ANAITASUNA

1980.KO MAIATZAREN BIGARREN HAMABOSTALDIA

402. ALEA

60 PZTA.


[AZALA]

XABIER LETE:

"Mitxelena dela eta..."

"gauza bakar bat eskatzen dut; exijitzen dut, lotsa apur bat gelditzen bazaizue: FROGAK".

KURUTZIAGAKO GURUTZE LEHERTUA

LANGILE KONGRESU ERRADIKAL BAT GOGORATUZ

BIDAIA BATEN KRONIKA: IJITUEN MUNDUA.

ARTIKULUBURUA: "INTELEKTUAL" HORIEN AURKA


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea.

4. Artikuluburua.

5. XABIER LETE: Gutun Irekia.

6. Kurutziagako Gurutzea lehertua. J. S.

8. Euskal agintariei E.H.E.-k bidali gutuna.

10. Toki atsegingarri eta lasai horietakoren bat. J. M. Macias/Idazkuntza.

12. Mahai inguru bat gogoraziz. Alex Oiartzabal.

14. Hamabost egun hankaz gora.

16. Algeria eta berebereak. M. J. Esteban.

18. EHAS-HASI-koen mitina Parisen. M. J. Esteban.

20. Haurrak egiten du: Izar berdea. M. A. Landa.

22. Elkarrizketa biziak.

24. Zer egin nezake? E. E.

Langile Kongresu Arradikal bat Gogoratuz. Mikel "tar"/Idazkuntza.

25. Ibermuero ezetz. Txantxan.

28. Bidaia baten kronika. Hiruko Gasolina berdea. J. R. B. O.

29. KOMUNEAN IRAKURTZEKO GAIAK: Euskara batua/Erdal fonetika batua. T. Trifol.

31. Zapata. K. Santisteban.

32. La dentellière. S. Portu.

34. TAO-TE-KING eta LAO-TSE'REN kondaira. J. Urkijo.

35. Listoak eta tontook. J. R. B. O.

36. ALEJO CARPENTIER: "Caribe Barrokoa". J. Sendagorta.

38. Politika hiztegia.

41. Postaz etorriak.

42. Gurutzegrama. L. Trask.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

IDAZKUNTZA

M. Aldana, T. Trifol

IDAZKUNTZA KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

K. Mendia

BIZKAIA

I. Alvarez, J.A. Macias, X. Gomez, T. Trifol, J. Zerrato

GIPUZKOA

M.A. Landa, S. Oregi, A. Oiartzabal, I. Urtasun

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAZIOARTEKOA

M. Aldana, M.J. Esteban

IDAZLEAK

P. Agirrebaltzategi, I. Antiguedad, M. Aldana, I. Alvarez, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J.R. Etxebarria, M.J. Esteban, J. Iturbe, M. Izagirre, M. Kaltzakorta, X. Kintana, M.A. Landa, J. Llerandi, J. Mendizabal, J. Orbezua, S. Oregi, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portugal, K. Santisteban, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, J.E. Urrutia.

LANKIDEAK

K. Arko, J.J. Bakedano, X. Gomez, J. Idigoras, J.A. Macias, L. Trask, J. Zerrato.

FOTOGRAFOAK

A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.

MAKETAPENA

Gorka Urrutikoetxea, R. Zumalabe.

KOMIKIAK

X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.

MARRAZKILARIAK

Ttua Taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

ANAITASUNA

Zabalbide 68-entlo. BILBO 6

Tfnoa: (9-4) 433 58 08

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

lege G.D.L. Bi-1753-1967

PRINTED IN BASQUE COUNTRY


Artikuluburua

«Intelektual» horien aurka

Edozein giza etika edo moralek, fermuki eta bere deklarapenak ukan litzaketen ondorioen beldurrik gabe, gizabanako edo eta Herrien kontra egindako bidegabe eta asasinatze oro salatu behar du, nondik nahi ere etor dadila. Bestalde, ezer baino lehen, zapalkuntzak, hau ere nondik nahi ere etor dadila, eragindako gaiztakerietarik bakoitzarentzat eta guztientzat ordaina, kitapena (1) eta justizia galdatu ere bai.

Inongo giza etika eta moralen izenean ezin kondena daiteke ahula, bere kontra historia eta ohiturazko urte luzetan barna diktatutako eta burututako deuseztapenetik defendatzen duelako bere burua. Hemen ezin sar daiteke halako taktika edo estrategia politiko zein kulturalaren arrazoirik batere, zeren beronen izenean zuzenbidea (2) bera garbituko bait genukeen.

Gaur egun, frankismoaren 40 urteen eta Euskal Herriaren gaineko bestelako zapalkuntzen ondoan, ez da praktikara eraman inolako erremediorik, euskaldun herriaren izate eta kultur nortasunaren sakaila (3) eragotziko duenik. Azken hau demokraziaren izenean!! Duela hogei urtetatik hona, euskara, ehunka urtetan ororekiko bizipenaren kultur emaitza dena, atzeraka doa gure herri eta hirietako ohizko hizketatik, Herri honetako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzuteko komunikabiderik gehienen eguneroko erasoen (4)aurrez. Hau honela, Espainol Estatuak Herri baten aurka GENOZIDIO egiten segitzen du, eta horrela segitzekotan, gure nortasun eta euskalduntasuna sakailatzeraino helduko da, beharrezko erremediorik batere jarri ezean holako laidoaren (5) aurrez.

Ez da beharrezkoa seinalatzea, nola ez dioten kasurik egin Espainol Estatuaren ordezkariek, demokraziako azken urteotan, herrialde honetako bizilagunik asko eta askoren artean hedatutako (6) eritziari, ez legal eta antikonstituzional deklaratuz erabaki xoil xinpleak, halakoa baita leku ofizialetan euskal hizkuntza jakin beharra eskatzea. Gure Herriaren hiltze eta sakailazko egoera honen aurrez, dioguna dakigula, DEKLARATU EGITEN DUGU ESPAINOL ESTATUAK EDO GAURREGUNEKO BERE ORDEZKARIEK, OMISIOZ, GENOZIDIO EGITEN SEGITZEN DUTELA eta euskal prentsa gisa artez artez ez doazkigun beste arazoaz aparte, Estatu espainolaren oraingo ekintza BA DELA GIZATASUN, KULTURA UNIBERTSAL ETA EUSKALDUN HERRIAREN AURKAKO BIDEGABEKERIA.

Horregatik, gauzak argi eta garbi uztearren bakarrik, geure kontzientzian ustea daukagu, guztiz eroa, alderdikaria eta psikopata dena zera dela: Jasaten ari garen zapalkuntza eta erantzunkizuna nagusiki leporatzea "Zerga-eskeak, mehatxuak, hanketara botatako tiro doilorrak bezalako zigorrak egiten dituen jendeari". Ba daiteke halaber, gure Herriak, neurri handian, zenbait psikopataren nahikundeak pairatzea, mami-mamian eta haiei mesfidatzea:

Euskal alderdi bateko gain-gaineko pertsonaia batek dioenean bereziki: "para saber si hay que arrinconar o salvar al euskera habría que proponer un referendum entre el conjunto de los habitantes de este país porque haría falta un inmenso esfuerzo económico para llevarlo a cabo". Edonor psikopata edo eta analfabetoa izan daiteke nazioarteko, bai eta UNESCOren ere tratatu guztien erabakiak ez ezagutzeko. Psikopata, neurri handian, absurdua eta guztiz antidemokratikoa litzateke, frantses edo aleman mintzodunei, italiera edo erromantxeari buruz, erabakiren bat hartzea galdatzea Suitzar nazioan, zein bestaldez nazioa izateko sobera froga eta borondate ainitz eman baitu historian zehar.

Gure herrialdeko gain-gaineko "doktoreak" bortizkeria iraultzailearen" fenomenoa aztertu nahi dutenean mende hasierako hastapenen alegoriei, fenomeno kriminalista eta penalistei eutsiz egiten dutenean, geuk ez deritzegu halako, gaurdaino beraien guztiz eritzi kontraesankorrak ikusi eta entzun egin baititugu. Hartarako, irakurleoi kontseilatzen dizuegu "LA PAZ ES POSIBLE" liburua irakurtzea, ahal badezakezue zeren goratzen duten demokraziak debekatu egin baitu, bertan atzo zeuzkaten eritziak ageri-agerian daudelarik. Baldin eta herrialde honetako "doktore" horiek, taktika politiko huts eta soil baten izenean, eritziz aldatu badute, zilegia dena, erregutu egingo genieke zertzu eman dizkigun elkarrizketaren bideak jakineraztea guri, izen deiturak eta guzti. Beldur beldur gara, hemen lortu den bakarra hortzak erakutsiz lortua izan deia "vox populi" delakoak dioenez. GUZTI-GUZTIOK; alde batetik edo bestetik, galdatu egiten dugu bortizkeria geldi dadin, gizonaren eta gizartearen heriotzea geldi dadin, bai, aski da, baina hura gelditzeko bidezko da bakoitzari berea eman behar zaiola aitortzea, onartzea, besterik ez. Inolako trikimailu, demokrazia edo kontzientzi ordenagailu eta leungailu berriren izenean ezin galda dakioke Herri bati norabidea alda eta bere burua deusezta dezan. Eta ez da psikopata izateagatik edo "giza bidearen sentikortasunik eza eta gaiztakeria "edukitzeagatik, gure Herriarekin egin nahi dena sinplekiro eta hitz guttitan herria bera, euskaldun herria bereziki, deuseztatu eta erahil (7) nahi dutela pentsatzea, zeren historiak ezbaitigu besterik erakusten.

Fidatzen has gaitezen agintedunek erakutsi beharko digute, besterik ez; anartean, honela pentsatzen ez duenak bestelako arrazoiak dauzkake, agian.

ANAITASUNA

1) Reparación.

2) El derecho.

3) Exterminación.

4) Enbestida.

5) Vilipendio.

6) Zabaldutako.

7) Asesinar.


Anaitasuna-ren zuzendari jauna

ANAITASUNA-ren zuzendari jauna:

Behin baino gehiagotan gogaitu izan nau zuen aldizkariak; askotxotan, egia esan. Euskeraren izenean eta euskeraren aitzakiz (euskera ikur bezela harturik), aldizkari guztiz sektario bat egitea zilegitu diozute zuen buruari. Eta guk, zenbait irakurlek, euskeraren izeneari eta euskeraren amorez (euskal aldizkari bati sorbalda ematea izan dela gure erantzuna argumenta ez dezaiguzuten), zuen sektarismoa jasan dugu orain arte.

Zuengandik desberdinak ziren pentsamolde politikoak sostengatu ditugunok, edo zuen gogoko ez diren alternatiba eta soluziobideak onartu eta babestu (Autonomi Estatutoa, adibidez), mila irain, maxiaketa, mespretxu eta gezur-argumentu jasan behar izan ditugu azken denbora hauetan (aspalditik dator, hala ere, Euskal Herriaren izenean Euskal Herri horren zati haundi bat iraindu eta izorratzeko duzuten ohitura eta, are gehiago, prurito leihatsua).

Dena jasan dugu, dena pasa dugu. Nehor gutxi kexatu zaizue orain arte, dirudienez behintzat. Noizpeinka, Enrike Knör, Jose Luis Lizundia edo horrelakoren batek abotsa altxatu izan dizue, bai, baina horrek garrantzi gutxi izan du zuentzat, komeni zaizutenean ongi baitakizue "kuantifikatzen". Kualifikatzea, berriz, zuen eskubide sakratu eta esklusiboa dela dirudi. Ederki.

Historia horiek horrela, zuen aldizkariaren 401 zenbakian, eta beste muestra bitxi batzuren artean, zuen zentzugabekeria irainkorraren proba eder bat eskeini diguzue behin eta berriro, SANTAMAÑENEKOA delako baten bertso batzuk ezarri baidituzue. Mitxelena euskaltzainaren aurka.

Alde batetik, oso ausartak zarete; horregatik nehork, zuek beste, ez daki SANTAMAÑENEKOA hori nor den. Iretxo horrek izen-deiturak izango ditu noski; baina, jakina. nahiago izan ditu (eta dituzue) izengoitiz estali. Zer nolako gizontasuna, vive Dios!, norbaiten izen ona zikintzerakoan!

Bestetik, euskal herrian oso ohiturazkoak diren kalumnia zikoitz eta akusazio frogarik gabeetara jo duzue (edo jo du, egileak) Mitxelenaren izena oinpean zikintzen alegintzeko. Ez natzaizue, ANAITASUNAko jende trebeok, zuek hain desiozko zenituzteken eztabaidetan sartuko. Gauza bakar bat eskatzen dut, exijitzen dut, lotsa apur bat gelditzen bazaizue: FROGAK.

Mitxelenak zer ikusterik izan duela Euskaltzaindiaren barruko goraberetan Txillardegi ala Altuna aukeratu behar zela ta?... FROGAK.

Mitxelena Txillardegiren kandidatura zapuzten ibili dela?... FROGAK.

Frogak, mesedez; eman zaizkiguzue frogak, frogarik baldin baduzue. Eta ez baldin baduzue, froga bakar bat ere ez baldin baduzue, zaudete isilik, mesedez. Beingoz bada ere, zaudete isilik astakeriarik esan gabe.

ZERUKO ARGIA-ren 875 zenbakian, Txelis Alvarez, Endika de Miguel eta Jon Tapia-k izenpetzen zuten idazki batetan, Txillardegiren aurkako "konplot" bat salatzen zen. Idazki haretan, balore iudizio eta iritzi subjetibo asko zegoen; suposizio eta susmo ugari ere... FROGARIK etzegoen. Han ere ez. Baina, tira, ez ziren beintzat ausartzen nehor konkretuki salatzen. Horretan oreka pixka bat gorde zuten.

Baina zuek borobildu duzute lana. Zuek esan duzute hain beste jendek entzun nahi zuena, hainbeste jende entzuteko eta irakurtzeko irrikaz zegoen zera: MITXELENA izan dela Txillardegiren aurkako "konplotaren" eragilea. Hori esan nahi zen, hori irakurri nahi zen. Esan duzue, irakurri da. Eta jakiña, hortik aurrerako inplikazio eta zergatiak zuen irakurlego argi eta azkarrak erraz aterako ditu. Nola ez ditu ba aterako?

Lehen, iraganaren hodei zabalak dirudienez sakon estaltzen dituen denboretan (Arantzazuko billera, batasunaren arazoa), Mitxelena aingerua zen, aitzindari, linguista jantzi, gizon trebe, batasunzaleen aitabitxi, profeta, heroe, etabar. Gaur, ordea, Mito da; tipo erremindu eta atzerakoia, katu beltza... edozer gauza. Eta katedratiko, gainera. Zergatik ez hori ere? Bai ba, jakiña, katedratiko ere, eta ez Salamancan (han ederki bazegoen ere, urruti xamar bada ez bada ere), bertaxeago baizik, Gasteizen, horrek zenbaiti sorrerazten dizkion tripakomin guztiekin. Euskeraren batasuna eta Euskaltzaindiako goraberekin ezer gutxi ikusteko duten arazo batzuk badabiltza hor tartean Mitxelenaren prestijioa ankaz gora bota nahi izateko; eta hori guzti hori Anaitasunako zenbaitek ongi daki (jakiteko motibua badu beintzat, ez da horrela, J.R. Etxeberria jauna?).

Post-data bezela Arestiren bertsoak erabiltzeaz... zer esan? Estrapolazio joko hoiek usuegiak dira gure artean ezertaz harritzeko. Denok dakigunez, hildakoek ez dute protestatzen. Bakar-bakarrik, eta informazioak ezertarako balio baldin badu, zera adierazi nahiko nuke: Gabriel Aresti zenari ez zitzaiola, nik dakidanez, Txillardegi jauna batere atsegin; eta ez hizkuntza arazoei buruzko diferentziengatik soilki, baizik eta beste arazo batzuengatik (hoien artean, politika pentsamoldea). Edo horretan ere Historia atzekoz aurrera kontatu behar ote digute gaurko bertso jartzaile anonimoek? Baina errespeta dezaiegun hildakoeri beren bakea.

Sektarismo maleziatsuak non-nahi billa lezazke komeni zaizkion argudioak. Baina hemen arazoa zera da: zuen akusazio lotsagarriaren FROGAK eskatzen dizkitzuedala. Frogarik baldin baduzue, atera. Argitu arazoa, argumentatu. Eta frogarik ez baldin baduzue (nik uste dudan gisan), rektifikatu. Hori litzake aterabide zuzen bakarra.

Eta, bada ez bada ere, hauxe argitu nahi nizueteke: zuen erantzuna isiltasuna baldin balitz, ala beste nolabaiteko sasi-argudio desbideturen bat, zuen aldizkari horrek, behar diren erreplika publikoz beste, harpide baja bat irabaziko lukeela: neronena. Zuei ez litzaizueke noski batere inportako, baina neri asko inporta zait. Putasemeek ere badugu ohorea.

Errespetuz.

Xabier Lete


Euskal Herria

Kurutziagako Gurutzea lehertua

Ustekabean esnatu ginduen eztanda handi bat aditu genuen ostegunetik ostiralerako goizaldean, goizaldeko hirurak aldean. Ez genuen asmatu ahal han inguruan zer lehertu zitekeen, eta ikustera irtetzeko ere gogo sobera ez. Eguna argitu, irten eta orduantxe ikusi ahal izan genuen, gurutzea, han zetzan lurrean, zatitua. Ez genuen —obra aitzinean ukan arren— egilearen zergatia argi somatzen, halako gauzak ez dira maiz lar arrazionalak, baina honetan ez zen nabarmentzen zentzu tantakarik ere. Arratsalderako, ordea, Batallon Vasco-Español delakoa mintzatu zen, Durangoko herri ultra-ezkertiarraren aurkako ekintzatzat erreibindikaturik. Ultra-ezkertiarrek, bada, ez omen dugu gurutze beharrik.

Ostirala beraz, eta gurutzea lehertua. 1980ko maiatzaren 16a, eta historia luze bat aurretik, Erdi Harotik egunok arte, harri landu eta garai baten historia.

Bide saihetseko gurutzeak

Durangoko Kurutziaga hauzoan harearrizko gurutze bat zetzan aitzinatik, hain aitzinatik ezen historiak ez baitu bere sorrera oroitzen. Baina, hala ere, gurutzeak berak eman dio izena hauzoari. Aspaldidanik, espaloian altxatzen izan da gurutzea, ez beti leku berberean, baina hauzoaren mugen barnean aldatu izan da leku batetik bestera mendeetan zehar, oinarria salbu funtsean itxuraldatu gabe.

Gurutzeak, egitura aldetik, hiru zati ditu. Behetik gora, arbola kuadratua da eta igotzen ari den suge batek inguratzen du, alde bakoitzean irudi bat agertzen da lehen zati honetan: buru bat oihal batekin, Beronika agian; Adan eta Eba paradisuan; Eba paradisutik uxatua eta aingerua; eta azkenik, Eba bilutsik sagarra eskuan. Honen gainean, bigarren zati gisa, inguru guzian, hamabi apostoluak. Hirugarren zati edo gorengoan agertzen da gurutzea bera: alde batetan Iesukristo gurutzifikatua, Maria biak, aingeruak, eguzkia eta ilargia eta loria bat; atzekaldean Maria Iesus haurrarekin, saindu bi, birjina koroatu bi, aingeru loriak eta gurutze bat goian.

Noizkoa denentz eta maiz esan da XI edo XII. Mendekoa dela eta estilo erromanikokoa. Hau ez da oso argia, izan ere badu gotiko kutsua ere, batez ere goikaldean. Honegatik, bada, beste batzuek XV. mende aldekotzat datatu izan dute.

Gurutze mota hau, XVIII. mendera arte bederen, Mendebaleko Europa guzian zen hedatua. Bide saihetsetan, bidegurutzetan edo herrisken sarreretan imini ohi ziren. Ez dakigu ondo zein den beren jatorria, batzuek monumentu zelta eta jermaniarretan bilatzen dute jatorria, bestek erromatarren pilen bariaziotzat, eta bestek lehen kristianizioaren ondoriotzat. Edozelan ere, gaur egun ere oso ezagunak dira Galiziako cruceiroak edo Thionvillois aldeko bildstock izeneko gurutzeak.

Durangoko herejia eta gurutzea

XV. mendekoa baldin bada —aipaturiko arrazoiengatik— zilegia da gurutzea eta mende honetan Durangaldean zabaldu zen erejia erlazionatzea. 1442 eta 1445 artea istilu handiak izan ziren Durangaldean. "Acaesció que en Durango, que es una de las montañas de Vizcaya, se levantó una gran herejía entre los omes e mujeres de aquella tierra" (1) dio garai haretako kronika batek. Frai Alonso de Mella eta beste franziskotar batzuren predikuen ondorioz hedatu omen zen herejia, hasieran fraile eta seroren artean, gero laborarien artean, eta burjesen artean ere. Ontasunen eta emakumeen komunitatearen aldekoak omen ziren, hau da, bai aberastasunak bai emakumeak denontzako zirela defendatzen omen zuten. Laster hedatu ziren, 500 bat izatera ere iritsi, eta Durangaldea konkistatu eta estatu propio bat sortzea planeatu omen zuten.

