ANAITASUNA
VII URTEA - N.º 70
Depósito Legal SS. 1.092-1959
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Apirilla (4) 1960
Bermeo, Lekeitio ta Elantxobe-ko laguneri. Jaungoikoak zoriona emon deizuela.
Gaur, Frai Alberto-ren eta bion bizimodua esan bear deutsuet. Onezkero, jakin gura izango dozue, zelan gagozan, zer pentsetan dogun, zetan diardugun emen Dakar aldean.
Aste egunetan, goizeko seiretan jaigiten gara biok. Ixil ixillik altzetan gara kamaiñetik, ta igoten dogu kubertara; leku dezentetxu baten atonduten dogu altarea, ta antxe esaten dot meza santua, barruko gizonak lo dagozan bitartean; Frai Alberto-k bertan jaunartzen dau, ta sarritan etorten dira mezea entzuten makiñistea ta guardia egiten dagoan gizona.
Domeketan barriz, arratsaldean esaten dot mezea; geienetan, bostak inguruan. Orduan, barruko danak batzen dira. Barkuaren aurreko mandan ipinten dogu altarea, patroiak berak be zubitik bertatik mezea entzun al daian. Antxe eukiten dodaz danak neure aurrean. Danak altara inguruan, danak begi ta belarri, danak urre urre niregandik. Ebanjelio ostean, amar minutuko berbalditxu bat egiten deutsiet. Importantzia guzti zaundia emoten deutsat momentu oneri. Gaur egunean, arraintzaleari —ta beste edozein kristiñauri— entzun eragiteko moduan berba egin bear jako. Erlejiñoko gauzetan guztiz gitxi jakiñarren, euskaldun arraintzaleak egiaren gosea dauko; ta pozik entzuten deutso, bere barruko dudak kentzen lagunduten deutsonari. Orrexegaitik, alegin guztia egiten dot, sermoitxu ori ondo preparetako, euren arimako problemak ikututeko ta euren berbeta moduan itz egiteko. Mezea amaituta segiduan, afaria jaten dogu danok; domeketan apurtxu bat obeto, azkenengo platera beti arroza esneagaz izaten da-ta.
Zazpi t'erdiak aldean, radiotik berba egiten deutsiet beste barkuetako arraintzaleeri. Zubira igoten dodaneko, Frai Alberto-k dana preparatuta eukiten deust: aparatua ta entzuleak; aparatuari potentzia guztia ataraten deutso, ta entzuleeri eupada bat egiten deutsie, danak adi egon daitezan, ni berba egiten asten naizaneko. Igaz, Bizkaiko euskera literarioan berba egiten neutsen; aurten ostera, Bermeo-n egiten dan lez, bardin bardin. Nire ustez, azkenengo modu au, bestea baiño askoz obea da, norberaren erriko berbetea obeto ulertu, ta biotzean barrurago sartzen dalako.
Kristo-ren ta proximoaren maitasunak ekarri gaitu ona, ta ipiñi gaitu arraintzaleen artean, benetako gizonak ta kristiñauak izaten eureri lagunduteko. Emen gagoz, gau ta egun euren ondoan, beste arraintzale bi geiago bagiña lez. Era galanta, geure erriko itxasgizonen bizimodua ezagututeko, euren problemak ta eretxiak jakiteko, euren bearrizanak urretik ikusteko, ta gero euren alde askoz obeto lan egiteko. Jaungoikoari eskerrak, ez dogu demporea galdu, ta gauza asko ikusi ta ikasi dogu. Zuek be, jakin egin bear dozue zerbait. Neuk esango deutsuet orain.
Ona etorri orduko, ez neban pentsatuko, arraintzaleen bizikerea ain gogorra zanik. Gogorra benetan. Jateko pobrea, deskantsu eskasa, bear larregia; ta arraiñik agertzen ez danean, presoen anteko bizimodua: gizonak tosta gaiñean jezarrita, aspertuta, gogaituta; barkua, egun guztian ara ta ona, kartzela txiki bat itxaso erdian. Ori dala-ta, nire eretxiz, arraintzaleak ez dabe bear dan beste diru irabazten. Euren bizimodu gogorra kontuan eukita, oraiñarte baiño askaz geiago irabazi bear leukie. Aolan bakarrik izango litzake posible, euren bizibidea pixka bat leundutea, bigundutea, gozatutea. Diru geiago irabaziko balebe, barkuan obeto jango leukie ta nasaiago biziko. Orduan, armadoreak eurak-bere obligaziño aundiagoa eukiko leukie, barku obeak egiteko, barruko gizonak alik ondoen egon leitezan eta gizonaren dijnidadeak eskatuten dauan guztia euki leien.
