ANAITASUNA

VII URTEA - N.º 72

Depósito Legal SS. 1.092-1959

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Urria (10) 1960


Komunismoaren kokoa

Munduaren manda batetik bestera, emen laztanago, or ikaragarriago, edonon altzetan da Eleizearen aurrean komunismoaren mamua.

Vietnam-en, katoliko militante bat ilda agertu da, iparraldeko komunisten armakaz asesinaturik. Ceylan-en, Askatasunaren Partidukoak eleziñoak irabazi ditue, ezker ezkerrekoakaz alkartu direalako; eta katolikoak artekadu dabiltza, alkartasun orretatik ondorengo txarren bat etorriko ez ete jaken. Italia-n, kristiñau demokratak ezkerretarantz atea apurtxu bat pozik zabalduko leukie, komunismoaren bildur ez balira.

Baiña Eleizea edonon larri badago. Cuba-n eta Congo-n dago larrien, oraiñarte jazo direan eta aurrerantzean jazo leitekezan gauzen bildurrez.

Azkenean, ezin geiago soportaturik, Cuba-ko obispoak, emon dabe euren eritxia: komunismoak gero ta influentzia geiago dauko Jose Marti-ren aberrian.

Orrenbeste ez dabe esan oraindiño Congo-ko obispoak; baiña Leopoldville-ko Monseiñore Malula-ren kezkak eta Katanga-ko katoliko printzipalen errenkurak argiro adierazoten deuskue, ango kristiñauak txarrena itxaroten dabela. Eta kristiñauentzako txarrena, expedientziak erakusten deuskun lez, komunismoa izaten da. Danok dakigu zegaitik: komunismoak indarraren bidez praktikan ipiñi gura ditu materialismo ateoaren teoriak, eta ori ezin leike egin, Eleizea zapaldu barik.

Cuba-ko katolikoeri, erreazionarioak direala akusetan deutsie, eta Norteamerika-ko kapitalismoaren alde dagozala. Congo-n eta Katanga-n, traidoretzat artu ditue, eta extranjeruen interesen jagoletzat.

Cuba-n, Congo-n eta edonon, olako akusaziñoak —eta antzekoak— ez dira broman artzekoak. Euren kontra benetako ezer egiten ez bada, egiazkoak direala uste izango dau erriak. Ez da naikoa ixilik egotea, eta txarto komprenietan gakuela esatea.

Katolikoak ondo finkatu bear dogu naziñoaren aurrean gure egokerea, eta obrakaz erakutsi, edozein errevoluziñoren kontrarioak ez gareala, eta justiziazko progresuaren alde gagozala. Ondo esan dabe Cuba-ko obispoak. Orain, kristiñaueri toketan jaku, Cuba-n eta edonon, geure egintzakaz alegin egitea, obispoen verba ederrak entzungarriak eta sinisgarriak izan daitezan.

Berriatua


Congo

Zelan aurkituten dira mixiñoak?

Congok ba ei dauz 6.833 mixiñolari edo. Onetatik 20 bat illak izan dira azkeneko erreboluziño onetan. Ango ondo-ezak eraginda bertatik urten daben mixiñolariak 100 ingeru izango ei dira. Baiña azkenengo periodikoak esaten dabenez 33 joan ei dira barriro euren mixiño lekuetara. Gaur arte ez dau Eleizak miñ apartekorik sufridu Congo lurralde aretan; baña biar edo etzirako baleiteke zer edo zer txarra ekartea gaurko jasoera oneek.

Sosiedade-bizitza, aministraziñoa ta artuemonetako arazoak zietz nastauta aurkitzen dira. Bizimodu gatxa dago Congo'n. Oingoan gauza aundirik ezin leikie egin abadeak bere eginbearretan. Dempora gitxi barru, Congo'ko Eleizak arazo itzelak izango dauz barru-barruan: Eskolak, maixuak eta euren salarioak, geixo-etxeak, Azion Katolika ta beste apostoladu moduak lengo moduan ipiñiteko... Zer ikusi aundia izan ete dabe ango tiroteak ta zaratak gaztedian...? Beljikaren kontrako periodikoak gaur lez jarraituten badabe, ez ete dabe abadeak euren influentzi ta izen ona galduko? Luluabourg, Stanleyville, Leopoldville, Matadi ta beste lurralde askotan gizonak bier barik aurkituten dira. Eta saseiko-maixu sistriñak ez ete dabe itxura onetan dagon biergiña Eleizaren kontra mogiduko...? Bildur izan. Auxe izango litzake Eleizarentzat larrialdirik gogorrena.

