ANAITASUNA
VIII URTEA - N.º 89
Depósito Legal SS. 1092-1959
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
MAIATZA (5) 1962
"Christus vincit, Christus regnat, Christus imperat", Kristo garaille, Kristo errege, Kristo agintari. Kristo gure errege, adora dagigun, zeru-lurren jabe autortu dagigun.
Negu illunaren ostean udebarria eidator; ekaitzaren ostean bakea; euriaren ostean eguzkia. Egia da. Baña kristiñauok beste aparteko gauza bat be esan bear dogu, auxe: eriotzaren ostean, bizia.
Garizuma denporea igaro, eta pazko sasoian sartu gara. Illuna eta mingotxa lenengoa, argia eta ederra bigarrena. Eta benetan illuna kristiñautasuna gure Credoa onan amaituko balitzake: "Sinistzen dot Pontzio Pilatoren menpean nekaldua, kurutzean josia, illa eta obiratua izan zana".
Bear bada, filosofi sistema eder bat; baña besterik ezer bere ez; lorarik bako arbolia; tellatu bako etxea; bururik bako gizona; intxaur ustela, utsa. Nok bete bere aginduak? Nor izan kristiñaua?
Baña gure Credoa ez da olan amaitzen, aurrera jarraitzen dau: "Sinistzen dot irugarren egunean illen artetik biztu zana; sinistzen dot aragiaren biztuerea eta betiko bizitza". Eta onexek ipinten deutso aparteko tellatua gure kristiñautasun guztiari.
Kristo biztu da, eta beragaz batera gu: mundu guztia. "O mors, ero mors tua, ubi est victoria tua? A eriotza, zure betiko eriotza nozu, nun dago ba zure garaitz kimoa?
Ez, ostu egin deutsagu, Kristok kendu deutso bere atzamarretatik, eta gure buruetan ipiñi dau. Kristiñau bakotxak, saso onetan, garaitz kimu bat daroa bere buruan. Jaso ba gora, eta erakutsi inpernu guztiari. Egin bedi orro, eta kanta daigun guk, danok, alleluiarik ederrena.
Azkatuak gara, deabruaren morroitza amaitu da, Kristok azkatu gaitu* eta orain bere seme gara.
Baña ara zer diñon S. Paulok: "Si consurrexisti cum Christo, quae sursum sunt sapite". Kristogaz biztu bazarie, gorantz jo ba, goiko gauzak ausnartu, ez beko oneek, bekoetarako, pekatuetarako, il zarie ta.
Kristoren seme egin bazarie, JauNgoikoaren etxeko jantzia ipini badozue, grazi jantzia badarozue, zer darozuen jakiñik bizi, eta alan jo. Kristiñauak izan goitik bera, zuen etxean, errian, erbestean, berbeetan eta egitietan. Bestela traiziñoa egiten dozue.
Alejandro Nagusiak, gerran ebillela, alako soldadu kokolo, kikil bat ikusi eban, bildurrak janda ta dar-dar. Joan iakon Alejandro eta itaundu eutson: "I, kikil auntzi, zein dok ire izena"? Eta besteak bildurretan: — "Alejandro, jauna". — "Alejandro? Nire izena? Aldatuik izen ori ainbat ariñen, edo bestela eure bizitza. Olako Alejandrorik ez ioat ikusi gura geiagorik gero".
Kristiñauak bagara, alan jokatu bear dogu. Baña jakin daigun ondo, Kristori jarraitzea ez dala ume jokoa. Kristiñau bizitza aldatza dala, erripea, labana. Orretarako benetako soldadua izan bear da. Ez da, sarritan, gerra bat irebaztea baño errezagoa legeko amar aginduak betetia; lagun urkoa norberaren burua lez maite izatea.
Baña gauza bat da derriorrezkoa: ezer izatekotan benetakoa izan bear dala; eta kristiñaua izatekotan be benetakoa.
Auxe da Pazko denporearen erakutsia: Kristo biztu da; Beragaz batera biztu gara; "Si consurrexisti...": Kristogaz biztu bagara, izan gaitezen bada benetako jarraitzalleak.
Kristo gure errege, adora dagigun. Autortu, baña egitiekin.
