ANAITASUNA
1980.EKO APIRILAREN LEHEN ETA BIGARREN HAMABOSTALDIA
400. ALEA
60 PZTA
[AZALA]
400
10 URTE ANAITASUNAREKIN: DOSSIER BEREZIA
Carlos Arkorekin hizketan
BILBOKO AZKEN KABARETA
Informaziorako Zientzi Unitatea: egoera zaila.
AURKIBIDEA
3. Aurkibidea
4. Artikuluburua
5. Agiriak
6. Carlos Arcorekin hizketan. X. Gómez - Idazkuntza.
8. Bilboko udalak euskarari muzin? B. Barandiaran.
9. Leireko Zina. R. Garai
10. Informazio Zientzi-Unitatea: Egoera Zaila. Jorge. Idazkuntza.
12. Bilbo Gautxori. Imanol X.
16. Hamabost egun hankaz gora. Bixer.
20. Munduko zenbait berri nahas mahas. M.J. Esteban.
22. Elkarrizketa biziak.
25. Anaitasuna 400.
26. Hamar urte Anaitasunarekin
33. Anaitasunari buruzko inkesta
36. Anaitasunarekin hizketan. Felipe Aldaiturriaga.
40. Arraultzak saskian. B. Barandiaran
42. Amaia Lasa. A. Eguzkitza.
43. Baserritarrek erakutsi zidatena. K. Barrentsoro.
44. Malcon Lowry Labyrinthoa. J. Sarrionaindia.
48. Demokrazia edo faxismo onartua. J. Sendagorta.
49. Sinetsi behar. K. Santisteban
50. Antropología eta emakumea: Marta Moia. M.A. Landa
51. Botila. K. Santisteban
52. Leyreko zina. J.C. Egillor
53. Gramatika. J.R. Etxebarria
54. Txinako euskal menú bat.
ANAITASUNA
KOORDINAKETA
J.R. Etxebarria
IDAZKUNTZA
M. Aldana, T. Trifol
IDAZKUNTZA KONTSEILUA
J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta
ARABA
K. Mendia
BIZKAIA
J. Llerandi, T. Trifol
GUIPUZKOA
A. Oiartzabal, I. Urtasun
IPARRALDEA
M. Lanatua
NAZIOARTEKOA
M. Aldana, M.J. Esteban
IDAZLEAK
P. Agirrebaltzategi, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, J. Azurmendi, F. Alaña, J.J. Bakedano, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J. Iturbe, M. Kaltzakorta, X. Kintana, S. Laffite, M.A. Landa, J. Mendizabal, J. Orbezua, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portu, K. Santisteban, J. Sarrionandia, J. Sendagorta.
LANKIDEAK
K. Arko, X. Gomez, J. Idigoras, L. Trask.
FOTOGRAFOAK
A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.
MAKETAPENA
R. Zumalabe
KOMIKIAK
X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.
MARRAZKILARIAK
Ttua Taldea
PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA
J. Idigoras, A. Uria.
ANAITASUNA
Zabalbide 68-entlo. BILBO 6
Tfnoa: (9-4) 433 58 08
MOLDIZTEGIA
Estudios Gráficos
lege G.D.L. Bi-1753-1967
PRINTED IN BASQUE COUNTRY
Artikuluburua
[Bineta]
Apirilaren 22tik, Maiatzaren 17ra.
KONFERENTZI XORTA BERGARAKO UNEDEN
PLAZERRAREN ERREPRESIOA GIZARTEAN
Ordua eta tokia: astearte eta ostiraletan, arratsaldeko 7,30 etan, UNEDen; larunbatetan, goizeko 11 etan, Compañía de María Ikastetxean.
Izenak eman: Apirileko 15 etik aurrera, UNEDeko Idazkaritzan.
Eraketa:HEZKUNTZA KULTURALEKO DEPARTAMENTUA.
Asteartea, Apirilak 22
PLAZERRAREN ERREIBINDIKAPENA ETA EZKERRA.
Itziar Etxebarria, Bergarako
UNEDeko Psikologiako Irakaslea.
Ostirala, Apirilak, 25
SEXUARI BURUZKO IDEOLOGIA.
Josep Vicent Marques, Valenciako Ekonomi Fakultateko Soziologiako Irakaslea.
Larunbata, Apirilak 26
GIZONEZKOAREN DOMINAZIO SISTEMA ETA GIZONAREN KRISIA.
Josep Vicent Marques Valenciako Ekonomi Fakultateko Soziologiako Irakaslea.
Asteartea, Apirilak 29
NORMA SOZIALEN BARNERATZEA HAURTZAROAN.
Enrique Freijo Balsebre, Donostiako Hezkuntz Zientzien Fakultateko Psikologiako Irakaslea.
Larunbata, Maiatzak 3
MANIPULAZIOA; ASKAPENA, ASKATASUNA
Enrique Freijo Balsebre, Donostiako Hezkuntz Zientzien Fakultateko Psikologiako Irakaslea.
Ostirala Maiatzak 16
NEUROSIAREN SOZIOLOGIA
Enrique González Duro Psikiatra.
Larunbata, Maiatzak 17
FAMILIA ETA KONTROLE SOZIALA.
Enrique González Duro, Psikiatra.
ANAITASUNAko agiria
Anaitasunak prentsa karnet batzu atera ditu gure idazle eta kolaboratzaile erabil ditzaketen. Karnet hauek lortzeko pasa zaitezkete gure bulegoetatik edo posta bidez zuen nortasun agiri guztiak bidaliz. Hona hemen behar ditugun datuak: Izen-deiturak, bizilekua, karnetaren zenbakia (DNI). Bestaldetik behin eta berriz zera gogora nahi dizuegu: Artikuluak ordaintzeko beharrezkoa dugu Bankuko kontu irekiaren zenbakia eta jakina, bankuaren izena.
Txomin Barullo
Barrenkale 40 an, lehengo astean Txomin Barullo inauguratu zen. Diotenez, Euskal Pub, edo kafe-teatro, edo tertulietarako bilbotar kafetegia hybrido edo definigaitza izanen da. Teatrotik musikara, literaturatik zinera) denak eta denek izanen dute leku heurenean. Ea egia den!
Inaugurazioan, progresia asko baino ugari. Erdal kazetaritza, ez askorik baina polito. Herri irratia, EGIN, Askatasuna, R. Bilbao, Juventud etab. Erdara nagusi, eta ez dut uste erdaldunen errua denik, erdaldunak ba dira zer egin dezakete besterik? Baina Bilbok ez al du euskal progresiarik; non daude? Euskara eskola ematen?, Errosarioa errezatzen?, Aditzak asmatzen? Umeak zaintzen? Bonbak fabrikatzen? Ez dakigu. Baina jakin ez arren, Txomin Barullok ere noizbehinka euskal-saioak, euskaraz emandako jaialdiak edo, antolatuko dituela espero dugu. Hala bedi!
Idoneoak pailasoarenak egiten
Euskara Irakasle idoneoak greban aurkitzen direla eta Apiriliak 22an Bilbon zehar kalean gora, kalean behera pailasoz jantzita agertu dira Lantzeko ihauterietan bezala. Euskal arloetan mugitzen garenok maizetan pailasoarena egiten ari garen sentimentua dugu guztiz barneratuta. Bitartean Eusko Kontseilu Nagusiak erdal agiriak, erdaraz soil-soilik bidaltzen, segitzen du lasai, lasai, Gotzon Garateren sinadurarekin eta guzti.
Euskal Herria
Ba dakizue nor den Carlos Arko, bai, F.M.-ko edasle berbaldun eta begiko hori. Bilbo irratietxeko sabairaino igo ez zen bada Anaitasunako taldea eta denbora luze samarrez zain egon ondoren, ondoko elkar hizketa edo ikuska hau lortu genuen. Aurrera.
Anaitasuna.— Hasteko, nor da Carlos Arko?
C. Arko.— Beño, hasi baino lehen, zera, jeneralean ez dut nahi elkarrizketarik ez baitut ezer esateko; zuek zarete beraz, nirekin solasean arituko diren lehenak.
A.— Ez. Baina hau ez da horretarako. Nola ikusten duzun zeure burua esan behar diguzu?
C.A.— Nire buru!, kaka kirastutzat eduki dut beti, nik galdutakotzat jotzen dut neure burua. Hala ere, jendeak nire irratsaioen bidez juzkatu behar nau, nire mozkorraldiak ikusi eta nire begiei adi egon dadin nahiago dut.
A.— Zu nola topatzen zara, edasle edo disko-jockeya?
C.A.— Disko-jockeya. Musikarengatik seguru. Musika, nazioarteko hizkera bat da, bakarra agian. Edasle bat adimenen atzemailea da, morroia norbera da. Lehen bezalako kaka berbera.
A.— Eta zure irratietxeko lagunei buruz zer pentsatzen duzu?
C.A.— Nik ez dut hitzegiten hortaz. F.M.a zeuek aztertu behar duzue.
A.— Nola iritsi zinen disko-jockeya izatera?
C.A.— Kukuka edo bultzatu eginez. Irratiaren bidez F.M.a irekitzeko zeudela ohartu nintzen eta hemengo zuzendariari idatzi nion ene egokitasunaren istorio luze bat kondatuz. Ez zidaten inolako azterketarik egin eta ba daramatzat hiru urte luze.
A.— Zergatik C. Arcoren ondoren ona disko eragiketan?
C.A.— Nik ez dut sinesten ondore onez. Bata zein bestea izan, denok elkar bizi gaituzu. Batari mikrofonoa ezartzen zaio, besteari ziztailua (1) eta niri General Electrica-n karraka (2) bat. Batzu sortzen dira eta besteak aldiz trabatu. Ondore onik bat dut, jendean galda iezaiozue, nik egiten dudana gustatu egingo zaie eta. Gainera majua naukazu.
A.— Famatutzat daukazu zeure burua?
C.A.— Nire burua ez da famatua. Eneak ez du famatua izan nahi. Jendearen eraginekin bat eginda dago.
A.— Zer da zuretzat irratia?
C.A.— Norberaren bizitzaren atzean, bizitzaren lehen iturri bera da.
Zuokin edo larogei urtetako atso batekin hizketan egiteko ahalbidea baita. Gainera niri gustatu egiten zaidana da.
A.— Zer da zuretzat F.M.a?
C.A.— Irratia da, baina biziago. F.M.a nire nirea da. Gazteria,... harreman gehiago.
A.— Europa edo Ameriketako F.M.ak hemengoekin gonbaratuz gero, zergatik ematen den hainbeste ezberdintasun esan al diezagukezu?
C.A.— Nik ez dut horrela ikusten. Espainia eta Euskadin F.M.a gauza berri berria zenean ba zegoen halako zerbait. Orain ez. Norabideak antzekoak dituzue hemen, Espainian eta Amerikan.
A.— Disko eragiketan zein da zure bihotzeko panpalina?
C.A.— Hoberen bat, Radio Nacional-eko bigarren programan, Angel Alvarez. Horrek ipintzen duen musika beti gustatu zait. Nire ustez, maisu jaioa da.
A.— Zergatik Euskadi-Espainia eta Europa-Amerika arteko ezberdintasunik?
C.A.— Hori galdera hori, gobernuko agure zaharrei galda iezaiezue. Futbolaz eta botuematez interesaturik daude bakarrik. Futbola gustatu egiten zaielako izango da. Botuek boterea ematen dietelako, noski.
A.— Zergatik ez dute gora handirik egiten beste F.M. horiek?
C.A.— Interes handiak daudelako eta batipat kontrolatzen dituztenen interesengatik. F.M.ak arriskugarriak dira. Probokatzaileak daitezke eta jendeak dagoen egoerari baietza eman beharrean besteren bat buru dezake.
A.— Nork kontrolatzen du F.M.a?
C.A.— Inork ez. Egiatan, guk geuk. Programazioa talde batek antolatzen du. Rocio Durcal-en diskorik jartzen baldin badugu, beno, zera, taldeango nori edo nori gustatu egiten zaiolako izango da. Adizue, zergatik egiten duzue hainbeste galdera?
A.— Eta F.M.aren zentzu aldaketa zergatik?
C.A.— Oraintsu arte nahi izan dudana egin dut. Hemendik aurrera profesionari eginda naukazue. Orduan, hementxe ba nago, sosa eta sosak du errua. Sosarengatik naukazue hemen.
A.— Euskal Herrian zein da gehien entzuten den musika?
C.A.— F.M.aren bidez entzuten dena. Bi korronte nagusi barnean, abertzalea eta rockera, komunikabideetako jende-mendeak ipintzen duena entzuten da. Hortik eskapatzeko, kaleko atea duzu.
A.— Nora doa euskal musika?
C.A.— Hotz hotzean, zera, komunikabideek nahi dutenera doa. Euskal musika hala ere aurrerakada handiak egin ditu ispirazioz eta egitez, batez ere abertzaletasunak sortu zuen mogimendu musikala komunikabideek onartu zutenean.
A.— Nora doa rocka eskuharki?
C.A.— Hirurogeigarrenetara. Hor daukazue esaterako B.-52. Rock-ean barne den-dena buruturik dago jadanik. Bizitza eta musika errepikatzen diren zikloak dira. Gainera, musika kontrolatzen dutenetarik ehuneko 99-ri musika bost axola zaizkio.
A.— Orduan, musikak ez du etorkizunik?
C.A.— Bai. Baina konputagailuetatik kanpoan. Hirugarren munduko herrietan edo eta Euskadin ere, zeren guztiz infradesarroilaturik baitago musika arloan.
A.— Carlos, esaiguzu musika talde bat?
C.A.— Asko dago. Ez dakit,... Klannath.
A.— Solista bat?
C.A.— Txomin Artola.
A.— Kanta bat, doinu bat?
C.A.— Ez dakit... "Nire gogamena irakurriko bazenu", "If you would read in my mind", Gordon Lightfooy-ena.
A.— L.P. bat
C.A.— Unkitu nauenetako bat: "Ametsaren bidea", Errobirena.
A.— Orain, oso, oso laburki. Punk-a?
C.A.— Betiereko iraultzaren zuzia (3)
A.— Jazza?
C.A.— Kulturaren bizkortasuna, izaeraren estabilitatea.
A.— Country?
C.A.— Estatu Batuetako folklorikeria. Estatu Batukoek jan dezatela. Aspertzen nau.
A.— New Wawe?
C.A.— Punk-en arreba edo ahizpa... zer dakit nik bada... ttikiena.
A.— Rock sinfonikoa?
C.A.— Hori, bost garreneko amona duzu. Zahartasunak hil egin zuen.
A.— Diskorik?
C.A.— Ziria, buf! luze, luzea.
A.— Nazionalitateen musika?
C.A.— Nazioarteko musikaren euskarri bat. Orain nazionalitateen musika hoztu da.
A.— T.V.-ren telesaioak?
C.A.— Ez dut telebistarik ikusten.
A.— Bilbon irratiko F.M.a?
C.A.— Bah! irrati modernotxo bat, herrikoia, —masakoia—. Jendek ez dizu esaten F.M. popular, F.M. Juventud. Jendek F.M.a besterik ez diotsu.
A.— Funtsgabeko agur bat?
C.A.— Ja-ja... tststststststststs.
Carlos Arco, lagun bat.
(1) bisturí, bistouri.
(2) lima, lime.
Euskal Herria
Bilboko udalak euskarari muzin?
Bilboko udalean dauden E.A.J.ren zinegotzi (1) batzuk, hor kasu Aguinagalde jauna, euskaldunak —euskaraz bizi garenok—, mongolitotzat hartzen gaituzte. Zoritxarrez ez dago hemen "omen"-ik. Begira bestela, munda bat pagatzearren zer nolako bihurkeria egiteko gai diren. Ea denok ikasten dugun eta ez diegun pezetarik ere pagatzen!!
1) Concejal, conseiller communal.
Idazkuntza
Zirkulapen zerga hartu nuen. Erderaz, noski. Zergeen paperak Euskaraz etorri arte ez nuela bat ere ordainduko esanez eskutiz bat bidali egin nuen.
Hara ba, jasotako erantzuna eta bidali diedan bigarrena.
Jauna,
Udaletxean euskaldunik dagoela ikustean poztu egin naiz, aldi batetik. Guztiarekin euskaldunok zanpatuta izaten jarraitu beharko dugulako, ilundu, bestetik. "Euskera zaleak" Elkartearen jarrerekin ez dut inoiz ezer ikusirik izan, baina paperak Euskaraz eta Erdaraz idatzita izateari ez deritzat txarto. Hori bai, Erdera hutsez datozkidan bitartean ez dut bat ere ordainduko. beste bat arte,
Francisco de Borja Barandiaran.
"Euskal Herriaren Euskaraz Elkartekook ez ezik, euskaldun zintzo zareten guztiok beste horrenbeste egitera bultzatu nahi zaituztet.
Euskal Herria
Apirilaren bostean, Aberri Egunaren bezperan hain zuzen, ekitaldi umil baina historikoa gertatu zen Leiren. Egun horretan, Hego Euskal Herriko hogeitalau deputatu-senadore-parlamentarik (guztiak Herri Batasunakoak) zin egin zuten, Euskal Herri osoaren berjabetasuna lortu arte burrukan segituko dutela. Egia esan, ez ziren hogeitalaurok Leirera heldu, ongi baitakigu zernolako kontroleak egon ziren Nafarroan zehar egun horretan. Dena den, guztiek sinatua izan da zin hori.
Jendearentzat jakingarri delakoan, hona hemen zinaren textua:
Zaharrena izanik, Telesforo Monzón izan zen beste guztien zin-hartzailea, gero, hango gazteenak, Xabier Onaindiak, berari hartu ziolarik. Esan beharra dago halaber, zina euskara hutsez burutu zela.
Leireko monastegi aurrean egin behar izan zuten zina, bertako abade nagusiak ez baitzien utzi barneko kriptan egiten. Historiarako anekdotaren bat behar eta... baina ez ote da lotsagarri?
Zin hori egin dutenen zerrenda, ondoko hau da:
Ez ote da egongo bestelako parlamentaririk, publikoki zin berbera egiteko gauza denik?
R.G.
***
Geu, Hego Euskadiko Herri Batasunaren hogetalau deputatu eta senadore hautatuok,
Gaur hemen —geure Nafarroako Kondairaren lekuko izana zaigun— Leire agurgarri honetan bildurik,
Nafarroako Errege izandakoen hezurrak hementxe guri hurbil ditugula,
Arabarrok, Bizkaitarrok, Gipuzkoarrok eta Nafarrok, zernahitarako talde bakar bat osatuz,
Iparraldeko anaiak ere laister gurekin izango ditugulakoan,
Zin dagigu:
Ez dugula amore emango, baina bai eten gabe borrokan jarraituko, geure Aberri bakarraren, Euskal Herri osoaren, Batasuna eta Berjabetasuna lortu arte.
Ez dugula amore emango, baina bai eten gabe borrokan jarraituko, geure Aberri bakarraren, Euskal herri osoaren, Batasuna eta Berjabetasuna lortu arte.
Geure arteko zaharrena neu naizenez, galdetzen dizuet beraz:
— Zin dagizue?
— Bai, zin dagigu. Eta zeuk?
— Bai, neuk ere zin dagit.
Leire-n, mila bederatzirehun eta laurogeiko Apirilaren bostean.
Herri Batasunatik Foru-Parlamenturako batzarkide hautatuak:
ANGEL GARCIA DE DIOS
IÑAKI ALDEKOA AZAZOLAZA
JOSE ANTONIO URBIOLA MATXINADIARENA
JOSE MANUEL ALEMAN ASTIZ
IÑAKI ARTXANKO ALDABE
FERNANDO SAEZ GARCIA FALCES
JOSU GOYA ETXEBERRIA
GERARDO DEL OLMO RAMIREZ
ANGEL JAUREGI MARTINIKORENA.
Herri Batasunatik Araba, Bizkaia ta Gipuzkoak eratutako Parlamenturako batzarkide hautatuak:
TELESFORO MONZON ORTIZ DE URRUELA
IÑAKI RUIZ DE PINEDO UNDIANO
XABIER PEREZ DE HEREDIA
JOSE RAMON ETXEBARRIA BILBAO
JON IDIGORAS GERRIKABEITIA
JOSU AIZPURUA SAN NIKOLAS
XABIER ONAINDIA RIBERA
MIGUEL CASTELLS ARTETXE
JOKIN GOROSTIDI ARTOLA
IÑAKI ESNAOLA ETCHEBERRY
IÑAKI PIKABEA BURUNZA
Herri Batasunatik Estatu espainolerako Deputatu hautatuak:
FRANCISCO LETAMENDIA BELZUNZE
PEDRO SOLABARRIA BILBAO
ANTTON IBARGUREN JAUREGI
Herri Batasunatik Estatu espainolerako Senadore hautatua:
MIGUEL CASTELLS ARTETXE
Euskal Herria
Informazio Zientzi Unitatea: Egoera zaila
Orain dela hilabete batzu, orrialde hauen bidez, I.Z.U. (UCI) = (Informaziorako Zientzi Fakultatea-k) zeuzkan arazoei buruz eta hala nola bere egoera kaxkarraz ere, zenbait ideia azaldu genuen. Era berean. Euskal Herriak lan mailan behar zituen kazetariez mintzatu ere bai. Betekizun hauek aurrera eramateko eta etorkizunari begira geroaldietako informatzaile horiek euskal problematikan barne eratzea nahiko zaila dela iruditzen zaigu Informaziorako Zientzi Fakultaterik ezean.
Nola sortu zen unitatea
Unitate honen historia Bartzelonan hasi zen. Bertan zeuden ikasletariko batzu haren beharrez konturatu ziren. Hasieran Euskal Herrian halako unitate bat eratzeaz utopiatzat jo zuten baina geroago, mila ekintza eta gorabehera eginda, proiektua nolabait osaturik geratu zen.
Informaziorako Zientzi Unitatearen berehalako objektiboa, Euskadin fakultate bat eratzea zen. Euskal Herriko edozein ikasleak Bartzelonara joan barik, Euskadin bertan ikastaldi hauek ikasteko ahalbidea eduki beharko luke beraz. Modu honetaz, ikasleak diru askoz guttiago beharko luke eta bestaldetik, gure herriaren errealitatearekin bat egin lezake.
Gaur egunean beraz, 1.100 ikasle daude matrikulatuta baina harrez gero irakaskuntza, ikasle eta irakasleen ahaleginei esker bizi da soilik eta oso gutti den arren, ahaleginok ditugu objektiboki egoera mantentzen dutenak.
Ikasleak kenduta, irakasten ez dutenetako bost partaidek eta 50 irakaslek osatzen dute UCI. 50 hauetariko lau bakarrik, Bilboko unibertsitatearen babesean daude. Hots, gainerako beste irakasle guztiak ikasleok pagatzen ditugu geure poltsikotik eta norberaren matrikula pagatuta ere, ikasle bakoitzari gaintzerga bat gehitzen zaio irakasleen soldatak PND eta dituzten medio kaskarren gastuak pagatzeko. UCI, fakultatea balitz, dohatzez beterik legoke, hala nola, katedratan, irakaslegoan, horniziotan (liburutegi, prentsarako laborategi, irrati, telebista).
Bartzelonako Fakultateari loturik egoteak arazo lazgarriak sortzen dizkigu, bertatik dakarzkigun estudiatzeko arauak ez baitatoz bat Herri honek dituen arazo kulturalekin ez eta Bilboko UCIko Ikasleen nahi eta gogoekin. Leioako estudianteontzat oso garrantzizkoa den ikus-entzun adarrik ez dago baina hala ere, aurten, publizitate-adarra sartu dute eta ez dio ia inork horri berari kasu handirik egiten.
Denok daude gurekin baina ez du inork batere egiten
Azken hiru urteotan zehar UCIa fakultate bilakatzeko egin diren ahalegin eta gestio guztiak ugari samar izan dira baina hitzak eta promesa guztiak haizeak eraman ditu. Ihezko ikasturtean jadanik Unibertsitateko errektoreen kontseiluak, Eusko Kontseilu Nagusiak eta Euskadiko Indar politiko guztiek (UCDtik H.B.raino) UCIa fakultatea bilaka zedin dei bat egin zuten. Hala ere, UCIko partaideek ez dute orain arte nahi hori beterik ikusi.
Arazo honi buruz, Hezkuntza ministeritza eta Unibertsitate ministeritzak ere, hitz emana dute aspaldian zenbait gauzatan. Baina oraintsu arte, fakultatea egiteko proiektua nonbait gorderik edo galdurik omen dago beste hainbeste proiekturekin batera, hauek guztiauek multzo bat osatzen dutelarik eta azken hitza Estatuko ministrari Kontseiluak onartzea bakarrik falta izanki.
Bartzelonakoek ere, Bilbokoekin batera datoz arazo honi buruz era hamaikatxo aldiz haien elkar laguntasuna erakutsi diote Bilbokoei. Horregatik hain zuzen, ezin esan dezakegu Bartzelonari loturik bagaude, Bartzelonakoen borondateak errua duenik eta aldiz zera derrakegu: Nolabait mantentzen bagara, Bellaterrako unibertsitate autonomoa dela, egiten baitugu. Hau guztiau hala izanik ere, UCIko egoera gero eta zailagoa da milioi defizita gero eta handiagoa baita.
Nola eta zertarako Euskadiko Informaziorako Zientzi Fakultatea
"Periodismoa" ikasten ari direnei, —hala deitzen baitiogu ikastaldiari— ea zer irakasten dieten edo eta zer nolako ikasgai egiten den "periodismoz" iharduteko galdetu egiten zaie. Halako galderok informaziorako profesionariaren kontzeptu mugatu batetan datzate. Ausart eta fier den kazetariaren kontzeptuan hain zuzen. Lehergailu, tiro eta bonbatan zehar bere sudurra sartzen duen kazetaria, halegia. Baina informaziorako zientzi fakultatea ez da idazleentzako eskola edo espioitza eskola.
UCIren ikasleentzat unitate honek informazioak ukitzen dituen arlo guztiak garatu behar ditu, hots: informazio-teknologia, komunikabideetan erabiltzen diren moduak, hauen eragin sozialak eta dudarik ez, gaurko gizarteari interpretapen orokor bat ematen dioten zientziak (ekonomia, historia, soziologia, etc...) Alderdi berezi asko duen fakultatea da; beraz, non egunkari batetarako artikulu bat eskribatzea edo telebistarako sail bat egitea, eskaintza eta eskaeraren lege ekonomikoak ezagutzea edo eta eredu bat ipintzearren, Estatu Batuetan arraza arteko burrukak sortzen dituen arazo politiko eta historikoak ere ezagutzea bezain garrantzitsuak baitira.
