ANAITASUNA

1980.KO EKAINA OSOA. UZTAILAREN LEHENA

403. ALEA

80 PZTA.


[AZALA]

ARDIETATIK...

...PETROLIORUNTZ...

BIHOTZEAN


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea

4. Artikuluburua

5. Agiriak

6. Zestoako topaketak. X. Portu

8. Tarrapatatan. Emakumea eta Herriko festak. M. Landa

9. Iribarri esker onez. Txepetxa

10. Bertso berriak Santamañenekoari jarriak. E. Knör.

12. Anaitasunaren zuzendari jauna. Santamañenekoa.

13. Prakaman. I.A.

18. U.E.U. Sabin Oregi

22. Haurrak egiten du. M. A. Landa, B. Sukuntza, R. Elizegi.

26. Hamabost egun hankaz gora: "La Moral del Tráfico". Preiraultzaile egoera hau.

28. Arrazakeria nardagarria EEBBtan. T. Trifol.

29. Haur euskaldunei laguntza eske. M. Landa.

30. Zer gertatzen da Kuban? T. Trifol.

32. Elkarrizketa biziak.

34. Ekonomiaz. J. Iruretagoiena.

35. Madrilgo lagunei. K. Santisteban. Komunean irakurtzeko gaiak. T. Trifol.

36. Manex Urruti. A. Eguskitza.

40. Kurutziagako gurutzea apurtu zigutela eta. Hibaikoa.

42. Julian de Tellaetxe-ren erakusketa omenaldiaz. J. Sendagorta.

46. Krisi ekonomikoa eta trilaterala. Galtzagorri.

48. Dolca Villalonga. J. Zerrato/Idazkuntza.

50. Joan Bobo. K. Santisteban.

52. Saltsa berdea, gorria eta... zuria

53. Postaz etorriak.

54. Gurutzegrama. L. Trask.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

IDAZKUNTZA

M. Aldana, T. Trifol

IDAZKUNTZA KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

K. Mendia

BIZKAIA

I. Alvarez, J.A. Macias, X. Gomez, T. Trifol, J. Zerrato

GIPUZKOA

M.A. Landa, S. Oregi, A. Oiartzabal, I. Urtasun

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAZIOARTEKOA

M. Aldana, M.J. Esteban

IDAZLEAK

P. Agirrebaltzategi, I. Antiguedad, M. Aldana, I. Alvarez, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J.R. Etxebarria, M.J. Esteban, J. Iturbe, M. Izagirre, M. Kaltzakorta, X. Kintana, M.A. Landa, J. Llerandi, J. Mendizabal, J. Orbezua, S. Oregi, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portugal, K. Santisteban, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, J.E. Urrutia.

LANKIDEAK

K. Arko, J.J. Bakedano, X. Gomez, J. Idigoras, J.A. Macias, L. Trask, J. Zerrato.

FOTOGRAFOAK

A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.

MAKETAPENA

Gorka Urrutikoetxea, R. Zumalabe.

KOMIKIAK

X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.

MARRAZKILARIAK

Ttua Taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

ANAITASUNA

Zabalbide 68-entlo. BILBO 6

Tfnoa: (9-4) 433 58 08

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

lege G.D.L. Bi-1753-1967

PRINTED IN BASQUE COUNTRY


Artikuluburua

Uztailak bat Nafarroako biltzarreak "forua hobetzeko" oinarriak onartu egin zituen UCD, UPN, PSOE eta Zufiaren bozka laguntzaz.

"No a la insolidaridad, a cualquier independentismo, al jacobinismo inhumano y al centralismo avasallador". "Jacobinismo inhumano" delakoarengatik Arbeloak Espainiako telebistaren "folletonak" ikusten ohi dituela garbikiro konturatzen gara, —Josephine— delakoa batez ere; eta "folletonaz" jakintsua bada ere, historiaz behintzat zero hutsa eman behar diogu, Napoleon berri bat sortaraztea bere desirkunde ezkutuaren bat ez bada. Delako hitzen esangura kausitzeko ez da oso azkarra izan beharrik zeren, berehala aurki genitzake nortzu zitezkeen haren ustez jakobinoak, nortzu independentistak, nortzu deslagunak eta azkenez eta beti haren ustez, nortzu zentralista menperatzaile bakarrak. Ez dugu hala ere, UPNri eta Arbeloaren alderdi berari dagokien kalifikagarririk aurkitu eta baliteke lehengo haiek eskuinean egiten dutena, bigarren hauek ezker mailan gauza bera egiten saiatzea, hots, jauntxokeria eta notablekeria.

Anaitasuna batetan (389.alean, 29.or.) aipatu genuen araura, erkidego autonomo bat Nafarroa bilakatu nahi zutela garbi ikusten da ordu honetan. KAS-en aldeko batzuren ustez, autonomi estatutu horren defentsan ari ziren guztiek bildu beharko dituzte orain beren uzta onuragarriaren fruitu eiharrak. Tamalez delako horiei, Euskal Herria axola bazaie ehiarkeria horrek edo eta bestek herri oso bat harrapatzen duela ohartu beharko diegu eta baldin ETA (M), ETA (PM), E.E., LAIA, KAS, HB, LKI, EMK, Autonomoak eta abar gure etsai amorratuak ez direla badakigu, askorentzat direla ematen du. Ez gara EAJz, PSEz, UCDz eta UPNz mintzatzen ari baizik eta lehen aipatutako horien guzioien artean ematen diren erreierta antzuaz.

Rosonek eta beste batzuk besterik ez dute nahi eta Nafarroan denok berdin pagatuko ditugu gure intrantsijentziak.


Agiriak

XV Jazzaldia

2. Txostena

Art Blakey, Carmen Mc. Rae, Fredie Hubbard, Gato Barbieri eta Duke Ellington-en Orkestra —haren seme Mercer Ellington-ek zuzendurik—, munduko jazzaren beste izen ospetsu batzurekin batean, izanen dira partaide Donostiako aurtengo Jazzaldian, Jaialdia Donostiako Kultur eta Turismorako Ekintzetxeak antolatzen du eta uztailak 23tik 27ra bitartean ospatuko da.

Ohi denez, Jazzaldiak zati bat bereziki amateur taldeei eskeiniko dio, Europan musika arlo honetan ari diren taldeak eutsi eta ezaguteraztearren helburuaz. Ihaz beraiei bereziki eskeinita dagoelarik.

Europa guztiko alderdietatik etorritako eskakuntza denen artean, Hauta-Batzordeak —behin bidalitako kaseta guztiak aztertu ondoren— Sariketan partaide izanen diren sei taldeak izendatuko ditu. Batzordeak berak aipatu duenez, taldeen kalitatearen maila benetan bikaina da.

Aurtengo berrikuntza hauxe dugu: Euskal Herriko amateur taldeentzat eratu den Lehiaketa, uztailak 25eko —igandeko— goizean, Udalaren Polikiroldegian. Saio honetan bost taldek hartuko dute parte eta sarrera dohainez aurkituko dugu. Anoetako Polikiroldegian ospatuko dira aurtengo jaialdi guztiak.

Bestalde, jazz zinemaldiek irauten dute aurten ere, beren sorreratik izan duten arrakastarengatik. Halaber, saio batzu irekitan eratuko dira, hirian zehar.

Profesional diren talde eta banaka batzuri egintza zenbait baieztatu ez direlarik, aurtengo programakuntzarako aurrerapena honela gera daiteke:

Uztailaren 23an:

Jazz zinemaldiak

(D.A.K. eta G.A.K.ren Kultur Aretoetan)

Udal Polikiroldegian:

AMATEUR TALDEEN "NON STOP" LEHIAKETA.

Uztailak 24ean:

Jazz zinemaldiak

(D.A.K. eta G.A.K.ren Kultur Aretoetan)

Boulevardeko Kioskoan jazzaldia

Udal Polikiroldegian: Amateur Lehiaketaren sarien ematea

DUKE ELLINGTON-EN ORKESTRA, MERCER ELLINGTON-EK ZUZENDUTA

Uztailak 25ean:

Udal Polikiroldegian:

EUSKAL HERRIKO AMATEUR TALDEEN LEHIAKETA

Jazz Zinemaldia (D.A.K. eta G.A.K.ren Kultur Aretoetan)

Boulevardeko kioskoan jazzaldia

Udal Polikiroldegian:

CARMEN MC RAE (Hirukotea)

FREDDIE HUBBARD QUINTET (Freddie Hubbard, Dave Schbitter, Billy Childs, Larry Klein eta Karl Burnett).

Uztailak 26an:

Jazz zinemaldia

(D.A.K. eta G.A.K.ren Kultur Aretoetan)

Boulevardeko kioskoan jazzaldia

Udal Polikiroldegian:

GATO BARBIERI

Uztailak 27an:

Jazz zinemaldia

(D.A.K. eta G.A.K. ren Kultur Aretoetan)

Boulevardeko Kioskoan jazzaldia

Udal Polikiroldegian:

ART BLAKEY'S BIG BAND

"Andima Ibinagabeitia Saria. 1980"

Sariketaren oinarriak

l.- Iragan urteetan bezala, aurten ere Caracaseko "EUSKERA LAGUNEN ELKARTEAK" (E.L.E.) izenburu honekin, urteoroko saria eratzen du euskal idazle eta jakintsuentzat euskararen indarberritze, sakontze eta batasuna helburutzat hartuaz. Gai orokorra: SAIO edo TESINA lanak eta aurtengoa. LITERATUR alorrekoa.

2.- Lanak, Euskaltzaindiak gomendatutako EUSKARA BATUAN idatziak izatea da E.L.E.ren gogoa, baina literatur balioak lehenago kontuan izanik.

3.- Egileek beren kabuz eginak izan behar dira. Ez dira ontzat hartuko, ez itzulpenik ez eta besteetatik egindako antolamenik ere.

4.- Lanen neurriak 100 orri gutxienez, alde batetik makinaz idatzia eta lerro uneak zuri utzirik, folio edo DIN A-4 paper neurrian.

5.- Sari bakarra, 1.000,- dolar USAkoa eta eman beharrezkoa izango da.

6.- Lanak argitara gabeak izan behar dira eta hiru kopia bidali behar dira Euskaltzaindiaren etxera (Arbieto, 3 Bilbao-8) Ekainaren 27a baino lehen, lema batekin izenpetua eta lemaren giltza estaldua egilearen izen eta deiturekin, lanarekin batera igorriaz.

7.- Epai-mahaia, E.L.E.ren izenean, Euskaltzaindiak izendatuko du.

8.- Saria Abuztuaren 1ean, Berako Euskal Jaialdi eta Lore Jokoen mendeurren ospakizunetan emango da.

9.- Arau hauek interpretatzean sortzen diren arazo guztiak epai-mahaiak erabakiko ditu, behar izanik E.L.E.ren zuzendaritzen laguntzaz eta erabakien kontra inora joaterik ez da egongo.

10.- Urte beteko epea ematen zaio 1.000, —dolar USAko lanaren egileari bere lan saritua argitaratzeko. Horrela izan ezik, E.L.E.k bereganatuko ditu lanaren gaineko eskubide osoak.

Euskarazko Antzerkiaren TORIBIO ALTZAGA saria

Euzkaltzaindiak Bizkaiko Aurrezki Kutxaren babespean, 1980.ko "Toribio Altzaga" eta "Felipe Arresebeitia" Antzerki Sariak eratzen ditu.

Oinarriak

Lanei buruzkoak

1. Sari hauetara euskaraz idatziriko edozein antzerki-lan eta olerkilan aurkeztu daitezke egilearen adina, bizilekua edo nazionalitatea edozein izan ahal delarik.

2. Sariketara aurkezturiko lanek orijinalak eta sekula argitara eman gabeak izan behar dute, beste lanen baten itzulpenik edo moldaketarik onartzen ez delarik.

3. Ez Bizkaiko Aurrezki Kutxak ez eta Euskaltzaindiak erantzungo diru egileek aurreko araua ez betetzeaz. Egileen heuren zintzotasunaren esku gelditzen da, beraz.

4. Bigarren arau hori ez dela bete egiaztatuko balitz, erakunde eratzaile biok eska lezakete saria itzultzea, emanda baldin balego.

Aurkezpenari buruzkoak

5. Lan orijinalak gura den neurrikoak izan daitezke. Alde batetik eta tarte bika mekanografiaturik aurkeztu beharko dira.

6. Lanak, 1979-ko urriaren 31 baino lehen, hiru aldakirekin, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Kultur Departamentura bidaliko dira: 238 apartatua, Bilbora. Lanaren amaieran, lema bat jarriko da, eta hertsirik aurkeztuko den kartazal batetan, kanpoaldean lema hori jarriko da, eta barrualdean egilearen izen abizenak, bizilekua, telefonoa eta firmarekin batera.

Mahaikoei buruzkoak

7. Mahaia literatur alorreko pertsonalitate egokiek osatuko dute, Euskaltzaindiak izendatuko du, Bizkaiko Aurrezki Kutxarekin akordioz. Erakunde honek epai-mahaiko idazkaria izendatuko du, boza izanik baina boturik gabe.

8. Epai-mahaiaren erabakiak aldaezinak izango dira.

Sarienak

9. Bizkaiko Aurrezki Kutxak 200.000 pesetako sari bana jarri du.

10. Sariketaren dirutza hau sari desberdinetan banatzea mahaikoen esku geratzen da, beti Bizkaiko Aurrezki Kutxak dirutza hori guztiz banandua izan daitenaren gogoa beteaz.

11. Erabakia 1980-ko abenduaren 8-a baino lehen iragarriko da.

Lanen jabetasunari buruzkoak

12. Saritutako lanen jaube egileak eurak izango dira, baina ezin argitaratu izango dute lanori urtebetean goian aipaturiko erakundeen baimenik gabe.

13. Saritutako lanak argitaratzekoan derriorrez aipatu beharko irabazitako Saria.

14. Bizkaiko Aurrezki Kutxak saritu lanok argitaratzeko eskubidea izango du lehen esandako epean, egileei adieraziaz eskubide horretaz baliatuko direla.

Lanen itzultzeaz

15. Epai-mahaikoen erabakia jakin ondoren, plikak zabalduko dira, eta saritu gabeko lanak beraietan jarririko norabideetara bidaliko dira.

Oinarria hauek ulertzeaz eta onartzeaz

16. Sariketa hauei buruzko galdera oro, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Kultur Departamentura zuzendu beharko.

17. Errekurtsorik aldatu gabe. Bizkaiko Aurrezki Kutxak dei honen tramitazioan eta sariketaren joaten sorturiko gorabeherak, erabaki ditzake.

18. Sariketara hauetara aurkezteak, oinarri hauen onartze oso bat eskatzen du.


Euskal Herria

Zestoako Topaketak beste pauso bat aurrera

Zestoako Topaketak ospatzen ziren bitartean, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak proposaturiko manifestapenaren prestakuntza egiten ari zen eta larunbat hartan Donostian jendeak dei horri erantzun zabal bat eman zion.

Dudarik gabe manifestaldiaren helburua ez zen bakarrik euskarak eta euskaldunok jasaten dugun egoera salatzea, kulturaren arlo guztietan euskararen erabilpena potentziatzea baizik.

Ez dugu ezer lortuko euskal erakundeek diru laguntza batera mugatzen badute beren ekintza. Euskarak arlo ofizialean duen baliotasuna adierazi beharko dute eta herriaren burruka hau bultzatu, baina euskara salbatzeko dagoen bide bakarra, euskara erabiltzea da.

Beste bide batetik, baina azken finean, asmo bera lortu nahi duten Zestoako Topaketak aurkezten ziren. Dena dela, fenomeno berbera isladatzen zuten bi ekintza hauek: Euskal kultura, bere hizkuntzak dituen arazoekin topatzen ari dela beti, txanpon baten bi aldeak baitira. Horregatik, eta beste mila arazoengatik, erantzuna ez zen handia izan, eta hor komunikabideek badute zer ikusirik. Iristen ari ote gara, aipatu zen bezala, euskal zentralismo batetara? Hau bera esango al genuke Donostian, Bilbon edo beste euskal hiriburu batean antolatuko balira Euskal Zinemaren Topaketa hauk?

Gainera, gaurko gaian zentratuz, oso filma interesgarriak ikusi genituela aitortu behar dugu. M.A. Kintanaren "Mantis Relijosa" alde batera utzirik, aldizkari honetan aztertua izan baitzen Donostian aurkeztu zenean, Ma J. Fonbellidak "Gure Herria VI" filmaren bidez bere didaktismo etnolojikoari jarraipen jator bat ematen dio, oraingo gaia xisteran oinarrituz. Anjel Lermaren "Oporraldiak mendian" filmak, bere akoplamenduari esker, familia erreportaia huts bat ez izatea lortzen du. Bestaldetik marrazki animatuetan ikus ahal izan genuen filma bakarra, Edorta Elosegiren "Potx eta Kronk", oso landua ez egon arren oinarri bat izan daiteke, teknika horretan jarraitzen badu egileak.

A. Goenagaren "Urola burdin bidea" filmak, egilearen lehenengoa izan arren, Elosegiren kasuan bezala, oso aurkipen interesgarriak ditu. Baikira taldearen "Hiru kontaketa labur" aipa genezake hain gutxi landu den fikzio mailan. Carlos Spozzioren "koadro zuria" eta Luis Larrañagaren "Norena da herria" ezin ditugu ahaztu, baina, ene ustez aportaketa inportanteenak Martin Garzia eta Azpeitiko Zine Klub taldearenak izan direla ez dago ukatzerik. Martin Garziaren "Erlauntza" eta "Euskal Herriko azken artza" luzeegiak izan ditezke agian, baina badute biek bere interesa. Lehenengoan, erleen bizitza azalduz, gizonekiko harremanak eta jasaten dugun zapalketa adierazten digu eta bigarrenean berriz Nafarroako Pirineoetan azkena izan daiteken artza ikusten dugu, egoera honek euskal animaliarentzat ekar ditzaken ondorioetan pentsaraziz. Azpeitikoen filmak erabat ezberdinak dira, bai beren artean edo ta Zestoan ikusi genituenekin gonbaratuz. "Ekinoxe" laburmetraiak irudia sakondu nahi du, irudimena libre utziz. "Euskararen bideetatik" filman, nahiz oso gauza onak egon, bere balioa piska bat galdu edo egiten du, zenbait gauza, serioski hartuak, lotsagarritu nahi dituelako. "Amuarraiak" Urolako kutsadurari buruz mintzatzen zaigu. Talde honek lortu dituen finkapena, kalitatea eta seriotasunak nabarmenak dira, eta horregatik bere kideetako birekin hitz egitea interesgarria eta beharrezkoa iruditu zaigu, gaur egun irudimena eta euskal zinemaren alde lan egiteko gogoak ez direla hil frogatzeko. Bestaldetik, eta Ikuska sailarekin gertatzen den bezala, talde bat izatea experientzi jator bat izan daiteke helburuak ezagutzen baditugu.

— Zenbat lagunek osatzen du zen taldea?

— Gure taldean hamar, hamabi lagun gaude.

— Talde hau nola sortu zen, Zine Klubeko beste ekintza bat bezala ala pertsonalki sortu den zerbait izan da, dudarik gabe Zine Klubaren inguruan?

— Lehenengoz, herrian hutsune bat zegoela ikusi genuen. Ez zen nahiko pelikula batzuk botatzea ezta euskaraz aurkeztea edo komentatzea. Orduan lau edo bost pertsona hasi ginen zerbait egin nahiean; hortik jendeak erreazionatu zuen eta gure helburu bezala, eta gure ahalmenen arabera, euskal zinemari bultzada txiki bat ematea pentsatu genuen. Horregatik hasi ginen zinema egiten.

— Orain arte dokumental eta experimentaziozko filmak egin dituzue. Nola aukeratzen duzue gaia?

— Hamabi lagun bagaude taldea, bakoitzak bere ideiak aportatuz gero, denak aztertzen ditugu, eta batzuk oztopo tekniko asko dutelako edo gehienei ez zaielako gustatzen, baztertu egiten ditugu. Orduan ideia batekin denok edo gehienek ados baldin bagaude, eta teknikoki egingarria baldin bada, hori da taldeak aukeratzen duena.

— Eta nola aukeratzen duzue filma bakoitzaren errealizazioa?

— Pelikula batzuetan gidoia eta errealizazioa demokratikoki eta denon artean erabakitzen dugu, baina honek, alde batetik ideia asko jaso arren, oztopo tekniko asko dakar berarekin, ideia guztietan ados jartzea zaila baita. Bi pelikuletan horrela egin dugu, baina besteetan ideia orokorrak hartu eta gero pelikula egitean, kamarak edo direnak elaboratzen dute lan guztia.

— Filma egiteko egin behar dituzuen lanak aldatzen duzuen zuen artean, ala bakoitzak zer egin berezirik badu?

— Bai, adibidez, 3 gera kamara erabiltzen dugunok, gero batek akoplamendua egiten du, eta horrela beste dena. Bai, bakoitzak badu bere lan berezia talde barruan.

— Euskal zinemaren barruan, talde bezala, murgiltzen ari zeratenez gero, zein da zuentzat taldearen garrantzia?

— Bai, taldearen gai hau oso inportantea da, zeren Zestoan Lehenengo Topaketak izan zirenean, orduan gauza oso pertsonalki zihoala ikusi genuen, eta euskal zinemari dagokionez, guk oso interesgarritzat jotzen dugu gidoia, gidoi teknikoa, akoplamendua, etab, talde mailan aztertzea nahiz gero bakoitzak bere lana bete behar. Gainera nahiz batzuk besteak baino gehiago aportatu, besteen ideiak ere kontutan edukiaz, zerbait aportatzen da eta emaitza askoz hobea izango da beti.

— Gaur hemen, Zestoan, Super-8 eta beste neurriko pelikulen garrantzia aztertu dute mahai inguruan. Zuen lana Super-8n zentratzen duzue, ezin duzuelako beste neurri batzuetan lanik egin, edo ikusten duzue honek ere baduela bere posibilitateak lan jator bat egiteko?

— Dokumental edo erreportaia bat egiteko balio du Super 8-k, baina filma tradizional edo argumendal bat egiteko, bere historia eta gidoi luzearekin, gustora hartuko genuke beste formato handiagotan lan egitea. Baina hori gaur gure presupostutik kanpo geratzen da. Baina asmo bezala bai. Gainera beste formato horiek askoz zabalkunde handiago dute. Hori ez dago ukatzerik. Dena dela, horrekin ez diogu Super-8-ri garrantzia kendu nahi; adibidez, ikastoletarako, elkarteetarako etab. oso baliotsua izan daiteke, eta baita ere zinemagileen eskola bezala.

— Orduan, fikzioa nola planteatzen duzue?

— Gaur egun Super-8-n dagoen arazo handi bat soinu zuzenarena da. Oso zaila da gero, zuzenki ez bada hartu, elkar-hizketa hori filmari eranstea. Eta hau ez badugu lortzen, automatikoki dokumentala edo erreportaia egitera pasatzen gara, besteak, fikzioak, arazko asko dakarrelako berarekin. Gainera fikziozko gidoiak oso gutxitan landu du jendeak hemen, Euskadin, eta erabat beharrezkoa da.

— Azkenik, Zestoa, Donostia edo Bilboko Zinemaldiak direla eta, nola ikusten duzue zuek Topaketa eta ekintza hauen garrantzia eta etorkizuna?

— Dudarik gabe hau dena oso interesgarria da, bakoitzak egiten duen filmaren zabalkunde eta ezagupiderako beharrezkoak baitira, beste beti lagunen zirkuluan geratuko gara, eta gure euskal zinemaren kasuan, zenbait eta jende gehiagok ikusi hobe, euskal zinema finkatu arte behintzat. Gero filma bakoitzak bete tokia edukiko du, telebistan, ikastoletan etab. Gainera holako lekutan beti beste egileak ezagutzen ditugu, eta bakoitzaren experientziak elkarrekin aztertzea oso positiboa da, teknika sakontzeko, batzuen laguntza eskatzeko etab.

Filmografia

Kutsadura

Zinegileen lehengo pausoak

Gizona-lana-makina

Mini-marathon

Serguei Eisenstein

Euskararen bideetatik

Ekinoxe

Amuarraiak

Ateratzen ari gara tuneletik. Hor dago talde honen lana frogatzeko. Baina gaur ez da nahikoa euskal telebista bat eskatzea, oinarririk jartzen lagundu gabe. Ez dezala gero inork esan laguntza eskatzen denean, zerbait oihukatzeagatik egiten denik, teknikorik ez dagonik, etab.

Gaurko giroan holako lanek gure kritika baino, denok ikustera eta egileekin eztabaidatzera joatea hobe dute. Euskal zinema eta euskal kultura oihuka eskatzen ari dira hori.

X. Portu


Euskal Herria

Tarrapatatan! Emakumea eta herriko festak. Emakumeen matxinada?

Nere firma eskatu zidaten lehengo egunean. Zertarako izango ote eta emakumezkoak herriko danborrada batetan parte hartzeko. Baina, nola (eta papera eskaintzen zidana gizonezkoa zen...) honek prolemarik sortzen al du, bada?... Horixe baietz prolemak sortzen zituela erantzun zidan ene lagunak. Herriko elkarte gehienak horren aurka daude. Gogorki. Danborrada zuzentzen duena, ezetz!, aurten berak ez duela herriko danborrada zuzenduko esaten omen du. Eta harekin bat eginda, herriko seme asko boikotaren alde omen daude.

Beste aldetik hor dugu Nafarroako Feministen Kordinakundeak peña guztiei zuzendu dien gutuna: Ez dutela madrina bakarrik izan nahi datozen San Fermin jaietan. Peñetan eta festetan parte hartu nahi dutela eta tradizioren alde txarrak eta zapaltzaileak baztertu edo gainditu beharko direla, diote.

Donostia aldean, joan den San Sebastian egunean, ederra armatu zuten Kresala sozietateko neskek danborradan parte hartu zutelako.

