ANAITASUNA

VII URTEA - N.º 69

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Zezeilla (2) 1960


Euskalduntasuna gordetako gurasoak daukien zeregiña

Sarri ta askotan enizun izan dogu euskalzale askoren artean euskerea gordetako au edo bestea egin bear dala. Izan be, egin bear direala esaten direan gauzak ondo dagoz. Baiña sustraira jo bear geunke, etxeko sukaldeetara, bertan dagoelako izkuntza biziaren zimendua eta oiñarria. Eta argi ikusiko geunke urietan bizi garean euskaldun asko eta asko naikoa zabarrak eta itxiak gareala orretan. Eta, alan da guztiz be, itxiak izanagaitik, beste guztiak baiño euskalzaleago agertu deadar egiñik eta Euskalerriko silborra bagiña legez, eta euskalzale izatea euskalduntasunaren gaiñetik dagoen ofizio bat balitz legez.

Bide ori, beste barik, ezta euskerearentzat ona. Euskereak sukaldeetako beroa bear dau, ain zaratatsua ezpaldin bada be. Sukaldeko bero leguna eta ixilla.

Etxean ainaren maitasunagaz batera egiten dan berbeak urre-gorriaren balioa dauko eta bertara ezin sartu leiteke ezein lege eta indar. Negar egingo dogu, bear-bada, euskereak egoera negargarrietatik igaro bear izan dauelako eta kontra egin jakolako gogor. Baiña guzti ori egia bada be, ezin ukatu lei norberaren etxean ezin sartu leitekeala iñor bertako ordurik barrukoenetan izkuntzea galerazoten. Eta orretan zabarkeri andia dago gure artean. Ezin ukatu.

Benetan maite badogu gure izkuntzea ezta naikoa indar andiagaz deadar egin daigun jentearen aurrean euskaldunak gareala, arrokeri andi bat balitz legez, eta gero gure bizimodua deadarragaz bardindu ez. Alperrik da euskalduntasuna moda uts bat legez artu daigun. Euskalduntasunak sakonagoa izan bear dau eta euskaldun zintzoetan alan da. Bizimodu eta izakera baten seiñalea. Izakera berezi bat. Tratu fiña ta dotorea. Ganberrismorik eza. Gugaz bizi direan eta gure artean jaio direan erdaldun arrunt askok eztaukan fiñezia. Bertsolariak erakutsi deuskuen gizontasuna eta buru landua. Eta berezko beste birtuterik asko. Eta berezko birtuteak daukazanak, erlejiñoak erakusten deuskuzan berezkoen-gaiñekoak be erraz izaten ditu, denpora asko eztala Cordoba-n bizi dan abade euskaldun batek esaten euskunez.

Zaindu daigun bada, gure etxe barrutik asita, Euskalerrian daukagun ondasun baliotsu au, eta ikasi daigun bear dan legez preziatzen eta maitatzen.


John Kennedy

Ipar-Ameriketako urrengo presidentea katolikoa izango ete da? Ona aspalditxotik egiten dan itauna. Alan izatekotan Ipar-Ameriketako historia guztian lenengoa izango da.

Aurten egingo dira lau urterik lau urtera egiten direan elekziñoak. Elekziño onen arrazoia Estaduko kargurik gorenengorako gizon bat aukeratzea izaten da.

Ipar-Ameriketan agintzen daben partidu biak, errepublikanuak eta demokratikoak, batek be ez dau oraindiño kandidatorik izentau azkenengo elekziñoetara eroateko. Baiña aspalditik izen bat entzuten gagoz, larregi entzuten bera autatua ez izateko.

Gaztea dozu, galanta, aberatsa, jakintsua eta azkenengo gerran izen aundia artu ebana. Eta geiago; Ameriketan asko esan gura dauan gauza bat dauko bere alde: azkeneraiño ta indar guztiakin lagunduko deutsan familia bat. Gaur egunean Masachusetts'go senadorea da eta 43 urte daukoz. Bere kontra katolikoa izatea besterik ez dauko, Ameriketako oiturea presidentea protestantea izatea izan da gaur arte-ta. Bein bakarrik ausartu dira katolikoak kargu orretara, 1928'garrenean eta austuak izan zirean. Baiña gaur gauzak asko aldatu dira. Eta oraintsu egin dan enkuesta batean eunetik 63 etziran kontrakoak.

