ANAITASUNA
VII URTEA - N.º 68
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Urtarrilla (1) 1960
Illabete onen 10-ean be Bilboko Arriaga Teatroan, urtero legez, izan da Euskaltzaindiak prestau dauen jaia. Azkue zanari omenaldi bat egin jakon orain urte batzuk direala eta ordurik ona urte guztietan egin dau Euskalzaindiak zerbait, euskerearen bizitzea indartuteko zer egin leitekean erakutsirik. Oraingoz, bertsolariak, euskal-teatroa eta euskal kantak dira eredu legez iminten dituzanak, eta aurten, eskolea dala be zerbait edierazo dau, esanik euskaldun neska-mutikoak euskeraz ikasi bear dituezala euskal-kantak, kristiñau dotriñea, ipuiñak eta abar. Eta, onetara, bideak zabaldu eta erreztu gura ditu apurka apurka, euskaldunen gogoa ori bada, geroago ta gauza geiago egin aal izan daitezan euskal-arloan ¿Oraindiño eragozpenak dagozala? Baiña, egia esan, geu gara alegiña egin bear dogunak gauzak bigun eta legun iminten eta maitasun eta alkartasunaren bidez estropozu guztiak desegiten. Bide legunetik urrun eldu geintekez. Bide gogorretik nora ogeigarren gizaldi onetan? Nora?
Frantziako Euskalerrian gure anaiak lortu dabe zelanbait legearen bidez euskerea eskoletan sartzea eta lanean diardue lege orrek emoten deutsien eskuari sendo oraturik.
Geuk be ez ete dogu billatu bear zulotxoen bat, bertatik sarturik legearen aurrean gizon-izenagaz ezagututen direanen artean ezarteko? Europako erriak bide barri bat daroe eta geuk be Europan beti artu dogu parte aspaldiko urteetatik, eta ez bakarrik Europan, Ameriketan be asko ta asko.
Orretarako, lenengo lenengo egin bear doguna da, esperantzea sendo eta eten barik izan, itxi alde batera euskereari ainbeste kalte egiten deutsien uste ustelak eta ez ibili euskereak eztaukala zeregiñik esaten, bildur barik eta edonon euskeraz egin, ondo edo txarto, baiña egin. Ta azkenez, seme-alabatxoai be irakatsi euskal-kantak edo zertxobait irakurten baiño ezpada be, eta batez be euskerearenganako amodioa eragin. Apurka apurka geuk sortu bear dogu eskolearen bear-izana, gauza txikitik asita. Zetako balioko leuke lege bat egingo balitz euskereari eskoletan ateak zabal zabal iminirik, aurrera eroateko naikoa indar eta gogo ezpalego gure artean eta iñok jarraituko baleutso? Ez! euskaldun guztiok, edozein kolore daukagula, ardura artu bear dogu euskerea gure ondorengoai indar aundiagoz itxiten, sustrai aundiagoa artu daien, euskaldun zintzoak bagara beintzat.
Euskaltzaindiak eskuartean daukan beste egiteko aundi bat Euskalerri osoko bertsolarien txapelketea egitea da. Aurten Nafarroan be atera gura dituez bertako txapeldunak. Eta mugaz andiko euskaldunak an bertako txapelketea urtero egiten daben legez andik be izentauko dituez. Eta Euskalerri osoko ordezkariak batuko dira txapelketa nagusi batean gure erriaren batasunaren indarra gauza guztien gaiñetik erakutsirik. Eta izan be, izatez erri bat gara, administraziño kontuan bat ezpagara be. Zazpirak bat.
Ona emen kristiñau askok aztuta bizi dogun problema bat. Gaurko munduan sortu dan problema ikaragarri bat. Eta mundu guztian sortu dan lez, danok alegindu bear gara erremedioak topetan.
Mundu guztiko arantza mingotsa dala numeru oneek erakusten dabe: Belgika-n 1.600.000 bizileku falta dira. Italia-n 4.000.000 andra-gizon etxe barik bizi dira. Asia-n 500.000.000 gizaseme bizimodu txarrean dagoz. Latin-Amerikan 11.000.000 bizileku falta. Espaiñian 1.200.000 familia etxe barik.
Gaurko munduaren okerrik aundiena auxe dala esango neuke. Eta onen ondorenak negargarriak direala danok dakigu: familien batasuna, aita-semeen arteko maitasuna arriskuan dagoz. Eta garbitasunari begira zer esango? Gela txiki eta loi batean bi edo iru familia bizi badira, zelako garbitasuna eskatuko deutseegu?
Orrelako bizimoduan, ezkontzeak be bildurra emoten dau; eta askok berandu arte ixten dabe. Itxaron bearra daukee, etxe bat, bizileku bat aurkitu arte. Eta ezkontzea ainbeste luzatzeak be bere problemak sortzen ditu.
