Esteban

IDAZLEAK

P. Agirrebaltzategi, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, J. Azurmendi, F. Alaña, J.J. Bakedano, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J. Iturbe, M. Kaltzakorta, X. Kintana, S. Laffite, M.A. Landa, J. Mendizabal, J. Orbezua, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portu, K. Santisteban, J. Sarrionandia, J. Sendagorta.

LANKIDEAK

K. Arko, X. Gomez, J. Idigoras, L. Trask.

FOTOGRAFOAK

A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.

MARRAZKILARIAK

Ttua Taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

ANAITASUNA

Zabalbide 68-entlo. BILBO 6

Tfnoa: (9-4) 433 58 08

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

lege G.D.L. Bi-1753-1967

PRINTED IN BASQUE COUNTRY


Artikuluburua

Negatiboaren sekretua

Gure Herriko alor bipitsuotan zapuzketa nagusituz doakigu pixkanaka. Lehenik, zenbait klase politikok enkantua galdu zuen. Geroztik, abandonuak, banaketak, taldetxoak eta autoegozketak etorri zitzaizkigun geure paradisura.

Ezein mogimendu bizik, bizirik irauten duenez, aldaketak jasan behar ditu. Hori da bere bizitasunaren froga, hori ere bere heldugabetasunarena. 

 E.A.J.n, barneko banaketaz aritzen da. PSOEz bada, bere porrot historikoaz. H.B.z bada, bere etenduraz. E.E.ri bere ondoriogabetasuna jaurtikitzen zaio. Kale burrukak eta hiri asanbladak beherantz doaz kopuruan eta gogoan, baina hala eta guztiz ere, zenbaitzuk Mesiasengan ipini dute berriro konfidantza osoa, eta jakina, ulergarria dateke, zeren Mesias-ek bere lanbeharra aurrera eramateko, masok hipnotizaturik egon behar baitugu baina zoritxarrenean, hipnotismoaren ederlanetan, "frustratuak" azken deituak izaten dira. Horregatik hain zuzen, Suarez-ek "reforma"rena burutu zuen, zeinek berehala masa-herria desipnotizatu baitzuen bere poderioz; Mesias ezik, jakina.

 Hurbiltzen zaizkigun burruka politikoen aurrean, gure urratsak —nahiz eta oso mesianikoak izan— oso hotz eta birritan pentsatu behar ditugu. Bestela, batzu direla edo besteak direla, denok elkar eta honetan egiatan zaputz genitzake geure buruak betirako. Argazkietan bezala, negatiboaren sekretua argian datza.


Ardibeltza [Komikia]

MONTI


Hamabost egun hankaz gora

Madrilen gertaturikoa: demokraziaren beste adierazpen bat

 Bi gutiago. Poliziak, bi gazte hil ditu.

 Abenduaren 13an, estudianteek, gobernadoreak onartutako manifestazio bat egin zuten, eta ez zen ezer ere gertatu; baina, hau desegitean, zenbait taldek jarraiera eman zion eta gaueko bederatzietan berri hau ezagutu zen:

 Balantzea, bi gazteren bizia izorratua. Ordainketa garestia.

 Izenburuan esan dudan bezala, demokraziaren adierazpen berri bat.

 Iturri ofizialek diotenez, poliziaren automobil baten aurka mugitu zirenean gertatu omen zen hau.

 Gertaera hau ikusi edo bere gain sentitu zutenek diotena berriz, zeharo desberdina da. Automobilaren inguruan zeudelarik, bat-batean eta gehiagorik gabe, tiroka hasi ziren. Beraiek, noski, hau ikustean, korrika alde egin zuten.

Galdera bat bururatzen zait: Zergatik dute hainbeste materiale antidisturbio, azken batez, ia beti, tiroka hasteko? Ez dut esanen ez dagoela honetarako eskubiderik, zeren, antza denez, eskubide guztiak beraientzat bakarrik existitzen baitira. Gureak, barrabiletatik iragaten dituzte!

Harritzekoa da ezkerrekoek zerbait egiten dutenean hori salatzeko hartzen duten abiada. Ez lituzke Marxek ere harrapatuko!!

Demokrazia sendotzeko beharrezkoak ote dira honelako gertaerak?

Emirato Arabe Batuek petrolioa igo

 Arabia Saudi eta Qatarrek petrolioa igotzea erabaki dute. OPEPeko prezioak 18 eta 23,50 dolarrean daude. Eta Estatu hauek, igoerari esker, 26,56 dolarrean salduko dute. Zer esan nahi du honek?

 Gogoratuko duzuenez, Europako zenbait Estatutan, dolarra jaistean, petrolioaren prezioak ere jaitsi egin zituzten. Espainiako gobernuak berriz, igo egin zigun nahiz eta merkeago erosi.

 Zer gertatuko ote da orain? Denborak esanen du; baina, ez dut uste gehiegi esatea denik berriro ere igo eginen digutela. Merkeago erostean igo baziguten... nola ez, saltzaileen erabakia igotzekoa denean?

 Eta gainera, gasolina ordaintzean zenbait zerga ordaintzen ari gara. Azkena, udaletxeak finantziatzeko (neurri batez, behintzat) asmatu dutena.

 Ez dago eskubiderik ordaintzen dugun erdia edo gehiago zerga bat justifikatzeko izatea. Eta nora doaz kontzeptu honetan ordaintzen ditugun beste guztiak?

 Alferrikako galdera ote?

BIXER

Nekazariak

 Nekazarien arazoak oso ezagunak dira; baina gutitan aipatzen dituzte egunkariek. Hala ere, zerbait esan nahi dut gai honetaz:

Gure janariak planteiatzean, barazkiak, beharrezkotzat jotzen ditugu. Eta gehiago, landarejaletasuna indarra hartzen ari den une honetan.

 Baina zer gertatzen da?

 Hau guztiau behar den bezala eramateko eta gure baserrien planteiamendu zientifiko bat egiteko, dirua behar dela. Gero eta baserri gutiago gelditzen zaigu ezin baitute behar den bezalako erantzun bat eman. Ez dira errentagarriak. Eta errentagarritasun hau lortzen ez dugun bitartean ez dago zereginik. Baserritarrentzat askoz ere errazagoa da, norbaitek finantziatzen ez duen bitartean bere landa eta baratzak pinuz betetzea. Norena da errua? Betikoena. Aipatzea merezi duela uste duzue?

 Behar den bezalako negutegiak altxatzeko gai ez diren bitartean eta produktibitate on bat lortzeko zer landatu behar duten jakin dezaten lurraren estudio sakonak egin gabe, ez dago zereginik.

 Egia da, kooperatiba eran, honelako baserri batzu funtzionatzen ari direla baina, ez da aski.

 Gobernua arduratu beharko litzateke eta une honetan ez darama honetarako biderik. Interesgarriagoa da joko politikoa!!!

Irakaskuntza publikoa

 Normalki, edozein sistemak, irakaskuntza bere zerbitzurako muntaturik duen zerbait da. Eta gizarte honetan, gizarte burges honetan, esku lan merke eta programatua lortzeko erabiltzen da. Teorikoki, irakaskuntzan, pribatua eta publikoa bereiztu behar ditugu; baina, praktikan, gauza bera bihurtzen dira. Hala ere, desberdintasun batzu nabarmentzen zaizkigu: pribatua halako eliteak eta profesionalak prestatzeko erabiltzen da eta publikoa herri masa guztia lantegietako lan txarrenak eta koalifikazio gabeak egiteko programaketan saiatzen da.

Eta, zoritxarrez, irakasle eta ikasleak beren arazo pertsonalen arauera mugitzen dira. (PNNak beren lanpostua dela eta; ikasleak selektibitatea eta horrelakoak direla bitarteko; eta abar). Baina gehienetan ez dute irakaskuntza bera eta sistemaren planteiamendua eztabaidatzen.

 Bestalde, gai honen inguruan mugitzen diren sindikatu eta erakundeak ez dira beraien artean koordinatzen eta, Bizkaian burrukan jarraitzen diren bitartean, Araban eta Gipuzkoan lanera itzultzen dira eta, alderantziz. (Hau adibide gisan ipini dut).

 Burjesiaren alde ari direla dirudi. Eta langileoi komeni zaiguna zera da: Lehen, koordinatze lan on bat eta bigarren, irakaskuntza, gure ahalmenak benetan eta objetiboki desarroilatzen laguntzeko zerbait izan dadila.


Euskal Herria

Euskal Unibertsitatea. Gaur eguneko arazo bat

 Duela hiru edo lau urte Unibertsitateaz eta konkretuki euskal unibertsitateari buruzko errebindikapena pilpil egosten zegoen. Baina sarritan gertatzen den bezala gure nahi autonomikoaren islada soilik bihurtu zen, bandera berri bat, geunden garaian beste batzu baitziren baldintza materialak, eta ezin izan zitekeen alderantziz. Gogoratzea baino ez dugu euskal unibertsitateari buruzko pegatinaren arrakasta, Z. Argiaren 672.eko zenbakia, eta antolatu ziren hainbat eta hainbat mintzaldi, elkar hizketa, mahi inguru eta abar. Udako euskal unibertsitatea indartuz zihoan eta 1975.eko udaran burutu zen manifestua garaiko egoeraren adibide adierazgarria dugu.

 Oraingo honetan, eguneroko lanean dihardugularik, estatutua aprobatu ondoren aukera berriak zabaltzen zaizkigu, unibertsitate publikoa jasotzeko eta euskal unibertsitatearen hildotik abiatzeko. Baina delako unibertsitate hau, Eusko Ikaskuntzak 1924.eko urtean azaltzen zuen bezala, ez da edifizio jakingarri eta mardul bat, erakunde zientifiko eta irakaskuntzako erakundeen antolakundea baizik. Eta planifikatze egoki baten bidez lortzeko aukera dugu hurrengo urteetan.

Dena dela, nahiz eta orain baldintzak ezagutu unibertsitate publiko sendoa eraikitzeko, ez zaigu ahazten, Nafarroa oraingoz planifikatze hortatik bazterturik izan daitekela, bertako jauntxoen beren zerbitzuko unibertsitate pribatua antolatzen dutelarik.

Hola ba, maila batetan aldakuntzetatik abiatzeko gai izango gara, baina ekintza hau ez da unibertsitatearen inguruan lan egiten dutenen zeregina soilik, baizik gizarte arazo bat da, hau da herrian lan egiten dihardugun guztiona, azken batetan langileon diruaz finantziatzen den zerbitzua baita.

