ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 87

ZEZELLA (2) 1962

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


Deportea

Gaur egunez gure erriak buruz bera dabiltzan gauzea deportea dala esan bearrik ez dago. Baña deportista, ondoreko eta gure errietako kristiñau guztiak deportea zer dan eta zelan begiratu bear dan ez dakie. Au dala ta, ondo egongo da Pio XII-nak Bilboko Atletiri agertu eutsazan erakutsiak ekartea. Ara batzuek:

1.—Sarritan etorri iataz, zuek gaur legez, beste ekipo asko, eta zabalik egon dira beti gure ateak; baña zuentzako aparteko era batean: zeuek zarielako.

2.—Berba oneek ez uste izan zuen futbolista fama aundiagaitik diñotsuedazanik; ez, nire belarrietara eldu dan beste entzute bategatik baño; eta entzute onek beste guztien ganetik ipinten zaitue: ekipo aundi bat zarielako, bai futbolean, baña batez be erlijiño eta barruko jokoetan; deportista bizitza eta arimako bizitza, biak batera, ondo eroaten dakizuelako.

3.—Zorionak, seme maiteak, Italiako lurretan egindako gauza ederragaitik; deportista ona izatea ez da beti irebaztea ta; ori baño geiago, ikurrin bat ondo tente iztea.

4.—Deportia, eta batez be futbolea, kristiñau birtuteen eskola bat izan leike: norberantzako eta bestientzako. Ain eskatzen iatzue sakrifizio asko!

5.—Deportistearen birtuteak: apaltasuna erakuslearen aurrean; ausarditasuna egoera txarretan; leialtasuna jokuan; espiritu aunditasuna bear dan moduan galtzeko; karidade aundia bestea mindu barik irebazteko.

6.—Bestientzako birtuteak: ixentatutako tokia ondo artzea; norbearen txaloa alde batera itxirik ekipoari laguntzea; bear dan legez eta al dan guztia emotea.

 7.—Norberaren barruko bizitzan be olantxe zaindu bear da sarritan kanpua, jokua irebazi gura bada beintzat: arrizkoa datorrenian atzeratu eta bear dan denporan aurreratu.

8.—Aurrera ba, seme maiteak, eta ejenplo ona emon alde guztietan; deportistak lez, gizonak lez eta kristañauak lez. Egun aundiak eta ederrak opa deutsuedaz, eta Jaunaren laguntasuna izan dedilla beti zuekin.

Antonio Zubizarreta


Gurasoentzat

Paris ondoko erritxo batean, 31 urteko aita batek bere semetxoa il dau. Zer dala-ta?

"Zopea jaterik ez eban nai eta jo egin neban" —autortu eban epaillearen aurrean.

Eta bai jo benetan! Il arte!

Andik egun batzuetara, au be Prantzian, andra bat, Andrée Pebeyre, juzgatua izan da. Zergaitik? Bere iru urteko alabatxua il daualako.

Umearen gorpurtzean 26 zauri eta jostorratz zaztadak aurkitu dira, atzamar bat maillukaz zetua eukan eta ekonomikako txapa gori gaiñean ipiñiaz egindako erre-unak.

Andrée Pebeyre-k, azken zigorra emon eutsoela jakitean, zergaitik kondenatu eben bera, beste ainbeste ama libre egoazalarik, itaundu eban.

Kontuz gurasoak! Gurasoak, kontuz! Zure seme ori, zurea baiño Jaungoikoarena da leenago. Jainkoaren errespetuz asi egizu seme ori. Semeak ez dira trapu zarrak legez ostikopean ibilteko. Zigortu bai, baiña merezi dabenean, eta egundo be ez merezi baiño gogorrago.

Bigunegi ez, baiña gogorregi be ez!

***

Amaren bidea jarraituz, Ingrid Bergman-en alabak bere lenengo ezkontza ausi dau. Urte ta erdi baiño ez da ezkondu zala. Maitasunez urtu bearrean ebillen itxurea, eta, iñori ezer esan bage, gau batean ezkondu zan. Gaur, zine artisteen artean sartzeko, gizona laga dau.