Eskolak Estaduarentzat

Gaurko arazorik inportanteena eskolak dira. "Gazet van Autwerpen" izeneko periodikoan auxe eskribidu dau batek: Estaduak berantzat gura dituala institutoak; Estadu ta Eleizaren arteko artu-emonak zietz banatutea billatuko dauala eta eskoletan ez dala erlejiñorik, ez katolikorik ez bestelakorik, irakatsiko. Esaten dabenez Estaduak berantzat gura ei dau "Lovanium" izeneko Unibersidadea eta berton Bruselas, Suiza, Canada ta Frantziko maixuak ipiñi.

Eta Katanga'n zer?

Komunismoari aurrez-aurre gogor egiteko erarik onena askatasuna lortutea dala deritxoe Katangakoeri. Baña Katanga'ko 450.000 katolikoek ez dabe ikusten gauza garbia mobimentu onetan. Bildur dira onekin bakarrik lortuko ete daben gura dabena. Katanga ezta konponduten Congo'ko beste Estaduekaz, eta onek atzeratu eragiten dautse katangatarreri askatasun billa asiteko. Batasun ezak komunismoari bidea preparetan dautso. Ganera badira Katanga'n bertan be ixil eta azpitik marxismoa ta antzeko azi txarrak eraiten diñarduenak.

Eleiza ez dago Katanga'ko gobernuagaz nastauta. Orain dala gitxi, delegaziño bat etorri da Katanga'tik Aita Santuagana. Baiña Aita Santuak ez dauz artu; Vatikano'ko abade-enpleadu bategaz berba egin bear izan dabe euren arazoen gañean. Ikustaldi onegaitik M. Kambolak, Katanga'ko delegaziñoaren buru zanak, auxe esan dau: "Guk, gure nagusiak eta gure erriak konsegidu gura doguna Aita Santu ta katoliko danen laguntza da; orretara errezago menperatu al izango doguzalako gure arerio orreek".

Roma:

"Zulú" Afrikako lurralde bateko gizoneri esaten deutsegu. Periodikoak diñoenez, zuluen berbaikerea eleizkizunetan erabilliteko baimena emon dau Erromak. Berbaikera orrexetan emongo dabez sakramentuak, bedeinkaziñoak eta eleizkizunetan be zulu-berbaikera berori ibilliko dabe. Baimen bardiña izango ei dabe Afrikako beste erri batzuk be.

I. Albizu


Estadu-Alkartuak

Ustekabeko erlijio problemaren sorrera

Uda erdi aldean, Billy Graham protestante ebanjelariak, Suiza'ko Montreux'en esan eban, erlijio-arazoak 1928'garrenean baiño zerikusu gitxiago izango ebala Estadu-Alkartuetako aurtengo elekziñoetan. Baiña egia esateko, gura nai gura ez, problemarik aundienetakoa izango dala.

Katolikuen kontrako orriak

Eta Billy Graham'en deklaraziñoak oraintxe egiztatu dira, jende geiena erlijioso-problemak aztuta egozalakoan egoanean. Eta gertaerak Billy Graham'eri emon dautse errezoia: Erlijio problema, problema aundienetakoa izango da aurtengo elekziñoetan.

