ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VII URTEA - N.º 74

ABENDUA (12) 1960

DEPOSITO LEGAL SS. 1.092-1959


John F. Kennedy

Ara or lenengo presidente katolikoa Ipar-amerikan.

Katolikoentzat "triunfo" bat izan ete da ori? Urrunegi joatea izango litzakela diruditxat. Ori esatea, gauzak ondo ez neurtutea izango litzake.

Poztu egin gara asko katoliko bat triunfante atara dalako. Baiña Nixon-ek eleziñoak irabazi ba-ebazan be katolikook ez genduan derrotarik izango. Kontuan euki bear dogu: Ipar-amerikako eleziñoak ez dira izan katoliko diran eta ez diranen arteko lutxa bat, partidu politiko bien burruka bat baiño.

Baiña Kennedy triunfante urteteak badiño zeozer katolikoen alde. Orain ogetamar urte katolikoentzako ez egozan gauzak bardin. Orduan derrotatua izan zan Al Smith-ek arerio asko izan zituan bere katolikotasunagaitik. Prejuizio asko eukezan orduan katolikoen kontra.

Orain gauzak asko kanbiatu dira, Katoliko izenak ez dau gorrotorik biztuten ipar-ameriketarren biotzetan. Eta alde onetatik John F. Kennedy presidente urtetea triunfo bat dogu katolikook. Onek esan gura dau katolikoak ez gareala kanpotarrak Ipar-ameriketan. Eta poztu egiten gara. Eleizeak aurrerantza aundiak egin dauz Ipar-amerikan, 40 milloitik gora dira bertako katolikoak, Kennedy jaio zan estaduan —Massachusetts estaduan— erdiak baiño geiago katolikoak dira, eta euren artean John F. Kennedy. Katoliko zintzoa. Zorionak John Kennedy! Eta zure eta gure Jainko onaren aurrean zure alde dozu gure otoitz apala. Zorionak John F. Kennedy!


Erromak besoak zabalik

Erroma besoak zabalik, dago, bere seme danak besarkatu gurean letxe. Konzilio aurreko arloak ondo doaz. Eta alde guztietatik borondate ona agiri dala dirudi. Mundu guztiko kristiñauak iñoiz baiño anaiago sentiduten gara. Komunismo zitalak ia-ia aztu eragin deuskuz geure arteko gorrotoak. Baiña alkar laguntzetik batasunera pauso aunditxoegia ez ete dago? Jainkoak jakin. Beretzako ez da eziñezkorik. Eta nok daki laster batasunaren argi pozgarria biztuko bada! —Artzain bat eta artalde bat— guztiok anai zintzo. Gure Aita Santu Juan XXIII'onaren biotzean badago olako itxaropenen bat. Erregutu daigun batasunaren alde.


Eleizeak bere eskubideak eta obligaziñoak daukoz

Ameriketako eleziñoak akabo dira, oraingoz beintzat.

Eta erlijiño kontua?

Azkeneko illeetan —eta urteetan be bai— alegin aundiak egin dabez Ipar-amerikako. katolikoak euren kontra eukezan prejuizioak desegiten. Eta asko lortu be egin dabe. Azkeneko eleziñoetan argi ikusi dogu.

Baiña Puerto-Rico-ko eleziñoak dirala ta kalte aundia izan dabe ainbeste katoliko zintzoren alegiñak.

Bai ba, Puerto-Rico-n iru obispok galazo egin deutse katolikoeri bertako nausiaren aldekoeri botoa emotea. Eta au dala ta Ipar-ameriketan propaganda asko egin dabe antikatolikoek Eleiza katolikoaren kontra. Eurek diñoe; "Ikusi alboko naziñoan Eleizeak zelan manejatzen dabezan politika gauzak".

Eta jasoera oneek zer ikusi aundia izan dabe erri-errikoen artean. Ipar-amerikan Eleizearen artu-emon eta arloak guztiak esagutuko balebez, gertaera orrek ez eban orrenbesteko lañorik atarako. Baña ango katolikoak ez dabe izan denporarik euren erriaren kontzientzian Eleizearen organisaziño gora-bera danak sartzeko. Aizkor ta zuur ibillita be, denpora gitxian asko ta ondo egitea gatxa da. Orregaitik golpe garratz bat artu dabe.