Dirua irabaztea asko kostetan jaken lez, arraintzaleak begi txarrakaz ikusten ditue errez aberastuten direanak, eta maldeziñoak botetan dabez iñoren lepotik dirututen direanen kontra. Eurak ezin dabe ontzat artu, batzuk, kasik bear egin barik, aberastu daitezala, eurak, arraintzale gixajoak, itxasoan gau ta egun lan egiten eta beti pobre bizi direan bitartean. Eurak, naziñoaren beste ordenamentu ekonomiko bat gurako leukie, eta lan egin nai daben guztieri gobernuak geiago lagundu leiela. Nik neuk, geienetan eureri emoten deutsiet errazoia; eta asko poztuko nintzake, naziñoko ta gure euskal portuetako agintariak ta bape direanak, arraintzaleen problema ekonomiko-sozialeri kasu geiago egingo baleutsie. Bermeo-n, esate baterako, bear bearrekoa da, nire ustez, kosta patroiak izateko itxas-eskola bat; eta legortarrak euren Kasinoa daukien antzera, arraintzaleak-bere euren Soziedadea euki daiela.
Aspaldion, arraintzaleen artean problema sozial barriak sortu dira. Oraindiño dempora asko ez dala, Euskalerriko arraiñuntziak —arrastakoak aparte— txikiak zirean, eta barruko gizonak euskaldunak. Orduan, ez zan diru askorik irabazten; eta itxasora urten be, ez zan egiten urrunera. Orain barriz, barkuak gero ta aundiagoak dira, eta arraiñetan guztiz asagora joan bear izaten da. Irabazi, len baiño geiago irabazten da; baiña itxasoko bizimodua-bere, gogorrago egin da. Aemen gabiltza emeretzi barku, 350 gizon, gau ta egun bearrean, Euskalerritik guztiz urrun, erbestean, baltz tartean, mahometano errian, bertoko iñogaz ulertu eziñik, etxera joateko sasoia noiz elduko dan beti pentsetan. Olako ibilkera gogorragaz, arraintzalea azkenean gogaitu egiten da, aspertu, garraztu, mindu, benenoz bete; okasiñoak ta pellikadak ugaritu egiten dira, eta patroien ta mariñelen arteko artu-emonak gaiztotu. Tostarteko askok bizimodu barri au ez dabe gura; eta diru gitxiago irabaziarren, naiago izan dabe etxean geratu, Dakar-rera etorri baiño. Baiña euren ordez, beste batzuk etorri dira: kampotarrak, erdaldunak, gure mentalidadea ez daukienak; eta olan, Dakar-reko problema sozialak len baiño geiago nastu dira. Justizia eza, naikoa ikusi dot arraintzaleen artean: patroien eta tostartekoen aldetik; manda bietatik. Nik ez dakit ze lege modu dagoan, arraintzaleen problemak zuzenduteko. Baiña, nire ustez, oba izango litzake, euren arteko gorabeera guztiak onean eta bakean beti komponduko balira, eta ez erreglamentuen indar utsagaz. Ez dogu bear gudu sozialik. Oraiñarte gure barkuetan geure etxean lez bizi izan gara, jaube ta tostarteko danok bat eginda, danok erritarrak, danok ezagunak. Gauzak aolan segidu daiezala, danon onerako; eta diru geiago edozelan irabazteagaitik, ez daigun galdu gure oraiñarteko batasuna ta bakea.