Fr. Antonio Zubizarreta
Sarri askotan entzuten da gaztien artean: "Seigarren agindua gorde eziñezkoa da". Bai? Ete da gero? Oraintxe erakutsiko deutsut ejenplotxo batekin Jaungoikoak eziñezkorik eztabela agintzen. Ezta nire burutik urtendako ames bat emen idatziko dotana, gertatutako egi garbi bat baño, eta oindiñoik ezta denpora asko gañera.
Illunabar gorrixka baten zan. Bonanca'ko (Portugal'en) eleizatxo txikian, neskatill eder bat Ama Birjiña'ren aurrean belaunikatuta dago. Maria Anjeles de Aleixo dau izena. Beren ezpanak larros-ikara bat darabille. Ze ete diñotso beren zeruko Amari?: "Ama, ez eidazu tentaziñoan iausten itxi. Ama..., banoa emendik beste lur batzuetara, baña biotzean eruango zaitut, edonora jun-da be. Ama... Ama... (negar malkoak eroriten iakozan) Zure mantupe argian gorde nagizu, nire animak beti garbi iraun dagian. Agur... Amatxo, agur."
Maria Anjeles'ek urten dau eleizatik eta beren laguntxoak:
— Eneeee... nork esango eban gero...!
— Noztik, Maria Anjeles?
— Ameriketa'ra zoiaz ordun... Jeseus...!
— Pena txikia ezteustazu emoten ba, maitia, nik maiteen zaitut-ta... Agur, ba, agur biotzez.
Maria Anjeles'ek be biotzian min pixka bat artu eban ainbeste lamentaziño entzunda.
Baña neskatill polit onek iñoiz be ez eban galdu beren ezpanetako barre goxoa.
— "Agur, —iñotzen Mari Anjeles'ek beren lagunei— ezeiteze nigaz aaztu...! Neuk be ezeituet aaztuko...! Eta barriro ikusten ezpagara... zerura arte"!
Urrengo egunian, Maria Anjeles, beren gurasoak, eta anaiak barkoan sartu eta an joan ziran Ipar-Amerika'ra. Ai eneee! Beren laguntxoak, beren erri maitetxoa, lengusuak eta, batez be, beren erriko Ama Birjiña... dana itxi bear beren urte ederrenetan! Amazazpi zitun.
Ori, iñoz bez! Bein bez!
Egun batzuk itxasoan ibillita gero eldu ziran Newark'ko errira (Ipar-Amerika'n). Etxe on bat topa eben eta lan eder bat be aitak. Onela, egunak zorionezko bakean ioiazan. Lenengo egunak ozta iñok erreparau barik igaro zituen. Baña baten bati biotz-ondoraño sartu iakon Maria Anjeles'en itxura polit eta liraña. Manuel Ruela, beren izena; ezkondua eta alaba bi zituana.
Egun batian Manuel'ek guzur-barre goxo bat erakusten dautso eta kito lenengo egunerako! Urrengo egunean Maria Anjeles'en aurrean gelditzen da eta berba goxo eta beroak diñotsoz. Naikoa da bigarren egunerako. Beste egun batean jardun luze-luze bat. Eta onetaxeik egun askotan neskatillaren biotza atrapau ebala pentsa arte.
Azkenian, guztiz maitemindu zan berakin ta beren andria baztartuta, Maria Anjeles'ekin lizunkeri bat egin nai dau. Baña Manuel'ek noregaz olgetan dabillen eztaki. Ama Birjiña'ren mantupean dagon batekin! Eta Maria Anjeles'ek beren diñatasuna eta aunditasuna ondo jakinda, ezetz gogor bat diñotso:
— Ori, iñoz bez!, bein bez!
Edonor lotsatuko litzake onelako erantzun baliotsu eta erabakiakin eta katakume bat lez aldeko leuke, matrallaik lotsaz gorri-gorri jantzita. Baña Manuel'ek geiegi sustraiatuta eukon griña. Maria Anjeles'en edertasuna biotz sakoneraño elduta eukon. Maria'ren ezetzak ezteutso gogoa galdu. Barriro aurreratzen iako Maria'ri beren arerioa berba politakin, itxura onezko esanakin. Lizunkerira eroan nai dau. Maria Anjeles aritz orritsu bat baño be gogorragoa zan lez, ez eutson itxi azeri madarikatuari aberekeri zatarra egiten. Baña Maria'k zenbat eta geiago uko egin, Manuel'en griña ainbat eta geiago goratzen da. Ekin, iraun, iarrai, dana alperrik Manuel'entzako. Manuel'en biotza zapalduta eta kixkalduta arkitzen da; orduan arritzeko gauza bat bururatu iakon: "Baietza" edo "eriotza".
