ANAITASUNA

1980.EKO OTSAILAREN BIGARREN HAMABOSTALDIA

398

60 PZTA.


[AZALA]

• POLITIKARIEK INKESTARI EZETZ

• DEKAMERONE TTIPI BATEZ

• GEORGIAN LIBURU BERRI BAT EUSKALDUNEZ

• TONI NEGRI (II)


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea.

4. Artikuluburua.

5. Els Joglarsen Odissea. X. Portu.

8. Por favor la estación. Aresti Euskaltegiarekin elkar lanean.

10. Bilboko eskualdea eta alfabetatze euskalduntze batzordea.

12. Inkesta ttikiari politikariek ezetz. Idazkuntza.

14. Hamabost egun hankaz gora.

16. Txalapartari berriak. Mariasun Landa.

18. Komikia.

22. Afganistan. M.J. Esteban.

23. Zakurrak oinutsik. E. Knörr.

24. Georgian liburu berri bat euskaldunez. X. Kintana.

26. Beneditarrak Euskal Herrian. P. Agirrebaltzategi.

28. Toni Negri (II). Pello Salaburu.

33. Sorgintasuna euskaldunen inkonformismoa. K. Barrentsoro.

34. Ucelay. Jon Sendagorta.

36. Dekamerone ttipi bat. J. Sarrionaindia.

38. Diskoak hamabostero. K. Arko.

40. Wilhem Reich (II). K. Santisteban.

42. Misil bidaiariak.

46. Energia geotermikoaz zeozer. Iñaki.

48. Zumalaberen komikia.

49. Postaz etorriak eta urrezko astabelarriak.

50. Puzzleak.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

IDAZKUNTZA

M. Aldana, T. Trifol

IDAZKUNTZA KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

K. Mendia

BIZKAIA

J. Llerandi, T. Trifol

GUIPUZKOA

A. Oiartzabal, I. Urtasun

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAZIOARTEKOA

M. Aldana, M.J. Esteban

IDAZLEAK

P. Agirrebaltzategi, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, J. Azurmendi, F. Alaña, J.J. Bakedano, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J. Iturbe, M. Kaltzakorta, X. Kintana, S. Laffite, M.A. Landa, J. Mendizabal, J. Orbezua, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portu, K. Santisteban, J. Sarrionandia, J. Sendagorta.

LANKIDEAK

K. Arko, X. Gomez, J. Idigoras, L. Trask.

FOTOGRAFOAK

A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.

MARRAZKILARIAK

Ttua Taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

ANAITASUNA

Zabalbide 68-entlo. BILBO 6

Tfnoa: (9-4) 433 58 08

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

lege G.D.L. Bi-1753-1967

PRINTED IN BASQUE COUNTRY


Artikuluburua

Abstentziorik ez

Gaine gainean daukagu euzko legebiltzarrerako hauteskundeak eta euzko edo vascongado hitzarekin behin eta berriro konformatu beharko dugu. Guk ez dakigu zertarako balioko duen delako legebiltzarreak eta artikuluburu honetatik ez dugu polemika horretan sartu nahi. Baina hauteskundeak burruka baten parte osatzen dutenez, euskaldun guztiok parte hartzeko prest egon beharko dugu. Batzu faltsuak izan daitezke, beste batzu epelegiak, beste batzu gogorregiak agian, baina hori guztiori norberak ikusi beharko du. Hemen bestaldez zera dago garbirik: Honetan objektiboki boturik ez emateak ez dio inola ere ezkerrari eta Euskal Herriari mesederik ekarriko eta hortik ez dago eskapatzerik.


Euskal Herria

Els Joglarsen Odissea

E.K.N.-ak antolatu duen Nazioetako Antzerki Jaialdian Els-Joglars-en irudimenez betetako lana ikusteko ahalmena eduki dugu. Benetan gustora geratu gara Xalana taldeak (Els Joglars osatzen dutenetako talde bat) eskaini digun espektakulu zuzen eta umoredun honekin. Mailu hotsak entzuten genituen bitartean L'Odissea-ko Ulises interpretatzen duen Joan Fanecarekin mintzatu gara beraien lana bere osotasunean ulertzeko.

Jaialdi honen akatsa agian antzerkian aritzen diren talde guztientzat hau ez dela topaketa toki bat izan, antzeztoki bat baizik, esan beharko genuke. Eta euskal antzerkia errealitate bat izatea nahi badugu (hontaz Kataluniako egoera ezberdina izan daiteke) soluzioak bideratu behar ditugu nahi eta nahiez, eta ekonomikoa ez da bakarra, oso presazkoa izan arren.

— Antzerki honen esku-programan jartzen duenez, "Els Joglars"-en barruan bi talde daude orain. Lan banaketagatik ala ibilbide ezberdinak daramatzazuelako izan da?

— Bi gauzak, Alde batetik, "M7 Catalonia" egiten ari den taldearen asmoa ideia berezko eta ezagertuei buruz lan egitea da, eta bitartean guk Mediterraniar kulturaz zerikusia duten klasikoak moldatu eta herriari holako lanak eskaini. Batzu lan bat prestatzen ari diren bitartean besteak bestea eskaintzen ahalegintzen dira. Dena dela, bi ibilbide hauen ardatz bezala A. Boadella dugu.

— Zuek, talde bezala, komunitate bat osatzen duzue edo elkartzen zaituztena antzerki saioak bakarrik izaten dira?

— Gu "La Torna"-ren istilua baino lehenago zegoen taldearekin gonbaratuz, ezberdinak gara. Orain antzerki lan honetara dedikatzen den talde bat besterik ez gara, baina honek ez du esan nahi hemendik zenbait denboratara, elkarrekin jarraitzen bagara, komunitate bat osatuko ez dugunik, honek dakarren ondorio guztiekin. Hasteko, lan hau egiteko bildu den pertsona talde bat gara.

— Nola antolatzen duzue eguneroko lana eta batez ere nola konpontzen duzue aktore eta teknikoen artean egon daitekeen zatiketa?

— Asmoa dugu (nahiz antzerki independentean asmo guztiak amets bihurtu) aktoreak aktoreen lanera dedika daitezela eta teknikoek berean egin dezatela, norberak bere lana hobeto bete dezan horrela. Hontara iritsi arte denok egin behar ditugu lan guztiak, "Els Joglars" taldea jarrai dadin nahi badugu.

— Antzerki independentearen puntua ukitu duzu eta askotan hau antzerki profesionalarekin elkarrezin bezala gogartua izan da. Zuentzat zer esan nahi du "antzerki independente" hitzak?

— Hitz hau nahasgarria da, gaur egun ez dagoelako ezer independenterik. Nik esango nuke antzerki independentea ohorezko titulu bat bezala dela eta taldearen hasierari dagokiola, baina ez gaurko egoerari. Nik antzerki independentetzat horrela jaio den antzerkia jotzen dut. Gure gaurko asmoa antzerki komertzial bat egitea da, publiko guztiengana irits daitekeen antzerki bat eta, nola ez, lan honek ordaindua izan behar du. Orduan profesionaltasunari dagokionez, gurea beste edozein talde batena bezalakoa da. Aldatzen dena, agian, iturburua eta helburuak izanen dira.

— Francoren denboretan antzerki independentea plataforma politiko bat bezala onartua izaten zen. Gaur egun zeintzu dira zuen lanaren helburuak?

— Beti dago errealitate bat gure aurrean eta ezin dugu, kontzienteki ez ezik, hori baztertu. Gure lana lehen bezala errealitate hori nabarmentzea da. Kultura ere politikoa dela ba dakigu, baina horren barruan gure asmoa publikoa antzerki espektakuluarekin berrelkartzea da. Ez dago zuzenbide politikorik, gizartekoak eta kulturalak baizik.

— Arrazoi politiko batzuengatik, A. Boadellaren izenak, batzuetan, "Els Joglars" taldea estaltzen duela dirudi. "L'Odissea" noraino da elkarlan bat, eta nola landu duzue hau?

— Lan hau guziekiko kreazio bat da, geuronen izate osoz beteka dago. Nahiz antzerki hau Homeroren lanean oinarritua izan, berez geuk egin ditugun inprobisaketak dira, eta Albert-en lana horik zuzentzea eta koordinatzea izan da. hasieran berak ezin zuen, denok ezagutzen dugun arrazoiengatik, eta Domenec Reixach izan zen lan hori egin zuena. Gartzelatik atera zenez geroztik, gurekin hasi zen lanean jo eta ke, eta ordutik aurrera espektakuluak A. Boadellaren egite berezia hartu zuen, baina gure sujerentzietan oinarrituz. Bera da katalizadorea, baina espektakulua denon nekeari esker egina dago.

— Lehen aipatu ditugun arrazoi politikoengatik "Els Joglars" espresio askatasunaren ikur edo mito bat bihurtu da. Zuen ustez, zergatik doa jendea zuen lana ikustera antzerkia ala taldearen izenaren garrantziagatik?

— Els Joglars-ek izen bat du, baina kalitatezko lan bat eskaini duelako lortu du hori. Jendea gureganatzen denean kontutan hartzen duen lehenengo gauza hau dela uste dut.

— Gaurko harira etorriz, nola sortu zen Homero-ren idazlana egokitzeko asmoa?

— "Alias Serrallonga" aurkezten ari zela, A. Boadellak telebistarako eta umeei eskainia, egokitu zuen L'Odissea. Esan behar da A. Boadellak heleniar mitologia eta L'Odissea osatzen duten elementuak asko maite dituela. "La Torna"-ren istilua gertatu izan ez balitz, agian beran lehenago egokituko zukeen antzerki hau.

— Nola izan da Homeroren lanaren moldaketa antzerki moderno bat bihurtzerakoan?

— Kontutan hartu behar dugun lehenengo gauza Homero Mediterraniar kulturaz mintzatu zela eta hori da guri axola zaiguna: gurea den kultura hori ere sakontzea. Antzerkian zehar mediterraniar nortasuna nola den adierazten da: jenio, amorru, indar, beldurkeria, etab. Hori helburu bezala. Gero mitologia heleniarra aztertzeko ahalmena orain arte irakatsi diguten bezalakoa ez baita, eta heroiak ez baitziren hain heroiak.

— Zuen katalan-mediterraniar nortasunaren bilaketa honek antzerki nazional baten oinarria suposatzen duela diogu. Nazionalitateen antzerkiaren etorkizuna nola ikusi duzue?

— Berbera izateko burrukatzen den edozein nazionalitatek bere komunikabideak behar ditu. Antzerkia, nahiz berba asko egin bere krisialdiaz, munduan desagertu ez bada, are gutxiago gizarte konkretu txiki batetan, hots, nazionalitate batetan. Nazioetako jaialdi honetan egotea zerbaiten adierazgarri da, gerta ez dadila politikagatik izatea bakarrik espero dugu.

— Nondik uste duzue joan beharko lukeela, erakunde politikoek kulturari eta, konkretuki, antzerkiari eman beharko lioketen laguntza?

— Gaur egun Generalitatetik antzerki politika bat eramaten saiatzen ari da, baina hau oso zaila da, laguntza ideologi mailan gertuago dauden taldeei bakarrik iristen zaielako. "Els Joglars" ez dago inongo talde batetan sartuta eta agindu dizkiguten subentzioak irabazi ditugulako iritsiko zaizkigu. Gaur subentzio horik zabaltzea beharrezko da. Gertatzen dena da ez dutela ezerren truke ematen. Gure ustez, erakunde hauek diru hori, alderdien siglak begiratu gabe emango balute, talde bakoitzak egingo lukeen lana askoz garbiago izanen liteke.

— Subentzio hauen truke zer ez zenuteke galduko?

— Dudarik gabe, geure lana egiteko askatasuna. Gaurdaino askatasun hori ez dugula saldu esan genezake. "La Torna"-ren istilua ba da hortaz nahiko nabarmena.

— Zuen antzerkia katalana da, katalanez delako, zuek kataluniarrak zaretelako edo zergatik?

— Batipat gu kataluniarrak garelako. Espresatzeko bidea dugu hau eta Katalunian gertatzen diren gauzak dira gure lana kondizionatzen dutenak, baita guk adierazten ditugunak ere. Guretzat katalana ez da helburu bat, errealitate bat baizik.

— Azken lan honetan pixkanaka sartu duzuen elementu bat aurkitzen dugu: hitza. Zer funtzio ematen diozue hitzari?

— A. Boadella hontan eboluzionatzen joan da eta beharrezko denean erabili du hitza. "Els Joglars"-en antzerkian hitza ez erabiltzea ez da "conditio sine qua non" izan. Lehen agian unibertsalitatezko funtzio bat eduki zezakeen, beste aberrietako jendeak uler zezaten. Gainera "L'Odissea" prestatzen ari ginen bitartean, Albert gartzelan zegoen eta atera zenean, lan konkretu batekin topatu zen, nahiz berak gero hori zuzendu eta koordinatu.

— Mitologia heleniarraren arazoa nola planteiatu duzue lan honetan?

— Mitologia hori, edozein mitologia bezala, oso erlatiboa da. Gure asmoa Jainkoen eta beraien ekintzen aurpegi izkutua bilatzen zen. Ez dugu haietaz barre egin, desmitifikatu baizik.

Dudarik gabe, galdera asko geratu zaigu tintontzian eta agian hartutako unea ez zen egokiena zenbait gauza sakontzeko, beste denak antzeztokia prestatzen ari baitziren. Dena dela, hurbilketa hau "L'Odissea" ikusi zutenentzat baliotsua izan dadila osagarri bezala espero dugu, eta besteentzat motibo bat gehiago ikustera joan daitezen (ahal badute). Gaur egun holako antzerkiak ere behar ditugu noizean behin terapia bezala.

X. PORTU


Euskal Herria

"Por favor la estación..."

Suzuko Tamura, Japoniako emakumea da. Nagoya-n, Tokiotik zenbait kilometrotara hegoalderantz jaioa da. Izena goian erakusten den bezala idazten omen da. Ez dakigu ongi eskribatu dugunentz eta horregatik eta ANAITASUNAri eskeinitako hitzengatik mila esker eta akatsik egon ba dago, gure barkatzekoak bidaltzen dizkiogu hemendik.

Suzuko Tamura Euskal herrian bizi da orain hilabete batzu. Etorri bezain pronto, euskara ikasten ari zen. Horretara etorria da hain zuzen ere. Eskola hartzen du Bilboko Gran-Via kalean dagoen "Aresti" izeneko euskaltegian. Japonian bizi zelarik ez zeukan gutaz ideia askorik ez eta handirik ere ez. Bera ustez, herri sinpatiko eta jatorra omen gara euskaldunok. Lasai bizi gara, "diru gutti, problema asko, langabezia, baina hala ere pozik eta alai". Suzuko Tamurak ez dauka hemengo erdararen berririk. Ez ttikiena ere. "Por favor la estación" eta halakoak ba dakitza hala ere. Askotan ingelesez eta dakien frantsesez baliatzen da. Berak dioskunez, "Corte-Ingles"-en ez da ingelesez egiten. Euskararik ere ez. Leku guztietatik erdara garbia. Haren irudiz, Bilbo Handian entzuten den euskara, tabernetan entzuten da gehien bat. Tabernetan, euskaltegian, lagunekin hizketan eta beraren ustez, euskaldunon kopurua ez da makala izaten Bilbo Handian. Baina giroa dago, erdal giroa, eta delakoak guztiz inposatzen du gauza guztietan. Donostian dagoenean lasaiago aurkitzen du bere burua. bertan euskara gehiago entzun daiteke kaleetan zehar. Liburudendatan batez ere. Dudarik ez, tabernatan eta parte zaharrean. Irungo taxistak harritzen omen dira Japoniako euskaldun honekin. "Shartu, shartu", diotsate gozo eta samur hango doinuarekin.

Suzuko Tamurak erakusten digun gure errealitatearen zatia, lazgarria da bene-benetan. Gezurrezko hizkuntzabitasun batetan bizi garela ere azaltzen digu Suzukoren kasuak eguneroko praktikan. Haren gisa, gutariko asko ere bildur da lehengo eskaerak eta harremanak euskaraz egiteko. Ez gara ausartzen, erdara baitago. Eta Suzukok ez du erdararik. Horregatik hain zuzen, hainbeste amona eta aitatxi zaharren antzera, ez du honek haien gisa, erdal berririk. Baina Suzuko hizkuntzalaria da. Ikerketarako euskara ezagutu eta landu behar du. Eta guk? Hemen bizi garenok, erabiltzen ez badugu, zertarako nahi dugu?

Horra askori zuzendu behar zaion galdera. Horra gutako erakunde abertzale askori zuzendu nahi diogun kezka. Zertarako euskararenganako oihua? Euskaldunok zapalkuntzaz askatzeko edo politik ordenu hitzik soilik errepikatzeko? Ez dakigu praktikan nola prestatuko den arazo honen soluziobidea baina bitartean hariari jarraiturik has gaitezen solasean Suzukorekin.

A.— Japonian zeudelarik hemengo berririk ba al zenekien?

 S.— Ez. Ez nekien ezer. Ni linguista naiz. Euskara zegoela ba nekian, Euskal Herria ez. Japonian bi hizkuntza daude. Bata Japonera, bestea "Ainu" hizkuntza. "Ainu" hizkuntza hil da. "Ainu" ikasi nuen. Orain Japonian haien ondokoak geratzen dira baina ez dira "ainueraz" mintzatzen. Japoniako iparraldean bizi dira. Gero, Frantziatik etorri zen hizkuntzalari baten bidez, euskara ezagutu nuen, eta ekialdeko hizkuntzekin euskarak zenbait harreman duela ere konturatu. Horregatik euskara ikasteko gogoa izan nuen.

A.— Non arkitzen dituzu euskararekiko harreman horiek?

 S.— Morfologian. Morfologia berdina. Hitzen ordena oso antzekoa da, japoneraz berdin gertatzen da. Esaterako, "Carlos zentze da"... japoneraz, eta euskeraz, "Carlos Irakaslea da", beraz, zentze = irakasle; da = da. Edo eta... "Carlos batazino zentze da" japoneraz; eta euskaraz, "Carlos nire irakaslea da". Batazi = ni, Batazino = nire.

A.— Orduan japoneraz —da— da, da.

 S.— Bai, —da— da. Baina pertsona guztiekin berdin erabiltzen da.

A.— Esan diguzunez, hona etorri baino lehen ez zenekien ezer gutaz, eta orain zer pentsatzen duzu?

 S.— Oso herri lasai eta jatorra zarete. Problema asko baina lasai bizi zarete.

A.— Euskara ikastean zer da zuretzat zailena?

 S.— Zailena!... dena da ZAILA!!!

A.— Hizkuntza asko ezagutzen duzunez zein da zuretzat errazena, alemana, frantsesa, ingelesa?

 S.— Ez. Errazena euskara da. Horiek baino errazagoa. Gero, alemana eta gero ez dakit.

 Irakasle batek.— Gaztelaniatik hartutako zenbait egiturekin, edo eta gaztelania eta euskara bat egiten direnean, arazo itzelak eduki ditu. "Joaten zaizu" eta halakoekin batez ere.

 S.— Euskarak ez du apurtzen nik pentsatzen dudan ordena.

 A.— Zuretzat ezberdina al da erdal eta euskal doinua?

 S.— Ez dakit. Ulertzen ez dudan guztia erdara da. Hitzetan nabaritzen dut. Hemengo euskeraren doinua eta iparraldekoa ez da batere berdina. Doinuaren aldetik.

 A.— Eta Euskal Herria ezagutzen al da Japonian?

 S.— Linguista naizelako "Basque" izena liburuetan irakurrita neukan. Orain hasi da ezagutzen Euskal Herria. Baina bonbei buruz bakarrik.