Len esan deutsuet, erlejiñoko gauzetan, euskaldun arraintzalea guztiz ezjakiña dala. Parkatu eistazue, geiegizko modu batean berba egin badot. Bermeotar arraintzalea, beiñik bein, ba-da ezjakiña. Beiñola, ea nor zan San Jose preguntatu neutsan gazte bateri. Ez eustan ezer erantzun, zati baten pentsetan egonarren. Asko dira, erderaz be errezetan ez dakienak. Bermeo-ko etxe askotan ez da iñoiz otoitz egiten antza, eta ume askok ez dabe euren aita eguno ikusi Jaungoikoari errezetan. Bermeo-ko arraintzale geienak aztu egin dabe, txikitan eskolan ikasiriko kristiñau dotriña apurra. Euren kristiñautasuna, azalekoa da, mamin bakoa, erro bakoa. Ori dala-ta, euretariko geienak ez daukie erlejiñozko kezkarik, eta materialismoan naiz arduraezean jausi dira. Auxe da, duda barik, Bermeo-ko arraintzaleen zoritxarrik aundiena. Eta desgrazia onen aurrean, gure erria benetan maite badogu, ezin gaitekez geratu besoak batuta. Orrexegaitik etorri gara, Frai Alberto ta biok, Dakar-rera. Baiña gure alegiña ia alperrikoa izango da, arraintzaleak eurak alkarren alde lan egiten ez badabe, eta euren familiak ta erriko kristiñau zintzo guztiak apostoladu onetarako batzen ez badira. Oraiñarte, nire ustez, Bermeo-ko eleiztarrak ardura gitxi artu dabe arraintzaleen egoera espiritualagaitik; eta askok, guztiz eleizabidekoak izanarren, euren injustizia ta obra txarrakaz kalte aundia egin deutsie erlejiñoari arraintzaleen artean. Sasoi onean gagoz oraindiño, okerrak zuzenduteko, ta galdu dogun arloa bentajaz irabazteko. Ez dago zetan egon geldirik. Arraintzaleak, euren aldetik, borondate ona erakutsi dabe beti. Aurten eta igaz, Frai Alberto ta bion baiezko erabagia jakiñarren, badaezpadan Donostira joan izan dira Aita Probintzialagana, eta mesedez eskatu deutsie, gu biok eurakaz joateko Dakar-rera. Ta emen nozue euren artean; ez sazerdote beargin modura, periodiku batzuk itsumustuan esan daben lez; kapellau modura baiño. Emen, neuk gura dodan beste dempora daukat, neure errezuak egiteko eta osterantzeko eleiz-eginbearrak kumplietako. Goizetan, meza ostean, eguzkia zeru ertzean bere aurpegi gorriagaz agertzen daneko, brebiarioa errezetan asten naiz, tosta baten jezarrita. Momentu atsegingarria benetan! Ba-daukoz emengo bizitza onek bere pozaldiak; niretzako, goizeko auxe izaten da aundienetarikoa. Gero, egun bitartean, arteka-marteka egoten naiz edo irakurten edo idazten edo domeketako berbaldia gertetan. Eta arraiñetan? Bai, ori be bai; iñok obligatu barik baiña. Beti egoten da olako barkuetan zeregin errezen bat; axe egiten dot. Eurak pozik artzen dabe nire laguntziñotxua; eta nik polito pasetan dot eguna, iñoiz aspertu barik, beti zetan edo atan diardudala.
Frai Alberto barriz, beti dabil bearrean, beti mesede egiten, beti irribarrea ezpanetan. Gurako neuke jakin, zenbat itxas radio kompondu dituan, zenbat gaixo osatu, zenbat indiziño emon, zenbat agin atara, zenbat tratamentu radioz agindu ta zenbat atun atrapatu. Bakar bakarrik esango deutsuet, Jaungoikoak bear egiteko doi aparteko bat emon deutsola, eta berak, Frai Alberto-k, grazia ori erabilten guztiz ondo dakiala.
Aolan bizi gara gu biok Dakar-ren. Beti pozik, bizimodu au guztiz gogorra izanarren. Datorren urtean-bere etorteko prest, Itsas-Apostoladuko Zuzendariak itxiten badeuskue. Nire ustez, gure ibilkera onek ez dauko zerikusirik Frantzia-ko sazerdote langilleen bizimoduagaz. Orrexegaitik esperantza aundia daukagu, aurrerantzean-bere oraiñarte lez jarraituko dogula eta beste lagun asko apostoladu onetan batuko jakuzala.
Erregutu asko zuek Jaungoikoari Itxas-Apostoladuaren alde, gure asmoak ondo urten daien, eta munduko itxasgizon guztiak, batez-bere euskaldunak, ainbat ariñen Kristo-gana biurtu daitezan.
Agur danori.
