ANAITASUNA

VII URTEA - N.º 70

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Martia (3) 1960


Seme alabak eta euskerea

Euskaltzaindiak sariketa bat ipiñita dauko Bizkaiko neska-mutillen artean egitekoa aurtengo maiatza inguruan. Bertan parte artuko dabenak amar urtetik amabost urtera izan bear dabe eta sariak euskerazko esamiña bat egiñik emongo dira. Kristiñau dotriñea, euskal kanta batzuk, ipuin bat norberak gura dauen langoa, eta beste gauza txiki batzuk eskatuko dira. Onegaz euskalzaletasuna eta euskerearenganako amodioa erein gura dira umeen buruetan, Euskalerriko geroa direan gizon eta emakumeetan.

Eta izan be euskerearen geroa ortxe dago. Bizirik iraun daien gura badogu alperrik da umeak erderara joerea izan eta zuzenduten ezpadogu euskerea alderdi guztietan sarturik. Eta euskereak eskolan sarrerarik eztaukan bitartean eskolatik kanpo ekin bear deutsagu sendo baiña errespeto aundiagaz. Orretarako erri guztietan norbaitek egin bear leuke zertxobait umeak gertetan esamiña oneitarako. Gaiñera ezta gauza aundia egin bear dana, eta atera leitekean frutua ikaragarria izan leiteke. Naikoa litzake asteko erri bakotxean dozenerdi ume norbaitek gertauko balitu. Ume orreik zabalduko leukie lagunen artean euskerearenganako joerea eta igarri barik indarra artzen asiko litzake gure izkuntzea daukazan baiño sustrai zabalagoetan. Eskatuko dana ezta gauza aundia izango. Euskal-kantak liburutik bertso batzuk ikasi ezkero naikoa da, dotriña apur bat, gauza gitxi.

Badakigu erri batzuetan batek baiño geiagok gogoz artu dauela zeregin au eta umeak Bilbora etorteko pozik dagozala. Eta seguru gagoz egun ori ez jakiela aiztuko errez bizitza osoan. Beste erri guztietan be beste ainbeste egin bear litzake eta duda barik urte batzuen buruan eskolarako oiñarri ederra jarriko litzake.

Umeen izenak aprillaren 15-erarte bialdu leitekez Euskaltzaindiaren etxera (Ribera, 6 - Bilbao) eta esamiñea maiatza inguruan izango da aurrez jakinerazoko dan egun batean.

Aurtengo lenengo esamiña oneik ikusita urrengo urteetan gauza aundiagoetara joteko gauza bagara, oraindiño sendo bizi garean seiñalea izango da. Eta alegiñak egin daiguzan seiñale ori argi ta garbi Euskalerriaren biotzean iminten.

***

Euskaldun seme-alabak euskeraz egin bear dogu.


Dakar aldetik

Bermeo, Lekeitio eta Elantxobe-ko laguneri.

Jaungoikoak zoriona emon deizuela.

Bertoko jakingarri batzuk idatziko deutsuedaz gaur: zelan bizi garean, zer ikusten dogun, ordu libreetan zetan diardugun, eta abar.

Dakarreko portuan gagoz. Portu aundia. Emen mundu guziko barkuak ikusten dira. Espaiñolak gitxi. Beiñola, Israel-go untzi eder bat ikusi genduan. Gure barku nodrizak portu erdian egoten dira, geuk ekarten dogun arraiñari begira, eta atunez ondo betetan direanean, taka taka Canarias-era joaten dira; antxe dagoz arrain fabrikak. Barku nodrizeari atrakatuta gagozan bitartean, batzutan esku aparejua errietan dogu uretara, eta polito artzen izan dogu arraiña: peskadillak, txitxarroak, berdelak. Berton portuan be, arrain asko dago: baltzak euren batelikoetan arraiñetan ibilten dira; eta beiñola, txerbola sarda aundi bat ikusi genduan gure kostaduan.

