ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 87

MARTIA (3) 1962

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


Indar aundi biak

Maitasuna eta gorrotoa ¡Gorrotoa eta maitasuna!

Zein gogorragoa? Zein altsuagoa? Zein sendoagoa?

Batari begiratu, eta berak dirudi. Besteari begiratu, eta besteak.

Izan be, munduko indar aundi onen jokoa soka-tira bat dirudi. Batean bata jo ta ke garaille bakarra lez; eta gitxien uste dogunean estroposu ondamengarria. Garaitua egoala uste genduana, arerioaren ganetik pasa eta pauso gogor eta sendoan ikusten dogu.

Zein da ba Altsuagoa? Auxe mundu onetan sekula jakingo ez dogun beste egi bat.

Goethek edertasun eta garbitasunatzaz diñona esan bearrean aurkitzen gara alan be: eskuak emonda lur onetan ez doguzala ikusiko. Bein edo bein bide bardiñean aurkitzen badira, atzea laster emongo dabela, eta bide bana artuko dabela; bata, garbitasuna naigabetuta; eta bestea, edertasuna, arro eta burua ondo jasota.

Kain zantarrak bere anai zintzo Abel il ebanetik ona, gorrotoaren indarra itzala eta alde guztietan ikusten dana da. Gerratiak dira egi aundi onen agerpenik garbienak. Istori guztia ez da ba kontixu gorrotu indarraren kantu bat?

Bai, egia da; baña ez maitasunak berena ez daukolako; eta bear bada milla bidar ederragoa eta gozoagoa. Baña kantu ori biotz-bera, garbi eta apalak bakarrik entzuten dabe. Eta bere abeslariak ez dira ain ugari eta zalaparta zaleak. Maitasunaren kantu edo abestia gitxik entzun eta kantatzen dabe. Apartekoa izan bear! Eta gaur mundua dagoan lez badago, gosez eta bildurretan dar-dar, orrexegaitik da: maitasun soñu gozoa entzun bearrean, gorrotoaren garraxia eta txilioa entzuten direlako.

Dana dala, Jaungoiko bat dago, eta Au bai, Au sikiran maitetsu eta maitasuna da, eta uste dogu, ordua datorrenean gauzak bear dan tokian ipinten jakingo dabela, Eta bein edo bein gorrotoaren inpernuko burua txikituko dabela. Itxaropen pozgarri au barru-barruan daroe gizon zintzo guztiak. Baita bear be!

Txalogarriak eta aupagarriak munduko periodiko askok arazo onetan egin dabezen indarrak. Euren artean Bilboko "GACETA". Gabonak zirealata periodiko onek ekarri ebazan bost ume aren erakutsiak gumutagarriak dira. Ori da bear dana erakustea. Ez Erregen egunean pistola eta ametralladore asko ekartea.

Erretratotxo orretan, Scelba, Italiako ministroa ikusten dozue, bertako neskatilla onenari medalla bat ipinten. Orrek bai, orrek merezi dau, eta Sofia Lorenek baño geiago.

Antonio Zubizarreta


Ume gaizkilleak Espaiñian

Espaiñian bertan, 100.000-ko 248 ume gaizkille dagoz.

Bosteko-lau mutillek dira, seitik amasei urterainokoak.

Amairugarren urteraiño geienak mutillak dira ta ortik gora, neskak.

Askotan problema au guregandik urrun bai-legoan jokatuten dogu, New-York, Paris edo Erromako problemea dalakoan. Ta ez dogu jakin gura gure artean, etxean, Madrillen, Barcelona-n eta Bilbon ikusten dana.

Gaiztakeriak

Mutillak eta neskak egiten dabezen okerkeriak ez dira bardiñak. Mutillen artean lenengoa lapurkeria da. Ta neskan artean inmoralidadea. Ona emen, "Vida Nueva" errebistean arturiko numero batzuk: mutillak 100-ko 60,2 lapurrak dira, eta inmoralak ostera 100-ko 21. Baiña neskak, 100-ko 40 inmoralak eta lapurrak 100-ko 31.

Nun dago sustraia?

100-ko 10,2 sasikumeak dira ta 100-ko 18 umezurtzak. 100-ko 13 iru edo lau seme daukezan familitakoak dira. Eskola umeak edo eskolara joateko edadean arkituten direan umeak geienak: 100-ko 39,5.

