ANAITASUNA
VIII URTEA - N.º 95
Depósito Legal SS. 1092-1959
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
ZEMENDIA (11) 1962
Illabete igaro da ia kontixu Eleiz-Batzar nagusiak bere ateak edegi ebazanetik ona. Gauza bat eskatzen deuskue egun onetan Aita Santuak eta Obispoek, beste guztiak baño lenago: OTOITZA. Ara or zure begien aurrean Aita Santuaren otoitza Batzar nagusi onen asmoakaitik, egunero al baduzu esan dagizun:
Espiritu Santua, zeruko Aitak Jesusen izenean bialduta, Eliza Ama oker bagarik gorde eta zuzentzen dozuna! Zugana gatoz laguntza-eske: zure doai guztiak mundu guztiko Eliz-Batzar aundi onetan ixuri egizuz!
Irakasle gozo ta pozgarria! Aita Santuaren deia aintzat artuta Batzar au osotu dabeen Eliz-Buru guztiak zure goi-argiz argitu egizuz,
Eliz-Batzar onek ondorengo ugariak sortu dagizala; Ebanjelioaren argia gizonen artean geroago eta urrutiago eldu dedilla; Kristiñau-sinismenak indar barria artu dagiala, eta baita beran erri guztietara eroateko mixiñoi-ekintzak bere; Eleiz Amaren irakatsiak ezagutu ta sakondu ta kristiñau-oitura osasungarriak geiago ta geiago zabaldu ditezela.
Arimen bizilagun gozoa! Gure adimenean egia sendotu ta gure biotza menpetasunera makurtu egizu, Eliz-Batzar onen autuak eta erabakiak gogo zabalez aintzat artuaz egikera lasterrez bete dagiguzan.
Baita Jesukristoren artegi bakarretik kanpora bizi direan ardien alde bere erregutzen deutsugu, kristiñau-izena oraindiño gogoz daroien ezkero, batasuna Artzain bakarraren menpen arkitu dagien.
Sortu egizu, arren, gure egunetan Pentekostes barri bat, orduko mirariak barrizturik, Eliza Santuak, Maria Jesusen Ama lagun dala, alkar-otoitz bardin ta beroagoan alkartuta, ta San Pedro biderakusletzat daukola, gure Jaungoikozko Salbatzaillearen erreñua, mundu guztian zabaldu dagian. Amen.
* Lau Kardinal bakarrik gelditu dira Erromara agertu barik: Ungriako Mindszenty, Cubako Arteaga, Bordeleko Richand ta Italiako Micara.
* Kontzilioa asi baiño lau egun lenago Kongoko obispo barri bat izendatua izan zan, baiña mitra barik agertu zan sarrerako prozesiñoan, artean konsagratu bage egoalako.
* Kontzilioan bi milla ta bosteun (2.500) Batzar-Guraso dagoz. Milla ta seireun eta amabi, eunkida onetan jaiotakoak dira; milla ta irurogei ta amabi, barriz, emeretzigarren gizaldikoak.
* Carinci gotzaiñak Vatikanoko Lenengo Batzar Nagusia ezagutu eban. Gogoan dau zelan 1866-garren urtean, berak 7 urte eukozala, asi zan Ogeigarren Eleiz-Batzar Nagusia.
* Diego Fabbri zinemagilleak Kontzilio gaiñean pelikula bat egiteko asmoa dau. Dokumentala ez ei da izango, dokumentua baino. Aita Santua agertzea ez litzake arritzekoa izango. Kontzilioa amaitzen danerako ba-leiteke prest egotea.
* "Telstar"-ek be eroan dauz Batzarreko barriak Europatik Ameriketara. Televisiñoko izarra esan gura dau.
* Ortodoxoak eta Eleizatik kanpora dagozan gaiñerako kristiñau-buruen ordezkariak ondo erantzun dabe. Aita Santuarekin anaitasunik maitagarrienean egon dira, alkar-ikustera deitu deutsenean.
* Moskutik Ortodoxoen eleiz-ordezkari bi agertu dira lenen Kontziliora. Irugarrena be azaldu da geroago. Bulgaria ta Rumaniatik be ba-datoz. Konstantinako Patriarkaren ordezkaria be ziur agertuko dala diñoe. Ta Griegoen Eleiz-Ordezkaria be azalduko dala uste dabe.
