ANAITASUNA
VIII URTEA - N.º 92
Depósito Legal SS. 1092-1959
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
AGOSTUA (8) 1962
"Jaungoiko alguztiduna: Zure menpeko autortzen gara. Zure bedeinkaziñoa eskatzen deutsugu geuretzat, gure gurasoentzat, gure maixuentzat eta gure aberriarentzako". Otoitz labur auxe errezatzen eben egunero Ipar-Amerikako Estadu Alkartuetako erri-eskoletan milloika umeak ikasten asi aurretik. Orain Justiziaren Batzar Nagusiak galerazo egin dau, amar urtean zear auzi-gai izan ostean, au da, auzimai batetik bestera erabillita gero.
Erabaki onek, alabearrez, Ipar-Amerikako gizarte-mailla guztietan eztabaida gogorrak sortu ditu. Ta asko arritu gaitu naziño aundi orreri buruz ain eritxi goitikoa dogunok.
Ulertu-eziña baita, ain zuzen kontzientzi-askatasunaren izenean, askatasun ori zelan lotu daiteken. Zuzen danez, otoi orren bidez Jaungoikoa ba-dala autortzen da eta gizon guztiekiko ardurea daukola.
Epai au —Iparamerikan ezta sekulan aaztuko— erri aundi aren kontra doa, euren izakerearen, pentsakerearen eta eginkerearen aurka dagoala dirudi. Erri-ikastoletako bederatzi ikasleen bost gurasok eroan eben tribunaletara otoi orren kontrako aitzakia. Eskola areixetako berrogei ikasleen amasei gurasoek eskabide orren aurka urten eben. Gaiñerako gurasoek, bost milla ta geiago ikasleenak, sekulan eztabe ezer agertu otoiaren kontra.
Beraz, geienen eritziaren kontra jokatu dabe epai onetan, eta geienen eritziak zer-esan aundia daukon Errian gertatu da: Ipar-Amerikan... Ondiño olakorik!
Burugabekeri bat izan dala esan bearra dago, Ipar-Amerikarren artean Jaungoikoa ezur-munetaraiño sarturik dago-ta. Ez gizon-andra bakotxean bakarrik, baita erriaren barruko oiñarri sakonean be. Erriaren esakerea: "Jaungoikoagan dogu itxaropen"; kargu edo aginpide goikoenak —lendakariarena be bai— Liburu Santuen gaiñean juramentu egiñaz artzen dabez; iparamerikar gudariak, soldaduzkara joaten diranean, "Jaungoikoaren menpeko dan erri baten alde" bizia emoteko gertu dagozala autortutzen dabe; Batzarraren billerak otoitz bategaz asten dabez; Ipar-Amerikarrentzat egunik samurrena ta biotz-unkigarriena "Esker Eguna", urtean zear jaso dabezan mesedeakaitik Jaungoikoari eskerrak emoteko jaia da. Ta oraindik adibide geiago atera geinkez. Baiña azaldu doguzan arrazoiak balio badabe, erriaren naiaren aurka jardun dirala ta goiko auzimai-buru nagusiek oker jokatu dabela ikusteko, Ipar-Amerika Erriak eta atzerriko geienak zelan erantzun daben begiratutea besterik eztogu.
J. A. Aizpuru
Sarritan diñogu gaurko mundua txarto doiala. Baiña, ainbeste erabilten dogun esan onek fundamentorik ba ete dauko? Zein da ba gatx onen sustrai uts, garbi ta benetakoa?
Estadistika ots batzuek itaunkera oneeri erantzuten deutse. Munduak 2.800 milloi biztanle daukoz. Onetatik, erdiak ez dira urreratuten Jaungoikoak gizonari deitu deutson lenengo maillara: norberaren janaria. Berba baten esateko, gure anai geienak gosea daukee.
Esan onetan gauza bi doaz alkarturik: 2.000 milloi goseti ta 100 milloi biotz bako tripaundi. Izan leiteke gure munduan ondapen edo zalaparta aundiagorik?
Gaurko jakintzak egin daben aurrerapenagaz osatu leikez, sarritan oraiñarte gizonen bildurgarri izan diran lepra edo bizia. Baiña gosea baztertuteagaitik gauza aundirik ez dau egin. Eta ez dago gosea baiño gaixo aundiagorik ta ainbeste zabaldu danik. Ementxe egin bear leukez aurrerapen aundienak. Ementxe saiatu bear litzake sendo ta gogorren.