Gaurko aldakuntzen mugak

Nahiz eta delako "gizarte zibilean" zenbait aldakuntza burutzeko aukera izan, ahaztu ezinekoa, lehendabizi, zera dugu, Unibertsitatea hezkuntza orokorraren atala besterik ez dugula, eta gaur egunean oraingoz behintzat burjeseriaren interesak direla klase dominatzaileen ardatza. Sarritan entzuten ari gara, "oportunitateen berdintasunaren" premia hezkuntzan, hau da, denok oportunitate berdinak izan ditzagula, helburu nagusia bihurtzen ari zaigu. Ez dago dudarik, konzeptu horrek adierazten digu, ikuspegi juridiko formal baten aldetik, mundu guztiak oportunitate bereak dituztela. Baina jakina, hesparru ekonomiko materialeko desberdintasunak aurrera jarraitzen du, zeren eguneroko gizartea klasetan banaturik baitugu, eta emandako estratifikazio motak, sorburu diferenteaz determinaturik daude: Esaterako, gizarte zibilean argi eta garbi status sozial ezberdinak soma genitzake eta burjeseriaren hegemonipean zenbait lorpen egiteko eragozpenik ez da egongo.

Aitzitik, gizarte erreal maila bat ere bereiz genezake, hau da klase burrukak eta produkzioko harremanen bidez definitua, eta honetan aldakuntzen abiadurak zera esijitzen du, burjeseriaren hegemonia desegitea, langileriaren ordez. Holan ba, gizarte zibilean lortutako oportunitateen berdintasunak, gizarte errealeko klase egitura ez du desegiten nahiz eta langileen semealabak unibertsitatera iristeko aukera eskaini, azken batetan berdintasuna eskaintzen baitigu ikasteko eta geure buruak lantzeko burjeseriaren egituren eta. interesen zerbitzurako. Bereizketa zientifiko hau, premiazkoa dugu, alde batetatik jabe gaitezen hezkuntza neutralik posible ez denik zeren eredu sozio ekonomiko konkretu baten partaide baita, eta bestalde gaur egun buru genitzaken aldakuntzak oraingoz hesparru zibilekoak izango dira seguru asko.

Baina hola eta guztiz ere, nire ustez, gizarte zibilean egiteko diren aldakuntzak garrantzitsuak ditugu. Euskal Herriak oraindik ganorazko hezkuntzarik ez baitu, inongo mailatan, ikerketa erakundeak guztiz ahulak baitira eta gure kultura nazionalak eta euskarak egun egunetik indartu eta bilakatu behar dugulako.

Nahiz eta neurri batetan mugaturik berez izan burutuko ditugun aldakuntzak, dudarik ez duena zera dugu, ikerkuntzak eta kultur mailaren lantzeak, premiazko den ideologia mailako iraultzarako, erreztasunak eskaintzen dituztela, iraultza golpe bat baino gehiago prozesu transformatzailea baitugu.

Gaur eguneko unibertsitatea dela eta

 Hola ba, kontutan izanik guzti hau ikus dezagun nola bilakatzen ari da, ez hezkuntza arazoa bere guztian, baizik goi mailako hezkuntzaren etorkizuna. Autonomiazko estatutuari begirada bat bota ezkero, nabari dugu oraingoz hezkuntza osoa planifikatzeko aukera eta eskubidea dugula. Baina nola, estadua nahiz eta autonomiazko estatutuak onartu, federala oraindik ez den, autonomiako hesparru bakoitzean burrukatu behar dugu, ez ditzaten muga irabazi ditugun konpetentziak.

Espainiako kortesetan "Proyecto de ley orgánica de autonomía universitaria" delakoa UCDko gobernuak aurkeztu du. Orain ez dugu aztertuko sakonki delako projektua, baina lehen irakurketaren ondoren somatzen duguna zera da, euskal parlamentuak aukera eduki dezan baino lehen, Unibertsitate arloan hainbat arazo konkretatzen dituela. Esaterako lehen tituluko hamabigarren artikuluan herrialde autonomoengan sortuko diren Unibertsitate egiturengan lege honek bere eragina gaineratuko duela, adierazten digu. Euskaraz buru daitekeen irakaskuntza ez da eskubide bezala azaltzen, eta abar luze bat. Beste horrenbeste unibertsitateko demokratizazioari buruz esan genezake.

Beraz, lege honek gure etorkizuna nolabait markatu nahi du. Baina oraingoz nahiz eta projektu bakarrik izan, gaurtik burrukatzen hasi behar dugu, projektuaren kontra eta euskal parlamentuaren eraketaren alde.

 Beste bide bat, kontra egiteko zera dugu, hemengo unibertsitate estatalean arazoak dinamika bizkor eta bultzada berri baten hildotik bideratu, berez errealitatean antolaturik dauden erakundeak, eskubide bihur daitezen. Eta laster ospatuko den Unibertsitateko klaustroan, esandakoari jarraituz, bide praktiko berri bat urra daitekeela uste dugu, eskuindar zentralisten aurka. Baina arazo konkretu batetan murgiltzen ari gara, eta ez naiz gauza sentitzen deus esateko gai horri buruz.

 Bukatzeko ba, eta ondorio gisa, zera azaldu nahi nuen, hurrengo urteetan, "neguko" unibertsitatearen eraikitzeari eutsi beharko diogula, udako ekintzak baztertu gabe. Gure ingurune pluralista honek, arazoa konplexuago bihurtzen du, baina hauxe dugu errealitatea eta demokratikoki landu beharko duguna.

Eta nire ustez, oraingo honetan, unibertsitate publiko, zientifiko, euskaldun izatea helburutzat eta herriko langileria ardatz hartzen dugunoi, programa demokratiko eta bateratu baten inguruan biltzeko parada, iritsi zaigu. Bestela gaur egunean bezalaxe kazike pribatuak beren zerbitzuko antolakundea, guztion diruaz baliaturik, sortzeko prest egongo dira, eta lamentazioko hormara itzultzea niri behintzat ez zait atsegingarria.

J. Agirreazkuenaga


Euskal Herria

H.A.S.I. prentsaurrean

 Mahai gainean bi puntu, bata partiduaren legeztapena, bestea aldiz, urtebeteko burrukaren balantzea zelarik, Herri Alderdi Sozialista Iraultzaileak (HASI) prentsa aurrean agertu zuen bere burua joan den Urtarrilan 3.

 Delako honetan partiduen ordezkariek, hala nola zenbait herritako alkate, teniente alkate, nafar parlamentuaren presidentordea eta H.B. koalizioaren zenbait buru zeudelarik, herri honetan aspaldidanik dakitzagun egia biribilak berresan zituzten behin eta berriro. Hau da: Demokraziaren guttienezko baldintzak ez direla oraindik ematen eta, "ruptura" eginik gabe dagoela eta, frankismo garaiaren botere bideekin behin betirako apurtu behar dugula herriaren burrukaren bidez.

Idazkari orokorra den Txomin Ziloagaren ustez, Felipe Gonzalez berak "ruptura"-ri buruz egin berri duen deklarapenetan, arrazoia emango lioke HASIri. Izan ere, Feliperen ustez gobernu sozialista (PSOEkoa noski) frankismoren garaiaren boterebideekin erraz apurtzeko gaia litzateke. Pentsa dezakegunez baina, asuntu honetaz dudatan jartzen dena ez da noski "ruptura" delakoa egin denentz jakitea. Zera litzateke aldiz: Sozialiston traiektoria politikoa ikusita, zeintzu ahalbide ipiniko luke PSOEk delako "ruptura" hori lortzeko. Eta horretan noski, dudak ez baina zulo beltz ikaragarriak dakuskigu PSOEren azken jarrera politikoen aldetik.

 Dena den, demokraziak ez dio herri errebindikapenei irtenbide berririk ireki; zarratu bai, gogor gainera. Hortxe hortxe dugu beraz, hainbeste eredu: Gartzelatzeak, erahilketak, torturak, istiluzko "pleno"-en pilaketa udaletxeetan gobernadore zibilen aldetik zeinek sistemaren benetako erregeordeak baitira, axola guttizko asuntuetan ere sudurra sartu behar dituztenak. Azken ereduak Arrigorriagak Argalari eskeinitako kalea dela, edo eta "Euskadi la Paz es posible" eta "El no vasco a la reforma" delako liburuen bahiketak izanki.

 Demokraziari eta langileari egindako hainbeste irain eta erasoketa HASIk mendebaldeko kapitalist sistemaren barne aztertzen du. Horretarako kausak, Asia, Afrika eta Latin Amerikan sor eta birsortzen diren burruketan lukete oinarri. Hau guztioni zera ere gehitu beharko litzaioke: Herri garatuetan ematen den langileen burruka gehitzeak zeinek batera eta modu berean irabazkin tasen guttipena ekarriko bailuke.

Ekonomi egoera horren aurrean berezko kausa batzu ikusten ditu HASIk. Lehenik, kapital pilaketan eta kapital baloraztapenen mekanismoan zenbait oker ikusten du. Bigarrenez, kapital konposaketari dagokionez, norabidezko mekanismoen okerkeria. Hirugarrenez, nazioarteko finantzial sistemaren atzeraezinezko ahulezia eta laugarrenez superproduzioaren krisisa. Azken hau, eta beti HASI-ren ustez, aldizkako krisisa litzateke, kapitalismoaren zikloei lotuta izanki.

Dakusagunez, oso oinarri ideologiko eta ekonomiko bat, nahiko bukaturik dagoena eta prentsa aurrean argudiatzeko nahiko zaila. Euskal-Herriaren eguneroko praktikan jartzeko zailago oraindik!

Baina HASIk praktika horretan ba dakusa sistema osoaren okerkeria non dagoen: "Ruptura demokratikoa ez izanik, frankismoak utzi zituen boterearen formak ukiezin zegitzen dute. Haien hitzez, egoera hori gaizkiagotu egin da zeren"... "se ha vuelto a una política informativa de retroceso y cierre de filas, volviendo a emplear los mismos argumentos de explicación de hechos que se utilizaban en el franquismo: Obreros muertos por disparos al aire, campaña de calumnias, ocultación y tergiversación por parte de TVE, agencias de prensa, radios y prensa controlada por el gran capital etc". Azken batean, gizarte kontsumatzaile bati aplikatzen zaizkion errepresio neurri bereziak, Hirugarren munduan ematen ez diren ber berberak.

 Prentsari eman zioten KAS-en dossierrean Euskal Herriari dagokion ihazko balantzea egiten da. Bertan Euskadiko herriaren errebindikapen burrukak seinalatzen dira. Argalari ere parte garrantzitsu bat eskeintzen zaio bertan, non defuntua euskal burrukalariaren bertute guztiaz ornaturik agertzen baita. Gai horreri buruz eztabaidatu ez zenez, irakurleak KAS-ek ateratako dossierrean, 1979.ko Abenduak 2. daraman zenbakian irakur dezake. Hala ere, bi gauza aipagarriak gerta dakiguke. Bata, zera dateke: Ihazko dossierra "pertsonalki" idatzia dagoela, hau da, erdal aditz guztiak lehen pertsonaz amaitzen direla. Bigarrena, eta KAS dossier bat delako, ez dela inondik ere agertzen LAIA-rekiko errelazio hoztearen asuntua.

