ANAITASUNA

VII URTEA - N.º 71

Depósito Legal SS. 1.092-1959

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

5-6-7-8 1960


Gizarteko auzia

Betiko auzia

Gizonak gizon direan artean ez dira alkarregaz auzi, eztabaida eta asarre barik egongo. Gure barruan daroagu auzi orren azia eta sustraia: egoismoa, gure burua bear baiño geiago maite izatea: «ni ta nireak ondo ibilli gaitezala, beste guztiak ondatuko badira be», esango dau bere burua ezi barik daukon gizonak.

Egongo dira gauza oneik sermolarien gauzak direala esango dabenak be; jakiña da, gaurko gizonak ez dira lenagokoak lakoak-eta; areik bai, areik dana siñistuten eben, ezer ezekielako; baiña gaurkoak, ai gaurkoak, ilustrauak dira gero! Olan diñoe askok, eta diñoena egia dala usteko dabe. Baiña gu lengo esanetan gagoz; eta barriro esango dogu, oraingo gizonen artean, erri aurreratu, zibilizatuetan len baiño gizon kirten eta basati ta abere antzeko geiago agiri dala. Zergaitik ete da?

Atzeraka doazanak

Begiratu zergaitik. Gizon izango dan gizonak bere Egille ta Jaunagandik ikasi bear dau gizon izaten, gizonari jagokon eran aziten, biziten eta ibilten. Gure Egille eta Jaun ori gizon egin jakun, eta gizonen artean ibilli zan guri bear alakoak izaten erakutsiaz. Baiña oraingo gizonak Jaun orregaz aiztu egin dira; eta aurreraka Jaungoikoaren bideetan joan bearrean, Kristoren antzera bizi bearrean, atzeraka dabiz Jaungoikoagandik igesi; eta atzeraka ta atzeraka, abereen antza artzen ari dira. Kristok ederto erakutsi euskun gure burua eziten, gure buruan geiegizko maitasuna itoten, alkar maitatzen. Ona Kristoren lege aundia: «Maite izan egizue alkar, nik maite izan zaituedazan legez». Baiña aiztu egin dabe erriak Kristoren legea, eta ara auziak, errieta gogorrak, alkar ikusi-eziñak...

Gizarteko auzia

Mundu onetan zerura bidean gagozala ondo buruan sartzen ez dogun bitartean erabagiko ez dogun auzia emen: Gizarteko auzia. Kristoren jarraitzailleak ez gareanon auzia. Eta egitan beste auzi eta eztabaida guztiak ez dira ezer gizarteko auzia deritxagun auzi onen ondoan. Ikusi daigun apurtxu bat.

Gizartea bi zatitan zatitu geinke: aberatsena eta beartsuena; langilleena eta nagusiena; dirudunena eta dirubakoena. Eta bi zati onen artean ikaragarrizko asarrea sortu da.

Langilleak diño nagusia langillearen izerdiaz gizentzen dala, langillearen odolari zurrut egiten ari dala. Dirubakoak gauza guztiak buruz bera ipiñi gurea dauko, alan zeozeren jabe egingo dalakoan.

Nagusiak, barriz, esango dau, oraingo langilleak ez dabela irabazten dauan aiña lanik egiten, nagusia ezin-ikusia besterik ez daukala. Dirudunak diru geiago atara gura.

Aberastasunak ez dagozala ondo banatuak, gitxiren eskuan dagoala dana eta munduaren lautik iru zatiak gosez bizi direala. Mai batetik askok artu bear eta bakotxak parterik aundiena eta gozoena beretzat gura, eta... Nok eroango aundiena? Jaungoikoaren legea aiztuta badabiz indarrik aundiena daukien basapiztiak, beste danak goserik ilgo badira be.

Ona emen gizarteko auzia.

Aita Santuen erakutsiak

Ez da au diru-auzia bakarrik, ekonomi-auzia bakarrik; arimako auzia bere bada. Dirua eta munduko aberastasunak beste era batera banatuak balegoz... Baiña ez, ez da ori. Auzi au gizonak gizonakaz daukien auzia da; eta gizona ez da gorputza bakarrik. Gorputz barruan badauko arimea be, eta gorputzari gosea kendu arren arimeari kendu ez bajako, ez dogu ezer aurreratu. Gorputza ustez ondo ibilli arren, arimea zuzen ez badabil, txarto dabil gizona eta txarto ibilliko dira gizonak. Orregaitik auzi au ez dabe diru eta munduaren ardurea daukienak bakarrik erabagiko. Arimak zaindu eta zuzendu bear dabezanak be auzi onen erabagitzaille izan bear dabe.