Emendik ara, eta andik ona, zeregin barik, eskeko ta golfo moduan dabiltzanak, 100-ko 28.

Gurasoak

Ume oneen gurasoak beti dagoz etxetik urrun. Aitak, erdiak baiño geiago obreruak dira, ta amak, krixeda moduan dabiltz, Neska-mutil oneen amarik geienak, 100-ko 86, etxetik kanpora ari dira lanean. Beste asko etxetik kanpora, baiña lanean ez...

Umeak danagaz konturatuten dira, begiak zur daukeez-ta. Ze edukaziño da au?

Eskolea

Utsa ta otza da ume gixaju oneen eskolea. Neskatuen artean 100-ko 34 ez dakie idazten, ez irakurten, ta gañerakoak emendik gora, gitxi. Geienak ez dabe eskolako aterik ikusi. Lanagaitik 100-ko 12,7, nagikeriagaitik 100-ko 76,4, ta beste arazo batzuekgaitik 100-ko 10,9.

Familia

Nolako familietatik datoz gure ume gaizkilleak? Famili pobre edo diru gitxikoetatik 100-ko 67,4; miserian itota dagozenetatik 100-ko 15; familia-mailla onek ume gaizkille geiago emon bear leukez, baiña... Dirutsu izan ez arren, ondo dagozan familiak numero oneek emoten deuskuez 100-ko 14,18; azkenik aberatsak 100-ko 2,4,

Bizi-lekua

100-ko 73,7 uri aundietan bizi dira, ta 100-ko 27,2 erri txikiagoetan, erri aundien alboetako auzoetan. Ez da au okerrena. Moltzoan, jente asko edo larregi dagoen tokietan dabiltz ume oneek zarrapastaka, ta jakina, onelako tokietan gauza txarrak onak baiño frankoago eta errezago erneten dira. 100-ko 6,7 etxean erakuspen txarrak ikusten dabez; 100-ko 26,8 erlejiñoa alde batera itxi dabe ta bardin egin dabe moralegaz 100-ko 57-k.

Lagunak

"Ezaidazu nogaz zabiltzan, eta esango deutsut zer zarean". Arrazoia eukan au esan ebanak. 100-ko 77,4 ume euren lagunak alperrikaldu dabez. Lagunakaz kontuz! Orain dala urteak lagunak izango zirean bakarrik, baiña gaur ez. 100-ko 12,5 ume, zine, telebisiño ta erradioagaitik galduten dira. Ta nok daki, izan lei betirako.

Guraso maiteak, gorde zuen semetxuok, baiña ez gurasoak bakarrik, danok gorde ta zaindu daiguzan gure umeak, aita ta ama ez dira naikoa. Guretariko bakoitzak ipiñi bear dau bere laguntasuna. Gizarte osoaren arazoa da au. Barriz egunen batean arpegira jaurtiko deuskue eurengaitik egin ez genduana.

Leopoldo


Zure semeak, zer?

 Familia beti izan da ta beti izango da gizartearen oñarria. Famili barik ez dago ez santurik, ez Eleizarik, ez gizarterik, ez... (zerurik esatera noian!). Familia gauza iskiñ eta santua da. Derrigorrekoa dogu gizartean familiaren izatasun edo esistentzia. Baiña, familiatzaz izena jakitea barrik ez da naiko, ez; famili on bat gura ba-dogu osatu edo formau, familia zer dan ikasi bear dogu, ta ez gitxi-goraberan ezkondu. Amaikatxu liburu eder eta aldizkari ba-dabil gure gizartean familiko goraberak, familiko problemak oso polito dakarzenak! ANAITASUNA-k beronek be familiatzaz beti idazten dau zeozer. Ez atera, ba, atxakirik. Irakurri danok, baiña batez be zuek, ezkontzara zoazenok!

Semeak familian

Familiko bierrik gogorrena, gatxena, famili baten eginbearrik aundiena seme-asitea eta seme-ezitea edo edukaziñoa da. Ez dago dudarik.

