ANAITASUNA
IX URTEA — N.º 97
Depósito Legal SS. 1092-1959
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
URTARRILLA (1) 1963
Gertakizun aundi baten aurrean gagoz: Naziño pobreak aberatsen kontra jaso daben burrukan. Komunismu ta kapitalismuaren gerrea zaartutera doa; azkeneko arnasetan dago. Gaurko munduaren jabea ez da ez Rusia ez EE. UU.; "pobretasuna" da. Au sinistuteko naikoa da munduaren ondasunetatik bosteko lau 20%-ek daukezala jakitea. Baiña naziño pobreak be, toketan jaken partea eskatuten asi dira.
Sartaldetarrok, alboan daukogun pobretasuna ezagututeko, ezerezak gara. Pobretasuna, barriz, geroago ta indartsuago dator. Bai ba, aurreratutako naziñoak, batez be EE. UU.-ek, naziño pobreeri konbeni izan jakezen aurrerapenak emon deutseez bakarrik. Bizitzeari eutsiteko medizina edo ijiene apur bat bakarrik. Egundo ez jake buruan sartu produziño geiago bear dabela. 2.000 tekniku bakarrik zabaldu dabez sartaldetarrak naziño pobre oneitan. Belgikak be, oraindiño asko ez dala arte, 30.000 tekniku euki dauz Kongon, baiña bere probetxurako. Gauza oneitan komunismua jaku nagusi: Txinari bakarrik 3.000 tekniku emon deutsoz. Leku guztietatik ikasi bear da; Rusiatik be bai. Arerioengandik ikastea ez dago debekatua. Pobretasunaren alde egin dogun apurra oso txarto egin dogu. Zeinbat eta geiago emon, gorroto geiago pillotu dogu. Gogoratu daigun EE. UU. eta Ameriketako beste naziño tartean gertatu dana. Orain arte artu dabezan eskerrak bestaldekoak izan dira. Asiari lagunduteko sortu eben batzar batek be uts egin deutse. Lagundutako erriak komunismuaren besoetara joan dira. Indiako erlijiñotasuna guztiz ederra da; baiña azkenean, komunismuaren atzamarretan jausi bearko dau. Alde batetik Txinak sakatuten deutso, eta bestetik, oraindiño, Inglaterrak egindako urrutu askoren oroimena dauko. Komunismuak dakarren materialismua ikusita atzerantza joatea baleiteke, baiña ez ete da aundiagoa kapitalismuak bizitzara dakarrena? EE. UU.-ko zuzendari batzuek esan dabe: "Gure indarraren ezereztasuna ikusi dogu".
Eta zein da frakasu onen sustraia? Auxe: maitasun-gabeko politika erabiltea. Munduko diru guztiarekin ezin leiteke gizon bat egin. Gizonak bakarrik egiten dabez gizonak. Dirua emotea ez da naikoa; norbera emon bear da. Norberetasuna emoten ez bada, dirua sobran dago. Guk egia daukogu, baiña egi au bizitzara eroaten ez dakigu. Lagunurkoaren maitasuna zer dan badakigu buruz, baiña egiteetara eroaten ez dakigu. Maitasuna ta konfiantza sortu bear da politikan be erriak irabazteko; orretarako, naziñoak, norberetasuna zapaldu bear dabe.
Batez be, kristiñauok, maitasunezko bizitza au zabaldu bear dogu. Kristoren erreiñua maitasunezkoa dalako. Il edo ostu egiten dogunean pentsaten dogu falta dogula bakarrik. Eta ez da egia. Maitasunezko aginduak, lagunurkoa norbera lez maitatutea esan gura ez badau, ez dau ezer esan gura. "Danari lagundu, batez be, pobreari". Au da kristiñauak egin bear dabena.
Kristiñauak garan ezkero, Kristoren erreiñua zabaldu bear dogu. Gaurko munduan, apostolu ez izatea, apostata izatea da. Ez dago erdizkorik. Soziedade baten bizi gara. Zeruaren billa gabiltza, baiña lurrean bizi gara. Betiko bizitzea sinistuten dogu, baiña bizitza ori lurrean lortuten da. Kristozko artegi barri bat emon deiogun munduari.