Erakutsi mamitsu eta arrigarriz beterik dagoz Erromako Aita Santuak gai au dala-ta emon dabezan zuzenbideak. Onetan ezagunena Aita Santu Leon XIII'garrenaren «Rerun novarum» kartea dogu. Argi ta garbi diño zertan dagoan, zelan erabagi ezin leikean eta zelan erabagi bear dan gizarteko-auzia, langille eta nagusien arteko asarrea. Auzi au nundik datorren eta noraiño eldu dan agertu ondoren, Sozialisten esanak ez direala gauza, diño Aita Santuak, auzia bear dan moduan erabagiteko. Jaungoikoa eta gizonaren arimea alde batera itxita, ondasunen Jabeari bere gauzen jabetasuna ukatuta, gizarteko-auzia korapilloz bete besterik ez dala egiten. Guzurrak eta bidebagekeriak ezin daikeela argi onik eta zuzenbiderik ekarri. Eta guzurrean eta bide okerrean dagozala Sozialisten erakutsiak.

Egi au agertu ondoren Elizearen agindu eta erakutsietara biurtu bear direala begiak, diño, auzia bear dan legez erabagiteko. Ederto egongo litzake erakutsi onek dan-danak gogoratzea, baiña luzeegi ez izatearren, labur labur esango dogu Aita Santu aundi onek bere enziklikearen zati onetan diñoana.

Eleizearen legetegian

Eleizeak badauko bere Legetegia, bere lege liburua, «Codex iuris canonici» deritxana; Liburu onetan ederto baturik aurkitzen doguz Aita Santuak emondako erakutsiak.

Begiratu eta irakurri (Can. 1524): «Guztiak, eta, batez bere eleiz-gizonak, erlijiosoak eta eleiz-ondasun-zaintzailleak, lan eragiten deutsien langilleari lan-sari egoki eta bidezkoa emon bear deutsie; bear dan garaian Jainkozaletasunari jagokozan arima-lanetarako asti naikoa langilleak izan daien arduratsu izan; ez galerazo etxeko egin bearrak betetzen, ez-eta gerorako zeozer aurreratzen bere; ez-eta bearrik emon iñori zarra edo gaztea, gizona edo emakumea dala begiratu barik».

Langilleentzat

1) Lan-sari egokia eta bidezkoa, justizia bete daiten; bakotxak berari jagokona baiño ez daiala gura izan.

2) Arima lanetan, Jaungoikoaganako maitasunari jagokozan zeregiñetan, bear dan garaian, naikoa astia artuaz, jardun bedi langillea.

3) Etxeko eginbearrak, guraso danak gurasoarenak, seme-alabak seme-alabenak, ondo bete.

4) Gerorako zer-edo-zer aurreratu.

Au da: langilleak izan beitez benetan langille, Jaungoikozale, etxezale, zintzo. Ez izan «dagoanean bon bon, ez dagoanean egon» esaten dabenaren antzekoak.

Nagusi eta ugazabentzat

1) Ez emon langilleari egoki eta bidezko dan baiño gitxiago. Ez, gitxiago emonda ixillik gelditzen dala ikusten bada be.

2) Lan-saria langilleari bere egin bear guztiak betetzea galerazoko ez deutson aiñakoa izan bedi.

3) Ez iñori bere indarren neurritik gorako lanik emon, ez umeari aundiarenik, ez emakumeari emakumetasunari ez jagokonik, ez gizonari emon bear etxakonik.

Ugazabak, ba, bere langilleak ezagutu egin bear ditu: jakin bear dau bere egin-bearrak betetzeko aiña artzen dauan ala ez: langilleak asko direala-ta ezin badau berez egin, tajutu bedi zelan-edo alan bere bete-bear oneik betetzeko.

