ANAITASUNA

VIII URTEA - N.º 93

Depósito Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

IRAILLA (9) 1962


Egi-zaleak

Pekatutxu bat daukagu mundu onetako gizonok: gure buruari larregi eta besteenari nekez sinistea. Ez gara besteen barruan sartzen, gurea baiño interes gitxiagokoa dalako edo, eta ezin izaten gara konturatu albokoak be euki leikela bere arrazoi apurra.

Jaungoikoak nun-nai zabaldu dau egia; danori emon deusku, bakotxari zati bat, danon artean Egi osoa egin daigun. Ze ederra mundua, danok alkar arturik, bakotxak bere egiarekin, danok galburu bat egiñik, "Aita gurea, zeruetan zagozana..." esaten dogunean!

Izan gaitezan egi-gose, egi-zaleko. Maitasun benetakoa badeutsagu egiari, etorriko da gugana. Artu daigun egia, naiz gure barrutik, naiz "beste aldekoenetatik" etorri. Izan gaitezan zintzoak, leialak daneri entzuten.

Danok daukagu gure egi apurra, danak daukee, baita areriotzat daukaguzanak be, baita gizon maltzurrenak be. Ez gaitezala gelditu egi ori jaso barik, ez dakit zelako bildurrak lotuta edo. Ez dago iñor, emen beian, zer ikasirik-ez daukanik, egi osoa aldian daroanik.

Egiak ez gaitu galduko, naizta iltzera eroaten bagaitu be. Egia gauza santua da, Jaungoikoagandik bakarrik datorrena; Jaungoikoak emon deuskun doerik aundiena, ederrena.

"... egiak askatu egingo zaitue", esan eban bein gu askatu gaitunak, Kristok.

Arriola


Personalidadea

1.—Modak ez dabe personalidaderik emoten

Zer dala-ta jasten dabez emakume askok gona estu ta ganorabakoak? Zer dala-ta gastaten dabe ainbeste diru "koloreak" erosten? Zer dala-ta bastertuten dabez birritan edo irutan ibillitako jantziak?

Itaun oneeri erantzuna emotea ez dot uste aiñ gatxa danik. Ona amen nire iritxia ta nire erantzuna: "atzeerrietatik —askotan "aurreerrietatik"— datozan modak ez galdutearren". Baiña, erantzun au ez da osoa; itaun orren azkeneko erantzuna auxe da: "Personalidade famatu baten egarria ase naia".

Modeak ez dau personalidadearen egarria asetuten. Moda askok, personalidadea emon bearrean, norberak daukan personalidade apurra alperrik galduten dau. Zer ikusten dogu, esate baterako, moda barrien atzetik dabilzan persona tartean? Danak darabille autu bat: edo Fabiolak semea daukala, edo Sofia Carlos-gaz ezkondu dala... Danak jantzi bat; danak ule luzea; danak... dana, au da, danak "modako mundutxua" darabillenak. Ta, gero, Personalidadea gora ta Personalidadea bera, kontxo!...

2.—Norberak, norberaren Personalidadea

Gauza tristea da benetan ainbeste millaka ta millaka tartean "beste edozeiñ" bat izatea, beste edozeiñ bat legez norberaren burua agertzea. Jaungoikoak danok egin gaitu diferentiak. Gizon bakoitzean gizon bakoitzarena ikusi gura dau. Nik daukatan "zeozertxua" ez dau beste iñorengan ikusi gura; ta, aldrebes, zuk daukazun "zeozertxua" ez dau niregan ikusi gura; bakoitzak bakoitzarena agertu bear dau beti. Diferentzi auxe dogu mundu au edertuten daben sustraia.

Bakoitzok daukagu gure aparteko personalidadea; batzuek, aundia; beste batzuek, kaxkarra; baiña bakoitzak berea. Artista on baten, edo futbolista famatu baten, edo beste edozeiñen personalidadea ikusten dogunean ez dagigun esan: "orren Personalidadea baneu!..." Esan dagigun ostera: "Orren Personalidadea, Jaungoikoak emondako Personalidadea da; nirea be Jaungoikoak emondakoa; bedeinkatua izan bedi Jaungoikoa"...