Azkenengo ezetza
1951'ko Garagarrillak 10. Goizeko lenengo orduetan etxetik urteten dau Mari Anjeles'ek eta itxaiten daukon taxi batera doa. Sartu baño aurretik beren etxeko balkoira begiratzen dau antxe beren ama arkitzen da-ta eta azken muxu-pa bero bat bialtzen dautso. Azkenengoa! Azkenengo agurra!
Amaren eta alabearen ezpanak barre errugabetan edurtzen dira. Bitartean, kalean ziar etorren gizon bat aringaringa. Ondinoik eztau ezagutzen Maria'k nor dan. Ba-dator geroago eta urreago. Nor ete da? Eztago zertako itaundu bearrik: Manuel da.
Azeri gosetsu bat lez Maria'ri urreratzen iako. Biotza griña baltzez erretan dauko. Ondiñoik itxaropenez dago. Berba mee eta motx batzuk zuzentzentsoz.
— Bai edo ez?
— Ez.
Manuel'ek sartu dau eskua poltxikoan, atara dau pixtolia eta Maria'ren begien aurrean ipinten dau. Neskatilla dardaraz dago. Manuel'ek azkenekoz:
— Bai edo ez?
— Ez, ez!
Maria Anjeles'en biotz txuria balakin pasata il zan. Maria Anjeles, lili zuria, lurrera iausten da odol gorria darixola. Lili bat odoletan. Arrano madarikatuak uso zuri bat il dau. Baña, egin dauan egitekoa ikusita, pixtolea beren buruko garaunetara eroaten dau eta beren burua ilten dau. Bi izate lurrean: bildots bat... otso bat...
Ara emen 19 urteko neskatill indartsu, umant eta garbitasunaren martiri. Ezta gauza erreza onelako urre aparrak topatia gaurko soziedadian. Baña, Jaungoikoari eskerrak, arkitzen dira nozikpein an edo emen onelako lili zuriak. Ezta gauza erreza pixtola bat aurrean arkitzen danean "ez" sendo bat esatia. Baña, kostetan danak balio dau. Eta zeuri be batenbatek pixtolia atarako baleutsu egunen batian zer esango zenduke, irakurle? Bai? "Ez?" Oba esan "ez". Bestela itaundu Maria Anjeles'i. Onela diño: Eztot galdu ezer, asko irabazi baño: ZERUA!!
Aulestiarte'tar Karmel
Emakumeentzat eta... Gizonentzat!
1.—Emakumeak, larregi ez apaldu!
Txinatarrak diñoenez, gizonak eta emakumeak "gizon osoa" osatu edo formatuten ei dabe. Txinatar esakera au sortu baiño len, Genesis-en (Testamentu zarreko lenengo liburu santua) agertuten jaku txinatar esakera orrek daroana. Ona amen Liburu Santu orrek dirauskuna:... "Lo egoala, (Adam), Jaungoikoak saietz-azur bat kendu eutson, eta utsunea aragiz bete eutson. Eta ataratako saietz-azur onetatik Jaungoikoak emakumea egin, eta gizonarengana eroan eban. Eta gizonak esan eban: "Au dot orain neure azurraren azurra ta neure aragiaren aragi!" (Gen., 2, 22-23). Bai, senar-emazteak gizon bat, "persona bat" osatuten dabe; persona bat, adimen bat, biotz bat! Baiña, senarrak izan bear dau familiko buru; senarrak izan bear dau beti, beti, etxearen auspena, familiaren "age-nagusia". Emazteak, ostera, beti bizi bear dau senarraren menpean; baiña... beti?
Kontuz, emakumeak, kontuz! Ez zaiteze larregi apaldu! Gauz guztiak daukee neurria; menpetasun eta apaltasun onek be ba-dauka berea. Senarrarenganako errespetua, lotsa, menpetasuna gauza ona da; errespetu ta menpetasun larregia, ez!