Agustuaren erdi alderantza asi ziran lenengo surru-murruak. Egoaldeko Karolina Estaduan 60 bat protestante pastore, artzain, Greenville urian batu eta katoliku bateri botorik ez emoteko erabakia artu eben. Virginia'n orixe bera egin dabe beste protestante sermolari batzuk. Eta beste Estadu askotan be agertu dira katolikuen kontrako orriak. Propaganda orri onetako batek "Abraham Lincoln'en deadarra" izena daroa; eta diño, Amerikako presidente au il ebenen artean geienak katolikuak izan zirala. Beste orri batek "Katoliku bat presidente" izena dauko. Orri onetan presidentearen seillua eta Aita Santuaren txapela alkarren ondoan agertzen dira.

Texas'ko protestanteak euren artzain baten sermoia zabaldu dabe. Eundekaz milla orri atara dabez. Sermoiak, beste gauza askoren artean zera diño: katolikotasuna politikako tiranirik aundiena dala; karramarro aundi bat lez mundu guztia eskuetan artu eta gure asabak lortzen ainbat nekatu ziran askatasunaren lege santuen kontra dagiela.

 Prensa osoa ikaratu da ustekabean agertu dan erlijioso-problema au dala-ta. Eta ori bai Kennedy eta bai Nixon, biak batean, olako surru-murruen kontra dagozala, ez dabela olako nasterik gura. Agertu dan mobimendu onen kontra diardue eguneroko eta errebista danak.

Partidu demokratikoak erlijio-batzar bat sortzen dau

Propaganda onen ondoan, Kennedy jauna presidente urtengo dauan itxaropenik bai? Jendeak ez daki zer esan. Ara Tennessee Albert Gore'k zer esan daben: "Kennedy'ri bere katolikotasunak aldeak eta kontrak dakartzoz. Egoaldean botoak urritu egingo yakoz apur bat, baiña Ipar aldean, batez be Kalifornia'n, asko irabaziko dau".

Dana dala, demokratikoak, erlijio-problema onen inportantziagaz konturaturik, batzar bat sortu dabe, erlijio-batzar bat, problema onek erabakitzeko, egin leikioezan preguntari erantzuteko. Kennedy'k bere aldetik, protestanteen artean gizon aundia dan M. James W. Winen jauna aukeratu dau erlijio problema onetan lagundu deion.

Katoliku ez diranen bildurra

Katoliku ez diranak uste dabe Erromak bere gustora, konbenientzira, erabiltzen dituala katolikuen asmo guztiak; eta bildur dira katoliku diranak areri edo oneri botoa emoten beartuko ete dabezan.

Katolikuek, problema onek ikusita, batez besteak politika, ekonomia ta gizarte arazoetan daukoezan ezberdintasunak, diferentziak erriaren aurrean erakustea erabaki dabe. Ori izango baida onena. Orretarako batzar agiri batzuk egiten ditue; batzar orretan, bakoitzak bere eritxiak eta ikusmirak emoten dauz, bakoitzak bere puntuak diskutidu. Olan erriaren burutik prejuizio asko kentzen ditue.

Kennedy presidente urteten bada, esan geinke bein betiko erabakia dagoala Amerikako erlijio problema au. Gaurrarte ezin ziran protestanteak besterik izan Estadu-Alkartuetako presidenteak.

Zertan geratuko gauza guzti onek. Datorren illean ikusiko.

G. Etxeberria


Cuba. Eliza Katolikoa ta Gobernua

Danok dakizuen lez, oraintsurarte Cubako katolikoak Fidel Castro-ren alboan egon dira. Orain barriz, komunismoa sartu danetik, gauzak asko aldatu dira. Obispoak marxismoaren kontra altu verba egin dabe, eta gobernua gero ta geiago Eleizeari ataketan asi da.

Eleizearen kontrako lenengo manifestaziñoak

Julioren (garagarrillaren) 17 ta 18-an, eleizkizun batzuk organizatu zituen Habanako katolikoak, Eleiza ixilduaren alde erregututeko.

Mezatatik urtekeran, «Cuba, sí; Rusia, no!» esaten asi zirean, Castro-ren errevoluzionarioak eleiza aurreko plazan «Cuba, sí; Yanquis, no!» aldarrika erantzuten eutsien bitartean. Lenengo egunean, emeretzi katoliko joan zirean kartzelara, eta amabi bigarrenean; egunean bertan, baiña, libre geratu zirean danak.