Ihaz, Irunen, emakumeak alardeko kantinera bakarrik izatearen aurka altxatu ziren eta Gazteizen lortu zuten emakumeen "blusa" lehen talde ateratzea...

Beraz, ederra armatzen ari gara emakumeok! A, zer nolako dardara herri batentzako emakumeok osoki festetan parte hartzeko eskubidea exijitzen dugunean! Bazter nahastaileak besterik ez gara gu! Zer nolako ausardia, lotsagabekeria, indezentzia!... Hola jarraituz gero, zer ez da ikutugabe geldituko? Ez al dugu, bada, nahikoa emakumeok, madrina, kantinera, "reina-de-la-fiesta" izatearekin edo?

Tradizioa! Tradizioa!

Eta errebindikapen guztiei ema.ten zaien erantzuna tradizio sainduan datza. Tradizioa! Hau da, ohizkoa dena. Baina, ez dut uste tradizio famatua derrigor aldagaitza izan behar duenik. Danborradari dagokionari behintzat, aldaketa asko ezagutu ditu honek azken urteotan. Zaratarik gabeko aldaketak: uniformenak, ordu aldaketak, musika berriak, "Bella Easo" eta haurren danborrada...

Gainera, ene eritziz tradizioa kritikagarria izan daiteke. Herri batek, bide aurrerakoi batetan abiatzen bada, berplanteatu beharko ditu zenbait ohitura, desberdintasunaz, zapalkuntzaz eta marginazioz kutsaturik baldin badaude, behinik behin. Normala da, emakumeok, gizarteko gorabeheretan parte hartzeko borrokatzen ari garen adinean, festetako gorabeheretan borrokatzea ere. Ezta?

Beste alde ilunak

Halaere, ez ginateke danborrada batetan atera edo ez horretan mugatu behar. Gauza asko dago salatzeko... Etxekoandreek sartzen dituzten ordu extra pilo hori sukaldean, azokan, garbiketan, beren seme-alaba eta senarrek festak ondo pasa ditzaten.

Egun horietan jasan behar ditugun ofentsak, eskusartzeak, bortxakeriak, festa-giroa dela medio eta aitzaki...

Hau da, salatzen badugu herriko festeetan, espektadore eta dekoratibo funtzio hori ezartzen digutela, gogorki salatu eta atera beharko genituzke baitaere, beste zapalketa isil eta izkutu horiek. Eta behin behingoz, uler arazi behar diegu bestei ez garela gu izan behar jostailu apain eta neskame sofrituak, besteek festa on batzu pasa ditzaten...

M.A. Landa


Iribarri, esker onez [Bertsoak]

Bertsoen bidez agertu nahi dut

neure poztasun-aldia,

eta eskertu azaldu duzun

jarrera jator argia.

Euskararentzat zabaldu duzu

zeruetan oskarbia;

bihotz barnetik eskaintzen dizut

bertsoen omenaldia.

Maiatz hilean hasten baitira

urteko hainbeste lore,

Santimamiñe zelai berdean

hola gertatu zen ere.

Futbolariek ipini zuten

ez dakit zenbat kolore,

Iribar jaunak, merezi zuen

gure aldetik ohore.

Seiak aldean hasten zelarik

egun horretako jaia,

bostetarako ondo beterik

zegon inguru alaia.

Hainbat urtetan eginikoa

eskertzeko zen garaia,

leku guztiak betetzea zen

guk han genedukan nahia.

Futbolaria Herri osoak

goi-mailan baitzuen maite,

baina batzuek omenaldia

bazterrean utzi dute.

Erdi haserre ikusi nuen

kanpoko zenbait bitarte

Galdera hontan zegoen kausa:

Zergatikan ez zen bete?

Hogetamar bat mila izan ziren

han egondako lagunak.

Nola ez ginen bertara joango

adiskide euskaldunak!

Harritu gaitu atezain legez

agerturiko ihardunak,

harrituago euskararekin

eman digun erantzunak.

Zertan enplega ote hobeki

hango diru ugaria?

Zentzu zuzenez ikusia du

kirolaren ahuleria

Orain artean Kirol Kontuan

goian erdara garbia.

Erabiltzeko izan dadila

Euskal Kirol Hiztegia!

Euskarak ba du jokatu behar

oraindik hainbat partidu

Azken urteak dira horretan

burruka latzen testigu.

Atezain ona ba dugu behintzat

gola sartu behar dugu,

erdaren kontra irabazteko

bultzada eman baitigu

Ofizialki ez dago eta

Herria esku-zabala

Beti gabiltza geure diruaz,

ez ote da hau itzala?

Zergak direla ari zaizkigu

tonto bagina bezala,

euskaragatik Madrilek ere

Zerga ordaindu dezala.

Iribar honek agur esan du

gizon zintzoen modura,

injekzio bat emanez piztu

gura du euskal kultura.

Erakutsirik euskararekin

berak dadukan ardura,

kirolen bidez zabal dezagun

geure hizkuntza mundura.

Beltzez jantzirik, aurpegi ilun

gorputz argal baina azkar

Atea zaintzen nork agertu du

zerorrek bezainbat indar?

Bihotzetikan besarkada bat

bertso hauen bitartez har.

Eskerrak zure eskaintzagatik

betiko lagun Iribar.

Nire ustean berdin pentsatzen

genuen bertan egonak,

Guztien partez hementxe doaz

geure desio sakonak.

Futbolaria joan zaigu eta

zutikan dirau gizonak.

Gerora ere lan egin gogor,

hona gure ZORIONAK!


Bertso berriak Santamañenekoari jarriak [Bertsoak]

1

Horra bertso maltzurrak

gaur irakurriak

 Anaitasuna'te da

gure aldizkaria?

Ezin sinets dezaket

nahiz ikusia

etsita nago, lagun,

nork maite du egia?

2

 Santamañenekoa

ezizendun batek

sortu dit bihotzean

zinez atsekabe.

Euskaltzaindia eta

zenbait euskaltzain're

lazki ditu iraindu

hauxe joko merke!

3

"Traidore" hitza, hortxe

lehen lerroetan

aurreak erakusten

atzea nola dan.

"Bosten feudoa" omen

gara oraingoan!

Esaidazu, mutila,

bai, menpeko nor dan.

4

Gizakaiak du bere

beti lerratzea

lerrakorrago, berriz,

da ez jakitean.

Bere horretan, jauna,

dituzu hatxeak.

Askoz hobe zenuke

lehen ikastea.

5

"Alfabetatzekoak

kanporatu ditu",

hala diozu eta

txit lasai gelditu.

Horiek oro ordea

ez dira mogitu.

Zergatik eten gabe

gezurrak aditu?

6

Alfabetatze eta

bait'euskalduntzea

Herri Aginteari

zaio zuzentzea.

Inoiz esku onean

badago uztea

Euskaltzaindiak noski

beharko egitea.

7

Txillardegi al'Altuna

bozketa izan zen

ez batak ez bestea

gehiengo lortzen.

Horretxek ditu zenbait

biziro sumintzen

hasi dira batera

sorginak bilatzen.

8

Horra sorginak eta

sutura'rin-arin

Luis Mitxelena bata

bestea San Martin.

Ez epai ez gupida

osorik kiskali

haien arrastorikan

inon ere ez geldi.

9

Santamañenekoa

nago harritua

San Martin gorri zena

duzu zuritua.

Horrela baldin bada

zuk esan moduan

legatza'kusiko da

laster Kalamuan.

10

Hastean esan duzu

zitalki "traidore"

horra non oraingoan

to! "inkisidore".

Nortaz mintzo zara'ta

bota desohore?

Mitxelena diozu

su-predikadore!

11

Juan San Martin eta

bai Luis Mitxelena

zail jakiten bietan

nor liberalena.

Itsuturik zaudela

zaigu nabarmena

edota galdu duzu

guztiz adimena.

12

Santamañenekoa

profeta txit handi

nork nori eman boza

zeharo bait daki.

Hortan lagun duela

zenbait egunkari

bozketa legezkoa

laidotu goraki.

13

Aritu banaiz ere

 Xanpunen modura

ezin inork pentsatu

daridan tristura.

Bihoa, baina, horra

horra eta ingurura

nire izena eta

orobat deitura.

Endrike Knörr

Maiatzak 28, 1980


Euskal Herria

Anaitasunaren zuzendari jauna

Xabier Letek nire bertsoak direla eta zuri zuzendutako gutuna irakurri ondoren, erantzutea erabaki dut, Anaitasunaren eta Jose R. Etxebarriaren izena garbi uztegatik batez ere, zeren nik gizontasunik ez dudala antzinatik dakit, ez daukadalako eduki behar denik, eta ez kategoriarik ere irabazleen gurdian igonda egoteko, eta, oraindik gutxiago euskal "terroristen" kontrako karta izenpetzeko: guztihonegatik, eta euskal demokrazia eta demokratenganako konfidantza-ezagatik, ez dut oraindik gizontasunik, nire izena publikoki azaltzeko (pribatu mailan ez da problemarik); beraz, gizontasunik ez dudala esatea ez da niretzat iraina, eta horrez gainera, ez dut gogorik modu merke honetaz, famatu bihurtzeko.

Hasteko, esan behar dut, bertso horik Anaitasunara bidali nituenean, bildur nintzela nire izena eta bertako norbaitena nahastaturik topako ez ote zen nire erruz, eta adierazi ere hala egin nuen. Baina Anaitasunakook ez zenuten ezer aldatu: nik ipinitako tituluaren aurretik beste bat ipintzera mugatu zarete. Honekin argi utzi nahi dudana, zera da: nik ez dudala zerikusirik Anaitasunako langileekin.

Eta Leteri erantzunez, esan behar dut, nire bertsoak ez direla joan Mitxelenaren aurka soilik. Helburu nagusia Euskaltzaindia azken aspaldi hontan hartzen ari den erabaki ez-linguistikoei buruz protesta egitea izan da, eta bide batez hango mitologia salatzea. Nik ez dut ez Mitxelena, ez San Martin, ez Txillardegi, ez Lete pertsonalki ezagutzen Aresti ere ezagutu ez nuen moduan politiko eta linguista mailan; eta beronen bertsoak erabili izan baditut, politak direlako eta harira zetozelako izan da, eta ez Aresti Txillardegiren alde egongo litzatekela esateko: hori Letek ateratzen duen konklusioa da. Eta extrapolazioei dagokionez, ez dut uste Arestiren beste bertsoen zentzua aldatu dudanik (bestela, nahi duenak begira beza Azken Harria-n), eta nire intentzioa Arestik bere bizitzako une batetan Mitxelenagan eta zenbait apezengan ikusten zuen arriskua erakustea izan da. Eske sarritan, ezin gehiago errespetatzen dudan Gabriel Arestik, profeta dirudi, eta horrek tentazioan ipini ninduen.

Eta lotsa geratzen zaidanez gero eta frogak eskatzen direnez gero, idatzitako guztiaren frogak emango ditut, GAUZA BATENA IZAN EZIK, eta ez bakarrik Mitxelenari dagokionari buruz, honela besteren batek ez dezan beste frogarik eska.

Hasierako bertso batetan behar bada iñuzentea izango naizela diot eta serioski diot, zeren beharbada Euskaltzaindian beti egon dira txapuza ez-linguistikoak, baina nola oso ondo gordeak izan diren, ni eta ni bezalako gixajo asko (uste dut) zeruan geunden eta orain harrapatutako kabreoa tontoa izango da, baina benetakoa da. Gau-eskoletan mugitzen garenotaz ari naiz batez ere.

Esandakoak eta frogak

1.a: "H"ak kendu

 Froga: Euskera XXIV; hor ikus daiteke zenbat hitz geratu diren lehen zuten "H"rik gabe. Hainbat urte hori ikasteko eta orain berriz hasi behar gauza berbera berriro ikasten eta irakasten!!

Nekatuta gaude, Euskaltzainek agintzen baina betetzen ez dituzten arauak betetzera saiatzen.

2.a: Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundea (Gau-Eskolak) Euskaltzainditik kanpora.

 Froga: Eusko Kontseilu Nagusiak egindako proposamena aztertzeko izandako mahai-inguru batzutan, Euskaltzaindiaren ordezkariek esandakoa, gutxi gorabehera: Euskaltzaindiak hartu du bere erabakia, Koordinakunde hori instituzionalitzea; zuek onartzen ez baduzue, kanpora. Testigu bezala, mahai-inguru horietara joandako jende piloa.

3.a: Txillardegiren kontrako konplot ez-linguistikoaren buru Mitxelena zela.

 Froga: lehen eskuko frogarik EZ DUT Eginen irakurri nuenatik aparte.

4.a: Mitxelenak ez du askorik idatzia azken aspaldi hontan.

 Froga: Euskal gaiei dagokionez 1964. urtetik (Textos Arcaicos Vascos) gaur arte, "La lengua vasca" deritzon 87 orrialdeko liburuxka baizik ez du publikatu. Hitzaldiak eman ditu, baina gehienak erdaraz.

5. a: Euskaltzaindiko bilera askotara faltatzen da.

 Froga: 1976.ean, 13 bilera ospatu ziren eta HIRUTARA joan zen (Euskera XXII).

1977.ean, 12 bilera ospatu ziren eta BATETARA joan zen (Euskera XXIII).

1978.ean 9 bilera ospatu ziren eta BITARA joan zen (Euskera XXIV). Hauk dira Euskaltzaindiak argitara emandako azken datuak.

6.a: sarritan ematen ditu hitzaldiak erdaraz.

 Froga: nik eta ni bezala (Bilbon behintzat) hitzaldi edo liburu-presentazio batetan aurkitu direnek bizitakoa. Gogoan dut presentazio "bilingue bat", Goenagaren "Gramatika bideetan" aurkeztean: agurra eta txorradak euskaraz, gaia (gramatika gauza serio baita) erdaraz. Beste bontzo sakratu batzuren antzera, txakurrentzat eta umeentzat euskara baina pertsona serioentzat erdara.

7.a: Batxillerreko katedra eta Agregaduriarako examinen programan haren usaina.

 Froga: har ezazue Otsailaren 28ko Boletin Oficial del Estadoa esku batetan, eta Historia de la Literatura Vasca —1960— (ez ote dago gauza berriagorik eta beteagorik), Fonética histórica vasca —1961—, Textos arcaicos vascos —1964— eta La lengua vasca —1977— bestean, eta esango didazue. Eta examina horik euskaraz izango direla ere, Boletin horretan konproba daiteke.

8.a: liburu horik erdaraz eginak daudela.

 Froga: nola ez, ez baitu SEKULA liburu bat euskaraz idatzi!!

Letek arrazoia du (nire kasuan behintzat) Mitxelena aingerua zela, aintzindaria, linguista jantzia, gizon trebea, batasunaren aitabitxia, profeta, heroea eta abar esaten duenean eta gaur, aldiz, mitoa. Baina eske horrela erakutsi zeniguten eta orain engainaturik sentitzen gara!! eta horregatik prezeski idatzi nuen idatzi nuena, bere lana ikusiz bluf bat iruditzen zaidalako, Txillardegirenarekin konparatuz batez ere.

Frogarik ez badut errektifikatzeko eskatzen da eta errektifikatu egiten dut aipatutako hirugarren puntuan esandakoa, froga zuzenik ez dudalako. Egin-en irakurri nuenatik aparte. Baina frogarik baleude ere, NIK EZIN IZANGO NITUZKE LORTU, ez dudalako akzesorik Euskaltzaindira. Beraz Letek (bera Euskaltzain laguntzailea baita eta hortik agertzen diren "intelektualen kartetan" Mitxelena-rekin batera izenpetzen baitu) edo ahal duen beste norbaitek hori horrela ez dela frogatu arte nik neure susmoekin segituko dut puntu horretan, zeren Zeruko Argian ez didatelako ezer azaldu, Ere-n ere ez, Punto y Hora-n berdin eta Egin-en (dirudienez Letek ez du hau irakurtzen) horrela azaldu didatelako eta nik ez dudalako beste nora jo. Eta egiaz diot, asko poztuko nintzatekeela hori horrela izango ez balitz eta Mitxelena arazo horretan nahastaturik ez balego.

Amaitzeko esan behar dut, ez nukeela inondik inora ere nahi, nire erruz harpidedunik gal dezazuen, eta Leterekin horrela gertatuko balitz, barka iezadazue.

Begirunez,

Santamañenekoa 1980-5-28

P.D.:

Kalumnia zikoitzak, akusazio frogagabeak, astakeriak, irakurlego argi ta azkarra, Historia atzekoz aurrera aztertzea, sasi-argudioak, putasemeak eta abar beste batetarako utziko ditugu, sute honetara ez baitut egur gehiagorik bota nahi.


Euskal Herria

"Prakaman" kilikilarien lehen antzerkia euskaraz

 "Carlo Collodiren PINOTXO ipuin ezaguna, literatura italianoaren mugak gainditurik herri guztietako bagaje kulturalaren zati da jadanik. Hainbat eta hainbat abentura ibiltzen dituen egurrezko gizonilo honen historioa, bere ondorio jakinekin gezurra esaten duenean sudurra hazten zaiola, azkenean bere joera onari eskerrak benetako umea egiten dela, eta abar, era ezberdinetara erabilia izan da, baina batez ere, moraleja bat ateratzeko asmoz, beste ipuin askorekin gertatu ohi den bezala.

 Hau dena kontutan harturik, Collodiren ipuinaren moldaketa teatral bat baino zerbait gehiago egiten ahalegindu gara. Egilearen pentsamoldetik urrunduz oinarritzat hartzen dugun zenbait elementu kaleratzeari ekin diogu muñekoaren defentsan: beronen eskubidea nahi duen modura izatera, eta batez ere, muñeko izatearen eskubidea azpimarkatuz".

Orain gutti, eta astebetean zehar, Bilboko "Carlton" antzokian KILIKILARIAK taldeak PRAKAMAN obra errepresentatu du. Zenbait aste geroago Donostiako "Victoria Eugenia"n ere izan da antzeztua. Honaino berria. Gehiagorik ez balego, albiste garrantzitsua izango litzateke, bai, teatroa ikusteko oso aukera gutti baitaukagu. Baina guretzat inportantzia berezikoa bihurtzen zaigu berria. Gehiagorik ez balego, albiste garrantzitsua izango litzateke, bai, teatroa ikusteko oso aukera gutti baitaukagu. Baina guretzat inportantzia berezikoa bihurtzen zaigu berria, aipatutako antzerkia euskaraz izatean, zeren oker ez banago, aspaldidanik lehen aldiz izan baitugu Bilbon euskarazko obra bat ikusteko posibilitatea teatro "normal" batetan eta hamarren bat egunen bitartean.

Obra hontaz eta taldeak dauzkan asmo eta ekintzei buruz berba egin dugu hiru partaiderekin, Marife, Iber eta Iñakirekin. Hona hemen elkarrizketatua.

— Noiz, nola eta non sortu zen taldea?

Profesionalki 5 edo 6 urte daramagu, baina sortu, 69.ean sortu zen Bilbon, Bilboko hauzuneetatik, fabriketatik eta, ibiltzeko,

— Zenbatek osatzen duzue taldea?

Hamabik, talde bitan zatituta: tailerrean bost, beste bost aktore, "relaciones públicas" eta zuzendaria. Hori ihaztik hona.

— Non aktuatu duzue?

Segun ze obrarekin. "Tripontzi Jaunarekin Gipuzkoa aldetik egon ginen. Normalean Euskadi mailan. "Nafarroa 1.500"ekin saio gehienak Bizkaian eman genituen, eta Nafarroan, klaro! Baionara ere joan ginen "Nafarroa 1.500"ekin. Eta oraingo honekin, "Prakaman"ekin, Gasteiz eta Iruiñeko "Gayarre"ra joateko asmoa daukagu, eta gero Baionara.

Euskaditik kanpo oso gutti. "Vivir por Bilbao"rekin Madrilen, "Gayo Vallecano"n, hilabete egon ginen ihaz. Oportoko festibalera ere joaten gara. Bi urte dauzka festibalak, eta bietan joan gara. Aurten ere bagoaz "Pinotxo"rekin.

— Hau al da zuen lehen antzerkia osorik euskaraz?

"Pinotxo" arte ziklo historiko bat egiten ibili gara lau urtetan. "Vivir por Bilbao" eman zion hasiera. Horren ostean "Jardín de la Oca", preso soziale, buruzko obra bat. Biak erdaraz. Gero "Tripontz eta Triburtzi", kalejira antzerakoa hauzunetan txarto dagozen gauzak apur bat salatzeko argia falta dela... eta horretarako. Gero, horren ondoren "Tripontzi Jauna", Euskadiko historia, eta azkenez "Nafarroa 1.500" Erdi Harokoa.

Azken hiru hauk bilingueak ziren. Beno, "Tripontzi eta Triburtzi" segun zein lekutan euskara hutsean egiten zen. Baina kontutan hartu behar da, taldea Bilbo ingurutik ibiltzeko sortu zela; ez zegoen beste herrialdetara joateko asmorik. Orduan gehienbat langile hauzunetatik ibiltzeko zen, eta hor jendeak oso euskara gutti daki. Orduan lehenengo montaketak erdara hutsean egiten ziren. Gero zirkuitoa zabaltzen joan ginean, euskara derrigor sartu behar genuela ikusi genuen, eta horregatik egin genuen erdi bat euskeraz, eta beste erdi bat erdaraz, eta orain derrigortu gara euskara hutsa erabiltzera.

Gainera "Pinotxo"ren euskara ez dela batere zaila uste dugu. Nahiko erreza da, eta txisteak euskaraz dagozenean, erdaldun jendeek beste jendeen modura barre egiten dutela konturatzen gara. Ikasten ari direnentzat ere oso erreza ulertzeko.

— Zelako esperientzia antzerki elebidunarekin? Nola erreakzionatzen du jendeak erdal herrietan?

Ba toki batzutan onartzen dute, baina beste batzutan edo euskara hutsean edo erdara hutsean egin behar dela esaten digute. Dena dela guretzat nahiko majoa izan da, eta guk hori derrigorra zela ikusten dugu erabili genuen momentuan, zeren Durangon adibidez euskara hutsean egin liteke eta, baina Errekalden ez, eta hori ikusirik, ba bilingue.

Normalki gure obra guztiek textu gutti daukate, jendeak irudietatik uler dezala da gure nahia. Dena ez da lortzen, orduan textu pixka bat sartu behar da. Textuak bere garrantzia dauka, baina ez da hainbestekoa. Hemendik aurrera gero eta textu guttiago sartzen joango gara. Oporton ere bilingue egin genituen bi obrak. Jendeak ez zuen ulertzen, baina pozik zegoen.

— Nolako teatroa egiten duzue?

Obran garrantzi haundiena irudiak izan du, eta bere erresultaduak ematen dituela ikusi dugu. "Prakaman" ere irudietan finkatuta dago; textuak ez dauka inportantzia haundirik.

Gure asmoa irudi hutsera heltzea da. Beno, textua beti da derrigorrezkoa, baina zenbat eta guttiago hobeto dugu. Gure lortu gura hori da.

— "Antaviana" edo "L'Odissea" ikusi ditugunoi zuen "Prakaman" ikustean obra haietako zenbait pasaje etortzen zaigu gogora.

Nire ustez kasualitatea da. Eskenografia egin genuenean ez genuen ezer pentsatu, ez "Antaviana"z, ez "Ulises"ez. Teatroan, ez dakit, holako kasualitateak ematen dira.

Beharbada zenbait pertsonaia obra bitan agertzen dira, esate baterako "arlekin"a. Guk ez dugu "Antaviana"tik hartzen, baizik eta ipuinetik beratik.

— Irratiarena?

Nik uste dut irratiak betetzen duen funtzioa guztiz desberdina dela. Bai, ipuinean Pepito Grillo" pertsonaia agertzen da. Guk nolabait pertsonaia hori sartu nahi izan dugu obran, eta sartzeko modua irratia izan da. Ez dakit, irratiak gizarte hontan funtzio bat betetzen duena ere horixe da.

Eta "Antaviana"n modu ezberdin batetara erabiltzen zuten. Esate baterako han ez da agertzen, entzun egiten da bakarrik. Instrumento hutsa da. Eta hemen beste pertsonaia, beste marioneta bat da.

Eta "arlekin" a guk erabili dugu "Antaviana" baino askoz arinago. Beste obra batzutan atera dugu. Orduan ez da kopia bat. Gainera teatrilloan ez da bera bakarrik agertzen, "Politxinela" eta... hiru dira. Pertsonaia horik ez dira ez "Antaviana"koak ez inongoak, unibertsalak dira.

— Zergatik ipuin bat? Zertan datza argumentua?

Ipuinaren moldaketa bat da. Ipuinean agertzen diren gauza asko baztertu nahi izan dugu, edo behintzat beste ikuspegi batetatik enfokatu.

Bueno, baina eskenen lotura ipuinean bezalakoa da. Eta beste galderari erantzuna emateko, gure asmoa obra bat euskaraz egitea zela esango dizut.

Orain arteko gidoia guztiak geuk egin ditugu, erdi euskaraz erdi erdaraz, edo erdara hutsean. Orduan nahiko zaila zitzaigun gidoi bat euskara hutsean ateratzea, eta liburu pila bat ikusten ibili ginen. Azken batean "Pinotxo" aukeratu genuen eta geure erara moldatu. Ipuina nahiko moralista eta hori zela pentsatu genuen, baina zeresan ba zeukala pixkat aldatuta. Bera muñeko garbi bat da: Prakamanek bere bizitan oztopo batzu ipintzen dizkio eta orduan berak superatzen ditu... Ipuinean Pinotxo ume bihurtzen da eta hemen ez. Bueno, foiloi bat da.

— Beti esan duzue zuen lanak kolektiboak direla, eta programan Bernardo Atxagaren izena aipatzen da textu-egile.

