ANAITASUNA

Año I — Núm. 8

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Febrero 1954


Kristo edo Mammon

Igaro dan illean, Urtarrilleko amarretik ogetalaurarte, mixiñoak izan dira Arratian. Denpora orretan, arimako kontuak atonduten ibilli dira arratiarrak.

Aintxiñako fedea ez da galdu oraindiño errialde orretan. Orixe erakusten deuskue, Bilbon egun guztian lan eginda gero; gabeko eleizkizunera etorten zirean gizonak.

Baiña fedea galdu ez bada-bere, kilikolotu egin da asko aspaldion. Burruka gogor bat sortu da egunotan baserritarren arimetan. Bidekurtze baten bizi dira euskal lugiñak, batez-bere fabriketara lan egitera joaten direanak. Erlegiñoko gauzetan, aiko-maikoan eta ezmezean dabiz, nora jo ez dakiela. Alde baten Kristo, beste aldean Mammon. Eskumaldean Espiritualismoa, arimako gauzak; ezkerrekoan Materialismoa, lurreko ondasunak. Eta Arratian jazoten dana, Euskalerriko beste leku askotan-bere pasetan da.

Askok goizean goiz ixten dabe baserria, eta uri aundietako lantegietan bear egiten dabe egun guztian. Oraindiño kristiñau erlegiñoan ondo azi barik, or doaz Arratiko tranbian ainbeste gazte Bilbora. Etxetik urrun, lan gogorraren alboan, gauza gozo asko topetan dabe Nerbion ondoko errietan. Au ikusi, ori entzun: azkenean, uste barik, progresua dalakoan materialismoa sartzen jake biotzean, Mammon egiten da euren arimen jabe.

Ori dala-ta, tertzio onean datoz mixiñoak. Oraintsu izan dira Arratian. Ille onetako amalauan asi dira Balmasedako eleizbarrutian. Ta urrengoak Mungia aldean izango dira.

Amabost egunean, arakatu egiten dogu gure siñesmena, ebatzi arimako ezbaiak, entzun Jainkoaren berbea.

Ezin leikez iñok ugazaba bi serbidu —diñosku Jesukristok—. Edo bata gorrotatuko dau eta bestea maite; edo batari erantzungo deutsa ta besteari jaramonik ez. Ezin zeinkeez serbidu batera Jainkoa ta Mammon. Billatu eizue lenengo Jainkoaren erreiñua ta Berak eskainten deutsuen santutasuna. Ori egiten badozue, berez etorriko jatzuez beste gauza guztiak.»

Kristo ta Mammon: orra or munduko ugazabak. Mammonek lurreko zoriona bakarrik aginduten deusku. Kristok, barriz, zerukoa ta lurrekoa. Mammonek opa deuskun atsegiña, lurrean amaituten da. Kristok eskinten deuskuna, ostera, amaibakoa da.

Siñestu deiogun Kristori. Bera da gure ugazaba bakarra. Eten daiguzan Mammoneri lotuten gaituen kateak. Libre bizi gaitezan Kristoren askatasunaz. Ez daiguzan aztu mixiño denporan artu ditugun asmo onak.


Ba dakizu...?

Bateoko Sakramentua

2.—Urezko Bateoa naitanaiezkoa da salbetako.

Egia ete da? Ala ez ete da? Zegaitik?

3.—Ezagueradun persona batek bakarrik euki leike gurarizko Bateoa.

EGia ete da? Ala ez ete da?

Ume batek —ezaguera bakoak— artu leike urezko nai odolezko Bateoa.

Egia ete da? Ala ez ete da?

4.—Eriotzako arriskuan, urrean edo inguruan iñor ez dagoanean, norberak bateatu leike bere burua.

Bai? Ala ez?

5.—Kontu egin: Persona nagusi bat —zazpi urterik gorakoa— bateatuteko dago, baiña bere kontzentzian pekatu mortal bat topetan dau.

a) Bateatu baiño lenago konfesau egin bearko ete da?

Bai? Ala ez?

a) Edo maitasunezko damua —kontriziñozkoa— eukitea bearrekoa ete da?

Bai? Ala ez?

(Erantzupenak azkenengo pagiñan)


Arratiako mixinoak direala-ta [Bertsoak]

Bedian asi ta Ubiderarte

Amabost egun luzean

Mixiolariak ibili dira

Arratiako ibarrean.

Len-be Arratian fede sendoko

Jainko zaleak zirean:

Ikustekoak egongo dira

Mixino santu ostean.

Mixinoetan artuten dira

Sekulako erabagiak;

Esaten dogu: Itxiko dodaz

Pekaturako bideak.

Gogapen oneek ibiliko dauz

Arratiako erriak.

Zorioneko litzakez danak,

Oneek balira egiak.

Lapikotxoa txingar artean

Pilpilka dagoanean,

Barruko gauza guztiak dabiz

Gozoz egosi naiean.

Baina otzituten ixten bajaka

Nagikeriaz sasoian,

Sustantzi bako jateko otza

Seguru dago etxean.

Gure arimen lapikotxoa

Otzik geratu ez daiten,

Sarritan joan bearra dogu

Autortu eta jaunartzen.

Mixinoetan egin dala-ta,

Nagiaz badogu ixten,

Sustantzi bako katolikuak

Garala dogu autortzen.

Jakin dagigun berbak bakarrik

Aizeak daroazala,

Eta egipenak gizona nor dan

Erakutsi oi dabela.