Geu bizi garen errealitate politiko eta sozio-kultural barne murgildurik ego behar dela Informaziorako Fakultatea pentsatzen dugu UCIko ikastoleok zeren eta horrela gure herriaren garapena egingo baita zentzu guztietan. Helburuenetako bat, garrantzitsuena gainera euskararen bidez Euskal Herri honi lotzea litzateke, euskara berreskuratzeko burrukan guk ere atal garrantzitsu bat eginez. Informaziorako Zientzi Fakultatean beraz, euskararen eta euskarazko irakaskuntza presente dago eta modu berean Fakultatean eta euskarazko irakaskuntza presente dago eta modu berean Fakultatean ere presente egon beharko litzateke. UCIko ikasleen ustez, hau guziau ez da beraiek burutu asmapen bat baizik eta mundu guztian zehar hedatzen hasi den gogo zehatza, zeren uste baita komunikabideak inguruarekin bizi behar direla. Hitz guttitan, profesionariek etorkizunean erabiliko ditugun informabideak ezagutu behar ditugu.
Baina informazioaz aritzen diren langileak eratzeak ez du esan nahi titulu edo eta karneta delako horiei eskatu behar zaienik; eskatu behar dena aldiz, zera dateke: Informabide propioen erabilpen zuzena; sekula izan ez duten sektore guzti horiei, informazio askeaz oinarritzen den formazio profesionala eskeini behar zaie. Hau da, multinazionalek diruaren ahalmenbidez muntatzen duten espresio askatasunaren kontra doazen informazio sare propio horietatik pasatzerik behar ez izatea. Horrela eginez, informazioa, zentzurarik gabea bilakatzen da.
Unibertsitatearentzat ez dago dirurik
Ministrari kontseiluak UCIa Fakultate bilaka zedineko neurriak heltzen ez zirelarik, UCI'ko partaideek aurten jadanik errebindikapen kanpaina bat aurrera eramatea burutu zuten. Informabideei ezin egoteko larrialdi hura azaldu nahiean prentsa aurreko deia egin zen. Berau egin ondoren eta bertan kazetariei azaldu zitzaienez Errektorearen bulegoetara sartu eta bertan giltzaperatu zen hainbat UCIko jendea, UCIri dagozkien hainbat arazoez eztabaidatuz.
Bestaldetik badago susmoa zenbait sektore abertzalek (nazionalistek, hobe) komunikabide instituto bat sortu nahi duela eta dudarik ez, halako ekintza horrek irakaskuntzaren pribatizazio itzela suposatuko luke. Gure ustez, irakaskuntzaren pribatizazio itzela suposatuko luke. Gure ustez, irakaskuntza, fakultate publiko baten bidez eskeini behar da, sektore guztiei zabal egonez.
Ikerpen eta Unibertsitaterako ministraria den González Seara-rekin egoteko asmoz, Donostiara Carlos Santamaria-rengana Joan egin ziren Bilboko ikasle batzu. Elkarrikuska honetatik baina, oso gauza gutti atera zen garbirik. Konkretuki laguntza gutuna eta ez besterik; ba dirudi bada, Hezkuntza Kontseilaritzak eta Madrilek oso harreman txar daukatela elkarrekiko.
Aurrekoak ez bezalako esperientzia
Informazioaren profesionari bat baino gehiago ahozabalik geratu zen, Gipuzkoako Diputazioan hauteskunde gauean nola agertzen ziren paperez eta korrika egindako panel batzutan zenbaitzu herritako erresultatuak ikusi egin zutenean, hauteskunde erresultatuen inolako datu ofizialik oraindik ez izanik. Nork idazten zituen datuok? UCIren ikasle talde batek eta irakasle batek, informazio zerbitzu paraleloaren lehenengo datuak hartzen ari zirelarik, eta hura, Euskal Parlamenturako hauteskundeak zirela eta, Leioako kazetaritzaren ikasleek antolatu izan zuten. Medio teknikorik batere ez. Prestatzeko denbora 48 ordukoa zen. Giza medioak, hirurehun bat lagun, lanean zihardutelarik ezer kobratu gabe hiru egun baino gehiagotan. Helburua zer hau zen: informazioaren ikasleek lan informatibo garrantziakoa burutzeko duten kapazitatea, eta haien egoera besteri ikuseraztea. Erresultatuak: parlamentari hautatuei buruzko datuak, informazio ofiziala baino ordu erdi lehenago emandakoak.
Telefono sare baten bidez zentralizatu ziren Martxoaren 9ko hauteskundeen datuak ezezik, UCIren kideak hauteskunde bileretako informazioa ematen aritu ziren egun osoan baina, autu-mautuak, egunaren abioa eta edonolako zertzeladak jakineraziz, holakorik eskatzen zuen edozein informabideri. Azken batetan, UCI(Press)en —hola zeritzon tipust-tapasteko agentziari— egiazko arrakastak erakutsi egin zituen informazioaren informazionari hauen lanerako gogoa eta efektibitatea, ordinadore ofizialei labur eritzita utzi baitzieten.
Esperientzia honen ondoren, UCIren erkidegoak bere helburua lortzera ibiltzen segitzen du. Hartarako, asmotan daukate aldizkari txiki bat argitaratzea, bere problematika jendartera zabaltzeko; bestalde, nahi duten Fakultatea ezaguterazteari begira, dossier bat prestatu dute Euskal Herrirako nahi duten Informazioaren Zientzien irakaspeneko projektuarekin. Azkenik, prestalanean dute Euskal Herriko Komunikabideen 3. Astea izango litzatekena; berau balantzaleku erabiliko lukete bere problematika jaurtikitzeko eta Euskal Herrian "4. boterearen" Fakultate baten garrantzia nabarierazteko.
Jorge
ANAITASUNA
Euskal Herria
Bilbo Gautxori. Bilboko azken kabareta
Euskal aldizkari bat ezin dugula egin "aditz sipnoptiko" az bakarrik mintzatuz, geratzen den edozertaz baizik. Eta gertatzen da gaua existitzen dela; eta gertatzen da Bilboko gaueko elementurik garrantzitsuena "Cortes" hauzategia dela; eta gertatzen da hantxe, Cortes kalean, Bilboko aintzineko kafe-kantari bakarra gelditzen dela bizirik; eta gertatzen da hara abiatu garela honako dokumentu bizi hau egiteko asmoz.
Gure kulturaren pertsonaia batek idatzi zuen berriki aldizkari honetara, ea abortoa, "marikak"... eta abar, euskal kultura zen galdetzen. Nik ez dakit hori euskal kultura izango den, baina dakidana zera da, euskal kultura izanik ala ez, gai horik biziak direla, existitzen direla bizi dugun gizartean, eta beraz ukitu behar ditugula. Oraingo hontan, zihur nago, berriro idatziko du, edo pentsatuko behintzat, joko dugun gai hau ere euskal kultura ez dela esanik. Baina behin eta berriro esango diot, euskal aldizkari bat ezin dugula egin "aditz sipnoptiko"az bakarrik mintzatu, gertatzen den edozertaz baizik. Eta gertatzen da gaua existentzen dela; eta gertatzen da Bilboko gaueko elementurik garrantzitsuena "Cortes" hauzategia dela; eta gertatzen da hantxe, Cortes kalean, Bilboko aintzineko kafe-kantari bakarra gelditzen dela bizirik; eta gertatzen da hara abiatu garela honako dokumentu bizi hau egiteko asmoz.
Bilboko "hauzo alaian" gaude. Zenbait estadistikek esaten dutenez, hemen prostitutak, tabernak eta klubak pilokatzen dira, beste lekutan ezagutzen ez den proporzio batetan. Hauzoko kale nagusian. Cortes hain zuzen, 30 zenbakian, aurkitzen da "VARIEDADES"a, Bilboko azken "kafe-kantaria"; holaxe deitzen baitiote bertakoek, eta holaxe omen dago lege aldetik. Atean artisten argazkiak, eta irudiezinezko eskilara piku bat jaitsi ondoren, horra hor lekua, benetan deskribagaitza dena. Ilun samar dago, hala ere irakur daiteke. Tokia zahar zaharra da, baina, edo horrexegatik halabeharrez, sapore berezi bat nabaritzen zaio berehala. Gazteontzat "Variedades" era sartzea beste mundu batetara joatea bezain harrigarria dateke.
Hernaniarra
Heldu, eta bagaude bi kantarirekin hizketan. Bata Consuelo Reyes da, arrazaz ijitoa ez da, baina horren antza dauka; bestea Tania, beti barrezka dabilen andre "panpina" bat.
Anaitasuna.— Zenbat denbora daramazue hemen?
C.R.— Nik bederatzi urte.
T.— Nik urte bat eta hamabost egun.
A.— Nongoak zarete?
C.R.— Ni Malagakoa.
T.— Ni "hernanitarra", Hernanikoa. Aita euskalduna da, baina nik ia ez dakit ezer euskaraz.
A.— Zein moetako jendea etortzen da hona?
C.R.— Denetarikoa, modu oneko jendea dator, jende ona, eta baldresak ere bai. Zu entzutera datorrena, entzutera dator, eta entzutera ez datorrena... ba, badakizu...
A.— Non egin duzue lan eta nortzuekin?
C.R.— Uf! mundo osoan, Espainiako Estatuan eta kanpoan ere, flamenko egiten duten kantari ospetsu askorekin: Manolo "el malagueño", "La niña de los peines"... Eta hemen Bilbon dantzatoki guztietan: "Tropical", Copacabana, "Bolero", "Villa Rosa"... Denak zeuden hemendik lehen. Orain bakarrik hau gelditzen da, eta "Bataclan"a, oraintsu berriz ireki dutena.
T.— Nik hemen Cortesen dagoen "Novedades"en, eta baita ere "Capri"n "Aranzazu"n, "Gure Kabi"n, Errekalden...
A.— Zein estilo da gehien gustatzen zaizuena?
C.R.— Andaluziako kanta, pasodoblea, zambra..., baina noizean behin tangoren bat ere abesten dut, eztarriari atsedenalditxo bat emateko.
T.— Nik denetarikoa kantatzen dut, baina gehien gustatzen zaidana Aragoiko jota da; hala ere horixe da guttien kantatzen dudana. Ez dakit, ez daukat gogorik...
Beste kantari bat agertzen da gu gauden bazterretik, Miguel Heredia, aurkezle edo presentatzailearen ere egiten duena, hain zuzen.
A.— Konta iezaguzu nahi duzuna Miguel.
M.H.— Ni Valenciakoa naiz, baina ba daramat bederatzi urte Bilbon. Lehen aldiz etorri nintzenean, Arriaga antzokian egon nintzen, Mati Mon, hil zen vedette oso afamatu baten konpainiarekin. Galai kantari bezala nentorren. Hilabetea egin genuen, bi errebistekin: "Mati Mon al aparato" eta "Oiga que son guapas". Lau urte emanak nituen konpainia hartan. Penintsula osotik ibili naiz, baina dantzatokietan edo kafe-teatrotan izan beharrean, teatrotan beti.
Hemen oso pozik nago, publikoa oso atsegina da, herrikoa... Eta gainera, oraindik zuzenean kantatzen dugun guttietarikoak gara, eta musikariekin. Lau soinulari hauk zoragarriak dira: plano, tronpeta, saxofoi eta bateria. Hamaika urte eman dituzte etxe honetan.
Nire kantak egile ezberdinenak dira, eta gainera lagun bat daukat, Vicente Arraga, letra egile dena, eta beronek ematen dizkit kantak neuk estrenatzeko, ez da?, baina gero beste batzuek grabatzen dituzte, nik ez baitut diskarik grabatzen, Valenciakoa da bera ere.
"Iparragirrek ere Espainia aipatzen zuen bere kantetan"
A.— Zergatik, uste duzu, Valencian horrenbeste artista dagoela?
M.H.— Bai, badago artista asko; soinulari ugari. Orain bertan, falletan, 150 falla egon dira, eta beraz 150 banda. Valencian umeek, irakurtzea baino solfeoa ikasten dute lehenago. Bai, artisten seaska omen da, pintoreena: Benlliure, Sorolla... Iturbe, piano jotzallea. Conchita Piquer, "tonadilla"ren erregina ere, hangoa zen.
Esaten nuenez, nik Andaluziako kanta landu dut batez ere, baina denetara moldatu naiz, tangoak, boleroak... Dena dela, gogozkoen daukadana Andaluziako arraza kanta da, eta bolero politen bat... baina garrantzitsuena niretzat letrek zerbait esan dezatela da.
A.— Andaluziako kanta moeta horretako abesti askotan, Espainia aipatzen da, ez da? Ez duzue inoiz problemarik izan holakoak kantatzean, Euskadin? bereziki?
M.H.— Ez ba. Batzutan norbaitek protestatzen du, baina nik esaten diot kanta hori ez dela neuk egina, eta ni ez naizela, adibidez, Juanita Reinaren kanta bat aldatzeko gai. Dena dela, nire kanta sorta oso handia izatean, Espainia edo espainol hitzak aipatzen ez dituzten abestiak aukeratzen saiatzen naiz, denok gustorago egoteko. Euskal kantetan berdin duzu. Iparragirre horrek kanta batetan Espainia aipatzen du —"... Hara Espainia, lur hoberikan ez da Europan guztian!..."— Batzuk aldatzen dute eta Espainiaren ordez, Euskadi edo Euskalerri diote. Nik ez dut ondo ikusten. Kanta, den bezala da. Beharbada, denoi gustatuko litzagiguke bestela izan zedilla, baina hola da, eta ez dugu zertan aldatzekorik behar, ene eritziz.
Gizon izatetik emakume izatera
Jeanette dator orain guregana. Guk ez genuen pentsatzen honekin hitz egitea, aldi honetan bederen, ez baitu orain hemen lan egiten baina etorri denez, probetxatu egin dugu.
A.— Jeanette, zuk aktuatu duzu hemen, ezta?
J.— Bost urte. Duela urtebete t'erdi utzi nuen. Oso ederki nengoen gainera, jabeak sekulakoak dira eta.
A.— Baina zu ezaguna zinen ere Cortesetik kanpo...
J.— Bai, "Tropical", "Royalti" eta abarretan aktuatu dut, denak alderdi honetakoak, baina gainera "Artagan" en eta Barakaldon "Guridi"n ere kontaezinezko alditan egona naiz; Bilbon 18 urte daramatzate! Lehenengo, zinea botatzen zuten, eta gero bariedadeak. Ni "figura" bezala nindoan. Astero ostegun, larunbat eta igandetan Artaganen, eta ostiraletan Guridin, arratsaldez eta gauez. Baina, guttienez, duela 7 urte edo amaitu zen hori, jendea urritzen hasi baitzen, oraintsu egin diren bi jaialdi horiek ezik (Paquito el Trianero, hil zen trabesti baten omenez, eta gay mugimenduaren alde izan zena, zenbait hilabete dela Aipaturiko jaialdiok Bilboko Artagan antzokian. Bietan bete zen teatroa). Nik "Juanito el Trianero" izena neukan, baina jadanik aldatuta eta guzti nago eta badakizu ni emakumea naizela orain. Nire lehengo izakia hilik dago, baina nik pertsona berbera izaten jarraitzen dut.
Lehen giroa askoz hobea zen "varietés" direlakoetarako, publiko asko zegoen, eta errebista antzeko ikuskizunak egiten ziren. Gero bingoak ireki ziren..., indarkeria kalean... Jendeak oso beldur haundia dauka alde honetara igoteko, eta hemen ez da ezer gertatzen, badakizu, hori jendearen hutsa da. Senar-emazte batzuk etortzen dira kopa bat hartzera, eta ez da ezer gertatzen. Jendea ba dator, bai, baina gehiago etorri beharko zen, hemen baitago Bilbon dibertitzeko leku jatorra.
Jeanette, eskerrak eman ondoren, irten egiten da, berak daraman tabernara joan behar baitu.
Bilbon jaio eta bizi
Kabaret oso berezi honetan, Miguel, Consuelo eta Taniarekin batera, hiru neskek hartzen dute parte "showan"; "streap-tease" delakoa eginik, baina "izar" ukaezina Angelillo de Barredo "Colorines" da.
A.— Zu Bilbokoa zara, ez da?
C.— Bai, bilbotarra. Fernandez del Campo kalean jaioa, eta "quinta parroquia"-n bataiatua. 30 urte daramat honetan, eten gabe lanean, eta susma dezakezunez, leku gutti geratzen zait ezagutzeko. Orain hemen gaude ba... zirkunstantziengatik: familia. Bilbon egotea gustatzen zait... Tokia arrunta da, ttikia, baina egunero kobratzen dut, eta hori da interesatzen dena.
Kamerinora pasatu gaitu. Gelatxo ttukun bat da, ormak artisten fotoz estalirik, eta jantziak, zapatak, kapela eta lumak nonnahi.
Orain egun batzu —jarraitzen du Colorinesek— beste elkarrikuska bat egin zidaten hemen bertan "Punto y Hora" aldizkarirako; bigarrena zen aldizkari berdinerako. Ez zenuen aurrekoa irakurri? Bai, gelditzen diren kafe-kantariei buruzko artikulu bat egiteko izan da. Oso gutti gelditzen dira, bat Zaragozan, "Plata" du izena; Bartzelonan "Arnau" deritzona, hau bezain ttikia da hori, orkestarekin ere, eta artista "solistekin". Hemen bezala, hemen ez baitago talderik.
Leku hau duela 30 urte bezalaxe dago ez dute ezer aldatu. Bilbon bakarrik hau gelditzen da, eta benetako "solera"rekin. Hona moeta guztietako jendea ba dator, baina gazteen proporzio nabaria dago. Hauzoa, eta zuk badakizu, bohemioa baita, eta bohemioa den jendeari jende modernoari ez dio axola. Gau batetan afaltzera edo irteten dira eta... "joño! nora goaz? Ba goazen espektakulo bat ikustera", eta hona datoz. Gainera artista baloratzen dute, ez baituzu lekua begiratu behar, artistaren kalitatea baizik, eta lekua txarragoa den neurrian, hobeagoa izan behar du artistak jendeari gustatzeko, ezta? Honelako toki batetan ez dago bozgorailu onik, lau edo bost mikrofono, hamabi lagunen orkesta bat..., ulertzen didazu, ez da? Ez dago publiko selekturik; hona, itsasportua izatean, errusiarra, inglesa... denetarikoa etortzen da.
A.— Zer egiten duzu zuk eskenarioan?
C.— Ni kantari izanez hasi nintzen, kantari fina. Gaur hori ez da jendearen gustokoa. Orduan dantzari sartu nintzen, beno, nik bizitza osoan egin dut dantza, baina dantza nire adinerako ez da dagoeneko. Beraz, komizitatera pasatu naiz, hau baita gaur egun gustatzen dena, ondo igarotzea, txantxa... Gainera, ikusi nauzu eta ez dizut ezer esan beharrik.
A.— Ezkonduta zaude, ezta?
C.— Bai, duela ia hamar urte. Zurekin lehen egon den Tania da nire andrea, Donostian "La Perla"n ezagutu nuen. Beno, gaur ez da existitzen, baina "tablao flamenkoa" zen. Ba, han ezagutu nuen gutti gora behera orain hamalau urte, seme handienak 14 urte beteko baitu laster.
A.— Zenbat seme-alaba duzu?
C.— Lau. Ttikiak 7 urtetakoa. Hiru neska eta mutil bat. Nagusiak Donostian daude, ikasten, amonarekin, eta ttikiena gurekin daukagu hemen, neure amaren etxean bizi baikara, Bilbon.
Beste egun batetan etor zaitezte lasaitasunez, eta erakutsiko dizkizuet programak eta propaganda... egon naizen teatrotakoak.
Deskribatzen saiatu garen mundu nostalgiko hau ezagutzeko ez da ordaindu beharrik, sarrera dohanik baita. Konsumizioak 100 pezeta balio du. Nik ez dakidana zera da, nola konponduko den jabea, horrenbeste jenderen soldaten dirua ateratzeko: 4 musiko, 7 artista, 3 barran...
Hau dela, bai, Bilboko azken kabareta esan dezakegu trankil. Beste batzu egongo dira, eta hurrengo batetan hitz egingo dugu haietaz, agian, baina bat ere ez hainbeste "jatortasun" eta aintzineko xarmandurarekin. Benetan merezi duela ikustatzea.
Imanol X.
Eskolarako liburu gorria
Nolako istiluak muntatu dituzten! De la Cierva ministroak dioenez, kaka bat da. Gure moralaren zaindariek eskuak burura eraman dituzte. Baina aluak izan behar! Egundainoko mesedea egin diete liburua argitaratu dutenei. Hamar mila ale saldu omen dituzte. Bestela, galdetu zenbat kostatu zaien egin dieten propaganda guztia. Ezer gutxi! Telebistan, irratian, egunkarietan...
Eta zergatik hau guztiau?
Irakaskuntza mailan, ikaslea, tradiziozko molde guztiak puskatzera bultzatzen duelako. Heziketa barman demokrazia ere sar daitekeela esaten duelako.
Liburuaren helburua, ikasleen zentzu kritikoa bultzarazten duelako. Eskolaren planteiamendua zeharo aldatzen duelako.
Nola onar dezakete hori, mantendu nahi duten gizartearen oinarriak ahultzeko arriskuan jartzen dituenean?
Batez ere, sexualitateaz egiten diren planteiamenduak aipatzen dituzte, eta esaten duen guztia honetan datza:
Honetaz jakin daiteken guztia ezagutzeko eskubidea dutela eta harreman sexualak edukitzeko orduan, arazorik ez sortzeko, neurriak hartzea komenigarria dela (antisorgailuak, jagongailuak, eta abar...)
Hau dela eta, argitaratzailea preso hartu dute eta "eskandalu publikoa" muntatzeagatik epaituko dute.
Eta, teorian, ez dago zentsuararik. Egongo balitz...!!!
Sahara-Polisario
Orain dela lau urte hasi zen sahauriarren burruka, Marruecos, burruka hau bere interesen alde amai erazteko ahalegin guztia egiten saiatu arren, badirudi geroago eta zailago gertatuko zaiola.
Hasera batetan, Polisariokoek ez zuten ez behar beste harmarik ea eta indarrik ere; baina, orain, gauzak, bere alde jartzen ari dira.
Lehen Maroko eta Mauritania bakarrik utzi du Maroko bere saioetan. 35 estatuk onartzen du Sahauriar Errepublika Arabea eta bi edo hiru boto gehiago falta zaio Afrikako Batasunerako Erakundean sartu ahal izateko.
Gauzak honela, gero eta ilunago daude gauzak Marokoko gobernuarentzat. Eta, egia biribila da Polisariokoak, Saharako herria, edozein herrik berezko duten eskubidea defendatzearren burrukatzen direla: Autodeterminazioa... Independentzia.
Aurrera mutilok, zuena da eta!
Alderdiak eta euskara
Egun euskara, alderdien mundu horretan, gai madarikatua dela dirudi. Honen alde, etengabe hitz egiten dute; baina... arraroa iruditu arren, erdaraz bakarrik mintzatzen dira euskara defendatzerakoan. Gure hizkuntza bigarren mailako hizkuntza bat da. Eta... noski! Euskara guttik ulertzen dutenez eta erdara, gehienek edo denek, beren propaganda, mitin, aldizkari eta abar erdara hutsez ateratzen dituzte.
Sortu berriak dira Bizkaian "Euskal Herrian Euskaraz" taldeak. Ene ustez, garrantzi handia du guretzat gertaera honek, zeren eta ikusten denez, alderdiei ez baitzaie interesatzen gure hizkuntza defendatzeak suposatzen duen lana aurrera ateratzea. Horrela ba dirudi behintzat. Talde hauek, lehen lan bezala, txartelak egin dituzte, "Euskal Herrian Euskaraz" lema zabaltzeko asmoz. Gaztelera hutsez agertu ziren txartelen gainean edo ondoan ipini zituzten eta, ikusi dudanez, eltxoei egiten zaiena egin dute txartelekin:
plast! kendu eta kito! Eta, hauek dira euskararen alde daudenak?
Euskara ez dela inposatu behar diotela kontutan hartzen badugu... Behar beharrezkoa da, elebitasunera heltzea; baina... nola lortu euskara inposatu gabe? Nik, behintzat, ez dut erantzunik aurkitzen.
El Salvador, Guatemala...
Urtarrilaren 22an Salvadorrek.o hiriburuan herriaren mobilizapen ikaragarria eman zen. Erantzuna ere ez zen txantxetako izan. Armada tirokoa hasi zen eta 80 pertsona inguru hil zuten. Normala den bezala, jendeak ez zuen armarik.
Ofizialki, eskuineko jendea izan omen da erruduna, baina nork sinetsi honelako trikimailu bat?
Bestalde, Guatemalan, nekazari talde bat Espainiako enbaxadaz jabetu zen. Honekin, han ematen den errepresioa mundu guztiaren aurrean sala tu nahi izan zuten. Baina prezioa garestiegia izan zen: Indar armatuek denak asasinatu zituzten, baita enbaxadako enplegatuak ere. Bat bakarrik gelditu zen bizirik: Enbaxadore jauna. Eta mirakulua dirudi honela gertatzea. Beño, egia esan, beste bat ere bizirik irten zen, Gregorio Yuja Xona; baina, ospitalean zegoela, bahitu eta tiroz hil zuten "terrorista" zela argumentatuz.
Guk, berrogei urtetako diktadura jasan ondoren, ondo ezagutu behar genuke horrelako argumentuen oinarria eta gehiago azken urteotako "demokrazia" eta une honetan bizi dugun egoera gehitzen badiogu: Herria gutxi batzuen interespean mantentzea. Berdintsu da, hau lortzeko, fusilen indarra erabili behar bada ere. Ondorioak zapalduok sufritzen ditugunez... Bitartean, Latinoamerika askatasuna egarria jasaten!
Rodriguez de la Fuente hil zen
Alaskara joan zen eta oinak aurretik zituela ekarri zuten. Bere bizitza guztia piztien mundura dedikatu zuen, asko gustatzen zitzaion eta. Denok ezagutzen ditugu berak egindako programak: "Fauna", "el planeta azul"... Egia esan, piztien mundua ondo ezagutuko zuen; baina egia de ere, irabazi ederrak atera zituela honi eskerrak.
