ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 80

GARAGARRILLA (7) 1961

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


Biarraren aunditasuna

Biarra gizonaren borondate eta buruaren egitea edo frutua da. Eta egite orretan gauza aundi eta eder bat geratzen edo gordeten da beti: gizonaren pentsamentua eta indarra. Ortik dator bere aunditasuna. "Biarra —Baudin, Strasburgo Unibersidadeko jakitun aundiak diñonez— gizona berbera da, eta gizonaren aunditasun guztia dauka berez". Gizona eta biarra iñoiz aldendu ezin leikezan gauzak dira.

Sozialistak ez dabe olan uste. Eurentzat aldrebez da: gizonaren aunditasuna biarretik dator, eta bakar-bakarrik biarretik. Eleizeak beste era batera diño: gizona dala, eta ez beste ezer, biarrari bere aunditasuna emoten deutsana. Biarraren aunditasun iturria gizonagan dago, eta berangandik aldendu eziñean. Alan diño Leon XIII'nak.

Ori ikusita beste au argi dago:

a) Biarra eta kapitala ezin leikez malla baean ipiñi. Biarra ganetik dago, gizona materiaren ganetik dagon legez.

b) Biar guztietan gizonaren aunditasuna begiratu eta errespetatu bear da batez be: bere gorputza eta bere animea, gizonaren izateak eskatzen deuskun lez. Biar bat emotean ezin geinke itxi alde batera gizona. Orregaitik:

1.º Biar gogorregirik ez da agindu bear. Urteak, personak eta indarrak gogoan euki bear dira. Andreak eta gizonak ez dira bardin. Umeak batez bere kontu aundiagaz artu bear dira. Onetzaz Leon XIII'nak (Rerum Novarum) eta Pio XI'nak (Quadragesimo Anno) aolan diñoe: "Umeeri eta andreeri ez iakue agindu bear iñoiz eurentzat ez dan biarrik".

2.º Danari emon bear iakue bear daben deskantzua: "Biarraren luzetasuna eta gogortasuna ikusi ondoren ipini bear da deskantzu au". (Rerum Novarum).

3.º Biar guztietan balore aundiagoak garbi gorde bear dira, au da, bear oneek ez doazala animaren kaltegarritzat. Leon XIII'nak: "Biar lerregia, arimako indarrak il eta zapaltzen dabezen biarrak, justizi eta gizadiaren kontra dagoz".

Ara or ba gure biarraren aunditasuna eta edertasuna. Jaunak alan nai ta, danok egin bear dogu biar. Batzuek esku-biarrak, beste batzuk buru-biarrak, baña danak zeozer al dogun eran eta neurrian.

Jesusek berak emonda daukagu erakutsi ederra. Bere jaungoiko-eskuak be ondo ezagutu eben biarraren gogortasuna. "Biarra gizonaren aunditasun eta edertasunerako eginda dago", diño Pio XI'nak. "Biarraren bitartez bakarrik aurkitzen eta beraganatzen dau gizonak aunditasuna", diño Etienne Barnek.

Gure Euskalerriak be aurrerapen aundiak egin dauz joandako urte batzuetan. Gure fabriketako tximini baltzak zerura begira dagoz, berari mosuka. Eta euren ondoan millaka euskal-gizon euren buru eta borondate guztia euren biarrean ipinita. Onexengandik urten bear dau gaur edo biar gure arriaren aunditasuna. Eleizaren erakutsiari jaramon egiten badeutsee, orduantxe esan al izango dogu benetan dala aundia gure Euskalerria, eta gure fabriketako keia usain ederreko intxentsu biurtuko da, eta gure eguneroko biar-oparia, Abel santuarena lez, ondo ikusia eta atsegingarri izango iako gure Jaungoikoari.

Antonio Zubizarreta


Biargiñaren emaztea

Gaurko sartaldeko emakumeak ez dira lengoak, Jaungoikoari eskerrak. Gaurko emakumea lengoa baiño obetoago ikusten da. Baiña gaurko emakumeak antziñekoak. baiño zer-egin gatxagoa ta aundiagoa dauko. Biar-toki asko ditu; biar-toki asko ta ugariak. Baiña biartokirik onenetarikoa, mamintsuenetarikoa biargiñen artean idoroten dogun zokondotxua dala esango neuke. Zokondotxu onen buruz zeozer esan gura deutsuet gaur, zueri, euskal-erriko emakume maiteori.