Azkenez

Aita Santuak onen ondoren langilleak Sindikatoetan batzeko daukien eskubidea ondo ikusten dau; baiña, diño, ez dagiela iñoiz lotsarik izan katolikoak direala agertzeko. Ez goaz orain azken arau oneik erabagitzen, bakarrik berbatxo bi: Langilleak bear aiña irabazi arren geiegizko dituan gauzetan galtzen baditu, alperrik orroa egin; eta ugazabak, mundu erdia gosez iltzen dagoan bitartean, erruz aberastuten doazen bitartean, alperrik esan kristiñauak direala. Ori ez da Kristiñau izatea; orixe da benetan: «ni ta nireak ondo ibilli gaitezala, beste guztiak ondatuko badire be». Kristiñauok danok bat gara, danok famili bat osotzen dogu eta asko daukonak ez daukonari emotea obligaziñoa da eta ez beste ezer. Kristiñau dotriña barruan sartu, Kristoganako maitasunez bete, eta alkarren arteko laguntasuna eta maitasuna gogoan ez doguzan bitartean ez uste izan «H» bonbakaz gizarte-auzia erabagiko danik. Ziur egon.

Piarres


¡¡A zan ezkondu gurea!!

"Gizona auzuan alargundu?

nok era ori saldu?"

Ezkongei zagozien emakumetxuok, adi eta arreta onez, irakurri egizue gaur emen ipinten dodan ipuintxua. Egi-egia da, eta ementxe jasoa...

Berrogei urte barik geratu zan alargun Atxirika jostuna.

Ona, maratza, iñurritxu bat baizen langillea eta eleizkorra, iñoiz albako mezatara utsik egiten ezebana zan bere emazte Mari-Jesus, baña Jaungoikuak, oso gazterik, Beraganatu eutsan, eta gero neure aitita izango zana, bere amar eta zortzi urteko alabatxu biakin, bakarrik geratu zan...

Etzan gizon andi, morrosko-mardoa txikitxua eta erdi-ezereza baño, baña langillea zan, famili maitalea eta... Erdiko-kalian jostundegi, sastreri, ondo ornidu eta ezagun bat eukana...

Baña goazen arira:

Alargun barria atsekabez, illun eta pentsakor, guztia baltzez ondo jantzita, senide eta adiskidez inguraturik, Mari-Jesus zanaren entierru eta bere arimearen aldeko eleizkizunetatik etxeratu zanian, etxe-atadian bertan, eskillaran gora asi orduko, aurreratu jakan emakume auzokide bat eta bat-batera, esan eutsan:

— ¡Tomas!... Zuretzako errekadutxu bat, ba'dakart ba nik...

— ¡Josus! Isturako eta gora eldu arte bere itxaron ezin leiken, bear-bearrezko enkarguren bat da, ala..?

— ¡Bai!... Gora ezkero, bear bada, besteren batek aurrea artu legiket-eta...

— Olan bada, esan egidazu ba... Neu bere arduratan jarri nozu-ta...

— Ba... Zuk badakizu JULI Barrenkaleko nor dan: oraindiño ogetamabost urte bete eztituzana; emakume ondo eretxi eta begikua, bera bizi dan etxearen jaubea eta dirutan eta bai Estaduko papeletan bere, polito daukana...

— Bai, da'dakit nor dan... Baña nora zoaz zeure ponderaziño eta gorakada orrekin?...

— Ara ba, arexek bialdu nau... zuri esateko... zeuk nai ba'zenduke... zugaz pozik ezkonduko litzakeala... ¿Zer diraustazu?...

— Aor dago ba, erantzun eutsan Tomas'ek, berandutxu zabiltzaze...

— ¡Eh...! Berandu diñozu?...

— Bai, egia da, berandu... Bart arratsian, Goyenkaleko Joxepatxu gaubela'ra etorri zanian... ber-berak, ezkontzeko eskari berorixe egin eustan...

— ¡Jo... sus milla bider!... ¡Olakorik!... Da zeuk zer erantzun zeuntsan ba...?

— ¡Zer erantzungo neutsan ba?... ¡¡EZETZ!! Nik Jaungoikuaren laguntasunagaz batera, neure alabatxu biyakin, etxera ama barririk ekarri barik, biziteko asmua daukadala... Da zeuk bere, Barrenkaleko Juli'ri neure eskerrak emonaz, orixe erantzun zeinkio...

¡¡Andra barrabanok etxaukek ezkontzeko oar, gurari eta priesa gitxi!!

