ANAITASUNA

1980.eko Urtarrilaren Bigarren Hamabostaldia

396. alea

60 pzta.


[AZALA]

torturak jo eta ke

kataluña: urte bete elebitasun irakaskuntza

Aldekoa: bai baina ez; ez baina bai.


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea.

4. Artikuluburua.

5. Gramatika. J.R. Etxebarria.

6. Argi eta Garbi. Txillardegi.

8. Torturak jo eta ke.

12. Aldekoa: Bai baina ez; ez, baina bai. T. Trifol.

14. Hamabost egun hankaz gora. Bixer.

18. Irango krisia, Europa eta Mendebaldearen krisia? M.P.

20. Kataluña: Urtebete elebitasun irakaskuntzan. K. Mendia.

24. Topaketa feministak Granadan. M.A. Landa. Itziar Urtasun.

28. Noizko Euskal Herriko zerbitzu geologikoa? I. Auzmendi.

30. E.H.B.N. Kontraboterea jasotzen. Mendizabal.

32. Wilhem Reich. Karlos Santisteban.

35. Gonzalo Chillida. J. Sendagorta.

36. "About Woody Allen"-i buruz. P. Ugalde.

38. Humorea: Leitzar Xelebreak. Astaitz.

40. Liburu berriak. J. Sendagorta.

42. Komikia. R. Zumalabe.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

IDAZKUNTZA

M. Aldana, T. Trifol

IDAZKUNTZA KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

K. Mendia

BIZKAIA

J. Llerandi, T. Trifol

GUIPUZKOA

A. Oiartzabal, I. Urtasun

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAZIOARTEKOA

M. Aldana, M.J. Esteban

IDAZLEAK

P. Agirrebaltzategi, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, J. Azurmendi, F. Alaña, J.J. Bakedano, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J. Iturbe, M. Kaltzakorta, X. Kintana, S. Laffite, M.A. Landa, J. Mendizabal, J. Orbezua, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portu, K. Santisteban, J. Sarrionandia, J. Sendagorta.

LANKIDEAK

K. Arko, X. Gomez, J. Idigoras, L. Trask.

FOTOGRAFOAK

A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.

MARRAZKILARIAK

Ttua Taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

ANAITASUNA

Zabalbide 68-entlo. BILBO 6

Tfnoa: (9-4) 433 58 08

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

lege G.D.L. Bi-1753-1967

PRINTED IN BASQUE COUNTRY


Artikuluburua

Eguneroko arazoa

Leioako udaletxeak, bere barrutiko poliziek autonomi herrialdean barne bizilekua eduki behar zutela eskatzen zuelako, su eta gar irten zen Bilboko egunkari bat haien kontra lehengo egunean. Delako egunkariarentzat, Leioako erabakia antikonstituzionala zen. Ez gara harritzen. UCD Herriari, barre odoleztatuak egiten jarraitu nahi zaizkio.

Hainbeste lege organiko berri, lehenik eskribaturik zegoen 143.artikulua eta beste hainbestek, autonomi estatutu gizaraixoa triska dezake. Gu ez gara oraingotan autonomi estatutuaren defendatzaileak bilakatuko. Hala ere, ezer ezean egon baino, estatutu horren guttienezko sendabideen alde gaude; kalte baino, probetxua dakarkioke gure Herriari.

Baina oraingo burruka ez datza estatutuaz. Oraingoa, betikoa dugu. Betikoa dugunez, oinarrizko eta funtsezkoa deritzogu euzko parlamentuan parte hartzeari, ez baitugu uste, hori dela eta, inongo zentzudunek helburuak non dauden gal dezakeenik. Horiek ere, betikoak ditugu: Euskadi sozialista, birbatua eta euskalduna, baina hori ere eguneroko arazoa dugu.


Gaiak. Gramatika

Gai zenbakigarriak. Gai zenbakiezinak

 Gauza edo magnitude bat neurtu ondoren, zenbat dagoen adieraztean, problemak sortzen dira euskaraz, bi era desberdinetako magnitudeak nahastu egiten direlako. Artikulu honetan azaltzera saiatuko naizenez, arazoaren iturburua erdarakada bat dela uste dut. Horrela, ba, ikusiko dugunez, erdararen interferentziagatik edo euskara gaizki ezagutzen dugulako, nahastu egiten ditugu, ongi bereizi beharko genituzkeen formak.

Labur esanda, bi eratako magnitudeak kontsideratzen dira: zenbakiezinak eta zenbakigarriak (hitz teknikoagoekin, jarraiak eta diskretuak. Eta bakoitzari loturik bi oinarrizko hitz daude: Kantitate eta Kopuru.

 Bi hitz hauetako bakoitza magnitude-mota eta adierazmodu bati loturik doa. Kopuru delakoa unitate osoak kontatuz zenbat dagoen adierazteko erabiltzen da; hots, numero edo zenbaki batez adierazten da eta magnitudeak kontagarri, numeragarri edo zenbakigarri direnean erabiltzen da. Kantitate delakoa, ordea, zenbakitu ezin daitekeen magnitude batez zenbat dagoen adierazteko erabiltzen da, hots, magnitude jarraiak aipatzean, hots, magnitude kontaezinak, zenbakiezinak. Geroago ikusiko dugunez, azken multzoko magnitude hauekin batera, nolakotasuna adierazten duten kontzeptuak ere sartzen dira, azken hauk neurtezinak direlarik.

Beste hizkuntzetan ere gertatzen da

 Kasu ezagun bat aipatzearren, ingelesarena har dezakegu. Dakigunez, ingelesez, magnitude-adierazpenerako, bi eratako magnitudeak kontsideratzen dira: contable/uncontable izenez ezaguturikoak prezeski. Eta gero bien arteko desberdintasuna many edo much hitzak erabiltzean agertzen da.

 Espainolez ere antzerako zerbait gertatzen da, kontzeptualki behintzat. Baina kasu bietan erabiltzen diren formak, oso antzerakoak dira: muchos-as/mucho-a. Eta, ene ustez, hortxe dago euskaraz sortzen den nahastearen iturburua, erdararen interferentziaz noski. Jendeak uste du —edo subskontzientean horrela dauka— bata bestearen plural hutsa dela. Baina kontzeptualki bi gauza desberdin dira Hara. Mucho-a delakoa kantitate zenbakiezinak adierazteko erabiltzen da: mucho calor, mucha luz, mucha fuerza (muchas fuerzas beste zerbait da). Muchos-as hitzarekin magnitude zenbakigarriak adierazten dira: muchos niños, muchas gestiones. Gainera, mucho delakoa gai neurtezinak adierazteko ere erabiltzen da, adberbio gisa: Esate baterako, te quiero mucho. Kasu honetan nolakotasuna adierazten da baina argi dago neurtezina dela.

 Magnitude zenbakigarriak Magnitude zenbakiezinak

eta zenbatasuna eta nolakotasuna

magnitudeak etxe asko, haur gutxi haizea, mina, zarata,

eta gaiak makina bat txapel, argia, hotza, beroa,

 hainbat auto,... maitasuna, jakinduria,

 (beti ere unitate osoak) bildurra, harridura, poztasuna,

erabilmodua kopurua Kantitatea

eta ume-kopurua ur-kantitatea

esaldiak

 lagun asko jendetza handia

 gradu gutxi bero handia

 minutu asko denbora luzea

 metro gutxi distantzia laburra

 pezeta asko daukat (dauzkat) oso maite zaitut

 hamar neska dago (daude) txit harritu da

 lagunak ugari ditut biziki estimatzen dugu

 maitasun handia

lagungarritzat asko, gutxi, ainitz, hainbat oso txit, biziki, gogoz,

hartzen diren hitzak makina bat, ugari, bihotzez, izugarri,...

 numeral guztiak (bat, handi/txiki, luze/labur,

 bi hiru,...) zabal/hestu, altu/baxu,...

  apur, pixka, pitin,...

Euskararen kasua

 Neurri handi batez erdararen interferentziaren arazoa eta nahasketa hori zertan datzan, aspaldi azaldu zigun Txillardegik (Larresoro orduan) bere Sustrai bila liburuan (geroko Oinarri bila delakoan berriro agertuz). Dena den, berak zenbatasuna eta nolakotasunaren arteko problema bezala aurkezten du. Ene ustez, hori ongi da, baina arazoa hori baino zabalagoa da. Problema honek azterketa sakonagoa mereziko luke, baina bitartean, eskematikoki behintzat, azalpen labur honetan geratuko gara.

Ideiak pixka bat ordenatzeko, ondoko koadroa prestatu dut. Bertan, bi zutabe desberdinetan, magnitude zenbakigarriak eta zenbatasuna alde batetik, eta magnitude zenbakiezinak eta nolakotasuna bestetik adierazten dira. Bestalde, ordenaturik ageri dira gaiak, erabilmodua, esaldiak eta lagungarritzat hartzen diren hitzak.

 Dena den, baldintza desberdinetan gai berbera zenbakigarri edo zenbakiezin bezala har daiteke. Baina noski, kontzeptualki gauza edo gai horren berezitasun desberdinak aipatzen arituko gara kasu bakoitzean. Hona hemen, adibidez, horrelako kasu batzu:

 lan asko - zenbat? Bi, hiru,...

 lan handia - Nolakoa? Gogorra, luzea,...

 etxe asko - zenbat? Lau, bost,...

 etxe handia - Nolakoa? Altua, zabala,...

Bukatzeko, nolakotasunezko kasuetan elkarren aurkako adjektiboak erabiltzen direla esango dugu: luze/labur, handi/txiki,... Gauza hauk guztiok, koadroa ongi aztertuz ikus daitezke.

J.R. Etxebarria


Euskal Herria

Argi eta garbi

 Sebastià Serrano katalan irakasleak Donostian egin dituen deklarazioak, ez dira guztiz alferrik entzun. Barcelonako hizkuntzariak esan digunez, gaur, horrenbestez mespretxatzen dugun Kataluña "españolista" horretan, lau irrati ari dira egun osoan barrena katalanez, telebistan egunean hiru ordu t'erdi egunean gauza bera, Ejerzitoan bertan goitik beheraino katalanez egiten da leku askotan, Unibertsitate mailan % 90 azaltzen da katalanez Autonoman, eta abar, eta abar, Kataluñan, hitz batez, herria hor dago.

 Hemen, berriz, zertan gara? Ohitu egin gara piskanaka; baina gure herria erabat erdaldunduta dago, gero eta osokiago. Minoria batzu kontrakarrean ari garen lan honek, egia esateko, oraingoz ez du fenomenoaren sinua aldatu. Eta diglosia, hizkuntzen minbizi hori, azkar dago Euskal Herrian.

Orain dela urte batzu, Franco hiltzean eman dezagun, eta "24 ordu euskaraz", eta antzekoak, egin zirenean, bazegoen joera azkar bat euskararen alde. Abertzale eta abertzaleen arteko puntuzkoek, halako lotsa edo bazuten euskaldun ez agertzekotan; eta euskararen aldeko ikasaldiak eta abar antolatzen ziren alderdi abertzaleetan.

 Gaur, "politika" dela bide, hori guztia "gainditua" izan da. Horri guztiari "voluntarismo" deritzo, eta "euskara zertarako" galdera berriz hasia da planteatzen abertzaleen artean. Lehengo astean, esate baterako, Donostian egindako mahai-inguru batetan, argi eta garbi aitortu zuen Euskadiko Ezkerra-ren izenean zetorrenak, galdera horri ezin zaiola erantzun "visceral" bat eman; eta "marxismoaren barruan" eman behar zaiola arrapostua. Hots, aitortu zuenez, erantzun hori ez da ageri; eta horretatik dauden kezkak, hoztasunak, eta gainerakoak. Beste muturrean, eta PNV-ko euskaltzale ezagun batek berriro aitortzen zuenez, "euskara galduta ere, Euskal Herriak bere nortasuna izan lezake"; eta, hizkuntza galdu ondoren ere, Argentinak edo Uruguay España ez diren bezalaxe, Euskadi ere Euskadi izan liteke.

Egoera, hortaz, ez da txarra bakarrik, bere horretan ageri diren zifrak eta datuak agertzen direlako. Ez. "Pipiak jana" dago gure alderdia; irizpide likidatzaile horiek onartzen dituztenak ez baitira, ustez bederen, gure etsaiak.

Kondizio guztiak ditugu, beraz, Euskadin Irlandako fenomenoa gertatzeko.

Hots, zertarako Irlandako estatua? Eta, era berean, zertarako "Euskadi"? Herri berezi baten erresuma berezia ez izatekotan, zertarako beste Estatu bat? Zer esan nahi du "Euskadi" hitzak, bai, Hegoaldean eta Bidasoaraino hizkuntza gaztelania izango bada, eta hizkuntzarekin batera soziologi-identitate osoa; eta, bide berberetik, Bidasoatik Iparraldera dena frantsesez eta frantses kulturan oratuko bada? Zertarako "Euskadi... hori?

 "Déjame, déjame, Jose Luis! Ya cogeríamos una Euskadi sin euskera", esaten zidan behin Javier Landaburuk Parisen. Eta, nik erantzun: "y para qué queremos, Don Javier, una Euskadi sin euskera?" Ahaztuta bide zeuden polemika horiek, berriro plazaratu dira. Lau urte joan dira Franco hil zenez geroztik, eta euskararen aldeko bultzada ez da mamitu. Are gehiago: atzeraka goazela esan daiteke eta ESAN BEHAR DA.

 Eta hau organizazio abertzaleetan ageri da garbikienik. Lehen Francok galazten gintuen; eta honelako eta halako lekuetan PSOE-k galazten omen gaitu, edo UCD-ak, edo Fuerza Nueva-k. Nork" agintzen du, ordea, alderdi eta organizazio abertzaleetan? Francok? PSOE-k? Nork? Hots, alderdi eta organizazio abertzale horietan, DIGLOSIA DAGO OSOKI: erdaraz ez dakienak jai dauka, eta euskaltzaleak JAI DAUKA. Ni neu ere, jakina denez, euskararen aldeko jarrerarengatik bota ninduten ESB-tik. Eta ez dut uste alderdi abertzaleetan nazkatu den bakarra naizenik... Alderdi abertzaleak, oportunismoaren eta eleziokeriaren bidetik abiaturik, botoz elikatzen dira; eta euskararen alde burruka egitea iraultzaileegia da botoen mailan irabazle ateratzeko. Alderdi abertzaleak, hitz batez, eta beretako politiko profesionalak oso bereziki, erdaldundu egin dira erabat; eta pratikan euskara ALDE BATERA UZTEKO ERABAKIA HARTUA DAUKATE. Hori delata, hemendik eta handik galdera iragazten hasia da: "Egia esan: euskara zertarako?".

 EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ mogimendu berria, honetaz jabeturik sortu da. Alderdi abertzaleek ez dute euskararen aldeko burruka planteatzen, eta ez dute planteatuko. Horretan etsi egin behar da. Alderdi abertzaleek ez dute inolaz ere hau ESANGO; baina alderdi abertzaleek HILDAKOTZAT ematen dute euskara. "Pero eso no se puede decir todavía en este país visceral". Eta horretatik esanak eta folklorekeriak. Baina egia besterik da: HIZKUNTZEN MINBIZIA DIGLOSIA DA, ETA ALDERDI ETA ORGANIZAZIO ABERTZALEAK DIGLOSIAN BIZI DIRA BETE-BETEAN.

 Hots, euskararik gabeko "Euskadi" hori, ezer ez litzateke. Horregatik salatu behar da, argi eta garbi, alderdi abertzaleen saldukeria, alderdi eta buruzagi abertzaleen traizioa. Kataluñan bai hizkuntz egoera, bai katalanaren alderako ikas-erraztasuna, bai gaur bertan lortu duten hizkuntza jokabidea, erabat aldekoak dira; eta halere "oso kezkatuta" daude hango abertzaleak.

Alderantziz, gure hizkuntz egoeratik pasa den herri-etsenplurik ez dago, alegia, bere burua hizkuntza horretan jaso duenik. Israel-en adibideak ez digu balio; guk ez baitugu, juduez bestaldera, mintzabide baten beharrik. Gu ez gatoz diasporatik. Gu ez gatoz labeetatik. Guk ez dugu nazio-erlijio bat. Gu ez gara juduak.

 Hots, herri zeltikoak, eman dezagun, suntsitu egin dira; eta Irlanda ez da gaur, izan, Bretaña Nagusiko bigarren uhartea baizik. Hori bai: pasaporte batekin! Hori al da gure helburua?