Idoyaga-tar Xabier


Edade bakoitzari berea

1.Zure semea umea da?

"Gure mutikoak, oraindiño amabi urte euki arren, edozeiñ gizon baiño formalagoa dozu; areri edozer esan leikio; ez dozu beste umeen lakoa; aurreratuta dabil..."

Ona amen guraso askoren pekatua. Baiña, ez da arrokeri-pekatua bakarrik; berbeta orrek ba-dau beste pekatu bat, laugarren aginduaren kontra doian pekatua. Gurasoen obligaziñurik aundienetarikoa semeak asi ta EZITEA da; baiña ez ezi edozelan eta edozelako metoduakaz, kristiñau-gurasoari ondo dagokion metoduakaz baiño.

Umea, naiz tontua, naiz listua, naiz surra, naiz aurreratuta egon, umea beti da ume. Jaungoikoak gauz guztieri emon deutse neurria. Edukaziñu-arasoak be bere neurria bear dau. Gauz guztiak ezin geinkez erabatera ta edade baten ez ikusi ta ez ikasi. Gizonaren edukaziñua etengabeko bierra da; seaska edo kunatik asi ta il artekoa. Edade bakoitzak bere aparteko arloa dauka. Arlo oneek ezin daitekez edade batetik bestera aldatu. Umeak, ba, nai ta bizkorrena izan, ezin izango dau ikasi, ez IKUSI gaurko ume askok ikasten eta IKUSTEN dabeezan "gauzak"...

2.—Zure semea gaztea da?

Baiña, ba-dira guraso batzuk euren semeeri ezitasun edo edukaziñu estua emoten dautsenak be. Askotan, gurasoak kontzientzi estukoak dira. Semeak txikitatik, jaio ziranetik, euren eskuetan ibilli dabezan legez, aundiak diraneari be euren eskuetan, lotuta legez, ikusi gura dabez. Au eztago ondo: seme-alabak, beiñ edade batera eldu ezkero, umeak baiño libertade geiago bear dabe. Onegaz ez dot esan gura bertanbera itxi bear dabezanik; baiña bai umetan erakusten eta esaten ez jakezan gauza batzuk erakutsi eta esan bear jakeezala. Zer esan bear jakeen? Guraso bakoitzak daki bere semea edo alabea zelakoa dan eta zer esan bear jakon.

Edukaziñuak, bada, neurri apur bat bear dau. Aurtzaroan, aurtzaroko gauzak; umetan, umetako gauzak; gaztaroan, gaztaroko gauzak.

Ikasi dagigun eta gogoan artu S. Pablo Apostoluak dirauskuna: "Ume nintzanean, umeak legez pentsetan neban; gizon egitean, gizonari jagokon legez..."

Txiki


Ezkongai eta senar-emaste gazteentzako esan batzuek

Senargaiarentzat

1. Gorde zure mosuak ezkonduta zagozenerako. Gaur emonkorra, biar eskuitxikoa izango zara.

2. Zure laztanak izan daitezela egiazko maitasun-agiriak. Ez da gauza txikia egiz maitatzea. Ikasi ezkongai zaran bitartean bene-benetan maitatzen.

3. Zuen ezkon-bizitzearen asi-aldia eztau aaztuko zure andreak bere bizitza guztian. Orregaitik, izan zaitez biguiña ta gozoa momentu orretan, aren lotsa ondo konprenituz.

4. Ez egin beti zeure borondatea bakarrik. Egin zeure andrearena be.

5. Alegindu zaitez zeuentzako bakarrik arratsaldeak topaten.

6. Bizi alkarren bakardade-orduak eta artu batera zeuon nekeak. Bakotxak bete leike noiz edo noiz bere buruaren esana, baiña au izan daitela noizean bein.