Semeak zelako edukaziñoa artuko dabe? Umeen izakerea etxean ikusita, ez da esaera zarra? Kontuak atara ba, zelakoak izango direan gure baserri askotako kortak baiño zikiñago direan uri bazterretako txaboletan jaio ta azi direan umekondoak.
Azkenez, gela edo zulo zikin orreetan dagoan usaiñagaz eta txabola zarretan sortzen dan ezerrezagaz, gaixo asko alde batetik bestera dabiz. Ume asko jaio baizen laister beste mundura doaz.
"Etxe barik egotea familiarentzat zoritxarrik aundiena da, eta kaltegarria gaiñera", esan eban Pio XII-garrenak. Jaungoikoak bakarrik daki, bizimodu ori dala-ta, zenbat ezkontza austen direan.
Eta guk ezer egiten ete dogu problema ori ebazteko?
Entzun: liburu batean Jesukristoren parabola baten antzeko auxe irakurri dot:
Jesus-ek esan ei eban: "Uri aundi baten baztarrean, bere bearretik bizi zan familia bat egoan. Euren bizilekua txabola zar bat besterik ez zan. Jakiña: oe bakarra lo egiteko. Aitak gitxi irabazten eban; ama gaixorik oean, eta eukiezan iru seme txarto-jantzi eta gosetiak, eskean ibilten zirean.
Onen ondoan, etxe eder ta alai batean, bere lorategi ta guztizko txalet batean, "familia on" bat bizi zan. Euren olgeta ta joan-etorrietan, "Cadillac" on batean txabola ondotik pasatzen zirean; baiña familia beartsua ikusiarren, aurrera jarraitzen eben.
Beste domeka batean barriz, "senar-emazte on" batzuk, txabola ikusita gero aurrera segidu eben. Izan be priesaz ebizen eleizkizun batera joateko asmotan.
Estranjerutik etorritako senar-emazte batzuk txabolearen ondoan jarri zirean biziten. Ez zirean eleizatiak ez eben errezurik egiten, eleizako sakramentu ta meza kontuan ezer be entzun bakoak zirean; jakiña, eleizatik ezkondu barik egozan. Baiña, familia beartsua ikusi ebenean, errukiz bete zirean eta eurakana deituaz, alkarregaz bizitea erabagi eben, beste lan eta bizitza itxurazkoagoa lortu bitartean.
Iru familia onetatik zein deritxazu txabola zar aretan bizi zan familiaren lagun urkoa izan zala?
Jesukristok erakutsi euskun parabolea ementxe jazo da. Lagun urkoa maitatzetik urrun dagoz aberats asko. Eta au bearrezkoa da zeruan sartu gura badogu; jaunartzea eta palioa eroatea ez dira naikoa.
Danok ikusten dogu problema onen aunditasuna. Baiña ikustea bakarrik ez da naikoa. Evanjelioko samariar zintzoak (nik jarritako jazoeran estranjeruko familiak) egin ebana danok beteko bagendu, orduan bai, mundu guztiko problema ikaragarri onentzat erabagi-bide berebizikoa etorriko litzakeala.
Kepa Enbeita
Goizeko zazpirak. Neguko eguna. Euria ta aizea burrundada batean. Illun oraindik, egunaren printzarik-be agertu barik iñundik. Illun, otz, euria, aizea...
Ta ofizinista lo dago. Loaren azpitik daki arek zer jatorkon. Beste lan-egun bat. Iru urte daroaz ofiziña orretan. Beti bardin. Atzo belutxu ogeratu zan. Zazpirak dira. Zortzi t'erdietako ofiziñan egon bear dau.
Zazpi t'erdiak.
Amak diñotso: "Patxi, jaiki zaitez. Sasoia dozu". "Bai, ama, laster", Patxik ogetik.
Buelta erdi artu, ta arrauzika, begiak garbituten ditu. Bere pentsamentuak: "Ofiziñara joan bearra. Gaur-be bai. Ai Jaungoikoa, Jaungoikoa! Madrillera bialtzeko dokumentu: areik prepara bear dotaz. Eta Haziendakoak. Ufff! Hazienda orrek bai emoten dabela buru-austea. Gaur azken eguna. Gaur arte alde batera itxi dotaz, baiña gaur derrigor egin bear ditut..."
Barriro amak: "Ia, Patxi, ordua aurrera doata".
Jaiki da. Erdi jantzita eskatzera doa. Oiñetako batzuk tatarrez, galtzak txarto lotuta. "Egun on". Beste anaia armusua jaten dago. A be ofizinara doa. Arek-be eztauka pozik arpegian. "Egunon", anaiak.