Baina, horren aurrean, errepresioa etorriko zen. 1444ko abuztuak hainbat hartu zituzten preso, eta dotrinetan amore ematen ez zutenak erre: 13 erre zituzten Andramariko enparantzan. Gero erregea ere sartu zen erreprimitzen, herejeak preso hartu eta batzu Valladolidera eta besteak Santo Domingo de la Calzadara eraman zituzten. Federa itzultzen baziren libre geratzen ziren, besteak tormentuari lotuak eta aski ez bazen bizirik erreak, "de tal manera que fueron muertos e quemados más de ciento omes e mujeres e mozas" (2) dio Kronikak. Frai Alonso de Mella, beste zenbaitekin, ihes joan omen zen Andaluzia aldera eta han hil zen. Honela erreprimitu zen mogimendu heretikoa, baina ez zen horregatik itzali, ezen urte frango beranduago ere agertuko bait zen.

Artxiboetan gordetzen ziren hauziotako testimoniak eta lekukoak, Andramariko elizan, baina erre egin zituen bertako parrokoak frantsesak sartu orduko XIX. mendearen hasieran. Eta 182an alkateak agindu zuen gelditzen zirenak "quemar los restos para que no sirviesen de oprovio a los vecinos" (3). Hala desegin nahi zen herejiaren oroitzapena.

Bada, datu segururik ez den arren, herejia honen espiaziotzat hartu izan da Kurutziagako gurutzea. Hau da, damuaren monumentutzat. Hipotesi ona da honako hau, frogabiderik aski hausitu ahal ez den arren.

 "Item nunc nostris temporibus in domnacionem Vizcayae sunt de haereci damnatij non tamen propter hoc omnes illi sunt universaliter haeretici" esaten zuen kronikak, beste ezer guti dakigu, ezen errez eta lehertuz desegin bait digute historia, lehen eta orain ere. Izan ere ez bait da egia suak eta lehergailuak ez duela historia egiten. Egiten du bai, egin, eta desegin ere.

J. S.

1) Gaztelania zaharrez: Eta gertatu zen Durangon zein Bizkaiko mendialderen bat den, heresia handia altxatu zen eskualde horretako gizon eta emaztekien artean.

2) Gaztelania zaharrez: Ezen horrela Ehunetan baino gehiago gizon, andre eta neska erre eta hil egin zituztela.

3) Gaztelania zaharrez: Erre behar zituztela, hauzokoak lotsa ez zitezen.


Euskal Herria

Maiatzak 9

Hau da Garaikoetxea jaunari bidalitako, eskutitza. Gisa honetakoak dira ere bai Nafarroako Parlamentu Foralen buruari (Arbeloari) eta Pirenées Atlantiques-en Kontseilariari (M. Dubosq) bidalitakoak. Gobernuak Euskararen plangintza bete arazi arte ez dugu etsiko.

Jaun agurgarria:

Euskal Herria zati batean besterik izan ez arren bere Instituzioez hornitzen hasia den une honetan, garbi ageri da euskara berreskuratzeko prozesoa une berean abiatzen eta indartzen ez ba da, berriz ere, gure hizkuntza atzera geldituko dela eta erabat galtzeko arriskua, lehenaz gainera, handitu egingo dela.

Gai honetan jakintsu diren guztiak aho batez aitortzen duten bezala, datozen urteak zer ikusi handia izango dute euskararen etorkizunerako, urte horietan jokatuko delako euskararentzat aposturik gogorrena. Hau da: edo eta euskara gure hizkuntza nazionala denez, behingoz eta betirako ofizial bilakatzen da, ez paperean edo dekreto mailan baizik egunoroko bizitzako erabilpen mailan; edo eta une historiko honetan bazterreratua gelditzen da eta orduan bere egunak laburrak lirateke.

Izan ere etxean edo familian besterik erabiltzen ez den hizkuntza, lehenxeago edo geroxeago hiltzea kondenatua dagoela jakina da. Horrelakorik ikusten ez duenarentzat Irlandan zer gertatu den jakitea nahikoa litzateke.

Beldur gara, bestalde, euskararekiko orain arte agertu dituzun asmoak asmo zabal eta zehaztugabekoak direnez gero, euskararen normalizapenerako asmo zehatzik eta erabaki konkreturik hartzeko asmorik ere ez ote duzuen.

Euskararen erabilpena normalizatuko bada, berriz, beharrezkoa ezik ezinbestekoa da plangintza orokor bat burutzea. Oraindaino, gure artean aplikatzen diren Hizkuntz Plangintza bakarrak Espainiako eta Frantziako Estatuek aplikatzen dituztenak dira. Horiek bai, badituzte hizkuntz plangintzak aspaldidanik espainola eta frantzesa hedatzeko azkeneko muturreraino zehatz mehatz programatuak eta aplikatuak. Ikus bestela zer nola dauden Irakaskuntza programak, Administralgo legeak eta Komunikabide guztietako normatiba bereziak.

Ikus baita ere, hor daude eta, lege horiek betearazteko antolatua dagoen inspekzio prozedura eta sistema. Guztien gainetik herrialde bakoitzean Gobernadore edo Prefeta bat beste eginkizun askoren artean hizkuntz erabilpenaren kontrola ere bere gain duelarik.

Gure aldetik berriz euskararen erabilpena normalizatzeko Plangintzarik gabe aurkitzen gara. Eta hori sortzeko ezer egiten ez dugun bitartean Espainiako eta Frantziako hizkuntz plangintzak indartzea eta betetzea besterik ez dugu egiten, zer egiten ari garan konturatzen ez bagara ere. Gauzak dauden eran utzi besterik egiten ez badugu hizkuntz kolonialismoari bideak zabal irikitzen dizkiogu.

Horregatik eta hauxe da, hain zuzen egiten dizugun eskabidea: Zure hitzez, Euskal Gobernuak beste adar batzutan (hala nola Ekonomi alorrean, Langabeziaren eta Industriaren birregituraketaren aldetik eta indarkeriaren alorrean e.a.) aurrez buruturiko asmo eta Plangintzak betetzen ahalegintzeko asmoak agertu dituen bezala, euskararen normalizapenerako ere Plangintza orokor bat egiteko erabakia har dezala, ahal den eperik laburrenean, eta betetzeko bideak adierazi.

Plangintza orokor bat esatean zera adierazi nahi dugu: Ez dugula onartzen, nahikoa ez dela uste dugulako, helburu edo xede orokor batzuk markatzea edo printzipio nagusi batzuk proklamatzea, eta hortan gelditzea.

Aitzitik beharrezko jotzen dugula, helburuak markatzeaz gainera, horiek lortzeko erabili behar diren bitarteko edo medioak definitzea eta bitarteko horiek noiz eta nola erabiliko diren garbi epekatzea eta egutegi edo kalendario bat egitea. Hau da: Programaketa zehatz batetan bildua eta ongi lotua agertuko duen Plangintza bat burutzea, alegia.

Bestalde, Plangintza hori burutzeko beharko diren ekonomi errekurtsoak lortzeko erabiliko diren finantza bideak argi eta garbi zehazturik azaldu beharko lirateke, besteak beste, aipaturiko Plangintza orokor horren barnean.

Era horretan bakarrik posible izango bait da euskararen erabilpenerako normalizapen bideak urratzen hastea eta gure hizkuntza nazionalaren birreskuratze prozesoa indartu eta sendotzea.

Horregatik hitz gutxitan bilduz, Euskal Gobernuaren Lendakari zaren horri zuzentzen dizugun eskaera hauxe da:

1.- Ager dezazula, ahal den eperik laburrenean, Euskal Gobernuak euskararen normalizapenerako Plangintza orokor bat noiz eta nola burutzeko asmoa duen erabakia.

2.- Sortzera dijoan Euskal Gobernuaren barnean Hizkuntzaren (Euskararen) Plangintzaz arduratuko den Ministeritza berezi bat edo guttienez Erakunde berezi bat eraikitzea esijitzen dugu.

3.- Erabako horiek azalduz (Euskal Gobernuan) agerpen publiko bat egitea esijitzen diogu.

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ


Euskal Herria

Toki atsegingarri eta lasai horietakoren bat

Azken hilabeteotan Euskal Herrian zehar hainbat taberna, kafetegi eta pub agertuz joan dira pixkanaka eta dena esatearren, ez ginen aspaldion behintzat, oso ohiturik. Halako tabernek asti ematez edo denbora pasaz kontzeptu berria ekarri digute eta guretako gazteria askorentzat elkar topatzeko eta ezagutzeko alternatiba berri eta baliotsua ere ekarri digutela esan genezake, gure betiko bizimodu monotonoa apurtuz.

Kontextu honetan beraz, 1979.ko Abenduan 11an Bilbon bertan zabaldu zen LAMIAK kafetegi edo taberna sartu beharko genuke; Bizkaiko Emakumen Biltzarreko 7 lagunek irekia, Pilota kalean, lehentxoago, LONJA zegoen toki berberean hain zuzen.

"La LONJA-ko giroa ustelduz joan zelarik azkenean zarratu ere egin behar zuten. Lonja-koek batzuri emateko zeukaten baina hor sartu ginen gu tartean. Geu, zera ginen: emakume batzu... eta gure ideia zen lanbide gisa honelako zerbait irekitzea. Denok lan bagerik geunden eta guzionek, negozioa denez, ez dauka ezer ikusirik Bizkaiko Biltzarrearekin. Hemen bertan irabazten dena guretzat da bereziki. Bizkaiko Biltzarreak ez du beraz taberna hau muntatu, baina... nola feministak garen eta hortaz ari ere, modu batzu indartzeaz interesaturik geunden."

A.— Lehengo LONJA inguruan egoten zen gazteri giroa eta oraingoa aldatu dea?

 B. Nik baietz esango nuke baina apropos egin dugu. Lehengo giroaz ez genuen interesik, poliziaren aldetik istilu asko eta handiak ekar baitziezazkigukeen. Eta badakizu nola amaitu zen LONJAkoa... itxiketa eta usteltasuna. Giro horretan murgiltzen zen gazteria beste leku batetan dagoela uste dut. Ez datoz ordudanik hona berriro. Ez dira ere lehengoak baina bilakatuta. Honako hauei ez zaie gustatzen denbora guztiaz txokolatea erretzerik. Hemen barruan ohitura hori debekaturik dago. Plantatzen (1) dugun musika ez dut uste haien gustokoa izango zenik.

A.— Lehen esan duzunez, Emakumeen Batzarrearekin ez duzue ezer ikusirik baina hala ere ez diezue zuen mozkinetatik (2) ezer luzatzen?

 L. Ez. Hau, beste bat duzu. Zera gertatzen da, ekintzak eta erakusketak egitea erabaki genuela eta emakumeoi lehentasuna ere ematea pentsatu genuen. Soilki ez, jakina. Arlo askotan emakumearen parte hartzea urri izaten baita. Martxoan zehar egin dugun kuadroen erakusketa emakumeekikoa zenez, Biltzarreak parteren bat eraman zuen, ehuneko hamarra, alegia. Guk tokia bakarrik ipini genien.

A.— Eta zergatik banandu duzue taberna modu honetara?

 L. Beno bada, zer nolako taberna moeta muntatzea erabaki genuenerako, ideiaz ere jabeturik ginen. Halako kafetegi zaharra leku askorekin, mahai ugari, jendea batzeko, berbetan egiteko edo lasai egoteko. Eta jakina, emakumeak etortzeaz ere interes handia genuen. Horretarako, kafea egitea eta akeitak prestatzea erabaki genuen. Traguak (3) eta txikitoak (4) kendu nahi izan genituen.

A.— Akeitarik egiten al duzue?

 L. Infusioak, koino!

A.— Daukazuen prezio horiekin, ez al da kontrakorra eman nahi diozuen arrakasta? ala normaltzat hartzen duzue?

 L. Karakteristika hauetako kafetegi honek gastu asko dauka. Hemendik ez da errondan pasatzen. Errondan datorrenari noski, nahiko garestia dela irudituko zaio baina mahai batetan jezarriz gero, eta partxisean edoeta kartetan hasten bazara, ez duzu garesti topatuko.

A.— Lamiak zer den ezagutzeko, daukan giroa ezagutu beharko genuke, ez duzu topatzen?

 L. Elitistak garela esaten bada ere, ez dut uste horrela denik. Nire ustez, bi edo hiru jende moeta dago hemen bertan. Hamabost edo hamasei urtetako neskak... gora igoten direnak eta berton beren gauzataz aritzen direnak. Gero jende gaztea, emakume edo gizona, hogeita hamar urte inguruan, badakizu... zenbait alderdi politikotan sarturik egon den hainbeste, frustraturik nolabait, edo frustraturik gabe segitzen dutenak. "Progre" artean sartuko genituzke nolabait. Azkenez, jende zaharra, andreak jeneralean.

A.— Biltzarrearekin ez duzue istilurik? Feminismoaren bandera erabiltzen duzue eta?

 L. Ez. Hau ez duzu taberna feminista. Gure atzean ez dago emakumeen mogimendua. Hemen geu gara feministak. Berdin gertatuko litzaioke EPKko bati edo ezker abertzalegoko bati taberna bat muntatuko balitz. Nolabaiteko kutsu politikoa emango lioke, posterrak ipiniz etab.

A.— Esan-mesanek diotenez, diru pixkat gehiago aterata, ateari kolpea emanen diozue hamabietatik aurrera. Egia dea?

 L. Gezurra. Halakoak entzun ditugu. Emakumeentzat bakarrik zela. Gero tortillerak (5) ginela etab.

A.— Hau bezalakoa den toki honetan musikak garrantzia du. Zer nolakoa jartzen duzue?

 L. Arrazoia duzu. Musikak eragin handia du; edo gorantz eraman zaitzake ala bestela porrotera. Musika klasikoa, jazz pixkat eta musika frantsesa jartzen da batipat. Emakumek grabatutako diskoak erosten saiatu gara baina zoritxarrez jazz arloan ez dago askorik. Ez da berdin gertatzen Brasileko edo Frantziako musikarekin.

A.— Eta amaitzeko, zein da etorkizunari buruz daukazuen asmoa?

 L. Egia esateko, ez dago garbi garbirik. Etorkizunaz ez dugu ideia handirik. Hemendik zenbait urtetsutara ez dakigu zer eginen dugun. Guretzat hau bizimoduren bat duzu. Liburudenda feminista bat muntatzea pentsatu genuen... baina projektua besterik ez zen. Taberna batek benetan erretzen du baina gero igual, ez duzu nahi kentzerik.

 Horrelaxe dugu LAMIAK, taberna bitxi eta diferentea, Pilota kalean. Emakumek eramana eta esan nahi ez badute ere, feminista antza handia duena. Egunoroko harantz-honuntzko Bilbo honetan oso urri aurkitzen den toki atsegingarri eta lasai horietakoren bat.

J. M. Macias/IDAZKUNTZA

(1) Plantatu, prantatu, prestatu.

(2) Irabazia.

(3) Tantoa; coup.

(4) Bilbon zerbitzatzen den ardo tantoa.

(5) Gaztelaniaz —lesbienne— konotapen txarrez esanda.


Euskal Herria

Mahai inguru bat gogoraziz

Euskadiko masa komunikabideen egoera aztertzeko datoak Amara Berriko E.K.T. ko antolatu zituen hitzaldi ta mahainguruetatik jasorik nituen, batikbat. E.K.N. ko Kultur Kontseilaritzaren zabaltzaile zen Amatiñok esanak, Prentsari buruzko eta Donostiako 4 Irrati eta Telenorteko zuzendariek mahainguruetan aipatuak.

Euskal Komunikabideen egitura

Amatino Euskadiko komunikabideen egitura posible egiteko arazo ta ikuspegi orokor bat ematen saiatu zen. Gernikako Estatuaren 19,3 artikuluaren arabera Euskadik bere telebista eta beste komunikabideak lortu eta egitura beharko ditu, hau da, irrati-telebista kateak, euskal prentsa, albisteen Euskal ajentzia, liburugintza, t.a.

Hauzi honetan ere ikuspegi desberdinak daude Euskadin. Zenbaitzuren eritzian hor daude Euskadiko komunikabideak eta nahikoa litzateke Vascongadotar Gobernuarekin kultur kontseilaritzarekin koordinatzea. Beste zenbaitek, ordea, Euskal Herriak bere komunikabiderik ez duelakoan daude, estatalistak baitira salbuespenen bat ezik.

Komunikabideeen arlo hau, ordea, etorkizuneko arazoa omen da, dagoenekoz. Politik arazoa baita, eta Vascongadotar legebiltzarreari lotua, noski. Dena den, oraingoz apenas dugun dato zehatzik. Komunikabideetarako Madrilen eta Erakunde Autonomoaren artean eratzeko den batzorde mixtoaren arrastorik ere ez.

Autonomiak medio propioak behar ditu: Euskadi Press baina albiste Agentzia sendoago bat, Euskadiko berriak kanpoko agentzietan galbaetuak hedatzen baitira mundura, eta Euskadira bertara.

Prensa nolabait ere egituraturik ageri da, (burjes) demokraziari dagokion joera edo interes desberdinei loturik, halere, ez du euskal kulturaren dinamikarik, ezpaita komertziala (zenbat eta euskara gehiago irakurle gutxigo), hortarako daudeke erakunde publikoak eta horien subentzioak. Lotsagarria da euskal prentsaren egoera, zeruko Argia ta Anaitasunaren biziezina.

Liburugintzak, argitaldariak, liburutegi, artxibu, haurrentzako ta beste ikerketa lanak... beste eraketa bat behar dute. Beste plangintza ta subentziobiderik.

Euskadiko Irrati-telebista kateak

Euskal Telebistak ez du ez azpiegiturarik ez finantzabiderik, baina, Amatiñoren ustez lege aldetik ez da eragozpenik. Euskal Telebistak egituraturik behar luke izan.

Madrileko Gobernua denborarekin lurralde autonomoak mantentzeko hirugarren katea bat sortzekotan omen da, baina guzi hori aprobetxaturik ere, E.K.N. 4 gn. katea baten bidez Euskadiko Nazional Telebista sortzeko asmoetan dabil. Ahalik eta merkeena ta herrikoiena, Italiakoen gisan. Milanen (4.000.000 biztanle) hogei telebista kate badira.

Irratiari bagagozkio funtzionatzen dute behintzat zenbait irratik Euskadin: Nacional de España, Herri Irratiak (Cope), Sn.Sn. Bilbao, Requete, Vitoria (Ser), Voz de Guipuzcoa (Radiotelevision) eta beste independiente txikiak (Segura, Arrate...). Gaizki edo ondo hor daude, herritik hurbilago eta "aukera" dezakegu. Beraz, bada nolabaiteko azpiegitura bat.

Euskadiko irratien egitura autonomo bat badagokigu ere, Madrilek erabakitzen ditu irratiaren potentzia eta frekuentziak. Euzko Gobernuaren helburua hiru herrialdeetako (Nafarroa ta Iparraldeari irekia) informazio zerbitzua sortzea da.

Irratiaren publikotasuna, berriz, ez da telebistan bezain erraza, bere katea desberdinen egituragatik.

Irrati eta Telenorteren autonomi posibilitateak

Donostiako 4 irrati eta Telenorteren mahainguruan gaurregungo autonomiari buruz galdetzean honela erantzun zuten:

NAZIONALAK: Ekonomi aldetik zentralizatua. Programaketa, berriz, nahiko autonomoa. Programaketa gehien bat bertako gaiez eratua omen.

VOZ DE GUIPUZCOA (Radiotelevision Española). Euskadi mailan (La Voz de Guipuzcoa, Alava, Juventud de Bilbao, Eibar, Tudela, t.a.). Ekonomi aldetik, presupostu, t.a. erabat zentralizatua. Autonomia dexente omen programaketa eta profesionariak izendatzerakoan.

SN.SN. (Ser): Ekonomia aldetik publizitate hutsez mantentzen omen da, kateako 60 emisoren artean finantzatuz. Programaketa gehienbat lekukoa. Profesionari ta lankideak, berriz, Donostian kontratatzen dituzte.

TELENORTE: Madrileko Estatuaren presupostuari loturik dago. Programaketa laburra, baina autonomoa. Profesionariak ere Madriletik kontratatzen dira. Telenorteren korrespontsaleku nagusia Bilbokoa delarik Iruñea ere korrespontsalekua da.