Gauza jakiña da nazioak gosearen aurrean ez dirala guztiz sorbaldaz biurtu. Or daukogu ONU-k ereiki dauan FAO, goseak dakarren durrunbadea garbitu ez-ezik apur bat arinduteko. EEUU-ko "karitas" bera be orain asko eztala agertu jakun. Ori egia da; baiña ori egia bada, ez da guzurra "karitas" il zala, eta oraindiño FAO-k gosea ez dauala baztertu. Oraindik geiago: geroago ta txartoago goaz. Gizon bakoitzak 1930-an baiño gitxiago jaten dau; batez be okela ta esne gitxiago. Txina ta India naziorik gosekillenak dira. Maotsetung jendea ustutzeko gerra baten zai dago, orregatik Laos eta Formosaren iruntzi bearra.
Eta zeintzuk dira gosearen benetako sustraiak? Nazioen berekoitasuna. Danori jatorkigu burura EEUU edo Inglaterra-k egin dabena. Ezin leike topau nazio baten berekoitasun aundiagorik. Sudamerikako nazioen zibilizazioa atzeratuteagaitik alegin guztiak egin dabez. Dolar batzuk emon eta mina aundiak ustu; gaztai ta mantekillaren ordez base ederrak ipiñi ta titara bete mediziñagaitik empresa ederrak eskuratu. Gizonaren eskubiderik ederrenak urratu dabez. Lagundu ta eskua luzatu bearrean, zapaldu. Oraintxe be ez jakie ondo paretan De Gaull-ek gura daben Europa-ko batasuna. Eta orduan zer? Auxe: gauzak ondoago eta obeago aterateko alegin bat. Eta beste bat, ez txikiagoa: Jaungoikoak gizonaren eskuetan ipiñi dabezan janari ta lurrak ondo banatuteko. Eta lagun urkoaren maitasuna gizonen biotzetan sartu dedin.
Joan XXIII-ak esan deusku: "Gaur lagun urkoaren maitasunak prisa dauko. Danok, fedez eta itxaropenez, maitasunezko udabarri baten zai gagoz".
TV-ren gaitzak
Telebisiñoa, gaur, gurasoen buru austerik aundiena da. Tebeoak ez dira orain umeen areriorik aundienak. Telebisiñoa da gaurko gurasoak artega jarri bear dabezana. Umeen gaizkilletasunak nazio guztietan igon dau. Errua ez jatorke tebeoeri, antxiña lez, telebisiñoari baiño. Umeak biguntasun aundikoak dira, orregaitik eurak dira telebisiñoaren aurrean geien sentiduten dabenak.
Igaro dan urteko azken illetan New York-en 1.800 krimen izan dira. Guztiak umeak egindakoak. Derrigorrekoa izan jake agintarieri garbikera bat eskola guztietan egitea. Ta ala egin da. 1.000 ume gaiztoenak kanporatuak izan dira. Inglaterra, Frantzi ta Beljikan be bardin egin zan.
Zergati sortu ziran ainbeste krimen? Telebisiñoagaitik. 1961-ko azkeneko lau illeetan berrogei ta bi gizon-iltze, amabost burruka, oiñazezko amasei antzerki ta berrogei ta amar tiroteo agertu ziran.
Españako telebisiñoa onelako gauzetatik urrin dabil. Umeentzako emoten diran programak irakaslariak izaten dira geienetan. Ez da sarritan burrukarik ikusten. Ez ori bakarrik, oso aukeratuak dira umeentzako. Baiña dana dala gurasoak itsuak legez ez dabe egon bear. Izan leiteke gauza gogortsutxoak agertutea be. Orregaitik, kontuz gurasoak. Ez da naikoa besteen eskuetan dana itxitea. Umeak biguntasun aundikoak dira, ta pantalla baten aurrean agertuteagaitik bakarrik, uste dabe dana txalotu egin bear dala. Bear bearrezkoa da gurasoak begiak tartean pantallatik kendutea ta euren umetxoenean ipintea. Askotan artegaz ta itxura txarragaz ikusiko dabez. Aundi baten biotza burruka bategaitik ez da bildurtuten. Ez da txikiarena olakoa; edozein gauzak ikaratuten dauz. Kaperuzita ta Blankaniebes ez da sartuten gaurko umeenetan. Zeozer geiago bear dabe; eta ementxe dago arriskua "zeozer geiagoan".