Andragaiarentzat

1. Zure gizongaiak besarkatu gura izango zaitu, eta askotan ganera. Esan eiozu: ezkondu aurretik mosu gitxi, gero zeuk gura dozun beste (askotan senarrak egiten ez daben gauzea).

2. Ez arritu zuen ezkontzaren asikerean erresta edo konpondu-eziñak agertzen badira, ezta zeuena bakarrik.

3. Bein ezkonduta gero ez pentsa zuen alkar-maitasuna ondo sendotuta dagoala. Ezkontzea betiko da eta ezkontza au ondo gordetzeko ardura aundia bear da.

4. Ez zaiezala aaztu zure semeak senarragaz.

5. Zeure senarraren biarragaitik artu ardurea. Ez dozu izan bear "etxeko" andrea bakarrik.

6. Amari ez itxi zure senarraren kontra berba egiten.

7. Jagon zure edertasuna. Etxean kanpoan baiño garbiago eta ederragoa igango zara. Asko poztuko dozu senarra.


Aita Imanol-ek Irlandatik

Irlandako verbetea

Kaletik urrun bizi naiz, Irlanda barruan, bakartade zoragarri baten, pago ta aretx tartean. Kolegio eder bat dauke berton Fraille Frantziskanoak. Toki guztiz egokia, baketan biziteko eta estudioak bear dan moduan egiteko.

Uda demporan, estudianteak euren etxeetan dagozan bitartean, gente asko etorten da ona, astebeteko estudio batzarrak egiteko. Lengo astean, naziño askotako delegaduak batu zirean berton, agrikulturako problema internazionalak estudiatzeko. Eta aolan uda guztian.

Ni neu, igazko lez, inglesa ikasten etorri naiz. Egia esateko, aurrerakuntza aundirik ez dot egin oraindiño verbeta gatx onetan. Baiña alan ta guzti-bere, pozik nago Irlandan, bide batez gauza jakingarri asko ikasi ditut-eta.

Len

Irlandako Oestaldean bizi direanak, gaelikoz verba egiten dabe. Auxe da euren verbeta naturala: gaelikoa. Verbeta zarra, verbeta apartekoa. Len, Irlanda osoan verba egiten zan gaelikoz. Orain berriz, Oestaldean bakarrik. Beste leku guztietan, galdu egin da. Galdu erri aundietan, galdu erri txikietan, galdu kalean, galdu baserrian.

Galdumendi au, aintxiña asi zan. Amabigarren sekuluan, Inglesak etorri zirean Irlandara eta menperatu egin eben territorio osoa. Ordutik ona, zazpireun urtean, Inglesak izan dira oraintsurarte bertoko agintariak.

Unada luze onetan, azkenengo lareun urteetan, batez-bere, alegin aundia egin eben Inglesak Irlandako verbetea ilteko eta beraren ordez inglesa sartzeko. Irlandesak, euren aldetik, egiñala egin eben askatasuna lortuteko; baiña gitxi arduratu zirean izkuntza nazionala jagoten eta zaintzen. "Gora Irlanda askatuta" esaten eben bitartean, inglesa gero ta geiago zabaltzen zan.

Emeretzigarren sekuluko abertzalerik ospetsuena, Daniel O'Connell izan zan. Lan izugarria egin eban askatasunaren alde. Irlanda guztian zear ibilli zan, abertzaletasuna zabaltzen eta erriaren espiritua biztuten. Bere itzaldiak entzutera, tronbonadaka etorten zirean. Berak, ondo verba egiten eban gaelikoz; baiña alan ta guzti-bere, ingles utsa erabilten eban bere verbaldietan.

Atzo

Daniel O'Connell, milla zortzireun ta berrogetazazpian (1847-an) il zan. Bere eriotzearen ostean, gauzak apurtxu-bat aldatu zirean gaelikoaren onerako. Sekuluaren amaikeran, abertzale banaka batzuk Movimentu bat sortu eben, izkuntza nazionala biztuteko ta zabaltzeko.

