ANAITASUNA

VIII URTEA - N.º 91

Depósito Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

GARAGARRILLA (7) 1962


Komunismoaren bildurra

Ego-amerikan be, ba-da zurrumurrurik komunismoa dala ta ez dala. Gogorrak eta gatxak nunbaiten urte oneek ango Eleizarentzat. Obispo Jaunek, onen jakiñean, sarritan agertu ditue "pastoral" argi eta mamintsuak.

Ara Temuco-ko (Chile) Obispo jaunak azaldu dabenaren zatitxo bat:

"Komunismuarekiko bildur itxuak; ez dagoan tokian be komunismua aurkitu bearraren joera makurrak; komunismua egitez baiño berbaz geiago erasoteak: oneek danok urruñegi eroaten gaitue, eta gero ekonomi eta sozial saillean barrizte-asmo zintzoen danak marsismuz zipriztinduak datozala-ta uxatzen dira. Eta jakiña, komunisteentzat ixten ditugu biergiñen alde ezer egite danak".

Poztu egin gaitu Obispo jaun orren bildurrik bage antz-emote zuzen onek. Bai, poztu; guri be ederto jatorkulako; gure artean be ba-da bildur maltzur ori-ta.

Bai, asko dira gure artean "komunista", "sozialista" edo "gorrixka" ez-izena daroenak. Eta dana, Eleizaren dotriña edo gogoa azaldu dabelako. Naikoa da biergiñentzat "bizitzeko" aiña eskatzea, euren alde zer edo zer egitea, uelgarako eskubideak eskatzea, askoren aurrean komunista izateko.

Gure Aita Santuak be, egin dau ba berba; Bilbo-ko Obispo jaunak be bai. "Rojillo" deitu bear geunskioe. Eta olan bai, adierazoko gendukeala egi osoa: gure kristiñautasuna "pasaporte" bat dogula; ez dogula nai zer-ikusirik bere bete-bearrekin.

Arriola


Seme-alabeen deia

 Gaurko gurasoak utsune asko ikusten dabez euren seme-alabeetan; eta utsunerik aundienetarikoa "askatasun-naia, libertade-naia" dala-ta dagoz.

Gure gaurko gaztedian ikusten dogun askatasun-nai au, beti izan da, gizonaren ixtoria danezkero, sustrai luzedun landarea. Bear bada gaurko gaztedian iñoiz baiño sakonago aurkituten dogu landare onen sustraia. Zergaitik ete da? Nire iritxiz, "Demokrazia" berbak egal guztiak astindu, bastar guztiak barriztatu dauzalako. Baita izan leike "lagun-urkoaren ganako lotsa ta errespetua" asko geitu dalako be; izan leike...

Askatasuna bai, baiña baita laguntasuna be!

Gaztedi barriak, ostera, askatasuna bakarrik ez deutso eskatuten bere gurasoari, ez; askatasunaren ondoan zeozer geiago be eskatuten deutso. Zer? Laguntasuna! Gurasoak —zintzoa bada batez be!— iñoiz be ezin izango dau bere seme edo alabearen etorrera bertan-bera itxi. Askotan gaiñera, semeak kanpotik "askatasuna" eskatu arren, barrutik, ostera, "neurria "eskatuten dau; eta neurriaren ondoan, laguntasuna, bere bizitzaren zear eroan bear daben jobidea, jo-muga. Baiña, nortzuk dira laguntasun au, bizitzako direkziño ai ondo erakusten dakienak? Nortzuk?...

Libertadea bai, baiña maitasuna be bai!

Eta libertadearen ondoan, "maitasuna". Maitasunik bageko libertadea, libertade otza, guztiz otza da.

Gaurko gaztediak betikotasunaren egarria dauko. Ordu onetako gaztedirik geiena eiota, alperrik galduta dago. Euren bizitza —eta futbol kanpoko malletan dagozanean be bai!— "bakartadea" ei da askotan. Gazteak euren gurasoengandik "libertadea" baiño zeozer geigo eskatuten ei dabe. Ona amen, irakurle, gazte batzuek eurei gurasoengandik eskatuten dabena:

"Nik, sinizmena, bai, sinizmena eskatuten deutsatez neure gurasoeri!...".