Artista izateko iru edo lau biderrez ezkondu bear ba-da, ara or Ingrid bide zuzenetik.

Errua norena?

"Umeak zer ikusi, a ikasi" —esan eben lenakoak eta etzan makala euren jakituria.

Andrazkoa nagusi

Egundoko gertakizun bat jazo da Inglaterra-ko eleiz batean. Ezkontzako elizkizunean egoazan danak zorabiatu egin ziran. Senargaia izan zan lenen jausi zana. Gero ezkontzako aitabitxia; jaustean bekokia edegi eban eta beste bat ipini bear izan eben bere ordez. Abadea bera be jarleku baten bearrean egoan sakristira orduko. Bat bakarrik gelditu zan tente: andregaia.

Eta esan gero andrazkoak aguro biotz-ikaratzen direala!

Benetan ala adarra joten?

Williams Newman, Inglaterra-ko osagilleak diñoanez buruko uleen koloreak egiten dau ezkonduen arteko zoriona. Ule illun edo gaztaiñ kolorekoak daukezan andra gizonak ei dira zoriontsuenak. Ortik asi eta geroago eta gitxiago ule baltzak eta gorriak, gaztaiñ kolorekoak eta argi ondulauak, baltz ondulauak, eta azkenik gaztaiñ kolorekoak eta baltzak.

Ez aaztu, ba, ezkongaiak eta kontuz ibili!

— Baiña orretarako ez da aldatu bearko uleen kolorea, ezta Willians?

Ez nekian zoriona ain merke egoanik.

Aszensore barria

Milan-en gertatua da.

Sartu zan andra gazte bat aszensor-ean eta tik, sakatzen deutso botoitxoari, eta geldi, aszensorak ez dau igoten. Sakatzen deutso barriro be eta geldi! Eta ostera be, eta geldi! "Argirik ez dago ala?" —itanduten deutso atezaiñari. "Bai, erantzuten deutso, argia bai baiña aszensore ori berria da eta ume bateren pixua gaitik ez dau igoten".

"Pixua ete da ba ume ta zarreen esaugarria?" esanaz an doa gure andra gaztea mailletan gora "umeak" legez.

Baekian aszensor-ak zenbatekoa zan pixua, baiña norena zan ez.

Arriola-k


Neskeen nabarmenkeria

Bizkaitar neska maitea, gaur zeuregana nator zeozer esan guran. Bear bada, artikulutxu onen titulua ikusi ondoren apur bat asarretu egin zara. Ez daukazu zetan asarreturik. Ez jat aiñ gogokoa iñoren kontra, ta batez be emakumeen kontra idaztea. ANAITASUNAK "ANAITASUNEAN" idatzi bear dauz bere artikuluak. Baiña "anaitasun" onek ez dau esan gura egia esatea galazota daukagunik, ez. ANAITASUNAK eta EGIAK bat-batera joan bear dabe: Anaitasuna, Egia.

1. Aundikeria askotan ordaindu egin bear da!

Aundikeria, ona emen gaurko pekaturik aundiena. Gaurko pekatua esan dot, baiña betiko pekatua esan bear neban, bai, betikoa! Lelengo pekatua aundikeri bat izan zan. Gure lelengo gurasoen pekatua, aundikeri bat izan zan. Gure gaurko naziño indartsuen pekatua, aundikeria da; zertan gastetan dabez euren diruak? Mundu guztiaren aurrean zein baiño zein aundiagoak agertu daitezan. Aundikeria da gaurko naziñoen pekatua; aundikeria da gaurko gizartearen pekatua; ta..., parkatu gazte biotzekuok, aundikeria da zuen gaurko pekaturik aundiena.

Zenbat neska polit, baiño arro, geldituten dira ezkondu barik! Zergatik? Eurentzako Jaungoikoak aparte egindako mutillik ez dabelako aurkituten. Neska asko mutillaren diruan, edo tituluan, edo aunditasunean baiño besterik ez dira kargututen; ez dira konturatuko mutilla biotz-onekoa, elizkorra, beargiña, apala bada, ez. Lelengo maillan dirua; bigarrenean tituloa; ta irugarrenean... zer? Ganorabako familia!

