ANAITASUNA

AZAROA OSOA - ABENDUAREN LEHEN HAMABOSTALDIA

406. alea

60 pzta.


[AZALA]

ARGENTINAR BAT BILBON

KANPAIAK DINDANEAN HASI ZIRELARIK

TAUPADA ANTZERKI TALDEAREKIN MINTZO

PRENTSA EUSKARAZ ETA EUSKALTZAINDIA

BUZTINLARITZA EUSKAL HERRIAN. ENRIQUE IBABEREKIN HIZKETAN

MIKRO INFORMATIKA: NUKLEARRA BAINO ARRISKUGARRIA

JUIZIO BAT MADRILEN: EPAILARIAK ADARJOTZAILE OTE?


ANAITASUNA

Idazkuntza: Tomas Trifol.

Publizitatea eta harpidetza: Jon Idigoras eta A. Uria.

Maketapena: Gorka Urrutikoetxea.

Ale honetan lankide izan ditugu: Paulo Agirrebaltzategi, Millan Aldana, «Arotza», Imanol Alvarez, Biriki, Jose Ramon Etxebarria, Maria Jesus Esteban, Mariasun Landa, Karlos Santamaria, Larry Trask, Yeseriasko Emakume presoak, Jorge Zerrato.

ANAITASUNA

Zabalbide 68 - entlo.

Tfnoa.: (9-4) 411 66 20 - 30

MOLDIZTEGIA

Estudios Graficos

Lege G.D.L. BI 1753 - 1967.

Printed in the Basque Country.


AURKIBIDEA

5.or.- Artikulu burua: Bakearen aldeko frontea.

6.or.- Kanpaiak dindanean hasi zirelarik.

Euskal Alfabetatze koordinakundeak antolatu duen "Korrika-Euskal Herria" kanpainari buruz. Berriro ere Herriari eskatu beharrean, urte guztietan 50 milioi duten galerak nolabait konpontzeko. Elkarrikuska honetan euskararen irakasteaz arduradun batek zenbait asmo eta errealitatez hitzegin zigun.

8.or.- Epailariak adarjotzaile ote?

ETA-tzat kontsideraturik dagoen hainbat atxilotu juzkatu zuten Azaroak 6.ean Madrilen. Han gertatutakoaz, eta epailarien neutraltasunaz J.R. Etxebarriak hitzegiten digu.

10.or.- Eskuinaren betiko maliobrak.

Euskal Telebistarako aurkezleak eta doblaegileak aukeratzeko egin ziren dei-agiriak eta prozedurak direla bide, jende eta estudiante asko mindu zen.

11.or.- Jeseriasko euskal emakume presoek

Euskal Langileriari hitzegiten diote.

12.or.- Taupada antzerki taldearekin mintzo.

Taupadak bi urte daramatza lanean euskal antzerkia prestatzen baina euskal publikoak ez du antzerkira joateko ohiturarik.

16.or.- Hankaz gora:

- Joseba Sarrionaindia atxilotu

- Euskal prentsarentzat gobernuak 6 milioi

- Labayenek: Ez da egon orain arte Transferentziarik

- Prentsa Euskaraz.

- Arrantzaleak oinortozik

18.or.- Gerra nuklear mugatua gerta al daiteke

Hala ematen du Pentagonoko zenbaitzuri kasu eginez gero, nahiz eta mundu guztietako jakintsu gehienek hala ez pentsatu.

20.or.- Ez neonazismoari.

Hori berberori eskatzen ari dira Frantzian alde guztietatik. Hala ere ba dirudi, polizia-sindikatu batek salatu duenez, polizia barruan kokatzen dela eskuin muturreko hainbat talde.

22.or.- Polonia hurbildik.

Maria Jesus Estebanek "IN SITU" hartu du informazioa. Harritzeko eta pentsatzeko franko ba dago bertan.

24.or.- Nuklearra baino arriskutsuago den zerbaitetaz datza artikuluaren mania, informatika eta beronen aplikatze batetik hain zuzen: Mikroinformatika. Egilearen ustez, Leninen teoriek gutti dute egiteko jadanik sortua den mundu berrian.

26.or.- Galileo Galilei auzipetan

Hainbat urtetan zientzia gertatu da erlijioaren aztergai. Orain, Zientziak ematen digun mundu aseptiko eta matematiko honetan, zientziak erlijioa aztertu beharko du.

28.or.- Prentsa Euskaraz eta Euskaltzaindia

Prentsa euskaraz kanpaina de la eta, zergatik ez du Euskaltzaindiak aldeko agiririk atera?... galdetzen du egileak.

29.or.- Argentinar bat Bilbon

Harrigarri eta interesgarri ere gerta daiteke euskal Prentsak "halakoaz" aritzea. Eta desmitifikatzea gure arduraren lan bat denez, hor doakizu Bilboko "La Palanca"ko "Bataclan"eko langile artista bati egindako elkarrizketa.

32.or.- Bustinlarintza Euskal Herrian.

Enrique Ibabek, herrikoi arte honen alde guztiak batzen eta aztertzen pasatu du urte luze asko. Orain badugu fruitua: "Notas sobre la Cerámica popular vasca" deritzan liburua.

34.or.- Gurutzegrama.


Agiriak

"Donostia Hiria" III Ipuin Lehiaketa

Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak eta Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak antolatuta

Euskara literatur mailan indartzearren eta euskaldun idazle berriak sor ditezen, Donostiako Kultur eta turismo ekintzetxeak, Aurrezki Kutxa Munizipalaren laguntzaz, lehen urteotan bezala. «DONOSTIA HIRIA» ipuin lehiaketa antolatzen du.

Arauak

1.a- Aipatzen den epearen barne bidaliak izanen diren idazlan guztiek har dezakete parte.

2.a- Ipuinak euskaraz idatziak izanen dira, gaia libre dutelarik. Partaide bakoitzak nahi dituen idazlan haina bidali dezake. Ipuin bakoitzak bere izenpurua edukiko du eta lema ere erabil daiteke.

3.a- Obrek 12 orrialde —bi lerrotan eta alde bakarretik idatzirik— gehienez izan ahal ditzakete. Lau kopia, inolako egilearen ezagubiderik gabe, eta, sobre hitxi batetan ipuinaren izenpurua, nahiz lema, egilearen izen eta deiturak, helbidea eta herria idatziko dira.

4.a- Idazlanak bidaltzeko epea 1980ko abenduak 10 ean hitxiko da. Eskutan emanda nahiz postaz bidaliak izanen dira lanak, honako helbide honetara

«DONOSTIA HIRIA»

IPUIN LEHIAKETA

Kultur eta Turismo

Ekintzetxea

Reina Regente, z/g. - DONOSTIA

5.a- Honako sariok eratzen dira:

Lehen Saria: 100.000 Pta. eta Urrezko Medaila.

Bigarren Saria: 30.000 Pta. eta Zilarrezko Medaila.

Hirugarren Saria: 20.000 Pta. eta Zilarrezko Medaila.

6.a- Lehiaketa hau, 1981ko Urtarrilaren 16 an, hots, Donostiako jaien barne, Notari aurrean epaituko da eta informabidean bitartez jakin eraziko da.

7.a- Saritutako ipuinen jabetza Kultur eta turismo ekintzetxeak gordetzen du. Erakunde honek, hala nahi izanez geroz, haren ustez literatur balioak dauzkaten idazlanak argitara ditzake; horretarako hain zuzen, idazleen adostasuna aurresuposatzen da, besterik ez badiote plikan bertan.

8.a- Sarituak gertatzen ez diren lanak —«Antología» delakoan parte hartuko dutenak ezik— behin epaia ezagutuz hogeita hamar egunen buruan jaso ahal izanen dira. Epe hau betez geroz, idazleak bere obrekiko ez du eskubiderik izanen.

9.a- Sariak desertu izan daitezke.

10.a- Bere garaian epaia nork osatzen duen jakin eraziko da.

Donostian, 1980ko Urrian

***

Oskorri

Kaixo laguna:

Lehengo karta batetan aurreratu genizunez, Urrian ez dugu aktuaziorik hartu gure disko berria ahalik eta hoberen prestatzeko.

Galdakaoko Xoxoaren estudioetan grabatu genuen Urriaren azken astean, Jean Phokas soinu injinerua genuelarik, eta Hazilaren lehengo egunekin bukatu genituen nahasketa guztiak. Benetan uste dugu azken finean gelditu dena naiko ondo dagoela edo ta behintzat gure gustokoa dela; inolako lotsa gaberik esan dezakegu orain arteko gure lanik hoberena dela.

"Plazarik plaza" diskoan zehar zortzi kanta sartu ditugu, guztitara berrogei minutu musika, eta gauza berri nabarmenen artean oraingoan abotsei eman diegun inportantzia haundiagoa dago, bai eta lehenengoz kantu guztien poemak guk eginak direla.

Grabazio egiteko taldekideekin batera beste lagun batzuk aritu dira ere, nola Bixente Martinez (gitarra elektrikoa eta mandolina) lehen taldean egona eta orain Izukaitzen dagoena, Xabier Lakunza eta José Luis Fraile (Iruñeko gaiteroak) eta Jose Ramon Fernandez (alboka eta xirula).

Azala eta disko barruan sartuko dugun hamabi orrialdeko koadernotxoaren kargu Bittor Allende pintorea izan dugu, aurtengo Aste Nagusirako kartel txapelketan irabazle gelditu zena.

Astebete barru espero dugu gure diskoa kaleratzea eta Abenduaren zehar presentazio errezitalak egingo ditugu Euskal Herriko herririk haundienetan. Hoien guztien berri zehatz bidaliko dizugu.

Laster arte ba. Mila esker betiko laguntzagatik.

Oskorri

Lagun agurgarria:

Benetan esan dezakegu Madril ez dela Euskal Kulturarekiko lagun haundia eta konkretuki musika arloan ikusita euskal taldeen aktuazioak oso arraroak izaten direla. Hala ere gu ausartuko gara eta larunbat honetan, hilaren 29an, arratsaldeko 7retan Universidad Complutenseko Filosofia Bko Paraninfoan errezital bat emango dugu; teatro honek 2.200 jarleku du eta pasa diren asteotan Angel eta Isabel Parrak, Bullonerak, Luis Eduardo Autek eta Georges Moustakik kantatu dute bertan.

Errezital honen bidez Madrilen publikoa errekuperatu nahi genuke, bi urte han kantatu gabe nahiko epe luzea da eta. Ez da inola ere, egunokin kaleratzen den, "Plazarik plaza" L.P. berriaren aurkezpena izango, ezen hau Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan presentatuko baitugu, bai eta Bilboko Erakustazokan egingo den "Bai Euskarari" kanpainaren aldeko jaialdian ere, zeinean guk ere parte hartuko dugun. Beste aldetik ba dugu L.P. berria Madrilen aurkezteko asmorik, baina hau Otsailerako izango litzateke Teatro Alcalan.

Laster arte ba, mila esker zure laguntzagatik.

***

Iturri-berri

Jakintza, Jolas eta Kirol Bazkuna

Iturriotz Ballara

OIARTZUN

Kaixo jaunak,

Lerro hauen bidez, jakinarazi nahi dizuegu Abenduaren 6 an, gaueko 10 tan, Oiartzungo MADALEN SORO pilotalekuan, URKO eta,GORKA KNORRen ERREZITALA izango dala.

Asko eskertuko genduke, zuen aldizkariko txokoaren batean azalduko bazenute jaialdia honen berria.

Besterik gabe.


Artikuluburua

"Problema vasco" (Lehen Maila)

Martín Villa lehenik, Ibañez Freire bigarrenez eta Roson azkenez omen, Euskal Herriaren kontrako zapalkuntza bortitzaren ordezkariak izan dira.

Euskal Herria nazio bat delako, nazio izatearen kontzientzia duelako Espainiako, edo eta nahi baduzue, alderdi espainolistek —UCD eta PSOE— Euskal Herri hau suntsitu eta deuseztatu nahi dute.

Orain, berriro ere, Herri honen nahiak eta ametsak ezabatzeko ahalegin guztiak egiten ari dira, E.T.A.ren atxaki merkeaz.

Espainiako arazo grabeena, "problema vasco"-a da. Arrazoia dute. E.T.A., beraz, ez da.

Problema vasco Nafarroa da. Problema Vasco Euskara da. Problema Vasco polizia autonomoa da. Problema Vasco Lemoiz da. Problema Vasco ikastolak dira. Problema vasco ASKATASUNA da. Problema vasco PNV, HB, EE, EMK, LKI, LAIA... Problema vasco NAZIO BAT IZATEAREN KONTZIENTZIA HARTZEA da.

Eta UCDk eta PSOEk, espainolista diren guztiak deitu nahi dituzte hirugarren ofentsiba bat prestatzeko: "BAKEAREN ALDEKO FRONTEA".

Ongi ateraz gero, ez dugu ez dirurik, ez euskararik, ez Nafarroarik, ez eta polizia autonomorik edukiko; bai hala ere, F.O.P. eta goardia zibilak txalotuko dituen hainbat jende. Valladolid-etik ekarria, agian.

Herria nekaturik dagoela jakin arazi diete. Une egokiena dela aztertu dute eta Estatu mailan hartutako akordioak direla eta, Problema Vasco-k behin eta berriro bere plangintza guztia lurrean jota utziko du.

Eta berriro ere, "Terrorismoari" errua botako diote.


Euskal Herria

Kanpaiak dindanean hasi zirelarik

Adineko pertsonen euskalduntzeak eta alfabetatzeak duten inportantziaz jabetzea litzateke kanpaina honen helburu nagusiena.

Lerro hauek argitaratuko direnean kanpaina honek bere ekintzetarik adituenak jadanik eginik edo ia eginik egonen dira, hala nola KORRIKA EUSKAL HERRIA, 1.800 kilometrotako errelebo karrera. 1.800 pertsonak eramaten ari dira Remigio Mendiburuk egindako testigua 1.800 kilometrotan zehar, gau eta egun Euskal Herri osoko herririk herri.

Korrika

Oinatiko Unibertsitate zaharrean hasi zen Azaroaren 29 gaueko 10-etan, Euskal Herrian inoiz egin ez den tamainiako "kanpanada" batekin kanpaina zabaltzen den momentuan. Ekintza hau beharbada, deigarrienetariko bat izan da. Ehundaka kanpaia dilin-dalan Herri oso bat martxan jartzen ari dela nolabait adierazteko. Euskaltzain batek hartu zuen testigua Oinatiko unibertsitate zaharrean eta kilometro bat egin ondoren ikastolume bati eman zion, euskara, gure arbasoengandik hartu genuen tresna eta denona den hizkuntza, haurrei ere eman behar diegula adierazteko. Karrerak aurrera jarraitu egin zuen. 30ean mila pertsona zai zeudelarik Donostiako kaleetan zehar ikusi genuen.

Beti korrika, sasi-mugara joan da eta Irun Hendaia besarkatu ditu Bidasoa erdian. Desafio ederra Euskal Herriaren batasuna ukatzen dutenentzat.

Baina karrera hau, lasterketa, ez da bukatu bestaldean. Herri eta leku asko korritu ditu hantxe bertan. Maule, Donibane-Garazi, Arnegi-Luzaide eta azkenean Orreaga.

Abenduaren 3-an, Frantzisko Xabier egunean, Nafarroako patroia, Euskaldun guztion hiriburura sartu egin da. Egun osoan nafar eskuetatik nafar eskuetara pasatu izan da testigua, "lingua Navarrorum" zein den, ongi gera dadin. Geroztik hona hainbat herritan zehar ere iragan da gure korrika. Araban sartu eta Errioxera joan da. Ardantragorik egiteko astirik gabe aurrera egin du Trebiñon sartuz. Abenduaren 7an Bilbon izan dugu.

Guzti honetaz hitzegiteko kanpainaren arduradunekin egon da Anaitasuna. Euskararen ikasteari buruz izan zen gure lehen galdera.

A.— Zaila al da gaur egun euskara ikastea?

A.E.K.— Ikasi nahi duenak gaur euskara nahikoa erraz ikas dezake baina horretarako ikasleak baldintza konkreto batzu jarri behar dizkio bere buruari. Problema gaur ez dago euskararen zailtasunean, ez irakasleengan, problema nagusia ikasleengan dago: Ikasleek euskara ikastea seriotan hartzean, alegia.

A.— Nondik datozkio A.E.K.-ri diru galerak?

A.E.K.— AEK diruz gaizki dabil. Oraindino ez du Erakunde publikoren laguntza nahikorik. Beraz, adineko pertsonen euskalduntzeak eta alfabetatzeak aurrera egin dezaten, premiazko zaigu dirua biltzea. Eta, eman behar duenak ematen ez duenez, beti bezala Herriari eskatu behar. Gainera, AEK-k galerak ditu, ikasleari kuota osoa kobratzen ez diogulako matrikulatzerakoan. Gutti gora behera kostu erdiak baino, ez dizkiogu kobratzen. AEK-ren presupostua Euskal Herri osoan 500 milioi ingurukoa denez, atera kontu nolakoak diren urteroko galerak.