"Nik, "maitasuna", maitasuna, maitasuna!...".

"Nik, konprenziñua!...".

"Nik, bear dan moduko gizona izaten erakustea"...

Irakurle, zure seme-alabak zer eskatuten deutsue?...

Idoyaga-tar Xabier


Ezkontza, zer?

Ezkontza, sakramentu bat da

Ezkontza dala ta eztala, zenbat bidar entzuten da: — "Azkenean be ezkondu dira!... Ordua eben!...".

Onelan berba egiten dabenak ezkontza zer dan dakiala esango neuke, ta errazoiagaz gaiñera! "Azkenean...". Baiña, zer dala uste dogu ezkontza? Mundu onetan nora jo ez dakien mutil eta neska ganorabakoen bizi-tokia? Ez! Ezkontza ori baiño zeozer geiago da; ezkontza, kristiñauon artean, SAKRAMENTUA da, Kristo-k berberak sorturiko Sakramentua. Ezkontzako Sakramentuak bere errespetua bear dau. Ezkontzako Sakramentua mundu onetan bildurtiak, oskillak aukeratuten daben bidea danik ezin esan geinke, ez. Askotan entzuten da: "gizon sendoak, gizon onak, emakume garbi ta zintzoak Kristo-ren ondora joan oi dira, ta ez ezkontzara!". Onelan berba egiten dabenak ez daki ezkontza ta erlijiosua izatea zer dan.

Norberaren bokaziñua zein dan jakin bear da!

Erlejiosu joatea gauza ona da, guztiz ona; baiña ezkontzara joatea be bai. Zein da biderik onena? Biak dira onak. Bakoitzak ikusi bear dau —ta ona amen bizitzako problemarik aundiena, irakurle!— norberaren "kaidea"; norberak aztertu bear dau norberaren barruan, norberaren biotzean Jaungoikoak ereindako azia.

Ez zaiteze joan, bada, ezkontzara "joan bear dalako" bakarrik, beste bizi-modurik aurkituten ez dozulako; ez zaiteze joan —au batez be!— ezkontzak bere ondoren dakarzan obligaziñuak zenbat eta zeintzuk diran jakin bage.

Itaundu daiogun Jaungoikoari, San Paulok legez, bitan, irutan... milla aldiz: — "Nitzaz zer gura dozu?...".

Txiki


Gaurko gaztedia. Ziñe, idazti, sendi-aldakuntza, etxegintza, e. a.

Nork eztaki ze eragintza aundikoak diran gaurko ziñe orreik? Umen gustoko indixoen ziñe bat emon dabiela? Urrengo egunetan or ikusiko dozuz umeak talde bat beste talde baten aurka, beuren indixolumazko txapel, uztai ta geziekaz guda gogorrian.

Leenago gauberako, aramaiterako edo angeluserako etxeratu egiten ziran. Oiñ aramaitekoa jo ta gero etxetik atara egiten dira ta gaubeko amabi edo ordubatetan etxeratu. Nork ez daki gaubeko ibilketa eta aiñ berandu etxeratze onek kalte aundiak besterik eziñ leikiezala ekarri?

Gaurko guraso askok ez dakie, edota ez dakien adierazten dabie, beuren seme-alabeen eskuetara eltzen diran idazti askoen influentzia. Gazteen tartean idazti orreen eragintza aundienetarikoa da.