Textuak entsaioetan sortu dira. Taldean denok ez dakigu euskaraz. Orduan euskara dakigunok entsaioetan euskara erabili dugu, eta ez dakienak erdara erabili du. Bernardo Atxagak egin duena entsaioetara joatea izan da, ikustea, eta gero erdaraz zen textua ez euskaratu, moldatu nolabait, baina itzulpen huts bat egin gabe.

Abestiak bai dira bereak, hori bai.

— Zergatik sartu duzue horren beste erdarakada?

Hasteko, guk erabili dugun euskara gustatzen zaiguna da. Hizkuntzak, nik uste dut, mila posibilitate eskaintzen ditu, eta hizkuntzarekin jokatu egin behar dela pentsatzen dut, hizkuntza bizia izan behar dela. Teatroan ez dakit kalean baino gehiago, baian teatroak beste hizkera desberdin bat esijitzen du. Hau kontutan harturik, eta gainera hemen jende askok ez dakiela biperrik ez euskaraz, nolabait honek behartu gaitu euskara bereiztu bat erabiltzera. Orduan, erderakada daudela, ba beharbada bai. Baina bestaldetik asko ikusten direla hortik ere egia da. Orduan, ez dakit, guk euskara hori aukeratu dugu nahi izan dugulako eta gustatzen zaigulako, eta gainera horrela biziagoa dela uste dugu. Gainera guk erabiltzen dugun hitz asko beharbada euskaraz ba dago modu bat esateko erdara sartu gabe, eta guk berriz erdara sartu dugu. Bai hori egia da, baina agian horrek jendeak hobeto ulertzeko erreztasuna suposatzen badu, gu pozik.

— Orain kale-teatroaz. Publikoak parte hartzen du kale-teatroan?

Jendeak ez dauka ohiturarik teatrora joateko, eta bueno, hori behintzat arrazoi bat da teatroa kalera ataratzeko; eta beste arrazoi bat zera da, ohiturarik ez dagoelarik, ordaindu behar baduzu obra bat ikusteko, ez doa inor teatrora. Orduan orain eta ikus dezakezunez jendeak bete egiten du. Plazetan behin baino gehiagotan 3.000 tik gora pertsona eduki doguz. Irunen adibidez. Eta teatro batetan hori ezin daiteke.

Publikoa gainera ezberdina da; teatro batetara normalki jende nagusia joaten da, edo hola, eta kalean beste guztiek ikusten dute, eta beste gauza bat da. Interesatzen bajake, bertan geratzen dira, eta ostantzean espektadoreentzako muermo bat bada ba joan egiten dira. Posibilitate hori eman behar jako jendeari.

— Obra hau Bilbon eta Donostian antzeztu duzue, eta teatroak beterik egon dira egunero...

Bai, baina publiko hau teatrokoa da. Beno ikastoletako eta gau eskoletakoak ere etorri dira, e.a.

Baina kalean aurkitzen duzun jendea, teatro batetara sekula joan ez dena da; beste jende bat da. Orduan, bera konturatzen da: "joño, hori polita da, eta gustatzen zait, eta geratu egiten naiz. Jende hori ez da sekula ere leihatil batetara joango txartel bat hartzera, baina ostera, kalean ikusten badu, geratu egiten da, eta gustatu egiten zaio, edo ez, baina...

— Orain talde profesionala zarete, ez da? Ba ahal duzue eroso bizi?

Profesionalak egin ginenetik beti izan ditugu diru problemak. Orain arte ez dugu inoiz subentziorik eduki. Beno, Ministerioak ordaindu zuen behin Portugalerako jira, bakarrik bidaia. Baina bestela sekula ez dugu ezer eduki, eta tatarras gabiltza. Hola ezin dugu jarraitu, eta eskerrak tailer bat daukagula bizitzen gara. Bertan gargantua eta Bilboko erraldoiak egin ditugu. Orain Durangorako egingo ditugu.

— Ba daukazue harremanik euskal teatro taldeen federakundearekin?

Ez. Euskadi mailan, alde batetik teatroa erdara hutsean egiten dutenak daude, eta bestetik euskara hutsean egiten dutenak, eta hauk ez dira profesionalak, teatroa euskaraz eginez gero dirurik ez duelako ematen, eta ezin delako horretatik bizi.

Gu beti ibili gara bien erdian. Harremanik? ba bai, haiek kongresoa edo egin zuten Loiolan, eta joan ginen. Entzule bakarrik, e! Baian ez, igual pertsonalki bai, baina talde moduan ez. Gauza ezberdina da. Federazioa nahiko itxia da, heurak euskal teatroa dira, eta besteak erdal teatroa. Baina ez dakigu zer egingo dugun. Obra hau euskara hutsean dagoenez... Ikusiko dugu.

— Zer egin liteke teatroa bultzatzeko Bilbon?

Lehenengo pausoa Arriaga zabaltzea, eta gero gobernuaren aldetik diru laguntasuna. Betikoa. Bilbon, hementxe berton daukagu teatroa, Arriaga, eta zabaltzen denean, pertsona bat programaketa egiteko arduratzea egin liteke, ez bada egunero, astean hiru lau bider, bertokoak egoteko, eta gero kanpoko jendea ekartzeko. Hori gobernuaren eskuan dago. Guk hori nahi genuke baina ez daukagu ahalmenik.

— Eta euskal teatroa, euskarazkoa, nola bultza daiteke?

Nik uste dut hizkuntzak ez duela oztoporik suposatu behar jendea teatrora eramateko. Bai, hizkuntzak bere garrantzia du, baina ez garrantzi osoa. Orduan momentu batetan planteatu behar duzu teatroa zein hizkuntzatan egitea, ea erdaraz egiten duzun, euskaraz, edo bietan. Euskaraz egitea erabakitzeak ez du suposatu behar jende guttiago joango denik teatrora. Eta gainera nik uste dut beste pertsona askori ateak zabaltzen dizkiola teatrora joateko. Esaterako, "Prakaman"ekin gertatu da; ikastoletako ume pila bat joan da, eta nire ustez horregatik izan da, euskaraz egin dugulako batez ere.

Beharbada beste batzu horrexegatik berberagatik ez dira joan, ez zutela ulertuko edo pentsatuz, baina hau aurrera badoa, jendea gero eta gehiago animatuko dela uste dut teatrora joatera.

Bai, eta konturatu gara jendea ezberdina dela. Lehengoek gehienek jarraitzen dute gure obrak ikusten, baina orain jende berri pila bat dator. Gehienak berriak dira euskaraz delako. Orduan, zergatik euskaraz egin?, ba ba delako ordua. Gainera euskara bultzatu behar bada, eta euskara mailan kultura gora behar da, eta jarraitu ahalko duen ala ez, gobernuak esango du. Betikoa baina hola da. Euskaraz eginez gero zirkuitoa laburtu egiten da, eta laguntasun bat derrigor egon behar da, edo bankoak edo...

Beno, laburtu orain ez dakit. Neurri batetan beharbada bai, baina ez dakit.

— Zeintzu proiektu dituzue etorkizun hurrerako?

Obra honekin jarraitzea, eta gero kale espektakulu bat, "Gizontxoak", udarako. Uda ostean edo udan bertan, umeentzako giñol bat euskaraz atera nahi dugu.

"Gizontxoak" hemen, alderdi zaharrean, gabonetan egin genuen. Oso gauza arraroa da. Igual heltzen gara plaza batetara; aktore bakoitzak bere papera du, eta berak kale bat hartzen du. Erdi mimoa edo holako zerbait da, ezer textu barik. Orain arte hau bakarrik egin dugu, baina gero, udarako bigarren parte bat prestatzen ari gara, zeinean denok batuko gara. Parte hontan sartu dugu textua, eta dena euskaraz izango da. Argumentua nolabait antinuklearra da, pertsonaiak kalekoak izanik, egunero kalean ikusten dituzun horik.

Gero gure Antzerki Eskola daukagu. Boluetan dago, tailerrak dauzkagun leku berberan. Eskolan bi talde ari dira lanean 3 egun astean (laster 4 egun). Urte hau bigarrena da. Ihaz montaia bat egiteko asmoa geneukan, baina uda etorri zenean norbera bere aldetik joan zen oporraldietara edo, eta ezer ez. Aurten da dirudi "sartuago" gaudela, eta zihur asko bi montaia aterako ditugu. Bata Brech-en obra bat da, baina ezin dizut askorik esan hortaz, beste taldekoa baita eta oraindik ez dut ikusi.

Geure Buenabentura-ren obra bat da, "A la vista de Dios Padre". Baina hartu genuenetik orain dagoen modura, diferentzia izugarria dago. Oso eroa da, eta seguru nago zentzuratuko digutela. Erriberako "paloteado"an dago oinarrituta, eta pastoralaren egitura dauka: "ondadea" eta "gaiztakeria", urdinak eta zuriak. Zeru bat daukagu montatuta, parlamentu greko bat bezalakoa dena, baina pertsonaiak erlijioaren muturrekoenak dira. Adibidez San Juan Evangelista homosexuala, Maria Magdalena prostituta, Pio XII.a fazista, eta abar. Gero beste pertsonaiak komikietatik ateratakoak: Drakula, "la Chelito", sorgin bat... gaiztoen modura; Aragoiko Agustina, Superman, Mary Poppins, Tarzan... onak bezala.

Jenderik gehiena erdalduna da eskolan, eta horregatik montaiak zihur asko erdara hutsean izango dira.

 Geure aldetik bakarrik gelditzen zaigu zera esatea, talde honen etengabeko lana, eta bera bezalako beste askorena, teatroaren, batez ere euskal teatroaren onerako izango delako itxaropen garela.

I.A.


Euskal Herria

Udako Euskal Unibertsitatea

Aurten zortzigarren aldiz Udako Euskal Unibertsitatea egingo da. Honek Uztailaren 14tik 26ra iraungo du. Iruiñako Larraona Ikastetxean.

Lehenengo aldiz Donibane Lohitzunen 1973 eta 1974 urteetan egin zen. Baina U.E.U.ren asmoa, 1972ko Baionak Astean sortua da. Karlos Santamaria, duela denbora gutti arte EKNko Hezkuntzarako Kontselaria izandakoa, mintzatu zen Euskal Unibertsitateaz; eta haren hitzaldiaren ondotik, U.E.U.ren experientzia proposatu zen. Jendeak onartu zuen proposamena eta honela, 1973ko udan. Donibane Lohitzuneko Maurice Ravel Lizeoan, ospatu zen lehen aldiz U.E.U. deritzana.

Bestalde, lehen bi urte hauetako partaideen artean unibertsitateko irakasle eta ikasleak baino kultur giroako hainbat pertsona, hots kultur eragileak, idazleak, eta irakasle kontsagratu batzu. Nabaria zen ere bertan ziren errefuxiatuak azaltzea.

Lehenengo urtean, hots 1973.ean 85 partaide izan ziren, eta 110 hurrengo urtean.

Hurrengo bi urteek, hots 1975 eta 1976, Ustaritz-en egin ziren.

Eta 1977. urtetik aurrera Iruinako Larraona Ikastetxean egin dira, aurtengoa izango den bezalaxe.

Urte berberatik (1975) aurrera, hainbat euskal estudioen taldeek parte hartu izan dute; hots elhuyar, siadeco, zehatz eta uzei.

Martín Orbe Azkenengo urteetan dugun U.E.U.ren idazkariarekin hitzetan ezarriak gara. Eta geroagoxe esaten ditugun gauzak azpimarkatu dizkigu.

A.— Martín zenbat urte daramazu U.E.U.ren aurrean?

M.O.— Aurtengoarekin lau urte.

A.— Zuk daramatzazun urte hauetan, nolako buru hausteak eduki ohi izan dituzu?

M.O.— Hasteko, esango nizuke, buru hauste normalak izan dira. Kontutan har ezazu ni idazkaritzan santu aurretik ba zela lau urtetako historia, nola hola UEU bideratua zegoen. Eta nik ez dut egin besterik bide horri bultzada ematea baizik.

Ba dira arazoak, arazo akademikoak, arazo materialek ere ba dute bere garrantzia. Eta hor daude hor UEUk ez duela bere egoitza propio bat, esaterako. Ez du ez eta finantziaketa bide ofizialik ez, ofizial antzerakorik ere.

A.— Zein antolaketa izan duzu zailena?

M.O.— Nik uste, ikastaroek ez digutela ematen buruhauste haundirik, eta hau arrazoi sinple bategatik. Eta zera da, orain arte beti egin izan duguna izan da UEUn lan egiteko dagoen jendea onartu. Honek suposatzen du gure lana guztiok koordinatzera mugatzen dela. Beraz ez dugu aparteko zailtasunik.

Nekeagoa da finantziaketa arloa, kontutan harturik UEU eta antzerako zenbait iniziatiba beti patrika berdintsuetatik ordaindu behar direla. Eta honek, pena, lotsa,...ematen dizu, horrela, beti berdin, ibili behar.

A.— Eta noren aldetik eduki izan dituzu oztopo larrienak? Hau da legealdetik, jendearen aldetik, edo zein eratako trabak aurkitu dituzu?

Hegoaldean lehenengoz egin zen urtean, izan genuen legealdetik mesfidantza problema gehiago, behar bada. Baina zorionez gainditu egin izan ahal genuen. Gero hemengo gizarteari begira, badira oraindik ere zenbait susmo UEUri buruz, hortaz nik esango nukena bakarrik izango da UEU beti egon dela nahi izan duten guztientzat irekia, eta jarraitu ere, horrela jarraituko duela. Beraz ez dago inondik horrelako mamurik gure artean.

A.— Aurten lehenengo aldiz komunikabideak sartzen dira UEUn. Baina zein mailatan? Nork emango du ikastaroa?

M.O.— Galderari erantzun aurretik esan behar dizut nik ezagutzen dudanetik azken lau urteetan intentuak izan direla komunikabideei buruzko ikastaro bat edo beste prestatzeko.

Egin baldin ez badira, beste edozein alorretan jazotzen den antzera, zerbaitek fallatu duelako izan da. Eta ez arazoaren garrantzia baztertzeagatik.

Bestalde informazio grafikoari buruz ia urteko egin du zerbait, eta zerbait baino gehiago esango nuke ere, euskal komunikabideetan oso ezaguna den Antton Olariagak.

Aurtengoa ere behar bada ez da ponpoxoegia izango, baina hastapen bada gutxienez eta jarraiera beste urteetan izango duela espero dugu.

Ikastaro hau askoren artean emango dute, hau da elkarlanean, baina ikastaroaren koordinatzailea Iñaki Beobide izango da. Eta T.B.ri buruz izango da.

UEU aurten

Hasiera bezala esan behar dugu hiru zutabe nagusitan zatiturik dagoela VIII. UEU hau. Hots, Unibertsitateko gaiak, hizkuntza gaiak eta azkenik Giza prestakuntzarako gaiak.

Lehenengo zutabean, aurki ditzakegu Unibertsitateko gai arruntak, eta aurten loturiko Komunikabideak. Komunikabideetako ikastaldi honetan ondorengo puntuak ikuituak izango dira:

a) T.B. entretenigarri eta kultura bide.

b) T.B. pribatu eta herriarena.

d) Italia, T.B. berezi baten fenomenoa.

e) Europako legeak, T.B. dela eta.

f) Elebitasuna eta T.B.

g) Kazetaritza T.B.n.

h) T.B. programak dakartzan prestaketak.

Bainan Ihardunaldi praktikoak ere eratuak izan dira. Eta hauetan; bi edo hiru programa bideoaz egingo dira. Ikastaldi berri hau Iñaki Beobidek eta bere taldeak irakatsiko dute.

Lehengo zutabe honetan ere ikuituak izango dira Zientziak, Giza Zientziak, Natur Zientziak, eta Medikuntza alde batetik. Beste aldetik linguistika eta literatura landuak izango dira.

Bigarren zutabe batetan sartuko dira Hizkuntz ariketak deritzotena. Hemen B Mailarako ikastaro bat izango da. Itzulpen teknikoak, Jose Juan Gonzalez-Txabarriren eskutik. Eta bukatzeko Glotodidaktika aplikatua Xabier Mendiguren buru dela.

Hirugarren zutabe batetan sartuko dira Giza Prestakuntzarako ikastaldiak. Ikastaldi hauek euskaldun diren irakasleak zientzi-gaietan prestatzeko dira. Eta birritan emango dira.

Azkenik kontutan hartzekoak dira ere hitzaldi nahiz mahi inguru afal aurre eta ondoren antolatuak. Ia jendea aski lasaiago dagoen unetarako eraturik. Euskal Herriko Unibertsitate Ofiziala, Nafarroako Euskal Kultur Erakundeak, Naturari buruzko zenbait filma enbasadetatik erakarriak. Irurtzun liburuaren aurkezpena, Euskal Herriko Geologiari buruz Iñaki Antiguedadek eginiko lana,... askoren artean dira, ikusiko ditugun ekinaldi batzu.

Eraberean Larragako joteroak, Xabier Amuritza bere "Bertso bernak mailu zaharrez jarriak", eta Ziudadelan egingo den Festa herrikoak dira.

NOIZ NON ZENBAT IKASLE MUTILAK NESKAK

1. 1973 Donibane Lohitzune 85

2. 1974 Donibane Lohitzune 100

3. 1975 Ustaritz 332

4. 1976 Ustaritz 522

5. 1977 Iruinea/Larraona 522

6. 1978 Iruinea/Larraona 545 345 200

7. 1979 Iruinea/Larraona 348 178 170

8. 1980 Uztailako bigarren hamabostaldian esango


Haurrak egiten du

Ni kazetari famatua naiz

Egun hartan Afrikatik etorria nintzen hango gudu bat ikusi eta gero. Herriko jendeak festa bat egin nahi zidan bainan nik, oso nekatuta nengoela esan nien eta etxera joan nintzen. Bakarrik bizi nintzen eta etxera iritxi nintzenean, gizon guztiz berezi bat nere ohe gainean eserita zegoela ikusi nuen...

Bere aurpegia moratua zen, ez sudurrik eta bost begi orlegi, eta hortzik gabeko aho izugarria zuen. Lau beso eta hanka bat zuen, saltoka ibiltzen zen baina halaere sinpatikoa zirudien. dien.

Sartu nintzenean, ideia bat izan; nuen: "Zergatik ez diot elkarrizketa* bat egiten eta gero egunkarira eramaten dut?... Famatua izango nintzateke!".

Eta galdezka hasi nintzaion:

Nongoa zara? —galdegin nion gure hizkuntza ulertuko zuela pentsatuz... Gizon hark hiztegi bat atera zuen poltsa batetik eta begiratu ondoren erantzun zidan:

Martekoa...

Nola duzu izena? —eta itxoiten geratu nintzen berak hiztegian begiratzen zuen bitartean...

XIVZY...

— Nik dena apuntatzen jarraitu nuen...

Zenbat biztanle bizi dira Marten?

150... —erantzun zidan hiztegian konsultatu ondoren.

Zenbat gizon? Zenbat emakume? Zenbat haur? —galdegin nion

Gi-zo-na ni ba-ka-rra, e-ma-ku-me-ak 19 e-ta hau-rrak 130... —erantzun zidan.

Bueno, eta zu nola etorri zara honera? —Berak, teilatu gainean zegoen O.V.N.I. bat erakutsi zidan eta salto batez barrura sartu eta joan egin zen...

— Urrengo egunean, egunkaria eraman nuenean elkarrizketa hau, inork ez zuen sinistu eta ez da inon publikatu... Ze pena!

Bakartxo Sukuntza 11 urte


Haurrak egiten du

Giñoleatzen

 Giñola egitea oso gauza erreza da. Erreza eta alaia. Begira... zabal itzazu zure eskuko bost behatzak. Har ezazu errotuladore bat eta margo itzazu bost behatz puntta eder horiek... Behatz puntta bati arpegi serioa ipin iezaiozu, aldamenekoari berriz, parrezkakoa. Beste bati, begi itxiak (lotan baitago) eta bestei nahi dituzun ezaugarriak marraz iezaizkiezu. Hara zure behatzak panpin ponpox batzuk bihurturik. Hortik aurrera, nahi duzun ipuina asma dezakezu eta berehala zure behatzak ginolatzen hasiko dira.

 Zure behatzak baino panpin handiagoak gustatzen zaizkizula? Ba ez dago prolemarik! Etxean, ikastolan, edozein gauza bihur dezakezu panpin-ginol. Hosto bat, harri bat, edo zuk egindako trapuzko maramak.

 Lagun talde bat biltzen bazarete, ginola non egin ez dizue kezkatu behar. Edozein txokotan, aulki nahiz mahain baten atzetik, ederki aurkituko zarete zapi baten atzean izkutatzen bazarete. Ikastolako gela barruan egin nahiez gero, eska iezaiezue bi laguni maindira edo oihal bat bi izkinetatik heltzeko. Eta zure ikastolako lagunen aurrean egin ezazue lehenago asmatutako ipuin bat.

 Ikusiko duzue ze ondo pasatzen duzuen zeuok, bestei ondo pasarazten nahiean...

Ez bazaizue zuei ipuinik bururatzen, ondoko ginol-ipuin honek lagunduko dizue, agian... Bi panpin beharko dituzue eta kartulinazko oilo eder bat. Besterik ez. A! Eta arraultz bat eska ezazue etxean... arraultz egosita, badaezpada...

 Iker agertzen da oilo bat bere atzetik doala...

I.— Kaixo lagunok! Begira ezazue zer oilo ederra! Galanta, ezta?... Erregalatu zidatenean, oso oso pozik jarri nintzen. Egunero esnatuko ninduela uste nuen, bainan astebete bat darama nerekin eta kokokorik ez du egiten...

 (Iker oiloari zuzenduz)

I.— Oilotxo... Baina, zer egin dizut nik e?... Esan, esan, zer egin ditut nik mokoa ez zabaltzeko?... Triste al zaude?... Ez al zaude pozik nerekin edo?

 (Nere, Ikerren laguna, agertzen da ezkerretatik...)

N.— Zer zabiltza Iker?... Oi zer oilo ederra! Zurea al da?

I.— Bai, nerea da bai. Baina...

N.— Baina zer?

I.— Ez duela mokorik zabaltzen...

N.— Ez duela jaten?

I.— Jango ez du ba! Arto pilo bat egunero neska!

N.— Orduan...

I.— Ez du kokokorik egiten! Hori gertatzen da... Aste bete bat darama nerekin eta oraindik ezer ere ezl

N.— Erakutsi al diozu kokoriko egiten?

Nik erakutsi?... Ez al daki, bada?

N.— Eztakit nik ba... Agian, oilo honek beharko du laguntzaren bat...

I.— Orduan, nik erakutsi behar diodala iruditzen al zaizu?

N.— Bai... baina, badakit zer egin dezakegun, Iker! Gure aurrean dauden lagunei eskatuko diegu laguntza... Denon artean KOKOKO eginez erakutsiko diegu oiloari. Bale?

 (Nerea, Iker eta haurrak hasten dira KOKOKO KOKOKO KOKOKO eginez... Nekatu arte! Handik piska batera, oiloa kokoriko hasiko da.. Une berean, arraultz bat agertuko da...)

N.— Iker! Begira! Begira!

I.— Ai, bai ondo! Gure oiloak ikasi du!

N.— Ez hori bakarrik.. Ikus ezazu jarri duen arraultza!

I.— Aiba! Arraultz bat eta ederra gainera!

N.— Hemendik aurrera, egunero jarriko dizu arraultz bat... Ikusiko duzu, Iker!

(Iker haurrei zuzenduz)

I.— Mila esker zuen laguntzagatik? Mila miloi esker! Begira... gure oiloak arraultz batzuk egingo dituenean, tortila HANDI HANDI bat egingo dugu eta denon artean jango dugu... Zer iruditzen zaizue?

N.— Umm! Neri oso ondo iruditzen zait, tortila asko gustatzen zait eta! Denok joango gara tortila jatera, bale?... Agur Iker? Agur haur maiteak! Beste bat arte! Aguuuur...

I.— Aguuuur!

Oiloak: KOKOKO! KOKOKO! KOKOKO!

M.A. Landa


Haurrak egiten du

Ur botilatxoa

Aspaldiko botilatxo baten historioa da hau. Hozgailuan lasai lasai igarotzen zituen bere egunak. Husten zenean, berriro ere, iturri azpian jarriz, urez betetzen zuten. Eta berriro hozgailura... ur hotz hotza gustatzen baizitzaien etxe hartakoei. Lehenengo aldiz, dutxa hotz hura bere barnean sentitu zuenean, beldur eta ikarez hilko zela pentsatu zuen... Ui, bai hotza! Dardarez egon ondoren denboraldi batetan bere barnean ura baretu eta ez zela ezer pasatzen konturatu zen eta berriro ere ondo gustora, sentitu zen. Astunago eta sendoago, bai! Baina lehen bezain gogor eta gardena...

Baina, tamalez, egoera atsegintsu harek ez zuen gehiegi iraun... Egun batetan, etxeko neskatilari ideia bat bururatu zitzaion:

— Je, je... Etxean iñor ez dagoen bitartean, sorpresa ederra emango diot botilatxo honi!

Honek ez du esan nahi, neskatila hura gaizto, bihurri, horietako bat zenik. Keba! Bakarrik, ikertzea eta saltsak egitea gustatzen zitzaiola... Oraingoan zera pentsatu zuen:

 Botilatxo hau olioz beteko banu, horizka bihurtuko litzateke... edo eta esnez beteko banu, txuri txuri bihurtu litzateke...

Eta botilatxoarekin holako esperimentoak egitea erabaki zuen.

Bizkor asko hasi zen sukaldean begira eta begira botila hura betetzeko zerbaiten bila. Ardo kupeltxo bat aurkitu zuen arraska azpian... Botilatxo hura, ardoz beterik zein polita egongo litzateken amestu zuen. Eta glu-glu-glu botila bete zuen... Tinbrea jo zuten. Atea irikitzera joan zen neskatila eta aldameneko lagun batekin jolastera kaleratu zen. Gure botilatxo ahaztuz, noski!

