ANAITASUNA
1980.KO UZTAILAREN AZKENA. ABUZTU OSOA
404. ALEA
60 PZTA.
[AZALA]
Haurra pedagogiaren objektua.
Esoterismoa: Erdi Haroko jokabide majikoa.
Agurain eta idazkaria.
Israelera Ulpana ikasten.
Donostiako XV. Jazzaldia: Genuino sabor americano.
AURKIBIDEA
3. Aurkibidea.
4. Artikuluburua.
5. Agiriak.
6. Zeruko Argia.
8. Agurain eta Idazkaria. J. Iruretagoiena.
10. Euskal Herritik Israelera. Euskaltzaindiaren prentsa bulegoa.
11. Euskaldunok Euskal Herrian bizi nahi dugu. J.B. Jauregi.
12. Euskalarien Nazioarteko Jardunaldiak. Euskaltzaindiaren prentsa bulegoa.
14. U.E.U.ren kronika bertsotan. Txepetxa.
16. Israelen, zer berri. J.R. Etxebarria.
18. Tolosako Udalak Euskal gobernuari...
20. Ttantta. Ekatxa.
22. Oihanaren abarrotsa. T. Trifol.
24. Afganistanez berriz. M.J. Esteban.
Hego-Afrikan beltzak ikusten ari dira. T. Trifol.
26. Elkarrizketa biziak.
28. Edith Holdenen egunkari izkutua. M.A. Landa.
30. Komunean irakurtzeko gaiak: Euskarak duen diakronia. T. Trifol.
Pedagogiaren objektua eta haurrekin zer eta nola lortu nahi dudan. Klaudio.
34. Esoterismoa (1): Erdi Haroko jokabide magikoa. Joanes Urkixo.
35. Boligrafo. K. Santisteban.
36. BIMINI kultur ezezagun baten giltza. K. Barrentsoro.
38. Donostiako XV. jazzaldia: Genuino sabor americano. X. Portu.
42. Gurutzegrama. L. Trask. Postaz etorriak.
ANAITASUNA
KOORDINAKETA
J.R. Etxebarria
IDAZKUNTZA
M. Aldana, T. Trifol
IDAZKUNTZA KONTSEILUA
J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta
ARABA
K. Mendia
BIZKAIA
I. Alvarez, J.A. Macias, X. Gomez, T. Trifol, J. Zerrato
GIPUZKOA
M.A. Landa, S. Oregi, A. Oiartzabal, I. Urtasun
IPARRALDEA
M. Lanatua
NAZIOARTEKOA
M. Aldana, M.J. Esteban
IDAZLEAK
P. Agirrebaltzategi, I. Antiguedad, M. Aldana, I. Alvarez, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J.R. Etxebarria, M.J. Esteban, J. Iturbe, M. Izagirre, M. Kaltzakorta, X. Kintana, M.A. Landa, J. Llerandi, J. Mendizabal, J. Orbezua, S. Oregi, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portugal, K. Santisteban, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, J.E. Urrutia.
LANKIDEAK
K. Arko, J.J. Bakedano, X. Gomez, J. Idigoras, J.A. Macias, L. Trask, J. Zerrato.
FOTOGRAFOAK
A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.
MAKETAPENA
Gorka Urrutikoetxea, R. Zumalabe.
KOMIKIAK
X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.
MARRAZKILARIAK
Ttua Taldea
PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA
J. Idigoras, A. Uria.
ANAITASUNA
Zabalbide 68-entlo. BILBO 6
Tfnoa: (9-4) 433 58 08
MOLDIZTEGIA
Estudios Gráficos
lege G.D.L. Bi-1753-1967
PRINTED IN BASQUE COUNTRY
Artikuluburua
Sueziar demokrazia eta baserritar arloteak
Bilboko Jaiez gero eta gehiago luzatuko da jende asko. Intrantsijentzia politikoaz beteriko ekintza batez baliaturik, "Bilboko Jaien" nagusitasuna harrapatu du E.A.J.k eta beraiek ateratako eranskailu batetan diotenez "Bilbo gurea da eta gurea delako hauexek ditugu geure jaiak".
Garaikoetxearen irudi publikoa, Artzallusen xarma gozoa, beraiek eta bestek errepikatutako euskal tankera izanen duen "democracia nórdica"-ren eredu hau —diputaziotan, euzkal lege biltzarrean eta udaletan erakusten duten bezala— guztiz fikziozko eta gezurrezkoa dela beldur gara, batzuren eta besteren ekintza eta portaera politikoak guztiz ezberdinak baitira. Merkatal sistemaren mendebaleko demokrazia nordikoek liberaltasuna dute oinarri, E.A.J. aldiz, integrismo garbi garbia.
Ezker abertzalegoak eta eskuin espainolistak erasorik, UCD-ren barre, irri eta trufa, Autonomidun herrialdea (PNV), jarrera histeriko eta arloteak hartzera beharturik dago askotxotan eta Sueziar demokrazia barik, Zuluen erresuma dela ematen du.
Bilboko jaiak eredu bat besterik ez dira. Euzkal lege biltzarreak Gernikan egin zuen lehen bileran, Makuak, Bizkaiko ezkutuari buruz esandako bitza gogora datozkigu: "Euzkadi imini ba dogu, geurea dalako eta au Bizkaia dalako imini dogu eta ez deutsat iñori bapez esan bear edo kontuak emon". Honelako hitzekin eta portaerekin demokrazia nordikoa ezarri nahi badute, liberaltasunaz eta burjeseriaren xarma gozoaz franko dute oraindik ikasteko. Bitartean herri buru gogor honetan baserritar arlote batzu izaten segituko dute.
"Ereileak"
(Artista, gogoetakan eta kultur-ordain euskaldunen elgarretaratza) deitu elkarteak "kultur aste" baten egiteko asmoa du, Irailaren 20 etik 28 a arte, MILAFRANGAN.
Aste horrek baluke:
- margolari, zizelkari, esku langile eta potreta ateratzaileen erakusketa.
- eskual liburu eta disken azoka.
- eskual berriketari guzien erakusketa (iru azken hoik aste guziaz).
- bizpahiru ikusgarri edo entzungarri (oraiko kantariak, musika, dantza, zinema eta "audio visuel" delakoa)
- elkarhizketak (hala nola bat "Euskaratzaz euskaraz", bi alderdietako euskaltzain eta idazle handienekin eta bertze bat "gure kultura zertan den" (jakintzak, historia, edergintza, ikusgarriak, musika, zinema etab...)
- pertsularien omenaldizko egun oso bat
- hemengo "Jauzien eguna" Euskadik dauzkan soinulari herrikoi hoberenen batzuekilan.
- Ereileen eta aste kulturalaren kudeatzaileen guzien elgar hobeki ezagutzeko eta deskantzatzeko: "kandela-afari" eder bat, ondotikako bala batekin.
Aste hartan berean Lapurdiko jaun auzapezen biltzarra ukanen dugu.
Interesatuak: Monika Arosteguy, Peesenia - 64 100 - Villefranque.
***
Euskalarien Nazioarteko Jardunaldiak
Jardunen egitaraua
1980.eko Abuztuaren 25etik 29ra
Egunoro 10etatik ordu bata arte
25 Astelehena - Gernika
Luis ViLLASANTE O.F.M. Euskaltzainburu Jaunaren Agurra.
I. TXOSTENA
Euskararen Fonologia sinkroniko eta diakronikoa
André MARTINET Jn.ak (Ecole des Hautes Etudes, Columbia eta Sorbonneko Unibertsitateetan Irakasle ohia).
26 Asteartea - Leioa
II. TXOSTENA
Euskararen Fonologia sinkroniko eta diakronikoa
André MARTINET Jn.ak (Ecole des Hautes Etudes, Columbia eta Sorbonneko Unibertsitateetan Irakasle ohia).
27 Asteazkena - Leioa
III. TXOSTENA
Konparazioa: Lexiko-estatistika eta Tipologia
Antonio TOVAR Jn.ak (Euskaltzain ohorezkoa. Espainiako Erret Akademiakoa. Salamancako Erretore. Tucumán, Urbana eta Tubingen Unibertsitateetan Linguistika Irakasle ohia).
IV. TXOSTENA
Euskal Sintaxia, forma logikoa eta aditz laguntzailea
Terence H. WILBUR Jn.ak (Californiako Unibertsitatean indoeuropar eta Euskal Linguistika Irakaslea).
28 Osteguna - Leioa
V. TXOSTENA
Dialektologia
Jacques ALLIERES Jn.ak (Euskaltzain urgazlea. Tolosako Unibertsitatean Linguistika Irakaslea).
VI. TXOSTENA
Aditzaren Morfologia
Robert L. TRASK Jn.ak (Liverpooleko Unibertsitatean Linguistika Irakaslea).
29 Ostiralea - Leioa
VII. TXOSTENA
Iker premiak aurrera begira
Koldo MITXELENA Jn.ak (Euskaltzaindikoa. Salamancako Unibertsitatean Indoeruropar Katedratiko ohia. Gasteizko Filosofi-Letren Fakultatean Indoeuropar eta Euskal Linguistika Irakaslea).
Oharrak
- Agerpengileen eta berauen lanen lerrokada osoa laster zabalduko da.
- Jardunaldiak Gernikako Juntetxean hasiko dira eta Leioan, Unibertsitate campus-ean jarraituko.
- Eginkizun akademiko guztietan aldi bereko itzulpena egingo da.
- Agerpenak Uztailaren 31 baino lehen eskuratu beharko ditu Euskaltzaindiak.
***
Kilometroak-80
Urriaren 5ean - Tolosan
1. Zer den
Azkeneko urteetan Ordizian, Zubietan eta Loiolan egin zen bezala, aurten ere KILOMETROAK-80 ospatuko dugu, TOLOSAN, Urriaren 5 ean, hain zuzen. Hala erabaki zuen Gipuzkoako Ikastolen Federazioak.
Hortarako aukeratu den zirkuitoak, sei kilometro ditu luzean, eta bi parte bereziak. Bat nekazaritza edo lurgintzako bideetatik dihoana, eta bestea, uri barneko etxe lantegi eta kale asfaltatutatik pasatzen dena. Bata eta bestea —lurgintza eta industrigintza— Tolosako Herria, betidanik izan den bezala.
Egun hortan, Urriaren 5ean, etorriko den jendea, zirkuitoan sartuko da; nahi dituen kilometroak ibili, eta bukatzeko berak aukeratutako prezioaz ordainduko ditu ibilitako kilometroak.
Noski, dena ez da bukatzen ibilketa eta ordainketarekin. Zirkuitoan zehar atseden pozgarria artzeko non gelditurik izango du, ikuskizunek, musikalariek, dantzariek e.a. sortzen duten giro alaia gozatuz.
2. Zertarako den
Egun hau ikastolen jai-egun zoragarria bihurtu da, haur eta helduok parte hartzen dugularik, euskararenganako zaletasuna azalduaz eta euskararen zutabe sendoak diren ikastolak bultzatuaz eta lagunduaz.
Ikastolen diru premien berri eman beharrik ez dago, eta horrengatik aurten bilduko den dirua Tolosaldearentzat behar dugun ikastola berria eraikitzeko eta Gipuzkoako Federakuntzat izango da.
3. Komisioak
Antolamendu hau prestatzeko sei komisio izendatu dira: Zirkuitoa, Ekonomikoa, Trabenak, Ikuskizunak, Aparka-lekuak, Propaganda eta Koordinazioa. Sei komisio horiek eta koordinaketa, orain del bi ilabete lanean ari dira, taldeka, bakoitza bere eginkizunak prestatzen. Eta hona hemen antolamenduaren xehetasun nabarienak:
3.1 Zirkuitoa
Esan dugunez sei kilometroko luzera du. Bi zubi eraiki behar ditugu: bat, Araxes ibai gainean eta bestea, Nafarroako karreteran. Zirkuitoak lau sarrera eta irteera izango ditu, jendearen etorrera nondik den, handik hasteko: Nafarroatik, Beterritik, Goiherritik eta Berastegi aldetik, lau sarrerak, hauek dira: Amaroz, Berazubi, Ikastola eta Zumardi Haundia.
3.2 Trabenak
Zirkuitoan zehar zazpi trabenak ipiniko dira eta edariak ez ezik, janaria ere salduko da: salda, lukainka, haragi egosia, tortillak, ogi-tartekoak, eta oilaskoak. Beraz, ibilkariak janaririk gabe etor daitezke.
3.3. Ikuskizunak
Ikuskizunak zirkuitoan zehar antolatuko dira, eta trabenak dauden lekuetan bereziki.
Egun horretarako etorriko diren taldeak hauek dira: hiru txaranga, dantzariak, txikitilariak, bertsolariak, txistulariak, toka lehiaketa, harri jasotzaileak, esku-langintzan arituko direnak, haizkolariak, haurren-jaialdia, argazki-rallya, sokatira, e.a.
Eta beste urteetan egin ez dena, aurten KILOMETROAK-80-ren bezperan kantaldi bat antolatuko da, bertsolari eta komikoek parte hartzen dutelarik.
3.4. Ekonomikoa
Honen eginbeharra nahiko garbia da: ahalik eta diru gehiena atera eta gutxiena ordaindu. Horretarako lantegi, diruetxe, udal eta era guztietako erakunde eta pertsonetara jotzen ari dira, diru eske.
4. Kilometroak-80ko zenbait datu
Urriaren 5ean, Tolosa eta inguruko herrietako mila pertsona arituko dira lanean.
Loiolara joan zen 40.000 pertsonako kopurua, Tolosara etorriko dela pentsatzen dugu.
Antolamenduaren presupuestoa bost milloikoa da, janariak eta edariak aparte.
Egun hortan, ikuskizunetan parte hartzera etorriko direnei, bederatzirehun bazkari dohan emango zaizkie, Tolosako Elkarteek prestaturik.
Erreko diren oilasko 2.000 izango dira, 4.000 arraultz, 8.000 ogi eta 8.000 litro ardo eta sagardo saltzeko asmotan gaude.
Hemen jarri ditugun gauzetatik aparte, beste lan hauek ere beteko dira: komonak zirkuitoan zehar, anbulantziak, berebilentzako gruak eta mekanikoak, megafoni eta komunikatzeko zerbitzuak, bi haurtzaindegi, garbiketa-zerbitzua e.a. luze bat.
5. Ikastola berria
Ikastola berria, Usabaleko terrenoan eraikiko da, orain Ikastola berak gela berriak dituen terrenotan hain zuzen, KILOMETROAK-80ko zentroa izango den zelaian.
24 gelakoa izango da eta Jorge Oteizak, Nestor Basterretxeak eta Armando Rocak, parte hartu dute aurreproiektoan. Honen maketa Udaletxean aurkeztua izan zen joan den Ekainean.
Etxe askotako eskola izango da, eta ugaritasun horrek nolabaiteko mugimendu harrigarria ematen dio projekto osoari.
6. Harremanak
Kamisetak, poltsak, pegatinak, biserak, kartelak edo beste edozein gauza nahi duenak, dei telefono hontara:
IKASTOLA LASKORAIN 67.09.47.
KILOMETROAK-80 ko diru biltzeko kontuak hauek dira:
Lankide Aurrezki Kutxa (C.L.P.) 28.0.02391/5
Donostiako Aurrezki Kutxa (C.A.M.) 0/091908.4
Aurrezki Kutxa Probintziala (C.A.P.) 26.64.26.-6/81
TOLOSAN, 1980ko Uztailaren 24ean
Euskal Herria
Zeruko Argia. Zergatik uzten dugu Zeruko Argia
Gertaera batzuk
- Duela urte batzuk, lehengo Zeruko Argia eta oraingo Zeruko Argia berdinak ez zirela konturatu ginan. Ta barrengo mamia ezin zutela erlijiosoak izenpetu.
- Urtetik urtera praile ta apaiz gutxigok idazten zuten Zeruko Argian. Gai erlijiosoak ere gutxitzen joan dira.
Egia da baita ere, praile gazte artean begi onakin ikusten dala aldizkariaren aldaketa. Behar ba-da, honeingatik ez dira neurri zorrotzagoak artu gure aldizkariaren aurka.
- Baina Zeruko Argia gero eta erradikalago bihurtzen joan da. Eta bortxaz, —Meinhof taldeaz— homosexualitateaz eta lesbianismoaz, edo feminismoaz, eta abar; honelako gaiaz idazketak argitaratu dituzten bakoitzean, ikaragarrizko protesta pila egin ditu jendeak aldizkarian aurka. Ta gauzak pixka bat konpondu nahian, praile-komisioa ere izendatua izan zan.
- Gauzak konpontzea etzan ordea erraza. Idazle-taldea oso batuagoen, eta zer nahi zuten ere ondo zekitela. Indarrez aldizkariaren ideologia aldatzea behartuko bagenituzke, ziur geunden euskal herriak aldiz hau galduko zuela. Eta lehenengo urteetako aldizkarian bihurtzea berriz posible ez zala ikusten genuen.
Erabaki bat artu behar zan: edo kaputxinoak artzen genun berriz aldizkaria oso osoki gure eskutan, edo ta bestela norbaiten eskuetan utzibeharra zegoen.