Nor dogun gure Kennedy? Benetan Ameriketako familiko semea auxe. Bere aita. 1912'an ezkondu zanean, bere seme bakotxari milloa bat dolar emotea erabagi eban. Bederatzi seme izan zituan, lau mutil eta bost neska. Baiña zeatz bete eban bere erabagia. Kennedy etxekoen auzokoak diñoe famili aretan etzala iñoiz atsedenik artzen. Gau ta egun, negu ta uda, bearra zan ango atsedena. Zarrenetik asi ta txikienera, norgeiagoka eten bagean ari dira; bai jolas ta deporteetan, bai ikasten, bai etxeko bearretan.

John Kennedy azken gerrako gizon aundi bat izan dala esan dogu. Luzeegi litzake bere eginkizun guztiak aitatzea. Itxas-gizona zan, baiña arerioak bere barkua ondatzean lepoko azurrean zaurituta gelditu. Ez eban itxi orregaitik bere gizon guztiak banan banan legorrera atara eta bakotxari bear ebana emon barik. Zauri au dala-ta itxasoa itxi bear izan eban. Periodista asi zan gerreak iraun bitartean. Baiña bakea etorritakoan diputadu legez presentau zan Boston'go kolejioan, eta aukeratua izan zan 1946'an. Eta sei urte geroago, naiz ta gazteegi izan, senadura presentau zan.

Oraintsu, 37 urtegaz, otu jakon ezkontzea. Ordurarte ez eban astirik izau. Eta orain be suertea izan gure gizonak! Jacqueline Bouvier, bere emaztea, Frantziatik arantza joandako multimillonario baten alabea da. Ez eban pentsau iñoiz be Kennedy'k serio berba egiten eutsanik. Berak diño: «Sarritan ez genduan aste osoetan be alkar ikusten. Iñork pentsatuko ez eban lekuetatik eta uste bako orduetan deituten eustan telefonoz andik amabostera ain ziñetara joan gura ete neban ala ez. Telefonoz eskatu eustan beragaz ezkondu gura ete neban ala ez itza be. Ez dakit nundik be, ain arrituta itxi ninduan!»

Baiña ezan dana ain ondo joan John Kennedy'n bizitzan. Etxakozan falta egun garratz eta mingotzak, eta orduantxe erakutsi eban bere indar ta kemen aundia. 1954'an antxiñako lepoko azurreko zauriak momentu latzak igaro eragin eutsazan, eriotza-larrian ipiñi arte. Klinika batera eroan bear izan eben operetako. Medikuen esanetara, aritxo batetik zintzilika egoan bere bizitzea. Euneko lau probabilidade bakarrik eukozan bizirik urtetako, baiña berak kemenik aundienagaz artu eban operaziñoa eta ondo urten be.

Ordutik ona, gau ta egun lan eta lan ari da urrean dagozan elekziñoetan agertuteko. Diñoenez bere kontrako izango dan Nixon'ek baiño probabilidade geiago dauko.

Nor izango? Ameriketako erriak ederto diñoana, geien balio dauana. Gure John Kennedy katolikoa izango? Itxaropen aundiak dagoz, baiña, Jaungoikoak gura dauana izango da, Ameriketako erri aundiak geien bear dauana. Ez da gero kargu txikia artu bear dauana!

Ormaetxe


Neska mutillak alkarregaz berbetan

Nolakoa gura dozue izatea gura zeunkeen neskatoa?

ANAITASUNA deritzan orritxoan, tope egin dot itaun-pregunta onegaz eta erantzuna emotera noa zintzo-zintzo eta zatika-zatika.

Nolakoa?

 Osasuntsua. Osasun sendoa, etxeko ardura guztietan laguntzeko eta amatasun zeregiñak zietz betetako. Osasuna, batez be seme-alaba ederren ama izateko.

 Ederra. Edertasun ori jatorrizkoa izan daitela. Ez espillu aurrian pintura larregi eta autsagaz egindakoa. Baita edertasun onek euki daiala biotz aundi bat. Alperrikoak dira, begi ederrak, arpegi polita eta irribarre gozoa, biotz ustela badago barruan eta buru ariña sorbalda ganian.