 Gure egoera OSO larria da, nazio gisa alegia. Gure euskaltasuna zinez dago arriskutan, eta berehalako arriskutan. Beste herriak abiatu zirenean (Txekoslobakia, Finlandia, eta abar), beren nazio-identitatea gurea baino AISA AZKARRAGO zeukaten. Eta "gure hizkuntza zertarako?" ez zuten galdetzen. Guztiz erradikalak ez diren erremedioak, gure herrian aspirina dira; eta Euskal Herriak MINBIZIA du. Aspirina ematea txoriburukeria hutsa da.

Horregatik, eta alarmismorik gabe: berehala Euskal Herrian, alderdi politikoetatik AT ETA KONTRA puntu honetan, mogimendu euskaltzale gogor eta sendo bat sortzen ez bada, zinez diotsuet: GUREAK EGIN DU.

Eta hobe dute abertzale egiazkoek, eta "Euskadi norteña" nahi ez duten guztiek, MALETAK PRESTATZEN HASTEA.

Txillardegi


Euskal Herria

Torturak jo eta ke

 Komisaldegietan burututako torturak guzion ahotik iraganak dira azkenaldi hontan. Antiterrorismozko legeetan enparaturik, zernahi atxilotze eta gartzelatze egin ukan dute. Batetik besterako tartean makina bat tortura ere eginda daude. Horrez segur gaituzu. Inoiz holako kasuak jujeen aurrera presentatu izan direnean, torturatzaileek sekulako bekokia eta lotsagabekeria erakutsi dituzte. Ezertxo ere egin ukan ez bailuten! Honelako etsenplu adierazgarria, Xabier Onaindiari Bilboko juzkatuan gertatutakoa dugu. Dirudienez, torturatzaileek ez dute inolako erantzunkizunik, beren menpean ukan dituzten atxilotuei egindako kalteei eta tormentuei buruz. Baina jujatzeko tenorea ere helduko da, gure denon azken ordua bezala. Herria juje izanen ahal da! Honako hontan, helburu eta asmo dugu euskal preso batzuri egindako torturak erakustera ematea eta jendartera iragatea. Lekukotasun harrigarria, harrigarririk bada. Ez genuke nahi holako bidegaberik ezein gizakiri gerta lekion. Halafedea! Irakurleak juja beza irakurtzen duena.

 Argitalpenaren erantzunkizuna: T. Trifol

 Nire torturari buruz, oker eta gaizki esan asko egon dela eta, neuk kondatuko dizuet nolakoa izan zen, tortura hitz horretan bi moetak sartuz; hau da, fisikoa eta morala. Nahiz eta herri zapalduak torturari buruz dena jakitea, argi dago bestalde, ez garela gu ez lehenak ez azkenak izango.

 Larunbateko arratsalde batean, laurak inguruan, arrastatu ninduten. 091 delako kotxe barruan komisaldegira eraman eta ezein galdera egin baino lehen, ukabilkadaz eta ostikadaz kolpeka hasi zitzaizkidan inolako hitzik esaten niri utzi gabe. Berehala, mahai baten gainean etzateko agindu zidaten eta ez zuten nahi sorbalda mahai gainean apoia nezala. Une honetan hasi zitzaizkidan kolpeka koskabiloetan, belarriondokoak aurpegi erdian eta abar. Ez zuten uzten poliziarik ikustea. Ondorenean, polizietako lodikoteena nire zangoetan jesarri zen. Beste bik nire besoak hartu eta zabaldu, eta azkenengo batek ileetatik hartu eta tiratu egiten hasi zen, ezin bainintzen hain luzaro egon, sorbalda apoiaturik gabe hain zuzen.

Egoera honetan naizela, zapatak kendu eta porra batez lagunduta, oinazpiak jotzen dizkidate etengabeki, gorputza handitu arte. Hau eginda, indarrik gabe nagoela, mahai berberean jesartzen naute eta polizia denak, bata bestearen atzean, giltzurrunetan eta izterrondoan kolpekatu, mahaitik behera nire burua bota arteraino. Birrin birrin eginda nagoela ikusten nautenez, horko nagusiak medikuari abisua pasatu dio eta berorrek zapi batez aurpegia garbitzen dit. Ikusten dudan zapia, odolez betetako zapi bat dut, nire bekain ireki batetik darion odola. Eskumako belarrian kristoren mina nuen. Begiak more moreak eginda, aurpegia osoz handituta.

Eskena horren aurrean, komisarioarena egiten zuena guztiz harritu zen, beste polizia haiek, ez gehiago aurpegian jotzeko aginduz. Hala egin zuten besteek, kolpe guztiak orain oinazpietan hartuz.

Denbora luze honetan zehar, hil mehatxuak eta antzekoak oihukatzen zizkidaten. Puta semea nintzela, traidore eta asasinoa nintzela eta abar. Klandestinoki bizi nintzelarik, bestaldean errefuxiatua nengoelako, hantxe bertan tiro bat bota eta inor ez litzatekeela jabetuko esaten zidaten. Momentu horietaz ez naiz sekula ahaztuko. Horko batek esan zidan esaldiren bat, barru barruan gordetzen dut:

 Le haremos beber todo el agua del pantano para que se refresque, luego le quemaremos un ojo con un cigarro y luego le dispararemos uno a uno. Pero para que sufra, el primer tiro le daremos en los cojones, y tras una agonía, le remataremos, aunque tenga buen físico.

Igandea joanda, nire torturatzaileak demokratikoagoak bihurtu dira. Txokolatea, laranja ura edatera gonbidatzen naute. Beraiekin batera afaltzera joan nadila ere proposatu didate. Orain min dira nitaz poliziak. Barnean pertsona onaren seinaleak gordetzen ditudala diostate eta zin egiten dute. Hala ere, hau "traidore" honek, beste seinale horiek gordetzen ditu barne eta kanpoan.

 Eta bala, kargazoi, pipa, mitrailetak... erakusten zizkidaten har nintzan. Gero betiko lizunkeriak: traidorea, kabroia, alferra, nagia, ikaratia, asasinoa, txakurkumea...

Kondatu dizuedan ekitaldi hauek amaituta, kalabozotara eraman ninduten. Bertan, aurpegia kremaz estaltzen hasten dira eta ken ez nezala gogor diostate. Pastillak eta hautsez beteriko poltsa berezi batzu ere eman dizkidate. Urarekin edateko direla, erdi bitaminak direla diostake. Beldur nintzen ni, drogaren bat ote zenez. Gero, kalabozo bertan ormaren kontra jarri eta gezurrezko tiroak botatzen hasten zaizkit mitraileta batez. Hala pasatu egin dut igande osoa. Ezin izan ditut tortilla ogitarteko bero beroak jan, eztetan ikaragarrizko mina baitut.

 Hori izan da beraien jokoa, hori neure burua eta neure lagunen buruak salarazteko aplikatu didaten metodoa baina nire epaikariak ez dira borrero horiek izango. Herri zapalduak juzkatuko nau ni, herriak eskatuko dit niri eman behar diodan erantzunkizuna...

Zinkunegi

Komisaldegietan egindako tormentu eta torturak

Jose Roseñada

 Lau "gorila" (sozial-polizia) ageri dira, harmaturik, eta besterik gabe ohetik ateratzen gaituzte. Beste bi hauzo (bataren emaztea haurdun zegoen) jaikierazita, etxe osoa arakatzen hasten dira. Hau egindakoan, akta bat sinarazten diete, bertan nolabaiteko erakunde harmatuari (ETAri) nagokiola datzalarik. Ondoren, ene laguntza eta biok eramanak gaituzte komisaldegira. Elkarri bereizi eta ameskaizto luzea hasia zaigu (ez baina bereizita egoteagatik).

Haietarik bospaseik "lagun eginda", gelaratu egin naute. Esku-ukabilkadak leku orotarik datozkit, leku orotan emanak: urdailean, buruan, aurpegian (belarrondoko batek, belarri ezkerrean emanda, durundarazten dit): mehatxuak, isekak, etab. etab.. Bi orduz edo. Kalabozora eraisten naute. Kalabozora baino lehen, polizia nazionalen goardiarekin batera uzten naute. Berriz ere, isekak, ihakinak, mehatxuak eta beste. Behin kalabozoan egonda, burusia eman didate eta ohe gisa lur gogorra. Berriro galdeketara naramatenean, ez daukat denboraren ezagutzarik. Aldi hontan taktika berria darabilte; niri balaku eginez eta lagunak mespretxatuz; honen ondoan nire buruarenganako gauzetan apalesten ahalegintzen dira. Ostera ere, kalabozora. Polizia nazionalen goardia aldatzean, haien ikustaldiak, irrimirriak eta dritxoak, isekak eta beste jasan beharra daukat. Aldi batez, haietarik batek kalabozotik irtenerazi eta paisanoz jantzitako hiru tiporen aurrera agerterazi ninduen (zainak eman zidan eskuin-eskuindarrak zirela), neure izen-helbideak eman beharra ukan nuen, bai eta holako galderei erantzun beharra ere: "... si había disparado alguna vez alguna metralleta como la que el llevaba...", "...a cuantos había matado...". etab.

 Halako batean, neure lagun bat ikusi egin dut (inkomunikaturik baikeunden). Kalabozoetako zarama batu eragiten ari zitzaizkion. Bere aurpegiera gogoa kentzekoa zen, sekula ere ez nuen holako aurpegi mazkalik, holako betazpi marka-markaturik ikusi ukan.

Astelehenean (nik uste) lau galdeketatan erabili ninduten. Batzutan gorputzari kalte eragiten zioten bitartean, beste batzutan psikologikoki edo ideiologikoki iraindu edo laidatu egiten zuten. Azkeneko haietako batean, hiru ordu baino gehiagotan zutik egonerazi ninduten haietarik zenbaitekin batera (3, 5, 6 edo). Zirudienez, txandaka edo zeuden. Hitz eta galde egiten zidaten guziari erantzun behar nion. Jakina izane denez, gehien-gehienetan ene erantzunak ez ziren haien gogoko eta beraz, modu onean jartzen ninduten; asasinoak ba ginela eta ez ginela (beti pluraletan egiten zuten), inolako printzipiorik ere ez geneukala, diru truk egiten genuela burruka, inongo bestek manaiaturik geundela; hontaz gain, aker zikinok, gizaixoak, buruzuriok halakook...

Bestelako galdeketatan nengoela, atean barrena bi sartu, ostiaka erabili, bizarretik tira-tiratu, eta ba diostate: "...¡con que no había más "zulos"; ahora mismo nos vas a llevar al alto de Umbe!". Gaueko hamaika-hamabiak edo ziren. Ene zain zegoena ez da sekula ere ahazteko. Gutxigarrenean, mendiratzeko prest, haietarik sei edo zazpi zeuden, linterna eta guzi. Partitu baino lehen, zemai egin zidaten: "... como no aparezca el "zulo", te aplicamos la ley de fuga, de noche y en el monte a ver quién se va a enterar, y... te vamos a hacer el paseillo, como en la República; ya sabes lo que es eso ¿no?...". Nik ba niotsen Unben behin bakarrik egona nintzela, oso gaitz eginen zitzaidala norabidetzea, gauez batipat. Ezta kasurik ere. Unbera helduta, goizaldeko hirurak edo ziratekeen, norabidetzea ezin-ezina zitzaidan; azkenean etsi zuten eta bertan egondako denbora osoan barna, mehatxu egin zidaten autotik jaitserazi eta tirokatuko nindutela, bizar-tiraka, eta beste. Hontan guziontan, eskuak bizkar atzetik loturik. Hau ikusi duenak ba daki zer den holako oinazea. Biharamunean, goizean goiz, Unbera berriz ere, halajaina! Bi autotan haietarik seirekin nindoan. Neure ameskaiztoa hasi zitzaidan. Zer eginen ez zidaten, bada? Zer esanen ez zidaten, zenbait ordutan barna zuloaren bila? Ba zeuden azken hatsa emanen nuela uste nueneko mementuak; mementuotarik batean halako bate bazterbide batetan sarrerazi ninduten eta autotik behera eraitsi. Eskuburdinak lotu-loturik (eskumuturreko minez zenbait egunetan), autoetarik baten kapot gainean erdi etzanda, kolpekatu egin ninduten astoa hilerazi adinbatean, noizean behinka bizar-tiraka, ondoskoetarantz bultzaka, isekaz, eta batez ere, esan delako iheslegea burura eramateko edo amilerazteko mehatxutan. Denbora gutxiren buruan, Bilboko komisaldegiko kalabozoetara eraman ninduten. Bertan eduki ninduten arratsalde osoan, gauean harez gero Gasteizera iragan ninduten. Astearte gauez, kalabozoan etzanik nengoela, bular eskuinalde osoa min-minez hasi zitzaidan. Jaiki egin nintzen jarrera txarren batek eragina zelakoan; halere, mina gero eta biziagoa eta jasangaitzagoa zen, berriz etzatea eta bai behar denaz bezainbatean arnasa egitea ere galerazterainoxe. Atea jo nuen eta era zer nukeen edo mina joanen zitzaidan atera ninduten. Alderantzi-alderantziz, zerbait gaitza nuela zuritu zutenean beren burua Santiagoko ospitaleratu ninduten. Neumotarax delakoa neukan. Aurreko bi gauetan gorputz-ikarak eduki ukan nituen. Ospitalean ere, irain eta hitzeko bortxakeriazko partea eman zidaten; bestela zer nortzu ziren ondoan nituen bizpahiru poliziak, gainetik begirik aldendu gabe, higitzea, lo egitea, jatea, kaka egitea (bat aurrean nuela egin behar) kontrolatuz. Hau denau begirada arraro, haien arteko komentario ("estaba bien para pegarme dos tiros"), zipo (haietarik zenbat hil ukan uste nituen) eta holakoekin batera. Honako azken hau obsesiboa zitzaien; etengabeki metrailetak niri apuntatuta zeuden; zerbait erogarria.

Nola ezaguterazi larritasun, beldur, irain sumindura, bakartasun eta beste guziak, goian esandakoaz eragin diguten guzia? Lagunetarik biri egundainokoak egin dizkiete, den-dena sistematikoki: potroetan kolpeka, konortea galdu arte, buruan zapataz kolpeka, "Kirofanoa", aurpegian handitu-kontrako krema eman behar ukan zieten, beraiei egindakoak izututa, handituak ager ez zekizkien. Gero eta gero, ameskaizto izugarri taiugabea.


Euskal Herria

Iñaki Aldekoa: bai, baina ez; ez, baina bai

I. Aldekoa, E.S.B.ko bozeroemaile bakartzat zegoelarik, —korapiloko buru guztiak ongi lotzeko agian,— kazetarietako gehienok bere deklarapenekin aho zabalik geratu ginen edo hobe esateko, ESBko idazkari orokorrak prentsari egin zion interpretapen okerrekin.

 Interpretapen okerrak, ez baitzuen gauza handirik azaldu; elukubraketa, intsinuazio eta goiburutazioak ezin baitaitezke deklarapentzat hartu. Prentsak lanari lotuta, korapilo guztia atera nahi izan zion baina alferrik. Aldekoak ez zuen goitik eman ez eta kurruskadarik ere. Gauzak horrela prentsalariak aserrez jarri; baina behar denez, edukazioz eta guzti, ez baitzioten ortzik erakutsi. Ez mutur luzerik ere.

Alde guztietako diferentzia, nabarmen eta diskisizio egiten zuen ESBko bozeroemaileak —batzutan I. Aldekoa bezala, bestetan ESBko tendentzia bateko militante bezala, askotan idazkari orokor bezala edo eta H.B.ko mahai nazionalaren partaide gisa, euskaldun antirreformista gisa eta abar hitzegiten zuela azaldurik— prentsaurreko zergatia ere explikatu zigun. Hitz guttitan, Urtarrilaren 26an eta Arrasaten, ESBk biltzarre nazionala egingo duela, oinarrizko puntuak ondokoak izanki: 1) Datozkigun politik aldaketen aurrean, politik hildoa ere zehatzea. 2) ESBren estatutuak aldatzea.

Aldekoaren ustez, "parte hartzea ala ez" ez da partiduak egin behar duen galdera garrantzitsuena; berauxe litzateke aldiz, zer nolako jarrera hartu behar duen benetako alderdi iraultzaile eta antirreformista.

Aldekoarentzat alderdian barne bi tendentzia daude. Gehiengoa osatzen duena "H.B.ko oinarrizko kartaren seigarren puntuaren alde dagoena" litzateke. Beste modu batez esateko, "burruka guztien batasun dialektikoaren alde dagoena". Euskara gureaz, gutti gora behera, ondokoa litzateke berriro: Burruka guztietan parte hartu behar dela eta arazoa orduan, nola parekatu beharko liratekeen delakoak, litzateke.

Gauza berari buruz hitzeginez zera esan zigun: Bost axola zitzaien postuak, zeren eta Euskadik, klase burrukaren interpretapen antirreformista, iraultzaile eta zuzena behar baitzuen.