Baiña Puerto-Rico-ko jasoerea begi zuzenez ikusi bear da, prejuizio barik. Eleizea politika kanpoan sartu daila? Guzurra. Ezta Eleizea Estaduaren goraberatan nastau dana. Aldrebes bai: Estadua sartu da Eleizeari tokaten iakozan arloetan, eta moraleko legeen kontra, estadua edo orain arte estaduan egon direanak. Obispoak botoa ukatu deutsen partidukoak, eskoletan erlijiñoari trabak ipiñi gura izan deutsez, eta beste lege zital batzuk be bai: zuzen-zuzen deretxo naturalaren kontra joan dira.

Eta eleizeak bere semeen alde urten dau. Eta euren onerako bakarrik emon dau agindu ori: "ez emon botorik orain aginten dabeneri, bestela ondamendira zoaze". Eleizeak ba-dauko bere semeak on bidean ipinteko eskubidea ta almena. Bestela zelan litzake Eleizea "egizko soziedade" bat?

Puerto-Rico-ko obispoak ez dabe euren eskubideak erabilli baiño besterik egin eta ezin leikioe iñork esan "politika arloan" nastau dirala.

Eleizeak edonon izan dau bere semeeri on-bidea erakusteko eskubidea. Antxiña eztala, Caggiano Arjentina-ko kardenalak, bertako krisis gogorrean dei egin eutsen katoliko daneri batasun eta bakera, eta Frondizi Arjentina-ko presidenteak eskerrak emon eutzazan. Ceylan-en, eskoletako libertadeak kendu gura dabezan gobernuaren kontra jarri dira obispoak, gizonaren deretxoak desegitera doazalako. Nigeria-n karta bat idatzi dabe bertako obispoek. Kanta onetan asalduten dabez, iñork zapaldu ezin leikezan soziedadeko ta apartekoen libertadeak. Eta Frantzian: "Kontuz agintari ta erritar guztiok, diñoe obispoak. Deretxo naturala ta Goitiko deretxoak ezin leitekez ardura barik zapaldu".

Bai, Eleizeak bere eskubideak ditu, eta ezin leikez oinperatu, iñondik be. Eleizeak ez dauko zertan sarturik politika arloetan. Ezta Estaduak be Eleizeari tokaten iakozan gauzetan. Alkar lagundu leitekez, baiña bakotxak berenetik ezer ukatu barik, batez be eskubide fundamentalak ba-dira. Eta, Estaduak Eleizearen deretxoak errespetatu gura ez ba-dauz, orduan ez dauko aurrez-aurre plantatia baiño beste erremediorik.

Puerto-Rico-ko obispoak euren egin-bearrak bete baiño eztabe egin. Eta biotz zuzenez eta adimen argiz gauzak begiratzen eta ausnartuten dauzanak, ez dau zer esanik eukiko.


Besteakaitik otoitz egiten dogunean

"Munduak uste dauan baño gauza geiago dakarzkuz otoitzak" —diño Tennyson olerkariak.

Eritxi bardiñekoak dira fededun gizon eta emakumeak be. Ba-dakigu danontzat eta bakotxarentzat otoitzak gordetan daben indar arrigarria.

Olan izanda zelan gara ain alperrak otoitzerako?

Asko momentu gatx eta garratzetan akordetan gara errezetako: suberteak zirikatuten gaituanean, edo okerren bat ganera yatorkunean, edo sorterria txarto doanean... Baña olan otoitz egiten dogunean, guk gura dogun "ori" lortuteko Jainkoagana azken joaten gara; lenego beste bide guztiak probau bearra izaten dogu, eta bide onetatik ezin badogu jaritxi, orduan, azkenean, besoak zabalik joaten gara Jainkoagana. Eskari au txatxala eta noizean-beingoa da, eta ez da mirestekoa olako errezuen bidez ezer gitxi lortutea.

Baita be jazoten da: otoitz egitean umetan ikasiko berbak erabilten doguz askotan, zer esaten dogun be jakin barik, eta otoitz onetan fede gitxi agertuten dogu. Au ez da otoitza.

Beste batzuetan onelako zeozer be esaten dogu: Zergaitik eskatu, Jainkoak ez yakik ba nik baiño obeto nik bear dodana?

Ori dana ikusita, begiratu daigun besteengaitik otoitz egiten dogunean zer jazoten dan.