Iturrira doa. Ur otzagaz garbituten asi da. Puzka dabil. Egin dau bere garbiketea. Eskupañua falta jako. Amari erruak: "Ama, non dago eskupañua? Beti bardin! Beti falta da zeozer emen". "Zure anaiak erabilli dau ontxe-ontxe. Berak jakingo dau non itxi dauan", diñotso amak kuartutik. Eta anaiak diñotso: "or dago beien ganean". Makurtu da Patxi, artzen dau eskupañua ta busti-busti... Aldarrika barriro: "Eskupañu au bustita dago. Ama, ekarri eskupañu siku bat..." Bien bitartean, tangada dariola, eskatz-beia ondatuten dau. Orrek ez deutso ardura Patxi ofizinisteari. Badakartso amak eskupañua ta siketu da gure Patxi. Bere anaiak alde egin dau.
Orraztu ta dana egin da gure Patxi ofiziñistea. Badoa barriro bere kuartura. Jazten asi da. Bere pentsamentuak: "Gaur barikua da. Biar zapatua. Arratsaldean jai. Baiña gaur egun guztian bear egin bear. Ezer esaten badeust uzabak Haziendakoagaitik, berak egin daiala. Sapoa da makala bera, ba! Letra bi zuzen ipinten ezdaki, ta beti dago asarre. Dana dago txarto eginda. Bere andreagaz gugaz moduan portetan bada, errez apurtuko dira ezkontzak. Nok aguanta olako gizonik! Amaaa! Alkondara au loi dago. Iru egun daroataz beragaz. Ekatzu beste garbi bat. Arin, baiña. Lo zagoz ala?". Amak eztiño agotik kampora ezer, bere kolkorako, barriz: "Oneek semeok emoten daben zeregiña! Jesus! Olakorik! Ezkonduko balitz, ezkondu bein betiko..." Ta badaroatso alkondara garbia. "Jemeloak", diñotso Patxik amari begiratu-be egin barik. "Or daukazuz, armarioaren be-aldean".
Dotore-dotore jantzi jaku Patxi ofiziñistea. Ori bai! Gorbata ta guzti. Badoa eskatzera barriro. Oiñetakoak lustreetan dauz berak. Asko da, ba! Amabe arrituta dago. Patxi ofiziñestea oiñetakoak garbietan, ezta orraitio, egunaro olakorik ikusten.
Ama gertu dago, ta armusua ataraten deutso maira. Katillu bete kafesne. "Ogirik nai dozu?", amak. "Ez", Patxik.
"Kafesne au beroegi dago. Beti diñotsut bardin, eta beti armusua bero-bero. Zegaitik eztozu otzago ipinten? Beti bardin". "Tira, ba" —diñotso amak. Eta katillu batetik bestera botaz, otzituten deutso armusua.
Jan dau azkenez gure Patxi ofiziñisteak armusua.
Jagi da maitik, eta sillea lurrera jaurti dau. Ezta pentsau-be altxatzerik. Amak altxatzen dau. "Tira, ba, seme".
Gabardiñea artu, ta badoa kalera. "Geroarte", ta ateari sastaka eder bat emon ondoren, ezkillarak bera.
Euria, aizea. Eguna argitzen asi da, baiña oraindik illuntxu dago. An doa. Patxi trolebusari itxaroten. Subertea izan dau. Ontxe-ontxe trolebusa eldu jako.
Sabin Berasaluze
Bermeo, Elantxobe ta Lekeitio-ko lagunai.
Jaungoikoak zoriona emon deizuela.
Gaur, eguen goizeon zemendiaren ogetaseian eldu gara Canarias-ko Las Palmas-era, Bermeotik urten dogunetik zortzi egun igarota gero. Danok ondo. Estropasu barik.
Bermeo-tik laster, eguraldi zantarra euki genduan. Itxasoa geroago ta txarrago ipinten zan lez, Sanandere-ko portuan sartu giñean arribadan. Portu segurua, Sanandere-koa. Nik ez neban ezagututen Sanandere. Egun bi igaro genduzan bertan, eta erea euki neban ango gauzak ikusteko.
Aintxiña komentu aundi bat euki genduan Sanandere-n euskaldun frantziskotarrak. Orain familia-etxe baten bizi gara; eta eleizkizunak, len garaje bat izaniko kapillatxu baten egiten doguz. Frailleak —iru mezadun eta anai bat— pobre bizi dira, pozik baiña, Aita San Frantziskoak gura eban lez, Kristoren zoriona ta bakea inguruan zabaltzen.