Hau, mahain gainean zegoen, mozkor mozkortua.. Bere kortxoak saltotxoak ematen zituen, ip! ip!, ardoak eraginda. Bai pozik eta alai zegoela gure botilatxoa! Zer gertatzen zitzaion? Zergatik dantza egiteko halako grina?... Dantzatu bai, horixe dantza egin zuela! Arin-arin, fandangoak, balseak eta tangoak... Azkenean, rock bizian ari zela logure izugarria sartu zitzaion.. Eutsi ezin zion logure sakon bat... Ahhh... eta besterik pentsatu gabe, etzan egin zen mahain gainean, lo seko.

Kortxoa askatu zen. Ardoa isuri eta gure botilatxoa ez zen guzti honetaz ohartu. Zurrunka jarraitzen zuen.

Esnatu zenean, jende mordo bat zegoen bere inguruan... Aaa! Nagiak atera eta harriturik gelditu zen. Zergatik astintzen zuten? Zergatik gonbitarazten zuten gordetzen zuen ardo piska hura? Benetan une larriak!

Ur hotzez dutxatu zuten. Iturriko urez bete eta berriro hozgailuan sartu zuten ur gardenez beterik. Berriro ur botila bat zen, lehen bezala... Bainan, jakin izan dugunez, aurrerantzean botilatxo hura ez zen ordurarte bezain zoriontsua izan.

Mariasun Landa


Haurrak egiten du

Amelia [Komikia]

Rebeka Elizegi


"Jornada Nacional de oración por el tráfico"

"Apostolado de la Carretera, Comisión Episcopal de Emigraciones" delakoak bere liburuxka bat atera du "moral del tráfico"-z. Delako liburuxkan, irakurleak berehala konturatuko da zein gaizto eta tentazioan erortzeko aiher garen gizakiok. Axularren geroan bezala, hobe da automobilei ez hurbiltzea eta hala ere egiten badugu, gure urguilkeria, harrotasuna eta beste bekatu nagusi horiek baztertu behar dira orazionetan jartzen.

Estatistiken arauera, gizakien oker eta hutsengatik ematen da hainbeste istripu eta hala diosku liburuxka honek. Zoritxarrez, Elizak ez du kausitzen Estatua errudun nagusiena eta "gure kaminoak" zuloz bete, biraz eta bihurgunez bete, hestu eta behegainez gaizki antolaturik ba daude, ez dio hori guziorrek Elizari buruhauste handirik ekartzen. Berak bere aldetik errudun nagusia topatu du: Geu gara, zeren, edo presaz ala arinkeriaz, ordi edo erdi mozkorti gidatzen baitugu maizetan.

Noiz eskatuko dio Estatuari diru guttiago luzatzeko armagailu eta armamenduetan eta kaminoak hobetzea? Ala hau politika dea?


Preiraultzaile egoera hau

Duela hilabete batzu, azken hauteskunde haietan, Andaluziaz behera eta, gora mintzo zen jende asko. Hauteskunde haietara jotzen zuten alderdi eta koalizio guztien haginetan zegoen Andaluzia. E.A.J.k esaterako, ekintza historiko eta abertzale tankerako batez baliaturik, Andaluziako bandera zintzilik ipintzeko agindua eman zuen Batzoki guztietan. Zintzileriaz dakitenen ustez, ez zen hura lehen aldiz ikurrin estrainio bat eskegiten zela batzokietan, iragan garaietan, dioskute ttinttila eta dindirriez aritzen diren miatzaileek, beste moetako zapi eta oihal eskegiten zen. Hala nola, errepublikako garaietan agertutako batzu, hots, Bihotz sakratuaren bandera, Vatikanokoa, Jesus eta Maria salbatzailearen adoratzaileenak, Mikel Deunarena etab.

H.B.k ere bitartean, Euzkadiko "ganbara goren" etarako hauteskunde haietan, bere irrati-propagandaren bidez zorabiatu gintuen musika flamenkoaz, "bandera blanca y verde"-z eta beste hainbeste zirtzileriez, Andaluziarenganako mendekua predikatuz, "Venguemos al pueblo andaluz del pucherazo de la UCD votando a H.B." zioskuten. E.E.k eta PSEk beren aldetik ere, Andaluziaren apologia egiten zuten.

Baina hara hor beste erreferendum bat egiteko proposamendua onartu behar dela behin eta berriro Espainiako gorteetan, ea 143. artikuluan zehar ala 151.ean zehar abiatuko den Andaluziako autonomia, ea kategoria handi edo ttikikoa izanen den eta. Eta, erreferendunmaren aldeko proposamena galdu egiten da bozka baten faltaz. Hementxe hasten zaizkigu lasterreriak eta buru-kurruskadak. PSOEk EAJ astintzen du deplauki eta kopeta handiez gorteetako katastrofeaz errudun eginez, hartara bozkatzen joan ez delako. "Andaluziarenganako mespretxu handia, lagungabetasunezko ekintza maltzurra, UCDkiko hitzarmenaren seinale garbia" ba diote.

E.E.k berdin dirautso H.B.ri eta kontsideratzen du berauxe UCDren hildo eta planen euskarri tinkoa, hala baitiote Euzkadiko harres eta orma askotan publikatu dazibaoetan. Guttiegi balitz, Valen Solagaistuak E.A.E.ren idazkari ohiak barkatzeko guztiak eskatzen dizkio Andaluziakoei gutun ireki baten bidez. Handik guttitara bere alderditik jaurtiki zuten Solagaistua, salatzen baitzuen gozo gozo, samur samurkiro, alderdi horren makurkeria eta "kanpoko batzuri salduta egotea" KAS aipatzen du baina ez ditu aipatzen besteak eta guk ez dakigu nortzu diren. Harrigarria gertatzen zaigu zeren pixkat lehenago EAE (ANV)k prentsaurreko batetan bere autonomia berreskuratzen zuela esplikatzen zigun. Istorio, misterio, autonomia berreskuratzeko duten manera! Hortaz luze, Senior Suarezen kontra eta Felipe Gonzalezen aldeko beztiturari prestatuko ziotela laguntza sinbolikoa adierazi zieten kazetariei. Eta, hala egin egunkarietan agertutako batetan. Teoriaz eta praktikaz datza beharbada nahastea ez baita berdin autonomia teorikoa edo autonomia praktikoa. Kontsideratu egin behar da beraz Valen Solagaistua, teoriaren aplikatze praktikoaren biktimatzat.

HB.tar gidari ohi horrek herri-irratiak egin zion elkarrizketa batetan, ezker abertzalegoaren batasunaren alde jo eta ke abokatu zuen eta E.E.k egiten zuen bezala ez duela berak egingo, esan zuen. Ez du beraz "vascongadotar eurokomunismorik" eginen. Valeni arrazoi izpirik ere kendu gabe, bere deklarapenak iluntsu eta opakuak izan zirelako ez zioten inori garunik garbitu.

Baina Andaluziak sortu zuen iskanbila ez da horregatik bere azken finera heldu. Euzkadiko paretak estali dira berriro EAJko panfletoz.

"Autonomi aurreproiektua zenean nork bozkatu zuen kontra, autonomizale guztien kontra ondu haretan?: PSOE." "Non zegoen Tierno Galvan, sozialista eta Madrileko alkatea, azken plenoan? Ez zen galdu bada bozka baten faltaz? Non zegoen hura?"... enprestitoren bategiten, ba liteke.

Dakusagunez, oraintxe honetan Tiernoren bozka falta zaie. Eta Tierno egon balitz? Pepe ez litzateke etorriko edo eta Juan. Eta H.B. joan balitz?... gobernuarekin batera bozkatuko zuketen APko bi edo hiruk. Eta EAJk jo balu?... APko guztiek gobernuaren alde emanen zuketen bozka.

Horregatikan zinez, Legebiltzarre burjes guztiak, gobernuak eta diputazioak komedia dibinoak direla pentsatzen duten guzioek erakutsi beharko diote behin eta berriro oinezkoei egia dutela zeren, egunoro erakusten eta frogatzen ez den egia, gezurra bihurtzen da gero eta haboro.

***

Eta komedia dibinoa den ala ez susmatu bitartean hara joan ziren Nervacerokoak, ez baitiete nagatu sosik batere aurten. Bertan jende guztia bahitu zuten. Denetarikoa egon zen hertsialdi haretan. Azkenean Euzkal barne ministeritzak FOP deitu zuen. Irain, mespretxu, mehatxu, lasterkak, kolpeak eta, nagusitu ziren ganbara sakratuan. Agintekrisialdi larria egon dela diote zenbait kazeta espainolek. Larrialdia, seguru zutela diputatuek, aginterik ez baidute sekula izan. Hala berrezagutu zuen Garaikoetxea Jaunak. "Ez gara inor, ez dugu ezer egiten ahal, ez daukagu konpetentziarik". Baina esoteriko eta erreckeoago izan liteke ondokoa esanez: —Gazteak ez jakinez, zaharrak ezinez, egitekoak doaz gaizki eginez— eta guttienez Euskaltzaindiak —B— titulua emango zioekeen zeinen falta nabaria baitu.

Hamaikak inguruan, Garaiko eta bere koadrila foralak, barrutitik eskapatzera saiatu zuten baina alferrik, Nervacerokoek "in fraganti" kausitu zituzten eskileretan behean. Lehendakari jaun agurgarriak urdurikiro eta bere senetik aterata apostrofatu zituen kuatreroak (H.B.koek "sino son mas que cuatro" zioten eta). Perpausa laburra baina mehatxagarria izan zen. "Me las pagareis" esan omen zuen Senior Lehendakari Garaikoetxea jaun agurgarriak. Nervacerokoei "H.B.ko oportunisten pandila bat" laguntza prestatzera joan zitzaien (E.E.k titulu hori emanbaitzion pandila hari). EUP ajentziak honela ikusi zuen brastadakoa.

Nervaceroko batzuk: Goardia bera, goardia bera!!

Nervaceroko beste batzuk: Ba goatza hor behera

H.B.k: Garaikoetxea jauna saiatu da eskapatzera.

Garaikoetxea: Tinta zaiku falta

 papera ere abantxu

 Nahaskeriari egin badugu

 Jende onak barkhamentu!

EMKko langileak: Zer tinta eta zer papera

 ekintzak behar ditugu

 klasikoen lapurtera

 hitz-mitzez dago sobera

E.E.k: Kanderailu, kanderailu

 zuen hitzak oro engainu

 diputadun nagusia

 mundu ororen ibilgailu.

Garaikoetxea: Me las pagareis!!!

H.B.: Pagatu diok pagatu

 ez haiz ez, izanen kitu

 sartuko genizkiake

 ehundaka pitu

Garaikoetxea: Ai, Mina!

Denok: Si no le hemos metido nada!!

Garaikoetxea: Mina dudala Mina

 ez bai naiz lumakoia

 baina badut saltxitxoia

 lukainka, txorizo eta beste historia

 zeinek kondatzen ditu

 arduraz eta abantailaz

 ehundaka pituk

 atera zuten urdailaz.

Txikito hauek botata, denok jo zuten gora iskanbilak geldiezinez. Leizaolari "Carcamal, vejestorio" deitzen zioten. Besteak irribartsu gor gorrik zegoela ziotsen. Hor horretan, falta zirenak iritsi ziren ganbaretara, Ortzi eta HASIko ordezkari nagusia zeinek arenga sutsu bat bota zieten langileei. E.E.koek handiputz eta oportunistatzat salatu zituzten preiraultzaile hauek eta loriamenduen artean, eurokomunismoaren historia guztian zehar, langileek ez zutela inoiz ezker diputadurik bahitu esan zuten. Leninista batek aipu bibliko hori ahistorikoa zela ohartarazi zien. Saltsa horrela eta, saminkeria gehiago bota nahiez, batek zera gogorazi zien E.E. koei: H.B.koak baino fantasmada gehiago egiten zutela beraiek, zeren egun eta ordu guztietan Parlamentuan baitzeuden handikeriak egiten.

Bitartean handik urrun ETA (PM)k bere bonbak ezkutatzen zituen kostaldean, gobernadore zibilen sudurpetan lehertuz. Egunkari batek euskaraz eta lehen orrialdean publikatu zituen San Joan suaren txipristinak.

Egoera preiraultzaile honen kolofoitzat, Garaikoetxearen aldeko eta kontrako manifestaldiak har ditzakegu.

Mementu hartan norbaitek nire belarrian xurxulatu zidan, Nikaraguan eta San Salvadorren ez zuela inork ere herriaren zorigaitzez trufarik, barrerik edo eta irririk egiten.

E.H.


Nazioartekoa

Arrazakeria nardagarria Estatu Batuetan

Hamabi desarra soberano

Hiru mila goardia eta polizia inguru daude oraindik Miamiko ordenuari beha beha Beltzen kartierren sahietsean. Teilatuetan tiro jaurtitzaileak kokatzen dira. Baina eztiki, bizitza berriro normalitatera doa, joan zen bezain eztiki. Hogei hil, 600 zauritu, 750 atxilotu orain dela hilabetea. Kopuru honek, hala ere, ez digu ematen, ez eta hurrik ere, hestutasun itzel eta izugarriaren ideiarik, handia baitzen polizien terroreak sortu zuen brastadakoa.

Justiziaren atalgoko ordezkariek oraindik ere Arthur Mc Duffieren kasua miatzen omen daude. Ordenu zaintzaileek erahil zuten kolpeka. Plantatzen zaigu betiko komedia berriro. Magistratu Zuriek frogarik gehiegirik ez balute, ba dute nahi besterik, ba dute nahi makina bat froga eta dutelarik hauzia ere ahazten zaie. Espainian bezala.

Hamalau hauzietatik lauren bat ez dute kontsideratu nahi ez baitago deliktugairik. Gorpua, ainitzetan bezala, deskonposatu dute deliberalki poliziek edozein lekutan eta, poliziek munduko nonnahi bezala, kasu guztiak aztertzen dituzte, aztertu nahi ez dituztenak salbu. Lehenik zegoen bezala, dena berriro paratuko da; giza eskubideaz eredua den munduko Herri demokratikoenari doakion bezala.

Mc Duffieren heriotza baino zortzi egun lehenago beste Beltz bat erahil zuten poliziek burmuinetara tiroa sartuz. Kasu biak ber berdinak. Biak hil zituzten kamino batetan motorraz zihoazelarik, "exceso de velocidad" aitzakiarengatik.

Los Angelesen beste Beltz bat. Eulia Love. Ez baitzituen gas-konpainiari bere atzerapen guztiak berehala pagatu nahi. Lekukoa, Eulia Loveren semea bera, 9 urtetako mutil koxkorra, ez zuten ontzat hartu magistratuek "ez baitzen deus onik eta fidagarririk esateko gauza". Hamabi desarra bota zizkioten Eulia Loveri polizgizonek, denak burmuinetan sartuz. Soberania dela iruditu zaio oraintxe honetan hainbat epaikariri. "Hamabi desarra soberano horiek gehiegi da, jaun poliziak". Amonestazione horrekin, usua denez, libro geratu dira poliziak.

Willian Gavin-i hogei tiro bota zizkioten hiru poliziek bere kargagailu osoa hustuz, Hark ez zuen nortasun karnetarik gainean eta Beltza zenez, aski zuela pentsatu omen zuten poliziek.

Baina Miamiko estatuak ez du arrazismoaren txapela irabazten. Lehen tokia Txikagok, New-York eta Filadelfiak berenganatu dute, zinez esan baitaiteke Estatu Batuetako telebista guztiek sorterazten dituzten Beltzenganako maitasunezko programak atzerrietako biziki sineskor eta tontoak nahastatzeko eginak baitira beste garai bateko arazoak bailiren aurkeztuz. Zeren, mende honetako azken urteotan polizien egitate eta magistratuen babeste horiek arrazismoan oinarri ba dutela garbi erakusten digute.

Ohar batzu

Orain gutti egindako estatistika batetan,familia beltzaren diru sarrerak guttitu direla ohartzen gara; ehuneko 61tik ehuneko 58raino jaitsiz: Ehun hori familia zuri baten sarrera gonbarazio-maila delarik.

Estatu Batuetako gorengo epaikaritzak 1954an hezkuntzan barneko bereizketaren kontra bere burua agertu bazuen ere, gaur egun oraindik Beltzen eta beste guttiengo etnikoek bereizturik jarraitzen dituzte ehuneko 50an. Bereizketaren kontrako legea atera orduko, Zurientrako eskola pribatuak sortu ziren bazter guztietan eta Estatuaren laguntza medio. Eskola publikoak, dirurik gabe, hezkuntza-maila gero eta ondoraino ba doa. Eskola hauetan bururatzen dituzten beltzek ez dakite askotan kontatzen eta idazten eta ez dakitelako lanpostua eskatzerakoan ez dute itaunketa papera edo kuestionarioa betetzen ahal.

Estatu Batuetako ghettoak hiri gehienetan ikustaraz daitezke. Watts, Los Angelesen. South Side, Txikagon eta ez dago tarteak bereizteko harrese edo murrailarik, hala ere, ez da hauzotegi zurietan Beltzik batere kausitzen, ez eta Zuririk Beltzenekoetan.

Etxebizitzari buruz, Gobernu beraren informe batzutan oinarriturik, bereizketa eta bazterketa guziz hedaturik dago. Haren hitzez "guttiengo etnikoaren familiek etxebizitza deslai, hondatu edo eta gainpopulatuen truk prezio garestiak pagatu behar dituzte. Lokatzerakoan ehuneko 75 kasutan hala da. Erosterakoan, ehuneko 65tan".

Los Angeles edo eta Detroiteko gazteria beltza desenplegaturik dago ehuneko 50tan. Beltzen arteko desenplegua Zurien doblea ohi da Batasuneko Estatu guztietan.

Hirurogeitan, Beltzen mogimenduak arrakasta handia zuelarik, arrazakeria gainditzeko itxaropena franko zegoen. Baina ez da izan. Hegoaldeko Estatuetan lege arrazistek berdin segitzen dute. Carterren eskualdean esaterako, inolako Beltzek ez du orain arte administralgoan posturen bat lortu, berbertan bizilagunetako 40% bete arren. Carterrek Georgiako gobernadorea jalgi zenean aski zuen bere bulegoan Martin Luther King-en erretaula zintzilikatzeaz. Bitartean, Beltzetako 13% soilki amaitzen dituzte lehen mailako estudioak.

Legeek beraz, ez dute nahikorik aldatu eta aldatu dutenean inflazioak eta langabeziak ondorio berdinak isuri dituzte zeren, autobusetako aulki guztiak inolako bazterketarik gabe jesartzeko badira ere, oraingo egunean lantegietara doan autobusik ez dago eta egonez gero, luxuzkoak ohi dira, Beltzei haien hartzea prezioak debekatuz.

Miamiko egoera eztitu bada ere, ez ginateke ezertan harrituko hemendik epe motz batetara iskanbila zailak hasiko balitzaizkigu.

Berdin gertatzen ohi da zikloiaren erdigunean.

T. Trifol


Nazioartekoa

Haur euskaldunei laguntza eske

1980, ALFABETATZE URTEA, izendatu da Nikaraguako gobernu berriak. Denok dakigu zenbat kostatu zitzaion nikaraguar herriari Somoza tiranoa botatzea eta zer nolako oihartzuna sortu zuen gure artean Sandinista Frontearen borroka sutsu eta heroikoak. Izan ere, tiranoak alde egin zuen alde, bainan dena hankaz gora utzi ondoren, noski!

Egun, izugarrizko arazoren aurrean aurkitzen da Nikaraguako gobernua. Halaere, alfabetatze premiari heldu dio lehenengo. Populazioaren 60% analfabetoa da, egun, Nikaraguan eta arazo hau konpontzeko material, jende eta errekurtsorik gabe aurkitzen dira. Nazioarteko laguntza eskatu dute eta Euskadin Nikaraguarekin Solidaritateko Komiteak kanpain bat bultzatzea erabaki du.

Haurren laguntza

"Nikaragua, amerikar herri txiki bat da. Bere populazioaren erdia, hamalau urtetik beherakoa da. Denboraldi luze batez, herri hau tirano senitarte batek gobernatu du. Azkenengoak, Anastasio zuen izena eta Somoza abizena..."

Horrela hasten da, Euskadiko Nikaraguaren Aldeko Komiteak haur euskaldunei zuzentzen die gutuna. Era errez batetan, ondo adierazten zaie haurrei, nikaraguar herriak egin duen borroka eta zer egoeretan aurkitzen diren haur nikaraguarrak. Gutun honek dioenez, hiru haurretatik bat ez da behinere eskola batetara joan. Eskolara joan direnen artean, erdiak hirugarren kurtsoa baino lehen utzi dute eta guztira, %20-k bakarrik bukatzen ditu bere ikasketak. Hamar maisutatik, bederatzik ez du titulorik etab...

Arkatz eta goma

Haur euskaldunak, beste askorekin gonparatuz, pribilegiatuak direla konturaraztea litzateke gutun honen nahia. Munduan, haur asko ta askok ezin dutela heziketa bat jaso eta elkarri lagundu beharko lioketela esaten zaie. Nikaraguari buruz idazlanak idatzi, eta bere kuaderno, arkatz edo gomaren bat, haur nikaraguatarrentzat ematea proposatzen zaie. Bizkaian, bederen, kanpaña hau aurrera doa eta azkenean FESTA HANDI bat egitea pentsatzen dute. Hor, joku, antzerki eta sariketarik ez da faltatuko...

"Somozak ez zien ezer utzi —dio gutunak— baina beste herrietako gizon, emakume eta haurrek lagunduko diegu..."

Ez dut uste, haur eta irakasle euskaldunak atzean geldituko direnik.

Mariasun Landa


Zer gertatzen da Kuban?

"Cuando un gusano se quejaba de que en Cuba había que comer lo que te daban así no te gustaba, un obrero peruano le respondió: "Y todavía se quejan! Ojalá acá dierán de comer". Otro explicaba que la leche era solo para los niños hasta los seis años, y una señora dijo que ojalá que los niños de Perú, todos tuvieran ese litro de leche que reclamaban para sí ese grandulón quejumbroso". Prisma. Organo oficioso P.C. Cubano Maiatzak 80.

Errefuxiatuak eta sozialismoa

Iturburu ezberdinetan oinarritzen bagara ere, 300.000 baino gorago lirateke Kubatik irtendako errefuxiatuak azken 10 edo 15 urteotan.

Errefuxiatuen asuntu hau zentzu askotara erabilia izan da eta helburuak guztiz kontrakarrak eta ezberdinak izan ditugu. Kubako gobernuarentzat esaterako, azken errefuxiatuak eta zehazki Venezuela eta Peruko enbasaden bidez aterpe eta gordeleku bilatu zuten haiek, "Kubako gizartearen ondakinak dira, dohainik eta deusik pagatu gabe Estatu Batuetara joan nahi duten lotsabako gaizkile eta quinquiak hain zuzen" eta, soberania ez balitz hori guziori, Kubako gobernu sozialista, hortaz inolako azalpenik ematen ez duelarik, haietariko asko eta asko homosexual dela esaten ausartzen da.

Hala ere, eta ez dugu nahi honekin kalifikazio hori zuritzerik, delakoak prostituzioetan aritzen zirela, gobernuak esan nahi zuela pentsatzen dugu.

Gobernamendu kapitalistentzat bestalde, "Castroren diktadura krudelak zapaltzen dituen herritar zintzo eta inuzenteak" besterik ez lirateke errefuxiatuok. Argudio hauek maisuki erabiltzen dituzte Estatu Batuetakoek. Amerikar propagandaren arauean, errefuxiatuen arteko erreierta eta protesta guztiak "presence of communist agitators-eragile komunistengatik" egoten ohi dira. Behin Estatu Batuetara iritsita, errefuxiatuak kontzentrazio zelaietan zarratzen dituzte eta zer esanik ez, bertan daramatzaten bizi-kondizioak guztiz infrahumanoak izaten dira. Izan ere, dela hilabetea gutti gora behera, Fort-Chaffe-ko kontzentrazio zelaian iskanbila itzelak egon ziren "eragile komunistek" bultzatuta. Amerikar populuari telebistak adimena jan eta xurgatu diotelarik, "eskergabekeria handia" iruditu zitzaion Estatu Batuetako salbatzaileen aurrean zeren, "aberri honek itzelezko gobernamendu hiltzaile baten hatzaparretatik askatu baitzituen errefuxiatu gizaraxook".

Gauzak honela eta, bazterrak batzeko asmoz, 300.000 errefuxiatu horietatik, asko dudarik gabe, "kontrairaultzailea" edo "kontrairaultzaileen" senidea izaten ohi da. Baina kopurua, ez dela handia pentsa dezakegu. Bloke kapitalisteko Herri askok, Mexikok, Haitik edo Jamaikak esaterako, duen exiliatu ekonomiko edo errefuxiatuen kopurua kuantitatiboki eta erlatiboki askoz handiago baita Kubako gobernuak betidanik ez dio inori alde egiteko duen eskubiderik ukatu. Eta azken hau garbi geratu beharko zaigu zeren eta, Fidelen hitzez: "La construcción del socialismo es una tarea voluntaria de hombres absolutamente libres". Nahiko arrazoia ba du.