* Kontzilioak urte bete iraungo dau. Eta Batzarraldiak lenengo Gabonak alderarte izango dira. Gabonetan Obispo geiehak etxeratuta egongo dira, barriz ere Pentekostes egunetan Erroman batzeko. Irugarren eta azken billera datorren urteko urrian egingo dabe.
* Esaten dabenez, Aita Santuak urtenaldi bi egingo dauz urte onetan. Bat Montecasino-ra, aurreko gerrate aundian apurtuta barriro jaso daben Abadia konsagratzeko. Trenez joango ei da. Aita Santua bere errira be joango da, Bergamo-ko Seminario Aundi barria bedeinkatzeko urtengo dauanean. Ibillaldi au abioiez egingo dauala diñoe.
* Kontziliorako bildu diran Obispoen artean, Carinci da zaarrena 100 urtekin. Gazteena barriz, Mendoza Castro obispoa, perutarra, 34 urtekin.
* Eleiz-Batzar Nagusira etorrela, biotzeko gaitzak jota, Napoles-en il zan Kontzilioa asi bezperan, Indian obispo zan John Foster obispo prantziskotarra. Izatez inglesa zan, Liverpool-en 1895-garrenean jaioa.
* Mundu guztiko periodistak batu dira Erroman: 200 ingles izkuntzakoak, 130 italiarrak, 70 prantzesak, 70 alemanak, 35 holandesak, 25 españolak, 22 suiztarrak, 18 belgarrak, 15 Yugoslaviarrak, 14 kanaditarrak, 13 argentinoak, 12 brasildarrak, eta Dinamarka, Suezia, Grezia, Polonia, Egipto, Ungria, Israel eta Rusiako korresponsalak.
Bizkaiko itxasoa, aundia da. Kostaldetik eskumatarantz, Frantziko Bretaiñirarte eltzen da; eta ezkerretarantz, Espaiñiko Galizian amaituten da. Puntu bi orreen arteko itxasoari, Inglesak Bizkaiko Kolkoa deituten deutsoe. Eta izen ori mundu guztian zabaldu da.
Euskaldunak, zelan deituten deutsagu gure itxasoari? Nik dakidala, erriak ez deutso aparteko izenik emoten. Gure mandako itxasoa deituten deutsoe Bermeotarrak. Orregaitik, nire ustez, izen espezial bat emotekotan, Bizkaiko Itxasoa emon bear geunskio, eta ez —eskritore batzuk egiten daben lez— Kantauriko Itxasoa. Nik beiñik bein, aolantxe idatziko dot beti.
Bizkaiko Itxaso erdian nago. Atzo gabean ikusi genduan Bretaiñiko azkenengo farola. Etzikaramu elduko gara Bilbaora. Astia naikoa daukot, neure biajearen gaiñean zeueri zeredozer esateko.
Agur Irlanda
Billeta diretua artu neban Dubliñetik Londresera. Jente asko egoan estaziñoan trenari begira. Jente larregi. Irlandatik lagun asko joaten da Inglaterrara. Irlandan industria gitxi dago; eta al dabenak, erbestera joaten dira lan billa.
Orain eundaz urte, zortzi milloi bizi zirean Irlandan. Gaur egunean barriz, lau milloi bakarrik. Erbestera doazanak, aberrian jayoten direanak baiño geyago dira. Problema ikaragarria naziño baten bizitzarako. Eta problema au geitu egingo da urrean, Irlanda Merkatu Komunean sartzen danean.
Gobernua artekadu dabil aspaldion orregaitik. Goiz atan, pasajeru guztiori paper bat emon euskuen betetako. Ea nongoak garean, nora goazan, ze ofizio daukogun, erbestera zetarako joaten garean, eta abar. Gobernuak datu guztiak euki gura ditu eskuan, emigraziño problema oneri soluziño on bat emon al izateko.
Eleizako agintariak barriz, trankillago ikusten ditue gauzak. Eurak fede aundia dauke Jaungoikoaren probidentzian; eta uste dabe, emigraziño au munduaren onerako dala, Irlandesak eurakaz batera kristiñau erlejiñoa edonora eroaten dabe-ta. Au egia da; esan dayela osterantzean Inglaterra, Australia ta Nortamerikako katolikoak. Bestelakoa izango litzake gaur egunean naziño orreetako katolizismoa, Irlandesak aldraka bertara joan ez balira.
Dubliñetik, itxasertzeko erri txiki batera joan giñean; eta an, Inglaterrarako barkua artu genduan.