 A.— Hortik esaten da gu oso serio garela, zuk zer uste duzu?

 S.— Serio? Ez! Gu oso serio bizi gara Tokion. Gabonetan bakarrik kantatzen da. Eguberrietan. Eguzkiaren festak dira guretzat eguberriak. Urtean zehar ez da kantatzen. Lan eta lan asko. Bi urtetako umeek ere lan egin behar dute. Azterketa asko eta asko eta hemengo problemak hangoak ere ba dira. Kutsadura, eta abar. Baina hemen alaiago bizi gara.

Elkar lanean: Aresti Euskaltegia eta idazkuntza


Euskal Herria

Bilboko eskualdea eta alfabetatze euskalduntze batzordea

Hauzoak Taldeak Irakasleak Ikasleak ORDUAK

Basurtu 9 3 120 4-4 y 1/2

Otxarkoaga 13 9 159 3

Santutxu 69 63 940 4 y 1/2

Solokoetxe 11 8 120 4

Urazurrutia 5 4 49 3-4

Uribarri 5 5 61 4 y 1/2

Zabala 8 6 86 4 y 1/2

Aduanak 8 7 116 4 y 1/2-6-7

G. Aresti 56 21 683 4 y 1/2-5-6

Zurbaran 14 13 179 4 y 1/2

Eskolapioak 13 13 154 4 y 1/2

Begoña 11 7 90 4 y 1/2

Bolueta 5 5 38 3

Errekaldeberri 36 22 425 4

Iturribide 3 3 27 4 y 1/2

La Peña 5 5 44 4 y 1/2

Injinidoreak 3 3 29 4-4 y 1/2

San Inazio 25 24 321 4 y 1/2

Castaños 11 8 100 4

Deustu 22 15 225 4 y 1/2

Irala 21 19 301 4 y 1/2

Bilbo Zaharra 37 35 948 4 y 1/2

 441 298 5.215 4 y 1/2-6

Lantokiak Taldeak Irakasleak Ikasleak Orduak astero

Bizkaiko A. Kutxa 11 11 88 5

B.A.K. Munizipala 14 14 112 5-8

Banco Industrial 1 1 10 5

I.B.M. 2 2 15 5

Mutua Asepeyo 1 1 10 5

I.K.O.A. 2 2 16 4 y 1/2

Corte Inglés 4 4 75 4-4 y 1/2

M.O.P. 1 1 10 3

I.S. del Tiempo Libre 1 1 16 5

Honey Bull 1 1 10 3

Banco Gipuzkoano 4 4 35 4-4 y 1/2-5

Tubos Reunidos 2 2 25 5

Bilboko Udaletxea 22 22 230 4

Basurtuko Hospitala 5 5 70 4

Artes Gráficas 2 1 25 4

Gas Lantokia 1 1 10 4

Artxandako K. Munizipala 2 1 27 4

Euskalduna 5 5 75 4

 81 79 859

Hauzoetakoak 441 298 5.215

GUZTIRA 522 377 6.074

1.- Kontuan harturik, ikasleko 10.000 pezeta behar dugula urtean, 60.000.000 pezeta, behar lirateke, ikasleak gau eskola ez ordaintzeko, gaur egun ditugun ikasleekin.

Oraingoz ez dugu inondik xoxik hartu, Herri honetan orain arte behintzat, nagusien euskalduntzeari ez zaio garrantzi handirik ematen.

Bilboko Udaletxeak, urte honetan arduradunaren soldata erdia ordaintzen du behintzat, urrats bat dela uste dugu.

Euskal Herriko Kontseilu Nagusiak, datorren ikasturteari begira, nagusien euskalduntzea antolatzea, babestea eta bere adar bat egiteko asmoa dauka.

Bilbo Eskualdean ditugun sarrera bakarrak, lantokietan ematen ditugun klaseetatik sartzen zaizkigu. Guk, lantokietako klaseak 800-1000-1200 pezeta orduko kobratzen ditugu. Irakasleari 35 pezeta ordainduaz. Zer egiten dugu beste guztiaz?

- Bulegoko gastuak ordaindu.

- Bilboko arduradunaren soldata erdia, Udaletxeak ordaintzen du.

- Bilboko bulegolariaren soldata erdia.

- Bilbon irakasle guztiak, lan berdinagatik, berdin irabaztea lortu dugu. Gutxienak 300 pezeta kobratzen du klase ordu bat emateagatik, eta gehiengoak 350 pezeta.

Auzo askotan, ezin diote 300 pezeta ordaindu irakasleari, orduan bulegotik ordaindua izaten da irakaslea.

- Auzoetako arduradunak, klaseak antolatzen eta zuzentzen ordu asko sartzen dituzte. Ordu horiek ere, bulegotik ordaintzen zaizkie.

- Elabarrituentzat klaseak, ezer ordaindu gabe ematen ditugu. Horko irakaslea ere, bulegotik ordaintzen dugu.

Dirua, barra barra behar dugula, esan beharrik ez dagoela, uste dut. Ea nor ausartzen den lehenbailehen.

2.- OZTOPOAK.- Une honetan dugun oztoporik nagusiena, Euskera emateko leku eza da. Udaletxearen bidez, urte honetan, ikastetxeak lortu ditugu klaseak emateko.

Esan beharrean gaude, Udaletxeak laguntza oparo bat eskaini digula, baina hau ez da nahiko. Ikastetxeak, seiretan libratzen dira, eta guk egun guztian behar genituzke.

Arazo honi, nola edo hala erantzunez Euskaltegiak sortu ziren. Euskaltegietan egun guztian ematen dira klaseak. Guk Auzo guztietan, Euskaltegiak irekitzen beharra daukagu.

Euskaltegiak ezin bestekoak ditugu, Herri hau euskalduntzeko. Euskaltegiak, euskeraren irakaskuntzean, profesional huts handia dugu. Horregatik, diruz ere garestiagoak irtetzen dira.

3.- ERAKETA.- Auzo bakoitzean, ikasle eta irakasle artean, arduradun bat hautatzen dute. Auzo bakoitzeko arduradunak eta Bilbokoak, Bilboko mahaia osatzen dute.

Bilbaoko mahaian, auzo bakoitzeko arazoak aztertzen ditugu. Denon artean, komeni ikusten den erantzuna emanez.

Gure erabakiak, Bizkaiko mahaira eramaten ditugu, han beste Eskualdeko arduradunekin batera, Bizkaiko erabakiak hartuz.

Kargu guztiak, urtero eztabaidan ipintzen ditugu.

Euskaltzaindiaren adar bat gara, Jagon sailekoak, hain zuzen.

4.- DIDAKTIKA.- Bizkai mailan, talde didaktiko bat dago. Ikasle bakoitzak, 200 pezeta ordaintzen du, talde hori mantentzeko.

Talde honek, irakasleentzat, materialak eta ikastaroak antolatzen ditu. Ikasleentzat ere, aldizkari bat ateratzen dute, mailakatua.

5.- OHARRAK.- Euskararen etorkizuna, ezin daiteke euskarazko klase batzuen eskuetan hutzi. Herri hau euskalduntzeko, planifikazio orokor bat egin beharrean aurkitzen gara. Hori Gobernuaren eskuetan legoke, batez ere.

Euskalduntze munduan gabiltzanok, atzerritar aurkitzen gara gure Herrian. Ikasleak klaseetatik kanpora, ez dute behar handirik sentitzen euskera ikasteko. Horregatik, dei bat egiten diegu Euskal Herriko Komunikabideei, beraien saioetan, euskararen programazio sakon bat eskatuz. Herri irratiak antolatu zuen "24 ORDU EUSKARAZ" gogoan daukagu, mota hortako saioa, bultzatu eta begi onez laguntza emango genieke. Euskal Telebista antolatzen ari direnei ere, dei berbera egiten diegu.

Egunkariek, lan ederra egin lezakete arlo honetan, Euskara maila desberdinetan agertuz. Gu laguntzeko prest gaude. Jendea ba daukagu. Eta jende horri, guztion artean erantzun beharrean aurkitzen gara, benetan Herri hau euskalduntzea pentsatzen dugunok.


Euskal Herria

Inkesta ttikiari politikariek ezetz

 • Zein da zure lanbide? (Diputatua, abokatua, alderditik liberatua, langilea, etc.)

 • Zenbat urte duzu?

 • Alderdi batetan zaude edo independientea zara?

 • Lan edo ardura politiko edo bestelakorik al duzu alderdian edo alderditik kanpo? (korteak, Diputaziotan, juntetan, entrepresa publiko edo pribatuetan, sindikatuetan, etc.).

 • Ba al dakizu euskaraz?

 • Baldin badakizu, zure ustez zenbatetan erabiliko duzu? (Beti, askotan, batzutan, guttitan, sekula).

 • Euzko parlamentuari begira, zer duzu garrantzitsuena hurrengo urtetan?

 • Zer duzu maiteen mundu honetan? Zer da maite duzun gehien?

Hurrengo hauteskundeak zirela eta, ANAITASUNAk inkesta ttikia bidali zion hainbat autagairi orain 20 egun. E.A.J., H.B., E.E.ren zerrendetako lehen hiruri konkretuki (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta Bizkaiko E.M.K.-ren lehengoari hain zuzen. Orain arte 28 inkesta horietatik bat ere ez dugu hartu. Ikusten duzuenez inkestak ez zuen arazo politiko konprometagarririk ukitzen eta politik arazoari baino, pertsonari lotzen zitzaion hainbatean. Eta inongo erantzunik jaso ez dugulako guk ere 28 haien arrazoiak suposatzeko libre gara. Ea igertzen ditugun:

Haietako batzuk, lanbiderik ez daukatenez eta dirua leku askotatik erraz ateratzen dutelako, konprometagarria litzaieke egiak edo gezurrak esaten aritzeaz. Beste batzu entrepresa pribatuen alde lanean ere daudelako beldur zirateken herriaren aurrean, keak sua baitakar. Beste horietako batzuk euskara konprenitzen ez dutenez eta "Euskal Herrian Euskaraz" elkarteak dioenez, "ari naiz" taldekoak osatzen ari dira et euskararenganako duten jarrera sekretua, sekretoa dadila pentsatu dute (erdaraz beti hitzeginez). Zaila benetan karrera politikoa euskaraz!! Eta azkenean eta uste ditugun arrazoi guztiak agertzeko, gainerako batzuk (pertsona bat edo bik) haien partidu edo koalizioen bulegoko arazoetan funtzionaritza hankaz gora dagoenez ez diete inolako abisurik pasatu eta ongi ba dabil (beste batzuren kasuan) ez duela merezi ANAITASUNAn ezer argitaratzerik, denbora galtze hori alferrik izanki.

Guztiri, mila esker, egin diguzuen argitasunagatik.

Anaitasuna


Hamabost egun hankaz gora

Berriz ere indar nuklearra

Oraingoan, berria, Kaliforniatik datorkigu. Erruduna, lurrikara bat. Honek, ur erradiaktiboa gordetzen zuen kutza batetan arrailadura bat sortu zuen harma nuklearrekin erlazionaturik dagoen laborategi batetan. Livermoreko herria honen aurka jarri zen, baina lurrikarak jasateko bereziki prestaturik zegoela erantzun zuen entrepresak.

Horrekin, berriz ere, indar nuklearrarekin zerikusia duen industria mahai gainean jartzen zaigu. Istripu honek 18 zauritu ekarri zuen.

Bestalde, Harrisbourgen gertatutako istripuan 30-60 minututara bakarrik gelditu ziren, erreaktoreko uranioa urtzeko eta Txinako Sindromea sortzeko. Honela gertatu balitz, milaka pertsonaren bizitza arrisku handitan aurkituko zatekeen.

Eta hau dela eta, hor dugu Lemoizko Zentralea eta istripu baten aurrean aldegite planak. Argi eta garbi ikusten da ezinezkoa dela plan hauek praktikan jartzea. Honek, Bizkai osoa eta Gipuzkoako zatirik gehiena eta baita Arabakoa ere hutsik uztea estatuko luke eta (80 kilometrotako inguru batetan).

Nola egin hau behar bezain azkar? Nik, behintzat, ezinezkotzat jotzen du.

Eta zuek?

Militarrak eta kolpea

Aspaldidanik ari dira eskuineko indarrak militarren kolpe baten arriskua salatzen. Zergatik aipatzen ote dute hainbestetan gai hau? Kolpe horren zain ote daude, beren ideia eta programak aurrera ateratzeko? Ala militarrak probokatu nahi dituzte?

Gobernuak beti gezurtatu du hau, ezinezkoa dela argumentatuz. Egia esan, egun, nahiko zaila da honelako gertaera bat ematea, kapitalari ez baitzaio honelakorik interesatzen.

Bestalde, egoera internazionalean ez dira 1936.ean ematen ziren baldintzak errepikatzen. Orduan, faxismoa gorantz zihoan. Une honetan ere gorantz doa, baina diktaduraren ordez, sasidemokrazia erabiliz. Eta, horrelako zerbait hemen ere lortu dutenez... Zeren, benetako demokrazia nahi badute, zergatik ez dute aldatzen bai armadan eta baita polizia eta goardia zibilen artean mugitzen diren eta agintzen dutenen artean dagoen beste "fatxa"?

Hala eta guztiz ere, gaurko gobernuan, betidanik faxista izandako pertsona asko dugula esan beharra dago. Nola kenduko dituzte beren laguntzailerik hoberenak?

BIXER

Ihauteriak aurten

Euskal Herrietan zehar aurten ihauteriak legalki ospatu dira lehen aldiz. Hamaikatxo gauzetatik deigarrienetako bat Bilbon ikusi genuen Txomin Barullo-k antolatuta. Kamioi itzel baten gainean "La Corte Celestial" zeritzon maskarada zeraman, Jainkoa eta guzti. "Jainkoa", "Kristo gure Jauna", hainbat apostolu eta aingeru, hotzak hiltzen eta nolabait aspertuta. Behean, garraiogailuan infernuko gaizto guztiak gorriz eta beltzez jantzita ardoari eta kantari jo eta ke. "Corte Celestial"etakoek alaitasuna hatxeman nahiez dantza ahaleginak egiten zituzten. "Gurutze saindua" zeraman aingeru batek "rock-folk" higiketak eta abarrekoak egiten zituen, gurutzea orkesta baten zuzentzeko makila erabiliz. Benetan oso irreberentea. Hala ere, presente zeuden apaizek eta monjek ez zuten konorterik galdu. Benetan, herri honetan gauza asko aldatzen ari da.

Carrillo Bilbon

Carrillo jauna Bilbotik pasa da hauteskundeak direla eta. prentsa aurreko batetan "Batallon Vasco Español" eskuin puntako eta polizi paraleloek osaturiko talde terrorista bat zela garbi esan zuen. Carrillo-ren ustez delako taldeak, ETA baino, askoz kaltegarriagoak dira zeren eta "denok dakigun delako batallon horren menpean zer dagoen". Euskadin zegoela probetxatuz, E.P.K. Euskadin autonomia lortzeko benetako garantia zela gehitu zuen.

P.S.E.-k ez du hainbeste diru

Bazkari eder batean gonbidaturik geundelarik, P.S.E.k hauteskundeetan hainbeste diru gastatuko ez zuela esplikatu zigun. "No tenemos 200 millones como dice el P.C. que tenemos pero si los tendríamos nos los gastaríamos todos" azaldu zigun Danboreneak, Bizkaiko zerrendetako lehenak. P.S.E.k dioenez, 65 milioi eskas batzurekin konformatu beharko da. Beste batzuk, aldiz, askoz guttiagorekin ere konformatuko lirateke, seguru baietz.

Castells senatoreari Mexikon gertatua

Albiste edo pasadizo hau H.B.k Mexikora egindako bidaian barne gertatzen da. Lan eta higiketa asko egin ondoren, Castells nekatuta eta erdi lo dagoelarik bere hoteleko gelan lo kuluxka dago. Halako batean, ateaz bestaldean zarata estraino batzu entzuten ari da. Gehiago pentsatu barik, atetara jotzen du eta bi tipo arraro samar, "korbata fluoreszentez" jantzita ikus ditzake. Berehala, aulkiak eta haltzairuetako lodienak atean kontra ezartzen ditu gure senadoreak baina bitartean haietako morroi batek sudurra atetan zehar sarturik senatoreari ba diotso:

"Pero que hase mi senadorsito, aquí na mas que estamos a que no se incomode, que hay que protegerle y pa lo dicho nos envia el gobierno, que somos de la seguridad de Mexico... vamos, quitese estos trastitos y duerma tranquilo".

— "Y para que llevan vds. corbatas fluorescentes?"

— "Por si se corta el fluido senador... que estamos en todo namas!!"


Haurrak egiten du

Hemen irekitzen dugun sail hau haurrei eskeinitako saioa da.

Haurrez eta haur bera gure protagonista izango da ANAITASUNAko bi orrialde hauetan.

Ba dakigu hala ere, ANAITASUNA nagusiei zuzentzen zaiola gehien bat. Horregatik eta umeek eta gurasoek —LASAI— erabil dezaten orrialde bi hauek motz ditzakezu puntuei jarraituz. ea gure euskal eta erdal ikastoletako haur eta maisuak, euskal kazetaritza, literatura eta kultura gurea garatzeko tresna erabilgarri bat aurkitzen duten hemen bertan.

Zuei esker

Anaitasuna

Txalapartari berriak

Ikastolako gela txiki eta izkutu batetan sartzen naiz. Han daude bi mutil koskor, tapa ta tapa, txalaparta jotzen. Entsaiatzen daudela diote.

Burua makurturik, gorputza mogimendu ritmiko batez balantzaka, serio ta isilik, Mikel Zuaznabar eta Jexus Olaizola, 11 urtetako txalapartariek, lanean dihardute. Hor nagoela ikusten dutenean, lotsatu egiten dira apur bat... "Segi, segi..." diot nik, une hortako enkantoa desegiteko bildurrez.

Bukatzerakoan, nik elkarrizketa bat edo egiteko prest egongo liratekeen, galdetzen diet...

— Benetako elkarrizketa?

— Ba, Bai

— Zer egunkarirentzat?

— Ez da egunkari batentzat, aldizkaria baizik...

— Euskaraz?

— Bai, euskaraz... ANAITASUNA-rako. Ezagutzen al duzue?

— Ez, ez dute ezagutzen. Baina berdin zaie. Beste lagun baten bila doaz, korrika. Adarrajotzailearengana, hain zuzen. Berehala daude ene ondoan, Aitor Zubeldiak, beste lagun berri horrek, adar galanta bat eskuan daukala. Hirurak, serio, urduri, zintzo... bainan barruko poza begietatik dariela.

— Hasieran, Aitorrek adarra jotzen du... Eta bukatu baino lehen, hasten gara gu txalaparta jotzen.

— Eta bukatzen dugunean berriro jotzen du.

— Adar hau oso zaharra da... Lehen lur azpian sartzen zuten luzarorako, barruko mamia usteltzeko eta errez ateratzeko...

— Bainan, orain egosi eta bultzaka zizelez hustutzen dute.

— Nere baserrian, bizpahiru dugu. Gero eta txikiago soinu finago. Handiak soinu gozoago edo fuerteago dute PROOO, txikiak PRIII bezala.

— Bi saski. Saski gainean arto hosto mordo bi eta hauen gainean ohol luzea. Mikelek ez ditu txalapartako makilak eskutik lagatzen. Nun demontretik atera dituzten hainbeste tresna galdetzen diet nik...

— Nere baserritik...

— Bai, zeren Mikelen aitona eta osaba, txalapartariak ziren...

— Gerra ondoko Euskal Herriko txalapartari bakarrak. Hoiekin ikasi zuten Arze anaiek.