Egun ontan biotzberati kaltegarriko teori bat be sortu da. Agertu dira maixu barri batzuek umeei gogortxo egiñaz, umeei galzo egiñaz umeen nortasuna edo personalidadea galtzen dogula ta umeei aurtzaroan itxi egin bear deutsogula ta eurak urteekaz batera, ulertuaz zeintzuek diran on eta gaiztakerirako bideak, onbidera joko dabiela. Orrelako teoriakaz gurasoak eta umeen irakasleak umeen griña gaiztoak menperatzea galazota daukie ta umeak zuzenbidera eakarteko bear dan irakaskintzak lurra jo dau. Umeak irakaskintzak edo diziplina on bategaz onbidera eroan leikez eta erakaskintza ori barik, gura ta gura ez, gaiztakeri edo zabarkeri bidera daroaguz.

Oingo sendi edo famili-aldakuntza, familien erri baten tinkatu eziña be ezitze on baterako kaltegarria da. Oingo erri aundiak ostatu aundi antzo dira: batzuek joan eta beste batzuek etorri. Eskubiko bizitzakoak ezkerrekoan nortzuek bizi diran ez dakie. Ibilli-gura, bazterrak ikusi-gura aundia sortu da. Badakigu batzuek beartasunak, ogibiderik ezak eraginda aldatzen dirala. Gure Eleiza Amaren irakaspen edo dotriñak betetzen eztiralako. Senarrak bere sendia, bere emazte ta seme-alabak ondo azi ta ezitzeko beste irabazi bear leuke. Bestela aldakuntza orretatik sortzen da oitura zaarrak, gure oitura onak galtzea, ta alkar ez ezagutzea, ta alkarreri ez laguntzea, aberrian erbestean baño alkartasun eta artueman gutxiagoaz bizitzea.

Oingo etxegintza legeak be gaztedia onbidera eroateko baño galbidean iminteko obeak dira. Sukalde ta gela bi edo iruko etxeak eztira egokiak, txikiegiak dira. Orrelako etxeetako lekurik ezak, nasaitasunik ezak bertako biztanleei kalera bultsarazten deutsie. Ta oindiño askoz be kaltegarriagoa da sukalderako eskubideaz gela bat alkilatu ta lau edo bost personako sendiak gela orretan bizitza egitea.

Azkeneko urte onetan beste oitura barri bat be sortu da. Gerrate ostean sendi batzuek euren seme-alabak edo prantzez edo ingelez edo aleman ondo ikasi dagien, euren seme edo alabaren bat mugaz bestaldera bidali ta ango seme edo alabaren bat ordiezko gastelarrez irakasteko ekarten dabiez. Bañan oitura onek be onura baño kalte geiago ekarriko ez ete daben ez dakit. Oiñartean erri bakoitzak oitura bereziak izan dauz, ta urrerantzean be ez dot uste erbesteetako oitura zabarrak gauza onik ekarriko deuskunik.

Sendi eragintza.—Sendi dauko ze ikuzirik aundiena gaztediaren ondo edo gaizki ezikuntzan. Zelakoa sendia, alakoak seme-alabak. Seme-alabak alai ta pozez euren gurasoekaz batara biar egiten dabien eta alkar maitasunezko lokarri sendoakaz lotuta bizi diran sendietan gaizkintze onen aziak eztau erne ta indartsu azteko alor onik billatuko. Bañan gaurko mundu zabalean nazio askotxo dira ezkontza ausi ta senar-emazteei bananduteko eskubideak emoten dautsienak. Gaztedia arduragetuta edo abandonatuta, gurasoak alkarren aurka, sendia deseginda, gaztedia galbidean iminteko gauza egokiagorik deabruak berak be ezin leiken asmatu. Jaungoikoari eskerrak gure artean, Españan, orrelako legerik sortu eztalako. Bañan gure artean be, azkenengo urteetan, gerrate ostean, andraen artean sortuta gurari barri bat. Gizonen menpean egoterik eztabie gura. Beuren buruaren jabe izatea gura dabie. Askotxok beurentzat beste irabastearren oletan edo beintzat etxetik kanpo biar egitera jo dabie. Batzuek alabearrak eraginda. Bañan ezkonduen artean edo andra-alargunen artean ez leuke alabearrik izan bear. Senarraren alogera edo jornala ta andra-alargunaren erretiroa sendia azi ta ezitzeko añakoa izan bear leuke. Erriagintariek onura au lortu arte ez leukie atsedenik artu bear.