Londreserantz
Barkura igon orduko, ainbeste denporan egon giñean itxaroten. Danok zutunik, maletak eskuan, itxaron ta itxaron, barkuan noiz sartuko. Alandabere, jente guztia ixil ixilik egoan, trankil trankil, barkuko agintarien kontra berba garaurik esan barik. Orduan, gogora etarri jatan zer egingo geunken guk euskaldunok, olako kasu baten bagengoz; eta, egia diñotsuet, lotsatu egin nintzan estranjeruen edukaziñoaren aurrean. Zelakoak garean jakiteko, gauza ona izaten da estranjeriara joatea. Asko ikasten da beti.
Azkenean, sartu giñean barkuan, eta asi zan itxasontzia Inglaterrarazka. Laster egin genduan trabesia. Iru orduan-edo, uste dot. Egon-bere, distantzia aundirik ez dago Irlanda ta Inglaterraren artean. Itxaso erdian gengozala, ikusi egiten genduzan kostalde biak.
Inglaterrara eldu giñeanean, antxe egoan geuri begira Londreserako trena. Artu neban neure lekua, ta preparatu nintzan alik ondoen biajea egiteko, naiz irakurten, naiz errezetan, naiz leyotik kanpora ikusten.
Manda batetik bestera igaro genduan Galesko iparraldea. Playa asko dagoz alderdi onetan. Ingles turista asko etorten dira bertora. Nik beintzat ez dot ikusi, eta bearbada ez dot iñoiz ikusiko, emengo camping tokietan ikusi dodan beste erremolka kotxerik. Bistea nora, ararte zabaltzen zirean errobedadun etxeok. Lastima aundia, Inglaterrako eguraldia obea ez izatea. Jente asko ikusi neban ondartzan jezarrita, eguzki apurtxu bat artzen, erropa ta guzti otzaren otzagaz. Espaiñian beiñik bein, auxe daukogu ona... ta merkea: eguzkia.
Arratsalde beranduan allegatu nintzan Londresera, eta zuzen zuzen joan nintzan Frantziskanoen komentura. Auxe da frailleen bentajea: edonon daukogu komenturen bat. Baiña Londreseko bizimodua, guztiz karua da Espaiñolentzat. Ogetalau txelin (berreun peseta) kendu eustazan taksi txoferrak, estaziñotik komentura.
Rotterdam
Urrengo egunean, Londreseko portuan, espaiñol barku bat artu neban. Kargako barkua. Islas Canarias, bere izena. Betiko lez, euskaldunak aurkitu nituan barruan. Kapitana, Gazteizkoa; lenengo ofiziala, erdi Elantxobetarra; kamarenua, Bilbaokoa.
Asko poztu nintzan, kapitanak esan eustanean, lenengo Rotterdamera joan bear genduala. Olan, munduko bigarren portua ezagutuko neban eta bertako "Stella Maris"en egongo nintzan.
Egia da gero! Rotterdam da Europako porturik aundiena; eta New Yorkekoaren atzetik, mundu guztian trafikorik geyen daukona. Larogetaz barku sartzen dira egunean, eta beste orrenbestek urtetan dabe kanporantz. Atara kontuak. Rotterdamen, 150 pratiko dagoz; Bilbaon barriz, 12 bakarrik.
Portuaren ondoan dago Itxas Apostoladuko Etxea. Etxe ederra, barria, aundia, Liverpoolekoaren antzekoa. Euskalerriko itxasgizonak —eta euren emazteak— ondo ezagututen dabe Etxe au. Niri asko gustatu jatan; baiñan artez esango deutsuet, Liverpoolekoak inpresiño obea egin eustan. Ango anbientea obea da, fiñagoa da, itxasgizonentzako egokiagoa.
Rotterdameko Etxeak asko galdu dau, gallegoak tronbonadaka bertara joaten asi direanetik ona. Geyenak ez dira itxasgizonak, baserritarrak baiño. Diru apur bategaz urten dabe Galizitik, eta Rotterdamera etorri dira enbarke billa. Geyenak erdi analfabetuak dira eta edukaziño gitxikoak. Enbarkea lortu arte eta dirua dauken bitartean, danak bizi dira Itxas Apostoladuko Etxean. Orrexegaitik, Rotterdameko "Stella Maris" ez da lengoa lakoa, eta itxasgizon askok —batezbere ofizialak— ez daibe bertara joan gura, anbiente aretan ez egotearren.