— Aitonak 80 urte ditu orain eta osabak 76 urte eta hemen ikusten dituzun ohola, makilak eta adarra, nik ez dakit noizkoak diren. Aitonaren aitonak, hauk erabiltzen zituen eta...

— Arto hosto hauek ere oso garrantzitsuak dira, ez pentsa. Hosto lehorrek lurretik aislatzen dute ohola eta soinu desberdina ateratzen du.

Txalapartaren historiari buruz mintzatzea eskatzen diet, zihur bait nago gauza asko ikasiko dudala beraiengandik...

— Ba, prentsan sagarrak jartzen zituztenean, ohol bat jartzen zuten gainean eta 4 makilez zanpatzen zuten ohola, sagarrei zukua ateratzeko ezta...

— Bai, eta soinu ederrena ateratzen zuen ohola gordetzen zen, lehortzeko eguzkitan...

— Batez ere ez zen busti behar.

— Ohola, altza zahar bateko erdiko enborra bat da. Eta zenbat eta adar begiak gehiago, soinu diferente ditu. Makilak, arkizaren enborraren bihotzekoekin eginak dira... oso zaharrak dira.

— Txalaparta erabiltzen zen lehen berriak emateko...

— Gaurko telefonoa bezala!

— Lehenbizi, adarra jotzen zen notizi bat zegoela adieraziz eta gero txalapartaren bidez, ezkontzak, hiletak edo beste berriak zabaltzen gara...

— Txalaparta honekin, adibidez, 8 Kmtotan entzuten da... Donostiatik Urnietaraino.

— Baina gaur egun, kotxe asko dagoelako, ba ez du txalapartak hortarako balio...

— Baina, nere aitonaren aitonak, alegia, ezagutu zuen txalaparta berri emailea.

Bainan, nola jotzen da? (Zer esanik ez, ni neu hasten naiz txalaparta jotzeko nahiean). Ez da nerea arrakasta handia izan.

— Ze lehenago asko entzun behar da, aditu behar da txalaparta jotzen hasi baino lehenago!

— Batek biko zaldia egiten du, TRAKATRA TRAKATA... eta besteak konbinazioak sartzen ditu...

A: Zenbat aldiz plazaratu zarete?

M: Lau aldiz, haur jaialdiak zirela eta... Hondarrabian, Lasarten...

A: Dokumental katalan batetan ere ateratzen gara!

M: A, bai! Nere baserrira etorri ziren filmatzea eta gu han agertzen gara...

J: Bueno, gu filmatzea ez ziren etorri... Mikelen aitona filmatzea etorri ziren eta gu ere han agertzen gara...

A: Eta zergatik jotzen duzue txalaparta mutilek bakarrik?

J: A! Nik ez dakit... Beti holaxe izan da ta...

M: Etxean, arrebek badakite, bainan ez dute jotzen lotsa ematen dielako plazaratzeak. Bainan etxean jotzen dute, badakite ez pentsa!

A: Txalapartariak... noiz arte?

M: Ni beti, behintzat!

J: Ni beti

A: Eta gainera geroxeago bestei erakutsiko diegu!

Mariasun Landa


Azken lorea: parabola irudiz [Komikia]


Nazioartekoa

Afghanistan sutan

Joan den urteko azken egunetan, berri harrigarriak heldu zitzaizkigun jadanik kolokan zegoen eskualde batetan dagoen herri batetatik, Afghanistan-etik, halegia: sobietarrak milaka sartzen ari ziren, antza. Geroago, oso laster, ez zen bakarrik han zeudela, kaleko kontrola harturik zeukatela, eta kontra agertu ziren batzuren aurkako burruketan zebiltzala ere baino.

Laster, argiago agertu zitzaigun egoera: egia zen, sobietarrak sartuta zeuden, kontrola hartzen saiatzen ziren, Amin-en gobernua jaitserazi eta Karmal Herriko politikaren buru gisa ipinia zuten. Oposizioa oso biziz izan zen lehen momentutik, batez ere, jadanik aurreko gobernuaren kontra burrukatzen zuten islamiarren aldetik.

Sinesgaitza iruditzen zitzaigun honelako ekintza bat hain agirian egitea, mundua probokatuz, ezagunak ez ziren ondorioak eraginez... Ondo neurtuta zeukaten sobietarrek gero gerta zitekeena?

Begira dezagun atzerantz, iraganerantz, ea zer gertatu den han edo gutxienez, sobietarrak mugierazi dituzten arrazoiak uler ditzakegun.

Afghanistan eta URSS-en arteko harreman onak 1978.urtean hasiko ziren, Afghanistan-eko alderdi komunistako lehendakariak, Taraki jaunak, halegia, ordurarte Estatuko lehendakaria zen Daud jauna hiltzera kondenatu ondoren, beraren lekua hartu zuenean.

Sobietarrak berehala hasi ziren erregimen berria laguntzen, kontseilariak bidaltzen, harmak ematen... Alderdi komunistaren barruan, bitartean, ez zeuden gauzak oso argi, zeren garbi antzematen baitziren aurkako bi jarrera: nahiko moderatu eta sobietarren aldekoa zena, hots, Karmal-ena, eta Taraki eta Amin-ena, hau askoz ere independentista eta arradikalagoa zelarik.

Herri-zati handi batek ez du inoiz ontzat hartu erregimen hori, batez ere, modernizazio erritmuak arinegi izan nahi izan zuelako. Atzeratuegi zegoen herri afghaniar gobernuak egin nahi zuena ulertzeko, eta berehala hasi zen gerrila antolatzen, ondorio logiko gisa, Taraki eta Amin-en errepresio gogorra agertuz. Burrukak oso handiak izan ziren, eta adibide gisa, Herat-en gertatu ziren 20.000 hilak aipa genitzake. Aurkako mugimendu horrek ia Estatuaren hiru laurden domeinatzen zituen 1979.eko Irailean, eta askotan eskatu zien Tarakik sobietarrei laguntza, edonola egoera horretatik ateratzeko.

Amin-ek Taraki aski hertsia ez zela pentsatuz, lehendakaria hiltzea agindu zuen, eta berak hartu zuen lehendakaritza.

Ordurarteko errepresioa gogorra izan bazen, zer esan berarekin afghaniarrek pairatu behar izan zutenaz? Moskuk ez zuen begi onegietaz lehendakari-aldaketa, beraien ustez lehendakari berria gogorregia baitzen, eta gainera gogortasun horrek ez zekarren ondorio onik, altxaketak gero eta ugariagoak baitziren.

Moskun, Tarakiren hilketatik zegoen haserrea handituz joan zen, eta beraien kabuz edo eta Karmal eta beraren jendearen kolaborazioarekin, Afghanistan "indarrez baketzea" erabaki zuten.

1979.eko Gabonetarako utzi zuten ekintza, eta inbasioa egin arte, soldadu eta harma ugariak bidali zituzten, bai Afghanistan barrura, eta bai mugara ere, gerrila kontrako burrukan parte hartzera zihoazelako aitzakiaz.

Eta horrela, Abenduaren 26an, Amin hil ondoren, Kabul eta Estatuko hiririk handienak hartu zituzten, eta Gobernuko burutzat, Karmal ipini zuten, Amin CIArako lan egiten zuela esanez.

Islamistak laster hasi ziren sobietarren kontra egiten, baina onartu behar da oso zaila egin zaiela orain arte burruka hori, harmak eta gizonen kopuruak besteen alde jokatu baitu.

Ondorioak denen ezagunak dira:

Estatu Batuek URSS-en politika espantsionista zela eta, hamaika errepresalia hartu ditu, bai politika eta bai ekonomiaren mailan ere. Beraren atzetik, Europako ia Estatu guztiek ekintza gaitzetsi ondoren, URSS "zigortzen" saiatuko direla agindu diete amerikarrei.

ONU-ko botaketan, espero zitekeena gertatu zen, zenbait sorpresa salbu: USA-rekin alineatuak daudenak, URSS-en kontra; besteak alde. Gutxi batzuek hautatu zuten jarreratzat abstentzioa.

URSS harrituta geratu bide da, beraren kontrako neurriak ikustean; egia esan, oso gogorrak izan dira, zenbait kasutan, neurri horik, baina dena den, tontoak ez badira, eta ez dira, antzeko zerbait esperatzea normala zitekeen.

Mundu osoan altxatu dira ahotsak herri baten krimen hori gaitzesteko. Laster ahaztu dituzte, antza, Ertafrikan Frantziak gutxi dela egin zuena, edo Zairekoa, edo Estatu Batuen laguntza zenbait herritan gertatu eta gertatzen ari denerako.

Lotsagarria dateke, dudarik gabe, sobietarrek erakutsi duten jarrera, benetako konkista baten irudia ikusi ahal izan baitugu, eta zoritxarrez ez da hau lehenengoz gertatu.

Beraiek, hala izan duten moduan, azaldu dute beraien ekintza: bakearen alde zela, iraultza erreakzionari bat gelditzeko, gobernu progresista bat ipintzeko, amerikarren jokoa apurtzeko.

Baina nola esan daiteke antzeko gauzarik? Gogorra egiten zaigu inbasio hori bakearen izenean egin dutela sinestea. Orain, gerrila nahiko ahuldurik dagoela, han segitzen dute dena kontrolatzen, gobernua eta bestelako erakundeak antolatzen,... ordenua gorde nahiz. Denbora luzeak pasatu beharko du sobietarrek handik alde egin arte, hori egiteko nahia badaukate, noski, zeren dagoen gobernuaren indarra haien presentzian soilik oinarritzen baita.

Momentuan, txarto dago gerrila, harmarik gabe, jende gutxirekin, orain arte antolatuegi ez zegoen eta. Ba dirudi jende xeheak, afghaniar normalek ez dutela ezer ulertzen atzerritar horien jarreraz. Kanpoko jende hori beraiei zenbait inposatzera joan zaizkie, eta hori, hain tradizionalak izanik, ez bide zaie gehiegi gustatzen.

Bestalde, ez nuke honelakorik pentsatu nahi, baina dudarik gabe, sobietarren ekintza honek mugimendu islamiarra asko indartuko du, gutxienez epe luze batetan, eta sistema "sozialista" lehen kolokan bazegoen, aurrerantzean gero eta ahulago ikusiko dugu, sobietarrek han geratzea erabakitzen badute, noski... baina konkista militarra izango litzateke, ez da?

Zoritxarrez, mugimendu islamiarrak askoz laguntza handiago lortuko du herriarengandik, zeren gerrileroak beraienak baitira, askatasun eta "atzerritarren hatzaparretatik ateratzen nahi dizutenak, eta herriaren izaera mantendu nahi dutenak dira eta". Agian, laster, lasterregi, errepublika islamiar berri bat ikusiko dugu...

Zer bilatu du Moskuk Afghanistan okupatzean? USAk dioenez, beraren lurren azalera handitzea; apurka apurka, eskualde hartako petroliozko putzuetara hurbiltzea; herri estrategiko bat kontrolatu;...?

Auskalo, baina argi dagoena zera da, ez bide dutela ondo kalkulatu oraingoak ekarri ahal ziena. Nola arriskatu, bestela, Europako Estatuekin egiten ari zen harreman-hestuketa, geroa galtzea, militar akordioen hoztea...?

Ez dira, ba, konturatu eskualde horretan besteek ere interesak dituztela, eta ez dituztela inola ere galdu nahi? Gehiegi izango litzateke Estatu Batuentzat, Iraneko iraultzaren ondoan, Afganistan sobietar bat onartu behar izatea. Gogorregi Txinarako, beraren beste muga batetan sobietarrek kontrolatzea.

Orain, batzuek alimoak lasaitzen saiatzen diren bitartean, besteak sarritan gertatzen ez den egoera hau probetxatzen ari dira. Mosku, Europako Estatuekiko harreman onak gordetzen ahalegintzen ari da; Estatu Batuak, aldiz, Europa URSS-en kontra ipintzera, mesfidantza handitzera.

Mundu osoko aurrerazale guztiok, berriz ere, oso jarrera ezatsegin batetan aurkitzen gara: alde batetatik, txarto ikusten den kritikatuz, kapitalisten jokoa egiten ari gara?

PCF eta Ekialde-ko zenbait Estatutako jarrera akritiko eta lotsagarria hartu, ala besteen antzerkietan parte izan?

Berriz ere, oso zuhurrak izan beharko, besteen joku zikinetan harrapatuak ez gaitezen. Zein gogorra egiten den, sozialismo eta bakearen alde lan egiten dutela esaten duten horien alboan egotea!

Txekoslobakiako inbasioa, edo Etiopia, Eritrea kontrako gerran laguntzea onartzea bezala. Azken batetan, benetako sozialistak bagara, askatasun eta Herrien autodefinitzearen alde bagaude, inperialismo eta errepresio guztiak kritikatu behar ditugu, edonondik etorrita ere.

Moskuko politika sozial-inperialista gehiegizkoa egiten zitzaigun aspalditik; oraingoan, muga guztiak gainditu dituztela iruditzen zait.

Hala ere, zein justizia eta zein borondate onen izenean gaitzetsi dute sobietarren ekintza Estatu kapitalistek?, zeren izenean eskandalizatu dira Estatu Batuak, beraien aldetik hainbeste ezkutatzeko dutenean?

Maria Jesus Esteban


Nazioartekoa

...zakurrak oinutsik

 Alto Adigion, edo Süd-Tirol-en, nondik begiratzen den, duela lau hilabete gertatua ez dute jaso gure arteko aldizkariek. Gertatuak, ordea, badu bere axola eta irakaspena ere guretzako.

 Meran-en, Andreas Hofer tiroldar heroearen 3,5 metroko irudia bonba batek erauzi eta suntsitu zuen. Bertantxe aurkitu ziren italianozko orriek mendeku-ekintza zela zioten, hamar egun lehenago, Bruneck-en, Alpini izeneko italiar ertainen oroitarria beste bonba batek birrindua zuelako.

Jakingarria da, nik uste orri horien testua. Hizkera guztiz ezaguna egiten zaigu. Hona:

"Aski zuen ekintza anti-italiarra, edo bestela pagatuko dituzue ondorioak odolaz eta zorigaiztoaz. Ken proportzio etnikoa eta elebitasuna! Hauek dira gure politikoen eta gobernu ustelduaren saldukeriak dakarren fruitua. Eramazue erdira zeuen zergak, hauek xede arrazista eta ekintza anti-nazionalak lortzeko erabiltzen direlako!"

Jakina denez, duela 15 urte egunoroko ogia ziren bonbak Süd-Tirolen. Aleman hizkuntzadun jendeak gogor defendatzen zuen bere burua Erromako politikaren kontra. 1970 inguruan, Estatutoa azkenean iritsi zenean, bakea itzuli zen ezari-ezarian. Bonba-haroa berriro hasi ote den galde egiten dute han.

E. Knörr


Gaiak. Gizartea

Georgian: liburu berri bat euskaldunez. Ilia Tabaghuak idatzia

1979.aren bukaerarekin liburu berria agertu izan da Georgiako Sovietar Errepublika Sozialistan. Izena bera da bere buruaz mintzo: Baskebi: legendebi da phaktebi (Euskaldunak: legendak eta egiak). Egilea Ilia Tabaghua jauna da, Tbilisiko Unibertsitateko Histori irakaslea.

Historialari honen berri lehendik ere emana dugu ANAITASUNAren horrialdeetan. Izan ere, Xotha Dzidziguri eta Th. Gudjabidze jaunekin, bera "Euskal Hizkuntza eta Kulturarako Elkartea"ren eratzaileetako bat da, eta urtean zehar bere Herrian hainbat hitzaldi egiten ditu euskaldun eta georgiarren arteko kidetasunak azaltzen.

Ba ditu, horrez gainera, Tabaghua irakasleak, bai georgieraz, bai errusoz eta bai frantsesez, artikulu argitaratu mordoak, gu gaitzat harturik, baina oraingoa izan da gutaz idatzi duen lehenbiziko liburua.

Aireportuko Harrigarria

Hasteko, Tabaghuak azaleko gertakari bat, anekdota gisa, kondatzen du. Paris, Londres edo Erromako aireportuetara heltzean, Pan American, Air France, British Airlines moduko hegazkin konpainien artean ba da bat, izenagatik edozein georgiarri pitxi gertatzen zaiona: Iberia. Eta bai, ba dago hor harrigarririk, zeren Georgiaren aintzinako izena, Greziako geografo zaharrek ziotenez, hain zuzen ere, Iberia baitzen, eta horrexegatik, Tbilisiko hotelik haundienak orain izen berberori dauka, gaur Iveria bihurtua. Iveria zen, halaber, joan den mendean Ilia Txavtxavadze idazleak bere georgiar aldizkari abertzale sozialistari ipini ziona.

Sustrai galduen bila

Zer dago izen kidetasun horren atzean? Kasualitate hutsa ote da dena ala ba ote dago horren ondoan bestelako kidetasunik ere? Giza fantasia sarritan asmakorra izaten da eta Pirinio-Kaukasietako Iberia bien arteko harremanez asko idatzi izan da. Tabaghuak problema honetaz arduratu izan diren autoreen lanen berri ematen du bere lanean, dena ahalik eta modu zientifikoenean agertuz.

Frantziara egindako bisitetan zenbait aldiz Ipar Euskal Herrian egoteko era izan ondoan, azkenean 1977.eko Uztailean Hego Euskal Herrian izan genuen, gurekin zuzenki tratatzeko era izanez, bide batez bere lanerako datu, materiale eta bibliografia ugari jasoz. Horren fruitua da, beraz, liburu hau. Bertan, euskaldunon historiaren laburpena eskaini ondoan, hizkuntz, etnografi, kanta eta dantzen berri azaltzen du, maiz georgiar elementuekin gonbaraketak eginez.

Dakigunez, gainera, ez da lehen liburu hau gai honetaz egingo duen azkena izango, aurten beste bat ateratzeko asmoa dauka eta.

Liburuaren interes zientifikoaz landa, ba du obra honek beste zerbait, euskaldunok zinez eskertu beharko dioguna: eskaintza. Georgieraz idatzitako lan honek, azkenean, bi laburpen dakartza, errusieraz bata, frantsesez bestea. Berau honela bukatzen da: Je dédie ce livre à la memoire sacrée des Basques tombés dans la lutte pour la liberté nationale (Liburu hau nazioaren askatasunagatiko burrukan hildako euskaldunen oroitze sakratuari eskaintzen diot). Nazioartekotasuna eta herrien arteko batasuna honelako eginokin frogatzen da, nik uste.

 Didi madloba, txveno kartvelo dzmav, gulit da sulit. Eskerrik asko, georgiar anaia gurea, bihotzez eta arimaz.

Xabier Kintana


Gaiak. Erlijioa

Beneditarrak Euskal Herrian. Historia luze baten oroigarri laburra

Azken abenduko 29an, egun osoko bilera neketsua izan ondoren, Donostiako Artzain Onaren Katedralera joatea bururatu zitzaidan. Aurreko egunetan abisua emana zegoen: Leireko, Belokeko, Lazkaoko eta Estibalitzeko beneditarrek, koru bakarrean, Meza nagusia kantuz laguntzeko ziren.

Ez naiz ni askotan Donostiako Katedralean izan; baina bai behin baino gehiagotan: Dena dela, gertakari bereziren bat hospatzeko, oso gutxitan: lehengo udazkenean, autobuseko istripuz, Tarbes-en hildakoen oroimenez izan zen mezan, esate baterako; edota poliziak hildakoren baten izeneko mezan, inoiz.