A.— Eta ez al duzue inongo subentziorik?

A.E.K.— Subentzio ttiki batzu hartzen ditugu, erakunde publiko eta pribatuk, Diputaziok, udaletxek, Banketxeek zertxobait ematen digute.

A.— Prentsa euskaraz kanpainak indarrik kendu al dizue?

A.E.K.— Ez dugu uste. Girotzen eta komisioak indartzen lagundu digu. AEK-k laguntza osoa eman zion euskal prentsaren kanpainari; herri-eskaeraren egunean eta lehenago ere, kartelak ipintzen etab. Hala ere, zuen kanpaina bukatu arte, propagandarik egin ez dugunez gero, zerbait atzeratu du horrek gure kanpainaren prestaketa.

A.— Adizu, gaiak beharbada nahastatzen ari gara baina tira. Beste gai bati buruz. Orain zenbat ikasle duzue gau eskoletan, Bizkaian konkretuki?

A.E.K.— Orokorki hartuta, lehengo urtean baino pixkat gehiago. Udako ikaslegoa ostera, gorantza joan zaigu aurten. Bizkaian aurten ez dugu oraindik kopuru zehatzik. Lehengo urtean 12.000 ikasle edo, izan genituen.

A.— Uste ala duzue, zuek erabilitako metodoak egokienak direla?

A.E.K.— Koordinakundeko gaurko egoera normalean, median esan dezakegu, astean lau ordu t'erdi ikasiz gero, eta udan ikastaro intentsiboetan parte hartuz gero, hiru urtetan ondo ikas daiteke euskara. Problema beraz orduetan egoten da. Ikasle bakoitzak zenbat ordu sartzen duen egunean edo astean, alegia. Egin ditugun esperientzien arauera, zazpi ilabetetan euskara ikas daiteke.

A.— Beste herri batzutan, delako metodoak egokienak izaten dira baina ahozko eta begizko komunikabiderik ez duen herri batetan egokienak al dira buruz ikasten diren metodoak ala metodo zahar eta berrien arteko sintesis bat egin behar al da?

AEK.— Ahozko eta begizko komunikabideak hain urri direlarik gure herrian euskarazko eskoletan ikasten den euskara zeharo isolaturik gertatu ohi da. Kalean euskararik entzuten ez den lekuetan batez ere. Zer egin orduan? Eskolan bertan, metodoetatik aparteko entzunikusizko medioak eta ariketak erabiltzen ahalegintzen gara eta baitere kaleko egoera errealak ikas-gelara eramaten. Baina hau ere ez da nahiko. Eskolatik kanpo euskara atera eta erabiltzeko zerbait asmatu beharra dago, euskara egingo den toki jakinak ipiniz, klub bezalakoak eginez, zintaz korrespondentzia eratuz etab.

A.— Idazten den bezala irakurriz gero artifizialegia gertatzen den euskara hori. Denbora guztia esaterako, grafiari zuzenketak egiten dizkiogu. (Ezta, ez da; z gero, ezkero; ehun eta, ehun da; eta, etab). Arauren bat prestatu al duzue honi buruz? Fonetika eskolarik al dago?

A.E.K.— Egia da. Euskara batuak ez du euskalkiek duten bizitasunik, baina fenomeno berbera gertatzen da hizkuntza guztietan: Gramatiketako gaztelaniak ere ez du piperrik herriko gaztelaniarekin.

Ahozkatzeari buruz, zera esan behar da. Euskara ere ez dela ahozkatzen idazten den bezala. Nola orduan? Horretan betez ere Herriari entzun behar zaio. Hori lortzeko entzun-ariketak egiten ditugu ikasleak kontura daitezen zein aldaketa ematen den idatziaren eta mintzatuaren artean:

MUTIL/HORREK/EZ/DAKI EUSKARAZ

baina

MUTÍLLORRÉK/EZTÁKÍ/EÚSKARÁZ

esan behar da.

Idazkuntza


Euskal Herria

Epailariak adarjotzaile ote?

Azaroak 6 Madrilen zenbait euskaldun abertzale juzkatu zuten. Bertan gertatutakoa ikusita, "justizia txistulari" barik justizia horrek adarra jotzen duela esan daiteke.

Gabriel Aresti zenak "Justizia Txistulari" izeneko lan bat idatzi zuen. Ikusitakoak ikusi ondoren, Espainiako justiziak ez duela txistularik jotzen esan behar, adarra baizik. Eta gaizki-ulertuak egon ez daitezen, argi gera bedi, adarra oso musika-tresna jatorra gerta daitekeela.

Zergatik diodan hori? Ez dakit azaltzeko modukoa ote den, eta azaldu arren, ulertzeko modukoa ote den ere nire egitura logikoaren barnean ulertezina da behintzat. Baina doktoreak omen ditu Elizak, eta agian Madrileko logikologian ulergarri gerta daiteke.

Noan, bada, harira. Juizio bat zen —esateko modu bat besterik ez da— Madrileko Justizi Jauregian. Antzekoak sarri egiten dira euskaldunen kontra; baina nik berau kontatzen dut, bertan izateko aukera izan bainuen. Gainera, juzkatuak zirenetariko bat parlamentari izanik —horrek ezertarako balio bailuen—, beste juizioak baino argiago edo izan bide zen, prentsaren aurrean gehitxoago edo gorde behar baitzen itxura. Irudimenik baduzue, atera kontuak, besteak nolakoak diren.

Polizia nagusi

Juizioa publikoa omen zen. Omen. Eta amen! Gela barruan gehien-gehienak poliziak ziren: uniformatuak batzu, sekretakoak beste (zeren zin egingo balidate ere, ez nieke sinetsiko Errenderitik etorriak zirenik, bertara "bisita" egitera joanak ez baziren behinik-behin). Akusatuen familietako gutxi batzu eta parlamentariak (nolabait entxufez sarturik, itxura demokratikoak galeriarako gordez). Akusatuak etengabe esposaturik.

Fiskal harrigarria

Hasteko, eta akusatuek ez zietela erantzun behar adieraziz. Holakorik! Eskerrak (?) juezak ez zirela hain itsuak gertatu. Baina tira! balio izan zuenerako!... Pilatosen esku-garbiketaren antza hartu nion juezen jokabideari.

Gero fiskalak proba harrigarriak erakutsi zituen: polizien tratu txarren bidez lorturiko deklarazioak eta balistikazko saioen arauera zerikusirik ez zeukaten harma batzu. Hots, labur esanda, balio gabeko probak. Baina —hau bai harrigarria!— sasiproba horietan finkaturik, pena maximoak eskatu zituen. Patxada handiz gainera, inoiz eulirik hil ez bailuen.

Juezak harrigarriago

Sein, Arozena eta Sagarzazu euskaraz mintzatzen hasi ziren galderei erantzuteko, eta juezak su eta ketan. Abokatu defendatzaileek konstituzioa gora (esateko modu bat da) eta Estatutua behera (beharbada hau ez da esateko modu hutsa), euskararen ofizialkidetasuna zela eta ez zela, baina alferrik. Segur asko jauregiko hormek kasu handiago egin zieten juezek baino.

Juezen arreta ere azpimarratzekoa izan zen. Nik —eta beste batzuk ere lotan ikusi genuen bat; tira, loitxuran behintzat, baina begiak ongi itxita lokuluxka goxoan.

Eta pena maximoak eskatzen ari zen fiskala. Esku onetan dago Espainiako justizia!

Abokatuek

Jende inpartzialik balego, seguruen txalotu egingo zituen abokatu defendatzaileak. Proben baliogabezia argiro azaldu zuten. Torturen arazoa denuntziatu zuten, polizia horien erruduntzat salatuz. Harmen Kasuan proba balistikoek adierazten zuten faltsukeria ere azaldu zuten. Eta abar eta abar. Baina basamortuan predikatzea hobe zuketen, agian harriek kasu handiagoa egingo baitzieketen.

Eta ongi dakigunez, entzun nahi ez duena da gorrik gorrena!

Eta hola bazan, sar dadila kalabazan!

Gero kondenak heldu dira. Izugarriak! Pikabearen arazoa alde batera utzita, ezer probatzen ez duten probetan oinarriturik, zigor gogor eta luzeak. Nola ez, ba, dudatan jarri botere exekutiboaren (Roson eta besteren eta judizialaren arteko harremana eta konexioaren falta? Nork sinetsiko ote du horrelako ipuinik?

Horregatik nik ere Fernando Amezketarraren antzera esan behar: "Madrid? Handik urruti nabil!" Oker ote nago adarra jotzen dutela esatean? Eta guk zer demontre egin dezakegu, txistua jo ezik?

J.R. Etxebarria


Gaztaina-saltzaile

Udazkena iraungitzen ari dela eta negutearen lehendabiziko besarkada hotzak hurbiltzen zaizkigularik, gaztaina erreak jateko gogoa pizten zaigu; gaztaina erreak jateko garairik hoberena delako hain zuzen. Eta aurten gaztaina-saltzaile sartuko naiz ni, negozio borobil-borobila delakoan, batez ere Euskal Herri gizagaixo honetan. Euskal Herrian betidanik dauka nolabaiteko prestijioa gaztaina-saltzaileak, tradiziozkoa da. Gaztainondoa ere, oso zaindu eta maitatua izan da haritzaren ondoan.

Baina ni, danbolin gabeko gaztaina-saltzaile izan gura nuke. Nik sutatik zuzen-zuzenean atera nahi nituzke gaztainak, eta horrexetantxe hain prezeski datzake nire arrakastaren sekretutxoa. Arrakasta diot, zeren eta hori segurua baita. (Pentsa, bestela, EAJ-ek eta Suarez-k zenbatetan dauden erretzear Euskadin, profesional baten faltaz).

Konprenitzen ez dudana nola nik baino lehenago besteren batek ez du nire asmakizuna izan eta baita patentatu ere da. Ba zitekeen asmakizuna izatea baina beharrezko adorea ez, ez baita dena arrosazko kolorekoa.

Eta nik ez dut hartuko izkina ttipi eta madarikatu bat egonlekutzat, ez, kale oso bat beharko dut zuhaitzez tapizatua eta ehun mila (edo gehiago) metro goratua; hodeien hurran. Argi dardarkariak ez ditut beharrezko izango, gaztaina erreen usainak milaka bezero erakarriko baititu. Kale horrexetan gaindi nire zerbitzuen behartsuak igaroko dira erromes modura, etengabe.

Behin ohitura hartuz gero, ezalakotxo arazorik gabe jakingo dut gaztainak sutatik ateratzen eta nekaldirik gabe egin ere. Bitartean jende guztia eskerdun izango dut, eta pozarren. Gainera, gaztaina-saltzaileak ospe berria hartuko du. Eta bestela ikusia izango.

Erreko al naiz ni ogibide barri horrekin?

Karlos Santisteban


Euskal Herria

Eskuinaren betiko maliobrak

Nahastaketak ez dira laguntzaile onak. Garbi geratu behar zaigu beraz, bi telebista sartzen direla joko honetan. Bata I. Agirreren bidez, E.A.J.k aspaldian prestatzen ari dena, Bestea, eusko gobernuak eraiki nahi duena, hirugarren katea hain zuzen. Lehengoari buruz, zera bakarrik esan dezakegu, zilegia dela edozeinek bere barruan eta bere helburuak lortzeko egiten dituen ahaleginak, kasu honetan telebatzoki bat eratzea. Bigarren kasua, euskal telebista, artikulu hau aritzen da.

Euskal Telebistarako aurkezleak eta dobladoreak

Dela zenbait aste, Eusko gobernuaren kultur kontseilaritzak modu mugatu batez eta azpikiro ere esan genezake, dei egiten zuen telebistaren edaslegi eta doblagile-gaiak prestatzeko. Izan ere dei honek helburu bakar bat zuen: examina edo azterketa batzu egitea.

Azterketa haiek gainditu zituztenak ikastaro intentsibo bat egiten egonen dira eta behin bukatuz gero, dagokien titulua edukiko dute eskuetan. Baina dei honek utsune grabeak eduki ditu. Zabalkiro inolako deirik egon ez denez, hortaz interesa zuten hainbeste jende kanpoan geratu da eta arrazoi bakarra data (eguna eta orduak) ezagutu ez baitzuten. Kasu honetan jende asko aurkitu liteke, beaien artean Anaitasunako langile bat edo gehiago, zeinek zegoen asmoa aspaldidanik jabeturik, Kultur ministeritzari idatzi baitzioten azterketa hauen datak eta zehaztasunak eskatuz. Zer esanik ez, ez zuten inolako erantzunik hartu.

Esan daiteke, gure ministroak daukan lan asko eta handia dela eta, ahaztu egin zitzaiola txikikeria hori. Baina eta zer esan daiteke (UCI) (Unidad de Ciencias de la Información)-ko ikasleez?

Bere aldetik delako ikasleek, erabili den prozedurarengatik eta deiak berak zekartzan konotapenengatik aurkako agiri bat atera zuten, zeren arrazoi guztiarekin gainera, zertarako kazetaritzazko estudioak galde lezakete behintzat!

Berrozi berri bat

Asuntu guzti hau orain arte eragin handirik izan ez badu ere, edasle eta doblagileak prestatzeko egin diren azterketa hauek mandoak hil dituzte hainbat girotan. Eta mandoak hil egin dituztenek beste berrozi berri bat eraikitzen ari direla pentsa daiteke arrazoi guztiaz. Gehiegi al liteke "DENON GOBERNUARI" xehetasunik ttikiena eskatu egitea?, hau da, ohizko komunikabideren bidez azterketa horien berria zabaltzea? Gipuzkoan publizitate gehiago omen zegoela esan digute, ez dakigu. Hala ere, konkreturik ez zen batere egon. Ofizialkiro beraz deusik. Autonomidun herrialdearen boletina hartzen ohi dutenak jabetu ziren deiaz bakarrik.

Honetaz ere, eta beste hainbeste arazotan bezala, ez dugu uste Eusko Gobernua denon gobernua dela esan daitekeenik.

Kazetaritzazko ikasleak ere bai

Dudarik ez, gehien afektaturik egon direnak UCI-ko ikasleak izan dira. Kazetarigaiek ez dute ezertarako parterik hartu, gobernuak ez baitzituen haiek kontutan hartu. UCI-a fakultatea bilaka de.din lau urte luze daramatzate ikasleok burrukan. Oraingo UCI-a Bartzelonako Unibertsitatearen atal bat besterik ez da. Dei honen bidez Eusko Gobernuak muzin egin dio kazetaritzaz arduratzen den hainbat ikasle eta irakasleri. Francoren garaian ere, gobernamenduak deiak egiteko bide eznormalak erabiltzen zituen. Ba dakigu lizentziaturik ez den jende asko kazetaritzaz arduratzen dela eta ez diegu guk baimenik kentzen. Eskubide horiek errespetaturik geratu behar dira baina hala ere, kazetaritza-lanbidera iragateko beharrezkoa da gaur egunean unibertsitate baten bidez egitea eta honetaz ez dugu erabidetsu topatzen eusko gobernuak egin duena. Euskararen ezagumena ez da inolako atxakia.

Azterketa bat zegoenez ez zekitenek kanpoan geratuko liratekeen.

Jakina, askoz erosoago da langileak norberak aukeratzea eta ez Unibertsitatetik etor litekeen inkontrolatu bat.

Lekzio ederra eman digute orain berriro. Laugarren boterea ez da edozelango eskuetan utzi behar.

Jorje Zerrato


Euskal Herria

Euskal langileriari

Yeseriasko espetxean, E.T.A.ko bi adarretako burukide edo laguntzaileak izateagatik atxilotuteko bederatzi emakumeok espetxe honetan egunoro jasaten ari garen bizimodu eta egoera jakin arazi nahi dizuegu.

Aurtengo abuztuaren 13.egunean segurantza handiko "pabellón" delako batetara ekarri gintuzten. "Pabellón" hau terroristen espetxetzat jotzen dute, serbitzuen nagusi batek esan zigun bezalaxe. Hots, espetxe bat espetxe barnean.

Gurekin, zenbait, erakundetako (GRAPO, PC., anarkistak...) beste 24 emakume bizi dira, hauen umeekin batera.

Erregimen berezi hau, zapaltzaileagoak diren neurriak martxan jartzean datza. Beraz, espetxeko zuzendaritzak antolatzen dituen eginkizunetan (liburutegia, yoga, arte-lanak...) parte hartzea galerazten digute.

Erregimen honenpean gaude, jadanik, espetxeko beste presoengandik erabat bazterturik. Gure egoera "celular" delako eta espetxeetako erregimen arruntaren artean aurkitzen da.

1.- Pabellon celular hau erakunde batetako kideentzat izan da eratua. Ba du jantoki bat eta bertan, frigorifiko eta harraskarekin batera telebista dago, honela hogeita hamairu pertsonen egoera neke gertatzen delarik. Badaude ere beste hamar metro kuadratuzko gela bat eta bi gela txikiago, bata pabellonen bizi diren umeentzat eta bestea gure ikasgela.