Lelen-lelengo, pentsau ete dogu iñoiz olan egiten dogun otoitzak, besteengaitik egiten dogun errezoak, geuri zenbat on dakarzkuzan? Gauza bat da ezin daitekena: erreguz ari garean gizon arentzako gorrotorik eukitea. Ez dakigu gure otoitzen indarra sentidu badabe edo ezpadabe, baña bai, otoitz egin dogulako obeak gareala. Egiz esaten eban Inglaterra'ko George Meredith eskritoreak: "Otoitz egitetik zutuntzean len baño obeak bagara, ziur egon, entzun gaitu Jainkoak".

Ete doguz gure inguruan ezkerretik begiratzen, edo min emoten deuskuenak, edo ikusi ezin doguzanak? Erregutu daigun euren alde eta ezbardintasun guztiak, diferentzi danak, bardinduko yakuz. Orduan ikusiko dogu zelan postuten garean; mundua asko be maitagarriagoa irudituko yaku. Liburu Santuetakoak dira berba oneek: "...Jobegaz errukitu egin zan Jauna bere lagunen alde otoitz egin oi ebalako".

Otoitzak ez gaitu baretu bakarrik egiten, baita gure borondatean indartu be. Gure buruari egoak emoten dautsoz besteen izakera eta egoera ezagututeko; gure kontzientzia itxartu egiten dau; maitasun garretan ipinten deusku biotza. Eta azkenean egitera sakatuten dau gure borondatea: bere lagunen, bere kutunen alde erregututen dabenak, euren ona lortuten aleginduko da. Aberriaren alde bero ta sutsu erregututen dabena, erritar zuzena ta zintzoa izango da.

Ete daukagu gugaitik otoitzean diñarduanen bat? Olan bada, izango dogu gure barruan indar aparteko bat.

— Zelan leiteke askotan sutan eta zoratuta nagoanean, beingoan baretu eta etxeko silla baten patxadan jezarrita lez gelditutea? —itaundu eutson gerratetik etorriko soldadu batek abadeari.

— Ez ete da izango nonork zure alde erregututen diñardualako? —erantzun eutson abadeak.

— Bai, egia da. Neure amaren otoitzagaitik da.

Guk besteagaitik otoitz egitean, ez onek, geuk artuten doguz grazirik apartekoenak.

Bai, sarritan gatx egiten yaku batzuekaitik otoitz egitea, atsegin etxakuzalako, eta geure gauzetan sartuta besteak alde batera izen doguzalako, eta baita sarriegi burugabe ta biotzgabeak garealako be.

Baiña zentzun apurtxo bat badogu, biotzean maitasun apurrik geldituten bayaku, gizon eta gauzakaz —seme, etxeko, erri—, ardurarik badogu, berez begiak Jainkoagana jasoko doguz onen eta gure maitasuna indartu daiala arren eskatuteko.

Besteen alde erregututea, otoitzik ederrena eta kristiñauena da.

A. Arzelus


Dakar aldetik

Nire aspaldiko irakurleak. Saludu bero bero bat Dakar-retik. Atzo arratsaldean, bost t'erdiak inguruan eldu gara bertora. Amalau egun justu, Bermeo-ko portua itxi genduanetik.

Emen ez deusku iñork urten ondo etorria emoten. Bermeo-ko portuan barriz, a izan zan bai despedida ederra, iñoizkorik ederrena.

Arratsaldeko bostetan urten genduan. Illaren amaseian. Ondo akordetan naiz. Barkuak txistuka. Moillak gentez beterik. Eskuak eta paiñelu zuriak aidean. Batzuk —emazteak, noviak, umeak— negarra aurpegian. Beste batzuk —embarke bako tostartekoak— pena aundia biotzean.

Amasei barku giñean guztira. Amalau Bermeo-koak, eta bi Ondarrabitarrak. Aurten, Poeta Ercilla-n gatoz frailleak. Barku ederra berau, 250 zaldiko motorduna.

Matxitxako-ren aurretik pasakeran, talaiako radiotik agur egin euskuen alkate jaunak eta kofradiako presidenteak. Azkenengo agurra. Agur, Bermeo-ko erria! Agur, datorren urterarte!