Arraintzaleen auzotegian, Itxas Apostoladuko Klub-era bisitalditxu bat egin neban. Lokal eder bat dauke an arraintzaleak, alkarren artean berba egiteko, alkar ezagututeko, jateko, edateko, jantzan egiteko; demporea emoteko, euren bizimodu soziala gorago jasoteko. Olako tokiak, ainbat ariñen euki bear geunkez geuk-bere Euskalerrian. Bermeo-n beiñik bein, bear bearreko gauzea da; eta nire ustez, arraintzaleak ardura apurtxu bat artzen badabe, laster egin leiteke Bermeo-n Itxas Apostoladuko Etxe eder bat. Ta egingo da, Jaungoikoa lagun.
Bariku goizean urten genduan Sanandere-tik, eta lotu barik etorri gara Canarias-eraiño. Eguraldi ederrak euki doguz. Beste urteetakoak baiño obeak. Ala ta bere, ni guztiz mareatuta ibilli nintzan zapatu arratsalderarte. Arrezkero guztiz ondo.
Ederra Mendi-n goazanentzako, domekea izan zan egunik ederrena. Bare bare egoan itxasoa. Amarrak inguruan, izurdak agertu zirean, eta bat atrapatu. Arratsaldeko bostak aldean, meza santua emon neban. Zelako poza danona, itxaso erdian mezea entzukeran! Zelako alegrantzia, Santa Maria-koak gure albora Jaungoikoa adoretan urreratu zireanean!
Meza bitartean sermoitxu bat egin neutsen barrukoai. Neure inguruan egozan danak. Eskuaz ikutu neikezan. Zegaitik eta zertarako entzuten eben mezea erakutsi neutsen. Mezea ez zala lujuzko gauzea. Bear bearrekoa zala. Gizonaren izakereak berak eskatuten ebala. Mezea entzuteaz, gizonago egiten zireala, euren bizikera soziala obatu egiten zala eta euren balio espirituzkoak geitu. Santa Maria-koak ez eusten entzuten; ikusi bai baiña nire eskuen eta gorputzaren mogimentuak; eta mezea amaitukeran, danak, itxas-ontzi bietakoak belaunikatu zirean bedeinkaziñoa artzeko.
Astelenean lau atun txiki atrapatu ebezan kazan, eta martitzenean dorada bat. Dana etortea da ondo, bazkarian aldakuntza apurtxu bat geiago eukiteko. Eguaztenean, Bermeo-ko kapitai batek —non ez dabiltza Bermeotarrak?— radioz berba egin euskun. Esan euskun ze, Dakar aldetik etorrela eta bidean atun asko ikusi ebala. Barri onek asko poztu ginduzan. Posturea egin eustan barruko gizon batek, gabonetarako gure itxas ontziak irurogei tonelada arrain atrapatu baietz; ta nik ezetz. Animo aundia ikusten da arraintzaleen artean.
Gaur goizeko zortziretan sartu gara Las Palmas-ko portuan. Danok ondo. Biar illuntzean, uste dot urtengo dogula Dakar-rerantz. Bertatik idatziko deutsuet barriro. Egin Anaitasuna-ren propagandea erritarren artean. Gorantziak danontzako Frai Alberto-ren partez. Agur.
Las Palmas de Gran Canaria, 1959 zemendiak 26
Frai Imanol Berriatua
Parisko famadun osagille bat egoan, gau batez, bankeru lagun on bategaz apaltzen.
Saldea artzen egozala, bankeruaren emazteak atzamar bat erreta eukala konturatu zan osagillea, eta pusla aundi bat eukala. Urrezko orratz bategaz zulatu eutson puslea osatuteko.
Egun batzuk igarota, nota au artu eban bankeruak: "Zure emaztearen atzamarreko operaziñoa, 500 Pta."
Bankeruak zintzo-zintzo ornidu eutsozan, eta biaramonean beste nota au bialdu osagilleari:
"Zure igandeko aparia, txanpanagaz, ardoagaz, koñak eta guztiz, 500 Pta. Zor ori ainbat ariñen orniduko bazeunskit, asko poztuko nintzake. Lagun dozu, Bankerua".
Osagilleak ixil-ixillik ornidu eutsozan 500 pesetok, eta kitto batean gelditu zirean.
ALDEKO
Gernika, 1959
Bermeo, Lekeitio ta Elantxobe-ko laguneri.
Jaungoikoak zoriona emon deizuela.
Oraintxe daukogu asti unetxu bat, eta gerorako itxi barik, toldapean jezarrita, illean illeango kartea idazten asi natxatzue, ea tarteka-marteka illaren akaburako amaituten badot.
Gaur, Nativitate egunez, emeretzi embarkaziñoak gagoz itxasoan. Gauza tristea da, baiña egia. Gabon aurreko astean, danok arrain asko atrapatu bagendu, orduan bearbada untzi guztiak etorriko giñean errira jaiak pasetan. Baiña aste orretan, arraiñak uts aundia egin euskun. Ori gorabeera, lau embarkaziñok igaro genduan Gabon Gaba Dakar-reko portuan. Antxe batu gintzazan, alan bearrez, RECALDE, COSTA AZUL, ANABEL eta EDERRA MENDI-ko arraintzaleak. Eta danok egin genduan alegiña, gau santu ori alik obetoen pasetako. Batzuk, orregaitiño, ezin gorde izan eben barruko tristezia, eta igarri egiten jaken begietan biotzeko naigabea.