2.- Gauero hamaika t'erdietatik goizeko zortzi t'erdiak arte ixten gaituzte, norbera bere zeldan, bertan komuna eta ohea dugularik. Azkenaldi hauetan gauero egiten dizkigute errekuentoak, hau da, zelda bakoitzeko hiru morroilo ireki, argia piztu, funtzionariak gelan sartu eta noizbehinka ere "katxeo" bat egin.

3.- Azpiegiturazko instalakuntzak oso gaizki daude eta asteoro konponketak egin behar dira; sarritan uholdeak, itokinak... gertatzen bait zaizkigu. Azkeneko ondamena izan genuenean ezin izan genuen dutxak erabiltzen elektrokuzio arriskurik bait zegoen bainan administralgoak ez zigun inolako berririk eman hortaz.

Berogailurako gas-ontziak guregandik hurbil daude, espetxe barnean. Segurantzako neurriak hain gogorrak izateagatik eta gu hain bazterturik egoteagatik, sua pizten bada ez dugu inolako babeserik, guregana ailegatzeko ate eta morroilo pilo bat ireki behar baita. Egunotan jakin izan dugu negu honetan berogailu gabe egon beharko dugula, tutueriak hondaturik daude eta.

4.- Egunean, zehar, hogeita bi ordu gaude hertsirik pabellon honetan. Patiora bi ordu jetxi gaitezke, guttienez bi funtzionarien zainketapean. Patio horrek ez du inolako estalperik.

5.- Yeseriasko espetxeak badu ekonomato eta kafe eta alkolik ez duten edariak saltzen diren kafetegi bat. Guk ez dugu eskubiderik harat joateko, erabilkera beste presoentzat gelditzen delarik.

6.- Gure kaiolatik ez gara sekulan irteten, gure familiekin edo abokatuekin egoteko ez bada. Hortarako ateratzen garenean, rezintotik joaten gara, funtzionariek zainduta eta pikoletoen (txakurren) begiradapean.

Kanpoko jendearekiko harremanak mintzatoki berezitan izaten ditugu. Preso arruntek beste batean egiten dituzte. Orduak ere desberdinak dira eta, kasualitatez preso batekin topatzen bagara, haiek ezin digute tuttik ere esan, zigorraren mehatxua baitute.

7.- Gure abokatuek (gehienak Euskaditik datozela) denbora asko itxoegin behar dute mintzatokietara eramaten gaituzten bitartean. Gainera abokatu berdina dugunak batzu bagara ere, banaka banaka pasa behar dugu sumario berdina ez badugu, denboraren ezagatik guretariko zenbait abokatu ikusi gabe gelditzen delarik.

8.- Familiakoek ekarritako pakete guztiak, gu ikusi gabe katxeatzen dituzte, edo hobeki esateko, suntsitzen dituzte. Barazkiak, fruituak, goxokiak... hain. puskaturik gelditzen dira, biharamonerako dana hondaturik egoten dela. Berria izan dugu ere hemendik gutxitara hilabetean bakarrik sei kilozko pakete bat pasatzeko eskubidea izanen dugula. Honek arazo larri bat soposatuko du zeren pakete bat pasatzeko eskubidea izanen dugula. Honek arazo larri bat soposatuko du zeren paketeak, sarritan beharrezkoak diren baldintzak bete ez dituen espetxeko janariaren laguntzatzat hartzen baititugu.

Liburu, egunkari, albistariak... ez dizkigute, ekartzen duten egun berean, ematen, lehenengoan zentsuraren ardurarengana (hots, maixtrarengana) joan behar baitute. Maixtra honek, berak dioenez "apolitika", liburu, aldizkari eta egunkari asko zensuratzen digu, nahiz eta hauek deposito legal delakoa izan, eta ematen dizkigunak denbora asko pasa ondoren jasotzen ditugu. Eskutitzak ere gure hizkuntzaz idazteak galerazten digute eta bakarrik gaztelaniaz egin ditzakegu.

9.- Egiten dugun edozein mugimendu edo eginkizun, kontrolatuak daude egunoroko partean idatzita, gero Instituciones Penitenciarias-ko zuzendaritzara bialtzeko.

Espetxeko zuzendaritzak, presa sozial eta politikoak banaturik egotea gutxi izanen balitz bezala, gure artean enfrentamenduak sortarazi nahi ditu, hortarako sozialei gure janaria eta erosketak pabelloneraino ekarri erazten, gu pabellonetik ezin baitugu atera.

10.- Erregimen berezi honek oso helburu finkatuta du, zera, preso eta gizakiak bezala gelditzen zaigun eskubide gutti degradatzea.

Espetxe honetako zuzendaritza, Estatu Espainolako Instituciones Penitenciarias delakoa eta Barneko Ministraritza dira guk jasatzen dugun errepresioaren erresponsabilitatea dutenak.

Euskal Langileriari deitzen diogu mobilizapenak egin ditzan, presoak espetxetatik atera daitezen, atzerriratuak etxeratzeko, terrorismoaren aurkako lege berria deusestatzeko, torturak geldiarazteko eta torturatzaileak zigorturik gerta daitezela lortzeko.

AMNISTIA OSOA LORTZEAREN ALDE!

Yeseriasko euskal emakume presoak

Yeserias, Azaroak 80


Euskal Herria

Taupada antzerki taldearekin mintzo

Noizik behin etor ohi ziren eta gu, gauean, etxetik jaitsitako aulkietan eseritzen ginen herriko plazan beren saioa ikusteko... Komerianteak! A, zer poza! Zer zen gau-jai! hura guretzat, komerianteak etor ohi zirenean! Orduan ikasi nuen honako hau:

"¡Ay, sol y luna

Ay, luna y cielo

Dónde estuviste anoche

que mis ojos no te vieron...

Ay, Ay, Ay...

Geroxeago, Donostiako Victoria Eujeniara eraman ninduten teatro "serio", Aste Santuko teatro saio bat ikustera... Eta han ikusi eta entzun nuena, guztiz sinistu nuen... Orduan ez bait nekien oraindik teatro eta bizitzaren arteko muga bat zegoenik...

Geroztik teatrozale bat naiz. Teatrozale hutsa, eta zenbait teatroko jendea dut lagun. Oraingo honetan, TAUPADA izeneko antzerki talde batengana jo du... Jende gaztea, Elgoibar aldekoa. Azken bi urtean, isilik bainan etengabe lanean dihardun direnak.

Ez, ez dago Euskal Herrian antzerkirako sensibilitate eta laguntza handirik. Miseria giro batetan murgildurik gaude kultur arlo guztietan, baina agian antzerkigintzan, miseria hori gorriago da... Euskal komunikabideak ere ez dira gehiegi arduratu gure "komeriantez"... Baina, utz diezaiogun hitza euskal antzerki talde bati, TAUPADA taldeari kasu honetan, nik baino hobeto adieraziko dizuete eta...

A.— Zergatik antzerkia egiten duzue?

— Gustatzen zitzaidalako. Baina bide batez, inguruari, gizarteari balioko zion zerbait zelako. Ez, denbora pasa huts bat...

— Ni tronpa nengoen eta sartu ninduten!

— Neri ttikitandik gustatzen zitzaidan... behar bat sentitzen nuen edo...

— Norberaren identitatea bilatzeko posibilitateak ematen dituelako.

A.— Zer helburukin bildu zineten?

— Ondo pasatzeaz gain, ez genuen, ba, euskara altzatu behar genuenik, kultura zabaldu eta halako ideia sendorik. Zerbait bai, baina gehiegi enrroilatu gabe. Gaur egun, gero eta gehiago konturatzen ari gara gure betebeharrez...

— Gure eguneroko errealitatea antzerkiaren bidez azaltzea eta salatzea nahi genuelako...

— Dena den, orain euskara eta kulturan dugun eragina kontutanago hartzen dugu.

A.— Nola ikusten duzue, egun, teatrogintza euskal kulturaren arloan?

— Oso gaizki... Desbalorizatuta, marginatuta...

Ez da eskolan edo halako tokitan landu den aktibitatea izan...

— Antzerkiari ez zaio ematen berak duen garrantzia... Oraindik ere ezentrikoen gauza bat bezala ikusten da...

— Entitate ofizialek zer ikusi handia dute egoera honetan, baita ere entitate kulturalek... ez digute ematen iñongo laguntza, ez materiala ta ez morala...

A.— Zeintzuk izan dira orain arte, zuek aurkeztutako saioak?

— Talde bezala, 2 urte daramagu lanean... Denbora honetan, bi obra luze eta bi sketx montatu ditugu...

— Aurreneko obra nagusiei zuzendua... Obra hau, taldeak idatzia eta montatua izan zen... Bigarrena, Bernardo Atxagak idatzi eta taldeak adaptatu eta montatuta... Gehien bat, haurren eta gaztetxoei zuzendua...

— Azken hau LILIPUT... da.

— Sketxak, bata nagusientzat eta bestea txikientzat, antinuklear arazoa aztertuz...

— Bestalde, herri mailan, bi antzerki topaketa antolatu ditugu. Antzerki topaketa hauetan, emanaldiak, hitzaldiak eta zenbait tailer (Espresio, maskara, etab.) montatu genituen... Bigarren topaketari bukaera emateko, tailerretan egindako material eta antzerki liburu azoka bat ere montatu genuen...

A.— Haurrentzako antzerkiari, zer garrantzia ematen diozue?

— Antzerkiak, haurrak pertsonajeak fisikoki bizitzeko posibilitateak ematen du... Partizipazio eta kritika zuzen bat lortuz. Bestalde, antzerkiak lortzen duen komunikazioa, ez dugu uzte beste zenbait komunikabidek (zinea, telebista...) lortzen dutenik. Partizipazio eta komunikazio hauk, beharrezkoak dira haurren munduan...

— Guk, eskoletan sartu nahi genuke... haurrek ezagut dezatela antzerkia zer den. Gure obran, haurrek parte hartzea nahi izaten dugu eta haurrek ikusten dute baita ere, eszenarioa nolakoa den, hurbiltzen dira, maskarak eskutan erabiltzen dituzte... Hori dena beharrezkoa da!

A.— Teatro-eskola bat Euskadin, beharrezkoa jotzen al duzue?

— Bai, bai... dudarik gabe!

— Orain artetalde guztiak, sartu berriek esate baterako, iñolako antzerki jakintzarik gabe hasi behar izan dute... Edo eta askotan, Euskal Herritik kanpo ikastaro garestietara joanik, taldeko bat edo beste, konpondu izan dira...

— Bai, beharrezkoa da Teatro eskola bat... Premiazkoa. Alde batetik, egun, antzerkia egiten duten pertsonei prestakizun on bat emateko eta bestalde, mundu honetan sartzeko gogoa dutenei posibilitateak emateko...

— Antzerki eskola bati, hasiera emateko Euskal Herrian, jendea badagoela uste dugu... Euskadiko antzerkilariek, prestakizun sakonago bat beharko genuke eta honetarako liberatuak izan...

— Euskal Gobernuak, honi buruz, zerbait konkretu antolatu beharko luke... Eskola bat behar da, jadanik: Dohanekoa, edozein joateko modukoa, kalitatezko irakaskuntzarena...

A.— Eta euskal publikoa? Zer derizkiozue honetaz? Interesik al dago? Teatro zalea dela derizkiozue?

— Euskal publikoak ez du antzerkira joateko ohiturarik... Askoz nahiago du zinea, futbola edo telebista ikustea... Baina, jokaera honi, ezin zaio kritikarik egin, aurrenez aipatu ditugun marginazio eta desbalorizazioari baizik...

— Karitatez joaten direnak ere badira...

— Ez dago benetako eraginik jendearengan. Alde horretatik, hezi behar litzateke jendea. Kultur mota hau, ezagutzea eta apreziatzea, zinea apreziatzen den bezala...

— Horregatik orain, ikastola askotara joaten ari gara...

— Edo, herriko jaiak direla eta herrietara joaten gara...

A.— Kritika-lan bat egiten dela antzerkigintzan iruditzen al zaizue?

— Oso gutti... eta oso beharrezkoa da.

— Adibidez, egunkarietako herri korrespontsalek, reseina bat egiten du eta euskal teatroa bultzatu behar dela eta, iñoiz ez dute, bestalde, ezer txarrik ikusten. Dena ondo! Konprenigarria da hau, bainan kritika serioagoa behar da. Zer ondo eta zer gaizki egiten dugun jakiteko!

A.— Nolakoa da zuen lan metodoa?

— Ez dugu linea zehatz bat jarraitzen... Obra aztertuaz, plangintza egin ten dugu... Soinketa, inprobisazioak, musikaren interpretazioa eta pantomima izaten dira gehien erabiltzen ditugun teknikak.

— Normalki, geure artean egiten dugu dena.. Ez dugu zuzendaririk. Kolektiboki prestatzen ditugu lanak... Bakoitzak, zorionez, arloren bat ondo menderatzen du eta beste guztia denon artean.. Azken lan honetan, textua ez dugu geuk idatzi. Bernardo Atxagaren textua darabilgu...

A.— Gaur egun, zertan dago Euskal Antzerkiren Federazioa?

— Hasiera batetan, 16 edo 17 taldek osatzen genuen Euskal Antzerki taldeen Federazioa... Baina/zoritxarrez, gaur egun erdiak ez dute aurrera jarraitu... Arazo honek ahuldu du Federazioaren indarra..

— Proiektuak badira... lehen esandako eskola bultzatu nahi da, ikastaroak ere, montatu izan dira, dinamika bat sortu nahi izan da.. Nahikoa lortu dugu...

A.— Eta baten batek nahiko balu zuekin harremanetan jartzea?

— Deitu dezala telefono hauetara!... Xabier, 742028 edo Edurne, 742086 (GIPUZKOA)... Bale?

Mariasun Landa


Hankaz gora

Joseba Sarrionandia eta Jose Julian Bakedano atxilotu

Prentsaren bidez jakin dugunez, Anaitasunako lankide eta idazle diren Sarrionaindia eta Bakedano, poliziek harrapatu zituzten orain zenbait egun. Lehengoari "ETAko talde harmatu baten burua" izatea akusatzen diote, besteari talde harmatu horri aterpea ematea leporatzen zaio.

Informazio hau idazten ari garenean Bakedano askaturik izan dela jabetu gara eta hori dela eta, akusatze horren funtsaz konturatzen gara.

Joseba Sarrionaindia aspaldian izan dugu Anaitasunako lankidetzan. Artikulu asko idazten zuen. Batzutan bere izenean beste batzutan beste firmapean. Euskal kultur arloan idazle gazteenetako promesa benetakoa. Baina bere ardura ez da Anaitasunako orrialdeetara bakarrik mugatu, Argian, Ibaizabal eta beste hainbeste euskal prentsa edo argitalpen apaletan luma oparo baten aberastasunak eskaini dizkigu. Josebak ez du ez osperik ez mozkinik atera horregatikan.

Aurten Josebak, Gasteizko hiriak antolatuta, bere ipuinak "Maggie eidazu kamomila" lehengo saria irabazi zuen.

Guk ez dakigu poliziak dioena egia den ala ez baina egia balitz, ez ginateke inolako lotsarik. Urte luzetan, herri honen kulturaren, hizkuntzaren eta nortasunaren kontra etengabeko zapalketa politiko, kultural eta ekonomikoa jasaten ari gara. Erremediorik prestatzen ez den bitartean bortxari bortxaz erantzutea helburuak lortzeko, oker edo egoki izan daiteke, baina zilegia eta erantzun morala dela seguru gaude. Joseba, egonen zaren lekutik jakin ezazu gure orrialdeak eta bihotzak ireki irekirik edukiko dituzula.

Idazkuntzak

P.S. Joseba Sarrionandiak Bilbo Hiriaren ipuin labur saria irabazi du. DEIA egunkariak esaten badu ere, guk ez dugu uste saria hartzera joango denik.

Euskal prentsarentzat gobernuak 6 milioi

Azaroak 24 Labaien kultur kontseilariak azaldu zuenez, sei milioi pezeta emango ditu aurten Jaurlaritza horrek euskal prentsaren laguntzarako. Prentsa eta Prentsa ez den erabaki beharko du orain Jaurlaritza horrek Euskal Herrian euskal argitalpen asko baitago eta argitalpen guztiak ez dira prentsa eta prentsa den guztia ez dago osorik euskaraz. Hamar edo gehiago euskal argitalpen konda daiteke oraingo honetan, eta sei milioi horiek ttikiegi geratuko dira, hala ere euskarazko prentsa dagoela eta bere garrantzia duela adierazi nahi du eusko Jaurlaritzak. Ikus dezagun beraz nola gauzatzen den asuntu hau.