- Zer egin? Betirako Zeruko Argia desegindu? Noren eskutan utzi bestela?
- Desegindu? ¡Ezta inolaz ere! Nola edo ala, bainan aldizkaria mantendu egin behar zan. Euskal herrian euskal aldizkariak gero eta gehiago behar dira. ¡Zeruko Argiak aurrera jarraitu behar du!
- Baina NOREN eskutan utzi? Gotzaitegiari eskeini? Beste erlijioso talde bateri utzi? Erlijioso danen artean aldizkaria mantendu, Anaitasuna, Goiz Argi ta Zeruko Argia, danak bat eginik?
Honelakoak ez genitun bidezkoak ikusten.
- Donostiako gotzaiarengana joan ginan. Ta ezetz esan ziguten: dirudienez, Donostiko elizak ez dauka gaur egun aldizkaria aurrera ateratzeko aukerarik.
- Ta zergatik aldizkariaren ideologia ez aldatu? Hau ere ez litzake irtenbide txarra izango! Kaputxinoen artean, ordea, ez degu hontarako prestaturik dagoen jenderik.
- Orain bertan Zeruko Argia daraman taldea prest dago hasitako bide berritik aurrera jarraitzeko. Ez du inolaz ere atzera jo nahi.
Eta zergatik ez utzi "integrista talde" bateri? Hauekin, ditugun diru-oztopoak konponduko genituzke behintzat. Baina ez; ezin hauek egin dizkiguten eskaintzak ontzat artu. Beren eskutan uztea eta Zeruko Argia hiltzea, dana bat izango bailitzake.
- Eta alderdi politikoeri zergatik ez eskeini? Hau bai ez gendukela nahi, Zeruko Argia euskal herria osoki altxatzeko zerbitu behar du, eta ez alderdi bateko ideiak zabaltzeko.
Orain Zeruko Argia daraman taldea jabe
Hau izan da bidezkoena iruditu zaigun erabakia. Orain arte gogorlana egin dute. Ziur gaude Euskal Herriko gorabeherak barru barrutik sentitzen dituztela.
- Diru kontuan ere alkar-konpoketa bat egin degu. Dirurik ez daukatela jakiñaz, praileak aldizkariaren emaitza egin diegu, hori bai, baldintza batzuk jarriaz.
Zergatik ezin genuen aldizkaria onartu praile bezala
- erlijioso geranez, elizaren dotrina onartzen degu. Ta Zeruko Argian elizako moralan aurkako dotrinak argitaratzen dira batzutan, ordea, sexualitateai adibidez...
- politika mailan berriz, badakigu etika aldetik gauz asko eztabaidagarriak dirala. Hala ta guztiz, Zeruko Argian egintza eta gertaera askon ematen zaizkion interpretakerakin, indotrinaketa bat betetzen ari dirala pentsatzen degu...
Kaputxinoen arduraketa
- egia esan, erabatekoa: kultur mailan, erlijioa mailan eta ebanjelizazio mailan. Kaputxinoak ezin degu aldizkaria desegindu; ezin degu, inolaz ere, Zeruko Argia "hilobiratu". Kaputxinoak bizirik nahi degu gure artean sortua izan dan aldizkaria. Kaputxinoak euskal kulturan alde ikusi nahi degu beti gure izan dan Zeruko Argia. Kaputxinoak euskal herriaren zerbitzurako, ipar eta hego euskal zerbitzurako... bizirik nahi degu Zeruko Argia.
Euskal Herria
Zeruko Argia. Jabetza aldaketa
"Legez kaputxinoena izaten jarraitu arren, urteak dira ZERUKO ARGIAK bere bidea daramala, bai kontenido aldetik eta baita aldizkariaren funtzionamendu guztian ere, ekonomikoa barne. Izan ere, 1963an ireki eta gaur arte etenik izan ez duen etapa honetan, hasiera hasieratik hartu du parte kaputxinoekin zerikusirik ez zuen zenbait jendek. Pixkanaka haien influentzia gutxituz joan da, ZERUKO ARGIAren ekipoa, ia osorik, kanpoko jendeak osatu arte, hauek eraman dutelarik bere gain aldizkariaren martxa.
Eskertzekoa izan da fraile hauek erakutsi duten eskuzabaltasuna, nolabait beraien aldizkaria "galduz", euskal kulturari, hain urria den euskal prentsari, ate bat ireki bait diote urteetan zahar. Ahaztu ezinezkoa da ZERUKO ARGIAri franquismoaren urte haietan kaputxinoen babesean egoteak egin zion mesedea, gainerantzean ez litzateke harritzekoa izango aspaldian itxia izatea.
Gaur egun ZERUKO ARGIAK, lehen esan bezala, bere bidea darama. Ez dago, itxuraz behintzat, aurreko urteetako lege babesaren beharrik. Hau hazia da, bakarrik ibiltzeko gai. Horregatik, bertan lan egiten dugunoi, ez zaigu batere harritzekoa gertatu kaputxinoek beraien eskutik utzi nahi izatea, eta gure aldetik orain arte bezala jarraitzeko oztoporik ez baldin bazegoen ere, ulertu dugu kaputxinoen jarrera...
Zergatik hartu gure eskutan ZERUKO ARGIA? Ez da karga makala gaur egun euskara hutsezko aldizkari baten jabe egitea, arazo ekonomikoa ezinbestez larri larria izanik —eta hau ez da ZERUKO ARGIA bakarraren problema, euskarazko Prentsa guztiarena baizik—. Izan ere, gure esperientziak erakutsi digunez, ezinezkoa da euskarazko aldizkari bat bere diru-iturri hutsez mantentzea. Euskal prentsari eusteko botere publikoek lagundu beharko dute, bai bere gain hartuz ala subentzioen bidez, hura berez ibili ahal izango den arte. Baina ez dugu ikusten alde horretatik oraindik pausorik eman denik, eta ezta berehala emateko itxurarik ere. Bestalde, iniziatiba pribatuak ere ez du jotzen euskarazko aldizkariak sortzera, gehienez ere "elebidun" deituak jarriz martxan. Beraz, euskarazko prentsan hutsunerik gerta ez dadin, saiatuko gara aurrera jarraitzen...
Babetza aldaketa honek dakargun arazorik latzena zera da, orain gauden lokalak Irailaren 30erako utzi beharrean aurkitzen garela, kaputxinoek baldintza hori jarri bait zuten aldizkaria gure eskutan uzterakoan. Baita duela urte batzutatik zegoen zorra ere, 600.000 inguru pezetakoa, ordaintzeko baldintza ere. Esan beharra dago urteak daramatzala ZERUKO ARGIAk ekonomi aldetik autonomoki funtzionatuz. Dena dela, eta batzuk sosik kobratu gabe eta besteak soldata motzekin ibili arren, aldizkaria ezin autofinantziatu. Beraz, ekonomi aldetik suertatzen zaigu borrokarik latzena. Hori gainditzen ahalegintzeko alde batetik kanporako lanak egitera behartuak aurkitu gara. ZERUKO ARGIAko ekipoa prest dago kazetaritza eta grafikagintzaren arloekin zerikusirik duen edozer lan egiteko, hala nola aldizkari, kartel, pegatina etabarren diseinuak, euskaratze lanak, prentsako kolaborazioak etabar.
Bestalde, dirua biltzeko kanpaina bat hasi dugu: hogei duroko bonoak atera ditugu, eta Euskal Herri osoan zabalduz, Euskal Herrian Euskaraz elkartearen, LA VOZ eta UNIDADeko langilean eta beste zenbait jenderen laguntzaz, momentu honetan ezinbestezkoa dugun diru apurra jaso nahi genuke. Badakigu ez dela oso bidezkoa jendeari behin eta berriz eta handik eta hemendik dirua ateratzen ihardutea. Guri behintzat ez zaigu asko gustatzen hori. Baina benetan diogu ez dugula hori egin beste erremediorik, botere publikoek eginbehar hau beren eskutan hartzen ez duten bitartean behintzat...
Oraindik badugu esperantzarik. Hain beharrezkoa dugun laguntza lortu eta euskarazko prentsak jarraituko du aurrera.
ZERUKO ARGIAko taldea
Euskal Herria
Agurain aintzin aintzineko hiri arabarra dugu, erromatarren garaian jadanik ezaguna. Agurain, bere tontorretik inguruko lurraldea eta erregebidea nagusitzen dituenez, Arabako ekialdeko lautadaren hiriburua izan da betidanik.
Gaur egun, Agurainek, bere irudia aldatu du, ikuspegi guztietatik aldatu ere: hirigintzaz, bizimoduaz, demografiaz, eta harreman sozio-ekonomikoak eta politikoak berritu egin dira. Gerla aurrean, hiri-irudia ez zen XII garren mendekoaz oso ezberdina, nekazal ekonomi arrunta nagusi eta industrigintza artesanala. Politika mailan, E.A.J. alderdirik azkarrena zen aise eta Arabako herritartean, Agurain, abertzaleenetarikoa, zalantzarik gabe. Gaur berriz, muino zaharraren ondoan, hauzo berriak sortu dira. Hauzo horietara etorkin asko azaldu da, herriko populuaren ehuneko hogeta hamarrera heldu arte, hain zuzen. Udaletxearen oraingo konposaketa honakoek osatzen dute: lau zinegotzi independiente, haien artean alkatesa (H.B.ak lagundurik), EAJ.ko hiru, UCD.ko bi eta LKI.ko beste bi.
Udaletxe honetako idazkariaren goiti-behitiak ekarri nahi ukan ditugu Anaitasunaren horrialdeetara.
Duela hiru urtez gero, mehatxuak zirela eta ez zirela, Udaletxeko sekretarioak arinki anka egin zuen. Ordudanik hona, herriko administralgoak jaun garrantzitsu hori gabe funtzionatu du, eta ondo funtzionatu ere. Baina espainol estatuak esku sartu nahi izan du sekretario berri bat izendatzen.
Gai honi buruz, Aguraingo alkatesarekin, Maria Luisa Murgiondorekin, hizketan ari izan gara.
ANAITASUNA.— Noiz jakin zenuen Madrilek idazkaritzarako urli berri bat bidaltzen zizula?
M.L. Murgiondo.— Joan deneko apirilean "Administración local" delakoaren agiri bat jaso genuen, Agurainera idazkari etorri nahi zutenen lau izenen artean bat aukeratzeko esanez. Lau horien artean ba zen, nafartarra hain zuzen ere, euskaraz zekienik.
A.— Orduan, euskaraz zekien aukerarik ba zenuen, ezta?
M.L.— Bai, nik euskaraz zekiena eskatu nuen eta ez hori bakarrik, edozein modutan ere, honera etorri lukeena, euskalduna izan ledin ere adierazi nuen.
A.— Zer erantzun zuen Madrilek?
M.L.— Madril bere legalidadeari jarraiki zitzaion, hau da, suertatu zitzaiona igorri zigun, gure eskabidea batere kontutan hartu gabe.
A.— Konkretuki, zergatik ukatu zenuen bidaldu berria?
M.L.— Euskaraz ez zekiela izan zen arrazoi bakarra, pentsa, nik mutil hura, ezertaz ezagutzen ez nuenez, ez nuen beste arrazoirik ukatzeko.
A.— Euskaraz bestalde, zer eskatuko zenuke lanpostu horretarako?
M.L.— Ba herriko problemak askatzeko gai izan dadin, bere jakinduria herriaren onerako eman dezan, ez nioke besterik ezer eskatuko.
Dagoen legedia, nire gustukoa ez delarik eta idazkariak bete behar duenez, ezin aldatu duenez, kasu bakoitzean herrirako aprobetxagarri bihurtuz, horretan frogatu beharko luke jakintasuna.
A.— Edonola ere, Estatuko administralgoaren errealitatea onartzen al duzu?
M.L.— Ez dut batere onartzen, baina, ez dakit, ni ez naiz politikazalea... batzutan ez dakit nola jokatu behar den, ez onartzeko esan nahi dut... Begira, estatutoa hor nonbait dabil, gizontxo zuhur eta abertzale batzuk egundoko gauza ekarri omen digute, bainan hemen dena Estatua da, horrek bai, gogorki jotzen gaitu alde guztietatik.
A.— Hau guztia zure iritzia da, nola jokatu zuten idazkariaren arazo honi buruz gainerako zinegotziek?
M.L.— Orokorki denak ados zeuden. Madrili, gure idazkaritzarako, euskalduna eskatu genuenean, batera etorri ginen guztiok. Bainan gero, idazkariaren arazoa eztabaidatzeko bereziki egin genuen bilera batetan, bidaldu berria zen sekretario erdalduna presente zegoela, EAJ-koak kontra agertu ziren, hizkeragatik baztertzea diskriminazioa zela esaka. Dena den, nik neuk erabaki behar nuen eta horregatik arazoa lehengoetan geratu zen. Ez dakidana da zer gertatuko zatekeen EAJ-ko ezeinek erabaki behar izan balu, zeren hor azaldu zuten jarrera ez baitakit haien eritzi pertsonala zen edo lekuko alderdikeria ote zen.
A.— M. Luisa, nola arrazoinatzen duzu, euskara desagertu den Agurain bezalako herrian, egin duzun beharkuntza hori?
M.L.— Agurainen gaur euskaldun gutxi da, egia, bainan horrek ez du ezer ikustekorik, Euskadin bizi garenontzat euskaraz jakitea behar eta eskubide da era berean. Kontrakorik esatera, erdaldunen diskriminazioa dela eta gisa horretako argudioak likidazionistak dira, bestalde, berreuskalduntzeak Administralgotik hasi behar du, ez hitz liluragarrietatik edo eta agerietan urrezko hizkietan esandakoagatik.
A.— Nola geratu da momentuz arazoa?
M.L.— Asko pentsatu eta gero, igorririko mutilaren egoera larria kontutan hartuz, hari idazkari-plaza ematea erabaki genuen, espainol administralgoan irabaziak zituen eskubideak ez galtzekotan, bainan berehala "excedencia" eskatuko lukeela agindu genion. Gaur ere, lehen bezala, Udaletxeak idazkari gaberik ibiltzen du.
A.— Azkenik, zer-nolako irizpideak jaso dituzu Euskadiko gure politikarien goi mailetan?
M.L.— Ba dirudienez, inork ez du fitxik egin. Ez administraziorako kontseilaritza eta ez da Diputazioa re mugitu dira. Gobernu Zibilak bai, sekretarioa onartzea agindu zidan, bainan geroztik ez nau behinola presionatu. Pixkat arraroa da, bainan oraingoz agintariek ez dute jaramon handirik egin.
Eskerrik asko, Maria Luisa.
Jon Iruretagoiena
Euskal Herria
Euskaltzaindiaren Oinarrizko Euskararen Batzordeak antolaturik, 50 lagunek kultur ibilaldia egin dute Israelera. Taldeko gehienak irakasleak izan dira eta hauekin batera zenbait Euskaltzaindiko. Beren egitekoa Hebreo hizkuntza eta kultur irakaskintzaren herriak ezagutu eta jasotzea izan da. la galdurik zen hebraiera nola berpiztu den eta honetarako Ulpan deritzaten eskolak izan duten eragina estudiatu da.
Ia egunero izan dituzte hitzaldiak, irakasle, akademilari eta kultur ministeritzako ordekariz hornituak. Hauek aurkeztu zizkieten hizkuntza berpizteko erabili dituzten helburuak.
Zenbait kibutz bisitatu dute. Elkar lanean egiten duten nekazaritzaz aparte, industria berezia eta bertako eskolen berriak jaso dituzte.
Baita ere Biblian aipatzen diren herri zaharrak eta hauek Israelengan duten balio berezia ikusi dute. Herri baten erroak, bere historia eta erlijio emaitzak lotzen baitu judu komunitatearen gogoa.
Baina bereziki Israel Herriak hizkuntza du bere kulturaren oinarri. Askoren ustez, ia hila zegoen hizkuntza izan baita herri honek egin duen mirakulurik handiena; berentzat ordea, plangintza baten barnean, anitz urtetan, ekin eta jarraiz, lortu dena da. Gaur egun, hebraiera da bere hizkuntza nagusia bizitzaren arlo guztietarako, lehen mailako eskolatik Unibertsitateraino; era berean komunikabideetarako. Oroi, duela bi urte, biztanle proporzioz, liburu argitalpenetan, munduan bigarren jarri zirela. Horrez gainera, antzerki taldeak eta zinegileak bere geografia guztian hedatuak aurkitzen dira.
Israelek zazpi Unibertsitate ditu; guztietan hebraieraz irakasten dela. 1912an Haifako Univertsitate barruan, hezkuntza Hebraieraz egitearen alde, lehen aldiz ezagutu zen irakasleen greba. Hala ere, zenbait teknika eta zientzi gaietan ingelesa ere erabiltzen da, batez ere bibliografia mailan.
Ibilaldi taldeak Israeldarren Elkargo horiekin harremanetan jarraitzeko asmoa du. Honenbestez, hasteko bederen, bi beka jartzen dira euskaldun irakasleek hango experientziak ezagutzeko ikastaro bat egin dezaten.