 HASI alderdiaren legeztapenari dagokionez 77.urtean egindako legeztapenerako modu berbera erabiliko dute, ezein guttitze ala edukiaren aldetiko mozketarik gabe, zeren demokraziarik badago, "Herriak legeztatu duena instituzioek legeztatu behar dute". Ezin daiteke bestela konpreni: "Ehundaka legezko ordezkari duen alderdia legeztaturik gabe egotea".

Legeztapena eskatzekotan, helburuak ondoko biak dituzte: 1) Gobernuaren kontradizioak behin eta berriz agerian jartzea, 2) Demokratikoa ez den baina guztiz zapaltzailea den egoera politiko honen muturra agertzea.

 Ez dugu ahaztuko bestaldez, HASIk militante batzu giltzape daukanik, ez eta gobernuari ongi irudituz gero, HASI eta HBko militanteen atxilotze ala hilketa, lasai egiten segitzen duenik; honetarako edozein aitzakia ona izanki.

 Herri burruka eta mobilizapenei buruz Tx. Ziloaga guztiz kortantea izan zen: "Lejos de disminuir las presiones populares, éstas sino continuan igual van en aumento". Baina Santi Brouard-en eritziz, gauzok zehazki explikatu behar dira. Haren hitzez, hiru urtez gain egindako burrukek ez digute gauza handirik ekarri: "Amnistiarik ez, nazio estatuturik ez, euskararik ez, Nafarroarik ez, etab". Hola izanik, herriak nolabait frustraturik agertzen du bere burua eta, HASItar ordezkari honen eritziz, hemendik aurrera burrukak gero eta gogorrago, gero eta kontsekuenteago izanen dira. Nolabait esateko, udaberri sutsu eta beroari agurtu egin zion.

Lerro hauek idazten ditudala, HASIk eusko parlamentoari buruz ez du oraindik erabakirik hartu. Hala ere, prentsa aurrean explikatu zenez, ba dirudi H. B. hauteskundeotara joko duela. Betiko hiru jarpen horiek, hemen ere presente daude: A) Parterik ez hartzea, B) Parte hartzea baina baldintzatua (segun nola eta zertarako) C) Parte hartzea, besterik gabe.

 Euskararen egoerari buruzko galdera bati erantzunez Brouard'ek pertsonalki hitzegiten zuelarik, zuzen ikusten zuela eusko parlamentuan parterik hartzea, euskarak behar zituen medio eta defentsa bertan prestatzeko eta aurrera eramateko. Gero, beti pertsonalki hitzeginez, KASek defendatzen dituen pundu guztien aldeko burruka parlamento barne ere eraman behar zela azaldu zuen modu berean. Hala ere, Santik azaldu ez zuena zera zen: Parte hartze hori, sinbolikoa edo pragmatikoa izan behar zenentz. Eta hor dago kakoa.

T. Trifol


Euskal Herria

Amuriza. Bertsolarien txapeldun

Hamabi urte pasatuak ziren, azken txapelketa egin zenetik, eta hara non, Olentzarorekin batera plazaratu zaigun, Erregeekin bukatzeko. Erregalo hoberik izan ote zitekeen?

 Luze izan da, egia izan, hiru igande arteko lehiaketa luze delako, baina labur egin zaigu, azken momenturaino interesez eta tentsioz segitu baitugu. Eta azkenean, merezimendu osoz, Amuriza geratu da txapeldun. Zorionak berari, eta parte hartu duten beste guztiei, benetan jaialdi bikainak eskaini baitizkigute.

Txapelketa-sistemari buruz

 Txapelketa-sistemari buruz ba dugu zer esanik. Txapelketa guztietan bezala, hemen ere alde on eta txarrak azpimarka daitezke.

 Alde txarrekin hasteko, Konpetibitatearekin batera agertzen direnak aipatuko genituzke. Nerbioak ugari, bertsolari batzu agertu ere ez dira egin. Lastima izan da, beraz, Lopategi, Agirre, Lazkao-Txiki,... eta antzeko bertsolari on asko ez entzutea. Dena den, esan beharra dago ezen bertsolari oso onak izan direla, parte hartu duten hamaseiak (hamazazpiak, Zeberio ere sartuz).

 Alde onak ere ba dira, noski. Eta ez gutxi. Lehenik eta behin, txapelketa honek sortu duen giroa aipatuko genuke. Arrasaten eta Gernikan gauzak ondo joan baziren ere, atzo Donostiako Balda pilotalekuan ikusitakoa, zoragarria izan zen. Lau bat mila pertsona, bost ordu luzez adi, bertsolarien lanaz liluraturik, Hamelingo txirulariaren erakarpenaz ukituak bailiren. Eta jakin dakit, beste hainbeste lagun irratiz entzuten ere egon zirela. Hitz laburrez esateko, bertsozaletasunak goranzko bultzada izan du txapelketari esker.

Eginiko saioak

 Arrasaten hasi zen abenduaren 23an. 16 bertsolari eta zortzi leku. Eta bi taldetan lanean hasi ziren. Batzu goizean, eta arratsaldean beste. Askoren eritziz, alde handia egon zen goizetik arratsaldera. Gero, 30ean, Gernikan eta alderantzizko ordenean. Pronostiko eta aurrikuspenak bete egin ziren eta talde bateko bost eta besteko hiru klasifikatu ziren Donostiarako.

Donostiako saioak aparteko aipamena merezi du. Jendea gainezka, bertsolari guztiak oso maila altuan saiatu ziren. Ofiziotan jokatzean ez zen diferentzia handiegirik igartzen. Dena den, gaia librean ematean, Amuriza eta Enbeita bikain agertu ziren. Ez da harritzekoa beraz, bi hauk aurrera pasatzea.

Zenbait eritzi

 Esan bezala, bertsolariak oso maila altuan aritu ziren. Poztekoa da beraz, zeren eta bestalde oso bertsolari gazteak izanik, bertsolaritzaren bizitza nahiko aseguraturik dugula esan baitezakegu. Oraingoz.

Ipinitako gaiei buruz ere, ohar bat egin nahi genuke. Lehenengo bi egunetan, aseptikoegiak aurkitu izan genituen. Ba dakigu, ez dela erraz, hainbeste gai on aukeratzea; baina tira. Dena den, Donostiako saioan askoz hobekiago aukeratuak izan zirela esan behar dugu, nahiz eta kasu batzutan abstraktu samarrak eta helgaitzak izan.

 Epailarien lanari dagokionez, zuzen jokatu dutela izango nuke. Gizon jakintsuak ziren eta oso ongi neurtu izan dute lana. Beti bezala, guztiak ez dira konforme egongo, baina, orohar, jendeak ontzat eman zituen haien erabakiak.

Amuriza eta Enbeita

 Amuriza bertsolari bikaina zela, guztiok genekien gauza da. Beraren liburuak irakurri dituenak, beraren diskoa entzun duenak, beraren saio bereziak entzun dituenak, ongi daki goren mailakoa dela. Baina txapelketan ikusi beharra zegoen; eta ikusia dugu. Puntu bereziak erabiltzen, euskara aberats eta landuaz baliatzen, gaiari ongi lotzen, musika egokiak aukeratzen, arazoak bere filosofiaz lantzen,... benetan ongi asmatu zuen. Niri, zenbait kasutan hotzikarak sortu zitzaizkidan, hala nola "Bihotzean min dut" edo "Aita" edo "Euskal Herria" edo... gai bezala hartu zituenean. Jendeak berak ere horrela ulertu zuen eta "Bihotzean min dut" gaia bukatu ondoren jotako txaloaldiak, argi erakutsi zuen zer pentsatzen genuen.

Enbeita ere ederki ibili zen. Gazteena izanik, harriturik utzi gintuen, ez baikenuen uste hain ongi prestaturik zegoenik. Oraindik hogeitazortzi urte baino ez duela, bertsolari handia izateko bidean dagoela esango nuke. Familiako iturriko urak ongi garastatutako arbola, fruitu ematen hasi da.

Hurrengoan gehiago eta hobeto

 Hiru urte barru hospatuko bide da hurrengo txapelketa. Oraindik ez dakigu segur zein eratara egingo den, baina dirudienez, lehengo erara egingo da, aldez aurretik probintzialki eliminatoriak eginez. Ordurako hazia, ereina da jadanik. Sortuko ote da bertsolari berri baliozkorik? Ea ba! Gu bitartean zain geratzen gara eta hurrengoan gehiago eta hobeto izan dadila.

 Euskara altxatu ezinik hemen

aspaldi hontan gabiltza,

Poztasun handiz entzuna dugu

bertsolari onen hitza

Modu horretan baldin badoa

indartuz bertsolaritza,

hoien ahotsez indartuko da

gure barruko bizitza.

Eskerrik asko, bertsolariok,

zorionak, Amuriza!

Ramon Garai


Nazioartekoa

Inperialismoa eta beraren zerbitzariak zalantzatan

 Tontakeria irudi dakioke askori inperialismoaren indar-galtzeari buruz mintzatzea; ez da hori, hala ere, ene eritzia.

 Hemen nagoelarik, seguru nago gehienen buruetan Irani buruz hitz egitera noalako ideia dagoela. Bai, Irani buruz ihardunen dut, baina bai beste herri arabiarretaz, eta hango gertaerek Mendebaldean eduki duten efektuaz ere.

Orain arteko protestatariak

 Nor ausartu da joan diren urteetan, adibidez, Estatu Batuen botereari muxin egitera? Nor ez da beldurtu estatu indartsu horrek har zitzakeen errepresaliak ikusita? Nor ez du sartu burua hankartean, zerbaitsu esan ondoren, besteek eskua altxatu dutenean?

Hor daukagu, esate baterako, Nicaraguaren kasua. Zenbait astetan zehar, sandinisten garaipena hurbil ikusten zenean, mundu osoa egon zen Estatu Batuen eskusartzearen zain. Egun batetan, halere, ustegabean, sandinistek gobernua beren eskutan zaukatela ikusi ahal izan genuen; nola zitekeen hori? Estatu Batuek, azkenean, iskanbila hartan ez sartzea erabaki zuten? Noski ezetz; arazoa bestea zen, sandinistek, ezinaren aurrean, burua pixkat makurtzea, halegia.

Dezepzio handia senti daiteke halako kasu batetan, eta geure buruari galdetu: Ez dago irtenbiderik? Beti, sistematikoki, nahi dutena, gura dutenean, inposatzen segituko dute? Hala zirudien, baina laster zoro batzuk erakutsi digute gure gizartearen arrazonatzeko modua dela horrela pentsatzera garamatzana.