Erriagintariok, zeuen begiko niniari legez begiratu gaztediari. Gurasoak, kontu aundia artu zeuen seme-alabakaz. Danok oindixik asi eginbear orretan. Ez itxi gerotxuagoko. Gerotxuago izan leike ezer eziñ egiñ izatea.


Or, an, emen

Ilda gero, bakea?

Beste munduko atsedena! Illen bakea! A! Baiña... eztakit! Berlin-gorriko nagusien aginduz, alderdi aretan ilten diranen gorpueri ezin izango yake aurerantzean beste aldeko kanpusantu kristiñauetan lur-emon. Zergaitik? Uria erdibituten dauan ormea igarotea gatxegi egiten dalako. Antxe geratu bearko dira, ba, betiko gorpu gaixoak, lurpe gorrian, illobi gaiñeko bedarrak atarateko esku batzuk gabe, euren senide ta lagun guztiengandik urrun... Lurpe gorrian bota gorrien azpian... Beste munduan be gorrotozko mugarriak izango doguz? Ilda gero, bakea izango ete dogu?

Ezan azkena!

Kolorado'n, U. S. A.'n, 109 urteko gizon baltz bat il da. Amairu illebete eukazala esklabutzat saldu eben. Gero, 1873'n urteko gerratean, bere askatasuna lortu eban. Periodikoak onelan ekarren bere eriotzaren albistea: "Azken 'ex-esklabua' il da!"... Egia ete da? Egia azken 'ex-esklabua' il dala? Esklabutzaren konzetua aldatuta, gaurko gizonok beste "jaun" batzuen morroitza artu dogu. Baiña, ezta ori bakarrik. Geiago dago. Afrika'n oindiño benetako gizasemeen sal-erostea egin oi da, antxiñan legez, eta Indian bertan be, anti-kolonialismuaren naziñuan, esklabuak dagoz. Noiz-arte? Noiz asiko gara guztiok gizarteko mallak danak erreten? Ez goikorik eta ezta bekorik! Danok bardin... Kristoren Karidadean!

Naiko da! Naiko da!

Nueva Orleans'ko Arzobispo Jaunaren berbak dira: "Naiko da, naiko!" Naiko, Estadu aretako eskolatan dagoan endaen berezitasuna, batez be, eskola katolikotakoa! Lotsagarrizko egia da kristiñau askok endaen berezitasunari eusten deutsoela ta burutasun gaiztakerizko orreek leiaz zaiduten dabezala. Noiz ulertuko dogu Kristo edozein gizongan aurkituten dala, naiz zuri, naiz baltz edo ori izan? Noiz jakingo dogu gizon baltz bat oinperatuten dogun bakoitzean, Kristo bera zapalduten dogula? Ez begitu EE. UU.'ko gauzak bakarrik. Gure etxe barrua aztertu. Lagun urkoagaz mukerrak eta gogorrak garean bakoitzean, lagun urkoaren ideak errespetatuten ez doguzan bakoitzean... Kristo gorrotatu oi dogu!

Benetako arpegia!

Chileko Ikasleen Presidenteak, ikasle barrieri arrerazko berba ederrak esan ordez, zine txiki bat bota deutse, naziñuaren arpegi egiazkoa erakutsiaz:

— Chilen euneko 55 ezer erosteko diru barik dagoz; biarrarako gertu dagozan 2.600.000 gizonetik, 200.000 biar barik dagoz; euneko 2,2 jaunak Chileko 72 % lurrak daukez; euneko 85 nekazari, euneko 8,2 lurre-landak erdibituten dabez; 450.000 etxe barri geiago bear dira.

Ondo deritxot. Ederto deritxot ikasle barrieri euren benetako eginbearra erakustea: Justizia ta Karidadea!

Pedro-Mari


Jakin ba...

Errusian be...