Bidaia honetan partaide izan direnan eritziz. Hebraieraren experientzia euskal hizkuntza eta kultura salbatzeke adierazpen egokia da.
Nik orain hogeita hamaika urte dauzkat. Orain urte batzu nork esan gaur zein egoera ahulean aurkitu behar genuen. Ez genuen, ez, orain hamar-hamabi urte gaurko Euskal Herria amesten..
Herriaren borroka dela ta, saiatu eta saiatzen gara gartzelatuak etxeratzen. Saiatu eta saiatzen gara atzerrira ihes eginak etxera daitezen. Baina sortu zaigu gaitz berri bat azken urteotan. Zeresan honelako berri bat irakurtzean egunkarietan: 3.000 gazte (gutxi gora bera) izena emanak dira atzerrian lanegiteko...
Emigrazioko bulegoetako fitxetan geroz eta euskal deitura gehiago agertzen da egunetik egunera. Eta hau zer da? Ez da atzerriratuak izateko beste bide bat?
Zenbaiti gutxi axola arazo hau bere gurasoek edo familiak laguntzen dion artean. Behar bada ez da lanbila arduratu ere egingo, denak aditzera ematen dutenez, hain zaila baita lanpostu bat eskuratzea. Beste batzu ogiaren bila noranahi joateko prest egongo dira, behartuak aurkitzen dira, gurasoak edo emaztea edo lagunak utzi eta urte batzuetarako Afrika, Venezuela edo norabaitera joatera.
Duela aste pare bat, gazte batzuekin elkarrizketa luzetxo bat izateko aukera izan nuen. Eta elkarrizketa hartan oso galdera garratzak egin ziren: guretzat etorkizunik usaindu ere egiten ez badugu, zertarako eta zergatik arduratuko gara Euskal Herriaren etorkizunaz? Zertarako borroka egin guk ez badugu irabazirik jasoko? Zertarako ikasi gero dena ahazteko lanik ez edukitzean? Hemen sortuak gara, bai, baina nolako lotura dugu guk ogibiderik gabe uzten gaituen gizarte batekin? Etab., etab.,
Nik neronek ez dakit nola erantzun, ez baita etorkizuna garbi ikusten. Hala ere faszismoaren azpian borrokatzen genuenean amestutako euskal gizarte hura utopia hutsa izango denik ez dut sinestu nahi. Ez dugu inola ere etsi behar. Aurrerako bidea nola landu, hortan dago koxka. Euskaldunok arrazoi bat gehiago dugu erresistentzi mugimendu gogor bati indar emateko, emigra dezatela Garaikoetxeak eta Suarezek eta jauntxoek... guk Euskadin bizi nahi dugu, eta hemendik ez gaitu inork mugituko.
Ezin inolaz ere onartu Euskal Herria gazterik gabe uztea. Droga eta mila bide ilun darabilte gure gazteekin. Laneza da biderik okerrena. Euskal Herria guregana dezagun saiatu behar dugu, eta lan honetara gazteak sailean bildu, atzoko eta gaurko eta biharko gazteek eduki dezaten beren herrian, Euskal Herria.
Hirugarren bideari eman behar diogula indarra uste dut. Erresistentzi mugimendu gogor bat jaso ez dezan Euskal Herritik inork emigratu. Lanezaren numeroak aztertzea jadanik alferrikakoa dugu. Hoiek geroz eta haundiagoak dira. Gaur guri zer gutxiarako balio digute. Eskandalizatzeko egunak pasa dira. Euskaldunok gaur daramagun borroka banderan, beste guztiekin batera, erreibindikapen hau idatzi behar dugu: EUSKALDUNOK, EUSKAL HERRIAN BIZI NAHI DUGU.
Iruñea
Jauregi, J.B.
Euskal Herria
Euskalarien Nazioarteko Jardunaldiak
Euskaldunok beste ezerk ez gaitu bereizten hizkuntzak haina. Munduko mapa orokorretan, badirudi, Euskal Herriak hizkuntz-etniakoan soilik duela bere leku berezia.
Euskara aintzinatik aipatzen zen Europako hizkuntzarik zaharrenetakotzat, eta ospe honek ekarri zituen hizkuntzalari arrotzak gure herrira. Wilhem von Humboldt izan zen hoietatik aipagarrienetako bat, zeren gizon ospetsu hau euskararekin zaletu zenetik munduko hizkuntzalaririk famatuenak arduratu dira euskararen sustraiz eta jatorriz. Geroztik, berrehun urteren buruan hamaika ikerketa egin da; baina, hala ere, oraindik inkognita berak iharraitzen du eta herririk aurreratuenetako hizkuntzalaririk jakitunenak arduratzen dira euskarari buruz.
Azken urte hauetan edonondiko linguistak etortzen dira Euskal Herrira. Gehienek Euskaltzaindira jo izan dute, berri bila edo harreman bila. Ohartuak ginen horietako asko ez zirela elkarren artean ezagutzen, naiz eta inoiz ikerketa berdintsuetan aritu. Eta hortik piztu zen orain aurrera daroagun asmoa.
Euskaltzaindiko iker sail buru den Luis Mitxelenak mugatu dizkigu Jardunaldi hauetako gai nagusiak. Eta dei egin diegu munduan zehar sakabanaturik dauden euskalariei. Beren erantzuna oso ona izan da. 10 naziotatik hogetakak linguista etorriko dira.
Honako programa honen barnean arituko dira: Euskaltzainburuaren agurraren ondotik, Jean Haritschelhar-en Euskarari buruzko ikerketak gaur egunean zer egoeratan dauden adieraziko du; André Martinet, Fonologia sinkroniko eta diakronikoaz mintzatuko da; Antonio Tovar, Konparaketaz, lexiko-estadistika eta tipologiaz; Terence H. Wilbur, Euskal sintaxia, forma logikoa eta aditz laguntzailea; Jacques Allières, Dialektologiaz; Robert L. Trask, Morfologiaz; eta, azkenik, L. Mitxelenak, Iker premiak aurrera begira nondik eta nola beharko direnaz.
Gainerako euskalariak eta euskaltzainek gai horien inguruan zenbait agerpen emango dituzte. Hauetarik batzorde batek aukeratuko ditu hau bertan irakurriko direnak. Lan guziok bilduma batean argitaratuko dira.
Ekintza honekin, lehen lehenik, euskalariok pertsonalki elkar ezagutzeko aukera izango dute.
Hemendik aurrerantzean, bakoitza non eta zertaz ari den jakingo dugu. Eta Euskaltzaindiak, bere egitekoetarik arlo bat beteaz, ikerketak zuzpertuz, aurrerantzean guziekin harreman estuak izanen ditu.
Herri batean hizkuntza alderdikeri guzien gainetik dagoen zerbait da. Hizkuntzari behar duen itzala emanez, Euskal Herrian bizi diren guziei aditzera eman nahi diegu gure hizkuntzaren garrantzia, ez dakitenei (mintzatzen ez direnei) ikasteko gogoa sortaraziz, dakitenei gehiago erabiltzera bultzaraziz. Ia gure hizkuntzari giro berri egokiago bat lortzen diogun.
Esan beharra dugu, asmo hau aurrera eramatea, ezinezkoa izango zela aurrez herriak berak lagundu ez baligu. "Bai Euskarari" kanpainaren ondorena bait da oraingo ekintza hau.
Jardunaldi horiei hasiera Gernika-ko Batzar Etxean emango zaie, ondoko egunetan Euskal Herriko Unibertsitatean (Leioan) iharraitzeko, helduden abuztuaren 25-etik 29ra bitartean.
Goizetan hitzaldiak eta arratsaldez ibilaldiak programatu dira, Euskal Herriaren geografia, kulturtegiak, arte leku, folklore, bertsolari, kanta zahar eta berri ezagutu dezaten, honela, beren ikerketetan, gure herriaren irudia lagungarri izan dezaten.
EUSKALTZAINDIA
Euskal Herria
Publikoaren aurrean, hiru emakume belaunikatzen dira: Maria de Illarra, Maria de Garro eta Inexa de Gaxen. Beldurti daude. Atzean, taularen azken puntan, palestra baten gainean, batek militarra dirudi jazkeraz eta posturaz, besteak, berriz, politikoak... Bien aurpegiak begirada zorrotzaz osatuak daude. Beste pertsonaiak, apeza eta zigortzailea... Hondarrabiko hauzian aurkitzen gara:
INEXA DE GAXEN. JAIOTZEZ LABURDIARRA NAUZUE, 20 URTETAN BIZI IZAN NAIZ IRUNKO HIRIAN ETA 7 URTE DARAMAZKIT HONDARRABIAN BIZITZEN... EZ DITUT ONARTZEN UME ZIRZIL HAUEN AKUSAZIOAK. BERAK OBEN EGITEN DUTE. EZ NAIZ INONGO AKELARREAN IZAN"...
Oiartzungo INTXITXU antzerki taldeak, "Inexa..." obra eskaini zigun Donostiako San Telmo aretoan. Euskal "sorginek" XVI-XVII jasan behar dugun zapalketa salatzeko. Inexak, judizioari buelta eman eta bere salatzaileak juzkatuko ditu gaurko emakumearen burrukaren ispilu bat bihurtuz.
Artazuriketak
Antzerki saio hau aratzeko, euskal tradizio ezagun batetan oinarritu da Intxitxu taldea: Artazuriketan. "Antzerki mundutik aztertuaz, "artazuriketa-ondorioan" sortzen den giroa, gaur egungo antzerki zaleentzako izugarri interesantea dugu" —dio Eugenio Arozena, taldeko zuzendariak—. "Gaur egun, antzerki unibertsalak dituen bi osagarri aberatsenetatik osatua baitago: Bertol Brecht-ek hain aipatutako "urrutiratzea", eta beste aldetik, J.L. Morenok antzerki espontaneoari buruz esandakoa... Antzerki espontaneora jotzea nahi dutenek, oinarri ezin hobea dute tradizio honetan...".
Taldeko kolaboratzaileak
Intxitxu taldeak, hamar urte daramatza lanean euskal antzerkia aurrera eramateko nahiean. "Deus izatetik izatera", "Orria", "Aralar" eta "Karlistadaren kronika" izan dira azken urteotan eskaini dizkiguten lanak. Oraingo "Inexa" honetan, guztiz aipagarria da izan duten kolaborazioa: Antton Valverderen musika, Idoia Estornesen eritzi historikoak eta Antton Haranbururen bertsoak. Arantza Urretabizkaiak eta Anjel Markok burutu dute, berriz, obraren gidoia.
M. Axun Landa
Euskal Herria
UEUren kronika bertsotan. VIII. UEU bukaturik dago. Gora IX. UEU [Bertsoak]
Atseginez eta pozik —idatzi behar, hango ekitaldietan parte hartu ondoren, eta horregatik —ustez behintzat— bertso alaiez nator, "Esne-saltzailearen" doinua erabiliz.
Bestalde, bertsoak aukeratu ditut, udako oporretan lasaigarri modura ondo etor daitezkeela uste izan baitut. Denbora izango dugu ikasturtearen hasieran, aurtengo saioaren balantzea egiteko, eta hurrengo artikulu batetarako utziko ditut datu estatistikoak eta beste. Gainera prentsabulegoaren lanari esker, egunkarietan eta komunikabideetan segitu ahal izan dituzue bertako zenbait gorabehera.
Horrela, ba, kanta ditzagun bertsook, horretarako umorerik baldin badugu, VIII. UEU honetan eginiko ekitaldi batzuren kronika izan nahi baitute:
Hogeigarren mendean
laurogeigarrena,
hau da Zoramena!
Iruñean agertu
da gure kemena;
egintza eder horrek
ba du bere izena,
UEU siglen bidez
ezagutzen dena:
euskal kulturarentzat
bizkortze-eztena.
Bertan bilduak gara
bostehun bat lagun
hainbeste ezagun;
hango egintza batzu
aipatu ditzagun
pazientzia baduzue
kanta eta entzun,
ez gara arituko
gogor edo astun
adieraztera goaz
han zer egin dugun
Lanean egin dira
hainbat ikastaro
hogei ta gehiago
tesi eta tesina
agertuz oparo
UEUk utzia du
atzean haurtzaro
are gogorrago:
Oraindik lan gehiena
egiteko dago!
Astronomiarentzat
on da gauerdia,
izanik argia;
gauez atera ginen
jendetza erdia.
Mendian ginen eta
alboan ardia
hotza zegoelako
ez zen izerdia.
Teleskopioz hartu
genun hilargia
Hilargia ikusiz
kalean izanda,
ederra parranda!
Heldu egin zitzaien
izarrei txanda.
"Begira zuzenean,
«Ursa Major» han da!,
Iparra aurkitzen da
zuzenkiro joanda"
Berdin egin liteke
lurrean etzanda
Interesgarri omen
da Natur Zientzia
landarez jantzia.
ikasle-irakasleek
nahiko pazientzia.
Txoriak entzuteko
zeukaten antsia,
Goizaldeko seiretan
komenientzia,
gauez juerga baina
garbi kontzientzia.
Bertsolariek ere
ba dute odola
ta ez edonola.
Hantxe agertua zen
Santutxuko eskola.
Sei bertsolari gaztek
apurtuz kaiola,
erakutsirik argi
geroa dagola.
UEUn sartu zuten
haiek beren gola
Bi egun pasatuta,
ondo bagabiltza,
bestelako hitza:
Jon Azpillaga eta
Xabier Amuritza.
Bersoen sagardoak
ba zedukan bitsa;
bertsolariak dira
euskaldun-haritza:
Horrelako egurrez
gaizki dabil sitsa!
Kirolak ere beti
beharrezko dira,
gorputzen dirdira,
honela hurbildurik
gazteen habira
Musean bota dugu
hordago handira,
eta krosean eman
bizkor hiru bira;
inor ere ez zaigu
nekez erretira.
Neskak eta mutilak
futbolean gogor,
alai eta jator.
Hala ere txapela
guztiok ezin lor.
Ostikada galantak
eman dituzte hor,
hona arrazoia ta
ez haserre inor:
arratiarrak dira
garaile derrigor.
Berriro zientziarekin
dakargu berria,
harrituz herria:
konputagailua da
erabilgarria.
Euskara ere ba daki,
hau harrigarria!
Tanketaren jokoa
da jostagarria,
bertan ken dezakezu
joko-egarria
Eginak izan dira
pilo bat ahalegin
nekeetan berdin.
Antolatzaileak bai
langile eta fin!
Horrelako askorik
ez dago Euskadin,
eskerrak ematean
hartzen dut atsegin:
guztion izenean,
zorionak Martin!
Bukatzera noa ta
hona nire agurra
hitzetan laburra.
Gora UEU hortan
landura den lurra!
Gora hango jendea,
langile zuhurra!
Horrelako sutara
pilatu egurra
Urtu egin dezagun
erdaren elurra.
Txepetxa
Euskal Herria
Segur asko dakizuenez, Uztailaren lehenengo hamabostaldian Euskal Herriko 50 ikasle-irakaslek Israelerako bidaia batetan parte hartu genuen. Bidaia laburra izan zen denboran neurtuz, baina nahiko betea lanetan.
Bidaiaren antolatzaile Euskaltzaindia zen, eta beraren helburu nagusia arlo soziolinguistikoan kokaturik zegoen. Hain zuzen, hebraieraren birpizkunderako eraman den prozesuari buruzko datuak eta informazioa biltzera joan ginen, bide. batez oraingo egoera linguistikoaren berri hartuz. Neurri handi batetan, helburu hori betea izan dela esan dezakegu. Horren lagungarritzat, turismo-egitetik aparte, bertan entzundako zazpi hitzaldi eta eginiko elkarrizketak, hango hizkuntz-irakasle, akademiko eta funtzionari batzuk emanak. Gauza interesgarriak entzun ditugula aitortu behar.
Zenbait datu harrigarri hebraierari buruz
Euskararen aldeko burrukalari eta langileentzat interesgarri direlakoan, hona hemen hebraieraren birpizte-prozesuari buruzko zenbait datu.
Gutxi gorabehera, duela ehun urte (1880. inguruan) hasten da, hebraiera indartze eta erabiltzearen aldeko mugimendua. Honetaz ezin utz daiteke aipatu gabe, Ben Jehuda izeneko heroe nazionalaren izena, berau izan baitzen bai teorian eta bai praktikan, hebraiera hizkuntza moderno bihurtu nahi izan zuen lehena.
Dena den, jakin egin behar da hebraiera ez dela inoiz hilik egon, euskara baino egoera txarragoan egon bada ere (beharbada):
- Jemen aldean, hebraiera erabiltzen zuen tribu judu bat zegoen, ehun mila baino pertsona gehiagok osotua.
- Biblia beti hebraieraz idatzia izan da, eta hori mundu osoko juduen artean. Sinagogetako hizkuntza sakratua beti izan da hebraiera.
- Erlijioa zela eta, diasporan ere irakasten zen hebraiera, hizkuntza arrunt bezala ez bazen ere.