Andik laster, iru orduko verbaldi bat bota eban Fidel Castro-k televisiñoan. Orduantxe itz egin eban lenengoz, argi ta garbi, kleroaren kontra: Cuba-ko eleizgizon geienak (700-etik 400 español) faxistak eta falangistak zireala; kristiñau faltsoak, otoitza baiño, konspiraziñoa egiteko eleizara joiazala, eta konspiraziño ori Washington-ek biztuten ebala.

Agostuaren 7-an, illaren lenengo domekan, karta, kolektivu bat atara eben Obispoak, eta irakurri eragin eben naziñoko eleiza guztietan.

Obispoen kartea

Pixu andiko dokumentua, Eleizearen historiarako guztiz importantea, Fidelismoaren alderdi onak eta txarrak bertan agertzen dira-ta.

Kartearen asikeran, euren poza erakusten dabe Obispoak, errevoluziñoak egin dituan gauza onakaitik. Asko alegretan dira, gobernuak erreforma agrarioa egin daualako, bizia merketu, eskolak eta hospitalak ugaritu, erriarentzako plaiak eta deporte lekuak zabaldu, etxe merkeak egin, esku garbiakaz naziñoaren dirua administratu, jokuaren kontra lan egin eta diskriminaziño arraziala baztertu.

Au esanda gero, euren kezkak eta errenkurak erakusten asten dira Obispoak. Artekadu dagoz, erreforma agrarioa bear dan moduan egiten ez dalako, eta propietarioen eskubideak sarritan zapaltzen direalako. Arminduta dagoz beste gauza askogaitik, baiña batez-bere komunismoa gero ta geiago aberrian sartzen asi dalako. Ez dagoz gobernuaren kontra, naziño komunistakaz artu-emon komertzial eta diplomatiko estuak sortu direalako. Baiña guztiz kaixu dagoz, periodistak, funtzionarioak, sindikatoen zuzendariak eta gobernuko agintari nagusiak komunismoaren alde egiten dituen manifestaziñoakaitik.

Ezin leike alkar artu —diñoe Obispoak— katolizismoak eta komunismoak, beronen asmoak materialistak eta ateoak direalako, eta moduak gizonaren diñidadearen kontra doazalako.

Eleizea ez da bildurtuten erreforma sozialakaitik, guztiz aundiak eta sakonak izanarren, karidade ta justiziagaz egiten badira. Eleizea humillen eta beartsuen alde dago beti, eta komunismoaren kontra beti egongo. Cuba-ko erria, katolikoa da: eta ez da sekula-bere komunistea izango, engañuz izan ezik, edo naitanaiez, obligetan ez badabe. Ez daiala ori permititu Andra Maria Karidadekoak, Cubatarren Zaindari maiteak!

Erreaziño gogorra

Obispoen kartea irakurri zan egunean, okasiño aundiak sortu zirean katolikoen eta milizianoen artean. Habana-ko abade bat arrestatu egin eben eta gerotxuago askatu.

Urrengo egunean, agostuaren 8-an, Revolución periodikoak, Castrotarren organuak, «katoliko errevoluzionarioen» izenean verba egin eban, eta esan eban ze, karta ori katoliko faltso bazuk Obispoeri idatzi eragin eutziela; katoliko faltso orreek euren interes materialak jagotearren ori egin ebela eta euren influentzia aundiagaz Obispoak engañatu zituela; eta zorioneko karta ori entzunda gero, Cuba-ko katolikoak ofendidu egin zireala.

Agostuaren 9-an, Monseiñore Evelio Díaz, Habana-ko administradore apostolikoa, presidentearen sekretarioagana joan zan; eta esan eutson, eleiza guztiak zarratuko zituala, eleizgizonak eta eleiztarrak libertade ta segurantzarik eukiten ez baeben.

Urrengo egunean, Oswaldo Dorticós, Errepublikako presidenteak, diskursu baten deklaratu eban ze, provokaziño guztiak gorabeera, gobernuak kultu guztiak errespetatuko zituala, eta ez ebala itxiko Eleizea ta Estadua alkarren kontra egotea.