Iraneko adibidea

 Bai erotasunak, edo hobeto esan, fanatismoak bultzatu ditu iraniarrak azken hilabeteotan hartu dituzten jarrerak hartzera; fanatismo erlijioso horrek begiak hertsi dizkie, eta onartu behar da, bakarrik begiak hertsirik egin zitekeela amerikarrekin egiten ari direna.

 Ia urte bat da iraniarrak Xah zapaltzailea jaurtikitzeko gai izan zirela. Mementuan hunkituta sentitu ginen asko herri baten mobilizapenak eduki dezakeen indarra ikustean. Herri hartan, bestalde, injustiziarekin amaitzeko eta zeuden kakategitik irteteko nahi itzela ikusten zen. Arrazoia zeukaten Mendebaldetik joaten zitzaien ustelkeria salatzean; oker zeuden, hala ere, iragana eta erlijiorantz bihurtu zirenean. Mugimenduaren barruan ba zeuden alde positibo asko, baina erlijiosoek ondo jakin zuten jendea bereganatzen, eta herriak zeukan indar osoaz baliaturik, boterea beraien eskuetara pasatu zen. Laster ikusi ziren maliobra horren fruituak: askatasun minimoak kendu, bide politikoak hertsi, praktika demokratikoei uko egin, bizitza, moral eta sinesmenaren menpean ipiniz.

Horrela, Khomeini ahalguztidunak berak aukeratu zuen talde bat konstituzio berria eginerazi zuen, eta espero zitekeenez, guztiz totalitario irten zaie, erabakitzeko botere osoa Khomeiniri berari ematen diolarik.

Hemendik ikusita, erraza da pentsatzea iraniar guztiak zoratuta daudela, eta Khomeinik nahi duen lekura joango direla; ez da horrela gertatzen, hala ere, eta horren frogarik onena Estatu Batuetako enbaxadaren okupazioa egiteko aukeratu duten mementuan dateke. Jende asko ez dago ados Iranen iraultzatik hona gertatu den guztiarekin. Demokratak, totalitarismoaren kontra daudelako, eta oraingo egoeran ezer egiteko eskubiderik ez dagoelako. Kurdistan, Adzerbaidjan eta Balutxistan-eko herriak, beraien eskubideak onartzen ez direlako, zapalkuntza handia delarik. Burjeseriaren zati handl bat, Khomeini eta beraren jarraitzaileen antiinperialismoak beraien interes ekonomikoei kalte egiten dielako..., Batasuna ez zen guk pentsatzen genuen bezain handia, eta Khomeini ondo zekien hori. Horregatik, Konstituziorako erreferendua egiteko egun batzu falta zirenean, sartu ziren zenbait gazte islamiko Estatu Batuetako enbaxadan.

Iran estatu batuetaz isekatuz

 Erlijiosoen ekintza hau barruko arazoek esplikatu dute ere, ez dezagun pentsa, hala ere, hor geratzen dela dena.

 Ihazko gatazken azpian gehien aurki daitekeen sentimendua Mendebalde, eta bereziki, Estatu Batuekiko mesprezua da; eta bizimodu mendebaldar ustel hori nahi ez zutelako hil ziren hainbeste Xah-en soldaduen balen azpien. Jarrera hori oso sakona da iraniar guztien artean, nahiz eta arrazoiak edo eginiko azterketak oso desberdinak diren. Eta hori ederto ezagutzen zuelarik, han ikusi du Khomeinik iraniarrak berriz batzeko, eta beraien burua beste pentsamendutatik ateratzeko bide egoki bat.

 Hain jarrera fanatiko eta itsu baten aurrean, Estatu Batuentzat ez da izan batere erraza erabakitzea zein bide hartu. Kasu honetan, ez zuten balio ez mehatxuak, ez eta beste motatako presioak ere. Eta hola segitzen dute gauzek, egoera egunero tentsoago bihurtzen delarik.

 Ez dago dudarik inperialismoaren aurka egiteko hartu duten bidea ez dela oso zuzena; honelako gertaerak oso arriskutsuak izan daitezke bai kasu honetan, etorkizunean jazo daitezkeenetan. Lege eta Printzipio internazional guztien aurka joan dira; baina ez da gauza bera gertatzen hamaika lekutan, eta inork ez du salatzen?

 Iraneko kasuan beti agertu den konstantea zera da, gure herri guztietatik ahots handiz, fanatismo islamikoa eta askatasun guztiak kentzearen kontra oihukatu gara. Hala ere, ez genuen gauza bera egiten Xah-en diktaduraren denboretan. Zein indartsu den inperialismoaren propaganda! Injustizia batzu, txarto egonik, ondo airatuak izaten dira; gehienak, aldiz, erdi izkuturik daude, eta gutxi batzu ohartzen dira beraietaz. Beraz, gure ustez bide zuzena segitzen dugularik, denbora berean, inperialismoari jokoa egiten ari gatzaizkio. Eta hori horrela bada, egin dezakegun gutxiena gauzak argi edukitzea da.

 Dena dela, Khomeinik ez du lortu bilatzen zuena, eta nahiz eta konstituzioa onartuta izan den, kontrako nukleo indartsuak agertu dira erreferendumean. Alde batetatik, minoria nazionalak, eta bestetik, bai ezkerra, eta bai antiinperialista ez den burjeseria liberala. Beste alde batetatik, Iraneko herria lehen baino batuago agertzen bazaigu ere, Estatu Batuetan gauza bera gertatu da, eta mementu honetan, ez zuen Carterrek inolako oztoporik nahi duen bidea segitzeko, sentimendu antiiraniarrak amerikatarrak bat egin baititu.

Beste lekuetan ere, gauza bera sortzen ari

 Enbaxadaren okupazioa gertatu ondoren, oso desberdinak izan dira, hala ere, herri desberdinetan ageri diren erreakzioak; Mendebaldean esan daiteke kontrako jarrera orokorra dela. Hirugarren munduko estatuetan, hala ere, eta bereziki, arabiarretan, sinpatia handiaz izan da onartuta ekintza, Estatu Batuekiko gorrotoa herri zapaldu guztietan aurki baitaiteke. Dena den, esan behar da, gehienetan, zoritxarrez, sentimendu antiinperialista hori ez datorrela ezkerreko jarreretatik, integrismo erlijiosoenetatik baino.

 Arabian, azaroko 20an gertatu dena zentzu horretan da aipagarriena. Egun hartan, eta seguru aski, erregea hiltzeko, eta beste sistema bat jartzeko asmoz, beduino talde batek Mekako meskita atakatu zuten. Han zegoen hainbat jende batu zitzaien, eta ia aste bat geratu ahal ziren barruan. Gehienak, gainera, gatazkan, eta geroko errepresioan hil dira. Ezer gutxi dakigu han benetan gertatu denari buruz, gobernua ondo eta arin arduratu da munduak gertaera horietaz ahalik eta gutxien jakin dezan; horrela, agian ez dugu inoiz jakingo zenbat izan diren meskitaren barruan hil diren protestariak, baina milaka batzu direla ez dago ia dudarik. Ba dirudi erreboltatu zirenek irakurri zuten deklarazioan, ustelkeria eta herri sauditarraren egoera larriaren kontra burrukatzen zirela esan zutela. Eta ondo azpimarkatu bide zuten Mendebaldetik zetorren gaitza... Berriz, ba, agertzen zaigu Arabian inposatu nahi zaien bizimodu estrainioaren kontrako jarrera. Bururaino daude han ere, eta hau lehen urratsa baino ez da izan. Gutxienez, zerbait lortu dute, munduak jakin dezala herriaren artean deskontentamendua dagoela, eta ba daudela prest orain arteko zapalkuntza jasaten segitzeko. Hangoak ere Islam-en izenean mugitu dira. Penagarria litzateke, berriz burruka okerreko bidetik abiatzea...

Noraino hel daiteke U.S.A.ri egindako probokazioa?

Maria Jesus Esteban


Euskal Herria

U.E.U.ren negualdia

 Udako Euskal Unibertsitateari, izenak eman ohi dio izana. Hala eta guztiz ere, geroz eta gehiago, bata bestearengandik bereiziz edo doazela esan genezake. Udan plazaratzen zaigun U.E.U.k, urtean zehar egindako lana du bere oinarri eta sostengu.

 Urtean zeharreko lan izkutu hau, bi alorretan mugitzen da, batez ere. Batetik, udarako ikastaro eta mintegiak prestatzen zenbait pertsona eta taldek egiten duen lana: gaia aukeratu, programatu, liburuen originalak prestatu, etab. Bestetik, U.E.U.k, euskal gizarte eta kulturara ahalik eta ondoen egokitzeko, egiten dituen autokritika eta birplanteiaketa saioak.

Artikulu honetan, bigarren honetara mugatuko naiz, eta hau, bi arrazoirengatik. Ikastaroen prestaketa lana, han hemenka sakabanaturik egiten denez gero, ez da erraza, oraintxe bertan, nola doan jakitea. Bestalde, Euskal Herrian gaur egun daramagun instituzionalpen prozesu honetan, ezinbestekoa du edozein erakunde ala taldek, bere eremua non eta nola kokatu behar duen serioski planteiatzea, herriaren beharrei erantzun egokia ematekotan, noski.

Horrela, bada, U.E.U.ren oraingo asmo, zalantza eta xedeen berri emango dugu, laburki, artikulu honetan.

Idazkaritzaren osaketa

 U.E.U.ren lehen lau urteetan (1973-76). IKAS Taldea eta, bereziki, Manex Goyenetxe, arduratu zen Idazkaritza lanetaz. Laugarren saioaren amaieran, Idazkaritza iraunkorra sortzea erabaki zen, urtean zeharreko lana koordinatzeko, batez ere.

Idazkaritza hau, pertsona bakar batez osatua izanik, nahiko ahul gelditzen dela, ez da inorentzat sekreturik. Ahultasun hau nabaria da zenbait ardura material eta burokratiko eskuartean suertatzen direnean, hala nola programaketa, propaganda, finantziaketa, antolaketa, harremanak, etab.

 Arazoa areagotu egiten da, U.E.U.ri bere jite zehatz eta egokia eman behar zaionean. Gure herriko beste zenbait iniziatiba bezala, militantismo gogotsuz jaio zen, dudarik gabe, U.E.U. Militantismo horrek oraindik ere, hein handi batetan, ba dirauela pentsa daiteke, zorionez. Baina oso arriskugarria litzateke geroa, erabat, indar horri fidatzea eta borondate horretaz abusatzea, barkaezina.

 Benetako Idazkaritzaren beharrean gaude, beraz, bospasei pertsonaz osatua, guttienez, eta U.E.U.ri sortuko zaizkion egoera berriei, erantzuna eman beharko diena.