Bilbaorantz
Iru egunean egon giñean Rotterdamen. Portutik urtenda laster, eguraldi zantarra euki genduan. Don Luis Maria, kapitana, neure lagun aundia da. Don Luis Maria, gizon zuurra da; eta ondo daki bere barkua gobernetan. Amalau urte daroaz bertan, eta aita baten maitasuna daukotso. Orrexegaitik, denporalea dakarrenean, iges egiten deutso ekatxari eta arribadan joaten da kostako senayaren (1) batera. Orixe egin genduan oraingo biajan-bere. Inglaterrako kostan, Torquayko badian (2), sartu giñean, eta 24 ordu egon gintzazan bertan. Nire ustez, mariñoak arraintzaleak baiño prudentzia geyago dauke itxasoan. Nik ez dakit zelan ez genduan igaz desgraziaren bat euki, Bermeotik Oestafrikarantz atlantiko erditik jo ta tapa joan giñeaniean.
Azkenean, urten dogu Bilbaorantz. Itxasoa asko baretu da. Koziñeruak lau apareju bota ditu uretara, eta gaur goizeon atun eder bat atrapatu dogu. Momentu onetan, gabeko bederatziak dira. Bilbaoko bokalean gagoz. Ordu bi geyago, ta Uribitarteko moillan egongo gara.
Igon dau pratikoak barkura. Astiro astiro goaz. Bilbaoko ibaya, miragarria da gabaz. Egunez baiño askoz miragarriagoa. Zubitik ikusten dodaz alderdi bietako moillak, fabrikak, lantegiak. Oraintxe igaro dogu Deustuko Unibersidadea. Ikusi gaitue portuko langilleak. Ayuntamentuaren parean atrakatu dogu. Gabeko amaikak dira. Berandu da-ta, gaur gaubeon barkuan geratuko naiz. Gabon danori. Agur.
Aita Imanol Berriatua
(1) Senaya, erderazko ensenada. Bermeotarrak esaten dabe.
(2) Badia, erderazko bahía. Bermeon erabilten da.
TXORI BALTZA.—"Txori baltza" deitzen deutsie Norteamerikan X15 aeroplanuari. Jakingarriak eta ikusgarriak dira "Txori baltz" onen abilladak. Aeroplanu kaskar bat izanagaitik, iñor eldu ez dan tokietaraño sartu da. 75.000 metrotik gora bai, lur indarra baño gorago, eta bere abiadea: 5.617 kilometro. Tximista-abiada orretan 2.500 graduko beroa jasan dau.
***
EVERTE DE SOMERVILLE.—Massachussettsko mutiko bat da au. Ille batzuek dirala, tren batek zapaldu eban, eta besoa kendu ganera ondo-ondotik. Baña... gaurko Mediziñiaren abilladea...! Besoa barriro josi deutsie mutikoari, eta, diñoenez, ezin obeto dago.
***
ESPIAK.—Jakiña da gaur egunez espiak garrantzi aundikoak direala, batez be armamentu aurrerapen kontuetan. Euretatik entzutetsuenak eta sortaldeari kalterik geien egin deutsienak, onexek dira:
Burguess: Inglaterrakoa izatez. Beunek agertu eutsezen rusitarrari Inglaterra ta Norteamerika arteko artu-emonen barriak, aurkitu be jakiteko tokian aurkitzen zan eta.
MacLean: Burguessegaz batera eskapa eban bere aberritik. Gaur Kremlin ondoan bizi da, eta berak egiten eiditu aurretiz, gero Gromyko jaunak parra-parra batean ingeles botaten dituan berbaldiak.
Mitchell eta Martin: Norteamerikanoak dira. Pentagonoan bertan egiten eben biar. 1960-an anka egin eben Rusiara. Mosku inguruan bizi dira, eta, gaur egunez, KGBek ondo zainduta eidagoz. Euren aberrian kodigoetan egiten eben biar, eta euren eskuetatik pasa ziran rusiatarrengana Norteamerikako kodigoak. Au dalata, aldatu dabez amerikanuak euren kodigo gustiak.
Alfred eta Martha, senar-emazteak: Amerikanuak onexek be, eta aberatsak ganera. 1957-an egin eben iges eta gaur Pragan bizi dira. Euren eskuetan eidago Europa aldeko komunista propaganda gustia, eta baita ta be espia kontua.
Soblen: Judio-amerikanua. Orain dala ille batzuek il eban bere burua. Bonba atomikaren gauza asko agertu bear izan eutsezen rusitarrari.