Iñaki Aldekoa bezala mintzatzen zelarik, H.B.k mahaia nazionalak kontrolaturiko batasuneko programa zehatza behar zuela eta delakoan "todos los puntos sobre las ies" argi eta garbi izkiriaturik beharko zirela. I. Aldekoa mesfidatzen baita "asanbladetan" hartzen diren erabakiez.

 Ez motibo ideologikoengatik praktikoengatik baizik.

 "Asanbladei" buruz, "escapes" edo "escapismos" daudela azaldu zuen.

 Kronika hau idazten ari denari "escapismo" hitza hain abstraktu iruditzen baitzaion non agian Aldekoak esan nahi zuena zera liteke: Asanblada asko, aurretik besapean prestaturik egoten direla. Hara, Bilboko alkate majua! Harek gauetik egunera 40 auzo elkarte sortu nahi izan zituen, jakina, benetakoak kontrolatzeko gero! Bestaldez, beste eredu bat ipintzearren, zera esan daiteke: 3.000 edo 5.000 botuemaileetatik 20 edo 30 pertsona joaten ohi da H.B.k egiten duen asanbladeetara. Noski delakoak sustraietan ere jota daude. Kontrolik gabe, karnetarik gabe (burjeseriaren sintoma bat ote), asanbladetara joateko deiak eskutuka, anuntzio ttiki ttikiz, edo eta kartelik gabe edo eta asuntu honetan garrantzitsuena den zera: Inork ez daki seguru parte har dezakeen ala ez, ez baita sekula azaldu.

Hori guztiori horrela izanik ez naiz ni harritzen Aldekoaren mesfidantzaz.

 Alderdiaren estatutuei buruz, dikotomia bat zegoela azaldu zuen Alde batetik benetako estatutuetan independentistak eta antirreformistak zirela azaldu zuen. Legezko estatutuetan aldiz, beherapen eta mozketak egin zituztelako, diren eta pentsatzen duten bezala azaldu nahi diote barne ministeritzari.

Leku orotan H.B.ren barnean etendurak gertatu diratekeela entzun arren, agian egoera ez dateke zenbaitek aditzera eman duen bezain dramatikoa, eta Iñakiren hitzez berresanda, "odolak ez bide duke ibaia gorrituko".

T. Trifol


Hamabost egun hankaz gora

Portugal eskuinerantz

 Harritzekoa deritzozue? Nik ez. Azken hauteskundeetan gertaturiko hau ez da batere arraroa ezta beste munduko gauza ere. Eta arrazoiak argiak dira:

 Orain arte, ezkerrak (edo honela deitzen direnek) eduki du boterea. Eta zer egin du? Nolabait. Europako sozialdemokraziak agindu diona. Haseran lurrak, nekazariei banatu zitzaizkien. Eta ezkerrekoa deitzen den gobernu horrek, berriz ere nagusiei eman zizkien.

Jendeak, pentsatzeko buru bat duenez, erantzun zuzena eman du: Ezkerrekoak, eskuinekoak bezain traketsak direla...; ba,... beharbada, azken hauek erantzun hobea emanen digute. Gutienez, ba dakigu nolako bidea jarraituko duten.

Ezkerreko indar horiek ez dute jakin beren betebeharra egiten eta jendea aurka jarri zaie. Normala ez?

Eguberriak: krisiaren gain dagoen negozio bat?

 Eguberriak, kristauentzat, Jesukristoren jaiotza hospatzeko garaia da. Haurrek oporrak dituzte eta... gurasoek, gizarteak ohitura hau sortu duenez, jostailuak eta abar erosteko garaia. Negozio ederra muntatu dute.

 Kapitalak ez du ezer errespetatzen. Gauza guztietatik irabaziak atera behar. Zenbait lekutan, itxura denez, Santa Klaus da erruduna. Beste batzutan, Erregeak; eta, Euskal Herrian, Olentzaro. Pertsonaia hau gure mitologian agertzen zaigu. Eta... nola ez!, probetxatu egin dute; eta nola!

 Egun hauetan beharrezko da haurrei zerbait erostea, zeren, bestela, gure seme-alabak traumatizatu eginen genituzke.

 Eta negozio honetan ez dago krisirik. Gurasoek diru gehiago edo gutiago edukiko dute baina berdintsu da. Hor dago eskaintza. Telebistak izugarrizko propaganda egiten du eta dendak, guztiz beterik daude. Haurrak jostailuak ere behar dituala esanen duzue; baina,... nolakoak eskaintzen dizkiete? Gehienek, gerra dute oinarri bezala: Pistolak, fusilak, tankeak... eta abar. Beste batzuk, lana: kamioiak, eta horrelakoak. Neskentzat, etxeko andre bihurtzeko behar den tresneria eskaintzen digute: panpinak, sukalderako tresnak, eta abar. Zer lortu nahi dute honekin? Gaurko haurrak (mutil eta neska) bihar nagusiak egingo dira eta honelako heziketa bat ematen bazaie... bihar ere, menperaturik edukiko dituzte.

Menperatzen gaituen sistema honek berari interesatzen zaion heziketa lortzeko egiten du eskaintza hori. Gizona lanerako, gerrarako... emakumea, etxerako... Eta, zoritxarrez, guraso asko erortzen da tranpa honetan. Egia da, haurrek jostailuak behar dituztela beren heziketarako; baina, zergatik ez erosi beren gaitasuna hobetzeko egokien direnak?

Langile euskaldunak bagara, eman diezaiegun jai hauei euskal giro bat baina, klase kutsu batez beterik.

GRAPOko jendea abokaturik gabe

GRAPO, ezkerreko indar bat dugu. Nahiz eta alderdi askok eta informabideek CIA eta honelako erakundeek menderatzen dutela esan, ezkerreko indar bat dugu.

 Talde honetako jende asko dugu espetxean; baina, jendea ez da honetaz gehiegi arduratzen. Egia esan, gero eta gutiago arduratzen da jendea gai honetaz. Politika eta honetan parte hartzea moda bat izan dela edo dela dirudi. Burrukalari asko dago gartzelan baina gutiegi arduratzen gara beraietaz. Askoz ere errazagoa da beste gai batzuetan saiatzea. Eta... zer gertatzen da orain? GRAPOko jendeak ez duela abokaturik aurkitzen. Hau aipatzerakoan, bi puntu bururatzen zaizkit eta kontutan hartzekoak direla uste dut:

Alde batetatik beldurra dugu. GRAPOkoen defentsa hartzen duen edozein abokatu atentaturen bat sufritzeko arriskuan jartzen da.

Bestalde eta prentsak askotan esan duenez,: ezkerrekoak ez direnez... eta badira ere... guztiz maneiaturiko mugimendu bat denez...

 ETAko jende asko dago gartzeletan eta horiek bai. Herriaren alde burrukatzen dira. Eta egia da. Herria askatzeko dituzten ideiak praktikan jartzen dituzte. Eta herriaren semeak dira. Nire ustez, GRAPOko beste jende hau ere beraien eritziak aurrera ateratzeagatik daude espetxean eta herriaren semeak dira hauek ere.

Noizko utziko honenbesteko lelokeriak eta herriaren alde burrukatzen diren guztiak behar bezala defendatzen? Nahiz eta dituzten ideiak ez onartu bere osotasunean?

Garraio publikoak

"ETORRI GUREKIN. ENERGIA AURRERATU". Hauxe dio TUGBSAko zenbait autobusetan ipini duten txartelak. Hau, benetan, eta interes pribatua kanpoan utziz esanen balute, kontutan hartzeko gauza litzateke. Baina,... zer gertatzen da?

 TUGBSAk eskaintzen digun zerbitzua gutiegi gertatzen dela Bilbon. Gutiegi eta, gainera, txarra. Horretaz gainera, oso garestia dela esan behar dugu. Estatu guztian, bere zerbitzuak eskaintzen dituztenen artean, garestienetakoa.

 Eta zer esan nahi du honek? Erantzuna oso sinplea eta erraza da: Energia, agian, aurreratuko dugu; baina, dirua ez. Zerbitzua garestia izatetik at txarra gertatzen denean...

Urte honetan, badirudi TUGBSAk ere krisiaren ondorioak sentituko ditu.

Diotenez, aurten, % 5 gutiago sartzen da autobusetan. Eta, nire ustez, ez da batere harritzekoa. Ez duzue uste?

Pentsa ezazue, Santutxuko hauzotik Bilbo erdira jaisteko bidaia oinez egiten badugu autobusa baino lehenago helduko ginatekeela...

Egia esan, erosoagoa da autobusez jaistea; baina, presaka bagabiltza...

Kutsadura

 Egun, kutsadura, gure lagunik handiena da. Eta ez, prezeski, asko maite gaituelako, egunero jasan behar dugulako baizik. Eguraldi ona egiten duela eta gainera haizerik gabekoa, hor dugu, inoiz baino indartsuago, gure laguna. Indartsuago eta zikinago.

Lantegiek, batez ere kutsatzaileek, ez diote horri konponbide bat bilatuko errezagoa baitzaie. Eta askoz ere merkeagoa; hau zuzentzeko makinak edo behar diren tresnak erabili beharrean, jartzen dizkien mundak ordainduz, kito! Egia esan, beharbada, guk ere berdin eginen genuke.

 Administralgoari ez zaio minbizi honekin bukatzea interesatzen. Eta, bitartean, gu eta natura osoa izorratzen ari dira. Berdin zaie jende bat hil edo gaisotzen bada. Beraientzat errentagarria den bitartean... Azkenean ezingo dugu arnasarik hartu ere; baina, mozorro antigas horietakoak dituztenez eta kutsadurarik gabeko tokietan bizi direnez gero, ez zaie, honelakorik heltzen.

Eta gainera, Lemoizen zentrala ipiniko digute.

Katalunian telebista, irratia, prentsa: eta guk?

Aurreko egunetako EGIN egunkarian erdiko horrialdeetan gai hau agertzen zaigu eta komentario tipi bat merezi duela uste dut:

Katalanek, beren hizkuntzaz, katea oso bat dute irratian, egunean zehar; hiru edo lau programa telebistan eta, zenbait egunkari ere, katalanez bakarrik argitaratzen dute. Gauza hauek beharrezko jotzen ditut hizkuntza baten eguneroko bizitzan.

Baina..., zer dugu guk? EZER EZ!!! Bi aldizkari, ANAITASUNA eta ZERUKO ARGIA, euskara hutsean irteten dira. Irratian saio tiki batzu euskaraz egiten dira; baina, nolako euskara? Telebistan ez da euskara finolatzeko ere azaltzen. Nola nahi dugu, honela, euskara salbatzea? Telebista bitarteko garrantzitsu bat da. Irratia, nahiz eta honen parean ez egon, bere garrantzia duen zerbait da ere. Eta egunkari eta aldizkariak bi hauen osagarri interesgarriak dira.

 Ez duzue inoiz pentsatu, telebistan haurrentzat diren programak euskaraz izanen balira, hizkuntza honetaz baliatzera bultzatuko genituzkeela beren jokoetan?

 "Abeja Maya", "El perro de Flandes" eta honelako programak euskaraz izanen balira, haurrek, hauetan agertzen diren pertsonaiak beren jokoetan sartzean, euskaraz eginen lukete erdaraz egin beharrean. Eta euskarari begira, honek, sekulako garrantzia du.

Orain arte, euskararen alde egiten ari garen lanarekin honen hilzoria luzatu besterik ez dugu egiten. Honelako medioak (telebista batez ere) bagenitu, birpiztea lortuko genuke. Bestela, hor dugu Israelgo esperientzia.

 Noizko bihurtuko zaigu egia bat?

Urte berri, bizimodu berri

 Honela dio erdal errefrau batek; baina, zenbaiten kasuan ez dio egia. Nola esan dezakegu hori alokairua hilaren azkenera heltzen ez bazaigu? Eta hori, ihaz gertatzen zitzaigun eta aurten, honela edo antzera gertatuko da.

 Ba dirudi esaera hau aberatsentzat bakarrik sortua dela, zeren gure eskuekin lana egin behar dugunontzat...

 Beste alde batetik begiratzen badugu berriz, egia bihurtuko zaigu:

 Alokairuak berdintsuak baina berriak izanen dira; zerga berriak, langabezia berria; eta azken batez, greba berriak, poliziak emanen digun egurra ere berria...

 Dena izanen da berria, gu ezik. Gu, betikoak izanen gara.

 Ez duzue uste? Hala izan bedi eta Jaungoikoak aitortza egin ondoren harrapa gaitzala.

Amaigabeko roiloa

 Uste dudanez, hauxe da ikutuko dudan gaiari ezar diezaiokedan izenbururik egokiena.

 Bilboko metroaz idatziko dut, oraingo honetan.

 Aspalditik ari dira egunkariak gai honetaz. Erakunde ofizialek ere, adierazpen ugari egiten dute; baina ez da egia bihurtzen. Hamaika kalkulu egin dute; presupostuak ere askotan irakurri ditugu egunkarietan; baina, ez dute, orain arte atzamar bat ere mugitu. Esne saltzailearen ipuina bezalako zerbait da: Metroa egin ondoren ez dugu garraio arazorik edukiko. Eta gu, hiritar zoriontsuek, pozik geldituko gara. Eta eperrak janez, zoriontsu bizi ziren! Eta, nire barrabilak hogeitamairu! Nork sinesten du gaur egun hori? Nik, behintzat, ez!

Errealitateak dioenez, Estatuko garraiorik garestien eta txarrenak ditugu. Orain arte egin dituzte projektuetan ez dute zerbitzu minimo bat garantizatzen. Fameli elkarteek beren projektua eskaini zuten baina, seguraski, ez dute onartuko eta aspalditik, paperontzian egonen da. Hori bai: metroaren gastuak, azken batez, guk bakarrik ordainduko ditugu eta, beti bezala, nola ez!, Sozietate Anonimo bati emanen diote bere esplotakuntza. Honela, azken hau garantizaturik geldituko da, zalantzarik gabe. Bestela, hor dugu TUGBSAren adibidea. Baina, lasai: Dirua gure poltsikoetatik irteten den bitartean ez dago inolako arazorik.

 Ordaintzen dugun bitartean...!!!, irabaziak lortuko dituzte eta beste guztia lelokeria bat da. Esan dut"!


Nazioartekoa

Iran-go krisia, Europa eta Mendebaldearen krisia?

 Bi urte izango dira Iran etengabeko notizia dela. Berrien agentziek egunero zabaltzen dituzte Iran-go gorabeherak. Azken aste hauetan hazi egin da oraindik Iran-go notizi ugoldea. Estatu Batuen eta Iran-en arteko krisia bizitu egin da. Sha, New York-eko klinika batetan minbiziak jota zegoen bitartean, honen extradizioa eskatuz, Teheran-go enbaxada hartu zuten unibertsitariek. Bertako pertsonala bahitu egin zuten. Khomeini-k berak pertsonalki gidatu du ekintza hau. Krisia harmaz ez ote den konponduko beldurra dago.

 Bien bitartean Meka-ko mezkita gerrilero batzuek hartu zuten. Ez dakigu zeintzu ziren garbi. Khomeini-k inperialismo amerikanoa eta sionismoa daudela horren atzetik salatu zuen. Azio horren kontrako erreakzioz Estatu Batuetako enbaxada erre egin dute Islamabad-en, eta Karatxi-ko kontsulatu amerikanoa asaltatu, Pakistan-en.

 Zer gertatzen zaie islamdarrei?, galdetzen dugu harriturik. Zoratu egin al da Khomeini, enbaxadako pertsonalaren bahiketa ontzat eman eta tamaina honetako krisi mundialari su emateko? Khomeini eta honen errepublika islamdarra ero baten asmazio zoro eta anakronikoak direla esatea da errazena. Gertakizun horiek ez dago, ordea, anekdota soil bezala ulertzerik. Zorakeria horiek, diplomaziaren eskema denak apurtzen dituzten jokabide horiek, beren testuingurua dute. Zapalkuntza, umilazio eta adarjotze tragikoen katea luzearen testuingurua. Errazegia da Khomeini, "irrazionalaren eskalada" eta "erreglarik gabeko jokoa" egiten ari dela esatea, esan den bezala. Erregla guztiak errespetatuz, Europak, bidegabekeria, irain eta barre kontaezinak egin badizkio hainbat herriri, ez dauka arrazionalismoaren erreinuko giltzaren esklusibarik duela pentsatzeko eskubiderik. Arazoa ez da zoro eta sano kontua, zapaltzaile eta zapalduarena baino.