Dakar, 1960, aprillak 30
Aita Imanol Berriatua
Misiñoak
Igaroaz joakun garixumako bigarren astean euskal-misiñoak izan genduzan Andra Mariko eleiza nagosian: emakumezkoentzat arratsaldeko lau ta erdietan eta gabeko zortziretan gizonezkoentzat eta ordu bitsi onetan eleiza zabal ederra bete-beterik aurkitzen zan.
Aita Larrozkain Eubatiko Pasionista izlari errez eta sakonak, geure barrenak ondo arakatu eta aztertu deuskuz, eta San Jose eguneko Jaunartzeak ugariak izan zirean.
Pirrist...!
Irlandako gizon apain batek, bere zortzi-amar urtedun semetxua, pasiatzen daroa. Eta, bide batez, mundu onetako edertasun ugariak azaltzen deutsoz...
Ara, txotxo, diñotso: Mundu andi au eta bertako kreatura guztiak Jaungoikuak egiñak eta sortuak dira, eta bakotxak bere zeregiña, bere lana bete biar dau, nai-ta-nai ez: txoriak, zugatzak, animali-mueta guztiak, ibaiak eta itxasoak berak, guzti guztiak...
Onetan doiazala kardantxillo kantari polit bat «pizpilioka» euren gane-ganetik, egaz igaroten da, eta ain zuzen bere, «pirrist» egiñaz gizonaren kapela ederra zikiñez betetan dau...
Semetxu azkarrak berialaxe dirautso:
— Txoritxu polit orrek, zer egin deutsun ikusi dozu, aita?
— Bai txotxo, ikusi joat. Orrek bere, bere zeregiña bete dau, eta alan be, Jaungoikuari eskerrak emon bearrean gagoz, beiari eta astoari-eta egorik ipiñi ez eutsielako... Bestela!...
Lapurkeriak
Eguneroko papel baten irakurten dodanez, UGANDA aldeko agintariak, buru-auste andiak ei-darabillez, joan direan urtietan ganadu-lapurketak ugaritu, geiegitu egin direala-ta...
Lapurkeri ugaritasun ori nundik-norakoa ete da?
Ara: erri orretako mutillak, emaztegeia billatzeko edo, beintzat, euren gogoko dan emakumetxuaren gurasoak eureganatuteko, zurituteko, abelgorri bat edo bi erregaluz emon biar izaten deutsiez. Baña abelgorrioi oso garezti dagozalarik, erosten ibilli barik, dagozan lekuan ostu egiten dituez da... ¡kitu!
Alan bere, mutikuok, euren begiko direan neskatillatxuak eureganatu badituez... gatx-erdi.
Petrolioa
Gernika-ibarrian, ainbeste gar eta leiaz asi zirean petrolio-billatze lanak, amaitu direala dirudi. Beintzat ain arro eta lerden jaso eta agiri zan burni-torre andia, geiena askatu, eta lurrean datza...
Egia esan, petrolio-kontu ori, Gernikar geyenok, ezkendun iñoiz aintzakotzat bere artu, eta lanean sendo gau ta egun asi zireanean, mordoska batzuk ikus-miñak edo jakin-guriak mobidu zituan arren... laster guztia amaitu da, eta ofiziña-langilleen batzuk emen itxita, geienak joan zirean euren bidetik.
Aintxiñatxuko neskamearen kanta zarra atara biarko:
Atzo etorri nintzan
gaur ein dot urtie,
agur ugazaba ta
ugazabandrie.
Emengua joan dok eta
urrengorartien.
Nor da maitasun eske jatortsuna?
Mutil gazte asko —euskaldunak geitxoago—, euren biotz-miña neskatillean agertzeko orduan, lotsorrak dira. Eta batzuk telefonoz eskatzen dabez lenengo maitasun-berbak.
Ba-dira, ostera, lotsabako galantak, telefonoz enamoradu-berba zoli-zoliak parraparra jaurtitzen dabezanak be. Itxurea ta importantzia emotearren geienetan. Jasezko neskatilleak kontuz ibilli bear dau orretarikoakaz, eta ezteutsie jaramon geiegi egin bear. Lendik ezaguna danean ondo dago jaramon egitea, baiña ezezaguna danean edo olan-alako mutillen bat, kasurik ez egitea da onena. Ori bai, al danik ondoen konpondu bear dira gauzak, eta "ez" esan bear danean be taiuz esaten jakin bear da.