San Juan Gaztelugatx-ekoaren parera eldu gintzazanean, itxasinguru biribilitxu bana egin eben untzi guztiak. Len otoitz egiten eutsoen San Juaneri. Orain barriz —ogeigarren sekulako aurrerakuntzak—, otoitza kenduta, girabiratxu orregaz geratu dira. Agur, San Juan! Agur Euskal erri maitea!

Urrengo egunetan eguraldi zantartxua euki genduan. Aize kontrarioa. Olatua, otza eta euri zaparradea naikoa. Eguraldi txarra egiten dauanean, arraintzaleeri-bere laster igarten jaku barruan daroagun ondoeza. Erdi ixillik, erdi mareatuta, jateko gogo aundi barik, batzuk beiñik bein, aolantxe egoten gara. Eta danok armin, otzagaitik edo euri zaparradakaitik kubertan gure gustura egon ezin gaitekezalako.

Beste urteetan lez, Finisterre inguruan barku merkante asko ikusi genduzan. Albo albotik pasatu jakun Begoña transatlantikoa, eta frai Alberto-k bertako lenengo makiñisteagaz, bere anaia Erramon-egaz, radiotik verba egin eban. Itxasoa bera be, txikia da orain gizonentzat, eta munduko edonon dabiltza Bermeotarrak.

Aizeak amor emoten ez eban ezkero, zabaletik barik, barrutik joan giñean Portugal erdirarte-edo, eguraldi txarragoaren ikaraz. Berlinga islen inguruan, atun aparejua bota genduan, eta danon pozagaz ega luze txiki polit bat atrapatu. Igaz, paraje onetan, amaika atun josi zituen gure barkukoak.

Domekea be eldu zan. Baiña beste egunetan lez, meza barik geratu giñean balantzadearen pasiñoagaz. Alan ta guzti-bere, egin genduan zerbait, Jaunaren eguna ospatuteko. Ordu lauren bat lenago, avisua bota eutsen frai Alberto-k barku guztieri, zazpirak puntuan Aita Imanol-ek verba egingo eutsela, eta ordu atako barruko gente guztia radio inguruan entzuteko listo egoteko. Alan egin zan. Verba egin neutsen, arraintzale fiñak eta kristiñau zintzoak izateko asmoa barriztu genduan, eta Jaungoikoari eskerrak emon ondoren; Canarias-erarte itxasaldi on bat eskatu geuntsan.

Urrengo egunetan itxasoa asko baretu zan, aizea kalmatu, eguraldia epeldu, aro ona aseguratu, Tenerife-rako bidea laburtu. Arrezkero, barruko gizonak be bizkortu egin zirean. Neguko erropak datorren urterarte erantzita, beste humore bategaz ebiltzan danak, edo barkua arrantxatzen, edo aperujuak armatzen, edo kubertea garbituten edo noiz elduko kalkulatzen.

Gero ta gero-bere, allegatu gintzatzan Tenerife-ra. Egun bat aurrerago elduko giñean, averia batzuk euki ez bagenduz. Erri polita, Santa Cruz de Tenerife. Bertako euskaldun lagun batzuri eskerrak, gauza asko ikusi genduan: Teide mendi altua, La Orotava-ko ibarra, Puerto de la Cruz-ko itxasertz miragarria, Noruega, Suecia ta Inglaterra-ko turistez betea.

Tenerife-n egun oso bi igarota gero, barriro itxasora. Bidean gatozala, radioz entzun dogu, Freetown aldetik euskaldun frantsesak arraintzan polito dabiltzala. Laster asiko gara geu-bere atunetan, eta aurten dungulua atarako deutsagu arraiñari. Poz aundia daukogu danok, eta Dakar-retik zenbat urreago, gure gogoa ainbat biziago.

Azkenean, eldu gara Dakar-rera. Danok ondo. Egun bi egongo gara berton. Petrolioa ta ura artu bear dogu. Eta gaur illuntzean urtengo dogu itxasora. Dakar-reko badian egingo dogu karnadea; eta urrengo egunean, argiagaz batera asiko da Dakar aldeko Bermeotar arraintzaleen iñoizko atuneterik aundiena.

Agur, urrengoarte.

Dakar, 1960, abenduak 1

Frai Imanol Berriatua


Kongoko Eleizea

Barri eskasak iatorkuz Kongo aldetik. Propaganda Fideko "Fides" periodikoak diñoskunez, illun ikusten eida bertako Eleizearen etorkizuna.