 Hala ere, galde daiteke zein interes duen Khomeini-k, Iran-ek gaur dituen problema ekonomiko, politika, sozialak ikusirik, Ipar Amerika horrela desafiatzeko. Distraizio operazioa al da, iraultza islam-darraren arazoak ahantz arazteko? Edo prestijio operazioa, errejimena sendotzeko? Bitatik egongo da noski, Sha ekarri, epaitu eta garbituz, eskarmentua eman eta justizia egiteko desio horretan. Baina Sha-ren errejimena kastigatu, Savak poliziako torturatzaileak ajustiziatu eta gero zer? Zein alternatiba erreal dago? Alkohola eta salapestak debekatuz, emagaldu, adultero, homosexual eta konpainiarekin akabatuz bakarrik ez dago herri bat jasotzerik.

Khomeini-ren iraultza ez da Iran-go mugetan kabitzen. "Gure iraultza islamdarra da Irandarra baino gehiago; mundiala, errejionala baino gehiago", deklaratu du Khomeini-k oraintsu. Iran, gaur, herri islamdarraren egunsentia da. Islamdarren elkarte mundiala edo Umma osatzen duten ia 800 milioi jendek arraza eta sistema politiko nahiko desberdinetakoa, gogoz txalotzen du Khomeini.

 Iparramerikari eta Europari ematen ari zaien lezio eta jipoiagatik.

 la azken bi mendeotan herri islamdar gehienak Europaren kolonia bihurturik zeuden. Lehenengo gerra mundialaren amaieran lau bat herri izango ziren independienteak: Yemen, Arabia Saudi, Iran, Afganistan eta Turkia. Azpiratuta, inoren mende zeuden, Europaren jakintzaren eta progreso historikoaren izenean. Ekialde hurbileko petrolio aberastasuna, Afrikako nazioen susperketa politikoa eta, orain, Iran-go iraultza, dira Islamdarrei burua altxatzeko kemena eman dienak.

 Iran-ek gertatutakoa, itxaropenaren egunsentia bezala kantatu dute Indonesia-tik Sahara-raino, Sobiet Batasunetik Zentroafrikaraino.

 Azken mendeotako kolonialismoak eta honen interesetan eraikitako ideologiak Islamdarren atzerakoikeria, utzikeria, alferkeria, denok irentsi ditugun topiko izan dira. Gure burutako eskemetan begien bistakoa zen, eta da agian, arabitarrak ezjakinak eta jakintzaren etsai direla tradizioz, erlijioz eta kulturaz; baina Europako errenazimenduko zientzi pizkundea ez dago arabitarrik gabe esplikatzerik. Beren erlijioagatik alferrak, utziak, pasiboak omen dira; baina Mahoma hil (1632) eta ehun urte baino lehen, Espainia-tik India bitartean zabalduta zeuden.

 Eta ondoko mendeetan Asia muturreraino eta Afrikaren bihotzeraino eramango dute komertziante misiolariek Islam-aren mezua. Eta mendetan dardara batean edukiko dute Europa arroa. Islam erlijio unibertsal gazteena da. Eta, gaur, jarraitzailez bigarrena, ia 800 miliorekin, kristautasunaren 950 milioien ondotik. Atzerakoiak omen dira, eta era guztietako arte lan jenial, harrigarri, ikusgarriak utzi dizkigute. Ideologia koloniala gezurretan ari da, bada, tamaina horretako aleak zabaldu dituenean.

 Egun, familia islamdarra, diferentzia guztien gainetik, burua altxatzen ari da. Sobiet Batasunean bertan indartuz doa Islam-a. Umma osatzen duten herriak desberdinak dira: Sobiet Batasunean, komunistak; Irak eta Libia-n, sozialistak; Arabia Saudi eta inguruko emiratoetan, erdi feudalak. Elkarren artean liskar eta gatazkarik ez da falta: Pakistan-Bangladesh, Irak-Arabia Saudi, Egipto-Libia, Argelia-Marruekos, Marruekos-Sahara, etab. Baina elkarte, komunitate, sentitzen dituzte beren buruak. Elkarri laguntzen diote.

 Mendebalak proposatu, eta inposatu dion eredu ekonomiko-sozialaren kontra, beren tradizioan txertatutako, beren kultura jatorrean itsatsitako modelo ekonomiko, politiko soziala egin daitekeela uste dute herri Islamdarrek. Errepublika islamdarra ez da klase erlijiosoaren teokrazia atzerakoa, anakroniko eta krudelaren ezarpena sendotzeko aitzakia soilik. Hortatik zenbat eta zer dagoen ikustekoa izango da. Ez dago dudarik, ordea, Europa eta Ipar amerikaren aurkako mugimendua, hauek ezarri nahi izan dioten progreso modeloaren kontrako altxamendua dela. Mendebalak sortu duen zibilizazioa eta honen balioak ez dira haientzat egiten direnak. Musulmanak kontra badaude mendebaleko progresoak sortzen dituen familiaren egituraren ondamendiaren, erlajazio moralaren eta bizimodu sekulartuaren kontra daudelako da. Baina eskolak, hospitalak, teknologia, laborantzako teknika berriak, ur problema konpontzeko sistemak nahi dituzte. Guzti hau dago errepublika islamdar guztien azpitik. Islam-ak gaur bizi duen pizkundea, gazteengan duen erakarmena, mendebaleko zibilizazio modeloaren aurkako erreakzioa da, puska on batean.

Khomeini ez da jendoldeak erabiltzeko mito merkea bakarrik. Hirugarren munduko islamdar familiaren erreibindikapenen ikurrina da. "Jainkoaren zeinua", Ayatollah hitzak berak esan nahi duen bezala.

Aste hauetako Iran-go krisi honetan hirugarren gerra mundialaren zantzuak dakusate batzuk. Ez dut horrelakorik uste. 1973an hasitako petrolioaren gerrari buruz honuzkero zerbait ikasita daude Europako estatuak. Ba dakite zintzurretik hel diezaioketela Europari petrolio putzuen jabeek nahi dutenean. Horrelakorik egin baino lehen hobeto pentsatu beharko badute ere. Egia da Khomeini bezalako elementu bat igargaitza dela. Baina Khomeini eta Carter-en arteko pultso apustu hau geroagoko borroka haundiagoen entrenamendu eta prestakuntza izan daitezke. Bitartean segurua da petrolioaren prezioak gora egingo duela, eta ekonomi krisi mundiala ez dela samurtuko.

 Europak eta mendebalde aberatsak, inozentearen, errugabearen kontzientzia dute. Kontzientzia hau berdin du eskubiak eta ezkerrak, goi burgesiak edo multinazionalak eta langileriak. Munduaren erdi eta jabe izatea tokatzen zaiolakoan dago mendebaldea, eta lehentasun horri eusten, era batera edo bestera gogor saiatuko da. Baina hemendik aurrera bere historiaren kontzientzia txarrik sortuko dionik ez da faltako. Herri zanpatuen haserrearen trumoiak gero eta indartsuago entzuten dira. Ekaitza lehertzen bada babes eta aterperik bazterretan aurkitzea ez da samurra izango. Allah eta honen atzoko eta gaurko profetek ez dute azken hitza oraindik esan.

M.P.


Elkar Ikuska

Kataluña: urtebete elebitasun irakaskuntzan. Ernest Sabater-ekin hizketan (1)

 ANAITASUNA.— Urtebete iragan da elebitasun-dekretua eman zizuetela. Egingo zenuke balantze bat?

E.S.— Jakina denez, Dekretua berandu atera zen eta beharreko ziren bideak eman gabe, ez dirutan eta ez irakasletan. Hamaika aldiz atea jo ondoren, 1978.eko Ekainean onartu zen Dekretua Irailean agertu zen eta Ministergo Ordenaren zain egon behar izan ginen, haren osagarri, zer egin behar genuen jakiteko. Esan beharrik ez da, trasladoak egiteko ez zuten kontutan hartu maisu-maistrek katalanez zekiten ala ez, eta oposizioetan katalanez jakiteak ez zela punturik ematen. Ateka hartan, behin-behineko soluziobidea hartu zen: bost urtetarako, oraingo tituluak dituzten katalan irakasleak kontratatzea. Baina hau hein urri batez burutu da, premiei gagozkiela ez ezik, baita lanean ari zirenei ere (600 baina gehiago iazko urtean): Ministergoak 350 kontratatu ditu soil-soilik eta Barcelonako probintzian batez ere. Horra zer gertatu den, bestalde: Lleidako Delegazioak ez du irakaslegorik kontratatu, maisu-maistrak aski zirelakoan...

Memento hauetan, dato ofizialen arabera, katalanaren irakaskuntza ikaslegoaren % 72-ra iristen da; zifra hau, kuantitatiboki, ez da egiarekin inola ere uztartzen, eta kualitatiboki zer esanik ez!

 A.— 1979-80 ikasturteari begira, nola ageri zaizkizu gauzak?

 E.S.— Egoera honek iraungo du, segur. Beste Dekretu bat agertu zain gaude: Eskolaurre eta EGBko zerbitzuen Generalitat-i pasatzearena (zenbait egiteko administratiboren pasatzea da, besterik ez). Dekretu hau duela sei hilabete onartu zen eta oraindik ez da agertu BOE delakoan. Aurrera pausu kualitatibo bat edo beste espero dugu BUP-mailan, zenbait Institutotan izango diren katedra eta agregaduriak hornitzeko deia iragarri bait da (baina oraindik ez da agertu): dirudienez, lehenengotan aurrikusi zirenetarik parte bat bakarrik hornituko da.baina lehendabizikoz katalan irakasle numerarioak izango dira, aurtengo ikasturtean (1978-79) lortu zen gauza bakarra PNN direlakoak kontratatzea izan zelako, kasu bitxi hauek, gainera, ematen zirelarik: eskalafoi eta lehenagotasunagatik batzutan katalana irakasteko gai ez ziren zenbaiti eman zitzaiela postua.

 Gauzak horrela, ez dugu espero irakaslego espezializatu gehiagoren kontratatzea: iazko abenduan burutu genuen 200 irakasle izen lerrokada bat eta dirudienez ez da onartuko. Kontua orain hau da: recyclagea jarraitzen duten maisu-maistren bideak eta ea ahal eta nahi duten, zeren memento honetan berez beharreko dute ikasleek katalana, baina maisu-maistrek ez dute beharreko jakitea ez irakastea ez recyclagea jarraitzea.

 Director General d'Ensenyament deritzanak berak aitortu du hurrengo bi urteetan ez dirudiela oraingo egoera hobetuko denik, eta zerbait esan dugu egoeraren latzaz.

A.— 1979-80 ikasturterako zer espero duzue?

 E.S.— Oraintsu aipatu dugun Director General horrek aitortu duena espero dugu, besterik ez, horixe bait da egia, eta egia beti da aitor ofizialak baino apalagoa. Bada, bai, beste alor bat, guztiz garrantzitsua, eta bertan ari gara jo eta ke DEK-ekook (Delegació d'Ensenyament Català), gure pedagogi saila, katalanaren irakaskuntza eta eskola osorik katalana maila guztietan bultzatzen duena: guraso eta ikasleen artean zabaltze-lana, Dekretuak eskaintzen dituen bide guztiez hobekienik baliatzeko. Izan ere, Dekretuak katalanaren irakaskuntza legeztatzen du, bai, baina hiritar kementsu eta ohartuei bakarrik dagokie bultzatzea den-dena irakaslego eta guraso-elkarteen esku gelditzen bait da. Berehalako gure eginkizuna hau da: kontzientziatze-lan hori; dagoen materialaz informazioa (materiala, bidenabar esanda, zinez ugaria da orain, agian ugariegia eta argitaletxeek itsu-mustuan argitara emana); baita jakinaraztea zein ikastetxek ematen duten irakaskuntza hein handi batez katalanez (osorik gutxi dira), eta Dekretuaren aplikapena zaintua. Ez dugu ahaztu behar hobetu behar dugula, ahal den neurrian, oraingo egoera eta Estatuto ganorazkotxoa izango dugunean eta irakaskuntz zerbitzuak geure eskuetan, normalizapen beterantz aurreratu beharko gara Normalizapen hori, ordea, oraingoz oso urruti ikusten dugu.

A.— Zer postura dute maisu-maistra katalanek eta espainolek?

 E.S.— Erabat hartuta, onarpen-postura izan da, edo gutienez ez dute kontra ihardun. Beste gauza bat da zenbatek hartu duten parte katalanaren eta katalanezko irakaskuntza zabaltzean. Recyclagean zenbat aritzen direnen arabera neurtu behar bada, esan dezakegu biziki ongi gaudela: azken hiru urteotan recyclagea ematen zen ICEetan, extra-ofizialkiago, eta Kataluñako 6.000-7.000 maisu-maistra pasa dira hortik, hots, % 20. Erabat hartuta, pedagogi edo hiritar kezka ez duten maisu-maistrak, bestela esan, funtzionario publiko edo entrepresa pribatuaren soldatapeko hutsak sentitzen direnak, postura pasiboan aurkitzen ditugu, norbait katalana irakastera joan zain, Generalitat-ek edo Urliak aginduz gero, beraiek ez bait dute inolako akuilu profesional ez ekonomikorik lan handiago hartzeko.

 A.— Zer harremanak dira DEC eta Generalitat-en artean?

 E.S.— DEC-ek hartu du parte azken sei urteotan eskolak ikastetxeetan antolatzen eta irakasleak prestatzen duen esperientziarekin. Honetan, Generalitat egia bihurtzeko eta sendotzeko profesio-alor eta talde politikoek duten jokabidea jarraitzen dugu. Gure Koordinadore nagusia eta Pedagogi Zuzendaria, Joaquin Arenas-ek, oso lan eraginkorra egiten du SEDEK-en (Servei d'Ensenyament del Català), Hezkuntza eta Kultur Kontseilaritzan dagoen Sail bat. Oraingoz, Sail honek zabaltze eta koordinatzea du bere egitekoa, Ministergoarekin batera, Ministergoa izanik, gaurkoz, legez irakaskuntza guztian agintari. Hala ere, gu geure kasa gabiltza eta aitzindari gara lehen aipatu ditugun eginkizunetan: bultzatze eta kontzientzia eragitean. DEC-ek badauzka lehengo zerbitzuak lanean: Pedagogi Taldea, Kontsulta Zerbitzua, Hitzaldiak, eskolak katalanak bihurtzeko argibidetasuna, biblioteka, material erakusketa, hiloroko deia, eskualdekako koordinakundea, eta abar. Orobat asko da guri dagokiguna maisu-maistren recyclage-ikastaldietan, programak burutzean eta hizkuntza eta didaktika eskoletan ICErekin batera Barcelonako Unibertsitatean.

A.— Zer egoeratan aurkitzen da katalana komunikabideetan?

 E.S.— Ez da guti azken urteotan aurreratu dena. TVE-k ordubete ematen du egunoro katalanez 1.30tik 2.30ra, larunbat eta igandeetan ezik, eta gainera arratsaldeetan bada beste programa bat, bigarren kateatik, Madrileko programazioa bukatuta, gauean berriz ematen dena. Honek aski dirudi, ez da hala?, baldin Euskal Herriko egoerarekin, zuek duzuen huts-hutsarekin, konparatzen badugu. baina oso urruti gaude telebista normal batetatik. Arratsaldeko programak ez dira jende askorengana iristen, ezta ere gaueko errepikapenak, ematen diren garaiagatik edota lehen katean. programa interesgarriak ordu berean ematen direlako. Gainera, oso maiz, programak ez dira ematen, edozein retransmisio dela kausa eta inolako begiramenik gabe: zezen-korridak, zaldi-, auto-lasterketak, dena delakoaren partidak... horrek guztiak lehentasuna du. Gainera, jai-egunetan ez da katalanezko emankizunik.

Irrati andana batek gero eta katalanezko edo bihizkuntzako emankizun gehiago ematen dute, batzu benetan diglosikoak. Inportanteena da, bi urtez geroztik, Radio Quatre-ren aritzea, FM-irratia, Barcelona eta aldirietan bakarrik entzun ahal dena, Radio Nacional-en menpekoa, katalan hutsez ematen duena (atsegingarri zaio hau azpimarratzea, behin eta berriz, guztiz harrigarria balitz bezala). Ahozko komunikabideetan erabiltzen den katalana benetan eskaxa da eta ez du hobetzeko itxurarik. Koartada gisa, RTVEk katalan ikastaldi batzu antolatu zituen doan: oso profesional guti joan ziren, lan orduetatik kanpo ematen bait ziren eta gainera ez zen inolako obligaziorik ez akuilurik joateko. Ez nuke garbizalekerian erori nahi, baina pentsatzen dut katalana oso formalizaturik dagoela eta kultura gabeko jendeak sekulako kaltea hartzen du gaztelaniatik egiten diren itzulpenak direla kausa, batez ere berri-emankizunetan. Irrati eta telebista emankizunak pronuntziazio, doinu eta bestelako akatsez josiak daude.