EDERRA MENDI-koak lenengo aldiz ospatuten eben Dakar-ren Gabon Gaua. Orregaitik, neuk erakutsi neutsen zelan atondu afaltokia eta abar. Korrosteko mandan, zubiaren aurrean, kendu genduzan embarazu guztiak. Egin genduan maia luze bat ol zabal bigaz, eta ipiñi genduan alde bietatik jezarlekuak, aspaldiko partez danok aurrez aurre egoteko. Jarri genduan gero tolda bat, eta toldapean argi eder bat eta radioaren altavoza. Zortzi t'erdiak izango zirean, afaria jaten asi giñeanean. Jatekoa, badaezpadakoa izan zan; baiña, tira! ez jakuzan falta izan oillokia, txarrikia, edaria, turroia ta... humore ona. Antxe egon giñean kanta ta kanta amaika t'erdietararte. Asko abestu genduan, euskeraz ta erderaz. Larregi erderaz. Bermeo-ko arraintzaleak ez dakie euskerazko kanta askorik. Ez da gauza arrigarria, euskeraz errezetan-bere ez dakie-ta, alper gau t'egun euskeraz jarduten ibilli. Eurak baiña ez dauke orren erru guztia. Parkatu eistazue, ostera-bere esaten badeutsuet, Bermeo-ko arrantzaleak ainbat ariñen Zentro bat bear dabela, euren gizatasuna, euren euskalduntasuna eta suren kristiñautasuna obeto zainduteko. Nik txitean pitean esaten deutset ori barruko laguneri, eta eurak ezin pozago onartzen izan deuste beti ideia ori. Ba-dakit nik, Bermeo-n nor edo nortzuk orren atzetik dabiltzazana. Lagundu deioegun geure indar guztiagaz, asmoeder ori akaburarte eroaten, eta ez deioegun ezelango eragozpenik ipiñi.
Gaberdi inguruan, arraintzale pillo bategaz, taka taka joan giñean mezatara. Portuko kapillea guztiz txikia zan lez, alboko almazen aundi baten atondu zan altarea. Neuk emon neban mezea, eta euskerazko sermoitxu bat egin; eta Aita Aspa-k, Itxas Apostoladuko Kapellauak, kantak dirigidu zituan eta verba egin eutsen bertan batu zirean frantses itxas gizon eta euren familiakoeri. Mezea amaituta, artez zuzendu gintzazan geure barkuetara, eta goxeko bostetan urten genduan itxasora, aizea poparean geunkola.
Nativitate eguna joan da, eta ba-daroez amabost egun arrain masarik jo barik. Aolantxe dira arraintzuko gorabeerak: batzutan asko, beste batzutan bapez. Lenengo astean —abenduaren bian eldu giñean Dakar-rera—, dana zan arraiña: nire ustez, atrapatuko ebezan orduan emeretzi embarkaziñoak, batez beste, irureun bana kintal bai. Gero bapez. Baiña gero ta gero be, etorri zan barriro gure eguna. Iru bidar etorri naiz ni Dakar-rera, eta ez dot eguno ikusi, ille onetako ogetazazpian EDERRA MENDI-k egin eban arraintzua baiño aundiagoa egun baten egiten. Zer zan a ba! Kalada baten, goizeko amaikatarik arratsaldeko iruretararte egin zirean, lotu barik, atrapa ta atrapa; eta arrain garbiketa, urrengo goizeko ordu batetan amaitu eben. ANABEL-ek be, arraintzu bardintsua egin eban egun orretan. Urrengo egunak-bere, onak izan dira danentzat. Orregaitik pozarren dagoz guztiok, eta Gabon Zarrak danok igaroko ei doguz errian.
Eldu jaku urteko azkenengo gaua. Ia embarkaziño guztiak dagoz portuan. Batzuk bakarrik falta izan dira. Eurak jakingo dabe zegaitik ez direan etorri. Guk beintzat ez dogu ondo ikusi, olako egun baten errira ez etortea. Portuan egon gareanok, guztiz ondo igaro dogu Gabon Zarra. Batzuk, afalduta gero, euskaldun frantsesakaz batera joan gara Katedraleko saloira, eta Euskalerriaren gaiñeko pelikula eder bat ikusi dogu, Donibane Lohitzune-tik (San Juan de Luz-etik) euskaldun arraintzaleentzako ekarritakoa; eta bitartetan, Xanpun, euskaldun frantses bertsolari famaduari jarduten entzun deutsagu, bera be Dakar-era atunetan etorri da-ta.