Gurasoak, zuen umetxoak telebisiñoan artega ikusten badozuez itxi ta liburutxoen bat, emon. Zuen semeen biguntasunagaz ez eizue jokatu. Euren nerbioak ez eizuez amaitu. Orrela bada biarko egunean zeuon kontra altxako dira.
Arana
Aita Imanol-ek Liverpool-etik
Bagilleko egun bero baten alde egin eban gure barkuak Deustuko moillatik. Ontzi txiki samarra zan: Milla tonelada-edo eukiko zituan. Amazortzi gizon giñean barruan. Euretatik iru euskaldunak. Beti euskaldunen bat Espaiñiko barkuetan. Lenengo makiñistea, Barakaldotarra; irugarrena, Getariarra; eta neu. Barkuaren izena, Miguelín Pombo Matrikulea, Sananderekoa.
Egun bi t'erdi geroago, arratsalde beranduan allegatu giñean Inglaterrara. Karga barik eldu gintzazan. Nik ez dot askorik ulertzen, baiña Espaiñiko barkuen (irabazia) ez da ona urrean.
Gau guztian ibilli zirean portuko langilleak barkua kargetan. Gau otza, laburra, illuna. Inglaterrako gaua. Ez neban ikusi izarrik zeruan. Urrengo egunean, alik lasterren aldendu zan barriro gure barkua; eta neu bakarrik geratu nintzan legorrean. Agur, Miguelín Pombo, Sanandearra; agur, Landaluze ta Azkue, nire euskaldun lagunak. Agur, urrengoarte. Uxala, iru illabete barru, zeuekaz barriro Bilbaora biurtuko banintza.
Liverpool
Goizeko amaiketan artu neban Liverpool-erako trena. Tren garbia, lasterra. Inglaterrako trenak, guztiz onak dira. Trankil trankil jarri nintzan neure jezarlekuan; eta Gales-eko landa ederrak ikusten nengoan bitartean, pentsamentu asko etorten jatazan burura: Espaiñiko trenak, Euskalerriaren etorkizuna, Merkatu Komuna, Europa osoaren Alkartasuna, eta abar.
Beti entzun dot, Inglaterra itxusia dala. Baiña nire ustez, ori ez da egia. Nik ikusi dodana beiñik bein, zoragarria da: landa ederrak, berde berdeak, ganaduz beteak; solo mardulak, ondo landuak, baserri garbi ta politak. Ai Inglaterrak Espaiñiko eguzki ederra baleuko!
Sasoi onean allegatu nintzan Liverpool-era. Liverpool, itxasertzeko erri aundi bat da: kale asko, automobil asko, jente asko gora ta beera. Kanpotar batentzat, gauza erreza izaten da olako erri aundi baten bidea galtzea. Baiña itxastarrentzat beiñik bein, ez da ain erreza izaten, Liverpool-en beintzat. Itxasoko izarrak, mariñelentzako zuzentzaille onak izaten dira, bide artezetik joateko. "Itxasoko Izarrak", mariñoentzako laguntzaille onak izaten dira, erbesteko portuetan euren bizitzako errunbua ez galtzeko. Liverpool-en, olako "Itxasoko Izarra" diztiratzaille bat dago, portutik urre, Hardman kalean. Liverpool-era joaten direan itxasgizonak, laster topetan dabe euren Etxea, "Stella Maris" edo "Itxasoko Izarra" aurreko ate ondoan letreru baten idatzita daukona.
Olako etxeak, geroago geiago zabaltzen asi dira mundu guztian zear, Itxas-Apostoladuaren zuzendaritzapean. Batzuk, guztiz ederrak dira. Beste batzuk, ez orrenbestekoak. Bilbaon, olakotxu bat daukogu Espartero kalean; baiña laster, Jaungoikoaren eta Bizkaitarren laguntziñoagaz, "Stella Maris" eder bat eukiko dogu, Liverpool-ekoaren antzekoa.