Programaketa arazoak

 Programaketari dagokionez, U.E.U.k egin du bere bidea. Ongi ala gaizki izan den bilakaera, aztertzekoa litzateke, baina ezin uka, ba dela alderik Donibaneko hitzaldietatik egungo Ikastaroetara. Dena dela, eta eztabaidetan sartzeko asmorik gabe, bide normal eta posibleetatik nahiko hurbil ibili dela esango nuke.

 Izenari izana egokitu nahian, ikastaro espezializatuetara jo du, batez ere, azken bizpahiru urteetan, U.E.U.k. Esperientzia honek, bere aberasgarritasunez aparte, funtsezko bi konstatazio egiteko aukera eman digu:

- Pre-unibertsitari dei genitzakeen euskal kulturaren beharrak nabarmentzea. Hor daude, besteak beste, glotodidaktika eta itzulpenen arazoak.

- U.E.U.ra hurbiltzen den ikaslegoaren heterogenotasuna.

Guzti honek, programaketa dibertsifikatu bat eskaini beharra eskatzen du eta, ahal dela, oreka egokienaren barnean. Maila eta giro unibertsitariko Ikastaroak baztertu gabe, euskal kulturaren beste zenbait behar ere —luzaezinak bestalde— kontutan hartzea.

U.E.U., tribuna irekia

Orain dela denbora gutti, euskara eta teknika gaiari buruzko hitzaldi bat entzuten izan nintzen, Bilbon. Hitzaldiaren ondoren, hizlarietako batek —bi izan ziren hizlariak— honako hau esan zigun, elkar hizketaren unerik beroenean: "Behar bada, eztabaidatu beharko litzateke euskara, kultur alor guztietarako, hizkuntza baliosa den ala ez". Aretoan ginen askori, gogorra iruditu zitzaigun ateraldi hura, baina Euskal Kulturaren beharretariko bat nabarmentzen zuenik ezin uka. Arazo hau eta honen antzerako beste asko ditu euskal kulturak eztabaida serio baten beharrean. Eta, zoritxarrez, ez dugu tribuna gehiegirik debate serio eta zabalak burutzeko.

 Inoiz izan da U.E.U. euskal kulturarekiko zenbait arazoren tribuna irekia. Azkenengo urtean, batez ere, eta garrazkeria posibleak ebitatzeagatik, zokoratu egin dira zenbait mahainguru eta eztabaida.

Beharbada, iritsia da ordua, berriz ere eta Ikastaroen aldamenean eta osagarri bezala, euskal kulturaren zenbait arazo U.E.U.n plazaratzeko eta eztabaidatzeko Aukera interesgarria gerta daiteke U.E.U. arazo eta zalantzen tribuna egokia bilaka tuz.

Hemendik doaz, gutti gorabehera, aurtengo U.E.U.ren negualdiko gogoeta eta asmoak. Udan, uzta oparoa bilakatuko direlakoan gaude.

EZTETZAGA


Komikiak

Urte berri on [Komikia]


Komikiak

[Komikia]

AMAIA


Komikiak

[Komikia]

JON ANDER - gabi


Komikiak

Negu gogorra [Komikia]


Komikiak

[Komikia]

Gabi


Komikiak

Egun zoragarria [Komikia]

J. Spiderman


Nazioartekoa

A Pova-n: fede emankorra abadearentzat

 Galiza zoragarria da udazkena datorrenean. Itsasadar garaietan lainoak inguru osoa estaltzen du; hondarra, itsasoa, jendea, dena da ilun. Giroa euritsu agertzen zaigu. Turistek alde egin dute eta bakartatea edonon arnasten da. Lasaitasun bila doanak, han aurki dezake nahi adina. Eta tristurak bere arima hartzen badu, joan dadila hegoalderantz. Beherantz doala. Santiagon geratzen bada egun batzuetarako, ez du denbora alferrik galduko. Hiri oso ederra da eta giro bereizi batean sartzen du han dagoena, beste mende batean biziko balitz bezala.

 Berriro itsasaldea harturik eta Carreirorantz goazela, aldaketa bat-batean nabarituko dugu. Bost minutu automobilez aski da ilunetik eguzkitara pasatzeko. Herri arrantzaleak, argiak, giro ona. Kanpoko jendea hirietara itzuli da, oporraldia bukatu zaio eta.

 Vilar-ko hondartza ez omen da oso ezaguna. Harkaitz handiak bertan; itsasoak, nahiz eta bere indar guztiz jo, ez du hain erraz apurtzen granitoaren gogortasuna. Harkaitzak ikutzen, zelai eder bat, eta pixkat hareago, pinadiak, Galizaren drama handienetako bat. Edonon pinua eta eukaliptoa ikusten da. Nekazariek ez dute azienda jatera eramateko zelairik, ez eta lantzeko lurrik ere. Horregatik, zelai puxka bat libre dagoen tokian, beti agertzen dira animaliak. Han ere, hondartza ondoan, egunero ibiltzen dira behiak eta idiak zer jan bila. Ez dira lagun txarrak.

 Vilar-ko hondartzatik gertu, A POVA dago (Puebla del Caramiñal), 10.000 biztanle duen herri polita.

A Pova-ko festak

 Herri bateko festak, adierazpide ona izaten dira bere izakera ezagutzeko. A POVAN, nabari da Galiza hartzen ari den nortasun kontzientzia. Balkoietan, xingola urdin duen ikurzuria, baina gehienetan, piperpotoa ondoan duelarik.

 Gaitariek kaleak alaitzen dituzte eta Galizako dantzek ere ba dute beren lekua herriko festetan. Galiziera, oraindik bazterturik dago ordea, eta dakitenek ere ez dute gehiegi erabiltzen, gaztelania dotoreago delakoan edo...

 Zorionez, hizkuntza eta kultura osoa birpizten saiatzen direnak gero eta gehiago dira. Jende gaztez osaturiko musika taldeak hauen artean. Herriz herri joaten dira, Galizak gaur dauzkan prolemak eta kanta zaharrak abesten. A POVAN ere egon dira aurten eta herriak erantzun ona eman die.

Baina protagonista... Nazaretarra

 Galiza ari da esnatzen, baina oraindik indar supernaturalengan dauka itxaropena. Festetan, tradizioz, "Nazaretarraren prozesioa" egiten da A POVAN. Ez da tradizio hutsa ordea, bere esangura bizirik dago sakontasun osoan.

Nazaretarri, jantzian, mila eta bostmila pezetakoak josten dizkiote opari bezala. Gainera, beste eskaintza asko eramaten dute: hil-kaxak, kandelak, argizariz egindako buruak, besoak, gorpu osoak... Urtean zehar, jendeak mesede batzu eskatzen dizkio: etxeko baten sendadura, diru prolema baten konponketa, osasun gaitz baten soluketa, etab. Eta mesede honen truk, prozesioan zerbait emateko promesa egiten dio nazaretarrari.

 Jendetza izugarria joaten da eguna iristean: elizmutilak, gaiteroak, herriko banda, Nazaretarra, honen ondoan lurreko boterearen ordezkariak, hots, agintariak, eta herria opari guztiak daramatzala.

 Agian Nazaretarrak egingo ditu mesedeak baina ez du sosik ere hartzen berak.

 Prozesioa elizan bukatzen da eta han uzten dituzte fededunek beren promesak. Kanpoan geratzen diren batzuk esan digutenez, abadea da ondasun hauen administratzaile eta irabazi politak ateratzen omen ditu era honetan.

 Orain gabon eguna dator, eta urtero bezala Jesus nola jaio zen kontatuko digute. Berak ez zuen ezer eta boterearen aurka jokatu zuen zapalduen defentsan. Horregatik, ez dut uste bere ministro horren jokabidea onartuko lukeenik gaur Galizara joango balitz.

 Berak, garai haietan, nolabait herria altxatu badin bazuen, honek ez ez dauka Galiza esnarazteko inolako interesik.

 Baina historia aurrera doa, Abade Jauna, eta zuri ere agortuko zaizu urreiturri hori egunen batean. Hala bedi.

Bustiñe


Zen

 ZEN buddhismoaren korronte izpirituala Europaratu zen Durckheim konde izpiritualaren liburuen bidez batipat. Haren zabaltzeari lagun egin diote Chauchard doktore neurofisiologo, Deximaru japoniar monje, Arthur Koestler saiogile, Alan Watts konkrakulturalista eta besteren idazlanek ere.

Ekialde-moduko beste jakintza batzuren gaineko ZENen abantaila, nolabaiteko kontzeptu, doktrina eta azalpen intelektualen mesfidantzan datza. Horrengatik, D.T. Suzuki japoniarrak diosku ezen "ZEN ia edozein filosofia edo doktrina morali erabat moldatzen zaiola; hontaz, bada, bai ateismoari, bai ideialismoari egokitzen zaie".

ZENen sorrera eta jitea

ZEN buddhismoaren sortzailea Bodhidarma monjea izan zen, Txinako Kantonen eta K.O. bostehun eta hogeigarren urtean. Ondokoan, bi gogarte edo meditazione (hontan baitatza ZENen metodo oinarrizkoa) eskola agertu ziren eta oraino bizirik diraute: Rinzai eskola (zortziehun eta hirurogeitazazpigarren urtekoa), ZENen irakaspenetan "koan" deiturikako hieroglifoak zerabiltzana; eta Soto eskola (mila berrehun eta hogeitazazpigarrenekoa) ZA-ZEN sistima aitzinatu zuena eta haren arau nagusia "eserita egotea, eserita egotea baino beste helbururik gabe". Geroago, XVII mendean, Bankei-k ohizko lana erabiliko zuen gogarterako hezpide bezala. Hontaz bada, tea edateko zirimonia, kyudoa (arkuaren bidea, arkuaz tiratzea), margogintza, jiujitsua,... aritzen zuten.

Bere sorterroak aintzina-aintzinatikoak dira eta dudarik gabe, buddhismoaren adar edo aldaska gisa kontsideratzen ahal dugu. Haren gainean, buruzko jogak eta Lao Tse-ren taoismoak ere izan zuten eragina. Hauk denok kristau haroa baino lehen-lehenagokoak dira eta honen ondoan ZEN agertuko da, hain zuzen.

Indian gogarteari, meditazioneari Dhyana zeritzon, Txinan Tx'an. Geroago, Japonian hortik sortuko zen ZEN izena.

Gogarteaz mintzo garenean, Mendebaldean ulertzen dugunaz arras bestelakoaz ari gara; hau da, guk gogartea diogunean, eskuharki adimena, borondatea eta irudimena deitutako ahalmenen buru-ihardunaldi aktiboa aditzen dugu. Alde batera uzten ditugu intuizioa, subkontzientzia eta zentzuez kanpoko oharmena bezalako indar izpiritualak. Hauek, azken batean, gogartean aritzeko parte hartu behar dute.