Lantzean bein, sarea sikatuten joaten gara portuko moilla batera; arte bat edo bi eskegiteko be egoten da lekua, askotan moilla zati aundi bat ur-zakuz beterik egonarren. Emen Dakarren eta Senegal guztian, urra da aberaskuntzarik aundiena. Territorio pobrea. Orrexegaitik-edo ez dabe gura bertoko baltzak independentzia osoa; Dakarreko kaleetan pobre asko ikusten da, eta moillearen kontra jaten gagozanean, euliak lez etorten jekuz mutil gazteak, jateko apurtxu bat eskatuten. Guri, Jaungoikoari eskerrak, ez jaku ezer falta izan oraiñarte, etxeko bigunkeri ta gozakeriak euki ezarren eta bertoko ibilkerea guztiz gogorra izan. Gure bizimodu au zerbait bigundutearren-edo, aurten be Dakarreko Monja Frantziskotarrak akordatu egin dira gugaz: Urte Barri egunean, embarkaziño guztieri paketa aundi bana erregalatu euskuen borondaterik onenagaz.

Portuan dempora gitxi egoten gara geienetan: eldu bertara, emon arraiña, erosi plazan biberak, joan korreora, artu edurra ta ura, bete gasoillez tankak, eta ainbat ariñen barriro itxasora, beste zortzi, amar edi amalau egunerako.

Itxasoa da gure bizilekua. Berton pasetan doguz gure poz ta penarik aundienak. Turista antzera ibilteko, ez da leku txarra. Dakarretik urre gabiltzanean, oraiñarte beiñik bein, freskotxu egiten izan deusku beti: egoaldean gagozanean barriz, beti bero. Zenbat egorago, beroa aundiago, aizea bigunago, itxasoa bareago. Zortzi graduko luzeran, Dakarretik 360 milla asago gagozanean, itxasoa kalma zuri zuritan egoten da, eta bere azul ederrean txori bakarren gerizea ispillu baten lez ikusten da. Beiñola, Espaiñia osoan edurtza aundiak izan zireanean, gu kubertan egon giñean Madrille-ko radioa entzuten, fraka txikiz jantzita, gaueko freskotxua artzen genduan bitartean. Gabeko ordu au izaten da guretzako gozoenetarikoa. Afalduta gero, itxasoan trabes geratuten gareanean, batzen gara danok baborrean, biztuten dau patroiak zakurako argia, jezarten gara trankil trankil karel gaiñean, entzuten dogu radiotik ligako partiduen erresultadua, poztuten gara ezin geiago gure «Atleti»-k irabazten dauanean, akordetan gara Bermeo-ko gauzakaz, eta berba egiten kantsetan gareanean, asten dira batzuk potxatan naiz duroitan, eta joaten dira emparaduak lotara.

Itxaso au guztiz aberatsa da. Potxak, erredin utsagaz artzen izan doguz, zenbat gura otzarea bete artean; eta iñoiz egunez ur meian sartzen bagara, aparejua ondora orduko, josi dogu arraiña, eta zelako arraiña: brekak, meroak eta abar; bein, tortuga eder bat be atrapatu genduan. Ardorean gabiltzanean, eskandaluzkoa izaten da askotan, artzen dogun arrain kantidadea: bokarta, sardiñea, txitxarroa, berdela, makarela. «Ai, zenbat diru irabaziko geunkean, sasoi onetan arrain au Bermeo-n bageunko!» —auxe izaten da olako gauetan barruko lagunen komentarioa.

Zimarroiak aurten gorabeera aundiak daukoz: sainja batzutan polito atrapetan izan dogu danok; beste batzutan ostera, oso gitxi. Askotan pentsetan egoten gara, ea igetargiak edo eguraldiaren otz-beroak zerikusirik ete daukon arraiñaren ibilkereagaz. Nok jakin? Itxasazpiko bizimodua, misterio bat da oraindiño guretzako.

Aurten, txerbolea dabil asko: beste atun klase bat, egaluzea baiño txikitxuagoa, zazpi killotik beerakoa, erdaldunak rayado ta guk Bermeotarrak zerrutxo deritxaguna. Txerbola sarda itzalak ikusten izan doguz sarritan: itxaso osoa bitsetan, zeruko txori guztiak sarda gaiñean, eta arrain egazlariak igeska gure kostaduan. Ze aundia dan Jaungoikoa, olako gauza ederrak egin dituana! Eta nok esango leuke, arrain ori, ain ederra, prezio ain onean edonon saltzen dana guk ez dogula atrapetan edo atzera itxasora botetan dogula, arrain zantarra baillitzan? Au noredonok konpondu bear leuke; bestela, ez dabiltza ondo gauzak Espaiñian.