Labayenek: ez da egon orain arte transferentziarik

Azaroak 20 Eusko biltzarrea bildu zen berriro. Labayeni kasu eginez, oraintxe arte Estatuko buletinak ez du transferentzi-dekreturik argitaratu. Dirurik eta bereziki akordio ekonomikorik egon ez denez, kulturari buruzko plan guztiak airean gelditzen direla esan zuen, ondasunik gabe, gobernuaren edozein erabaki edo eta lege proposamendu fikziozkoa gerta daiteke. Hala ere, Euskal prentsarentzat, haurrentzako argitalpenentzat eta euskal liburugintzarentzat laguntza-neurriak egongo direla aipatu zuen. Udal eta erakunde publikoetako funtzionarien euskalduntzeari buruz ere zenbait asmo azaldu zuen.

Ministeritza honen plangintzan, lehendabiziko aldiz euskara globalki hartzen dela esan dezakegu. Telebistari buruz, hirugarren katea, euskararen katea izanen dela nagusiki hitza eman zuen, "erdarazko komunikabideak ugariak baitira" gehituz.

Telebistari eta beste ahozko edo begizko komunikabideei buruz hitzegiten zuelarik, hemendik aurrera eginen diren dei eta azterketa guztiak publikoak eta guztiz irekiak izanen direla gehitu zuen. U.C.I.ri buruz sorpresa bat eman zuen, hau da, hurrengo 1981.ko Irailatik aurrera Bartzelonako Bellaterrari barik Euzkadiko Unibertsitateari loturik geldituko dela esanez.

Hala ere eta bere hitzaldia amaitzeko, UCI edo ez UCI. Heziketa ministeritzak dirudik gabe ezin du hortaz ezer prometatu.

Prentsa euskaraz

Azaroak 14, 15, eta 16ean prentsa-euskaraz kanpaina eratu zen denok dakigun herri-eskaera eginez. Herri eskaera honi buruz ez daukagu oraindik datu zehatzik luzen izaten baita bankuek kontatzeko egiten duten prozedura. Kanpaina honen eratzearen aldetik mahai batzu eta herri batzuk azken momentuetan porrot egin ziguten, prestatu genuen egitura nahiko apala izan baitzen. Hala ere aurrez pentsatutakoa aterako dela uste dugu. Gaur egun beraz datu zehatzik ez badugu ere zenbait ezaugarri eman genezake. Herri batzutan "Bai euskarari" kanpainaren diru kopurua gainditurik geratu zen. Portugaletek eta Santurtzik ehun mila pezeta bana eman zuten. Bilbo erdiak (hauzorik gabe, Deustu, San Inazio, Errekaldeberri, Irala, Santutxu etab-ik gabe) 400.000 pezeta inguruan eman zuen). Datu guztiak edukitzen ditugunean klaro, klaro eman egingo dizkizuegu.

Suskrizio edo harpidetzei buruz gure helburua 4.000 harpidedun berri hartzea izan zen, baita Anaitasunan, Saski-Naskin, Argian edo eta Jakinen. Ba genekian kopuru handiegia zela baina horregatik ere bakoitzak behar duen kopuru erreala da.

Harpidetza berriak heltzen ari zaizkigu leku guztietatik. Karta guztiak oraindik banaturik gabe daudenean, 300 inguruan hartu ditugu. Espero dugu kopuru hau gero eta gorago joango dela.

Arrantzaleak oinortozik

Kostaldeko bizilagun asko gorriak ikusten ari dira. Hainbeste hilabete itxasoan zehar atunetan eta beste arrainetan eta lehorreratzekoan esku hutsik etorri dira. Hiru hilabete itxasoan iraganda eta gehienek 20.000 pzta irabaztera ere ez dute heldu. Txarrena, hurrengo kanpaina itxoin behar dutela eta hurrengoa Otsailean baino lehenago ez da hasiko. Azken lau urteotan euskal kostaldeko arrantz-untziteriatik laurdena baino gehiago salduta izan da. Daramagun martxa honetan gure kostaldeko hainbat herriri gerta dakiokenez oso beldur gara. Hainbeste arrantzalek jadanik oso urrutira ihes egin dute, Panamako, Venezuelako, uretara eta urte luzetan etxeratzeko ahalmenik gabe. Egia da zenbait faktore berrik kontra dutela, Marokon, Mauritanian, Europan.

Honetan ere E.T.A.k al du errua? Noski ezetz. Nekerik gabe ogirik ez bada ere, hemen bestelakorik frogatzen da. Arrantzaleek ez dute ogirik edukiko.


Nazioartekoa

Gerra nuklear mugaturik gerta ote daiteke?

"Hautatuz gero, zorion, jakintza eta arrazoiaren bidean zehar aurrerapen etengabea ireki dakiguke. Ba ote zaigu posible heriotzea hautatzea geure hauziak ezin ahantz ditzakegulako? Gizaki gisa beste gizakiengana jotzen dugu: Oroit ezazue gizonak zaretela eta ahantz beste guztia. Hola egiten baduzue, paradisu berrirako bidea irekiko da; ezin egin badezazue, heriotze orokorraren arriskua har dezakezue zeuen gain"

Duela 25 urte, gain-gaineko zenbaitzu jakintzuk, —Albert Einstein, Bertrand Russel, Frederic Juliot-Curie—. beraien artean, gizateriari zuhur oihua eman zioten, harma nuklearren ugalketa eta honen ondorio gisa, munduko potentzia nagusiek burututako gerra atomikoa zirela eta. Harako zuhur-oihu hura, gaurtxe bertan ematen ahal da une hartan bezain azkar eta goraki. Arrazoi sinple batengatik; Estatu Batuen Pentagonoa sinetsita baitago gerra nuklear mugatua posible dela eta honek ez liokeela gaitz haundirik ekarriko gizajendearen biziraupenari. Ikusten denez, politika estrategikoa erabakitzen duten aginte-instantzietan ez dute oihartzun handirik izan halako abertimenduek, instilu nuklear kontrolatu eta mugatuaren teoria lilura arriskutsua dela, alegia.

1980.eko Agorrilaren 20tik 25 era, hogeita hamargarren Pugwash Konferentziak 1957.etik bildu eta zientziaz eta mundu zabaleko arazoez ari dira; delakoa sortu egin zen Bertrand Russel, Albert Einstein eta beste bederatzi zientzilari nabarmenen deiari erantzun gisa. Zientzi gizon hauek 1955.ean beren lagunkideei zuzendu zieten horrako dei hori, konferentzia batera biltzeko eta suntsiketa masiborako harmagintzaren ondorio gisa sortutako arriskuak ikustatzeko.

30. konferentzia honen aterakizun eta abertimenduak berenez mintzo dira.

Amerikar estrategia berria

Martin Kaplan doktore, iparramerikar mediku eta konferentziako zuzendari nagusiaren esanetara makurtuz, "Ba dugu ikusten guztiz kezkagarriak direla Estatu Batuetako aitzindari politiko eta militarren aieru edo usteak, gerra nuklearra halako alde geografiko batean lekutu eta mugatua izan daitekeelakoak, alegia. Gerra nuklearrari buruzko jarreraz aldatzeak taktikoen, miniaturatutako tresneria nuklearren eta kalte material, gizakiak suntsituz, gutxienera joerazteko neutroizko bonben erabileraz asmatuz. Mendebaldeko populazioa mentalizatu nahian dabiltza, gerra nuklear txikiaren arriskua beregana dezan".

Ba da dioenik, argi dagoenez, —hau ez dio konferentziako lehendakariak,— delako "iheste nuklear" edo eztanda nuklearrek Estatu Batuetan azkenaldi honetan gertatuz joandakoak, helburu xinple bat dutela:

Populazioari energia nuklearraz arrisku haundirik gabe joka eta kontrola daitekeela mentalizatzea.

Jakina denez, Viet-Namen barregarria eginez gero, amerikar arrunta, oro har, ez dago prest bere "sorterria" kanpotiko arrisku komunistetatik libratzeko esku bakar bati eragiteko. Kontsumuzko gizarteak, indiferentzia osoa eta ideologia guztien krisia aldean ekarri baditu ere, masei ezagutzera eman die ere, "sorterriagatik" hiltzeak ez duela merezi, ongi baitakite zer nolako sorterria den.

Bernard Feld iparramerikar fisikariak konferentziari jakinerazi zion, teknika militarraren garapen zoragarria harma-mugapenari buruzko hizketaldiei aurreratzen zaiela, eta Estatu Batuei berei leporatzen zitzaiela harma desestabilizatzaile berririk gehienak hedatzeagatiko erantzukizun larria, SESBaren erantzuna neurrigabekoa zelarik. Ba gaude —esan zuen iparramerikar fisikariak— lehiakidetasun militarraren aldi berri batean sartzeko arrisku larrian begira, konfliktua eta elkarroldartzea ezaugarri nabarmen dituelarik.


Nazioartekoa

Ez neonazismoari

Urriaren 3an, berriz, Copernic kalean dagoen sinagoga baten atean bonba bat lehertu zen; zorionez, jendea irten baino lehen gertatu zen hori, eta horrela bakarrik hiru hildako (hurrengo egunean beste bat hilko zen) eta 20 bat zauritu egon ziren.

Irailaren azken egunetan, juduen kontrako atentatu batzuk izan ziren eginak Frantzian, eta prezeskiago, Parisen. Ia inork ez zion horri garrantzirik eman; bakarrik talde sionista erradikalek zerbait egin behar zela esan zuten; hala ere, juduen talde indartsuenak, eta aldi berean, eskumakoiagoak direnak, arduratu egin ziren, bai, baina arazoa konpontzeko, gobernuarengana joan ziren, berarengandik babesa edo lortzearren.

Erantzuna berehalakoa izan zen; jadanik ostiral gauean, nahiko jende bildu zen Copernic kalean, eta larunbaterako, manifestaldi pilo bat antolatu ziren. Bat, lehena, Copernic kalean bertan, hildakoen hiletetan, non 1.000.000 pertsona inguru batu baitziren. Gero, egun osoan zehar, milaka manifestatu ziren juduak zirenak eta ez zirenak atentatu horren aurreko beraien haserrea erakustearren, eta askotan, neurri gogorrak eskatzen.

Komunikabideetan, laster hasi zen gertaeraz eta beraren inplikazioetaz mintzatzen. Bologna-Munchen-Paris ardatzetik abiatuz, Internazional beltzaren jatorriaz eta beraren diru-iturrietaz arduratzera heltzen ziren jadanik lehen egunean. Alderdi guztiek, salbuespenik gabe, beraien protesta agertu zuten berehala; sozialistek, adibidez, barne-arazoetako ministroaren dimisioa, eta debate parlamentario bat eskatzen zuten, eta Giscard-ek ere, bere haserre bizia erakutsi nahi izan zuen.

Denak zeuden haserre, denek nahi zuten beraien anti-arrazismoa erakutsi... dudarik gel ez zedin.

Baina manifestaldiek ez zuten erakutsi batasun gehiegirik; sionista erradikalek aurretik neurriak hartuta egon behar zirela, eta orduan, autodefentsa antolatu behar zela, adierazten zuten bitartean, indar moderatuek lasaitasuna eskatzen zuten, eta halaber, etsaien arma berdinak ez erabiltzea.

Egun horren azken manifestaldian, ikasle sionista sozialisten taldeak deiturik 25.000 pertsona batu ziren, han gehien oihukatu ziren sloganak, "Bonnet" (1) dimission" eta "Judu guztiak Israelera" izan zirelarik.

Lehen egun hori pasatu ondoren, debate zabalak egin dira Frantzia osoan: neonazismoa, eskuin muturra, gobernuaren jarrera...; baina gehien harritu egin dena hauxe izan da: polizia sindikato batzuk, ezkerrekoak alegia, poliziaren barnean eskuin muturreko taldeetako elementu anitz daudela adierazi zuten telebistan, eta garbiketa on bat eskatu, ere, eskuin muturra ere arriskugarria zela esaten zutelarik.

Berehala, atentatuaren lehen berriak zabaldu zirelarik, denek agertu dute beren burua anti-arrazistatzat; denak dira onak. Horrela, arrazismoaren kontrako mogimenduak (MRAP) egindako deiari jarraituz, ia 200.000 pertsona manifestatu ziren Paris-eko kaleetatik bi egun beranduago.

Gobernuak errudunak bilatzea agindu du, baina askok ez dugu sinistu ezer egingo duenik; gehienez, egon den mogimendua ikusita, azken mailako batzuk harrapatuko dituzte, itxurak gordetzeko edo. Zeren, noiz hartu dira gure herrietan benetako neurriak eskuin muturreko terrorismoaren kontra?

Orain, egun batzuk pasatu direlarik, gauzak lasaitu egin dira; denak geratu dira trankil kalera irten, edo ez irten, ondoren. Denek gorrotatzen baitute arrazismoa.

Nik oso ondo deritzot egon den erantzunari: arina eta argia; hala ere, hauxe galdetzen diot nire buruari: gizarte frantsesa hain arrazista izanik (hor daukagu arabiarrei edo beltzei ematen dien tratamendua), nola aldatu burua hain arin? Edo ez dira konturatu egunero beraiek daukaten jarrera arrazistaz?

Maria Jesus Esteban

***

Erantzunik gabe

Gal.— Zergatik ez ditu aurkitzen poliziak neonaziak?

Er.— Ezkertiarrak bilatzea agindu diotelako.

Gal.— Zenbat polizia neonazi daude?

Er.— Gartzelan dauden ezkertiarrak baino askoz gehiago.

Gal.— Ezker muturrekoen terrorismoa eskuin muturrekoa baino arriskugarriagoa al da?

Er.— Noski, askoz gehiago, bera antifazista delako.

Le Monde-n


Nazioartekoa

Polonia hurbildik

Polonian gauza asko dugu harrigarri, dagoen jarrera erlijiosoa, grebetan eskuetan dituzten gurutzeak, dendetan ez dauzkaten hornizioak...

Baliteke hori guziorien arrazoia, jasaten duten frustrazioa, arrazoi nagusi bat izatea: Herriarik gabe, sozialismoaren oinarriak ezartzen saiatzea.

Asko hitz egin da Poloniaz aurten; asko ere, han gertatu diren greba eta manifestaldiez adibidez, non ez dira aztertu, azalean ez bada ere, hango sistema eta hango egiturak? Hala ere, ene ustez, oso idea okerra eduki dezake Polonia urrundik ikusten duenak; gehienetan, gure herrietako egoera eta egiturekin alderatuz, eta hango detaileak gehituz, idea bat egiteko joera daukagu, eta nola, sakonean, hamaika gauza desberdin dauden, ba, inoiz ez da lortzen horrela ezer ulertzea.

Hori gertatu zait niri, gutxienez, Poloniako kasuan. Hamaika bider entzuna neukan nolakoa zen han, jendearen izaera, nolakoa herri horren bizimodua, nolakoa gobernua eta ekonomi egiturak; horri gehitzen badiogu uda honetako gertaerez egon den informazio ugaria eta egin diren eztabaidak, edonork uler dezake nola sentitzen nintzen, Irailaren hasieran, juxtu grebak amaituta, Poloniarantz abiatu nintzenean. Batzuek, joateko momentu txarra zela esaten zidaten; besteek, orduko egoera "in situ" ikusteko abagadunea ez galtzeko... eta dudarik egin gabe, harantz abiatu nintzen, edo hobe esan, ginen, hiru bakindoazen elkarrekin.

Hasieratik ikusi genuen, oso zaila izango zela jendearen pentsamenduaz eta ikuspuntuez jabetzea; eta arrazoia sinple-sinplea zen: ia inork ez zuen erabiltzen poloniera edo errusiera ez zen hizkuntzarik; soilik mendebaldean, alemaniera pixkat. Eta hori zen guztia. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, beraiekin nolabait ulertzera heldu ginen, eta garrantzitsuena dena, beraien bizimoduaz jabetzera. Sorpresaz sorpresa joaten ginen, beti ahal genuen guztia kaptatu nahiz, eta hona hemen atera genuen inpresioa.

Abuztuaren grebatzaz nahiko informatuta geundela, beraiek ea nola ikusten eta onartzen zituzten ulertzera saiatu ginen. Egia esan, asko dira han "politikaz" pasatzen direnak. Asko ziren, hala ere, mogimenduak lortu duen arrakastaz pozik zeudenak, baina gehienek ez zuten larregi espero; batez ere, sobietarrei dioten beldurra dela eta, ez du ia inork sinisten erreibindikapen soil batzutarik pasatuko direnik. Ez dira, agian, konturatu beraien indarraz, ez dute ikusi nola dabiltzan gobernua eta alderdia, soluziobideak bilatuz, zoro bezala. Konbokaturiko greba guztiek eduki dute arrakasta; horregatik dabiltza hain urduri politika-gizonak, ea nola geldierazi mogimendua asmatuz. Baina mogimendu hori geldigaitza dateke: ia Poloniako entrepresa guztietan, hasi dira, dagoeneko, sindikatu berriaren komiteak eratzen. Eta jadanik indar berrien eraginaz, jendea fruituak ikusten hasi da: inoiz baino gehiago eta hobe informatzen ari dira, Irailetik hona, komunikabideak, herriko egoera errealaz, grebetaz, elkarrizketaz, tirabirez. Propagandak ez du etsi, noski, baina kontrako kritikak ere entzun ahal izan dituzte poloniarrek telebistan, harridura handienean murgilduta.