Egun hartan ez zen berandu, alde batetik; bestetik meza eta kantu gregorianoa... ez nuen inolaz ere uste esertzeko lekurik izango ez nuenik. Horregatik lasai abiatu nintzen Katedrale aldera. Baina hara orduko, lagun askotxo sartzen ari zela ikusi nuen. Eta barrura sartzean berriz, Katedralea erabat beterik zegoen: eserita eta zutik, inoiz gutxitan ikusi izan dut hain beterik. Nik zutik eman nuen haseratik amaieraraino. Eta ez zen motza izan elizkizun-kontzertua.

Hiru moetatako entzule ba ziren han, seguruenik: batetik, azken Kontzilioaren ondorengo liturgi berriztapena onartu ez dutenak, eta garai haietako "latinak" eta "gregorianoak" amesten dituztenak; bestetik, liturgia berriak eta kanta modernoak elizan onartu eta gogoz abestu arren, gregorianoaren ederra ahaztu ez dutenak; hirugarrenik, nahiz gregorianoa nahiz beneditar lekaideak urrutiko eta aspaldiko fenomeno bezala entzun eta ikusi nahi zituztenak: zer bitxi bezala, halegia. Bestelakorik ere izan zen nonbait, hurrengo egunean egunkariren batean agertu zenez: hango elizkizun-kontzertua, nazionalismo euskaldun "nardagarriaren" asmoz eta kutsuz kutsaturik ikusi zuenik, alegia. Ez dakit zer ikusi eta zer entzun zuen halakoak; katedralean gertatu zenik behintzat ez, nere ustez.

Meza-kontzertuak meza izan nahi zuen batez ere; eta halaxe izan zen. Baina entzule asko kontzertua entzutera inguratu zen bereziki. Hauentzat —eta ni hauen artekoa nintzen— ez zen aski asegarria izan; beneditarren kontzertu gehixeago espero genuen. Dena dela, kantaldi ederrak ere eman zizkiguten. Eskerrak eta zorion esateko gogoa izan nuen gero, beneditar adiskide batekin topo egin nuenean.

Euskal beneditarrak

Benito Abade Sainduaren jaiotzako 1500. urteburua hospatzen da aurten. Horri hasera emateko edo izan zen, hain zuzen ere, donostiarrei eta gipuzkoarrei Euskal Herriko Beneditar gizonezkoek Abenduaren 29an eskaini zien meza-kontzertua. Aurreko egunean, Donostian bertan, zenbait hitzaldi eman zen beneditarrek mendebaldeko kulturan, kantu gregorianoan eta Euskal Herriaren historian izan duten eraginari buruz.

480. urtean jaio zen Benito Saindua. Eta mendebaldeko lekaidetzari era berria eman zion. Baina Euskal Herrian 550 urte geroago agertu ziren Benito Sainduaren semeak. Emiliano Ozaetak, Estibalitzeko Beneditar gazteak aurtengo urteburuaren aurkezpenean ematen dizkigun xehetasunak aski egokiak iruditu zaizkit. Honera aldatu bestetik ez ditut egingo.

"Euskal Herrik monastegietan Leire dugu zaharrena, 848.ean bizi osoa zuen, eta Oiongoa da berri berriena 1973.ean eraikia. Bi fetxa hauen artean hamaika lekaidetxe egin eta desegin dira. Beste aldetik aintzinako Euskal Herria gaurkoa baino zabalagoa zen, Errioxa osoa, Burgosko zati nagusia, Gaztela Zaharra deitzen zena, eta Aragoo aldetik Jakaraino. Hor aurkitzen ziren euskal lekaidetxe asko, kukulako S. Milan, Leire baino zaharragoa, VII. gizalditik ezagutzen duguna. Valpuesta 804, Ikamendieta 863, eta Naiarako Andra Mari 1052, lekaidetxe eta gotzaitegi, biak batera izan zirenak; Oina 1011, eta S. Juan de la Peña 928, beneditar bizitza Euskal Herrian sartu zutenak; Albelda 925, eta Valvarena 1035, idazkintza eta irakaskintza trebe eta aurrenekoak; Iratxe 958, eta Silos 954, biak saindu euskaldunak izan zituztenak, Domingo eta Veremundo santuak. Hoiek izan ziran leku nagusiak, txiki eta ezezagunak pilaka".

Kluny-tik etorri ziren Beneditarrak 1024 inguruan euskal Herrira. Mila urte inguruko historia luzea izan dute geroztik, gorabehera askoren artean. 1836.ean Espainiako Gobernuak ere. Eta menderen azken aldean, berriz ere, lekaidetxeak eraikitzen hasi ziren beneditar gizonezkoak Euskal Herrian.

"Ordutik lekaideak gutxi izan dira Euskal Herrian. Beloke 1875.ean sortu zen, Lazkano 1908.ean karmeldar monastegi zahar batean kokatu zen. La Olivara zistertarrak 1927.ean itzuli ziren, beneditarrak Estibalitzera 1923.ean, eta 1954.ean Leire berritu. Lekaimeak Tulebras-en 1149.etik jarraitzen dute, Lunbierrekoak 1200.ingurutik dute historia, Estellakoak ez dakigu noiz iriki zuten etxea, 1606.ean hantxe zeuden eta 1971.ean Lizarra bertan etxez aldatu, Lazkanoko zistertarrak 1645.etik bizi dira berta, Oinatikoak 1904.ean etorriak dira, Allozen 1914.etik daude eta Oionen daudenak Barria zaharreko komunitate berbera da".

"Gure artean gehienek uste dute lekaideak eta beneditarrak gauza bera direla. Beneditarrak lekaide mota bat besterik ez dira. Gaur egunez Zistertarrek eta Beneditarrek, emakume eta gizonezkoek, osatzen dute beneditar familia, mundu guzian 30.000 lagun dituena. Hoietatik 250 inguru Euskal Herrian bizi dira, Lazkano, Belike, Leire, La Oliva eta Estibalitzen gizonezkoak, eta lekaimeak Alloz, Estella, Lumbier, Tulebras, Oinati, Oion eta Lazkanon".

Beneditarren eragina euskal kulturan

Ezaguna da beneditarrek, beren monastegietatik, mendebaleko kulturan izan duten eragina: kultura klasikoa gureganatzeko, bereziki, eta Erdiaroko gizartea eskolatzeko. Europako kultura tradizionala Beneditarren historiari oso loturik dago. Horrexegatik, hain zuzen ere, Benito Saindua Europa "batuaren" zaindari izendatu zuen Eliza katolikoak.

Euskal Herrian kulturazko eraginik handiena Iratxeko Unibertsitatearen bidez izan zuten Beneditarrek. 1539.etik 1753.era arte, eta 1817.etik 1824.era arte. Hiru mendetan oso sonatua izan zen Beneditarren Unibertsitatea. Honela dio Jose Estornés Lasak: "... así la universidad de Irache fue poco a poco expandiendo su fama por España, para ser en el siglo XVII una de las que mayor número de grados concedía".

Iratxeko Unibertsitatea erdalduna (latina?) eta Espainiako Unibertsitateari lotua egon zen. Euskal Herriaren Unibertsitateari buruzko asmoa nahiko berria da; eta euskal Unibertsitate euskaldunarena, berriz, orain oraingoa. Euskal kultura idatzian euskal beneditarrak berri xamarrak dira. Izan ere, euskal literatura landu den lurraldetan, XIX. mendearen azken aldian (1875.ean Beloken) eta XX. mendean (hegoaldeko Lazkaon eta Estibalitzen) kokatu dira Beneditarrak.

Gerra ondorengo euskal literaturaren berbiztean garrantzi berezia izan dute beneditarrek, batez ere erligiozko literaturaren arloan. 1954.ean Otoizlari aldizkaria atera zuen Belokeko monastegiak, Iratzeder-en eskutik. Kristau izpiritualitatea du bere gairik nagusiena. Ba ditu bere 25 urte luzeak. Handik hamar urtetara, Lazkaoko monastegiak Jaunaren Deia aldizkariari ekin zion. Liturgiazko eta teologiazko gaiei loturik ibili da batez ere. Aldizkari serioa benetan, gorabehera eta guzti, gaur arte tinko eutsi dio; euskal kristauen, erligiosen eta apaizen aldetik harrera handiagoa merezi duela uste dut. Izpiritualitatea... Liturgia... Teologia... Kristau "kultura" osotzeko Bibliari ere heldu izan diote Beneditarrek, eta Belokeko, Estibalitzeko eta Lazkaoko monastegiek, hirurek, eman dituzte biblistak, azken urteotan Bibliaren itzulpenetan lanean dihardutenak. Bereziki aipatzekoa da, Lazkaotik Dionisio Amundarainek, biblista talde handi batekin, aurrera daraman Bibliaren euskarazko itzulpen "elizartekoa". Alor hau borobiltzeko aipatzekoak dira, bereziki Lazkanotik azken urteotan atera izan diren liturgi orriak eta kanta-liburuak.

Baina "Kristau literaturaz" aparte, kultur lan handi bat nabarmendu beharra dago hemen: hau da, Lazkaon bildu eta antolatu duten liburutegi ederra. Joan Jose Agirrek lan apartekoa eraman du, ilusio handiz, euskarazko liburu, aldizkari, orri, etab. biltzeko.

Gaurregun, horrelako liburutegirik nagusienetarikoa bihurtu da, onena ez baldin bada. Eta horretaz baliatu nahi duenari, pozik handienaz lagunduko dio Lazkaoko liburuzainak.

Euskal kultura idatziaz gainera, bestelako kultura bizia lantzen ari dira Beneditarrak Euskal Herriaren zerbitzuan. Kristau Liturgiaren "artista" bezala, otoizleku bezala, gogoeta nahiz erretiro etxe bezala: Euskal Herria —eta euskal kultura— egiten dihardute euskal beneditarrek.

Paulo Agirrebaltzategi


Gaiak. Politika

Toni Negri: Oinarriak eta bere teoriaren zenbait alderdi (eta II)

Bigarren partea: Teoria zenbait aspektu

Marxismo-anarkismo-komunismo berria

Burutik nagoela esan dezake baten batek honelako titulu hau irakurtzerakoan. Hala ere, zerbaiti erantzuten dio izenburu honek, berehalaxe ikusiko dugun moduan. Europak, munduak, gehiegi sofritua zuen: lehen gerra, Espainiakoa, bigarren gerra, faxismoak, mugimendu sozialak deseginak, bigarren gerraren ondoren alderdi sozialistek boterea hartzen dute nazio bat baino gehiagotan, komunistek ba zeramaten denbora luzea Errusian, baina ez zen ikusten inondik ere ez sozialismorik ez komunismorik. Are gehiago, komunismoaren izenean Errusia superpotentzia bihurtzen da; sozialismoaren izenean palestinarrak kaleratzen dituzte haien lurretatik, komunista frantsesak ditugu Algeriako gudariei oposatzen zaizkienak, Ameriketako sindikalismoa Ingalaterrakoa baino horiagoa dugu oraindik, amerikanoek eta errusiarrek banatzen dute mundua bakezko izankidetasunaren izenean, kolonialismoa indartzen da, alderdi politiko guztiek desegiten dituzte ezkerretik sortzen zaizkien indarrak: sozialistek komunistak, komunistek trotskistak, denak, bata bestearen aurka; Errusian bertan Marxen testu batzu debekatuta zeuden. Produkzio intelektuala ere urri ikus zitekeen. Europa osoa dardaratua dago.

Eta hor, mundu nahasi horretan, nabarmentzen da "Ezker berria" bezala ezagutuko den zerbait: Lukács, Krosch, Gramsci, Marx gaztea, berriro irakurtzen dira. Garaudy, Sartre, Gorz, etab., idazten hasten dira. Soviet zaharrak, Kontsejismo zaharra, autogestioa, Pannekoek, etab.: hitz hauek ordurainoko teoria politiko marxista eta komunistak zehartzen dituzte. Kapitalismoaren bihotz bihotzean, Estatu Batuetan, munduko aldizkari marxista serioenetariko bat argiratzen da Sweezy, Baran, Sherman, Magdoff eta beste zenbait direla medio. Estrukturalistak ugaritzen dira: Althusser, Balibar, Macherey, Poulantzas. Kolonietan ere formazio handiko marxisten garraisiak entzun daitezke: Hosea Jaffe, Hegoafrikarra; Samir Amin, egiptiarra; Gunder Frank, Txilen... eta beste asko hasten dira planteiatzen lehenengo aldiz kapitalismo osoaren analisiaren beharra: langileriaren estrategia ezin da mugatu nazio batetara: Hosea Jaffek, esaterako, defendatzen du herri industrializatuetako langileek ez dutela gaur egun plusbaliorik produzitzen Marxen "Kapitala"k planteiatzen duen plusbalio tasako erlazio ekonomikoak aplikatuz. Honek heresia dirudi. Baina baldin egia bada, alderdi komunista eta sozialista guztien estrategia aldatzeko ordua iritsi da. Teoria anarkistak berrikusten dira: inork espero ez dituen mugimenduak nagusitzen dira: Hungaria, Maiatza, Alemaniako estudianteak, Italiako udaberria, Greba basatiak... dena hankaz gora dagoela pentsa daiteke.

Goian esan dugun honekin ez ditugu idazle guzti hauek zaku berean sartu nahi, ez eta gutxiagorik ere. Esan nahi dena da, munduaren parametroak diferentki ikusten hasten direla pentsalari hauek. Gehien-gehienek ezaugarri komun bat ere ba dute: marxismoa onartzen dute mundua analizatzeko metodorik egokien bezala. Eta askok ere askok beste ezaugarri hau ere: zalantzan jartzen dituzte langileriaren erakunde tradizionalak. Komunismoa lortzeko (hitz honek oraindik ere zentzuren bat baldin badu) langileriaren eta partiduaren arteko, langileriaren eta langileriak behar dituen erakunde politikoen arteko harremanak birplanteiatu egin behar ditugu; partiduaren kontzepzio klasikoak ez du balio.

Horrexegatik, idazle hauen inguruan sortu izan diren mugimenduak marxistak dira, marxismoa argi eta garbi onartzen baitute analisi metodo bezala, baina esan beharko genuke anarkismotik ere zerbait hartzen dutela, bereziki anarkismo barruan erakundeari dagozkion eztabaidak berriro ere estudiatzen direlako: kontsejismoa, autogestionea, borroka autonomoak, maiatza, Seat, Gasteiz, langile mugimendua forma berriez janzten da. Ez noa esatera hobeagoak edo makurragoak: berriak. Italian ere horrelako mugimenduak ugaritzen hasten dira: "Il Manifesto", "Quaderni Rossi", etab. Eta testuinguru horretan, "Classe operaria" sortzen da Toni Negri delarik haren bururik ezagunena.

Toni Negri, orduan, hemen kokatzen dugu. Berak esaten duen bezala bera ez da langile mugimendu tradizionalekoa, bera "beste" langile mugimenduari dagokio. Bera ez da anarkismoan, ez sozialismoan sartzen, bera marxista da baina autonomiaren eremuan sartzen da. hau dugu "beste" langile mugimendua. Horregatik T.N.ren planteiamenduak berriak direla esan dezakegu; apurketa dagoelako langile mugimenduaren historiarekin, "desjarraipena" dagoelako. Baina bestetik, irakasle honen teoriak zaharrak dira. T.N.ren ustetan, langile mugimenduaren historia "desjarraipenen" historia da: "Langile mugimendu iraultzailearen historia, desjarraipenaren historia da". "Langile mugimendua, birjina den amarengatik jaiotzen da. jarraipenaren putak langile mugimenduaren historiazko institutuetan aurkitzen dira beti".

Toni Negriren "Domeinua eta sabotaia" testuinguru horretan plazaratzen zaigu eta hiru erreferentzia puntu dituelarik plazaratzen da:

1. Kapitalismoaren berrestrukturakuntzaren aurka. Kapitalismoa berrestrukturatzen ari da urte hauetan eta ezin zaio horrelakorik egiten utzi.

2. Eurokomunisten aurka. Italiako eurokomunistak lirateke langile mugimendu tradizionalaren aurkezpenak, kontutan harturik onartezina dugula haiek proposatzen duten politikaren autonomia.

3. Estrategia intsurrekzionalista defendatzen duten joeren aurka. Konkretuki, "Brigada Gorriak"en aurka.

Esan bezala, Toni Negrik "beste" modu diferentea erreibindikatzen du, errealitatea aldarazteko, iraultza egiteko modu berri bat.

Zenbait puntu

Esana dago jadanik liburu hau bakarrik daukagula eskutartean eta horregatik den ala ez nork jakin, baina puntu zenbait ilun geratzen dira T.N.ren teorietan. Estrukturalismoaren errigoreari jarriak baldin bagara, idazle honen kontzeptu nagusi zenbait definitu gabe ematen zaizkigu. Hitz egiten du "langileria"ri buruz; hala ere, ez du inon definitzen. "Klase aliantzen" kontra doa: aliantzak, ordea, ez dira berdinak sozialista batentzat, zentroko partidu batentzat, komunista batentzat. Poulantzasek, esate baterako, klase aliantzak eskatzen dituenean oso zehatz mintzatzen zaigu: langileriaren hegemonian elkartzeak bilatu egin behar dira eta elkarkideak lirateke "a dominante kapitalista" duen formazio sozial horretako beste produkzio moduetako klase zapalduak. Gainera "klase hila" eta "klase eginkorra" banatu beharko genituzke, azken batean, klase baten indarra eta eragiketa haren efektu pertinenteengatik neurtzen baitira. Estrukturalisten lengoaia zehatza eta aberatsa dugu eta jarri arte honek harritzen gaitu gehien bat Negriren lanetan: askotan garraisia dirudi, panfletua, nahiz eta sugerentziaz bete beterik egon. Behin jarriz gero, beste idazleekin gertatu ohi den bezala. Negriren lengoaiari egin behar gatzaizkio baren aberastasunaz jabetzekotan. "Biolentzia"z ere aritzen da: gai honi ematen dio azken kapitulua. Ez du hau ere, nik nahi nezakeen bezain garbi definitzen. Zer da biolentzia? Aurrean definitu duen sabotaia? Hori bakarrik? Zerbait gehiago? "Partidu"aren beharraz mintzo delarik polemika zaharra berritzen du. Hala ere, ez dut uste aportazio konkretua denik. Hemen baita —liburu osoa ez dira falta— sugerentziak, probetxagarri izan daitezkeen sugerentziak dakuskigu.

Liburuaren parteak

Liburuak bi atal nagusi ditu:

1.- Kapitalak mantentzen duen domeinua.

2.- Kapitalaren aurkako langileriaren erantzuna: sabotaia.

Ikus daitekeenez honek ematen dio izena liburuari. Nolako dugu, bada, Toni Negriren diskurtsu teorikoa?

Langileriak desestabilizatu, desegin nahi du sistema kapitalista. Horixe izan da langile mugimenduaren betiko helburua. Gaur egun ere, hori nahi omen dute partidu politiko marxistek: sistema sozialista berria kapitalismoari gaineratu. Dena den, nahi eta nahiezkoa dugu, sistema desestabilizatzea baldin bada helburua, kapital sistema desestrukturatzea, hau da, krisi garaian baldin bagara, ezin planteia dezakegu krisi horren soluziobiderik, soluziobideak planteiatzen baditugu kapitalismoaren krisia konpontzen baitugu, kapitalismoa baitugu konpontzen, eta, azken finean, alternatiba eskaintzen baitiogu kapitalismoari. Hau da, bada, abiapuntua: Erregimen kapitalistaren desestabilizapena, kapital sistemaren desestrukturaketarekin bat egiten da. Hau da Alderdi Komunistek ahaztu dutena. Proletal jokoan bi joera aurkitzen dira bada: "Erregimenaren desestabilizazioa" eta "sistemaren desestrukturaketa" bi helburu diferente bezala ikusten dira. Diferentzia honek ez du oinarririk sistema kapitalista bera salbatzeko ez bada. "Dibergentzia hau hilgarri izan daiteke langile mugimenduarentzat" dio Negrik.