HERRI IRRATIA (Donostiakoa, Bilbokoa ta Loiolakoa) hirurak Eleizaren edo "Cope" deritzan kateakoak. Inbertsio, irabazi ta galpideak oro Herri Irratiaren gain. Programaketa osoa ere bere esku. Elizak ordain gisa, eliz-programaren bat ere sartzea eskatzen die. Langileen kontratak ere bertan egiten dira. Programaketa, berriz, dexente egituratzea lortu dute. Gehienbat Donostia-Loiolak eramanik Bilbo ta Iruñekoekin lotzen da. Arabako harremana desegokia bada, nahiko lanak dira Irunarekin ere. Espainiako Estatuaren jarraiki, Eliza berak ere katea osoa zentralizatu nahi luke. Hortan datza arazo larria. Administrazioak Elizari 45 emisoren baimena ematen dio, Elkarte Anonimo baten menpe eta % 25 azioak, Estatuarenak izaki. Herri Irratiak, ordea, Euskal Elkarte bat eta % 25 azio horiek Euskal Gobernuarenak izatea bizikiro eskatu du, baina espainol Estatu-Eliza ez da oraingoz benepein amore emateko.

Irrati ta Telenorteren autonomi-asmo eta helburuak

La Voz de Guipuzcoa eta Radio Sn.Sn.-eko ordezkariek izendatzekoa den "Consejo Regional" eta Euskadiko komunikabideen Idazkaritzarekin gaudaz aski aldakatu direla zioten. Deszentralizapena, egitura autonomoagoa, ideia berriak, eta, Nacionalaren ordezkariak ez zuen aldatu beharrik agertu.

Telenorteko Ismael Pelliceren eritzian eguneko planteiamenduarekin ez telegunkari bat eta telebistaren euskal egituratze bat posible ez delarik, herrialde bakoitzean (Gipuzkoan ez dugu deus) unitate bana kokatu beharko litzateke, Euskal Herri mailan egituratzea posible egiteko.

Herri Irratiko Julian Lekuonaren ustez Madriletik finantziatzen bada, ez legoke ez autonomiarik, ez irrati egiturarik. Madrilekoak ez baina, geu gara estatal programaketak aukeratzeko gai izan behar dugunak. Dena den irrati partikularrak ezin ditzake behar guziak bete, eta Euskal Gobernuari dagokio Euskal Irrati Nazionala sortzea. Nahiko lanak izanen dira, Madrilekoek autonomiaren gaindik inposatuko baitira nolanahiere.

Irrati-Telebistaren Euskara joerak

Amatiñoaren eritziz euskararen normalizapenerako beharrezkoa da Euskal Telebista. Euskarak berez komunikabideetan presentzia bizia lortzen ez badu, kanposantura doake. Beraz, euskara modernoa eta bizia beharko da komunikabidea orotan.

Vascongadotar gobernuaren ordezkariak, ordea, euskara hutsezko Telebistarik ez du ontzat jotzen, euskara isladatzeko arriskuaren gaindik integrapenerako behar baitu zan Telebistak. "Fisika Hiztegia" euskaraz eratzea eta kideko Euskal Unibertsitatea gaurregungo euskal gizartearen integrapenaren hildo berari heldurik, bide desegoki bezala aipatzen ditu.

Sn. Sn. Irratiak "baserritarrak", "Handik eta Hemendik", eta beste euskal programaketa aparte, berehala Bilbo eta Gazteizeko Irratiekin batera (kultur, kirol, t.a.) programaketa berezi bat egitekotan omen dira.

Nazionalekoak ez du hontan dirudienez planteiamendu berririk.

Telenortekoak euskaraz ez dela deus ere eratzen aitortzen du. Baldako Bertsolari Txapelketa zuzenean ere botatzeko ahaleginak egin ondoren, U.H.F. bidez eman zituzten goiz ta arratseko saioak. Bestalde, ba omen dira euskaraz eta hizkuntzabitan programaketak egiteko estudioak Olaizola eta Vascongadotar gobernua zen aldetik, baina oraingoz huts...

La Voz de Guipuzcoano Jose Luis Jilabertek agertu zituen asmorik aurreratuenak. Euskara komunikabide eta kulturbide gisa, euskaraz bai informaketa, kultura eta kirolak ere antolatzekotan dira. Eta hareago, honatx lehergailua, Euskadiko kate-irratia "Onda Media" eta F.M. deritzatenetan banatzekoak omen dira, eta F.M. koa euskara hutsez izanen litzateke Katalunyaren eredu baten jarraiki.

Herri Irratia, hontan, erdibidean geratzen da. Julian Lekuonaren ustez Herri Irratiak ez omen du herriak hitzegiten duen baina euskara gehiagorik ere egin nahi. Euskara eta gaztelania ongi menderatzen dituzten profesionarien beharra dago, profesionari biziak. Euskarazko Irratiari dagokiolarik Euskal Gobernuak bakarrik egingo omen luke posible euskarazko irrati egoki bat. Dena den, Euskal Gobernuak Euskal Irrati Nazionala sortuko balu, posible litzateke Herri Irratia euskarazko Irratian bihurtzea.

Irrati Telebistaren beste Alternatiba

Orainarteko guzia vascongadotar gobernuaren kultur ordezkari bezala Amatinoak eta Donostiako 4 Irrati ta Telenorteko ordezkariek aipatuak dira.

Irrati-Telebista medioa, ordea, ez da gohian izendatutako pertsonaiaz bakarrik osatzen, zorionez, badira gure artean bazter xamarturik dauden zenbait teknikari, eta horretarako Euskadiko Irrati-Telebista Entrepresako Komitearen tekniko batzurekin ihardun naiz. Hauek, aurreko zenbait dato kontutan harturik ere, beste alternatiba orokorrago bat aurkezten dute erdixkako lantegietan gal ez gaitezen: "EUSKARA HUTSEZKO TELEBISTA IRRATI KATE BATEN SORTZEA".

Euskararen normalizapenerako azkeneko hontan bereziki sinisten dugunontzat, ez da oraingoz benepein erantzunik somatzen. Amatinok euskara hutsezko katea kaltegarri bezala jotzen du gaurko integrapenerako. Ikastolak ere hala gertatu ote dira ba? Herri Irratiko Julian eredu bezala euskaraz eta gaztelaniazko jabetasuna eskatzen du. Bestalde, Euskal Gobernuak inoiz Euskal Irrati Telebista Nazionala sortzekotan ere, aurriritzi horiekin ez genuke ez Irrati ta ez euskarazko Telebistarik, agian.

Hontan ere etendura bat planteiatzen dugu. Kontraboterea indartu Madrileko zentralismoaren aurka eta erreformismo diglosikoak eta epelkeriak gaindituz.

Euskal Irratia eratzeko teknikoak ez dira falta Euzko gobernukoek bestela bazioten ere), eta ideia hau bultza eta aurrera ateratzeko H.B. edo Biltzarre Nazionalari dei larria egiten diogu, edo euskatzaletasunean eredu dugun "Euskalherrian euskaraz" elkarteari.

Orain debatea eta ahalik lasterren eskuak lanean jartzea dagokigu, euskara politik joera desberdinen gain jarri behar baitugu. Eta zein elkarte edo erakundek eskatzen duen (eta posible egiten) euskara hutsezko Irratia sortzeko bidea.

Alex Oiartzabal


Hamabost egun hankaz gora

Maiatzak arrantzaleek

Bajurako kantabriar arrantzaleak bokartetan (antxoetan) dabiltza, negu osoan itsasoratzerik egin gabe etxean (lan barik) egon eta gero, eta eguraldiak direla, lizentziak direla, bestea dela, oraindino ez dute ia ezer ere harrapatu, eta hau delata, kontserba-fabrikak eta Arrantzaleen Kofradiak, Maiatzaren batean lan egin behar zela erabaki dute.

Honela, Goitarrak (gipuzkoarrak) izan ezik beste guztiak, bai bizkaitarrak eta bai Betarrak (sarandearrak) Langilearen Egunean itsasoratu egin dira eta inoizkorik arrain gehien harrapatu. Behintzat honetan zori ona izan dute jai eguna beraientzat izan ez bada ere, diru apur bat irabazi dute.

Hemendik hogei egunera gehiago agertzen ez bada, nire herrian esan duten moduan, "haitzek ere negar egingo dute".

Antzerkia Tolosan

Aspaldi hontan ez genuen Tolosa aldean euskal antzerkirik ikusteko aukera, baina hala eta nola, joan zen Bazko Bigarrenean, Iparragirre Antzokian, Donibane Garaziko "Biper Beltx" taldeak, beraiek Daniel Landarten zuzendaritza pean moldatutako "EGARRIAK" lana eskeini zigun.

Jendearen gogoa bultzatua izaten da mota gutietara, baina esan beharra da ez dela antzerkia kasu honetan aurkitzen. Saio gutxi eta nahiko makal zenbait aldiz. Hala eta guztiz, antzerki zale dexente bildu ginen, Iparragirre aretoa ia beteraino, eta baita ere handik pozik irten Garazitarrak bere lana bukatu ondoren. "EGARRIAK", lan herrikoia dugu, eta kalitatekoa. Ongi girotua eta obeki aurrera eramana. Euskara aldetik berriz, esan daiteke gustora hartu genduela tolosarrok nafar doinu xarmangarria. Eta nahiko ongi ulertu ere. Bestez beste, Ipar aldeko nafar horien euskalduntasun uka ezina, politikari guztien hitz jarioa baina froga haundiagoa da, denok bat, hangoak eta hemengoak garela, eta zenbaiten gogoaren kontra bada ere, herri bat osatzen dugula, alegia EUSKAL HERRIA.

Antzerki gaiari jarraituz, esan behar da, ustez zerbaitean hasiak badira ere, koordinakuntza serio baten larritasuna dagoela. Euskadiko antzerki entrepresariek izan behar lukete une guztietan bere bistan ze antzerki lan prestaturik dagozen, ze kondiziotan emanen diren eta beste zenbait xehetasun.

Antzerki alorrean zabiltzaten gisa seme eta emakume guztiek, pentsa ezazue egunen batean gizarte trakets honek eskeiniko dizuela merezi duzuen tratua. Bitartean, har ezazue zuen lana Euskadiren askatasunaruntz daraman bide bat bezala eta jarrai hortan.

J.J. Iraeta

A.N.V.-E.A.E. eta autonomia politikoa

Autonomia politikoa berreskuratzen zuela esateko A.N.V.-E.A.E.-k prentsaurreko bat eman zuen zenbait kazetari aurrean. Delako horretan DEIAkoek ez zuten parterik hartu "albisteak, etengabeki aldrebesten baitituzte" eta "edozein kazetak gorde behar lukeen objektibitatea gordetzen ez baita DEIAn. Fiskalak Josu Aizpuruari ipini dion "querella criminal" barne DEIAk izenpetu duen zenbait eritzi eta artikulu aurkitzen dira, E.A.E.-ko idazkari nagusiak esan ez dituen eritziak edo eta zehaztasunak hain zuzen. Baina DEIAk hark esandakotzat hartuta.

Aizpuruaren esanak kontutan hartzen baditugu, oraingo honetan bere autonomia politikoa berreskuratzeak ez du suposatzen H.B.-ko beste partaideekin konformerik edo ados ez egotea. Koalizioa, boturik emateko garaian aurkitzen ez delako planteiatzen dute oraingo honetan autonomiaren asuntua. Lehenago egingo bazuten, hainbatek etendura zegoela interpreta zezakeen. E.A.E.-k autonomia politikoa berreskuratzean, argi eta garbi utzi nahi du, H.B.-ko gehiengoaren irudipean jokatuko duela toki guztietan eta ez alderantziz. Honen azken seinalea Felipe Gonzalez-i prestaturiko laguntza sinbolikoa.


Nazioartekoa

Algeria eta berebereak

Algeria-ko independentziarako gerra amaitu bezain laster, FFS deituriko taldearen zuzendaritzapean, Kabilia-ren autonomia bilatzen zuen mugimendu bat garatu zen alde hartan, eta momentuan ia jende jende guztiak harmak zituenez gero, burruka hura gerra zibil bihurtzeko posibilitate handiak zeuden; baina hori haziz hasi zenean, beste alde batetik agertu zen arriskua: Marokok beretzat zeuzkan lurrak bereganatu nahi izan zituen, algeriarren makaltasuna eta desgastea aprobetxatuz. Hori ikusi eta laster amaitu ziren barne eztabaida guztiak, libratzea hainbeste kostatu zitzaiena galtzeko, ez baitzegoen algeriar bat ere prest. Eta horrela amaitu zen mugimendu hura, FFS-ko lehendakariak, eta agiriago, Aitahmed zuzendaria, Frantziarantz abiatu zirelarik.

Urte asko pasatu dira ordudanik hona; anitz arazo latz agertu zaie algeriarrei sozialismo eta identitate nazionaleranzko bidean; lur-iraultza egitean; konstituzioa zela eta; Boumedian hiltzean, boterea lortzeko egon ziren tirabiretan; ekonomiaren bide nagusiak markatzerakoan, etab. Baina hain denbora luzean, ez zen agertu gehiago talde desberdinen identitate kulturalaren arazoa. Hori lotan bide zegoen, edo agian, lur azpitik zebilen, kanporatzeko bidea aurkitzen ez zuelarik.

Arazoak aurtengo martxoan egingo zuen bere agerpena, eta gainera oso modu tonto batean: Kabilia-ren hiriburua den Tizi-Ouzou-ko unibertsitatean, Mouloud Mameri idazleak hitzaldi bat eman behar zuen literatura bereber zaharraz, baina hara heldu baino lehenago, bidean geraerazi zuen poliziak, ekintza debekaturik zegoela adieraziz.

Hain neurri absurdu baten aurrean, argi zegoen jendea ez zela lasai geldituko, eta horrela gertatu da: berehala hasi zen greba unibersitate hartan, eskaera bakarra askatasun demokratikoak zirelarik. Greba hori UNJA(Algeriako gazteriaren nazional batasuna)-ren ikasleen sekzioak bultzatu zuen, nahiz eta talde hau normalki nahiko gobernuaren aldekoa izan. Beraiek galdetzen zutena zera zen: nola, debeka daiteke horrela ekintza kultural bat? Zeren izenean? Azpi-nahi gaizto bat zegoen han, edo laburkeriaz egin zuten?

Demokraziaren eskaera zen, beraz, mugimendu haren ezaugarri nagusia, baina inolazko erantzun ofizialik hartzen ez zutenez gero, gauzak aurrera joan ziren, alboan beste arazo batzu agertzen zirelarik. Bakea lortzeko ahalegin bakarra Goi-mailako irakaskuntz Ministroak egin zuen, Tizi-Ouzou-ra joaten, eta han, zuzenik, greban zeuden ikasleekin hitz egiten. Baina jadanik apur bat berandu zen, ordurako jadanik talde batzu Kabilia eta, zabalean, berebereen zapalkuntzaz mintzatuz hasiak baitziren.

Momentu hartan, Chadli lehendakariak, mintzaldi batetan, arazo kulturala aipatu zuenean, hots, Tizi-Ouzou-ko bere eritzia eman zuenean, oso hotz gogorrak erabili zituen, beraren ustez, Algeriako zatiketa bakarrik bilatzen zutenetaz mintzatzean. Bai, kultura garrantzitsua zen, baina are garrantzitsuago, batasuna. Inolakoa haleginik ez zuen egin gertaera horien azpian dagoen arazoa ulertzeko, edo gutxienez, animoak baretzeko. Eta horrela, Apirilaren erdian, giroa hain bero egonez, sua sortu zen; manifestaldi gogorrak, algeriar ikurrinak erreta, kaleko zenbait gauzen apurketa, poliziaren erantzun zapaltzailea, hiriaren inkomunikazioa, berrien falta,...

Lau aste pasatu dira egun horietatik orain arte, eta ba dirudi urak urbidera bihurtu direla. Berriz ere gerta daitekeelako, behar diren neurriak hartzen ez badira.

Gertaeren garapenari begiratzean, zerbait arraro somatzen dela. Hasteko, nola heldu izan ahal da egoera hartaraino? Zergatik ez da bilatu bide bat, elkarrekin mintzatuz, zerbait aldatzeko? zergatik itxaron izan da leherketa gertatu arte? zernolakoak dira jarrera horien azpian dauden benetako interesak?

Algeriako Karta Nazionala eta Konstituzioa eztabaidatu zirenean, Kultur problema nahiko delikatua gertatu zitzaien, eta azkenean han agertzen dena, arabea eta kultura islamikoa bultzatu behar direla, noski, Estatuan dauden beste identitate kulturalak ahaztu gabe da. Baina praktikan, iragan diren 18 urteetan, ezer ez da egin hizkuntza bereberaren alde; ez zen irakasten, beraren literaturaz, mintegitxo batzu baino ez zeuden, are gutxiago, haren historiaz; bereberez dagoen komunikabide bakarra, Kabilia-n entzuten den irrati bat zen, etab, etab.

Bereberren artean ba zegoen, nire ustez, bazterketaren sentsazioa, baina hori zen bakarrik, inolako ekintza publikorik gabe. Egoera hori zelarik, zergatik probokatu orain gertatu dena? Nori interesatzen zitzaion?

Datorren udan, FLN-ko kongresu bat egongo da, lehenengoa 1964.etik; teorikoki kongresu hori lau urtero egin beharko litzateke, baina beti izan da atzeratu, denbora luzean, indarerlazioa atzerakoienen alde zegoelako, eta FLN-koa izan behar zelako, han parte hartzeko. Aurten, azkenez, zenbait masa-erakunderen parte hartzea lortu egin da, eta hori inportantea izan daiteke debateetan, batez ere, herriaren eritziak hobeto errepresentaturik egongo direlako, eta bestalde, balantzak ezkerrerantz egingo duelako.

Kongresu hori egin baino lehen, han diskutituko diren gaiak herri mailan eztabaidatu behar ziren, hots, lan-lekuetan, masa-erakundeetan, prentsan, etab. Baina agian hori eginez gero, gehiegi ikusiko zen Herriaren benetako nahia, eta hori ez zitzaion zenbaiti interesatzen. Kongresu horretan, aurreko urteotako balantze globala egin behar da, eta inportanteagoa, balantze hori aurrean edukiz, linea berriak markatu, edo zaharrak konformatu: ekonomia, petrolioa, lur-banakuntza, arabizazioa, beste kulturen funtzioa...

Tizi-Ouzou-ko gertaerak zirela eta, iraganeko ekintza asko ipini da dudatan, ez bakarrik kultur mailan, beste askotan baino. Jendearen pentsamenduak agertu den arazo grabera zuzendu dira, bitartean denbora arin joaten delarik. Zenbait erakunderen ustez, maliobra hau isolatua ez, baizik eta beste bat edo batzuk segitua izango da. Agian sinplistegi da interpretapen hau, baina azken batez, zergatik?

Egia da talde batzuri eta batez ere Frantzian mugitzen diren zenbaiti, zatiketa interesatzen zaiela; baina horrek ez du kentzen azpian benetako arazo bat dagoela: Algeriako batasuna egiteko, unizitatetik pasatu nahi izan da, hotz, aniztasuna baztertu nahi izan da, batasunaren kontra zihoalakoan...

Bai, algeriar komunikabideek esaten dutenez, manipulazioa egon da agian azken gertaeretan; baina inoiz ez zen ezer gertatuko arazorik existituko ez balitz. FLN honetaz konturatu bide da, eta azken asteetan bai prentsan, eta bai diskurtso ofizialetan ere, herri kulturaren garrantziari buruz hitz egin da, ezer galdu behar ez dela esaten. Nolabait esan daiteke, arazoari erantzun bat eman behar zaiola konturatu direla, baina nire ustez, erantzuna apur bat ilun eta zeiharra da oraingoz. Dena den, udan, FLN-ko kongresuan, eta geroztik Kabilian bertan gauzak zein itxura hartzen duten ikusiko dugu.

Maria Jesus Esteban


Nazioartekoa

E.H.A.S.-H.A.S.I.-koen mitina Parisen

Maiatzaren 11; kalean ikusi ditugun kartel batzuek adierazten digutenez, mitin-debate bat daukagu gaur Eskual Etxean, EHAS-ek antolaturik, Herri Batasunaren laguntzaz, Ipar eta Hego Euskal Herriko egoera erakustearren, eta batez ere, euskal emigranteen zeregina, eta bereziki Parisekoena, argitzearren.

Hara joan baino lehen geneuzkan berriengatik, Hego Aldetik HB-ko bi deputatu etorriko zirela pentsatzen genuen; beraietaz aparte, noski, EHAS-eko partaide batzu ere egongo ziren.

Euskal Etxera heldu, lagunekin hitz egin, eta laster hasten zaigu mitina... 150-200 pertsona gaude, gehienak gazteak, Iparraldekoak ia guztiak.

Hasteko, diapositiba-multzo bat pasatzen digute, nolabait Euskal Herriko giroan sartzeko; muntaia ona, edozein momentutan ikusten dugunarekiko musika aproposa,... polita eta egokia.