Alderdia zatiturik agertzen zaigu; greba zela eta, sistemaren kontra dauden hainbat gauza onartzera bortxatuta izan dira, eta nahiz eta sindikatu berriek, Konstituzioaren barruan segituko dutela esan, nola ulertu sindikatu independiente eta libre baten existentzia, batez ere horrek sindikatu ofiziala eta Langileen Alderdia, kanpoan uztean? Nola bat daitezke hainbeste gauza kontraesankorrak?

Hala ere, handik begiratuta, dezepzio pixkat hartu genuen, gertaerez jakitean; onartu behar da, grebekin batera, eta poloniarren bizitza normalean, dagoen jarrera erlijiosoa, guztiz harrigarri gertatzen dela; ez dugu ulertzen nola, eta noiz arte eraman daiteken langileen aldeko burrukarik, eskutan gurutze bat daramatelarik. Seguru aski, poloniarren katolikotasunak zerikusi handia dauka nazionalismoaren finkatzearekin; seguru aski, momentu honetan, harma erantzule gisa erabiltzen dute. Bai, baina non amaitzen da hori, eta non hasten ferborea?

Bestalde, grebetan eskatu diren gauzak hurbildik begiratuta, ezin daiteke esan izugarriak direnik. Ez, baina beraien garrantzia ez datza beraien izaeran, sistemaren logika osoaren kontra doazela ikustean baino. Langileen liderrak seguru daude beraien indarraz, orain arte bat bezala erantzun baitute beti langileek. Hala ere, arrisku bat dago: kontra egote horren gainditzera helduko ez balira, asimilerrezak izango lirateke sindikatu ofizialaz. Jadanik Irailean esan ziguten han, entrepresa anitzetan eratzen ari diren "Solidaritate" sindikatoaren komiteetan, bestearen jende asko sartzen ari zela...

Baina nahiz eta herri horren eite honetaz oso interesaturik egon, beharbada jendearekin hitz egiteko Posibilitate gutxi geunkalako, jendearen bizitza behatzera saiatu ginen. Nola dabiltza, nola erosten dute, zer, nola bidaiatzen dira, etab., etab. Honek, agian, besteak baino gehiago deitu eta harritu gintuen, bi bizitza eta bi mundu desberdinetan bizi garela konturatu baikinen.

Kaleetatik ibilita, ia ezin duzu pentsatu hura Ekialdeko Europa denik; ez, edonon egon zintezkeen, hain gure estiloan ibiltzen baitira poloniarrak. Kaleetan somatzen den ia gauza bakarra, propaganda eta publizitatearen falta da. Baina heurak ez dira ez oso handiak, ez oso ilehoriak ere; janzkera, batez ere hirietan, gurea bezalakoa da, Ekialdeko beste herrietan gertatzen ez dena; jendea, gurean bezala, presaka dabil leku guztietatik: lanera, etxera, erosketetara... Bai, erosketetara egun osoan, egunero; ezaguna zaigu herri hoietan dagoen falta... gure buruarekin hara joanez gero, ia ulertezina egiten zaigu denden itxura; inon, edo ia, ez da ikusten denda baten erakustokia ondo apainduta, eta barrura sartuz gero, leku guztietan gauza berdinak, edonola pilatuta, eta segun zertarako, beti iladak; bai, ez dugu inoiz ikusi ilada gabeko harategirik; oso gutxitan, fruitudendarik. Harategietakoa, batez ere, izugarria da: 10etan edo zabalduz gero, 8etan ikus daitezke jadanik 50 pertsona lasai itxaroten.

Egia da ez dagoela gauza handirik erosteko, eta dagoena ere, laster amaitu ahal dela, agian hurrengo egunean, agian, bi ordu barru. Bai, edozer, heldu bezain laster, erosi behar da...

Hori da, beste batzuren artean, poloniarrek erosketetarako hain obsesio handia edukitzeko arrazoi bat. Beti diru asko poltsikoan, eta ez bakarrik diru asko daukatenak; beti poltsa tolesgarri bat gainean... zeren agian hurrengo kalean, erakustoki batetan, berehala, gauza berri eta deigarri bat ikusteko aukera edukiko baitute. Hori egiteko, halere, beste arrazoiak ere ba daude; hala nola diruaren baliorik eza.

Mendebaldeko herrietatik heltzen dena edukitzeko, edozein ahalegin egiteko prest daude. Hainbat eta modernoago, hobe. Bizimodu hau, batez ere hirietan ikusi ahal izan genuen, herri txikitan ez baita gauza bera ikusten. Bizimaila askoz baxuagoa da herrietan, kanpoan. Kotxeak, etxeak, jantziak, dena da kalitate txarragokoa. Honetaz gainera, desberdintasun asko dago ere alde industrial eta ez-industrialen artean, ez bakarrik jendearen aldetik, baina ofizial mailan ere. Adibidez, trenak eta autobusak askoz txarragoak dira Ipar-ekialdean (lurrunezko tren batzutan ibiltzeko "aukera" eduki genuen); han ere, jateko ere ez dago hainbeste, banaketa oso txarra baita Polonian; horrela, posible da hiri batetan artikulu bat kantitate handitan aurkitzea, eta albokoan, ezin aurkitu gauza bera. Bueno, aurkitu bai, baina beharbada, dolarretan pagatu behar izanez. Seguru zuetariko askok Ekialdearen denda horien existentzia ezagutzen duzuela. Nik ere beraietariko batzutan egona nintzen jadanik, baina Poloniakoak limite guztiak gainditzen ditu: beste herrietan, dolarretan erosten diren gauzak, inportaziozkoak eta turistentzakoak dira. Han ez, han Polonian egindakoa ere eros dezakete. Turista batek etxebizitza bat, edo kotxe bat nahi duela asko itxaron gabe? Ba, joan Pewex-era, eta dolarrak badituzu, ez dago batere problemarik. Lotsagarria, benetan, gobernuak, dibisak lortzeko, daukan metodo hau. Eta honegatik existitzen da beraiengan kanpoko diruaren egarria.

Gauza asko gehiago kontatu ahal izango nituzke; asko harrigarriak, besteak negargarriak; batzu, ere, oso interesgarriak. Baina uste dut ez dudala hori egingo, konturatu bainaiz hango irudi koherente bat emateko, gutxienez, liburu bat behar dela.

Bakarrik, amaitu baino lehen, aholku bat eman gura nieke herri deigarri hori ikustera joatera animatzen direnei, edo hobe pentsatuta, bi:

- Ez joan hara talde eratu batetan, hori baita biderik onena ezer ez ikusteko. Han, inon baino hobe, esan daiteke, poloniarrekin sentitzeko, bizimodua ulertzeko, kate turistikoetatik kanpo ibili behar dela; bestela, betiko topikoetan jausteko arrisku handia dago.

- Hara joanez gero, pentsa ez dagoela zertan dena ulertu behar; han, eguneroko bizitzean dena ulertu nahiak arazo asko agerreraz dezake, eta horrela egitean, desesperazioan jaustea oso erraza dateke...

Maria Jesus Esteban


Gaiak. Zientzia

Mikroinformatika: nuklearra baino arriskutsuagoa

Gure oraingo gizarteak daukan arriskurik garrantzitsuena, nuklearra barik informatikaren erabilketaz datza. Ez da jadanik etorkizunari dagokion beste fikziozko edo erdi fikziozko arazoa. Hamarkada honetan gizateriak duen arazo lazgarriena dateke eta izanen da dudarik ez.

Herri honetan, hainbeste arazo artean, gorabeherak mailakatu egiten dira arrazoi guztiez eta mailakatze honen arauera, gugandik hurrun dauden arazoak ikusteko ez gara gai izaten askotxotan. Berri guztien nahasketak basotik haruntzago arbolak ere ba daudela ikustea galerazten digu. Hori dela eta, guri zuzen zuzen ez doakigun arazoren bat izanez gero, arrazoirik gabe, edo arrazoi logikorik gabe behintzat, baztertu egiten dugu. Ba dago beraz, nuklear arazoaren kontrako sentikortasunik duen jende piloa eta ongi deritzogu honi baina hala ere, nuklear asuntua, bat eta besterik ez da, aurrera daramagun martxa honetan gainera, guztiz ttiki-ttikia gelditzekotan dago. Gure oraingo gizarteak daukan arriskurik garrantzitsuena, nuklearra barik informatikaren erabilketaz datza. Ez da jadanik etorkizunari dagokion beste fikziozko edo erdi fikziozko arazoa. Hamarkada honetan gizateriak duen arazo lazgarriena dateke eta izanen da dudarik ez.

Nuklearra baino arriskutsuagoa

Blaise Pascal-ek 1642. urte haretan lehengo kalkulatzeko makina burutu zuenez geroztik nahiko euri egin du mundu osoan zehar. Seguru nago, ez zuela hark iñoiz asmatu halako egun batetan makina haiek edo antzeko batzuk mundu osoa menera zezaketeenik. Seguru ere, Franco-ren garaietako poliziek ez zutela behin ere halakoez burutu. Hala ere, gaur egunean segundu batzu besterik ez da eskatzen susmatu guztien zerrenda zientifikoena, logikoen eta zehatzena prestatzeko. Delako makina horretan susmatu edo susmagai guztien bizitza eta miraririk xehenenak ere sartzen dira edo eta sartzen ari dira. Barne ministeritzan ba dago beraz ordenagailu bat eta berorrek "Espainia"ko probintzia guztietan bukaerak eduko ditu laster komisaldegi guztietan, gobernu zibiletan. Minutuz minutu informazio moeta guztiak sartzen dira, kaxkarrak gehientsuak, burugabekoak besteak, tentelak asko, noizbehinka zertxobait burudun; hala jaten zuela, zer jaten zuela, non ikusia izan da, zeintzu lagun ditu, nora doan igandetan... Estatu espainolean egiten ari dan informazio pilaketa horrek ikusi handia du Martin Villarekin, bera izan zen Alemaniara "zerbait hori" bila joan zena. Baina hala ere hainbati ez zaio arriskua hortik etorriko, poliziek denok fitxatzeko duten erraztasun horretatik hain zuzen. Arriskua giza-ekintza guztietara zabaldurik dago. Arriskua ez datza bada, kontrol hutseaz, arriskua, super-gizakumea egiten eta eraikitzen ari direla konturatzeaz datza. Egiatan, mundu berri bat sortzen ari zaigu gure artean, gizona baino perfektuago, arinago, abstraktoago, inteligenteago den zerbait.

Fikziotik errealitatera

Eta Euskadin honelako gaiak fikziotzat hartzen ba dira ere, ez da berdin gertatzen mendebaldearen zenbait herritan. Frantziako prentsak orain gutti egindako inkesta baten bidez Renault fabrikez zenbait miragarritasun zabaldu zion ezer entenditzen ez duenari; eredu bat ipiniz gero, hara hor datu adierazgarri bat: Renault fabriketan informatika orokorki aplikatuz gero, orain dituen 240:000 langileetatik 50.000 soilik beharko lituzke gaur produzitzen dutena bi aldiz gehiago produzitzeko. Japonian 1978.ean 3.000 robot zegoen. 1980.ean 7.000. Europan azken bi urteotan 1.000tik 2.000tara iragan da roboten produkzioa. Suezian 300tik 600tara. Garai berri honen irudia Renaultek berak eman liezaiguke:

Duela urte batzu, hamabi kilometrotako katea bat martxan jartzeko bostpasei mila langile behar ziren. Orain aldiz, bostpasei robotek lan osoa miragarriro egiten dute. Oraindik ere zenbait langile ikustarazten da prozedura osoari begira baina beldur gara begiratze edo "zaintze" hori iragan garaiotako folkloreari dagokiola jadanik. Laster beldurrik gabe, Renaultek jubilatuko ditu. Fabrikapenaren prozedura osoa kristalezko habia batetan gorderik dagoen super-ordenagailu batek kontrolatzen du baina delako hori burmuin handiosaren beso edo amaiera bat besterik ez da, burmuin boteretsua Pariseko egoitza zentralean kokaturik baitago. Berorrek segunduz segundu erregistratzen du, guztiak ikasten ditu, balantzeak, sarrerak irteerak eta hitz guttitan produkzio osoa eratzen du Frantzia osoan zehar.

Zeri beldur? Mintzatzen diren ikuzgailu eta labeei?

Teknikoek nahi izanez gero, gaurko egunotan 6.000 pztako inbertsio baten bidez, gure garbigailuak edo eta sukalderako labeak gurekin mintzatzeko gai lirateke. Bost urte barru, modu berean, ordinagailu gehienek hitzeginen digute eta guk haiei ere bai. Adituei kasu egiten bazaie, gaurko merkatua ez dagoela oraindik prest makinek hitz egin dezaten eta errua ez da teknikoa, sikologikoa baizik. Jende askori beldurra ekarriko zioten. Bai, "Adizu ederra sartu didazun oiloa erretzen ari zait" esaten badigu labe batek barre edo beldur sortuko lizkiguke hitzok. Arazoak ere aterako lituzke, hizkuntzabitasuna dagoen herrietan batez ere. Pentsa ezazu flamendar batek makina frankofono bat errorez erosi duela. Gobernua eror liteke! Baina ez da txantxetakoa. Orain 20 urte Honeywell-Bull-en psikologoek zera kontseilatu zuten: Pantailako erantzunak segundu batzu atzeratzea eta berariaz egin zuten.

Baina labeek hitzegiteaz eta ikuzgailuek beren neke eta zoritxarrak kondatzeaz ez datza arriskua, arriskua, gizarte makinatu baten jipoia izateaz datza eta honetan garbi esan behar da, inongo ezkerrak ez du oraindik, ez teorian ez praktikan ere, inongo aurrerabiderik gertatu. Ez da beraz ezker-politika zehatzik ikusten. Zer esan du ezkerrak jaiokuntza-beherapenaz? Europako bizilagunen zahartzeaz? Zer erremedio kolektibo ekarri dio seme-alaben hazkuntzari? Hitz guttitan, GIZONAren betekizunaz delako gizarte berri horretan?

Ordinagailuen lasterketa: mikroinformatika

Ordenagailuen erabilketaz ari garelarik, zifra eta zenbaki zorabiagarriak ekar genitzake baina aurreikuste guztiek huts eginen digute.

Arazo honen berezitasunik garrantzitsuena mikroinformatika da. Mikroinformatika iraultza historikoa da. Izan ere, zirkuitu eta elektrabide gero eta konplexuago, gero eta tarte ttikiagotan sartu egiten dira. Mikroordinaketak erraldoi urratsak egin ditu. 1957.ean hazbete baino pixkat handiagoa zen trantsistore aktibo bat egiten zen. 1963.ean hazbete horretan 8 trantsitore aktibo sartzen ahal ziren. 1970ean 30.000! 1979.ean 68.000. 1980.ean 250.000. Hemendik bi urtetara ezarri ahalko den kopurua milioia baino handiagoa izanen da.

Denbora berean, prezioak behera joan dira lasterka. Transistore aktibo baten kostua 1957,ean 8 dolarretako zen. Oraingo batek, 35.000 aldiz guttiago balio du.

1957.ean gizaburmuina egiteko, bilioi bat elektrabide behar ziren. Orain ere bai baina delako urte horretan aterako zen makinak Paris eta bere inguruko hauzo eta herri guztiak beteko zituen. Orain egiten bada, etxe normal bateko gela arrunt batetan sartuko litzateke. Hemendik bi urtetara teknika berriei esker, aterako den gizaburmuina gurea baino pixkat ttikiagoa izanen da eta ezberdintasun handi batez, delako burmuin artifizialak guk geuk erabiltzen ez dakitzagun elektrabide guztiak jakingo du erabiltzen!

Estatu Batuetako San Francisco hiriaren ondoan, azterlari talde bat lanean hasi zen 1957ean. Gaur egunean, autobide baten ondoan eta 25 kilometrotan zehar mikroinformatikaren teknologiarik aurreratuena kokatzen da bertan, mikroprozesagailuak, mikroordinagailuak etab. "Times" egunkariaren arauera, hain arin doaz azterketak non bakarrik inguru haietako unibertsital diplomatuak hitz teknikoak ulertzeko gai baitira. Diplomatuok jakina, milioidunak dira denak oraingo honetan!

Mikroinformatikarekin, informatikak, dimentsioak, aurpegia eta betekizuna aldatu ditu. Oraintxe arte tramankulu inteligenteak fabrikatu egin dira. Memoria ona izan dutenak baina konplexitateaz oso landugabeak, sentzilloak. Konplexitate gehiago edukitzeko leku handia eskatzen baitzuten. Hemendik aurrera leku askoz ttikiago batetan informazioa eta beraren konbinaketa eginen da. Frantziako biblioteka osoa sartuko da zigarro pakete batetan eta segundu batzu eta gero, nahi izango dugun informazioa gure aurrean edukiko dugu. Tresna horiek leku guztietan konekta daitezke; telebistan, telefonoan, ordinagailu bukaeretan, edozein lekutan.