Egun orretan bertan, agostuaren 10'ean, berbaldi luze ta gogor bat pronuntziatu eban Fidel Castro-k kooperativetako delegaduen aurrean: «Gure errevoluziñoa —esan eban— ez da egin eleizgizonen kontra, lur propietarioen kontra baiño; eta ori gorabeera, aspaldion, egunean baiño egunean ugariagoak dira gobernuaren kontrako provokaziñoak eta kalumniak, errevoluziñoa erlegiñoaren eta Kristiñau sentimentuaren arerioa bailitzan.

«Or dagoz eleizgizonak, euren eskola privaduakaz. Ez da iñor sartzen euren asuntuetan; eta gobernuak ez deutze eragozpenik edo aurpegi txarrik ipinten ezetan. Au badaki gure erriak. Ba-daki, Nortamerika-ko imperialismoak Cuba-ko eleizgizon faxista guztiak errevoluziñoaren kontra jarri dituana. Ba-daki gure erriak, sazerdote onak-bere ba-dagozana, baiña kargu aundi barik bizi direana, besteak diruz eta honorez beterik, postu altuetan dagozan bitartean.

«Nik gurako neuke, Obispoak kondena leiezala gure erria explotetan daben kompaiñiak eta gure naziñoari egiten jakozan agresiño imperialistak...»

Gobemuaren aldeko periodiko guztiak txaloka artu eben Fidel-en diskursua, eta verbarik gogorrenakaz kondenetan eben «Errevoluziño ta Aberriaren kontrako konjuraziño kriminala». La Calle periodikoak, bere aldetik, dei egiten eutsen «katoliko zintzoeri», bide zuzenetik joateko, eta ezer egin orduko gauzak ondo pentsetako.

Dei orreri erantzunik, «Con la Cruz y la Patria» lematzat daukon «katoliko errevoluzionario» agrupaziño batek, mezia bat zelebra eragin eban, Fidel Castro-ren osasunagaitik Jaungoikoari eskerrak emoteko. Zortzi milla batu ei zirean; euren artean Dorticós presidentea bera. Ondo dago jakitea. Orregaitiño, agrupaziño orretako katoliko geienak badaezpadakoak direala, euren artean militante banaka batzuk bakarrik dagozala, eta oraiñarte Obispoak ez dabela ezer esan euren kontra.

Konklusiñoa

Naste-borraste onetan gauza bat ikusten da argiro: aspaldion txarrerantz doazala Cuba-n Eleizaren eta gobernuaren arteko artu-emonak. Ona emen oraintsurengo zer esan dauan Habana-ko frantziskanoen La Quincena errevista ospetsuak, oraintsurarte Castrotarra izanikoak: «Fidel Castro-k esan dau, errevoluziño au gente askorentzako burdin goria baizen bero biurtu dala, eta egia da; guztiz gorri ipiñi da, eta ezin leikio iñok ikutu, eskuak erre barik.» Orrexegaitik-edo, erdi ixildu egin da orain errevista ori, eta lengo direktorearen ordez beste bat jarri da.

Nire ustez, Cuba-ko gauzak komplikaduak dira, eta euren gaiñean eritxi bat emon orduko, ondo ikusi ta pentsatu bear dira alderdi guztiak. Bitartean, guk, Espaiñiko kristiñauok, otoitz egin deiogun Jaungoikoari Cuba-ko anaien alde.

Berriatua


Batzar Ekumenikoa

Estudio batzarrok

Oindiño gitxi dala Italia'ko Tirol'en Milan'go Unibersidade katolikuak estudio batzuk eratu dauz, eta bertan Batzar Ekumenikoaren gaiñean egin dabe berba, eta ez gitxi be oitura dabenez.