Eta ipuintxu au amaituteko ondo etorriko jakuz emen, eztakit nok eta noiz asmauriko bertso zar polit bi oneik:

Neska zar batek zeukan

Nere desiyua

Ezkontzeko egin dit

Ark pretensiyua

Gayan egon banintz

Zer okasiyua

¡¡Aguratuta ere

estimaziyua!!

BELU (Gernika)


Bertso zarrak [Bertsoak]

Desprezio bat egin

Diraten meriyo

Bi bertsolari gabiltz

Oso seriyo

Len lagunak giñanak

Orain kontrariyo

Egitan ari danai

Luzituko diyo

Onrrai amoriyo

Gora nai det iyo

Gero ta egokiyo

Ortan izan piyo

Bestela arrazoyak

Eztu baliyo

Zuzen eraman nai det

Asi dan ariya

Txirrita badaukazu

Orren premiya

Andriak einda jaten

Derala ogiya

Gaizto ta inbustero

Gezur kontariya

Zure memoriya

Ezta ugariya

Talentu eriya

Gorputza nagiya.

Errespeto gutxiko

bertsolariya.

Ni sano asko nitzan

San Tomas bezperan

Zurekin kantatzeko

Deran euskeran

Ordun e ez nun egin

Zuk ainbat jan da eran

Gertatzen nitzalako

Alako tankeran

Zuk jarri paperan

Gezurrak aukeran

Arrazoirik deran

Etzaude ezagueran

Danak dakite nola

Portatu zeran.

Zenbateraiño naizen

Nai dezu probatu

Menderatu nai baiña

Ezin logratu

Zuk gaizki egin eta

Nik nola barkatu

Urrenguan gizona

Obeto tratatu

Eztizut faltatu

Ain gutxi markatu

Etziñan portatu

Esanak ukatu

Nik orduko jornala

Nai det kobratu.

Ondo errepasatu det

Nik zure dotriña

Neretzat billatu det

Oso zikiña

Badaukat motibua

Sentitzeko diña

Oraindik juan etzaizu

Gaztetako griña

Zaude utsegiña

Gaizki itzegiña

Txarrakin jakiña

Ai buru ariña

Zu ari zera jaten

Bestek egiña.

Fameliyan sartzia

Ai zeñen gaizkian

Ze ikusiya daukazu

Nere emaztian

Arro zere burua

Lasai ikustian

Bestela ibilli biar

Zenduna eskian

Bata ta bestian

Jai eta astian

Estadu tristian

Nik nere ustian

Nunai azalduko naiz

Zu ainbestian.

Arrazoi ederrikan

Nago ni entzuna

Bire txarretan juan

Biar etzuna

Ori da onrabidia

Jarri dirazuna

Sekulan e lotsikan

Izan eztezuna

Deran ontasuna

Galdu nai nazuna

Ai zer naitasuna

Zuk dadukazuna

Nere andriakin al dezu

Eginkizuna.

Galduta ibiliya

Naizela bertsuak

Errenteriyan saldu

Nitun batzuak

Gertatu egin litezke

Alako kasuak

Zuk jarritako oyek

Eztaude gozuak

Oso penosuak

Badaki auzuak

Daukazkit jasuak

Gezurti osuak

Nai dana esan libre

Kristau falsuak.

Nere gisa zu ere

Tabernan sartuta

Ikusi izan zaituzte

Txit zabartuta

Patrikaran dituzun

Diruak galduta

Maldiziyoka gogor

Ezin billatuta

Iya eroruta

Tximak arrotuta

Ezin burututa

Kopetai elduta

Far eiten det askotan

Gogoratuta.

Etxerako ezterala

izaten presarik

Orri ez gustatzen nunbait

Ardo gozorik

Nik basoka bezela

litroak osorik

Gero ezin emanikan

Aurrera pausorik

Ezta bersolairik

oi bezin lasairik

Etxian sikerik

Ein gabe kasorik

Zuk bezela eztet pasa

Aste osorik.

Itzak legunak eta

Biyotza bestera

Gu orren mingañian

Ezer ezkera

Iya nola ibiliya

Ote dagon bera

Sapartuta erorita

Espalda atera

Orren ezaguera

Juna dago bera

Ez etorri onera

Lotsak ematera

Zu baiño zintzoguak

izandu gera.

