ANAITASUNA
Año I — Núm. 9
Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa
Marzo 1954
Lengo egunean, San Jose bezperan, Bilboko trenean aldarrika berba egiten Joan ei zan gizon bat, urrengo eguneko bigilia dala ta ez dala. Garizimako barikuetan aragixtea, Jesukristok berak agindu ebala, Obispoak, Jainkoaren aginduen kontra joateko eskubiderik ez daukela. Komuniño aurreko barua kentzea naikoa ez baillitzan, orain aragixteak-be kentzen asi direala. Obispo Jaunaren baimena gorabeera, San Jose egunez berak bigilia egingo ebala. Eta abar eta abar.
Nik ez dakit zegaitik, baiña auxe da egia: Zoritxarrez, gaur eguneko kristiñauak ez deutsoe Eleizeari bear dan besteko lotsarik gordetan. Italian komunismoa txarra dala ta ez dala, Frantzian abade langilleak ondo egin dabela ta ez dabela, Euskalerrian eleizako eskabideak larregi direala ta ez direala, oraingo kristiñau askok ez deutse Eleizako Agintarieri jaramon aundirik egiten.
Euren ustez, egon leiteke Kristoren alde, Eleizearen agindueri kontra egiñarren-bere. Euren eritxiz, Kristoren buztarria ariña da; Eleizearena, barriz, astuna. Obispoak oker egon leitekez. Eta guk ez daukogu euren esanetara zetan egon bearrik. Alantxe pentsau ta alantxe berba egiten dabe katoliko askok.
Ain zuzen-be, kristiñau erlegiñoan, noizik noizera izan direan okerbide guztiak ortixek izan dabe etorburua. Eta kristiñau fedea ausi daben hereje guztiak, Eleizako Agintarieri mukerrak erakusten asi zirean beti.
Arean-bere, aztu egin eben ebangelioan Jesukristok apostolueri eta euren ondokoeri esan eutsena: «Zueri entzuten deutsueenak, niri neuri entzuten deuste. Eta zueri jarkiten jatzuezanak, niri neuri gogor egiten deuste. Gaurtik aurrera, Atxa (Pedro) izango da zure izena; eta Atx onen gaiñean eregiko dot nire Eleizea, eta areriroak ez jakoz sekula nagusituko. Lurrean askatuten dozuen guztia, zeruan-bere askatua izango da; eta emen lotuten dozuena, an goian-bere lotua izango da.»
Beiñolako herejeak, zatitu egin eben Kristoren Emaztearen —Eleizearen— jantzi ederra. Gaurko kristiñau mukerrak, ostera, ausi egin dabe Bere Ordezkoaren —Pio XII'garrenaren— biotza. Aspaldion makalik egon da Aita Santua. Zarra da izan-bere. Baiña urteakaitik baiño geiago, nunbaiteko kristiñauen bizimodu tematiagaitik gaixotu da.
Ez gaitezan izan gu olako kristiñauak. Abegi onez artu daiguzan euskaldunok Aita Santu ta Obispo Jaunen erabagiak. Okerrak direala uste izanarren. Gure biotza odola dariola geratuarren. Illunaldietan, ezer esan edo egin aurretik, aitortu daigun gure jakineza, eta joan gaitezan gauzak ondo erakutsi leikiguzan bategana. Ez jaramon sasimaixueri. Eutsi sendo fedeari. Euskaldun, fededun. Eleizea dagoan lekuan, antxe Kristo.
Abade langilleak direala ta ez direala, zerbait entzun dot aspaldion. Jakin gura neuke nortzuk direan eta bearbada zeredozer jazo ete jaken.