Gaur egungo estatu-krisiaren aurka "proletal autobalorizapena" oposatzen du T.N.k Kontzeptu hau da teoria osoaren kontzepturik nagusiena: langile mugimendua ez da sistemaren kontrako erreakzio hutsa. Langile mugimendua boterea da, langileen aldeko boterea eta hain zuzen ere, honek estrukturatu izan du kapitalismoa historian zehar. Kapitalismoa, krisi desberdinez zehartua, langileriaren aurka estrukturatu izan da eta gaur egungo krisia kapitalismoaren goi-mailako krisia dugu, arrazoingabeko botere hutsean (irrazionalean) oinarritzen dena. Ez du argumendurik izateko, posturak defendatzeko. "Proletal autobalorizapena" ikuspuntu honetatik azterturik langile mugimendu aurreratuaren ikuspegitik botereak hartzen duen forma berezia izanen litzateke. Proletal autobalorizapenak etsaiaren boterearen desestrukturaketa darama: prozedura honen bitartez, eta prozedura honen bitartez bakarrik, ataka daiteke sistema kapitalista eta haren erregimen politikoa: "boterekontra" jarririk. Horregatik nahitaezkoa dugu kontzeptua sakontzea eta proletal autobalorizapeneko esperientziak argitzea. Dena dela, kontutan ibil gaitezen eta ez dezagun nahas autobalorizapen kontzeptu hau espontaneismoarekin, "sifilis espontaneista"rekin, Negrik esaten duen legez.

Abiapuntua

Metodologikoki, autobalorizapena bizkortzeko klase independentziaz mintzatu beharko dugu. Klase independentzia eraikitzeko prozedurarik nagusiena, nabarmenena, banakuntza prozesua dugu. Hauxe da klase kontzientzia gogortzeko bidea; izate produktiboak bildu egin behar du, beretu, nortu, bere barruan sartu, separatu, banatu. "Beste"a da, "beste"a da ni murgiltzen naizen praxis kolektiboa. "Beste" mugimendua. Behin eta berriz T. Negrik erreibindikatzen duen prozedura subjektiboa.

Hau horrela izanik eta ondorio guztiak onartuz, zein da langileriaren erlazioa sistema osoarekin? Joan ahal ote da, banatu ahal ote da sistema osoa ahaztuta? Ez; banakuntza hau onartzen du eta berak dakartzan ondorioak ere: baina langileriak duen erlazioa sistema osoarekin garantizatzen da mugimenduak bultzatzen duen "desestrukturaketa" indarrarengatik, kapitalaren historiaren sabotaia osoarengatik. Horregatik ez dago elkartze puntu bat ere, ezin daiteke egon, langileriaren joeraren artean eta bilakaera kapitalistaren artean. Etsai amorratuak dira: autobalorizapen prozesua eta desestrukturaketa sistema bata bestearen gainean daude korapilaturik. Erlazioa ez da dialektikoa (Gramsci batek esan zezakeen bezala, anarkismoaren zentralizazio-dezentralizazio terminoen antzera), erlazioa zerbaitetan oinarritzen baldin bada, "izate banatu" horretan oinarritzen da. Tradizio sozialistak oso osorik aldatu du hau: autobalorizapen prozesuaren eta gizartearen estrukturaketa produktiboaren arteko konpatibilitatea mito mailara goratu zuen Stalinek, esaterako.

Argi gera dadila, bada, klasearen autobalorizapenak ez duela zerikusirik kapitalaren estrukturapenarekin, kapitalaren desestrukturapenarekin baizik. "Izate banatu" hau lehen esandako "desjarraipenaren" ezaugarri agertzen zaigu.

Langileria, langileriaren autobalorizapena. Langilearen aurrean Estatua, Estatu gaitza. Estatu nuklear boterearen gaiztasuna langileriaren ekintzaren ondore ezezkorra da, langileriaren sabotaiaren ondorio. Hori da kapitalaren defentsa. Zenbat eta gehiago sabotatu Estatua, zenbat eta gehiago indartu autobalorizapen/desestrukturaketa korapiloa,orduan eta desarrazoizkoago bihurtzen da sistemaren prozesua. Kapitalaren etengabeko estrukturaketa da langile sabotaiaren aurkako erantzuna. Gaur egungo estatuaren formaren edukia dugu hau: hutsa, irrazionala delako, sabotaiak ematen dion arrazoinean oinarritzen delako; eraginkorra, egiten oinarritzen baita berrestrukturaketa modua.

Kapitala sofritzen ari den azkeneko krisialdi honetan, Estatuaren birrestrukturaketa diskriminaziorik gabeko kontrol ekintzetan itzultzen da, neurririk gabek aparatu teknikoan, borroka koherentzia logikorik gabeko aparailuan. Negriren gartzelamendua bera irrazionaltasun honen begien bistako froga bat da. Maila honetan agintea bakarrik da bizi, boterearen legitimapenaren iturria ez da "balio legea" ez, "agite legea" baizik. Desestrukturaketa materialak estrukturaketa "idealizatua" dakar ondoriotzat. Iraultza kapitalistaren estatu produktiboa formula hierarkikoan, gorporatiboan, itxuraren antolaketan geratzen da. Horregatik alokairuaren problematikak azterketa berriaz beharturik dago: "alokairua" proletalgoaren erreprodukzioaren kostaneurria da, problema politikoa, ez sindikala edo ekonomikoa. Sistema zalantzan jartzen da behin eta berriro hau planteiatzerakoan, "gastu publikoekin" gertatzen den bezal-bezala. "Alokairua eta gastu publikoa ditugu azterketaren gaiak. Gai hauen inguruan egon beharko dute beti teoria eta praktika iraultzaileek". Dena den, errenta mekanismoak apurtu egin behar dira: kapitala autobalorizapenaren aurka doa langeldiketara pasatuz langileak eta klase batasuna apurtuz. Langeldiketako langileek lantegietara joan behar dute errentaren harrokeria desegiteko. Ez da esan nahi honekin lanean diharduten langileak ez direla esplotatuak: Negrik dio langileriaren estrategiak osoa behar duela izan, ez zatitua. Horrela bakarrik uler daiteke autobalorizapen prozesua.

Erreformismoaren aurka

Itzul gaitezen berriro autobalorizapen/desestrukturaketa korapilora. Erreformismoak ukatzen du erlazio honen zentzua: eurokomunismoak zera nahi du, balorizazio kapitalista; hobeki esateko, eurokomunismoa aurkezten zaigu proletal autobalorizapen eta balorizapen kapitalistaren sintesi bezala. Klase terminologia galdu egin du, terminologia populista bat sortuz haren ordez: gizarte orokorraz mintzatzen da, "orokortasun" hori nonbait balego! Eurokomunismoarentzat, klaseen artean dialektika funtzionala sortu da, interes orokorra dela helburu. Hain zuzen ere, ahazten du eurokomunismoak interes orokor hori kapitalaren interesa dela.

Klaseen arteko politikarik ezin da egon, ezin da izan: langile borrokak antolaketa sozial bat inposatzen du, antolaketa sozial berri hori borroken intentsitateek markatzen dute. Baina hemen jaiotako "erreformak" kapitalistak izanen dira beti, kapitalismoaren berrekintzaren ondorioak. Hala ere, Negriri gustatzen zaio komunisten parte hartze hau burjeseriaren instituzioetan: instituzionalizapen honen ondorioak ikusirik, gero eta urrunago doalako langileria instituzio hauetatik jokoa desmaskaratuz eta gastu publikoan etengabeko inbertsioak eskatzen eta inposatzen: etsaiaren desestrukturaketa argi baino argiago uzten du; "erreformismoa zitala da. Itxura-estatuak ematen dion posizionamenduan datza zitalkeria hura. Mistifikazioaren bihotza, kontzentzuaren zentru eta motorea eta horregatik bera, benetazko eta ahalezko oposizioaren errepresioa dugu erreformismoa".

Sabotaia

Langileriaren autobalorizapena sabotaiarekin neurtzen da. Sabotaia da langile mugimenduaren baiezkotasun historikoa. Eta langileriak egin dezake bakarrik sabotaia, bakartasun horretan gehiengoa baita. Etsaiaren desegitea hemendik pasatuko da, transformazio sozialaren bidea sabotaia da, sabotaia eta proletal diktadura. Proletal diktadura izanen da, behar du izan, autobalorizapen eta langileriaren askatasunaren prozesua. Sabotaia autobalorizapen bezala askatasun legea dugu, komunismoarekin elkartzen den askatasun legea.

Sabotaiaren lehen urratsa, "gako"a dio Negrik, lanorduen murritzea izango da, benetazko murritzea; horrela lor daiteke autobalorizapen hau, horrela desestruktura daiteke kapitala. "Ez-lan" honek neurri baiezkorrak dakartza: "Patroiak pozten dituen esklabotasun higuingarritik askatu, sozialismorako mugimendu ofizialak inposatu digun —noblezia zeinu antzera— esklabotasunetik libratu. Ez, egiaz, ezin diogu "sozialista" esan geure buruari, ezin dugu zuen zitalkeria onartu minutu batez gehiago" "Proletariak aspertu dira nagusien makinak produzitzen beren borrokaz: orain berentzat produzitzen dute, "ez-lan"aren neurriaz eta transformakuntza sozialaren metodoaz".

Hau da Negriren lana: lan errefusaren berreirakuntza teorikoa komunisten taktikan, programan eta estrategian. Lan errefusa da autobalorizapenaren fundamendurik oinarrizkoena; lan errefusak hori esan nahi du: sabotaia, ekintza zuzena, greba. Lan errefusak kapitalaren gizarte osoa ukatzen du; lan errefusa autobalorizapenaren gakoa dugu; lan errefusa dugu etsaiaren desestrukturaketaren funtzio taktikorik oinarrizkoena. Lan errefusa da, azkenez, autobalorizapen prozesuaren edukia eta autobalorizapen prozesuaren neurria.

Sabotaia autobalorizapenaren ezaugarririk nagusiena baldin bada, nola burut daiteke hori? Zein da partiduaren, edo partidu antzeko erakundearen papera?

Nire ustez, ez digu Negrik gauza berririk esaten hemen: prozedura iraultzailearen berezitasuna, "autobalorizapena" dugu. Testuinguru honetan ez dugu beharrezkoa partidua... Ez dugu elementu inmediatoa. Hala ere, esan genezake partidua dugula autobalorizapen prozedura garantizatzeko proletal indarraren funtzioa. Proletal independentziaren mugak defendatzen dituen harmada dugu. Batzutan, bi mutur hauek, partiduaren boterea eta proletalgoaren autobalorizapena kontrakoak bezala ager dakizkiguke. Ez du inporta: beti izango da nagusi autobalorizapena, nahiz eta kontradikzioak begien bistan egon. Kontradikzioa argia izan arren, horrengatik berorrengatik pentsa dezakegu soluzio laster batetan. Bizi behar dugu kontraesan hau eta erregulatu ere, proletal autobalorizapen prozeduraren bilakaera. Ikus daitekeenez, oso optimista agertzen zaigu Negri puntu honetan. Puntu honetan eta kapitalismoaren krisiari dagokionean ere: garai honetako kapitalismoaren krisia, krisialdirik handiena da. Orain arte, kapitalismoaren bilakaerak legeztatzen zuen maila diferenteetako biolentzia. Gaur egun, balio legearen krisia dela eta, kapitalismoaren biolentziak ez du oinarri teorikorik. Biolentzia legitimaziorik gabe daukagu, desestrukturatuta dago, hutsa. Honek beronek eragiten dio beste biolentziari: langileriaren biolentziaren beharrari, arrazoiz betetako biolentzia. Biolentzia honek kapitalismoaren biolentziak baino gogorragoa eta indartsuagoa behar du izan: "Biolentzia autobalorizapen prozeduraren arrazionaltasun elementua da. Partidua... dena, botere proletariari menperatuta egongo da, ez dialektikoki, biolentoki baizik". Gaur egungo domeinuaren forma perfekzionatzen den era berean, proletal errefusa hazten den era berean, arrazionaltasunaz eta balioaz beteago dago. "Gure sabotaiak zeruaren salteiua antolatzen du. Eta azkenean desagertu egingo da zeru madarikatu hori!".

Pello Salaburu


Sorgintasuna edo euskaldunen inkonformismoa

Aspalditik izan dut euskal prentsa neure etxean, baina orain dela lau edo bost urtetik bakarrik hasi naizela neure hizkuntzaz irakurtzen.

Euskal prentsaren egoera latza ikustean, lotsatu naiz benetan. Ea ez du inork euskaraz idazten.

Ba dakit zaila eta gogorra egiten dela, baina beharrezko lan bat iruditzen zait.

Non daude gure kulturaren gizon handiak, galdetzen diot neure buruari? Euskal kultura eta erdaraz idazten. Akabo!

Horregatikan, ausartu naiz lantxo hau idazten.

Ba dakit oso ona ez dela baina hara bidaltzen dizuet, zuek egokia ikusten baduzue argitaratzeko, aurretik nire esker beroenak ematen.

Gure arbasoen buruetan, natura eta bere indarrak haien munduaren elementu garrantzitsuenak ziren; Naturatik ateratzen baitzuten behar zuten guztia, janaria, jazkiak, armak...

Alde hortatik naturaren aurpegi ona ezagutu zuten, baina askotan indar hoien aurkako borroka, latza eta gogorra egiten zitzaien ere, eta alde hortatik begiratzen, naturak bere aurpegi txarra eta ikaragarria zeukala, ikasi zuten.

Nire ustez dualismo handi horren gain, finkatzen ziren gure aintzinako arbasoen sinesmenak.

Paleolitikoan indar ezezagunen kultura, oso zabaldua zegoen herri guztietan. Gure herriarekin jarraituz, leizezuloetako ormetan egin Leizezulo hoietan eta artearen lehenengo urratsekin batera hasiko zen indartzen aztien kasta bat.

Margoketa hoietan, haien irudimenaren bidez, natura eta bere indarrak ikusten zituzten bezala agertu nahi zuten; hori denori esanahi majiko, ilun eta ezezagun baten bidez inguratuta.

Kristaukeriaren sarrera

Denok dakigunez, kristaukeria oso berandu sartu zen gure herrian, eta IXgarren menderarte ezin da esan oso finkatuta zegoenik. Erdi Haroan, kristaukeriaren lege eta norma sozio-etiko-politikoak jasangaitzak bihurtu ziren gure aiton-amonentzat.

Euskaldunen ohitura, eroimen, sinesmen, pentsakera eta bizimodua, euskal gizartearen osoki baztertuak ikusi ziren, eta bere lekuetan judutarren dotrina, eta latinoen arrazionalismoa inposatu zizkieten. Arrotz inposaketa honen bidez lehenengo euskaldunen irudimen naturistak ia ia desagertu egin zuen, edo izkutatuta ibili zen gure mendietako zulo ilunenetan.

Baina XIgarren mendetik aurrera, gutti gorabehera, gure herriaren jasankortasuna lehertu zen, eta gure herrietatikan garaiko sistemaren oinarria zen kristau moralaren aurkako inkonformismoaren uhain bat zabaldu zen; eta inkonformismo horren ondorio bezala, sorginak sortu ziren.

Fenomenoaren zergatiak

Baina fenomeno honen aurrean, galde diezaiokegu geure buruari. Zertan eta nola oinarritzen zen inkonformismo berri hori?

Galdera honen erantzuna zaila eta zorrotza egiten zaigu benetan, baina lerro hauen bidez dagokion erantzuna saiatuko dugu bilatzen. Hasteko, kristaukeriaren sarrerak zer suposatu zuen, hasi egin beharko genuen aztertzen. Honela euskaldunen bizimodua eta bere gizarte osoa, nola izan zen, zanpatuta ikusiko genuen.

Kontutan izan behar dugu ere, horrekin hiltzen zela herri baten logika osoa.

Naturaren kulturaren ordez, diruaren logika inposatu zieten, eta naturaren oreka hausten, hasi ziren esplotazio sistema hotz eta arrazionalista bat zabaltzen. Irudimenaren ordez ipurzulotikan arrazoia (haien arrazoia) sartu nahi zuten.

Baina sorgina eta akelarreekin, euskaldunen irudimenak, beste oportunitate bat gehiago izan zuen. Eta sorginen boum hori euskal Herriko bazter guztietatikan zabaldu zen.

Horrek, bere garaiko gizarte zapaltzailearekin puzkatzea suposatzen zien, eta akelarre ospetsu hoietan hori biltzen zuten gure arbasoek.

Gainera, euskaldunek akelarre hoietan, gizartearen eskema eta molde guztiak, nola puskatzen ziren ikasi zuten ere, eta ez farra hoietan bakarrik, bizitzaren fazeta guztietan baizik ere. Baina Elizak eta Estatua ezin zuten hori onartu, eta haien egoera arriskuan ikustean, laster inkisizioa asmatu zuten. Jende asko hil zen zapalketa basati horrekin, aho asko ixildu ziren betiko eta gure herria bere etxeetako itzalpean izkutatu zen babesa bilatzen; baina gure askatasunaren sentimentua ez zen hil haien inkisizio madarikatuarekin, ez, ez da askoz guttiago!

Sorgintasuna gaur egunean

Jende askoren eritziz, sorgintasuna Erdi Haroaren zapalketan hil zen, odolez itota, baina gaur egun bizi dela esan dezakegu oraindik. Gure mendi eta herri koxkorretan ohiturak gordetzen dira, eta gure amonek sorginen ipuinak kontatzen dizkigute oraindik. Geure baserrietako ateetan astalarrak edo sorginloreak ikus ditzakegu, eta gure askatasunaren sentimentua gero baino handiago da.

Premisa hauekin zeinek ez digu esaten kontsumuaren gizarte alu hontan sorginak daudenik? Zein ausartzen da esaten sorgintasuna hil dela betiko?

KARLOS BARRENTSORO


Gaiak. Artea

Jose Maria Ucelay

Abenduko azken egunetan, euskal pintore ohoretsua izan zen Ucelay jauna, aldegin zitzaigun betiko.

Harrigarri izan da guretzat zer oiartzun eskasa izan duen gertaera goibel honek. Ucelay, historikoetariko bat izan genuen, haren bizitza pinturarantz eta kulturarantz guztiz iraulita baitzuen, eta ikusiko dugunez, kultur arloan aktibitate jaioa zeukan.

Arteta eta haren garaikideek, gure garaiarekin zuten lotura galtzen dute; Arteta, Tellaetxe, Arrue anaiak etab. baino gazteago izatean, haren obratik, Oteiza, Txillida, Mendiburu eta hauen jarraileenganaino heltzen da euskal artearen haria, 24 urterekin hil zen Lekuona ahaztu ez ba zaigu ere.

Ucelay gizona eta artelaria

Ucelay Bermeotarra 1903an jaio zen. Berak aitortzen duenez, sei urtekin, "Txirapozu" deritzon etxera aldatu ziren etxekoak, Busturiara, arbasoen etxea bertan baitzen. Batxilleratoa amaituta, familiak injeniarintzarantz bultzatuko du mutila. Bertako eskolan, Jose Antonio de Agirre euskal lehendakari ohia, Juan Ajuriagerra, Miguel Castells —gaurko abokatuen aita— adiskidetzat aurtzaroan eta hortxe bertan edukiz.