1.º Emakumearen lanak gizatasuna aberasten dau

Madalen artega ta larri dabil. Zer dala-ta? Azterketeen egunak urreratzen yakozalako. Ta ez uste izan Madalen amabost urteko neska zatia danik; ogeta zortzi negu gorri databilz bizkarrean; ezkonduta dago; seme-alabatxu bi ditu; biak dabilz beti amaren amantaletik dindilizka. Batzuek janalak jaten dagozan bitartean, Madalen kalean zear doa, galtzarpean liburu bi josita dabezala. Zer dala-ta estudiatzen? Oraintsu il yakon senarraren opizioa jabetu gura dabelako.

Madalentxu asko dira gure errietan; Madalentxu asko etxe-zuloetan; Madalentxu asko fabriketan. Madalentxu onexek doguz Euskalerriko larrosarik usaintsu ta ederrenak. Sortu bitez gaurko gizarte onetan Madalentxu biargin ta zintzoak!

2.º Emazteagan aurkitzen dau senarrak atseden toki

Askotan ikusi izan ei dira, naiz trenean naiz automobilletan, lantegitik etxerantz doazen gizonak. Geienetan, nekatuta, aurpegi illun, eta adore bage doyaz. Gizon oneeri eten barik ots dagie barruan etxe-zaletasunak. Onetariko geienak, iñork usteko ez leukan aña senar zintzo dira; ez dira bertanberakoak, ez. Eurak be biotz bat dabie. Zelan igarri, gizon onek aurpegiz ligorrak izan arren, barrutik zintzoak dirala? Ona emen bide bat: etzara zu inoiz kargutu gizon orreen aurpegi ligorra eztaziñoan jardun dagoan emaztea ikusi ondoren zelan aldatuten dan? Irribarre dariola pantetan dira; eta emaztea semetxuen batekin etorri bada, laztan goxo bat emoten deutso aitak bekokian. Gerotxuago, euren etxera bidea artuondoren, alaitxu ikusten doguz, bakoitzari gertaturiko problematxuak kontetan. Emazte zintzoak, etxe barruan biar asko izan arren edo euki arren, senarraren aurrian edozein tokitan panteuteko alegiñak egingo dauz, poz txiki bat emon dayon.

3.º Zer izango litzake zure etxea emazte bage?

Bizardun gizon batek esandakoa da: "emaztea oian daukat gaixorik. Baiña... ez bedi Jaungoikoak beste mundura eroan! Emaztea bizitza guztian gaixorik eukitea ezta ez gauza ona; baiña dana dala, bapeza baiño obeagoa; besterik ezin, indiabari zenbat ur bota bear dan esateko"...

Amabako etxea, edurraz egindako etxea! Emazte bako etxea, ildakoen etxea! Emaztearen lana, sukalde edo eskatz inguruko lana da. Berak daki jatekoa zelan egin bear dan; berak daki inork baiño obetoago, umeak zelan asi ta ezi bear diran; berak daki senarrak iroasten dauan diruaren indarra noraño elduten dan. Sarri askotan, matematikoak baino be listoagoak izaten dira gure emazteak; zenbat bidar esan bear izaten dabe: "Bi ta bi, bost". Ez aaztu, "emakumea, emakumea da; gizona, gizona".

4.º Emakumea, etxetik kampora

Egia, emakumearentzako tokirik berebizikoena etxea da. Baiña ez daigun aztu emakumeak gauz on asko eroan daikela gizartera. Gaurko gizartea, zarata askokoa ta aurrerapide askokoa izan arren, otza, guztiz otza da; ez dauka biotz-berotasunik. Plazatan, fabriketan, kaleetan gente asko dabil, egia; baiña, "bakoitza bere bidetik". Kale ertzeen baten umetxuen bat jausita ikusten ba'da, emakumeen batek altzau bearko dau; eta emakumeen batek altzaten ezpadau, an egon bearko dau agoa zabalik. Jaungoikoak gauz andiak egin dauz; gauz ondi oneen tartean sartuko neuke nik emakumearen izakia. Berezkoa da emakumearengan xamurra, biguña, maitekorra ta konprenziño andikoa izatea.