1912 urtean, Haifako Teknion izeneko Unibertsitatean, ikasleek greba gogorra egin zuten, bertako irakaskuntza osoa hebraieraz izan zedin. Ordurarte, alemanera zen prestijiozko hizkuntza. Ikasleek, ba, behartu egin zituzten irakasleak hebraiera ikastera eta erabiltzera. Aipagarria da, inolako botere estatalik ez zeukatela, baina hala ere, eskola juduetan hebraiera zen nagusi.
Kibutzen sorrera ere hor kokatu behar da, 1910. urtearen inguruan, eta horrek ere eragina izan zuen hebraieraren erabilkeran.
1948. urtean sortzen da Israeleko estatua. Garai hartan seirehun mila judu zeuden, guztiak hebraieradunak. Orain hiru miloi dira, gertaturiko inmigrazioa tartean dela.
Estatua lortu ondoren, beronen botere politikoa hebraieraren alde jarri dute. Eta bai ekonomikoa ere. Irakaskuntza osoa, 16 urte bete arte halabeharrezkoa eta dohainik da Eta zer esanik ez, hizkuntza nagusia, hebraiera.
Inmigranteak hebraieratzeko, ulpan izeneko ikastegiak zabaldu dituzte Israelen zehar Bertan, modu intentsiboz, lauzpabost hiletan oinarrizko hebraiera irakasten da.
Bestalde, telebista, irratia, egunkariak dena hebraierari laguntzeko pentsaturik daude.
Honela, ba, "miraria" egin dutela esan ote daiteke? Izen kontua alde batetara utziz, lan izugarria egin dutela eta medio indartsuak erabili dituztela aitortu behar. Horretan dute meritua.
Zenbait hutsune
Hizkuntzari buruzko gauza harrigarriez gain, aipatu beharreko hutsuneak ere aurkitu ditugu, noski. Edozertara ere, bidaiaren denbora laburregia izan da, arazoetan gehiegi sakontzeko. Beraz eritzi laburrak izango dira:
Hasteko, Israel gerran dagoen herri bat dela esan behar dugu. Kontrolak nonnahi eta zenbait anekdota bitxi. Adibidez, soldatuak, metraileta eta guzti egiten dute auto-stop.
Niri dagokidanez, guztiz desegoki eta salatzeko aurkitu dut, lurralde okupatuetan erabiltzen duten politika, erabat expantsionista dela uste baitut.
Politikoki, Israelekiko harremanak oso eztabaidagarri dira. Beren ikuspuntutik, normala deritzot, beren buruei propaganda egitea, hots, sionismoaren aldekoa. Baina, noraino ez ote gara gu, konturatu gabe, horrelako arloan sartzen? Ba dakigu, jakin, hizkuntzaren arloan zerikasi franko dugula, baina arazo politiko hori hobeto aztertu behar litzatekeela uste dut.
Ondorio modura
Bukatzeko, laburki esanez, nik neuk ondorio nagusi hau atera dut: Ez da itxaron behar botere politikoa —estatua, independentzia,...— lortu arte, hizkuntzaren arazoa ebazteko. Aldez aurretik, azpiegitura osoa prestatu behar da, gero botere politikoa azpiegitura horren finkatzeko eta indartzeko erabili beharko delarik.
Horrela egin zuten Israelen eta horrela egin beharko genuke —egiten ari gara?— Euskal Herrian ere. Eta hemengo azpiegitura aipatzean, hainbat erakunde datozkit burura: Ikastolak, UEU, Alfabetatze, Euskalduntze koordinakundea, euskarazko irrati eta telebista, euskarazko prentsa...
Burruka linguistikoa luze da. Juduek hirurogeitamar urtetan ekin zioten gogor estatu hebraieraduna lortu arte. Guk zenbat beharko ote ditugu?...
Beraz, animoak har eta gogor burruka.
J.R. Etxebarria
Euskal Herria
Tolosaldeko Udalak Euskal Gobernuari Euskal Parlamentuari
Interesgarri gerta liteke eta osokiro argitaratzen dugu Tolosako Udalak Euzkal Gobernuari bidalitako gutuna.
Tolosaldeko Udalok gure herrietako zenbait erakunden aldetik (Tolosaldea Birreuskalduntzeko Elkartea, Ikastolak, Gaueskolak e. a.) Euskararen erabilpenari buruz, zenbait eskaera jaso dugu. Horien artean bat, nagusiena, honako hau zen: Gure eskualdean euskararen iraupenerako ea zer plangintza daukagun agertzeko, alegia, edo eta plangintza antolaturik ez badugu arazo honetaz zer egiteko asmoa dugun epe baten barruan agertzeko eskatzen zitzaigun.
Arazo hau gure artean aztertu ondoren zera ikusten dugu: Horrelako Plangintza bat ez dagoela Udal batzuren eskutan, nahiz eta eskualde osoko Udalak izan. Aitzitik, Udalen eta Eskualde baten gainetik dagoen erakunde baten egitekoa dela. Une honetan ditugun erakundeak kontutan hartuz gero, gure ustez EUSKAL GOBERNUA/EUSKAL PARLAMENTUA izan beharko luke Euskal herri alde autonomo osoari begira Plangintza hori burutu beharko lukeena. Hizkuntzaren arazoa ez delako udal lurralde batzuetara mugatzen denetarikoa, Euskal Herri osoko lurraldeak hartzen dituenetarikoa baizik. Bestalde, hartu behar diren neurriak, kontutan izanez gero, neurri horiek hartzea, Eskualde bateko Udalen eskuetan ez, baizik aginte zabalagoa dutenetan dagoelako. Eskualde bateko Udalek ez bait dute ahalmenik zenbait arlotan hartu behar diren neurriak hartzeko. Hala-nola Administralgo, Irakaskuntza, Komunikabide eta Zerbitzu publikoetan. Halere, lehen aipaturiko taldeek zuzendu diguten eskariari benetan arrazoizkoa eta egokia derizkiogu.
Izan ere, Euskal Herria bere Erakundez hornitzen hasia den une honetan garbi ageri da EUSKARA berreskuratzeko prozesoa une berean abiatzen eta indartzen ez bada, berriz ere, gure hizkuntza atzera geldituko dela eta erabat galtzeko arriskua, lehenaz gainera, handitu egingo dela.
Gai honetan, jakintsu diren guztiek, aho batez aitortzen duten bezala, datozen urteak zerrikusi handia izango dute euskararen etorkizunerako, urte horietan jokatuko delako euskararentzat aposturik gogorrena. Hau da: edo eta euskara behin betirako Ofizial bilakatzeko bideetan abiatzen da, ez paperean edo dekreto mailan, baizik egunoroko bizitzako erabilpen mailan (nola Administralgoan, Irakaskuntzan, Komunikabideetan, Zerbitzu Publikoetan eta Erakunde guztietan, hala Kalean, Lantegian, Denda eta Tabernetan e.a.)edo eta une historiko honetan bazterreratua gelditzen da eta orduan bere egunak laburrak lirateke. Izan ere etxean edo familian besterik erabiltzen ez den hizkuntza, lehenxeago edo geroxeago, hiltzera kondenatua dagoela jakina da.
Honek zera esan nahi du Euskararen erabilpena normalizatzea ezinbestekoa dela, alegia. Euskararen erabilpena normalizatzera iristeko berriz, beharrezkoa da, jakina denez baita ere, plangintza orokor bat burutzea.
EUSKAL GOBERNUAK/EUSKAL PARLAMENTUAK beste alor batzutan nola Lurralde Antolakizun, Ingurugiro eta Hirigintzan, edo eta Hezkuntza, Osasun eta beste zenbait alorretan aurrez buruturiko asmoak eta Plangintzak aurrera ateratzeko asmoak agertu dituen bezala, Euskarari buruz ere normalizapenerako plangintza orokor bat edukitzea ezinbestekoa edo nahi eta nahiezkoa dela uste dugu.
Plangintza orokor bat esatean zer adierazi nahi dugu:
1.- Plangintza horretan kontutan hartu behar direla, alde batetik, hizkuntz egoera ezberdinetako lurralde edo area linguistiko guztiak, hala nola erabat erdaldunduak aurkitzen diren lurraldeak, ukipen area edo erdara nagusitzeko arriskuan aurkitzen direnak, area hiritartuak edo espezialak, eta area euskaldunak, lurralde bakoitzean zer egin erabakitzeko eta bakoitzari dagokion tratamendu egokiena emateko.
2.- Beste aldetik plangintza orokorra esaten adierazi nahi dugu baita ere hizkuntzaren hesparru sozial edo arlo guztiak hartu behar dituela. Hau da Administralgoa, Irakaskuntza, Komunikabideak, Zerbitzu Publikoak e.a. Behin betirako gure hizkuntza nazionala den euskara benetako hizkuntza ofiziala ere bilaka dadin, Euskal Herriko lurralde eta hesparru sozial edo bizitzako arlo guztietan.
3.- Plangintza orokorra esaterakoan adierazi nahi dugu azkenik: Ez dugula onartzen, nahikoa ez dela uste dugulako helburu edo xede orokor batzuk markatzea edo, printzipio nagusi batzuk proklamatzea eta hortan gelditzea. Aitzitik, beharrezko jotzen dugula, helburuak markatzeaz gainera, horiek lortzeko erabili behar diren bitarteko edo medioak definitzea eta bitarteko horiek noiz eta nola erabiliko diren garbi epekatzea eta egutegi edo kalendario bat egitea. Hau da programaketa zehatz batetan mamitua eta ongi lotua agertuko duen plangintza bat burutzea. Hori guzia zenbat kostatuko den eta horretarako zer nolako finantza bideak erabiliko diren ere garbi azaldu beharko luke, besteak beste, plangintza orokor horren barnean.
Era honetan bakarrik posible izango bait da euskararen erabilpen normalizapenaren bideak urratzen hastea eta gure hizkuntzaren errekuperazio prozesoa indartu eta sendotzea.
Hitz gutxitan bildue Tolosaldeko Udalok EUSKAL GOBERNU/EUSKAL PARLAMENTUARI zuzentzen diogun eskaera hauxe da:
- Ager dezala, ahal den eperik laburrenean, euskararen normalizapenerako egina duen Plangintza.
- Gisa hontako Plangintzarik dagoenekoz prestaturik ez badu Plangintza bat noiz eta nola burutzeko asmoa duen erabakia har dezala ahal den eperik laburrenean.
- Erabaki hori azalduz EUSKAL GOBERNU/EUSKAL PARLAMENTUREN aldetik Deklarazio edo agerpen publiko bat egitea esijitzen dugu.
Eskaera nagusi honen ondoren beste eskaera bi ere egin nahi dizuegu:
1.- Gure Udaletxetako eragozpen nagusienetariko bat idazkariak erdaldunak izatea denez gero, era horretan euskaldun diren herritarrak, naiz Udal Batzordekoak, idazkariekin dituzten har-emanak benetan zailak eta gogorrak eginaz, EUSKAL GOBERNUARI ahal den eperik laburrenean sor dezala Euskal Idazkarien Eskola Ofizial bat, eskatzen diogu.
2.- Udal bakoitzak bere paper imprimatuak euskaratzen hasi ordez eta euskaratze hau batasun batean egitearren, EUSKAL GOBERNUAK edo Diputazioak egin ditzala paper imprimatu guztiak bi hizkuntzetan, gero Udalek erabili ditzaten.
3.- EUSKAL GOBERNUTIK/EUSKAL PARLAMENTUTIK, gure Udaletxeetara iristen diren idatzi guztiak euskaraz ere bidaliak izatera.
Ez dezazuten uste izan zuei eskatzea beste ezer egiten ez dugunik jakinarazi nahi dizuegu beste gauza bi:
1.- Guk ere, Udal mailan eta Eskual mailan euskara bere lekuan jartzeko zenbait erabaki hartu dugula eta gure eskutan dauden zenbait gauza egiten hasiak garela: Udaletxe barrura begira batzuk eta Udaletxetik kanpora begira beste batzuk.
Honekin batera bidaltzen dizuegu gure Udaletxean hartu diren erabakiak Euskarari buruz.
2.- Euskararen erabilpena normalizatzeko zuei eskatzen dizuegun Plangintza orokor hori burutzeko behar den laguntza emateko ere prest gaudela Baita ere Plangintza horretan eginkizun bezala gure eskualdeko Udaloi izendatzen zaigun gogoz betetzeko ere; jabetzen garelako euskararen erabilpena normalizatzea guztion artean burutu beharreko langintza bat dela.
Haurrak egiten du
Nire euskara eman zidan
Bizkaiko herrixka horri
amorro eta maitasunez
Gure historiotxoa hasten den momentuan, oraintxe bertan bezala, erbiak eta untxiak huroiek zanpaturik ziren. Erbiek sufritzen zuten gehien honen ondorioak.
Udara horretan erbitxo txiki txiki bat joan zitzaion erbi herri horri. Erbitxo horrek ez zuen bere nortasunari zegokion bizitzarako heziketa hartzekorik inorengandik. Bera jaio zen lekuan gehienak ziren untxiak eta erbitxo honi, hor geratzen ziren beste erbiei bezala, beren ohiturak irakasten zioten.
Baina Ttanttak, gure pertsonaiak, bere burua erbitzat ematen zuen, horrela zelako, eta udako egun batetan, bere sorlekua utzita, beste erbi batek eramana heldu zen herrixka horretara.
Ttantta oso txikia zen, erbikumea, baina burua argia zuen eta gainera ikasteko gogoa gabe benetako egarria zuen.
Berak ba zekien bere sorlekua lehendabizi erbi herri bat izan zela, orain untxiek hartuta eta bera bezalako erbitxo asko zirela hor, untxien ohiturei jarraitzera beharturik.
Bere buruan ba zuen idei argia: Ikasi, arin ikasi eta ikasita itzuli sorterrira eta beren Herriaren ohiturak beste erbitxoei irakatsi.
Erbi herrixkan oso zoriontsu bizi zen Ttantta. Seme bat bezala tratatu zuten.
Erbiek, herriko erbiek itxaropen handia zuten berarengana eta beraiek zekiten guztia irakatsi zioten.
Erbiek zinez maitatzen zuten gure erbitxoa, eta Ttanttak ere erbi horik bere famili eta herritzat hartu zituen handik aurrera.
Ohitura zaharrak ikasita, Ttantta bere sorlekura itzuli zen. Horretan beste erbirekin batera lanean hasi zen. Bera erbi bat zelataz ez zegoen zalantzarik eta untxien ohiturei oraindik jarraitzen zieten beste erbitxoei irakasten hasi zen.
Baina erbiak eta untxiak menperaturik zuten (eta gaurregun ere ba dute, ez pentsa!) huroien buruzagia, huroi zahar eta oker hori hil zela eta, untxi eta erbiz desgizaturiko huroi zuhur batzu izkanbilak sortzen hasi ziren.
Gure erbitxoa Ezker Aldean meatsen artean jaiotakoa zenez gero, herri horretako erbiak baino gorriagoa zen. Eta herrira joaten zenean mesfidantza ikusten zuen lehen bere lagunak zirenen begietan.
Bere aintzinako lagunak bera jipoitzen zuten eta huroiekin batera zebiltzaten.
Berak, arrabiazko malkoak begietan, bera erbi bat zela esaten zien, nahiz eta gorriagoa izan (berak bere kolorea maitatzen zuen...) eta huroiak, betiko etsaiak zirela orain beraiekin zabiltzatenak, baina ez zioten kasurik egiten, barre egiten zioten eta irainak hartzen zituen erantzuntzat.
Azkenean, desesperaturik, ez zen berriz herri horretara joan.
EKATXA
Nazioartekoa
Amazoniar oihanaren itzelezko estalki berde eta aberatsaren ondoan, milaka brasildar gosez hiltzen da; batzutan pozoiez, anitzetan sakailketa garbi eta sinplez, ia egunero ehiztari zuriek antolatzen dituzten erahilketetan.
Albiste hauen aurrean mendebaleko irakurle askori duda asko sartzen zaio ez baitu askotan halako berririk irakurtzen eta inuzenteki, ea hori guziori gehiegikeria edo eta propaganda bikoitz eta ezkutuaren tranpa izanen ote den galdetzen dio oso osoan bere buruari. Beldur gara ezetz, hain handi eta zaratatsu izaten diren nazioarteko erakundeetatik iristen zaizkigun berriak.
Erresuma berezia Estatu Baten barruan
Amazoniako erregeak, duda barik, Daniel Ludwig du izena. Amerikar honi dagokion enperadoregoa, Belgika baino handiago da eta zabaleran Holanda baino pixkat ttikiago: 36.000 Km. guztira. Brasildar oneritziarekin finkatu den enperadorego honek, Brasileko nazio subiranotasunari mehatxu handia egiten dio gaur egun.
Zuhaitzak akabatzea, zuraren industria handia, autobideak, petrolioa, produktu kimikoak eta zuraren beraren eratorrizko guztiak izaten dira enperadorego honen karakteristiketako batzu. Erresuma honetan, den dena da atzerritar. Amerikarrak, alemanak, kanadarrak, txiletarrak, japondarrak... brasildar bakarrak oraindik bizirik gelditzen diren indio apurrak eta zenbait mulato, denak Daniel Ludwig-ek sortutako polizia eta harmadaren kontrolpean.