Naikoa dozue gaurko. Urrengoan esango deutsuet geiago. Agur. Zuen adiskide,
Aita Imanol Berriatua
Dakar, 1959, abenduak 31
Andrazkoak Hymalaya'ko tontorretara
"Datorren urtean Hymalayako gallurak oinpean ikusiko doguz", esan eban Claude Kogan andreak igazko neguan. Eta periodistak barre egin eutsien. Andrazkoentzat larregi zala eritxen. Baiña Claude baiezkoan egoan: "Itxaron apurtxo bat; gizonak beste bagareala ikusiko dozue".
Andra adoretsu onen asmoa ikaratzekoa zan benetan. Hymalayako Cio-Oyu 8.183 metroko mendia zan gaindu gura ebana. Eta orduraartekoan Hyllary ta Tensing'ek izan ezik, ez eban iñortxok igon tontor orretara.
Cio-Oyu leizko itxaso bat lez ei da. Jentillak euren jainkoa, "diosa turquesa" antxe bizi dala esaten dabe. Mendi onen inguruan beste tontor famatu batzuk dagoz: Kangchenj, edo "deabru madarikatua": Nanga Parga: "mendi gorri". Mendi onetantxe galdu dira gizon asko. Mummery galdu zan lenengo, 1895'an ta arrezkero beste asko ta asko galdu izan dira berton. 1937'an, Karl Wien ospetsua ta bere amabost laguntzaille "mendi gorri" onetan il ziran. Nanda Devi, "jainko santua" da beste tontor baten izena; Chomo Lungma, "jainkoen tronua", Edmund Hillary ta Tensing'ek 1953'an igon ebena.
Cio-Oyu munduko gallurik gorengoenetan seigarrena da. Koganek bere oinpean ikusi gura eban mendi bildurgarri au.
Iraillean urten eben Hymalaya barrenean. Ogetairu ekiñalditan asko igon eben. Urriaren 8'rako gallurretik ur egozan. Claude Kogan, ezpediziñoaren buru zana, ta Claudine Van der Stratten neska gaztea aurreratu ziran, bien artean tontorreraiño igotekotan. Beingoan ikaragarrizko aize zatarra ta laiñoa sartu ziran. Ezin eitekean ezer ikusi. Eta alako baten lei azpian obiratuta gelditu ziran andrazko biak.
Negargarrizko ezbear au pasatu zanean, bera jatxi ziran beste ezpediziñoko bederatziak. Guztiak ziran andrazkoak.
Il ziran bietatik bat Claudine Van der Stratten 26 urteko neska polit eta indartsua zan. Etzan antzerako ezpediziño askotan ibillitakoa, baiña eskiatzen ederto ekian.
Claude Troulet de Kogan mendi tontorrak ugari ikusitakoa zan. Europako andrarik altuena deitzen eutsien, 6.000 ta 7.000 metroko mendi puntetan sarri egona zalako.
1951'an George Kogan-ek bere senar zanagaz Alpamayoko tontorrera igon eban. Eurok izan ziran, Peru'n dagoan 6.000 metroko tontor au lenengoz zapaldu ebenak. Egoameriketako beste mendi asko be gaindu ebezan. Bertatik Europan etorri ta beingoan, George Kogan gaixotu ta il egin zan.
Claude Kogan barriro be Perura joan zan. Bernard Pierre laguntzat ebala, 6.200 metroko Salcantay mendi puntaraiño igon eban.
1953'an Nunkunta Gasnes (7.406 m.) gaindu zituan. Azkenengo au igotzerakoan, atxarte baten apurtu zan beragaz joian Erich Gauchart, Suizako mendigoizalerik onenetarikoa.
Raimond Lambert mutil gazteagaz batera Hymalayako Cio-Oyu (Koganen eriotz mendia) igotzea pentsatu eban 1954'an. Tontorretik eun batzuk metrora egozala ikaragarrizko ekaitz batek ia garbitu izan zituan, eta bera jatxi bear izan eben.
Claude Kogan izan da Groelandiako iru tontor lenengoz zapaldu dituana. Eta Caucaso'ko Elbruz tontorrean be berau izan zan lenengoa.
Biotzez maite izan eban senarraren erretratu bat eroaten eban beti. Eta igotzen ebazan mendien tontor-tontorrean edur edo lei azpian gordetan eban...
Bere azkeneko espediziño onetan Cio-Oyu'n galluretik 500 bat metrora obiratuta gelditu da 7.500 metroko alturan edur azpian betiko, bere senarraren erretratuagaz. Eta beragaz, Claudine Van der Stratten, 26 urteko neskatilla zolia. Tontorreko jentillen jainkotxoak —diosa turquesak— bere esku leizkoakaz zapaldu egin dauz andra trebe biak.