Krutxef, beargin xelebre bat ezagutu naian dago. Askotan entzun dau onetzaz jarduten, eta azkenik deitu egin deutso. Eldu da beargiña eta arriturik gelditzen da sartuaz batera: Ango aberastasuna eta ango zera! Eta Krutxef-ek diñotso: "Bost urte barru onelakoxe etxea eukiko dau Errusiko beargin bakotxak". Eta gero, xelebretasun bat botateko ta, zirikatzen dau. "Jauna! —erantzuten deutso langilleak— Zu bai zareala xelebria! Motela naz ni zure ondoan".

Ezetz esaten da baiña Errusian be egiten da marmarka. Onelako gertaerak periodikoak ez ditue ekarten baiña erriak ba-dakiz".

Aita Santuari omenaldia

Joan dan azaroan, 80 urte bete ditu gure Aita Santuak. Jai au zala ta, 25 gabeko 10etan Italia-Radio-tik "Biglietto di augurio al Santo Padre "izenpean, omenaldi berezi bat eskeiñi eutson mundu guztiak Aita Santua"ri. Lenengo agurra Japon-etik etorri zan, ume talde batek xamurkiro kantatuaz. Gero, Sydney-tik, Gilroy kardenalaren zorion agurra. Ondoren, Pazifiko gaiñean joian abioi batek bialiko mensaje bat. Gero, Buenos Airestik; Manhattan-dik (New York) oitura diran sirena eta kaiñoi danbadak. Atlantidako Adelaida-tik, jakitunen XI espediziñoak be bialdu eban bere agurra. Ondoren, Pazifiko-an zear joian barku bateko kapitanak zorion-agur beroak barku-tar danen izenean. Eta Fatima-tik, Montserrat-etik kantariak, Londresko BBC-tik Fischer anglikano ospetsuaren berbeekaz; eta Paris-etik, Finlandia-tik, Munich-etik "Domine, salvum fac Pontificem" abestuaz eta Dofner kardenalaren berba beroekin. Gero Italia-ko umeak bertsoz eta "Tu es Petrus" kantatuaz. Ia gaberdian, Jerusalen-dik Aita Prantziskotarren eleiz-otoitzak, arabez Aita Santuaren alde otoitz bat esanaz. Azkenik, Belengo Natibite-eleizko kanpai txairoak.

Au izan zan bazter guztietako katolikoak, mundu osoak, Aita Santuari egindako omenaldia. Ederra benetan eta zer esan nai aundikoa.

Benetako jolaserik ez!

"Domekero-domekero joaten naz ziñerako txartela erosten. Izerdi tantak kostatako txartela! Ziñetik urtendakoan lau zati egiten dot eta zazpi eguneko amets guztiak be an joaten dira... Astelenean, nazkagarria jat bearra egitea; nazkagarria atzoko eguna, eta nazkagarria aiñ amets kutunak laga bearra, eta nire bizitza aiñ utsa!... eta datorren domekako ziñeaz ametsetan asten naz."

Ara gazte bateren autortza. Ametsak bear eta ametsak igesi!

Erantzuna ?

— ¡Zeiñ penagarria dan sorturiko ametsak txertatuko dituan jolasak bakarrik aurkitzea!

Berbeta barria

California-n, San Diego'ko ikastola bateko neska-mutillak berbeta barri bat asmatu dabe. Brusan ipinten dituen orratzekin egiten dabe berba. Orratzak bata bestean azpian badagoz "Etorri zeinkeze, bakarrik nabill" esan gura dabe. Kurutza egiten dagoazanean: "Lagun bat daukat baiña ez deutso ardura". Eta V legez badagoz: "Urtetea nai neuke, baiña benetan gero!"

Gaztedi onek edonorentzat dauko biotza saltzen! Negargarria!

Ara zelan dagoan gaurko mundua... Biotzak azokan!

Erosi ete lei gizadi au Jaungoikoaren odolagaz? Kristauak bagara gure eskuetan dago.

Eskupekoa zorra?