ZEN ez da inolako filosofiarik, doktrina molderik, ez eta erlijio moetarik ere. Zerbait oinarrizkoago bakarrik nahi du izan; bizi-jite berria, kontzeptu eta ebazpide esplizituak honako barne-jarrera honen gibelean ezartzen dituena.

 Soto eskolak pentsatzen du ezen ZENen helburua, "satori" delakoa, ez dela halako argitasun bat, baizik eta gure ahalmenen iratzartzea, gure arrazoi abstraktuaren eraginaz baztertuta dauzkagun ahalmenak berorik.

Geure kulturari halako mesprezu bat sarrerazi behar diogu, arrazoi deduktibo hotzari dagokionez, beronen gainean eraiki baitugu hura. Eta bide batez, bide egin behar diogu intuizioari. Mendebaldean hontan saiatu zen Bergson filosofoa. Erich Fromm psikanalistak ere gauza berean dihardu, bere psikoterapeutika lanetan eta idazkietan agerteraziz.

ZENen tesia zera da, errealitatea osagarria dela eta bai eskuin eta ezker bana (yin eta yang bana) duela ere. Praktikan ere, materia-izpiritu bitasun sinplista errefusatzen du, platoniar tradizioan funtsatutako gure hezkuntzaren muina izan dena. Energia huts bilaka ahal daitekeen materiaren teoriaren berriztapena bat dator, ZENek agerterazitako errealitatearen kontzientzia estatikoaren irudipenarekin, gure ageriko jarraitasuna, iraupena iraungabea baita, etengabea ez baita. "Eremu" kontzeptu berria, errealitate unibertsal gisa, ZENen buruzko ulerkuntza kosmikoaren antz-antzekoa da.

Bestalde, kontsidera ditzagun gogartean ihardutetik datozkeen abantaila fisiko faboragarriak. Japoniako Medikuntz Fakultateetan, mila bederatziehun eta hirurogeitazazpigarren urtean, ZA-ZENi buruzko ikerketen ondorioak argitaratu ziren. ZEN gogartean barna "alfa" uhinak somatzen zituzten, azkenean "beta" uhinak agertzen bukatuz. Hauk, begirako ahalmenen aitzinamendu bareari dagozkio. Hola erakutsi egiten da, ZA-ZEN lasaidura aktibatzailea dela, inolako tentsiorik edo energi galera alferrekorik gabe, odol zirkulazioa hobatzen duelarik 20 %-tik 40 %-ra; bestalde haziera zelular eta hormonalei positiboki eragiten die eta egunean zehar alferrik iraungitako energia kalorikoa gutitzen du.

ZEN kontzeptualki deskribatzea zaila da eta ez garamatza inongo argibidetara. Praktikatu eta bizi beharra dago hura ulertzeko. Arau operatibo errax zenbaitetara jo dezakegu; halere:

Lehenik: lasai lasai eser zaitez.

Bigarrenik: hutsunea egizu eta ez ezazu ezertan ere pentsa.

Hirugarrenik: Zaude egon, ez egiezu kasurik bururatzen zaizkizun pentsamenduei.

Laugarrenik: errealitate osoari lot zakizkio eta hau nabari ezazu. Ez eragiozu zeure "nitasun"ari, ez gogoeta egin, egizu buruzko judo moduko bat, gauzei larri larri oldartu gabe.

Bostgarrenik: bizi ezazu oraina eta egunorokoa, ez dago iraganaldirik eta geroaldia dinamikoki ageri da zure eta gauza guzien orainaldian.

 Rinzai eskolak hieroglifo batzuren erabilera gomendatzen du. Hieroglifo hauek, koan deituta, ez dute arrazoizko ebazpiderik; inkongruentzia edo zentzugabekeria gisako batzu dira eta mila eta zazpiehuneko bilduma dago. Honek guzionek gure ahalmen intuitibo eta sortzaileak iratzartzeko balio du, hieroglifo hauk ebazteko gure arrazoi deduktibo eta abstraktuaren ezinaren eta porrotaren bidez.

Bestalde, eta azkenburu gisa, mendebaldeko munduko krisiari aterabideren bat emanen lioke ZENek. Ez-segurtasun psikiko erikorra gainditzen lagunduko gintuzke, bide egitea heltzea baino inportantagoa dela ulerteraziz; bizitzaren goiburUa egiten dena egitea ukan behar dugu, bertan zoriontasun handiagoa baitago betiereko egongaiztasunean baino, ezinegon hau edukitzearren edukitzearen, pilatzearren pilatzearen eta kontsumatzearren kontsumatzearen bilaketak sorterazten digularik. ZEN, bai bidearen eta ez helburuaren diziplina da. ZENen bidez, jarraikiro praktikatutakoan, lortzen ahal den argitasuna ("satori") ez da halako erlijio berri eta bitxi batek hornitutako ezer mirakulutsurik edo estatikorik, gauzetan beretan dagoen argitasuna baizik, geure lehiatasunagatik hartaz ohartzen ez garelarik, ez eta "ni" eta "zu" delakoen, herri batzuren eta besteren, gobernarien eta gobernatuen arteko antagonismo ebazgaitzengatik ere. Azken hauk, gure zibilizazioan dagoen "nitasun"aren inflazio gaixobera eta egongaitzetik datoz, orotan ikusten ohitu diguten horrako bitasun horren egina dena; beti azalean bizi gara eta xumea eta naturala mesprezatzen ditugu, ez daukaguna oro enganiatuki eta okerki irrikitzen dugu eta besteak menperatu nahiak zirikatzen gaitu, elkarren ondoko porrotetara iritsiz, batzutan etsipenezko eta beste batzutan zapuzketazko zentzazioetara garamatzalarik.

ZENek jite berria irakasten digu,. oraingo bizimoldearen gure balio eta erizpideekin batera, egia esan, hobe bizitzeko eta gizarte berria eraikitzeko gai ez diren balio-erizpideekin aurkitzen garen zakuari zulo egiteko eta bertatik irten ahal izateko. Berarekin batera, berezkotasun edo olde maitagarri, amoltsu, eginkor eta sortzaile berriaz goza genezake, mundu berria egiten lagun gintzakeen oldeaz.

M.A.


Gaiak. Erlijioa

Philokalia eta errusiar erromesa

Nire azkenengo artikuluan sortaldeko elizen gogo-arnastzat har daitekeen "bihotzaren otoitza"z aritu nintzaizuen, eta, agindu nizuenez, gaur, gaiarekin zer ikusi handirik duten beste bi dakarkizuet: Philokalia eta "Errusiar erromes baten kontaketak".

Liburuok-liburuak dira eta ez dira garai batetakoak; ez gaurkoak ere ez.

"Philokalia" bestea baino askoz urtesuagoa delarik, bigarrena da "Philokalia" mundu zabalean ezagutarazi duena. Has gaitezen ba "Philokalia"rekin.

 Zeresan nahi du "Philokalia"k? Edertasunarenganako maitea. S. Basilio eta S. Gregorio Nazianzarra izen berberaz baliatu izan ziren, Origene-ren antologia moldatzean, guk diogun Philokalia agertu orduko. Berau Venezian argitaratu zen, 1782, Grezieraz (ez dezagun ahantz orduko Grezia turkopean zegoenik), Jon Mavrocordato, errumaniar printze baten eskuzabalari eskerrak. Behin eta berriro argitaratu, itzuli da Philokalia.

 Liburu mardula da, baina —antologia edo bilduma izanik— biltzaileek ez dute kriterio berdina erabili. Horregatik, jatorrizkoa 1207 horrialdetakoa ba zen, azkena, Athenekoa halegia (1951) 15 aletakoa da. Eta hauxe da bistapean dudana. Bere lehenengo aleko hirugarren horrialdean Veneziakoaren azala dager, "facismil"ez edo kopiaz. Tituluak honela dio: Philokalia ton ieron niptikon efneranisthisia para ton aion ke theoforon pateron imon. (Traskrizioa greziera demotikoaren arauekoa da) "Niptiko" hitzak "neurrizko" "eratsu", hots gorputzaren barauaren bidez arimaren desjabetzea lortu nahi duena esan nahi duela kontutan harturik, honela itzul dezakegu: Sakratuen niptikoen Philokalia, gure aita saindu eta jainkoeramaken artean bilduta.

Bildumatzailea Korinthoko gotzaina Makarios Notaras (1731-1805) izan zen. Eta Nikodemos Agiorita (1749-1809) aintzin-solasaren eta oharren egilea. Bigarren hau S. Inazioren Gogo-jarduketen itzultzaile eta moldatzailea dugu, hain zuzen.

 Zeren bilduma da, ba, Philokalia? Eremuko aitek Jesus edo bihotzaren otoitzaz idatzi zutena, S. Antoniogandik hasi, Evagro Gregorio Palamas, Thesalonikako Simeonganaino (1410-1429). Espero izateko denez, gauza gehienetan aitak bat datozelarik, aspergarri bihur daiteke haren irakurketa fede handiz egiten ez bada.

Baina ez zen fedea hain zuzen falta zena, segurki, Philokaliak arrakasta izugarria lortu baitzuen laster. Errusian batez ere, Paisi Velitchkovskin staretz handiari eskerrak, bera izan baitzen eslaboerara itzuli zuena. S. Petersburgon ikusiko zuen argia Philokaliak berriro, "Dobrotoljubie" izenaz jantzita, 1793.

 Ale hauetariko bat erosiko zuen errosiar erromesak. Eta hara non sartu garen ezarian-ezarian geure bigarren gaian:

 Erromes baten kontaketak, bere aita espiritualari eginak" 1870 plazaratu zen, Kazanen. Bigarrenez, apaindukiago, 1884an. Geroztik ez zen berriz argitaratuko 1930arte, Parisen, Vytcheslavtseveken ardurapean. Egileaz egilerik badago, oso gutti dakigu. Ba dirudi, ordea, garai hartako Errusiako intelektual askok, Gogolek, Dostoievskyk, Tolstoyk... hain gogoko zuten Optino monasteriora jo ohi zuen (zuten?) fededun baten aitorpenak direla kontaketok.

Txikitandik beso-bakar, elbarrituta geratzen da narratzailea. Lanetarako gauza ez izanik bere aitonak irakurtzen eta idazten irakatsiko dizkio. Dena Bibliaren bidez.

 Gazterik ezkontzen da. Etxea suak hartuta, Biblia zaharra geratzen zaio, besterik ez. Ogia irabazteko emaztea lanean ari zaiola, behin eta berriro Bibliaren irakurtzeari lotzen da, bera alargundu arte. Orduan, daukan guttia behartsuei emanda, haietako bat bihurtzen da. Bi gauza, baina, gorde du: zakua eta Biblia. Eta hauekin erromes jartzen da, zakua ogi gogorrez hornituta, Biblia txolartietan irakurriaz.