 Andratasuna. Eta ez dira andratasunen ezaugarriak, zigarroak fumetia, gizon prakakaz jaztia eta abar. Izan daitela oso-osorik andrazkoa. Oso txarto ikusten dogu andrazkoa gizon mallan jartzea.

 Zentzunduna. Buru zentzu bakoa, eta argi bakoa izatea eragozpen aundiak dira, etxeko erregiñea izateko.

 Begiratua. Eta gauza guztietan. Alperriko gastuak alde batera isten dakiena. Begiratua, diñot, eta ez diru zalea.

 Garbitasuna. Auxe bai neskatoaren usain gozozko loratxua. Garbia gorputz eta arimaz. Loikeria, benetako maitasunaren eragozpena dalako.

 Jaungoiko-zaletasuna. Auxe bai edertasun guztitarikoen egiazko oñarria. Neskato Jaungoiko zaleak gura doguz. Eta Jaungoiko-zaletasun zintzoa, sustraiduna. Ondo jakiñik Jaungoiko erakutsiak eta bere agindu santuak eta ezkontzako ardurak, zeregiñak eta eginbearrak.

Jaungoiko zalea dan neskatoa sinismenduna izango da; eta sinismen argitan, bai emazte ona eta bai ama ona.

Errigoitiko gazte bat


Humorearen txokoa

Gazterik ilteko modua

1. Gauzarik aurrenengoa zure lana da. Bestelako ardurak bigarren maillan dagoz.

2. Gaberarte lan egin. Baita sapatu, domeka eta jai egunetan.

3. Gabaz lantegira joaten ezareanean eroaizuz, etxera paperak lan egiteko. Olan, egunez izan dozuzan estropazu eta buruausteeri begirada bat emon aal izateko aukerea izango dozu.

4. Ez esan iñoiz «ezetz» eskabide bateri. Beti esan «baietz».

5. Ontzat artu batzar, bazkari eta olangoetara joateko artzen dozuzan deiak.

6. Armosuko denporea ez alperrik galdu... ori da ordurik onena negozioen gaiñean berba egiteko.

7. Beti gogoan izan paseoa, zinea, irakurtea eta olango gauzak dirua eta denporea alperrik galtzea dala.

8. Siñistuta egon bakaziñoak artzea txarto ikusia dala.

9. Ez itxi iñoiz zure responsabilidadeak iñoren kargu. Artu guztiak zure lepoan.

10. Zure lanak bidajeak egitea eskatuten badeutsu, egunez lan egin eta gabaz ibili. Orretara, urrengo eguneko goxaldea libre izango dozu lanean jarraituteko.


Bilbao-Australia

 Maiatza 5, 1959. Egun argia ta ederra. Arratsaldeko iruretan MONTSERRAT-ek askatu zituan bere txikotak Bilboko portuan, zeatzago, Santurtze-ko moillean, eta, itxaso zabaleratu zanean, Vigo-ra ipiñi eban musturra, andik Atenas-era ta gero Australia-ra itxasbidea egiteko. Eunda irurogeta amar mutil gazte zirean asmo orretan ontziratu zireanak. Guztiak gure lau Provintzietan batuak. Banakaren batzuk bazirean Espaiñia-ko beste Provintzietarik, baiña oneek bere Gipuzkoan edo Bizkaian zirean langille, ta emengotuta egozan. Guztiak jasekoak. Gorputz eta arimako osasunaren jaube zireala zirudien. Arpegian ikusten jaken barruko poza, alako naibagetxuren bategaz naastean. Zegaitik ezin esan, ziur beintzat. Noizbait etxealdera biurtzeko itxaropena? Maiteagaz amesetan? Guraso zaarren akordua? Aurki dana batera. Areek gazteak illunabarrean Euskalerriko mendiak estaltzen asi zireanean sentimentu andia agertu eben, eta ez bateri bakarrik negar malkoak jausten asi jakezan matrailletan beera.

Barruko, Barrua, Barruratu...

Itxasontzietan barrua izena ontziari berari deritxo, gizonen euren, edo gizonen gauzen, egon-lekua dan aldetik, eta berbatxu ori beste esakera txanbelin askoren jatorria da. Ortik datoz barruko gizonak; tripulaziñoa: janedanak barruratu; Montserrat-en barruan; Queen Elizabet barruan; eta beste milla esakera gure itxas-errietan ezpan guztietan bizkor bizi direanak.