Ona emen, bada, emakumeak etxetik kanpora eroan bear dauan aberastasuna. Emon, emakume, munduari xamurtasuna, alkar-maitasuna, bakea.

Idoyagatar Xabier


Baltzak eta zuriak

Mundua beti mundua, eta orain be bai: len lez zoroa eta zitala. Congo, Angola, Argelia eta, azkenengoz, Estados Unidos, dira egi onen agerpen diranak. Baltzak dirala eta zuriak dirala, au edo bestea dala, iñoiz ezin alkar artu. Aita baten semeak ezin sekula ondo aitu.

Amaika alegin egin dabe ba Norteamerikako obispo, abade, fraile eta irugarrendarrak razismoaren sustrai zikin ori betiko itotzeko, baña ia dana alperrik, bermeo-bedar sapo onek beti emon dauz landare barriak. "Askatasun autobus" edo dala dalako orrek emon dau zer esan, eta zer pentsatu ugari, maiatzaren 24'tik ona.

Egia esan, asko idatzi edo eskribidu da, baña gertaera edo jasoera orrek beste pentsamentu bat dakar danon gogora: benetako kristiñau pentsamentuetatik urrun gabiltzala oraindiño ogeigarren gizaldian. Baltzak dirala ta besteko barik sasira bota bear ete dira ba personak? Lapurrak eta zikiñak dirala? Eta zer nai dogu ba beti aldenduta euki badoguz? Edukaziñoa eta patxadea sartu bear dira eta ez dot uste ori danik erarik onena orretarako. Gauzak beste era batera ikusten ez badoguz, aurrerantzean be izango doguz gerrak eta ezbearrak. Munduaren erremedio bakarra karidadea da gaur be, eta ori ikasi nai ez badogu gaur lez jarraituko dogu.

"Kollara bat eztiagaz milla barrika biñagregaz baño euli geiago arrapatzen da" diño Salesko Prantzisko Santuak, eta errazoia eztaukanik ezin iñork esan.

Montgomeryko baltz areek txarto egingo eben bear bada. Baña askozaz be txarrago egin eben Washingtonetik Nueva Orleansera joan ziran, nazitar areek. Euren asmoak gaiztoagoak eta okerragoak ziran eta.

Ezta-baida onek gauza bat erakutsi deusku, bear bada ez genkian gauza bat: U.S.A.an oraindiño eldu bako gizon asko dagoala; igarotako gizaldian indioekin izan ebezeen garraen eragillea bizi dala, paganismoak badauzala oraindiño bere jarraitzalleak.

Eskandalo aundia munduko naziñorik aundienak emon dabena. Aurrerantzean ezin arritu afrikatarragaitik edozer esanda be. Ez daukagu Afrikara joan bearrik.

Antzeko asmoak ebiltzan Hitlerek be. Amerikako bere seme bariak be gogor dagoz judeuen kontra. Antza munduko zoritxar guztiak euregandik yatorkuz. Oitura txar bat guganatu dogu: errua besteeri botatea beti, geuk jatorrizko pekaturik ez bagendu lez.

Dana dala, ezebazan buruko miñ txikiak igaro Kennedy lendakariak ganora bako gauza onegaitik. Zer esango eutsan berak Rusiako jaunari? Norberen etxea sutan itxita ausoa konpontzen joan?

Meditaziño apur bat bear dogu danok. Ebanjelio aurrean ipinita egin daigun. On egingo deusku.

Pedro Maria Uribe


Aita Imanol-ek Irlanda-tik

Adam eta Eva-ren etxea

Bai. Adam eta Eva-ren etxean egon naiz. Egia diñotsuet. Adam eta Eva-ren etxean. Antxe egon naiz. Neure begiakaz ikusi dot. Neure eskuakaz ikutu. Adam eta Eva-ren etxea! Etxe veneragarria; Gente asko joaten da bertara. Ni neu-bere, bertara joan nintzan —eroan ninduen— artez artez, Dublin-eko portura elduta laster.