Begira: Amazortzi, ogei urteko neska bat, ogeita lau, ogeita bost urteko "mutiltxo" bategaz maitemindu da. Gure neskatxua zoratuta legez aurkitzen da bere "mutiltxuarenganako" maitasuna dala ta eztala. Prest dago edozer egiteko: "... bere gogokoa dan guztia egingo dot beti, beti, beti!... —diño—. Bera izango da nire jaun eta jabea; dana bera, ni... ezer be ez!... Bere serbitzaille bat!...".
Zer, irakurle? Zer, emakume? Zer deritxazu? Gure neskatxu orren apaltasuna, menpetasuna ondo dagoala? Baietz?... Nork erakutsi deutsu doktriña ori? Nork?... Ori ez dozu ez apaltasuna, ez menpetasuna, ez...! Ori ganorabakotasuna, sentsunbakotasuna da; ori, Jaungoikoak emandako doaiak "errekara botatea da"! "Personalidade bageko emakumea, sentsun bageko emakumea!" Orra or gaur bertan jaio jakun esakera barri bat.
2.—Emazteak ez dira ez kriadak eta ez... "atsegin-tresnak!"
Gizon askok emazteak kriada moduan dauke; beste askok, "atsegin-tresna" moduan; beste askok... (ez, ez naz lotsatuko esaten, egia da-ta!), "atsegin-tresna" ta "kriada" moduan, biak batera! Lotsagarria baiña egia. Ez uste izan, irakurle, eskontza-eguna "truka-eguna" danik, ez; eskontza eguna "SAKRAMENTU-eguna" da. Eskontzako sakramentua, Jesukristo-k berberak fundatu eban sakramentu bat da. Magnum sacramentum...", "sakramentu aundia" diñosku Paulo Apostoluak ezkontzako sakramentuatzaz; eta olantxe da izan be.
Ez aurkitu, bada, gizonok, bost ainka katuari. Eskontzako Sakramentuak ez deutsu ainbeste eskubiderik emoten emaztearengan. Emaztea zeure menpean geldituten da; baiña, emaztearen personalidadea, ez! Ez, ta ez! Eskontza-egunean emon eutsun berbea ez uste izan neurri bagekoa danik; ezkontza-egunean emon eutsun berbea dala-ta ez dira zure emaztearen doaiak, batez be gorputza!, alperrik galduko. Ez zaitez alegindu, bada, zeure emaztearen personalidadea gitxituten, geitu ta sendotuten baiño.
3.—Emakume, astindu zure personalidadea!
Maitatu beti, beti zure senarra; baiña ez maitasun ganorabakoagaz. Zaindu ta ezi Jaungoikoagandik artu dozuzan doaiak, batez be zeure emaztetasunari ta zeure amatasunari egoki jatorkozan doaiak.
Ez esan beti: "nire senarrak zer? Ba, nik be orixe!..." Senar-emazteengan batasuna ona da; askotan bear bearrekoa; baiña, ez beti! "Ezetz" esan bear danean, "ezetz" esan bear da, naiz senarraren, naiz Kennedy-ren, naiz... deabruaren aurrean!... Zertarako dauka ostantzian, emakumeak burua? Eta ez esan: "nik etxeko bierrakaz, familiko bierrakaz naiko ta lar daukot"... Munduko emazte guztiak ori esango baleuke, zer izango litzake?
Norberaren burua ta norberaren auzua bakarrik? Gaurko gizarteko emakumeak, danak, munduko problemarik aundinetzaz zeozer jakin bear leukee!... Atletiko-k berak be joan dan domekan zer egin daben jakin bear leukee askotan!...
Idoyaga-tar Xabier
Itxas ertzan?
Ondarru'ko biztanlien azkar eta zintzotasuna ikusten doguz.
¡Ez euzkeraz iñardu bakarrik, beste errietakuari irekasteko alegin guztiak egin baño! ¡Ondarrutarrak leberrak!!
Lekeitio'n be bardin! — Nai dozuen tokian alkartuten ba'dira lekeitar bi euzkereara joko dabe.
Elantxobe'n ta Ia'n bardin antzeko.
Bermio'n barritz euren euzkera bereziagaz; baña, dana dala, euzkeraz egiten da.