Itxas-Apostoladuko neskatillak
Asko gustatu jat Liverpool-eko Itxas-Etxea. Etxe polita, gaurkoa, itxastar batek bear dituan gauza guztiakaz ornidua. Lo egiteko larogetaz gela daukoz, barra, jantokia, telebisiñoa, barberia, liburutegia, labanderia, otoitz-lekua, dantza lekua ta abar. Edozein erlejiño ta naziñotako itxasgizonak batzen dira bertan. Atzo, jantokian, Birmaniako gazte bategaz egon nintzan berbetan; dantza lekuan, afrikano ta txino batzuk ikusi nituan; eta ping-pong kuartuan, olandres morrosko bat aurkitu neban italiano batzukaz olgetan.
Gau guztietan, musikea egoten da; eta itxasgizonak pozarren ibilten dira dantzan Liverpool-eko neskatillakaz. Euretariko geienak, neska gazteak dira, alaiak, sinpatikoak, baiña batez-bere kristiñau onak. Asko dira. Berreun bat. Astean astean, txandaka etorten dira bertora, arazo guztiak egitera, euren borondatez, Jaungoikoaren eta itxastarren amorearren, Itxas-Apostoladuko Kapellauaren begipean. Eurak barik, ez dot uste olako etxeetan gauza aundirik egin leitekenik.
Uda denporan, domeka guztietan, exkursiñoren bat egiten dabe mariñoakaz batera. Gaur, neu-bere eurokaz joan naiz. Liverpool-etik urrun ibilli gara, lago baten ondoan. Freskotxu egiñarren, ezin obeto igaro dogu eguna, A bai pozkaria, bai alaitasuna!
Asko gustatu jat Liverpool-eko Itxas-Etxea batez-bere bertokoen arima-ardura. Itxasgizon batek baiño geiagok, berton aurkitu dau bere bizitzako bide zuzena. Orixe esan deust Aita Frayne-ek, bertoko Kapellauak.
Oestafrika
Euskaldun arraintzaleak, olako etxe bat bear dabe ainbat ariñen Oestafrikan. Aurten, arraintzale asko joango dira Sierra Leonara. An igaroko ditue lau, bost, sei illabete, etxetik urrun, familia ikusi barik ainbeste denporan. Amerikanoak —arraiña erosten deuskuenak— guztiz aberatsak dira, eta prest dagoz olako etxe bat Freetown-en egiteko. Baiña euren dirua ez da naikoa. Arraintzaleak eurak erakutsi bear dabe olako etxe bat eukiteko ardurea.
Oraindiñokarren, gauza asko dagoz txarto Oestafrikan euskaldun arraintzaleentzat. Aspaldion, euren bizibidea asko obatu da; baiña euren gizarte-bizimodua, oso gaizki dago oraindiño. Orrexegaitik, dirua polito irabaziarren, txarto bizi dira, zorion barik, barruko bake barik, biotzeko utsune aundi bategaz. Utsune ori beteteko dira Itxas-Apostoladuko Etxeak.
Problema oneen gaiñean berba egiteko etorri naiz bide batez Liverpool-era, argi billa, barri billa. Bertoko Kapellaua, guztiz ona izan da nigaz. Atzo eldu nintzan, eta gaur gaubeon urtengo dot Irlandarantz. Agur danori. Agur, urrengoarte.
1.—Lenengo amodioa
Amasei urteko nesikatillatxu bat da. Bere izena Mirentxu. Adurra dariola dabil kalean zear. Erriko mutil guztiak berari begira dagozala uste dau. Ez da beragan kabiduten... Oraiñarte dana zan agurra, dana zan apaltasuna; oraiñ, ostera, gitxi dira kalean bere begirakunea merezi dabenak. Oraiñarte ez eban eroaten gafa baltzik, erropa esturik, moñu motzik, baiña, oraiñ arpegia bera ez jako ikusten bere ule luze ta bere gafakaitik. Zer gertatu da ba? Gure Mirenek lelengo amodioaren "kili-kili" goxoa sentidu dau. — "Ai, zelako goxotasuna!... —diño bere artean — "Norengana joko ete dau amodio onek?..." Bere irudimena arantza ta onantz asi da, gelditu barik. Ta, ametsak? Aundiak, guztiz aundiak.
2.—Bigarren amodioa
Baiña, lelengo amodio ori arin doia. Iru, lau urte igaro ezkero, amodio orren goxotasunak iges egiten dau. Bein atsekabeen arpegi ximurra agertu ezkero, goxotasun ori geiago ez da auznartuten mundu onetan. Mundu onetako gauzak ez dira iraunkorrak igeskorrak baiño; mundu onetan dana "doa"...