ARANA
Ezta gauza gatxa gaur egunean baserri asko ustuta ikustea; obeto esateko, ustuta ez, kurrilloiz eta musko-bedarrez beteta baiño. Zer gerta jake etxe oneitako biztanleai? Zer? Danok dakigu. Eztauko argitu bearrik: baserritarrak ikusi dabe erri aundietako gizonen bizitza eta eurena baiño obeagoa begitandu jake eta... plis plas! itxi atxurra eta txakurra, dagozan lekuan, eta anka! tximistia baiño ariñago erri aundietara.
Baserritar onei, sireniaren otsa asko obeagoa begitandu jake kortako astoaren arrantza edo beiaren muuua baiño.
Eztot esan nai baserritar oneik txarto egiten dabenik. Ez. Bakotxa libre da berak nai dabena egiteko, Jaungoikoaren kontra ezpadoa, eta or konpon!
Baiña ondiñoik baserrietan dagozenei gauzatxo batzuk esan nai deutsetez.
Lenengo, biarrak daukon aunditasuna ikusi bear dau baserritarrak. Au buruan sartutea oso gatxa izango da. Konpreniten dot, guk, gizonok, gauza onenera joten dogula beti. Baiña biarraren aunditasuna konprenitzea gatxa bajaku gaurko mundu laban onetan, Jesukristori begiratu besterik eztaukogu: ogeta amar urte —begitu ondo: ogeta amar urte!— Nazareteko etxean; batean, soloko sokillak joten; bestean, aroztegian bere aitari lagunduten; orain, ura ekarten; gero, amaren errekaduak egiten. Bai, Jesukristok bedeinkatu eban biarra bere jaungoikozko izerdiagaz.
Ba-liteke baserritarra, baserrian gitxi irabazten dabelako edo kontribuziñoak aundiak diralako edo beste milla gauzagaitik joatea. Orregaitik, baserritarrak, iñoiz be eztau egon bear bakarrik bere biarrean; beste baserritarrekin batu bear dau eta danak batuta, euren diarrak indar geiago eukiko dau errian, probintzian, baita naziñoan be. Baiña baserritarra bakarrik aurkituten bada, bere abotsa basamortuan jausiko da, ta kitto! Ez dituez errespetauko euren deretxoak eta gero negarra, eta errira edo nonora joan bearra etorriko da.
Bigarrenez, baserritarrak kalera doazenean, nora doazen begitu bear dabe. Kalera doaz, bai; eta kalean, eztakit nik zergaitik, biar gitxiago dagolako edo... konfort asko dagoalako edo... Jaungoikoak daki zergaitik!, baserriko oitura ederrak galtzen dabez: eguneroko errosarioa, domeketako mezea eta abar. Danok dakigu, nai kalean, nai baserrian, Jaungoikoaren legea toki guztietan bat dala eta edonun bete bear dala. Kalera zoiazen baserritarrok ez galdu benepein zuen erlijiñoko oitura ederrak!
Ta ganera ez pentsa kalea zerua danik, ez. Fabrikako biarra ba-liteke baserrikoa baiño ariñagoa izatea, baiña beti fabrikakoa, baserrikoa baiño arrisku geiagokoa.
Kalera doazan baserritar askok desilusiño aundiak artzen dabez. Bai ba, kalean be estomagua egunero-egunero ustuten da, eta bete bear bada, biarra egin bear; bestela...
AULESTIARTE-tar KARMEL
Konzilio dala-ta, Erroman dagozan periodistari Cardinale Monseñoreak berbaldi mamintsu bat egin deuste. Itzaldi au tarteko dauala, Madrilleko "Ecclesia" errebisteak bere aldetik, editorial-artikulo trinkoa argiratu dau. Biotatik eta leenagotik esanda dagozantxoak emon nai nauskizuz.
Beti esan ei da Eleizeak ez dauala politikarik egin gura. Alderdi politikuen ganetik dagoala bera, ta abar; baña ez dau jenteak lar sinistuten. Alan be auxe dogu. Eleizea berez politika gauzen ganetik dago, ta ez daiteke politikuekin politika egiteko batu, ezta onelakoak kristiñauak izan da be. Eleizea, eta Eleiz onen semeak, eleiztarrak diran neurrian, ez daitekez politika biarretan sartu. Galerazota daokoe eleiztarrak olangorik: kristiñautasunaren izena euren politikeari ezarriaz, Eleizen edozelan euren politikeagaz naastutea.