Prentsari dagokionez, AVUI egunkaria larri dabil oraindik ere, 30.000 ale inguru saltzen dituelarik. Egunkari hau, oraintsu arte katalanez argitaratzen zen bakarra, oso eklektikoa da ideologiaz, guztiei zabaldurik egon behar delako, benetan gauza zail-zaila eta praktikan as tuna, eta horrek moteltzen du askotan

Duela zenbait hilabete, Gironan hasia da argitaratzen Punt Diari, 10.000 alerekin, eta badirudi oso harrera ona izan duela noizean behin edo aldizkako sailetan artikuluak edo gutunak katalanez. Astekarien dagokienez, Oriflata (Kristau Demokraziari hurbil) eta Arreu (PSUC-zalea) errekaratuz gero, L'hora (PSC-PSOE inguruan) sortu da eta Canigo-k dirau, independentistok eta Paisos Catalans-kontzientzidunek maite duguna. Katalanezko eskualde-prentsa erruz hazi da, aldizkari berriak agertu direlarik eta zirenak katalandu —osorik nahiz parte batetan—. Ez ditugu hemen aipatuko hiloroko edo noizean behingo aldizkariak, kultur maila goragodunak edo espezializatuagoak, hala nola literatura, arte, zinema eta abar.

Bukatzeko, puntu bat argitu nahi dut: hurbilen dudanaz aritu naizela, hau da, Kataluñaz, baina kontutan hartu behar dugu geure herri osoa, els Paisos Catalans. Pais Valencià-n eta Illes Baleares-en laster agertuko dira gurearen antzeko dekretuak. Horiek gureak baino oztopo gehiago izango dituzte. Eivissa eta Formentera, berriz, "Levante"ko zirkuitoan daude konektaturik, hots, País Valencià eta Murciarekin, eta bertan ez da katalanezko programa bat ere ematen. Katalanezko irakaskuntza Kataluñan baino askoz mugatuago dago dekretu aurrean eta indar erlazioan abertzaletasunak are pisu urriago du. Herrialde hauetako gune eragileak, ordea, askoz radikalizatuagoak daude. Ipar Kataluña, 1959z gero frantses administraziopean, asko frantsestu da, batez ere munduko bigarren gudatetik hona. Azken bost urteotan, jendea hasia da itzartzen eta horrek ematen digu esperantza: nortasuna berreskuratzeko sentipena zinen garrantzi handikoa da, dena nekazal, ekologi eta lurralde antolakizun problemekin loturik. Bressoles (—sehaskak, hots, umeentzako eskolak) sortu dira, Ipar Euskal Herriko ikastolen bidea jarraituz, lege bera bait dute, Frantziako irakaskuntza zentralistagoa eta nazioen hiltzaileagoa da eta.

Knörr, E.


Topaketa Feministak Granadan (1979.go abenduak 7, 8-9)

 Enteratu bezain laixter hasi zen gure burua lanean: "nola egingo genuke joateko? zer esan lantokian ostiralean ez azaltzeko? zenbat ordaindu beharko dugu? autobusez jipoi ederra, hegazkinez ere galanta...", eta aukeran, gure gorputzak sakelak baino gehiago eusten zuenekoan, ostegun arratsaldean autobusez irten ginen. Azken orduan, neska asko animatu ziren 7-rako greba ondo aterako zela sumatu zenean, hura bai izan zela emakume eta langile mugimenduen arteko konbergentzia efektibo bat!

Baldintzak onak zirela, eta guztiok Leioako esperientzia gogoan genuelarik, Euskal Herritik lau autobus joan ginen eta gainera automobil pila.

Nekatuak baina pozik iritsi ginen Granada ostiral eguerdian. Han, estatuko toki guztietatik etorriak topatu genituen. Arratsaldean, gehiago heldu ziren, larunbatean oraindik jendea zetorren... 3.000 inguruan elkartu arte.

 Antolatzaileak izututa, 1.000 baino gehiago ez baitzuten espero.

 Eta hasi ginen lanean, eman ziguten egitaraua jarraituz. Sistima, ondoko hau zen: Lehendabizi komisioak eratzen ziren. Gaiak ugari eta denbora falta, beraz, ordu berean gai desberdinak lantzen ziren, aukeratu behar! Batzorde bakoitzak bat hartzen zuen eta hasteko, gaiari buruz egindako ponentziak aurkezten ziren, gero, eztabaida. Bukatzean, batzordean esandakoaren sintesia egin, eta asanblada orokorrera joan. Hemen, komisio bakoitzak bere lanaren informaketa ematen zuen, eta kito. Ez zen eztabaidarik.

 Ostiral gauean ez geunden oso pozik. Antolaketari diziplina gogorregia ikusten genion. Honek, eztabaida asko mugatzen zuen, hain emankorra izaten den berezkotasunari ateak hitxi egiten zizkion.

Batzordeetan jende gehiegi batzen zen, gai bakoitzarentzat bat besterik eratzen ez zenez. Arratsalde batean lau gai lantzen baziren, hiru galdu behar genituen derrigorrez, edo bestela, saltoka ibili batzorde batetik bestera... Asanblada orokorrean, gai guztiak agertzen ziren, baina ezin genuen hitzik ere esan.

Horrela, gaiak sakondu eta berritu beharrean, ponentzia erakusketa bat besterik ez genuen lortzen, eta ez zen hori, gure ustez, feminismoak Granadatik atera behar zuena.

Baina antolaketa, hain zehatza eta bukatua azaltzen zigutenez, ez zen erraz aldaketa bat bertan lortzea.

 Giroa ez zen ona.

 Larunbatean, emakume batzuek "independenteei" bilera batera dei egin zieten, eta guk geure burua independentetzat jotzen dugunez, hara joan ginen.

 Bilera honen helburua zera zen: topaketa hauen abialdia aztertu, kritikatu eta irteera bat bilatu. Eta zergatik arazo hau dela eta independenteei zuzendu deia? Bilerazleen eritziz, topaketa hauen eraketak, feminismoaren ikuspegi konkretu bati dagokio, alderdien interesen zerbitzuan jartzen den feminismoari, hain zuzen ere. Baina bilera honetan onartu zen bezala, bereiztasuna ez dago alderdietako eta independenteen artean, posible baita emakume batek alderdi batean egon arren, pertsonalki, beraz, independenteki jokatzea mugimendu feministan, eta hauxe esaten zigun PSOE-ko emakume batek, alderdi "masculino-mixto" —bere hitzetan— batean egonda, zergatik zegoen gure artean esplikatzeko.

Dena dela, han ez zen antialderdikeriarik edota antitopaketarik azaldu inoren aldetik. Kritika bat egin zen, baina gauza hobeagotzeko asmoz. Erabaki zena hau izan zen: topaketak emankorrak izan zitezen, egitarauaren aldaketa bat proposatzea, asanblada orokorrean irakurriko zen agiri baten bidez. Eta hala egin zen.

Ia 300 emakumek izenpeturiko agiria irakurri ondoren, erreakzioa ez zen ona izan antolatzaile batzuren aldetik. Topaketak boikotatzeko asmoa zutela emakume hauek esan zuten beste askoren artean.

Eta gauza ez zelako ondo planteatu, agian, edota ondo ulertu... penagarri izan zen emakumeon artean sorturiko erasokortasuna. Mingarria guztiontzat.

Eta guztiontzat izan zelako, ordu batzu geroago berriro asanblada egin genuen eta giroa lasaitzeko ahaleginak egin ziren guztion aldetik.

Lortu genuen, eta larunbat zail hark bukaera ona izan zuen. Gauez, kantaldia izan genuen Marina Rosell, Elisa Serna eta Mallorca-ko neska batekin. Gero "Plaza Nueva"-ra joan ginen eta festa polita egin genuen... rumbak, sevillanak eta denetatik dantzatzen.

 Igandean lan interesgarria eraman zen lurrera, egitaraua asanblada orokorrean erabaki ondoren. Antolatzaileek, kritika ez zihoala haien aurka eta guztiok eskertzen geniela egindako lan guztia ikusi zuten, eta proposatzen zen aldaketa kontuan harturik beren jokaera aldatu zuten.

Problemak antolaketa aldetik konkretatu ziren, baina funtsean, arazoa sakonagoa da, eta feminismoaren egoera teorikoaren ispilu izan ziren topaketa hauk eta bere prolema guztiak.

Eztabaidaturiko gaiak

 Ponentzia gehienek, orain dela bost urtedanik feminismoa dadukan teoria ez zuten gainditu. Gaiak ere betikoak izan ziren: amatasuna, heziketa, familia, feminismoa eta klase borroka, emakumea eta komunikabideak, legea, lana sexualitatea, abortua, antisorgailuak...

Hauek, ideiologia aldetik ez digute aurrerapenik eskaintzen, nahiz eta interesa eduki, datuak jaso dituztelako eta esperientzia berriak kontatzen dizkigutelako.

Sakontasunez ikuspegi berri bat ematen dizkigutenak, Gretel Amman-ek egindako biak dira gure eritziz: "Sobre los conceptos utilizados en el feminismo". eta "Como lesbiana contra la nueva moral feminista".

 Lehendabizikoan, analisi marxistan finkaturik dagoen estrategia feminista kritikatzen du: "Lehengoen prestigio historikorik ez duten, eta hasieran batzuetan komunikatze zailtasunak sortzen dituztenez, etengabeko argitzea exigitzen duten termino berriak asmatzeko beldurrak, gure irudimena nagikeriara bota du. Eta ez hori bakarrik, gainera, termino marxisten erabilpenak, nik nefastutzat ditudan botere hartzeari buruzko ideietara eta eskema iraultzaile tradizionalera eraman du kontsekuenteki". "Ez dugu gizonen arloa hartuko, desberdinak garenez ez zaigu ezertarako balio eta. Gurea birreskuratu (eta ez hartu) egingo dugu. Botere hartzeak ez du ezertarako balio; gizonen munduan integratzea eta gizonezkoen boterea mantentzea eta birsortzea besterik ez da. Boterea, norberak —gizon edo emakume— bere arloa izatean deuseztatuko da". "Ezin dugu praktika, gure barrengo bizitza, teoria eta analisietatik bereizi. Ez dugu sinesten etorkizunerako iraultzarik, prometaturikoa, abstraktua, gezurrezkoa... Egun bakoitzean, une bakoitzean inposatu behar dugu geure aldaketa eta geure bereiztasuna, gurea den eta dagokigun arloa lortu arte" Bigarrenean, feminismoaren dogmak salatzen ditu. Bera, lesbiana bezala mintzatzen da eta zera esaten digu: "Ondoko eskema pobreak erabiliz: 'ez dute gizonen beharrik', 'emakume artean bizi dira', 'beren sexualitatea ezagutzen dute', 'pasan de penetración', etab., etab... botere feministaren goimailan jarri. gintuzten, geure gaitzerako eta guztion gaitzerako".

Gero, balore hauen ezartzearen ondorioak aztertu eta eragozten ditu: emakume batzuek, sentitu gabe, beste emakumeekin harremanetan jartzea, hau lortu ezin dutenek lesbianen aurka duten jokaera eta lesbianei, eman zaien rol hau bete dezaten, egiten zaien exigentzia. "Inposatzen zaigun kodigoak, plazerra eta atsegina arrazoi bakartzat zuen zerbait, jarrera politiko bihurtu dut".

Alderdi feministak ere zenbait ponentzia aurkeztu zuen. Lan teoriko interesgarria ari dira egiten estrategia feminista oso bat helburu bezala dutelarik. Marxismoaren sustraietatik abiatzen direnez, emakume askorengan ez dute konfidantzarik sortzen, eskema klasikoak birsortzen ari omen direlakoan.

Estrategia baten beharra

Harrigarri gerta zitekeen aipaturiko independenteen bileretan honelakoak aditzea: "Independenteok erakunde bat behar dugu; alderdikoek azpiegitura bat dadukate, mugimendura etorri baino lehen beren bilerak egiten dituzte eta bere parte-hartzeak guztiz, prestaturik ekartzen dituzte; horrela, gure eritzi pertsonalek ito egiten dituzte", "BENETAKO estrategia feminista bat behar dugu".

Alderdien efektibotasunaren aurrean, independenteek marginaturik ikusten dute beren burua. Elkartzeko beharra sentitzen dute, estrategia batena ere bai. Baina orduan, ez lirateke gehiago independente izango...

Estrategia osoa feminismoan bilatzen ez duten militanteek aski dute mugimendua egiten ari den sindikalismoarekin (abortua, dibortzioa, eskubide berdintasuna...), baina gizarteari erantzun feminista bat eman nahi diotenek hutsune nabaria sentitzen dute une honetan, eta Granadan izan ziren gertakizun haien atzetik, prolema hau zegoen agian.

Emakume independenteen ezintasuna, alde onean, estrategia feminista baten ezean datza.

 Baina, nork esango du zein den BENETAKO estrategia feminista?

 Bide honetan abiatzen bagara, tendentzia desberdinak sortuko dira, normala eta positiboa den bezala.

 Eta desberdintasunak emankorrak izaten dira sort dezaketen erasokortasuna gainditzen bada.

 Granadan gainditu genuen. Horregatik, positibotzat jotzen ditugu estatu mailako IIgarren Topaketa Feminista hauk, dadukagun geratasun teorikoa gainditzeko oinarri bat izan delako eta desberdintasunak estali beharrean, gure arteko solidaritatea gorderik, agertu eta eztabaidatu ditugulako.

Mariasun Landa

Itziar Urtasun


Gaiak. Zientzia

Noizko Euskal Herriko zerbitzu geologikoa? Hidrogeologiazko II sinposio estatalaren berri

 ...No importa tanto el saber como el aplicar lo que se sabe para la transformación del mundo... (Euzkadi 1984-Beltza).

 Hospatu berria de Iruñean, Urriaren 22tik 26ra, Hidrogeologiazko II sinposio estatala, AGE-k (asociación de geólogos estatales) bultzaturikoa.

 Honelako sinposio baten helburua Hidrogeologiazko arlo honetan lan egiten dutenek (Unibertsitateetan, entrepresetan, erakunde ofizialetan) beren era guztietako azterketak elkarri aurkeztea da.

 Zer esanik ez! Batzen direnen artean arlo honetako "lorea" aurkitzen da, beste era batean esanda, kazike guztiak, eta hau guztiau nabarmena da.

 Beharbada, Hidrogeologiak zer besarkatzen duen esatea interesgarri izango da irakurlegoari begira. Gainetik esanda, HIDROGEOLOGIA lurrazpiko urak betetzen duen zikloa aztertu, neurtu eta kontrolatu egiten duen zientzia da. HIDROLOGIA-k, berriz, lurgaineko ura hartzen du gaitzat. Bi zientziok batera behar dute jo herrialde baten plangintza arrazionala egiterakoan.

Inork ezin uka lezake zientzia hauek daukaten garrantzia, batez ere gaurko egoera zein larri den ikusirik (uraren kalitate txarra, kutsadura, hustirakuntza irrazionala...).

Urak ziklo bat osotzen du, "ziklo hidrologiko" izenekoa. Ziklo hau zelan hobe ezagutu, zelan interpretatu, zelan kontrolatu eta zelan hustiratu eskari ARRAZIONALaren funtsean, hauxe da egin behar den lana, oraintxe bertan hasita: PLANGINTZA HIDRAULIKOA.

Gai honetaz, hain zuzen, ba zen sinposio honetan mahai-inguru bat; nahiko erroilo gertatu zela esan liteke baina hau "normala da", holako plangintza bat inguru sozial baten barruan (eta horrexegatik politiko ere) guztiz sartuta dugu eta. Arazoa hau da: Zein da plangintza hidrauliko horren markoa?

 Debate antzu honetan, batzuk "ziria" sartu nahi genuen, marko hori ahalik eta behereen dagoena dela esaten, hau da hibai baten arro naturala (Arratia, Durango, Gernika, Urola...) eta plangintza hori udalen mankomunitatearen bitartez egin beharko litzateke, kontutan hartuz, gaurregun, udala dela partehartzeko harmailarik baxuena. Orain arte irakurri ahal izan dugunez, arro batzutan mankomunitatea hori egina dago (Urola, kasu), batez ere kutsaduraren problemagatik. Baina man komunitate hauen lana ez da hau ba karrik izan behar, ur-errekurtsuak (lurrazpikoak zein lurgainekoak) ezagutu, neurtu eta kontrolatu egin behar dute ere erabilpen arrazionalaren funtsean. Puntu honetara helduta zarrastelkeria edo despilfarroari buruz luzaro hitz egin genezake, baina hortaz, zer esan? Esan dezatela hauzo elkarteek, talde ekologistek...

Teknika aldetik ikutu diren gaiak hauxek izan dira:

lurrazpiko urtegiak.- Puntu honek nahiko garrantzi handi dauka arrazoi batzurengatik:

 - urtegi bezala: ura artifizialki gorde eta metatzeko. Gauza interesantea, batez ere, epoka batzutan ur-falta duten herrietan.