Gertatzen ari den garaia menerapen absolutuaren garaia dateke. Artea ere, ez da kanpoan geratuko. Programaturik, ordinagailu batek nobelarik marabillosoena "idatz" lezake. Gizonak kontrolatuko du, bai baina zeinek? Informaturik egonen direnek ez dute soilik nuklearra kontrolatuko, espazioa eta genetika kontrolatuko dute, lurraren eta unibertsoaren meneratzaileak izanen dira. Eta honetaz bederen Lenin-en liburuak guztiz atzeraturik geldituko dira.

T. Trifol


Gaiak. Erlijioa

Galileo Galilei auzipetan. Zaharra itxi, berria ireki

Galileo Galilei kondenatua egon da: 347 urtez. Eta kondenatuta dago oraindik ere. Erromako "Ofizio Santuak" —Erromako Elizak— kondenatu zuen 1633. urtean.

Vatikano-k orain birgaitu nahi du. Orduko gaitzespena onespen bihurtu agian.

Ezaguna da Galileoren historia. Kopernikoren teoriaren aldekoa izan zen: hau da, lurra ez dagoela finko kosmoaren barruan, beste astroak beraren inguruan dabiltzan bitartean; alderantziz, lurra bera eguzkiaren inguruan dabilela biraka. Bere behaketek horretara bultzatu zuten Galileo. Eta horixe defendatu zuen bere liburuetan.

1616an Eliza katolikoak Koperniko Indizean —edo debekaturiko liburuen artean— sartu zutenetik, nahiko tirabira izan zuen Galileok Erromako Elizarekin, 1633an honek gaitzetsi zuen arte. Eta heriotza arte gartzelaturik —edo erdigartzelaturik— eduki zuen.

Ordutik honera zientziaren eta erlijioaren —eta fedearen?— arteko tirabiraren sinbolo bihurtu da Galileo. Ez hori bakarrik: barneko kontradizioaren irudi agertu da, "Epur si muove" bere esaera ezagun haren bidez. Arrazoiarengatiko martiria!

Egoera horretan hil zen. Baina bitartean bere zientziazko baieztapenak eta bereziki bere zientzi metodoak arrakasta izan zuten eta bide berria ireki.

Azken urteotan Eliza Katolikoak gaitzespen hura berrikusi eta deuseztatu nahia agertu du. Orain dela hamabost urte, Vatikanoko II. Kontzilioan agertu zen Galileo birgaitu edo erreabilitatu beharra; orain, azkenik, Apezpikuen azken Sinodoan berriz aurkeztu da arazo berbera; eta Joan Paulo II.aren beraren asmoa da nonbait behinbetirako Galileoren auzia ixtea eta kondenazioa baztertzea.

Horretan gaude...

Zientziaren eta erlijioaren arteko etena

Hiru mende eta erdi pasa dira. Eta berriz hara itzuli? Ordutik beren bidea egin dute zientzia modernoek —bide luzea—; eta teologiak ere egina du berea; zientzia horiei esker, neurri handi batez. Baina eten bat gertatu zen orduan, eta oraindik ez da sendatu. Alde horretatik egokia —eta beharrezkoa— izan daiteke, Eliza katolikoak bere kondenazioa desezartzea.

Baina benetako amnistia gerta dadin, beharrezkoagoa da, seguruenik, bataren eta bestearen —"Ofizioa Santuaren" eta Galileoren— orduko arrazoiak ikustea eta kondenazioaren beraren sustraiak eta ingurua aztertzea.

Galileok bere teleskopioa zuen izarren ibilerak ikusteko, eta experientziako bestelako datu konkreturik ere bai: horien arabera, Kopernikoren teoria iraultzaileari eutsi zion, bere baieztapen bihurtuz. Baina seguruenik azkarregi bihurtu nahi izan zuen hipotesi oinarritu bat tesi finko. Gaurko zientziazko jokabide egokiak datu gehiago eskatzen du noski baieztapen finkorik egin baino lehen.

Eliza katolikoak, bere aldetik, zientziak fedearen morroin izan behar zuela uste zuen, eta ez zekien fedea bera eta hau adierazteko forma mitikoak nahiz zientifikoak bereizten.

Fedearen eta zientziaren arteko autonomia zen arazoa. Eta Galileo zientzilaria teologia egiten hasi zen, bere baieztapen zientifikoa zuritzeko, "fenomeno fisikoen alorrean Idazteunak ez du zeresanik" esaten zuenean, edota "Espiritu Santuak erakusten du, bai, zerura nola joan, baina ez zerua nolakoa den" jaulkitzen zuenean. Okerrena, gaurko teologiaren aldetik arrazoi zuela!

"Ofizio santuak", berriz, oso berekotzat zuen fedearen kutxa gordetzea, eta ez zuen arrazoiaren —eta zientziaren— autonomia ulertzen. Eta autonomiarik ezean, etena gertatu zen.

Zientzilariak bere zientzia baino aurrerago egitean eta teologilariak bere fedea dogmatismoaren gazteluan defenditzean, elkarrekin aurrez aurre topo egin zuten. Une batez teologiak irabazi zuen, zientzilaria bere gazteluan bahituz.

Auzi zaharra itxi, berria ireki

Gaurregun ez dio inori sustorik ematen ez trabarik egiten, Galileoren teoria iraultzaileak; horregatik auzi zaharra itxi daiteke. Eta itxi beharko du Elizak.

Galileo bera dago, ordea, auzipetan sartzeko zorian. la lau menderen ondoren, auzi berria prestatzen ari da: lehenengo hura baino sakonagoa eta zabalagoa.

Teoria konkretu baten defendatzaile izateaz gain, zientzia modernoaren aita da Galileo: behategiko eta laborategiko zientziaren aita hain zuzen ere. Erlijioak eta teologiak bilduriko mundu mitikoaren sukalde beroa utziz, matematikak ordenaturiko mundu mekanikoaren laborategi hotzera pasa behar du zientzilariak Beragandik urrundu egin behar du mundua honen neurketa eta estudioa "neutralagoak" izan daitezen. Gizakiak bere kosmoarekiko kidetasuna alde batera utzi behar du, zientzia lantzekoan. Distantzia sortu. Aztergaia isolatu. Eta hortik aterako bide da jakintza garbia eta objetiboa, kutsatu gabea.

Hauxe da Galileok emaniko zientzia jatorraren metodoa. Hortik ibili da zientzia modernoa, azken lau mendetan: Gizonik gabeko mundu batetan. Baina hortxe piztu da, hain zuzen, gizonaren eskizofrenia ere: zientziak ematen dion mundu aseptiko eta matematikoaren eta berak bizi duen mundu "kutsatu" eta haragizkoaren arteko leizean.

Eta horren aurrean, gaurko gizarteak, gizakiaren gizatasunaren izenean eta ez inolako dogma sakraturen izenean, berriz ere auzitara eraman nahi du Galileo Galilei. Ordukoa baino askozaz larriagoa da oraingo auzigaia. Mundua gizatiartu eta gizakia mundutartu, mundua eta gizakia biak elkarganatu: hauxe da Galileo berriz auzitara eraman dutenen arrazoibidea.

Erlijioa ere zientziaren aztergai

Oraingoan ez du erlijioak, ez fedeak, zientzia auzipetan jarri. Zientziaren filosofiak berak jarri du, eta bereziki Fenomenologiak, Husserl eta Merlau-Ponty buru direla. Antropologiak epaituko du.

Eta ez Fenomenologia eta ez Antropologia dira dogmazale. Galileo juzgatzen baldin bada, ez de lau mendetan atzera jotzeko eta zientzia modernoa ukatzeko; baina bai horren mitoa desegiteko eta horren balioa erlatibotzeko.

Eta zein da erlijioaren lekua egoera berri honetan? Filosofiaren eta Antropologiaren eskutik, zientziaren kontrako mengantzan hartuko ote du orain?

Ezer lortu baldin bada azken lau mendeotan, zientziaren autonomi estatutua da. Inork ez luke hori auzitan jarri behar. Erlijioak eta teologiak zientzia beren morrontzapera eraman nahiko balute, zientzia matematikoa eta haragizko zientzilaria, biak, altxatuko lirateke kontra, Antropologiaren laguntzarekin.

Filosofiak Galileori jarri dion auzi berria, zientzia modernoa eta erlijioa elkarrekin bakeatzeko egintza ("acto de conciliación") iruditzen zait. Aspalditxo zientziak (psikologiak soziologiak, antropologiak) bere aztergaitzat hartu du erlijioa. Hauxe da seinalerik onena. Hortxe baieztatzen du zientziak erlijioarekiko bere autonomia; baina, bestalde, hortxe neurtzen da mitoaren eta arrazoiaren, estatistikaren eta fenomenoaren, experimentuaren eta giza experientziaren, zientziaren eta erlijioaren arteko hurbildubeharra.

Erlijiozko gertakariaren giza zientzia auzi zaharraren eta berriaren irtenbide bat da.

Paulo Agirrebaltzategi


Onegi dena beretzat ez da aski besterentzat

"Son los lirios con su ultimo disco... suicidaros, tiraros por la ventana". Bilboko F.M. Irratiak.

"Entre los chicos de 12 ó 13 años se ha producido un cambio notable, ya no son la juventud vasca violenta de los últimos años del postfranquismo". Jauregi, E.A.J.ren diputatua.

"Cuatro guardias civiles muertos y un paisano fue el trágico balance del atentado de Zarauz, atentado que por su indiscriminación, apuntaba a la extrema derecha". ERE-k.

"Yo estoy permanentemente en el faro del puerto de Bilbao, ni siquiera puedo tomar vacaciones porque si las tomo tendría que dejar la casa en la que vivo para que me reemplazaran y claro no tengo donde ir". Bilboko portuaren fareroak.

"De la misma manera que no acepto que todos los gitanos sean delincuentes, tampoco digo que todos los vascos sean racistas". Juan de Dios Heredia, PSOEko diputatua.

"Mientras otros invierten en comprar periódicos, editar revistas o en comprar metralletas, nosotros invertimos en formación". E.A.J.-ren telebistari buruz, I. Agirrek esandakoa.

"OPE-EPI: - Para batzokis, - para bibliotecas, - para salas de lectura - para particulares - PARA TODOS". Euzkadi'k.

"No todos los responsables del P.N.V. opinan igual sobre la guerra clandestina que el Estado debe llevar contra la violencia. La forma de pensar del Sr. Jauregi puede ser comparada a la de Ajuriagerra". Benegas P.S.O.E.koak.

"...El único sindicato de carácter nacional existente hoy en Euzkadi es LAB" LABek errepresioaren kontrako agiri batetan.

"Fachas!! teneis vuestro corazón a la izquierda!!!" Madrileko hazitegi ondoan dagoen orma batetan.

"La Constitución concede el privilegio de recoger 500.000 firmas para apoyar a la guardia civil y el método mas inocente es mediante un festival en el que únicamente se va a reir y a cantar". Jesus Gallo, Correon.

"El Sr. Mario Onaindia que pretende unificar socialismo y burujabetza, o bien no tiene oído vasco y no entiende su contenido, o bien lo entiende perfectamente y lo unifica para que quede diluido vaciándole de contenido y engañando al pueblo". Mikel Armendariz. Goiz-Argin.

"Elizak ez ditu hartu behar marxisten metodoak, zeren horrek nahita-nahi-ez ondorio hauek baitakartza: kristau bizitzea politizatzea, kristautasunaren muina ezabatzea, geroko eta betiereko bizitzaren ukatzea, etab." Fr. L. Villasante.


Ametsaren hegalaldia

Nik beti senti izan dut irrika izugarria gauza ezkutatu eta ustegabekoen amaraunak apurturik ikusteko honelaxe ideia berrien munduan sartu ahal izateko.

Burugabeko pentsamenduei berritasun-astinaldi bortitz bat emanez eta ametsen mundutxo malguan instant batez, zein bizi oso —labur— batez, partaide-gogaide izanez gero ez baita deus ezina, ez baitu inork ezintasuna ezagutzerik.

Eta agian horregatik edo barne-indar misteriotsu egingarri baten nahia delarik kausa, denok izaten gara gose, denok egarri, gauean zergatik hazten diren ixiltasunak konprenigarri aurkitzeko.

Eta gehienetan, holako bidaia interesgarriren batetarako txartelak eskuratzen ditugunean, ez dituke bertan bera uzten, baizik eta HUSTIRATU. Hain zuzen ere, ez da guttitxorako, ezen hil behar ditugunok ez baitakigu biziari ezetza borobilegirik eman.

Eta geure irriketan murgildu eta konformatu behar garenok ez dugulako irtenbide askorik.

Horregatixe hartu nuen onetan agertu zitzaidan amets luzetxo hura eta eskerrak eman nizkion maitteago neuzkan hitzei, neure buruzko ezagupide tinkoxeago eta iraunkorrago bat ezartzea eginkor topatu nuelako.

Horrelatan, eta nondik-zer-nola hasierari ekiteko duda-mudatan ito ondoren, hasi egin nintzen azkenez barneratzen neurea. Baina ez sartu aurretik zeinu semiologikoen gogoratzeari birpasatxo arinxe bat emanez, batek daki zer aurkitu! Horixe bai, ni beti konplitzaile eta amoltsu (hezkuntzaren ondorio?), tradizioaren ohiturak betetzen eta neurekin beti gogoan.

Eta..., emaidazu bosteko hori, gorputza!, has gaitezen behin betiko lagunkiro solastatzen!

Oi!, zer dakusadana zikin hori? Horrelako harrera zure jaun honi? Euskaldunon hatzazalak beti egon dira garbi, geure argikusmenaren beraren islada izan ditugu betidanik historian, eta orain niri irainak? Zure jaun eta elikatzaileari tradituz? Ez, tamainu horrelako laidoen aurrean ezin ezjakin egin; gaztiguren bat izango duzue!, oroitz zaitezten betiko!

Eskarmentua haragi gorritan hartuko duzue; zurea irainaren handia!

Ez ote nauzue nahikotzat? Nork zaindu zaituzte ttikitan-haunditan?

Gaurko haizeek kutsaturik omen zaudete; neuk kenduko dizuet itzala barne!

Baina..., nondik dator soinu hori? Nor dugu dantzari?

...A!, gaitzerdi, hatzak saltoka dabiltza. Haiena bai zintzotasuna!

Hurbil, hurbil zakizkidate! Ikus dezadan dantza prestago.

A! Erpuru hori, zer niotsun zure jakera lasterraz? Hesteontzi hori ezkartu beharrezkoa duzu, eta ez utzi etziko, bestela gero damuak!

Hori ezjakintasunaren fruitua duzu, gehiagoxe irakur bazeneza, hainbeste eta hainbeste liburu-aldizkaritan dauden argaltze-metodoak ezagunak zenituzke eta beste itxura bat ere bai.

Eta zu, txirkandatxoa, noiz arte segituko jangartsu?; hazur horiek behar dituzu jantzi!

A!, zuen gaixoak! Zer nolako bikote dagizue! Bata gosezto itzela eta bestea zuhurkeriaren jabe.

Begira!, ikus itzazue zeuen lagunak.

Horixe bai tipo edderra! Galai, dotore, bulartsu eta, erdikoa: haritz! Hori duzue erakusle, galdetu berari sekretutxoa!

A!, oraino gogoratzen naiz gazteagoxe zinetenekoaz! ¡bostok pare-pareak, denok haztearen-haztearen beharrez. Eta hazi egin zaizue gorputza, baina oraindik ikusten zaituztet ttikitxo. Hain zen haundia nire ardura...

Neurrigabeko lana egin behar izan nuen euskarri duzuen esku hori eraikitzeko laztanduz, eta malkotan itotzear frankotan; hor daukazue ordea, eta zeuena!

Salta, dantza, egin zintzilipurdi milaka! (ez nauzue edozein egile) eta edan dezagun batera —eta gogatsu— poztasunaren handia!

Ba noa, ba noa.., ba dut joan beharra, baina zin degizuet itzuli hemendik!

Altxa denok erkainak!, bizi bedi ametsa gurea!

Aizu, aizu!, noiz arte loak hartuta? Entzun eskumutur zarenorrek!, lantxo bat daukat zuretzat, eta zure jokabidearen jakitun izanik..., ez deritzot zure ahalmenerako —eta nahierako— zailegi.

Bihotz jaunarenganaino nahi nuke ailegatu, eta azken aldiotan indarge egonki... bidea erraztuko al zenidake? Ba dakizu..., zahartzaroan murgildu bezain fite ametsok astunagoak gara, irudikortasuna galduz goaz eta izan genuen mugikortasun hura errealitatedunok hartu diguzue.