Montini arzobispoak olakoak esan ebazan: Obispoak dabe agintearen noraiñokoa neurtu, Obispo eta erlijiosoen arteko artuemonak erabaki, prakadunak Elizako gauzetan geiago zelan sartu... eta abar izango dirala Batzarreko temak. «Beste batzar geienak ez legez, —esan eban—, Vaticano'ko bigarren Batzar au Eleizaren bizitzan barealdi eta berotasun sasoi batean batzen da, eta zeozer positibu ta barruko aurrerapenak nai leukez lortu. Ez dira erejiak, zismak edo Eleizaren altzoko dogma-korapilloak, obispoak Aita Santuaren inguruan batzen dituana. Batasuna gustatzeko da batez be, eta olantxe, bere indarrak bizkortuagotzeko eta barruan sakonagotzeko; berba bakarrean: santuagotzeko.

Jakiña, Batzarrak ardura apartekoa ipiniko dau Erromako Eleizatik apurtuak dagozan kristiñauen problematan. Kristiñau onek, kristiñau dira izan, baiña ez dira katoliku, zismatikuak deritxaguzanak baiño. Gaiñera gaurko munduan zelan bizi ta mogidu be erabaki bearko dau, gaurko bizitzako buruauste ta modernukerieri kontra egiteko.

Oraiñarteko Batzarretan ez genduan jakiten zer egiten zan. Oraingoan ez da olan izango. Monseñor Pericle Felici'k esan dauanez periodistentzako «buro» edo batzar-txiki bat ezarriko da beste Ekumenikoaren ondoan. Buro onetan periodistak jakingo dabez Batzarreko bierretzaz jakin bear dabezanak. Olan jakingo dogu mundu guztian zelan eta zertan dabizen Batzar-bideak. Felici dalako onen ustean Urri-ren batean asiko da Batzarra, eta ez dau iraungo bi illabete baiño. Seguruena 1962'an izango ei da, baiña ez dakigu ezer ziurrik.

Guzzetti abadeak diñonez Vaticano'ko II Batzar onen berebiziko importantzia dauko Eleiza katolikoaren etika edo morala egokitzeko, gaurkotuteko, batez be familiari, ekonomiari eta gizarte edo soziedadeari dagokiozan arazoetan.

Propaganda Fide'ko Vodopidec'ek barriz, beste barri pozgarri au emon deusku: aspaldian katolikuok eta zismatikuak geunkazan zerikusi edo artu-emon otzak asko berotu dirala azken-sasoi onetan. Teolojian doguzan desberdintasunen gaiñetik adiskide jatorrak legez emoten dautsagu batak besteari eskua, kristianismuaren lenengo urteetan bat bakarrik giñala gogoratuaz. «Au izan leike gaur alkarrengandik urrun bizi gareanok laister anai maitetsu lez besarkatuko garean itxaropenik ederrena».

Anglikanuak

Anglikanuak Inglaterra'ko protestantei deritxoegu. Onek Eleiza katolikuaren siñistetik oso urrean dagoz. Orain dala gitxi eskribidu daben karta baten au irakurri geinke pozez beterik: «Gertutu zaiteze lenbaitlen Aita Santua barriaren biotz onari erantzun bero bat emoteko».

Aita Sanlua erratu-eziña dala diñon Eleiza katolikuaren eretxia kritikatu ostean beste au goian esaten dogun karta orretan:

«Joan Aita Santuak Gogo barri espezial bat egertzen dau Erroma'ko Eleiza'tik apurtuak, urrunduak, dagozan kristauakanago. Ez leike pentsau Erroma'ko Eleizeagaz bat egiterik, baiña ez geunke au izan leikena dala begien argitatik illunpera jausten itxi bear. Inglaterra'n bertan be erromatar izotza urtu leike adiskideak legez portetan bada, eta anglikanuak Aita Santu barriaren biotz samurrari ondo erantzungo leuskioe laister».

