ANAITASUNA

Año I — Núm. 7

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Enero 1954


Benetako maitasuna

 Gabonzar urrengo goizean, Urte Barri bateri «ondoetorria» emonaz, geure buruari ta maite doguzaneri «Urte Barri on» esaten deutsegu, geure borondate ona erakusteko. Ondo egiña! Esku artean darabilguzan arazo guztieri, bizitzako gorabeera guztieri kristiñau usaiña emoten daki gure erlegiño santuak.

Baiña berbaz esaten doguna bizikeran agertuko bagendu...! Gure aziera onak —gure edukaziño ta urbanidadeak— irakasten deusku ori. Baiña aziera ona ez litzake kanpotikoa bakarrik izan bear, berbazkoa bakarrik ez, barrutikoa ta benetakoa baiño.

Esate baterako, erri aundietan ikusten dana: Etxeak aundiak. Zenbat bizitza? Amar... amalau... ogei? Zenbat famili? Amabost... ogei... ogetamar? Zenbat lagun? Berrogetamar... irurogei... eun? Lagunak ez dabe alkar ikusten eskillarak gora ta eskillarak beera izan ezik. Buenos días. Buenas tardes. Eta gero, si te he visto no me acuerdo. Ori, urbanidadea izango da, baiña karidadea ez.

Erri aundietan ori jazoten bada, txikietan-be, orren antzera gabiltz.

Nor da ori, domekan domekan, zeure urren, lenago edo geroago konfesetan dan gazte ori? Nor da ori, goizean goizean, zu fabrikara zoazala, bera taillerrera doala, kalean zeugaz kurtze egiten dan ori? Zuk ozta ozta emoten deutsazuz egun onak, eta berak ozta ozta erantzun. Baiña ez aaztu anaia dozula ta anaia zaituala, eta maite izan bear dozula, ez azaletiko maitasunez, barrutikoaz baiño. Maitasuna ez da bakarrik gorroto ez izatea.

Onetaz gaiñera, pentsa eizu berak eta zeuk jatorri bat eta azken zorion bardiña dozuela: Jainkoa. Anaia dozu orduan. Anai bat-lez maite eizu, ba! Benetako anai bat-legez, alantxe da-ta!

Orrek ba-dakizu zer esan gura daben? Guztiok alkar ezagutu bear dogula. Ezagututen ez danik ezin leiteke maite izan, irakasten dabe filosofoak. Eta gero, zeure anai ori pozik ikusten badozu, poztu zaitez beragaz; negarrez ikusten badozu, negar egin beragaz; naibagez ikusten badozu, naibagetu beragaz batera, ta lagundu al dozun neurrian.

Orra or benetako maitasuna ta karidadea.


Kurutzegrama N.º 5


Ba dakizu...?

Bateoko Sakramentua

1.—Bateoko Sakramentua balio izateko moduan emoteko, emen esaten doguzanetarik zeintzuk dira naitanaiezkoak?

a) Bateo emoillea graziazko estaduan egotea.

b) Bateo emoillea bateatuta egotea.

c) Eleiza Katolikoa, Kristoren Eleiza egiazkoa dala siñestu, ezagutu ta autortutea.

d) Bateatuten danari ura bota ta aragia bustitea.

e) Ura ixurten jakon bitartean berba oneexek esatea: "Nik bateatzen zaitut Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean".

f) Kristok sortu eban Bateoa emoteko asmoa, eta Eleizeak egiten dabena egiteko intentziñoa eukitea.

g) Bateatuten dan personeak, errazoiaren jabe izan ezkero —7 urtetik gorakoa—, Bateoa artzeko intentziñoa eukitea.

h) Errazoiaren jabe ez bada —7 urtetik beerakoa—, bere gurasoak edo gurasordeak ekartea.

(Erantzupenak azkenengo pagiñan)


Aita Santu Pio XII'garrenak Andra Mariaren Urte Santurako egindako otoitza

 O Maria, sortzez garbia, Jesusen Ama eta gizonena! Zure edertasunaren edertasunaz begiak argituta, eta munduko zoritxarren aurrean gure arimak arduraz beterik, zure besoetara gatorkizuz. Uste osoa daukagu zure biotz maitagarri orretan. Bertan aurkituko dogu gure gurari gartsuen betetasuna, ta munduko ekatxen artean gure portu ta estalpe segurua.