Bestalde, eta "EGIN"en agertzen zen bezala, naturista zela esan daiteke; baina ez zen ekologista, zentrale nuklearren alde baitzegoen. Sistimaren langile edo enplegatu bat besterik ez zen izan.
Bestela, nola eraman batera aurreko baiezpen hau eta animaliei buruzko zaletasuna? Gehien gustatzen zitzaion piztia otsoa omen zen. Ez ote da izango hau gaurko sistimari zion amorearen irudi bat? Horrela deitzen dituzte, behintzat, eta batzutan, gure zapaltzaileak.
Feministak ere, maitasun ikaragarria zioten, berak egindako deklarazio batzuengatik: Hauetan matxista bezala agertu zen.
Nafarroako laureada
1936.eko gerra amaitu ondoren, Frankok, Nafarroako ezkutuari laureada famatua ezarri zion. Eta euri asko egin du hau gertatu zenetik. Egun, UCD eta antzekoei bakarrik interesatzen zaie trofeo hau mantentzea. Hala eta guztiz ere, nahiko normala iruditzen zait jarrera hau, demokraziaz jantzi diren betiko frankistak baitira talde hau osatzen dutenak. Ez da hain normala, gerra galdu zutenen artean dagoen alderdi batek postura berdina mantentzea (nahiz eta egun bere politika, duen izenarekin (PSOE) oso ados ez egon).
Hau dela eta, Otsailaren 4an, Nafarroako herri batetan gertatutakoa asko adierazgarritzat har daiteke. Herriaren izena Kaskante. Egun horretan, herri honetako lau pertsonak, gobernadoreak aurretik jarritako munda baten berronespena hartu zuten. Arrazoiak: Udaletxeko balkoian Nafarroako ezkutua laureadarik gabe ipintzea.
Hau, 1979.eko Abenduaren 25 ean gertatu zen, arratsaldeko bostetan. Udaletxera sartu eta, aipatutako ezkutua erantsita zuen zapi gorri bat jarri zuten. Arratsaldeko zortzi t'erdiak arte egon zen balkoian. Gero, alkateak kentzeko agindu zuen.
Urtarrilaren 5ean mundaren berri hartu zuten eta Otsailaren 4an berronaspena eta 8000 pezetako munda berria alkatea "iraindu eta Udaletxean pankarta bat ipintzeagatik". Eta, mundatuek diotenez, ez zuten alkatearekin hitzik ere egin baitzegoen une horretan. Bestalde, alkate sozialista batek, laureadarik gabeko ezkutua "pankarta" bezala kontsideratzeak harrituta utzi dituela diote.
Oraindik ere, gerran irabazitako trofeoak direla medio eztabaidatan ibili behar?
Ez dute esaten horrelako gauzak ahantzi behar ditugula? NOIZ? Adibide ederrak jartzen ari zaizkigu!
BIXER
Antisorgailuek zerbait positiboa ere
Orain arte, eta antisorgailuak aipatzerakoan, beti bigarren mailako efektuak aipatu dira eta, beti ere, negatibotzat jo.
Haurrik ez edukitzeko ematen duten laguntasunetik aparte, txarrak direla esan ohi dute. Baina, guztiau, nire ustez, moral kristau eta hipokrita batetan oinarriturik esan ohi dute eta emakumea haurrek edukitzeko makina bezala kontsideratuz.
Orain, ikerketari batek diotenez, ba ditu efektu positiboak ere. Honen ustez, antisorgailuak hartzen dituzten emakumeek titietan eta beste zenbait lekuetan, hartzen ez dituztenek baino rumore benigno guttiago edukitzen omen dute eta hau, positibotzat har dezakegula dio. Ikaragarrizko abantaila.
Eta gizonentzako antisorgailuak direla eta, zera dio: Oraingoz eta ditugula merkatuan aurkituko eta, epe laburrean, oso zaila dela ikustea ere.
Hala ere, Txinan gizonezkoentzat antisorgailuak erabiltzen dituzte eta diotenez, ondorio onak ematen dituzte.
97 urte Marx hil zela
Denbora asko igaro da hau gertatu zenetik baina, ukaezina da ere azken denboratako iraultzarik handiena egin zuela.
Marxek, gizarte batetan, ekonomia dela nagusi frogatu zuen. Ekonomia horren oinarriak aztertu eta bere minbizia ere aurkitu zuen: krisia, inflazioa,... eta honi erantzun bezala, klase burruka planteiatu zuen; egun irauten duen klase burruka. Harez gero munduak buelta asko eman du baina bere teoriak bizirik dirau. Eta ez da hilko kapitalak irauten duen bitartean.
Bere heriotza ez da ospatu behar den gauza bat, noski. Baina, langileriak egin diezaioken omenaldirik hoberena bere interesen aldeko burruka gogorrean jarraitzea litzateke. Einsteinek errelatibitatearen teoria aurkitu zuen bezala, Marxek, kapitalaren erreinua bukatuko den gauza bat dela erakutsi zigun. Eta burjeseriaren seme izanik, langileriaren familia handian sartu eta integratu zen.
Gaur, askok ukatzen dute bere teoria baina, argi dago ere, gehienbat errealitatearekin bat doala. Noiz lortuko ote dugu, gaur egun amets bat den hori (gizarte sozialistara heltzea) errealitate bihurtzea?
UCD, PSOE, UPN euskararen "alde"
Nafarroa ez da Euskadi eta Euskara ez da nafartarren hizkuntza. Une honetan gutxiengo batek bakarrik erabiltzen duenez, ez dago Nafarroako hizkuntza bezala onartzerik. Ez litzateke "demokratikoa" izango.
Eta, hor ditugu UCD, PSOE eta UPN jarrera hau defendatzen.
Konstituzioak dioenez, gaztelera jakiteko eskubidea eta beharra dugu. Euskarari buruz, eskubidea bakarrik dugu. Zer esan nahi du honek? Ba... legean oinarriturik, talde batetan denak bat ezik euskaldunak (euskaraz dakitenak) badira, ezagutzen ez duen horregatik guztiak gazteleraz mintzatu beharko direla. Honen ondorioak ikustea oso erraza da. Gaztelera da eta izango da nagusi. Hauxe da elebitasuna seguratzen duen legea. Eta noski!, hori da benetako elebitasuna: euskara hilobiratuko duena eta gaztelera mantendu eta oraindik gehiago nagusituko duena. Polita, ezta?
Beti txorradatan ibili behar! Orain arte kanpoko hizkuntza bai inposatu digute, eta orain, "demokratikoki" berdin jarraitu behar!
Euskara benetan interesatuko balitzaie epe zehatzak eta beharrezkoz diren bitartekoak jarriko lituzke; baina, epeak markatzea "faxismoa" denez...
Euskara bost axola zaie. Eta gainera, nola daiteke beti aurka saiatu direnak, orain, berreskuratzearen alde jartzea? Hori, haltzari fruitu bila joatea litzateke. Eta "demokrazia" guztiaren gain dagoenez...
Nazioartekoa
Munduko zenbait berri nahas-nahas
Zenbat gauza garrantzitsu ez diren gertatzen momentu berean mundu zabalean!, batzutan zailtxo egiten da gai konkretu bat aukeratzea, berataz iharduteko, alde batetik, beste guztiak ikutu gabe utzi behar direlako; bestetik, etorkizunerako, eta munduko martxarako zein den inportanteena erabakitzea, nahiko gogorra delako.
Hori dela eta, gaur nahaste-borraste hau idaztea erabaki dut. Ondo egongo da? Ez dakit, zeren zabaltasunaz irabaziko dudana, sakontasunaren aldetik galduko baitut, baina dena den, goazen aproba egitera.
Palestindarrentzako autodeterminazioa
Palestindarrentzako autodeterminazioa eskatu du Giscard-ek Ekialde Hurbilera egin duen bidaiaren erdian. Ez zaizue miresgarria iruditzen? Noiztik eskatzen dute Frantziako lehendakariaren antzekoek autodeterminazioa herri zapalduentzat? Noski, tontoak ez bagara, laster kontura gaitezke, deklarazio horiek egiteko egon diren arrazoiak hain garbiak ez" direla. Handik zebilen Giscard, beti bezala buztiekin ondo geratu nahiz; beno, oraingoan ondo geratzea baino gehiago interesatzen zitzaion, petrolioa baliosoegia baita; beraz, inguruan zeuzkanen belarriei plazerra eman nahiz, entzun nahi zutena esan die.
Ulergarria denez," erantzunak arin eta alde askotatik irten dira: alde batetatik pozik ipini direnak, Giscard-en borondate ona goratu dutenak, azkenean Mendebaldeko Estatu handi batetako lehendakari batek esan dezakeenak zerbaitetarako balioko bailitzaien, edo beraien eskubideak benetazkoak direla frogaturik geratuko bailitzen...
Beste aldetik, jakina, israeldarrak, eta beraien alde atera diren lau katuak. Liluragarria, benetan, pertsona baten hitzek eduki dezaketen oihartzuna.
Baina egon diren erreakzio guztien artean, ba da horretaz hitz egiteko gogoak ematen dizkidan bat: joan den astean, Manifestazio bat egin zuten israeldar batzuek Tel Aviv-en Korsiarren Autodeterminazioaren alde! Ez naiz hasiko pertsona horien ideologia, edo beraien arrazoiak aztertzen, baina ez duzue uste detailea oso bitxia izan dela, eta apur bat pentsatzeko beta ematen duela?
Frantziako politikariekin jarraikiz, ba dago bat, azken asteotan aldizkari eta egunkarien orri asko beterazten dituena; PCF-ko lehendakariaz dihardut oraingoan, hots. Marchais Jaunaz.
Marchais jaunaz
Ez da beraren iraganak duda handiak sorrerazten dituen lehen aldia, baina oraingo honetan, eta agian, lehendakaritzarako hauteskundeak urrunegi ez daudelarik, luzeak eta nahiko gogorrak izan dira eztabaidak.
Zer egin du bada, jaun honek aurreko urteetan? Azkenengoetan egin duenaz, ados edo kontra egon gaitezke, baina gutxi gora behera, horixe da edozein politikariren aurrean eduki ohi dugun jarrera. Baina ez da beraren militantzia, edo PCE-ko lehendakaritzan egin duenak buru asko arduratu dutena. Ez, arazoa 2. gerraren garaian Marchais-ek egin duena jakitea da. Ezaguna da bera atxiloturik egon zela Alemanian, baina kanpotik irten ondoren egin zuenaz sortu da eztabaida: berak dioena, arin Frantziara bihurtu zela da, baina bi aste direla, aldizkari ezagun batetan, han, alemanekin "kolaboratuz", urte bat egon zela froga daitekeela esaten duen artikulu bat agertu zen.
Oraingoan ere, ulerterraza da horri buruz egon den polemikaren zergatia zein den ikustea. Hasteko, gehiegi izango litzateke, PCE-ko 1. sekretariak hori egitea. Beste aldetik, ondo, oso ondo etortzen zaio asuntu hori askori, hauteskundeak hurbiltzen direlarik, PCF-ko izena horrela zikintzea.
Akusazioak grabeak izan dira; nola ez, guztiek hartu dute parte eztabaidan, bai atakatuz, bai argitasuna egin dadila eskatuz. Egia bakarrik batzuek ezagutzen dute. Agian guk ez dugu hori guztiz ezagutuko. Baina, dena den, ez dut uste Pertsona konkretuen bizitza erabil daitekeela politika konkretu baten alde edo kontra egiten denean. Argudioek bestelakoak izan beharko lukete, eta seguru aski, bestelakoak ez badira, beste horiek existitzen ez direlako da. Eta benetan, zikinegi deritxot metodoari.
Rodesian
Rodesian ezin lor zitekeen erresultatu hoberik! Hauteskundeak egongo zirela jakin genuenean, denok genekien nazionalistek benetako gehiengoaren ahotsa edukiko zutela, baina nork pentsa zezakeen, orain arte boterea eskuetan eduki duten zuriek beren pribilegioak galtzea onartuko zutela?
Egia esan, orain arte nazionalistek, eta batez ere gerrileroek eduki duten jarrerak beldurra bakarrik sortu ahal zien momentuz politikoki eta sozialki goren zeudenei. Hala ere, hor daude hauteskundeen erresultatuak: Mugabe-ren ZANU-k gehiengoz irabazi ditu, eta ZANU, seguru aski, nazionalista erradikalenek osatuta dago. Pentsatzekoa zen zer gertatuko zen orain Estatuko organismo eta estrukturekin, zer ekonomian, hau da, ea nazionalizazioak arin egingo ziren, ea zer gertatuko zen Zuriek dauzkaten lur eta bestelako gauza guztiekin; baina ez, orain arte ez da ezer handirik gertatu. Ulergaitza iruditu ere, egoteko itxura ematen zuten guztiek; denek zioten Mugabe zela Rodesiarako ongien atera zitekeen pertsona, berarekin, denak ados eta pozik egoten, bakea errealitate bat bihurtuko zela laster, eta Rodesiako etorkizuna on eta aberats ikusten zutela.
Laster erreakzionatu dute aintzinako boteretsuek gorde ahal duten gehiena ez galtzearren, eta batez ere, Mugabe eta ingurukoak larregi anima ez daitezen.
Alde batetatik, dauden indar errealak beraren kontra ez ipintzearren, oso zuhur agertu da Mugabe orain arte; eratu duen gobernuan tendentzia guztietako ordezkariak daude, eta dauden bi Zuriak beraien balioagatik izan dira aukeratuta, nahiz eta politikoki, orain arte, etsai amorratuak izan diren. Baina ba dirudi ikusiezinak baztertzea ondo datorkieke denei...
Sarritan jazotzen den legez, argi dago Mugabe eta ZANUk iraganeko erradikaltasuneko zati handi bat galduko dutela, errealitatea eta arazo konkretuen aurrean aurkituko direnean. Eta horretan, gainera, ondo lagunduko dute besteek; nazionalizazioak bide bat zatekeen, baina ez dirudi oraingoz asko egingo direnik, eta horrela izanik, derrigorrezkoa da onartzea hein handi batetan botere ekonomiko Zurien eskuetan jarraituko dela. Azken hauek jadanik plan handiak prestatzen hasi dira; plan horik, batez ere, zenbait estatu atzerritarren laguntzarekin izango ziren burututa eta horrek, noski, Mugabe eta beraren gobernuaren eskuak asko lotuko lituzke.
Ikusiko dugu non hasten den Mugabe eta beraren mogimenduaren iraultzatasuna edo gutxienez, progresismoa, aldi berean, Zurien maltzurkeria noraino hel daitekeen ikusi ahal izango dugularik.
MARIA JESUS ESTEBAN
Sarrera
Jende arrunta, gure betiko jende ixil edo bozgailugabedunari, kazetalariek normalean ez diogu kasu askorik egiten. Haien aburuak baliogabekotzat kontsideratzen dira. Haien esanak, mesanak direla sinestarazi nahi digute. Hala ere, halako jendeak, historiaren atal garrantzitsuena idazten ohi du.
Jende ezezagunaren eritziak ez dira batere fruitugabekoak. Giza arruntaren ideiak gure pertsonaia famatuen desmitifikapenerako balio dute. Denatan bezala, herriaren jakituria adierazgabeari lapurtu egiten diote beren sentimentu, eguneroko lanez probetxatuz.
Horregatik hain zuzen, ANAITASUNAk irakurle guztiei norberaren ideiak azaltzeko, sail ireki bat proposatzen die. Sail ireki bat eta joko psikologiko bat batera. Urte honetan zehar elkarrizketen bidez irakurleen eritziak azaldu nahi ditugu. Proposatzen dugun elkarrizketa guztiz libre eta atipikoa izan daiteke. Hala ere erantzuleak 10 galdera zehatzi beharrezkoa luke erantzutea, beste gainerako galdera-erantzunak berak gehituz; nahi izanen duen modu eta erara. Beraz, galderaerantzun guztiak, irakurleak egiten ditu, 10 horiek ezik. Hamar hauei ere erantzun behar dio.
Elkarrizketa guztiak anonimoak izanen dira. Hau da, Anaitasunak ez du argitaratuko inongo elkarrizketaren egilearen izena. Hala ere, idazten duenak beraren karnetaren zenbakia, izena, adina eta lanbidea azal batean bidaldu beharko digu. Azalpen horiek gabe ez dira argitaraturik izanen.
Honarte gure asmoaren erdia azaldu dugu. Goazen orain sail honen bigarren partea azaltzera.
Bigarren parte hau joko psikologikoa duzue. Irakurleek elkarriztatuaren nortasunaren ageri batzu igerri behar ditu. Hauek dira: Adina (bost urtez gora behera), lanbidea, sexua, bizilekua (hiri edo herri handi batetan bizi den ala herri ttiki edo baserri batetan bizi den). Azkenez, elkarrizketa bakoitzari puntuak eman beharko dizkio, -5tik hasita +5 arte.
Puntu gehien hartuko duen inkesta irabazlea izanen da. Lehengo hiru inkestei Anaitasunak txapela eta zerbait gehiago saritzat emanen dio.
Elkarriztatuen datuak igerriko dituenari Anaitasunak urte beteko harpidetza dohaina eskeiniko dio.
Jokoaren bigarren parte honetan, ANAITASUNArekin lan loturak dauzkatenek ezin izanen dute parterik hartzea; bai aldiz, elkarrizketak prestatzekotan.
3
* Zer duzu maiteen mundu honetan.
Bakea.
* Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?
Jende txarrik eta jende jatorrek antolatuta daude, baina azkenean denak txarrak.
* Zeintzu izen aipatuko zenituzke gustora? Zergatik?
Straus, M. Caballi, Mikel Laboa, Ma Ostiz-abar. musika asko gustatzen zaidalako.
* Zer nolako literatura gustatzen zaigu?
Zienzi-Fikzio edo Pikareska.
* Zilegia al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?
Nire ustez bai, gizona ezagutzeko aski da norbere burua ezagutzea.
Esaten da, denok berdinak garela baina ni ez nago ados.
* Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?
Justizia ba dago ez da beharrezkoa iraultza.
* Euskarak etorkizunik al du?
Nirekin, uste dut ezetz.
* Anaitasuna aldizkariari bagagozkio gai berririk sartuko zenuke?
Artikulu gehiago euskara errezagoz ipiniko nuke.
* Anaitasunaz balorapen bat egin ezazu mesedez
Ezin dut egin. Nik oraindik ez dut ulertzen ondo artikulu osoa, ez zen izango etikoa.
4
* Zer duzu maiteen mundu honetan?
Lasai bizitzea eta aberatsa izatea
* Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?
Denak "praxis" batzu direla, hitz asko baino egin gutxi.
* Zeintzu izen aipatuko zenituzke gustora. Zergatik?
Nire irakasle Milian eta alde egin zuena, Jon. Oso begikoak direlako, eta oso alaiak gainera!
* Zer nolako literatura gustatzen zaizu?
Literatura pornografikoa.
* Zilegia al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?
Ez zait gustatzen galdera, oso luzea da.
* Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?
Mundu honetan beharrezkoa dela.
* Gizona ezagutzeko aski al da norbere burua ezagutzea?
Norbere burua ezagutzea nahiko da.
* Euskarak etorkizunik al du?
Uste dut baietz horregatik euskarazko eskoletara etortzen gara.
*Anaitasuna aldizkariari bagagozkio, gai berririk sartuko zenuke?
Nik uste dut erdara gehiago ekarriko balu gehiago salduko litzateke.
* Anaitasunaz balorapen bat egin ezazu mesedez.
Beste galderan erantzun dodan bezela euskara larregi dator, baina beste aldetik nahiko "instruktiboa" da.
5
* Zer duzu maiteen mundu honetan?
Dena maite dut. Batez ere dauzkagun lasaitasun eta errespontsabilitatea, gure haize garbi eta freskoa, gure lorategiak, gure elkartasuna.
* Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?
Nik ez dut pentsatzen baina oso nagusiak direla iruditzen zaizkit. Edozein gauza ondo erabakitzeko gai direla. "Politika" ona egiten ari direla eta dena konponduko dutela herriarengan beti beraien begiak eta beraien helburuak dauzkate eta.
* Zeintzu izen aipatuko zenituzte gustora? Zergaitik?
Mafalda, Asterix eta Obelix, Baku, Karkaitz, Zakilixut, Carlitos, Snooply, Pinpoil eta abar eta abar...
Ongi dago —nire buruan behintzat— munduko jende jakintsuenak direlako.
* Zer nolako literatura gustatzen zaizu?
T.V.E.rena eta panfletoarena, literatura gehiegi daukate eta.
* Zilegia al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?
Ez dakit komeni den, baina egiten ari da. Adibidez, Suarez, Garaikoetxea eta beste gizaixo pilo bat (nahiz eta belaunaldi bat izan) haien bizitzak sakrifikatzen ari dira guregatik eta etorkizunekoengatik —hori esaten dute behintzat—. Eta guk ere bai sakrifizio handi bat egiten ari gara Lemoizen. Guk bakarrik energia aterako dugu eta datozen belaunaldirentzat Zentrale Nuklearren ondorio dotore batzu utziko dizkiegu. Horrexegaitik bakarrik egiten da, etorkizunaz pentsatzen.
* Gizona ezagutzeko aski al da norbere burua ezagutzea?
Norbere burua eta gizona ondo ezagutzeko, hobe ireki ezazu, medikuntza liburu bat, ondo ikas dezakegu nola garen.
* Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?
Esan dut nik ez dudala pentsatzen. Baina ikusten dudana hauxe da: "Iraultza", bizitza baten zehar berari buruz hitz egiten egoteko gauza on bat dela.
* Euskarak etorkizunik al du?
Bai noski, hauteskundeak izan baino lehen beti aurkitu ahal izango dugu euskararen etorkizunaren agintzea, alderdi politikoen programaketan.
Beste alde batetik Suarez euskara ikasi arte, jende asko jarraituko da euskara ikasten.
* Anaitasuna aldizkariari bagagozkio, gai berririk sartuko zenuke?
Zertarako gai berririk, ez badut ia ezer ere ulertzen.
* Anaitasunaz balorapen bat egin ezazu mesedez.
—Serioegi zaretela"—
Jokoaren baldintzak
• INKESTARI DAGOZKIONAK
0) Irakurle guztiek parte har dezakete. Gure kolaboratzaileek ere bai.
1) Makinaz edo eskuz idatziriko hiru orrialde bidali beharko dituzu.
2) Euskaraz. (Edozein euskalkiz). Ez kezkarik izan ortografiaz edo eta joskeraz. Zuzentzekotan geuk zuzen dezakegu.
3) ASTERIZKOZ DOAZEN HAMAR GALDEREI BEHARREZKOA DUZU ERANTZUTEA.
4) Zuk zure buruari gehiago galdetzeko eta erantzuteko libre zara.
5) Izengabetasuna gordeko da inkesta guztietan. Hala ere bidaltzaileak karnetaren zenbakia, zuzenbidea eta izena bidali beharko ditu. Alderantziz, ez da argitaraturik izanen.
• IKERKETARI ETA PUNTU EMATEARI
1) Irakurle guztiek parte har dezakete.
2) Anaitasunako erredakzioa, idazleek edo eta kolaboratzaileek ezin dute atal honetan parterik hartu.
3) Postaz, eta bidaltzailearen izenarekin batera, ematen dituzun puntuak garbi azaldu beharko dituzu, puntuazioaren laukitxoan gurutze bat markatuz.
4) Berdin egizu ikerketari dagozkion galderekin, laukitxoan gurutze bat markatuz.
Puntu ematea
Elkarrizketa honi zuk zenbat puntu ematen diozu?
Ingura ezazu biribil batez
-5 -4 -3 -2 -1 0 +1 +2+3 +4 +5
Zure uztez, elkarriztatuak ondoko adina duke:
16tik - 23raino
23tik - 31raino
31tik - 39raino
39tik - 47raino
47tik aurrera
Zure ustez elkarriztatua:
emakumea da
gizona da
Zure ustez elkarriztatua:
hiri handi batean bizi da
herri handi batean bizi da
herri ttiki edo baserrian bizi da
Zure ustez elkarriztatua lanbidea duke:
Esku langilea
langile espezializatua
Arrantzalea edo Baserritarra
Goi mailako kuadro teknikoa (ekonomista, injeniadore, peritoa, medikua, abokatua), irakaslea, kazetalaria, etab)
Behe mailako kuadro teknikoa (Bulegolaria, idazkaria, ajentea etab)
Entrepresa ttiki baten jabea
Maizterra
Goi burjesia
Dossier Anaitasuna
ANAITASUNA laurehungarren zenbakira heldu da?
Bai! ba dakit mila hutsune dituela. Ba dakit, propagandan esaten denaren kontra, "ahaldenerokoa" dela, azken batez berau ere "arinaiztarra" baita (beste zentzu batetan, noski). Baina, nolabait esateko, superbizi egiten da. Eta hori, gaur eguneko denboratan, "nahikoa baino areago, "tumatxa", "gehiegiegi" dela esango nuke. Bai horixe: laurehun zenbaki, "eta gero hau"!
Nik neuk sekula jantzi ez dudan txapela, erantzi egin behar izaten dut, ia-ia airetik soilik bizi direnen aurrean. Horregatik, bertso berri batzu prestatu dizkiot ANAITASUNAri, ongi mereziak dauzkala uste baitut. Hamarreko txikiko edozein musikarekin kanta daitezke; adibidez, "Bizkaiko txerriaren" doinuarekin. Eta ez dezala inork txartzat har txerriaren kontu hori, ANAITASUNA Bizkaian egiten bada ere.
Azken batez, txerriengandik dena baita probetxagarri...
Hementxe dituzue
zenbait bertso berri
irakurleentzako
entretenigarri.
Laurehun zenbakiak
kalean ezarri,
zinez hori bai dela
txit ohoragarri.
Hemen geratzen gara
milaren egarri.
Kalera atera da
laurehungarrena;
poztasuna sartu zait
buruan barrena.
Aldizkaritan ez da
segur ederrena,
alderdi batzutan da
motel ta herrena,
baita Anaitasuna
maite dut aurrena
Bertsoen omenaldiz
hartu nahi dut parte
eta aldizkarian
horritxo bat bete.
Lanean dabiltzala
dira hainbat urte;
gure laguntza dena
merezia dute.