Bein da betiko jakin ba, irakurle, onelango berbakaz zer esan gura dogun, eta aberastu zure Euskerea.

Barruko bizitzea

Gugaz etorren Don Diego Bedia Trueba eritxon jaun bat, Santander-en jaio ta bizi dana. Zaldun argia ta biotz onekoa, Euskaldunen adiskidea. Madrileko Gobernuaren izenean etorren gure mutilleri Bilbo-Fremantle, Perth, (Australia) itxasbidean gidari. Egia esan, gure gazte oneek Australia-ko Gobernuak billatuta edo, deituta edo, joiazan. Baiña, nok daki, ba? Erbesteko naziñoetan inmigraziñoko legeak zorroztxuak izaten dira, eta Australia-koak ez dira nasaienak, batez bere osasunagazko artuemonetan. Orregaitik, ba, gisa onetako bideetarik sortu leitekezan disgustuetan argitzaille, eta Australia-ko Gobernuari, premiña baldin bazan, arpegi emoteko etorren Bedia jauna.

Berak eta neuk, bion artean, atondu gendun barruan mutillen eguneroko programea. Zortziretan mezea, erdietan armusua, bederatzietan ingeles eskolea (lenengo saindea) Australiana-maistra bategaz. Amaiketan bigarren saindea, eguerdiostean lauren irugarrena. Euren orduetan bazkaria ta aparia.

Illunabartxuan errosarioa ta Salve-ak kuberta ganeko leku aizetsu, zabal eta argienean. Auxe zan nik egin, eta Bedia jaunak erakutsi neutsana. Dana ontzat emonda, pitin bat berekitan pentsetan egonda, esan eustan: Gauza bat egin daigun: Salve-aren ostean dozenerditxu berba esango neuskiez neuk Australia-n eroan bear daben bizimoduaren ganean, ango Geografia ta Historia, ta abar, eta gero guztiok abestu daigun zuen Boga, boga, zuen kanta eder ori. Zer deritxazu?

— Zer deristan? Ez esan bi bidar, ondo dago-ta, alantxe egin daigun.

Gizona uretara

Onetan giñarduela zarata batzuk asi giñean entzuten barruan. Zer ete zan?

Kantauria itxasoa bare egoan gure itsasorate egun aretan. Eta mutillen gogoak-bere baretu zireala esan eikean. Baiña ez. Naparru erriberako mutil pillo bat autu bizian etorren, nok daki zeren ganean. Alako baten Peralta-ko gazte batek, burua zearo naastuta, itsumustuan, iñor kontura baiño leenago, burua bota eban uretara. Onelakoetan oi dan legez, norbaitek arin bota eban alarma deadarra: Gizona uretara! (¡Hombre al agua!).

Zorionez, ugerlari ona zan mutilla, ta berezko joerak eraginda, uger ikusten zan ur azalean. Bitartean kapitanak, jazo zana jakin baizen laster, agindu eban ontzia atzekoz aurrera ipinteko, —au da arku oso bat, «U» maiuskula bat egin erazoteko— egoki zan aldera, elizak mutilla bere jirabietan atrapa ez eian. Txalupa salbabide bat jetsi zan uretara, eta ondoan euki ebanean, uretarik atarata, barruratu genduan gixajoa. Gorputzaren aldetik osasun onean etorren, gogoaren aldetik ez ain ondo. Biaramonean Vigo-tik Peralta-ra bialdu genduan Kurtze Gorria-ren bitartez.

Good morning, How are you?

Or, goratxuago, nun eten dogu aria?

A, bai. Bedia jaunak esan eustan: Zer deritxazu egitarauari?

Zer deristan? —nik erantzun— ez esan bi bidar, ondo, benetan ondo dago-ta.

Alantxe asi genduan eta alantxe egin Australia-rate guztian. Gatx egiten jaken, egia esan bear da-ta, Ingeles eskolea, baiña ikasi eben berbakera batzuk urratuten, eta egun baterik bestera entzuten jakezan euren autuetan: good morning, how are you?, English is very difficult, okei eta beste asko, batak besteari barre egin barik. Onezkero, bai ziur, geiago ez bada, euren bearrizanetarako lain jakingo dabe, mutil leberrak dira-ta. They are clever.