Denpora-aldien baten urreratu gurean ibilli jatzun mutillagaz gauzak formalian astera zoazeneko, ezagutu egin bear dozu zure mutil-laguna. Ordurako, jakin egin bear dozu: nor dan, zelan portetan dan, zelako famea daukon, bere senide-artekoak zelakoak direan.
Eta gero lagundu zineio ziñera, teatrora, edo jantzara... Baiña beti zeure dinidadea ondo zainduaz.
Eta mutilla ona bada, eta alkar maite izateko indarra badaukazuela ikusten dozuenean, zeuon gurasoeri esan bear deutsazue lenen-lenen. Izatea emon deutsuenak badaukie orrenbeste jakiteko eskubidea. Sarritan ganera, zeuok biotzagaz bakarrik neurtuten dozuena, eurak biotzagaz eta buruagaz ikusten dabe, maite zaituelako, eta zeuon zoriona gura dabelako. Eta euren eretxia zeuon onerako izango da beti.
Ganorabako mutillen bat berba ariñegiak edo lotsabageak esaten urreratuten jatzuenean, jaramonik ez egitea dozue onena. Ez esan kirtenkeririk, ori zeuon dinidadearen kontrakoa dalako. Mesedez bakean itxiteko agindu, edo urrean aurkituten dan persona nagosiagoen batgana joan.
Kartakaz kontuz ibilli bear da. Jai edo bidajeen baten alkarregaz izan zarien mutillak idazten badeutsu, erantzutea edukaziñozko da. Baiña asko be oba da mutillaren famili guztian erantzutea, ezagututen badozu, mutillari bakarrik erantzutea baiño. Eta kartearen azpian ez iñoiz idatzi: Miren Argi, edo Edurne. Izen eta deiturea, biak ipiñi.
Mutillak bere kartetan esaten deutsuena ez berealakoan siñistu. Askok biotzkada aunditxoegiak izaten dabez, eta sekulako enamoradu-berbak idazten dituez. Olakoeri eskribidu deutsuen kartea barriro eureri bialdutea da onena.
Ez emon iñori zeuon erretraturik, eztakizuelako zeuon erretratuagaz zer jazo leitekean. Baleiteke mutillen artean eskuetatik eskuetara ibiltea, barre ta burla egiñez, eta zeuon fama on guztia zikinduta gelditutea.
Erromeri edo jaien baten erretratu bat atarateko mutil gazteak deituten deutsuenean, ez tximiñokeririk egin erretratua ataratekoan. Ez asi ziñe-neskatilla edo kittaño itxurak artzen, eztakizu sarritan erretratu ori noren eskuetara eldu leitekean-da.
Ezkontzeko asmoa artzen dozuenean, orduantxe emon zineio nobioari zeure erretraturen bat. Berak maitasunez eta errespetoz gordeko dau-ta.
Neskatilla askok, Brigitte Bardot, Kim Novak edo Sarita Montiel-en antza topatea gura izaten dabe. Eta alegin galantak egiten dituez espillu aurrean. Ori lotsagarria da benetan. Norbere buruagaz lotsa izatea dalako.
Gorde egizue edonon eta beti zeuen dinidadea. Zaindu zeuen gorputza. Baiña ardura andiagoz landu zeuon arimako doai eta graziak. Ez edozein moduko mutillen eskuetan itxi zeuon biotza.
"La Familia Cristiana-tik" eratuta
J. K. Guarrotxena
Gaurko mundu au dala-ta zeozer esan da gero! Bai kontra ta bai alde. Aurrerapidea, auxe da gure gizaldiaren legea. Aurrera begira bizi eztanak ez dau ezertarako balio. Gure asabak eta gure aurrekoak ez eben ezer egin; areik nagi batzuk besterik eziran! Baiña, gixajoa, areik egin ebena gitxi edo asko barik zer egingo ete zenduan zuk gaurko egunean? Eurak egin ebena edo gitxiago. Ikasi daigun gure aurretikoen eginkizuna onartzen eta goratzen, bestela emendik gizaldi batzuetara beste ainbeste egingo deuskue gure ondorengoak.
Gure gizaldia, gure gizaldia! Zorioneko gizaldia. Egunero eskerrak emoten deutsadaz nik Jaungoikoari egun onetan sortu naualako, baiña baita parkatzeko eskatu be gizaldi onen pekatuak. Ez daukoz ala?