Gure errian ostera euzkerea ain ugaintsu eztabil. Orain irurogetamar urte, erriko seme guztien elia euzkeria zan. Urtiak igarota "Kalian" erri'ko atalian, geldiro-geldiro galduten asi zan. "Kalian" esanak azalpena biar dau. Beste itxas-ertza'ko errietan legez, guriak be, iru atal dakoz.
Baserria, "Kalia" ta kai edo "portua".
"Kalian" ba asi zan, euzkerea, alde batera bastertuten. Ontzi buru ta "indianuen" alabak, erbesteko ikastetzera urten ebela ta andik biurtukeran euzkerea erabiltea max eretxi alde batetik, eta bestetik, praille arrotzak euzkeraz ezekienak errira etorri ta erriko ume koxkor geienak eurak jarriko ikastoletara joan, da or daukazue... Zuen errijan ¿zegatik ez da entzuten euzkeria? Askotan entzuten dogun itaunaren erantzuna.
"Baserrian" Jaungoikoari eskerrak, ezta galdu. Baserritarrak euren artian euzkeraz egiten dabe: ¡Badagoz, bai baserrian emakume gaztiak, euzkeraz, itz egitea max edo eretxi ta "erderakaso" itzelak botatia naiago gura dabenak! ¡Eztakie "gizagaxoak", euren lepotik ainbat eta ainbat barre egiten dabenak be ba'dagozela!
"Portu mandan" be...! tira! Itxasuan eta itxasoko arraintza izketan ba'dagoz, euzkeraz dabiltzaz! Bai itxasora dabiltzazenak! Baña... umiak?
Etxe batzuetan, euzkerazko, "tautik" be eztabe entzuten. Eun umetik bi, izango ete dira euren jolas eta izketan euzkeraz inardutenak?
Niri ezteritzat!
Arraintzale "kumakaz" jasoten dana, andia da gero...!
Ikastolatik urteten dabenian, eztakie ezertxu be euzkeraz. Ulertu bai batzuk, entzun ba'dabe.
Ba'doyaz itxas untzietara arraintzan eta berez azten dira ikasten euzkeria ta aurrerantzian euzkeraz jarraitu.
Ikusi dogu ba, euzkerearen gaurko egokera!
Emeko euzkeldun eta Euzkalerriko ainbat biztanle besoak uzterturik euren nagitasunaren erruz, euzkerea makalduten doyala dagoezen begira'n bitartean, or dagoz beste aldetik jakitun arrotz asko (Schuchardt-Schulten-Ulhenbeck-Humbolt-Lewy eta abar) euzkerea ikasi, euzkerearen izakera zatitu, beraren sustraiak astindu ta lan orretan jo ta gogor dabiltzaz.
Zegatik ete? Euzkerea, ludi onetako ele zarrenetarikua dana dakielako. Bere jaioterria zein dan, bere asikerea nondik atara ete leiken; beste ele askogaz bardindu, bardintasunik eta dauken ikusi ta abar eta abar lan sakon eta jaso aundikuak egiten.
Orrek lana Euzkalerritik urruntxu darabillez!
Baña España barruan be, geure lotsagarritza, Salamanca, Zaragoza ta beste ikastetzaundiren batian jarri dabez euskeraz'ko ikastolak. Igaro dan Zezillan Salamanka'ko ikastetzeaundian ikasle ta irakasle sutsu aundiagaz asi dira euzkeraz'ko ikazkizunak.
Mitxelena Jauna ta Rene Lafont Jauna Burdeos Prantzi'ko ikastetze aundiko irakarlariak izan zirian ikaskizun orreik emon ebezenak.
Izparringiak dakarren iragarkian ikusirik, garrantzi andikoak izan diria aitaturiko ikaskizunak.
Negargarria ez ete da, orrek danak, pitxi eder baten atzian bezela euzkerian atzian ibiltia, ta gu, pitxi eder au etxian euki ta obeto gordeteko ez alegindutea.
Ez gorde bakarrik. Ortik zear zabaltzeko ez geiago arduratutea?
Jaungoikoari eskerrak, entzun eta irakurten dogulez, or da emen, artegatasun eta asmo barri beterik dabiltzala batzuek, bestearen utzak betetuten eta euzkerearen alde al'diran egiñak egiten.
Or dabil Ondarruko aldra ederra bere antzerkia, ara orra ta bestera eruaten; bere jatortasuna erakusten; ume abeslari aldratxua ta abar.