Jarraitu daigun zeru bidean

Euskaldun onak bezela,

Esan dagien gaur-bere egizko

Katolikuak garala.

Balentin Enbeita


Or, an, emen

 ZEANURI.—Arrati osoan-lez, amabost eguneko mixinoak izan dira erri onetan. Andra Mariko parrokian onetaraxe egin zirean: Lenengo astean emakumentzako. Goizean neskatilak, andra ezkonduak arratsaldean. Goizean meza santuaz asi, ta bederatzietatik amabietara. Meza bitartean kristinau ikasbidearen azalpena. Gero meditazinoa. Jarraian kurutzebidea. Ostean bigarren meditazinoa. 120 neskatila batuten zirean. Arratsaldean, ordu bietatik bostetara. Dana goizean-lez. Mezearen ordez errosario santua. 135 andra ezkondu etorten zirean. Bigarren astea gizonezkoentzat. Goizean mutil gazteak. Mezea ta abar neskatilentzako-lez. 75 inguru batuten zirean. Arratsaldean, ordu biterdietatik bostetara gizon ezkonduak. Errosario santua asi, ta enparaua mutilentzako-lez. 93 inguru izaten zirean. Gabaz, San Isidroko eleizan bearginentzat, zortziterdietan asi, ta ordu betean: kristinau ikasbidea ta meditazinoa. 156 inguru etorten zirean. Bigarren astean, San Isidron, 73 mutiko ta 81 neskato.

Undurragan, aste betean egin eben dana. Goizean neskatilak eta andra ezkonduak 70. Arratsaldean mutil gazte ta gizonak 70, umeak 50.

Santiago, Ipinako parrokian-be, aste betean amaitu eben. Goizean neskatila ta ezkonduak 70. Arratsaldean gizonezkoak 80, umeak 50.

Andra Mariko parrokian bakarrik, amaierako domekan, 350 gizonezkok jaunartu eben.

 DIMA.—Mixiño ederrak aurtengoak, Diman eta bere auzotegietan: Lamindano, Indusi, Artaun eta Oban. Jakingarri guztien artean gauza bi bakarrik aitatuko doguz. Bigarren asteko barikuan, penitentzizko kurutzebidea izan genduan. A bai gau zoragarria! Erri osoa batu zan. Lau mixinolariak berotu zituen gure biotzak euren berbaldi sutsuakaz. Ikustekoak zirean mutil gazteak —kurutzeak lepoan— eta erri guztia kandelakaz. Bigarren domekan, Jesus Sakramentaduagazko prozezinoa izan zan. Azkenean, uriko plazan, erri guztiak Jesukristo gure Jaunari konsagrazinoa egin eutsan.


Kurutzegrama N.º 6


Jakin ba...

1.—Ez da egia. Urezko Bateoa naitanaiezkoa da al danean. Ezin danean, beste modu bi dagoz salbetako: odolezko Bateoa ta gurarizko Bateoa. Oneek biok urezkoaren ordezkoak dira, baiña ez dira Sakramentuak.

3.—Egiak dira kasu biak. Bateoa gura izateko, zer dan jakin bear da. Ezaguera barik, ezin jakin. Jakin barik, ezin gura izan.

Ume bateri urezko zein odolezko Bateoak balio deutso: auxe irakasten deusku Eleizeak.

4.—Ez. Norberak ezin leike bateatu bere burua. Derrigorrean esan bear direan berbak —Nik bateatzen zaitut Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean— argiro adierazoten dabe, Bateoan, persona bi bear direala: Nik bateatzen zaitut zeu...

5.—a) Ez. Konfeseteak ez leuskio balio izango. Lenen artu bear dan Sakramentua, Bateoa da. Au barik, besteak ez dabe balio.

b) Ez. Bateoa artzeko, kontriziñozko damua ez da bearrekoa. Naikoa da atriziñozkoa, edo bildurrezko damua. Damu onegaz Bateoa artzen dabenari, Sakramentuak bere birtutez —ex opere operato— kenduko deutsaz, jatorrizko pekatuagaz batera, beste pekatu guztiak.


Olgetan Benetan

Abade batek bere sakristaua Bilbora agindu eban intzentzutan. Bide guztian joan zan sakristaua —Intzentzua, intentzua, intzentzua— esaten.

Bilbon sartukeran, gizon bat aurkitu eban, lepoa bete abarka saltzen ebillela.

— Mutillak, arek jaroak lepokada abarkea!

Au esan eban bitartean, lengo berbea aztu egin jakon, ta —Abarkea, abarkea, abarkea— esaten asi zan.

Sartu zan alango baten dendan.

— Zer bear dozu? —preguntau eutsoen.

— Abarkea —esan eutsan saltzailleari.

Ekarri eutsan bat.

— Au ez.

Aundiagoa gero.

— Au-bere ez.

Aundi ta txiki, dendako geienak erakutsi eutsazan. Ezetz ta ezetz ta ezetz.

— Zer gura dok ba? Zelangoa dok gura doan tresna ori?

— Abadeak erabilten dabe mezatan.

— Baiña zer?

Eutsi ta tati, eutsi ta tati erabilten dabena.

Saltzailleak, igarri ezinda, geroenean asarrez esan eutsan:

— Ken adi ortik, intzentzu ori!

— Orixe gura dot, oraintxe esan dozun berori.