Gero, Euskal Herriko egoera azalduko dutenen txanda da; hutsune bat edukiko dugu, Hegoaldekoei, Iberdueroren kontrako azken burruka zela eta, pasaportea kendu egin baitiete, eta beraz ezin izan dute etorri. Beraien zuloa ahal duen moduan betetzera saiatzen da EHAS-eko lagun bat. Berak azken hilabeteetako gorabeeretaz mintzatzen da, hau da, Autonomi Estatutuaz, egoera ekonomikoaz, euskal gobernuko posibilitateetaz etab. Ondoren, Herri Batasuna zer den, eta zer nahi duen azaltzen digu: orain arteko beraren jarrerak, programa, eta nola ez, Euskal Herriko Batzarre Nazionala, hau baita, prezeski, HB-k agertzen duen alternatiba.

EHAS-eko beste gizon batek Iparraldeko egoera eta posibilitateak aztertzen ditu lan-eza, inmigranteen kopurua eta bizimodua, ikastolak, kultura, hizkuntza, hots, bai egoera ekonomiko-soziala, bai kulturala eta demografikoa ere. Geroago, EHAS-en programaz iharduten du, argi eta garbi adierazten beraren alderdiak ez dituela banatzen burruka nazionala eta soziala, baizik eta aukerapen hori eginda, langile eta nekazarien askatasunagatik egiten dutela lan, Euskal Herrian.

Bukatzeko, Iparraldeko beste batek, Pariseko euskal inmigranteen egoera latzaz, eta beraien posibilitateetaz hitz egiten digu; beste alde batetik, torturaren kontra dauden kristau-talde baten ordezkari gisa, emakume batek beraien sostengua adierazten digu, eta baita ere beraien laguntza agindu, bai beraientzat gutxi den arte ezezaguna den Euskal Herrian egiten diren torturak salatzeko, eta bai Frantziako errefugiatuak ahal izango duten bezala laguntzeko.

Hau amaituta, eztabaida egin behar da, baina ez dirudi jendea oso animaturik dagoela, batez ere, nahiko berandu delako jadanik.

Juxtu momentu horretan bi mutil agertu dira, bat bretoi, eta bestea, korsoa, beraien herrietako burrukalarien apoioa ematearren, eta aldi berean, Ipar Euskal Herriko egoera, eta Bretainia edo Korsika-koa nahiko antzekoak direla azpimarkatzeko, eta beraz, burruka ere, askotan, maila berean planteiatu behar dela.

Ondoren, PNV-ko Pariseko deligatuak hitza hartu du, aurrean esandako gauzak egiazkoak ez zirela pentsatuz, minduta zegoela adierazteko. Beraren protesta agertu ondoren, euskaldunak bat garela eta orduan, elkarrekin egon behar dugula beti esan digu; berriz, ba, betiko batasun nazional mitiko horrekin gora eta behera. Mahaikoek berarenari erantzun ondoren, argi utzi dute Euskal Herrian, beste Herri guztietan bezala, klase desberdinak daudela, eta beraiek, klase-hautapen bat eginda, ezin dutela klase etsai batekin inkondizionalki batu, oso momentu konkretu batzutan ez bada, agian orduan, biak baturik beste gauza baten kontra burrukatzeko, baina inola ere urrunerago joan.

Eta debatea amaitzen ari zela pentsatzen genuenean, batek Iparraldean urte bat dela jaio ziren Herri-taldeetaz, mahaiakoei ea zer pentsatzen duten galdetu die, batez ere harremanei eta elkar-lanei dagokienez.

Momentu horretatik aurrera, penagarria iruditu zait mahaikoek hartu duten jarrera: jakina, ez dute hitzez esan talde horiek txarto daudela, baina ondo ikusi dugu hori zela beraien eritzia. Nagusitasun izugarri batekin, besteak ezer ez direla, eta ideologikoki definitu gabe egonez, ezertarako balio ez dutela adierazi diete, gutxi gora behera. Biek eduki dezaketen osagarritasuna onartu ordez, besteei koherentzi falta handia dutela esan die ere, iraganeko gorabehera batzuk, adibide gisa, emanez, edo hobeto esanda, beraiek esaten ari zirenaren froga gisa. Penagarria benetan, eztabaida aberats bat sortzeko abagadune hori galtzea.

Eta ekintza honen gorabeherekin amaitzeko, espero zitekeen detaile bat aipatuko dizuet: beti bezela, denon ulertu-beharra aitzakiatzat hartuz, frantsesea jo izan da denbora osoa, hasierako 10 minutu sinbolikoak alde batetara uzten baditugu. Beti bezala, ba.

Maria Jesús Esteban


Haurrak egiten du

Izar berdea

Behin batean atso zahar ezezagun bat ailegatu zen herri batetara. Laister konturatu zen herri hura ez zela besteak bezelakoa. Hango umeak eserita zeuden beren etxeko atarietan. Behin ere ez zuten jolasten. Behin ere ez zuten barrerik egiten. Beti triste eta zeharo aspertuta agertzen ziren hango umeak.

Egun batean ume batengana joan zen atsoa:

Aizu, zergaitik zaude hain triste umetxo?

A! Ikusten da herri honetara etorri berria zarela! Ez dakizu oraindik zer den gure gaitza... Begira, hemengo haurrak erabat aspertuta gaude aspalditik. Gau batetan izar berde bat azaldu zen zeruan eta handik aurrera haurrok ez dakigu zer egin. Dena probatu dugu. Jolas guztietan jardun gara eta hala ta guztiz ere aspertu egiten gara. Hamaika sendagile etorri zaizkigu eta ahal zuten guztia egin dute.

Eta?

Eta ezer ere ez. Lehen baino aspertuago gaude.

 Orduan atsoak esan zion:

Haur maitea! Beharbada nik istilu hau konpon nezake. Nahi baldin baduzue zatozte gaur iluntzean nere etxera eta esango dizuet zer egin behar duzuen.

Eta non bizi zara andrea? erantzun zion haurrak.

Haritz handi baten ondoan dagoen etxean. Ezagutzen al duzu?

Bai, bai... Orduan hara joango gara.

Gero arte ba.

Gero arte andrea.

Haur hura harriturik gelditu zen baina bere lagunei deitu zien eta denak atsoaren etxera joan ziren iluntze hartantxe.

Atsoak haur guztiak haritzpean bildu zituenean honela hitz egin zien:

"Aintzina nire herrian ere antzeko gaitz bat agertu zen. Eta guk zer egin genuen adieraziko dizuet orain, zuek ere berdina egin dezazuen."

 Atsoak zerura begiratu zuen. Han izar berde eta dirdiratsu bat ikus zitekeen.

Hori al da esaten zenidaten izarra? Galdetu zuen atsoak.

Bai! Erantzun zioten denok batera.

Argi dago. Ikusten duzuen izarra gaixo dago... eta berriz jolastu, barre egin, burruketan ibili eta ondo pasa nahi baduzue, sendatu egin behar duzue izar hori.

Bai, baina nola? Galdetu zion haur potolo batek.

 — Nik esango dizuet nola. Nire berrian gauza berdina gertatu baitzen. Lehendabiziko gauza, bihar egunsentiarekin batera eguzkiaren bi argi izpi sartuko dituzue botila berde batetan.

 Gero errekako harri batzuen artean gorde egingo duzue boteila hori. Bi argi izpi horiek hola handitzen eta indartzen joango dira. Eta gauean izar berdea agertzen denean, mendi altu baten gailurrera, Joango zarete. Eta botila irikiaz eta izarra ongi apuntatuz, bidal iezaiozue bi argi izpi horiek izar berdeari.

Hori egiten badugu, bihartik jolastu al gindezke? —galdetu zioten haur batzuk atsoari.

Bueno, bueno... Badakizue izarrak gugandik urruti daudela oso. Eta horregatik ez dakigu zenbat egun beharko duten argi izpi horiek izarrarengaino joaten. Beraz, hobe da ondo egitea esan dizuedana eta trankil itxoitea.

— Hola egin zuten herri hartako haurrek. Eta egunak eta egunak igaro ziren ezer gertatu gabe. Atsoak ezer esan gabe herritik alde egin zuen.

— Haurrek lehen baino tristeago eta nazkatuago, begiratzen zuten zerura:

"Hain urruti ote dago izar hori ala atsoak engainatu egin ote gaitu?" pentsatzen zuten umeek.

Gauero izar berdea zeruan azaltzen zen. Lehen baino berdeagoa eta dirdiratsuagoa iruditzen zitzaien. Haurrek azkenean esperantza galdu egin zuten.

Baina iluntze batetan zerbait harrigarria gertatu zen. Zerua lainoz beteta zegoen. Izugarrizko kolore biziak zeukaten laino haiek. Erdi grisak, erdi berdeak. Zer gertatuko ote zen? Zaharrek ere ez zuten inoiz holakorik ikusi. Denak, beren etxeko ateak itxi zituzten eta dardar egiten hasi ziren.

Laster elur fin bat hasi zuen. Fina eta berdea zen elur hura. Une batetan herri osoa berde bihurtu zen eta haurrek erabat zoratuta kaleratu ziren. Elkarri botatzen zizkioten elur pelotak lore bihurtzen ziren. Parre egiten zuten umeek.

Baten batek konturatu zen:

Aizue! Gure haurrak berriz ere jolasten ari dira!! Izarra sendatu egin da!!

Eta herriko guztiak dantzan eta festetan hasi ziren.

Biharamonean ezer gertatu ez balitz bezala agertu zen herria. Eguzki epel bat zegoen zeruan eta haurrak jolas egiten zuten kaleetan. Geroztik, hango umeak berriz zoriontsu izan ziren.

M.A. Landa


Elkarrizketa biziak

Sarrera

 Jende arrunta, gure betiko jende ixil edo bozgailugabedunari, kazetalariek normalean ez diogu kasu askorik egiten. Haien aburuak baliogabekotzat kontsideratzen dira. Haien esanak, mesanak direla sinestarazi nahi digute. Hala ere, halako jendeak, historiaren atal garrantzitsuena idazten ohi du.

 Jende ezezagunaren eritziak ez dira batere fruitugabekoak. Giza arruntaren ideiak gure pertsonaia famatuen desmitifikapenerako balio dute. Denatan bezala, herriaren jakituria adierazgabeari lapurtu egiten diote beren sentimentu, eguneroko lanez probetxatuz.

 Horregatik hain zuzen, ANAITASUNAk irakurle guztiei norberaren ideiak azaltzeko, sail ireki bat proposatzen die. Sail ireki bat eta joko psikologiko bat batera. Urte honetan zehar elkarrizketen bidez irakurleen eritziak azaldu nahi ditugu. Proposatzen dugun elkarrizketa guztiz libre eta atipikoa izan daiteke. Hala ere erantzuleak 10 galdera zehatzi beharrezkoa luke erantzutea, beste gainerako galdera-erantzunak berak gehituz; nahi izanen duen modu eta erara. Beraz, galderaerantzun guztiak, irakurleak egiten ditu, 10 horiek ezik. Hamar hauei ere erantzun behar dio.

 Elkarrizketa guztiak anonimoak izanen dira. Hau da, Anaitasunak ez du argitaratuko inongo elkarrizketaren egilearen izena. Hala ere, idazten duenak beraren karnetaren zenbakia, izena, adina eta lanbidea azal batean bidaldu beharko digu. Azalpen horiek gabe ez dira argitaraturik izanen.

 Honarte gure asmoaren erdia azaldu dugu. Goazen orain sail honen bigarren partea azaltzera.

 Bigarren parte hau joko psikologikoa duzue. Irakurleek elkarriztatuaren nortasunaren ageri batzu igerri behar ditu. Hauek dira: Adina (bost urtez gora behera), lanbidea, sexua, bizilekua (hiri edo herri handi batetan bizi den ala herri ttiki edo baserri batetan bizi den). Azkenez, elkarrizketa bakoitzari puntuak eman beharko dizkio, -5tik hasita +5 arte.

 Puntu gehien hartuko duen inkesta irabazlea izanen da. Lehengo hiru inkestei Anaitasunak txapela eta zerbait gehiago saritzat emanen dio.

 Elkarriztatuen datuak igerriko dituenari Anaitasunak urte beteko harpidetza dohaina eskeiniko dio.

 Jokoaren bigarren parte honetan, ANAITASUNArekin lan loturak dauzkatenek ezin izanen dute parterik hartzea; bai aldiz, elkarrizketak prestatzekotan.

6

ANAITASUNAri laguntzeko prest beti, eta nola ez, bere jolasetan parte hartzeko ere bai.

GALDEKIZUNA:

* Zer duzu maiteen mundu honetan?

— Hara, bada, zer bat soilik esan behar badut, MAITASUNA esango nuke, neuk ere.

Eta gorrotatzen duzun gehien?

— Autosufizienteak, beren buruaz besteenen aldean gorago dituztela uste dutenen superkonfiantza hori dut gorrotagarriena. Beste inolako arrazoirik gabe era batera edo bestera jantzi, ibili, pentsatu, hitzegiten dutenak mezpresatzen dituztenak. Goitik behera —zein haiz hi?— esango baligute bezala begiratzen gaituzten horik ditut, bai gorrotagarri.

 Ba al zara abertzalea?

— Nik baietz uste dut!!! Euskara asko maite dut eta normalki erabiltzen dut. Euskal kutsua duten gauzak abegi onez ikusten ditut. Euskal Herria asko gustatzen zait... Hala ere, ez zait abertzalea naizela aldarrikatzea gustatzen. Eta gainera beste lurraldeetako jendearen lagun mina izatea oso estimu haundian daukat. Nik uste, dena den, gehiago naizela euskalduna abertzalea baino.

* — Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?

— Ekintza askoren aurrean ba dutela bat egiteko ordua.

Ezkerrekoak behinik behin.

Boturik ematen al duzu?

— Bai, azken garaian E. E-ri; lehenago E.M.K-ri ere eman izan diot.

* Zeintzu izen aipatuko zenituzke gustora? Zergatik?

— Bizitzeko animoa eman didatenak. Hego Amerikako jendea ere atsegin dut, Allende, Txe, G. Garcia Marquez, Neruda...

* Zer nolako literatura gustatzen zaizu?

— Hego amerikako nobelagintza guztia asko maite dut.

Poesia gehiena ere bai, gaur egunekoa batez ere. Emakumeek emakumeei buruz idatzitako liburuak,... Euskal literatura berria, marginala, Pott, Ustela,...

 * Zilegi al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?

— Ez dakit edo ez nago oso baikor gizarte modu hau gerokoei aldatuxeagoa emango ote diegunaz, baina... borrokatzean omen datza bizitze honen bizipena eta...

 * Gizona ezagutzeko asko al da norbere burua ezagutzea?

— Ez, asko lagun dezake, ordea.

 * Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?

— Azken iraultza ez dut oraindik ikusten. Egunen batean hala izan dadin nahi nuke edo ahaleginduko nintzateke.

Baina eguneroko iraultza ttikiak ere ez dira ahaztu behar.

 * Euskarak etorkizunik al du?

— Galdera tristea egiten didazue: Otoi, galderaz alda gaitezen.

* Anaitasuna aldizkariari bagagozkio, gai berririk sartuko zenuke?

— Ez dakit zer esan, diru gehiago bazenute ba dakit hobea aterako litzatekeela. Hori bai, ni ere ez nago ados H. Knorr-ek dioskunarekin. Eta ez ezazue tinta askorik gal, alderdi politikoen arteko hizka-mizkak agertzen.

 * Anaitasunaz balorapen bat egin mesedez?

— Txalotzen zaituztet. Segi hor, eutsi eup!!!

7

 * Zer duzu maiteen mundu honetan?

Askatasuna.

 * Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?

Ba dela talde txar eta on baina zoritxarrez erabakitzen duenak aurreen aipatutakoak dira.

 * Zeintzu izen aipatuko zenuke gustora? Zergatik?

Telesforo Monzon eta Itziar Aizpurua. Jatorrak, jakintsuak, sutsuak eta halaber euskaldunak direlako.

 * Zer nolako literatura gustatzen zaizu?

Egiazalea, praktiko eta erakasgarria.

 * Zilegia al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?

Bai noski. Norberekoikeriatik ihes eta gure ondorenean datorrenan bizitza noberik uzteko. Euskadi aske, anaikor eta aurrerakoia bereziki.

 * Gizona ezagutzeko aski al da nor bere burua ezagutzea?

Bere burua ondo ezagutzen badu erraztasun handia edukiko du besterena ezagutzeko.

 * Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?

Zenbait kasutan beharrezkoa dela eta konkretuki Euskadin, politika mailan, bere askatasuna lortzeko.

 * Euskarak etorkizunik al du?

Euskal Iraultzaren arauera gehitzen joango da.

 * Anaitasuna aldizkariari bagagozkio, gai berezirik sartuko al zenuke?

Bai. Sendagintza eta kirol irakasketak biziki, biok osasuna izateko laguntzen baitute.

* Anaitasunaz balorapen bat egizu mesedez.

Ni ez naiz gauza balorapen seriorik egileko eta denon artean hobekuntza egin zitekeela uste dut.

8

Zer zara, arra ala emea?

Hermafrodita potroduna.

 * Zer duzu maiteen mundu honetan?

  Maiteago dut diti emankor batzuren besarkada goxoa lanaren ordua edo Monzonen mitin bat baiño; maiteago ditut ekintzak, kezko hitz arinak baino; maiteago dauzkat hilerrietako gorpuak, bizidun hipokritak baino; maiteago dut euskaraz egitea, erdaraz baino... baina ez dakit zer dudan maiteen, mundu honetan behinik behin, eta beste mundurik ez dago.

 Ohetik jaikitzen zarenean lokamuts itzel baten ondoren zer pentsatzen duzu? Zer egiten duzu?

Lehenengo eta behin so egiten diot neure inguruari, beldurragotzen naiz eta lokamutsean barneratzen naiz berriro.

 * Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?

Talde asko dago eta zer pentsatzekorik franko ere. Hala ere, ba dago denotan karakteristika komun bat: gutxi axola zaie euskal kultura eta euskara.

 * Zeintzu izen aipatuko zenituzke gustora? Zergatik?

Ohe bigun nahiz gogor batetan banengo Maiterekin, "Maite" esango nuke nahiko gustora; Kontxirekin izango balitz, "Kontxi", eta abar. Hara, esan-esatekotan, —ez hain gustora— Kavafis, Hölderlin, J. Goitisolo, Vargas Llosa, Noam Chomsky, sastre, Kafka, Joice, Txillardegi, Mitxelena, Heiko Krutwig, Etxahun, Bob Dylan, Georges Moustaki, Benito Lertxundi, Laboa, Argala eta sopa hau gehituko lukeen abar luze-luze bat ipiniko nuke ere. Zergatia adieraztea konplexuegia dateke, kari anitz dago.

 Zeintzu izen ez zenituzke aipatuko?

Kontradikzio handia, txo: nahi baduzu belarrira kontatuko dizut.

 * Zer nolako literatura gustatzen zaizu?

Euskal literatura eta literatura ona, preferentzia berezirik gabe.

 Zinema gustatzen al zaizu? Eta teatroa?

Zinema biziki gustatzen zait, baina teatroa gustatzenago dut: Munduko Teatro delakoan akomodatzaile den batek beti ematen dizkit dohainik sarrerak.

 * Zilegia al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?

Ez dakit, baina horixe bai, hildako belaunaldiak ezin daitezke inorengatik sakrifika. Eta gainera, gizona masokista da berez; bestela denok geundeke erreta eta janda.

* Gizona ezagutzeko aski al da nor bere (sic) burua ezagutzea?

Gizona ezagutzeko hoberena ispilu bat hartzea eta isladatzen den imajina mailu batez apurtzea da, zati guztiek egiten dute pertsona, gizona, bestela ez dago ezer.

 * Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?

Ez dakit ziur Karlos Marxi galdetu ziotenetz edo nori, baina erantzuna bapatekoa izan ei zen: mugimendu ibiltzen frogatzen da.

 * Euskarak etorkizunik al du?

Euskarak etorkizunik ez baldin badu, etorkizunak euskara izango duela uste izan nahi nuke nik.

Eta gaztelaniak, etorkizunik al du?

Argi dago ezetz, Kijotea aspaldian hil zen.

 * Anaitasuna aldizkariari bagagozkio gai berririk sartuko zenuke?

Bai, gauza asko sar liteke: prostituta, ijito, homosexual, drogazale, kale garbitzaile, lapur eta abarrei buruzko gai gehiago; gehiago emakumearen problematikaz; aditz sinoptiko gehiago ere; medizina, biologia, fisika nuklear... gaiak; erotismo, pornografia eta abar eta abar.

* Anaitasunaz balorapen bat egin ezazu mesedez.