Arrain zantarrak be, sarritan ikusten doguz: trompak, seroiak, mantak, akulabirigardak, lamproiak, duroiak; batez-bere duroiak, erderaz tiburón deritxenak. Izurdak ez dodaz arrain zantarren artean sartu gura, guztiz probetxugarriak dira-ta. Eurak altzetan deuskue askotan zimarroia; eta gose gareanean, gogoz jaten doguz euren gibel, biotz eta garaunak.

Eta txoriak zer? Zakatzekoak eta marikakak dabiltzaz asko. Braiak eta kofrak barriz, igaz baiño gitxiago. Lantzean bein arrain aparejuaz txoritan ibilten gara, eta iñoiz jan dogu marikaka ta kofra aragiagaz egiñiko plater galanta. Gauetan, trabes gagozanean, noizedonoiz txoriren bat etorten jaku lo egiten barrura; beiñola, zakatzeko bat atrapatu eban gure mutil batek, txori koitadua branka gaiñean lo egiten egoala. Sarritan, baita mamarroak-bere etorten jakuz egaz barkura. Nik ez dakit zelan ez direan itoten bidean, kostatik urrun ibilten gara-ta. Beiñola, txirritxaldo bat sartu jakun barrura, eta aste bete luzean egon zan kanta ta kanta, karelpean ostuta.

Itxasoan gagozala, txitean pitean topetan doguz arrantzale baltzak; batel txiki batzutan ibilten dira sei edo zazpi morroi arraiñetan. Egun baten, izurda oso bat emon geuntsen, ura ta ogia be bai; eta eurak, ordez, eskerrak eta zazpi-zortziña killoko mero eder bi emon euskuezan.

Beste egun baten, Justo, San Juan de la Cruz-ko patroia, baltzakaz barik, bere anaia makiñisteagaz egon zan berba egiten; lenengo radiotik, eta gero barku merkantean bertan, biak alkarregandik urre urre egon zirean-da.

Beste bein, neuk be Ciudad de Oviedo-ko kapellauagaz radioz berba egin neban. Barku ori Dakar aldetik pasakeran, radiotelegrafisteak euskeraz berba egiten entzun euskun antza; ta bertako kapitana ta kapellaua euskaldunak zirean lez, eureri emon eutsen urrean gure barri. Kapellaua Oriotarra, ta kapitana Portugalete-koa. Kapellauak saludu bero bat egin euskun Bizkaitar arrantzaleeri, eta guk berari bardin erantzun. Asko poztu ginduzan bere berba sutsuekaz; eta arratsalde atako errosario santua geure intentziñoz errezatuko ebala esan euskun, barkuko pasajeruakaz batera.

Aolan bizi gara Dakar aldean. Gaurko, naiko dozue. Urrengoan esango deutsuet geiago. Agur.

Dakar, 1960, zezeillak 25

Aita Imanol Berriatua


Neska mutillak alkarregaz berbetan

Lenengo lenengo zorionak Errigoitiko gazte orreri. Benetan poztu ninduan zure erantzunak. Zure eretxi ori irakurrita ez ete dabe neskak be eurenik emongo? Ederra dogula nago alkar ezagutze ori, alkarrea eretxien barri jakite ori. Zure ideakin bat nator. Gaur Prantziko GAZTE errebistan agertu dan beste erantzun bat jarriko dot, beste gazte asko erantzutera ausartu daitezan:

Lenengoz errebista onetan amazazpi urteko neskato batek idatzi eban «zer pentsatzen daben mutil gazteak neskak direala-ta» izenpean. Neskato oneri mutil bik erantzuten deutsee.

Zure artikuluak irakurri ondoan, guk be erantzun bat... Itanduten zenduan: «zer pentsatzen daben mutil gazteak neskak direala-ta», esan guraz zelakoa izan daiten gura dogun guk gura geunkean neskea.