Eleizen Kontseju Nagusiak diñoana

Eskoziako St. Andrews'en ortodoxo eta protestanteak izan eben batzar batean, Vaticano'ko II Batzarra dala-ta. onelako berba ederrak esan ebezan:

«Eleizen Kontseju Nagusiak Erromako Eleizeagaz artu-emonetan asi aal izatea gertaera aundi bat lez ospatzen dau; gura leuke berak (Kontseju onek) teologoen arteko eztabaidak ez ditezela danak ofizialak izan, ofizialak ez direanak be izan daitezela, eztabaida eta artu-emon onexek izaten badira alkarren arteko gauzak argitzen dabezanak.»

Joxe Azurmendi


Munduan zear

Paris'ko feri nagosia

Neure aurretikoak baserritarrak izan baditut be, nik beintzat ez dot iñoiz atxur bat eskuan artu. Baña benetan be ikusgarria egoala esaten eusten eta ara joan nintzan, domeka arratzaldea aprobetxatuaz.

Sartukeran konturatu nintzaneaz, irurogeitebederatzigarren feria genduan bera Paris'en urterik urtera preparetan diranetatik. Aurten Aprillaren lenengo egunetik zazpiraiño zendun. Bertan ikusi eikeana: Baserri-laneko Billera nagosia Baserri-makiñen Saloi internazionala, Egaztiaren Saloi internazionala, Txakur-erakuste internazionala. Lenengo arloan Frantziko departamentuak ez-ezik Beljika, Holanda, Alemania eta Italia egozan atonduak, bakotxaren apartekotasunak agertzeko. Makiñe-gauzetan 16 naziño ziran euren aurrerapenen barri Paris'en emon nai izan ebenak.

Madrid'ko feri-lekuak irurogetamar mila metro kuadru ei ebazan, «Basarrik» iñoanez. Paris'ko feriko makiñeri-lekuak bakarrik 133.000 metro kuadru eukotzuzan. Orain atara egizuz kontuak feri osoak zenbat izango ebazan eta nik zelan bixitauko noan arratzalde batean.

Makiña-lekura sartu nintxatzun lenengo. Baserritar belga batzun ondotik ibilli nintzan zer iñoen entzun naiean. Aurten eundamar muestra barri agiri ei ziran baserriko bier guztiak mekanizauta ikusten zenduzan an: traktoreak ogetamarren bat pieza diferente inkeu eta kendu leitekioezanak, beste orrenbeste bier egin al izateko, kokoak ilteko pulberizadore automatikoak, ligor dagonean soloak bustitzeko makinak, bedarra eta frutuak beingoan siketuteko, beste batek motorkultor esaten eutsen eta etzan ain aundia be... Nik eztakit. Berrogei milla peseta balio ebazan beintzat.

Arlo txikien jabe diranentzat be makiña txiki asko ikusten zan. Ondoan neukan agure batek onela iñoan: Orain amar urte olako makiña batzuk izan bagenduz, soloan bier egiten kantzau eta gogoitutako amaika gazte, baserrian gelditu izango ziran.

Gero, animalien lekuari bisitatxo bat egitera joan nintxatzun: Ogei errazako seireun ardi, emeretzi errazako bosteun beiburu, ia berreun zaldi amabost errazatakoak, berreun txarri iru errazatakoak... Zenbat Holanda ta Alpeko bei eder, zaldi anglo-arabeak, Dinamarka-klaseko txarri guri! Eta a musika atsegingarri ta gozoa entzuten zana! Eta txakur-esposiziñoko errazak kontetan asi ezkero... A edertasuna!

Ni, ostera, atsegintsuago ibilli nintxatzun janari eta edariak erakutsi eta eskeintzen ziran lekuetan. Bost milla produkto klase baiño geiago ba ei ziran! Eta probau!

Apurtxo bat bildur izan ei ziran feria atondu ebenak, aurtengoan feri-ikusleak lenengokoen ondoan asko be gitxiago izango ziranentz. Bai, ba, azkeneko onetan baserritarrak ibilli dabezan burrundadakaz... Baña entzun dotanez iñoiz baiño gauza geiago ekarri ei da ferira ta jente geiagok bixitau be. Ni izan nintzan domekan be larogetamar milla ba ei giñan.