Salve, Regina! Boga Boga!

Egitarauaren parterik ikus eta entzungarriena Errosarioa, Salve-a ta Boga boga! Areen mutillen jasa, areen fedea ta deboziñoa Errosario santuaren Andra Maria-Santa Marietan! Letaiñiaren Ora pro nobis-etan! Arimearen begiakaz oneek gauzok begiratu ezkero, biotza nasaitu egiten jako bateri, Fedea bixkortu, deboziñoa sendotu. Nik neurekitan pentsetan neban euren aingeru jagoleak pozarren ibilliko zireala zerura ta andik Montserrat-era ain otoitz beroak igaroten.

Errosario ostean Salve Regina, Gregoriano doiñuan, eta saindaka erderazko Dios te salve, Reina y Madre, bata zein bestea ezin obeto. Nun ikasiak zirean nik ezin esan, baiña guztiak kantetan eben batera, fintasunik andienean, gregorianistarik zorrotzenak atxakiarik ez topetako moduan.

Onen ostean Bedia-ren itzaldia. Azkenean Boga Boga-ren durundi sendoak itxasoari berari ataraten eutsan oiartzuna, batez bere, bular auspoak sano nasaituta, azkenengo Boga!!! jaurtiten ebenean, eta silabak luzatuz amaituteko esaten ebenean Maaariiiñeeelaaa.

Aingeru


"Nik laguntzen dodan mutilla"

Ez gero esan gaurko neskatilleri: «zure nobiyoa». Beingoan zuzenduko deutsue: «Ezta nire nobiyoa; nik laguntzen dodan mutilla baiño».

Eta geienetan arrazoia daukie. Domeka arratsaldeetan, edo sarritxoago, neskatilla askogaz ikusten dozuen mutilla, «eurak laguntzen daben mutilla» besterik ezta.

Eta ez natortzue ori pekatu dala esatera. Nik beintzat, oso ondo deritxat lagundute orreri. Bata besteen eretxiak ezagutzeko era ona da, oso ona. Ia gauza bardiñak gizonezkoak eta andrazkoak zelan ikusten dabezan konturatzeko be era ederra. Eta alkar ezagututea gauza probetxuzkoa da.

Baiña kontuz gure egintza guztiak edertasun eta argiz jazten dituzan «maitasunagaz». Eztaukagu eskubiderik «guk laguntzen dogun mutillaren» maitasun-iturritik edozelan edateko.

Esan dotana: mutillari laguntzea, alkar ezagututeko era ona deritxat. Zeuon, neskatillon, sentimentuak be asko irabaziko dabe. Mutillekin zelan kompondu bear dan ikasteko, euren usteak eta eretxiak ezagutzea da onena.

Eta ganera larrosaz beteriko bide bat legetxe dozue.

Baiña zoritxarrez arantzak be badira bide orretan. Arriskuak be badaukoz. Eta arantza orrek zapaldu egin bear dira kontuz-kontuz, lora utsezko bidetik ibilli gura badozue.

Arantzarik zorrotzena irudimena dabe andrazkoak. Sarritan biotza bera baiño be ariñago dabil imajinaziñoa. Eta, ziur-ziur, zure mutil-lagunarena baiño zorrotzagoa da. Eta zer? Ba beingoan, arantza ori kiñeka asiko jatzu zeure barruan, zure mutil ori: «zelakoa dan», «zelakoa uste daben dala», «nolakoa izatea gura zeunkean», «zeure amesak» ta abar.

Ezin zeinke ukatu olako kiñadak miñ asko sortzen dabela zuen barruan. Eta zuen poz guztia zimelduta gelditzen da eta zorionaren iturria agortu-ta. Eta bere sasoian loratuko dan maitasun ederrari ezer ostuteko eskubiderik eztaukazue. Apurtxo bat be ez. «Zuek laguntzen dozuen mutillak» txutxi-mutxika atara eragiten deutsuezan negar malkoak be ez. Gorde zintzo eta indartsu zuen maitasun-iturriko ur gozoa, sasoia etorri arte.