Neska asko, danak ez!, erririk erri ibilten dira titulodun mutil bategaz maitemindu arte. Tituloduna, diroduna, fama aundiko mutilla bear dabe; zertarako? Senarraren tituluaren bidez eurak be fama aundikoak izan daitezen. Zer itxaron geinke neska oneetatik? Zer itxaron geinke neska oneek osatu edo formau daitekezan familietatik? Arrokeria franku. Amaikatxu zorion bageko aurkituten dira diro asko ta fama aundiko familietan! Titulodun edo dirodunarekin ezkondu arte estu; ta ezkonduta gero negarra ta zoritxarra franku. "Bere burua goian ipini gura dabena, apaldua izango da", esan eban Jesus-ek. Jesus-en berbak, Jesus-en berbak dira neskatxo! Aundikeria, askotan beintzat, ordaindu egin behar da; batzuetan, ezkonduta arakoan; beste batzuetan, ta amen ezta asko obeto!, "neskatzaroan"...

2. Nabarmenkeri santua bear dogu!

Neska geienari, danari ez esatearren, eziñeko amets aundi batek ots dagie barruan. Zinean artista famatu bat ule zuriz, edo gorriz, edo baltzez apainduta ikusten ba dabe, eurak be ule zuriz, edo gorriz, edo baltzez apainduko dira. — "Noiztik ona naz ni artista ori baiño gitxiago? —esan daroe euren barruan—; Artista ori baiño motzagoa naz ni nunbait? Ez orixe!..." Eta au esan ondoren, etxeko ondasun guztiak gasteu bear ba dira be, ez da geldituko areik eta artistaren antzekoa kalean agertu arte. Bardin gertatu oi da aldizkarien baten ikusten dan fotografiagaz edo radiotik entzun oi dan abots ederragaz be. Baiña, zorionez, edo zoritxarrez, neska guztiak ez dira zine-zaleak, ez aldizkari-zaleak, ez radio-zaleak. Baiña, zuek be, neska maiteok, ez uste izan aundikeri-arriskurik ez daukazuenik. Zuentzat be ba-dira arriskuak. Esate baterako, baserrian bizi zara. Zeure auzoko neskaren bat kalera ezkondu da ta ondo bizi da. Notizi onek inbidia emoten deutsu, eta zeuri be kalera joateko amets zoro bat sartu jatsu. Noren inbidia euki bear dozu zuk? Jaungoikoak danak kalerako egin dabezela uste dozu? Zergaitik ez zara konformaten zeure bizi-lekuagaz, zeure erritxoagaz? Neskatxo, ez gaitezan arroak izan. Beste neska guztiak "sentimentuzko mundutxuagaz" zoratuta ba dagoz be, zu, bizkaitar neska, "egizko munduan" bizi zaitez. Askotan, zoriona gitxien uste dan tokian aurkituten da. Ez eizu euki, bada, ez artisten inbidirik, ez ule-gorridunaren inbidirik, ez "narru-gorrian" dabilzanen inbidirik. Zoaz egizko-bide zuzenetik, apal-bidetik, garbi-bidetik!...

Idoyaga-tar Xabier


"Mater et magistra". Egia, justizia ta maitasuna. Gaurko bizimoduak erakusten daben aurpegi illunena: "Jaungoikoa ukatutea"

Leku danetan aitatuten da gure Aita Santu gozoaren izena. Eta arrazoiagaz! Bere egitekoak eta bere arazoak ikusi ze besterik ez daukagu: benetan aundiak gero! Larogei urteko agure biozdun onek gazte-giroa emon deutsa Eleizeari; bai, gaztetasuna, indar-barriztea...