Migrapen askatasuna edo eta U.S. dollar

Oraintsu honetan 3.000 pertsona "Kontrairaultzaile" eta hauen, senideak alde egiteko baimena, eman du Kubako gobernuak. Azkenaldi honetan untzi asko ibili da errefuxiatuak eramaten Estatu Batuetara eta guziau, Kubako oneritziekin. Arraro samar iruditzen bazaigu ere, irudiz inolako arrazoirik ez zutelarik, Venezuelak eta Peruko enbasadak izan dira urteotan migrapenaren kontra egon direnak. Batzutan, ez zuten visarik zabaldu nahi; askotan, mila luzamendutan egunak eta hilabeteak joan, zain egon da anitz errefuxiatu. Horretarako arrazoia nahiko garbi badago. Estatu Batuek eta ingurumariko nazioek propaganda psikologikoa lortu nahi izan dute asuntu honetan eta jakina, legalki eta iskanbilik gabe Kuba abandonatzeak ez dio mesederik ekartzen propaganda antikomunistari. Hobe, beraz, iskanbilak sortarazi alde guztietatik "gobernamendu marxista" hori salatzeko gero. Propagandaren asuntuan bilatuko dugu beraz, errefuxiatuen arazoaren azalpenetako bat zeren, iskanbila eta biolentzia eskapatzeko sortzen duenak askatasunik ez duela adierazten baitu.

Baina hala ere, affaire honek badu beste muturra. Migrapena legala izanez gero, migrantegaiak 1.000 U.S. dollar Pagatu behar dio Kubako gobernuari, Pasaportea, bidaialdia, zerga eta abar gisa. Gehienetan, diru hori divisaz pagatzen da, errefuxiatuei Floridako senideek bidaltzen baitiete. Migrapena aldiz, ilegala edo alegala bada, Kubak mozkin guztiak galtzen ditu. Ez dira beraz enbasadetako hertsiketa horiek Kubaren gustokoak izaten.

Azken batez, Kubako gobernuak dioenez, "halako jendea ezer pagatu gabeko bidaia egiteaz pentsatzen ari da" eta Sozialismoak, denen betebeharra, denen atxekimendua behar badu, oro eta denok zaintzen baititu, elikatzen baititu modu berdinez, haren ahaleginak, denonak izan behar baitira eta "hala pentsatzen ez duenak sozialismoaren eraikitzeari bere deslaguntza eta desatxekimendua frogatu dio". Eta, gertatzen zaigu guztiz harrigarria zenbait gobernamendu kapitalisten propaganda tontoa zeren eta, beren ateak "eskapatzeko" zabalik duen Kubako gobernuak oso kopuru ttikia du errefuxiatu eta migratuetan. Are ttikiago, duen subgarapenaz, jasaten duen hogei urtetako blokeiu ekonomikoaz kontsideratzen bada.

Harrigarria beraz, zeri eta ez besteri deritzogu guk: Hain gutti edukitzeari! Espainiak aspaldidanik 2.000.000 errefuxiatu ekonomiko du munduan zehar eta Portugalek non denbora garaietan migrapena zihorturik baitzegoen, 3.000.000 izan ditu eta ohi ditu garaiotan. Bataz besteko desberdintasuna portzentaiatan nabariegia da. Espainiak 7%, Portugalek ia doblea eta Kubak 3% aldi berean.

Helburu ezkutuak jokoan

Blokeiuak handitu duen Kubako ekonomi krisiari oso neurri egokia zaio bere bizilagunetako batzu galtzea. Egokiago, bizilagun haiek "antisozialak" ba dira eta, nekerik gabe ogirik ez dagoenez, zuzenak iruditzen zaizkigu "antisozial" horiek pagatu behar dizkieten zergak. Etsipena barruratu zaie migratuei. Asko konturatu da kapitalismopeko txitxi eta eztiaren faltsukeriaz. Fort Chaffeko manifestaldian mila Kubatar exiliatu ibili da libertad-libertaka sozialismoak ematen zizkien guttienezko abantailak ez baitituzte Floridan.

Dudarik gabe, Estatu Batuek atera nahi dituzten ondorio psikologikoak Hego Ameriketako nazioetan. Kubako eredua zabal ez dezan propaganda muntaketak behar dituzte, eurek ere krisi ekonomiko larriaz pairatzen baitute. Joko hauetan Kuba'ren inbasioaz beldur da hainbat. Estatu Batuetako armadak etengabeki aritzen dira Guantanamon inbasioarenak saiatzen. Inbasio ahalezko horren soldadu asko Kubatar migratuak lirateke zeinen artean Kubatar funtzionaritza prestatzen bait leudeke amerikarrak. Ba daiteke, baina ez dugu uste gaur egun behintzat egin ahal denik.

T. Trifol


Elkarrizketa biziak

Sarrera

 Jende arrunta, gure betiko jende ixil edo bozgailugabedunari, kazetalariek normalean ez diogu kasu askorik egiten. Haien aburuak baliogabekotzat kontsideratzen dira. Haien esanak, mesanak direla sinestarazi nahi digute. Hala ere, halako jendeak, historiaren atal garrantzitsuena idazten ohi du.

 Jende ezezagunaren eritziak ez dira batere fruitugabekoak. Giza arruntaren ideiak gure pertsonaia famatuen desmitifikapenerako balio dute. Denatan bezala, herriaren jakituria adierazgabeari lapurtu egiten diote beren sentimentu, eguneroko lanez probetxatuz.

 Horregatik hain zuzen, ANAITASUNAk irakurle guztiei norberaren ideiak azaltzeko, sail ireki bat proposatzen die. Sail ireki bat eta joko psikologiko bat batera. Urte honetan zehar elkarrizketen bidez irakurleen eritziak azaldu nahi ditugu. Proposatzen dugun elkarrizketa guztiz libre eta atipikoa izan daiteke. Hala ere erantzuleak 10 galdera zehatzi beharrezkoa luke erantzutea, beste gainerako galdera-erantzunak berak gehituz; nahi izanen duen modu eta erara. Beraz, galderaerantzun guztiak, irakurleak egiten ditu, 10 horiek ezik. Hamar hauei ere erantzun behar dio.

 Elkarrizketa guztiak anonimoak izanen dira. Hau da, Anaitasunak ez du argitaratuko inongo elkarrizketaren egilearen izena. Hala ere, idazten duenak beraren karnetaren zenbakia, izena, adina eta lanbidea azal batean bidaldu beharko digu. Azalpen horiek gabe ez dira argitaraturik izanen.

 Honarte gure asmoaren erdia azaldu dugu. Goazen orain sail honen bigarren partea azaltzera.

 Bigarren parte hau joko psikologikoa duzue. Irakurleek elkarriztatuaren nortasunaren ageri batzu igerri behar ditu. Hauek dira: Adina (bost urtez gora behera), lanbidea, sexua, bizilekua (hiri edo herri handi batetan bizi den ala herri ttiki edo baserri batetan bizi den). Azkenez, elkarrizketa bakoitzari puntuak eman beharko dizkio, -5tik hasita +5 arte.

 Puntu gehien hartuko duen inkesta irabazlea izanen da. Lehengo hiru inkestei Anaitasunak txapela eta zerbait gehiago saritzat emanen dio.

 Elkarriztatuen datuak igerriko dituenari Anaitasunak urte beteko harpidetza dohaina eskeiniko dio.

 Jokoaren bigarren parte honetan, ANAITASUNArekin lan loturak dauzkatenek ezin izanen dute parterik hartzea; bai aldiz, elkarrizketak prestatzekotan.

Aupa gazteok.

— Zer duzu maiteen mundu honetan?

Gauza bakar bat esateko abstrazioa egin beharko da; gehien maite ditudan gauza konkretuak bereganatzen dituen konzeptu orokor bat, alegia. Gehien maite dudana, hain zuzen askatasuna da. Beste mundutako gauzarik ez dut maite, zeran nire errepubtika mundu hontakoa da.

— Zer da gorrotagarriena zuretzat?

Zapalkuntza, hau da, zapaltzaileak gorrotatzen ditut. Topikoa dela hau esatea? Giza-abereon artean zapalkuntza bera topikoa denez ez da harritzekoa. Hemen aipa genezake hainbat zapaltzaile moeta: burgesia, ejerzitoa, erlijioa, polizia, paternalismoa, e.a..

— Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?

Normala den legez, talde bakoitzaz eritzi bat dut. Gaur egun espektro politikoaren berrantolaketa berezia azaltzen zaigu Euskal Herriko ezker barnean; eta uste dut baikorra izanen dela. Ni neu LAIA-ko militantea naizenez, zerbait ezagutzen dut euskal ezkerra, eta gehien bat neure alderdia, noski. Sintetikoki zera esan nahi nuke: Euskal Herrian langile alderdi abertzale iraultzaile bat eraikitzeko premia eta abagadunea dugu.

— Zeintzu dira egungo lanik garrantzitsuenak talde iraultzaileontzat?

Langile mugimendu mailan euskal sindikalismo iraultzailea bultzatzea eta finkatzea. Beronekin batera entrepresetako asanbladak eta komiteak indartzea eta baita hauen arteko koordinakundeak. Hiritar mugimenduan, Hauzo Elkarteak, Antinuklear Batzordeak, amnistiaren aldeko borroka, e.a., potentziatu behar ditugu. Langile ta hiritar mugimenduen arteko bereiztasuna ez da inola ere banaketa bat. Bestalde, oraindik asko ikasi behar dugu emakume mugimenduaz, homosexualitateaz, e.a., gizarte honek inposatutako bizimoldeak aldatzeko. Mugimendu hauk gabe ez da izanen iraultzarik.

— Zeintzu izen aipatuko zenituzke gustora?

Izen asko aipatuko nituzke, zeren kondairan zehar emakume ta gizon asko egon dira, bakoitza bere erara, gizarte aske bategatik urratsak eman erazi dituztenak. Agustin Chaho, Bernat Etxepare, K. Marx, Charles Chaplin, Groutxo, G. Aresti, M. Hernandez, Rosa Luxemburg, Iparraguirre, Lauaxeta, eta beste hainbat eta hainbat.

— Zer nolako literatura gustatzen zaizu?

Guztiz desordenatua naiz irakurtzerakoan; ahal dudan guztia irakurtzen dut. Mementu bakoitzean animu egoerak bultzatzen nau alde batera edo bestera. Gomikia (Asterix, Zakilixut, Mafalda...), poemagintza (Aresti, M. Hernandez...), ensaioa, e.a. gustatzen zaizkit.

— Zilegi al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?

Presentea eta etorkizuna ezin dira banandu. Gaurko egoera hobetzeko borrokatzen dugu, eta beraz biharko gizarte hobeago bat prestatzen ari gara. Bat bitan banatzen da, ezta?

— Gizona ezagutzeko aski at da norbere burua ezagutzea?

Gizona, eta norbera, gizarte barnean mugitzen direnez ezin da abstrazioa egin. Gizartea, gizona, norbera, unitate bat dira. Bakoitzak norbere burua ezagutzen aritzen baldin bada hobeki ezagutuko du gizartea eta gizona.

— Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?

Ez gara bizi behar egun polit batetan izugarrizko iraultza egiteko, iraultza egiten baizik. Edozein modutan, egunen batetan langileriak bere boterea inposatuko du eta klase zapaltzaileak gidaritzatik baztertu betiko. Hori iraultzaren urrats handienetakoa izanen da, baina iraultza ez da sekula bukatuko. Komunismoa ala Barbariea.

— Euskarak etorkizunik al du?

Euskara arma iraultzailea den bitartean badu etorkizuna. Gaur egun erreibindikapen konkretu batzuren alde saiatu behar gara, diglosiaren aurka. Nahiz eta oraindik gizartea ez izan euskalduna, ez dut ikusten euskara gabeko euskal gizarterik.

— Anaitasuna aldizkariari bagagozkio, gai berririk sartuko zenuke?

Dudarik gabe gomiki bat jarriko nion eta pixka bat humoretxuagoa eginen nuke. Bestalde "Elkarrizketa biziak" saila betiko utziko nioke. Nahiz eta nik eragozpenik ez eduki, ez duzue galdetzen ia zein gai kenduko genuen aldizkaritik.

— Anaitasunaz balorapen bat egin mesedez?

Txartzat ezin dut ipini, zeren ez deritzat horrela. Onegitzat baloratzen badut, kapazak zarete sinesteko eta estatizismoan erortzeko. Horra hor dilema. Hala ta guztiz, kojonuduak zarete.

— Humoreari buruz ezer bai?

Nonbaiten irakurri ahal izan nuen: "humore gabeko iraultza gorringo gabeko arraultza". Hori baita egia zientifikoa. Gora Euskadi katxonda, irribarretsua, martxosoa, larrujotzailea, gibelhandia, festalaria, sotanagabekoa, eta askoz ere gorriagoa!!!

Gaizka

Jokoaren baldintzak

• INKESTARI DAGOZKIONAK

 0) Irakurle guztiek parte har dezakete.

 1) Makinaz edo eskuz idatziriko hiru orrialde bidali beharko dituzu.

 2) Euskaraz. (Edozein euskalkiz). Ez kezkarik izan ortografiaz edo eta joskeraz. Zuzentzekotan geuk zuen dezakegu.

3) Asterizkoz doazen hamar galderei beharrezkoa duzu erantzutea.

4) Gehiago galdetzeko eta erantzuteko libre zara.

5) Izengabetasuna gordeko da inkesta guztietan. Hala ere bidaltzaileak karnetaren zenbakia, zuzenbidea eta izena bidali beharko ditu. Alderantziz, ez da argitaraturik izanen.

• IKERKETARI ETA PUNTU EMATEARI

 1) Irakurle guztiek parte har dezakete.

2) Anaitasunako erredakzioa, idazleek edo eta kolaboratzaileek ezin dute atal honetan parterik hartu.

3) Postaz, eta bidaltzailearen izenarekin batera, ematen dituzun puntuak garbi azaldu beharko dituzu, puntuazioaren laukitxoan gurutze bat markatuz.

 4) Berdin egizu ikerketari dagozkion galderekin, laukitxoan gurutze bat markatuz.

Puntu ematea

Elkarrizketa honi zuk zenbat puntu ematen diozu?

Ingura ezazu biribil batez

-5 -4 -3 -2 -1 0 +1 +2+3 +4 +5

Zure uztez, elkarriztatuak ondoko adina duke:

16tik - 23raino

23tik - 31raino

31tik - 39raino

39tik - 47raino

47tik aurrera

Zure ustez elkarriztatua:

emakumea da

gizona da

Zure ustez elkarriztatua:

hiri handi batean bizi da

herri handi batean bizi da

herri ttiki edo baserrian bizi da

Zure ustez elkarriztatua lanbidea duke:

Esku langilea

langile espezializatua

Arrantzalea edo Baserritarra

Goi mailako kuadro teknikoa (ekonomista, injeniadore, peritoa, medikua, abokatua), irakaslea, kazetalaria, etab)

Behe mailako kuadro teknikoa (Bulegolaria, idazkaria, ajentea etab)

Entrepresa ttiki baten jabea

Maizterra

Goi burjesia


Gaiak. Ekonomia

"Geroarekiko itxaropenaz" izeneko mahai-inguruak Gasteizen

Lau egunez gertatu ziren Gasteizen Arkitekto, Industri-perito, Aparailari eta Industri-injinadoreen Elkargoek batera eraturik, Euskadiko ekonomiari buruzko mahai-inguru batzu.

Maiatzak 12,15,19 eta 22 presente egon ginen, bada, Euskadiko zenbait tekniko ekonomariek esan behar zigutena entzuten.

Egia esan ez da uste genuen bezain interesgarri izan. Lehendabizi, ez zen benetako mahai-ingururik izan baizik eta mahaian zeuden bakarrizketa batzu. Hau da, gaurko eta geroko Euskadiko ekonomiaren azterketa sakon eta zabala izan beharrean, teknokrata eta irakasle ospetsuengandik espero genuen arabera, gain-egituraren ideologiaren propaganda penagarria opa ziguten.

Lau egun haietatik, zera aipatuko genuke, alegia, bigarren eta laugarren jardunaldietan gertatutako hitzaldiak, bi arrazoirengatik bereziki, egun haietan entzute handiko lagunak aritzen zirelako eta jendearen artetiko kritika bakarra sortu zelako.

Bai, bi egun haietan, besteren artean, Antton Perez de Calleja, Lankide Aurrezkiaren zuzendari bat, Inazio Etxebarria, IKEI-ko zuzendaria, Patxi Mongelos, ULARKO-ko zuzendaria, Gurutz Ansola, irakasle eta parlamentaria, han ziren. Ez da dudarik, horien arteko eztabaidarik sortu behar ez zuela, honetara, eratutako mahai-inguru haietako gure kritikarik handiena, hots, mundu honetako edozein mahai-ingurutan alor eta eritzi askotako jenderik egon behar du eta ez, gertatu zen bezala, hildo berekoak denak.

Beno, eta zer bota ziguten maixu haiek? Ba eguneroko periodikoetatik, telebistatik, irratitik, gobernutik (Madrilekotik jakina) eta edozein entrepresatatik botatzen digutena, hori bai, hots teknikoki esana, lumero askoz orniturik, oso lasaiki, maisuki eta konbintzente kondatua. Hori da denok dakiguna: Euskadi krisisaldi gorri baten barruan dagoela, petrolioaren garestitzeak, Espainiako azokaren estualdiak, deskapitalizazioak, gure industrigintzaren zaharkitzeak erru osoa dute. Horretaz gainera, lan-sarien gorakada eta euskal gizartearen egoera. Horrelaxe adierazten digute krisisa gure teknikoek.

Antton Perez de Callejaren hitzaldia hain makala izan zen non, jendearen arteko zenbatek erraz kritika bailiezazkiokete haren argudioak. Callejak, gobernuko (Madrilekoa berriz) Abril Martorell kritikatu eta gero, argumento berberak erabili zituen!!

Calleja, Etxeberria, Ansola, denak batera ideologia ekonomiko konkretu bat saltzera etorri ziren Gasteizera. Deustun, Donostian eta behar den nonnahi era berean agertuko dira, krisisaldiaren beldurra zabaltzen, langabezi handiagoren izua sartzen, lan-sariaren garestitzeaz arrenguratzen, hitz batez, gure herriko burrukaldi osoa, Euskadiko ekonomiaren kaltegarritzat hartzen.

Egia esan, eta edozeinek inoxotzat jo gintzake, tekniko hoiengandik, zeozer gehiago espero genuen, Euskadiko krisiaren azterketa egingo zuketelakoan geunden, kondizio guztiak aipatuz, haik zientifikoki, ahal bada, aztertuz eta ondorioak ateratuz eta erantzuna emanez. Bainan alferrik ez da horrelako ezertxo ere gertatu. Atera genituen konklusioak beraz; krisisa berez etorri zaigu, konponbide aixerik ez dago, denok gerrikoa.estutu beharko dugu, krisisa luzatuko da, langabezia ezinbestekoa da...

Aterabiderik nagusiak berriz, zer esanik ez, lan-sariaren goraketaren mugapena eta jendearen "zintzotasuna" izan ziren.

Azkenik, ohartxo bat. EGIN-en mintzaldiaren laburpena agertu zen, bainan hizlariek berek edo beren Inguruko norbaitek egina zela zirudien. EGIN-ek ez zekarren "kolokioaren" berririk ez eta sorturiko kritikarik ere. Gero batzuk esango dute ezker-muturreko abertzaleen panfletoa dela... beharrik noizean behin eskubiko ideologia dizdiratsuaren zabaltzaile bihurtzen deia, hori da hori panfleto aprobetxagarri!

Jon Iruretagoiena


Gaiak. Gizartea

Madrilgo lagunei

Kaixo Joseba, agur Iñaki, nolatan Jon?, zer moduz Erro? Ba dakizue zuek zeinen sentimentala eta sentikorra ipintzen naizen ni zakila esku leun eta delikatu batzuk laztantzen didatenean; hori ezin dut galerazi, nire patuaren parte bat omen da, eta patua ez da gauetik goizera apurtzen ez hausten. Eta zergatik orduan momentu honetan ez nago sentimenduetarako ez sentikortasunerako gaiturik edo ta bederen pixkat tenorean: noski, momentu honetan esku kailotsu-zikinak baitira zakila eta potroak menderatu nahi dizkidatenak. Eta astorik astoenak astemearen Birjintasuna apurtuko lukeen bezalaxe, honelatantxe apurtzen dut nik une ezezkorron intrantsigentzia.

Halarik ere, arazoa ez da hori, arazoa zenbat bururen gainean egiten dugun pix jakitean datza. Hori jakinez gero, eta kontuak aterata, kaka egin ahalko baitugu buru gainean eta bestelako esfortzurik gabe, nekerik gabe.

Ba dakizue, ni beti izan naiz —beharrez agian— bakarti isolatu bat, zapuztu bat; ilunpeko orduetan bideetan zehar burua agertzen zuen gizaki bakarra. Eta neure joran horrexek izan zen bapatean ordu orgasmikoen otarrera jaurtiki ninduena. Gauezko itzaletan sogileen begiradek ezin atzeman izanik, errazago dela denen begiradetatik ihes egitea, ezkuturanzko bidexka iluna hartu nuen eta konpasiorik gabe sakatu pultsoaren azeleradorea. Helburua oraino ez dut ikusi baina, eta bidean oztopo franko bai aldiz.

Barrenkale kalean nagoela ere gogoratzen behinolako instat angustioso eta barrezkoez; edo eta Gran Viatik ibiltzen eta hausnartzen takoi koipetsuen oinkada izengabekoa, anonimoa, ixil-ixila; nahiz manifestapenen batetan "ba datoz, ba datoz" oihu erritmikoaren eragina hanketan nabarituz; zein Pozasen neska prestatuen patxuli sarkorra ekidinez nahiean baina ezintasunean... Bai, horrela pentsatzen makinaren tekleoa delarik burutapenen inkoerentziaz ohartzen den karra, ez dago pragmatismo trinko baten hildotik bideratzen naizenik esaterik.

Hegoaldeko Yemenen egon denak badazagu bero "oriental"aren poderioa Euskal Herrikoa baino askoz haundiagoa dena, eta horregatik bakar-bakarrik balitz ere, pozik egon beharko luke. Hegazkin batetik bere burua botatzen duenak, lurra noiz jo itxaroten, ba daki zein ikaragarria den jausgailua irekitzen ez deneko bitartea, eta ezin diezaioke tenore horretan alboko txoriari agurrik eman. Garabi modernu eta herdoildu bat pintatzen ausartzia denak, jakingo du ziurki zerbait arte plastikoari buruz eta nola aplikatu brotxaren teknikak orma biluzietan, pintadaren bat egiten, adibidez. Eta horrexegatik bakarrik balitz ere, pozik egon beharko luke. (Ahaztu zait, baina esan behar dut jausgailua ireki gabe lurrerantz zuzentzen denak, experientzia berri bat ezagutzearren, pozik egon behar duela). Eta Urkiola mendiko alboetan goiz hotz-izugarri hotz batez botilatxoak haitzaren kontra botatzen duenak, baina huts eginez eta lurrean joz, horregatik bakarrik, botila apurtu ez zelako, pozik egon behar du.

Eta oroitzen naiz "murrutxurtuetaz" (maliziarik gabe), eta baitaere Begoñaz eta (oroitzen zara, Iñaki?) "txotxoa" usaintsua daukan neskarekin ezer jakin nahi ez duen mutilaz (hori "Poxpolu"an izan zen, ezta? ostiral madarikatu hartan). Esana dut hala ere orain ez nagoela sentimentala. Eta hori jende guztiak Karrantzako haizea freskagarria eta nahiko erotizantea dela esan arren.

Zera... argi, guztiz argi dagoena, esateko askotxo ez dudana da. Ostera, garunari komenigarria zaio noizbehinka osteratxo bat egitea. Hara, saiatuko naiz orain poematxo bat egiten:

Handia dela gauaren egongela

diote jakintsu

injeniariek;

ez dute ziurki neurtu

egun argizko

zubiaren ederra.

Kaiolan dagoen xoriak

esan dit zer senti duzuen,

malko bat daukat jalgi beharrez

eutsiko dut baina eta egingo

egingo

amets...

Beti arte eta besarkada bat

Karlos Santisteban


Komunean irakurtzeko gaiak (2)

Norabide aldaketa - Tinka ezkerretarat

(publikatutako laburpena)

Vascongadotar partida bat abiatzen da Nafarroarantz, haurrekin euskarantoz egiten dutelarik.

Euskarantoz egiteko modua: (Mihia zorrizki atera ezazu, eskuekin mila buelta egiten dituzun bitartean)

Hango atzerritar basquesek espainoltzat hartzen dute partida osoa eta Bizkaitar bat gogoetaz hasten da bere Pariseko garaiaz zeren tabernariek ukranianoak zirela esaten baitzieten. Asmotan dagoela eta, bere buruari galdetzen dion andereñosis gogor batek jota ote zegoen, etxeko, baserritar batek ez duela euskararik egiten esan baitio.

Gauzak honela, anuntzio batez gogoratzen da. Ikastola bateko anuntzioaz hain zuzen:... "Gomezkortarengatik galdetu".

Posible al zen Gomezkortarengatik galdetzea? Gomezkorta delakoa egongo ote zen andereño atzean kristoren labanarekin anuntzio hori ipintzerakoan? Ipiniko al zuen andereño edo irakasle horrek anuntzioa Gomezkortarengatik? Nor ote zen Gomezkorta? Maniatiko bat? Misterio itzela, kondaezinezkoa, fonetikariez lotua seguraski, misterio sintaktikoa eta ez dakit Txillardegi edo Gotzon Garate deitu beharko dugun hurrengo nobela batetan azter eta argi diezaiguten.

Eta misterioak aztertzerakoan konturatu zarete zelako misteriotsu den gure laugarren kategorietako kaminoetan ipini diguten blason berri horietakoren bat?... NORABIDE ALDAKETA: Zer ote da? Berkontsideratzeko eta erreflexionatzeko deia? Istripuaren beldurrengatik lehengo baselizara jo behar dugula bertako apaizari gure bekatu guztiak kondatzeko oharraren bat?

Eta atzerritar basquesek TINKA ESKUINERAT ipini baligute? Beste diktadura baten garaia hurbiltzen zitzaigula eta kamuflatzeko beharra dagoela adierazi nahiko zuketen? Eta TINKA EZKERRETARAT ikusiko bagenu? K.A.S. nagusitzen ari delako seinalea? Ez al da bikoitza gure "lengua vernacula" hau?