Eguneroko orrialdeetan beti irakurtzen gagoz eztakit nor eta zelan il dan, abioien bat jausi dala ta 50 lagun il direala, an edo emen ainbat automobillek elkar jo dabela... Zenbat samiñaldi ekarten deuskuzan zorioneko kilometroak iruntsi bear orrek, diabrukerizko zalapartan arin ibilli bear orrek.
Gaurko gizonok asko dakigu; gaur mundu guztia da jakintsua. Eta munduan euneko berrogetamarrek ez dakie ez irakurten ez idazten. Asian bertan euneko 32'k bakarrik dakie irakurten eta idazten eta Afrikan 17'k bakarrik.
Gaurko egunean mundua bakerik aundienean. Bai orixe ba! Eta zertarako dira bonba atomika orreik danak? Ez ete gara konturatzen naiz ta bakean ibillita be ain kaltegarri direana? Utsune batek, erratu edo erru txikien batek mundu erdia austu leikeana?
Gaur familia iñoiz baiño sendoago. Eta mundu guztian sortzen ari dan problema ikaragarria? Ezkontza-austeak andik, buru-bako gazte-taldeak "teddy-boys" direalako orrek bestetik; eta egunotan munduko errebista guztietan irakurri geinken problema ikaragarria "birth control" deritxana? Badakigu munduan geroago eta jente geiago bizi gareala eta zeinbat eta geiago ugaritu ainbat estuago bizi bearko dogula; baiña ori dala-ta jaiotzak urritu? eta gaiñera ezkontzako atsegiñak zutunik istearren medikamentu artifizialakaz bideak itxi jaio bear leukien umetxoeri? Jaio bear eben eta jaio ez direan orrek edo guk, nok dogu bizitzeko deretxo geiago? Ez gara danok Jaungoikoak egiñak? Alan da, baiña gaurko munduak ez dau gorantza begiratu gura; lurrean sartu da eta barrura sartu be, zati batean ez urtetako eran. Problema au barriz, aberastasunez gaiñezka naziño batzuk eta bear-izanik aundienean beste batzuk dagozan bitartean ez da askatuko. Eta problema gorriagoak be badagoz. Eta asko egon be.
Ez-gaitezan ba gure gizaldi onen aunditasunak kontatzen larregi arrotu. Orrelan bizi garean bitartean gatxak geroago eta ugariago eta aundiago egingo dira. Gure eginkizuna beste bat da: Eskerrak emon Jaunari gizaldi onen aunditasun guztiakatik eta egun oneixetan mundura ekarri gaitualako. Berari, dana egin leikeanari, otoi egin; eta geure aldetik zintzo lan egin problema orreik erabagiteko. Lenengo norberagandik asi bear dogu. Ez besteari okerrak zuzentzeko agindu eta neu geroago ta okerrago joan.
Lan egin daigun, zuzentasun apurtxu baten bearrean gagoz-ta. Baiña ez negarrez, pozez eta esperantzarik aundienagaz baiño.
Gure gerokoak ez daitezala okerrak izan gure erruz.
Ormaetxe
Gora-bera aundiak izan doguz aspaldi onetan Alemanian. Nazismoa dala-ta, gorriak ikusi bear izan dituez barriz be judegu gixajoak. Nazismo onek, lengo nazismoaren kimu barria izan bear dau: nazismo barria.
Zer dala-ta, ba, orrelako gora-berak? Auxe da benetan oraindiño iñok ez dakian gauzea.
Gabon bezperan asi zan dana. Kolonia-ko sinagoga barrian ainbat sbastika agertu zireanean. Ordudanik burrundadea ugari izan da Alemanian. Erri guztietan egin bear izan dabe zeozer. Eleixak eurak be ez dituez errespetatu. Speger, Bingen, Gelsenkirchen eta beste errietako elexetan nai-ala sbastika agertu zirean.
Bingen'nen, katolikoen batzar etxean sbastika bi agertu zirean, eta gaiñera au: «bizi bedi Hitler - barriz etorriko gara». Bertako abade jaunari auxe esan eutsien telefonotik: «Alemaniako Reichen partidua. Gaur gabean bertan jasoko dogu gure sbastikea zure elexa orretan».
Alemania-ko gobernua ez dago konforme. Jakiña dozue zelan Adenauer bera egon zan Kolonia-ko sinagoga onen konsagraziñoan. Ara emen zer idatzi eutsan Adenauer jaunak judeguen maisu dan Zwi Asaria-ri: «Alemaniako gizon guztiak, neugaz batera, kondenetan dituez egindako zantarkeri orreik».