Eleizeak ez dau politika-indar biurtu gura, ez dau ori bere eginbearra, izan be, bere aginpidea espirituskoa da. Egia, bere betekizun onek gizonaren deretxoak, giza-eskubideak gordetzen bultzatzen dau. Politika oker eta edozelango batek, bear ez leikezan bideak artuta, giza-legeak oinperatuten badigu, Eleizeak bere abotsa altzako dau jokabide orren kontra; ez barriz politikea egin gura dabelako, politika gauzeak baño leenago dagozan gizon danon eskubide zapaldukoak jagoteko baño. Esate baterako, gizon guztiak famili bat sortzeko eskubidea dauke, politiku-alderdi batek deretxo au gorde ordez kenduko baleu, orduan Eleizeak politikeagaz egiten dan maltzurkeri orren kontra jagi bearko leuke. Eleizeak onetarako eskubide itxi-eziña dauka.
Konkordato batek ganera, ez dau esan nai Eleizeak olango edo alango politika-egerarik ontzat emoten dauanik. Bai zera! Vatikanok orain urte batzuek Trujilloren gobernuagaz konkordatu bat egin eban. Jente asko "eskandalizatu" (!) egin zan, Eleizea Trujillogaz alkartu zalako. Cardinale Monseñoreak, periodisteak itaunduta, argi esan deusku, ez dagoala alako alkarkerarik konkordato bat egin dalako. Konkordatoak ez dautsa esaten gobernuari: "Zu ona zareanez, nik, Eleizeak, biotz-biotzez bedeinkatzen zaitut, Aitaren...". Beste au diñotsa konkordatoak gobernuari: "Zu or zagozalako, nik ez deutzut esaten orain eskubidez ala lege-kontra, zugaz artu-emonak izan bear ditut, neure eliztarren arimak zerurantza obetoago zuzentzeko. Onegaitik, bion arteko, Estaduaren eta Eleizaren alkar-biarrak, aulantxe izango doguz aurrerantzean. Zu konforme ta ni be bai". Auxe esan eta firmatu egiten da konkordatoa.
Ganera, Eleizeak ez dau nai, eleiz-gizonak, pralle ta abadeak, sartu daitezen. Onetarako Aita Santuak, bakotxean, emon bear dau baimena. Ganerako kristiñauak eskubide osoak daukiez, eta askotan egitera beartuak dagoz, politikan sartuteko; baña eleiz-gizonak onetarako permisu berezia bear dabe.
Alan be, politiku-kristiñauak ez daukie esaterik: "Gu kristiñau garian lez, anai guztiak guri lagundu bear deuskuzue politikan, Kristoren gogoa errian eta politikan sartu daigun". Lantzean bein ba-lei politikan be guztiok alkartutera bearturik egotea, kanpoko arerio bateri gogor egiteko, baña ez politika beragaitik, leen aitatu ditugun giza-eskubideak olantxe bakarrik gorde daikeguzalako baño. Arrisku gorri oneetan ez bada, kristiñauok libre gara gizarte osoaren onerako biarrean diardun edozen politika-partiduetan biar egiteko.
Au danagaitik, Eleizea ez da Partidu baten alde paretan, beste barik.
Italiaren ondoren USA-k ekarri dau Kontziliora Obispo geien: 236 Gotzaiñ. Onek esan gura dau Ipar Amerikako katolikoak indar aundia daukela, ta gero ta geiago irabazten doazela.
Ipar Amerikako katolizismoa ezta Europakoa lez. Norte Amerikako katolikoak batasun bikaiñagoa agertuten dabe Europakoen aldean. Zergaitik? USA naziño bakarra dalako. An eztagoz, Europan lez, Estaduak banatuta, alkartuta baiño. Ta aberri-batasun orrek eleiz-batasunari lagundu egiten deutso. Europako katolizismoak naziño bakotxean izakera berezia agertuten dau. Esaterako, Españako katolizismoa ta Prantzikoa eztira bardiñak.