Vernacula berba bera, "pierna" eta "culo"-tik sortu al zen?

Eta IDAHOko gobernadoreari emango balio baskotar administrazionen jartzera eta bertako administratuen onerako kartel bere bereziak ere ipintzea bidegurutze eta azken puntako kamino herstuetan? Ez al litzateke harrigarri izanen "GIDA ARDURAZ BETERIK", "USTEGABEKO GURUTZABIDE SESTRAN" eta halakoak ikustaraztea?

Problema hauek soluzionatzeko petizione bat egin beharko genieke frantsesei, hau da, "Défense de doubler" (Ez tolos), "roulez prudemment" (birak egin itzazu zuhurtasunez), "serrez à gauche" (Tinka eskerretarat) eta anglesei "unattended level-crossing" (Ustegabeko gurutzabide sestran) "Drive carefully" (Gida arduraz beterik) eta abar guzioek alda ditzaten eta gaztelania gisan ipin ditzaten. Bestela, vascongadotar alfabetatuok ez dugu biperrik ulertuko eta gure hizkuntza eta perpausa hauek ez dira Euskal Herri analfabetuarentzat eginak. Eskerrik asko.

T. Trifol


Gaiak. Elkarrikuska

Manex Urruti: ardietatik petrolioruntz ikurriñarekin bihotzean

Koloradoko Grand Junction-en bizi den Manex Urruti nafarra izanagatik ere beste euskaldunekin ukan dituen hartuemanengatik hemen darabilen euskara errespetatzen saiatu gara ehuneko ehunetan, ez dira nireak beraz elkarrizketa honetan agertzen diren euskalkien nahasketak.

Itauna.— Manex, nongoa zara, zein herritan jaioa?

 Erantzuna. Ni Donazahartarra naiz, Donazaharre hori duzu Garaziko herri txiki bat, Donibane Garazikoaren ondoan, hiru kilometrotara...

I.— Nafarroa Beherea orduan?

 E. Bai, Nafarroa Beherea.

I.— Eta zenbat urte dauzkazu honez gero?

 E. Handik ateraz geroz?

I.— Ez, ez, zenbat dauzkazun zuk.

 E. Nik, ba'tut hiruretan hogeita hamasei urte eginak joan den Azaroan, orain hirurogeita hemeretzigarrenean, baina berrogei urte hontan bezala naiz oraino.

I.— Gazte gazterik.

 E. Gazte gazterik.

I.— Eta zenbat urte Ameriketara etorri zinenetik?

 E. Amerikara etorri nintzan 1925an, hori heldu da berrogeita hamabost urte hala, nunbait, ahatzia dut, eztut kasurik egiten.

I.— Hori ona da eta... Eta zer liste duzu hainbeste urte handik eta hemendik eman eta gero?

 E. Ba, ba'kixu beharrak igorri gituzu eskualdunak handik hunat; gaztiak, ordean denbora hartan izigarri pobre zen han, etzen orai bezala, zuek suertia duzie denbora onian sortiak baitzizte, bena guk, guk gerla finitu ta berehala izigarri pobre zen han, ni ari nintzan hiru dolarrendako lanian. Ahotza egon nintzen, eta hemengo hiru dolar irabazten nituen eta goizeko lau orduetan altxatu ahoztegian eta arratseko bederatziak hamar orenak artio hartzen ginan lanian, fuerte; nere nagusi erho bat zen laneko, azkarra biziki eta izigarri dorpia...

I.— Eta horretan, arotza bezala, Donazaharren bertan egiten lan?

 E. Uharte Garazin. Ahotz ona zen, biziki famatua, eta nahi nuen ikasi.., eta lanean hartzeko, ba'kixu, ahozgoan. Hiru urthe izan niz harekilan aprendiz janean truk.

I.— Janean truk..., ba ederto asko ikasi zenuen, hemen zuk egindako erremintak ikusiak...

 E. Bai, sei urtez izan niz harekilan, hiru urthe aprendiz eta gero hiru urthe geiho eta ordean pagatzen zuen apur bat, baina guti. Nere aitak eramaten zuen sos guzia. Nik eztut sekula zenta bat ikhusi.

I.— Euskal Herrietan askotan egin dan moduan.

 E. Bai, hala zen ordean denbora hartan.

I.— Eta zenbat zineten eta zarete familian?

 E. Gu ba ginen lau neskato eta ni mutilla bakarra. Bost ba ginen, haurrak, denak bizi gira oiño.

I.— Gurasoak ere?

 E. Ez, aita eta ama hilak dira. Ama ehun urthe hurbil hil izan zen, hiru hilabete eskas.

I.— Eta zuek baserri batetan jaioak zarete ala kalean?

 E. Herri txikiko bazterrian, zazpi ehun jende da, herri ttikia Donazaharre, eta guk han, nere aitamek errentatia zuten etxe zahar bat. Mila zortziehun eta berrogeitazortzian egina zuzun etxia, etxe zahar bat, fuerte egina lehenago.

I.— Nola erabaki zenuen Ameriketara etortzea? Hona etorri baino lehenago, atzo erran zenidan, gerlan ibilia zarela.

 E. Gerlan eniz ibili. Frantses harmadan egin dut urte bat zerbitzu. Denak hogeita urtetako mutilak ziran.

I.— Eta gero, zerbitzua bukatuz geroztik erabakia hartu zenuen Amerika alderantz etortzeko?

 E. Harmadan nintzelarik. Bordelen egon nintzan harmadan, eta hor handik alde egiteko paperak egin nituen, entsegida, zortzigarren egunian harmada utzi eta, hartu nuen barkua. Eta barkuan nintzelarik, ene konpania denak deitu zuzten atzerat, Argeliarat igortzeko gerlarat eta ene bila izan ziren jendarmak Donazaharren, gure etxean, eta nere arrebak erran zakon Ameriketarat joana zela, eta barkuan nintzan oinik.

I.— Baina zuk etortzerakoan ez zenuen problema berezirik eduki, entzun dugulako...

 E. Bai...

I.— ...denbora hartan Ameriketako parlamentuak, senaduak, halako lege bat atera zuela...?

 E. Bai, hogeita lauean pasatu zuten legia ez gehio uzteko jendea hunat, españolik, frantsesik, eskualdunik, italiano, grego, irlandes, nehor ere, bakar bakarrik aleman ingeneruak nahi zuzten utzi hunat etortzerat. Bertze hoitarik anitz, asko ba zela hemen, etzuten nahi hunat utzi egiterat. Nere agenteak erran zuen, ba duk aleman barku bat joaiten dena New York-era, Bremer Haaven-etik partituko duk eta Havre-n geldituko, eta hi sartzen ahal haiz barku hartan, eta gero amerikano tonto horiek eztute ezagutuko hi euskalduna ala alemana haizan, eta problema eukiten baduk bila igorriko diat, bidaia ederra eginen duk, eztuk deusik galtzen. Eta hala etorri nintzan. Bederatziehun eta hogeita hamalau aleman eta ni eskualdun bakarra barku hartan.

I.— Eta alemanik ba zenekien?

 E. Enuen hitzik egiten, ez alemanik, ez beste idiomarik, frantses apur bat eta euskara.

I.— Orduan, ez zenuen inolako problemarik ukan?

 E. New York-en enuen problemarik izan. Hogeita bost gizon aldean pasatzen gintuen examinazionea doktorrekila. Ba zen sei zazpi amerikano doktor eta behatzentzuten zure osagarria nola zinuen. Hogeita bost gizon aldean. Hiru egun atxiki gintuzten lau egun eta bost gauez, Utahrat, eta bide guzian etzauten jaterat eman trenena krabatarik enuelakotz, eta ordean guk, eskualdunek, denbora hartan krabata gutxi usatzen ginuen. Krabata izan banu enintzan hartan etorriko koloradorat.

I.— Bai... Eta gero zein herritan geratu zinen hor Utah-n?

 E. Hor gelditu nintzan Price-n, herri txiki bat ba da, eta nere kusiak han bizi ziren. Eta hek ba zuzten sei zortzi mila ardi.

I.— Urrutiarrak haik ere?

 E. Ba, Larraldetiarrak. Aitaren aldeko ahaideak, familia berekoak ginen. Heiekilan ari nintzen lanian...

I.— Denbora luzez?

 E. Bost urtez.

I.— Eta gero?

 E. Gero hiru eskualdun jarri ginen elgarrekin, guhaurek ardiak erosteko.

I.— Nongo eskualdunak?

 E. Baiño nafartarra zen, Leon Arbilla hiruretan hogoi urtetako gizon bat, bertzia uhartiarra eta ni donazahartarra... Eta Arbilla lehenbiziko urtean hil zuten tiroka cowboy-ek, cattlemen deitzen dira hemen, bakeruek. Problema izan genduen, ordean tokia ba zan biziki.

I.— Zuek arditan Utah aldean ibiltzen zineten...

 E. Bai Utah-n, eta Coloradoko mendi gorenetarat joaiten ginen.

I.— Nor zen hirugarren gizona?

 E. Uhartiarra, Jon Lamik. Hura bizi da oraino.

I.— Eta non bizi da?

 E. Hori Price-n, Utah-n bizi duzu.

I.— Familia egin du han?

 E. Familia ba du, mutiko bat bakarrik.

I.— Euskalduna?

 E. Ama, erdi frantsesa, eta hori eskualduna bera, bena mutillak eztu hitz bat egiten ez frantsesez, ez eskuaraz.

I.— Eta zergatik hori?

 E. Lengoaiarik eztute ikasten hemengo haurrek. Ingelesa bakar bakarrik. Ba duzu asko eskualdunen haurrak, aitamak eskualdun hutsak eta hitz bat eztute egiten. Eskoletan erraten dakote... Biziki fama txarra genuen guk eskualdunek eta atzerritar guziek, frantses ala española, ala grego, denek fama xarra eraman dute. Eta fama xarra ematen dute haurreri. Eta haurrak harriturik atxikitzen dituzte. Eztute erran nahi nihori aita eskualduna dela, hala pasatzen duzu hemen.

I.— Hemen Coloradon, orduan, eskualdunekin, mexikarrekin bezala gertatzen da, ezta?

 E. Bai, berdin berdina. Biziki, gaizki tratatiak izan gira, terrible, eta oraino ere berdin berdina duzu hemen. Amerikarra biziki arrazista duzu eta amerikano arraz... Beno, eztira amerikarrak, amerikanoak indioak dira. Hok aleman xar batzu dira eta ingeles batzu hunat etorriak, gestapo aleman denak hunat etorriak dira eta gehiengoa baittute bozketen bulegoetan eta denak hor sartiak baitira. Polizia, aleman gestapoak, biziki gaiztoak dituzu hemen. Zuek eztakizue hemengo problemak nola diren.

I.— Jarrai ezazu. Bost urte horik egin eta gero, nola joan zen zuen arteko lana? Zer egin zenuen?

 E. Guk orduko lanean ikasiak ginen eta arditan ba gindakien, eta gazte eta fuerte baiginen ezkenuen beldurrik deusendako.

I.— Etorri zinenean deus ez baitzenekien artzaintzaz, ezta?

 E. Enakien deusik. Ahotza nintzen. Enakien deus, ardiak bazuen lau zango, hortzik bazuen. Beharrak erakusten dauzu zernahi. Ardi kondatzen txanpiona nuzu. 1.000 ardi kondatuko dautzut baina hutsik egin gabe.

I.— Eta gero zenbat urte egin zenuen gizon horiekin?

 E. Hura hil artio konpanian ginen, eta bertzia eta ni egun ere konpainian gira. Berrogeita hamar urthe ba dira konpainian girela.

I.— Eta nola gertatu zen Leon Arbilla nafar horren heriotzea?

 E. Bakeruek tiroka hil. Eta gero bala gelditu zan birikietan, eta ospitalerat eraman nuen eta hiru egun egon zen bizi, eta ordian denbora hartan doktorek etzakiten biziki. Egungo egunian kenduko zakoten birikitik. Bena, ordian, hiru egunen burian hil zen ospitalean. Gero etzuten nahi ehortzi izan, katolikoa zela eta artzain.

I.— Nortzuk ez zuten nahi izan hura lurperatu?

 E. Hemen deitzen dira "funeral home" horik. Jende hilen etxeak dira. Ba bi etxe horiek, eta... nik eztakit euskaraz nola erraten den hori, hilen tokia.., horiek errefusatu zuten eramateko hilerrirat. Nik, ordian, arditako kamionean kargatu eta desertura eraman, eta han enterratia da.

I.— Hori Utah-n izan zen?

 E. Bai, Utah-n.

I.— Eta gero nola aldatu zinen zu etxez eta tokiz, ni orain zure etxean nagoelako eta Coloradon nagoelako, Grand Junction-en hain zuzen?

 E. Nere kusiek Coloradon erosi zuzten orubeak, anitz terreno, eta gero Utah-tik ardiak ganbiatu nituen hunat, jinez sei hilabetez bidean, zortzi mila ardi ekarri gintuen; eta baita bide handia, behar zen anitz denbora hartu halako ardi partidaren ekartzeko. Eta oinez etorri ginen, eta gero udako tokiak hemen erosi zituzten eta neguan joaiten ginen berriz Utah-rat, toki apalak baitira Utah-n eta desertua, elurra gutxiago egiten han.

I.— Eta noiz ezkondu zinen?

 E. Hamar urte ingurian ezkondu nintzan, 1935an.

I.— Grand Junction-en bizi zinelarik?

 E. Arditan nintzan, mendian egoten nintzan beti, na ardiak saldu gintuen 1935an, eta ezkondu eta hotel txipi bat erosi.

I.— Non hori?

 E. Hemen, Grand Junction-en, eta hotel hura kurritu dugu hogei urtez. Enen emaztiak kurritzen zian hotela eta nik berriz ardiak erosi ditut erosi nituen lur anitzekin, eta gero emazteak hotela kurritzen zuen eta nik ardiak.

I.— Noiz arte ibili zara arditan?

 E. Ba arditan ibili naiz, berrogei urtez pasa.

I.— Segi aurrera!

 E. Ardiak ezarri gintuen, eta gero ba dakizu, gehio lur erosi, gehio ardi eta negozioan sartzen zira eta behin sarturik lurra ezta aisegi saltzen, Buruko minak emaiten dituztenak saltzen dituzu lehenik eta gauza onak atxiki gibelerat eta lur anitz erosi ginduen eta Utah-n ba da petrolio asko gure lurretan atrapatia. Gero ardiak saldu...

I.— Petrolioak, noski, lagundu zizun dirua egiten, ezta?

 E. Izigarriko dirua emaiten du, baina diruak eztu satisfakzione guzia egiten mundu huntan, nere gogoa eta bihotza beti Euskal Herrian da.

I.— Nik ba dakit, hain zuzen, aspaldian hasi zinela harantz joaten eta horrelako.

 E. Lehenbiziko urtetan nekez da hemen dirua egiten eta lengoaia ikasi behartzu, hemengo maneran bizitzen behar duzu ikasi eta gero erreposki erreposki jartzen zira sosarekilan fuerte eta osagarri eta denak, osagarria atxikiz beti, konfidantza bankutan eta jenderekin ondo ibili, zure kontuak pagatu eta lana fuerte egin, eta hala egiten duzu zeure bizia eta hobekiago zahartzen. Gero, han ene ama xahartu zen azkarkieta hari egin nakon villa bat berria, biziki polita.

I.— Noiz hori?

 E. Hori egina da eta 1955an. Han Donazaharren egina duzu, villa polita. Nere arreba harekilan bizi zen hil artio, eta orain nere arreba hor da, etxe hartan.

I.— Entzun dudanez euskaldun asko lagundu duzu zeure bizitzean. Konda iezaguzu horretaz, bai eta Ameriketako euskaldunen hartuemanez.

 E. Guk, emazteak eta biok ekarri erazi tugu eskualdunak hantik, artzainak eta neskatilak, eskualdun neskak, artzainen arrebak nahi baitzuten etorri honat, eta 150 sinatu'tut paperak, ba dakizu, gogor zen handik ekarreraztia. Oraiko egunean ere gogor duzu biziki. Eta gero ekarri erazi ditut ehun baino gehio jantzari, kantari, Bilbotik etorri dira bi urtez Olaetakoak. Bi aldiz izan dira horik hemen.

I.— Grand Junction-en bertan?

 E. Bai, bai eta ba zen hogeita hamar bat hoitarik kuadrilla bakarrian. Eta gero Oldarra Miarritzeko kantari eta dantzariak, ezagutzen dituzu?

I.— Bai.

 E. Ba hek izan dira urte batez berriz, Miarritzetik etorri hunat.

I.— Zuk propio ekarriak?

 E. Bai..., hemengo eskualdunek ez dute sekula zenta bat ezarri.

I.— Eta zergatik hori?

 E. Bai horik, nik eztakit zuek euskaraz nola erraiten duzuen, baina guk zuhurrak direla erraiten dugu.

I.— Guk ere hala esaten dugu.

 E. Bai, zuhurrak, halakoak dira denak. Dantzariak ekarri erazi dituk Idaho-tik. Oinkariak, Bakersfield-etik...

I.— Zuok urtero urtero euskal besta bat antolatzen duzue hemen Grand Junction-en, ezta?

 E. Urte guziez egiten dugu larrazkenian. Bi egunez egiten dugu besta. Euskaldunak bazter guzietarik etortzen dira hunat, Kaliforniatik, Idaho, Montana New Mexiko, Wyoming-etik, bazter guzietarik etortzen duzu. Gazteriak maite du joaitea libertitzerat, eta horiek denak ba ginen pilotarik eta hemengo "college" horretan hartzen ginen pilotan. Baina debekatu gintuzten han hartzeko gu sobera dorpiak ginela, eta gora mintzo eta gu eskuaraz mintzo baikinen etzakiten zer erraiten ginuen, eta erran zaukuten ez gehio joateko harat. Ordian berehala kontratia egin eta alimaleko plaza ba dut egina, atzo ikusi duzu.

I.— Bai "Urritia plaza". Fotoan ikus daitekeena. Euskal Herrian gertatzen denaz ba duzu berririk?

 E. Egia errateko, eztakit xuxen zer gertatzen den han, baian asko gauza nik eztut maite hausten hartzia, jendeen etxeak erre eta automobilak hautsi, hori biziki gaizki duzu. Guk hemen eskualdunek eztugu horrelakorik egiten, guk arreglatzen dugu zerbati eta bestek baino hobeki egiten. Nere etxe hau ikusten duzu eskualdunen modura egina da. Hemen etxe eleganteena duzu, garbiena, eta koloreak, eskualdun koloreak ipinak ditut, gorri, xuri, berde, ikusten duzun bezala hor, eta... hara zuzenezko eskualduna.

I.— Eta hitzeginez deus ezin erdiets daitekeenean, ezer gehiago eta gogorrago ez ote egin behar?

 E. Hori egina dut nik Ameriketan, berdin berdina. Gu ezkinen ongi etorriak hunat. Amerikanoek etzuten nahi. Ezkintuzten nahi ikusi hemen, a la fuerza de Dios egina dugu egin duguna, gogor hemen ere izanez konprenitzen duzia? Eskual Herrian egon banintz, irudi zaut, han ere eginen nuela, isil isila, lana egin, lurra erosi, etxe zaharrak erosi eta arreglatu, eta dirua han ere egiten ahal da, sosa han ere fuerte.

I.— Baina zuen aldean, Ipar Euskal Herrian, ba da problema handi bat, gazteriak kanpora joan behar du lan egitera.

 E. Hori nik eztut maite. Han Donazaharren, eta bazter guzietan Euskal Herrian, postu ofiziala tinbreak saltzeko emazte eskualdun batek kurritzen ahal du, eta Alsace-Lorraine-tik, eta Pariseko nortetik hartzen'tuzte harat emazte dibortziatu makilla batzu tinbren saltzeko. Euskal Herriak ba'tu emazte xarmantak, eskualdunak, tinbreak saltzeko edo zernahi egiteko. Hori biziki gaizki da. Ordian, nik eztatik nola egin behar den, baina hor zenbait behar da egin. Nik etxea erratzeko, ofiziale horien tokiak xeha nintzazke, ez beste eskualdunenak. Nik ikusi dudan eskualdunek egin ederrena, Carrero Blanco jautsarazi baitute, hori duzu fantastikoa.

I.— Bai, hala uste du jende askok. Baina gibelera joanez, konda iezaguzu cowboy-ekin zenuten problemez.

 E. Horiek izigarri xarrak ziren. Guri erre dauzkegutzute ardi-korraliak. Baina guk heldu den urtean mila ardi gehio erosi, eta joan berriz harat gehio ardiekila, eta ez barkatu. Lurrak erosi alboan. Harrapatu terreno guziak, kredita onak gintuen bankutan. Eskualdunek hemen 98%-k kredita mugagabekoa dute, nahikoa ditu ematen du bankuak eskualdunari.

I.— Konfidantzazko pertsonak nonbait.

 E. Baitakite langileak direla. Euskal Herrian eztakit nola egin daitekeen. Guk egin dugun bezala behar lukete egin. Gu hiru eskualdun jarri ginen elgarrekin. Batek etzuen egiten ahal, hiruen dirua eta lana jarri elkarrekin eta hola egiten duzu. Hemen gehienak, euskaldun gehienak hala dira, konpainian jarririk, ba dakizu. Eta denek fuerte lan egin, eta hala azkartzen duzu...

I.— Zu Euskal Herrira urtero joaten zara, ezta?

 E. Bai, ba da hamabost urte.., gehio, hogai urte. Urtean bi hiru aldi joaiten niz, urte batez izan niz bortz aldi. Segun..., noiznahi joaiten nuzu. Pasaportea beti etxikitzen dut prest noiznahi joaiteko. Ez bakarrik Euskal Herrira. Mundu guzia kurritua dugu senar-emazteek. Amerika, Alaskatik Tierra del Fuegora denak ezagutzen ditut. Indioak, gu eskualdunak bezala, maltratatiak dira mundu guzian, berdin dira.

I.— Eta lortuko dugu euskaldunek ezer datozen hogei urteetan.

 E. Heldu diren hogei urteotan ni enuzu izanen. Eztakit zerurat Jinkoak eramanen nauen ala ifernurat, bitartean baldin badago toki bat han esarriko nu. Nik handik behera begiratuko zitiet. Ez Frantziak, ez Espainiak eztute utziko independentzia emateko.

I.— Eta esperantza ez ote dugu gorde behar?

 E. Bai. Izazie eginahala, behar duzue batasunean jarri. Familia batean ezpadago batasunik familia ezta sekula altxatuko, eta nazionia, eztu inporta handia ala txikia, berdin berdina da. Nik erranen'tzut beste gauza bat. Ameriketan ikusiak'tut nik mundu guzietarik jendeak etortzen, jende arrazak. Ba dira alferrak. Eskualdunak ere ba dira anitz alferrak, gaixoak. Hek joanak dira atzerat dolar bat egin gabe, alferrak baitziren, ba dakizu. Indarra egiteko langile behar du izan. Lehenago bizkaitarrak, nafartarrak bezalako jende fuerte eta langilerik etzen nehon ere mundian, na orai bakatia duzu horien indarra, gazteak heldu direnak eztira zaharrak bezala, fuerte osasunez eta eskolan apur bat hartuta lana uzten duzie debalde. Hala, hartan duzu aberastasunaren sekretia. Ni enaiz izan eskolan ia, bi edo hiru neguz ibili nuzu. Solamente egiten dut lau hizkuntza, ingelesa, espainola, frantsesa piska bat oker, eta euskera beti egiten dugu hemen.

I.— Ondo Manex, eskerrik asko elkarrizketa honegatik.

Andolin Eguzkitza

Hona hemen, Manex Urritik bere arrebari jarritako bertso hauk:

Ez zaitut ahantziko

Goizian goizik jeikirik ene arreba mutxurdin mokokaria

Emaztiaren bihotzean ongia eta gaizkia fite da ageria

Ongi du hunek deurru zaharraren larruaz estalia

Elizarat doa arruzaroak eskuetan goguan gaxtakeria.

Zuhaurek etsamina hobe ixil ixilik egoitia

Zergatik erran eni gaixoa nor maitatzia

Berdin galda urtxoari hegalik gabe airatzia

Horrengatik etzuen balio gu biak betiko samurtzia.

Lehenik egin diot etxia gosturat berri berria

Eskualdun molderat borta eta leihuak teilatia

Urgulua burian ez nahi ezarri eskualdun koloria

zer dago ederragorik mundian berde xuri-ta-gorria.

Gure banderaren koloriak ukatzen tienari atxiki begia

Eman zakoten esparantzetan den andre baten koloria

Ez gorririk ez berderik eri ote hago etxe hori horia.

Erran ere nion errespeturekin, zer etxe koloregabia.

Mundu huntan denek dugu maite sorlekua

Sukaldian sartu orduko gira elgarreaz mokokatua

Etxe huntan ez duk hik itekorik ni nuk jabetua

Taxi bat izanez fite derru nintzan hantik partitua.

Erregretatzen dut nere gaztetasuna mendian pasaturik

Berrogoi urtez artzain, desertuz desertu ibilirik

Gehiago, orain konprenitu dut ez dela amodiorik

Artzain joaiteko igual zen galeretarat joanik

Undar pertsu hau zuri adio erranez sekulako

Nik ez zaitut gehio nere bizian molestatuko

Nigarra begian, nik ez ditut zuk erranak ahantziko

Debalde duzu eni erraitia ez dot maite dutana utziko

Manex artzaina, Koloradon


Gaiak. Gizartea

Kurutziagako Gurutzea apurtu zigutela eta

Eta nik harriak eta sinboloak maite ditut. Baina harri guztien gainetik gure herriaren hizkuntza maite dut. Eta, zer gertatu da gure hizkuntzaz? Eta zer ari da gertatzen gure hizkuntzaz? Zer egin dio euskarari, eta geure herriari, Espainiako botereak azken.