Errebuluziño edo dalako orrek gauza guztiak eperdiz gora ipini deuskuz an be. Botau ditue euren etxetara beljitarrak; eta Eleizeagaz beragaz be orixe egin gura dabe. Eleizea beti konpondu izan da ondo an Militarrakin. Eta izan be olantxe izan bear dau. Baña bertako jauntxo barriak diñoenez, Eleizak kolonialismoa zabaldu besterik ez eidau egin; eta orrezaz-gaiñera beljitar euren arerioeri lagundu. Au dala ta Eleiza eta misioneru guztien kontra aupadaka eta deadarka diardue. "Misioneruak beljitarrak dira —diñoe—, espia batzuek besterik eztira".

Eta lan onetan ondo baño obeto laguntzen deutzie bertako beste erlijiñoan. Batez be Eleizeak apuka-apurka baztertzen eroiazan sekta amorrotuak. Euren arteko gerraen naste borraste guztiak ondo aprobetxatzen dabez inguruetako misioak erre eta botatzeko. Zarritan misioneruak eurak be estu artu izan ditue; eta monjak izan ezkero batez be edozer nabarmenkeri eta loikeri gitxi izaten iakue.

Ezta arritzekoa be. Bertako buru diran, edo grupo askoren buru diran agintaritxoak komunistak dira. Eleizearen arerio amorrotuak.

Beti izan dira orain arte misioneruak ango eskolatako agintariak, edo beintzat erakuslerik onenak. Baña kanpo aldetik etorri diran maixu barri orrek zelan ikusi olakorik. Batez be komunista barri orrek?

Eta ze bide artu bear ete dau ba Kongoko Eleizeak?

"Fidesek" diñonez, bertakoekin egin bear eida egitekoa. Kanpokorik ezta artzen. Zelan ba? Kongoko kristiñauak izan asko dira. Baña onetatik zenbat dira egizko kristiñauak, zenbateraño erne eta asi da euren biotzetan Katolizismoaren azia? Asko katolikoak ez balira lez bizi dira. Leopoldvillen eta Elizabethvillen bertan be eunetik amabostek besterik eztabez euren kristiñau egin bearrak beteten. Akzion Katolikoa be eskasa ta txakilla aurkitzen da, batez be europatarrok alde ta gero.

Erremediorik bai ete daukagu orduan? Kongoren erremedio bakarra, "Fidesek" diñonez auxe da: bene-benetako laikadu bat formau bertan. Bien bitartean eztaukagu an ezer. Eta auxe da Eleizearen oraingo buruausterik aundiena eta derriorrekoena. Orixe egiten badau, asko egingo dau.

A. Zubizarreta


Kubako barriak

Aita Xabier Arzuaga Arantzazuko fraille gazte bat da. Gaztea —ogetamabi urte— baña asko ikasia eta asko ikusia. Meza emon ondoren Kubara joan eta bertan igaro ditu azkenengo zortzi urte oneek. Arritzekoa be bada fraille gazte onek egin daben guztia. Kubako Akzion Katolikaren konsiliario nazionala da, eta obispo, kardenal eta arzobispoen lagun aundia. Fidel Kastro, "Txe" Gebara eta erreboluziño edo dana dalako orren zuzendari guztiekin ibillia.

Orain dala pare bat ille etorri iakun barriro gure Euskalerrira, eta or iabilku atzera aurrerako lan bizian. Izan be —deritxotanez— ezta Aita Xabier geldi egoteko iaioa. Egun batzuetan Bilbon euki dogu; Periodistak laizter susmau eben, eta ementxe Iralabarriko komentu onetan zerezan luzeak euki dabez. Etorri... Kontzeziñoko nobenia emoten etorri zan, baña orrezaz gañera konferentzi batzuk be emon euskuzan, Kuba eta bertako Eleizeatzaz. Jentea ugari izan gendun, Bilbo guztitik; zinetokian ateak, portikoak eta eszenario, danak egozan plen-plen. Gauza ederrak eta ondo pentsatuak bota ebazan. Ara emen berba bitan gauzatxo batzuk, bertatik aterata.