Ia batera Paris'en beste esposiziño eder bat be izan dogu: etzeko tresnaena. Neure ama ikusi gura izango neban! Zer ez egoan bertan! Orko moja batzukaz ibilli giñan. Gauza jakingarri batzuk (nik monjaeri gustetan jakena ipiñiko deutsuet): erropak uragaz igurtzi barik ederto plantxetan dabezan plantxea, zapatak eta erropak astontzeko zepillu elektrikua, mahonesak eta nik eztakit beste zenbat salsa ta gauza beingoan egiten dituan aparatua, uleak legortutekoa; eskaratzeko «robot» deitzen eutzena, patatari ta azala kendu, ebai, naranjari eta ura kendu eta beste gauza askotarako makiña txiki bat, ollaskoak erretekoa... eta nik dakit ba geiago.

An be bai izan zala jentea! Milloigarrena zanari —andrazko bat— erropa garbitzeko makiña bat emon eutzen.

J. I.


«Stella Maris»

Eta itxasgizona geurea, kristiñaua ete dogu gero...?

Ara emen Vigo'ko batzar aundiak arazo onen gañean esan deuskuna. Batzar onetan munduko gizonik-eta ospetsuenak batu ziran. Eta ara zer diñoskuen: "Itxasgizona Eleizeagandik aldenduta bizi da. Pobre eta eleizaren laguntasun gabe aurkituten da. Sakramentuak baztertu egin dauz".

Au dala ta, enkuesta bat atonduten asi dira. Baña gitxi gora-bera oraintxetik esan geinke enkuesta orrek zer barri mingarri ekarriko dauskun: milloi bat gizon Eleizeagaz aztuta, erdi pagano biurtuta.

Eta zelan konpondu gauza ain mingarria? Auxe Eleizearen zer-egin barria. Len fabriketako gizonekaz gertatu iakona ez ete da barriro itxasgizonekaz gertatuko? Berandutxo ez ete da elduko zeregin orretara be? Bat baño geiagon itaun samiña dozu auxe. Dana dala, asi dira abade eta fraille asko ardurea artzen eta lan egiten. Ara or "Stella Maris-klub" asko zelan agertu diran. "Stella Maris-klub" oneek portuetan dagoz, itxasoko gizoneri laguntasun pozgarria eskeintzeko prest. Portu batera eldukeran, itxastar askok ez dabe jakiten nora jo, ez dabe iñor be ezagututen, ez dakie nora joan. Eta sarritan lekurik nabarmenenera sartuten dira, euren osasun, arima ta fedea betiko azpiratuaz.

Auxe da "Stella Maris-klub" oneen zeregin ederra. "Stella Maris" —Zeruko Izarra— itxasgizonen etxea izango da. Itxasoko zeregiñetan nekatuta datozanean bertan aurkituko dabe euren itxastar familia, euren tabernatxoa, euren olgeta-lekua, periodikoak, liburu onak... Baita be antxe aurkituko dabez euren familiko barriak, itxasaurrerapen guztien barri, eta batez be Eleizamaren esku beroa, sazerdotearen laguntasun osasungarria.

Benetan txalogarria etxe oneen lan ederra. Eta milla bider txalogarriak etxe oneen fundadore eta buru diran abade-fraille maitegarriak. Betoz ordu onean gure portuetara "Stella Maris-klub" asko eta onak.

Estranjeruan asko zabalduta dagoz klub oneek, baiña ez bear dan bestean. Espaniarrok ez gabiltz aurrerengo mallan. Alan da guztiz be egia garbi agertu gura badogu, ezin ixildu azkeneko urteetan Españako portu batzuetan egin diran aurrerapenak. Ara or Bilbao, Vigo, El Musel, Bartzelona...

Orretzaz gañera, beste leku askotan "Stella Maris-klub" egiteko asmo bizian dabiltz: Bermio, Ondarru, Pasajes, eta al danik porturik geienetan eta egokienetan. Bete-betean sartuta dago arazo onetan gure Aita Imanol Berriatua. Jainko onak emon beiozala indar eta grazia, eta biotz oneko guztiak beren laguntasuna.

A. Zubizarreta