Abade langilleak, orain amar urte-edo agertu zirean Frantzian. Izen ori, fabriketara bear egitera joaten zirealako emon eutseen. Antxe lan egiten eben egun guztian, zortzi orduko jardun gogorrean, osterantzeko beargiñakaz batera. Abade langilleak baiño obeto, sazerdote langilleak deitu bear geunskioe, euren artean frailleak-be ba-egozan-da. Frantzi osoan, eun inguru izango zirean guztitara: larogei abade ta ogei fraille. Lantegietara euretara joatea erabagi eben, zelan edo alan beargiñen arimak salbetako. Danok dakizue Frantziko langille geienak erlegiñoa galdu dabena. Ardi galduak Kristoren artegira atzera ekarteko, ez egoan antza beste biderik: eurakana joan, eurekin batera lan egin, euren premiñak urre urretik ezagutu, euren bizimodua eroan. Alan, beargiñak errezago onbideratuko ei zirean, eleizgizonen ikaragarrizko ejenplu ona ikusirik.
Baiña zoritxarrez, gauzak ez dabe urten orrelan. Eleizgizonak larregi amor emon, langilleakaz geiegi itundu, komunisten alkartasunetan sartu, mezea lantzean bein bakarrik esan, Obispoen agindueri jarkiten asi, ta geldiro geldiro abade antza-be galdu egin eben.
Ori dala-ta, Aita Santuak, gauzak ondo ezagututa gero, ez deutsa ondo eritxi abade langilleen bizimodu orreri; ta igaro dan urtarrillean, Frantziko Obispoen bitartez zera agindu deutse, oraiñarteko bidea itxita, beste bat ainbat ariñen artu daiela. Adu txarrez, batzuk Aita Santuaren aginduen kontra jarri dira.
Erregutu daigun euren alde, lenbailen bide onera biurtu daitezan.
Neska-mutillak eta zarra [Bertsoak]
(Manu, Maritxu ta Txomin)
Man. Nora zoiaz, Maritxu,
Ain arro jantzita?
Mar. Ziñera noia, Manu,
Ederra ei dago-ta.
Man. Baiña sasoi orretan,
Ia gaba da-ta?
Mar. Gaba izanagaitik
Konponduten gara.
Man. Gurean ez daukogu
Ortako baimenik,
Eta gaiñera gabaz
Eskatzea alperrik.
Mar. Nori ardura deutsa
Gaba izanagaitik?
Orain ez dago, Manu,
Atzoko konturik.
Man. Gabeko ibillerak
Itxizuz, Maritxu,
Eta egun argitan
Garbiro jolastu.
Gabaz dabiltzazanak
Goiz edo berandu
Alperrik galtzen dira
Eta neskazartu.
Mar. Zer diraustazu, Manu?
Zoratu al zara?
Egunez ez jatortzu
Gaur iñor ondora.
Eta egunez bakarrik
Ibilten, bagara,
Orduan bai neskazar
Geratuko gara.
Man. Egun argitan dira
Ardiak ezautzen,
Gabaz danak bardiñak
Jakuz iduritzen.
Gabeko tratuetan
Bazara ibilten,
Ez dozu izango errez
Tratu ona egiten.
Txo. Maritxu, nai badozu
Zeure zoriona,
Entzun egizu Manuk
Esaten deutsuna.
Gura badozu artu
Egizko laguna,
Ez aukeratu, Mari,
Gabaz jatortzuna.
Balentin Enbeita
Illeko ipuiña
Kortezubi aldeko basoetan bizi zan-azeri zar batek, oillar kukurruku zoliak entzuten ebazan Foru aldean.
Gau baten baiño geiagotan abiau zan animali maltzurra egazti areeri atomadea egitekoatan, baiña bere maltzurkeri guztiekin ibai ertzean geldituten zan beti, beste aldera igaro eziñik. Naitanaiez, ibaia igaro bear ba, oillarrak atrapau al izateko.
Alako baten, asmau eban asmetakoa azeri zarrak.
Uraren beste aldera eroaten baeban, iru egia jakingarri esango eutsazala esan eutsan, arrats epel baten, ibai ertzean bakez bizi zan-gizontxu bateri.