Gaur, ostera, seme asite eta batez be seme-ezite oneek ankaz-gora dabiltz toki askotan. Nun dago gatx onen sustraia? Seme-astea ta seme-ezitea beti izan da familian bier mingotza, gogorra; seme-asteak beti sortu izan dauz buruausteak, lorik bageko gabak, negar-malkoak. Atsekabe oneek, ostera, beti iraungo dabe familiaren erraietan; Jaungoikoaren legea bai-da!...

Gaurko famili askok, danak ez Jaungoikoari eskerrak, bear bearrezkoak diran atsekabe oneek lar-arindu, jaurti egin gura dabez eurenkandik; eta au ez, ez ta ez, ezin daiteke egin! Komodidadeak, aurrerapenak ondo dagoz, eta, gauza onak dira. Aurrerapenak gauza on asko daroa gizartera, familira; baiña aurrerapen larregiak familia auldu, indarbagekotu, gurasoen kemena gaixotu, seme-alabenganako maitasuna epeldu egiten dauz. Gaurko guraso askok ez daukee gorputzez eta arimaz gogorrak diran semeak asteko iluziñorik; seme-alabeen edukaziñoa eztropezutzat artzen dabe. Gurago dabe jaitik jaira ibilli ume mantarrik bage. Semeak euki baiño len, dana lorea, dana atsegiña; baiña ondorengo atsakabea... ez. Nun dago, ba, Kristiñautasuna? Nun Kristoren Kurutzea? Kurutzea jaurti? Ez uste izan gero Kristo-ren denboran be "Kurutzea" inbentorik aundiena aundiena zanik, ez! Kristo-renak ba gara, artu daigun lepoan kurutzea!

Semeak ez dira abereak!

Ondo dagoz kriadak, ondo kolejioak; baiña, bear diranean; geiago iñoiz be ez. Famili askok kriadak daukeez semeak asi ta eziteko; au ondo dago bearrekoa danean. Askotan gurasoak euren automobillan juergarik juerga dabilzan bitartean seme-alaben edukaziñoa kriadentzat edo kolejio batentzat isten dabe; umeak berbetan ikasi baiño len, kolejiora bialduten dabez. Jakin egizue, gurasoak, kolejiorik onena familiko berotasuna, maitasuna dala.

Eta, ez uste izan semeak txakurrak diranik, ez. Guraso askok, batez be andrazkoak, euren eskatzean, euren mai-ondoan, euren aurrian gurago dabe "txakurtxu" bat ikusi euren semetxua baiño. Baiña, gurasoak, zer dirala uste dozuez semeak, abereak? Gurasoak, jakin eta sartu betirako buruan zuen semeak Jaungoikoarenak dirala ta ez zeuonak!

Olaeta-tar Joxe


Aita Imanol-ek Sierra Leona-tik

Freetown

Freetown, Sierra Leonaren kapitala da. Sierra Leona, Euskalerritik asago dago, Terra Nova baiño urrunago. Sierra Leonako nativoak, baltzak dira. Euren aldean, oso gitxi dira kampotik etorri direan zuriak. Sierra Leona, igazko aprilletik errepublika indepententea da. Bertoko verbeta ofiziala, inglesa da.

Van Camp Fishing Company

Sierra Leonan, industria gitxi dago. Igazlenean, Nortamerikako kompañia aberats bat etorri zan Freetown-era —Van Camp Sierra Leone Limited deritxona— eta arrain kongelaziño fabrika aundi bat egiten asi zirean. Fabrikea oso aundia da, bere portuagaz ta guzti. Oraindiño amaitu barik dago; baiña igaztik ona asko aurreratu da.

Iru urte daroez euskaldun arraintzaleak kompaiñia orregaz lan egiten. Lenengo urtea naikoa ona izan zan euskaldun arraintzaleentzat, barku gitxi ibilli zirealako. Bigarren urtea guztiz txarra, embarkaziño larregi etorri zirealako. Irugarren urtea barriz, total ona, aurtengo amazortzi untzientzat fabrikea ondo preparatuta dagoalako.