 Amerikarrek ba dakite asko honetaz arabiarren petrolioa horrela gorde dutenean stock bezala.

 - Kondar urak gordetzeko toki egokiak dira ere. Baina hau ez da izan behar kutsaduraren kontrako partxea!

 Karstak: Euskal Herriko etorkizuna, uraren aldetik, antza denez, Karstetan daukagu (Aralar, Urbasa, Aizkorri, Itxina, Aramotz...).

 Horra hor gai honen garrantzia. Udalak eta Diputazioak hasi beharko lirateke karst guztien errekurtsuak ezagutu eta kontrolatzen plangintza jator eta globalaren barruan.

 Adibide bezala, Nafarroako Projektu Hidrogeologikoa dugu, bertako Diputazioak bultzatua eta urte askotan zehar eginda. Euskal Herriko beste eskualdeetan ere, derrigorrezkoa dugu projektuak.

 Geotermia: Zera da, lurrazpian dauden ur beroak erabiltzen energia lortzeko. Energi iturri hau munduko hainbat tokitan erabiltzen da jadanik Zelanda, Berria, Italia, Japonia...) arrakasta handiz.

 Euskal Herrian ba dago ur beroen iturririk: Urberuagan, Gernikan, Nafarroan... Hauen istudio sakona bultzatu egin beharko genuke.

 Kalitatea: Benetako problema gogorra gure gizarte madarikatu honetan.

 Horretaz ez dago berbarik esan behar, ikusi baino.

 Beste puntu batzu ikutu ziren: meatzeetako ur-problema, alubioiak, teknika bereziak: geofisika, geokimika...

 Materialerik nola edo hala ba dago. Falta dena, hastea baino ez da. Eta horretarako, prest egongo ote dira Euskadiko erakunde publikoak? Ez dago beste irtenbiderik plangintza arrazionala baino eta erakunde publikoak bultzaturikoa.

 Eta berriro diot:

NOIZKO EUSKAL HERRIKO ZERBITZU GEOLOGIKOA?

Iñaki A. Auzmendi


Gaiak. Politika

E.H.B.N. Kontraboterea jasotzen

 Ezker abertzalea eta Euskal Herriaren askatasun borroka aurrera doaz, biak batera. Eta bide horretan gero eta entzunago egingo zaigun erakunde bat dager: EUSKAL HERRIKO BILTZARRE NAZIONALA.

Kontraboterea

 Ezker abertzalea eratuz joan den neurrian, sozialismobideak planteiatzen dituen bidegurutze ideologikoekin aurrez aurre topatu da. Eta bidegurutze horietako batetan kontraboterearen ideia agertzen zen: hau da, herri langilea bere askatasun bidean sortuz doan botere erakundeak, zeintzuk jadanik adierazten baiute biharko nahi den gizarte era.

Euskal Herrian kontraboterearen sustraiak hemengo herri langileak agertutako autoeraketarako gaitasunean dautza: ikastolak, kultur ekintzak, amnistiaren aldeko gestorak, herri batzarreak, eta beste. Ezker abertzalean gaitasun hau beti izan da goraipatua, nahiz gero, koiunturaren arrazoiengatik edo bestegatik jende askok baztertu izan duen.

Herri Batasuna izan da ideia hau zabaltzen gehien egin duena. Aurreautonomiaren aurrean, Kontseilu Vascongadoaren aurrean, udal hauteskundeetan oinarritutako prozesu bat bultzatu nahi zuen, gero udal gizonek Euskal Herriko Batzarre Konstituziogile bat sortzeko asmotan. Hemen jadanik nabaritzen zen kontraboterearen ideia bat, Euskal Herriko kontrabotere bat. Hemengo "oposizioko" beste indarrek ordea, ba dakigu ez ziotela batere kasurik egin planteiamendu honi.

Udal Hauteskundeen aurrean berriro Herri Batasunak kontraboterearen ideia zabaltzeari ekiten dio: udaletan ez da sartuko berauen gestionatzeko, herri kontraboterea jasotzeko baizik, horretarako Hauzo Elkarteak, Herri Batzarreak, etab, bultzatuko dituelarik, herri ordezkaritza lor dezaten udala eta udal gizonak kontrolatzeko.

 Orain arteko ideia honen arrakastari bagagozkio, esan dezakegu oso ondo onartua izan dela. Eta arrazoia izan daiteke, Euskal Herrian Madrileko erreformetan ez duela gehiegik sinesten. Eta izan ere, bi modelo agertu dira gero eta garbiago herriaren aurrean: Madrilgo erreforma eta Herri Batasunaren modeloa... Madrilgo Aurreautonomikoa, Kontseilu Vascongadoa, frankismoak utzitako udal ezin okerragoak... nork, begi zorrotz apur batekin, sinets dezake botererik gabeko erakunde horiengan? Herri Batasunak garbi ikusi zuen hori eta jendeak hauteskunde orduan arrazoia eman dio.

 Beste gauza bat da kontraboterearen praktika. Eta honetan ezin esan arrakasta haundia izan denik. Herrietako kontra-boterean apenas urratsik eman den. Hori bai, ezker abertzalea bat-batean berarentzat ia ezezaguna zen mundu batean sartu da eta horrela bidea egiten hasi. Ez dut dudarik egiten bide horretan ere aurrera egingo dugunik. Herrietako kontrabotereak herri partizipazioa eskatzen du eta denok dakigu, momentu edo prolema oso zehatzetatik kanpo oso zaila izaten dela herri partizipazio iraunkor bat lortzea. Bestetik, bizi dugun egoera nahiko urria da mobilizazioetan eta herri partizipazioan.

ENBNa

 Kontextu honetan Madrilgo erreformak beste urrats bat eman du, oraingoa azkena delarik eta era berean arriskutsuena kontraboterearen jarraitzaileentzat: Estatutua. Herri Batasunak garbiki azaldu ditu bere ukazioaren arrazoiak eta Euskal Herriari abstentzioa eskatu dio. Erresultatuak denok ezagutzen ditugu. Bakarrik aipatu, Herri Batasunak oso positibotzat jo dituela, eta ez dugu uste arrazoia falta zaionik. Dena dela, Estatutu honek aurrera egingo du, nahiz %54ak bakarrik baieztu (korreozkoak eta beste sarturik). Estatutu honek "Vascongadasen" organoak sortuko ditu eta haietatik nolabaiteko gestio bat etorriko da.

 Erreformaren Estatutu honen aurrean Herri Batasunak berriro kontraboterearen ideiari ekin dio, eta honen ondorioa: EHBNa, Kontraboterearen ikuspegitik esan dezakegu EHBNa aurrerapauso bat dela, ideologi mailan lehenengo eta praktika mailan gorputza hartuz doan neurrian.

 Orain arte, Erreformaren kontrako HB agertu da. HB, lau alderdi politiko eta independente batzuez osatutako koalizio bat da. Sortu zen egunetik gaur arte egin duena izugarri ederra izan da: bai burruka instituzionalari, bai masa burrukari ederki erantzun dio, eta hortik bere arrakasta. Baina erreformaren kontrako burrukan, hau da, gure askatasun borrokan, urratsak aurrera jo behar ditugu. Eta horretarako lehen pausoa erreformaren kontrako indarrak eratu, antolatu behar ditugu. Eta antolatzeko erak biharko nahi dugun gizarte eratakoa behar du izan. Behetik gora. Herritar erakunde eta batzarreetatik, langile batzarreetatik sortutako ordezkariez osatuz joan behar dugu Biltzarrea. Benetako gizarte demokratikoa nahi badugu, hor bidea. Horrela, nire usteko EHBNa, HB baino erakunde konpletoago bat da. Biltzarrea, HBak ereindako haziaz jasoko da, horrela antolakuntza mailan ere, aurrera egingo du: Laguntza Komiteak eta Mahai Nazional bat izatetik, herrietatik nazional mailararte jasotako erakunde herritar bat izatera.

Ezker abertzaleak, Herri Batasuna aurrean zuelarik, erreforman ez du sinestu eta jendea bereganatu du gero eta gehiago.

 Ezker abertzaleak, Herri Batasuna aurrean zuelarik, Madrilgo Estatutua ukatu du Euskal Herriko arazoak konpontzeko gai izango ez delakoan.

 Ezker abertzaleak EHBNarekin batera bide horretan jarraitu behar luke, bide zuzenean doala frogatu baitu.

 Ezker abertzaleak sekulako esportzua egin beharko du aurrean dagoena jasotzeko, denboraren kontra, oztopo guztien kontra. Errepresioa ere tamainakoa izango dela dirudi. Baina ezin dugu ahaztu aurrean dugunik garaipena.

Mendizabal

OHARRA: Artikuluan ez dut aipatzen, ez hartuko duen egitura, ez eta programaren projektua. Hau guztiau, EHBNak atera dituen koaderniloetan izango duzue. Beste bat arte.


Wilhem Reich-en berrinterpretamen bat (I)

Lan hau 1978.ean irten zen Madrilgo "thea" aldizkarian (erdaraz noski) 1. alean.

Egilea aldiz, Aurelio Santisteban Gimarro dugu.

Artikuluan erabiltzen den hizkera, zientifikoegi, irudi daiteke hemen argitaratzeko, baina ateratzen diren ondorio sozialengatik guztiz egokia deritzot.

Hiru partetan agertuko da hemen.

Sarrera

Garai honetan, non kezkek egunetik egunera handiagotu eta inguratu egiten baitigute, W. Reich-en figura, haren hiltzearen 20. urtebetetzean (1) oharpen bat da: bizi osasuntsuago batetarako geure posibilitateak galerazten ari gara eta dena gure energia begetatiboen erabilpen txar bategatik. Gure organismoan faboraturik daude sinpatikobideak (2) edo larrigarriak eta blokeiaturik parasinpatikoak edo atseginarenak; desoreka bat sortzen da lehenengoen alde. Horregatik inportante ikusten dugu, gaurko ezagumenduen bidez eta Reich-en teoriek gidaturik, energi erabilpen txar horregatiko gastu energetikoez eta geure aurrean dauzkagun gaitzez analisi bat egitea.

Reich-ek uste zuen unibertsua energia orgonikoz (edo kosmikoa) beterik zegoela eta elikadura eta arnasketaren bidez organismoan sartzen zela. Energia honen fluxu natural bat orgasmoa esperimentatzeko ahalmenean isladatuko litzateke, aitzitik, haren geraldiak gogortasun orokorra eta orgasmo-ezintasuna ekarriko lituzke. Posible da etorkizunean energia orgoniko honen existentzia ezagutzea, baina hartaz ikertu arte, komenigarria da Reich-en teoriak sexu bultzadaz eta patologia fisikoez azaltzea, normalki onarturiko fisiologiaren bidez (3).

Energiaren euspena eta terapia berreskuratzaileak

Sexu erantzunean nerbio zentruak, neuronak eta izpiak inplikaturik daude, garunetik gorputz osora hedatzen den zirkuitu multzo zabal baten parte direnak.

Nerbio izpi begetatiboen sare honetako parte esentzial batzu sexu erantzunetan exklusiboki inplikaturik egon litezke, bestelako prozesuetan esku hartu ezinik. Sarearen funtzionamendua oinarri-mailan, hau da, gutxienezko nerbio bultzada kopuru batekin, suposatzen duen energi gastua (A.T.P. eran) neuronen ekoizpen energetikoa baino txikiagoa da; honez gero stock energetiko bat sortzen delarik. Stocka handixea egin denean, bere autodeskargarantz joko du, zein beti partzial izango baita, sexu zirkuituen multzoa inplikatuta geratuko den arte, eta hau, bakar-bakarrik, orgasmoan gertatzen da.

Kontutan eduki beharrekoak dira ere, stock energetiko bat zer den kontsideratzean, neuroigorle-mailan neuronetan eta sexu hormonenak, odol korrontean. Faktore ezberdin hauek parte hartuko dute energia begetatiboek banaketa-zentraleak (hipotalamoa) bideratzen saiatuko den sexu erantzunean.

Reich-en ustez neurosi eta psikosi funtzionalak, txarki deskargaturiko gehiegizko sexu energia batek eutsiak dira.

Neurosietan energia begetatiboak sintoma neurotikoen iraupenerantz zuzendurik dira, sexu zirkuitu neurohormonalen kaltez. Orgasmo-ahalmenaren berreskurapenarekin energia begetatibo-fluxu bat dager, zeinekin neurosiaren energi iturria eliminatzen baita.

W.H. Masters eta V.E. Johnson-ek metodo arin bat aurkitu zuten orgasmo-ahalmenaren berreskurapenerako eta harekin batera giza oreka natural bat lortzeko.

Pazienteek ideologia sartu bat daukate, erantzun psikofisiologikoak (neurohormonalak) guztiz moldatu dituena kanpoko kinaden aurrean eta pertsonak hotzak, nokuak edo zikiratuak egitera iristen delarik.

Baina ideologia sartu horrek ez du bakarrik permititzen, baizik eta zenbaitetan ezkontzazko ordenaren barnean sexualtasunak era normal batez funtziona dezala exigitzen baitu. Azken honetaz oinarrituko litzateke: "ez duzue inolako erruduntasun sentimendurik eduki behar sexualtasunerako, ezkontzazko ordenaren behar bat delako. Zuek sexu atsegina ukatera beharturik zaudete". Interesgarria litzateke Master eta Johnson-en pazienteek zein heinetan birlortzen duten osoki beren sexualtasuna jakitea. Haren berreskuratze osoak organismoaren oreka neurohormonalaren aldarazpen bat inplikatuko luke, bizi izatearen alaitasunaren birlorpen bat.

W. Reich-en ustez zuzpertze terapeutikoaren prozesuak jarraitu egiten zuen sintoma neurotiko oro eliminatu arte, berari elkarturiko sexu fantasiekin batera, energi euspena agerterazten zutenak. Ugariak dira Reich-ek dakartzan kasuak, a.b., haren pazienteren batek gogortasun muga bat zeukan lepoan, haren fantasia homosexual pasiboak agertzeko erresistentziaren erakusmena. Lepoko giharreak neurri batetan esklerotizatu egiten dira, mugimendu normaletarako posibilitatea galtzen dute, posizio batetan espezialtzen dira. Posizio tinko hau mantentzeko energi gastu bat behar da, bai giharre izpien mailan eta bai giharre posizio horri datxezkion bultzadak eusteko ere.

Gogortasun horri erasoz shock begetatiboaren agerpideak agertu ziren. Aurpegiko kolorea arin-arin aldatzen zen (zuria, horia, urdina) (4), larruazala. zenbait tonuz agertzen zen lepa-minak, bihotzaren taupadak arinagotuak, kontrola galduta omen zeukan. Eraso terapeutikoak nerbio sistema begetatiboak zentzazio batzu har ditzala eragiten du, zeinetarako desprogramaturik baitzegoen, deskontrol bat sorteraziz, nahierarako aginduak irteten dira efektu bereziak sortuz. Nabarituriko aldaketa hauek efektuak somatikoki sentieraziak izan zirela seinalatzen dute. Lepo tenteak, artasun gogor bat adieraziz, dirudienez energia begetatiboak eduki izan zituen, orain kontrolik gabe ihes egiten zutenak. Frogaturik geratzen zen sexu-energia giharre tentsio kronikoek finkatua izan ahalko zela. Koraza karakterologikoa funtzionalki giharre hipertentsioa bezalaxekoa omen zen.

Nerbio sistemaren bifuntzionalitatea

Edozein neurofisiologari batek ondo daki antagonismo bat dagoela sistema sinpatikoaren eta parasinpatikoen funtzioen artean. Baina eskema global hau erortzen omen da indibiduaren mailatik organoarenera edo ehunarenera jaisten denean, honela, esate baterako, sinpatikoa odolbide-dilatatzailea da bihotzaren koronarioetan, bere karaktere odolbide-laburtzaile jeneralaren kontra. W. Reich-ek bide interesgarri bat ireki zuen hartutako organoaren akzio berezi bakoitza izaki osoarekin lotzean. Indibiduo batengan bi instantzia antagoniko handi aurkituko genituzke: bata zabala, erlaxagarria, ingurunearekiko integrakuntza eta konfidantza osokoa; bestea defendatzekoa, hersturakoa ingurune etsai baten aurrean. Asimov-ek uste du (5) sistema sinpatikoa bakarrik emergentziazko egoerak ager daitezeneko hipotesian dela ezinbestekoa bizitzarako. F. Mandl-ek (6) sinpatikoaren parte garrantzitsuak egozten zireneko ebakuntzak deskribatzen ditu, honelatan neurotiko tipoko sintomak desagerteraztea lortuz.

Sintoma hauek emergentziazko mekanismoak izan behar luketenaren iraunkortasun baten ondorioa dira, sistema sinpatikoaren aldeko desoreka bat errepresentatzen dute.