San Floro

Amar egun tardatu genduan Bilbao-tik Dublinera. Egun larregi. San Floro-k ez eban euki tardantza orren errurik baiña. San Floro, kargako barku polit bat da, barri barria, millaz toneladakoa, Sanandere-ko portuan matrikulatua. Orduko 18 bat kilometro egiten ditu; eta zuzen doanean, egun bi t'erdi tardetan dau Bilbao-tik Inglaterra-ra. Amazazpi laguneko tripulaziñoa daroa: sei ofizial eta amaika subalternu. Danak gazteak, danak leberrak, danak humore onekoak. Euren artean, ezin eitekezan falta euskaldunak. Lenengo makiñistea Sestaotarra, bigarrena Usansolotarra, irugarrena Getariarra. Kapitana, Asturiarra da; Bilbao-n bizi da baiña, Bilbaotar bategaz ezkonduta. Subalternuen artean, lau dira Bizkaitarrak: Busturi-ko bi, Kortezubi-ko bat, Lekeitio-ko beste bat.

Euskaldun mariñoak

Gurako neuke jakin, zenbat euskaldun dabiltzan navegetan. Geienak, Bizkaitarrak dira, Bermeo, Gernika ta Lekeitio aldekoak. Gazte gaztetarik itxi dabe euren erria. Batzuk Terranova-ko makaillaozaleetan dabiltza. Beste batzuk, naziñoko barku merkanteetan. Beste asko —al dabenak— erbesteko itxasuntzietan. Bizibide gogorra alde guztietarik. Dempora gitxi pasetan dabe euren errian, eta ia beti bizi dira itxasoan, etxetik eta eleizatik urrun. Geienak ez dabe bear dan beste diru irabazten. Geienak ez dagoz pozik euren bizimoduaz. Zorionez, zerbait obatu da aspaldion euren egokera espirituala, Itxas Apostoladuari eskerrak. Gero ta indar geiago artzen asi da apostoladu ori Euskalerrian. Baiña, nire ustez, apostoladu orrek oso gitxi egingo dau gure itxastarren alde, eleizgizonak bakarrik lan egiten badabe, eta mariñoen familiak eurak, eskuak batuta, bape egin barik geratuten badira.

Baiona-n

Olako gauzen gaiñean sarritan verba egin genduan San Floro-ko jantokian, batez-bere Baiona-ko portuan sei egun luze igaro genduzan bitartean. Aste atan, zoritxarrez, portuko kargatzailleak gitxi zirean, eta txitean pitean largetan eutsoen lanari euriagaitik. Azkenean, kargatu euskuen barkua; baiña bitartean, itxasoa zantartu egin jakun, eta beste egun bi urten eziñik geran giñean, Baiona-ko portuak barra guztiz txarra dauko-ta. Dana gorabeera, ondo aprobetxatu neban demporea. Goizean goizean igoten neban mezea emoten katedralera, eta bein joan nintzan Bokale-ko eleizara. Bokale (frantsesez Boucau) erri bat da, Baiona-ko portuaren bokan jarria.

Irlanda-rantz

Gero ta gero-bere, urten genduan Baiona-tik, eta artu genduam Irlanda-razko errumbua. Itxasoa bare egon zan asikeran; baiña laster asi zan gaiztotuten, arrotuten, eta Irlanda-ko kostara elduarte ez eban amor emon. Itxasaldi zantarra benetan euki genduan, eta ni erdi mareatuta ibilli nintzan dempora guztian. Egun bi t'erdiren buruan, itxasoa ostera-bere baretu zan, eta goizaldean Dublin-eko portuan sartu gintzazan, aprillaren 27-an, Sierra Leona-ren Askatasun Egunean.

Dublin-en

Eldu naiz Irlanda-ra. Allegatu naiz neure viajearen akabura. Asmo bat bakarrik dakat: inglesa ikasi, ainbat ariñen ikasi, naitanaiez ikasi, gero Freetown-en Bermeo-ko arraintzaleeri lagunduteko. Gogoz beterik nago. Ain zuzen-bere, Sierra Leona-ren Independentzia Egunean bertan eldu naiz, Freetown-eko baltzak euren historiako egunik aundiena ospatuten dagozan momentuan. Patua neure alde dago urrean.

Igon eben barrura aduanako morroiak. Saludatu eusten sekulako kariñuaz. Ofrezidu eusten euren laguntziño osoa. Bete eustezan beingo baten formalidade guztiak. Galdetu eusten zein lekutara joan gura neban, eta Osborne kopatxu bana geugaz batera edanda gero, urten eben barkutik lengo kariñu ta ontasunagaz. Ogei minutu geroago, taxi bat lotu zan barkuaren aurrean. Neure billa etorren txoferra. Sentimentu aundiagaz agur egin neutsen San Floro-ko laguneri, eta aldendu nintzan eurakandik Dublin-eko kaleen barrura. Amar minutu geroago.