 Kezka sakon batek darabil erromes gixajoa Errusiaren zabalean: S Paulo-ren agindua berak Nola otoitz egin etengabe?

 Erantzun baten bila eremutarrez eremutar, monjez monje doa, Dobrotoljubie (Philokalia) ezagutarazten dion bat aurkitu arte. Orduan hasiko da bere benetako erromesaldia, bihotzaren otoitza darabilela eta sakristau bati erosi dion Philokalia irakurtzen duela. Liburu zoragarri hortan zehar printze pekatari ohi damutua, popeak, idazkari jainkogabea, "Mujik"ak eta orobat Dostoievsky eta Tolstoi-ren munduko pertsonaiak agertzen dira: Errusia Saindua ere bai.

Ez dut hemen argumentua azalduko. Hori bai: Jesus, bihotzaren otoitza erabili nahi baduzu, era bizi batez ulertu nahi baduzu, irakur zazu liburutto hau.

Otoitza alde batera utzita, bere ez zaizu damutuko!

Borja Barandiaran


Gaiak. Literatura

Joakin Lizarraga Elkanokoa

"Escrivitût itzgái urréngoac, izatecó prést cerbáit erratecó neuronéc; eta bércenorbaitec, ni ilasguéros, naibadú valiátu cerbáit ebétas".

Elkanotik Elkanorat

 Oraindik ere kausitu ahal da Migelenea jauretxea, Iruneatik hurbil, Egues ibarrean, Elkano deritzon herriskan. Hartan sortu zen Joakin Lizarraga 1748.urtean, eta hil ere, bertan hilen zen 86 urte geroago.

Egun ez da jadanik eskualde honetan euskaraz mintzatzen, baina XVIIIgarren mendean Iruñea eta Lizarra aldean ere elestatzen zen, goinafarreraren hegoaldeko euskalkia hain zuzen. Ikasketak Iruñean egin ondoren, 1766.ean Loiolara sartu zen Joakin Lizarraga, baina jesuitak Espainiatik egotziak izan zirenean sorterrira itzuli zen, Elkanorat, non 1774.ean bertoko erretore izendatu bait zuten.

Ofizio hau izanen zuen 1835.ean agureturik hil zen arte.

 Ez dakigu Joakin Lizarraga euskarari buruz axolatzen noiz hasi zenez, baina 1771.urtekoak dira haren euskarazko lehen predikuak eta azken katexima 1821.urtekoa. Bitartean, gaztelaniaz eta latinez idatzi zuen, salbu otoitzen bat, euskaraz eskribatu zituen etengabe sermoiak, sainduen bizitzak, kateximak eta koplak obra mardul bat osotu arte. Agian, Loiolan zegoelarik, Aita Larramendiren eraginez eta Aita Kardaberaz eta Aita Mendibururen bultzadaz sorturik zen euskaltzaletasunak bidemanen zion —Aingeru Irigarai ikerlariak erraten duenez— euskaraz idazteko, haien aztarnak nabarmenak baitira bere idazlanetan. Bertzalde, frogatu denez, Joakin Lizarragak ba zedukan P. Axular Sarakoaren

"Gero" liburuaren ale bat eta segur asko, jabe hutsa ezik, irakurlea ere ba zatekeen. Joakin Lizarraga Elkanokoa, bada, obra xit berezia egin arren ez zen erabat bakarrik eta isolatuki ari. Eta, hain zuzen ere, bere helburua bertzeen berbera zen, Trentoko Kontzilioak agindu bezala populuari bazka izpiritual oparoa ematea alegia.

Idazlan argitaratuak eta ineditoak

 Ez bide zuen argitaratzeko idatzi. Erraten duenez, predikuetan erabiltzeko eta, sermoiak onak ez izan arren, deus ere baino hobeak direlakoan.

 Baina Joakin Lizarragaren eskribuak biltzen baldin baditugu, paperpilo bikain baten aitzinean kausitzen gara. Asko idatzi zuen, Aingeru Irigaraik erraten duenez, guti izanen dira euskal idazleen artean apez euskarazale honek bezainbat idatzi duenik. Hala ere, ez zuen asko argitaratu, areago, Joakin Lizarragak ez zuen bere libururik bat ere egundo ikusi argitaraturik. Idazlea hil eta 11 urte beranduago, 1846.ean argitaratu zen Donostian bere lehen liburua: "Urteco Igande guztietaraco Platicac edo Itzaldiac. Nafarroan, Elcano deritzan errian, bertaco Vicario Jaun Don Joaquin Lizarragac compondu eta predicatuac". 444 orrialde ditu, baina zoritxarrez liburu honetako euskara gipuzkeraz orrazturik agertzen da, inprimatzailearen aginduz agian. Louis-Lucien Bonaparte printze euskarazaleak liburuska bi argitaratu zituen Londresen 1868.ean. Bata "Jesus. Copla guisa batzuc molde gutitacoac, celebratus Jesus Jaunaren amoreac eta favoreac". Bertzea "Jesus-Cristoren evangelio sandua Juanec dacarren guisara. Don Joaquin Lizarragac euscaran itzulia itzez itz, daiquen diña, eguiaren amorez, ta Luis Luciano Bonaparte principeac arguitara emana". Bonapartek ez zuen Joakin Lizarraga ezagutu ahal izan, baina maiz aipatzen zuen hegoaldeko goinafarrera euskalkia aztertzen zuenean.

 Jadanik mende honetan, 1922,urtean, 28 orrialdeko liburuska bat argitaratu zuten Iruñeako kaputxinoek San Frantzisko Xabier sainduaren bizitzari buruz Joakin Lizarragak egina. Honez gainera zati tipi batzu argitaratu izan dira zenbait antologiatan. Baina Joakin Lizarraga Elkanokoaren bertze obra guztia, ineditoa, biblioteka ilunetan ahantzia egon da urteetan zehar. Oraintsu, bere "Doctrina Cristiana" idazlanaren edizio kritiko bat argitaratu du Euskaltzaindiak.

Goinafarroako idazlea

 Maiz erran da Goinafarroan ez dela euskal idazlerik izan, eta euskara idatziaren dialektoak edo dialekto literarioak aipatzerakoan ez da nafarrera sekula aipatzen. Hala ere, hor dira Juan de Beriayn Utergako erretorea eta Joakin Lizarraga Elkanokoa beren idazlan piloarekin, aspaldian gehien zen euskalkiaz. Hain zuzen, Joakin Lizarragaren eskribuek garrantzi aparta dute abantxu desagertu den hegoaldeko goinafarreraren muestra direlakoz. Orreaga, Adoain, Garinoain eta Goñi herrisken arteko lurralde guztian mintzatzen zen garai hartan dialekto hau, lurraldez bederen zabalena beraz. Gaur egun, eskribu hoik dira euskalki honen erlikia bakarrak. Joakin Lizarragak balio filologiko handia du beraz euskalki galdu honen lekukotzat. Baina ba du halaber hitz eta esakeren aberastasun aparta. Sintaxia maiz erdarazkoaren antzerakoa eta traketsa duela erran behar da, baina estilo bizia eta ederra da Joakin Lizarraga Elkanokoarena.

Joseba Sarrionandia


Gaiak. Kultura

Musika, kultura eta herria

 Aldi hontan Luis Fernando Barandiaran piano-jotzailearekin izan dugu hitz-topaketa moduko bat, edonola esatearren. Bertan bere bizi trajektoria kondatuko digu; hontaz landa, bere eritzi propiak emanen dizkigu kultura musikalari buruz eta beronek etorkizunari begira dituen ikuspegi edo perspektibei buruz. Benetan, aburu interesgarri eta gogo-eramangarriak hemen azaltzen dizkigunak. Baina utz diezaiogun hari berari, bere bizitzaz eta arlo hontan pentsatzen duenaz mintza dakigun.

 Bizkaiko Zaratamon sortua naiz eta Carmen Sastre Anderearekin hasi nintzen neure pianozko ikasketetan. Bizkaiko Musikeskolan Clara Bernal Anderearekin ikasi nuen eta lehenengo saria jadetsi Kamara-Musikan. Pianozko ikasketak bukatu eta birtuosismozko ikastaroak egin nituen Juan Gibert Camins Jaunarekin, Bartzelonako Goi-Musikeskolan.

Geroztik, Touloussen handitu nituen neure ikasketak, Levi profesorearekin. Bertan, Pianozko Nazioarteko Lehiaketan parte hartu eta ohorezko diploma lortu nuen. Sienako Chigiana Eskolako Nazioarteko Ikastaroetan, Agosti Maisuarekin parte hartzeko Italiako Gobernuaren bekaduna izana naiz.

1975.urtean parte hartu nuen "Cita di Senigallia" Nazioarteko Lehiaketan;, bertan, neure kategorian, Espainol Estatutiko errepresentatzaile bakarra izan nintzen eta ohorezko diploma lortu nuen.

 Europako zenbait herrialdetan (Italian, Belgikan, Frantzian, Espainian, etabarrean) emanak ditut piano-jotaldiak eta arestian, "Setimana Musicale di Senigallia" delakoan parte hartuta nago.

 Ondorenean, gure gaiari lotuko natzaio eta kultura musikalaz, zehazki gure Herrikoaz, hasiko naiz solastatzen.

Gure herriko kultura musikala

 Euskal Herrian, kultura musikala nahi eta nahi ez arras apurra dateke. Ez dago buru argia izan beharrik, gure Herriak dauzkan arazo larrietaz konturatzeko. Denbora bolada luze luzea iragan dugu, euskal kulturgintza eskuharki ezina izan delarik. Musikak, agian, beste artek baino gehiago "askatasunaren airea" behar duke, hura gabe ez baitago inolako sormenik; geure Herrian hauxe dugularik nabari, zirkunstantzia honek, Iparragirrek, Usandizagak, Guridik etabarrek aspaldi sortutakoa errepikarazten digu.

Aipa ere ditzakegu, neurri txikiagotan bada ere, garai hontako autore batzu, baina beti muga hertsi eta zehatz batzuren barnean eta haundinahirik gabe.

Euskal Herriaren gehiengoaren, batipat gazteriaren, egoera hontarako errefusaren ondorio gisa, kanta molde berria, kantagintza berria agertu zen, hartan garrantzizkoa poesia soila zen, halako egoera edo ekintza baten salakuntza, baina berez ez zen kulturgintza, noski. Den-dena batera joz, hurrengo eskema egin liteke:

1) Gerraondokoan, denok ezagututako egoera dela eta, ezin izan da Herria artistikoki lantzeko, kulturatzeko inolako mugimendurik egin.