Segi gogor, Euskadi
euskaldundu arte!
Anaitasunari guk
txaloak derrigor,
beti portatu baita
euskaldun ta jator
Nahiz makina hutsune
aurkitu sarri hor;
erabat perfekturik
ote dago inor?
Zeuen lanari ekin
eta jarrai gogor.
Bizirik ikusteak
dirudi ametsa.
Laguntzarik ez dauka,
non nahi du ezetza.
Hainbeste euskaldunek
emanik saihetsa,
ateratzeak berak
eman du zer pentsa.
Modu tristean dabil
gure euskal prentsa.
Laurehungarren hori
duzue atera,
zinez kulturarentzat
ez dator kaltera.
Indartu behar dugu
guztiok batera,
garestituz joan arren
moldeko papera.
Gure aldeko jende
asko ez ote da?
Goi aldetik hodeiak
behetik sasiak,
burruka gogorrean
baikaude hasiak.
Euskararen aldera
jarririk biziak,
apur egin ditzagun
kate ta hesiak.
Gure neke guztiak
ditu mereziak.
Euskal hizkuntza dabil
irtenbide bila,
bestela herri zahar hau
laster dago hila.
Informabideetan
daukate ixila.
Zuk daukazun bizia
luzatu dadila,
laurehun egin eta,
denborakin mila.
Diglosia gogorra
gure lurren jabe,
erresistentziaren
hegalean gaude.
Euskararen kontrako
hainbat gizasuge,
harroki ari dira
berbaz lotsagabe:
"Euskarak zapaldurik"
gaizki omen daude.
Euskaldunok, halere,
ixilik ahotsa.
Telebista ikusiz
urtu zait bihotza.
Ezer ez duenari
beti latigo-hotsa
Hartzen dugun laguntza
erabat da motza.
Sarritan galdetu dut:
Non da hoien lotsa?
Zeruko Argiagaz
gogorki zaitugu,
euskararen ahalmenen
betiko testigu.
Euskaldun alferrari
harturikan kargu,
gogor indartu arte
ez dugu sosegu,
bestela hilzorian
laster baikaude gu.
Hogeigarren mendean
laurogei ba dira
eta Anaitasuna
Oraindik bizi da.
Baina motelki dakust
beraren dirdira;
denon artean eman
deiogun segida,
inola joan ez dadin
lurraren azpira.
Txepetxa
Dossier Anaitasuna
Beti berdin
195. alean Irakur Genezake
BILBO
Telebisioa
"Estudio abierto" izeneko programak emisio bat eskaini dau Bizkaitik.
Programa honekin, bizkaitarrok ez gara pozik geratu. Ez dau gaurko Bizkai kulturala ta musikalaria zer dan erakutsi. Folklorekeria hutsean ibili zan.
Adibidez, Txomin del Regato. Gizon honek, hainbeste miloiren aurrean, lotsagarri imini ginduzan. Ordua da, jaun horri EZETZ biribil bat emateko. Hobe leuke, jaialdietan lelokeriak esaten eta egiten ibili barik, etxean geratzea.
Eta adibidez, "Los Chimberos" eta "Anaiak" taldeak. Honeen abestiak ez dira gaurko bizkaitarron euskal kantu berria. Modaz pasatuak dira.
"Mocedades" taldearen "Oi Pello, Pello" eta Jon Libaronaren "Aizea bare bare" alde batera utzita, beste guztiak ez ziren gure abestiak; eta kantari batzuk ere, Salome eta Pardo, ez ziren gureak.
Elkarrizketak, txarto aukeratuak, Berba egin eben guztiak, Zunzunegi eta abar, Bizkaiko erdaldunak ziren. Non egoen Bizkaiko euskal kulturaren errepresentazioa? Bizkai osoa erdalduna bakarrik da ala?
Beraz, EZETZ biribil bat "Programa abierto" horri.
197.
DURANGOKO LIBURU AZOKA ONDOREN, HAUXE DINOT: NOIZARTE HOLAN?
Azoka guztia arakatu ostean, hauxe nabaritu neban: "Gure" erakunde nagusiak, "gure" lau Diputazinoak eta Bilbo ta Gazteizko Aurrezki Kutxak eta baita Sociedad de Amigos del País-koak bere, euren standak ipini zituela. Holan begiraturik, eredu ederra. Baina..., betiko bainak. Guztien artean, erakunde horreen artean esan gura dot, 275 liburu presentatu zituen; eta euren artetik bat bakarra zan euskerazkoa. Nafarroako Diputazionak argitaratukako "Prosistas Navarros Contemporáneos en Lengua Vasca".
Noizarte holan?
203.
IÑIGO EZJAKITUN
Joan dan abenduan, 20an hain zuzen ere, esaten eban Iñigo musikalariak Bilboko "La Gaceta del Norte" egunkarian: "Luis Llach se presentó en Madrid... Cantaba en otro idioma (katalanez)... Luis tiene, suponemos, sus razones para seguir erre que erre cantando en catalán". Horixe "uste dau" Iñigo jaunak. Ba, oraindik zu ere ikasi beharrean ote zagozan "uste dogu" guk ere.
353. IRAKUR DEZAKEGU
EUSKARA BAI
Euskara ulertzeko gai diren ala ez, leporatu diguten preautonomiaren arduradunei esan nahi diegu, ondoko hau: EUSKARA BAI.
Ofizialkidetasuna ikusi nahi dugu, orain eta hemen. Telebistan erdaraz adina eta ordu guztietan euskara ikusi nahi dugu. Honetarako ez dago eperik. Ez dago konponbiderik. Gure arima ez da inon saltzen. Ez da truketarako gauza. O.N.U.ko erregelapena eta giza eskubideen erregelapena eskuan dugu. Bai ala ez erantzun diezagukete. Besterik ez. Kanale biekin nahiko ez bada, hiru edo lau jar dezaten. Honela ez bada ez da hemen inolako euskaldun demokraziarik egongo, eta zapaltzaileen kontra edozein gauza ona izan liteke.
391.
"DURANGOKO XIV LIBURU ETA DISKO AZOKA" EUSKAL LIBURUGINTZA OFIZIALTASUNERANTZ
Zer esanik ere ez, Azoka honetan aurkezten zaizkigun argitaletxe eta liburuei buruz. Aspaldi batean Kritikatzen ziren "La Gran Enciclopedia Vasca" bezalako liburu apaingarriek gaur egun kopurua gehitua ikusi dute beste argitaletxeetako diren "Historia General de la Guerra Civil en Euskadi (I, II, III, IV)" "Geografia de Euskal Herria", "Poemak" eta abar liburuekin. Eta honekin ez dut esan nahi Aresti, bere obra guztiak, larru gorriz argitaratzeko adina ez denik. Baina ofizialtasunak aberastasuna ere ba dakar, hau garrantzitsuena izan ez arren. Bestela nola uler daiteke hau: Argitaletxe berdineko liburuak, "Karitate", 140 horrialde, 300 pzta, "Arnas Gaiztoa", 156 horrialde, 300 pzta, "Dekameron ttipi bat", 160 horrialde, 400 pzta.
Telebista eta irratiz esan beharrik ere ez dago ez dutela ezer jasotzen haurrek, ez baitago euskal telebistarik eta dagoenetik zerbait jasotzekotan beharbada, gauza kaltegarriak euskarentzat. Irratizkoari dagokionez, euskarazko saioak dauden arren, batetik, nik uste, ez dute programa egokirik adin hoietakoentzat eta bestetik, haurren sasoia dela eta, programa egokirik izan litekeen arren ez dira erakargarri haurrentzat eta ez dute entzuten beraz.
Ez beti berdin
202. Irakur Genezake
EUSKAL JAIA DONIBANE LOHITZUNEN
Lapurdiko Donibane Lohitzunen, Euskal Jai bat ospatu izan da, ikastolari laguntzeko dirua batzeko. Parte hartu eben Ziburuko "Arrantzaleek", Sarasola, Eñaut, Larralde eta Benito Lertxundi kantariek, eta Xanpun eta Esponde bertsolariek. Ikastola horretan 22 haur dabiltza.
198. ZERUKO ARGIA ETA EUSKARA
Hizkuntzaren aldetik, txit xinplea da. Arteche-k nobela honetan, Zeruko Argian euskeraz bezain hizkuntza pobrea darabil nekez erderaz. Seguru asko ez da hau bere kaso bakarra, eta egitate soziologiko bati obeditzen dio; ez dakit asko erratuko naizenik, baina susmoa eta aierua ukan dut beti, gipuzkoarrek, gaztelaniaz hasten direnean, bizkaitarrok baino azkozaz habilidade apurragoarekin maneiatzen eta eskuztatzen dutela hizkuntza; konpara bitez, esate baterako, Unamuno eta Baroja, Zuntzunegi eta Artetxe, Otero eta Zelaia. Agian, gipuzkoarren euskalduntasun haundiagoaren seinale bat dateke hau, baina Zelaia eta Baroja ez dira Otero eta Unamuno baino euskaldunagoak.
185 EUSKALTZAINDIA ETA DIRUA
Euskaltzaindiaren etxea barriztatzeko, «Ego Euskalerriko Ebangeliozko Eliza»-k bost mila peseta emon ditu. Eliza honek, esan dogun izen hori dauka; eta Donostian, Secundino Esnaola kaleko etxe baten egiten ditu bere elizkizunak.
197
ANAITASUNA aldizkariaz
Lehenengo galdea: Zeintzuk dira gure aldizkarian gehien gustatzen jatzuzen gaiak? Erantzunak oso desberdinak dira. Hala ta guztiz ere, idazlanik atseginenak honeek dira: «Euskaldungoa» «Ikasi zeure hizkuntza» eta gaurko problemei buruz idatzitako lanak.
Bigarren galdea: Zer kenduko zeunskio Anaitasunari? 21,28% konforme dagoz oraingoarekin 78,72% aldakuntza batzuk nahi ditue, jarraian ikusiko dozuenez.
Hirugarren galdea: Zer gehitu ANAITASUNA-ri? Hona hemen erantzunak: Euskaldun berrientzako toki berezi bat euskera errazez egina, umorezko sail bat, ikastoletako arazoak, gazteentzako orri bat, euskal kondaira, aktualidade internazionala, poemak, zelan idatzi euskeraz (gramatikazko dibulgazioa), emakumeentzako zati bat, eta abar.
Erlijioaz
Lehenengo galdea: Fededuna zara? Ez 17,20%. Jaungoikoagan sinesten dabe, baina ez Eliza Katolikoan 9,88%. Bai, fededunak dira 72,92%. Itaun honi erantzutean, askok ez dabe Bai edo Ez soil bat eman. Gehienek Eliza santuago bat eskatzen dabe, eta Euskal Herriaren aldarako jokaera garbiagoa.
Ez erantzun dabenen artean, 12,50% dira 25 urtetatik gorakoak, eta 87,50 gazteak, hau da, 25 urtetatik beherakoak.
Bigarren galdea: Atsegin dozu liturgia berria? Ez 6,88%. Bai 72,24%. Ezer erantzun ez dabenak 20,88%.
Hirugarren galdea: Ongi ikusten dozu apaizak sotana barik ibiltzea? Bai 82,80%. Ezer erantzun
Hirugarren galdea: Ondo ikusten dozu apaizak sotana barik ibiltzea? Bai 82,80%. Ezer erantzun ez dabenak 17,20%. Ez da ezezko erantzunik hartu.
Laugarren galdea: Ondo ikusten dozu fraile ta monje kolejioetan euskerarik ez erabiltzea? Ez 100,00%. Bai. 0,00%. Hemen ere ez dabe erantzuleek Ez bakarrik esan. Askok eta askok kolejioetan euskera ez erabiltzearen kontra idatzi dabe, fraile ta monje aurka hitz gogorrak esanez. Exenplotzat, erantzun bi aukeratu ditugu. Hogei ta bat urteko unibersitario batek hau diño: «Fraileak eta monjak kapitalismoarekin dagoz, eta hareentzat euskerak ez dauka ekonomiazko trazendentziarik». Hirurogei ta hamabost urteko gizon batek: «Barrabasak dira horreek».
199-8
KARGU BERRIAK ARABAN
Alfredo Zabala, Gasteizko San Kristobaleko diakono. Jabier Biteri, Gasteizko San Frantzisko elizako diakono. Luis Miguel San Juan, Gasteizko San Joseko diakono. Jesus Isidro, Gasteizko «Escuelas Profesionales» dalakoan irakasle. Jabier Arregi, Abetxukoko diakono. Fernando Hueto, Gasteizko "Nuestra Señora de los Remedios» elizako laguntzaile. Pablo Bujanda, Santa Cruz de Fierroko kargudun. Jose Ramón Ortiz, Zanbranado kargudun. Segundo Otxoa, Añuako kargudun. Juan Ibañez, Egiletako kargudun. Pedro Jabier Ruiz, Abetxukoko laguntzaile. Juan Villanueva, Herediako kargudun.
Pedro Perez, Erentxungo kargudun, Valentin Vivar, Abetxukoko Kargudun. Alejandro Dianas, Labastidako erretore. Felix Uriarte, Seminario Txikiko irakasle. Jesus Marauri, Aprikanoko erretore. Carmelo Martinez, Gopegiko erretore. Fernando Perez, Gasteizko «San Pedro Apóstol» elizako laguntzaile. Miguel Angel de Paz, Oiongo erretore. Jose Astorkia, Olaetako erretore. Florencio Unzueta, Bizkiko Ubideako erretore. Andrés Agirre, Gasteizko Seminario Nagusian filosofiaren irakasle. Faustino Herran, Gasteizko Seminario Txikiko irakasle. Ignacio Elgea, Seminario Txikiko irakasle. Félix Fernandez Elorriagako kargudun. Juan Olarte, Arkaiako erretore. Benedicto Arrieta, Arkauteko erretore. Cruz Briones, Navaridasko erretore.
Jose Markiegi, Aramaioko Uribarriko erretore. Felipe Urretavizcaya, Arejolako erretore.
KARGU BERRIAK IPAR EUSKAL HERRIAN
Lapurdiko Itsasun, Chalet jauna izendatua izan da bertako parrokiako erretore. Herrian sartu zanean, alkate jaunak egin eutson ongietorria, hainbat herritarren aurrean.
Nafarroa Beherean, Ganix Ibarburu izendatua izan da Bidarraiko erretore. Hemen ere, alkate jauna buru zalarik egin eutsoen ongietorria. Bidarraiko eliza berriztatzen ari dira aspaldion.
«FEDEDUNAK» ELKARTEAREN BATZARRA DONAPALEUN
Elkarte honen helburua eurek dinoenez, "Euskal kulturaren sustengatzea eta erlijioko gaietan aitzinaraztea" da Urriaren 4-ean egin izan dabe batzar bat Baxenabarreko Donapaleun: Meza Santua, urteko gorabeherak, egindako lanak, erabakiak, galde-erantzunak... eta iluntzian afana.
199-5
KATOLIKOAK ETA PROTESTANTEAK ELKARREKIN
Gipuzkoako Ondarabian hitzaldi bana eman eben ekumenismoari buruz Carlos Morales artzain protestanteak eta Miguel Garijo apaiz katolikoak.
IRAKUR DEZAKEGU
adiskide,
Garai honetan, SEASKA Batasuna, kinka txarrean dago. Horregatik, aurten ere, IKASTOLA BIZI DADIN, EUSKALDUN BAKOITZAK 5 LIBERA Kanpaina egitea, erabaki dugu. Ikastolak zutik atxiki behar ditugu, eta hortarako denen laguntza beharrezkoa zaigu.
395-37
URREZKO ASTABELARRIAK
Urtarrilaren astabelarrigarrien artean "Anaitasuna" 393-394. delako aldizkari zoragarria gertatu da irabazle. Zein polita den errua besteen buruan ikustea eta ez norberarenean. Euskara batuaren etsai amorratu guztien zoritxarrerako bihoazkigun honetan belarriak guri ez baita euskara, ez batuaz ez pikutako euskalkiaz ondoan doakizun hainbeste esaldi:
- GUTUWA
- HILENGANAKO ERRESPUTUA
- "Askoz positiboagoak izango ginateke hor bertan. Politiko eta frustrantean baino".
- "Fonetikaren horietan gertatzen bada"
...eta halako beste hainbeste bitxi. Den denak erredakziokideok ikusi ez ditugunak baina inprimaturik gertatu direnak.
Datorrenean, astabelarriak inori eskeini baino, gure probak mila aldiz irakurriko ditugu. Amen!
376-16 EUSKALTZAINDIA ETA DIRUA
"BAI EUSKARARI" KANPAINAREN ONDORIOAK
Euskaltzaindiaren faborez eraturiko "Bai Euskarari" kanpainak fruitu galanta eman dio, gure hizkuntza zaintzeko ardura duen erakunde horri. Bildu den dirua guztitara, 41.230.000 dela azaldu berri digu gure Akademiak. Zorionak honegatik Euskaltzaindiari eta Euskal Herri osoari.
Urte honetarako, bere lan arruntak betetzeko egin duten presopostua 30.700.000 pezetatakoa da, beraz, hor joanen zaio gure akademiari kanpainan zehar bildutako dirurik gehiena. Eta datorren urtean zer? Espero dezagun aurrerantzean, Euskaltzaindiak izango duela, bere eginkizunetarako beharrezko duen diru guztia, kanpaina berririk antolatzeko premiarik gabe. Espero dezagun, behin eta betiko, euskaldunok ordaintzen ditugun zergen diruaz, mantendua izanen dela gure Akademia.
PORNOGRAFIA ANAITASUNAKO ORRIALDEETATIK?
Eta serio ari garenez, esan dezagun irmo, pornografia arazoa bi aldiz planteiatu dela gure bileratan. Bietan azkenez, postre gisa, gure erroiluen kontsolamendutzat, ez baitugu oraindik asuntu guzti hau kontsolagailutzat hartu gure bileretako azken minutuetan.
Erredakzio kontseiluari, hitza bera erabiltzea ez zitzaion gustatu. Burjeseriaren tranpan erortzea izanen litzateke. Eta berba aldaketa inposatzekoa zenez, produktu berbera presentatzeko, ba, bazterrak zaindu behar. Hitz kamuflatu asko presentatu ziren. Erotismoa, bizitzaren ikuspegi... latza,... (Mujica Herzog-en bat biluzik atereaz noski) edo eta ikuspegi berezi bat... (pantaloiak kenduta, pentsa ezazu Anaitasunako irakurle hori, nolako argazki bereziak izanen liratekeen Anaitasunakoak). Beroriekin batera zelako trabailu eta nekea gurea, gizon guztiak aldez aurretik pantaloiaz jantzi behar, Anaitasunan emakume fotorik asko ez baitago.
Bileraren amaieran beraz, huntaz eta soilik huntaz mintzatu zen. Gero, gerokoak etorri... ez pentsa gaizki Anaitasunako irakurle maitea!... gainera nahiz eta ongi pentsatu, idazleok idatzi egiten dugu soilik... Beño, eta gero zer?
391-9
LONDRESKO HELBIDEAK
Bizkaiko Emakumeen Asanbladak argitaraturiko txosten batetik, gure irakurleentzat interesgarri gerta daitezkeelakoan honako helbide hauk atera ditugu:
Corner of Arodene Road S W 2 LONDON.
Gaztelaniaz egiten dute. 14.000 pzta.
Pregnancy Consultation Services 40 Mortimer Street. LONDON. Tfnoa: 01-580-9001.
Marie Stopes Clinic. 108 Whitfield Street. LONDON W 1. Tfnoa: 01-388-0662
British Pregnancy Advisory Service. 13 Dyke Road. Brigton Road. SUSSER. Tfnoa: 0273-509726.
36 - 1977
EUSKAL «GAY»AK, GHETTOAREN KONTRA
Geure eguneroko munduan ba ditugu tabu diren gai batzu. Ukitu behar ez diren gai hauek murraila batez inguraturik egoten dira eta isiltasun orma apurtzea zaila izaten da. Gaur gai tabu horietako bat dakargu lerro hauetara. Homosexualitate da, hain zuzen. Orain dela ale batzu euskal homosexual argitaratu genuen eta, egun batzu barru, telefonoz deitu gintuzten, beren arazoaz elkarrizketa bat izateko. Bilboko bar normal batetan gelditu ginen eta homo hauetako hiruk beren egoeraz hitz egin ziguten. Batek euskara dotoreaz, erdaraz besteak. Hona hemen beraiek esandakoak.
***
Orain urtetsura arte, Euskal Herrian eta Estatu honetako gainerako herrietan sexuaz aritzea eta berari buruz eritziak azaltzea guztiz bekatua zen, tabu, mamua. Ez da hitzik nahiko egonen tabu honek gure eguneroko bizitzan nola eta zer moduz moldatu gaituen jakin dezagun. Ba dirudi hazie bete zena, solairuak, satorren gisa, egiten ari zaizkigu. Usteltasunaren estalkia jasotzen da pixkanaka aitortezina azaltzen da. Egongo gara behintzat, gure seme-alabek, eginezina zena pozik eginen dutelako esperoan. Seme-alabak diot, eta diodanez konturatzen naiz, gure gizarteon sexua sakralizatuegia dago eta.
200-5
EMAKUMEEN ESKUBIDEAK
Berriro jo behar dot gai hau: emakumearen eskubideak. Mito bat legez aipatzen da egunero gure gizarteko emakumearen egoera. Asko idatzi da aurten eta asko idatziko da oraindino, baina egia askorik ez da esango. Eskribu asko propaganda hautsa izango dira.
Lehengoan, Mari Anjeles Zarraonaindiak ere horixe egin eban: propaganda hutsa emakumearen alde, bera emakumea da ta.
Emakumearen alienazioa, gaurko emakumearen alienazioa aipatzen da. Alienazioa, Jainkoari eskerrak, ez da aurkitzen emakume askoren artean. Andrerik gehienak zindoak dira gure artean. Iritzi batzuk azaldu dira, hala ere, zera esaten dabenak, emakumea alienazio baten menpean dagoela eta alienazio hori gizonaren erruz sortu dala.
Iritzi guztiek merezi dabe gure errespetua; baina, gai honi buruz, berriro esan behar dogu, hainbeste alienaturik ez dala aurkitzen gure artean. Beharbada, alienazio gehiago dagoke Estatu sozialisten menpean. Estatu horrek emakume eta gizonaren eskubide gutxiago onartzen dabelako.
Sozialistek, gaurko sozialistek esan gura dot, teorian eskubide danak onartzen ditue; baina praktikan, gure antzera edo gutxiago.
EMAKUMEAREN EGOERA
Mari Anjelesek idatzi eban lehengoan, gaurko emakumea gizonaren menpean dagoela. Ba leiteke. Baina andre asko euren eskuko dira leku askotan, eta beharbada gizon asko dago emakumearen menpean. Esate baterako, Bilbon, andre bat da alkate, eta beraren menpean milaka gizon dagoz. Arteagan ere berdin. Ubidean eta beste leku askotan ere beste hainbeste gertatzen da.
Lantoki askotan, emakumearen eskubideak gizonaren bestekoak dira. Lan berdinagaz irabazi berdina dabela esan nahi dot.
Gainera, lanarekin lana sortzen da; eta gizon eta emakume gehiago lanean ari badira, lan gehiago sortuko da. Ez bildur izan, emakumeak. Berriketak alde batera utzi eta lanean hasten badira, edertoago biziko gara.
EMAKUMEAREN ASKATASUNA
Orain asko ez dala, Ipar Amerikan, emakumeek, kalera randa, eskubide gehiago eskatu dabe. Eskubide horreen artean, ezkontza hausteko eskubidea dago. Orain Italiako legeak esango dau azkenengo hitza.
Amerikan, andre askok, umeak galtzeko eskubidea eskatu dabe, eta lortu ere bai New Yorkeko estatuan.
Askatasuna sistema guztietan lortu leiteke. Sistema batzuen barnean, beste batzuetan baino errazago; baina guztiek jartzen ditue behar diren kondizioak. Lortze hori bakoitzaren nortasunari dagokio, pertsonaren nortasunari, sisteman ez hainbeste.
Gizonaren askatasuna nahiz emakumearen askatasuna, nortasunaren ezagugarri berezia da, besterik ez: Nortasuna, gizon nahiz emakumearen berezitasuna, inork kendu ezin leikena.
34 - 1977
EMAKUMEEN ESKUBIDEAK
Gizon justiziak ez gaitu defendatuko; ez burjeseriarenak ez langileenak; Francoise d'Eaubonne-k esaten diguna har dezagun buruan:
"Emakumeok, geure justizia eta honen defentsa seguratu behar dugu. Autodefentsa, primeran dago, baina lehen urrats bat bezala. Bigarren urratsa, Holandako "Dolle Mina"-k eman dute. Amsterdam-en gauez, lehen baino seguragoa da emakumeentzat, BORTXATZAILE BATZU KANALERA BOTA ZITUZTENEZ GEROZTIK. Geuk defendatu behar dugu geure burua.
Gure zanpatzaileentzat, AMNISTIARIK EZ, faxismoak aski amnistiatu ditu eta... BORTXAKERIA MATXISTA ZANPATZAILEAREN AURKA, EMAKUMEEN INDAR IRAULTZAILEA!
Geure defentsa behar beharrezkoa dugu. Garbi ikusten dugu "gizonen" alderdiei, "gizon" iraultzaileei, "gizon" langileei... emakumearen aurkako bortxakeria bost axola zaiela; hauetako batzuk gainera, oso ondo "konprenitzen" dutela bortxakeria hau, egileentzat amnistia eskatuz eta guzti...
Donostiako emakumeen asanbladan parte hartzen duten zenbait emakumek, beste batzuekin batera, lesbianen talde bat eratu dute. Norbaitek, bazterturik aurkitzen badu bere burua gure herria honetan beste inork baino gehiago lesbianak sentituko du egoera honen zama. Duela denbora gutti hasi bagara homosexualitateaz hitzegiten, gai honetan ere, gehienetan gizona izaten da protagonista.
Horregatik erabaki dute emakume hauek, mugimendu feministaren parte izatea eta gizonen "Gay" mugimenduarekin taktikoki lan egitea —manifestapenak, hitzaldiak, etab. direla— baina ez bere erakundeen egituretan sarturik, hemen ere betiko gizon-emakume harremanen kontraesanak agertzen direlako, hain zuzen ere.