Euskal Herri osoko (eta mundu guztiko) euskal noizbehinkaririk hoberena da, zalantza izpirik gabe. Eta hau, dauzkun baliabideak kontutan hartuz: miragarria da!

 Zer nabaritu zenuen mundura jaiotzean?

Itzelezko hotza (suposatzen naiz).

 Noiz jo duzu azken aldiz kanpaia?

Zer uste duzu egite dudala eskuinarekin idazten dudan bitartean?

 Esan gezur bat.

Kaletik noanean zerua begiratzen dut. Eta egia bat?

Mundua kaka polit bat da.

Agur!

Jokoaren baldintzak

• INKESTARI DAGOZKIONAK

 0) Irakurle guztiek parte har dezakete.

 1) Makinaz edo eskuz idatziriko hiru orrialde bidali beharko dituzu.

 2) Euskaraz. (Edozein euskalkiz). Ez kezkarik izan ortografiaz edo eta joskeraz. Zuzentzekotan geuk zuen dezakegu.

3) Asterizkoz doazen hamar galderei beharrezkoa duzu erantzutea.

4) Gehiago galdetzeko eta erantzuteko libre zara.

5) Izengabetasuna gordeko da inkesta guztietan. Hala ere bidaltzaileak karnetaren zenbakia, zuzenbidea eta izena bidali beharko ditu. Alderantziz, ez da argitaraturik izanen.

• IKERKETARI ETA PUNTU EMATEARI

 1) Irakurle guztiek parte har dezakete.

2) Anaitasunako erredakzioa, idazleek edo eta kolaboratzaileek ezin dute atal honetan parterik hartu.

3) Postaz, eta bidaltzailearen izenarekin batera, ematen dituzun puntuak garbi azaldu beharko dituzu, puntuazioaren laukitxoan gurutze bat markatuz.

 4) Berdin egizu ikerketari dagozkion galderekin, laukitxoan gurutze bat markatuz.

Puntu ematea

Elkarrizketa honi zuk zenbat puntu ematen diozu?

Ingura ezazu biribil batez

-5 -4 -3 -2 -1 0 +1 +2+3 +4 +5

Zure uztez, elkarriztatuak ondoko adina duke:

16tik - 23raino

23tik - 31raino

31tik - 39raino

39tik - 47raino

47tik aurrera

Zure ustez elkarriztatua:

emakumea da

gizona da

Zure ustez elkarriztatua:

hiri handi batean bizi da

herri handi batean bizi da

herri ttiki edo baserrian bizi da

Zure ustez elkarriztatua lanbidea duke:

Esku langilea

langile espezializatua

Arrantzalea edo Baserritarra

Goi mailako kuadro teknikoa (ekonomista, injeniadore, peritoa, medikua, abokatua), irakaslea, kazetalaria, etab)

Behe mailako kuadro teknikoa (Bulegolaria, idazkaria, ajentea etab)

Entrepresa ttiki baten jabea

Maizterra

Goi burjesia


Zer egin nezake?

Zer esan nezake, hainbeste bortxaketa, erahilketa, zapalkuntza, injustizia eta gorrotoen itsaso zakar honetan, tristuraz hil ez nadin?

Hain gaude, odol usainera ohiturik, farre hotsak eta alaitasuna bera hil zaizkigula?

Agian, anunzioetako sasirrifar artifizialenpean ito zitzaigun egiazko poza, giza projektu anaikor eta iraultzaileak, botu erosleen politika ofizialaren azokan galdu zaizkigun bezala.

Eta guk biok, behintzat, ez dakigu zer esan, zer egin. Izen batzuen oihartzunak datozkigu urrundik..., eta hurbilen ditugunak erraz ulertzen ditugunentzat... Ana Tere, Maria Jose Bravo, Maria... hitzik ere ez ia.

Ohizko kartelak prestatzen ditugu, paperak, rotuladorak eta kalera. Berriz, gauza bera esatera: "berriro ere", "Euskal Herria odolez estalia", "indar errepresiboek"...

Kalean jendea, kotxeak, lantegiak, dena bere martxan, injustizia, gorrotoa, paroa, gosea, eta bortxaketen fabrikatzaileak lanera doaz. Eta goiz joan ere.

Egoeraren kontrasanak aztertu eta eztabaidatzera goaz irteeren bila, baina ate gehienak itxita ditugu. Oso beltz dakusagun inguruan, iluso apur bat hazteko, alaitasunez ureztatu beharko du norbaitek etorkizuna. Ala kolpe, ostiko eta era guztietako sufrimenduak jasatea ote da, pertsona izan nahi duenaren etorkizun bakarra?

Agian, beste askotan bezala, Somera kaleko Etxargi tabernaren aurrean polizia batzuek, bost metrotatik, ke pote batez, —Basauriko María Pérez— hogei urteko neskari, aurpegia nola irekitzen zioten, odol ugari zeriola, nola eramaten zuten ikusi zutenek, ez dukete kirofanoan dagoen Maria ahantziko. Agian, biharko egunkariak, Bilboko Rodriguez Arias kalean, Roberto Pereda 16 urteko gaztea, istripuz hil dela, agertuko digu baita ere. Baina, hain dugu urrun Roberto Pereda ez baikara albiste horretan, nor den, zer den, pentsatzen geldituko. Zertarako galdu urrezkoa zaigun denbora preziatua?

Rodriguez Arias kalean 5,30 etan, lurrean, gorpu, odolez beterik ikusi zutenek, kamioiak gainetik nola zapaltzen zuen, ikusi zutenek bai, bizitza arrazional, logiko eta perfekto honetan zehar, parada bat egingo zuketen.

Etxekoandreak: ¡Oi gixajoa!, intelektuak: ¡zibilizazioari ordaintzen zaion zerga!, besteren batek: ¡es que estos pinches se creen Angel Nieto!... esateko ez bada.

Eta agian Robertok nagusitzat zeukan, dendari pezetazalea, bistatik ken zezakeen bakoitzean, ametsetan joaten zen, mobilete zaharra hartuz, Bilboko semaforo, kutsadura, plastiko poltsa eta ke zikinen artean, railli batetan bailegoen korrika, kanpeoi bat bailitzan. Angel Nieto...

Zoritxarrez ez zenekien mundu hau, bakar bakarrik habilenentzat, trebeenentzat, perfektoentzat, sekula konfunditzen ez direnentzat baino, ez dutela asmatu.

Eta lagunak eta biok, bakoitzak bere larruari galdetu beharko dio, zer egin? nora garamatzan ez dakigun bideak, bizitzak berak, sustrai bai, arrazoi bat euki dezan, zer egin? Hainbeste baitira bidea oztopatzen duten sasiak! Bizirik irauntzeko argudioak, bilatzeko, saiatu beharko dugula, behin eta berriz. Askatasuna bera, argudio bat dela sinesteko, izugarrizko ahaleginetan ihardun beharko dugula.

E.E.


Gaiak. Politika

Langile kongresu erradikal bat gogoratuz

"Ez daukagu ezer ezkutatzekorik. Ate irekitako Kongresua izatea nahi dugu".

Irteten zen idazkaritza nazionalak hola definitzen zituen bere asmoak LABen 2.Kongresuari begira, Leioako Unibertsitatean Apirilaren 11, 12 eta 13 egunetan ospatutakoa. 800 ordezkarik baino gehiagok baieztatu zituzten idazkaritzaren asmo ageriak, beren praktika eta partehartzearekin debateetan.

Aldi berean, ELA-STVen integratzearen eta LABen autodeuseztapenaren aldeko joerak, Euskadiko Ezkerraren militante-simpatizanteek errepresentatutakoa, Donostian ospatzen zuen bere Kongresua, deuseztapena eta ELA-STVen integrapena erabakitzeko, kontrako botu bakar batekin. kazetariak (1) antzerki batean bageunde bezala, sur eta lur, teatrolana "LAB hil da!" "Bizi bedi LAB!" oihuarekin bukatuz. Ez zaio inongo behatzaile (2) erne eta inpartziali eskapatzen, garai honetako Euskal Herrian sindikatu "Klasetar eta nazional" honek (Leioako-ek hola definitzen atsegin baitute) jokatu behar duen paper garrantziakoa, 9.000 kide (3) inguru dituela, euskal langilegoaren sektorerik burrukatzaileenei dagozkienak.

Kongresu dinamiko eta irekia

LAB Sindikatu Iraultzailearen Kongresuak iraun duen hiru egunetan barna gaur eguneko zirt edo zarteko gaiei buruz, txostenak (4) eta zuzenketak defendatu ziren: Egoeraren azterketa, sindikatuaren bereizkundeak, krisi ekonomikoa, estatutuak eta antolakuntza eta sindikalgintza.

Apirilaren 2ko EGINen, LKI-LCRek HASI-KAS, LAIA eta bere burua aipatzen zituen "LABen etorkizunaren erantzule" gisa. Kongresuan barna, taldeok oldartu (5) zitzaizkion, autonomo-independienteekin batera, problemarik neketsuenari, oraino ebatsi gabea; LAB KASen barneratu ez alternatiba jasotzearen aldeko baziren ere, botazioak etengabeki dudamudatan ibiltzen ziren "bloke gidari" deitutakoan barneratzeari begira. Integrapenari buruzko duda honek geroztik ekarri du HASIren zenbaitzu militanteren kanporatze autoritarioa.

Jon Idigorasek, LABen kofundatzaile, irtendako idazkaritzaren kide eta idazkaritza berrian berrautatua (6), esan zuen: "Klasetar Sindikatu nazional baten finkapenak Euskal Herriko langilego osoari eskaini behar dio bere errebindikapen sozial eta nazionaletarako marko egokia".

KASen barneratzearen gaia geratu da hurrengo hilabeteetan sindikatuaren barnean egin beharreko oinarrizko debate gisa.

Klasetar sindikalismo nazionalaren alde

"Egoeraren azterketa"ri buruzko txostenean, HASI'ko Edorta Ximenezek aurkeztu eta defendatuta, KASen barneratzearen defendatzaile erradikala, bestalde, burutu egiten da munduko, Estatu espainoleko eta Euskal Herriko kontextuaren azterketa, 77.ez geroztik. Suarezen Erreformaren arrazoiak komentatzen dira, baita harenganako kontrakarra eta erresistentzia erradikala eta Gernikako Estatutuaren papera esan delako projektuan ere. Erreforma ez da oraindik sendotu eta haren abiarazteak problema larri eta kontraesanak planteiatuko ditu. Honek beronek posibletuko du alternatiba bat aurreratuagoa, hauek direla medio:

a) debate ideologikoa katastrofismoaren kontra.

b) alternatibak aurkeztea planketa global eta sektorialei.

c) nazioarteko elkartasuna zabaltzea,

d) batasun politika Euskal Herriko Biltzarre Nazionalaren bidez.

"Sindikatuaren bereizkundeak" gaiari buruz, Joseba Perezena gehiengoak (7) onartua izan zen. Bere txostenak mantentzen du sindikalismo klasetar eta nazional baten praktika posiblea dela. "Sindikatu soziopolitiko gisa LABen karakterizapenaren alde egiten dugu, sindikatu erreformistei oldartutako aukera bezala aurkeztuko dena.

"Sindikalismo bereizia egin gogo dugu, masa edo abangoardiako sindikatua ote den planteiamenduekin zerikusirik ez duena, planteiamendu konkretu eta errealetan oinarrituko dena baizik. Ez dugu geure burua neurtuko sindikatu erreformistekin kantitate edo kualitatean, planteiamendu iraultzaileetan baizik". "Autoerakuntza, haren jite (8) sozio-politikoa, krisi kapitalista konbata, langile kontrola fabriketan agintegailu gisa", izanen dira haren elementu esentzial karakteristikoak. Txosten-emaileak jite sozio-politikoa ulertzen du egungo langile mugimenduaren beharrizan bezala, azalpen ekonomiko eta defentsiboetara langile burruka azpiratzeko burjeseriaren ahaleginak apurtzeko. Txostenemaileak, KASen alternatiba Euskal Herrian sektore iraultzaileen azalbidea izan dela ezagutu zuen. Haren defentsoa jasotzea proposatu zuen. Debateak birplanteiatuko zuen, argi eta garbi, LABen integrapena KAS sektorean. Kongresuak arazoaren garrantzia ezagutu zuen, bai eta Jabier Mendozaren emendakin bat onartu ere. Bertan agerterazten zituen prozesu iraultzailean koordinakunde Abertzale Sozialistak daukan "Bloke gidari" izaera, eta LABek KASen alternatibaren programa daukan jaso beharra.

Krisiarentzako alternatibak

"Krisi ekonomiko"aren azterketan, Antton Mendizabalen txostena onartu izan zen. Honen txostenak krisis ekonomikoa aztertzen zuen sakonki eta sektoreka. Krisi honek ez digu krisi sozial, politiko eta ideologiko ahantzerazi behar.

Antton Mendizabalek ebapide (9) alternatibo multzo bat proposatzen zuen, bizi dugun egoera konkretuari egokituta; haietan autogobernu marko berritik errekonbertsio prozesuaren langile kontroleraino fragaten zen, Gobernuaren politika errepresiboaren eta langileentzako bere larderiazko (10) bidearen kontra burrukatuz. Langile kontrakarra garbitzeko erreformaren ahaleginak kontrataturik zeuden Euskal Herrian behatutako egoerarekin, ezker abertzaleak daukan indar politikoa indar sindikal bilakatu gabe oraindik.

Txostenak bi emendakinen ekarpena errezebitu zuen, bata Jose Luis Cerecedak eta Pedro Garrotek, eta besten Goio Hernandok, LABen sektore "autonomo"koa aurkeztuta.

Cerecera berriz ere KASen gaira itzuli zen: "Egungo bataila zuzendu behar da KASen alternatiba faktikoaren lorpena inplikatzen duen haustura prozesua finkatzerantz, "langileen bizikondizioen hobakuntza" puntuaren zalantzagarritasuna deseginez; egungo egoera kritikoak galdatutako plataforma errebindikatibo baten inguruan garatu behar da, LABen egon behar duen burruka antikapitalista zabalaren filosofiaren oinarri, bene-benetan hildo sindikal iraultzailea desiratzen badugu".

Modelu berri baten bila

Goio Hernandok nabaritu zuen, "transformapen sozial erradikalerako helburuak planteiatzeak, aldi berean kultur iraultzaren prozesua edo alternatiba ideologikoa artikulatu gabe", suposatzen zuen koherentziarik eza. Esan zuen ere, "jokabide sozial domeinatzaile gisako alternatiba proposatu behar dugula; ideologia kapitalistaren kontsumismoan ez, baina bai egiazko elkartasunean, erantzukizunean, harreman libreetan, aisia kreatiboan, gizon —kanpoko mundu eta pertsona— ez-menpeko pertsona harremanean oinarritutako jokabide soziala".

Hauei jarraiki zitzaizkien "Sindikal ekintza", "Sindikal ekintza eta feminismoa" eta "Estatutuak eta antolakuntza" txostenak. Lehenengoak, Juan Angel Arreak aurkeztuta, lan harremanetarako marko autonomoa defendatu zuen, Langile Estatutuari bere kontrakarra eta bere progresismoa direla eta; bestalde, "LABek erreformismoaren kontra bere burruka jarrera birsendotu behar du, haustura (11) lortzeko eta langileei helburu hauek ulerterazteko", gaineratu egin zuen.

Txosten feministak debate zabala piztu zuen emakumearen zapalkuntzaz. Zenbait kongresukidek, txostenean aipatutako errebindikapenak kontsekuenteki jaso zitzaten sindikatuaren kide guztiek, galdatu zuten. Txosten hau LAB-Bizkaiko emakume batzuk aurkeztu (12) eta aldeztu (13) zuten.

Xabier Onaindiak defendatutako "Estatutuak eta antolakuntza" txostena onartu izan zen zenbait emendakinekin. Bi puntutan zetzan: estatutu sinpleagoak, ez 1. Kongresukoak bezain burokratikoak, eta antolakuntza bi ardatzetan jiraraztea: sektoriala eta territoriala, sindikatuaren aginte exekutiboa kideen eguneroko ekintzarekin koordinatzearren.

Hitzatze gisa

HASIren sektorearen aldetik ohigabeko presioa behatu dugu (zenbaitek malezia ironikoz "adreilu sektorea" deitzen dio) LAB KASen integratzeko gaiari buruz. "Autonomoek" alternatiba honen alde egin dute, LABek, independienteen alde, KASen barneko indar erlazioa aldaraziko duelakoan, "adreilu sektorea"ren presio autoritarioa gutxi-eraziz. Independienteek partehartze urria edo ezer gutxi izan dute debateetan. Espero dugu beren ahotsa entzuneraziko dutela, euskal sindikalismo iraultzailearen etorkizunari buruz burutzen ari den debatean.

Debate honetan datza, "nola itxuratu, burruka antikapitalista globalizatu eta euskal langile hiritarren plataforma utziezinak eta aukerak sendotzea permetatuko duen bloke iraultzaile". "Bloke bat batzuk zuzendua". "Parteharmen zabaleko alternatiba globala, bertan joera esberdinetako sozialista edo komunista erradikalok atseginez sentitzen garelarik, eskuz esku eta besoz beso jasotako guzion etorkizunagatik lan eginez", komentatu zigun ezker abertzalearen zenbait kide nabarik.

LABen Kongresu honetan, euskal sozialismo erradikalaren arloa finkatzeko oinarrizko eztabaida ireki da. Eztabaida honek bi alde ditu: a) Parteharmen zabaleko beharrezko debatea potentziatzea, neokapitalismo postindustrialerantz, batzurentzat; edo sozialismorantz, beste batzurentzat, iragapeneko eta krisi orokortuzko gaurreguneko etapako puntu ilun asko argitzeko; eta b) prestigio eta agintearen abusu autoritarioak berekin daramatzan ikuspegi negatibo eta desmobilizatzaileak.

Oso ondo pentsatu beharra dago. Intolerantzia, dogmatismoa eta ideologismoa gaurreguneko tranpa dira, bertan hainbeste eta hainbeste militante sozialistaren ahalegin kolektiboak eror daitezkeelarik, denbora luzerako.

KAS, burruka antikapitalista eta alternatiba sozialista antiautoritarioaren espazioa izan daiteke, baina gure herri langilearen gehiengo erradikalarentzat honela izanen da, askatasunez eta joera eta pertsona guztien Parteharmen osoaz egiten bada bakarrik. Hurrengo hilabetei begira, LABen kokatzen da debatea demokratikoki burutzeko erantzukizuna, integrapena definituko duena. Bestalde eta hura onartzekotan, ekintza, alternatiben debate-azterketa-laborapena, antolakuntza —parteharmena eta aginte— errepresentapena, "Bloke gidari"ren barnean. Osterantzean, bluff bat prestatzen ariko da, fikzio bat dirigista eta autoritarioa, isolamendu antzurantz (14) eta porroterantz bideratuz.


¡¡Ibermuero!! ezetz!

Dei bat, abisu bat; Lemoiz hortxe dagoela: ¡zentral nuklearra! horixe baino ez dizuegu azaldu edo gogoratu nahi, idazki labur honen bidez.

Ez gara hasiko, "Iberduero"ren lotsagabeko konportaketa basati eta hiltzaileaz... Baimen legalik gabe erakitzeko dagoen, munstro zapaltzaile horren kontra, herriak, jarriak dituen administral eskabidez. Aipatu besterik ez, komiteak eta defentsarako batzordeak urterik urte, behin eta berriz errepikatutako argudioak: Zentral Nuklearrek soluzionatu gabe dituzten arazo teknikoak... ondakin erradioaktiboen arazoa... Zentralak dakartzen menpekotasun ekonomiko, teknologiko... Eta abarrekoak... militarizazioa... ustegabeko istripuen arriskua... programa nuklearren garestia.

Zentrala dagoen tokitik hain KM gutxitara bizi den populazio handia egoteak ekar liezaizkigun neurrigabeko kalteak...

Baina Iberduero eta sekuazeak dirua atera eta herria engainatzeko lanetan ari ez direnean gortu eta mututzen zaizkigu. ¡Koitaduak! Erakunde publiko eta "PNV"tar ez diogu ezer. Irakur ezazue "Ese sector pro Lemoniz del PNV" orain kartel modura atera dena.

Gauzak ez dira gehiegi aldatu, ez. Eta aldatu badira onerako ez, behintzat. Lehen erreaktorea, hilabete gutxiren barruan, prest egongo da, eta ondoren uranioa etorriko omen da.

Beraz, oso egoera larrian gaude. ¡Rollo txarra, montatu digutena! dena den, ez dugu uste Lemoizi dagozkion alternatibak eztabaidatzeko garaia denik. Eta halaxe uste dute bai komiteek, gai euskal itsasalde eznuklearraren defentsarako batzordeak alderdi iraultzaile eta Euskal herri langileak. ¡Lehenengo gelditu! gero... Ea horretara doa. Hain zuzen ere, azken kanpaina hau.