— Eldu gara, Jauna, Adam eta Eva-ren etxera— esan eustan txoferrak.

— Nora esan dozu? —erantzun neutsan nik, guztiz arrituta, neure ingles mordoilloan.

— Adam eta Eva-ren etxera. Entzun dauan lez, Jauna. Sartu beite barrura, eta nik baiño obeto frailleak explikatuko deutsoe etxe onen historia.

Sartu nintzan etxean. Frailleak neure begira egozan. Etxeko seme batelez errezibidu ninduen, eta egun bi eurakaz ezin obeto igaro nituan. Une orretan, argitasun guztiakaz enteratu nintzan Adam eta Eva-ren etxearen historiaz. Baiña bein astirik ez daukodan lez, urren kontatuko deutsuet dana, zabal zabal eta zertzelada guztiakaz. Agur.

Gormanston-en


Gora i mutilla!...

Bai, biba i mutilla! Gora ta aupa i!... Gaur beintzat merezidu dozak gure txaloak-eta. Onelako asko bageunkez gure Euskal-Erri onetan...

Geure errezibidore bake santuan jarrita gengozan baten, neure ezagun batek esanda daukat. Ezta-bada gozo ta xamurrean sartuta gabiltzala gogoratu yakon eta bertan esan eunstan.

Domeka arratzaldea zan. Denpora ederra egiten eban benetan eta jentea bete-betean ebillen kalean: amak beren umetxoak karroan artuta ioiazan; zarrak, makillea lagun ebela, aruntz ta onuntz ebiltzan; ezkon-gaiak edo nobioak besoz-beso eskutatuten ziran etxe bitartetan; umeak, alkar eginda, olgeuten eben danak batera. Lantzean bein ainbeste neskatil eta mutil be ikusten ziran barrez eta zarata batean, danak moltzoan nazteuta. Esan barik be, euren arteko betiko gauzatxuak kritikatzen eta atonduten leiña eutseen. Orraitxio ez izango gauza erreza saltza orretan arrazoia nok daukon igartea: ez orixe! Mutillak ederto jantzita egozan; neskak be, dotore euren erara: ganorabako jantzirik etzan agiri beintzat. Baiña oneetatik batek beren luma bako txoritxuak erakusteko gogoa eukala-edo emoten eban: batean oiñetakoak igurtzi, bestean bere ule zapareari eragin, urrengoan gonak gerrian altsau, luzegiak eukozalakoan-ta...

Eta arrituta gelditu nintzan, esan eunstan lagunak, moltzoan egoan mutil aretatik batek neska areri eskutik kurioso-kurioso kolpetzean; eta ondo begiratuaz diñotso leun-leun: "No me gusta lo que has hecho. Por favor baja un poco ese vestido, pues tienes un poco subido; y en adelante sé más recatada"...

Eta oiñ neuk amaituko dot nire lagunen ipuintxo au:

Ia seguru nago mutil au danak aurrean artuko ebela ordun. Kasurik ez eutson iñok egin ez da urretik be... Baiña ni seguru nago zuek danok, irakurleok, neuk lez pentsatuko dozuela eta zeuen barruan neugaz batera auxe diñozuela: Ni ondiño ez naz iñoiz izan kapaz onako berba zuzenak bateri esateko; oiñarte lotseak gura dabena egin daust... Kementsutxuago banintza zikiran... Mutil onen ernaitasuna baneuke, gaurko Euskal-Erria sendoagoa ta zindoagoa egongo litzake gaur.

Mutil, eupa ta biba i! Eta beste ilakoak be gora! Bearbada ire ejenplu ederra ausnartuko eban oiñgo bere biotz biginean neskatil arek... eta guk be indar galanta artu dogu ire egite on orretan!