Amazazpi urtekin arrazoi aundia dozu geroari begirada bat jaurtitzen deutsazunean. Begirada ona, baiña ez luzeegia, zure edade orretan bada beste zeregiñik-eta.

Ona, ba, nolakoa nai geunkean izan daiten gure neskatoa:

Lenengo, eskola apur bat dakiana. Gero gaur egunekoa izan daitela. Jarrai daiala moda apur bat eta onestidadez. Dantza jakin daiala, aita ta ama maitatu eta errespetatu daizala. Jenio onekoa, langillea, bai barruko eta bai kanpoko lanetan, bear orduetan. Gure erritar gizon zaar batek diño: «Lenago, emakumeak gizonak ainbat lan egiten eben kanpoko lanetan. Orain damak legez bizi gura dabe». Kanpoko lanak ez dira emakumearentzat, baiña distraziño bat izan bear dabe eurentzat. Guretzako be gozoago da uneda batzuk emazteagaz lan egitea. Ez dau larregi delikadea izan bear; alde ederra dago soloan lan egiten dabenagandik atzazkalak pintauta dabillengana.

Gura geunke baita bere semetxoak maitatu eta zuzen eziko dituana, arein kapritxoak egiten itxi barik: eta azkenez etxea zintzo gordeko dauana.

Orra gure idea beiñenak. Ez dogu esaten birtute guzti orrek dituana artuko dogunik, ez, eztagoalako uts bakorik.

Zuen barrien begira dagoan amazazpi urteko bi mutil gazte.

Kepa


Ostrak

Itxasotik ataraten doguzan gauza on askoren artean, ostrak dira. Gure Euskalerriko itxas-bazter inguruak ostraz beterik dagoz, eta urte batzuk izango dira, orain baiño askozaz geiago egozala. Gaur-be, Kanala aldetik, ostrak ugari dagoz, onak eta ederrak.

Amar milla urtetik gorako euskaldunak ostrak jaten ebezan, Santimamiñen ikusten dogunez. Burdikadaka ostra-azalak dagoz atx-zulo aren inguruetan. Eta orrek diñosku, argi ta garbi, ostrak ezagututen ebezala, ta baita ondo aprobetxatu-be. Ostrea gauza ona da izan-be, jateko.

Eun ostra-klase inguru dagoz, gaur egunean. Geienak onak dira jateko. Baten batzuk klase txarrak-be badagoz, baiña gure itxas-inguruetan ez. Kanala aldean, klase bi dagoz, biak oso onak eta gozoak. Batzuk berde koloreak dira. Orreik aundiak izaten dira, geienetan. Beste batzuk, marroi-kolorekoak dira, apalagoak, txikiagoak, baiña besteak baiño fiñagoak.

Ostrak ez daukie ez ankarik ez bururik, urdailla badaukie, eta baita zanak-be. Zementua baleukie lez inketan dira edo atxetan, edo arrietan, edo bata bestearen kontra. Ostrea da, arrautza geien ipinten daben pataria. Bagillean asi eta iraillerarte, bi milloi arrautza inguru ipinten ditu ostra bakotxak. Kume egin arte, ostrearen kapa barruan egoten dira. Orregaitik esaten da eta egia da, ERRE ez daukan illeetan ez dala ostrarik jan bear, kumegintzan dagozalako. Arrautzatik urtetan dabenian, laño baten moduan urtetan dabe itxasoko uretara, ta ule antzeko egotxu batzuekin ibilten dira lenengo egunetan. Sortuten direan guztiak, aundi egingo balira, mundu guztia laster beteko leukie, baiña txiki direan artean, itxasoko patari guztien janari dira. Gitxi gora bera, lau milloatik, BAT bakarrik egiten da aundi. Iru asteko bizia lortuten dabena, salbauta dago. Kontxea formetan asten jako, eta sakonean gelditu bearra dauko. Bere-berez, egotxuak gogortu egiten jakoz, eta ostra egitera doa. Bein iru urte bizi ezkero, sasozko ostrak egiten dira, jateko modukoak.