Loreak ere ximeltzen dira, eta gu lore gaituzu, zenbaitetan arrosa kolorekoak... bestetan mingots hitsez jantzita. Bizitza duzu! Eta biziak ez ei duke barkatzen, ez eta atsedenaldirik eskaini ere. Nortasuna garaiz burutzen ez baduzu, ez duzu eta kitto! Betirako eznortasundurik, nortasungabea. Biziaren gogorra!

Onddo!, onddo!, eraman nazazu bada!

Eta goraintziak nire partez aita-amari; benetan beso onak dauzkazu!

K. Santisteban


Gaiak. Eritziak

Prentsa euskaraz eta Euskaltzaindia

Berria dugu oraindik "prentsa euskaraz" alde egindako kanpaina. Euskadiko bizilagunak jabetu ziren gure asmoaz, gure eguneroko zailtasunaz gure izateaz. Eta esan behar da garbi, betiko salbuespenak kenduta, Herriak bat egin zuela kanpaina honen filosofiaz eta helburuez. Laguntza prestatzeko, asmo eta beso ugari etorri zitzaigun gure giza-geografia politiko eta kultural bazter guztietatik. Bai Labayen eta Etxenikerengandik Monzonenganaino, gau-eskoletatik edo eta "Euskal Herrian Euskaraz erakundeetatik "Espainiako Herri-irrati Nazionaleraino heldu zela esan daiteke baina laguntza-agiri eta sostengu guzti horietan bat falta zela berehala ohartu ginen, Euskaltzaindikoa hain zuzen. Artikulu hau egiterakoan sentitu dudan haserre biziak erdaraz eta beste nonbait argitaratzera bultzatzen ninduen baina sumintze horrek gauza objektiborik egitera lagunduko ez ninduela konturatu egin naiz. Horregatik, hotz-hotzen, Anaitasuna-ren bidez eta soilik euskaraz egitea erabaki dut eta dakigunok badakigu, guttiegi dakienak ez du eskandalurik hartuko, eskandalutzat har baitaiteke Euskaltzaindiak hartu omen zuen euskal prentsaren kanpainari buruzko erabakia.

Eta puntu honetaz ari garelarik, ez dakigu erabakirik hartu zuen ala ez eta asuntu informalak sekretu gelditzen direnez, interesatuok ez gara ezertaz jabetu. Eta euskara zaintzea, garatzea, zabaltzea etab. helburutzat dituen erakundea ez omen zen "ofizialki" gure kanpainaz jabetu.

Izan ere, Urriak 30 kanpainaren eratzaileek Euskaltzaindiko bilera arruntean arazoa planteia zedila eskatu zioten.

Ba liteke hartu genuen bidea oso ofiziala ez izatea baina ez dugu sekula uste "gure Euskaltzaindia" paper eta instantzia hotzezko erakundea izan denik. Orain ere, egun eta aste luzeak iraganda, ez dakigu ukapena eman zuen edo ez enteratutzat hartu zuen arazoa eta apalki pentsatzen dut gauzak ezin daitezkeela horrela utz eta honetarako arrazoi batzu aipatu nahi nituzke.

Ezin daiteke horrela utz gaizki pentsatzen dutenak asko baitira. Ezin horrela utzi "Euskaltzaindiaren kontrakor amorratuak" desprestigio hutsezko abialdia egiten hasi direla esaten baita.

Begira ezazue zenbait jende esaten ari dena:

"Kontestatario, lotsagabe eta ezkertiartzat hartzen den prentsa ez dute nahi sostengatu, ezin sostenga baitaiteke Anaitasuna, zeinek bere horrialdeetatik eztabaidagarri jarri zuen Mitxelena, Euskaltzaindiko bileretan gazteleraz egiten zuela hark salatuz. Ezin ere Argia, zeinek artikulu eta karta batzuren bidez, Herriak "bai euskarari" kanpainaren diru-multzoa zertan gauzatu edo gauzatzen zen galdetzen baitzion. Ezin Jakin aldizkaria, zeinek orain gutti bekatu itzela egin omen du, hau da, "euskalarien Nazio-arteko jardunaldien" onak eta ez hain onak J. Azurmendiren luma oparoaren bidez jakin genituen."

Eta baliteke ere kako artean esandako guzti horiek Euskaltzaindiaren atxaki merke merkeak eta ez besterik ez izatea eta lotsagabeko batzuk esaten duten modura, "Prentsa" horren alde agiri-laguntza ateratzeak, Euskaltzaindiari onak baino txarrak ekarriko lizkioke. Purpurri horren barruan denetarikoa ba zegoen ere, PNV-ren eta euzko gobernuaren politikaren lagunak baino kontrakorrak nabaritzen baitziren eta jakina, Euskarazaintzak atzean darraikiolarik, hanka sartzeak ez du askorik laguntzen". Euskaltzaindiak sostenguak ematekotan oso neurtua izan behar da "euskararen" etorkizuna jokatzen baita.

Baina jarrai diezaiogun gaiztoek eta euskaltzaindiaren kontrakorrek errepikagarriro esaten duteni.

"Ideologia eta filosofia moral ala politikoz kanpo dagoen edozein hizkuntz-erakundek, euskararen gordetze eta garatzeaz arduratzen dena hain zuzen ez al da gauza sostengu-laguntzarik ttikiena emateko ere?

Nork pentsa lezake gaztelaniari buruz edo gaztelaniaz arituko litzatekeen ekintzei laguntzarik ez ematea Espainiako Akademiak (eta karkak direla gero!!) zeren eta delako jaialdi ala jardunaldi horiek Kubako idazle komunista batzuk antolatu baizituzten edo eta antolakizun horretan Castroren koinatuak parte har bailezake?

Baina gure euskaltzaindia ez da mundu honetakoa eta pertsonalismoak eta batzuren haserrealdiak direla bide eskuak ez koipetzea nahiago du"... "eta euskaltzalego batzuengandik euskaltzaindiaren kontrako kanpaina Herri Batasuna bat muntatzen ari dela entzuten ari garenean ba liteke informazio hori guztiz zuzena ez izatea eta kontrako kanpaina barik, Euskaltzaindia H.B.koen kontrako ahalegin politikoak muntatzen dituela aspaldidanik. Nola esplika bestela, hamazazpi euskaltzain osotatik H.B. zale bat ere ez egoterik? Zein da jaunak, azken urteotako euskal idazlerik, urgazlerik, gramatikalaririk, nobelaegilerik garrantzitsuenetako bat?".

Gure "prentsa"-ri buruz euskaltzalegoek haburu errespetagarriak eduki ditzakete, aldizkari hauetan argitaratzen den guttiarekin bat ez etortzea ere bai; baina Euskaltzaindiak euskara aurkitzen den egoera ahul honetan eskuak garbitzea egin al dezake?

Nik ez dut uste, hizkuntz-erakunde soila baita. Baina orduan hara hor nik egin nahi diet galdera?

Zergatik ez zenueten, laguntza-agirik izenpetu nahi?

Hizkuntz-arrazoirik al zegoen?

Beharbada, prentsa ez direnak eta euskara batua inoiz ere erabiltzen ez duten argitalpen batzu gurekin barruan ez egotea litzateke arrazoia?

Nik ez dakit, eta ez dakidanez, nire buruari galdetu beharrean, zuoi zuzenik galdera honek nahigo dut egitea.

Artikulu hau, jakina, nik neuk bakarrik idatzi dut.

Zuen erantzunaren zai.

T. Trifol


Gaiak. Elkarrikuska

Argentinar bat Bilbon

Holako lekuak munduko alde guztietan dituzu. Beharrezko gauza da eta kontserbatzeko burrukatu behar dugu. Kuban adibidez, munduko "music-hall" ospetsuenetariko bat aurkitzen da, eta erregimen komunistak ez zuen itxi. Are gehiago, herrikoi bihurtzea lortu zuen.

Orain zenbait hilabete "Bilbo Gautxori" izeneko artikulua idatzi nuen. Hartan, gogoratuko zenutenez Bilboko gauaz iharduten nuen, eta beraz, noski, Cortes kaleaz.

Berriz abiatu gara hara, eta oraingo hontan pertsonaia interesgarri bat benetan aurkitu dugu, gizaerazko ikuspegi batetatik begiratuta behintzat. Hauxe da, izatez, berriro hauzategi hartaz idazlan bat egiteko arrazoi bereziena.

Carlos dauka izena, baina "El Gran Carlos" ezizenaz ezagunagoa. Argentinan jaiotakoa da, eta bizitzaren kasualitate horietako baten ondorioz gure artean bizi da. Gastelaniaz esaten digu:

"Orain Euskadin nago eta guztiz integraturik sentitzen naiz. Berari dagokiona niri ere dagokit. Oso ondo hartu bainau Euskal Herriak, eta ni oso gustora aurkitzen naiz".

Duela 7 edo 8 urte alde egin zuen Argentinatik mundua ezagutzeko, experientzia berriak bizitzeko asmoaz. Ez zen joan Buenos Airesera txikia geratzen baitzitzaion, berak dioenez, "charco" aren beste aldean zer zegoen jakiteko beharra zuelako, eta bere herriaren kulturaren zati handi baten iturburuak, jatorriak, ezagutu nahi zituelako, hain zuzen, Europara etorri zen.

Noizbait Argentinara itzultzeko aukera badaukat, harrotasunez esan ahalko dut Euskadi, Catalunya, Turkia... eta abarretako jendearekin elkar bizi izan naizela, eta zuek esan edo saldu diezadakezuenik ez zait interesatzen, nik ikusi egin baitut. Sinisteko ikusi, hori da borrokatzen eta bizitzen jarraitzeko indartsu egiten nauena. Ez naiz irakurtzeaz edo entzuteaz bakarrik konformatzen; ikustea gustatzen zait."

Argentinaz

Nahiz eta nahiko urruti egon, Carlosek ez du bertan bera uzten bere herriaren egoera politikoaren jarraipena: "Ni joan nintzenean demokrazia oso alaian geunden, nolabait esateko. Geneukan gobernuarekin ia dena baimendurik zegoen. Praktikoki ez zegoen zentzurarik. Libreki lan egin ahal zenuen, sentitzen zenuena askatasun osoz esan, inori irain gabe, noski.

Gero hura aldatuz joan zen. Orain ezin da ezer esan, ezin da ezer egin.

Dena dago kontrolpean. Neurri baten barruan ondo egoten zen erregimen militar bat izatean. Hala ere, egoera grabetuz joan zen. Nik ez dakit zehazki zeintzu izango ziren kausak, baina ekonomikoak eta politikoak izango zirela suposatzen dut. Potentzia haundiek, jakina, sudurra sartu zuten. EE.BB.en itzala, hori txikienak ba daki, beti dago sartuta Amerika osoan: multinazionalen menderapena, gauza guztien kontrola... hitz batetan, USAk normalean egiten duena sartu behar ez den lekuan sartzen denean. Hola dakusat nik Argentina, manipulatzen eta eramaten ari izan direla beraiek nahi duteneraino. "Estatu Kolpe" bakoitzetik beren probetxua atera behar dute.

Tristeena zera da, jendeak berberean jausiz jarraitzen duela: dirua dagoenean, indarra dagoenean, hantxe aterperatu behar direla uste dute. Sektore edo joera batzuren interesa da gobernu baten bidez, koloreak ez du axola, dena maneiatzen duena. Gobernu hauek, Argentinan bezala, ia beti indarrez igotzen dira boterera.

Oraintxe bertan beste lehendakari bat daukate, Viola. Nondik atera duten esango didazu, nola eta zertara. Ni harrituta gelditzen naiz. Reagan berdin, zine-aktore ohia eta lehendakaritzara heldu da hanburgesen eta mirarien Amerikan. Nik neure buruari egunen batean neu ere presidente izatera iritsiko naizela esaten diot. Sinistezinezko erraztasuna egoten da tituluak, karguak eta postuak emateko".

Euskadiz

Gorago esaten digunez, guztiz integraturik sentitzen da eta Euskadiko arazoak bizitzen ditu: "Donostian, Iruinean eta Gasteizen egon naiz, eta orain hemen Bilbon bigarren aldiz. 67an izan zen hura, eta oso gutxitaz enteratu nintzen, ezagutzen ez nuen jende talde batekin bainengoen, eta gainera Inglaterratik heldu berria nintzen, herri hark ohitura eta kultura guztiz ezberdinak dituelarik. Kostatu egiten zitzaidan beraz egokitzea.

Orain ez. 6 hilabete daramatzat hemen eta gauzak era diferente batez ikusten ditut osorik, herri honen problemak sentituz, eta herri oso sentikor, noble eta begirunetsua dela nabarituz.

Nik zera pentsatzen dut, kausa baten alde borrokatzen duela, eta hau aspaldidanik datorrela, aintzindanik. Orain apur bat goratzea logikoa iruditzen zait, holako "demokrazia" bat heldu baitzen, eta bidezkoa da jendeak bere barnean sentitzen duena adierazi nahi izatea.

Ene ustez, funtsean, pakearen alde borroka egiten du, lasaitasun baten alde. Eta nire eritziz helburua hauxe bada, bideak, edozein bide, ongietorriak dira. Ez dugu ahaldeginik moztu behar. Helburu hori lortu behar da, jendeak berriro irribarre egin ahal dezan. Horixe da eta, orain Euskadin falta dena, zinezko eta berezko irribarre zintzo bat. Jendeari aspaldian ahaztu zaiola ematen du. Minezko keinua daukate, hestutasunezkoa, eta hori lazgarria da. Egunero ikusten dut kalean, autobusean... Jendeak mamu hori, gainean daukan pisu hori, aldendu egin behar du. Nik ez dakit zeintzu diren bideak nonbait. Nik, niri datorkidanaren bitartez, era hoberenean egiten saiatzen dut, nire lankideekin batera, jendeak ordu bat edo bitan zehar barre egin dezala lorturik. Norberak bere lanpostuan lortu egin behar duela uste dut, Euskadi izan zena berriz izan dadin; hau da, atsegintasun, bake, maitasuna eta ANAITASUNezko herria".

Lanaz

"Gatza eta misterio" asko daukan hauzategi batetan lan egitea tokatu zaio Carlosi, "La Palanca" delakoan hain zuzen. Eta nolabait gustatzen zaio "jende zoragarria ezagutu dut eta". Hor asko ikasi egin eta egingo duela azaltzen digu: "Garbitasuna, sentikortasuna, irribarrea, eta noizbait basakeria. Guztietatik ikasi dut zerbait".

"Bataclan" deituriko dantzatokian lan egiten du. Areto hontan espektakulo bat bururatzen dute Carlosek eta beste artista batzuek. Une hontan guztira zortzi direla uste dut, denak gizonak edo trabestiak izanik. "Show"a ez dugu esango Parisekoen parekoa denik, baina oraingo hau, zenbait aste dela estrenatu zutena nahiko ondo dago, ikusgarritasun eta borondate onarekin bederen. Gainera "apoteosis" delako kanta bat euskaraz dago.

"Ez dakit noiz arte egongo naizen hemen, baina luzarorako izango dela itxaroten dut! Barruan daukadan adierazpen-indarra eman behar dut, eta orain aukera daukadala, zeharo probetxatu nahi dut.

Terapia talde txikiak egiten ditugu. Batu egiten gara, mintzatu... problemak elkarrekin komentatzen ditugu. Eta elkarrizketa honen bidez, espektakulo bat, koreografia bat ateratzea lortzen dugu. Jendeak uste duen baino askoz gehiagotan batzen gara, eta guztiz gizaerazko mailean.

Gehienetan kritika onak izan ditugu. Gizakumeak gara eta lanerako orduan, ba ahalik eta hoberen egiten dugu.

Gazte asko etortzen da, baina era guztietako publikoa duzu. Giroa jadanik etxekoa bilakatu da, eta hauxe da, hain zuzen ere, gehien gustatzen zaiguna, eta ni pertsonalki harrotzen nau.

Holako lekuak munduko alde guztietan dituzu. Beharrezko gauza da eta kontserbatzeko burrukatu behar dugu. Kuban adibidez, munduko "music-hall" ospetsuenetariko bat aurkitzen da, eta erregimen komunistak ez zuen itxi. Are gehiago, herrikoi bihurtzea lortu zuen. Beti izan behar izan zena, herriarentzako dibertimendu leku bat, eta ez dirudunentzat soilik, ez amerikar magnateentzat, zeinek Kuba prostibulo haunditzat zeukaten. Hori da hemen lortu behar duguna, eta nik uste dut lortzen ari garela".

Prezioan, nolanahi ere, ez da oso garestia: laurehun pezetakoa. Holako espektakuloetan sarrerak askoz gehiago balio izaten dute hiri guztietan.