Bardin, Bilbo'ko "Txinpartak" Sestao'ko "Euzko-Lorak" eta beste aldra batzuk.
Ba'dabiltz bestaldetan be, euzkeraz'ko zein geiago edo txapelketak antolatuten. Euzkeltzaindi'ren zaintzapian; Kristiñau Ikasbidearen artesketak eta abar...
Gero euzkeraz'ko albistari batzuk be ba'dagoz "Jesusen Biotzaren deia" ta besteren batzuk, eta euren artian gure "Anaitasuna" albistari txikiena bai, baña, egi aundiak barruan dakarzena.
Naiko ete da? Ez orixe! Al dogun guztia eginda be gitxi dala deritxot.
Euzkerea bizitzaren garrastasuna pizka bat gozotuteko ta len atzeratu daben bidean aurreratuteko zeozer biarko da!
¡Gora biotzak, ba, euzkeldun eta euzkaltzaletzat gure burua daukagunok!
Artu dadigun erabagia aldanian gogo andienagaz, euzkeraz iñarduteko.
Maxu
Aita Santuak dirausku: Danontzat
Juan XXIII Alta Santuaren erakutsi eder batzuk jaso nai deutsuedaz letra oneetan. Bere seme errukarrienganako maitasun aundienagaz botariko berbak dira.
Bere berbaldi ta enzikliketan aurkitu doguz.
Kristok berak emon eutson indarrak eraginda, Eleizeak, bere Buruaren bitartez, ba-daki noizik-noizera argi ta garbi berba egiten orraitio! Begitu bestela: Egia ta justizia beti zabalduten ditu munduko "jauntxoen" zer-esanen bildur asko barik; sarritan jarri dauz danen aurrien kapital-biarrak daukezen eskubide ta obligaziñoak; biargiñen arazoetan bide zuzenak askotan erakutsi ditu; eta baserritarren biar-egiñak, bear dan lez baliatu bear dirala be sarritan esan dau...
Lelen-lelen justizia
Gauza guztien ganetik beti justizia. Aita Santuak JUSTIZIA diño beti, diadar onek sarritan auts asko arrotu arren... Erri guztiak eskubidez eta dignidadez bardiñak diña; eta deretxo bi oneetatik sortuten diran ondorenak be ez dira aztu bear. Erriak beko maillakoak dirala-ta, ez da atara bear probetxurik euregandik... Eta goikoak lotsa geiago euki daiela bekoekaz... erri bakotxaren kulturak gordeaz, begi onegaz artuaz. Errien kultura eta ezaubideak DANON aberastasunak diralako.
Kristiñau biargiñaren anditasuna
Biargiñen anditasuna eta balioa Geure biotzak ondo daki zenbatekoa dan.
Eleizearen begiak zeueri begira daukazuez aspaldi-aspalditik: zeuek, bakotxak bere aldetik, eta zeuek, danok alkartuta egiten dozuezan araso guztiak Geure begien aurrean dagoz eta Geure bedeinkaziño onenak daukez.
Zeueri emoten jatzuezan biar-sariak edo jornalak ez dira gizoneri jagokezan beste koak, ez da gitxiagorik be! Biargin eta familiak daukazan bear-izanak tapatuteko maillearen azpitik dagoz gaur jornalak!...
Eta gaurko eguneko biargiñen araso eta arreboluziñotan Eleizearen berbak zimentarri sendoak dira.
Jente askoren lujo-bizitzak diadar garratz bat jasoten dau Zeruetaraiño.
Biar-saria justiziagaz paretu bear da: biarrari berea emonaz, eta kapital-diruari be berea, irabazi guztiak bien artean atara ditue-ta.
Baserritarreri
Askotan entzun dot Jaungoikoagandik urren dagoana baserritarra dala. Eta begiratu zer diñon Pio XII Aita Santuak: "Zeuek, baserritarrok, daroazue kristiñautasun garbi, bizi, ta legezkoa".
Eta Juan XXIII'ak diño: Baserritarren artean ondasunik ederrena erlejiño gauzetan elduak eta egiñak agertutea izan da. Jaungoikoagan konfiantza ta uste osoa eukiaz.
Euki Jaungoikoagan uste ona, baiña baita zeuengan be...