Beste arrisku bat be bada: lentxoago esan deutsuedana: eztaukazue mutillaren barruko sentimentuakaz olgetan ibilteko eskubiderik. Ori gauza santua da. Neskatillak —andrazko guztiak legez— gizonezkoaren biotzetik ittugin bat ataraten dabenean arrotu egiten dira. Baiña ori ezta zuzena. Zeuon egin bearrari eutsi bear deutsazue. Gizonari lagunduteko, berari indarra emoteko, egin zinduezan Jainkoak. Eta gizona zeuon olgeta-tresna bat biurtzea, Jainkoaren borondatetik urrundutea izango litzake. Zuen mutillari benetan lagundu bear deutsazue, onagoa ta zuzenagoa izaten lagundu bear deutsazue.

«Zuek laguntzen dozuen mutillagaz» ibilteak arriskuak badaukoz, eta zuur ibilten ezpazarie estropozu bat baiño geiago izango dozue.

Aurrerantzean be itxaron pozarren, ate-zutik begira, «zuek laguntzen dozuen mutilla» noiz etorriko. Izan atsegiñez, eta ikasi sakrifizio-zaleak izaten, lagunduten, norberen eretxiak ukatzen, ixiltzen... Zaindu zeuon indar guztiakaz neskatilla bateri zor jakon begiramena. Ez galdu zuen poza, eta erein alkarrenganako errenkurea ta errespetoa. Lortu, apurka-apurka, sakrifizio-maitasuna. Arrokeriak baiño indar geiago izan daiala zuen biotzean sakrifizio-maitasunak.

Eta bide orretan —arantza gabeko bide orretan— joan zeintekiez pozarren: «zuek laguntzen dozuen mutillagaz».

«Vida Nueva'tik» eratua.

J. K. Guarrotxena


Erloju barria

Pozik etxeratu zan ETXEZARRE'ko Josanton, astelen arratsean, erloju edertxua eta merke erosi eutsala Gernika'ko merkatuan Leon Salvador eritxon gizon baltz, txarlatan areri-ta.

Leon Salvador au, oso ezaguna zan Euskalerri guztiko eta baita kanpoko feri eta merkatu guztietan be, eta zarata, didar eta garraxi artean, bere inguruan baserritar gizonak biltzen ¡mutilla zan gero!... Arrezkero izan diran txarlatan guztiak arexen esakera, egikera eta saltzalle-tayua'ri antza-emon nairik beti ikusi izan dituguz...

Eguraldi otza ba'zan, an atarako zituzan Palentziatik ber-berak —ala iñoan— ekarritako manta onenak; euria asten ba'zan, barriz, an agertuko zituzan, botoatxu bateri emonda, berez idigiten ziran aterki, sekula, zaparrada andiak izanarren, urik igaroten etxakienak; eta ¡batez bere! berari entzute geyen emon eutseen sakel-erlojuak, Suiza'ko fabrika andienian killoka erositako «Roskoff Patent primera» eritxien, orduari famatsuak...

Aitatu dogun astelen arratsalde atan be, ¡a zan erloju saltzea! Bakotxa ogerleko baten... eskueatik kentzen eutsiezan...

ETXEZARRE'ko Josanton'eri poza, baña, laster illundu eta otzitu jakon... Martizen goizian oetik jagi zanian. Ez eban ba, bere erloju ederra, geratuta idoro?... ¡¡Olakorik!!

— Auxe be bada, ba —iñuan erdi-berekautan—. Atzo arratsaldian erosi ta, ara emen, gaur, ogetalau ordu baño lenago, neure erlojua to-ton egin da...» «Datorren astelenian Fernandez erlojeruagana eroan bearko juat, besterik ezian...».

Eta esau da egin, astelena eldu zanian, an joan zan gure gizona Gernika'ra sakelian erloju geldia ebala. Baña, edo Fernandez etxian ezegoalako, edo geurian etxeko zalako, Atxirika'ren sastreian sartu zan...

— Zer dakak, Josanton?...

— ¡Zer ekarko dot ba. Ara: Gaur zortzi artu neutsan erloju auxe, Leon Salvador dalako orreri, eta astearte goizian geldituta egoan, eta zartadaka erabilli dodan arren, eztau mobidu gura...

Erlojuaren geixua zein zan, laster igarri eban dendari biurri arek, eta esan eutsan:

— Gauza andirik etxok urrean, eta itxik berton, Fernandez'eri eroan barik, eta astelenian etor bere eske...

— Erloju konpontzalle bere ba'zara zeu ala?...