Uste al dezu nagola

Arrazoi gabia

Itzak emanda nazu

Gaizki lagia

Ikusi ezpanizu

Neretzat obia

Ori ondo dakiten

Gizonak badia

Ukatzen trebia

Ai Fermin ordia

Naiz izan pobria

Da gizon noblia

Zu berriz alper danen

Diretoria.

Motibo gabe ez naiz

Lan ontan asiya

Nun dezu orduko

nere Irabaziya

Argatik eman dizu

Fermiñek auziya

Lotsa gabe esatia

Dezu mereziya

Zuk dezu guziya

Ezin ikusiya

Eta maleziya

Danen nagusiya

Ajolarik etzaizun

Gaizki eziya.

Nola peonzan eta

Alatsu arkitzan

Lanian gogotsua

Etzera izan

Beti sarpa zarrakin

Ijituan gisan

Dakitenak baira ni

Gaztetan zer nitzan

Nai badute esan

Lana egin noblezan

Naiz bizi pobrezan

Erremeyoik etzan

Sayatuta galanki

Irabazten zan.

Parte emango eztezula

Ai juezetara

Arrazoyik baldezu

Zuk ezertara

Nai dezunian biyok

Juango gera ara

Orrekin eztirazu

Sartuko ikara

Kararikan kara

Ondo errepara

Zure kantetara

Nolaituzun para

Aber erortzen zeran

Arrazoitara.


Bertso berriak [Bertsoak]

 Andra Mariak allegatuta

Izandu giñan Gernikan

Arratsaldian Ondarru aldian

Kantatu zan bertsorikan

Arrienian ikusi nuen

Alberdi ezarririkan

Oso dotore zeguan eta

Bota nion ziririkan.

Jentia gendun bildu plazara

Ortarako da altaboza

Bertso ederrik ezin liteke

Entzun gaberikan goza

Izarzabal-ek ta Mugartegi-k

Egin zuten beren otsa

Jose Alberdi-k ta Ormaetxe-k

Eragin ziguten poza.

Bertsolarien gradurik eztet

Nago aiek baiño berago

Beste gauzetan askok badaki

Oso altuan ez nago

Ala ta ere aien agotik

Bertsua entzun naiago

Gauza ederrik munduan bada

Zer dan ikasi lenago.

Bazkaldutzera joan giñaden

Morduan danak batera

Mai gaiñ aretan etzan ageri

Iñon utzikan platera

Goiz asi giñan eta ordua

Zijoakigun aurrera.

Toki egiteko bota ginduzten

Kafe gaberik kalera.

Berotu giñan ori entzunda

Egin genduan protesta

Esan ziguten egun aretan

Gernikan zutela festa

Baiña bestetan sekula ere

Iñor bota egiten ezta

Mundua dago diru ametsez

Aspaldi jotzen tronpeta.

Beste tokira joan giñan ta

Genduan kafia artu

Umorerikan galdu gaberik

Guztiak giñan alkartu

Bertsotan beti amairik gabe

Gutarrak kemena badu

Bertsozalerik baldin badago

Eztu obia pasatu.

Arratsaldeko lenengo orduan

Atera giñan kotxian

Kamiño danak igarri gabe

Gelditu ziran atzian

Txapelketia Ondarruan zan

Egiteko justizian

Jentez beterik zeguan plaza

Bertsolarien grazian.

Olalde ere an ageri zan

Erraturikan joanik

Goizian goizik Mungiatikan

Gernikara aterarik

Gure Ormaetxe-k kotxia zeukan

Lagunarentzat dubarik

Baiña etxerako uste zuenez

Etzuen izandu planik.

Gernikatikan Ondarruara

Aldatu zan motorrian

Eztakit baiña alde batetik

Zerbait umore txarrian

Bertsozalia benetan da ta

Bestetik oso ederrian

Emazteakin bere etxian

Jarriko zan asarrian.

Ezta izaten segurukua

Jartzia iñoren pentsura

Orregatikan gure laguna

Jun zitzaigun Ondarrura

Ondo dakigu an izan zala

Entzuten oso gustura

Urrengo juan dana utzita

Aurretik zure kontura.

Jan eta edan patxadan egin

Bertsotan ondo gabiltza

Aurkitu degu nola pasatu

Jai egunetako giltza

Astegunez lan nolabait egin

Igandez kantatu itza

Osasun ona dan bitartian

Eztegu txarra bizitza.