2) Egoera honenganako Herriaren errefusaren ondorio gisa, molde berriak sortu ziren baina une orotan honako egoera honen kontrako protesta gisa. Honek egungo egunera garamatza, bertan, herri mailan, kultura musikalik eza ia erabatekoa delarik, lehen esandakoagatik, nik uste.

Irakaskuntzan kultura musikala

 Irakaskuntzan kultura musikalak, lehenago aipatu eta, nik esanen nuke, goi-mailako gizarteak "babestutako" problematika jasan du. Azaldu eginen dut;gure musikeskola edo kontserbatorioetan kultura musikalaren irakaskuntza eliteen zerbait zen, ez zuen inportarik ona ala txarra izateak, "ondo jaiotako haurrei" begira eginda zegoen, nik esanen nuke; dena zetzan pianozko karrera (adibide gisa) bukatu ondoren gutxi gorabehera, bizpahiru pieza errax jotzeko bezainbat jakitean, ezagutza bai teknikoa, bai sentsitiboa ez baitzegoen. Halere, honek ere ez zuen ardura handirik, maisu haundiak entzuteko bezainbat diru baitzeukan honako goimailako gizarte honek.

 Baita ere, baliodunak izan dira, ikasi nahi zutenak, musikaltasuna zerienak, baina egin ahal zuten apurra ez zen beren gogoen onurarako baino bestetarako, etorkizun artistikoa sistima sozialak moztuta zegoela zekitelarik. Sistima sozial honi ez zitzaion gustatzen, dirubiderik gabeko lagunik arlo hontan inor izatera iristea, gure Herrian irakaskuntza musikala diruaren menpean gutxi gorabehera baitzegoen eta egun berean baitago.

Herriaren barnean kultura musikalaren ikuspegiak

 Luzaroko lana izanen dela uste dut, gure Herria kultura musikal ekinkorrari sartu ahal izan dakion. Arazo politiko-sozialek dirauten artean, edonolako kultura itzalpean egonen da. Ez da arte musikala salbuespena izanen, ez eta gure Herrian ere, zoritxarrez, baina pentsa dezagun herririk ezin egin daitekeela edonolako kulturarik gabe. Guk geuk "izateko" gaia daukagu, agian bidean pausatzea eta Iparragirrek kantatzen zuen harako "Ara nun dira" hartan apurtxo bat pentsatzea falta ditugu. Azken batez, gure sentiberatasunari nahi eta nahi ez ekarri behar dion guzian apurtxo bat sakontzea, gure kultura eta geroenean, gure Herria haunditzeko asmoz.

Irakaskuntzan kultura musikalaren ikuspegiak

Halabeharrez aitzinatu eta bilakatu beharra daukala uste dut; baikor, optimista nahi nuke izan, baina ba dakusat, bestalde, egoera politiko-soziala ez dela batere aproposa. Egoera honen gainetik, gazteriari batipat eskatuko nioke kultura musikalarenganako kezka handiagoa, sakonagoa; arteaz arduratzen den jende gazte asko dagoela jakinik ere, honi ez deritzot gure Herrian egin beharreko lan handirako adinbateko. Gauza segurra da honako gazteria hau ez dela egoera honen kulpanta; halaber, halako gizarte batean bizi garela, bertan lehiaketa artistiko haundiak banaka batzuren eskumenean soilik daudelarik. Honek berorek bihotz eman eta erantzunkizunera eraman behar gaitu, eta gure Herriari irakasteko, eskolatzeko bezain hobe hezi. Anartean, ahal dena egin beharra dago kultura musikala ikastoletan, ikastetxeetan, institutuetan etabarretan eman dadin, balore berriak babespenik ezagatik gal ez daitezen, gure aintzinatiko herri musika lantzeko, gure musikeskoletarako munduan barna barreiatutako gure artistak birlortzeko. Geroenean, ba dakit honek dirubideak behar dituela eta gai honi buruz dauden zailtasunak gainditu behar direla, baina ahalegin handiak egin beharra dago gure Herria kulturatzearren, inongo poetak inoiz esana baitu, zer espero ote daitekeen kultura gabeko herriarengandik.

Herri baten kultur maila, ene ustez, beti egon da, beraren arlo politiko-sozialean sortzen zaizkien arazoen heinean. Batzutan gertatu ohi da, lehenago aipatutako bitarteko arrazoi bortitzengatik, kulturak ez daukala lekurik delako sistima kulunkaraziko bailuke, hain zuzen.

Beste batzutan, kulturarentzat lekua dagoela gerta daiteke, baina halako egoera baten aurka sugarra bizteko bezainbatean. Orduan aurkituko dugu honako kultura hau "ikusgunea ikustearen beldur" izan litekeela, haren beraren mugatasunak jakiteagatik.

Ene ikuspegi artistikotik beha, honako bi kontsidero hauk baliagarri baino baliagarriago zaizkit, Euskal Herriko egungo kultur egoera pixka bat aztertzeko.

Bi egoera hauk gertatuak dira eta egun egiazko dilema bat aurkitzen dugu, gure herritarrik gehienak hari ohartzen ez zaizkiolarik; Euskal Herriari ez dio kulturak axolarik; honek honela esanda gaizki edo zerbait erreakzionari (zerbait esatekotan) irudi duke, baina bene-benetakoa da, ez dio axola gehien-gehienek ez dakitelakoz, eta hasieran esandakoagatik ez dakite. Baina, baitere, geroari kasu egin beharra diogu, nik uste, Herri gisa dugun geroari; gero hau gure gazteriaren baitan dago eta hari diotsot ezen kultura ez duela inork pribilejio bezala. Hau ba dakite soberaxko, baina uste dut ezen ahantziz ahantziz doala. Ezta ere, inoizko eta inongo egoerak ez du hura ondare gisa. Kultura Herriaren beharra, premia dugu, eta Herriak ba daki ere, artistak, poetak, pentsalariak, eta bestek, edo nola nahi den deitu ere, ez duela sekula ere tradituko.

 Baina kasu dagigun! Euskal Herriak kulturaren behar du; guziagatik ere, ez gaitezen itzul garai ilunbetsuetara, non esaten baitzen harako hura, kultura gabeko herria herri hila da, halegia. Hau ikaragarria da baina gauza segurra.

 Ez dezagun ahantz!

ANAITASUNA


Urrezko astabelarriak

 Urtarrilaren astabelarrigarrien artean "Anaitasuna" 393.-394. delako aldizkari zoragarria gertatu da irabazle. Zein polita den errua besteen buruan ikustea eta ez norberarenean. Euskara batuaren etsai amorratu guztien zoritxarrerako bihoazkigun honetan belarriak guri ez baita euskara, ez batuaz ez pikutako euskalkiaz ondoan doakizun hainbeste esaldi:

- GUTUWA

- HILENGANAKO ERRESPUTUA

"Askoz positiboagoak izango ginateke hor bertan. Politiko eta frustrantean baino"

- "Fonetikaren horietan gertatzen bada"

...eta halako beste hainbeste bitxi. Den denak erredakziokideok ikusi ez ditugunak baina inprimaturik gertatu direnak.

 Datorrenean, astabelarriak inori eskeini baino, gure probak mila aldiz irakurriko ditugu. Amen!


Gurutzegrama


Sukalderako saltsak

Txokolatezko trufak

Behar diren gaiak

- Bi tauleta txokolate (egostekoa)

- 100 gr. gurin

- 150 gr. azukre birrindu

- 2 goilarakada koñak

- gorringo bat

- goilaratxokada bete "nescafe"

- kakao-hautsa (gainetik estaltzeko)

Nola egin

 Urtu behar dituzu txokolatea eta gurina Mari-bainutan, eta urturik daudenean beste gai guztiekin nahastu.

 Pasta hori izozkailura sar ezazu lodi xamar gelditu arte (ez du oso gogor egon behar baina). Pasta olatxotan zatitu, trufak eginez, eta kakao-hautsez estali ondoan, sar itzatzu berriz ere izozkailura.

Jateko, hobe da hotzik zerbitzatzea.

Maria Jesus Esteban


Leitzar xelebreak. "Beñis" bertsolaria

Leitzeko herritik sei kilometrora dago Beñis basetxea. Basakabitik Goizuetara doan kamioaren ondoan dago. hemen bizitzen zen krixtobal "Beñis" bertsolaria.

Bordaberriko semea zen jaiotzaz. Bordaberritarrak bertsolariak dira. Gizon batek esaten omen zuen behin ere ez zirela faltako Artxikonen zakur horzkalaria, Urbitan behi jokalaria eta Bordaberrin bertsolaria.

Bertsolari guztiak bezala ba zuen "Beñis"ek gatz eta biperra. Ziri sartzailea zen. Hari zerbait esaten zionak izaten zuen erantzun egokia.

Fraile ardi biltzailea

 Orain dela urte gutxi arte Arantzazuko fraileak ibiltzen ziren eskean etxez etxe. Gaztak eta ardiak biltzen zituzten. Fraile hauetako bat joan zen Beñisa. Kristobal atarian aurkitu zuen:

 Fraileak.— Arratsalde on.

 "Beñis"ek.— Baita zuri ere.

 Fraileak.— Ardi bila nabil.

 "Beñis"ek.— Goizean nora larratu dituzu?

Beaje Haundia

 

 Zekorra saldu zuen "Beñis"ek eta sokatik hartuta herrira zekarren. Herrira iristeko gutxi falta zitzaiola Telleriko atarian bertako etxeko andre Doloix-ekin topo egin zuen:

Beaje haundia dakarzu, Krixtobal.

Bai, lau kilometro t'erdi paseak.

 (Beaje haundia edo beaje ona dakartzu esaten zaio behia, zekorra, ardiak edo beste azienda bat saldura deramanari).

 Ba zihoan Krixtobal bere zekorrarekin herri aldera eta Doloix-ek lehortzen jarritako oihalak haizeak botata kamioan zeudela ikusi zituen. Itzuli zen Krixtobal Doloix-engana:

Aizu Doloix, zuk zabaldutako maindireak kamiora botak daude.

Milla esker, Krixtobal.

Bostehun zuretzat.

Paperetan ez diren animaliak

 Erbinudeak bildurtzen ditu artzaiak. Erbinudeak esnea edaten ba dio ardiari errapea hazitzen zaio, oinaze handiak izaten ditu eta betirako esnea galtzen zaio.

 "Beñis"en ardi bati edan zion esnea erbinudeak eta ardiak errapemiña harrapatu zuen. Etorri zen "Beñis" albaiteruarengana eta esan zion nola erbinudeak esnea edan zion ardiari eta errapea zahagia bezala hazi zitzaiola eta hiltzorian zegoela.

 Albaiteruak urte asko ikasten irau izanagatik ez zekien holako gauzarik eta harrituta dio:

Nik ez dut behin ere ikusi holakorik paperetan.

Paperetan ez baino sasi eta pareta zuloetan izaten dira horiek.

ASTAITZ