Ludwig-en jabego honetan bi hiri dago. Monte Dourado da hiriburua. Eraiki egin dituzte zubiak, kaminoak, industriguneak, aserrategiak eta aireportu bat. Inork eragozten ez badu, karbokimikaren bidez zuratik petrolioa sorteraztea da helburu nagusia. Honekin batera, bauxitaren esplotakuntza, aluminium ateratzeko fabrikak eta paperfabrikak. Zer esanik ez dago, kontrol-gabeko esplotakuntza hauek planetaren ekosistemari lekarzkiokete kalte handiak, ez baitugu ahaztu behar Amazoniako oihanaz oraindik ere planeta osoaren oxigenoaren erdia produzitzen duenik.
Nekazal-industri honen aztarnak 1965.urtean bilatu behar ditugu. Mila milioi dollar sartu ziren eta 700 milioi gehiago sartzeko dira.
Brasilgo oihan hau zelulosa sortzeko munduko zentruenetako garrantzitsuena Makatzen da baina projektu eta egitate guztien artean beldurgarriena aberats pitxi honen azkena dugu: Zuhaitz moeta guztiak akabatzea eta beren zuratik, Karbokimikaren bidez, petrolioa sortzea, Amazonia basamortua bilakaturik.
Ludwig-en enperadorego honetan ez dago inolako legerik, ehundaka ibilgailu matrikularik gabe paseiatzen dira. Itsasuntziak lehorreratzean aduanarik gabe egiten dute, lehorreratzeko baimenak Ludwig-en poliziek ematen dituztelarik.
Infernu berdea
Herrialde hauetan bizi diren pertsonak, O.N.U.k, UNESCOk eta OMSk munduko herrialdeetako pobreenak direla diote. Ez da egoten medikurik. (1x100.000 bizilagun). Ez da egoten ur edangarririk, ez eta energia elektrikorik langileen txaboletan. Analfabetismoa ehuneko hirurogeita hamarrean ematen da. Ehuneko berrogeita hamarrean desenplegaturik daude eta, bataz besteko urteroko lanegunak hirurogei besterik ez dira. Gosea kronikoa delarik, izurrite guztiak sortzen dira. Erremedioa bilatzeko asmotan, zenbait mediku arratoiak jan ditzatela gomendatu die hango bizilagunei. Hirietatik hurbil, oihan itzela dago. Bertan, gelditzen diren indioak bizi dira oraindik. Haiengana jotzen dituzte monopolio honen poliziek sakailatzeko. Dela urte, milioi bat indio kalkulatzen zen. Orain aldiz, gelditzen direnak oso urri dira benetan: 150.000 besterik. Itzelezko ezberdintasun honen arrazoia, dudarik ez, Ludwig-en poliziei esker eman zaigu. Brasiliako gobernamenduak ez du oraindik hau guzionen kontra ezer egin. Papa-k egin zuen ibilaldian arazo hauek ez ziren sinplekiro esistitzen eta esistituz gero, Vatikanoko diplomaziak ba daki endredamakilarik ez egiten eta problema berezi eta arazo zehatzak ahazteaz txapelduna da Eliza, zeren, ez baitagokio "Kristoren erresumari" eta "politikaz nahastatzeko eta zikintzeko arrisku itzela omen legoke".
Gauzak horrela, munduko zientzilari askok Amazoniaren hondamenaren kontra beren buruak altxatu dituzte eta egunero milioi zuhaitz ebakitzearen erritmoa segituz gero, (oraingoa) etorkizun hurbila oso beltz dakusate planetako bizilagunontzat.
Hondamen hauek egiterakoan, gainerako nazioetan debekaturik dauden defoliante eta intsektilkariak erabiltzen dituzte Amazoniako floran. Gaur egun oraindik, sailkatu gabeko 80 mila landare moeta ezberdin gelditzen dira Amazoniako oihanean. (ezagututakoak baino gehiago)
Kontraste itzelez eta misterio handiez beteriko Amazoniako oihana hil zorian dago. Oso gaizki erabilitako zibilizazioa, oligarkiaren monopoliok eta transnazionalak zapaltzen ari dira. Horren ondoan gizona, gosez eta, aurretik prestaturiko sakailez hil egiten da.
T. Trifol
Nazioartekoa
Sei hilabete dira jadanik, sobietarrak Afganistanen militarki sartu zirela, eta lehen momentuan pentsa zezakeenaren aurka, ez zaie batere erraza izan, lortu nahi zuten egoera sortzea. Lehen hilabeteetan, gerrilla txiki baten antza zeukan erresistentziak, gero eta indar gehiago lortu egin du, eta Kabul-en inguruko azken gatazkek adierazten digutenez, ez daude prest etsitzeko, nahiz eta aurrean daukaten etsaia beldurgarria izan.
Sobietarrek herri horretan sartzean zeuzkaten helburuak (estrategikoak, estatu lagun bat laguntzea, petrolio eta Golko Persiarratik hurbiltzea, "proletar internazionalismoa" aurrera eramatea,...) aparte utzirik, argi dago oso zaila egiten ari zaiela beraien planak betetzea. Mendietan antolatu den gerrila gero eta handiagoa da, batez ere, harmada afganiarretik pasatzen zaizkion soldatu eta harmengatik, honek beste efektu bat daukalarik, sobietarrek ezin direla orain inoiz afganiarretaz fidatu, alegia, zeren edozein momentutan. beste aldera pasa baitaitezke.
Honetaz gainera, lehen, hirietatik kanpo zegoen mogimenduak ez zeukan hiri handietan oihartzun handirik, baina zenbait aste dira han ere jendea mugitzen hasi dela: manifestaldiak, grebak... Hau gutxi bazen, gerrileroek azken asteotan Kabul inguruan egin duten ofentsiba beste buruhauste handi bat bihurtu da sobietarrentzat, zeren nahiz eta erasotzaileek Kabul hartzeko idearik ez zeukaten, prentsak lehen egunetan esaten zuenaren kontra, hori ezina baitzitzaien, gertaera horiek erresistentzia erreal eta indartsu bat esistitzen dela erakutsi baitute.
Bestalde, eta hiriburuko giroa "lasaitzeko", 10.000 soldatu gehiago heldu dira; ezin da, beraz, jakin hain urrundik zein neurritan dagoen desorekatua Kabul-eko giroa, baina zerbait badago, batez ere sobietarrek ikasle-manifestaldi baten kontra egin zutenean, ikasle batzu hil zituztenetik.
Honelatan, inork ezin dezake uka, herri afganiarrak, hein handi batetan gutxienez, ez duela sobietarren eskusartzea onartzen; arrotzak izatetik aparte ba dirudi metodo gogorrak erabiltzen ari. direla erresistentzia ezerezteko, eta horrela ez dute, noski, "sozialismo" irudi onik ematen ukaezina da, beraz, interbentzio militarra juzkatu gabe, Sobietarren hango portaera ez dela, benetan, positiboegi izan orain arte; nahi dutena esan dezakete Silvio Rodríguez antzera (ikus ANAITASUNAren 401. zenbakia) Moskuko sistema edonola ere defenditu nahi dutenek, baina nik ez dut inoiz ere onartuko injustizia, "justizia"ren izenean egiten bada ere.
Ez naiz hasiko berriz, aldizkari honetan egin baitut jadanik, Afganistan-era joateko sobietarren jokaera juzkatzen, baina bai esan, ordutik hona gertatu denak, nik han esaten nuena baino frogatzea ez duela egiten; jendea ez zegoen prest hori onartzeko, eta beraz, kontra egin dute gogor; ba dakit batzuk esango didatela, erresistentziaren azpian dagoen oinarri ideologikoa ez dela aurreratzaileegi, eta onartzen diet, baina halere, besteen praktika ez da ona ere ez, eta gainera, ene ustez, gerrileroek herri xumearen borondatea adierazte dute.
Beraz, gerrilaren indarra gutxitzen ez denez gero, sobietarren jarrera gero eta zailagoa da, zeren bultzatuta ikusten dira beraien posizioa gordetzeko, erresistentzia zapaltzera. Errepresioa handia da jadanik, eta bidea itzultzerik gabekoa bihurtzen ari zaie, zeren askok aipatzen duten irteera diplomatikoa ez dut nik posible ikusten.
Horrela, sei hilabete barru zer egongo da gertatzen asmatzen ibili naiz, eta pena ematen badit ere, bi posibilitate bakarrik aurkitu ditut: edo sobietarrek, indarrez, jadanik zapaldu dute erresistentzia, edo oraindik segituko dute gerrileroek mendietan burrukatzen, zapalkuntza handiegia izango balitz, eskandalosuegi izango bailitzateke. Baina ez dago, edo ez dut nik ikusten, beste biderik; batzuen indarra askoz handiagoa da oraingoz, eta beraz, besteek ez dute posibilitate handirik epe labur batean, baina, nortzuren indarrak iraungo du gehiago luzarorako?
María Jesús Esteban
Nazioartekoa
Hego-Afrikan beltzak ikusten ari dira
Afrikako herriek eta mundu osoaren haien lagunek Zimbabwe-ko herriaren independentzia agurtu egiten zuten bitartean Hego-Afrikako Errepublikaren arrazistek (S.A.R.) afrikar kontinentearen inperialismoari eman zitzaion kolpea berehala nabaritu zuten, aintzina irabazitako kokatze estrategikoak galduz. Dakikegunez, Rodesia (gaurko Zinbabwe) eta Hego-Afrika lagun minak izan dira historian zehar. Egoera politiko ia berdinak zeuzkaten. Herri bietan guttiengo zuriak gobernatu eta gehiengo beltza menperatu. Bitartean, S.A.R.k Rodesia hartzen zuen tanpoitzat, Afrika beltza eta independientetik bere burua bereizteko pribilegioak gordez. Baina Zimbabwe-ko errepublikaren babesean sortu diren nazioak —benetako lotokiak direnak— ez dute hemendik aurrera etorkizun handirik izanen eta zinez, Hego-Afrikako arrazisten etorkizuna beltz beltza izanen dela esan daiteke.
Arrazistentzat problemak ez dira soilik sortzen Afrikan barrenean. Kanpoan ere gaizki murgiltzen dira. Ez dago aspaldidanik Sha, zeinek ehuneko larogeitamarretan ematen baitzion petrolio gutiziatua. Gero eta arabiar nazio gehiagok uko egiten diote beren petrolioa arrazistei. Isolamendua handitu zaie, munduko herri gehienek apartheid delakoa kondenatuz.
Hego Afrikako errepublikaren barruan gauzak ere ez daude ongi.
Beltzak burrukan sartu sarturik daude. Burrukaldiak eta manifestaldiak eguneroko ogia bilakatu dira eta boikota eta greba lehen bi ekintza iraultzaile bihurtu dira. Azken lau hilabeteotan zehar ikasle beltzek ez dute eskola bereizturik hartu nahi. Maiatzaren azkenean zazpi petroliogordailu bonbaz lehertu zituzten. Gobernamenduak bitartean, "arazo beltza" mitrailaka konpondu nahi du manifestaldietan "garbiketak" egiten. Hego-Afrikako errepublikaren etorkizuna itzuliezina dela ematen dio askori baina hala ere, betiko interesek problema luzatu edo desbidera lezakete. Izan ere, 350 amerikar elkartek kontrolatzen dute Hego-Afrikako errepublikaren ehuneko hamaseia. Estatu Batuetako sei mila elkartek harreman handiak dituzte Hego-Afrikakoekin. Eredu bat ematearren, cromo, banadio, platino eta antimonioren inportapen osotik herena Hego Afrikari erosten diote Batasuneko Estatuek, eta beti bezala hortxe egoten da kakea.
T. Trifol
Sarrera
Jende arrunta, gure betiko jende ixil edo bozgailugabedunari, kazetalariek normalean ez diogu kasu askorik egiten. Haien aburuak baliogabekotzat kontsideratzen dira. Haien esanak, mesanak direla sinestarazi nahi digute. Hala ere, halako jendeak, historiaren atal garrantzitsuena idazten ohi du.
Jende ezezagunaren eritziak ez dira batere fruitugabekoak. Giza arruntaren ideiak gure pertsonaia famatuen desmitifikapenerako balio dute. Denatan bezala, herriaren jakituria adierazgabeari lapurtu egiten diote beren sentimentu, eguneroko lanez probetxatuz.
Horregatik hain zuzen, ANAITASUNAk irakurle guztiei norberaren ideiak azaltzeko, sail ireki bat proposatzen die. Sail ireki bat eta joko psikologiko bat batera. Urte honetan zehar elkarrizketen bidez irakurleen eritziak azaldu nahi ditugu. Proposatzen dugun elkarrizketa guztiz libre eta atipikoa izan daiteke. Hala ere erantzuleak 10 galdera zehatzi beharrezkoa luke erantzutea, beste gainerako galdera-erantzunak berak gehituz; nahi izanen duen modu eta erara. Beraz, galderaerantzun guztiak, irakurleak egiten ditu, 10 horiek ezik. Hamar hauei ere erantzun behar dio.
Elkarrizketa guztiak anonimoak izanen dira. Hau da, Anaitasunak ez du argitaratuko inongo elkarrizketaren egilearen izena. Hala ere, idazten duenak beraren karnetaren zenbakia, izena, adina eta lanbidea azal batean bidaldu beharko digu. Azalpen horiek gabe ez dira argitaraturik izanen.
Honarte gure asmoaren erdia azaldu dugu. Goazen orain sail honen bigarren partea azaltzera.
Bigarren parte hau joko psikologikoa duzue. Irakurleek elkarriztatuaren nortasunaren ageri batzu igerri behar ditu. Hauek dira: Adina (bost urtez gora behera), lanbidea, sexua, bizilekua (hiri edo herri handi batetan bizi den ala herri ttiki edo baserri batetan bizi den). Azkenez, elkarrizketa bakoitzari puntuak eman beharko dizkio, -5tik hasita +5 arte.
Puntu gehien hartuko duen inkesta irabazlea izanen da. Lehengo hiru inkestei Anaitasunak txapela eta zerbait gehiago saritzat emanen dio.
Elkarriztatuen datuak igerriko dituenari Anaitasunak urte beteko harpidetza dohaina eskeiniko dio.
Jokoaren bigarren parte honetan, ANAITASUNArekin lan loturak dauzkatenek ezin izanen dute parterik hartzea; bai aldiz, elkarrizketak prestatzekotan.
*Zer duzu maiteen mundu honetan?
— Gure Nazioneak ESKUKOTASUNA ardiets dezana, ta hunek ekharriren lerauzkegu akoluthiak.
*Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?
— Zoritzarrez, hemengo talde politikoak, ez dira euskal talde politikoak, zeren-eta ez bait dute nazionaraz egiten. Ez dakit, noiz ikasiko duten ezen, euskararik gabe ez dagotzala, ez euskaldunik, ez abertzalerik, baizik-eta españolkeria hutsa eta erdiphurdizko nazionalistaskilak.
Berhain, ba dagoz exzepzione batzu ere.
*Zentzu izen aipatuko zenituzke gustora? Zergatik?
Leizarraga, Axular eta Etxeberri (Sarakoa), euskal irazlerik onenak izan bait dira, ta Federiko Krutwig Sagredo euskal irazlerik onena bait da.
Batuaraz irazten dutenetarik Txillardegi aiphatuko nuke, bai eta J.R. Etxebarria ere, euskararen aldez egiten duenarengatik.
Ikhuspunktu politikotik Fernando Sarrailh de Ihartza, Heiko Sagredo de Ihartza, edo Ihartzatar Heiko Sagredo aiphatuko neraukezue, batez ere euskal prozessu iraultzailean eduki duen influentzia delata. Bai eta gure poeta ta bakhezalea Monzon.
*Zer nolako literatura gustatzen zaizu?
— Literatura ona, ta batez ere euskaraz ba da, Adibidez, Krutwigek izkiriatu dituen elheberria eta roman delakoa, Goi-Kultur-euskaraz balialurik thema interessantak aurkhezten derauzkigu. Euskaldunokorok hoik (themak) irakurtea anankaiotzat jotzen dut.
*Zilegia al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?
— Erran behar da, ezen gure herriko belhaunaldi biziak, gazteak baizik ez direla, zeren-eta zaharrek (edo-ta bihotz zahardunek) ez bait dute nehoiz ezer ore egin ethorkizunekoen aldez, aitzitik beren burnetan dirua, dirua ta dirua besterik ez dadukate.
*Gizona ezagutzeko aski al da norbere burua ezagutzea?
— Gnôthi seauton. Garaikarazko bi elhe haukiek adiarazten deraukutena, gu garena enthelegatzera heltzea lizateke.
*Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?
— Euskalherrian, bere burua iraultzailetzat jotzen duen bati, baldin-eta euskara ez ba daki edo ikasi gura ez ba du, erran behar generaukeo, ezen española dela ala putakume anepistemon bat.
Hemen egin behar den iraultza, euskal kultur-iraultza beharko luke izan, bainan hortarako INDEPENDENTZIA lortzea nahi-eta-ezkoa gertatzen zaiku.
*Euskarak etorkizunik al du?
— Baldin-eta Euskalherriak ethorkizunik ba du, euskarak ere ukhanen du. Euskara hilaz geroz Euskalherria ere hilen lizateke; bai EUZKADI delako bat geratuko lizateke, bainan erdara batuaz.