Alkartasun bero ta bizi bat euki bear dozue danon artean. Alkar-laguntasuna zeuen biarretan, bata besteari lagunduz...
Eta beti era orretan alegindu, zeuen indarrak bear dan lez apreziatuak izan daitezan. Ori ta geiago be merezidu da-be zeuen izerdi guztiak-eta.
Ona emen, ba, laburregi, bada be, geure Ama Eleizearen irakatsi bartzuk. Biotz onez artu dagiguzala danon Aitaren berba sakon oneek!
Eskerrak, Jauna!
Anai Yon Zabalgo
Gizon guztien eskubide bat: irakaspena
Gaur iñoiz baiño geiago berba egiten da gizarte edo soziedadeko problematzaz. Ta orrek zeozer esan gura dau: egon ba-dagozala problemak gure soziedadean, eta problema orreek danok ezagutu ta ikusi oi doguzala. Ba-dira, ostera, beste era batera be pentsaten dabenak, mundua ederto dabillela ta problemarik eztagola diñoenak. Oneen ustez, eztago ezeren bildurrik, ezbear guztiak dauke euren amaia-ta. Itsuak ala ipokritak?
Baiña, gizarte auzia ixildu gura ez dogunok be, askotan ez dogu jakiten nondik datozan ondapen itzel orreek, eta zeintzuk diran euren oiñarriak. Nok aitatuen dau Españiko soziedadeko problematan IRAKASPENAK daukon ardurea?
Bere adimena edo ulermena azi ta landu al-izatea gizonaren eskubiderik lenenetekoa da, adimen orren bidez lortu bear bai-dau gizasemeak bere nortasun askatua. Eskubide ori beteteko dago irakaspena ta, beraz, irakaspena ta ikasteko eretia edonoren eskubidea izanik, guztion alegiñetan egon bear dau. Onelan ete da? Danok ete dauke ikasi gura besteko erreztasuna?
Egia esan, aurren-aurreneko ikasiak danok egin daikeguz gure erriko eskolatxoetan. Baiña, ori ezta naiko, munduko problema aundienari arpegia emoteko aiña izanda be.
Gero batxilleratoa dator, "segunda enseñanza" deritxona. Edonok egin leike batxilleratoa, ala dirudunak bakarrik? Iñok ezin leiteke ori ukatu, au da, batxilleratoa neska-mutil aberatsak edo erdidirudunak, bakarrik egin daikela. (Argitsuenak izango balira be... tira!) Baiña, gizonak bere eskubide santuenak beteteko dirua bearko ete dau? Azkeneko urteetan eta noizian bein "jausten" diran bekak be ez dira naiko, biotzerreak agoan ixten deuskun garraztasuna kenduteko karamelo batzuk batzuk balio ez daben legez. Txarto josita dagon jantzi bat konponduteko, iñori ez jako otuten tela-zati barriak artuta ta areri ipintea, askatu ta barriro jostea baiño; eta olan, irakaspenaren txartotasuna zuzenduteko beka batzuk erregalatutea gitxiegi da. Irakaspenaren sistema osoa aldatu ta ondatu bear da. Bestela, alper gabiltz.
Irakaspena gizon guztien eskubidea dan ezkero, guztiengana eldu bear da, gizon guztiak euki bear dabe errestasun obiena euren asmo ori bete al-izateko, ta orregaitik, batzuen batzuk sistemaz alboratuta aurkituten badira, derrigor autortu bear da irakaspenaren sistema ori txarto taiututa dagola. Españiko irakaspen-sistemak daukon txartotasuna sakona da, ba, ta orregaitik, barru-barrutik edo be-betik asi bear da okertasun ori arteztuten.
Unibersidadeko ikasketatzaz eztago ezer esan bearrik. Gitxien, guztiz gitxien gauzea da-ta. Gure soziedadean problemarik eta ezbardintasunik ikusi gura ez dabenak, begira daiezala irakaspenak sortuten dauazan problemak, ezbardintasun gorrotogarriak.
Zenbat neska-mutil argitsu ta jator geratuten diran euren ikasketako bide-erdian, aurrera joateko asmo zintzoa asmatuta be! Zergaitik? Dirua dalako ta eztalako, ezelan be ezin dabelako jarraitu.