Eta ganera, onezkero eukiko dozue oraintsu atara daben Enziklika jakingarriaren barri. Bai orixe. Benetan erakutsi aundikoa danontzat gaurko soziedadean, "Mater et Magistra" izena daroan Enziklika au. Miragarria benetan! Emen jabilku soziedade gixajoa, problemaz leporaiño josita, illunpe utsetan nora joan ez dakiala. Bai, nora jo ez dakiala... Eta igarrian be, Aita Santuak Enziklika onegaz argi egiten deutsa. Ona emen, bertan agiri diran gaur-eguneko problema nagusienak, Aita Santuaren berba beroak ondoren doazala:

 1.—Komunismoa: biergiñari ogia larri asko barik eskeinduten ondo dakiana, baiña gizonari zor jakozan libertade ta begirapenaren trukean. Aita Santuak olan diño: "Bakotxa-berak bere ondasunak eukiteko eskubidea beti izango dau, Jaungoikoak emon deuskun desegin-eziñeko berezko eskubidetik dator lege au-ta".

 2.—Kapitalismua: batzuk aberatz eta beste guztiak mixeri gorrian. Kolonialismu okerra be bardin: indar gitxi daukeen naziñoen kontura bakotxarena aberastutea. Aita Santuak auxe diño: "Ekonomian bide zantarra daroa, dabezan ondasunak bear dan lez bere menpekoen artean banatuten ez dituan erriak". "Naziño guztiak, famili bateko anaiak legez, alkarreri lagun bear deutsoe: asko daukanak besteeri emonaz, danak euren ekonomia bide onean ipiñi daien".

 3.—Totalitarismua: onek, komunismua legez, libertadea ta eskubide osoa kenduten deutsa gizonari. Gobernua izaten da onelakoetan danaren jaun ta jabe. Eta Naziñoa gobernuaren menpean barik, gobernua Naziñoaren menpean egon bear dau. "Estaduak zaindu, eragin, lagundu ze beste egin bearrik ez dauka. Naziñoko bere gizonakaz", diño Aita Santuak.

Ta azkenez, Enziklika au amaitukeran diñosku Aita Santuak: "Teknika ta ekonomia-aunerapenak bide ezin obea eroan arren, gaurko munduak ez dau aurkituko justiziarik ez bakerik, gizonaren Jaungoiko-semetasun dignidadea bear dan maillan jarten ez badau. Ta au, "Jaungoikoa dalako justizi, egi ta maitasunaren iturri bakarra": eta orregaitik bere ta bere alboan bizi diranen areriorik amorrotuena, Jaungoikoa eleizarako bakarrik gorde ta eguneroko negozioetatik jaurtiten daben gizona da". Jaungoikoagandik eskapan gabiltzan bitartean, gure gizarte zatitua ez da osotuko. Ez da gitxiagorik be.

Eta Eleizearen dotriñea ta bere deia ez da kuriosidade bat legez entzun eta bertan bera ixten dan traste bat gero: ezpabe, ondo ausnartu ondoren; geure bizitzan zear billurrik barik erein bear dan azi bat baiño.

Bai, irakurle, badakit noraiñokoak diran, gure geregoikeriaren sustrai sakonak eta zenbat sakrifizio eskatuten jakun Eleizearen esan au betetzeko. Baiño ez dago besterik: egia ta justizia nai badituzu, zure bizitza trankil-gozoa itxita, alarauka bada be. Eleizeak erakusten deutsun aldatz gorrian gora jo bear dozu: bestela katolikua ez baiña txori-jabola biurtuko zara...

Ona emen, ba, bear dan baino laburrago bada be, gure Aita Santu aundiak gaurko problemari buruz agertu daben burubidea: kristiñauen egin bear bakarra! Ondo artu daiguzala guztion Aitaren berba bedeinkatuak.

Jauna, Zeuk emon deuskuzu, beragandik Zure berbea artu daigun eta egiazko bizitzearen bidea ikasi daigun. Eskerrak, Jauna.

Anai Yon Zabalgo


Esamesak

Txomin Zorriren ezkontza

 Zelebriagoa zan zelebriagoa nik diñotan mutil au! Baldar eta traskillagorik ez dot sekula ezagutu. Kitanoak eurak be ez a bestean. Ezta!