Amodio gauzatan be bardin gertatuten da: lelengo "kili-kili" xamurra tximist bat legez pasatuten da.
Lelengo amodio onen ondoren, bigarren amodioa etorri oi da. Amodio au ez da lenengokolakoa; legorragoa izan oi da, baiña sendoagoa, sentzun geiagokoa. Amodio au geinetan beintzat, atsekabe ta negar sotiñ tartean sortu oi da. Amodio onen sustraiak lenengokoarenak baiño sakonagoak dira. Lenengo amodioak dana ikusten dau urdin, asul; amodio onentzat dana poza, dana zerua. Lenengo maillako amodio onetan bizi diranak, geienaik beintzat, ez dira benetako bizi-modura jetxiten. Baiña, urteak joan, urteak etorri, danak jetxi bear dabe benetako mundu onetara. Jeitxikera onetan agertuten dira atsekabeak, negarrak, sufrimentuak. Jeitxikera onetan sortuten da bigarren amodioa, benetako amodioa. Jeitxikera onek erakusten deutso gazteari biziten. Jeitxikera au lenengotan mingotza izan arren, gero, urte batzuek igaro ondoren, lenengo jeitxikera baiño naiago izaten da.
3.—Kontsejuak
Gazte, alegindu zaitez sentsun bageko amodioak egal batera jaurtiten. Alegindu zaitez benetako amodioaren sustraiak topaten. Ez zaitez erretu zeure biotz barruko lelengo "taupadakaz"; eskatu kontsejuak gurasoeri, abadeeri,... Ezi zeure maitasuna! Ezi zeure irudimena, ta josi bai, josi zeure maitasun beroa benetako bizitzan. Ez eizu egundo esan: "... ze zoriontsu izango nintzaken mutil aregaz ezkonduko banintza!..." Ta ezkonduta gero: "... ze zoriontzu izan nintzan orduan!..." Ikasi dagigun sasoi bakoitzari berea emoten. Ikusi dagigun beti Jaungoikoaren esku zabala momentu guztietan. "Egin bedi niregan beti zure borondatea!..."
Idoyaga-tar Xabier
1.—Gizonezko askok...
- isten dabe bigotea?
- emoten deutso bere buruko uleari ainbeste jira-bira?
- gastetan dabe ainbeste diru tabako usaintsua erosten?
- gastetan dabe ainbeste diru kolonia botellak erosten?
- konbidatzen dabe tabernetan, olgeta-tokietan, ziñean?
- Zergaitik? Arrokeriagaitik?...
2.—Emakume askok...
- jasten dabez gona estuak edo laburrak?
- jasten dabez prakak?
- gastetan dabe aibeste diru apaingarrietan?
- erretan dabe zigarroa?
- egiten dabe ainbeste penitentzi (?), jostorratza baiño meiagoak diran takoien gaiñean ibiltean?
- doaz ainbeste bidar ulia apaiduten daben tokietara?
- egiten dabe barre, batzuen aurrean?
- Zergaitik? Arrokeriagaitik?
..."Bere burua zapaltzen ez dakiana, ez da nire jarraitzallea". (Kristo-k)
Txiki
Gauero-gauero, oera onduko, zerura begira egotalditxo bat egitea gustatzen jat. Ez dakit, baiña beti aurkitzen dot gauza barriren bat.
Banengoan leengo gabaz be, leiotik begira. Gau illuna zan. Igetargirik ez egoan; zaratarik be ez. Eta zerua, ze ederra egoan zerua! Garbi-garbi, dana izarrez betea.
Begira-begira eta alako batean izartxo bat mogitu egiten zala konturatu nintzan. Astiro-astiro joian izar tartean. Igetargitxoren bat nunbaiten. Eta pentsetan gelditu nintzan.
Zerua aundia eta ederra, dana izarrez pir-pir, eta izarren tartean izartxoa, igetargi-kumea, bakarrik, igesik... Gizona ta Jaungoikoa aurrez aurre egoazala begitandu jatan. Eta lotsaturik gelditu nintzan.