Ementxe ikusten dogu gure artean oindiño badauzela bear diranlako mutillak eta guk uste doguzan baiño geiago dirala onaren atzetik dabizenak. Ez dot esan nai ori egiteko lekurik onena kale bete-bete bat dala eta kualidade guztiak daukozala gazteak egin dauen bierrak!... Baiña bai ejenplu bizi ona emon dabela or! Eta gu be onelako batzuk emon bearrean aurkituten garala eskotan. Ez euki ba bildurrik iñoiz, mutillak!

Eta zu neskatillea, noiz arte ibilliko ete zara zure zaia laburrekaz zurika? Ia ba, neskatillak izan zaiteze beti zuen buruen jabe! Errezpetatu daiguzan gure buruak, gero egun baten izan gaitezan familiko ama on batzuk eta onetaraxe altsau daigun gure Euskal-Erri maitea!

Anai Yon Zabalgo


Seme bi ta... naiko?

Badira seme bi daukezen familiak. Eurak diñoenez geiago eukitea estropezu bat baiño besterik ez litzake izango. Senarrari, aberatsa izan eta bere familiko amabigarren semea izan arren, seme bitik gora izatea askotxu deritzaio. Emazteak be, kontzientziaren "surru-murrua" itoten alegiñak egin ondoren, —"Geiagorik ez dogu bear! —diño—; bost, zortzi..., larregi da! Nork atondu ainbeste ume? Buf! Ori baiño apur bat nasaitxuago bizi gura dogu. Bi, ta kitxu"!

Zer deritxazu?

Nere iritxia:

Gauz onetzaz, ezin esan izango deutsut gauza barririk. Dana dala famili onen egokerea, gaztea bada batez be, lotsagarria ta negargarria da. Kontzientziaren "surru-murrua" itoten aleginduten danak, badauko barruan "zeozertxu"; emakume onek be badauko "zeozer". Eta "zeozertxu" au daben bitartean, ezin izango dau zoriontsu bizi; eta zoriontsu ez izate onek zikin-pekatuzko bizimodua ostikopetu ta Jaungoikozko bizimodua bezarkatuten ez dau lagunduko. Baiña argitu dagigun apur bat problematxu au.

Seme-alaben jaiotz eguna gitxituteko motibu edo errezoi askotara jo izanda; eta geienetan, gizatasuna gitxituteko ekarri izan diran motibu edo errozoi oneek benetakoak izango litzakez, ume-jaiotzaren sustraia kenduko balitzake. Ezkontzak ekarri dabezan atsegiñak bezarkatzen dira, atsekabeak bide-ertzera jaurtiaz. Atsegiñ goxoagaitik ezin erabilli. Eskontzako Sakramentua; ez eta ez!

Baiña ez or dana amaitu: sarritan ziñistu da Eleiza-Amak eztitu dabela eskongaien biotzean seme-alaba asko izateko gogua; txarto esana! Eleizak ez dau iñoiz esan, "Al dozuezan semerik geienak ekarri!"; Eleizak esan dabena auxe da: "Eskonduengandik pekatua urrunduteko erremediorik berebizikoena, seme-alaba asko izatea da". Ziñismendun gizon edo emakumeak, bere biotza pekatuz josi baiño len, atsekabez josi bear dau. Gañera, ez dakizu Kristok zer diñoskun Ebangelioan: "Txoriak ez dabe azirik ereiten" zeruko Aitak bizi eragiten deutsee".

Munduko izakia larregituko dala? Ona emen sustraibako itaunkerea; ziñisbakoen intaunerea. Mundura datozen izaki guztien arimak Jaungoikoak egiñak dira; alan dirausku Kristiñau-fedeak. Nork daki, bada, Jaungoikoak baiño obeto zenbatentzako tokia dagoan mundu onetan? Onegaz ez dot esan gura Goikoa'ren arduratsunari "eskua luzatu" bear eztanik, ez; ez uste izan, ostera, Jaungoikoak "esku zikiñak" estutu gura dabezanik.

Egia: gizona ez da aingerua; eta ez yagoko aingeru-begiekaz Jaungoikoa ikustea. Baiña, aberea be ezta; eta ez yagoko ondo abereari yagokozan griña zital eta zikinpean bizitea.

Ona emen esan dogunetik argitaratu geinkena: seme-alaba gitxi izateko motibu dauken eskonduentzat bide bat bakarrik dago, "GARBITASUN" bidea. Ekarkaitz unedetan erabilli lei Eskontzako Sakramentuak emoten dabezan eskubideak. Baiña... atsekabea ta mortifikaziñoa eskonduen artean bear bearrekoak dirala ez aztu!