Baña Ipar Amerikako katolizismoa be ezta bardin-bardiña bere alderdi guztietan. An be ba-dituz berezitasunak: laster igartzen da nun dagozan irlandarrak, kanadatarrak eta italiatarrak.
Ipar Amerikako katolizismoa leku geienetan indartsua ta eragin aundikoa da, baiña aparteko bizia azaltzen dau lurralde batzuetan. Sortaldean Iparraldeko estaduetan dago katolikotasunik sakonena ta aurreratuena.
Abadeetako bokaziño asko daukez emengo eleizbarrutiak. Eurentzat bear dabezan baiño geiago. Alderdi onetan daukoz Amerikako Eleizeak bere buruzagirik ezagunenak be: Boston-go Arzobispo dan Cushing kardinala, ta New York-go Spellman kardinala. Cushing gizarte-arazoko gaietan da ospetsua. Biargiñ-seme danez, ardura aundia emon deutso langille arteko problemiari. Liberal famea dauko. Spellman kardinalak eta beste askok katolikoen eskoletarako eskatu daben estadu-laguntza, Cushing Arzobispoak ez dau defendidu. Ixildu egin da azken aldiko eztabaidan, lenago arazo orren alde agertu etzalako.
Ipar Amerikako katolizismoan gauzarik arrigarrienetako bat praille-konbentu itxiak zelan ugarituten doazen ikustea da. Trapenseen lekaidetxetan amerikano asko sartzen dira, bizitza osoa otoitzean eta gogojardunean igaroteko. Eta monje-etxe oneetan ekumenismu-batzarrak sarri egiten ditu katolikoak eta Eleizatik kanpora dabizen anaiak alkar artuaz, batasunera elduteko asmoakin.
USA-ko Eleizea gogotsu bizi da. Bizi indartsua dau. Estaduaren aldetik ez dauko aparteko babestasunik, eta ain zuzen orrexegatik azi da gogor. Ipar Amerikako katolikoak eztira geldi egoteko jaioak: ipar-amerikanoak beste gauzetan lez dira erlijiñoan bere, gogotsuak; asmobide barriak asmau eta aurrera eroaten dakiezanak.
Baiña tensiño apur bat sortu da abade ta errigizonen artean. Klerigoen eta laikoen artean burruka apur bat dago. Alkarren barri ondo ez jakitetik sortu da ori. Laikoak be agindu, apostoladutzako organizaziñoetan agindu egin gura dabe, ta ori ez jagoke. Eleizean euren lekua dabe laikoak, Bateoak eta Konfirmaziñoak emoten deutsezan eskubideakaz. Eleizgizonen eskuetan egon izan da beti Eleizea ta euren arazoa da bateatu guztientzat konbeni diran erabakiak artu ta ekinbide barriak erakustea. Kristiñauek ba-dauke zer-egiña Eleizan, bere zati biziak diranez, baiña aginduten sartu barik.
Norte Amerikako Eleizea aberatsa ta barritasun-zalea; praktikua, baiña teoloji bakoa; txit ederto organizatua, baiña Ebanjelio bakoa, dala esan dabe. Egia da? Ori alderdikeriz berba egitea da. Ori Ipar Amerikan bizi diran berrogei milloi katolikoen terri ez jakitea da.
Len gorago aitatu dodan katolikoen eskola-auzia USA-n ezta oraindik Eleizearen alde lortu. Estaduak, Legeak aginduten dauan lez, erriko eskolai bakarrik lagundu bear deutse. Baiña ba-dira gaiñera parrokien ardurapean edo katolikoen eskuetan dagozan eskolak be. Eztabaida gogortxoak erabilli dabez, New York-go Arzobispo dan Spellman kardinala alde batetik dala eta Kennedy Lendakaria bestetik. Azkenean ixildu dira aldi baterako, baiña auzi au beti egongo da bizirik Ipar Amerikako Estadu Alkartuetan, katolikoen eskolai Estaduak lagunduten ez deutsen bitartean. Sei milloi dira eskola ta unibersidadeetan dabizen ikaste katolikoak. Ta katolikoak eurentzat bakarrik ez dabe eskatzen estaduaren laguntza, eskola konfesional guztientzat baiño. Judutarren, protestanteen ta gaiñerakoen eskoletarako be izango litzake.