Gizontxua engaiñaerreza zan, eta ontzat artu eutsan artu-emona.
Lenengo egia, uretara sartu baiño len esateko zan. Bigarrena, ibai erdian. Eta irugarrena, urtekeran.
Azeri zarrak igon eutsan lepora, eta gizontxu jakingurea adi adi eukola, maltzurkeriz beterik esan eutsan lenengo egia au:
«Illargi zuridun gaba, eguna baizen argia dala esango deusk baten batek. Ez orixe. Eguna beti argiago».
Ixilik eta pentsakor joiazan biak, eta ibai erdira eldu zireanean, bigarren egia, lengoa baiño biribillagoa:
«Iñoren ama, ona dok. Baiña... norberarena baizen ona ez».
«Asko jakik onexek», esan eban bere kolkorako gure gizontxuak.
Andiko bazterrera ia eldurik egozala, zast! salto egin eutsan lepotik motara, eta igesi joiala esan eutsan:
«Lagun, prakatxu zarrak daukozak, baiña nire lako asko beste aldera pasetan badituk, aurrerantzean-be praka zarrak eukiko dozak».
Zurtz eginda, tamalez beterik geratu zan gizontxu gizaixoa, irugarren egia garratza entzun eutsanean. Eta luki zarra pozik eldu zan oillar otsak zirean tokira.
***
Gure jolastoki eta ziñe etxeetan-be, azeri zar asko dabiz euren malmuzkeriekin izakera makaleko gazteak engaiñetan, eta zur ibilli bear dogu, azeri orreen menpean, igarri barik, jausi ez gaitezan.
Aurraitz
Kurutzegrama N.º 7
Mister Churchill'ek-be kurutzegramak ataraten ei ditu. Bazkalostean, puro eder bat agoan dabela, jezarten da jarleku bigun baten, artzen dau asteroko errebistea, ta asten da ango kurutzegramea igarten.
Bost, amar miñutuan, arazo orretan jarduten daben bitartean, aztu egiten ditu eguneko lorrak, toton egin barik azkeneraiño eltzen da, noizik bein gauza barriren bat ikasi, ta ia beti kurutzegramea oso osorik igarri dabela-ta pozezko agokada bat ke botetan dau irribarreka.
Guk-bere, orrexetarako ipinten dogu emen illeroko kurutzegramea: deskantsu pitin bat artu, atsegin apur bat euki, ta jakituria pixka bat geituteko.
Izan-bere, kurutzegramea gauza atsegingarria da, postura bat lakoxea da-ta. Oso osorik ezetz igarri diñosku kurutzegrameak, eta guk baietz erantzuten deutsagu.
Danori gustetan jaku apostu egitea, danori galdu-gordean jokatutea, batez-bere arazo orretan ardurazko ezer galdu barik, beti zerbait irabazten badogu.
Asten da jokoa, egiten doguz egiñalak berbak topetan, eta betetan ditugu kuadru guztiak. Ondo ete dago egin doguna? Bai ete, ez ete? Axe bai jakingurearen kilikilia!
Ikusten dogu beingo beingoan azalpena, ta pozarren geratuten gara igarri dogunean, edo urrengoan obeto egiteko gogoaz, igarri ezean.
Bitartean, atseden iski bat artu dogu, ta bearbada euskal berba barri bat edo bi ikasi.
ANAITASUNAren irakurleak, atara beti kurutzegramea. Maitatu euskerea. Benetako euskaldunak izan gura badozue, egin alegiñak euskeraz irakurten eta laguneri irakurri eragiten.
Urrengo numeruan, kurutzegramea oso osorik igarri dabenen izenak argitaratuko doguz.
Orretarako bialdu kurutzegramak aprilleko amabosta baiño lenago, egillearen izena ta bizilekua argi argi idatzita.
Bialdu zuzenbide onexegaz: R. P. Rector, Colegio Seráfico, Forua (Vizcaya).