Portua ta Arraiña

Amazortzi embarkaziñoetarik amalau Bermeokoak dira; iru Lekeitiokoak; bat Oriokoa. Kontzeziño egunean sartu zirean Freetown-eko portuan, arraintzu onagaz, lenengo barku biak. Euretariko baten nentorren neu-bere. Bildur apurtxu bategaz desembarkatu nintzan. "Portua ondo ete dago? —esaten neban neure barruan. Aurton-bere, igazko modu zantarrean ibilliko ete gara? Egia ete da, Freetown-eko preparamentuen gaiñean amerikanoak Madrillen esan deuskuena? Ni neu —fraille gizaixo au— zelan biziko ete naiz legorrean, segurantza onik ez deust iñok emon-da?". Pentsamentu baltz oneekaz jatsi nintzan moillara.

Gaurko kronikan, artez artez esango deutsuet zelan aurkitu neban Freetown-eko portua, eta zelan igaro dodan berton lenengo illabetea.

Arraintzarako preparamentuak, guztiz ondo idoro nituan. Obra aundiak egin ditue amerikanoak igaztik ona. Moilla barri bat egin dabe atuna deskargetako, kongelaziño departamentu aundi bat arraiña gogortuteko, depositu luze ta zabal bat arraiña gordeteko. Zeredozertxu bat izan ezik, dana dago ondo, aurten etorri direan amazortzi barkuentzat.

Oraiñarte, danak dabiltza arraiña polito atrapetan, Freetown-etik urre urrean. Aurten, sekulako dirurik geien irabaziko dabe barku guztiak. Arraiña ugari dabil; eta prezioa, igazkoa baiño askoz obea da.

Gaixoak

Aurten, gizon asko gaixotu jakun. Iñoizko geien. Batez-bere lenengo asteetan. Egunean egunean eroaten izan dot baten bat medikuagana. Bi, iru, lau gaixo egunero osagillearen etxera. Domeketan ta aste egunetan bardin. Iñoiz, gabaz-bere bai. A larregi zan. Medikua bera-bere arrituta egoan.

Gatx klase asko euki dabe gizaixoak: erreuma dolore gogorrak, iztar aundituak, azur, ausiak, saldarrak, zauriak, ultzerak, malaria, beerazkoa, agiñetako miña, bularrekoa, belarri zarratuak, belaun zolduak, eta abar. Neugaz joaten izan dira danak medikuarenera, eta neure bitartez azalduten eutsoen berari euren gaixoa.

Mediku bategaz ibilten gara geien. Zuria da bera. Gaztea. Guztiz ona. Gero, bear danean, berak bialtzen gaitu beste leku batera, naiz beko hospitalera, radiozko plakak atarateko zein garnu ta odolaren analizuak egiteko, naiz goiko hospitalera, bertan ondo egoteko eta ainbat ariñen osatuteko. Ezin obeto gagoz aurten mediku kontuan. Ardura aundiagaz tratetan gaitue; eta antza danez, oso kompetenteak dira danak, zein baltzak zein zuriak.

Legorrean lotu bear dogunontzat, etxe polit bat emon deuskue amerikanoak. Zortzi kuartu daukoz etxeak, kuartu ederrak, euren lavabo ta guztigaz. Berton bizi naiz frai Albertogaz eta Bermeoko mekaniko bategaz. Baiña geugaz batera berton egoten dira —batzuk dempora geiago, beste batzuk gitxiago— errian geratu bear daben gaixoak.

Guztiz ondo gagoz danok etxe eder onetan. Mutil baltz bik egiten deuskuez etxeko arazoak: jatekoa preparatu, erropak garbitu ta plantxatu, gelak eskobatu, ta abar. Lo ondo egiten dogu, eta jan obeto. Au esaten deutsuet, gaixoen gurasoak trankil egon zaitezen. Orrezaz gaiñera, neu egin nabe maiordomu; eta al dodan guztia egiten dot, berton bizi direaneri ezer falta ez dakioen.

Eta erlegiñoko gauzak zelan? Ori, urrengo kronikan esango deutsuet. Bein, auxe bakarrik diñotsuet: puntu orretan-bere polito gabiltzala.

Agur urrengorarte. Iñok idatzi gura badeust, ona emen nire zuzenbidea:

Van Camp Sierra Leone Ltd

P. Imanol Berriatua

P. O. Box 714

Freetown, Sierra Leone


Gizonezkoak gorrotaten dituen andra-moduak

Taiu-bakoak, zastarrak, txaskillak dirala gizonezkoak? Ala andrazkoak dira gogait-eragin eta bakean iñoiz ixten ez dabenak? Mutilleri biotza pozez eta maitasunez ganezka jarten deutsen ondasun mirarizkoak badabez, bai, neskak; baiña kontu larregiaz erabilten baditue, txartxo artzen dabez mutillek eta orregaitik neska batzukaz ez dabe artu-emonik nai. Eta ortxe dago, ba; gizonari gustauten jakon neurria topau arte ez dabe artzen nasaitasunik neska argiek.