Joan diran urteetan eskupekoa zor biurtu jaku. Ez dakit nik nundik eta nora, eta zegaitik, baiña ondo zerbituak izan nai badogu, bearrezkoa dogu nun-nai eskupeko bat emotea. Derriorrezkoa gure joan-etorrietan diru mordotxo bat eskupekoetarako gordetea.

Eta eskupekoa ez da saria. Ez da zorra.

Bar-sariak beeregi badabiltz, jaso daizala jaso bear dituanak eta ez daitela iñor eskupekoak kentzen ibilli.


Ezkongaiak Norteamerikan

Entzun izango dozu Norteamerikan ezkontz-austea edo dibortzioa larregi zabaldua dagoala. Gaitz onen iturria ta jatorria aztertuko doguz.

Norteamerikan ezkontzako gaitzak, geienak beiñepein, ezkongai-aroan dauke sorrera. Lau ezkontzatik bat galdu egiten da, edo austeko bidean jartzen da.

Norteamerikan, neska-mutikoek txikitatik asten dira alkarren arteko artu-emonetan, eskolan, kalean, dantzan... Eta askok uste dabe orrek olan izan bear dauala. Askatasun-eritxi onen babesean urteten dabe biñaka gazte askok, igetargiari begira egurasten, zaindari-lagun barik. Ta ezkondu be laster ezkontzen dira gurasoen baimenagaz edo a barik.

Amar urtegaz asten dira mutikoek euren "andregaia" ikusten. Emen bertoko jendea ezta arritzen gu lez, baiñan eurak be ikusten dabe neska-mutillen arteko artu-emon oneik arriskua ba-dabela gizartearentzat, eta batez be kristiñau-familiarentzat.

Norteamerikako gazteak gaur legezko askatasunik ez dabe ezagutu sekulan, ezkontza-gai saillean. Eurentzat negargarriak dira antxiña Europan eta oraindik lurralde askotan egiten diran ezkontzak. Etxeko ondasunak eta gizarte-maillak zer-esan aundia eben famili aberatsetako seme-alaben ezkontzetan. Ezkontza orreitatik, amarretik bederatzi, maitasun alkartzeak ez baiña, derrigorrekoak izaten ziran. Diruagaitik, etxeko edo sendiaren abizena beste ospetsu bategaz alkartzeagaitik, eta abar. Iparamerikako ezkongai bateri eztago olako alkartze bat eskeintzerik.

Emen bakotxak egiten dauz alegiñak bere ezkon-laguna aurkituten. Orretarako neskeak soiñeko dotore ta idigia, kolore bizikoa aukeratuten dau; orrazkera barriena, ta arpegi ederrekoa eztanak, itxuraldatzen dau auts eta ukenduz, alde guztietatik usain gozoa dariola.

Norberak atrapau bear dau laguna, ez gurasoek edo osabak. Txinako familietan gurasoek billatzen eutsoen senargaia neskeari. Gurasoen betebear sakratua izan da au. Alabak gurasoengan ipintzen eban uste osoa, beretzat egokien zana aurkituko ebelako itxaropenez.

Olakorik ezta gertatzen Erri aundi onetan. Emen maitemindutea, arnasa artutea bezin errexa da. Alan da guztiz be, gurasoek seme-alaben ezkontzetan, oneik uste daben baiño zer-ikusi geiago dauke.

Dana dala, ezkongaietan goizegi asteak naiko okerrik dakar. Ikasleak denpora asko galduten dabe, ta batzutan goizegi ezkontzera beartuak izaten dira. Eta alkar ondo ezagutu barik ezkontzen dira asko, euren bizitza guztian zoritxarreko izateko.

Ezkongai-aroak laguna aukeratzeko izan bear leuke, gauza bat erosten azokara edo dendara urteten danean legez. Eta norbera, dan lez agertu bestearen aurrean, itxurakeriz nork bere izakerea ezkutatzen ibilli barik. Laguna bera dan lez ezagutu bear da, ta bere birtute ta akatsekaz osorik artu.