Ez ete da izango andrazkoen artean Cio-Oju ikaragarria gainduko dauanik?
I. K. Guarrotxena
Neska mutillak alkarregaz berbetan
Gaur goizean, Prantziako Euskalerrian agertzen dan GAZTE aldizkaria irakurtzen nengoala, lantxo bik, artikulu bik mira egin deustee. Eta nire buruari esan deutsat ANAITASUNA-n ederto etorriko litzakezala. Emen dozuez ba.
Zer pentsetan ete dabe mutil gazteak neskatilla gazteak dirala-ta?
Gaur nire espiritua apurtxu bat nasaitu egin gura neuke zueri, mutil gazteori, konseju bat eskatuz. "Zer pentsetan ete dozue neska gazteetaz?"
Ba, zuek bardin esan zeinkee: "Txo, orrek erropa arroegia daroa", edo "sudurra luzeegia" edo, nik dakit zer?
Eta ari zeintekeez gura dozuen beste, gu be zuekaitik bardin ari gara-ta: "Begiratu eiona orreri, gaur ez dau orrek bizarra dana ebagi", edo "prakak luzeegiak daroaz", edo "buru aundiegia dauko"...
Zuek gugaitik eta gu zuekaitik, danok ete doguz, ba, ainbeste falta? Ezin ete geinke puntu ori argitu? Nolakoa gura dozue izatea zuentzako gura zeunkeen neskatoa? Ia zelako erantzuna emoten deuskuzuen! Idatzi!
Nik asten naizenerako pentsetan dodana, eta egunero nire espirituan dabillena onelakoa gura neuke: lenengo oso eleizakoa (gauzak ondo pentsatuta orixe da bear-bearrenekoa), bearrerako maitasuna daukana, eta taberna ta ostatuetan beti neurriz dabillena. Iru gauza orreek dituana da niretzako familiaren erroa eta zimendua. "Tunnel" deritxen prakakaz dabizenak izan daitezela kanpotarrentzat eta gu "mutil eta neska lagunok" egon gaitezan beti Euskalerrian, orrela geroago eta geiago goratua eta aipatua izan daiten gure Erria. Ia zelako erantzuna bialtzen deuskuzuen. Esan emen zuen gogoetak eta amesak. Bieri bitartean gora Euskalerri maitea!
17 urteko Neska bat
Mutiko baten erantzuna
Joan dan aldiko GAZTE aldizkarian 17 urteko neska gazte baten berbak irakurri dodaz mutil gazteen gaiñean. Lenengo eskerrak emon bear deutsadaz bere ikus-mirea garbi erakutsi daualako.
Baiña ez eizu pentsatu zugaz bat natorrela.
Sarritan lagun artean naizta ainbat esakera erabilli, ez uste ori mutil gazteen egiazko pentsakerea danik. Ez uste izan mutil batek neska bateri begiratzen deutsanean, eta batez be bere bizitzako lagunaren billa doanean, "zelan ibilten dan" edo "zelan jazten dan" edo "bere arpegia zelan pintetan dauan" edo antzeko gauzarik begiratzen dauanik.
Ez, azala bazterrera itxita barrurago begiratzen dau, aren biotzeko eta barrukotasunai, azalak baiño askozaz be balio aundiagoa daukeelako.
Edadeen batean bear bada, neska gazteak, —zorionez ez danak—, euren barruko tasunak edertu bearrean euren azala edertzen ibilten dira, "B.B" famatuaren itxurak artuta geroa seguru daukeela ustez-edo.
Ori da nire ustez neska gazte batek egin aal leikean utsik aundiena.
Zuen geroa ez dozue seguru izango azala apainduz, barrua landuz baiño.
Mutil bat
Gure errietako neska-mutillak zer diñoe? Gure aldizkariaren orrialdeetan ba-daukee lekua euren gogoak azaltzeko.
Kepa
Aurrez aurre bizi zirean kale batean, osagille bat eta okela-saltzaille bat. Onen dendan erosten eban arek okelea beretzat.
Egun baten okela-saltzailleak okelearen prezioa lau-errieleko batzuk jaso ebazan. Egun batzuk gero, osagilleagana joan bearra izan eban, atzamar bat dindilizka. Ebagi eutson atzamar ori osagilleak, eta baita ogei ogerleko eskatu-be operaziñoagaitik.
Okela-saltzailleak, begiak zabal-zabalik, diñotso:
— Lengo egunean beste bateri operaziño bardiñagaitik amar ogerleko baiño ezeutsazak kendu.
Osagilleak orduan:
— Egia dok. Baiña ik okelearen prezioa igon dok, bai, ta nik azurrarena igon joatek.