Gaurko aurrerapenak, gaurko gizonaren alguztiduntasuna... eta igetargitxoa bakarrik! Gaurko inbentuak dirala ta zoraturik gabiltz, gure aunditasuna aupatzen, eta igetargi-kumetxoa baiño ez! Egitan, triste xamar laga nindun gau artako igetargitxoak.
Eta izartxoa, igetargitxoa, mendi tartetan zear ezkutatu zan. Baiña zerua, dana izarrez, beti legez... Begira-begira gelditu nintzan oraindik. Egundo baiño ikusgarriagoa, zoragarriagoa begitandu jatan zerua orduantxe.
Inoiz baiño beranduago oeratu nintzan gau aretan.
Arriola
Denporeak aldatu egiten dauz gizonak eta gauzak, aren ingurukoak. Gertakera batzuetan argi ikusten dogu ori. Frantzia ta Alemania orain ogei urte alkarren arerio aundienetakoak izan ziran; gaur, barriz, adiskiderik benetakoenak lez azaltzen jakuz erri biok. Europaren batasunerako oinarririk sendoenak De Gaulle ta Adenauer erri-gidari ospatsuek ari dira ipinten. Laster Inglaterra "Alkarrekiko Merkatura" sartzen danean, munduko erri-alkartzerik arrigarriena gertatuko da.
Europa izan da gizaldi askotan zear mundu ikasiaren buruzagi, eta oraindik be berau dogu buru. Europako erri-alkartze aparteko onek Ipar-Amerika bera be kezketan ipiñi dau, batez be ekonomi-saillean ederto, ezin obeto, aurrera doalako Europato "Seikotea" (Alemania-Prantzia-Italia-Holanda-Belgika-Luxemburgo). Kennedy Lendakariak orregaitik luzatu deutso eskua Europa askatuari, euren ekonomiak (Amerikanoenak) lur jo ez daian. Kennedy-ren asmoa, mundu guztiko erri askatuen artean elkarrekiko Merkatu zabal-aundi bat sortzea da. Lendakariaren asmobide au Europako buruzagieri begiko jake, ta urteekaz Alkartasun sendo bat lortuko da, Komunismoaren menpean dagozan errien ekonomia ondatzerarte.
Begi zorrotza eta argia agertu izan dabe beti inglesak iragarkaietan, etorkizunaren berri emoten, eta Mac Millan-ek orain urte bi esan ebana jazotea ez litzake arritzekoa izango: urrengo amar urteetan ekonomi-gudarik gogorrena ezagutuko dauala munduak.
Rusia larri ta estu dabil. Alde batetik ba-daki guda bitartez eztaukola irabazterik, bere burua ilko luke-ta. Bestetik, barriz, Europako erri askatuak oparotasunera iristen doaz, eta bera eziñean arkitzen da, Lenin-ek agindu eban paradisu-bizitza beti geroagorako eskeiñiaz. Batez bere nekazaritza-arazoa txarto joako. Ta ganera azken-aldi onetan Ipar-Amerikak entzute aundiko asmakizunak agertu dauz. Or dabil "Telstar" satelitea, Ameriketako telebisiñoa Europara dakarrena ta Europakoa aruntz daroana. Rusiari aurrea artu deutso jakintza-gaietan, eta ganera Ipar-Amerika eztago bakarrik; beragaz alkartu dira Inglaterra, Kanada, Prantzia ta Alemania. Ta dakigunez, alkar artzeak indar aundia dau. Bildurgarria litzake alanda guztiz be Rusia ta Txina aundia (gudarietan ugaria) ta euren ardurapean dagozan Naziño Komunistekaz batera, bakardadean itxirik, ekonomian ondatzea.
Alde guztietatik inguratuta iges-biderik bage arkitzen dan basurdeak lez, edozeiñen kontra erasoko leukie ta orduan bai egin daula gureak. Elitzakioe ajolik gizadi osoa ondatuko balitz be.
Baiña Europaren batasuna oraindik asikeran dagoala esan geinke, ta urte asko bearko dira asmobide bikaiñ ori betetzeko. Bienbitartean Rusian bere aldatuko dira gauzak. Orain amar urte ez egoan gaurka askatasunik Rusian bertan be. Stalin eskutatu zanetik Rusiako barri asko dakiguz. Arrezkero samurtu dira buruzagiek eta eztago antxiñako "odol-garbiketarik". Gaztediak asko begiratzen dau erri askatuetara, eztau sinisten Marx-ek agindutako bizitza errex eta atsegiñean. Rusiak baiño lenago lortu dabela ikusi dabe "bizitza ugari" ori Sartaldeko Erri askoek.