Hala ere, feministen artean, eta bere problema bereziak dituztenez, talde bezela autonomikoki jokatzen dute.
Dossier Anaitasuna
Hamar urte ANAITASUNArekin. Gazteak umetzat ez har!
Gazteak dira gure euskalduntasunerako arriskurik haundiena, "sorgin ihiztari" batzuen iritziz behintzat. Gure gaitzik haundiena eta periltsuena.
Nik ez dut uste, berriz, gaurko kinka "conflicto generacional" delako bat datekeenik. Gazte ta zaharren arteko burrukaz kanpo, ba daude, gaurko egoeran, beste istilu-kausa asko, zibilizazioaren salto edo mutazio batean garenez gero.
Gazte izatea bekatu izango ote da? Ba dirudi, astakeria hori ez duela inork esaten; baina jansenista batzuek baldintza bat jarri nahi omen diete «zintzo» direlako gazteei: alegia, gazteen pentsaera, izaera ta egiera, zaharren pentsaera, izaera ta egiera berbera izan daitezela.
Libiako esaera zahar batek honako hau dio: «Putzu-iturritik edan, eta zure tokia besteei utz».
Gazteak umetzat hartuko ditugu? Ez al dugu ikusten, gizaki helduak direla, eta beren xanda aspaldidanik ailegatu dela?
Matematikaren historian famatua den «Essai sur les coniques» liburua, hamazazpi urte zituela argitaratu zuen Pascal jakintsuak. Hamazazpi urte, laster esaten da gero!
Hogei ta bi urte zituen Alexandro Haundiak, Dario erregearen gaineko garaitzapen izugarria lortu zuenean. Bonaparte Jeneralak, Italiako gerran, 28 urte zituen, Rivoli, Arcole ta beste toki askotako bataila oroikarriak irabazi zituenean.
Eta hain urrutira joan beharrik gabe, nahiz eta beste maila batekoa izan, hor dugu Sabinoren exenplua, hogei ta bi urteko zelarik idatzi baitzuen bere «Gramática elemental del euskera vizcaino» famatu hura. «Ume bat» zen eta gainera euskaldun berria, Lasa Kalonjearen terminologian bigarren mailako euskaldun zela esan nahi duena.
Ez gaitezen izan Cervantesen baratzainaren zakurra bezalako. Zakur hark ez zion beste inori jaten uzten berak jatenez zuena.
KARLOS SANTAMARIA
Dossier Anaitasuna
Hamar urte ANAITASUNArekin. Munstro bat, bi munstro
Bigarren mailako hiru euskaldun gentozen Mauletik Bilbaora, automobil izeneko katxarro zahar batean. Leihatilletako kristal zikinetatik zehar, euskal zazpi probintzietako ikuspegiak iragaten ziren agudo; gaua zen, eta gau iluna (izarreztatua, baina batere ilargirik gabekoa). Lambroa noizean behin, portuetan zarrazoia, eta ene bihotzean mingostasun bortitz bat. Gartzelaxka mehar hartan sarturik, ez genituen geure buruak bular-barreneko gartzela meharragoan hertsi nahi, eta nor bere buruaz mintzatzen hasi zen. Gainerako guztiak kanpora atera eta ederki aireztatu ondoren, geure euskal esperientziez mintzatzen hasi ginen.
Ez dakit egiazko bigarren mailakoak garen; guri behintzat ez zaiku horrela iruditzen. Euskaldun berriak primerako euskaldunak izateko gara; zeren amaren ditietatik esnearekin batera (esne on nahiz esne xarrarekin batera) euskera edoski eta hartu (heredatu) dutenek, zer meritu dute? Euskaldun jaiotzea kasualidade bat da, berdin jaio bailiteke erdaldun, eskimal, satero edo saguxar. Baina guk euskalduntasuna hautatu dugu; eta irabazi dugu. Euskera gurea da, geure bekokiko izerdiarekin irabazi dugu. Gu euskaldunak gara, eta ez kasualidade bategatik, gure borondatearen hautaera libre eta neketsu bategatik baizik.
Baina, dena den bezainbatean, eta zein-nahi izan dadin gure maila, duda batere ez dago maila berezi batekoak garela masoneri-antzeko gorputz bat osatzen dugula; bi edo hiru euskaldun berri elkarrekin juntatzen garenean, berehala hasten gatzaizkio elkarri kontatzen zein izan diren gure gaiztasunak, zerekin egin dugun oztopo, zeren kontra behaztopatu garen, zein bide izan diren eroso eta zein nekoso, eta abar, eta abar. Batzutan gerra luze bateko gogorregi batean hainbeste urtetan ikaskide egon zirenen antza ematen dugu.
Bertan genbiltzanok, hirurak ginen adin diferentetakoak nor bere mendearen hamarren desberdinean zegoen. Ni, zaharren hau, jadanik Kristoren eta Danteren edadearen ukondoa doblaturik, neure laugarren hamarrenean nengoen. Bigarrena, ezkon-berria, bere hirugarrenean. Eta hirugarrena, mutil oso gaztea, oraindik biloaren itzala nekez agertzen zitzaiola musuaren larruan, bere bigarren hamarrena ardibitu-berri zegoen. Nik neure neke guztiak kontatu nizkien, denbora bateko maisu-falta, euskal liburuen eskastea eta eskastasuna, euskal intolerantziaren Izugarriaren izugarria (intolerantzia horrek bere azken arnasak ematen ditu orain), eta beste mila zehaztasun nekagarri, zeinbat ikasi behar ukan nuen gero desikasi eta ahazteko... Neugandik bigarrenari hamar urte zihoazkion: bera hasi zeneko, hamar urteko eboluzioa gertatu zen euskal jendartean, baina ez hain funtsezkoa, ez hain sakona, eta haren gaiztasunak apurragoak izan baziren ere, gaitz-xamarrak izan ziren haek ere. Eta hirugarrena bere bideak kontatzen hasi zeneko, ez genuen kontuan hartu zer eboluzio behin-eta-betikoa gertatu den Euskalerrian, gure mende honetan 60-tik 70-era iragan den hamarrenean; eta orduan, hain itxuroso eta korrontoso euskeraz mintzatzen bakarrik urte-betean ikasi zuela esan zeukunean, bioi atera zitzaikun arimaren zolatik aldarri sentitu hau:
«Baina, hi munstro bat haiz!»
Urte-betean! Eta gurekin barra-barra mintzatzen egon zen bi egunetan; dialekto guztietako mintzatzaileekin egon zen gure aurrean mintzatzen batere gaiztasunik gabe. Esate baterako, zuberotar baserritarrekin hobeki entenitu eta konpondu zen Gipuzkoako euskaldun zahar (eta xit zahar!) guztiak baino.
Eta oro, gaurko euskaldun berriok asmatu dugun euskera «berri» honi eskerrak. Euskera «batu» honi eskerrak, antzinateko iturburuetatik eta herriaren ahotik edan dugun hizkera noble, trebe eta aberats honi eskerrak.
Eta orduan, gorputzeko begiak hertsi eta arimakoak zabaldu nituen, eta neure barrenean amets gozoak kulunkatu nituen. Eta hainbestetan profetizatu dudan etorkizuneko Euskal Herri zoriontsu harek gorputz bat hartzen zuen. Laredotik Ejeara eta Oloroetik Beloradora gure euskera orokor eta bateratu hau urte-betean ikasitako mutil galant eta neska ponpoxez populatutako lur bat ikusi nuen.
Hasi nintzen kontatzen; Munstro bat, bi munstro... bi milloi munstro, denak ene lagun Andolin Eguskitza mutil gaztearen fedearekin eta nobleziarekin.
Eta behingotz, zoriontsu sentitu nintzen ni ere.
ARESTIAR
Dossier Anaitasuna
Hamar urte ANAITASUNArekin. Amaren metodua
Oraindik gogoratzen naiz, eta nekez ahaztuko zait, lehen mailako ikasketetan niharduela eta etxerako lanak ematen zeuzkidatela, nola neure amak erdal aditza ikas arazten zeutan.
Ez nedukan nik, sasoi hartan, era guzti haiek gogoan hartzerik; baina amak, pazientzia ikaragarriaz, honetan ere beste edozenbat arazotan legez, bidea erakutsi zeutan. Berari etsi etsian jaramon eginez, lehenengo, aditz denbora edo aldi bakoitza eskola liburuan non zegoen ikasi nuen, eta gero zeintzuk era zeuden leku bakoitzean. Honela ikasi nuen, orriaren hasieran eta ezker aldean "Presente de Indicativo" delakoa zegoela, haren eskuinean "Pretérito Perfecto", azpian "Pretérito Imperfecto", eta abar. Zer esan gura zuten eta zergatik ez nekien; baina itaun orduko ba nekien, goikoa ala behekoa, ezker ala eskuinekoa, zein zen erantzun behar nuena; eta horixe zen jakitekoa, ez besterik.
Ez dakit nik neure amaren "sistima" hark sikologiaren aldetik oinarririk zedukan ala ez, eta zenbaterainoko komenigarria izan zitekeen. Izan ere, nahikoa zatekeen liburua aldatzea, neure jakintza guztia hutsean gelditzeko. Baina, hala ta guztiz ere, metodo bat zen, ona edo xarra, baina metodoa, beste edozein izan zitekeen moduan; eta metodoaren balioa edo praktikotasuna bere ondorioetatik neurtzen da, bere ondorioren arauera hain zuzen. Eta ezin uka, nerekiko behintzat, amaren sistima hura onena, beharbada ezin bestekoa, zela.
Ez naiz ni logikaren etsai; ezta guttiagorik ere. Baina sarri nere amaren metodo "xelebre" haren falta haundia somatzen dut gure artean, "nola" den aztertzea askoz ere praktikoagoa izanik, amorru haundiz ibiltzen baikara "zergatik" den ikertzen. Edozeri buruz, "zergatik" bota ohi dugu aurretik, hiru edo lau urteko umeak baina legetxe. Ez dagozkigun hamaikatxo buruhauste hartzen ditugu gure gain. Ez ote dugu lagatzeko ordua? Laga dezagun, bada, behingoan "zergatik" zorionekoa eta lot gakizkion "nola" praktikoari.
Oraintsu argitaratu berri den liburu bat aipa genezake adigarri, hau da, BATASUNAREN KUTXA. Xarra edo ona, berdin zaigu, haren ontasuna judikatzeko garaia oraingoz heldu ez baita; baina metodo bat da, eta ez da berau gutti. Edozein metodok ukan ohi dituen abantaileKin, gainera; irakasle nahiz ikaslearentzat bide metodotsuek abantaila izugarriak baitituzte.
Baina jarraiki dezagun aurrera, amak erakutsi zeutan sistimarekin, metodo hutsa ezezik, beste zertxobait osagarritzat ba zedukan eta: hots, "bista", begien zeregina nagusiena baita. Esate baterako, nik neuk neure begiez aditzaren aldi bakoitzaren lekua eta erak ikusi beharrean, neure amak esan baleuzkit, hain erraz ikasiko ote nituzke? Ez, eta hamaika bider ez, mila azalpen eman baleuzkit ere. Ez baitago norberak ikustea lakorik. Inoren esanak, norberak ikusteke, beti daduka badaezpadako izpiren bat. Tomas Santuarena: Zer ikus, hura sinets".
Honetan har dezagun lehenengo adigarria berriro ere, BATASUNAREN KUTXA, alegia. Nork uka dezake, liburu horretan irakurri ahal dugun edozenbat forman gezurrezko itxura deritzakegula? Enplastoak balira bezala. "Hum... honek behintzat ez daduka benetako kutsurik; asmazio hutsa ez ote da? Onenean ere, liburu zaharretatik galbahean hartutako erak izan daitezke; baina ba ote da benetan, horrela berba egin ohi duen herririk?" Honelako kezkak etortzen zaizkigu. Kezka biziak, bidezkoak, gizalegezkoak.
Hilabete pasatua da, Nafarroan egon nintzela. Nere arreba, gure senar-emazteak eta laurok Baztenera joanak ginen, handik ipar aldera iragateko asmotan; eta hantxe, inguru ikusgarri haietan, Auñamendiko ipar nahiz hego hegaletan, badaezpadako hitz eta esaera askotxo egiaztatzeko aukera ukan genuen. Huraxe poza! "Hau, hori eta bestea egia biribilak dituk", geniotsan elkarri, barteko ametsak egia bihurtuko bailiren. Harriturik ginen, entzun eta entzun aspertzeke, noiz itzain edo baserritar bat aurkituko, berarekin berriketan egiteko.
Beharbada, hau guzti hau askorentzat gauza jakinekoa izan liteke. "Hura lelokeria, haraino joan beharra", esango daukute. Era berean, Ameriketara Joan behar ote dugu, han dagoela sinesteko? Ez, egiaz ez; baina, ostera ere, joan ez den inork ezin esan han ez dagoenik.
Azkenik, ama, Nafarroa eta herri berbetaz ari garenez, eta herri edo amaren hizkuntza modan bide dagoenez, hona hemen Zugarramurditar gazte lerden betekin edukitako elkarrizketa. Heldu ginen herriko plazara. Herriak lotan zirudien; ez bide zegoen inor. Halako batean, ate batetik hamabost urte inguruko gazte bat atera zen. Begi urdin eta ile argi argiduna, turista horietako bat atera zen. begi urdin eta ile argi argiduna, turista horietako bat bailitzen. Haratu nintzen, galdetzen niolarik (guztia hitzez hitz ez bada ere):
— Arratsaldeon.
—...(burua agurtu ninduen).
— Zugarramurdiko lezea non da?
— Belaxe duzu. Aitzineko bide hortatik xuxen xuxen behera. Berrehunen bat metrora bidegurutze bat duzu. Bata eskuin aldekoa; UTZ ZAZU BERE GISARA. Hartzu (?) ezkerrekoa. Bertan zara.
Hauxe hau esateko modua. Ez ote zen errazago, lehenengoz ezkerrekoa hartzeko esatea? Poeta samarra bide zen gure gaztea. Baina, hala ta guztiz ere, Lizardik berak ere ez zukeen halakorik esango, berba egiterakoan. Jakina, Lizardi eta Zugarramurditarra bi oiloren xitak ditugu. Bakoitza bere amaren semea da, eta ama bakoitzak bere hizkuntza eta... bere metodoa.
LUIS A. ARANBERRI
Dossier Anaitasuna
1.- Anaitasuna irakurtzen duzu? Eskuarki?
2.- Zure eritziz, Anaitasunak eraginik badu? Eduki du?
3.- Zer eman diezaioke Anaitasunak orain eta geroko euskal prentsari?
Balere Bakaikoa
1.- Bai. Oso gustora irakurtzen dut, horregatik nauzue harpide azken hamar urte hauetan eta jarraitzeko asmoa ere badut.
2.- Zalantzarik, ez, Anaitasunak eragina duela. Eta handia ere. Badaukagu astekari bat, Zeruko Argia, aste barruan ematen diren gertaerak eta gure herriko ekintzak kulturalak ezagutzeko, egunkariak ematen dizkigute baino sakontasun handiagorekin aztertuak. Hortik aparte, Anaitasunak, hamabostekari bezala, gure herriko eta atzerriko gertaerak batik bat denbora luzea irauten dutenak, erreflesio, komentario edo kritika beharrean aurkitzen dira eta hau, gehienetan, oso zaila gertatzen zaie egiten astekari edo egunkariei. Beraz, paper hau bete du eta betetzen jarraitu beharko luke.
3.-a) Hizkuntz periodistikoa sortu, euskaraz ez dagoena.
b) Hizkuntz periodistiko hori landu, alde guztietatik.
c) Hizkuntza hori herriari bidali, honek ere erabiltzen ikas dezan.
d) Epe luzeagoan, euskara normalizatu, beste hizkuntzen parean ezarriaz, masa-komunikabideetan euskaldunok ez gaitezen beste hizkuntz baten beharrean aurki gure artean komunikatzeko.
e) Baldintza horiek betetzen doan eran eta beteta ere: INFORMAZIOA EMAN.
f) Eta azkenik, idazle berriak eta euskal eskola bat sortu...
Arantza Urretavizcaia
1.- Irakurtzen dut, hamabostero, gainetik... Batzutan artikuluren bat mantxoago...
2.- Ezin dut ondo erantzun. Nere inguruko jendeak ez du irakurtzen. Batetik, hamabostean behin ateratzea, apur bat aldebresa iruditzen zait. (Ez astero, ez ilabetero...)
3.- Presentzia bera.
Eta ahal balitz... euskal periodistak sortzeko laguntza.
Txillardegi
1.- Ahal dudan guztietan irakurtzen dut, eta ahal bezain zehazki. Baina, hori egia izanik ere, ezin esan nezake "Anaitasuna" nahi bezain ongi ezagutzen dudanik.
2.- Zail da erantzuten. "Anaitasunak" gainerako prentsa guztiak bezala, galdu egin duke (eraginari dagokionez). Baina, oker ez banago, bai hizkuntzaren aldetik, bai ideien aldetik ere, bere kutsua utzi du euskaltzale gazteen artean.
3.- Euskal munduaren berri eman (idazten dugunok ongi dakigu zenbat aldiz hutsune osoan erortzen diren gure lanik maitatuenak!), euskaltzaleen lotura izan, idazle berrien saialekua izan, euskararen aldeko burrukan laguntzaile gertatu, eta hitz batez, gure arteko "anaitasuna" zuzpertu.
Joan Mari Torrealday
1.- Zenbakiero irakurtzen (hobe, ikusten) dut. Gainbegiratu bat eman behintzat, beti. Artikuluren bat edo beste arreta handiagoz irakurri ere sarri. Halere, nahiz eta gaia berez interesatu, dakarren atzerapenagatik, askotan gaurkotasuna bakarrik ez baino interesa ere galdu egiten du.
2.- Eraginik? Nork jakin! Nik uste dexente gehiago zukeela lehenago, sortu ohi zituen iskanbilak lekuko. Lehen, uste dudanez, euskal prentsak, izan ere, protagonismo gehiago zuen. Baztertuago dago orain.
Gainera, eragina jakiteko, irakurleria ere ezagutu beharko litzateke. Nago ANAITASUNAren irakurleria neurri on batetan aldatu egin dela azken urteotan. Agian, arrakasta gehiago du gaur lortu berri duen irakurlegoan, aspaldikoan baino.
3.- Zer eskain diezaiokeen euskal prentsari ANAITASUNAk?
Euskara, hasteko. Euskal prentsaren errebindikapena.
Eta baita: alderdi eta talde politikoen mota askotako dirigismotik at dagokeen prentsa-organu bat.
Ahots askotariko euskal prentsaren plataforma gisa ikusi nahi nuke ANAITASUNA.
Joan Mari Torrealday
Haritxelar
1.- Bai. Agertzen denean irakurtzen dut, etxeratzen baitzait.
2.- Ez da aize erantzun horri erdiestea zeren eta zuek behar duzue jakin zer nahi zenueten eragin eta, zuek behar duzue ikusi ea eduki duzuen ala ez. Uste dut prentsa batek ez duela berak beren ekintzen ondorioak neurtzen ahal.
3.- Nire, ustez behar duela segitu orain daraman bidea. Bat, zabaltasuna, erran nahi dut horrekin gai guziak proposatzen dituzuela aldizkari hortan, bai gizartea, erlijioa, politika, artea, literatura, zientzia. Euskal Herria osoki dago aldizkari hortan, baina ez bakarrik Euskal Herria baina mundu osoa. Botatzen duzue ikuspegi bat orotara eta, hori egiten duzue askatasun eta libertate osoan, erran nahi dut horrekin ez bakarrik espiritua baina bihotza oso zabalik duzuela. Hartzen dituzuela ikuspegi guziak, eritzi guziak, hala nola emakumeen problemetan eta zabaltasun hori da nire ustez aldizkari bat oso irekia, munduari oso irekia, Euskal Herriari irekia eta oraiko problema guziei irekia.
Bertzaldetik nik uste dut ANAITASUNAn irakurtzen den hizkuntza Euskaldunok ulertzen dugu osoki, nik eta uste dut besteek ere osoki ulertzen dutela Anaitasunan idatziak daudela artikulu guziak.
B. Atxaga
1.- Egia esateko, afiziyuak galtzen nau, eta herri txoro honetan argitaratzen diren errebista gehienak erosten ditut, zuena tartean, eta erreparatzen diet sikira gainetik, esperantza ez baita nolanahi galtzen, eta kortesia zor baitiet euskal prentsan iharduten duten zenbait laguni. Batzutan, aszensore izorratu batetan itxita gelditzen naizenetan-edo, punta batetik besterainokoa izaten da enen irakurketa (trantze hoietan beti bakar bakarrik aurkitzen bainaiz, eta ez telebisioan bezala, galtza bakeroak kentzera dedikatzen diren emakume blondie hoietako batekin). Behin batean, fisika hiztegiari buruzko lan bat irentsi nuen, bere egileak, labaina zorrotz bat eskutan, horretara behartuta. Euskaraz egindako artikuluak, gainera, aparteko xarma daukate niretzat, eta huts tipografikoak bilatzen saiatzea, esate baterako, zakur bati arkakusoak kentzen ibiltzea baino askozaz entretinituagoa da. Lehengo egunean EREn topaturiko bat ia marabilosoa da. Hala dio Cestonako zine topaketei buruz: "Topaketa hauk lortu dute garrantzizko beste gauza bat ere: euskal zinemagintzaren inguruan dabilen jendea inguratzea eta HILTZEA"... ez al da marabilosoa?... kristalezko bolarik gabe, kikara hondoan geldituriko tia kondarren azterketan saiatu gabe, euskarazko lanetan sartutako akatsetan etorkizunari igerri ahal izatea, ez al da gauza haundia?... ni baiezkoan nago.
Beraz, badakizue, Bilbon saltzen den ale bakarraren eroslea ni neu naiz, ez larritu gehio, ez nekatu, ez luzatu zuen azterketa. Ez enplegatu detektiberik ale bakar horren nondik-norakoa jakitearren. Errepetitzen dizuet: ni neu naiz ale hori eskuratzen duen izaki bitxia (sentitzen dut aberlatxe ez izatea, ez dakit zer pentsatuko duzuen honetaz).
2.- Izango ez duba, nondik deskonfiantza hori?... zenbat andereino eta irakasle ez ote dira enamoratu "utziko al didazu aldizkari hori, mesedez" batekin hasi eta "eske tren honetako aulkipetan dagoen kalefazioak ipurdia erretzen baitit" batez segituz, eta zenbat aldiz ez ote zaio Anaitasunari paper hori suertatu? (zeren, horixe bakarrik falta litzateke, ez baitago funtzio horretarako "As" edo "Guía gastronómica de Guipúzcoa" delakorik utziko duen euskaldunik). Beste eratako eraginik ere izan bide du, eta ba da, adibidez, irrifar klase bat "Anaitasunan lan egin dutenen irrifarra" deitzen dena, ezpainak erantsita eta ahoa pixka bat okertuz (musean medik adieraztean bezala, hain zuzen) egiten dena bera. Irrifar hau, niri behintzat, euskal herriaren salbaziorako antolatzen diren hitzaldi, mitin, komunilaukatu, eta iuramentuen berri izaten dudan bakoitzean ernetzen zait. Adoleszenteak ez naute konprenituko, baina irritar horren jabe izateak alegrantziz betetzen nau, eta bizi naizen artean eskertuko diot zuen errebistari enegan izan duen eragin hau.
3.- Zuek negarrez jarri nahi nauzue, beste esplikaziorik ez zeok, edo bestela presumitzen ari zarete zorioneko "liezaioke" horrekin (ezagutu nuen andereino bat holako adizkerak ezin ikasiz nerbiotatik jarri zena, zuek ikusi). Zer eman; ez zekiat baina, ene ustez, hoberena ezer ez ematea izango duk. Begira, datorren urteko harpidetzak kobratzen dituzuenean, hartu dirua eta izkutatu nonbait, izenaz aldatu eta konprobatu, hondartza exotiko baten ertzetan, zein ondo bizitzen den karlistarik gabeko herrietan. Ez horregatik.
Jose Maria Satrustegi
1.- Bai. Zenbaki gehienak ikusten ditut, eta osorik ez bada, mami gehiena jasotzen dut.
2.- Bai, noski. Eragina izan du eta ba du. Baina oso ezberdina. Alde, diferentzia handiak ikusi ditut ANAITASUNAn. Nolabaiteko gaurko mugimendu bat sortu nahi du eta, agian, sortzen ari da, baina azken aldi hontan gogorregi zaigu. Euskal prentsa indartu behar dugula Uste dugulako hartzen dugu, baina bere oraingo giroa ez zaigu atzegin.
3.- Ez dugu euskal prentsa gehiegirik eta ANAITASUNA galduko balitz gutxiago izango genuke. Nola edo hala, jarraipena eman behar zaio. Bide berriak lortzean dago, beharbada, bere etorkizuna. Garai batez irudi zuen, nolabait, pentsalarien aldizkari bat izan zitekeela. Hori orain ez da gertatzen. Beste bide "bitxi" batzuetatik jo du.
EGIN.- (Salbador Garmendia)
1.- Bai, erabat irakurtzen diat, beti.
2.- Ez diat dudarik egiten eraginik ba duela eta izan duela, euskaldunoi dakozkigun gai asko ukitzen baititu. Euskararen aldetik eraginik izan du ene baitan. Uste dut, agian politika aldetik bide hestu xamarrean sartu dela azken garaiotan. Dena den, eragina izan du eta ba du zeren ANAITASUNAren bidez ikasi ere egin baitut.
3.- Kontuan izanik 5.000ren bat ale zabaltzen direla eta hamaboskari dela, nere ustez, artikulu kritikoak argitaratu beharko zenituzkete, ale bakoitzean zenbait puntu eta gai ukituz, baina sakonki azterketa batzuk eta horrela, eta ez dibulgazio edo berriemale huts izan. Artikulu kritikoak baina grinarik eta pasiorik gabe. Kultur munduari ere gehiago lotu euskal kultur munduaren berri zehazki emanez, inportanteena bederen. Adibidez, nonbait mahainguru interesgarririk edo kongresorik, bada, horren berri luzezabal eman. Elkarrizketa gehiago euskal kultur munduko pertsonekin, euskal liburuen kritika ona, baita arte, teatro, zinemako artikuluak elkarrikusken bidez batez ere. Euskarari buruz, ene ustez ANAITASUNAko euskara zehatzago eta teknikoago izan behar luke, EGIN eta DEIA egunkarietako euskara baino; gure hizkuntza kultur mailara jasoz.