Ez da gauza erreza; komprendidu egin bear da. Ez da ostera eziñezko gauza, ez. Bi, lau, zortzi... seme izatea ez da lelengo pentsau bear dana; lelengo pekatua birrindu, baztertu; gero gerokoa.

Ezta eziñezko gauzea: badira eskondu baiño len urte betean neba-arreba legez bizitzeko erabagia artu ta gorde dabenak; ta au gitxi balitz lez, urte au amaitu ondoren emazte garbia Jaungoikoak eroan eban beste mundura. Zer deritxazu zuk emakume? Zinismen sendoa daukonak, edozer!

Ta azkenez: ez gara lelengo izakiak mundu onetara ekarri doguzanak; gure gurasoak, gu mundu onetara, etziran bildurtu ez oskildu atsekabeen aurrean. Bizia da munduko grazirik andi ta onena.


Or, an, emen

1. ISABEL II.—Isabel II Inglaterra'ko Erregiñea ta anglikano-eleizaren buru nagusia, Erroman izan da, gure Aita Santuari ikustaldi bat egiten. Erromako abitanteak mutututa geratu ei dira Erregiñeak erakutsiten ebazan zidarrezko ta urre-gorrizko arriakaz. Baiña, orrek ez deusku ardura. Aita Santua Inglaterrako Erregiñeagaz izan eban jardunak orrexek ardura deusku. Zer esango eutsen alkarreri? Dana dala, katolikoak eta anglikanoak asi gara alkarregaz berba egiten... eta oba iñoiz ixilduten ez bagara!

2. GARY COOPER.—Il da. Zineko izar ospetsu ori, GARY COOPER, il da, betiko. Maiatza'k 13'n. Jazo orreri gure periodikoak ez deutsoe jaramon berezirik egin. Bere bizitzan, barriz, danok jakin bear genduzan Gary Cooper'en gora-berak, jakin nondik ebillen eta zetan ebillen. Orain, ostera, betiko joan jakunean, il danean, ia ez deuskue esan ezer: il dala, besterik ez. Eriotza bizitzaren jarraia dala? Il-agiñean bardiñak garala danok? Bai. Baiña Gary Cooper zelan il da ba? "Jaungoikoaren guraria egin gura dot. Eriotzak ez deust billurrik emoten. Prest nago beste mundura joateko...", orrek izan dira bere azkeneko berbak. Eta, eztozue pentsaten G. Cooper ez egoala zineko barriketatan ibiltzeko barriro?

3. KENNEDY ETA KRUSTXEV.—Vienako urian, Bagilla'k 3'n, Kennedy eta Krustxev arpegiz-arpegi ikusi dira. Berba egiteko batu ziran Vienara: ala benetako bakearen billa ala ganorabako itxurakeriak egitera, (batasuna ta munduko bakea gura dabezelakoan). Eztakigu. Baiña, negargarria de mundua gizon biren eskuetan egotea, negargarria gaurko gizonok gizon bi orren bildurrez erabiltea. Eztogu aaztu bear iñoiz: bakea ez deusku emongo Kennedy'k, ez Krustxev'ek; bakea norberak lortu bear dau, norberarentzat eta besteentzat.

4. NESKAZAARRAK.—Españian, 800.000 neskazar ditugu, au da, 800.000 neska, 30 urtetik gorakoak eta oraindik ezkondubakoak. Probintzien artean, Galizia da aurrena, neskazaar geien daukona; eta urien artean, Donosti. Zergaitik orrenbeste neskazaar? Zio bat auxe izan leike: gaurko emakumeak dirua eurengandik irebazten asi dira, ta eskontzarako bear dan beste diru batuteko urteak bear dira.

5. SANTA MARIA BERTILLA—Maiatza'k 11'n, Jaunaren Igokunde egunean, gure Aita Santuak altaretan jarri eban Sor Maria Bertilla, monja ixilla iñoiz ez entzunikoa. Patatak zurituten be ez ekiala diñoskue, ta alan da be, santa egin da. Zorionak, Santa Maria! Brigitte Bardot, Sofia Loren, Soraya... eta beste asko be, emakumeak dira zure antzera... baiña...

Pello-Mari