Razismoa be problema bat da Ipar Amerikan. Bizi-bizirik egon izan da Ipar Amerikan eta oraindik ezta il. Eleizeak beti zaindu dauz gizon guztien eskubide bardiñak. Ta emen be orixe bera egiten dau. Ederto erakusten dau Eleizeak Ipar Amerikan beretzat eztagoala arraza baltzik, oririk edo zuririk. Gizon guztiak dirala Jaungoikoaren seme.
Eleiza Katolikoarentzat gertakizun pozgarria izan da bere seme bat Naziñoko Buru izatera lendabizi elduten ikustea. Protestanteak larri ziran, John F. Kennedy lendakari-gai zalarik, danetan katolikoen alde jokatuko ebalako bildurrez, baiña naiko garbi agertu dau Kennedy-k aparteko mesede gitxi egiteko dagoala, bai katolikoai eta bai beste edozeiñeri. Beraz, autaketa edo eleziño-aroko puritano areek baretu dira, Kennedy Lendakariak Naziñoaren Konstituziñoa zuzen beteten dauala ikusirik. Ain zuzen be! Katolikoen alde jarri bearrez, euren kontra jardun da, Konstituziñoa jarraituz. Baiña katolikoen artean be asko dagoz Kennedy Presidenteagaz eskola-arazo orretan. Ba-dakigu Ipar Amerikan katolikoak indar aundia artzen ari dirala. Naziño guztiko laurdena ta geiago dira (40 milloi), 180 milloi biztanle artean.
Amaituteko, orra ipar-amerikanoen eritxi bi, Erroman asi barria dan Eleiz Batzarrak aztertzen dauzan liturji-gaietaz:
"Latiña baiño gauza politagorik eztago, baiña nik inglesa aituten dot... Iñok ez deust sekula latiñez dirurik eskatu".
"Erri-izkuntzak eztau ezertarako balioko abadeak marmarrean jarraituten badau; marmarrean inglesez egitea latiñez egitea baiño okerrago da".
Azurmendi-tar Joan
Ezkontzako sakramentura joateko libertadea bear da
Ezkondu ainbat ariñen, ta kitxu? Ez da naiko! Ezkontzako sakramentura joateko astiro-astiro preparatu bear da. Ezkontza SAKRAMENTU bat da: eta Sakramentua danezkero, errespetu aundia bear dau.
Ezkontzako Sakramentura joateko libertadea bear-bearreko da. Libertade onek toki askotan topaten dauz "estropezuak": batzuetan, gurasoengan; beste batzuetan, norberaren griña txarretan; urrengoan emaztegaiarengan edo senargaiarengan...
Ezkondu baiño len gurasoen katigutasunetik urtetea bear bearrekoa da. Baiña ez da naiko; bear bearrekoa da norberaren katigutasunetik eta ezkonlagunaren katigutasunetik urtetea. Bear bearrekoa da norberaren griña txar eta ilusiño ganorabakoetatik libre egotea; bear bearrekoa da emaztegaiaren edo senargaiaren amodio ganorabakoetatik libre egotea.
Joan dan illeko "ANAITASUNA"-n, gurasoak euren semeen ezkontzagaz euki bear daben errespetutzaz zeozer esan genduan. Datorren illeko orritxoan "senargai edo emaztegaiaren partetik egon bear dauan libertadeatzaz" berba egingo dogu. Oraingoan, ezkontzara doan mutil edo neskeak bere partetik eroan bear daben libertadeatzaz zeozer esango dogu.
1.—Jatorrizko pekatua eta libertadea
Modu askotara galdu geinke Jaungoikoak emondako doairik aundiena: libertadea.