— Etor i astelenian eta ikusikok...

Baserritarrak dendatik urten ebaneko, Tomas'ek erlojuari kuerdia emon eutsan eta orman eukan untze txiki batetik eskegi eban...

Urrengo astelenian, emen dogu Josanton barriro bere:

— ¡Eup! Arratsalde on... Da, konpondu dozu neure erloju ori, ala?

— Bai, or daukok untze orretan dingillizka. —Eta Josanton'en eskuetan ipiñiaz esan eutsan:

— Eta ara: gauero, ogera orduan, txirrinka erroedatxu oneri batera eta bestera polito-polito, eragingo deutsak... eta ikusikok ze-ederto dabilkan...

— Ondo dago. Da zeuria zenbat da, ba?

— Aspaldi guztiko adiskide eta dendako bezeru be ba'az da... euretzat ogerlekotxu bat, baña ez...

— ¡Errekontxo! Ez gitxi be, erosi bere ogerlekoan egin neban-da... Da zer euki dau ba?

— ¡Zer euki!? Egoadi eu bere zortzi egunian ezer jan ta ezer edan barik eta ikusikok zer jazoten jakan...

«Errotarria bear-bearra

arto-garia eioteko,

Txirringatxua bear emen be

ze-ordu dan jakileko».

BELU


Gorka Aulestia abade barriari bere lenengo meza egunian [Bertsoak]

Liborio Urrutia'k

1

Gaurko egunetik gelditu zara

Kristoren apaiz egiña

Amabi urte luza onetan

Egin dezu alegiña

Oindik aurrera guri irakasten

Izango da zure ekiña

Gure animak salbatutzeko

Bada zerbaiten premiña.

2

Gaztetatikan estudiora

Zu egin ziñan saltatu

Ta bide ortatik zintzo ta leial

Beti egin dezu jarraitu

Bide oberik mundu onetan

Ezin leiteke billatu

Inbiriz gaude zure bidetan

Ezin geintelako sartu.

3

Apaiz maitea zabal itzazu

Erlejiñoko egiak

Bide ortatik galdu ditezen

Mundu ontako etsaiak

Gure erri eta erbeste daude

Anima txarrez josiak

Ez diralako gogoz entzuten

Kristoren irakatsiak.

4

Griñ txarrik bada gure errietan

Baita alkar ikusi eziña

Moskorrerako erraxtasunaz

Birau oitura zikiña,

Txarkeri oiek urrundutzeko

Egingo dezu alegiña

Gure Jainkuak orretarako

Pasatu izan zuan miña.

5

Gure lurretan izaten dira

Naigabe negar samiñak

Adan ta Ebaren jatorriz datoz

Oik dira gauza jakiñak

Norbera baño abillagorik

Iñola ikusi eziñak

Alkar arrotzen egite itugu

Mundu ontan alegiñak.

6

Ikusirikan lur gaiñ onetan

Ezin gerala kabitu

Zerbait guztiok Jaunarengana

Biar genduke segitu,

Euskera argiz mintzatutzia

Nik ala egin det pentsatu

Gaur egunian kristau zuzenik

Ezin degula billatu.

7

Mundu ontara gu ez gerade

Betirako ekarriak

Orregaitikan egon gaitezen

Jaunarengana jarriak

Gure fedeak indartutzeko

Zaudete onera etorriak

Bide ortatik zabaldutzeko

Guri zeruko atiak.

8

Mundu onetan ezin bizi ta

Ez degu juan nai bestera

Jaunan aurrian ongi agertzeko

Orain daukagu aukera

Orretarako jarraitu daigun

Apaizaren esanera

Ezpagerade kanbiatutzen

Galduak izango gera.


[Esaldi solteak]

Seme-alabatxoeri euskerea maitatzen irakatsi!

¡Al dozun tokirik geienetan berba egizue euskeraz!

¡Euskaldun zintzoa izan!

¡Kristiñau-dotriñea beti gogoan izan!

Baserria asko aberastu leiteke komeni direan gauzak egiñik.

Zure errian misiñoak euskeraz egiten ezpadira parroku jaunari eskatu.

Bertsolariak dira gure errian daukagun aberastasunik aundienetakoa

Beste izkuntzak ikastea ona da, baiña norberarena ezta aiztu bear