Kartzeletan

"La Cabaña" kartzelako kapellau berau izan zan. Irureun personarentzako tokia eiegoan, baña Kastrok zelan edo alan milla eta irureun pillotu eiebazan. Batistaren errejimeneko burutxoak euretatik asko. Burutxuak ez ze buru aundiak be bai batzuk: Sosa Blanko eta abar. Euretatik asko afusilatuak izan bear eben, eta Aita Arzuagan lana, geien bat beintzat, onexek ondo preparatzea izaten zan. An ikusitakoa ikusita ta gero Jaungoikoaren duda gitxi eidauko berak "Nik eztakit Santuak zelan ilten diran —diño Aita Xabierrek— baña asko obeto ez. Jaungoikoaren usaiña artzen zan bertan kartzelan, bere berotasuna, bere arnasa. Kolpe egin leikion" Batez be Sosa Blanko ori ikustekoa eiegoan. Bera zan kartzelako atunik loditxoena, eta baten batek egiten baeban txistik erresu denporan, derrot esaten eieban "Ixilik mesedez Jaungoikoakaz berbetan gagoz eta". Santu bat legez il zan eta alantxe beste asko beragaitik.

Angoak ikusi ta, Aita Arzuagak medikoekin ibilli bear izan eban.

Kastrogaz

Berba gitxi egin eieban bizartsu onegaz. Iges egiten eietson eta. Fraillearen bildurra edo. Dana dala, bein baten Karidadeko Ama Abanara etorrelata an eiegoan Kastro be. Urratu eiakon Aita Arzuaga ta berbetan asi eiziran. Kastrok derrot esan eieutson: "Zer deritxozu? Karidadeko Ama au be ez ete dogu errebulizinarian bat gero." Baliteke —erantzun eutson A. Xabierrek— baliteke, Karidadeko Ama danez, errebuluziñoan karidaderik badago... baliteke". "Karidadea... karidadea... beti karidadea, eta justizia noizko? Auxe esan eta iges egin eieutson Kastrok. Eta ezta arritzekoa be. Bere buru beroan an ebiltzan jira biraka berak il ebazan guztiak eta.

"Txe" Gebaragaz

Lagun aundia izan eieban, Ondo konpontzen ziran. Jakiña da Gebara au komunistea dala. Lagunak eurak be arrituta eiegozan bien arteko konfiantzeagaz. Bein Aita Arzuagak esan eitson: "Pena dot zulako lotsagabe bat ain azkarra izateagaitik" — "Baaa... ez estutu, lotsagabeok lotsagabeakaz ondo konpontzen gara ta".

 Zarritan itaundu eieutson Aita Xabierrek komunistea zanentz. Gebarak beti ezetzkoa. "Baña gizona, derrior izan bear, ik esaten doana eta pentsatzen doana egia badok beintzat". "Ba... ni enaz komunistea".

Danok dakigu orain, Gebarak orduan guzurra esan ebala.

Eleizea Kuban

Zelan aurkitzen dan Kubako Eleizea? Aita Xabierrek diñonez geroago eta okerrago. Kastrok komunismorantz egin dau eta jakiña da komunismoaren areriorik aundiena Eleizea dala. Galeraso ditu kontixu errebista, radio eta telebisiño katoliko guztiak. Eleiz gizonak eurak be bein baña geiagotan artu ditu barregarri eta asi da ia Eleizeatzaz amorruz berba egiten. Gañera lege barriren bat atonduten eidabil oraintxe, edukaziñoa Eleizeari kendu eta Estaduaren eskuetan ipinteko kontixu. Aita Arzuagak diñonez, auxe izango eida txokia ekarriko daben koskia. Eleizak au eztau iruntziko eta zeozek derrior etorri bear dau.

Aolan amaitu eban Aita Arzuagak: "Nire ustez auxe pasauko da Kuban: komunismoa edo gerrea. Eztot ikusten beste urtekerarik. Orrexegaitik gauza bat eskatzen deutzuet danori: ogera joan baño len erresatu eizuela Agurmari bana Kubaren alde. Iru errazo onexegaitik kondenaten dot nik komunismoa: komunismoa Jaungoiko bagea dalako, eta nik Jaungoikoagan sinistuten dodalako. Komunismoa diktadura dalako, eta ni demokrata nazelako. Komunismoa materialistea dalako, eta ni espiritualistea nazelako".