Txantxan


Gasolina berdea

Azken urteotan, energia nuklearrari ordezko bat ala batzu aurkitu nahiean, haizearen indarrez, eguzkiarenaz, itsasoko olatuenaz eta baita satsarenaz ere berba asko egin da, "gasolina berdea" deitu ahal zaion beste energi iturri hau apur bat ahaztuta geratu delarik.

P. Blackburn-ek, INCIDE aldizkarian esaten duen moduan, Hirugarren Munduko hainbat herrirentzat, hau izan liteke gaurko petroleo-krisis honetatik eta nuklearraren mehatxutik irteteko biderik egokiena.

Eta, zer da "gasolina berde" hau? ba, landare batzutatik eta batez ere azukre-kainaberatik ateratzen den etanola. Etanol honek hainbat gauzatarako zerbitzen du, alde batetatik industria kimikoan usainak, botikak, polietilenoa, rayon-a (zeta artifiziala) eta abarrak egiteko, eta beste alde batetatik erregai bezala erabiltzeko. Hala, Munduko Bigarren Gerran, gasolinaren falta egon zenean, etanol asko erabili izan zen, gasolinarekin nahastatuz (%15,85erainoko proportzioetan erabil daiteke). Gainera, abantail izugarria du: ez du haizea (airea) kutsatzen.

Gaur egun, "garapen-bidean" edo "en vías de desarrollo" dauden nazio bik hartu dute etanol-a erabiltzeko bidea: Indiak eta Brazilek. Indiak urtean 2 milioi hektolitro produzitzen du, industria kimikoan erabiltzeko batez ere, Brazilek aurten, 40 milioi hektolitro produzituko duen bitartean, honela bere gasolina-inportazioak %20 gitxituz eta pila bat lan-postu sortuz.

Gauza da, ea behar den beste etanol produzitzea posible den jakitea. Une honetan, garapen-bidean dauden nazioek urtean 153 milioi hektolitro beharko lukete, hau da, gaurko munduko produkzioa %50ean gehitu beharko litzatekeela: honek alde batetatik azukre-kainaberaren lurrak gehitzea eskatzen du, eta beste batetatik destilategiak sortzea. Dirudienez, destilategiak, orain dauden birfindegiei (refenerieri) erants daitezke.

Eta guri dagokionez honek badu inportantziarik? Lehen momentuan ba dirudi ezetz, Euskal Herrian ez baitago lur soberarik azukre-kainabera landatzeko (Nafarroan izan ezik), eta gainera, gure klima ez baita horretarako egokia. Baina gure ondoan bizi diren Herrietarik batzuentzat ba dirudi baietz, eta ez dezagun ahaz, penintsula iberika honetan, ekonomia aldetik behintzat nahiko elkar-lotuta gaudela. Honela, bai Andaluzian eta baita Extremaduran ere, landa daiteke azukre-kainabera gehiago (orain ere egiten da, baina azukrea ateratzeko bakarrik), destilatu ondoren gasolinarekin nahastatuz erregai moduan erabiltzeko. Honekin, Herri horietan dagoen langabezi kronikoa apur bat gitxitzen bada eta energia erosteko beharrizan hori urritzen bada, guztiontzat hobe, Estatuko buruzagiak atxaki motelagoak edukiko baitituzte nuklearra inposatzeko eta zentrale madarikatuok eraikitzeko.

J.R.B.O.


Gaiak. Erreportaia

Bidaia baten kronika

Larunbat buruzuri batez, arratsaldeko 5 etan Itziarrekin topo egiten dugu Errekaldeko plazan hiru lagunok. Asmoa dugu Bilbo inguruetako hauzategi bat ezagutzea, pixkat gutxienez. Itziarrek haraino eramanen gaitu. San Antonio deritzo eta Errekalde gainean aurkitzen da. Haraino goazeneko bidea Aluzeta deitzen da.

Hasiera batean, ijitoekin elkarrikuska bat egitea pentsatzen genuen. Gero frogatuko genuen ijito familia bat bakarra zegoela. Bestaldetik, herabe (13) genuen jende haiekin mintzatutakoa magnefotonoan grabatzea, mekanikoki, galde-erantzunen bidez. Hau beste aukera baterako utziko dugu. Geure bizipena soilik kondatuko dizuegu.

Itziarrek (gidari duguna) ba du halako karisma bat jende honen artean, hauzo honetan bizi den subproletalgoaren, artean. Lortu egin du, berak eta beste lagun batzuk bertan egiten zuten lan sozialarekin. Gaur egun ez dute halako lan konkreturik egiten, gertatu ohi den bezala, taldea apurtuz akabatu baitzen.

Arira joan ginen artez. Ijito familia ezagutu nahi dugu lehenik. Gure lagun Jabi, argazkilaria, haur ijitoen argazkiak egiten hasi zen. Haur biziak, begizoli sarkorrak, haietan barna bizi diren pobrezia eta behargorria erakusten zituztenak. Etxe baten aurrez aurrean gaude —halako izenik merezi badu— Uralitazko teilatua, orma bat hauzategi hau dagoen mendixkaren ezponda (1) da. Bi gelagune, bata sukalde eta bestea logela. Kanpoaldea, ataria ere ba zen sukaldearen partea. Bertan, hiruroineko (2) baten gainean zegoen kazpela (3). Janaria prestatzen ziharduten. Zopa bat oilo pikatxekin (4) hantxe zeuden emakumeak eta haurreria. Atso ijito bat, aurpegi zimurduraz hildotua, larruazal beltzarana, oso osorik, begirada nekatua. Hiru emakume gehiago, gazteak, baina gaztetasunak beren gorputzei aspaldi ihes egin izan zien. Lanak, zertan nahi ere, haur egiteak, pobreziak, meneratu egin zituzten. Halere, halako poztasun bat zerien beren izpirituei eta beren begietan makina bat zirrara (5) eta zentzazio gehiagorekin nahasten zen. Ba dateke, agian, lurreko ezeduki eta txiroen poztasun hau, aberats eta edukitsuek inbidiatzen dutena.

Logelan bi ohe. Han guztiek elkarrekin, handi eta txiki, egiten zuten lo. Neure buruari galdegiten diot zenbaterainoko intimitatea zuketen gurasoek Hara, hiru gizonak oilategi bat konpontzen eta baranda bat jartzen ari zitzaizkion. Oilategia, bai, eta zertarako? Bizilekua gisa erabiltzeko. Ohore haundia oiloentzat, han gizakiak biziko liratekeela balekite.

Emakumeek gauza eta kontu asko komentatu zizkiguten. Gizonak lanik gabe; haietarik bat eskailerak garbitzen ari zen. Bere segurantza soziala seme-alabei hedatzen zien eta bere iloba, Jose deritzon ditihaurra, sartzen ahalegintzen zen. Beharra zuten, bai. Haur bat gietena (6) ebakitakoa, beste batek arnasestua zeukan eta hirugarren batek giltzurrunetako gaitzen bat. Hori bai min eta oinazezko panorama! Emakume ijitorik gazteenak, hamasei urte, haur bat, duela gutxi jaioa, zuen. Hilabete batzu. Gutarik batek, Begoñak, bere besoetan hartu zuen eta haurra kulunkatzen hasi zen. Begiak zabal, polit eta zoli. Lehenbailehen bataiatu nahi. Esaten zutenez, haurra, gauetan, nigarrez eta arnas-hestuka itzartzen zen. Seinale txarra. Gerta zitekeenagatik, bataiatzea komeni zen. Beldur superstiziosa sentimendu erlijiosari nahasten zitzaion.

Haur-emakumeei agur eginda, eskailera batzutan zehar igaten hasi ginen. Uneoro, jendeak Itziarri agur egiten zion, guri hiruroi hedatzen zitzaigun agurra.

Mutil bat, besoa osorik mugigetua (7). Ebakuntzaren orbain (8) izugarri bat zuen; lepotik bular erdira zihoan. Zangoa hiru tokitan apurtuta. Gutxi bailitzen, buruan ere kolpe izugarri bat jasana zuen. Esan zigunez, motorrarekin gertatu zitzaion istripu hau.

Emakume talde batek aulkietan eresita, agur egin ziguten eta gurekin hizketan hasi.

Taberna batera sartu ginen zerbeza bat hartzera. Emakume ijitorik gazteenaren kasua komentatu genuen. Hamasei urte eta haurra. Begoñak galdegin zuen antisorgailurik erabiltzen ez zutenez. Itziarrek erantzun zuen honi guzioni oso uzkur (9) zaizkiola, hots, kontserbadoreak, nolabait esatearren. Ez zituzten erabiltzen kanpoan, goragunetik Bilbo ikustatzen zen, oparotasunaren Bilbo. Eraikuntza handiak, bankuak seguraski gorenak, haundikiak eta finantzagizonak lanean direnak.

Zelai batera joan ginen. Itziarrek hura hauzategiko "berdegunea" zela esan zigun. Bertatik ikus zitezkeen Uretamendi; Betolaza eta mendi hegi (10) baten atzean, El Peñascal. Subproletalgoaren beste mundu batzu.

Halakoa izan zen Begoñak egin zuen komentarioa, Bilbo sakon sakonean begiesten genuenean. "Beste mundu ba tean nagoela iruditzen zait". Bai izan ere, beste mundu batean ginen.

Lagun egin izan zigun mutil batek ba zihoala esan zuen.

— ¿A dónde vas? ¿A ver "Aplauso"?

— Paso de "Aplauso", tío.

— ¿Y de los "Angeles de Charlie"?

— No, de esos no.

Zelaitik Iturrigorriko futbol zelaira joan ginen. Hara helduta, mutiko batek argazki bat egin diezaiogula diosku. Berak nahi du berarekin neskato bat jar dadin biak aseratzeko. Neskatoak ez du nahi eta esaten:

— Paso de fotos, tío.

Pasotismoa hedatu samar dago hauzategiotan. Ez da harritzekoa; bertan bizi izanda denetarik pasatzen da. Ez du ezerk ere axolarik; ezerk ere ez du zentzurik.

Itziarrek drogaren arazoa ere aipatua digu. Porrua gutxienekoa da arlo honetan sartuta. Batzuk beren gorputzari injektatu egiten zioten. Halakoa zen mutil pintore baten kasua. Makina bat ahalegin eginak zituen uztearren, baina ezin. Itziarrek kasu hau pertsonalki ezagutzen zuen, mutilari laguntzen saiatua baitzen, hark nahita. Ahalegina oro alferrikako.

Uste izatekoa denez, gazte asko droga tratuan ariko ziren. Lanik ez, beharrak eragin eta besteri ezin eutsi. Bizirauteko beste mediorik ez dagoenean... Bueltakoan Tomas topatu genuen. "Hauzategiko mutil bat. Duela gutxi lana aurkitu zuen Bilboko Gran Viako gimnasileku batetan. Espero zuen bakarra, handik egotziko zutenean, gimnasilekuan mutilak ez zituzten luzaron eta, desenplegu asegurora pasatu ahal izatea zen. Gero tokatuko zitzaion haundikien aberria zerbitzatzea. Kondatu zigunez, etsaiturik zegoen hauzategiko mutil guztiekin. Denetatik pasatzen zen bai eta hauzategiko neskatoetatik ere. Noizpait katea bat eramanda zegoen, besteak jo zezaten eragozteko. Jadanik zeuzkan baino ere kalapita (11) gehiago egiten ez bazituen, bere aitarengatik zen.

Mundu honetatik partitu baino lehen, Jabik argazki panoramiko bat egin zion hauzategiari, Itziarrek holako bat gorde nahi baitzuen. Geroztik, beronek kapera (12) txiki bat erakutsi zigun, ez ziren hogei pertsona kabituko, gehien jota.

Hau ikusitakoan, joan egin ginen. Ez genion elkarri gauza handirik komentatu. Hitzak sobera. Une haietan ikusi eta sentitutako guztia garrantzizko bakarra zen. Hitzak, mundu ezberdin hartan geuk begiztatu eta hauteman genuena besteei komunikatzeko gai dira soilik. Bai, hiri handien inguruetako munduak, gaur egun meneratzaile den munstro jatunari giza haragia hornitzen diotenak. Nahi eta gogo duenerako; ba du non hauta.

Hiruko

(1) Talud, talus.

(2) Trípode, trépied.

(3) Cazuela, casserole.

(4) Abats, menudillos.

(5) emoción, trouble.

(6) Hernia, hernie.

(7) Inmobilizado, immobilisé.

(8) Cicatrice,...z

(9) Reacio, rétif.

(10) Hegala, Colina, flanc.

(11) Istilua, zarata.

(12) Capilla, chapelle.


Komunean irakurtzeko gaiak

Euskara batua / Erdal fonetika batua

Konpainia on batean geundelarik, ez zegoen tartean inolako jesuitarik, Nafarroarantz abiatu ginen vascongadotar partida handia, ia denak Ikastoletako haurrak eta haurrez jositako guraso batzu ere, zeinek erdaraz elkarri egiten zieten, umeak erdaraz ere, eta "Euskal Herrian Euskaraz" eranskailua zeramen batek, zirikatzeko edo, erdaraz ere egiten zuen. Bitartean, gurasoek umeei euskaraz, deitzen baita horrela progresisten artean, hots eta zarata deskonpasatu batzu ateratzeko modu bat. (Saia zaitezte mihia zorrozki atereaz eta eskuak mila bueltaka biratzen dituzularik.)

Erdaldunei normalean hots estrainio horiek ulertezin gertatzen zaizkie gehienetan; ekonomia, momia eta beste ea edo ia-rik ezik. Atzerritarrek aldiz, espainolen artean eta umeekin praktikatzen dugun kode sekreturen bat dela berehala hatzematen dute.

Urteak joan eta etorri egin direnez, oso urrun dauzkagu urteak non Pariseko tabernariek bizkaitar gizakiak entzutean ukranianoak zirela esaten baitzieten. Baten batek gipuzkoarrei beti txekoak edo ez dakit nik zer zirela errepikatzen zien. Poz makala ez zen gertatzen bada gure artean! "Ikusi gero!, egija diñue ba, eurentzat ezkara españolak". Tamalez, azken deituriko "euskaldun"berria zetorrela eta muntaketa guztia lurjota gelditzen zen. "Etorriberria den tipoari espainol antza hatzematen diot nik... Il est espagnol, n'est ce pas?"

Eta tabernariak, denak "espainolak" ginela sumatu baino lehenago, horretako euskaldun abertzale batek esplikatzen zion esplikatzeko zegoena. Ukraniera ikasitako espainol bat. "Nabaritzen ez da bada"! bukatzen zuten bizkaitar jaioek. Eta oso abertzalea nintzenez fonetikari garrantzi handia ematen ari nintzaion, espainola ez nintzela kontura zitezen edo espainola nintzela kontura ez zitezen; ez naiz ongi oroitzen.

Lehengo egunean eskola ematerakoan, ikasle batek zera esan zidan: "Hemendik pasatu da zure etxeko norbait eta zuk irakasten duzuna ez dela euskara bota digu aurpegira"... "Ez, harek irakasten dauena eta geuk berbaitten doguna diferentia dok"... enia eskueria dela edo harena erderia". Nire lagun Don Bernardok dioenez, andereñosis gogor batek jota ote nengoenentz hasi nintzaion ene buruari galdezka. ..."Seguru, horrek nonbait entzunda dauka ikastoletan erabiltzen den hizkera modernoa eta konparaketak egiten hasia da... edo EGIN-eko anuntzioren bat irakurriko ote zuen? —DEITU telefono honetara eta GOMEZKORTARENGATIK GALDETU—, esaterako?"

(jarraitzeko)

T. Trifol


Zapata

Ez nuen, ez, usain perfumatu eta gozagarria sentitu neure lagunari lekua utzi nion egunean. Hain zuzen ere, udatearen egun sargoritsu eta astun batetan izan zen neure lehenbiziko esperientzia zerturik ikusi nuela.

Kaxatxo batetan hainbeste eta ez dakit zenbat hainbeste gehiago gordeta egon behar ondoren: zokoratua, ahaztua, arras etsia nengoela, oi!, azkenez ba omen zegoen egon bihotzezko gizakirik.

Bikote edderra eratzen genuela uste dut nik: nire larrua beltza, zalua, gaztea, txarolezkoa; berarena zuri-zuria, zaluagoa, gazteagoa, txarol berozkoa... Eros zuen izena. "Eros kuttuna", "Eros maittea", "Eros nirea"... esaten nion nik.

Noizbehinka tira-biratxoak izaten genituen, ez ardurazkoak baina. Ia ia beti eguzki galdaten hiriren baten kaleetan barna-kaleetan gora, genbiltzala sortzen ziren. Egia esan, maiteago nuen nik haren oin biluziaren izerdi naturala berari hain atsegingarri zitzaizkion txapinen jario nahastua baino. Dena dela, ezin beti gustora-gustora ibili; on da pixkat sufrimendua dastatzea. Honetan ba dauka zerikusirik era zapataren kalitatea: transpirazio-ahalmena, egoera fisiko-psikologikoa, eta abar. Zapatoa, azken batez, gizarteen katramiletan sarturik gaude, eta ba ditugu ere klase sozialak. Nik beti fresko-freskoa dabilen zapatakide bat dazagut, baina haren eramaleek alkurnia handikoak dira...

Eta, lehenengo egunekoa, ahaztua daukat dagoeneko. Nork ez du laket zimaur pila batetan hanka sartu ondoren zapata berri bat janztea? Horretarako ez da pizti bitxia izan behar.

Bai, ozenki aldarrika dezaket: Eros-ek beteagotzen ninduen. Gero eta zapatagotzen ninduen. Batez ere oheratzen zenean, bere braga usaintsuak nire gainean ezartzen zituela... Mundu osoko espermak susmatzen nituen tutuzko bidaiaren zain. 7 zirkuluetako ordezkari guztiak zeuden han.

Orain, zaharkiturik nagoela, Eros-ek ez nau maite, Eros-ek ez du barkatzen Herioren lagun laster izango garenak.

Nik aldiz, barkatu egiten diot Eros-i: zapatok beti herrestan gabiltzalako munduan zehar.

Karlos Santisteban


Gaiak. Zinema

La Dentellière

"Bera zeinurik egiten ez dituzten horietako bat zen. Eramanez galdetu behar zitzaion. Bere gainean begirada finkatzen jakin behar zen. Aintzina margolari batek hartzaz baliatuko zen irudi bat egiteko: Ehungile, urekarle edo xerragile bat izango litzateke bera". (Pascal Laine).

C. Goretta, filme honen egilea, Ginebran jaio zen 1.929. urtean.

Suizako egoera linguistikotik abiatuz, Frantziak, bere hizkuntzaren bidez, hango kulturan garrantzi eta eragipen handi bat eduki duela aitor genezake. (Ikus: "El libro blanco del euskara", 514 gn. orrialde). Dena dela Goretta eta Tanner Inglaterrara doaz eta B.B.C.-n lan egin ondoren "British Film Institute"n- sartzen dira, orduan "free zinema"-ren ideiak aurrera eramaten ari zirenekin harreman hestuak izanez.

1.957. urtean bien artean Cannes-en sari bat lortu zuen laburmetrai bat egin zuten: "Nice time". Bi urte geroago Frantzian "nouvelle vague" sortu zen, eta zinema askatuago eta biziago bat egiteko era honek izugarrizko eragipena eduki zuen Alemania, Inglaterra, Suiza eta Espainian ordutik aurrera zinema egingo zuten zinemagileengan batipat.

Goretta Suizara itzuli zen, hango Telebistan lan egiteko. Urte batzuk geroago helbetiar zinema nolabait bultzatuko zuen "Bosten taldea" sortu zen, Tanner, Soutter, Roy, Lagrange eta Gorettak parte harturik. Dena dela Frantziako kritikoak izango ziren zinema hau argitaratu eta bultzatuko zutenak.

1971.urtean, Gorettak "Le fou" filma aurkeztu zuen. Urte bat geroago, Cannes-en berriro sari bat jasoko zuen "L'invitation" filma, eta 1974. urtean "Pas si mechant que ça". Azkenik, orain dela bi urte "La Dentellière" aurkeztu zuen, era guztietako kritikak jasoz.

Pascal Laine-ren nobela homonimoan oinarriturik (idazlan honek Goncourt saria lortu zuen 1974. urtean) filma honek Cabourg-en oporraldiak igarotzen ari diren bi gazten harremanak kontatzen dizkigu.

Txanpoi berberaren aldeak direla maitasuna eta oinazea ulertuz, Truffaut edo Bressonnen modura, eta eguneroko gauzetan bakoitzak bestearekiko duen jokaera adieraziz, matizez beteta dagoen filma bat lortzen du Gorettak. Berak hala dio Andre Paqueten "Jeune cinéma suisse" liburuan: "Asmo batek gidatu nau beti, eskenak hartzean edo ta akoplamendua egitean: Jendea ez nekatzea, isekari gabe begiztatu, efikazia handienez bizitza eskuratu. Plano literarioan, G. Haldasen hitzez esateagatik, "Historiarekin elkarraldirik ez duten" pertsona eta gaietarantz hurbilketa sakon bat egitea da interesatzen zaidana".