Norteamerikan, arrisku aundia dauko ezkontzak galduteko, alkar ondo ezagutu barik eta goizegi ezkontzen diralako, eta baita be legeak ezkontza-austea lagatzen daualako Estadu batzuetan.

Norteamerikan gizarte-sail guztietan dago beste iñon ez lako askatasuna, eta ezkontza-gaietan zer esanik be ez. Baiñan autortu bear dogu, emen eunetik irurogetamabost famili zoriontsu dirala.

LOINAZ'ko KARMEL

Washington, Maiatzak 26 - 1962


Pilliparen Ezkontza (Esne-zaltzaillearen ipuia)

Pillipa zan neskatillea, Pillipa! Eguzkiaren izpi gozoak idigiriko larrosa lirain-usaintsu bat irudian. Galanta zan, lilluragarria oso gure Pillipa bere ogei urtekaz.

Peruk-eta, Antoniok-eta ez eben iñoren bearrik izan au jakiteko. Amaikatxu begirada samur eta kiñu gozo egiten eutsen eurek egunak zear! Lorik be ezin eben egin aspaldion bere gomutaz. Eta, ez uste, Pillipari be atsegin yakozan mutillok. Peru mutil ederra zan. Baiña aspalditxotik Joanito eban begikoen: ezkondu be pozik ezkonduko zan Joanitogaz, berak gura izanezkeroan. Eta ara, domeka illuntze atan, Joanitok gozo-gozoro zerau esan eutson Pillipari belarrira: beragaz ezkonduko zala! Olakorik orraitiño!...

***

 Pillipak baiña, doterik ez! Ta dotea bear-bearrekoa ezkontzarik egitekotan; Joanitok be ez eukan diru larregirik-eta.

Asmauko ete zeunkie, irakurleok, Pillipak izan eban biotz-samiñaren garratza? Arek igaro ebazan gau-egunak! Ez lo, ez jan, ez bizi!... Triste-tristerik egoan gizajea. Doterik ez orraitiño, ezkonduteko erea eukita...

***

Esne-saltzera urten eban goiz atan be, Pillipa-ren ezpanak ezin eben loretu beste egunetako irribarrerik. Betillunez ioian gaxua. Baiña nok esan eban illunaren ostean argia etorri oi dala? Ia zelan be ezekiala, biderdi inguruan itxaropenezko zer batek killikatu eutson barrua gure neskatilleari: Beingo baten lortu al izango eban doterako beste diru. A poza!

— Aitak emon deutsun ezkero —iñotson barruari—, esne au ez dozu zeurea? Ara ba zer egin zeinkean beronegaz. Ogei bat peseta balioko deutsuz, ezta? gitxienez? Pesetokaz dozena bat arrautza erosi al izango dozu ondo be. Udabarria datorrenez, arrautzok ollo-loka bateri jarri, ta laster ikusiko dozu zeure burua txitaz inguraturik. Txitok ollanda ta ollasko egitean, nok esan eurokaz artu al izango dozun dirutzea? Ta diru orregaz txarritxu bat be erosi al izango dozu, azur luzea ta jatuna. Aurten ezkurra ugari dau, bai?, ta laster jo araziko deutsozu txarritxu orreri tripaz lurra. Txarri orrek izango dauan urdaiaren lodi-gozoa! Beintxa bat erosi ezeze, boltxikoan gordetako be naiko dirurik emongo deutsu, ziur. Ta beintxa orrek, andi egitean, batek ba-daki zenbat ume emongo deutsuzan! O! Zorionekoa zeu, Pillipa! Izango ete da gero errian zuk besteko doterik egingo al dauanik?... Ta gero Joanitogaz ezkondu!!!"...

Gai oneri ekin da ekin ioian gure neskia. Burua irikiten; biotza barriz, taupada berotan! adurra be ba-erion gaxuari pozen-pozez da!