1921. urtean lehengo erakusketa egiten du Bilbon. "Asociación de artista vascos"-ek zuen aretoan. Bigarrena, 1922.urtean; jadanik eta gazteena den arren jende kontsakratuekin batera egiten du: Arteta, Arrue anaiak, Genaro Urrutia, Zubiaurre anaiak, Losada Zuloaga, Tellaetxe eta abarrak. Geroz, Gernikara bidaltzen dituzte bere koadroak "Sociedad de Estudios Vascos"-etan kongresoa baitzegoen.

Urte haietan sortua da "Asociación de artistas vascos". Ucelay partaidea delarik eta aktibitate kultural handia eramanik, erakusketak, hitzaldiak etab. antolatzen dira. Elie Faure bezelako jende garrantzitsuena ekarriz.

Hogei urtekin, Parisera abiatzen da eta Jose Benito Bikandi ondarrutarrarekin bizi izaten da zeinek pintatzailea eta keramista izanik, Acebal Idigoras-i erakutsi zizkion keramikaren bideak. Garai berean Prisen Paco Durrio eskultorea bertan bizi da eta gazte hauen laguntzailearen gisa jokatzen du.

Paristik noizean behin Euskal Herrira zetorkigun; adibidez, Bermeoko "Cofradia de Pescadores"-en dagoen murala egitera hain zuzen. 1933.ean ezkonduta, Parisen jarraitzen du Espainia barneko guda gertatu arte.

1936.ko urriaren bederatzian, Euskal Gobernuak "Director General de Bellas Artes" izendatzen du, Euzkadin zeuden artelan eta ederlanak guda latzatik segurtatzeko eta salbatzeko. Berak diokunez, hurrengo egunean hasi zitzaion jo eta ke lanari Elgetako triptiko flamenkoa segurpean ipintzen, Zenarruzako "Colegiata"ko liburutegia, Markinako beste artxiboak segurtatzen eta abar. Bilbo mehatxaturik arkitzen zelarik, Frantziara eraman zuen Euskal Altxor Artistikoa, Frantziatik eta beste hainbeste herrialdetik erakusketa mugikorra eginez.

Guda ostean, ederlan guztiak jabeei itzuli zizkietan, diligentzia honen bidez hainbat obra eta artebalio salbaturik izanik. Ucelayek beste hainbestek bezala, atzerrira aldegin zuen eta Londresen hamaika urte egonik sorterrira itzuli zen. 1949.ean bere "txirapozura" itzuli egin zen.

Ordutik hona, gutti dakigu gure pintatzaileaz. 1978.ean erakusketa-omenaldia egin zitzaion Arteta-aretoan. Bertan bere obraren antologia ikus genezakeen, pinturari lotu loturik zegoela ikusiz. Orrialde honetatik Bilboko museoa salatu nahi dugu zeren delakoan gure pintatzalearen ederlan bat eta ez besterik ikus baitezakegu. Lotsagarria gertatzen zaigu delakoa eta bere eriotza dela eta, izan dezatela behintzat bidegabekeria hori konpontzeko ahala.

Ucelayen obra. Bere ingurune artistikoa

1921.ean, lehen erretratua egiten dio Soledad Usparitza neskari. Hurrengo urtean Gernikako erakustokian, Arrue anaiak, Zuloaga, Arteta eta gainerako handi guzti horiekin agertzen du bere burua gure Ucelayek aipatutako erretratuarekin. Erretratuak gaur egun ere, bere freskotasuna eta bere modernitatea dela eta, harriturik uzten gaitu. Ba dirudi benetan, gaur eguneko pintatzaileren obra dela. Eta noiz dagoen egina ohartzen bagara zion konpreni dezakegu Tellaetxe pintatzaile famatu eta ezagunak egin zion trukez: Tellaetxe-ren margozki bi, Ucelay-en ederlanaren truk.

Erretratua bakuna da, laua. Margo guriaz egina, konposaketa ikusgarriduna. Neskaren irudia zuhaitz baten enborrak eta ezkerrean dagoen motibo loretsuak guztiz jaso eta goratzen du. 18 urterekin halakoa egitea nahiko izugarria zen. Bereganaturik dituen ahalmen horiek desarroilatzen hasiko da Parisen eta "El grupo de los seis"-etan sartzen denean. "El grupo de los seis" honetan bere lagun handia den Benjamin Palencia —jadanik hila—, Francisco Bores, Pancho Cossio, Manuel Angeles Ortiz eta Joaquin Peinadok eraturik dago. Ikus dezakegunez, Espainiako aintzingoardia bihurtu ziren gehienak. B. Palencia dioskunez, pintatzaile gazte hauentzat bide bi aurkitzen ziren pinturatan: Matisse eta Picasso. Guri iruditzen zaigu, Ucelay-ek ez zuela bata ez bestea jarraitu, nahiko kanpoan aurkitzen baita haien eraginpetik edo eta bere nortasuna aurrera jotzen baitu Faubismo eta Cubismoaren tartean, Parisen zegoen nahaste artistiko barnean. Intelektual eremu bizi honetan Ucelay eta lagunak bileratara eta baita tertulietara pintatzaile eta idazle askorekin harremanak izaten. Honela Ucelay berak ba dio: "Tertulia eta bileretara joatean, pertsonaia ezagunak aurkitzen genituen eta haien laguntasunaz gozatu egiten genuela ohartzen ginen. Gogoratzen naiz esaterako, Alejo Carpentier-ez, Paul Moran-ez, Blaise Cendrars, Hemingway, Scott Fidgerade, James Joice, Le Corbussier-ez eta beste hainbestez. Primo de Rivera-ren diktadurak Unamuno bera ekarri zigun hona, honek nirekin berba egiten maite zuen eta Regoyos-ekin batera Bilbori buruz eta Gernikari buruz —emaztea Gernikarra baitzuen— hizketaldian egoten ginen. Beste gizon ospetsua Ravel musikalaria zen. Honekin euskaraz egiten genuen. Han asko eta asko ezagutu nuen... Strawinsky, Ricardo Viñes, Falla, Picasso, Juan Larrea deustuarra bera, Tristan Tzara, Ezra Pound..."

Baina gure gizonak Madrilen ere harreman handiak zituen. Honela ba diosku hortaz "Madrilera abiatzen nintzenean, Jose Solturak antolatzen zituen tertulietara joaten nintzen. Bertan, Valle Inclan, Pio Baroja, Jacinto Benavente, Gregorio Marañon, Jose Ortega y Gasset, eta beste anitz ospetsu agertzen zen".

Ikusten dugunez, Ucelay oso ongi kokaturik zegoen intelektual munduan. Bestaldetik zera iruditzen zaigu, Madrileko aintzingoardia askoz pobrea zela Parisekoarekin parekatuz.

Ucelay-en balioak Benjamin Palenciak erakusten digu honela dioela: "Jose Maria Ucelay, fue el primero que rompió con el tipismo tenebrista regional de la pintura, arrastrado de la España negra, por los pintores que le precedieron. Y lo hizo por el camino de la luz, en contra de los que no asentaban sus valores en lo eterno".

Eta segitzen du esaten: "Ucelay-ek, berritzailearen meritoa dauka, bere nortasunez eta berezitasunez duen kreatzeko ahalmenaz eta inspirazioz. Jite guzti horiek eta pintaerak errealismoaren prekursorearen ospea eman diote errealismo horri. Orain 40 urte pintatu zuenak eskola egin du belaunaldi berrietan. Bere garaiko erretratistarik onena izan zen, bere sakontasun psikologikoengatik, bere pintaera berriarengatik".

Nik neuri aldetik, zera ere erakutsi nahi nuke: errealismo moeta hori, modernoa den hiperrealismoaren hurbil dagoela edo eta errealismo lirikoa deituko genukeen pintura batetik. Ucelayen pinturak mirari bihurtzen ditu objektuak; pintatu dituen gauza orori ikusketa majikoa eta superrealista ematen dio.

Laburra eta pobrea iruditzen zaigu hemen egindako saioa, Ucelayek askoz gehiago merezi batzuen. Geuk itxaroten dugu falta zaion omenaldi handia. Horren esperantzaz buka dezagun eta gure omenaldi ttikia bezala balio beza.

Jon Sendagorta


Gaiak. Literatura

Giovanni Boccaccio eta Gabriel Aresti Dekamerone tipi batetan

1348.ean Florentzia izurriteak zelatzen zuelarik, zazpi dama eta hiru jaun bildu omen ziren etxalde hertsi batetan arriskua desagertu arte gordetzeko. Denbora aisago iragaiteko eta atseginago egiteko, haietarik bakoitzak hamar istorio kondatu behar zituela deliberatu zuten. Hamarna, bada, ehun kondu dira Dekameronea osotzen dutenak. Hauetarik hamabost azaldu dira euskarara itzuliak "Boccaccioren Dekamerone Tipi Bat" delako liburuan, Giovanni Boccacciok XIV mendean idatzitako obra Gabriel Aresti zenak hautatu eta moldaturik.

Giovanni Boccaccio

Hiru toskano dira XIV mendeko italiar literaturako idazle gorenak: Dante Alighieri, Francesco Petrarca eta Giovanni Boccaccio. Garai honetan Florentzia Europako merkatalgoaren eta burjeseria finantzariaren hiriburua zen. Oraindik Erdi Haroa zen, Antigualaren eta Modernoaren arteko garaia alegia, baina jadanik soma zitezkeen Errenazimenduaren eta Haro berri baten ezaugarriak. Giovanni Boccaccio 1313.ean sortu zen Florentzian, merkatari aberats baten seme borta. Biografoek diotenez, oso ikasia zen eta maitasunaren sukarretara arras emana. Napolin bizi zelarik, neskatila lirain bat ezagutu omen zuen, Fiametta, eta harekiko sentimenduez idatzi zituen lehendabiziko poemak. Baina 1930.ez geroztik hasi zen idazten, latinez zein toskaneraz, ezagunak zituen Dante eta Petrarca eta gogoan ere, haien obrak. Lehen urte haietan maitasun olerki anitz egin zituen eta "Fiocolo" deritzon hizlauzko liburua ere, nobela bizantinoa, argitaratu zuen.

Gero beherakada ekonomiko eta istilu politiko ugari Florentzian, baina Boccacciok asko idazten zuen, maitasun arkadiak eta eresiak, batez ere. Eta halako batetan, 1348.ean hain zuzen, izurritea hedatu zen Florentzian ere, Europan barrena erratu ondoren. Huraxe izan zen Dekameronearen sorrera, eta ipuin bildumaren lokarria.

1350.ean Francesco Petrarca ezagutu eta adiskide minak egin ziren. Figura arras desberdinak dira G. Boccaccio eta F. Petrarca, bata zentzuala, irekia, demokratikoa eta laikoa, bigarrena alderantziz sublimatua, hertsia, aristokratikoa eta klerikala, baina ez ditu elkarrengandik heriotzak baino bereiziren. Eta bata hizlauz, bestea neurtitzez, Tretecentoko idazle gorenak dira.

Geroago latinez idazten hasi zen, liburu eruditoak eta moralistak, "De Casibus virorum illustrium" esate baterako. Beste liburu erudito interesgarri bat "De Genecologia deorum gentillum" deritzona izan zen, mitologia eta aintzinateari buruz. Azken urteetan, edozelan ere, askoz ere begiratuagoa eta erlijiosagoa bihurtu zen. Dekameronea idazteaz damutzera ere iritsi zen.

1374'ean Francesco Petrarca, bere adiskidea, hil zen. Kolpe mingarri honen ondoren Certaldo delako herriskara erretiratu zen Giovanni Boccaccio eta neguan, 1375'eko. Abenduaren 21ean, hil egin zen. Epitafio hau eskribatu zuten haren hilarrian:

"Hac sub mole iacent

cineres ac osa Iohannis"

Hala ere, beste askorentzat ez bezala, ez zen epitafioa izan hari buruzko azken aipamena. Menderik mende oroitua eta irakurria izan da haren obra, eta ez gainera haren obra kultoa eta trantzendentala, baizik eta toskaneraz idatzitakoa, herrikoia eta intrantzendentalea. Eta esan daiteke, oraindik ere, ipuin bizi eta atseginak direla, eta Errenazimenduko irakurleari bezala sorterazten deraukula guri ere irria.

Dekameronea

Ehun ipuinek osotzen dute Dekameronea. Ez dira estilo berdinekoak, batzuak garaiko gauza bereziak aipatuz, besteek atenporalak, batzuek oso estilo dotorez eginak, besteak hornidurarik gabe solasaldi arruntetatik jasoak. Baina desberdintasunetarik ez da entelegatu behar ipuin solteak direnik. Dekameroneak ba du egitura bat, artifizio ola edo sorgailu bat bailitzan funtzionatzen baitu.

Izurritearen aitzakiaz egitura oso bat sortzen da, pundu hauetan oinarri daitekeena: (0) Espazio eta motibo narratibo bat. (1) Pertsonaia narradoreak, hamar, desberdinak eta elkar osotuak. (2) Narrazio denbora bat, hamar egun, egunero hamar istorio kontatu ohi direlarik. (3) Halako xede narratibo berezi bat maitasunaz, zuhurtziaz eta fortunaz iharduteko.

Istorioak asmatzeko artifizio sorgailu honek ez du falta, gainera, planteiamendu etikoa ere. Esan nahi dut, Dekameronea irakurrita libertatearen eta alaitasunaren aldeko grina bat susmatu ahal da. Hontaz, hain zuzen, ez da irudi faltsu bat baino erdi Haro ilun eta asketikoaren ideia. Politikari dagokionez geroztikako gizarteak baino arras libreagoa edo autokratikoagoa zen, endelleguaren aldetik oso teorizazio interesgarriak egin ziren eta, batez ere, bizimodu arruntaren aldetik garai bestazale eta jolaszalea izan zen.

"Dekameronea, dela" esan zuen Vittore Brancak. Herri arruntaren kronista zen G. Boccaccio, herri arrunta plazerraren eta atsekabearen artean bizi da eta honegatik da Giovanni Boccaccio Fortunaren idazlea ere. Zeren eta Fortuna, amodioa eta zuhurtzia baitira Dekameroneko funtsezko gaiak.

Gainera, Dekameronea liburu oso irakurria izatera iritsi zen, arrakasta izan zuen eta ez genuke gehiegi esanen, askorentzako almohada ondoko liburua zela esanen bagenu. Arrakasta honek, mendeetan zehar iraun duen arrakasta honek, Dekameronearen bikaintasuna eta balioa frogatzen du, zalantzarik gabe.

Gabriel Aresti eta itzulpena

Zertan da itzulpengintza? Paper asko beterazi ditu gai honek lengoaiaren filosofoen artean zein euskaldunen artean. POTT 3 aldizkarian "Itzulpena eta traizioaren praktika" deituriko idazlan bat argitaratu zen literatura nazionalaren mitoa salatzen eta euskal literaturaren apologismo berria kritikatzen. Hantxe gogoratzen zen bezala, arras harrigarria da itzulpena literarioen eskasia, izan ere, hamar urte hauetakoak ez dira dozena erdiren bat baino gehiago.

Gainera, itzulpenetaz zer ardura guti izaten den frogatzea oso erraza da. Adibidez, Hordago editorialeak argitaraturiko Tximista sailean (Mark Twain, Lewis Carroll, H.G. Wells, Jack London idazleen obrak omen dira?) ez da itzultzailearen izena aipatu ere egiten. Bestalde, orijinalarekiko begiramena eta abar zer denik ero ez seguru asko.

Baina, arrazoi hautatik at, komeniko litzateke itzulpenaren kontzeptua eta baliotasuna kontuan izatea. Hontaz, Walter Benjamin-en azterketetan galdera interesgarri bat aurki daiteke: Hizkuntza orijinalez entelegatzen ez dutenek irakurri ahal dezaten bakarrik egiten al da itzulpena?

Ez, itzulpena ez da komunikazio hutsa, mezuaren aldatze hutsa. itzulpena jenero bat da, hizkuntza biak elkarrengana hurbildu eta itzultzen deneko hizkuntzaren posibilitateak zabaldu egiten ditu.

Eta hau kontuan izanik, zer esan daiteke, bada, Gabriel Arestiren "Dekamerone Tipi Bat" delako itzulpenaz? Dekameronetik hautaturiko hamabost ipuinen bilduma, lapurtera klasikoa. Ezin daiteke esan fidelegia izan denik orijinalarekiko, hots, irakurle euskaldun posiblearentzako beste zentzu bat du irakurketak. Hemen bai esan dakiokeela ezetz Walter Benjaminen arestiko galderari.

Baina Dekamerone Tipia ere atsegina da, lapurtera klasikoaren kultismo eta xarma dario ipuin guzietan zehar, baina ez du kultismo honek edertasuna deuseztatzen, aitzitik, zentzu berri bat eta irakurketa berri bat posibilitatzen baitu.

Bestalde, Gabriel Arestiren itzulpenari dagokionez, ortografiaren arazoa aipatu behar da, ezen ortografia normalez edo normatiboz argitaratu baita eta ez C. Arestik lehendabizikoz idatzi zuen bezala. Bere beste itzulpen oraindik ineditoa, "Lau Quartetto" (T. S. Ellot), egina den gisara argitaraturen dela espero dugu. Zeren aski ingratak izan baitziren euskaldunak G. Arestirekiko, Asterix-en itzulpena eta bere liburuen salneurriak oroiteraz daitezke, halako aldaketa (traizio) postumoak egiten irauteko.

Joseba Sarrionandia


Diskoak hamabostero

EUSKARA ETA TXAKOLINA OSKARBIZ BERRIRO

ELKAR ELK-40

Oskarbi bere lehengo albumetatik hona umatu da. Soinu batzu harmoniatzeko arloan umatuago —nahiz eta osatzeko eta umatzeko lana falta zaien hontan— bere ahotzetan baino, joku ezinago estetiko eta aberatsagoa daukatenak.

Bere kantabidea herritan kantaren hildoan zehar abiaturik dago oranik ere, gai fama-famatuetan ("Tilili eta Talala") trikatzen delarik; aldi berean ikerketa eta nolabaiteko aldaketa hornitzen dizkie beronekin, gipuzkoar mutiko hauek, oraino fresko eta berezko, jokatuz.

"Euskara eta txakolina" tradizioari eskainitako kantua dugu nik uste, hari berari eusten diogularik, elkarren artean berreskuratu eta zabaldu nahi dugun kulturaren zentzuak bestelako musikek zanpa eta akaba ditzatela baztertzeko bereziki. Oskarbik soinuera laino eta tradiziozkoak hautatzen ditu.

Erosotasuna somatu ahalko litzaioke bere eskemetatik ez irteteagatik, aski ezagun eta behinere ez nolabaiteko, ez eta jasangaitz ere, beraik. Niri neuri gustatuko litzaidake Oskarbiren soinua jotresna arloan gehiago konprometaturiko arloetara hedatea, planteiamendu hutsak oinarria apurtu behar ukan gabe, olerkien ahotsen eta folklorearen bidez beraren baitan ongitxo sendoturiko berau.

"Euskara eta txakolina" LP interesgarria dugu. Beroren klasikismoak agian, herri hortan, tradezioarekin konponetaturik bere jende gaztearen zenbait hark sail ezaguni geldierazten dioke, taldeak eduki nahi dituen koru-sehaska zaharri jarraikikoa esan nahi ukan gabe, azken kontarik zenbaitzu txatal aurrerakoi eta askoz ere ñabartu ageri dituela Oskarbik.

Bera ahots egiturak ezartzen dizkion hildo artezak bere baitarik aldentzea eta hura dinamizatzea lortuko duten egunean, tainketa irudikoz eta aberatzen bidez bere oinarri instrumentalak landuko dituen egunean, bere beraren iraunkortasun artistikoaren bidean sartzea lortua duke Oskarbik. Disko hau izendatzen duen suitean, ba ditu zenbaitzu zirri marra finkatzen, sakonkiago aritu beharreko lan eta ikerketarako bestelako asmoak aurrerantzean izan litezkeenen zirrimanak, alegia.