Gorputza oker-oker eginda, bizkarrean maleten bat eroiela antz emoten eban. Euki be gero baeukan tontor bakotxik!...

Janzkeran barregarria, iñor izatekotan. Fraka ta alkandora zar-zarrakaz beti. Adurra be baerion aotik ugari. Ta tontolin bat irudian. Baña listoa zan, oso listoa deganiñoa alakoa!

Txomin Zorri deituten eutsela? Asko ardura eutson berari, barre ordez txikitotxu bat emongo baeutsen...

***

Igarriko zeinkie, irakurleok, zein burutasun etorri yakon bein gure mutil oneri? Ezkondu egin bear ebala, ta ezkondu egin bear ebala, edadea be baeukala-ta! Bero asi zan gure mutilla burutasun onegaz.

Baña gizajoak ez ekizan, antza, neskatoen gustoak.

— Txomin Zorrigaz ezkondu? Jajai!... Tximiñoi bat baño motzago zan aregaz!...

— Ezetz, e? Ondo dago, ondo. Mustur-musturretan joko zaituedaze ba danok, sorgin-petral-erriok!

Ta gure Txomiñeri bere biziko gogorakizun bat emon eutson buruak. Ezkondu zan, bai, ta auzoko neskarik ederren eta aberatsenagaz ezkondu be. Miren Arantxagaz beragaz, aor!

Zelan irebazi eban Miren Arantxa? Ori itxi bere kontura. Beingoan asmauko deusku iñoizko erarik politena-ta.

Miren Arantxa guraso eta anai-arreba bakoa zan. Neskamea eta bera bakarrik bizi zirean etxe eder atan. Txomiñ Zorri baño urte bi zarragoa zan. Baña zar-izate onek ardura ete eutson gero gure Txomiñeri? Bai zara! Miren Arantxa eder eta aberats zan guztiz, ta Txomiñ Zorri lako ogei lilluratuteko naikoa zan neskarik. Untzea au eban Txomiñek: Miren Arantxaren biotza zelan irabazi.

Baña, bai, agoa zabalik geratzeko egoan mutilla!...

Illuntze-aldean Miren Arantxanera joanda, bere neskameagaz egin eban berba. Txominek, abotsik gozoenagaz, agertu eutsazan bere burutasunak neskameari. Lagun izaten bayakon, ondo baño obeto sarituko eban gero.

Sari on baten ordez ez eutsan lagunduko ba neskameak Txomiñ Zorriri! Bai pozik be!

Ta gau aretako, onoko au gertu eben bien artean:

"Txomin Zorri, ixil-mixillean, Miren Arantxaren oe-azpian sartuko zan. Miren Arantxa oeratutakoan, oiari bultz eragiñaz, esango eban Txomiñ Zorrik: — "Miren, Txomiñ Zorrigaz ezkondu bear dozu. Osterantzean neugaz zaroat". Miren Arantxa, jakiña, neskameari deika asiko yakon. Orduan neskamea joan, eta gela guztia ikusiko eban, iñor egoanentz. Ta, amets bat izango zala-ta, barriro joango ziran biok lotara. Iru-lau biderrez egingo eban au. Ta azkenean... Baietz Miren Arantxa Txomin Zorrigaz ezkondu!...

***

Txomin Zorriren poz-ikarea burubide au izan ebala-ta!...

Eldu zan gaba. Amabiak ur-urrean... Ai ene; Amabiak jotean Miren Arantxak bota eban txilioa!

— "Juani! Lapurrak! Erdu arin!..."

— "Zer lapur edo! Zer jasoten yatzu, Miren?"

— "Ara, Juani!..."

Ta Mirenek jakin arazo eutsan gertaturikoa. Neskameak, baña, iñor topau ez geia guztian.

— "Ametsen bat izango zendun, Miren. Egizu lo, ezeren ardura barik".

Nekez baña, ordu erdi barru lo egoan Miren Arantxa. Txomiñ Zorri, ostera, iñoizkorik itzartuen.

— "Ondo yoak gauzia! —esan eutsan kolkoari— Tirok, beste apaskadatxu bat".