Batzuetan, gure aita edo ama izango da gure libertade naiaren estropezua; beste batzuetan, gure fabrikako nagusia; urrengoan, gure lagunak... Baiña, zoritxarrez, bada norberaren libertadea galdu eragin daitekean, eta askotan, galdu eragiten dauan beste bide, modu edo gauza bat. Zein edo zeintzuk dira gauza oneek? Norberaren barruan daroaguzan griña txarrak. Danok daroaguz gure barruan —askotan kanpuan be bai!— griña txarrak. Jatorrizko pekatuak sakon sartu ebazan bere sustraiak gure biotzean. Pekatu auxe dogu gure griña txarren iturburu edo asikerea.
Jaungoikoak libertade osoa emon eutson gizonari, baiña gizona, pekatuan jausi ondoren, adore bage gelditu zan. Eta gaixotasun au gitxi balitz legez, gizonaren libertadea griña txarren eskuetan jausi zan.
Orduan, zer? Gizonak orain ez dauko libertaderik edo naipenik? Bai, baiña ez libertade osoa.
2.—Oraingo gizona eta libertadea
Gitxi edo asko, gizon guztiak dauke libertadea. Pekatuak ez eban iruntsi gizonaren libertade guztia; libertadearen "mamiña" gizonaren eskuetan gelditu zan. Libertadearen mamiñ au oraindiño gizonaren eskuetan dago. Gitxi edo asko, danak dira libreak, batzuk geiago, beste batzuk gitxiago; baiña, gitxi edo asko, danak.
3.—Gizon askoren libertadea
Gizon askoren libertadea itxota legez aurkituten da. Zergaitik? Jatorrizko pekatuak ezarri eutsen griña txarren kontra egundo "burruka" egin ez dabelako. Zoritxarrez, modu orretako gizon asko aurkituten dira mundu onetan; gizon asko —ta txarrago oraindiño!— emakume asko.
Ta, jakiña!, nor ezkondu daiteke beti bere griña txarren azpian bizi danagaz? Nor ezkonduko da, esate baterako, moskortuta dabillen mutil gazteagaz? Nor ezkonduko da gizonak irabazi daitekezan diru apurrak "pintatzen" eta nabarmenkerietan gastateko beti prest dagoan neska gazteagaz? Nor ezkonduko da, beti ernegetan dagoan gazteagaz? Nor? Nor? Nor?...
IDOYAGA-tar XABIER
l.—"Lutero il zanetik izan dan batzarrik garrantzitsuena", deitzen eutson lengoan Kipak, Glasgow-ko Notre Dame konbentuan egin zan batzar bateri. Katolikoak, protestanteak, presbiterianoak eta abarrek osotu eben, Don Columban Mulcahy abate nagusiak deituta.
John Kent, artzai presbiterianoak agertu eban lez, batzar onen egitekoa: anaien xerak eta irribarreak barriztutea izan da.
***
2.—Hong-Kong urian be ontzu izan dabe katolikoak eta protestanteak beste batzar bat. Lengo urtean, Kontzeziño egunean kontixu, obispo anglikano bat katolikoen elizkizunetara joan zala-ta, aurten edozenbat abade katoliko joan dira euren S. Juanen katedralera, Elizen Konseju Ekumenikoak ipinitako elizkizunetara.
***
3.—Anaitasunaren agerbide ederra emon eben, baita be, azkenengo Pazko jaietan Jerusaleneraño alkarregaz batera joan ziran katoliko ta protestante erromesak be. Dominiko bi ta artzai protestante bi ziran euren zuzendariak. Larogetamar eliz guztietako kristiñau batu ziran lur santu aretan, batera otoitz egin, eta Israel, Jordania ta Libanoko anaiekaz berba egiteagaitik.
Hakim, grezitar artzobispoak, eta Darderin, armenitar Patriarkiak pozik artu ebezen.
***
4.—Visser t'Hooft jaunak, Elizen Konseju Ekumeniko-ko sekretarioak, Minneapolis errian (USA) egindako berbaldian, gauza bat eskatzen deutso Erromako Batzar Nagusiari: Barriztu daizala ainbat len kristiñau arteko berbaldiak.
***
5.—Erromako Ortodoxo-elizaren buru dan Modesto Armokallas aitak diño:
— "Nere ustez, Greziako Elizak, eta, seguruen, baita be beste Ortodoxo-elizak, botauko dabez, azkenean be, Batzar Nagusira eutariko batzuek, abadeak izan ezarren.