Joan zen maiatzaren 16an goizaldeko 3rak inguruan lehergailu batek Durangoko Kurutziagako Gurutzea hautsi egin zuen. Kurutziagako Gurutzea Durangoko herriak, eta Euskal Herri ospak, duen ondasun kulturaletariko bat da; nahiko inportantea edo interesgarria bera, baina bat.

XV. mendearen erdialdeko Gurutze hau, Fray Alonso de Mella eta bere jarraitzaileen heresia espiatzeko asmoz egina, gure herriaren antzinako sinismen eta ohitura mitologikoek bazterturik eta ezabaturik kristautasunaren nagusitzearen sinboloa da. Intransijentzia baten sinboloa, beraz, eta aro batekiko akaberaren garaitzapena. Hala ere, gure herriaren garai bateko lekuko artistikoa.

Gurutze honen apurketari buruz asko eta luze mintzatu da; eta eman diren interpretazio gehienek apurketa hau zeharo politizatu dute, eta gure herrian denetariko eritzidunak gaudenez interpretazio ugari eta ezberdinak izan dira. Boterea duten alderdiak, Espainia mailako edo euskal edo uda mailako boterea, eta botererik ez duten sektoreek, guztiz haserreturik, guztiz mindurik, eskubitarren ekintza hau gogor kondenatu edo salatu dute, indar handiagoz edo apalagoz, bakoitzaren estrategi politikoaren arauera.

Baina azken aspaldi honetan eskeptiko edo sineskaitz bihurtu naizenez, berbazko kondena baliogabe guzti hauen aurrean (eta guztiak baliogabeak ez badira ere gehienak bai) harriturik, harri bihurturik aho zabalik, geratu naiz. Eta nire harridura ez da nik apurketa hau kondenatzen ez dudalako. Ez, ez da horregatik. Nik badakit Gurutzea konponduko dela, eta seguruena Espainiako gobernuak pagatuko duela konponketa, baina niri kondena hauek hipokritak iruditzen zaizkit.

Kurutziagako Gurutze apurtu digute, bai, egia da. Baina Kurutziagako Gurutze Santuaren Eliza (horrela izan baitzen deitua gure herriaren konkista militarraren aurretik, gure hizkuntzaz behintzat, eta gaur "La Vera Cruz", konkistatzaileen hizkuntzaz) ez digute apurtu, guk apurtu dugu, edo apur dadila onartu dugu. Eta zer gertatu behar da Murueta izeneko dorretxearekin? Bada, Durangoko berririgintzaren barruan bota egin behar digutela (eta legalki gainera), gure botere faktikoen onarpena eta guztiz. Eta zer gertatzen da Izurtzako Etxaburudorre aurreko Anaitasuna batetan) izeneko dorretxearekin? Badakigu teilatua erori zaiola? Eta, kabreoa gehitzearren, teilatua erori zaio bertako udalbatzarre demokratiko herriak dorretxe hau konpontzeko mozio bat onartu ondoren. Eta zer gertatzen da Durangoko Santa Ana plazako mosaikoarekin? Ez du gure udaletxeak egunero apurtzen dela ikusten ala? Ezingo ote da bertako trafikoa debakatu?

Nire ustez batzuren kondenak ustelak eta aleriarako baino ez dira. Eta aurreko laurak askoren arteko adibideak dira. Kasuak, horrelako Kasuak, zoritxarrez, ugari aurki daitezke. Faszistek apurtzen edo jausten utzi. Eta isil isilik gainera (edo badaezpada?).

Eta nik harriak eta sinboloak maite ditut. Baina harri guztien gainetik gure herriaren hizkuntza maite dut. Eta, zer gertatu da gure hizkuntzaz? Eta zer ari da gertatzen gure hizkuntzaz? Zer egin dio euskarari, eta geure herriari, Espainiako botereak azken... (jarri nahi dituzunak) urte hauetan? (eta botere honen ordezkariek ere atentatua gogor salatu dute). Espainiako boteretsuen nahia, asmoa euskara hiltzea, erahiltzea, ezabatzea, akabatzea izan da, eta horretan bai ari direla jo eta ke, gartsu eta martsu.

Eta hemengo botereak zer egin du, zer egiten ari da euskararen alde? Zenbateko laguntzak ikastolen, alfabetatze-euskalduntzearen alde? Non daude udaletako itzultzaileak (Durangokoa, adibidez)? Non euskararen ofizialtasuna?... Ba dirudi, egunero, segundoro euskara hiltzen ari dela ez dugula gogotan hartu nahi. Eta akabatze honen aurrean (zeren aurretik planifikatutako akabatzea da eta) zer egiten dute euskal boteretsuak?

Eta oposizioko alderdien eta sektoreen praktika linguistikoa zein da? Begira iezaiozu zure inguruari, eta beronek erantzungo dizu, Euskara, gaur ere, zapaldu egiten dugu, eta beraren zapalkuntza onartu egiten dugu, edo eta zapalkuntzaren aurrean isildu egiten gara, berau gauza normaltzat harturik.

Gurutzea inportantea da. Bai. Eta nik ez diot ezetz. Baina inportanteagoa da gure hizkuntza (eta ea nork dioen ezetz?), eta berau hiltzen ari dira, apurtzen (lehergailu eta guztiz) ari dira.

Kurutziagako Gurutzea apurtu dutenak, gure ondasun kulturalak jausten uzten dituztenak, gure hizkuntza hiltzea nahi dutenak, gure Herria akabatzea (gu banan banan hilik, edo denok batera, lehergailuak edo bonbardeoak erabiliz) nahi dutenak, denak berberak dira. Eta hau horrela ikusten ez duenak, berak jakingo du zergatik ez duen nahi ikustea.

Hibaikoa

ARGAZKIEN OINAK:

a- Izurtzako Etxaburutorre izeneko dorretxea. Teilatuak lur jo du.

b- Santa Anako plaza. Mosaikoa apurturik, bertan kotxeak aparkatzen dutelako eta inork ez duelako babesten.

c- Landakoko Murueta dorretxea. Durangoko berririgintza berriarekin bota egingo dutena, apurtuko dutena.

d- Kurutziagako Gurutze Santuaren Eliza, propaganda politikoak estalirik. Guztiz zaindurik ikus daitekeenez, eta hori barrukaldea ikusten ez duzuelako. Eta berririgintzarekin apurtu egingo dutena.


Gaiak. Artea

Julian de Tellaetxeren erakusketa-omenaldiaz

Bilbon, Aresti Kuntearen enparantzan, "Banco de Bilbao"-k axolagarrizko pintorea zen Julian de Tellaetxe-ri, erakusketa bat antolatu dio omenaldi gisara. Zio horretaz argitaratu zuten liburuxka berehala ere agortu da, pintoreak zuen interesgarritasuna erakutsiz.

1. Estatu espainolean pinturaren berritzailea

Julian de Tellaetxe pintatzaile axolagarria izan zela erakusteko eta bere buruak zuen garrantziaz konturaerazteko, gerla aurreko pinturan murgildu behar dugu, denboratan atzera jo eginez.

Espainia osoan egiten zen pintura, guztiz atzerakoia eta akademikoa zen. Arteta, Regoyos, Etxebarria, Iturrino eta Tellaetxe beari buruz hitzegiterakoan beharrezkoa da aipatu duguna esatea. Europan zeuden pinturaren haize berriak dakikegunez, Frantziatik zetozkigun, 1830.ean jaiotako Pisarro inpresionista zaharrena eta Monet-en ospetsu izanen zen "Impression soleil naissant" koadroarengatik hain zuzen. Braque, "kutxista" bera, hiru urtez geroago jaioko zen. Ezaguna zaigu bestalde, inpresionistek pinturari eta kultura osoari eman zioten bultzada bizia eta, haize berria horien eraginpenez gaur egun 1980.ean, gerrate zibil arteko urte haietan pintoreak "inpresionismoz eta Faubismoz" baliaturik, bentura estetiko berrietan zehar abiatuko zirela pentsa dezakegu. Baina Estatuan lehendabiziko berriketak pintore euskaldun eskuetatik datozkigu, beste Espainiako alderdietan zeuden pintore aurreratzaileak ahantzi gabe: Beruete, Riancho, Nonell, Sorrolla, Valle, Alglade eta, ororen gainean, Solana.

 Pintore hauek aparte, pintura ofizialak aintzineko atzerakeriekin jarraitzen zuen. Eredua, hortxe dugu, zeren 1934.ean Lehengo domina "Figuras y leyendas" deritzan koadroari eman baitzioten. Mundu ofiziala beste bidetatik abiatzen bazen ere, lehen aipatu artelariak eta beste batzu, Zubiaurre anaiak esaterako, aldaketa aurreratzailearen barnean ari ziren.

2. Tellaetxe gizona

Bergaran dugu jaioa 1884an baina berehala joan zen Bizkaialdera, Lekeitiora. Bertan, itsasoko xarmak hatzematen du eta Eduardo Chicharroren eskolan abiatu baino lehen marinela egiten da. Ordudanik aurrera, guzioiek izanen ziren bere grina sakonenak: pintura eta itsasoa. 1920an, Parisera doakigu eta hango hainbat akademitan bere kasketa piktorikoak osatzen ahalegindu zen.

Pinturagintza eta itsasoko bideak gero eta hobe ezagutuko zuen beraz. 1911.ean jadanik, "Asociación de artistas vascos"-en fundatzaile gisa agertzen zaigu eta bi urte beranduxeago, hogeita bederatzi urte zuelarik, Parisen zabaltzen du bere lehen erakusketa.

Urte hauetan zehar benturazalea da eta hainbat benturazale ezagutzen du. Horretako bat Joseph Conrand, zeinen lagun handia bihurtzen da eta anitz itsas bidaia egiten dute elkar. Bidaietan, Lekeitio herri arrantzalea du bizilekua. 1919ko erakusketan Bilbon kuadro batzu aurkezten ditu: "El tuerto de Lekeitio", "Un hombre de mar", "El viejo patrón" eta "Pescador Lekeitiano". Erakusketa dela eta, pintore lagunek "Sociedad Bilbaina"-n omendu zuten gure pintorea. Artelari ospetsua da jadanik. Eragina lortu du pintore askoren baitan.

Hemendik aurrera hainbat erakusketa egin zuen Europan zehar; Bruselas, Estokolmo, Parisen. Baina gure gizon hau ez da bakarrik artelaria, arte kritikalaria ere bai da. La "Noche" egunkarian bere idazlanak agertzen ditu, pintura aurreratzailearen defendatzailea izanki.

3. Tellaetxe-ren pintaera. Gizona eta itsasoa

Tellaetxe beraz, pintura akademikoa eta ofizialatik urrutiratu zen pintatzailea dugu. Paris-en igarotako urteetan, bizirik zegoen "post-inpresionismorantz" bihurtu zuen bere begirada eta pintura berri horien lorpenak onartuz, ekintza pertsonal batetara eraman zuen bere artea. Inpresionismoaren sukarrak igaro eta gero, ingurune oso beroa sortu zen Parisen, non garai horretako hainbat pintoren eragipena jasan baitzuen gure Telletxeak haien obrak ikusten zituela eta susma dezakegunez Gaugin eta Van Gog-en urratsei jarraitu zizkioela plan estetikoan zein teknika mailan hain zuzen, pintura oso pertsonal batetara iritsi baino lehen.

"Amatasun" batzu ezik bere baitan topatzen dugun gai bakarra itsasoa dugu. Itsaso-gaiak bere obra ornitzen du alde guztietatik.

Tellaetxe bera, itsasoko gizona ere, itsasoaren errepresentapena ematen digu. Bere ustez, itsasoa berriduritzea ezin da zeren, itsasoa, eguzkia bezala, ezin kopiatu ahal. Tellaetxe-k, itsasoaren irudi hori gizonaren bidez dakarkigu edo eta gizonak egindako itsasorako motiboen bidez: Bela handitsu, itsazuntzi zuriak.

Koadroetan agertzen zaizkigun margoak era argiak mugatuak ditugu ere. Bere paletak ez du ezagutzen dozena erdi margo baino gehiago.

Gorri apal pare bat, urdin, arrea, zuri eta okrea erabili zituen gehienetan. Bere ederlanak bixitasuna dute zeren ehunaren ordez, kartoia baitu oinarri.

Kartoiaren erabilketa horrek badu helburua: margo mateak lortzea, materia opako batek konposatzen baititu koadroak; eta kartoiak, pinturaren olioa xurgatzen du. Teknika horrekin, azalak, esmalte baten antza du sarritan —belauntzi koadroetan batez ere—. Esmaltearen kualitate hori lortzeko, marroia eta arrea jartzen du oinarri; eta zuritara abiaerazten duenean margoa distiratsu eta bolumen antzerakoia bilakatzen da.

Tellaetxe maisu bat zen pintzela erabiltzean. Sarritan, lau pintzeladekin betetzen du ehuna edo kartoia, amaitugabetzat margozkia utziz. Baina horrela eginez, kuadroak indar espresibo guziak lortzen ditu.

Acebal Idigoras-ek idatzi zuen bezala, zuen jatorrizko jitea, arre margoaren erabilketa zen, beste arren ondoan armonia finak eta ozenak konposatzen baitzituen.

Tellaetxek, koadroari ahalmena eta bortxa emateko, ez zuen margorik erabiltzen. Kontrasteak egiten eta oposizioak lortzen, Iturrinok egiten zuen bezala, lau tono antzerakoi erabilirik eta fintasunaz jokaturik hainbat ñabardura arin ezartzen zituen azalaren gainean, non aurretik marrazki landu batek pausoak ematen baitzizkion. Neurri handirik ere ez zuen maiz erabiltzen eta bere garaian zegoen oiturari jarraikirik ehun edo kartoi ttikiak gurago zituen.

Arrantzaleen erretratoak ere oso biziak dira, buruak baino agererazten ez baitzituen. Itsauntziak, txalupak eta belak hondoan ezarrita, zuri, arre, eta noiz behinka okreren baten bidez eguzkiaren suntsitzea ematen digu, buru indartsu baten begirada hatxematen dugun bitartean. Begirada lasaia, arraintzalea, arraun bat lepoan daramala, itsasuntzien beharrezko gehigarria iruditzen zaigu. Itsasgizonak dira, Lekeitioko jendeak, gazte eta zahar, itsasotik itzuliak, baina begiradetan uhinen eta itsasoko handitasuna dute gorderik, itsasora itzultzearen beharrezkotasuna isladatzen dutelarik.

Beste obra horiek, "Amatasunak" deitu ditugunak, arrantzaleen emazteak eta amak dira, haur ttikiak baitituzte beso artean itsasoaren aurrean. Batzu oso antzerakoak dira beraien artean, xehatasun batzu bakarrik aldatuz. Koadro horietan pertsonaiak, aurpegi bakorik agertzen zaizkigu begi gabekoak. Begi horietan itsasoko argiak ez dira dirdiratzen betirako. Ez dira ere erretratuak gizabakartzat moldatu dituen giza formak besterik ez dira.

Belauntzi eta amatasun obrak aparte, Tellaetxe-k, paisai batzu ere utzi zizkigun. Pintzelada laburrak erabili zituen, oso nabartuak, hondoko margoen gainean, geldigabeko ekintza jardunik. Beste batzuetan, zirkuluak markatzen ditu zeruan edo belen gainean, hodeiak bailira, edo beletan, haizea marrazkilari bihurturik balego.

Tellaetxe-k, ekintza freskoari, espontaneoari ederretsi zion, marrazki landu baten gainean. Beste obra batzutan eta erretratuak egiterakoan, pasta sobera erabili zuen, zati gardenen alboan, oinarria zen ehuna edo kartoia estali gabe. Freskotasunaren bila zebilkigun beti, bizirik balego koadroa uzten, antza estetikoa emanez.

Teknika mailan eta estetika mailan oso pintore obradun eta garrantzitsua dugula Tellaetxe esan beharra dugu. Bere kartoien eta ehunen gainean, isladatu zuen itsasoarenganako zuen sentipena. Maitatu zuen bizitza pintatu egin zuen. Aipatu dugun erakusketa hori labur xamarra dela iruditu zaigu, hala ere, Tellaetxe izan zen gizona eta pintorea gogora dakarkigu.

J. Sendagorta


Gaiak. Politika

Krisi ekonomikoa eta Trilaterala

Komisio Trilateralaren esanguraren funtsa bere osotasunean ikustera heldu ahal izateko, azken urteotako garapen politiko-ekonomikoa begiratu beharko dugu lehenik. Gerra-ondoko garapen ekonomikoak eta egungo ekonomi krisiak, kapital handiak dituen helburuak erakutsiko dizkigute.

Krisia, azken urteetan gure errealitate politiko, ekonomiko eta soziala inguratzen duen hitz ezaguna da. Baina, zilegi al da krisi kontzeptua teoriko kapitalistek eta zenbait sasi-marxistek mugaturiko marko estruktural hestuan erabiltzea? Asko dira hortaz aipatu diren teoria eta hipotesiak. Egunero ikusten dugu nola, krisia, gutxiengo dominatzailearen botere politikoa langile klasearen lepotik heda erazteko ahaleginetan erabiltzen den. Krisi ekonomikoak horrela, joera inperialistak sendotzen ditu, indar-erlazioa kapital transnazionalaren aldera makurtuz.

Krisi ekonomikoari buruz hitz egin zaigunean, beti planteiatu zaigu funtsezko fetxa bezala 1973. urtea, petroleoaren gorakadarekin batuz. Ez dago ezer hau besteko manipulatu eta faltsurik. Fetxa hori garrantzitsua da oraingo krisi prozesuan, jakina, baina ez beraren sorrerako une kronologiko bezala, ez eta krisiaren grabetasun-kota goreneko fetxa bezala baizik eta, aitzitik, kapital handiaren bozeramaileek krisia zuzenki aurpegiratu eta ekintza horretatik sendoturik irtetzea erraztuko dizkien politika markatzearen fetxa bezala. Erabakiriko ekintza zuzen hori, gizarteko maila eta egitura guztietan zehar praktikaratua izango da, gizarteko estamentu kapitalista guztiak bere barnean hartuz. 1973.urteaz geroztik, eta kapitalak eragin duen krisiarekiko oposizio-politikaren ondorioz, bi aurpegiko prozesua ikus daiteke. Alde batetik, kapital handiaren berregituratzea nabaria da, komisio Trilateral delako bloke transnazionala eratu delarik. Bestalde, eta langileen bizitza-kondizioen beherapen nabariarekin batera, Europa eta Hegoameriketan batez ere, ezker klasikoaren ahultze izugarria gertatu da. Azken honen ondorio zuzen gisa, ezkerreko zenbait sektoreren eta gizarteko talderik marginatuenen erradikaltze prozesua gertatzen da, "ezker berria" edo "langile mugimendu berria" dei dezakegun zerbait sortuz.

Gehiago zehaztuz, gizarte kapitalistaren krisia eta, batez ere, kapitalaren krisia, 60. urte-hamarkadan gorpuzten da, gizarte mailan efektu grabeak sortzen dituelarik eta ezarritako ordena arriskuan ipiniz. Bestalde, langile mugimenduaren erradikalizazioak, argitara ateratzen ditu, XX. mendeko bigarren partearen prozesu historikoaren errealitatea eta modu berean kapitalismoaren egungo fasean, krisi ekonomikoak azaltzearen ezinbestekotasuna adierazten digu. Azken krisi ekonomikoak, aldi berean paroaren hedatze izugarria eta inflazio-tasaren gorakada bateratzean, Orain arte ezezagunak ziren karak azaltzen dituzte. 60. urte-hamarkada horretan eta batez ere azken urteotan, munduko puntu askotan, egiazki iraultzaileak ziren egoerak agertu dira, eta zenbait puntu isolatutan, egoera preiraultzaileak. Azken hauek, Estatu bakoitzaren zerbitzutan zeuden ente errepresiboak gogorki erreprimitu zituzten. Europa baketsu zahar eta kapitalistan ere, klase burrukaren garapenean jauzi historikoak ziruditen uneak bizi ahal izan genituen; Ondo baina hobeto, preiraultzaile bezala edo eta gutxienez estatu kapitalistaren egitura berezien desagerpenerako burrukan dezisibo bezala kataloga zitezkeen. Maiatz frantsesa, ondoko ezkerraren alboratzeaz; masen mobilizazio zabalaren lorpenerako giro politiko-sozial egokiaren sorreran burutu zer Italiako udazken beroa; Ekialdeko burokraziek eragin nahi zuten indarrezko integrazioaren aurkako txekoslobakiar eta poloniarren burruka gogorra; Euskadi, Bretaina... bezalako zenbait nazio oprimituren burruka nazionalen birjaiotzea,...; Guzti hauek, partzialki bederen nazioarteko kapital handia kontseilaturiko oligarkia estatalen eskuetan zeuden estatu kapitalisten opresioaren aurka, proletargoak eta beste sektore zapaldu europarrek eginiko burruka karakterizatu duten fazetak dira. Beste kontinente batzutan ere, ondoko giza-askapen mugimenduak aipa ditzakegu: txinatar iraultza kulturala, miloika gizakiren bizieran eraman zuen aldaketarekin; zabalki txaloturiko Hegoameriketako gerrila konstantea, zeinek iparramerikarren interesek inposaturiko gobernuak urteetan kolokan eduki bait ditu; kubatar iraultza, ugarteetatik yankien botere inperialista jaurtitzeko eta giza-eskubideen lorpenerako boluntarismo eta eginahalen adibide argia; Viet-Nameko gerra luze eta odoltsua, zeinetan Vietkong-ek, indarren eta gerra-potentzialaren desberdintasunak handiak izanik ere, bihotzak bereganatzen eta inperialismo iparrameriketarra bere lurretatik botatzen jakin baitzuen; txiletar batasun herritarrean gorpuztu zen bide iraultzaile baketsuaren experientzia berria, zeinetatik mundu guztiko indar herritarrek lekzio ugari atera baitituzte; eta horrela kapital handiarekiko beste oposizio-burruka ugari. Guzti hauek, kapitalismoaren diru sendoaren hau da, dolarraren, krisiarekin batera, sistema inperialistaren iraupena arriskuan ipintzen duten mailetaraino bultzatu dute gogorki, irauteko, bere ekintzat mundu-mailan efektiboki koordinatzeko beharrera eramanik. Hainbesterainokoak ziren herriaren burrukak sortzen ari ziren desorekak, ezen sistema kapitalistaren mundu-mailako birmoldatzea beharrezko egiten zela. Birmoldatze berri hori, kapitalak, krisiaren irteera bezala planteiatzen du eta eraren batetan hori errazteko, krisia, aurreko hamarkadetako oparotasunaren amaiera bezala planteiatzen du.

Errazki egiazta daitekeenez, Europa kapitalistaren eta inperialismoaren egoera, desolatua agertzen zen kapitalaren begietara. Egoera ugarik, mendebaldeko politika berpentsatzera eramaten zuen botere kapitalista. Egoerak, politika estatal indibidualen birmoldatzea eskatzen zuen, horrela domeinu eta kontrole politiko, ekonomiko eta sozialezko politika global baten lorpenera heldu ahal izateko. Sistema kapitalistaren barneko indar-erlazioak, kapital handiak eta, batez ere iparramerikar kapital mendebaldeko gizartearen domeinuan zuen hegemonia kolokan ipintzen zuen.

Beraz, krisiaren benetako funtsa ezagutzeak ezinbesteko garrantzia dauka inperialismoaren mugimenduei erantzun egokia ematen posibleztatzeko. Krisi baten esangura ulertu gabe ezin dezakegu iraultzaz hitz egin, transformazio historikoen prozesuetan bi kontzeptu hauek era askaezinean loturik agertzen baitira. Edozein krisik bere irteera eskatzen du eta honek, kontrajarririko bi bideetarik bat har ditzake: Erreformista ala iraultzailea. Krisia, gizartea egituratzen duten maila guztietan agertzen bada, irteerak, iraultzailea izatekotan, jakina, egitura beroien transformazioa eragin beharko du. Lehengo gobernamendua deuseztu beharko du, oinarri eta ideologia desberdinen gainean eraikiriko berri bat ikusi ahal izateko. Irteera erreformistak bilatzen duen gauza bakarra, erregimenaren funtsa gordeko duen erreforma txiki batzuren lorpena da. Aldaketa batzu egin, dena berdin segi dadin.

Hirurogeietan, gerra-osteko bizitza-moldea eta produkzioa, etapako funtzionapen-modeloaren azken mugara heltzen dira, ekonomiaren eta bizitza-mailaren hezkuntza bizkor eta limite gabekoaz karakterizatu nahi bait zen. Gerra osteko gizarte-modeloa jarraiezina bihurtzen da. Gerra amaitu eta berehala, ez bakarrik europarren, baizik eta baita nazioarteko kapitalaren eta, partikulazki, iparramerikarren helburua ere, suntsituriko Europaren berreraikitzea zen; Jadanik 60. urteetan, langabezia eta inflazio-maila garai eta iraunkorrak azaltzerakoan, helburua, inplikaturiko estatu bakoitzaren ekonomiaren defentsa indibidualista izatera iragango zen. Aurreko urteetako hazkuntza ekonomikoa, geldiezinezko atzerapen bihurtzen da. Proletargoak bi hamarkaden buruan lorturiko garapena, bat batean, krisi ekonomikoak eta gobernu kapitalista desberdinen politikak geldierazirik aurkitzen da. Baina, zilegi al zaigu krisi hauek garapen kapitalistaren krisi bezala definitzea? Ez. Askoz ere zuzenago litzateke, "muga gabeko garakeriaren ideologia"ren krisia dela esatea, hurrengo batetan ikusiko dugun bezala.

Galtzagorri


Gaiak. Gizartea

Dolça Villalonga

Emakumea da, horixe baietz, hala sentitu eta bizi baitu. Libertaria, inongo ideia zehatzi ez lotua, baina, emakumea denez, baztertua. Gainerakoak bezala.