***
BIOTZ BARRIA.—Edozein ospitaletan egingo eida laster operaziño arrigarri bat: biotz-aldatzea. Bateri berea txarto baiabilko, kendu, jaurti, eta bere ordez plastikozko barria ipiñi. Antzeko gauzak egin dabez len be. Orregaitik diño Hufnager jakitunak urrengo pausoa orixe dala.
***
ENTERPRISE.—Munduko "portabiones" aundiena da. Amerikanua. Aitaren egin baño len eun erri autz biurtzeko al dan trastia. 85.000 tonelada eroan leikez batera. Automobil baten abiadea, gitxi gora bera. 375 metro daukoz luzeeran, eta bere alturea ogetabost bizilekuko etxe batena. Bein bakarrik kargauta, munduari ogei jira emon deutsoz. 1.800 telefono ditu bere barruan; eun aeroplanu ganean, eta bere tripea bonba atomikaz beterik dabil. 4.600 soldadu, 1.600 abiadore, tekniko eta ez dakit beste zenbat olakok zaintzen dabe. Barko au atomo indarrez dabil, eta bere balioa 444.000.000 dolar da.
***
IGETARGIRANTZ.—Azpaldian dabiltz Norteamerikan igetargira arin-arin joateko asmotan tresnak preparetan. Sei urte barru joango eidira, eurek diñoenez. Bana lenengo 20.000 milloi dolar eralgi bearko eidabez. Tresna orren motor nagusiak berak bakarrik 700.000 kiloko indarra egingo eidau. Eta gizona doan kapsula edo dalako orrek, eun tonelada pixauko eidauz. Aprobak egiten aurten dira asteko. Urtarrillean botako dabe Ranger bat ia zelako tokia dagoan ikusi, eta telebisiñoaren bitartez erakutsi dagian. Bere atzetik joango dira beste guztiak. Ia ba... ia ba... rusoak ez ditezela ariñago joan gero...!
Antonio Zubizarreta
Santa Katalina noiz
Beseguetarako goiz
Semendian edo azillaren 25-garrenian ospe aundiko Katalin Deunaren jaia dogu.
Mundaka-n beintzat udazkena izan arren, bere otz eta euriak aldian daroazala, jai au beti izan da ospetsuena.
Batez be, arrantzaliak, egun ori eurentzat balitza legez artuten dabe. Alan da izan be. Iñok ez daki Katalin Deuna ta itxas-ertzia, nondik eta zelan dagozan alkartuta.
Begira ostean. Ez gure inguruetan bakarrik, Donosti, Lekeitio eta abar: "Santa Katalina" ugarte, "Santa Katalina" itxas-argia "Santa Katalina" lur-musturra. Ludi guztiko itxas-ertzetan ikusten doguz ugarte, itxas-argi ta lur-musturrak Katalin Deunaren izenpean.
Zergaitik ete da?
Itxas-ertzak eta bere gauzak Katalin Deunagaz artu-emonik ez dauke.
Katalin, emakumea izan arren, jakitun aundia zan; Teoloji ta Filosofian irakaslea zan da...
Arraintza ta itxas-ertzakaz, zer dauko zer ikusirik?
Ez dau eukiko, baña alan da. Urrun joan barik emen daukagu Mundaka-ko itxas-ertzaren toki politenean, "enmintxa" edo txador txiki bat bere babespean jarrita. Gaztelu edo guda-ormaren erdian. Ekatx egunetan, itxasoak gogorren joten daben tokian. Baña, udan, itxas-aize ta kresal-sunda gozuenak artuten diran lekuan.
Oraingo "ermintxa" onen aurrekoa zaar bat zan, eta zaarra zan legez, lurra jo eban.
Bertan barruan, Aita Kurtzio Deunari otoi egiten Maria Anton Mendezona andratxoa zegoan.
"Ermintxa-ren" tellatu dana, bere ganera jausi iakon eta, mirariz; zauri txiki bat be ez eban artun.
Barria erastuteko, txanponak bear ziran eta txanpon oneik batuteko Mundaka-ra eta mundakarrak bizi ziran munduko toki guztietara eldu ziran eske-deiak.
Etxeita-tar J. Imanol olerkari ospetsuak bere bertsuetan edestuten deuskuz barri oneik:
I
Santa Katalina da,
Urtian-urtian
Semendiko illaren
Ogeta bostian.
II
Aaztuta euki barik
Beste urte guztian
Euki bear genduke
Biotzen erdian.
III
Beti zagoze egoten
Barrian kanpuan,
Arrantzale tristien
Peligro lepuan
IV
Jausi zan ermitia
Lurrera antxiña,
Batera ta bestera
Or zabiltz Birjiña.