"KALEAN MUSIKA"

MUSKARIA

MUSKARIA, musikazko euskal aldizkariaren lehenengo alea plazaratu zaigu jadanik. Euskadin egindako musikazko argitarapen honek, bere horrialdeetan euskal musikaren gorabeharak nola doazen erakutsi nahi du ororen gain. MUSKARIA apalkiro jaioa da hiru gazte zaleturen ekinaren bidez, beste batzutan bezala, gure ingurutik sort daitekeenaren aldeko mugagabeko laguntzaren eta estrukturaketaren asmoak eramanak izan direnak. Hontan ideia interesgarria zaigu eta gibela emanerazten digu kanporaketa, maketapen, eduki eta lehenengo alean agertutako norabide praktikoaren okerrei. Lehenengo ale hau kioskoetan eta ingurumariotako musikalegietan saldua da, 60 pezeta prezio duela.

Ona delakoan, esan dezagun ekipo sortzailea edonolako lankidetzari irekita dagokiola (gutunak bidal daitezke Algortako 43 postakutxara) eta bai abiatutako estruktura utziko lieketela ere, bi hilabetekari (honako aldizkatasun honekin plazaratu nahi da lehenik eta behin) hobe egiteko lana jasoko luketenei, beharrezko erantzukizunarekin.

Lehenengo ale hontan, Itziarrena eta Txomin Artolarena bezalako soslaiak ageri zaizkigu. Enkor eta Itoitz elkarrizketaturik daude. Henry Cow-ek eta Robert Fripp-ek nazioarteko berrien zenbait horrialde betetzen dute. Euskadiko rock alboka, etabarri buruzko azterketez gain. MUSICARIAren idazkuntzak geroari begira planteiatu, beharreko gauzen artean, bere asmabide musikala euskaltzale ala ez ote den —nolabait esanda— zehaztea legoke, ozta-ozta soma daitekeen euskararen erabilera eginda ere. Eta hori loturik, bere diseinua estetikoa bihurtzea. Berriemate bizi eta zuzenera iragatea, totxo elitista eta ulergaitzetatik ihes eginik, musikazko argitarapen berri guziak beraietan finkatu ohi baitira. Baina, ororen gain, Euskadin musika sortzen duten landare" hoien ezkutuko bizitzetan luzaroago aritzea.

Zaren ongi etorri, MUSKARIA!

"MARTINTXO"

TXOMIN ARTOLA, SARA SOTO ETA ABAR.

XOXOA - X 12.122

Sara Soto - Nestor Basterretxea bikoteak, honen liriko eta bizi luzeko, disko txiki hau eratu du.

Txomin Artolak, Santxuk, Gonzalo Iñarrak osatzen dute. Hondarribiako musikariak bere ahotsaren xalotasun oso eta bere barnekotasuna dakartza, Txomin Artolaren haur disko bat bihurtzen baitute eta akabu. Ez eta haur disko ere, txori, mendi eta holako delizia poetikoez kutsatutako betiereko lirismoaz mintzo den textuarekin.

"KANTA MARTINTXO" balada dugu halako kaleko erritmuarekin, polita benetan. "Oroitzen zara, Martintxo"-k Peruko zaporea dauka; bertatik, dirudienez, Txominek aizea hartu du behin baino gehiagotan, haizearen "Urzapal bat"-ean lehenengoz erakutsia duenez gero. Hala eta guziz ere, kanta honek Madrilen egondako hegoamerikako soinuduna ematen du oso-osorik, Olga Manzano eta Manuel Picón-en tankeran, hain zuzen.

Martintxo, ohizko euskal literaturan pertsonaia ezaguna dugu. haurrentzako disko gisa nahasi ez eta holakotzat eman nahi ere, ez da egin behar, horregatio, haur ahots bat erabili eta "bai ederra ene harana" aski ezagunari esku emate soilagatik.

KARLOS ARKO


Wilhem Reich-en berrinterpretamen bat (II)

 Arnasketa naturala eta arnas asaldurak.- Arnasketa naturala arnas hartze funtzioaren (sinpatikoa) eta arnas botatze funtzioaren (parasinpatikoa) arteko koordinapen perfektuaren ondorioa da. Funtzio bion integrakuntza Erraboil Arnasketa-Zentruan (E.A.Z.) burutzen da eta haren desegintzak koordinapen-posibilitate oro ezerezten du, arnasketa gelditzen delarik. N. Pitts-ek, elektrik kinadaz, katuaren erraboilaren puntu ezberdinetan, arnas hartze-zentru bat eta arnasbotatze bat bereiztea lortu zuen.

Arnas zentruetatik beren akzioa bularraldeko arnas giharretan egiten duten arnaspideez gainera, ba dira ere delako zentru horietara informazioa eramaten duten ekarpideak. Arnaspide horiek konkor arnas zentruetatik, zentru linbiko eta azalaldekoetatik, eta arnas —eta arteria— hartzaileetatik datoz. Informabide hauei esker sortzen dira kanpoko zirikadekiko edo barneko aldarazpenekiko erantzun-era ezberdinak.

W. Reichek nabaritu zuenez, neurotikoen arnas asaldurak sabelaldeko edonolako zentzazioak ezabatzeko dira. Imajina dezagun arrisku edo mehatxu baten aurrean gaudela, berehalako jarrera arnasa eustea eta arnasbotatzea etendua izatekoa da. Ikaraldiren bat jasotzen dugunean, nahigabeki, arnasartu egiten da, ba dira ere heriotza ekar dezaketen izualdiak. Haurrek arnaskera eutsiz borrokatzen dituzte hestutasun-egoera. Gauza bera egiten dute sabelaldean edo ernalorganoetan zentzazio atseginak dauzkatenean aldi berean haien beldur badira.

Gaixo neurotiko asko oroitzen da nola haurtzaroan hasi ziren mekanismo hauek kontzientzi erabiltzen beren gurasoekiko edo hezleekiko amorrua meneratzearren. Adierazpen klinikoa arnasketa hestutik, penosa, arnasketa irregularreko gaixo artegarengana aldatzen da. Agerpen ezberdin guztiek, substratu komun bezala, arnasbotatze zailtasuna daukate.

Galdera batzu jalgitzen dira: arnasa eusteko mekanismoak ken edo elimina ditzake efektuak?; mekanismo hau nola bilaka daiteke neurosi-iturri?

Ba da posible arnasaren euspen honek ehunen erreakzio biokimikoetan (batez ere nerbio sistema begetatiboan) aldarazpen azkarrak zertzea; ager litezke, nahiz eta denboraldi laburretan izan, fermentatibo tipoko erreakzioak, zein arnasketakoak baino energi eraginkortasun askozaz txikiagokoak baitira.

Gerta daiteke ere "itoketa" —efektu bat eguzki— sarean, zein nerbio sistema begetatiboaren neuronak biltzen direneko elikadur zentrale handi-handi bat baita. Diafragmak, giharre printzipala arnas hartzearen bitartean, sabelalde osoa konprimatuko luke birikazko momentu hedakor maximoan, ondorio bezala eguzki-sareko zelulen edonolako zitoplasmabarneko mugimendurik geldituko litzateke, hala nola mitokondria-arnasketa bezalako erreakzio metabolikoak.

Gastroestetako ebakuntzak egiteko eguzki-sarea anestesiatzen da zentzazio mingarriak ezabatuz. Eguzki-saretik hasiz gertatzen den prozesu bat, kolpe gogor bat hartzean, Goltz-en bat-bateko hiltzea da, boxealariengan nabarituriko fenomenoa.

Arnasa eusteko mekanismoak egoera ezatsegin bat salbatzeko balio ukan badu ere, neurosi baten hasiera izango da. Larrialdi bati haize emateko zen mekanismoa, hestutasuna kronifikatzen duen mekanismo bihurtzen da.

Odolean CO2-ko kontzentrapena gehitzen deneko tartea hartzaile arterialek hartua da, arnas zentrura eramana eta zirikada sinpatiko bilakatzen da. Adrenalina-deskargek esne-azido maila eta larri-bizia gehitzen dituzten prozesu anaerobioak gehiagotzen dituzte. N. Pitts-ek nabaritu zuen esne-azidoa odolean sartzeak ez duela osasuntsua alderazten eta neurotikoa erabat sumintzen duela, bola-zentzazioa agertzen da lepoan, pilpirak, goragaleak eta trapu zangoak.

A.G. Holmgrem-ek frogatu zuenez, esportzu fisikoak egitera beharturiko neurotikoak esne-azidoaren ekoizpen tasa eznormalki handiak agertzen ditu, adrenalina-jakiaketan arintasun eskerga nabaritzen delarik.

Esne-azidoaren soberakina kaltzioarekin konbinatzen dela uste da, haren fisiologi egintzetatik kenduz eta zenbait zeinu patogeno agerteraziz. Kaltzio endobenosaren aplikapenak pazientearen sintomak ontzen dituela frogatu da.

Lan honen egilea Aurelio Santisteban Cimarro da.

Sintoma neurotikoen ondorio guztiak hasieran era kontziente batez izan ziren hartuak eta sartuak, kontrako ingurune bati erantzun nahiez, esate baterako nagusi baten kontrako amorrazio indargabea eusteko. Konklusio bezala: kondizio indibidual batzutatik hasiz, ingurunearen baldintzapenek (kulturalak, moralezkoak, ideologikoak, e.a.) gizabanakoak urtetan zehar zirikaden aurrean agertzen duen erantzun moeta uniforme eta egonkor baten jabetzea azaltzen dute. Lortutako izaera, normala edo neurotikoa, kanpoko ingurunearen pean dago eta zirikadeiko fisiologi erantzun tipo berezi batetan materialtzen da.

 Hestutasun kronikoa eta bihotzodiko gaixotasunak.- Muller eta Valvasa-k estudiaturiko efektu bat arnas hartze sakonengatiko bentrikulu-desitxurapena da. Bihotza, arnasketa normal batetan muga finko batzutan itxurari eta tamainuari buruz mantentzen delarik, luzatu eta jaitsi egiten da arnas hartze sakonetan, eta zabaldu, gehitu, globotsua egiten da eta goratzen da arnasbotatze bortitzetan.

Arnasketaren euspen-mekanismoetan bihotzaren laburpen-efektu bat gertatzen da, aurretik aipaturiko efektuekin batzen dena odol zirkulapen mugimendua zailagotuz.

Hestutasun kronikoak, edo nerbio sistema sinpatikoaren bideak oso aisaturik daudeneko era, zenbait agerpen dakartza, batzu berehalakoak eta beste batzu epe luzeago batetan, bihotzean eta odolbideetan. Lehenbizikoen artean "militarraren bihotz sumingarri" delakoa daukagu eta azkenekoen artean arteriosklerosia.

"Militarraren bihotz sumingarria", ahulezia neurozirkulatorio, psikoneurosi eta larribiziaren neurosi izendatua ere, sintomatologia argi bat nabaritzearren eta anatomi kalteak ez agertzeagatik karakterizatzen da. Eraenketa fisiologikoaren oreka nabariki aldaturik dagoela ikus daiteke. Arnas mugimenduak arinak eta azalekoak dira, noizean behin hasperen era arnasketa sakon batzuk ebakita. Zirkulapen orokorra alteraturik dago, taupadekin, takikardia, sinkopeak eta mina bihotza inguratzen duten aldeetan. Liseri-sintomak hauexek dira: goragaleak, goitikak, bat-bateko aldaketak sabelidortasunetik beherakora. Giharreetan ikarak agertzen dira zenbaitetan. Aurpegiaren tasuna, ustekeria, beldurra, hestutasuna, bat-bateko heriotza baten beldurra agertzen ditu.

Penfield-ek, aurreko gingila kilikatuz, ahulezia neurozirkulatorioaren antzeko sintomak lortzen zituen. Estimulu hauek sistema sinpatikoaren bidez eragiten dute, zeren eta sinpatikoa blokeiatzen duten amoniozko prestapenen administraketarekin ez baitager larribizi-zentzazioa induzitzen baitu.

Oppenheimer-ek eta Gerrtler-ek nabaritu zuten ahulezia neurozirkulatorio kasu guztietan, sintomatologia hestutasun kronikoko nukleo batez edo nortasun osoa eragiten zuen barneko larribizi-karga batez agertzen zela, neurotiko tipoko erflexu baldintzapetu batzu eraginez.

Neurotikoaren hiperaktibapen sinpatikoa arteriak hesterazten ditu, zeinekin zirkulapena eragotzia baitago. Hipertentsioan bihotzak esportzu handiagoa egin behar du odola mugierazteko. Hartarako bihotza dilatatzen da eta bere giharreria uzkurgarria gehitzen du, baina orain arazo berriak sortuko dira ezen delako giharreria horren elikadurak odol irrigaketaren gehipen bat beharko bailuke, honela, bada, elikadur kondizio urritan dago. Giharre kardiakoaren elikadur falta horrek haren heriotza dakar desmantenuz. Zati afektatua ez da gehiago uzkurtzen eta giharre sanoak azkarkiago lan egin behar du, ezgai izanik zati afektatuaren funtzio eza konpentsatzeko. Miokardioaren infarktuaren eskastasun kardiako eta shock kardiogenikoaren sintoma tipikoak agertzen dira. Sarritan miokardioaren infarktuan arteria koronarioak butxatzen dira, bihotza elikatzen dutenak direlarik; butxapen hau haren arteriosklerizazioak sorturik da, zein, bere aldetik, hipertentsioak faboraturik baita.

Arteriosklerosiari buruz, Reichek nabaritu izan zuen urte askoren bitartean hipertentsio funtzionala eduki zuten indibiduoengan maiz agertzen zela.

Traube-k kontsideratzen zuen arteriosklerosia hipertentsio arterialaren ondorio zuzen bezala agertzen dela.

Ikertzaile batzuk arteriosklerosiaren kausa fundamentaltzat odoleko kolesterina-gehiegitasuna ipintzen zuten. Ostera, gurin-kontsumu antzeko duten bi herritan, Holanda eta U.S.A., arteriosklerotikoen portzentaia handiagoa zen bigarrenean.

Sintome jite sinpatikoa, honako honek agertzen digu: parasinpatikoa (sinpatikoaren efektu kontrakoak) kilikatuz gero erritmu kardiako normala berrezartzen da. Gaixoek beren burueri krisialdiak mozten dizkieten maniobra ezberdinak ikasten dituzte, esaterako; arnasketa sakona, begi globuluak presionatzea eta parasinpatikoa kilikatzean sinpatikoaren efektuak neutraltzen dituzten beste zenbait.

(Jarraitu eginen da)

HIZTEGIA

Ahulezia neurozirkulatorio: Astenia neurocirculatoria.

Arnas asaldura: perturbación respiratoria.

Arnasketako: Respiratorio.

Arteria-hartzaile: Receptor arterial.

Beherako: Diarrea.

Bentrikulu-desitxurapena: Deformación ventricular.

Bihotzodiko: Cardiovascular.

Bularraldeko: Torácico.

Butxa (tu): Obturar (se).

Ebakuntza: Operación (quirúrgica).

Eguzki-sare: Plexo solar.

Elikadur zentrale: central nutritiva.

Eraenketa: Regulación.

Ernalorgano: órgano genital.

Erraboil Arnasketa-Zentru: Centro Respiratorio Bulbar.

Esne-azido: Acido láctico.

Euspen-mekanismo: Mecanismo de contención.

Gastroestetako: Gastrointestinal.

Giharreria: Musculatura.

Gingil: lóbulo.

Goitika: Vómito.

Hesteraz (i): Constreñir.

Hestutasun-egoera: Estado de angustia.

Hestutasun kroniko: Angustia crónica.

Kilika (tu): Excitar.

Konkor Arnas Zentru: Centro Respiratorio Protuberencial.

Larribizi: Ansiedad.

Liseri-sintoma: Síntoma digestivo.

Mitokondria-arnasketa: Respiración mitocondrial.

Sabelidortasun: Estreñimiento.

Sumingarri: Irritante.

Trapu zangoak: "Piernas de trapo".

Uzkurgarri: Contráctil.

Karlos Santisteban


Gaiak. Zientzia

Missil bidaiariak

Egunkarietan behin eta berriro irakur ahal dezakegu AEB (USA) eta SESB artean egiten ari diren negoziaketei buruz. Hala ere, negoziaketa hauek oztopatzen dituen hainbat gai ba da tartean. Hauetako bat, agian azken denboraldi honetan duen oihartzunarengatik, bereziki Europan, missil bidaiariena da. Batzuen iritziz, hauek ere arma estrategikotzat definitu behar dira. Besteek, berriz, taktikotzat jotzen dituzte. Negoziaketa hauetan, estrategikoak beste aldeak segurtasun osoz nabaritu ahal dituenak direnez, missil hauek ezin dira talde horretan katalogatu. Zeren eta neurri berdinean bi missil desberdin aurkitzen baitira, bata 500 km bakarrik hegan egiteko gai dena eta 5000 km bidaiatzeko gai dena bestea. Eta erradar ala sateliteen bidez ezin daiteke jakin lehen momentu batetan bietako zein den hegan doana.

Baina negoziaketak alde batera utziz, guk problema honen beste alderdi bati ekingo diogu, teknikoari hain zuzen.

Lehenik zer den esplikatu beharko dugu, eta ondoren nola funtzionatzen duen eta bere posibilitateak zeintzu diren azaltzen saiatuko gara.

Honetarako, agian, lehenik dauden missilak deskribatuko dira.

Missil bidaiari bat bonbak jausteko eramaile autonomo, autogidatu, funtzionamendu jarraieko aire-konbustioaz, hegazkin batek bezala hegan egiten duena eta superfizie aerodinamikoez hornituta dagoen missil bat defini daiteke. Missil balistiko bat, berriz, epe labur batetan bultzatua den eramaile bat dugu, eta gero grabitateak zuzendua. Beste hauek, nahi eta ez, auto-gidatuak behar dute izan beren bidaia guztian, alde batetik oso poliki eta bestetik altuera baxutan joaten baitira. Missil balistiko batek bere bidaia 20 minututan betetzen badu, zuzendua lehenengo 5 minututan bakarrik izaten da. Bidaiariei logika berdina aplikatzen bazaie, erroreak ikaragarriak izango lirateke. Horregatik, beren gida-sistema etengabea behar du izan. Bere informazioa jasotzeko, missil honek bere azpiko lurraldea, berak bere memorioan duenarekin gonbaratzen du, horren arauera bere direkzio-elementuei agindu bat bidaliz ala ez.

Tipo honetako lehen missila alemanek gerra denboran asmatutako V-1 bonba dugu. Ondoren serie oso bat asmatu zen: Matador, Regulus, Snark eta Shaddook errusiarra. Azken hau oraindik ere erabiltzen da. Baina guzti hauek ez ziren gai bere kabuz informazioa jaso eta ordinatore baten laguntzaz erabakiak hartzeko. Bestalde, bere propultsio-sistema oso exkasak ziren, eta ehunka kilometro batzuetarako autonomia zuten bakarrik.

Lehengo eta oraingo missil hauen artean dauden diferentzia nagusiak bi ditugu:

- mikroelektronika: missilari momentuoro bere posizioa eskeintzen dio, objektiboarekiko bere zehaztasuna gutxienik 1000 aldiz handituz.

- erreakzio-motore txiki eta efikazak: ordu bateko funtzionamenduan sortzen duten bultzada 1 kg adinakoa da, 1 kg erregai errez.