Zeruko Argia
1.- Bai, noski.
2.- Euskal prentsak duen eragin mugatuaren barruan, noski izan duela eta ba duela eragina. ANAITASUNAk. Garai batetan, beharbada, kultura aldetik batez ere —ezin ahaztu bertan idatzi izan duten eta idazten duten kultur gizonak— eta gaurregun arlo zabalagoetan ere bai. Bestalde, irakurlegoaren aldetik, Bizkaian agian Gipuzkoan baino eragin handiagoa du, gauza normala, Bilbon ateratzen denez gero.
3.- Orain, periodizidade edo aldizkatasun berdinarekin jarraitzekotan, azken boladan hartutako bidea, hau da, lan informatiboak baino sakonagoak ematea batez ere; baina aldi berean, zuek eta gu egiten hasten ari garen euskal —euskarazko— kazetaritza landuz, horren oinarriak jarriz, garai hobeak etorriko direnaren itxaropenean.
ERE.- (Andu Lertxundi)
1.- Edozein aldizkari moduan. Interesatzen zaizkidan artikuluak irakurtzen ditut.
2.- Eragina ba du eta eduki du. Beste gauza bat da ANAITASUNA lehen eta orain desberdina izatea, baina hori beste arazo bat da. Azkenean, leihoak zenbateraino zabaltzen direneko kontua da. Baina badirudi, Herri honetan, komunikabide bakoitzak bere otarre ideologiko propia duela eta zergatik ANAITASUNAk ez.
3.- Galdera hau hiru puntutan erantzuten dut:
a) Euskara hutsean egiteak dakarren aboangardi beharrezkoa, helmuga begibistatik gal ez dezagun.
b) Euskararen normalizapena.
c) Funtsezkoena, informazioaren tajuketa objetiboa. Objetibotasun honen alderdi erlatibo guztiak kontutan hartuz, noski.
Dossier Anaitasuna
ANAITASUNAko 400. alea dela eta, hortxe hortxera, Zabalbide kalean dauden bulegoetara abiatu ginen nolabaiteko elkarrikuska bat egiteko esperantzarekin. Ez nekien nik elkarriztatzen zutenak elkarriztaturik izateko umoretan ba zeuden. Ez zirela haiek ANAITASUNA, ANAITASUNA kolaboratzaile eta idazleek egiten zutela erantzun zidan berehala Jonek eta elkarrikuska bat egiterakoan idazle eta kolaboratzaileekiko harremanak eduki behar nituela gehituz.
ANAITASUNAKO gorputza, bilatzekotan, gorpurik ez balego behintzat horko arduradunekin nolabaiteko berbaldia edo hitz-mitza edo dena delakoen, beraiekin egin nahi nuen egitea azaldu nien, eta ANAITASUNA edo dena deneko Zabalbide horretako zenbait arduradunekin harremanetan egon nahi nuen. Azkenez Tomasen bulegora pasatzeko abagadunea eduki dugu, jesarri egiten gara eta Jose Ramon-i hasten zaio telefonatzen. Ez dagoela etxean baina "nahi baldin baduzu has zaitezke". Zelakoak izan diren galderak, itaundu egiten dit,... normaleenak nik, kasu hauetan erabiltzen direnak. Hona hemen kondatu digutena:
A.— Hasteko zure ustez zer da Anaitasuna?
T.T.— Aintzina, anaitasuna soila, orainaldian nolabait ahizpatasuna sartzen ari zaigu. Ez pentsa askorik. Anaitasunak ez du gorputzik, elementuak ditu... ba dago gero elementu eta lehengai, bestela Kintanaren hiztegia edo eta Muxikarena azter. Etxe honetako historia ere azter zenezake.
F.A.— Ez baina serio...
T.T.— Hori oso seriotasun guztiekin esan dizut. ANAITASUNA euskal arren edo ar euskarazale askoren eriztoki izan da. Garai historikoetan apaizek egiten zuten aldizkari bat. Geroaren geroaz beste moetako jende bat infiltratu zen pixkanaka. Ba dakizu, Vatikano bigarrena edo, hala ere, salbuespenak kendurik, filosofoak izan, sozialistak izan, apaizak izan, denok vatikanistak besterik ez ginen. Ni orduan ez nintzen ANAITASUNAn baina vatikanista nintzen. Garai hortako galderei erantzuteko hobe beste bati galdetzen diozun, objetibitate gehiagoz erantzun liezaizuke.
Bitartean Jose Ramon Etxebarria agertu zaigu, honi beraz zuzentzen diot ene lehen galdera.
F.A.— Nola ikusten duzu zuk ANAITASUNA historian zehar? Zeintzu lirateke zure ustez orduko karakteristikarik aipagarriena?
J.R.E.— ANAITASUNA beti izan da inguruko gizarte erdaldunaren kontrako ahalegin bat. Ezinaren aurka altxatu den esperantzaren leihoa. Egia esan, urte luzetan aldizkari honetan lan egiten ari naizela, sineskaitz egiten zait bizirik ikustea. Airetik bizi daitekeela esan daiteke.
Ezaugarriak aipatzeko esaten didazu eta, nire ustez, duenik eta ezaugarririk garrantzizkoena euskal idazle berrien plazarabidea izan dela, dela eta, agian, izango dela esango nizuke.
Bestalde buru eskasez baina bihotz handiz jokatu dugula eta jokatzen dugula esango nuke. Bestela, buruz jokatu izan bagenu, seguruen aspaldi hila zatekeela.
F.A.— Eta orain zer? Zer da ANAITASUNA?
T.T.— Eritzi ezberdin asko egon daiteke. Denak serioak, jakina. Baina seriotasunak ikuspegi asko eduki dezake. Euskal parlamentua eratu zenean, oso gauza seriosa zelako, batzuk kompletoz jantzita joan egin ziren. Beste batzu ez ziren joan, oso serio-serio hartu baitzuten. Seriotasunaren ikuspegi berezia. Hara hor esaterako, Leireko zina, zinez oso serioa izan baitzen, tamala Monzon Don Kixotez jantzita ez agertzea! Baina tira hurrengoan daiteke. ANAITASUNAko idazkuntza zin horietan egon da batzuk notak hartzen, beste batzuk txokolatea erretzen. Zer da serioena? Ez dakit nik bada, ez baitago ANAITASUNA bat.
F.A.— Eta ANAITASUNATAz zer?
J.R.E.— Ahaztu zait. Anaitasuna, euskaraz argitaratzen den noizbehinkari bat dela. Bertan edozein artikulu topatzeko gauza zara eta topatu nahi dituzunak maizetan ez dira agertzen. Eman dezagun saio bat dela. Saio serioa eta lehen baino desmitifikatuagoa. Aldizkaria da, aldizka argitaratzen baita, baina niri noizbehinkaria deitzea gehien gustatzen zaidana da. ANAITASUNA zer den jakiteko, gure etsaiei eta gure adoratzailei galdetu beharko zenieke, niri ez behintzat.
F.A.— Nola definituko zenuke oraingo ANAITASUNA, Joserra?
J.R.E.— Bizirik iraun nahi duen ahots motel bat bezala. Barruan gaudenok —neuk behintzat— egiten den esfortzua oso garrantzizkoa dela uste dugu. Guztiz beharrezkoa, euskarazko kultura eta gizartea inoiz ezer izango badira.
Ni neu seguru nago izango direla eta horregatik nago hemen. Baina, nolabait esateko, oreka ezegonkorrean gaude, inguruan mila arrisku ditugula. Beti bezala, arrisku handienetakoa profesionaltasun osoaren falta dela. Gaur egun, lauzpabost pertsonak egiten dute lan ANAITASUNAn langile bezala; eta gero, nola esker daitezkeen ez dakidan idazle "zoro" batzu daude. Eta guztion lanez, nola edo hala bizirik diraungu. Dena den, egiturazko hutsune handiak ditugu oraindik.
F.A.— Eta zuk Millan nola definituko zenuke oraingo ANAITASUNA?
M.A.— Nola defini nezakeen? Hara, aldizkari bat gastronomiko, klandestino, pornografikoa.
Gastronomikoa, zeren eta normalean hartan agertzen diren artikuluak erroilu hutsak, burujaleak baitira. Burilaren gastronomikoa dugu, alde batetik eta bestaldetik. Tomas Trifolen "sukalderako saltsak". Hauek direla medio, "burujan saltsaduna" presta genezake, euskaldun irakurlegoaren janaririk preziatuena inoiz janen balute (burua jatera utziko baligute). Tira, barregura txokoan utzita, esan dezagun azkenaldi honetan zuzpertuz doala eta noizbait irakurtzea merezi duela, euskara ahantz ez dakigun bederen.
Zergatik esan dudan klandestinoa? Hona, bada, zergatik. Ez dago debekaturik, baina kalean, beste prentsaren artean ikusten zail delako. Oroitz naiz nola egun batean tabernan nengoela (non izanen ote nintzen, bada, beste biltokirik ez. badugu) ANAITASUNA bat topatu nuen apal batetan. Hura poza! Hura oihua! Euskal Mahabharata aurkitua nuen! Txantxetan ari naiz baina barka nazazue. Hemen, Bilbon, erdaldungoaren eta txinboen hirian, ikusi ohi da kioskoetan beste aldizkariekin "anaiturik" dagoela. Erosiko duten ala ez ez dakit. Beste eltzeko babak lirateke holakorik jakitea. Hala nola, gero irakurtzen ote duten. Azken hontan ez deritzot hola nik neuk. Zenbaitek posta bidez, hola azaldu du.
Bai. Pornografikoa. Eta eritzi hontan tarte luzeko eritziak sar daitezke, halakoak baitira, erlijioaren kontrakoa (erlijioaz trufaz ari garela), amorala, etikaren aurkakoa. Azken batean "underalua" (underground) gogorarazteko. Zer deritzot arlo hontan ANAITASUNAri? Ba Pornografia, (bere zentzu propioan uler ezazue zakilixutok!) gehiago sartu beharko litzatekeela, ea noizbait deserreprimitzen garen edo hanka tartetik hiltzen.
F.A.— Lehen Tomas etsaiak aipatu dituzu. Etsairik ba al daukazue?
T.T.— Ez. Ez dugu etsairik. Duela bi urte gutti gora behera aste guztietan amodiozko kartak hartzen genituen. Bidaltzaileak Torrealday-ri igortzen zizkion. Gizaraixoak ez zekien aspaldian utzia zuela hark ANAITASUNA. Eta Torrealday-ri bidaltzen bazion, "frailea" zelako bidaltzen zion hain zuzen ere. Hau guztiau, komunismo internazionalaren euskal abangoardila zela, denok marxista borrokatuak omen ginela, iraultzaileen bilkunea eta abar luze bat. Ba dakizu halako kartetan zer esaten dena. Ideologia pixkat, sexu pixkat, eta abertzaletasunaz apur batzurekin, kristoren euskal saltsa deliziosa egiten zuen hark. Haren ustez Torrealday eta Itziar Urtasun amoranteak zirela eta konfesetan egoten ziren denbora guztia. Hortxe nonbait haietako batzu gordeta dauzkat baina ez dugu sekula publikatu; ez izan zezakeen edukiarengatik baizik eta hari gizonari kanpaia jotzeko plazerrik ez ematearren. Bestalde batetik, euskara batuaren etsai trogloditikoek Kintana beti mamutzat hartu dute. Askorentzat Kintana zen errudun nagusiena. Orain zoritxarrez ez dugu kartarik hartzen. Ea bidaltzaile ez ezagun horrek animatzen den eta zer edo zer, baina graziarekin gero..., bidaltzen digun, nire aldetik zin dagit argitaratuko dugula!
F.A.— Orduan ez daukazue etsairik orain?
T.T.— Etsairik ez. "Gure linearekin" ados ez daudenak bai.
F.A.— Baja askorik eduki duzue?
T.T.— Ez. Azken bi urteotan oso gutti. Altak baino guttiago. 77ean baja asko eduki genuen. E.A.J.-ren harpidedun guztiek hartu zuten baja, Kintanak idazten zituen artikuluen aitzakiarekin "Deia, Euskadi" eta hainbeste berripaper argitaratu zutenez, EAJko goikoek ANAITASUNA uzten erabaki zuten eta herriz herri ANAITASUNA gehiago ez hartzeko ordenu hitza pasatu zieten behekoei. ZERUKO ARGIAri berdin gertatu zitzaion.
Behin gogoratzen naiz, Bergarara joan ginela suskrizio batzu kobratzera. Gure kobratzailea guztiz harrituta zegoen. ANAITASUNAko zerrendetan nortzu egon eta BERGARAko UCDko errepresentagarrienak. Gainera batzuk ez zekiten tutik ere ez euskaraz; guzti horiek Frantziskotarrek eginiko suskrizioak ziren.
M.A.— Baja hartu zuten horietako 3%k ere, ez zuen normalean aldizkaria irakurtzen. Euskara zegoelako hartu egiten zen bakarrik. ANAITASUNA hartzeak frankismoren kontrako erresistentzi-ekintza soila suposatzen zuen. Orain ba dago holakoren bat, baina askoz guttiago. Zenbait jendek euskaraz dagoelako hartzen segitzen du baina gero ez du irakurtzen, irakurtzen ez dakite eta. Gainera orduko denboretan erdi dohainik bidaltzen zen ANAITASUNA.
F.A.— Erdi dohainik bidaldu?
T.T.— Askori, oso osorik. Harpidetza asko kobraturik gabe gelditu zen. Begira hemen auzoko asko daukagu eta ba dakizu... Mintzo eder batzuk berehala ikusten dituzten besteren aitzakiak, oso polito eta berbaro elikatzen dira eta halako jarrera intelektual batetik lepotik behera so egiten dizute. Baina gauzak dauden egoeran badaude, kausa batzu eduki beharko dituztela uste dut nik.
Anaitasuna aspaldidanik, nik ezagutzen dudanetik hona behintzat, halako tapagailutzat hartua izan du zenbait politikarik. Ba al dakizu zenbat jende egoten zen ANAITASUNAko nomina barman orain hiruzpalau urte? 11 pertsona, guttienez bai. Denak EHAS-ekoak omen, EHAS-eko liberatuak eta ANAITASUNAz arduratzen ez zirenak, hain zuzen. Eta noski beti bezala, tonto bat edo biren lepora ardura guztia. Lehengoz, Iñurritegi-ri, Kintana-ri, Alvarez-i. Guk ANAITASUNA atzeman genuenean, lehengo arduradun teorikoak 7 milioi zorra zeukala esan zigun. Hor dauzkagu paperak gordeta. Zergatik utzi zen ANAITASUNA horrela? Nork eman zion?, zertarako? Erantzunik gabeko galderak. Beño hariari, garai horretan 6.000 eta piku harpidetzatik erdiak ere ez zuen pagatzen hain abandonu itzelean egon zen etxe hau.
F.A.— Eta orain konpondu al da buruhauste hori?
J.R.E.— Konpondu ez bada ere, konponbidean jarri nahi genuke. Kontuak ia egunera ipinirik daude. Zulorik ez dugu egiten behintzat. Inprimategiei behar bezala ordaintzen zaie. Eta langileei —beste mundukorik ez bada ere garaiz Ordaintzen zaie. Edozertara ere, subsistentziako ekonomia dugula esan behar. Horrela ez da harritzekoa, burubelarri ari diren langileak nekatzea eta dena baztertzeko tentazioa edukitzea.
Nik neuk ez dakit zer demontra pasatzen den euskaldunekin. Alperrak direla —garela— esatera ausartuko naiz. Ene ustez, Euskal Herri euskalduna izan daitekeenik ez dute gehienek uste, eta praktikan euskarazko (euskara hutsezko) prentsaz arduragabeziaz jokatzen dute. Nik ordea, izan daitekeela uste dut, sinesten dut, sinetsi gura dut.
F.A.— ANAITASUNAK ideologi hildorik al du?
T.T.— Ez eta bai. EHAS-ek kontrolatzen zuenean orduan, ez omen zuen, edo bazuen denak poz pozik. Euskadiko Ezkerra eta Herri Batasuna sortu zirenez geroztik ba du. Bai miran! ANAITASUNAK duena zera da, artikuluburua baina ez ideologi hildorik. Ideologi hildorik edukitzeak medio asko suposatzen du. Kazetari bloke bat edo eta hildo edo zentzura bat. ANAITASUNAn ez dago halakorik. Gure kolaboratzaileen artean nahiko ezberdintasun ideologiko dago. Gure artean ere, beti eztabaidatan gaude, zer nahi duzu euskaldunok gaituzu! EREk esaterako, edo PUNTO Y HORA ba dute ideologi hildo zehatza. Denok dakigu zeini dagozkion. ZERUKO ARGIAk ba al du ideologi hildorik? Guk baino guttiago, ez baitute artikulubururik argitaratzen hala ere taktika ideologikoa ba du eta ikusten da. Guri ere ikusten zaigu. Baina hori oso normala da. Gainera ANAITASUNA ez da ez vatikanoa ez EGIN edo DEIA. Azken batez ideologi hildo bat edukitzeak euskal prentsaren garrantzitasuna eta gure pisutasun berezia izatea suposatuko luke baina zoritxarrez Euskarak ez du halakorik eta baldin bageunka edo eta partidu baten adierazpide soil soilak eginen bagenitu erridikulua ere egiten egongo ginateke.
J.R.E.— Zer esanik ez, zerbait ba dugu, beharbada kontzienteegia ez bada ere. Esan iezadazu nork edo nortzuk idazten duten eta esango dizut zer hildo daraman.
Baina argi esan behar dugu, guk ez dugula zentzurarik ezartzen. Gurpil ero bat agertu dela esango nuke. Tendentzia batzutakoek utzi egin diote ANAITASUNAn idazteari. Eta bestelakoek idazterakoan, ba dirudi hori inposatzen dugula. Gu, ostera, idazle berrien zain gaude, edonolakoak direlarik, orain arte idatzi duten guztien lanak gustura hartzen ditugularik. Orain idazteari utzi diotenei dei zabala egin nahi diet, berriro eta lehengo adore berberaz idatz dezaten. Gure irakurleek eskertuko diete, digute.
F.A.— Zuek esango duzue nahi duzuena, baina orain alderdien ordenu hitzik errepikatzen ez baduzue nola konpreni daitekeen zuen Herri Batasunaren aldeko jarrera?
T.T.— Etxe honetan lan egiten dugunok Herri Batasunekoak dituzu, bi publikoki gainera. Ni Herri Batasunakoa naiz baina ez oso katolikoa. Baina hori gure gauza pertsonala da. Ez dut uste nik Jose Ramón Etxebarriak idazten duen guztienetako 5% politikoa denik. Eta hala balitz zer? Hemen ez daukagu zentzurarik. Gainera gauzak senetik ateratzen hasi zara, ene ustez, gehiago konkretatzeko eskatuko nizuke ez bazaizu inportik.
F.A.— Bai, estatutua zela eta, zelan artikulu guztiak estatutuaren kontra eta estatutuaren alde bat ere ez?
T.T.— Hori garbi azaldu genuen neuk publikatu nuen karta ireki batetan. Guk ez genuen estatutuaren alde artikulurik jazo, galde ezaiezu beraz ea zergatik ez zuten bidaldu. Eta hain zail da herri honetan konprenitzea jarrera guztiak ez direla amaitzen Herri Batasunarekin, EAJ-rekin edo eta Euskadiko Ezkerrarekin? Zergatik ez diguzu leporatzen ez dakit nik bada, ANAITASUNAko idazkuntza, anarkista, autonomoa dela? Bekaturen bat egingo al genuke?
F.A.— Nahiko anarkistak ba zarete...
T.T.— Un proletario ha de seguir hasta el fin para ser revolucionario (Lenin).
F.A.— Zer?
T.T.— Bat ere ez.
F.A.— Eraginaren aldetik, eraginik galdu al du ANAITASUNAk?
T.T.— Galdu ez, Gehitu. Begira, Francoren garaian, Franco eta Gobernadore Zibilek ez zuten Anaitasuna irakurtzen. Orain aldiz, Garaikoetxea edo eta Makuaren bulegoetan har dezakezu. Euskal Herri mailan ANAITASUNAk ez du sekula izan eraginik. Horiek guztioiek superjakintsuek burutzen dituzten irudiak dituzu. Herri honetan euskal kasta bat egon da, berdin euskararekin, euskaradunen kasta bat, euskaradunen kasta horretan beti eragina eduki du... ba dakizu, eragin eta egin edo egin eta jan. Gero, euskararen asuntua demokratizatu egin da zorionean, demokratizatu eta desmailakatu ere bai. Horregatik esan ohi da ez duela jadanik edukitzen zuen eragina. Ez benetan, ANAITASUNA gero eta guttiago dagokio euskal aristokraziari, gero eta gehiago herri xeheari, guri bereziki.
F.A.— Baina orduantxe bahitua izan zen behin?
T.T.— Bahitua eta debekatuta ere. Eta orain Iruñeko Aberri-eguna debekatzen dizute. Baina orduko denboratan euskaraz ama birjinari bertsoak ateratzea probokazio bat zen. Ordutik hona gure zapaltzaileek asko ikasi dute.
Millan.— Argitaratzen dituzuen gaiengatik kioskoetan agortzea izan daiteke gure eraginaren froga bat. Azken aleak ia denak agortzen dira. Azken gabonetako ale berezia batipat. Horixe duzu eragina edukitzea. Gainerako beste lelo honetan ez gaituzu interesaturik.
F.A.— Orduan lehengo denbora zaharrak lohietara botatzen al dituzue?
T.T.— Ez dago ANAITASUNA bat. Komenigarria da hau guztiau nire eritzia dela. Hala ere nik neure aldetik gauzok bereiztu behar direla uste dut. Gure santuei esker, Euskal Herri honetan jende askok euskara idazten eta berba egiten ikasi du. Haien ardura, lana, sakrifizioa, eta abar horiengatik, euskal literatura, euskara hitz guttitan aurreratu egin da. Nik ez dut pikutara bidaltzen eta ohore naiz, nola ez, Arestiz, Villasantez, Mitxelenaz, Txilardegiz, Kintanaz, Lizundiaz, Santamariaz, Gereñoz, Berriatuaz eta abar luze guzti horretaz. Horiei esker, gazte eta hain gazte ez den hainbatek euskara ikasi eta idatzi egiten du. Hori garbi dago. Baina gero euskal prentsari eta abar luze bati buruzko eritzi ezberdinak dituzunez denak errespetagarriak ba dira ere, batzurekin konforme egongo zarete eta ez horiek guztioiekin. ANAITASUNARI bagagozkio, askoz baliotsuagoak dira enetzat gure irakurlego "apalaren" eritziak.
F.A.— Eta euskal kazetaritza, etorkizunik al du?
T.T.— Kazetaritza ez da literatura edo eta filosofiaz edo erlijioz soilik eta nagusiki aritzea. Euskara etorkizunarik izanez gero, kazetaritza ere bai. ANAITASUNAren lehenbiziko betekizuna ez da jadanik euskal ortografiaren edo joskeraren eskola izan behar, ez da mundu osoan zehar euskaraz hobe idatzita dagoen aldizkari bakarra, ez da mila zuzentzaile eta inolako kazetaririk duen errebista bat. Denbora guzti haiek nahiko joanda zaizkigu. Alde batetik damu dugu baina bestetik poztu egiten gara eta poztu zeren eta aurrera bagoaz, milarik ez badugu ere, zuzentzaile eta kazetari ugari edukiko baitugu.
F.A.— Eta kazetaririk baduzue?
M.A.— Karnetarekin eta guzi oso gutti. Ia bat edo bi. Baina pixkanaka ANAITASUNAk zer izan behar duen gero eta gehiago konprenitzen dute gure kolaboratzaileek. Hala ere, gure artikuluak, saioak izaten dira eskuharki. Noizbehinka erreportaiaren bat, elkarrikuska bi eta horrela. Dauzkagun medioekin gehiegi eskatzea litzateke.
Jende askok pentsa dezake eta pentsatu egiten du hala ere, oso ongi eta inolako faltarik gabe idatzi behar duela ANAITASUNArekin kolaboratzeko.
Eta jende asko ez da ausartzen. Eta benetan, deia egiten diot nik hainbeste jenderi gurekin kolabora dezaten, ausart dadila jendea gurekin elkar lanean aritzeko, lanak eta eguneroko lanak sortzen baitu lanbidea, eratzen baitu profesionaria.
F.A.— Eta zergatik aldizkariaren atzerapena.
T.T.— Koordinaketa falta batzutan. Denbora falta, guttietan. Maizetan arazo teknikoak edo diru falta. Dirurik asko edo dexente bagenu ez litzateke atzeratuko. Moldiztegian ANAITASUNA baino garrantzitsuagoa den zer edo zer egiteko beti beti daukate eta. Gu azken deituak izaten gara.
F.A.— Eta zein da bakoitzaren funtzioa?
J.R.E.— Oso egitura sinplea dugu. Jonek eta Asenek administrazioko lana daramate. Kobraketak egiteaz arduratzeaz gainera, iragarkiak kontratatzeaz ere arduratzen dira. Horretarako zenbait laguntzaile hartzen dituzte. Tomasek eta Millanek erredakzioko lan nagusia daramate. Artikuluak biltzea, ordenatzea, zuzentzea,... artikuluak idatzi era egiten dituzte. Maketaziorako Ramon Zumalabek laguntzen digu, Ttua taldeak azalak eta zenbait irudi egiten dituelarik. Idazleak frankotiradore direla esango nuke. Orain ez ditut hemen aipatuko, baina horik gabe ezin gintezke bizi. Bukatzeko, ni neu nago koordinatzaile bezala edo.
M.A.— Ene eginkizuna zein den? Adarra jotzeaz, ixtorio gordinak kondatzeaz eta abarrez, bestalde, zenbait artikulu edo artikuluxka egitea, erdara saindutik euskaratzea, hiltzen zaizkigun artikuluak eta berauek makinaz pasatutakoan zuzentzea ditut zereginak. Hala ere, eskuarki denetariko lanak egiten ditugu, elkarren laguntzaile eta lankide gara, etxe alu hontan den-dena egitekoz baitago.