Dana dala, gorago esan dogun lez, Europa zaarra aurrelari dogu burubide ta erabakiak artzen eta betetzen. Agerpide lez, or ikusi doguz Europako zaar biak alkarri adiskidetasunik biotzekoena azaltzen. Prantsesak ongietorririk beroena emon deutsoe Adenauer-eri, ta "Tour"-eko mutillak baiño txalo geiago jaso dauz. Agorrean De Gaulle Alemanira joaten danean, ordaiña jasoko dauala uste dogu.
Azurmendi-tar Joan
Larraskitu-ko "Unibersidadea"
Azkeneko urte oneetan Bilbo asko azi da. Bere itxas-ertz biargiñak jente talde aundiak batu dauz. Ortxe bizi dira naste borrastean bizkaitarrak, naparrak eta andaluzitarrak. Ta jakiña, gizonak etxeak egiten dabez, eta etxeak auzoak. Perretxikuak legez sortu dira Bilboko itxas-ertzean auzoak eta ez ain baketsuak.
Auzo oneek ez euken ez eskolarik ez eleizarik... ezebez!
Urte bi beteko dira Bilbo-ko mutil gazte batzuk asmo on bat artu ebela. Asmo au zan: auzoetako umeeri eskola ta dotriña emotea. Egun baten, or doaz gure mutil zintzoak Etxebarri inguruan egoan "El barranco" deituten eutseen "Bidonville" batera ta ementxe asten dira jakin gura ebenari ta ez ekienari erakusten.
Baiño gure mutillak geiago gura dabe ta "El barranco"-ko biztanleak Otxarkoagara aldatuten diranean an doaz eurak be, ta Otxarkoagan geldituten dira, nagusiak eskolak eta gaiñerakoak jarri arte. Naikoa zan egindakoa. Asitako eginkizuna gogor ta biotz onez bete eben. Baiña onekin ezin konformatu gure gazteak eta beste auzo beartsu bat aurkitu dabe. Auzo barri au Larraskitu da.
Toki bat erosi ta apur bat apainduaz eskola bat egin dabe. Bost illabete dira eskola au edegi zala, ta ikasleak gorantza doaz. Larraskitu-ko "Unibersidadea" esaten deutsoe. Danetariko gauzak erakusten dabez: matematikas, kultura jenerala, izkuntzak eta abar.
Au da benetako maitasuna ta karidadea. Onetariko mutil gazteakaz urrun joan leike.
Barri onek ez dira zabalduten; zer dala ta? "Gaurkoak" ez ete dira ba?
Aita Kolbe
Maitetasunaren martiri izan zan Aita Maximiliano Kolbe beingoan altaretara goretsia izango da.
Aita Kolbe naziren presontegi baten il zan, iru edo lau seme eukazan aita baten ordez bere burua eskeiñi eban da. Ta esan da egin. Aita Kolbe laba gorri baten auts biurtua gelditu zan, gizon au ta bere familia salbatuteko. Ikasi daigun danok zein dan benetako maitetasuna.
Gizon bakarra
Nora doa gizon bakar ori bide onetatik? Atzean itxi dogu ba ni noan kotxeak orduko eun kilometro errez iruntziten dauz ta. Jake apurtu bat dauko jantzi guztitzat. Sorbalda gaiñean lau edo bost lapiko daroaz. Nor ete da? Ojalateruen bat? Lenengo erria ogei ta amar kilometrora dago. Goiza otza da. Edurra ta euria noizean bein.
Kristo lapikoak sorbaldan dabezala, jake erdi apurtuagaz jantzia.
Gina-ren odola
Ezin izan leike dana lotsabageberia, diborzioa ta erretratu naskagarria.
Errebista baten ikusi dot eta barru barruan poztu naz, Gina Llollobrigida bere odola eskeintzen ikustean.
Bere egokeran ikusten da entzutea zabalduteko bide bat besterik ez izatea be balitekela. Niri ez deust ardura. Nik dakidana da: odol orren bitartez gizonen bat, umeren bat edo neskatil gazteren bat eriotzaren ateetatik urrundua izango dala. Ta naikoa da.
Leopoldo'k