Hasieratik monotonik urgaintzen du Pomme ren (Isabelle Huppert) bizitza. Ileapaindegi batetan lan egiten du. Oporraldietan François (Yves Beneyton) ezagutzen du. Taberna batetan topatzen diren unetik, bakoitzaren bakardadeak elkarrarazten die, baina Parisa itzultzean, Françoisen giro unibertsitarioa dela medio edo aitzaki, harreman horiek porrot egiten dute.

Jende askok kultur zaletasun desberdinak eta ezberdintasun sozialak direla frakasu horren (eta beste askoren) oinarria, dio. Nik ez dut esango zerikusirik ez dutenik, baina filman eta errealitatean azaltzen diren arrazoiak beste batzuk dira. (Filma feminista ez izan arren, ez baita hori bere helburua eta mezua, eguneroko matxismoa salatzen du, zehaztasun askoren bidez). Françoisek, bere giro unibertsitarioan berriro sarturik, "Pomme" kulturalizatu nahi du, haren lana ziztrina iruditzen baitzaio, eta neska, hori ulertuz, zenbait gauza ikasten eta Françoisen lagunen giroan sartzen saiatzen da.eta mutilak, ordea, ez du ezer egiten neskaren bizitzan eta prolematikan sartzea edo kezkatzeagatik.

Samurtasunez beterik dagoen neskaren nortasun ixilak hitzik gabe maitatzen du, baina azkenean, sasi-intelektualen bileran aipatzen duten bezala (hona hemen filmaren akats bat, eskena hau bere topikoengatik isolatua geratzen baita; beste akatsa filmaren amaia izan daiteke nahiko berrirozkoa delako, gertatu dena ondo ulertzen baita eta orduan luzeegia bilakatzen da eszena hori) bakoitzak gaur egun kaxa batetan bizi gara. Etxea, ohea, igogailua, lantegia, bulegoa, etab, kaxak besterik ez dira Beste kaxa batetan, orduan, sartuko dute Pomme, frakasu hori ez baitu gainditzen. Zein da kaxa hori? Gizarteak berak mugatzen duen normaltasunatik jauzi egitera ausartu direnengandik libratzeko egin duena: Eroetxea. Han amaituko dira bere egunak, poliki, orbelak, ezerezean amildu arte, uda berria bere gainetik igarotzen ari deia begiztatzen duenean bezala.

Françoisek, jadanik berandua denez hortarako, honela aitortzen digu: "Haren ondotik pasa nintzen, hura ikusi gabe".

Filma askok harrera ona izan badute duten esanahiarengatik, esaten duenarengatik hobea eduki beharko zukeen honek, baina dirudienez eta zoritxarrez hori ez da hain inportantea.


Tao-Te-King eta Lao-Tse'ren kondaira

Erraza zaio okzidental bati filosofo txino zahar bat mitifikatzea. Bere leienda eta kondaira guztiekin iluminatu baten imajenik perfektoena ematen du, jakituriaren usaina beregen daraman batena.

Lao-Tse.ren izaera

Nolanahi, Lao-Tse esistitu zen. Liburu askotan irakur daiteke bere jaiotzeko eguna 604 urtean (Kristo aurrean) zela, Chow erreinuaren baserri batetan. Bere jaiotzea metamorfosi bezala ematen da: ama birjina batek sortua omen zen, eta larogetabi urtetan zehar barnean eraman ondoren, umea, egun batetan, aranondo baten itzalpean etzanda zegoelarik eguzki errainu bat, perlazko forma harturik, ahotik sartu zitzaion eta ezkerreko besopean zabaldu zion zulo batetik atera zen jakintsu txikia tximurrez beterik, guztiz ilezuri jadanik, eta bere lehen ekintza bizitza honetan aman zera esatea izan zen: "arbola honetik (aranondotik) hartuko dut izena"; horrexegatik liburu batzutan izenorde gisa Li-Ar (aranondo belarriak), hain zuzen, agertzen da.

Kondairak dioenez, baserriaren biztanleek bizirik lurperatu nahi omen zuten itzelezko enjendro honen ekintzekatik izutuak, baina zenbait arrazoirengatik ez zuten hori burutu eta aszeta baten laguntzatzat bialdu azkenean. Beste berririk ez dugu aurkitzen 517 urteraino, Chow erreinuaren artxibozaina bezala ikusten dugunean. Aro honetan, hain zuzen ere, Konfuziorekiko elkarrizketa nola izan zen dio errelatu polit honek:

"Chow.era joana zelarik Konfuzio Lao-Tse.ren eritziak entzuteko errituei buruz, Lao-Tse.k erantzun zion: zuk aipaturiko gizonak hilak dituzu, beren hezurrak hautsez bihurtu eta egun bakarrik beren hitzak geratzen zaizkigu. Jakintsuak bere aldekoak aurkitzen dituenean denporak, aurrera jo egiten du, beste kasutan, errakor dabil hemendikan nahiz hortikan. Nire eritziz, merkatari hoberenetakoa da aberastasunean biziarren beti pobre ematen duena; goren jakintsua bere birtute perfektoagatik tonto ematen duena. Utz itzazu bakean zure izpiritu harroak, zeure desio handiak, zeure forma azalekoak eta asmo lizenziosoak. Zerbituko ez zaizkizun gauzak besterik ez dira. Hau da esan diezakezudan guztia.

Dizipuluengana itzulirik, zera mintzatu zitzaien Konfuzio: txoriek hegaz, arrainek igeri, lauoinekoek korrika egiten dute. Arineketan doanari sare batekin harrapatzen zaio, igeri egiten duenari kana batekin, txoriari arku batekin. Dragoiari dagokionez, zeruraino jasotzen dena haizeak eta lanbroak eramana, ez dakit nik nola harrapatu. Lao-Tse ikusi dut; dragoiaren antza du".

Honetaz gain, ez dugu berri askorik Lao-Tse.ri buruz. Szé-Machien historiadoreak dioenez, azkeneko biderrez mugan ikusia zen Lao-Tse atzerrira ihes egiten betirako, bere ezaguera eskatu zion duanazain batek emandako berriren arauera. Zazpi egunez idatzi zuen Lao-Tse.k duanazain honen etxean, eta epe honen buruan eman zion manuskritoa Tao-Te-King delako hau dugu, larogetabat sententziatan banatuta.

Ez da asko Lao-Tse.ren garaiari buruz esan dezakeguna. Txina bezain handi den eremu bat ezin daiteke imajina filosofo bakar batekin. Eskola ezberdinak esistitu ziren urte

haietan, nola Yin-Yan-Chia, Ju-Chia, Ming-Chia edo Tao-Te-Chia, taoista delakoa. Lehiaketa bat sortu zen taoismo eta konfuzionismo artean, eta lehena ahazturan erori zen Inperio Txinoaren ikearekin. Gaur bakarrik liburu hau daukagu.

Tao-Te-King eta itzulpenak

"Tao", bi karakterren konbinaketatik sortzen da, bata "Ch'o", oin bat pausu egiten errepresentatzen duena, eta "Shou", buru bat. Hau da, "tao"k zentzua, arrazoia, hasiera, izaki absolutoa, jainkoa esan nahi izango luke. "Te" birtute, botere bezala itzul liteke, eta "king" kanon, liburu, biblia bezala.

Dena dela, Tao-Te-King segur aski esistituriko libururik problematikoena dugu itzuli orduan. Bost mila baino karakter gehiago betetzen dute lana, eta guregana biderik heterodoxoenetan heldu da. Hasiera batean, garaiko kodize batek ere ez du hainbeste karakter iraun egiten, edo bederen ez da halako uniformitaterik aurkitzen. Honetaz aparte, txineraz diren bertsio gehienek sufritu dituzte alteraketak, nahiz kaligrafiaren oztopo handiegatik (txinerak ez dauka alfabetorik baizik eta imaje osoz diren errepresentazioak), nahiz jatorrizko karaktereak beste garaienekoekin aldatu beharragatik. Honi gehitu beharko genioke zein hermetiko eta enigmatiko den idazlearen estiloa.

Tao-Te-King nola ulertu

Liburuaren itzultzaile batek dioenez, Tao-Te-King zertaz den galdetu ziotenean, bakarrik erantzun ahal zuen: Tao.ri buruz da Orain dela urte batzuk erosi nuen liburua eta ordutik aurrerantzean askotan irakurriz gero doi-doi esango nuke presentimiento bat ematen didala irakurketak; klabea dezifratzeko puntu nagoela sentitu dudalarik, esannahien atzekaldean beti aurkitzen dut Tao, eta Tao.ren atzean Tao, hola infinitoki errepikatuz etsipenerarte. Ez dut uste Tao denik jainkoen bila daudenentzat, ez dut uste dibinidade ezkuturik ematen digunik, Tao jainkorik gabeko liburu da. Batzuei irudituko zaie munduko mirari guztietako enziklopedia labur bat dela, bestentzat guztiz ulertezina izango, baina dena dela guztiengan geldituko da dartada ezkutu bat. Ez dadila esan ezer komunikatzen duenik Tao.k, baina imajina dezagun mensajea oso argi ematen zaigun errezeptibitate egokera berezi bat bezala, zeinek gauzak bide ezberdinetik azal diezazkioke gure zerebroari, nahi dugun haina inkomunikaturik gelditzeko zerbi dakigun. Hau ahala baldin balitzez legoke jadanik ezkutatzeko lekurik, ez eta nori irakatsi ere, bakarrik genuke autodesintegrazioaren bidea, segundo frakzio baten barnean enzerraturik bizitzea; zoroetxeak halako jendez beterik daude, akaso batzuk okerki.

Norbaitek esan zuen denporan datzala irtenbidea. Atzera ezazu erlojua hiruzpalau minutuz eta galduko duzu autobusa; aurrera ezazu eta ohi baino gehiago zai egongo zara. Orain, denpora frakzio hau eramazazu zeure burura eta ezinezkoa izango zaizu jendeari ulertzea edo agian argiegi ulertuko diezu.

Tao.ren ulerbide hau guztiz pertsonala da. Ez dakit nik zer aurki zenezaketen irakurketa honetan, akaso deuseza, baina edozein kasutan gogoratu beharko zenituzke hitz hauk:

Ahula delakoak beti indartsuari

garaituko dio

Ez dago ezer munduan ura bezain

ahula eta zalua baina gogorrari eta

indartsuari eraso dienean agertzen du bere poterea

hola ahula delakoak indartsuari

garaitzen dio eta zaluak gogorrari

Ez da gizonen artean hori ez dakienik

baina guztiek ez jakitea dirudite eta

inork ez du praktikatzen horregatik

Jakintsuak darakatsi

ezen beregan suportatzen dituena

inperio baten ezbeharrak jabe izatera ailega liteke.

hitz hauk egiazkoak dira nahiz eta ez diruditen.

Joanes Urkijo

Apirilak-80


Gaiak. Kirolak

Listoak eta tontook

Orain urte bi, Bilbon ere beste hainbat herritan bezala, Maratoi herrikoi bat egin zen, Sustraiak erakundeak antolaturik uste dut. Denbora asko pasatu orduko Bizkaiko Atletismo Federakundeak edo bere inguruko pertsona batzuk, gogor kritikatu zuten Bilboko karrera hau eta Bizkaian zehar egindakoak, atletismotik kanpo dauden pertsonek ez zekitela ibilbide egokiak ipintzen eta abar esanez; beraz, asunto honetan beraiek izan behar zutela nagusi adieraziz.

Ihaz eta aurten, Federakunde honek antolatu du "Carrera Popular de Fondo del Gran Bilbao" deritzon karrera, eta ihazkoan ez nintzen egon, baina bai aurtengoan eta orain dela urte bikoan, eta aurtengoan kokoteraino amaitu dudan bitartean bestetik pozik urten nintzen. Zergatik?, ba, begira:

1.- Aurtengoan, egin den propaganda ezin eskasagoa izan da, nahiz eta kartelak aurrezki kutxa batek ordainduak izan; inor ere ez da enteratu. Bestean aldiz mundu guztiak zuen karreraren beti eta egon zen giroa ezin da aurtengokoarekin konparatu.

2.- Karteletan "popular" deitzen zioten karrerari, baina egon den trofeo piloa eta beste detaile batzuren bidez, elitekoentzako prestatuta egon dela argi ikusten da.

3.- Normala den moduan, izena ematera haien bulegora joan behar zen, eta nola den erakunde ofiziala eta bertako bulegariak funtzionari ofizialak, ba, ez dute lan gehiegirik egiten: astean hiru egun, ordu bi egun bakoitzean. Ordu hoietan joan ezin zuena, izorra zedilla.

4.- Izena emateko era bitxia: 100 pezeta ordaindu, kartoizko dortsal bat hartu eta kito. Izena eta datuak? zeuk ipini behar zenituen dortsal-ostean, eta METARA HELTZEAN EMAN. Haiek zertarako egingo dute lan, kategoria bakoitzeko lehengo bostak baino interesatzen ez bazitzaien? gero 65 horiei (13 kategorietako lehen 5ei) trofeoa eman eta aurrera.

5.- Karrera egiteko ezin izan dute egun bitxiagorik aukeratu: Maiatzaren Lehena; no comment.

6.- Orain dela urte bikoa kritikatzerakoan, gehien ikutu zuten puntua aldatsena zen: eta egia zen, aldats izugarriak egon zirelako. Oraingoan berriz aldats gitxiago egon da (ez asko) baina ez da egon ez girorik, ez laguntzarik, ez informaziorik, ez kontrolik, ez kriston fundamentorik.

Giroa: benetan negargarria; imajinatzen duzue 23.800 metroetan 500 pertsonarik ez ikustea eta txalo bat ere ez entzutea? Alde batetatik propagandaren falta, eta beste batetatik egin genuen bidea jende aldetik ezin hutsagoa izan delako, ezin zitekeen beste ondoriorik itxaron.

Orain dela urte bikoan, egon zen giroak eta jendeen txaluek aidean eroaten zintuzten eta beste gauza bat zen.

Laguntza: Propagandan DYA, Udal polizia, Abituallamientoak eta egongo zirela, baina, egia esan, laguntza guztia LEHENGOENTZAKO zen. Nork behar izango ote du ura, glukosa, DYA eta mediku-laguntza, lehen doazen atletak ala atzetik goazen gizakook? Guretzat azkenean ez zen urik ere egon. Beste karreran aldiz, era guztietako laguntza eta GUZTIONTZAT egon zen.

Informazioa eta kontrola: ez genekien zenbat bide genuen eginda ez zenbat faltatzen zen, lurrean ez zegoelako inongo markarik, eta abituallamiento-kontroletan EZ ZEKITELAKO.

Eta kontrola, lehengoentzat egongo zen, baina besteen artean batek daki zenbatek egin duen tranpa ibilbidea laburtuz! Niri pertsonalki honek ez dit ardura, baina bizi genuen abandonoaren detailea da.

Bestean konstanteki genekien zenbat zen egindako bidea, eta konstanteki lagunduak sentitzen ginen.

Beste hainbat gauza esan daiteke, (diruaren aldetik adibidez: zer egin bildukoarekin bere presupostua duen erakunde ofizial horrek?), baina zertarako segitu.

Enfin, laburpen moduan esan genezake, "popular" adjetibo hori ni bezalako hiru gizajo engainatzeko tranpa izan dela, eta nahi izan dutena zera izan dela, haien fakultateak zer diren pertsona "arruntonakaz" konparatuz adierazi. Herrietako (eta Donostiako) jende hori ezjakintsua izango da, eta Federakunde honetakoak oso jakintsuak, baina ni hurrengoan ezjakintsuekin noa eta listook joan daitezela beste batengana adarra edo kanpaia jotzen.

1980-5-5

J.R.B.O.


Gaiak. Literatura

Alejo Carpentier. "Caribe Barrokoa"

Caribe itsasoa, Amerika Zentraleko gizona eta erabiltzen zuen lengoai barrokoa izan dira batik bat hil zaigun kubatar idazle honen arau errepikatuenak. Apirilaren 25ean, gaurko literaturaren idazlerik interes garrienetako bat, politikan arduratua, Castro-ren gobernamenduari lotua izan den honek amaitu zituen egunak. Idazten ari zen bere azken nobela, amaigabeturik geldituko da jadanik.

Bretainiako arkitektu baten semea, La Habana jaio zen 1904an. Bertako hiriburura joan arte lehen urteak baserrian iragan zituen, aitak zeukan etxalde batetan. Esango zuen bezala, urte horietan, abereak zaintzen, baserrietako jendearekin eta naturaren sentimentua onartzen pasatu zituen orduak zeinek eman baitzizkioten bere giza-hezkuntza eta bere mundu intelektualaren sentikortasuna eta moldaketa. "Urte horietan, basoko jendea ezagutu nuen. Beltz batzuk beraien arbasoen kondairak esaten zizkidaten. Nire oraingo ideia, kontzeptu eta zenbait ikuspegi filosofiko etab, haien ondorengoak direla uste dut. Giza balorapen batzu, ontasun eta txarkeriaren ezagumena hain zuzen".

Hamazazpi urterekin La Habanara, sorlekura, itzultzen da eta berehala ingurune literarioetan sartzen da. Han, "Grupo minorista" deritzan talde literarioan lan egiten du. Nicolas Guillen-en lehen pauso literarioak delako taldean eginik zeuden; baina, ospetsuen artean ez zen bakarra. Gure idazlearen pauso politikoak nolabait enteligatzeko, zera jotzen dugu garrantzitsu: Julio Antonio Mella, Kubako Alderdi Komunistaren fundatzailenetako horrek bertan ere lan egiten zuen.

Lehengo obrak. "La música en Cuba"

Ez zuen preziatzen bere lehenengo nobela: "Ecue-Yamba-O". Argitaratzeko ere, berak hainbat oztopo jarri baitzuen. Garaiotako obra ostera, "La música en Cuba" dugu. Izugarrizko ikerketa, Kubari buruz eta Kuban egina, musikaren iturri guztiri eta bazter orori emana, azken batez musikaren eremu bera gainditurik, Kubako kulturaren laburpen eta adierazpen osoa bilakatu zuen. Liburu hau osatzeko, uharte guztietan zehar ikerketa luzeak egin zituen, artxiboak arakatuz, katedralak bisitatuz. Azken batez, anitz herritan musikarekin harremanik zuen gauza oro ikasiz. Bidai eta ikasketa horiek bere herriaren ezagupen sakona eman zioten eta herria eta herritarrak ezagutu zituen horren bidez. Caribe itsasoko kultura guztiez blai dago liburua, herri guztien hizkerak, erritmoak eta olerkiak ukitzen baititu.

Lehengo nobelak. "Los pasos perdidos"

Nire ustez, nobela hau dugu politena. Carpentier-ek Venezuelan idatzi zuen, hara abiatu baitzen bizitzera. Hamalau urte iraganen zuen hego Ameriketako nazio horretan, non Orinoko ibaiaren iturburuak ikusteko expedizio batetan enrolatu baitzen eta mugagabeko ohiana den Amazonas ezagutzeak eman baitzion egiatan "Los pasos perdidos" egiteko asmoa.

Nobela honetan intelektual batek emaztea eta amorantea abandonatzen ditu. Amazonetan zehar abiaturik emakume primigenioaren bila hasten da baina alferrik. Emakume horren ideia, norberaren baitan soilik datza eta.

Luxuzko barrokismoz idatzirik, Carpentierrek "egiazkoa den zer miragarritsu hori" garatzen du idazlan horretan.

Estilo literario hau, "El reino de este mundo" deritzon ipuin bilduman agertzen zaigu lehen aldiz 1954.an. "Egiazko miragarritsu hori" landugabeko egoeretan aurkitzen da. Toki eta garai guztietan presente dugu Hego Ameriketan. Henri Christophe-ren egiazko historian bezala, zein Haitiko erregeren bat izan baitzen, sukaldari ona, eta sukaldaritzatik enperadore izatera iritsi zena. Behin batean, Napoleonen beldurrez, gotorleku erraldoi bat eraikitzea agintzera ematen du. Harreseak gogortzeko, anitz zezenen odola jaurtikitzea ordenatu zuen. Murrail barruti horrek, jakiz eta mila edariz orniturik, hamar urtez gain ekin eginen zion zutunik Napoleonen harrokeriaren zetioari.

Miragarria eta erreala da kondaketa Mackandal-en errebolta, baita. Hamaika mila esklaboei botere likantropikoak zituela sinestaraziz, txoritan, zalditan eta pinpilin-pausatan bilaka ahal zuela sinestaraziz iraultza egitea lortzen du. Miragarria eta egia. Guk geuk, eskuak luzaturik hatzematen dugu "egiazko miragarritsu hori".