***

Aldatza jatxitean ostera, busti be ba-egoan-da, laprast eginda, etxaku ba ankaz gora jausten gure gazte ederra? Agur aren esne, arrautz eta txita! Agur aren txarri, beintxa ta txaltxu! Ezer be barik geratu yakun ederra. Ez dote, ez mutil, ez ezkontza!

Ezer be barik gero! Biotz-miñez, ori bai, biotz-miñik larrienaz.

Ez ba; ez eban ezagutu nire aitita zana-ta. Jakingo eban osterantzean bere onoko bertso onen egia:

"Askotan dirudie

gure esperantzak

osoro txakurraren

gaberdiko ametsak".

Nire aitita ez baiña, Pillipa ezagutu dozuen irakurleok: Ezteritxazue obe norbere lepoa makillatu barik, iñorenetik ikastea?

Bada-ezpadan be, gogoan artu "Pillipatxu"-ri jazoa.

Pelix Bilbao


Kaleko arriskuak

Aita Santuak eta baserritar-gazte

"Erri aundietako olgeta ugariak ezer be ez dira baserriko etxe-baketasunaren ondoan. Baiña baserria ixtea pentsatu badozue, ez daiteala izan amets eta ustekeri zar batzuegaitik". Aita Santuaren berbak.

 Bai orixe, geure Aita Santuek eta Juan XXIII'ak bein baiño sarriagotan zabaldu deuskuez erri aundiak gazteentzat gordeten dituen arriskoak, batez be baserrietatik datozenentzat.

Erri aundi bat edo kalea, buru asko daukazan suge ikaragarri bat lakoa da, eta inguratuten jakozanak iruntsiteko prest dago beti.

Problema bizia

Gaurko-gaurkoa dogu problema au. Beren erritxo ta baserriak itxi eta erri aundietara doaz biar eta etxe billa gaur asko. Zergaitik? Era askotakoak dira arrazoi ta motiboak, eta, dana dala, emen ezin geinkez azaldu.

Errira jo-bear onek ordurarte ezagutu ez eben lur barri batera aldatuten ditu. Onetariko gazte guztientzat kaleko egite ta joerak barriak dira. Besteekaz batera bizi ta biar egin bear onek zorabiatu egiten ditu gure gazteak. Au penagarria da.

Kalera bizi-modu billa doazenak alde batera itxita be, gazte asko domeka ta jai arratzaldetan errira joaten dira. Kaleak gazte oneentzat ustelkeri zikin asko gordeten ditu.

... Eta gero gerokoak

Gizon zastar eta galduen adiskidetasunagaz, pentsatu be egin ez ebezen zenbat gure oker ikasten ditue. Eta batzutan, osasuntsuak ez ba-dira batez be, euren gorputz gazteak beingoan txakildu ta gaixotuten jakez eta ospitalera sartu bearrean aurkituten dira. Baserrietako aize garbi, eguzki ta nasaitasun sendoaren ordez, zine, taberna, ta dantza-lekuetako lurrun loia dauke. Geio or ikusten dira orrenbeste gazte gorputz illak legez kaleetan zear.

Gatx oneek erne eta azteko, lur sakonenak tabernak dira. Ementxe berton, orroa ta alareu zikiñen artean, asten da gure gaztea zatarkeri eta oker zale diran gizon orreen berba ta egiteakaz oituten. Baserritar gazte onek ementxe galduten dau bere gurasoenganako biotz-zabaltasuna; ta bere anaiakaz be illun eta gogor agertuten da. Eta tabernan topau ditun lagun lotsabakoagaitik galduten dau, batez be, bere biotzaren erdian daroan neskanganako benetako maitasuna eta errespetoa. Erlejiñoak ez dauka ia onentzat leen lako aunditasunik, txikikeri bat dala uste dau, eta azkenean eleizea ixten dau.

Zine ta teatroak? Zenbat ondatuten ete ditue!... Bakiña bat gazte sartuten da ate zabal oneetatik saloi illunetara. Pantaillako zatarkeriegaz begi garbiak zikinduten dituen bitartean, zenbat pentsamentu lotzagarri buruan...

Anai Yon Zabalgo