Sasoi atan, Inglesak zirean oraindiño gobernuko agintariak. Orregaitik, eragozpen aundiak aurkitu zituan Movimentuak, bere asmoak aurrera eroateko; baiña ori gorabeera, lan ederra egin eban. Gente asko, konventzidu egin zan izkuntza nazionaleren inportantziagaz; eta euren arteko sutsuenak, entusiasmoz beterik, gaelikoa ikasten asi zirean.

Baiña Irlandes geienak, lengo lez segidu eben, izkuntzearen alde ezer egin barik. Alde batetik, errevoluziñoa egiten eben Inglesen kontra; eta bestetik, geroago geiago usetan eben euren arerioen izkuntzea. Kapitalean eta erri aundietan abertzale gartsuak gaelikoa ikasten eben bitartean, Oestaldeko baserritarrak abandonatu egiten eben euren verbeta zarra. Azkenean, 1922-an, Irlandak askatasuna jaritxi eban.

Gaur

 Berrogei urte igaro dira, Irlanda libre egin zanetik ona. Dempora onetan, gobernuak alegin aundiak dauz, izkuntza nazionala zainduteko ta zabaltzeko. Baiña alegin guztiok probetxu gitxikoak izan dira, naziñoko puntu vitalak lengo lez geratu dira-ta. Bizitza ekonomiko-soziala, esate baterako, guztiz dago inglestuta.

Erri aundietan, alderdi industrialetan, dirua polito irabazten dan lekuetan, inglesa bakarrik erabilten da. Oestaldean —gaelikoz verba egiten dan alderdian— ez dago fabrikarik; erri guztiak, txiki txikiak dira; lurra, pobrea da; baserritarrak dira ia danak; gazteak pozarren ikasten dabe inglesa, eta naziñoko edo Inglaterrako erri industrialetara joaten dira. Orregaitik, Oestaldean bertan-bere, gaelikoz geroago gitxiago egiten da.

Gaur egunean, lau milloi ta berreun milla lagun bizi dira Irlandan, eta eun ta irurogei millak bakarrik verba egiten dabe gaelikoz. Eurotariko geienak Irlanda osoan sakabanatuta bizi dira, eta etxean bakarrik erabilten dabe izkuntza nazionala. Eguneroko zeregin guztietan gaelikoz verba egiten dabenak, berrogetamar milla-edo izango dira, eta Oestaldeko baserrietan bizi dira.

Naziñoko eskola guztietan irakasten da gaelikoa. Batzutan asko, beste batzutan gitxiago. Baiña gurasorik geienak, gitxien irakasten dan eskoletara bialtzen ditue euren umeak, izkuntza nazionalak probetxu material gitxi daukolako.

Periodikoetan, radio-zine-televisiñoan, Universidadean, Parlamentuan bertan, esatea lez, inglesa bakarrik erabilten da. Gobernuko zuzendari askok, jakin-bere ez dakie gaelikoz verba egiten-

Bape direan gizonak, aberatsak, karreradunak —geienak beintzat— ingles bakarrik verba egiten dabe. Eta erriko genteak, euren exemplua jarraituten dau.

Zegaitik ori? Gaelikoa bera gatxa dalako? Ez orixe. Ume askok, polito ikasten dabe verba egiten eskolan, gero aztuarren. Liburuetako verbetea, erreza da. Ez dago dialekturik. Alderdi guztietan, bardin bardin verba egiten da. Idazleak, eskritoreak, erriaren verbetea erabilten dabe beti, purismo barik, erbesteko verbak usetako bildur barik. Ta alan ta guzti-bere, gaelikoa atze atzeka doa.

Zegaitik ori? Naziñoko bizitza ekonomiko-soziala larregi inglestuta dagoalako. Auxe da errazoia. Auxe da motivu printzipala.