Geroago, "Guerra del tiempo" argitaratu zuen, ipuin liburutxo bat. Bere prosa aberatsez eta emankorrez "egiazko miragarritsu hori" ere erabili zuen non gizonaren hainbat arazori egiten dio so, gizonaren patu trajiko eta misteriotsuaz landua. "El acoso", "Viaje a la semilla" eta ab. agertzen zaizkigu bilduma horretan.

Kubako iraultza

1959an, Castrok arrakastara eramaten du bere zirkigune iraultzailea.

Carpentier berehala abiatzen da bertara, sorlekura. Lehenik ere, gazte zelarik "Grupo minoristaren" partaide zenean bereziki, ezagutzen zuen jadanik espetxea. Ez zen beraz azken aldiko heldurikoa, iraultzaren gurdiari azken boladan igona, baizik eta betidaniko gobernamendu haren aurkakoa zen. 1962.an "El siglo de las Luces" nobela argitaratzen du baina geroago, urte asko iragan zuen deus ere argitaraturik gabe, iraultzaren betebeharrek ohosten baitzizkioten idazteko orduak. Analfabetoa zen herria topatu zuen Kubako iraultzak eta Kultura gabeko jendeari hezkuntza egoki bat emateko Estatuak denetariko liburuak argitara eman zituen. Alejo Carpentier izan zen argitalpen guztien zuzendaria.

70 milioi liburu baino aise gehiago izan ziren argitaraturik; Carpentierren agindupean Amerikanoen mehatxaldian instruzio militarra hartu zuen burruka edo gerraterik gertatzeko arriskua baitzegoen. Hil zenean la Habanako enbasadorea zen, iraultzari eta Castro-ren gobernamenduari bere apoiua honela erakutsiz. Utsune literario honi buruz galdetu ziotenean, modu honetara erantzun zuen: "Ni idazlea izan baino lehen hiritarra naiz eta nobela bat gehiago idaztea baino, nire herriko hamar milioi lagunen etorkizuna interesgarriago iruditzen zait". Holaxe zen Carpentierren izaera eta benetako nortasuna sozialista.

Bere nobelarik onena 1962.an argitaratu zuen: "El siglo de las luces" Nobela luzeena da; miragarrizko hizketak, usain, margo eta Caribeko argitasunak ekartzen dizkigute orrialde horiek. Izugarrizko indarrekin, paisaia agertzen digu. Nobela honek bi maila ezberdin dauka. Bata, pertsonaiak eta gertaerak. Beste dimentsio batetan, lengoaia bera da obraren korapiloa. Ahotsaz gora eta ozenki irakurrita, dituen irudiak, aberastasuna eta luxutasuna, esanguraz kontura gabe ere, zoratzen gara eta hatzematen gaitu lengoaiaren barrokismoak, handitasunak, erritmoak. Carpentierren obra paregabe honek gaztelaniari dimentsio berri bat ematen dio. Hitzak, zilarrezko hari batez loturik ixurtzen dira. Perpausa kizkortzen da, handitzen da eta Caribeko eguzkiak bezala, zilarra urrea egiten du.

Nobelan, "Ilustrazio" garaiko pertsonaiak, aldaketa politiko barnean bizi dira. Frantzian sortutako ideia iraultzaile berriak "Guadalupe" uhartera heltzen dira eta Robespierreren babesturen bat gobernadore gisa iritsirik, "gillotinaz" ari da askatasunaren asmo berriak inposatzen. Pertsonaia hori, denboraz gain diktadore bihurtzen da. Gainerako pertsonaiak, bizitzaren ohiturak aldatzen dituzte amodioaren zioz, iraultzaren ideiak azkenean defendatuz. Obra honek duen oinarri historikoa berehala nabaritzen da, agertzen zaizkigun pertsonaiak errealak baitira.

"Concierto Barroko". Carpentier eta Musika

1974.an argitaratu zuen "El recurso del método"-a diktadore baten erretratua da. Carpentierrek baino lehenago saiatua zituen aspaldian Miguel Angel Asturias-ek beraren "Sr. Presidente" delakoan. Nobela honetan enetzat, Alejo-k lehengo nobeletako eta ipuinetako miragarritasuna galtzen du pitin bat. Gaur egungo gertaeren kronika balitz, zerik interesgarriena diktadorearen erretratua irudituko litzaiguke, hots, pertsonaia mespretxatu gabe, giza-pertsonaiarengana erakartzen gaitu nobelak, diktadorearen nortasunaz nolabait jabetu egiten gara, "on eta gaiztoen" nobelarik egin gabe.

"Concierto Barroko" obratxo labur bat da. Honetan erdi txantxetan erdi serio, Carpentierrek sasoi barrokoko hainbat musikaegile elkartzen du: Antonio Vivaldi, Domenica Scarlatti eta Hendel. Umorea presente dago, musika bailitzen, ele meleak ordenatuz. Hitz bakar baten bidez, errepika, erritmu musikala lortzen du perpausetan. Carpentierrek zeuzkan musika ezagumenak erakusten dizkigu beraz honetan.

Azken obrak

"La consagración de la primavera" sozial mailan obra konprometatua dugu.

Bere betiko berba aberatsa galdu gabe Carpentierrek Kubako historia kontenporaneoa erakusten digu, Espainiako gerra zibilean hasita, "Bahía de Cochinos"-en amerikarrek egindako desenbarkuan bukatuz.

1979.ean azken obra agertu zitzaigun: "El arpa y la sombra". Ipuin luzea edo nobela laburra. Bertan, Cristobal Colón santifikatzeko egiten diren ahaleginak kondatzen dizkigu grazia handiaz.

Alejok idatzitako hainbat hitz ez da utsunean erori. Bere obrak irakurriko dituzten begiak milaka izanen baitira. Lezama Lima, Kubako eskola barrokoaren beste erraldoi horrek zera esan zuen Alejo agurtzeko: "La araña y la imagen por el cuerpo, no puede ser, no estoy muerto".

"... Yo estuve pero el estará,

Cuando yo sea el puro conocimiento,

La piedra traída por el viento,

en el egipcio paño de lino me envolverá".

J. Sendagorta


Gaiak. Liburuak

Politika hiztegia

Argitaletxeak: Ediciones Vascas eta ELKAR

Zuzendaritza: U.Z.E.I.

Zuzendaria: Paulo Iztueta

Politika Hiztegia (luxoko edizioan 4 tomotan eta arruntekoan 2tan emana) bi zati garbiki berezitan sailkatzen da: 1. Gorputz tematikoa (30-492 orr.), zeinetan politika saileko funtsezko kontzeptuak lantzen baitira eta 2: Hiru hizkuntzatako lexikoa (11-226 orr.)

Obra honek hitzaurre bikoitza du, bata bildumari berari dagokiona eta bestea Hiztegi honi dagokiona. Bibliografia zabal batez bukatzen da.

l.mailako artikuluak: 29

2.mailako artikuluak: 81

3.mailako artikuluak: 682

Irudiak: 17 eskema

Eraskinak: Bibliografia osoa

Lexikoa

Euskara-gaztelania-frantsesa: 7.500

Gaztelania-euskara

Frantsesa-euskara

Artikulugileak

Jokin Apalategi

Xabier Apaolaza

Joxe Antonio Arana

Karmelo Arroiabe

Joxe Azurmendi

Jean Louis Davant

J. B. Dirasar

Anton Elosegi

Idoia Estornes Zubizarreta

Martin Etxeberria

Pako Garmendia

Luis Haranburu

Anton Ibarguren

Paulo Iztueta

Gurutz Jauregi

Anton Karrera

Federiko Krutwig

Jean Lannes

Patxi Letamendia (Ortzi)

Emilio Lopez Adan (Beltza)

Mixel Mendiburu

Joxe Manuel Odriozola

Mario Onaindia

J. I. Ruiz Olabuenaga

Jon Sudupe

Mikel Ugalde

Javier Uriarte Ormaeche

Piarres Xarriton

Artikulu nagusiak

Politika

 Gurutz Jauregi

 Euskal nazionalismoa: Historia eta bilakaera ideologikoa

 Patxi Letamendia (Ortzi) Xabier Apaolaza

Autodeterminatzeko eskubidea

 Paulo Iztueta

Demokrazia

 Jose Ignacio Ruiz Olabuenaga

Estatua

 Gurutz Jauregi

Etnia

 Martin Etxeberria

Nazioa

 Paulo Iztueta

Euskal instituzioak

 Jose Antonio Arana

Gizarte-klaseak

 Karmelo Arroiabe

Kapitalismoa

 Joxe Azurmendi

Sozialismoa

 Joxe Azurmendi

Sindikalismoa Euskal Herrian

 Anton Ibarguren

Iparraldeko sindikalismoa

 Jean Lannes / Piarres Xarriton / Mixel Mendiburu

Euskal Herriko erakunde estatalak

 Luis Haranburu

Enbata

 Jean Louis Davant

ELA

 Mikel Ugalde

EAJ-PNV

 Javier Uriarte Ormaeche

ETA

 Jokin Apalategi

Anarkismoa

 Emilio Lopez Adan (Beltza)

Faxismoa

 Federiko Krutwig

Karlismoa

 Idoia Estornes Zubizarreta

Liberalismoa

 Idoia Estornes Zubizarreta

Komunismoa

 Jose Manuel Odriozola

Maoismoa

 Federiko Krutwig

Marxismoa

 Jon Sudupe

Marxismo-Leninismoa

 Mario Onaindia

Trotskysmoa

 Anton Karrera

Kristau-demokrazia

 Jose Ignacio Ruiz Olabuenaga

Sozialismo demokratikoa

 Joxe Azurmendi

 UZEI, 1977an sortutako elkargo bat da. Beste kultur eginkizunen artean, euskara moderno bat lortzeko, Hiztegi-bilduma oso baten egitaraua betetzen ari da. Horrela, zenbait alor berezituetarako zenbait hiztegi burutu ditu jadanik, lexiko berezitua finkatuz. Sail hauek dira lehenengo landuko dituenak:

Fisika

Kimika

Matematika

Teknologia

Geologia

Biologia

Medikuntza

Psikologia

 Zuzenbidea

Ekonomia

Politika

Soziologia

Arte

Linguistika

Literatura

Filosofia

 Berrehun eta gehiago doktore, lizentziatu eta bestelako lankide unibertsitarik eskuhartzen du planketa handi horren barnean. Hizkuntzari elebitasun ofizialak ekarri beharko dizkion betekizun sozial berrietarako trebatu nahi da euskara Hiztegi hauen bidez.

Edukia eta metodologia

Obraren lehen partean, Euskal Herriaren egungo egoera eta beronen nortasun politikoa kontutan hartuz egin da artikulu nagusien programaketa. Euskal Herrian aipatzean, noski, mugarik ez da jarri Iparralde eta Hegoaldearen artean. Euskal Herria abiapuntutzat harturik. Beraz, guztira 29 artikulu diren artean hiru motatako sailkapena bereiz daiteke:

b) Bestetik, euskal politikagintza gehiago, zehaztuz, Euskal Herrira bakarrik mugatzen diren lau erakunderen azterketa egiten da. Lau horietarik bi historikoak dira (PNV eta ELA) eta beste biak, berriagoak (ETA eta Enbata).

c) Eta, azkenik, ismo gisa formulatu ohi diren korronte idiologikoak datoz, hara nola: sozialismoaren barruko hainbat eskola (marxismoa, marxismo-leninismoa, maoismoa, trotskysmoa, komunismoa etab.) eta, euskal politikari dagokionez, baita liberalismoa eta karlismoa ere. Gisa honetakoak artikuluak 11 dira.

Bigarren eta hirugarren mailako artikulu txikietan, halaber, bi motatako erreferentziak daude: batzuk kontzeptu orokorren azalpena ematen dutenak, —honelakoak dira gehienak—, eta beste batzuk, gutxienak, euskal politikarekin zerikusi zuzena dutenak, adibidez: erakunde politiko eta sindikal guztien aipamena. Bestalde, 62 artikulu biografikoen zerrenda oparoa dator; hauetatik 40 euskal politikagintzaren sailean sartzen direnak dira eta beste 22ak, aldiz, politika unibertsalaren eremuan.

Obraren bigarren zatiari dagokionez, lexiko espezializatu honek 7.500 sarrera dauzka eta hiru hizkuntzatan emana dator: lehenik euskara eta erdarak, gero gaztelania eta euskara eta, azkenik, frantsesa eta euskara.

Lexikoaren helburua politika sailean erabiltzen diren hitzak finkatu eta normalizatzea da. Horretarako hiru iturritatik jaso dira datuak: lehendabizi, zeharka edo zuzenki gai politikoak ukitzen dituzten euskarazko 30 liburutatik hustutako 20 mila fitxa; gero, politikazko hitz teknikoen normalizaziorako, erdarazko hiztegi teknikoetatik hartutako 2 mila fitxa; azkenik, Politika Hiztegiko artikuluetatik ateratako 12 bat mila fitxa inguru. Lexiko hau gehienbat azken iturri honetatik hornitu da.

2. Hiztegi hau norentzat den

Hiztegi honen zerbitzu-beharra hiru sektore hauetan ikusten da bereziki:

a) Komunikabide-munduan.- Hor daude euskarazko astekariak, egunkariak, irratia, etab., eta ezinbestekoa zaio euskarari ahalik eta gehien teknifikatuz joatea sail horretan.

b) Erakaskuntzan.- BUP, COU eta Irakasle-Eskoletan Politika ofizialki irakasten ez bada ere, Politika Hiztegi honetan datozen hainbat artikuluk garrantzi haundiko funtzioa bete dezake Gizarte-Zientziak sailean. Unibertsitatean ere, batez ere lehen urteetan, egin dezake bere zerbitzua.

c) Euskal politikagintzan.- Ageriak, programak, kartelak itzuli edo egin behar direnerako, Hiztegi honek laguntzarik eskain dezake, hainbat esaera ohizko, sigla eta hitz normalizaturik aurkituko baitu horretan ihardun behar duenak.

3. Lankidetza

Lan-Taldeak sortu eta indartzea da U.Z.E.I.ren helburu nagusienetako bat. Politika Hiztegia egiazki saiatu da helburu hau betetzen, 28 lankide bildu baititu beraren inguruan, Bidasoaz handik eta hemendik, eta, ideologiaren aldetik, kolore guztietakoak bildu ere. Joera guztiak errespetatu dira, zabaltasun haundienez jokatuz bai idazleen aukeran eta bai alderdi politikoen ordezkaritzan. Zabaltasun honen ezaugarritzat, alderdi politikoetako ordezkariak deituak izan ziren mintegi batetara, sogile gisa Hiztegi honen plangintzan eta martxan eskuhar zezaten.


Postaz etorriak

URANTZUKO HIRIA

1980. ko LITERATUR SARIAK

Literaturaren kreakuntza eta hedapena sustatu asmoz, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak, Irungo Udaletxearekin partaidetan, deitzen du bere XI. aldian, Uranzu Hiria 1980 Literatur Sariketa, Jarraiko oinarrion arabera:

1. Lehiaketa irekia da idazleen partaidetza gaztelaniaz edo euskaraz izan dadin, obra original eta argitaragabeekin.

2. Originalek, lau kopia presentatuko, bi espaziotan makinaz idatzi horritan eta alderdi batetik, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialera igorriko dira (Harreman Publikoen eta Marketing Zuzendari-Ordetza), Donostian, Garibai kale, 13-15, 1980 ko Uztailaren 30 eguneko 13 orduak bitartean.

3. Originalek estalkian obraren izenburua eta idazkun ezagugarria ekarriko dute soilki, inola ere autorea identifikatzeko sinadura edo beste haztarrenik agertzen ez delarik, Gainera, kartazal hertsi batetan, estalkian lanaren espezialitatea eta idazkun ezagugarria emanaz, beraren barne izen/deiturak, helbidea eta telefonoa aditzera emango ditu.

4. Aurreko kondizio horietara lotzen ez diren obrak lehiaketaz kanpo deklaratuak izango dira.

5. Epaile mahaikoak Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak izendatuko ditu.

6. Sariketaren epaia Irun hirian ospatuko da 1980ko Urriaren 25 an.

7. Sariak hutsik deklara daitezke.

8.. Saridun obrak Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren jabetzan geldituko dira, zeinek edukiko dituen argitalpen eskubideak berekin.

9. Behin ondorioen berri jakinez gero, irekiko dira plikak eta presentaturiko lanak. Lehiaketa epaiaren zenbait argibiderekin batera, partaideei itzuliko.

10. Lehiaketa honetan ez da postatrukerik izango.

11. Uranzu Hiria 1980 Literatur Sariketak honako sail hauek ditu:

POESIA EUSKARAZ

«Jose Artetxe Saria» Neurri, puntu eta gaia librean, 800 puntu (bertso) guttienez, eta honako sari hau emango:

Gaztelua eta 150.000 pta.

SAIAKERA EUSKARAZ

Egungo eguneko arazoak erabiliko gaitzat, beti ere ikuspegi filosofiko, soziologiko, ekonomiko edo historikotik harturik, eta 100 horrialdeko hedapena guttienez. Honako sari hau emango:

Gaztelua eta 200.000 pta.

POESIA GAZTELANIAZ

Neurri, puntu eta gaia librean, 800 puntu (bertso) guttienez, eta honako sari hau emango:

Gaztelua eta 150.000 pta.

SAIAKERA GAZTELANIAZ

Egungo eguneko arazoak erabiliko gaitzat, beti ere ikuspegi soziologiko, filosofiko, ekonomiko edo historikotik harturik, eta 100 horrialdeko hedapena guttienez. Honako sari hau emango:

Gaztelua eta 200.000 pta.

***

Zuzendari jauna:

EGIN-en irakurri neban "intelektual" batzuren agiria. Telebistak eta Estatuko Komunikabide guztiak lau aizetara zabaldu dabez eta benetan intelektualak izango dira aipatutakoak, zergatik neuk behintzat gauza oso gitxi aitu dot. Horrelako jende intelektualarentzat zein da Euskal Herriaren etsaia? españolak ala ETA?, edo biak berdin al dira? Zelako biolentzia gelditzea eskatzen dabe, ETAkoa ala Estatukoa, ala biak? Zergatik sartzen dira ETA militarraren kontra eta ETA politiko militarraren kontra, zergak eta inpuestoak ipintzen dituelako? Tiroak belaunetan botatzen dituelako eta pasa den gizaldiaren oitura txarra dalako, edo zergatik? Zergatik ez dira bardin egiten torturekin? ala kontsideraten al dabe gure urteotako oitura normala dala? Eskuak garbitzeko esaten al dabe? Jende askok (herria batez be) ez dauela bere kartaren sentidua aituko? Manipulazioak egingo direla euren karta horrekin? Bai, ni behintzat ez naiz harritzen, argiago izan behar eben, askoz argiago, gu tontook aituteko moduan eta orain ez dau balio zera, erretifikatzea euskaldunen artean bakarrik; zuzendu nahi ba dabe denon aurrean zuzendu, baña ez, ez dabe egingo "intelektualak" dira eta, jakiña gu "tontoak" ei gara.

M.A. Churruca (Leioa)

***

PUBLIKATZEA ESKATZEN DIZUT, ARREN:

Estimatzen nuen benetan J.M. Satrustegi Euskaltzaindikoa eta Urdiaineko apaiza. Gero, urteek sendotu egin ninduten eta norberak bere ideologiari jarrai egin zion baina estimatzen segitzen nuen bere nobela eta eskribuetan agertzen zuen euskararen, euskal kulturaren, nekazariaren eta baita artzanoen zaletasunagatik. Eta tristatzen naiz Urdian hori ikusten dudan bakoitzean. Tristatzen naiz, hango gazteria eta gehiengoek urte oso guttitan, nola egiten dioten muzin euskarari, honen defentsan inolako mediorik ez baitute. Tristatzen naiz bederen, Sakana osoan euskara desagertzen doalarik eta inork ez du batere egiten. Tristatzen naiz zeren genozidioa zegoela eta dagoela esan zuenak E.T.A. bilakatzen baitu gaiztakeria nagusi guztien kulpanta. Ez al du uste horrela baledin berehala konponduko litzateke Euskal Herri honen miseria?

J.M.A. (Iruñea)

***

Penagarria da Monzonen kontra argitaratuko komikia 400.alean. Objektibitatearen izenean egiten al duzue? Aspalditxo honetan H.B. ren kontra, K.A.S.en kontra bereziki botatzen dituzue argudio eta aburu guztiak, etsipena dela, L.A.I.A. dela, eta abar. Euskadiko Ezkerratik nahiko bajarik ez al duzue hartu? Orain zer nahi duzue K.A.S. ekoenak lortu? Orduan beri ondatuko dela «Anaitasuna»!

(Anónimo)


Gurutzegrama

L. Trask