*Anaitasuna aldizkariari bagagozkio gai berririk sartuko zenuke?
— Bi plauma laburdara klassikoaz sartuko nuke.
*Anaitasunaz balorapen bat egin ezazu mesedez?
— Erabiltzen dituzuen euskara, bai-eta thema batzu ere, akribeiaz eginda dagotzala aithortu behar derautzuet.
*Eman iezaizkiguzu hitz batzuen esan nahia, mesedez.
— Bai, lexikon ttipitto bat emanen derautzuet:
ARDIETSI: erdietsi
AKOLUTHI: ondorio
LERAUZKEGU: lizkiguke
NAZIONARA: nazional hizkuntza
BERHAIN: haatik, hala ere, horregatio
BATUARA: euskara batua
IRAZLE: idazle
IRATZI: idatzi
DAGOTZA: daude
DERAUZKIGU: dizkigu
ANANKAIO: premiatsu, beharrezko
ADIARAZI: adierazi
NEHOIZ: inoiz
GNÔTHI SEAUTON: ezagut ezak heure burua
ELHE: hitz
HAUKIEK: hauek
DERAUKUTE: digute
GENERAUEKEO: genioke
ANEPISTEMON: ignorante
PLAUMA: orrialde
AKRIBEI: arreta, ardura, zehaztasun
DERAUTZUET: dizuet
LABURDARA KLASSIKO: Lapurtera klasiko
Jokoaren baldintzak
• INKESTARI DAGOZKIONAK
0) Irakurle guztiek parte har dezakete.
1) Makinaz edo eskuz idatziriko hiru orrialde bidali beharko dituzu.
2) Euskaraz. (Edozein euskalkiz). Ez kezkarik izan ortografiaz edo eta joskeraz. Zuzentzekotan geuk zuen dezakegu.
3) Asteriskoz doazen hamar galderei beharrezkoa duzu erantzutea.
4) Gehiago galdetzeko eta erantzuteko libre zara.
5) Izengabetasuna gordeko da inkesta guztietan. Hala ere bidaltzaileak karnetaren zenbakia, zuzenbidea eta izena bidali beharko ditu. Alderantziz, ez da argitaraturik izanen.
• IKERKETARI ETA PUNTU EMATEARI
1) Irakurle guztiek parte har dezakete.
2) Anaitasunako erredakzioa, idazleek edo eta kolaboratzaileek ezin dute atal honetan parterik hartu.
3) Postaz, eta bidaltzailearen izenarekin batera, ematen dituzun puntuak garbi azaldu beharko dituzu, puntuazioaren laukitxoan gurutze bat markatuz.
4) Berdin egizu ikerketari dagozkion galderekin, laukitxoan gurutze bat markatuz.
Puntu ematea
Elkarrizketa honi zuk zenbat puntu ematen diozu?
Ingura ezazu biribil batez
-5 -4 -3 -2 -1 0 +1 +2+3 +4 +5
Zure uztez, elkarriztatuak ondoko adina duke:
16tik - 23raino
23tik - 31raino
31tik - 39raino
39tik - 47raino
47tik aurrera
Zure ustez elkarriztatua:
emakumea da
gizona da
Zure ustez elkarriztatua:
hiri handi batean bizi da
herri handi batean bizi da
herri ttiki edo baserrian bizi da
Zure ustez elkarriztatua lanbidea duke:
Esku langilea
langile espezializatua
Arrantzalea edo Baserritarra
Goi mailako kuadro teknikoa (ekonomista, injeniadore, peritoa, medikua, abokatua), irakaslea, kazetalaria, etab)
Behe mailako kuadro teknikoa (Bulegolaria, idazkaria, ajentea etab)
Entrepresa ttiki baten jabea
Maizterra
Goi burjesia
Gaiak. Literatura
Edith Holdenen egunkari izkutua
"Ekainak 24: Gaur, uda hasten da... "Kukua, hegaz doala kantatzen duen hegazti eder bat da. Eta, zenbat eta gehiago ku-ku errepikatu, hainbat eta urdinago bihurtzen da zerua.."
Liburu berezi bat dut esku artean: "Naturalezarekin bizitzearen zoriontasuna". Hirurogei ta hamar urtetan izkutuan egon ondoren, hara non faksimil edizio koloredun batez agertzen zaigu liburudendetan.
Idazlea?... Emakume inglesar ezezagun bat, Edith Holden izenekoa. 1906.eko urtean zehar, emakume honek ihardun zuen bere, inguruan ikusten zituen flora eta fauna kuaderno batetan, marrazten eta apunteak hartzen. Eskuz. Arreta eta maina handiz.
Oso inpresio handia ematen duen liburu bat da. Agian, bere gogoeta, bere bertso maitagarrienaz orniturik eta naturalista izateatik aparte, akuarelagile zoragarri bat agertzen zaigulako... Dena den, hara hemen, egun iñolaz ere, idatziko ez zen liburu bat. Presarik gabeko bizitza baten hatsa dario Edith Holdenen liburuari. Are gehiago, nolabaiteko naturalezarekiko harreman galduak, sensibilitate berezi bat, iñoiz mojeen artean betearazten ziguten kuaderno baten kutsua du liburu honek. Letra txukuna, marrazki zehatzak, kuaderno apaina denborak horiztua...
Nahiz eta galdutako mundu baten agerpen misteriotsua izan, emakume hau oso gertu sentitzen dugu orrialden artean... Nolakoa izango zen? Zer gertatu zitzaiokeen beste mendetan, beste egoeretan jaio izan balitz?
Zer gertatu zitzaiokeen beste mendetan, beste egoeretan jaio izan balitz?
Zer gertatu zitzaiokeen beste mendetan, beste egoeretan jaio izan balitz?
Zer ez zitekeen izan, gizonezkoa izan balitz?... Londresa joan zela, eskultore batekin ezkondu zela eta liburuak ilustratzen zituela, besterik ez dakigu...
Emakumeak hasi gara beste emakumeen lan izkutu, aberats eta galduak errekuperatzen, hau baita premiazko lan bat, inork egingo ez diguna... Beste Edith Holden gerta ez dadin, emakumeek egindako lan isilak argitara atera daitezela eta balio duen emakumerik itzalean gera ez dadin.
Edith, anonima eta maitagarri hori, Tamesisen gaztaindoko loreak biltzen zegoelarik, ito zen. 49 urte zituen.
Mariasun Landa
Komunean irakurtzeko gaiak (3)
Hala ere Euskal Herri analfabetuarentzat eginik ez dauden letrero horiek biziki pozten gaitu ikusteak. Nork esango luke "Cambio de sentido" eta "Norabide Aldaketa" ez dela bat?, nork bata bestearen itzulpen zuzen, zehatz eta filologikoa ez denik? Eta gure filologo ospetsu guztiak laster bilduko dira Leioan eta euskarari azterketa eta zatiketa anitz eginen diote. Ez al da premiazkoa fonologia sinkroniko eta diakronikoaz luzatzea? Zer litzateke euskararen egoera Martinet-en hitzaldiari entzungo ez bagenio? Euskaltzaindiak hortako, zenbait goardia zibil gonbidatu beharko lituzke sinposium honetara, Lemoizeko kontzentraziolekuan bildutakoen batzu batez ere, zeren handik irtenda eta paisanoz jantzita euskarak duen diakronikotasun handia erakusten baitute kamino bazterretako euskal letreroak ziriborratuz. Ez al duzue inoiz halako diakronikotasunarik ikusi? Saia zaitez gau batez gasolina pote batez euskal ziriborratutako letreroak apaintzen eta ikusiko duzu zer nolako sinkronikotasuna hartzen duzun berehala. Gauza honetaz gain, biziki poztu gaitu Arabako Diputazioak zeinek benetako elebitasunaren alde betiko eta ohizko hitzalditxo botata erdaraz askotxotan soilik jo eta ke ari zaigu eta horregatik ez ditugu ulertzen ahal euskal zonetan ipini dituzten iragarki elebidunak ala elebitasuna bakarrik euskal zonetan?
Euskararen eta Euskal Herriaren problemak ez dira zoritxarrez iragarki berri ala zaharrokin konpontzen eta txantxak idazteko gaur gogorik ez dudanez, erabaki dut nire komuna honetako lagunei kasurik egin gabe, azken mokordoa sakatzea eta oporretara joatea.
T. Trifol
Gaiak. Pedagogia
Pedagogiaren objektua eta haurrekin zer eta nola lortu nahi dudan
Zalantzarik ez. Haurra da pedagogiaren (pedagogia zientziaren) objektua. Baina, beste giza zientziatan bezala, pedagogiaren kasuan ere, objektua subjektu da aldi berean. Eta haurra, pedagogiaren objektu dena, pedagogia honek berak subjektu mailara altxatu behar du. Hori du helburu, eta hori lortzen lagunduko dioten pedagogi-teknika guztiak ongi etorriak izanen dira.
Baina, inoiz, ez inoiz ere ez dira berdintzat hartu behar pedagogia eta haren teknikak. Teknika pedagogikoak pedagogiaren barruan sartzen dira, noski, baina pedagogia ez da bere tekniketara mugatzen.
Pedagogiaren oinarrian haurraren eta gizartearen ikuspen filosofiko (antropo-soziologiko) oso bat dago. Munduikustera bat. Mundulerkuntza bat, nahiago bada. Eta ikustera oso horren barnean hartzen dute zentzua pedagogi-teknikek. Textuak bere zentzuna kontextuan hartzen duen bezalaxe.
Honela, pedagogiaren eta beste edozein gizazientziren oinarrian, munduaren (gizon, emakume, HAUR eta GIZARTEAren) kontzepzio ezberdinak dakusatzagu. Hor ditugu, esate baterako, kontzepzio kristau eta kontzepzio marxista; zenbaitentzat antagonikoak, beste zenbaitentzat konpatibleak (elkargarriak) eta konplementariak askorentzat. Edonola ere, nola ukatuko dugu, kristautasunaren nahiz marxismoaren sustraian ikuspen eboluzionista bat dagoenik? Klasegabeko gizarte primitiboaren "ideian" nola ez errekonozitu Bibliako paradisua?, eta gizarte (zergatik ez emarte?) komunista zoriontsuaren ukronia eta utopian nola ez errekonozitu kristauen zeru utopiko eta ukroniko hura?, eta, hasierako paradisutik jaurti gaituen bekatutik askatzeko Liberazio Historian nola ebitatuko dugu martirien parean iraultzaileak jartzea edo lehengo santuegiaren ordez egungo iraultzaileen erahilketaren urtehurrenak ospatzea?!
Baina, kristautasuna nahiz marxismoa, Mendebaleko erara bizi ditugu guk. Areago esango nuke, kristautasuna, Sortaldean jaioa izanik, mendebaldu (okzidentalizatu) egin dugu. Kristautasunak Mendebala eta honen zibilizazioa bataiatu ditu, baina, ordainetan, Mendebaleko zibilizazioak musu pozoitsua eman dio. Eta honela, sortaldeko askoren begietara, mendebaleko kristautasun, marxismo eta zientziaren atzean domeinu —izpiritu bera dago maskara ezberdinen atzean.
Kristautasun proselitistari kristautasun kontenplatiboa, marxismo eboluzionista-inbaditzaileari marxismo estrukturalista-etnologista eta zientzia inperialistari zientzia ekologista oposatu behar zaio, Taoismoen Yin-a Yang-i oposatzen zaion bezala, printzipio arrari emea oposatzen zaion bezala, gaua egunari eta iluna argiari.
Baina, kontuz!, Sortaldeak egiten digun kritika ez da kritika exotiko bat. Mendebal bakoitzak du bere sortaldea eta sortalde bakoitzak bere mendebala. Eta hemen bai dela beharrezko sustraietara itzultzea: mendebala eta sortaldea oraindik diferentziatu gabe zeudeneko garaira, traszendentzia inmanentzian eta inmanentzia transzendentzian zeuntzateneko gunera, arra eta emea oraindik hermafrodita zireneko garaira, natura kultur bilakatzen hasi zeneko eta kulturak natura errespetatzen zueneko garaira, genital-haroaren nagusigoa oraindik sagaratu gabe dadukan haur perberso-polimorfoaren estadiora, nerbio sistema bejetatiboaren sinpatikoa eta parasinpatikoa oraindik bereizi gabe zeundeneko hartara edo nerbio sistema zentrala eta bejetatiboa oraindik bat zirenekora, nahiago bada.
Adarrak enborrean elkartzen dira. Mendebala eta Sortaldea, orientatzen dakien gizon, emakume, HAUR eta GIZARTE arengan elkartzen dira. Eta haurrak orientatzen ikasi behar du, espazioaren eta denboraren koordenadetan. Euskal haurrak euskal Lurraren euskal Historia bereganatuz lortuko du horizonte bat edukitzea, horizontean argi bat, euskal haur bakoitzarengan isladatuko dena.
"Eskola nazionaletan" euskara irakasle
Haurrek euskara ikastea de nire helburua. Areago konkretatuta, euskaraz hitzegin, irakurri eta idazten haurrei irakastea. Baina ez hori bakarrik. Euskara euskal gizartearen sorkari da eta euskal gizartea euskararen sorkari da. Hizkuntza ez da superestruktura bat. Behar bada, ez eta azpiestruktura bat ere. Estrukturen sailkapena posibilitatzen duen estruktura bat baizik. Ehiztariek beren hizkuntza hizkera dute, baina hizkuntzak posibilitatzen du ehiza; klasemaila bakoitzak bere hizkera du, baina hizkuntzak posibilitatzen du lana eta produkzioa (eta produkzio bitartekoen jabetzaren arabera sailkatzen dira klasemailak, neurri batean).
Euskara irakatsi erdal haurrak euskal gizartean bizitzeko gai egin nahi ditut, beren inguruaz jabetu ondoren, hau kritikatu eta hobeagotzen saia daitezen.
Hamar-hamabi urtekin euskara ikasi behar duen haurraren kasoa, ez da noski bere lehenengo hizkuntza euskara izan duenarena (zenbaitetan, eskolara hastean euskara ahantzi dutenen kasoan hala bada ere).
Haurraren eboluzioan, afektibitatearen eta adimenaren berezketan, hizkuntzak zerrikusi handia du. Adimenak afektibitatearen aurrean lortu duen autonomia, hizkuntzaren bidez lortu du. Autonomia erlatiboa, noski. Afektibitatez bapatean, itsu-itsuan eta inmediatoki lortu nahi lukeena, eskura ezina gertatzen zaio sarritan haurrari: amarekin egon nahi lukeenean adibidez, eta amak beste zerbait egin behar duenean. Orduan, eta ama aurrean ez dagoelarik; haurrak jolasez eta hizkuntzez errepresentatu egingo ditu amaren joan etorriak. Eta dei egiten ere ikasi egingo du.
Jakina, haurra hizkuntza jakin batez mintzatzen den gizarte familia batetan jaiotzen da eta jaioberritan ahozka ditzakeen hainbat eta hainbat fonemetatik, ezarian ezarian, inguratzen duen hizkuntzari dagozkionak "hautatzen" joango da. Hobeto esanda, ingurua izanen da haurrek ahozka ditzakeen hainbat adierazleetatik batzu hautatuko dituena; inguru horrek duen hizkuntzari dagozkion adierazleak, hain zuzen ere. Adierazle horik, eta ez bestek, hartuko dute adierazi bat inguru horretan. Honekin esan nahi da, hizkuntzak fonema batzu inposatzen dizkion bezala haurrari, mundura izateko era asko ere eskaintzen dizkiola. Neurri handi batetan, hizkuntza bat kultur gordailu bat da, gure aurretikoek ingurua egokitzeko erabili izan dituzten sistemen bilduma moduko bat. Tradizioari lotzen zaio neurri horretan. Baina, beste neurri batetan, eta hizkuntza bakoitzak eskaintzen dituen posibilitateei esker, hiztun bakoitza sortzaile ere bada. Areago oraindik, sortzaile behar du izan. Hizkuntzaren arauak jarraituz batetik ("normaltasuna") eta esaldi berriak, konbinapen berriak eginez bestetik ("normaltasuna") eta esaldi berriak, konbinapen berriak, eginez bestetik ("normatibitatea"), lehengoen kulturaz hornitu den gizakia kulturgile gertatzen da.
Baina, eta lehengora gatoz, hizkuntzak adimenaren eta afektibitatearen berezketa eragin badu haurrarengan, hizkuntzak afektibitatea eta adimena, bibiak, kokatzen diren zoru komunean ditu sustraiak. Eta zoru horrek segurua behar du izan.
Zoru horri zimenduei dagokien sendotasuna damaiona "funtzio amatierra" deituak behar du izan. Haurra oraindik bere funtzio elementalenak betetzeko gai ez denean, amak han egon behar du beti prest, oraindik zilbor-heste ikustezin batek elkartuko bailitu ama eta haurra.
Zimendu hori ongi finkatuta gero, haurraren ahalmen sensorio-motrizak helduago daudenean, bere premien asabetetzea atzeratu eta diferitzea posibilitatuko dion errepresentazioa (eta hizkuntza) sartuko da eszena. Hemen, aitak edo haren ordezkoak zerrikusi handia edukiko du.