T.T.— Idazkuntza batena litzateke. Gutti garelako betekizun asko daukazu, nahastakeria. Baina ANAITASUNA ez gara gu bakarrik. ANAITASUNA bereziki, idazleak dira, idazlerik gabe, bapo ANAITASUNA; ANAITASUNA Itziar, Maria Asun Landak, Borjak, Entziondok, Zabaletak, Sendagortak, Bixerrek, Santistebanek, Agirrebaltzategik, Txillardegik. M.J. Estebanek, Eguskitzak, Ramon Zumalabek, Ttua taldekoek, Xabi, Amaia etab etab luze batek osatzen du.
F.A.— Eta Joserraren funtzioa?
T.T.— Horren funtzio printzipalena denok animatzea da. Ni neurez pesimista itzela nauzu. Joserrak dakartzazu hona etorkizuna hobearen ikuspegia eta euskal kokainazko injekzioak.
J.R.E.— Egia esan, ez dut lan handirik egiten. Artikuluak eskatu eta bildu, idazle berriak animatu, problemak bai erredatziokoekin eta bai administraziokoekin eztabaidatu eta zerbait idatzi. Horrelako sinplea da gure etxea.
F.A.— Ikusten dudanez, elkarrikuska hau luzegia atera zaigu. Zuen betiko letra zopa, ea nola maketatzen duzuen, ezer gehiagorik gehi bazenute, badakizue libre zaretela erantzuteko.
T.T.— Guk daukagu boterea hemen gustatu ez zaiguna moztuko dugu, ja,ja! Beitu, hemen dator gure maketatzailea, horrek esango dizu, horrek.
F.A.— Ze kristo gertatu zaio gizaixoari? Istripuren bat?
R.Z.— "Como salió en una revista anterior tuve un accidente y me llevaron a Cruces para ponérmela dura, ahora la tengo dura permanente como cualquiera del ayuntamiento". (1)
F.A.— Ikusten denez gizaraixo horrek ez daki euskara. Gizaraixoa! Gogorra ba du bai, hanka gogorra zeren eta igeltsu batetan sartuta dauka.
R.Z.— Por si acaso, mi telefono es 00311 Una de las ventajas que tiene el euskara es que abulta menos que el erdara. Aunque sois unos rollazos de texto me tenéis hasta los test y culos. (2).
1) Lehengo aldizkari batetan atera zenez, istripu bat eduki nuen eta Kurutzetara eraman, eta, bertan guztiz gogortu zitzaidan. Orain gogor gogorra daukat Udal etxeko edonor bezala.
2) Ba ez bada, nire telefonoa hauxe duzue 00311. Euskarak duen abantailenetako bat zera da, erdara baino espazio guttiago hartzen du. Gaien aldetik nahiko takelak ba zarete ere, barrabiletarainoxe naukazue.
Gaiak. Gizartea
Onerako edo txarrerako noizean behin Euskararen etorkizunaz galdezka etortzea zenbait euskalduni ohitura bihurtzen ari zaigu. Eta gisa da, honi buruz dena esanda ez dagoenez gero. Errealitatea aldakorra da eta, era batetako edo bestetako ikuspegiak onartzera bultzatzen gaitu.
Gauko gurea larria da: Autonomi Estatutoaren ondoko eta Euskal Gobernuko urte hauetanxe erabakiko da gure hizkuntzarena. Edo egintarien eta euskaldun bizi nahi dukeen euskaldungoaren arteko indarren orekan. Lehenengoei bagagozkie, baikorra izateko arrazoirik ez dago, nabaria bait da, izan, gaurko politikero gehienek (biharko egunean herriaren ordezkariek, halegia) kasurik hoberenean Euskara edergailutzat jotzen dutela. Txarrenean, eragozpentzat edo politikagatik irri goxoa erakutsi behar zaion etsaia. Gaurko hautagai erdaldun "abertzale"ak, "Parlamento vasco"an beren ipurmamiak ezarri eta, euskalzale sutsuak bihurturik, Euskaraz hasiko zaizkigu? Edo delako "presión lingüística" hitzetik hortzera, mitinetan bezalaxe jarraituko?
Bigarrenari dagokionez, hots herriarengandik Euskararen aldeko sor daiteken indarrari, jadanik ezaguna den "Euskal Herrian Euskaraz" Elkartearen historia llaburra oso adierazkorra zaigula aitor beharrean nago. Euskal Herriko alderdian euskaltzaletasun ezak sortu duela esan daiteke hein batetan, hots erakunde hori osatzen dugunok geure agintari eta politikoengan konfidantzaren izpirik bageneuka ez zatekeela jaio. Eta ez da guttigorako zeren abertzaleak gehiengoa osatzen duteneko erakundeetan (Udalbatzetan esate baterako) Euskararen erabilpena Frankopean ia bezain zapalduta dago.
Egoera honelakoxea da. Hala ta guztiz ere Euskal Herrian Euskaraz Elkarteek ez dute Bizkaian opa genien arrakasta izan. Zergatik? Konturatze falta? Euskalduntasun falta?
Hori bai, gero eta argiago dakusat lagun asko zorioneko "Decreto de Bilingüismo" hartaz hasi zela.
Hezkuntzaren munduan gabiltzanok, kontzienzia batzu baretzegatik ere, ez duela ezer konponduko ba dakigu. Areago, T. Trifoli eta Mikel Kalzakortari arrazoia emanez, erdal eta ez hain erdal lurraldetako Ikastoletan ikasten den hizkuntzak Euskararekin oso antz eskasa duela ere bai. "Euskal Telebista bageneuka...!" zko hasperena entzuten da nonnahi, "300 millones" ikusteko daukaguna (daukatena hobe esan) piztuaz... Ba dago baina, geroko Euskal Telebista batetan oso itxaropen goibela duenik; nerau esate baterako. Delako Euskal Telebista hortan berriak Euskaraz ikusi ordez "Chomin del Regato" eta aiza ager daitezenean, nola jokatu, zer egingo dute Udalbatzen erdal inperialismoaren aurka protestatzera ausartzen ez diren euskaldunek?
Ez, ez dezagun geure burua engaina: Euskal Herriko euskaldunok ehunetik hogeita lau edo bagara, haietako erdi bat guttienez ez du Euskararen aurkako. zapalkuntzaren aurka borrokatzen. Hau honela delarik, hara nire galdera: gainontzeko ehuneko hamarrok "bilinguismoa" gainditzeko gauza izango gara? Bai: bilingüismo, elebitasuna da Euskararen min-bizia. Zorioneko Elebitasun honen izenean Euskara eta Erdara, David eta Goliat, ardia eta otsoa eskutik dabiltza, bigarrena lehengoari musuka hasiko balitzaion bezala, jan egin beharrean.
Ba zen egon naizeneko ikastola batetan bere haurrari ikastolakoekin izan ezik beste inorekin ibiltzen uzten ez zaion aita bat. Erdaraz hitz egin ez zezan, noski.
Hobe zukeen Euskaraz ikasi balu aita hark Orduan bere semeak ikastolako lagunekin zerabilen hizkuntza Gaztelera zela Jakingo zukeen.
Gainera zein hizkuntzataz arituko ziren "La guerra de las Galaxias" eta "La abeja maya" erdaldunak izanez gero? Telebista eta zinema kendu ote zizkion gixajoari?
Ez; hori ez. Ez zen ordea euskalduna bere ez izango.
Eta hauxe da gure problema: pertsona bakar batengan elebitasuna posible ez dela. Erdal zinemara joan, erdal Telebista ikus eta entzun, ikasketak Erderaz egin... eta euskalduna izan ezina da. Azkenez erdaldundu egiten da. Nolabait esateko euskalduntasuna praxian datza.
Irtenbidea? Zinema, telebista, ikasketak, bizitza euskaldundu egin behar ditugula. Ahal izanez gero "erantsiko nuke nik, zeren ozta-ozta beren etxeak euskalduntzea lortu duiturten euskaldunak gizarte osoa euskalduntzeko gauza izango dira.
Honela jokatu dugu ba euskaldun zentzudun guztiok orain arte. Eta ez alferrik: hor daude UEU, Uzei, Ikastolak ber akatsak eta guzti.
Ordua da baina geure buruari galdetzeko honela jokatzean ez ote ditugun arraultze guztiak saski bakar batetan gorde egin, ingelestarrek lioketenez.
Ondo azter dezagun: saski bakar arraultze guztiak kokatzeak badu bere alde ona, arraultzeak non dauden jakitearena halegia. Baina arriskugarria da era berean, zeren, saskia erori eta zelan.
Hau dela eta ez dut uste nik arraultze guztiak saski bakarrean jarri behar direnik.
Aukera baten baino gehiagoren jabe izan behar delako alde batetik; etsaiari informaziorik eman behar ez zaiolako bestetik, bide berriak saiatu behar direlakoen nago. Hortarako hain zuzen "Anaitasuna"k tribuna publikoa eskein dezake, ea zenbat eta nolako irtenbideak asma ditzakegun denon artean.
Norberak berea ematera bultzatze arren hona hemen nirea:
Bizkaiko komunitate batetan egon nintzen orain dela hamabostaldi bat, egun pasa edo. Ez dut ez izenik aipatzeko baimenik. Senar-emazte bere hiru seme-alabekin, beste mutil bat eta bi neska direla jakitea aski bekigu. Erlijioak elkartzen ditu. Indarkeriaren aurkakoak dira eta ez darabilte ez tabakorik ez ardorik ez indar elektrikorik. Baratzatik, ehungintzatik, eskulanetatik bizi dira, Telebistarik gabeko bake zoragarrian. Larunbat-igandeetan mundu zabaleko dantzetan libertitzen dira eta egunero egiten dituzte otoitz eta gogartea.
Beraiek diotenez ez dute gure zibilizazioaren abantailen falta nabaritzen. Benetan nork amestuko luke "La casa de la pradera"z etxea belardi eta larreten artea kokatzen bada? Eta zer kaskar geratzen diren zibilizazio kontsumatzaile honen gozapenak haien kantu eta dantza ederren aldean!
Erdaldunak dira baina.
Horiek bezainbeste geure nortasuna eta hizkuntza defenditzeko egin bageneza, zer?
Euskara, besterik ez lukete entzungo halako komunitate bateko umeek. Ez lirakete erdal munduaz gozatu nahi duten euskaldunek ezinbestekotzat jotzen dute Gazteleraren jabe inoiz bihurtuko. "Elebitasuna"ren arriskurik ez legoke, Komunitatean bizi izateko Euskaraz soilki ari izateko baldintza jarriz gero. Euskaldunak gutiengo, minoria direlako aitzakiaz ez lirakete zapalduak. Eta orain ba, halabeharrez edo gakoa agertu zaigula: euskaldunok gehiengo edo maioria izan gaitezkeeneko giroetan bizi behar dugu. Bestela zapalduta jarraituko dugu... hil arte.
Itzul gaitezen ba deskribatu dizuedan Euskal Arkadia horretara. Komunitate batez osatua izan beharrean, askoz baledi, gero eta aberatsagoagoak izango lirakete bere dantzak, musikak eta kultur adierazbideak. Eta bizitza bera euskal dunagoa.
"Ghettoa proposatzen diguzu" erasango didazue.
Ez dakit nik. Ez naute ni izenek beldurtzen. Errealitateak bai. Eta errealitateak erdal kulturak euskalduna laguntzen duen guztietan jan egiten duela erakusten dit. norberaren indarrak neurtu behar dituela bakoitzak lagun koskorrek lagunduta irten baino lehenago. Hurrengo arte.
Borja Barandiaran
Gaiak. Literatura
Olerkiliburua bat hartzen denean eta astiro irakurtzen, filme on bat eta zirraragarria ikusten denean bezala, inguru errealetik kanpo ateratzen gaituen arte-obra batez gozatu garenean, sortu zaizkigun sendimenduak eta geure buruari hauteman dizkiogun zentzazioak apur bat lausotu eta apaldu orduko, nork bere buruari, nik neure buruari, itaundu ohi dio zer ote den giza-edo emakume horrek erran nahi ukan diguna.
Amaiaren liburua, hirugarren liburua, "Nere paradisuetan" eskuartean edukita, amaiera alderantz heltzen delarik erantzuna aurkitzen dugu, ez duenak nahi eta nahi ez benetakoa izan behar:
Arratsaldeko
seiretatik aurrera
idazten duen
poeta bat naiz ni.
Nihilismo erromantikoa da
nere gaia.
Agian hala dateke, nihilismo erromantikoa. Martin Ugaldek hitzaurrean, berriz, ematasunaren garrasi bakartia dela dio. Hala dateke ere. Emakume batek maitasunaz egindako gogoetak, amodioaz zeredozertxo baino gehiago dakien emakumeak eginiko gogoetak ematen dituzte poemok. Poema bakun, labur eta hizkuntza errazeko, halaz ere erritmo ikaragarri batez hornituak eta guztiz xarmant, gehienetan ere amorru izugarriaz idatziak. Emakume batek idatziriko amodiozko poemak, hain gauza zahar eta haatik hain berri, eta Amaia
Lasak egin dituen moduan, hain hunki hunkigarri eta gogaberak. Has egileak eta beraren boltsa handiak derabiltzen elkarrizketatik, eta airen kontrako isekaz aurrera:
Arra eta emea
gizarte hontan
Inoiz?
ulertu ez diren
bi pertsona.
emakumetzat bere burua ikusteraino eta beraren ekintzaren hutsala somatu arte:
Ene paradisuetan
zuhaitz asko debekatuak daude
paradisu guztietatik
jaurtikia izan naiz,
borroka guzietan
sartzen naiz,
ifernu guztiak irabazirik.
Eta ez da gero beldurtzen emakumeen arteko amodioa goratzen duenean arreekiko esperientzia latzak direla zio eta alakuntza, nonbait.
Poemaño ederrak, beraz, xinple, hantusteriarik gabeko eta imajinetan ere ez lar, baina erabilitakoetan zehatz (begira Kaspio Itsasoari eskainitako bertsoa), egian lantzean behin arrunt, oso guttitan baina, eta liburu osoan zehar indarrez eta herraz. Politak, bestalde, Rosa Valverdek liburuari jarri dizkion marrazkiak, bakan eta erakargarri, obratxoari zertasun bat ematen diotenak aski atsegin izanda lortutako osotasuna Amaia euskal idazleetan emakume bakarretarikoa dugu, ez horregatik, baina, maila apaleko; arras bestela, hizkuntzaren jabea, sendimendu gaitzen eroale eta adierazle, eta oroz gainetik, indar ikaragarriko delarik ere, laztantasunez agortezina. Eta hau diot, liburu osoari darion xarmagatik, darion ezin defini daitekeen halako sorgindura eta lilura ederragatik, inoiz arnasgabeko uzten hauen siratsa.
Oso liburu laburra izanik, obra guti horietako bat, gauza berri bat da euskal literaturan; berri hain gutxitan erabili den erotismoaz parrastaka baliatzen delako eta berri ere emakume batek emakumeen alde egin oihu bat delako, beste edozein tokitan baino botere gehiago ukan arren, eta kanpotik ibili den edonork soma zezakeen hori, ez delako falta gure artean arrismo edo eta matxismo horren aztarnarik. Erotismoa lehenik, Etxepare eta Miranderen ostean bera delako horretaz baliatu den euskal poeta bakarretarikoa, finki eta zuzenik eta beti atsegin, murritzaldi mentalik gabeko, behaztoporik gabeko eta libre. Eta horretan behinik behin ez da inoiz arrunt eta gustugabeko gertatzen. Emakumeak bigarrenik, emakumea izanda gizon askoz, nonbait, leporaino dagoelako eta aserik; eta hor ba da gogorra gero. Edozelan ere irakurtzeak merezi duen lana, oso dotore, Euskal Argitaletxeak publikatua.
Eta betiko legez, iruzkin xume honi giltzea emateko, hona hemen nire gustuko liburuaren olerkirik ederrena:
Gauero desleial izanen nauzu, mugarik gabeko udazken gorritsu hartan maitasuna ukatearekin gaua erakutsi zenidalako, ni argiaren maitale nintzenari.
Luzaroko denbora iragan zuen Izadurrek, amodiozko dantzan.
Hainbat ordu.
Ttanttaka, ttanttaka, emeki, emeki, bere ametasuna isuri zuen, itsasoak jotzen zuen bazter guztietan.
Egun batean, udarako arratsalde batean, Izadur, askotan bezala, harkaitzak osatzen zuten xoko gozo hartara joan zen; bertan etzan eta egun eta betirako itsasoari so geratu zen.
Bere buruaz beste egin zuen, udarako arratsalde batean eguzkia itsasoan sartzen zen mementuan.
Baserritarrek erakutsi zidatena. Euskal Herriko Nekazarien Elkartea
Goiz zen oraindik, eta baserritarrek Tolosako Leidor zinemaren ateetan itxoiten zuten.
Hamarretan gutxi gora behera, ateak iriki ziren eta pixkanaka pixkanaka baserritarrak hasi ziren esertzen.
Pantailaren aurrean mahai luze bat zegoen, eta bere ondoan txartel batzuk euskeraz idatzita: "Baserrian jarraitu nahi dugu", "E.H.N.E. zabaldu baserritarrak indartzeko", eta ikurriña txiki baten ondoan sindikatoaren izena "Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna".
Mahaiaren atzean eserita elkartasunaren ordezkari garrantzitsuenak Dorrontsoro, Lekuona, Odria... eta publikoaren eserlekuetan buru txapeldun asko, besterik ez.
Martxoaren 23an, Tolosan ospatzen zen hilera hontan, E.H.N.E.ren II. batzarre nazionala zen. Bilera honen bidez, baserritarrek dauzkaten arazo haundiak hasi nintzen pixka bat gehiago ulertzen.
Bere prolematika latzarekin batera. bere nortasuna, eta bere berezitasunak azaldu ziren bere mingostasun osoarekin, nire begien aurrean.
Batzarrea, haien prolematika bezain luzea egin zen, bainan hala ere oso atsegina "iruditu zitzaidan".
Haien mingainetik ez nuen hitz bat erderaz entzun, eta lau ordutako bilera izan zen. Haien ahoetan herri zahar baten jakinduria osoa aurkitu nuen; Jakinduria bat maltzurkeriarik gabe, guzurrik gabe... Haien hitzekin, bizitzaren ezaguerak hitzegiten zuen.
Batzarre hontan ikasgaia handi bat erakutsi zidaten baserritarrek: "Euskeraren erabilera. bakarrik euskaldunen borontatean datza", eta ez kalean erabiltzen diren teoria progre eta superiraultzaile hoietan. Jelkidismoa, marxismo-leninismoa, trostkismoa, maoismoa, eta nik ez dakit zenbat "ismo" gehiago; Hitz asko, eta bakoitza bere arrazoiekin, bere egiarekin, baina progresiaren ahoan jarriak, hitzak, besterik ez dira. Eta gehienetan (beti ez esateagatik) erderaz eta erdararen alde.
"Por un bilingüismo eficaz en una Euzkadi independiente y socialista", "Gora Euskadi euskalduna". "El euskera es el idioma nacional de Euzkadi". "El euskera tiene derecho a una escolarización efectiva"... Noski baietz, baina ez bakarrik alderdi eta buruzagi politikoen hitzaldietan, geure kale, lantegi, eskola eta etxeetan baizik.
Superteoria hoiekin ez dugu ezer egiten eguneroko praktikan ez badugu jartzen.
Euskal alderdiek gauza franko erraten dute haien mitinetan euskararen alde, baina ordua iristen denean, gehienetan erdaraz entzuten diegu. Hor gelditzen dira, beren asmo eta helburu guztiak.
Baserritarrek ez dute hortaz sekulan ezer esaten, ez dute hortaz txisturik gastatzen, baina euskara beti dago bizia haien mingainetan. Hori da teoria onena, praktikan jartzen dena.
Benetako harrituta gelditu nintzen ere, haien artean daukaten errespetua ikustean. Ez zen ez da txistu ohiu bat entzuten, Lazkaotxiki, Agirre, Koxme Lizaso eta Telleriak bota zizkiguten bertsoak, egitan mundu hontako edertasunez jantzita. iruditu zitzaizkidan. Hontaz ez dakit ezer baina segur nago ez zutela pezeta bat kobratu, eta bertsolari horiek bai herrikoiak direla.
Azkenean eta bukatzeko. euskal komunikabiderik ikusi ez nuela aipatu nahi nuke.
Minialderdi edo minitaldetxo batek egiten du bileratxo bat eta hor daude egunkari, aldizkari, eta irratiak, bainan ikusten denez nekazariek egiten dituzten ekintzak, ez dute ezer eta inorentzat ere balio.
Bainan ze arraio, baserritarrek gaurko gizartean lekurik ez ahal daukate?
Karlos Barrentsoro
Gaiak. Literatura
Malcolm Lowry labirintoan. Epitafio batentzako izena
Malcom Lowry
Boweryko defuntua
Haren hizlaua loratsua zen,
Eta batzutan hasarre egiten zuen.
Bizi egin zen, gauez, eta edan, egunez.
Eta ukelelea joaz hil zen.
"Epitafioa" izeneko Malcolm Lowryren poema tipi hau hasieran ipiniz uste dut presentazio bitxia egiten dugula. Honez gain, esan behar da Malcolm Lowry dela mende honetako nobela handienetariko baten egilea, "Under the Volcano" delakoarena alegia. Eta nobela handi honekin batera beste ainitz gauza idatzi dituela, gehienak postumoak izan direla, eta hauen artean ipuinek eta poemek batez ere, mundu literario harrigarri eta hunkigarri bat sortzen dutela, mundu bikain bat non bizitza edertasunaren eta heriotzaren artea hatzematen bait da.
Malcolm Lowry irakurtzen badugu laster ohartzen gara haren lengoaiaren oparotasunaz eta lengoaia oparo horrek sortzen duen mundu hunkigarri eta koloretsuaz, bizitzaren idurikoa ezik bizitzaren ordezkoa izan nahi duelarik. Malcolm Lowryren nobelak ematen digun mundua jadanik barrokoek emana zigutenaren gisakoa da, zentzuak nagusi direneko mundu oniriko bat alegia.
Baina, esan dudanez, ez bizitzaren idurikoa baizik eta ordezkoa. Malcolm Lowryren munduan eguzki eta enara egunak kausi ditzakezu, euria dakarten hodei beltzen azpian itsasoko uhainen aparra hegatsez, atertu ondoren oihanean ikus dezakezu esperantzaren bat loratzen zilarrezko errainu batek zeharkatua, eta saguzahar eritu bat goiz horian.
Arratsaldeetako behelaino gorriskak ere idoroko dituzu ibarretan zabaltzen, baina orduan entzungo dituzun arnas hestuak ez duzu jakingo maitaleenak edo hilzorikoenak diren, eta haurrak ikusiko dituzu noizbait zeure hilarria lantzen eta esku tipiez hanxe zeure izena eskribitzen, eta, honela, konturatuko zara isiltasunera, erotasunera eta heriotzera kondenaturik zaudela labyrintho gaitzean.
Ezen suntsidurazko sendimendu hau Malcolm Lowryren azken pintzelada eta pintzeladarik gogorrena bait da bere idazlan guzietan, izan ere literatura bizimodutzat hartzen zuelarik bazekien ez zuela bizitzan bezala literaturan ere salbaziorik idoroko. Eta, honetaz, Malcolm Lowry nobelagile eta idazle deitu ohi den arren, esan behar da ez duela, darabilen tresneriaz aparte, zerikusirik ez antzik idazletzat hartzen den arketipoarekin. Izan ere, Malcolm Lowryren literatura bizitza hondatuaren botika moduko zeozer da edo, areago, eldarnioa.
Biografia tipi antzera
Malcolm Lowry 1909ko uztailaren 28an sortu zen Birkenhead, Cheshire, Inglaterran. Kotoi merkatari familiakoa zenez gero oztopoak izanen zituen gero bizimodu erosoa utzi eta ogibidetzat literatura hautatu zuenean. Bestalde, 10 urtetatik 14 urtetara itsua izan zen, iritasun iragankor bategatik. Gero, Cambridgen ikasi zuen, bere gurasoak pozteko moduan, baina ez luzarorako. 18 urte zituela itsasoratu egin zen, kargero batetan, Sortaldeko abenturarantz abiatzeko, eta geroztik mundu zabaleko ziudadanoa izanen zen.
Baina ez Joseph Conrad-en pertsonaien antzera, baizik eta ohorea begiratu gabe, Antillasetako burdeletan ukelelea joaz edota Bostongo espaloietan horditua eta etzanik egunsenti urdinei begira. Ikasketak amaitu ondoren Iparraldeko itsasoetara abiatu zen eta hanxe idatzi zuen bere lehen nobela, eskuiskribua etxea erre zitzaionean galduko zen arren.
1933ko abenduan ezkondu egin zen Parisen, Jan Gabriel aktoresa gaztearekin. Eta 1938ra arte iraunen zuten elkarrekin, ezen urte honetan, Mexikon, emazteak hautatzeko eman bait zion: bera ala alkohola. Eta nobelagileak ez zuen hautatu, zer hautatu ez zuelako, eta emazteak alde egin zion.
Beraz, 1936an "Under the Volcano" idazten hasi zen Mexikon, eta emazteak utzi ondoren Los Angelesera joan zen bizitzen, Hollywood non gidoiak prestatzen lan egin bait zuen. Hemen moldatu zituen gidoien artean "Tender in the Night" egin zuen, Scott Fitzgeraldt beste alkoholiko printzipalaren nobela.
1939an Vancouver hirira heldu zen, eta, hurrengo urtean, berriro ezkondu Margerie Bonner idazlearekin, zeinek ez bait zion sekula alkoholaren eta maitasunaren artean aukeratzeko eskatu. Kanadako sartaldean bizi izan ziren, horditu eta idatziz.
"Under the Volcano" nobelaren laugarren bertsioa —ezen aurreko beste hiru edo editoreek onartu ez edo galdu egin bait zituen— amaitu zuenean Mexikora Joan ziren. Mexikon gertaera kafkiano batzuren biktima izan ondoren bota egin zituen poliziak. Hemendik, Europara abiatu ziren, eta "Under the Volcano" argitaratu zen, aldiberean New York eta Londresen 1946an.
Malcolm Lowry, jadanik famatua, Europan bizi izan zen, aspaldian bezala, idatziz eta hordituz. Sussex, Inglaterra hartu zuen bizilekutzat eta hemen hil zen —azken mozkorraldiaren ondoren— 1975ko ekainaren 27an.