V
Triste zagoz Birjiña
Orrelan kanpuan
Imingo zara laster
Zu, zeure lekuan.
VI
Ermita barriagaz
Zeure gazteluan,
Maite izango zara
Betiko munduan.
VII
Asi «Bastarretxen» da
«Pradua» tartera,
Ibilli dira Mundaka-n
Aterik atera.
VIII
«Probe» ta aberats
Guztiak batera,
Zeure «Tenpluen» billa
Birjiña ederra.
IX
Jornal barik «tenpluan»
Biar egitera,
Ezin artu leiteke
Jaungoiko maitea
X
Ba-kigu Mari Anton
Zure «istoria»
Laster ikusiko dozu
Ermita barria.
XI
Zeruko atietan
Doña Saturnina,
Itxaroten daukozu
Santa Katalina.
XII
Manilan bere dauke
Zure memoria,
Egiteko diñoe
Ermita barria.
XIII
Entzun erriko seme
Indietakoak
Belauniko para-ta
Eiten erreguak.
XIV
Nun dau mundu onetan
Olako jentia?
Zuzen topako dabe
Zeruko bidea.
Bertsu onek Lopategi-tar Norbertari entzunekoak dira, berak buruz artu ebazan bere gaztaroan.
MAIXU
Buruko miñak kentzeko
Txomin Barberu-gaz berbetan
— Ulea ebagiteagaitik, zenbat eskatzen dozu?
— Pezeta bi.
— Ta bizarra kentzeagaitik?
— Pezeta bat.
— Ba... orduan buruko bizarra kendu eidazu.
Ume biren autua
— Ze izen daukozu?
— Mateo, baña etxean, domixtikun egiten dodanean, Jesus esaten deuste.
Eskolan
Maixuak: — Zure aitak eun arrautza badaukoz ta larogetamar bakarrik onak urten, zenbat galduko dauz?
Dendariaren semeak: — Bapez, jauna, danak salduten ditualako.
Ezetz igerri
— Ezetz igerri zein dan gizonik jakintsuena?
— Eztakit ba.
— Taxistea, karrera bat egindakoan, beste bat asten daualako.
Kafia artu ez
— Eztozu kaferik artzen?
— Ez ba; artzen dodanean ez dot lorik egiten-da.
— Kontxo, kontxo! Niri aldrebes gertatzen iat: lo egiten dodanean, ezin kaferik artu.
Astoa ataraten
— Asto bat errekara jausiko balitz, zelan atarako zeunke?
— Kordel bategaz.
— Ez, mutil.
— Idi pare bategaz.
— Ezta.
— Zelan ba?
— Bustita!
Esnea ta kafia
— Arek dira esnea emoten daben beiak?
— Zuri arek, bai.
— Ta baltzak?
— Arek, kafia-edo emongo dabe.
Sal-erosketak
— Zer nai dozu?
— Zapata pare bat, baña buruko miñik egiten eztabenak.
— Zapatak buruko miña?
— Bai, gizona! Nire andreak, asarratuten danean, burura jaurtiten deustaz-da.
Ardotarako dirua
— Gurean aste guztietan diru asko doa ardotan.
— Zergaitik ez dozue egiten gurean egiten doguna?
— Zer egiten dozue ba?
— Erdia ardoa artu, ta erdia ura.
— Ardoari ura botata?
— Nik ardoa edaten dot, ta andreak ura.
Ia dakizun
— Zenbat gerra izan ebazan Prantziak XVII-garren gizaldian?
— Sei, jauna.
— Ia, esan bana-banan.
— Bat, bi, iru, lau, bost, sei.
Eiztaria ta peru
Ollagorretan dabil gizon bat. Ta tontortxu batera arrapalaka eldu, ta ba-diñotso arta-jorran diardun Peru-ri:
— Ikusi dozu ollagor bat emetik egazean?
— Ollagor bat, ezta?
— Bai, gizona.
— Eskoako egoa zaurituta-edo eroan dauana?
— Bai.
— Gorantza bidea-edo artu dauana?
— Bai, gizona, bai.
— Ba... eztot ikusi.
Mozkorti bi berbetan
— Bart ameseta ikaragarri bat euki dot.
— Zein euki dozu ba?
— Biñagrea edaten nengoala.
— Txarragoa euki dot nik.
— Zein gero?
— Ura edaten nebala.
Felix Bilbao