Missil bidaiaria gida-sistema inertzial batez hornituta dago. Basikoki, hiru azelerometro edo gehiagotan oinarritzen da, giroskopoen bidez estabilizatuta dauden plataforma batzuetan ezarriak. Honelako sistema batek bere bidaiako ordu bakoitzerako kilometro bateko deriba bat onartzen du, bataz beste. Eguraldi txarrak eta motorearen inperfekzioak deriba honen ugaltze bat ondoriotzen dute. Zenbait ordu iragan ondoren, missila bere objektibotik hamar kilometro edo urrutirago aurki daiteke. Baina missil honek tarteka bere posizioa zehaztasun handiz konprobatuko balu, bere ordinatoreak pilotu automatikoari aginduak emango lizkioke, bere ibilbidera itzul ledin.

Funtzio honetarako dauden sistemak asko izanik ere, hirutara laburtuko gara:

- lurraldearen gonbaratzea (TERCOM): sistema hau 1958.ean asmatu zen. Ba dakigu lurraldearen altuera itsas-mailarekiko bere posizioaren arauera aldatzen dela. Hau dela eta, mapa zuzen-angeluar bat egiten badugu (2 x 10 km-koa) eta ondoren mapa 100 metroko lauki txikitan banatu, bakoitzari bere altuera media asinatuz, 2 mila zenbakiko mapa lortuko genuke. Lauki hauek nahi bezain txikiak egin daitezke, zehaztasuna handituz.

Missilak beherantz enfokatuta dagoen altimetro erradariko batez hornituta doa, eta ordinatoreak bere memorioan duen mapa baten ingurura heltzen denean, altimetroak datuak eskaintzen hasten da. Ordinatoreak datu hauek bere memorian dituenarekin gonbaratzen ditu, honela missilaren posizioa jakinez. Ondoren pilotu automatikoari abisatzen dio, ibilbidea zuzen dezan. Ordinatorearen memorioan honelako hogei bat mapa gorde daitezke.

- Superfizien koerlazioa: oraindik ikerketa mailan aurkitzen da. Honek ez du lurraldearen altuera neurtzen, bere mikro-uhinen errefrakzioa baizik. Horregatik, bere detektatzailea ez da altimetro bat, baizik eta mikro-uhinen errefrakzio-neurgailu bat. Oraingoz planeatzen den missil berriak alde batetik espektro elektromagnetikoaren zati batetan zertutako mapak eramango ditu, eta bestetik uhin-luzera desberdinetan funtzionatuko duten detektagailuak.

- Hirugarren sistema sateliteetan oinarritzen da. Sistema hau ere ikerketa mailan dago EE.BB.etan. Honetarako buru-posizioetan ezarritako 24 satelite behar dira, honela momentuoro hauetako 4 sateliteengatik lurreko edozein puntu kontrolatuta baitago. Segunduen milarenoro satelite hauek seinale kodifikatuak emitituko dituzte, denak exaktuki sinkronizatuta, eta seinale hauek dira missilaren ordinatoreak landuko dituenak, beren ailegadaren diferentziak erabiliz. Bestalde, sateliteek beren orbitei buruzko informazioa ere emitituko dute. Bi informazio hauek batuz, missilak bere posizioa espazioko edozein puntutan gehienez hamar metroko errore batez jakin ahal izango du.

Hiru teknika hauetarik, sateliteenak bakarrik dirudi ekonomikoa, bide laburretako missilentzat.

Motore mailan lortutako aurrerapenak ere ez dira nolanahikoak. Egun turbohaizegailu bat, 60 kg. baino gutxiago pisatuz, 272 kg.tako bultzada bat eskaintzeko gai da. Motore hauek bere baliokideak diren turboerreaktoreak baino gutxiago gastatzen dute. Honegatik hauek 500 km-tarako missilentzat erabiltzen dira, turbohaizegailuak 5000 km-tarako bidaietarako gordez. Bi motoreen diferentzia kanporatzen dituzten gasen tenperaturan oinarritzen da. Bietan, turbinan sartzean airearen tenperatura -1010ºC da. Baina turboerreaktoreak 788ºC-tan kanporatzen dituen bitartean, besteak 316ºC-tan egiten du bera. Garbi dago bigarren honek energia era efikazago batetan erabiltzen duela. Beraz, kanporatzen dituzten keen tenperaturak dira bi modeloen "firmak". Ez dirudi ezinezkoa denik, ba infragorri-detektagailu baten bidez bi modeluak bereiztea, bere keari esker.

(3. erretratua)

Missil honen bi bertsioek neurri berdinak dituzte; 0,53 cm eta 6,24 m luze. Bere pisua, gutxi gorabehera, 1478 kg.koa da. Bi modeluak ur azpitik, txalupa, hegazkin edo lurretik jaus daitezke. Modelu estrategikoa 277 kg. bultzada sortzen duen turbohaizegailu batez osatuta dago, eta bere abiadura 0,7 mach da. (Gehienez 0,85 Mach) (1 Mach = 1200 km/h). Missil hauek 0,44 Mach baino azkarrago joan behar dutenez airean mantentzeko, hasieran kohete batek bultzatu behar dio. 400 metro altueran (55º graduko igoera-angeluz), bere motorea martxan jartzen da. Itsas gainean doanean, bere altuera 20 metro da, eta lurra detektatzean 50 metrotara igotzen da. Honengatik ikaragarri zaila zaie erradarei hauek detektatzea.

Missilaren zehaztasuna, objektiboarekiko, bere laukien arauerakoa da. Lauki hauek 10 metrokoak baino txikiagoak egin daitezkeenez gero, pentsa daiteke errorea balio hori baino txikiagoa izan daitekeela. Halaz ere, ez da beti horrela, bidaian, edota mapak gaizki egin direlako, aldagai berri batzu sor daitezkeelako.

Jadanik proposatuta dago EE.BB. missil bat, buru ez-nuklear batekin, eta beti 10 metroko baino errore txikiagoz bere helburura helduko dena. Hasieran txalupaz edo hegazkinez garraiatuko litzateke. Ba da beste modelu bat, oraingo aproba praktikotan, hegazkin batetik botako dena, beste estrategiko hauen distantzia erdia betetzeko gai izanik. Oraingoz B-52 edota B-1 bonbarderoetatik jausiko lirateke. Baina missil hauek jausteko besteen lurraldera sartu behar ez denez gero, ez dirudi ezinezkoa missil hauek oraingo Jumbo edo DC-10 batetan kargatzea Eta hegazkin hauek, bakoitzak, honelako 100 missil eramateko gai dira.

Baina missil hauek ba dituzte alde txarrak ere: hauetako inportanteena, bere abiadura da. Abiadura txikia izanik, epe luzea behar dute helburura heltzeko. Honegatik, besteek honen aurkako neurririk hartzen badute, oso errazak lirateke behera botatzen. Eta bestalde missil balistikoen atakea oso segurua den bezala, bidaiari hauen erresultatua ez dago inolaz ere garbi.

Guzti honetatik, bi konklusio atera daitezke:

1. Salbuespen batekin, momentu honetan missil hauen erabilpena.

a) beren erabilpenak oraingo akordioak (harma estrategikoei buruzkoak) oztopatu eta frakasaraziko lituzke.

b) linea hau jarraituz, ez dago garbi akordio berriei ekingo litzaiekenik.

c) urazpiko atomikoetan instalatzeak hauen seguritatea gutxitzen du (soinu arrasto handiak sortzen ditu bere jausteak).

Salbuespen bakarra etorkizuneko bertsio bat litzateke, non beren jaustea hegazkin normaletatik egiten baita, honela posibilitateak handituz. Bestalde, harmen kontrola, bide honi jarraituz gero, gogor zailtzen dugu.

2. Kriterio negoziagarriak; bi bertsioak diferentziatzeko orain bertan ezarri behar lirateke mugatze-kriterioak.

J.J. ELHUYAR

HIZTEGIA

missil bidaiari: missil crucero

eramaile: vehículo

jarrai: contínuo

gida-sistema: sistema de guía

bultzada: empuje

ibilbide: trayectoria

lauki: cuadrado

buru-posizio: posición polar

turbo-haizegailu: turboventilador

igoera-angelu: ángulo de ascensión


Gaiak. Zientzia

Energia hidrogeotermikoaz zeozer

Sarrera

Gaurko gizarte honek ekartzen dizkigun "krisi"en aurrean, guk sistema honen kontra ari garenok, benetako alternatibak asmatu eta sendotu egin behar ditugu. Alternatiba horik ez dira zertan izan behar kapitalismoak gaurregun erabiltzen dituenak, baina "esku jatorretan" jarriak; honekin ez dut esan nahi zerotik hasi behar dugunik, ezta guttiago ere, baina benetako alternatibak ondoko puntu hauk bete ditzaten saiatu behar garela uste dut:

- Deserdirapena: alternatibak leku konkretu batean erdiratzeak, ba dakigu zeintzu buruhauste ekartzen dituen.

- Aurreko puntuarekin lotuta, beste hau dugu: giza-eskala. Gizakian ezagutu eta kontrolatu egin behar du alternatiba horren prozesu OSOA hasieratik azkeneraino.

- benetan alternatiboa izatea, hau da, oreka ekologikoari dagokiona: ez kutsatzaile, ziklo natural baten barruan sortua,...

Oraingo honetan, eta zientzia kalean izan behar delakoan nagoelako, Euskal Herrian beharbada posible izan litekeen energia moeta bati buruz arituko naiz, ikuspegi orokor bat emanez, eta gero berton finkatuz. Energia hau, energia (hidro) geotermikoa da.

Energia moeta honen jatorria

Oinarrian, energia tipo hau (GEO) Lurbarnean ematen den uraren (HIDRO) berotzean (TERMIKOA) datza. Berotze hau gradiente geotermikoa dela eta gertatzen da, hau da, lurbarnerantz 30 metro, gutti gorabehera, sartzean tenperatura gradu bat handiagoa da. Hau gradiente normala dela esan genezake, gaina hala ere, zona batzutan gradiente anormala aurkitzen dugu. Zona hauetan sakonera ttikitan tenperatura oso handia izaten da. Zona hauk, normalean, makal-zonak izaten ohi dira, eta maila global batean (Plaken Tektonika dela medio) plaken inguruetan finkatzen dira. Zona hauetan normala izaten da bulkanismo agertzea. Maila lokalean gradientez bakarrik bero daiteke ura.

Uraren berotze horren frogak ugari dira: iturri termalak, fumarolak, geisereak...

Zentrale zerbait

Erabiltzen diren ekipoak kanpo petroliferoetan erabilitakoen antzekoak izaten ohi dira. Zundaldietatik ateratzen den baporea baporezko turbina bat mugitzeko erabiltzen da, turbina horretan produzitzen da energia elektrikoa.

Mexikon dagoen cerro Prieto zentralean erreserba konprobatua nahikoa da 33 urtetan 150 MW-ko zentrale hori martxan segitzeko. Erreserba hori aztertu diren Km2-ei dagokiena da, eta guztiz kanpo osoa 175 km2 dira. Honekin zentrale horren potentzialitatea 2000 MW koa litzateke.

Iturri termalerik gehienen tenperatura 50ºtik behera dago. Horko energia ere zelan probetxa hasi da aztertzen hainbat lekutan, ziklo hitxia duten gas-turbinak erabiliz eta jariogai bezala irakidur-puntu ttikia daukan likidoa jarriz: iso-butanoa, fluoro-ikatza...

Energia honen abaintailak

Lurraren beroa bere barruan ematen diren erreakzioetatik datorkigu eta bide hau agortezina dela esan dezakegu. Energia hau garatzeko iturri termaleak agertzen direneko tokiak aztertu egin behar da, geofisika eta geokimika ere aplikatuz. Honen inportantzia etorkizunari begira ez du inork ukatzen. Adibide bezala, U.S.A.n 1.975. urtean asmoa zeukaten 33.000 putzu egiteko energia geotermikoa aztertzeko. Eta ba dakigu yankiek ez dutela dirurik botatzen ezer ematen ez duen putzuan.

Mekanismoa

Hobi geotermiko bat gerta dadin ondoko baldintzak bete behar dira:

1. bero-iturri baten beharra, ez oso sakonera handian.

2. akuifero baten beharra (materiale porotsua eta urez beterik). Akuifero horren ura berotzean beroaren eramaile bihurtzen da.

3. azkenez, akuifero hori ez da azaleran izan behar, zeren eta era horretan ezina bailitzateke beronen hustirakuntza. Behar beharrezkoa da akuifero horren gainetik kapa iragazkaitz bat egotea beroa kontserbatzeko.

Non erabiltzen da gaur egun energia geotermikoa?

Hona hemen funtzionamenduz dauden zentrale geotermiko batzu:

Italian: Larderello - Monte Amianta

Mexikon: Pathe - Cerro Prieto

U.S.A.n: Big Geysrs

Zeelanda Berrian: Wairakei - Kawerau - Broadlands

Japonian: Matsukawa - Otake - Hatchobaru - Onikobe - Takinowe

URSS-en: Kamtxatka

Chilen: El Tatio

El Salvador-en: Ahuachapan.

Filipinasen, Islandian, Indonesian, Turkian, Marokon.

Gure untzia den Lurrak ba dauka energia ugari, behar adinbatekoa, bere marinelen superbizipena garantizatzeko. Arazoa, zera da, bide egokiak garatu behar ditugula.

Euskal Herriko posibilitateaz

Euskal Herrian hainbat iturri termale (Altzola - Urberuaga - Zestoa... dira inportanteenak) agertzen zaizkigu. Ezin esan dezakegu hemen dagoenik gure alternatiba energetikoa, ezta guttiago ere. Esan dezakeguna zera da: hor dago eta aztertu egin behar dugu. Aztertzen ez badugu ezin dugu jakin zernolako garrantzia daukan.

Frantzian, Melun izeneko hirian, probetxatu egin dute energia hori etxeko berogailu bezala eta hemen hori egitea ez da posible izango? Jakiten saiatu behar!

Hemen ditugun iturri termaleetan, ura faila-mekanismo batetik zirkulatzean berotu da gradientez bakarrik, eta geotermometro egokiak erabiliz jakin da ur horren tenperatura zein den harri gordailuan: 50-70º artean. Honen aplikapen zuzenak hauk izan daitezke: industriarako berogailua, nekazaritzan, aberegintzan, batez ere.

Energia geotermikoa probetxatzeko zonak eskasak badira ere, positiboa bada, probetxatu egin behar dugu alternatiba hau, hasieran esandako ikuspuntuetatik abiatuz.

IÑAKI


Kaiserren Kruzesko eritegian [Komikia]

Zumalabe


Postaz etorriak

GARAIKOETXEA EKOLOGISTA BIHURTU ZAIGU:

Kaixo adiskideok:

Everest-era zihoazenak agurtzerakoan "traereis aire puro" esan zien.

E.K.M.en ere Euskal Herrian zehar zuhaitz mordo bat landatzea erabaki dute. Oso jokabide jatorra dela esan daiteke.

Ekologia maite badu, zergatik onartu du indar nuklearra? eta konkretoki Lemoizko bonba?

Alde batetik besarkatu eta bestetik saldu, ezta...? Lemoizekin gal ditzakeen botoak irabazi nahi ote ditu zuhaitzak landatuz?

Ez dezagun kontsenti atzipe gaitzaten.

AMUBERRIA

***

Guztiz harritu egin nau E. Knörr-ek Anaitasuna-ri bidali dion gutunak, ez baitut ulertzen eskertiartzat jotzen duen alderdi baten ordezkaria den jaun horrek "kulturari buruz" hain ideia atzerakoi izatea.

Herri baten kultura, herri berak arazo guztiei ematen dien erantzuna besterik ez da. Berak dioenez "Lesbianak, abortua, dibortzioa, marikak" eta hainbeste arazo gure kulturaren zati garrantzitsuak ere ba direla diote azterlari progresista guztiek. Jende askori, aditza sinoptikoa baino, Euskal Herriaren arazo biziak interesatzen zaizkigu. Ea noiz bereizten ditugun tresnak eta produktoa. Ba litek produktoak zehatzeko aditza sinoptikoa beharrezkoa izatea hala ere produktoa ez dut uste aditzez eta gramatik kuadroez osatzen direnik eta bakoitzari berea eman behar zaio. Eta zuri ere zurea.

Marika bat

J.M.B. (Bilbo)


Urrezko astabelarriak

Onse pa ver nasimos

Ulertzen al duzue erdara antzeko hori? "Hamaikatxo (gauza) ikusteko jaio gara!" esaldiaren "erdal itzulpena" duzue, behin baino gehiagotan erdara ongi ez dakiten ahotik entzuna. Tira! Itzulpena edo.

Zer demontre pentsatuko luke erdaldun alfabetatu batek goiko esaldi hori idatzirik ikusiko balu? Orma batetan gaizki idatzita ikusiko balu, analfabeturen baten gauza edo litzatekeela pentsatuko luke seguruen. Baina liburu baten atzeko azalean irakurriko balu? Arlotaden liburu baten esalditzat hartuko luke eta barre egingo luke kasurik onenean. Baina liburu hori gai serio bati buruz eta luxuzko edizioan ateratakoa dela ikustean,... segur asko harriduraz eta lotsaz —LOTSA HANDIZ— irakurriko luke.

Ba, pertsona batzu ongi entera daitezen, guri ere antzera pasatzen zaigula esan behar dugu. Gehiago oraindik: gu amorru izugarriz jartzen gara, baten batek adarra jo nahi digula pentsatuz. Eta euskara dagoen egoeran, ez zaigu adarjotzerik gustatzen.

Hona zer irakurri dugun liburu baten atzeko azalean eta letra handiz:

Argitaralpena

babestua

oparoki

kutxa

Aurrezki

Bizkaiko

Zuetariko inork ulertzen al du letra-zopa hori? Nik neuk, euskaraz alfabetaturik nengoela uste izan arren, tutik ere ez nuen ulertu hasieran. Euskara ote zen? Eskerrak erdera ere ba dakidala eta textu horren azpian berorren erdal itzulpena ere jartzen zuela. Azken hau ikustean, arazoa ulertzen hasi nintzen. Parean ipini nituen textu biak eta hona hemen zer aurkitu nuen:

Argitaralpena Edición

babestua auspiciada

oparoki generosamente

 por la

Kutxa Caja

 de

Aurrezki Ahorros

Bizkaiko Vizcaina

Liburua, Jose Maria Ucelay-ri buruzko edizio antologikoa zen. Antologikoa, benetan! Astabelarrien historiara pasatuko da urrezko letrez.

Maila horretako arlotadak ikusita, bi eratako posibilitate edo irtenbideak susmatu ditut. Lehena, zera da: Hurrengo liburuan, zerbait konpentsatzeko, alderantzizko erabako itzulpena egitea, hau da, euskal joskera gorderiko "erdal itzulpena" egitea. Honela, adibidez:

Bizkaiko Vizcaina

Aurrezki de Ahorros

Kutxak la Caja

oparoki generosamente

babesturiko auspiciada

argitalpena edición

Baina itsusi dirudi. Eta horregatik, bigarren irtenbidea proposatzen diet. Begira, oso sinple da eta. Zuen konpetentziakoek, hots, Bilbo Aurrezki Kutxakoek, pertsona arduradun bat kontratatu dute, euskarazko gauzak ongi bideratzeko. Zergatik ez duzue zuek ere antzera egiten?

Dena dena, egindako astakeria ikusiz, hamabostaldi honetan urrezko astabelarriak eramatera kondenatzen zaituztegu. Ea penitentzia horrekin zeuen hankasartzeaz konturatzen eta damutzen zareten, eta astakirtenen multzotik irtenik euskaldun alfabetatuen mundura pasatzen zareten!

Ez eskerrik eman, ongi mereziak baitituzue!

Ramon Garai


Puzzleak