"Neu" neskatillea

Berbetan jarten dan guztietan "neu"-tik asten da. Nai ta nai ez, onetariko neskak derrior bota bear dabe "neu" ori leku danetan: nai nobio ta bien artean erabilten dabezan edozelako autuetan: sateliteak dirala, Konzilio nagusia dala; nai bere inguruan jazoten diran edozein goraberatan: lengusuaren jaiotza edo amumaren eriotza dala; edo nai dan tokian aurkitu: ziñean, trenean... Beti diño "neu"... ta "neuk"... eta beti bardin. Alegin itzelak egiten ditu "berbatxu" ori atzean iñoiz ez ixtearren. Bera da Jaungoikoak sortu daben izakirik nagusiena; mundu guztia be zorrean dago beragaz. Lurreko erregiña bakarra dala emoten dau berbetan dagoanean... Baiña "xera" guztiakaz be ez dau bigunduten bere mutillaren biotza. Mutillak ez ditu gorrotatuten onetariko neskak txatxala batzuk diralako bakarrik, ezpabere gizonari Jaungoikoak emon eutson jezarlekua arrapatu gura deutselako baiño. Gizona da munduko izaki guztien jaun ta errege bakarra... eta emakumeak be bere menpean bizi bear dau. Gizonezkoeri "errege-makillea" kentzea galasota dauke andrak be!

Biurria

Mutilleri barrabankeri guztiak egiteko eskubidea daukela uste daben neskatillak dira "biurriak". Lotsabako batzuk baiño ez dira. Bere mutil-lagun kuadrilleari zita bat emon eta danari ernega-eragin ondoren, nasai barre egiten dauana da "biurria". "Biurria" maitasun kontuetan iru, bost, seikin gitxienez ibilten da. Errez dakie berbea emoten be neska biurriek; baita ederto zelan "nastau" bear diran "baietza" ta "ezetza" be. Ziurrak dira, orraitio, errietak botaten be "biurriak"... Eta bere mutil-laguna sarritan ixten dau egal baten, salduta, telefonoa edo atxekiegaitik. Guzurti uts bat baiño ez da "biurria". Baiña deskuidoan... igarten badeutso igarri nobioak, ez dau geiago ikusterik be gurako. Besteen jostaillu ta jugete izateak emoten deutso gizonezkoari miñik geien. Orixe bai astuten dabela nekez!...

Zorotxoa

Miragarrizko atsekabez beterik daukez alderdi guztiak beti "zorotxo" neskak. Zorotxoak gaixo klase danak mantentzeko apropozko grazia daukola esan lei. Miñ-beraz etenda egoten da beti, eta une gatx eta txarrenetan, orduntxe, larrituten dabe geien. Esate baterako, teatro baten asikeran bakean ikusten dabe; baiña erdi-aldera elduten diraneko bete-betean etorten jako buruko-miña edo, ta derrior urten bear izaten dabe amaitu baiño ariñago. Ziñera doazanean nobioari sei biderrez gitxienez aldatu eragiten deutso jezarlekutik, korrienteak "asma" emoten deutsola-ta. Bere gorputz, guztia mallotua daukoala-ta diño beti. Nekez topau leiteke neska iñuxenteagorik. Izan dituan, eta izango dituan gaixoak kontatzen pasatuten dau denporea, eta mutillari, ogi sikuak lez..., gogait-eragiten deutsa. "Zorotxoakin", gura ta be, gatxa da gero konpontzea! Neskatx ondakiñak eta astunak dira bene-benetan oneetarikoak, baiña... eurak fiñak eta sedazkoak baiño goragoak diralakotan dagoz...

Onexek dira, ba, gizonari gogait eragiten deutzen emakume-izakerak. Neska-modu oneek garbian oztutzen dabe mutillaren zeozer egin-naia! Baiña kontuan euki, mutillak, batzuetan zuek gauza onetan gogorragoak, gordiñagoak zareela...