Bere arloan, teatroan, eskenatokian, emakumearen irudia berreskuratu nahi du. Ama baino, puta baino, arrari gozoa eman nahi dion neska lirain eta lerdena baino, zerbait gehiago dela emakumea saiatzen da erakusten.

Garai batetan ikuskari (1) feminista aurrera eramatea planteiatu ez bazuen ere, bere jatorriak kabaretetako emakume objektuaren mito merke eta merkaturatua salatzera bultzatu zuen.

Egiten dudanarekin gozatzen dut

Dolça Villalonga, pertsona ttikia da. Eskenatokian horrela hartzen du bere burua. Ile beltzaran eta argitsu, kuskuilekin (2), ezpain koloretsu eta nabari. Dauzkan begiek bere baitako antsia adierazten dute kanpora. Barneko antziak ezaguerara eta ikasteko gogoetara bultzatzen du bere sentimentua. Bere sentimentua teatro biziaren kreatzelanari lotzen zaio.

Bere ekitaldietan zehar, dauzkan asmoa ikusteraz ditzakegu: Bere ikuskarian publikoak parte hartu behar du, egunoroko gogaitasuna baztertuz. Baina berarekin solasean, hobe ikus dezakegu bere asmoa zein den.

A.— Zor eta nola zara?

 D.V.— Egiten duenarekin gozatzen duen emakumea naiz. Egin nahi dudana egiten dut.

A.— Nola hasi zinen ikuskari moeta hauetan?

 D.V.— Orain urte bere t'erdi hasi nintzaion ni honi. Garai batetan hiru ginen. Hirurok kafe-teatrorentzako ikuskari bat prestatzen genuen. Orduan konturatu ginen. Kabareta sekulako ikuskari matxista zen. Ez ginen ados (3) gainera, kabaretetan erabiltzen ziren teknikekin. Ingurugiro horretan zerbait ezberdin egiten saiatu ginen. Emakumea atsegingaitzat hartuko ez litzateken zerbaitetaz, emakumearen funtzioak desmitifikatuko lituzkeen ikuskariaz. Geuk gure aldetik, ez genuen sekula santan ikuskari feministaren batez pentsatu baina gure lehengo ekitaldia poliziak debekatu zuen Bartzelonan. Geroztik hona, entrepresariak hasi ziren esaten hau guztiau ikuskari feminista zela eta ez zutela interesik beraz.

Musikariak utzi beharrean egon nintzen orduan. Nire kontura hasi nintzen.

A.— Vedettea zarela topatzen duzu?

 D.V.— Ez naiz vedettea. Ez dut pentsatzen, Batzutan "escalga-braguettes" edo "calienta poyas" naizela iruditzen zaio hainbati baina ez naiz halakorik. Horrekin ez dut ukatu nahi naitekeenik edo behar bada egin nezakeenik. Ditiak erakusten ditut baina eradoskitzeko (4) da. Ditia eman behar baitiot haur bati nire ekitaldi batetan. Hori erotikoa daiteke. Diti ematen honek egiazko ikuspegi afektibo eta erotikoa dauzka beraz eta irain matxistatzat har lezakeenak ez du nire ikuspundurik ulertzen.

A.— Iskanbilarik eduki al duzu zure ekitaldietan? Jendaldetik ez duzu arruntekeriarik hartu?

 D.V.— Bai. La Sal-en Bartzelonan. Neska-mutil bat ikusten ari zen eta mutilaren berehalako erreakzio bortitzarengatik iskanbila atera zen jendartean.

Intuizio eta sentipenaren mundua askoz garatuago dago emakumearen baitan

A.— Nola dakusazu teatroa eta bereziki emakumearen funtzioa hor barne?

 D.V.— Teatroak bizipena eduki behar du. Bizitu behar dugu teatroa, ukitzen gaituen zerbait izan behar du.

Nire ekitaldietan emakumearengandik abiatzen naiz. Literatur teatroan emakumeak amaren ala putaren funtzioa erabili du. Ez da sekula Pertsona izan. Ez du bere pertsonaltasuna aintzinera eraman. Bere baitako bultzadari kasu egin behar dio emakumeak. Intuizio eta sentipenaren mundua askoz garatuago dago emakume baitan. Ez dugu nahi horregatik gizonarekiko ezberdintasunik, jostorratza eta ditarearen (5) ordez bere agresibitatezko tresnak autatzea suposatzen badu.

A.— Gai honetaz bederen, zer eritzi diozu —gay— mogimendu edo kanpoko zenbait jenderi, ar klasikoaren itxurak hartzen ez dituzten guzi horiei, "lumak" botatzen dituztenei bereziki? Ez al duzu uste arraren agresibitatezko irudia baztertzeko saioa denik?

 D.V.— Horri erantzutea zailegia dela uste dut. Lehendabiziz, ez zait gustatzen emetasunari egiten dioten hurbilketa hori. Kasuak banan banan ikusi beharko genituzke baina jeneralean ez nago konforme hori guztiorrekin.

A.— Katalandar talde edo aktoreekiko harremanik eduki al duzu? Els Joglars-ekin beharbada?

 D.V.— Hiru urtetan Albert Boadella nire maisu izan da. Gizona miresten dut, nahi duena baitaki, nahi duena egiten baitu, nahiz eta egitearrean gartzelan sartzen badute.

A.— Autodidakta ikusten al duzu zure burua?

 D.V.— Bizitzaren autodidakta naiz. Egunero jendearen baitatik ikasten dut. Nire ekitaldiak hitzetik hortzera, (6) inolako prestaketarik gabe egitea gustatuko litzaidake. Dena horrela beharko litzateke. Egunero zerbait diferente egiten dut, garrantzi handia ematen baitiot inprobisapenari.

Jendeak eragin handia du nire ekitaldietan. Hala esaten diet... "Teatro berririk ikusi nahi baduzue, lehenengoz, zuek ezberdin izan behar duzue. Zuen begiak ezberdinak izan behar dira, orain dauzkazuenok ez dute balio horretarako". Eta berehala hasten naiz streep-teaserekin, emakumearen eragin klasikoari barre egiten diodalarik. Geroxeago zera gehitzen diet: Alde guztietatik emakumea naukazue. "Emakume bat naiz, dakusazuen bezala" (Hitz hauek euskaraz esan zizkigun).

A.— Zure ekitaldiotan jendea probokatzen duzu bizteko. Zure teatroari buruzko ikuspegian ere sartu behar al da?

 D.V.— Askoz gehiago probokatzea nahi nuke, ea erreakzionatzen duten behin betiko. "Que ya está bien con la televisión!!"... Gehitu nahi nuke zera: Hemengo jendea nire gustokoa da. Ez du gogorik eta asmorik galdu. Ez nintzen sekula egonda Euskal Herrian baina inpresio ona eramango dut.

Dolçak duen katalandar doinuak garbi erakusten digu nongoa den. Anpurdetakoa, Gironan kokatzen den bost mila bizilagun duen herrixka batetakoa. Eta guri zera aitortzen digu: Gaztelaniaz hitzegiteko duen zaila. Gero, bere ekitaldia ikustera doazenei barkatzekoak eskatzen dizkie... "No sabeis el esfuerzo que me cuesta" dio. Guk, horri guztiorri, ongi ulertzen diogu. Tamalez, Euskadin gaztelaniaz egiteak ez dio hainbat jenderi zailtasun handirik ekartzen.

1) Spectacle, espectáculo

2) Rizo, boucle, cheveux frisés

3) Konforme, batera

4) Ditietatik edan

5) Dedal, dé à coudre

6) Hitzez-hitz: «De la palabra al diente». Du mot aux dents: prestakerarik gabe: inprobisapena.


Gaiak. Literatura

Joan Bobo

Ezagunak al dituzue María Teresa Leonen ipuinak? Hona hemen denontzat gozagarri beraren ipuinetatik euskeratu dudan bat.

Entzun. Eh! Etor hona, Joantxo! Ez egin ihes nigandik, errekadu bat ekartzen dizut. Zure amak dio askari bat egin behar duela eta etxeratzerakoan zerbait eraman diezaiozula. Ulertzen didazu?

Nik herri osoak askal dezan eramango dut.

 Ez, gizona uste dut ez dela herri osorako, heldu diren lagun batzurentzat baizik.

Herri osorako dakidala nik askaria eramaten errepikatzen dizut.

 Eta Joanek makila bat oratu zuen, idirik handienaren burua jo zuen, eta ordudanik, Joan Bobo deitu beharrean, Joan Bobo-handi deitu zioten.

 Amak esan zion hurrengo egunean:

Hartu larruak, Joantxo, eta zoaz hiriburura saltzera. Baina, kontuz!: ez egin lo zidorrean, ez mespretxatu eskutara zaizuna.

Ongi dago, ama.

 Eta joan egin zen bidetik aurrera egun eguzkitsu bero-bero batez. Hain bero handia egiten zuela, loak hartu zuen. Eta zidorrean lo egin behar ez zuela oroiturik, basoan barna sartu zen, soro batzuren artetik eta azokara zeraman zezenlarrua bere gainean hedatu zuen. Begiak itxi zituen bezain fite, bele beltz bat heldu zen eta larru guztia mokokatu zuen. Zulotxoetatik argia ikustean, Joantxo asomatu zen zer gertatzen zen ikusteko eta hanka batetik oratu zion beleari.

 Hiltzeko tenorean zegoela, bere amak eskutara etorritakoa ez mespretxatzeko esan ziola gogoratu zuen, eta honela, gorrimin kolorezko kordoi batez lotu ondoren, poltsikoan sartu zuen.

 Honelatan, belearekin liskar egiten eta goraki mintzatzen, etxe batetara iritsi zen.

Norekin mintzatzen zara adiskide hori?

Neure lagunarekin.

Eta non daramazu?

Poltsiko batetan sartuta.

Eta zergatik agiraka egiten diozu?

Idi bat jan didalako, sabai bat mokokatu, izarrak ikusterazi.

Zu zara gezurtia!

Zer apostatzen duzue zazpi hogerleko emanez gero larru hau zuena dela?

Hori egina dago hain zuzen ere ez du gehiagorik balio. Bidezko prezioan erosiko genuke, guztiz mokokatua dago eta.

Ba hemen duzue nire laguna, zeinek mokokatu baitzidan nire sabaia lo egiten nuenean, idia haginkatu zidan eta, porakilo handia!, izarrak ikusterazi zizkidan irekituz zihoan zulotxoetatik. Emazkidazue zazpi hogerlekook eta jakin ezazue Joan Bobo naizena.

 Zazpi hogerlekook eman zizkioten eta berak ber bidetik jarraitu zuen bere belearekin. Iluntzean, Tristearen benta ikusi zuten landan nabarmentzen, eta emakume bat irten zitzaien errezibitzera.

Jatekorik?

Birentzat.

Zure laguna atzeraturik al dator?

Ez, hemen dago.

Adbertitzen dizut ez dela inor zure aurretik heldu eta, beraz, etxeon bakarrik gaude neu, ostalaritsa, eta Tristea, nire senarra, behean, sotoan, ozpinak puntuan dauden probatzen ari dena.

Laguna iritsi da, eta hemen dago —esan zuen beleateratuz eta mahai-gainean ipiniz.

 Ostalaritsak afaria prestatzen zuen bitartean, Joan Bobok bost hogerleko ipini zituen ate nagusian, bi eskaileraren hasieran eta beste bi mailarte altuan. Emakumea ardoaren bila beheratu zenean, esan zion bere senarrari:

Han goian gizon bat dago, bele batekin jadanik platera ipini diot. Nik ez dakit zein izan daitekeen lagun horrekin joatearen misterioa.

 Ostalariak bere ozpinak utzi zituen eta berarekin igon zen.

Zer, ez didazue janaria ipiniko ala?

Zure lagunaren zain gaude.

Esana dut hauxe dela nire laguna.

Zein ofizio dauka animaliak?

Igarle. Igarlea da.

Nola?

I-gar-le-a. Zuritu nahi al zara? Ea, Labazomorro, Labazomorrotxo, mintxo, Joantxok agintzen dizu eta! Zer dago ostatuko atean?

 Bere belarria hurbildu zuen belearen mokora.

Zer diozu? Hiru hogerleko?... Ate nagusian, ezkerretarantz pitxin pat alboratuak hiru hogerleko daudela dio.

 Ostalariek korrika egin zuten eta elkar bultza, egiaztatzeko. Hantxe zeuden hiru hogerlekook.

Ai, adiskide, sal eizaguzu bele hori!

Ez; ez eta munduko ongi guztiaren truk ere.

Eta hori beti gertatzen da ala kasualitate bat da?

Ez; beti gertatzen da. Hara Labazomorro Labazomorrotxo! Non daude gainerako txanponak?

 Eta beleak:

Guo!

Eskaileran bi hogerleko daudela dio.

 Eta ostalariek bi hogerlekoak aurkitu zituzten.

Ai, adiskide, zein zoriontsu zaren altxor horrekin! Nahi al zenuke nirekin geratu, laztana? Esneapurrak emango dizkizut.

Ez, andrea; ezin diezazuket utz gosez hil pentsatzen baduzu. Beleak euri-ura edaten du bakarrik eta jan, katu-begiak, baina zarrikadaka.

Sal iezaguzu, adiskide, katu-begiak eman beharko badizkiogu ere, ezen bestek jango baitute haragia eta erbikia iritziko diote.

Hiru mila pezeta ematen ditugu haren truk.

 Joan Bobok jaten jarraitu zuen, kasurik egin gabe. Ondoren belearen burua ukitu zuen.

Zer, zer dio? —itaundu zuten ostalariek ezinegonez.

Mailartean beste hogerleko bi daudela. Baina zer da hau? Etxea zilarrez beterik daukazue eta jakin barik!

Sal eizaguzu animalia. Bost mila pezeta ematen ditugu.

Hara; hain tematiak zaretenez gero, har hegaztia eta tratatu arreta handiz, mekanikoa balitz bezala, ezen deskonposa baitaiteke.

Zoaz lasai, katu-begiak jango baititu eta nire magalean lo egingo.

Agur, eta luzerako izan.

 Bere bost mila pezetak zapi batetan ongi gorderik zeuzkala, Joan Bobo etxeratu egin zen.

 Bere amak atea zabaldu zion.

Zer dakarzu, Joan Bobo gaixoa?

Itxaron. Aizu, sakristaua, jo kanpai guztiak.

 Kanpaiak dangakadaka hasi ziren. Jendea bildu zen. Zer gertatzen da? Zer gertatzen da? Eta Joan Bobok zabaldu zuen bere amaren amantala eta ipini zituen beraren gainean bost mila pezetak, oihukatuz:

Prezio honetan pagatzen dira hirian idilarru ongi zurratuak!

 Orduan hauzoak ikuiluetara joan ziren, eta makilada hortik, makilada hemendik, herriko abere guztiekin bukatu zuten.

 Denak irten ziren hirirantz larruak saltzera. Baina itzuli zirenean, apurtu izan zituzten zolak konpontzeko doi-doi zuten. Joantxo Bobok galde egiten zien lastategi baten teilatutik:

Zenbatetan pagatzen dira hirian idilarruak?

Oraintxe ikusiko duzu zeurean, tirak egingo ditugulako berarekin zakiltxoak saldu ahal izateko.

 Eta jadanik igoten hasten zirelarik, amak oihukatu zien.

Utz ezazue, boboa da eta!

 Baina hauzoek ez zioten kasurik egin eta su eman zioten lastategiari. Joan Bobok jauzi egin zuen teilatutik, suil bat hartu zuen eta harrietatik korritzen herrestan zeraman bitartean, oihukatzen zuen:

Sua itzaliko dut! Sua itzaliko dut!

Joan Bobo! Joan Bobo! Joan Bobo!

 Baina berak zioen:

Oraintxe ikusiko duzue! Oraintxe ikusiko duzue!

 Lastategia itzali zenean, zaku batetan bildu zituen errautsak.

Nora zoaz, Joantxo?

Errautsa hirira saltzera.

 Hirira heldu eta gero bitxi batzu erosi zituen bisutegi batetan eta zakun sartu zituen.

 Gizon batek galdetu zion:

Zer egiten duzu, adiskide, zaku hori horrenbeste zaintzen?

— Baliozko bitxiak daramatzat, errautsen artean, honda ez zakizkidaten.

Hori egia bada, neuk eros diezazkizuket.

Ez, gauza hauetan aditu den bitxi-saltzaile bat nire haidura dago eta bost mila pezeta eman behar dizkit.

Nik ere emango dizkizut.

Zeurea duzu zakua, bada.

 Herriratu zen eta berriz ere bere ama eta hauzoak deitu zituen.

Hemen duzu, ama, errautsen prezioa-eta ezarri zizkion amantalean bost mila peztak.

 Orduan, hauzo guztiek eman zieten su beren etxeei ta norberak bi zaku errauts eraman zituen hirira, gehiagorekin ezin zutelako.

Nork nahi du errautsa? Nork nahi du errautsa? —aldarrikatzen zuten.

Zertarako gura behar dugu errautsa, udatea izanik eta egun bakarrik atsoek darabiltela suontzia?

 Eta jende guztiak egiten zuen irriño salezinaren saltzaile haiek zirela eta.

Eta zergatik ez duzue airea saltzen?

 Hainbeste iraun zuten irriek, non poliziak parte hartu baitzuen eta emakumeek iraindu zituzten: Koleratsu, hiriratu ziren, Joan Bobo hartu zuten eta zaku batetan sartu zuten hibaira botatzeko. Baina amak bilera batetara deitu zituen, bota ez zezatela esateko, bere semea tontoa zelako.

 Bizkitartean, Joan Bobok oihu egin zuen utzi izan zen ur-bazterretik:

Ni ez naiz berarekin ezkonduko, ez naiz berarekin ezkonduko! Aberatsa eta polita da, baina ez naiz berarekin ezkonduko. Ezetz eta ezetz.

 Ahari batzurekin pasatzen zen artzain batek entzun zituen ahots hauek.

Eh, zu, zakuan zaudena! Zer diozu!

Ez naizela ezkonduko diot, hibaira botatzen banaute ere.

Horixe huskeria! Ni sartuko naiz zakuan eta neskarekin ezkondu, dirurik baldin badu.

Polita eta aberatsa.

Irten arin, gizona.

 Orduan Joan Bobok ongi lotu zuen eta ahariekin joan zen.

 Hauzoak heldu ziren eta kulunkatu zuten zakua behin... bi aldiz... hiru aldiz. eta hibaira!

Oso pozik itzultzen zirela hirira Joan agertu zen bere ahariak gidatzen.

Baina, nondik atera duzu artalde hori? Ez al zaitugu hibaira bota?

— Jakina baietz hibaia beterik dago.

 Orduan denek bota zituzten beren buruak hibaira ahari-bila. Eta Joan Bobok txirrintxo bat atera zuen eta, itotzen ziren bitartean, kantatzen hasi zen.

Karlos Santisteban


Saltsa berdea, gorria eta... zuria

¡La comedia del PNV!

1. El 28 de febrero, el PNV mandó poner la bandera de Andalucía en todos sus batzokis.

 ¿Para qué?

2. El 12 de junio el PNV no asiste al pleno del Congreso de Diputados para la votación de la modificación de la ley de referendums, perdiéndose por 1 voto y no dando oportunidad al pueblo de Almería de repetir la votación en dicha provincia.

 ¿Por qué?

3. El 1 de marzo el PNV decía sí a Andalucía, sí a Galicia, sí a Cataluña, sí a Extremadura, sí a Castilla.., etc.

 ¿Dónde está aquella solidaridad?

4. Con su tozudez de no asistir al Congreso de Diputados, demuestra el voto de confianza permanente al gobierno de UCD.

 ¿Qué acuerdos tienen la UCD y el PNV que el pueblo desconoce?

PSE-PSOE

Quién y cuando se traicionó a Andalucía

1º Cuando se aprobó la ley orgánica de modalidades de referendum que perjudicaba a ANDALUCIA, GALICIA EUZKADI, etc.

¿Quién votó a favor?

Respuesta: EL PSOE y UCD

¿Quién votó en contra? Respuesta: PNV - PSA - PC

2º Si la modificación se perdió por 1 voto, ¿dónde estaba el SOCIALISTA Tierno GALVAN?

3º Si se quería modificar la ley de modalidades de referendum ¿POR QUE NO SE LLAMO AL PNV para estudiar y fijar las modificaciones?

4º ¿POR QUE SE LE LLAMO SOLO para votar algo que SOLO ellos se cocinaron y que SOLO afectaba a ALMERIA, si la ley seguía perjudicando a GALICIA, EUZKADI, etc?

5º ¿QUE MANEJOS SE HAN TRAIDO SIEMPRE LOS CENTRALISTAS DEL PSOE y de UCD, con sus llamados CONSENSOS?

Siempre daremos apoyo a ANDALUCIA, GALICIA, EXTREMADURA, CASTILLA etc. e igualmente siempre esperaremos el suyo, PERO NUNCA SECUNDAREMOS LOS MANEJOS PARTIDISTAS DE LOS CENTRALISTAS DEL PSOE.

EAJ-PNV


Postaz etorriak

Xabier Lete jaunari:

Zure gutuna hartu bezain laster, SANTAMANENEKO delako horrekin egon gara, uste izan baitugu, erantzuna emateko egokiena bera dela.

Niri dagokidanez, zeure gutunean nire izena aipatzen baituzu, egia diotsut, ez dudala ongi ulertzen esan nahi didazuna; edo eta bestela esanda, nik neuk hor ulertu uste dudana, ez dudala niri buruz esandakotzat hartzen. Konkretuki, esaldi honetaz ari naiz: "Euskeraren batasuna eta Euskaltzaindiako goraberekin ezer gutxi ikusteko duten arazo batzuk badabiltza hor tartean Mitxelenaren prestijioa ankaz gora bota nahi izateko; eta hori guzti hori Anaitasunako zenbaitek ongi daki (jakiteko motibua badu beintzat, ez da horrela, J.R. Etxeberria jauna?)".

Gauzak garbi. Mitxelenari buruz dudan eritzia alde batera utzita (hori nire eritzi Pertsonala baita), argi diot ezen nik ez dudala Mitxelenaren prestijioa hankaz gora bota nahi. Beste gauza bat da, jarrera politiko desberdinak hartzea.

Besterik ez. Har ezazu nire agurrik beroena.

J.R. Etxebarria

***

NIK EZ DUT ULERTZEN

Ni azken aldiotan mozkortua ei nabil, ezen ez baitut ulertzen entzuten-ikusten irakurtzen dudana. Eta hau esatean oraingo honetan ANAITASUNA aldizkariari buruz esaten direnak dauzkat gogoan. 401. alean J.L. Lizundiak "irain, lorrin, ezten eta azkon ugari" bota izan direla Gernikako Estatutua onartu dutenen kontra ANAITASUNAko orrialdeetatik dio. Eta ANAITASUNA "gheto edo ke inguru" batetan dago, jakina: hortik irten behar du.

402.alean gutun koleratsu bat bidaltzen du Xabier Letek: Gogaiturik dago ANAITASUNA aldizkariarekin. Gogaitua aldizkari sektarista bat delako. Eta ba dirudi ere Enrike Knör-ekin bat datorrela; ez dakit lesbiana eta "marika" delakoei buruz esaten duenaz izango den. Nik ba dakit gauza bat baina, ANAITASUNA ez dago ezein talde politiko-ideologiko ezta finantzieroren pean. ANAITASUNA idazten dutenek egiten dute, eta oso argi dudanez hori edonorentzat egiten du posible ideologia konkretu bat azaltzea; ez dago sektarismorik ez integrismorik. Noski, artikuluburuak, idazten duen gehiengoaren ideologiaren isladapenak izan behar du; eta jokabide horretan nik ez dut sektarismorik ikusten, EGIN, ERE, PUNTO y HORA, MUGA eta abarrez hitz egitean "sektarismo" hitza erabili behar ez den bezala. Bakoitza da nagusia den linea ideologikoaren adierazle. Euskal prentsarekin lengoaia aseptiko bat erabiltzeari ez deritzot bidezkoa: euskal prentsak erdal prentsaren bezain prentsa da.

Gaur egun ere, ezin omen daiteke ezizenik erabil. Hori Mitxelenaren kontra ari baita. Nik aldiz, uste dut edonork daukala bere nortasuna gordetzeko zuzenbidea, gura badu. Gainera, ez dut uste (nahiz eta ezagutu ez) Santamañenekoa delakoak arazo haundirik izango lukeenik bere izena azaltzeko. Idazten denean izenak garrantzi gutxi dauka: idazten dena da garrantzizkoa. Eta kasu honetan erantzunkizunik eman beharrean bertsoon egileak egin beharko luke; ez ANAITASUNAK. Honetaz, Xabier Letek "frogak" ematen ez badira harpide baja egingo duela dionean, benetako jokabide mehatxukor eta arbuiagarria hartzen du. Beste zenbaitek egin duen bezala (begira 400. alean 37. orrialdean T. Trifolek dioena). Eta Xabier Letek MUGAn, 6, zenbakian, "Reanudar el diálogo" artikuluan dioen hau: "Este ingrato y difícil papel de defensores de la causa vasca en el primer Parlamento democrático post-franquista español lo tuvieron que cumplir nuestras fuerzas políticas, en particular el PNV, en medio de la incomprensión, la mofa y el escarnio de quienes consideraron más conveniente —más cómodo, desde luego— el quedarse en casa pregonando su propia integridad...", zimarkutzat hartzen badut, zein da hartu beharko nukeen jarrera? MUGA gehiagotan ez irakurtzea? MUGAkoei ez zaie inportatuko, eta nire diruaren beharrik ez dute; baina niri bai, axolazkoa zait. Eta niri gehien gustatuko litzaidakeena euskera hain ongi ezagutzen duten pertsonek erabiltzea da eta ez gero darabiltenei eztena sartzera joatea. Horietxek baitira eztenkariak, ez beste.

Karlos Santisteban


Gurutzegrama

L. Trask