Irlandak bide bat bakarrik dauko izkuntza nazionala salvetako: gaelikotu bizitza ekonomiko-soziala; eta orretarako, sakrifikatu norberaren libertadea eta naitanaiez ontzat artu gobernu barri baten esku gogorra. Bestela, gaelikoa betiko ilko da.

Baiña Irlandak asko sufridu dau Inglesen azpian bere historia guztian; eta seguru seguru, ez dau inoiz artuko bide salvagarri ori, latzegia da-ta.


Liburu batek ekarri eustan zoriona

Unibersidadea itxi ostean, industria-etxe aundi batean aurkitu neban neure bizibidea, eta bost urte geroago, Konpañiak Asiako musturreraiño bialdu ninduan.

Ipar-Amerikatik urten baiño aste bete lenago, ordurarte ezagutu ez neban emakume adoragarrienagaz ezkondu nintzan. Eztai-eguna izan zan jairik alaiena, baiña ezkonberri-pozak laster amaitu ziran. Biok geratu giñan asperturik, alkarregaz gogaituta; baiña andrea batez bere.

Hawaii ugartetara eldu giñanean, neure emaztea guztiz lurjota egoan: Ipar-Amerikara, etxera biurtuko zan, lagun eta aidekoen aurrean agertzeko lotsarik izan ezpaleu: bere biziko gertakizunik unkigarrienak pot-egin ebala autortutzeko arpegia izan baleu.

Urte bi zoritxarrekoak igaro genduzan Sortaldean. Batzuetan neure burua ilteko gogoak emoten eustan: ain zorigaiztoko aurkitzen nintzan!

Orreik, olan, gauza guztiak aldatu ebazan liburu bat topau neban. Beti izan dot liburu-zaletasuna. Gau batez, norteamerikar lagun batzuen etxean nengoalarik, liburutegi beteari begira, ustekabean ikusi neban ezkontzaren ganean idatziriko bat. Titulua irakurri neutsanean, uskeri bat izango zala pentsau neban. Edegita orriak pasatzen asi nintzan. Laster igarri neutsan ezkontzearen ar-eme kontuak (sexu-arazoak) ekarzala oso-osorik.

Argi azaltzen ebazan jakitekoak eta, aldi berean, bape loitasun barik.

Liburu ori irakurtzea iñork eskatu baleust, burla, iseka lez artu izango neutsan. Ar-eme-goraberak dakarzan liburu bat, nik irakurri? Neu be bat idazteko gauza sentitzen nintzan-da...

Baiña neure ezkontzea ondaturik egoala gogoratzean, liburua irakurtzen asi nintzan. Beraz, eskatu egin neutsan neure lagunari leiduten itxi eidala. Kosta jatan neure barrua orrenbesteraiño makurtutea, baiña olantxe egin neban.

Eta egiaz esan daiket liburu ori irakurtzea izan dala neure biziko jazokerarik nagusienetarikoa. Neure emazteak be irakurri eban. Liburu au izan da zoritxarreko ezkontzea —senar-emazteak— zorioneko biurtu dauzana.

John Watson sikologo ospetsuak esan ebala irakurri neban bein: "Bizitzako gairik erabilliena, ar-eme kontua dala ikusia dago. Giza-emakumeen artean kalterik aundienak egiten dituana be bera dala autortu dabe".

Watson jaunak diñoana egia bada —ts neu be beragaz nago, berak esana ain zorrotz baieztua izan arren, guztiz ezpadago be, zuzen esanik dagota—, ori egia bada, zelan ixten deutse ezkontzen gizarteak sexu-arazoen ganean ia ezer eztakien ainbesteri, ezkontzearen zoriona erabat ondatzen dala?

(DALE CARNEGIE, gizarte-maisu ta idazle ospetsuaren liburu batetik euskeratu dot).

Joan Azurmendi


Rusian bizi da oraindiño fedea

Berrogei urtetan komunismuaren menpean egonda, erlijiñoa ondatzeko alegin guztiak burubidez eta indarrez egin ostean, Rusiako aldizkariak ez dabe lotsarik izan, kristiñau-fedea bizkortzen doala autortzeko.

