Plazaberri

2006ko maiatza - 2. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
MIKEL ZALBIDE EUSKALTZAIN OSO PLAZIDO MUXIKA GOGOAN
Datozen ekitaldiak
AGERIKO BILKURA ELANTXOBEN
Izpiak
SARAKO BILTZAR SARIA PIARRES XARRITTONENTZAT BERNARDO ATXAGA, NEW YORKEKO LITERATURA JAIALDIAN

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, Arabako herri izendegia onartzeari ekin dio. Orain arteko ohiturari jarraikiz, eskualdeka aurkezten eta onartzen dira lurralde jakin bateko herrien eta herritarren izenak, nahiz eta arau bakar batean argitaratzen diren lurralde osokoak erabakitzen amaitzen denean. Apirilaren 27an, Urnietako Udaletxean egin zen osoko batzarrean, Aiaraldeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:

Amurrio, amurrioar; Artziniega, artziniegar; Aiara, aiarar; Laudio, laudioar; Okondo, okondar; Arrastaria, arrastariar; Lezama, lezamar.

Berriak

Mikel Zalbide euskaltzain oso

Mikel Zalbide da euskaltzain oso berria. Hemendik aurrera, Patxi Altuna zenaren hutsunea beteko du Zalbidek, hala erabaki zuelako gehiengo osoz, Euskaltzaindiaren osoko bilkurak, apirilaren 27an Urnietan egindako bozketan.

Mikel Zalbide zen Patxi Altuna euskaltzain zenaren hutsunea betetzeko hautagai bakarra. Jose Antonio Arana Martija, Ana Toledo eta Henrike Knörr euskaltzainek aurkeztu zuten.

Informazio gehiago: Mikel Zalbideren curriculuma

Elkarrizketa Mikel Zalbiderekin

Plazido Muxika gogoan

Apirilaren 27an, Urnietako Udalarekin batera, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Gipuzkoako herri horretan, Plazido Muxikaren omenez. Plazido Muxika 1906ko apirilaren 16an Urnietan jaio zen eta Azpeitian hil, 1982ko abuztuaren 27an. Hizkuntza klasikoetan aditua izan zen eta latin eta grekozko hiztegiak egin zituen. Euskaraz egin zuen lanik garrantzizkoena Diccionario castellano-vasco izan zen. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak 1957ko uztailaren 26an.

Lekaio Kultur Etxean egin zen omenezko bilkuran, Florentino Ugalde alkateak ongietorria egin zien bertaratutakoei eta jarraian, Udalaren izenean, Plazido Muxika omentzeko antolatu diren ekitaldi guztietan parte hartu dutenei oroigarri bana eman zien: Euskaltzaindiaren izenean Andres Urrutiak jaso zuen eta, harekin batera, Jose Antonio Mujikak, Mikel Atxagak, Jose Mari Bardaji eta Aurrera Gure Ametsa eta Txanbolin dantza taldeek.

"Zertzelada batzuk Plazido Muxikaren bizitzaz", Jose Antonio Mujikaren hitzaldia

Datozen ekitaldiak

Ageriko bilkura Elantxoben

Maiatzaren 26an, Euskaltzaindia Elantxoben izango da, batetik, hileko osoko batzarra egiteko eta, bestetik, hiru idazle elantxobetar omentzeko, Elantxobeko Udalarekin batera. Arratsaldeko 6etan egingo da, San Nikolas elizan, ageriko bilkura, egitarau honen arabera:

  • Amaia Eiguren Arza alkatearen ongietorria
  • Andres Urrutia Badiola euskaltzainburuaren agurra
  • Txomin Peillen: "Andima Ibinagabeitiaren nortasuna".
  • Bernardo Atxaga: "Andimaren itzulpen bat eskuan"
  • Xabier Kintana: "Imanol Berriatua: euskal etorkizunaren ereile".
  • Igone Etxebarria: "Gorgonio Renteria, idazle"

Izpiak

Sarako Biltzar Saria Piarres Xarrittonentzat

Apirilaren 17an, Piarres Xarrittonek jaso zuen Sarako Biltzarrak aurten banatu duen Biltzar Sarietako bat. Biltzar Sariak bi dira -bigarrena Claude Dendaletxerentzat izan zen- eta bi urterik behin banatzen dira. Sarako Biltzarra Sarako Turismo Bulegoak eta Euskararen Kultur Erakundeak (EKEk) antolatzen dute.

Bernardo Atxaga, New Yorkeko Nazioarteko Literatur Jaialdian

PEN Idazleen Elkarteak gonbidaturik, Bernardo Atxaga New Yorken izan da, hiri horretako Nazioarteko Literatur Jaialdian. Bi mahai-ingurutan hartu du parte Asteasukoak: apirilaren 27an, "Komunikabide nahasiak: idazleak euren hizkuntzetan" izenekoan, hizkuntza gutxituetako beste idazle batzuekin batera, eta apirilaren 29an, "Garrasi 50 urtez" deituriko mahai inguruan.

Bisitatu gaituzte

Lezamako Zorrizketan Euskera Elkarteak Mikel Zarateren heriotzaren 25. urtemugako ospakizunak biltzen dituzten DVDa eta CDa aurkeztu zituen.

Azken argitalpena

Euskera, 2005, 1

Gai nagusiak:

Euskaltzaindiko kargu-aldaketa, XIV. Barne Jardunaldiak, J. Perez Lazarragaren IV. mendeurrena.