Aundi egin da gero-be, badaukiez arerioak itxasoan bertan. Itxasoko izarra deitzen jakon patari batek —"estrella de mar"— poliki jaten dauz ostra nagusiak. Begira zelan: Ostren ganean geratzen da, ta bere urdailleko azalagaz buelta emoten deutso ostreari. Orduan jaurtiten deutsie ostreri jugo bat, eta ostrea zabaldu egiten da. Ta orduan, beingoan garbituten dabe ostrearen mamin gozoa.

Baita karramarroak-be, ondo konponduten dira ostrak jateko. Ara zer egiten daben: Ostrearen ondoan dagoz geldi-geldi, luzaroan bear bada, ostrea zabaldu arte. Ta zabalduten danean, arritxo bat ipinten deutsie kontxa bien erdian. Alperrik ostrak alegiñak egiten dabez kontxak bata besteagaz ixteko, arriak enbarazu egiten deutsie-ta. Orduan karramarroak, nasai-nasai, erpea barrura sartu, ta jan egiten ditu.

Ostrea janari fin eta guztiz ona da gizonarentzat. Gure antxiñako Euskaldunak ondo ekien ori. Gaur ostrea asko jaten da mundu guztian. Australian dagozan ostrak ikaragarriak dira, plater aundi baten bestekoak. Gizon batentzat bategaz ondo dago. Frantzian berrogei milloi peseta ostra jaten da urtean.

Ostra geienak onak direala esan dogu, eta egia da. Baiña ostra txarrakaz kontu aundia artu bear da. Ostra preskua ezpada, edo ur zikiñean egon bada, ta barruan ur zikiña badauko, guztiz txarra da, beneno utsa da-ta. Ostreak itxasoko ura euki bear dau barruan, eta bizirik egon bear dau jateko.

Limoi tangada batzuk jaurti ezkero, ai ze gozoak dagozan!

Gernikan, 1960

ALDEKO


Euskaltzaindiak Bilboko Arriaga Teatroan aurten egin dauen jaialdian kantau zirean bertsoak [Bertsoak]

Basarri: Agurra

Gipuzkoa'tik pozkidaz nator

gaur zuen Bilbo maitera,

Emen zeraten anai-arrebok

biozki besarkatzera.

Agur goxo bat al baliteke

ezpañetatik atera

Ega goxoan bijoa bizkor

zuen guzion artera;

Urte berrian sartu gera ta

ekin deiogun aurrera!

Sarri sarritan izan zagula

ola batzeko aukera;

Asmo berriak artu ditzagun

begiratuaz etxera,

Pausorik iñoiz eman gabetan

geure buruen kaltera

Eta daukagun pitxi onena

etzagun utzi galtzera

Arnasik degun arte guziok

zaindu dezagun euskera!

Uztapide: San Iñazio Loyolakoari

Zeru goitikan onuntz begira dago

Iñazio deuna Loyolan

sortutako seme bat

gure zaindari deguna

Mundu onetan nola ibili

guri erakutsi ziguna

Ikusi egin bearra zegon

Jaun aren apaltasuna

Bera aundia izanagatik

txiki askoren laguna

Jesukristoren dotriñagatik

bere bizitza eman zuna

Orain lareun urte ta geio

mundu onetatik juna

Guretzat ere bidean dator

eriotzako eguna

Seguru nago zeru bidean

laguntza egingo diguna

Lurralde onekin ez da aztuko

bera baizan euskalduna.

Embeita: Bermeo aldetik denpora asko eztala Dakarrera joan direan arrantzaleai.

Gure lurraren itxas bazterrak

Alan diño istoriak

Aldi danetan izan ditula

Itxas gizon errimiak

Asi Elkano bardin Txurruka

Matxin ta jarraitzailliak

Arrantzaliak zetan esan bez

Besteen parebagiak

Dakar aldera juan dirian

Gizon bulartsu ta aundiak

Lagun arturik gure euskaldun

Abade eta prailliak

Batzuk etxeko ogien billa

Arimen artzain bestiak

Bitzuak dira euskaldun sendo

Fededun Jainko zaliak

Naiz ta atzerrian areintzat izan

Irabaziak aundiak

Jaioterria eztabe aztuko

Euskaldun arrantzaliak

Amaika olango arrantzale aundi

Eta Eleiz gizon

Emon dauz Euskalerriak

Mitxelena: Arantzazuko Amari.

