Plazaberri

2006ko apirila - 1. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ARAUAK ARGITARATU
Berriak
BERNARDO ATXAGA EUSKALTZAIN OSO MIKEL ZALBIDE HAUTAGAI BAKARRA ORDEZKARITZA BERRIA GASTEIZEN ANDOLIN EGUZKITZAREN ARTXIBOAREN KATALOGAZIOA
Literatur sariak
2005eko AZKUE LITERATUR SARIAK
Datozen ekitaldiak
PLAZIDO MUXIKAREN MENDEURRENA
Izpiak
EUROPAR BATASUNAZ

 

Euskaltzainburuaren agurra

Sarritan esan ohi da Euskaltzaindiaren zereginetan eginkizun dagoela bere lana egoki plazaratzea eta zabaltzea. Begien bistakoa da, bestalde, eskura dituela Euskararen Akademiak, xede hori betetzeko ahaleginetan, egungo teknika berriek eskaintzen dituzten baliabideak. Horretara dator Plazaberri agerkari digitala, Akademiaren prentsa-bulegoaren eskutik. Horixe da, izan ere, horren helbururik behinena: Euskaltzaindiaren eta Euskaltzaindiari buruzko informazio-xehetasunak modu erraz, arin eta adierazgarrian ematea, guztion zerbitzari eta laguntzaile.

Andres Urrutia
euskaltzainburua

Hizkuntza gaiak

Azken arauak argitaratu

Argitaratu berri dira ondoren aipatzen diren arau hauek eta berehala bidaliko zaizkie harpidedunei, laugarren karpetarekin batera. Interneten jarrita daude kontsultagai:

Azken araua aurtengo urtarrileko osoko batzarrean onartu zuen Euskaltzaindiak.

Berriak

Bernardo Atxaga euskaltzain oso

Bernardo Atxaga da euskaltzain oso berria. Izan ere, martxoaren 31n, Gasteizko ordezkaritzan egin zen osoko bilkuran, Juan Mari Lekuona zenaren hutsunea betetzeko bozketa egin zuen Euskaltzaindiak. Akademiaren arauek agintzen duten gehiengo osoa lortu zuen Atxagak.

Jakina denez, Atxaga zen Juan Mari Lekuona euskaltzain zenaren hutsunea betetzeko hautagai bakarra. Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Ana Toledo euskaltzainek aurkeztu zuten.

Informazio gehiago

Mikel Zalbide hautagai bakarra

Martxoaren 31n, Euskaltzaindiak Gasteizen egin zuen osoko bilkuran amaitu zen epea Patxi Altuna euskaltzain zenaren hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko.

Hautagai bakarra aurkeztu dute euskaltzainek: Mikel Zalbide Elustondo. Jose Antonio Arana Martija, Ana Toledo eta Henrike Knörr euskaltzainek aurkeztua.

Apirilean izango den osoko bilkuran egingo da bozketa.

Informazio gehiago

Ordezkaritza berria Gasteizen

Martxoaren 23an, Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak Araban dituzten Ordezkaritza berriak zabaldu ziren ofizialki: Alava Jenerala, 5. Bulego hauek Círculo Vitoriano deritzan elkarteari alokatu dizkio Arabako Diputazioak eta behar diren egokitze-lanak ere Diputazioak hartu ditu bere gain.

Ekitaldian agintari asko izan ziren, bai eta kultura elkarte ugariren ordezkariak ere. Mahaian jarri ziren: Ramón Rabanera, Arabako diputatu nagusia; Henrike Knörr, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria eta Iker sailburua; Miren Sánchez Erauskin, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen Arabako burua, eta M. Nieves Urrutia, Eusko Ikaskuntzaren Arabako buruordea.

Antolatzaileek herri aginteei eskerrak eman zizkieten eta erakunde bakoitzak eskuartean dituen lanen berri eman zuen.

Andolin Eguzkitzaren artxiboaren katalogazioa

Euskaltzaindiak eta Santurtziko Udalak Andolin Eguzkitza idazle, hizkuntzalari eta euskaltzain zenaren lanak katalogatzeko hitzarmena sinatu zuten, martxoaren 21ean, Euskaltzaindiaren egoitzan. Santurtziko Udalaren izenean Javier Cruz alkateak sinatu zuen eta Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Haiekin batera, Edurne Eguzkitza Andolinen arreba izan zen mahaian eta familiaren izenean, euren poztazuna adierazi zuen.

Informazio gehiago

Literatur sariak

2005eko Azkue Literatur Sariak

Martxoaren 14an, Euskaltzaindiaren egoitzan 2005eko Resurreccion Maria Azkue Literatur Sariak banatu ziren. Euskaltzaindiak berak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzeko asmoz sortuak dira.

Informazio gehiago

Datozen ekitaldiak

Plazido Muxikaren mendeurrena

Apirilaren 27an, osteguna, Euskaltzaindia Urnietan izango da. Batetik, goizeko hamarretan hasita, hileko osoko batzarra egingo du eta, bestetik, arratsaldean, Urnietako seme izan zen Plazido Muxika omenduko du, Urnietako Udalarekin batera, haren jaiotzaren mendeurrenean. Arratsaldeko seiak eta erdietan Lekaio Kulturetxean egingo den ekitaldian, Alkatearen ongietorriaren eta Euskaltzainburuaren agurraren ondoren, hauek hitz egingo dute:

  • Jose Antonio Mujika: "Zertzelada batzuk Plazido Muxikaren bizitzaz".
  • Ibon Sarasola: "Plazido Muxikaren hiztegigintza".

Izpiak

Europar Batasunaz

Euskaltzaindiko Exonomastika azpibatzordeak, izen honen erabilera okerra ikusirik, komenigarritzat jo du ohar bat kaleratzea, Euskaltzaindiak bere egunean Europar Batasuna izendapenaz hartutako erabakia gogoraraziz

Informazio gehiago

Bisitatu gaituzte

Pedro Miguel Etxenikek Euskal kultura eta zientzia gaia jorratu zuen

Azken argitalpena

Ines Pagolaren Neologismos en la obra de Sabino Arana