Hau guztiau, euskara lehen hizkuntza izan duen haurrari dagokionez. Baina, zer esan hamar-hamabi urtez ikasi behar duenari buruz? badirudi, kasu honetan, zailago dela sustraiak zoru sakonean botatzea. Hamabi-hamabost hilabetekin "ez" esaten ikasten duen haurrak, aldi berean burua ezker-eskuin mugitzeko gai delarik, lurra gozatu berria du sustraiak botatzeko. Baina, nork prestatuko ditu Euskal Herrian, intelektualki ezezik afektiboki euskara irakasteko kondizio egokiak (80 txiki-txikitatik hitzegiten ez dutenentzat)?
Hori lortzen ez badugu, euskara eta euskal kultura galduak ditugu.
Adimena eta afektibitatea oraindik bereizi gabe zeudeneko zoru komun hartara itzuli behar dugu, haur bati euskara irakatsi nahi diogun bakoitzean. Eta haur bakoitzak egin behar du euskararen bidez afektibitatearen eta adimenaren berezketa. Irakasle bakoitzak bete behar ditu, bat bestearen atzetik "funtzio paternala" (aitak hizkuntza dakar, amaren ausentziekin batera). Eta eginkizun hori ongi betetzeko inguruaren laguntza behar du.
Euskal Herriaren hizkuntza, hemen bizi den haur bakoitzarengan zimendu hain sendoan gerta dezagunean, haurra hizkuntza horretan subjektu izanen da.
Helburu horietarantz zein bidetatik?
Haurrak, subjektu izaten hasteko, ez du hizkuntza ongi ikasi arte itxoin beharrik izango. Gehiago oraindik. Hizkuntzarik ez du ongi ikasiko hasiera beretik subjektu izaten hasten ez bada. Erabiliko dugun metodoak eskuhartzera, asmatzera, sortzera eraman behar du haurra; bestela aspertu egingo delako bakarrik, beste biderik ez dagoelako baizik.
Hizkuntza zentzun guztietatik jaso behar dute haurrek: nora joan gaitezke telebista edo bandessinés barik?, eta non ikasiko dugu ba astronomiaz hitzegiten mahaian ez bada? ("garratza", "mikatza", "gazia" eta "geza"k esanahi eta karga afektibo ezberdinak dituzte, eskolako pupitrean itzulpen bezala ematen dizkigunean edo sentitzen-perzibitzen ditugunean, euskaraz sentitzen eta perzibitzen ditugunean. Eta hemen ere, zapore ezberdinen genealogian, sustraietaraino itzultzen saiatu behar du hizkuntza batetan maisu bihurtu nahi duenak). Hizkuntza batek, belarrietatik bezala sartu behar du begietatik, ukimenetik, usaimenetik edo dastamenetik. Eta zentzun ezberdin horien integraketa ere (dela dienzefaloan, talamoan dela cortex-ean) euskaraz egin behar da.
Zentzun eta perzeptzio alderdiari buruz esan duguna luza dezakegu alderdi mugikorrera. Aho kordak ezezik, gorputz guztia mugitu behar da hizkuntza batetan; eta giharre estriatuak ezezik, giharre leunak ere bai. Harraren motrizitate guztia euskaraz, nerbio sistema zentralaren esanera dagoena bezala, nerbio sistema autonomoaren esanera dagoena ere: haurrak euskaraz barre egiten, euskaraz negar egiten, euskaraz hitzegiteen eta euskaraz kaka-egiten ikasi behar du.
Honela, sentikortasun eta mugikortasun zenestesiko eta diakritikoz ihardun behar badu haurrak euskaraz, eta hori beharrezko du sortzaile izan nahi badu, haurra bizitzako situazio errealak errepresentatzen jarri behar dugu hizkuntza horretan (nola egin hori berrogei haur ditugunean klase bakoitzean?). Ikasitako elkarrizketak errepresentatzea asko gustatzen zaie haurrei: taldeak eginez, haur denek eskuhartzen dutela, denek ikasten dute eta ongi pasatu ere bai.
Sarritan haurrek ez dute beste haur baten interbentzioa errespetatzen, nahiz ta norbera ari denean denak erne egotea nahi izan. Hemen, ez da erraz "narzisismoa"-ren eta "altruismoa"-ren oreka topatzen, batez ere haur kopuru gehiegia dugunean e.a. (Lan hipotesi bezala sikanalisak erabiltzen dituen "niaren libidoa" eta "objektuaren libidoa" kontzeptuek legun diezagukete, behar bada, fenomeno hori deskribatzen).
Kopuruaz gain, badira beste problema batzuk ere, haurraren eskuhartzea zailtzen dutenak. Horietatik bata hau da: beste gaietako irakasleek sarri-sarritan "beren gaiak" zeharo zuzenduak eta dirijituak ematen dizkietela. Orduan, haur hauei beren iritzia eskatzen zaienean, edo gaien aukeraketa planteatzen zaienean, uste izaten dute irakasleak ez dakiela zer eta nola eman. Eta berentzat festa bat dela. Bakoitzari esaldiak egin eraztea, marrazkiak eskatzea eta taldekako lanak bultzatzea beharrezko izaten da haurraren partizipazio akuilatzeko.
Gaurko metodoek aukera handia ematen dute harraren eskuhartzea bultzatzeko. Haurrak ez ditugu jarriko, gaur, hiztegi-zerrendak eta deklinabide aspergarriak ikasten, behinola latin eta greko ikasleak iharduten ziren bezala. Hitzak beren kontextuan sartzen eta beste kontextu batera aldatzen pozik ihardungo dira haurrak, kontextu hori haurraren munduaren kontextu zabalagoan sartzen denean.
Haurrari zail egiten zaio, kontextu batetatik ateratako hitz bat beste kontextu batetan sartzea (situatzea), edo kontextu batetan lehen erabili ez den hitz bat sartzea. Baina, arazorik latzena motibapenarena dugu. Gure lantxoan, zeharka bederen aipatu dugun arazoa.
KLAUDIO
Gaiak. Soziologia
Esoterismoa (1): Erdi Haroko jokabide magikoa
XII, gn. mendean zehar sortu ziren Europako mendebaldean hiru mogimendu esoteriko nagusi. Haietako bik Frantzian den Languedoc eskualdean ikusi zuten argia, kataroen heresiak eta kabala mogimenduak hain zuzen; ikusbera da nola, alde batetik, kabala planteatu zen hasiera batetik mogimendu mistiko bat bezala zeinen jatorriak Alejandriako "esenio"en komunitate galduetan oinarrizta litezken. "Esenio", greziar hots batetik datorkigu, "osioi" delakoa puro edo garbi esanahiaz. Eta beste aldetik, nola kataroek ere hartu zuten izena ekialdetik etorritako eritzietatik, hain zuzen ere garbi esannahi horrekin.
Hirugarren mogimendu hori tenplarioena zen. Eta oso ikusberatzat jo daiteke jakitea ezen, nahiz eta tenplarioak nola edo hala katolikotzat eta Paparen menpekotzat hartuak izan sekula ere ez zituztela beren buruak kataroen etsaiak aldarrikatu, azken hauek guztiz sakailaturik izan zirenean kruzada harrigarri bat zela medio. Eta juduei dagokienez ez bakarrik harreman onak izan zituzten tenplarioekin, baizik eta berauen defentsapean ere noiz behinka agertzen dira.
Goian aipaturiko gauzak errazki har daitezke kasualitatetzat beste ekintzezko hiru loratze hauen ondoan sekula ez onarturiko sinkretismo bat, egiaren bilakaera berdintsu bat zegoela. Eta arrasto guztien arauera egiaren bilakaera hau ez bide zetzan fede itsu batean baizik eta berezko barnearen ezagueraren menperatzean sinesmen ofizialeak deliberatuki ezabatu zutelarik denporetan zehar, botere espirituala erdiesten ari ziren neurrian.
Lojikoki, bilakaera esoteriko bat sinbolo batzuk direla medio manifestatu behar da; sinbolo hauek koinzidituz gero helburuzko egokitasunez sinistu beharra dago. Kataro tradizioa aipatu ditugun persekuzioengatik ezin zenean jadanik manifestatu, sinbolo kultural nagusi bat bihurtu zen; trobadoreen "amodio kortesa" delakoa. Trobadoreek jaso zuten hizkera kriptiko eta nahastarrian poesia erotikoaren itxuraz ezaguera trazendenterako bide esoterikoa erakusten zuten egiatan. Sistematikoki agertzen da poemagintza honetan: arrosaren sinboloa, gizakiaren helbururik garbiena bezala, beti guztiz arantzez borobildurik merezi ez dutenek lor ez dezaten. Hola diosku bederen Jean de Meung-ek, "Roman de la Rose" delakoaren trobadorerik garrantzizkoenetakoa, ezberdinketa argi bat egin ez ere, arrosa gorri eta zuriaren artean.
Eta arrosa sinbolo hau funtsezko sinboloa da juduen kabala mogimenduarentzat jadanik Salmoetan ikus dezakegun bezela, nahiz poema profetikoetan ere, non arrosa gorriak eta zuriak errepresentatzen dituzte zigorturiko eta purifikaturiko gorputzak, errespektiboki, Israel-en. Tenplarioek ere, beren aldez, sinbolo hauek jaso eta berenak bihurtu zituzten, koloreak erabiliz (kapa zuriak, gurutze gorriak) eta are gehiago, tenplarioen konbentuak egondako inguruetan gaur egunean geratzen zaizkigun izen toponimikoak, erdarazko "espina" izenarekin erlazionaturik: Espinaredo, Espinosa, Zarzal, El Espino etabar luze bat.
Esan dugunez, Erdi Haroko kabala Languedoc-en sortu zen. Hartan ere idatzia zen lehen textu kabalistikoa "Sefer Yetsira" delakoa. Lehen maisu honen dizipulu batzuk Espainiakoak ziren, nola Isnak ben Latif Toledokoa edo Jacob ben Jacob Soriakoa; oso laster erakarri zuten dizipulu hauek kabalaren jakintza Segovia, Valencia, Cáceres, Gerona, Toledo, León edo Mallorcara. Hiri hauetan, sinagogaen itzalpean estudiatu egiten zuten jakintza definitiborako bidea metodo okultista tradizionalak zirela medio.
Eta bide hori berori zen tenplarioak afanean bilakatzen ari zirena. Kasualitateaz edo ustegabeko kointzidentziaz pentsatzeko lekurik ez dagoela iruditzen zait, posible dela eta, gaur egun ere, tenplarioen finkapen peninsularrak orduko hebraitar gunerik nagusienen inguruetan kokatzea. Gehiago ere esan genezake, Aragoi erreinuan gertatu zela batzutan ezen tenplarioek espresuki eskatu zituztela holaxeko txokoak beren tenploak eraikitzeko hiri konkistatu berrietan; Mallorcan esaterako "juderia" hauzunea "partida Templi" izendatu zen aurrerantzean Temple ordearen konbentu nagusia bere arrimuan baitzegoen. Beste lekutan, aljama (juduen hauzunearen izena) errege beraren babespean zegoen (Valenciakoa, Jaime-I, arekin). Bide horretik pentsa liteke hurbiltasun geografiko hau hurbiltasun ideologiko bat bihurtu zela; Mallorcan bertan, Kabalaren zientziak eta mistikak mundutik gorde iraungo zuten luzaro, baina indirektuki Raimon Llull bezalako besteren gogoen bidez azalduko zen: Raimon Llull-ek bere "Ars magna" delakoan ez bakarrik bere inbestigaketa metodoan baizik eta itxura jenialak diren kosmo ezaguerari buruzko teoria batzuk kontsideratuz, nabari dago kabalaren esentziarik sakonena.
Zenbait gune peninsularretako juduen presentzia masiboa ezin liteke Errekonkistaren joeragatik bakarrik esplikatu (mendatan zehar despoblaturik izan ziren hirien berpiztea), ez eta esan juduen presentzia hori heterodoxoak deritzaten mogimendu batzuen sorketarekiko kontenporaneitatea koinzidentzia zenik ere. Adibidez Leon-en kasuan; hiri honek suposatzen zuen juduentzat, eta haien artean kabalistentzat, egiazko espiritualitatearen eta jakintzaren xede bat. Eta Leon-en bertan, aldien gauean keltarren errito druidikoak igaroz ikusi izan zituen alderdi horretan sortzen zen, aljama juduarren nagusigoarekin batera, katarismo ernamuin izugarri bat, Don Rodrigo apezpikuak krudelki jarraikia eta exterminatua; dirudienez, Leon-go biztanleek lurperatu zuten kataroen tenploa baina ondorio aparente bakarra Leon guztia erauntsi zuen sute irenskor bat omen zen, diabolikoki geldituz salbo aljama eta kataroen etxeak.
Lucas de Tuy-ren kronikaren araueran, Leon-go kataroen errakuntz dogmatikoak honako hauek ziren: Elizaren kantuen eta errituen errefusa, kanpai deiarena, eta "hiru besoz eta hiru iltzezko" gurutzearen benerazioa. Jakina, gurutze hau T itxurazkoa da, tenplarioena.
Hemen, bapatean, mogimendu okultisten harreman esoterikoen oso kataiatze nabaria dugu. Leon erreinuan bertan tenplarioek Ponferradako gazteluan erdiratuak neurrigabeko domeinuak zeuzkaten. Gaztelu honetan, gaur egunean hondamendi oso bat izatearren, ikusi ahalekoak ziren eta dira dorretan marrazturik dauden TAU (T gurutze) batzuk; izan ere, domeinu hauek Fernando II erregeak emanak zitzaizkien tenplarioei, errege honen trobadoreen eta kataroenganako begikotasuna oso ezaguna delarik.
Joanes Urkijo
Oso txikia nintzelarik jaio nintzen mundura, neure mundutxora, eta inguru-mariako kezkak eta ezinegonak neure altzoan zamatuz, pentsaera sofistikatuegiak eta burutapen bihurgunetsuenak bestetarako utziz, orri zurixken lagun mina nintzen bihurtu, tintaren ohekide betikorra. Sarritan, agian maizegi, oldartzen nintzen koleratsu, menderatu nahi ninduen eskuaren kontra. Eta Blasteko izugarria jasan behar izaten nuen, indarge, mantso-mantso.
Jaio nintzen nuen, indarge, mantso-mantso.
Edonondik zetozkidan begi-jotze inplakableak. Ni ez nintzen errudun baina. Ezen, zein dateke nire hobena gizartea garatuxez baldin badoa? Ostera lapitzek hori ez dute inoiz ulertu, eta ba dirudi sekulan ere ez dutela adituko. Eta nik adiskide izan guranahi nuke, denon adiskide: eskuen adiskide, sudurzuloen adiskide, Txinako tinten adiskide, pentsamenduen eta hitz idatzien adiskideago... Asko ikasi baitut orrialdeetan zehar ibiltzen, paper mota guztiekin saltatu baitut eta nahiko eklektiko bihurtu ere.
Ba dira izaten Komunikatiboago nagoen uneak, zeinetan urtzen bainaiz atseginez, sartzen naiz bilakari zuritasunean, zipriztintzen ditut hutsuneak oro. Eta holakoxeetan ez ditut laket kondoiak, ezin baitezaket senti barnekotasunaren biluzitasun osoa, nire indarraldiak galtzen dira pareta hozkituen aurka. Ez da bidezko. Ez girozko.
Gainera, lerrutzaile hipersentikorrok berehala nabaritzen ditugu geure arteria eta zainen odol geratuan ingurutzaile estrainioak, eta ez gara askatasunez mugitzen. Gizakia bezalakoxegiak gaituzu. Noski, askok uste du guztiz baliogabeko eta hezigaitzek garela, hori ezkulturaren arazoa da baina. Neuk, Boligrafo Idazleorrieta, ez dut ezelakotxo beldurrik neuretasuna azaltzeko; eta prakak erantzi ezin baditut ere, prest nago estaltzen nauen inkonpresiozko oihalari haize emateko, inoiz baino neuago agertzeko.
Esana geratzen da, bada. Boligraforen hitzñoak dira. Hitzaren menpeko.
BEHEAN NAGOEN
Karlos Santisteban
Gaiak. Kultura
Bimini, kultur ezezagun baten giltza
- 1979ko martxoaren 11an, Bimini ugartean, operadore polako batek itsas azpian zeunden kultur ezezagun baten aztarnak arkitu eta fotografiatu zituen.
Dare Yavorki deitzen den operadorea, Bahamas ugarteetara itsasoaren misterioei buruz filma bat egiteko joan zen, sobietar filmazio-talde baten barruan lan egiten zuen. Eta itsas azpian zegoenean ikaragarrizko etxe eta harresiak agertu baten ondoan zegoen izugarrizko bide zabala iruditu zitzaion, eta ondoko aztarnek portu eta kai baten antza osoa zeukaten. Han, ur azpian atera zituen argazkiek, zirrara berdina ematen dute.
- Bimini ugartearen inguruetan eta ia ia egun berdinetan, Richard Watgate arkeologo amerikanoak estatua eder batzu aurkitu zituen. Estatua hauek haien egileen aurrerapen teknikoa argi eta garbi azaltzen digute.