Domingo Agirre novela-saria 1960
Bizkaiko Ahorro-Kaxak zortzi milla pezetako sari bat sortu du Euskaltzaindiari lagunduaz. Sariaren oiñarriak auek dira:
a) Edozein euskalkitan idatzi ditezke novelak.
b) Gaia nai dan bezelakoa izan diteke, eta lanak nor berak egiña izan bear du eta ez beste izkuntza batetik itzulia.
c) Izkribuak makiñaz idatzita bialdu bear dira, alde bakar batetik eta lerro-une bat utzirik, folio tamañuzko orrian (31,50 x 22 gutxi gora beera) gutxienez 150 folio dituala.
d) Sari bakar bat baizik ezta izango, zortzi milla pezetakoa eta zatitu eziña.
e) Saria, gabe gelditu diteke egoki iruditzen bazaie batzarrekoei.
f) Batzarrea Bizkaiko Ahorro-Kaxak izendatuko du Euskaltzaindiaren eskabidez, lanak bialtzeko epea bukatu ondoan. Batzarrean Bizkaiko Ahorro-Kaxaren ordezkari batek parte artuko du.
g) Lanak Euskaltzaindira bialdu bear dira (Ribera, 6 - Bilbao) 1960-gko uztaillaren 20-a baiño leen. Lema batekin firmatu bear dira, eta lemaren giltza sobre itxi batean bialdu bear da.
Benetan-be, kontatuko deutsuedan au egia da, jazorikoa.
Bein baten joan zan Fruiz'tar bat Mungiko errira ango ganaduak eta ikustera. Negua zan, eta ondo bazkaldu ondoren —oba ez!— gabardiña barri on bat erosteko esan eutsala goizean bere emazteak oroitu zan gure gizona. Gabardiña barik etxera ez etorteko esan eutson ganera.
Joan zan, ba, denda batera, ta erosi eban gabardiñea, benetan ederra, egoanik karuen eta onena. Saltzailleak esan ei eutson oberik ezegoala, ta 100 errial merkiago egiten eutsola.
Gabardiña barria lepoan eukala, an joian gure gizona pozik etxera. Baña euria asi zan bota alean. Eta gizonak pentsau eban bere kolkorako: "Zelan erakutsiko deutsat gabardiña barria busti-bustirik nire emazteari? Ez orixe!". Kendu eban gabardiñea, eta kolkoan sartu eban, jakepean, ondo tolestuta.
Euria geratu barik jaurti eban zeruak egun aretan, eta gure gizonari jakea guztiz ondatu jakon, kanpo aldetik eta barrutik, eta gabardiñea be bai.
Etxera eldu zanean, atara eban gabardiñea jakepetik emazteari erakusteko. Busti busti egoan, eta ganera jakearen tintea eukan. Benetan alperrik galduta.
Eztakigu emazteak zer esan eutsan...
Seperiño Onaindiak kontauta Gernikan.
ALDEKO
1.960 - Gernika
Bere lengusiña bateri, aren ezkontzan Azpillaga-k [Bertsoak]
1
Pozez beterik nagon garaian
Eraso bear lanari
Zarren gustua bertsoz egin nai
Bakarrik ez gazteari
Besarkada bat eman ondoren
Nere lengusiñeari
Lagun senide eta guraso
Emen diranak agiri
Txalo bizi bat jo zaiozue
Danok ezkon-berriari.
2
Anai arrebak ez gera baña
Lengusuak baño geyo
Plater bateko janariz azi
Ia kabi baten jayo
Guk izan degu anai-arreba
Askok ez aña amodiyo
Ta oraingoan banatu gera
Ezkontza dala mediyo
Bere zor leku TORRE-ZARRARI
Agur on bat egin diyo.
3
Zeñek neurtu gure arteko
Anai-arrebatasunak
Oiturak berdiñ dakiguz biok
Ao batetik entzunak
Kabi zarraren abatik datoz
Bakearen laztasunak
Gerra osteko urte latzetan
Zelako estutasunak
Jaun-Goikuari milloi bat esker
Sendo deguz osasunak.
4
Iraillak duan zortzian ditu
Oitalau urte paziak
Nik ere laister betetzen ditut
Ez dira izan luziak
Bikiak diran bezelaxenik
Gerade biok aziak
Urte txarrean jaioak baña
Pasatu dira guziak
Geure tokitan poz pozik gaude
Jaun-Goikoari graziak.
5
Nere bertsoak azaldu ditu
Maitasun ezaugarriak
Danak negarrez zuen biotzak
Ez dira marmol ta arriak
Kabi zarraren bake santua
Eztu pagatzen urriak
Au gogorrago esango nuke
Al balu nere eztarriak
Ta azkenean danok erantzun
GORA GAUR EZKON-BERRIAK.