Ta lengoa bera egiñaz, lengo ber-bera esan be esan eutsan. Zerau: Txomiñ Zorrigaz ezkonduten ezpazan, beragaz eroango ebala.

Miren Arantxaren barrua nork jakitera emon? Azurretarañoko bildurrez egoan gizajea. Ta ia berbarik be egin eziñik, deitu eutson bigarrenez Juaniri laguntasun eske. Juanitak, baña, oraingo onetan be iñor topau ez kuartu barruan.

Norena ete zan gero abots a? Jaungoikoarena, bear bada!... Barriro entzungo baeban, baietz erantzun bearko eutsan: ezkonduko zala Txomiñ Zorrigaz.

***

Ordu bete inguru igaro da. Gaua bake-bakean... Katuen miau bat be ez da entzuten inguruan... Onetan, Txomiñ Zorrik, lepoagaz oea artu-ta, iñoizko bultzadarik aundienak emonaz, diñotso abots gogorrez Miren Arantxari:

— "Txomin Zorrigaz ezkonduko zara, ala neugaz zaroat?"

— "Bai, ezkonduko naz, ezkonduko naz"...

Ta gizajea, taupadaren taupadaz biotzak urten bearrean, neskamearengana joan zan arrapaladan, gelatik igeska.

Bien bitartean, gure Txomiñ Zorrik, zer? Zast!, iges egin eban bere etxera. Eta —ez deustazue siñistuko baña— gau ta goiz guztia igaro ebazan bizarra kendu, jantzi barriak ipiñi ta gorputz-arpegiak txukun-txukun jartzen.

Goizeko amaikak inguruan, Miren Arantxa gau atan jazorika esaten etorri yakonean, Txomiñ Zorrik bere biziko arpegirik alai eta gozoena ipiñi eutson, ta poz-adurretan artu eban "bere Mirentxuren" barri zoriontsua.

Bene-benetan be gero, Jaungoikoa on-ona ete zan gero gure Txomiñ Zorrigaz?!...

***

Iliabete barru, alkarren senar-emazte doguz gure Txomiñ Zorri ta Miren Arantxa.

Arratsaldietan-da besotik oratuta, emazteagaz, pasioan ikusten ebenian:

— "Ola, Don Txomiñ! Arratsalde on" —agur egiten eutsen erritarrak.

Ta Txomiñ Zorrik, irribarrerik gozoenagaz:

"Baita zueri be!" —erantzuten eutsen.

(IPUIN-BARREKA liburutik jasoa)


Or, an, emen

1961 olakoxea izan iaku

1961-ko urtea periodisteen lagun aundia izan da. Ainbeste barri eder euren jakinaiari emon dautsoz: Ez dira izan danak, zoritxarrez, atsegingarriak; sarritan garratztxoak. Ona emen gertaera aundienak.

Kontuz: radiaktibidadea!

Nuklear armako pruebak debekatuak egon arren, errusitarrak 50 megatoiko bonba nagusia bota dabe. Ala izan arren Errusia-ko periodiku eta radioek erriari ez deutsoe ezer esan, radiaktibidadearen bildurra izan ez daien. Orrela dira politiku asko; guzur utsak. Kristo-k esan eban legez illobi zurituak. Radiaktibidadearen bildurra danori azurretaraiño sartu iaku.

Igetargirantza

Errusitarrak goialdetara lenengo gizona jaurti dabe: Gagarin. Lurrarri bira batzuk emon ondoren, Errusia-n jatsi da. Aste bi geroago iankitarrak beste gizon bat bota dabe, Shepard. 200 km. gorantza iruntzi dauz. Errusiatarrak barriro be Titov bialdu dabe eta ogei ta lau ordutan lurrari amazazpi bira emon deutsoz. Goialdeko burruka gogor onetan errusitarrak dira lenengoak.

Kuba-ko gerra

EE.UU.-ek bialduta, antikastristak marxismuaren atzaparretatik Kuba ateratera joan dira. Kastro-k ejerzitu guztiak astindu ta antikastrista guztiak zapaldu dauz.