***
6.—Atenagoras Patriarkeak bere aldetik:
— "Kristiñau batasunaren ordua eldu iaku".
Jakingarria da Atenagoras au, Aita Santuaren lagun aundia dala, eta bere gogorik beroena, il orduko, Erromara joan eta Juan XXIII-ri besarkada bat emotea zala.
***
7.—"Batasuna —Bea kardinalak diñonez— inoiz baño urrago dago. Elizen arteko artuemonak pir-pir dagoz, oraindiño asko xamar falta bada be. Batzar Nagusi onek bideak garbituko ditu, eta bitartean kristiñauak otoitz egin ainbat ariñen lortu daigun.
***
8.—Visse t'Hooft jaunak esan dau:
— "Gure eliza guztiak, bai protestantiak eta bai ortodoxoak, egingo dabe otoitz Erromako Batzar Nagusiagaitik, katolikoak be alan egin eben gugaitik eta. Pozgarria da au. Iñoiz ez dogu ikusi olako batasun gogorrik".
***
9.—Amerikako siriatar ortodoxoen nagusi dan Bashir Artzobispoak diño Aita Santuagaitik:
— "Jaungoikoak Ber-berak bialdu dau —nire ustez— Juan XXIII, eta batasuna lortuteko; ziur egon ni beti bere alde egongo nazela.
— Oraindiño lengoan etorri zan gure elizara Wright, Pittsburg-ko obispo jauna. Gure elizkizunetan egon dan lenengo obispo katolikoa. Cushin kardinala be egon zan baña ez errezoetan. Oraindik aurrera katolikoen lagun gara".
Antonio Zubizarreta
Buruko miñak kentzeko
Joan-etorria
— Txo, kartzelia emetik urrun iagok?
— Ara. Ni joan, ordu bitan joan nintzoan. Baña etorteko ogei urte bear izan nioazan.
***
Epai-maiean
Epailleak, juezak: —Badakizu zergaitik zagozan emen?
— Mosu-pañeluak ostu dodazalako.
— Badaukazu ezer zure alde esatekorik?
— Bai, jauna; katarro aundi bat neukala.
***
Ur gazia
— Zu, baiñerua: zer dauko ur onek onenbestean piketako?
— Ez dozu eskatu ba itxas-ur bañu bat?
— Bai.
— Ba itxas-urik eztaukadanez, kangrejo batzuk bota deutsadaz barrura.
***
Jakin-gurea
Katakumeak: — Ama, aundi egin nadiñean, zer izango naz?
Katamiak: — Bizi bazara, katu; ilten bazaitue, koneju.
***
Andragizonak
Gizonak: — Atara deutsue agin ori?
Andreak: — O, ze neke-miña! Denbora guztian euki nabe agoa zabalik.
Gizonak: — Un! Geiago sufriduko zendun agoa itxita euki bazinduen.
***
Txakur fiña
— Nire txakurra? Nire txakurra fiña da, fiña. Iru kilometrotik be usaiña artzen deust.
— Garbiketa on baten bear-izana ba-daukozu orduan!
***
Kanpotar batena
Kanpotar bat ba-dator errira, eta itauntzen dau:
— Erri onetan jendea sarri ilten da?
— Ez jauna. Emen ilten dana, baten ilten da.
***
Gor bi berbetan
— Ze ordu da?
— Gaur, astelena.
— Eskerrikasko! Ez dot erretan.
***
Erretzalliena
— Ez zeunstan esan ba ezendula geiago erreko?
— Eta egia esan neutsun.
— Egia?
— Bai. Ez dot geiago erretan, lengo beste baño.
***
Erremedio ona
— Zu, aspaldion guztiz katarrotuta nabil, berbarik egin eziñik. Zer artu neike?
— Arrautzak artu egizuz.
— Onak dira ba?
— Oso onak. Olloak eurak be, egiten dituezanean, kantetan asten dira.
***
Alkarren antza
— Txo, begitu zelako lelo-arpegia daukon arek!
— Kontuz gero, neure anaia da-ta.
— A, parkatu! Ba-dauko antza.
Felix Bilbao