- Gaur egun, aztarna hauen aurkikuntza, amerikano eta sobietikoek Atlantiko Itsasoan eramaten dituzten bilakerak, eta Egeo Itsasoan J.Y. Cousteau komandanteak egindako esplorazioen bidez, lurralde hauetan piramideen kultur haundi bat zegoela esan dezakegu bildurrik gabe.
Eta oraindik gehiago ausartuko bagina, kultur zabal horren zilborra Atlantiko Itsasoan egonen zela, esango genuke ere. Nire ustez, zilbor hau ez zan oso txikia izango, Andes mendikatean hasiko zen, Atlantikoaren erdirikan pasatzen, Egeo Itsasoan, Kretaren iparraldean bukatzeko baizik. Eta kultur zilbor honi, Platoren Atlantida deituko bagenio...?
- Lurralde hauekin Ameriketako kultur haundiek, Kreta, Egipto eta Mesopotamiakin dituzten berdintasunak esanahi logiko bat izango zuten behintzat. Goiko esaldietan aipatu ditudan lurrak kultur hauen tarteko zubia edo korapilo galdua izan zinterezekeen.
Tiahuadako-ko zibilizazio galdua
- Andes mendietan dagoen hiri hontan, (Tiahuanakok euskaraz "hilerria" esan nahi du), hasten bagara ondo begiratzen, monolito erori asko ikusiko dugu, eta haien tartean igeltsero eta langileen lantresnak. Monolito eta estruktura zahar hauek, bi aldiz aztertzen baditugu, portu baten oroimena ekarriko digute.
Potsdam arkeologoak portu honen zahartasuna Kristo baino lehenoko 9.950 urtean kalkulatzen du ere gutxi gora behera zabalekin, noski! Eta orain etortzen da garrantzitsuena: Platonek bere idazkietan Atlantidaren urperaketari buruz, Solon, Kritias, Krantor, eta Saisko sazerdoteen ipuinak jarraituz, kontatu zuena, urte berdinetan gertatuko zen.
Baina Atlantida geologika hau urperatu zen bitartean, itsasertzean zegoen Tiahuanako altzatu zen eta gaur egun 9.950 metro ditu itsaso gainetikan.
Bainan lurralde zabal hau ez zen osoa urperatu, ugartekatea bat gelditu zen baizik. Eta ugarte hauen tarteko haundiena Saisko sazerdoteen liburutegietan Poseidonia izenarekin ezagutzen zutena. Eta orain bai Platonen Atlantidarekin sartzen garela.
Kreta, Eurasia, Afrika eta Ameriketako piramideen zibilizazioen azken zubia
Ameriketako kultur haundiek, Mesopotamia, eta Egiptokin duten paralelismoa maila guztietan, oso argi agertzen zaigu, eta batez ere beren piramideengatik.
Bainan harrigarriena Kretako zibilizazio minoika dugu. Eta Egeo Itsasoko ugarteak, Atlantida horren azken aztarnak izango balira...?
Kretan dauden aztarnak aztertzen, gaur egun bere kultur minoika ospetsua ezagutzen dugu piska bat. Badakigu oso kultur garrantzitsua izan zela, bainan oraindik ez dakigu nola eta zergatik desagertu: zen.
- Oraindik zihur inork ezin du esan, bainan bere desagerpena hor dago, desafio bat bezala.
Gaur egun Kreta ondoan dagoen Thera ugartea, sumendi baten izugarrizko kaldera dela demostratu da. Kristoren baino lehenoko 1.500 urtean kalderarik ez zegoen. Bainan urte hoietan, (fluktuazioi haundi batekin), sumendia su eta garretan hasi zen, eta erupzioarekin lurrikara haundi bat sortu zen ere. Zorigaitzez Thera ugartea epizentrotzat zuen ondamendia, ez zen hor gelditu, eta 35 eta 40 metroko uhainak altzatu ziren. Zihurrena, uhain hauek, Therako sumendiaren erupzioekin, eta lurrikarekin batera Kretako kulturarekin bukatuko zuten.
Lan labur hau egitean ez nuen ezer demostratu nahi, ezta askoz gutxiago ere ez, bakarrik Mesopotamia, Egipto eta Erdi eta Hegoamerikerako kulturetan dauden paralelismoetan (piramideen paralelismoan batez ere), piska bat zirikatzea.
- Hortako behar nuen zubi bat, korapilo bat, lurralde hoiek komunikatzeko, eta zubi hori Bimini Eta Kretako ugarteetan arkitu dut. Ez dakit ideia hau ontzat edo txartzat hartuko duzuten, baina hala ere hor dago.
Karlox Barrentsoro
Donostiako XV. Jazzaldia. Genuino sabor americano
Notek jauzi egiten zuten, ilargiak argitzen zituen Missisipiko uretan, entzuleak berenganatuz.
1619. urtean Virginia Estatuan, Afrikatik zekarzten esklabu beltzen lehen desontziraketa izan zen. Beltzak, bere etengabeko lanaren ondorioz, bere frustrazioa, bere askatasun gogoak, bere erritmoa deskargatu behar zituen, arraza beltzaren ariman sortutakoa, baina esklabutza eta lanaren markotik at ulergaitza den musika baten bidez.
Musika hau, Afrikako tribuen eta Antillas uhartetako beltzen erritmoen nahasketan oinarritua, zurien musikari errefusa eta beltzaren jatorrizko expresio bezala sortu zen.
Hemendik aurrera dena historia da. Nueva Orleans-eko jazza, soul, spiritual, gospel, swing, bop, cool, freejazz, etab, beltzen musikak bere bilakaeran izan duen zenbait forma besterik ez dira. Bitartean gizarteak musika hau industrialeztatu egin du, Jazz-a Amerikako beste irudi batetan bihurtu arte. Eta Amerikatik ere etorri dira aurten Donostian izan diren profesional guztiak, nahiz Gato Bardieri Hego Amerikakoa izan.
Oroipenak soinu eginak
Talde amateurren lehiaketaren (geroxeago aztertuko dugu hau) sari banaketa eta irabazleen jardunaldia bukatu ondoren gau oroigarri batetaz gozatu ahal izan genuen. Historiarako gelditu diren Duke Ellingtonen melodiek desfilatu zuten gure aurrean, Mercer Ellingtonek zuzentzen duen orkestari esker. Duke Ellingtonen semea izateak eragin handia izan du Mercer-en lanean, nahiz berak hasieran bere bidetik jo. 1939. urtean sortean sortu zuen bere lehen orkesta, Calvin Jackson, Dizzy Gillespie, Clark Strayhorn eta beste batzuk bertan izanik. Gero Sy Oliverren taldean eta Cootie Williams-en orkestan ere parte hartu zuen. Bere asmoa, aita galdu ondoren, Duke-ren orkestako partaide izan zirenak biltzea izan da, bere aitaren oroipena eta kantuen soinua bizirik gordetzeko.
Benetan merezi zuen moldaketa horien swing-a, Anita Moore-n ahotsaren malgutasuna, bakarlarien jardunaldi zoragarria eta Cootie Williamsen tronpeta mitikoa entzuteak. Lastima, bukatzean aulkitik jeiki beharra, ametsak porrot eginez.
Tronpetaren lilura
Sinestezina zirudien D. Gillespiek orain dela 5 urte bere jardunaldiaz sortu zuen giroa gaindi zezakenik. Baina errealitateak aurreikuspen guztiak garaitu zituen. Hura zen tronpeta jotzea, hura jazz-a sentitzea! Honelako zerbait izan behar zuen D. Gillespiek Pasadena Civic Auditorium-ean 1948. urtean "bop-a" konsakratu zueneko gauak. Azken urte hauetan berarekin jotzen duen neurrizko hirukoarekin, showman honek, bere 63 urtetan, jendeari gustatzea eta konbenzitzea lortu zuen, bere tronpetaz berak duen guztia entzuleriari emanez, Roy Eldridge eta Charlie Parker-ek beregan utzi zuten eraginari leial izanik.
Dizzierentzat —prentsa mahaian esaten zigunez— musika hain da zabal, berak oraindik brasildarren experientziak eta jazz-en sustraiak diren gospel eta blues ikertu behar dituela, dena musika bihurtzeko, inongo etiketarik gabe.
Eta entzun geniona benetan MUSIKA zen.
Han geunden 9.000 pertsonen aurrean, azaldu zen ere Dizzie-ren ikasle den Freddie Hubbard. Tronpetista honen prozesua nahiko berezia izan da, oso talde inportanteetan parte hartu ondoren, hala Arte Blakey eta Quincy Jonesenean, bere tronpetaren soinu argi eta indartsuarengatik ezaguna egiten hasi zen, "hard bop" joaz. Gero "Ascension" eta "Jazz free" diska nagusien grabaketan parte hartu zuen, rock and roll entzuten zuen jendea jazz-arentzat berganatzeko asmoz, baina experientzia hau ez zen oso ondo irten, jende bere musikatik ez baitzen ateratzen. 70. urtekadan jazz fussion jotzen hasi zen (honek jazz free baina zehatzago neurtzen du erritmoa). Urte horietan USOP taldearekin jotzen zuen zenbait doinu entzun ahal izan genuen, Jazzaldiaren hirugarren gauean. Bere jardunaldia, zehaztasunez betea, erdian jo zuen balada kontutan harturik, zoragarria izan zen; nahiz entzuleriari kontentatzeko asmoa nabari izan, batzutan eginaldia matizetan urriagotuz.
Ez da urre, diztiratzen duen guztian
Itxarobizi ezohitu bat sortu zen Jazzaldian Gato Barbieriren inguruan, Bere izena guztien ezpainetan eta Donostiako kaleak komentarioz beterik zegozten. 44 urteko argentinar honen jardunaldiak jendea bitan defraudatu zuen: eginaldiarengatik eta beregandik espero genuenarengatik. Ez da gaur goizeko kontua eta bere jardunaldiaren inguruan sortu ziren zirkustantziak hobe izanen da ahaztea, (dena dela, bera ez zen denen erruduna, hau ere garbi utzi behar dugu). Baina musikaz mintzatuz, hau baita interesatzen zaiguna eta bakoitzaren dastamenak alde batera utzirik, "Under Fire", "El último tango en Paris" edo "Chapter" en garaia atzean gelditu dela onartu beharko dugu denok, ikusitakoa eta entzundakoa kontutan hartuz. Bere saioa goiargi gabe eta deszentratua izan zen. Taldeaz hobe ez hitzegitea, etab, etab.
Hitz batez, erbi sartu beharrean, Gato sartu zigutela.
The black is beautiful
Zuritik beltzara, diborengandik profesionalarengana, autoatseginatik talde lanera, 12.000 pertsonen itxarobizi hutseginatik azken saioaren apoteosira.
Art Blakey-k entzuleria bere aulkietatik goratzea lortu zuen, swing ez beteriko jazz moderno eta talde lan interesgarri baten bidez, bere 10 lagunei egiten utziaz, eskolan bat eratzea (esate baterako F. Hubbard, Chuck Mangione, Horace Silver eta Clifford Brown-ek berarekin ikasi zutela kontutan hartu behar dugu) eta jendeari jazz saio ahaztezin bat eskeintzea inportanteena dela jakinik.
Entzundako standarak, big-banden ohizko doinuak eta bakarlari guztien jardunaldia ikasgai bat izan ziren beste interprete batzuen izenaz bakarrik gidatu zirenentzat, kalitatea merkatalarekin askotan mokotatua dagoela susmatu gabe.
Urrezko krisketa bat izan zen hainbat jende bereganatu zuen XV. Jazzaldi honentzat.
Besteei buruz
Non stop
5 izan ziren aurten, aukera baten ondoren, talde amateurren lehiaketan parte hartu zuten taldeak. Gehienen musika, dirudienez maila honetan Europan (taldeak Inglaterra, Belgika eta Alemaniakoak ziren) gaur egiten denaren isla bat, O. Coleman, John Coltrane edo Chick Coreak, esate baterako, markatu duten jazz moderno eta jazz kontenporaneoaren artean oin dezakegu.
Aipamen berezi bat merezi dute, eta ez irabazte hutsarengatik, Inglaterrako taldeek, beren jokaeran eduki zuten indarrarengatik eta nahiz talde bezala oso ondo berrendikatuak egon, musika tresna bakoitzari askatasun eta prezisio bat eman ziotelako.
Hitz batez, kontzertu jator xamar hasteko. Ez dago gaizki.
Sariak honela banatu zituzten epai-mahaikoek: Talderik onena: Inglaterrako "Stinky Winkles" izan zen eta John Donaldson bakarlarietan, bigarren geratu zen "The Trevor Kaya Quarter" taldekoa.
Euskal Herriko taldeen jardunaldia
Entzuleri gazte eta ez oso ugari baten aurrean euskal taldeek beren musika aurkeztu zuten, jazz egiteko pretentsioz baina rock saio bat (dena dela, gauza hauetan hitz sailketa bat egitea zaila dela denok dakigu) eskeiniz, bigarren geratu zen Bizkaiko "Alen" taldea eta irabazle izan zen Donostiako "Eiderjazz" ez ezik. Bikote honek, kitarren arteko elkarrizketa jator bat sortuaz, brasildar musikarekin zerikusi bazuen jardunaldi meloditsu eta gozo bat eskeini ziguten. Getxotarrei jazz moderno baina standard xamar bat entzun genien.
Garbi dago oraindik bide luze bat gelditzen zaigula Euskadin jazz talde on batzuk edukitzeko. Arazoak hor daude, musika honen zabalkundetik hasita, kostuak arte. Aukera hau probetxugabekoa izan ez dedin espero dugu, horrela Jazz-a urtean 5 egunetan zehar entzuten den zerbait baino gehiago izanaz.
"Jazz"
Aipatu beharra dago hemen Donostiako XV. Jazzaldiaren barruan izan zen aldizkari baten aurkezpena. Espainian hain gutxi ezagutzen den musika honen inguruan sortzen diren berriak ezagutzeko aukera izango dute Jazz-a maite dutenek. Bartzelonan (Fin Ediciones, Diagonal 310) egingo duten aldizkari honek "Jazz" du izenburutzat eta hilero aterako da, ahal bada behintzat. O zenbakiak, aldizkariaren sailak aurkeztu ondoren, Bill Evans-i buruzko artikulu sakon bat dakar.
Ikusitako filmak
- TO THE COUNT OF BASIE
- NEWPORT JAZZ FESTIVAL 1962
- CHICAGO BLUES
- LARRY JOHNSON
- HOOTIE'S BLUES
- GOOD MORNIN'BLUES
- IT'S A MEAN OLD WORLD
- FRANKLY JAZZ
Pozik gera gaitezke hurrengo urteko Jazzaldiaren zain, Jazzak urtean behin bizi den zerbait ez duela izan behar jakinik.
Lortuko al da zerbait Euskadi mailan? Finkatuko al dira Jazz jotzen hasi diren taldeak? Herrietan jotzeko posibilitaterik edukiko al dute?
Interesa duzuenentzat ondorengo zenbakian, zein irratitan eta zein ordutan jazz entzun dezakezuen, informatuko dizuegu.
X. PORTU
Gurutzegrama
L. Trask
Jaunak:
Txillardegi-Altuna-Mitxelena eztabaidari buruz: Pozik nago, Euskal Herrian —ingelesez esaten dugunez— izara zikinak denon begien aurrean garbitzen dituzuela ikusteagaitik. Hobea da, akusazioak Anaitasuna-ren horrialdeetan ikustea, zoko ilunetan entzutea baino.
Gai honetan, nik ez dakit egia zer den, eta ez dakit nork duen arrazoia. Baina hizkuntzalaria ta euskalaria naiz, eta gauza bat ba dakit: Santamañenekoak esaten duena, 403. zenbakiko 12. horrialdean, ez dela egia: "Mitxelenak ez du askorik idatzi azken aspaldi hontan" (hau da, 1964. danik) —La Lengua Vasca liburuxka soilik idatzi duela esaten du.
Nire ustez, kualitatea ikertu behar da, eta ez kuantitatea. Baina kuantitatea aldetik, azken 15 urteotan, Mitxelenak 70 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, gehienak euskarari buruz (ikus J.J. Arbelaiz-ek egindako bibliografia, Las Etimologías Vascas en la Obra de Luis Michelena bere liburuan). Beste bi liburu ere bai eman dizkigu Mitxelenak: Fonética Histórica Vasca-ren bigarren edizioa, askoz handitua, eta textu liburu polit eta util bat: Zenbait Hitzaldi. Gainera, Mitxelenak azken urteotan egin duen lana aurretik egin zuen bezain ona da —haren 1972-ko "A Note on Old Labourdin Accentuation" eta haren 1977-ko "Verbos Compuestos Vascos", bi soilik aipatzeko, euskalaritzaren lan ederren artean daude.
Santamañenekoaren beste akusazioei buruz, ezin dezaket ezer esan. Baina euskal linguistika arloan, azken 15 urteotan ere, inork ez du Mitxelenak baino gehiago egin.
R.L. Trask
Lecturer in Linguistics