Neskak, kontuz!

Emakume, gaur legez ez deutsu beti begiratu gizarteak

Aragikeri kontuan, gizonezkoa beti izan da emakumea baiño jauskorragoa, argalagoa. Emakumea beti izan da garbiagoa, elizkorragoa, zintzoagoa. Baiña emakumea ez da beti egon gaurko gizartean dagoan maillan. Gaur emakumeari, tokirik geinetan beintzat, lotsagaz, errespetoz begiratuten jako. Baiña beti ez da izan olan, ez. Munduko kondaira Nagusiak diñoskunez, Kristo etorri baiño len, toki batzuetan emakumea tresna-moduan ikusten zan; beste toki batzuetan, emakumea adimen bagekoa zala be pentsatu zan. Gizonezkoen atsegin edo griña txarrak beteteko baiño besterik ezan emakumea; "gauza bat", auxe: "gauza bat" zan emakumea. Baiña, Jaungoikoari eskerrak, emakume kontuak ez eban modu aretan jarraitu: Kristo etorri zan. Bere etorreraz, ondo dakizuen legez, munduaren izakera guztia aldatu eban, eta emakumeena be bai. Emakumearen balioa gizonezkoaren maillan ipiñi eban. Ordundik ona emakumetasuna irabazten etorri da.

Gaurko gizarteko emakumea

Gaurko gizarteak begi onakaz ikusten dau emakumea.

Gizonezko batek kalean zear emakume bat aurkituten ba dau, gizonezkoa apartatuko da, egalik onena emakumearentzat itxiagaz; trenean edo automobillan edo trambian aurkituten ba dira, gizonezkoa zutundu egingo da ta bera jarrita egondan lekua emakumeari eskeiñiko deutso. Bardin familian: gaurko gizonezkoak errespeto aundiz begiratuten deutso familian emakumeeri. Toki guztietan ikusten dogu ondo emakumea.

Baiña, kontuz, otso "zarrakaz" kontuz!

Emakumeak, larregi ez igon! Emakume askok errespetua, lotsa eskatuten dabe euren gorputz eta arimentzat; ondo dago. Baiña, zoritxarrez, danak ez dabe lotsa ta errespetua eskatzen. Gizonezkoa beti dozu gizonezkoa, eta, len esan dogun legez, aragizkorragoa, argalagoa. Emakumeak, batez be gaztetxuak diranak, "goxo-goxo" agertu gura dabe toki guztietan eta danen aurrian; txalogarria asmo edo alegiñ auxe! Baiña goxotasunak, irribarreak neurria daukee beste gauza guztien moduan; jakin egin bear noiz, zelan eta "noren" aurrian (au batez be, neskatillak!) barre egin bear dan jakin egin bear da nori ta zelan begiratu bear dan, batez be batzueri...

Otso asko dabilz bira-biraka zuen onduan, neskak! S. Pedro Apostoluak diñoskunez, "arerioa" ei dabil beti gure onduan bira-biraka. Bai, arerioa! Arerio klase asko dagoz: batzuk "gorputz" da guztikoak dira. Kontuz ibilli bear da onekaz; bestela jan egingo zaitue. Ta, ez uste izan otso edo arerio oneek gizonezko gazteak diranik bakarrik, ez; otso oneen tartean "otso zarrak", 50, 60... urte inguruko otsoak be ikusten dira, 20, 25... urteko "arditxuak", neskatxuak iruntzi guran... Kontuz!

Idoyaga-tar Xabier


Or, an, emen

Errusian zeozer jazoten da

Sobietiko gauzetan dabiltzan Iparramerikako gizonak, U.R.R.S.-en zeozer aundia jazoten dala diñoskue. Zeatz-meatz iñok eztaki zer dan gauza aundi ori, baiña, an jazo diran anormalidadeak ikusita, ezin ukatu leitekela zeozer gogorra, esaten dabe. Zeintzuk dira anormalidade orreek?

1) Krustxef-ek, "antipartidukoen" kontra bere ekinaldi gogorra egiten asi zanean, izen batzuk emon euskuzan: Molotof, Yukof, Kaganobitx, Borotxilof, eta abar, baiña oindiño, gaur arte, iñork ez ditu partidutik kanpora bota. Eurak danak Komunista partiduan dagoz.