Arantzatzuko mendi gañean

Zauden amatxo maitea,

Gaur Bilbaoko Arriagatik

Nijua itz egitea.

Egun batian gusta zitzaizun

orko elorri artea,

Naitasun geyo azaltzen dezu

beti urtetik urtea.

Naiz da eguzki gozoa eta

berdin zayo elurtea,

Ez dezu iñoiz pensatu izan

Gu baztartu ta joatea.

Biotza dezu zeruetako

Gozotasunez betea,

Guk ere, ama, maitazen degu

Bai, zure borondatea.

Euskaldun danak zeuregandurik

Bildu gaitezen batea,

Eriyotzeko orduan ere

Gutaz oroitu zaitea.

Azpillaga: Lanari

Esan didate esplikatzeko

Zer aztarren duan lanak

Herentzi auxe donatu zigun

Lenengo sortu ziranak

Ta arrezkeroz geren izerdiz

Bizi gerade gizonak

Zenbat diraden lanaren billa

Gure erritik juanak

Ikusirikan atzerritarrez

Beterik gure sakonak

Emen badabiltz erdi negarrez

Lana billatzen dutenak

Nun dira lasai lana egiñez

Biziko geran egunak

Lagundu deigula jaunak

Eta Begoñako Amak

Edo bestela denpora gutxi

Barru galdu gera danak.

Basarri: Munduko pakearen alde.

Aspaldi ontan ezta entzuten

Pakea itza besterik,

Ondo dakigu gizonarentzat

ez dagoala oberik.

Alaz guztiaz beldurrez gabiltz;

ez dago segurantzirik,

Gauza bat esan, bestea egin;

iñon ez konfiantzarik

Bide ontatik ondoren onik

ezpaitago etortzerik;

Belen'go estalpeko kantuak

ez daukate entzulerik,

O, Jesus maite, ez da betetzen

zuk jarritako legerik;

Urte bi pasa bear lurrean

eta gorrotoz beterik

Alkar maitatzen ikasi arte

ez da egizko pakerik!

Uztapide: Ama batek seaskan daukan semetxoari esango liokeana:

Une onetan au zoramena

seaskan det semetxoa

Esnatu gabe zeramakian

eguardi arte osoa

Aldamenean bere zai nengon

ura zan loa gozoa

Orain begiak zabaldu ditu

dirudiela usoa

Zerbait esan nai ta eziñ esan

neri begira gaixoa

Ateratzia nai du lorabait

luzaturikan besoa

Arrasaldian juango gera

Josetxongana auzoa

gero txorien kabien billa

etxetik goiko basoa

Txikia zera oraindik baño

entzun zaidazu bersoa

Zarzarorako zure bear naiz

ta izan zaitez zintzoa

Embeita: Baserriari.

Biotz erdiko baserritxua

Neure jaiotza tokia

Zeinbateraiño maite zaitudan

Ezta errez esatia

Zu zara gure bizibideko

Egunaroko ogia

Egunsentiko txori kantari

Zoragarri ta pakia

Euskal oituren gordelekua

Fede sendoen aulkia

Zuregandikan jatorku beti

Guk bear dogun guztia

Zugaz bizi da gure izkuntza

Euskera maitagarria

Besteen parebagia

Askok txikitzat zaukezan arren

Benetan zara aundia

Euskalerria jaso nai bogu

Zaindu daigun baserria.

Mitxelena: Amodiozkoa.

Amoriyozko naitasun ori

Noizbait sortutzen da bera

Gero indartzen joaten dana

Egunetik egunera

Lendabiziko ezkon gayetan

oi da bere etorrera

ta gutxiyago ez da izaten

ezkondu ta ondorenera

Emaztea ere pozez biltzeko

bere senarren urrera

esanaz ondo sartu ziñan zu

Nere biotz barrenera

Gu bañon zoriontsuagorik

Iñor izango ote da

Zenbat urteko mundu onetan

alkartuak ote gera

Bizirik geran artean beintzat

Maite izango al gera

Naitasun ori eraman zagun

Jaungoikoaren aurrera.