Lenin "igarleak" zabaldu eban sasi-eritxiak (mitoak) —erlijiñoa nai ta nai-ez galduko dala gizartean— eztau egi-antzik. Marrxismuaren maixuak utsegin dabe. Ogei urte ostean Rusian "Jaungoikoa il da" esan al izango ebela agindu euskuen, baiña, egia, beste bat gertatu da, eta guztiz besterakoa.

Partiduaren aldizkariak autortzen dabe oraindiño errusitar askok sinisten dabezela Liburu Santuetako irakatsiak: Jaungoikoa gauza guztien egille ta jabe bakarra, gizonaren arima illezkorra...

Eleizetara ta abade-etxeetara asko joaten dira. Bateoak eta eleiz-ezkontzak gero ta geiago dagoz. Biargille askok bateatu-arazten dabez euren seme-alabatxoak. Erlijiñoaren kontrako berbaldirik egin gura ez daben jakintsuak be ba-dagoz, ta "jakintza ala fedea" bien arteko dilema (bai ala ez) itxi dabe.

Komunistak eurak be "ikonoak" (Ama Birjiñaren irudiak) daukez euren etxeetan eta eleiz-jaiak ospatzen ixten deutsee euren familieri.

Magoz sinismen sutsuko gizonak, euren fedea zintzo gordetzearren edozein kritika eraso-aldi eroaten dabenak.

Alderdi guztietan agertzen da Jaungoiko-zaletasuna. Fedea berbizten asi da. Alan autortu dau Maitine irakasleak Moskun emon dauan itzaldi batean. Eztira jazokera bakan batzuk, antxiñako Zar edo erregeen aldezlari egoskor batzuk bakarrik eztira. Edade ta sasoi guztietakoen artean aurki diteke sinismen-biztea, ta batez be siñiste-bako ezikerea artu daben gazte artean.

Monje anglikano bateri iñotson gazte batek: "Gure gurasoak sinismen-bakoak izan dira, baiña fedea berbizten asi da".

Estaduaren erlijiño-galerazoteak ezin dau giza-gogorik ase. Izan bere, erlijiñoa "kapitalistak asmaturikoa" dala onartu daiteke beste barik?

Jazokera onek, komunismua erlijiñoaren kontrako kaltebide gogorragoak artzera beartu dau. Indarrez eta aurrez eraso bearrean, erlijiñoa errezago ta ariñago galdu daitean, askatasun-antzean itxi dau. Odol-ixurtzeak fededun barriak eta kementsuagoak sortzen baiditu...

Israelgo periodiku batek Joan XXIII goratzen dau

"Joan XXIII-garrena, erlijiñoen batasunaren alde ta judu-arerioen (antisemitismoaren) kontra ainbeste egiten ari dan Aita Santua, bide onetan aurrerapen barri bat emotera doa", diño Israelgo Gobernuaren "Davar" egunkariak.

Ta beerago diño: "Aita Santua, gizaldiak zear izugarrizko asarreak eta juduen aurkako areriokeri itzelak sortu dabezen berbakera guztiak Liturgiatik baztertzera doa. Guk eskerrak emoten deutsaguz eta Aita Santuak zabaltzen deuskun bide onetatik Erlijiñoak alkar obeto artzera elduko dirala uste dogu".

Leopoldo


Gosea dala-ta...

"Guztion onerakoak" gure egunetan indar aundia artu dau. Batasun-bidean ainbat kostata doian mundu zatitu onetan, alkartasunezko betebearrak naziño baten bakarrik ez leukee geratu bear.

Ez ori bakarrik: auzotasunez, istoriaz edo kultura bidez urreratuten diran naziñoetan mugak ipintea be gitxi izango litzake. Atzoko naziñoari gaur irabazi egin deutsagu. Gorago goaz; geiago gura dogu. Gaur ezta bazterrik ezagututen.