Sistema sinpatikoaren eta parasinpatikoaren artean antagonismo bat izanik ere, batasun bat eratzen dutela Presente eduki behar da: oreka indibiduala ezina da sistema bion egintza koordinatu bat gabe. Gizarte bat gero eta errepresiboagoa izango da batasun natural hau nagusitasun sinpatikotoniko, hots, neurotiko, baten alde deskonposa dadin neurrian.

Gure gizartean, defentsabideak bide sinpatikotonikoen benetako bilbapen bat dira, bide neurotikoetarako erraztasun bat. Haren sortzapena, odolaren konposakuntzaren eta fluxu determinatu baten bidez umegaian ama-eraginak sentitzen direnetik hasten da. Geroago haur-bilakaeraren etapa bakoitzaren aginkeri inposaketa tipikoak etorriko dira: gorotz-kontrola, masturbatzeko debekua, gurasoekiko obedientzia, e. a.

Ondorio haur mesfidati bat izango da, hestutasunez eta neurosiez. Mendebaldeko kultura autoritarioaren kontra, sistema sinpatikoaren eta parasintapikoaren arteko oreka natural bat dagoeneko gizarte-ereduak altxatzen dira; adibiderik ezagutuena Trobiand irlek eskaintzen dutena da (7).

Arras irakasgarri izango zaizkigun esperientziak egin izan dira, zeinetan neurotikoen eta normalen jokabideak alderatzen baitira, herstur egoeretan (8). L. Wing-ek neurtu egiten du elektra tentsioa egoera normaletan eta stress egoeretan: neurotikoek beti dute tentsioa altuagoa, stressaren momentuan ezik, zeinetan normalak berdindurik baitu, neurotikoaren aldetik posibilitate pobreak stressari aurka egiteko seinalatzen dituena, emergentziazko mekanismoa iraunkorturik duelako hain zuzen.

Duffy-k laburtu egiten ditu berak egindako esperientziak, eta neurotikoek giharre tentsio gradu handiagoa daukatela ateratzen du. Baita erritmu kardiako handiago bat nabaritu zuen ere eta aldaketa gehiago neurotikoen erritmuan kontroleko multzoan baino.

Altschule-k geldialdietako arnasketa erritmua estudiatu zuen, neurotikoengan altuagoa dela ikusiz, gainera zirrarazko tentsioak gradu normaletaraino gehitzen zuen erritmua.

Reich-ek faktore guztiauek estudiatu zituen eta koraza karakterologikoa funtzionalki giharre hipertentsioa bezalaxekoa zela ondorioztatu zuen, giharre koraza bezalakoa. Gaur egungo ezagumenduekin akortago dirudi koraza karakterologikoa sinpatikotoniarekin identifikatzeak, ezen azken honek ez baitu suposatzen giharre hipertentsioa bakar-bakarrik, baizik eta, esaterako, hormona-aktibitate determinatu bat.

Interesgarria da organo ezberdinen mailan nerbio sistema begetatiboaren bifuntzionalitatea obserbatzea eta animoaren aurkako egoerekin (lagunkoia/hestua) elkartzea:

- Begiak.— Sinpatikoak begininia dilatatzen du (beginini-esfinterea inhibitzen du) eta argi gehiago sar dadila permititzen du; parasinpatikoak begininia uzkurtzen du argi-kopurua txikiagotuz. Sinpatikoak malko guruinak inhibitzen ditu (begi lehorrak) eta parasinpatikoak eragin egiten ditu (begi distiratsuak).

- Bihotza.— Kinada sinpatikoak gehitu egiten du egintza kardiakoa eta dilatatu koronarioak, taupadak eta takikardia sortzen direlarik. Hestutasunaren bitartean bihotza uzkurtu egiten da eta arin eta indarrez pilpiratzen du, aitzitik, laketaren bitartean pultsua osoa eta lasaia da, kinada parasinpatikoak txikiagotu egiten du bihotzaren aktibitatea.

- Odolbideak.— Arterietan eta kapilareetan egintza sinpatikoa nagusiki odolbide-laburtzailea da. Parasinpatikoak akzio dilatatzaile bat dauka.

- Bronkio giharreria.— Bronkioak dilatatu egiten dira kinada sinpatikoz eta uzkurtu kinada parasinpatikoz.

- Mugimendu gastroestetakoak.— Kinada parasinpatikoak peristaltismoa gehitzen du eta esfintereen tonua gutxitzen du. Peristaltismoak eta esfintereen irekitzeak liseriketa on bat posibilitatzen dute. Sinpatikoak aurkako efektuak sortzen ditu larrialdietan, sinpatikoa eraginik egonda liseriketa txarrak egiten dira.

- Liseri urinak.— Liseri-guruin ezberdinak sistema parasinpatikoak eraginda dira eta inhibituta sinpatikoak.

- Giltzurringainekoak.— Parasinpatikoak adrenalinaren jariaketa inhibitzen du, sinpatikoak eragiten duen bitartean.

- Gernu maskuria.— Parasinpatikoak maskuria irekitzen duen giharreria eragiten du, esfintereak inhibitzen ditu pixaketa posibilatuz. Aldiz, kinada sinpatikoak gernua hus dadila eragozten du. Baresareko handitua duten pertsonek, zirikada sinpatikoa daukate albokaldeetan eta indibiduoak ezin du pix egin.

- Sexu organoak.— Zakilaren tentetzea, tentetze-prozesuaren azkeneko tramua, eta ematutu-hezedura parasinpatikoak eraginda dira. Isuriketaren ondoren edo larrialdietan, kinada sinpatikoek gutxitu edo ezindu egiten dute zakilaren zutiketa.

Oreka bifuntzionala apurtzen denean, patologia ezberdinak sortzen dira. Reich-ek energi kanalizapen oker baten kausatzat aipatzen zituen patologiak, gaurko ezaguerek baieztaturik daude, segidantzan ikusiko den legez.

(1) Egun 22. urtebetetzea izango litzateke.

(2) W. Reich-ek nabaritu zuen nerbio sistema sinpatikoak organismoa "uzkurtzen denean" hartzen duela parte, hestutasun edo mina dagoenean. "La Función del Orgasmo". Paidos ed. 1.974.

(3) W. Reich-en jarraitzaile batek Alexander Lowen. bioenergiaren ikasketa sakondu du energia orgoniko baten beharra postulatu gabe. "Le langage du corps". Thou ed., 1977.

(4) Bai giharreek eta bai nerbio izpiek aldaketak dituzte propietate ontikoetan (eflorezentzia-arretasuna, errefrakzio bikuna) zirikada elektrikoaren aldaketei asoziaturik. (escience, 1969, 165.bol., num. 3893).

(5) Asimov, "El cerebro humano". Toray ed., 1967.

(6) Mandl, "Cirugía y bloqueo del Simpático". Alhambra ed., 1956.

(7) Malinowski, "Sexo y represión en las sociedades primitivas" 62 ed., 1969.

(8) H.J. Eysenck, "Fundamentos biológicos de la personalidad". Fontenella ed., 1970.

 Aginkeri inposaketa: Imposición autoritaria.

 Ama-eragin: Influencia materna.

 Artasun: Masculinidad.

 Baresareko: Peritoneal.

 Beginini-esfintere: Esfinter pupilar.

 Bide sinpatikotoniko: Vía simpaticotónica.

 Bronkio giharreria: Musculatura bronquial.

 Ematutu-hezedura: Humidificación vaginal.

 Euspen: Contención.

 Euts(i): Contener.

 Garun: Cerebro.

 Giharre tentsio: Tensión muscular.

 Giltzurringaineko: Suprarrenal.

 Gogortasun: Rigidez.

 Handitu: Inflamación.

 Hormona aktibitate: Actividad hormonal.

 Izpi: Fibra.

 Jariaketa: Secreción.

 Kinada: Estímulo.

 Liseri guruin: Glándula digestiva.

 Liseri urin: Jugo digestivo.

 Nahierarako agindu: Orden arbitraria.

 Nerbio bultzada: Impulso nervioso.

 Nerbio izpi: Fibra nerviosa.

 Neuroigorle: Neurotransmisor.

 Odolbide: Vaso sanguíneo.

 Odolbide-dilatatzaile: Vasodilatador.

 Odolbide-laburtzaile: Basoconstrictor.

 Odol korronte: Corriente sanguínea.

 Orgasmo ahalmena: Potencia orgástica.

 Hotz: Frígido.

 Pixaketa: Micción.

 Sinpatikobide: Via simpática.

 Umegai: Feto.

 Uzkur(tu): Contraer(se).

 Zikiratu: Castrado.

Karlos Santisteban


Gaiak. Artea

Gonzalo Chillida. "Ederti" arte aretoan

Inork ez daki ezer Gonzalo Chillidari buruz, gizon sekretu hori, C. Celayak deritzon bezala, Madrilen izandako erakusketarako katalogoan. Chillida gizon isila da bere burua espektakulua bihurtzen ez den gizona, beraren ordez, bere izakia, bere koadroak, mintza daitezen uzten. Protagonismoen etsaia, eta bere obraren gainean makurtuta, isilik baina geldirik gabe, bere pintura egiten, lan lasaia, bakartasunean hasten den pintura geldia dakarkigu. Beren lan horren aukera ttipi bat orain ikus dezakegu Bilbon, REKALDE zumardira abiatzen bagara, "Ederti" aretoan.

Erakusketa, oliozko ehunak, neurri erdikoiez betetzen da, eta hiru "collage", paperezkoak, teknika edo tratamendu bakan batez eginik, ondore interesgarri bat lortzen. Gonzalo Chillidak egindako koadroetan, margoa dugu osagai konturagarria. Margoa, bare eta leuna da, paleta errefinatu bat erabiltzerakoan, "okre" eta nabar finak eta zainduak, ia gardenak ezartzen. Horien gainean, urdin argitsu batek jolasten du, edota arre batzu, beste margo batez pizturik.

Pintura eta obra isilak, "sekretuak" Celayak dioskun bezala, argitsuak. "Areak" eta "marinas" deitzen dira obra samur hauk, denborak landu dituen espazio esankorrak, bere lengoaia ezkutatu eta geldiaz. Tokiak eta atalak dira, naturak eta denborak eraginak, noizean behin, gizonak ere bai, beren urratsak edo ahaztutako keinuak igar ditzakegun koadroen azalpean etzanda.

Koadroak nahiko abstraktuak izan arren, eta bere izenetik —areak, marinak— eta sartu barik, ia figuratiboak ba diren edo ez hondartzako zatiak dirudite, mareak erabiliak diren itsasertzak, beren artean oraindino, uren adartxo txikiak, ibilitakoak, edo, ur tanta batzu arearen barnean geldituak azaldu barik baina guztiz ezkutaturik etzan gabe.

Plastikoki esan dezakegu, bere pintaera joku bat dela, espazio baten margoak agindua, leuna izan gabe, geldi xamarra dena, eta berarekin harremantzen den beste margo bat, koadroaren espazioan, gutxiago estaltzen duena eta bien artean konplementaritate bat sortzen tentsiorik gabe, harremantzen eta apuiatzen.

Edozein koadrotan, margoaren oldarra aldatzen da, argitsuagoa bilakatzen, indartsuagoa, gogorragoa agertzen, hondartzen udaberriaren aire alaia ageri bazen bezala. Bestetan margoa zatitzen da, harreman kromatikoak ugaritzen dinamika handiagoa koadroari ematen, baina bere azal baretsua aldatu gabe.

Formak biguntzearen jita du, adierazpen bat baino erakutsi gabe. Gaia, Materia bestaldetik ere, oso landua dago, sakonki, pintzeladak, behin eta berriz ezarriak izanda, batzuetan batzu besteen gainean, Gonzalok nahi dituen tonuak lortu arte, harmonia beharrezkoak lortu arte.

Elementu guztiekin, sendikortasun gelditsu bat opa digute, beta geldoa, zirkin gabekoa ehunak dominatzen.

Hondartzen zatiak, mareak, denboraren eginkizunak landurik, argiak begiratuak, lasai eta geldi.

Pintura oso merezigarria ba Chillidarena (ez nahas Eduardo Chillida-rekin, bere anaia den eskultore hospetsua), gizon isil honena, inork ezagutzen ez duena, inork merezimendurik ematen ez diona, pintore goiko bat izan arren. Orbegozo fundazioak ere ahantzirik, herri hontan bere izakiak dakarzkigu pintore ona izateko, aitabitxirik ez duela eduki behar erakusten, pintatzeko grina egiazkoa baizik, hortaz beste pintore handia gogorarazten, Balerdi deritzona, Gonzalo hau bezala, pinturaren maitalea, eta bizi publikoaren etsaia.

Amaitzerakoan, bakarrik gelditzen zaigu, Celaya poetak eskaini zizkion hitzak aipatzea: "Hutsa den zera, eta funtsezko zera ikusten denean, bere balkoiaren aurrean dagoen hondartza zabala bezala, non keinurik ttipiena esankorrena bera baita". Eta "Bakuna zeraren mirakulua, eta giza mailan modestia deitzen duguna, eta begirada baten garbitasuna, ikusi behar dena eta ezer gehiago begirarazten ez gaituena: "Izatea, egiazko izatea, baina honela ulertuta: era oso euskalduna den erara, eta Etika batek, ez morala, bizikorra baizik, estetikoaren zera, biluziki, bilakatzen duena".

Jon Sendagorta


Gaiak. Zinema

"About Woody Allen"-i buruz

Lehenengo kapitulua

Oker ez banago, gure denborako egile funtsezkoetariko baten aurreari aurkitzen gara. Eta ez sasoi honetan bizi delako bakarrik. Segur asko hemendik urte guttitara klasikotzat hartuko dugu. Estatu Batuetako gizartea ikertzeko nahitaezko egile bat. Estatu Batuetako hiri-gizartea hain zuzen. Baina gaur egungo mundua gero eta berdintsuago egiten ari zaigunez gero, Allen-en arazoak gero eta gureagoak dira. Allen kezkatzen duten problemak, gero eta guregandik hurbilago ditugu. Noski, USA-ko gizartea ezin da Euskal Herrikoarekin konparatu, ikuspegi askotatik behintzat; hala ere, gizonok (gizon-emakumeok) elkarren arteko puntuak franko ditugu, nahiz eta textuinguru sozial desberdinetan bizi. Gauza askok elkartzen gaituzte gure berezko ingurunamenen gainetik.

Eta orain utz ditzagun kontsideroak eta goazen mailua iltzez jostera.

Lehenengo kapitulua

Allen New-York University-tik eta City College-tik egotzia izan da. (Kultura konbentzionalaz broma garratzak egingo dituenarentzat oso hasiera egokia). Orduan, beti gustatu izan zitzaiona, egiten dihardu, hau da, irrati eta telebistarako ari da idazten. Bere humore zentzua dela eta, hain kaustiko eta ikonoklasta dena, beraren izena oso famatua bihurtzen da. Beraren aktore gaitasunean sinetsiz, jokaera pertsonalaK hasten eta lantzen ditu, nahiz telebistarako show-etan zein night club-etan, jende sutsu baten txalo beroak jasotzen dituelarik.

Ondoren, bi obra idazten eta eraikitzen ditu, hain ospatsu den New-York-eko ikuskariaren saindutegian: Broadway-n: "Don't drink the water" eta "Play it again, Sam", bigarren honetan aktore bezala parte hartzen duelarik. Bi obra hauetaz lortzen duen arrakastari esker, Hollywood-etik filme batetarako gidoia eskatzen diote. "What's new Pussycat" pelikularen gidoiaz zinemaren munduan saiatzen da, eta hemendik aurrera ez du jadanik utziko.

Lehenengo kapitulua

Zinemari jarraituz, berehala bere filme berezkoak egiten hasten da. Beste orkestagizon batzuren moduan (Chaplin, Tati), berak asmatzen du gaia, berak prestatzen du gidoia, bera arduratzen da zuzendaritzaz eta gehienetan, "Interiors"-en izan ezik, berak jokatzen du pertsonaia nagusia.

Horrela sorterazten ditu: "Take the money and run", "Seducer's dreams" (honen zuzendaria H. Ross da), "Bananas", "All you wanto know about the sex"..., "Sleeper" eta "Boris Grushenko's last night". Hauk guztiok beraren lehenengo zine-gizon etapako pelikulatzat kontsidera ditzakegu, nire ikuspundutik. Denotan, gizonaren oinharrizko arazo batzu ukitzen ditu baina batez ere bere humore-zentzua, irratian, telebistan, antzerkian eta aldizkarietan ("The New-Yorker" aldizkari famatuan kolaboratzaile da) ospe handia eman dion humore zentzua erabiltzen du franko. Zer esanik ez, batzuk bestek baino gehiago, filme guztiek erdiesten dute arrakasta kontsideragarria.