Gure gaiztakeriakaitik lurra jota egon arren, gure atsekabe ta ezbearren artetik zeugana jaso gura doguz begiak, eta zure doi miragarrien aberastasun neurri bagea kantatu. Izan-bere, ugariak dira zure sortze garbiaren lenengo unetik asita, zerura jasota gero, zeru-lurren Erregiñatzat koronatu zinduzan arteraiño, Jaunak emon eutsuzan graziak. Kristo gure Jauna kendu ezkero, graziaz zu baiño apainduagorik ez da iñor izan kreatura guztietan.

O gure siñesmen santuaren iturri garbia! Busti eizuz gure gogoak betiko egien euri gozoaz. O kristiñau erriaren lirio ederra! Zeuganatu gaizuz zure zerutar usain eztitsuaz. O gaiztakeriaren eta eriotzearen ondatzaille indartsua! Emoiguzu pekatuarentzako gorroto sakon bat, Jainkoaren aurrean iguingarriak eta inpernuaren menpekoak egiten gaituan pekatuarentzako gorroto bizia.

O Jaunak maiteen zaituan Ama samurra! Entzun zeuri eskiñiriko Urte Santu onetan kristiñau zintzo guztiakandik joatzun deadar beroa. Makurtu zaitez gure zauri minberatuetara. Aldatu eizuz oneraritz deungen asmo zitalak. Legortu atsekabetuen negar malkoak, poztu pobreak eta umillak, amatau alkar ikusieziñak, gozatu ekandu gogorrak, zaindu gazteen artean garbitasunaren lorea, artu Eleiza santua zure mantupean, eta gizadi guztiak sentidu daiala kristiñau bizitzearen edertasuna.

Zeruetan ain gozo entzuten dan zure izenean, batak bestea anai-arrebatzat artu daiala. Munduko naziño guztiak famili bat egiñik. guztiori bake santu, oso ta benetakoaren eguzkiak argi egin deiskula.

Artu eizuz, Amarik gozoen orrek, abegi onez gure eskariak. Eta emoiguzu, arren, zure altara aurrean jasoten dogun kantua, egunen baten zeugaz batera kanta daigula: Guztiz ederra zara, Maria! Zeu zara gure aintza, Zeu alaitasuna, Zeu gure erriaren gloria. Alan izan daitela.


Jakin ba...

1.—Bateoko Sakramentua, balio izateko moduan emoteko, Emoillearen aldetik d, e ta f dira naitanaiezkoak. Au da:

d) Emoilleak, Bateoa artzen dabenari ura bota bear deutso, urak aragiaren gaiñetik korridu ta azala bustiteko moduan.

e) Emoilleak, ura ixurten daben bitartean, berba oneexek esan bear ditu: «Nik bateatzen zaitut Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean».

f) Emoilleak, Kristok sortu eban Bateoa emoteko asmoa euki bear dau, eta Eleizeak egiten dabena egiteko intentziñoa.

Bateoa artzen dabenaren aldetik, g letran esaten dana, naitanaiezkoa da. Ona emen:

g) Bateoa artzen dabenak, errazoiaren jabe bada, Bateoa artzeko intentziñoa euki bear dau.


De Maria numquam satis

Irakurle: Bearbada or goiko latiñezko orrek zer diñoan ez dozu jakingo.

Andra Maria Jainko eta gizonen Amaren anditasuna agertzeko ez gareala gauza esan gura dau. Gure berba, gure kantu, gure indar guztiak, bear dan baiño beerago beti ibilliko direala, egoki litzaken neurrira eldu eziñik.

Berba oneek, Eleizako maixurik geienak eta argienak artu ditue eredutzat, Andra Maria goratuteko eta alik geien maiteragiteko.

 Pio XII, gure Aita Santuak-be, esan leiteke berba oneek beretzat autatu dituala, Andra Mariaren Urte Santu onetarako beintzat. Ain ederrak dira bere eskutik urten daben Entziklika ta beste ainbat dokumentu miragarriak, azalez eta mamiñez, itxuraz eta dotriñaz, apain bezain sakonak!

Dokumentu oneen artean balio aundienetakoa dozu, ementxe ANAITASUNA onetan, topauko dozun Otoitza. Ebagi eizu artasiakaz polito polito, eta arduraz tolostuta, gorde zure meza liburutxoan. Edo obeto, etxean euki leku jakiñean, egunean egunean, errosario ostean familian errezau daizuen. Onen onena, guztiok buruz ikastea, al danik sarrien esateko.