Carlosen estiloa pixka bat berezia iruditzen zaio bat baino gehiagori. Barrea sortzea da bere helburu nagusia. Batzutan zakarra izateko arriskuan, baina nik esango nuke inongo unetan iristen ez dela, beti mugan gelditzen da oso buruargiro. Estatu espainolera heldu zenean, Bartzelonan "destape"zko anitz espektakulo ikusi omen zuen ("apertura"ren garaia zen), haietako asko deprimigarriak. "Gauza haietako askok barregura sortarazten zidatela eta, pertsonaia haiek probetxatu ahal nituela pentsatu nuen besteei barre egin arazteko. Orain, dena dela, estiloz aldatzen ari naiz; bide sakonagoxe batetan nago, mamituagoa. Evita-ren numeroa adibidez. Oso sentimendu handiaz egiten dut. Bera izan zena izanik ere, nik begirunea diot pertsonaia horri. Kantaren letra biziki sentitzen dut ("... ni herrikoa naiz. Jantziak eta bitxiak joku bat baino ez dira..."), eta gauero negar egiten dut. Zihur asko kendu egingo dut, ezina baita niretzat egunero jasatzea".

Behin eta berriro elkarrizketan zehar, neurosis baten atarian gaudela errepikatu du, larriturik bizitzen garela. "Benetan, orain ez dugu pentsatzeko astirik. Presaka bizi gara, ez gara ohartzera, begiztatzera, itxarotera... geratzen".

Zerbait gaineratu nahi zenuke?

"Ez, bakarrik une hauetan, hemen, zuekin oso integraturik sentitzen naizela, eta nire burua ez dudala argentinartzat hartzen, ez ezertzat, munduko hiritartzat baizik, eta bizitzen tokatuko zaidan lekuan integratzen saiatuko naizela. Hau baita nire munduan egoteko zera, egotea eta erdibanagarri erdibanatzea".

Eskerrik asko, Carlos.

I.A.


Independentzia...

...Ados.

Baina, hori besterik ez dugu entzuten talde zenbaitzuez, eta gero zer?

Zertan finkatzen edo gauzatzen da hori?

PNV-tik etorriko balitz, Euskadiko estatu kapitalista bat nahi dela ikusiko genuke, baina, ezker abertzalegotik datorrela ikusirik, zer pentsa dezakegu?

Orain dela dozena bat urte, orduan mitraileta eskuan hartzen zuen baten ahotik hori bera entzuten genuen.

Nolaz?

Bai; klasetasuna ulertzen ez zuelako, ulertu nahi ez zuelako.

Nola daiteke, burruka harmatua onar eta sozietate berri bat, sozietate hau irauli nahi, berri bat, sozialista eraiki nahi ez izatea?

Hori bera pentsatzen nuen orduan... eta orain.

Bestalde, ba nuen EIA-ko lagun bat, eta hark "Gora Euskadi Gorria" ez zuen onartzen. Harentzako hori, estatalisten gauza zen. Hark ezin zuen ikus Euskadi independiente eta gorri bat, nonbait.

Gaur ere bikoiztasun hori nabari da. Zergatik?

Orain dela hilebete batzuek, H.B. inguruko batekin solastatzean, bere lantokiko egoera agertu zidan. Bera, bertako langile komitekoa zen; eta ba da.

Ari ginela, ikusi nuen klase konzientzi handirik ez zuela eta galdegin nion: Zuretzako non da, zertan da klasetasuna?

Ba... ni Herri Batasunean nagoela!

Gaur, amnistia aldeko komiteen inguruko batekin mintzatu naiz, eta zer egin behar dugunaren adibide bat galdegin diodanean Israel aipatu dit.

Zeren adibidea?

Herri zapaldu bat altxatu dena alegia! Nola, zertaz. zergatik?

Badirudi, historiak komeni zaigunean bakarrik balio digula, eta komeni zaigun eran bakarrik.

Badirudi, kibutzak, sozietate berri horren zera, berri hori bera direla.

Badirudi hizkuntza berpiztu duten bakarrak beurak direla.

Badirudi, predestinazioan, Francok, Hitlerrek, Salazarrek eta Ameriketako militar famatuek arrazoi zutela...

Baina nola entzun daitezke ezker abertzalego aldetik horrelako biraoak?

Predistanazioa, arrazismoa, inperialismoa, zapalkuntza, genozidioa, teokrazia, erabat, benedikatuko ote ditugu?

Hemendik puntu konkretu eta koloregabeko batera heltzen gara.

Zer da ezkerreko izatea?

Europa "demokratikoan" bizi izan garenok, badakigu zer den eskuinkeria hori.

Eta baita ere badakigu ezker izatea, Francoren denboran faxista izatea ez beste guztia zela, eta dela, omen.

Hori dela eta, gaur egun, badirudi, ezker hitz honek Euskadin halako benedikazioa duela,.. nongo elizakoa?

Honetan bada zer esana.

Aspaldi ez dela, UZEIk argitaratutako Politika Hiztegiaren lehen alea irakurtzen egon nintzen. Nik uste nuen, populua argitzeko gizon ospetsu batzuek egin duten lan horretan, hori, argia bilatuko nuela. Baina, maleruski, komentu kutsua, fraile usaina nabari dela esan behar artikulu askotxoetan. Argitu beharrean, konfusioa mantentzen dutela esan behar. (gauza onak ere baditu, nola uka).

Zer da nahasmahas hori?

Zer da beraz, ezkerrekoa izatea?

Zer da ezker izen horren babesean gorde edo izkutatu nahi dena?

"Lehen Euskadi askatu eta gero ikusiko dugu"!

Nik uste nuen, hori PNV-koen musika zela, baina gero, ohartu nintzen "ezkerreko" gizon ospetsu batzuena ere bazela.

Geroago berriz, Hegoko gizon, mogimendu, antolamendu, etabarrena ere ba zela,

Non da beraz, abertzaleon klase konzientzia?

Non da gure klase borroka?

Noizko dugu sozialismoa?

Noizko dugu komunismoa Euskadin?

Noizko Euskadi independiente eta gorria?

Harotza


Bustinlaritza Euskal Herrian

ENRIQUE Ibabe dugu seguraski, euskal keramika herritarraz jakintsuenetako bat.

Hor dugu berak atera berri duen liburua "Apuntes sobre la cerámica popular Vasca". Eta, keramikaren ardura jaiegunetan sailik hartu badu ere, 10 edo 12 bat urtetako lanaren fruitua dugu.

Keramika, euskal keramika hain zuzen, arte herritarraren beste atal ohoretsua da.

"Keramikari gaineratu zaizkion baztertze eta zapuzketaren parean, herriari ere egokitu zaio bizitzaren kalitatezko galera".

— ¿Nondik datorkizu keramikarekiko gaietarako zaletasuna?

Zaletasun honek eta gure kulturaren beste arloetarako interesak jatorki berbera dute. Hau da, gure kultura ezagutzea edozein agerpen material edo ezmaterialen bidez. Agerpenok jo behar dira, herri batek bizitzako arazoei ematen dizkion erantzun burutsutzat. Zalantzarik gabe, neure Herria, neure burua ere ezagutu beharraren pizgarriak, Jose Migel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Telesforo Aranzadi, Jorge Oteiza, eta besteren lanak izan dira. Honengatik, mila esker diet hauei guztioi.

Keramika, alegia, herri baten historia ikertzeko garrantzizkoa dela uste al duzu?

Bai eta bai. Gure keramikaren ezagutza gure Herriaren historiarako interesgarria da. Arrazoiak azalduxe daudeke lehenengo erantzueran. Kultura zenbait eratan definitzen da, baina xinple-sinpletuz esango nuke, kultura gizonak bere biziraupenerako egiten dituen zenbait tresnaren.sorrera dela; hots, sineskerak, hizkuntza, legeak, artea, literatura, laborantzako lanabesak, arkitektura, keramika... Hara, tresna hoien ezagutzak herri egilea ezagutzera eramango gaitu. Bere izaera, jokabidea, portaera, nortasuna... ere emango dizkigu ezagutzera.

Egun teknikak, keramika, arte arlora baztertu du. Hala ere, lehengo aroetan ez zen hola. Azal iezaguzu pixkat zer gertatu den.

Bete ere, herri-keramikak paper garrantzi-garrantzizkoa, gizarterako arras baliagarria, bete du aspaldiko garaietan, bai eta gure egunetara arteinokoan ere.

Halabaina, egun, praktikan bere balioa galdu du. Izatez, Euskal Herrian ez dago batere keramika-lantegi tradizionalik irekita. Normala da hau, Ura ba daukagu sukaldean, ez da uretan joateko beharrezko ontzirik behar. Sukalde "zuhurra edo ekonomikoa", ikatzezko txapa, lehen eta oraingo gas edo elektrikazkoak, sutarako ontzirik gehienen galtzaile izan dira. Industriak lurrezko, toskazko zein bestelako materialezko ontziak egiten ditu, eta berauen abantailek eta prezio txikiek geratzen zitzaigun herri-keramikarik gutxiena amaitu dute. Hau honela da; komeni bide da, abantailtsu, omen da; ez dago erantzuterik. Honako herriko txano eta kankano zahar hauek, gure egunetararte trikili-trakala heldu den kultura zaharraren azken aleak, kultura berriaren aurrean suntsitu beharrean aurkitu dira. Kultura berria, arazo berriei soluzio berriak eta arras bestelakoak ematen dizkiena.

Egin duzun ikerketa historikoa dela medio, gauza batez konturatu gara, hots, Gipuzkoan ez zegoela buztinlari ugari. Zertan datza egite honen zergatikoa?

Hasiera batean benetan harritzen gaitu, oraindaino Gipuzkoan ezagututako keramika-lantegien eskasiak. "Notas sobre la cerámica popular vasca" liburuan aipatutakoei, duela aski urte Aretxabaletan ibiltzen zen lantegia gaineratu behar zaie gaur egun. Berri hau Jose Ramon Arenaza eta Inazio Azkoitiarengandik jaso dut. Azken hau, harri honetako azken eltzegile, Julian Lopez de Muniainen hereniloba(1) dugu. Menturaz, Gipuzkoako keramikagintzaren eskasia ondokoari zor zaio, Euskal Herrian makina bat lanetarako lehengaia(2) zura zelakoari, alegia. Zentzu honetan doa Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran, Julio Caro Baroja bezalako ikertzaileek jadanik diotena. Neure buruzpidearen arauera, halaxe uste dut nik. Ene aburuz(3), Euskal Herriko hezealdean(4), behintzat, oinarrizko lehengaia zura izan da; beraz, "zuraren kultura" delakoaz mintza gintezke. Baina zura materiale organikoa denez, ez da kontserbatu egiten. Hau dela zio, ez da zurezko egiteko honen erakuskaririk asko heldu gure egunetararte. Nolanahi ere, hortxe ditugu kutxak, beren lantze izugarriarekin. Arkitektura zibila, militarra eta erlijiosoa, zurez egindakoak. Eta ontziak aipatuz, hortxe ditugu neolito-aroaren ertzeko(5) kaikuak, abatzak, taloaskak, etab.

Gai honi jarraikiz, zura, burdina edo honelako materialeetarako hobespenaz beste, Gipuzkoan behintzat, bene-benetan higuin(6) egiten zitzaion lurra, buztina lantzeari.

Hona eredu esanguratsu batzu:

"No se aplican a este oficio (tejero), aplicándose a otros más mecánicos y humildes" (Larramendik, 1754ean, bere "Corografía de Gipuzkoa"n dio bertakoei buruz).

"El primero que, consumiéndose para el uso de las casas una indecible porción de vajilla de barro, ni una sola pieza se fabrica aquí, toda viene de Alava o Castilla... (Pedro Cano Mucientes Korrejidoreak, 1.756.ean, dio Gipuzkoan hiru oker haundi daudela. Dirudienez, buztinlaririk eza da bata).

1770.ean "Real Sociedad de Amigos del País" delakoak ontzigintzak muntatzea kontseilatzen dute eskasia hori betetzeko, "procurando quitar a los naturales la aprensión que tienen, de que semejantes oficios desdicen de la nobleza; dándoles a entender, que nada pierden, por ocuparse de ellos, para ser admitidos a los honoríficos". Baina Gipuzkoatik kanpo ere, buztinerako hinguin hau aurkitzen dugu. Jose Migel Barandiaranek bere "Vasconia Antigua-n" honela diosku... "en Busturia, hay una tejería en que por cierto se emplean obreros asturianos, en vez de naturales del país, por ser oficio poco preferido de éstos". Oraintsu arabar eltzegile batekin mintzo nintzelarik, aitortu egin zidan soldatutzara joan zenean bere lanbidea ezagutzera emateko halako erreparu bat zeukala. Hala eta guztiz ere, honek ez du esan nahi Araban, Nafarroan, Iparralden, bai eta Bizkaian ere, eltzegilerik egon ez datekeenik. Hain zuzen ere, badakigu Durangon 1527.ean lan egiten zuela Martin Marketxo edo Margotxo eltzegileak, eta 1534.ean Agustin Margotxok. Arabari dagokionez, ba dago Donemiliaga Kukulan (San Millán de la Cogolla) 871. urteko agiri bat; bertan Okoiztako San Bizenteri(7) egindako zenbait ondasunen emaitza(8) aipatzen da, eta Foze de Arganzone, Ganna, Letonu, Zatica, Elorriagarekin batera, Olleros deitutako herri bat ageri da. Gainerako herri izenak ikusita, pentsatzekoa da honako Olleros hau Ullibarri de los Olleros izan litekeela, izan ere. Honela bada, ba geneukake Euskal Herriko buztingintzaren albiste dokumentaturik zaharrena. IX mendeko honako Olleros hori eta gaurko Ullibarri de los Olleros herri bera izan ez arren, hala eta guztiz ere, Araban mende hartan eltzegintza zegoela egiaztatzen digun dokumentu baten aurrean geundeke.

Zergatik mintza daiteke euskal keramikaz?

Tira ba; lehenik eta behin berbertan daukagulako. Egia esan, gauza ez da horren erraz. Nonbait ere, euskal herritar keramikaz mintzo gara. Denok ba dakikegu zer den keramika. Beste bi hitzen edukia(8), esanahia mugatu nahi dugunean bertan sortzen da auzia.

Egin ere, artea, gizabanakoak egiten du, baina bere nortasun sortzaileak eta bere baitan daukan kolektibotasunak duten elkarrizketa elemental baten bidez. Kolektibotasun edo inkontziente kolektibo honetan, bai artisauak, bai herriak, aurkitu eta garatu egiten dute beren burua. Hartan bertan ere, egin beharrezko produktuaren baldintzatzaileak(9) daude. Baldintzatzaile erabilkor, estetiko, ekonomiko, erlijioso, etab. Herri osoak ezarritako baldintzatzaileak; berauek dira, hala esan dezagun, artisauaren lan konkretuaren plataforma. Baina artisanak ez ditu bere askatasun pertsonalaren mehatxagarri sentitzen baldintzatzaileok. Guztiz kontrara. Paradoxaz, askatasunaren baldintzatzaile dira. Eta hau honela da, baldintza, zehapen(10) hoiek ez datozkiolako kanpotik; barnean, bere baitan daramatza partehartzeaz.

Laburkiro: artisana bere herriarenak bezalakoxe balio beretan murgilduta dago. Herria dauka. Hargatik, egiten duen orok ere herria dauka. Gureari loturik, euskal herritar keramika, herritarra delakoxe euskalduna da. Honek nabardura ugari behar luke, baina arazoa, egiatan, arras zail eta konplexua da.

Herriaren partehartze-zentzu honez irakurri, ulertu egiten ditut Manuel Lekuona eta Jorge Oteizaren idazki batzu. Manuel Lekuonak 1930.eko Euskal Ikaskuntzetako Bostgarren Biltzarrean, bertsolariaren eginkizun sozialari buruz zioen:

"El bertsolari, considerado desde cierto punto de vista es una verdadera institución en la sociedad vasca. El bertsolari nunca es un poeta que canta solo; es el poeta que canta juntamente con el pueblo que le escucha, tan compenetrado muchas veces éste de la misma inspiración de aquél, que no es infrecuente que toda la masa de oyentes "vea venir" el verso final de unas estrofas, y lo coree a una con el improvisador".

Eta Jorge Oteizak, Pelay Orozcoren liburuan:

"Amad por encima de todo a vuestro pueblo, a este viejo, noble y dolorido pueblo nuestro. Amadlo con toda vuestra alma porque solo en la medida en que lo améis os realizaréis como artistas. Sabed que en los tiempos que llegan, que han llegado ya, un artista que no tenga pueblo al que amar y servir, un artista huérfano de pueblo, será indefectiblemente un artista incompleto, un artista mutilado, un artista frustrado".

M. Aldanak itzulita

1) Iloba, berriloba: hereniloba

2) Materia prima, Matière première

3) Ene eritziz

4) Herrialde hezea. Hezetasuna. Buztitasuna

5) Del fin, de la fin.

6) nazka, nazkagarri

7) San Vicente de Ocoizta, Snt. Vincent d'Ocoizta

8) donación

9) Contenido, sens (teuer)

10) Condicionante

11) Zehatze.


[Komikia]

BIRIKI


Gurutzegrama