Ona emen Krustzev-ek Kennedy-ri bialdu deutsana: 13.000 km-ko proiektilek daukoguz. Neurtu, egiten dozuna. Maiatzaren 1-an Kuba "Nación Socialista" aitortua izan da. Iankitarrak arerioa musturren aurrean daukie.

Mr. H. il da

Dag. Hammarsjold, batasuneko nazioen sekretarioa iraillaren 11-an il iaku. Tshonbe-gana ioiala abioia jausi ta kiskaldua izan da. U'Thant, birmanitarra, sekretario barri izentatu dabe. Politika bardina daroa. Txeko, errusitar ta beste ainbeste komunista Kongo-n garbitu dauz.

Katanga

Elisabetville ikaragarrizko gerra tokian biurtu da. Batasuneko nazioak alde batetik eta katangatarrak bestetik. Tshonbe-k Mobutu-ren azpian ez dau gura egon. Gauza guztien zuzterra: dirua. Urtero Katanga-k lau milla milloi pesetaren balioa ateraten da minetatik. Mobutuk diru au bereganatu gura dau; Tshonbe-k ezetz diño. Eta bitartean gerra ta gerra. O.N.U.-k atserriko indar guztiak jaurti gura dauz Errusia sartu ez dedin.

Esku barria

Kennedy EE.UU.-ko lendakari izendatua izan da. Itzelezko problemak agertuten iakoz Kennedy-ri: 5.000.000 beargin EE.UU.-en paratuta, Hispano-Amerikaren gorrotoa, Europa-ren epeltasuna ta... Errusiak dakarren maillu otsa. Kennedy-ren oroimenean Roosevelt-en irudia dago: berbetan labur eta egiñetan luze. Bear-bearrekoa dan politika barri baten zai dago mundua.

Frantzia-n naste-borrastea

De Gaulle'ek Arjelia-ri emondako askatasuna ejerzituak txarto artu dau. Lau jeneral, onenetarikoak, beren kontra altsa dira. Frantzi osoa gerra zibil baten bildurrez bizi izan da. De Gaulle'ek esan dau: "Daukadan guztiakaz burrukatuko dot". Azkenean jeneral guztiak menperatu ta "trabajos forzados"-etara eroanak izan dira. Ala ta guztiz be Arjelia De Gaulle-entzat agin ustel bat da: geroago ta ustelago.

Atzo, bai; ta gaur, ez

Komunistak XXII-garren batzar nagusia izan dabe. Stalinismua kondenatua izan da. Bere azurrak Plaza Gorriko mausoleotik atareak eta Kremlin-en azpian ipiñiak. Stalin dala ta ez dala, Mosku eta Pekin ez dabiz batera. Malenkof, Vorotxilof, Molotov, Yukov, baztertuak izan dira. Krustzev-ek arerioak il ez ezik baztertu egiten dauz. Zelako diplomazia berana.

Teloi barria

Krustzev-ek alemanitarren aurrerapena ezin ikusi dau. 1945-n legez ikaratu egin da.

Berlintarrak, komunismuaren bildurrez danak sartalderantza datoz. Lotsa au tapetako errusitarrak, Berlin erdi-erditik ebagiaz, ladrillozko teloi barri bat jaso dabe. Berdin da. Berlintarrak bardin datoz. Kennedy-k esan deusku: "Berlin-en eutsi egin bear da, eutsi". Berlin-go goraberatan errusitarrak eta iankitarrak, danak, soratuta daukoguz.

Galbao

Enrike Galbao Portugal-ko ejerzitotik urtendakoa da. Mutiko batzuk armatu ta "Santa Maria" trasatlantikua atrapatu dabe. Ioian jentea aste batzuetan ikaraz ta bildurrez bizi izan dira. Azkenean, Galbao Rezife-n entregatu eta "Santa Maria" Portugal-era ekarria izan da. Galbao-k Angola-ra joatea gura eban. Aste batzuk geroago Angola-n gerra asten zan. Goa be portugesari eskuetatik ba-ioakie.

Arana-k