Eta Luebke presidenteak: «astakeriak eta nabarmenkeriak» deitu eutsien egintza orreiri. Eta gerotxoago radioz: «negargarria zala, Alemaniako erri batek materialismoa, bera baiño askotaz aundiagoak eta ederragoak direan gauzen gaiñetik ipintea.»
Gogor diardu gobernuak nabarmenkeri orren atzetik. Batzuk an dagoz kartzelan. Elexa eta sinagogak poliziaz zainduta dagoz. Munizipio batzuk diru mordo ederrak eskeiñi dituez ganbelu orrein barrien truke. Benetan asi dira gogor Adenauer-en lagunak oraingoan.
Bitartean jenteak itanduten dabena au da: nortzuk dira, baiña, nabarmenkeri orrein jabe edo zer gura dabe?
Batzuk diñoe komunistak eurak izan ete diran, Alemaniaren izen ona lurperatzearren. Alemania ondo ikusia dagoelako naziñoen artean.
Beste batzuk Adenauer bera botateko izan ete direan. Onetara, bere etsaiak izango zirean, Adenauer gizon aundia da gaur munduan-eta.
Badiñoe gazte buru bageko batzuen egintzak ete direan be.
Dana-dala gauza illuna da beintzat gaur egunean ain gogoraziño baltzak ekarten deuskuezan gauza oneik barriro biztutea. Batikano-radioak be gogor gogor egin eban gertaera onein kontra, eta Pio XII-garrenaren berbak aitatu ebazan.
A. Zubi
Astoa eta errotaria [Bertsoak]
VALENTIN EMBEITIA
Astoa
Etxeko jauna aspalditxuan
Enabil emen gustora
Gelditu baga beti lanian
Batera eta bestera
Lanaren truke lasto sikua
Natorrenian etxera
Niriak egin dau asto onegaz
Errukitzen ez bazera.
Errotaria
Aspalditxuan ikusten zaitut
Lan egitiaz mindurik
Jatekoari atxaki emon
Ta geldi egon gurarik
Ezer ein baga jan eta edan
Ez dozu gura besterik
Geldi egoteko etxe onetan
Ez dogu biar astorik.
Astoa
Egun danetan beti lanian
Badakizu nabillena
Zure zorroak ara ta ona
Erabilten dodazana
Zeuretzat dira irabazia
Niretzat bakarrik lana
Beste gauzarik ez dot eskatzen
Gosia kentzeko jana.
Errotaria
Zure lanaren irabazia
Egunaro artzen dozu
Lasto sikua zatozanian
Kortan naikua daukazu
Beste gauzarik ez dozu biar
Arrantza gitxi eidazu!
Eta lanera! zeure bizkarra
Berotzia nai ez bozu.
Astoa
Nagosi onek ez dau agertzen
Menpekoen maitasunik
Onen biotzak ez dauko beintzat
Astoaren errukirik
Zaratia ta palukadia
Ez dozu beste legerik
Nik uste neban lau ankakoak
Zirala astoak bakarrik.
Erabagia
Astoa eta errotaria
Orra alkarregaz autuan
Asto gaxoak arrantza baña
Saku astuna lepuan
Errotariak barre eginda
irabaziak kolkuan
Asto pareko amaika kirten
Bizi da gure munduan.
BILINTX
Bein batian Loyolan
Erromeriya zan
Antxen ikusi nuben
Neskatxa bat plazan
Txoriya bañon ere
Ariñago dantzan
Uraxen bai pollita
An pollitik bazan.
Esan nion desio
Senti nuben gisan
Arekin izketa bat
Nai nubela izan
Erantzun ziran ezik
Atsegin ar nezan
Adituko zirala
Zer nai niyon esan.
Arkitu giñanian
Iñor gabe jiran
Koloriak gorritu
Arazi zizkiran
Kontatuko dizutet
Guztiya segiran
Zer esan niyon eta
Zer nai niyon esan.
— Dama pollita zera
Pollita guztiz ¡ai!
Bañan alare zaude
Oraindik ezkongai
Ezkon gaitezen biyok.
Esan zadazu bai.
— Ni zurekin ezkondu?
Ni zurekin? ¡Ja-jai!