Azpillaga: Bilbo eta Donosti arteko trenari.

Beste bertso bat tren zarrarentzat

Egin didate agindu

Baju daguan gauza altzatzen

Ezingo naiz alegindu

Donostin erten ta Bilboraiño

Lanik asko izaten du

Ain dago zarra begiratuta

Errukia ematen du

Saltua eta balantza berriz

Edonora egiten du

Estaziutan zai egon bear

Beti eltzen da berandu

Bein zartzen danai berriz juateko

Gogua betiko kendu

Balantzaz ezin zutindu

Azurrak guziak mindu

Lanikan asko egin du eta

Erretiua meezi du.


Azeriaren gogoetak [Bertsoak]

Valentín Embeita

Neure bizitza zelangoa dan

Gura neuke nik azaldu

Naiz ta gizonak egin ez arren

Nire esanak siñistu

Mendietako aitz zuloetan

Artzen dot neure ostatu

An egiten dot esamiñia

Gilborra zelan asetu.

Ardi ta bildots bardin arkume

Ullo ollanda ollarrak

Orrexek dira nire gogoko

Janari gozo bakarrak

Eskuratzeko egiten dodaz

Buru austiak gogorrak

Neure atzian dabizelako

Gizonak eta txakurrak.

Odol zalia deitzen deutsie

Gizon orrek azeriai

Eurak aiztoa gogotsu sartu

Bildots eta egaztiai

Jataldi eta banket ederrak

Egin astegun eta jai

Txarto egiñen errua gero

Azeriari emon nai.

Gizonak nai dau bere eskuti

Gauzak erabilitia

Bere gilborra asetu eta

Azerientzat gosia

Orrez gaiñera oindiño geiao

Neure bizia kentzia

Kostako jako nai dauen legez

Ni tranpan arrapetia.

Ardi ta bildots ta egaztiak

Baldin badodaz garbitzen

Gizonak askoz geiago dituz

Neurriz kanpora ondatzen

Alan da bere euren burua

Santutzat dabe agertzen

Guriak egin dau lege obarik

Munduan ezpada sortzen.


Inaki Gallastegi-k jarritako bertso bi [Bertsoak]

Euskalerrian jaio

Ta euskera gaitzetsi

Euskaldunen izenik

Ez dute merezi

Izkuntzak jakin arren

Zazpi edo zortzi

Euskaldunak bear du

Euskera lenbizi.

Euskalduna naizela

Gogoratutzian

Atsegiña sortzen zait

Biotz biotzian

Euskaldun bat ikusten

Dedan bakoitzian

Maitasuna sortzen da

Gu bion artian.


Asmakizuna

Orain urte batzuk, iru seme eukazan baserriko gizon bat il zan. Eta bere testamentuan amaika zaldi itxi zituan iru semeentzat, onela banatuak: Erdiak seme zaarrenari; erdikoari, seme zaarraren erdiak: eta gazteenari, erdikoaren erdiak. Baiña kondiziño bategaz: zaldirik ez iltea bakotxari bere partea emotorduan.

Buru-auste aunditan arkitu zan testamentaria, zelan emongo eutsan bakotxari berea pentsa-ta pentsau. Azkenean, polito egin ebazan gauzak egin-be, bakotxari zegokiona baiño geiago emonaz.

Ona emen zelan konpondu zan:

Ekarri eban berak etxean eukan zaldi bat, eta testamentuko amaika zaldiakaz, amabi egin ebazan. Orduan emon eutsien: 6 zaldi seme zaarrenari (bere partea baino erdi bat geiago); 3 erdiko semeari (bere partea baiño lauren bat geiago); eta 2 seme gazteenari (berea baiño 5/8 geiago).

Olan gauzak egin da, zaldi bat gehiago gelditzen da. Testamentariak amaika zaldi banatu ebazan, bakotxari berea baiño geiago emon, eta bat sobretan zanez, artu ta barriro etxera eroan eban, berea zan-da.

ALDEKO

Gernika