Lehenengo kapitulua

Aurreko filmeak burutu eta gero, Allen-ek bere zinegilearen ibilbideari halako bira bat edo, ematen dioela dirudi. Autopsikanalisi gisa, ene eritziz, "Annie Hall" sortzen du. Pelikula hau egilearen bizitzaren zati batetik aterata dago. Aurrekoetan ere erreferentzia pertsonal bat baino gehiago eskaini omen digu, baina aipaturiko honetan, beraren barruko esperientzia maitatuak aurkezten ditu bereziki: Eta ez hori bakarrik, baizik eta pelikulan Allen-en lagunaren pertsonaia jotzen duen aktoresa, Diane Keaton, bizitzan, hots: errealitatean, egilearen orduko laguna da. Egia esan, bien arteko erlazioen hamaika xehetasun erakusten digute argi eta garbi pantailan. Ausarta bezain ohi ez bezalako jarrera.

"Manhattan"-ean, orain arteko Allen-en azken obra zinematografikoa, egileak gai honetan erakutsiko du. Nahiz eta orduko momentuan Diane Keaton-ekiko harremana bukatuak diren, Woody-k pelikulan sartuko du, Diane-ren bizi-trajektoria, prisma sarkastiko baten pean aurkezten duelarik. Filmean Allen-en gaurko laguna ere, Margox Hemengway, bere benetako zereginean agertzen da, protagonistaren amorante berria bezala, alegia.

Lehenengo kapitulua

"Annie Hall" eta "Manhattan"-en artean, egileak "Interiors" delako filmea egiten du. "Interiors"-ean ere pertsonaren arteko harremanak nabari dira. Baina filme honetan Allen-ek beste ikuspundu desberdin bat hartzen du. Emakumeen ikuspundua. Formalki, hau da, bere itxuraz, Bergman suediar zinegile ospetsuari omenaldi gisa kontsidera daiteke pelikula. Kamararen higidurek, isiltasunaren denbora tarteek eta obra osoaren erritmoak, Upsalako zine-zuzendaria gogora ekartzen digute. Bestaldik, istorio osoari halako zapore mingotsa edo, ba dario. Ez digu ia Allen-en humorezko seinalerik ere ematen. Woody-en humorea nahiko mingotsa bada ere, filme honetan bestetan baino, egileak eskeptikoagoa aurkezten digu bere burua. Giza-harreman sentimentalei buruz eskeptikoagoa. Harreman hauei segira eta egonkortasuna emateko posibilitateak urri erakusten dizkigu. Beharbada egilearen filmeetarik esperantzagabekoena dugu.

Lehenengo kapitulua

Allen-i jarraituz, gauza mordo bat esan genezake, ez baitzaio gure gizonari traumarik edo eta neurosirik falta. Besteak beste, bere judutar jatorritik datozkionak hain zuzen; bere heriotzari buruzko obsesioa; bere Estatu Batuetako "intelligentsia"zko eraso eztenkariak. Egilea bera, "intelligentsia" horretan parte hartzen du eta azken horretaz konturaturik egon arren berdin jokatzen du, hau da, Allen-en kontraesan joriak... Bai hau guztionetan sartuko bagina, artikulu honek "lehenengo kapitulua" emango luke etengabeki.

Patxi Ugalde


Leitzar xelebreak. "Beñis" bertsolaria

Inazio-Barun gizon jatorra zen. Lagun artekoa eta umoretsua. Haren ingurura biltzen zenak par ederrik egiten zuen. Hargintzatik bizitzen zen. Pareta egile famatua. Behin ere ez zuen lan eskasiarik izaten.

Inazio-Barunen ametsa

Inazio-Barun lanean ari zen landan. Izerdi patsetan zegoen eta egarritu zen. Joan zen Jamabitturritara eta uraz leher edan zuen. Ez zion onik egin ur asealdiak. Berehalaxe sumatu zuen ongieza.

Gaizkitu zen eta ez zen sendatzen. Eguna joan eta eguna etorri eta ez zen bizkortzen gizonik. Hilen zen etsia hartu zuen. Bera hiltzen zenean hilezkila nola joko zuten eta gertatuko ziren gauzak esaten zituen:

"Din-dun, din-dun, din-dun.

Nor hil da? Nor hil da?

Inazio-Barun. Inazio-Barun.

Seizioan atzetik hiru edo lau lagun.

Mezik atera ez. Errespuntsurik bildu ez.

Ifernuko demonioa lagun".

Honela zegoela hil zelako ametsa egin zuen. Hil zen, Jainkoak juzkatu zuen eta ifernura bidali zuen. "Hamaika humore eder igaroa nak munduan! (zion Inazio-Barunek). Arakindegia, Lopenea, Zortzikonea, Peustenea, Aienea... Musean makina bat pinta ardo jokatutako tabernak! Goizetan makina bat usual edandako tokiak! Gehiago ez zetiit ikusiko. Orain ifernun patuko zetiit denak".

Inazio-Barun ba zihoan ifernura eta bidean taberna bat ikusi zuen. "Hementxe orratik egin behar diit azkeneko tragua. Ez diit egarririk joan behar ifernura". Sartu zen tabernan eta bera baino askoz ere lehenago hildako lagunak han ikusi zituen. Harrituta esaten die Inazio-Barunek:

— Zuek aspaldi hil zinaten eta nola zautea oraindik hemen ifernura joan gabe?

— Ifernura bidean ehun taberna daude eta bakoitzean ehun urte igaro behar ditugu eta horregatik gaude hemen, erantzun zioten lagunak.

— Ongi zeok, ongi zeok. Hamar mila urte igaroko zetiagu behinik behin onak eta gero gerokoak. Hamar mila urte igarotzerako ifernuko sua ere ahituko duk.

Batzuetan musean, besteetan kontu kontari oso ongi igarotzen zuten denbora. Jaio ezkerozko kontuak berritu zituzten. Lehendabiziko tabernan igaro zituzten ehun urte eta gero bestera... Honela batetik bestera taberna bakoitzean ehun urte igaroaz bete ziren hamar mila urteak eta etorri zen ifernura sartzeko garaia.

"Munduan egun ederrak botak gaituk. Zerutik ifernura bideko taberna hauetan ez zetiagu txarragoak bota baina orain ifernuan zartzarrako ederrak ateratzeko geudek". Sartu ziren ifernuan beldur-beldurrik.

Solomozko mutxikaiak eta ziztorrezko hesiak zituen ifernuak. Mahai haundi bat erdian eta bere gainean hiru litroko botila ardoz betea. Eta han musean ari. Horixe zen ifernua!

Inazio-Barun Donostian medikutan

Donostian mediku on bat bazela entzuna zuen Inazio-Barunek eta harengana joan zen. Medikuak ikusi zuen eta buruari bi aldeetara eraginaz hasi zen. "Hemen ez diit gauza onik" zion berekiko Inazio-Barunek eta handik aterata beste mediku batengana joan zen. Beste medikuak ikusi zuen eta hura ere berdin: buruari bi aldeetara eraginez hasi zen. "Hemen ere ez diit ba gauza onik" eta kanpora atera zen.

1912. urtea zen Inazio-Barun medikutan zebilen hura. "TITANIC" itsasuntzi famatua orduan urperatu zen. Jende guztia itsasuntzi hura gora eta itsasuntzi hura behera ari zen hitz egiten. Denak kazeta hartu eta itsasuntziaren argazkia ikusten ari ziren.

Inazio-Barunek ere erosi zuen kazeta. Eseri zen bankuan, hartu zuen kazeta goikoz behera eta hala zegoela Leitzar batek ikusi zuen eta esan zion:

— Zer ari haiz, Inazio-Barun?

— Hementxe. Kazeta leitzen.

— Kazeta leitzen? Goikoz behera hartua daukek eta!

— Hau demonio arraioa. Zuzeneko aldera edozeinek leitzen dik.

(Inazio-Barunek, garai hartako beste askok bezala, ez zekien irakurtzen).

Kezkatua zegoen Inazio-Barun bi mediku buruari eragiten ikusita. Senda ez zitekeen gaitz txarren bat ote zuen beldurrak hartu zuen. Joan zen beste mediku batengana. Hirugarren mediku honek esan zion:

— Zuk izerditan zaudela ur hotza edan duzu.

— Bai, Hamabitturritan.

— Hark egin zizun gaitz. Zuk egin behar duzu sendatzeko Donostian den jatetxerik hoberenera joan eta han nahikoa jan eta edan.

Medikuaren esana zintzo aski bete zuen Inazio-Barunek eta sendatu zen.

ASTAITZ


Liburu berriak

Texto poetiko taldea (poesia ikuskorra)

"nueva escritura" bildura

EUSKAL BIDEA argitaletxea

Iruiñea

Iruiñean sortutako argitaletxe berri bat, hona karkizuegu. Hauk dira, gazte eta olerkizale batzu, poesia moeta berriak, espresiobide esperimentalak, ikerketa poetikoak etab, hedatu nahi dituztenak, maila horretan landu nahi dituztenak.

Hemen aipatzen duguna, ez da liburu bat, kutxatila bat baizik, olerki-objektu esperimentu poetiko-ikuskorrak, asmakizun poetiko eta umorezkoez aserik.

Poesia berri horretara abiatzea nahi dutenek begira dezateke, F. Millan eta J. Garcia Sanchez-ek antolatutako aukera bat eta "La escritura en libertad" deitzen dena; (Alianza tres).

Asmakizun hauen egileak, Valenciar talde batekoak dira, gazteen talde bat nondik eta igar daiteke freskotasunaz beterik dagoela.

Ez da poetika arrunta. Poemak edo diren zera, batzu ez dira irakurtzeko, begiratzeko baizik. Beste hainbeste, haiekin jolasteko, eremu ludikoan, festaren ingurunean geu eramaten.

Nik esango nuke, jostailu bat dela, poema bilduma baino. Baina gainera jostailu poetikoa, zeren eta, opa dizkigun poema bilduma baino. Baina gainera jostailu poetikoa, zeren eta, opa dizkigun poema horik, baitira baliodunak, balore poetikoa erakusten.

Izpiritu DaDa batez eginak daude, baina probokatzaileak izanik gabe. Gazte batzuen alaitasuna poetikoa eta jolasgarria dakarzkigute.

Edizioa, —honela dei ahal dezakegu—, oso ondo zaindurik dago eta oso garestia izaten dateke. Dena dela, jostailu miragarri horrek ez du balio hirurehun eta hirurogetamaika pezeta baino. Gainera eta poesia moeta horren maitaleentzako gozagarri hau dugu: Kutxatila honen jarraian beste bost "objektu poetiko" datozkigu, argitaletxe berean. Ez duzue erraz aurkituko; horregatik interesik duenak hona idatz dezala: EUSKAL BIDEA Avds. Sancho el Fuerte 19 - 2o. Izda. Pamplona.

Kutxan, liburu bat ere datorkizue nondik dizuegu poematxo hau.

ETXAHUN-IRURI KHANTAN

Jakes Larrondo

PAU-1977

Hunat dakarkizuegun bezala, liburu hau ez da argitaraberria, orain dela bi urte argia ikusitakoa baizik, baina uste dugu komenigarria izan datekela hemen aipatzea guk Durangoko liburu eta diskaren azokararte ikusi ez baitugu.

Pierre Bordazaharre, Etxahun koblakari eta kantaria, Irurin jaiotakoa, berak bakarrik Zuberoko historiaren mende erdi bat betetzen du, phastualak, kantoreak, koblak eta soinuak beregandik sortuak Zubero orotara hedaturik izan baitira eta Euskal Herrian zehar kantatuak.

Munduko xokorik eijerrenean kantatu zuen Etxahun-ek, zortzi phastual utzi dizkigu: Etxahun Barkoxeko Koblakaria, Matalaz, Berterretx, Zantxo Azkarra ComtedeTreville, Xikito de Cambo, Pette Beretter eta Iparragirre. Honetatik batzu Pariserat ere egin zuten bidaia, bertako euskaldun ainitz ba dirade, bere herriko aidea goza zezatela.

Zubero orotan bozik maitatuena eta ezagutuena, orai dela hillabete biko bat hil zitzaigun, bere herri bizi Eskiula delako festak izan eta gero. Han, Zuberoko muzetan, Matalaz phastuala jokatu zuten, sujeta, Hagola kantoriak:

"Nurk erran othe zian

Gaskoiñ da Eskiula

Gaztek ukhatu diela

Zaharren odola?

Ez! Euskara bizi da

Han beti bezala

Eta orok laidatzen

Eskualdun arbola..."

Hego eskualdetara ere zetokigun maiz arras maitatzen zituelako:

"Ondarrabia ta Donostia ere bai Bilbo

Euskal Herrian ederrez zidie hain pare gabeko

Ene bihotza hartu duzie osorik bethiko

Ziek egin batzarri ederra ez dit ahatzeko".

Donostian non hurrengo urtean, Urtarrilean, omendu beharko baita Etxahun, bertsolariek honela erabaki bait zuten, baina bere presuna ezingo da present izatea beste kantoreen emandako ohore onhartzeko.

"Pierra, egin egiten eta eginen deizkutzun ahide eta kobla guzien gatik ordu da Xiberotarrek ere zuri erran dezen AGUR ETXAHUN".

Jon Sendagorta

LOS AUTOBUSES

Egun hauetan agertu da liburudendetan, Juan Maria Aresti-ren bigarren elaberri edo nobela. Idazle hau, orain dela urte batzu hil zen eta guretzako oso ezaguna den Gabriel Arestiren anaia da. Azken honen lana oso ezaguna zaigularik, bestearenaz hitz egingo dugu apur bat.

Bere lehen nobela, Bartzelonako Luis de Caralt Editorialean izan zen argitaratua, 65.eko urtean. "El Intruso" zeritzon, eta 1957.eko Premio Planeta-ra presentatua eta aukeratua izan zen. Gaztaroko lana izan arren, jadanik agertzen ziren, bere bigarren nobela honetan gorpuztuta agertzen diren balore batzu. (Nobela publikatuetaz (argitaratuetaz) ari gara, ez baitakigu besterik idatzita zeukanik).

Liburuaren kontrazalean irakur daitekeenez, 63.eko urtean egindako lana da, eta urte horretako Premio Biblioteca Breve-ra presentatua, sariketa honen 4. botaketaraino heldu zelarik, bere aurretik hiru idazle geratuz: Txiletar bat, Urugaytar bat eta Mexikar bat.

Nobela honen ahaleginak, orduko nobelistika gaztelaniarren hildo hestutik irteteko, nabarmenak dira. Alfonso Sastrek, bere oraintsuko ESTETIKA E INFORMACION artikuluan zera dio: "si bien los motivos pudieran ser encomiables, aquella literatura parecía estar escrita por semianalfabetos". Bada, nobela honi, ezin zaio hori inola ere aplikatu; bere irakurketak atentzio konstantea eskatu arren, bere egitura eta mamiaren arteko egokitasunak, balore literario sendoa ematen dio lanari. Gaia soziala da, eta era dotore batez erabilia dago, gizartearen behe-maila sozialetan bizi diren pertsonen arazoak azaltzen direlarik. Nahiz eta urteak pasatu diren, lan honek ez du gaurkotasunik galdu; konkretuki aipatu ez arren, ikus daiteke Bilbon kokatua dela, eta istorioan sartzen ari garen bitartean, kosmo txiki bat zehazten eta handitzen ikusten dugu, denboran linealak ez diren zatietan: langileak, ekintzaileak, jubilatuak, apaiz zahar eta gazteak, beste probintzietatik etorritako inmigranteak, Bizkaitik bertatik hiriburura etorritako inmigranteak, bi hizkuntza, hurbilketak eta eragozketak. Guztia idazkera berezi batez azaldua, hitxia baina ez hermetikoa. Eta hau guztiau kontatzeko, Bilborako erosi eta ekarri ziren autobus ingeles erabili batzutaz baliatzen delarik egilea, aurten ere gaurkotasuna duen joko ironiko bat egiten du: autobusen ateak, hemen erabilgarriak izan daitezen, ezkerretik eskumara aldatu beharra zegoen eta...

Esan dugunagatik, uste dugu nobela honek ez duela gaurkotasunik galdu. Aipatzekoa da, baita ere, erdal textuan hainbat hitz euskaldun agertzen direla, naturalitate osoz; ba dirudi, ekintzari halako balore berezi bat ematen diotela.

Kontrazalean egileak, beste nobela berri baten argitarapena aipatzen du: KEPA historia. Kalera irten arte itxaron behar izango dugu, hemen kritikatu dugun LOS AUTOBUSES nobela honek egin digun inpresio ona berresten den ala ez jakiteko.

J.R.B.O.


Kirolak [Komikia]

R. Zumalabe