A. Zubizarreta


Urte-gordiñak. II.—Mutillentzat

Nor zaitugu? Ez daukozu igezko mutil koxkor aren antzik be. Praka luzeak, korbata dotorea, esku biak patrikaran... artista bat emoten dozu. Eta zigarrorik ez dedilla paltau. Orixe bear genduan! Sasoi orretan zigarroak gizontasun erdia emoten ei dau, (alan uste dozu beintzat). Kolore zurixkea, begi illun, buruko min... orra zer emoten deutsun zigarroak. Alan da be lagunartera ezin joan ezpanetan ezer barik; beste guztiak bai eta zuk ez, itxura ederra... Esango leukee.

Jakiña, etzara igezko umea. Igez gurasoen esanak ixil-ixillik egiten zenduzan, baiña beti olan bizi bear al dozu ba? Azi zara. Bizarra be kentzen dozu. Edan barriz? Gizonagotzat eukiko zaitue gorritik ekiten badozu. Eta... konturatu al ziñan? Gogoan al daukazu? Lengo batean "bar" batetik urtekeran ezin zenduan atea edei, eta beste batek edei eutsun. Eta eskaillera-mailla baten ordez bi pasau eta ia-ia jausi ziñan. Eta zu konturatu barik jota jaurti zenduan silla a? Gogoan al daukazu? Eta zu kalean arrotxo ta alaiegi ikustean, emakume eta gizonezko zarrak asarratu egin ziran, eta zure edadekoak barre egin eutsuen. Gogoratzen zara?

Kontuz!!! Ete dakizu boseadore bateri zer pasau yakon? Zera, bere arerioa ezerez bat zalakoan, igon zan "ring"era, lenengo golpean menperatuko ebalakoan, k.o. itxiko ebalakoan. Eta? Lenengo golpea uts egin, jo eban besteak okotzean eta konorte barik gelditu zan. Ez dakizula gero zuri olakorik jazo. Eta boseoan asi barik jazo daiketzu. Zeure barruan daroazu arerio ori, zeure burua dozu. Ezagutu eta zuzendu egizu.

"Pedro ez da ni baiño zarragoa, ta andragaiagaz dabil" —esango dozu. Orduan txikitzat daukozu zure burua andragairik ez daukozulako, eta andragaia bear ei dozu. Baiña kontuz, barriz be kontuz. Arazo onetan ez da nausi eta zoriontsuen lenengo dabillena, zintzo eta zentzuz dabillena baiño. Zuri be priesaz ez ibilteko esango deutzut. Elduko yatzu garaia. Zu ibilli zaite trankil. Ibilli daitela Pedro gizon-itxura egiten; itxurak ezer gitxi emongo dautso.

Loli be neskatil ederra dala diñozu. Inguruetan ez ei da beste olakorik sortu. Lau-bost bat mutil ba-dabiz bere ondotik, zure lagunak danak. Beragaz joanda bere lepotik barre egiteko tentaziñoa be izan dozu, baiña... Pentsau egizu zeozer. Zergaitik joan gura izan dozu zorioneko Loli orrengana: egizko maitasunez, ala jai arratsaldeetan beragaz paseetan ikusi zaiezen? Eta orain edozer gauza esan eta egin, eta basoko txori lez libre dabillen neskatilla polit ori, gero zure semeak azi eta eziteko gauzako dala uste dozu?

"Tximist-indarra" esan deutso nonork maitasunari. Ez, Jauna, ez da olan. Maitasuna ez da iñor il edo zauritzen dauan tximist-indarra. Maitasuna bizitzaren eusgarri eta aga izan bear dau, gero ta aga sendoagoa gaiñera. Kontuz, ba, eta zentzun aundiz ibilli zaitez, gaztea, urte onetan; urte gordin, urte laban onetan; zure bizitza eta maitasuna betiko zimeldu ez daitezen. Orretarako ez eskeiñi zure biotza eta maitasuna kale-ertzean lenengo ikusten dozun neskatilleari.

NESKA-MUTIL gazteok: pinturaz gorritutako eta zigarro-kez orixketutako zuen matrail orrek ez dira ez bizitza eta ez gaztetasuna. Zuen biotzean orain sentitzen asi zarien maitasun-kili-kili ori ez daizuela alperrik galdu, oker eta zorakerietan erabilliaz. Kontuz ibilli, balio aundiko pitxia da-ta; eta bein galdu ezkero, oso gatxa da barriz aurkitzen.

Dionisio Arruti