2) Gau baten, Molotof Mosku-ra eroan eben ariñeketan. Gobiernuak barriz, esan eban laster etorriko zala ostera be Viena-ra. Baina, Molotof oindiño Mosku-n dago, Viena-ra etorri barik. Errusian gobiernuaren aginduak zelan eztira beteten? Zer egiten dau Molotof-ek Mosku-n?

3) Pekin eta Mosku-ko uriak eztira antza bardiñak. Uri bien ezbardintasunak benetakoak ei dira. Eta Albania-k be, Albania txikiak be, burges bat dala esan deutso Krustxef jaunari, ta kapitalismuaren alde jokatuten dagola.

4) Azkenez, zetan dago Krustxef? Komunisten XXII'gn. Batzarrean egin ebazan zaratak amaituta, orain gizartean ia ezta agertuten. Ixillik da... azkenengo urte bi oneetan berbaldiak eta jirabirak ain atsegin izan iakozanean.

Zer da ba, URRS-en gertatuten dana? Egitan, ezin dogu ezer bere esan, baiña susmau leitekena auxe da; Krustxef-ek "demokrazia" olgau gura izan dau komunismuagaz, komunismoa, ostera, ez daiteke demokraziagaz ondo eroan. Komunismuak diktadorea bear dau. Beraz, komunismuaren zuzendariak beti diktadoreak izan bear dabe: Lenin, Stalin,... diktadoreak! Edo bestela... oker zabiltz, Krustxef jauna!

Kongo-n 19 mixiolari il ebezan

Goi-Katanga-n, Gizenga-ren morroiak 19 mixiolari il ebezan, Gabon-Zar egunez, eta gorrotoz il be. Urtarrilla-ren erdirarte eziran ezagututen erailleak. Oi danez, eurok il ebezan baita ONU-k botatako 13 abiadore italianuak be.

Kongo-ko parlamentuak mixiolari orreen eriotza jakin ebanean, Gizenga katigatuteko agindua emon eban, nunai egon. Gizenga Lumumba-ren ondorengoa bai-da, extremista, sobiet-zalea.

Nun joko dabe Kongo-ko erriertak? Gaur, Agintza Zentrala dabil ango gauzak zuzendu guraz, ONU-ren indarra bere aldetik daukalarik, Tsonbe ta Gizenga-ren aurka, baiña, egin bear gatxa dauko eta ONU-ren laguntziñoagaz egin bearko dau zeozer.

1962-gn. urtea, odolezko urtea?

Numeroak aztertu daiguzan, Arjelia-n bakarrik, urtarrila-ren lenengotik ona 300 il dira, terrorismua dala ta eztala. Ori, zaurituak kontau gabe.

Goa-n, ostera induen eta portugesan alkar ikusi-eziñean, 50 gizaseme inguruan il ei dira.

Peru-ko ondamen negargarriak barriz, bi milla edo iru milla gizon-emakume lurperatu ditu. Eta Pakistan-en, naparreria dala-ta, 600 baiño geiago onezkero il dira, odol tanto barik geratuta.

Kassem eta Sukarno, kolonismuaren arragaz

Sukarno Indonesia-ko agintari dozu. Indonesia Olanda-ren eskuetan egoan, eta esan leiteke naziño barri bat dala, oraintsu lortu dau bere "nortasuna"-ta. Baiña, itxuraz, indonesitarrak eztira orain eurenagaz bakarrik konformaten. Ginea-Barria gura dabe artu, urrian dagola-ta. Beste arrazoirik ez bai-dauke. Ginea-koak beste odol bateko, beste berbakera bateko eta beste oitura batzuetakoak dira-ta.

Kassem-eri be orixe emoten deutso buruak edo... biotzak. Kuwait naziñua gura dau eskuratu. Euren oiturak, berbaketa ta istoria Kuwaitkoen antzekoak ei dira, baiña... nok kendu erri bateri bere azkatasuna, berak berez gura ezpadau emon? Bai, Sukarno-ri ta Kassem-eri gaur izartu iaken arra, len izartu iaken Nasser ta Neru-ri: andinaikeriaren arra. Edonona da!

Pellomari