Bizitzaren eta literaturaren labyrinthoan
Hil ondoren gehitu egin zen Malcolm Lowryrekiko estima, ohi denez. Idazlan postumoak argitaratu ziren, erre izan ez zirenak, galdu izan ez zirenak bederen: narrazioak, poemak eta gutunak. Literaturaren Olympora igan eta aztertua ere izan da, esate baterako Perle Epstein iparamerikarrak "The private Labyrinth of Malcolm Lowry" deritzan saiakera argitaratu bait du.
"Under the Volcano" da, edozelan ere, Malcolm Lowry ezagutzeko obrarik funtsezkoena eta argigarriena. Nobela honetan da bere obra guzia, eta bizimodua ere. Beste narrazioek obra handi honen eransgarriak dirudite, poemak nobela honentzako glosak direla dirudi, eta idazlearen bizitza ere autobiografia bailitzan atzeman ahal da nobela xarmangarri honetan.
Hain zuzen ere, bizimodua eta nobela bildu egiten ditu Malcolm Lowryk. Nobelagintza bizitzagintzaren heinean sortzen da, hau da, bizi hala idazten da nobela, idazlearen bizilekua eta mundua bere nobela delako. Hauxe da "Under the Volcano" nobela honen funtsa, bizitza norberak idazten diharduen nobela izatea, eta honela iristen da Malcolm Lowry halako metafisika literario batetara.
Bada, Malcolm Lowryk bizimodutzat hartzen zuen literatura, baina jakinik ez bizitzan bertan ez literaturako bizitzan ez zuela salbaziorik kausituko. Eta, orduan, literatura herbesteratzearen antzerakoa da, hots, atzerrirabide amaigabe bat, labyrintho gisakoa, labyrinthoa non sartzen diren gerlariak, poetak eta beste abenturagileak, amaierarik ez edota amaieran isiltasuna, heriotza eta erotasuna kausitzeko. Labyrintho honetan irteerarik ez, bizimodu merkatarira itzultzea saldu, eta irteera hau are eta urriagoa, Hau da, bada, Malcolm Lowryren mundu da, edo labyrinthoa eta —poema batetan dioenez— gartzela, zeinetan gauza ederrenei ere funtsezko gabezia eta suntsidura bait darie.
Lurralde argitsuak, bai, baina barnean etsipenez nahiz koloretsu azalduriko hutsalak eta kondenak. Ameriketan eta Europan, lehorrean eta itsasoetan barrena abiatuko da Malcolm Lowry, paradisu zoriontsuak bilatzeko lehian, bere infernu pribatuak itzalaren antzera darraiola.
Orduan, herabea izanen da. "Liverpooleko kaleok, egin ezazue nigar nigatik!" oihukatuko du etsipenez. Eta arrakastaren tenorean ere, "Under the Volcano" argitaratu ondoren ospearen musu traidorea senditzen duenean eta onartu gabe sufritzen duenean, idatzi egiten du arrakasta kondenazioa dela, erakutsi egiten bait du hain gauza urri batentzako bakarrik lan egin duzula hainbeste. Eta bere benetako patua onarturik, ospearen musu traidorea senditzerakoan, ainhenaka esaten du labyrintheko nobelagileak, tekila trago bat edan orduko: "Aineza betirako ilunpetan geratu, hondatu eta frakasatua".
Joseba Sarrionandia
Pentsatzen gelditzeko astirik gabe
Hurrengo tragua da esperantza bakarra.
Laket bazaizu, paseatu egin dezakezu,
Pentsatzen gelditzeko astirik gabe,
Hurrengo tragua da esperantza bakarra.
Alferrik zalantza mugan,
Alferra baino txarragoa mintzatze guzi hau.
Hurrengo tragua da esperantza bakarra.
Laket bazaizu, paseatu egin dezakezu.
Poema bakana
Bihotzik gabeko gizon bat ezagutu nuen:
Haurrek atera izan omen zeraukoten,
Eta otso goseti bati eman
Zeinak hartu eta ihes egin bait zuen.
Eta ihes egin zuten haurrek, heuren ugazabak, ere,
Oso hurruti abiatu zen piztia,
Eta haren atzetik, persekuzio berezia,
Bihotzik gabeko gizonak zalantzan zirauen.
Lehengo egunean ezagutu nuen gizon hau
Harrotasun groteskoa paseatzen.
Bere bihotza berriztatua, aurpegiera alaia,
Otso amultsua bere alboan.
Malcolm Lowry
Gaiak. Gizartea
Demokrazia edo fazismo onhartuta?
Paul Goodman-ek zioen bezala, gaurko demokrazietan dagoen ezintasunaren sentimentuak, fazismoarantz eramaten gaitu. Baina fazismo hori ez da, ezagutu ditugun fazismo historikoen erakoa. Demokrazien aurka jeiki ordez, instituzio eta gizarte demokratikoa deuseztatu ordez, demokraziarekin nahastatzen da, iturri berdinetatik hasirik.
Onerako edo txarrerako noizen Euskararen etorkizunak galdezka etortzea zenbait euskalduni ohitura bihurtzen ari zaigu. Eta gisa da, honi buruz dena esanda ez dagoenez gero. Errealitatea aldakorra da eta, era batetako edo bestetako ikuspegiak onartzera bultzatzen gaitu.
Hauteskundeetatik datorkigun sistema demokratikoa apurka apurka onartzen dugun fazismo moeta batean bilakatzen zaigu. Bilakabide horren lehen pausua, Bernard Vincent-ek dioskun bezala, Maurice Duverger-ek definitu zuen oso argi: mendebaldeko demokraziak, monarkia republikanoetan bihurtu dira. Itsuak ez ba gara, erraza da konturatzea, gaurko politikoek eta hautatuak diren herriaren ordezkariek ze botere izugarri batu dute beren eskuetan. Boterearen bilketa eta zentralizapen hori, historian izan diren tirano eta diktatore handienek ere ez dute ezagutu, ez dute lortu. Gaur egun ikusten dugun bezala, lehendakari batek edo Estatuko gizon batek, edozerez erabaki dezake, populuaren baimenarekin gainera, norabide bateko erabakiketa bada. Hots, zentralismoaren bidekoa bada, giza bakearen bidekoa bada eta produkzioaren handiketaren bidekoa bada.
Gidari politiko modernoak, mass media-k lagundurik, sinadura batez edo erabaki batez, herri oso baten etorkizuna konprometi dezake, gerla batera abiatu herri osoari, eta hau da txarrena, herriko jendeari zoratzen eta atzetik eramaten, prozesu guztian parte hartu ezin arren.
Demokrazia den sistema politikoa, hauteskundeetan inarritzen da, hots, herriaren nahimenaren erakusketetan. Sistema honek, mendebaldeko gizarteetan aktu politikorik garrantzitsuena da, mentema proletarioarekin dagoen desberdintasuna erakusten. Azkeneko honetan, alderdi bakarraren sistemak arazo guztiak desegiten ditu, problema guztiak desagertzen, noski.
Ba hauteskundeak gero eta gehiago, rito batean bihurtzen ari dira, giza bizitzaren aktu garrantzitsuena izan ordez. Gainera gertaera horik oso tartekatuak izaten dira, tarte horretan aukeratuak izan diren politikoek haien xedeak eta gurariak bakarrik betetzen; Parlamentua, ikusten den bezala, garrantzi guttiago izaten gobernuaren ondoan, hots exekutiboaren ondoan.
Beste aldetik ere, politikoek proposatzen dituzten egitarau politikoak, beti, Sistemaren logikan mugitzen dira, hau da, zentralismoaren logikan, handitasunaren eta hazieraren logikan: produktu gehiago, eskola gehiago autobide gehiago, lantegi gehiago etab., populuak behar duen bizitzaren logikan ordez.
Krisisa edo larrialde honen urteerarako zein da proposamena? Argi dago: inbersioa, lantegi eta entrepresen salbapena, langileentzat ordulanak lortzea, ordu-extrak ahal ba dira ere, etab. Inola ez bizi kualitatearen hobakuntza edo aldaketa kualitatiboa.
Politikoak aukeratuak izateko, Estatuto sentitua eduki behar dute, eta "bizitzaren mailako" defendatzailea izatea behar du.
Sistemak aukeratzeko libertatea igertzen digu eta hain hestu izaten Sistemaren bidea, berdin zaigu nor aukeratzea, pertsonal balioa badu edo ez. Kritika honek, ez du zalantzan ipintzen boto demokratikoaren beharra baina beren guttiegialtasuna eta desnaturalizapena nahi du salatzea.
Jefferson-ek pentsatu zuen demokraziak, gobernatzera irakasten zuen herriari eta arazoko administrabidea berari ematen, errespontsabilitateko iturriak ugaritzen zituen, polemika ere sorrerazten, herria bere buruaren jabea izan zedin saiatzen. Baina gaur ditugun instituzioek, herriari engainatzeko konspiratzen dute eta ezjakina eta jopua bihurtzeko lantzen dute.
Politika, espezialisten eremu bat bihurtu da. Lar konplikatua izanik politikaren jokua, jadanik, beheko herriak ezin du Parte hartu bere desarroiluan. Langile eta kontsumotzaile bezala beheratu, gaurko gizona, konformista eta jopua fazismorako oinarria egina dago.
Oinarri hau, Sistemak bazterreratu duen jendez betetzen da edota bazterreratzen ari denez: negozioetako gizonak, etxejaun ttipiak, inflakzioaren ainitz biktima, baserritar hiriratuak, gudari burjes-ttipiak, bihurtu diren langileak, hots: beldor den jende guztia, mehatxatua eta kompleodun jendea etab. Jende guzti honi, gizartetik kanporatuta daudenei, beste hauk irakasten ba diegu: Gazteak, langabezituak, defentsa gabeko zaharrak, etab, gehiengo isil bat edukiko dugu, gertu dagoena, gobernu gogorra eta autoritario bat onartzeko, edo obeki esanda, aukeratzeko.
Prozesu horrerantz eramaten gaituzten zioek eta egoerek, ez dugu pentsetan erremediorik ez dutela. Gizonak Sistema alda dezake, hola nahi badu. Baina gertatzen den bezala, denok pentsatzen baldin badugu egoera hau aldaezina dela eta ingururatzen gaituen sistema naturala edo beharrezkoa dela, orduan bi bihurtuko da zerbait benetazko aldaezina eta betikoa.
Jon Sendagorta
Zera guztiaren azpian dagoena, Bernad Vincent-ek dioskuena da eta hau dugu, gizon modernoak ez duela ezertan sinisten: ez bere buruan, ez besteengan, ez bere lanean, ez bere gizartean eta bere komunitatean, ez gizonarengan, honela hartuta, izaki gisa. Ez da ere, jainkoan eta ez deabruarengan. Azken finean, arazo politikoa laguntzaile bat dauka eta hori, krisis erlijioso bat da, eta larrialdi hori, gure zibilizazioaren sintoma sakonena da.
Errazegia gertatzen da esalea, askok egiten duten bezala. munduaren azkenean bizi ari garela eta jadanik ez gaituela inork salbatuko datorkigunetik.
Tabernak, jatetxeak eta lanik egiten ez den bulegoak sasisoziologoz beterik daude. "Sasi" hauek izugarri saiatzen dira gure gizartea. zibilizazioa, irtenbide gabeko bidetzar batetara jaurtikitzeko. Baina honelakoxe ur nahastutan murgiltzen direnak, denek daukate kidetasunezko karakteristika bat: nahiz eta gugandik hurbil-hurbil itzeleko katastrofeak ikusi, ez da horietako inor gauza sumendi hau leher ez dadin zer egin behar litzatekeen imajinatzeko.
Edonor, itsuegia ez bada, kontura daiteke Carter ezjakin zapuztu bat dela; Giscard hipokrita bat dela; Tatcher anderea ez dakit zein mendelik ihesiriko harpetar bat dela; Brezhev hilik —edo hiltzear— dagoela; sandia diktadore odol-egarritsua dela; Juan Carlos pailaso hutsa dela... Baina oso zaila gertatzen da gaurko egunotan. momentuotan, bidagurutze honetarako ihespidea idorotzea. Gure planeta konplexuegia da izan.
Aintzina, notizia batek itsasoa zehar zezan sei hilabete edo behar zirenean. ba zegoen denbora horren buruan albistea errealitateturik ikusteko posibilitatea. Komunikabideek ez zuten gaurko zabalpen-ahalmena. Beraz, gizonek beren bandoa edo taldea hautatzen zuten eta hartan geratzen ziren. Egun, alternatibak, opzioak, modalitateak... ezin zenbatzekoak dira; eta nahasterik handiena agertu da ideien munduan.
Inperialismo hitzak adierazten duena, argi zegoen Bigarren Mundu Gerraren aurrean. Orduan, inperialistak inperioren bat zeukatenak ziren. Britania Haundia kasurako; eta inperialisten kontraskoak, inperio hauen kolonien bizilagunak. Jaun batzuren kontra burrukatzen zuen Kenyako gazte bat, antiinperialista zen. Gaur egun. Eritrean etiopiar, sovietar eta kubatarren kontra burrukatzen dutenak, antiinperialistatzat dauzkate beren buruak.
Eta Eritrean erortzen diren Kubatarrek ez ote dute usteko inperialismoaren kontra ari direla? Ez ote dukete hori berberori uste izan Angolako oihanetan hildako kubatar soldadu berberak?
Ikuspuntu ezberdinak. Arras bestelakoak.
Ba dira hitza gizonaren etsairik printzipalena dela pentsatzen dutenak...
Hainbeste informazio ezberdin iristen zaigula geure garunetara, askotan ez dakigu zertaz sinetsi, nori jarraitu. Egunero erasotzen diguten mass mediek ez dute inolako begirunerik. Guk ezer esan gabe iraun behar dugu. Eta hauteskundeetan ikus ditzakegu argiagoxe hitzaren askotariko asanahiak. Hitz bakar batek hiztegi oso bat dakar bere atzetik; eta hizkuntz anitz jakin behar dugu hitzaren esangura bere osotasunean aditzeko.
Hala ere, zer edo zertaz, nor edo nortaz fidatu behar gara; behar larri hori ezin uztekoa egiten zaigu. Bestela zokorik ilunenean aurkituko dugu geure burua.
Gero eta zailako ikusten dugu geure bidea.
Geroago eta iluntzenago geure erabakien argikusmena.
Honexegatik errazagoena eta aproposoagoa, agian, dateke —gehienetan— ixiltzea honelakoxe amaraunetan.
Karlos Santisteban
Gaiak. Zientzia
Antropologia eta emakumea: Marta Moia
Marta Moia antropologa Euskadin egon da. Zenbait lekutan hitzaldiak eman ondoren, Donostiako Emakumeen Asanbladak Martxoko 8aren inguruan, antolatutako ekintzetan parte hartu zuen, Antropologia eta emakumeari buruz hitzaldi bat emanez.
Jakina denez, antropologia arloan, interpretazio ezberdinak eman ohi dira. Datuak, gutti izanik, antropologo bakoitza bere balorapen eta interpretazioa emateko beharrean aurkitzen da. Hau da, Marta Moiak ez zigun, agian, datu berririk eman, interpretazio berri bat baizik. Ohizkoa den bezala.
Prehistoriari begira
Beno, eta zer axola zaizkigun guri prehistorian gertaturiko kontuak, galde lezake norbaitek. Erantzuna erraza izango litzateke: Prehistoriara jotzen dugu, historia bera ulertzen ez dugulako. Emakumeen zapalkuntzari dagokionez behintzat, derrigorrezko galderak bururatzen zaizkigu: Betikoa al da zapalkuntza hori? Patriarkagoa nola sortu zen? Ezagutu al du emakumeak "urrezko harorik"? Eta abar luze bat.
Historiak berak ezin die galdera hauei erantzunik eman. Historiak erakusten digunez, emakumea gizarte guztietan izaki zapaldua agertu izan zaigu. Leku, denbora eta zibilizazio guztietan. Ez dugu emakumeen zapalkuntzarekin topo egiteko gizarte kapitalista ezagutu behar. Gizon ezkoen boterea eta emakumezkoen zapalkuntza klase borroka baino lehenagoko giza eraketa dugu. Historian zehar, patriarkagoa beste zapalkuntzan oraren oinarri eta eredu dela esan genezake.
Matrilinear gizartea
Beraz, Prehistoriara jo behar, ea patriarkagoaren jatorriaz jabetzen garen. Eta hasieran esan dugun bezala, hemen ere datu gutti eta interpretazio ugari.
Baina, garai batetan, gizarte antolaketa matrilinearra zela, egiatzat jotzen dute antropologoek. Hau da, aintzina, emakumeen bidez osatzen ziren senitarteak eta emakumeen bidez igortzen ziren ondasunen heredentziak, aitek ez baitzekiten ernaltze prozesuan hartzen zutela parte.
Halako matrilinear gizarte batetan, kanpoko gizonezko zirkulapen libre bat zegoela dio Marta Moiak. Eta hau, antropologo estrukturalista eskolaren ideia baten aurka joaten da: Levy Straussek dioenez, emakumeak BETI izan dira gizonezkoen arteko truke balore bat. Marta Moiaren eritziz, emakumea gizonezkoen truke balore bat bihurtze hau, geroko gauza bat da.
Matrilinear giza eraketa, milaka urte iraun ondoren, eta zenbait aldaketa ezezagunen poderioz (hemen dago kakoa...) gizonezkoa, emakumearen JABE eta seme-alaben JABE, bihurtzen da. Eta patriarkago egitura inposatzen da eta matrilinear egitura suntsitzen da.
Matriarkado delakoa
Matriarkagorik?... Ez, erantzuten du Marta Moiak.
Matrilinear gizartea ez zen matriarkago bat. Emakumeek ez dute izan iñon, botere sozio-ekonomiko eta politikorik. Ez zutela izan beharrik, somatzen du Martak. Baina, ba dirudi boterezko harremanik gabeko gizarte bat imaginatzea, kosta egiten zaigula edo, matriarkagoaren ideia behin et berriro agertzen da. Ez dago frogarik, ez da inon arrastorik aurkitu. Nondik datorkigu matriarkago fantasma horren beharra?... Patriarkagoa justifikatzeko agian? Patriarkagoa, emakume eta gizonezkoen arteko boterezko burruka baten ondorio bat bezala agertzeko nahian?
Galderak besterik ez dira. Baina Marta Moiaren hitzaldiaren inguruan sortu ziren eztabaiden garaian, Louise Michel-en esaera zetorkidan burura. Askotan mila buelta eman diodan esaldia:
"Emakumezkoak ez gara gizonezkoak baino hobeagoak, baina botereak ez gaitu usteldu..."
Agur Marta, beste bat arte!
Mariasun Landa
Botila guztiek izaten dute barneko "zer" berezi bat, ezkutuzko hondo barnegarri bat. Eta, naiz eta disimulatu ez aipatu, denok daukagu une jakin batzutan botilaren olatuetan murgiltzeko premia.
Handiak, txikiak; plastikozkoak. beirazkoak: hutsak, beteak... Denek gordetzen dituzte. baina, botilatasunaren ezagugarririk nabarmenenak. behinenak.
Kortxoa ateratzen dugu eta..., berehalaxe ausnar dezakegu champagnaren burbuilen zotinezko dantzaldia; ardoaren laguntze-jorana; ur freskoaren kimikotasun adieraztezina...
Nik ez ditut hain errax ahaztuko maite izan ditudan botilak. Eta, ziur nago, betirako iraungo du nigan maiteago nuenaren gomutak. Aitortu behar badut, huraxe izan zen nire birjintasunaren himena apurtu zuena. Huraxe nire lehen ohekidea. Eta, ordudanik, taigabeko hordialdi batetan nago. Niretzat jadanik ez dago klimaxik ez orgasmorik: nire botilaren oroitzapenarekin oro naiz klimax-orgasmo.
Ez dut inoiz igarri zer gordetzen zen botila haren altzoan. baina ba dakit. jakin. heren bat —gutxienez— ergia zela; eta beste heren bat —gehienez— gezurra. Gainerakoa, agian egia...
Ez, ez galdetu gehiago horretaz. Naizen bezalakoa nauzue orain. Zertarako itaundu gehiago joandakoaz?
Lehen. bai. Ba ziren botilei buruzko ipuinak. Irla bakartietan botila omen zen naufragoen itxaropentxo bakarra. Gaur, aldiz, nolatan? Irla hutsik ez dago...
Irla hutsik ez dago
eta denok gara
munduan irla,
nahi genuke
ikusi,
laster,
ihespide geure ardoan;
ardotan baikaude
sartuta, hordi,
biharkoaren
itxaropentsu...
Karlos Santisteban
Leyre. Zin egin ala zirri egin? [Komikia]
J.C. Eguillor
Gaiak. Gramatika
Oraingo honetan, etxeko trapu zaharrak garbitzen hasi behar dut, izen propio baten deklinabidetik abiatuz.
Aberri Eguna dela eta, egunkarietan, zenbait iragarkitan, honako hau irakurri izan dugu: "Denok Iruineara". Konkretuki, Herri Batasunak eginiko iragarkiez ari naiz. Eta zergatikoak eman aurretik, nik neuk "Guztiok Iruñera" idatziko nukeela esango dut.
Izatez, arazo hauetaz lehenago ere mintzatu izan naiz sail honetan. Batetik, denok eta guztiok hitzen egokitasunari buruz. Eta bestetik, —hauxe da orain berraipatu nahi dudana— A letraz bukatzen diren zenbait herri-izenen deklinabideari buruz. Honetaz emaniko eritziak sakonkiago ikusi nahi dituenak, ANAITASUNA honetako 362. eta 363. zenbakietara jo dezake.
Labur esanda, horrelako herri-izen batzuren bukaerako A letra ez da organikoa. Aldiz, itxura denez, aintzinako izen arrunt bati edo dagokion artikulua bide da. Eta horrela, lekuzko kasuak deklinatzean, A hori NON kasuan agertzen da soilik, beste guztietan desagertu egiten delarik.
Konkretuki, horixe gertatzen da ondoko izen hauekin: Bizkai(a), Iruñe(a), Deustu(a), Azkoiti(a), Azpeiti(a), Ermu(a), eta beste askorekin.
Herri-izen horien kasuan, honela geratzen da lekuzko kasuen deklinabidea:
Non Bizkaian Iruñean Ermuan
Nora Bizkaira Iruñera Ermura
Nongo Bizkaiko Iruñeko Ermuko
Nondik Bizkaitik Iruñetik Ermutik
Ostera, lekuzko ez diren kasuetan, A hori ongi gordetzen da:
Zein Bizkaia Iruñea Ermua
Zeinek Bizkaiak Iruñeak Ermuak
Zeinen Bizkaiaren Iruñearen Ermuaren
Zeini Bizkaiari Iruñeari Ermuari
Beste ohar bat ere egin behar da. Zergatik Iruñea eta ez Iruinea edo Iruña? Honetaz ez dut beste arrazoirik Euskaltzaindiaren erabakiaz aparteko. Euskaltzaindiak Udal izendegia onartua du. Euskera aldizkariaren XXIII. Zenbakian aurki daiteke (1978-1) edo bestela "Euskal Herriko Udalen Izendegia" izeneko liburuskan. Bertan agertzen denez, Iruñe(a) izena onartu da.
Izendegi horretan, deklinabidean A ez organikoarekin azaltzen diren problemak kontutan hartzeko, horrela adierazten dira izen horik: Deustua-a, Busturia-a, Iruñea-a,...
Beraz, hurrengorako ba dakizue: "Guztiok Iruñera".
Anaitasunako Anaitasuneko
Eta deklinabideko problematxoekin ari garenez, hona hemen idazleen artean agertzen den beste bat. Gure aldizkariaren izena ANAITASUNA da. Nola esan: "ni Anaitasunako idazlea naiz" ala "Ni Anaitasuneko idazlea naiz"?
Batek baino gehiagok bigarren forma erabiltzen du. Zergatik? Hara. Anaitasun hitz arrunta hartzen duelako; eta kontsonantez bukatzen denez, e bat jarri behar duela uste du.
Ostera, ene eritziz, ANAITASUNAko idatzi behar da, ANAITASUNA hitza izen propioa delako, A eta guzti. Beraz, beti ere ene eritziz, bi gauza guztiz desberdin dira batera edo bestera deklinatuz gero. Hauxe da bakoitzaren esangura:
Anaitasuneko: anaitasun hitz arruntaren singularreko deklinabideko kasua.
Anaitasunako: ANAITASUNA izeneko aldizkarikoa dena.
Eta etxe barneko kritikarekin bukatzeko —oraingoz, behintzat—, Herri Batasunaren izenarekin ere berdintsu gertatzen dela esango nuke. Hots, izen propio delarik, ene ustez bloke bezala hartu behar dela esango nuke. Hau da, nik neuk honela esaten dut: "Horik Herri Batasunakoak dira" eta ez "Herri Batasunekoak". Bi gauza desberdin direla uste baitut.
Iruñeko Anaitasunako
Esandakoak entzun ondoren, batek baino gehiagok zera pentsa dezake: Ez ote dago kontradikziorik, "Iruñeko" baina "Anaitasunako" idaztean? Hau da, lehen kasuan A hori desagertzean eta bigarrenean gordetzean?
Ene ustez, arazoak azalpen erraza du. Lehenik aipaturiko herri-izenen probleman, A hori haztarna arkaikotzat jo dezakegu. Eta hori azaltzeko, aintzina izen arruntak izan bide zirela esaten dugu. Baina gaur Deustu, Bizkaia, Iruñe,... ez ditugu izen arrunt-tzat. Ostera, anaitasun, eta batasun hitzak arrunt bezala hartzen ditugu. Eta hortik datorkigu izen propioaren eta izen arruntaren arteko desberdintasuna egin beharra.
J.R. Etxebarria
Eta ez dakigu abertzaleak direnentz. Abertzalea daiteke Txinako bat? Bilbon biziz gero edozein gauza. Benetan pozgarria euskaldun tripadunontzat. Euskaraz menu guztia. Joan hadi gero hortik, abertzaletasuna nabaritzen den toki horietara, batzoki, euzko etxe, edonora. Ternera en saltsa, kallos, merluza a la koskera, filetia, almejas a la marineria, saltxitxia, cuajadia, ez, barka nazazue, mamia, mamia. Ea ba jatetxe abertzale, euskaldun, jator eta abar abarrekoak mamia non dagoen ahazten ez zaien. Oso abertzale, izigarri euskaltzale lirateke.