Azkenik, bakea Arjelia-n
Martiaran 19, egun gogoragarria izango da Arjelia-rentzat. Goizeko 12-an egi biurtu zan ainbeste itxarondako "alto el fuego". Baiña, "alto el fuego"-gaz, ez da dana amaitu. O.A.S. gogor dago bere asmoetan. Ezin dau burua makurtu. Elduko iako ordua. Oran ta Arjel-go uriak O.A.S.-ren menpean egon dira martiaren 19-tik ontzuraño. Paris-etik iatorkezan esanari entzun-gor eginda, or ibilli dira errieta gogor eta burubagekoan musulmanen eta Frantziko ejerzitu guztiaren kontra.
Arjelia-n ezta ikusten ez entzuten "bakea gure semeentzat besterik". O.A.S-entzako eztago semerik, eurak bakarrik bizi dira antza. Gerokoak ez deutso emoten buruko miñik. Danan ganetik berea gorde gura dau. Arjelia Frantziko lur zati bat izango bai'litzan. Baiña Arjelia ez da Frantzia, ezta izango be. Eta O.A.S.-koak kriminal utsak dira.
Ibillaldi karua
Ezta asko Kennedy-ren emaztea Indiara joan zala. Ibillaldi au karutxua izan ei da. Numeroari begiratuten badeutsague lau milloi ta erdi, kontuixu. Baiña oraindiño prezioak igon daike da sendo ganera.
Albisteak Portugale-n bekoki asko illundu dauz, ta USA-k eta Portugale-k eukeezan artu-emonak otzitu. Portugale-k diñoenez, EE.UU.-ek onartu dau India-n Portugal-eri egindakoa. Presidenteak bere emaztea ara bialduaz. EE.UU.-eri Azores-en daukozan baseak kosta leikioz; ba antza, Portugal prest dago bisita orren trukez USA-ri Azores-ko baseak kenduteko. Pentagonoak esan dau: danan ganetik Azores; eta Presidenteak bere emazte polita India-ra bialduaz erantzun deutso. Ibillaldi onen balioa ez iako izango merkea.
Arjentina kili-kolo
Danok gengozan Peron-egaz aztuta, ta begira gitxien uste izan dogunean zelan agertu iakun, indartsu ta gogor. Martiaren 18-arte Frondizi-ren alde egozan "Cámara de los Diputados" egiten eben geienak. Orain, galdu dau geientasun ori ba "Cámara de los Diputados" orretan 44 diputadu perontarrak urten dabe garaille. Zazpi probintzi daukeez perontarrak eskuetan. Milloi bi ta erdi inguru egiten dabe perontarrak; komunistak ostera, ez dira irureun milletik gora. Ganerakoak partidu bitan erdibituak dagoz. Danetara zortzi milloa. Banan-bana perontarren partidua da ugariena, ez ostera batu ezketiño.
Ejerzitua asarre da, ta eleziño oneen agerpenak ezerestuak izan daitezela eskatuten dau. Peron-en aldekoen erantzuna oraingoz ezta izan ain gogorra: 24 orduko uelgea bakarrik.
Perontarrak, demokrazi moduz irebazi dabezan gobernu maillak beraganatuten galasoten badeutsee, maiatzaren lenengoetarako uelga oso ta etengabean jasoteko amesa daukee. Zer gertatuko da? Golpe de estado-ren bat ala anai-arteko gerrea? Azkeneko au negargarria izango litzake. Guk ba-dakigu zer dan, obeto esanda guk ez, gure gurasoak baiño. Emendatuten ete da zeozer anai-arteko gerra bategaz? Ez dot uste.
Itali bide barrian
Italia-ko kristau demokraziak bira arrigarri bat emon dau. Ezkerrerantz jo ta sozialismuagaz batu da. Derrigorrezkoa zan, bestela ondatuta egoan-ta. Oraiñarte beti ibilli da erdian edo alegindu da beintzat, baiño onela ezin izan eitekean, iltzera ioian-ta. Lenengo, eskumarantz jo eban, baino alperrik. Azkenik, ezkerrarantz jo dau. Da zergaitik ez?
Fanfani-k artu dau bere sorbalda ganean Italia-ko gobernu barria sortuteko arazoa. Danak ondo urten deiola. Italia-k erakutsi deusku ta argi, ezkerreko mandakoagaz be konpondu daitekeala kristau demokrazia.
Leopoldo