Orregaitik ugaritasunez asetuta dagozan naziñoak gosearen aurrean justiziazko erantzukizun galanta daukee. Asko dira norberekoikerizko pekatuak ondatzeko arriskuan dagozanak. Lur onetako aberastasunak sakabanaturik ipiñi deuskuzan Jaungoikoak ez ditu lagunurkoaren eskubidetik askatu. Ainbat ariñen gosea zapalduteko obligaziñoa daukee.

Jaungoikoari, gizatasun guztiaren Aitari lez begiratu bear deutsagu. Eta guk guztiok, beraren semeak legez, famili bat egiñaz bizi. Guztiok beragandik gatoz; guztiok aren erreinua zabaldu daitean artega gabiz; guztiok goaz azkenean beragana. Au olan izanik, zelan orrenbeste goseti?

"Karidadeak aginduko baleusku, mundua zeru biurtuko litzake" (Pio XII). Milla moduz baztertu geinke gosea: alkar-laguntzagaz, baserri-irakatsiak zabalduz, teknikuak aldatuz, fabrikeen emariak igonik eta abar.

Ganera gosea kendutea ez ete jako konbenidu naziñoen norberetasunari berari! Gosea da bakearen areriorik aundiena. Berak garoaz gerra guztietara. Asko galdu bearrik eztauko tripea utsirik daroanak; orregaitik gerrarako prest dago. Estadu barriak gosea indarrez kenduteko sentitzen daben tentaziñoa ikaragarrizkoa da. Bandug eta beste leku askotan naiko diadar egin dabe. Gogoan daroe, aurrez-aurre beste naziñoekaz egiterik ezin izango dabela, txirotasuna zapalduten ezpadabe.

Kristiñaua, munduko gosearen problemeari arpegia emon bear deutsagu. Geure itxaropena zeruan jarri arren, ez deutsagu lurrari sorbaldarik emon bear. Ainbeste anaien gose-diadar negartsuari azkena ipiñi bear deutsagu. "Emon eiguzu, Jauna, eguneroko ogia!"

ARANA


Buruko-miñak kentzeko

Izkirimiriak

Senar-emaztien artean

— Peru, etxe onetan ezin lei bizi. Ormak meiak diranez, dan-dana entzuten deuskue bestaldekoek.

— Lodiagotu egingo doguz, Praiska.

— Ori be esan! Ta orduan zelan jakingo dogu ba bestaldean gertatzen dana!

Taberna batean

— Entzun, kamareru: sopatan euli bat ekarri deustazu.

— Ez ikaratu. Zenbat jango deutsu ba euli batek!

Peru Anton ta karterua

Peru Anton-ek karta bat daroatso. Karteruak pisu askoko kartea dala ikusita, ba-diñotso:

— Karta onek pisu larregi dauko. Beste sellu bat ipiñi bearko deutsazu.

— Beste sellu bat? Orduan pisu geiago eukiko dau.

Maixuak umeari

— Zenbat azur daukozuz gorputzean?

— Berreun ta zortzi.

— Ez neutsun esan ba atzo 207 zirala?

— Bai, baña ollaskoa jakeran azur bat iruntsi dot.

Alkondarak erosten

Andre bat sartu da dendan. Ango alkondara guztiak ikusmiratu ditu, ta ba-diñotso saltzailleari:

— Geiagorik eztaukazu?

— Bai, andre: auxe, jantzita daukodan au.

Bei bi berbetan

— Non dozu ba semea? Ez dot ikusten aspaldion.

— Leku onean daukot, ederra alakoa!

— Non egiten dau ba biar?

— Bilbo-ko zezen-plazan.

Ezetz igerri!

— Ezetz igerri zer dan onena buruko-miña kentzeko!

— Aspirina artzea.

— Ez.

— Loaldi eder bat egitea.

— Ezta.

— Diru askoren jabe izatea.

— Kia!

— Zer da ba orduan?

— GERNIKA-KO ASTO-KARRERAK IKUSTEA!

Felix Bilbao